ANAITASUNA

IV URTEA — N. 37

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Martia-Aprilla (3-4) 1957


Orduoneko aldakuntzea

 San Jose egunean, barau eukaristikoaren gaiñean lege barri bat promulgatu dau Aita Santuak munduko katoliko guztientzat. Lege orren bitartez, oraindik aurrera erreztasun geiago daukogu kristiñauok komuniño santua artzeko.

Gaurko bizitzearen gorabeera garratzak, gizonen arteko obligazino astunak, munduko ekonomiaren metodu barriak, aldatu egin ditue aintxiñako ekanduak eta tradiziñoak. Oraingo gizonak, eguneroko lanbide gogorrak eraginda, «diem vepterunt in noctem» (eguna gau biurtu dabe).

Aita Santuak kristiñau guztien salvaziñoa gura dau. Orregaitik, teknizismoaren eta materialismoaren menpean jausi ez daitezan, barau eukaristikoaren gaiñeko lege barri onegaz gura izan dau kristiñau guztieri, batez-bere langilleeri komulgetako erreztasun geiago emon, orrelan graziazko bizitzea euren arimetan ugariago euki al daien, eta eguneroko tentaldiak gorabeera beti zintzo bizi daitezan.

Lege barri au emoteko, eskubide osoa dauko Aita Santuak. Barau eukaristikoaren gaiñean ez diño ezer Evangelioak. Barau ori dala ta eztala, ez eban Jesukristok ezer agindu gure artean bizi izan zanean; olako gauzak Apostoluen eta euren ondorengoen eskuetan itxi zituan.

Orregaitik, Eleizako lege batzuk aldatu leitekez, orretarako motivuren bat dagoanean. Beste batzuk barriz, aldatueziñak dira, Jaungoikoak berak emonikoak direalako. Divortzioa, esate baterako, ezin leike Aita Santuak ezelan-bere permitidu, matrimoniñoa Jaungoikoaren aginduz ausieziña da-ta.

Kristiñau erlegiñoko lege fundametaletan ez da posible kambiorik. Osterantzekoetan barriz, noizik noizera aldakuntzak izaten dira. Zelan kambietan dan kristiñauen bizimodua, alantxe aldatu oi dira Eleizako legeak. Orixe berori jazo da, oraintsurengo agertu dan barau eukaristikoaren gaiñeko lege barri onegaz.

Artu daigun ondo Erromatik jatorkun lege barri au. Barriztau daigun geuk-bere gure kristiñau bizitzea. Itxi daiguzan, onak izanarren, oitura zarrak, barriak obak badira. Kristiñau mundua aurrera doa. Oraingo katolikoak gitxi erixten deutse urtean beingo jaurnartzeari. Ogeigarren gizaldiko kristiñau jatorra izateko, sarriago komuniñoa artu bear da. Orixe da gaiñera, Aita Santuaren guraria, lege barri onetan argiro ikusten dana.

Berriatua


Portugalete'ko Ejerzizio-Etxea

Aita Goikoetxea nor dan esan bearrik ez daukot. Ezagunegia da Aita Goikoetxea Bizkaiko errietan, bere nortasunaren barri emon bear izateko. A zelako poz-ikara sentietan dogun oraintxe be, Aita Juan Jose eta bere anai zan Felipe arek gure pulpituetan eskukadaka zabalduriko gatza, esakerak eta santutasuna gogora erakarriaz! Zeanurrik seme ospetsu asko emon izan deutsoz Bizkaiari. Baña nik uste dot gure pulpitueri beintzat ez deutsozala Jesuita jator, santu bi onek baño andiagorik asko emon.

Aita Juan Jose Portugalete'ko Ejerzizio-Etxean bizi da orain. Osasun askorik ez daukonarren, erle fiñagorik ez dozue aurkituko lan-konturako. Nagusiak agindu-ta, oraintxe dago bere anai Felipe zanaren bizitza, bai erderaz eta bai euskeraz, argitara emoteko. Liburu atsegingarria izango auxe Aita Felipe ezagutu genduanontzat!

Baña Portugalete-ko Ejerzizio-Etxera joan nintzanean, beste asmo batzuk neroiazan nik. Etxe santu aren gora-berak jakin. Eta jakin be, errez jakin nebazan Aita Juan Jose'ri eskerrak.

Ejerzizio-Etxe au toki polit eta egoki agoan ezin leikean egon. Portugalele-tik Santurtzerantz trenean zoiazala, begiratu eskerraldera, eta antxe aurkituko dozu, tontortxu baten josita, Las Arenas, Neguri eta Algorta erri politeri arpegia emoten deutselarik. Parke eder batek inguratzen dau maitekiro, eta gogo-gauzak ausnartuaz pasietako berebiziko lekua da.

ANAITASUNA'rako zertxuok batu nebazanean be, Aita Goikoetxeagaz pasioan nebillen ni, itxas-aize garbi-epelak atsegiñez iruntsiten nebazala,

— Etxe onen elburu edo finalidadea, mesedez?

— Beste Ejerzizio-Etxe guztiena: Munduan zear dabiltzan gizonok, egun batsuetarako emen batu, eta, ixiltasunik baketsuenian, euren arimeagaz arduratu daitezan.

— Noiz idigi zenduen Etxe eder au?

— 1951'ko Urtarrillaren 5'an bedeinkatu gendun, eta arrezkero astero-astero jardun izan dogu lanean.

— Parkatu, baña enaz ondo konturatu. Zenbateko talde edo tandak artu zeinkiez aste bakotxeko?

— Berrogeita iru kuartu daukoz Etxeak. Bekotxarentzako kuartu baña Urregorririk agiri ezarren, kuartuak ondo orniduta dagoz: oe, ikas-mai, jesarleku bi, erropa-eskegiteko, ur-korriente, liburu ta guzti... Berrogeita iru kuartu argi eta garbi.

— Ez dira gitxi. Eta zaspi urte oneitan, zenbat ejerzizio-egille igaro izan dira, gitxi gorabera, Etxe onetatik?

— Atara kontu. Joan zan urtean, 1956'ean, berrogeita bederatzi talde izan genduzan. Eta beste urtietan be, or-emen. Talde orreitan igaro izan dira bai Abade-Frailleak, bai karrera-gizonak, bai fabrika-gizonak eta baita ikasleak be. Danak batuta, 1954'an: milla zaspireun eta ogeita bi. 1956'an: milla zortzireun eta irurogeita zaspi.

Eta Ejerzizioak ezeze, Erretiroak be emon izan dira, ugariak gañera. Ejerzizio-egille eta erretiro-egilleak batuten badozuz, aste bakotxeko berrogeita amarretik gorako taldea urtengo deutsu.

— Ez dozue lan makala egiten! Baña andrazkoakaitik ez deustazu ezer esan. Ez dozuez artuten ala?

— Ez. Gizonezkoak bakarrik artuten doguz. Emen barik be, andrak badaukie non Ejerzizioak egin: Las Arenas'ko Erreparadorietan; Bilbo'ko Zabalburu'ko Etxean; «Exclavas de Tivoli» deritxoenen Etxean (Bilbon au be), eta baita Begoñan be. Portugalete'ko Etxe au agertu zanean, Bizkaian gizonentzako Begoñan bakarrik egoan Etxea. Eta Etxe au gjzonezkoentzako jartzean, gure lenen-asmoetan ebiltzazanak Nervion aldeko obreruak ziran.

— Eta etorri, nondik etorri izan yatzuez geien gaur arte?

— Nervion aldetik bertotik, jakiña. Onekaz batera antzean karrera-gizon eta ikasleak. Vitori'tik be etorri izan da talde bat edo beste. Eta iru-lau Probintzietako ferroviarioak be euki izan doguz gugaz.

— Erderaz emongo zenduezan, ezta, tanda orreik?

— Bai, ia danak. Baña euskeraz be emoten dira urtean iru-lau, arrantzale eta baserritarrentzat.

— Poztuten naz. Eta uste dot ANAITASUNA'ren irakurle bat baño geiago be barri onek asko poztuko dauala. Zu, Aita Goikoetxea, larregi itaundutia ezpada...

— Esan, esan bildur barik!

— Iru-lau euskal talde artuten dozuezala esan deustazu len. Geiago artuko zeunkiez?

— Bai pozik be! Bizkai guztia artu nai gendukeguk emen.

— Nik uste dot ba etorriko yatzuezela itxas-erri eta baserrietatik pilloka. Zenbat gizon daukoguzan gaur Bizkaian euren arima eta etxietan benetako bake eta pozaren azia erein nai leukenak!...

— Orixe egingo dabe ba Portugaleten: Aita Diretoria lagun, txomiñ-bedarrak eta orretarikoak susterretik atara, eta, orren ordez, azi ona erein. Frutu onak emonaz, pozarren biziteko...

— Eta euskerazko liburuekaz zelan zabilze?

— Ez ain ondo be. Ejerzizio-liburu bat bakarrik dogu euskeraz: Aita Basabe'rena. Baña ale batzuk ezezik, salduta dago daña. Gañera, gatx egiten yake askori euskeraz irakurtea, ez dabelako txikitatik euskeraz irakurri. Gure gazte denporan ezan olakorik gertatuten. Orduan euskal liburu eta Asterokoak ugari ziran, eta erria oituta egoan irakurten.

— Gaur egin bear genduana?

— Ez dago esan bearrik: euskeraz geiago idatzi, eta geiago irakurri. Ejerzizioetarako, liburu bat be ondo bai ondo letorkigu. Kipuzkoeraz badago bat, Aita Jorge Aguirre, Jesuitiarena. Baña Bizkaian etxaku oraindiño Aita Aguirrerik sortu.

— Alantxe da. Baña, zorionez, gaur egun lan egin-nai ori berotuz doa, berotuz... Ejerzizioak egin naia lez. Ezta, Aita Goikoetxea?

— Ori nai dagiala Zaruak! Esan egiezu Bizkaiko arrantzale eta baserritarreri, euren arraiñ eta piñu-kontuak itxita, etorri daitezala bost-sei egunerako Portugalete'ra.

— Pozik diñautsiet ba!

— Eta, bada-ezpadan, ipiñi eiezu Etxe onen direziñoa be.

— Ona emen ipiñita: «Casa de Ejercicios. Avenida de José Antonio, 18, Portugalete (Vizcaya)». Besterik, Aita Goikoetxea?

— Gaurkoz, ez. Neure izenean agur egin egiezu ANAITASUNA'ren irakurle guztieri, eta... ona etorriko direanean ekingo dogula autu-mautu gozatsuan...

***

Agur ba, irakurleok, neure izenean be!

Zoriona nai dozue? Bakea nai dozue?

ERDUZE PORTUGALETE'KO EJERZIZIO-ETXERA!

Zuetza


Barau eukaristikoa

Oraindik aurrera, kristiñau guztiak obligaziñoa dauke, iru ordu komulgau baiño lenago alimentu solidurik eta alkoholezko edaririk ez artzeko, eta ordu bete lenago alkohol bako edaririk ez edateko: urak ez dau baraua austen.

Aurrerantzean, barau au gorde bear dabe, baita gauerdian naiz goizeko leñengo orduetan komulgetan direanak-bere.

Gaixoak, ogean egon ezarren, komulgau orduko, edozein momentutan artu leikeez alkohol bako edariak eta benetako medikamentuak, soliduak naiz likiduak.

Oraindik gora, ez dago zetan eskatu permisurik konfesoreari. Lege barri au kristiñau guztientzako da. Edozein persona trankil trankil komulga leiteke, goian esan dan lez baraua gordetan badau. Bardin deutso, eleizatik urrun edo urrean bizi bada, bear astunik egin badau edo ez.

Alan ta guzti-bere, gauza merituzkoa egingo dabe, devoziñoz edo sakrifiziozko espirituaz barau egiten dabenak, len egiten zan lez: au da, gabeko amabietatik gora, ura izan ezik, ezer jan edo edan barik egoten badira.


Gora euskera [Bertsoak]

Arantzazuko euskal batzarrean, Balendin Enbeita Jaunak egiñiko bertsoak.

l

Nire gorputza dar darka daukat

Eta biotza kantari.

Niretzat beintzat gaur Arantzazuk

Zeru txiki bat dirudi.

Bizkai, Gipuzko, Araba, Napar,

Zubero eta Lapurdi,

Gaur Arantzazun besarkaturik,

Berba amonaz alkarri,

Erabagia artuten dabe

Laguntzeko euskerari,

Arantzazuko Ama jarten dabela

Batzar onen zaindari.

Eskerrak emon bear deutseguz

Batzar au ein dabeneri.

Euren alde eskatu deiogun

Arantzazuko Amari.

II

Arantzazuko Ama irri barreka

Dago arantza gaiñetik,

Au batzar guztiz zoragarria

Arantzazun ikusirik.

Bere biotza gurekin dago,

Maitasun garrez beterik.

Euskera maite izan daigula

Ez dau agintzen besterik.

Gaur egunian maitasun ori

Ia dakusta galdurik.

Zer jazoten dan itandu, eta

Ez dago erantzupenik.

Danok eskuak garbitzen doguz,

Iñok ez dauko errurik:

Onexek dauka gure

Euskera Burua jaso eziñik.

III

Euskalerriko mendi ta zelai,

Uri eta baserriak,

Ibai, erreka, iturritxuak,

Lora ta lilitegiak:

Euskeriaren babes gozoan

Bizi zirian erriak,

Zaindurik bere oitura garbi

Eta egizko legiak,

Galdu gordian ikusten doguz

Bere edertasun guztiak.

Jazoera onen errudun gara

Euskaldun erdelzaliak.

IV

Euskalduna naz entzun nai dogu,

Eta gaiñera arrokeriz

Esaten dogu euskalduna naz

Izkuntzaz eta jatorriz.

Asko oi dira ospia edo

Aundi izateko egarriz,

Ama Euskera begi ta biotz

Negar malkozko iturriz.

Zapiok kendu ta jagi gaitezan

Euskeraren alde egiz,

Eta maitatu Ama Euskera

Egizko maitasun garbiz.

V

Ez dot esaten erdera bere

Biar dogula baztertu.

Erderia be beste izkuntzak lez

Bardin goratuten dogu.

Erderaz ondo ikasi, baiña

Euskeriagaz ez aztu.

Euskalerririk ez dagoalako,

Euskera galtzen badogu.

Besten gauzari bakian itxi,

Norberarena ondo zaindu.

Euskalerria ez da galduko,

Olan egiten badogu.

VI

Emakumia mundu guztian

Dabil modiai begira.

Nundi edo andi elduko jaku

Modia dagoan lekura;

Jantziko jaku naizta nabarmen

Izan modien jazkera.

Barre egin arren bere itxurari,

Bapere ez deutsa ardura.

Emakumetan sartuko balitz

Gure izkuntza modara,

Mundu guztiak egingo leuke

Aunditasunez euskera.

VII

Itxi daiguzan geure arteko

Eztabaidak ziero.

Alkar gaitezan euskaldun danok

Anaitasunez maitero.

Euskerak, galdu daben indarra

Zigur astiro astiro

Irabaziko, maitasun garbiz

Guztiok lan ein ezkero.

Ez da indarrik maitasunaren

Indarra menperatzeko;

Guk be euskera maite badogu,

Ez da sekula galduko.

Itxartu eta jagi gaitezan

Belutu baiño lenago.


Or, an, emen

Naste-borraste

- Inglaterrako Zerveza Saltzailleen Alkartasunak autortu dau, 1955'garren urtean mundu guztian edan dan garagardaoagaz, azalean ipiñi leitekezala 80 akorazadu. Ez da gauza makala; larogei akorazadu flotatzen garagardaozko itxasoan. Igazlenean, mundu guztian 346 milloi hektolitro edan zirean. Mundua mundu dan bitartean, gizonak beti edango dau, ardaoa dala naiz zervezea. Ori ezin leitekio galerazo. Baiña alan ta guztiz be, gizonak beti gorde bear leuke neurria. San Paulok auxe diñotso Timoteori: Edaizu ardao apur bat estomanguaren onerako eta zure gatxak arinduteko.

- Bimillagarren urtean Hispanoamerikak 500 milloi habitante eukiko ei ditu. Orain, bere populaziñoa 169 milloikoa da. Gizaldi onen azkenean barriz, Estadu Alkartuetakoa eta Canada'koa baiño bi bidar aundiagoa izango ei da. Hispanoamerikan analfabetismoa euneko irurogetazortziraiño (68%) eltzen da. Estadu Alkartuetan barriz, euneko bosteraiño (5%) bakarrik. Hispanoamerikak 100 000 habitanteko, 17 mediku daukoz, eta 5.000 kristiñau bakotxeko abade bat.

- Nortamerikan, euneko irurogetamabost (75%) familiak automovil bat dauke, eta euneko amarrek (10%) automovil bi. Ofizio espezial bako beargiñen artean euneko berrogetalau (44%), kotxe baten jabe dira. Azken amar urteotan, automovillen numerua beti gorantz joan da, 51 milloira eldu arte.

- Iparramerikako Estadu Alkartuetan, Gobernuko legeak libre ixten dabe divortzioa. Zazpi senar divortziaduk bakarrik (Tyrone Power, Winthrop Rockefeller, John Jacob Astor, Heinrich von Thissen, Reuben Fleet, Tommy Manville eta Billy Rose'k) 29 milloi dolar (1.450 milloi peseta) pagau bear izan ditue, euren bizi-alargunak alimentatzeko. New York'en oso ezaguna da Richard Wells jauna, divortzio gauzetan guztik jakituna. Beronen ustez, Estadu Alkartuetan 3 milloi senar divortziaduk ia 4 milla milloi dolar ordainduten deutsez urtean urtean euren aurreko ezkontzako andra-semeeri.

- Eisenhower presidenteak bere baietza emon dau Saint Louis'eko Universidadean «Biblioteka Pio XII» fundatzeko. Liburutegi orrek, Vatikano'ko bibliotekan gordetan direan manuskritu guztiak eukiko ditu: 600.000 mikrofilm gitxi gora-beera.

- Agata Christie, novelista ospetsua, Bagdad urian bizi da bere senarragaz. Arkeologoa da berau. Agatak auxe idatzi dau: «Andra guztientzako, senar onenak arkeologoak dira. Zenbat eta zarrago egiten direan emazteak, ainbat eta maitasun geiago daukotse euren senarrak».

- Cronin eskribitzailleak —«Las Llaves del Reino» idatzi ebanak, gero Gregory Peck egaz ziñera eroan zan novela ederraren egilleak— matrimonioaren gaiñean konferentzia bat emon eban bein emakume klub baten. Amaituta gero, andra batek pregunta au egin eutson:

— Zer deritxazu zuk jaiotzen kontrolari?

— Gauza ori entzuten dodan bakotxean —erantzun eutson Cronin'ek—, beti etorten jat burura nire gurasoen bostgarren umea naizala.

- Suezia'n, beargin batzuk, zentral hidrauliko bat egiten egozala, dinamita kargak ipinteko atx bat zulatuten asi zireanean, ainbeste txori abia aurkitu eben bertan. Gauza arrigarria! Langilleak lortu egin eben permisua, txoritxuak bakean ixteko, arik-eta kumeak egaz egin arte.


Euskal-irakaskintza

Azkenaldi onetari atsegiñez beterik ikusi doguz Bizkaiko erri batzuetan inguruko eleiztarrentzat multikopistaz illero egiten direan orritxoak. Or dagoz Etxebarriako «Gure Erria», Aulestia ta beste iru erriko «Zeutzat». Yurre-n be atera da beste bat. Ain zuzen be, erri bakotzak bere bizimodu berezia izaten dau, eta erritik kanpora joan bearrean aurkitzen direanak be, luzaro izaten dabe erriagaz lokarri bat. Eta orri oneik geiago ta geiago finkatu leikiez zorioneko artu-emonok eta erritarren nortasuna sendotu, eta influentzia zabalagotu.

Gaur egunean munduko aurrerakuntzak direala-ta, leen baiño askozaz be errezago da erri-espirituaren indarra erritarren artean zabaltzea, naiz-eta sakabanatuta egon, ze naikoa da multikopista bat lokarri ori geroago ta geiago sendotzeko.

Zorionik gartsuenak emon bear deutseguz lan eder ori asi daben abade beargin eta zintzoori, ze olan egiten da benetako lana Euskalerriaren bizitzaren alde, gaur egunean beintzat. Alegia, erritar bakotxaren nortasuna sendoa eta argia izan ezkero, naiz-eta bakotxak bere modu apartekoa izan, Euskalerri osoaren nortasuna izugarrizko neurrian sendotzen da; ta fedeak berak be kabi obea ta beroagoa eukiko leuke buru landuotan, zentzun obeagoko izanez gaiñera.

Leengo egunean atsegiñez beterik leidu dogu "Zeruko Argia"n, Nafarroako erri batean, Valkarlos-en, lan bera egiten dala, eta sekulako karta biotzetiko bat argitaratu dabe aldizkari orretan, Ameriketako Estadu Alkartuetan dagoen erritar batek bialdua. Ain zuzen be, erderazko ortografia baiño ezekiala emoten dau. Baiña alan da guztiz be, bere ortografia orretan izanda be, ustu zituen bere biotzak eragin eutsozan burutaziño guztiak. Ez ete da au eredu ederra?

Lan ori ezin beste iñok egin erriko abadeak edo erritarrak baiño. Jarraitu daigun, ba, bakotxak aal dogun neurrian ta aal dogun eremuan gure erle-lana.

Iztun


Gure erria

Bizilekua

 IZENA.—Euskaldunen jaioterria, Euskalerria da.

MUGAK.—Iparraldean Kaskoin-erria eta Bizkaiko Itxasoa, egoaldean Gaztela, eguzkialdean Aragoi, oestean Gaztela: orreexek dira Euskalerriaren oraingo mugak.

LURRALDEAK.—Ona emen Euskalerriko lurraldeak.

Naparroak 10.506 km2.

Arabak 3.044 »

Bizkaiak 2.197 »

Gipuzkoak 1.884 »

Benaparroak 1.500 »

Zuberoak 817 »

Lapurdik 777 »

Guztietara 20.725 »

AROA.—Gure errikoa baiño klima obarik ezin leiteke errez aurkitu munduan: neguan edur apur bat: udan bero gogortxua egun batzuetan; baiña udabarri ta udagoienean, egoaize zoragarri batzuk, txitean pitean euri zaparrada gozoakaz. Aro ona benetan.

 ITXAS-BAZTERRA.—Baionako barratik Bilbaoraiño doa euskal itxas-bazterra. Lur adar aundi bi daukoz: Iger eta Matxitxako; kolkoak eta ondartzak, asko.

MENDIAK.—Mendi lerro aundi bat igaroten da Euskalerri guztian zear, eta alderdi bitan banatuten dau lurralde osoa. Espaiñi-aldean, Mendi-Kantabrikoak deituten dira; Frantzi-aldean barriz, Mendi Pireneoak.

Ona emen zeintzuk direan tontor gorenak: Ahuñamendi (2.500 m) eta Orhi (2.016 m) Zuberoan; Ahadi, Irati, Andia eta Urbasa (1.530) Naparroan; Haia eta Larrune Lapurdin; Aitzgorri (1.544) eta Ernio Gipuzkoan; Gorbeia (1.538) Bizkaian; eta Elgea (1447) Araban.

IBAIAK.—Gorbeia mendi gaiñetik begiratuta, alde bitarantz doaz gure Erriko errekak: batzuk Bizkaiko Itxasorantz, besteak Ebro ibaierantz.

Araba ta Naparroako errekak Ebrorantz doaz (Zadorra, Arga, Ega ta Aragoi). Beste guztiak itxasora (Adur, Bidasoa, Urumea, Oria, Urola, Deba, Artibai, Mundaka eta Nerbion).

Gazteiz


Siñismen bizia!

ZARAUZ'ko kale nagosiaren zear ta sakristaua txilin-otsian aurretik joyala, Abade jaunak geixoen Gure Jauna eroyan.

Bat-batean, kalearen beste aldetik, neska-mutillez beteriko automobil aundi bat agertu zan.

Automobil jaubeak (urrintxu oraindiño) Abade jauna ikusi eta txilin-otsa entzun ebanian, gelditu eban burdia, jantsi zan lurrera eta abots sendo-sendoagaz agindu eban: Guztiok bera, eta belauniko!

Eta gazte talde guztia, ixil-ixillik jatsi zan automobilletik eta belaun biak lurrean ebazala egon zan Gure Jauna eleiz atadian ostendu arte...

— Bakotxa bere lekura! —entzun zan barriro automobil-ugazabearen didarra.

Eta neska-mutillak, algara artean, euren bidean joan zirean...

***

Itxas-aldetik biurtzen ikusi neban adiskideari itandu neutsan:

— Goizean-goizetik, zer darabilk, Joxe Mari?

— Ara, erantzun eustan: Eguna argitu orduko kayan «molla»-ganian izan nok. Gero... axe bai egun-sentiaren ederra! Eguzki aurretik erdi illunpean, odei gorri-orlegi polit-politak agertu dozak.

Ikuste eder-zoragarria! Sortaldera begira, zer esan etxakiala luzaroan geratu nok, eta ba-dakik zer egin yoadan?: Burua makurtu, biotza gorantz jaso, eta geldiro-geldiro, itz guztiak ausnartuz, AITA GURE bat errezau... Jaungoikuaren almen eta anditasuna goratzeko etxoat beste bide obarik aurkitu!

Eta jazoeratxo biok irakurriaz nik auxe diñot:

«EUSKELDUN FEDEDUN», oindiño bere.

BELU