ANAITASUNA

1978.EKO URTARRILAREN 1EKOA

354. ZENBAKIA - 50 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 700 pezeta

Latin Amerikarako 800 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 900 pezeta

Ale bakoitza: 35 pezeta


[AZALA]

ZORIONAK, EUSKAL HERRI!!


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-5. Ohar laburrak

6-9. Donostiako hauzategien mugimendua

10-13. Bardeak: lurralde mugatuak

14-16. Kolonialismoa: bai ala ez?

17-19. ETA: aurrera burruka harmatua

20-21. Espainia

22-23. Sahara eta frantses goxokiak

25-26. Elkar ikuska

28-29. Euskal Unibertsitatea

30. Bihar baina hemen

31. Euskara eta machismoa

32. Euskal idazlan bi hitz laxoz

36-37. Pierinori gutuna

38-40. Zientzia

42-43. Emakumeak

44-45. Musika

46-48. Kirolak

49. Postak

50. Sukalderako saltsak

51. Gurutzegrama

52. Anaitasunaren oharra

53. Gramatika

54. Kaleko

Leg. Gor: BI - 1753 - 1967


Editoriala

Zorionak, Euskal Herria

Orain urtebeteko editorialean 1977. urteko jomugatzat bi baldintza ezartzen genituen, hots, Amnistia eta Autonomi Estatutua. Lehenengoari dagokionagatik asko dugu burutu; geure baitako indarretan oinharrituz presoak kaleratu egin ditugu bederen. Batailak, dudarik ez, asko eta gogorrak izan dira: maizegi gogorregiak; baina segur da herri honen indarrak presionatuz dugula urratsa eman; presoak kaleratzera behartu ditugula. Zorionak, beraz, zuri, Euskal Herriorri.

Bigarrenaren aldetik, ba dirudi ezen gobernua adar jotze batetan dabilkigula. Gaur honelakoak, bihar bestelakoak; nonbait autonomiaurreko projektuaren atzetik, gobernuaren promesen atzetik, edo ezina edo eznahiren bat egon, ba dago: militarrokrazia agian.

Errumeskeria nahi badigute aurkitu ez dira ari oso zuzen, ez baikara inoiz ere horretan aritu, eta, era berean, ez baitugu eskale gisa ibili beharrik. Gure herriaren etorkizunerako on dela pentsatu dugulako aurrera eginen dugu, eta harriak goldatu behar baititugu: egin eginen dugu. Gauzak garaiz!

Autonomi Estatutua ez dugu oraindik lortu, baina herri batasunaren poderioz, hori ere burut dezakegu. Ari gaitezen horretan.

Baina tira; diskurtsu merkeetatik aparte pentsa dezagun urte berrian.

Urtero, urtearen haserak esperantza berriak ekartzen dizkigu; esperantzak eta lan berriak. Guk, etxe honetatik, euskal kulturaren alde, euskal herriaren alde, egiten dugun lan ttiki honetan ihardungo dugu ustez zerbait esaten dugula. Gorabeherak izanen dira, noski; eta, behar bada, behegorak. Batek jakin! Hala eta guztiz, ba dugu esperantza bat: hurrengo urtearen haserako zorionak berriro opa diezazkizuekegun.

Zorionak, Euskal Herriorri!!!


Ohar laburrak

Berriro ere

Aspalditxo honetan militarrak eta Elizako agintariak non-nahi ari dira deklarapenak egiten. Kasu baterako, eta azken gertaturikoa dela eta, Santiago Apostoluari egin zioten oparian hilak 30ean, Español Iglesia kantaurialdeko almiranteak zera esan zuen: "que la fe, que fue el lazo de hermandad y solidaridad que llevó a la unidad nacional, está hoy amenazada por la inhumana concepción del materialismo ateo"... Ba dirudi, materialismoari jo eta ke ari direla azken garai honetan militarrak, zeren, gogoratuko duzuenez, orain hilabete Canariaseko kapitain jeneralak ere une bereko deklarapenak egin baitzituen.

Suquiak, bestalde, aipatu omen zuen bortxa; esanez berau mundutik desagerterazi behar genuela. Horretan ez da zaila akordioan izatea, zailago dateke, halere, Suquiarekin akordiorik egitea bortxa desagerterazteko. Esaten du Suquiak: "Esa violencia que conduce a la revolución". Beno, beno; erraza dateke Suquiaren nahiak ulertzea.

Ba dute zer defenda; antza!

Lemoiz eraso nahian

Lemoizen den zentrale nuklearra eraso nahi batean, ETAko militantea David Alvarez Peña 25 urtetakoa zauriturik jausi zen. Fotoan ikus dezakezuenez balak eskuineko partetik sartu zizkioten. Ez omen dago garbi nola!

Mutila, orain hilak 30ean, gaixorik dago Basurtuko ospitalean, eta egun batetik bestera diagnostikoa eta esperantzak aldatu egiten dira; ez baitago garbi ere, sendatuko ote den ala ez.

Plentziako partean eta Algorta aldean ere, zenbait manifestaldi izan dira, zeren, gainera, lehen mementu batean Daviden anaia bat ere detenitu baitzuten.

Bestalde, irratian zabaldu zutela mutilak odola behar zuela, izugarrizko jendetza inguratu zen ospitalera; eta, dirudienez, irratian esandakoa faltsua zen, ez baitzuen odolik behar.

Eta, hau noiz arte?

Administrazio berria, noski

Egunkari guztiek esan diote, urte honen haseran Carter "Etxe Zurira" heldu zenetik Amerikan administrazio berria dagoela. Eta esan, diote ere, administrazio hau demokratikoago de la eta giza eskubideak defendatzen dituela. Ez dugu uste inor litekeenik hain memeloa honelakorik sinesteko, baina egia da Carterren administrazio berriak azal berrizko itxura eman diola bere internazional politikari. Egunotan, adibidez, zenbait estatutan ari da bisitak egiten, hauen artean Polonian. Halaber ere, Sadat eta Beginen arteko elkar ikusketak (sic) zirela eta, Carter izan da bitartekoa eta nola ez "guztion defentsorea".

Baina, zaharrak zakurrak direnez, Carter jaunak urte zahar egunerako ba zuen non buka bere bidaia: Iraneko Xah enperadorearen jauregian. Zeren, Pertsiako Xah betidanik izan baita amerikarren monopolioen defentsarako maizterra eta artzanhorarik onena. Galde biezaiote, bestela, Xahen kontra burrukatzen duen erresistentziari. Hauek ongi dakite eta ongi ezagutzen dituzte amerikar administralgoaren ganbioak (ere).

Pinotxet madarikatuak

Pinotxet madarikatuak, zenbait aldiz frankismoak egin izan zuen bezala, erreferendum bat aurkeztu dio bere menpeko herriari. Berak dioenagatik, herriak babesa eman diezaion bere aginteari eta zenbait estatuk hura kondenatuz egin duten deklarapenaren kontra —Espainol estatuak sinatu ez zuen zerbait—. Eta izugarriena zera dateke, hots, herritar guztiek eman behar dutela botua, zeren berau ematerakoan karnetari seinale bat eginen baitzaio; eta nork emanen du honela kontrako botua? Botua emateko izanen diren lekuak, noski, militarren kontrolpean izanen dira. Ea, ba, nor ausartzen den?

Baina, zerbaiterako balio izan du Pinotxeten erabakiak, zeren, prentsan zabaldu denez, "Junta Militar" bertan batzu ez zitezkeen hain konforme, prozedurarekin bederen. Honek, antza, kontraesanak gogor ditzake.

Ea, ba, elkar hiltzen duten! Ez legoke gaizki, ez.

Inor ausartzen da Autonomiaurrekoari buruz benetazko, egiazko presiobideak non egon diren esaten. Historiari erdi-gezurrak gehitzen ba dakite askok. Egia osoa esaten ez denean, esan nahi ez denean, esan ere ez dezaketenean, berdin zaizkigu eskuinekoak ala ezkerrekoak.

Mobilizapen handien ikarak lagun ahal izan gaitu. Benetan lagundu gaitu. Suarez batek euskal parlamentariei esandako "métanse ahí y hasta que no lo arreglen no salgan" hitz horik beste ikara batzutan egon dira oinharrituta.

Rosa Olivaresek dioskun zera, "La actitud firme que la izquierda de Euskadi ha mantenido en el transcurso de esta ofensiva" segur gaude ez duela kontu handirik eduki Suarezen pentsamenduetan. Politikariek nahi dutena esan dezakete, demagogia egiteko ere askatasun eta eskubide osoak dituzte. Konpromezu horren azken arintasuna, beste arrazoi artean ETAren mila kilo dinamitari zor zaio eta arrazoi horrek bai pisu berezia zekarrela!

Paktuak porrot?

Triunfo espainol aldizkariak dioenagatik eta bistakoa denez, Moncloako itun famatuak gero eta gutiago funtzionatzen du. Suarez jaunak UCD aliantza batetik alderdi politiko baten izatea eratu du, inkoherentziaren lehen koherentzia honela lortuz.

Eta mementu batez burjeseria espainolaren begiradak UCDetik kanpo izan badira ere —APek "ezkerraldera" jo omen zuen!— ez da amets txar bat besterik izan, Suarezentzat, noski.

Ba du horrek bere arrazoia; ezkerrarekin gehiegi biltzea eta bigunegi izatearen ondorioa zitekeen, ezaguna den eta espainiar burjeseriaren ezkerrarenganako beldurra: deabruarenganako beldurra. Baina gauzak argituz doaz, eta une horretan ikus daitezke gobernuaren botere esklusibizatzea, lehen, hitzetan bederen banatuago zukeena. Gauzak argituz, bada, gobernua —UCD— eskuinaldera beti izan duen toki berera. Eta ezkerra, halabeharrez, duen lekuttora. Krisia, bestalde, ugarituz doala kontuak lantegietan izanen dira.

Han, zaila baita paktu estrainiorik. Han, jan beharra nagusi.

Eta, nahi eta ez, azken hitza sindikatuek ukan dezakete. Honela, nabariago ikusi ahal izanen dugu bakoitzak noren alde egiten duen lan. C'est tout.


Euskal Herrian

Donostiako hauzategien mobilizapenak

Intxaurrondoko batzarreak

Intxaurrondoko hauzategia beste hauzategien gisa, hauzoetxe eta belardiz gabetua aurkitzen da. Hauzo Elkarteak udalarekin zenbait negoziaketa eta bisita antolatuz gero ezer gutxi lortu ahal izan da. Horregatik, eta hauzategiko gabetasunak eta hirigintza egoera larriak izanik, beste ekintza bide gogorrago batera jo beharrez hauzategiko Batzarreak (gau eskola, hauzo elkarte, eta abar) eratu dituzte. Batzarre hauetan hauzategiko behar eta arazo premiatsuenak aztertu ondoren, udalari epe batzu ezartzea erabaki zen, horretarako Donostiako udaletxera martxa bat antolatuz.

Gauzak horrela, aurrez udalari ordua eta elkarrikuskaren berri eman eta intxaurrondotarren manifestaldi bat agertu zen udalera, eta ateak hertsirik eta alkatearen berririk ez jasotzean, udaletxean sartu eta plenuko sala bete zuten. Baina hara alkatea ez baina indar harmatuak igo ziren eta guztiok hirunaka jaitserazi zituzten zenbaiti karnetak erakuts erazi eta gero.

Intxaurrondokoek beste hauzo asanblada batean Zubiaurreko zubia, peatoien ibiltokiarentzako obren eta Villa Yeyette gau eskolarako irits zedin epe jakin batzu izendatuz agiri bat eratu zuten eta berriro udaletxera abenduaren 2rako beste martxa bat antolatzen da.

Eta hauzo batzarrean erabaki bezala beste hauzategiei ere elkarlanerako deia zabaltzen zaie egun horretarako guztiok plenu bat (hiri batzarre bat) eratu ahal izateko. Ostirale arratsez berriz, ehundaka bildu ginen udalaurrean. Intxaurrondoko batzarrearen agiria irakurri ondoren, hurrengo egunez Intxaurrondon arratseko 5etan egiteko zen hauzo batzarrera konbokatu gintuzten Donostiako beste hauzotarrek ere, Donostiako hauzakideen arteko plataforma bar eratzea proposatuz.

Eta halako batean atea pittin bat bortxatuz, eta lehioetatik mutil bi sartu zirelarik barruratu ginen udaletxean. Barrenean alkatearen presentzia eskatu ondoren, alkateordeko den Munoz jauna azaldu zen beste behingoz. Alkatea Bilbon zelarik Munozi zegokion, noski, udaleko makila. Berak, nire ustez borondate onenarekin, ezin zezakeela plenu bat konboka eta plenu baterako konbokatoria aginduarren bertako asanbladak hurrengo astean plenua konbokatuko zuela izenpe erazi zion. Bai Intxaurrondo eta bai beste hauzo mugimenduak potroetaraino baikaude betiko luzamendu eta promes antzuekin... Eta urteak joan eta urteak etorri, ez haurtzaindegirik, ez jubiletxerik, ez biltoki eta ez belardirik. Etxepilatze galantak bai, ordea, hauzategiaren bizkarretik esplotatzaile batzuren probetxurako.

Larunbat arratseko 5-6etan hasi zen Intxaurrondoko asanblada "Maria Auxiliadora" parrokia izaniko aretoan. Berandutu baziren ere, merezi zuen halako leku bat argi indarrez e. a. eroso prestatzea, zeren aurreko bilera eta asanbladak kale gorrian, euritan edo haize zorrozpean egon beharrez nazkatuta baitzeuden.

Hauzo batzarrean lehenik hauzategiko historia pixka bat egin zen, ondoren asanbladaren zentzua eta helburuak sakonduz, Adibidez, hauzo batzarreak hauzoko erakunde ororen eta parte hartu nahi duten Bilera Nagusia bilakatzen zen, beraz, hauzategia organizatzeko eta hauzo eskubideak lortzeko hauzo batzarrea bultzatu eta hauzo mobilizapenak eragin behar dira.

Han agertu ginen beste hauzategietako batzu akort ginela hauzoen arteko mobilizapen plataforma baten beharra aztertu eta hortarako lehen urratsak ematekotan geratu ginen. Arratseko 8etan jende taldeek martxa bat eratu zuten Intxaurrondoren gain, hauzategiko hirigintzatoki larrienetan eta behar lokaletan kalbarioak eginez.

Alde Zaharrean zigorra eta hautsiketak

Abenduaren lauko eguerdian euskal ezkerreko alderdi eta erakunde batzuk konbokaturik egiteko zen manifestapena Donostialdeko erdi eta alde zaharra indar harmatuek okupatua zegoenez, gertu zeuden lau pankarta baterakoiak utzi, hau da, "Amnistia denontzat", "Errefugiatuentzat erresidentzi askatasuna Ipar-Hego Euskadin", "Alderdien legalizapena" eta Autonomi Estatutua", eta azkeneko orduan Gros-erantz jo zen.

Gros aldera milaka batzuk ekin genion manifestaldiari eta nahiko lanak hartu zituen delako "ordenu indarrak" herri mobilizapena ito ahal izateko. Beti bezala, otso amorratuei hesiak jarri beharrez, handik eta hemendik barrikadak jaso ziren, baina hala eta guztiz ere, egurra eta gomazko bala franko izan zen. Nire aurrean taxiaren zain zeuden emakume batzu eta hamar bat metrotara gomazko bola batez haietariko emakume bat zauritu zuten, ondoan aurkitzen ziren beste emakumeak garrasika Iraeta tabernara ezkutatzen zirelarik.

Manifestaldia legeztatu gabea zen eta arratseko 8etan ere Boulevard aldean gazte sail batek karretera okupatu eta hesitu zuen. Boulevard barrenean Hernanirako autobus bat ere zeharkatu zuten, harmadakoei bideak hixteko. Jeep pare bat agertu ziren sirena hoska bizian eta harrika hartuak izan zirenez atzera egin eta iheska aldegin zuten. Handik denbora luzera, gaueko bederatziak jo eta gero, agertu ziren harmadakoen autobus eta jeep lerrokadak eta alde zaharrean sarturik kaleetako eta tabernetako jendea deus bereizi gabe kolpatu zuten. Eta kafetegietako eta tabernetako baso, botila eta ontzi hautsika hankaz gora jarri zuten dena. Adibidez, Barandiaran kafetegian kamarero jantzita zegoena eta Urolako sukaldaria epe gogorki kolpatuak izan ziren. Etxe partikularretara ere sartu ziren, ateren bat hautsiz eta zenbait komertziotako kristaleriak apurtuz.

Hurrengo eguneko izparringietan manifestaldiaren konbokatzaileek Gobernariaren dimisioa eskatuz agiri gogor bat atera zuten. Gobernariak, bere aldeko beste agirian, bere borreroen ekintzak justifikatzen zituen.

Bienbitartean alde zaharreko ASK-BAT, ZAHARREAN eta alderdi batzuk ostiralerako hauzo asanblada batera konbokatu zuten. Eta deiak erantzun zabala izan zuen, Sta Mariaren eliza nagusia bete betea baitzegoen, eta asanbladaren desarroiloa nahiko neketsua gertatu zen. Zenbait proposapen egin ondoren, milakako asanbladak bi gauza erabaki zituen esku altxatuz, biak harmadakoen kontrako protestan, bata, alde zaharreko denda guztiak hixtea eta bestea, ostirale arratsean Intxaurrondokoekin batera udaletxera manifestaldi bat egitea. Hirurgarren proposapena, halegia, arazoa parlamentarien esku jarri eta protesta goi esferetara eramateko eskatzea gehiengo batez ukatua izan zen, parlamentarismoarekiko mesfidantza nabarmen utziz. "Zaharrean" dendari elkarteko ordezkari batek aipatu zuenez, asanbladaren erabakia ezin zitekeen besterik gabe ezarri, Zaharrean taldeko dendariek borondatez onhartu beharko baitzuten delako greba.

Alde zaharreko greba bezperan, ordea, "Zaharrean" eta Hauzoak" hauzo elkarteek agiri bana agertu zuten prentsan berek alde zaharrean ez dutela greba egin behar denik erabaki. Bi elkarte hauen atzerakada publikoak moztuko zuen, batik bat, ostiraleko merkatari greba.

"Zaharrean"ek ez gaitu harritu, sozial egitekoen gainetik beren interesak defendatzen dituen merkatari elkartea baita. Baina, alde zaharreko hauzo elkarte "Hauzoak" hauzo asanbladan mutu eta pasibo jarrera hartu, greba bezperako agiri negatiboarekin eta ostirale arratsaldeko manifestaldian begirale huts bezala egonik, leku txarrean ez gelditzeko edo... azkenean hauzo asanbladaren antolatzaileekin bat eginik hauzategiko hondakinen inbentarioa egitera prestatzen dira.

Ostirale arratsean, bada, 7'30etan Konstituzioko enparantza jendez gainezka eta konbokatzaileek eratutako agiri bat aprobatzen da batzarrean. Batzordeek manifestaldi ixila egitea proposatzen dute eta gehiengo handi batek ez du onhartzen. Eta zortzi bat milaren manifestaldia osatzen da Alde zaharra, Intxaurrondo eta beste hauzategietako ekintzaileekin, "Gobernador dimisión", "Zuek faxistak, zuek zarete terroristak", "Menos fuentecitas y más zonas verdes" e. a. oihukatuz.

Udalaurrera inguraturik Munoz alkateordekoak hartu zuen alde zaharreko batzordea, baina Intxaurrondoko asanblada baztertua bilakatu zen eta hauzategiko batzarrean erabaki bezala udaleko plenura igoten dira beste hauzategietako zenbaitek laguntzen dielarik. Plenua jendez beterik geratu zen eta Munoz jauna beste laguntzaile batez plenura presentatu zen Intxaurrondoko aurreko asanbladak eskuratu izan zion epe jakinetako agiriari erantzun ahal izateko. Egia esan, Munoz jaunak jator jokatu zuen herri batzarrean. Eraikintza greban aurkitzen zelako ez zela bete Zubiaurreko zubiaren obra baina epe laburra jarri zien hirigintz obrak bukatu ahal izateko. Villa Yeyette gau eskolarako izan zedin gestioak eginik zituen eta nahikoa zuten arkitektuen idazkaritzarekin konkretatzea. Peatoien ibilbidearentzat oraindik presuposturik ez dagoela, baina hurrengo asterako agintzen zuen plenura eramanen zuela arazo hau ere. Intxaurrondokoek eratu zuten herri plenua nahiko egokia gertatu zen eta berriro garbi geratu asanblada eta mobilizapenen bidez bakarrik ematen direla pauso seguruak.

Hauzategietako plataforma berri bat?

Duela urte erdi bat egiatarrek Villa Salia hauzo asanblada eta mobilizapen bidez lortu zuten hauzategirako. Berau haurtzaindegi hobeago bat muntatzekotan dago.

Intxaurrondoko asanblada eta mobilizapenek planteiatu dute, ordea, Donostiako hauzategiak asanbladetan bildu eta elkarrekiko mobilizapen plataforma bat eratzeko beharra.

Lehenik hauzo batzarreak behar dira martxan jarri hauzo bakoitzean. Halere, hauzategi batzutan hauzo elkarteek ziruditen soilki nolabaiteko hauzo asanbladak aurrera eramateko gauza (Amara Berria, La Paz, Ulia, Gros e. a.). Hauzo batzarreak berriz, martxan daude Intxaurrondon, Egian, Amara Zaharrean, Anorga Txikin e. a. eta Alde zaharrean ere minihauzo elkartearen gaindik ari da indartzen hauzo asanblada.

