ANAITASUNA

1977.EKO HAZILAREN 15EKOA ETA ABENDUAREN 1EKOA

ZENBAKI BEREZIA

351-352. ZENBAKIAK

50 PTA.


[AZALA]

euskal ezkerraren errierta antzua

Euskal Ezkerraz zenbait gogoeta

ARRANTZALEEN JUDIZIOA


AURKIBIDEA

3. Editorial

4-5. Ohar laburrak

6-7. Euskal Herrian demokrazia haztarnarik bai?

8-9. Euskal Herriak behar zuen Internazionala

10. Doña Prudentzia

12-14. Euskal astakerien inguruan

15-16. Ihiztaria eta herria

17-18. Negubazken arazoa

20-23. Arrantzaleen judizioa

24-30. Euskal Ezkerraz zenbait gogoeta

31-33. Elkar ikuska

34. Espainia

35-36. Terrorismoaren ekaitza Alemanian

37. Oi Askatasuna

38-39. Zientzia

40-41. Anaitasuna idatzi

42-44. Euskara eta Politik Alderdiak

48-49. Zinea

50-54. Homosexualitatea

56-57. Emakumeen artean

58-61. Musika

62-63. Kirolak

64. Postak

66. Sukalderako Saltsak

67. Anaitasunaren oharra

68. Gurutzegrama

69. Gramatika

70. Kalekoa

Leg. Gor.: BI-1753-1967


Editoriala

Euskal ezkerraren errierta antzua

Euskal ezkerra hasi zen historiaren kontinuitate opresiboa eta nardagarria hildaskatzen erdi erditik; historiari bide berria bilatzen, Euskal Herriaren aldeko defentsa eta populuaren aldeko defentsaren artean historian izan den kontradikzioa gainditzea xedetzat hartuz, honela, euskal populuak esperantza eta etorkizun berria lor zezan.

Garai horretan orok jakin dugu zeintzu zitezkeen gure herriaren asasinoak; zeintzu etsai nagusiak; jakin dugu adiskidea arerioagandik bereizten. Orain, aldiz, ba dirudi ezen mementuko burrukarik handiena barne dela: euskal ezkerraren artean.

Ezkerrak, noski, ba ditu bere diferentziak: beuron arteko mugaketak; baina, halere, euskal ezkerra da eta kontu egin beharko zukeen honekin. Ezker honek bere baitan diren kontradikzioak lehen mailan ezartzen baldin baditu, untzi hau ez lezake inork salba: hondarra joko du segurki. Honen ondorioz, gure herriarentzat projektu bezala jaiotako mugimendua euskaldunon bizitzatik at egonen da, euskal puzzletik kanpo.

Errierta antzu hau baztertzearen behar gorria dakusagu. Ez dezala talde bakoitzak oinharritzat beste alderdiak nola mendera ezar, bestela, agian, euskal ezkerraren zerraldoa ari gara prestatzen.

Hainbat jende ilusioa galtzen ari da eta, lehen ilusioa izandakoa, frustazio sendimendu perilosegia bilakatzen arituz doa.

Guk esandakoak ezer gutti balio ukan dezake, baina zerbaiterako balio badu, hor doakizue.


Ohar laburrak

EAKren III Kongresua

Orain arte idazkaria izan den Ramon Ormazabal lehendakaritzarako hautatu dute PCkoek III Kongresuan; idazkari berria Roberto Lertxundi gaztea da. Batzuren ustez idazkari aldaketa hau PCEk hauteskunde legislatiboetan ukan zuen frakasuagatik izan da batipat, eta bide beretik uler daitezke alderdiaren barnean sorterazi dituzten kontradikzioak haizatzearena: publikoki agertzea, alderdiaren barnean ezker nazionalista tendentzia dagoela adieraztea.

Bestalde, kongresuaren konklusio gisa ere zera eman dute: PCEk ezker abertzalearengan "voluntad de diálogo" duela. Ez ote du esan nahi honek orain arte borondaterik ez dutela izan? Hala eta guztiz ere, erabaki hau sektakeria bat ez delako gauzak hobeto joan litezke bide horretatik.

Beren autokritikan edo moldatze behar horretan ba dirudi, Ormazabalek eraman duen bidea ez duela alderdi osoak baieztatzen ezaguna baita, bestalde, Ormazabal izan dela —Alfonso Zaldívarrekin batera— Madrilekoen defentsorerik zintzoena, eta, linea politiko horrek ez duela behin ere konprenitu E. H.ren arazoa, berau arazo "kultur-sentimental" bezala kontsideratzen baitute. Baina, egia ote PCEn "linea berririk" dagoela? Denboraren denboraz ikusi beharko. Euskal Herrian ez da teatroa egin beharrik, lehendik nahikoa egiten baitugu.

Ipar Euskal Herrirako dagoen Pabeko prefet jaunak euskara omen daki.

Pabeko prefetak benetan harritu gaitu. Lapurdiko alkateen biltzarrean euskaraz hitzalditxo bat "ahozkatu zuen". Gero alfabeto fonikoan idatzirik zeukala ikusi dugunean lasaitu gara pixkat. Benetan prefetaren teoriak aipagarriak dira. Frantses administralgoa, beraren ustez, ez da euskaldunen eta euskararen etsaia. Frantzia Euskal Herriaz maitemindurik omen dago. Ezteiaren ordurako, zenbait gauzaren artean, ondokoak gogoratuko dizkiogu geure prefeta "adiskideari"!

Mende batetik hona, Frantziak euskararen kontra emaniko agiriak irakurri ditugu. Frantses ikastoletako erhaztun zoragarriak ez zaigu oraindik ahantzi.

Frantzia euskaltzale honetan, 2 ordu urtero ematen diren artean, Britainia Haundiko Telebistatik 2.500 ordu urtero ematen dituzte galeseraz. Bestalde, honelaxe segituz, Pariseko euskal etxeak haziko direla zihur gaude. Baina Euskal Herrian ez da euskal etxerik zutik geratuko.

Guk ba dakigu zoritxarrez oso "petits bonhommes" garela... eta orain prefetarentzat ere, euskaldun guziok idiotak omen gara.

Marco y su mamá

Ipuin sado-masokista honi, zorionez, amaiera heldu zaio. Gure seme-alaba euskaldunei gizarte honek lapurtu dien eskubideaz beste batzu profitatzen dira. Ez da hemen konstituzio demokratikorik egongo, gure seme-alabei euskal ipuinak, historia eta heziketa oso bat euskaraz ematen ez zaizkien artean. Hala ere, gure seme-alabek ez dute ezer Marco horrekin galdu. Marcoren memelokeriaren azken kapitulua zela eta, hainbat eta hainbat umek sufritu behar izan dituzte lelokeria antipedagogiko honen ondorio guztiak, hots, ume batzu desekilibratu egin dira, nigarrez hasiz; beste batzuk sukarrak pasatu behar izan dituzte etab. etab. Tira, koino. Horixe bakarrik falta zitzaigun; gurasoak aspertu, umeak erdileloak utzi eta denak deseuskaldundu. Bien por la tele!

Del Burgo, Aizpun, Nafarroa dugu euskaldun

Madrileko UCDk Del Burgo diputatuari postu politiko bat Madrilen emateko prest omen daude. Beldur dira, Nafarroako UCDk hartu duen intrantsigentziaz Euskal Herriko "bakea" pikutara joan dadila. Bestalde ba dago susmo bat Del Burgo eta Aizpunen politikaren kontra egiteko UCD bera beste ordeko batzu antolatzea. Del Burgorentzat Nafarroa Euskal Herrian "sartzeak"... "mila urtez osoturiko status berezia deuseztatuko zukeen". Guk, Del Burgo Jaun "deputatuari", alu zerri honi, zero biribil bat ematen diogu historian.

Punto y Horaren kontra jo eta ke

Lehenengoz lehergailu batez amildu zuten idazkola. Gero ere, demokratak bezain euskaldunak diren beste indar batzu asmo berberarekin dabiltza. Ez, ez zaie batere aldizkari hori gustatzen. Independentea dela, Euskal Herriko abertzaleen kutsua daukala, ezkertiarra dela, eta beste hainbeste aipa lezakete. Hemendik guttira, Nafarroako UCDk aldizkari berezi bat aterako du kalera. Haren izena: Nueva Navarra. Honen asmo nagusiena Punto y Horaren kontra egitea da. Bestalde, ba dago beste zurrumurru bat. PSOEk Alemaniako sozialdemokraten diru laguntzaz, aldizkari orokor bat muntatu nahi dute hemen eta beste bat Katalunian. "Cuadernos para el diálogo" —edición Euskadi—, gutti gorabehera, izanen da. Gu ez gaude beste ideologien beldurrez, ez eta pentsatu ere. Benetako demokrazia batetan bagina... baina hemen diruak eta interes politiko nagusiek agintzen dute. Guri, justu falta zaiguna. Orduan ba dakigu zer nolako arazoa dugun eskuetan. Gure aldetik hura apuiatu eta zabaldu. Punto y horaren aldetik informazio hobetu. Hala izan dadila.

 Espainiako konstituzio berriaren arauera "nazionalitate" hitza onharturik geratuko da. Hitzak haizeak eramaten ditu. Bitartean, gaztelania ezagutzeko obligazioa leporatu digute euskaldunoi. Estatu honetako gainerako hizkuntzak errespetua eta gerizapena merezi dutela diote. Betiko ikuspunduaz begiratuta, Picasso eta Velazquez-en obrak, errespetu guztiaz, museoetan gordetzen dira. Ikurrinaren ondoan "piperpoto zoragarria" eduki beharko dugu. Bitartean gizarte berri honetan "merkatu libreak" eta kapitalek agintzen segituko dute.

Faxistak eta numeroak

Diktadura eta diktadorea hil zirela eta, ba dirudi, numeroak ganbiatu egiten direla, edo, agian, krisia dela kausa izan daiteke. Kontua da orain Orienteko Plazan ez dakigula zenbat faxista sar litezkeen. Hara! Garai bateko milioi eta erdi (Franco zenaren dekretuz) gaur egun 300.000 bilakatu dira, edo beste batzuk diotenez 150.000. Orain erakunde guztiak hasi dira metro koadroak neurtzen eta metroan zenbat jende sartzen den espekulatzen. Francok ez zuen horrelako eztabaidarik edukitzen. Qué coño! Se tira a ojo! A ojo bai, baina goitik badaezpada; eta hain goitik non milioi bat baino gehiago aingeruren erreinutik asmatzen baitzituzten.

Bestalde, eta frogatzeko zenbat maite duten Euskal Herria, han nonbait, azaldu zen ikurrin bat, jo eta pusketa egin zuten. Beno, holakoetan bakarrik libertitzen baldin badira ez legoke hain gaizki.


Euskal Herrian

Euskal Herrian demokrazia haztarnarik bai?

Hitzak haizeak darabiltza eta egiteak du kontatzen hemen. Eta Euskal Herriko egiazko egoera frankismoaren garaietatik funtsean ez da aldatu. Politik eta ekonomi saltsa guztiak Madrilen egosten dira eta gure Herriak ez du partetik erabaki horietan. Hori nabarmen geratu da, adibidez, Moncloako Itunean. Euskal langileen erakunde eta syndikatuek ez baitute ez boza eta ez boturik ukan. Madrilen botere puska baten bila dabiltzan alderdi batzuren akordioak lege bihurtu dira, langileriaren bizkarretik datozkigun hestuasunari deus kontrapartida zehatzik ezarri gabe.

Euskal Herriaren alde gehienbat borrokatu diren alderdiak legetik kanpo gaitzetsiak, adibidez, KAS-eko hiru alderdi eta beste langile erakundeak.

Aste baten buruan HASI alderdiari hiru agerraldi galerazi zaizkio (Iruinean, Errenderian, eta Anoetako Belodromoan). Eta galerazi, ez debekuz bakarrik, indar errepresiboek sekula baino gogorrago eraso baitute manifestarien aurka.

Estatutuaurrekoa, gainetik begiratuz soilik, aurrerapen gutxi datorke estrategia nori onhartzetik. Gobernuak limosnatxo bat bailitzen tantoka tantoka faborezko eta azal hutsezko preautonomia bat eskaintzen baitute. Enganiabidetik eta adarretatik gabiltzake, ordea, abiapundu bezala Euskal Herriaren subiranotasuna hartzen ez badugu. Era guztietara, aurreautonomia hori eratzean Herriak zuzenean behar du parte hartu. Bestela, betidaniko gidaritzakerietan eroriko da gure politikagintza, Euskal Herriak lortua duen autoorganizaketa baztertu eta euskal indarrak zatikaturik.

Argi dago, beraz, pausoz pauso Euskal Herriaren berjabetzara jo behar badugu, Herriarekin kontatu behar dela, herri mobilizapenak eta herri borroka batuak lor baitezake benetan euskaldun izanen den autogobernua.

Euskal Unibertsitateari edo ikastola arazoari bagagozkio, berriz, beste hainbeste aipa dezakegu. Euskal Herriaren bultzakak eta borrokak lortuko du bakarrik ikastolak eta Euskal Unibertsitatea Irakaskuntza nazional eta herrikoi bezala eratzea. Administralgoaren erantzunak betiere luzamenduak dira. Baina euskaldunontzat euskal kultura bizkortzea eta planifikatzea guztiz larria da, eta ezin dezakegu erdirakoi diren hatzamarretatik ezer seriosik espero ukan, ez eta "vasco" besterik ez diren diplomaziaren azpilanekin ere.

Delako demokraziak Euskal Herrian sinesgarritasun minimorik ez duela jakinik ere, udal eta syndikal hauteskundeak luzatuz dihardute. Bitartean gehiengo alderdiek Ekainaren 15ean demokraziarik gabeko hauteskundeetan finkaturik politikagintza osoa manaiatu beharrez dabiltza bai udaletxeetan bai autonomiaurrekoaren botereak betetzen. Moncloako Ituna izenpetu dute bai langileen bizkarretik, eta epe zehatzik ere ez dute exigitu alderantziz, syndikal eta udal hauteskundeetarako. Nondik eta noiz errotuko bestela demokraziaren landarea Euskal Herrian? Gainerakoa errorik gabe eihartuko den landare gaixoa litzateke.

Gainera, indar zanpatzaileak euskal ordenu publiko bati lekua egiten hasi ordez, geroz eta ugariagotzen eta organizatzenago ari dira, Euskal Herriaren bortxazko okupaketa amaigabea izanen dela nabarmenduz.

Halere, bortxakeria kondenagarria omen da euskaldunok aspaldidanik onhartua dugun herri borroka eta beste borroka berezia. Horrela ez balitz nahiko kaka eginen ziguketen geure bizkarretik. Nork jarri du Herria ezinbestezko aukera larrian? Euskal Herriaren mugimendua sendotzeko eta protagonismoa langileriaren esku utziz gero beharko dugu oraindik makina bat borroka bultzatu. Ez gaitezen engania, ez eta politikari espezialisten gezurrezko promesetan lokhar.

Alex


Euskal Herrian

Probokazio neurtua

Ba dirudi gobernuaren azken jarrerak —Donostiako gobernadorea dela medio— ez doazela hainbeste famatu duten bakea lortzea, hainbeste hedatu duten "paz ciudadana" kontzeptua burutzea. Alderantziz; HASIkoei mitinak galeraztea, organizatu zuten manifestazioan arinki zigorra partitzea; Aldanondo gartzelan mantentzea eta haren alde amnistia eske egindako manifestazioan izugarriak banatzea, gazteriak soldadutzaren kontra organizatutako manifestazioa zigortzea, eta azkenik Zeruko Argian bertako langileei bizkarrak berotzea; hori guztiori, batzuren ustez, neurturik dago nolabait, eta probokazio estrategia baten ezaugarriak izan litezke. Baita halaber, Donostian gertatzea ez da kasualitate bat, hori diotenentzat. Zeren Donostian, diktadura eta diktablanda garaian, "fuerzas del orden" —ez baitira ordenu zaintzaileak, fuerzas del orden baizik; guttienez hala dio Suarezek— famatuen kontra izugarri sentsibilizatu baita gazteria —eta hain gazte ez dena, txo!—; hain zuzen, Donostian egon baita eta baitago erresistentzia kapazitate handiena. Beraz, uler daiteke Donostiako gobernadorea izatea manikheismo honen panpina.

Gobernuari aspergarri zaio euskal ezkerra eta ba daki errepresio gogorra inprimatuz —oraingoz kalean, noski— ezkerraren posizionamenduak erradikal daitezkeela, historia eta praktika gutiko ezkerra baita. Hori dateke Madrilekoen bidea. Eta, bistakoa da, bide horretatik lor dezaketela euskal ezkerra ezker marginala bihurtzea, jende aurrean —emigrazioaren aurrean batipat— frogatuz beti frogatu nahi izan dutena, hots, "¡los abertxales están locos!" (sic).

Gobernuak, alde batetik, euskal ezkerrari legalizatzea proposatzen dio eta, bestaldetik, mitinak eta manifestazioak galerazten dizkio, oztopoak ezarriz maila guztietan. Suarez-ek berriro ere bere "borondate ona" adierazten du, eta bitartean bere estrategek —Martin jauna bereziki— euskal ezkerraren zerraldoa noiz egin makinatzen dute.

Asko interesatuko litzaioke gobernuari abertzale sozialisten irtenbideak "modu demokratikoz" mutiltzea eta Euskal Herriaren arazoa nazionalista zahar eta sozialista dudos batzuren eskuetan uztea, paktatzeko umilago baitira, noski.

Eta ezkerrak beharko du jakin berriketa antzu eta haserre ineptuak alde batera uzten, ez baita oraindik ezkerraren arteko kontradikzioak lehen kontradikzioak bezala burrukatzeko garaia.

Gauzak garaiz behar dira egin, bestela euskal erreformistek eta beste zenbait taldek guztia jan dezakete.

Esan digutenez Monrealen beleak mokoa zorrozten omen du Lertxundik daukan zozoarekin. Eta gainera ba omen dute non begira!

j.g.


Euskal Herrian

Euskal Herriak behar zuen Internazionala

"Langile herriartegoak ez du erran nahi herri desberdinen ukatzea, munduko herri guzien berdintasuna eta anaitasuna baizik." (Bresteko Agiria)

Jakinekoa da HASI alderdiak Anoetako Belodromoan Hazilak 12rako antolatu zuen mitin-jaialdia Gobernuak galerazi zuela. Beraz, nazionalitateetako abeslariak beren Herrietara itzuli ziren eta Bresteko Agiriaren ordezkariek prentsaurreko bat moldatu ziguten Donostian.

Guztiz harrigarri eta itxarongarriak dira Europako Herri zanpatuen Internazional berri honen planteiamenduak. Orain arte Internazional Komunistaz (Eurokomunismoaz), Internazional Sozialistaz, e.a. mintzatzen zen soilki, nazioarteko, edo hobeto esanik, nazioen gaindik muntaturiko Metropoli edo Estatuen arteko Internazional bereziak direlarik.

Bresteko Agiria edo Europako Herrien Internazionala, ordea, Herri zanpatuetatik abiatzen da Herrien Europa lortu ahal izateko, Estatu erdirakoi eta inperialisten arteko gainegituratik ez baita benetako herri sozialismoa izanen, ohituak gauzkaten Estatu burokrata eta erdirakoiak baizik.

Kike Urkijok aurkeztu zizkigun mahai-inguruan Bresteko Agiria osatzen dutenen ordezkariak. Halegia, HASI Hego Euskal Herritik eta EHAS Iparraldetik, PSAN P. Hego Kataluniatik (Iparraldeko "Esquerra Catalana de Treballadors"-etik ez zen inor agertu), Union do Pobo Galego, Union Democratique Bretone, eta Sinn Fein Worders' Party Irlandatik. Galestarrek ere aireportuetako grebagatik edo huts egin zuten.

Besterik gabe, galde-erantzunetara joz, lehenik mitin jaialdiaren eta geundeneko prentsaurrekoaren zergatia galdegin zen. HASIko idazkari nagusia den Alberto Figeroaren erantzunez "erakunde internazional hau Euskal Herriari presentatzea guztiz interesgarria zen Europako Herri zanpatuen borroka garrantzitsua dela ikusiz".

Irlandako SFWP-ko ordezkariak Ira Probisionalarekin ez zuela zerikusirik agertu zuen, berak langileen alderdi bat izaki, Iraren borroka harmatuaren kontra baitaude. IXX mendetik etengabeko borroka harmatuari loturik aritu ondoren Irlandako Herria aspertu eta nazkatua aurkitzen da, giza eskubideak berak ahaztu baitira, eta Irlanda birbatu aske eta sozialista baterako borroka baketsuari ekin diote, langileria osoa sozialismorantz elkartuz. Eta ez daude Irako basatikeriekin konforme, Irlanda batu ezik, hautsi egiten baitute. Ira egun mantentzen dutenak, berriz, eskuineko edo burjes taldeak dira.

Bretainiako ordezkaria Euskal Herria beroki agurtu ondoren euskal borrokarekin bat egin zen. Gero, Frantziako sasisozialismoa salhatu zuen Mitterranden estilua sozialdemokraziatzat joz, Bretainia berjabe eta klaserik gabeko estrategia aipatuz. Bretainiakoak ere ez zuen borroka harmatua Bretainiarako egokitzat jo, borroka harmatua ez baita berez iraultzaile edo aurrerazalea. Dena dela beste Herri zanpatu bateko iraultza bidean gerta daiteke borroka harmatuari heldu beharra.

Bretainiarrak kinkatu zuen arrantzuko arazoa ere, Europako (munduko) Estatu inperialista eta burjesen kapitalismoa salhatuz. Itsasoaren jabegoa (beti Estatu kapitalistetako irabazien arabera) 200 miliatara hedatzea, nazionalitateen ohitura eta akordioen aurka baitoa, bai Euskal Herrian, bai Galizian, bai Bretainian. Hortik Europako Herri zanpatuen erakunde hau bultzatu eta indartu beharra.

U.P.G.-ko ordezkariak borroka harmatua eta biolentzia elkarrengandik bereizten saiatu zen. Biolentzia goitik ezarria denean nolanahi ere indarrez erantzun beharko da une berezietan, baina borroka harmatuaren kontra daude, Galiziako langileriak izan behar baitu politikagintzaren gidari.

Kataluniako PSAN P.-ren ordezkariak langileriaren eta Herriaren protagonismoa aipatuz gero, Klaserik gabeko Herri berjabeak nahi baditugu azken batean, nola edo hala Herriaren borroka harmatura jo beharko da ere.

Gero, PSAN-eko ordezkariak berak Bresteko idazkari gisa zioenez, Europako Herri zanpatuen erakunde honi Donostian Hazilak 12ko goizean egin zuten laneko bileran bultzada berri bat eman omen diote. Orain arte Bresteko Agiria, izan ere, aburu eta helburuen agiri bat zen bakarrik. Europako herri demokrazia Herri zanpatuen askatasunari lotua dagoenez Herri zanpatuetarik eraikitzen da Bresteko Internazionala. Beraz, aurrerakoan estrategia eta eragipen berezi bat emanen zaio koordinazio mailan ere. Hurrengo lan batzarrea Martxoan Bretainian eratuko da, Maiatzeko urterokoa Katalunian burutzeko.

Alex


Euskal Herrian

Euskal arrazismoari buruz

Hilabete hauetan gogoz irakurri ditut Xabier Kintanak idatzitako artikuluak euskaldunen (edo hobeto esan "baskoen") arrazismoa eta deiturismoa aipatzen dituztenak. Iduritzen zait oraindik ilunpean dauden eta kezkagarriak diratekeen gauza batzu argitu eta plazara eman beharra dagoela.

Hala ere, nik uste, nahiz euskaldun jator bati nahiz euskaldun berri bati "Euskaldunak arrazistak direla" esaten entzutea, belarrietako mina egiten diola, honelako hitz batetan gure abertzaletasunaren kontrako gauza bat jakiten dugulako.

Arrazismoari buruz zerbait idatzi aurretik arrazismoaren maila diferenteak aipatuko ditut. Hona hemen zertan datzan arrazismoa:

- Lehenengo maila: Jendeen artean arrazak daudela sinestea.

- Bigarren maila: Ezaugarri anthropologiko eta biologiko batek gizonaren baitan infludentzia bat daukala sinestea.

- Hirugarren maila: Bigarren mailatik gaineko, eta azpiko arrazak daudela sinestea.

- Laugarren maila: Politika arloan gaineko arrazek azpikoak agindu eta menperatu behar dituztela sinestea.

- Bostgarren maila: Gaineko arrazek azpikoak physikoki kendu ahal izatea.

Lehen mailako arrazismoa herri guztietan topatzen dugula uste dut; baina gehienetan jendeek arraza eta ethnia gauza berdinentzat jotzen dute. Frantses Estatuan adibidez, Italianoek edo Espainolek beste arraza bat osatzen dutela uste du herri xeheak. Ethnia eta arraza gauza berdintzat hartzea, nire ustez horrelaxe interpreta daiteke: ethnia hizkuntzaren definitzen delarik, arraza aldiz kriterio anthropologiko batez izendatua dago; arrazistak heredentziari inportantzia asko ematen dio. Hizkuntza, historian zehar gizakideen arteko muga bat bezala kontsideratzen badugu pentsa dezakegu ethnia diferenteko jendeen artean harreman eta ezkontza guttiago izan direla eta horrela jarraikiz gaurko euskaldun bat eta XVIgarren mendeko euskaldun baten artean ahaidetasun bat dagoela sinets dezakegu. Aldiz migrazioak eta ethnia diferenteko jendeen artean ezkontzak eta harremanak izan direnez gero, hypothesis hau ez da osoki egia.

Beraz herri bat definitu nahian "arrazaren" kontzeptuari bakarrik begiratzea faltsua eta perilosa iduritzen zait. Uste dut Euskadin "basko" askok gehienetan konturatu gabe horrela pentsatzen dutela.

Zenbait aldiz baskoen ahotik horrelako hitzak entzun ditut (erdaraz esanak noski).

"Ni baskoa naiz eta ez dut euskara ikasi behar" "Izen eta arrazaz neure arbasoak eta izenkideak bezalaxe baskoa naiz"

"Horrek nahiz eta euskaldun ez izan euskaraz ikasi du eta ederki hitz egiten du"

Azken esaldi honi erdal deitura dugun euskaldun berriok behin baino gehiagotan entzuten dugu.

Bigarren mailako arrazismoaren arrastoak, zoritxarrez nabaritu ditut eta euskal politikan diharduten jendeen apartez bereziki. Adibidez aski izan da Uztailaren Enbata izparringi bat irakurtzea. Artikuluak Nafarroako bozketak aipatzen zituen eta PNVko militante batek erdaraz idatzi zuen. Horixe irakur zitekeen.

"La Ribera la zone la plus debasquisée de la Navarre nous donne des surprises... mais le sang parle". (Euskararik gabeko herrialde honek harritzen gaitu baina odolak hitza egiten du). Gauza egia da Tuteran ba daudela ikastolak eta euskaltzaletasuna pizten dela; baina zaletasun hori nori zor diogu? Nafar partikularismoari ala odolari? Zer nolako erlazio izaten ahal du odolak gizonaren pentsakerarekin? Zer diferentzia dago Nafar eta Errioxar baten odolen artean?

Ahanzten ote dugu Herribehera erdaldundurik zegoelarik Ebro hegoaldean dauden mendietan zihur asko euskaraz mintzatzen zela. Horrelako esaldiak, euskal prentsan dudamudak uzten dizkidate, eta Euskal Herriko problemaz zertxobait jakin nahi duen arrotz batek beldur daiteke nazien asmoekin analogia bat aurkituz.

