ANAITASUNA

1979.EKO MARTXOAREN 15 EKOA eta APIRILAREN 1 EKOA

379-380. ALEA

60 PZTA.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

Zuzendaria

X. Arzelus

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


AURKIBIDEA

4. Editoriala

5. Diskoak Hamabostero. Karlos Arko.

6. Martxoak 25: Hauzakideen eguna. Euken Entziondo.

8. Euskal Herrian bizi nahi dugu. Ekatxa.

10. Ipuina baina bizitza bezain erreala. Ekatxa.

12. Hondamendira goaz. Xabier Gereño.

14. Txistu-danbolinez (II). Borja Barandiaran.

16. Euskaldun izatea, bekatu ote da? J. Ramon Bilbao.

18. Martxoak 8. Emakumearen egun internazionala. Itziar Urtasun.

20. Hamabost egun hankaz gora. I. Zabaleta, Begoña Zia

22. Ohar laburrak.

23. Ezin deitia. J.L. Davant

24. Emakume iraniarrak aurpegi emanez. Mariasun Landa.

26. Palestindarren Kontseilu Nazionalaren Biltzarrea Damaskon. K. Ordozgoiti.

28. Ekialde hurbileko ituna. Mª Jesus Esteban.

29. Frantziako Irakaskuntzan eliteak aurrera. Mª Jesus Esteban.

30. Nazio arazoak Sobietar Batasunean. Santi Lafitte.

31. Gizaki. Gentz.

32. Monumentu bati buruz. Mariasun Landa.

34. Zerurako bidean neure heriotzaren egunean. Karlos Santisteban.

36. Nazio alderdiaren mythoa (II) Xabier Kintana.

38. Masak ala eliteak (V). Galtzagorri.

40. Lau Filme. Joseba Sarrionandia.

42. Bost "maria" euskal eliza batentzat. Paulo Agirrebaltzategi.

44. Komikia. Xabier Etxenike.

46. Iberduerok informatu egiten du (sic). Ramon Garai

48. Garapen hitza promozionatu nahiz. J.R. Etxebarria

49. Gurutzegrama.

50. Ardibeltz


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J. R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J. R. Etxebarria, Miren Izagirre, E. Knorr, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knorr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

M. Alvarez, A. Eskisabel, M.J. Esteban, T. Trifol.

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J. M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, Mariasun Landa, I. Azkoaga, J.L. Alvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionandia, J. J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxeberri, B. Barandiarán, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J.R. Bilbao, J.M. Arzubiaga.

MAKETAPENA

R. Zumalabe, J. Etxebarri

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide, 68-entlo. BILBAO-6

Tfnoa: (94)4335808

MOLDIZTEGIA

Estudios Gráficos

Lege Gor. D. L. BI-1753-1967


Editoriala

Abertzale guztioi deia

Martxoko hauteskundeek indar erlazio desberdin bat erakutsi bazuten, Udal hauteskundeek aldaketa berbaieztu baizik ez dute egin. EAJ, Euskal Herriaren lehen tokia berenganatzen du, are hauteskunde jeneraletan baino boz gehiago lorturik gainera. Baina hauteskunde hauetako puntu beroena Nafarroa dugu. Del Burgo bizitza hobe batetara bidaltzeko Herri Batasunari, 1200 botu falta zaizkio, Diputazioan Koalizioa honen beste ordezkari bat gehiago atereaz. 1200 botu horien faltaz ez dugu errudunik bilatu behar, abertzaletasuna ez baita arazo guztien arrazoia. Nafarroa Euskal Herrian sartzeko giltza PSOEk dauka eskuetan. Berak du errespontsabilitate gehiena. Bi gauza aukera ditzake. Bata integrakuntza. Bestea, jarrera guztiak gogortzea lau urtez gehiago. Eginez gero, geratzen zaion irudi politikoa galduko du, Euskal Herria beste leku batetara eramanez eta ez diegu esango nora eramango gaituzten, beraiek burut dezatela asuntu hau. Moralki, bera izanen da erantzulea, beste batzuk agian, PSOEk daukan errespontsabilitate horren aurrean kontu gogorrak eskatuz.

Dena den, orain zertarako balio duen euskara ikusi behar dugu, zertaz konkretatu eta mamitu egiten da bilinguismoa, Herri honetako hiritarrak izateagatik edozein udaletxetan edo diputaziotan eta beren bileratan euskara egiteko eskubiderik dugun ala ez... ulertzen ez dutenei jar dakieke itzultzailea. Berori eta ez besterik baita bilinguismoa. Abertzaleak direnek behintzat konpromezu hori lortu beharko luteke.

Anaitasunak beraz, dei bati egiten die herri honetako abertzaletzat deituriko guztioi euskaldunon eskubideak defenda ditzaten, horretariko bat, leku eta erakunde ofizial guztietan euskara erabiltzeko eskubidea izanki. Bestaldetik, hiltzen gaituen diglosia honetatik salbu irteteko soluzionabide bakar bat topatzen dugu, zera, komunikabide guztietan parte hartzea eta bereziki TELEBISTAN, honetarako euskaraz exklusiboki erabiliko duen erakundea antolatuz.

Ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz dauden pelikulen doblaia simpleak sei hilabete barru diglosiatik aterako gintuzke. Bilinguismoa nahi duenak ba dauka orain egiazko giltza. Benetako bilinguismo bat nahi ez duenak eska dezala soilik euskararen irakaskuntza eskoletan. Gogora ditzagun bi gauza. Bata, gure seme-alaben egoera diglosiko nazkagarria ikastola gehienetan. Bestea, zera, guk ere greziera, latina eta frantsesa estudiatu genituela eta guretariko ia inork ez dezake berberaz hitzegin.


Diskoak hamabostero

"Bizitzako Gauzak"

SAKRE

Elkar ELK 37

Gaur arte euskal diskogintzaren bidea argitu duten planteiamenduekin apurtzea exijitzen duen belaunaldi "abertzale" berriaren premiak betetzeko joera nabaria da. Zenbait jendek "erroilu eta martxa" nahi ditu eta berberauek nortasun euskaldun baten bidez ematen bazaie askoz hobe. Talde horientzat behintzat erdi erantzun bat daukagu: Berauxe "Sakre taldea".

"Bizitzako gauzak" delakoaren tematikak, bizitzak sortzen dizkigun frustrazioen gaindipenaren prozedura planteiatzen du eta hori egiteko bidea, diskoaren tematikari begira behintzat, inguruak kondizionatzen gaituen gauzetaz kontsideratzea izan daiteke proposatzen diguten bidea. Lana, monografikoa izan nahi du baina musikak batzutan apurtzen du izannahi hori. Dena den, "rock-kaletarra" osoturiko azken talde hauek egiaztatu nahi duten errealitatea da, hau da, musikaren bidez bizitzaren hitzaldi soziala errepikatzen dute.

Indarra duen Euskadiko lehen taldea Sakre da. Hala ere, nortasuna falta zaie. Itoitz, Koska eta Errobik dutena beraz, berauei falta. Beren lan osoa Britainia Handiko rockeri lotzen zaio, ezberdintasun bakarra hizkuntza izanik, han ingelesa, hemen berton euskara. Portaera honek ez du beraz beraien alde asko egiten eta Sakreren irudia pobre agertzen da. Sakreren rocka oso zirriborrotsua da, berezitasunik gabe eta apalegia. Bere birtutea aldiz, zera da, nahiko arina eta askotan lirikoa dela esan dezakegu; esaterako, sinfonia eta jazz arlorantz eraman nahi gaituztenean.

Duda barik, rock euskaraz egitea beharrezkoa da, baina urrutira joan behar da. Ez da bidezko beraz, modatik pasata dauden korrontetara joan egitea, are guttiago Estatu Batuetan edo Britainia Handian korronte berberak krisisan daudelarik hemen horretaz orain lan egitea.

Hala eta guztiz ere, Sakrek zabaltzen digun bidea estimagarria da baina tankera edo eta nortasun berezia eskatu egin behar diegu, gainera horrela eginez, gugandik, euskaldunongandik, askoz hurbilago egongo dira eta.

Euskal Herri dantzak

LOUIS BEHERETXE

Elkar 22

Akordeoiaz hitzegitean euskal diskasailak duen zabaltasunaz kontutan hartzen dugularik, Louis Beheretxe-ren disko honek ez digu gauza handirik erakusten.

Beheretxe fandango arloan mugitzen da ugari. Jeneroa oso komertziala izanik, ez du jaialdiaren girotik alde egiten eta daukaten linealitatearengatik hotz uzten gaituzte horrelako grabaketek.

Beheretxeren asmoei begiratuz, bajua eta perkusioia sartu duenez geroztik, hotsa esaterako, biziago eta ozenago lortu beharko zukeen.

Hala ere Euskal Herriaren dantzetaz lan egitea positibotzat hartzen dugu baina honetarako zehaztasunak eta efikaziak parte garrantzitsu bat hartu behar du guzti honetan. Horregatik, horixe guztiori lortu ez dela esaten ausartuko ginateke.

"Bihozkadak"

KOSKA

Xoxoa X-11.104

Gure musika hoberen eta exportagarrien tresnerian gizon garrantzitsu bat agertzen zaigula Euskal Herrian esan dezakegu duda barik. Are gehiago, bere lanari buruz mintzo garelarik, soinu horiek daukaten hots propio eta joera berezi bat dela bide, eskola eta segitzaile asko ireki duela esan genezake. Berau Jean Phocas dugu. Errobi, Txomin Artola eta Izukaitzekin elkar lanean aritu ondoren Iparraldeko hotsaren inginadore hori berriro ekintzan guztiz sartuta dagoela agertzen zaigu. Dena den, eta ez dakigu zergatik, "Koska" taldearen bigarren L.P. honetan bere izena letra ttikiez agertzen da diskazaletan.

Bistakoa da bestalde, "Koska"ren lan berri honek lehengokoa gainditzen duela eta honetaz konturatzeko diskoa bera entzun besterik ez dugu egin behar. Disko hau landuago eta berezituago dago; zoritxarrez ez digu diskoak talde honen posibilitate gaietaz gehiegi argitzen ez eta rock-eri buruz dituzketen intentzioak ere ez dizkigute garbi erakutsi.

Rock-etaz finkatzen delarik ez zaigu asko gustatu soinua aurrera eramateko "Koska"-k duen modua. Mamitu gabekoa da eta rock-ek dituen sustraiekin konforme ez dagoela ematen du. Bestaldetik ez zaizkigu zuzen iruditzen solistaren ahotsa, ez eta diskoari "Koska"k ematen dizkion eskemak. Ondorio gisa, baliabide gabeko diskoa, indargabeko eta batzutan erridikulua den disko bat entzuten ari garela ematen du. Azken hilabete hauetan "Koska"k jasan duen bilakuntza non amaitzen den jakin ez arren edo eta nahi baduzue hori guztiori Jean Phocas-en lan bakarra den ala ez jakin gabe "bihotzkadak" delakoan erabiltzen den tresneriarengatik pauso bat datekeela iruditzen zaigu.

Diskoaren hitzak Euskal Herriko sozial arloari dagokie. Errobiren kasuan politika eta rock-en artean dagoen erlazioaz hitzegitean bidezkotzat hartzen bagenuen, "Koska"-ren kasuan aldiz, heldugabeko saiaketa bat dela pentsatzen dugu. Grabeena ez da. hori, grabeena zera da: beren lana lagunarte herrikoi baina hestuegi bati lotzea, eta hortik atera nahiz izanez gero okerreko hastapenak ongi analizatu beharko lituzkete.


Euskal Herria

Martxoak 25. Hauzakideen eguna

Goizeko bederatzi t'erdietan hasi ziren lehen bizikletariak; Zornotzako taldean gutxi ziren eta martxa onean heldu ziren Basaurira. Bilboko parkerainoko zatia astiroago egin behar izan zuten, Basaurin jende pila bat batu baitzitzaien. Zati honetan gainera, txantxetan zebiltzan batzu ba ziren; aldatz beheretan frenorik gabe zetorren bat "Que voy"ka hasten zen.

Mungia eta Algortatik jende askorik etorri ez bazen, Bilboko parkean 1.500 inguru batu zen ibilaldiaren azken zatia egiteko; Errekalde, Abusu (La Peña), Otxarkoaga, eta Uribarretik Arenaleraino. Hauzo hauetan zehar pasatzean, jendea polito animatzen zen. Trafikokoek ere ondo lagundu zuten. Lagundu ez zuena haizea izan zen, bat baino gehiago erori baitzen beragatik. Euri pixka bat ere egin zuen, gutxi.

Arenalean, hauzategi elkarteek eta beste taldeek jarririko poster eta paperak haizeak eraman zituen. Baina tira... Musika kioskoaren inguruan mahaiak eta argazkien erakusketak jarri zituzten. Hauzategi bakoitzak bere arazo larrienak azaltzen zituen. Zabala, lokalen falta; Gure Etxea, Iturrialdea, Errekalde eta Basaurikoen erreibindikazio gehienak, udalaren herri kontrola, berdeguneak eta polikiroldegiak. San Francisco hauzo elkarteak kamioi handi bat eroan zuen erakustegitzat, uraz duten problema agertarazteko.

Egun hau, hauzo elkarteek udal hauteskundeen aurrean, antolatutako debate eta ekitaldiei amaiera emateko prestatu da. Jendearen komentarioak entzun besterik ez dago, honelako agerpenak jendearen hiritar kontzientzia piztu egiten dutela ikusteko.

Medikuntzakoak ere hantxe zeuden, Lejoako ospitalearen irekitzea eskatzen. Basaurikoek ere beren anbulategia zabaltzea eskatzen dute. "Asociación de Gitanos de Vizcaya"-k: "karitaterik ez dugu nahi, justizia baizik" zioen. Argazki hunkigarriek bizi diren kondizio eskasak salatzen zituzten.

Nuklear zentralen aurkako komiteek propaganda handia egin zuten. "No passess de nucleares, tío". Terrorismo nuklearraren aurka eta biziaren aldeko pankarta batekin eta disfrazaturik paseiatzen ari zen talde bat ere ba zen. Nuklearren aurkako koordinadorakoak ere ikusi genituen handik.

Konparsak ere agertu ziren, Atxurikoa, Moskotarrak, bat aipatzekotan, Otxarkoagakoa, oso giro ona sortu baitzuen; alkate, zinegotziak, idazkaria, goardia munizipala, apaiz eta guzti zeramaten eta kalean zehar plenoak egiten zituzten. Eskola publikoaren arazoa ere agertu zuten.

Bilboko banda munizipalak bere saiotxoa eman zigun labur eta politto. Hamabi t'erdiak inguruan, bertsolariak Muxikako Jon Enbeita eta Deunoro. Zazpina bertso bota ziguten, ez zen ongi entzun, baina zatitxo hau behintzat ulertu genien:

Herri behekoak alkartutzeko

ia ba gendun garaia

agintariei eman daiegun

behin ta betiko amaia

txirrinduletan Bizkai guztitik

dirade hemen zaliak

guztiak batu ta bildu gara

Bilboko Arenalian.

Kioskotik aurkezlariak ekitaldiaren zergatia azalduta gero, hauzo elkarteen zeregina hauteskunde hauekin ez dela amaitzen esan zuen, etorkizunean ere, hauzakideen ordezkaritza zuzena bultzatu beharko baita.

Eta parentesia egiten dugu hemen, paradoxa bat da eta, hauzo elkartekoek ibilaldia bizikletaz egiten zuten artean, PNV-koak hainbeste kotxez pasatu baitziren beren alderdiarentzako propaganda eginez.

Haur pila bat ibili zen tipi tapa beren bizikleta txikiekin lasterka. Orau batak inguruan udal faxisten hileten parodia hasi zen. "Comicos de la legua"-koek prestatu eta antzestua Pilar Careagaren gizairudi handi bat kontzejal faxistek lagundurik kioskora hurbildu ziren kalez kale batez, eta hantxe, oso modu apropos batean eta ironia handiz, hauzategiaren problema nagusiak agertuz joan ziren. Udalaren burokratismoa ere salatu egiten zen: "Ha pasado por el pleno, por la permanente, por el pleno de la permanente, el informe preventivo a la asesoría jurídica en orden con el suplico del sello..."

Gero kalez kale bat egin zen eta nor bere etxea, beno bat adibidez, Javi Agirre Muxikakoak, bertaraino joan behar izan zuen berriro bizikletaz... Aupa hi! gutxi dok hori eta...

Txantxan


Euskal Herria

Euskal Herrian bizi nahi dugu

Valensolerantzeko gure bidaiaren berri eman nizuen azkenengo zenbakian. Bidaia hartan ez genuen errefuxiatuokin hitz egitea lortu. Egun batzu geroago lortu genuen, eta honetan ematen dizkizuet haien hitzak.

Arrarotzat hartuko duzue, seguraski. Gure errefuxiatuak ez daude Valensolen orain... Baina orain, egoera larriagoa da, errefuxiatu guztioi kendu diete Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea. Ez dago euskaldunontzat errefuxio-eskubiderik estatu frantsesean, eta horrexegatik erabaki dut hau idaztea.

Martin Apaolaza eta Mikel Goikoetxea Marseille-ko gartzelan daude. Haien extradizioa eskatzen dio gobernu espainolak frantsesari, eta bai beste biona ere: Angel Maria Galarraga Mendizabal eta Jose Ignacio Gabilondo Agote.

Apala egoera berberan zegoenean, Euskal Herriak salbatu zuen mobilizapenen bidez... Zer egingo dugu orain?

Zenbat zaudete hemen gaurregun?

— Beno, orain hamazazpi euskal errefuxiatu politiko gaude Valensolen bizitzera behartuta.

Dirudienez, prentsak dioenez, ez zarete denok une berean deportatuak izan; taldeka etorri omen zarete. Nola izan da hona etortzearen bilakaera?

— Beno, urtarrilaren 30ean hamahiru gure etxeetan harrapatu gintuzten, eta beste laurok polizia frantsesak jarritako bide-kontroletan.

Antza denez, deportatuen kopurua gehiagotzeko asmoa zuten. Honetaz zerbait ba dakizue?

— Baietz uste dugu, polizia beste etxe batzutara joan zen eta; baina jende hori aurkitu ezinean, ezin izan ditu hona ekarri.

Gendarme frantsesek nola atxilotu zintuzteten?

— Beno, azken biok kontrol batetan atxilotu gintuzten eta bidaian tratua nahiko ezgizakorra izan zen, gauean batez ere, esposatuta eduki gintuztela eta kate batez lotuta, guk hanka ez egiteko edo...

Zuen ustez, polizia frantsesak legearen gainetiko jokaera jaso al du, ilegalki jokatu al du?

— Jakina, ilegala dela, bai gurekin hartutako jarreran, bai etxeetan sartzean, etab.

Hemen, fisikoki, ez gaude txarto; baina gobernu frantsesak oso ondo jokatu du baza hau, gu Herriarengandik deslotzeko, egun bizitzen duen egoeratik eta denetik deslotuta edukitzeko gu, bai familiarengandik, bai lagunengandik... Herriarengandik.

Eta, eman nahi izan dioten irudi publizitarioa gorabehera, hau gartzela bat baino besterik ez da.

Nahiz eta taldean bizi, Valensoleko jendearekin harremanik duzuela eta gainera beste sektore handiagotan ere erreakzio bat egon dela ematen du. Zer dago honetaz?

— Lehenengo hamabost egunetan nahiko bakarti egon ginen, inorekin ere harremanik eduki gabe. Baina hamabost egun hauk igarota, frantses Herriak, gobernu frantsesak hartutako neurri nahierarako hauen kontra erreakzionatu omen du. Orduan, "Comité de Soutien" direlakoak sortzen hasi dira, bai gu gauden eskualdean eta bai hiri handietan: Grenoble, etab. Hauetan, sindikatu handiena denak, CFDT frantsesak ere, kazetaurreko elkarrizketatan frogatu duenez, gure erreibindikazioen alde egiten du.