Dudarik ez da hauzategiak zuzenki partehartzea dela bai hauzategia eta bai udala organizatu ahal izateko biderik egokiena eta dakusagunez baita ere mediorik eginkorrena. Halere, hauzategi batzutan hauzo elkarteak bultza eta eragin dezake hobekien delako hauzo batzarrea. Baina hauzo elkarte batzuk hauzo batzarre zabalago hauk bultzatu ez ezik boikotatu ere egiten dituzte eta delako asanbladaren jokabideak burlatuz negoziaketa partikularretan dihardute.

Horrelako zerbait gertatu da, agian, Intxaurrondoko minihauzo elkartearekin ere. Hauzo asanbladaren lanpide mugimenduari gorrarena eginik alkatearengana hauzo elkarteko batzorde bezala jotzen dute eta jakina, alkateordeko Munoz jaunak zioen bezala, alde batetik Intxaurrondo hauzo elkarteko batzordea zihoakion eta bestalde, hauzo asanblada. Alkateak, noski, nahiago du indargabeko batzordetxo batekin mintzatu, luzamenduzko promesetan lagatzeko ere.

Beste hainbeste gertatu da alde zaharreko asanblada eta "Hauzoak" hauzo elkartearekin. Milakako hauzo asanbladak (hauzotik kanpoko jende asko ibiltzen da alde zaharrean bai poteoan, bai erosketan, bai...) hauzo elkartea gainditua utzi duelako edo ezin menderatzean, azpijokoan aritu zaio asanbladari, nahiz eta teoriaz asanbladari agertu.

Amara Berriko hauzo elkarteari, egun, asanblada eta mobilizapen eza bilatzen diot. Juntako batzu oraindik lehengo urteetako pauso berak emanez, hor dabilzkizu negoziaketan, elkarrikuska e. a. eta bitartean ez da lortu ez haurtzaindegirik, ez jubiletxerik, ez gau eskolarako lokalik. Azkeneko hauzo asanbladan planteiatu bezala udalari e. a. epeak markatzeko ordua ba da, hauzo asanblada zabalagoak eta mobilizapenetara joz. Hurrengo asanbladarako, plazo arazoa alde batetik, eta Intxaurrondokoek planteiatu diguten delako hauzoen arteko plataforma hori tratatzekotan geratu ginen.

Ondoren bezala Donostiako hauzo batzarreak sekula baino indartsuagotzen ari direla ikustea itxarongarria da. Udal hauteskundeei bagagozkie, berriz, garrantzizkoa izanen da Donostiako hauzategien asanblada eta mobilizapen mugimendua, eta elkarturik agertzen bagara, udal herrikoi baten alternatiba bizi bat presenta dezakegu. Udala, herrikoetxea, behetik, hau da, hauzategietatik muntatua, kontroldua eta asanblada bidez eratua. Eta hauzategietako plataforma hori martxan jartzen badugu, abiaturik dabilela esanen nuke, udal hauteskundeetarako plataforma ere eta hauzo asanbladen ordezkariez osatutako lista bat kontrajarriko genieke bai P.N.V., bai P.S.O.E. eta bai alderdietako beste buruzagi eta profesionari guztiei.

Nortzu ari dira gero egokiago lanean hauzo asanblada eta elkarteak ala alderdi maiorietariko eta herri problematik kanpo dauden demagogo distiratsuak?

Donostiako hauzategietako ekintzaile gehienbat ezker abertzaleok garenez, udal hauteskundeetarako ezker abertzaleen bloke bat eratu behar genuke lehenbailehen, alde batetik, hauzategietako ezker abertzale talde autonomoak indartuz eta elkartuz eta bestalde, ezker abertzale alderdien botere guztiarekin. Behin, herri alternatiba jator bat eratu eta ezker abertzaleon batasuna lorturik, bloke honek irekia behar du izan, beste herri eta ezker mugimenduei ere, hala nola hauzo elkarteetan ari diren EMK eta abarrei, baina betiere ezker abertzalearen bloketik abiatuz.

Alex


Euskal Herrian

Preso baten inguruan

Kasualitatez bada ere, nik uste, behin edo behin Algortatik Bilborako bidea egiten duen autobusean ibiliak izan zareteketela. Eta ohartuko zinateketela ere, bertan izaten diren atso pozoinduekin —perfume desastrosoak ez direla kausa bakarra noski—. Baina, ez natorkizue Myrurgia edo beste perfumeren disertaziorik egitera, eta bai atso horietariko batek bururatu zidan zenbait gauzari buruz.

Egunero bezala autobusean sartu nintzen, eta egunero bezala zutik nintzen aurkitu; neure aldamenean esandako atsobele horietariko bat zetorren adiskidetasunez mintzatzen sarraski itxurazko beste murmu batekin.

"Ahj, qué asquerosos! Dios mío; mira que dar un espectáculo cortándose las venas en el hospital! Se pasan la vida quejándose". Kontua zen, COPELeko bi gaztek besoetako zainak ebaki (bide) zituztela iragan egunean eta DEIAk lehen horrialdean foto bat zekarrela. Atso madarikatu hari ez zitzaion besterik okurritu fotoa ikusterakoan eta dirudienez, goi burjeseriaren prostitutentzat hura gehiegi zatekeen. Goi burjeseria edo handikeriaz hornituriko burjeseria ttipi honentzat, hauzo ilun (gehienetan argirik ez dagoelako ere) eta familia pobre batetan munduratzea: deliktua da; "gizartearen" ohorezkotasunaren kontrako deliktua.

Nik, eta kasualitatez, fotoan ageri zen haietariko bat ezagutzen nuen eta hasera batetan pentsatu nuen, baldin eta atsoari esplika baniezaio mutil haren bizitza, atsoak, agian, zerbait konpreni lezakeela. Segobian jaio, Basahurin gaizkibizi, autoa lapurtu, gizon bat kolpatu eta hil; eta orain gartzelan gizartea ez dezan gehiagotan kolpa. Baina atsoaren semeek honelakorik egin balute ez da segur bide beretik sartuko ziratekeenik; ez da segur. Ez baita behin ere "justizia" guztiontzat egin eta aplikatu.

Nolabait, atsoek behar beharrezkoa zuketen gizartean pertsona gaiztoak eta zikinak egotea; honela ba zuten zer mespreza eta zeri gorroto ukan. Marginazioak ba du, batzurentzat, bere funtzio soziala.

Preso sozialekin ez da apologiarik egin beharrik, errealitatea ez baita apologikoa. Baina ni neu, eta halabeharrez, atso horri ostiko bat emateko gogo biziaz irten nintzen autobusetik.

Agian atentatua zatekeen atsoari ostikoa ematea.

j.g.


Euskal Herrian

Bardeak: lurralde mugatuak

Zarrakaztelutik bost kilometroz ekialderantz hasten dira Bardeak. Ia 500 km2etako basamortua. Lohia eta basatza, sakanak, zuloak eta muinoak, hilargiaren antzeko inguruaz osaturiko terreno hauk Europako oihan handienetariko bat izan dira historian zehar. Moeta guztitariko zuhaitzak aurkitzen ziren. Bagoak, lizarrak, ametzak, arteak. Orain guzti hau, aspalditik desagertu da. Politik eta ekonomi arrazoiak akabatu du oihan hau. Mendez mende, mozketa ikaragarriak egin ziren, birlandatzerik ordea deusik. Erdi Haroan esaterako, oreka bat lortu zen landare, zuhaitz eta abereen artean, oreka hori pixkanaka desagertuz joan zen, artzantza eta erosioa errudunak zirelarik. Baina mozketa handienaren errudunak Cisneros kardinalea eta Felipe IIa izan ziren. XVII menderako gutti gorabehera orain dagoen egoeran aurkitzen zen ordurako. Baina... ez zegoen bonbarik

Baso hauk lapur eta marginatuen gordeleku segurua zirelarik, Erregek eta ordenu zaintzaileek deuseztatu nahi izan zituzten. Gero ere, Espainiako armadentzat beharrezkoa zuten zura bertatik ateratzean, planteiamendu baten parte biak betetzen zituzten, ekonomikoa eta politikoa. Historiak ba diosku nola Felipe II Espainiako erregeak, Nafarroako erregeren segitzaileak haren kontra altxaturik eta sarritan Bardea beretan gorderik, zuhaitz askoren mozketa egitea edo eta erretzea agintzen baitzuen periodikoki, gero, kostaldeko kai eta portuetan zur hori armadentzako lehen gaia bihurtuz. Gaur Bardeak erdibiturik daude. Bata Nafarroan, bestea Aragoan. Erriberako 23 herrik hauzalur gisa dute. Baina gaurko egiazko nagusiak amerikanoak ditugu. Lehen bonbarik ez bazen ere, dena metrailaz eta bonbek egindako zuloak edonondik aurki daitezke gaur.

Oso arriskugarria da Bardeen barruan abiatzea. Egunero, hiru aldiz, Bardeetako oskarbian, kazak, bonbarderoak, metalezko hegazti guztien moetak ikusten dira. Batzutan istripuak ere daude. Hamar urte honetan 12 hegazkin erori dira, herrien ondoan, jendearen artean.

Tiro ariketak egiteko, Europan dagoen lur handien eta garrantzitsuena Nafarroako Bardea da. Arrazoiak, beste artean, eguzki orduak dira. Nafarroako Bardeetara, Mediterranion dauden Estatu Batuetako (USA) indar guztiak bonbardeoak egitera datoz. Turkiatik, Siziliatik, Afrikako iparraldetik, baita Alemania Federaletik ere, ordena kontroldua gorderik, beraien bonbak eta napalm goxokiak botatzen dizkigute hango armadek geure euskal lurraren zati honetan... Azken urteotan Viet Namera joan baino lehen, hemen Bardeetan, entrenamenduak egiten zituzten. Nahiz eta guk ez jakin arren euskal lurrak Napalm ere ezagutzen du orduan. Zaila izango zaie amerikanoei entrenamenduetarako terreno merkeagorik aurkitzea. Nafarroako 23 herriri urtero 559.000 pzta pagatzen dizkiete. Beraz, bakoitzari 24.000 pzta urtero! Alokairu hau, nahiz eta debalde izan, ez da honela izan aspaldi honetan.

Hogeitabost urtez, 76. urterarte 6.000 pzta pagatu dizkiete urtero amerikanoek Nafarroako alkate bakoitzari. Trukea, ikusten dugunez, ezin hobea. Bitartean egunero 150 bonba eta moeta guztietariko lehergailuak jaurtikitzen dizkiete. Zortzietatik aurrera, eta 12'30ak arte amerikanoen txanda izaten da. Gero, espainolak. Arratsaldean berriro ere amerikanoak. Arratsean eguzkiaren gorritasunaz, zulo eta zulape guztietan kaskotak, metrailak eta burdinak dirdiratzen ari dira Bardeetako basamortuan. Hala ere bonba guztiak ez dira jausten beren lekuan, ez eta kaza guztiak beren baseetara heldu. Noizean behin handik eta hemendik eror daitezke. Funitzen, Borjan, Sadaban, Monkaioko zelaietan erortzen dira. Batzutan bonbek egindako zuloetan kamioiak ere sar daitezke. Hau ez dugu ahoberokeria. Aurten eta Erregearen bisitaz batera, baserritar bati bere zelaian horrelakoxe bat gertatu zitzaion. Kaparrotsun, oiloek askoz guttiago erruten dute. Abioiek ateratzen duten zarata eta hotsa dela eta esan ohi da. Izan ere, Kaparrotsuko zeru gainean, abioiek bertan zarataren goreneko puntua lortzen dute. Bitartean, Nafarroako zenbait soziologo eta ekonomilari kalkulu ikaragarriak egiten ari dira, istripuen arriskuak gorantz joz. Hala baieztatzen dute haiek egindako estatistiketan.

Bestaldetik, entrenamenduetarako zelai hau eskualde honetako etorkizuna akabatzen ari da, Villafrankako ubidearen eraiketari oztopoak edo eta iraganezinezko eragozpenak sortuz, Ubide berri honek Bardeetako 15.000 hektarea urezta litzake; ondorioz, 100.000 tonelada arto bil litezke baina Espainiako gobernuak hobe du, antza denez, arto hori Amerikatik, Bardeetako etsaiengandik, inportatzen segitzea.

Datu horretaz mintzatzen ari den gizonak ez du bere izenik eman nahi.

 Un no rotundo... dio Erriberako doinuaz nagusitua.

... Es algo arriesgado. Tienes a los americanos y al ejército por delante... no suelen gastar bromas.

 Nola ikusten duzue orduan Bardeetako arazoa?

Euskadik dauzkan besteen antzera. Herriak lortu behar du. Gipuzkoako eta Bizkaiko laguntza ere eskatzen dugu. Herriaren kontra jokatzen duena hemengo diputazio forala da. Berak eraman zituen amerikanoekin tratu guztiak. Tratuak Espainiako jeneral baten bidez egin ziren.

Nafarra bera. Gero teoriaz behintzat, Bardeetako biltzarreak azken hitza du, baina Diputazioak erabakitzen du. ...La junta no es más que una reunión de caciques de estos pueblos.

 Eta Diputazioa aldatzen bada?

Orduan itxaropen gehiago izango dugu. Diputazioa demokratizatzen bada beste txori batek kantatuko luke. UCDek ehizetarako lurralde mugatua bihurtu nahi du Nafarroa osoa. Honela egin dute orain arte.

 Lurralde mugatu honetan zeintzu izan dira ehizi handienak?

Aurrean dauzkagu. Irunberriko aintzira. Tuterako nuklear zentralea. Belaguako asuntua eta Nafarroako autobidea. Belaguan Del Burgo Jauna promotorea dugu. Horrek ba daki zer defendatzen duen!

 Eta Nafarroako autobideak zer dauka?

Horrek ez dauka ezer. Falta bai. 200 edo 300 milioi, nik ez dakit zenbat baina asko lurrundu da hor. Inork ez daki non geratu diren. Pentsa daiteke baina, nortzuren patriketan egongo diren. Esku artean dauzkaten arazoak zeintzu diren jakinez gero, errazago ulertuko dugu UCDren jarrera politikoa. Hauek ez dute nahi Euskadirik Nafarroan. ...En Navarra, y más concretamente en la Ribera, Euskadi significa progreso y socialismo. El Navarrismo regresión y caciquismo.

 Eta nekazariak Bardeetako arazoei buruz kontzientziaturik al daude?

Ez motel. Oso gutti, jeneralean. Gazte batzu eta kitto. Informazio eza dago alde guztietatik. Alderdiek ere ez dute Bardeetako arazoa ukitu nahi, arriskugarria baita haientzat. Eta herri mailan bonbarik erortzen ez den artean lasai.

 Bardeak fruitugabekoak izan arren fruitu emaileak izan al daitezke?

Jakina! eta nola! Aragoako Bardeetan esaterako lantze intentsiboak daude. Jendeak uste du, eta ez dakit zerengatik, Bardeak ia osorik Aragoan daudela. Aragoako Bardea zati ttiki bat besterik ez da. Nafarroak du zati handiena. Baina guri ez zaigu ezertarako balio. Zenbait zatitan zainzuria lantzen da. Beste soro ttiki batzuetan Erronkaritik ekarritako ardiak eta abarrezkoak egoten dira neguan.

 Eta zer egin zitekeen Nafarroako Bardeetan?

Bardeak Euskal Herri osorako erreserba naturala da. 500 km2tako lorategia, basoa, baratzea izan zitekeen. Baina honetarako poligonoa desagertu behar da. Ubideak eginez gero poligono erdi erditik pasatu beharko ziren. Hau noski, ezinezko gauza bat da. Kanale bat egiteko asmoekin ibili gara aspalditik. Oztopo nagusiena ordea, poligonokoa izan da. ...Este polígono está condicionando en gran parte el porvenir de toda Navarra. ...Urari dagokionez berdin. Kanale inperialak hemendik pasatuz gero ez du ia-ia gure lur egarritsuotan ukiturik egingo.

 Baina Irunberriko aintzira egiten ari dira. Eta uste dut hortik aterako den ura Erriberara etorriko dela, ezta?

Bai. Baina hor ere beste tranpa bat muntatu dute.

Irunberriko aintzira egiteko 20.000 hektarea urperatu beharko dituzu. Ur horren bidez Erriberako 29.000 hektarea ureztatuko dira. Ez besterik. Orduan hor dago kezka. Proiektu horrek ez du ez hankarik ez bururik. 29.000 hektarea ureztatzeko 20.000 hektarea beharko dituzu. Ilogikoa da. Guztiz ilogikoa. Aurrera badoa ere, beste arrazoi ez-ezagunengatik izango da. Hortaz dabiltzanak ez dira ez tontoak ez ilogikoak. Arrazoia beste tokitan topatuko dugu. Irunberriko aintzira ez dute egin nahi Erriberako lur zati ttiki batzu ureztatzeko. Irunberriko aintziran egongo den urik handiena Tuterako nuklear zentralerako izango da. Gero "Transvase del Ebro"ren bitartez, Kataluniara gure ur guztia bidalduko dute. Hori da Irunberriko aintziraren arazoa. Ura joan egingo zaigu. Nuklear zentraleetarako ura izango da. Berriro ere enganiatzen gaituzte.

 Eta jauntxokeria hauen kontra egiteko ez al da egon herritar mugimendurik?

Bai, egon da. Baina deuseztatu egin da.

ESAM izan zen hortaz gehien arduratzen zena. Erriberako sozialist abertzaleen mugimendua. Mugimendu honek ez du sekula indar handirik eduki. Lehengotan jende asko bildu zen.

Batzu sozialistak, beste batzu herritarrak, ezer gehiago barik. Euskaltzaletasuna konprenitzen zuten. Baina guzti hau antzarrak ferratzera joan da aspalditik. Ezker abertzaleengan dauden iskanbilek eta protagonismoek izorratu dute mugimendu hau gehien bat. Jendea desanimatu egin da. Frustratu egin da. Gero ez genuen ere inolako laguntzarik. Azkenez dena deuseztatu egin da.

 Eta mementuon zer egin?

Mementuon Euskal Herriko alderdiak interesatu behar dira Bardeetan. Hontaz ere burrukatu behar da. Guk manifestaldi bat prestatzen ari gara. Ez dakit noiz egingo dugun. Lekua, Bardeetan barruan izango da. Ia orduan bonbak botatzen dizkiguten.

E. Hirusta


Euskal Herrian

Kolonialismoa: bai ala ez? Saran sozialistak azterketan

Sara dugu Euskal Herriko herri famatuenetarik bat. Hain zuzen gure Axular idazle haundiak hor dituelako bere sustraiak eta bere historia. Guretzat hau da Sara. Baina ba dirudi beste arrazoi batzurengatik aukeratzen diguten frantses politikariek. Batipat komoditate arrazoiagatik eta demokrazia ilusio batengatik. Dena dela, herri horretan bi bilkura politiko mamitsu eta mintsu ukan ditugu aste bat epe barne: Lapurdiko alkateen biltzarrea eta departamenduko sozialistena. Hau, Euskal problema guztiez egin da, kultura, ekonomia, politika etab. Egun horretako maisu haundi genuen Louis le PENSEC, Bretainiako deputatua eta Frantses Herrialdeen arduradun ofiziala, frantses sozialisten Batzarre Nagusiak berak izendatua. Hor zebiltzan ere beste asko politika txapelari, Jean Pierre Destrade kontseilari jenerala, Régis-Bastide entzunikusien karguduna (irrati-telebista), Nicole Pèry etab... Biltzarrean ziren ere Jatzar, E.H.A.S., Pindar, euskal alderdiak, baita Ikas, Seaska etab... euskal irakaskuntzaren erakundeak. Hona orain egun horren azterfruituak eta esan nagusiak.

Kulturaz zer esan da

Ez da aski esatea famili giroan irakatsi behar dela Euskara, guztiz beharrezko delako Euskal ingurumen edo anbiantza baten sortzea. Batipat, arduratu behar da C.N.R.S. frantses jakintza elkartearen adar bat Euskal Herrian (iparraldean) jasotzeaz. Euskara irratian eta telebistan, bistan da

Baina Enbatak idazten digunez inoiz ez da esan frantses irrati monopolioaren hausterik eta galtzerik. Euskararen arazoari doakionez esan da, irakatsi behar dela ikastoletan erabilia den Euskara eta Euskal Akademiaren babesean egotea.

Ekonomia

Lurraren problema ikusi da eta turismokeriarekin dituen zerikusiak (kanpotiarrek goitierazten lurren prezioak, espekulazioa etab...). Industriari eta lantegiei dagokienez aitortu da estatuak ez duela borondaterik industrigintzaren hemen eraikitzeko eta aurreratzeko. Benetan eginbehar gorria eta projektu baitezpadakoa. Baina bultzatu egin behar dira batipat bertako mineraleen lantzeak eta birraldatzeak (lantegi berezien bitartez). Hala nola esnea, haragia, bihia etab... Gainera aipatu da, hegoaldeak iparraldearen arazoari ekar diezagukeen laguntza. Hala ere baldintza bat: Espainia merkatu komunean sartzen baldin bazaigu eta sartzen zaigunean (?).

Politikaz

Azpimarkatu da Euskadi Hegoaldearen garrantzia eta Iparraldearekin dituen zerikusiak. Gaurko egoeraren azterketa sakon batek agertzen die etorri dela ordua Euskal ezkerrarekin atxikiak eta loturak sortzeko. Esan da, pisuzko gauza hau ere: autogestioa dela Euskal arazoari eta frantses gutiengo guztiei eman daitekeen erantzun bakarra. Baina Enbata astekariak ongi jasotzen digu pondu honi doakion ohartze hau "autonomia hitza inoiz ez da ibili!". Eta guk galdegin genezake "zergatik ote? Zein arrazoi politikorengatik?".