Jeneralki herri zapaldu baten arrazismoa sentitzen dugu eta areago erdi asimilaturik dagoen herri baten baitan. Baina arrazismo defentsibo hori ukatu edo kondenatu baino hobeto genuke interpretatu bere jatorria bilatu eta horrela beharbada sendatzen genekike. Gure denborako bi alderdi abertzalek asmo arrazista bat dakarte beren ideologian zehar: Sabino Arana Goiriren abertzaletasuna (X. Kintanak frogak eman dizkigu izparringi honetan) eta Sionismoa. (Orhoit gaitezen ONUk Sionismoa eta arrazismoa gauza berdintzat jo zituela). "Estatu Judua" liburuan Th. Herzl Sionismo politikoaren eraikileak idatzi zuen munduko Judu guztiek jatortasun garbi berdina zeukatela, hori guztiz faltsua da zeren jatorri guztietako juduak daude bai Israelen, bai mundu guztian. Huntaz gainera jakin dezagun gaurko judu guztiek ez daukatela hebraitar jatorri bat (Historiak eta Anthropologiak frogatzen digute % 20 hebraitar jatorrikoak direla eta asmo hori ez dela antisemita edo antisionista zeren eta sionisten artean horrela pentsatzen duten pertsonak baitaude). Horretaz gainera Balen Sionismo politikoa sortu aurretik Ukrainian sortu zen arrazakeriarik gabeko Sionismo kultural bat (Hibbath zion deitua). Euskadiko kasuari itzultzekotan Aranismoa eta Garat anaien euskalduntasuna gonbara genitzake. S. Arana Goiriren abertzaletasuna "arrazan" zetzala, Garatek inportantzia guztia ematen zion Euskarari eta ez da bakarra izan gure herriaren historian. T. Herzl eta Sabinoren arrazista ideiak horrelaxe interpreta nitzake: Bi pertsona horiek ama hizkuntza edo herri hizkuntza oso gutti zekitela beren herriarekiko lotura falta sentitzen zuten; A.G. nahiz eta Euskara ikasi bere asmoak erdaraz adierazten zituen, T.H. judu asimilatua zen, eta Judu problema askatzea judu guzien asimilazioan zegoela uste zuen lehenik. Drefus afera negatu ondoren juduen problema nazionala aurkeztu zuen. Bi gizon horik beraz beren herrarekin identifikaturik inkontzienteki genetikoki judu edo zitzaiela konturaturik, inkontzienteki genetikoki judu edo euskaldun bezala agertu.

Lehen ikuspegitik horrelako aktitude bat erreakzionaria iduritzen zait, baina herriko hizkuntza ikasirik eta herriarekin bat nahiez gero berez desegiten delakoan nago.

Beraz Euskadiko dynamika nazionalean jakin behar dugu asmo arrazistak kentzen, hori alde batetik gure zapalkuntza eta asimilazioaren kulpa kontuan hartu behar dugu Euskadin "odolezko" edo "izenezko" euskaldunen aparte minoriak dauzkagula (Okzitanoak, Frantsesak, Katalanak, Gailegoak, Espainolak, Juduak) eta hauek nahi badute Euskadi Euskaldun libre batean egon eta Euskal kulturan parte hartu gauza zuzena da. Nire ustez Euskadiko etorkizuna ez da salbatuko politika arrazismo bat eraikitzean eta "arrotzak" kanporatu nahian. Jakin dezagun mende honetako Euskal idazleek kanpoko jatorri bat daukatela: J.L. Alvarez Enparantza, X. Kintana, Lafitte etab... Euskadi barnean Euskal iraultza kultural bat egitekotan Kubako iraultzan esandako hitz bat emango nuke Euskadirentzat. "Euskal Unibertsitatean maketoak eta kaskoinak sartu behar dira".

Santi LAFITTE


Doña Prudentzia eta Idealista

Doña Prudentzia gaur zerbait beranduago sartu da kafetegian. Idealistak irribarrezka agurtzen dio, edalontzi bat garbitzen duen bitartean.

IDEALISTA.— Berandu zabiltza.

DOÑA PRUDENTZIA.— Bai. Agustinoen autobusaren paradara joan naiz semeak ikastetxera eramaten, eta hizketan geunden. Poztuko zaituen berri bat eman behar dizut.

I.— Bai? Ea ba, horrelakoak behar ditugu eta.

D.P.— Harri zaitez: agustinoek euskara ipini dute ikastetxean, derrigorrezko asignatura bezala.

I.— Aitaren eta Semearen! Hori entzun eta Amorrortuk Diputazioan ikurrina laster ipiniko duelako itxaropena sortu zait.

Doña Prudentziak eskuan zeraman "La Gaceta" salmahaiaren gainean ipintzen du. Idealistak oso haserre begiratzen du egunkaria.

I.— Egunkari zantar horrek haserre bizitan ipintzen nau. Doña Prudentziak harriturik begiratzen dio.

D.P.— Zer ba?

I.— Horrek eta besteek, azken 40 urtetan enganiatu gaituzte eta diktadurari eutsi zioten, eta orain azaletik zerbait aldatuz, lausenguz hurbiltzen zaizkigu. Euskaldunok, lotsa bagina, ez genituzke horietakorik bat ere erosi behar.

D.P.— Baina ba dakigu, jendea ez dela zu bezain idealista. Eta lehengoek anuntzio asko dakarte eta...

I.— Atxakia hutsak. Denok EGIN eta DEIA erosiko bagenitu, anuntzioak hauetara pasatuko lirateke.

D.P.— Gero, ohitura ere ba dago. Jendea tradizio zalea da. Adinekoen artean nahikoak pasatu dira DEIA-ra, eta gazteek EGIN erosten dute, baina gehiengoa lehengoekin ari da. Nire senarrak, don Listok, adiskide bat du, lehengo egunkari batetako buruetarikoa, eta hark esan dio berriak irtetear zeudenean, beldur zirela. Jendea berrietara joan eta lehengoek porrot egingo zutelakoan beldur zirela. Baina orain lasaitu egin dira. Bai, zerbait galdu dutela, baina anuntzioekin defendatzen direla.

I.— Bai, nik ongi dakit jende asko egoista dela, berekoia, eta horiengana zuzentasuna eta horrelako kontzeptuak aipatuz ezin zaitezkeela joan. Baina kontzientziatze kanpaina baten faltan gaude, eta behar bada hainbatek onhartuko lituzke arrazoiok. Horrekin, euskal egunkariak indartzea lortuko genuke, eta besteak ahultzea.

D.P.— Jendeak "hechos consumados" maite ditu. EGINek, adibidez, 12 horrialde anuntzioz beterik ekarriko balitu, denak hona pasatuko lirateke. Nik politikazko kontuak ez ditut irakurtzen, aspertzen bainaute. Nik neskameek zenbat kobratzen duten eta horrelako anuntzioak irakurtzen ditut.

Idealistaren aurpegia gorri eginda dago.

I.— Maiz pentsatzen dut ea hainbesteren sufrimendu eta sakrifizioak jasan behar izateak merezi ote zuen.

Doña Prudentzia zirikalari dago.

D.P.— Ezetz. Idealista. Jendea ez da zuek pentsatzen duzuen bezalakoa. Zuk uste zenuen, adibidez, EGIN irten eta denok hura erostera joango ginela. Eta ez, ez da horrela. Jendeari berea soilik inporta zaio.

I.— Egia diotsut. Euskaldunok EGIN eta DEIA jausten utziko bagenitu, buruan kaka eta txiza egin ziezagutela mereziko genuke.

Xabier Gereño


Euskal Herrian

Euskal astakerien inguruan (IV)

"Es igual, ya lo hemos puesto así y así está bien, como si le hubieramos puesto SURSUM CORDA".

Esaldi eginak: errituzko hitz soilak

Euskarazko lehen politik slogan modernoak atera zituen alderdia PNV izan da gure historian. Hori, bat ere dudarik gabe, meritu handia izan da, eta euskara politikan sartzea aurrerapauso ukaezin bat. Tamala da, ordea, sloganok ia beti euskara symbolikoan moldatuak izatea, hau da, gaizki asmatuak izatea.

Esaldi eta hitz gaizki asmatu horik, politik propagandaren eraginez, laster errituak bilakatzen dira. Alderkide askok, gehienek, euskara ulertzen ez dutela eta hura konprenitzen dutenek erizpide kritikorik ez daukatela kontutan harturik, kontsigna modura ateratako sloganak errepikatze hutsez holaxe kontsakratu dira. Ondorioak xelebreak bezain barregarriak izatera heltzen dira.

Hona bat: Gora Euzkadi askatuta. Kontsigna hau, gaur egun, jadanik bai PCEk eta bai PSOEk jo eta ke aldarrikatzen dutenetik, gero eta gaizkiago ikusten da, are gehiago PNVeko askorentzat askatu horren atzean berjabetasuna barik autonomia soila estaltzen dela nabari izan denetik. Dena dela, sasoi luze batetan bere zeregina bete du ederki. Harira. Nik ez dakit kontsigna hori nork asmatu zuen. Sabino Aranak ez behintzat. Eta kontua da, guztion lotsagarrirako bada ere, esaldi sakratu hori euskaraz GAIZKI dagoela, aurreko ANAITASUNA batetan J. R. Etxebarriak ongi seinalatu zuenez.

Etxean liburu bat daukat, joan den mendearen hasierakoa. FraK; Bartolome de Santa Teresarena da, Icasiquizunac hain zuzen. Baserri batetan aurkitu nuen eta bere horrien artean papertxo inprimatu bat zeukan, jakulatoria honekin: Bici bedi Jesus sacramentadua. Noski, erdarazko viva Jesús sacramentado ezagunaren itzulpena. Paper horrek ez dakar datarik, baina letra typoagatik XLX mendearen hasierakoa dela ematen du, eta ba liteke liburuaz batera saltzea. Nolanahi ere, orduko euskaldunek zekitena, dirudienez, ez zekien jadanik mende honen hasieran Gora Euzkadi azkatuta delakoa asmatu zuenak, aZkatuTA barik aSkatuA esan behar da eta.

Ez du ardura baina. Holaxe da. Jendeari hola irakatsi diogu, eta entzunaren entzunez, honez gero holaxe errepikatzen du. Utikan grammatikari endredamakilok! Sursum corda! Ederki jaunok, mortzilla gorda!

Gero gerokoak

Kontua da harez gero slogan berriak sortuz joan direla. Horietako bat, kultur bidetik eta jatorriz euskaraz pentsatua Euskal Herri batuan euskara batua izan da. Batua beraz. El batua erdaraz. Gora batasuna beraz; eta ondorioz Gora Euzkadi batua hasi ziren idazten lehen, eta orain batera, Gora Euzkadi askatuTA jartzen dutenak. Eta horixek dira, hain zuzen ere, zenbait alderditan askatuta okerra barik askatua zuzena jartzen hasi direlako, burla memeloak egiten dituzten kretinoak!

Baina ez da hor arazoa amaitzen. Batzuk —eta nolabaiteko arrazoiaz, erdararekin gonbaratuz gero— askatuta hori adjektibo bat dela uste dute. Guztiok ezagutzen dugu, hobe ez, ELA-Lejoakoei istilua. Berauek, duela denbora gutti, ELA (askatuta) moduko sigla xelebreak atera dituzte. Eta hori, jakina, euskara delakoan daudeke gizaixoak. Punto y Hora-n maiz irakurri dugun "lo que necesitamos es una Euskadi askatuta" moduko perla, hain zuzen.

Aberriaren aberiak

Euskara zaharrean Herri, sorterri eta jaioterri hitzak ziren genituen bakarrak nazioaren zabaltasuna adierazteko. Geroago, joan den mendearen hasieratik bereziki, frantses burjeseria, klase arteko ezberdintasunak estal zitzakeen hitz berri bat behar ukan zuenean, latinezko patriaz gogoratu zen, ordurarte zentzu erabat kultu batez erabilia. Hortik frantsesezko patrie eta espainolezko patria; alemanek, garbizaleago izanik, Vaterland gisa itzuli zuten, hots, aiterria "aitaren Herria". Gure artean Sabino Aranak, "patria" klase konkretu baten interesen zerbitzurako kontzeptu bat zela konturatu gabe, aberria asmatu zuen. Azal dezagun pixka bat, ordea, hitz horren sorrera.

Israelen maiz entzun diet bertako umeei aba eta ima aitari eta amari esaten. Izan ere, hebraieraz aba (abu arabieraz) gure aita da. Euskaraz ordea abak ez du "aita" esan nahi, eta ez du esan nahi existitu ere egiten ez delako arrazoi sinpleagatik. Hala ere, Aranak aba hitz edo sustraia ikusi uste zuen asaba, neba, izeba, alaba hitzetan eta aba semitiko berbera zelakoan edo, "aita" esan gura zuela erabaki zuen. Hori baina, ez du gaur ezein hizkuntzalarik onhartzen, eta fantasia hutstzat jotzen dute guztiek.

Hitz iratxo horretatik, ordea, aba-herri, hau da, aberri sortu zuen, zentzurik izateko erdizka judua eta erdizka euskarazkoa datekeena. Eta dena, mediterranioa berraurkituz, lehenagotik euskaraz bere izen eta izan jator eta herrikoa (Herria, sorterria) zeukan kontzeptu baten lekuan burjes kutsuko beste bat jartzeagatik (1).

Hori, ordea, ez da nire problema. Nik neuk, proletari naizen aldetik, ez dut aberririk. Herri bat bai, eta bera bakarra, Euskal Herria, ene nazioa, Zuberoatik Bizkairainokoa, Frantzia eta Espainiaren gainetikoa.

Bihur nadin harira. Gerra aurretxoan, 1932.ean oso oker ez banago, PNVek Aberri Eguna atera zuen. Sasoi hartako klerikalismo giroan, gainera, egun hori eliz egutegiaren arauera utzi zen: Bazko egunean. Eta 1932.etik datorkigun tradizio ezin zaharrago horren izenean, egun politiko eta nazional non gaur arte ere, Erromako Eliza Ama Santisimak erabaki behar digu urtero. Kontua da hemen ere Aberri Eguna esaldia bera ere ez dela euskaraz, dakusakegunez, batere zuzena. Horrekin día de la patria (vasca) adierazi nahi bada, edozein euskaldunek, ba daki gutienez, aberriAREN eguna izan beharko litzatekeela.

Aberri Eguna, hitzez hitz, "día de Patri(as)" edo nahi bada, "día patriótico" da, beti mugagabe. Eta exenplu txar horren ondorioz aurten, katean, bata bestearen ondoren, Herri Eguna, Alderdi Eguna eta Gudari Eguna ikusiak gara, HerriAREN Eguna, AlderdiAREN Eguna eta GudariAREN Eguna (GudariEN Eguna hobe ez ote?) ordez. Ea hurrengorako ikasiz goazen.

Historiaren aurreko lotsa nazionalaren beharra

Datozen belaunaldi gazteek euskara eta euskal kultura guri orain arte ukatu zaigun, diguten, maila normalean jakinen dituztelako uste eta esperoa dugu. Horregatik, horiengatik eta horientzat ari gara orain lanean, hain zuzen ere. Eta inoiz pentsatu al dugu hau? Zer pentsatuko dute ordukoek gaurko euskal giro nahasiaz? Zer eritziko diete hainbeste kirtenkeria heredatu eta accompliei? Zer esanen dute oraingo intelektualen epelkeria eta ixiltasun partaideaz? Nola eskain diezazkiekegu hainbeste astakeria absurduz osaturiko sasikultura eta sasihizkuntza hauk? Eta nola esplika ditzakegu hauk guztiok kanpoko jendeen aurrean? Ez al gara lotsa? Ba al da normala egoera hau?

Ondorioak

Hemen agerturiko exenplu hauen aurrean irakurle askok seguraski ondorio hau atera dute: "Ageri denez gure politikariek apropos ere ez zuketen slogan eta esaldi okerragorik asmatuko". Eta zoritxarrez hori egia hutsa da. Eta gainera ezin zitekeen bestela izan. Frantsesa (ongi) jakin gabe frantsesez idazten hasiko litzatekeenak antzeko astakeriak aterako lituzke. Hori ez du, baina, inork frantsesez egiten, lehengo eta behin lotsa litzatekeelako.

Frantsesa hizkuntza normala da eta bere usarioa ongi finkaturik dauka. Euskarak, aldiz, ez du holako oztoporik eta edozein ezjakinek, maiz politikaria delako atxakiaz (norberak bere buruari emateko titulu errazago eta merkeagorik ez daukake merkatuan!) tutik konprenitu gabe, edozein kirtenkeria egiteko, erabakitzeko eta hura lege gisa gainjartzeko ausartzia darabil gure hizkuntzan.

Eta honekin behin betiko amaitu beharra dago. Geure egoera normalduz joan behar dugu. Nori berea eskatu behar zaio, eta politikariei politika egiten jakitea eskatu behar zaie, eta ez, ez dakiten hizkuntzan predikuak egitea. Eska dakieke, ordea, euskaraz gehiago ikastea. Erdaraz dakiten beste gutienez. Orduan beste txori batek kantatuko liguke euskaldunoi. Eta bien bitartean, ikasten ari diren artean, ez dakitena dakitenei galde degietela, eta informa daitezela ongi. Beren aurreko okerrak, umilki, aitor eta zuzen ditzatela.

Jakin, ba dakit, artikulu hauekin askok mina hartu duketela. Barka, Ni ez naiz, ondoegi dakit, oso diplomatikoa; ez da hori, gainera, ene ofizioa. PNVekoak, bereziki,sarriegitan Kritikatuak azaltzen dira. Ez da harritzekoa, berak izan baitziren, inork euskararen alde ezer egiten ez zuen garaian, arlo horretan zerbait egiten hasi ziren lehenbizikoak. Ene kritikak, bestela badirudi ere, ez doaz esaldi oker haik orduan asmatu zituzten haiengana. Haik, onerako eta txarrerako, beren garaiko semeak ziren eta horrexegatik barkagarri. Ez dute holako atxakiarik beraien ondorengoek. Maisuen faltak jakin gainean eta alderdi-diziplinaz kontsakratzean Euskal Herri kulturari zerbitzu exkaxa egin diote, eta egiten (2).

Eskuin historikoari egindako kritika, ordea aho biko ezpata da. Errudun bakarra ez da gaizki egiten duena; hari gaizki egiten uzten diona ere horretan partaidea da. Eta euskal ezkerrak, arazo honetan bere errua ere ba du, eta ez hain ttikia. Horregatik, besteen absurdu beretan erori direlako kritika bera egin dakieke euskal politikari ezkertiar askori, berauek, iraultzaile agertu nahi dutenez gero, lehengoen heredentzia okerra alde batera uzteko prestago egon beharko luketelako, eta ez, egin duten bezala, inolako erizpide kritikorik gabe absurdu zaharrak memeloki onhartu eta kontsakratu,

Kritikak, kritika bada behintzat, birrintzailea izan behar du beti, batez ere, zerbait eraikitzeko aurreko planu okerrez egindakoa kendu behar denean. Eta gurean, tamalez, besterik eta hoberik ezaz, planu faltsu gehiegi erabili izan dira eta hau, arkhitektotzako batzu mindu arren ere, salhatu beharra zegoen. Eta salhatzailea beti izaten da gaizto, egia dioenean bereziki. Problema bat konponduko bada, ordea, hura planteiatu beharra dago. Istilu honetan, antza denez, inork, bere prakagarbiak ez zikintzeko, ez du putzu barruko lokatza kendu nahi ukan. Ura kirasten dago, ordea, eta beste boluntaririk ez dagoenean izan nadin ni turkoburua, Agian ur geldiak berriro hasiko dira ibiltzen!

Xabier ARMENDARITZ

(1) Gauza bat esan behar da, nolanahi ere, Aranaren alde. Hark ba zekien, ondo jakin ere, erdarazko tierra (del padre) euskaraz herri gisa itzuli beharra zegoela, alemanez Land (Vaterland) bezala. Horrenbeste ez diote ikasi baina, Euskal Herria Eusko Lurra modura itzultzen duten haren jarraitzaileek.

(2) Eta DEIAkoek, kasu, ba lukete honetaz zer esplika, beren egunkarian, euskaldunon eta euskal idazleen bestelako usario normalaren kontra, beren egunkarian azaltzen diren hitz batzuren erabilera eta eskribaera esklusiboaz (Euzkadi, Iruña, Euzko...)


Ipar Aldea

Ihiztariak eta herria: bi jabetasun desberdin

Denek dakigu, batipat baserritarrek, urria dugula sasoi guzietan sasoi ederrena eta atsegingarriena. Kanpotiarrak bere pausu eta lasaitasun egunak hartzen badizkigu uda beroaren erdian, Euskal Herriko jendeak eta bereziki langileria ttipiak urria aukeratzen digu. Baina nola ahaztu larrazkenkari etortzen zaizkigun Bordeles, Charantes, Landes etab... bai, benetan inbasio bat jende. Beraz, bi jendalde desberdin topatzen ditugu horretan: lehena bertakoa eta bigarrena kanpokoa. Esan ezik, joaten bazara Zuberoako eta Garaziko mendiei gora, ehunaka eta ehunaka dabiltzala autoak. Egia esan, inoiz urte osoan zehar ez dugu ikusiko horrelako arrotzkeriarik. Mendi lepo bakoitzean eta zuhaitz azpi bakoitzean, banaka, hamarnaka, hogeika, hogeitamarnaka ihizlariak dagotzi irudi eta gerra bat atzeratu behar. Harmak nonnahi ba daude, zenbait eta zenbait ehun guttienez. Ikustekoa da gainera, hirikoek zer tresneria, kartutxeria eta arroperia dakarkiguten Elefante safari batetara doatzila ematen dute. Esan beharrik ez horik denak gostatzen direla: gasolina, autoa, harma, kartutxak, jana etab... Azkenekotz oso gauza garestia bihurtzen zaigu ihizia. Horregatik, orain bertan esan dezakegu horrelako bakazioak ez direla edozein moltsarentzat apailatuak baina ongi beteentzat bakarrik. Beraz, honek dakar bi kategoria desberdin topatzen ditugula hemen. Baina zeinek ebasten duen bestea eta gure jaunttoek zeintzu dituzten faboratzen nahi dizugu agertu.

Bi kategoriaren arteko ezin konpondua

Lehen kategoria dugu oso aberatsa eta gainera ez dizute segur ezkutatuko. Dirukeria hau nabari da batipat, auto garestietan eta despendio izugarrietan. Hain zuzen, mendi lepoen aloiatze garestietan. Hauek hilabete batentzat bakarrik dituzte erosten baina zer preziotan!... Adibidez, Zuberoatik joaten zaizkigu usoaldi haundienak eta jatorrenak, probintzia horretan nabartzen beraz zaigu oposiziorik gogorrena. Halabaina, nola ez gogor egin konkistadorearen mentalitate eta ekintzari?... Bai, gizon eta emazte hauk nagusitasun eta supremazitasun ilun batez jauntzita datozkigu. Jarrera hau denek ikusten dute eta hain zuzen, hau dugu arrazoia Zuberoaren haserrearena. Inoiz inori ez zaio atsegin morroi baten maiaera botatzea, eta gainera Afrikako safaritarako ere bertako beltzak morroitzat zituzten erabiltzen. Euskal lurretan sartzen zaigunean, horrelako zerbait daduka frantses konkistadoreak. Beraz, inork ez dezakegu kondena Zuberotarren eta Garaztarren erreakzio organikoa. Bertako jendea aspertuta dabilanean errefusa eta oposizio garbi, sano honek jaiotzen baitogu inperialistaren aurka borrokatzea. Jarrera hau gorputzaren legeetan beretan idatzita dago, orduan nolaz ez gizonen arteko zerikusietan?... Bistan da arrazismo baten arriskuan gabiltzala, baina ez du nire ustez, baserritarrak honetan kulparik. Ezen, eman nahi baitigu bere lur maitasunaren, bere nortasunaren eta bere jabetasunaren afirmazio era bat. Gainera, erreakzio organiko hau, langile eta gazte zenbaitek gainditzen digute klase erreakzio batetan sartzeko. Horretarako ikusi behar dugu bigarren ardatz nagusi hau: zer kategoriatako jendea dugun bertakoa. Benetan, hau osatzen digute nekazariek eta langileek (hargin, zurgin etab...). Urte osoa lan eginez eta izerdia ixuriz aukeratzen digu bere deskantsu bidea, hain zuzen, ihizia. Baina hona, horretan ere nork baztertzen, kanporatzen eta leize ziloratzen? Bordeles dirudunak eta frantses kanpotiarrak. Baina, esaten digu, zer printzipioren izenean eta zein sustrairen izenean? Benetako galdera!

Baserritarrarentzat ordea, esperientzia guziz jakingarria bihurtzen da inbasio hau, garbiki ikusten baitu mendirako nagusitasuna galdua duela, zelaikoa bezala. Ohartze latzgarria baina beharrezkoa. Hala ere, kirola mota honek daduka bere garrantzia, batipat nagusi eta langilearen arteko harremanetan. Hain zuzen, mito bilkor bezala: halabaina nagusia eta langilea, zapaltzailea eta zapaldua kirola horretan murgilduta, elkartuta dabiltza. Oposizioak eta interes desberdinak ahazturik amets berdinak bateratzen dizkigula. Horregatik, inork ezin uka gizartearen "bakearentzat" horrelako kirolak eta kirola guztiek dakarkiguten elkartasun sakona. Hau mito guzien eginbeharra dugu.

Dena dela, menditarren oposizioak hor daude kaleratuta, eta ba dirudi iltzeen sasoia ez zaigula oraindik bukatu. Ezen, esan digutenez, Larrañe Zubero aldean auto errota asko zilatu omen baitira. Eta bizkitartean inork ezin jakin nondik etortzen zaizkigun?...

Ihizi arazoaren oinarria

Argi da beraz, Zuberotarrak eta Behenafartarrak bermatzen zaizkigula beren ihiziaren jabetasuna eskuratu beharrez. Ez dute nahi ihizi leku hoberenak, diruaren legez, kanpokoek bil ditzaten. Baina honetako hauzia gure jabetasunaren galtzeak dakarkigu eta batipat hau dugu lurraren problema mamitsua. Bertakoek desjabetzerik ez dute nahi eta bereziki, lurraz, mendiaz, zelaiaz desjabetzerik. Nork uka jarrera hau guziz beharrezkoa dugula, ezen, populuak bere eritzia eta bere grinak ager ditzan, Iparraldearen geroa urrats horretan baitago. Urrats txalogarria eta jakingarria benetan. Gure lurraren, mendiaren eta Herriaren geroa horrelako ekintzetan oinharritzen baitzaigu. Ezin dezakegu beraz gutiets jende ttipiaren entsegu edo saiaketa hau. Zergatik? Batipat, kanpotiarrek ez bagaituzte azalez hunkitzen baina bai bihotzeraino. Hain zuzen, baserritarrak mendian baitu bihotza. Orduan kontuz, bihotzaren atakak minkorrenak baitzaizkigu eta erreakzioak izan daitezke gogorrenak.

Zuberoan ihizia nola ibiltzen diguten

Zuberotar bati ihiziaren lasaibidea zenbat gostatzen zaion esaten digu lan mamitsu batek, hain zuzen, Denis Peaucelle etnologo gaztearenak "Zuberotarrak bere ihizi moldea du apegoekilakoa. 1976ean 460 harmarentzat gostatu da 199. 130 libora berri, mendi lepoen aloiamenduarentzat. Gainera kondatu behar dira, kartutxa, auto, permisa ordaintzeak. Esan ezik, kanpotiarrak ere sartzen zaizkigula baldintza berdinetan baina hauentzat oraino garestiago bihurtzen da kirola hau, urrunetik etortzen baitzaizkigu eta ostatua, jana etab... ordaindu behar baititu. Horregatik, honara datorrenak diru asko izan behar du.

Zuberoako lehen ihizimoldea hau da: Zuberoko mendi sindikak antxara irekiak egiten dizkio 3 urte guziz eta biltzarre horretan edonork eskain dezake nahi duen dirua. Horrelako moldeekin,ez da harritu behar dirudunak beretzen baditu ihizirako posta hoberenak. (Beraz, mendi lepoak dira guzientzat kanpoko eta bertako).

