ANAITASUNA

1978.EKO APIRILAREN 1EKOA

360 ZENBAKIA

50 PTA


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 1.000 pezeta

Latin Amerikarako 1.150 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 1.300 pezeta

Ale bakoitza: 50 pezeta


[AZALA]

BURJABETASUNA

GOGORA BEZATE?


AURKIBIDEA

3. Editorialea

4-5. Euskal estrategia bereziaren etsai boteretsuak

6-7. Kooperatibak Iparraldean

8-9. Iparraldeko hauteskundeak

10-15. Preso sozialak

16-17. Madriletik

18-19. Frantzia: Ezkerraren porrota

20. Doña Prudentzia

21-23. Gunter Brettschneider-ekin hizketan

24-25. Eliza eta irakaskuntza Euskal Herrian (II)

26-27. Eskolaurrea

28-29. "Euskal Herria" hiru liburutan

30. Musika

31. Sukalderako saltsak

32. Posta

34. Gurutzegrama

Leg. Gor.: BI-1753-1967


Editorialea

Aberri Egunaren ondoren

Urtero bezala, Euskal Herriak bere eguna, Aberri Eguna, hospatu du zuzenki eta legalitate hauskor honen barnean. Sekulako manifestazioak ikusi ahal ukan ditugu Iruinean, Gasteizen,Donostian eta Bilbon. Numeruetan denetarikoak eman dira. Batzuren ustez Euskal Herri osoko manifestariek 300.000 ziren bitartean, beste batzuk 5.00.000 baino gorago daramate kalkulua. Hegoaldeko Aberri Eguna izan dela esan genezake, zeren, Ipar Euskal Herrian, haien kontura abandonaturik hospatu behar ukan baitute Larhun mendiko muga gainean.

Abertzaletasunaren eguna izan dugu aurtengoa, talde eta kontsigna abertzaleek erakutsi duten indarrarengatik. Estatalisten presentzia, gogo edo ahalmen faltaz, makal agertu zaigu manifestazioetan. Hauteskundeetan hain indartsu gertatu ziren batzuren iraganaldiak, ez zuen Bilboko manifestazioan bi minutu baino gehiago iraun. Non dago,bada,alderdi horretako buruzagiak hainbestetan deklaratu diguten abertzaletasuna?

Euskal Herriaren askatasuna "independentzia" hitzarekin identifikaturik sentitzen dugunok gero eta gehiago izateak eta ETAren aldeko kontsignen arrakastak, Madrileko prentsa eta politikarien eskandalizatzea sortarazi du. Espainiako hiriburuko egunkariak, 'El Pais' eta "Diario 16" aurrerakoiak barne direla, horregatik eta manifestazioetan bandera espainolaren faltagatik (!!!) harriturik eta kexati agertu dira. Beti bezala, Madriletik ez dute edo ezin dute ezer ikusi eta konprenitu nahi.

Lemoizeko zentraleak jarri lehergailuaren ondorioz, zoritxarrez bi langile hila gertatu dira. Iberduerok ezin ukanen du oraingoz zentrala martxan jartzeko uranioa sartu eta obren bukaera nabariki luzatuko da. Ekintza honen kausaz herriak epe berri bat izango du, askoz heriotze gehiagoren kausa izanen litzatekeen zentral nuklearraren kontrako burrukak eta mobilizazioak aurrera eraman eta,obren behin betiko geldiaraztea lortzeko.

Aberri Eguna, euskara eta euskal kulturaren eguna ere ba da. Eta euskal prentsa, hots, euskarazko prentsaren zoko honetatik, ezin gaitezke geure egoeraz baikor izan. Ekonomi kinka larriak beharturik, ANAITASUNA berandu eta paper eskasagoz iritsiko da irakurlearen eskuetara. Euskal Kontseilu Nagusiari laguntza eskatu diogu. Noizbait, agian, sasoi hobeak etorriko dira euskal prentsarentzat. Horien zain gauden bitartean, bizirik irauteaz konformatu beharko dugu.


Euskal Herrian

Euskal estrategia bereziaren etsai boteretsuak

Espainian faxismotik burjes demokraziaranzko iraganaldian aurkitzen gara. Burjes Demokrazia, ordea, ez da benetako demokrazia, burjes demokrazian kapitala baita nagusi. Beharbada, burjeseriak monopolist oligarkiaren gaindikako aurrera pausoa emanen du, baina betiere, burjeseriak menderatua aurkituko da Herria. Gure gizartean ere, mendebalde osoan bezala, zoritxarrez, klase desberdinak daude (mende-menpeko), eta Estatua klase baten euskarri eta zerbitzu erakunde denez, eta burjeseriak menderatuz edo egitura kapitalistak, Estatu burjesa da nagusi, Herriaren gehiengoaren eta Herri zanpatuen bizkarretik.

Alderantziz, benetako demokrazia, herri demokrazia litzateke. Gizartearen gehiengoa langileria izaki, langileriak zuzendu behar du gizarte osoa, ekonomia, kultura, politika, komunikabide eta erakunde oro, kapitalista erdirakoi batzu ez ezik langileriaren eta Herri zanpatuen zerbitzuko Estatu Sozialista batez lor baitaiteke Herri Demokrazia edo Sozialismoa deritzona. Klaseekiko Estatuari gagozkiolarik, axaletik bederen, Proletaritzaren Diktadura eta Burjeseriaren Diktadura uki ditzagun.

Proletaritzaren Diktadura jakinekoa denez, Estatu burjesa deuseztatu eta Komunismoa burutu ahal izateko langileriak (gehiengoak) muntatzen duen Estatua Orain ez dugu alderdi zuzentzaileak ala proletalgo autoorganizatuak eta zein neurritan eratu behar luketen sozialismoa hemen sakontzeko betarik. Burjes demokrazia, ordea, oso itxura politez agertzen da, hau da, Europa kutsuko "Demokrazia formala", e.a. edo demokrazia omen, besterik gabe. Burjes Demokrazia burjeseriaren diktadura besterik ez baita jatorriz. Klase bat defendatzen du (gutxiengoa) Estatu bezala, eta Diktadura da, ez baita zilegitasunean edo herri gehiengoan oinharritzen indarrez (armada bidez) eta gutxiengoaren interesen alde baizik. Beraz, ez gaitezen engainia, Europa edo Mendebalde kutsuko sasidemokraziarekin. Adibidez, A.P. eta U.C.D. demokratak omen, baina bai finantzabideak, bai armada, bai Estatua eta bai erakunde oro beren kontrolpean eta beren zerbitzuan taiutuz.

Beste arazoa, Sozialismoa nola eraiki taktika-estrategia desberdinetan datza Europar sozialistak eta eurokomunistak gizarte egituraren aldaketa edo transformazio bidez baliatzen dira, eta erreformismo horren jarraiki Espainian (eta Euskal Herrian) lehenik burjes demokrazia errotu behar omen da. Ez dakit Europarako edo Espainiarako bide izanen den.baina Euskal Herrian aurkitzen diren baldintza objektiboak, Herriaren autoorganizaketa sendoa, herri mugimendu eta borroka harmatuaren historia berezia azterturik,Euskal Herriak ba du irtenbide berezi eta orokorrago bat, Herri autoorganizaketa eta KAS-eko erakundeen estrategiari jarraituz. Halegia, nazional-klase askatasuna bat-batean.

Euskal Herriko herri mobilizapenek garaipen handiak lortu dizkigute (amnistia, e.a.) baina burjes (eta sozial) inperialismotik eta abertzale den burjeseriatik (PNV) askatasun osoa lortzeko, ez dira nahikoak herri mobilizapenak, herri borrokari borroka harmatuak lagundu beharko dio orainarte bezala Euskal Herria burujabe eta sozialista bihur dadin arte.

Euskal Herrian diharduten ezker estatalista erreformistak (PSOE, PC, e.a.) eta ezker estatalista iraultzaileak (MC, ORT, OIC, e.a.), ordea, ez dituzte aitortzen edo ez dituzte onhartu nahi Euskal Herriko baldintza objektibo hauk, baldintza objektibo hauk baikor aitortzea, beren estatalist estrategia lekutik kanpo aitortzea bailitzateke. Hortik ETAri demokraziaren eta herri mugimenduaren izenean deklaratu dioten atergabeko guda zorrotza. Euskal Herrian arrotz edo etorkin taldean finkaturiko alderdiek bakarrik aipa ditzakete holako gauza. Guztiok baitakigu, diktadurapea ETAren kolpeei esker sortu ziren herri mugimenduak eta kontzientziatu Herria. Geroztik, garbi dago ETAren jarrera herri mugimenduaren eta euskal langileriaren osagarri eta zerbitzubidea jarri dela. Gaurregun, oraindik orain ez baitago oinharrizko eskubiderik lortzeko garantiarik, ez askatasun aldetik, ez euskal autonomia aldetik. Horra hor lekuko konstituziorako borradorearen dezentralizapen hutsa,indar errepresiboak organizagotzen, LAIA eta HASI legetik kanpo, e. a. Hortik oraindikako sasidemokrazia, eta herri mugimenduaren muga diskriminagarriak eta ETAren kolpe egoki batzuren premia, sasidemokraziaren kontraesanak garbitu eta Herri demokraziaranzko bidea sendo dadin.

Beraz, ez da harritzekoa euskal estrategia berezi horri etsai boteretsuak gaineratzea, C. G. Vascongadoren eskutik ere estatatilist eta erreformist taktika-estrategiak inposatu beharrez. Ezker abertzaleok nazionalista bezala salhatzen gaituzte, beren estrategia guztiz erdirakoi eta nazional espainolista dela ohartzeke, Adibidez, xelebreak eta adierazgarriak gertatu dira azkeneko bolada honetan herriko borroka harmatuaren aurka (P C, P S O E, D C V, e. a.) muntaturiko maliobrak eta Herriak garrasika eskatu ondorengo Lemoizko kolpea (bi langile hilez) eta alderdi horiek beren sindikatu semeekin batera hilketak, ETAren gutxietsi eta zanpaketarako, esplotatu eta baliatu bide dituztelarik. Beren komunikatuetan ere ezin dute barneamorru eta ezinikusia disimulatu beren politikalekua inposatu beharrez.

Dena dela, delako burjes demokraziatik iragan behar badu ere, burjes demokrazia gorabehera, geure helburuak ez ditugu ukatuko, geure lorpen eta estrategia bereziak ukatuko ez ditugu bezala.

Alex


Euskal Herrian

Kukuak oker joko ote gaitu berriro

Euskaldunok askotan burruntzalia sartu ere, ez da horregatik mozkinik asko atera.

Euskal politika eternala bide zaharretatik erroz ba doala esateko ez du inork ukatuko. Gu izan gara Espainiako historian herri pragmatiko bat. "El realismo emprendedor del Pueblo Vasco" eta abarrezko bitxitasun asko ikasirik geunden gure belaunaldikoak orduko eskola ofizialetan. Ba liteke, gainerako irakaspen asko gisan berori ere faltsua gerta zedila.

Lehen eta orain euskaldunoi askok egin dio barre. Bergara eta Lizarra dugu kasu esaterako. Bietan galtzaile. Bietan gure herria bere nortasunaren gogo eta bizitza zenbait galduz. Gero gerokoak.

Azkenean ere gerorik gabe gelditzeak ez digu jadanik kezka handirik ekarri, horretarako, oraingoa gozatu eta bizi behar baita. Euskaldunontzat egunotan ez dago Espainian bizitzerik. Euskal Herriaren nortasunari minbizia sartu baitiote aspaldian.

Bitxitasuna eta barregarrikeria zer den eta ez den jakiteko, galda ezaiezue Euskal Kontseilu Jeneralekoei. Eskale hipotekatu baten modura, zenbait kredito eskatzen ari da gizagaixoa. 12.000.000 pztako kantitate izugarri, neurgaitz, amaigabea. Lemonizeko lanetarako, Lemoniz ez diren anitz gauzatarako ere, inbertsio berdin samarrak izan dira, agian.

Antza denez, pragmatismotasuna eskalearen kualitate nagusia da. ...Aberri-Egunaren ondorioak, jakina.

Beroni buruz ez da oraindik dena esan. Esatekoak prestatzen ari dira Madrilen. Bitarte honetan, lerro hauk amaitu baino lehen, seguru gaudeke gure burruntzaliarekin batera beraien hankak ere sartuko dituztela porrusalda berean eta noski, euskal politika eternalak agintzen duenez erre egingo dira, zipristinak gu ere kiskaliz. Kontraekintzak badatoz. Kukuak oker joko ote gaitu berriro?

El dia de la patria vascak Erdal filologiari aurreratze asko egin dio, euskal textuari hitz bat gehituz.Aberri Eguna, euskal-aberri-eguna bilakatu zaie betikoei.

Hemendik aurrera —lehen ere— bi herri, bi patria, bi aberri, bi indar harmatu, bi hizkuntza, bi klase eta zazpi euskal herri izan eta omen dugu.

Independentzia dela eta ez dela Espainiako intelijentziak urratu du oraindik urratzeko kontserbatzen duen guztiaren apur bat. Gogortu du itxura. Zenbait militar oso inportantek urduritasunak erakutsi dizkigu. Patriaren batasuna sakratua baita. Bai Jaunok!...

Hala esaten zuen Sabinok, hala PNVko jendeak eta PNVkoak ez direnak lehengo eguneko Aberri-egunaren manifestaldian IN-DE-PEN-DEN-TZIA poliki oihukatuz.

Oso gauza jakina da erresuma honetan betiko patriotek abertzaleak sorterazten dituen bitartean, pragmatismotasunak bere aldetik eskaleak sortzen dituela. Termino mediorik balego?... neurrietan tranpa egingo litzaiguke seguru!

Nahiz eta "Euzko Gudariak gara" erritualan sartu ez dugu horregatikan memoria txarrik lortu.

Gu ez gara espainolak, frantsesak ez garen bezalaxe. Biak izateko hitzen esanahi faltsua deuseztatu behar da. Posible izango ote da? Madrilek eta guk dugu erantzuna. Guretzako "Gora Euzkadi Askatua" betiko zentzu berbera eduki du.

