ANAITASUNA

1978.EKO ABENDUAREN 1EKOA

373. ZENBAKIA

50 PZTA.


[AZALA]

EZ DEZAGUN ETSI


AURKIBIDEA

3. Aurkibidea

4. Editoriala.

5. Diskoak hamabostero. Karlos Arko.

6. Mauleren bizinahia Iparraldearena da. M. L. Uhaitze.

8. Zan Zen Euskadin. Borja Barandiaran. (Izpiritutasun berria, gimnasia ultramodernoa ala biok batera)

10. Inkesta baten ondorioak. E. Knör. (Gasteizeko fakultatean euskarari buruz egindako inkestaz.)

11. 28tik 4-ra.Txillardegi.

12. Ezker abertzalegoaren erreafirmatzea. Mendizabal

13. Hamabost egun hankaz gora. I. Zabaleta, B. Zia.

16. Ohar laburrak.

18. Frantziako azken eskandalua. Maria Jesus Esteban.

20. Sukalderako saltsak.

21. Niessen-en enplegu erregulapen expedientea: Erreformismo baten eredua. Itziar Urtasun

24. Austriarrek ez dute zentrale nuklearrik nahi. Ramon Garai

25. Medikuntza ez da teknika hutsa. P. Letamendi. (Gaixoek teknika superteknifikatua baino zerbait gehiago behar dute.)

26. Euskararen egoera. Iñaki Azkoaga. (Zer behar luke euskarak bere normalizapenerako?)

27. Euskara eta dirua. J. R. Bilbao Otaola

28. Plastikaren metodologia bat Eukene Martin. (Pedagogiaz)

30. Elhuyar 15. Kalean. R. Garai

31. Harma hotzak herri beroentzat. T. Trifol.

34. Xake jokoa. I. Zuazo

35. Boxeoaren komedia. J. R. Bilbao

36. Euzkotar horien aberria Espainia da. E. H. (EAJren zalantza teoriko praktikoaz)

38. Komikia. Gentz.

39. Autonomi estatutua eta ezker abertzalea. J. Agirreazkuenaga (Ezker abertzaleak presente egon behar du bataila guztietan)

41. Gurutzegrama. Larry Trask.

42. Astiematekoak, Zilarrezko krabelina.


ANAITASUNA

KOORDINAKETA

J.R. Etxebarria

ERREDAKZIOA

J. Llerandi, T. Trifol

ERREDAKZIO KONTSEILUA

J. Agirreazkoenaga, M. Alvarez, B. Atxaga, J. Aurre, J.R. Etxebarria, X. Kintana, E. Knör, J. Idigoras, J. Llerandi, E. Martin, T. Trifol, I. Urtasun, I. Zabaleta.

ARABA

E. Knör.

BIZKAIA

J. Llerandi

GIPUZKOA

I. Urtasun, A. Oiartzabal

IPARRALDEA

M. Lanatua

NAFARROA

I.Zabaleta

NAZIOARTEKOA

T. Trifol, M. Alvarez, A. Eskisabel, M.J. Esteban

IDAZLE ETA LANKIDEAK

J. Artzelus, X. Gereño, J.M. Torrealday, A. Eguzkitza, P. Agirrebaltzategi, I. Azkoaga, J.L. Alvarez (Txillardegi), A. Loroño, J. Mendizabal, J. Azurmendi, M. Haranburu, M. Lasa, R. Ordorika, E. Entziondo, S. Lafitte, M. Pagola, K. Anakabe, J. Sarrionaindia, J.J. Bakedano, Natxo de Felipe, F. Alaña, J. Etxebarri, B. Barandiaran, K. Arko, J. Iturbe, M. Otazurialde.

MAKETAPENA

R. Zumalabe, J. Etxebarri.

KOMIKIAK

A. Olariaga, I. Lauzirika, B. Zia, X. Etxenike, Gentz.

PUBLIZITATEA ETA HARPIDETZA

J. Idigoras, A. Uria.

IDAZKARITZA ETA ADMINISTRAZIOA

Zabalbide 68-entlo. BILBO

Tfnoa: 4335808

MOLDIZTEGIA

Iparragirre S.A.

Carretera de Galdacano s/n. BILBO.


Editoriala

Ez dezagun etsi... erresistentzia garaia da eta

Garaitz eder billa doazan zaldiak, eta bego onein leiartuan, tinki igaro beitez gizonen argiak! Esku zubil oneik aul luzatu bediz, euki dagientzat ikurrin donean. O azkatasun otsak, betiko bil zagiz, antxe makur zaite, oi buru nerea! Geure lur amaren besarte gozoan eta anai maiteok, eutsi lur arnasari: itxaropen aixe sort bekit gogoan.

(Lauaxeta.1937.)


Diskoak hamabostero

"BELAR HOSTOAK"

Txomin Artola

Xoxoa X-10.102

Zelai berdeak ilundu egiten dira "progreso"aren egunsentian, gure bizitzen atmosfera batez fatidiko ihinztatuz eta, hala ere, sentsibilitatea ez da galtzen.

Gure herriaren bihotz garbia narriatzen ari den sasoi honetan, ba dauka oraino edertasunaren indarrik bere barnean.

Bai! gaur bero da, zeren kimu berri bat sortu baita euskaldun arrunt, zintzo eta sentikor baten bihotzaren sentimendurik klarenean. Txomin Artola itzuli egin da guregana, eta berarekin, berak erakutsitako bizitza "berri" baten esperantzarantz ari gara.

60. urteetan "bizitza berria"ren iraultza sortzen ari ginen. Dylan-ek motibatzen gintuen, baina Beatles-ek ere bai. Stones-ek formak jartzen zituzten eta Whitman-ek berbak. Begirakada, ixiltasunezko larrosa bat zen eden berrirantz, gindoazen.

Gizagaixook! ez genekien norbaitek larrosa hori aterako zuenik, eta haren usainaren ordez, kutsadura agertuko zitzaigunik. Ez genuen sumatzen bihotzaren ordez,. bihotzik ez duen kalkulu makina zehatza agertuko zitzaigunik.

 Whitmanek ez zuen erabiltzen gaurko gaixotasun gogor horren gorbatarik, hots, egia metodikoarena. Baina... ez nigarrik egin! Oraindik ilusio zaharra errekuperatzeko sasoi da eta. Orain Whitman berriz loratu zaigu, eta Txomin Artola dugu erruduna. Agian, gaurko baserriaren bakartasuna modernoaren aterpea besterik ez dagoke, baina... Txominen ilusio handi horrekin kale eta herrietan eguna egin baino lehen, apurka apurka, errekuperagaitz den erdifilosofia bilakaturik, emozio sakon bat izan zena.

 "Belar Hostoak" disko honetan dauden poemak, akaso Whitman-enetarik guttien definiturik daudenak dirateke, baina musikalitatearen aberastasuna bikaina da. Errobiren musik tresnetaz lagundurik, Txominek mirari bat lortu egiten du eta liluratu egiten gaitu, Bretainia Handian, Ondarribian, Haizea-n eta abarren ikasitako bere ideia zaharretaz. Zenbait kantuk: "Aberen artean", "Aintzira eta Leku" edo "Lur erasoak" —non bere seme eta senideen ahotsak agertzen diren espontaneitate berezi batez, Tom Paxton-en formula zaharra erabiliz— diskoaren lirismoa altxatzen dute. "Arristirian Hondartzan" musikoen rock balioaren erakusgarri da. "Baserriko ate zabalak" kantuak diskoaren batasuna hausten du, oso musik estruktura "yanquee" bat eskainiz. "Ez naiz espazioa" diskoan dagoen gauzarik komertzialena eta latin arabeskoak argienik agertzen zaizkigun abestia dugu. Hitz bitan esateko, herri honetan egindako diskoetarik, intimo eta sakon apurretariko bat.

"LAUAXETA"

Antton Valverde

Herri gogoa

HG-179LS

Beti pentsatzen izan dugu, kantari baten eginkizunak inportanteena, bizi den garaiaren kronista izatea dela. Horregatik, kulturak bere langile propio, zintzo eta gaituenak izatea nahi dugunontzat, exigigarria da sasoiko kultur moetetiko kontzientzia hartze pertsonal bat gertatzea.

Esteban Urkiaga "Lauaxeta" orain gogoratzea, Antton Valverdek egin duen moduan, bere lan pertsonal delikatu bate bidez poetaren obra ezagutarazteko entseiu bat legez hartu behar dugu.

Musikoez maiz erabili izan dute alor hau azken urteotan: Machado-Serrat, Espriü-Raimón, Aresti-Oskorri, etab.

"Lauaxeta" (Laukinitz-en jaio eta gerratean Gasteizen afusilatua) biziki gizon mistikoa zen, tematika soziala guttitan agertzen zaigu. Agian, "Langile eraildu bati" izenekoa salbuespenen bat baizik ez da. Gudaria izanik, García Lorca-rekin maiz izandako harremanek sentsibilitate poetiko handia iratzarri zioten.

Antton Valverdek —aspalditik Lauaxetaren poemagintzaz lanean aritua, bere lehen L. P.an Lizardirenaz egin bezala— diskoari balore emotibo handi bat ematea lortu du. Musikalki moldaketak errazak dira eta neurri tradizionalak erabiltzen ditu eta horrela, ez da bere antzeko lan monografikoetan, azken sasoiotan maiz agertzen den handitasun "funebre" horretan erortzen. Erraztasun horretan, "Lauaxeta"ren bertsoek behar zuten aterpea eta intentzio originala aurkitzen dute (ez da ahantzi behar bertso hauk libreak ez direnik eta beraz, forma musikal klasikoak dagozkiela, bibolinak eta pianoak lortzen dituztenak).

Oso disko serios honetan, Valverdek ongi jakin du Lauaxetaren izaera erlikioso, nostalgiko eta guztiz emotiboa moldatzen.

KARLOS ARKO


Euskal Herria

Mauleren bizinahia Iparraldearena da

Artikulu hau, lehen aldi batean EGINentzat idatzia nuen, hain zuzen, urriaren 7tik eta azaroaren 7ra egunkari honentzat lan egin baitut. Hilabete oso batez, nire notiziak telefonatu dizkiot EGINi eta honek 2 bakarrik ditu argitaratu. Iparraldekoentzat eta Euskadi osoarentzat EGINen metodoak ustelezkoak eta eskandaluzkoak dira. Hargatik, espero dut artikulu hau argitaratuko duzuela hauxe esanez: "Artikulu hau EGINetan agertu beharra zen eta EGINek ez du agertu. Zergatik?". Iparraldekoek uste dugu azpimaliobra honek behar duela salatu.

Urriaren 17an gara. Maulen euria ari da eta jendea multzoka elkarrizketan dago, zain, noiz etorriko zaion manua aurrera joateko. Pertsona asko ere dago bakarka, triste bezala beren euritakoaren aterpean. Egia da denbora tristea dela, hain zuzen larrazkeneko denbora, euria eta hotza. Baina triste daude ere bihotzak eta aurpegi askok berri goibeltsua digute salatzen: gaur 300 langile lanik gabe daudela, beste 200 gehiago erdilanarekin eta erdilanik gabe dabiltzala. Bihar zenbat gehiago?

Mauleko herriaren zuzendariak frantses sozialistak dira eta gaurko manifestaldia hauen baimen osoarekin egina izan da. Alkatea bera P.S.F.koa da Lougarot Jauna duela bi urte orain herriaren agintari bezala sartua. Lehenago eskuinekoak ziren herriaren lehendakari eta gaur ere oraindik eskuineko azeri errabiatu horik ez daude lo. Hain zuzen, 8 daude herri kontseiluaren barnean, beraz minoria bat baina hala ere, ez dute amore eman nahi. Arren, 8 eskuineko R.P.R. horik pentsatu dute zerbait egin behar zela manifestaldiaren kontra. Eta zer pentsatu dute? Ekintza bat harrigarria, paper bat tiratu dute eta gauez gau letra untzietan ezarri. Zer esaten zuten? "Gaur, Maulen lantegiak hesten baldin badira eta 300 langile langabezian badaude, ezkerreko Herri kontseiluak daraman politikarengatik dela". Alta neroni ezkerreko batek esan dit hauxe "eskuineko horik gu baino lehenago Herri kontseiluan zeuden eta gaur lantegiak hesten badira ez da gu ezkerrekoen falta baina lehenagoko eskuindar horiena. Gainera, gure falta dela esatea, hori, gezurra da ezen egiazko errespontsablea edo hobenduna guk badakigu nor den: Inchauspé R.P.R. deputatua. Alta gure eta zuberotarren deputatu denaz gain berari dagokio hemengo langabeziari erantzun bat ematea. Baina begira ezazu eskuineko arduradun bat ere ez dago hemen, herria karrikan izanki eta non daude jaun horik?

Egia diosku ezkerreko militante honek, eskuineko arduradun bat ere ez dago gutartean. Ala zer beldurrak hartu ditu?... Dena dela, karrikakurrida aurrera joan da, ehortzketa baten ixiltasunean. Bakar bakarrik mementu batean txistu batzu entzun dira, poliki poliki txistukatzen zigutela Euskaldunok ongi ezagutzen dugun abesti hau "Eusko gudariak gara, Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola zure alde emateko". Hain zuzen, ikurriñaren atzen zihoazenek ez zuten heriotzari pentsatzen baina bizitzari, Euskal populuaren bizi nahiari. Ezen, Maule "Hil Herri" edo "Heriotz Herri" bilakatu baldin bazaigu, ez da hori Mauleren kasua bakarrik baina Iparralde osoarena. Itsasaldean ingurumena berdin goibel doa, langabezia denetan nabari da, egunkariek eguneroz dakarte notizia bi edo hiru edo lau: Inopol 37 langile lanik gabe, Depex 60 langile kanporatuak urte hastean, gaur beste 170 langabeziaren arriskuan, etab... Benetan, Mauleko eguna sinbolo orokor bat izan da eta sinbolo orokor bat da. Horregatik, 1.000 jenderen elkarretaratzea asko da Iparraldearentzat baina hala ere, guti, guziz gutti krisisaren zabaltasuna ikusiz eta Iparraldearen osoaren sinbolismoa izan dela ikusi, askok itxaron zuketen gehiago jende kaleratuko zitzaigula. Egia da, astelehena zenez gero eta gainera arratsaldeko lauretan zailtasunak laster sortu zitzaizkiola jende langileari. Hala ere, azpimarkatuko dugu, itsasaldetik etorritako "Eusko Langileen komisioetako" 12 langile manifestaldian zeudela.

Manifestaldia amaitu ondoren politik alderdiak eta langileen sindikatuak gomitatuta izan dira udaletxera, elkarrizketa batetara. Populua ordea kalean utzi da gomitarik egin gabe. Frantses politikalariek eta sindikalariek ulertu dukete bere lana egina zuela (karrikan ibiltzea), arren, ez zuen gehiago haren beharrik. Hau izendatzen zaio populuari buruzko "errespontsabilitatea". Bai, horrelako maliobrak lastimagarri direla benetan. Ondoren, Mauleko udaletxean sartu bezain laster P.C.F. eta P.S.F. eztabaida gorri gorrian hasi dira bat bestearen aurka. Frantses nazio mailan gertatzen dena ikusi dugu beraz Maulen. Hain zuzen, P.C.F.ak agertu du bilduriko jendeari nola datorren 3an gomitaturik zeukan Giraud industrigintzako ministroa, departamenduko prefeta, organismo politikoak eta sindikalak mahai inguru batetara. P.S.F. haserretu zaio esanez "elkartasuna beharrezko zaiola bizkortzea eta gomita horrek elkarrekin egina izanez gero indar handiago ukanen zukeela". Eztabaida pozoinduz baitzihoan abertzaleak mintzatu zaizkio hauxe esanez: "Euskal Herriko langileria ez dagokiola P.C.F. eta P.S.F.aren arteko eztabaida irrigarriari, baina langabeziaren arazo serioari: "Iñork ez duelako beste proposamenik egin, P.C.F.arena onartua izan da eta guziak ilusiorik gabe joan dira. Beharbada, sobera ongi dakigulako zer dakarten administrazioarekiko elkarrizketa magistralek: deusez edo ezer gutti.