Hona beraz hemen, egun horretako esanaldien bilduma labur hau. Ez dugu itzaliko asko zalantzazkoa eta mugatua deritzogula. Lehendabizikoa eta ez gutiena, informazio monopolioarena nabartzen zaigu. Egia da, amets daitekeela frantses ezkerrak irabaziko dizkigula datozkigun hauteskundeak. Baina posibilitate horrek, zer ekarriko digu Euskal Herriaren arazo politikoari? Printzipioaren mailan erraz zaie esatea: euskara lagundu, industrigintza jaso, lanbideak jaso, autogestioa Herriari etab... baina Euskal Herriak bere jabetasuna hartze duela ez esatea, garbiki eta goraki, falta haundia zaigu. Falta hau ez da ustegabekoa baina benetan politikoa. Ongi ulertzen dugun jarrera, ezen frantses sozialistek Paris dute beren hiri nagusia eta guk ez. Direkzio berean ez begiratzen eta nola beraz politika mailan topa genezake elgar? Gutarteko muga politikoak jarrera desberdin honek sortzen dizkigula ez daiteke uka, dena, aukera baten libertatean oinharritzen zaigula ere, argi da. Eta Euskaldun zenbaitek horrela egiten badute beren errespontsabilitatearen barruan dabiltza. Etsai berdinen kontra, elkarrekin lan egin genezakeela, dudarik ez. Dena dela, berdintasun mamitsu hau zegoela aitortu behar genuen, batipat, sozial mailarena: Kapitalismoaren eta dirudun baliatzaile guztien aurka daramagun borrokarena. Baina dakusagu ere sozial maila bera botere politikoak agintzen digula. Horregatik, Euskal abertzale sozialisten konstatazioa hau da: ez dagoela sozial mailarik politika mailatik aske. Sozial maila bat garbia, frantses politikarekin zerikusirik gabea, ez ahal da amets bat? Bai, sozial maila guztiek beren nortasuna dute, beren kolorea. Argi eta garbi dagoen arren, inon ez dagoela maila bat ere benetako neutralismo politikorik gabea. Batipat, denek dute inperialismoaren okerra. Hots, aukera politiko-soziala guztiek beren mugak eta ezkonezinak dituzte. Hau da Sarako biltzarrearen egiazko oztopo sakona, oraindik frantses sozialismoak bentzutu ez diguna.

Ez gara kulpa honetan itoko eta ez behar ere, aurrerantz goaz eta bertako militante sozialista batekin hitzegitea eskatu dugu. Gizon hau Donibane Garazin irakasle da eta izendatzen Irazabal. Hona gure galderak.

Sarako biltzarrean aipatu al duzue propietate pribatuaren ezeztatzerik?

Ez! Ezen gaurkoan nekazariak bere lurra lanerako tresna baten berdina du. Guk ez dugu nekazaria bere jabetasunaren araberatik ikusten baina jornalari baten irudira, 15 hektarearekin langilearen soldata baino apalago darabilelako. Alderdi Sozialistak horretan oinharritzen du nekazari haundi eta ttipien arteko diferentzia.

Zu, zer taldetan ibili zara?

Irakaskuntzarakoan nintzen, Haritschelar, Nicole Pèry eta beste batzurekin. Denak ados ginen pondu larri honetan: Frantziak historian zehar, frantses mintzairaz egin duen inperialismoa. Hau zientzia mailan izugarrizko hutsa izan da, batipat haurrei obligazio bezala ematea berea ez zeukan mintzaire bat, pentsakera estruktura guztien aurka joatea zen. Famili giroan eraiki ziotenaren aurka. Guk aztertu behar genuen arazoa zen bilinguismoarena. Pedagogiari doakionez argi dago mintzaira batetarik behar dela abiatu, euskaratik edo frantsesetik. Baina, lehen une horretan inola ez biak batera. Izugarrizko konfusioaren arriskua hartzea litekeelako. Uste dut, posibilitatea utzi beharko dela aita-ama bakoitzari aukeraren egiteko, euskara edo frantsesa irakastearena. Ez naiz ados Seaskarekin, nire sinestea delako onhartu behar dela diferentziaren zuzena Euskaldunei baina ere euskaldun ez direnei. Ikus nezake berdin, espainola edo algerianoa aukeratzen bere lehen mintzairetzat, berea. Ez dugu inposizio berri batetara erori behar, hain zuzen ez dagoelako mintzaira baten supremaziarik beste baten gainean. Ez dago euskararen supremaziarik frantsesaren gainean.

Beraz, Euskal Herrian bizi den portugesak bere mintzaira ikasiko du?

Bai! Euskal Herrian bizi den portugesak eta Frantzian bizi denak. Ezen oraindik Frantzian gabiltza, ez?...

Nolako jarrera ematen duzu zeure buruaz, frantses sozialista ala Euskalduna?

Nire pertsona Euskaldun daukat eta eskolan sartu nintzelarik ez nekien hitz bat ere frantsesez, dena Euskaraz. Geroago nik ere ukan dut frantsesaren menpetasuna. Baina gaur, frantses estatuaren barnean nabil eta nire militante lana frantses erakunde batetan daramat.

Baina benetako Euskaldunak ez du frantses izateko obligaziorik nahi. Beraz, aukera politikoa da zurea. Onhartzen al duzu frantses izatea?...

Ongi ulertzen dut zure galdera eta nire erantzuna hau da: lan egiten dudala frantses sozialisten alderdian eta estrukturen aldatze batetarik (frantses ezkerrak irabaziko duenean) etorriko zaigula frantses minoria guztien diferentziarako posibilitatea. Helburu honetara, frantses mugimendu gotor honetan militantismoa eginez iritsiko gara.

Lan gabeziaren arazoa nola ikusten duzu?

Ohartzen naiz kantonamendu bakoitza, Donibane Garazi, Baigorri, Donapaule, Maule etab... bereber bizi dela, "ghetto" baten irudira. Orduan, zergatik ez pentsa koordinazio erakunde bat arazo guztien aztertzeko?

Dena dela, uste dut Euskal Herri hegoaldea bera arazo ekonomikoetan dagoela, krisiaren barnean. Orduan, ez amestu hark denak sendatuko gaituela eta handik etorriko zaigula industrialismo guztia. Hegoaldearekilako harremanek aurrerapen har liezagukete merkatu komunean gabiltzalako. Baina uste dut benetan, bertakook eraiki behar dugula bertako industrigintza (segeria, haragia, esnea etab...)

Turismoaz zer diozu?

Turismoa ez daiteke geldi, honekin konpondu, behar da. Bertako kargudunek turismoaren aukera nagusia egina digute eta bakarrik turismoarena. Hori zait jarrera okerra. Urte guzirako lana sor liezagukeen turismo era bat sortu behar genuke, ez bi hilabete motzena! Langileentzat turismoa miseria gorria da, esplotazio gogorra eta basa. Bertakoek eginikako planifikazio baten beharrean gabiltza. Gaurkoan, turismoa ostalarien dirubide bat baizik ez da, beste ekonomi posibilitate guztiak itotzen dizkiguna.

Biltzarrean esan da, Euskal ezkerrarekin nahi duzuela harremanetan sartu. Zein ezkerreko alderdirekin eta zergatik?

Populuen Europa! Lehendabizi elkarrizketa hasi Euskal ezker guztiarekin baita espainolarekin Euskal ezkerra E.T.A. barne, bistan da. Frantses sozialisten eritziak ez dira behin betirako hertsiak eta bertakoekin solastatzea baldintza baitezpadakoa zaigu aurrera joateko.

Jendearekin aurreratzearen baldintza horretan, amesten al da Iparraldearen autodeterminismoa onhartuko duzuenik?...

Zergatik ez? Bistan da, bistan da!...

Autogestioak zer esan nahi luke Euskal arazoari dagokionez?

Gaurkoan gizarte kapitalistan murgilduta gabiltza. Horregatik, arriskugarri zait ingurumen horretan benetako autogestioaren egitea. Ezen autogestioak berdintasun esan nahi du, beraz langilearentzat orain duen baino errespontsabilitate gehiago. Lehenik estrukturak aldatu behar dira eta oraikoan autogestioaren bideak urratu. Halabaina hau dugu poliki poliki eraikiko dugun gauza. Euskal arazoari doakionez oinharrizko taldeek erabakiko dute autogestioa egin ala ez.

Autonomia hitza ez da erabili. Zergatik?

Gaurko egoeran ez daiteke autonomiarik asma. Datozkigun urteetan barne asmatu behar balitz, kontra egin nezake. Alderantziz, populuen Europan asmatzeari alde noa eta alde lan daramat. Zoritxarrez ez dago hau biharko gauza.

Bortizkeriaz, zer da zure eritzia. Batipat Baionakoetaz?

Ez naiz alde izaten ahal. Ekintzak egin dira eta ez dakigu nork. Ulertzen dut, espainol gobernuaren aurka E.T.A. gogorki plantatzea estatuaren bortitzari eta beldurrari erantzuten zigulako. Ez zegoen beste biderik. Baina Frantzian jendeak gaizki hartzen du, erreakzio ezezkoak. Eta ez naiz ados hemengo borroka manera horrekin. Manera hobeagoak ba dira, batipat, politika lana, alderdiak, traba emateak, papera ezartzeak, etab...

Eskerrik asko, Irazabal, eta gu guztion agur sozialistak!

M. L. UHAITZE


E.T.A.: aurrera burruka harmatua

Borroka harmatuak zutik iraungo duela esan du ETAk. Euskadi zuzenki zapaltzen duen espainol administrazioko tresneriaren kontra zuzenduko duela. Eta etengabe zuzendu ere.

Unzetaren garbiketak hasi zuen kanpaina. Geroago, Irungo salhati bat eta Iruineko Polizia Harmatuaren komandantea garbitu ditu. Eta poliziaren jeep bat eta Babcock-en bulego bat ere lehertu ditu.

Azter dezagun estrategia hau ikusgune desberdinetatik. Ez dago gaia agortuta uzteko arriskurik. Eskuarteko lan honek ez du hauxe baino pretenditzen: ETAren kanpainak —abertzale-sozialista ikuspegitik beti ere— daraman problematika bere lekuan kokatzea, kanpainaren egokitasuna behar bezala juzkatzeko. Guztia, mementuko politik abagadunean.

1.- Lehenik, argi dago ETAk ez duela uste, une honetan berjabetasuna eta sozialismoa lort daitezkeenik. Kanpaina honen planteiamendua, ia segurki, KASen aukera bultzatzea da; hau da, antioligarki ezaugarriak dituen herri aukera bat bultzatu nahi da. (Amnistia, libertateak, indar errepresiboak desegitea, subiranotasunaren ezagutza, estatutua aurreratu eta antioligarki ekonomi-sozial neurriak).

1976.eko Agorrilean, KASek Hego Euskal Herriaren normaltasun demokratikorako aukera bat eskaini zuen. Une honetan, KAS, ETApmk, EHASek eta LAIAk osatzen zuten. Eta ETAk geroxeago erabat KASen aukeraren alde zela adierazi zuen. Beraz, gure ustez, ETAk kanpaina honen bidez, ez du espainol burjeseriaren tresneria erasotzen, hori pretenditzea, oraingoz, astakeria bat bailitzateke. ETAk herri helburuak zuzenki eragozten dituen tresneria horren organuak eraso nahi ditu, hau da: indar errepresiboak, burjes-inperialist ideologiaren tarteko produzitzaileak, politik tresneria horrek Euskadin dituen adarrak etab. etab.

Baina kanpaina hau lekuz kanpora ari da egiten ETA. Ikus dezagun:

1976.eko Agorrilean KASek bizitza demokratiko normaltasunerako aukera "minimoa" eskaini zuen. Baina 76.eko Abenduan bertan, aukera hari minimotasuna kendu egin zitzaion, eta negoziaezina eta edozein instituziobidetarako oinharria zela ahaztu zen. Halabaina, egia da, lehen bezalaxe, aukera bat zela orduan ere. Guztiau KAS Euskal Erakunde Herritarrarekin negoziatzen hasi zenean ikusi zen. Eta geroago Abendu hartan bertan, KASek bere barnean, minimo negoziaezinak, amnistia eta libertateak zirela erabaki zuen. Eta besteak instituzionalbidez konkista zitezkeen puntutzat jo zituen.

Baina ez dira gorabeherak hemen bukatzen, zeren ETApm-EIAk etsi egin baitzuen, eta KASen osotasuna arriskuan jarri. (Une honetan oraindik EIAk erreagrupamendu aldartea bukatzeko zuen). Ondorioaz, benetako amnistia eta askatasunak zertan zeutzan berrerabaki behar izan zen, eta juridikoa, politikoa zen amnistia osoa utziz, presoak etxeratzea eskatzera joan zen, eta libertate formaletatik, demokratik tolerantziara. Baina hau ere, gehiegi eskatzea iruditu zitzaion EIAri, eta azkenean, KASen hitzarmen denak hautsiz, hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuen. Eta KAS erabat zatitu zen. Hauteskundeen ondoren, EIAk haserako KASetik gero eta gehiago urruntzen duen jokabide bat darama.

Urtebeteko prozesu labur baina maratz honetan —eta ez da hau prozesu hori analizatzeko edo juzkatzeko lekua— ETA errepresioaren gehiegikeria batzuri eman dien erantzunaz aparte, ixilik egon da. Ekimen guztia KAS-en eskutan utzi du, eta honegatik esan daiteke ETAk KASi eman dion laguntza, osoa izan dela. Eta Ekainaren 15eko hauteskunde bezperatan KAS hautsita geratu zen ondoren egin zuen kanpaina labur eta frakasatuaz aparte, ixildu egin du militar estrategia ere.

Honegatik diogu kanpaina hori lekutik kanpora dagoela: berandu dator, orain, jokoa instituziobidean dagoela baitirudi, eta KASek instituzio tresna horietaratzeko aurrebaldintza ezaugarria galdu duela baitirudi. Nahiz eta euskal iraultzaren fase honetan lortzeko helburua izaten segitzen duen. Baina azken zer honetarako politik eta ekonomi boterea hartu nahi duen burjeseria sailaz analisi sakonago bat egin behar du KASek.

2.- Baina kanpaina lekuz kanpokoa edo berandukoa dela esateak ez du, halabeharrez, ezgaraikoa edo ezegokia denik adierazi nahi. Hemen ezorduan dabilen ETAk kanpaina aurrera eramateko zer arrazoi duen aztertu nahi da, zeren ETAk horren kontzientzia argia duenik ez baita dudatan jartzen.

ETAren arrazoiak ulertzea ez da zaila, "Zeruko Argia"n agertu zen azalpena urritxoa izan bazen ere. Instituzionalbidea, autonomiaurreko bidea, euskal parlamentariak Madrilen borrokatzea, herriaren helburuei erantzuteko garantiagabea dela dakusa ETAk, zeren autonomiaurrekoa negoziatzen ari direnek ez dituzte helburu horik errepresentatzen edo ez dute ezartzeko indarrik. Horregatik ETAk autonomia eta herri helburu denak, beste modu batez negoziatu ahal izan daitezen, ihardun egin behar duela, militar indarra eta erabakia azaldu behar dituela uste du.

Bestalde ETAk udal hauteskundeetan oinharritzen den KASen autonomiaurrekoa ere ezagutzen du. Eta, agian, hauteskundeon planteiamendua KASen edo balizko euskal ezker elkartu baten politik aukera iraultzaileari ez onik, baizik eta kalte egingo diola aurrikusten du, planteiamendu hori herriaren interesekin zerikusirik ez dutenek edo kontra daudenek negoziatuko luteke eta. Agian, KAS honek, edo balizko ezker elkartasun horrek botuen legea ezartzea ez duela lortuko aurrikusten du ETAk.

Beharbada KASek edo balizko euskal ezker horrek udal hauteskundeen ondoren eskainiko duen aukeraren alde, aktuatu egin behar duela, militar indarra eta erabakia nabarmenerazi egin behar dituela uste du.

Arrazoi hauengatik eta beste batzurengatik erabaki ahal izan du ETAk, militar alorrean, ekintza batzu egitea, baina guztiek dute oinharri berdina: autonomi estatutu horren eta gainetiko herri helburuen negoziaketan falta den indar oreka KASen jatorrizko jarreren alde berdintzea, eta burjes-inperialist indarrak euskal herri-indarrekin itunak egitera behartzea, ez lortutako botuengatik bakarrik, baizik "ETA ixiltzeko" ere.

3.- Baina ba da gehiago oraindik, zeren ETAk kanpaina honetan erakusten diharduen ganorea, bertan iraultzaile estrategia osoa jokatzen ari den adierazlea dela dirudi. Euskal iraultzaile prozesua bera ere horretantxe jokatzen duela esan daiteke.

ETAren lanak faxismo garaian tratzendentzia historiko bat lortu du, zeren hor dira berak sortuak iraultzaile abangoardiako ezker abertzale alderdiak: EIA, LAIA (KAS) eta HASI (KAS), eta zenbait masa erakunde. Larri dira oraindik, baina zindotuz doaz. Eta une honetatik aurrera, sasidemokrazi espektatibak ikusi ondoren, ETA etorkizuneko estrategia iraultzailea, eta erakunde harmatua izatea bera ere planteiatzen ari dela uste dugu.

Hor dago errebisionismoaren bidea: parlamentuko burjes demokrazian egokitzeko bidea. Bide honek, une berean, kontrabotere bezala iharduten du. Errebisionismo bidearen eredurik inportanteena eurokomunismoa da, nahiz eta oraindik Europako herri batetan ere burjes estatuaren eragingarririk ukitzea lortu ez duen arren, eta are guttiago militar eta errepresio tresnena. Bide hau, jadanik, ezaguna da, eta oraingoz, iraultzaile birtualtasun kaxkarrak azaltzen ditu. Bide gehiagorik ez da falta, baina ez dira benetako botere aukerak, eta duten planteiamendua eurokomunismoari (= errebisionismoari) erantzutea da. Testimonio huts izateaz gainera ez dute beste helbururik.

Ba dirudi, ordea, Euskal Herrian ez direla beste bide batzu falta, zeren errebisionismoa euskal erara, MCren eskutik EIArekin batera hasi baita ibiltzen. ETAren problema zera da, euskal errebisionismoaren eta euskal iraultzaren artean egin behar duen hautaketa, dramatikoa dela, aukeraren muturrean aurkitzen baita. Eta ihardunerako iraultzaile estrategia bat behar du, burjes tresneriari zuzenki eta aurre emateko, adarretatik hasi eta bihotzeraino.

Errebisionismo eta iraultzaren arteko aukera horretan ETArentzat, bietako mutur batetan dagoenez, hautapena erraza dela uste dugu, eta kontsekuentea. Hauxe duzu: parlamental demokrazia horri egokitzeak, inperialist burjeseriaren eta herriaren arteko indar harremanak deus ez edo hutsaren hurrengo aldatzen dituela kontsideratzea. Duen birtualtsun bakarra zera da: hauteskunde indarren koerlazioa aldatzen duela. Ordea, funtsean, militar eta ekonomi tresneriaren eskutan legokeen koerlazio honek ez luke joko indarren egoera erreala adieraztera. Nolanahi ere, ekonomi tresneria beti dago garaipenaren menpean, eta garaipena militar indarrek ematen dute beti.

Agian, bada, ETAk ez du deus behar borroka harmatua klase borrokaren adierazpen gorenentzat jotzeko. Ez azken mementuan bakarrik, baizik etengabe, uneoro, taktika eta estrategi planteiamendu baten barnean. Eta guztiori planteiamendu hau dela eta bere zeregina bete dezakeelako, ez bestegatik.

Azken urte honetan ETAk zinbeltzeko oso gai dela azaldu du. Klase borroka eta politik protagonismo osoa KASen eskutan utzi du. Ba dirudi orain protagonismo hori berriz ere berak eskuratu beharrekoa uste izan duela, kualitatezko aldaketak borroka harmatu bidez eginez.

Guztionekin herriaren aurrean garaile bezala agertzen bada, fase burjes demokrazi autonomiko aurreratu bati ekingo dio, orain ikusten duela dirudien baino iraultzaile espektatiba laudagarriagoarekin.

4.- Baina ETA batez ere herri erakunde bat da, eta herriaren eta langileriaren aurrean ez denik ezin dezake egin. ETAren taktika aurrikuspenaren eskutan dago. Halegia, herriak eta langileriak beren borroka jasoko duten aurrikuspenari mugatua dago. Epe laburrean, hots, berehalakoan, edo luzetxoagoan, baina asumitze horren eskutan. Kasurako, frankismoan, horixe gertatu da.

Eta oraingo kanpaina hau hasteak zera adierazten du: herriak eta langileriak asumitu egingo dutela uste duela, alderdi eta sindikatuek, gehienek, kontra egongo direla ba dakien arren.

ETAk, bada, ez du uste Espainiako burjes demokrazia Hego Euskal Herrian Monarkiaren eta Suarezen politik erreforma bidez zindotzen ari denik. Edo, behintzat, berak lan egiten badu ez dela zindotu ahal izango uste bide du. ETAren analisian, ez dira ahanzten ez ekonomi krisia, ez Moncloako ituna... entzute on guztia ia galdurik duena, eta batez ere ez da ahanzten ETAk bere ekimenez sasidemokraziaren objektibotasuna begi bistan jar dezakeela. Eta aurrikusten du krisiaren zama osoa, berriro ere, eraman behar duen langileriaren haserrea. Ongi aurrikusten du hainbeste borroka egin ondoren administral deserdirapena baino lortzen ez duen euskal herriaren sumindura....eta haserre horrek bere borroka harmatuaren alde jarriko dituela aurrikusten du dudarik gabe, zeren borroka harmatuak ezaguteraziko du benetan Erreforma hori zer den, orain ohizko oposizioari esker herriaren begietatik gordeta dagoena. Eta guztionetarako mekanismoa ere ez dugu uste berria izango denik.