Bigarren moldea ordea ihizirako etxolen antxara dugu. Baldintza bat oso gogorra: Zuberotarrak baizik ez dezake eros eta jo. Konpetizioa bertakoen artean dago. Baina era honetan ere bertako dirudunak beretuko ditu etxolarik hoberenak. Dena dela, 1976. urterako Zuberoko sindikaren diru kutxan sartu dira 822.300 libera.

Gure oharrak

Guk bi funtsezko ohartze emanen dizkizuegu: lehena, ihizlarien bidez diru asko egiten duela Zuberoako sindikak. Bigarren, ez dakigula zertarako enplegatua izanen den. Erantzuna ematen digu, bideen antolatzeko ibiltzen duela. Baina bideak udatiarrentzat dira eta ihizlarientzat. Beraz, gure funtsezko arazoa beti pondu berdinera daramagu: diru horik denak zertarako ez lanbideen eta lantegien sortzeko inbestitu? Bertako langabeziaz zertarako ez arduratu? Aukera batetan dago erantzuna, Eta denek dakusagu aukera hau Garaziko eta Zuberoako mendi sindika buruek Paris dutela. Paris agurtzea, Parisen aurrean belaunikatzea. Aukera horrek husten eta hiltzen digu Iparraldea. Baina nabari zaigu jarrera hau dugula "Euskaldun frantsestiar" kargudun guziena. Gazteek nola konpondu eta guretu lurra, mendia, lantegiak, kultura, herria, hau behar genuke gaur gure arazoa.

Ihizlariak eta artzainak

Hauek ere ba lukete asko esateko ihizlarietaz, Dena jende, tiro eta tiroak zenbait aldiz ardiak hiltzen. Zakurrek ardiak lasterkatzen eta zauritzen. Esan ezik, ez daudela pozik. Harrigarriena benetan nola Garazi Zuberoako mendi elkarteek ez diguten oraindik idatzi eta obligazio mailara ezarri artaldeen artean ibiltzeko lege bat edo guttienez gomendio zenbait.

Hiztegia

errota: roue (roue de voiture)

moltsa: portefeuille (diruaren ezartzeko)

lepo: col (mendi arteka bat bi mendiren artean)

aloiatze: louer (apartamendu bat aloiatu edo auto bat)

apegoa: appeau (apeu, edo usokarle)

antxara: enchère (diruz zeinek gehiago ematen baitu gauza batentzat eta harentzat doa)

gomendio: recommendation.

arrotza: Herritik kanpokoa: etranger, estranjera.

M.L. UHAITZE


Ipar Aldea

Artzaina eta negubazken arazoa

Beharbada, batzuk esanen didate gehiegi hitz-egiten dudala artzainaren kondizioaz eta honen arazoez. Baina hauek barka diezagutela, problemak ez baititugu guk pentsatzen baina sortzen diren bezala hartzen. Dakikegunez, artzaina ez da nolanahika kaleratzen zaigunetarik. Hala ere, behar denean ba ditugu urrats horren egiteko beldur ez direnak. Batipat ezin biziaren maila larriak bultzaturik. Hemen gaindik denok ezagutzen ditugu artzainak eta folklorekerietarik aparte, ikusten, senditzen eta ibiltzen ere lan molde berdinak. Nekazari gazteak mendiko lanerako artzainarekin batera egiten du bere lana, bereziki, behereko laborari etxeetako ardi eta kabaleetaz arduratzeko. Esan ezik beraz, artzaina laborariarentzat beharrezkoa dela. Gaur mendiaren erabiltzeko manerarekin ez baitezake berak bakarrik funtsezko lanik egin. Baina mendian nolazpait elkarrekin konpontzen baldin bazaizkigu ez da berdin gertatzen zelaietako lurjabedun haundi zenbaitekin. Batipat, negu bazka saltzaile haundi-maundiekin, artzainaren etsai amorratuak.

Nortzu dira negu bazken saltzaileak

Neguan artzaina zelaira jausten zaigu, mendia utzi aitzin bazkak bilatzen ditu, tratuan aritzen eta erosten edo uzten. Honetarako asko ate klase jotzen dizkigu eta ez baitezpada beti laborantzatik bizi direnen ateak. Gehiegi aurreratu gabe esan dezagun erosle asko dabiltzala eta saltzaile gutti, beti eta murritzago noski. Egia esan, lehenago gaur baino errazago harrapatzen ziren bazkak eta oraikoan eskastu bazaizkigu, asko arrazoirengatik egin zaizkigu. Baina batipat laborantzaren aldakuntzagatik. Halabaina Donapaleu aldean pentzeak arto landa bilakatu dira eta Garazi-Hazparne eskualdean behi gorria behi bretoinaz ordaindu. Eta hain zuzen, behi esnekoak urte osoaz pentzea beretzat behar du. Honek dakar deus leku libre gutti dela gelditzen artzainarentzat. Nahiz oraindik ikusi behar den leku libre horik noren eskutan dauden. Dena dela, ondorioa hau da: bazken erosprezioak beti eta garestiago bihurtzen direla, baina ere etxalde handietako nagusien boterea indartuz doala. On da jakin dezagun etxalde hauen jabeak nortzu diren: asko dira kirurgilari, farmazilari lanean ari zaizkigunak eta beren lurrak aloiatzen dituztenak. Horrela beren dirubideak doblatzen dituzte, lehenik beren jornalaz eta gero lurren aloiamendu sariaz. Esan beharrik ez, afermatze sari ofizialak askoz gainditzen dituztela. Beste bazka saltzaile moeta bat ere topatzen dugu eta hau da erretretatuena. Lan izpirik egin gabe, beren lurraz baliatzen direnak zahar arrandaren nasaitzeko eta emendatzeko. Adibidez, agertuko dugu hemen 32 hektarearen jabe dagoen mediku erretretatu baten kasua (ba dakigu jadanik mediku baten zahar arranda ez dagoela ttipienetarik). Artzainari 14 hektarea pentze aloiatzen ditu sei hilabetez eta udako soro belar lanak, nekazari hauzoak erabiltzen dizkio. Hau, lana egin sari ordaindua da, emaitzaren 3tarik biga beretzat. Gainera, jabeak, tresna, makineria eta onkailu gasturik ez du, baina denak nekazariaren gain doatzi. Beraz, jaun honek bi aldiz egiten digu esplotazioa, ezen bi langile kategoria baitizkigu zapaltzen: nekazaria udan eta artzaina neguan, Dena dela, laborariaren eta artzainaren izerdiaren gostuz, mediku honek beretzen ditu 1.150.000 libera zehar (milioi bat eta zenbait franko zahar, oso-osoa eta goxo-goxoa bankura). Alderantziz, aferma ofizialaren arauetara konformetitu baldin bazen, ez zuen 646.100 libera zahar baizik beretuko. Beraz, era horretara milioi erdi bat (libera zehar) gehiago irabazten ditu. Esan ezik, zahar arranda + milioi bat, ez dela batere postura txarrean ateratzen, askoz artzaina baino hobekiago eta lanik batere egin gabe. Pondu garrantzizko hau argitu ondoren ikusten da gauza bat oso sakona: artzainak bizitzeko posibilitatea ba duela. Hain zuzen, frantses sindikalistek (euskal nekazariek osatzen digutena) esaten dute artzaingoa amaitua dela, artzaina hilen dela. Eta horretan ez gaude batere ados, garbiki agertzen baitzaigu artzainaren bizitzeko posibilitatea ba dagoela. Bere lan partea egiten du eta bizipidea sortzen. Beraz arrazoi hau okerrezkoa dugu. Benetako arrazonamendua dugu: nork biltzen duen eta nork gozatzen artzainaren partea. Orduan, ohartzen gara gure baserrietan burjeseria bat ba dagoela, eta ez baitezpada nonbaitekoa (egia esan kanpotiarrak ere ba dira). Hau dugu kategoria, zeinek erosten edo jabetzen baitizkigu bertako lurrak. Esan ezik, bai artzainarentzat eta bai nekazariarentzat baliatzaile klase hau dela heriotze iturri. Gaur, asko etxalde hil zorian baldin badira hauengatik da. Orduan, arazo guziaren motiboa honetan oinharritzen zaigulako, etsai berak dituztelako artzainek eta nekazariek elkarrekin lan egin behar dute. Ez dago gure ustez beste erantzunik. Eta gainera, sozial morale batetan sartu behar bagenu, esan beharrik ez, ez dela zuzen batzuk gehiegi izan dezaten, gehiegi hau besteei lapurtutakoa dagoelarik. "Lurra nekazariari; lurra lanerako tresna bat da, ez espekulazio bide bat", hau da nekazari gazteen haserrezko deihadarra, gaurkotasunez betea eta bazter ezin daitekeen problema jasotzen diguna. Zer da aurreramendua, lehenago artzainak bizitzeko posibilitatea baldin bazuen eta gaur ez? Zer da aurreramendua, lehenago nekazaritza ttipiak bizitzeko posibilitatea baldin bazuen eta gaur ez? Eta zer da aurreramendua, lehenago gazteak herrian bizitzeko posibilitatea baldin bazuen eta gaur ez?... Ikus dezakegu beraz, aurreramendu guziak (gehiegi uste izan den bezala) ez direla onak. Batipat jende kategoria tipiena lehertu nahi duena. Euskal artzain zapalduen borroka honetan bertan oinharritzen zaigu, "aurreramendua - atzerakoien" aurkarakoa. Nork esanen du beraz, hauen gudua ez dela Euskal Langileria guziarena? Orduan nabari zaigu protesta honen sakontasuna eta orokortasuna. Honek gaindi erazi behar dizkigu batipat sentimentalismoa, folklorismoa eta mugak. Horregatik dakusat Euskal Nekazarien Elkartasun indartsu baten behar gorria. Hain zuzen, joan den igande batez Bizkaiko Abadianon elkartu zaigun nekazari oste haundia izan da Iparraldekoentzat gure indarraren demonstrazioa eta itxaropen iturri izugarri bat. Benetan bultzagarri guretzat horrelako serioa eta nekazarien sakontasuna. Iparraldean bertan, Nekazari ofizialeko abar bat (gazteena) aritzen zaigu artzainen alde, Baina, kontradikzio batetarik bestera gabiltzak inork ezin uka, interes desberdinak, frantses lehendakaritzaren pisua, euskal askatasun eza, nabari dira. Zer egin orduan, artzainen sindikatu bat sortu, berezia eta artzainek bakarrik osatuko dutena? Eta, zergatik ez?... Nahi bada, lurjabeei gogor egin ba ahal dago beste posibilitaterik?...

Zein erantzun eman artzainen zelaieko arazoari

Erantzuna, berek nahi dute bilatu eta gaurkoan egin behar litekeen lehendabiziko gauza, negu bazka salprezioen neurritze batetan dagoela esan liezagukete. Baina hau jaun prefetak erabaki behar du, ondoren, lurjabedun guziei errespeta erazi zigorrez eta legez. Askotan entzun duguna zoritxarrez da, merkatu librean garela eta komeni dela salprezioa saltzaileak neurri dezan. Esan nahi baita zenbaitek ongi harrapatzen dutela gaurko egoerari luzapen baten ematea. Horrela artzainaren esplotazioak aurrera eginen du, printzipio kapitalistak nahi duen bezala eta bertako burjeseria aberastuko. Prefeta ez zaigu horrelako tendentziaren aurka joanen baina alde, sinesta horren zaintzaile denaz gain. Orduan, bakarrik erdiets dezake zerbait elkartasunak eta beharbada manifestaldi zenbaitek. Esan ezik, luzara eta biharkoari beste erabakirik hartu beharko dela laborantza guziaz: lurra laborariei eta artzainei beren bizipidearentzat, propietari kolektiboaren itzultzea (zelaietan lehenago ba zeuden horrelako bi bederen, Landes-etako zelaia eta Ebre-koa). Baina argi eta garbi dago horrelako erantzunik ezin daitekeela obra gaurko giro politiko eta ekonomikoan.

Beraz, artzainak jautsi zaizkigu eta behereko zelaietan dabiltza. Gure oparik biziena negu berri honetarako, jakinikan ere eritasun berri izugarri bat zabaltzen ari zaizuela artaldeetan. Honetaz ere hitzeginen dugu hurren batetan.

M. L. UHAITZE


Arrantzaleen judizioan

Hazilaren 17an hasi zen Baionan Hondarribiako arrantzaleen kontrako judizioa. Gela ttiki batetan, beste hauzi ezberdinekin batera nahasturik aurrea eman zioten. Hiru juje zeuden. Hirutatik bi euskal arrazakoak, arraza nahi eta nahiez nabaritzen zen haien sudurretan. Gogoak eta arimak handik 800 kmtara kokatzen ziren. Parisen bereziki. Zer esanik ez dago, Hondarribiako autobusetan etorritako arrantzaleek ez zuten batere ulertu. Xake joko baten peoiak bezala aurkitzen ziren. Batzu haien alde egonik ere, haiekin inor ez zegoen.

Hondarribiako arrantzale harrapatze hau, batzuk diotenez, defentsa batez ere ez da legala izan. Frantziak eta Espainiak egindako akordioak hausten baititu. Hemen inork ez zekien nork eman zion baimena kosta zaintzaileei hondarribiarrak harrapatzeko. Egun berean Espainiako ministrari bat Parisen zegoen. Akordio ekonomikoak prestatzen edo. Ba dirudi, telebistarako SECAM sistima saldu nahi diola Frantziak Espainiari, nuklear teknologia eta beste hainbeste. Presio bide egiteko modu errazena orduan gizaixo batzu zalantzarik gabe atrapatzea izan da. Horien ordez, sistema kapitalista batek xantaia bat proposatu die beste kapitalistei. Zoritxarrez elkarkeria horren erdian gure arrantzaleak egon dira.

Politika salda benetan zoragarria! Gu hara joanez gero, porrusalda horretan sartu nahi genuen, errepresentatzeko zen komediaren aktoreak eta egiazko ondorioak ikusi nahiz, gainera sarrera dohainekoa zen eta akomodadorerik gabe ez genuen txokolaterik erosi beharrik.

Lehen ekitaldia bi partetan bereizirik egon zen.

Lehenengoan arrantzaleen ahotsa entzun zuen jujeak. 27ak han zeuden baina batekin nahikoa zuten. Giza eskubideen alde zegoela esan zuen Hondarribiako arrantzale batek. Hitz oso guttitan. Ez zuen inola aipatu Euskal Herria. Guk uste dugu, Defentsak korapilo guztiak ongi loturik zeuzkala. "Ez da inola Euskal Herriaren eskubideak aipatu behar" bestela pikutara bidaliko dugu konpromezua. Eta hola izan zen. Eskuz loturik, "Cofradía de pescadores"-en bitartez, kontsulatuaren defendatzailearen bitartez eta beste artekoen bitartez arrantzaleak ongi loturik zeuzkaten. Aipagarria da bestalde, kontsulatuaren defendatzailea oso ongi ezaguna dela Baionako zenbait girotan. Faxista omen dela esaten da leku guztietatik. Hara non orduan, gure arrantzaleen defentsa faxista baten eskutan ibili da.

Arrantzaleen ordezkaria mintzatuz, Donibaneko arrantzaleen ordezkaria mintzatu zen. Hau gogorrena izan zen. Legea ongi eta bortizki aplikatu behar zela eskatu zuen. Legeak aplikatzekotan, Erromako tratatu egokiena zela zioen. Erromako tratatuen arauera Espainiako itsasuntziek 200 miliatatik barruan ezin dute arrantzan ibili. Baina Frantzia eta Espainia arteko legea aplikatuko balitzaie errugabeak izango lirateke. Hauzi honetan, zioen Donibanekoak, Erromako tratatuak agintzen du eta ez besteak. Hemendik aurrera, negozio guzti nau bi funtzionaltasun juridiko ezberdinetan ibiliko zen. 1) Frantzia eta Espainia arteko akordioa aplikatuz, arrantzaleak libre eta mundarik gabe egongo ziratekeen. 2) Erromako tratatuaren pean egonez, errudunak eta zigortuak izango ziratekeen.

Hauzi hau soluzionatzea jujeei dagokie. Eta "orretarako bai defendatzaileak bai fiskaleak, bakoitzak bere arloan ongi bete zuen bere komedia.

Fiskaleak aurrez ba zekien, hala esan zuen bere hitzaldian, defendatzaileak esango zuena, eta arrazoia zuen zeren fiskaleak esan zuena eta ez besterik, defendatzaileak errepikatu baitzuen.

Defendatzaileak absolbapena eskatzen zuen bitartean, fiskaleak munda bat eskatu zuen. 4.000 fr. eta 40.000 fr. arteko munda.

Obra honen hirugarren ekitaldirako, barruan zegoen berotasunarekin, egarri eta izerditan zeuden arrantzaleak eta kazetariok guztiz asperturik geunden. Datorrenerako errefreskuak sal ditzatela erregutuko genieke, s'il vous plaît, frantximent galantei, eta Pabeko prefetari, euskararen etsaia zela gaizto batzuk Lapurdiko biltzarrean aldarrikatu diotenean, igual aldarrikatuko diogu guk, euskara fonikoan: "Déna oulertou dougou, ez garrá frantximéntén étsaiak, ba-ina éouskaldounak ga-itou-zou."

Arrantzaleekin hizketan

Judizio gelaren ondoan Hondarribiako arrantzale eta kurios asko zegoen. Gu ere beste kurios eta kazetarien artean arrantzaleei galderak egiten ibili gara.

Orain arte, non egin duzue arrantzan?

— Gure uretan beti. Itsasoa arrantzale guztiena da. Eta kantto (arraina dagoen itsas leizea) hau lehendabizikoz gurea da. Guk ez dakigu gauza handirik legeetan, baina itsaso hau gurea dela ongi dakigu. Gero, mugak eta legeak ekarri dizkigute. Ordurako gu jadanik han geunden. Orain deretxo hau ere kendu nahi digute.

Orain baino lehenago istilurik egon al da?

— Bai, batzutan bai, baina honelakorik ez dugu sekula izan. Orain ba dirudi aldiz gogor jokatzen ari direla.

Noiztik hasi zarete istiluetan?

 Aspaldi honetan istiluetan ibili gara. Donibandarrek ere interes asko dute, baina harrapatzeko mediorik ez. Haien itsasuntziak zaharrak dira, haien medioak eskasak. Kezkatan dabiltza guk baino indar guttiago daukatelako. Baina gu jo eta ke ari gara geure lanean, denbora txarraz edo denbora onaz. Donibandar batek ez dezake honelakorik esan. Siesta egiten ba daki!

Zer komenio edo kontratu daukazue bestaldeko uretan arrantzan egiteko?

— Orain arte ez dugu ezer eduki. Beharrik ez zegoen ere. Orain batzuri karta edo baimen batzu eman omen dizkiete. Hiru hilabetero 30 baimen ematen dituzte. Gu legatzean gabiltzanok ez dugu hori ikusi. Begira, nik uste dut 22 legatzengatik ez zela hainbeste oihu egin behar.

Alde batekoak eta bestekoak euskaldunak izanik zer moduz konpontzen zarete?

— Konpondu, ez gara konpontzen. Ulertu bai, orain arte ere haik euskaldunak dituzu. Gainera, hemengotarrak dituzu. Hondarribiarren semeak, oriotarrak, gerra denborako errefugiatuen semeak omen dira ia denak. Frantziak eta Espainiak erdibitzen gaitu. Hori da kezka nagusiena. Espainiarik edo Frantziarik ez balego ez genuke arazorik edukiko. Eta lekeitiarrekin edo ondarroarrekin bezain ongi elkar ulertuko genuke. Kezka ez da orduan euskalduna ala erdalduna izatea kezkak Estatuek ipintzen dituzte. Jakina beste modu batetara joka genezake, euskalduntasuna aipatuz ez legoke arazorik. Baina horretarako kontzientzia handia eduki behar da. Eta hemen beti banatzen da ogibidea eta euskalduntasuna. Etsaiek ongi dakite eta honi ekiten diote.

Arazoak honela segituz gero, nola geratuko da baxura? Posible al da aurrera segitzea?

 Ez, ez da posible. Batzu noski bai, gehienak aldiz ez. Beste ogibideren bat topatu beharko genuke. Alde honetan problema hau oso larria da. Pentsa zenbat familia lanik gabe.

Eta zuek orduan zer egingo duzue?

Hori ere erantzutea ez da erraza. Nire aldetik helburuak arte burrukatu behar da. Baina besteak...

Nola besteak, ez al duzue denok batera jokatzen?

— Oraindik bai, hobe esan, denok kofradiaren pean gaude. Batzarreetan gutti gorabehera, hark antolatzen digunari guk samurki jarraitzen diogu.

Eta syndikatuak?

— Guk ez dugu nahi syndikaturik. Hori onharturik dugu. Geure defentsarako ez dugu syndikaturik eduki behar. Azken batez, langileen eskuetan ez dagoen syndikatuak langileak izorratzen ditu. Begira pakto de la moncloa.

Bai, baina syndikatu guztiak ez dira berdinak, ala bai?

 Ba dakigu ez direla. L.A.B. esaterako. Horik dituzu: Langile abertzaleen batzordea. Konforme egonik ere ez du indar handirik arrantzaleen artean. Theoriaz bai, praktikan gero ezer ez ala oso gutti.

Alda al daiteke egoera hau?

— Horren zain gaude gu. Ehuneko 20k gutti gorabehera berdin xamar uste du. Serioski jokatu behar da hemen. Gure eskuetan dago zerbait antolatzea. Praktikan zerbait proposatu, jokabidea etab. eta gero bete.

Solasean geundela beste adineko arrantzale batzu hurbildu zitzaizkigun.

— Zure periodiko horretan ez dugula amorerik emango esan behar duzu. Ez dute angularik inportatuko zerriok!

Angularik inportatzen al dute?

 Bai jakina! Sasoi honetan hasi behar da gainera. Gobernuak apuiatzen du inportazioa. Frantzian, dakizunez, ez da angularik jaten. Hemen nonbait kriaderoak ipini dituzte gero guri saltzeko. Diru pilo bat ateratzen omen dute horrekin.

Eta zuek zer egingo duzue hori debekatzeko?

— Edozein gauza, baita kamioiak karreteran jarri pasa ez daitezen. Adarrak jotzeko beste leku batetara joan daitezela!

Eta atunarekin zer? Zuek beti, atuna saldu diezue beste aldekoei, hor garestiagoa zelako.

— Bai egia duk hori baina alde honetakoek ere sal dezakete. Baina ez dute guk adina tonelada harrapatzen.

Azkenerako, zein izan zitekeen egoera egokiena zuentzat? Nola izan behar zuen errealitateak?

— Errealitatea aldatu behar da. Itsasoa, arrantzale guztientzat izan behar da.

 "Palais de Justice"tik irtetean beste kazetariekin topo egin dugu. Abeberry abokatuari, gaztelaniaz jakitean, zenbait kazetari galdezka ari zaio.

Bilboko egunkari erdaldun eta espainolista baten ordezkariaren hitzak entzun ditzaket: "No he entendido ni hostia. No importa, me lo invento todo y se acabó". Beste batek erantzuten dio: "Bueno, pero me lo pasas pa que sea igual."

Ideia honekin buruan Donibanerarte abiatu gara. Han, bi parteak entzun nahirik Donibaneko arrantzale batekin egin dugu topo "kasualitatez".

Eta jo eta ke hasten gara hemen ere.

Ea noren alde gauden galdetzen digu baina gu argitasunaren bila gaudela diogu. Urduri dago baina pixkanaka lasaitzen da.

— Begira, ni ez naiz hemengoa, jakin nahi baduzue ...n jaioa naiz, bestaldean, baina orain hemengoa sentitzen naiz.

...Bai Euskalduna, baina honetan euskalduntasunak gutti lagun gaitzake.

...Hemen izan diren iskanbilak! Ez hoa gero kaleko arrantzale bati galdezka!

...Arazoa orain duela 11 urte gutti gorabehera hasi zen nolabait.

— Hangoak... (eskuz keinu egiten du) gure uretan ere txitxina (bokart antzeko arraintxoa) harrapatzen hasi ziren, gero, masa bezala, irin fabriketara saltzeko. Hori bidegabekeria bat izan zen. Honela, atunerako beita gero eta guttiago egon da. Ondorioak guk ere ordaindu ditugu. Bestaldean, anarkhismo hutsa duk, gizona. Bakoitzak nahi duena egin dezake. Honela ezin daiteke aurrera segi, ez, ezin.

...Guk arrantza zaintzen eta haiek lapurtzen inola ere! (Sutan jartzen da)

 — Bai baina orain erregelapen zehatz bat dago horretarako. Ez al da betetzen?

— Hara, jakin!. Guk, bai, betetzen dugu. Espainiak ez du sekula, orain arte behintzat, etorkizunerako planifikapen bat egin. Ez du zaindu ezer. Politika izan da, harrapatu eta harrapatu, nolakoak izan zitezkeen ondorioetan pentsatu gabe. Gero hor datozkizue ondorioak. Zuen uretan ez dago ezer, mokordo luze eta zikinkeria ezik! Jakin, bestaldekoak, arrantzaleak, ez dira errudun nagusienak. Espainiako administralgoa errudun handiena da. Arrantzaleen izerdietatik bizi diren armadoreak eta abarrezkoak. Horik ongi daude. Krisi batean beste tokitan ipiniko dituzte kapitalak. Baina ttikiak. Itsasuntzi batetik bizi diren familiak? Baxura eta legatzekoek batez ere, zer kristo eginen dute. Ez pentsa ez dugula hori ikusten!

Hori nik uste dut, zure eritzi pertsonala dela, Donibaneko syndikatuen ordezkaria, oso gogor egon da judizioan, eta horrelakorik ez zuela ikusi nahi bide eman du.

— Bai, donibandarrak defendatu behar ditu eta.

Donibandarrak defendatu, diozu. Baina Estatutiko laguntzarik al duzue?

— Bai daukagula. Syndikatuen bitartez. Ahal den neurrian, ulertzen duzu?

Ez. Ez dut ongi ulertzen zeren nola da orduan, egia bada, hemen Donibanen 58.etik hona ez dela itsasuntzi berririk egin?

 Beno, hainbesterako ez zekiat egia den, gutti gorabehera arrazoi duk. Hemen ez dago gazteriarik. Arrantzale guztiak adinekoak dituk. Donibanek gainera ez du arantzatik bakarrik bizi.

Frantziako gobernuak eskualde oso hau turistentzat nahi du. Donibanen batez ere "porte de plaisance" baterako erreserbatu nahi du. Arrantza ez da orduan sartzen haien kalkuluetan. Zer deritzozu honi?

— Zer esango dut, ba. Hor dago gure kezka. Gu bost katu gara. Bestaldekoak gu baino askoz konpetenteagoak dira. Geure urak orduan defendatu behar ditugu. Bestela pikutara joango ginateke.

Estatuak ez du orduan behar duzuen laguntza prestatzen, hil gozo batetarako behar duzuen laguntza besterik ematen dizue.

— Ez zekiat, azkenean ez zekiat ezer. Esaiek hauei... frantsesak errudunak direla...!!!

Frantsesak eta espainolak.

— Egia izanen da. Bitartean guk bizi behar dugu.

Bitartean bizi behar da. Eta etorkizunari begira ere bizi behar da.. Euskaldun arrantzaleen interesak, hemengoak eta horkoak begiratu behar ditugu guk. Soluziobidea hemen egon daiteke, ez Parisen ez eta Madrilen ere, baina bitartean bizi behar da. Arrazoia duzu.

T. Trifol


Euskal ezkerraz zenbait gogoeta

 Jakin aldizkariak bere 4. zenbakian, Gramsci teorilari komunistaren urtea zela probetxatuz, artikulu sakon bat dakarkigu Alderdiari buruz. Artikulugilea Joxe Azurmendi dugu. Bera aski ezaguna dugu geure artean inolako presentaziorik gabe prestatzeko. Artikulu honetan aipatzen den kritika gaurko euskal politik egoerari dagokio. Gorabeherak garrantzi handikoak direla iruditu zaizkigu. Horregatik, Euskal Herri honetan ditugun arazoak zuzendu nahiz gabiltzanontzat aipaturiko artikulua, dagoen modurik eta ia osorik ezagutzea komeniko litzaigukeela uste izan dugu. Azurmendik bi partetan agertzen du artikulu osoa. Lehenengoan, Gramsciren Alderdiari buruzko teoria azaltzen du. Bigarrenean, guri gehien interesatzen zaiguna, Ezker Abertzaleen Alderdiaz aritzen dena.