Azken egun hauetan, P.C.F.k proposatu omen du Parisera kurrida baten egitea.

M.L. Uhaitze


Euskal Herria

Zan-Zen Euskadin (1)

Izpiritasun berria, gimnasia ultramodernoa, sekta, talde, engainu edo egia. Zer da edo nor da Zan Zen?

Urriak 27. Zenbait lagun Begoñako "Centro Diocesano de Espiritualidad" delakoan bildu gara. Helburua, Zen gogoetaren esperientzia bat izatea.

Hiru egun eman dugu, eseraldi berezitan, jo eta ke. Lo eta guzti han bertan eginik, ezin hobeto aprobetxatu dugu astia eta zangoetako giltzadura guztien min handi batekin etxeratu gara.

Esperientzia horretan gidaritzat izan dugun Ana Maria Schüter-en nortasunak harritu eta hunkitu egin gaituelakoan nago: kultura handiko pertsona dirudi, Zen-ez bezain sakonki trebe, garai guztietako mistiketaz ere. Bakea dario solaskide ezti horri. Horregatik, amaitutakoan, galdera batzu egin dizkiot, ea zer dioskun Anaitasunaren irakurleoi.

Beronen aurkezpena eskatu diot, hasteko.

 AMk.— Bartzelonan jaio nintzen. Ama espainola zen; aita, alemandarra. 1936-1949 arte Alemanian bizi izan nintzen (Berlinen lehengoz eta gero Saxonia-Beherako herrixka batetan). Filosofia eta Letreetako ikaspenak, eta Teologiaren pixka bat, Bartzelonan, Hamburgen eta Freiburgen.

"Educación del órgano del sentido último"ri buruz aritu zen nire Thesis Doktorala 1958tik "Betania" komunitatearen laguna izan naiz. Han, kristauondoren giroko lagunak Federa eta Ekumenismora bideratzen hasten ginen. Gero Theologi-ikasketak Nimegan egin nituen.

1966tik Madrilgo hauzotegi langile batetan bizi naiz, bi urtetan hauzotegiko elkartearen idazkaria izan naizelarik. Orain Ekumenismoaren eskolak Salamankako Unibertsitate Pontifitziaren babespean dagoen Instituto batetan ematen ditut alde batetik; Granadako Kartujan bestetik.

 Ak.— Nola hasi zinen Zen-ez arduratzen?

 AMk.— Azken zentzuaren berreskuratzeko grinak eta gaurko eraginkeria moeta batek dakarren alienazioaren ikusteak erakarri gintuzten Zenera.

Neure lehenbiziko "sesshin"ak (Zenezko aste batetako ihardunaldiak) Enómiya Lasalleton egin nituen, bera Europan zegoelarik. Gero K. Dürckheim-en Zen gogoetaren etxean (Todtmoss Rütte, Alemanian).

Geroztik aste-goienetan ikastalditxoak emanez noa han-hemenka. Behar dukeen edonori horrelako esperientzia eskaintzea da nire ametsa, lagun bakoitzaren gizartearekiko konpromezuan oinhartuaz.

 Ak.— Nork ekarri zaitu hona?

 AMk.— D. José María Angoitiak ekarri ninduen kristau andana bati horietako bat eman niezaion. Lehen, irailean, Joseba Goñik beste horrenbesterako deitu izan ninduen. Azken hau Madrilgo La Cerca otoitz-etxean ezagutu izan nuen, han Dürckheim beraren ikasle bat zelarik, G. Jung-en batekin batera.

Ak.— Zer da, ba, Zen Gogoeta?

AMk.— Gai gabeko gogoeta da, eta pertsonaren sakoneraino, kristauon "Izpirituaren tenploraino"ko jaistean datza. Hor transtzendentziarentzat gardenak egiten gara.

Hau horrela delarik arrazoizko gogapen guztiak laga egin behar ditugu, arrazoia gainditzen duen beste maila batetan esnatzeko.

Iharduketa honetan gorputzaren jarrerari garrantzi handia eman behar zaio. Ahal delarik, "loto" jarrera hartzen da, zuzen eta lasai gaudelarik, arnasketa trankil eta sakon batez. Erne gaude, begiak zabalik, arnasketari buru belarri gagozkiolarik. Gogapen eta irudimenak baztertu egin behar dira, ez jaramonik egin. Elkar gainka mendigailurri datozkion hodei zuriak, baina mendia ez da higitzen. Gu, geure goi ernetasun hontatik, kasurik ez, nahiz eta hura ihesbiderik ez izan.

 Zen gogoeta Budismotik datorkigu. Izan ere, Budismo Mahayanaren adar bat da. Indiatik, Txinan zehar, heldu zitzaion Japoni IX mendean. Bere historia izenean berean isladatzen da: dhyana (sansk.), chan'na (txinoz), Pin-zen (japondarrez). Jatorrizko gogoetak (dhyanak) lur horietako elementuak ere bildu ditu.

Budismoa, VI garren mendean sortu zenean, Yogaren kutsuko giro batetan mamitu zen. Yogaren tradizioak barne-bidean zortzi epe bereizten du: yama niyama (Etikari dagokiona), asana (gorputz-jarrerak), pranayama (arnasketaren menperatzea), pratyahara (zentzuen berrekarketa), dharana (barneratze), dhyana (gogoeta) eta samadhi (bateratzea).

 Zena oinarri etiko batzuetatik abiatuz (sila) azkenengo bi epeokin du zer ikusirik. Gorputz-jarrera bakar bat bereganatzen du eta arnasketa guztietatik, normala aukeratzen du. Beraz, hitz laburrez, bide berezi baten erabilitako Yogaren gogoeta moeta bat da. Helburua, satoriraino iristea da. "Satori"a argitaketa da, "argi" batetaraino heltzea.

Edozein gizakik lor dezakeelako segurtasunaren jabe izan behar dugu, zerbait egingo bada arlo honetan.

Denoi, gainera, gertatu zaigu halako gauza bat bizi hontan, "Izana"ren zatitxo bat ikustea, alegia. Bapatean "argia" egin zen, eguneroko gauza edo gertaera batetan behar bada: zurrunbiloan dantzaka dabilen paper batetan, adiskide batekin topo egitean, zeru izartsu batetan...

Halako zirradetan "ongizate" berezi bat izan ohi da, eta denboraz ahaztu egiten gara. Doi-doi susmatutako neurkera horretako ki finkatzean datza Zena.

Gure nortasuna birmolda diezagukeen esperientzian. Hortarako ariketan ihardun behar da eguneroko erregularitateaz, jarrera 30-40 minututan jasatzeko gauza izan arte.

Borja Barandiaranek


Euskal Herria

Inkesta baten ondorioak

Aurtengo ikasturtean, Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Unibertsitate-mailako Ikastetxeetan, matrikula egitean, inkesta bat eman zaio ikasle bakoitzari. Bertan, euskara ikasi nahi zuen galdetzen zitzaion. Baita ezer zekien, zer ikasbide erabili izan duen, e.a.

Interesgarri delakoan, hona Gasteizen bildu ditugun erantzunak. Oraingoan "Euskara ikasi nahi duzu?" galdeari zer erantzun moeta eman zaion ikusiko dugu. Idazten ari garen mementuon, ezin izan ditugu Maisu-Eskolako erantzunak bildu. Horixe da falta dugun aztergai bakarra.

A) Filosofia eta Letren Fakultatea

Filologia 1. maila

BAI 6 %30

EZ 14 %70

 20 %100

Kondaira 1. maila

BAI 15 %51

EZ 14 %49

 29 %100

Kondaira 4. maila

BAI 8 %100

EZ 0 %0

 8 %100

B) Ikastetxe Unibertsitaria

Filologia 2. maila

BAI 10 %62

EZ 6 %38

 16 %100

Filologia 3. maila

BAI 5 %62

EZ 3 %38

 8 %100

Kondaira 2. maila

BAI 14 %60

EZ 9 %40

 23 %100

Kondaira 3. maila

BAI 12 %68

EZ 7 %32

 19 %100

Medikuntza 1. maila

BAI 56 %56

EZ 44 %44

 100 %100

Medikuntza 2. maila

BAI  120 %66

EZ  78 %33

 198 %100

Medikuntza 3. maila

BAI 48 %80

EZ 12 %20

 60 %100

Fisika

BAI  6 %43

EZ  8 %57

 14 %100

Kimika 1. maila

BAI 8 %55

EZ 7 %45

 15 %100

Kimika 2. maila

BAI 18 %64

EZ 10 %36

 28 %100

Kimika 3. maila

BAI 15 %60

EZ 10 %40

C) Ingenieria Tekniko Eskola (Eskola honetako erantzunak ez ditugu mailaka jaso)

BAI 110 %44

EZ 139 %56

 249 %100

DENETARA

BAI 451 %55,5

EZ 361 %44,4

 812 %100

Bi hitz bukatzeko

Horra inkestaren erantzunak. Ageri denez, ikasleen erdiak baino gehiagok (%55ek) euskara ikasi nahi dute beren karrera ikasten duten bitartean. Pozgarri da zenbakiok ikustea. Eta beste burutapen bat zilegi bazait, beste hau esango dut: bai erantzukizun handi dugula, nahi garbi hau bideratzeko!

E. Knörr


Euskal Herria

28-tik 4-era

Urriaren 28: Bilbo-ko manifestazioa.

Azaroaren 4: Martin Villa eta Gutierrez Mellado Euskal Herrira.

Astebete eskas pasa, eta horra hor uso zurien ibilaldiaren ondoko ondorioak agertzen hasiak.

Martin Villa: poliziaren buruzagia. Gutiérrez Mellado: armadaren buruzagia. Eta nor ikusi dute Donostian eta Bilbon? Kasernak, komisari-etxeak, polizietan buru egiten duten 60 sailburuak, gobernariak. Martin Villak 15 puntu "gogor" ekarri ditu ("gogor" hitz hau Ministeritzan bertan erabili da, eta ez "Anaitasuna"-ko Idazkaritzan). Hitz batez: indar harmatuetan agintea duten bi gizonak etorri dira Euskal Herrira; eta ez diplomatikoak edo antzekoak.

Eta bertan, kasernak eta komisariak ikusi dituzte, eta ez buruzagi abertzaleak. Hitz batez: hemen egurra eman behar da, Madrilleren ustez; eta "terrorismoa" moztu. Alegia, egur emanez konponduko da euskal arazoa; eta ez: euskal arazoari aldakuntza politikoak eginez, erauziko da indar-bidea.

28-ko manifestazioa proposatu zutenek, horretara, Madrilleko gobernuaren irizpidea indartu dute. Denok bat, esaten zuten, euskal "terrorismoa"ren kontra... Eta handik astebetera hemen genituen kontraborroka hori zuzenduko dutenak...

Euskal "terrorismoa", ordea, 1839-an hasi zen (lehenago ere bai Iparraldean, eta ez txiripaz). Eta euskal "terrorismo" hori, ez da inoiz eten. "Terroristen" artean, gaur arte eta betidanik apaiz asko, eta baserritar asko, eta gazte asko; eta, itxuraz bederen, odol-egarri itxurarik ez duen jende asko. Eta galdera berehala dator inoren burura: ZERGATIK? Zergatik euskal "terrorismo" azkengabe hori? Zergatik ez gauza bera Murcian, Badajozen eta Leonen? Hauxe da lehendabizikorik Madrillek aztertu behar lukeena. Baina ez du egiten.

Berriro ere, uso zurien eramaleen baimenaz honetakoan, egur ematea erabaki du. Eta egur hutsa: Irrati-Dekretua, Arrate-Irratia debekaturik, elebitasun-dekretoa lehenago Galiziari guri baino, eta abar. Eta euskal "terrorismo"aren arazoa ez da horrela konponduko. "Pogrom" nabarmen batez-edo ezpada.

Txillardegi


Euskal Herria

Ezker abertzalearen erreafirmatzea

Ondoren agertzen diren erreflexioak azaroak 10ean Bilboko kiroletxean egindako Herri Batasuna-ren mitinaren ondorio dira. Hiru ordu luzez mintzatu zitzaizkigun hizlariok. Jon Idigorasek, garbi eta ausarta; Telesforo Monzon-ek abertzaleon buru izateak ematen dion ordezkaritzarekin. Txomin Ziluagak eta Urrestarazuk, eta azkenik Ortzik ezker abertzalearen lider zahar berriak, beren aitzindaritza berbaieztatzen.

Bertan egon ziren eta aipatu behar ditugu, Basauriko espetxeratuen karta, Amnistiaren aldeko gestora, eta azken kukurrukuaren kukurruka jotzeko Lopez Irasuegi EIA-ko oraintsuko burkide ohia. Entzulegoa 8.000 tik 10.000 ra, denak Herri Batasunaren jarraitzaileak. Giroa bero, abertzale eta itxaropentsua.

Zerk egin du posible hau?

Dudarik gabe bi eratako motibazioek bultzatu dute egoera honetara: nik subjetiboa eta objetiboa deituko ditudanak.

Objetiboak aipatzerakoan, elkartasun beharra aipatuko nuke: ezker abertzalearen projektu "desberdinak ezagunak ditugularik, proiektu desberdin horien base antzerako batek behartuta. Hau litzateke Herri Batasunaren sorreraren arrazoia, batez ere. Bidean beste motibazio objetibo batek indartu du izen hau eta izanez bete: Madril-eko politika ofentsibak hain zuzen abertzaleok batzera behartu gaitu, baldin eta Euskal Herriarentzat desiatzen duguna posibilitatuko badugu.

Baina nahiz motibazio objetibo horik gogorrak izan, motibazio subjetiboek egoera honen ulertze bat eta hizketarako eta lanerako irekitze bat posibilitatu dute. Beti bezala, historia, momentu hauetan ere pertsonak egiten ari dira eta gaurko errealitate hau ere, dudarik ez, pertsona batzuei zor diegu. Berentzat herri honen txaloak.

Ondorioa, Herri Batasunak aurrera daraman kanpaina honen arrakasta dugu. Bilbokoa garrantzi handikoa bazen ere, herriz herri agertzeak eta zinemak eta frontoiak betetzeak ez du gutti adierazten, kontutan hartzen badugu, herrian hedaturik dabilen politikarekiko ardura eza.

Telesforo Monzonek herri honen burrukaren filosofia guttik bezala ulertu eta agertzen daki. Berak aipatutakoak ditugu: ..."errealisten eta utopikoen artean utopikoek egiten dute historia, gidatzen dute munduaren mugimendua...", "...mugimendu nazionalak aurrera aterako badira bide tinko bat eraman beharra daukate, herriak berau garbi ezagutu dezan..." independentziarako zaletasuna herri honetan sartuta dagoen haina dagoenean, Estatuak beste erremediorik ez du aitortzea baino, eta hau ez egiteak gerra dakar...", "...Euskal Herriko arazoa ez da gauza berri bat, mende honetan hamaika kasu ezagutu dira munduan eta guztietan soluziobide berdina izan dute...".

Euskal Herrian jende asko kontzientzia hartzen ari da honetaz, kontzientzia hartzen ari da eraman behar dugun bideaz, eta behin hau kontziente egiten denean Historiako ateak irekita ditugu, beste edozein herri bat bezala gu geu libreak eta sozialistak izateko.

Honarte esandakoak uste dut agertzen dutela kontextu bat. Eta kontextu horretan Bilboko mitina aztertzen badugu, esan beharrean gaude mementuari atxikiriko hitzak, ideiak eta ekintza izan dugula hau. Madril-etik euskaldunen kontu ematen ari den ofentsiban, erantzunera egokiagorik ezin zitekeen aurkitu. Madril-eko ofentsibaren aurrean Euskadiko ofentsiba.

Euskaldunona gehiegikeria dela esaten denean, horra hor, beste hamaikagarren kasua baina ez dugula geurea, munduaren historian.

Sozialismoa jadanik praktikara eramaten ez denean, eurokomunismo eta antzerakoei esker, hona hemen 10 mila ukabil tente eta hertsirik!

Telesforok bidea erakutsi bazigun Ortzik lehenengo urratsa eman zuen bide horretan. Azken aldian, gure ingurua hestuagoa, kontrolatuagoa, zapalduagoa ikusten dugunean, Bilbon egun horretan askatasunaren izpia sentitu genuen.