"Comité de Soutien" direlakoen erreakzioaren frogaz zera dugu, otsailak 25eko eguna. Horretan, nahiz eta agintari frantsesek bost autobusei sartzea debekatu, hau da, hona heltzea debekatu, Valensoleko inguruetako jendeak erreakzio bat izan zuen eta gure egoeragatiko interesa. Horrela, gure errefuxio-estatutua erreibindikatzearen aldeko jarrera frogatu da.

Batzorde hauen ekintzen artean, zera dugu: datorren igandean, Paco Ibañez, kantari frantsesen talde batekin omen dator.

Zuen oraingo egoera argitzeko, agintari frantsesekin, harremanik egon dela esaten da...

— Beno, ba..„ gu geuk ez dugu agintari frantsesekin harremanik izan. Harreman bakarrak abokatuen bidez izan dira; eta Valensoleko alkateak eskualde honetako prefetarekin eduki dituenak...

Nahiz eta harreman guzti horik, gaurregun oraindik ez dakigu gure konfinazioaren ondoren zer pasatuko zaigun. Eta ea guretzat balio duen dokumentu bakarra (errefuxio-karta) emango diguten ala ez, ez digute esan.

Orduan, konkretuki, gaurregun zein da zuen egoera, eta, noski, beste errefuxiatu guztiena?

— Gure egoera honetan gauzarik larriena zera da, gobernu frantsesak errefuxio politikoaren estatutua kendu digula errefuxiatu politiko euskaldunoi.

Gure abokatuek neurri honen kontrako errekurtso bat aurkeztu zioten gobernu frantsesari, eta honek erantzuna eman beharko du.

Baina kasu honetan garrantzitsuena zera da, erantzun positiboa, halegia, estatutua birlortzea ez datzala egin diren gestio juridikoetan, eritzi publikoan baizik eta, batez ere, jendeak egin dezakeen indarrean, eta modu guztietako mobilizapenetan.

Begi bistan dago, egoera honek berezko hainbat ondorio ekarriko duela. Zeintzu aipatuko zenituzkete oraintxe?

— Alde batetik gure egoera hau guztiz sekuritate faltakoa da, estatutuak suposatzen duen babes ofizialik gabe baikaude.

Gainera, egoera honek beste ondoriorik ere ba dakar: polizia espainolarengandik ihes egin beharko duten gudari berriek, ez dute Ipar Euskal Herrian bizitzeko garantiarik edukiko, esaterako.

Bukatzeko, zera utzi nahi dugu argi: gure lehengo egoera larriari (langabezia, guri egindako atentatuak, etab.) gobernu frantsesak hartutako azken neurria, gure zazpi lagunen extradizioa, gehitzen zaio. Horregatik, euskaldunontzat errefuxio-eskubidea erreibindikatzen dugu, "EUSKALDUNOK GEURE HERRIAN BIZI NAHI DUGU" kontsignaz. Halaber, Sorian dauden gartzelatuekiko solidaritatea adierazi nahi dugu, eta Euskal Herriari, mota guztietako errepresioaren aurka burrukan jarrai dezala eskatzen diogu.

Artikulua bukatzeko, Mikel Goikoetxeak eskatu duenez, Mikel eta Martinentzako guttun bat.

Ea denok animatzen garen. Gure errefuxiatuek merezi dute, guk detaile hori edukitzea.

Hona hemen helbideak:

Mikel Goikoetxea

Número 404 2- 87 A

Prisión de Beaumettes, 213

Avenue Morgiou, 13

Marseille (France)

Martin Apaolaza

Número 4403 4- 112 A

Prisión de Beaumettes, 213

Avenue Morgiou, 13

Marseille (France)

Kaixo, lagun maiteok!

Gutunak milaka hartuko dituzuelakoan gaude. Euskal Herria zuekin dago. Apala ere atera genuen, egoera berberean zegoenean; eta zuok ez zarete hor luzaro egongo. Aterako zaituztegu!

Besarkada bero bat.

EKATXA


Euskal Herria

Ipuina, baina bizitza bezain erreala

Deustura abiatu nintzen atzo arratsaldean lagunekin txikito batzu hartzeko.

Hortan geundela, gazte biren arteko elkarrizketa bat entzuten hasi nintzen. Nahiko interesgarria ikusi nuen gaia zuoi kontatzeko eta neure antenak zorroztu nituen.

— Bai, mutil, geure egoera konpontzeko modu bakarra zera dugu: greba. Hori da langileen harma, eta gu langileak gara.

— Teorikoki horrela da, baina zer lortuko dugu? Gure ikasleek kurtso bat galtzea. Ez da hori metodo egokia unibertsitatea euskalduntzeko. (Nire buruan argi bat piztu zen: Unibertsitateko euskarazko irakasleak dira!...)

— Baina oraingo egoera bere horretan uzten badugu, inoiz ere ez dugu behar den profesionaltasuna lortuko, eta euskararen irakaskuntza inola ere ez da normala izango. Hori ere ez da metodo egokia euskara aurreratzeko. Gure egoera larria da eta erre egingo gara. Modu honetan, hemendik urte batzutara, euskarazko irakaslea mamuta bezalako zerbait izango da: bukatu den espezie bat...(Une honetan, beste lagun bat agertu zitzaien...)

— Kaixo, lagunok. Zer? Euskal Herria konpontzen?

— Bai, neska, beti bezala. Zer nahi duzu?

— Garagardo bat. Egarri naiz.

— Aizu, Idoia, unibertsitatean segitzen duzu euskarazko eskolak ematen?

— Bai, eta Aingeruk ere. Hortaz ari gara hitz egiten...

— Oraindik ez duzue kobratu?

— Lehengo bi hilabeteak bai, baina gehiagorik ez. Gainera, orain esaten da azkenengo hiru hilabeteak ez dizkigutela ordainduko, dirurik ez dagoelako...

— Eta zer egingo duzue?

— Hori da gure kexka. Ez dakigu nora jo. C.G.V.rengana jo genuen laguntza eskatuz eta hor ez dute ezer jakin nahi. Santamariak zera erantzun zuen: "Zazpi milioiez zenbat gauza egin daitekeen! Eta, beraz, pentsa ezazue zenbat gauza egin daitekeen: Eibarko batzokiaren berrizteak hamasei milioi kostatu du...

— Baina, batzurentzat, euskararen irakaskuntza ez da batzoki bat bezain garrantzitsua...

— Goazen beste taberna batetara!

(Eta ni, haien atzetik...)

— Eta zuk, Amaia, zer egingo duzu datorren urtean?

— Aurton Alfabetatzea bukatzen dut eta datorren urtean euskarazko klaseak emateko asmoak nituen. Baina ezin izango dut. Ba dakizue ni Lekeitiokoa naizela, eta hemen bizitzeko dirua lortu behar dut... Beste lanen bat bilatu beharko dut...

Nik euskarazko klaseak ematea nahiago nuke, gure Herriaren gaurko egoeran irakasleak premiazkoak dira eta, baina gaurregun euskarazko irakasleak paria batzu baino gehiagorik ez zarete gizarte honetan. Idoiak esan duenez, bere burua abertzaletzat ematen duten "agintariek", paria izatera kondenatu zaituztete...

— Niri behintzat ez dit ardura euskarazko klaseak dohan emateagatik, lehen horrela egiten genuen eta... Baina lehen, gure izenean egiten genuen. Gure Herriak bere hizkuntza birpizteko daraman burrukan, eta gure kultura zapaltzen zuten erakundeak, unibertsital egitura gure kasuan, botatzeko urrats bat ematen. Baina, gaur, diotenez, euskara ofiziala da, unibertsitateko agintariak demokratak bihurtu omen dira aspaldi honetan; eta, horrexegatik, edo behintzat antza hori emateko, hain euskalduna den unibertsitate honetan, euskarazko klaseak ematen dira. Baina, noren lepoan? Euskarazko irakasleei soldata ordaintzeko ez dago dirurik... Zergatik ez ziguten hori lehen momentutan esan? Egunkarietan euskarazko klaseen berria zabaldu zutenean, zergatik ez zuten gure egoeraren berri ere eman? A! Aurpegi demokratikoa eman beharra...

— Niretzat berandu da. Euskarazko klasera noa...

— Agur, Amaia. Gu ere ba goaz...

Eta zer, neska. Zein irtenbide proposatzen duzu? Prest nago zure aginteak berehala betetzeko...

— Desperaturik zaude, Aingeru? Ez da normala hau txantxetan hartzea...

(Mutila barrez, neska haserre bizian...)

— Josu Elorriagak behintzat desesperatutzat hartzen nau...

Baina ez haserre. Ez dut txantxetan hartzen... Ez dut bide argirik ikusten eta nahiago dut barre egitea, negar egitea baino...

Gauza bat ikusten dut argi: guk bakarrik ez dugu ia ezer lortuko, nahiz greba egin, nahiz arrosarioa errezatu... Gure ikasleen laguntza behar dugu; Herri osoaren laguntza. Ordua da Herria euskararen alde mobilizatzeko!...

— Horretarako Herriari gure egoeraren informazio zuzena eman beharko diogu...

(Problema hor dugu... Zer egin dezakegu, irakurle?)

— Ekatxa! Beti bezala, ametsetan... Arratsalde osoan ez didazu kasurik egin...

Ekatxa


[Komikia]

Josan


Euskal Herria

Hondamendira goaz

Lehen ere erabilia dut ANAITASUNA honetan krisiaren gaia eta, tamalez, orduan profetizatu nuena betetzen ari da: Euskal Herrian lanaren arazoa puntu oso grabe batera heldu da.

Ni ez noa orain demagogia egitera. Ez dut nahi teoria hutsetan ibili. Beraz, errealitatean oinarrituko naiz, pertsonalki bizi dudan problematika azalduz.

La Aeronautica, S.A. fabrikan lan egiten dut, eta Deustuko Erriberan, Nerbion hibaiaren ertzean dago. Gure inguruan, dena fabrikaz josirik dago.

Lehen, 600 langile ginen, eta orain 400 soilik, Gainerakoak, irteten joan dira, batzu beren borondatez eta besteak derrigorrez parora. Gure lantegian tableru kontratxapeatuak egiten ditugu, eta lehen materia Ginea-ko enborrak ziren. Ginea, Espainiako kolonia izatetik libre izatera igaro zenean, Espainiako tableru fabriken gainbehera hasi zen. Metropoliak kolonia esplotatzen zuen, eta beltzei soldata urri batzu ordainduz, enborrak prezio merkean ekartzen ziren.

Gero petrolioarena etorri zen. Gero demokrazia, eta kapitalisten Suitzarako diru ebasioak. Guzti horren ondoren bezala, egoera ekonomikoa gaizkoatu egin zen, gure fabrikan ere. Urtebete "regulación de jornada" delakoarekin egon gara. Jabeek fabrika hitxi nahi izan zuten eta manifestazioak eta entzerronak egin genituen. "Suspensión de pagos" sortu zen. Interbentzio judiziala. Orain, Eskontrillas-en ekipoa, Babcock-en ibili den bera, azterketa bat egiten ari da. Ba dira hamar bat egun makinak geldi ditugula, lehen materia erosteko diruaren faltaz. Maiz asanbladak egiten ditugu. Atzokoa (lan hau martxoaren 14an idazten dut), "Rosario de la Aurora" bezala bukatu zen. Goizean lankide bat hurbildu zait eta komentatu dit: "Erdiragarria da makina geldien alboan langileak kartetan, jolasean ikustea"...

Kondatu dudana nik lan egiten dudan fabrikaren kasua da. Alboan, Mefesa dago. Hemen ere hainbat egun dira greban daudela. Atzo kolpeak egon ziren. Jarraian, Tarabusi, hau ere hitxita. Aurrerago, Elorriaga, krisi larrian. Eta Saema, krisian ere, eta Artiach, eta beste hainbat eta hainbat.

Lanorduetatik kanpo Bilboko Kaieak korritzen ditudanean, beste mundu batean nagoela iruditzen zait. Bizitzak aurrera egiten du, ezer gertatuko ez balitz bezala, dena normal balego bezala. Eta inoiz egin dudan gogoeta etorri zait burura: hildako baten familiakoek kontrast bortitz bat sentitu behar dute kanpasaindutik etxeratzean herriko giroak axolagabeki, beren dolorean parte hartu gabe, aurrera jarraitzen duela ikustean.

Baina, nahiz eta ezikusiarena egin, problema hor dago, bere larritasun izugarrian. Eta eztanda egingo du. Ekonomia ez da jostailu soil bat. Ekonomian oinarritzen da gizartearen bizitza. Beraz, gure etorkizuna, hor oinarritzen da, ekonomian. Eta nola arraio jaso daitezke fabrikak lan egin gabe? Nola superatuko dugu krisia, edo bigunduko, lan egin gabe?

Euskal Herrian hondamendira goaz. Eta nik ulertu ezin dudana da nola hainbat lantegitan, langileak axolagabeki grebara doazen, edozein atxakia dela. Horrekin, fabrikak gehiago hondatzen dituzte. Greba, noski, langileriaren eskubide bat da, baina azken eskubidea. Lehenago, beste presio erak erabili behar dira. Edozein atxakiaz grebak egitea, sekulako astakeria da, langileen benetako interesen kontra joatea.

Nik ba dakit sistema kapitalista bere azkenetan dagoela, azkenean sozialismoa izango dela soluzio bakarra, krisi hau gaindiezina gertatuko zaiola sistima kapitalistari. Baina Euskal Herrian faktore bereziak ditu gu, egoera gaizkoatzen. Norbaitzuk hondatu nahi gaituzte, eta guk jokoa egiten diegu.

Euskal alderdi politiko eta sindikatuetako gidariek erantzukizun larri bat dute Herriaren aurrean. Fabriketan bizi dugun egoera anarkikoan, diziplina humano baina serios bat ezarri behar da. Inbertitu nahi ez duten kapitalistei beren fabrikak errekisatu eta beren ondasunak egin behar zaizkie fabrika haik martxan ipintzeko. Libertatearen izenean ezin permiti daiteke ez langileen anarkia ez kapitalistena. Hori ez litzateke libertatea, egoismoa baizik.

Euskal Herriko ekonomiaren egoera serioski planteiatu behar dugu, gehiago luzatu gabe.

Xabier Gereño


Euskal Herria

Txistu-danbolinez (II)

Ak.: Ez da asko Bizkaiko Aurrezki Kutxak lagundurik Txistu-Konposaketaren lehiaketa hospatu dela.

J.M.k: 76tik gabiltza gisa horretako lehiaketak antolatzen. Hemendik aurrera Aurrezki Kutxari eskerrak urte biro hospatuko da. Txistu-bandarako idatzitako obrak sartzen ziren. Donostiako Txistu talde esperimentala sortu zenetik tankera horretakoak ere sari daitezke. Hau honela delarik, aurtengo lehiaketan bigarren saria talde esperimentalerako idatzitako obra batez irabazi du J. I. Ansorenak, lehenengoa J. M. Gonzalez Bastidarena izanik.

Dena dela harrigarriena zera izan da: Euskal Herriaz kanpoko goi-mailako konposatzaile askok parte hartu izana. Bik Madriletik bidali digute obra bana, eta Bartzelonatik beste batek. Haietako batek ez zuen inoiz txisturako idatzi izan. Geure aldetik, noski, ahal eta musikalari gehienek parte har zezaten, Espainako Kontserbategi guztietara idaztitxo batzu bidali izan gehituen, txistuaren ezaugarriak eta jotzeko teknika bereziak azalduz.

Oro har, epaileen iduriko aurkeztu diren obrak kalitate on samarrekoak izan dira.

A.k: Obra sarituak entzuteko parada ederra abenduaren 13an izan genuen. Sarigabeak inoiz entzungo al ditugu?

J.M.k: Baietz uste dut: guri dagokigunez, aldizkarian argitaratu egingo ditugu eta haien konposatzaileekin harremanak sendotuz goaz alde batetik eta orain arte inongo lehiaketatara aurkeztu ez diren beste batzu aldizkarian bertan ere argitaratzeko asmoa dugu, bestetik.

A.k: Zenbat obra aurkeztu da, guztitara?

J.M.k: 21.

A.k: Oso ona deritzot ideiari, baina, horrenbeste musika jotzeko ba al dugu banda nahikorik?

J.M.k: Oso banda gutti dugu, zoritxarrez. Bizkaian bederen ez dut uste dozena bat baino gehiago dagoenik, eta ez da bat ere harritzekoa Udalek ordaintzen diena kontutan harturik.

A.k: Nortzuk osatzen dute Bilbokoa?

J.M.k: Zuzendari eta lehenengo txistua Boni bera duzu, bigarrena Tomás Sarazibar, silbotea Mikel Bilbaok jotzen du eta atabala Jesús Villarek.

A.k: Bizkaiko zein herritan dago banda?

J.M.k: Nik dakidala Ibargaldun, Santurtzen, Portaldean, Getxon, Durangon, Zornotzan...

A.k: Azkenengo Bizkaiko Txistularien elkartean erabili ziren problemak...

J.M.k: Asko eta asko. Esate baterako txistulari askoren mordoilokeria: txarto jotzen da askotan. Egon, ba dago txistulari onik, baina txarroi entzuten zaie. Lehen txistulari trebe baten aurrean fristi-frastakook ixildu egin ohi ginen; gaur, ordea, alderantziz: ezinbestez ixildu ohi dena ona da.

Beste bat: txistua jotzeko metodo bateratu baten eza. Hori dela eta ez da harritzeko irakasleen artean posizioak txarto irakasten dituenik ere egotea.

Behar bada, azalkeriak jota ibili da horrenbeste, Euskal Kulturaren ekintzetan: Euskara ikasi behar zen, eta txistua jotzen ere bai, baina batzurentzat Euskara ikastea Euskalduntzen bigarrena ematea izan da, eta txistua jotzea "Bat, bi, hiru, lau" jotzen ikastea eta erdipurdika, gainera.

A.k: Bai, baina zenbat eta gehiago ikasten hasi, hainbat eta txistulari dexente gehiago sortuko da.

J.M.k: Ez da, zoritxarrez, hala gertatu. Aitzitik, ia gehienetan, txistularirik kaskarrenek hoberena "estali" ohi dute, elkarrekin jotzean.

Lehen behinik behin onari entzuten genion eta galderak egin ohi genizkion geure teknika hobetzearren...

A.k: Zenbat urte behar da txistua jotzen ikasteko?

J.M.k: Nola den... ba dago hiru hilabetetan arin-arin, biribilketa eta jota mordo bat ikasi duenik, baina normalki hiru kurtsutan egiten da, lehenengo bietan danbolin gabe arituz. Nik ikasi nuenean lautan egiten ze, eta laugarrena arte ez zen danbolina ukitu ere egiten.

Tokian tokiko egoerek ba dute ere beren garrantzia. Esate baterako, Gipuzkoan danbolinaren ikaspenari ez zaio hemen eman behar izan dioguna eman, bazterretan atabalaririk dago eta, eta hemen ez: hemen txistua jotzerakoan danbolina ere menderatu behar da.

A.k: Inork edo ezerk laguntzen zaituzte?

J.M.k: Ba ditugu babesle batzu elkartean. Kuoten bidez laguntzen gaituzte, baina pertsonal mailan. Erakundeei dagokienez, Diputazioak noizean behin ere. Baina erregularki Bizkaiko Aurrezki Kutxatik, beste inondik ez, hartzen dugu diru apur bat Aurten milioi erdi bat.