Sir Jauna


Euskal Herrian

Kooperatibak Iparraldean askatasun politikorako

Kooperatibak izanen ahal ditugu Garazi-Baigorriko kantonamenduetan? Oraindik inork ezin esan baiezkorik ez eta ezezkorik. Dena dela, mugimendu bat eta tendentzia ttipi bat ba dagoela hauei buruz ez dezake inork uka. Hain zuzen, Martxoaren 12an, larunbatkari izan ditugu kooperatibatzaile ezagunak Baigorriko Herrian. Hor genituen Ramuntxo Camblon COPELEC kooperatiba presentatu diguna, Telletxea eta Alfaro TELECOP kooperatiba azaldu digutenak, ELGARREN Baigorriko zuregileen kooperatiba. Beraz, kooperatiba askoren testiguak mintzatu zaizkigu. Bat edo bestek aitortu dit zergatik asmatu diguten elkarrizketa eta kaberatze hau. Batipat, kantonamenduko gazteen arrengurari erantzun bat bezala nahi zuen izan elkartze honek. Halabaina, badakigu nola 223 gaztek egin duten protestazio bat bertako langabeziaz. Beraz, parada handia zuten kooperatibatzaile hauekin hitzegiteko. Damurik, ez zegoen hor 223 gazterik, zeuden bakarrik, hauetarik 10 edo 15, 20 goien goienaz. Non zeuden beraz gainerako 195ak? Bai, horretan dago zerbait joan ez denik, zerbait logika guztietatik kanpo denik. Zerbait ulertzen ez duguna baina aztertu nahi genukeena.

223 gazteen mozionearen segida. Zer izanen da?

Lehen urratsa izan zen, 223 gazteek mozione bat azpimarkatzea eta prefetari bidaltzea. Geroztik Jaun prefetak erantzun die eta eskatu elkarrizketa batetarako prest zegoela 4 edo 5 izendatuekin edo mandatatuekin, haren bulegoan. Gazteen erantzuna ez da izan eza, baina izan da prefetari eskatzea berau etor zedin Baigorrira, Baigorriko gazteekin hitzegin nahi baldin bazuen. Oraindik, erantzunik gabe daude gazteak. Hona zertan eta zer heinetan dagoen arazoa. Oso gelditua. Eta bakoitza bere estrategian gogor. Ba ahal dago arazoaren aurreratzeko esperantzarik? Ez dugu uste. Nire ustez konpromezu batetara heldu beharko. Baina, nahi ahal dute Baigorri eta kantonamenduko gazteek elkarrizketarik? Ez dugu uste ere, ezen elkarrizketaren desilusio batean zehar baitabiltza. Egia esan, hau da, elkarrizketa faltsuen desilusioa eta demokrazia faltsuaren desilusioa. Gauzak grabeak, oso grabeak, baina ere gezurrezko hitzen entzun eznahia, gezurrezko boterearen jasan eznahia, benetako kolonialismoaren eta agintarien borrokatu nahia. Hots, jarrera honek oso sustrai barnetikakoak ditu. Erro sakonak dituen jarrera benetan. Bistan d, honelako postura ez dugu gauza apartatu bezala ikusi behar baina baizik kontextu orokor baten barnean: Nekazarien borroka, lurren ebastea, turismoaren inbasioa, ekonomiaren zuloratzea. Hauek denek kontextu soziala egiten digute eta honetatik sortzen (Batzurentzat bederen) euskal abertzaletasuna. Beraz, ezin berezizko ezkontzak dira soziala eta aberria. Egia da, batzuk ezkontza hau hausten digutela eta orduan dira internazionalistak. Dena dela, aldi honetan berriro, hitza eta elea kantonamenduko gazteei zegokielarik, non zeuden gazte horik? Eta orain zer segida emanen dute kooperatibetaz egin den mintzaldi honi? Ba al dago kantonamendu guztian, bost edo hamar gazte prest daudenak kooperatiba baten eraikitzeko? Hona galdera zenbait, bilkura horrek sortu dizkigun galderak berak.

Nire agiantzarik handiena da konkretuki eta ekintzetan erantzun benetako bat agertuko zaigula. Errespontsabilitate guztia gazteen eskutan dagoelako orain nabari izanen da, ea errespontsabilitatearen bidea aukeratzen duten edo ihesbide errexari emanen duten. Erantzuna gazteei doa, guztiak erantzun horren zai gaude. Autogestioaren proposamendua dute, esan nahi dut, bakoitzak bere esku bere geroaren egitekoarena. Errespontsabilitate oso batek eta batipat heldutasun benetakoak eskatzen digu honelako jarrera autogestioarena. Baina iritsia ahal dugu autogestioaren ordua? Gazte hauk berauk, autogestioaren orduan ahal daude? Datorren egunetan ukanen dugu argitasun guztiaren ordua, ez gezurrarena, egiarena baizik: gazte hauen heldutasunarena, gazte hauen egiarena. Berauek gezurreztatuko edo baieztatuko dute beren jarrera. Hau da errealitatearen lege hotza eta hau izanen da gurea.

Zer esan da kooperatibetaz

Ezin daitezke esandako guztiak hemen ezar. Horregatik bilduma ahal bezain argi batean emanen ditut pondu nagusienak.

1- Lanaren sortzea: lau edo bost aldiz Ramuntxo Camblonek esan eta berresan digu kooperatibaren helburua: lanaren sortzea. Baina lanbideak ez dira borondaterik gabe sortzen diren gauzak. Horretarako, multzo batek izan behar du eta multzo horrek borondate kolektibo bat agertu lan batetarako, kreazio erreal batetarako: batipat, kooperatibaren eginahal sakona izan behar da. Hau da lehen baldintza, benetan baitezpadakoa. Lehen baldintza hau osatu behar da bigarren konbikzio batek edo oinharrizko fede batek: herrian bizi-nahiak, Euskal Herrian lanegin nahiak. Eta hemen agertzen zaigu bigarren motibazio bat, politikoa hain zuzen: euskaldunak gara, Euskal Herrian lanegin nahi dugu, herrian bizi, herrian hil. Ez dago beste biderik, hau da askatasun ekonomikorako bide bakarra. Oso puntu garrantzi handikoa ezen, ba dakigu askatasun ekonomikoak permetituko digula askatasun politikoa. Beraz, bigarren baldintza (Jesus hegoaldeko errefugiatu izanak agertu diguna)... askatasun ekonomikoa EGIN askatasun politikorako.

Honetatik landa hitzegin digu Iturribide jaunak 'Partzuerrekoak'. Kooperatibatzaile honek oso ondo kunplitu du Jesus adixkidearen puntu nagusia. Hain zuzen, Iturbide Jaunak agertu du asistentzia ekonomikoa eta asistentziazko mentalitatea hautsi behar direla. Eta hautsi behar dira askatasun ekonomikoaren bidez, batipat, kooperatiben bidez. Ikusten da beraz ekonomiaren eragin handia, honen politiko boterea eta indarra.Hiru puntu nagusi, hiru puntu zein sakonagoak: Borondate kolektiboa, herrian lanegin nahi edo nazional motibazioa, askatasun ekonomikoa, mentalitate guztiaren eraberritzeko eta nazional askatasunerako.

Dependentziak hautsi independentziaren egiteko

Lerro hauk idazten ditudan orduan frantses hauteskundeen lehenaldia iragan da. Eta zer nabartzen zaigu? Iturbide Jaunak esaten zigun gauza hori bera: Asistentziazko mentalitatearen sakontasuna eta barnatasun izugarria. Jende lehertuak, nekazari ttipiak Intxauspe bozkatu du. Zergatik? Batipat, hau delakotz ekonomi boterearen giltza. Horregatik ez dago askatasun politikorik, jende ttipiak ez du askatasun politikorik. Nork ere ematen baitu ekonomi laguntza eta hark izanen du boza, harentzat politika indarrak. Ezin dezakegu beraz harria bota jende ttipiari, bere interesaren logika delako, bere "interes ekonomikoaren" alde bozkatu duelako. Baizik, dezakegu harria bota dependentzia ekonomikoari eta dependentzia horren azkartzaileei (Intxauspe, B. Marie, Labeguerie, Lecanuet, Barre, Chirac, etab.). Bururatzeko esan dezakegu dependentzia ekonomikoa handiago eta askatasun politikoa ttipiago, euskal aberriaren afirmazioa atzeratuago. Bozaren askatasuna izanen da ekonomi askatasuna izanen denean. Dei hau egiten dugu hegoaldeko industriatzaileei eta iparraldeko gazteei: EGIN DEZAGUN BERAZ ASKATASUN EKONOMIKOA ETA EGINEN DUGU ASKATASUN POLITIKOA.

M.L. UHAITZE


Euskal Herrian

Hauteskundeetan: eskuinarekin laminen kondairan zehar

Arbasoen kondairan eta ipuin zaharretan agertzen zaizkigu laminak. Hauk ziren gizon ttipi batzu, suzilotik beheti eta gauez gau ibiltzen zirenak. Erdaraz "lutin" izena hartzen digute. Baina ez dut uste lamin guziak hil direnik edo aurreramenduak estali, aldatu baizik ez dira. Eta gaur, hain zuzen, izendatzen zaizkigu: Inchauspe, Duboscq, Chirac, Giscard eta Paris. Hona gure lamin onegile eta saindu paregabeak, Euskal jende xehearen salbatzaile ezin ukatuak. Zergatik esaten dizudan arrazoi hau orain bertan ulertuko didazu eta horregatik goaz eskuinaren bideen aztertzera.

Demagogia baten ilusioa eta estrategia

Amets batetik amets batera gabiltza eta gaurkoak ere bere izena daduka: "Contract de Pays" edo herrien, herrialdeen arteko kontratua. Zer da Herriarteko kontratu famatu hau? Mamiari dagokionez, DIRUA. Asko diru, 450 milioi libera zahar Baigorri-Garaziko kantonamenduarentzat. Berdin egin da Zuberoarentzat. Asko diru dela esaten dugu, ezen jende zapalduaren diru xuhurtziari gonbaratuz asko delako. Baina ezer ez dela hori, Iparraldearen ekonomia ezari begiratuz, hori ere egia. Hogei urte hauetan 100etarik % 25 euskaldunez hustu zaigu mendialdea. Esan nahi baitu ehunka eta milaka kanporatu direla Ipartarrak. Batipat, Hego eta Ipar Ameriketara. Horregatik gaur milioiak dira atzerrietan. Hau denau, fenomeno larria dugu ezen nork dezake estima eta istudia zenbat haurren eta gazteen posibilitatea galdurik dagoen Euskadirentzat. Zenbat estatu atzerriko gizendu ahal ditu Euskaldun Arbolak? Eta oraino larriago dena, gure odol bizia, gure dinamika bera dugu galdu. Ez gaitezen harri beraz, gaur eskuinekoak baldin bagara populuan. Hau, populuaren zahartzeak dakarkigun logika zuzena baizik ez dago. Nork uka mugimendu izigarri honek, xurgatze eta huste deitoragarri honek hil zorian ezarri gaituela. Eta orain bertan jazartzen ez direnengatik, eta gure herria saldu dutenengatik gara egoera horretan. Zenbat urtez oraino jasan dezakegu horrelakorik? Nire ustez, ez dezakegula horrela segi beste 10 urtez gehiago argi dago.

Eskuinaren politika zer izan da

Nortzu ditugu euskal eskuinekoak edo hobekiago esateko frantses eskuinekoak? Burjeseria dugu. Burjeseria hori ez da gaur jaioa baina da aspaldikoa. Hain zuzen, mendialdean batipat, gure aitek ezagutu dituzten burjesen semeak ditugu gaur botere politikoaren jabeak. Dirua maite dutenak eta boterearentzat bizi direnak dira. Halabaina, betiko esana da, diruak sortzen duela boterea. Beraz, eskuinaren lehen garaipen sakona izan da: politika boterearen ez galtzea. Honen bigarren estrategia izan da Paris benedikatzea eta Parisi euskaldunen saltzea, gerretarako eta lanerako. Hain zuzen, langileak behar direnean, euskaldunak hor dira eta hor dabiltza emigrante baten antzeko. Portugesen edo Iparrafrikakoen irudira. Hona burjeseriaren politika higuina, hogei urtez eta gehiagoz praktikan eman digutena.

Horik denok orain artekoak baldin baditugu, gaur hauteskundekari erabaki digute 450 milioi irriegingarri hori. Zer uste ahal dute, hondamendiko ekonomia triste hau, horrekin arrapiztea? Denek ikus dezakete ezin daitekeela, diru hori ala deus, berdin dela. Beraz argi dago laguntza hauk denok, beste arrazoirik ba digutela. Hauteskundeena batipat! Baina benetan damugarri zaiguna, sakonago doa: diru horren bitartez Inchauspé jaunak mobilizazio haundi bat egin eta egiten duela. Hauteskundeak horrela apailatzen dizkigu Inchauspek. Nekazari, komertziolari, ofiziale ttipi, ostalari, irakasle, zahar eta gazte biltzarrez biltzar dabiltza. Kontsultazio demokratikoaren arrazoi faltsua eman digu. Ba dakigu ilusio bat baizik ez dela eta ezin uka diru horren inguruan, eta horren bitartez elkartasun mitozkoa oinharritu digula. Hain zuzen, antagonismo guztiak biltzarreetan dabiltza, adibidez, turismoaren aldekoa eta kontrakoa, nekazarien aldekoa eta kontrakoa etab. Nabari da beraz, azken orduan Inchauspek bere klase kategoriarentzat erabakiko duela. Pronostiko errealistena dela uste dut: nekazariak izorratuak eta bere aldekoak Inchauspetiarrak faboratuak. Dena dela, abilki ari zaigula Inchauspé eskuindiarra, ezin da ukatu. Hots, gose dagoen ardiari soroa eskaintzen bazaio, janariari buruz bide eginen du. Erdaraz esaten digute, hori dela "la politique de la carotte" edo zainhoriaren politika. Ez ahal du besterik obratu bere politikari bizi guzian? Politika honek ba digula beste helbururik ere argi eta garbi dakusagu: jendeak konturatu behar duela besterengandik, Inchauspéren eta Parisengandik erdiesten duela bere salbamendua, seguritatea, esperantza bera. Mobilizazioa bai, baina desmobilizaziorako! Hain zuzen, Inchauspek inork baino hobekiago daki zenbat den arriskugarri populuak pentsa dezan, BERAK BERE GEROA egin behar duela. Horregatik, oroiterazi behar zaio Paris dugula AITA. Hots, beti berdina dugu eskuinaren estrategia: irrespontsabilitatearena. Egia da benetan, laminak kaltegarriak eta okerrezkoak direla BETI. Noiz erreko ditugu?