Mendizabal


Hamabost egun hankaz gora

PSOEk morroi ona du: UGT lotua

PSOEk ez omen du beldurrik, UGT eskuetatik joan dakion. Baina badaezpada, bere politika sindikala konkretatzeko biltzarra bat egin du Bilbon.

UGT sindikatuak bi milioi afiliatu ditu, eta horietarik berrehun mila bakarrik dira PSOEkoak.

UGT sindikatuan ehuneko hamar bakarrik dira PSOEkoak eta hala sindikatu hori menperatzen dute.

Hori da minoria batek gehiengoa menperatzea.

Baina, dirudienez, PSOEko buruentzat ez da problema hain gutxi izatea, zeren eta postu inportante guztiak beren eskuetan baitaude.

Horrengatik ez dute beldurrik.

Agian, norbaitek gogoratuko ditu Nicolas Redondoren deklarazioak: "gure sindikatua independientea da, eta ez du partidurik bere gainean. Askatasun sindikala bizkortu behar da".

Eta horrelako gezurrak esateko lotsarik ez dute.

Gero esango dute batasun sindikala egin behar dela, etabar. Baina, nola arraio egingo da hori, PSOEn morroia baldin bada UGT?

Eta morroi hau oso ongi loturik dauka gainera.

UCDk 3.000 miloitako kreditua

Iturri onek esan dutenez, Espainiako zazpi banku handienek 3.000 miloitako kreditua emango diote UCDri.

Berri hau filtratu zenean, banku batetako bozeramaleak Europa Press agentziari konfirmatu egin zion berria, esanez: "Kreditu hori UCDri emango zaio, zeren eta Abril Martorellekin hitz egin baitugu".

Baina, denbora berean, beste banku batek gezurtatu egin du berri hori.

Azkenik, UCDko bozeramaleak ere gezurtatu egin du gauza berbera, eta hala ere, inork ez du sinesten bankuek ez diotela diru hori emango.

Hiru mila miloi pezetatako kreditua hartzen baldin badu UCDk, ez du ekonomia problemarik izango.

Baina nik gauza bat jakin nahi nuke: kreditua ala subentzioa izango da?

Bigarrena seguruago.

Bitartean, euskal alderdiek sosik gabe eta eranskailuak saltzen, kuotak kobratzen, ibili behar dute.

Askotan, kredituak ematen ez baldin badituzte ere, hartu egin behar baitira. Norbaitek esan zuen: zerbait behar baldin baduzu, eta ez baldin baduzu... har ezazu!".

Euskadi eta Kongresua balantzan

Mundu Diario egunkariak txiste hau zekarren hazaroaren hamarrean. Marrazkian dagoena "Ortzi" da, eta ongi aski adierazten du hobe dela Euskadi Kongresurik gabe, Kongresua Euskadirik gabe baino.

Eta, benetan, bi aldeak balantzan jartzen baldin baditugu, pisua Euskadiren aldera joango da.

Katalanek eman dute berria, eta oraindik hemen ba da zalantzarik duen pertsona.

Balantza matxuratuta izango baitu.

Felipe Gonzalez heroe berria

Felipe Gonzalezek badu heroe izateko gaia, edo gu tontoak garela uste du.

Orain dela gutxi esaldi hau esan zuen: "preferiría que me apuñalaran en New York, antes que vivir con tranquilidad en Moscú".

Felipe Gonzalezek ez du bizitza errespetatzen. Hori New York-ko hilketak justifikatzea da; edo bestela, horko hilketak/Moskuko trankilitatea baino hobeak direla. Eta hori ez da etikoa.

Baina euskaldun askok gauza berbera pentsatzen baldin badu Euskadin, zergatik kontsideratzen dituzte terroristak?

Euskaldun batek esan ahal du: "Madrileko demokrazia faltsuan bizi baino, nahiago dut Euskal Herrian tiroka hiltzea".

Eta kontuz! Hori terrorismoa da!

Agian, Felipe Gonzalezek ez daki bere esaldiarekin hango biolentzia defendatu duela.

Gu gaiztoak baikara, eta bera ona.

ETAri buruzko malabarismoak

Euskadiko CC.OO. sindikatuko Tomas Tuero idazkariak deklarazio hauk egin zizkion Bartzelonako egunkari bati: "ETA herriaren laguntza galtzen ari da, eta egunetik egunera gehiago ari da galtzen. Ahalegin handi bat egin behar da, diktaduraren kontra borrokatzen zen ETA eta oraingoa bereizteko. Oraingo ETAk mehatxu larri bat suposatzen du demokraziarentzat". Zergatik egin behar da ahalegin handi bat, diktadurako ETA eta oraingoa diferentziatzeko?

PCEk eta CC.OO. eta beste zenbait alderdik esaten dutena zera da: ahalegin handi bat egin behar dela ETA baztertzen. Baina hori esatea eta Tomas Tuerok deklaratu duena oso diferenteak dira.

Agian, oraindik jendeak ez du ongi diferentziatzen diktadurako egoera eta oraingo egoera.

Horrengatik esan ote du? Ez dut uste baina tira!

Vatikanoak ez ditu fakturak pagatzen

Vatikanoak ez ditu fakturak pagatzen. Hori esan du eta akusazio hori egin dio Erromako "Ur eta elektrizitate konpainiak" Vatikanoari.

Azkeneko lau urteotan ez du pagatu gastatu duen ura, eta faktura 75 miloitara igon da.

Hala eta guztiz, Elizak ez du onartzen akusazio hori. Bere ustez, ez du pagatzeko obligaziorik, zeren eta Italiako gobernuarekin tratu bat egin omen zuen, eta horren bidez pagamendu horretatik libre omen dago.

Elizak dituen ondasunekin, polita litzateke orain ura ezin pagatuz ibiltzea.

Ez dakigu zertan geldituko den hauzia, baina gutxienez Ur eta Elektrizitate konpainiak haxitu ditu zakurrak.

Gu lau urtez egongo bagina ura pagatu gabe, honez gero enbarguak eta guzti izango genituzke.


Ohar laburrak

Palmar de Troya-ko Euskaltzaindia

Amerika berriro ez ote den aurkitu galdetzen diogu geure buruari. "Bat bitan banatzen da" esaldiaren arauera, eta Mao-ren kontrakoak izan arren, lehen bat egon den lekuan, aurrerantzean bi "Euskaltzaindi" egongo dira. Bapo mutilak! Pena bat bakarra duzue ordea: Zuena ez dela "Real" izango, Sixto karlistarena ez bada behintzat. Eta hau dioena ez da monarkikoa gero!

Arazoa lehendik dator. Eta oker ez bagaude, Bergarako Batzarrean ere horrelako zerbait aipatu zen. Agian, ordurako haurdun zegoena, orain erditu egin da. Eta nolako partua izan duen!

Antipapak modan dauden une honetan, Palmar de Troya-ko Clemente datorkigu burura. Bere burua —hori bai, goitiko inspirazioz— aitasantu autoizendatu zuen hark. Hauek ere, Moskuko urregorriz (sic) bizi omen diren euskaltzainak baztertuz, beren buruak euskararen zaintzaile nagusitzat dauzkate... Euskararen alde lan egitea, ongi da; eta pertsona horiek asmo hori dutenik ez dugu dudarik egiten. Baina Villasante jauna gorri delako baztertzea... Tira, tira! Serioak izan gaitezen, lagunok!

Dena den, gauza bat desio diegu: Clemente aitasantua baino euskaltzale hobeak izan daitezela eta hark baino zorte hobea eduki dezatela. Hark —koitaduak— ikusmena galdu zuen istripu batetan. Eta hauk, istripurik gabe, itsuturik daudela ematen du.

R. G.

Zilarrezko krabelinaren aipamena

Anaitasunako jaun andreok:

Galeria Recaldek euskaraz argitaratzen dituen txostenak direla eta zuen Zilarrezko Krabelinaren aipamena merezi izan dugulako bihotzez eskertzen dizuegu.

Jakin ezazue beraz bide horietatik segitzeko asmoa dugula eta bertan eginez gure hizkuntzari laguntzeko saiatuz.

Eskerrik asko moral ematearren eta bide batez bihotzez agurtzen zaituztegu.

Carmen López-Niclós

Handiagoak entzuteko jaio gara

Behin batean zoro bat omen zen. Gauen bi txakur hartu eta beste txakur batzurengana joan omen zen. Beraren txakurrak txihuahua arrazakoak ziren, ttiki-ttikiak. Besteak, ordea, buldog izugarriak, letaginez —eta metrailetaz— ongi harmatuak.

Eta besterik ez zitzaion bururatu koitaduari —oso zoraturik baitzegoen—, bere txakurtxoak buldog-en aurka botatzea baino, probatzeko edo.

Normala denez, txakur handiek —hau da, zakurrek— irabazi zuten burruka. Eta arazoarekin bukatzeko, zoroak zoroago bihurtzeko dauden zoroetxeetako batetara eraman zuten. Begira nolakoak izango diren zoroetxeok, ezen bertara doazen zoroek beti esaten dituztela bertako "psikiatrek" nahi dituzten gauzak. Eta esan eta gero, hortik gartzeletara daramazkite, hortxe baitaude ongi, gizarte honen batasun sakratuarentzat arriskugarri diren zoroak.

Eta hola izan bazen, sar dadila kalabazan eta irten dadila Derioko plazan!

Oso ipuin polita, Zabarteren detentzioari buruz eman den informazio ofiziala. Asko gustatu zaigu. Bai horixe! Benetan esan daiteke, imaginazioa boterean dagoela.

R.G.

Deustuan euskara modan

Deustuko Unibertsitatea beti da informazio iturri. Kazetariok beti gauzka zorretan Deustuko Unibertsitateak.

Esate baterako, ihazko eta aurtengo udatan enpeinuaren enpeinuz garbitu dituzte bai orriak, bai patioak eta bai patioetako santuen irudiak ere. Pezetatan, guztia, dozenerdi milioi inguruko gastua bai. Ikasleek ordaindu behar dituzten fakturak ere gora eta gora, noski... halabeharrez.

Aurten irakasle multzokote bat ikasleekin batera ari da euskara ikasten. Zenbait kasutan, karreran ikasle dena, irakasle bihurtu da euskararen arloan eta berak irakasten dio irakasleari.

Maltzurkeria sobrarik ez eta, behin baino gehiagotan pentsatu dugu horietariko bati baino gehiagori, bihar edo etzi, euskarak gordeko dizkiola gaur dituen lana eta soldata. Horixe duk listo jokatzea!

Elauntza

Euskal irrati-telebistaren alde

FR3-ko radio eta telebistak euskarari ardiesten dion xokoa ez zaigu xuxen iruditzen.

1. Radioan, egun oroz 5 minutu ta igandetan oren 1/2 bat, telebistan aldiz, 15 etik oren laurden bat, Euskal emankizunen xuhurtasun hori ezin onartua da.

2. Emankizunen tenoreak gaizki hautatuak daude, eta, bertzalde, toki euskaldunagoetan, Xubero eta Baxenabarren gaindi, nekez entzun litezke.

3. Gainerat, euskaldun gehienei laket zaizkigun gaiak baztertuak dira, eta aipatzen direnetan ez da Euskal Herriaren bizia ageri.

Ber heinean gaude, duela urteak eta urteak, gobernuak euskararen alde zer nahi hitz eder igorririk ere. Gisa hortan, euskara eta berria, beti bazter eta petzero utziak daude.

Beraz nahi dugu euskarazko emankizunak, Euskal Herri guzian entzuteko gisan izan diten.

- Radioan: egun oroz egun guzian eta edozein gai aipatuz.

- Telebistan: egun oroz oren erdi bat bederen.

Hortaratzeko, baitezpadakoa da behar diren tresnak ta langileak menean izan daitezen.

Egungo egunean, radio ta telebista etxe guzietan sartuz geroz, haiek gabe Euskal Herriak ezin dezake luzaz euskararen ta euskaldunen herria jarraiki.

78-ko udan.

Inuzente eguna, fetxaz aldatu omen

Mihin gaiztoek diotenez, aurtengo santoralean zenbait berrikuntza omen dago. Eta ofizialki, aldaketaren propagandarik egin ezbadute ere, horrelako baten aipamena egingo dugu lerro hauetatik.

Inuzente eguna oso ezaguna dugu. Nork ez du inoiz inuzentadarik egin, ba? Eta nori ez diote sekula horrelakorik egin? Baina orain egingo digutena ez da makala gero!

Dakigunez, orain arte Inuzente eguna abenduaren 28an hospatzen izan da. Baina aurten behintzat, Espainiako Estatu bat, handi eta librean, abenduaren 6an hospatuko omen da. Eta Herodesen denboretan bezala egun horretan errege batek ongi finkatuko du bere koroa. Dena den, egin dezakegun gauzarik onena, haurren jolas zaharrean bezala egitea da: "Inuzente! porruzente! Txakurrak buztana tente!" Zorionak hain ideia ona eduki dutenei! Nohaydequé.

Herri Irratia aldatu beharrez

Euskal Herriko Herri Irratiari (???) aldaketa egunak datozkio. Halabeharrez, frekuentziaz aldatu beharrean aurkituko da Hazil honetako egun batetan, agian hau irakurri baino lehen.

Besteen artean, Bilbokoak ere jasan beharko du Madrilek ezarririko zorigaiztoa.

Baina, Bilboko Herri Irratiaren euskal entzuleok aspalditxotik sufritzen dugu orain arte sendatu ezin izan den gaitz bat. Gaitz horren izena Zorion Egileor da.

Bilboko Herri Irratia omen da Bilbokoen artean euskaldunena. Guk uste dugunez, hala ere, ba du oraindik zertan euskaldundurik, besteak beste, zenbait hizlariren euskara entzuleei burla egitea baino ez delako.

Ba du bai Irratiak zer aldatu. Bilboko "Herri" omen delakoak, halabeharrezko aldaketarekin batera zergatik ez ditu beste batzu antolatzen? Esaterako, zergatik ez du Zorion Egileor alfabetatzera norabait bidaltzen? Ala, matrikula ere entzule astinduek ordainduko dioten zain dago?

Eskerrak, bai, euskaldunon belarriak galantak eta agoante ederrekoak direna! Baina egunero disparate hotsean ixildu gabe ibili ondoren lasai, ezeren ardura barik lo egiten duenaren barrabilak ere ez dira makalak halajainetan!

Bilboko Herri Irratia euskarazko programazio ganorazko baten beharretan delako ustea dugu.

M. Otazurialdebarrena

Elkano bigarrena

Euskaldunok trebeak garen famatxoa dugu kanpotarren artean.

Euskara egiteagatik ez dakit baina beste hainbat gauzagatik ezagutzen gaituzte atzerrian.

Mundua lehenik inguratu zuena, kasu baterako, euskaldun bat izan zen, jakina denez: Elkano getariarra.

Harez gero makinatxo bat euskaldunek inguratu du mundua. Azkenekoen artean kazetari bat suertatu da: Manu Leginetxe mendatarra.

Manuk ingurua autoz egin du eta bidaia —60.000 kilometrotako bidaia— liburu batetan eman du argitara. Oraintsuki plazaratu duena, hain zuzen ere, eta EL CAMINO MAS CORTO deritzana.

Baina euskaldun kazetari hau ANAITASUNAko horrietara ekartzearen arrazoia kezka bat da, ardura bat, alegia, Manuren izena ez dugula inoiz ere euskal kronika baten azpian ikusi.

Manu, noizko lehena?

Pozez irakurriko genizkikek munduko berri hire eskuz euskaraz emanak.

Elauntza

Xuxenketa bat

Aurreko "Anaitasunean" ESB-tik zergatik atera ginen aipatu nuen. Baina presaka eta muturka egindako artikulu bat zen eta xuxenketa bat beharrezko dela iruditzen zait. Horrengatik lerro hauk idatzi nahi izan ditut.

ESB-k bere Batzarre Nagusia egin baino lehen, herrialde bakoitzean Batzarre bana izan zen. Bertan:

- Eguneko gaien artean ez zen puntu bat plazaratu zen: marxismoa. Baita bozketara jo.

- Euskara baztertua izan zen, aurreko Batzarre Nagusian erabaki zenaz beste.