 Artikulua argitaratzeko arrazoia, ezker abertzaleok aspalditik eskatzen dugun batasunak, eta besterik ez, bultzatzen gaitu.

 Hona hemen laburki, Azurmendiren lehenengo partea:

Laburpena

 Gure gizartean alderdi asko dagoela ikusten du Gramscik. Alderdi baten barruan ere beti alderdi asko egoten da. Baina alderdia ez dago gizartean bakanduta, klasea ez dagoen bezalaxe. Klasea ez dago isolatua: Adiskide, ahaide, kontrari eta etsai artean baino. Gramscik ez du A. K. organizazio bere baitan hertsi eta guztiz berdindu bezala ikusi nahi. Leninek alderdi hermetiko bat nahi zuen. Gramscik aldiz, ez. Irekia nahi du. Alderdiak, ba, "borondate kolektibo" bat sortu behar du lehenengo, gero berak bakarrik ez, baina bere lagunekin eta adiskideekin eta ahaideekin batera, bera hegemonikoa dela, gobernua hartzeko. Gramscik zentralismo demokratikoaren ideia onhartzen du, ideia bai; baina errealitatean ironia zorrotz batez kritikatzen du. Zentralismo demokratiko hau, gizarte bezala pluralista da. Askotan azpimarratzen du alderdia, borondate kolektibo bat dela eta honek Estatu kontzeptu berri bat sortzen duela. Alderdiak, bere baitan, sortu nahi duen Estatu molde edo antolaera berria inkarnatzen du. Nola alderdia hala Estatua, hala biharko gizartea. Pluralismorik ez bada onhartzen oraingotan, bihar ere ez da izango.

 Gramscirentzat oso garrantzitsua da alderdi baten buruzagitza. Buruzagitza gabeko armadaz hitzegin ohi da; Buruzagitza on bat baldin badago, Armadarik ez badago ere, laster sortuko dizu, dio Gramscik.

Euskal ezkerrean alderdia

- ALDERDI/GIZARTE arteko batasunaz: zer gertatzen da ezker abertzalean? Alde bateko EIAren eta besteko HASI/LAIAren artean, borroka itsusiak ikusi ditugu aurtengo udan. Lehenagotik datoz istiluok eta denbora asko da ia, istilu artean ikusten ditugula, ETA, EIA, HASI, LAIA, ESEI, ESB, eta diren, edo ez diren, ezker abertzale guztiguztiak. Horrela, *ezker abertzalearen Alderdiak* ezin asumi dezake sekula euskal gizartearen gidaritza, ekintza konkretu bakanen batzutan izan ezik. Euskal ezkerrari kontzientziarik ere ez zaio jadanik nabari, Alderdi horietako bakoitza baino lehenago *ezker abertzale Alderdia* dela; Gramscik esango lukeen *bloke historikoa*.

Ezkerrak, exitu batzu lortu ditu oraindik aktibismo mailan: Askatasun ibilaldia, demostrazioak. Baina —esango digu Gramscik— azkenean hori dena, hori bakarrik *borrokaren amorez borroka* bihurtzen da eta apolitikoa da. Denbora da doa eta ez da ikusten estruktura berri bat sortzen denik. Maila berri bat irabazten denik. Hauteskundeetan, parlamentuan, autonomiaren arazoan, etab., ezker abertzalea hor dago, egon. Baina astiro-astiro, hor egotea beste funtzio gabe agertzen hasi da, *talde kontestari* soil bezala. Euskal ezkerrean ez da nabari Estatu kontzeptu bat eta Estatu berririk eraikitzeko gauzatasun teoriko eta ez teknikorik. Taldetxo marginatu testimonial baten itxura guztia hartzen ari da bere agerraldi guztietan.

Euskal ezkerrak erakutsi du, borrokan ba dakiela. Ez du oraindik erakutsi, *politika egiten* ere ba dakienik.

- BURUZAGITZA kontua: Euskal Herriko masek erreferentzia garbi eta seguru bat izan dute joandako urteotan: ETA. Autoritate zaila, ohieza, baina hirmoa zen: zaila zen segimenik ematea; kontrolatzerik ez zegoen, justu zer zen; baina, autoritate oso-osoa zen, autoritate bezala osoki aitor zitekeena eta harekin osoki identifika zitekeen... Orain? Nahiko erraza da, hemengo autoritateoi segitzea (EIAko, HASIko ala nonahiko), horik zer diren eta zer dabiltzan ikustea. Baina horik, *zu eta ni bezalakoxe gizonen kategorian* sartzen dira eta, zein ETAago lehian dabiltzan arren, ez dira masek behar zuten eta duten erreferentzia, autoritate bortitza eta garbia, izatera ailegatu, elkarri eragozten ere ba dabiltza eta, inor horretara ailegatzea.

Beharbada oker daude masak eta ezin daitekeena exigitzen diote autoritateari? Beti ere ETAren kualitateak —martirioa, funtsean— eskatzen zaio oraindik autoritateari? Bestelako denborak dira, ordea. Bestelako dohainak behar ditu autoritateak. Baina ezker abertzalea osatzen duten Alderdiak, ETAren oinordea jaten ari dira, handik bizi dira: eta, buruzagitza diferenteak, ETAren (hitzezko) jarraitzapen hutsal bat bezala entseiatzen ari dira, alfer-alferrik; eta, nire ustez, autoritatea galtzen ari dira, errentatik ez bait dago luze bizitzerik. Ezker abertzaleak ez du aurkitu etapa berrian behar zuen buruzagitza berria.

Egia esateko, geure kontzientzian ez gara behar bezala aklaratu ere egin, benetan etapa berri batetan gaudela orain. Eta bihotzik ez dugu izan mila *ohiturarekin* edo modurekin, orain arteko autoritateekin eta leialtasunekin, hautsi eta benetan berriro hasteko. Bai masak eta bai autoritateak, ilusio batetatik bizi dira, adorerik ez dugulako denbora berriak diren bezala ezagutzeko.

Bitartean euskal ezkerra buruzagitza moral eta ez organizatibo gabe ikusten dugu, gidaritza gabeko Armada galdu. Lehenengo, *ezker abertzalearen Alderdiak*, bloke historikoak, oraindik ETAren espejismoarekin jarraitzen duelako, bere eginkizun espezifikoan murgildu ordez (ETAk, ordea, bere zeregina du, kalean garrasika ibiliz asumitzen ez dena; besteok, aldiz, geure zeregina bestelakoa dugu. ETA inbokatzea ez da ausardia eta ez erradikalismoa, utzikeria eta kobardekeria baino, nork bere obligazioak zabartzeko eta disimulatzeko atxakia hutsa denean). Bigarren, bloke historikoaren barruan badira Alderdiak; baina Alderdi bakoitzaren buruzagitza eta autoritateak desprestigiatzen ahaleginak eta bost egiten ari direlako beste Alderditxo guztiak aldamenetik. ETAk (m) EIAren buruzagitza kritikatzen; EIAk HASIrena; HASIk ESEIrena eta segi errondan. Hirugarren, parlamentari batzu ba ditugu, hola edo hala hautatuak izan; baina parlamentariok ez dutelako lortu, a posteriori behintzat, ezker abertzale bloke osoaren ordezkaritza irabaztea eta finkatzea, gutienez autoritate moral gisa: Bandres, Ortzi, Monreal hirukotea, ez dira batasun faktore bat. Alderantziz.

- MASAK: Eta zer dira Alderdi horien masak, EIArenak, HASIrenak...? Gramscik oso zentzu negatiboa eman ohi dio *masa* hitzari. Masa Alderdia gupida gabe kritikatu du: ez baitu onhartzen kontzientzia baino lehenago sortu den masa organizaziorik. Ez du onhartzen artalde organizaziorik.

Zer dira, ordea, EIAren, HASIren masak (PNVrenak edo PSOErenak zer esanik ez!), Alderdiak nora deitu, hara doazenak baino gehiago? Ez al da dozena erditxo baten kabineta, EIAk zein jokabide hartu erabakitzen duena; eta Bilboko kontsistorio bat, HASIk zer egingo duen esango diguna? Atzo gauera arte, hauteskundeetara zihoana traidore zela esaten zenidan, eta ormak pintatzen pasa dituzu gauak zure eritzi horrekin gaur goizean, guztiaren gainetik hauteskundeetara joan behar dela esaten didazu... Buruzagitzak ahoa ireki arte, militanteak ez daki zer dakien: bat-batean dena erabaki bailezake buruzagitzak, hau, hori eta bion kontraria.

Alderdi buruzagitzak aspaldi hasi ziren, klandestinitate garaian bezalaxe hasi ere, munizipaletarako elkarrekin tratuetan. Baina non egin dira herri eta bailara eta eskualde eta herrialde mailetan eztabaida horik? Non esan dute EIAren edo HASIren, ESEIren, edo ESBren herri eta bailara organizazioek: hemen PSOErekin aliatzea komeni zaigu, hemen PNVrekin, hemen KAS bakarrik hobe, hemen MCErekin..., eta non daude erresultatuak? Ikusten ditugun datuak besteok baitira: HASIko bi eta PTEko bat bildu ziren hitzegitera; ESEIko norbait mintzatu omen da EIAko norbaitekin...Non dituzte, tratuak abiatzen dituzten horiek, beren masak nahi duenaren erresultatuak, inorekin tratuan hasi aurretik? Masak, berriz ere, *post festum* jakingo du, zer nahi duen: goitik behera esaten zaiona...

Masak beti desorientaturik ibiliko dira, kasu bakoitzean orientazioa goitik etorri behar bazaie.

Eta beti goitik etorri beharko zaie, arau trantsitorialari buruz EIAk deritzonak, edo HASIk, adibidez, beti eritzi garbi-garbi diferentziatua eta orijinala izan behar baldin badu, ESEI, ESB, PNV, PSOE, PCE, PTE, MCE, OIC, ORT, LKI... guztiengandik. Alternatiba posible guti eta Alderdi asko dago hemen. Nahitaez metafisika zorroztu behar. Hori, ordea, despolitizazioaren iturburua da. "Independenteen" plaga honen kausa, esate baterako. "Independenteak" beti ugari bai ugari izanen ditugu, Alderdi batetan ala bestetan sartzeko, erabaki global bat aski ez den artean eta EIAn edo ESEIn edo HASIn edo ESBn edo LAIAn sartu, erabakitzeko, mikroskopoaz ibili behar baldin bada.

- ORGANIZAZIOA: klandestinitatean, organizazioa ikusten ez den gauza da eta ikusten dena ekintza batzu dira, "golpeak" batez ere. Nahitaez, klandestinitateak bere organizazio formak inposatzen ditu: ekintzak inposatzen dituenak, han ere.

Beharbada oraindik ere klandestinitatean gaude: ekintza batzu ikusten baitira, organizaziorik apenas. Legalitatean, ordea, organizazioa ikusi beharrezko gauza da. Azkenean, Alderdiak jende Alderdiak dira, ez ideienak. Ez dugu ezer egiten, ideia oso onak ba ditugu, baina jende txarra.

ETArena ez zen izango munduko organizaziorik onena. Ezker politiko abertzalearena, munduko txarrena da. Ezker abertzale hau hondatzen ari dena, da, buruz-belarri mila eginkizunetan sarturik dabilela, baina oraindik ez dela aklaratu, bere barruan zein organizazio tankera finkatu. Plataforma orokorren entseiu denek (KAS, Herrikoi) frakasatu egin dute. Orain, Alderdi bakoitzak, bere egitamu orijinala bilatzen dizu. Hein honetan HASI, ESEI, egiten ari diren lana, guztiz positibotzat jo daiteke.

Hor konpon bakoitza bere sukaldean, esanen al dugu leberalki. Alderdi bakoitzak bere egitura nola taxutu nahi duen? Bai eta ez. Errespetatu egin behar. Alderdi bakoitzaren autonomia. Baina Alderdi bakoitzaren gainetik "Bloke historikoa", ezker abertzalearen osotasuna, dagoela uste dugunok, ezin esan genezake hor konpon. Eta ezin tolera, Alderdi bakoitzaren pretentsio horik, iraultzaile eta erradikal bakarra bera dela, beste denak erreformistak edo populistak; edo errealista bakarra bera dela, beste denak oilategi zoro bat. Eta horretan ezker abertzalea ez da behin ere ETAk utzi zion ondaretik aurrera zabalduko eta hurrengo hauteskundeetan PSOEk berriz ere lehengo erresultatuak aisa ateratzea bidezko eta zuzen izanen dugu.

Gauza bat da Alderdi bakoitzaren organizazioa. Eta gauza bat Alderdi bakoitzak "bloke historikoa"ren barruan hegemoniko bilakatu nahi izatea. Besterik da, enpeinu horretan, bloke historikoa zarratatzea eta bloke bezala inoperante bihurtzea. Izan ere, ezker abertzaleari aski denbora eta aski konfidantza eman zaio orain arte, estruktura bat bila dezan, euskal gizartean eta Alderdi panoraman hegemoniko bilakatzeko edo hegemoni bidean jartzeko. Eta hori lehenbailehen egiten ez badu, "guztiak guztien kontra" jarraituz, problema ttipi eta handi askoren soluzioak San Josafateko zelaian baino lehenago ikusi nahi lituzketenek, Alderdi "handietara" jo beharko dute nahitaez. Honez gero, Alderdian askok bilatzen duena ez baita Unibertsitate bat, "egiazko marxismoa" zer den ikasteko, eguneroko problema ttipien eta handien soluzioak bilatzeko tresneria eta organizazioa baino. Egun on batetan, izan ere, batere ez dizu inporta, Alderdi bat independentista den ala ez, marxismo puruena berak duen ala ez, ETArekin hobeto datorren ala ez; baina bai, zeinek eskura diezazukeen soluziotxo hau eta hori: bai, zergak, Bizitoki Legea, Unibertsital Barrutia, arau trantsitoriala, gauza ttipiak, iraultzarik ez, independentziarik ez, baina bizitza triste hau eramangarriago bihurtzen dutenak.

Organizazioaren problema, ekintzaren arazoaz lotu-loturik dago eta, beraz, aisa eta eroso desprestigiatu dugun "posibilismoaren" problemaz lotu-loturik. Gizona ez da Jaungoikoaren hitzetatik bakarrik bizi, problema guztien azken soluzioaren itxaropenetatik, baina eguneroko ogitatik ere. Masak, eguneroko problemak bizi dituenak, eta zuk eta nik, eguneroko ogiaren okinagana joko dizugu, balizko ogia baino hobeto jaten da eta.

Alderdiengandik espero duguna ez da, "zentralismo demokratikoa" zer den defini diezagutela. Horretarako, hemen sobera dugu, lehendik ere, profesore, soziologo, filosofo eta teologorik, edozein Alderdik adina autoritatez hori esplikatzeko. Alderdiengandik, defini daitezela eguneroko problemei buruz, espero dugu, eta ez problema histori-filosofi-soziologiko eztabaidatuei buruz. Defini daitezela Estatuaren kontzeptu propio eta orijinal bezala eta oraintxe egunero Alderdian egin genezakeena bezala, harntz iristeko: hauzoan, herrian, lantegian, eskolan, Erriberan, Donostian eta ez, Alderdiak demostrazioren batetara deitzen digunean bakarrik; azkenean berdin-berdin baita, Alderdiak hauteskundeetara deitzen duenean bakarrik ala demostrazioetara deitzen duenean bakarrik, politikoki aktibo bilakatzea.

Ezker abertzaleak, dirudienez, asko daki, azken finean zer egin behar den; baina oso guti, bihar zer egin behar dugun. Eta, orduan, beste Alderdiekin lehian dabil, besteek zer proposa, berak segituan beste zerbait, "besteek ezin proposa ditzaketen proposamenez betea", Saizarbitoriak esan zuenez.

Hori, oker ez banago, ezker abertzalearen autokontzientzia bereziak sortzen du. Posibilistak, eta erreformistak, eta aginpidea eskuratu besterik nahi ez omen dutenak, etab., aisa mespretxatzera daraman autokontzientziak. Horiek —esango liguke Gramscik— grina eta pasio bat bezala kontzebitzen dute politika; oraindik ez dute konprenitu, politika, pasio baten ondoren, arte bat eta zientzia bat dela. Organizazioa ezin lor daiteke pasioaren organizazio bezala; organizaziorik ez dago azken helburuei buruz eta erreferentziaz (horrela Elizak organizatzen dira). Hemen, ordea, independentziaz eta diferentzia guztiak xahutu dituen gizarteaz eta azkeneko azkenaren azkenaz ari gara beti, eta edozein problema konkretu planteiatu behar denean, Alderdiek ez dute jenderik: Irakasgo Legearena, esate baterako, kurtsu berria hastera doanean.

"Herria" batua egon da beti

1950. eta 60. urteetan, konprenitzen da, ezkerrak bere ahalegin guztiak borroka ideologikoan enplegatzea. Hautsi beharra zegoen, bizitza guztiari, eskolatik lantokiraino eta bizitza pribaturaino, koherentzia hermetiko bat ematen zion ideologia kontserbakoia. Baina orain, ezker abertzalea ezertan nagusi bada, eremu ideologikoan da. Ezker abertzalearen presio ideologikoa, PNVri sozialista deklara erazteraino eta PSOEri abertzale kara harrerazteraino ailegatu da. Eta, hala ere, nagusitasun hori aurrera jotzeko eta Alderdi bortizki organizatua bihurtzeko probetxatu ordez, batzuk, oraindik, indar moral eta intelektual hutsetan lotu nahi lukete ezker abertzalea: Italia faxistan Gramscik predikatzen zuen Alderdi *gizarte erreformatzaile moral eta intelektual* hartan.

Ortziren textu honek, adibidez, Alderdi kontzepzio arras eta guztiz gramsciarra adierazten du (Gramsciren edozein texturen itzulpena izan liteke):

El partido del proletariado... es una organización intelectual, el intelectual colectivo de la clase obrera. Sus funciones son las de la reforma intelectual y moral de las masas obreras para que se aparten de la influencia ideológica de las clases dominantes, la formación de una voluntad colectiva que unifica a aquellas en su lucha contra la burguesía, y la de asegurar la hegemonía del proletariado sobre las restantes capas populares...

Los organismos obreros de masas, por el contrario, no son organizaciones intelectuales, son los instrumentos directos a través de los cuales participa el proletariado en la lucha de clases (sindikatuak batez ere) (ik. ORTZI, Los Vascos, 1976, 223).

Gramscirenak balio, beti balio du —ezin uka borroka ideologikoaren inportantzia—, baina batez ere orduko situazio konkretuan balio zuen. Nire ustez, gurean ez hainbeste. Gramscik, situazioa Italian egon nola zegoen 1920. eta 30. urteetan adierazi digu batez ere, eta situazio hartan Alderdi Komunistaren zeregina zein izan zitekeen, agertu nahi du. Italia, bere tradizio intelektual kritikoarekin, berebat. Masa organizazio langileak, sozial-demokraziak domeinaturik. Mugimendu faxista erreka betean ari zen masak eramaten. Alderdi Komunistaren aparatua apurturik, gartzelan edo herbestean koadrorik hoberenak. Informazio guztia zentsurak moztuta: debekaturik —Gramscik absurduaren colmoa bezala azpimarkatuko duena— Manifestu Komunista bera... Alderdi Komunista hura, nahita ere, alferrik samar enpeinatuko zen orduan erreforma moral eta intelektualean baino askoz gehiago.

Gainera, Gramscirentzat, kontua ez zen masa Alderdia eraikitzea, muntatzea (egin ere, nekez egin zitekeen halakorik faxismoaren azpian). Alderdia ba zegoen, egon. Alderdiak, bere aparatuarekin, situazio hartan zertan enplegatu behar zuen, hori izen kontua.

Hau ez da gure situazioa. Justu faxismotik eta Alderdien eta masa organizazioen debekutik irteten ari gara gu. Masa organizazioak oraintxe ari dira sortzen. Ezker abertzaleak trena betiko gal dezake. Ezker abertzaleak hain zuzen abantaila ideologikoa daramakie beste Alderdiei: hogei urte honetan gehien egin dena horixe da, borroka ideologikoa, eta gehien egin duena ezker abertzalea da. (Gogora dezagun, Gramscik *terrorismoari* ere funtzio hezitzaile bat ematen diola: *gertakari kontsumatuen* propaganda modura edo). Masak, Gramscik inoiz amets egin ez zezakeen neurrian, daude kontzientziaturik. Hemen orain hasi behar dena, organizazio antolaketa da, aparatua. *Kontzientzia kolektiboa* lortuta dago: Alderdiak berak dira txikitzen ari direna, masak desengainatuz eta penatuz. Masek mila aldiz eskatu dute batasuna. Masak ez baina Alderdiak dira, alderdikeriak, batasuna eta Alderdia lortzeko eragozpena. Hemen, Alderdiak (edo Alderdiek) masa hezi ez baina masak beharko lituzke Alderdiak hezi, nik uste, *borondate kolektibo* hura organizazio kolektiboa bihur dadin. Kontzientziaren aldean organizazioa atzera-atzeraturik dabilkigu.

Berrogei urte *dedokrazia* eta gobernaera kontrolaezin luzetan, eginkizun publikoen gestioa kasta berezi baten pribilegio izan da. Masei sinesterazi zaie, gestio publikoa ikaragarri gauza konplikatua dela eta teknikari batzuk bakarrik dakitela hori eramaten eta horien gestioan fidatu behar duela; zer ari diren ikusten ez badu ere. Orain, masen konfidantza irabazteko, gestio publikoa eramateko "teknikoki kapaz" dela erakutsi beharra dago. Ezker abertzaleak, gobernatzeko gauza dela erakutsi behar du; ez oposizio egiteko bakarrik. Horretarako, koadroak, jende prestatua, organizazioa, behar du. Bestela, jendeak, haren oposizio lana estimatuko du, baina ez du aginpidera eraman nahiko: ez duelako haren gobernatzeko gaitasunean konfidantzarik. Eta hori ez da jendearen mentalitate distortsio hutsa: ezker abertzalea, dagoen dagoenean, bere buruaren desgobernu horrekin, ezer gobernatzeko inkapaz da. EIAk, HASIk, botere bokaziorik baina gehiago, antibotere bokazioa bakarrik erakutsi dute orain arte. Ez ditugu pertsonalki kritikatu nahi berak ez baitira, hartu duten mandatuaren kargudun baizik eta bai baitakigu zein situaziotan dauden Gorteetan, baina Bandres eta Ortziren gestioa ere, esate baterako, ez da, jendeari ezkerraren gobernu kapazitatean konfidantza sortzeko modukoa. Ezker abertzalea oraindik ez da Estatu kontzeptu baten inkarnaziorik, oposizioarena baino. Ukazioaren fasean dabil oraindik.

"Alderdia" eta "batasuna" esaten dugunean, ez dugu organizazio hertsi monolitikorik adierazi nahi. Gramsciren Alderdi kontzeptuari ondo zetorkion KASen ideia: Alderdian "Alderdiak" edo frakzioak daude, ikuspide eta tenperamentu ezberdinak, baina diziplina dago. Guk, KASekin ala KAS gabe, KASen ideiak espresatzen zuen asmoarekin segitzen dugu, ezker abertzaleari ez diogulako beste irtenbiderik inondik ikusten.

Alderdiaren egiteko hezitzaile eta ideologikoa azpimarkatu du Gramscik. Baina Gramscik "marginaziotik" ari diren hezitzaileak beti Alderdietatik aparte situatu ditu. Anarkistak, adibidez. Alderdi handien artetik marginaturik, independente, Alderdiak berak hezitzeko funtzioa dute (edozein Alderdiren barruan suma daitekeen "anarkismo inherente"az ere mintzo da Gramsci, izpiritu kritikoak berezkoa baitu holako zerbait). Baina marginaziotik ari diren hezitzaileon lana, oso positiboa, ez da Alderdien lan berdina eta ez du hura suplantatzen ere. Hezkuntzarena, Alderdiaren funtzio bat da, ez bakarra. Gainera, Alderdiak, Alderdiaren modu eta medio propioz egin behar du hezkuntza lana: ez, esate baterako, prentsak bezala, literatuek bezala, edo artistek eta filosofoek bezala. Alderdiak hegemonia bilatu behar du: beraz, batasuna, organizazio tresneria. Ez marginazioa.

Euskal ezkerra, bere mementu historikoa galtzen ari da, eta, bere meritu handi gabe, eskura eman zaion ETAren ondarea saltzen ari da, MCEri eta abar.

Honez gero hau ez da autoritate edo konfidantza krisi koiuntural bat bakarrik. Egunak badoaz, eta batzuk aspaldi iragarri zuten ezker abertzalearen inkapazitatea, indar politiko autonomo eta organizaturik bilakatzeko, sekula indar hegemonikorik bihurtu ahal izateko, egiazko agertzen ari da.

J.A.

Anaitasunerako —Jakin— Aldizkaritik hartua


Elkar ikuska

L.A.I.A.

LAIA alderdiak bere Asanblada Nagusia egin zuen orain direla egun batzu. Bertan bildu ziren hirurehun ordezkariok, LAIAk gaur egun dituen joerak, arazoak eta bai egoera politiko jenerala ere aztertu zituzten. Alderdiak maila bakoitzean segituko dituen bideak ere erabaki ziren, oinharrizko puntuetan guttienez. Bilera Nagusi honen berri ezagutzeko LAIAko bi burrukalariekin elkar-ikuska bat izan dugu. Hona hemen Iñaki Urrestarazuk eta Joxe Elorzak esandakoak.

Asanblada baten zergatiak

Gaurko egoera politikoaren aldaketa izan da Bilera Nagusi honen bultzatzaile garrantzizkoena. LAIAk egoera zabal honen puntu nagusienak eta bere posizio berbera aztertu nahi izan ditu.

— Gaurko egoerari alternatiba egoki bat eman nahi izan diogu, zehazki, hauteskunde munizipalen aurrean nola jokatuko dugun eta norekin batuko garen eztabaidatu dugu, adibidez. Langile politika, herri politika eta kultur politika ere aztertu ditugu. Legalizazio arazoa ere ukitu eta argitu dugu.

— Zer diozue, langile politikari buruz?

— Oraingo egoeraren ezaugarriak hauk ditugu, gure ustez: alderdi handienak sendoki oinharritzen ari dira gaur langilerian eta berdin jazotzen da syndikatu handienei buruz. Gure ustez, bai alderdi hauek eta bai syndikatuek kalte bat egiten diote langileriari, hauen artean zatiketak indartzen ari baitira eta bai langileria Gobernuaren politika barruan sartzen ere. Hauetaz gainera, langileria kapitalismoak sortutako krisia ordaintzen ari da gure ustez. Egoera honen aurrean guk asanblada mugimendua indartu nahi dugu, asanblada bidez langileriaren batasuna lortua izan dadin. Mugimendu hau ahalezkotzat hartzen dugu eta ez gauza utopiko bat bezalakoa.

— Nola indar daiteke asanblada mugimendu hau?

— Mugimendu hau indartzeko bidea zera ikusten dugu: zerbitzu juridiko bat antolatu behar dugu, langileak zerbitzu honen laguntza beti eta nonnahi izan dezan. Gaurko syndikatuek bide honetaz hartu dute indarra, langileak behar-beharrezkotzat hartzen baitu laguntza juridiko hau. Honengatik guk honelako laguntza bat antolatu nahi dugu, syndikatuetatik kanpo, afiliaziorik eskatu gabe. Laguntza juridiko hau langileria osoaren zerbitzuan antolatu nahi dugu. Gure ustez "Berdin" zerbitzua bide honen barrutik aurrera doa.

— Lantegi mailan, nola izango da zuen jokabidea?