A.k: Eta... zer egingo duzue horrenbeste diruz?

J.M.k: Hiru arlotan erabiliko dugu: a) Txistularien trebaketan (irakasleak lagunduz, esate baterako); b Txistuari buruzko iker-lanetan (egiturak, orkestapena...); d) Gainontzeko erakunde kulturalekiko harremanetan; e) Euskal Kulturan txistua sartuz.

Hori dela eta, datorren Apirilean mintegi bat antolatuko dugu, txistulari guztientzat Txistuaren jatorriaz, erabilkeraz, gamak, armoniaz... eta abar ihardungo da.

Amaitzeko kontzertu-estudio bat emango da.

Bitartean Aurrezki Kutxaren laguntzaz, Elkartearen gerraondoko partiturak ari gara argitaratzen, hiru liburutan...

A.k: Eskarrik asko J.M., zure jakingarriengatik. Ba dakizu ANAITASUNAtik txistua lagundu nahi dugula eta urrezko belaunaldi bat opa diegula bai txistuari bai txistulariei.

Borja Barandiaran


Euskal Herria

Euskaldun izatea, bekatu ote da?

Konstituzio espainolak honela dio bere hirugarren artikuluan:

"1. El castellano es la lengua española oficial del Estado. Todos los españoles tienen el deber de conocerla y el derecho a usarla." (nik jarri dut kurtsibaz.)

Gero bestelako punturik aipatzen bada ere, puntu hau euskararen aurkako diglosiaren instituzionalizazioa da segur, zeren eta horren arauera, gaztelania soilik dakitenek ez baitute inolako obligaziorik beste ezelako hizkuntza ikasteko, eta gainera, berearekin bakarrik edonora joan baitaiteke.

Erdaraz ipini dut apropos, hauxe baita Espainian zehar onartu den textua, eta bestalde, faltsua bailitzateke zenbait lekutan agertu den euskarazko textua —itzulpena halegia— jartzea, ondoko bi arrazoiengatik guttienez:

- Lehenik eta behin Euskal Herriak konstituzio hori onartu ez duelako (hirutariko batena baino ez baita aldekoa izan). Gainera, erretxazua handiagoa izan da eskualde euskaldunenetan.

- Eztabaida guztiak erdal textuaren gainean egin direlako eta legea beronen arauera egin delako.

Madrilera batzuk presaka eraman duten Estatutuan ere, kalamatika luzea bota ondoren zera adierazten da: "Nadie podrá ser discriminado por razón de la lengua". Konstituzioaren textuarekin batera irakurtzean, eta Estatutuak konstituzioaren mugen barnean egina izan behar omen duelarik, adjektibo bat jartzea ahantzi zaielakoan nago, eta "lengua" jarri ordez, "lengua castellana" adierazi nahi dela susmatzen dut. Zeren eta, zertarako itxurak egiten gera?: euskara, gailegoa, katalana,... egiten dugunok, automatikoki geratzen baikara diskriminaturik. Gaztelania soilik dakitenak beti ere jaun eta jabe. Besteek ikas dezatela!

Hitz hutsekin ez da ezer konpontzen

Problema latza dago hizkuntza biren artean, edo zehazkiago esateko, hizkuntza desberdin biren mintzatzaileen artean. Eta problemari guztiz soluzio asimetrikoa —nahiago baduzue, diglosikoa— eman nahi zaio, bietako baten.kaltetan. Alferrik da. Estatutuan, neurri antidiglosikoak hartuko direla esatea, oinarrian eta aldez aurretik neurri horien kontrako muga batzu jarri badira. Hori paper errea da.

Antisimetria hori adierazteko eta neurri antidiglosiko horien funtsgabetasuna nolabait azaltzeko, adibide bat jarriko dut ipuin gisa, beti ere adibide eta errealitatearen arteko analogiaren mugak salbatuz.

"Haur batek oso ongi jokatzen zuen palaka eta partidu guztietan garaile ateratzen zen. Bere etsaiek eskuak moztu zizkioten eta horien ordez esku artifizialak ipini. Gero, lagun itxura eginez, berekin palaka egitera gonbidatzen zuten, oso "maitagarriak" eta "atseginak" baitziren. Orduz gero, partidu guztiak galtzen zituen".

Hori gertatzen zaigu gutti gorabehera. Lehenik eskumotz utzi eta gero eskuzabalak izateko eska. Eta gu, koitadu halakook, eskuzabal izan nahi arren, eskumotz izan behar.

Beti bezain gaizki gaude

Hizkuntzaren kausaz inor ezin izan daitekeela diskriminatua izan esaten den uneon,

- Euskal Herrian ikusi eta entzuten den telebista, guztiz erdalduna da.

- euskaldunok ez dugu euskarazko kanale miserable bat ere telebistan.

- irrati euskaldunik ez dugu (zertxobait euskaraz egiten duen irratiren bat badugu ere) eta urrun dago irrati publiko euskalduna.

- euskaraz egiteagatik, poliziek hil-mehatxua egiten dute (bestela Montzoni galde).

- euskaraz egiteagatik, neurri errepresiboak hartzen dira (erizainek ba dakite zerbait honetaz).

- euskaraz egiteagatik, Espainiako tribunalen aurrean defentsarik gabe geratzen da (Gasteizeko istorioa hor dugu).

- ikastolek era askotako trabak dituzte.

- ez da elebitasun-dekretu seriorik atera nahi.

- erdara guztioi derrigorrez irakasten (eta exigitzen) zaigun bitartean, ez omen da zilegi euskara EGBko plangintzan obligatorioki sartzea.

- euskaraz idatziriko gutunak atzerantz botatzen dira.

- eta abar, eta abar (bakoitzak bere gustura osa dezake zerrenda hau, segur bainago, beste puntu pilo bat dituela eta).

Ondorio modura

Zer demontre, ba! Arrazoia dute Madrilen. Bai! Orain arte konturatu ez bagara ere —agian gure artean apez gorri (sic) gehiegi dagoelako—, BAI, euskaldun izatea bekatu da. Bekatu larria, grabea, mortala gainera. Horregatik erdaltzaleek ongi egiten dute. Eta bekatu hori konfesatzen dugunean penitentzia jartzen digute. Gure salbaziorako omen.

Erdara egitea, ostera, ez da bekatu. Zer pentsatzen dute, ba, euskaldun zorook?

J. R. Bilbao


Euskal Herria

1979.go martxoak 8. Emakumearen egun internazionala. Aborto librea! Ez dugu hil nahi!

Emakumeok ere ba dugu geure eguna. Ez gara bakarrak bestalde; gizarte honetako edozein pertsona multzok ba dauka "bere eguna" edo eta bere patroia: Bazko igandea abertzaleentzat, langileena maiatzaren lehena, Sta. Lucía jostunena, Sto. Tomás de Aquino ikasleentzat, etab. Gurea, gainera, internazionala da, emakumeok elkarrekin dauzkagun loturak nazio eta estatu mugak gainditzen ditu eta.

Baterako edo besterako, guztiok behar dugu geure egun berezia eta elizak ere jaso du behar hau, bere santuak egun egokietan ezarriz.

Opresiotik irteten ahalegintzen den klase batentzat, bere askatasun bidean gertaturiko gauza hospetsuren baten oroipena izaten da egun hau.

1908.go martxoaren 8an, New York-en, Cotton lantegiko 129 emakumeak, lantokian sartu ziren bere erreibindikapenak lortzeko indar egitearren. Nagusiak, ateak hitxi zituen eta lantegiak su hartu zuen. Bertan hil ziren emakume guztiak. Orduan, langile mugimenduak ez omen zion garrantzi handirik eman gertakizun honi.

Bi urte geroago, Klara Zetkin-en proposamenez, martxoak 8, emakumeen egun internazionala izendatu zuten.

...aren eguna, ...en urtea, eta noren bizitza?

"Egun" hauek, beren alde negatiboak ere ba dakartzate. Batzuentzat kontzientziak garbitzeko edo lasaitzeko aukera bat besterik ez da. Honela, egun hauetan, emakumeari buruzko berriak nonnahi agertzen dira eta gizarteak ondo onartzen ditu "pasatzen ez badira", "beren eguna da"... Eta eguna bukatzean, aurrean, beste urte bete lehen bezala jarraitzeko.

Baina beste zentzu bat ere eman diezaiokegu martxoaren 8ari. Urte osoan barru eramaten dugun borrokaren sintesisa egiteko une egoki bat izan daiteke eta bestalde, esnatzaile bat ere, erdi lo edo nekatuak hartzen bagaitu.

1978 - martxoak 8 - 1979

Ihaz izan genuena eta aurtengoaren gonbaraketa bat eginez, mugimendua eramaten ari den bidea nabariagoa agertzen zaigu. Urtetik urtera, lehen "emakume langilearen eguna" zena, "emakumearen eguna" ari zaigu bihurtzen. Eta honek zera esan nahi du, emakumeok gizarte patriarkal honetan zapalduak gaudenez gero, interes objetibo berdinak ditugula azken batean eta gure zapalkuntzaren sustraia bat dela guztiontzat. Beraz, ez dugu adjetiborik behar, denak baikara langile eta gehienetan esklabu gainera. Martxoak 8 guztiona da, eta ez besteek langile kontsideratzen dutenentzat bakarrik.

Beldurrik gabe, espresa gaitezen

Espresio bideetan ere, ari gara eskema klasikoak erabat apurtzen. Esaten dutenez, gure manifestapenak folklore hutsa dira, oihuekin batera kantak eta dantzak sartzen ditugulako, eta baita joko batzu ere. Agian arrazoia dute, baina guztiei aplikatuz gero, manifestapenak beti dira folklorikoak, batzu negartiak eta besteak ez hainbeste, folkloreak ere forma desberdinak hartzen ditu eta.

Honetaz gainera, Donostian emakumeen arte-erakusketa bat egin genuen eta elkar hizketa bat ere, gai honi buruz. Langabeziaz eta abortoaz ere mintzatu ginen.

Musika, antzerkia eta festa ere izan genuen. Aurten ere, aditu behar izan ditugu zenbait jauntxoren harrokeriak, gurekin festa egitera sartu nahi zutelako nahiz eta guk garbi adierazi geure artean nahi genuela egon, NAHI GENUELAKO! ez al da aski? Bale.

Abortoa, kanpaina internazionala

Aurtengo martxoaren 8an, bi erreibindikapen atera ditugu aurretik kalera eta eztabaidetara: langabezia eta abortoa. Azkeneko hau bereziki, internazional mailan eramaten ari garen kanpaina baten gai da. Euskal Herrian ere hasi gara honetan, egoera larria baita. Baina kanpaina eta abortoaren eguna izendatu den martxoak 31 ez dira helburuak guretzat, baizik eta hasiera besterik ez.

Hau idazten ari garenean, eztabaida interesgarriak izan dira Euskal Herrian, Leonor Taboadak hiriburuetan eman dituen hitzaldiak izan direlarik animatzaile. "Abortatzeko eskubidea exigitzen dugu baina ez dugu nahi abortatu" eta ez dugula nahi garbi baldin badago, gizonezkoekin harremanak nola eraman behar ditugun berrikusi beharko dugu. Abortoa ez da soluzioa epe luzera, baina orain eta beti gure gorputzaren kontrola geuk nahi dugu izan eta eskubide hori ere ezin digute ukatu. Abortatu nahi badugu behartuak gaudelako, ume hori nahi ez dugulako, kondizio honetan egin dezagun behinik behin.

Gaia sakondu, eskubidea exigitu, zenbait ekintza aurrera eraman, nazioarteko elkartasuna, izango lirateke kanpaina honek, oso laburki, hartzen dituen zenbait ezaugarri.

Oraindik ezin dugu balantze bat egin baina positibotzat jo dezakegu daraman bidea.

Itziar Urtasun


Hamabost egun hankaz gora

Espainiako parlamentuan demokrazia

Espainiako Parlamentuan demokrazia funtzionatzen hasi da berriz. Argazkian ikusten duzuen bezala, Blas Piñar Lopez, "betiko demokrata", botua entregatzen ari da, Kongresuko presidentea hautatzeko.

Beste argazkian, Santiago Carrillo aurrean, eta atzetik, demokrazia ikasten ari balitz bezala, Blas Piñar. Batek polizia gehiago behar dela esaten du, eta besteak polizia gehiago behar dela esaten du. Euskal Herriarentzat, ordenu publiko asuntuan ez dute diferentzia handiegirik bi horik.

Kontsentsua lortuko al dute?

PNV-ko Marcos Vizcayak: "Estatutua ala independentzia"

Marcos Vizcaya jaunak ez zuen independentziaz hitz egin. Marcos Vizcaya jaunak, PNVko diputatuak, Jose Antonio Agirreren esaldi bat errepikatu besterik ez zuen egin.

Denok oroitzen zarete nola orain dela gutxi egin zituen deklarazio horik PNVko diputatuak. Baina aklarazioak eta errektifikazioak ere etorri ziren laister.

Harrigarri baldin bada ere, aklarazio eta errektifikazio horik Madrileko "Pueblo" egunkariak publikatu zituen, eta gero Colpisa berriagentziak zabaldu zituen Estatu guztiko teletipoetara.

Askok diote, bi hitz klase erabiltzen dituela PNVk: hitz bat Euskadin eta beste bat Madrilen.

Ez dakit zergatik, baina kasu honetan ere gauza berbera gertatu dela uste dut.

Baina oraindik ez dut esan zeintzu izan ziren Marcos Vizcayaren deklarazioak. Beno ba, ahantzi baino lehen esango ditut: "Prestatu dugun Estatutua, dagoen bezala ez baldin badigute onartzen, Independentzia eskatuko dugu".

Gutxi gora behera hori zen Marcos Vizcayak esana.

Komentarioak egiteko, lehenbizi baso pare bat ardo edan eta kristorenak esan, ondoren.

Poliziaren informazio brigada "a tope" ari da lanean

"Poliziak ez du kontutan izaten hauteskundeak egitearen faktorea". Hori deklaratu zuen orain dela gutxi Segurtasuneko Zuzendaritza Jeneraleko bozeramaile batek. Berberak ere esan zuen, Informazio Brigada "a tope" ari dela lanean, Euskal Herrian.

Txibatoek eta poliziek ez dute atsedenik hartzen Euskadin.

Lehen gutxi baldin baziren, otsailean 50 komisari gehiago etorri ziren Euskadira, eta horietako gehienak, azken promozioetako hoberenak dira.

Horik dira "espainol bakearen" enbaxadore. Eta PCE-k eta PSOE-k eta ORT-k, etabarrek, "ongietorria" emango diete.

Beste zenbaitek ere emango die ongi etorria... baina parabellumekin.

Eta besterik ez dugun bitartean, guk egin ahal duguna zera da, kontrainformazioko brigada sortu... ala "gaizki etorria" eman.

1978n biolentzia: 270.000 deliktu Espainian

Madrileko egunkari batek hurrengo estadistika hauk argitara eman ditu: 234 asasinatze, 25 heriotza droga gehiegiz, 4.000 atrako, eta 55.471 detentzio.

Atentatu terroristetatik aparte, 272.311 deliktu egin ziren aurreko urtean Espainian. Deliktu gehienak jabegoaren kontra izan ziren.

Hona, bada, ihaz, ehuneko hogeita bost gehitu ziren deliktuak.

Madrilen, jabegoaren kontrako deliktuak 71.000 izan ziren, eta Bartzelonan 45.264 izan ziren.

Guzti honek, Madrileko egunkariak dioenez, intsegurtasuna ematen dio jendeari, eta horregatik gehitzen dira segurtasun sistemak, batez ere lapurretak ebitatzeko direnak.

Asuntu honetan ere, barren barrengo arrazoiak bilatu beharrean, ondasunak hobeki banatu beharrean, eta lan gabezia konpondu beharrean, Madrileko egunkariak esaten duena hau da: balore izpiritualak galtzen ari direla, eta zenbait espektakulo eta komunikabideen zentzu negatiboak dakarrela biolentziaren gehitzea.

Zergatik ote dira Madrileko egunkariak hain miopeak, beti?

Iñaki Zabaleta


Ohar laburrak

Iruñan, amorruz urnari matrailuka

Hauteskundeetan ez daude denak konforme hauk egiten diren sistemaz. Hauteskunde munizipalen egunean Iruñan gertaturikoak ematen digu horren frogantza argia.

Rafael Zalakain jauna, Iruñako PSOEko sozialisten buru izanikoa, eta geroztik alderdi horretatik irtena bere botua ematera joan zen, beste asko bezala. PSOEren botupapera hartu eta bertako izenak bere gustokoak ez zirenez, boligrafoaz bertan ikusi nahi ez zituen izenak kentzen hasi zen.

Hautamahaian zeudenek horrelako boturik ezin onar zezaketela esanda, Rafaelek, agian kasoalitatez, gabardinan zeraman mailua atera eta gustura gelditu zen kolpe eder bat emanda gero.

Zerrenda hitxien sistema horrekin ados ez datozenak nahiko izan arren ez diegu gomendatzen mailuaren sistema beren ezadostasuna adierazteko, leku txarrean amaitzeko arriskua baitago.

Bandres jaunari hitz batzu

Irakurria dugu askotan, hiru probintziotan zu zarela garraioaz arduratzen zarena. Gero, orain gutti, bide eta kamino guztietako seinaleen izenaldaketa inposatzen zela ere jakin izan dugu.

Eusko Kontseilu Nagusi horri esker, zenbait euskal izen euskaraz agertuko zaigu. Harriturik irakurri genuen lehengo egunean beste euskal izen asko, esaterako, Gernika, Mungia, Errenteria, etab. euskararen iskribaketarekin erdararena ere eta letra handiz omen, agertuko dela. Horrela, GUERNICA eta Gernika irakur dezagun. Ba dakit hau guztiau tontakeria bat izan beharko litzatekeela eta norberaren herriaren izena norberaren hizkuntzan bakarrik agertu beharko litzatekeela, baina desguztuz ez da hori ere. Negargarria da, hainbeste problema latz daukagularik, honetaz tinta eta hitz galtzea, baina holaxe da. Hasteko behintzat ongi irudituko litzaiguke esaterako, ezberdintasun handia egonez gero, esaterako, Salvatierra eta Agurain, Donostia eta San Sebastián, biak batera ipintzea baina konprenitzen ez dudana bestea da. Jauna, guzti honetaz ezer esan behar badiguzu, egin ezazu lehenbaitlehen. Zure erantzunaren zain.

M.ª Asun Arrieta

Muga guztiz santua

Beti gertatzen dena gertatu da oraingoan ere: mugaz harunzkoak ahaztu ditugu... Monzonen askatzearen aldeko idazki bat bidali da prentsara eta mugaz harunzko haurrideak ahaztu ditugu... Izenpetu dugun guztiok lau probintziotakoak izan gara. Berriro ere muga guztiz santua adoratzen ari.

Eta kasu bakarra izan balitz! Baina bai zera! Horrelaxe jokatzen ohi dugu BETI. Ahotan bai darabilgu ZAZPIAK BAT delakoa (eta zer baitetan ezta ahotan ere!). Geure egunoroko jokabidean, ordea, muga guztiz santua adoratzen dugu eta begiramen osoz errespetatzen.

Euskal Jaialdiak direla, Euskaltzaindiaren batzarre agiriak direla, Pastoralak direla, han urri, oso urri izaten dira hemengo euskaldunak. Muga guztiz santua adoratzen dugu.

Hango aldizkarietan idazten duten mugaz honunzko idazleak zenbat ote dira? Muga guztiz santua adoratzen dugu ahozpezturik.

Berriki izan dira Frantzian hauteskundeak eta, nik dakidanez, abertzale prentsak ez digu esan Frantziapeko Euskal Herrian zer gertatu den. Muga guztiz santua adoratzen dugu debotki.