Gobernuak ETAren erasoari bereizkuntzarik egin gabe erasotzen badio, herriak eta langileriak hura zer den ikusi ahal izango dute eta borroka harmatua asimilatu egingo dute, azkenean.

Baina, aurrikuspenok ondo oinharritzen ez badira, edo okertu egiten badira, halegia, ohizko oposizioaren eta euskal ezker bernaren laguntzak politik erreforma bidezko demokrazi-burjesaren solidapena lortzen badu, boterean egongo den burjes tresneriak libreki, zigorgabetasunean, kanpaina frustratzeko moduko bereizkuntzarik ezean ihardungo du.

Honela gertatuko balitz, ETAk herri oinharria galdu egingo luke, eta guttiengo erradikaldu batek baino ez luke asumituko. Eta honela, herrian eta langilerian ederki oinharritua egonen den euskal iraultza projektuaren solidapena zaildu egingo litzateke.

J. Gomez Arroiabe

Abenduaren 1.ean


Iberian zer

Gorteetako diskordia eta zenbait kondu

Hilaren 23an Madrileko Gorteak beren gogaitasunetik atera ziren Carrillo eta Fragaren arteko errierta zela kausa, Gorteak, gehienetan, idor xamarrak izan badira ere, noizbehinka entrenamenduaren bat edo beste egiten saiatzen dira. Hola dirudi gutienez.

Istiluaren sorrera Malagan eta Tenerifen gertaturikoa zatekeen, baina azkenik eztabaida guzia ordenu publikoari buruz, eta noski, horretaz Fragak inork baino gehiago dakiela zezentxo gisa enplegatu zen jaun diputatuen aurrean. 24eko PAIS egunkariak zioenez, galtzaile: Fraga, garaile: demokrazia. Egiarik, nolabait, ba du arrazoinamendu honetan. Gorteen funtzioa Moncloako paktuari esker (eta ez ezker), frankismoaren garaiko Gorteen modura, gobernuak aurkezturiko projektuen koroa bihurtzen ari zen.

Eskerrak noizbehinka Martin Villaren ordenu zaindu (eta Saindu!) beharrak, Gorteetako amaraunak desegiten dituela!

Eta horretarako, egia esan, hobe zukeen gobernuak koreografo on bat kontratatzea, segur baita teatro ederrak munta diezakizkiokeela. Dena den, baldin eta demokrazia bateko eztabaidarik gogorrenak (eta bakarrak) ordenu publikoari ematen bazaizkio, beronek eman dezake demokrazia horren nondik norakoa. Orain hilabete batzu Jaime Blancoren kasua zela eta, zenbait errierta izan ziren; agian, jaun diputatuentzat beste gaiak ez daitezke emagarri. Saltsa gutti omen Madrileko Carrera de San Jerónimo kalean.

Fraga, mihura zezen bat bezala guztion kontra sartu ondoren beronexekin amaiera eman omen zion bere erasoaldiari: "Terminó manifestando que hay que evitar situaciones que lleven a resultados tan lamentables como los de Málaga y la Laguna".

Hori, batek baino gehiagok uste du; baina batek baino gehiagok ere uste du, Fragaren "estiloa" horrelako egoeretatik itzurtzeko ez dela segurena. Ez al da gogoratzen Jurramendin eta Gasteizen bere gauzak konpontzeko moduekin? Bistan denez, ez.

Aipatu zuen ere, Letamendia. Ezaguna da Fragak duen euskaldunonganako grina, eta ezkertiarrak badira: are grina handiago.

Beno; egunkari hark zioenez, Letamendiaren hitzetan berau prest legoke "para fumar la pipa de la paz". Fragak horri zera erantzun zion: "para fumar la pipa de la paz hay que tomar a España en serio". Gogora beza Fraga jaunak, bera Gobernazio ministraria zenean Euskal Herria oso serioski hartzen zutela bere funtzionariek, poliziek batipat.

Carrilloren kontra ere ba zuen zer esaterik Fraga maite horrek. Beraz, ez zitzaion mazoiekin besterik sartzea falta; horrela hiruroineko osoa bete zezakeen, hots, "la masonería, el separatismo y el comunismo". Txaloak!

Gero, eta "para quitar hierro", egunkariak zioenez, Martin Villak egin omen zuen hitz. Egunkariak esan bezala, fraide gisa egin omen zuen bere hitzaldia: hitzaldi zentrista. Villa jaunari, baina, zentrismoa gusturago onhartuko geniokeen kaleetan eta bere lanetan. Honetan oso bestelakoa izaten baita.

Halere, nahiz Parlamentuak askotan pauso handirik ez eman eta gehienetan idortua egon, kontu egin beharra dago prozesu demokratikoa (edo dena delakoa; ez baitago garbi zer arraio izan daitekeen berau) ez dela eskuinaren asmaketa argitsu bat, lortu diren pauso demokratikoak populuak eman ohi duen berrogei urtetako burrukaren ondorioa baizik.

Eta Gorteek ez badute funtzionamendurik, ez du herriarentzako gauza pozgarria, zeren hori, botere faktikoen indar ugaritzearen ezaugarria izanen bailitzateke.

Hobe da eztabaidak Gorteetan ezen ez koarteletan. Hauetan ba dakigu eta, zeintzu diren nagusi.

j. g.


Munduan barrena

Sahara eta frantses goxokiak

Mendebaldeko Sahara, Espainiako Mauritania deitua izan da aspalditxotik. Bi Herrialde berezi ditu. Bata, El Amra, iparraldean, bestea Rio de Oro edo Tiris el Garbia, hegoaldean. 1973.eko estatistiken arauera 63.000 bizilagun zituen Mendebaldeko Saharak. Baina kopuru honen gehiengoak herri nomadak osotzen ditu. Hizkuntzaz genien bat, arabiarrak, arrazaz, berbereak eta erlijioz, mahometanoak. Lur honen hiri nagusienak bi dira. El Aiun eta Smara. Bata eta bestea Iparraldean. Madrileko tratatua sinatuta, Iparraldeko eskualde guztiak Maroko pean aurkitzen dira. Hegoaldeko zati bat Mauritania pean.

Espainiak 1934. urtean Mendebaldeko Saharako eskualde guztiak berarentzat bereganatu zituen gutti gorabehera. Potentzia kolonialek hola erabaki zuten. Frantziak esaterako, herrialde hobeekin geratu zen, Maroko, Algeria, Tunisia etab. Zatiketa Ronetan Espainiari lur pobreenak eman zizkioten.

Aldi honetako senide pobreena zenez, ogi apurrekin konformatu behar izan zuen. Fosfato meatzeak, aberastasun handiak ematen dituztenak, ez ziren aurkituak ordurako. Geroztik, 60-65 periodo horietan aurkituko zituzten. Dakigunez, kolonialdia aspalditik bukatu da Afrikako herrialde hauetan. Tunisia, Maroko, Egypto, Algeriak beren burjabetasuna lorturik dute, hobe esateko independentzia, ez baitugu uste Maroko esaterako, bere buruaz jabetzen denik. Hala ere, independentziaren haizeak ez zituen freskatu Saharako lurralde haik. Atzerapen honen kausak erraz bilatuko ditugu, Beste batzuren artean, herri horien nomadatasuna, beraz loturarik eza, eta arrazoi nagusitzat Mauritania eta Maroko artean zeuden burrukak ere aipa daitezke. Mauritaniako gobernuarentzat, esaterako, Maroko ez zen existitzen eta Marokoko erregeentzat Mauritania osoa beraien erresumaren zati bat besterik ez zen. Akordiorik ezean, Espainiako interes kolonialak ateratzen ziren nagusi, nazioarteko erabakiei kasu gutti eginez. Baina batbatean Mauritaniaren politik ardatzak beste bide batetik abiatu ziren eta Marokoko erregearen gobernuarekin batera ados agertzen da Mauritania, Saharako negozioa bien artean, Hagako Tribunalera eramateko. Erabaki honen bidez, Hagako Tribunalak Saharako jabetasuna, historikoki zein eskutan egon den erabaki behar du. Hala ere, Mauritania eta Maroko artean paktu sekretu bat egon da eta aurrez ados egonik, biek herrialdea banatu dute, Geroago Hagako.Tribunalak eskuak sartu nahi ez izatean erabaki ilun bat atera du. Nolabait, Marokoko eta Mauritaniako eskubide historikoak onhartzen ditu. Hala ere, sahauriarrek autodeterminatzeko duten eskubidea aipatzen du.

Gero "Ibilaldi Berdea" etorriko da eta honen atxakiaz Espainiak alde egingo du. Aurrez pentsatu erabakia praktikan jarriko dute Marokok eta Mauritaniak. Hau da: herrialdearen banaketa. Hitzez behintzat, autodeterminatzeko printzipioa onhartu, baina gero ez dute inoiz praktikara eraman. Ez dute nahi eta ez zaie komeni. Polisariori eta honen laguntzaileari, Algeriari, bi eginkizun bakarrak geratzen zaizkie. Bata, internazional jokoa, herrien eskubideak aipatuz, autodeterminatzeko printzipioa indar interesatu guztiek onhar dezaten. Bestea, burruka harmatua, etsaiei zuzen zuzen, kalte egiten duena. Orain arte Mauritania eta Maroko eritzi publikoa enganiatu guraz ibili dira. Saharako burruka harmatuak beti fikzio eta exageraziotzat hartuak izan dira. Burrukaldien zabalketa dela eta, frantsesen eta beste europarren laguntza eskatzen amaitu dute.

Eta arazoa oso larria bihurtu da. Dena negoziagai dela esaten da, bai Marokon edo Mauritanian, dena negoziagai dateke, Aberriaren batasuna ezik. Baina aberriak edo aberriek —besteen aberria— Sahara sakabanatzen dute. Algeriak aldiz, autodeterminatzeko printzipioa eskatzen du. Eta autodeterminatzeko printzipioa onhartuta, non geratzen da "Aberri horien batasuna"? Orduan ondorioa erraza dugu: Burruka harmatua, dena negoziagai ez delako.

Baina kontuak kontu, arazo hau gero eta konplikatuago agertzen zaigu. U.SA.k behintzat ez du hemen bekokia ipini nahi. Behar honetarako frantsesak eta beste dituzte. Polisario deuseztatzeko aski da Frantziaren indarra. Berriro ere Mendebaldeko sistemaren interesek gatazkak sortzen dituzte. Algeriako politik sistema ez da begi onez ikusten ez Amerikan ez Europan; beren exenplua oso kaltegarria dateke herrialde horietako bizilagunentzat. Amerikanoentzat hobe da orduan, Estatu eta gobernamendu zapaltzaile eta atzeratzaileen alde egotea, Marokoko politika hedakorrari atxekitzea, Estatu berri eta herrikoi baten alde egotea baino. Inork ez omen daki noren edo nortzuren infludentzian eror litekeenik honelako Sahara bat.

Eta Frantziak, nahiz eta teoriaz behintzat neutrala izan, Algerian ere interesak baititu, eskuak ongi sartu ditu. Izan ere, beste erremediorik ez du. OTANeko partaidea da, Marokon eta Afrikako zenbait herrialdetan interes ekonomiko eta politiko haundiak ditu. Afrikako jendarme zahar eta eraberritu honek ez ditu inola ere bere eskuetatik peza hauk ihes egiten utziko.

A. I.


Elkar Ikuska

Jose Mari Benito del Valle. urte. Beste askoren artean bere bizitzaren zati handienetako bat Euskal Herriaren alde emana. Lehenik EKIN mugimenduan, gero ETAn, barruan eta exilioan. ETAtik irtetean BRANKA aldizkariaren inguruan ibilitako bat izan zaigu. Lan askoren egilea, "La autogestión en Yugoslavia", "Los consejos obreros en Checoslovaquia"... etab. dugu Jose Mari. Hogeita hamabi urterekin ikasi zuen euskara. Orain, bere hizkuntza eta bere etxeko guztien hizkuntza bihurtu da.

Ideiak... betikoak. Orain arte inongo alderdiek praktikatzen dituztenak. Joxe Marirentzat, gauza guztien gainetik Aberria dago. Denon arazoa den askatasun nazionala da berarentzat lehendabiziko ideia, lehen helburu nagusiena. Ideia hauei amorruz loturik jarraitzen dizkio.

— Noiz hasi zinen Euskal mugimendu baten barruan lan egiten?

— Nire lehen eginkizunak 1946.ekoak izan ziren. Bilboko inginadoreen ikastetxean. Hor eratu zen nolabait geroago EKIN izango zena.

EKINentzat Euskal Herria beste edozein herriren modukoa da. Horregatik gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea, gure kultura eta legeak egiteko eskubide guztiak dauzkagu. Herriak antolatzen duen ekonomia eta hemendik sortzen diren estrukturaketak, gure modura, herriak nahi duen gisa egiteko eskubidea dugu. Gure burrukarako motorea orduan kontzeptu etniko batetan egon da. Kontzeptu honek euskara erabiltzen eta ikasten bultzatu gintuen. EKINen erkide guztiek euskara ikasbeharra zuten eta garrantzi bera ematen zitzaion bai propagandari, bai kulturari, bai militante formazioari. Denboraz, gure Herria ere arduratu egin da hizkuntz arlo horietan. Gu baino lehen jende asko ibilia dago hortaz. Baina mugimendu politikoak ez.

— Eta PNV ez ote zen arduratu?

— Errealitatea hor duzu. Gerra denborako leaderren seme-alaba gehienek ez dakite Euskal Herriaren hizkuntza. Bai... euskara oso ederra zela zioten. Errebindikazio politikorako erabilitako tresna bitxia. Gure nortasunaren erakusgailu bat. Sekula ez gure nortasunaren adierazpidea. Hortaz, errudunak dira. Gaur seriostasun pixkat gehiago dago.Ez askoz gehiago, baina lehen baino gehiago bai. Hor dituzu ikastolak. Honek poz handia ematen digu EKINen egon garen guztioi.

— Eta nola sortu zen ETA?

— 1955. urtean PNVko Eusko-Gaztedik gurekin harremanetan sartu nahi izan zuen. PNVkoekin iskanbilak ez sortzeko goi-mailakoekin harremanetan sartzea pentsatu genuen. PNVkoek aldiz, eze EKIN mugimendua deuseztatu nahi izan zuten EKINetik baliotsuenak edo eta "erabilgarrienak" besterik salbatuz. Gero, politika hau ezin izan zitzaketen praktikara eraman,

Azkenez, E.G. eta Ekin batu egin ziren. Gero gu E.G.tik espulsatu nahi izan gintuzten PNVko zuzendaritzakoek. Eusko-Gaztedi sakabanatu zen eta hortik 1959. urtean ETA jaio zen. 1960. urterako 300 militante ginen. Baina jaiotze honek bere mina ere ekarri zigun. PNVko jendea herriz herri hasi zen gure egiazko izenak ematen, haiekin geratu zirenek nortzu ginen gu jakin zezaten. Eta ongi ikasi zuten... PNVko eusko gaztediren zati bat polizien eskuetan erori zenean, gure izenak, ETAko askoren izenak, polizien eskuetan ere erori ziren. Salhaketa honen ondorioa 1960. eta 61.etan gertaturiko erortzeak dituzu. Orduko arazoak gogoratzean, garai hartako esamesak burura etortzen zaizkit. Zera genioen guk: Zer pentsatuko zukeen jende honek gutaz, guk ere beraien antzera beren izenak poliziei salhatuz gero?

— Eta zeintzu ziren orduan ETAren muga ideologiko eta helburuak urte haietan?

— Gu ginen orduan nazional askatasunerako mugimendu bat. Geroz, eta zuk ongi dakizunez, ETA erdibiditu zen. Zuzendaritza guztia sozialista eta federalista izan arren, beste ia guztiak marxismoaren bidetik abiatu ziren. Ni ez naiz marxista. Niretzat marxismoa eta federalismoa ez dira elkar konpontzen eta gainera ez dira sekula konpondu ETA marxista eta leninista bihurtuz, gu atera egin ginen.

— Zer da zuretzat orduan federalismoa?

— Federalismoa autogestioa da. Federalismoa ez da bakarrik Suitzan egiten dena. Terminologia aldetik ez dugu bera erabiltzen. Oinharriak bere egiazko partea daukanean orduan federalismoa sortzen ari da. Ikastoletan, entrepresetan, unibertsitatean bizitzarako maila guztietan herri aginte bat lortzea da niretzat federalismoa. Marxistak ez garenez, marxista asko ibili da esaten gure autogestio hau horia eta sozialdemokrata zela. Sozialdemokrata da gizarte kapitalista bat osotu eta hobeagotu egiten duena, ez benetako sozialismo humanista eta autogestiogilea egin nahi duena. Azken gizarte honek kapitalismoa deuseztatzen du. Federalismoan betebeharrak behekoek goikoei ematen dizkiete eta azken hauek komunitatearen aurrean erantzuleak dira. Federalismoak boterearen zatiketa bat dakar. Erakunde asko dago. Partaide askok boterearen parte bat daukate baina ez dago botere kontzentraziorik. Federalismoaren bidea luzea izanen da. Zentralismorantz bultzatu gintuzten indarrak milaka urtetan egon dira munduan. Esan liteke heredentziaz eta animaltasunaz, gizonok estrukturaketa erdirakoia lortu dugula. Estrukturaketa federalista inteligentzia sortzen ari da eta gero eta gehiago eboluzioa federalismoan oinharrituko da.

ETAkoek burruka harmatua eta ez harmatua antolatu nahi izan genuen. Burruka ez harmatua gauza askotan datza. Gogoaren burruka da. Adibide batzu emango dizkizut. Zergak ez dira pagatzen. Aginduak ez dira betetzen. Hemen erosteko, eta han ez erosteko kanpainak egiten dira. Baina hau programatua izan beharko zen. Honelako ekintzok manifestaldiak baino askoz garrantzitsuak dira. Azken batez, daukagun "demokrazia" honetan manifestaldiak jai eta prozesio bihur daitezke. Burruka hau ostera, askoz erantzulegoa da. Gure orduko helburua bestela, Euskal Herriaren askatasun nazionala zen. Askatasun soziala beste gauza bat duzu, gizona. Nik ez dut esaten alderdiek hontaz ezer egin behar ez dutenik. Ez, baina beste gauza bat duzu hori. Oraingo zatiketak hemendik datozkigu. Sozial arazoari buruz ados ez gaudelako.

... Euskal Herriak edozein herrik bezala, botere politiko bat behar du. Euskal Alderdi abertzaleak minimo baten inguruan, hau da Fronte Nazional baten inguruan, batu behar ditugu. Minimo hori da enetzat fronte nazionala.

— Nola ikusten duzu oraingo egoeran Fronte nazional hori?

— Orain ez da ezer ikusten hortaz. Horregatik desegiten ari gara. Ez gara inora joango. Nafarroa kendu nahi digute. Gero Arabaren ordua izanen da. Gero, zergatik ez, Enkartazioak eta Karrantza. Dena desegin arte. Jakina, Euskal Iparraldea ere, ez zait ahaztu.

— ... Baina politikan konpromezuak daude, atzeraka eta aurreraka ibiltzen da.

— Bai, ados nago. Gu behintzat ez goaz aurreraka. Gauza batzu ez dira negoziagai. Aberria ezin da saldu. Ez da saltzen Nafarroa. Saltzen baduzu hizkuntza ere salduko duzu. Ekonomia salduko duzu. Azkenez karlistada bat eginen duzu. Lehen bezala, orain bezala, eta karlistadak egiterakoan, ez duzu harmarik behar. Hauteskundeetan ere karlistadak programatzen dira.

— Orduan zure ustez zer egin beharko genuke euskaldunok?

— Ni ez naiz profeta edo adibinoa. Hala ere, minimo baten inguruan batu. Gero denok batera jokatu. Abertzaleok esan nahi dut. Beste batzu gurekin ados badaude, kontuz, baina hobe. Gobernuak guk proposatzen duguna onhartzen ez badu, ba ez hartu batere, hobe da. Guk ez badugu ezer hartzen denentzat, Estatuentzat ere txarra izango da. Ikusiko duzu azkenean nola onhartuko duten. Euskal unibertsitaterik ez?... ba ezetz!... Ez Araban, ez Bizkaian ez inon.

T. Trifol


Euskal Unibertsitatea. Autonomoa autonomiarako nazionala aurrerako

Orain dela mendebete, Nafarroako Diputatuek Euskal Herrirako Unibertsitatearen projektua egin zutenean, "Universidad Vasco-navarra" deitu zuten. Eta projektu hori ez zen burutu.

Handik berrogeitamar urtetara, Eusko Ikaskuntzak bere projektua landu zuenean, "Universidad vasca" deitu zuen. Eta 1923.ean Madrileko Gobernuak ez zuen projektu hori onhartu.

Berrogeitamar urte ondoren, Euskal Herriarentzako Unibertsitate projektu berriak eskaini nahi dira. Eta ia denek "Euskal Unibertsitatea" deitzen dute. Lehengo Irailean Madrileko Gobernuak Bilboko Unibertsitatearen barrutia Arabara eta Gipuzkoara zabaltzea Dekretu ezagun haren bidez erabaki zuenean ere, egunkari batek baino gehiagok "Distrito universitario vasco" deitu zuten barruti berria. Eta geroztik, Bilboko Unibertsitateari bere izena aldatu nahi izan zaio, "Universidad vasca" izena emanez.