— Lantegi bakoitzean asanbladaren alde jotzen duten indar guztiak batzea nahi dugu eta honetarako komite bereziak indartu. Bide honi jarraituz syndikalak ez diren abertzale eta asanblada mugimenduak lantegi bakoitzean indartuko ditugu. Syndikaltzat, negoziatzaile eta burokrata diren mugimenduak hartzen ditugu.

— L.A.B. indartuko al duzue?

— Syndikatu klasiko bat, hots, burokrata eta negoziatzaile bihurtzen ez den artean, L.A.B. indartuko dugu, baina halere L.A.K. syndikatua birbiztea nahi dugu.

— L.A.B. syndikatuari buruz mesfidantzaren bat sentitzen al duzue?

— Oraingoz L.A.B.ek asanblada mugimenduari ondo bultzatu dio eta negoziatzaile bidea ukatu du, baina L.A.B. barruko pertsona batzu paktatzaile iruditzen zaizkigu. Honengatik gure zalantzak.

Joera politikoa

— Zer erabaki duzue arlo politiko barruan?

— Gure ustez gaurko espainiar Gobernua lortzen ari da bere helburu nagusia, zera, diktadura demokrazia autoritari bat Bihurtzea. Abenduko erreferenduma eta Ekainean egindako hauteskundeak garrantzi handikoak izan dira bihurtze bide honen barruan eta gaur ikusten dugu demokraziarik ez dela lortu, oinharrizko libertateak ez baitira lortu. Hor ditugu legalizapena lortu ez duten alderdiak, adibidez, eta gure kaleetan zehar dabiltzan indar zapaltzaileak. Nahiz eta hau argiki ikusi, alderdi handienak Gobernuaren alde jotzen ari dira eta Gobernuaren zutabe bihurtu dira, gaurko egoera demokratikotzat hartuz. Nazioen eskubideak, gainera, alde batetara utzi ditu Suarezen Gobernuak eta arlo honetan oso argitzailea dugu alderdi independentisten ez legalizatze nahia.

— Egoera ilun honen aurrean, zer egingo du LAIAk?

— Lau bidetatik aurrera jo nahi dugu: libertate guztiak osoki lortzeko burruka bat indartzea, Euskadirentzat autogobernu haundi bat eta autonomia konstituziogile benetazko bide bat lortzea eta, gainera, herriaren eta langileriaren autoantolaketa indartzea. Laugarren arloa bezala, krisiaren kontra sendoki burrukatzea erabaki dugu.

— Burruka hauetan, nolakoa izango da zuen elkartze edo aliantza politika?

— Beste indarrekin batean jokatzeko orduan puntu minimo batzu hartu beharko ditugu guztiok eta, gure ustez, hauk dira oinharrizko puntu horik: lehenengoa, herri burruka dela benetazko burruka eta ez parlamentuan egiten dena. Paktu bideak alde batetara utzi behar dira, hitz batez. Bigarren puntua zera da: libertate guztiak osoki lortzeko burruka bat egin behar dugu. Hirugarrena, "proceso constituyente autónomo" baten bidez Euskadirentzat autonomia handiena lortzea, bere burujabetasun nazionala lortuz eta antolakunde herritarrak prestatuz. Hauteskunde munizipalak garrantzizkotzat ikusten ditugu bide honetan, laugarren puntuan agertzen dugun bezala. Bostgarren oinharrizko puntua herri autogobernu bat lortzeko burrukatzea izango litzateke. Seigarrena, lehen esan dugun bezala, lan eta herri mailan asanbladar bidea indartzea izango litzateke eta, zazpigarrena, langileen burruka indarra sendotzea da. Hauk izango ziren "aliantza" unean kontuan hartuko genituzkeen puntu minimoak, ezin ukatuzkoak.

— Abertzaleen batasuna ahalezkoa ikusten al duzue, puntu minimo hauk kontuan harturik?

— Ez. Orain bertan alderdi batzuk gaurko "demokrazia" onhartzen dute, parlamental bidea sendotuz eta hauteskundeetako emaitzak onhartuz, herriaren burruka baztertuz. Indar hauen aurrean, beste indar talde batek herri burruka jartzen du gaur egun ditugun libertate ttikien oinharrietan eta herria izan dela protagonista onhartzen du. Hau ikusiz, bide honi segitu behar diogula ikusten dute alderdi eta indar hauek. Zoritxarrez, Euskadin dauden ezkertiar indarrak bi talde handi hauen barruan zatiturik daude.

— Puntu minimo horik kontuan harturik, zein da zuek posible bezala ikusten duzuen aliantza?

— Une hauetan, gure ustez, ba dago puntu horik hartuko zituzten alderdi talde bat: EIA, HASI, ESB... Ba liteke baita ere ANV, OIC... Aliantza bide honen barruan KAS izango litzateke zutabe garrantzitsu bat.

— Hauteskundeetan zuek izan zineten, HASIrekin batean, abstentzioa indartu zenutenak: nola ikusten duzue gaur zeuen erabaki hura?

— Gure ustez geroztik gertatu den guztiak gure erabaki hari arrazoia eman dio. Hauteskundeak gaurko enganio hau indartzeko bide bat besterik ez ziren izan! Hauteskundeetan parte hartu zutenek demokratiko ez den sistima bat sendotu besterik ez zuten egin. Demokrazia burruka latz eta gogor batez lortuko dugu eta ez Gobernuak proposatu zuen bidea segituz.

Legalizazioa

Asanbladan legalizazio arazoa sakonki aztertua izan zen. Estatutuetan "independentzia" kontzeptua kenduz gero, LAIA lege barruan onhartua izango litzateke, zihur aski.

— Independentistak garenez gero, oso garrantzia da independentzia kontzeptua gure Estatutuetan argi eta garbi agertua izatea. Gure erabakia zera izan da: nahiago dugu legetik kanpo gelditzea, ez "independentzia" helburua gure Estatutuetatik kentzea baino. Gure ustez, "independentzia" puntua gogor eustea garrantzi haundikoa da gaurko egoeran, "demokrazia" faltsu honen mugatasuna frogatzen baitu eta faltsukeria hori salhatu. "Demokratikotasunaren" termometro bat bezala da "independentzia" ez ala bai onhartzea. "Independentzia" helburuarekin legalitate barruan onhartuak izanez gero, orduan sinesten hasiko gara demokratikotasun horren "zabaltasun" asmoetan. Independentzia helburua gure estatutuetan segituko du.

— Zer pentsatzen duzue HASIk azken egunotan sufritu dituen galerazpenei buruz?

— Gobernuaren benetazko asmoen salhakuntza bat izan dira. Argi agertu dute errepresioa, zapalkuntza gero eta handiagoa egingo dela gaurtik aurrera.

— Zer diozue, burruka harmatuaz?

— Gai hau gehiago aztertu behar dugu etorkizunean, baina argi dago benetazko aldaketa lortzeko indarkeria iraultzailea erabiltzea nahi eta nahiezkoa izango dela.

Autokritika

LAIAren Asanblada Nagusian autokritika bat egin zen, alderdiaren akatsak eta hutsuneak ikusi nahian. Estruktura aldetik etorri ziren kritika latzenak.

— Gure estruktura ez dela egokiena izan ikusi dugu Asanblada honetan eta gaurtik aurrera "estrutura-errealitate" bikotea elkartu nahi dugu. Gure hutsune nabariena, alderdi guztietan bezala, Nafarroan izan dugu eta bai Nafarroan eta bai beste hiru herrialdeetan gure alderdi estruktura aldatu eta hobeagotu egingo dugu. Nahiz eta gure programa herrikoia izan, gure herriaren zati haundi batek ez du ezagutzen oraindaino eta hau gure errua da. Erru hau zuzentzeko prest gara. Zentzu honetan, halere, ez dugu Asanbladan erabakirik hartu, erabakiak Komite Zentralak hartzen baititu.

— Udaletxeei buruz, zein izango da LAIAren jokabidea?

— Ez dugu alkateen dimisiorik eskatuko, ez eta Udaletxeetan kontrol-komisiorik bultzatuko ere. Indartuko duguna zera da: Udaletxeetan, bai gaur eta bai aurrerago, "comisiones fiscalizadoras" deritzen indarra bultzatuko dugu. Talde hauek Udaletxeetan egiten eta egingo diren lanen begirantza eta, behar denean, salhakuntza egingo dute, baina kanpotik, ez barruan sarturik. Talde hauk herri antolamenduetatik ateratako pertsonek osatuko dituzte.

Indar zapaltzaileak

Gure herrian dugun beste arazo handia indar zapaltzaileena dugu.

— Nola ikusten du LAIAk indar hauen arazoa?

— Geuk onhartuko ditugun indar bakarrak herriak aukeratuko dituenak bakarrik izango dira. Inork ezin ditu indar hauk inposatu, ez Gobernuak eta ez alderdi haundiek. Indar hauek langileen zerbitzuan antolatuak izan behar dute eta ez alderdi batzuren interesak defendatzeko. Alderdi haundi horiek "Policía Vasca" bat antolatzeko asmoak batzutan azaldu dituzte eta ba dakigu ere polizia honek euskal langileriaren kontra ekingo duela, orain besteak egiten duen bezala. Langileriaren kontra joko ez duen polizia bakarra langile berberak aukeratutako polizia izango da.

Euskal kultura

LAIAk euskal kultura indartzeko ahaleginak egingo ditu.

— Euskal kulturaren normaltzapena lortu behar dugu guztion artean, herriko kultura edonon eta edonoiz bultzatuz. Kultura honen barruan euskarak lehen mailako garrantzia izango du eta hau gaurko diglosia egoera penagarria gainditzeko. Ez da nahiko euskara gaurko mugetan erabiltzea. Muga hauk botatzeko programazio bat behar dugu alderdi eta indar politikoek eta gure aldetik programa zehatz bat lehen bait lehen prestatzeko eta egiteko prest gaude.

Beste puntu interesgarri batzu ere ikusi genituen elkar-ikuska honetan, baina beste batetan aztertuko ditugu. Gaur garrantzizkoenak agertu ditugu.

X.A.


Iberian zer

Alemaniako makina

Dirudienez Estatuko "sozialismo" guztia PSOEren eskuetara doa poliki poliki.

Orain arte ba zeuden egon nolabaiteko hiru alternatiba sozialista estatuan; nahiz eta, noski, batzu besteak baino ttiki eta ahulago izan. Esan bezala, hiru ziren alternatibak: FPS (Federación de Partidos Socialistas), PSP (Partido Socialista Popular) eta PSOE. Hortik aparte ba zeuden beste alternatiba ttiki batzu, baina estatu mailan horik zitezkeen desarroilatuenak.

Federazioa joan zen Jaungoikoaren bidetik, eta bide batez Enrique Baronek (gaur jaun diputatua) probetxu atera zion istiluari PSOEn leku ederra aurkituz. Joan Garces (PSPV-Garces), batek daki nondik dabilen; baina, Txilen bezala, ez dugu uste Palazioetatik oso urrun ibiliko denik. Catalunyako Alderdi Sozialistak hauteskundeetarako tratua egin zuen PSOErekin elkarrekin joan zitezen, eta orain, ba dirudi fusionatu eginen direla. Batek baino gehiagok esan du Federazio famatua pertsonalitateen katapulta izan zela. Noski, izan ziren zenbait alderdi "pentsamendu onez" uste zutenek PSOEri muturra ipiniko ziotela; baina hauek emeki emeki federazioaren untzi estrainioa utzi behar izan zuten. Azkenik, Federazioa desagertu zen PSOEri ohea egiten, gaztelaniaz esaten den bezala.

PSP hilzorian dago. Alderdi harro hau —Tiernok zioenez, bere (sic) alderdiari eman zizkioten botuak kalifikatuak omen!— PCren eskuetatik plazaratu zen, PCek Junta Democrática organizatu zuenean. Ba zirudien, garai hartan PCri asko interesatzen zitzaiola pailazo sozialista bat inguruan edukitzea. Eta PCri ez zaionean interesatzen, "intelektual" talde hau maldan behera doa; eta arin gainera.

Beraz, bistakoa da, PSOE jaun eta jabe bezala dekantatzen ari dela; baina ez listoenak direlako Felipe edo gure Mugica maite hori, II Internazionalak eta bereziki Alemaniako Sozialdemokraziak bere babesa (dirua irakur bedi) eman diotelako. Ezaguna da teknikari alemanak izan zirela PSOEren publizitate kanpaina zuzendu zutenak, eta ezagunak ere alemanek UGTi eta PSOEri eman dizkieten kredituak, azkena (nabarmena den azkenen), UGTi 25 milioi izan dira. Soaresen kasua ere berdin xamarra izan zen Portugalen. Alemaniak (multinazionalen europar jendarmea) loditu ditu Espainiako sozialisten sabela, diruz beterik utzirik. Alemaniako makinak oso ondo funtzionatzen du, Amerikaren erritmuan, nahiz karta diferentak ukan beronek.

PSOE eta nazio arazoak

Ukan du halere PSOEk bere "Akhilesen orpoa": Espainiako nazioen birbiztea. Baina honetarako ere ba du bere erremedioa, eta ez da herrenka ibiltzea, hain zuzen.

PSOEk ez du nazioetan masa mugimendurik eta esaten den "koadro" politikorik ukan eta halere botuak izugarri izan ditu; horrek bistako esplikazioa eduki dezake, hots, faxismotik ateratzen garela, gehienbat, publizitate egokiak lortzen ditu eta botuek eta aurpegi batek mila programak baino botu gehiago lor dezakete.

Nazioetako mugimendu politikoek perturbazioa proboka diezaiekete PSOEkoei eta horregatik behar dituzte nolabait nazio horietan eman diren mugimenduak haienganatu edo bestela suntsitu. Kasu baterako, exenplutzat, Catalunyan ematen ari den prozesua har daiteke. Catalunyako PSC eta PSOEren Federazioa batu eginen direla jadanik segurua da; eta Valentzian PSPVk (cuco tendentziak) ere gauza berbera eginen duela kasik segurua.

Horrela bada, azken garai honetan zenbait alderdi sozialista bilerak egiten ari dira, diotenez: "Sozialismoa Estatu mailan nola artikula daitekeen analizatzeko". Baina beste zenbait jendek dioenez, hau litzateke PSOEren azken maltzurkeria, hots, Catalunyako PS dela medio nazionalitateetako alderdi sozialistak PSOEren bidetik abiatzea; hitz batez: sozialdemokraziaren bidean ezartzea.

Beraz, konprenigarriago egin daiteke honela, hilaren 19an Bartzelonan ondoko alderdi hauek egin zuten bilera —ez zen lehenengoa—: PS Catalunyakoa, Minorkako PS, Irletako PS, Galiziako PS, Valentziar Herriko PS eta, nahiz bilera horretan kasualitatez joan ez, joaten den ESEI Euskal Herritik.

Ba dirudi, beraz, PSOEren azken inbentua nazioetan sartzeko, beste muntaia bat egitea dela, gero handik, ahalik eta gehien xurgatzeko asmoz, noski.

Txaloak, sozialdemokraziari ohea egin eta berarekin ihalozkatzen direnentzat!

j.g.


Munduan barrena

Terrorismoaren ekaitza Alemanian

Idazlan hau irakurlearen eskutan izango denerako, Alemaniako "aste tragikoa" gertatu zela jadanik hilabete bat igaroa dateke. Baina oraindik gizartea baretu gabe dago. Eta gertatuak berrikustea, analizatzea merezi du.

Astebete bete-betea izan zen huraxe: Schleyer Alemaniako "patroien patroia" harrapatzen dute Baader-en lagunek; abioi batetaz jabetzen dira gero hauen burkideak; Alemaniako komando berezi batek abioiko bidariak oro askatzen ditu Mogadiscion; Baaderek eta bere lagunek beren buruaz beste egiten dute gartzelan; Schleyer hila aurkitzen da Alsazian. Ondorioz: errepresioa, lege bereziak alde batetik; eta bestetik, han eta hemen, Europa osoan, manifestapenak eta entrepresa alemanen aurkako lehergailuak.

Gertakari guzti hauen artean, bi izan dira aipatuenak. Batetik, komando aleman horren ekintza nola izan den posible; ez noski, teknika aldetik, baizik eta politika aldetik. Zalantzarik gabe, Schmidt-en arrakasta da hori, halegia, Estatuburu arabiar progresistenek abioiari lur hartzen ez uztea eta komandoari bidea irekitzea. Marko asko ibili omen da dantzan. Markoaren diplomazia. Bigarren punturik azpimarkagarriena, hau izan da, Andreas Baader eta honen lagunen suizidioa, "ofizialki" hala aditzera emana. Gutik sinesten du. Harritzekoa, ez baitziren ahulak eta ergelak. Harritzekoa, gau berean denek berdin egitea, elkarren arteko harremanik gabe egonik.

Baader, Europaren bihotzean

Terrorista hauen ekintzak, egun batzutarako bederen kolokan bezala utzi du Europa. Orain artean, terrorismoa aipatzen zenerako ba zekien zer pentsa europar arrunt honek: terrorista horik, japoniarrak izan zitezkeen, edo palestindarrak, edo urrutiagoakoak. Halegia, gure gizarte-moduarekin zerikusi handirik ez zutenak, Europatik kanpoko arazoak, nahiz eta inoiz Europako mugatan gertatu (Alemanian bertan duela 5 urte, esateko). Europa bertako ekintza gogorrak, ezin ukatuzkoak izan arren, ez ziren sekula hain arriskugarriak. Bazterrekoak ziren, nolabait esateko. Bazterrekoak, geografian eta bestela ere: irlandarrak eta euskaldunak ziren gehientxoen mugitzen zirenak. Molestatu egiten zuten bai, baina ez askoz gehiagorik.

Baader eta bere lagunekin ez da berdin (pentsatzen dute alemanek). Demokraziaren semeak baitira hauk. Ez bazterrekoak, erdi erdikoak baino. Horrek beldurtu du jendea. Horrek, eta nazioartean aurkitu ahal izan duten elkartasunak. Kolpea han edo hemen eman, leku berera doa beti. Eta mingarria da.

Terrorismo moeta honek lehen Viet Namera, gero Palestinara begiratzen bazuen, orain Europa du begitartean.

Baader eta honen burkideen burruka nolakoa zen bada? Terrorismo hitza erabili behar den ala ez ere eztabaida daiteke. Baietzean nago, besteak beste. Niretzat, Baadertarren burrukak nihilismo politikoa du, oinharri eta jomuga objektibo bezala. Baaderek mistika bat ba du, baina mistika hori, niretzat, iraultzailearena baino gehiago erreboltatuarena da. Ba dago bien artean alderik. Albert Camus-en "L'homme revolté" gogoratzen du Baaderek. Franz Fanon-en biolentzia garbitzailea maite du Baaderek. Egoera bizigaitzaren aurkako burruka da erreboltatuarena; zerbaiten aurka, deusen alde baino areago.

Baaderek ez du jakin herriarekin bat egiten. Arraina uretan bezalatsu bizi behar omen du gizartean iraultzaileak. Ez da hemen holakorik gertatu, ez hurrik ere. Terrorismo hau, Daniel Cohn-Bendit jaunak (hots, Frantziako Maiatza 68ko buruetako bat) deklaratu duenez, politikazko desesperantzaren erarik burutuena besterik ez da. Jokabide honek Estatuaren arrazoiari arrazoi ematea lortu du, zoritxarrez. Halegia, Estatua gogortzea, indartzea, eta kontrakolpez, ezkertiarrak, sozialistak, ixileraztea.

Ezkertiarren ihizian

Legedi berezi bat martxan jarri da Alemanian. Kanpaina oso bat ere bai. Sospetxagarri diren guztien bila hasi da polizia, bide-kontroletan, etxe-miaketan; Frankfurten, ondorengo egunetan, 190 lagun izan ziren probisionalki bahituak eta galdekatuak. Frankfurt ondoan, helikoptero bidez tren bat gelditzeraino iritsi da polizia, terrorista bat han zihoala emakume batek salhatu zuela eta.

Judasen herri bilakatuko dela Alemania esan du norbaitek. Salhakuntza antolatua proposatzen ari da Gobernua. Eta hau, gure ustetan, ikaragarri arriskutsua da, zer esanik ez. Badaezpadako eta dudazko edozeinen berri poliziari emateko eskatzen zaio jendeteriari. Horretarako, terroristen argazki-robotak, ahotsa, irudia, seinale guztiak hedatzen ditu poliziak. Argazkiok edozein lekutan aurki ditzakezu: telebistan, egunkarietan, gasolindegietan, kafetegietan. Holako dei bat egin eta egun guti barru, Frankfurten bertan 15.000 salhakuntzatik gora jaso zituen poliziak, terroristaren bat ikusi zutela eta denek. Ez da sinestekoa. Baina kontu egin dezagun, ba dutela alemanek aurreko errodaia bat, telebistako Xy programa dela medio: telesaio honetan gangsterrak harrapatzeko kolaboratzea eskatzen zaio ikusleari.

Terrorismoari terrorismoaren bidez erantzun nahi izan dio aginteak. Agintearen terrorismo honen ondorioak begien bistakoak dira. Ezkertiarrak ez dira mugitzera ere ausartzen, hainbat gutiago mobilizazioak egitera. Kalean arrisku gehiegi dagoke. Aldamenekoaren, hurkoaren salhakuntza paralelo hau (sari eta guzti, gainera) noraino hel daiteke? Dagoeneko urrutiegi joana da: elkarren zaintzaile, begiratzaile dira alemanak. Eta, agian laster, bata bestearen Judas.

Ezkertiarren bizimodua gero eta zailago da. Kasu bat edo beste aipatzearren: Heinrich Böll idazle famatuak zera esan du, halegia, orain arte ez bezala, bere kontrako eskutitzak izen eta guzti hartzen dituela orain, eta bere aldekoak anonimo bezala. Oso esanahitsua. Julian Beck, "Living Theatre" sonatuaren kreatzailea, bahitua izan da. Zenbait teatrolan eta hitzaldi debekatuak izan dira, eta abar.

Eta gero, hor dago, 1975.ean emandako Berufsverbot legea, hau da, "Konstituzioaren etsaiek" ezin dutela funtzio publikorik hartu. Baina honetan da hauzia: zein da etsai? Giro horretan, nornahi dateke (eta da) terroristazaletzat edo adiskidetzat joa. Sozialismoarekiko erreferentzia bera ere, susmagarri gertatu omen da. Edozein da terroristen bidelagun bezala kontsideratua. Erreakzio zenbait ikusirik, Schmidt bera ere beldurtu egin omen da. Willy Brandt bera ere Springer prentsa kateak akusatu egin du, egin kontu.

Daniel Cohn-Bendit-ekin bat nator, zera dioenean, halegia, galtzailea, parlamentuz kanpoko oposizioa dela, faxismoaren aurka zinismora nahiz burruka harmatura jo gabe burrukatu nahi lukeena.

Bestalde, euroterrorismoari euroerrepresioa kontrajarri: hona Alemaniaren proposamena. Eta ba dirudi harekin daudela gainerako Estatuburuak. Alemaniaren gizarte-eredua hedatuko ote zaigu? Hau da gure hurrengo merkatu bateratu berria.

Joan Mari Torrealday


Oi, askatasuna!

Oraino DU eta bizi gareno DUKE zugatik eta zure alde burruka egiteak merezi. Gora zu!!!

Alemaniako gobernuaren, sozialdemokrata eta liberalen, terroristen kontrako projektua; "Le Monde Diplomatique"k dioenez, Jimmy Carter, Estatu Batuen lehendakari hautaberria, demokraziaren eta intelektual askatasunzaleen aurkako "talde trilateral"aren morroi eta partaide, ez baitira irriz hauteskundeak irabazten; Alemaniako Errepublika Demokratikoaren bulegokraten egoskorkeriak; Txileko salbaiak eta Irango nazkagarriak; gure herriaren askatasunik eza eta gizaki guzien zapalkuntza jenerala; lurraren desegintza eta biziaren herioztatzea...

Are gehiago beharko ote dugu? Biblia oso bat bete genezake, hain baita lazkor larriaren eskerga, hain baitu gogor munduak min hartzen eta dagoen libertate apurra bizkor galtzen; eta oraindik dioskute, trankil, pausakor!! Indarrik gabe, lasai! Zer dago baina galtzer? Zertara uste dute garela prest?

Berbaro hutsetzat jotzen duke hau askok, oi askatasuna, baina zein beharretan gauden zure, oraino merezi egiten du bizitzeak, sentimenduak ditugulako, zeren izenean ere gure askatasun gura gaitzei uko egiteko prest ez gaudelako, mundu lohi eta ugerdo hau, zikin eta teihu den hau garbi— eta ikusteko prest gaudelako, eragiteko prestutasuna oraino galdu ez dugulako. Nola arraio zuzenets daitezke Biermann-en bezalako kasuak Sozialismoaren izenean, askatasunaren izenean, klasegabeko gizartearen izenean? Inozo xamar garela ere baina, ez ditugu horik kapitalisten lapurretarako askatasunaren izenean onhartuko, indargeen kontrako lege terroristak, muntaketa hiltzaileak egiten dituztenen askatasunaren izenean. Jainkoak libra gaitzala horrelakoen gaitzetik.

Oi askatasuna, berriro diotsut, ez zaitugu ukatuko, zu baitzara gure bizitzerako asegurua, zu baitzara libre izateko dugun itxaropen bakarra, igurika eta espero dezakegun edertasun soila.

Andolin Eguzkitza


Prostaglandinak

Sarrera

Oso urte gutti dira, produktu hauen berri dugula. Aurkitu zirenean, hasieran, zoramenezkoa izan zen hura, uste baitzen hainbat eta hainbat gaixotasun produktu hauei esker sendatu ahal izanen zela. Bestalde, produktu hauk kantitate industrialetan egin ahal izatean, nahiko merke eta eskura errazak gertatuko zirela.

Bost urte pasatu dira harez gero eta amets zoragarri haik errealitatearekin kontrastatzeko abagadunea ukan da. Eta prostaglandinen erabilkera klinikoa oso konprometagarria azaldu da, substantziok ez baitira gorputzaren atal konkretu batera, eta hartara bakarrik, joaten, hormonak bezala. Organismoaren errai eta ehun guztietan aurkitzen diren prostaglandinon erabilkera terapeutikoak, bigarren mailako efektuen zerrenda luzatzen ikusi du.

Sorrera

Hogei karbonotako azidu graso esentzialetatik ikusten ditugu jalgitzen, ziklopentano nukleo batez eta bi adar kateez osaturik dauden prostaglandinok. Zelula mintzaren fosfolipido konplexuan, lezitinetan, aurkitu behar dugu azidu grasoen aitzindaria. Hor, zelularen mintzan, jaiotzen eta degradatzen dira, bizitza labur baten ondoren, eta inora bidaia luzerik egin gabe, prostaglandinak.

Hormonak eta prostaglandinak.

Hormonen lankide den AMP z-a (1) ez bezala, difusa daitezke prostaglandinak zelula mintzaren alde batera nahiz bestera, baina ezingo dira plasman beren aisiara ibili, biriken, gibelaren edo giltzurrunen ekipamendu entzimatikoaren hatzaparretan erori gabe. Ez dago beraz "prostaglandinemiarik".

Mezu metabolikoen zelulaz ateko bitartekoak hormonak dira, baina behin zelularen "ateetara" helduz gero, esteroide hormonek aurrera egin dezaketen arren, hormona peptidikoak eta katekolaminak atarian gelditzen dira, aurrera ezin eginik, eta han adenilziklasa aktibatuko dute. Entzima honen aktibaketa eta AMP z-aren formaketa, bat bestearen atzetik datoz, AMP z-aren egitekoa hormonaren mezua zelula barnera sartzea izanki. Baina, kontutan ukan behar da, adenilziklasaren berraktibatzea, mintzan zeharreko sodio eta kaltzio mugimenduei baldintzapetua dagoela. Eta, hain zuzen, hementxe dago prostaglandinen betekizuna: zelula mintzaren zeharreko Ca++-aren mugimendua arautuko du. Inguruan dituen kaltzio ioien (Ca++) kontzentrapenaren dependentzian dago prostaglandinen iharduna.