E. Knörr

ORT eta PTE-ren bateratze miresgarriaz

Ezker abertzalearen zatikeria biziki sentitzen den mementu honetan, ORT eta PTE-ren maoismoak irakaspen ederra digu batasunari dagokienez.

Ez pentsa hala ere bateratze hori lortzea erraza izan zaiela, diferentzia gogorrak zeuden bion arten antza. Horrela, ORT-ren sekretaria den Sanromá jaunak, klandestinitatean "Intxausti" zenak, honako deklarapen hauk egin zizkion "El Viejo Topo" aldizkariari, Martxoko alean: "El PTE es un partido dirigido por una camarilla oportunista que no tiene ningún afán por la revolución ni ninguna vinculación con el marxismo leninismo". Hemendik, pentsa dezakegu ORTkoak izan direla, PTEko oportunista ohiei iraultza eta marxismo leninismo benetakoak zer diren irakutsi dietenak. Dena den, ondo ikasi dute eta alderdi biak definitiboki bat egiteko dira.

Haatik, batasuna ez da bakarrik dialektika maoistaren fruitua izan, eta batek baino gehiagok suma lezake Martxoko hauteskundeen zerikusirik izan dutela. Eta noski, debate gogor eta sakon bat ere egon dela bitartean bistakoa da.

Denborak esango digu. Nor izango da Iruiñako alkatea?

Argi dago Herri Batasunari bidea mozteko beste guztiok ados jarriko direla UCDtik hasita E.E.raino. Ituinean, honetarako, froga ikusiko dugu. Lerro hauk idazten hasten naizenean oraindik 8 egun falta zaizkigu zer eginen den jakiteko. Oker banengo askoz hobe, ea okertzen naizen. PSOEk gauza asko egin dezake. Bata, botua kontra UCDri edo PNVri emanez, emateko tan PNVri emango dion. Beste bat abstentzioa, egiten badu UCDri ematen dio argi, argi eta itxura ere ez du salbatuko. Abstentzio kontuan PSOEko batzu bakarrik abstentzioren alde eta beste batzu Herri Batasunaren alde, UCD ere kontsekoenteki atereaz. Baina ez dugu uste horrela izango denik, joko horik nahiko ikusirik daude demokrazian eta. Hemen dugu seguraski eta zoritxarrez edukiko dugun jokoa. Ondorengoa da: PSOEk bere buruari emango dio botua, H.B.k ere bere buruari, PNVk H.B.ri UPNk edo UCDri edo abstentzioa eta UCDk PSOEri. Eta PSOEk izango du Euskal Herriko hiriburuaren alkatetza. Benetan nik nahi dudana zera da, oker oker egotea, eta Herri Batasunak alkatea atera dezala.

E. H.

5-04-79


Ezin deitia [Olerkia]

Hor egin düzünak ez dü gure hizkuntzan izenik.

Frantsesian ba diala uste dit, zeren jadanik

Holako zerbait Pétain-ek ba zizün gerlan eginik

Ez dirüdi herritarrek hartaz ürgüilü dienik.

Franco-k egin ez ziana zük egin düzü, Valéry:

Bestaldetik ihes jinak turnatü Gestapoari

Zazpi Eüskaldün presuner saldü beren etsaiari

Hogeitahamar hitzeko tresna ederren ordari.

Uste ginizün Pilatüs eskü xuria zinela.

Egün ikusten zütügü zikinik Jüdas bezala,

Denari zonbaiten trükü gizona saltzen berhala,

Zuretzat bardin baitira jentea eta xahala.

Xahal bat dela Frantsesa, De Gaulle-k ümen errana.

Kabale bada, ez düzü ber motatik Eüskaldüna:

Urzo xuri ala gorri ala sai beltzen bardina,

Ez dü segür ahatzeko zure gaurko saltzapena.

Oro kabale bagira, zointarik zirate, Giscard?

Gora ikusten züntügün, Don Kixote lepo mehar,

Kamelü bortian esnaur, nahiz beti gure bizkar,

Baina gaur süge hotz eta faltsietan eman behar.

Ainhera lümekin ere, bardin ülhün belea.

Franco-k eraiki poliza beti da zapazalea,

"Libera" izanagatik, kapitala jente jalea,

Franco-rekin edo gabe, Fazisten lagünzalea.

J. L. Davant


Nazio artekoa

Emakume iraniarrak: aurpegi emanez

Mundu guztiko begiek Iranen izan zuten pausalekua azken hilabete hauetan. Han gertatu ziren gatazkak, ehundaka heriotzeak, manifestapen ikaragarriak, Xah-en irteera eta azkenik Aiatollah Khomeinik (euskaraz hola idatzi behar da, bestelakoan Jhomeini) boterea hartzea; gehiago edo guttiago guztiorrek aztoratuta utzi gintuen. Inkognita handi bat agertzen zen, halaz ere, etorkizunean. Zer eratakoa gertatuko ote zen ezarri nahi zuten islamiar errepublika hori? Herri borroka baten fruitua izateak gauzak hobekiago moldatuz joateko garantiaren bat eskaintzen zuela iruditzen zitzaidan, hain diktadura gogorra sofritu izan duen herri horrentzat

Hala ere, iraniar emakumeetaz pentsatzen nuenean ezin nuen emakume horien etorkizun erabat beltza ikustea aldendu. Zer suposatuko ote zuen haientzat "islamiar errepublika berri horrek? Zeintzu ondorio lekarzkiekete Alkoran-en lege sakratuaren ezarpenek? Zeren, musulman erlijioaren Liburu Sainduak betidanik izan baitira gizonezkoen beharrei eta nahiei egokituta ulertuak. Emakume musulmanak, behin ezkonduz gero, bere senarraren esanetara makurtu beharra du. Ezkontzatik at beste erlazio batzu eramaten dituen emakumearentzat harrikatze publikoak, legeak ezartzen ditu, nahiz eta emakumea zapuztea eguneroko gauza izan. Bere emaztea zigor eta jo dezake senarrak. Arau batzu ezartzen ditu lege islamikoak hortarako: makilaren luzera, kolpeen kopurua eta asintzeko tokiak. Sendi batetako edozein gizonezkok boterea du emakume musulmanaren gain. Bere aita edo eta senarra ez direnean, anaiaren batek edo semeak ere bere ordez erabakiak hartzeko eskubidea daukate. Ixiltasuna, obedientzia, apaltasuna eta aurpegi estalki beltzak ("txador" delakoa) dira berari dagozkionak. Gainera, Alkoran-ek, klitoriktomiari (klitorisaren ebaketa) buruz nahiz eta ezer ez esan, bere praktika oso zabaldua dago eta erlijioa musulmanak onartua eta babestua. Praktika hau Sudan eta beste herri batzutan neskatxen maginako ezpainen josketa egitera iristen da.

Zer pentsa, "emakumea madarikatua, menpekoa eta lohia" dela aldarrikatzen duen erlijio batetaz? Nolatan izango ote da posible —pentsatzen nuen— iraniar emakumeen liberazioa, Aiatollah Khomeinik eta bere kideek ezarri nahi dituzten erlijiozko pentsamolde horien barnean? Alkoran-en legeetan finkatua eta bere bedeinkapenarekin jaio den errepublika honetan, zer etorkizun izango ote dute emakume iraniarrek?

Ez da asko luzatu galdekizun guzti hauen erantzuna. Eguneroko egunkarietan jarraitu ahal izan diogu. Abortuari buruz, lehenagotik zegoen legea deuseztatua gelditzen da..., emakume bat eta bere maitatzailea publikoki azotatuak izan dira... Kaleratuak dira galtzaz jantzirik lanera joaten diren emakumeak. Estalkirik gabe ibili nahi duten zenbait emakumek, islamiar taldeen bortxaketa jasaten dute. Errepresioa hasi da. Eta aurpegiko "estalkian" (txadorrean) finkatu da bere azalpenik gogorrena. Bat-batean kalera irten dira emakumeak. Bat-batean milaka eta milaka emakumek ez dute estalkirik jantzi nahi eta gogoa duten eran janzteko eskubidea galdatzen dute. Bestetan hain gogor jokatu duen Khomeinik, makurtu beharra izan du eta beloa janztea ez dela behartuko esatera iritsi da.

Eskerrak emakume iraniarrek beren interesak defendatzen dakitela, erakusten ari direnez. Ez baita borroka amaitu beraientzat.

50.000 emakumezkoren manifestazioaren barnean ibili zen emakume batek honela aitortu zion periodista frantses bati: "Bi manifestaziotan bakarrik izan naiz ene bizitzan: lehenbizikoa Xah-k estalkia eramatea debekatu zuenean, eta bigarrena, Aiatollah Khomeinik estalkia eramatea inposatu nahi digunean". Esaldi honek nahiko ongi adierazten duela uste dut, emakume iraniarrek eta beste emakume guztiok gutti gora behera borrokatzen duguna: guk geuk ulertzen dugun eran emakumeok emakume izateko eskubidea. Inolako inposizio edo eta debekurik gabe. Emakume eta pertsona askatuen gisan, gehien konbentzitzen digun eran, modu berezi batez, herriko kultura eta tradizioan oinarrituz, baina horregatik gure liberazio bidean atzerakako urrats bat ere eman gabe.

Gaur emakume iraniarrak, egunkari guztietako lehen horrialdean daude. Estalkirik gabe. Eta multzo ikaragarrietan. Garaia ikusten dutenean, Mahomarengandik ere defendatzen jakingo dutelako konfidantza sortzen dit horrexek.

Mariasun Landa


Nazio artekoa

Palestindarren Kontseilu Nazionalaren Biltzarrea Damaskon

OLP-k ez du negoziatuko

Ekialde hurbilaren krisialdiaz mintzatzean, Palestinako arazoa agertzen zaigu korapiloaren erdian. Lau gerrate eta Libanon egindako gatazkak kontutan harturik Arabiar eta Israeldarren arteko ezberdintasunak ez dira horregatik bigundu. Camp Davideko saiaketa negoziatzaileak egin arren hor segitzen du zutik Palestinako arazo osoak.

Palestindarren kontseilu nazionalaren biltzarrea

Azken Otsailaren lehen egunetan, OLPk Damaskon bere kontseilu nazionalaren biltzarrea ospatu zuen. Bertan, Palestinako erakunde bateratu guztiak biltzen dira; helburua, guztiz politikoa, hau da, Palestinako askatasunarako egin behar diren projektu, taktikak eta estrategia. Espainiako OLPko ordezkaria den Hussen Abu Alik, Bartzelonan egindako prentsaurreko batetan, biltzarre horrek atera duen programa politikoaz hitzegin zigun.

Sogile batzuk, dio Ali Bubu-k, kontseilu honetatik akordiorik sortuko ez zela pentsatu egin dute. Palestinako erakundeen ezberdintasunean finkatu dute aurreikuste hau. Baina gure aldetik zera esan behar dugu: Gure herriaren banatzea eta gure estruktura demokratikoa kontutan hartzen badugu normaltzat hartu behar ditugu gure seneko ezberdintasun horik. Hala, gure herria Estatu berberean bizi ez baita.

Batzu, Jordanian, beste batzu, Egypton edo Syrian eta ab. Denotan gobernamenduak ez dira bat eta nahitaez berdintasun hauk gure erakundeetan agertzen dira, horregatik eta, erakunde nagusiaren barruan joera ezberdinak egoten dira. Hauetariko batzu, Al-Saika-koak, esaterako, Siriaren alde daude, beste batzu aldiz, F.L.N.a esaterako Iraken alde agertzen da. Hala ere, zortzi egun eztabaidetan egon eta gero ikuspegi bateratu batetara heldu gara. Berau ondoko programan erakusten da:

1. Ez da ez bakerik ez lasaitasunik egonen gure eskualdetan, gure eskubide nazionalak onartzen ez diren artean (Aberrira berritzultzea, autodeterminazioa eta independentzia).

2. Palestindar herriaren ordezkari bakar eta legezkoa OLPa dela onartzea.

3. Rabaten eta Argelen onartutako erabakiak apoiatzea.

4. Herriaren burruka harmatua eta oroharki gure lur desjabetuotan eginen diren burruka guztiak apoiatzea.

5. Gazza-rako eta Cisjordaniarako egin daitekeen edozein autonomia errefusatzea, edo eta Israeleko Estatuaren onespenera suposatuko lukeen edozein akordio ere errefusatzea. Zentzu horretan, OLPko indar politikoa den FNLa apoiatuko dugu.

6. Nazioarteko mailan OLPk gobernamendu lagun guztiekiko harremanak gehituko ditu eta bereziki herri sozialistekin egindakoak eta hala ere alineatuta ez dauden herri guztietakoak, inperialismoaren kontrako burrukan segituz. Zentzu honetan ere, norberaren herria edo aberria askatzeko burrukatzen diren erakunde de guztiekiko harremanak gehituko ditugu.

Ez gara kamikazak, bizitzeko burruka egiten dugu

Lagun Abu Ali, orain guttiko deklarapen batzuen arauera, Moise Dayanek OLPkoekin negoziatzeko prest zegoela esan du. Zer pentsatzen duzu horretaz?

— Nik neuk, ez nekien ezer horretaz. Dena den, horri nik maliobra politikoa ikusten diot, zera litzaiguke gainera, Camp Davideko eztabaidetan parte har dezagun, juduek kea egiten ari dira. Hitz batez, gure erakundea jarrera ezberdin eta kontrakorretara eraman nahi dute.

OLPk oraingo gobernu juduarekin ez du negoziatu nahi, negoziatuko al luke Israeleko gobernu sozialista batekin?

— Asko hitzegin da Israeleko bigunen eta gogorren existentziaz, azkorez eta usoez eta noski, sozialistak usotzat hartu dira. Bada ezpada, bigunen sasoian 57.ko gerra, sei egunetakoa eta 76.koa egin dela gogoratu behar da. Gainera zerori, Israelekin tratuak egitea berei estatuaren eskubideak onartzea da eta gu ez gara mugaldeko arazo batzuez eztabaidatzen hasi, guk nahi duguna da gure lurra gure herriarentzat.

Zuen oraingo egoera latz hori ikusita, errefuxiatuentzako uneak, exilioa eta ab. ez al duzue uste zuen jarrera hori utopikoa denik?

— Arafat-ek behin zera esan zuen: "Iraultza ez dela paseo bat". Agian, guk ez dugu gure aberria askaturik ikusiko, baina burrukatuko dugu inperialismoaren kontra. Herriaren burruka harmatu bat ipini dugu praktikan, ba dakigu berau luzea eta zailtasunez beterik egonen dela. Honela egiten badugu ez dugu, jakina, zerarengatik egiten, guri heriotzea gustatzen zaigulako edo, baizik eta guri gehien gustatzen zaiguna bizitza baita. Bestaldetik badakigu Israel zer bilatzen ari den, bere existentziaren eskubidea eta ikuspegi horren arauera negoziaketa ez da posible.

Garbi dago beraz zuen oposizioa. Zein da zuek proposatzen duzuen soluziobidea?

— Nahi duguna garbi dago. Israel Estatua birrindu nahi dugu. Ez inola ere juduak. Gu Palestinako Estatu laiko eta demokratiko baten alde gaude; berton, judu, musulman edo kristauen arteko ezberdintasun politikorik gabe, ez kulturaren aldetik ez inongo aldetik.

Jaiotzez diren judupalestindarrak oso gutti dago, ia guztiak kanpoan jaiotakoak dira baina ez ditugu berauk baztertu nahi edo eta kanpora bidali. Palestina askatu batetan geratuko lirateke.

 Zuen aberritik kanpoan zehar egindako burruka ekintzen aurrean zein da zuen jarrera?

— Gure jarrera ofiziala zera da, gure aberriaren desjabetzearen kontra egitea. Sasoi batetan nazioarteko ekintza haiekin gure aberriaren burrukari oihartzuna eman nahi genion, horrela egin genituen ekintza batzu baina beti legez, nazioarteko Prentsak aldrebestu egin zituen. Munik-ekoa (Munchen) adibidez, bertan ari ziren komandoak ez ziren hiltzera" joan, bahiketa bat egitera gero, hori bai, gartzelan zeuden gure atxilotuekin kanbiatzeko. Prentsak eta nork gogorazi zituen gure orduko 1.000 atxilotuak?

Ez gara inolako enbaxada baizik eta burrukan ari den herri baten ordezkariak

Zeintzu dira gobernu espainol edo Espainiako politik alderdiek OLPkoekin dituzten harremanak?

— Beno, lehenez zera, gu ez gara inolako enbaxada baizik eta burrukan ari den herri baten ordezkariak. Francoren garaian eta oraindik ere Espainiak ez du Israel berrezagutu. Arrazoiak sinpleak izan dira beti. Espainiak arabiarrak nahiago izan baditu, ekonomia aldetik izan da. Oraingo gobernuak antza denez, Israel berrezagutu nahi du hala ere guk ez dugu harremanik gobernuarekin. Alderdi politikoez hitzegitean beste gauza bat da eta harremanak ba ditugu baina hauk nahiko kontradiktorioak dira. PSOE esaterako, gurekin dago harremanetan baina hala ere Israeleko laboristekin ere. Ezkerreko alderdiei buruz, M. C. etab., gure harremanak ez dira oinarritzen alderdi horiek duten indarrean baizik eta ematen diguten laguntzean.

ETA, zuekin harremanetan egon edo egoten al da?

— Nazio askatasunarako diren mugimendu guztiekin harreman onak ditugu baina kasu konkretu horretan, nik dakidanez gero, ez da harremanik egon.

Dena den, egon bada ere, goi-mailetan egingo ziratekeen eta hortaz ni behintzat ez nago informaturik.

K. Ordozgoiti

Kendo

E. H.-k itzulita


Nazio artekoa

Ekialde hurbileko bakea

Harrituta geratzeko zen, benetan, azken astean Egiptok eta Israelek bake-hitzarmen bat sinatuko zela jakitea. Aspaldian genekien jende asko asko zebilela hitzarmen horren atzetik, baina aurreko jaialdietako porrota ikusirik, nork pentsa zezakeen hain arin lortuko zela? Ene ustez, Carter-ek ere ez zuen hainbeste hain denbora laburrean espero ahal, bere bidaia hasi zuen mementuan. Hala ere, errealitatea hori da, eta berori hartu beharko da kontutan oraindik aurrera.

Zergatik heldu dira orain juxtu akordio horretara? Nork nahi zuen? Zergatik interesatzen zitzaien?

Argi dago Ekialde Hurbilean, oro har, hiru jarrera daudela: Israelekoa, Egiptokoa (hau da, arabiar moderatuena), eta beste arabiarrena (hots, erradikalena). Azken hauk akordioetatik kanpo egon nahi dutenez gero, Egipto eta Israel geratu dira elkarrekin mintzatzeko. Baina, bakarrik? Ez; hirugarren presentzia bat egon da elkarrizketetan, eta ez da garrantzi gutxien daukana: Amerikarrak; halegia. Han egon dira Carter eta beraren ingurukoak, batzuri zerbait aginduz, besteei beste zerbait, besteen arazoak konpondu nahiz, azken batetan beraiena konpontzearren, alderdi horretako eragipena mantentzea baita interesatzen zaiena. Eta zergatik zuten Iparramerikarrek hainbeste presa hitzarmena egiteko? Ba, arrazoia argi bide dago: Iraneko gertaerek herrialde horretan USAk zuen eraginari oztopo asko ipini diotenez gero, argi zegoen galera hori beste puntu estrategikoak segurtatuz konpentsatu behar zutela, eta arin, oreka gordetzearren.

Horregatik joan zen harantz Carter, inork horrelakorik pentsatzen ez zuen mementuan. Eta batzurekin eta besteekin hitz eginez, bi Estatuetako lehendakariak eta beraien laguntzaileak ados ipini ditu.

Baina zeintzu dira herrialde hartako arazoak? Nortzu dira mementu honetan beraien problemetarako irtenbide bat gehien behar dutenak?

Egia da bai Israelek, eta bai Egiptok ere, "bakea" behar dutela, hots, gudu-egoeraren amaiera, eta batez ere arrazoi ekonomikoengatik; Egipto, adibidez, oso txarto dabil azken denboran, eta beraz, oso ondo etorriko litzaizkioke guduko gastuak aurrerabide ekonomikoa lortzeko.

Eta hain da garrantzitsua beraientzat oraingo egoerarekin amaitzea, ezen, akordio honetan gauza askotan amore emateko prest egon direla. Hala ere, arazoa ez da soilik bi herri horiek bakea behar duten, edo zertan eman behar duten amore; arazoa beste herri batzurena ere ba da, hau da, inguruko arabiarrena, eta prezeskiago, palestindarrena, alde batetatik arazoa azken hauk direla esan baitaiteke.

Hiru taldeen artean, batzuk, nahi zutenean, amore emanez, besteek, hau da, amerikarrek, besteak matzeko behar zena aginduz, guztiek onartzen zuten zerbait zehaztera heldu dira. Elkarrizketa horietan Zisjordaniaz eta Sinai-z mintzatu da; etorkizunerako pausoak markatu dituzte eta herrialde haietako biztanleen eginbeharrak eta eskubideak ere. Baina Sinaiko arazoa bioi soilik badagokie, nola esan gauza bera Zisjordaniaz? Nortzu dira egiptiarrak palestindarren lurrak eta etorkizuna, interesatuekin ados egon gabe, tratatzeko? Norentzako bakea izango da tratatu honek ekarriko duena? Agian, Egipto eta Israelentzat, ez dakit; baina inorentzat gehiago, segur asko.

Akordioa eginda zegoela esan bezain laster, arabiar guztiek, egiptiarrak salbu, noski, garbi adierazi dute beraien protesta, zeren arazoa ez baita soilik akordioa heltzeko modua irregularra izan denentz, hartu diren erabakiak oso zuzenak ez direla baino. Adibidez, Zisjordaniako arazoa konpontzeko, herrialde horretako autonomiaz pentsatu da; baina nolako autonomia! Benetan, palestindarren arazoa akordio honen bidez konpon daitekeela pentsatzen dutenek itsuak izan behar dute; hainbeste urtetan zehar lur zati bat beraientzat lortzeko hain gogorki burrukatu direnak, nola konformatuko dira "askatasun" apur horiekin? Zergatik onartuko dute beste batzuk, beraiekin kontatu gabe, eman nahi dietenarekin eskatzen dutena beraiena izanik?

Salatzekoa da, beraz, Egiptok eta Israelek hartu duten jarrera, baina salatzekoagoa, dudarik gabe, Estatu Batuena, beti bezala beren inperialismoa mantentzearren, besteen bizitza konpondu nahi dutenean. Beno, ez dakit "konpondu" den erabili behar den aditza, zeren ez baitut ulertzen zein bake tratatzen den, amore ematearen truke harmak agintzen diren mementuan. Bai, Estatu Batuek laguntza ekonomikoa agindu diete bi herrioi, baina laguntza horren barruan, harmarik sofistikatuenak ere emango dizkiete. Zergatik nahi dituzte bakeaz elkarrekin mintzatzean? Ulergaitza benetan; edo ulergarriegi?

Dena den, argi dago bai Israel hor dagoela, eta herri horren bake-nahiak errespetatu behar direla, eta bai palestindarrek beren nazioa lekutzeko duten eskubidea ere. Baina bi problemak dira kontutan hartzekoak, eta bi aldeak ados ipintzen ez badira, ilun ikus daiteke herrialde horretako etorkizuna denbora luzerako.

Maria Jesus Esteban


Nazio artekoa

Frantziako irakaskuntzan eliteak aurrera

Hasieran Frantziako irakaskuntz sistemari begiratzen zaionean, oso normala dateke, Espainol Estatuan dagoenaren antzekoa dela pentsatzea: haurtzaindegia, eskola, lizeoa, unibertsitatea edo eskola profesionalak eta unibertsitarioak... Baina luzeago begiratzen bada, gure artean ez dauden beste gauza asko aurki daiteke; eta ez da hau gertatzen, han irakasten dena, klaseak emateko modua, etab. aztertzen denean, ageriago dagoen beste zerbaitetaz ohartzean baino.

Han, gure COUren antzekoa amaitzen denean nahiko gogorra den azterketa pasatu ondoren, tipo askotako irteerak daude ikasleentzat; han, dudatzen dena ez da zer egin, baizik eta gaia aukeratuta, non egin.

Hango bide bat, hemengoa bezalako unibertsitatera edo eskola profesional eta unibertsitarioetara joatea da, hango mailaketa eta gaiak aukeratzeko era desberdina badira ere.

Baina hortik aparte, ba daude han, hemen existitzen ez diren beste eskola batzu: eskola politeknikoa, inginadoreen eskola desberdinak, administraziorako eskola, eskola normal nagusia... eta hainbat eta hainbat.

Zergatik dira desberdinak eskola hauk, zer daukate ba? Beraietara, lizeoan oso nota onak eduki dituztenak joaten dira soilik; han, ia diziplina militarra dago; klaseak gogorrak dira, lan handia egin behar da, ikasleen arteko konpetentzia itzela delarik; eta gainera, hor daudenek oso bizitza ordenatu eta normetarik irteten ez dena daramate; beraz, askoren ustez, bizitza orekatu bat...

Eskola horien artean ba daude ere tipo asko; kasu batzutan, eskola berean amaitzen dira ikasketak, eta handik... seguru daukaten lanpostura. Beste batzutan, ordea, amaitzen denean, fakultateetara joan daiteke, zuzen zuzen azken mailara pasatu, eta, jeneralean, fakultatekoak baino askoz egoera hobean aurkitzen dira eskola horien ikasleak.

Eskolotatik irten dira, eta irteten segitzen dute Frantses Estatuko koadroak, administrariak, politikariak, zientzilaririk handienak, entrepresa zuzendariak... eta abar luze bat, hau da, gutxi gora behera, Estatuko martxa ekonomiko eta politikoa kontrolatzen dutenak.

Eta kontutan hartu behar da, eskola horietatik ateratzen denaren ezagupenak eta arrazonatzeko ahalmena, oso handiak badira, ez dela txikiagoa normen artean bizitzeko ohitura, domeinua, egitekoaren zentzua, ordena eta diziplinarena... hau da, gure gizartean bertutetzat edukitzen diren hainbat gauza.

Honela, eta metodo honen bidez, teknikari eta koadro oso konpetenteak lortzetik aparte, beste oso gauza on bat segurtatzen du estatuak: jende honen prestaketa kontrolatua izan dela, ia detailerik minimoetan.

Eta gero esango dute Frantzia "égalité"aren herrialdea dela...!

María Jesús Esteban


Nazio artekoa

Frantzian, gutxi, baina gure alde mugitu dira ere

Nahiz eta apur bat berandu, Frantzian ere, eta Parisen prezeski, zerbait entzun ahal izan dugu Estatu honek euskal errefuxiatuen kontra hartu dituen neurriei buruz.

Neurri horik hartuta izan zirenean aipatuak izan ziren prentsan, noski, baina analisietan urrunegi joan gabe. Alderdiak eta bestelako taldeak, hala ere, ixilik zeuden. Beste extradizio batzuren kasuan, zenbait talde mugi,tu bada ere, ez zirudien ezlegaltasuna hain argi agertzen deneko asuntu honen aurrean inor hunkituta zegoenik.

Hala ere, eta inolako itxaropenik ez nuenean, zenbait fakultateetan euskal errefuxiatuen aldeko kartel handiak ikusi ditut, kanpaina bat hasi da firmak hartzeko, eta azken batean, jendea arazoaz nolabait kontzientziarazteko.

Nork muntatu du hau? OCI izena daukan talde troskista batek, beraren militante guztiak lan honetan sartuta daudelarik.

Hala ere, eta esatea penagarria bada ere, gutxi inportatzen zaio hemengo jendeari euskaldun horien zortea, do hobeto esan, gure herriarena. Hemen ere, ia gehienek ezker abertzaleok terroristatzat gauzkate eta...

Maria Jesus Esteban


Nazio artekoa

Nazio arazoak Sobietar Batasunean

Frantses Estatuan, Sobiet Elkargoan zabaltzen ari den nazio problemari buruzko liburu berri bat agertu da. Egilea Helene Carrere d'Encausse, hango problematika ederki ezagutzen duen emakume famatutzat ezaguna da. Haren liburuak "L'Empire Eclaté" (Inperio Lehertua) dauka titulutzat.

Lehengo zatian egileak erakusten digu "Langilegoaren Aberria" den Estatu sobietiko hori nazioetaz eginiko super Estatu bat besterik ez dela. Orain arte Moskuko buruzagiek hizkuntza guziak ofizialtzat onhartu dituzte errusieraren parean. Egun batez nazioaren kontzeptua itzaliko dela ustean. Leninen theoriari esker batasuneko nazio guziak onhartuak izan dira, baina Georgia eta beste nazio batzu indarrez integratuak izan dira. Geroago boterea hartu zuenean Errusia erakusten zuen "Biharko gizartea egiteko herri gidaritzat" eta guztiz logikoa iruditzen zitzaion Moskuko ideologia sartzeko bertako hizkuntzak onhartzea, errusierari toki guztietan ofizialtasuna emanez (orain dela hamasei urte frantses eskoletan irakasle batzuk errusiera etorkizuneko hizkuntza zela esaten ziguten) Krutxeven gobernuak askatasun gehiago ematen zien nazioei, ohiturak hobeki errespetatuz eta batasunaren barruan abertzaletasuna eta sozialismoa elkarrekin aurreratzen ahal zirelako tesia defendatuz. Stalinek egindako krimenak eta deportazioak ere salatu egin zituen, baina aurrekoak bezalaxe Krutxevek sinesten zuen kontzientzia sobietiko batek nazioak ideial bakar baten menpeak elkartuko dituela; XXI Kongresuan "Bertako Xobinismoak salatzen zituen eta XXII Kongresuan esan zuen, Marxismoari jarraituz, beharra ez dagoen erreinu alderantz doan gizarte sobietatikoak ez duela zer ikusirik 1917 urteko nazio askodun gizartearekin, bere ustez 20 urteren buruan maila hori lortzen ahal zen, eta logikoa topatzen zuen nazio orotan errusiera jakitea.

 Brejnev-en estatuan gaurregun problema nazionala sekulan baino biziago dela iruditzen da; abertzaletasunak indar asko dauka Caucaseko errepubliketan, nazio musulmanoetan eta lurralderik gabeko ethni taldeetan. Euskaldunen anaiak diren georgiarrak ditugu burrukalari azkarrenak, hango intelektualak errusiarketaren aurka jartzen dira, eta herri manifestazioak eta burruka armatua eguneroko gauzak bihurtu dira. Juduak, nahiz eta nahiko asimilatuak izan (%17 judueraz mintzatzen da) eta Birobidjan deitu herrialde autonomo bat izan arren, emigratzeko baimena eskatzen dute; Judaismoaren berpiztearekin batean judu kulturaren alde burruka askotan dabiltza. Volgako alemanak Alemaniara joateko baimena eskatzen dutelarik, Armeniarrek kanpoan dauden herkideekin harremanetan sartu nahi dute, eta Stalinek urrundu zituen tartarek bahi dute Krimera itzuli.

Nazio askotan erlijioak abertzaletasuna berpizten du, hala nola katolizismoak Baltikoko herrietan eta Georgian, Budismoak Kalmyk taldean eta Islamak Asiako errepubliketan. Oroit gaitezen, hain zuzen, Islamak indar iraultzaile bat arabiar abertzaletasuna aurreratzeko eta orain Persian eman den iraultza islamikoak ondorio inportanteak izaten ahal dituela Sobiet Batasunan. Hain bizi diren 50 milioi musulmanak laster 80 milioi izanen dira eta erlijioak indar haundia dauka Moskuren kontra ihardukitzeko eta nazio horien artean, erlijioa solidaritatezko lotura bat dugu, Marx begiratzen dute Buda eta Jesusen arteko profeta erdi bat bezala, eta bertako intelektualek errusieraren ordez, arabiera nahi dute bigarren hizkuntzatzat.

Liburu honetan ez da Europako sartaldean maiz egiten den legez, antisobietismoa edo antikomunismoa sentitzen, baina egileak Sobietar Batasuneko kontestazio gogorrena abertzaletasunean datzala erakutsi nahi digu. BIZI garen tokitik ikus dezakegu Ulsteren, Euskal Herrian, Katalunian, eta abarretan gertatzen den burruka ez dela Moskutik zuzentzen duten matxinada bat (Duela gutti Madrilen, Moskuko KGB-k ETAkoei laguntza ematen ziela esaten zen) Hemengo agintariek sinestarazi nahi diguten legez. Baina gaur egun munduko bloke eta politikabide guztietan gertatzen ari den fenomeno berri bat.

SANTI LAFITTE


Gizaki [Komikia]

Gentz


Monumentu bati buruzko gogoetak

Ez al zarete inoiz ikustera joan? Hantxe dago, Getariko portuan. Malekoiaren puntan. Itsasoari so. Lasai egon, halere ez da erraz itsasoratuko eta. Oroitgarri horren sendotasuna da hain zuzen ere, lehenbiziko atentzio jasotzen duena. Harrizko oin edo "pedestal" gainean sostengatzen diren bi hanka sendo haik. Besoak, lepoa... denetatik dario sendotasuna. Nahiz eta aurrera joateko itxura eduki, pertsona eta izaera guztia bihurtzen zaio azkenik oztopo eta galga. Lurrari tinko eutsita mantentzen dion aingura. Alde guztietatik gogortasuna eta sendaria. Semetxo bat beso batez sostengatzen duen bitartean, beste besoz bigarrengo haur ttipi bat zaintzen du. Bi haurrak gizonezkoak, noski!

"Arrantzalearen Emaztea" oroitgarriari buruz ari natzaizue. Amatasuna eta emaztetasuna, garbien adierazten duen emakumeari. Pertsona bezala hartuta, andra gisa ikusirik, ba dirudi ez duela inongo garrantzirik. Bere aurpegi lehorrak, maskara bat bezala, ez du hunkipenik adierazten, ez inongo sentipenik. Presaka eta ardurarik gabe egindako gauza bat dirudi. Emakumeen adierazgarriak, amatasuna errepresentatzen duten heinean erabiliak dira: Bular tinko farregarriak, gerri astunak... Garbi ikusten denez, monumentuak kontutan hartzen ahal duen gauza bakarra IDEIA da, adierazi nahi duena. Eta erabilkera horretan, emakumea bera, ideia hori estaltzeko, AZAL BAT besterik ez da bihurtzen. Mezua barnean doa: Gizarte honek eta guztien gainetik defendatzen dituen segurtasuna, pazientzia, jasankortasuna eta sendotasunaren aldeko kantua... emakume ama, emazte pairakorra, familiaren zutabea, biharko arrantzaleen iraunarazlea.e.a.

Handik metro gutxitara, hezur eta mamizko emakume batzu sareak josten ari dira. Lanean dihardute. Ez dakit, jakin, noizetan kaxak jelaz betetzen edo kaxa hutsezko karruak tiraz ikusi ditudan emakume berak diren ala ez. Ez dakit ez eta ere kaiko oroitgarri hori atsegin zaien ala ez, baina errepresentatuak daudela zalantzan ipintzen dut. Alderantziz, ederki azaltzen du, gizonek emakumeei buruz daukaten zenbait irudimen. Oroitgarri horrek ederki adierazten du arrantzalearen emaztearengandik espero dena. Monumentuaren helburua, beraz, hezitzaile eta ideologikoa bihurtzen da... Baina, tira! hau ere, ez da bitxitasun bat. Egun dauden monumentuetaz pentsatzen badugu, liburu ireki baten gisa gehienetan gauzak garbiki "esanak" daudela, ohartuko gara. Alfabetagabeentzat liburua. Eta hori dela bere helburua uste dut. Hezitzaile helburua, beraz.

Kultura moeta bati gizartearen barnean. bizirik mantentzea interesgarri zaizkion zenbait ekintza, pertsonaia edo eta balore iraunerazteko eta goratzeko modu bat:

"Begira itzazue pertsonaia hauk... Ausartenak, azkarrenak..., azkarrenak... argienak... lurralde berriak aurkitu zituztenak... halako edo honelako legeak asmatu zituztenak... idatzi, margotu, zoragarri egin zutenak... Hitz batean esateko, ZERBAIT EGIN ZUTENAK.

Gizarteak, bere buruari ematen dizkion errepresentatzio hauei jaramonik egingo bagenie, emakumeek ez dutela, ez lehen eta ez orain, ezertxo ere egin ondorena aterako genuke. Berez ez direla ezer.

Egia da, eme gorpu batzu azaltzen direla, gizon harrigarri batzuren monumentuetan. Gizonaren irudia apaintzen duten azal hutsak: Musak... edozer ideia erakutsi dezakeen eme irudia... Aberria, Legea, Jakituria, Zuzentasuna, Errepublika... Baina emakumezko bat, emakume konkretu bat, hori gauza zeharo bitxia da. Zeren azkenean, bat topatzen dugunean ere, kasu Getariakoa, amatasun irudipenaren-pean gorderik azaltzen baita. Gaurko gizarteak onhartzen dion funtzio bakarraren babesean, halegia. Hildako semeak sostengatuz... edo bularra ematen dauden emakume irudiak. Aurpegiak beti berdinak... larriak edo harroak. Espresiorik gabeko mozorroak, emakume aurpegiak baino, ideiak eta koalitateak espresatzeko gehiago eginak...

Amatasunak garrantzi handia du emakume baten bizitzan. (Hau jakiteko, nor emakumea bera baino aproposagoa?). Baina ez da ahantzi behar pertsonak ere ba garela, sufritzen, lanean, maitatzen eta borrokatzen garen pertsonak. Gauza honetaz ezertxo ere ez dago monumentuetan ikusterik... Baina, zer demontre, beti gauza berdinak esaten ari garela deritzot...!!!

Aipatutako monumentuari begiratzen diot berriro... Sareak josten ari diren emakumeak ere berrikustatzen ditut... argazki batzu atera eta nere burutapenekin beste nonbaitera abiatzen naiz. Nere gainetik, patxadaz, kaio bat uraren gainean, unetxo bat gelditu ondoren, itsas barnean murgiltzen da. Beldurrik gabe. Eta horrek kontsolatzen nau...

MARIASUN LANDA


Gaiak. Literatura

Zerurako bidean neure heriotzaren egunean

Mundu honen gizaki guztiok, nahitaez, gorpu izatera deiturik gaude; eta ezin dezaket uler, zergatik hainbeste jende arduratzen den bere gorputza zaintzen, edo hilketaren bat gertatzen denean.

Ba ditugu ere, fededunak; batzuak amorratuak eta besteak sortutako beldurraren eraginez. Eta bai batzuok eta bai besteok, beti kezkaturik, obra onak egitearen beharra predikatzen zeruraino ailegatzeko.

Mila zalaparta, hamaika istilu helbururik gabe eta azkenean konturatzeke, ziplo!, denok dugu ordua heldurik. Adibidez, nire heriotza 1982eko irailaren 11n gertatu zen.

Egun hartan, guztiz zorabiaturik esnatu nintzen eta ez nekien neure egoeraren karia, baina seguraski aurresentimendu bat zen; nire bizitzaren muga, gizarte honen maluraren barnean, etortzear zegoelako dartada.

Gosaltzen nengoela, txirrinaren txistu ozenak sastada izugarri bat iltzatu zidan neure bihotzean eta dardaratzen hasi nintzen, baina behin atea irekita, beldurra poza bilakatu zen eta barre egiteari eman nion gogo handiz.

Ate ondoan ez zegoen gizonik, ezta mamurik ere, baizik eta Heriok bidalitako hiltzerantz bidaiarako txartela. Goibel kolorezkoa margotua zeukan helburua eta erraz aditu nuen, bera nire oinazeen amaierarako irtenbiderik onenetarikoa litekeela.

Beharbada harrituko du norbait nire poztasun horrek, baina higuindurik egotetik at, ba nuen beste arrazoi bat; horrelako gauzak ez dira egunero gertatzen eta iheste bat suposatzen dute.

Txartela eskuartean neukalarik, denbora galdu barik, azken agurra eman nion neure buruari eta bide luzean astia emateko, Sabino Aranaren "Obras Completas" delako bilduma harturik, dena prest zegoen.

Zuzendu egin nintzen orduan, zeharo baikorra, kaleari zetxekion nire logelaren leiho batetara. Honela, leihoa, nire gorputza ezerezera jaurtikitzeko basea bihurtuko litzateke.

Gelatik kaleraino zenbatu ahal nituen zortzi metroak, apur bat arduratu arren, ezin nintekeen lipar hartan atzerantz itzul eta begiak hertsi nituelarik, bota egin nuen neure burua.

Lehenengo ibilaldi hau, hitzetik hortzera amaitu egin zen, edo eta, bestela esateko, ez zuen hasierarik zeren behingoan gorputzak jasoriko minek zuritu ninduten horretaz.

Zoritxarreko lehenbiziko pentsamenduak urreratu zitzaizkidan ea hauspenik pairatu nuen, baina behin ezetz ihardetsiz gero, galdu egin ziren haizeetan sakabanaturik.

Saialdiaren hutsaren zergatiaz itauntzen nengokion neure buruari, minak gutxituz zihoazen bitartean, eta berehalaxe aurkitu nuen akatsa, Sabino Aranaren liburuen astuntasuna. Hori jakinik, utzi egin nuen liburuki bat (nahiz eta penaz) eta bigarrengo saialdiari ekin nion.

Oraingoan ez nuen behea jo eta abiadura ikaragarriz, zerurako "hilbidea" hartu nuen. Trajektuan, arima galdu batzuk "arima-stop"-a egin zidaten, baina beste liburuki bat ez galtzearren, ezikusia egin nuen. Pena handia izan zen, benetan, ardi galdu horietaz zerbait egitearen ezintasuna; ordea, neure integritatearekiko prezamen handia jarri zen garaile.

Inolako istilurik jaso barik, heldu egin nintzen azkenez zeruko "aingerutegira" eta arras txunditurik utzi ninduen ikusiak. Pentsamendu baten ezkerretako espaloian, aingeru gorriak eta eskuinetakoan zuriak ikusi nituen; hurrengo "zerutiar-hauteskundeetaz" eztabaidatzen omen zuten.

Halajaina! Hementxe ere holako erroiluekin? Ez al da berau anaitasunaren paradisua?

Bertan bera utzi leku hura eta zeruaren errainetan sartu nintzen. Hilotzezko "zeru-bide" batetik nindoala, antsiaturikako doinu zerutiarren ordez, bakartateak eginikako hutsa nentzuen bakarrik, are gehiago, ez zela ezer entzuten esango nuke.

Urrun-urrutian gauza zoragarri bat ikusi nuen. Haritz batzu (segur asko Gernikakoaren aiton-amonak) adarrak zabaltzen ezerezaren hodeietaraino, baina ez zeukaten hostorik, ez eta berdezko kolorea ere. Berau, nahikoa zen heriotza ikusteko neuzkan irrika guztiak deuseztatzeko eta baliabide bat presentatzea erabaki nuen. Ordez, Heriok bertso hauk kantatu zizkidan:

"Beti prest nago, hemen nahiz hor,

iluntasuna zabaltzeko;

nahi ez baduk egun etorri,

bihar edo etzi malko.

Egia naiz, zintzoa oro,

nire bizitzak ixilik;

horrexegatik esaten diat,

jadanik hago ia hilik."

Honez gero, ba dirudi Heriok ez duela barkatzen eta horregatixek, oraindik gaur, erdi-hilda diraut.

Karlos Santisteban


Gaiak. Politika

Nazio alderdiaren mythoa 2

Askotan aipatu izan da Aranaren ondoko Aranatarren aranismoa Sabinorena baino okerragoa izan zela. Hau esateko, ordea, bataren eta besteen lanak irakurri behar dira astiro. Nik neuk, agian oker, elkarren artean nolakotasunezko baino zenbatasunezko aldea besterik ez dakusat, hogeikakoa izanik basko erdaldunentzat zailegia zela eta, euskal zenbakera aldatu nahi izatearen ondotik edozein gauza ontzat emon baitaiteke.

Aranolatriaren sorrera

Aranatarrei, zalantzarik gabe, Sabinok ez zeukan fanatismoa egotz dakieke. Haientzat, Xabinok esaniko guztia —azken ordukoak salbu—fedezko legea bihurtu zen. Beren alderdiaren fundatzailea, laster, euskal nazioaren aita egin zuten. Abusu eta itsukeria hori zela eta, Kanpionek, bera PNVkoa izan arren, halakoengatik aranolatrak esaten zuen, fanatikotzat harturik.

Hark asmaturiko euzko, Euzkadi, euzkotar, euzkera eta beste, Sabinok hor inoiz gogorregi egin ez arren, alderdiak bere idazkietan gure nazioaren izen exklusiboak bilakatu zituen, ordurartekoak kontsignaz espreski galerazirik. Modu honetara, Arana Euzkadi-ren sortzailea zen, baina izenarenaz batera, Sabinori Euskal Nazioa sortzeko meritua ere gaineratzen zitzaion, meritu hori, errebotez, PNVrena izanik. Haren jagitze mesianikoari esker, hortaz, hemen nazio berri bat sortu zen, lehendik zegoen eta zetorrenak bere izen propioa zeukanez gero, hura estali eta sortzaileak aukeraturikoaz birbataiatu beharrekoa. Aranak kontsakraturiko Euzkotarren aberria Euzkadi da.

Hori dela eta, historikoki existitu izan zen nazioaren tradizio osoaz apurtzen zen, baina horrek ez zuen ardura. Kontua alderdi mesianikoaren merituak azpimarkatzea eta haren protagonismoa aupatzea besterik ez zen. Zer axola, gainera, alderdikeriazko arazo nominalista batez karlistekin hausten bazen (eta orain arte Nafarroa eta Arabako populazio zabalez!), eta funts gabeko izen berria zela eta, euskaldunon etsaiei, gaur arte, Euskadi delako euskal nazio horren ezexistentzia historikoa behin eta berriz aipatzeko harma bikaina eskaintzen bazitzaien. Munta zuena alderdiaren sloganak mythifikatzea zen.

PNV-ren symboloak: nazioaren symboloak

Bide honetatik abiatuz, Sabinok PNVrako asmaturiko Euzko Abendearen Ereserkija, Alderdiaren hymno ofiziala egiteaz gainera, Euskal Nazioarena ere dela esan eta esaten dute jo eta ke, Gernikako Arbolaren kaltean.

Ikurrinari doakionean, PNVek ez du hura alderdiaren bandera ofiziala inoiz bihurtzeko asmorik eduki, baina gaur arte bandera hori darabilten bakarra da, de facto alderdiarena bailitzen, Euskal Herrian bandera propiorik ez duen alderdi bakarra izanik (Fuerza Nueva-koak ez daude, beraz, hain bakarrik). Beren alderdiko Zazpiak bat halaber, nazioaren symbolo ofizialtzat agertzen dute.

Gerraurreko hegemonia

Euskal Herrian euskaraz, modu organizatu batez bederen, inor gutxi arduratzen zenean, PNVek bere hizkuntz eskola pitxi eta fantasiosoa eduki eta bultzatu zuen, itsuen herrian betokerra errege izaten delakoagatik, horrela bere terminologia, zuzen zein oker, pixkanaka sartuz: ikurrina, lehendakari, ikastola, euzko, ertzain, jaurlaritza, Aberri Eguna, Bizkai Buru Batzar, batzoki, gudari, etab. Izen horietako asko, giro hartan jaiotako izakiekin kontsakratu dira, baina ia beti PNVren kutsu bereziaz. Esaterako, batzoki, ikurrin, ikastola edo gudari ez dira klub, bandera, eskola eta soldadu hitz zabalagoen euskal konkretapenak baizik, eta horrela, synonymoak ez direlako, ezin esan daiteke, kasu, Espainiako ikurrina, frantses gudariak, PSOEkoen batzokia edo eta Txinako ikastolak.

Politikan, paraleloki, PNVek izan zuen 1936.eko Euskal Gobernuan partaidetasunik haundiena, Agirre lehendakaria alderdi horretakoa izanik. Guzti horregatik, triunfalismo errazaz, PNVek, praktikan, Euskal Gobernua eta bere Alderdia gauza bera bailiren zerabiltzan, hartan beste alderdi batzu ere (PSOE, PCE, ANV...) ba zirela ahantzirik.

Gerra ondoko giroa

Gerra ondoan, aldiz, Euskal Herrian ezkerreko ideologia bat sortuz joan ahala, PNVren hizkuntz hegemonia galtzen hasi zen. Idazle gazteak, literatura berriaren sortzaileak, PNVetik gero eta urrunago zebiltzan, eta beraien hizkuntz eskola berriaren ondorio, bai garbizalekeriaren ukoa eta bai literatur euskara batu nazionalaren finkatzea izan dira, PNVek, bere inhibizio ofizial eta bertako kide askoren oposizio gogorraz, luzaro —gaur arte!— ahalik eta oztopo gehien jarri arren.

Euskaltzaindian jelkideen nagusigoak, garai honetan, problemak ekarri zituen, Azkueren heriotzaz gero bereziki. Alde batetik, Sebero Altube modukoen kasuak salbuespenak izan baitziren, lehengo joera puristei eutsi nahi zieten, eta bestetik, PNVeko kide euskaltzale egoki zein desegoki guztien sartzea bultzatzen, ideologia hori ez zuten pertsonen sarrera behaztopatzen saiatuz. Hortik dator, hain zuzen ere, gaurko Euskaltzaindian sasoi hartan izendaturiko hainbeste lagun egotea, izenez laguntzaile diren arren, Akademia ezertan ez laguntzeaz gainera, gure lehen erakundeari era guztietako eragozpenak ipintzen ahalegindu eta ahalegintzen direnak, Akademia paraleloak sortzeraino helduz.

Euskarari dagokionez, PNVek betidanik erakutsi du sektarismo nabaria. Beti izan da burueritzi eta askietsia. Harentzat Euskaltzaindiaren erregelak eta idazlegoaren usarioa ez da inoiz deus izan. PNVek bere eskola eta jakintsu bereziak ukan ditu, eta horrela sortu dira, bata bestearen ondoan eta sekula zuzentzeko asmo izpirik gabe, hainbeste euskal esaldi oker, eguneroko hizkuntza, okerretara, kutsatzen dutenak: gora EuZkadi aZkatuTa, EuZko lurra, Aberri Eguna (Alderdi Eguna, Enkarterri eguna, Gudari eguna eta oraingo Konstituzio eguna sorterazi dizkiguna). DEIAko etengabeko EuZkera, EuZkalerria, etab. Azkena, noski, Autonomi Estatutuan Euskadi ordez Euzkadi sartu nahi izatea izan da. Zoritxarrez gauzok ez dute amaitzeko itxurarik.

Eta dena zergatik? PNVek Euskal Nazioaren ordezkari mesianikoa denez gero, egiten duen guztia, txarto dagoenean ere, ONDO dagoelako, eta Akademia, tradizio, idazle eta mundu guztiak, gustatu zein gustatu ez, holaxe irentsi beharko duelakoan dago.

Sektarismo exklusibista horren agerpen gehiago

Klandestinitate garaiaren hasieran, logikoa zenez, PNVek zerabilen euskal politikaren gidaritza. Horretarako 1964.ean Aberri Egunaren konbokatoria berak egin zuen.

EGI-tik ETA, eta beronen inguruan ezker ideologia abertzalea sortzean, PNVek berak karlismotik irtetean egindakoaren antzera, eten berria sortu zen. Irudiz, berau bigunagoa zen, guztiok "abertzale" baikinen, baina denborak laster erakutsiko zuen ez zela holakorik. Praktikan PNVek euskaldun ezkertiarren existentzia bera ukatu zuen. Euskalduntasuna eta marxismoa bateraezinak omen, euskalduntasuna eta burruka harmatua ere bai (bai, horixe berberori zioen PNVek 1964.ean ere!). "ETAko horik bizarra daramaten gazte txoro batzu dira" zioen orduan Leizaolak mezprezioz, Aranarenaz, antza, ahantzirik.

Ezkerretik PNVeri egindako kritika guztia, horrela, automatikoki "traidore" eta "espainolista"tzat salatzen hasi zen; "etxean sarturiko etsaiak" ginen besteok. Arana-Goiri-ren lanaz konforme ez zegoena ez zen abertzalea, espainolista baizik, eta sanbenito hori, garai batetan Azkue eta Urkixori bezala, geroago Villasante, Aresti, A. Irigoyen, Krutwig, Txillardegi, Monreal eta beste askori ere luzaro ezarri zaigu.

Bera, ordea, 1964.ean hasi eta harez gero, ihazkorarte, Aberri Egunaren deiak beti unilateralki egin ditu, Aberriaren jabe bailitzen. Eta, izan ere, nekez aurki daiteke PNVek egindakorik bere alderdikeria hori nabari ez duenik. Manifestaldietan bere presentzia muntaia paramilitarrez agertzen digu, erdaraz "servicios de orden" deituei, euskaraz, alegeraki, "hertzainak" esanez. Polizia propioa du, beraz, beraik gure Herriaren "zainak" direlarik.

Euskal Hymnotzat, berriz, jo eta ke, eta edonon, bere Alderdiko Euzko Abendearen ereserki arrazista sartzen dabil, pentsa daitekeen asmoaz.

Zenbait omenaldi

Jose Antonio Agirreren ihazko omenaldian PNVek hura Euskal Gobernuko lehen burutzat goraipatu zen Getxon, hura euskaldun guztien eta Euskal Herri osoaren gizon haunditzat agertuz. Baina... baina kontua da, PNVek, euskaldun guztiona omen zen gizon horren omenaldia BERAK ez beste antolatu zuela, hartan parte hartu nahi zutenei, Euskal Gobernuan egon arren (ANVeri, kasu) biderik eman gabe!

Enbeita bertsolariaren omenaldian, berriz, PNV prest omen zegoen esku izateko, baina haren familiak jaialdia alderdiko gizonentzat ez baizik Herriko bertsolari abertzaleentzat egiteko baldintza jartzean, agur deia! PNVek bere laguntza osorik ukatu. Argiago ezin.

Duela zenbat aste, berriz, Sabino Aranaren heriotzaren 75 urtehurrenean, gauza bera egina du. Alde batetik, karteletan Arana "Fundador del Nacionalismo Vasco"tzat (eta ez "del Partido Nacionalista Vasco"tzat) erakutsi arren, omenaldia BERAK egin du soilki, beste euskaldun nazionalista guztiak baztertuz. Betiko jokua: PNVaren gizon eta balioak Euskal Herri osoarenak bailiren agertu nahi, baina, batera, haik exklusiban edukiz.

Eta hau zitala bezain zentzugabea da. Horrela lortzen ari dena zera da, gizon eta balio nazional horik PNVrekin identifikatzea, bai, baina batera PNVren ideologia ez duten abertzaleengandik urrundu ere bai, haiengan, alderdi konkretutik kanpoan dauden balioak ezagutu eta onartu gabe. Zeren Sabino eta Agirre, kasu, PNVrentzat fundatzaileburuak izan ziren aldetik gizon haundiak badira, Euskal Herri osoarentzat ere, batak gure artean erein zuen haziagatik eta besteak, eduki zuen lehendakaritzagatik, ongi merezia baitute guztion errespetua. Baina sektarismo propagandistaz erabiliak diren neurrian, besteontzat gero eta onartezinago bihurtzen dira.

Rizal eta Martí, egia da, filipinar eta kubatar guztiek onartzen dituzte, baina inongo alderdi konkretuk banderatzat ez darabiltzalako. Aukera du, beraz, PNVek: orain arteko alderdikeriaz jokatzen segitzea, haik beretzat gordeta, ala guztionak gisa presentatzea, proselitismo partidistari ukatuz baina.

Nik neuk, nahi nukeena eta gertatuko dena gero eta urrunago dakusat. Eta zorigaiztoz, beldur naiz Sabino, Agirre eta beste batzu, laster aski, lehen ere abertzaleen itsutasunaz karlistek Zumalakarregirekin egin nahi zutenez, Jose Antonio Primo de Rivera, Franco edo De Gaulle bezain kutsaturik ez ote zaizkigun gertatuko. Beldur naiz, bai, zeren urriaren 28an hasita Euskal Herriaren historian beste epe bat definitiboki hasi baitzen, nola amaituko den asmatzea zaila ez delarik.

Xabier Kintana

78 - XII - 6


Gaiak. Politika

Masak ala eliteak (V)

Morrontza feudaletik irten zirenetik, ezjakintasun, degradapen eta miserian murgildurik bizi izan ziren langile klaseak, aristokrazia ororen handitasunerako tresna pasibo gisan langile klaseak, zerbitzatuko duten, beraien lepo mardul eta zuharren gainean odol urdinezko gizonen despotismo usteltzailea sostengatu duten, nahiz aintzinako jainkozko jatorrizko dinastiak nahiz iraultzaile jatorrizkoak sostengatzeko beraien odola zozokiro ixuri duten langile klaseak. Kanoi haragia konkistatzaileen eskuetan, ikatz, zilar edo zilarbizi meatzetako haragia espekulatzaileen eskuetan, pasta biguna espekulatzaile guztien eskuetan, nortzuri egunero beraien duintasuna, askatasuna eta politikazko eskubiderik preziatuenak, beraien odola bera, malko mingotsez bustiriko ogi zati baten truk saldu behar izan baitizkie. Orain elkarte hastapena zientifikoki erabiliz, hori barik ez baitago gizonarentzat inolako segurtasunik eta beraz, ez eta askatasunik, inoiz mendeak ikusi gabeko birdortzerik erabateko, erradikal eta orokorrenerako prestatzen dira. Beraien era guztietako elkargoak milaka askotan kontatzen dira jadanik nazio zibilizatu guztietan, milioika kontatzen dira beraien kideak eta, beraz, ardurak, irainak eta pribilegiodun klaseen interes maltzurrek eraikiriko barrerak erori doaz nonnahi.

Mila urtetik gora iragan dira esklabutza gauza normal izatetik desagertu zela. Laurehunetik gora ere, esklabutza ordezkatu zuen morrontzak proletalgoari tokia utzi ziola eta urte asko dira proletariek gizon aske bihurtzeko eginahal handiak egiten dihardutela; eta, hala ere, ez esklabutza, ez eta morrontza desagertu dira guztiz, oraindik munduko atal handi batetan, Afrikaren zatirik handienean eta sortaldeko lurralde neurrigabekoatan subirano gisan baitiraute, harriturik baileuden, guztiz aintzinako erlijio fatalisten menean. Guzti honek derakusku, nola nahiz eta banaka eta lekuturik kontsideratzean gizarteak egindako aurrerabidea handia izan, beraren moral, material, sozial eta politikazko aurrerapenak munduko punta batetik bestera zabaltzeko ibili beharrezko bidea luzea den eta baita ere, nola ideien eta produktuen elkartrukea eta enda guztien nahasketa espontaneoa erraztuko lituzkeen Suez eta Panamakoak bezalako istmoak zabaldurik eta lurgloboa ubidez, trenbidez eta telegrafoz inguraturik ere, belaunaldi askoren lana beharko den morroi lana eta aberastasunaren ekoizlearen esklabutza, beraien ondorio guztiekin, toki guztietatik desagertu arte.

Ikusi dugunez, gizarte kapitalistan herriaren eta, batez ere, proletalgoaren eragina ohigabeki handitzen da. Kapitalismoak gizartearen aurrerapena nabarmenki zituen. Historian lehenengoz, sozialismorako bidean, bere tendentzia ezberdinetan, langile eta masa mugimendua sozialismoranzko bidean gidatzen saiatzen diren liderrak sortzen dira. Makinerian oinarrituriko industria handiaren sorrerak langileak handiki kohesionatu zituen, zenbait ezagutzaz hornituz batera. Eta, langileen kontzientziaren goratzearekin, prozesu historikoan beraien papera areagotu zen. Azken berrogeitahamar urteetan munduaren gain askatu zen sozialismorako eta nazio askatasunerako iraultzen ekaitz garbitzaileak ekintza iraultzailearen gorakada arina kondizionatu zuen eta bere eragin politikoa indartu zuen nonnahi. Munduko jendetzaren gehiengoak, erremarkatu zuen Leninek mende honen hasieran, "itzartu eta potentziarik indartsu eta ikaragarrienek ere ezin geldi dezaketen mugimendu bati hasiera eman dio".

Estatuaren suntsitzea

Eginkizun honen burutzapenaren zailtasunak ez ditu belaunaldi gazteak beldurtu behar. Aurretik aritu ziren belaunaldiak baino ilustratuagoak, beraien misioaren kontzientzia dute jadanik eta zihur egon daitezke beraien ahaleginen ondorioz, tokatu zaien lana sortzen ikusiko dutela, zeren eta gehiago aurreratzen baita gaur hamar urtetan, beste denbora batzutako ehunetan baino. Gizonaren produzitzeko ahalmenaren areagotzea, beharrizan eta txirotasunaren suntsitzea itzuli behar izan zitekeen. Baina, haatik, ez da hau izan ondorioa, zeren eta errealitatean, urritasuna baitager oparotasunaren erdian, txirotasuna aberastasunaren erdian. Derrigor egon behar ondo ez doan zerbait tamaina horretako kontraesanengatik karakterizatzen den sistema ekonomiko batetan. Eta ba dago. Sistima kapitalista, inefikaz, errekurtsu eta baliakizun zarrastel eta bidegabekoa da. Inefikaz eta zarrastel da, zeren eta potentziarik gorenean ihardun duen urteetan ere, mekanismo produktiboaren bostgarren zatia gutienez erabili gabe baitirau.

Inefikaz eta baliakizun zarrastel da, krisi periodikoak jasaten dituelako eta hau gertatzen denean, ez da bakarrik bostgarren zatia baizik eta baita produkzio ahalmenaren erdia ere alfer eta lanik gabe dirauena. Inefikaz eta baliakizun zarrastel da, ez delako lan egin nahi duten guztiei lanpostu baliagarri bat emateko gai, fisikoki eta intelektualki gaituriko milaka pertsona inoren lanetik bizi daitezela uztearekin batera. Inefikaz milaka persona inoren lanetik bizi daitezela uztearekin batera. Inefikaz eta zarrastel da, ez produkzio prozesuan, ez eta banaketan parte hartzen ez duten, baizik eta publizitate agente, salmenta eragile eta gisa horretako zereginetan ari den jende kopuru eskerga baten enpleguan. Inefikaz eta baliakizun zarrastel da, hauetariko eta gizonetariko asko luxu artikulurik pitxienen produkziora destinatzeagatik, eguneroko bizian benetako premia duten ondasun asko eta asko produzitzeari uko egitearekin batera. Inefikaz eta baliakizun zarrastel da, zeren eta, batez ere prezioen gorapena eta errentabilitatea bilatzen duenez, giza premien asetzea bilatu beharrean, uzta eta era guztietako ondasunen desegintza deliberatua posibleztatzen baitu. Azkenez, inefikaz eta baliakizun zarrastel da, periodikoki gerrara eramaten duelako, bizitza bera gupidagabeki suntsitzen duen gaitz horretara. Zergatik ez dira langile guztiak bat-batean altxatzen? Zerk eragiten hainbat beldurren ukaitea? Zer errepresio tresna du burjeseriak, kapitalak, bere boterean, hain beldurgarri dena langileentzat? Ba dago gutirentzat hain eroso eta gehiengoarentzat hain kaltegarri den jabego harreman sistima bat mantentzea posibleztatzen duen erabide bat. Ba dago botere askidun erakunde bat, gutiengo probilegiatuak gehiengo langilearen gain ezarririko sozial eta ekonomidominapen sistima honen defentsa beregain hartzen duena. Erakunde hau Estatua da, beraren funtzioa, klase kapitalistari langile klasearen gaineko dominapena permititzen dion jabego probatuzko harreman sistima defendatzea eta mantentzea izanik. Estatuaren funtzioa, klase baten beste batekiko zapalkuntza sistima defendatzen datza. Sozial klaseek dirauten bitartean. Estatua ezin da beraien gain egon, alderantziz, klase nagusiaren alde egon behar du. Legegile eta lege horiek defendatzen dituzten interesen jabeen arteko loturak hain dira hertsiak, Estatua eta dominatzaile klaseak lotzen dituen harremanari buruz ezin dela zalantza izpirik ere egon. Estatua izanik klase batek batekiko zapalkuntza ezarri eta mantentzeko tresna, indarkeriaren erabilketaraino heldurik askotan, ezin daiteke benetan egiazko askatasunik izan zapalduriko gehiengoarentzat. Estatua, Gobernua kontrolatzen duen klasearen erabakiak ezarri ahal izateko dago. Gizarte kapitalistan, Estatuak, klase kapitalistaren erabakiak ezartzen ditu. Erabaki horiek sistima kapitalista, non langile klasea produkzio medioen jabeen zerbitzuen lan egin behar duen, mantentzea dute helburu. Horrela, iraultza guztietan masa iraultzaileen helbururik oinarrizkoenetariko bat burjeseriaren aparatua lurreratzean datza. Estatuaren lurreratzea iraultzaren garaipenerako beharrezko diran baldintzetariko bat da.

Gaurregun Herri burjesetan bizimodua hobatzeko, askatasun demokratikoak lortzeko, lurrean bakea gordetzeko etab., burruka euskor bat libratzen duten masa herritarrek, Herri horien barne —eta kanpo— politikan eragin serios bat dute. Gizartearen bilakaeran zehar masen paperak duen gorapenari buruzko Marxek aurkituriko legeak, greba mugimenduan urterik urte nabarmentzen den gorakada hazkorrean aurkitzen du, adibidez, bere adierazpena.

Masak sozialismoan

XIX eta XX mendeetan zehar masa herritarren papera izugarriro handitu da. Lehenengotan, uztarri zapaltzailea apurtu ahal izateko ideiarekin eta, une orotan, pertsonaren independentzia eta askatasuna mantentzeko asmoz. Masen protagonismoak lortu duen mailarik gorena gobernamolde sozialistan kokatzen da, gobernamolde honetako politikazko, ekonomi eta ideiologi harremanek eragina berori. Historian zehar masen paperak duen gorakadari buruzko tesi marxista era kreatzaile bat bilakaeraziz, Leninek egokiro deitu zuen oharpena lege honen ekintzaren beste aurpegi batetaz: Zenbat eta zabalago izan historiaren sorketan parte hartzen duen jendetza, hainbat eta gehiago aldatzen dira kualitatiboki gertakizunen mami eta izaera. Zenbat eta handiago izan kontzienteki historia egiten duten masen kopurua, hainbat eta gehiago arintzen da sozial aurrerapenaren erritmua. Horrengatik prezeski, gure denboretan, gero eta milioika gizon gehiago historiaren faktore eragile bihurtzen direnean, erritmu hori bizitu egiten da.

Masek historian jokaturiko papera gobernamolde sozialistan hazkorki bilakatzen dela ondoriozta dezakegu, beste edozein denboratan susmaezinezko mailak lorturik, baina beti eta une orotan historiaren protagonista izanik. Masa herritarren sorpen historikoan duten papera sozialismoaren kondizioetan altxatzen da bereziki, beronek eskaintzen baitie lehenengoz beraien indar sortzaileak hazi eta praktikara eramateko aukera, sozial interesean eta interes indibidualen konbinaketa posibletatzen duen era berean, herria, ez bakarrik balio material eta izpiritual guztien egile bezala, baizik eta beraien jabe bakar bezala ere agertzen baita. Sozialismoan, herritar masek produkzio materialean duten eragin dezisiboari, lantegi. Estatu eta gizarte arazoen gestioan beraien partehartze eragile eta aktiboa gehitzen zaio. Herriaren sorketa iniziatiba hemen ere, batez ere, komunismoaren produkzio material eta teknikoan azaltzen da. Nola eratu behar dira masak iraultzan? Egoera bakoitzaren heldutasun edo helgabezia objektiboa alde batera utzirik, sozialismorantz heltzeko hartu beharrezko bideak iluntasunez inguratua dirau. Sozialismorako bidea eta bere egitura, kapitalismoan jadanik aitziniruditu gisan agertzen dira. Marxek berak ere gizarte sozialistaren izaerari buruz oinarrizko ohar guti batzu baizik ez zituen utzi, zeren eta efektiboki, ez baita oso produktiboa etorkizunaz, orainaldi eta iraganean sartu gabeko gertakarietaz aritzea. Haatik, Marxek argi utzi zuen sozialismoak ez duela Estatuaz, baizik eta gizarteaz ihardun. Sozialismoak, "ekoizle aske eta berdinen elkargo "bezala, Estatua, hau da proletalgoaren diktadura behar zuen, bere finkotasuna lortu arte bakarrik. Sozialismoaren finkapenarekin proletalgoaren diktadura, Estatu gisan aditurik, desagertu egingo zen. Sozialdemokrata kontzepzioan, nahiz erreformistan nahiz iraultzailean ordea, estatar eta sozial kontrolaren identifikapen bat dago eta "edoizle aske eta berdinen elkargoa" esaerak bere jatorrizko esangura galtzen du. Etorkizuneko sozialismoaren bereizgarriak, kapitalismoan edukiak jadanik, ez ziren ekoizleen produkzio eta banaketarekiko autoeratze ahalgarrian ikusiak izan, baizik eta kapitalismoaren ezaugarri tipiko diren kontzentrapen eta zentralizapen joeretan, zeintzuk azkenez ekonomia eta politikaren eskera guztiekiko estatar domeinua sorteraziko baitzuten. Erakunde iraultzaileen gabetasunetariko bat, agian handiena, produkzio eta banaketaren eraketa sozialista batekiko beraien zereginei buruzko ideia argitasun eza izan da. Erakunde horiek beraien oinarria lantegi eta landetan izan behar dute, hauk izan behar dira sozial koordinakuntza eta bizitza ekonomikoaren sintesiaren abiapuntuak eta berorietan, edoizleek produzitzen dutena eduki ahal izan behar dute.

GALTZAGORRI


Gaiak. Zinema

Lau filme... (Charlot, Jabberwocky, Miklos Jancso, Raymond Chandler)

Epopeia burlesko bat

Charlot miresgarria da behin eta berri ikusi izan arren ere, anekdotez eta istorioez aparte ere pertsonaiak ba duelako halako izakera koherente eta xarmant bat. Charlot bagabundoaren baitan errealitatea eta fantasia, gizartea eta gizabanakoa, gertaera aparta eta kotidianotasuna, bozkarioa eta tristura, errogabezia eta sentikortasuna biltzen dira. 1889an jaio eta hogeigarren mendearen lehen erdiko mito da Charles Chaplin, bufoia, bere gizatasunaren poetikotasun sakonaz.

Aipatzen ari garen filma 1923an egin zuen, bere ospearen gailurrean jadanik, United Artists konpainiarekin: "The gold rush" deritzo eta Alaskako urre bilatzaileen bizimodu efimeroaz da gaia. Charlie Chaplin Charlot da filme hontan ere. Clown zapatak, sonbreiru onddoa, galtza zabalak, xaketa hestua, bibote beltzaran eta makila elastikoarekin abiatzen da berea ez den lurralde eta giro batetan barrena. Izan ere gizarte orotan soberazko den pertsonaren irudia baita Charlot, bagabundo patetiko bai alegia. Honela doa mundutik, bufoi baten antzera, oinazez oinaze, irri eta malkoaren ateka gaitzak zeharkatuz, tragikomedia kotidiano bat ehotzen bezala.

"The gold rush" (1923) hau ere Charlie Chaplinen beste filme gehienen estilokoa da. Eta obra xarmangarri ororen akatsa du, laburregia dela alegia.

Laburregia dela esatea gorespen bai da noski. Baina, hala ere, guk ikusi ahal ukan dugun bertsioak (La quimera del oro, gazteleraz) ba du beste akats handi bat: sonorizazioa. Filmea mutua izan arren, elkarrizketak erantsi dizkiote, piano musika maiz kendurik. Honela, filmeak irabazi beharrean galdu egiten du asko, hain hortera eta soberazkoak baitira textuak, filmaren espresibitateari erantsiak.

Vizi privati, publiche virtute

Miklós Jancsó sortaldeko zinemagintza berriaren aintzindarietarik bat da. 1921ean jaio zen Vác delako herrian, Hungrian. Etnografo, historiagile eta dokumentalista izan da, eta bere zinemagintzak, sozialismoaren barnean beti, ba du halako estilo berezi eta propio bat.

Bere filmak errealismo historikoaren alorrean dira planteiatuak. Ezagunak dira: "Etsituak" (1967)1, "Isiltasuna eta oihua" (1967), "Haize dizdiratsuak" (1968), "Gorriak eta Zuriak" (1968), "Neguko Sirokoa" (1969), "Agnus Dei (1971), "Salmo Gorria" (1971) e. a. zeinetan zinemagintza errealista sozialista historiko politiko bat hasten baita lantzen estilo arras berezi batez. Ezaugarri teknikotzat du Jancsó-ren zinemagintzak plano gutxi izatea, hots, denbora ez fragmentatzea eta denbora uniforme bat izatea. Ondorioz, Miklós Jancsó areago da politikoa historikoa baino, bere obrak areago bilatzen du errepresentazio bat signifikazio bat baino. Esan nahi dut, ilusio zinematografikoa ezabatu egiten duela eta errepresentazio etengabe bat aurkezten, teatroan bezala denbora erreala eta denbora. zinematografikoa hurbildurik.

Ikusi ahal izan dugun Miklós Jancsó-ren azken pelikulak ere ezaugarri estilistiko hauxek ditu, "Vizi privati, publiche virtute" deritzo eta 1976ko koprodukzio italo-yugoslavo bat da. Mayerling arazoan inspiraturiko filme bat da, hemeretzigarren mende aristokratiko batetan anbientatua.

Prinzipe batek uko egiten dio bere aita-enperadorearen autoritateari eta gazteri aristokrataren orjia promiskuo eta erraldoi bat antolatzen du; hiltzeko agindua emango du azkenean enperadoreak.

Kritiko batek esan izan du Jancsó-ren filmeek trageria grekoaren kutsua dutela. Izan ere errepresentazio edo zeremonia gisakoak dira bere filmak, interpretazio oreka eta preziosismo formal harrigarrikoak. "Vizi privati, publiche virtute" hau bere aurreko filmak bezain politikoa ez, baina arras erotikoagoa eta dizdiratsuagoa da.

Miklós Jancsó-ren filme hau, beraz, errepresentazio edo zeremonia erotiko eta sozial xarmangarri bat da. Luzaroaz zerbait astuna egiten bada ere filme ikusgarri, entzungarri eta hunkigarri bat da.

1. Filme honen kopia bat ikusi ahal izan genuen, euskarazko azpihitzak zituena, arras ondo ipiniak.

The JABBERWOCKY, a vile and vicious monster,

is ravaging the medieval kigdom of King Bruno the Questionable, devouring and terrorising the miserable peasants in the lands outside forcing them to flee inside the city walls where they are in turn exploited by unscrupulous merchants, charchmen and traders.

Filme ingles bat da beraz eta Bretaina Handiko tradizioak izandako anitz munstroetatik bat da filmaren motiboa.

Bruno erregeren gaztelura aldegiten duen mutil bat da protagonista eta han zenbait gertaera eta torneoren ondoren, kasualitatez, Jabberwocky munstroa hilko du, heroe bihurtu eta erregeren alaba xarmantarekin ezkondu beharko da nahigabean.

Filme honen direktorea Terry Gilliam da. Irakurleak jadanik izan dukeenez Erdi Haro mitikoaren parodia da, gizarte mediebalaren eta kabaileriazko istorioen satira bat, Jabberwocky munstroaren presentzia inmateriala delarik filmaren funtsa.

Hala ere, istorioaren eta gaiaren posibilitateak ez dira fitsik ere probetxatzen. Lewis Carroll idazlearen ipuin batetan inspiratua den arren adaptazioa oso desegokia da. Anekdota azalezko batzutan galtzen da filma eta noizbait barregarria bada ere, komizitate hau finkatu beharrean aspergarri bihurtzen da progresiboki.

Filme honek ba ditu meritu batzu, photografia eta anbientazioa ikusgarriak dira. Baina orohar arras ahula eta aspergarria da.

The big sleep

Nobela poliziako beltza Dashiel Hammet eta enparauen idazlanez sortu.zen mende honen bigarren dekadaz geroztik, nobela poliziako tradizionala zegokion soziosistema gotorrean integraturik. Raymond Chandler serie beltzeko nobelagilerik interesgarrienetariko bat da bere Philip Marlowe detektibearekin eta 1939an idatzi zuen bere nobelarik ezagunetarik bat, "The Big Sleep" (Amets eternala, El sueño eterno). Literatura beltza zinema beltza bihurtuko zen laster eta Raymond Chandler izan zen adaptazio honen autoreetarik bat.

Zinema beltzaren bilakaera azaldu daiteke arrazoi psikosozialengatik. "The maltese falcon" filmak, John Huston-ek 1941ean egina, markatzen zuen zinema beltzaren susperraldia eta, ondoren, serie beltzean anbiguitate morala eta gizartearen deskonposizioa azaltzen da, eta Humphrey Bogart izanen da USAko konformismo eta idealizazioaren kontrako prototipoa.

"The big sleep" (1946), Howard Hawks zuzendariak egina, zinemagintza beltzaren klasiko bat da. Chandler-en nobelaren adaptazio hau, ez subjetiboa nobelan bezala, baizik eta arras objetibista da, eta intriga enigmatikozkoa.

Nobela honexen beste adaptazio zinematografiko bat agertu da oraintsu, hau da, Michel Winner zuzendaritzat eta "Detective Privado" gaztelerazko titulutzat duena. Lehen bertsioa baino 30 urte beranduago eta molde arras desberdinez egina.

Derrigorrezkoak dira diferentziak, garai diferentziagatik baino ez bada ere. Baina batzu harrigarriak dira. Esate baterako, anbientazio desberdintasunak: batean Los Anjeles 40ko dekadan, beste hontan Londres 70 dekadan. Filme hontan ez da azaltzen, beraz, serie beltzaren ohizko anbientazio itzaltsua. Bestalde, filme hontan nobelan eta lehen bertsioan baino garrantzi gehiago ematen zaio argumento eta intrigari, giro eta psikosozial aldeari baino gehiago alegia.

Hala ere, akats eta infidelitate hauk eta guzti, filme arras interesgarri bat da Chandlerzale ororentzat.

Joseba Sarrionaindia


Bost "Maria" euskal eliza batentzat

Jose Maria Zirarda, Jose Maria Larrauri, Luis Maria Larrea, Jose Maria Setien eta Joan Maria Uriarte bost apezpiku Hego Euskal Herriko lau Diozesietarako. Maria Birjinak gorde dezala Euskal Eliza! Bosten arteko agiriren bat izenpetuko dutenean, aspergarria gertatuko zaigu izen guztiak irakurtzea, hainbeste Maria artean.

Kristau herriak ez du parterik bere apezpikuak hautatzean

Oraingoz behintzat Euskal Elizaren goihierarkia osoturik gelditzen da. Ez dugu uste berehalakoan apezpiku laguntzaile berririk bidaliko zaienik lau diozesiotako tituludunei. Apezpiku berrion izendapean oso ixilean pasa da. Zergatik? Alde batetik, inguru osoa eta prentsa bera hauteskundeen zurrunbiloak hartuak zeuzkan. Baina, bestetik betiko sistemaren bidetik etorri dira apezpikuon izendapenak: hau da, Eliza katolikoaren goitik-beherako sistema hierarkikoaren bidetik. Apaiz aukeraturen batzuri kontsulta modukoren bat egin, goihierarkiaren joerak —eta inoiz eritzia— ikusi, indar politikoen eta sozialen egoera neurtu: horrela lurraldea prestaturik dago, Vaticanok bere Nuntzioaren bitartez apezpiku berria hautatzeko eta izendatzeko.

Kristau herriak ez du parterik bere apezpikuak hautatzean. Azken Kontzilioak dozena bat urte bete ditu; baina alde horretatik berdintsu irauten dugu. Ixilpean eramaten dira kontsultak; zurrumurruren batzu zabal erazten dira. Eta azkenean, ia beti ustekabean erortzen zaio kristau herriari bere apezpikuaren izendapena. Horrelaxe gertatu da oraingoan ere; kristau herriak ez du ardurarik jarri, ez izendapenaren aurretik eta ez ondoren ere. Oso zaila izango da ardurarik sortzea, horrelako izendapenak eta hautaketak Eliz aparatuaren barruko mekanismo konplexu eta urrutikoen bidez egiten baldin badira. Seguru asko, ez da aski, horrela hautaturiko apezpikua gero kristau herriarenganatzen saiatzea; herriaren hurbiltzeak eta parte hartzeak, bere apezpikuaren eta bestelako artzaien hautatzean bertan oinarritu behar du. Horretarako Eliza katolikoak partaidetza-sistema berriak sortu beharra dauka.

Euskal Elizaren eraikuntza instituzionala

Dena dela, hor daude Euskal Diozesietako apezpiku berriak. Eta Euskal Elizarentzat garai garrantzizkoaren aurrean gaude. Nolabait datozen ureetan bideratu beharko da Euskal Elizaren eraikuntza instituzionala: Hego Euskal Herrikoarena behintzat. Horretarako apezpikuok izango dira protagonistak.

Eragozpenik ere izango da, zenbait indar politikoren eta sozialen aldetik, eta horrelakoei lotuta dauden Eliz jendeen aldetik ere bai. Adierazgarriak dira azken asteotan gertatuak.

Espainiako Apezpikuen Konferentziatik euskal lau Diozesien egituratze berriaren asmoa zabaldu zeneko, gogor altxatu ziren Nafarroako indar "nafarristen" protestak. Beren eragin osoarekin jo zuten Madrilera eta Erromaraino; eta Nafarroako prentsaren bitartez batez ere gogoz astindu zuten Zirarda Jn.a. Ba zirudien asmo hura atzeratzea lortua zutela.

Beren presioak indartzeko, eta beharbada asmo hura lurperatu nahian, Setien eta Uriarte Jn.en kontrako erasoari ekin zioten gero, Madrilgo prentsaz ere baliatuz. Biolentziari buruz euskal Elizaren jokabidea zela eta ez zela, beste hauxe nahi zen segururik: bi apezpikuon itzala iluntzea eta zikintzea.

Euskal Probintzia

Ba dirudi, oraingo honetan Elizaren Hierarkia ez dela bereziki bildurtu eraso horien aurrean, eta bere askatasunari eusten jakin duela. Izan ere, eraso guzti horien ondoren, eta kanpaina horixe ixildu bezain laister, etorri dira hiru apezpikuen izendapenak. Kanpaina horien egitekorik nagusiena Setien Donostiako Diozesiatik ateratzea zen, edo gutxienez bertako Apezpiku tituluduna ez izendatzea. Hala ere, ez dute lortu, eta Setien Jn.a da Donostiako Apezpiku berria. Uriarte ere Bizkaitik atera nahi bazuten, ba dirudi honek Apezpiku laguntzaile izateari eutsiko diola.

Kanpotik etorri diren bi apezpikuak, Larrauri eta Etxebarria, euskaldunak dira. Kontuan edukiz, Zirarda ere euskalduna dela, seguru asko esan daiteke mende askotan lortu ez dena gertatu dela gaur Euskal Herriko Elizan: hau da, bertako apezpiku denak euskaldunak izatea. (Hala ere Baionakoa ez da euskalduna; baina Hegoaldeaz ari gara oraingo honetan.)

Baina historia historigileentzat utziz, garrantzizkoa zera da: hiru apezpikuen izendapenak Euskal Eliza instituzionaltzeko duen garrantzia nabarmentzea.

Egia da, Zirarda Espainiako apezpiku-Konferentziaren buruordekoa dela; alde horretatik, Espainiako Eliz Instituzioei lotuegia dagoela iruditzen zait; eta ez dut uste, Madrilen daukan karguak Iruñako eta Euskal Herriko Eliza eraikitzeko laguntza handirik emango dionik. Baina, hala ere, azken izendapenek zuzenean Euskal Eliz Probintziaren asmoa indartu eta finkatu nahi dute. Probintzia hau eraikitzeko, eta horrela Euskal Eliza instituzionalduz joateko, hiru apezpiku berriak gizon egokiak dira, seguru asko. Hemen bertako prentsak horrela ulertu du horien izendapena.

Eta seguruenik pixka bat suspertu egin da, Euskal Elizaren aldeko burrukan azken urteotan ahalegindu direnen esperantzak.

Paulo Agirrebaltzategi


[Komikia]

Javi Etxenike


Gaiak. Zientzia

Iberduerok informatu egiten du (sic)

Iberduerok interes handia bide du jendea "informatzeko". Horrela dirudi behintzat, hainbestetan egiten duen propagandak. Propaganda bezala ordainduriko "informazio" hori, noizean behin agertzen da Euskal Herriko egunkarietan (Bilbokoetan batez ere). Izena bera ere nahiko harroa: "Iberduero informa" (erdaraz noski).

Gauza ezaguna da, edo izan behar luke bederen, informazio objektibo hutsa ez dela inon ematen. Mito bat dela halegia. Azken batez, gaur eguneko informabideetan, helburu baten menpean jartzen da informazioa. Iberdueroren kasuan, argi denez, zentrale nuklearren aldeko propaganda egin nahi da, Lemoizeko zentralearen aldekoa prezeski.

Objektibitate absoluturik ez dago, beraz; arazoa noren alde jartzean datza. Eta artikulu honen egilea zentrale nuklearren aurkakoa denez, eta Lemoizeko zentralearen aurkakoa gainera, normala da beronen "informazioa" ere objektiboegia ez izatea. Baina, edozertara ere, aldez aurretik abisatzen dut, gero prometitu ez dudan gauzarik inork eska ez diezadan.

Ba ote zenekiten?

- Ba ote zenekiten zentrale nuklearren defenditzaileen eritziz, istripu handitxoak hamar mila urtetan behin baino gehiagotan ezin gerta daitezkeela?

- Ba al hala ere, azken urteotan era askotako istripuak, kantitatean eta mailan, gertatu direla?

- Ba ote zenekiten, Harrisburg (Ameriketako Estatu Batuak) izeneko herriko zentralean istripu handi xamarra gertatu dela eta oraindik berorri buruzko informazio zehatzik ez dagoela? Ez zergatik gertatu den, ez nola gertatu den, ez eta beraren neurri benetakoa zein den,...

- Ba ote zenekiten Harrisburg inguruetako eskualdeetan, haurdun dauden emakumeak eta sei urtetara heltzen ez diren umeak ebakuatu egin direla?

- Ba al zenekiten apirilaren lerako guttienez 150.000 (ehun eta berrogeitamar mila) pertsonak, beren kabuz:inguru horietatik hanka egin dutela?

- Ba al zenekiten, hori dela eta etxeak hutsik egonik, lapurketarik gerta ez dadin, sakeo-edo lapurtze-saioetan poliziak hiltzera disparatzeko ordena duela?

- Ba al zenekiten, oraindik ere leherketa batzu —ez atomikoak, baina leherketak— gertatzeko arriskua dagoela.

- Ba ote dakizue, zentrale horreni inguruko 3.200 kilometro koadratutako hedaduran bizi den jende guztia ebakuatzeko plana, martxan hasteko prest dagoela?

- Ba al dakizue, zorte txar pixka batekin, ebakuazio-plan horren barnean milioi bat pertsona gutti gorabehera sartuko direla?

- Ba ote dakizue,...

Dena den, hori guztiori ez badakizue, ez zaitezte joan Iberduerora informatzera, badaezpadan. Beharbada, adarra jotzera zoaztela uste izango dute eta gaizki hartuak izango bide zarete. Baina,...

Arraroa da, hala ere, horretaz ezer entzuna ez izatea, oraingo horretan informabide guztietan aipatu baita arazoa, gehiago edo gutxiago. Eta jendea enteratu egin denez, hor sortu da eskandalua,

Carterrek berak ere teatro pixka bat egin behar izan du jendearen haserrea baretzeko; eta zentralera joan da, nolabait han ez dela ezer pasatzen adierazteko, egunkariek diotena tontakeria bat dela azaltzeko, jendearengan sor daitekeen izua oso arriskugarria baita. Fraga Iribarne etorri zait burura. Gogoratzen al zarete Palomareseko bonbaren arazoaz. Bai, ez da? Nola ez! Espainiako Informazio (eta Turismo) arloko ministroak, bainujantzi izugarri itsusi batekin —dena esan behar da— uretara sartu zen telebistako kamaren aurrean, han inolako arriskurik ez zegoela adierazteko... Hipokresia hutsa. Gero bonba atomiko baten bila ari zirela enteratu ginen. No coment! Zenbat gezur eta itxura faltso ez ote den egin behar jendea engainatzeko!

Zoaz beste herrira, han ere txakurrak ortozik

Aipatutakoa, zientzia eta teknikaren paradisuan gertatzen ari da. Konparazioak gorrotagarri omen dira. Baina pentsa-pentsari, Lemoizekoa bukatzera doala konturatu naiz...

Zer egin? Problema hau, beste alde batzu baditu ere, problema politikoa da une honetan. Eta zer diote alderdi politikoek? Erreferentzia bezala, Udal hauteskundeen aurrean esan dutena daukagu. Panorama lainotsua. Alderdi "majoritarioak" ez dira definitzen eta gauzak aurrera joaten uzten ari dira. Errefranak dioena betetzen ari ote da?: «Gero dioenak, bego dio!» Eta ulertzaile onari, hitz gutti.

Ezkerrekoak (HB, EE, EMK-OIC, ORT-PT) aurka agertu dira jarrera nahiko kointzidentetan. Hauxek dira, laburtuz, Lemoizekoari buruz planteiatzen dituzten puntuak:

1. Orain momentuak obrak gelditzea

2. Inbestigazio sakona zabaltzea

- Energia nuklearraren seguritateari buruz

- Lemoizeko projektuari buruz

3. Informazioa

4. Aurreko pausoak eman ondoren, alternatiba posible bezala, erreferendua, nahiz eta hau hobeki aztertzekoa den

Dena den, bitartean obrak aurrera doaz. Argumentu hauk erabiltzen dira: Hainbeste diru gastatu eta gero, nola ez dugu martxan ipiniko? Ez ote dugu energiarik behar?...

Nik garbi diot: zentrale nuklearrik ez!

Ramon Garai


Gaiak. Gramatika

Garapen hitza promozionatu nahiz

Euskara gaurko bizitzara egokitzeko ahaleginean, zenbait kasutan trabak agertzen dira, inguruko hizkuntzetan oso arrunt diren hitz batzu euskaraz esaterako orduan. Batzutan zail samar gertatzen da euskaratik beratik hitz egokia aurkitzea edo asmatzea, eta kanpotik hartu behar izaten dugu maileguzko hitz bat, nolabait geure fonetika eta izakerara egokituz noski. Hala ere, kasu batzutan, maileguzko hitza bera ere desegoki edo aurkitzen dugu; eta behin eta berriro saioak egiten ditugu zerbait egokiagorik aurkitu arte.

Maileguzko hitz desegoki hori gaur eguneko zibilizazio-hizkuntzan sarri agertzen denean, buruhauste latzak edukitzen ditugu, nola idatz ez dakigularik. Horrelako zerbait gertatzen da, ene ustez, desarrollo / développement hitzarekin eta beronetik sortzen diren hitzerakarri guztiekin.

Maileguz harturik, bi posibilitate nagusi ditugu, bata espainoletik. eta beste frantsesetik hartua:

 desarroilo

 debelopamendu

eta zer esanik ez, hortik sortzen direnak: desarroilatu, debelopatu eta abar.

Hala ere, eta zehazki zergatik den ez dakidalarik, itsusi gertatzen zaizkigu hitz horik eta era askotako ahaleginak egiten ditugu, horien ordez beste zerbait —euskaldunagoa, agian— idazteko. Modu honetan, oker ez banago, idazle askok —neu ere tartean naizela— ondoko hitz hauk erabiltzen ditugu, nola edo hala aipaturiko maileguzkoak ekiditeko (segur asko, gehiago ere erabili izan dira).

 desarroilo desarroilatu

 aurrerabide aurreratu

 bilakaera aurrebideratu

 bilakabide bilakatu

 aitzinamendu bilakaerazi

 aitzineramendu aitzineratu

 aurreramendu aitzinatu

 hazkunde hazi

 hazbide

Baina zenbait arrazoi desberdin tartean direlarik, hauetariko batek ere ez du benetako onespena lortu eta, errealitatean, desarroilo eta beraren erakarriak erabiltzen dira gehien. Arrazoi horien artean ondokoak aipa daitezke:

- hitz batzu luzeegiak dira (aitzineramendu kasu) eta gainera ez dira ezagunegiak mendebaldeko euskalkietan. Horrela, erremedioa gaixotasuna baino okerragoa suertatzen da.

- inkonkrezioa dute (bilakabide, hazkunde,...), beste zerbait antzeko adierazteko ere balio baitute.

- hitzen familia osoaren arazoa konpontzeko ez dira egokiegiak (nola esan, desarrollado, subdesarrollado, superdesarrollado, en vías de desarrollo,...).

- beharbada, fonetikoki ez dira atseginegiak euskal belarriarentzako; bortxatu-itxura edo hartzen zaie.

Proposamen bat

Aurrekoetan irtenbide egokirik ikusten ez dudanez, beste proposamen bat eginen dut. Beharbada, praktikarekin, berau ere baztertua izanen da; baina hori jakiteko, arriskua korritu beharko da eta publikoki idazleen artean aurkeztu beharko da. Hitz hau erabiltzeko ideia, liburu baten izenburuak eman zidan: "Euskera erro eta gara" delakoak prezeski. Baserritarrentzat ezaguna omen den azken hitza —gara delakoa— niretzat berria zenez, hiztegietara jo nuen eta beste zenbait esanguraren artean hauxek aurkitu nituen.

gara: a) idea de elevación; idée d'élévation.

b) desarrollo de la vida; développement de la vie.

garatu: renovar, echar escapos (se dice de plantas); pousser, taller (se dit en parlant des plantes).

Bi hitz hauek ideia eman zidaten zabalkuntza edo lerrakuntza semantiko posible bat kontsideratzeko. Zergatik ez, hitz honen deribatuekin desarrollo / développement hitzaren familiakoak presta? Eta pentsatu eta egin, modu honetan ondoko hitz-multzoa moldatu nuen. Eta berau da, orain proposamen gisa idazleen hausnarpenerako aurkezten dudana:

garapen (iz.): desarrollo; développement

garatu (ad.): desarrollar; développer

garatu (adj.): desarrollado, a; développé, e

Eta modu berean moldatzen dira beste hitz hauk: azpigarapen, azpigaratu, supergarapen, supergaratu, hipogarapen, hipogaratu, garabide, garabidetu,...

Ene eritzian, horrela egiteak ba ditu bere abantailak; ondokoak adibidez:

- Sonoritatez, hitz polita da, euskal fonetikaren arauerakoa, eta ez da luzeegia. Euskaldunen belarrirako estetikoa da. Eta arrazoi hau frogatzea erraza ez bada ere, ene ustez, hitz bat edo beste hautatzean, subkontzientearen arau estetikoek ere zerikusirik ba dute.

- Bestalde, hitzen familia osoa errai eta argiro presta daiteke.

- Garaipen hitzarekin duen antz fonetikoak ere lagun dezake, etimologia faltsuren bat sortzeko bidea bada ere.

Egokia ote?

Emandako arrazoiak desarrazoia frogatzeko direla esan dezake batek baino gehiagok. Hala ere, nik neuk nahiko egokia izan daitekeela uste dut. Eta asko erabiltzen den hitz bat denez, irtenbideren bat eman behar zaio.

Hizkuntza biziak etengabe hitz berriak sortzen eta egokitzen ari dira, bestela hilak baitira. Hona, ba, beste saiotxo bat. Orain lerro hauk irakurri dituzuen idazleok duzue hitza. Gustura hartuko nituzke kritikak eta eritziak.

J. R. Etxebarria


Gurutzegrama


Ardibeltza [Komikia]

MONTI


Urrezko astabelarriak

Telebistako programak

Bizkaitarkeriaren denborak urrun geratu ba zaizkigu ere, politika mailan behintzat, beste gauza askotan, batzuk horri segitzen diote oraindik jo eta ke. Telebistan, presentatzaile edo edasle analfabetoak aurkeztea, txapuzakeria bat besterik ez dela uste dugu. Norberak bere postua gorde nahi baldin badu orain, pentsa dezala denbora asko eduki duela euskara ongi ikasteko eta egin ez badu berak jakingo du zergatia. Ez gara gu zorionez gure diglosiaren errundunak baina honetan ere minimo dexenteak ba daudela pentsatzen dugu eta minimo dexente hori Uriarte Jaunak ez du betetzen. Uste dugu berak erabili nahi duen euskara bizkaiera dela, baina ez gaude hain seguru, zeren ez baitugu uste eman gaituzte eta beste bitxikeria asko bizkaiera direnik. Berak erabiltzen duen mordoiloa bizkaieraren titulua emanik ere, oso gaizki edo txarto iruditzen zaiguna zera da, Euskal Herri osorako den programetan, informazioetan betez ere, euskalki berezi bat eta bakarrik erabiltzea. Ez dugu ezer euskalkien kontra, are guttiago, tratamendu berezia behar dutela masa komunikabideetan uste baitugu baina hori beste arazo bat da. Hala ere, erdaraz dena ez egiteagatik, hobe behintzat, oraingoa, baina minbizia ez da aspirina zaharrez osatzen.