M. L. UHAITZE


Preso sozialak: 40.000 marginatu

Duela guttirarte, ez ziren asko preso sozialen problematikaz arduratzen zirenak. Gehienok haien esistentziaren berri edukitzera iristen ginen ozta ozta. Politikoen arazoa bestelakoa zen. Inork ez zeritzon bidezko, herri interesen alde burrukatzearren, pertsona bat espetxeratzeari. "Komunen" arazoa desberdina zen eta Amnistia Osoa aldarrikatzean ez ginen sozialetaz oroitu. Ez zigun kezka handirik sortzen jende modu hau hantxe sarturik segitzeak. Horik zerbait txarrik egitearren egoten baitira beti.

Preso sozialak

Hamar mila baino gehiago dirateke, gaur egun Estatuko gartzeletan dauden preso sozialak. Hala ere, presondegietako ohizko populazioa, hots, sartu irtenka ari direnak, askoz gehiago dira, berrogei milatik gora.

Arazoaren esplikapen klasikoaren arauera presoaren berezko gaiztakeria da delinkuentziaren kausa nagusia. Gaizkileak izanik, justuak diren lege batzu hausten dituzte eta bidezko da, beraz, gizartea defendatu ahal izateko, berauk gartzelaratzea.

Baina preso sozialen jatorriari begiratuz, zenbait datu interesgarri aurkitzen ditugu. Euskal Herrian % larogei emigranteak edo hauen semeak dira. % 50 koalifikatu gabeko langileen semeak ditugu.% 82 baino gehiago, hiri handien hauzategi pobre eta industriatsuetakoak dira. % 30 beren familietan problema latzak izanikoak dira, guraso bat falta zutelako, hauk banaturik bizi zitzaizkielako edo ezkongabeko amen semeak direlako. Aski argiro ikus liteke, beraz, preso sozialak sozialki zapalduen dauden sektoreetatik sortzen direla batez ere.

Delinkuentziaren kausa nagusiak ez dira, bada moralaren arloan bilatu behar, erakutsi ohi diguten bezala. Sistemak sorturiko lunpena, miseria eta langabeziari loturik agertzen zaigu gehienetan deliktu soziala.

Gartzeletan daudenen % 90 erreformategietatik osatutakoak dira. Hauexek dira gizarteak prestatu dituen delinkuentzi eskolak. Norbait erreformategira edo gartzelara sartzean, sistemak zirkulo hitxi batetara bultzatu egiten du berau, eta ezinezko gertatuko zaio gehienetan hortik ateratzea. Erreformategiak gartzelara baitarama eta gartzelak gartzelara.

Deliktuak

Estatuko Zigor Arautegian, desproportzio izugarria dago deliktu eta beronen zigorraren artean. Bospasei mila pztatako. ohosketa batengatik, sei urtetararteko kondenak eman ditzake epaikariak, eta ohosketak bat baino gehiago izanik, hamazortzi urtetararte hel daiteke epaia. Eta pentsa dezagun presoen % 80 jabego pribatuaren kontrako deliktu ttiki hauengatik gartzelaratuak izan direla.

Bitartean, dibisen kanporatzaileak, lurren espekulatzaileak, herri interes guztien aurka Lemoizeko Zentrala eraikitzen ari direnak, miseriazko soldatak ordaintzen dituztenak, MATESAkoak, REACEkoak eta beste halako gizon dirudun eta trebe asko lasai eta librerik bizi daitezke, beren "negozioetara" dedikaturik, hauexek ez baitira inondik ere delikuentetzat kontsideratuak izanen. Kasurik txarrenean dorpeenei gerta dakieke diru zigorren bat ordaindu beharra, baina honek ez die buruhauste handirik sortuko, ongi baitakite noren izerditik errekuperatuko duten.

Barneraturik daudenen beste zati eder bat, "Arriskutasun Sozialaren Legearen" biktimak ditugu. Lege honek, beste gauza askoren artean, nork bere sexualitatea libreki erabiltzeko eskubidea ukatzen du, prostituzioa, abortua, homosexualitatea, drogen erabilera, alcoholismoa eta gizartearentzat "arriskugarriak" diren portaerak zigortuz.

Gartzeletako egoera

Azken sasoiotan biziki laztu dira gartzeletako kondizioak eta lasai esan genezake, frankismoaren garai txarrenetan baino gaizkiago bizi direla presoak. Gogora dezagun, honen ideia bat hartzeko, Martxoaren 13an Carabanchelen funtzionariek kolpeka asesinatu zuten Agustin Rueda Sierra anarkista gaztearen kasua.

Santoñako "El Dueso"ko presondegian dauden laurehun presoentzat, COPELekoak gehienak, eguneroko erregimena beldurgarria da. Patiora hiru egunetik behin bakarrik ateratzen dituzte eta hori ordu laurden batetarako. Denbora horretan, kaka ontzia hustu, zeldetan ez baitute komunik, ekonomatuan janariak erosi, dutxa hartu eta, astirik geratuko balitzaie, noski, paseatu egin behar izaten dute. Erretzea debekaturik dago. Higienea zer den ere ez dakite. Duela gutti, Santoñako fiskalea mareatu egin zen zelda batetara sartzean, bertatik zerion usainagatik.

Huescakoa gartzela "psikiatrikoa" omen da, eta bertara eramaten dituzte "psikopatak" eta beste gartzeletan asaldatzeko joera handiegia azaldu duen zenbait preso. Moeta guztietako tratamendu ez legalak erabiltzen dituzte egunero presoetaz: Elektroshockak, Haloperil, Nemactil, Lagartil eta halako beste produktuen gehidosiak. Nazien praktiketan inspiraturik abarrasa injektatzera iritsi dira, presoak "lasaitzeko". Psikiatriko honetatik, pertsona legez ezeztaturik ateratzen da asko.

Basaurin orain, prentsa eta telebista kendu dizkiete, komunikaziorik eza handiagotzeko. Negu gorriaren hotzaz eta, azken Otsailean gertatu bezala, nahiz elurra jausten ari, goizeko 7etatik 1tak arte patioan egon behar izaten dute presoek.

Janaria eta osasun kondizioak, gaixotzeko modukoak dira toki gehienetan. Etxekoen bisitaldiak urri eta motzegiak. Eta, zer esanik ez, ezkonkideen arteko sexu harreman minimorik izateaz pentsatzea amets hutsa da. Zigor zelden arazoak bere betikoan dirau. Azken burruken ondorioz, presoek berorietan sarturik, guztiz isolaturik, argirik gabe eta janari egokien faltaz eman behar izan dituzten egunak kontaezinak dira, hortik sorturiko kalte fisiko eta psikologikoak ezagunak izanik. Zerrenda hau ara luzagotu egin liteke.

Preso sozialen arloan behialako politikoekin bezala, mitifikazioak sortzeko arriskuarekin topo egiten dugu, eta gogora dezagun, esate baterako, "El Lute" hospetsuaren kasua. Horregatik, gure herriko errealitate konkretutik kasu bat jaso nahi izan dugu.

Ene izena Antonio Arevalillo Sanz da. Hogeitabat urte dut. Segoviako herri batetakoa naiz jaiotzez. Bederatzi urtez etorri ginen Bilbora, aitak Bilboko portuan aurkitu baitzuen lana. Ordutik Zorrotzan bizi gara denok.

Hamalau urtez etxetik ihes egin nuen. Ez pentsa gurasoekin aparteko problemak nituelako. Ez, ongi samar konpontzen nintzen etxekoekin, baina leku berriak ezagutu nahi nituen. Bilbon bizikleta bat ohostu eta Mirandaraino ailegatu nintzen. Dirurik ez neukan eta gose nintzenez, harri batez, hertsirik zegoen okindegi baten kristala hautsiz, ogia eta pastel batzu hartu nituen. Gero gauaz, kamioi batetara sartu nintzen lo egiteko eta bertan harrapatu ninduten goardia zibilek pastel eta guzti. Bilbora eraman eta ni Amurrioko erreformategian sartzeko ziren, baina aitak ez zuen nahi izan eta salbatu egin nintzen orduan. Hauxe izan zen ene lehen lapurketa.

Noiz sartu zintuzten gartzelara lehenbizi?

Hamasei urtez berriz ihes egin genuen etxetik, nik eta beste bi lagunek. Mekanikaria naizenez, ba nekien ondo automobiletaz nola lan egin. Bilbotik Madrileraino joateko zazpi bat automobil ohostu genituen. Ene adiskideak Valladoliden harrapatu zituzten eta bertako erreformategian sartu. Gero, istripu bat gertatu zitzaidan automobilez nindoala eta Elchen (Murcian) zibilek atxilotu ninduten. Murciako gartzelara sartu, hamasei urtetatik gorako jendea ez delako erreformategietan sartzen. Bi hilabete pasatu nituen orduan espetxerik espetxe eta azkenez, Basahurin atera nintzen kalera. Berriz presondegi bat ez zapaltzeko asmo finkoa nuen irtetean.

Eta gero?

Geroztik hamar aldiz edo egona naiz barnean eta ez zait gogoratzen zenbat bider detenitu nauten. Guztitara lau urte baino gehiago pasatu ditut gartzelan sartuta. Gehienetan automobilak ohostearren eta bestelako lapurketa ttikiengatik izan da. Mallorcan behin, atraku bat egin genuen harmaz. Judizioan dena batu zitzaidan, eta automobilak, atrakua eta harma zirela, fiskalak hogeitahamar urte baino gehiago eskatzen zizkidan. Zorionez, Franco hil egin zen eta indultuaz atera nintzen.

Basahuri, Martutene, Iruinea, Santandere, Segovia, Alicante, Murcia, Lerida eta Ocañako gartzelak ezagutzen ditut. Bai eta Madril eta Logronioko presondegi psikiatrikoak ere, erotzat hartzen baininduten.

Segovian Arrizabalagarekin eta ihestean parte hartu zuten gehienekin egon nintzen. Ni neu oso ederki konpontzen nintzen politikoekin.

Batzutan ezer egin barik ere detenitu naute, antezedente hutsengatik.

Nolako tratuak ezagutu dituzu gartzela horietan?

Gartzeletan ez dago tratu onik. Kolpeak, jipoiak, torturak eta zigor zeldak dira presoen eguneroko ogia. Han barnean arin ikasten da beldurra, gorrotoa eta desesperoa zer diren. Hiruzpalau aldiz autozauritu behar izan dut neure burua, funtzionarien kolpeetatik libratzearren.

Presoak bizi diren kondizioak sinestezinezkoak dira, penagarriak. Ocañan hotzaz eta janari faltaz, anitzek tuberkulosis harrapatzen zuen, Madrileko psikiatrikoan medikamenduen gehidosiengatik infarktuzko heriotzeak jazotzen ziren sarri. Janaria irenstezinezkoa da askotan eta oso urri.

Behin Basahurin, zigor zelda batetan sarturik nengoela, "me cago en Dios" bat bota nuelako, Don Andresek, gartzelako apaiza eta kaperau militarra berau, bekatu larri hori meditazioaz bakarrik barka zitekeela esanik, berrogei egun gehiago pasarazi zizkidan zigor zeldan, nire errua barkatzeko meditazioa egin nezan. Funtzionariak, Zuzendariak, apezak, denak dira errepresiboak gehi-gehienetan, eta gaur egun inoiz baino gehiago.

Noiztik ari zara COPELen aldeko komiteetan lanean?

Ihazko Irailetik Basahuritik irten eta berehalaxe sartu nintzen komiteetan. Kalean jendea ez da normalki konturatzen lan honek duen garrantziaz. Bere buruak liberaltzat hartzen dituen pertsona asko ari da COPEL eta komiteez hitzegiten, baina esan diezadetela niri zer egin dezakeen urtetan egunero lanean aritu izan den presoa, kalera ateratzean, dirurik gabe, etxerik gabe, eta inork lanik ez diola eman nahi ikustean? Zein da geratzen zaion irtenbidea? Bere burua goseak hiltzen utzi?

Komiteetatik pertsona hauei laguntzen saiatzen gara, baina Zigor Kodigoa eta Gartzel Erregimena aldatzen ez diren bitartean, ezingo da sozialen arazoa konpondu.


COPELen erreibindikapenak

"LEGERIA ERREPRESIBO ETA ZIGOR INSTITUZIO FRANKISTEN ABOLIZIOAREN ALDE: JUSTIZIA HERRIKOI BATETARANTZ".

1) Zigor Arautegia eta Hauzibide Kriminalaren Legearen erreformakuntza sakon eta demokratikoa, egiazko justizia herrikoi bat lortzeko eta ez, oraingoa bezala, klase menperatzailearen zerbitzukoa.

2) Jurisdikzio berezi guztien abolizioa, hau da, Arriskutasun Sozialaren Legea, Osasun Publikoarena, e.a., zeren hauen zentzu bakarra Diktadurak sorturiko errepresioaren instituzionalizaketaren barnean baitago.

3) Gartzela arautegia eta bestelako zigor instituzio frankisten abolizioa. Presoen erakundeen legeztapena, gure eskubideen errespetatzea eta gertatzen diren irregulartasunak eritzi publikoari salhatzea lortu ahal izateko. Askatasun demokratikoak presondegi guztietan.

4) Gartzeletako funtzionari, polizia, fiskal eta epaikari frankista guztien depuraketa. Herri hauzategiak eta gartzelen kontrol zuzenerako herri batzordeak sortu.

5) Gartzel Arautegi berri bat sortu arte, premiazkoa da hobakuntza zabal bat egitea Estatuko gartzela eta presondegi guztietan; batez ere, Osasun, Higiene, Elikadura eta Komunikazioen arloetan. Zigor zelda ezgizakorren betirako herstea eta gartzela guztietako lantegietan ematen den superesplotakuntzaren bukatzea. Bai eta COPELen kontrako errepresioaren amaitzea.

6) COPELek ez du gartzelen transformakuntza hau erabatekotzat jotzen, gaur eguneko gartzelak, hitxiak eta zigorlekuak direnak, zentru zabal eta dinamikoak bilakatzeko urrats bat bezala baizik. Hauetan deliktua egiten duena bizi eta emozio beharrizandun pertsona bezala kontsideratua izanen da, zirkunstantzia guztietan errespetatuak izanen zaizkion eskubide batzurekin.

Geu marginatu sozialak izan garela eta garela kontutan hartuz, eta hauzategi diskriminatzaile, errepresibo eta faxistek juzkatuak izanik, gizarte justuago baten eraikintzan parte hartzeko, denoi oportunitate berdinak emanen dizkigun Amnistia Orokorra eskuratzeko eskubidea dugula uste dugu.

Azkenez, hauxek dira gure organizazioaren helburu nagusiak: Estatuko preso guztien organizazioa iristeko oinharriak ezarri; geure xedeak lortu arte, aipatu erreibindikapenen aldeko burruka bultzatu; eta zapalkuntza modu guztien kontrako herri mobilizapenekin bat egin.


Superesplotakuntza gartzeletan

Nahiz eta sozialek egunero, kaleko langileen moduan, zortzi orduko lanaldia egin behar, hiru mila pezeta baizik ez zaie ordaintzen hilabetean. Diru hau oso guti izan arren, ez dago inolako aurrezpenik egiterik, zeren janariaren eskasiagatik, derrigortuta daude presoak ekonomatuaren zerbitzuaz baliatzera. Produktu askoren prezioak, kalekoak baino altuagoak dira bertan, eta horrela irabazten duten apurra gartzelan uzten dute halabeharrez.

Ez dute, langile arrunten antzera, Asegurantza Sozialik eta kalera irtetean, lanik aurkituko ez balute, eta normalki gertatu ohi dena da berau, ezin izanen dute langabeziazko laguntzarik jaso. Maiz jazotzen da preso bat bere kondena bete ondoren kalera ateratzean, etxerainoko bidaia egiteko beste dirurik ere ez izatea.

Arazoa konpondu nahi baldin bada, bederen, gartzela barneko lana justuki ordaindu behar da, edo bestela kaleko gutienezko soldataz behintzat. Ofiziorik ez dutenek, egiazko profesional prestakuntza egoki bat hartzeko bideak behar dituzte. Eta kanporatzean lan barik baleude, izan dezatela beste langileek legez, langabeziazko laguntza jasotzeko eskubidea.

Gaurko presondegiak, presoa gizartean bizitzera laguntzeko bide izan beharrean, zigorleku hutsak eta delinkuentziaren sortzaile nagusiak gertatzen dira.

Arazoaren konponbideak, erregimen eta instituzio zeharo berri eta desberdin batzutatik pasatu beharko du. Erregimen zabaleko gartzelak, beharko dira egin, eta ez dakigu leku berri hauk nola izenda, oraingo gartzelen antzik ere ez bailukete gorde behar eta hauk herriaren kontrolpean ezarri.

Hala ere, ondo dakigu, arazoaren kausa nagusia den sistema honek maila guztietan sortzen duen desberdintasuna, osoki deuseztatu arte, guztiz gizarte berri batetan problema hau ez dela konponduko. Eta seguruen ez dugu geuk hori ikusiko.

COPEL, betiko ahantzien oihua

COPEL (Coordinadora de presos en lucha), beronen aldeko komiteak eta AFAPE (Asociación de familiares y amigos de presos y expresos españoles) ditugu sozialen arazoa marginaziotik ateratzen gehien arduratu diren erakundeak.

Carabancheleko gartzela, 1976.eko Abuztuan egin zen mutin batetan sortzen da COPEL. Amnistiaren legea politikoentzat bakarrik izanen zela ikusteak sortu zuen frustrazioaren aurrean, preso sozialen burruka aurrera eramateko erakunde baten premia ikusten da.

Sortu berria zen mugimendu hau desegiteko asmoz, Estatu osoko presondegietan zehar barreiatzen dituzte COPELekoak. Baina honek guztiz kontrako ondorioak ekarriko zituen, zeren mugimendua desegin beharrean, Estatuko gartzela gehienetara hedatzea lortzen baitute horrela.

Hasieran lege bideak probetxatuz, eratu nahi zituzten beren ekintzak. Baina laster, instantzia eta salhapenen bidez, dirua gastatu baizik lortuko ez zutela oharturik, norabide berri eta gogorragoetatik abiarazi behar izanen dituzte COPELekoek beren burrukak. Harez gero, ohitu egin gara COPELen izena mutinei, grebei eta bestelako ekintza bortitzei loturik ikusten. Lan eta gose grebak ugari izan dira Estatu osoko espetxeetan. Mutin hauetan zenbait gartzela zeharo suntsiturik geratu da eta sozial batzu bizitza galtzera iritsi dira, Zaragozan kasu. Gizonezko hauen desesperoak posible bihurtu ditu autozauritzeak eta zainen mozketak. Animalientzat ere krudeltzat joko genituzkeen kondizio horietan, errazago gertatzen da bizarlabanak, kristal zatiak, xorrotak, goilareak, metalezko eragingailuak eta bestelako edozein gauza irenstea.

Euskal Herrian

Gure herrian, COPELen aldeko lehen komitea ihazko Abuztuan osatzen da Bizkaian. Geroztik mugimendua indartuz joan da eta Bilbo inguruan aurkitzen da indartsuen gaur egun. Barakaldon, Deustuan, Basahurin, Errekaldeberrin, Otxarkoagan, Portugaleten, Sestaon, Unibertsitatean eta Ondarroan ari dira lanean Bizkaiko komiteak, Berrizen oraintxe hasi dira. Bizkaitik at, Eibarren, Gasteizen eta Iruinean ere ba dira sozialen aldeko taldeak.

Komite hauetatik, COPELek gartzela barnean daramatzan burrukei laguntzen saiatzen dira. Gartzeletatik informazio atera, presoen familiekin kontaktuak bilatu, herria informatu, gartzelatik ateratzen direnei laguntza eman, hitzaldiak eta mobilizazioak antolatu, hauxek dira komiteetan eramaten diren lan nagusiak. Martxo honetan Bizkaian "Boletín de los comités de Apoyo a la COPEL" aldizkariaren lehen zenbakia argitaratu dute. Egiteko duten lana izugarria da, eta hori betetzeko prest daudenak, oraingoz ez dira asko. Anaitasunatik, gure eskerrak eman behar dizkiegu komite hauei, lantxo hau prestatzerakoan eskaini diguten laguntzarengatik.

Euskal Herrian burruketarik garrantzizkoenak, ihazko Urrian, Hazilean eta Abenduan burutu ziren. Sasoi hartan, Basahuriko presoek zenbait ekintza prestatzen dituzte indultua erdiesteko. Autozauriketak gertatzen dira eta hamazortzi preso Basahuriko ospitalera eraman behar dituzte. Bertan aski tratu txarra eman zitzaiela esan behar dugu, mediku batzuk, presoak oraindik osatu gabe daudela altan ematen dituzte, ez baitzuen merezi, haien ustez, halako jende moduaz oheak okupaturik egotea. Hain. zuzen ere, Basahurin eta oraindik argitu gabe dauden guztiz zirkunstantzia ilunetan, Las Corteseko prostituta bat hilda agertzen da.

Garrantzirik gabeko heriotze bat

Hazilaren zortzian, Basahuriko zigorgela batetan, María Isabel Gutiérrez hilik agertzen da. Gorpua guztiz erreta dago eta bertsio ofiziala suizidioaz mintzo da. Haatik, inork gutik sinets zezakeen hori. Ezinezkoa baita zeldetan poxpolurik sartzea, presoak biluzi eta arakatu egiten baitituzte beti hara sartu aurretik. Ez da bestalde konprenitzen, nola ez zituen inork neskaren garrasiak entzun, nola ez zuen inork kea ikusi edo eta usaina hartu.

Hiletarako, Bilboko bostehun bat prostituta biltzen dira elizara. Hasieran ez zen deusik egiteko asmorik, baina, handiegia da puten haserrea eta manifestazioan abiatzen dira Las Cortesen zehar Bilbo erdialderantz. Egun hartan putetxeak hertsirik egon ziren.

Ekintza hauen ondorioz, gero desagertu egingo zen Marginatuak Koordinatzeko Komitea sortzen da, COPELen aldeko komiteak, Las Corteseko prostituten komitea, objektoreak, EHGAM, Euskadiko GAY gazteria eta Bizkaiko Emakumeen Asanblada partaide direlarik.

Hitxialdi bat egiten da Basurtuko ospitalean eta COPELen aldeko komiteetako zenbait lagunek gau batzu ematen dituzte Portugaleteko zubira igonik. Las Corteseko komiteko hamabost prostituta Arenaleko zubian kateatzen dira. Bitartean talde politikoek, intentzio onezko deklarapenetaz aparte, deus gutti egiten dute talde hauen alde. Inork ez ditu, agian, puta eta kinkien saltsa hauetan bere eskuak zikindu nahi.

J. Llerandi


Madriletik

Susma daiteke, nolabait, nola ikusiko diren Euskal Herritik Gobernu honen preautonomikoak; hau pre guztien Gobernua baita, nola ez!

Neuri ere nerabezaroko oroitzapenak dakarzkit. Eskena, Donostian Norteko estazioan neguko edozein igande hotz eta euritsu artean. "Viuda de Solano" egiten zuen oihu txapela kalatuta zeraman gizon txiki hark andenetik zihoala gora eta behera "Viuda de Solano"!

Eta ohizkoa nuenez, bidaia luze eta nazkagarri haik arinago egin zekizkidan, paketerik handiena erosten nion. "Zenbat da?" "Bost pezta". Beti uste izan nuen karamelo pakete handiena erosiz, haren graziaz, Madrilerako bidaia hura errazago egin zekidakeela. Alferrik: sei urtez hilero enplastu berdina ipintzen bidaia hari eta sei urtez lehen eguneko zapore nazkagarri berberarekin heltzen nintzen Chamartinera; ahoan azidoa banukeen bezala.

Gobernuak uste izan duke Espainiako nazio arazoak loak har ditzan karamelo sorta bat eskaintzea zitzaiola komeni. Injustizia handienetik, injustizia berberera eta errumeskeriapean kondenatu nahi ditu Gobernu zentralistak Espainiako herrialdeak. Katalunia izan bazen lehen lurralde preautonomiakoa, haren ostean, Euskal Herriaren zati bat izan da; eta azkenik iragan astean Balentzia, Galizia, Kanariak eta Aragoa. Noski, hauen ostetik preautonomizatu beharko dituztela Asturias, Extremadura eta Andalusia gutienez. Nahastearen maliobra, guztia. Orain arte imperioaren militante frankistak izan direnak, gauetik egunera, handik eta hemendik preautonomikoak ereiten dihardute, Gobernu keinutia dugula... bistakoa.

Josep Benet katalan senatoreak esan duenez —nik neuk honela interpretatu diot bederen—, Katalunian orain sei hilabete dute Gobernu preautonomikoa baina ez du ezertarako balio izan, batez ere Madrileko Gobernuak ez duelako inungo botererik —hau ote preautonomizatzea, keinu egitea?— katalanen eskuetan utzi. Ba liteke, bestalde, guztia tontoen lasaitzeko izatea, ba liteke...

Antzeko zerbait derrakegu Euskal Herriko zati horrek duen preautonomikoari buruz. Oraingoz, Euskal Herri horretan dagoen Gobernu preautonomikoak, ezer baino gehiago, "zuzendari izpiritualaren" papera egiten ari baita. Bai, halaxe da; kolegioetan egoten ziren zuzendari izpiritual haien gisakoak dirudite. Gobernuko ministrariek, prentsan irakur daitekeenez, Bilboko partea zinematokiek greba egiten dutela Iglesias jaunarekin hitz egiten dute; halaber ere, Donostian, eskuin faxistaren basakeriak gertatu direnean Benegas jaunarekin mintzatu dira donostiar zenbait. Puntu eta zotinak, ezen oraindik Rubial jauna —lehendakari da, ezta?— nigarrez ikusiko dugu bere sendimendua ageri zaiola inpotentzia artean.

Baina bakoitzak jakin beza norekin galdu duen birjinitatea.

Preautonomikoak gonbara daitezke, hemen Madril alde honetan, Ministraritzen ate atzetan egoten diren alferrezko kaxa horiekin; "Reclamaciones"; non bota dezakezun paper bat eta segur zaudeke kolore marroia hartuko duela inoren ukipenik ukan gabe.

Hala eta guztiz, Gobernu preautonomikoen ministrariek zerbaiten aurrean beren eritzia eskatzen duenean herriak, arinki egiten dituzte deklarapenak prentsan, baina honek ere keinuaren traza ematen digu. Gobernu Preautonomikoek prentsa bulegoak izatera kondenatuta daude; noski, ponpa eta intzentsu artean. UCDren hitzetan sinesten duenak ez du Arantzazuko Ama Birjinan bakarrik sinesten, Tubalen mitoan ere baizik.

Eta prentsa aipatu dudanez, hau baita Estatu honetan liberalizatu den gauza bakarra nahiz liberalik ez egon —aurreko gizaldikoak ez ziren liberalak, patriotero hutsak besterik ez baitziren—, ikus dezagun bada "adierazpen libertatea" zertan dagokeen mementuon. Zeren palazio maliobra guztien azpitik eta preautonomiko absurdu horien atzetik, hitz batez, itxura handiosaren atzetik, Boadellasen kasua baitago lehen Saidaren gertaera bezala; eta, nola ez, milaka arazo: Andalusiako jornalarien arazoa, Oreja Agirreren kanpo harremanak, laborarien arazoa han hemen eta abar gehiegi hemen aipatuak izateko. Gobernuak ez du arazoak konpontzeko asmorik, hauei luzamenduak emateko baizik.

Eta munizipalak zer kristo? "Declaración programática" bakarren batean irakurri baikenuen 1977.aren urtemugan eginen zirela. Eta orain diotenez konstituzioa baieztatu ondoren eginen dira. Batek daki! Hau guztiau ene amonaren ipuinak bezalakoxeak dira, baina graziarik gabe, amona defuntuak grazia handia zuen eta.

PSOE izan da, halere, azken asteotako vedettea, utzi baitu konstituzioko bilerak esanik UCDren maliobra antiautonomikoak ezin dituela onhartu. Hala ta guztiz, inork ez duelako esandako hori sinesten, esaten du esan PSOEk beste negozioren bat daramala eskuartean, hain zuzen, PCE bere kongresua gertatzen ari den bitartean eta UCD kili-kolo dabilenez, oposizioaren nagusigoa bereganatzea, aspaldian gehiegi baitzebilen F. Gonzalez Suarez jaunarekin. Oposizioaren nagusigoa hartzea behar gorria zaioke PSOEri bere sindikatuak —UGT— ez baitu gauza haundirik egin langileria artean iragan hauteskundeetan: uste zutena arautzat ezarriz bederen.

Dena den, PCE kongresuaren aurrean dagoela, eta bere militantzia nola bideratu dela zuzendaritzaren helburua —zertzu dira, bestela Zaragozara Carrillok egin dituen bisitak?—, PSOEren kolpe politikoa, kolpe zentrala besterik ez dateke. Dena ikusiko. PSOEren kolpe politikoa, kolpe zentrala besterik ez dateke. Dena ikusiko. PSOEk botere alternatiba izateko asmo hori seriosegi Hartu du gauza onerako eta halabeharrez palazio maliobrakeriatan trebatuko arinki. Ezkerrak bere izateko zentzua ez ote duen galduko galdatzekoa da; ezker parlamentariak, noski. Ezkerrak ere espainiar Gobernu guztien zentralitatea ikasiko, ikasi beharko bide honetan.

Gobernuak ematen dituen karameluek ez dute ezertarako balio, goizean, beilan pasatako gauaren mihi latz eta nazkagarria sentitzen baita.

Baina gaurkoz ene dirua irabazia dudala uste dudanez: uzten zaituztet bakean.

Juanrra Oiharbide

Madrilen, Martxoak 16


Frantzia: ezkerraren porrota

Prebisio eta esperantza guztien aurka, eskuina atera da garaile Frantziako azken hauteskundeetan. Prebisio guztien kontra: inkesta guztiek eman ohi zioten abantaila, botu-asmotan bederen. Esperantza guztien kontra: aldakuntzaren esperantza handia zen. Ba, huts egin du esperantza horrek: aurrerantzean ere, dagoeneko 20 urte luzetan agintean egon direnak berek jarraituko dute, aurpegi berek, problema berek.

Martxoak 19: hauteskundeak

Bi alditan bakoitzeko, eman ohi da boza Frantzian. Oraingoan, Martxoaren 12an eman zen botu indikatzailea, eta 19an botu erabakitzailea. Ezkerrarentzat egun haundia izan zitekeen hori, egun beltz bilakatu da. Eta hain beltz! Luzarorako hurruntzen zaio agintea ezkerrari. Ia ehun aulki gehiago ditu Parlamentuan eskuinak.

Frantses askoren deslilurapena ez da esatekoa. Ezkerra eta agintea elkargaitz egin ohi dituen madarikazioaren bat dagoela Frantzian dirudi. Agintetik hurbilen oraintxe egon da ezkerra, Irailaren 22rarte behintzat. Posibletasun horrek esperantza asko biztu zituen. Denak hondatu dira berriz. Ez dezagun ahantz Michel Rocard Alderdi Sozialistako buruzagietako batek esan bezala, zortzigarren "rendez-vous" bat galtzen duela honekin ezkerrak Zortzigarrena, eta inportanteena agian. Lehendakaritzarena galdu zenean, Udaletxeetakoa lortu ez zenean, geroari dei egiten zion beti sozialistak, Parlamentuko burruka hau irabaziko zuelakoan.

Frakasu hau dela eta, gauza asko jarriko da hauzitan ezkerrean. Autokritikak hasiak dira. Alderdi sozialistak egingo du handiena: azken urteotako alderdiaren taktika eztabaidatzen hasi dira, Programa Bateratua hauzitaratzen da, eta abar.

Galtzaile eta irabazle

Baina jakina, ez dira denak galtzaile. Oro har, eskuina atera da irabazle eta ezkerra galtzaile. Baina bloke horien barruan alderdi bakoitzak ez du berdin irabazi eta berdin galdu. Has gaitezen ezkerretik. Programa bateratuan partaide ziren hiru alderdietan ttipiena, MRG edo ezkerreko errepublikazaleen alderdia zen. Ba, orain, hauteskunde ondoren, ahulago gelditu da, Parlamentuan aulkiak galdu egin baititu. Robert Fabre, Alderdiaren lehendakariak hauteskundeen gau berean deklarapen oso gogorrak egin zituen Programa Bateratuaren aurka; eta dimititu egin du geroztik.

Alderdi honek baino gehiago galdu duela beste batek esango nuke. Ez, noski, Parlamentuko aulkitan, 12 bat aulki berri bereganatu baititu. Baina bai, espero zitekeenaren —eta espero zenaren— arabera. Alderdi Sozialista da, izan ere, hauteskunde hauetako egiazko galtzailea. Alderdi handiena bera da, baina ez bakarka jokatzeko adinakoa." Zundaketak eman ohi zioten ehuneko 30 horren ordez, 20 pasatuxe bereganatu ditu: ez du horrela alderdi komunistarengandik aski tarterik. Honekin loturik jarraitu behar, beraz; eta bestalde, horrela segiturik, ezin aginterik lortu: Horra Frantses sozialisten drama.

Elekzioak galtzerakoan beti gertatu ohi den bezala, hasi dira alderdi sozialistaren barruan gorabeherak. Bi joera agertzen dira: Ezkerraren Programa Bateratu bat sakonduz joan behar dela uste dutenak (CERES taldekoak batipat); bateko eta besteko Programa hori dela eta komunisten jostailu izan direla uste dutenak eta, beraz, gaurgero Alderdiak bere nortasuna gehiago agertu behar duela uste dutenak. Nortasun hori agertzeko, Programa Bateratua eta Alderdi Komunistarekiko aliantzak bigarren mailara eraman beharko lirateke, hauen ustetan.

Alderdi Komunista, galtzaileen artean badago ere, puntu askotan irabazle atera da. Ez du aginterik lortu, baina lortu nahi ote zuen, gero? Erdietsi izan duena, zera izan da, halegia, Alderdi Sozialistaren ia pareko gelditzea. Alderdiaren buruzagitzaren kalkuluak ongi atera zaizkio. Ikusteko dago hala ere, ezkerraren batasuna haustea oinharrizko militantziak barkatuko ote dion.

Eskuin aldera jotzen badugu, hor aurkitzen ditugu egiazko irabazleak. Konfidantza osoa eta zihurtasun gehiagoz jokatuko du Giscardek orain. Bi talde nagusi mamitu dira eskuinean. Hauteskunde hauetan biak atera dira pozarren. Jacques Chirac-en RPR alderdi Gaullista, nahiz eta aulki batzu galdu, eskuineko alderdirik inportanteena da; Alderdi Sozialistaren indar bereko, bestalde. Gaullismoak eragin politikoa galdua zuelarik uste zutenak, engainatu dira. Mantentzean dago Chirac-en garaitzapena.

UDF Giscard-zaleen koalizioak ehuneko 20tik gora botu ukaitea ere oso harrigarri gertatu da. Espainiako UCDren antzeko elkarganatze bat da, hauteskundeetarako prestatua, programa zehatzik gabea. Alderdi oso ttipi batetik sortu den Giscard lehendakariak, hauteskunde hauei esker, gehiengo interesante bat biltzen du bere pertsonaren inguruan.

Genekienaz gain, ondorio argi bat ateratzen da hauteskunde hauetan. Ba genekien bi bloke nagusi zegoela Frantzian: ezkerra eta eskuina. Beste hau ere ba dakigu orain: bloke bakoitza bi familia politikok osatzen duela, indar beretsukoak denak. Ezkerrean, Alderdi Sozialista eta Alderdi Komunista daude: Eskuinean, RPR alderdi gaullista eta UDF giscardianoa.

1977eko irailaren 22: ezkerraren haustura

Ezkerrak ez du irabazi. Zergatik?

Hauteskunde gaueko deklarapenean, argi eta garbi mintzatu zen Mitterrand sozialista: "Historiak esango du zein erantzukizun duen, eskuinarekin batean halako kanpaina Alderdi Sozialistaren aurka egin duenak". Alderdi Komunistaren kontrako salhakuntza honek, militante sozialista dexente, besterik ezean, kontsolatu zuen. Aurreratzean, pentsatzekoa denez bi alderdion harremanak ez dira izan direnak izango. Nekez barka diezaioke Alderdi Sozialistak Komunistari egin dion joku txar hori.

Politika aztertzaile askoren eritzian, eta Alderdi Sozialistako guztien burutan, orain ez, Irailean galdu zuen agintea ezkerrak baino.

Irailaren 22an Alderdi Komunista beste joku batetan hasten da: Programa bateratuaren eskabideak gogortzen hasten da. Bost urte elkarrekin ibili dira, eta ez da etenik izan. Eta orain, hauteskunde definitiboetarako sei hilabete bakarrik falta direlarik, irteera gabeko kale batetan sartu nahi du ezkerra Alderdi Komunistak.. Zalantzarik gabe, jokabide hau ez da intentziorik gabekoa. Ondorioak ondo neurturik sartu da joku hortan Alderdia. Hauzitan jar ezin daitekeena, Alderdi Komunistaren zuhurtzia da. Eta noski, kalkuluak ongi atera zaizkio: Bost urteotako fruituak sei hilabetetan txahutu ditu.

Sinesturik nago, Alderdi Komunistak ez zuela agintera iritsi nahi. Bi arrazoigatik nagusiki: Bata, Alderdi Sozialista nagusituko zitzaiolako, eta bera, horrela, alderdi zerbitzari bat izatera beharturik aurkituko zelako. Aginterik gabe oposizioan gelditurik, lor lezakeena zera da: Bere alderdia indartzea eta Alderdi Sozialista ahultzea eta barnetik joeratan zatikatzea. Agintea eskuratu nahi ezaren bigarren arrazoia, hau dateke: abadagune honetan lege antipopularrak onhartu beharko zituen, eta Alderdi Sozialistarekin batera politika sozial demokrata egin beharrean aurkituko zen. Irudiak galdu baino nahiago izan du aginterik gabe gelditu.

Alderdikeriaz ez da ezkerra agintera iritsi. Alderdiaren nortasuna ezkerraren ona baino maiteago izan duelako Alderdi Komunistak, hitz batetan esanik.

Zergatik ez du ezkerrak irabazi? Alderdi bakoitzak bere aldetik joan delako. Ez Alderdi Sozialistak, ez Alderdi Komunistak ez MRGk sortzen zuen aski konfidantzarik Frantsesarengan. Baizik eta batasunak!

joanes lekerika


Doña Prudentzia eta Idealista

Doña Prudentzia salmahaira hurbildu denean, Idealistak zerbait arraro ikusi du haren aurpegian.

DOÑA PRUDENTZIA.— Kafesnea mesedez.

IDEALISTA.— Berehala ekarriko dizut.

Eskatutakoa prestatu ondoren, andrea zegoen lekura eraman du. Gero, zalantzan geratu da. Ba dirudi zerbait esan nahi duela, baina nola esan ez dakiela. Azkenik bota du esateko zeukan guztia.

D.P.— Ba al dakizu? Negurira bizitzera goaz.

I.— Negurira?...

Eta gero irribarre ironiko batekin zerbait gaineztu du.

I.— Ez al da Neguri Langilera izango ezta?

D.P.— Ez, Neguri Negurira, Pilar Careagaren txaletatik hurbil.

I.— Kontxo! Hauzokide ilustreak izango dituzu, e?... Beraz, laster ez zaitugu hemendik ikusiko.

Doña Prudentzia hasperen bat bota du.

D.P.— Eta hain laster! Aste Sainduko oporrak aprobetxatu nahi ditugu etxe aldaketa egiteko. Ez pentsa, zenbait pena ematen dit hemendik joan beharrak... Baina etxe berria oso ederra da eta berehala hartara egokituko garela uste dut.

Idealistak berriro irribarre ironiko batekin hitzegin dio.

I.— Ai, Doña Prudentzia! Batzurentzat krisiak ez du eragin handirik.

D.P.— Bueno, krisiak guri ere ukitzen gaitu. Gertatzen dena da galdu ez dugun dirua nonbait sartu behar duzula. Boltsa ikusi nola dagoen, hondatuta. Bankutan eta Aurrezki kutxatan interes ttikia ematen dizute, bizitzaren debaluapenarena baino ttikiagoa. Pisuak erostea orain arriskugarria da, Patrimonioaren gaineko zerga berriak direla eta. Beraz, jendeak etxeak hobetu egiten ditu. Ikusi zer dakarren gaurko egunkariak: Koloreko telebista gehiago saltzen dela eta zuri beltzeko guttiago. Jendeak ez du inbertitzen bere dirua, arriskugarria delako, eta bizitze erosoago bat eramateko erabiltzen du diru hori.

I.— Nik pentsatzen nuen Frantziako hauteskundeen ondoren, Boltsak igo egingo zuela

D.P.— Nire senarrak Don Listok ere hori pentsatzen zuen, baina tamalez ez da horrela gertatu... Eta zein da hauteskunde horietaz zure eritzia?

I.— Ezkerra aurretiaz elkartu izan behar zuela. Lehen bueltan elkarturik joan balira, ondorenak bestelakoak ziratekeen.

D.P.— Nire senarrak Don Listok dio ezkertiarrak idealistak zaretela eta ez duzuela sentsu pragmatikorik. Zuen jendeari manifestazioak eta horrelakoak egitea atsegin zaio. Kaleak betetzen dituzue eta espektakuloaz errealitatearen ikuspegi faltsu bat lortzen duzue, zuen buruak engainatzen dituzue. Adibidez, Askatasunaren ibilaldian, 200.000, Euskal Herriko hiru milioirekin gonbaratuz? Gehiengo ixila ez doa manifestapenetara, baina bai botoak ematera. Eta gehiengo ixilari ez zaio atsegin gauza berria, lehengoa maite du, betikoa.

I.— Horretan zurekin nago. Horrengatik ene ustez, ezkertiarron indarra elkartasunean dagoela uste dut. Zuek zuen alde tradizioa duzue, gizarte bat zuen erara eta komenientziara antolatua, eta aspaldikoa. Ezkerrari abenturismo kutsua kendu nahi badiogu, segurantza eta seriotasun bat eman nahi badiogu, hitz batez adineko jendea, eta ez naiz ari aberatsez, pentsionista humilez baizik, gureganatu nahi badugu, beste era batetara hurbildu behar gatzaizkio. Gazteak eta adinekoak ezberdinak gara eta bakoitzari bere lengoaian hitzegin behar diogu.

Dagoeneko Doña Prudentziak bukatu du re gosaria.

D.P.— Bueno, Idealista. Orain ez dakit noiz etorriko naizen, baina Bilbora natorrenean, noizean behin hemendik pasatuko naiz.

I.— Ongi. Ba al dakizu hemen nauzula gosaria zerbitzatzeko eta edozein gai eztabaidatzeko.

D.P.— Pena dut ANAITASUNAko irakurleengandik joan beharra, baina...

I.— Ez zaitez hestutu. Bilatuko dugu haientzat zerbait.

Xabier Gereño


Gunter Brettschneider-ekin hizketan

Euskaraz ba dakien irakasle aleman hau, gaur egun Poloniako Estatuan dagoen Danzing-en, Baltikoko itsasaldean kokaturiko hiri hanseatiko libre zaharrean, jaioa dugu 1942.ean. Gerla bukatu eta baina, egun Errepublika Federala den Westfaliako estatura etorri zen bizi izatera bere senitartekoekin, Koloniako partean dagoen Solingen-eko hiri txikira hain zuzen ere. Eskolara hiri horrexetan bertan joan zen: unibertsitatean, berriz, Kolonian hasi zen matematika eta fisika ikastekotan. Urte pare bat sarturik ordea, 1961.ean, Freiburg-eko Unibertsitatera jo zuen, eta han lehenagoko denboretan Alemaniako hainbeste tokitan ikas zitekeen Studium generale delakoa hasi zuen, hots, beste zer batzuren artean parapsikologia, grafologia eta poesia modernoa. Horrez gain hizkuntzalaritza erromanikoarekin hasi zen eta geroago germanikoarekin. Egun alemanez gain, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta euskaraz mintzo da. Garai hartan, Frantzian urtebete eman zuen horko hizkuntzan trebatzearren, eta gero gaztelaniarekin gauza bera egiteko Kataluniako Costa Brava aldera jo zuen. Geroago Ungeheur irakaslearekin Bonn-en komunikaziozientziak hasi zen ikasten eta Seiler-ekin Kolonian hizkuntzalaritza orokorra. Gaur egun Koloniako "Hizkuntzalaritza Orokorrerako Institutu"an egiten du lan. Euskal munduarekin, euskaldun jendearekin 1966.ean eduki zituen bere lehenengo harremanak, Koloniako irakaslea den Jürger Untermann-en bidez Koldo Mitxelena ezagutu zuelarik, eta Martin Garin jaunarekin eta "Ez dok amairu" taldeko lagun batzurekin adiskidetu zela. Hortik aurrera askotan etorri izan da Euskal Herrira, eta duela denbora laburra, koordinazioari buruzko bere tesi doktorala idatzi eta defendatu duela, esan digunez, aurrerantzean euskararekin batez ere saiatuko bide da lanean.

— Andolin Eguzkitza: Lehenengo derrigorrezko galdera ba dakizu zein den, zergatik eta non hasi zinen euskara ikasten?

— Gunter Brettschneider: Neure ikerkuntzarako hizkuntza bat aukeratu behar nuen eta euskararen espezifikotasunarekin jakinaren gainean egonda besterik gabe euskaldunen hizkuntza hautatu nuen. Ikasten E.U.T.G.n eta Deustuan hasi nintzen Patxi Altunarekin. Gero Euskal Herrian barrena maiz ibili izan naiz, eta Gipuzkoa-Nafarroako muga inguru horretan hainbeste xingola grabatu dut, Garin, Amezketa, Azpiroz eta Berastegi aldean batez ere.

— A.E.: Orain dela gutti Graz-en egon zara Schuhardt-en paperak ikustearren...

— G.B.: Bai, hala da; Schuhardt da, izan ere, kanpoaldetik etorrita euskararen arloan ikerketa zientifikoak egiten hasi zen lehenengoetariko bat...

— A.E.: Eta horrekin loturik nola dakusazu euskal ikerketen egoera?

— G.B.: Diotsudanez bera izan zen lehenengoetariko bat, eta nire ustez nahikoa garrantzitsua. Oso gizon bitxia zen eta hizkuntzen mailan izugarria; bera izan zen, esate baterako, Andalusiako gaztelaniari jaramon egin zion lehenengoa. Urkixo, Azkue eta Lacomberi hainbeste eskutitz idatzi zien, Lacombe-ri kasu batez, lantzean behin, sei edo zortzi gutun astero. Eskutitz pilo hori da hain zuzen begiratu dudan materialea, bestelako argitaratugabeko lanik ez dagoelako. Berarekin eta R.I.E.V. aldizkariaren inguruan mugitzen zirenekin hasi zen, erran dezakegu, euskal ikerketen bizkundea; Euskal Herriaren birbizkunde jeneralaren barruan, jakina. Bere Sarako hizkeraren deskribaketa oso ona da, eta orobat beraren beste anitz lan, nahiz eta batzu, zeukan irudimenari esker, nahiko bereziak izan eta beharbada ez hain baliotsu, asko eta asko idatzi baitzuen euskarari buruz.

Bestela egoera jeneralaz zer esanen nizuke? Dialektologia, esate baterako, Bonaparte printzea hasi zenetik hona aski aitzineratu da, baina oraindik oinharrizko lan asko egitear dago, hala nola, hainbestek eskatu duen baina hau dela edo bestea dela oraino egin ez den atlas linguistikoa. Bonaparte eta Azkueren lanak oso garrantzitsuak izan ziren, oinharriak finkatu zituztenak; eta orobat Urkixorenak, beronek egin zituen liburu zaharren berrargitaldariak batez ere, Axularren Gero zela, Etxeberri Sarakoaren obrak edo eta Urthe-ren gramatika zaharra. Gero Lafonen aditza eta, beste lan batzuren artean, haren Larrañeko hizkeraren deskribaketa fonologikoa ezin daitezke aipatu gabe utz; halaber Mitxelenaren fonetika historikoa; baina, haatik, oraino hizkuntza mintzatuaren deskribaketa asko falta zaigu, guztiz beharrezkoak direnak hizkuntza benetan nolakoa den ezagutuko badugu.

— A.E.: Eta zer deritzozu N'Diaye-ren lanari, Maiako euskararen deskribaketari?

— G.B.: Martinet-en eskolaren ekoizpen tipikoa duzula berau, eta akatsik aipatzekotan zerak aipatuko nituzke, batetik oso deskribaketa mekanikoa dela, hizkuntzaren ibilkera eta mekanismoa ezagutu gabe egin den lana, eta beste aldetik, ez dela orain arte, lan hori burutu arte idatzi eta ikertu den guztia kontutan hartu. 1961.ean oso ezaguna ez den liburu bat, ene aburuz oso ona, agertu zen, Aita Alzoren "Estudio sobre el euskera hablado". Eta hori bezalako lanak dira falta zaizkigunak. Lan zuzenik guti egin da. Askotan filologia gonbaratua da egin dena, h.d., testuak azter, datuak bil eta horrela. Lan hori ederto dago eta egin beharrekoa da, zalantzarik ez, baina, esate baterako, jakin ez dakigu, edo oso neurri ttikian, euskara mintzatua nolakoa izan den. Historikoki euskara mintzatua guztiz ezezaguna da. Begira, gaur egungo edozein hizkuntzaren maila biak gonbaratzen eta alderatzen baditugu, hots, mintzatu eta literaria, diferentziak izugarriak dira. Nork esan liezadake beraz niri Axularren denborako euskara mintzatua eta berak idatzitakoa bat bera zirela?

— A.E.: Diozun hori egia da, baina zelako judizioa botako zenuke egoera orokorraz?

— G.B.: Adibidez euskaraz ez dakien hizkuntzalari bat jar dezagun, gure institutuko zuzendaria, Seiler jauna. Gerraosterarteko lanak agertu arte ez zekien ere ikerketarik zegoela euskal arloan, edo oso hein ttipi eta pobrean zirelakoan zegokeen behintzat. Lafon eta Mitxelena izan dira maila goragoko bat eman dietenak. Hori, nik uste, egoeraren marka ona izan daiteke.

— A.E.: Eta dialektologia eta filologiatik aparte zer pentsatzen duzu De Rijk-en lana bezalakoen mailaz, etsenpluz?

— G.B.: Guztiz beharrezkoak direla, noski. De Rijk-en beraren lana oso ona baita. Baina koordinatuki, elkartasunean egin behar da lan. Alde batetik hezkuntza linguistiko on bat lor eta datuen bilketaren bidez, lehen esan bezala, hizkuntza errealaren datuak, hizkuntzaren arlo guztiak azter eta ikerketan jar. Joskera bezala, soziolinguistika, psikolinguistika edo eta beste edozein arlo. Hizkuntzaren egitura oinharrizkoak dira aztertu behar direnak, hizkuntza bera antolatzen dutenak eta berarentzat tipikoak direnak. Bestalde semantika ere landu behar da, nahiz eta hor behintzat lexikografiak nahiko lan egin duen; esanguren historia egin behar da. Euskalariak sortu behar dira ene ustez...

— A.E.: Bai eta nireaz ere, euskalariak eta ez ofiziozko euskaltzaleak, zoritxarrez, eta halabeharrez, egundo maiz gertatu den bezala.

— G.B,: Hori da. Beste hizkuntzak ezagutu behar dira, eta kasu batez joskera gonbaratua egin, euskal joskera oso guti aztertu baita orain arte. Jakin ba dakigu galdegaia nola funtzionatzen den euskaraz, baina deus gutti gehiago, euskal joskera oso guti, arras guti, aztertu baita orain arte. Unibertsalen azterketa ere oso interesgarria izan daiteke, hots, munduko hizkuntzetan amankomun diren egituren analisia, guk geuk hemen Kolonian gure "Unibertsalprojektu"an egiten dugun bezala edo eta John Greenberg-en norabidean.

— A.E.: Benetako programa eta egitaraua da aipatu duzun guztia. Baina beste pundu bati helduta zelan dakusazu euskararen egoera, aurrera ala atzera goaz zure ustez?

— G.B.: Aurrera noski. Ez da esan behar, bestalde, hain baita argi, ezen Euskal Herriak euskara galtzen baldin badu bere burua galtzen duela. Egoera, egia esan, ez da oraindik on, baina aitortu behar dizut lehenago askoz eskeptikoago nintzela, eta ba dirudi gazteriak eta umeek, ikastolako umeek, euskaraz hitz egiten dutela, eta batez ere hitz eginen dutela. Baina politika linguistiko bat pentsatu behar da eta planifikatu, ostera gureak egin du. Edozein kasutan ere, Jainkoari eskerrak, Humboldt oraino oker dabil; bera, dakizunez, mende honen hasieran ere jadanik euskararen arrasto literariak baizik ez zela geratuko bihotzminez sinetsirik baitzegoen.

— A.E.: Eta euskara batuaz zer diozu?

— G.B.: Beharrezkoa dela baina beldur naizela euskara bizia galduko ez ote den. Euskal Herrian haranez haran hizkerak ezberdinak dira, eta ez dakit aberastasun guzti hori betiko joanen ez ote zaigun...

— A.E.: Hori oso hizkuntzalari-eritzia duzu, lar segurutik.

— G.B.: Beharbada...

— A.E.: Ez, seguru. Nahikoa normala da orain joera guztiak batasunerantz izatea, baina ni neu seguru nago euskalkiak ez direla hilen. Egin duguna errazago izan da, lau tradizio literaritik bat bakarra egin, eta ba dirudi lortzekotan gaudela. Hor duzu zuk Alemania bera.

— G.B.: Tira. Ederto, egin behar duguna ordea zera da, euskara kultura sor, beste kulturak ezagut, atzerritarren hizkuntzak ikas, eta euskaldunok propio dutena euskaraz eman.

— A.E.: Agian lortuko dugu. Horretan gabiltza. Baina euskal mundua apur bat alde batera utzita non kokatuko zenuke zeure burua hizkuntzalaritzaren barnean?

— G.B.: Eskola bat aipatu baino gehiago, nik neuk hizkuntza batetan interesgarrien dakuskidan arloan ditut nahiago, arlo horien ikerketa egitea. Lehen egin dugun legez zerak aipatuko nizkizuke, hizkuntzaren antolamenduaren oinharriak eta hatsarreak. Horik aztertzea da nire ustez hizkuntzalaritzaren lan nagusia. Euskararen kasuan, eman dezagun, galdegaiaren arazoa eta komunztadura.

— A.E.: Hori esanda, baina, neurri batez aukera bat egiten duzu, deskribatismoa, ez, egin dagigun, gramatika sortzailearen ordezkariek eginen luketen moduan, hizkuntzari buruzko teoria orokor baten ikerketa...

— G.B.: Bai, egia da, ene eritziz hizkuntza bakoitzak bere sistema propioa dauka, bere natura bereziaren jabe da, oinharri inmanenteen gainean finkatua dagoen natura berezi bat.

— A.E.: Eskerrik asko elkarrizketa honegatik.

Andolin Eguzkitza


Eliza eta Irakaskuntza Euskal Herrian. Irakaskuntza pribatuaren alde (2)

Elizaren aukera: irakaskuntza pribatua

Irakaskuntzaren filosofia orokor baten barruan, gutun pastoralaren eskema nagusia bi ardatz hauen gainean pentsatuta dago: Irakaskuntza "librea" eta irakaskuntza estatala.

Gutunak ez du ia sekula "eskola pribatua" esaten, eta bai "eskola librea" edo "ez-estatala". Honetaz hurrengo batetan mintzatuko gara zehazkiago. Hala ere, zera esan nahi dut hemen: Nahiz eta eskola librearen teoria orokorra egin gutun pastoralak, gehienbat gogoan daukana eta aztertzen duena "kristau eskola" da. Honi buruz teologia luzea egiten du gutun pastoralak. Eta ez da harritzekoa, apezpikuen eskuetatik datorrenez eta batez ere kristauentzat zuzendua denez.

Eliza, beraz, irakaskuntza pribatuaren alde agertzen da. Areago, horrexeren defentsa da gehienbat Euskal Herriko apezpikuen gutun hau. Zalantzarik ez, ondo konturatuta daude gaurko joera bizi bat, indar politikoen eta kulturazkoen aldetik, bestetara doala: hau da, eskola publikoaren aldekoa eta pribatuaren kontrakoa dela.

Euskal Herriko Elizak, eztabaida horren barnean, argi eta garbi agertu du bere pentsaera eta bere aukera: Eskola "librearena". Honen aldeko teoria luzea egiten dute apezpikuek; baina azkenik, ez ote da aukera praktiko eta historiko bat?

Dena dela, teoria horren oinharrian eta aukera praktikoaren funtsean hutsune bat nabarmentzen da, gutun pastoral osoari nabari zaion hutsune berbera: datu soziologikoena. Zenbat eskola pribatu (Elizarenak edo besterenak), zenbat ikastola, zenbat eskola estatal dagoen Euskal Herrian; horietako bakoitzak zein indar duen, zenbat ikasle, etab. Guzti hau izan behar genuke gogoari, Euskal Herriko Elizak edo bestelako edozein erakundek eskolari edo irakaskuntzari buruz egiten duen teoria eta hartzen duen jarrera ikustean.

Kristau eskola?

Apezpikuek gaurko gizartearen haniztasuna onhartzen dute; areago, gutun pastoralaren oinharri bezala jartzen dute. Irakaskuntzaren demokratikotasuna, pluralismo horretan mamitzen da, hain zuzen ere, gaurregun. Eta bide horretatik abiatzen dira gogoz apezpikuek.

Bestalde, irakaskuntza estatalistaren eta zentralistaren kontra agertzen da dokumentu hau. Alde horretatik, "nazional-katolikismoa" eta horrek ezarri duen irakaskuntz politika eta ideologia ukatzen ditu. Beraz, esan daiteke esan, joera irekia —ia progresista— nabari duela apezpikuen gutunak...

... Baina batez ere eskola pribatuari buruz diotenari, arrazoinketa tradizionala dario. Eta alde horretatik, demokraziak berak eskatzen duen erreformismo mailan gelditzen da Apezpikuen pentsakera osoa.

Oinharri-oinharrian ez da eztabaidatzen Elizak gizarte berrian izan behar duen —edo izango duen— lekua eta egitekoa. Oraindik ere "kristau eskola" da kontzeptu nagusia: horrek bere kontzistentzia, bere autonomia luke gure gizarte pluralista honetan.

Baina "kristau eskolak" ez ote digu gogoratzen aspaldiko beste formulazio haik, aspalditik hain zalantzapetan jarriak: "kristau alderdia", "kristau sindikatua", "kristau kultura", "kristau filosofia"?

Elizak gizarte pluralista, sekulartu eta demokratiko honetan izan behar duen tokiaren eta egitekoaren arazoa aztertu, eztabaidatu eta argitu behar da, "kristau eskolari" buruzko galderari erantzuteko.

Horregatik niri galdera zorrotz bat geratzen zait, gutun pastorala irakurri ondoren: "Kristau eskola" bai?

Paulo Agirrebaltzategi


Eskolaurrea: nortasun baten bila

Azken hilabete hauetan burutu diren inkesta eta azterketen arabera, ikastola mugimendua orokorki harturik, mugimendu honen erdia baino gehiago Eskolaurrean dagoen ikaslegoak osotzen du, Beraz, Eskolaurrean garrantzia ezin eztabaidatuzkoa da zifra hutsei begira jarriz gero, Euskal Herriko haurren euskalduntzeari eta hezierari dagokionean.

Historiari begira

Sei urtez gorako haurren hezieraren historiarekin gonbaratuz gero, eskolaurreko haurren hezierarena ia oraintsukoa da, Euskal Herrion berton, oro har, ozta-ozta heldu da 20 urte betetzera. Estatu Batuetan, adibidez, 1920. urteaz geroztikoa da, eta 1960. urte inguruan hasi zen benetan heziera planteiamendu zehatz samar baten barruan haurrak lantzen, eta bereziki "desabantailatuez" arduratzen.

1920. urtean, batez ere ikastetxe eta unibertsitateetan sortu ziren lehen haurtzaindegiek ikerkuntz helburua zuten, eta osasun fisikoa aitzineraztea ia beste iriskizunik ez zitzaien izendatu.

Lehen Mundu Gerratearen ondoko depresio urteetan, eta lanik gabe zeuden irakasleak kontutan harturik, Gobernu Federalak bultzada ofizial bat eman zien. Osasun fisikoa eta ohitura "onak" (janztea, garbitzea, jatea etab.) indartzea zen helburu nagusia.

II mundu gerratean, berriz, gudu industrietan lanean ari ziren amen haurrak egunean zehar nonbait zaindu beharra sortzean, beste bultzada bat hartu zuten haurtzaindegiek, baina egitarauari dagokionez pausotxo bat eman zela aitortu behar da. Freud, Frank, Gesell eta Spock-en estudioetan oinharriturik, haurren arazo emozionalez berezikiago arduratu beharra somatu zen, aitaren gabeziak eta amaren eguneroko lanak nabarmenki azpimarkatzen baitzituzten haurren arazo emozionalak.

Gerrate ondoan eta 1960. urte ingurua iristean, berriz, haurren ezagupenezko alderdia azpimarkatu zen. Eskubide zibilen aldeko mugimenduaren eta gizarte klase apalenetako haurren eskola porrotaren (fracaso escolar) prebentziorako izendatu zen diruaren laguntzaz pauso berri bat eman zen arlo honetan. Paiget, Kirk, Hunt, Bloom eta beste zenbaiten lanak izan ziren adin honetako haurraren izaera eta ahalbideei buruz horizonte berriak ireki zituztenak.

Ikuspegi historiko bizkor honetatik atera daitekeenez, haurtzaindegia helburu orokor batzu lortzetik, eta batez ere, premia sozial batzuri erantzutetik hasi zen. Indar historiko-sozial, batzu jokoan sartu ahala, haurraren alderdi desberdinak azpimarkatuz egin du aurrerantz haurtzaindegi mugimenduak. Oro har, hiru fase nagusi ezagutu dituela esan daiteke, nahiz eta helburuok beti nolabait nahasturik gertatu izan badira ere: Osasun fisiko eta ohizko ohituren haroa (1920.az geroztik) sozio-emozional hazkundearena (1940.az geroztik) hazkunde kognitiboaren eta eskolaren arrakasta lortzeko beharrezko trebetasunena (1960. urteaz geroztik).

Aldian aldiko helburu zehatzagoen arabera, haurtzaindegiaren nortasuna, planteiamendua eta funtzionamendua ere aldatuz joan da. Hemendik edo dator terminologia mailan ere dagoen izendapen ugaritasuna (guardería, jardín de infancia, maternal, preescolar, escuela infantil, etabar.// haurtzaindegi, lilitegi, parbulario, eskolaurre.// nursery, kindergarten, preschool).

Gaurregun munduan zehar dauden eskolaurrerako programek desberdintasun aski nabarmenak eskaintzen dituzte, helburuei dagokienean ezezik irakasmetodoen alorrean ere. Hala ere, hiru sail nagusitan bana daitezke: a) usadiozko haurtzaindegiena, b) kognitiboki orientaturiko eskolaurrena, c) Piaget-en arabera kognitiboki orientaturiko eskolaurreena.

a) Sozio-emozional eta pertzeptual-motorezko helburuak dira nagusi (Read).

b) Haurra ezagupenez jaberaztea eta honela eskola haroan arrakasta lortzeko trebatzea du helburu nagusia (DARCEE, Bereiter-Engelmann).

c) Piaget-en teoria epistemologikoaren arabera, haurraren adimen hazkundeak lau aldi nagusi ditu: sensorio-motorea (0-2 urtetara) operazioaurrekoa (2-7 urtetara) operazio konkretuena (7-11) operazio formalena (11-12z gora).

Eskolaurrean operazioak posible ez badira ere, horietarako aurrebaldintzak sortzea luke helburu (Kamii).

Dirudienez, azken sail honetakoak dira helburuei eta edukiei dagokienez programaketa orokor eta globalizatuena eskaintzen dutenak, zenbait puntutan azpimarkatze eztabaidagarri batzu gorabehera.

Laburpen gisa, zera esan daiteke: joera desberdinak gorabehera, eskolaurreko hezieraren helburuak lau ardatz nagusiren inguruan globalizatzen direla: sozio-emozional edo afektiboa, pertzeptual-motorea, kognitiboa eta hizkuntzazkoa izendatu genituzkeen ardatzenean, eta lau alderdiok modu orekatu batez konbinatzea, programatzea, lantzea eta ebaluatzea beharrezkoa dituela ongi planteiaturiko Eskolaurre heziera batek.

L. Mendiguren


"Euskal Herria" hiru liburutan

Duda handi batekin hasten naiz, Luis C. Nuñezek, 1.977. urtean Donostiako Txertoa argitaldarian, eman duen trilogia (1) aztertzen, ez baitakit zer kriterio erabil, nondik jo, soziologia profesionaletik begiratzen has ala liburuak izan dezakeen eraginari begira, sakontasuna azter ala hedadura ausnar, Euskal munduko soziologia lanekin gonbara ala mundu osoan normalki egiten diren lanekin neur, baina nahiz eta ez jakin ere, gauzak aztertzeko beharretan gaudenez gero, hemen zenbait puntu.

Hasteko, liburuz liburu joango naiz eritziak ematen eta azkenean ondorio labur bat aterako dut.

Lehen liburuaz

Euskararen eboluzioa eta gaurko egoera aztertzen ditu batez ere, euskararen zapalketa du beti gogoan eta beharbada, zapalketa hau beren lan hipotesia da, behintzat, obraren lehen zatian.

Liburua bi zatitan bereizirik dago, orain lehenengoarekin hasiko gara. Eritzi zabal bat emateko esan behar da deskripzio soilean geratzen dela azterketa, ez duela sakontasun handirik eskaintzen.

Ba ditu zulo batzu ere, nahiko ilun geratzen diren alderdiak, adibidez: sorterria aztertzerakoan, bai oraingo euskal biztanleak sortu diren probintziari begira, bai euskal probintzia bakoitzeko euskararen eboluzioa ikusterakoan; gizarte maila eta euskara ere ez ditu larregi aztertzen. Euskara norekin, noiz eta zenbat erabiltzen den esaten du, baina egoera diglosikoari ez dio begiratzen eta mementu honetan euskararen egoera diglosiaren teoria aplikatuz aztertzen dugu gehienetan, beste teoriarik sortzen ez den bitartean.

Bigarren zati batetan euskararen defentsa aztertzen du, baina nondik nora joan behar den baino gehiago orain arte zer egin den konstatatzen du.

Defentsaren zatian argitaldarigintza aztertzen du datu nahiko zabalekin, ondoren bizilagunen aktitudeetara pasatzen da eta bertan eritzizundaketa batzuren berri ematen du, baina aktitudeetan geratzen da eta mementuan beharrezkoa da ere jakitea jende honek, bera praxian zer egiten duen euskararen alde: zenbat doazen ikastoletara, zenbat alfabetatzen diren eta beste. Eta datu hauk, gutti gorabehera bada ere, hor zehar ba daude.

Konklusioan esaten du Hego Euskal Herria hiru faktorek determinatzen dutela, nortasun etnikoak, industriaketak eta errepresio egoerak. Faktore hauk garrantzizkoak dira, baina non uzten du inmigrazioa?

Lortzen du, hala ere, euskararen egoeraren esplikazio zabal bat ematea, eta gai honi buruz hor zehar dauden hainbat daturen biltzea, egun ez da gutti. Aipatzekoa den beste gauza bat, bere trilogian euskarari eman dion garrantzia.

Bigarren liburuaz

Liburu honetan demografi azalpentxo azaleko bat egin ondoren eta hazkundearen desekilibrioak salatuz gero, produkzio atalen deskribapen laburra egiten du, hiru atal klasikoetan, hots: lehenengoa, bigarrengoa eta hirugarrengoa bereiziz eta subatalak seinalatuz. Gero klase sozialetaz zerbait esatera pasatzen da, poderio muinak non dauden azaldu nahiz.

Nire ustetan liburuaren bigarren zati hau nahasmendu haundikoa daiteke, behintzat liburuaren tituluari bagagozkio. Ez baitut uste klase sozialak honela aztertzen direnik (klase sozialei propio dagozkien horrialdeak 15 dira bakarrik). Beraz, dilema batetan planteiatzen da autorea. Klase sozialei dedikatua bada liburua, ez zaio atera tituluak adierazten duen mamia. Barnean benetan esaten duena egitea gura batzuen, beste titulu bat beharko zukeen.

Osterantzeaz, gai bakoitza ukitzerakoan ez du gaizki jo, ukitutako gaiak hauk dira: Biztanle gorabeherak, Produkzio sektoreak, boterea duten Euskaldunak, Klase sozialak, Arrasateko kooperatibagintza, Nekazal klaseak, Grebak.

Metodologia aldetik egindako lanean bilduma bat besterik ez da, baina bere praktikotasuna eta batez ere, gai monografikoen zabalkuntza egiteko duen gaitasuna erabat probetxagarriak dira.

Esateko geratzen zaidana zera da, Euskal Herrian hain lotuak daudenez klase borroka eta nazional arazoa, hobe lukeela nazional problematikaz ere zerbait esatea, zeren, liburuan erabiltzen dituen hainbat datuk ongi baino hobeto seinalatzen dute nazional arazoaren eragina eta bestela begira beza greben atala, hainbat datu ematen diona.

Hirugarren liburuaz

Hiru liburuetatik dotoretsuena eta mamitsuena da, berak ukitzen baititu Euskal Herriak orain dituen hainbat arazo, frankismoaren garaian egon den egoeraren hainbat puntu ukituz.

Aztertzen dituen gai batzu hauk dira: Euskararen negazio ofiziala, zerbitzu publiko antzuak, negazioaren negazioa (erreferendumaren azterketa), katolikotasunaren garrantzia, mentalitatean komunikabideek izan duten garrantzia, errepresioa, tendentzia politikoak, azken elkarrizketa.

Nabaritzen denez politika arloa ikusten du gehienbat, aurreko liburuan ekonomia ukitzen zuen bezala, hainbat argigarri ditu liburu honek, batez ere ahoz aho Euskal Herriaren egoera salatzeko egin diguten hainbat afirmazio frogatzeko.

Kapitulurik landuena, frankismoak eskaini dizkigun hiru erreferendumen azterketa litzateke, bertan azaltzen du Euskal Herrian eman den aldaketa; Nafarroa da bitxiena, 1947. urteko erreferendumean abstentzio oso txikia izanik, % 6koa, 1976. urtean % 26ra pasatzen da, Arabaren gainetik jarriz. Kalkulatzen du ere abstentzio indizea, Euskal Herriak 1.947.ean zuena 0'9 bada, 1.966.ean izan zuena 1'8 da eta 1.976.ean egondakoa 1'9, penintsulako gorena zalantza gabe.

Liburuak pilo bat pitxikeria dakartza eta bilketa lan handia egin duela autoreak ere garbi geratzen da. Nahiz eta, kapitulu askotan zientifikotasunaren zehaztasuna galdu, eta erabiltzen dituen datuen objektibotasuna eta balioa zalantza bizian jarri.

Objektibotasun eta konkretatzeko zera esango dugu: "Encuesta" entrepresak, gizonezko-emakumezko artekoen dauden erlazioetaz egin zuen inkestaren balioa zalantzan jar daitekeela, Estatu gutian 1.489 inkesta egin baitzituen, horietatik Euskal Herrian 1 50 bat eginez, zuek kontatuko didazue Euskal biztanlegoa 150 inkestekin jeneral daitekeen ala ez, berdin edo antzerako zerbait esan dezakegu Foessaren inkestetaz, duda gabe baiezta daiteke Estatu guztirako egin den mustrak balio duela baina ezin daitekeela mustra horretatik Euskal Herrirako konklusiorik extrapola.