Estimulaketak sorterazten duen despolarizazioak, potasioa zelula barnetik irtetea eta sodioa nahiz kaltzioa barnera sartzea eragiten du; eta Na+-aren zein Ca++-aren mugimenduak prostaglandinen araupean egotean, garbi dakusagu prostaglandinen eraginari giharrizpi guztiek (leunek eta hildaskatuek) erantzutea bidezkoa dela.

Prostaglandinak, emakumearen ugal-aparatua eta haurregoztea

1- Umontzi giharraren kizkurtzapenak bizkortu egiten ditu F2a-k, baina beste prostaglandina guztiek, eta E-k bereziki, geldotu egiten dituzte kizkurtzapenen zabalera eta sarritasuna.

Hileko odoletan F2a aurkitzeak edo hileko garai horretan prostaglandina horren iharduna indartzeak, hilekoaren prozesuan F2a-k eskuhartzen duelako hipotesia aurreratzea eskatzen digu. Egoera dismenorreiko eta nahasketa digestiboen sustraian ere F2a-ren ezgaraiko ihardun bat postulatu da.

Tronpei dagokienez ere, F2a-k kizkurtzapenak eragiten ditu eta E-ak erlaxapena.

Ezaguna da ere PG E-k L. H.-tik (hormona luteinizatzailetik) progesteronarako urratsean duen eragina, nahiz eta oraindik ez den ezagutzen estrogenoen biogenesian duenik.

Bestalde, folikulinaren orma lisatuz arraulzgintza kondizionatzen duten protesasen eta kolagenasen aktibamendua faboratzen du F2a-k.

2- Ba dakigu progesteronaren maila jaistean, substantzia horrek ordurarte hertsatua eduki duen umontziaren kizkurgarritasuna abiadan jartzen dela edo hipofisatzeko oxitozinak ere eragin bera duela.

Prostaglandinei dagokienez, E eta F-aren tasa garaiak ikusten ditugu erditu behar duen emakumearen odoletan edo haurregozte berezko bat ukan duenarengan. F2a-k haurra duen umontziaren kizkurtzapenak indartzen eta bizkortzen ditu.

Oraindik ez dakiguna zera da: prostaglandinek umontzi giharraren gain bakarrik ekiten ote duten ala hipofisatzearen jokamoldea ere arautzen ote duten.

 Haurregoztea probokatzeko F2a erabili izan da, nahiz bide orokorretik (umontziaren kizkurtzapenak erakarriz, bigarren mailako erreakzio pila batekin batera), nahiz maginatik (izugarrizko kantitateak erabiliz), nahiz extraamniotiko bidetik (zunda batez, inflamazio arriskuarekin), nahiz bide intraamniotikotik (haurregozte berantiarretan).

Haurraldian, erdiketarako edo haurregozketarako prostaglandinak erabiltzeak ba ditu bere alde positibo eta negatiboak. Positiboak hemen, bigarren mailako efektuei begiratuki, batera mugatuko ditugu: prostaglandinek ez dutela kalterik umekiarentzat, ez umontzian, ez jaioberritan. Negatiboei gagozkienez, umontziaren kirkurtzapenak ezin kontrola daitezke eta bigarren mailako erreakziorik ere sorteraz dezakete: digestio konplikazioak (goragaleak, okaegiteak, diarrea, abdomineko minak), biriketakoak (bronkospasmoak, disnea asmatiformeak), neurologikoak (zefaleak, dardara krisialdiak, EEG-aren aldaketak), hotzikara, sukarra, flebitisa etab.

Giltzurrunak eta arteri tentsioa

Giltzurrunen muinaldeak PG A eta E asko du. PG A-k giltzurrun cortexeko odol fluxua gehitzen du, odolhodi barneko tentsioa beheratuz. A eta E-k giltzurrunetako zirkulapena eta aldosteronaren sekretapena aldatu gabe, sodioaren sekretapena induzi dezakete.

Arnasketa aparatuan

PG F-ak bronkio herstura eta disnea asmatiformea eragiten dituen bitartean, PG E-k bronkio gihartzaren erlaxapena darakar.

PG-k asman zerikusirik ba dukeela pentsaturik, entseiu terapeutikoak egin dira eta ondoren onik lortu ere bai, baina epe laburrekoak izan dira, prostaglandinen degradazio bizkor batetarako prestatuak baitaude birikak.

 Nerbio Sistema Zentralean lehen esan bezala, EEG-aren aldaketak eta dardara krisialdiak.

 Gluzido eta Lipidoen metabolismoan PG E-ak intsulinaren antzeko efektua du, gluzidoen kateak triglizeridoetan eta glikogenoan itsats eraziz eta ondoren antilipolitikoa ukanez.

 Handitze-inflamazioari buruz PG E eta F-k eritema esperimentala sorterazten dute, ilehodien iragazkortasuna gehitzen, hodidilatapena eragiten, mastozitoak eta histamina askatzen. Inflamazioari buruz esperimentaketaz ikusi dena, prostaglandinen bidez eramandako tratamenduan berretsi da, handidurazko konplikazioak agertzean. Ba dakigu, jakin, aspirinaren, indometazinaren eta fenilbutazonaren antzeko antinflamatorioek prostaglandina-sintetasa inhibitzen dutela.

Azkenik, bukatzeko, plaketen elkarketa galeraziz, odolbilketaren lehen haroa eragozten dute.

Honenbestez, eta edonork deduzi dezakeenez, ez dira prostaglandinak gaixotasun guztietatik aska gaitzaketen sendagai mirakuiluzkoak berehalakoan bihurtuko. Gaur gaurkoz, beren toki espezifikotik ateraz gero, ezin kontrola ditzakegu eta desoreka iturri gertatzen dira. Beren tokian dagokien eginkizuna, aldiz, sakon sakona da eta osasunerako noraezekoa.

KLAUDIO

(Bordeleko Hôpital Pellegrin-eko Hormonologi Laborategitik.

G. Mayer Irakaslea)

Oharra: Ca ezinbestekoa da aktomiosina konplexua formatzeko.

(1) AMPz = AMP ziklikoa.


Anaitasunan idatzi "euskal kazetaritzari buruz"

Ni periodista ofiziala, profesionala eta errealista banintz, ez nintzateke ANAITASUNAn idaztera itzuliko. Periodista ofizialak, edo profesionalak, edo errealistak (edo eta hirurak batera direnak) oso zuhurrak izaten dira, eta oso kontuz ibiltzen, egunkari edo astekari seguru, konpetente eta efikazia ez den edozeinetan beren buruak nahasteko.

Periodista ofizialak, edo eta profesionalak, edo eta errealistak (edo eta hirurak batera direnak) ez zaizkizu gainbehera datorren nahiz kinka larrian dagoen periodismo entrepresa batetara sartuko.

Eta ezaguna da euskarazko astekariak etengabeko krisialdian daudela. Hala entzuten da edozein bazterretan. Hala sumatu dut nik neuk, ANAITASUNAri dagokionez, hain berandu iristen baitzait aspalditik. Halaxe aitortu didate ANAITASUNAko zuzendaritzakoek ere. Eta guzti hau diot, nahiz eta ANAITASUNA ez izan astekaria hamabostkaria baizik.

Hala ere, Zeruko Argiak nahiz ANAITASUNAk aurrera irauten dute, eta euskarazko aldizkari bezala irautea erabaki dute.

Eta ni nola ez naizen periodista ofiziala, ez profesionala, eta... nonbait ez errealista ere, ANAITASUNAn idaztera itzultzen naiz.

Euskarazko aldizkariak, astekariak (bereziki Zeruko Argia eta ANAITASUNA (!); Herria ere bai?) etengabeko krisialdian bizi izan dira. Eta luzarorakoa dute nonbait krisialdi hau. Edo honelakoren bat. Baina krisialdi honek ez ditu beti sustrai berdinak. Zehazki esateko, hiru krisialdi ezberdin sumatzen ditut nik, azken urteotako historian.

Ofizialismoaren garaia eta erresistentziaren harma

Diktadurak bere lege ofiziala jarria zuen; eta baita bere hizkuntza ofiziala ere. Erdara zen. Euskara ez zen ofiziala, eta euskarazko aldizkari bat argitaratzea ofizialismotik kanpo gelditzen zen. Periodista ofiziala, profesional eta errealista bat nekez hasiko zitzaizun euskal periodismoa egiten.

Erdararen ofizialtasunak eta euskararen ofizialtasunik ezak halabeharrezko krisialdira kondenatzen zituen euskarazko astekariak. Normala erdaraz eta erdarazko (edo eta bi hizkuntzazko) aldizkaritan idaztea zen; euskarazko aldizkariak anormalak ziren.

Eta ez zuten segurtasunik ematen, ofizialtasunak segurtasuna ematen baitu, normaltasun politiko horretan. Horregatik euskarazko astekariak segurtasunik gabe bizi ziren.

Garai hartan ofizialismoak irentsiak zituen Euskal Herriko periodista ofizial, profesional eta errealista gehienak, ia denak. Eta ofizialismo horren legeak onhartu ez zituztenak ia-ia ez ziren ausartu ere egiten beren buruak periodistatzat ematen.

Baina garai hartan euskarazko astekariek ba zuten bizitzeko arrazoirik, etengabeko krisialdi horren barnean: erresistentzia zen arrazoi hori. Erdararen ofizialismoaren kontra, euskarazko astekariak erresistentziaren sinbolo eta harma gertatzen ziren. Ba zen, noski, bizitzeko eta irauteko arrazoirik asko.

Sinbolo eta harma makalak eta eskasak ziren, baina baliozkoak erresistentziari eusteko.

Profesionalismoaren garaia eta anaia pobreen burruka

Ez da berri-berria euskal artisten, periodisten, idazleen eta kulturgileen profesionalismorako ametsa: hau da, beren kulturazko lanetik bizi nahia. Periodismoa, idazletza, artea, kultura, bizibide bihurtzeko irrika. Normaltasun ekonomikoa eskatzen zuen guzti honek.

Azken bi urteotan profesionalismoaren izenean astekari berriak sortu dira Euskal Herrian. Profesionalismoaren oinharria autofinantzaketa eta autojustifikazioa dira: euskal aldizkariek beren buruak ordaindu behar zituzten; eta bai astekarien beraien balioagatik.

Baina profesionalismo honen lege nagusia konpetentzia da (erdaratiko hitz honen bi esanahietan, hain zuzen ere: lehiaketa esanahian eta trebetasun esanahian). Baina lehiaketaren zelaian, eta nahiz eta oso "profesionalak" izan, astekari berrietarik bat bakarra gelditu dela uste dut.

Garai honetan euskarazko astekariek beren bekatuan, anormaltasunean iraun zuten. Krisialdi berrian, horien errua profesionalak ez izatea zen. Euskara hutsa ezin zitekeen profesionalismoaren legetan sar. Eta hortxe iraun zuten beren krisialdi berrian; baina iraun egin zuten euskarazko astekari bezala (edo hamabostkari bezala).

Ofizilismoaren garaian, prentsa ofizialak (erdarazkoak) ahantzi egiten zituen euskarazko astekariak, baztertu. Profesionalismoaren garaian, Euskal Herriko astekari berriak errukitu egin izan dira profesionalismorako balio ez duen euskararekin eta profesionalak ez diren euskal astekariekin. Euskara eta euskal astekariak lagundu beharreko eta profesionalismoaren burrukan eta lehiaketaren (konpetentziaren) zelaian arriskatu ezineko anaia pobreak ziren, aldizkari berri profesionalentzat.

Erresistentziaren garai "heroikoetarako" balio zuten euskarazko aldizkariek, baina profesionalismoaren garai berrietarako anakronikoak gertatzen ziren nonbait. Garai heroikoetako hondartzat jotzen ziren. Baina euskarazko astekariek beren erresistentzian iraun zuten, profesionalismo berriak ezarri nahi zituen lege eta normaltasun berrien kontra.

Profesionalismoak, ofizialismoak irentsi gabeko lagun asko irentsi zuen. Euskarazko astekariek (Zeruko Argiak eta Anaitasunak bereziki) egoera berrirako beren azaleko eta sakoneko berrikuntza egin nahi izan zuten. Baina ez ziren "erdarazko" profesionalismoaren liluran erori. Burruka berrian iraun zuten.

Errealismoaren garaia eta testigutzaren indarra

Ekainaren 15a pasa da. Eta ordutik hona errealismoaren garaia predikatzen ari da euskaldun asko.

Garai honetan bi egunkari agertu dira Euskal Herrian. Errealismoaren izenean, erdarazkoak dira; eta errealismoaren izenean euskara ere integratu dute, errealismoak onhartzen duen neurritan eta eratan, hain zuzen ere. Normaltasun sozialean jokatu nahi dute egunkari berriok —ustez—; eta normaltasun sozial horrek zera erakusten du: euskarazkoa nekez irakurtzen dela eta euskal irakurleak gutxi garela.

Errealismoaren lege nagusia efikazia da. Efikaziaren izenean politika erreala edo "erreal politika" egin nahi da, zenbaiten ustez. Eta errealismoaren lege hori onhartzen ez dutenak talde testimonialak omen dira; testigutzaren politika —politikarik eza, ustez— egiten ari dira.

Errealismoak ezarri nahi duen normaltasun berri honetan sartzen ez diren euskarazko aldizkariak ere testimonialak dira nonbait. Eta iruditzen zaidanez, beren hirugarren krisialdi honetan, testigu izatea onhartu dute. Baina ez testigu-ikusle bakarrik; eta bai testigu-profeta, errealismoaren lilura etengabe salhatzeko eta gainditzeko. Berriz ere erresistentzian irauten dute euskarazko astekariek, errealismo berriak ezarri nahi duen legearen kontra.

Garai berri honetan, errealismoaren erreinutik kanpo gelditzen dira nonbait euskarazko aldizkariak: errealistak ez izatea da, nonbait horien errua. Hala ere, horien testigutza profetikoa haintzakotzat hartu beharrean gertatzen direla dirudi, bai prentsa "errealista" berria, bai "erreal politika" nahiz "testimonial politika" Euskal Herrian egin nahi dutenak.

Euskarazko astekarien (eta beste aldizkarien) efikazia ikustekoa da oraindik, errealismoaren erreinu berrian. Testigutzan irauten dute, eta irauteko asmotan dira.

Bitartean, ofizialismoak eta profesionalismoak irentsi ez zituen hainbat lagun errealismoak irentsi ditu. Eta euskarazko astekariak inoiz baino bakartiago eta txikiago gelditu dira beren etxe honetan.

Euskararen egoera politikoa, ekonomikoa eta sozio-kulturala anormalak izan ziren ofizialismoaren garaian, anormalak izan dira profesionalismoaren garaian, eta anormalak dira errealismoaren garaian. Horregatik, anormaltasun hori etengabe salhatuz, gainditzen saiatzen dira euskarazko astekariak (eta euskarazko beste aldizkariak).

Idatziak idatzi, ez nuke arinkeriaz juzkatu nahi haien profesionalismoa eta hauen errealismoa, euskal prentsa egitean eta euskara erabiltzean; ez eta horien arrazoiak ukatu edo baliogabetu, edo eta jokabidea kondenatu nahi; baina bai horien arriskua salhatu nahi dut, horien eta euskara hutsezko prentsaren arteko dialektikari tinko eusten ez bazaio, eta euskarazko astekariak berauen makalean eta "anormaltasunean" hiltzen uzten badira.

...Dena dela, eta guzti honegatik, eta periodista ofiziala, profesionala eta errealista ez naizelako, eta, seguru asko, periodista ere ez naizelako, ANAITASUNAn idaztera itzultzen naiz. Ahal dudan neurritxoan.

Paulo Agirrebaltzategi


Euskara eta politik alderdiak (V)

Euskal sloganen dynamika politikoa

Gogoan daukat oraino inflexio puntu hori noiz gertatu zen„ Franco guztiahalduna bizirik zegoen oraindik. Bilbon, manifestaldi haundienen hiriburuan, libertad, libertad oihukatzen zen orduan. Unibertsitari abertzaleon artean baina, haren ordez, Askatasuna, Askatasuna hasi ginen behin. Hargatik PCEkoek —sasoi hartan PSOE historiko eta historiagabearen arteko ezberdintasunik inork ez zuen egiten, bata eta bestea izanik gabeko izenak izanik!— aurpegi txarra jartzen ziguten. Baina hala ere gu aurrera. Urte gutti dira oraino: bospasei. Gaur Euskal Herriko kaleetan euskal Askatasunak behialako erdal Libertad hari kendu dio tokia. Aurrerapauso nabaria, eta ez hizkuntzagatik soilki, berorrekin batera adierazten den nazional aukeragatik beragatik ere bai.

Lehen erdaraz oihukatzen genituenak orain, gero eta gehiago, euskaraz ditugu, soil soilki. Baina ba da gehiago. Euskaraz slogan originalak ere sortu ditugu: presoak kalera, Apala askatu; ETA, Herria zurekin; Autonomia ez, Independentzia bai... eta berauk ez dira behin ere erdaratzen. Erdaldunak ere euskaraz errepikatzen dituzte, eta pintadetan, bai hemen bai Madrilen, Bartzelonan zein Galizian, Presoak kalera azaltzen da, eta ez, prezeski, euskaldunek eginik. Yankee go home bezain internazionala dugu, espainol Estatuaren barrutian bederen, euskal slogan hori.

Alderdien euskal izenez zerbait

Alderdi berri guztiek beren izena euskaraz jartzen dute aspaldion: ETA, HAS, EHAS, LAIA, ESB, EIA, ESEI, HASI... eta horrek lehenago berenak erdara hutsez erabiltzen zituztenak nolabait euskaraz jartzera bultzatu ditu: MCE/EMK, PCE/EAK, PNV/EAJ... (1). Horietan, ordea, fikzio nabaria dago. Hizkuntza bizian azken ordurako (edo eta ganbarako traste zaharren kutxatiko) itzulpenok ez dira inoiz erabiltzen. Jendeak euskaraz honelakorik esaten du, soil-soilki: PCEkoek esan dute, PNVek ezetz dio, hori MCEkoa da. Izen bakoitzak bere historia du, eta lehen aurpegia erdaraz agertu zutenak alferrik ari zaizkigu orain beltza zuri egin nahian.

Aldizkarien izenak ere bide beretik joan dira: BERRIAK, GARAIA, DEIA, EGIN...

Euskararen indarra gero eta nabariagoa izan da guztiotan. Euskarazko originalak bultzaturik, zenbait izen, oraintsu arte gure politikari baskoen idazlanetan erabat baztertuak izan direnak, euskaldun, Euskal Herria, kasu, berriz ere hasi dira sartzen. Egia da aspaldion kanpaina systematiko bat hasi dela nabaritzen PNVekoen artean berorien kontra (DEIAn, kasu), baina gaur egun herriaren hitza eta aitortezinezko alderdikeriarena, guttienez, batera ageri dira.

Symptomatikoa da

Euskal slogan berrien indarrak, dirudienez, min ematen die zenbaitzuri. Alde batetik, bistan da, erdaltzaleei, eta bestetik 36.eko gerrararte euskaltzaletasunaren exklusiba zeukatenei. Horrela Pentsarazten gaitu, kasu, Eli Galdos Zubiak (del Euzkadi Buru Batzar del Partido Nacionalista Vasco-k, nor den jakin dezagun!) DEIAn (77/9/13an) jantzitakoak: "Los que insultaban, lanzaban piedras y llamaban asesinos y traidores a personas de toda edad y condición que clamaban ordenadamente por la liberación de hijos de Euzkadi, (la mayoría de ETA) que aun sufren cárcel o exilio, eran paradójicamente individuos que alternaban sus insultos con el FAMOSO SLOGAN PUBLICITARIO PREFABRICADO "ETA herria zurekin" (Guk azpimarratua). Antza denez, PNVek ez beste dauka sloganak egiteko eskubide bakarra hemen, berorik, gainera, prefabrikatuak gabe, perretxikoen antzera berez sortuak izanik. Txakurrak non mina, han mihia.

Euskal ezkerraren hizkuntz akatsak

Orain arte euskal ezkerraz esandakoek triumphalismo memelo batetara eraman gaitzakete, baldin eta txanponaren beste aldea, ez hain distiratsua, erakuts ez badezagu.

Euskal Ezkerraren inguruko kultur mugimenduak, egia da, lan handia egin du gure herri kultura bultzatzean, baina egia ere ba da, paradoxikoki, euskal ezkerraren politikariengan euskal ezkerrak sorterazitako kultur giro horrek eragin oso exkasa ukan duela orain arte.

Euskara, militanteen arteko diziplinaz, ikastea ez da ia inoiz bete. Eperik ezaz, edozein atxakiaz euskararekiko beharkia atzeratuz joan da beti, obligazio hori sine die geldituz.

Euskaraz egiten duten politikariek hura etxean ikasia dute eta ia erabat analphabetoak ditugu geure hizkuntzan. Pamphletoetarako artikuluak, euskaldunak izan arren, gehienetan erdaraz idazten dituzte, geroago, betiko esklabuei, itzul ditzaten emanez. Izen propioak eurrez aipa nitzake. Ondorioz, euskal ezkerraren lexiko politiko berezia erdaraz burutu eta moldatua izan da erabat. Horrela, pueblo trabajador vasco beti holaxe irakurri dugu, baina euskaraz pamphleto batetik bestera aldatu egiten da, itzultzailea zein den.

Hasieran, egia da, Krutwigen eraginaz, euskal lexiko aski egokia hasi zela erabiltzen: plastikolari, biltzar ttipia, hirurko, iraultza... baina laster hura bazterturik gelditu zen. Zenbait euskal pentsalariren joera euskaltzaleei ezker politikariek egindako "burjes" eta "kulturalista" zirelako akusazioak, berauen euskal kulturarik eza zuritzeko atxakia lotsagarritzat hartu beharko genituzke.

ETA barruko hizketa berezia, euskarari arlo horretan balio berriak eskain ziezazkiona, erdarazkoa izan da beti: la lata (= "multikopista"), la pipa (= "pistola") la guitarra (= "metraileta")...; ekinkideen ezizenek, halaber, jabeak euskaldunak ez baizik eta Sierra Morenako bandoleroak zirela pentsaraz zezaketen: El Cristo, El Rubio, Pelos, el Vasco (?!), el Calvo, Pirri, los tres mosqueteros, Pertur... Egia da, bai, berorien artean ba zirela euskal goitizena zutenak ere: Argala, Ezkerra, Txikia, Beltza, Plastikobegi, Ondarru, Inpernu..., eta Herri osoaren usarioan euskal izenen bat ere (txakurrak...) geratu direla, baina horik ohorezko edo, txarrago dena, kasualitatezko salbuespenak dira, horretan pentsatu gabe gertatuak. Guztiongatik, nik neuk, edo edozein euskal idazlek, eragozpen haundiagoak izango lituzke ETAri buruzko nobela bat euskaraz idaztean, erdaldun batek erdaraz idaztean baino. Beronek lexiko "egiazkoa" bere hizkuntzan bailuke, guk ez bezala.

Beti erdaraz egite horrek bere ondorio larriak izan ditu maiz; izan ere, poliziak oso errax irakur zitzaketen, eta egiten zituen, ETAkoen eskribu ageri eta sekretuak. Bat baino gehiago, erdarari esker, hots, harrapatuei aurkituriko paper erdaraz idatziengatik, erori izan da, gainera.

Ezker hiztegirik eza

Originalak erdaraz idaztean euskara ez da batere landu politikan. Itzulita ematen ziren euskarazko textuak, egia esan, faltsuak ziren, legea egiteko eginak, eta ez irakurle euskaldunak aise ulertuak izateko. Batailako eta presakako itzulpenak ziren, zehaztasunik gabeak, guti gora behera moldatuak. Itzultzaileak, bestalde, eredu egokirik ez izatean, lehenagoko pamphletoetan oinharritzen ziren, hots, PNVek aintzina nola edo hala egindakoetan. Eta honela, o gauza herrigarria!, erdaraz irakurtzean euskal eskuina eta ezkerraren artean formaz eta terminologiaz diferentzia nabaria zegoen artean, euskaraz ordea, ez zen inolako alderik; hor dena zen Euzkadi, dena askatasuna, dena aberria...

PNVek lau haizetara aldarrikaturiko kontsignak berak, paradoxaz, euskal ezkerrak errepikatzen zituen, horrela patentearen jabeari jokoa eginez. Eta joko burugabe horren ondorioak oraintsu ikusi ditugu. Guztiok oihukatu dugu askatu eta askatasuna, baina gaur ageri denez, batzuk horrekin "independentzia" adierazi nahi genuen artean, beste batzuk, aldiz, nola edo halako "autonomia" besterik ez zuen aldarrikatzen. Homonymia hori guztiz arriskugarria da alderdi edo talde baten egiazko helburu bereziak azaltzeko. Baina eskuinari homonymia hori ezin hobeki etorri zaio, bai horixe, horrela beraren slogana ez baliatzean besteek dohaineko publizitatea egiten baitzioten. Horixe izan da, orain arte, ezkerrak eskuinari ordaindu behar ukan dion copy right absurdua.

Eta akats honetaz konturatu beharrean ba dira oraindik euskal (?) politikari ezkertiar batzu lehengoan dirautenak. Beste batzuk, aldiz, oztopoaz konturaturik, euskaraz zerbait serio eta ongi pentsatu asmatu ordez, gora Euskadi independiente moduko perla hybridoak atera dizkigute. Beren erdal itsutasunak merezi dutena ekarriko die denboraz.

Euskal politikaria izateko baldintzak

Gure kulturaren arloan pauso haundiak emanak ditugu euskaldunok, baina oraindik gehiago emateko ditugu. Gizarte normal bat izatea dateke, oraingoz, helbururik hurbilena. Hizkuntzaz normala, kulturaz normala, sozial tratutan normala, politikoki normala. Izan ere, gure Herria normaltzen ez den, dugun, artean, ez dukegu euskaldunok zereginik.

Eta zer da, zer litzateke, harira etorrita,euskal politikari normala izatea? Politikariak, Euskal Herrian bereziki, kharisma berezia du aldean. Edozein da politikari, politikari izateko, hain zuzen, hemen inolako estudio, titulu edo praktikarik eskatzen ez delako. "Ni politikaria naiz" esatea asko da horretarako.

Beno, ez duk hain xinplea. Politikaz zerbait irakurria izan behar da, Machiavelo, Malthus, Napoleon, Marx, Hitler, Mao, Marcuse eta Pinochet, osorik irakurri ez baditugu ere, nortsu izan diren jakitea bai, gutienez. Gaizki ez geratzeko, behinik behin. Sumatzen jakitea ere eska dakieke. Publikoki mintzatzen jakitea ere bai, noizik behinean meetingen bat egiteko. Betokerrak, besamotzak eta ezinesanekoak, gainera, kontu esthetikoengatik, automatikoki bazterturik gelditzen dira. Izan ere, konkurrentkideen artean Nadiusko dago eta...

Kultura pixkat ere bai, jakina. Esaterako Dostoiesky Julius Caesar-en lehengusua ez zela jakitea edo Don Kixotek Cervantes idatzi ez zuela, Kristobal Colombek Amerikara heltzean coca-cola fabrika bat jarri ez zuela, Champagnerik onena Holandakoa ez dela, Kaviarra Angolako basoetan hazten den zuhaitz batetik ateratzen ez dela, etab. Baldintza guztiok, politikari comme il faut bat izateko beharrezkoak direla bistan da.

Euskal politikaria izateko, gainera, noski, euskal ezaugarri propioak eta berauen problemak ezagutu beharra dagoke, hizkuntza, bizimodua, kultura, ekonomia, historia, etab. A, hori ez! Hori arrazismoa da —diosku PSOEk. Hori kulturalismo burjesa duk —dioskute ezkertiarrek. Euskara oso hizkuntza garbia da politika moduko istilu zikinetan lohitzeko —diosku PNVek. Nork esan dezake euskal politikaria izateko euskara beharrezkoa dela? —diote guztiek batera. Espainol, katalan, frantses edo portugaldar politikaria izateko bertako hizkuntzak jakitea ezinbestekoa dela uste duen edozeinek. Zentzu komun pixkat duen edozein zorok, halegia.

