ANAITASUNA

1979.EKO URTARRILAREN LEHEN HAMABOSTALDIA

375. ZENBAKIA

60 PZTA.


ANAITASUNA

HARPIDEDUNA!

Gurekiko harreman guztietarako aipa iezaguzu, zure zenbakia.

BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

Zuzendaria

X. Arzelus

URTEKO ABONAMENDUA:

EUSKAL HERRIA 1.200 pezeta / 75 F.F.

ESPAINIA eta FRANTZIA 1.500 " / 93 "

EUROPA eta AMERIKA 1.600 " / 23 U.S. d.

Beste herri guztiak 1.700 " / 25 U.S. d.


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea

4. Editoriala

5. Diskoak hamabostero. Karlos Arko

6. Agur Argala. Jon Idigoras.

8. Greba konprenigaitz bati buruz. J. Llerandi. (EGINeko grebaren azterketa interesgarria).

10. Abertzaleen elkarretaratzea Uztaritzen. M. L Uhaitze. (Lapurdiko herri horretan egindako bileran Iparraldearen arazo nagusiak aztertzen dira.)

11. Hiztegigintzan gogor ari da UZEI: Zorionak Zuei.

12. Konstituzioa ukaturik, Autonomi estatutu nazionalaren ondorioak.

13. Alex erkide ohiari. J. L. Lizundia

14. Mitinak egiteko modu berrietaz. (Publizitate egokiaren antza hartzen ari dira mitin gehienak. E.E.k Bilbon antolatu zuena eredu erakusgarri bat izan zen.). Itziar Urtasun.

16. Hamabost egun hankaz gora. Iñaki Zabaleta eta Begoña Zia.

19. Ohar laburrak

20. Autonomia ezberdinak, zentralismo logiko berbera. Paulo Agirrebaltzategi.

22. Iran: Eta gero zer? (Buruzagi erlijiosak dira oraingo burrukaren gidariak. Atzerakada bat ez ote da izanen gatazkaren ondorioa). Maria Jesus Esteban

24. Masak ala eliteak. Galtzagorri.

26. Ideologiaz. Mendizabal

27. Kooperatibismoa sozialismo bidean? Kooperatibetako langile batzordea.

28. Margaret Mead. (Emakume antropologo honen lanari buruzko azalpena). M. A. Landa

30. Komikia. Xabi Etxenike

32. Erresistentziazko liburu bat berriz. Joan Altzibar

33. "Umeen Deia" aldizkaria berpiztu behar. Astaitz

34. Rainer Werner Fassbinder: (Zinema). J.J. Bakedano

36. Camel Donostian. (Musika). Itziar Urtasun

37. Musika giroan. Erletxe.

39. Diglosiaren alde. J. R. Etxebarria

40. Zenbakien erabilera (II). J. R. Etxebarria

41. Gizaki. Gentz

42. Ardibeltz. Monti.—Gurutzegrama. Larry Trask


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkoenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J.R. Etxebarria, X. Kintana, E. Knörr, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knörr

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I. Zabaleta

NAZIOARTEKOA

T. Trifol, M. Alvarez, A. Eskisabel, M.J. Esteban

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J.M. Torrealday, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, I. Azkoaga, J.L. Alvarez (Txilardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionandia, J.J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxebarri, B. Barandiaran, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde.

MAKETAPENA

R. Zumalabe, J. Etxebarri

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz.

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria

IDAZKARITZA ETA ADMINISTRAZIOA

Zabalbide 68-entlo. BILBO

Tfnoa. 4335808

MOLDIZTEGIA

Iparragirre S.A.

Carretera de Galdacano s/n. BILBO

Lege Gor: Bi-1753-1967


Editoriala

Irakurle maite horri

ANAITASUNA denetariko aldizkari berriemailea da, euskaraz soilki idatzia. Bere hastapen editorialak hauxek dira:

a) Informazio edo formazio objektiboaren eragintza eta mantentzea, euskaraz soilki emana, Euskal Herriaren zerbitzupean, oro har, eta batik bat, herri mailen edo herri xehearen zerbitzupean.

b) Euskal Herriaren berreuskalduntze, birbatze eta subiranotasunaren alde, ikuspegi berriemaile hutsari begira, lan egitea, inongo eta inoren, ezein talde edo alderdi politikoren taktika, estrategia edo helburupean egon gabe, eta aldizkari bati dagozkion neurri eta muga barnean.

c) Klase burrukaren aurrerabide eta bilakaera potentziatzea, klase burrukaren eremu autonomoaren ikuspegiari atxikirik.

d) Arau orokorra bezala, ANAITASUNA ez da edozein idazle, kolaboratzaile edo pertsonaren eritzizko artikuluen zentsuratzaile edo eragozle izango.

e) Esan diren artikuluek, eztabaidek, kontraeztabaidek edo, ez dute editorialearen ideiologi hildoa adierazten.

ANAITASUNA

79ko Urt. 8.


Diskoak hamabostero

"KALEAK BUSTIRIK GELDITU ZIREN..."

Lupe

ZAFIRO-TXINDOKI NLX-1.117

 LUPE bermeotarraren LP honek, ez du eska daitekeen kalitate musikalaren neurri minimoa ematen, euskal kantagintza konpromezaturik dagoen superazio markoaren barnean.

 LUPEren entsei honetan, amoriozko kantuak, balada sentimentalak, kantu tradizionalak, etab. agertzen dira, baina oso imaginazio guttiz.

Beharrezko luke LUPEk ahotsaren hobatzea, kasu honetan ilundu egiten baitu lan eragabeko eta hutsal bat.

AITA SALBATU ZIDANARI

Jon Bergaretxe

MOVIEPLAY-KARDANTXA 17.1340/4

Disko honetan, Jon Bergaretxeren lehen albumetik, "single"en merkaturako ateratako kantuak ditugu eta album hartako ia kantu guztiak bezala, gomendagarria gertatzen da. Bergaretxek, kontesturaz Labonari jarraitzen zaion ahots batez, disko emotibo, atsegingarri eta balio emotibo handidun bat egin du. "Aita salbatu zidanari", honek, Azurmendiren testuz egina, martxa estiloa du eta konponketetan rock bokazio argia erakusten duen diskoa da.

ZURETZAT GALIZIA

Urko

ZAFIRO-TXINDOKI NOX-334 A

Populu gailegoari dedikatutako disko hau grabatu du URKOk, beregan egiazkoa den herri eta bertako zenbait izen propiorekiko solidaritate izpirituaz. Diskoa hizkuntza bitan egina da —euskaraz eta gailegoz— kantariak sentitzen duen anaitasunaren erakusle. Gailegoz kantaturiko pasarteak salbu, Galiziako folklorearen tipismo eta ortodoxiaren barnean eginak, erabilitako medioak, haren "Cantata" eztabaidatuaren hildo tetriko eta trinkotik doaz.

 URKO gizon dramatiko bat da guztiz lozan eta txairoa izan behar lukeen kantagintza batean. Duen katastrofismo musikala, berriz ere, desproportzionatua gertatzen da.

ARABATIK ETORRI GARA

Gorka Knörr

MOVIEPLAY-KARDANTXA 17.1323/4

 Gorka Knörrek egin duen albumik "mingarrienetik" ("Herri bat gara") sortzen dira oraingotan, disko haren hildotik ihes egiten ez duten kantu hauk, desegokiak eta karismarik gabeak.

"Arabatik etorri gara" diskoaren tradizio aztarnek, berriz sartzen dute Gorka gure herri kantutegiaren egokikuntza eta errekuperatzearen bidean, baina oraingotan, KARDANTXAn agertu dituen entseiu hauk hain dira pretentsiotsuak eta lehengo Artesiko Gorkarengandik urrunduak, non deserosoak eta beraren irudiaren kontrakoak gertatzen baitira.

GIPUZKOA

Enrike Zelaia

HERRI GOGOA HG 177 LS

 Enrike Zelaiak Hego Euskal Herriko lau herrialdeei disko bana dedikatzeko asmoa du. "Gipuzkoa" honekin zabaltzen den antologia —gure ustez, duen edukiarengatik egokiago litzaioke "Donostia" izena— orain arte "folklorismo"tik oso hurbil ibili diren herri formetan sarturik, erakutsi egiten dizkigute akordeolari honen berriztatze asmoak.

 ZELAIAren musikaren ohizko kolorea, ez da orain arteko indarraz agertzen diskoan. Hala ere, eta positibotzat jo daitekeen zerbait da berau, argi dago lanak sakontzeko desioa, musik konponketa elaboratuago batzuen bidez. Honek, ZELAIArengan guztiz meritagarria, guttitu egiten du "Ezpata Dantza", "Zortziko" eta abarren jai eta erritu izaera, inbestigazio eta azterketaren arloetara hurbiltzeko. Zentzu honetan baloratu behar da ZELAIAren gogoa eta diskoaren pertsonaltasuna.

Karlos Arko


Euskal Herria

Agur "Argala" agur

Artikulu hau idaztera bultzatu nauen helburua, "Argala", gure lagunari omenaldi bat egitea izan da, eta bere izenean, Euskal Herriaren askatasunerako, beren bizia eta ahaleginak eskaini dituzten guztiei.

"Argala", burkidea, pentsatzen zenuen moduan erori zara, eta hala ere aurrera egiteko kemena izan duzu. Zeure konbentzimenduetan irmo, ba zenekien Herri honen askatasun sozial eta nazionala, burrukaren bidetik iritsiko dela, herriaren sektore guztiek horretan parte harturik. Ezin liteke bestela izan, zeren ez espainol gobernuak, ez frantsesak, ez eta berauek zaintzen duten sistema kapitalistak, ez baitute sekulan permitituko beren domeinuaren kontrako erasorik; eta zeu, "Argala", zeure aurrez aurreko burrukaz, eta langile eta herritar burruken arloan dihardugunok, geure helburutzat, Euskadi askatu, sozialista, berbatu eta euskaldun bat harturik, etengabeko arrisku bat gara zapalkuntza sistema burjesaren iraupenerako.

Eta horregatik dator, espainol gobernuaren interes handia geu eliminatzeko, marginatzeko, eta orain urte bi, frankismoari ematen zenizkioten kolpeak txalotu egiten zituztenek (bai eta oligarkiaren zati handi bat ere), orduko etsai komuna baitzen, orain berriz beraiek, "Argala", Euskal Herrian isuri den odolari probetxua atera diotenek, hainbat urtetako zure eta gure burruka, hainbat urtetako torturak eta gartzelak probetxatu dituztenek, beraiek, orain "terrorista" deitzen dizute, eta duela bi urte txalotzen zuten biolentzia beraren kontrako manifestazioak antolatzen dituzte. Eta, nik uste, beraien ikuspegitik normala da berau. Ba dakit zu haserretu egiten zinela portaera aldaketa horren aurrean; lehen sozialista, komunista edo, guttienez, aurrerakoitzat zeneuzkan alderdiek, 180ºtako aldaketa bat eman zuten gauetik egunera, eta kapitalismoaren aurrean beren oposizio lekua okupatu beharrean, beronen aliatu gogorrak bilakatu ziren. Baina, ba diotsut, portaera horri izugarri koherentea deritzodala, alderdi horien helburuekin. Lehenik, ez baitut uste, sekula gizartearen aldakuntza, hau da, sozialismoa lortzea planteiatu dutenik, horregatik, beren helbururik inportanteena, boterea daukatenen parte izatea da eta, gobernua, sistema kapitalista eta herri eta langile klaseen artean elkarrekiko bizitze baketsu bat lortzea, iraultzarako bidea betiko abandonatuz.

Beraz, ez harri, Carrillok bere diskurtsuetan, zeuk eraman duzun burrukak ultra-eskuinari mesede egiten diola esatean; ez harri ere, zeure eta zeure modukoen kontrako fronte "antiterrorista" bat egin nahi badute, eta Martin Villa eta indar errepresiboen kanpaina ontzat hartzen badute, eta horiek Euskadi osoa torturatu, gartzelaratu eta beldurtzeko baimen osoa badaukate. Baina hau guztiau, beraientzat, eskubidezko edozein Estatuk, beste "terrorismoaren" aurrean egin behar duen defentsa besterik ez da. Bai, horrela pentsatzen dute gure sozialistek eta komunistek. Lotsagarria da, baina horrixe da.

Eta "abertzaleok"? Cest une autre chançon, mon cher ami.

Hemen ba dago zeresanik franko, zeuk ba dakizu abertzaleon munduan nola dauden gauzak, eta ba dakizu denetarikoak daudela, ba dira Madrileko Parlamentuan gure problema guztien konponbidea dela pentsatzen dutenak, eta berauxek dira gainera "majoritarioak". Hauentzat burruka harmatua kontraesanean dago Euskal Herriaren askatasun politikoaren bidean, bakearen kontra dagoela eta, beraz, U.C.D. eta apezeriaren slogam berberaz kondenatzen dute "no a la violencia, venga de donde venga". Dena den, argi dago oraindik ez direla egundo atera, Martín Villak Iruñean, Donostian, Errenterian edo Arrasaten eginiko "erroreen", kontrako manifestazio batera, nahiz eta "istripuz" edo, zenbait euskal manifestari iraultzailek horietan bizia galdu. Honek guztionek adierazten digu nolabaiteko zorra diotela espainol gobernuari, beronekin enfrentatzeko beldur baitira, edo, bestela Estatuko oligarkiaren interes berdinak dituzte (hau esatean, zuk ba dakizu, buruzagien parte handi batez ari naizela).

Ezkerreko "abertzaleak" geratzen zaizkigu, minoritarioak, baina minoritarioak izaten kontsolatzen ez direnak, eta uste dute, sekretua negoziatzean datzala, negoziatzeko kapazitatea izan behar dela, eta berau ez baldin badaukagu, talde marginal bat izanen garela eta ezin izanen diegula geure Herriaren interes globalei erantzunik eman. Hauxek dira Konstituzioa gaitzetsi ondoren, beronengandik sorturiko guztia onesten dutenak; Demokrazia Burjesa kontsolidaturik dagoela uste baitute, eta horregatik, gure kontra dagoen indar erlazio baten aurrean makurtu egin behar dugula, eta mementu kojunturala probetxatu "politika egiteko". C.G.V. erakunde errepresentatiborik handiena legez jotzen dute eta horregatik, onartzen dute bai Ibarra (oligarka ezaguna) bertan sartzea eta zeu eta zeureak kondenatzea.

Azkenean, utopikoak geratzen gara, askatasuna herri eta langile mobilizazio eta burrukaren bidez iritsiko dugula uste dugunok; geu ere politika egiteko prest gaude, baina ezkerrekoa eta oposiziozkoa. Gure ustez, negoziaketa "guretzako" kondizio onetan egin behar dugu eta ez dugu esperantza galdu; ez gaude kondiziorik gabeko errendapen lotsagarri batetara eraman gaitzakeen "posibilismo politiko"aren tentazioan erortzeko prest. Halabaina, lasai egon zaitezke, "Argala", utopikook gero eta gehiago baikara, eta gure herri eta langile klasearen barnean, gero eta sinesgarritasun gehiago daukagu. Ba dakigu bidea luze eta oztopoz betea izanen dugula, baina ez dugu geure garaipenaz dudarik egiten. Ez dut besterik esateko, zure gomuta ez da niregan hilko; ez zara desagertu, Euskal Herri askatu, sozialista, berbatu eta euskaldun baten alde burrukan ari garen guztiok gogoan gordetzen baitzaitugu.

Jon Idigoras


Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian errepresioa gogortzen ari

Euskal errefuxiatuen kontrako atentatuen katea luzatzen jarraitzen da. "Argala" asasinatu zutenetik, oraindik hilabete pasatu ez denean, Jose Manuel Pagoaga, "Peixoto"ri gertatutakoaren berri izan dugu. Hilaren 13an goizean, bere etxetik ateratzen zelarik, beren aurpegiak izkutatzen zituzten ezezagunek, tiro egiten zioten. Hasieran, hila zelako albistea ailegatu zitzaigun, gero, jakin ahal izan dugu, guztiz grabe egon arren, bere bizia salbatzea lortuko dela, agian, nahiz eta betiko itsurik edo elbarriturik geratzeko arrisku handia izan. Baina guzti honetan ba dago sentsu humano berezia. Bere erkideok, itsurik gera ez dezan beroien begiren bat eman nahi diote Peixotori. Burruka baten pisu humanoa.

Atentatua erribindikatu dutenak, Madrileko Gobernuari hain mesedegarri gertatzen zaizkion ATE eta "Triple Ak" erreibindikatu dute. Frantses poliziak, ohi den bezala, ez du inor harrapatu, baina bai, atentatua gertatu ondoren Peixotoren etxea errejistratu.

Atentatuaren kontrako protesta azaltzeko, manifestazioak egin dira bai Iparraldean eta bai mugaren alde honetan. Errenterian, Donostian eta Arrasaten egindakoetan zenbait zauritu gertatu da, hauetariko batzu oso grabe.

Hauxek ditugu Orejak, Suarezen ministroak Parisen eginiko gestioen efikazia erakusten diguten fruituak. Frantses eta Espainol Estatuak, berauen poliziak eta "inkontrolatuak", denak agertzen zaizkigu bat eginik Euskal Herriaren kontra. Hala ematen du.

Iparraldean egin litezkeen mobilizazioen beldurrez, frantses gobernuak Hendaiako muga hixtea erabaki du, bide batez 800 CRS gehiago Bordeletik ekartzen zituelarik, errepresioa gogortzeko asmoz. Bitartean, eta egun berean, iritsi dira Hegoaldera 3.000 polizia gehiago eta Conesa bere 60 espezialistekin. Denoi "agur bero" bat opa diegu.


Euskal Herria

Greba konprenigaitz bati buruz

Grebak ez dira zerbait berririk herri honetan. Langileriak, berau du bere interesak defendatzeko harma nagusienetarikoa. Horregatik, instintiboki, Euskal Herriako kaleko gizon arruntak, langileon alde definitu ohi da halako aukeretan. EGIN egunkarian gertatu denak, aldiz, harriturik utzi gintuen eta zer pentsatzekorik ugari eskeini ere, ezin baikenezakeen bertan gertatzen zena ongi uler, hain baitira bereziak gertatu den entrepresaren ezaugarriak.

Grebaren Hasiera

 Juan Ramon Martinez, EGINen zuzendaria, ezbeharrez hil ondoren, Luis Lakasa izendatzen dute fundatzaileek behin behineko zuzendaritzat. Erabaki inportanteak zeudela hartzeko eta, fundatzaileek premiazkotzat jotzen dute zuzendari berriaren hautapena.

Abenduaren 15ean, Hernaniko langileen asanbladak, fundatzaileen helburua Mirentxu Purroy izendatzea dela jakinik, komunikatu bat helarazten diote fundatzaileen asanbladari. Horretan zera adierazten dute: Ez dutela M. Purroy-ren zuzendaritzarako izendapena onartuko eta, fundatzaileek kargu horretarako proposatuko luketen pertsona betatzeko eskubidea erreibindikatzen dutela. Fundatzaileek beren erabaki hori mantenduz gero grebara joko dutela eta horretatik, sor litezkeen kalteen errespontsabilitatea, fundatzaileona izanen dela.

 M. Purroy gaitzesteko erabiltzen diren argudio nagusiak, berau ez dela gai izan Punto y Hora aldizkaria merkatura egokitzeko, beraz ez dela zuzendariaren kargurako pertsona egokia, eta egunkariaren profesionaltasuna, objektibitatea eta zabaltasuna afektaturik gertatuko liratekeela erabaki horretaz. Ez dut uste, M. Purroyk Punto y Horan hor aipatzen diren objektibitate eta profesionaltasunik eza erakutsi duenik, ez eta, aldizkari horren problema ekonomikoaren errua berari bota dakiokeenik, baina goazen aurrera.

Hurrengo egunean, hilak 16, fundatzaileek asanbladan, M. Purroy izendatzeko botazioa planteiatzen da. 69 fundatzaile daude bileran. Ondorioak: M. Purroy zuzendaritzat izendatzearen alde: 48 botu; kontra: 7; abstentzioak: 9; parterik hartzen ez dutenak: 5. Beraz, M. Purroy izendaturik geratzen da. Egun horretan bertan, greba hasten da Hernanin.

Altos Hornos de Vizcaya S.A.?

Greban zehar erabili izan diren kontzeptu batzu ikusirik, La patronal, La parte empresarial, etab. eman lezake EGIN beste entrepresa kapitalista tipiko horietariko bat besterik ez dela. Horregatik, problemaren nondik norainokoaz ohartzeko, komenigarri da, Patronal hori nortzuk osatzen duten jakitea.

EGIN bizi bada, hori, Euskal Herrian zehar horretarako beren dirua aportatu duten 24.000 bat kontupartekideei zaio. Kontupartekide edo akzionista hauek, aukeratu egiten dituzte beren ordezkariak, milioi bakoitzeko pertsona bat. Hautaturiko pertsona guztiek osatzen dute EGINeko fundatzaileen asanblada. Fundatzaile hauk dira, bada, EGIN aurrera ateratzen saiatzen den herri zatiaren ordezkaritza zuzena daukatenak eta fundatzaileen asanblada honetatik datorkio, hain zuzen, EGINi bere herrikoitasuna. Asanblada horretan, euskal ezkerraren alorrean dauden eritzi desberdinak daude, noski eta berorri dagokio, eta ez beste inori, egunkariak segitu behar duen hildo ideologikoa markatzea. Egunkariaren langileak ere, fundatzaileen asanblada horren partekide izan daitezke, noski, eta horrela gertatu da Bizkaiko erredakzioko bi langileren kasuan, Bilboko langileek, fundatzaileen asanbladan beren eritziak errepresentaturik egon daitezen helburuaz, milioi bi bildu egin zituzten berrehun bat pertsonaren artean, bi langile horik fundatzaileak ere bilakaraziz.