Zalantzarik ez dago edozein Unibertsitate moduri ez dagoela "Universidad vasca" izena ematerik; are gutxiago, "Euskal Unibertsitatea". Baina adiera ezberdinez erabiltzen denez izen hori, esanahi ezberdinok bereizi eta argitu beharra dagoela uste dut. "Euskal Unibertsitatea" aditzeko era bat bakarra ez baldin badago, ez dago edozein modutara aditzerik ere; bestela izenari bere balioa kenduko diogu.

Adiera ezberdinok bereiztearren, hirutan banatuko ditut hortik dabiltzanak: Unibertsitate distrituala, Unibertsitate autonomoa, Unibertsitate nazionala.

"Euskal" Unibertsitate distrituala

Unibertsitate distritua edo Unibertsitate barrutia: biak gauza berbera dira. Eta Euskal Herriaren barrutia hartuko lukeen Unibertsitatea —bestelako xehetasunik gabe—, Unibertsitate distrituala deituko genuke: kontzeptu geografiazkoa da batez ere. Batzuk era honetara ulertzen dute Euskal Unibertsitatea. —Eta besterik da gainera, euskal barruti hori nola ulertzen duten: hiru probintzia bezala, ala lau probintzia bezala, ala zazpi probintzia bezala—. Sarritan hiru probintziak osatzen dute horrelako barruti geografikoa.

Honelako "euskal Unibertsitatea" Estatu zentralistari dagokio, edo eta gehienik ere, erregionalismoari. Eta kultura aldetik, ez du esanahi berezirik; kultur eta unibertsitate politika eta programa Estatu osokoak ditu Unibertsitate distritualak. Gehienik ere, eskualdeko —gurean, euskal eskualdeko— kultur "berexitasuntxoei" txokotxo bat emango litzaieke Unibertsitate distritualaren barnean.

"Preautonomiaren" garai honetan, Unibertsitate distrituala eskaini zaio nolabait Euskal Herriari.

Euskal Unibertsitate autonomoa

Hiru eratara uler daiteke Unibertsitate autonomoa. Bilboko Unibertsitatea "autonomoa" deitu izan da. Bartzelonan ere ba da "Universidad autónoma" izeneko bat. Unibertsitate barrutiaren barnean autonomoa dela adierazten du horrek; baina inola ere ez, Estatuari buruz autonomoa denik.

Ba du bigarren esanahi bat Unibertsitate autonomoak. Euskal Herriak ukan zuen nolabait bere Unibertsitate autonomoa: 1936.ean euskal Gobernu autonomoak eraiki zuena, hain zuzen ere.

Azkenik, unibertsitate autonomoak sakonagorik ere adierazten du: hau da, aginte politikoari buruz, edo bestelako edozein aginteri buruz, kultura osoak, eta bereziki Unibertsitateak behar lukeen autonomia.

Bigarren esanahia nabarmendu nahi dut hemen. Hirugarrenari buruz zerbait idazteko aukerarik izango dugu.

Euskal Unibertsitate autonomoa Euskal Herri autonomoari dagokio. Eta gure herriaren autonomia politikoak, kulturaren aldetik ezer esan nahi izango badu, eta autonomia formal hutsa izan ez bada, irakaskuntza eta bereziki Unibertsitate autonomoa eskatuko du. Hau da, kultur politika autonomoaren arabera eraikitako eta eratutako Unibertsitatea.

Aginte politikoa —eta horren oinarriko eta araberako aginte ekonomikoa— Euskal Herriak bere eskuetan izango duenean, gauza izan beharko du bere kultur eta irakaskuntz politika autonomoa egiteko ere.

Kultur politika autonomoaren bidetik, Euskal Unibertsitate autonomoan euskal kulturak —euskal kultur gaiek— eta bereziki euskarak garrantzizko lekua izan beharko luketela uste dut. Bestela, Unibertsitate autonomoa izango da, baina nekez deitu ahal izango dugu euskal Unibertsitatea. Dena dela, autonomia politikoa bera bezala, Unibertsitate autonomoa ere, Estatuaren kultur eta unibertsitate politika orokorraren barnean joan beharrean eta politika orokor horren baldintzapetan jokatu beharrean gertatuko da.

Bestalde, Euskal Unibertsitate autonomoa, Hegoaldeko lau probintziotakoa izango da, genienik ere. Eta Euskal Herri osoaren kultur batasuna lantzeko eta lortzeko eragozpenak jatorrian bertan izango ditu.

Euskal Unibertsitate nazionala

Alde batetik, Euskal Herri osoaren Unibertsitatea adierazten du honelako unibertsitateak. Geografiaren aldetik, zazpi probintziak bildu ezezik, kultur politikaren aldetik, iparralde eta hegoaldearentzat bat bakarra eskatzen du Euskal Unibertsitate nazionalak, alderdi biek osatzen baitute euskal nazioa. Baina horretarako, Euskal Herria bitan zatitzen duen muga politiko eta administratibo hori deseginez, birbatkuntza eskatzen du oinharri bezala horrelako Unibertsitateak.

Beste aldetik, ordea, euskal Unibertsitate nazionalak unibertsitate "estatalaren" kontrako zerbait adierazten du: hau da, Estatu aparatuaren zerbitzutan eta Herriaren gainetikako gainegitura gertatu ohi den Unibertsitatearen ordez, Herriaren sustrai etnikoari loturik eta horren kultur bizitza eta dinamika osoari egokiturik, hortik edango duen eta hori zientziaren bitartez eta mailan aztertzen eta argitzen saiatuko den Unibertsitatea adierazten du euskal Unibertsitate nazionalak.

Unibertsitate autonomoa baino harantzago doa unibertsitate nazionala; eta bien artean pauso baten tartea bakarrik ez, salto batena ere ba dagoela esango nuke. Eta egoera politikoari, administratiboari eta ekonomikoari dagokienez, Frantziako edo Espainiako Estatuek alderdi bakoitzari eman diezaioketen autonomiaz harantz, independentzia eskatzen du euskal Unibertsitate nazionalak.

Unibertsitateak kulturaren beraren unibertsaltasuna nabarmentzen du; eta euskal Unibertsitate nazionalak ez du hori ukatzen. Alderantziz edozein kulturak, eta bereziki euskal kulturak, duen dinamika unibertsala aitortzen eta nabarmentzen du. Hain zuzen ere, Euskal Unibertsitate nazionalaren sustrai konkretua Euskal Herria eta honen tradizio kulturala izango da; horren iturri eta oinharri espezifikoa Euskal Herriaren dinamika sozio-kulturala. Baina sustrai, iturri eta oinharri horixe da, izan, kultura unibertsalera ateratzeko atea eta bideratzeko bidea.

Euskara bera izango da Euskal Unibertsitate nazionalaren hizkuntza nagusia eta oinharrizkoa; baina beste hizkuntzetaz ere baliatuko da: ingelesa dela, frantsesa edo espainola dela, etab. Eta zalantzarik gabe, unibertsitariek espainola nahiz frantsesa ondo ezagutu beharko lituzkete. Baina kontutan eduki behar da, Euskal Herri osoa batzen duen hizkuntza bakarra euskara izan daitekeela; eta, beraz, euskal Unibertsitate nazionala batuko duena ere bai.

Honelako Unibertsitaterako lan handia da euskal kulturaren eta euskararen alorrean egitekoa; eta horrekin batera, ez da makala politikaren, gizartearen eta ekonomiaren alorretan urratzeko bidea.

Paulo Agirrebaltzategi


Bihar baina hemen. Etzidamuko albisteak

Lemoizeko zentralearena egia da

Egunotan ibilitako zurrumurrua egia gertatu da azkenik. Nuklear Aztertze Zerbitzuak ofizialki azaldu berri duen agirian dioenez, Lemoizeko Nuklear Zentraleak isuri erradiaktibo bat dauka, izaki bizidunentzat kaltegarritzat jo beharrezkoa. Isuri hori zeri darion ez da oraindik aurkitu, baina azterketek dirauten artean, 20 kilometro inguruko bizilagun guztiak lehenbailehen lekuz aldatzeko komenientzia azpimarratzen dute komunikatuan. (DEIAn, 1980 - X - 3)

Ekologista taldeak bultzaturik. Milioi erdiko manifestaldia

Atzo, Ekologista taldeak egindako deiari erantzunez, bostehun mila pertsona inguru bildu ziren Bilbon, Lemoizeko Zentralearen kontrako manifestaldian. Alderdi guztiak —UCD eta AP izan ezik— manifestaldiaren alde agertu dira, beren kideei bertara joateko deia eginez.

Parketik arratseko 7etan irten ondoren, Sabino Aranaren ibiltokitik abiatu ziren pankarta eta oihu ugariekin. Gehienik entzuten zirenak hauk ziren: "Jose David Alvarez Peña, aterako zaitugu", "Alvarez askatu". Abokatuek horretarako gestioak egin arren, J. David Alvarez Peña, 1977.eko Abenduan poliziak zaurtu eta atxilotua izan zen Lemoizeko Zentralearen kontrako lehenbiziko erasoan, eta oraindik gartzelan dago.

Bederatzietan, Zabalburuko plazan, manifestarien komunikatu bat irakurtzen ari zen artean, hertzainen karga bat...

(EGINen. 1980 - X - 8)

Mungia aldean. Zazpi haur mongoliko jaio dira

Hilabete honetan Mungia aldean jaiotako hogei haurren artean zazpi mongolismo seinale nabariez daude. Medikuek, horretan erabateko segurtasunik eman ez arren ere, Lemoizeko erradiakzio-isuriaren ondorioz gerta daitekeela esan dute.

Haurren gurasoek, nuklear zentraleen kontrako elkarteaz lagundurik, arazo honetaz inkesta eta aztertze sakon bat aurrera eramateko asmoa dute, erantzunkizun kriminala aurkitu arte. (NAFARROAKO BOZAn, 1981 - VI - 5)

Zentraleko bostgarren kutsatua hil da

Martin Iturriaga Gutierrez, 42 urtetakoa, ezkondua eta hiru haurren aita, atzo hil zen Hospital Zibilean. Medikuaren agiriak dioenez, erradiakzio karga handiegi baten ondorioz. Honekin bost dira jadanik zentralearen isuriaren kausaz hil diren langileak.

"Gertatu bezain laster abisua eman eta handik atera izan balira, agian zerbait gehiago egin genezakeen —esan du Julen Gispert doktoreak— baina alarmismorik gerta ez zedin edo, hainbeste egunetan berria ez zabaltzeak kutsapen kritiko batetaraino eraman ditu". Beste zazpi pertsona kutsatuak, lau hertzain berauen artean, kinka larritan daude oraino hospitalean. (IPARRALDEKO KAZETAn, 1981 - VII - 13)

Plentzian bi hilaur

Bi andrek, haur mongolikoak izateko beldurrez, hilaur egitea erabaki dute Plentzian, biek osasun zerbitzu fidagarriez baliatuz. Apezpikuak, Bizkaiko mediku katolikoen elkarteak eta Familiaren aldeko Apostulutzak agiri bat atera dute egite horren kondena eginez. Emakumearen Askatasunerako Fronteak, aldiz, gizartearen moralkeriatzat daukatena salatu du eta horren kariaz... (SPAIN POSTen, 1981 - VIII - 2)

Hertzainek nuklekuntza zaintzen

Gaurtik aurrera Nuklekuntza S. A.ko bulegoak hertza harmatuek zainduko dituzte. Holaxe erabaki du gure gobernuko barne-ministrariak hereneguneko manifestaldiaren ondoren entrepresa horren kontra gertaturiko erasoak direla eta.

Nuklekuntza S. A.ko kontserbapen eta muntaiako zerbitzuetan aritzen diren ingeniariek eta entrepresa bereko zenbait buruk jaso omen dituzten hil-mehatxuak direla eta, hertzainburuak zera esan du, berak ezin duela pertsona guzti horien bana-banako segurantza garantiza, bakoitzari, hola komenigarri dela uste izanez gero, bizkartzain jagole pribatu bana hartzeko gomendatuz. Tentsioa oso handia da oraino Nuklekuntzako langileen artean eta... (EGINen, 1981 - X - 30)


Euskara eta machismoa

Gaurko egunkarian, "Euskadiko emakumeen topaketei" buruzko artikulu batetan, bertako konklusioak irakurri ditut, eta haietako bat hau zen: "se solicitó que se hiciera un estudio preciso sobre el machismo en Euskadi, que consideran distinto al resto del vigente en el estado español"; eta honek zer pentsa eman dit. Emakume horiek ez diote "euskal machismoa" besteak baino gogorragoa ala bigunagoa den, baina nik ulertzen dut (hola uste baitut) beste tokietakoa baino apalagoa dela nahi dutela esan.

Sarritan entzun eta irakurri ohi da euskal gizartea matriarkatuan oinharriturik dagoela; nik neuk honetaz ez dakit biperrik ere, baina ni konturatu naizena beste hau da: gure hizkuntzak bai duela matriarkatu horren usain apur bat. Gauza jakina da hizkuntzak izaki biziak direla eta denboran zehar aldatuz doazela, eta euskal gizartea matriarkala izan bada, logikoa da hizkuntzari ere bere seilua inprimatzea. Ez dakit nik arrazoi honegatik izanen den, baina euskara, beste inguruetako hizkuntzaz gonbaratuz, oso feminista agertzen zaigu. Hona hemen, adibidez, gaztelaniarekin egindako gonbarazio hau:

GAZTELANIAZ EUSKARAZ

los niños umeak/haurrak

2 niños y 3 niñas: niños neska-mutilak

hermanos neba-arrebak

padres gurasoak

abuelos aitona-amonak

tíos izeba-osabak

Kasu hauetan argi ikusten da nola gaztelanian gizona emakumearen gainetik dagoen, euskaran maila berdinean dauden artean. Baina senar-emazte arteko harremanak begiratzen baditugu, laster batetan konturatuko gara nola dagoen emakumea GIZONAREN GAINETIK. Hau ikusteko, senar-emazteen arteko deiturak hiru mailatan ipiniko ditugu, kategoria ttikienetakoari 1 deituz eta goragoetakoari 3.

KATEGORIA 1 2 3

GAZTELANIAZ hombre marido (esposo) señor

 mujer esposa señora

EUSKARAZ gizon senar jaun

 emakume emazte andre

Mintzaera arruntean, gaztelaniaz senarrak emakumea 1. mailan ipiniko du (mi mujer) eta emazteak senarra 2. mailan (mi marido); euskaraz berriz, senarrak emaztea 3. mailan ipiniko du (nire andrea), emazteak senarra 1. mailan jartzen duen artean (nire gizona).

Honekin erakutsi nahi izan dudana zera da, gaztelaniaz machismoa argi eta klar agertzen den artean, euskaran ez dela horrelakorik agertzen. Eta hildo honetatik segituz, eta linguistei kasu egiten badiegu —eta egin beharko genieke, zeren horrexetarako baitira linguistak— ikusiko dugu nola "inguruan dauden gauzak hizkuntza bakoitzak bere gisa ordenatzen eta moldatzen dituen pentsamenduan" eta nola ere "zinez esan daitekeen hizkuntzaz aldatzean pentsamenduz ere aldatzen dela" (X. Kintana). Orduan, beldur gabe esan dezakegu gure hizkuntzak inportantzia eduki duela euskal gizonaren machismoa apaltzeko orduan, zeren nahiz eta gizarte industrial batetan sarturik aurkitzen garen, eta aintzinako matriarkatua gaur ahantzirik dagoen, euskal gizonaren machismoa, emakumeek dioten bezala, "es distinto al resto del vigente en el estado español" delako.

Emakume horiek, hori esatean nik ulertu dudanaren ordez beste zerbait adierazi nahi izan badute, esanak esanda dauden bezala, hor konpon Mari Anton.

Jose R. Bilbao Otaola


Euskal idazlan bi hitz laxoz

Ezin inoiz prosa izendatzeko modu hau —hitz laxo edo hitz lau— egokiago erabil Gorka Trintxerperen "Euskomunia edo Zoroastroaren artalde" liburuko "Joanes Munaetakoa" elaberri laburrean, eta Sabin Irizarren "Txingo" liburuan baino. Bigarrengoan bezala, hala lehenengoan ederto heldu diete egileek beren lanbideei: prosa laxo, lau, argi, askotan sarkor, sotil, erraz eta atsegin, lasai eta zalantzarik gabe ederra lortu digute, eskaini eta gusterazi.

Irizarren liburua, zahartxo xamar honez gero, 1973.ean argitaratu zuen Gerok; Patxi Zabaletarena, berriz —bera baita Trintxerpe—, aurtengoa dugu. Honek beste lan asko dauka bere barruan, baina egileari ez bezala, "Joanes Munaetakoa" izanik gehien gustatu zaidana, eta liburu honen berri jadanik Zeruko Argian J. A. Mujikak (sic) emanda duenez, istorio hori berori bakarrik aipatzeari eritzi diot onena.

Irizarren obra, "gertaldi eta ibilkeriak" ezartzen dio autoreak azpizenburu, oroimenliburu bat da, baina erdi elaberritankeran idatzia. Egia esan, guti dirateke hau bezalako liburu irakurterraz eta arinik euskal literaturan aurkitzekoak. Liburuaren azalean esaten den bezala: "idazle berria, bizitzako esperientziaren fruitu, idazletrebetasunik agertu digu autobiografia nobelatu honetan". Eta egia da, apur bat harritzekoa, bere denborako seme izanik, halako xalo- eta bizitasun bereziak erdiesten baititu bere bizitzearen pasadizuen kondakeran. Gerra zela eta Euskal Herritik alde eginda, euskal umeek atzerrian erabili zuten bizikeraren berri ematen digu, lehendabizikoz Belgikan eta Frantzian gero.

Liburua polito dago egituratua, zatika banaturik dauden kapitulu laburtxoak baititu ardatz, eta etendurari ederto asko eusten zaio obra osotik zehar. Hala eta guztiz ere halako zati bi ezberdintzen dira liburuaren irakurtzean; lehenengoan ume-denborako gauzak kondatzen dituenean oso bizia, alaia eta zuzena da; gero, ostera, etenduraren beherakada bat gertatzen da, lantzean behin gainditzen dena, baina lehenengo atalaren batasun eta jarraikotasunik lortzen ez duena. Ez du, baina, ez gatzik ez biperrik galtzen, berau izanda, beharbada, daukan bertuterik interesgarriena.

Hain gauza polita eskaini digun egile trebe eta gizon helduak ez ote digu besterik zor? Haren esperoan gauzka, zeren jadanik, Koldo Izagirrek behin batetan ziostanez, liburu bakarreko idazleak sortu barik, edo eta alferkeriaz horrelako bilakatu barik, zertxobait gehitxoago idazteko ordua baita.

Hogeita hamar horrialde bakarrik dauzka beste testuak, Gorka Trintxerperenak. Ez da testu bat teknikaz korapilotsu eta nahasi, aurrekoa legez laxo eta bakun baizik. Horregatio bihotzera heltzen den bakuntasunezkoa:

"Artzaintzan hazia zen. Pausoz pauso, harriz harri, itzalez itzal ba zekizkien mendi haitako berriak; eta bideak, bidexkak, bide txihorrak (sic) eta laisterbideak. Ba zekien eguzkik ze garaitan non jo behar duen urtaro bakoitzetan. Pizti gehienen ohiturak eta garraisiak ezagunak zitzaizkion. Eguraldia inork baino hobeki ezagutzen zuen, aizeri tankera hartzen baitzion goi haitatik. Eta gainera pizti ta egaztiei susmoa garrasiatan ezagutzen baitzien. Bere aita, aitona, aitonaren aitona ta arbaso guztiak bertan bizituak ziren, baserri berberean. Zuhaitz bakoitzak, belatsoro bakoitzak, hesi bakoitzak, orma bakoitzak ba zuen Joanesentzat halako oroigarriren bat:..."

nasaitasunez, agian maitasunez ere, egindako deskribaketa bat ezelako zalantzarik gabe.

Baserri baten hustutzea eta beronen jabearen kalera jaistea da kondatzen zaiguna. Oreka lortu da. Deskribaketetan eta kondakeran. Ez da nigarti gertatzen; arras bestela, indartsu eta oldarkor eta apika "euskera"ren pasartean izan ezik, osotoro naturala. Eta tamalgarria da hori, baina hizkuntzaren arazoa sartu gura izatean ez du Zabaletak punduan jo, —beste ipuinetan ere halako zeredozer gertatzen da batzutan—, ez du aparatu egin. Bestalde baserritarraren etsipena ederto dago marrazkitua, benetan esan daiteke Joanes euskaldun nafarraren desesperantza ederki erakutsi digula Gorka Trintxerpe nafarrak. Agian gero oparotsuago baten itxaropenaz.

Andolin Eguzkitza


Gauean

Tik-Tak, Tik-Tak, Tik-Tak... Nork arraio inbentatu ote zuen katxarro hau diot nirekiko. Eta nire ohe hestuari hamaikagarren jira ematen diot.

Gaua aurrera doa eta lorik ezin hartu. Begiak ez zaizkit hersten; beraz, nik lagundu behar munduaren irudia aldentzen... Baina ez; nire zerebruaren leku sentsibleenek ezetz diote. Gaur ez omen zait tokatzen lo egitea! Gaurko paradisu hau ez zait ezaguterazia izango. Gaurkoz hala dirudi behintzat.

Gizonaren beste sublimabide bat omen hauxe ere!

Eguneroko errealitate askotan beldurgarritik alde egiteko zein bide erosoago? Bai, ba dakit, emakumezko "sublimazioa" oraindik gozoagoa duk. Baina norberaren bakartatean sortzen diren amets-ez ametsek ere beren atraktiboa dute. Eta ogiaren faltan...