- Elkarte Abertzalea ere utzi izan zen. Helburu nagusitzat jotzen genuena bat batean kendu zuten.

- Autogestioa gabe, "zentralismo demokratikoa" (!) sartu nahi zuten.

Horra gakoa. Berehala etorriko ziren Txillardegi eta besteen esanak (DEIA-n eta Herri-Irratian aurrena), buruzagitzaren erabakia eta geurona.

Ez dut inola ere inor mintzeko asmoa. Bai, ordea, egia egia garbiago ageri dadin nahia.

E. Knörr

Ez dugu ongi ulertu

Euskaldunak harriturik geratzen gara, propaganda-kartel batzu irakurtzean. Euskaraz edo idatzirik daudenei buruz ari naiz hitz egiten. Egia esan, ez dakigu ongi zertarako eginik dauden: edo gu despistatzeko, edo gu analfabetuagotzeko, edo zertarako diren. Ez dakigu, benetan.

Hauetariko, PNV alderdiak Konstituzioari begira atera duen ormirudia da. Honela esaten digu: UTS EGIZU. Ni zeu ahozabalik geratu naiz behintzat, nahiko alfabetaturik nengoela uste bainuen. Eta ulertu ezinik ibili naiz.

Zer demontre esan nahi ote dute? Batetik, eta alderdi hori abstentzioaren alde dagoenez, UTZ EGIZU esan nahiko zuela uste izan dut, hau da, botazioa alde batetara UZTEKO; eta hori da lehen hipotesia.

Bigarren hipotesi bat ere ba dago: HUTS EGIZU esan nahi izatea, halegia. Baina Hipotesi hau onartuz, zailagoa egiten zait oraindik esaldia ulertzea. Zer esan nahi ote du horrek?

- Kale egitea? Hau da, botoa sartzerakoan urnaren zuloan ez azertatzea?

- Oker botatzea? Hau da, botazioan oker edo huts egitea? Honek zera esan nahiko luke: Baietza adierazi nahi duenak, ezetza adieraztea eta alderantziz.

ABSTENTZIOA idaztea den errezarekin! Hori bai dela katuari bostgarren hanka aurkitu nahi izatea. Baina ez! Euskara gauza sinbolikotzat soilik hartzen denean, normala da horrelakoak egitea. Berek esango dutenez, erdarazteko textuan argi adierazi dute beren nahia.

Ez ote da oraindik heldu, euskara praktikoa bihurtzeko ordua? Noiz, ba?

R. G

EHAS Parisen

Hazilaren 18an, eta Pariseko Euskal Etxean, EHAS Alderdiak beraren autonomiarako projektua aurkeztu zuen.

Hasieran, eta Iparraldeko egoera agertzeko, ikus-entzuteko muntaia bat. Gero, Hegoaldeko azken berriak komentatuz, eta emigrante euskaldunen eginbeharrak azpimarkatu zituzten, beranduago, Ipar Euskal Herriaren autonomiak nola funtzionatu ahal zuen azaldu zutelarik.

Aktuari amaiera emateko, debate bat ireki zen, han zeudenen artean, dudak eta projektuan argi ez zeuden puntuak argitu ahal izateko, eta proposatzen zena eztabaidatzeko.


Nazio artekoa

Frantziako azken eskandalua

Darquier de Pellepoix Jauna. Frantziako faxista famatua. Espainian hainbeste urte errefuxiaturik egon eta gero, Vichyk eta Hitlerren ordenuz juduak hiltzera bidaltzen zituen tipo honek mundu guztia harritu du. Berari kasu eginez judutarren asasinatze guztiak fikziozkoak izan ziren... Frantses komunikabideak jendea tontatzen duen artean.

Hazilaren lehen asteko L'Express delako aldizkari frantsesean, berehala famatua izango zen elkarrizketa bat agertu zen: Darquier de Pellepoix jaunari egina.

Munduko bigarren gerran, Vichy-n egon zen gobernuan arazo juduetaz arduratzen zen gizonak, Darquier jauna halegia, bere pentsaera eta bere lan onak lau haizetara atera nahi izan ditu.

Gerra amaitu zenean hiltzera kondenatua izan zenez gero, gizon hau Espainiara, Francoren Espainiara halegia, joan zen, han giro atsegina aurkituko zuelakoan, eta beste askok bezala, aurkitu egin zuen, noski.

Hainbeste urte han bizi ondoren, orain publizitatea nahi duela dirudi. Bere elkarrizketan, orain arte segurutzat jo ditugun hainbeste gauza, gezurtzat jotzen ditu berak; hona hemen 75.000 judu frantses baino gehiagoren deportazioaren erantzule nagusiak dioena:

- Alemanian ez zela inoiz inor gas-geletan hiltzen, gasa jendea desinfektatzeko, hau da, zorriak hiltzeko erabiltzen zela.

- Orain arte esan den guztia gezurra dela, fotoak trukatuta daudela, eman den informazioa juduen aldeko kanpaina baten barruan kokatu behar dela.

Hau esateaz gainera, ez du ezkutatu juduen deportazioarekiko duen kontzientzia lasaia, zeren beraren ustez: "juduek gerra nahi zuten", "ez ziren frantsesak, apatrida eta atzerritar batzu baino", "Frantziaren gaitz guztien errudunak ziren", eta abar.

Eta hau guztiau gutxi bazen, frantsesei min handia eman dien beste zerbait gehitu zien bere hitzei: "Nire erlazioak Madrilen dagoen Frantziaren enbaxadarekin oso onak izan dira beti; sarritan ikusten genuen elkar, beraien errezepzioetara joaten nintzen...".

Elkarrizketa honek argia ikusi bezain laster, alde guztietatik sortu ziren lehen erantzunak: prentsa, alderdi politikoak, politikoak, parlamentua... Jende guztia harritzen zen, orain gauza horik sinisten zituen norbaiten existentzia eta askatasunaz. Nola hainbeste zinismo? Nola hain gezur handiak sinistu ahal? Zergatik izan dira publikatuak deklarazioak? Enbaxadakoa egia ote zen? Gobernuak, noski, berehala erantzun du ezetz.

Laster haserrea agertzetik, erantzunkizunak eskatzera iragan da. L'Express delako aldizkariak erantzunkizuna ote dauka, nazismo eta fazismoaren aldeko ideiak argitaratzeagatik? Darquier jaunak eskubidea dauka oraindik lasai ibiltzeko? Zergatik ez da eskatzen beraren extradikzioa?

Momentu honetan, aste bat pasatu denean, eta gauzak kalmatuak egongo zirela pentsatu ahal zenean, "affaire" honek horrialde asko betetzen ditu oraindik eguneroko prentsan eta aldizkarietan. Talde antifaszista batek Darquier jauna legalki salatu du, baina oraingo dudarik handiena zera da: beraren extradikzioa eskatuko ote da? Eta eskatuko balitz, Espainiak Frantziara bidaliko ote luke gizon hau?

Abokatuek beren eritzia eman dute; denek Espainia eta Frantziaren artean dagoen akordioa aipatu dute: delitu politikoetarako ez dago extradikziorik. Baina, Darquier-en delituak ez politikotzat, baizik eta gerrako krimentzat joko balira, posible ote litzateke beraren etortzea?

Oso interesgarria da Frantzian nola ulertzen duten legea mementu honetan ikustea. Orain, legeak,alde guztietan aipatzen dira. Akordio franko-espainola errespetatu beharko litzatekeela diote, nahiz eta extradikzioa nahi dutela agertu. Zein legezale handiak diren "demokrata" hauk!

Hemengo prentsan, ez Darquier jauna defenditzearren, baina bai gauzak argitzearren, beste affaire zikin bat atera da berriz kalera, abokatu baten kartaren bidez: Joan den urtean Alemaniak Paul Croissant abokatuaren extradikzioa eskatu zion Frantziari, eta nahiz eta akordio germano-frantsesa frantses-espainolaren antzekoa izan delitu politikoei dagokien partean, abokatu hori Alemaniara izan zen bidalia, Baader-Meinhoff taldeko batzu defenditzean, terrorismoaren aldeko lana egiten zuela esanez. Croissant-en kasua soilik aipatzen bazen ere, guk euskaldunok beste batzutaz gogoratzen gara, ez da? Aldalur-enaz, errefuxiatuei erresidentziako baimena ez emateaz, etab. Legea, ba, batzurentzat egina al dago, erabili nahi denean soilik aplikatzeko?

Bestalde, argi ikusten da Frantzia "demokratiko" honetan gauza batzu soilik ikutzen dituztela frantsesek. Darquier-en deklarazioek, adibidez, frantsesak haserratu dituzte, beren historiaren zati ez atsegin bat burura ekarri dietelako; mementu hartako horroreak berriz gogoratzea ez da batere atsegina; nazismoa eta beraien bidegabekeriak betirako lurperaturik ikustea gustatuko litzaieke. Modu berean, "terrorismoa" ere desagertu beharko litzatekeela pentsatzen dute, hain ona iruditzen zaien gizartearen aurka baitoa. Beraz, ez zaie txartoegi iruditzen Croissant edo Aldalur-en bidaltzea, baina... Darquier-en krimenak zigortu gabe geratuko ote dira?

Artikuluek, kartek, deklarazioek etengabeki aipatzen dute Darquier jauna. Talde guztiek, badaezpada ere, beraien haserrea publikoki agertzea nahi izan dute. Baina, noiz bihurtuko dira urak urbidera? Agian laster, agian ez, zeren deklarazio hauk oso mementu berezian agertu baitira: Alemanian datorren urtean gerrako krimenak preskribitu beharko ziren, baina arazo hau sortzean, jende asko hasi da indar egiten preskripzio hori gerta ez dadin. Beraz, arazo honen ondorioak ez dira soilik Frantzian sentituko, Alemanian eta beste lurraldeetan ere, nazismoa oraindik bizirik baitago.

Ona izango da Darquier jaunaren kasua agertzea, faxismo guztien itsusikeria argiago ikusteko, jendearen jarrera kontrakoagoa lortzeko edo munduan dagoen hainbeste injustiziaren aurkako pausoak eman erazteko? Etorkizunak esango digu.

Maria Jesus Esteban

Paris-en, 1978.eko hazilaren 5ean


Sukalderako saltsak

Porruak erregosita (1)

6 lagunentzat beharko dituzu: 12 porru ez handiegi, gatza, biperhautsa eta gurina edo margarina.

Porru guztiak urez ongi garbituko dituzu. Ganibeta batez, porru hostoak zabal (du) eta barrutik daukaten. lohia ken ezazu. Hosto zimel gogorrenak eta sustraiak kendu beharko dituzu. Hosto berde freskoak ez dituzu kendu behar.

Lapiko zabal batetan bota ezazu gurina edo margarina, lapikoko behegaina estali arteraino. Bota itzazu bertara porruak, gatza eta biperhautsa. Nahi izanez gero, ardo zuri pixkat ere bota dezakezu. Ipin lapikoari tapagailua (2). Su ttikitan, erregosten utziko dituzu 20 minutuz. Kontuz erre ez daitezen! Bigunik daudenean atera itzazu.

Jateko hau edozein jatekorekin batera joan mahaira.

On egin.

1) Estofados, à l'étouffée.

2) Tapadera, couvercle.


Elkar ikuska

Niessen: enplegu erregulapen espedientea

Krisisa dela eta, entrepresa asko dira krisisaren ondorioak langileengan botatzeko helburuaz, honetako espedienteak ari direnak egiten.

Ba dakigu ere, krisisaldi hauetan, entrepresek langile asko nahi ez dutenean, emakumeok berriro etxeratzen gaituztela. Gure problema guztien oinarria ekonomi independentzia falta dela askotan esan dugu; baita emakume guztiok lanpostu bat edukitzeko eta gure lana kobratzeko eskubidea behar dugula ukan ere.

Honela, interesgarritzat jo dugu lantegietan emakumeen jokabide eta egoeraren berri ANAITASUNA-n ekartzea, gure nahiak eta errealitateak nolako erlazioa gordetzen duten ezagun dezagun.

Erreformismo baten eredua. CC.OO., UGT, ELA kapitala zaintzen eta laguntzen

Helburu honetaz, Gipuzkoako entrepresa bat aukeratu dugu: NIESSEN, S. A. Entrepresa hau Errenteriako bailaran dago. Entrepresa honetako egoera aztertzean, Errenterialdeko borroka eta kontzientzia maila kontuan eduki behar dugulako, garrantzitsua iruditzen zaigu datu hau adieraztea.

Gaurkoa konprenitzeko, historia pixkat egiteak lagunduko gaitu. Baina hau eta besteak ere, hobeto esplikatuko digute bertako langileek, beraz beraiengana jo dugu, elkarrizketa bat egiteko asmoz.

— Noiz sortu zen Niessen?

— Guillermo Niessen 1914.ean etorri zen Errenteriara, eta material elektrikoa hasi zen egiten, prozedura zaharrez, eskulangintzaz esan daiteke. Eta segituan bereganatu zuen merkatu bat. Txosna batean hasi zen eta 1918.erako ba zuen areto dezente bat. Gero, bakelita sartu zuen prozeduran, eta hau aurrerapen handia izan zen.

 Eta geroztik orain arte, gorantz joan al da beti entrepresa?

—Beno, 1975.ean presentatu zuen bere lehenengo espedientea, ordu arte beti "a tope" egin dugu lan.

— Zer erantzun eman zenioten langileek espediente honi?

— Jendea pozik zegoen lan guttiago egiten genuelako, berdin kobratuz gainera... Baina 6 hilabeteak pasa ondoren, krisisa kontu bat besterik izan ez zela konturatu ginen, Sozial Segurantzari ordaindu ez zionez diru asko irabazi zuelako batetik eta produkzioa praktikoki geratu ez zelako bestetik. Gainera, hilabete hauk pasa bezain laxter, beste 100 langile hartu zituen lanerako.

— Orain zenbat langile zarete?

— 600, gutti gora behera.

— Zenbat emakume, horien artean?

— 300 edo izanen gara.

— Zeintzu izan dira eraman dituzuen borrokarik garrantzitsuenak?

— Niessen beti izan da oso borrokalaria. Arrizabalagari emandako heriotza penaren aurka eta Burgosko prozesua izan zenean, gu irten ginen lehenengoak kalera eta Errenteriako beste entrepresak guk atera genituen. Amnistiaren aldeko borroketan ere beti hartu dugu parte, eta azkeneko greba orokorrean ere bai, nahiz eta batzuk ados ez egon...

 Eta errebindikapen mailan, entrepresako arazoak direla eta?

— Baita. Burrukaz lortu genuen egunbete etengabekoa... baina maila honetan 1975.etik ez dugu asko zirikatu eta ezer gutti lortu dugu ekonomi arloan. 72.ean burruka gogor bat izan genuen bi neska etxera bidali zituztelako zigortuta. Greban hasi ginen eta 9 bota zituzten entrepresatik, neska-mutilak. Gero langileon arteko burrukak izan genituen, batzuk sartu nahi zutelako, eta besteek piketeak egin genituen, piketeetako lehenengo lerroak nesken artean osatu genituen eta egurra jaso genuen gure lankideengandik...

— Orduan emakumeek, benetan aktiboki hartzen duzue parte burruketan, esaten duzunez?

— Gizonek adina edo gehiago... Azkeneko sindikal hauteskundeak baino lehen, guk erabiltzen genuen ordezkaritza sistima zera zen: sekziotan asanbladak egin eta beraietatik ordezkariak hautatu, ordezkari hauen artean Komisio Errepresentatzailea osatzen zuten; ba komisio hauetan erdia emakumeak izaten ziren beti. Kaleratzeko orduan ere, emakumeak aurrera jotzen dugu behar denean... orain, asanblada orokorretan hitzegiten eta, ez gara gizonak adina ausartzen.

 Eta kobratzeko orduan?

— Hor problema larria dugu. Jasotzen dugun alokairua oso kaxkarra da eta primetan atera behar dugu dirua. Baina geure artean topeen kontrol bat eramateko ados jartzen ez garenez, geuk gure topeak igon egiten ditugu. Esate baterako, minimoa 60 baldin bada, guttiago egiten badugu soldatatik deskontatzen digute; maximoa 80 baldin bada eta gehiago egiten badugu, gehiago ordaintzen digute. Orduan, neska gehienak gehiago egiten saiatzen dira eta gehienak lortzen badute entrepresak zera esaten dizu: posible da gehienentzat 85 egitea, ba, jar dezagun 85 topea. Gizonek berriz, kontrol bat daramate guztien artean, tope batetik ez pasatzeko.