Horrelako iturriekin liburuaren azterketak ez dira guztiz fidagarriak, baina, tira! besterik ez dagoenez.

Trilogiaz eritzi orokorra

Lana, soziologia seriosetik ikusirik eztabaidagarria da, ez dut esango txarra denik, ez baita gauza berdina txarra eta ahula, ahuleziaren parte handi bat iturrietan datza, beste bat lanaren arintasunean eta arruntasunean. Dena dela, zihur asko, C. Nuñezek bere muga hauk lana hasterakoan ba zekizkien. Lanari ez diot ikusi gogoari izateko errurik, datuak nahiko fidagarri izan behar lirateke, baina azterketak arinegiak dira.

Euskal ingurugirotik begiraturik beste ondorio oso desberdin bat ateratzen da. Lehengoz Euskal Herria aztertzerakoan sarri behar izaten diren zenbait daturen bilduma lortu duela, bigarren ideia asko jeneraltzeko oso baliagarri dela, hirugarrenez liburuaren zeregin nagusia, duen balio pedagogikoan datzala. Orain hori bai, bilduma soilean geratu da libururik gehiena.

Oso erraza eta atsegina da irakurtzeko eta Euskal problematika zabaltzeko aproposa, zabalkuntza gisa oso igarpen egokiak ditu, beharbada gaien beste ordenamendu batekin hobeto legoke.

Hiru liburuen, obra osoaren, definizio bat emateko eskatuko balidate honela erantzungo nuke, alde positiboa nabarmentzeko zabalkunde gisan oso praktikoa eta pedagogikoa dela, eta alde ezezkorra salhatzeko arin egina, ahula eta iturrien posibilitatea zalantzan ezar daitekeela sarritan.

Eta azken lorea ere bota behar zaio, benetan gutti izan dira hiru liburutako trilogia Euskal problematika aztertzen argitaratu dutenak, lana hor dago, eta errealitatea da.

Azkenez egileak berak eskerrak ematen badizkio Ekorri zein Sedari, nik ere eman behar dizkiet, soziologo bat finantziatzen ausartu direlako eta bakean utzi dutelako, ez baita hori izaten beti ere, soziologia munduan dabilen jendearen zoriona.

Iñaki Azkoaga

(1) Luis C. Nuñez

"Opresión y defensa del Euskara" Edit. Txertoa Donostia 77.

"Las clases sociales en Euskadi" Edit. Txertoa Donostia 77.

"La sociedad vasca actual" Edit. Txertoa Donostia 77.


Musika

Fonografia

Bizi garen urtean, lehenengoz fonografoa egin eta entzun zen egunetik, ehun urte igaroko dira.

1878. urtean asmakizun honen arrakasta, gaur egun gizonak hilargia zapaltzea baino handiagoa izan zen. Eta orduko poza eta ezustea bere arrazoi handia erakutsi du ehun urte ondorengoetan. Baina ikus dezagun imentzio honen lehenengo urratsak.

1877. urtean, Thomas Alva Edisonek, soinuak batzeko makina baten projektuak egitera hasten da bere laboratogian.

Abenduko 6an, aparatu harrigarri baten aurrean aurkitzen da. Hau, eztainuzko paperaz hornitutako zylindro bat da; eskutoki batekin funtzionatzen du eta tutu akustiko bat dauka. Makina horren aurrean "Mary had a little lamb" haurren abestia kantatu zuten, eta berriro orratza lehen posizioan jarri ondoren, Edisonek bere ahotsa distorsionatua baina ezagungarria entzun zuen. Mementu hartan historia guztiko lehen grabaketa egin zen eta makinari, grekotik datorren "fonografo" izena jarri zioten. Fonografoaren patentea, 1878.eko Otsailan atera zuen Edisonek.

Beranduago Edisonek bere buruko "semea" utzi eta elektrizitatezko argian ikertzapenean sartu zen zuzen zuzenean.

Baina asmakizuna sortu ondoren, beste batzu ere jarraitu ziren fonografoa ikasi eta hobatzen, eta guztietatik garrantzitsuenetarikoa Grahan Bell izan zen.

Ordutik hona, lehenengo makinatik gaurko aparatuetara teknikak aurrerapen handiak egin ditu eta gaur ez da ondo ikusten norarteino helduko diren "video teknikak" eta diskoaren desagertzea ere (¿?) beste elementu berri batzuri, komunikazio-kodifikazioak batez ere, lekua utzirik.

Fonografiaren historia lau periodotan zati genezake:

Lehenengo bat, 1876.etik 1900.era, asmakizun eta esperimentaketa garaia.

1900.etik 1925.era, lehenengo grabaketa komertzialen epea.

Hirugarrena, 1950.erarte eta L.P. "Long-play" diskoen jaiotzez bukatzen dena.

Eta azkenekoa 1950.etik, gaurko egunetara datorrena, eta bertan ikusi dira estereofonian asmakizuna magnetofono hobakuntza, "kaxetea"ren imentu eta zabalkuntza eta azken garaietan soinu koadrafonikoan erabiltasuna.

Azkenez, hainbat gauza esan daitekeen gai honetatik, egun oroitgarri batzu gogoratuko ditugu:

1877.eko Abenduak 22, Edisonek, Scientific American Associationen, beren imentzioaren erakuspen bat egiten du.

1878.eko Otsailak 19, Edisonek fonografoaren patentea ateratzen du.

Hugesek, lehenengo mikrofonoa egiten du.

1889 Wiena. BRAHMSek zylindro batzutan grabaketak egiten ditu.

Edisonen lehenengo grabaketa komertzialak argitaratzen ditu.

1904 Berlin. Odeon etxeak aurpegi bitako diskoa ateratzen du.

1912 Columbia etxeak azkeneko zylindroa atera du, eta aurrerantz diskoak bakarrik egitera jarraitzera doa.

1920 L. Guest eta H.O. Merrimanek, Ingalaterran, lehenengo grabaketa elektrikoa egiten dute.

1931 Thomas Alva Edison hiltzen da, laurogeitalau urterekin.

1933 BASF, Pfleumerren laguntzarekin magneto-zinta egiten du.

1958 Audio Fidelityk, lehenengo "estereo" diskoa salmentan jartzen du.

1964 PHILIPS etxeak "kaxete" ezaguna atera ditu mundu guztian.

1971 Soinu koadrafonikoa jaio da. Electro-Voice etxeak, lau kanaletako lehen diskoa ateratzen du.


Sukalderako saltsak

Vlamse kaarbonat (Okela gisatua flamandar erara)

Oharra: Jateko hau egiteko lurrun lapiko bat (1) behar duzu.

Flandeseko herrietan egiten den gisatu bat duzu hau, gurea bezalakoa izaten da baina ardoz egin beharrean garagardoz egin beharko duzu.

6 lagunentzat beharko dituzu: Gisatua egiteko kg. bat haragi (magala, lepoa), 500 gr. tipula, litro eta laurden bat garagardo, kiio bat patata, olioa, gatza, irin goilarekada ttiki bat, ereinotz (2) eta biperhauts pixkat.

Zati eta dora ezazu haragia lapiko barruan. Atera lapikotik haragi zatiak eta beraien ordean dora itzazu tipula zatiak oliotzan. Biak, haragia eta tipulak doratuz gero, ipin lapikoko oliotzan irin pittin bat eta berehala bota lapiko barrura haragi eta tipula zatiak. Orain garagardo guztia bota beharko duzu lapikora, gatza eta ereinotza ere. Hitxi lapikoa eta balbula biratuz gero 50 minututan egosten utzi beharko duzu.

Hau guztiau egin ondoren zuritu eta zatitu dituzun patatak lapikora bota beharko dituzu, dena berriro 10 minutu gehiago egosten utziz.

Jan baino lehenago, biperhauts beltz pixkat bota dezakezu, nahi baldin baduzu.

On Egin.

(1) Puchero presión

Super-cocotte

(2) Laurel

Laurier


Posta

ABERRI EGUNA 78

26 igandean urte honetako aberri eguna ospatuko da. Orain dela aste batzuk hegoaldeko alderdi guztiak bildu ziren eta deia edo konbokatoria egitea hegoaldeko lau hiriburuetan erabaki zuten, eta "Consejo General Vascongado"ak propuesta onhartu zuen.

Batez ere esan behar dugu aberri eguna beti leku bakar batean egin dela eta konbokatoria beti izan da euskaldun guztientzako, Euskal Herri osoarentzako. Aurten ohitura puskatu dugu eta honela iparraldeko euskaldunak baztertu ditugu. Eta hortaz "C.G.V." horrek ez du ezer esan. Zer kasualitatea.

Denok ba dakigu nola den iparraldeko egoera:

1) detenituak (Xan, Aranguren,...),

2) euskararekin amaitu nahi dute (Donapaleuko ikastola),

3) gobernu frantsesak ez du onhartzen Ipar Euskal Herria herri bat bezala, eta hor dago beste herriekin departamentu berdin batean),

4) urte bakoitzean 3000 bizilagun lanaren bila Bordele edo Paris aldera joan egin behar dute (eta Ipar Euskadin 250.000 bizilagun bizi dira bakarrikan),

5) bere lanbide inportanteena turismoa da, eta benefizio ateratzen dituzte guztiak berriz Paris aldera joan egiten dute.

6) nekazariek ez dute ezta dirurik ezta makinaria egokirik.

7) eta orain gainera jarri nahi digute Miarritze ondoan zentral nuklear eder bat.

Balantze honekin ezin dugu ahaztu gure aberriko iparraldea. Ipar eta hegoaldeko etsaia berdin berdina dugu: kapitalismoa.

Frantzia eta Espainiako gobernuek jarri eta inposatu nahi digute Bidasoako sasimuga hori, bainan ala ere gaur esan dezakegu ipar eta hegoaldeko zazpi lurraldeek herri bat, nazio bat osatzen dutela. Herri bat gara!

Borrokan jarraitu behar dugu gure herriaren batasuna eta independentzia nazional eta sozial lotuarte. Eta gure ustez urte honetako konbokatoria ez da oso egokia.

EUSKADI BATUA ETA INDEPENDENTE BATEN ALDE!

HERRI ZAPALDUEN INDEPENDENTZIA NAZIONAL ETA SOZIALAREN ALDE!

AMARA ZAHARREKO EZKER ABERTZALEA

78-III-14.

***

Donostia 78 / III /13

Batez ere barkatu nere euskara kaxkarragatik. Euskaldun berri bat naiz.. Ez zait gustatzen idaztea baina hemen nago, aberri egunari buruz puntu batzuk aipatzeko.

1- Aberri eguna beti izan da Euskal Herriaren eguna, eta Euskal Herria edo Euskadik zazpi lurralde dituen, lau hegoaldean eta hiru iparraldean, ez da ezta aipatu behar.

2- Aberri eguna beti antolatu da urte bakoitzean leku batean, bien Iruñean, bien Gasteizen, baina beti leku batetan bakarrik. Eta konbokatoria beti Euskal Herri osoarentzat izan da.

Orduan, nik galdetzen dut; Aurten zergatik izan behar du hegoaldeko lau hiriburuetan bakarrik? Iparraldea gure aberriaren zati bat ez ote da? Edo nahi dugunean bai, eta ez dugunean nahi ez!

PSOE, PCE, eta abar luze bati ez da harritzeko ez zaiela ajolik, baina Altsasuako mahaia zergatik ez da bildu iparraldeko alderdiekin, bai Lapurdin, bai Nafarroa Beheran eta bai Xuberoan ere aberri eguna antolatzeko?

Hor dago nere galdera, eta euskaldun eta abertzale bezala erantzun bat eskatzen dut.

Joseba Bideluze

***

Aspalditik hartzen ditugu ondoko idazki bezalakoak. Ez da gure eritzia joko honi erantzunak ematea. Ez du merezi. Guk ez omen dakigu Anonimoak gordetzen duen zera, Cristo Reykoa ala Batallón Vascoespañolekoa denentz. Antz guztiak dauzkate behintzat. Ez da harritzeko beraz, eskuindar puntakoek euskara ere erabiltzea eta ziria sartzeko asmoz aurrez prestatu duten joko hauetan "abertzale" integrista bezala agertzea.

Baina hobe pentsatuz, aspaldi honetan zenbait "abertzale" integristak (Euskal Herriko foku komunista eta Bizkaiko foruen kontra bahiketak ("ixilgordeak") nola doazen gogoratzen dizkigutenak), hilmehatxuak ere "Bizkaiko foru" guztien kontra doazela ohartu beharko ziratekeen.

Goiz da, ba, argi daitezen zoritxarrez.

Anaitasunako adarjotzaileek.

Huinthana jahuna ez-burgesa.

Hemen nator haspaldiko partez hitz batzuk kontatzera.

Gahurtik hahurrera hoso gutxi idatziko dizut eta zuri gusto pixka bat hemateko hispano razisten ikur-ortografian idatziko dizut, zergatik dakizunez zuretzako bada denbora pixka bat hepaia hartu zala ta horaintxe haste gutxi geratzen zaizu zure rrolloarekin bastarrak engañatuta izorratzen jarraitzeko. Horregatik zurekiko hartu hemanak hongi bukatzea nahi nuke.

Lengo hilleko urtarrillean 22'an Guernikan mitiña heman zenuten txotxolo hartean zu bat izango ziñala gure komando koak bagiñakigun eta hortaraxe propiyo gure komando ko bat ber bertatik zu hikusi ta aditzera joan zan.

Gure honen inpresiyua izan zan kaka ere ez dezula balio eta ez duela merezi aintzakotzat hartzia zure pertsona, an bildu ziran hume kakatzuak ere etziñula konbentzitu zure tontuentzako ergel demagojiarekin.

Bañan guretako gehihenak ez giñan konforme geratu ta akziyua hahurrera eraman da zure pesadillarekin bukatzeko hasmotan gera.

Zuk baño millaka aldiz herru gutxihago zutenak, lur azpian dahudenak bat baño gehhiago ba dira, ez degu uzte zu laster lur azpian egoteko hepaitua zaudelako arrazoizko protestarik egingo dezunik.

"Gerturik daukagu odola bere alde emateko"

"Irrintzi bat entzunda.... (Lauxeta).

Gudari

Hoharra; ziur hegon zaitez zuk komunismorik ez dezula ikusiko ez Euzkadin eta ez da Hehuskadin Ere.


Gurutzegrama

Larry Trask