Gainera ba dirudi... Dirudi? Ha, konstatatu behar dut? gizon-emakume, emakume-gizonen arteko harremanetan norberaren nortasunaren zati batzu kanpo utzi behar direla. Eta horrela, jakina, ezin bat bera osoki izan. Eta bat bera osoki izan gabe ezin sakondu norberaren bazter lanbrotsu ezkutuetan. Lanbrotsu diot, bai zeren eta gure barne-zera ezagutzeko gaueko iluntasunaren argia behar izaten baitugu sarritan, maiz, anitz bider, etab.

Gaua gauekoentzat! esan ohi da.

Gauak oso ikaratzen omen du.

Eta Urbiaranzko baso iluntsuek ezetz diote.

Noski dena da zein kristaletatik begiratzen duzun. Adibidez, ni neu oso urrutira joan gabe, bada, zera, amesten dut, amesten dut, amesten dut... baso ilun eta zabal batetan nagoela. Nire ondoan zuhaitzek barre egiten dutela, bertako abereak nitaz konturatu direla eta ondorioz, neure mugimenduaz adi-adi daudela... Eta ni beldur ez naizela. Haien arteko magal jatorrean lo hartuko dudala...

... Nukeela. Zuhaitzen ordez ormek inguratzen bainaute eta basabereen begi argitsuen ordez flexo bat. Izan ere, lorik ez dut hartuko baina seguru, hori bai, seguru nago orma zahar hauen artean. Kanpoan hotz dago eta ni ez nago kanpoan. Zerbait ba dugu, beraz. Azken batetan, "non seguru hara agudo!" izaten baita bizitzaren kontsignarik inkontziente edo kontzienteenetariko bat. Eta niri gaur, kontziente izatea tokatu zait eta lorik ez egitea.

ESAERA:

Lorik ezin baduk hartu

ez hadi ohera sartu.

Bestela egingo duk

ohea guztiz kiskaldu.


Salbatore Mitxelena: Idazlan guztiak (I)

Frankismoaren diktadura bukatu delarik bidezkoa zen diktadura horren azpian agertu zen euskal lehen poeta (eta prosista) nagusien honen obrak kaleratzea, honetako hainbatek orain arte ixilpean egon behar izan duelako gainera.

Bi tomutan argitaratzen dira Salbatore Mitxelenaren obrak. Aurrena kalean dago. Horko zenbait obra orain arte ezezagunak dira, argitaratzerik izan ez delako, edo eta Espainiako Estatutik kanpo argitaratu behar izan zirelako.

540 horrialde ditu lehen tomuak. JAKIN BIDE sailekoak bezalako liburu ederra duzu. "Guaflex" gorriaz koadernatua.

Liburudendan 1.000 pezetatan saltzen den liburua, Harpidedunontzat 700 pezetatan lortu ahal izan du JAKINek.

Nahi izanez gero, eska JAKINi liburuotako bat nahiz biak.

JAKIN — Cuartel, 2 — TOLOSA — tel. 651106


Aktibitatea irakaskuntzan: gauzak eginez ikasten dira

"Haurrek mundua ezagutzeko duten modu nagusia, egintza da". Gaur egun, irakasle gehienek onhartzen dute esaldi biribil hau, eta guk ere bai, noski. Izan ere, artikulu honetan esaldi horren inguruan aritu nahi dugu, pedagogi ikuspegitik duen garrantzia azpimarkatuz, eta irakaskuntzan bide horretatik abiatzeko bete behar diren puntuak seinalatuz. Bestalde, aktibitate hitzaz zer ulertzen dugun eta zertarako erabili nahi dugun ere azalduko dugu.

Esan bezala, haurrek gauzak ukitzean eta maneiatzean ulertzen dute indar naturalen izakera eta funtzionamendua; honetan haurraren ezagumenduak muga batzu ditu, zer esanik ez. Baina zientziak berak ere ba ditu, eta hori ez da problema, zeren eta mugen kontzientzia hartzea oso interesgarri baita.

Baina zergatik hasten da haurra mundua aztertzen? Berez horrela nahi duelako ala horretarako motibatua izan delako? Eta zertarako egiten du aktibitate edo lan hori?

Berezko aktibitatea

Ia leku guztietan aipatzen da berezko aktibitatea, hots, haurrak berez asmatzen, antolatzen eta burutzen duena. Interes ludiko hutsez, haurra "lanean" hasten da, bere egintza horren bidez atsegina lortzen baitu: hitz batez, gustura eta pozik aurkitzen da.

Eta konturatu gabe, jolasean bezala, ikasi egiten du, trebatu egiten da, munduko indarrak erabiltzen ikasten du. Ikaste prozesua, beraz, aktibitatean finkaturik dago. Psikologiak berak ere hainbat froga eskaini ditu ikastemodu honen garrantzi eta nagusigoaz; eta pedagogo gehienak ados daude horretan.

Teoria hori praktikara eramateko orduan, ordea, textu eta materiale pedagogiko gehienetan ez da hartzen aktibitatea motibagarritzat. Eta aktibitatera bultzatu aurretik, gaia aurkezten ohi da.eta egiteko den aktibitateari buruz informazio ematen da ugari, horrela haurrak egintzan hasteko gurari biziz jarriko direlakoan. Modu honetan, ba, pedagogi eskema gehienetan aktibitate aurretik gaiaz informatu behar dela adierazten da.

Hala ere, era horretako motibapenek —hau da, gaia garrantzizkoa dela, ezaguera horik oso baliagarriak izanen direla eta abar— ez ohi dute arrakasta handirik haurrengan. Haurrak jakingura operatiboa du, kuriositate eragilea, egintzan finkatzen dena. Irakasleok, sarri, egintza erreal hori irudimeneko egintza bihurtu nahi izaten dugu, haurraren benetariko guraria eta interesgunea aldatuz. Egintza errealetik egintza imaginariora, egintza intelektualera.

Haurrak, ordea, inguruko deiei, sortzen dioten erantzun afektiboaren neurriko egintza batez erantzuten die, eta ez kuriositate intelektualez. Geure eskuetan dugu, beraz, dei egokiak proposatzea, landu nahi dugun gaiaren inguruko projektu edo lan eragileak aurkeztuz.

Puntu honetara helduz, bi eratako aktibitateak bereizi nahi ditugu. Lehenak, adimenaren aurrerapausorik gabe asma daitezkeenak, hau da haurrak ezagutzen dituen prozesu logiko-operatiboez berez lor daitezkeenak. Bigarrenak, adimenaren desoreka dakartenak dira, hots, aktibitateen helburuak lortzeko, egitura mental berriren bat eskatzen dutenak. Haurraren berezko egintzak gehienbat lehen erakoak badira ere, guk geuk, SAIOKA taldean "Metodo Naturaletaz" aldenduz, bigarren erakoetan finkatzen gara, horrela haurren hazkundea laguntzeko asmoz.

Haurrari bere adinaren arauera dagokion adimengaitasuna kontutan hartuz, eta beraren neurriko desoreka bultzatuz, adimenaren hazkundea zuzenki bultzatzen dugula uste dugu. Aktibitatearen inguruko informazioa, edukiak eta ezaguerak, agerturiko asmoen zerbitzutan jartzen ditugu, lagungarritzat baititugu. Gaia, edoeta gaiaren inguruko hainbat datu ezagutzeko gogoa, ez dator, ba, nagusiok jarritako kultur maila derrigorrezkotik, haurrarengandik baizik. Haurrak prestaturiko egintza burutzeko "tresna" bat. Eta haurrak berak informazioa bilatuko du, eta bere adimenaren potentziatze bat lortuko du, aurrerapausoa emanik. Definizioak buruz ikastea baino baliagarriagoa da, operadoreak maneaitzea, elkarrekin erlazionatzea eta lotzea, eta ondorio eta definizio berriak ateratzeko gai izatea.

Egintzaren helburua

Zergatik egiten du haurrak berez edozein egintza? Atsegina ematen diolako, eta kitto! Ez du begiratzen praktiko denentz edo eta horren bidez zerbait ikasiko duenentz. Horrela pozik eta gustura aurkitzen da, eta nahikoa da!

Ikastolan, lehen zergatiko hori ahantzi behar ez bada ere, ez dugu nahikorik horrekin. Haurra ezagupenez eta egitura mentalez aurreratuz joan dadin nahi badugu, bideratu egin beharko dugu nolabait beraren egintza, gutti gorabeherako ibilbide bat markatuz. Haurraren egintza natural eta berezkoak baztertu gabe, horien bidez aldapan gora abia dadin nahi dugu, berezko egintza hori ia berez gainditzera lagunduz. Gaindipen horren alderdietako bat helburua jartzea da: Hots, azken batez erakutsi egiten diogu haurrari, ezen bere egintzaren ondorio gisa zerbait lortzen dela; eta egintza-ondorio harremana ezagutuz, alderantziz egin dezakeela, hau da, zerbait lortu nahi izanez gero, helburu bat jarriz gero, helburu hori bere egintzaren bidez lor dezakeela. Honela, egintzei helburu bat jartzen irakasten diogu haurrari, gero, berak nahi badu, horrela egin dezan. Egintza, beraz, helburu batetarantz projektatzen dugu.

Saioka liburuetako projektuak

SAIOKA izeneko liburuetako projektuak, aurreko lerroetan azalduriko ideietan finkaturik daude. Aktibitateari lehen mailako lekua utziz, gaia aktibitatearen bidez geratuko da motibaturik neurri handi batetan (osorik ez bada ere). Edozein gai berri aztertzeko, egintzatik hasten da lana. Egintzaren aurkezpen laburra egin ondoren, haurrek berek antolatuko dute beren aktibitatea. Bestalde, tituluak berak —projektua— dioen bezala, egintza horri helburu bat atxekitzen zaio, honela egintza hori projektatuz. Zer esanik ez, egintzaren zailtasuna haurraren adinaren arauerakoa izan zedin nahi ukan dugu. Hori lortzeko, zer egin? Gure eritziz, irtenbiderik onena, projektua haurrarena berarena izatea da. Horregatik, projektuaren berrantolaketa proposatzen dugu. Hau da, guk liburuetan eredu batzu adierazten ditugu, baina horrek ez du esan nahi, exaktuki horrela egin behar direnik; aitzitik, gela bakoitzean problema planteiatuz, haurrek berek berrantolatu behar dute bai helburua eta bai egintza burutzeko modua; liburukoa, azken irtenbide modura geratuko zaie.

Asmoa, horixe izan da. Lortu dugun ala ez, hori beste kontu bat da. Dena den, aitortu egin behar dugu, ezen informazio eskasiaz —eta hau gure errua da neurri batez— irakasle askok ez dutela asmo hori ulertu eta bestela erabili dutela SAIOKA materialea. Hala ere, belu izanik ere, inoiz ez da beranduegi okerrak zuzentzeko.

SAIOKA taldea


Pierinori gutuna. Pierino, aitattoren xemearentzako gutuna

Gutun honen idazketak hiru ikastarotan iraun du. Beronetan, Salamancako 40 landa mutilek partehartu dute, industri arloan (xaflagintza, elektrizitatea, mekhanika,...) trebatzen diren bitartean ber etxean bizi direnak.

Klase kontzientzia eta herri kultura bilatzen deneko Etxe-Eskola bat, Lorenzo Milaniren Barbianako Eskolaren bideari jarraituz. Bertan idazpide kolektiboa ikasi genuen.

Pierinori buruzko mutiko bakoitzaren eritziak bildu eta gero ordenatu, mailakatu, errepikapenak eta gezurrak, hitz zailak eta hitzinguru apainak edo alferrikakoak baztertzea.

Oraingo honetan, eritzi soltuen 23 taldetatik hasten gara, hasieran 8 kapitulu bana gertatuz. Bost aldi ezberdinez guztia idatzi genuen, gauza batzu geure aburuaren pean kentzen edo ikasten genituelarik.

Orain ez dugu idazten hasi ginenean bezala pentsatzen eta lana ez litzateke inoiz bukatuko zeren eta egunean egunean gehiago ikasten baita eta hobe ñabar baitaiteke. Baina honela betiere ixilduko ginateke eta gutien pentsatzen dutenek soilki hitzeginen lukete. Alderantziz behar da izan.

Adiskide kuttunori: Gutun hau gaitzigarri gertatuko zaikek; zuei doakizue, burjesen seme edo burjeskumeoi halakooi.

Gorroto ez hauten herriko mutilek idatzita dago.

Idazteari garrantzitsu eritzi diogu adierazpide kolektibozko ihardukizun bat egiteko, jeinu bakarraren theoria gaitzesten baitugu ("idazle jaioa, ez egina") eta, hala ere, geure klasearen jeinu kolektiboaren balioak lantzen ditugu ("herria mintzo").

Ba dugu erabaki gutun honen idaztea hitaz eta gutazko gure ideiak argitzeko eta, behin eginez gero, uste ukan dugu hobeki ikusteko, agian aldatzeko, gai izan dakiakeela.

Zuen klasearen jendearekiko ukituez ateratzen aritu garen inpresioetatik datozkigu geure ideiak.

Ikusteaz nabari

Zuen ikustea ez da behar, pobreetarik (lurrean gehienak) ezberdin zaretela erakuts diezaguzuen. Beste planeta batetakoak iduri duzue. Kalean nabari zarete janzkeraz, presentzia ona delakoaz, azken modatan beti, herrikoek duten baino ere gustu onagoaz. Hauetarik askok, ondikoz, zuek imitagarri hartzen zaituzte, ahal bezainbatean.

Hiri idaztean beste anitz ere haserratuko dira. Lehen guretarikoak ziren. Gerok baitakigu gizonak bi moetatan banatzen direla; zapaltzaile eta zapaldu, jabe eta jopu, baina zapalkuntzarik gogorrena mutuari dagokio. Horregatik gure muga lerroa hitzean gaindi doa: dutenak eta ez dutenak, Alokatu asko honez gero mintzo dira eta ulertzen dute; baina beste asko oraindik ez; mundu osoan. Jabea guztioi irakasten ari zaigu, baina bere hizkuntza soilik: honela dizipulu eta bereganatu egiten gaitu.

Dagoeneko asko proletarik bera bezala janzten dute, berak dagiena egiten dute, berak bezala hitz egiten eta zapaltzen gaituzte.

Hire gizabideari begira, atera egiten dugu besteren bizitzaren problemei zaputz egiten dieala eta, munduan hi baino jende gehiago dagoen arren, hiri doakian errealitatea baino ez duala oldartu nahi.

Pilatus

"Irten irtena" haiz eta ba dirudi bost axola zaizkiala besteak, bai eta gose direnak ere, alai eta lasai bizi haiz eta haietaz oroitzen haiz probetxua errendatzeko.

Ala ez dakika nola dagoen egituratuta gizartea eta, heure kasketaldiak betetzen dituanean, alokairu ez-sufizientak irabazten dituztenen bizkarretik egiten ari haizela? Zuen ongiaren zergatikoa gure gaizkia da.

Baina hik ez diek inoren problemei erantzunkizunik eta, izatez, heureekin murrailaturik ematen duk bizialdia. Unibertsitatean ia guztiok enda berekoak zarete; eta ez direnak, izanen bide dira. (Hola bada, jende ahulen aldeko ikasle manifestaldiak aldiz hypokrita, penagarri, barregarri gertatzen dira).

Gurekin serioski ez haiz mintzatzen, ez eta gure adiskidea izan nahi ere. Onenean pertsona haundiagoa duk heure burua, heure kultura edo heure diruagatik, edo besteak baino garrantzizkoagoa.

Beti gainean

Zuen klaseak orok gerizatuta hago. Gizarteko posturik onenak elkarri banatzen dizkiozue. Eskulanetan ez dituzue inoiz eskuak zikinduko, ez eta herri xehearen bizimoldean moldatuko ere, eta gainera, zeuen jauntto lanean gehiago irabaziko duzue.

Hitz bizigabeak

Gure etxeetan ba da zuena baino egokiagoa den kultur giroa. Txikitatik zeuen aitamek ikaserazten zaituztete, ekonomi trabarik gabe. Ikastaroa ere berregin dezakezue, ekonomi kalte handirik ez degizuen lasaitasunaz. Guri bai egiten diguzuela: berretzen duzuen artean ez diozue laguntzen gizarteari, ez eta ikasmahairik aske uzten ere, nahiz eta hobe zaudeten errepikatzen, langelaren batetan aritzen baino.

Errepikatzeez asko dakigu guk: gure herriei (Gaztela, Leon, Extremadura, etab) opatu diezue eskola-gorta bat, bost ordutako ikastaldiz eta zortzi hilabete exkaxetako luzapenez. Bost edo sei ikasmailatarako maisu batekin, alferra ez bazen azkenean alfertuko zatekeena, agian etsipenez, eta etxean betiko hiruzpalauri irakasten die. Ia guk guztiok inoiz errepikatu dugu kurtsua.

Unibertsitatearen ateak zabal-zabalik irekitzen zaizkizue eta guk baino ahalegin txikiagoz onez ateratzen dituzue kurtsuak. Estatistikek diozkute.

Hitz etorri osoagoa duzue edo, behintzat, hitz pitxi eta modernoak dakizkizue oraingo bizitzak ikaserazten dizkigunak eta zuek haurdanik gauza jakingarri asko bizi dituzue, hain mundu injustu honetan sarturik non eta salhatzeko ere gauza ez baitzaizkizue. Oraino ez duk ikusi bolborategi baten barruan hagoela. Ezen zuen kultura, bizi zareteneko giro arrazista dela eta, ez da gauza zuen arteko harremanak ukateko, basoa estaltzeko eta gu bazterreratzeko baino bestetarako.

Azken batez, gauza askoren ezagutzara sartzeko gai ez haiz, ia guztia eginda ematen diatelako; horregatik nortasun gutiago duk, zailtasun gutiagotan zehar iragan haizelako eta hortakotz, beti esperientzietan ari haiz. Itxurazkoetan.

Hain aske izan nahi duk bizitzan diruaren eta esperientzien kontura, ezen gero eta esklabatzenago baihaiz: barne-jabeez okitua hago eta bizitza alaiegiak kalte egiten dik. Hire bizigiroa gaizkoaturik dago.

Bizitza hitz gabea

Gure familia, ordea, "kulturgabea" da eskolarik ezarengatik, baina hik baino egiazko esperientzia gehiago duke agian. Euk gogoan bata dela ikastea eta bestea bizitzea. Txikitatik geure jendearen heriotzearen eta bizitzaren problemak bizi ditugu egunean egunean. Giharrean ukitzen gaituzte, eragiten gaituzte, artez erantzuten dugu, trikimailurik eta arteriorik gabe. Gure gurasoetarik anitzek kanporatu behar zuten. Ia gu guztiok 14 urte ukan baino lehen etxeari laguntzeko beharrezko ginen.

Ez dazagugu gauza asko baina ba dugu azalhuskeria txikiagoa eta gizabarnetasun handiagoa.

Bai, ba dakigu gauzen egiazko aldakuntza iraultza politiko-sozialaren bidez eginen dela, baina herriak bere hitza lortzen ez badu, hala eta guztiz ere, manaiatua izaten segituko du. Izatez, zuek baino askoz gehiago gara eta botereaz eta malmuzkeriaz mendez mende garaitzen ari zatzaizkigute, nahiz eta eskierki nagusi garen.

Mintzatuko gara

Inoiz —bai noizbait— mintzatzen ikasiko dugu. Orduan pobreok geure kultura egin izango dugu eta, Pierino, jarraitu beharko diguk.

Aholkua

Hara, tto, jaits hadi zuhaitzetik eta ikasteari emak.

Irten hadi heure ikasgelatik eta bestean ixilik entzun ezak.

Ezagut itzak bizitzaren egiak eta lepora.

Gero, heure balioa atera ezak erabaki ditzakean besteren problemen argitara.

Bestea hitz-mitzak dira.

Salamancan, 1977.eko Ekainak 15

ETXE-ESKOLA

Santiago Kalea, Zenb.-l

Salamanca

Oharra.— Pierinok, Barbianako ikasleen "Maistra bati gutuna"n, "haur ona", unibertsitari seme ongitasun eta kulturaz betea errepresentatzen du.


Azeriak eta amorrua

Gizona kenduz gero animalia perilosik ez dagoela esanez, begi onez ikusten zuen Maiatz-Ekaineko "Combat Nature" aldizkariak Suitzan egin dutena: joan deneko mende t'erdi honetan Suitzako mendietan ikusi ez den katamotza, berriro sartu dute baso handi eta mendietan.

Aldizkari horretan bertan ikusten genuenez, bi milioi azeri garbitu omen dira Frantziako Estatuan hamar urteren buruan. Eta garbiketa lotsagarri hau aurrera omen doa, amorrua ezkuta erazteko aitzakiaz, baina ezkuta erazi gabe. Orain berriz, Irailaren 13ko Le Figaro-k, Euskal Herriko usadio zaharraren aldeko argudioak dakartza, M. Andral "Amorruaren azterketa zentruko" zuzendariaren ahotik.

Zentru horretako ikerketa sailak dioenez amorruaren hedatzaile nagusia azeria da, gizonarengana heldu baino lehen abere (animalia domestiko) batengandik pasatzen bada ere. Basoak puskatuz eta azeriaren predatzaile diren hegaztiak garbituz, basotik irteten ikusten dugu azeria eta hiri ateetako zarama jaten.

Amorruaren aurkako erremediorik onena txertua dela jakinarren, ez omen da erraz azeriak nola txerta asmatzea.

Eguzkitiko energia

Energia probetxatzen gu baino bizkorragorik ba dagoela esan behar. Australian 30.000 dira dagoeneko eguzkitiko urberogailuz hornitutako etxebizitzak eta mende bukaerarako Australiak beharko duen energia guztiaren % 80 eguzkitik ateratzea pentsatzen dute. Esportatu ere egiten dituzte urberogailuok, Estatu Batuetara, Japoniara eta beste lurralde batzutara.