— Eta zergatik ez duzue zuek ere hori egiten?

— Saiatu gara, baina ez dago elkartasunik... bakoitza ahal duen diru gehiena ateratzera doa.

— Baina azken batean, ez al da ba guztientzat kaltegarri topeen igoera hori?

— Bai. Baina hemen neska gehienak ez dute 60 urte bete arte lan egitea pentsatzen. Gehienak, ezkongaiak edo ezkonberriak dira, eta beren lana horrela ulertzen dute, diru asko irabazi denbora guttian, etxebizitza bat ordaintzeko eta ezkontzaren gastuak betetzeko laguntza bezala, baina gero, lantegia utzi eta etxean lan egin. Ez dute beren burua langileriaren parte bezala ikusten, baizik eta indibidualki duten problema.

— Eta oraingo espediente hau, nola presentatu du entrepresak?

— Beno, lehendabiziko aldiz apirilan agertu zigun bere asmoa, ez zegoela lanik, etxagintza geldirik zegoela, denbora behar zutela zulotik ateratzeko, ez zela 75.ekoa baino okerragoa izanen... Eta beste aldetik, zuzendari berri bat ekarri ziguten, oso demokrata eta modernoa bera; eta zuzendari hau "plantillas tipo" estudio bat egiten hasi zen, zenbat langilerekin izango litzatekeen errentagarria entrepresa jakiteko. Estudio honek, benetan susmoa harrerazi zigula... baina sindikal hauteskundeetatik sortu zen komiteak, ba dirudi ez zuela horrelako susmorik hartu. Dena dela, asanblada bat egin zen eta tekniko batzu ekarri zituzten sindikal zentralekoek. estudio bat egin zezaten. Tekniko hauek, 3 hilabeteko espedientea onartu behar zela zioten. Berau onartzeak beste neurri batzu ekarriko lituzketelako langile batzuk ezetz zioten, baina CCOO-ko ekonomistak "gerrikoak hestutu behar zirela" eta ELA-koak "lanpostu seguru genuela"... gehienak konbentzitu zituzten. 60 urtekoei erretiroa aurreratu zieten eta 15 bat emakume, beren borondatez, indemnizazio bat jasorik, alde egin zuten.

— Eta hiru hilabete hauk pasa ondoren?

— Zuzendaritzak espedientearen luzadura bat proposatu zigun. Asanbladak ezetz esan zuen eta kontraproposamen bat eraman zuen Magistraturara. Gero Komiteak, Magistraturatik kontraproposamen hori kendu egin zuen.

Bitartean zuzendaritza negoziaketan hasi zen multinazional batekin, entrepresa saldu nahiean. Nazioaskotako hau Prest zegoen entrepresa hau hartzeko, baina 200 langile guttiagoko nomina batekin. Ez dakigu hau onartu zuten ala ez, gainera beste nazioaskotako ingeles batekin ere hasi ziren hizketan eta Lankide Aurrezki Kutxa ere interesaturik dagoela dirudi... gauza da zuzendaritzak 80 ta piko langile sobera duela eta, indemnizapen bat eskaintzen die bere borondatez entrepresa uzteko prest daudenei.

— Eta ba al dago norbait prest?

— Zerrenda, dagoeneko betea dago. 20 eguneko epea. eman zuten eta jadanik bete da. 87 eman dute izena. Hauetatik 82 emakumeak dira eta 5 gizonak.

— Nola esplikatzen duzue hau? Zuzendaritzak parte hartu al du honetan?

— Entrepresak beti esaten du emakumeak ez direla errentagarriak, umeak izaten dituztelako, bajak hartzen dituztelako, etab. Baina, langile asko ere honekin ados daude eta gainera zera esaten dute "lanik ez baldin badago, emakumeak kalera", "emakume ezkonduek lan egiten dutenean, bi sobre jasotzen dituzte etxean"...

— Eta emakumeek zer diozue horri?

— Batzuk, ikusi duzu, beste asko berriz ez gaude ados, eta gizonen artean ere ba daude diskriminazio hau onartzen ez dutenak, baina inoiz ez baitugu emakumeon arazoa espezifikoki azaldu, ez asanbladetan eta inon ere ez. Funtsean arrazoia, lehen aipatu duguna da, ez dutela beren lana beharrezko eginkizun eta diru-iturri bat kontsideratzen, baizik eta laguntzarako diru-biltze bide bat, beraz tenporala; beren helburua, kasu askotan, ezkontza da; beren funtsezko eginkizuna, seme-alabak eta senarra zaintzea.

— Eta komiteak zer dio honi?

— Komitea, prozesu guztian zehar, zuzendaritzaren bozeramale besterik ez da izan. Borrokalari agertzen ziren bideak mozteko, beldurra sortzen zuen, "alokairuak kantzelatuko dizkigute", "iraila ez digute ordainduko ez badugu hau onartzen", eta noski, horrela erraza da jendea atzetik eramatea. Beraz, komitearentzat eta zuzendaritzarentzat, oso onuragarria izan da irtenbide hau, dudarik gabe; gainera indemnizapenak ordaintzen ez du sosik ere galtzen, espedienteak dakartzaion abantailak kontuan edukiz. Dena dela, oraindik ez ditu indemnizapenak ordaindu, eta apuntaturiko jendea dirua ez jaso bitartean ez da joanen, noski.

 Zuzendaritza salatuz, ez al da jarrera borrokalaririk agertu?

— Gutti, baina zerbait egin da. Xostenak argitaratu ditugu informaketa emanaz, hitzaldiak egin ditugu tekniko batzuen laguntzaz, asanbladak potentziatu ditugu... baina egoera ez da onena borroka aurrera eramatea lortzeko, giroa erreformismo hutsean erori da eta. Oraindik ez dakigu nolako bukaera izanen duen...

Desmoralizatzeak ez du ezertarako balio, beraz ez gara desmoralizatuko. Baina egoera benetan larria da. Orain arte hain borrokalari agertzen zitzaigun entrepresan, langileak zatiturik, indarrik gabe, eta emakumeak lanpostua utzi eta etxera. Berriro ere, familia kapitalaren salbatzaile. Eta kapitala familiaren defendatzaile. Eta familia patriarkalaren aurka ez doazenak, kapitalaren laguntzaile, zuzenki ala zeharkaki. "Niessen" asko ditugu, eta "Niessen" baino okerragoak askoz ere gehiago...

Itziar Urtasun


Gaiak. Zientziak

Austriarrek ez dute zentrale nuklearrik nahi

Ozta ozta, baina Austriako gehiengoak ez du zentrale nuklearrik nahi: Oraintsu egin den erreferenduan, botu zilegian 50,47 %-ak ezetza emateko izan dira. Harrigarria benetan. Segur asko, bati baino gehiagori zer pentsa ekarriko dio erreferendu horrek. Eta, edozein modutan, zentrale nuklear hori ez da funtzionatzen hasiko (oraingoz behintzat).

Zentralearen datuak

Zwentendorfeko zentralea —horrela deitzen baita dagoeneko tokia— ur irakinezko zentrale nuklear bat da. Beraren potentzia elektrikoa, 692 MW-etakoa da. Bertatik Viena-ra berrogei bat kilometro daude, hiri horren inguruetan milioi eta erdi bizilagunez gora bizi direlarik. Zentralea eraikitzeko egin diren lanek, bestalde, 75.000 milioi pezetatako gostua izan dute.

Lemoizen egiten diharduten zentralearekin konparatuz, beraz, ttiki xamarra da, beronek lehen fasean 2 x 930 MW-etako potentzia elektrikoa edukiko baitu. Gainera, Lemoizetik Bilbora ez dago hainbeste distantziarik, ez eta erdirik ere. Teknikari dagokionez, zertxobait desberdinak dira, gure Herrikoa ur presionatuzko erreaktoreez osatua baita. Gostuari dagokionez, zer esanik ez, Lemoizekoarena handiagoa da, eta zehazki ezagutzea erraz ez bada ere, gauza segurua da, 100.000 milioi pezetaz gorakoa izanen dela.

Zer pentsa?

Energia nuklearraren erabilera polemikoa dela, guztiok dakigun zerbait da. Era askotako inplikazioak ditu: teknikoak, ekonomikoak, legalak, soziologikoak, politikoak, militarrak eta abar. Eta bere osotasunean aztertu behar da eta ez ikuspegi tekniko hutsez, batzuk egin nahi duten bezala. Edonola ere, gaur egun, opinio publikoa sentsibilizatuz doa, eta denbora aurrera doan neurrian, jendea gero eta kontrago jartzen ari da, informabide indartsuenetatik egiten den aldeko propaganda gorabehera.

Bestalde, Austriako kasu hau ez da lehena izan, asko ez dela antzera gertatu baitzen Belgikan ere. Eta, agian, ez da azkena izanen.

Bitartean, zer pasatzen ari da gure artean? Hemengo alderdi politiko "majoritarioek" ez dute ezer jakin nahi arazoarekin, eta ebitatu egiten dute eztabaida publikoa. Hori probetxatuz, Iberduerok, hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik, denbora irabazi nahi du, zentralea lehen bait lehen martxan jartzeko. Batzorde antinuklearrek, beren aldetik, lan eta lan dihardute; baina zer egin dezake Dabitek Goliat guztiahaldunaren aurrean?

Erreferenduzale den demokrazia "Suarez generis" honetan, ez dirudi, horretaz Herriari bere eritzia zaionik. Eta hori, baietza eman behar omen diogun Konstituzio izeneko dama gazteak, "soberania Herriarengan finkatzen dela" dioen arren.

Ramon Garai


Gaiak. Zientziak

Medikuntza ez da teknika hutsa

Egunetik egunera hasiz doa medikuntzarekiko eskeptizismoa. Eta, benetan, hori ez da harritzekoa, zeren medikuntzak jakituriaren eta teknologiaren ikuspegitik egin duen aurrerakada eta gizateriaren osasunak egin duena, ez baitira gauza bera. Zergatik ote?

Eritasun kutsagarriak tratatzeko orduan medikuntzak lortu duen aurrerapena, uka ezinezkoa da, bakunak eta antibiotikoak gaurko gizonen bizia luzatu duten faktore garrantzizkoenen artean daudelarik. Baina egia da halaber, mediku gehiegik medio teknikoei garrantzi superlatiboa ematen dietela, gaixoen alderdi humano eta gizatiarra alboratuz.

Dirudienez, mediku askok ez dute sinetsi nahi, gaixo askok erradiografia eta analisi piloa baino gehiago, atentzio eta arreta pertsonal egokia eskatzen dutela (eta behar dutela).

Adibide legez, demagun urdaileko minekin datorren gaixo baten kasua. Kontsultara joatean, askotan, lanean edo etxean dauzkan problemak lazki eta garrazki azaltzen hasten da; medikuak, ordea, berehala eta lehorki mozten du elkar hizketa, zera esanez: "Tira! Erradiografiak egingo ditugu eta dena argituko da". Eta, egiatan, erradiografiek ultzera baten presentzia froga dezakete. Hori bai! Baina ultzeraren aurkako tratamendua inefikaza izanen da luzetara, gaixoaren hondoko problema eta konflikto psikosozialei atentziorik ematen ez bazaie.

Ordua da, ba, medikuaren medikuntza albo batetara utziz, gaixoaren medikuntza egiten hasteko.

Alderdi tekniko, biokimiko, erradiologiko eta antzekoetan soilik oinarritzen diren medikuek, hau da, medikuntza esoteriko eta ulergaitza egiten duten medikuek, zientzilari handiren irudia projektatu nahi dute beharbada. Baina, sarritan, itxura eta jarrera horren atzean ez ote dago status pribilegiatua zaintzeko jokaerarik, edo, guttienez, gizateriaren problemetatik urruntzeko joerarik?

Medikuntza superteknifikatu eta esoteriko batetan gelditzearen arriskua, honetan dago, halegia, teknika medikoek medikuntzaren zereginaren zentzu osoa betetzean, teknologia teknologi asmo hutsez egitean. Horrela, problemen aurrean egintza eskapista batzu eginen lirateke. Medikuntza zientifikoa izenarekin izendatzen den medikuntza ideial hori, askorentzat gaixo gabekoa izanen litzateke, laborategietakoa. Horrelako jarrera deliranteekin amaitzeko ordua dela uste dut.

P. Letamendi


Gaiak. Kultura

Euskararen egoeraz

Lanaren sakontasuna

Euskalgintzan hain gogorki ari den Siadeko soziologo taldeak burutu berri du, orain hiru bat urte hasitako Euskararen Egoeraren inguruko azterketa. Lana Euskaltzaindiak agindurik eta Caja Laboralak ordaindurik egin da.

Lehenengoz "Euskararen liburu zuria" osatu zuen, zenbait espezialisten hurbilpen teoriko bat eskainiz, perspektiba desberdinetatik, hots, jatorria, zuzen internazionala, diglosia eta beste ukitzen zituen.

Gero bigarren urrats bat eman zen "Estudio sociolingüístico del euskara" intitulatzen zen lanarekin. Denera hamabi tomo, alde batetik euskara ezagutzen zutenen egoera aztertzen zuen, bigarrenik euskararekin zerikusia zuten erakundeen egoera.

Hirugarren eta azkenengo zatia ere azaldua da, Durangoko azokan egin da bere aurkezpena. Titulua "Bases para un futuro plan de actuación en favor de la normalización del euskara". Zati honetatik atera dira konklusiorik garbienak.

Euskara normalizatzeko: 17 mila milioi pezeta urteko

Azterketa, 1985ean euskarak izan dezakeen egoera zehaztera dator. Alde batetik euskarak erritmo normal bai jarraitzeko emango dituen urratsak azterturik eta bestetik hazkunde honi erantzun bat emateko egin beharko diren inbertsioak azaldurik.

Lana burutzeko erabili duten eskema hau izan da. Ikusi dute euskara nondik nora transmiti daitekeen, iturri bide hauk zehaztuz: 1. famili barneko transmisioa; 2. irakaskuntza alderdia, ikastolak, zentru pribatuak eta zentru estatalak bereiztuz; 3. alfabetatze euskalduntze mugimenduaren eragina. Beraz, hiru iturri hauek bataz beste gehituz atera dituzte ondorioak.

Ondoko taulan ongi ikusten da iritsi diren ondorio bat, 1985 mugaurte bezala harturik zela geratuko den euskaldungoa.

1. LAUKIA

EUSKALDUNTZE PROZESUA

1975 1980 1985

biztanleak 2.784.320 3.180.100 3.470.500

(kasu negatiboenean) A 832.301 (22'7%) 725.853 22'98% 900.466 25'95%

 B -- 732.735 23'19% 936.153 28'97%

(kasu optimistenean) C -- 740.705 23'44% 978.549 28'14%

Kasu onenean ere % 28'14tik gora ez da joango euskaldunen (euskaradunen kopurua eta biztanle guztion laurena izateko ere, nahiko arazo izango dira.

Eta diruaz zer? Guzti hau egia bihurtzeko diru arazoari ere erantzun bat eman beharko zaio. Goiko laukian zehazten diren zifrak egia bihurtzeko posibilitateak egon daitezen egin behar diren inbertsioak beste lauki hauetan doaz.

2. LAUKIA

BEHARREZKO INBERTSIOAK ATALKA

Ikastolak 2.637 3.167 10.837.950.000

Zentru pribatuak — 1.311 721.050.000

Zentru estatalak 1.106 2.221 5.087.600.000

Gaueskolak

(kasu negatiboenean A 821 2.436 311.235.000

 B 1.311 5.141 661.383.000

(kasu optimistenean) C 2.042 8.007 1.030.280.000

Honek guztionek zifrak altutxoak ematen baditu ere ikus dezagun zer zifra izango liratekeen denetara:

3. LAUKIA

BEHARREZKO INBERTSIOAK METATURIK

Aulak Irakasleak Inbertsioak

(kasu negatiboenean A 4.404 9.135 16.957.880.000

 B 5.094 11.840 17.307.988.000

(kasu optimistenean) C 5.923 14.706 17.676.907.000

Zifra hauk URTERO inbertitu beharko dira. Altutxoak dira numeroak, baina gogoratzen bada aurtengo Estatu Espainoleko presupostua zifra hau guztiz minimizaturik geratzen da, ez dira ematen duten bezain harrigarriak.