Xabier KINTANA

(1) Euzko Alderdi Jeltzalia Sabino Aranak berak asmatua da, baina ez da jendartean inoiz ezagunegia izan. Askok EAJ ikustean emisoraren bat ote zen galdetzen zuten. Honetaz anekdota pitxi bat gertatua da Bermeon azken hauteskundeen garaian. Arrantzale batek, PNV-EAJ elkarrekin zekartzan propaganda kartela ikustean, beste bati honela esan zion (omenik gabe): Txo, PNVekoak ez dabela inogaz ibili gura esaten dabe, eta hor EAJkoakaz bat eginda agertzen dira ba!

EAJ izena, eta entzuteko belarridunak bentzu!, euskaraz gaizki dago eta konfesionala da erabat, baina hala ere mantendu nahi ukan dute jelkideek. Jakin, badakigu PNVeko gazte burutsu batek Iruineko batzarrean Euskal Alderdi Abertzalea izen egokiagoa jartzeko proposamendua egin nahi zuela, baina dirudienez... honetan ere sursum corda.


Literatur sariketak: Urantzuko Hiria 1977

Zazpigarren aldiz dagoeneko, Urriaren 29an "Urantzuko Hiria" sariak edo, ezagunago, "Premios Ciudad de Irún" ezagutzera eman ziren. Kultur ekintza bezala planteiaturik daude. Gipuzkoako Aurrezki Kutxak antolatu eta finantzatzen ditu. Abad jaunaren eskutik doa dena.

Lehendabiziko aldiz ezagutu ahal izan ditut barnetik sari hauk. Sariketa hau dela eta, horregatik, bi gauza azpimarratu nahi nituzke: bat, sariketari ematen zaion ingurua: jende asko biltzen da, eta horrela bestela nekez ikus daitekeen literatur gizonik franko topatzen duzu han; mahaineko sariemaileen artean, esateko. Eta bigarren gauza onuragarria —garrantzizkoena, noski— sarien dirutza. Euskal Herriko saririk oparoenak dira, oso har bederen. Euskal lanentzako milioi erditik gora: 575.000 prezeski.

Milioi pasa pezeta banatu zen Urriaren 29an. Erdia, erdarazko lanentzat, eta beste erdia euskarazkoentzat. Hiru literatur alor izan dira sarituak: elaberria, saiakera eta olerkia. Lehenengoa 250.000 pezetatakoa da, 200.000koa bigarrena, eta 125.000koa poesia. Nobelan G. Garateren "Esku leuna" izan zen saritua; saioan, J. Azurmendiren "Mirande eta Kristautasuna" eta olerkian J.A. Irigarairen "Kondairaren ihauterian".

Gauza batek utzi nau harriturik. Euskal idazle gutik hartu duela parte, halegia. Kontu egin dezagun erdal lanak —Estatu espainol osotik etorriak, bestalde— askoz ere ugariagoak izan direla: 77 idazlan erdal lehiaketarako, eta 10 bakarrik euskaraz. Diruz sariak berdin berdinak dira batean zein bestean. Zer gertatzen da? Idazlea ez da enteratu, nonbait. Agian, sari bat edo beste sortu berriak zirelako. Bestela ez da posible, nobelan lan bat bakarrik aurkeztea Irungo honetan, eta 6 bat edo Txomin Agirrerenean, kondizio bertsutan. Saiakeran ere bi bakarrik presentatu dira. Non da euskal idazleen emankortasuna eta literatur ekarria?

Azken hilabete hau literatur saritan oparoa izan da, inoiz baino gehiago: bertsotan, olerkian, nobelan, saiaeran. Honek tentazio bat eman diezaioke idazleari: eskuartean dituen beste lan batzu alde batera uztea, eta sariketarako lanak prestatzea. Dirua eskuratzen baita hor. Textuak, oinarrizko lanak, hiztegiak eta holakoak elkar lanean egin beharrean, zergatik ez sariak irabaztera jo, esango du berekiko norbaitek. Euskal kulturarentzat, ordea, ba dakigu zer den garrantzizkoagoa.

Hala ere, literatur sariketa hauk premiazkotzat jotzen ditut. Literaturaren defentsa dira, euskal literatura bere sortzailetasunean gordetzeko lekune guti horietako bat.

joan altzibar


Teatroa. Fabrika berria

Lehengo larunbatean Lourdes Iriondoren gidaritzapean Bilbon "Fabrika Berria" estreinatu zuten Buruntza taldekoek.

Humorez eta bizitasunez beterik daukagun obra honek oraingo eta orduko lur espekulazioaz, herri baten arazo zehatzaren bidez, jabetzen du. Terreno batzu, nola eta zer medioz saltzen diren jakinerazten ditu. Presentatzen diguten kasua sinple eta bizia da. Ez horregatik azalezkoa. Ekintza osoa herri ezezagun batetan edo nahiago badugu herri ezagun askotan, Gipuzkoan noski, desarroilatzen da. Pertsonaia guztiak nahiz eta topikoki bereziturik egonez, erabiltzen duten joskera dela edo eta benetako herritar kutsu eta humorea dela, ongi eta orijinaltasunez beterik agertzen dira. Alkatea, orain dela 20 urtetako egiazko alkate bat da. Diruzalea, sinplea, harroa, zerrizikina eta batzutan arlotea. Pertsonaien artean hobeago karakterizaturik geratzen dena. Pasarte batzu erdaraz agertzen dira. Atzerritarrek eta maistrak euskararen berririk ez dutelako.

Hizkuntzaren aldetik, euskara bizia erabiltzen da, gaurko gipuzkera, arruntkerian erori gabe maila egoki baten ekilibrioa gordetzen da, ongi neurtua eta aurrez ongi prestatua. Dekoratuak nahiz eta pobre, ongi eta egokiro moldaturik zeuden. Pena da benetan Euskal Teatroak duen subentziorik eza!

Guri gehien gustatu zitzaiguna zera zen, obraren bidez, azken ekitaldiaren bukaeran gaurko udal hauteskundeetarako egiten den oharra eta deia. Obra guztiaren arauera loturik geratzen dena.


"Gizona gizon hutsa da"

Orain dela urte batzu "euskal" gizonari kantatzea zen nire barneko nahia.

Gaur, berriz, euskal "gizonari" kantatu nahi diot. Eta ez, jadanik, Euskal Herrian gizon guztiak "euskal"dunak ditugulako; ez, hau horrela ez dela aitortu behar dut. Baina "euskal" gizonari kantatzeko gogoa beste norbaitek izango duela uste dut. Nik, neure subjektibitatean ateak irekiz gizonari kantatu nahi diot, Euskadin gaur, gaurko gizonari.

Subjektibitatea nioen, gaizki diot. Objektiboa guztiz objektiboa baita gaurko Euskadiko gizonaren bizimodu kaskarra. Nork agindu ote zigun hemen jaiotzea!!

Baina Anttonek dioen bezala: "hemen naiz ni, atzoko eta biharko nire herri honetan". Eta herri honetakoa naizelako nauzue gaur hain objektibo-existentzialista hotza... Ez baita txantxetakoa bizitzeko tokatu zaigun garai hau, gizon-emakume legez bizitzea!

Aurreneko ale batetan "gizon" argiren batek zera zioen: gaur politikan jende asko erretzen ari baldin bada, oreka pertsonalaren faltagatik dela. Arrazoi galanta hauxe, gero!

Euskal Herria, gaur mundu guztiak erreibindikatzen duen herri berbera, desorekatuta dago!! Nitarik hasi eta azkenengo txakurrarekin amaiturik.

Eta nik diot: desoreka orokor hau orekatzen ez baldin badugu eraikitzen ari garen erlojuzko lehergailu hau lehertu egingo da. "Gure herriaren bihotza molotov koktel bat bezala hautsi eta lehertuko da".

Proposamen zehatzen bat egin beharko dut dena hitz hutsetan ez dadin geldi! Eta hauxe da; has gaitezen desorekatu guziok ahal den eta lasterren gure subjektibitate guztiz objektiboa idazten. Atera dezagun geure barnetik gu samintzen gaituzten maite-herri-langile... min guztiak eta jar ditzagun paper zurian. Edo "beltzean". Edozein kolore onhartu behar baita gaurko gizartearen batzarre honetan. Ni, neu, hasi naiz neurea egiten. Beste bat arte.

MENDI ZABALBAT


Durangon euskal izateari kantatu genion

Oteizaren mailuak Arantzazuko puntan harriak landu bazituen ere, Gandiagaren lumak eta ahotsak euskal gizon berri eta Euskal Herriaren barne-egiturak azaltzen ditu. Nork esango luke; eta hain lan seriorako pilotaleku bat aukeratzen da. Euskal poesiarentzat nonbait tokirik egokiena. Ez, ez zen butaka erosorik, ez eta akustika kondizio nabarmenegirik ere. Baina behar ere ez. Han lanerako bildu ginen. Jendea lanean aritu zen. Euskaldunok jadanik ba dakigu zer nolako kondizioak dituen gure lanak. Kondizioek ez gaituzte mugatzen, egin beharrak, kanta beharrak bultzatzen gaitu. Nor galtzera doakigun izatearen, nor galtzen goazen Herriaren kantuak iraultzen gaitu. Izan beharrak eta ezin izateak. Geuk ere, munduko beste gizaki guztiak bezalaxe, bizi beharra sentitzen dugu.

Tiroen hots iluna eta hil beharraren garrasia entzutera, sentitzera behartuak izan garenok, poesiaren erritmurako gorrak izango ginela norbaitek baino gehiagok esango zuen. Agian, ez gaituzte ezagutzen. Pinpilinpauxa gorrizkek lore horien gainean egiten dituzten hegazkaden arauera baditu bere bihotzeko taupadak, are guttiago ezagutuko gaitu, estrainioagoak izango gatzaizkio. Ez dut dudarik.

Herri zahar berri honek kanta beharra sentitzen du, bere barne erritmua azaldu beharra. Kanta goxoa eta garratza, erritmu arina eta gorria. Eta noizbehinka milaka biltzen gara gure suaren irakina ez dadin itzal. Azken bolada honetan, suaren anaia den haize mantso, epel eta ezko bat ari da gure artean. itzaliko gaituen anaia etsaia baita.

Bizkarrean makilakadak, kaleetan kepotoak eta hodei grisen euri zaparradak atertu gabe ari diren artean, bai arrotz eta etxeko bunker guztiak apurturik, zorionez, poesia, sahats artean sortzen den lili gorriaren harrotasun guztiarekin azaltzen zaigu. Ba du meriturik.

Askok eta sarritan desbideratu gaituzte. Demagogiak nazka ematen digu. Ez dugu sinesten ez galantengan ez hitz iturrietan. Eguneroko kutsadurari aurpegia ematen dionagan jarriko dugu esperantza. Aurpegia eman, baina karatula gabe. Azken aldi honetan tragedia greko gehiegi dakusagu. Itxurazko izate baten tragediak. Harma bakar bat baino ez dugu. Askorentzat ahaztua, beste askorentzat izatearen oinharri bakarra, euskalduntasuna. Eta Durangon, erritmuz poetek, doinuz kantariek, geure euskal funtsa azaldu ziguten, azaldu genuen. Bidea hasi dugu, ba da esperantza.

JONEK


Xabier Amuriza bertsolaria koblakari

Patxi Zabaletak —Gorka Trintxerpe ezizen literariaz— bere azken liburu biekin egin duen legez, Xabier Amurizak ere honako honetan liburu bat argitaratu du inongo argitaletxeren laguntzarik gabe. Zergatik datekeen ez dakit, gure egoera lazkarri, txiro eta errumesaren beste zeinu eta zantzu bat izan daitekeela bai ordea susmatu. Gure literaturaren pobrezia estrukturalaren beste ezaugarri bat. "Menditik mundura" dauka izena liburuak, lau zati txikitan izan ezik puntuz eta bertsoz plazaratu zaiguna. Ederto baino edertoago argitaratua. Molderrakuntzarik gabe, apain, oso ondo josia eta oso paper atseginez. Agian honek ere neurria eman liezaguke, gure argitarazioen heina erakuts, zeren euskal argitaletxe gehienek ateratako liburuetan asko eta asko arras txarto moldaturik baitatoz, eta orobat oso materiale baldar eta, txirotasunak txirotasun, irakurlearenganako oso begirune guti adierazten duten moduez.

Liburua ireki eta hartzen den lehen zauzkadaz, euskara maisukiro darabilen egile baten aurrean gaudela konturatzen gara, hizkuntza aberats, polit, trebe, indartsu eta adierazkortasunez betea darabilen autorea dugula geure aitzinean. Askori sortzen zaigun hizkera elbarritua ez den mintzaira, ez eta erdarakadaz betea, aspalditxo honetan, salbuespenak salbuespen, euskal prentsa eta literaturan erdi nagusitu den merdara pobrea.

Bi partetan dago liburua partitua, puntu librez egindako poemak lehena eta euskal bertso klasikoez osaturiko bigarrena. Bertsokera, haatik, guztiz da herritarra atal bietan, lehenengoan, bertsoak bigarrenean bezala, herrikoblaren teknikak erabiltzen baitira, hots, bi silabetako puntuak, lerro laburrak eta imajina eta irudi erraz eta xeheak; hala nola errepikatze etengabeak:

"Galdera nagusia da

zergatik den gizona

hain zapaltzaile

hain zapalerraz"

edo eta euskaldunen artean, eta are gehiago bertsolarien artean, hain erabiliak izaten ohi diren berbajokuak:

"Gure keleto meleto

etxean geldi hobeto

Aizak Lukano, zer Kristo egiten duk

horrenbeste ume edukitzeko?

— Herorrek bat edukitzeko egin huena

baina sarriago"

Bigarren ataleko bertsoak bertsolari on batenak besterik ez dira, bapatean paratu ez diren bertsoak gainera, azken urte hauetan euskal politikaren berri eduki duenak ezagutzen dituzkeen bertso borobilak, Zamorako espetxean egindako bertso burrukalariak baitira gehienak.

Ezin daiteke esan poetikotasun ikaragarrizko lerroak direnik obra honetako poema eta bertsoak, horregatio sen poetikoa duen olerkari bat derakuskigute argi eta garbi; beharbada, teknikak eta hizkuntzak berak lantzean behin itotzen duten sena, baina edozein kasutan ere mailarik gorenetaraino heltzen den, eta batez ere hel daitekeen, sentimendu eta sortzeko tasuna.

Andolin EGUZKITZA


Pier Paolo Pasolini. Sozietate bati erantzuna

Mila aldiz entzuna dugu, zinera goazenean, direktore bati buruzko eritzi akritikoak, direktorearen lana ikusi den filmearen arauera juzkatuz. Obra bat direktorearen filmografian zehar oso guttitan jartzen dugu, eta beste Artetan gertatzen ez dena, zinean gertatzen da, hots, obra batez egilea kritikatua izatea. Horrela, Barojaren nobelagintzaz edo Beckett-en absurduaz mintzatzen gara, baina oso arraroa da direktore baten filmografiaz zerbait ikustea. Beharbada, fenomeno hau zine-kontsumu baten ondorioa izan daiteke, zeren kontsumuzko zinea soilik publikoaren beharrei edo sasibeharrei lotuta baitago; beraz, pelikulak mementuaren arauera juzkatu egiten dira eta kritikabide hau extrapolatu egiten dugu. Filme guztietan kontsumatzaileok zerbaiten zain gaude, eta zer hori agertzen ez denean, errua direktoreari botatzen diogu. Baina direktorea artista denean, publikoari begira lan egin arren, bere kreatibitateari begira ere egiten du lan, eta zinefiloek filme bat direktorearen pertsonalitatean zentratu behar dute, nobela bat edo koadro bat egiten diren bezala.

Pier Paolo Pasolini

1922.ean jaioa, Italiako Iparrekialdeko Friuli-n egiten du gaztaroa. Gurasoak paradoxikoak: aita, ofizialea, familia noblekoa, faxista omen, elizkoia —arrazoi sozialez gehiago fedez baino—, ama burjesa, oso erlijiosa, baina ez praktikantea. Italia faxistan, Antonio Gramsci irakurtzen du, eta ordutik bere burua marxistatzat jotzen du.

1942.ean, Friuli-ko dialektuan, poesi liburu bat argitaratzen du. Hauxe izango da sozietateari ematen dion bere lehen erantzuna: "Zergatik friuleraz idatzi nuen?... Faxismoaren denboran ez zen dialektuz mintzatzea nahi, hau da, nekazarien eta langileen Italiarik ez zen nahi".

Gerra ondoko filmeek inpresionatzen dute: "Italiako neorrealistek kultura italianoa ekarri zidaten, Boloniako Unibertsitateak eman ez zidana". Epoka honetan, nobelak, ipuinak, narrazioak eta abar idazten ditu, italieraz eta friulieraz.

1950.ean Erromara heltzen da, langile hauzune batetan biziz eta irakaskuntzaz mantenduz. Inguru honetan, poesia eta nobela idazten du, eta argitaratu ere, eta liburuekin, bere lehen prozesua (1955). Pasoliniren bizia, jakina denez, prozesuz beteta dago.

50.eko hamar urteak nobelari lotuta doaz, bere inguruan bizi ziren pertsonaiekin: "Ragazzi di vita", "Una vita violenta",... "Zerk karakterizatzen duen ene produkzioa, xinpleki eta eskematikoki? Bizi naizen estatuaren aurkako gorroto instintibo eta sakon batek karakterizatzen du. Bai,... estatua, egoera... hitzaren zentzu politikoan; estatu burjes-ttiki eta kapitalista, haurtzarotik gorroto nuena.., Baina gorrotoz ez da ezer egiten...".

60.etan, kultura italianoan krisialdi bat dago, eta ideiologietan nabari da, marxistetan ere. Nobela, narrazioa, eta abar, talde abangoardistek berriztatzen dituzte; Pasolini, formazio literarioa bukatuta edukirik, narrazio moetaz aldatzen da: hizkuntza idatzitik hizkuntza bisualera pasatu da: 1961.ean, "Accatone" filmatzen du.

Accatone eta Mamma Roma

Italiako gerra osteko zineak, neorrealismo izenez ezagutua, urte asko irauten du; lehendabiziz, Italiako erregimen zaharraren kritika gisaz, atentzio zentrua langileei zuzenduz, baina bigarren haro batetan sentsiblerian eta erromantizismokerian eroriz. Ukaezina da mugimendu honen eragina Pasoliniren lehen bi filmeetan. Baina filmeok ez dira neorrealistak. "Neorrealismotik politikoki elementu positiboak hartzen ditugu, dokumentala eta denuntzia, baina planu-sekuentziak kenduta daude. Filmeak muntaiaz eginik daude, Eisenstein-en arauera".

Filme hauetan ez dago paternalismorik ez judiziorik. Soilik espositiboak aira eta kulturari ignoraturik zegoen mundu bat —lunpenproletariatua— erakutsi nahi dio. Bereizita egonarren, mundu horren eta sozietatearen artean lotura puntu batzu aurkitzen ditu: klase kontzeptua, familia, katolizismoa... Hauk marginatuen kulturaren parte dira, bazterrezinak, eta baztertuen bizitzan —superbibentzian— agertzen dira ere.

Mitoak, Pasoliniren arauera

Sozietateak dituen zama kulturala handia da, parte nagusi batetan mitifikatua, eta Pasolinik, zine sobietarraren bidetik, depuratu egin nahi du. Lehen mito desmitifikatua Kristorena da. "Il Vangelo secondo Mateo" filmeak hetxo (sic) batzu kondatzen ditu, aseptikoki. Beste alde batetatik, Kristoren pertsonaian Kristoren ideia plasmatu nahi du, eta anakronismo agirietan "erortzen" da, musika eta kantuak direla medio.

Baina mitoak existitzen dira, eta denen historiagilerik ez dugu, Kristoren kasuan bezala. Pasolinik kulturan zehar dauden mitoak hartzen ditu eta berraktualizatu, nahiz eta filmeetan grekoen denboretan jarri. Sofokles eta Euripides aitzakiak baizik ez dira, "Edipo" eta "Medea" pertsonaia aktualak baitira, beren mitoak aktualak diren aldetik. Filme hauen egitura berdintsu da: sarrera, mitoa, tragedia, bukaera. Sarrera eta bukaera aktualitateari lotuta doaz.

Pasolini mitoekin gizonen —gizartearen— problematika azaltzen saiatu da, baina azalpena ez da nahiko. Problemari erantzun bat eman behar zaio, eta hori, abstraktuki, "Teorema" eta "Porcile" filmeetan egiten du. Pasolinik ematen duen erantzuna ez da ulerterraza, ez baitakigu noraino den erantzun pertsonala eta noraino soziala. Dena dela, ematen du libertabidea sexuan dagoela, beste ondorio askoren artean. Alde batetatik kontzientziabidea izan daitekeelako eta bestetik pertsonaren osagarria delako.

Beste alde batetatik, "Porcile"-n —pelikula muntaiaren eredu bat—, marginatuen eta sozietatetik alboratuen tolerantzia eza salhatzen du, sozietateak arrarotasunik ez baitu onhartzen.

Teoremaren ondorioak: bizitzaren trilogia

Pasolinik ez du sekula kasualitateari ezer uzten. Horregatik teorema aplikatu nahi duenean, ez du historia bakar bat hartzen, baizik eta multzo bat: "Il Decamerone", "I raconti di Canterbury" eta "Il Fiore delle Mille e una notte" hiru ipuin bildumetatik aterata daudenak. Haseran, sei ordutako filme bakar bat egiteko gogoa zuen, baina distribuzio problemez, bi ordutako hiru filme atera ziren. Trilogia bat egiteko metodo hobeagorik...

Hemen ere Pasolinik kondatu egiten du, kondakizunak ideia azalduko baitu. Bere lana fenomenoa ateratzea da, eta publikoaren atentziora eramatea. Beste guztia, ikusleak egingo du.

Azken filme bat egin du: "Salo". Berarekin prozesua —hamaikatsugarren aldiz—, eskandalua... Burjeseria baten kritikagarria, filme honek bere tokia du. Pasolinik berak esaten zuenez, "Porcile"-n prezedente bat aurkitzen da. Hala ere, dirudienez, "Salo" bere bilakaera ideiologiko eta intelektualaren beste urrats bat da, baina urrats hori 1975.ean, argituko ez den intzidente batetan apurtuta geratuko da.

Azken hitza

Dudarik gabe, zinearen historian Pasolinik toki bat du Italiako direktoreetarik bat bezala. Bere sen artistikoak, bere kreatibitateak zeramatzaten ideiak azaltzera eraman zuen, eta aukeraturiko hizkuntza zinea zen. Bere ideiak ez ziren ortodoxoen gustukoak eta sozietateak akatsetzat dituen karakteristikak airatuz, —homosexualitatea, komunista izatea...—, baztertua izan zen. Filmeetan gauza batzu ez dira onak, estilistikoki, baina beste asko bai, eta bere lanari ekiten zion, euskarria bertan topatzen baitzuen. "Bai, orain indartsu aurkitzen naiz, nahiz eta funtsean bakarti bat izan. Baina bakartate hau, isolamendu hau, neuk aukeratutakoa da".

I. Zuazo


Homosexualitatea

Homosexuala, bere sexu berekoekin sexual harremanak eramaten dituen gizon edo emakumeari deritzo.

Gure gizarte honetan, sexualitatea birsorkuntzarako besterik ez da onhartzen; helburu honetatik at eramaten diren harreman guztiak bekatu direla diote. Patriarkar familia gordetzeko ezarri diguten moralkeria honek, ez du ba onhartuko homosexualitatea zilegizkoa denik.

Eskolan, historia ikasi genuenean ere, hainbat emakume eta gizon famatu homosexualak izan zirenik ez ziguten behin ere esan. Edonor desprestigiatzea beharrezkoa baldin bada, orduan bai! orduan... "gorria", "ezkertiarra" eta gainera "homosexuala" dela esaten digute ozenki, García Lorca eta Passolini adibide ditugularik.

Oloff Palme, Suedian frankismoaren aurka egin zituzten manifestapenetan azaltzen zenean, espainiar gobernukoek honela zioten: "Qué se puede esperar de un país que hasta tiene un primer ministro homosexual?"

Behar dutenean berriz, historia itxuragabetu... Noiz jakin ukan dugu Shakespeare, Leonardo da Vinci, Michel Angelo, Alexander Magno, Julius Caesar, Sokrates, etab. homosexualak zirenik? Zergatik ez digute, Platon-en maitasun "platonikoa" gehienetan homosexuala izan zela esan?

Klase menderatzaileak, ideologia, beti bere defentsarako eskaintzen digute; historia, bere interesetara moldatzen dute eta patriarkar familia gordetzea, benetan bere interes handienekoa dute.

"Homosexualitatea, naturaren aurkakoa da!". Hau esateko, abereen bizimodua aztertu omen dute... gaizki aztertu ere, zeren homosexualitatea praktikatzen duten abereak ere ba dira eta, konkretuki tximuak.

Gainera... zer nahi dute orain? gizakia beste abereekin gonbaratu? Ez al du ba gizakiak, natura, bere beharrak betetzeko aldatu? Gizon hauk, gaixo jarriko direnean, ez dira medikuarengana joango noski; eta itsasoak zeharkatzeko igeri egingo dute, itsasuntziak ez baitira naturalki sortzen...

Teknika iraultzaren denboretan, gauza bat zilegizkoa ez dela erakusteko, naturala ez dela arrazoi bezala emateak, irrigarri dirudi benetan.

Abereek, sexual harremanak une berezietan ukaten dituzte, birsorkuntzarako beharrezkoa den neurrian, besterik ez.

Gizakia da, urtearen 365 egunetan sexual harremanak eraman ditzakeen abere bakarra.

Berarentzat sexualitatea, birsorkuntzatik at plazerra dakarkion harreman bat baita. Beraz, nahiz eta abereentzat naturala ez izan, gizakientzat plazerra dakarkien edozein harreman guztiz "naturala" izango litzateke dudarik gabe.

Homosexualek emakumeoi gorroto digutela ere esaten digute. Praktikan berriz, normalki, emakumeok homosexualekin, beste gizonekin baino harreman sakonagoak eraman ditzakegu. Dennis Altman australiar homosexual militanteak honela zioen: "Bai emakumeak, bai homosexualok, gizonezko eta emakumezko paper zatiketaren ondorioz eta familia zoriona lortzeko egitura bakarra dela dioen ideiaz zanpatuta gaude".

Zanpaketa honek, borroka bat eramatera behartzen gaitu, harreman hestu batzu eraikiz matxismoaren aurkako mugimenduen artean. Eta gizonen artean, matxismoa lurperatzeko objektiboki interes handiena dutenak, homosexualak dira.

Homosexualitatearen aurkako errepresioa

Lehen homosexualak sutara botatzen zituzten. Konkretuki, Italian, Erdi Haroan polikiago erre zitezen "finocchio" deritzon landare batean biltzen zituzten. Geroztik, homosexualei "finocchio" deritze Italian.

Espainiar estatuan, 1822.arte izan dute homosexualak erretzeko "ohitura" hori. Orain, Penal Kodigoak, ez ditu homosexualak aipatzen, baina zenbait artikulutan ezartzen duenez, garbiki zigortzen ditu. Adibidez: 431. eta 452. bis-etan, biktimarik gabeko deliktuak zigortzen dituenean, biktima gizartea dela "erabakiz". 431.ean, eskandalu publikoa zigortzen duenean, homosexualak harrapatzen ditu ere, noski. 452. bis-ean "Corrupción de menores" aipatzen dutenean, 23 urte baino guttiago duen batekin harreman homosexualak edukiko dituenari, adingabekoen galtzailetzat joko zaio.