Desertua hedatzen

Lurra gero eta areago desertu bihurtzen ari dela eta, Nazioarteko (hobe, Estatuarteko) Biltzarre bat izan da aurtengo udan. Eta Hirurgarren Munduko agintariek ahaleginak egin dituzten arren, ez da erabaki zehatzik hartu, ez problema hori soluzionatzeko erakunde berezirik sortu.

Egurra gero eta urriago da. Eta ez gure artean bakarrik, janariak prestatzeko egur-sua besterik ez duten tokietan ere bai baizik, India eta Afrika Australean, esate baterako. Nepalen eta, behien gorotz lehortua erretzen dute nekazariek.

Eta egurra galtzeak berekin dakar lur galtzea. Zuhaitzik ez dagoen tokiko lurra urak eramaten du, toki menditsuetatik batez ere. Zelaietatik asko eramaten du eta soroetatik gehiago oraindik. Toneladaka lur eramaten du urak urtean lur hektarea bakoitzetik.

Honela beraz, batetik zuhaitzak urritzen eta bestetik zelaiak gehiegi esplotatzen direlarik, eremuek gero eta zabalera gehiago dute. Sahara desertuak milaka hektarea irabazten ditu urtero.

"Pisu astunekoak" "astunagokoak"

Pariseko "pisu astunekoen" (kamioitzarren) aurkako komitea trenbideen alde agertzen da: burdinbideetatiko garraioa 4-5 aldiz merkeago dela, kamioiek istripu asko sorterazten dutela eta kamiotzarrongatik autobide gehiegi egin behar dela esanez. Ez dago horratik Bilbotik Donostiarako trajektua burubideok aurrera ateratzeko tenorean!

Bestalde, Bizikletaren Defentsarako Mugimenduak komunikabide kolektiboak gehitzea eskatzen du. Eta bizikletentzako bide aproposak.

Kolpatuen giltzurrunak

Autoak eroateko karneta ateratzera doazenek txartel gorri ttipi bat bete behar dute Ingalaterran, istripu batetan hilez gero, beren giltzurrunak emango dituzten ala ez adieraziz. Errefus problema handia bada ere txertaketak egiterakoan, ez baita ttipiagoa zer txertaturik ez edukitzea.

Magnetik arloak

Beti izan dira hoteletako oheak aukeratzean bruxulorratzez gidatu izan direnak, burua iparraldera edo hankak ekialdera dituztela lo egiteko asmotan. Halako "extrabaganteei" arrazoi ematera errusiar ikerlariak etorri ziren ihaz, odolaren konposamendua arlo magnetikoen arabera aldatzen dela esanez. Arrainak batez ere oso sentiberak omen dira arlo hauekiko.

Entzumenaz

Ahotiko antisorgailuak, tabakoa eta bizimodu stressatua elkartuz gero, entzumen aparailuaren barne alderdia uki daiteke, koklear gortasuna sortuz.

Guraso gorrentzat: haurra nigarrez noiz hasten zaien jakiteko, tresna bat asmatu dute Ingalaterran. Tresnaren mikroa sehaska ondoan jarri behar dute. Garrasi eta nigarrak hasten direnean, mikroak jasotzen dituen uhin akustikoak korronte elektriko bihurtzen ditu tresnak eta argi bat pizten du, haurra deika dagoela adieraziz.

Eritegi termalak

Europan 500 baino termal eritegi gehiago daude. Gaur unibertsitateetan hidrologiarik, krenoterapiarik edo medikuntza termalik irakasten ez bada ere, milioi bat izango dira Italian mineralur horien sendadurak egiten dituztenak, milioi erdia bai Alemanian eta milioika U.R.S.S.-en. Era guztietako gaixotasunak tratatzen dituzte: ORLak, giltzurrunetako harriak, erreuma, nerbiotakoak, arnas hestua, azalekoak, gibelekoak, digestio aparatukoak, arteriosklerosiak etab.

Zahartzaro osasuntsurako

Bizitzea zahartzea da, neurri batean. Jendea zenbat eta gehiago bizi, are eta jende zahar gehiago. Haurren hilkortasuna eta gaixotasun epidemikoak ezkutaraztearekin, adinen piramidea aldatu dela gauza nabaria da. Egun, duela mende bateko gizona baino gehiago bizitzea espero dugu.

Eta itxaropen horretan oinharrituta, hirurgarren adinekoen unibertsitatea (50etik gora dira jadanik Europan), hedatu beharreko gauza bezala ikusten da. Eta etorkizun oso emankorra iragartzen zaio.

Baina, ez dira denak zahartzaro erosoan aurkitzen. Besteak beste, % 5-6 ospitaleetara doa, nerbio sistemaren oxigenatze eta zirkulapen faltaz, zahar dementziak jota.

Egia esan, gizakia arteriosklerosira daramaten faktoreak, asko behintzat, bizitz kondizioei loturik daude, eta bizitzaren lehen urteetatik hasita. Hezur muinetaraino sartuak ditugun usario perilosez, gora doa kolesterolaren tasa odolean. B-lipoproteinena ere bai. Eta burmuinerako odolfluxua guttitzen, noski.

20 urtez gero etengabe guttituz doaz burmuin azaleko neuronak, azalaren hirugarren eta laugarren geruzetan batez ere. 50 urtetatik gora nabarmenagoa da neuronen galera hau. 90etik gora berriz, %40raino gal daitezke.

Neuronak eliku faltaz hil ez daitezen, era bateko edo besteko lan eta jolasetan ihardutea o.so onuragarri da. Edozein ariketa egiten dela ere, dela mugikorra, dela sentikorra, dela edozein burulan, okupatua dagoen burumuineko alderdiaren odoleztatzea gehitu egiten baita. Bakartatea eta gelditasuna osasunaren etsai gogorrak ditu zaharrak.

Mikel Haranburu


Arkeoikuska. Arkeologi Euskal Institutua. Euskal arkeologilariak autonomia dela eta

D. Jose Migel Barandiaran presidente bezala zelarik Azaroaren 6an, igandean, bilera orokorra egin zuen berregituratu berri den Arkeoikuskak (Arkeologi Euskal Institutua), hau da, Euskal Herriko Arkeologi gaietan diharduten pertsonak batzen dituen elkarteak.

1.936.eko guduak eten zituen elkarlanean T. Aranzadi, J. M. Barandiaran eta E. Egurenek lanei esker goimaila egoki bat lortua zuten Euskal Herriko prehistori ikerkuntzak. Ez zen geroz, 1.953. arte, ikerkuntza sistematikorik egin, 1.940.eko hamarrurteko noizik behinkako lan batzu ezik, D. Jose Migel Barandiaran Hego Euskal Herrira itzuli ez zen arte, halegia.

Itzuli zenean Aranzadi Natur Zientzi Elkarteak antolatu zituen berriro eskabazio-miaketa lehen kanpainak eta gudua piztu berria zen egunetan utzitako leku berean antolatu ere: Urtiagako haztarnategian.

Alde bi ditu gertakizun honek: batetik, arkeologi ikerkuntzen ekinaldi berria bera eta bestetik, arkeologilari berri sail baten osaketa. Talde hau D. Jose Migel Barandiaranen laguntzapean hezi zen kanpo lanetan, batez ere, Aitzbitarte IV eta Leze-txikiko haztarnategietan. Eta talde berau dugu nagusiki gaur eguneko gure Herriko prehistori ikerkuntza lanen zuzendari. Hazi eta ugaldu zen taldekideen arteko batasuna eta sakabanaturik zeudenen arteko harremanak lortzearren Aranzadi Arkeologi institutuan batu ziren.

Txandakako lege ohiturari jarraituz Gipuzkoa zen oraingo bilkuratoki eta Donostian goizeko 10.30etan bildu ziren. Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko arkeologoak han ziren batera.

Bilkuraren helbururik nagusiena oraingoan Arkeologi Ondareari buruzko ordenamendu baten oinharriak eztabaidatzea zen: bere kontrola eta babesa eta Euskal Herriko arkeologi ikerkuntzarena, guzt hau ba datorkigun autonomi egoera berrian kokatuz.

Oinharri hauek ez dute araudi bat izan nahi, ez da hori Institutu honen egitekoa. Sortuko diren Autonomi erakundeei norabide batzu eskaintzea besterik ez du nahi. Argibide hauk emateko non ba dela uste du Arkeoikuskak, Arkeologi alorreko ikerkuntzan duen esperientzian oinharritzen da horretarako. Eta uste honen agiri bezala hor eskaintzen eta agertzen ditu eginiko ikerkuntzen zerrenda luzea eta argitaratutako 317 lanena. Azkenik agertzen du baita ere arkeologi miaketetan gastatutako presupostuen kopurua eta hauen finantzapenean parte hartu duten erakundeena, azken urteko presupostua e. b. 4.043.000 pezeta izan delarik.

Bilera aurrera joan ahala, probintzia bakoitzaren egoera bereziak agertu ziren. Izan ere, batzuetan prehistori ikerkuntzak erakunde publikoek zuzenkiago antolatuak izan baitira, Diputazioa dela edo Unibertsitateak; besteetan, berriz, erakunde pribatuek daramatzate lan hauk. Ñabardura hauk baldintzapen bat dira geroko ordenamenduari buruz hitzegiterakoan, baina hala eta guztiz ere, probintzia bakoitzeko Juntakoen artean akordio zabal bat lortu zen, bakoitzak landutako dokumentu guziei batasun bat emateko orduan.

Azken dokumentuak norabide batzu ematen ditu: Gure Arkeologi Ondarearen ikerkuntzan nola jarraitu eta nola argitaratu ikerkuntza horik; Ondare honen babesean parte nola hartu: miaketak kontrolduz ingeniari obra, urbanismo edo basolanetan kontseilatuz gure Herri kulturako zati den ondare hau galtzoritik babestuz; arkeologi ondarearen didaktika aldeko egitekoa nolaz bete eta bultza.

Orain arte Aranzadi Arkeologi Institutuaren izenpean lan egin duen institutu hau batez ere geroari begira badabil ere, sortzea eman dieten erakundeekin zerikusirik duen planteiatu zen bilera honetan, haien jarraile sentitzen baita. Bazkide guzien begiko litzateke, arkeologi sekzio bezala, probintziaz gaindiko erakunde batetan integratzea, orain birbiztu nahian agertzen zaigun Euskal Ikaskuntza Elkartean, adibidez.


Euskadiko Emakumeen Lehenengo Topaketak

Ba zen garaia! Bai, benetan beharrezkoa dugu Euskadiko emakumeok elkarrekin egotea, hitzegitea, eztabaidatzea, eta... zergatik ez? dibertitzea ere. Emakumeok ez dugu elkar ezagutzen, ez dakigu gure kideek nola sentitzen duten eta gure eragozpenak gureak besterik ez direla pentsatzen dugu. Horregatik, beharrezkoa dugu eragozpen hauk emakume guztienak direla egiaztatzea, hemendik aurrera ekintza batu bat era dezagun. Eta ari gara ba, jo eta ke, topaketa hauk eratzen. Han eztabaidatuko diren gaietaz zenbait ponentzia azaldu dira jadanik eta beste zenbait oraindik egiten ari dira. Gaiez aberatsak izango dira topaketa hauk; sexualitatea, patriarkagoa, lana (etxekoa eta kanpokoa), heziketa, erakuntza, feminismoa, helburuak, bideak etab. ukituko diren arazoak izango dira eta gainera, emakumeek planteiatuko dugun guztia, bai esperientzi eta bai ideologi emari gisan ere.

Propaganda egiteko eta behingotik hemen gaudela agertzeko, poster bat, pegatinak eta aldizkari bat ere argitaratu dugu.

Topaketa hauen izpiritua azaltzeko, aldizkari honen editoriala baino, zer hobe? Hor doakizue ba:

Editoriala

Datorren Abenduaren 8, 9, 10eta 11.ean, Lejonako (Bizkaia) Unibertsitatean, ospatuko diren EUSKADIKO EMAKUMEEN LEHENENGO TOPAKETAK antolatzeko, udaz geroztik zenbait feminista talde bildu izan gara.

Gure asmoa, Topaketa hauetara etortzera animatzen diren emakume guztien iritziak, bizipena eta experientziak elkar azaltzea da.

Derrigorrezkoa iruditzen zaiguna zera da: biltzea, gure indarra sentitzea, zerk batzen gaituen jakitea eta baita ere zuk, hark eta nik nola sentitzen dugun gure zapalkuntza, gure baztertzea, jakitea.

Aldizkari hau, emakume batzuen berezko idazlanez osatua izan da. Horrek ez du esan nahi, antolaketan parte hartzen duten emakume eta talde guztiak idazlan guztien mamiarekin ados daudenik.

Guk nahi duguna zera da: emakume guztiok, nahiz iritzi bateko edo besteko izan, askatasun osoz expresa gaitezen, gure bizipenetaz, gure experientzietaz hitzegin dezagun bildurrik gabe, errudunezko sentimendurik gabe, gutiagotasunezko konplexurik gabe.

ZU EMAKUME,

- Etxeko horma artean zure burua itota sentitzen duzuna

- Laneko zapalkuntza sentitzen duzuna

- Etxeko eta kanpoko lanekin nekatuta zaudena

- Zure sexu bizitzan sufritzen duzuna

- Zure gorputza sal-erosia ikusten duzuna

- Bortxatua izan zarena, egunero mila eratako bortxakeria jasatzen duzuna

- Abortatzera behartua izan zarena

- Separatuta zaudena

- Lesbiana izatea ukatzen dizutena

- Ama ezkongabe zarelako, onhartzen ez zaituztena

- Zeu izan nahi duzuna

ETOR ZAITEZ!!!!

Informaketa bereziago bat nahi baduzue, deitu hurrengo telefono hauetara:

Bilbon: 4443193

Donostian: 421139

Itziar


Emakumeen artean

Eta berriz ginekologoarengana hilabetero joan nintzen.

Kontsultategian itxaron egin behar, berehala arropa kendu eta kirofano gainean ezarri.

Jarrera horretan —zangoak jasorik eta gorputza zintzilika— hiltegi batetan behi bat bezala nengoela bururatzen zitzaidan.

Ondoren, medikuaren betiko esaldia, sabelaldia ezin hobeki doala. Hau bai arindura! Hamaika galdera egiteko neukan baina presaz eta urduritasunaz beti ahantzi egiten nuen.

Esaten den bezala nire sabelaldia guztiz normala zen; lehenengoan larri pizka bat, gero ordea, oso lasai, azkenean astuna nintzen.

Nire senarra ez zen ezkontide bikain bat, guttienez Puerikulturaren liburuen eratara.

Nire sabel gainean eskua ipintzea lehenengo umearen higidura senti dezan ukatu egin zidan. Filmeetan nigar egiten nuenean zoroa naizela esaten zidan. Eta doktorearengana ez zitzaidan inoiz konpainiatu. Ez dezadan jan hau eta ez bestea ere, bestela loditu egingo zarela...

Benetan, ez dakit amaren nahierak non kontxo dauden. Bataz janarietan kontuz ibili behar duzu eta berriz beste aldetik jateko gogo handia sabelaldiak ematen dizu. Horrez gainera elikaduretan gatza kentzean oso erraza da —ez dakit oso ondo zergatik— eta honi lanaren arazoa gainera egingo baldin badiozu...

Egia esateko umea edukitzeko eretian aukera genuen. Horretaz nahiera egongo ote da...?

Erdialdia heldu zitzaidan. Nire senidearen emakumeek ikaragarria deskribatu zidaten. Adiskide batak izugarrizkoa dela, besteak ez hain txarto. Tertzioa etorri zitzaidanean ez nintzen segur izango zela. Hain denbora luzea pasatu ondoren guztiz pozik eta umea desiratzen nengoen. Baina erditzea oraindik ez izateko beldurraz, ez nuke joan nahi klinikara hasieretatik. Eta azkeneraino jasan egiten, oraindik mingarriago behar zela konfidantzaz, txiripaz klinikako ohean umea nuen.

Bipiltzea eta erditu ondoren puntuen penak ohean nintzenean aipagarriak erditzeaz bakarrik dira.

Itzartu nintzeneko entzun egin nuen lehenengoa hau zen: "Neska eder bat izan da!". Belarrietan hitz hauk durundatzen ziren. Esnatzea uko egin nuen. ¡Ez da posible neska izatea! Mutila derrigorrez izan behar baizik.

Ekainaren 24an egin genuen "akelarrea" gomuta neukan. Denboraldi horretan guk eta nire amak eta aitamaginarrebek ere hilargi eta suari bihotz-bihotzez mutil bat izan zedin eskatu genien. Zalantzarik gabe guztiok gizonezko bat behar genuen. Zergatik? Beharbada amaginarrebarentzat bere seme bezala ondoko bat edukitzeko. Aitaginarrebarentzat, hil egin baino lehen, bere deitura jarrai dezan.

Ez dakit oso ondo zergatik, baina niretzat eta nire senarrarentzat ere garrantzitsua zen. Gizartearen eritziaz, edo "seme batekin hastea ordenaz hastea delako"... "lehenengoa seme bat, gero ikusiko da...". Honegatik edo bestegatik mutila izatea egokitzat jotzen dugu.

Eta haseran neska bat ez zait graziarik egin.

Gero, ikusi nuenean berdin zitzaidan.

Jaioberri guztiak guztiz itsusiak iruditu zitzaizkidan. Halabaina nirea... A! Bakoitzaren umea ezberdina izaten da.

Hain biguna hartzeko beldur nintzen. Beti lotan hilda zegoela gogoetan ari nintzen; sarritan eragin nuen ea arnasa egiten zuen.

Arin neska izan zela ahaztu nuen.

Bai leloak garela nagusiak askotan!

Zer ardura du neska ala mutil izatea? hauteman nuen.

Baina neure lagun batek kasualitatez zergatikoa azaldu zidan lagun hori oso gizon anarkista eta zaharra da; anarkista eta zahar guztiok bezala oso pertsona sentikorra ere bai.

— "Zer izan da?" —galdetu zidan, ume egin ondoren.

— "Neska".

— Zer pena!

— Zergatik pena? Zu ere horretaz zabiltza? Neskak mutilak baino guttiago balio duen eta...?

— Ez, ez. Baina oraindik emakumeak gizonak baino askatasun guttiago du".

Kikili-makala malkoak berreduki nituen. Hortxe dagoela gakoa konturatu nintzelako.

Eukene


Musika

Agerki Elkartea

Musika inguruko mugimendua nondik nora doan ezagutzen duzuenok, errezitalak antolatzen saiatzen zaretenok edo musikazale zaretenok, beharbada, jakin ba dakizue zer den AGERKI edo behintzat izena ez zaizue ezezaguna izango.

Oraingo artikulu hau zuei doakizue, baina, batez ere, "mundillo" arraro honetatik kanpo zaudetenoi edo honetaz berri askorik ez duzuenoi.

Musika, euskaldunon artean ez da gaurko moda berri bat, gure herriaren gogoan betidanik bizi izan den komunikabiderako tresna berezi bat baizik.

Euskal Herrian egin den eta ari den musikaren ibilbideak aintzinatik datozkigu, beraz. Ibilbide luze eta zail xamar honetan zehar orain azalduko ez ditugun zenbait epe gainditu behar izan ditu herri musikak.

Egungo musika politikeriatik atera nahiaz ikusten dugu. Orain denbora gutti arte gure kantariak —guztiak izan ez baldin badira, bai gehienak— panfleto txar eta merkeak botatzera beharturik aurkitu baldin badira, ez da izan beraiek nahi zutelako, gu geuk, entzuleok, errezitaletara joaten garenok, hala exigitu diegulako baizik.

Gure ustez gaur egun herri musikak beste bide batetik abiatu behar du, bere norabide propioa aurkituz. Kantak, herriaren bizitzan, gogoan, poz eta ezbeharretan finkatuz, honen tresna bat izanez Euskal Herria beste herriekiko harremanetan jar ditzakeen tresnetarik bat izatera iritsi behar du,

Orain bi urte Bizkaiko zenbait abeslari hasi ziren biltzen beren profesionaltasunaren beharrei nolabait konponbide egoki bat emateko. Asanbladen bidez funtzionatu zuten eta era honetara bilera batzu egin zituzten Euskal Herri guztiko abeslariek parte hartzen zutelarik. Honekin batera bulego bat ere hasi zen lanean gogor errezitaletarako baimenak eskatzea eta beste zenbait bulego lan berezi bere gain hartuz.

Bilerarik garrantzitsuena aurtengo martxoan egin zen Eibarren. Bertan oinharritu zen ordudanik aurrerako jokabidea, zer nolakoa eta nondik nora jo behar zuen elkarteak. Horrela jaio zen AGERKI ELKARTEA.

Aldi hartan 42 abeslari eta 12 talde ziren elkarte honetako partaideak. Asanblada izan zen erakunde nagusia eta bertan hartutako erabakiak aurrera eraman eta bete behar zirenak.

Kontura zaitezketenez alor honetan lanari ekiten hasten zen elkarte batentzat kantari eta talde guzti hauen kontuak aurrera eramatea kasik lan ezina zen. Eta fruituek hala eman ziguten aditzera Hau zela eta, uztailaren amaieran konbokatu ziren bi asanbladetan, diru arazo larria ikusiz eta lanak itota aurkitzen ginela kontutan hartuz, elkartean beste irtenbide bat ematea positibo eta beharrezkotzat jotzen genuenok kooperatiba bat eratzea pentsatu genuen. Bigarren epe honen hasieran, eta gaur ere partaide diren kantari eta taldeak hauxek ditugu: Gontzal Mendibil, Jon Bergaretxe, Xeberri, Urko, Gorka Knörr, Haizea, Izukaitz, Errobi, Koska, Trabes eta erromeri- eta dantzatokietan jotzen duten Kemen eta Zintzoak taldeak.