Eritzi orokorra

Puntu batzu azpimarratzerakotan hiruzpalau gauza argi samar ikusten dira.

1. Lanaren sakontasuna nahiko serioa da kritika arinak eginak hasteko.

2. Planteiaketa guztiak duen logika izugarria da. Azterketak ematen dituen urrats guztiak oso ongi pentsaturik daude.

3. Ondorio hauk ateratzeko zenbait lan alperrik egina dela dirudi. Beste puntu batzuren azterketa sakonago bat faltan botatzen da, adibidez alfabetatze prozesuarena.

4. Kalkuluak egiteko erabili diren hipotesiak, hipotesi guztiak bezala, guztiz diskutigarriak dira.

- Gau eskoletatik % 40k euskara ikasiko dutela hipotesia minimotzat jotzea guztiz optimista dirudi.

- Eskola estatalean.eta ikastetxe pribatuetan euskara erritmo honetan sartuko dela ez dago oso garbi (ikus egun hauetan hezkuntzabidearen projektuaren inguruan dagoen eztabaida).

- Familien transmisioari buruz eta ikastolen eboluzioarekin kalkuluek logikoak dirudite.

- Dena dela lanaren planteiaketa guztiz baliagarria da eta hipotesiak balio dute, gainera hipotesiak hori dira errura lotutako afirmazioak.

5. Siadecok argi eta garbi esaten du beraiek ez dutela sartu nahi azken planifikapen bat egiten. Planteiaketa teoriko baten arrazoi dute. Baina jakingo dute ere Euskal Herrian zela egiten den lana. Beraiek pentsatzen duten planifikazio teorikoa landuz gero, jende orok jakingo luke zeintzu diren helburuak eta jomuga garbiago bat lukete. Behar bada, hurrengo batek, plangintza egiterakotan kasu egiteko beharra izango luke.

6. Euskal telebista lortzea azterketako hipotesiak errealitate bihur daitezen beharrezkoa izango da. Lana egiztatzeko elementurik garrantzizkoena telebistan daukagu, hipotesien aldatzaile zuhurra ere berau dateke.

7. Azkenean, umoretsu, pentsatu behar da zenbait langabekoen soluzioa euskarak eman dezakeela, bera izango baita hainbat eta hainbat lanpostuen sortzaile. Lanik ez duenak ba daki zer egin: euskal irakasle izateko gertatu.

Iñaki Azkoaga


Gaiak. Kultura

Euskara eta dirua

Bai gau-eskoletan, bai irakaskuntzan, bai aldizkarietan eta euskararen arlo guztietan gabiltzenon gogoan dagoen lauza da euskararen kaleratzea, eta bizitzaren arlo guztietara eramatea. Ni orain, nahiko umezurtz dagoen arlo betetaz ari izanen naiz, hau da: diruetxe edo banku eta abarretako giroaz.

Gaur egun, gehienok dugu edo edukiko dugu datozen legeekin, geure libreta edo kontu korrentea, lan egiten badugu eta entrepresak kontu baten bidez ordaintzen badigu batez ere. Bere saldoa nolakoa izanen den, beste gauza bat da, baina, dena den, noizik behin, dirua ateratzera joanen gara eta horretarako, diruetxean emanen diguten inpresoa edo geuk dugun taloia bete behar izanen dugu, eta dzpa!!, nola inpreso hori edo taloi gehienetan erdaraz dagoen, ba, erdaraz beteko dugu. Lan Kide Aurrezkiak inpreso bilingueak ditu, baina kasu bakarra dela uste dut.

Hau honela izanik, arlo honetan ere euskara erabili nahi badugu, ene ustez, hiru aukera ditugu:

1. Diruetxeek inpreso hauk bilingueak egin arte itxarotea.

2. Geure kontuak inpreso bilingueak dituen tokira eramatea.

3. Nahiz eta inpresoak erdaraz egon, guk euskaraz betetzea, bide batez, etxe hauk bilinguismora pasatzera behartuz.

Lehen posibilitatea ez dut uste egokia denik, zeren ikusia baitugu geure Herri honetan, gisa honetako mirakuluak, hori direla, mirakuluak; eta horiei itxaroten bagaude, zahartzaroak harrapa gaitzake gaur gauden moduan.

Bigarrena, ez da inposiblea, baina erraza ere ez, zeren gehienok ditugu geure "letrak", "ordainagiriak edo erreziboak" eta abar kontu baten batetik ipinita, eta horik guztiok aldatzea, nahastea izan daiteke (eta ez dut aipatzen hain arruntak diren mailegu eta prestamoak).

Hau honela izanik, geratzen zaigun bide bakarra, hirugarrena da. Bide hau ez da berria gure munduan, zeren adibidez irakaskuntzan (bai unibertsitatean eta bai ikastoletan) antzera egin baita, eta ondorioak ez dira batere txarrak izan. Eta hau nola egin? Ba, oso erraza da. Kasu biren aurrean aurki gaitezke, libretatik ateratzeko inpreso baten aurrean, edo taloi baten aurrean. Lehen kasuan bete behar izaten diren gauzak hauk dira: izena, helbidea eta kopuru edo kantitatea; izena ipintzerakoan, ez da problemarik; helbidearekin ere ez, erdaraz bezala ipin daitekeelako. Kalearen izenaren atzean "kalea" hitza jarriz eta pisu edo solairuaren atzean, "garrena" edo ".a" laburpena ipiniz nahiko da. Kopurua ipintzerakoan, ene ustez, irtenbiderik egokiena hau izanen litzateke, lehenik zifraz idaztea eta gero parentesi artean letraz idaztea, hau da: 7.000 (zazpi mila).

Eta taloia? Ba, hor ere ez da problema handirik. Taloietan bete behar diren atalak hauk dira:

1. Kopurua zifraz: irtenbidea, horrela idaztea eta atzean PZTA. ipintzea.

2. Nori ordaindu behar zaion: "al portador" balitz, taloian dakarren "páguese a" kendu, eta "eramaileari" ipintzen badugu, konponduta dago;pertsona konkretu bati balitz, lehen esan dugun "páguese a" kendu, pertsona horren izena ipini eta atzean "-I ORDAIN" jarriz konpondu dugu.

3. Kopurua letraz: ba, "pesetas" kendu, eta kopuru hori letraz idatzi ondoren "pezeta" ipini eta kito.

4. Eta azkenez, eguna edo data: hau ipintzeko taloiak dakarren marra probetxatuz, gainetik idatz daiteke, eta hau egiteko modurik laburrena hau da: "Bilbon, 1978.eko urriak bost".

Ez dut uste arazoa konplikatuegia denik, batez ere hiru-lau aldiz eginez, beraz, ea oraindik aurrera gure hizkuntza diru arlora ere eramatera ausartzen garen.

Jose R. Bilbao Otaola

Oharra: Banka eta diruetxeetan erabiltzen den hiztegia, euskaraz ere prestaturik dago. Hain zuzen ere, oraintsu argitaratua izan da "Banka Hiztegia" izenburuarekin. /B. B./C. L. P.


Gaiak. Kultura

Plastikaren metodologia bat

Sail honetatik Saiokari buruzko artikulu batzu atera ditugu. Planteiamendu orokorrez eta arlo partikular batzutaz idatzi da. Gaur, plastika arloari tokatu zaio txanda. Arlo hau oso eztabaidagarria izaten da, batez ere beraren erabilpenaz edo, hobeto esateko, erabilpenaren faltaz.

Praktikan, Plastika arloa bazterturik dago

Oraingoz, umearen hezieraren prozesu barruan, plastikaren arloari eta beste adierazpenen arloari, oso funtzio oinarrizkoa ematen zaie. Baina, zoritxarrez, gehienetan ideia hauk planteiamenduaren mailan gelditzen dira.

Zergatik hau?

Honen kausak ugari, eta sakonak dira, eta gure helburuak ez dira berauk hemen aztertzea. Hauxek aipatu nahi ditugu bakarrik:

- Arlo honi magistergo eskoletan garrantzi eskasa ematen zaio.

- Irakasle bakoitzak arlo guztiak eman behar ditu eta ondorioz espezializazioa ez da ondo lortzen.

- Kasu batzutan, gurasoen presioa dela eta, nahiago izaten dute beste arloak lantzea, esate baterako, matematika, hizkuntza eta aban.

- Gai honetan ikerketaren eta erakunde egokien falta sumatzen da; literatura asko baina zehazpen gutti sortu da.

- Eta abar, eta abar...

Saiokaren metodologiaren barneko Plastika

Saiokaren planteiamenduaren azterketaz mugatzen bagara, plastikaren arloa bi mailetan datzala ikusten dugu:

Alde batetik plastikaren hezierak desarroilo sozial eta pertsonalezko aspektu garrantzitsu bat eratzen du. Beste arloetan bezala, projektuen metodologia aukeratu da, desarroilo honetan eragiteko egokiena dela ikusten dugu eta. Bestaldetik, ikastoletako umeak kultura euskaldunean desarroilatzen direnez gero, bizi diren herriarekin identifikatzea lortu nahi izan da.

Plastikaren helburuak

Aspektu hauk argitzeko, gure ustez, plastikaren helburu zuzenak konkreta ditzakegu:

- Gauzen erabilpena eta transformakuntzaren ahalmena desarroilatzea.

- Lan plastikoaren teknikak ikastea.

- Adierazpen plastikoaren posibilitateen ihardunaldi erreflexibo eta sortzailea lantzea, beste bi lehen helburuen bidez.

Hiru helburu hauetan zehar, umearen nortasunaren prozesu batzu erraztera ahaleginduko gara. Hau da:

- Oharmen sentsorio-motorean desarroiloa lagunduz. Askotan sail hau irakaskuntzan oso utzita gelditu da. Zentzu batzu soilik potentziatu egin zirela, eta beste interes guttitako batzu —ikusmena, dastamena, usaina...— landu barik oraindik daudela.

- Umeen berezkotasunaren ariketa librearen desarroiloa lagunduz. Bere esperientzia eta eritzietatik sortutako irudia bururatzeko. Bere gorputza eta posibilitateak ezagutu ondoren, eta bestekin integrazioaren eta onartzearen bidez, desarroilo soziala lagunduz. Bai eta desarroilo intelektuala lagunduz. Honek, beste arloetan bezala, ekintzak artikulatzeko eta memorizatze-prozesua errazteko umea kokatzen du jarraipen egoki batetan.

- Mundu kulturalean integratzeko balio duten oraingoko eredu artistikoak umeei presentatzea.

- Euskal kultur formak potentziatzea.

- Forma naturalak eta gizonek egindakoen artean nolako harremanak dauden, zehatz-mehatz asmatzea.

- Komunikabide eta elkar truke bezala adierazpen plastikoa erabiltzea.

Saioka 6.eko Plastika

Hasieran aipatu dugunez, arlo plastikoaren metodologian projektuen bidez aukeratu da. Basikako lehen zikloan arlo guztiekin globalizaturik izango da; lau eta bostgarren mailan beste adierazpenezko arloekin globalizaturik ere bai; eta Basikako bigarren epean, projektu zabal baten barruan —elkar kultural bat egitea— ekintzak egitaratu egin dira.

Lehengo batean, lehengo epeari buruz idatzi genuen. Orain, bigarren epean, zuzenkiago Saioka seigarrenari mugatuko gatzaizkio.

Neurketa bakoitzerako bost ale programaturik izan dira. Euskal Herriko paisaiari buruzko ale bakoitzari gai bat dagokio.

Zentzuen lengoaia ezberdinetaz (ikusmenaz batez ere) aipatzen dira. Gai bakoitza, ikusmenaren oinarrizko elementuen ingurutaz —puntu, lerro eta planu— landu egiten da.

Elementu sortzaile hauetaz, arau batzuren barruan, egiten diren esperimentazioek, lortutako ondorioen erreflexioek eta analisiek, umeari ezagutzeko posibilidadea emango diote, forma erritmiko eta naturaren egitura artean dauden harremanak zeintzu diren arauera, Honen gainera, kreapen artistikoa sortzeko beharrezko pausoak eginak daude.

Funtzio sozial batetan konkretaturik, azterketa guzti hauen fruituari, erabilpen bat ematen zaio, umea bere inguruan integratzeko, elementu eraginkorra izateko, eta balore plastikoak komunikatzeko.

Eukene Martin


Gaiak. Kultura

Elhuyar 15.a kalean

Heldu berria zaigu ELHUYAR aldizkariaren 15. zenbakia. Zenbaki lodikote eta mardula, bai horrialdetan (102), bai gaien kopuruari dagokionez (9 artikulu nagusi) eta bai gaien interes eta barietateari dagokionez.

Elhuyar aldizkariaren historia laburra

Beharbada, euskaldun askok sekula ere ez dute entzun Elhuyar aldizkariaren izena. Noski, zientzi gaiak soilik lantzen dituenez, ez da harritzekoa, jende-multzo ttiki batetara hedatzea. Nire ustez, ordea, euskaldun kulto orok jakin behar luke, euskaraz dugun zientzi aldizkari bakarra dela eta azken lau urteotan lan izugarria egin duela.

Lehen zenbakia 1974.eko irailaren datarekin argitaratu zen, eta orduz gero hiru hilabetero beste zenbaki berri bat argitaratu izan da, barkagarri diren zenbait gorabeherarekin. Ez da meritu makala, maila horretako lanak etengabe eta erregulartasun handiz ateratzea, euskal aldizkariek bizitzeko dituzten oztopoak ezaguturik!

Izenari dagokionez, iruzkin berezia egitea merezi duela uste dut. Sarri esan egiten da, eta neurri batez topiko bihurtu da, euskaldunok ez dugula ezer egin zientzia eta kultura unibertsalaren mailan. Horrela, gure liburuetan ez zaio garrantzirik ematen Bergarako Seminarioari. Ordea, XVIII mendearen azken aldean, iparraldeko euskaldunengandik Errioxan jaiotako Elhuyar Zubice anaiek (Fausto eta Juan Jose), wolframio izeneko elementu kimikoa aurkitu zuten Bergaran. Izen hoberik aurki ote zitekeen, euskal aldizkari zientifikoaren izenburutzat?

Aldizkariaren historian zehar, era guztitako gai zientifikoak erabili izan dira: Fisika, Kimika, Matematika, Biologia, Medikuntza, Informatika, Injinadoretza, Pedagogia... Hauetan guztiotan, euskara gaur eguneko bizimodu, zientzia eta teknikara egokitzeko ahalegina ageri izan da. Dudarik gabe, aldizkari honek lan izugarria egin du arlo honetan, eta beronen inguruan dinamika bultzatzailea sortu da zientziaren arloan, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera.

15. zenbakia

Lehenago esan dugun bezala, lan mardula. Pertsona indibidualek eta lantaldeek eginiko lanak dakartza. Eta —pozteko dena— sinadura ezagunekin batera, zenbait zientzilari gazte berriren lanak ageri dira. Halaber, iparraldeko zientzilariak ere bertan dira, R. Harlouxet kasu.

Zorionak, beraz, ELHUYAR taldekoei! Eta inongo Bibliotekan falta behar ez den aldizkari hau hartu nahi duenak, helbide honetara idatz dezake informazio gehiagorako: ELHUYAR. Círculo San Ignacio. San Marcial 26, bajo. Donostia. Ez zaizue damutuko.

Ramon Garai


Gaiak. Erreportaia

Harma hotzak herri beroentzat

James Bonds, Harma trafikoa eta militarrak

Mendebaleko espioi ajentzi guztiak euliak arrapatzen ari dira.

Kasu aipagarria, honetan, Estatu Batuetan orain gertatu dena. FBIk eta CIAk dioskutenez, alfonbra saltzaile batek eta bere laguna zen aseguruetxe bateko beste langileak submarino atomiko bat ohostu nahi izan dute. Ohosteko modua James Bonds-en filmeei dagokien taktika zela deklaratu dute harrapaturiko bi gizagaixoak. FBIrentzat bi langileok atzerritar potentzi ezezagun baten agente kamuflatuak omen ziren.

Sasoi berean, Europako gobernuak, UCD ere kasu, harriturik geratzen dira harma trafikoa dela jakitean. Allul-en kasua dute orain esku artean. Eta asuntua nola ez dago batere garbirik, komunikatuak eta kontrakomunikatuak datozkigu.

Belgikako gobernuarentzat, El-Allul-en zeuden harma guztiek Espainiako harmadarentzat omen ziren, eta azken honetaz guztiz konbentziturik egon direlako, Zeebruggetik alde egiteko baimena eman zioten. Baina harmak ez ziren Bilbon utzi, eta Hegoalderuntz, Hego Afrikaruntz bereziki, joan egin omen ziren. Nota baten bidez, Belgikako kanpo arazoetarako ministrariak Espainiako harmadari azalpenak eskatu egin dizkio. Militar espainolek aldiz, ez dutela asuntu horretan sekula ere parterik hartu, erantzun diete Belgikakoei. Nork du arrazoia? Ez dakigu.

Dena den, harmadaren pertsonaia konkretu batzu bakarrik sartuta badaude ere, negozioa nahiko grabea dela iruditzen zaigu, zeren bitartean harmek alde egin omen baitute.

Harmen asuntuaz, azken ekintza gobernuari dagokionez, galdera asko erantzunik gabe geratu dira.

Posibilitateen artean zera ere aurkitzen dugu: Hego Afrikari saltzea debekaturik dagoenez, Espainiaren bidez, Hego Afrikako faxistei harmak saldu egin dizkiete. Ikusiko dugu nola garbituko duen Orejak asuntua.

Hala ere, harma trafikoa ez doa soilik Hego Afrikara. Beren herriak zanpatzen eta hiltzen dituzten gobernamendu askori bidaltzen zaie: Argentina, Txile, Iran, Nikaragua, Maroko, etc. Trafiko berean nabiera asko sartu beharko genuke. Garcia Miñaurrek, —El Allul-en jabea— sortu zenez geroztik harmen trafikoari soilik ematen dio. Nabiera honek ez du bakarrik Allul itsasuntzia, El Alfer eta El Alraigo esaterako, kate luze baten adierazpenak besterik ez dira.

Musika tresnak eta frigorifikoak

Harma trafikorako erabiltzen diren barkuek gauza asko garraiatzeko balio dute. Teknikoki, polibalenteak deitzen zaizkie; nahiz eta beraien kontainerretan harmak besterik ez aurkitu. Exportazio paperak egiterakoan harma garraioak "musical instrument" edo musika tresnatzat agertzen dira, zeruko musika horrek hilketa ikaragarrien eragilea izanik.

Baina kamuflaia ez da berton soilik geratzen. Ba dago beste taktika bat, Europako aduana guztiak ez ikusiarenak egiten dituzten bitartean. Kontainer horik hobe disimulatzeko hoztu egiten dituzte eta frigorifikotzat har daitezke, edozein fruitu garraioa balitz bezala. —Harma hotzak, herri beroentzat—. Ez da taktika makala gero!

BILBO. Inportazio eta exportazio portu bat.

Marco Gardoki. Exportazioetarako elkartearen zuzendariak esan duenez Euskal Herria neurri handi batetan exportaziotik bizi omen da. Ez zigun argitu noski, nolako exportaziotik bizi omen diren exportatzaileak, baina berak esana, dauzkagun industria moetak kontutan hartuta, exportatzera behartuta omen dago Euskal Herria.

Guri pertsonalki, egia esateko, asko gustatu zitzaigukeena zera zitekeen: Jaun honi egiak kontatzeko droga ematea, modu honetaz bederen, Euskal Herriko puntagaineko exportazioan harmak daudela kontura gintezen.

Langabeziari estrukturalki edo eta oinarriz loturiko gizarte batetan nazioarteko konpainia askok harma trafikoari ematen dio, zeren harma trafikoa edozein jarrera ekonomikoan industria fruitugarria baita.

Orain gutti ere SLMMk (Merkatal Flotaren Sindikatu Askea) dioskunez Bilbotik beste kargamentu bat atera berria da. Helmuga: Argentina. Azaroaren 16an beste bat: Gunhild itsasuntzia, Dinamarkako banderapean 67 tonelada lehergailu atera ditu.

Bitartean, harma trafikoaz nagusiki negoziatzen ez duten beste nabiera horik, gero eta makalago aurkitzen dira negozio kontuetan. SLMMk hortaz ere hitzegin du. Zenbait kasutan Toro y Betolaza deritzan nabieran esaterako, marinelei ematen dioten tratua eta ordaina salatu egin du SLMMk. Konpainia honek inolako azalpenik eman gabe plantilaren laurdena baino gehiago kalera bota du, itsaso handian jopuen antzeko tratua jasanik.

Gauzak honela, ez daude egoera ekonomiko berdinean trafikatzaileak. Eta trafikatzaileen artean Empresa Nacional Elcano, (INIkoa), Costa Vasca, Garcia Miñaur, Miño S.A., Anson S.A. Perez y Compañia, eta beste ezagun eta ezezagun asko aurki genezakeen.

T. Trifol


Gaiak. Kirolak

Xake jokoa

Jokoen historian, xakea edo ajedreza da segur asko zaharrenetarikoa. Milaka urte izango ditu jadanik pasatuak, eta ez dirudi, oraingoz itzaliko denik xakezaletasuna. Indian sortua, arabeen bidez hedatua, XII. mendean hasten dira xakeari buruzko lehen tratatuak. XIX. mendean, giro intelektuala galduta, popularizatu egiten da, eta XX. mendean inoiz baino xakelari gehiago ikusten da. Sobiet Batasuna izango da, behar bada, hedatuen dagoen tokia. Hala ere, Jugoslavian, Ipar Amerikan, Argentinan, Kuban eta Ipar Europan ere oso arrunta da.

Zabaltasun horren arrazoiak asko dira: edonon eta edonork praktikatzeko posibilitatea, jokoaren izakera —ez du indar fisikorik eskatzen, ez eta materiale handirik...—. Atetatik barrurako jokoa izan arren, kalean, kafean, parkean eta edonon praktika daiteke, eta batzutan xake-txapelketak eratzen dira, zeinetan jokalariek publiko baten aurrean beraien jokoak egiten baitituzte. Noiz behin, xake-partida bat telebistaz ere emititu da.

Munduko txapelketa

Aurten hiru urtero hospatzen den txapelketaren finala eratu da Baguio-n (Filipinas-en). Bertan, uztailaren 18an, txapelduna, Karpov, 27 urte, sovietarra, eta Korxnoi, 47 urte, sobietarra jatorriz, Mendebaleko Europan asilatua, xake-taularen aurrean jarri ziren. Txapelketa 6 garaipen zuenarentzat izango zen, enpateak kontatu gabe. Hiru hilabete beranduago, Karpov-ek 6-5 irabazi zuen, 32 joko egin ondoren. Txapelketa hau nerbio-txapelketa bat izan dela esan daiteke. Korxnoi-k, beti denboraz hestu —jokalari bakoitzak 40 mugimendu egiteko bi ordu t'erdi ditu—, publikoaren artean zegoen Karpov-en taldeko parapsikologo baten irteera exigitzen zuen, mental-kontzentraziozko problemak zirela eta. Karpov, xakelari hotza eta metodikoa, azken jokoetan oso ez-regularra izan zen, hasberri batek egingo ez lituzkeen hankasartzeak eginik. Honetaz gain, arrazoi politikoak ere egon ziren. Bata, Sobiet Batasunean dagoen erregimenaren aurkakoa; bestea, aldekoa. Horrela izanik, propagandak Ekialde-Mendebalde joko bat bezala presentatu du, ikuspuntu esportiboak alde batetara utziz. Baina esportibitatearen alderatze hori beti gertatutako fenomeno bat da, jokalariak profesionaldu egiten direnean eta txapelketa batetan milaka dolare jokatzen direnean.

Xakelari elektronikoa

Horrelako txapelketek jokoa gehiago zabaldu egiten dute eta zaletasuna sozietateko maila guztietara heltzen ari da. Hala ere, norbaitek esango du xaketera jokatzeko bi pertsona behar direla, baina ez, orain minikonputadore batekin joka daiteke. Konputadore ttiki hori xaketetara jokatzeko prestatuta dago, eta fitxen mugimendu guztiak egin ditzake, endrokea eta peoi baten koronatzea ere. Horretaz aparte, konputadoreak hiru maila ditu: hasberrientzat, afizionatu arruntentzat eta afizionatu, aurreratuentzat. Ez da garestia: 25.000 pezeta inguru balio du. Honelako makina batekin nola jokatzen den ikusteko, adibide bezala partida bat jartzen dugu. (Makinaren kontrakoa Bobby Fisher famatua da, zein orain dela hiru urtetako txapelketan finalista izan baitzen, eta ez baitzen presentatu).

Piezen izenak eta sinboloak:

P: Peoia

T: Dorrea

Z: Zaldia

A. Alfila

R. Erregea

D. Erregina

Jokoa jarraitzeko oharrak:

- Zuriak hasten dira.

- Numeroak mugimenduaren ordena ematen du.

- Lehen letra higitzen den piezari dagokio.

- Ondorengo numeroa pieza hori heltzen den lerroari dagokio.

- Hurrengo letra higitzen den pieza heltzen den zutabeari dagokio. Beharrezko balitz, beste letra bat gehitzen da, zeinek zutabea zehazten baitu.

- x ikurrak zera adierazten du: pieza batek (ikurraren aurrean dagoena) beste pieza bat (ikurraren ondoren dagoena) irabazten du.

- 0-0 ikurrak endrokea adierazten du.

- j xakearen ikurra.

- matea, partidaren bukaera da.

Zuriak: Bobby Fisher.

Beltzak: "Greenblatt" konputadorea.

1. P4R, P4R

2. P4AR, PxP (ganbito deitzen da jokoaldi hau)

3. A4A, P4D

4. AxP, Z3AR

5. Z3AD, A5ZD

6. Z3A, 0-0

7. 00, CxA

8. ZxZ, A3D

9. P4D, P4ZR

10. ZxPZ, DxZ

11. P5R, A6TR

12. T2A, AxP

13. PxA, P3AD

14. Z6Aj, R1T

15. AxP, D2Z

16. D5T, T1D

17. DxA, Z3T

18. T3A, D3Z

19. T1AD, R2Z

20. T3Z, T1TR

21. D6T mate.

I. Zuazo


Gaiak. Kirolak

Boxeoaren komedia

Dolarrak ez dira edozer gauza, azken aldi honetan debaluatzen ari badira ere. Eta horrelako 200.000 irabaztearren, hainbeste komedia egin daiteke. Bestela Evangelista-ri galde.

Europako kanpioi den hegoamerikar hau Ipar Amerikako Estatu Batuetara joan zen bere amerikak egitera eta nahiko negozio biribila egin duela esan behar. Azken batez, ez baita galpen handiegia Larry Holmes bezalako erraldoi baten aurka ez irabaztea. Koitaduak, ordea, ilusioak eginak zituen, lehenago Mohamed Ali-ren aurkako burrukaldian lortutako erresultatuagatik. Baina dirudienez, hain zikina omen den boxeoaren munduan, tongoak eta tongoerdiak eguneroko ogia dira. Eta bestalde, Ali famatua oso trebea da zirko egiten. Pentsatzekoa da, ba, jolas modura hartu zuela orduko burrukaldia —beste asko bezala— eta diru erraza lortzeko modura.

Holmes eta Evangelista-ren arteko burrukaldiaren erresultatua, hala ere, anekdota hutsa da. Artikulu honen bidez kritikatu nahi dudana beste zerbait da. Hauxe, hain zuzen ere. Jende asko eta asko aritzen da boxeo profesionala kritikatzen: mafiaren jokoa dela, engainuz betea dela, osasunerako arriskugarria dela... Eta egia esan, horik guztiok eta beste kritika asko egin dakizkioke. Adibidez, oso gutti edo ia inoiz ere aipatzen ez den hau: Praktikatzaileei dagokionez, oso kirola minoritarioa dela, klasista dela (eta hau esangurarik txarrenean, boxeolariak azpiproletalgotik sortzen baitira nagusiki), oso indibiduala dela, eta abar.

Ongi da! Baina kritikak egin arren, informabideek aparteko lekua eskaintzen diete horrelako burrukaldiei —ni neu ere, beharbada, bekatu horretan erori naiz artikulu honetan— eta izugarrizko propaganda egiten diete, jende askorengan konbateak ikusteko egarria sortuz. Esandakoa egiaztatzeko, aipaturiko burrukaldiaren inguruan muntatu den zarata informatiboa ikusterik eta entzuterik besterik ez dago.

Benetan boxeo profesionalaren aurka joan nahi bada, ez ote da hobe aipatu ere ez egitea? Edo eta aparteko garrantzirik ez ematea? Guztiok dakigunez, mezpretxurik gogorrena apreziorik ez egitea baita.

J. R. Bilbao


Gaiak. Politika

Euzkotar horien aberria Espainia da

28ko manifestazioa dela eta, PNV barruan mozketa politiko bat egon dela jende asko esaten ari zaigu. Data horretatik honaino batzuk Euskadiko Karlisten partidu berritzat hartzen dute jadanik. Ni ez nago guztiz ados, ez baitut uste PNVen barne jarrera politiko berririk egon denik. Karlistak izatekotan, aspaldian eta ez orain izaten ari dira. Nahi izanik, manifestazioarena prozedura luze baten ondorio solemnea eta ez besterik izan dugu. Nola ikus daiteke bestela Sabinoren alderdia autodeterminazio eskubidearen kontra korteetan botua ematen? Nola pentsa halaber, oraingo Estatuaren batasunaz finkatzen den artikuluaren alde agertzen eta ondorioz "Euzkotarren aberria Espainia da" delakoa esaten ikustea?

Abertzaletzat kontsideraturik egon den alderdi honek gure aberria Espainia dela dioskunean tradizio bat egiten du noski eta gaizki uler daitekeena hemendik aurrera zera da behintzat: zer nolako zentzua edukiko ote dituzte herri honetan beren batasun eta "azkatasun" hitz horiek. Beharbada, euskal anarkista batek zioenez PNVko "azkatasuna" horrek azkanahi handiak emanen dizkigulakoan ni ere nago.

Ene ustez, PNVk eramateri duen ekintza bakarra entregismo hitzarekin aski definiturik geratu zaigu. Aspaldiko entregismo hau, beraien gidariek paktatu eta negoziaturik egon dena, oinarriari ematen zaio, berauek gero besteengatik ongi marruskatuta dagoen elikadura hau problemarik gabe irents dezaten. Filtro majikorik balego PNVri galdetu egin beharko litzaioke haren formula, zeren hemen, Euskal Herrian esaten denak beste itxura diferente hartzen baitu Madrilgo korteetan, baina korteetan bakarrik balitz! Askok diotso guzti honi "bai baina"; "bai baina Euskal Herrian dauka berorrek bihotza". Eta agian egia, burua behintzat lekutan dago eta adimenean kontrarioa eta antitesisa eramaten du Madril aurrera. Hain ongi zehatz eta ttinko errepikatzen digu lekzioa non azkenez Madrilen esan duena egiten baitute jelkidetasunaren buruzagiek.

Abertzaleengandik aintzinako karlistak nabaritzeko ba zegoen era erraz bat.Zer nolako aberria edukiz halako partiduan egon. Euzkadi (Hegoa eta Iparra) Jelkideentzat "euzkotarren aberria" zen bitartean; karlistentzat hura Espainia zen. Honi buruz, Arturo de Campion eta Sabino de Aranak egindako elkar eztabaidak har ditzakegu eredutzat. Biak foruzale amorratu izan ziren. Lehengoentzat medio eta helburu, besteentzat aldiz medio bat, eta ez besterik, ziren foruak.

Euskal Herriko orma superpintatu askotan burjabetasuna eskatzen duen bitartean korteetan atakatu egiten zaio autodeterminazioari. Ez dira gai abstentzioaren alde ere ez jotzeko. Abstenitzen ongi dakien berberorrek ez daki tripako min disimulatu bat ere ez, edo afaria edo bilera garrantzitsu bat antolatzen egun seinalatuetan. Beste batzutan ongi ba daki gero! Gero santuek, betiko santuek datozkigu hitzen esanahia azaltzera. Zein eder izaten da burjabetasunaren zentzua! Autodeterminazioa baino gehiago dugu jaun andreok. Independentzia baino gehiago: Independentzia hitz belztu hori... Harrigarriena zera baita. Ez dugu sekula hitzen zentzua euskal akademiko batek azaltzen ikusi. Nik dakidanez batzu ba dituzte eta ez, dira azken hilerakoak. Burjabetasuna hitzaren adierazpen zigorrak erdaldun zaharrek eman behar! eta euskaldun berriek ikasi! Dena den ba liteke letra batez okertzea. Eta burjabea izan behar litekeena berjabea bihurtzea. Orduan bai, ez dago dudarik. Eta euzkotarren aberria Euzkadi dea? Eta bada nola onar ondokoa?: "La indisoluble unidad de la nación española patria común e indivisible de todos los españoles y reconoce y garantiza el derecho a la autonomía de las nacionalidades y regiones que la integran y la solidaridad entre todas ellas". Noiz dioskute egia, Suitzara edo Estokolmora Estatugabeko nazioen biltzarrera doazenean edo hurbilago Madrilen. Zein da kare eta zer hare? Bihurtuko al da dena, karlisten antzera, komedia eta folklore hutsez?

Nire aldetik ez dago inolako dudarik. Beraien odolez Bilbo defendatu zuten Artxandako gudari horik salduta egon dira, ez eta bakarrik ETAren biolentziaren kontrako manifestazio baten deia egitearren baizik eta Euzkotarren aberria Espainia dela Madrilen onartu dutelako.

Egonen da norbait "horrelakorik" esan ez dela esango duena. Gustu guztietarako interpretazioak aterako dituzte besapetik. "España Patria común e indivisible de todos los españoles... nork esan deutzu euzkotarrena?... espainolak al gara akaso?" errepikatzen diete inuzenteki militanteei karea eta harea nahastatzen dituzten horiek. — No leas ese artículo que va dirijido a dividir a la base. Hoy más que nunca hay que estar unidos contra las provocaciones... bla, bla, bla. Gaiztoa naizela pentsa dezakezu irakurle, batzurentzat egia dateke, probokatzailea baliteke ere, abertzale edo abertzale-gaia nahi duzuna, eta abertzaleon partidutzat bere burua hartzen duenak entzun beza ene kritika letrero hori kendu arteraino. Nik ba nekien Euzkadi salgai zegoela baina ez nuen uste horrelako preziotan sal zitekeenik; ez zitzaidan lehenago burutu baina konturatu egin naiz edozein jarrera politiko saltzaileak har daitezkeela herri honetan. Ni neu judutarrengandik ez banentor jatorriz, herriaz okertu egin dela PNV esango nuke.

— Kalumnia, dena gezurra —esango da hemendik laster— "espainolisten atakea", "Abertzaleok lagundu" (Hori berbera esan zuten maiatzaren leheneko manifestazio erdian eta zoratu honek ipurdia ere galdu egin zuen beraik laguntzearren). Azkenez ikusiko duzue beraiek eskatzen dutenez ez ba zaie laguntzarik prestatzen ahuntz zahar baten estula bezala gertatuko zaigu asuntu hau. Hementxe bertan naukazue, abertzaleok artean, euskaraz, eskatutako laguntzaz begi belarri izanez.

Baina baliteke hobe, Madrileko gorteetan erdaraz —la única patria de los vascos es Euskadi, de los del norte y de los del sur—, ez esatea, nork gobernatuko luke herri hau, UCDk akaso? Akaso bai, Arzalus edo eta beste bat ministeritzaren bat eskuratuz. Honetarako UCD zaharra edo sortzen den berria lagundu behar bada, laguntzen da, azken batez bigarren artikulua onartuz gero, dena "abertzaleen artean" geratzen baitzaie. Printzipioak zapaldu behar? zapaltzen dira eta kito. Egunkari bat atera behar, ateratzen da. Hemen Espainia, han Euzkadi eta norberak uler dezala nahi duen modura: ...Machiavello biziko balitz ba luke non ikasi!

E.H.


Gizaki [Komikia]

Gentz


Gaiak. Politika

Autonomia, estatutua eta ezker abertzalea

Delako demokrazia burjesa, ez eta lortuko dugun lehen mementuko autonomia, ez dira gure langile interesei dagozkienak, baina legeak lege direnez, hortxe gaude, burrukarako indar errealak eta ofensiboak baztertu gabe, aitzitik sendo antolatzeko beharra inoiz baino handiagoa.

Orain burjeseria monopolistak eta zentralistak legeria konkretu bat inposatu digute, eta sasoia dugu, gure indarrak estrategia berri baten baitan enplegatzeko.

Eta zer egin? Autonomiarako lehen pausoak lortzen parte hartzeko prest ote gara?

Lehen mementutik pentsatu behar dugu, ezkerrak oraindik nola ez daukagun, behar dugun beste indar, erakundeetan errepresentaturik, oraingo baldintzetan, ez dugula geuk nahi genukeena lortuko. Baina honek ez du kentzen, burrukarik egin behar ez denik. Hemen datza, hain zuzen ere, erreformista eta iraultzaileen arteko diferentzia bat. Baldintza materialak alda daitezke, baina ez nahiz eta guk horrela nahi, muga konkretu batetik kanpo.

Laster estatu espainolean, konstituzio berri bat ezarriko da oinarrizko lege bezala, eta Hego Euskal Herria azken ehun eta berrogei urteko burruka konstantea jarraitzen da, bere buruaren jabe izan nahiean.

Konstituzio hau unitario delakoa da, eta dio, estatu osoa dekretuz batua dela eta bere botere indarrak zatitu ezinak direla, neurri handi batetan.

Beste gauza bat izanen zen, konfederal gisara burutua balego, hau da herriarteko indarren elkartzeak, estatu boterea sortzea. Azken hau zen KAS.eko alternatibak eskaintzen zuena, egin zen garaian, bide egokitzat: Herri bakoitza bere buruaren jabe den neurrian, legeria propioa sortu behar du eta bere borondatez, legeria zentralari eskainiko dio zenbait botere.

Baina aukera hau, baztertua izan zen. Eta dudarik gabe, helburua orain ere argi eta garbi daukagu. Soberania herrian finkatzen dela, gure kasuan Euskal Herrian. Eta autonomia prozesuak hildo honetan kokatu behar ditugu. Gure eskubidea baita hauxe.

Baina hain eskubide zuzena eta demokratikoa, beste arazo batzu aipatu gabe, oraingo konstituzio honek ez du onartzen.

Egoera hau honela ikusirik, gure indarren boterea eta ahulezia onarturik, abiatzeko baldintzak jarririk daude, nahi eta nahi ez.

Gauzak honela, ezker abertzaleak, parte hartu behar dugu lehen projektu honetan, nahiz eta geure eskubide demokratiko bat, oraindik aitortu gaberik izan, soberaniarena alegia, baina bidea lantzen hasi behar dugu, etorkizunean onartua izan dadin.

Eta hona hemen, nire ustez, Euskadiko Ezkerra eta Herri Batasunaren arteko diferentziak ulertzeko gaia. Egia da, orain E.E.an dauden batzu, parte oso zuzena hartu zutela H.B.ko programa burutzerakoan. Baina hau ez da nahiko. Helburu hori lortzeko bideak, metodoak ere, argi eta garbi erabakirik egon behar du, gaurko egoeran oinarriturik.

E.E.ak, bere indar guztiekin parte hartzeko prest dago, maila guztietan, ahal den autonomia zabalena lortzeko, eta bide guztiak erabiltzeko gai da, gaurko demokrazia burjesaren arauera.

Baina zein izanen da H.B.k erabiliko duen bidea? Prest al dago gaurko erakundeen bidea erabiltzeko, beste batzuren artean?

Oraingoz lehen mailako estatutua lortuko dugu, zeren laugarren mailakoa ezin baitugu lortu.

Ezaguna dugu erantzun bat: KASeko alternatiba lortu arte, ez da parte hartuko. Hau da, autonomia soberanoa eta zabal bat lortu arte, ez da prozesu horietan parte hartuko. Baina hemen nork, eta nola, irabaziko du delako botere soberanoa? Konkistatzen abiatu beharko dugu, delako helburu hori.

Autonomia burrukaz, lortuz joanen gara, prozesu luzean.

Hemen orain burjeseriak legeria bat ezarri digu. Ikusi landu eta sakonetik erabili aldatzeko, egoera berria sortzeko. Hona hemen ba, gure egitekoa. Zirt edo zart batean ez da hemen erabakiko gure etorkizuna, ez eta lortuko gure burjabetasuna.

Eta hartu behar ditugun erabakiak, klase burrukaren baitan egokitzen dira, aldi konkretu batetan. Beraz ez dute balio erantzun errazak eta abstraktuak. Klase burrukan aukera eta postura derrigorrez hartzen da, eta burruka formak baino mamiak inportantzia gehiago du. Hau da, burruka direkto eta indirektoen edukiak aztertu behar ditugu, ikuspegi iraultzailetik.

Ezker abertzalea, ezin da oraingo estatutu prozesu honen bidetik kanpo egon. Barnean posizioa hartu behar dugu, hain zuzen ere bataila bat delako, beste askoren artean. Eta gure etsaia orain burjeseria monopolista eta zentralista da.

Euskadiko Ezkerrak argi eta garbi dauka zeregin hau eta pozgarria litzateke Herri Batasunak, ez denak, hori beti baita zaila, baina bai zati handi batek argi ikusiko balu kojuntura honen egoera materiala eta behar diren metodo indirektoak, erabiltzen saiatu.

Metodo hauetan sakondu behar dugu, direktoarekin, masa burrukekin, batera.

Beraz gure lana oraintxe, estatutua dugu, eta inportantea benetan etorkizunerako. Herri osoari dagokion arazoa baita.

Beste artikulu batetan aztertuko dugu, estatutu honen edukia.

J. Agirreazkuenaga

Hazilak 15


Gaiak. Gramatika

Komak non ipini behar diren

Ongi eta argi idaztearen alde bat, komak —eta bestelako markak— ongi jartzean datza. Arazoa ez da hainbeste igartzen erdararen kasuan beharbada, erdaraz edozer gauza irakurtzera ohiturik baikaude eta, gainera, erdara —gure inguruko erdara biak— oso normalizaturik baitago. Baina euskaldunok erdi analfabeto garelarik, eta oinarrizko euskara normalizatua lantzen ari garelarik, puntuazio-arazoak garrantzia duela aitortu behar.

Komak ongi jartzearen garrantzia

Normalki, nik neuk ezagutzen ditudan euskal metodo eta gramatiketan, ez zaio leku berezirik ematen, komak jartzeko moduari. Egia esan, hizkuntza mintzatuan ez da problema hau zuzenki planteatzen, pausaguneak egin arren. Baina hizkuntza idatziaren kasua oso bestelakoa da. Irakurtzen ari denak, ez du aldez aurretik textua ezagutzen eta ezin ditu intuizio hutsez pausaguneak egin. Laguntza eman behar zaio, esaldien mugak argiro aurkitzeko; eta horretarako, oso lagungarri gertatzen dira komak.

Isilean irakurtzean komak lagungarri badira, are lagungarriago gertatzen dira, bozgoraz irakurtzean. Noski, orain arte publikoaren aurrean euskara gutti irakurri denez, ez da problema hau agertu. Inoiz irakurri behar izan al duzue publikoki, beste inork euskaraz idatzitako komunikatu edo idatziren bat? Zaila gertatu zaizue, ez da? Eta guztiok aurkitu ditugun traba nagusiak hauxek izan dira: euskararen bateratze eza eta puntuazio desegokia. Bai! Askotan, komak behar ez zen tokian jarriz, arnasa hartu ezinik geratu gara irakurtzean.

Zenbait arau praktiko

Nahiz eta gero salbuespenak gertatuko diren, komak non jarri behar diren jakiteko, arau sinple eta praktikoak ematea komeni dela uste dut. Horretarako, abiaburutzat, Imanol Berriatuak 316. ANAITASUNAn emanikoak hartuko ditugu. Hona, ba, horrelako arau batzu, nolabait ordenaturik:

1. Edozein klausula nahiz fraseren atzean, hurrengo klausula nahiz frasean konplementu nagusia ez direnean (klausula deitzen da, sententzia konposatu baten barruan, aditz jokatua duen multzoa. Frasea, berriz, aditz jokagabea duena).

2. Klausula printzipalaren atzean, komaren ordez ezen partikula erabil daitekeenean.

3. Edozein klausula, hitz nahiz hitz multzoren atzean, hurrengo klausula nahiz fraseko hitzekin nahasmendurik sor ez dadin, eta irakurleak, idazlearen esangura zehatza ulerturik, sententzia osoa korrektuki irakur dezan.

4. Ba dira, halaber, normalki koma artean jartzen diren zenbait hitz edo partikula. Berba egitean edo irakurtzean, pausak egiteko balio dute. Adibide gisa, era horretako batzuren zerrenda emanen dugu:

Hala ere, , ostera,

Beraz, , ordea,

Gainera, , ba,

5. Aposizioak ere koma artean jarri behar dira. Honela:

"Jon adiskidea, Bilbon jaioa berau, gurekin hitz egiten hasi zen".

Emandako arauak ez dira osoak. Hala ere, horik osotzeko, euskaraz komak beldurrik gabe ugari jarri behar ditugula uste dut, beti ere komen helburua hauxe delarik: esaldi luzeak zatituz, elementu ulergarritan banatzea. Hots, komek esaldien ulermenerako errazgarri eta lagungarri izan behar dute.

Adibidea

Bukatzeko, I. Berriatuak aipaturiko ANAITASUNAn jarritako adibidea ipiniko dut, komak jartzeko teknikaren azalpenerako, oso praktikoa gerta daitekeela uste baitut:

"Alkate jaunak, bere asmoak aurrera eramateko, ahal den laguntzarik handiena behar duela ikusirik, dei bat egin digu herritar guztioi, herriaren alde zerbait egiten lagun dezagun.

Horregatik, alkateari, hona datorrenean, esan egin behar zaio zalantzarik gabe, hemen bildu garenok, berak nahi duen guztia egiteko prest gaudela, denek jakin dezaten, herri honetan oraindik gizon zintzoak bizi direla, oso pobreak izan arren".

Beharbada, adibide honetan guztiz beharrezko ez diren zenbait koma ere jarri dira; baina, arazoak eskatzen duen arautzearen adibide gisa, interesgarri delakoan nago.

J. R. Etxebarria

OHARRA: Aurreko zenbakiko 40. horrialdean, inprentako arazo bategatik, gramatikazko artikuluko eskema batetan lerro batzu jartzea ahantzi zitzaigun, horrela eskema hori ez ulertzeko modukoa geratu zelarik. Orduko akatsa zuzentzeko asmoz, berriro argitaratzen dugu aipaturiko eskema. Hauxe da prezeski:


Gurutzegrama

Larry Trask


Astiematekoak

Labyrintoa

Referenduma datorrela eta, gure irakurle zuhurrei, buru-ariketa probetxugarri gisa, ondokoa jarri nahi genieke, horrela askatasunerako bideak batzutan, errazak izanagatik, batzurentzat zein zailak gertatzen diren ikus dezaten. Hona galdera: Helburura ailegatzeko, zein da biderik egokiena? Ea asmatzen duzuen!

Xabier Kintana


Zilarrezko krabelina

Euskaldunon zerbitzutan omen dauden entrepresa, denda, taberna eta gainerako guztiei euskaldun bezerook guttien guttienez eska dezaiekeguna da gure hizkuntza jakin eta erabiltzea.

Txalogarria deritzogu beraz, Banco Hispano Americanok euskaraz eta erdaraz argitartu berri duen informazio txostenari. Hau edozein bankuri eska diezaiokegun guttiena izanik, gure aurrezkiak minimun hau betetzen duten bankuetara zuzenduko bagenitu, seguru gaude hainbat banku berehala euskaldunduko litzaigukeela.