Hala ere, fundatzaileen asanbladaren izaera errepresentatiboa kontutan izanik, beren lan indarrez egunkaria egiten duten langileok, behar dute asanblada horretan beren ordezkaritza eta partizipazioa eduki. Bertako langileek, herri milioi horien errepresentatibitate zuzenaz aparte, berena ere merezi baitute. Fundatzaileen asanblada honetako 81 lagunek osatzen dute, bada, Patronala deitu dena. Nire ustez, argi dago EGIN ez dela ALTOS HORNOS DE VIZCAYA S.A. Entrepresariok eta akzionistok ez diete langileei inolako plusbaliorik ateratzen eta, diferentzia hau, inportantea da, arazoa nola planteiatu den ulertzeko.

Hernanin asanbladak

Greba hasten da Hernanin eta Iruñean. EGINek duen plantila osoa, 140 lagunekoa izanik, Hernanin egiten diren asanbladetan, 70-80 langilek hartzen dute parte. Hauetarik grebaren alde agertzen direnak, 49. Baina egunkaria Hernanin egiten da eta ez da kaleratuko.

Bat salbu, Bizkaiko erredakzioko langileak ez dira grebara batzen. Hilaren 17an Hernanin egiten den asanbladan, Bilboko erredakzioko langile bi daude: Periko Berrio eta Juan Mari Arregi, lehen aipatu dudana, Bizkaiko langileek bildu dituzten bi milioiren ordezkaritza daukate, eta langileak izateaz aparte, fundatzaileak ere ba dira. Baina kapitalaren ordezkariak direla eta, asanbladatik expulsatu egiten dituzte, asanblada langileontzat bakarrik delako. Gertaera honek, egoerak iristen duen garraztasunaren ideia eman diezaguke.

Abenduaren 18an, grebaren hirugarren egunean, Bizkaiko langileek kaleratzen duten komunikatuaz fundatzaileen jarreraren alde agertzen dira: Nos pronunciamos por el no derecho al veto y no el veto concreto a M. Purroy ya que consideramos que es la asamblea de fundadores, que representa a la mayor parte de las aportaciones de los sectores del pueblo vasco que han hecho posible EGIN, quien ha de decidir. Gauzak ez daude hain argi langileen artean ere.

Bitartean, fundatzaileak ez daude harturiko erabakia aldatzeko prest. Ostegunean hilak 21 EGIN berriz kaleratzen zaigu, lehen horrialdean fundatzaile eta administrazio kontseiluen komunikatu luze bat dakarrelarik, horretan M. Purroy-ren izendapena baietsi eta arazoa zuzentzeko neurriak hartuko direla azaltzen da: Vistas las constantes trabas que se han manifestado a lo largo de la vida del periódico y que ha culminado con esta huelga, haciéndonos eco de las asambleas que estos días se han celebrado, será preciso tomar las medidas necesarias que garanticen este objetivo sin ambigüedades.

Hilaren 20an bertan, EGINeko 13 langile despedituak gertatzen dira.

Erabaki honen aurrean, greba hasten da berriz. Langileak prest daude M. Purroy onartzeko, baina honen ordez 13 despedituen bersartzea exigitzen dute.

Hilaren 20an ateratzen den egunkaria, zuzendariaren izenik gabe datorrela eta berau, Ley de Prensa-ren aurrean ezlegala izanik, Gorka Reizabalek, despedituetariko batek, Zeruko Argiako zuzendari ohia, salaketa bat presentatzen du EGINen kontra Gipuzkoako Ministerio de Cultura-ren delegazioan.

Egunkariaren egoera ekonomikoaz

Ezaguna da, sortu zenetik EGIN nolako egoera ekonomiko larrian ibili den. Grebaren ondorioak horretan gogorki afektatzen ari direla eta Irigoien, kontseilari delegatuak bere dimisioa presentatzen du grebara jo dutenen jarrera kritikatzen duelarik.

Konstituzioaren kanpainaren sasoian, fundatzaileek baietzaren aldeko publizitaterik ez onartzeko erabakia hartu zuten, jarrera honen aldekoek komunikabide ofizial guztiek beren alde (propaganda konstituzionalaren alde) baitzituzten. Langileek erabaki horrekin ez daude konforme eta beren protesta agertzen dute egunkarian, EGIN dagoen egoera ekonomiko larrian publizitate hori ere onetsi behar zela esanez. Gero, M. Purroy-ren izendatzea, egunkariari 10 milioren sartzea galerazi omen dion greba batetara jotzeko motibo nahikotzat jotzen dute. Bestalde, kapitala handitzeko kontupartekide berriak lortzeko kanpaina bat egiteko asmoa zegoen, grebak atzeratu egin du berau.

EGINen lan konbenio berriaren zain daude. Oraingo konbenioan erredakziokoek dituzten lan kondizioetan 36 lanordu sartzen dira astero, 6 egunero igandeak ezik, oporraldiak 40 egun urtero eta erredakziokoen soldatak 45.000-80.000 artekoak dira.

Prentsaurreko hartan fundatzaileen errepresentatibitaterik eza salatzen da. Egia da oraindik 60-70 milioi jarri dituzten kontupartekide batzu, oraindik ordezkaririk gabe daudela, honen kausak teknikoak izanik. Josu Barandikak, Alberto Gabikagogeaskoak eta beste fundatzaile batzuk, beren karguak onartzeko kondizio legez, arazo hori konpontzea jarri zuten.

Bide batez, prentsaurrekoan grebalariek dei bat zabaltzen diete iritzi publikoari, alderdi politiko erakunde sindikal eta bestelako guztiei, izaera profesional eta laboral huts bat duen beren jarrerarekin bat egin daitezen. Euskadiko Ezkerrak aurrea hartzen du honetaz.

Euskadiko Ezkerrak: EGIN jadanik ez da "gure egunkaria"

Grebara jo dutenen jarrerarekin guztiz bat eginez, E.E.k kaleratzen duen komunikatu batean, EGIN aurrerantzean "gure egunkaria" ez dela izango dio eta egingo duen kazetaritza ez da lehen bezalakoa izango, ez egiazkoa, ez objektiboa, ez demokratikoa, eta ez euskalduna. Eta biziko balitz ere, fundatzaileen kontseiluarena izango omen da. Komunikatu horretan, hala ere, ez da gauza bat argitzen, fundatzaileen kontseilu hori, fundatzaile guztien asanbladatik aukeratzen dela, hots, herriak oraingoz EGINen duen ordezkaritzarik zuzenena.

Arazoaren funtsa ez da nire ustez laborala izan, burruka ideologiko batena baizik eta honetan datza: Nori doakio egunkariaren linea periodistiko eta ideologikoa markatzea?, fundatzaileen asanbladari, eta beronek horretarako egokien kontsideratzen dituen pertsonei ala bestela egunkariaren plantilan sarturik daudenei?

Profesionaltasun eta objektibitatearen arazoa asko erabili izan dira. Batzuren ustetan, EGINek galdu egingo zituen kualitate horik fundatzaileen erabakiaz eta orain linea politiko zehatz eta partzial bati erantzungo dio. Prentsa arloan, objektibitate eta profesionaltasun absolutu, neutral eta kolore gabekorik eman daitekeenik ez dut uste. EGINek orain arte bere linea politikoa izan du eta izanen du, eta arazo konkretuen aurrean bere jarrerak agertu izan ditu eta espero dezagun aurrerantzean ere gauza bera gertatuko dela, linea bat edukitzeak ez baitu kentzen objektibitate eta profesionaltasuna.

Zenbait sindikatuk oso gogor defendatu dituzte grebalarien errebindikapenak, ELA-STV kasu, (despedituetarik 4 zentral honen afiliatuak ziren; Ikus Urtarrilaren 6ko ELA aldizkaria) eta beraiengan ez ohizkoa den dinamika asanbladari bat bultzatu dute. Niretzat, behintzat biziki pozgarria litzateke sindikatu horrek are indar eta afiliatu gehiago dituen beste egunkarietan, DEIAn kasu, eta EGINen karakteristika berezirik ez daukatenetan zuzendaria betatzeko errebindikapena eta besteak planteiatuko balitu.

J. Llerandi


Euskal Herria

Abertzaleen elkarretaratzea Uztaritzen

Urriaren 28an Uztaritzeko Landagoien biletxean 140 bat abertzale bildu ziren. Egun osoan zehar aztertu zituzten Ipar Euskadiko arazo nagusienak. Adibidez, aztertu ziren ekonomia, kultura, militantismoa eta abertzaleen elkarretaratze baten azpiegiturak.

Patxi Nobliak dioenez, "Abertzaleen elkarretaratze honek ez du alderdi politiko bat izan nahi. Baizik, Iparraldeari dagozkion arazoen azterketa bat. Elkarretaratze honek, gaurregun ez dauka egiturarik ez eta ere benetako izaterik. Eboluzio batean edo bilakaera batean aurreratuko da saiaketa hau, jakina ez dugu baztertzen alderdi politiko baten asmoa, baina hori luzera eginen den errealizazioa izanen da. Gaurkoan ez da alderdi politiko baten eraikitzea gure lehen grina, baizik ideien altxaketa bat, gurutzaketa bat eta azterketa bat izan nahi du abertzaleen elkarretaratze honek".

Egia esan, lan guziz interesgarriak egin ziren egun horretan. Lehen batean, antolatzaileek Iparraldeko problema nagusienak nabaritu dituzte eta ondoren problema bakoitzari zihoazkion komisioak osatu dira. Horrela azpimarkatu da merkatu komunean garrantzi handia, bereziki, Iparraldearen etorkizunari doakionez, Gai premiatsu honen eragina ikusten baita, talde batek aztertuko duela erabaki da. Jakina, guziek dakigu zein den latza emigrazioaren arazoa Iparraldean. Urte oroz, gazteak doaz, zein Bordelera, zein Parisera, zein Pauera eta horrela dinamika guzia galtzen ari gara. Dudarik ez, komisio horretako jendeen arazoaren larritasuna dakusatela, beraz hauen bilaketa izanen da: nola konkretuki eta praktikoki erantzun langabeziaren problema honi? Zein posibilitate berri eman liezaguke Europa Komunak? Hots, Euskadin Iparra eta Hegoa bat bestearen bote dira edo batek bestea konpli lezake. Benetako egin beharra.

Turismoari dagokionez, ikusi da ez dela edozein turismogintza nahasi behar, baina ez daitekeela hala ere aktibitate hau osoki aldera utz: Turismoa aitzinatu behar bada, egin behar da beste moldezko turismogintza baten bitartez, adibidez, asmatu behar dira urte osoan zehar izaneni diren etxe berezi batzu. Azpimarkatu da ere, turismogintza Hegoaldean buruz zabaltzea eta eramatea beharrezko dela.

Laborantzari dagokionez, nabaritzen da, erabaki nagusi guziak Pauen hartuak direla eta Iparraldeko nekazarien arrenkurak ez direla erantzunak. Berdin gertatzen zaie sindikalismo mailan eta administrazio mailan. Beraz, ahaztura eta ezin entzun horik direlako beharrezko da zentralismo horren haustea deszentralismo baten bitartez. Oharpen horrek balio baitu administrazio eta sindikalismo egiturentzat, ez dakigu laborantza komisioan dauden nekazariek Euskal nekazarien sindikalismorako estruktura berezi baten jasotzea asmatzen ote duten? Amets bat edo amets bat errealitate bihurtuko zaiguna? Geroak esanen...

Nekazarien komisioak agertu du oraino, Euskal Herri barnean mendien gestioari dagozkion mendi sindikalak ba daudela baina hauen arduradunek egitura hau okerki erabiltzen dutela. Egitura hauk interesgarriak dira eta horregatik ekintza kolektiboetarako edo interes jeneraletarako erabiliak izan behar lukete. Zoritxarrez, komisioak salatu du egitura hauen barnean daramatela korrupzioa eta ustelkeria. Lur desjabetzearen arazoa, espekulazioarena eta beste agertu dira.

Kulturari dagokionez, euskara baliotu behar dela esan da. Adibidez, euskara erabiliz lehen mintzaira bezala eta mintzaira premiatsu bezala. Euskara batuaren garrantzia ikusi da, baina ere Iparraldearen partizipazioa eta kutsua beharrezko direla. Euskara batu sendo baten egiteko "Iparraldeko euskarak bere gatza eman behar dio euskara batuari".

Komisio honek agertu du oraino Euskal Irrati eta Telebista baten behar baitezpadakoa. "Puntu hau premiantza guzien premiantza da" esan du komisioko partekide batek.

Ikus dezakegu, izpirituak ez direla lo egon, ideiak sortu dira, zenbait guziz interesgarriak. Jadanik nabaritzen da kulturaren eta nekazaritzaren komisioak urrats sakon handiz ba doazela ororen aurrean. Azterketak jarraituko direla komisio bakoitzaren mailan esan eta, amaitu da elkarretaratzea. Abertzale hauk lanari lotu zaizkio, azterketa honen ondotik ekintzak konkretizatu nahi dituzte. Zergatik ez?...

M. L. Uhaitze


Euskal Herria

Hiztegigintzan gogor ari da UZEI: zorionak zuei

Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea (UZEI izen laburtuaz ezaguna) euskara Unibertsitate mailara egokitzeko behar den azpiegitura prestatzen ari da. Lan izugarri eta interesgarria. Hala ere oso gutti ezagutzen da, informabideetatik propaganda handirik ez baitzaie egiten. Eta besterik ezean, lan horren aipamena aldizkari apal honetatik egin behar.

Abenduaren 21, 22 eta 23an euskal idazle pilo on bat —hogei ta bi— Donostian bildu dira,jo eta ke lan egiteko —hamar ordu egunean—, UZEI erakundearen eraginez. Aldizkari batzurentzat hau ez da, antza denez, albiste aipagarria, eta horregatik ez dute inon adierazi. Jendaurreko lana —politika, mitinak, kantaldiak eta antzekoak— hain superbaloratuak dauden une honetan, sarri arbuiorik latzenean daude piontza kulturalezko lanak. Ostera, piontzalan guztiak bezala, guztiz beharrezkoak dira, batez ere euskal kulturaren azpiegitura prestatuko bada.

UZEI erakundea euskarazko hiztegi teknikoak prestatzen ari da. Gaur eguneko jakintz arlo guztiei buruzkoak hain zuzen ere: Filosofia, Politika, Natur Zientziak, Fisika, Kimika, Medikuntza... Denetara hamabost hiztegi. Guztiz original eta praktikoak. Batzu jadanik bukaturik daude, inprentaratzearen zain. Horrelako lan mardulak egokiro bukatzeko, batasuna guztiz beharrezkoa denez, hiztegi horien prestakuntzarako arduradunak batu egin dira, hiztegi guztietarako batasun-arauak hartzeko. Batzea hain zaila den une honetan, pozgarri da ikustea, nola eritzi desberdinetako pertsona batzu lanean serioski batu daitezkeen.

Interesgarri da, halaber, etorkizunari begira, lan horietan ari diren pertsonen azterketa egitea. Batetik gazte direla esan behar da, batezbesteko adina ez baita hogei ta hamalau urtetara heltzen (33,9 urte). Bestetik, zenbait belaunaldi desberdin ageri dira: 48 urtez gorakoak (lau), 36-39 urte-tartekoak (bost), 29-33 tartekoak (zortzi) eta 27 urtez beherakoak (lau), nolabait solte, 44 urtetako bat dagoela. Ikusten denez, saltotxo batzu ageri dira belaunaldien artean.

Jatorriari buruz, eta euskalkika banatuz, giputzen nagusigoa ageri da (hamabost), bizkaitarrak (lau) eta nafarrak (lau; bi Nafarroa Garaikoak eta bi Beherekoak) oso atzean gelditzen direlarik. Sexuari dagokionez, zoritxarrez, emakume bi bakarrik. Erlijiosoak ere minorian zeuden, bost baino ez baitziren denetara, nahiz eta, segur asko, apez edo apezgai izanikoak kontatuz gauzak erabat aldatzen ziratekeen. Baina tira!

Ikusten denez, ba dira euskalgintzan gogor dihardutenak ere. Urte berriarekin laguntza hobea eduki dezaten opa dizuegu. Zorionak zuei!

R. Garai


Euskal Herria

Konstituzioa ukaturik Autonomi Estatutu Nazionalaren ondotik

Hasteko, ez dut uste Euskal Herriak Konstituzio espainoltzale hau garbi gaitzetsi duelako, arrazoiketa zehatzetan ibili beharrik dagoenik. Hortarako dituzu Hego Euskadiko lau herrialdeetako eta herriz herrizko baiezko, ezezko eta abstentzio zerrendak. Euskal Herriak Autodeterminazioa hautatu du eta kontsentsu espainolistaren Konstituzioa UKATUZ abiatu da. Eta demokrazia, nik dakidanez, behetik gora eratzen da, edo eratu behar litzateke. Beraz, Euskal Herria nazional mailan hartzen dugunontzat behintzat, delako Konstituzioa gaitzetsi eta esku betean nazional Estatutu baterako oinarriak finkatzera jo behar dugu.

Baina, hara! abertzale guztiok batasunean ekingo genuela pentsatzen genuen inozoentzat lehenengo gakoa. Euskal Herriaren ukapen honen aurrean alderdi desberdinak bide desberdinetatik, eta berriro zatikaturik ekin bide dugula. Politikagintza baino gauza bihurriagorik ezin asmatuko da horregatio! Hainbeste urtetako borroka, odol, gartzela, zigorturik, zanpaturik... eta ezin bide sendo eta garbi bat topa. Baina, nire eritzi koxkorrean, ez da halere gure ezinaren arrazoi bakarra, abertzaleon zatikeria. Zatiketa honek, nolabait ere indargutxitu egiten bagaitu, beharbada, luzeerako historiak, bai erakunde-istituzionalen bidea eta bai kanpotikako iraultza bidea fruitu onean burutuko ditu. Baina, bitartean, nahiko ilun eta nahasi agertzen da gure askatasun borrokako tunel beltza.

Erreforma bidean dihardutenak, hau da, alderdi estatalistak, eta abertzale posibilistak (E.A.J. eta Euskadiko Ezkerra) ez dute aurrez aurreko jarreraz eraso nahi, eta dagoeneneko posibilismoaren erreforma jokoan sarturik, diplomazia bidez, ahalik eta autogobernurik sendoena negoziatzera jo dute. Hau lortzeko kanpaina eta behar izanez gero herri manifestaldietara deituko dute. Alderdi parlamentariek eginen dute soilik delako aurreprojektua, eta Herriari amen esatea dagokio.

Herri Batasunaren jarrera, ordea, askoz ere garbi eta kontsekuentegoa da. Alegia, jadanik, abenduak 6 Euskal Herriak eginikako bozketa edo Konstituzio ukapenetik urratu bide du, ekainaren 15eko neurketa erabat gainditua geratu denez. Hortik abiatuz, eta denok dakigunez euskal autogobernu baterako derrigorrezko oinarria den "udal hauteskundeak orain" errepikatzen da. Herri Batasunaren jarrera, bada, gobernu ta alderdi estatalisten aurrezka eta euskal ikuspegiko Estatutu baterako oinarri sendoak finkatuz abiatu da. Eta jakinekoa denez, abiapuntu bezala, KASeko alternatiba mamituko da, hau da, amnistia osoa, errepresioa moztu eta indar errepresiboak epeka desagertzea, euskararen egiazko ofizialkidetasuna, langileriaren lehentasuna maila orotan, etab.

Ba dakit zenbaitentzat testimonialtasun hutsean ari natzaiela. Baina Konstituzioari buruzko mitinetan ideia honek erakarrita H. B.ak bildu du Euskal Herrian barrena jendetzarik gehiena. Bilboko Kirol Pabeloian edo Donostiako Velodromoan agertu ziren oihu eta deihadarrak ez dira testimonialak, KASeko indarrak ez dira testimonialak, ETA testimoniala ez den bezalaxe. Edo abenduaren 6an Euskal Herriaren bozketa ere testimoniala izan zen? Eta testimonialtasunari edo lekukotasunari bagagozkio Nazional Estatuturako nor ote testimonialago, H.B.ren jarrera kontsekuentea ala erreformisten buruan sartu den Euskal Iraultzarako deritzon Alderdia?

Delako aurreprojektuaren abiada arakatzen badugu, berriz, nahiko gaizki jaio dela aipatu beharra dago. Haziendari eta ordu publikoari dagozkion aurrerapausoak direla eta, PSOEk eta UCDk atzera egina dute, jadanik. Gero, enmienden merienda egosi, eta Gobernu-Gorteen ebakitzeak burutzerako nahiko kaka egina aterako da, abiatzerako ere hain ahul eta Konstituzioaren barne jaio den aurreprojektu ofiziala.

Baina, zein arraio arrazoiengatik jarraitu behar ote dugu euskaldunok (euskaldun diodanean bertan lanegiten dugun guztiongatik diot) ezetz borobila eman diogun Konstituzio eta erreforma zentralista hau? Euskal Herriaren autodeterminatzearen aurrerapauso irmo bat izan da Herriaren erantzuna. Euskaldunok behin behingoz sistema zentralista eta kapitalismo honen kateak hautsi eta gure Herrigintzari lotu behar gatzazkio.

Bestalde, herriz herri eztabaidatu behar lirateke Autonomi Estatutu Nazionalerako proposamendu eta aurreprojektu desberdinak eta Udal Batzarreak eta Langileen Koordinakuntza batek burutu beharko luke delako aurreprojektua, aurreprojektu ofizialak daramatzan burokrazia, desherriratze, eta alderdikeriazko bideak alderaturik.

Beraz, Euskal Herrirako demokrazia, bakea eta autogobernua aipaturiko ikuspegia eta oinarri sendoetan finkatzen da. Beste bide guztiek adarretatik heldu nahi dute zuhaitza, enborretik gotortu beharrean. Hori sistema erdirakoi eta erreforma kapitalistari jokoa egitea baita, areago, erreforma hori gure Herrian ezartzen laguntzea litzateke. Nahiz eta harmen indarrez bakarrik behartuko gaituztela jakin.

Konstituzioaren ukapen honen ondoren, soluziobideak politikoak dira eta atzeraezinekoak. "Euskal Herrirako bakea eta Autonomi Estatutu Nazionala sendotzeko bertan lortu beharrezkoak dira:

Amnistia Osoa eta errepresioaren amaiera.

Alderdi guztien legeztapena.

Munizipalak orain.

Alex


Euskal Herria

Alex erkide ohiari

ANAITASUNA, 371-372 zenbakian artikulu bat idatzi duk, eta besteei demagogia errua botatzen aritu haiz, hasieratik amaierararte pekatu berberean eroriaz. Azken baten ezker abertzalean mogitu garen askoren ohitura tristea izan duk. Baina gauza sinple bat ahantziaz, demagogiak beti pasatzen duela faktura, bentzimendu batera edo bestera.. Eta hemen ez dik balio letren "peloteoak".

Herri Batasuna eta Euskadiko Ezkerreko "peloteo" horretan aritu baino lehen, gutxienez dato batzuk egiztatu behar dituk aurretik. "Halere, barragarria izandu zen, E.E.ren (hau da, ezker abertzale erreformistek, EIA, eta abar —sar zak hor EKIA, ez hadi lotsa!—) azken orduko ateraldia. Herri Batasunak Bilborako egin deia agertu arte, E.E.k ez zuen ageri ofizialik Euzkadi Buru Batzarraren manifestaldiaren kontra agertu". Hori ez duk horrela, zeren Euskal Kontseilu Nagusiak, edo bere lehendakariak deituriko bilera zela eta, kazetetan agertu zian urriaren 12an; PNVren deiaren salakuntza: "...Euskadiko Ezkerra y Bandrés por considerarla enormemente desacertada. El único beneficiario es el centralismo..." (DEIA, 12-X-78, EGINen hemerotekarik ez diat ikusterik izan, baina salakuntza osoago zekarrela). Beraz, "hire azken orduko ateraldia" pikutara zihoak, eta berekin planteamendu osoa.

E. H. ezezagun batek, dirudienez ez dik zeregin hobeagorik izan Mario Onaindia astintzekoa baino. Dirudienez, ez, hemen ez zegok ofizio hobegorik ingurukoa izorratzea baino. "Autokritika" izango duk seguru asko, edo "analisis politikoa", batek zekik!

Jakin dezakek, EHASen sortzaileetariko bat naizela, eta jarraian HASIkide izan ginela. Eta bi alderdi horien helburuak irakurtzeko betarik baduk, ikusiko duk zertarako sortu ziren, hik aipatzen duan ezker abertzale hori antolatzeko eta elkartzeko. Tartean EIA ere bai noski. Ez diat ukatuko alderdi horretan ez denik egon antiEHASik, bat nabarmena aipatzekotan, egungo "Herri Batasuneko" izar nagusi bat. Badakik nor. Baina egia duk baita ere EHAS eta HASIkideen artean ere izugarrizko antiEIAkeria bat sortu zela. Noren mesedetan? Nortzuk bultzatua?

Ez diat uste behinolako zazpi-zortzi puntugileak, geroago KASen alternatibaren oinarri nagusia izango zenarenak; geroago Herri Batasunaren lehendabiziko alternatibagileak, bultzatu zutenik. Lerro guzti horietako borradore bat baino gehiago badiat, eta garaiz eta desgaraiz alternatiba inmutableekin datozenei, batez ere puntugintza garai aretan MCko, PCko eta beste talde estatalistetan instalaturik zeudenei, eta orain bere abertzaletasun berria frogatzeko eta nabarmentzeko superkastu direnei, NAHIKOA eta GEHIEGI dela esan beharko zaiek. Alderdi guztien gainetik, zeru, oskorri eta oskarbi guztieri gainetik daudenei, antipartido, apaiz-ohi eta abarri ez zeuden orduan ezker abertzale bat antolatzekotan, Euskal Langile Herria antolakizun sendo eta zindo baten gogortzekotan.

Eta horren bila ibilitakook, antiEIA ero eta sospetxagarriekin asperturik, norbaiten estrategiaren estalgitzat gogait eginik, aintzinamendu bidera jo diagu, alternatiben erlojuari kuerda eman ondoren euskalgintza-herrigintza bateko politika ildo berri bat hartuaz. Nahiz eta erreformista deitu edonork, zeren barregarria bai duk, E.K.N.ari, nahiz honen inguruan moldatzen den edozertan, estatutu, nahiz instituzioetan jokatu ezkero, hori deitzea. Gauza bat duk Erreforma delako hori gure asmoen kontra etortzea, eta beste bat hori nolabait gailentzen bada, demokrazia burjesaren joku erregelekin baliatzea. Zeren Laudioko alternatiba famatua, eta bere alde onak publikoki. behin baino gehiagotan aitortu ditudana, posible izan baduk, bertako kontzejal erkide ohiak, frankismoaren demokrazi organikoko joku erregelekin baliaturik udal boterea hartu bai ziaten, eta ongi egina, noski. Eta Bergarako alkate eta bere mogimendukoak, beste hainbeste, eta ongi baliaturik, noski ere! Eta gure Barne Kontseilaria, ez Benegas, aurrekoa baizik, adiskide Telesforo ere, Nafarroarik gabeko (ez eta Ondarroa ere!) Kontseilari "Vascongadoa" izan zuan, ongi izendatua, baina "Vascongadoa". Eta hori ez duk izango erreformismoa hiretzat?

Zenbat demagogia azken baten ezker abertzalearen inpotentzian! alternatibarik ezean! Zeren Goierriko estrategia, Euskal Herria Goierritzat hartzea, ahazturik Nafarroako egoera objektiboa eta desnazionalizatua, UCDk bost probintzietarako markatu duen bidea, gure Ekialdeko herrialde horretako foru instituzioen prolemaz gainera; ahazturik Arabako ahulezia nazionala, UCD eta PSOEren mesedetan; ahazturik Enkarterriko abertzaletasun folkloriko eta pnv-eroa; ahazturik, PSOE eta PCren Ibar Ezkerreko pixu historikoa, baliteke gure Herria Numancia batera eramatea. Gutxienez hori ere pentsatu dago, edo pixutu.

Ezin ote diagu Alex, huntaz eta hartaz, estrategiaz eta taktikaz, ideologiaz eta teoria politikoaz elkarrekin mintza, kritika iraingarrian eta demagogian erori gabe? Nik uste diat baietz.

J. L. Lizundia


Euskal Herria

Mitinak egiteko modu berrietaz

Mitinak ez zaizkit gustatzen. Lehenbizikoetara gustora joaten nintzen; hainbeste denboran ixilik mantentzen genuena jendearen aurrean oihuka esateak, asko ginela egiaztatzeak, balore handia zuen. Orain mitinak, telebistako publizitate mailan erori direla dirudi. Konpetizioa, autoegiaztatzea, demagogia... ez da inor salbatzen. Lau karraxi bota, bihotzak hunkitu, eta ea nork jasotzen dituen txalo beroenak! Gure gaurko eginkizun politikoa oso serioa da, eta benetan herriak erabaki behar duela pentsatzen badugu, ez zait oso egokia iruditzen hau lortzeko, behin eta berriro "gure hilak" aipatzea, gudarien amak goraipatzea eta gure konsigna ia bakarrak "gora ETA militarra", "gora ETA politiko-militarra" eta "ETA, herria zurekin" izatea. Lehen borrokalariak behar genituen iraultza egiteko, orain, aktore onak beharrezkoagoak dira. "Demokraziak" inposatzen digun moda bat; segitzen ez duenak, ez du jokoan parterik hartzerik.

 Euskadiko Ezkerrak ere parte hartu nahi du, Herri Batasunak bezala, beste guztiek bezala; horregatik, abenduak 3, Bilbon, mitin eder bat eman zuen. Mitin hau, funtsean, beste mitin guztiak bezalakoa izan zen. Honexegatik, ez dut hemen hangoa kontatuko, Euskadiko Ezkerrak dituen helburuak, bere iturrietatik hartzea interesgarriagoa da eta.

Baina, TXARRIBODA eguna, globalki hartuz, benetan emankorra izan zen Euskal Herriko iraultzarako. Aukeratzea beti ederra izaten da, eta han aukera ederrak izan genituen gainera. Lehengoari eutsiz, euskal kirolak, dantza eta musika zaharrak; oraingoa sortuz, Rock jaialdi bat, "verbena"...

Iraultzak, politikak, bizitzaren arlo guztiak ikutu behar ditu. Eta han ikutzen ziren. Ekologia, osasuna, taberna naturista bat ere ba genuen. Gure herri honetan, ardoa eta txuletak direla errege, higienismoa defendatzea jarrera iraultzailea da.

Ardoa, txuletak, indarra, agresibitatea, gizonak gizonekin sozietatera, emakumeak etxean, zer esaten zen kalean —eta zer esaten da— homosexualitateaz? ederrak aditu izan ditugu... ba EHGAMekoak ere han ziren, hitzaldi bat eman zuten publikoki azalduz, eta aretoa bete beterik zegoen. Pertsonen arteko harremanei buruz ditugun ideia atzerakoiak aldatzea ere iraultzailea da.

Toki hauetara joatean, umeak PROBLEMA izaten dira. Eta problema honi soluzioa, ume hauk gordetzeko haurtzaindegi bat eratzea izaten da. Han umeak ez ziren gordetzen. Protagonistak ziren ere, eta ba zuten aukeratzeko: antzerkia, zinema, margotu, jolasak, etab. Gauza batek harritu ninduen dena dela, emakumeek stand berezi bat zuten, eta stand honek EMAKUMEAK zuen izena; emakumeak berriz, nonahi ikusten ziren, stand guztietan hartzen zuten parte, orduan ez al litzateke egokiago izango EMAKUMEAREN PROLEMATIKAZ edo. FEMINISTAK jartzea ezaugarri bezala? Hala eta guztiz ere, emakumeen stand honetan, feminismoa zen gure kulturaren iraultzaile, erantzun oso baten barruan.

Komunikabideak direla eta, han izan genituen euskal telebista, irratia eta prentsa; geu, hauen artean noski, ANAITASUNA saltzen eta erakusten.

Babarrunak ere oso ondo prestatu zituzten, ez dut esango hau iraultzaile denik baina tira! nola edo hala laguntzen du, gero tiroak nora bota behar diren kontutan hartzen bada. Gauza trixte bat ere izan zen, eta txerriaren hilketaz ari gara, denok segituan ulertu duzuen bezala... txerriak ez zuen errurik, hori frogatua dago. Alde guzietara, hiltzailearen aurkako prozesua idekia dago, mesedez datu berriak baldin badituzue, bidal itzazue ANAITASUNAra, horrelako gauza bat, ezin dugu erantzukizunak exigitu gabe pasatzen utzi.

Eta ederrena, jendearen arteko. alaitasuna. Espresio askatasuna, aukeratzeko eskubidea, bizitzaren aldaketa, iraultza OSOA eta ez mugatua. Gure egoera larriaren salaketa, baina ez salaketa hutsa, karraxi itxaropen gabekoa... baizik eta praktikan aurrera joan, gizartea aldatu. Iraultza egitea pozgarria da eta mila gauza ditugu egiteko. "..., herria zurekin" ez genuke inoiz esan behar —puntu horietan jartzen dena da guttiena—; hau gure etorkizuna batzuen edo besteen eskuetan jartzea da, eta gure etorkizuna geurea da. Bestaldetik, "..." herrikoa baldin bada, ez da behar hori oihukatzea, baizik eta herriaren parte bezala onartu eta herriaren aurka datozenen indarkeriak aktiboki salatu eta zanpatu. Baina mitoak... gehiegi izan ditugu beti, ez ditzagun ba berriak sortu.

Txarriboda, politikaren ikuspegi berri baten hasiera izan dadila. Lurdes Auzmendi-k zera pentsatu zuen arratsaldeko ordubietan, "samurtasun iraultza" ari ginela egiten; eta bere sentimendu hau, paretan idatzi zuen.

Itziar Urtasun


Hamabost egun hankaz gora

Espainia: Mendebaldeko erreserba izpirituala (bis)

Berriz ere, Francoren garaietan bezala, Espainia Mendebaldeko edo Europako erreserba izpirituala bihurtu da (bis).

Italiako "L'Unita" egunkariak informatu duenez, Espainiako Juan Carlos Erregeak "euromonarkia" fundatu du. Berria hori da.

Irakurle guztiok ongi jakiteko, jakin ezazue ere, italiar egunkari hori horko alderdi komunistaren organo ofiziala dela (PCI).

Eta orain, nik goian jarri dudan tituluak zentzua hartzen du.

Lehen, Santiago Carrillok Eurokomunismoa fundatu zuen, edo guttienez, liburu batetan estrukturatu zuen.

Eurokomunismoa.

Euromonarkia.

Eurodibisak Suizan.

Eurodemokrazia Francok asmatu zuen.

Inuxente! Zakurren buztana tente!

Erregea, konstituzioa eta politikariak

Abenduaren 27an, eguerdiko hamabietan, Espainiako Juan Carlos erregeak Konstituzioa santzionatu egin zuen.

Txistezale batek esan zuen, erregeak multa bat jarri ziola konstituzioari, eta beste batek esan zuen, Errege Magoek boikot egin ziotela Juan Carlosi, eta horregatik ez zirela joan Espainiara.

Dena den, Juan Carlosek konstituzioa santzionatu zuenean, ondoko deklarazio hauk egin zituzten politikariek:

Perez Llorca (UCD): "Hoy es el principio de un país en paz y progreso que veremos todos".

Felipe González: "Al ser una constitución de todos, es también la constitución del Rey como un español más, o como primer español".

Santiago Carrillo: "Este acto refleja la voluntad de unión de los españoles".

Marcos Vizcaya (PNV): "Si bien acatamos la Constitución, no tenemos por qué realizar ninguna expresión de alegría".

Inuxente! Zakurren buztana tente!

Euskal estatutua Soriako zeruan galdu zen

Abenduaren 30ean, euskal estatutua Madrilera hegatu zen. Apustutan bezala, Parlamentari Asanbladak onartu egin zuen textua, Gernikako Arbolapean. Hogeitalau botu alde, abstentzio bat, eta botu bat kontra, EMK-ko Patxi Iturriozena, izan zituen estatutuak.

Onartu bezain laster, Etxeberria Gangoitik hartu zuen hegazkintxoa eta hegan, hegan, hegan... zanpa! Kongresuko ateen kontra jo zituen muturrak! Han, badaezpada ere, Federico Zabala PNVkoa, zegoen, eta azkenik, bien artean entregatu zioten euskal estatutua Alvarez de Mirandari, Kongresuko presidenteari.

Hala ere, beti gaizki pentsatzen dutenek zera diote: euskal estatutua Soriako zeruan gelditu zela, eta orain arraultze bat egiten ari dela.

Badaezpada ere, arraultze hori Soriako gartzelan eror ez dadin, polizia harmatua bigilantzian ari da.

Inuxente! Zakurren buztana tente!

Toreroen sindikatua UGT da

UGT sindikatuan dauden toreroek prentsaurreko bat egin zuten, eta zezen plazak adjudikatzeko egiten diren enkanteak edo subastak gaitzetsi zituzten.

UGTko toreroek nahi dutena zera da: zezen plazak eta horietan egiten diren zezenketak, udalen eta diputazioen eskuetan egon daitezen.

Prentsaurreko horretan ere oso datu interesgarriak eman ziren: adibidez, zezen batek adarkada eman ondoren, torero batek ohean pasatzen duen denboran, 188 pezeta eguneko kobratzen ditu.

Gauza guztietarako ere behar izaten dira sindikatuak, eta UGT sartu da zezen asuntuetan. Sektore horretan "ez diote jarriko adarrik". Hala ere, toreroek ere behar dute "un sindicato de clase que defienda a la clase obrera española".

Inuxente! Zakurren buztana tente!

Iñaki Zabaleta


Ohar laburrak

Abortatzeagatik hila

Horixe izan da Maria Angeles Villar-i jazo zaiona. Nahi ez zuen seme bat ez egitearren, abortatzea pentsatu zuen. Gizarte honek gogorki zigortzen du abortatzearen deliktua, eta beste erremediorik ez zuenez gero, ohizko metodo ezkontrolatu eta arriskugarriak erabili behar. Ondorioak hor daude: Maria Angelesen heriotzea, 26 urte zituelarik.

Kasu hau ez da bakarra zoritxarrez, Estatu honetan 5.000 emakumeek galtzen omen dute bizitza urtero, kondizio horietan abortatzera jotzearren.

Europa eta munduko nazio askotan, abortuaren legeztapena errealitate bat da aspalditik eta horrela, horrelako gertaera dramatiko eta konponezinezkoen ebitatzea lortzen da. Noizko hemen gauza bera? Emakumeek beren sexualitatearen jabe izateko daukaten eskubidea, abortatzeko eskubidea onartzen ez diren artean urtero 5.000 emakume hilgo dira. Ea zenbat urte pasatzen den hori onartu orduko.

Ipar Euskal Herrian talde abertzale berria

ASSIS frantses izenaz, talde abertzale berri bat agertu zaigu Ipar Euskal Herrian. Taldea oraindik legeztatu gaberik dago eta hori erdiesteko problemak izanen dituztela uste dute sortzaileek. Beste batzuren artean, Mikel Ithurralde, Patxi Noblia eta E. Larralde (Etxamendi eta Larralde kantari bikotea) izan ziren. Beren helburua Iparraldeko problematikaz arduratzeko mugimenduaren dinamikatzea da.

Epe labur bati begira, erreferendum bat egin nahi dute Iparraldean, urtea bukatu orduko, euskararen bizitzeari buruz eta euskal departamentu baten sortzeaz.

Hauteskundeak hurbil

Gure hiri eta herrietako ormak, oraindik konstituzioaren erreferendumaren ondorioak pairatzen ari direlarik, Suarezek azkenean, argitu ditu haren helburuak: Martxoaren 1ean, hauteskunde jeneralak eta Apirilaren 3an, munizipalak. Normala zenez Suarez eta bere koadrilakoen interesak horrela eskatzen baitu, lendabizi jeneralak eta gero, udaletakoak. Beraz, Franco-ren udalek beste hiru hilabetez iraungo dute.

Laster hasi dira alderdiak beren koalizioak osatzen. Honekin bai, beste horrekin ez, ez dakit harekin komeni ote zaigun eta kanpainak hasiko dira eta alderdi guztiek elkarri harrika, eta abertzaleak eta iraultzaileak ere noski berdin, norbera onena eta gehien lortuko duena frogatu nahiz.

Batzuren ustez, hauteskunde hauetan PSOEk irabaziko omen du. Beste batzuk uste dute, posibilitate horren aurrean, eskuinak jakinen duela bere indarrak egiten. Aski argi dagoena, konstituzioaren erreferendumaz ikusi ahal izan genuena, jendea aski asperturik eta frustraturik dagoela erreformaren zirkoaz eta beren alderdietaz. Baina erreformaren zirkoak ez du bakarrik frustratzen herri honetan. Gure mini-iraultzaileek eta gure superriraultzaileek asko omen dakite hortaz ere. Suposatzekoa da beraz, Espainiako Estatu osoan, aski abstentzio handia izanen dugula.

Euskal Herrian hauteskundeak interesanteak izanen dira, indar erlazioa nola aldatu den ikusteko, eta zorioneko alderdi majoritario horien indarra, beraiek esaten duten bezain handia ote den ikusteko.

Beraz prepara zaitezte denok, jipoialdi ideologiko galanta jasan behar izanen baitugu datozen hilabete hauetan.

Euskal presoak Soriara

Euskal presoak eramaten dituzte beren herritik. Ehun bat lagun Soriara. Martin Villak azaldu digu atxakia: Ihes egiteko plan bat somatua zutela.

Euskal Herriak, berriz, amnistia erreibindikatzen ari denean, kaleetako manifestazioetan, hitzaldietan, etab, UCD-ren gobernuak erantzun aproposa eman digu: Soriara denok!, bai eta oraindik judizioren zain zeudenak ere. Bertan, familia eta abokatuengandik urruti eta hobeki zaindurik egon daitezen poliziak, baina ez kanpotik bakarrik, barnetik ere bai. Horrelako lagun atsegingarriak ondoan dituztela, susmatzekoa da nolako tentsioan biziko diren.

Amnistia berririk alferrik ari garela eskatzen esan zigun telebistatik lehengoan M. Villak, terroristentzat ez dela "barkazio" berririk izango. Oraingoak ez direla preso politikoak, terroristak eta kriminal hutsak baizik. Kontu horik ondo ezagutzen ditugu. Lehen ere, Franco-ren sasoian antzekoan entzuteko aukera izaten genuen sarritan eta orduan, presoen kaleratzea lortu bazuen Euskal Herriak hori ez zen lortu, orduko Madrileko politikoen justizi ispirituagatik, herri honek eraman zuen burrukagatik baizik. Horiek ez baitute inoiz ezer eman, kendu egin behar izan zaie beti, eta oraingotan ere, horrela lortukoa. Euskal presoak askatzen badituzte, hori, orain ere, beste erremediorik gelditzen ez zaienean izango da.

Itsasoan urak beltzik

Galiziako kostaldeak beltzez eta heriotzez ondo hornituak utzita gero, oraingo marea beltzak Asturias aldera abiatu dira. Katastrofe ekologiko honen kalteak pairatu beharko dituzte Galiziar eta Asturiasko arrantzale eta marisko biltzaileak.

Dakikezuenez, hau ez da Galizia aldean petroliontzi bati gertatzen zaion lehenbiziko istripua, ez eta bigarrena ere, txarrena horik ebitatzeko hartzen diren neurriekin, azkena ez dela izango. Premiazko eta urjentea da Petrolioaren garraiobideak segurantzia handiagoz planteiatzea, zeren eta istripuak gertatzen diren maiztasunagatik behintzat, ez baitu ematen untzi horik oso seguruak direnik.

Galiziako arrantzaleek, kaioek, arrainek eta abarrekoek ezingo dituzte ahantzi, petrolioaren multinazionalak, behin eta berriz, egiten dizkieten erregali horik.

Baina, istripu eta guzti garraiobide suntsitzaile hori multinazional horientzat errentagarri ateratzen zaien artean, ez dute berori aldatzeko plan handirik pentsatuko, eta denona den natura honen ekilibrioa, egunero galduz jarraituko da.

Arabako orroa: biba erdara goxoa!

Duela denbora gutti, txalotu egin genuen, euskararen alde Araban eginiko egintza bat. Oso gauza erraza eta sinplea zen: Bilbotik Gasteizerako autobideko txarteletan euskal ortografiaz idatzirik agertzen dira herrien izenak: Ametzaga, Zaitegi,... Hala ere, batzuren eritziz, hori gehiegi da, eta ongi ulertzeko Amezaga, Zaitegui eta antzekoak jarri behar dira.

Gure ustez, azentu bat gorabehera edo eta -tz- edo -gi erakoak gorabehera, euskal ortografiaz idatziriko ongi uler dezake, tonto ez den edonork. Hala ere jauntxo batzuk —listoegiak direlako edo— ez bide dute ulertu nahi. Eta jauntxo horiei kasu eginez, Diputazioak Bl MILIOI PEZETA inguru gastatuko omen ditu, izen horik berriro erdalduntzeko edo eta bilingüe (???) jartzeko. Gure zorionik beroenak erdararen alde arabarren dirua hain prestuki erabiltzeko dauden jauntxoei. Horrela ez da arriskurik egongo, Cervantesen hizkuntza inperiala Araban baztertua geratzeko. Zer demontre uste zuten, ba, euskaltzale zoroek?...

Bortxatzaileak berriro ere

Bortxatzaileek ahoraino gauzkate. Eta hala ere, beraiez, bai ahoz eta bai lumaz ihardun behar.

Azken ekintza sonatuan —zenbat dira zabaltzen ez direnak?— lau lagunek nahi zituzten guztiak eta bi egin dizkiete basauritar neska koitadu biri.

Bilboko Txurdinagan, hazileko azken asteburuan gertatu da.

Bortxatzaileek bost ordutan ukan zituzten neskak beren menpean. Bost ordutan fisikoki eta beste era askotara bortxa daiteke, gero!

Bortxatzaileak eta bortxakeria permititzen duen egoera salatzen ditugu lerroon bidez: nazkatuta gauzkatela esaten diegu argi eta garbi.

Noiz arte egoera honetan? Noiz arte egin behar dute nahi dutena?

Txarriboda berezi bat

Igandean, abenduak hiru, aukera ederra izan genuen Euskadiko ezkerraren txarribodan. Egia esan, ez dira egunero ikusten diren gauzak.

Antolatzaileen aldetik, ikaragarrizko lana egon da. Denetarik ikusteko aukera izan genuen.

Alde batetatik, Euskal Herriko eguneroko problemak, standetan azaldurik aurkitu genituen. Hauen artean, euskal prentsarena, ere, han bertan zegoen; baita alternatibak gazteriari, irakaskuntzari, hiritar eta langile mugimenduei, emakumeari buruz, eta abar luze bat.

Baina hori ez zen guztia, telebisioko eta irrati programak prestatu ziren; hau bai izan zela erreibindikapen zuzena, euskal irrati eta telebisio baten alde.

Giro politiko sozial honen inguruan, euskal kirolak, eta bazkari on bat egin genuen.

Arratsaldean, musika eta mitina izan zen. Baita, beste gauza asko, bertsolariak eta abar.

Gauzarik inportanteena hau da: Euskal ezkerrak berriz ere erakutsi du baduela indarra eta irudimena gauzak egiteko, eta frogatu zena garbi dago: erakundetze maila handia lortzen ari garela. Eta hau inportantea dugu, jendea antolaturik egotea, gauzak egiteko, iraultza bidetan. Aurrera ba, zeren herria eta langileria organizatuz, geure indarra gehituz baitoa.

Joseba Agirreazkuenaga

Munduko lehen ministro analfabetoa

Zurrumurrua da, baina behin eta berriz entzuten ari dena. PNVeko zenbait lagun, BBBkoak bereziki (eta hori ez da, hobe balitz, super Brigitte Bardot bat) ez omen daude gustura Karlos Santamaria jaunaren politika liberal eta zabalaz. JEL kutsu handiagoa nahi lukete, dirudienez. Horren lekurako proposatzen duten gizona, Iñigo de Agirre elorriotarra da, txikitandik euskaraz jakin arren, eta oso abertzale sutsua izanagatik, oraindik euskaraz idazten ikasi ez duena. Berau, ordea, huskeria txiki bat besterik ez da Eusko Kontseilu Nagusiko Irakaskuntz arduraduna izateko. Hola eginez gero, Euskal Herrian laster beste marka bat gaindituko dugu, bere hizkuntza idazten ez dakien munduko lehen ministroa izatearena.

Xabier Kintana

Euskadiko ezkerraren aldizkariak

Euskadiko Ezkerrak, azkenaldian moeta askotako propaganda egiten ari zaigu, eta, hiru zenbaki argitaratu ditu, aldizkari gisa. Nahiko ezberdinak dira, mami, forma eta helburu aldetik. Bigarrenak, nahiko gora behera atera ditu, zenbait esaldi humoretsu direla eta. Baina beharbada, hirugarrena dugu, aberatsena, eduki politikoaren aldetik. Bertan hiru artikulu luzetan gaur eguneko, hiru gai aztertzen dira, denak hegoaldeko estatutu autonomikoaren inguruan: Konstituzioa eta autonomi estatutoa, "Nafarroa y el estatuto", "El estatuto de autonomía". Burruka giroa hurbiltzen da, eta Euskal Herriko ezkerrak, eguneroko ekintzatik abiatzeko gertu behar du egon, idealismo gabe, etsi gabe, nahiz eta indar erlazioa ofizialki kontra izan.

Hirugarren zenbaki honek, seguru gaude jarraipena edukiko duela, eta gure ustez eztabaidatzeko eta politika hildoa lantzeko beharrezko materiala eskaintzen digu.


Nazio artekoa

Autonomia ezberdinak: zentralismo logika berbera

Gutiengo Etniko eta Nazionalen Aldeko Nazioarteko Escarre Institutuak (CIEMEN = Centro Internazionale Escarré per le Minorie Etniche e Nazionali delakoak) ez du urte askorik. Baina bere gorputza koskortzen dihardu.

Institutuaren egiteko nagusienetariko bat, urtero antolatu ohi duen nazioarteko Astealdia da. Orain artekoak Cuixà-n izan dira, Ipar Kataluniako Prada ondoan. Cuixà-k eta inguruko lurralde osoak ikaragarrizko garrantzia du Kataluniaren historiaren hastapenetan. Diktaduraren azken urteetan, babesleku bat izan zen. Cuixà kataluniarrentzat.

Aurtengo ihardunaldiak abuztuan egin ziren: 16tik 23ra arte. Gai nagusia: "Zenbait Estatu ezberdineko Autonomi moduak". Hitzaldiek, elkarrizketek eta eztabaidek bete zuten astealdi luzea. Azkenik Agiri bat eman zen, hemen bertan argitaratzen dena.

Egun batez edo bestez parte hartu zutenak 90 bat lagun izan ziren; ihardunaldiko egun gehienak eman zituztenak, berriz, 50 bat lagun: Hainbat Naziotako edo Gutiengo etnikotakoak, Agirian bertan agertzen denez. Zenbait Herritako autonomi modu ezberdinak (edo autonomi burrukak) agertu eta aztertu ziren. Bakoitzeko punturen bat nabarmenduko dut.

Nolahalako autonomiak

 Balear Irlak: B. Colom, "Qüestions d'autonomia a les Illes Balears". Turismoaren politika ezarri die Estatuak, eta horren menpean daudelarik, Balear Irlek baldintzapetua daukate beren autonomi bidea.

 Alemania Federala: J. Becker, "Alemaniako federalismoa". Alemaniako federalismoak Land bakoitzari ematen dion autonomia aztertu zuen, eta nolabait hango egoera zuritu. Lekuz kanpora bezala gelditu zen hitzaldi hau.

 Walonia: "La Belgique au carrefour", A. Patris-ek agertu zuen waloniarren arazoa. Belgika Estatuan gehiengoarena jokatu ondoren (flamandarrei buruz, alegia), Waloniak neke handiak ditu orain, gutiengoa dela jabetzeko eta gutiengo bezala jokatzeko.

 Gales-Eskozia: J. Osmond, "British History and Identity. Wales's Identity: Crisis". Eskoziaren eta Gales-en Autonomia arazoa ezberdin samarra gertatzen da orain; baina batak eta besteak nortasun krisia bizi dute, Bretaina Handiak bizi duen nortasun krisiaren barruan.

 Katalunia: F. Cucurull, "Consideracions entorn dels origens del Nacionalisme catalan". Tituluak dioen bezala,. Kataluniako nazionalismoaren historia laburra eta oso eruditoa eman zuen. Oso aspalditikoa da Kataluniaren nazionalismoa.

 Euskal Herria: Gurutz Jauregi, "Autonomia Euskal Herrian". Gure Herriaren historia politiko laburra eman ondoren, azken mende honetako autonomi burrukaren gorabeherak argitu, zituen; eta azkenik orain bertan politikaren eta legearen aldetik nola planteiatzen den Euskal Herriaren autonomia.

 Quebec: E. Vinyamata - I. Tubella, "Formació del Quebec historicament". Quebec-ekoa etorri ez zelarik, bi katalan hauek eman zuten hango autonomi planteiamenduen berri, orain independentzi bezala planteiaturik dagoena.

 Valencia: Vincent Franch, "Pais valencià i Paisos Catalans". Hango eskuindarrek Paisos Catalans direlakoei buruz duten jokabidea eta politika eta Nafarroan Euskal Herriari buruz daramatena berberak dira.

 Friuçl: A. Ceschia, "La nazione Friuli, le nazionalità, lo Stato e le regioni nella Republica Italiana". Italiako Estatuak onartuak ditu autonomi modu batzu; baina Friuçl-go nazionalismoak eta besteenak sustraitik astintzen du Estatuaren egitura bera.

Hau ezin dute onartu ez Kristau Demokraziak, ez eta Alderdi Komunistak, ez eta beste alderdi estatalistek.

 Jura: J. Moritz, "Rapport sur la Question jurassienne". Suizak sortu izan duen ideologiaren eta Estatu "perfektuaren" mitoaren kontrako astindu gogorra izan da, Jurak gero eta gogorrago eraman izan duen burruka luzea, azkenik bere burujabetasuna lortu arte.

CIEMEN-en azken agiria

Urtero bezala Ihardunaldien ondoren, aurtengoan ere bere agiria eman dute CIEMENen astealdi honetan bilduek. Hitzaldi, elkarrizketa eta eztabaiden ondorio bezala izan nahi du agiriak. Puntu nagusi bat nabarmendu da Ihardunaldietan zehar: Estatuen sistema instituzionalak ezberdinak izan arren eta barruko nazionalitateei ematen zaien autonomi moduak ere ezberdinak izan arren, azkenik Estatu guztiotan zentralismoaren logika garaitzen da, hori puskatu nahi duten nazionalismo, independentismo edo autodeterminazio guztien kontra.

Ihardunaldiek ondorio nabarmen hauxe eman dute: Estatuon autonomi moduek ez dutela nazionalitateen arazoa konpontzen; horregatik autodeterminazioa eskatzen da Estatu barruetan zapaldurik dauden nazio guztientzat.

Hona hemen nola dioen CIEMENen aurtengo agiriak:

"Gutiengo Etniko eta Nazionalen Aldeko Nazioarteko Escarré Institutuak (CIEMEN = Centro Internazionale Escarré per le Minorie Etniche e Nazionali delakoak) bere nazioarteko hirugarren ihardunaldiak Cuixà-ko Abatetxean egin ditu, 1978ko abuztuak 16-23.

Aurten "Zenbait Estatu ezberdineko Autonomiak" erabili du gai bezala.

Katalunia-Iparraldeko, Katalunia-Printzerriko, Valentzia Herriko, Balearak-Pitiüses-eko, Euskal Herriko, Friuçl-go, Gales-eko, Jura-ko, Sardiniako, Waloniako, Vall D'Aosta-ko talde nazionalak eta Alemania Errepublika Federaleko eta Italia Estatuko zenbait lagunek hartu dute esku.

Estatu ezberdinetan zenbait nazio eta gutiengo etnikok duen egoera juridikoa, politikoa, soziala, ekonomikoa, hizkuntzazkoa eta kulturazkoa elkarri ezaguterazi ondoren,

Ihardunaldiotan eskuhartu dutenek

1. Zera egiaztatu dute:

a) Estatu horien sistema instituzionalak ez direla berdinak eta nazio eta gutiengo etnikoentzako autonomi maila eta tankera ezberdinak dituztela;

b) Autonomi modu horiek ez dietela inoiz ere, Estatu barruan "gutiengo egoeran" dauden nazioen oinarrizko eskabide eta eskubideei erantzun egokirik ematen.

Izan ere,

a) Tankera honetakoak nahiz hartakoak izan Estatuok, eskaintzen dituzten erakunde autonomikoetan beti logika berbera ageri da: hau da, Estatuko botereak beren eskuetan dituzten taldeek azpiratu egiten dituzte nazioak, eta hauek nazio bezala beren buruak gobernatzeko beharko luketen egiturarik ez dute;

b) Horretaz gainera, Autonomi sistemak berez Estatu zentralaren eskuetan uzten du funtsezko alorretako benetako boterea; horregatik, autonomi moduren bat hartu duten nazioek ez daukate, berez, alor guztietan beren aurrerabidea osorik zuzentzerik eta kudeatzerik: hitz batez esanez, ez daukate subiranotasunik.

2. Etsita daude,

Nazio horiek beren nortasuna eskuratu, zaindu eta askatasun osoz aurrera bideratuko badute, behar-beharrezkoa dutela, benetan eta egitez beren autodeterminazio eskubidea gauzatzea.

3. Ondorio bezala,

a) lagunkidetasuna adierazten die, nor bere.nazioaren askapen politiko, sozial, ekonomiko, hizkuntzazko eta kulturazkoaren alde burrukatzen diren mugimenduei. Eta era berean, beren aldetik laguntza eskaintzen dute, nazio eta herri guztiek duten autodeterminazio eskubidearen egiazko esanahia zabaltzeko eta ezaguterazteko;

b) nazio bakoitzaren askapena, beste nazio eta herri guztiekiko solidaritate militantearen bidez bakarrik lortzen dela uste dute; horregatik, solidaritate hori gauzatzeko orain arte ireki diren

bideez baliatuko direla edota berriak irekitzen saiatuko direla agintzen dute;

c) eta azkenik, CIEMENi beren laguntza eskaini eta zera eskatzen diote: helburu guztiok lortzeko ekinbideak asmatuz eta hedatuz joan dadila".

Aurrera begira

Aurtengo Ihardunaldiak oso interesgarriak gertatu dira: Nazio zapalduetako ordezkarien topaketa bezala eta elkarren esperientziak agertzeko abagadune bezala. Euskal Herriko lagunek lehen aldiz hartu dute esku ihardunaldi hauetan.

Eman ziren hitzaldiak nahiko ezberdinak izan ziren, nahiz eta guztientzat gai berbera hautatua izan: hau da, Autonomia. Batzuen hitzaldiak oso zabalak eta orokorrak izan ziren, gai zehatzari inolaz ere lotu gabe; beste batzurenak ia-ia ez zuten ukitu ere egin gai konkretua, katalanak, esate baterako. Beharbada Euskal Herriaren aurkezpena egin zuena izan zen zehatzena eta gaiari lotuena.

Mintegi izena eman izan zaie ihardunaldiei; seguru asko, mintegia baino gehiago hitzaldi sail bat izan da, beren elkarrizketa eta guzti. Informazio mailan ibili da astealdi osoa. Agian eta hurrengo urteetarako gai konkreturen bat sakonetik aztertzea eta elkarlanerako erabakiak hartzea izango litzateke onena; horrela bakarrik ahal izango da. benetako mintegia.

Puntu hauxe izan zen azken egunean eztabaidatu zirenetako bat: datorren urtean erabiliko den gaia aztertzean. Azkenik entzulego zabalarentzat antolatzea erabaki zen, nahiz eta gaia hain sakonetik aztertzerik izan ez Datorren urterako gaia, berriz, zera izango da: "Nazionalitatea: Emigrazio-inmigrazioen arazoa".

CIEMENek hiru zentru ditu dagoeneko: Cuixà-n, Milano-n eta Bartzelonan. Beste hainbat sortzeko asmoak sortu dira aurtengo udan: Balentzian, Friuçl-en eta Euskal Herrian, hain zuzen ere. Leku bakoitzean Asoziazio bezala sortzen da CIEMEN. Euskal Herrian sortzeak benetan merezi duela uste dut. Horretako lagunik izango

Paulo Agirrebaltzategi


Nazio artekoa

Iran: eta gero, zer?

 Aspalditik datozkigu berri beltzak Iran-etik. Herria nekatuta dagoela dirudi, eta guk oso ondo ulertu ahal ditugu beraren hots ozenaren arrazoiak: Sha-ren herrian petrolio asko dago, baina dirua batzurentzat da; herri horretan pobretasuna eta atzerapena izugarriak dira; ustelkeria maila ezsinesgarrietaraino heldu da; errepresioa, sinesgaitza... Baina, dena dela, hango arazoetaz pentsatzean galdera bat datorkiguke burura: nola lortu da han hainbeste indar; nola, metraletei kasurik egin gabe, jendea kalera irteten miloika segitzen da? Zer nahi dute iraniarrek? Argi dago, agian, nahi ez dutena: Sha eta beraren gizarte-eredua; baina, ba dakite zer eskatzen duten, edo eskatzen dutenak nahi dutena ekarriko dien?

Honetaz pixkat argitzearren, begira dezagun nola joan den aldatuz apurka apurka Iran-eko gizartea.

Hamar urte edo direla, Sha-ren politika okzidentalistari esker, hango giroa nahiko modernizaturik zegoen: jendeak jaramon gutxiago egiten zion erlijioari, emakumearen egoera pixkat askatuz joan zen, Europako janzkerak onhartu ziren, etxe berriek hemengoen antza zuten, gazteak unibertsitatera joaten ziren... baina funtsean, gutxi aldatu zen, petrolioaren dirua eta modernizazioaren abantailak batzurentzat bakarrik baitziren.

Jendea hasi zen ikusten bizimodu okzidentala eta modernismoaren markak zituztenak, dirua zutenak, ondo eta usteldurik bizi zirenak zirela. Eta apurka apurka irudi horrek beraien buruan lekutu zen. Urteak pasatu, eta argi ikusten ziren egoera horren ondorioak: jendeak, jende xeheak, modernizazioa, ustelkeria eta erlijioaren kontrako jarrera identifikatzen zituen; eta normala zenez, ustelkeria eta egoera sozial injustu horren kontra egiteko, gorengo maila horren beste ezaugarrien kontra egiten ere hasi zen. Laster, eta hau lau edo bost urte direla gertatu zen, jendea erlijiorantz bihurtzen hasi zen, gazteak, edo gutxienez gazte asko, oraingo munduari begiratu beharrean, aurreko ohiturei jarraitzera itzuli ziren.