Modu honetara, hots, kooperatiba bezala, urrian hasi gara lanean, indar eta gogo berri batekin eta honela jarraitzea nahi dugu, pixkanaka pixkanaka, bide berriak ireki eta zabalduz egungo euskal kantari.

Behar beharrezko ikusten dugun gauza bat zera da: hemen berton Editorial sendo eta propio bat eratzea kanpotik jasotzen ari garen dependentzia amai dadila gure kantariek eraso eta gustura egin dezaten beren lana.

Orain arte esandako denagatik eta gure aurkezpena egiteko ordua iritsi dela pentsatuz, bada, egitera animatu gara antolatu ditugun bi errezitalez.

Hauetarik lehena Bilboko Pabellón de los Deportesen egingo da urtarrilaren 13 egunean, arratsaldeko 8etan ondoko kantari eta talde direla partaide: Urko, Gorka Knörr, Errobi eta Haizea.

Bestea, Donostiako Anoeta kiroldegian izango da urtarrilaren 14 egunean, arratsaldeko 8etan. Errezital honetan parte hartuko duten taldeak hauxek ditugu: Errobi eta Haizea.

AGERKI


Kirolaren pertsonaiak: 5. Dirua

Zoritxarrez, gauza gutti egin daiteke munduan dirurik gabe. Kirolei ere berdintsu gertatzen zaie; eta amateurrak zein profesionalak izan, beharrezko dute finantziabide egoki eta dirutsua edukitzea, diruaren bidez egiten baitira eraikuntza esportiboak eta ordaintzen baitira bidaiak eta bestelako gastuak. Horretaz eta kirolak jendearen osasunerako duen garrantziaz jabeturik, Estatu Aurreratuetako presupostuaren parte bat —handia gainera— horretarako erabiltzen da: kirola finantziatzeko halegia. Adibidez, 1976. urtean, Frantzian 2174 milioi libera berri erabili ziren kirola laguntzeko eta polikiroldegi berriak eraikitzeko. Libera berri bakoitzak zenbat pezeta balio dituen kontutan harturik (17 pezeta gutti gorabehera), kalkulu erraz batez zenbat pezeta diren jakinen duzue.

Spain is different

Espainiako Estatuak, ordea, ez du horrelakorik egiten. Orain arte ez da presupostu ofizialik egon, eta nolabait Gobernuari dohan irten zaio kirola. Nola konpondu da?

Konturatu gabe, zerga modu berezi batez jende arruntak ordaindu du kirola. Begira. Beste leku askotan bezala, Espainiako lehen kirola —bai praktikatzaileen kopuruaren arauera eta bai zaleen kopuruarenera— futbola da. Bestalde, diru-jokoak ofizialki debekaturik egon dira (orain nolabait bingoak eta kasinoak bultzatu nahi dituzte). Eta diru-joko zilegi bakarrenetariko bat futbolari loturik egon da: kinielak.

Futbola oso egokia da, gaur egun, kinielak antolatzeko, zeren, beste kirola batzutan gertatzen ez den bezala, sorpresak sarri gertatzen baitira. Diru asko irabaz daiteke —zortea edukiz gero, noski—, eta bestalde kinielak egitea nahiko merkea denez, jende askok jokatzen du kinielatan (futbolzale izan ez arren ere). Sariaren lilura oso tentagarria da; eta ekonomikoki beheren daudenek ohi dute kinieletarako zaletasunik handiena, beren bizitza latzetik irteteko mirari baten zain baileuden. Modu honetan, konturatu gabe, zerga indirektu bat ordaintzen ari dira, zeren eta kinieletan biltzen den diruaren 55 %-a baino ez baita saritan banatzen.

Nora doa beste 45 %-a? Hara! 12 %-a antolakuntz gastuetarako erabiltzen da; 22 %-a orain sorturiko Kirolen Kontseilu Gorenerako (Consejo Superior de Deportes delakorako); eta 11 %-a Diputazio Probintzialetarako. Beraz, 22 % hori da, Espainian kirolaren azpiegitura indartzeko erabiltzen den diru bakarra. Hots, kinielen bidez ordaintzen ditugu kirola guztiak, eta Gobernuak ez du ezer gastatzen. Zenbat diru denetara? Gaur egun, astero 700 bat milioi biltzen dira. Horrela 1978. urterako 6.000 milioi pezeta izanen dira. Frantziarekin konparatuz, bertan duela bi urte 6 aldiz gehiago gastatu zutela ikusiko dugu.

Lehengo zifrek eta kinielen antolamenduak zerbait pentsatzera eraman behar gaitu. Batetik, futbolak —kirola bakar batek— finantziatzen ditu beste kirola guztiak, eta hori ez da justu, futbol zelaiak falta diren bitartean behintzat. Bestetik, jende xehearen diru extrarekin ez soilik kirola (22 %-a), baizik eta, horretaz gainera, Diputazioetako sanital zerbitzu asko ere ordaintzen da. Gobernua pozik, noski.

Horrela ezin da bideratu kirol politika zuzenik. Estatu arrunt gehienetan (eta bloke sozialistakoetan areago) egiten den bezala egin beharrean, kirola ez da hartzen heziketa-modu bat legez eta ez da Estatuaren presupostu eta eginbehar gisa bultzatzen. Ondorioa oso sinplea da: populuak amaitzen du galtzen, ez baitu kirola praktikatzeko leku egokirik. Ez da harritzekoa, ba, Benito Castejón jaunak esan duenez, eraikuntza esportiboetan Espainian dagoen defizita, 80.000 milioi pezetatakoa izatea. Eraikuntza esportibo egokiak pribatuak dira (Jolaseta, Martiartu, Landatxueta,...) eta dirua muga bat da kirola egiteko. Jende arruntak ezin du kirolarik egin, bide egokirik ez du eta.

Euskal Herriko kirola autoktonoak eta dirua

Futbola eta kirola olinpikoekin ez ohi da apostu handirik. Euskal Herriko kirola autoktonoen kasuan, ostera, ia-ia motibapenik handiena apostua dela —edo izan dela— esan behar dugu. Hor ditugu, diogunaren lekuko, frontoietan egiten diren apostuak, idiprobetan egiten direnak, traineru-apostuak,... Urrunago jo gabe, Arria II-ak eta Mendizabalek eginiko haizkol jokoa dugu. Milioi erdiko apostua. Ez da edozer, gero!

Zer dela eta apostuzaletasun hori? Gurea bakarrik da, ala inguruetako herrietan ere berdintsu gertatzen da? Nik ez dut uste, berez (geurez) besteak baino apostuzaleago garenik; baina ohiturak egin egiten du pertsona-taldeen izakera, eta urte askotako ekandu horrek, ingurukoak baino apostuzaleago egin gaituela esanen nuke. Hori ona ala txarra den, beste kontu bat da.

Propaganda, kirolak eta dirua

Futbolaren popularitatea ez duten kirolek, jendearen laguntzarik ez dutenez, ezin dute beren kontura profesionaldu. Horrela, sarri, merkatal etxeen laguntza bilatu behar izaten dute. Berauek, kirolarien izen eta agerpen publikoetan finkatuz, publizitate merkea egiten dute, eta probetxatu egiten dira kirolariez eta publikoaz. Merkatal etxeok eskaintzen duten gauza bakarra, profesional batzuren soldata edo finantziapena da. Oso gutti, beraz. Publikoak irabazten duen gauza bakarra, espektakulua da, hots, kirola pasiboa; ez du, ordea, kiroldegi berririk edo kirola hori praktikatzeko biderik irabazten. Hau ere gutti da. Honekin ez dut esan nahi, merkatal etxeek abantailarik ematen ez dutenik. Esan nahi dudana zera da, gutti emanik eta kirolarentzat abantaila gutti sortuz, merkatal etxeek asko irabazten dutela, zeren eta propaganda izugarria egiten baitute kirolzaleen artean.

Hor ditugu ziklismoa, eskubaloia eta beste. Edo eta boxealarien arropetan ageri diren izen komertzialak. Telebista edo aldizkariak direla, informazioa ematean, dohaneko propaganda egiten zaie etengabe, kirola zentzu eta helburu komertzial hutsez laguntzen (?) duten entrepresa hauei. Kirolariak propaganda-gizon bihurturik ditugu. Horietako batzu ezinbestez lotu dira merkatal etxeekin (eskubaloizko talde euskaldun batzu, adibidez), eta ulertzekoa da. Baina zer pentsa produktu batzuren propaganda egiten duten futbolariez eta antzeko kirolari profesionalez? Gutaz baliatzen ari dira; publikoaren pasibotasunaz baliatzen ari dira.

Mitoen superbalorapena

Dena den, ez da pentsatu behar, egitura komertzial horretaz kirolari guztiak probetxatzen direnik. Ez eta guttiagorik ere!

Mitoak dira, dirua zurrupatzen duten ia bakarrak. Bai mitoek eta bai entrepresa komertzialek ongi probetxatzen dute mitotasuna. Edo galde bestela Merckx, B. Borg eta antzekoei. Hala ere, horretaz baliatzen direnak ez dira beti merkatal entrepresak izaten. Talde bat baino gehiago omen diren zenbait "kirol talde nazional-triunfalistak" ere, mitoen izenaz baliatzeko asmoa agertu du sarri. Eta mitoak, tonto ez izanik, erabili egin du sentimendu hori. Zertaz ari naizen? Kasu ezagun bat aipatuko dut: Johan Cruyff jaunak 62 milioi pezeta irabazten ditu urtero Barcelona F. C. delakoan, Holandako Bankuetxe batetan eta dibisatan jarriak, Espainiako Hazienda Ministergoaren hatzaparretatik urrun. Horrela aurreratuko bide da Katalunia. Seguruen Kataluniako salbatzailea edo den Tarradellas jaun "ohoragarriak" —nik ez dut adjektibo hau asmatu— ez duela horrenbeste dirurik irabaziko, zeren eta, enteratu garenez, Espainiako ministro jaunek 39.773.304 pezeta irabazten baitituzte soilik urtero (Moncloako Ituna gorabehera). Erraz ulertzen da, beraz, zenbaitek ministro izateko duten gogoa. Baina, tira, Espainiako telebistak sarri esan digunez, politika eta kirola ez dira nahastu behar (??)...

Zenbait ondorio

Ikusten denez, dirua ugari dabil kirolaren inguruetan. Baina gutti batzuk baino ez dute diru hori probetxatzen: premia guttien dutenek hain zuzen ere.

Kirolaren politika egokiaren falta ageri da. Politika esportiboan diruarekin zer egin behar den ikusi beharko da. Edozein modutan, eraikuntza berriak behar dira, polikiroldegiak eraiki behar dira, kirolarako Estatuaren dirua erabili behar da,... Ongi da. Baina hori guztiori paper errea da, kirolaren herritartze efektiboa gertatzen ez bada, hots, jendeak kirolarik praktikatzen ez badu. Eta hau, ene ustez, heziketa-kontu bat da. Eskolatik hasiz, kirola egiteko ohitura bultzatuz, kirola pertsonaren hazkundearen partetzat hartuz, hauzategi eta herri guztietan kirola egiteko leku egokiak prestatuz,... Horrek, noski, mentalitate aldaketa eskatzen du, bai kirolaren kontzepzioaren aldetik, bai hirigintzaren aldetik, bai politikaren ikuspegitik,...

Eta aldaketa horik egiten ez ditugun artean, kirola gutti batzuren —pribilegiatu batzuren— gozagarri aktiboa izanen da soilik, eta alferrik kexatuko gara, gure Herriko kirolariak bigarren mailakoak direla eta. Hori, azken batez, gauza anekdotikoa da.

J. R. Bilbao


Postak

Biarritzen, 1977.eko Abenduak 16

Jaunok:

Zuen aldizkarian, ahal den neurrian, Urtarrilak 9tik 22ra eratuko dugun ekologiaren aldeko hamabostaldiaren egitaraua sartzea eskertuko genizueke.

Zeuen zerbitzutan gaituzue, egitsaio bakoitzaz nahi duzuen adina berri edo jakinerazpen igortzeko.

Aurretiko esker onaz, gure agurrik beroenak har itzazue.

Zuzendaria

J. P. Perraudin

Maison des jeunes et de la culture Biarritz

MJC Biarritz -13, Avenue

Foch - 64200 Biarritz -BP117-

Teleph. 24. 22. 20

17 Janvier (Urtarrilak 17)

Salle des Ambassadeurs 21 H

"Voyage dans les centrales de la terre". Film et débat sur le nucléaire avec:

José Allende Landa - universitaire du P. Basque Sud.

Yves Lenoir - Professeur à l'ecole des mines, Membre des Amts de la Terre.

***

Berriz ere herbesteratuak

Hainbeste gustatzen zaidan aldizkari horretara eskutitz hau idaztera ausartu naiz, ikusirik, faszismoaren kontra burrukatu eta euskal herri guzirako izan nahi bizi bat duelakoz eta izan duelakoz.

Esatera nihoazenak ez dira erabat egiak izanen, baina uste dut, zerbaitetan, arrazoin ere izanen dudala.

Euskal herriak urte aunitz paseak ditu karlismoaren monopoliopean (beti, halako ixuri bat izan dut karlismorantz) gero PNVra iragan zena. Eta uste dut monopolio guzietan baztertuak, zapalduak eta mespreziatuak sortzen direla.

Gaur egun, euskal herrian, marxistak, alegia euskal marxistak hartu edo hartu nahi dute eremu guzia, hainbeste ideologia eta pentsakera onurakor baztertuz.

Jakina, honek, ideologia guzien atzetik gizon batzuk daudenez, populu zati baten bortxaketa eta baztertzea dakar.

Eta guzi honekin, puntu honetara etorri nahi nuke, alegia, Krutwig eta honekin beste gizon asko baztertuak daudela eta baztertu nahi dituztela. Gizon hau, hainbeste gauzetan aintzindari eta urratzale izan dena, ez duela ia inork aipatzen ere eta bere atzerritik itzultzea ez duela inork agerian eskatu. Beraz, bihoa ene oihua Krutwig aldarrikatuz, jakinik beste milaka gazte berekin daudela, eta bere itzulera eskatuz, bere lan bortitzean Euskal Herrian segi dezan.

Juan Alemán

P.D. Badakit Xabier Kintanak aipatu duela Krutwig eta bere idazkiak behin baino gehiagotan eta baita ere Mitxelenak Euskararen liburu zurian.

***

Lazkaon, 1977g. urriak 26

"ANAITASUNA" Zuzendariari.

BILBOra

Agur adixkide. Eskutitz au idazten ari zaizuna euskelzale eta euskerazale porrukatua da eta ez da orainarte euskeraz irakurtzen aspertu, nola erri euskera baita batua ere; baiña oraintxe nazkaturik nago zenbait idazlariz. Izan ere, iraultza egin bear eta ez dakite zer egin, eta batuaren ordez "patua" egin bai dute (badakit ongi ori zer dan eta nola idazten dan itz ori), dana ankaz gora bota, izurratzeko. Izkuntz bat irixten dan lekuraiño irixten bada bera itzegiten duan erria ere,... toki ederrean gatxeudek euskera eta euskaldunok... Sendagilleen tresna ez dan "mirakulo"en bat bearko degu burua altxatuko bada.

Eta orrelako zenbat idazlari Anaitasunan! Anaitasuna? Nondik nora? Anai giroa ez baiña gorrotoa, begiramenik eza, bekaitza, puzunia dakust aldizkari orren orri bakoitzean, eta geroz ta makurrago. Sugegorria ere, azkenetan dagonean izaten omen da gaiztoena... Orrelako zerbait...?

Alere, zuek zatozkigute euskera erakustera. Beraz, gaizki esana egongo da Alderdi Eguna, eta zuek Aberri Eguna idatzitakoan, ongi berriz... nola ez bada? Beraz, zuenak dira, bai, eta zeurok gorde urrezko astabelarriak; zergatik, astoa berez apaiñ apaiña ez bada ere, askoz itxusiagoa da belarririk gabe; eta urrezkoak izanik... etzaizkizue gaizki etorriko entzutea dutanez!

Zorion


Sukalderako saltsa

Xerra amerikanoa

Lagun batentzat beharko duzu: Xerra bat (behikia edo eta zaldikia). Bi goilarekada maionesa. Goilarekada bat ziape (1). Saltsa ingeles txurrustada bat (English sauce) (2).

Jateko hau egitea oso erraza duzu. Harategi batetan 300 gr.tako xerra bat eska ezazu, baina kontuz, harakinari koipe eta nerbio guztiak kentzeko esan beharko diozu, bestela xerrak ez du balio izango. Gero esaiozu xerra hori makinan xehatzeko. Xerra hau xehatu (3) behar baita. "Amerikanoa" egiteko, haragi xehatutzat saltzen den haragiak ez du balio nerbio eta koipe asko izaten ditu eta.

Ikus dezagun nola prestatu behar duzun xerra amerikanoa. Lehengo eta behin GORDINIK jan behar da.

Bota ezaiozu xerrari maionesa, ziapea eta saltsa ingelesa. Nahasta ezazu ongi eta xerra baten antza emaiozu.

Xerra hau ogitartean jan daiteke bokadilo gisa. Xerra gisa, patata frijituekin edo eta edozein barazkirekin batera.

Jateko hau afrodisiakoa izaten da.

On egin

(1) Mostaza. Moutarde

(2) Supermerkatuetan salgai. Botila luze eta ttiki bat izaten da. Etiketa gorria duena.

(3) hacher, picar.


Gurutzegrama


Gramatika

-etarik/-etatik

Banaketa semantikoen arlotik irten gabe, zenbait idazlek -etarik/-etatik formen artean egiten dutena azalduko dugu. Praktiko eta interesgarri delakoan gaude, eta horregatik banaketa hori egitea komeni dela uste dugu.

Lehenik, euskalki desberdinetako egoera aztertuko dugu, atzizki hauk non, noiz eta nola erabiltzen diren seinalatuz.

Kontzeptualki, bi funtzio berezi betetzen dituzte, batzutan biotarako forma berbera erabiliz eta bestetan banaketa semantikoa eginez. Hauk dira bi funtziook:

a) Nondik kasua pluralez. Gaztelaniaz, de dónde itzuliko genuke. Adibidez

Nondik jaitsi dira azeriak?

Azeriak mendietatik jaitsi dira

b) Talde edo multzo baten barneko elementuen artean aukera bat egin behar denean, bat edo batzu aukeratuz. Gaztelaniaz, de entre itzuliko genuke.

Gure seme-alabetarik gazteena bidaliko dugu.

Azken zentzu honetan, -ko atzizkia gehitzen zaio askotan. Honela: -tarik+-ko —> -tariko

 Zuetariko batzu ez zarete nire adiskideak

Iparraldeko euskalkietan -etarik formak bi esangurak adierazteko leku osoa hartu du, eta zentzu bietan erabiltzen da aspalditik, bai euskara mintzatuan eta bai euskara idatzian. Honela, Joanes Leizarragak 1571. urtean argitaraturiko eskribuan honelako esaldiak irakurtzen ditugu:

- "Gero, hura —Adam— lo zetzala, har zezan haren seihets-hezurretarik bat, eta krea zezan Eba".

Hots, bigarren zentzuarekin

- "Zeren Apostolu beren ahotik edo haien eskribatuetarik ilkhia eta hartua baita". Hemen lehen esangurarekin erabiltzen da, eta interesgarri da, -tik eta -etarik formak batera ikustea.

- "Hereneko egunean (er)resuszitatu izan da hiletarik".

Hemen bigarren zentzuan ageri da.

 (Oharra: Zita hauk "Euskal Protestantismoa Zer Zen" liburutik hartuak dira, 78., 90. eta 90. horrialdeetatik).

Gipuzkoa aldean -etatik forma nagusitu da, eta berau erabiltzen da, zentzu biak adierazteko. Bizkaian, ostera, bizirik daude forma biak eta gainera semantikoki banaturik ageri dira: Elatibo kasuan (nondik) -etatik erabiltzen da, eta aukera egin behar denean, -etarik(o), gehienetan -o eta guzti.

Dirudienez, azken buruan, bai batak eta bai besteak esangura berbera zuketen aintzina, bariante hutsak izanez, baina gero semantikaz banatuz joan dira (Bizkaian behintzat). Honetan esan beharra dago ezen elatiboaren eta partitiboaren -tik eta -rik formekin ere antzera gertatu datekeela, eta jatorriz berdinak izanik ere, gaur egun guztiz banaturik daudela.

Beraz, artikulu honetan proposatzen dena, Bizkaiko erabilkera generaltzea eta normaltzea da, jadanik idazle askok egiten duten eta dugun legez. Egoki eta lagungarri gerta daiteke banaketa semantiko hau eta horregatik proposatzen dugu. Gure ustez, ba, honela geratuko litzateke banaketa semantikoa:

a) -etatik. Nondik kasuaren plurala adierazteko. Kasu hauetan bezala:

Oso haserre etorri da harategietatik

Bizidunen elatiboa -engandik edo -en baitatik atzizkiez egiten da. Adibidez.

Hori baino gehiago espero nuen zure lagunengandik.

b) -etarik. Multzo baten elementuen artetik aukera bat egiten denean. Berdin balio du bizidun zein bizigabeentzat:

Zuen etxeetariko bat utzi behar diguzue bertan bizitzeko.

Atzo ikusi genituen dantzarietariko batzu Bilbora joanen dira jaietan.

Banaketarako proposamena hor dago. Orain, idazleek dute hitza, zeren eta hori finkatzeko, idazleek erabili beharko baitute.

J. R. Etxebarria


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO