ANAITASUNA

1979.EKO OTSAILAREN BIGARREN HAMABOSTALDIA

377. ALEA

60 PZTA.


[AZALA]

ERREPRESIOA EUSKADIN


AURKIBIDEA

4. Editoriala.

5. Liburu berriak. Xabier Gereño.

6. Errepresioa Errefuxiatuentzat. Gezan Lantziri.

8. Soriatik etxeraino. Joseba Sarrionaindia.

9. Historia triste baina benetakoa. J. R. Etxebarria.

10. Txistu danbolinez (I). Borja Barandiaran.

12. Euskal telebistaren urrabideak. Alex.

14. Hamabost egun hankaz gora. Iñaki Zabaleta eta Begoña Zia.

16. Ohar laburrak.

18. Estatu espainolaren problemak. Mendizabal.

20. Kanbodia eta Ekialde Urruna: komunisten arteko burruka tokia ote? M.ª Jesus Esteban.

22. Emakumeekin mintzo: Maribel Belastegi, Mariasun Landa.

24. Alan Stivell-ek Euskal Herrian kantatuko du. Karlos Arko.

26. Masak ala Eliteak. Galtzagorri.

28. Kristauak eta marxistak berriro. M. Pagola.

30. Bi txori. Dena alderantziz. Karmeleri.

32. Gizaki. Gente.

34. UEU bere identitatea bilatzen. M. Orbe.

35. Euskal arazoa frantsez irratian. Miren Aldana.

36. Karteldegia. J. J. Bakedano.

37. Il Casanova di Federico Fellini. Joseba Sarrionaindia.

38. Komikia.

39. Osasunerako heziketa. Astobiza.

40. Zenbakien erabilera. J. R. Etxebarria.

41. Ardibeltz. Gurutzegrama. Labyrintioa.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkuenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J.R. Etxebarria, E. Knörr, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta

ARABA

E. Knörr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta, B. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

M. Alvarez, A. Eskisabel, M.J. Esteban, T. Trifol.

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J.M. Torrealday, X. Kintana, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, I. Azkoaga, J.L. Alvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionandia, J.J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxebarri, B. Barandiaran, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde, J.R. Bilbao, J.M. Arzubiaga.

MAKETAPENA

R. Zumalabe, J. Etxebarri

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz, Monty.

MARRAZKILARIAK

Ttua taldea

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

ANAITASUNA

Zabalbide 68-entlo. BILBO 6

Tfnoa: (9)-4-4335808

MOLDIZTEGIA

Iparragirre S.A.

Carretera a Galdacano s/n. BILBO

Lege Gor. D.L. Bi-1753-1967


Editoriala

Beti berdin

Beti eskutartean gai bera erabiltzea eta antzeko gauzak errepikatzea, ez dugu egiten geure gogoa hori delako, egun guztietako bizimoduak horretara beharturik baizik. Zapalkuntzazko egoera honek bukaerarik ez duela ematen baitu.

Ehunetik gora dira jadanik Sorian gartzelaraturik daudenak, eta euskal presoen kopurua luzeagotzen ari zaigu etengabeki egunero. Franco-ren sasoirik txarrenetan ere ez da horrelako gartzelarik ezagutu. Gaztelako presondegi hartako bizi kondizioak, poliziaren ministroak Alemanian ikasitako metodoen arabera eratuak, hain dira grabeak, non horrela segituz gero, hondamendi bat jazoko baita guttien uste dugun egunean.

Azken orduko demokraten Estatu honen azpian pairatzen genuena gutti zela eta, oraingotan argi eta garbi bi dira kontra ditugun Estatuak. Orejak eta Giscardek elkarri emaniko musuaren truk, extradizioak eta deportazioak izan ditugu.

Terrorismoaren kontrako Legeaz aski ez zutela eta, hamabost puntu zoritxarrekoak ezarri zizkiguten; azkenengo prestatu dutenari "Ley de Seguridad Ciudadana" deitu diote, eta horrek guri pentsarazten digu, gu geu ez gaudekeela "ciudadano" horien artean sarturik, segurantzaren ordez beldurra eragiten digu eta. Disimulurik gabe, hiri eta herrietako kale eta kaminoak militarki okupatu dituzte. Terrorismoaren apologia dela eta, Montzon, gizon beldurgarria berau, gartzelan utzi dute. Bitartean, Conesa eta bere super agenteak jo eta ke ari zaizkigu beren demokraziaren defentsan.

Euskal "problemak" konponbide politikoak behar zituela esaten ziguten batzuk ere, beren eritzia aldatua dute, hala nola M. Villarekin ados agertu zitzaigun Mugica Herzog jauna, agian ministrogaia. Hauteskunde garaian ari zaigu gertatzen hau guztiau. Paradoxikoki, demokrazia honek Frankismoaren erremedio berbera aplikatzen ari zaio Euskal Herrian.

Hemen bakea posible da, baina seguru gaude bide horretatik ez dei etorriko. Baina batek esan bezela, itsurik txarrena ikusi nahi ez duen omen...


Liburu berriak

"FILOSOFO BERRIAK", taldean idatzia. JAKIN editoriala. 150 horrialde.

Liburu honen egileak hauk dira: X. Andonegi, M. Pagola, J. Azurmendi, J. Sodupe eta J. M. Torrealdai. Liburuak, JAKIN sortaren 8. alea egiten du eta editorial honen ohizko seriotasunarekin aurkeztuta eta egina dago.

"AMAIUR", Yon Etxaide. GERO editoriala. 140 horrialde.

Hiru ekitalditan idatziriko drama teatrala. Etxaideren luma paregabea aspaldian ixilik egon ondoren, lan bikain batekin agertzen zaigu berriro.

"ERREALISMO SOZIALISTAZ". Joxe Azurmendi. LUIS HARANBURU editorea. 130 horrialde.

Joxe Azurmendi dugu horrialde gehien argitaratu duen euskal idazlea, eta harritzekoa da langile porrokatu honen emankortasuna. Aurreko urteetan saio asko argitaratzen zen euskaraz. Gero, gutxitu egin ziren, baina ba dirudi berriro arlo hau jorratzen dela, eta hau pozgarria da.

"FORUAK ETA EUSKAL LITERATURA". Angel Zelaieta. LUIS HARANBURU editorea. 112 horrialde.

Beste saio bat. Angel Zelaietak, bere lanak, arreta handiz antolatzen ditu eta aztertzen dituen pasarteak zuzen eta zorrotz tratatuak izaten dira.

"EUSKERA". Euskaltzaindiak argitaratua. 410 horrialde.

Euskal Akademiak urteko lanak argitaratu egiten ditu, eta 1978 urteari dagokion lehen tomoa zabaldu berri da. Liburu honetan urtarriletik ekainera egindako lanak aurkezten dira.

"NAPOLEON, FRANTZIAKO ENPERADORE", Xabier Gereño. Idazle bera editore. 128 horrialde. Prezioa: 150 pezeta.

Napoleon Bonaparte-ren lehen biografia euskaraz. Arlo hau ez zegoen orain arte euskal literaturan ikututa. Liburu honekin "Zubi Saila" (Biografia eta Historia) hasten da. 13 foto.

"PERU ABARKAREN BERRIRAKURTZEA", Angel Zelaieta. LUIS HARANBURU editorea. 150 horrialde.

Angel Zelaieta-ren beste saio sakon bat. Oraingoan, Mogel-en liburu famatua aztertzen du ohi duen maisutasunarekin.

"AZKENEAN, DILINDAN", Jin Casenave eta Martin Larzabal. Idazleak berek editoreak. 140 horrialde. USTELA saila.

Euskal literaturan bide berriak urratzen. Liburu herritarren parean hauetarikoak ere behar ditugu, populismo batetan jausi nahi ez badugu.

"HILARGIAREN HOTZIKARAK", Pello Lizarralde. Editorea, idazlea bera.

Hau ere Ustela sailekoa. Liburu labur bat, irudi ugariz hornituta. Hitz gutxi, baina sakon aztertu eta aukeratuak, lanaren osotasunaren barnean efektua eman dezaten.

"MAHOMA, ISLAM-EN SORTZAILE". Xabier Gereño. Idazlea bera editore. 128 horrialde. Prezioa: 150 pezeta. "Zubi saila"-ren bigarren alea.

Liburuaren lehen partean Mohamaren bizitza aurkezten da, eta bigarrenean haren ondorengo Kalifen ekintza nagusiak eta hiru Gurutzadak. 13 foto.

XABIER GEREÑO


Euskal Herria

ETA-ko gudari buruei tiroka. Errepresioa errefuxiatuentzat eta Iparraldeko herri eritzia errefuxiatu eta lekuko abertzaleen kontra altxarazi

Azken bospasei hilabete hauetan, espainol eskuindar talde harmatuak Euskal Herriko Iparraldean ari zaizkigu ETAko gudariak sailean tiroka botatzen. Egia erran, lehenagotik ere lotuak ziren bide horri, hala nola Donibane Lohitzunen Tomas Perez Revilla bere andrearekin tirokatu zutelarik, Biarritzeko Milady kalean errefuxiatu baten autoa plastikatu zutelarik, Txomin Iturbideren autoa bizpahiru aldiz, Etxabe anaien ostatua eta Zabal liburudenda halaber zartagailuz xehatu zituztelarik. Besteak beste.

Eta kasik aldi oroz, espainol frankista errabiatu horik frantses tirokari eta plastikari ofizialen laguntzaz baliatu dira. Hauk OAS (Algeriako gerla denboran sortu erakunde militar ixila) eta duela zenbait urte agertu DELTA erakunde faxista, izan direlarik orain arte. Erakunde hauek biek jakinarazia dute, nola ibiliko diren zuzenean euskaldun gudarien erahiltzen.

Hona nor noiz tirokatu dituzten azken bospasei hilabete hauetan:

- 78ko Uztailaren 3ko gauean, Donibane Lohitzunen, Etxabe senar emazteak, hau lekuan bertan hila uzten zutelarik, eta J. Jose handizki zauriturik.

- 78ko Abenduaren 21ean goizean, "Argala" deitu Jose Migel Beñaran Ordeñana, bere kotxea pizterakoan, zartagailu batek xehatu zuena.

- 79ko Urtarrilaren 13ko goizean, laupabost metrotatik ehiziko harma batekin, eskuan, buruan eta bularretan zauriturik utzi zuten Jose Manuel Pagoaga, "Peixoto" deitua.

Ez da ohiki horrelako galderarik idazten, baina Iparraldean guti edo aski gehienen gogoan dabilena hauxe da, zorigaitzez: hurrengo tirokada edo zartagailu norentzat eta noiz? Zeren, itxura guzien arabera, espainol frantses talde eskuindar faxistak bide horretatik joateko deliberatuak baira.

Eta hau guztiau guti zelarik, azkenik beldurrez espero zitekeena, Oreja espainol ministrariak Parisera egin bidaiaren ondoren, Giscardek zazpi errefuxiatu entregatu dizkio espainol poliziari, berehalaxe gartzelaratuak izan direnak, eta besteak Euskal Herritik bota dituzte, Alpeetako Valensolera.

Zer ondorio dakar honek Iparraldearentzat?

Tirokada eta zapalkuntza giro horren ondorioz, Iparraldeko jendearentzat ondorioa bi eratakoa da, ene ustez. Eta da:

- Alde batetik, horretaz baliatuz, euskal burrukaren kontra direnak, irudiz bederen, erradikalizatzen ari direla, herri gizon, notable eta berribideak, dela egunkari, irrati eta telebistak, aitzindari eta supizle dituztelarik.

Hala nola, Donibane Lohitzuneko herriko etxeko kontseilari gehienek hiri horretan bertan egin manifestaldi baketsua eta Argalaren erahilketa berdin kondenatu zituen bere agirian. Ondotik nahasketa berdina egin zuen departamentuko kontseilari jeneralen agiriak. Baionako herriko etxeak eta Biarritzeko alkateak halaber egin zuten. Hendaiako herriko etxeko kontseilua bakarra izan da atentatua kondenatu zuena eta honen kontra egin manifestaldia ulertzen zuela esan zuena. Eta nonbaitik ere irrati-telebistek agiri hau ez dute aipatu!

Beste aldetik, berriz abertzaletua den jendea, ehuntaran edo portzentaia oraindik apal dagoena, giro horren bidez berriz piztu bezala egin da eta bereziki alderdi, erakunde eta taldeen artean, senditzen ari gara, halako elkarretaratze nahi eta behar bat sortzen ari dela. Eta ondorio on hori gehienbat urtarrilaren hamazazpian, Donibane Lohitzunen egin den manifestaldian agertu, da. Frantses indar harmatuek, bizpahiru egun aitzinetik, Hegoaldeko jendea ez zuten mugatik iragaitera uzten. Baina halere, Iparraldetik bi milako bat jende bildu da. Ez baita segur jende biltze ttipia. Eta gauza bera gertatu da, otsailaren hiruan egin manifestaldian, non hiru mila bat jende bildu baitzen.

Eta bururatzeko erran dezagun, Pariseko gobernua Madrilekoarekin eskuz esku doala, alde batetik Iparraldean gertatzen ari diren tirokadak gertatzera utziz eta gertatu ondoren tirokariak ez bilatuz. Eta gainera, oraintsu ikusi bezala, hemen ditugun errefuxiatuen kontra ari dira. Espainol gobernuari berauk entregatuz, Euskal Herritik irtenaraziz, paperak ez berrituz eta hola. Ez dugu ahantzi behar ere, nola duela zenbait urte, Iparraldean egin plastikatzean ondotik arrastatuak izan ziren hobendunak edo libro utziak, edo guti gaztigatuak izan ziren edo oraino, Baionako Hauzitegiaren nahiaren kontra, orduko espainol kontsulak berak mugaraino eraman zuen Martinez izeneko bat, bere autoa harmaz kargaturik hatzeman ziotena.

Dudarik ez da frantses gobernariek eta Ipar Euskal Herrian dituzten muti interesatuek, ez dutela Hego aldeko sua Iparraldera hedatzera utzi nahi, baitakite arras ongi zenbait mende hontan beren zangopean daukaten euskal koloniak ere beregaintasun edo askatasun egarri bizia ukanen duela luze gabe, baldin bide horretatik joatera uzten badute.

GEXAN LANTZIRI


Euskal Herria

Soriatik etxeraino

Urtarrilaren 25ean preso bi irten ziren Soriako espetxetik. Gurutze Gonzalez Armiñanzas eta Tomas Gomez Casado. Asken honekin mintzatu gara, erdaraz, euskaraz egiteko ez baitu presondegian aski ikasi. Otxarkoagakoa da, hemeretzi urtekoa eta langile kablefaktorea. Hiru hilabete baino gehiago iragan ditu gartzelan.

Zer moduz?

Orain ondo, oso pozik, irten ondoren. Iragan izan dudan egoera txarrean pentsatzen dudan arren, eta gelditu direnengan.

Noiz sartu zintuzten?

Urriaren hemeretzian. Gaueko ordu batetan, lau polizia etorri zitzaizkidan bila, ez nengoen etxean baina heldu nintzenean harrapatu eta Indautxuko komisariara eraman ninduten.

Zenbat denbora interrogatorioan?

Gau hortan ordu bietatik goizeko zazpiak arte interrogatu ninduten. Gero kalabozoetara eraman ninduten joka grisek eta ordu bete ondoren berriz ere interrogatorioa. Arratsaldean ere berdin. Eta honela bost egunetan.

Noiz irten zineten komisariatik?

Seigarren egunean goizeko hamarretan deklarazio bat zin erazi zidaten mehatxuka, pistola bat ipini baitzidaten bekokian.

Arratsaldeko seietan eraman gintuten Basauriko espetxerantz.

Espetxera eramaterakoan kolpeka aritu zirela esan zen...

Basaurira eraman gintuztenean lau furgonetak eskoltatzen gintuzten. Berrogei bat polizia genituen sei deteniturentzat.

Mehatxuka aritu zitzaizkigun etengabe eta espetxerako sarreran hogei bat minutu kolpeka ukan gintuzten.

Basaurin zer moduz izan zineten?

Hogeita lau geunden militarren komunan eta hamasei bat politiko-militarrenean. Hemen bizimodu aski normala egin genuen. Urriaren 25ean sartu ginen eta abenduaren 27ra arte egon ginen.

Irteteko zinen ia egun hoietan...

Bai, baina 27an, goizaldeko bost eta erdietan espetxeko zuzendaria agertu zen eta trasladatu egin behar gintuztela esan zigun. Inuzenteen eguna aurreraturik ote zen galdetu genion... Baina guardia zibilak heldu eta oheak deseginik eta arropak harturik, gu oso urduri ez baikenekien nora eramaten gintuzten, furgoietara joan ginen.

Soriaraino. Ez dea?

Bai. Ailegatzerakoan 300 bat gris eta 300 bat berdek eman ziguten ongi etorria. Galeria eta zeldatan sakabanatu gintuzten eta 24 bat ordu ukan gintuzten zeldetatik irten gabe.

Geroago, zer egiten zenuten normalean egunero?

Beti berdin. Goizeko zortziretan jaiki, bederatzirak arte zelda garbitu, bederatziretan gozaldu, hamarretatik hamaikak arte libre, hamaiketatik ordu batetara patiotik paseiatu, ordu batetatik bietara galerian, ordu bietan bazkaria, ordu bi eta erdietatik lauretara galerian siestan edo...

Laurak eta laurdenetatik seietara patioan, harik eta zortzirak arte libre eta gero afaltzera. Bederatzietatik hamabietara telebista ikusten edo...

Funtzionarioez aparte ba al zen poliziarik espetxe barruan?

Noski, Barruan ziren guztiak, asko. Basauriko sarreran kolpatu gintuen konpainia berbera zen Sorian era zaindaria.

Eta gutunak, bisitak eta horik...?

Gutunak, heltzen ziren guztiak sartzen ziren, baina zentsuratuak. Euskaraz ez, euskaraz zatekeen oro ezabatzen zuten. Guk gutun bakar bat bidali ahal izaten genuen astero.

Bisitak senitartekoenak bakarrik. Andregaia ere joan ahal zen, baina herriko apaiz eta alkatearen baimenarekin. Bisita bakoitzean lau pertsona bakarrik sar zitezkeen, astero behin. Niri asteazkenetan...

Euskal Herrian pasatzen zenan enteratu izan zarete?

Egunkarien bidez, baina egun bi edo hiru beranduago. Irratia entzun ahal zen, baina S. E. R. katea bakarrik. F. M. eta horik deus ere ez. Telebista ere bederatzietatik aurrera. Eta larunbat gaueko filmea ikusteko instanzia bat idazti behar zitzaion zuzendariari...

Zenbat zeundeten Sorian?

106 bat ginen. ETA militarrekoak gehienak, 60 bat, pmak 28 bat eta baita ere 14 bat autonomo, 2 pm eszinditu eta independiente batzu.,. Astero behin bakarrik egon ahal ginen batera.

Istiluak ere izango ziren zuen artean

Eztabaida eta istilu ideologikoak ba ziren talde desberdinean artean. Hortik aparte arazo pertsonalak ere... Baina hau beste arazo bat da.

Espetxeko kondizioetaz zer...?

Oso larriak, etsigarriak, jasangaitzak. Telegrametan ere esaten genuen. Zakurrada barruan delako, barruko tentsioagatik, herritik urruti gaudelako, elikadura desegokiagatik, kanpoekin komunikatu ezinagatik... Oihu egitea ere debekaturik dago, Esnatu eta ezin izaten nuen eguna hasi irain bat bota gabe.

Nola irten zara?

Fiantzapean, 40.000 pezeta depositatu ondoren, eta hileroko batean eta hamabostean juzkatuan presentatu behar naizelarik. Ostegunean irten nintzen, urtarrilaren 25ean. Juizioaren esperoan edo, baina ez dakit noiz izango den.

 Otxarkoagara itzuli eta zer egin duzu egun hauetan?

Amak lau egunetan entzerratua eduki nau etxean, gaur arte.

 Lantegian onartu zaituzte berriz ere?

Bai, kablefaktore lanean jarraituko dut lehengo leku berberean. Aste hontan hasiko naiz lanean.

Eta bestelan zer? Zer plan duzu...?

Ba, ostegunean, otsailaren batean, juzkatuan presentatu behar naiz. Ostiralean Basaurira joateko eskatu didate amnistiaren aldeko biltzarre batetara. Ba hori...

Harritu naiz kaleak poliziaz hain beteak ikusteaz. Oso zaila da arazoa, baino ea preso guztiak ateratzen ditugun. Orain da garaia...

Joseba Sarrionaindia


Euskal Herria

Historia triste baina benetakoa

Telesforo Montzonen gartzelatzearekin bukatu den prozesua, nahiko argi agertu da egunkarietan. Gartzela barruan eginiko komunikatuak ere ezagunak dira. Horregatik eta zerbait desberdin egiteagatik, ekintza horretan gertaturiko gorabeherak, bertsotan kontatzea pentsatu izan dut. Baina irakurtzerakoan, bertsoak kantatzeko direla jakin behar du irakurleak. Ea, ba, zortziko nagusiarekin erabiltzeko dauden doinuetariko batekin kantatzen diren! Eta bide batez, bertso hauk Telesforoganako errespetu eta solidaritatearen agerpena izan daitezela, zeren berarekin egondako beste guztiok ere, berak egin dituen ekintza berbera egin baitugu. Ordea, hemengo justiziaren desjustiziagatik, bera zigortu nahi izan dute, horrela gure sinbolo baten aurkako iraina egiteko asmotan edo. Baina Telesforok ba daki, burrukan segituko dugula, irabazi arte.

Bertso hauekin agertu nahi dut

gertatu zaigun kontua,

pentsatuz beti alaia dela

burrukarako kantua.

Euskal Herria txiki izanik

ez da inola tontua

eta gogorki azaldua du

seme zintzoen zantzua

Ostiralea izan omen zen

guztiontzako eguna,

eguerdi aldean denak batera

aurrera egin duguna.

Diputazio barrura sartu

gure Herri Batasuna.

"Etor dadila hitz egitera

etxe honetako jauna".

Ba dira jaunak, bi guttienez,

baina ez dira ausartzen.

Eta laisterka saiatzen dira

bide zidorrak kurritzen,

gure begien bistatik ongi

lotsa gabe izkutatzen.

Problemak alde batera utziz

ez dira, jaunok, konpontzen.

Berehalaxe etorri ziren,

guztiak kaskoarekin.

Goiko ordenak zirela eta

behar genula aldegin.

Gure aldetiko erantzunaz

ez zuten hartu atsegin

eta atera izan gintuzten

itxura demokratekin.

Kaleratuak izanagatik

ez da amaitu ekintza

Autoa hartuz, Donostiara

zuzendu dugu urratsa.

Udaletxean jarria dugu

hortarako esperantza.

Aurrerantz, bada, adiskideok

horretan ez da zalantza.

Agintariek hartu gaituzte

hitzez itxura onean.

Gela ederra eskaini ere,

moketa fina lurrean.

Hitzak ederrak gauzak uzteko,

ahal delarik pakean.

Gero txakurrek bota gaituzte,

gestorakoen aurrean.

Berriro ere biharamunean,

oraingoan Gasteizen,

hirugarrengo ekitaldia

muntatzeko asmoa zen.

Diputazio baino hoberik

gure eritziz ez baitzen,

modu onean barrura sartuz,

presoen alde gengozen.

Lehendakariaz mintzaturikan

lasai ginen gu geratu

Horrela, bada, ez geneukan

beraz ezertan kezkatu.

Modu honetan Kazetariak

prentsaurrekoan elkartu

ta inolako presarik gabe

genien dena kontatu.

Bertan geundela heldu zitzaigun

miñoien komandantea,

bere ahoa hitz goxo, bigun

eta ederrez betea.

Kalera isilik irteteko

egin zigun gonbitea

baina horrela ez da apurtzen

lotzen gaituen Katea.

Minutu pare pasatu eta

gizontxoaren zarata:

"Hiru minutu dauzkazue"

huraxe zen txalaparta.

Zutik jarri da Telesforo 'ta

diotso zirt eta zarta:

"Geure kabuz ateratzeko,

ez hiru ta ez hamaika".

Nazional adjetiboarekin

pilo ederra sarturik,

bakotzarentzat bi zirelarik

alde banatan jarririk.

Komisariarako bidea

jende guztia bildurik,

furgoi grisean hartu gaituzte

guztiok deteniturik.

Kalabozuak, behekaldean,

leku itsusia zinez,

han minutuak eta orduak

pasatutzen dira nekez.

Sei metro luze, lau metro zabal

zeukan gureak gehienez;

hamabost gizon hor egoteko,

horixe ez da ezer ez.

Emakumeak ere ba ziren

gurekin batera gogor.

Burrukalari zintzo izanik,

hori ez dira edonor.

Beste gelatxo ttiki batetan

sartu zituzten denak hor.

Hoien laguntzaz askatasuna

benetan daitekela lor.

Bi egun pasa genituen han

umore oso onean.

Hainbeste lagun berri ekarri

ziguten lehen gauean.

Eta azkenik beste multzo bat

berriro ere igandean

Lekurik gabe, lo egin zuten

aurreko pasabidean.

Antza dagoenez, juezek ez dute

lanik egiten jaietan.

Horregatikan astelehenean

esna gaituzte seietan

Ametsak alde batera utziz,

juezaren pare hizketan.

Berbaldi horik ez dira izan

oso luzeak benetan.

Euskaraz mintzo, eta juezak

gaztelania ez dela

beste galderarik egin gabe

atera gaitu berehala.

Gure hizkuntza nazionala

ongitxo ikas dezala!

Araba ere euskalduna zen

agertu arte Gaztela.

Egintza bera burutu arren

zigorra ez da berdina.

Batzu kalean ipini ditu,

juezak dirudi sorgina

Gure burua altxatu gabe

egin du jugada fina.

Ez zenuke horixe egingo

oso faxista ez bazina.

Gero berdeak etorri dira

grisen eskutik kentzeko

esposa batzu beren eskuan

geure eskuak lotzeko

Nanklareseko gartzela hontan

penarik gabe sartzeko,

indar izugarria ikusiz

gu guztiok beldurtzeko.

Hamaika jarri kalean eta

bestea utzi barruan

Erabakiaren esangura

ez zaigu sartzen buruan

Hori intsultu bat izan dela

esan dezagun altuan

Horrelakorik ez da izango

Euskal Herri askatuan

Jaun agurgarri eta zintzoa

sarturikan espetxera,

herri xehean sortu nahi dute

beldurra eta ikara

Baina Montzonen bidetik gora

aurrera joango gara,

burruka egiteaz aparte

ez baitaukagu aukera.

J. R. ETXEBARRIA


Euskal Herria

Txistu-danbolinez (I)

Tradizioak eskatzen duenez, Urtarrilaren 8 an, eta Bilboko Areatzeko kioskoan, gure txistulariek, Boniren zuzendaritzapean entzumena ferekatu egin ziguten. Txaloak ugari jaso zituzten. Guk ere, kontzertua eskertzeaz gainera, Bizkaiko Txistularien Elkartearen ordezkaria den Jose Manuel Martinez Lizarzaburugana jo dugu, Anaitasunaren irakurleei hain gurea dugun txistuaren bizitza eta gorabeheren berri emateko asmoz. Iturribide 14garrenean gaude, Txistularien Elkartearen ordezkaritzan, halegia. Igogailurik ez dago eta, antsalkor heldu naiz. Txikito bat eskaini dit J. Manuelek. Nik, telefonorik ote dagoen galdetu diot, norbait deitu behar dut eta. Ez, ez dagoela.

"Pobre gara elkartekoak: jasotzen ditugun kuotatxoez ez gara holako luxuetaraino heltzen" diost.

"Eta gainera" —diot nik neure baitan— "zertarako telefonorik txistu eta ardoa badauzkate"? Harira goaz. Nonbait (1) txisturik zaharrenak 20.000 urte duela eta Isturitzen aurkitu zela irakurri dudala diotsat. Baina ez gara antropologiaz ari izateko asmotan etorri.

Anaitasunak: Nola eta noiz sortu zen Txistularien Elkartea?

— JMek: Arraten, 1927. ean, garai hartako zenbait txistulari bildurik. Urte haietantsu hasi ziren beste alde batetik, txistularien bandak (lehen txistua, bigarrena, silbotea eta atabala) eratzen.

— Anaitasunak: orduan bandak sortu arte nola jo izan zen txistua?

— JMek: Lehen, txistua atabalarekin. Gero bi txistu, bikotez, atabalarekin.

Silbotea noiz jo zen lehendabizi ez dakigu. Aurreko mendeko azken urteetan erabiltzen zela bai, ordea. Silbotea agertu gabe, urte haietako bandak senitar keok edo udaletakoak ziren. Eresgailu horen agerpenak problema bat zekarkien azkenengo hauei: udalen langile sailen zabaldu beharrarena halegia.

— Ak: Barka. Ea diskogailuarekin batera mundu honetara jaiook ezin soma dezakegu zertarako beharko zukeen udal batek txistulari banda bat...

— Jmk: Betekizun askotarako, noski: ospakizunetan alkatea eta zinegotziak laguntzeko, erromerietarako...

— Ak: Txistularien Elkartearen eraketaz ari ginen. Euskal Herriko probintzia guztietako txistulariek hartu zuten parte?

— Jmk: Horixe.

— Ak: Eta zer zela eta, ikusi zuten txistulariek elkartzeko beharra?

— Jmek: Hasteko, partituren problema zen. Txistulari batzuk ez zituzten beste batzuren doinuak ezagutzen eta errepertorioak oso mugatuak ziren. Ba zen, noski, bere gogoko txistulari bat edo biren entzutearren txango luzeak egin ohi zituen txistularirik. Noizean behin txistulari batek bere musika-sailaren pieza bat kopiatzen zuen, beste txistulari batentzat, pta bat jasoz. Dakusazunez, txistularien arteko harremanak murri-murriak ziren eta berekaxakoak Hori horrela zelarik, Sandalio Tejada izeneko Bizkaiko txistulari batek egin zuen Arraterako deia. Ideia bera, Mungialdean sortu ei zen Arraten hogei t'hamartsu txistulari bildu zen. Geroztik goi-mailako txistulari guztiak hasi ziren beren doinuak argitaratzen, txisturako musika-saila aberastuz, beste besterik ez dagigu guk ere gaur egun Elkartean

— Ak: Zehatz al dezakegu txisturako idatzi zuten konposatzaile haietariko izenik?

— JMk: Ba, Guridigandik hasita, denak.

— Ak: Arrakastarik izan zuen Elkartek?

— JMk: Besoak zabalik hartu zuten txistulariek: Elkartearen aldizkariari begiratu besterik ez dago. Laster hasi zen harpidedunen kopurua handitzen, itza txistulari guztiak sartu arte. Gaur ia 3000 gaude, erdi bat Bizkaian gaudela ehuneko 30 Gipuzkoan, hogei. Nafarroan, 10 Araban, eta gainentzakoak Ameriketan eta Estatuaren beste probintzietan sakabanaturik daudela.

— Ak: Nola azal daiteke Bizkaiko ehuneko 50 hori

— Jmk: ... ez dakit. Dena dela biziki perpiztu da hemen txisturako joera, jotzen dutenen kopuruari bagagozkio, kalitatearen kaltez, nire irudiko.

Gauza bitxi bat gertatzen da gainera: Bilbon eta Ibaizabaleko hibaiertzeko herrietan kokatzen dela ehuneko 50 eko gehiengoa. Behar bada herri koskorretan txikietan baino errazago delako Txistulariren Akademia baten eraketa.

— Ak: Otsoa aipatu ta otsoa agertu: nola dabil txistuaren irakaskuntza?

— Jmk: Lehen familietan ikasten zen. Ba da, izan ere semei beste inori txistua jotzen irakatsi nahi izan ez dionik, eta hor dirau hainbeste familia txistularik: Gipuzkoako Ansorenak. Arabako Askasok eta Olaetak, Batzango Elizaldek, Bizkaiko Landaluzek... Baina azkenengo hauek beste askori irakatsi zioten, zorionez. Gero Musikaren Akademiek ere onartu zuten txistua. Udal-akademiak daude ere.

— Esan beharrik ez dago ere, Frankismoak txistua suntsitzen ahalegin guztiak egin zituen Orain, txistuaren berreskurapena Euskal kultura beraren berreskurapenaren zati bat besterik ez da.

Gainera egun, txistua ondo landuta daukagula esan daitekeelakoan nago, batez ere gainontzeko xirula folklorikoekin gonbaratuz gero. Ba daude Salamancan, Huelvan, Balearetan eta abarretan, txistuaren antzeko xirula batzu, baina ez dira txistuaren ahalmenetaz jantzi izan; oso primitiboak geratu dira, ez dira txistua bezain trebatu izan.

Gaur idazten diren obrek, musikaren oinarri sendo bat eskatzen dute.

Donostiako Kontserbatorioan 6 ikasturtetan moldatu da txistuaren ikaspena. Hau baina, hots, txistua kontserbatorioan sartzea beste inon ez da lortu: Donostiako Akademia, eta Kontserbatorioa Diputazioarena dugu.

Donostian, hain zuzen, jadanik mitiko bihurtu zaigun Ansorena haren biloba batek, J.I. Ansorenak, lortu du oposizioz Kontserbatorioko txistuaren irakaspenen zuzendaritza.

— Ak: Orduan, txistua landu egin zaigu, baina orkestan sartzeko adina?

— JMk: Hortarako Txistuaren Fa sostengatuaren afinaketa aldatu behar izan zaio, Fa naturaleraino jeitsieraziz. Bonik berak, hain urrutira joan gabe, hauetariko txistu batez jo du askotan "Amaia"ren ezpatadantza orkesta eta guzti, arrakasta handiz.

Txistu klasikoa, ordea, bere jatorrizko afinaketarekin darrai.

BORJA BARANDIARAN

(jarraituko da)


Euskal telebistarako urrabideak

Noizbait ere somatzen da Euskal herrian euskal irrati-telebistarako kezka eta min bizia. "Iraultza ala hil" esaten bada, "euskal irrati-telebista ala hil" ere beharko da esan Euskadik euskaldun era euskal Herri bezala iran era berpiztu nahi badu. Dagoeneko komunikabideon kolonialismoaren barnean RTVEk diskriminazioz jokatuko du hauteskunde kanpainarako telesaioak banatzean. Gehiengo, erdirakoi eta parlamentariek izanen dituzte soilki ordu onak.

Gipuzkoa aldetik gehien bat mugitu dena Frank Otxoa da, Euskal Zinegileen Elkartekoa bera, LAB sindikatukoa, era Donostiako Irrati nazionalean dihardu. Horregatik, eta euskal irrati-telebistaren arazoa eta urrabideak harrotzeko, elkar ikuska Frank Otxoarengana jo dugu.

Irrati telebistaren grebaz

— Nolako garrantzia izan zuen oraindik orain irrati telebistakook egin zenuten grebak?

— Frank-Handia. Espainian lortu den irrati telebistako lehen greba bilakatu baitzen. Bunkerraren habeak erortzen hasiak dira.

— Gai honetan arrunt garenok ez dugu delako "profesional erreklasifikaziorik" konprenitzen.

— Frank-Halegia, irrati telebistako profesio desberdinek profesionari bereziak betatzeko erizpidea baizik ez da eskatzen. Oraindik ere erantzukizun handienetariko karguak eta profesio bereziak lehengo (frankista eta) txaketero leialez beteak aurkitzen baitira. Profesionaltasuna da langileok exijitzen dugun erreibindikapen nagusienetarikoa.

— Baina, estatu mailan profesionaltasunari dagokiona exijitu baduzue, lortu ahal duzue ezer Euskal Herrirako?

— Frank-Bai, Gipuzkoa ta Bizkaiko langile gehienok, LAB, ELA eta CC.OO.k izenpeturik agiri edo alternatiba bat atera genuen. Ageri hau EGIN egunerokoan argitaratu zen.

— Greba horrekin zertan aurreratu da, bada?

— Frank-Lehenik Herria, alderdiak, kultur taldeak, e.a. kontzientziarazten lagundu. Kontutan hartu behar da, greba Madriletik kanpo, nazionalitateetan indartu zela, hau da, Canarias, Catalunya, Galiza ta Euskadin.

— Eta zertan dago Espainiako irrati telebistaren korrupzio arazoa?

— Frank-U.C.D.k ba zekien jakin irrati telebistaren korrupzio eta lardaskeria, eta iritsiko dela garbiketa bat egiteko garaia. Beraz, aurrea hartzen du, eta garbiketa baten ordez bere komenientziko moldaketa bat egin nahi izan zuen. Beste alderdiak ere, ordea, ohartu ziren komunikabideon garrantziaz eta horien eraginez eratu da korrupzioa garbitzearren Inkestarako Batzordea.

— Eta, euskal langileek ba ahal duzue parterik Batzorde horretan?

— Frank-Gu ere dossier eta erizpide batzu bidaltzekotan gara.

Aurreprojektu ofizialak

— Noren menpe edo eskupean geratuko ote irrati telebistaren katea?

— Frank-Bi aurreprojektu sortu ziren Gorteetan (hurrengoetan beharko) erabakitzeko. Bata U.C.D. rena, eta bestea, P.C.rena. U.C.D.ren aurreprojektua guztiz erdirakoia da, eta nazionalitateentzat ez da autonomia zirrikiturik ere uzten. Zirrikitua, berriz, irrati-telebistaren pribatizatzeari irekitzen zaio, baina nazionalitate edo erakunde autonomoak, inola ere, kontutan hartu gabe. Horretarako, orain arte irrati-telebista entrepresa bakarra dena, lau entrepresatan banatuko litzateke, telebistako kanal bi, eta irrati kate bi.

— P.C.renari hobea ahal deritzozu?

Frank-P.C. rena, bere txarrean, erosoagoa da. Tamamesek aurkeztu bazuen ere, ba dirudi Catalunyako PSUC-ek eratu duela aurreprojektua, eta horientzat irrati-telebista Estatuak (parlamentuak) kontrolatua, pluralista eta nazionalitateetan dauden erakunde autonomoak kontrolatuko lukete. U.C.D.rena baino aurrerazalegoa, U.C.D. argi baitabil PSOEk boterea jasotzerako komunikabideon pribatizatzea errazten.

— Baina, gorte zaharrak deuseztaturik eta hauteskunde kanpaina honetan zer gertatuko da aurreprojektu horiekin?

— Frank-Gelaturik geratu dira aurreprojektu biak. Areago, U.C.D.k ikusi du hauteskunde kanpainarako komunikabideon garrantzia eta beharra, eta aski leundu du langileekin greba ondoren zuen lehen jarrera. Beste greba batean ekitekotan ginen, bainan, U.G.T.koak ere bere hortan utzi nahi dute dena, hauteskundeetako kanpainaren pribilejioak zaindu beharrez.

Euskal irrati-telebista urratzen

— Gatozen Euskal Herri. Euskal irrati-telebistarako mugimendurik nabari al da?

— Frank-Deus gutxi, baina nabari da. Euskal irrati-telebista oraingoz helburu nagusi bat baizik ez da. Hortaratzeko bi aldetatik behar dugula deritzot. Alde batetik, dagoeneko irrati telebistatik euskarazko orduak, e.a. eskuratzen autonomia bat lortu arte. Baina bide hau luzeegia, aspergarria eta bihurria gerta dakioke euskararen agoniari. Eta, oinarri oinarrizko pausoak emanez abiatu beharko dugu. Adibidez, Banco de Bilbaokoek langileentzat telebideo istudio bat muntatzeko dira. Hortik erasotzea zuhurra litzateke Telebideo istudioak sortu, euskal programaketak areto itxietan ematen hasi e.a.

— Euskal Kontseilu Nagusiak edo... ez ahal du hontaz deus egin?

— Frank-Euskal Zinegile Elkarteak ihaz presentatu genuen euskal irrati telebistarako lehen alternatiba bat, eta harez gero deus egin ez eta ere, ba dirudi azken bolara honetan Iñigo Aguirre, Donostiako Diputazioko Olaizola handik hona mugitzen hasiak direla. Baina, benetako irratitelebistarako lehenik euskal alternatiba bat egin behar da, giza ta teknik azpiegitura bat sortu, eta kanpaina bizi ta herrikoiak bultzatu. Azken batean herri borroka batez lortu beharko da euskal irrati-telebista.

— Zer deritzozu euskal irratiak oinarri bezala?

— Frank-Experienzia motzak dira. Herri Irratikoa da interesgarriena, baina alternatiba orokor baten barnean ezarri behar dugu. Arratekoa euskaldunegia zelako itxi egin digute, eta Segurakoa, berriz, OPUSen eskuetan erori omen da.

ALEX


Hamabost egun hankaz gora

NAFARROAN, 10.000 pertsonentzako basilika

Nafarroako Diputazioak, lege guztiak hankartetik pasatuz, lurpeko basilika bat egin nahi du Xabier herrian. Denok dakizuenez, Frantzisko Xabier Deuna herri horretan jaio zen, eta jesuita zenez gero, Jesusen Konpainiak eramaten du gaztelua eta orain dagoen eliza.

Diputazioak egin nahi duen basilika hori, 10.000 pertsonarentzat izango da eta 224.430.545 pezeta kostatuko da.

Projektu hau, Diputazioko presidentea den Amadeo Marcok eta Jesusen konpainiako Recondo aitak prestatu dute. Dena isilean egin dute, eta konfabulazio guztiak bezala, ezkutuko eskutitzak ere erabili dituzte.

Gaurregun, Xabierrera urtean bi aldiz joaten dira nafarrak, peregrinazioan, eta beste egun guztietan ia inor ez da agertzen. Gainera, peregrinazio baino erromeria katxondoa da gehiago.

Hala ere (Jesuitak oso negoziante baitira) basilika hori egin nahi dute.

Zorionez, protestak ere hasi dira. Iruiñeko udalak errekurtsu bat egin du projektu horfen kontra, eta beste zenbaitek ere bai.

Faxista bat gutxiago

Julio Rodriguez, Francoren garaietan Hezkuntza Ministeritzako buru izan zena, Santiago de Chilen hil da. Giltzurrinetatik operatzera joan zen Txilera, eta ebaketa egin zioten ondoren... hil egin zen.

Julio Rodriguez jarri zuen martxan "Juliano egutegia" famatu hura. Horren araueraz, ikastaroak urtarrilean hasten ziren unibertsitate guztietan eta irailean bukatu.

Julio Rodriguez, Pinotxeten ondoan hil zen.

Norbait hiltzen denean sentitu egiten da, baina batzutan, poza sentitzen da.

Denei ailegatzen zaie ordua, laster ala berandu. Faxista bat gutxiago.

Paroaren irtenbidea polizia sartzea da

Madrileko egunkari batetan iragarki hau jarri zuten: "1.250 polizia harmatua gehiago behar dira! 45.000 pezeta soldata! Epea bukatzen da!".

Orain arte polizia gutxi genuen eta horrengatik beste multzo bat kontratatu nahi dute. Kondizioak oso errazak dira: taila 1'70 metro eta espainola izan. Gainera "lau erregelak" jakin.

Euskadin paro asko da eta anuntzioak edo iragarkiak hemengo egunkari eta aldizkarietan jarriko balituzte, segur aski jende asko apuntatuko litzateke. (Komaidios).

Hala ere, ez dugu larritu behar. Laster, polizia autoktonoa edo bestela polizia probintziala, jarriko da Euskal Herrian eta orduan apuntatuko gara.

Orduan, euskal prentsan (ZERUKO ARGIAN eta ANAITASUNA), eta EGINen eta DEIAn, Consejo General Vascok konbokatuko ditu plazak,*iragarkiak jarriko ditu, eta... poliziarako apuntatuko gara. (Komaidios).

Paroaren irtenbidea hau da!!: polizia sartu!!

"Abertzale" hitza Andaluzian erabiltzen dute

"Abertzale" hitza internazionala bihurtzen ari da. Euskal Herriak, eta euskarak batez ere, hitz eta bokablo gutxi exportatu du, baina orain "abertzale" hitza exportatzen hasi da.

Orain dela egun gutxi, Andaluziako PCE-k deklarazio batzu egin zituen bere diputatu ohiaren bidez, Fernando Sotoren bidez:

"Nuestros 'abertzales' de pitimini se permiten escribir que en Andalucía votar a UCD es innecesario, votar al PSOE arriesgado y votar a PCE resulta inútil".

Deklarazio hauk, Andaluziako PSA (Partidu sozialista) zentralisten kontra egiten hasi den kanpaina baztertzeko egin zituen Fernando Sotok.

_ Hona, bada, Andaluzian ere politikoak hasi dira "abertzale" hitza erdaraz edo espainolez erabiltzen. Eta gainera "TZ"-rekin idazten dute.

Segur aski, ez dute ongi ahozkatuko edo pronuntziatuko baina notizia hor dago: Andaluzian "abertzale" hitza erabili egiten dute.

Hemendik denbora gutxitara, Espainol Hizkuntzaren Akademia Errealak bere hiztegian sartu egingo du hitz nori. Baina, zein definizio jarriko dio?

Iñaki Zabaleta


Ohar laburrak

Deustuko ikasle batek berba

Deustu berriro ere itxita daukagu. Berriro ere agintaritzaren bakartasuna ikusi dugu agirian: inoren eritzia haintzat hartu gabe, beheko inork hautatu ez duen errektoreak, behekoentzako ona izan behar dena agindu du. Behekoek, uler dezagun ahal bait lasterren, ez dakite Deustuko bizitzan duten betebehar bakarra, zera da, entzun, ordaindu (urtean urtean geroago eta gehiago, alegia), ta ixilik jasatea. Besterik ez. Goikoek dute buruargitasunaren monopolioa (Deustun Izpiritu Santuaren emaitza berezia, noski). Espainiako Estatu Legeak gazteen adin nagusigoa 18 urteetan ipini badu ere, Deustuan adin nagusigoa ez da inoiz ere jadesten: goikoen aldean ikasle guztiok betirako ipotxak gara, nahiz eta berenetariko batzuk semerik eta edukiz. Orain hain sarritan ikusten dugun enpresarial bunkerraren antzera, Deustuburuek ez dakite elkar hizketan jartzen, jakintzaz josirik dihardutelarik ahaztu dute entzuten, eta beren hitz bakarra da hango monologo jakintsua, hango lege santua: ikasleei jaramonik ezean, ikasleek edozein egindakoa zigorgaia bihurtzen da, berez eta legez. Atzo lau zigortu, gaur berrogei, bihar denok agian Ekaineko azterketak galdurik, kalean, eta emandako dirua berriz atzera itzuli barik.

Honek ez du merezi gehiago luzatzea, nik uste. Bakarrik hauxe dut esateko, ea non demontre geratu den ikasleen mugimendua eta sindikalgintza. Franco-ren aldian ("Francorekin holakorik ez zen jazoten" esan beharko guk ere?) alderdiek polito sartzen zuten eskua ikasleen mugimenduan, eta hau dela eta, gure mugimendua ikasleen interesak zaintzen ez zituzten borroketan alferrikotu zen, apika. Orain, zorioneko demokrazia honetan, alderdiek ez gaituzte behar, ez dute gu kaleratzeko beharrik, eta laster ahantzi gaituzte.

Inoiz jakinen dugu ikasleek guretzakoa, lehengo eta behin, gordetzen? Noizko guk behar dugun Sindikatua, alderdikeriatik urrun urrun?

Expedienteak berriro ere

Deustuko unibertsitateak bertako lau ikasleri espedienteak zabaldu dizkie. Ikasleak "Colectivo Tomate Rojo" izeneko elkartekoak dira. "Colectivo" elkartekoek orma iragarkiak eta egin ohi dituzte, guztiak gatz eta biper ugariz.

Baina besterik ere egin izan dute; hala nola, azken bi urteotan, Franco generala zenaren omenezko hospakizun bikainak.

Eta aurtongo Urtarrilaren 13an San Kanutoren eguna hospatu dute goraki, beraiek eta ikasle multzo haundixka batek.

Baina hemen egon da koxka, zeren San Kanuto Suekoen saindu zaindaria da, eta enbaxadak protesta bat bidali du Unibertsitatera, suekoen debozioak errespetatzeko eskatuz.

Eta Madrileko prentsak Deustuko Unibertsitatean "Meza Beltzen" bat eman zen kontua zabaldu du, eta noski irakurleak ikaraturik geratu dira.

Hau guztiau dela eta, Aita Arantzadi Errektore Jaunak espedienteak egitea erabaki du. 29an bildu zen horretarako epai mahaia.

Baina ikasleria ia oso osorik ez dator bat jokabide honekin, eta 19tik honantz protesta gisa, Komertzialeko aberaskilokumeak eta Deretxokok batzu ezik beste guztiak ez doaz eskoletara.

Liburutegi Nagusian itxialdi bat egiten ari dira zenbait ikasle, beste guztien laguntzaz. Ikusteko dago gatazka zertan geratuko den. Arazoa oraingoz pil-pilean dago.

ENEKO SAGARZAZU

Fakultateetan grebak

Bilboko Unibertsitateko euskal koordinatzaile eta irakaslea den Jose Ramon Etxebarria, eta berarekin Euskal Herriak bere nortasuna gordetzeko burrukan atxiloturik izan ziren guztiak, berehala askatuak izan zitezen, agiri bat bota genuen prentsara.

Era berean Zientzia Fakultateko Jose Ramonen hainbat ikasle hertsialdi batetan hasi zen, batzu Zientzi Fakultatean bertan, eta beste batzu Bizkaiko Diputazioan. Azkenengo hauk bortxaz aterata izan ziren eta Bilboko Udaletxean sartu. Hala ere, egunotan Bilboko fakultateetan hainbat izan da greban.

 Irakaslego Eskola Normala 45 ikasle gose greban.

 Zientzi Fakultatean: J. R. eta lagunak askatu arte.

 Medikuntza Fakultatea: Basurtuko ikasleen problema dela eta, Hospitale kliniko bat lortzeko.

 Deustuko Fakultateak: Beren ikaskideen expedienteen kontra.

Montzon preso

Telesforo Montzon Olaso, Bigarren Errepublikaren sasoian, Euzkadiko gobernuan, Barne Arazoetarako ministraria izanikoa, geroztik Franco hil arte atzerrian bizia eta politiko eta kantagile legez biziki ezaguna Euskal Herrian barrena, Arabako Oka Langlareseko presondegian dago.

Herri Batasuna koalizioko beste hamabi partaideekin batean sartu zuten preso, Euskal Herriaren errepresio egoeratik protestatzeko egin hitxialdiagatik. Arraroena zera izan da, beste hamaika libre utzi eta bera bakarrik uztea barnean, nahiz eta horietatik guztietatik bera, seguru asko, ezagunena izan eta denei botatzen zitzaien akusazioa hamabientzat berdina izan.

Gizon honi salatzen diotena, aski abstraktua da: "apología del terrorismo". Hau guztiau are harrigarriago egiten zaigu, hauteskunde kanpainan sarturik gaudela pentsatuta eta gainera, Montzon H. B.-ren Gipuzkoako kandidaturan lista buru dela kontutan harturik, gobernuak torpeziaz jokatu duela ematen du. Ez dakigu UCD-ren gobernuak zer lortu nahi duen gartzelaraketa honekin, ematen baitu H. B.-ri dohainiko propaganda egiten ari zaiola. Beste ikuspegi batetatik ikusirik pentsa daiteke, hirurogei t'hamabi urte beteak dituen gizon hau gartzeleratzean, UCD-k jokabide gogor eta irmoa erakutsi nahi duela, batik bat, eskuinaldeko botu gehiago bereganatzeko. Espero dezagun Montzon, beste euskal preso guztiak legez, laster librerik eta gure artean ikusi ahal izango dugula.

CGV-ren estatutua eta euskararen diglosia

Hauteskunde sasoian sartuta, mitintan CGV-k eginiko estatutuaren alde daudenak, errepikatzen ari zaizkigu, horrekin euskararen egoera diglosikoa superaturik geratuko dela.

Nork bere jarrera izan eta defendatzeko duen eskubidea errespetatuz, estatutu horrekin euskararen desagerpidea konponduko dela esatea, gehiegikeria da nire ustez.

Aski da, Konstituzioaren mugetaraino ere iristen ez den estatutu horretan, euskarari buruz esaten denari begiradaño bat egitea.

Euskara ez da horretan Euskal Herriaren hizkuntza nazionala, beti pentsatzen izan dugun moduan, "propioa" baizik. Honen arabera beraz, eta Konstituzioak dioen bezala Hizkuntza nazional bakarra gaztelania da. Esaten da ere, Euskal Herriko —edo Euskadiko— erakundek euskara eta gaztelaniaren erabilkuntza ofiziala garantizatuko dutela, hizkuntza bien ezagumendurako neurri eta medioak jarriz. Baina estatutuan ez da behin ere aipatzen, guk erabat premiazkoa dakusaguna, hau da, euskara Euskal Herriko biztanle guztiontzat ezagutzeko derrigorrezkotasuna. Ez dugu konprenitzen, bada, nola demontre supera daitekeen diglosia, gaztelania derrigorrezkoa dela Konstituzioak baiesten duen artean, euskara guttien guttienez maila barean jartzen ez delarik.

Bestalde, Estatutu horretan ez da inolako eperik ezartzen kargu publiko edo ofizialetan daudenek euskara ikas dezaten, eta arazoa, orain arte hain argi erakutsi diguten intentzio onaz konponduko delako konfidantzan geratzen da.

Edo guk ez dakigu estatutua irakurtzen, edo erabat kontzepzio desberdinak erabiltzen ditugu diglosia hitzaz. Etab.

Martin eta Enrique telebistaz

Espainiako hauteskunde hauetan irabazle aterako bide den Alderdi Sozialistaren sozialismo moduaz oraindik desengainaturik ez daudenentzat, agian, adierazgarri samar gertatuko zitzaiekeen, Martin Villa jaun ministro abialak eta Mugica Herzog-ek eskaini ziguten berbaldia, eta berbaldia diot, ez baitut uste hari "debate" edo eztabaida izena eman zekiokeenik.

Euskal Herriko ehun preso baino gehiago Soriako gartzelan gose greban dagoelarik Errefuxiatuekin gertaturikoa, egunero gertatzen ari diren detentzioak, pairatzen dugun okupazio militar nabariaren aurreko bildurra eta fartsa burutzeko Montzon gartzelan uztea, terrorismoaren apologia egitea akusatzen diotelarik, bada, hau guztiau ez da ezer gure sozialista prestijiotsuarentzat, ondo egiten du Martin Villak haren ustez.

"Alternativa de poder" omen den alderdiak, ba du "terrorismoa"ren arazoari nolako soluzioa eskainiko dion ba dakigu, orain arte M. Villak eskaini dion berbera, eta orain artekoa terrorismoa sustraitik hiltzeko nahikoa izan ez baldin bada, soluzioa, polizia, bala pilota eta preso gehiago. Ondo da, baina Euskal Herrian antiterrorista porrokatu hauei botua ematen dietenak, gero eta guttiago baldin badira, ez daitezela kexa.

1979eko Uda Ikastaroak. Laukizeko artegintz hauzalana

Ehungintz, keramika, marrazki eta pintur lantegiak.

Goian aipaturiko eskulagintz teknikak ezaguterazteko asmoaz, Uztail-Agorriletan hilabeteko bi ikastaro intentsibori hasiera eman nahi diegu.

Ikastarook hurrengo erregelen arauera eginen dira:

Publikoari zabalik egonen diren lantegiak hauxek dira: Pinturarena, 6 ikaslerentzat, gehienik jota; marrazki kalkografikoarena, 4 ikasle; ehungintzarena (tapiz gabelinoa), 8 ikasle, eta keramika-buztingintzarena, 8 ikasle.

 Noiz: Lehen ikastaroa, Uztailaren 2tik 31ra.

Bigarren ikastaroa, Agorrilaren 2tik 31ra.

Astean 5 egunez emanen dira eskolak hilabete osoan, 2 lektibo izanik.

 Orduak: Goizeko 9etatik eguerdiko 1erarte, eta arratsaldeko 4,30etatik 7ak arte.

Ikasleek lantegi ezberdinetara etor daitezkeen enkarguzko lanak "ordaindurik" egiteko eskubidea edukiko dute.

Matrikula Otsailaren 5etik Ekainaren 1erarte gelditzen da zabalik. Matrikulatzerakoan, osoaren % 25 aurretik ordaindu beharko da, hau da, 2.000 pta.

lantegiak, azken buruan, ikasleen egokitze duinaz arduratuko dira.

Foru Diputazioak azala garbitu

Bizkaiko Foru (titulu gabeziak ez gaitu harrapatuko berehala!) Diputazioak etxearen kanpokaldea garbitu du. Oraintxe ari da azkeneko ikututxotan.

Ez deritzogu aldrebes egin duenari. Premia zuten eta zor zitzaiena eman die harriei: garbitasuna. Ormetako harriekikoa, bada, primeran bete du Bizkaiko Jaurerriko Foru Diputazioak. Gure eskuetan balego, ez genioke BIKAIN bat inola ere ukatuko.

Zinezko garbitasuna, ordea, egiteke dago oraindik. Eta noski, paretetako harriekin zerikusirik gabea da. Guk, Diputazioak bezala, garbitasuna hain gogoko dugunok haren barrua ikusi nahi genuke kanpoa bezain apain, txukun eta eder.

Ea noiz ekiten, diozuen barrua eta barrukoak garbitzeari!

X. OTAZURIALDEBARRENA

Tximino eta gizonaren arteko eslaboi berria

Etiopian eta Tantzanian egin diren ikerketetaz, gaurko gizonaren parienterik zaharrena izan litekeenaren zenbait aztarna aurkitu izan da. Aurkiketa hauen arauera, Tximinoa eta gizonaren arteko banaketa, ez zen, orain arte antropologo gehienek uste ohi zuten bezala, duela hamabost edo hogei miloi urte gertatu, orain bost miloi baizik. Gizonaren agertzea lurraren azalean, askoz berriago litzateke beraz.

Oraintsu topaturiko izaki haren burua, tximinoarenaren antzekoa zen, eta eskeletoa jadanik tente ibiltzekoa, gizona bezala.


Estatu espainolaren problemak

Bi problema nagusi ditu gaur egun Espainiako agintariak (gaur arte UCD, bihar zein?): krisi ekonomikoa eta Euskal Herriko burruka.

Norbaitek galdetuko du, ea ez ote dagoen Gobernuak nahi duen gizarte moduan Euskal Herri askatu batentzat lekurik, berau Gobernuak berak markatzen duen bidetik lortuz.

Askatasun instituzionalera gagozkiolarik, gaur arteko historiak du erantzuna. Historian zehar Espainiako agintariek Euskal Herria Espainia barruan integratzen saiatu dira, beti eta era guztietan. Mendetako botere harrapatzearen ondoren, gure izanaren kontzientzia hartu eta erreibindikapenak planteatu ditugunean, berauk arbuiatuak izan dira.

Azken saiatzea 1936.ko estatutua, etengabeko negoziaketek desbirtuatu eta atzeratu zuten, azkenean gerrak bakarrik ekarri zuelarik. Baina hemen, etsi beharrean indar berriak sortzen dira belaunaldi bakoitzean, baldin eta sugarra itzaltzen uzten ez ba dugu: hau da gure nortasunari, gure izan nahiari heltzen ba diogu. Euskaldunok ikasi genuen hemengoa gure problema zela, inork inoiz ez zigula berau konponduko, hau lortzeko behar den kemena guk geuk baino ezin genuela jarri. Baita ere bidean, historiaren bidean, gure herria pentsamenduz aurreratuz joan da, gizarte berri baten bila, ikusten baitugu gure desioak ezin izango ditugula bete gaurkoa bezalako sistema batetan. Gizarte berri hori gaurkoz, sozialismoa deitzen dugu, eta bere ardatz nagusia, gizonon heziketan oinarritutako gizarte berdintsuago bat, planifikapenean eta guztiok borondate aktiboan oinarritzen den gizartea da. Hala bada, gure herri hau Askatasun eta Sozialismo bila doa, berauk lortzeko behar diren beste kemen eta ahalegin egiteko prest dugularik.

Espainiako Gobernuarentzat Euskal populuaren nahi hauk ezin onartuzkoak dira, inolaz. Gaurkoz behintzat inork ezin du garantizatu herri honen bilakaera politiko baketsu baten bidez guk nahi hauk lor ditzakegula. Bestalde, Gobernuak esku artean dituen mila medio erabiltzen ditu, gure nahiak itoarazteko eta bide batez, herri hau mapatik desagertzeko; irrati, telebista, egunkari, banku, lege, etabar, indar errepresiboez gainera. Hala ere daitekeena da Dabid eta Goliaten arteko gertakari historikoaren antzerako bat izatea geurea. Gaurkoz behintzat Gobernuak hor du problema bat, neurri politiko bidez konpon zezakeena, baina orain arte egurraz deuseztatu nahi izan duena.

Aipatu bigarren problema krisia da. Berau zehazki neurtzeko eta aztertzeko behar den beste datu eta ezagupen ez izan arren, bereizgarri nagusiak ikutuko ditugu. Espainiako agintarientzat oztopo izango direnak, nahi duten gizarte modua ezartzeko.

Aipa dezagun lehenik, denek aho batez onartzen duten fenomenoa, inbertsiorik eza. Honek esan nahi du, dirua dutenek ez dutela inbertitu nahi. Idea garbiago bat izateko: bankudunak, dirua dutenak halegia, frankismoaren ume izan direnak, dira. Orduan langilea lotuta izateak permititzen zuen ehundako plusbalia ateratzea. Gaur ordea hau ez dago hain erraz eta ondorioz, plusbalia seguru eta nahikorik gabe nahiago dute ez inbertitu. Ba daude, beste batzu, industriako agintariak batez ere, nahitaez diru hori behar dutenak baldin eta beren industria, gizarte modua eta azken batetan, sistema ekonomikoa bera salbatu nahi badute. Bi multzo hauen artean, burruka dago gaur egun, nork estatua zuzenduko borrokatzen baitute. Ba dirudi, azken hauek inperialismoaren laguntza, diru laguntza, izango dutela, eta horretara datoz oraintsu eman berri diren hainbat banku amerikano eta europeoentzat, baimenak. Azpimarkatu behar da, ordea, datozen banku guztietatik, bat bera ere ez dela Euskal Herrian afinkatuko (guk dakigularik), eta baita ere esan behar da banku hauen diruak non inbertitzen diren ikusteko dagoela, zeren lehenagoko inbertsioen bidea jarraitzen badute ez dute lanpostu handirik sortuko.

Izan ere, hau da krisiaren beste sintoma bat; langabezia. Sistema kapitalistak beti behar ditu langabeak, Jangilea hobeto maneiatzeko. Langabeak egonik gogorrago da soldataren edo edozein langile erreibindikapenaren aldeko burruka, kapitalistak batzu bota eta beste batzu hartu lasaiki egin ahal duelako. Baina. gaurregun, langabeen kopurua jadanik sistema bera beldurtzeko adinekoa da. Hain zuzen ere, krisitik irteteko proposatzen den bidea industria zaharren berbihurtze bat dakar, eta honek plantilen gutxitze bat eskatzen du, kapitalistak ez baitu pezeta bat ere galdu nahi, kapitalismoaren logika hauxe baita, irabazpidea nola hala lortu, behean zapaldurik gelditzen denari begiratu gabe. Kontutan hartzekoa da ere langabeetatik gero eta portzentaia handiago bat ikasle ohiak direla, eta hauek erantzun politiko gogorragoa ematen dute.

Hirugarren bereizgarri bat inflazioa da. Hau da, prezioen goratze etengabea. Hemen ere kapitalismoaren logika dakusagu: irabazpidea ateratzeko ez du axolari prezioak ilargiraino igoteak ere. Edo bestela, lantegia itxi langileak kalean esku hutsik geratzen direlarik.

Krisiaren efektuak gehiago izan arren. Hauk ditugu garrantzitsuenak. Gobernuak, noski, borrokatuko ditu. Hor ditugu, Moncloako Itunak, zeinek inflazioa gutxitzea behintzat lortu zuten, milaka langile kalean uztearen truke. Baina langabezia ez dirudi epe motzera bukatuko denik, zeren eta Gobernuak adierazitako produkzio indizeak inork gutxik sinesten du beteko direnik. Bestealde boterearen lortzeko burruka, bankudun eta industrialen artean hor dago, honek linea ekonomiko-politiko firme bat eramatea eragozten dielarik.

Soluzioak gure esku

Lagunok, inork ez dezala pentsa egoera honetan egotea desiatzen dudanik. Goian aipatu guztia Euskal Herrian zorroztu egiteri da, goi kapitalistak beldur baitira, gure burrukaren beldur. LAN KIDE AURREZKI kutxak zionez, eta martxa hau jarraituz gero, 10 urte barru herri hau, emigranteen herri bat izan daiteke. Honen aurrean, zer?

Nik ez dut uste soluzioak, gauzak betikoen eskuetan uztean dagoenik. Guzti hau ez da kasualitate bat, bizi dugun sistemaren logika baizik, non irabazpidera makurtu behar ditugu: juztizia, askatasuna, berdintasun gogoak.

Horregatik soluzio berrien bila abiatu beharra dago. Eta horretarako sistema berri bat behar dugu, non denon ardurapean, denon kontrolpen eta denon agindupean injuztiziak, askatasunik eza eta desberdintasuna apurtzen saiatuko gara. Joan gaitezen bide horretan.

MENDIZABAL


Nazio artekoa

Kanbodia eta Ekialde Urruna: komunisten arteko burruka lekua ote?

Hainbat urtetan zehar, mundu soko begiak Ekialde urrunera begira egon ondoren, lasai eta pozik geratu ginen hainbeste jende. Vietnam-eko gerla bukatu zenean, azkenez hain zorigabeko izan den herri hori bere buruaren jabe bihurtu zen eta.

Lehen hileetan ez zen hango egoeraz gehiegi jakiten, gerlen osteko gertaerak nahiko nahasiak izan ohi dira eta. Hala ere, handik hurbil zegoen herri baten berri ilunak ba genituen: Kanbodiakoak, edo beraiek diotenez, Kanpucheakoak, halegia. Han Pol Pot eta khemer gorrien gobernu zapaltzaileak boterea baitzuen; bai, bai, zapaltzaile eta hiltzaile, zeren nahiz eta protxinak izan, Txinaren laguntza eduki, eta beraien burua komunistatzat eduki, milioka konta baitaitezke beharbada gobernu honen pean hil diren pertsonak.

Gauzak honela zeudela, apurka apurka, eta prentsaren bidez. Vietnam-en gauza arraroak gertatzen ari zirela hasi zen esaten: zapalkuntza handia zela, gartzela zelaiak ugariak, kontrole ideologiko gogorra, soziolismoranzko bide argirik ez, etab.

Eztabaida luzeak egon ondoren, bat batean, herrialde haien egoera oraindik gehiago nahasiko zuen beste zerbait jazo zen: Vietnam Kanbodia inbaditzen ari zen! Posible ote?

Horrelakorik ez zen munduan ezaguna izan: komunista autodeituriko herri batek antzeko bati gerra egiten zion; komunistak komunisten kontra, eta hori dena, komunismoaren izenean. Eskandalua handia izan zen, beste gauza askoren artean, han gertatzen zena sobietar eta txinatarren arteko burrukaren beste etapa baino ez baitzen, bi potentziok beren oinak alde horretan ondo finkatu nahi dituzte eta.

Vietnamdarrak laster heldu ziren Phom Penh-era, hots, Kanbodiako hiriburura, eta gobernua, ia izen bat soilik den FUNSK-en eskuetan geratu zen. Hala ere, Khmer gorriak, alde egin ondoren burrukatzen, hasi dira, eta gerrilak muntaturik daude jadanik. Eta kanpucheatarrak? Beraik beti zapaldurik, bai khmer gorrien azpian eta bai Vietnamdarrenean are, beraik beti galtzaile direlarik.

Inbasioa gertatu ondoren, estatu askotako erreakzioak laster ezagutu ahal izan genituen; sobietarrak eta beraien inguruan dabiltzan ia herri guztiak alde, noski; txinoak, errumanoak, iparkoreatarrak eta zenbait herri ez alienatu aurka.

Eta berriz, interes politiko estrategiko eta ekonomikoak itxura guztietako estatuen ekintzen oinarrian daudela frogatu da, giza errespetua beti bazterrean gelditzen delarik.

M. J. ESTEBAN


Elkar Ikuska

Emakumeekin mintzo: Maribel Belastegi

Euskadiko kultur mugimenduan emakumeen presentzia aurkitzeko, nahi eta nahiez itxura guztien azpian bilatu behar da. Gain begirada batetan, gizonezkoen pertsonaiarekin beti aurkituko gara eta emakume pertsonaiaz ahaztuko; buila gabe, firma gabe, eta argazkirik gabe, anonimatorik handienean, hainbeste urtez lanean aritu izan direnak.

Emakume gehienak mugitzen diren anonimato hau, gehiegizko, harrigarri eta neurri gabea da emakume euskaldunei gagozkiolarik. Egunen batean, jakingo da isiltasun hau, super diskrezio hau, gogozko eta desiratua izan den ala bizi diren marginatuen egoeraren ondorioa den. Ea berak isiltzen diren ala ahoa tapatzen zaien.

Dena dela, gaur horietako batekin hitzegiteko aukera dugu. 18 urte antzerkiari, teatroari, entregatua daraman emakume batekin hain zuzen. Antzerki independienteari entregatua. Komertzial bideei, diruari eta arrakasta errazei jaramonik egiten ez dion antzerki moeta. Era batera edo bestera 18 urtez Donostia den bezelako hiri ttipi batean antzerki lanei lotua. Batzuk ORAIN taldearen furgonetaren txofer bezala ezagutuko dute, trastez eta jendez betea. Besteak, beharbada, hauzo batetako errepresentazioren batean fokoak maneiatzen gogoratuko dute. Edo guztiz sinpleki ez dute ezagutuko, zeren eskenografia eta direkzio lana, bere lana, garrantzitsua bezain izkutua da. Berari esker, azken urte hauetako Donostiako antzerki mugimenduaren parte bati berbegirada bat eman ahal izanen diogu. Zer eboluzio izan duen, ikuspegi zenbait, eta bai bere kontraesanak ere.

— A.: Zergatik antzerkia?

— M. B.: Esan daiteke antzerki zaletasuna ttipitandik daramadala. Nire aitona, Orfeon Donostarreko kontserjea zen eta garai hartan antzerki talde bat bertan entsaiotzen zen. Konprenituko duzu... nire eginkizunak utzi eta taldea nola entsaiatzen zen begira egon ohi nintzen. Gogoratzen naiz, nola eskena batean, eskaileretatik, bat nola erortzen zen. Bueno ba, ikusten nuen bakoitzean, nahiz jakin guzti hura fikzioa zela, gogorki bizi ohi nuen, aurpegia nere bi eskuez estali ohi nuen... Errealitatearekiko txoke bat zen.

— A.: Antzeslari edo horrelako zerbait izateko ametsik ez al duzu izan?

— M. B.: Ez, ezta pentsatu ere. Antzerkia niretzat ingurune bat zen eta bertan naturalki sartua sentitzen nintzen. Nire lagunekin portaletan antzerkiak egin ohi genituen hauzoko neskato-mutikoentzat. Hamar zentimo kobratzen genuen, baina esate baterako, inoiz ez nuen parte hartu kolegioko antzerkietan. Inoiz ez zait burutik pasa antzeslari izatea... Pretentsiorik ez nuen bat ere... Etxebizitzaz aldatzean... entseiu eta antzerki mundu harekiko kontaktuak galdu nituen eta 17-18 urte bitarte ez nuen inolako harremanik izatea lortu.

— A.: "Ondina" taldearekin topo egin zenuen arte, ez da?

— M. B.: Bai. Jaime Azpilikuetarekin, hau Ateneo antzes-taldean zegoen, eta elkarrekin Iruresoro hauzoan "Ondina" taldea sortu genuen. Errepresentatu genituen obrak hauk izan ziren... "Farsas" Muñiz-ena, "Las brujas de Salem" etab... Garai haietan balentria dexentea zen.

— A.: Zuk, guzti horretan, zertan hartzen zenuen parte?

— M. B.: Batzutan, obrak errepresentatzen nituen, baina oso azkar eskenografi bidea hartu eta urte askoz horretan aritu izan naiz. Antzestea baino, lan zabalagoa zen, hau da talde lana, batipat. Lehendabizitik garrantzi handirik ez genion ematen. Obrari anbientazioa ematea besterik ez genuen egiten. Ionesko-ren "La Cantante calva"-ren muntaketaz geroztik, eskenografia askoz ere sortzaileagoa bihurtu zen niretzat. Eskenatokian egin zitezkeen gauzak, aurkitu behar ziren. Oso ausartak ginen. Guztiarekin ausartzen ginen... Pentsa ezazu, geroago T. E. U.-n parte hartzera separastu ginenean, Macbeth egin genuen, soldadu guztiak adar bihurturik eskenarioan mugitzen... imaginatzen duzu? Oso pretentsiotsuak ginen... baina, zer nahi duzu... oso onartuak ginen, txapelketa guztietara joaten ginen... sariak irabazten genituen...

— A.: Zeintzu obra antzesten zenituzten garai hartan?

— M. B.: Ba... "La camisa" Lauro Olmorena... Ba dakizu 60-ko antzerki soziala, zer tipotakoa zen... Bellido-ren "Futbol" obrarekin Parisera joan ginen. Antzes leku eta unibertsitateetan egin genuen, imagina ezazu, holako oza!

— A.: Modu goxo eta egoki batez hitzegiten duzu garai hartaz...

— M. B.: Noski! Ahal zen antzerkia egiten zen orduan. Garai hartako kriterioz noski. Politika arazoak ez ziren gehiegi bizi, ixiltasunaren denbora zen. Guztia, jende multzo batera mugartzen zen, adiskideak, giro on bat, eta gogo izugarriak lanerako.

— A.: Profesionaltasunik ez al zenuten planteiatzen?

— M. B.: Generalki ez. Garai hartan ez genuen planteiatzen. Dirurik ez genuen irabazten. 100.000 pezetatako sari bat salbu. Sari hau TV-an irabazi genuen. Dena diru gutxirekin egiten genuen, imaginazio asko eta askorekin...

— A.: T. E. U.-n, noiz arte?

— M. B.: Ba, desegin zen arte. J. Azpilikuetak alde egin zuen. T. E. U.k geroztik urte bete inguru iraun zuen eta gero zeharo izkutatu, desegin zen. Ni, "Tabladora", lanera, pasa nintzen. Ateneoko antzerki taldea zen. Bilbora joan ginen "El deporte de mi loca madre" obrarekin eta han, AKELARRE taldearekin eta Luis Mari Iturrirekin lehen harremanak izan genituen. Arrakasta dexente izan genuen.

Bueno, gero "Tabladotik" beste bi lagunekin irten eta ORAIN taldea osatu genuen. 1968 ean...

— A.: Zeintzu ziren zuen planteiaketak ORAIN osatzean?

— M. B.: Inolako instituzioren dependentziarik ez izatea zen gure gogoa. Inolako loturarik gabeko talde bat osatzea. Antzerki Planteiaketa berri eta jatorragoen egarriz sortu zen talde hau. Antzerki literario eta aldaketa gutxi zuen antzerkiak, garai horretara artean egindakoak, ez zigun balio. Antzerki herrikoi edo Popularra nahi genuen. Betiko elitearentzat ez. Edonora eraman zitekeen antzerkia baizik.

— A.: Eskenografiaren kontzepzio berriak eskatuko zizkizun horrek ezta?

— M. B.: Jakina. Mementu honetararte artez antzez barrutiak aldagaitzak ziren. Guzti horrekin hautsi behar zen. Ikastaro bat egin genuen eta anitz posibilitate iriki zitzaigun: sorketa kolektiboa, Stanislavrski, aktoreen estimulazio e. a. Jakina, eskenografiak ere desberdina izan behar zuen. Erraza, praktikoa, mugierraza, lan kreatzailearen estimulo eta erresultatua...

—A.: Garai hartakoa al da egin zenuten "Las farsas contemporaneas"?

— M. B.: Bueno... Ballesteros-en obra horrekin gure ametsak betetzen hasi ziren. Bi urtez aritu ginen obra horrekin. Hirurogei errepresentaziotik gora pasatu ginen Gipuzkoan, Bizkaian eta Donostiako hauzoetan. Sarrerarik ez zen kobratu ohi. Baina espektadore bakoitzari sobre bat eman ohi zitzaion antzerkiaz galdekizun bat zuelarik eta esan ohi zitzaien, ahal zutenek ekonomi laguntza eman, sar zezatela sobre hartan bertan. Jendeak zoragarri erantzuten zuen. Oso garai ona izan zen. Antzerki taldeak ere ekarri ohi genituen. Boadella (Els Joglars) ekarri genuen eta berarekin ikastaldi bat egin genuen. Oso garai zoragarria izan zen.

Denbora berean, haurrentzako antzerkitxoak egiten genituen eta horrek taldeari bizia ematen zion eta... ba dakizu, furgonetako letrak eta...

— A.: Azken boladan, haurrentzako, urtean antzerki bat prestatzen zenuten. Nola ulertzen duzue haurren antzerkia? Sail xumeago agian?

— M. B.: Ez, xumeagoa ez. Guk ez dugu modu didaktikoan enfokatu, ez da landugabeko lana izan... Nik esanen luke, guk antzerki moeta honekin, nahi izan duguna haurrak ongi pasatzea, libertitzea, izan dela.

— A.: Haurren obrak bi hizkuntzetan ematen zenituzten edo euskaraz bestela eta aldiz beste espektakuloak...?

— M. B.: Ba besteak, beti gazteleraz izan dira. Taldearen beraren limitazioengatik. Taldeak ba dira batzu euskaldunak direnak, baina nik onartzen dut, zoritxarrez, gure sustraiak ez direla euskaldunak. Begira... onartzen dut, zoritxarrez, gure sustraiak ez direla euskaldunak. Begira... pixka bat, eman zaigun kulturaren biktimak gara... Guk egiten genuena, idatzirik zeuden obrei buruz lan egiten genuen eta euskaraz ez zegoen guri interesatzen zitzaigun tankerako obra idatzirik.

— A.: Pentsatzen dut, gertakizun politikoek zer ikusia izanen dutela zure eta taldearen eboluzioan?

— M. B.: Bai asko. Bost urte hauetan, gauza askoz kontzientziatu gara. Beharbada beranduegi, zoritxarrez, eta egun ere ezin gintezke engaina. Esan nahi dut, antzerki guztiz euskaldun bat egiteko ditugun limitazio handiengatik, gutxienez espektakuloaren zintzotasuna egon dadila nahi dugu. Laneko erarik jatorrena deritzot. Oportunismorik gabe. Beste aldetik, espektakuloetan hitzak, hitzegitea asko gutxitu dugu. Euskara ikasten dugu... Klaseak, niretzat, behar beharrezkoak dira. Ez dakit inoiz euskaraz expresatu ahal izanen dudan, bainan behar handia sentitzen dut niregan, era batera edo bestera sensibilitate euskaldunera hurbiltzeko, euskal kulturara hurbiltzeko.

— A.: Zu zeu konprometitzeko era bat?

— M. B.: Bai, hori da.

— A.: Zer da C. G. V.ek proposatzen zuen Euskadiko antzerki kanpainaz edo...?

— M. B.: Bueno, asuntu horretaz, gure iritzia, besterik ez, dizut emanen. Lehengo udaberrian, C. G. V.ko kultur komiteak proposamendu bat egin zien talde guztiei antzerki kanpaina zela eta. Bilkura asko egin ondoren talde euskaldunak eta guk, Orain taldeak, projektu hori bazterrera utzi genuen.

—A.: Zer ba?

— M. B.: Arrazoi askorengatik. Baina hitz gutxitan esateko... Ez zegoen denborarik antzerki berriak egiteko. Talde guztiek lehen egindako obrak errepresentatzera behartuak ziren. Eta ez kasu gutxitan, zaharkitutako obrak izanen ziren. Eta egungo antzerki euskaldunaren agerpen modura festibal hori egitea faltsu iduritzen zitzaigun. Gainera, hemen antzerkia indartzea nahi badugu, egokiago iduritzen zitzaigun oinarriak botatzen hastea. Antzerki eskola bat antolatzea adibidez. Beraz, da.. delako festibal hori, hemendik 10 bat urteren barrura edo... posibletzat ematen zen. Ulertzen duzu... Orain, kasu hauetan beti ohi den bezala "Madriletik bidaliko duten dirua", nola programak betetzea gehiago komeni den Euskadiko antzerki oinarri tinkoak ezartzea baino... ba, bueno, gu joko horretan ez gara sartzen.

MARIASUN LANDA


Alan Stivell-ek Euskal Herrian kantatuko du

Euskal Herrian egiteko zen kantaldia atzeraturik, beharrezkoa zen Madrilera joatea. Bestalde, Londres, Paris edo Cophenaguera jotzea Stivell-en ohizko lantokiak, gaizkiago zetorkigun; beti interesatu zaigu oraingo musiko nazionalista honen karisma ezagutzea, keltar musikarako bide berrien bilatzailea, musika honi biziki kolore exotikoak eransten dizkioten tresna berriak erabiliz.

Biografi ohar ttipiak

Beste anitz bretoiren moduan, Alan Stivell Parisen sortua da (1944) eta Bretainian hazitakoa. Kelten zibilizazio musikalaren oparotasunak, kantu gregoriarra bere garbitasun osoan mantendu izan den hainbat monastegirekin, bideratu egin zuten Alan-en prestakuntza musikala, bost urte bi diskoak grabatu zituen bere benetazko izanak: Alan Cochevelou. Handik urtebetera, eskoziar gaitaz hasten da lanean. 66.ean bretoi musikorik hoberenaren titutu bi erdietsi zituen. Urte hartan bertan kantatuko du lehenengoz Parisen. 70.eko Uztailean haren lehen singlea "Broceliande" agertzen da; urte erdi beranduago, lehen LPa: "Reflets". 71.ko Maiatzean, Irlandako Killarney jaialdian, lehen saria irabazten du. Bigarren LPa "Renaissence de la harpe celtique" agertzen da. 72.eko Otsailean Pariseko Olimpia betetzen du, eta hango kontzertuetatik, zuzenki grabaturiko lehen LPa agertuko da lau hilabete geroago. 73.ean "Chimins de terre" ateratzen du eta hurrengo urtean "E langoned" Europako rock giroetan, musikorik interesgarrienetariko bat bezala kontsideratzen da, aldi berean, izaera politikodun apala daukaten emanalditan saiatzen da. Gerago haren "Live in Dublin" LPa irteten da. Bestelako lanak ateratzen ditu, "Un dewezh'barzh'ger" agertu, arte, bere azken lana, gai izpiritualek, hinduek batipat influentziaturik.

Elkarrizketan

Alan Stivell ondo portatzen da kazetariekin, zabalik agertzen da, ez du kreatibitate eta famaren gailurreraino iritsiriko kantariei hospeak eman diezaiekeen ohorea onartu nahi. Kontrako jarrera politiko bat berau, alienaturik eta lurrezko idolo bat izatea nahi lukeen publikoaren aurrean; horregatik humanismoaz ari denean, bere eritziak ezin argiagoak dira.

"Jendeaz egiten dudan balorapena, ene musikak daraman marko politikoaren barnean sartu behar dut. Ene Zintzotasun musikaletik abiatzen naiz. Ene bretoindar sustraietatik ari naiz lanean. Eta hori egiten dut, argitu nauten jatorriei diedan leialtasunagatik eta. ene populuaren kulturarekiko konpromezuarengatik. Hau argi dago ene herrian. Nik uste, funtsezko da artista eginkizun kreatzaile bati entregatzea, bere inguruan duen hurbilenaren zerbitzutan: bere jendea. Horixe da, niretzat, giza portaerarik jatorrena".

— Ideologi aldetik, non zaude?

"Zentzu partidista zabal batean, bretoi herriaren askatasun nazional eta sozialaren kausari loturik natzaio. Espektru handiago batean, ez naizela marxista osoa esango dizut, ez bainago materialak, herrien askapen eta aurreramendurako ukan dezakeen garrantziaz sinetsirik. Ene pensamenduak kontzeptzio marxista nabariak izan, batzutan hau gizona eta gauzen naturaren kontra doa. Definiziorik hurbilena emateke, marxista izpirituala naizela esango nizuke, anarkismoaren eragin zati batekin. Gehiago erranen dizut, ez naiz biolentoa. Ez dut esan nahi, prakak jeitsi eta pasiboki egon beharra dagoenik, ez, zenbait kasutan argiro dakusat beste biderik ez dagoela, justifikaturik dagoela, nahiz justua izan ez".

— Lehen begiradan, bederen, ba dirudi espainol Estatuko burruka autonomistak, frantses Estatukoak baino aurreratuagoak daudela. Nola da posible berau?

"Alderdi majoritarioak frenatzen ari dira Bretaniaren bide autonomista. Ba dakigu,frantses herriak, autonomia bat eskatzen duela Bretainiarentzat, baina paradoxikoki, bi alderdi handi PCE eta UDR (Chirac-en errepublikazaleak) erabat kontra daude".

— Nola kontretatzen da, orduan, parlamental burruka?

"Bretoindar Alderdi Nazionalistak (UDB) ba du zenbait toki frantses parlamentuan, horrek Bretainiaren erreibindikazio autonomikoez oinarrizko programa bat egin zuen. Hala ere, burruka hori lehen fasean asimilatua izan bada ere, gero ezker parlamentarista eta eskuin tradizionala bat egin dira eta ito egin dute bigarren fasea. Dena den, azterketa historikoen ikuspegitik, ikusi behar da nola duela anitz urte, nazionalismo bretoiaren barnean, eskuinekoak eta ezkerrekoak izan direla. Bigarren mundu gerraren ondotik, ordea, mugimendu eta alderdi nazionalistak, ezkerrekooi baizik ez dira. Gai politiko honetaz amaitzezko, esan behar dut, ongi ikusten dudala gazteen eginahalak alderdi politikoetan sartzeko edo burruka sindikalean afiliatzeko, burruzkazko adierazpide politikoak baitira.

— Musika alderditik begiraturik, nolako desberdinketa eginen zenuke musika tradizionala eta aportaketa etnikoak deiturikoen artean?

"Argi dago, musika tradizionala zenbait mendetan zehar, ahozko transmisioari ezker desarroilatu dela. Garai preindustrial baten agerpena da. Beheraldia, eklosio industrialaren garaian hasten da, mende honetan ezagutu ditugun gerrekin desagertzeko. Bestalde, musika etnikoa herrien kultura propioa da. Beren sustraiak, funtsean eta beti. Zeuk ulertzeko esango dizut, harpa, gaita eta bonbarda existitu orduko, keltiar musika ba legoela, eta musika tresna hauk desagertzen diren egunean ere izango da. Keltiar musika, musika etniko guztiak legez, mantendu eginen da, herriaren kultura eta ohiturekin dituen loturengatik. Musika tradizionala, superfiziala da etnikoaren aldean".

Nolako musika entzun ohi zenuen ttikitan eta gaztetan?

"Bederatzi urte nituelarik, musika keltiarra baizik ez entzutera behartu ninduen krisialdi bat pairatu nuen... Ene nekazari bizitzak eta oraingo landetxeak areagotu egin dute ene musikaren izaera artisanal eta bukoliko hori".

Nola explikatzen duzu, bada, zeure musikan kultura industrializatuen elementuak agertzea, rocka kasu?

"Hori, oraingo rock kulturaren chauvinismoa gaitzetsiz, konpondu dudan kontraesan bat da. Rockaren kolonialismoak ba ditu nik erabili ez eta gaitzesten ditudan elementu ezaugarriak. Hala ere, hartu egin dut musika modu horren zenbait influentzia, hindu izaera duten beste batzu legez, eta keltiar musikaren lagungarri erabiltzen ditut. Ene ustez, horrela konpondu egin dut kontraesana, musika keltiarraren kanpoan interesgarririk dagoena asimilatuz, bretoindar musika aberats, propio eta herrikoi bat iristeko.

Hala ere, helburu ori argi izan arren, ezin daiteke, nire ustetan, inolako musikarik arbuia, komunitate bat arbuiatzea bailitzateke erau".

Euskal Herrira etortzekoa zarela entzuten da...

"Prest nago maite dudan herri horretara joateko, eta bide batez, Asturias eta Galiziaraino, oraindik keltiar sustraiak gehien gordetzen dituzten herriak izanik ailegatu nahi nuke. EGIN egunkariak egin dit proposamendu bat, eta onartzeko prest nago. Ez nuke eginen, Europako kantaldietako ohizko moduaz. Ahalik eta guttien kobratuko nuke, baina honen ordez, kontzertuaren antolakera profesionala exijituz, zeren ba ditut horretaz experientzia tristeak Frantzian, intentzio politiko edo kulturalaz antolaturiko jaialdietara joan eta gero desengainaturik geratu naiz. Profesionaltasuna falta, beharrezko kondiziorik betetzen duen lokalerik ez, ekipo egokirik ez, etab.

Kontzertua

Kontzertua, Espainiako Irrati Nazionaleko kritikalari musikalen ekipoaren ideia baten mamitzea izan da. Alcala Palace teatrotik, Kate estatal horren irrati guztientzako transmisio zuzenean, hilero eginen diren kontzertuetariko lehena izan dugu.

Alan Stivell-ek 900.000 pzta jaso zituen, Europan zehar kantatzeagatik kobratzen duena baino gehiago berau, baina Irrati Estatalak eskaini ziona. Halabaina antolatzaileek kantaldiaz xahuturiko dirua 1.200.000 pzta izan da gastu guztiak betetzeko, zergak, antolaketa, teatroaren alokairua, etab. Herri Kantagintzak ez du sekula izan beren zerbitzutan Estatuarengandiko horrenbeste mediorik. Ideia hau mantendu egiten da oraino eta bestelako musika tankerei ere zabalduko zaie, hala nola rock, jazz, sinfonismoa, etab. Mundukorik handienak ekartzeko asmoa dago. Eta Estatuaren oparotasunaren adierazpide, esan beharra dago, sarrera txartelak dohainikoak zirela.

Stivell-en kontzertuen ohizko parte biak ezberdinak izan ziren; lehendabizikoan, Stivell bakarrik agertu zen publikoaren aurrera bere tresnekin, harpa, bonbarda eta gaita nagusiki, eta bigarrenean, sei elementudun talde batek, musikoak tradizio keltei rockaren eduki propioa batuz desarroilatzen ari dena agertu zigun.

Parte bidun kontzertu bat, Alanen historia bera bezala: batetik, herri ttipi zapaldu baten historiaren gertaera klabeen jarrera adierazlea, gertaera horik jazo ziren moduan agertuz. Bestalde, beste partea, egunerokotasunean konkretatzen den historia. Kantu delikatu batez bere semearen jaiotzea agurtzen du. Yann Kel, Bretoi burrukaren martiriarentzako kantu hunkigarri batez urratu" egiten gaitu. Keltiar kultura bereziaren superbizitzerako, eguneroko burruka konkretua erreibindikatzen du. Errepresio politiko modernoa salatzen du edo, konturatu gabe, lan musikal elaboratuak bilakatzen diren soinu arkaikoak errekuperatzen ditu.

Bretainia behekoa eta garaia, Irlanda, Galizia, hitz guttitan gaztelaniaz musikoak etengabeki egiten dituen aipamenak dira. Madrilen lehen aldiz gustora aurkitzen garela sentitzen dugu, Iparreko lurretatiko beroa erraietatik sentitzen dugu lehenengoz.

Kontzertua, herri baten pozak eta burrukaz osaturiko eguneroko bizitza eta historia izan zen. Aspektu hau argi agertzen da, jendea parte hartzera bultzatu zuten dantzetan. Herri musikak soilik eskain ditzakeen dardara, garbitasun eta beroa jendeak sentitu zuen jaialdi bat.

KARLOS ARKO


Gaiak. Politika

Masak ala eliteak? (IV)

Langile klaseak bere burua eratzen du, bere alderdi propioak, langile alderdiak, klase alderdiak, sindikatUak, etab. sortzen ditu. Une honetan masek beraien papera jokatzen dute historian, alderdi politiko eta sindikatuetan eraturik. Burruka iraultzailearen abangoardia gisan zerbitzatuko duten alderdiak berauk, munduan sozialismoaren finkapen osoa eta gizarte klasista ororen desagerpena lortu arte. Baina oso guti izango dira abangoardia iraultzaile bilakatuko direnak, zeren eta beraietariko gehiengoa, eta batez ere bere burrukari iraultzaile izen damaiotenak burokraziaren eskuetan jausi dira eta jarraituko dira, politika burjesaren lerroak sendotzearen truk bide iraultzailea utzirik, nahiz kontziente nahiz inkontzienteki. Langile mugimenduan burokraziaren arazoa, bere aurpegirik berehalakoenean, langile erakundeen aparatuaren arazo gisan azaltzen da; langile erakundeetan, erdi —edo goi— mailako zuzendaritza funtzioak betetzen dituzten iraunkorren, intelektual burjestipien arazoa. Langile mugimenduaren bilakaerak aparatu baten sorrera ezinbestekoa dela adierazten du, hala nola funtzionarien agerpena, zeintzu edozein espezialpeni esker langile klasearen barnean proletal kondizioak sorturiko atzerapena gainditzen saiatzen baitira. Ez dago zalantzarik ere, sozial igoera fenomeno honek, potentzian, burokratizapen ernamuin garrantzitsu bat duenik: Postu hauk dituztenek, berauk edukitzen jarraitu nahi dute, eta honek, erakundeen kideen artean aldizkatuz ordezkotu nahi lituzketenen aurka egoera iraunkor honen defentsara daramatza. Langile demokraziaren bidez Estatuaren administrazioan langileen partehartze zuzenaren bitartez, hala nola langileen autogestioaren aurrerapenarekin eta ekonomi alorrean langile klasearen zenbatasunezko eta nolakotasunezko indartzearekin izango baita. nola langile mugimenduak bere baitatik burokratizapen posibilitate oro desagerteraziko duen. Eta nazioarteko alorrean, iraultzaren hedapenak lagunduko du, proletal iraultzaren isolamendua apurtzeko eta, beraz, burokratizapen prozesuaren aurka erarik eraginkorrenean burrukatzeko.

Masen protagonismoa

Bihur gaitezen masek historian zehar jokatzen duten paperera, eta ikusiko dugu nola, era batez edo bestez, herria den denbora guztietako historiaren, bere historiaren, sortzaile. Pentsalari burjesen aldetik makina bat aldrebeskuntza jasanik ere, oraindik langile masen gogoan bizirik dirauen historia. Protagonista printzipal gisan eta batez ere egile eta sortzaile gisan, masak dituen historia. Baina beraien paper eginkorra ez da beti berdina izan, hala nola beraik ez diren berdinak munduaren bilakaeraren etapa ezberdinetan zehar eta berdinak ez diren beraien esperientzia, ezaguera, eraketa,... eta beraz, beraien ekintza. Guzti hau historiaren bilakaeraren inguramenak eta klase burruka luze eta etengabe honetan klase lehiakide bien posizioak eragina. Horrela ba, herriaren paper historikoa, gizateriaren aurrerapenaren arauera handituz doala ondoriozta dezakegu. Honek, lehen aipatu dudanez, sozial aldaketen sakontzeari obeditzen dio. Gizartearen bilakaeraren eragina guztiz funtsezkoa da klase burrukaren bilakaeran. Gizarte batek aurrera eraman beharrezko misioa zenbat eta konplexuago izan, hainbat eta zabalago dira beraren burutzera jartzen diren masak.

Historikoki sozial aurrerapena langile klasearen emantzipazio aurreragarriarekin burutzen da. Aske jatorrian eta esklabu geroztik, gauza kondiziora mugatuak plusbalioa ateratzen hasi zenetik; zamabereak baino gutiago kontsideratuak, geroxeago jopu bihurtuz, aintzinako esklabutzaren aldapen eta aurrerapen ohargarria berau, zeren eta jadanik jopu edo morroia, zibilki bederen, gizon legez preziatua da, familia bat sortu eta bere ondasunen libreki disposatzeko ahalmenarekin, nahiz eta esklabutik, nagusiarekiko menpetasuna, nagusia personalki eta ordainik gabe zerbitzatzeko obligazioa eta nagusiaren baimenik gabe berak esaniko bizilekutik aldendu ezina eraman; honez gainera, jaunaren zerga eta justiziari meneratua egonik, baldintza. guzti hauek, bizitoki legez duen lurraren jabeari desarmaturik libratzen dute, horrela gizarte esklabistaren abolipenarekin lorturiko abantailarik gehienak lilurazko eta ametsetako bihurturik. Proletal feudalismoa suntsitu edo eta itzali zuten monarkia handien sorreratik eta beraien konstituzionaltzetik: zuzenbidez, aske, adinez nagusi, legearen beraien aintzinako nagusien berdintsu baina, praktikan, gosez ez hiltzeko goizero nagusi bat bilatzera bultzatzen dituen gabeziaz jopu eta esklabu. Maskaraturiko esklabutza hau hainbat gorrotagarriago eta hastangarriago da, zenbat eta gehiago izan legeetan klase hauen alde egoniko eskubide pila; gabeziaren esklabu, kapital deituriko jaun feudal baten esklabu, produkzio eta aberastasunaren elementu aktibo izatean uzten dionean, aintzinako nagusiek beraien beraien esklabu hori mantendu eta defendatzeko zuten obligazioa bederen ere ez duen jaun baten esklabu.

Esklabu praktikan, nahiz eta aske legez, langile klaseak hasiak dira jadanik ulertzen beraien politikazko emantzipazio amets huts bat dela kapitalaren uztarpetik ekonomikoki ere emantzipatzen ez badira, horrela lantresnen lorpenaren bitartez beraien askatasun ekonomikoa lortuz. Beraz, degradapen material eta moral hauen eta irabazi duten politikazko gorapenaren arteko elkartezintasuna ulerturik, langileak, erresistentzi elkargoa sortuz, beraien emantzipazio ekonomikoa egiten ari dira, kapitala esplotatzailetik esplotatu bihurtuko duena, horrela lanaren eta langilearen tresna izatearen bere benetako paperera mugatuz.

Gizarte esplotatzailearen historia

Klase burrukak presiditzen du esplotakuntzan oinarrituriko gizarte ororen historia. Klase zapalduek bizitza politikoan egiten duten burrukak aurrerapen eragin izugarri bat agertzen du. Pixkanaka, proletalgoaren eta langile errebindikapenekin adosago dagoen politikazko gobernamoldea sortuz doa. Langile klaseen burruka izan ezik, egungo Herrialde kapitalisten bizitza politikoa guztiz ezberdina litzateke. Langile klaseek era guztiz ezberdinetan azaltzen dute beraien eragina historian zehar, baina, nola egiten dute kapitalismoan? Jakina da, azken batetan, masak direla politikaren gai zentral eta erdigunea. Beraien eragina politikazko bizitzan, garrantzitsua ez ezik, dezisiboa da. Masek osatzen dute historiaren eta beraz, bizitza politikoaren indar higierazlea.

Kapitalista garaian, beste garai batzutan bezala, langile masak dira, esplotaturik daudelako hain zuzen, beraien esku dauden medio guztiez sistima botatzen saiatzen direnak. Masak dira azken mende honetako iraultzen egile. Masak dira, erreflexioz, lortzen ari diren politikazko hezkuntza eta burruka partzialetan jasoriko esperientzietatik ondorio orokorrak lortzeko gaitasunagatik, inolaz ere natural edo eta bistako ez diren merkatal harreman kapitalistak gizarte kapitalistaren gaitz guztien iturri direla eta beraz, beste produkzio harreman batzuengatik aldatu ahal eta behar direla ulertuz doazenak. Langile hauk ere eguneroko praktikan harreman kapitalistak toleratu, pairatu eta birsortu beharrean aurkitzen dira gizartetik at bizitzera kondenaturik ikusiko ez badira. Horrela, noiz behinka bakarrik, korromio, ardura, kezka haserre, esperientzia partzial eta ideia berrien pilaketak, langile masen (edo bederen abangoardia nahiko zabal eta eragingarri baten) kontzientzian iraulketa bat-batekoa ekar dezake. Bat-batean, masek instintiboki sentitzen dute ez dela ez normal ez eta nahitaezko burjesa izan dadila aginteduna; makinak eta lantokiak egunero lanean jartzen dituztenenak ezik beste batenak izan daitezela; lan indarra, aberastasun guztien iturri, edozein gauza bizigabe bezala erosten den salgai huts baten mailara beheratua izatea; periodikoki langileek beraien diru sarrera eta lanak gal ditzatela, eta ez gizarteak guti produzitzen duelako, larregi produzitzen duelako baizik. Orduan da, masek instintiboki, gauzak sakonki aldatzea, hau da, gizartearen egituraren eta produkzio eraren aldatzea bilatzen dutela. Eta ez bakarrik zenbakiaren, kohesioaren, batasunaren fruitu den, baizik eta batez ere, lantokietan bakarrik daudenean, ekonomi botere guztia beraien alde aurkitzen denean lortzen duten boterearen fruitu den beraien botere neurtezinezkoaz ohartzen direnean, orduan greba zabal eta burrukalari orotan agertzen dena, kontzienteki bermatzen da. Lehenengoz, langileek, egitez, kontrabotere bat osatzen dute, Herriaren politikazko, ekonomi, militar, kultur eta nazioarteko problema guztietan parte hartuz; beraien klase konponbideak burjeseriaren konponbide orori kontrajarriz. Orduan agertzen da azalera, botere bitasuna. Orduan da, azken aurpegi emateak, bere gogorkeria arerioaren erresistentziarekiko dependentzian duen matxinadak, hitz honen zentzu politiko eta militarrean, nork garaituko arazoa erabakiko duen unea: historiak hiltzera kondenaturiko burjes estatu zaharra (baina oraindik bizirik iraun dezakeena, langileen oldar eta argitasunak une dezisibo batetan huts egiten badute, zuzendaritza egoki bat ez badute), edo eta langile Estatu gazte erneberria.

Ideiologoak eta burjeseriaren interesak

Baina ere berean, kontuan izan behar dugu ere, beraren garrantzi handiagatik, masek gaurregun munduko punto ezberdinetan gertatzen diren nazional askapen mugimenduetan duten papera. Burjes ideiologoek, beraien aipamen ezberdinekin, nazio interesen defentsaren esklusiba beraien eskuetan dutela pentsarazi nahi digute. Baina azken batetan, nazio askapenerako gerra guztiak harmatan altxaturiko masek erabaki zituzten eta dituzte, horrela independentzia atxekiz. Kolonia eta menpeko herrien pairamenari esker, horietariko askok lauskitzen zituen uztarria astindu dute jadanik eta beste batzu askatasuna eta nazio independentzia lortzeko bidetan daude.

Masen politikan parte hartzea amaigabea da. Proletalgoarentzat, politika, beraren askapenerako eguneroko burruka da. Esplotatzaile. uztarpetik askatzeko burruka osoa, politikazko burruka bat da eta, beraz, masa herritarrek, kapitalismo barnean ere, dominatzaile klasearen politikan substantzialki eragin, indar atzerakoien asmoen burutzapenera oposatu eta gobernariek barne eta kanpo-politika mailan garrantzi handiko amoremateak egitera behar dezakete. Eguneroko burruka horiek, paper bat jokatzen du gizartearen aurrerapenean. Bere eguneroko burrukan, proletalgoak berehalako helburuak errebindikatzen ditu, baina azken helburua inoiz ahantzi gabe. Masek erdietsi beharrezko histori. xedea beti egon da eguneroko burruka praktikoengadik deslotua eta honek, nahiz molde zahar nahiz berriko erreformistentzat (zeintzurentzat, berehalako helburuak dena diren eta azken helburua ez den ezer), nahiz eta helburua berehalakoen burruka oro mespretxuz gaitzesten duten eta "boterearen lorpena" helburu duen burruka soil-soilik balioduntzat jotzen dute "ezker muturrekoentzat" balio du. Errebindikapen iragankorren estrategia, bereizte hori gainditzen saiatzen da. Horretarako, orain arte gobernamolde kapitalistaren iraupena gauzatu duen egitearen konstatatzetik abiatzen da: berehalako errebindikapenak erradikalenak ere, kapitalismoan ezin hobeto integratu ahal zirela eta produkzio eraren kontrapen osorik gabe burutu ahal zirela, oinarrizko arazoa, makina eta lanarekiko kapitalaren domeinua eztabaidan jartzen ez zuten heinean.

GALTZAGORRI


Gaiak. Politika

Kristauak eta marxistak berriro

Bitxia da marxista komentzitua kristauei mintzatzen ikustea. Alderantziz bezalaxe. Baina interesgarria ere bada elkarri hitzegiteko aukera izatea, elkar ezagutzeko bide bakarra, noski, elkar entzutea delako.

Urtarrilaren 23an, Parisen, Partidu Komunistako intelektual bat, Jean Elleinstein jauna, Informatzaile erlijiosoen Elkarte profesionalean mintzatu zen, kristau eta komunisten, Elizaren eta Partiduaren arteko harremanek nolakoak izan behar luketen gaiari buruz.

Elleinstein historialaria da. Eta gizon irekiaren fama du. Bere Partiduaren Zentralismoaren gogorra eta demokraziarik eza, azken aldi honetan maiz salatu ditu. Irekitasun hau bera agertu izan du kristauekin. Baina oraingoan bezain garbi ez du seguru aski sekula hitzegin. Hainbat fededunen aurrean zeharo bihotz beroturik edo.

Aita Saindu marxista

Intelektual marxista honen pentsakera zabala ondoko pasarteetan ikus dezakegu. Tamaina honetako alea edo paradoxa bota zuen: "posible deritzot berandu baino lehen Aita Saindu marxista eta Partidu Komunistako idazkaria fededuna izatea".

Ezinezko elkarrizketa

Elkarrizketa taxuzkorik ez da posible, haren ustez, nahasketak garbitzen ez badira. Instituzioen arteko elkarrizketarik, politikorik, moralik eta filosofikorik ez da posible. Eliza eta Partidu komunista ezin baitaitezke berdin. Sarritan, Elizak alderdi politikoa, eta Partidu Komunistak Eliza dogmatiko balira bezala jokatu ohi dute. Elkarrizketarik izango bada, bakoitzak bere historia, gaurko egoera, eta biharko asmoak argi analizatu behar ditu.

Neomarxistengan nahiko zabaldurik dagoen pentsakera agertuz honela zioen Jean Elleinstein-ek Marxen erlijioarekiko eritziari buruz: Marxen erlijio kritikak balio.zuen bere garairako, herriaren opio bezala erabiltzen zelako. Gerora, ordea, fedea giza izpirituaren dimentsio erreduziezina dela, eta aurrerapen zientifiko eta ekonomikoekin ere ez dela desagertuko ikusi da.

Eta marxismoaren autokritikan beste puntu hau ere aipatzen zuen: Marxismoa, zientifiko, beraz, absoluto izateko pretentsioz, materialismo filosofikoarekin nahastu izan da. Eta begien bistakoa da, ikuspegi horretatik materialismo dialektikoa eta transzendentzia erlijiosoa kontradiktorio direla. Ezin daitezkeela uztar, hitzek baliorik badute behintzat. Horregatik "kristo-marxismoa edo kristautasunaren eta marxismoaren sintesiren bat eraikitzeko saio guztiak porrot egitera kondenaturik daude" Elleinstein-entzat.

Elkarrizketarako bidea

Elkarrizketa posible izateko, fede mailan ez baino, beste batetan jarri beharra dago.

Kristauei zera eskatuko lieke intelektual marxista honek: "Elizak Vatikano bigarrenaren ulerpena sakondu behar du, botere politikoaren irrikari uko egiteko". Komunistei, berriz, beste hau: "Partiduak materialismo filosofikoaren gain oinarritzeari utzi behar dio, eta teologi arotik politika arora pasa".

Argi dago, bada, Elleinstein-entzat, beste askorentzat bezala. Marxismoaren baitan XIX. mendeko materialismo filosofikoa eta azterketarako metodologia bereiziz, fededun eta marxista izan daiteke. Fededun, sinismenari eta traszendentziari dagokionez; marxista, historiaren kontzeptzioari eta metodologiari dagokionez; eta komunista, partiduz.

Ez legoke, ba, derrigorrezko loturarik materialismo ateoaren eta metodologia zientifikoaren artean. Elleinstein-ek "materialistatzat" bere burua jotzen duen bezala, beste batek fede erlijiosoa aitortzeko askatasuna du.

Ezin inozo izan

Edonork daki, ordea, bestela dela errealitatea. Elizak, behin eta berriz marxismoarekiko etsaigoa goraki agertzen duela. Partidu komunistak eurokomunistak ere, beren aldetik, filosofia materialista hori garbi alde batera uztera ez dira iritsi; eta botera eskuratu duten Estatueran ateismoa Estatuko kredo bihurtzen dute.

Ez dago, bada, inozo izaterik. Eta Elleinstein ez da inozoa. Honen eritziz, elkarrizketak aldaketa askonak eskatzen ditu bai Partiduaren bai Elizaren aldetik.

Ekialdeko Partidu komunistak ere, oso zorrotz epaitu zituen. "Leninek Marx errebisatu eta zuzendu egin zuen; eta desbideraketa mardulagoa da oraindik leninismoa bera gehienbat Stalinen idazkietatik ezaguna izatea. Ekialdeko herriei buruz, ostera, ez nator ezertan bat Hitler eta Mussolini bezain arrotz zaizkigun Partidu komunistekin".

Elleinstein-en mintzaldi hau Garaudy-k izenpe zezakeen duela hamar urte gutxienez. Ez dago ezer berririk eta jadanik sarri entzun ez dugunik. Teoriak argia dirudi; eta egun batez elkarrizketa benetakorik sortuko bada, hildo horretatik izango da noski. Baina teoriaren argitasun horri buruz zer pentsa sortzen zaio bati, praxian oso besterik gertatzen dela antzematean.

Marxismo eta kristautasunaren harremanen kontu honekin aspaldi aspertuta bagaude ere, arazo horrek ez du oraindik gaurkotasunik eta interesik batere galdu.

MANOLO PAGOLA


Gaiak. Kultura

Haurtzaindegiak. Haurraren nortasunaren desarroiloarekiko duten garrantzia

Haurra Haurtzaindegira bidali edo ez bidali, ba da oraindik ere hamaika eztabaida eta era guzitako aurreritzirik. Gaur, halere, arazo hau berraztertzerakoan, ez dugu Haurtzaindegietako zenbait arazo konkretu ukitu nahi izan, haurraren heziketa eta nortasunarekiko gogoeta orokor batzu agerian ipini baizik —teorikoki, esango genuke—, Haurtzaindegi arazoarekin zer ikusirik ba dutela uste baitigu eta eztabaida luze eta sakonago batetara bide izan baitakiguke.

Haurraren heziketa hiru urte dituenetik gora hasten den ustea hedatuegia dago eta, ere berean, amaren altzotik gertu ahalik eta denbora luzeagoan egon behar duela ere. Azkenengo hau da, agian, Haurtzaindegien aurka erabili ohi den arrazoirik gogorrena, hiru urtetatik behera ama behar duela beste zernahi baino areago, halegia, eta egunero berarekin egotetik ordutxo batzu lapurtzea negatiboki gerta dakiokeela bere nortasuna desarroilatzerakoan.

Behin eta berriz esan nahi genuke haurraren heziketa bere jaiotzegunean hasten dela, ernea izan den momentu berean ez bada. Sikologoek gero eta garrantzi handiagoa aitortzen diote haurraren lehen hilabeteei, haurraren nortasuna hiru urte dituen baino askoz lehenago hasten baita zertzen eta finkatzen. Hiru urte ditueneko, haurrak osatuxeak dauzka bere nortasunaren behin-betirako berezitasunak. Hain zuzen, hiru urterarteko garaian ari da haurra bere nortasuna "egiten" eta garai honetan behar du bere nortasun hau finkatzeko eta zertzeko laguntza. Galdera bat egitekotan, hau litzateke zuzenena: Zein inguru litzaioke egokien haurrari, bere nortasunaren oinarrizko berezitasunak lantzen gehien lagunduko liokena?

Heziketa

Galdera honi erantzun egoki bat eman ahal izateko, egin ditzagun lehenik gogoeta batzu. Lehenik, ez dugu uste heziketa haurrari zeinbat gauza irakastea denik (irakurtzea dela, abesten marrazten, zenbait ohitura hartzen e.a.) Hau, noski heziketaren alderdi bat da baina heztea ez da bereziki haurrari jakintza irakastea, bere inguruan daukan mundua erakustea baizik, bere burua ezagutarazteko eta desarroilarazteko laguntzea, bere kabuz munduan zehar egoki jokatzen irakastea, nortasundun norbait izaten laguntzea, pertsona eta gauzei aurpegi ematen jakin dezan laguntzea, bere burua errealizatzen laguntzea, halegia.

Sozialarekiko neurria

Bestalde, sozialarekiko neurria, gizakien "besterentzat" eta "besterekin" izan beharra mundu guztiak aitortzen du. Haatik, oso garrantzitsu deritzogun alderdi bat badago hemen, eta nahiko ohargabetan geratzen dena. Gizakiak bere burua desarroilatzeko, nortasunaren jabe izateko, besteen beharra dauka. Gizakia (gura kasuan haurra) ez baita "besteentzat" eta "besteekin" soil-soilik, baizik eta norberaren nortasuna (nolabait esateko), bere irudimenaren desarrolatzea, bere kreatibitatearena, bere kabuarena, bere sentsibilitatearena, bere adimenarena, bere askatasunarena, bere adimenarena, bere askatasunarena, bere erantzukizunarena dira "besteekin" eta "besteekiko" lantzen eta desarroilatzen ari direnak. Hitz batez, haurra besteekin elkarganatuz helduko da, bere nortasunaren desarroiloari dagokion honetan, bakarrik inoiz helduko ez litzatekeenera.

Gizarteko beharretan parte hartzen da, batez ere, pertsonaren eginbeharrik bereziena. Gizona ez dago munduan pasiboki, gizarte bizi baten barnean baizik eta egunero gizarte honetaz baliatzen ari da eta gizarte hau aldatzen eta hobeagotzen. Bere burua eten gabe ari zaio inguruari egokitzen, giro eta eragin ezberdinei aurre ematen ikasi nahirik. Hau haurraren desarroilorako oso garrantzitsua denaz ohartu behar dugu. Mementu honetan gertatzen ari dena "elkarrizketa" bat da, ohartuz edo oharkabean (haurraren kasuan oharkabean, noski), inguruko giroarekin etengabeko erlazio bat, halegia. Pertsonak giroa aldatzen du eta giroak pertsona. Haurrak beharrezko du bere burua lehenbailehen lagunartean ikustea eta komunitate bizi baten zati eginkor bat dela jakitea.

Orain arte esandakoak dira, gure ustetan, Haurtzaindegiek betetzen dituzten alderdiak eta alderdiok betetzeko dituzten ahalmenek osatzen dituzte Haurtzaindegien balio eta zergatia.

Haurraren eboluzioa

Esandakoarekin zerikusirik ba duen beste alderdi garrantzitsu bat ba da, eboluzio honek aldi [ezberdinik ba duela, halegia. Sortzetik aurrera, haurrak zenbait aldi ezberdinetatik iragan behar du (bere nortasuna ezagutzea, berea ez den nortasuna ezagutzea, adimenaren, hizkuntzaren eta afektibitatearen desarroilo aldi ezberdinak, "zelo" problemak, e. a.), bere nortasuna finkatzeko garaipen-burruka etengabean. Haurtzaindegien lana da garai hauk markatuago, egiazkoago eta biziago egitea. Hitz batez, haurraren nortasuna sendokiago tinkatzea. Lortutako nortasunaz etsitzea (hau da haurrarentzat errazena) edo aurrera jarraitzea borroka honetan Haurtzaindegiak ematen die superatzeko giroa eta lehen urteetatik desarroilatu behar duena desarroilatzeko giro egokiena ematen die Haurtzaindegiak, bertan mundu jori eta oso aberatsa bizi baitute beste haurren gizartean, guzti honek bere nortasunaren alderdi guztiak desarroilatzen laguntzen dietela. Askoz hobeto erabaki daitezke aldian aldiko eztabaidak Haurtzaindegian, etxean bakarrik egonik baiño.

Aginte publikoak

Haurrak Haurtzaindegira bidaltzea gurasoen berekoikeria besterik ez dela uste duen zenbait eta zenbait ba dago oraindik ere. Biok lana eginez etxera diru gehiago ekarri eta, gainera, haurtzaintza besteri utzi. Honela pentsa dezanak pentsa dezake ere Haurtzaindegiak berekoikerizko luxu direla eta zer dela eta laguntza eta subentzio eta Interes Sozial titulu eske dabiltzan. Esandakoak aski izango dira (beste zenbait alderdi —amaren lanerako eskubidea e. a.— aipatu gabe) honelako mentalitateen ikuskera sozial eta hezitzaile kaxkarra adierazteko.

Gure ondorioa argia da: Haurtzaindegiak beharrezko direla, haurraren nortasunaren alderdi guztiak desarroilatzen laguntzen baitute, gizasemearen aldi oinarrizko eta betirakoenean. Beste nolabait esateko, Haurtzaindegiak benetako giltzarri direla haurraren heziketan eta geroagoko Eskolak adina edo garrantzitsuago ere: Ba da garaia honetaz ohartuz, Aginte eta Organismo Publikoek zentzuz joka dezaten.


Gaiak. Literatura

Bi txori

Irauli

Bi txori, Irauli eta Iraun, kaiola batetan sartu zuen gizon hark. Kaiola horretan egonik hartaz gogoratzen ziren.

Txori biok mokoaz hasi ziren kaiolako adarrak apurtzen saiatuz. Biek batera... Noizbehinka iskanbilarik ere sortzen zen haien artean, baina lehena zen lana: kaiola apurtu eta askatuak izan.

Egunen batetan gizonak kaiola horretatik atera zituen eta beste batetara, handia eta politagoa hau, eraman.

Iraunek honela pentsatu zuen: "Gizonarentzat kantatzen badut hobeki tratatuko nau". Eta, egunero, gizonarentzat kantatzen zuen.

Iraulik lanari jarraitu zion; poliki, mokoaz, kaiola berriko adarrak apurtzen saiatuz.

II

— Iraun: Zer egiten duzu, Irauli? Honela jarraitzen bazara, lehendabiziko kaiolara eramango gaitu gizonak berriz. Orain kaiola handia da. Ez gaude lehen bezain txarto. Gaur ez da honela ibiltzeko eguna. Kanta dezagun biok eta ondo biziko gara. Janaria eta ura ez dugu faltaz izango.

— Irauli: Baina hau, nahiz eta politagoa, kaiola bat da, lehena bezalakoa. Jarrai dezagun!

— Iraun: Hori egiten badugu gizona haserretuko da eta ez dugu janaririk izango. Gu ondo bagabiltza gizonarekin, ondo tratatuko gaitu.

— Irauli: Bai, beste kaiola batetan sartuko gaitu, eta adarrak burdinezkoak izango dira, eta orduan ezina izango da apurtzea. Kaiola hau egurrezkoa da... Ekin diezaiogun lanari eta alde egingo dugu. Askeak izango gara berriz.

— Iraun: Zoraturik zaude, laguna! Nik ez dut horrelakorik egingo...

III

Iraun haserraturik zebilen Iraulirekin. Beldurturik zegoen: "Gizona konturatzen bada, biok egiten dugula pentsatuko du". Eta handik aurrera, Irauliren lana trabatzen hasi zen. Baina Iraulik jarraitu zuen.

Iraun

"Nik ez dudala errurik erakutsi behar diot gizonari", pentsatu zuen Iraunek, eta lortu egin zuen: Gizona konturatu zenean, Irauli lehendabiziko kaiolara eraman zuen. Iraun, berriz, beste kaiola polit-polit batetan (burdinezkoa) sartu zuen.

IV

Irauli, lehengo kaiola horretara eramanik ez zen damutu. Mokoaz jarraitu zuen adarrak apurtzen, eta, kaiola hori zaharra izanik, lortu egin zuen. Askatu zen eta mendietako zuhaitz batetan jarri zuen berriz habia.

Iraun, burdinezko kaiola horretan hi zen. Askea izan gabe inoiz ere.

EKATXA


Gaiak. Literatura

Dena alderantziz

Jende askok ezagutzen du nire herria, Karrantza halegia, eta ezagutzen ez dutenek behintzat, zerbait entzun dukete haren bizitzaz; esate baterako oso haran aberatsa dela. Baina ez du inork ezagutzen, ez eta Karrantzarrek ere, nik behin ikusi nuena.

Ni mendizalea naiz eta igandeetan joaten naiz Karrantzako mendietara. Egun hartan, tontorretik hurbil nengoela eta bero handia egiten zuelako, haritz baten ondoan geratu nintzen ur apur bat edateko asmoz. Bat batean, ahots batzu entzun nituen haritzaren zulo batetik irteten zirela; lehenbizikoz, zeharo harrituta utzi ninduten ahotsok eta beldur nintzen, baina gero astiro lasaitu egin zen nire burua. Jadanik lasai eta jakinnahi handiz, begiratu egin nuen zulo hartatik baina ez nuen ezer ikusi; orduan, haritzaren adar batek zeinu bat egin zidan barrurantz sartzeko, eta egin ondoren, nire gorputzari bultzada bat emanez haritzaren bihotzarenganaino bota ninduen. Bi minutuz egon nintzen, guttienez, jeitsi eta jeitsi, landa dotore batetaraino heldu arte.

Nire ondoan, baserri bat agertu zen eta baserriaren alboetan behi eta ahuntz batzu lanean. Lehenbiziko, honetan, dena normala egin zitzaidan barna, gero, pentsatu egin nuen nire barruan "Behiak eta ahuntzak lanean ¡hori arraroa da"! Orduan ahuntz batengana hurbildu nintzen eta galde egin mon ezpainetan irribarre handi bat nuela: "Zer, lan handia?" eta erantzun zidan Baaaaaaiiii". Hau entzunda, zeharo izuturik, harrapaladan ihes egin nuen leku hartatik, nire baitan galdetzen "Zer da hau? non nago?, ahuntz batek hitz egin dit. Ahuntz batek"!

Arnas hestuka, menditxo batetaraino heldu nintzen eta handik gizon talde batzu ikusi nituen mendiko landetan, baina, larru gorritan zeuden! eta belarra jaten ziharduten!! Apur bat gehiago aurreratu hintzen eta zera entzun nien talde baten kideei: "Humm, humm, gozoa da eremu honen belarra, bai oso gozoa!" Eta erantzun zuen kumetxo batek: Zuentzat izango da!, niretzat oso txarra baita"!

Eta haren amak: "normala da laztana!, zuk oraindik ez duzu hortzik eta horrexegatik nire ditien esnea edan behar duzu, baina laster hortzak haziko zaizkizu eta ahal izango duzu belarra jan".

— Oso ondo ama, oso ondo, hau bai dela bizimodua! gu beti jaten ari gara, eta gero, gauaren hotzak heltzean, jabeek etxera eramango gaituzte eta ohe bigun batean, lo egingo dugu".

Hau guztiau ikusiz, nik zera pentsatu nuen: "Hemen dena alderantziz dago eta ahuntz edo behi batek ikusten baldin banau, beharbada eramango nau alhatzera. Gainera berandu egin zait, eta erakuntza hau biziki atsegin dudan arren, etxera joan behar dut. Eta orain, non egongo da irtenbidea?" Baina ia amaitu gabe, jakin barik nola, haritzaren ondoan agertu nintzen, eta oso pozik ikusitakoagatik etxeratu egin nintzen.

CARLOS-ek


Gaiak. Literatura

Karmeleri

Ez dakit hain jakina den Anton Txejov-ek, Errusiako Akademi kidea zelarik, dimititu egin zuela, zeren eta gobernua ez baitzuen nahi berronesterik Gorkiren hautapena akademiko bezala. Gertaera hau 1902an jazoa da, haren heriotzea baino bi urte aurretik.

Gaur egun ez da zaila asmatzea bietarik zein den irakurriagoa ezkertiarren aldean: Gorki jakina. Honek "Ama" nobela idatzi zuen, zein, irakurtzea maite dugunontzat, "literatura iraultzaile"aren barrutian gailen legez onetsia baita. Garbiro urratua daukat nolako zerikusia izan zuen-eta ene ustez irauten du zerikusi horrek iraultza benetakoaren eragozpena gertatzen den mistika bort baten ahalez. "Amaren" irakurketak ezkerreko hesietan: iraultzarako, edozein ikaslek bete behar zuen erritua zela esanen nuke. Hara, ez noakizue hemen haika aldiz esandako egia errepikatzera, ezkerra ere erlijio taupadaz higitzen dela, halegia. "Ama" irakurtzea funtsezkoa zen, zeren eta han azpiratuetaz, parietaz, hots, gutaz, mintzatzen zen. Narzisismo higuingarria baizik ez.

Gure argazkia edo miratila zen —jadanik hori dela diote— hargatik zetorkigun irakurtzearen premia. Literaturarekiko koalitateak guttienak ziren. Aldiz, Txejov-i hortik datorkio hain gutti irakurria izatea ingurune horietan. Ardurarik ez du bere obrak, zein: "Amildegian", "Stepa", "Sala 6 zenbakia", "Mujiks" eta beste hainbat ipuinek motz uztea Gorkiren obrarik nabarmenena.

Ondorioa, zuhurra berau, datorrena da: ezkerrari bost axola zaio literatura. Eskuinari berdin gertatzen zaiola esanen didate. Halatan da egia, eta berau, paradoxikoki are tamalgarriagoa baita, zeren eta literatura eskuinaren "gauza" esklusiboa balitz, jadanik orduan jauregiaren konkistara abiatuko bailirateke ezkertiarrak, eta hain bitxia den zerbait guztien eskumenera erakartzea lortuko bailukete —horixe baita azken finean,iraultzaren asmorik sanoena, anaiartekotasun unibertsala—. Baina ez, ezkerrean, zein eskuinean, literaturaz interesatuak lau katakume gorri baizik ez dira.

Azken erranaren ostean, batzuk horrela ihardetsiko dutela iruditzen zait: "Literatura baliosa da soilik noiz eta..." Hemen amen. Marx bera baino marxistagoak. Marxek Frantziako komunan partaide zen baten trilogia, literaturaren ohoretan gaitzetsi zuen, hain zuzen, Marx literaturazale handia baitzen: Shakespeare-ri zion debozioa ezagutzen dugu, halaber ba dakigu ere "poeta bati edozer barka dakiokeela" esan zuela. Gaur egun bere jarraitzaileetarik, zenbatek dute literaturarekiko atsegin hori, adjetiborik erantsi gabe?

Herria baldin ergela bada eta gainera, ongi hausnartzen ez badaki, bidezkoa historia zailez haren burua ez nahastekatzea da eta ahia eskaintzea, molde honetan jokatzen du hainbat eta hainbat buru ezkertiarrek. Horrela Marcel Proust-ek (hain elitista berau, irakurri ez dutenentzat) zera dio: "Arte herrikoi baten asmo hori, halaber abertzale artearena, perilosa ez izan arren, irrigarri iruditzen zitzaidan. Herriarentzat zerbait eskurakoia egin nahi bazen, formaren orrazkerak sakrifikatuz, "ona nagientzat", nik aski harreman eduki nuen goi mundukoekin, benetako letragabeak berauk zirela ohartzeko eta ez, ordea, langile elektrikariak. Honetaz, formari atxikituriko arte herrikoia, Jockey-ko bazkideei zuzendua legoke, eta ez hainbeste, Laneko Konfederakuntza Orokorrekoei (C. G. T.); gaietaz ostera, hala nobela herrikoiak aspertzen du herritarra, nola haurra beretzat idatzitako liburuak.

IGOA AIZPURU

Ni sartu naizen ezkertiarrek jarriko dizkidaketen bainak:

a) Beno, eta nork dio literatura zerbait garrantzitsua denik?

b) Eskuindarren eta ezkertiarren atentzioa erakartzen duen edozer, literatura bezala, berez zorigaitzekoa da.


Gizaki [Komikia]

Gentz


Gaiak. Kultura

U.E.U. bere identitatea bilatzen

ANAITASUNAren 374 zenbakian esaten genuenez, U.E.Uren berri urtean zehar emateko asmoa dugu aurten, sarri askotan euskaldunok geure-geure diren iniziatiba) ekintza, erakunde etabarren berri partzialki baino ez baitugu jakiten.

Geroz eta gehiago, zorionez, U.E.U osatzen duten ikasle, irakasle eta kultur taldeen urtean zeharreko lana areagotuz doa eta ba dugu dinamika honen berri emateko abagadunerik.

Ongi ohartzen gara, bestalde euskal prentsaren eremua, irakurlegoari dagokionez, oso mugatua dela. Baina euskal prentsa mila oztoporen gainetik zaintzen ari den koherentziagatik, eta U.E.U.k berak euskal izateari zor dion guttieneko begiruneagatik, konszientki, euskal prentsara (komatxo tarteanjarri beharrik ez duen euskal prentsara) mugatzen gara.

Egitura zaharkituen inertzia

Iniziatibaren batek, "ofizialtasunetik" at sortzen denean, izaten du, zenbait erakunde babestuk ez bezala, berrikuntza-kutsurik eta gizartearen eskakizunekiko sentiberatasun biziagorik.

Hauxe litzateke U.E.U.ren kasua ere. Grina honekin sortu zenik, ezin uka. Honela definitzen zuen U.E.U. ANAITASUNAK, Donibane Lohitzuneko bigarren ekitaldiaren bukaeran, 1.974ean: "Unibertsitate pertsonala eta iraunkorra, ez da gela pila handi bati eta erakunde geldikor bati lotua. Dinamikoa izango da Euskal Unibertsitatea, Euskal Herri osoan zabaldua eta irakasle eta ikasle taldeek osatua".

(ANAITASUNA, 282. zenbakia).

Baina, asmoak asmo, aitortu egin behar dugu, kostatu egiten zaiola U.E.U.ri, bere bilakaeran bide berriok urratzea. Zenbaiten ustez, molde klasikoegietara makurtu zaigu U.E.U.ere. Kritika hau, U.E.U.ren barnetik egina eta, beraz, onhargarria, puntu hauetan gorpuztu da, batez ere: klaseak gehiago gotortu dira, mintegiak baino; irakasle-ikasle arteko bikoiztasuna mantentzen du; U.E.U.ren herriratu ezina; zenbait gairen hutsunea...

Azpimarratu behar da, hala ere, urterik urtera, urrats berririk eman izan dugula, hala nola zenbait talderen finkapena, urte osorako Idazkaritzaren eraketa, lanen prestaketa eta argitarapenak, etab. Baina beti gaude zerbait jatorragoren egarritan... molde zaharkituak gainditu nahian.

Datorren udarako asmo berriak

Abenduaren 29an, egin zen Donostian VII. U.E.U.ri buruzko azken bilera. Nahiz eta bilera hartara, ez jende asko azaldu, U.E.U.ren hurrengo ekitaldietarako interesgarri gerta daitekeen proposamena egin zelakoan nago. Proposamen hau, laburki esanda, hauxe izan zen.

U.E.U. urte bakoitzean kokatzen den tokitik hurbil dagoen HERRI BAT zenbait ikuspuntutatik aztertzea. Egun batez, egun bat ala bitatik behin, datu-bilketa egingo litzateke "in situ", eta beste batez, bildutako datuei buruzko Mintegiak, hamabostaldiko egunak txandatuz.

Ez dago esan beharrik, lan-metodologia hau ez dela Sail guztientzat aplikagarri, baina bai hainbat Sailentzat. Aipatu ere egin ziren Sailok Donostian (Geologia, Biologia, Medikuntza. Historia, Geografia, Artea, Demografia, Soziologia, Hizkuntzalaritza, Feminismoa) eta Sail bakoitzarentzat, adibide gisa, gai batzu eman ere bai. Bizpahiru talde bide honetatik abiatzeak, U.E.U.ri haize fresko berririk ekar diezaiokeelakoan nago. Saiatzea, guttienez, mereziko luke.

Asmo honek, burutuz gero, hainbat alde positibo lituzke, goian azaldutako kritikan erantzun jatorra emanen liezaioketenak. Konkreta ditzagun batzu:

- Gaurko Fakultate unibertsitario ofizialek errazten ez duten langintza posibletuko luke. Irakasle eta ikasleek, elkarlanean, gure herriari buruzko azterketak egingo lituzkete, ikasleengan ikerkuntzarako grina sortuz. Eta langintza horretan trebatzen hasiko lirateke, noski.

- Disziplinarteko plangintza minimo baten lehen pausoak urratzen hasteko saiakera bilaka daiteke.

- Irakasle eta ikasleek, lan berdinari loturik, Mintegietan burutuko lukete, batez ere, lana. Ihazko Udako Euskal Unibertsitatean, Jose Miguel Barandiaranen presentzia baliosa ukan genuen. Behin eta berriz errepikatu zigun MINTEGIAK ugaldu eta indartzearen premia.

- U.E.U. herriratu beharra abstraktoki proposatzea, ezer ez proposatzea bezalatsu da. Has gaitezen, bada, herri konkretuetara hurbiltzen. Proposamen honek eskaintzen du horretarako biderik. Herriko jende, talde eta erakundeekin harremanak izateko erak erraztuz alde batetik, eta lanen ondorioak agertzeko erak bideratuz, bestetik.

U.E.U. ... oraindik beharrezko

Demokraziaren ekarpenak amesten genituen Diktaduraren garaiko urte luze beltzetan. Euskal herrigintza ofiziala, demokraziaren baliabideak probetxatzen ari zaigu gaur. Ez goaz horren balorazio politikorik egitera, ez baita artikulu honen alorra.

Baina Euskal Herriak, lehen bezain erdaldun jarraitzen du. Eta zenbait kasutan lehen baino okerrago dagoela esango nuke. Euskara, euskal kultura... kixotekeriak ditugu oraino.

Euskal Herria berreuskalduntzea ez da, ez, txantxetako kontua. Gauden egoeran, egin daitezkeen ahalegin guztiak gutxi direlakoan gaude. Euskal Gizona, bertakoa nahiz etorkina, ezin abiatu izango da, tamalez, mimetismoz euskalduntzera, ez baitio herrigintza ofizialak ezertariko ispilurik eskaintzen.

Kinka larri honetan, U.E. U. ere euskal diglosiaren alde jarri behar. Zokoraturik jarraitu arren, bizirik diraugula frogatu beharrean gaude. Bizitzaren froga, urrats berriak irekitzea nahi genuke 1.979eko Udako Euskal Unibertsitatean.

MARTIN ORBE


Gaiak. Kultura

Euskal arazoa frantses irratian

Urtarrilaren 19ko eguerdian, eta larunbateko, hamabietatik ordubietara Radio France delakoak zabaltzen duen programan hurrengo gaiaz hitzegin zen: Euskal Herriko egoera sozial eta politikoa.

Hori egingo zela entzun nuenean, oso beldur izan nintzen ea betiko gauzak esango zituzten, terrorismoa eta biolentzia gora eta behera aipatuz. Hala ere, oraingo honetan, egoeraren azterketa egitera dedikatu beharrean, muntaia soil bat egin zuten, non kaleko jendea, PNVkoa, UCDkoa, Euskal abertzaleak, ETAkoak eta abarrekoak egon baitziren.

Gaiak nolabait ordenaturik zeuden, hau da, hari bati jarraitzen zitzaion, eta mementuko gaiaren inguruan, batzuk eta bestek beren eritziak ematen zituzten. Parte hartzen erdian, euskal kantak, manifestazio askoren grabaketak entzun ahal ziren.

Programa horri akats bat aurki dakioke agian, gure arazoak ezagutzen ez dituen batentzat pixka bat nahasia izan zela beharbada, hau da, oso tendentzia desberdinetakoak bata bestearen atzean mintzatzean, nahasteborrastea egon zitekeen. Hasieran, bai, izenak ematen zituzten, edo eta, pertsonen jarrera politikoak, baina ezagutu gabe, zaila izan ahal zen batzutan ulertzea.

Bestalde, Euskal Herrian" ondotxo ezagutzen duen pertsona batentzat ez zen han beste munduko gauzarik esan, baina frantses estatuan egiteko, asko izan zen, zeren eta bi ordutan edonork uler baitzezakeen, gutti gora behera, nondik nora dabilen jendea Euskal Herrian, eta zeintzu diren hemengo jarrera desberdinak.

Frantsesak nahiko neutralak izan ziren, ohizkoa izan ez arren, jendearen ahotsa grabatu eta muntatzera bakarrik saiatu baitziren; eta hizlariak aukeratzean, ez dago dudarik denetatik hartu zutela.

Ez dut uste inoiz Euskal Herrian, horrelako programarik egin denik, hemen partzialkeriekin ohituegi gaude eta.

Oraingo honetan ikasgai ederra eman digute frantses Irratilariek.

MIREN ALDAMA


Gaiak. Zinema

Karteldegia

 LA FILLE DU GARDE-BARRIERE, Jerome Savary-rena (Frahtzia 1975). Mona Mour, Michel Dussarat, Jerome Savary eta Magic Cirus-ekin. Gidoia Ronald Topor-ena da, Griffith-en estilora eginda eta Mack Sennett-en lan batetaz oinarriturik. Savary-k omenaldi bat eskaintzen dio zinema mutuari eta bereziki Meliés-i. Filmea haren troupek ekipoan egina da, (zinemaren hastapenetan bezala, zinema zirkoa, barraka zenean), eta horrela filme libertigarri, umore belzduna, erotikoa eta absurdu bat lortzen du, omenaldi hauek suposatu ohi dituzten arriskuetatik urruti. Ondo pasatzeko filme bikaina.

 I MOVI MONSTRI (Biba Italia!), Ettore Scola, Dino Risi eta Mario Monicellirena (Italia 1978). Vittorio Gassman, Ugo Tognazzi eta Alberto Sordirekin. 12 sketchetan eginiko filmea, non gaia italiar gizartearen pertsonaiak diren, egoera limiteetara, eroanak, umore erregarri eta garratz bat agertzen digularik. Azpimarkatzekoa, gidoigile eta aktoren lana, filmea orain langabeturik dagoen Ugo Gerra gidoigileari laguntzeko egin dutenak.

 SWEET MOVIE (Frantzia, Canada, Alemania 1974) Dusan Makavejek-ena. Wilhem Reich-ek "organismoaren misterioak" errealizatzean, haren herritik atera zen Jugoeslaviar zuzendari honen bostgarren filmea dugu. Filme bizi eta inkoherentea, Artaud eta zinema publizitarioaren arteko nahasmendua, Godard eta undergroundena, egoera konplexu zabaletan agertzen diren sinbolo eta eskema primarioz beterik. Filmearen planteiamendu teorikoak fotografia bikain batek lagundurik daude, eta nahiz eta berauk inkoherenteak izan filmean zehar gertatzen denaren presentzia fisiko handi batek salbatzen ditu. Planteiatzen den kuestioa, zera da, posiblea ote da sozialismoa, botererik, agintaritzarik eta kontrolik gabe? Galderari erantzun positiboa ematen zaio amaiera egina eta ikusteko biziki interesgarria gertatzen den filme bat.

 ERLAUNTZAREN IZPIRITUA, Vitor Erizerena (1973). Jaiotzez gipuzkoarra den zuzendari honen filmerik onenak, gerra osteko beldurra transmititzen digu, haren herriko zinematokian Frankestein ikusten duen neskato baten begiez. Sentikorra eta sakona, alegoria eder bat.

 ETAT DE SIEGE "Setio egoera" Costa Cavras-ena (Frantzia, Alemania 1972). "Z", L'aveu eta Section Special (Jorge Semprun-en gidoiak hirurak) filmeen egilea den zuzendari honek bere filmerik onena lortu du, Franco Solinas-en (Pantecorvoren ohizko gidoiegilea) gidoi baten mamiturik. Filmea USAren penetrazioaz Hegoameriketan ari da, tupamaroen artean desarroilatzen den intriga istorio bat. Gure oraingo egoeran aplikagarri eta erabilgarri izan dakigukeen pasarte asko agertzen duen filme didaktikoa.

 FELLINl CASANOVA, Federico Fellinirena (1976 Italia). Mito italiar baten bitartez, garai batean laketzen den unibertso barroko eta sentsuala erakusten digu berriro Fellinik. Lehenengoz antipatikoa zaion pertsonaia bat erabiltzen du zuzendari famatu honek: emakumeak objektu legez bakarrik ikusten dituen gizon baten istorioa. Enpagos samarra iduri daiteke, baina bigarren ikusketa batean, Satiricon-en fansek, Fellinik proposatzen dizkigun egoerak eta laket imaginatiboetaz goza dezakete. Amarcord berri bat espero zutenei ihes egitea kontseilatzen diegu.

 KOMENTU BATEN BARNEA, Walerian Borowczyk-ena (Italia, Frantzia 1978). Stendhal-en obra batean oinarriturik. Aurrekoak baino interes guttiago eskaintzen duen filme erotiko bat, baina zuzendari honen ohizko talentu eta gustu onaz egina. Autoparodia bezala har daiteke. Monjen frustrazioak oraingo karteldegietan modan ditugu, baina filme honek pornopaeilarekin izan dezakeen antza kointzidentzia hutsa da.

 I CANNIBALI, Liliana Cavani-rena (Italia 1973) Italiar emakume zuzendari hau, "Gaueko atezaina" eta "Ongi eta Gaizkia baino haratzago" bezalako handiosak egiten darrai. Honen filmeak berak atakatzen dituen akats guztietan erortzen dira, halabaina, filme honek beste biak baino lehenagokoa denak, interes handiagoa lortzen du, Pasolinik Porcile-n agerturiko ideia bat: menekoak ez zaizkion semeak jaten dituen gizartearena, planteiatzen baitu lengoaia bilaketa baten bitartez.

 L'AGE D'OR, Luis Buñuelena (Frantzia 1930). Subertsio eta maitasun eroaren aldeko ekintzarik exaltatuena, zinemaren historiako filmerik debekatuena eta subrealismoaren obra nagusia. Ikusi beharrekoa.

 SIMON DEL DESIERTO, Luis Buñuel (Mexiko 1965). Erlijio alegoria bat, filme ateo eta blasfemaria, guztiz aberasgarria honetan Nazarin eta Viridianako planteiamenduak azken fineraino eroaten dira. Zinemaren historian, filmerik libertigarrienetariko bat.

J.J. BAKEDANO


Gaiak. Zinema

Il Casanova di Federico Fellini

"Filmaren ikuspegia halabeharrez eta desesperazioz sortu da. Casanovagandik, XVIII. mendetik eta hortaz idatzi izan den orotatik urruti". (F.F.)

Federico Fellinik beti esan du kontratu bategatik eta arazo ekonomikoengatik egin izan duela "Il Casanova di Federico Fellini" delako filme hau. Hala ere filme arras interesgarri eta pertsonal bat burutu duela esan daiteke. Giovanni Giacomo Casanova, Seignaulteko jaun veneziarra, 1725ean jaio eta 1798an hil zen Bohemiako Dux herrian. Argien mendeko bidazti, abenturero eta maitatzailea, idatzia utzi zuen bere Memorien liburu mardul bat. Casanovak bere mitoa sortu zuen bere autobiografiaz: "zentzumenen atsegina lantzea izan da beti nire negoziorik garrantzitsuena" zioen. Azken urteetan ostera: "Berrogeita hamazortzi urte ditut. Ezin naiteke oinez ibil eta hurbiltzen dakusat negua, eta ene abenturero bizimodura berriro abiatzea gogoratzen baldin bazait, barreka hasten naiz izpiluari begira". Edozelan ere, Casanova bere oroitzapenetaz baliatu zen bere mitoa eraikitzeko. Bi filme egin izan dira berriki mito honi buruz. Luigi Comencinik "Infanzia, vocazione e prime experienze di Giacomo Casanova, Veneziano" delako filma gaztaroaz eta Pasquale Festa Campanilek "Il ritorno di Casanova" zahartzaroaz. Bi bertsiook, hala ere, ez dira irteten Casanovaren mitoaren orbitatik, eta adaptazio zinematografiko arrunt bat egiten dute. Beste bertsio bat da interesatzen zaiguna, Fellinirena, zeinean autorea bete betean sartzen baita obran eta tituluan isladatzen denez (Il Casanova di Federico Fellini), autorea eta gaia bereiztezinak bihurtzen diren filmean.

Hasi ere veneziar ihauterian hastea adierazgarria da. Oro da errepresentazioa eta maskara. Ihauteri munstro eta aldakor honek ia obraren ezaugarririk funtsezkoena finkatzen du: "Film con una sola inmagine, eternamente fissa e continuamente ricca di movimento" Felliniri laket zaionez.

Errepresentazioa da oro eta unibertso teatral hontan Casanova pertsonaia bakun gisa agertzen da. Beti dago presente ikuslegoaren falta, maitasuna egiten denean ere beti da mekaniko eta eragina, espazioa beti da atzeman ezina, gorputzak beti makilajeaz nahiz keinuaz izkutatuak. Casanova (Donald Sutherland aproposa) urruti da besteengandik, eta bere buru propioarengandik ere urruti da. Errepresentazioa da oro, dekoratu eta musika adierazten denez, eta ondoan ez da usteldura besterik, kolore zurbil eta ubelak, eskenategia mausoleo bat bailitzan. Ihauteri fellinianoa etengabe isladatzen da pantailan. Ametsak eta fantasiak ere norbera haietara entregatuz gero, benetan errealak direla baieztatzen du Fellinik. Imajinak, situazioak, keinu groteskoak, arkitektura barrokoak, kolore orituak, plastikozko itsasoak, diti erraldoiak, suzko artifizioak... musikazko xoritxo metalezkoaren erritmoan larrua jotzen da eta, aldiberean, hondatuz doa oro, ustelduz doa Casanova, bere gorrotoa deklaratu dion Felliniren eregin eta zuzendaritza trebearen arauera.

Gorrotoa aipatu dut eta azaldu egin behar da ideia hau. "Casanova... faxista bat da, faxismopean ezagutuko den asto sinple bere buruaz harro horien aitzinapen gisako bat" zioen Fellinik. Baina esan du baita ere Casanova, hau da, "Casanova" ez dela esistitzen, anekdota bilduma bat besterik. Ene ustez hemen datza arazoaren funtsa. Casanovak ez al zuen bere burua inbentatu bere memorietan? Casanovak "Casanova" inbentatu zuen, Fellinik filme hontan bere "Casanova" ez da inondik ere interpretazio historiko bat edo indibiduo bat bere garaian konprenitzeko ahalegin bat. Felliniren asmakizun barroko eta dekadentista bat da, trebea eta samina. Memoriak eta Comenciniren filma bezain fiktizioa den arren (zer dira fikzio besterik biografia, autobiografia, literatura eta arte oro?), Felliniren obra fikzioaren maskarak ere agertzen dira. Fellinik inbentatu eta eraik egiten du errepresentazio erraldoi hau. Hona hemen ihauteria. Hona hemen tresneria ere.

JOSEBA SARRIONANDIA


[Bineta]

J. Etxenike


Gaiak. Zientzia

Supernobak beste galaxiatan

Gaurko artikulu honetan unibertsoak oraindik argitu nahi ez digun problema bati buruz arituko gara, supernobei buruz, alegia. Baina hasi baino lehen komenigarria izango da supernoba bat zer den jakitea.

Supernoba izar baten lehertzeari deritzogu. Supernoben estudioak ia mende oso bat bete du. oraindik ez dago garbi, fenomeno hau zertan oinarritzen den. Dirudienez, galaxia bakoitzean ehun urtero bi supernoba agertzen dira gutxi gorabehera. Gure galaxiakoa izan eta Lurretik ikusi ahal izan zen azken supernoba, 1604ean sortu izan zen. Bost urte beranduago teleskopioa asmatu zen. Egungo teleskopioekin beste galaxiak ere erraz ikus daitezkeenez gero, ez da harritzekoa, bizpahiru hilabetero supernoba baten berri izatea.

Azken 90 urtetan ia 400 supernoba aztertu dira beste galaxiatan. Astrofisikari gehientsuenen eritziz, supernoba bat lehertze biolento bat da, bertan izarra deuseztuz. Pentsatu da, halaber, supernobak etengabe Lurra bonbardeatzen ari diren izpi kosmikoen jatorri direla.

1885.urtean, gur galaxiatik kanpo zegoen eta orain arte ezagutu den dizdira handieneko supernoba aztertu zen. Bera Andromeda Nebulosa Handian aurkitzen zen. Denbora hartan ez zekiten oraindik, Lurretik harainoko distantzia zenbatekoa zen. Baina 1920.ean, Hubble jaunak distantzia hori neurtu zuen. Ez zen hasieran Pentsatzen zen bezala, zenbait milaka argiurte adinekoa, ehunka milakakoa baizik. Orduan ikusi zen, supernoba haren dizdira bildurgarria izan zela, izar normal batena baino 10.000 miloi aldiz handiagoa gutxi gorabehera. Baina supernoben ikerketa sistematikoa, ez da 1934 urtearte hasten. Urte honetan Fritz Zwicky, Californiako Teknologia Institutukoa bera, 82,55 milimetrotako lente batez, supernoben bila hasi zen. 1936.etik 1939.erarte 12 supernoba aurkitu zituen (ez ahaztu aurreko 50 urteetan 21 bakarrik aurkitu zirela). Bera izan zen, supernobak lehertzean zirela aipatu zuen lehena. Beraren laguntzailea zen Minkowskik, 1940.ean supernobak bi tipotan banatzen zituen: I tipoa eta II tipoa.

I tipoko supernobek, oso talde homogeneoa osatzen dute. Galaxia eliptikoetan aurkitu izan diren supernoba bakarrak dira. Uste denez, oso zaharrak dira, eta guztiak eguzkia baino txikiagokoak. Honelako supernoba bat aztertzen ikusten denez, bere dizdira maximoa oso egun gutxi barru lortzen du, egoera honetan beste egun batzu iraunez; eta hurrengo 30 egunetan, bere dizdira gutxituz doa, itzali arte. Tipo honetako supernoba baten dizdira esponentzialki gutxituz doa.

II tipoko supernobak, berriz, ez dira hain homogeneoak. Galaxia espiralen besoetan aurkitzen dira, eta hoietan izarrak normalki gazte eta handiak izaten dira. Beraz, normala zen supernoba hauek izar gazte eta masa handikoen lehertzea bezala kontsideratzea. Ondoren egindako azterketek, asken eritzi hau konfirmatzen zuten. Supernoba hauek segidan heltzen dira dizdira maximora, eta oso gutxi mantentzen dira egoera honetan, 25 egun barru ahulduz. Baina dizdira ez da lehen bezala esponentzialki gutxitzen. Lehenik, puntu batetaraino gutxitzen da, bertan 50, 100 egun mantentzen da, azkenik desagertu arte gutxituz.

Supernoben azterketek izar horiei buruzko informazio asko eta asko eskaini digute. Honela, baldin eta distantzia ezaguna bazaigu, izarraren erradio dizdira maximoa denean kalkula dezakegu, momento horretan duen tenperatura eta erradiazio-fluxua ere kalkula bait daiteke. Honela eginik 1970 urtearen bukaeran aztertutako supernoba baten erradio, momento horretan 3 x 1014 cm-takoa izan zen, hau da. Urano planetaren orbitaren erradioaren adinekoa. Noski, erradioa ezagutu ondoren, dizdira kalkulatzea posible zen. Beraren balio absolutua 10/42 ergio segunduko izan zen, hau da, eguzkiarena baino 1000 milioi aldiz handiagoa.

Baino bada oraindik gehiago. Datu espektrofotometrikoak eta banda zabaleko fotometrikoak erabiliz, supernobaren erradioaren denborarekiko aldaketa kalkula dezakegu. Lehertu eta handik 30 egunetara, argia emititzen dueneko azalera, oraindik 5000 km/s abiaduraz handitzen da, ordurako supernoba honen erradioa 2 x 1015 cm-takoa izanik, hau da, gure eguzki-sistemaren erradioa baino askoz handiagoa.

Azalera hau kanporatuz doan eran, tenperatura ere gutxituz doa, 6000ºk-etara helduz. Azalera hau bere hedatura maximora heltzen denean, ordurarteko opakutasuna galduz, garden bilakatzen da. Hau dela eta, erradioa txikitzen hasten zaigu, honela dizdira gogorki gutxituz.

Supernoben erradioak hain izaten dira handi, hon haik neurtzeko, unitate bezala 1000 milioi kilometro erabiltzen bait da.

J. J. ELHUYAR


Gaiak. Gramatika

Zenbakien erabilera (eta IV)

Praktiko gertatuko delakoan, zenbakiekin erabiltzen diren zenbait atzizkiren zerrenda emanen dugu. Beharbada zerrenda hau ez da osoa, baina ezagutzen ditugun gehienak, hemen daude. Erreferentziatzat, "Alfabetatzen" liburua hartu dugu, bertako gai batetan ordenaturik baitatoz horrelakoak.

 -KADA: Multzoak adierazteko erabilia. Adibidez, praktiko gerta daiteke urte-multzoekin. Adibidez: hamarkada, hots, hamarrurtea.

"1970-80 hamarkada edo hirurogeitamarraren hamarkada"

 -KI: Numeralekin erabiltzean, gauza berdinez edo berdintsuez osoturiko multzoen elementu bakoitza adierazteko erabiltzen da.

Adibidez: biki, hiruki, lauki,...

Konkretuki: ama berarengandik, egun berean jaiotako haur bakoitza izendatzeko erabil daiteke. Honela:

"Erditzea hirukoitza izan da; hiruki bakoitza seaska batetan jarri dute".

Atzizki honi buruz zenbait ohar egin behar dira:

a) Ikastoletan ohitura handia dago, atzizki hau poligonoak izendatzeko erabiltzeaz. Adibidez:

Lauki = koadrilateroa

Hiruki = triangulua

b) Bizkaian behintzat, zazpi zenbakiarekin erabiltzean, bi esangura berezi hartzen ditu:

b-1. Zazpiki: Amaren sabeletik zazpigarren hilabetean jaio dena.

b-2. Zazpiki: Era arbuiagarriz, ipurterrea, haserrekorra, pirria.

c) Hasieran eman diogun esangura adierazteko, bestelako atzizkiak ere erabiltzen dira, baina batasunerako hauxe ikusten dugu egokiena

Biki: bizki, bikotx,...

 -KO: Atzizki honek erabilera desberdin asko ditu. Horregatik, guztien azalpena luzeegi gertatuko litzatekeenez, erabilera desberdinen adibideak jarriko ditugu besterik gabe; eta inork gehiago sakondu nahi badu, lehen aipaturiko liburura jo dezake.

* Portzentaiatan: ehuneko zortzi (8 %)

* Karta-jokoetan: bosteko urre.

* Zenbait diru aipatzeko: Hogerlekoa (5 pzt.)

* Musean: hamarreko (?)

* Dantzen izenetan: banako, binako

* Unitate matematikoetan: hamarrekoa, ehunekoa, milakoa

* Bestelakoetan: ekazu bosteko hori.

 -KOITZ (-KUN): Bi atzizki hauk baliokidetzat jo daitezke, biok esangura berberaz, bina eskualde desberdinetan, erabiltzen baitira.

Gauza berdin edo berdintsuz osoturiko multzoen anizkoiztasuna adierazteko erabiltzen da. Adibidez:

"Lau adarretako zuhaitza, laukoitza da"

Matematikan, mutiplotasuna adierazteko (aldizkoiztasuna halegia) erabiltzen da, hau da, gaztelaniazko -ple, -plo atzizkien baliokidea a.

 Hirukoitz, laukoiz, boskoitz.

Dena den, bat zenbakiarekin erabiltzean, bestelako esangura berezia hartzen dute:

 Bakoitz: bat bedera, norbera, bana banakoa.

 Bakun: simple, bakarra.

 -KOTE: Atzizki honen bidez, gauza edo pertsona desberdinez osoturiko multzoak adierazten dira. Esate baterako: bikote, laukote.

Oso egokia da, musika-taldeak adierazteko:

 Zigor zortzikotea

 Zortzikote-lehiaketa

 -NA: Zenbana galderaren ondorioa da. Banaketetan bakoitzari zenbat dagokion adierazteko. Zenbaki kardinalen antzera erabiltzen da, izen batekin doanean honela.

 Liburu bana

 Launa liburu

 -NAKA: Zenbanaka galderaren ondorioa. Izatez, -na atzizkiaren atzizki erakarria da. Banaketa nola egina den adierazten du eta bera bakarrik erabiltzen da, izenik gabe.

 Launaka

 Seinaka

Zenbait lekutan -nan atzizkia erabiltzen da, -naka erabili ordez: Banan = banaka

 Binan = binaka

 -(R)EN: Zatiketa batetan, atzizki honek osoaren zati berdinetarik bakoitza adierazteko balio du: Zenbait salbuespen daude:

ZENBAT ZATI ZATI BAKOITZA

bi 1/2: erdi

hiru 1/3: heren

lau 1/4: lauren

hamar 1/0: hamarren

berrogeitabi 1/42: berrogeitabiren

 -TAN: Gertakari baten frekuentzia edo maiztasuna adierazten du, zenbat aldiz gertatu den halegia:

Bat = behin (batetan)

Bi = bitan (birritan)

Hiru = hirutan.

 -URREN: Elkarren ondotik doazen egunen edo urteen multzoa edo zerrenda adierazteko. Kontextuak berak esaten digu urteak ala egunak diren.

Adibidez, egunak dira, zenbait elizkizun batzu aipatzeko erabiltzen denean: bederatziurrena. Baina urte edo antzekoekin lotzean, urteen zerrenda adierazi nahi du, edo urtemultzoa:

 Urteurrena, mendeurrena, hamarrurrena.

J. R. ETXEBARRIAK


Gaiak. Zientzia

Osasunerako heziketa

Azkenengo aldiotan gauza asko entzuten dugu, "Medizina Prebentiboa eta Soziala" dela eta. Hitz hau ia gehienok ezagutzen dugu baina termino horren mamia ez dago hain argi guztiontzat.

Medizina Prebentiboa eta Soziala hiru zutabe hauetan oinarritzen da:

- Medikuak.

- Erizainak.

- Injinadore sanitarioak edo plangintza sanitarioko langileak.

Baina hau ez da nahiko, osasunerako heziketa falta bada. Horregatik, laugarren zutabea jarriko dugu: hezlari sanitarioa. Populazioak heziketa sanitariorik ez badu, ezin ditu bereganatu Medizina Prebentiboaren plangintzak aurrera eramateko behar diren oinarriak.

Heziketa sanitarioaren objektua, osasuna gorde eta zaintzeko portaera pertsonala eta kolektiboaren ohiturak aldatze eta sortzean datza. Egile batzuk beste era batetara definitzen dute. Pertsona eta komunitatearen osasunaren ohitura, jarrera eta ezagueren faboragarri eragiten duten experientzien batuketa dela diote. Azken finean, jendea informatzea, geroago ezaguera horik praktika mailara eramateko dela esan daiteke.

Heziketa sanitarioa hiru eratako ekintzetan oinarritzen da:

- Informazioa.

- Kontzientziatzea, hau da, pentsatzeko eta sentitzeko erak aldatzea.

Ohitura berriak hartzea, aurrekoa jakin ondoren. Ez da nahiko, informazioa praktikara eramaten ez bada. Informazioaren mamia azaldu beharko da une honetan. Beti pentsatu izan dugu, informazio sanitarioa eritasunari buruzko informazioa ematea dela. Osasuna ongitasun fisiko, mental eta soziala dela eta ez bakarrik gaixotasunaren eza argi badugu, beste informazio berri bat eman beharko da. Heziketa sanitarioak, eritasunari, osasunari eta istripuei dagozkien berezitasunak azalduko ditu. Eritasunari dagokion atala, zati txiki bat da bakarrik.

Ohitura sanitario egokiaren erregelarekin jabetzeko, ematen diren arrazoiak ulergarriak eta logikoak izan behar dira. Jendeak jakin behar ditu elikaduraren oinarriak, etxearen eta higiene pertsonalaren garrantzia, eta.

Informazioa hartu ondoren, gure pentsamendua eta ohiturak aldatuko ditugu, arauaren efektibotasuna ezagutuz.

Hirugarren maila, aurreko dena praktikara eramatea izango da, joera sanitario berri batez jabetuz.

Heziketa sanitarioaren zereginak ondoko hauk guztiok dira:

- Higiene indibidual eta pertsonala: elikaduraren higienea, higiene mentala, higiene sexuala...

- Eritasun sozialaren aldez aurretiko diagnostikoa: Lehenengo sintomak igarri ondoren zentru sanitariora joan behar da. Eritasun sozialaren barruan hauk sartuko ditugu: kantzerra, tuberkulosia, eritasun kardio-baskularrak, gaixotasun benereoak...

- Txertapen kolektiboetara joateko jendea behartu egin behar da: polio, tetanoa, rubeola...

- Droga berrien gehiegikeria ekidin behar da. Asegurantza sozialean, adibidez, antibiotiko larregi erabiltzen da, erresistentzia berriak sortuz. Berdin beste medikamentu guztiekin. Istripu guztien oharteraztea, bai trafikokoak, laboralak, etxekoak eta kirolekoak.

- Eritasun profesionalaren oharteraztea: neurri zaindariak hartu behar dira, kasu bakoitzean egokiak direnak.

- Eritasun kronikak agertzen direnean, gaixoari bizia egokitu egin behar zaio, bai berrabiltzearen bidez, lanpostua aldatuz, e.a.

- Ohitura kaltegarriei itzuri, edo horik moderatu: tabakismoa, sedentarismoa, janarien gehiegikeria.

Beste hainbat puntu ere aipatu egin behar dira baina, ez dugu egingo, lar ez luzatzearren. Hauekin ikusten da non oinarritzen den heziketa sanitarioa.

Heziketa sanitarioa populazio guztiari eman behar zaio, baina batez ere lau puntu hauetan zentratuko gara:

- Gaixoak zaintzen dauden pertsonengan.

- Haurtzaindegietan eta ikastoletako irakaskuntzan ari direnengan.

- Osasunaren erakunde ofizialetan lan egiten ari direnengan.

- Heziketa sanitarioa irakaskuntzan sistematikoki sartu behar da, batez ere irakaskuntzara dedikatuko direnengan.

Astobiza


Ardibeltza [Komikia]

MONTI


Labyrintoa

Helduko al zara erdiraino, irakurle? Bidea erraza da, jira-bira asko egin behar izan arren. A, eta irteteko, bide berbera egizu, alderantziz bada ere.


Gurutzegrama