Burrukaren mailak politikoa izan behar bazuen ere, jendeak zeinu kultural eta sozialekin konfunditu zuen burruka hori; eredu modernizatzaile, baina sozial eta politikoki erreakzionario batetan, modernismoaren akats guztiak ikusi zituen, eta beraz, burruka politikoa egin beharrean, kultural mailara iragan ziren; eta aurrerantzean, iraniarrak burruka kultural horretara sartu ziren gogoz eta indar osoaz.

Hau guztiau argi edukitzea oso garrantzitsua da hango egoera ulertzeko, zeren daramaten burrukak ondorio politiko itzelak badauzka ere, jendeak ez baitu maila honetan planteiatzen. Eta nahi eta nahi ez, fenomeno horrek garrantzia handia edukiko du Iran-en etorkizunak aukeratuko duen bidearen itxuran.

Mementu honetan, iraniarrek kalean gobernu islamikoa eskatzen dute. Baina, zer esan nahi du horrek? Erlijiosoen buruzagiari, hots Ayatollah Khomeini-ri, entzuten badiogu, argi dago beraiek ez dutela ez programa politikorik, eta ez eredu ekonomiko konkreturik ere; beraiek proposatzen duten gauza bakarra Islamera eta, batez ere, Islameko moral eta eredu sozialetara itzultzea da. Baina Islam-ak eta beronen erregela moralak oso zaharrak direnez gero, ez diete ondoegi erantzuten oraingo arazoei. Beraz, zer nahi dute iraniarrek? Gizarte zuzenago batetara bihurtzea, baina argi ez dagoena zera da, biderik onenetik abiatu direnentz.

Herri iraniarra kalean dago; entrepresak, bulegoak, lantegiak, eta merkatal mundua suntsiturik daude.

Nahiz eta grebei esker, Iran-eko ekonomia lur jota dagoen, Sha-k han segitzen du. Hala ere, iraniarrek ez dute egiten dudarik: Estatu batuek Sha apoiatzen duten arren, arinago edo beranduago Sha jausi egingo da; eta mementu horretan... ZER?

Hori gertatzen denean, inork ez daki zer jazo daitekeen. Estatu batuek ez dute etsiko, han agintzen jarraitu nahi badute, eta hori lortzeko, beharrezkoa diren akordioak egitera saiatuko dira. Baina nola eta norekin?

Argi dago Iranen ezin ezer egin erlijiosoekin kontatu gabe, beraiek lortu baitzuten mugimenduaren kontrola jendea mezkitetara bihurtzen hasi zenean, hara joaten zirenen buruan beraien ideiak sartzen hasi baitziren, eta hola, apurka apurka, beraiek esaten zutena burrukarako ziria bihurtu zen. Eta mementu honetan, erlijiosoek indar guztia daukatenez gero, beraiekin kontatu beharra dago. Sha-ren gobernuaren jarraipena izatearen arrazoia horixe a gainera, Ayatollah Khomeini ez baitago prest inolako kontseziorik egiteko. Baina, Sha joanda, norekin elkartuko dira? Zeren norbaitekin elkartu beharko dutela argi baitago, beraiek ekonomikoki eta politikoki gobernatzeko gai ez baitira izango.

Sharen ordez, posibilite asko dago: Amini pro-amerikanoa, Frente liberala, ezkerrekoak,...; baina perspektibak ez daude argiegi: ezkerreko iraniarrek, emakume feministek, ikasleek,... beldurra dute; azkenean, gobernua islamikoa heltzen bada, eta beraiekin pro-amerikanoak badaude, ondorioak ez dira oso onak izango:

- Ezkerraren kontrako kanpaina gogorra itxarotekoa da.

- Erlijioari eta ohiturei dagokien partean, gogorkeria leku guztietatik agertuko da.

- Emakumeen egoera txarra ez, beldurgarria baino izango da berriz, lehengo ohiturek etxeko txokoetara bidaliko baitituzte, azken urte hauetan lortu dena pikutara bidalia izango delarik.

- Petrolioaren dirua, lantegiak, eta ekonomia osoak multinazionalen eskuetan segituko dute.

- Jende xehea eta langileen egoera hobetuko dela ez dago hain argi guztientzat.

Ez dago dudarik sorgin ehiza egongo dela, baina bidegabekeriaren kontrako burruka honek nora eramango ditu iraniarrak? Konturatuko dira berauk, aukeratu duten bidea ez doala leku garbiegi batetara?

Jakineza itzela da oraindik hau. Penagarria izango litzateke benetan, herri horren bihotzean dagoen askatasun eta zuzentasun irria modu txar batetara hiltzea. Sha-ren kontrako burruka guztiz beharrezkoa da, noski, baina ondo egongo litzateke iraniarren gogo eta desioak modu argiago eta konkretuago batetara planteiatzea, itsumen erlijiosoak inon eta inoiz ondorio onik ekarri ez duelakoan bainago.

Maria J. Esteban


Gaiak. Politika

Masak ala eliteak (II)

Langileen eraketa Marx-engan

Marxen teorian, bere idatzietan, ez dago eraketari buruzko teoriarik. Klase teoria baten lehen lerroak daude, baina ez alderdiaren teoriarik. Hutsune hau ez da kasualitatea, Marxen kontzepzioan ez baitago alderdiarentzat tokirik; alderdia eta proletalgoa ia trukagarriak dira, alderdia ekintza iraultzailearen bitartez bere baitako kontzientzia lortzen ihardun duen proletalgoa da. Eraren batetan proletalgo osoa da, "nazionalitate kontsiderazio gabe", bere benetako interes historikoek mugitua. "Komunistak —dio Manifestuak— ez dira beste proletal alderdi batzuekiko alderdi arrotz bat. Ez dituzte proletal multzo osoarengandik bereziriko interesik. Ez dituzte printzipio arrotzak aldarrikatzen proletal mugimendua moldatzeko asmoz". Beraz, ikusten denez, alderdi baten ideia eta komunismoaren errealitatearen artean kontraesana dago. Alderdiak bereizkuntza, partzialkeria inplikatzen ditu, komunismoak "beti mugimendu osoaren interesa azaltzen du"-en bitartean. Horrela ere, "komunisten tesi teorikoak ez dira munduaren halako edo holako erreformatzailek asmaturiko edo aurkituriko ideia edo printzipioetan sustraitzen inolaz ere. Soil-soilik, bizirik dirauen klase burruka baten, gure begien bistan bilakatzen den mugimendu historiko baten baldintza efektiboen espresio orokorra da". Zeren eta sozialismoa zientifikoa baita, klase izatearen egiazko baldintzetatik sortzen da: sozialismo utopikoa bakarrik, berau ez baita sozial prozesu objektiboen azterketatik abiatzen, era daiteke sektatan, klasetik kanpokoak diren sektatan, beraien kontzepzioak ere egiazko bizitzaren mugimendutik kanpokoak diren gisan.

Proletalgoaren klase gisan konstituitzea, komunismoa da. Baina "langileen emantzipazioa, langile berberen lana izango da". langileen diziplina, batasuna eta eraketa, Kapital berberak buruturiko produkzioaren kontzentrazio eta sozialkuntza prozesutik berez jarraitzen da. Beste hitz batzutan, berezko klase izatetik beretzako klase izaterako urratsa langileriaren lana da. "Zer egin"-eko Leninentzat, proletalgoa bere buruaren kontzientziara kanpoko elementu baten bitartez, zientziaren trasmisore den alderdiaren bitartez izan ezik, ezin heldu bada ere, Marxentzat ostera, gizonaren gizonarekiko esplotakuntzaren baldintzak dira hurrupatuen kontzientziapena eta eraketa sortzen dituztenak. Desjabetzaileen desjabetzea, kapitalismoaren produkzio eraren mekanismo berberean epe finkora inskribaturik dago, bere iraulketa bere sozial helburua izanik, esplotakuntza baldintzek ekonomikoki determinatua. Eta hurrupatuek zenbait baldintzatan tresna politiko bat behar badute, azken honek ez du koordinaketa eta exekuzio paper mendeko eta episodiko bat baizik.

Guzti honek derakusku zein puntutaraino Marxen eritzitan gauzak klase mailan gertatzen diren, produkzio prozesu sozialaren erdian, gizartearen azalean era" batetan, eta ez gailurreko burruka politikoen abstrakzioan. Marxen sozialismoa, zentzurik literalenean, politikeria iraultzaile baten kontrario legez aditu behar da. Eta Eugene Pottier frantsesak, 1871.eko ekaineko Paris agoniatsu hartan bizirik gelditurikoa berau, langileen kantua, Internazionala, konposatzeko hautaturiko hitzak, literalki hartu behar dira; beraz:

"Il n'est pas de sauveur suprême

Ni Dieu, ni Cesar, ni tribun.

Producteurs, sauvons-nous nous-mêmes!"

Lenin-engan

Lenin izango zen geroxeago, "abangoardia", "alderdi", "zentralismo", "diziplina" eta gisa horretako beste kontzeptu batzu lehen planuan jarri zituena. Baina, nola justifikatu bangoardia baten izatea masa mugimenduan? Abangoardia oro "zerbait"en aitzineratu legez kontsideratua dago. "Zerbait" hori kasu honetan masak dira eta beraz abangoardia, une bateko aitzindaritzan eraturiko masa eta klase iraultzaileen zati bezala kontsidera dezakegu. Zertzu dira klase iraultzaileak? Masak dira, hau da, mementu jakin batetan klase dominatzaileen boterea lurreratzearen interesa duten klase eta klase frakzioek osaturiko multzoa. "Masa" hitzak ez du beraz ez multzotasuna, ez eta zenbakia izendatzen, baizik eta, funtsezki, gizarte kapitalista batetako klase estrukturaren egoera objektibo bat, produkzio prozesuan toki jakin bat. Zergatik "une batekoa"? Masak, eskuetan, iraultzaren formula kimikoa eduki eta berreduki ohi duen elite iraultzaile baten maniobra-masa edo eta indar osagarri bezala soilik asmatu eta erabiltzeko joera, iraultza soil-soilik goitik eta ez honekin batera behetik ere egiteko joera, "botereratze bizkorra gailurrean" elementuari "botere herrikoi baten eraketa oinarrian" elementuarekiko lehentasuna emateko joera, azken batetan joera bakar bat baizik osatzen ez dutelarik, abangoardia masetatik urruntzen du eta, azkenean, elkartezin eta kontziliaezin bihurtzen ditu. Ahalegindu behar gara aditzen, ez dagoela alienazio iraultzailerik mugimenduan jarritako masak gidari eta gidatutan destolestatzeagatik, espezializapen hau beharrezkoa baita: betebehar iraultzailearen lan banaketa teknikoa dei daitekeena da, lan produktiboaren banaketa teknikoa bezain nahitaezko eta onuragarria. Baina "gidaritza", "abangoardia", "elite unitateak", "koadroak" poloa, pentsaera eta praktikan esfera autonomo batetan, eta "gidatu", indar printzipal", "erreserba-tropak", "oinarri-militanteak" poloarekiko nagusitasun jarrera batetan aldatzen denean, alienazio iraultzailea sortzen da: Hona hemen lan iraultzailearen sozial banaketa dei daitekeena alderantziz. Beraz, erakunde iraultzaile edo abangoardia eta klase mugimenduaren artean paralelismo bat dugu. Arrakastadun iraultza baten zuzendaritza politikoaren arte guztia, pixkanaka-pixkanaka lerro paralelo horik bektore bakar batetan bateratzean datza. Lan iraultzailea, noski, lerro biok hurbiltzera eta osotasun batetan fusionatzera jotzen duena da.

Eliteak opresioaren euskarri

Gizarte burjesean, eta bere soziologian halaber, opresio sistema osoaren euskarri printzipala den "elite"aren teoria funtsezkoa da. Historian zehar elite kontzeptua tankeraz aldatuz joan da, baina ez mamiz. Beti iraun du, pertsonak jaiotzez jadanik eta betirako kapa bitan, klase bitan sortzen direla dioen teoria klasistak: elite eta herri, "kapa nagusia" eta "menpeko kapa". Teoria faltsu honetatik abiatuz, burjes zientzigizonak klase sozial bien, burjeseria eta proletalgoaren arteko ezberdintasuna laguntzen duen faktore printzipala, beste guztiak bigarren mailakoak izanik, justifikatu eta oinarritzen saiatzen dira. Faktore hau, aberastasunaren pilaketa gutiengo baten eskuetan, berau aberastasun horretaz baliatuz, gero eta zapalkuntza metodo sofistikatuagoak erdiesteko ahaleginduz beti. Kapitalistek sorturiko zapalketa metodorik gorena estatua da, bortxa eta indarkerian oinarritua. Aberastasunak boterea sorterazten du, langile klasearen bizkar bere aberastasuna ugaltzeko eta botere gehiago sortzeko burjeseriak erabiliriko boterea. Beraz, burjes zientzigizonak gutiengo pribilegiatu baten eskuetan, burjeseriaren eskuetan, aberastasunaren eta estatar boterearen kontzentratzea oinarritzen saiatzen dira; "masaren, beheko klasearen gutiagotasun biologikoa" dela eta gizarte kapitalistan gizonen ezberdintasuna nahitaezkoa dela aldarrikatuz, inoiz ere gizartearen klase banaketaren oinarri ekonomikoak ezertarako ez aipatuz. Klase banaketari ihes eginez, edo, gutienez, berau justifikatuz beti.

Halaber, "gutiengo sortzailea", beti klase dominatzailearen elementuz osatua, ekintza sozialaren benetako protagonista gisan agerterazten saiatuz. Ikusten dugu nola klase dominatzailearen historia-liburu eta teoria guztiak, data eta gizon "hospetsu"en izenez beterik dauden, beraik aldaketa historiko, bataila, erregego.... eta abarrean protagonista gisan azalduz. Gizon hauk beti izan dira klase dominatzailearen kide, edo eta izan ez direnean, arintasun apartaz integratu dira.

Klase burjesak eginiko historiaren ulerkuntzak ez du ezein oinarri zientifikorik. Azientifismo guzti honekin, beraien ideiak gizartearen gehiengoarentzat iraingarri gertatzen dira. Marxek, erreakzio justu eta duin batez, historian herri masen eragin dezisiboaren teoria formulatu zuen. Marxistek bizitza sozialaren oinarria produkzio materialaren bilakaeran ikusi zuten eta ez inolaz ere, "gizon haundi"en helburu eta borondatean. Herria, produkzioaren partaide gisan, doktrina marxistan sozial bilakaeraren indar dezisibo bihurtu zen.

Gizonak berberak dira beraien historiaren sortzaile, masak dira historiaren egiazko protagonista. Iraultza sozialistak, nazioen askatasunerako iraultza antiinperialistak, nekazari altxaketak, errejimen faxista eta tiranikoak botatzeko herritar burrukak, eta nazio zapalkuntzaren aurkako mugimendu demokratiko orokorra, herrikoi, iraultzaile eta mundu mailakoa den prozesu batetan urtzen dira, kapitalismoaren zutabeak zulatuko dituen eta masak protagonista garai bezala izango dituen prozesu iraultzailean. Historikoki determinaturiko produkzio sistima batetan duten tokiagatik, produkzio medioekiko bere harremanengatik, lanaren eraketa sozialean jokatzen duten paperagatik eta, beraz, aberastasun sozialetik duten atalaz eta berau lortzeko eraz besteengandik ezberdinduriko klaseek protagonizaturik. Honela, masa, klase sozial berezi baten gisan itxuratuta gelditzen da, edozein eratako medio gutitasunean, eta horrengatik berorrengatik esplotatu eta zapalduta. Klase honek, irauteko bere burua esplotatzen utzi behar duen. klase honek, bere tokia aurkitu behar du, historian eta produkzio sistiman.

Galtzagorri


Gaiak. Politika

Ideologiaz

Azken egunotan, eritzi arras desberdinak entzuteko aukera izan dugu. Konstituzioaren erreferenduma dela eta, zein kondiziotan atera den gure herri langilea borrokan aurrera jarraitzeko.

Hala nola, PSOE-ko lagunek Euskal Herria zoriondu dute Konstituzio hau baieztu duelako. Gaurkoan, eta ironizatzen ez hastearren desprezio olinpiko batez ahaztuko ditugu.

Baina Konstituzioa gaitzetsi dutenen artean ere eztabaidak ditugu, konstituzioaren arabera eta ekainak 15aren arabera egiten ari den Estatutu projektua dela medio.

Herri Batasunak gogorki. salatu du Euskadiko Ezkerra, zeinak Konstituzioa arbuiatu ondoren, honen araberako Estatutu baten alde dihardu. Berak dioenez, bataila honetatik Euskal Herri Langilea indartsu atera da, eta unea da benetako askatasunen aldeko borroka sendoa planteiatzeko: Munizipalak, Estatuto Nazionala, Amnistia, Indar Errepresiboak kanpora.

Euskadiko Ezkerrak aldiz, erresultatu horik oso mugatzen ditu, indarrak ez direla Suarez-en nahiei frente egiteko adina, dio, eta ondorioz, Konstituzio honen barruan egin beharko dela burruka.

Hiztegi politikoan, horik "unearen balorapen politikoak" ditugu. Hala ba, oraingoan ere unearen balorapen politiko desberdinak. Oraingoan diot, zeren ez baita lehen aldiz hauxe ikusi eta entzun dugula. 1977.eko ekainak 15ean balorapen politiko desberdinak izan genituen, eta ondoren gertatu zen ezker abertzalearen baitan zatiketa.

Hau ikusirik, galdera batek kezkatzen nau: linea politiko desberdinak, unearen balorapen politikoen ondorio dira, ala, gure baitan sakonki sartua dugun ideologia (burruka planteatzeko modua)-ren ondorio, balorapen politikoak honen ondorio hutsa gertatzen direlarik?

Nahiz hau arautzat ezin den hartu, bigarren fenomenoa nagusi gertatzen delakoan nago. Eta horrela ez da kasualitatea errealitate baten azterketetan oinarrituriko balorapen politiko oso desberdinak egotea.

Ideologiaren garrantzia iraultza bidean

Ideologia, askotan, elementu subjetiboa deitu ohi da. Ideologia pertsonok egiten dugu, gure praktikaren bidez, berau jaso eta errazionalizatzen dugunean teoria egiten dugularik. Praktikan, errealitate zapaltzaile baten aurrean berau aldatzeko proposatzen diren borroka mota desberdinak agertzen du. Eta hala ikusten dugu, batzu burrukalariago agertzen direla eta beste batzu bigunagoak. Ideologia pertsonatik kanpoko jarrera bat izan daiteke. Eta hala, gerta daiteke pertsona oso burrukalari bat ideologi bigunago batetan egotea, mila arrazoiengatik. Hala izanik ere, esan dezakegu, luzera, ideologiak pertsona eta giroa moldatzen dituela.

Ideologiaren funtzio garrantzitsuena iraultza bidean bide bat erakustea da. Bide hori herri langileak ezagutu eta onartzen duen neurrian iraultza bidean aurrera goaz.

Ideologia desberdinak egotean funtzio hau betetzea zailago gertatzen da. Ekialdeko gizarte kapitalistan zera gertatzen da, kapitalismoaren ideologia kontsumista leku guztietara heltzen dela, eta ondorioz jende askok onartzen du. Gainera herri langilearen aldeko ideologia baten falta nabaritzen da, berau fundamentala delarik herri langilea kontsumismoan ez jausteko, bere egoeraz konturatu eta arduratzeko.

Kasu kurios bat Italiako estatukoa dugu, non langileriaren "aldeko" ideologia bat nagusitu baitzen, P.C.-ek ordezkatzen duena, eta gaur eurokomunismo izenez ezagutzen dena. Ideologia honek erakusten duen bidea, instituzio guztien jabetzeak, ez du gaur arte efikaziarik agertu, eta honen arrazoia izan daiteke. Joko horretan kapitalistak direla nagusi, beren terrenoa baita. Honez gainera, eta hauxe da garrantzitsuena, eurokomunismoak ez du ideologia kapitalista konbatitzen, eta ondorioz eurokomunismoaren jarraitzaileak borroka forma bakar batetara mugatzen dira, burgesiak beste eratako harmak erabiltzen dituenean (errepresioa, biolentzia) desarmaturik (bai ideologikoki, eta bai organizatiboki) harrapatzen dituelarik.

Ideologiak ba, herri langilea prestatu behar du burgesiaren kontrako edozein borroka formatarako.

Ideologian garrantzitsuena, egiten dena

Euskal Herrian maiz agertzen den kasua dugu, hitz ezin iraultzaileagoez estalirik praktika guztiz biguna. Hau ideologietan bariante bat dugu, non uste baita ideologia letrez eta iskribuz egiten dela.

Guk ideologia zerbait sakonagoa dela uste dugu. Edukazio bat, alegia, eta hori, eginez baizik ez da ikasten. Ez da nahikoa langileriaren alde gaudela esatea, gero, praktikan, langileriarekin identifikatzen den zerbait, bide bat, eraikitzen ez badugu, burgesiak eskaintzen duenatik kanpo.

Guzti honengatik ba, Ideologia iraultza bidean garrantzitsuena delako eta ideologia desberdinak daudelako beren arteko gerra sortzen da. Hau Euskal Herrian bizi dugun zerbait da, eta askotan, gure nahi pertsonal hutsari begira, batasuna eskatzen dugu, konturatu gabe edonolako batasun batengatik iraultza bidea, askatasun bidea gal dezakegula.

Horregatik, edozein herritarren jarrerak izan behar du, ideologia desberdin horietaz enteratu, eta baten aukeraketa egitera joan, eta ez, batasuna hitza hortzetik hortzera erabiliz, besterik egin gabe, lasai gelditu.

Azken batetan ideologia bat aurrera atera dadin, gehiengo batek onartu beharko du eta horrek bakarrik posibilitatuko du iraultza bidean aurrera joatea, Euskadiko askatasunaren bidean aurrera joatea.

Mendizabal


Gaiak. Politika

Kooperatibismoa sozialismo bidean?

KLB, Kooperatibetako Langileen Batzordearen sorrera, kezka baten erantzuna da: Euskal Herriaren etorkizuna gaurtik egiten hasi behar dugula.

Gure ustez, Kooperatibak Herriaren eta langileen kapital apurraz eta izerdiaz eginak direnez, langileen Unibertsitate teoriko eta praktikoak izan behar lukete, langile kontzientzia gehituz eta teoria iraultzaileak praktikara eramanez, klase gabeko gizartea Euskadin sorrarazteko.

Ikusten dugu, Euskadiren iraultzabidean kooperatibek toki berezi bat ba dutela, herri kooperatiba osoki edo langileen kooperatiba herrikoiak bihurtuz gero.

Kooperatiba askotako zuzendaritzen kezka bakarra kapitala sortzea dela ikusten ari gara, eta ez langileen formatze osoa.

Gure ustez, gaurregun Euskal Herriak iraultza bidean lehen pausoak eman ditzake, horretarako beharrezko tresna guztiak baititu, hau da, partidu politikoak, erakunde harmatua, herri eta langile erakundeak eta Langileen Unibertsitate izan behar luketen kooperatibak.

Hau guztiau eta gehiago ikusirik sortuak gara, edozein kooperatibatako langileak gara eta zuei kooperatibakideoi dei egiten dizuegu zuen kezkak agertzeko eta denon artean, oztopogarri gertatzen zaigun zuzendaritza askoren bulegokrazia ia faxista apurtzeko.

Kooperatibismoa sozialismo bidean?

Bi sistema hauen konparaketa egiterakoan, sozialismoaren teoria dugu eta kooperatibismoaren praktika. Teoria, zeren sozialismoa bizi izan ez dugun arren sinisten dugun sozialismoa honetan funtsatu behar bai litzateke: LANGILERIA, LANERAKO TRESNEN JABE IZATEA, KLASE GABEKO GIZARTEAN.

Eta ba dira Euskadin, kooperatibismoa sozialismoaren lehen urrats dela sinisten eta defendatzen dutenak.

Hori egia den ala ezjakiteko analisis kritiko batean sartu beharrean gaude.

Kooperatibetan nolako puntuak betetzen diren ikusiz, hasiko gara:

1. Langileriak edo bazkideak lanerako tresnen jabe dira.

Honek, klaserik gabeko gizartea lortzeko posibilitateak zabaltzen ditu. Pauso bat eman da, baina lantegi barruan klaserik gabeko giroa edukitzea gehiegi ote?

Zoritxarrez, kooperatiba batzutan gehiegi dela esan behar. Haien barne giroa oso klasista eta antigizartekoa delako. Produkzioa aitzaki bezala erabiliz, behe mailako langileak errepresio giroan aurkitzen dira, ondorioak honelakoak izanik:

A. Burokrazia.

B. Indibidualkeria, sozial kontzientziarik gabe. Eskirolak izatera heltzen dira batzu, dirua edo postuagatik.

D. Kapitalismo sisteman nabari geratzen diren zapalkuntzak estalirik geratzea.

Normaltzat jotzen dute, erabakiak beren ordez goikoek edo direktiboek hartzea.

Sarritan, gizonak makinak bihurtu direla pentsatu behar:

- Aliziente bakar bezala hileko soldata dute.

- Oso beldurtiak izaten dira, lana edo postua galduko edo zigortuak izango ote diren beldur.

2. Konparaketa egin dezagun:

Kooperatibak Sozialismoranzko bidean joateko, nolako jokamoldea eduki behar luketen, ez teoriaz baizik eta praktikan.

Euskadiko burrukari begiratuz gero, mekanismo bultzatzaile bat agertzen zaigu: ASANBLADA.

Mekanismo hau erabili behar genuke kooperatibetan. Baina, lehen aipatutako errepresio giroa eta indibidualkeria dela medio, asanbladarako bideak oso motzak gertatzen dira. Urteko asanblada nagusia prestatzeko ere, direktiboek berdintsu jokatzen dute:

Denok batera asanblada gertatzea kaltegarri dala... talde txikietan (10 edo 12 koak) hobe direla esanez batzen gaituzte.

Langileak elkarrengandik banatzeko bidea dela uste dugu, elkar aberastu beharrean goikoei entzun eta entzun egin, ezer ulertu gabe, berriz lanera eta sarritan aldrebeskeria asko ontzat harturik.

Langilearen onerako edo produkzioari begira egiten ote da hau?

Konseilu soziala eta ondorengo kontseilutxoak ere, onak izan arren, sekzioka, zatika egiten badira, ez dira asanblada bezain aberatsak. ASANBLADA, demokraziaren mekanismo zuzena izanik, lehen sozialismoaren ardatza bilakatu behar dugu.

Kooperatiba konkretu batzutan zoritxarrez, bide hori ez daramagu. Produkzioa galtzen dela arrazoitzat jarririk.

Gainera langileok ez dugu klase kontzientzirik. Errua gurea ote? EZ. Denok dakigu nola egon garen faxismo azpian 40 urte hauetan. Baina orain, nork du abantaila situazio honen mantentzearekin?:

GOIKOEK. Goian daudenek eta behean egon arren, goikoen pentsakera dutenek.

Eta jakina, lehenengoek ba dakite gizonekin nola jokatu: funtzional eta indizeak faboritismo mailan erabiliz, hau da, modu erreakzionarioan jokatuz.

Baina, nork eskaintzen du aukera hoberik Euskadin, kooperatibak baizik? —Esango du norbaitek.

Gure alternatiba, kooperatibismoa sozialismoranzko bidean eramateko, honelakoa izango litzateke —kontuan izanik Euskadiko arazo nazional eta soziala—. Asanblada "Organismo maximo" izatea. Erabakiak hartzerakoan eta talde konpetenteen informeak beti kontuan hartzea. Denok parte hartuz eta asanbladan debatea, bidez erabiliz.

Hau da, Teknika arloan, merkatu komertzial arloan, nahiz beste kooperatibakiko harremanetan.

Asanbladara presentatu aurretik, direktibak, eta kolektiboak (langileak), bakoitzak bere aldetik, aukera eduki beharko luke, arazoa estudiatu, debatitu eta akordio batetara heltzeko.

Bestalde, kooperatibetan langile arazoa indartu eta aberastu egin behar da. Hortarako, egoki diren normatiba berriak sortu eta oztopo direnak deuseztatu behar dira.

Ez, sarritan egiten den bezala estatutuko lege batzu isildu eta beste batzu harma gisa interes diren eran aplikatuaz.

Heldu da garaia kooperatibek iraultzarako tresna bat izan behar badute... gaurkotzeko eta herriak oihukatzen duen sozialismo bidea zabaltzeko.

Sozialistak bagara —estadistikak honela diote, kooperatibetan % 60 gutxienez talde politikoetan edo taldeei lotu gabe borrokan agertzen zaizkigu kalean— gure lema hau izango da:

AHAL DUGUN DENA EGIN ETA BEHAR DUGUNA SOILIK HARTU.

- Gizona makina bihurtu gabe bere burua dirua eta postuagatik saldu gabe.

- Bere nortasuna aberastuaz langile eta herri kontzientziaz burrukatuz konformismoan erori gabe.

KOOPERATIBETAKO LANGILE BATZORDEA

K.L.B.


Gaiak. Kultura

Margaret Mead

Joan den hilean, azaroan, hil zen Margaret Mead anderea. Beharbada, emakume antropologo hau ez da oso ezaguna gure artean, batez ere bere hainbat idazlan itzuli gabeak direlako. Baina esan dezakegu eguneko antropologiaren historian arrasto handia izan duela. Margaret Mead oso ezaguna zen Ameriketan. Indar konstituituaren eskandalo bide sarri askotan, gazteen aldeko manifestapenagatik, gazteen sexu harreman libreagoen alde jartzeagatik, zenbait droga, tabakoak eta alkoholak baino kalte ttipiagoa egiten dutenen despenalizazioaren alde manifestatzeagatik e. a... Unibertsitateko irakasle bezala, ikasleen konfidantza eta begioneko izatea lortu zuen. Nixon-en administralgoaren aurka eta Viet-Namgo gerraren aurkako burrukak sostengatu zituen. Egungo antropologiaren historian, Margaret Meaden aportaketa, berrogeitamar urteko ikerlana, oso garrantzitsua izan da. Aintzinako herrien "in situ" ikasketak egiten, lehendabizikoetakoa izan da eta bere ikerlanen ondorenak, bere ikasketen ondorioak, garaiko filosofolari eta sikologolarien sineste edo ikuspuntu franko desegin ditu.

Margaret Meaden ikasketek, kulturalista jarrera eraman zuten. Hau da: kulturari garrantzi handi bat ematera eta ez hainbeste giza naturari, sarri askotan eman zaion bezala. Kulturaren garrantzi, natura eta biologiaren gainetik defendatu zuen. Batez ere, diskutiezina zirudien puntu batean: sexu bakoitzaren karakterrean. Naturazko biriltasuna eta emetasuna, edo emakumetasuna, kulturaren eraginaren ondorio gehiago izan zitekeela, naturazko eta biologiazko eragina baino. Sexualitatea bera ere, zerbait kulturala dela, gizontasuna eta emakumetasuna, kontzeptuak kulturaren arabera aldatzen direla, frogatu baitzuen. Horregatik, M. Meaden aportazioak oso baliogarriak izan dira emakumealdeko edo feministen ikasketetan.

Zerbait esan dezagun, bere bizitzari buruz. 1901. urtean jaio zen. Haurtzaroa eta txikitan jaso zuen heziketa, erabat bereziak izan ziren. Bere gurasoak, unibertsitateko irakasleak, ez zuten haurra eskolara bidali. Etxean eta gurasoengandik jaso zituen ikasketak eta jakintza, denbora aske ugari izan zezan ere, arduratzen zirelarik. Bere ahizpa ttipiagoen ahozko hizkuntza aztertzen, saiatzen zen hamar urte bakarrik zituela. Era berean nobelatxoak ere idazten hasia zen. Beren amak, feminista mugimenduko emakumea, gizarteko gorabehera politikoetan parte har zezatela erakusten zien. Honela, geroago, Margaretek parte handia hartuko zuen bere herriaren politikagintzan. Hirurogei urteko aurreramendua zuen heziketa moeta bere gurasoengandik jaso zuela, aitortzen zuen M. Meadek.

Hasieran pintatzailea, gero nobela egile izateko asmoz ibili zen. Baina sikologia ikasten hasi ondoren, antropologiaz doktoratzea erabaki zuen. Pintura eta literaturaz zaletasun horik, nahiko nabarmentzen dira bere idatz lanetan. Erabiltzen dituen irudi eta poesia kutsuagatik batez ere.

Antropologiazko lanak egin beharrez, Samoako irletara abiatu zen. Hango gaztetxoen izaera aztertu eta gero, ondorio honekin itzuli zen Amerikara: gaztaroan, adoleszentzian, agertzen diren jokabide fisiko-sikologikoak, ez direla berezkoak. Samoako gaztetxoek hain zuzen, sexual askatasunagatik edo errepresio ezagatik, errazki igarotzen zuten aro hori. Denborarekin bere buruan nagusituko zen ideia, argitzen joan zen. Hau da, inguruko kultura moetak gizakiengan duen garrantzia eta eragina. Garaiko teoria askoren aurka joan zen. Pentsa dezagun, ordurarteko filosofoek nola sikologoek, pentsamolde eta teoria aldakaitzetan oinarritzen zirela. Defendatzen zituzten ideiak, gizaki guztientzat egokiak eta zuzenak zirela pentsatzen zuten. Zihurtasun hauen moztea izan zen Margaret Meadek lortu zuen gauzetako bat. Nola lortu zuen hau ordea? Beste gizarte eta kultura moetatara hurbilduz eta teoria haik deuseztatuko dituen exenpluak hemen aurkituz. Beste modu batetan esateko, teoria orokor haiei salbuespenak bilatuz. Honela lurrera jaurtikitzen ziren pentsamolde orokor eta generalizazio guztiak. Ginea Berrira jo zuenean eta Manus-eko tribua aztertu zuenean, beste teoria baten aurka atera zen. Garai hartan, Jean Piagetek aintzinako herriak animistak zirela defendatzen zuen. Oso zabaldurik zegoen ideia zen hau. Margaret Meadek eginiko azterketak ordea, gauzak ez zirela hain zihurrak frogatu zuen. Tribu hartako haurrak, Meaden iritziz, ez ziren batere animistak. Alderantziz, Margaretek tintazko mantxa bat erakutsirik, orduak eta denbora luzeak igarotzen zuten tinta begiratuz eta forma hari objektu bateren antza ezin aurkituz.

Baina, Margaret Meaden idazlan ezagunena "Sexu eta tenperamentua hiru herri primitibotan" da. Idazti honetan, beste topiko baten aurka altxatu zen: gizonen berezko agresibitatea eta emakumeen berezko pasibitasuna ideiak babesten zituen topikoaren aurka, hain zuzen. Arlo honetan ere kulturalista azaltzen zaigu Margaret Mead. Berak aztertutako aintzinako herri desberdin haietan, guk ditugun estereotipoak ez ziren azaltzen. Tribu batetan emakumezkoak ba ziren iniziatibak eta agresibitatea azaltzen zutenak, beste tribu batetan, bi sexuak ziren pareko, agresibitate aldetik eta hirugarrengo tribu batetan, berriz, ez zen inongo agresibitaterik azaltzen sexu harremanetan. Inguruko ereduei ematen zien M. Meadek garrantzi handiena. Horregatik, heziketa bihurtzen da oso garrantzi handia duen, arloa, haurtzaroan ikasten baitira kulturazko konportamendu gehienak. Kulturazko eraginak zirela nagusiak eta geroztik, sikologiak ezin bide ahantzi izan ditu M. Meadek egindako azterketak.

Gauza gutti eta azalekoak dira, Margaret Mead antropologoari buruz esan ditugunak, baina joan deneko azaroan hil zenez gero, gure apaltasun eta ezjakintasunetik, omenalditxo bat eskaintzea izan da helburua.

M. A. Landa


[Bineta]

Javi Etxenike


Gaiak. Kultura

Erresistentziazko liburu bat berriz

Garrantzizko liburu baten aurkezpena egin da abendu honetan Euskal Herrian. Liburu hau benetan inportantea izan da, egiazko eragina izan du honek. Bigarren edizioan gaude orain, klandestinitatean atera zen lehenengoa.

Egileak berak orain eman dion titulua, hau da: La Guerra de Franco, los Vascos y la Iglesia. Ezagutzen? Aurreko edizioak, ostera, beste izen bat zuen: El Catolicismo y la Cruzada de Franco. Titulu hau bai dela ezaguna. Hainbat euskaldun jenderen janari eta kontsolamendu izan da liburu hau!

Tituluaz aparte, ba du beste aldaketarik ere oraingo argitalpen honek. Jatorriz hirutan atera zena, bigarrengo honetan bi liburukitan eman da. Liburuki mardulak, ederrak: mila orrialde paseak bien artean.

Liburuaren egilea

Nork ezagutzen du Juan Jose Usabiaga Irazustabarrena? Inork gutik, izen honekin behintzat. Baina Juan de Iturralde aipatzen dugunerako, euskaltzale eta abertzale askori ezaguna egiten zaio. Gerraosteko gure historian "El Catolicismo y la Cruzada de Franco" titulua eta "Juan de Iturralde" egilearen izena biziki sonatuak izan baitziren. Izen mitikoa zen Juan de Iturralde, egia ofizialaren desmitifikatzailea, "Cruzada"ren apologisten antidotoa.

Usabiaga jauna, beasaindarra da, 81 urte ditu dagoeneko. Apeza da, Teologian eta Filosofian Doktorea. 1937an preso egon ondoren desterratu egin zuten. Geroztik atzerrian ibilia dugu, Europan eta Ameriketan irakasle.

Dokumentazio biltzaile amorratua izan da Iturralde. Bilketa horren emaitza da oraingo liburu hau ere. Hala ere, behar den baino etekin gutiago aterako zaio material horri, parte on bat desegin egin zuelako autoreak berak. Horrela, bildutako dokumentu pila bat desagertu egin da, beldurrez, errepresioaren beldurrez. Historia tristea, historia hautsia. Penagarria da. Gutako nork ez du, klandestinitatean, holakorik egin, poliziaren beldurrez?

Klandestinitateko liburua

Titulu desberdinez bada ere, hiru liburuki bitan agertu badira ere, testu aldetik aurreko bera da, estiloa salbu. Horrela hobe. Bigarren argitalpen honen bidez, jadanik agortua zegoen liburu inportante honen berri jakin lezake irakurle gazteak ere, eta bere hortan, aldakuntzarik gabe, jakin ere. Duela guti arte mantupean ibili behar zen liburua, hona orain argitara emana. Oso pertsegitua izan zen liburu hau: ez autorea bakarrik, irakurlea ere bai. Frankismoari zerk ematen zion min jakin genezake orain. 1950 urte haietan hauxe izan baitzen agian libururik persegituena.

Sortzearen aldetik, liburu honek baduela Axular euskal klasikoaren Gero liburuarekin zerikusirik esango nuke. Apaiz talde baten bilkuren fruitu izan zen Gero liburu handia. Horrelatsu gertatu zitzaion Iturralderi ere. Honela kontatzen digu berak: "Puede decirse que esta obra nació en la cárcel de Ondarreta de San Sebastián. Estábamos recluidos en ella hasta siete sacerdotes, encerrados en local cerrado a llave y privados de todo contacto con el exterior, y todos por el mismo delito: desafecto al 'glorioso movimiento' (...). Pasábamos el tiempo contando lo que habíamos presenciado o sabido, y siempre con el mismo comentario. Parece increíble, pero es así (...). Y es entonces cuando yo dije, sin levantar demasiado la voz, porque no sentía en mí ninguna valentía: si salimos con vida de aquí y no me faltan los medios indispensables, yo diré las cosas en libro, que todos puedan leer, de la misma manera que las estamos refiriendo aquí, esto es, con entera sujeción a la verdad. Y vendrá lo que viniere".

Liburu honek, horrela, euskal erresistentziaren parte on bat errepresentatzen du. Hitz baten esateko, euskal apaizeriaren erresistentzi modua. Antifrankismoan, urte luzetan, lehentasuna izan du borroka moeta honek. Iturraldek eta beste askok egia aldarrikatu nahi zuten, frankismoaren gezurra salatzen zuten, frankismoaren kristautasunik-eza frogatu nahi zuten. Erresistentziarako behar zituen argumentuak, frogak ematen zizkioten herri bati, Euskal Herriari. Erresistentzia moeta honek, zalantzarik gabe, geroko bestelako erresistentzia batzu posibleztatu ditu. Horregatik ere inportantea da liburu hau.

Egiaren bila beti

Egiaren obsesioa du Iturraldek. Bere hitzetan, liburu honen eginkizuna hau da: "decir la verdad entera sobre el magno acontecimiento de nuestro tiempo en la península...". Eta liburuaren helburua: "Aspira a contar lo ocurrido de la manera más puntual sin miedo a nada ni a nadie". Horixe egiten du, eta horrelaxe egin ere.

Dokumentu ikertzaile amorratu honek, gertakarien muineraino jo nahi du. Ez da bertsio ofizialarekin konformatzen: "Me valgo de fuentes directas en lo posible, eliminando los mitos creados por la propaganda política". Informazio iturri bezala, askotan, teknikari alemanen informeak erabili ohi ditu. Horietan agertzen baitira egiazko datuak.

Hau denau Ebanjelio erizpidez epaitu nahi du berak. Interes eta amore emate guztietatik at, egia bere soilean onarturik, Eliza espainolaren jokabideak salaturik. Are handiagoa da horrela Gurutzadari eta gurutzada zaleei ematen dien egurra.

Azkenik, hona hemen liburu honen egitura, aipaturikoa bertagotik ikusi nahi duenarentzat:

LA GUERRA DE FRANCO, LOS VASCOS Y LA IGLESIA

Tomo I: Quiénes y con qué fín prepararon la guerra y cómo comenzó.

1. El Ejército español y sus auxiliares.

2. Factores de orden indirecto que influyeron de un modo decisivo.

3. El clero y los preparativos de guerra.

4. Comienza la guerra: carácter inicial.

Tomo II: Cómo pudo seguir y triunfar la guerra.

1. La trayectoria militar.

2. La Resistencia vasca.

3. La Cruzada y la Iglesia.

Joan Altzibar


Gaiak. Kultura

"Umeen Deia" aldizkaria berpiztu behar

"Umeen deia" Nafarroan sorturiko aldizkari bat zen. 1959. urtean hasi eta 1966. urterarte iraun zuen. Haurrek idazten zituzten ipuinez osatua zegoen eta arrakasta ederra izan zuen.

Felipe Murieta Kaputxinoak sortu zuen "Umeen-Deia" Iruinean, 1959. urtean. Zazpi urtez iraun zuen bizirik "Umeen-Deia"k. Hego eta Ipar Euskal Herriko herri askotako umeek idazten zituzten ipuinak. Euskal Herritik kanpoan bizi ziren umeek ere idazten zuten. Orain "Umeen-Deia" deituriko liburuan bilduak daude aldizkari hartan azaldu ziren lan guziak. Bertan ikusten ditugu Argentina, Kanada, Txile, Venezuela eta Ingalaterratik bidalitako ipuinak.

Gaurko euskal kontzientziaren pizkundeak zor handia dio "Umeen-Deia"ri. Urte haietan diktadura latzaren azpian bizi ginen. Euskara eta euskararen kutsua zuen guzia hil nahi zuten. Ezpatadantzariak ikusi nahi ez zituztenak ere ba ziren. Garai hartan amoniakorekin nahasketak egiten ari denarentzat, haize garbia bezala zen euskararentzat "Umeen-Deia".

"Umeen-Deia"ren bitartez makina bat ipuin ikasi ditugu eta betirako idatzita gelditu dira. "Umeen-Deia"ren bitartez ba genekien Aramaion, Gasteizen, Mugerren, Donibanen, Baionan, Gartzainen, Lakuntzan, Iruñean, Elizondon, Andoainen, Irunen, Ondarroan, Bilbon, eta abar, ba zirela euskaldunak ere euskal kontzientzia zutenak.

"Umeen-Deia"ko ipuinen artean azaltzen ziren Murietaren esaldi bikainak: "No salvaremos el idioma hablando y escribiendo ACERCA del Euskara, salvaremos el idioma hablando y escribiendo EN Euskara."

"Aurresku, Ezpatadantza, arin arin... oso politak benetan. Dantzak baino hobeki ordea, euskarak ematen dio bizia Euskal Herriari".

"Euskaraz egin nahi ez duen euskaldunari deitura kendu egin behar litzaioke".

"Euskara erdaraz goraipatzea baino, euskaraz hitzegitea hobe!!"

Gaur Euskadirentzat independentzia edo autonomia eskatzen duten partidu eta sindikatuak ia dena erdaraz mintzatzen dira beren hitzaldietan. Manifestazioetan "Gora Euskadi" oihu egiten duten independienteak ere barrabarra erdaraz nonnahi. Murietaren esaldietan ba daukagu zer ikasia.

"Umeen-Deia" berriz argitaratu behar litzateke. Gaur ere ba daukagu horren premia: ikastoletan edo beste eskoletan dabiltzan umeek bertan ipuinak idatziz euskaraganako maitasuna sortzeko. Ikastolek elkarren berri jakiteko eta jende guziak jakin dezan ikastolak non dauden (gaur ez dakigu ikastola asko direnik ere). Umeen ipuinen ondoen horri bat andereñoentzat izatea ez litzateke gaizki etorriko bere ikastolako kezkak azaltzeko.

Gau-eskoletan euskara ikasten ari direnak ere behar lukete beren aldizkaria. Sor litekeen aldizkari honi "Euskarazko Ikasleen Deia" izena jarri diot nik. Idazki errazez idatzia beharko luke, euskara ikasten ari direnek aisa irakurtzeko. Eta elkarren berri jakiteko ongi etorriko litzateke.

Ideiak hemen ditut nik. Lan egiteko ere prest nago. Euskal Herriak ba ditu jakintsuak eta dirudunak. Ea, bada, "gora Euskadi" esatea bakarra ez da nahikoa, gure euskara salbatzeko zerbait egiten dugun.

Astaitz


Gaiak. Zinema

Rainer Werner Fassbinder: Arrazoiaren pesimismoa

Hogeita hamairu urte duen aleman zuzendari gazte honek, eginak ditu jadanik 35 luzemetraia eta honetaz aparte, anitzetan aritu da aktore bezala haren adiskide batzuren zuzendaritzapean. Gazterik bi laburmetraia burutu zituen, eta geroago, teatroan ere ihardun zuen. Oso gaztetatik aktore eta zuzendaria, Ekintza-Teatroa deituko zena kreatu zuen Hanna Schygulla aktrizarekin batera eta geroago, aktore ekipo bat finkaturik zuenean, "Anti-Teatroa" fundatu zuen Munich-en. Telebista kate batek bere lehen filmea finantziatu zion eta horretan, bere teatroan lehenago erabilitako bide berriztatzaileak eta interprete, dekoratzaile, irudigile eta abarren ekipo berak erabili zituen. Bere lana burutzeko, zinemaren historiako autorerik oparoena den honek, teatro lana tartekatuz eta aleman zinema gaztearen patronatoaren laguntza izan zuen. Behin patronatu hau desagerturik, Alemaniako Telebista Kateek ordezkatu zuten, baina Estatu hartan gertaturiko eskuineratzeagatik, gero eta filme guttiago finantziatzen zaizkie Fassbinder-en moduko ezkertiarrei. Fassbinder-ek —marxista independientea, antza— ez du finantziaketa gehiagorik eskuratu. Hau dela eta, aurten filme berri bi soilik egin ahal ukan ditu, eta berauk, kapital zinematografikoaz bakarrik.

Gure artean, zuzendari honen lau filme bakarrik ikusi ahal izan da. Horregatik ezin gaitezke honetaz mintza, bere obra osoa kontutan harturik. Die Bitte-ren tränen der Petra Von Kant (1972) —Petra Von Kant-en malko tristeak— eta Faustrecht der freiheit (1975) —Indartsuenaren legea— Fassbinder-en filme ezagunak ditugu eta berorietan, gure ustez, bere estilo biak agertzen zaizkigu:

- Expresionismo berri baten errekuperatzea. Petra Von Kant filmean gela bateko unibertso hitxian. Lesbiana batek bere frustrazio eta arima erakusten dizkigu garrazki. Haren salbatzerik lortuko ez duten pertsonaia birekin, bitartean laugarren batek, lekuko zintzo bat bezala, arimaren notari gisa, jazotzen den guztia apuntatu egiten du.

- Parabola soziala istorio klasiko batean. Hala nola Indartsuenaren legea. Honetan, gizarte kapitalista batean burjeseriaren jokabidearen analisi erraz eta izugarri zehatza egiten da. Homosexualen munduaren deskribaketa bat, zeinean erlazio sentimentalak, klase batek bestea menperatzeko erabiltzen dituen tresnak bilakatzen baitira.

Bilbon estreinatu berri diren filme biek —ohizko zinema komertzialaren aldean— harritu egiten dute beren planteiamenduen exotismoarengatik, eta lehen aipatu ditugun sail bi horien barnean sar daitezke. Filme hauk bide ekonomiko urriz eginik daude eta hau gauza guztietan nabaritzen da, ohizko aktore, apainketa eta teknikoen ekipoak, bai eta aukeratutako kodigo eta narrazioaren arteko erlazioan: bere teatro obrak, elementu sinpledun metafora-sekuentziak, eta honek, filmeon balio sinbolikoa indartu egiten du.

 SCHATTEN DER ENGEL (1976) Aingeruen itzala. Daniel Schmid-ena. Fassbinder-en ohizko ekipoaz egina dago eta berak jokatzen du filmean txulo baten papera. Zuzendaria Daniel Schmid da, "Usoa" filme bikainaren egilea. Filme hura mundu eder eta magiko baten erakusketa bat zen. Bien artean egina dela pentsa daiteke, R. W. Fassbinder-en teatro obra batetan oinarrituta baitago, Kaka eta Heriotzea eta guztiz ekipo lan baten fruitu dela ematen du. Lilli izeneko puta baten istorioa da, haren txuloarekin dituen menpekotasun harremanak azaltzen dizkigularik. Hala izanik ere, Lillik txuloaren premia sentitzen du bizitzeko; baina Lilli-ren zerbitzuen bila doan judu kapitalista bat agertuko da eta harekin aberastu egiten da Lilli. Txuloak orduan, abandonatu egingo du eta homosexual batekin bizitzera doa. Emakumeak. bizitzaz zuen interesa galdurik, bere burua hiltzeko erabakia hartzen du, horretarako, laguntzea eskatzen dio inmobleetaz espekulatzen duen judu aberats horri. Juduak hiltzen lagunduko du eta azkenean, krimenaren errua txuloari botatzen diote, gizarteak errudun konkretu horren beharra baitu.

Filmearen pertsonaiek beren eginkizun berezia jokatzen dute dramaturgiaren narrazioan zehar, baina ba dituzte ere bestelako balio batzu. Pertsonaia hauek beste ideia baten bozeramaileak dira, eraikintza metagoriko bati doakion ideia bat.

Lili ez da soilik puta bat, hiri barnean eskutik eskura aldatzen den inmoble jabegoaren sinbolo bat dugu, bere lehen jabetik (klase erdia) dena irensten duenarengana (diru kapitala: judu aberatsa) pasatu egiten dena.

"Itzala" filme bortitza da, hasierako filmagintza expresionista alemana oroitarazten digu. Agertzen zaigun mundu zapaltzaile, frustragarri eta sentimendu gabean, hiria paseiatzeko kloaka bat da eta sentimenduak bakarrik dira posible katu eta objektuekin.

Argiro nabari daiteke teatro jatorrien eragina: pertsonaiak luzeki mintzo dira beren existentzia eta jokabideez, baina gaztelaniazko bertsioaren azpititulaketa gaizki eginik dagoela eta, galdu egiten dugu esaten dutena.

Parabola marxista baten aurrean aurkitzen gara berriz ere, baina egia Partzialez beterik. Zati bakoitza modu urrutiratu batean eginik daude, zinema, literatura eta musika (zatiak bukatzean kantuak iruzkin gisa) erlazionatzen dituen lengoaia baten bila.

Filmea ez dago ez biktimarik ez eta borrerorik. Baina azkenean, hiri kloakaren engranaia bere hartan mantenarazteko gauzak nola gertatu behar diren erabakitzen duen elementu zuzentzaile gisa, polizia agertzen da. Horrela, trabesti faxista nazi ohia, gehiago agertzen zaigu biktima bezala, errudun bezala baino eta judu aberatsa, inorekin ezin komunikaturik ari den gizagaixo bat da, bere konbidantzak agoanta diezaizkion pertsona baten bila, Lillirengana doana. Lilli sakrifikatzen den bildotsa dugu, kakazko mundu honetan bizitzeko ezintasunaren sinboloa den pertsonaia handia.

Tematikaz egiten diren ohizko planteiaketaz apartatzen da filmea eta horretan datza bere xarma, eskenan jartzearen funtziotik apartatzen da eta horrela lortzen da hasieran ezin konpreni dezakegun zerbait adieraztea. Bizitzaren konplexotasunera hurbiltze baliotsu bat da, argudio eskematiko eta primatio batetatik abiaturik.

 CHINESISCHES ROULETTE (1977) —Erruleta Txinoa—. R. W. Fassbinder-ena.

Anna Karina eta Mascha Maril-en izen berriez, ohizko ekipoaz egina. Filme hau, elkarrengandik ihes egin ezinik ari diren zortzi pertsonaien unibertso hitsi batean, estilo zinematografiko bat sortzeko entseiu bat legez agertzen zaigu.

Landetxe batetan, bi senar emazte, beren amoranteak, haien alaba gazte koxo bat, neskamea, etxea zaintzen duen atsoa eta beronen semea batzen dira. Bilera alabak eraginik eta ustekabean gertatzen da, zeren beronek errezeluz eta aiherkunde sakonez beterik duen herrentasunaren gatik, protagonista eta besteen epaikarik sentitzeko, berarekin bizi diren pertsona nagusiek beren bizitzekin enfrenta daitezen nahi baitu.

 Erruleta txinoa neskak probokaturiko egiaren jokoa da, eta joko horretan guretariko bakoitzak besteetaz duen irudia zatikaturik gertatzen da. Filme krudel eta enigmatiko bat dugu. Harreman bakoitzak gorde dezake bigarren egia bat, agresibitate izkutuz beteriko eguneroko unibertso estrainioan. Ikusteko guztiz filme ederra, dekorazioaren erabilkera, planoen iraupena eta kamararen mugimendu ttipi bat, sekuentzia bakoitzean pertsonaia bati buruzko datu gehiago emateko erabiltzen da. Gaiaren eskema aski artifizialea gerta dakigukeen arren, eguneroko bizitzaren miresgarritasuna azaltzen digun fotografia argi batez beterik, atsegingarria gertatzen den filmea dugu.

Agian, errodaiaren denborak luzeagoa behar zukeen eta estetikoki maisu obra bat izatera iristeko zenbait medio falta du, baina halabaina, makineria perfekto baten ideia geratzen zaigu, intrigazko zinema amerikanoaren estilo apur batez. Honetan ere, Fassbinder ezagutzen genuen pesimista da, baina azken errotuluaren itzulpen faltaz, bertsio espainolean ez da oso argi geratzen bukaeraren zentzua.

Jose Julian Bakedano


Gaiak. Musika

Camel Donostian

Igandez, hilak 22, CAMEL musika talde ingelesa izan genuen Donostian. Jendetza handia bildu zen Anoetako polideportibo aurrean. Musikaldia 8-retako pentsatua zegoen aldez aurretik, baina 9ak arte ez zuten aterik zabaldu. Sartzerakoan izugarrizko bultzakadak izan ziren jende tapoietan, baina azkenez sartu ginen. Ez ginen oso pozik hasterakoan, jende gehiegi sartuko zelakoan ginen eta honek giroan dakartzan ondorio larrien beldur. Baina barruan, giroa oso lasai zegoen eta horrela iraun zuen. 4.000 pertsona edo egongo ginen han, aretoa bete beterik, eta Michel Champman irten zen eskenategira kitarra klasiko bat berekin zekarrela, kitarra hutsez hasi zen eta gero ahotsa ere erabili zuen; kitarraren bi hari apurtu ondoren, bukatu zuen bere saioa; oso txalotua izan zen. Segituan CAMEL azaldu zen... argijokoa izugarri ederra, musika ederragoa, guztiok zoratu gintuzten musikalari hauek.

Moeta honetako jaialdiak, ugaltzen ari zaizkigu Euskal Herrian; ba dirudi, oraingo gazteriak politika mitinetarako uzten duela eta musika entzuterakoan MUSIKA nahi duela. Jaialdia bukatzean zera esan nien lagunak ditudan hauetako gazte batzuei: "Musikaldi hauk Euskal Herriko kulturaren parte dira gaur egun, eta ANAITASUNArako elkarrizketa bat nahi nuke egin zuekin honi buruz"; hona hemen erantzunak: "Ufff! zu beti erroilo horiekin", "yo passso de todo, je", etab. Beno, atera nien argazki horretan ikusten duzue nolako aurpegia gelditu zitzaien CAMEL entzun eta gero! beraz, beste egun baterako gelditu ginen. Bazkaltzera gonbidatu nituen (nire kontura, ANAITASUNAk ez baitu dirurik horrelako public-relations edo egiteko), eta kafea hartzerakoan:

— Eta zer iruditu zitzaizuen Camel-ena?

— Oso ondo.

— Bai, bai... oso ondo.

— Beno, baina zer gehiago... giroa, musika, teknika?

— Giroa niri ez zitzaidan asko gustatu. Beste Rock jaialdietan jendea gehiago animatzen da, beste "martxa" bat eramaten da.

— Camel-ek ez baitu rock klasikoa egiten, baizik eta rock sinfonikoa, orduan normala da jendea lasaiago egotea musika entzuten. Niri giroa asko gustatu zait.

— Niri ere bai, gainera argi jokoak musikaren laguntzaile izan ziren denbora guztian, plazerra sentitzeko ez zenuen mugimendua behar, ikusi, entzun eta egon.

— Zer da rock sinfoniko delako hori?

— Rock era berezi bat dela esan dezakegu, sofistikatuagoa agian.

— Bai, era honetan hasi zirenak, Genesis, Yes eta Emerson, Lake and Palmer izan ziren bereziki; rock oso landu bat da, adierazpide pertsonalak jasotzen ditu...; ezaugarri hau CAMEL-en oso nabari da.

— CAMEL-en musikak jazz-en eragin garbi dauka, batez ere Mel Collins eta Richard Sinclair-engan.

— Hemen, Euskal Herrian, ba al dugu horrelako rock sinfonikoa egiten duen talderik?

— Bai, Sakre, lehen Gaizka zena. Baina talde hori jadanik desegin da. Pena da, oso onak ziren eta.

— Entzun dudanez, Camel-ek prozesu bat eraman du agertuz geroztik...

— Beno, azkenaldi hauetan Caravan-en eragina nabaritzen zaio, eragin honen zubi Richard Sinclair, baxua, izan da, lehen CARAVAN-ekin jotzen baitzuen.

— Caravan-ek "Canterbury-ko Rocka" egiten zuen, eragina hobe zehazteko.

— Zergatik izen hau?

— Ba Canterburyn egiten delako, hango sustraiak ditu.

— Euskal Herriko rocka, noizko?

— Oso gutti egin da oraindik arlo horretan. Hemen Rock egiten duen jendea ba dago, baina ez hemengo sustraien posibilitateak sakonki landuz.

— Nola landuko dituzte sakonki? Jan ere egin behar dute eta ez dute inongo laguntzarik jasotzen. Euskal kulturari gehienek gainera, euskal musika alboka, txalaparta, txistu eta danbolinera mugatzen dute eta...

— Beraz ingelesak itxaron behar horrelako gauzak entzuteko...

— Camel-ena entzun ondoren, jendea zoratuta gelditu zen.

— Benetan ona izan zen, Baterialdia gehiegi!

— Eta gero Mel Collins-en saxoaldia? Beno, Sinclair-en kitarraz zer esanik ez...

— Guztiz ados zuekin. Eta giroaz berriro; porruak ere ba al du bere partea miresgarritasun honetan?

— Puf! Dena kez beterik zegoen, nik ez dakit zertara joaten den jendea musikaldi hauetara!

— Zuk ere erre zenuen ba! Nik ez dut esaten gehiegi... orduan ez zara ezertaz konturatzen eta, baina pixka batek, musika hobeto ulertarazten dizu.

— Niri horrelako kasuetan ondo sartzen zait, egia esan. Pasatzea ez da ona izaten, noski.

— Egia da, pixkatxo bat ez dator gaizki.

Beraz, ba dakizue ANAITASUNA-ko irakurleok eta lankideok, Anoeta-n egon ez bazineten, korri Camel-en diska bat erostera (ez dugu komisiorik), porrutxo bat hartu, eta ahanztu une batean Konstituzioa, mitinak, puntuak, etab. Atsedenaldiak ere beharrezkoak dira. Eta E.E.rekin bat egiten dugu: "plazerra ezkertiarra da".

Oharra: H.B.-k esan balu, berdin berdin egingo genuke bat. Bada ez bada ere...

Itziar


Gaiak. Musika

Musika giroan

1978-79 ikastaroaren jaiotzea, musika arloan aberatsa eta interesgarria izan da. Igaro diren urria eta hazilan gauza asko gertatu da eta gutti gora behera musika sektore guztiak ikutu dira. Bota dezagun begirada txiki bat.

Konposaketa mailan ezagutu dira Bizkaiko Aurrezki Kutxak antolatutako txapelketen sariak. Euskal abesbatz doinuen sorketako II. Lehiaketaren lehenengo saria, Bilbon bizi den Juan Cordero Castaños musikalariarentzat izan da, bere "Dantza-dantza" lanagaitik. Eta txisturako musika lanen konposaketaren txapelketan, lehenengo saria Donostiako Jose M.a Glez. Bastidarentzat izan da.

Txapelketekin hasi garenez. Tolosan bukatu da Abesbatzen lehiaketa eta sariak Ekialdeko nazioentzat joan dira, beste urte baten ere. Elizondoko abesbatza, Bilboko Jatorki eta Donostiko San Ignacio abesbatzak atera dituzte sari espezial batzu, baina ez ederrenak. Hola dela eta, berriro nabaritzen da nola abesbatzek herriak oso ondo ikusiak izan arren, ez daukatela musikal tresna on bat eta Euskal herrian ikusi dugu nola urrun gauden atzerriko abesbatzetatik bai planteiamendu eta gertakizunagaitik batez ere.

Pablo Sorozabal izan da Tolosako lehiaketan Pregoia egin zuen gizona, eta egun batzu aurretik hitz hauk esan zituen euskal egunkari bateri: "Hemen (Euskal Herrian) ez dago afiziorik, ez ezer. Gaur ez dago kulturarik eta jendeari futbola eta espektakuloa baino ez zaio gustatzen, eta horrela ez dago etorkizunik. Diktadurako garaiak sortu duen ustelkeria ez da inoiz kenduko eta horrela ez dut irtekerarik ikusten". Egia ote da Sorozabalek esaten duena? Nolako datuak daude beste erantzun bat emateko? Uste dugu egoera ez dala ona, baina ez da hain beltz ikusi behar etorkizuna, zeren eta euskal musikari ez zaio gertatzen Euskal Herri guztiari pasatzen zaiona baino. Ez dago behegiturarik inondik inora eta hola ezin sor daiteke musikalaririk.

Eta orain artekoak gutxi direnez, beste diska etxe bat sortu zaigu Euskadin. XOXOA bere izena eta bere aurkezpena hiru diskoekin egin du. Disko honek ERROBI, talde ezaguna; ITOIZ, lehen "Indar Trabes" rockariak eta TXOMIN ARTOLArenak dira.

Iñaki Beobidek, berehalaxe, presentatu ditu Donostian lau disko berri. Enrike Zelaiaren "Gipuzkoa"; XABIER LETEren azken kantak; ESTEBAN ELIZONDOren organu musika eta Lauaxetari buruz egindako disko monografikoa ANTTON VALVERDEren aldetik. Hola ba, disko aldetik ez daukagu mehetasunik. Beste ale batean hitz egingo dugu diskoaren barneari buruz.

Beste gai batera goaz eta Bilbon, gauzak argitzen hasi dira Arriaga Antzokia Munizipalizatu nahi dutenentzat. Bilboko Udaletxea arduratu da bere konponketaz eta bera eta herriko elkarteen artean komisio bat egin da; Arriaga eramateko erakunde autonomo bat sortzeko. Hau irteten bada, lehenengo esperientzia bat izango litzateke ez Euskadin bakarrik, Estatu mailan baizik, eta zurrumurrutan sartuz, entzun da Donostian ere, Victoria Eugenia antzokiaz beste horrelako bat egin nahi dutela. Ikusi egin behar egia den ala munizipaletarako propaganda bezala bakarrik erabiltzen diren gai hauk gure politikoen artean.

"Erletxe"


Gaiak. Zientzia

Fisio-aztarnen bidezko datazioa

Ba dakigu, egun, hezur zaharren adina kalkulatzeko, bide berri batzu erabiltzen direla. Hauetariko bat, agian erabiliena, karbono 14 isotopoaz baliatzen dena dugu.

Metodo hau isotopo erradioaktiboen desintegrazioan oinarritzen da. Isotopo hauek, inork eragin gabe, etengabe desintegratzen ari dira. Baina gaur hemen agertuko duguna ez da hau, metodo berri bat baizik.

Bera ere azterketa kronologikotarako erabiltzen da, baina kosmologia, geologia edota arkeologia bezain sail desberdinetan aplika daiteke. Oraingo honetan ez da karbono 14aren kantitatea neurtzen, uranioaren isotopo ugarienaren, hau da, U-238aren bat-bateko fisioa baizik.

Metodo honen bidez, analisirako egokia den muestra baten adina absolutua kalkula daiteke, duela ehunka urte batzutakoa edota eguzki-sistema sortu zenekoa izan arren.

1960. urtera heldu baino piska bat lehenago, Ingalaterrako bi ikerlari ditugu, metodo honen oinarria lehenik ezagutarazi zutenak. Ia edozein solido, elementu pisuen ioiez bonbardeatzen badugu, solido horren atomoek ioi horik freinatuko dituzte. Freinatze hau, noski, azkarragoa edo lasaiagoa izan daiteke, solidoaren barne egituraren arauera. Ioi hauek, freinatu arte zenbait atomo apurtzen dutenez gero, aztarna zuzen eta fin bat uzten dute. Aztarna hauek, pentsa daitekeenez ikaragarri finak dira, eta ikustezinak dira, baldin eta mikroskopio elektroniko batez baliatzen ez bagara. Hauxe da, Barnes eta Silk jaunak 1959. urtean egin zutena. Honelako mikroskopio potente bat eduki arren, cm2 bat bakarrik aztertzeko, aste asko behar zen. Metodo honen bidez aztarnak kontatzea oso neketsua zela eta, beste bide berri bat asmatzeari ekin zioten. Honela, solidoa bainu azido batetan sartzen bazen, fisio-aztarnak 100 aldiz baino gehiago handitzen ziren, aztarna ondoko eskualdea ingurukoa baino ahulagoa gelditu baitzen. Eta, noski zenbaketa mikroskopio arrunten bidez egin ahal izateak, metodoa erabilgarri bilakatzen digu.

Ikusi dugu gaingiroki, metodo honen funtsa. Baina azter dezagun orain zati bakoitza zehazki. Nola sortzen dira fisio-aztarna hauk? Orain arte emandako erantzun serioena duela hamar urte baino gehiago Fleischer, Price eta Walker-ek aurkezturikoa dugu. Hauen ustez, fisio-partikula honek, karga elektriko gogor bat eta abiadura handiz mugitzen dena, bere ibilbidean aurkitzen dituen atomoak ionizatzen ditu, zenbait elektroi lapurtuz. Materialea solido eroale bat bada, harrapatutako elektroi hoien lekua, libre dauden beste zenbait elektroik betetzen du, eta kristalea lehen bezala gelditzen da. Materialea solido isolatzea bada, harrapatutako elektroi horiek ezin dira ordezkatu, eta atomoa positiboki kargatuta gelditzen da. Elkar-aldentze elektrikoak beren artean arteka bat sortarazten du, eta arteka hau ia beti iraunkorra da.

Solido isolatzaile batek fisio-aztarna bat erregistratzeko ez du zertan kristalezkoa izan behar, solido amorfotan ere berdin gertatzen baita (beira bolkaniko eta artifizialak, plastikoak).

Beraz, materiale baten adina kalkulatzeko nahikoa dugu aztarnen kopurua zenbakitzea. Potasio, rubidio edota karbono erradiaktiboaren ugaritasuna neurtzearen metodoarekin konparatzen badugu, biak oso antzekoak dira: batak desintegrazioaren produktua neurtzen du eta besteak, aldiz, desintegrazioaren efektua.

Metodo berri hau bestea baino zehatzagoa da, ordea. Arrazoia oso sinplea da: Aztarnak zenbakitzen baditugu, gehienez ehunka batzuk agertuko dira, eta hoiek oso erraz kontatzen dira. Potasio-argon kantitatea neurtzea, aldiz, ikaragarri zaila da. Zentimetro kubiko baten hamar milioiren bat Argon-40 behar da; eta honek, gutxi gorabehera, hiru bat bilioi atomoren desintegrazioa eskatzen du. Garbi dago, bigarren metodo hau ezin daitekeela, inolaz ere, bestea bezain zehatza izan.

Lurrazaleko arroken bataz besteko uranio-kontzentrazioa oso txikia da, zenbait zati milioiko. Kontzentrazio hau, txikia izanik ere, nahikoa dugu, zeren eta milioi bat urte pasa ondoren, bitartean gertatu diren fisio guztien aztarnen kopurua kalkula bait dezakegu.

J. J. Elhuyar

HIZTEGIA

Arteka: fisura

Aztarna: huella.

Elkar-aldentze: repulsión.

Erradioaktibo: radioactivo.

Freinatu: frenar

Ibilbide: trayectoria.

Isolatzaile: aislante.

Zenbaketa: recuento.


Gaiak. Euskara

Diglosiaren alde

Beharbada zuetariko batzu harritu eginen zarete artikulu honen izenburua irakurtzean. Hainbeste mintzatu baita diglosiaren aurka! Adibidez, Txillardegik artikulu gogorrak egin ditu horretaz, ta azkenetariko batetan dioenaren bidetik, nik neuk ere gauza berbera diot: Egia du Txillardegik! Eta Urrujulegik! Eta euskararen gaineko diglosia salatzen dutenek!

Problemaren iturburua, teoria eta praktikaren artean dagoen desfasean dago: Guztiok omen gaude euskararen alde; nola ez! Baina inor gutti ausartzen da, euskara erradikalki erabiltzera; eta, modu horretan, euskararen aurkako diglosiaren konplizeak gertatzen gara praktikan. Problema horren barneko kontraesana, gogorkiago agertzen da abertzaleen artean, teorian behintzat berauek gainditurik eduki beharko baitzuketen arazoa.

Ebazpidea: Euskararen aldeko diglosia

Problema latza delarik, konponbideak ere gogor eta erradikala izan beharko duela uste dut. Begira! Bi hizkuntza batera bizi direnean, nahi eta ez, batak bestea zapaltzen du. Burruka latza gertatzen da bien artean; eta burruka hau ez da bukatzen harik eta batak bestea suntsitu arte. Izan ere, burruka horreri kausaz hiltzen baitira hizkuntzak.

Nik dakidala behintzat, ez da inon ere gertatzen, hizkuntzen arteko benetako elkar errespeturik. Une berean bi hizkuntza batera ezin erabil daitezkeenez, bata ALA bestea aukeratu behar izaten da. Ez dago biak batera aukeratzerik.

Errealista izanik, eta Euskal Herriaren euskalduntze-bidean ditudan helburuak (euskal monolinguismoa halegia) lortu nahirik, nik neuk —eta beste askok ere bai— egina dut neure aukera: Euskal diglosiaren alde nago. Eta posibilitate minimo batzutatik aurrera, euskara inposatu egin behar dugula uste dut, zeren eta bestela erdara inposatzen baitigute.

Horrela, erdara kondenatzen dugula esanen digute, baina ez da egia. Erdarak —hizkuntza inperial biek— ba du lurreremu zabalik bizirik irauteko, Euskal Herritik aparte; euskarak ez, ordea.

Euskal diglosia non ezar

Poliki-poliki botere linguistikozko mailak irabaziz joan behar dugu. Poliki baina bortizki, traktoreak bezala. Eta noski, horretan ere, hitz goxoak aparte, indarra da nagusi.

Esana dugunez, horretarako baldintza minimo batzu bete behar dira. Edozertara ere, baldintzok oso minimo izan behar dutela uste dut; eta hainbeste lekutan baldintza minimo horik erraz gainditurik daude.

Non, ordea? Ba, lehenik eta behin, hitzez euskararen aldeko diren pertsonez osoturik dauden talde eta erakundeetan: Alderdi politiko abertzaleetan, ikastoletako gurasoen batzarretan, ia erabat euskaldun diren herrietako erakundeetan,...

Euskara ez erabiltzeko, atxakia merke asko aipatzen dira. Koitadu batzuk (?) euskara ikasi nahi lukete,... baina —betikoa— ez dute astirik. Beste batzuk nahiago dute iraultza euskara baino (sic). Eta euskara eta iraultza, euskal iraultza eta euskaraz burututako iraultza bultzatu nahi dugunok, laguntza eman behar diegu: Tristea bada ere, obligatu egin behar ditugu, zeren eta bestela hitz hutsetan geratzeko arriskua baitute. Eta orain gure aurka mintzatuko badira ere, urte gutti barru eskertu eginen digute, beren oinarrizko kontraesan hori gainditzera behartu —edo lagundu— egin genituelako.

Honelatan ba, nire buruari dagokionez, nik neuk hartua dut erabakia arazo honetaz: Aipaturiko taldeen batzarreetan euskara hutsez mintzatzen naiz; eta itzultzeko eskatzen didatenean, ez dudala nahi erantzuten diet. Batzu haserretu egiten dira noski, baina hori beren kontua da.

Jokabide honi buruzko esperientzia

Agian, irakurleren bat erdi beldurturik egonen da artikulu honetan zabaltzen den deiaz. Ba liteke! Hala ere, aurreritziak alde batetara utziz, sen zientifikoak eskatzen duenez, teoria eta esperientziaren arteko kontrasteak agertzen du edozein teoriaren zuzentasuna. Zer esperientzia dago euskal diglosiaz?

Datu asko ez badut ere, neure esperientzia agertuko dut. Azken urteetan zera ikusi ukan dut: Euskararen alde euskaraz jokatzen hasi diren taldeak, aurrera doaz —problema ekonomiko gogorrekin noski—, euskara landuz, euskararen etorkizunerako jende prestu eta alfabetatua sortuz, eta euskararen aurkako diglosia gaindituz. Hor daude, adibidez, Ikastolak, Udako Euskal Unibertsitatea, Unibertsitateko euskal mintegiak, Elhuyar taldea, Alfabetatze kanpainak, eta abar. Eta hori laguntza ofizialaren faltarekin ere! Ostera, euskararen alde erdaraz ere egin daitekeela praxian onartu dutenek, ez diot gauza onik egin ez dutenik, baina gero eta erdararen alderago jo dute praktikan. Hasieran portzentaia batzu jartzen zituzten euskararentzat, baina denborarekin portzentaia hauk beheratu egin dira progresiboki, efektibitatearen izenean ia-ia euskara desagertzeraino helduz. Eta izen konkreturik aipatu gabe, hor ditugu zenbait aldizkari eta egunkari "bilingue", hainbat projektu pedagogiko "elebidun" eta Euskal Herriko hainbat kultur talde ez-euskaldun.

Zer gertatuko zaigun

Zoro izenetik gora, edozer gauza esanen digute. Hauxek, adibidez: utopiko —eta hau esangura pejoratiboz—, exaltatu, faxista eta beste. Eta honela esaten badut, era horretakoak entzun ditugulako da. Nik neuk ezentzunarena egiten dut batzutan; bestetan gogor erasotzen dut. Edonola ere, zoro izena gorabehera, gauza bat sumatzen dut: Jarrera hori hartzen dutenenganako nolabaiteko errespetua ere agertzen hasia da. Azken batez, pertsonen artean ez baita gehiagorik eskertzen, esanaren eta eginaren arteko konkordantzia baino.

Euskal diglosiko honek, bide horretatik ibiltzera deitzen zaituzte. Beste askok ere berdin egiten dutela dakit. Ez gara gutti batzu, gero eta gehiago baizik. Eta agian, laster, estatistikaren portzentaia sonatuetan agertzeko moduko multzoa osotuko dugu.

J. R. Etxebarria


Gaiak. Gramatika

Zenbakien erabilera (II)

Aurreko ANAITASUNAn, zenbakien idazkerak sortzen dituen arazo batzu, aztertu genituen. Baina artikulu hartan zenbaki hutsen arazoak aipatu genituen. Oraingo honetan, zenbakiarekin batera magnitudearen sinboloa, izena edo adierazpena doanean gertatzen den aztertuko dugu. Konkretuki, portzentaiak, unitate teknikoak eta beste adieraztean sortzen diren problemak.

Portzentaiak nola adieraz

Estatistikaren teknikak hamaika gauzatarako erabiltzen dira gaur eguneko azterketetan. Urrunago joan gabe, konstituzioaren erreferenduan emaniko erantzunen adierazpenean, adibidez. Orohar, multzo handietan egindako neurketak portzentaiatan emateko ohitura dago. Horregatik, oso normala da, horrelako lanen ondorioak idaztean portzentaien sinboloa erabiltzea: % delakoa halegia.

Inguruko hizkuntza idatzi guztietan, sinbolo hau zenbakiaren ondoan jartzen da: 17,5 %, adibidez. Eta irakurri ere modu berean egiten ohi da, hots, lehenik zenbakia eta gero sinboloa. Ostera, euskaraz alderantzizko ordenan esaten da (ehuneko hamazazpi koma bost). Eta hor sortzen da traba: Idatzi eta irakurri ordena berean egin behar dira ala ez?

1971. urtean Euskaltzaindiak erabakia hartu zuen honetaz. Prezeski EUSKERA 1971 aldizkarian hauxe ageri da: "Ehuneko hainbeste adierazteko marka, zenbakiaren aurrean jar bedi. Adibidez: % 5 = ehuneko bost. Arrazoia: euskeraren izakerak ordena hau eskatzen bait du". Hala ere, gaur egun, idazle askok ez dugu erabaki hori segitzen. Zer esanik ez, horrek ez du esan gura, Euskaltzaindiaren kontra gaudenik, ez eta antzekorik ere. Aitzitik, alde egon arren, erabakiok zentzu kritikoz hartzen ditugula esan gura du, erabaki gehienak egokitzat joz, eta gutti batzu geure praktikaren exenpluz aldatzeko eskatuz, horrelako zenbait ez baititugu egokientzat hartzen. Modu horretan jokatzean, bestalde, Akademiaren beraren askatasun-mugen barnean gabiltzala uste dugu, zeren eta erabakiekin batera hauxe baitio, EUSKERA 1971 horretan berton: "Hartuko diren erabakiak ez bait dira ezin aldatuzkoak. Geroago punturen bat beste era batera aldatu behar dela ikusiko balitz, beti gelditzen da horretarako atea zabalik". Beraz, 17,5% idazten dugunean, erabaki horren berrazterketa eskatzen dugu.

Eta zer arrazoi dugu horrela egiteko? Hara! Hizkuntza teknikoaren arloan sartuz —eta portzentaiak oso gauza teknikoak dira—, sinbologia bereziak erabiltzen dira. Ahal dela, sinbologia unibertsala izatea komeni da, hots, hizkuntza desberdinetan sinbolo berberak erabiltzea komeni da. Gero sinbolo horik hizkuntza desberdinetan nola irakurriko diren, hori beste kontu bat da. Edozein modutan, sinboloak beren osotasunean interpretatu behar dira. Portzentaien kasuan, % delakoa, zenbakiarekin batera eta osotasunean interpretatu behar den sinbolo bat da. Eta inguruko hizkuntza unibertsal-antzekoetan lehenik zenbakia eta gero sinboloa idazten direnez, ez dut trabarik ez arrazoirik ikusten euskaraz ere horrela egiteko, nahiz eta); gero irakurtzerakoan alderantzizko ordena erabili beharko den. Modu honetan hain zuzen ere:

 52 % = ehuneko berrogei ta hamabi.

Bestalde, portzentaiek deklinazio-atzizkiak har ditzakete. Hauk adierazteko, nahikoa da besterik gabe, atzizki osoa (loturazko hizki eta guzti) % sinboloaren ondoan jartzea. Esate baterako:

 65 % etik 74 % rainokoak = hirurogei ta bostetik hirurogei ta hamalaurainokoak.

Beraz, norma bezala, egokiago ikusten dut sinbologia unibertsala errespetatzea, nahiz eta gero irakurtzean euskal joskera gorde.

Zenbakiak eta unitateen sinboloak

Kasu honetan berriro ageri zaigu teknika. Magnitude baten neurria adierazten denean, zenbakia eta sinboloa jartzen dira, bata bestearen ondoan. Hemen ere, sinbologia hori unibertsala dela esan dezakegu eta, beraz, lehentxoago emaniko erizpidearen arauera, errespetatu egin behar dela uste dut, irakurtzean beti ere euskal erara eginez. Adibidez:

 420 ºK = laurehun eta hogei kelvin gradu.

Dena den, deklinazio-atzizkien arazoa ere ba dugu. Hauk, zenbaki-sinbolo multzoaren ondoan jartzea komeni da, eta sinbolotik bereizirik, nahasterik sor ez dadin. Bereizketa egiteko, marratxo bat erabil daiteke. Esate baterako:

 10 m-tako luzera = hamar metrotako luzera.

 146 kg-takoa = ehun eta berrogei ta sei kilogramotakoa.

BAT zenbakiaren problema

Gauza ezaguna da, BAT zenbakia adierazten dueneko gaiaren izenaren atzean jartzen dela, beste zenbaki guztiak aurrean jartzen diren bitartean (Bizkai inguruko euskalkietan, BI zenbakia ere atzean jartzen da). Eta BAT delakoa unitate baten sinboloarekin batera datorrenean, zer egin? 1 hori atzetik eta beste guztiak aurretik? Ez dirudi hori egitea egokiegi denik, posible bada ere. Ostera, artikulu honetan abiaburutzat hartu den kriterioaren arauera, sinboloarekin batera doanean 1 hori ere aurretik idaztea komeni dela uste dut. Honela hain zuzen ere:

Sinboloen bidez idaztean Hitz egitean

8 m zortzi metro

1 m metro bat

15 s hamabost segundu

1 s segundu bat

Ene eritziz horrela eginik hobeki gainditzen da problema, zeren eta sinboloak beren multzotasun eta osotasunean interpretatzen baitira. Gainera, zenbaki dezimalekin ere hobeki egiten da:

 1,2 m = bat koma bi metro.

Azken oharra

Beharbada, batek baino gehiagok, idazkeraren ordena aldatzean, euskararen aurka jokatzen dela pentsatuko du. Baina, ene ustez, argi utzi behar da, bi lengoaia-moeta erabiltzen ari garela. Bata —euskara— hitz egiteko erabiltzen den hizkuntza arrunta eta bestea —sinboloena— metahizkuntza sinboliko, artifizial eta unibertsala. Bien artean erlazio bat dago, baina erlazio horrek ez du berez ordena zertan errespetatu behar, sinbolo-multzo osoaren informazioa baizik. Beraz, artikulu honetan proposatzen den bidean, bi lengoaien izakera desberdina gauza egintzat jotzen da eta horrela onartzen da; eta denbora berean, bien arteko independentzia adierazten da: bakoitzak beren adierazmodua du.

J. R. Etxebarria


Gizaki [Komikia]

Gentz


Ardibeltza [Komikia]

MONTI


Gurutzegrama

Larry Trask