Hau nahikoa ez bazen, 1970.eko Abuztuak 4, "Ley de peligrosidad y Rehabilitación Social" deritzona ezarri zuten.

"Ley".— Hori bai noski, Agintariek agintarientzat egindako lege bat dugu hau, beste guztiak bezala, bestalde.

"Peligrosidad".— Nortzu dira "perilosak" agintari hauentzat? Agintaritzaren aurka doazenak. Guretzat, herriarentzat, homosexualak ez dira besteak baino perilosagoak.

"Rehabilitación".— Homosexualek, beren sexualitatea bizitzeagatik ez dute inongo delikturik egiten, beraz, ez dute "berrabiltzerik" behar.

"Social".— Soziala? Beti bezala, "gure onerako" zigortzen gaituztela esango digute. Burjeseriak, klase zanpatzaileak, zer ulertzen du "sozial" hitza esatean? Haiek eratu duten gizartearen mantentzea, hain zuzen. Ez da ba geuk ulertzen duguna inondik inora.

Lege hau, nahiz eta hitz politez ornaturik egon, pertsonarentzat eta gizartearentzat errepresiboa denez, honen deuseztatzea lortzea, denon eginkizuna dugu.

Baina, homosexualek sofritzen duten errepresioa, ez da legeetan bukatzen. Gizartearen maila guztietan jasotzen dute bereiztasunik gogorrena.

Adibidez lanean. Erantzunkizun handiko lanpostu bat betetzeko, ez da homosexual bat ontzat jotzen. Matxista eta heterosexista ideologia dela bitarteko, lanak ere emakumezko eta gizonezkoetan zatitzen dira. Zatiketa honetan, homosexualentzat onhartzen diren bizibideak, "femeninoak" izaten dira: jostun, ileapantzaile, artista, etab.

Fabrika eta bulegoetatik, erraz bota daitezke homosexualak. Maisu eta beste heziketa lanetatik, zer esanik ez! Korruptoreak direla eta... kanpora.

Kasu hauetan gainera, hain hedatuta dagoen ideologiaren ondorioz, lankideak ados egoten dira botatze honekin. Beste batzuk, aurrerakoiagoak direnak, hala diote: "Ni bakean uzten nauen bitartean... hemen bego", baina, nola ulertzen dute "bakean uzte" hau? Homosexualengandik bortxarik gabeko proposamen garbi bat jasotzea, ez zaie iruditzen bakea errespetatzea" denik. Beraz, homosexuala den pertsona, bere homosexualitatea adierazten ez badu, onhartzen dute, baina ez diote ematen bere sexualitatea pertsonen arteko harremanetan publikoki adierazteko eskubiderik.

Errepresio fisikoa ere sofritu behar dute homosexualek... Gaur egun, gure herrian, behin baino gehiagotan, homosexualak, besteen bortxa sofritzen dute beren sexualitatea adieraztera "ausartzen" direnean. Duela hiru hilabete edo, travesti bati egurra eman zioten Hondarribian, eta travesti izan gabe ere, homosexual bat bortizkeria gogorrenaren menpean bizi da beti. Penagarri horrelako ekintza faxistak grazia ukatea zenbaitentzat; lotsagarri gauza hauen aurka iraultzaileek ezer ez esatea. Bakoitzak, nahi duen bezala janzteko eskubide osoa behar luke ukan, demokrazi eskubideez ari garenez... maitatzeko eskubidea, maitasun hau adierazteko posibletasuna... eta hau, ezkutatu gabe, eguargipean, denen aurrean, guztien pozez! Maitasuna ederra baita beti.

Baina, inposatu diguten ideologiak ez digu hau erakutsi. Filmeetan tiroak, hilketak, etab. Kiroletan bortxa, konpetentzia, "aurrera ateratzea" nahiz eta horretarako aldamenekoa zanpatu behar ukan.

Hauk bai azaltzen dizkigutela gauza onak bezala, gizonezkoenak, kementsuak, indartsuak, baina maitasuna... hori emakumezkoen ahulkeria bat besterik ez da. Nola ba maitasuna sentitu eta adierazi gizonen artean? Hau ez da euskal MATXO batek egin dezakeen gauza! Kontzientzia objektoreek ere, Pasai Antxon ipinitako txartel batetan zera zioten: "NOTA: los objetores no somos maricas". Ederki, ez dakit zer ikusi behar duen batak eta besteak, soldaduzkak eta objektoreen sexualitateak, baina informaketa hor dugu, interesa duenarentzat prest.

Berriz ere femenino eta maskulino betebeharren zatiketa. Harmak hartzea, gizonezkoen gauza da, objektoreek ez dute armadara joan nahi, baina kontuz! ez da marikak direlako noski... ez dezala inork horrelakorik pentsa!

Eguneroko ideologiaz ere, ari gara homosexualitatea erreprimitzen. Travesti eta homosexualen gain, ba dira hainbat txiste. Ikuskarietan, eguneroko hizkeran, antzerkietan,... irrigarri utzi nahi dituzte beti. Humorea da ideologia bat inposatzeko metodorik finena... Tristea da benetan, ikuskarietan eta bizitzan, herriaren errepresioa nolaz erabiltzen eta iraunkortzen duten ikustea. Txisteak, filmeak, eta kultur adierazpide guztiak, herria ideologia aldetik nola dagoen neurtzeko, neurri ezinhobeak dira. Eta arduragarria da ikuskari hauk jendeak nola hartzen dituen egiaztatzea. Penagarri, nahiz eta ulergarri ere izan, klase menderatzaileak duten ideologi boterea aztertzen badugu. Eta ez kapitalista diren estatuetan bakarrik; sozialista deritzenetan ere, homosexualitatearen aurkako errepresioa, gogorrenetakoa da.

Eta homosexualitatea zanpatzeko, legeak, Eskola, Eliza, Hizkera, Bortxa fisikoa, etab. aski ez baldin badira, hor ditugu medikuntza eta psikologia laguntzaile.

Gizartea "zibilizatzen" ari denez, gure agintariek "demokratikoki" zanpatzen gaituztenez, ezin dute preso politikorik giltzapean jarri eta homosexualak erre ere ez noski. Eta humanismo goxoenaz, homosexualitatea gaixotasun bat dela dioskute; zenbait tokitan politika menderatzailearen aurKa doazenak bezalaxe, homosexualek ez dute osasun onik. "Ez dira errudun... batzuk gripe bat harrapatzen duten gisan, beste batzu homosexual dira. Arazo psikologikoak ukan dituzte ume-umetatik, gurasoek ez dute elkar maite, dibortzioa, maitasun eza..."

Homosexualak ez daude gaixo; oso jende "normala" da, baina gizarte honek gaixotu egiten ditu. Gure egunetako psikiatriak gaixotzen ditu, haiengan konplexu izugarri bat sorteraziz. Zer egiten dute medikuek? Homosexualak heterosexual bihurtu terapia baten bidez. Beste hitz batzu erabiliz, homosexualaren nortasuna guztiz zanpatu, errudun sentimendu bat berarengan ezarri, eta neurosi iraunkor bat lortu. Beraz, guztiz kondenatzen dugu medikuntza hau eta indar errepresibotzat jotzen dugu gaurko psikiatria.

Zenbatetan entzun dugu hurrengo galdera hau!: "Eta, zergatik dira homosexualak?" Eta... zergatik gara heterosexualak? Berdin berdin galde dezakegu.

Eta nik, gehiago esango nuke. Sexual harremanak, birsorkuntzatik at eraman daitezkeenak, pertsonen arteko harreman batzu direla esaten badugu, sexuen arteko bereiztasun hau egiten den gizarte honetan homosexual harremanak, heterosexuala baino garbiagoak eta sakonagoak izan daitezkeela gehienetan, dirudi.

Emakumea eta gizona, mundu desberdinetan bizi dira. Batak eta besteak, arlo guztietan dituzten arazoak, guztiz desberdinak dira. Normalki, emakumeak emakumeekin konfidantza handiago bat du, eta gizonak berriz, gizonekin.

Beraz, pertsonen arteko harremanak, sakonagoak izaten dira sexu beretakoekin, bestekoekin baino; orduan, ez al da ba ederragoa, sexual harremana adiskidetasun batekin batera ematen denean? Emakumearen adiskideak, emakumeak badira, ez al du hauekin, ezagutzen eta ulertzen ez duen gizon batekin baino hobeto sexual harreman bat ere eramango? Eta gizonek? Ba daiteke gizonekin, emakumeekin normalki hartzen duten jarrera menderatzailea ez hartzea...

Honek ez du esan nahi homosexualen artean harreman errepresiborik izaten ez denik. Desberdintasuna ez dago sexuen naturan, baizik eta sexuei ematen zaizkien betebeharretan.

Emakumeari betebehar pasiboa eman zaio, hots, menderatuarena.

Gizonari berriz, betebehar aktiboa eta menderatzailea.

Zenbait homosexualen artean, nahiz eta sexu berekoak izan, beren harremanetan betebehar hauk zatitzen dituzte: bata aktiboa eta menderatzailea, bestea berriz, pasiboa eta menderatua. Hau ez dugu ba aurrerapen bat inondik inora. Harreman garbi batzu ukateko, pertsonen arteko benetako maitasun bat lortzeko, betebehar desberdintasun hau lurperatu egin behar dugu. Ez aktibo eta ez pasibo, denok partaide. Ez menderatzaile, ez menderatu; denok posibilitate berdinez... gizonak edo emakumeak izan. "Front d'Alliberament Gai de Catalunya" (F.A.G.C.)-ko homosexual iraultzaileek idatzi dutenak, oso argigarri dirudi azterketa honetan: "Quan s'acabin les diferències entre els sexes no hi haurà homosexuals. Tampoc no hi haurà heterosexuals. Tots esdevindren humanosexuals. NOSALTRES DEIXAREM D'ESSER HOMOSEXUALS EL DIA QUE ELS HETEROSEXUALS DEIXIN D'ESSER HETEROSEXUALS. I això no ho diem a desgrat; és el que persegim: acabar amb les diferenciaciòns de les persones per raó de llur sexualitat."

Lesbianak edo emakume homosexualak

Arlo guztietan gertatzen den bezala, hemen ere ba daude sexuaren ondorioz desberdintasunak.

Gizon homosexualak zanpatuta daude eta emakumeak GOGORKIAGO, posible baldin bada... emakume bezala eta homosexual bezala.

Legeek gizonen homosexualitatea zigortu eta zigortzen badute, lesbianei ez zaie ez eta existentzia ere onhartzen. Beren "izatea" ere ukatu egiten zaie.

Gizarte honetan, emakumezkoentzat jotzen diren ezaugarriak (goxotasuna, sentsibilitatea, etab.) mesprezatu egiten dira. Adoratzen dena berriz, gizonezkoentzat jotzen direnak dira, hots, gogorkeria, indarkeria, bortizkeria, etab.. Nola txalotuko du ba matxismo honek gizon jaio den batengan goxotasuna, sentikortasuna eta honelako femenino ezaugarriak? Berehala "marika"tzat jotzen dute eta baztertu egin ere.

Emakume jaio denak berriz, ba du zoritxarra gaixoak... baina ez da bere errua. Ahula jaioa da, baina aurkituko du bai! bere zaindari izango den gizon indartsu eta gogor bat. Nola ulertuko du gizarte honek, emakume jaio eta gainera beste emakume bat maiteko duenik? Pentsaezina da hori. Nola bizi daiteke zoriontsuago emakume batekin, gizon batekin baino? Eta sexual harremanak? Ez da posible, sarketarik gabe...

Lesbianen izate hutsak, gizarte honen eskemak apurtu egiten ditu. Honen ondorioz sofritzen duten mezprezua eta bortxa, benetan gogorra da. Eta gartzelara sartzen ez badituzte, okerragoak diren psikiatri etxeetan ustelerazten dituzte.

Gay mugimendua

Homosexualak ere ari dira bere askatasunerako borroka eramaten.

Lehenengo; beste herri, klase eta sektore zanpatuetan gertatu den bezala, borroka pertsonala izan zen, intelektual batzuk egiten zituzten idatzien bidez.

Baina, gero mugimendua eratzen hasi zen, eta gaur egun hemen ditugu, beren erakundeen bidez, dagozkien eskubideak defendatzen, beste menderatu guztiekin batera.

Bai, haik beste menderatuekin, eta oraingoz, ez beste menderatuak haiekin. Eta hau arazo larri bat dugu. Ezker alderdi eta beste indarrek ez dute homosexual eskubideen defentsa jaso oraingoz. Stalinismoak, homosexualitatea burjes bizio bat zela esan zigun, eta ba dakigu langile mugimenduak eta iraultzaile alderdiek oraindik ez dugula zentzu honetan kritika bat egin. Hala eta guztiz ere, ari gara zer edo zer aurreratzen. Baina iraultzaile homosexualek, oraindik ezin dute publikoki beren sexualitatea adierazi, ez herri mailan eta ez alderdi mailan ere. Emakume eta gizon hauk, —eta orain ezker giroetan—, sofritzen duten egoera, lotsagarri da denontzat. Eta arrazoi bezala ez zaigu betikoa balio: "honek desprestigioa ekartzen baitu". Gaurko "desprestigioa" biharko prestigioa bihurtzea geure eskuetan dugu. Lehen ba zegoen zenbait deabru, orain "aingeru" bihurtuak. Eman dizkiguten ideia faltsuak, geuk aldatu behar ditugu.

Garbi dago aldaketa hau, homosexualen mugimenduari esker ari garela ematen. Hauen "bultzadak" sentitu egiten dira, Catalunya-n egiazta daitekeen bezala. Bartzelonan, Ekainak 27an, F.A.G.C.-en deiari erantzunez, 4.800 bat pertsona elkartu ziren, "Ley de Peligrosidad y Rehabilitación Social" deritzon legearen deuseztatzea, manifestapen baten bidez exigitzen zutelarik. Manifestapen hau, han zegoen jendeak (igandea zenez, asko egon ere) oso ondo ulertu zuen; gero honen gain, normalak diren eztabaidak Ramblas-etako taldeetan sortu zirelarik.

Euskal Herrian, nahiz eta oraindik oso ahulak izan, ba ditugu bi GAY erakunde: Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua eta Juventud Gay de Euskadi. Gutti, ahulak, eta gainera... zatituak.

Lesbianak eta gay mugimendua

Gay mugimenduan, lesbianek ere ba dute beren zeregin espezifikoa, baina zenbait arazo ba dute beren emakume izatearen ondorioz.

Toki guztietan bezala, gizartearen isladapen bat agertu da Gay mugimenduaren barruan.

Emakumeek ez dute gizonen mailan parte hartzen; zergatik? hitzegiteko, gauzak proposatzeko, zuzendaritza hartzeko, etab., gizonak izan direlako hezituak eta ez emakumeak. Eta historikoki inposatu diguten heziketa hau egun batean gainditzen ez delako.

Honengatik, lesbianek ere, Emakumearen Askatasunerako Mugimenduan lan egitearen beharra ikusi dute, nahiz eta Gay mugimenduan ere jarraitu, homosexual bezala, gizon homosexualekin batera interes batzu defendatu behar dituztenez.

Homosexualitatea, denon arazoa

Gizon eta emakume, Gay mugimenduan jo eta ke dabiltzanei, txalorik beroena, agurrik borrokalariena eta kidetasunik sakonena zor diegu.

Harma bat hartzeko, kemena behar da ukan (hartu eta hartzen dutenen artean, ba dira homosexualak).

Egunero, fabrikan, hauzoan... borroka egiteko kemena behar da ukan (borrokalari hauen artean, hainbat homosexual ba dago).

Baina, aipatutako gauza hauentzat baino mila aldiz kementsuago izan behar du pertsona bateK, gaur egun GAY kontzientzia hartzeko eta GAY mugimenduan lan egiteko.

Emakumeontzat, zaila da gure askatasunerako borroka eramatea, oztopo asko aurkitzen dugu geure bidean; eta homosexualentzat ere, oso zaila da. Matxista ideologia baita oraingoz, gizarteak eta bere pertsona iraultzaileenetakoen artean gehienek kontsekuentki borrokatzen ez dutena. Borroka honetan abiatu baino lehen ere, "marra gainditzeko" beldur txorabilgarria sartzen zaie eta...

Itziar Urtasun


Emakume artean

Gazteago nintzenean Bilboko burjeseria txikiaren bizitza eroan nuen. (Gran Vian gora, Vian behera. Ligatu egingo ote dugu mutilekin gaur? Hau bai dela! Itxaron egin behar mutilak etor daitezen. Emakumeentzat ez da ontzat eman iniziatiba daroatenean...).

Baina ez dakit zergatik neure bizimoduak ez dit ama izatearen helburua eman bakarrik. Baizik eta beste lan bat egin nahi nuen zuzen gizartean projekta dezadan.

Eta ideia honetatik nire problema guztiak datoz. Emakume izatea eta emakumeentzat ezarritako zereginak ez egitea konbinaketa txarra dela begien bistan dago.

Hala ere neure kontura ez dut ezer asmatu. Ideia hori gizarteak ipini dit, hala Jainkoa!

Hau guztiau gynekologoaren kontsultategian zain nengoen artean pentsatzen aritu nintzen. Nindoan lehenengo eguna zen. Bost t'erdietako ordua hartu nuen. Sei t'erdietan eta oraindik kontsulta hasi barik. Gela bete-beterik zegoen.

"— Zer ordutan duzu zuk? —Galdetu nion andre bati.

— Ordurik ez dago. Guztiok bost t'erdietan gatoz. Gero... ia zure txanda noiz den. Ez baduzu zorterik 10ak arte egon zaitezke. Lasai neska!

— Eta kontsulta noiz hasten da?.

— Ordu horretan, bost t'erdietan. Baina egunero zerbait jazotzen da. Sabelaldi batekin batean, galtze batekin bestean, doktorearen lagunak beti... Gainera, sekulan noiz hasten den kontsulta ez dakizu."

(— Hau akabua da! Emakumeen astiak ez du ezer balio?).

"— Miren Ganekogorta!..."

Arraioa! Hasi egin dugula dirudi. Ia noiz noan.

Gela mukururaino. Guretariko bi puntua egiten ari dira. Oso jertse konplikatuak jaioberrientzat.

Neuk bakarrik liburua dakart baina ez naiz ateratzen ausartzen. Ikusi egiten dugu elkar andre guztiok.

Aments aldizkari batzu mahai gainean daude. Gainbegiratu egingo ditut.

"Esponja de baño Spontex caricias esterilizadas". "Ico-baby biberón, como una madre". "Mamá ofrece al bebé cariño y dulzura. Lilia compresas ofrece a mamá comodidad, suavidad y discreción". "Como en su propio regazo Cunacolor". "Conjunto para la mamá y la nena: pitxi canesú y bolsillos a cuadritos. Se abrocha en el hombro".

— Zer kalamatika!. Eta gehiagorik ez dago.

"— Susana Calleja!..."

Beste bat.

Eta berriz andreak ikustera. Bai sabel ederrak. Horraino helduko naiz?

Bat etorri da senarrarekin. Gizona galant jantzirik, gorbata eta guzti. Hainbat emakumeren artean aztoratutik pizka bat. Ezagutza egitera ala bere bikotea konpainiatzera etorriko ote den? Irakurri nuen Puerikultura liburu bat gogoratzen ari naiz. "Aita berriaren lehenengo manamendua: bere andreari gynekologarengana joatera lehenengoz konpainia dezan. Bere emazteak beti eskerrak emango dizkio".

— "Mari Luz Urrutikoetxea!... (isiltasuna). Sorkunde Perez!..."

— Bapo! Gutienez bat falta da.

Hainbeste kontenplatuz emakumeok nekatzen ari gara. Atera egingo ote dut neure liburua? Beste batek aurreratu nau. Pintza batzu atera eta bekainak bipildu egiten ari da.

Behin betiko, liburuak ateratzeko hau ez da lekua.

Aharrausiak entzuten ari dira. Bat lehertu zen.

— "Hau jasanezina da. Horrez gainera Bermeoko autobusa galduko dut eta azkena da.

— Autobusaz joan behar duzu? Ba, esan ezazu sarrerako leihatilan eta eroango zaituzte lehenago. Jakina, problemak dituztenak lehenengoak doaz".

Orain maina ba dakit, atezainarengana joan eta zeure bizitza konda. Modu ederra.

— "Eta zergatik ez du laguntzaile bat ipini? —galdetzen ari naiz herabez.

— Kontxo honetaz. Gero zu zoaz laguntzaile horrekin nahi baduzu.

— Lehen bat ipini zuen. Bi hilabete bakarrik iraun zuen. Protestak harmatu eta kendu egin behar izan zuen.

— Egia da. Hau benetako medikua dela eta ez beste batzu bezala. Oporrak hartu ere ez sabelaldi guztietan egon nahi duelako".

Argudioak zanpatu ninduen.

"— Elena del Valle...".

Ia txiza ekarri zuen erizainak honi galdetu zion. Besteak zorrotik botilatxo bat atera eta eman zion. Hor zegoen gizonak leihotik begiratu zuen.

Urduri nengoen.

"— Lehenengoa da? —galdetu egin zidan batek.

— Nola...?.

— Ia lehenengo haurra den.

— A! Ez dakit oraindik.

— Ba, nirea bigarrena, 10 urte iragan eta gero, zast... jausi nintzen.

— 10 urte ume barik? Nola izan zen hori? —beste batek esan zion.

— Hileroko batean zain bat eragotzi nuen eta...

Jarraian bere gertakari guztia. Gizon bakarra leihotik begira eta begira. Elkarrizketa animatu zen. Ia andre guztiak aritu ziren bakoitza bere bentura azaltzen. Emeen kasu etsitu guztiak agertu ziren. Odoljarioak, plazentak, fetoak, ikarakadak, obuluak, zilhesteak, antisorgailuak eta pilulak, magina hestuak, zabalak, argalak, okerturik...

Gizon gizaixoa izerditan, bere andrea gorrotoz zekuzan sabelaldi osoa kondatu egiten zuen artean. Menopausiaz andre bat bezala irten zen gelatik aire freskoa hartzeko. Txiste gordinak hitz egiten bere lagunekin andrearen aurrean mendekatu ote du?.

Halako batean nire izena deitu zuten. Non dut gainekoa, boltsa, liburua, atea...?

Sartu eta irten, dena batera. Haurdun nagoela? Une hartan berdin zitzaidan. Berriro kalean desorientaturik aurkitu nintzen. Bi ordu itxaron hamar minutuetarako. Horretarako lasterrago irteteko lanetik baimena eskatu behar nuen. Bestalde zalaparta entzun behar zuzendariari.

"Nola beste bat ere umedun? Zer izurri! Orain medikuarengana, gero larri, gaixorik, lanera ez etorri. (...). Bai, berdin diozue guztiok. (...). Erditu eta gero ere opor guztiak hartu nahi izango dituzu, ez da? (...). Ez direla oporrak? Ez ba... ia hiru hilabete. Neuk ere umeak egin nahi nituzke. Eta ia konplikaziorik ez duzun, bestela galdurik gaude. (...). Begira, hau bakarrik diotsut, guztiok eme izango bagina lana pikutara bota egingo genuke."

Arazo guztiau ez dut oso argi ikusten. Sabelaldia, itxaronaldia, medikua eta bere laguntzailea, emakume haurdunak, lanean aldaketa...

Datorren hilabetean berriro etorri behar dut. Ia ordurako hobeto ulertzen dudan.

EUKENE


Musika

Cuarteto Cedrón. Tangoa eta beste

Lehengo egunean magnetofono baten bila luze ibili ondoren "Kulturgintzak" antolatutako jaialdira joan nintzen. Kantaldi-erakusketaren azterketa aparte utziz —inor mintzatuko al da honetaz?— Cuarteto Cedrón-ekin elkarrizketa bat egitera joan nintzela esan behar dut: "Como no, amigo. Despues de cantar te hasemo un sitio haxa arriba"... (sic)

Cuarteto Cedrón 1964.ean sortu zen hirukote bat bezala: trio Cedrón. Geroago 1969.ean Jorge Serraute bilduko zitzaien kontrabaxuaren eta 1973.ean Carlos Carlsen-ek hartuko zuen Serraute-k utzitako tokia baxu elektrikoa eta violoncelloa jotzeko.

"Argentina utzi eta Parisera etorri gara zeren eta han mementu honetan jende asko hiltzen baita. Mehatxatuak izan dira artistak eta profesionari gehienak eta hura utzi behar ukan dugu bizitzeko garantiarik ttikiena ere ez dagoelako".

Herri kanta konprenitzeko eta egiteko modu guztiz aparta duen talde honek zeresanik ba du hainbestetan herri kanta panfletu eta epika merkearen lerroan abiatu den inguru honetan. Juan Gelman idazlearekin dituzten harremanak definitiboak dira beren aukera-espresioera jokurako. Gelmanek anekdota errealitatearen atzeko alderaino eramaten baitu; ekintza konkretua, mugimendu ttikiena dinamika oro baten adierazle bihurtuz.

Burruka sozialaren giro izkutuenekin eta berauetan nagusitzen den narriadura prozesuaren adierazle:

 'A pesar de la sala sucia y oscura

 de gentes y de lámparas luminosas

 si quiere ver la vida color de rosa

 eche veinte centavos en la ranura.'

 1- Askok esaten dute jazza eta tangoa folklore urbanoaren agerpen bakarrak direla. Zergatik aukeratu duzue tangoa? Profesionari bezala giro musikal horretan hasi zinetelako edo beste eratako arrazoiren batengatik?

Gu Buenos Airesen jaio ginen, Buenos Airesen eman dugu bizi guztia, eta tangoa, nolabait esateko, Buenos Aireseko musika da, hiri haundi batetako folklorea eta horregatik zurekin bat nator tangoa eta jazza musika urbanoaren espresioa direla esaten duzunean. Guk guztiok dugu tangoaren inguruko heziketa musikala, tango orkestretan jo dugu, tango tradizionaleko taldeetan. Orain dela hamabost urtetatik, bildu ginenetik, musika honen erroak gordetzen ahalegindu gara.

 2- Hegoamerikan herri kantaren alorrean, Iparramerikako yankee musikaren kontrako joera argi bat nabari da. Zuen aukera tangoaren alde problematika honen barruan konpreni daitekeela iruditzen zait.

Bai. Guk geure identitate kulturala gorde nahi dugu. Identitate politikoa gordetzen saiatzen garen neurri berean, kulturala ere defendatzen dugu. Buenos Aireseko biztanleak garenez gero tangoaren bidez egiten dugu baina beste zenbaitek beren herrietako formez egiten dute. Iparramerikarrek musika arrotz bat ezarri nahi digute. Inbaditu nahi gaituzte ez bakarrik politikan eta ekonomian, baizik eta kultur arloan ere. Bai, zentzu honetan ere tangoarekin geure nortasunaren alde gabiltzala uste dugu.

 3- Musika mailan, infludentziarik onhartzen al duzue? Adibidez, Astor Piazzola eta ingurukoek zuekin zerikusirik ba al dute?

Ez; ez dut uste. Guk 40etatik 55etara bitarteko urteetan, gero "tangoaren urrezko epoka" bezala ezagutu zen denboraldi horretan eman ziren formak berreskuratu nahi ditugu. Piazzolarena, aldiz, bestelako fenomeno bat da. Oso musikari talentosa da baina musika instrumentalari egokitua. Guk, baita ere musika instrumentala egiten dugu baina Poemen partea da gehien interesatzen zaiguna. Poetekin lan egitea oso interesgarria iruditzen zaigu. Guk geure ikuspuntutik eta geure kultura musikaletik aztertzen ditugu Argentinako eta beste edonongo zenbait poetaren lanak. Zer eman ahal diguten jakitea interesatzen zaigu.

4- Tangoa zein neurritan dago bizirik? Sozietate talde eta publiko konkretu bati lotuko zaio, ez da? Ez dakit orain Argentinaren berri zehatzik jakingo ote duzuen...

Mementu honetan Argentinan degradazio prozesu bat ematen ari da maila guztietan. Lehen aipatu dugun "tangoaren urrezko epoka" honen garaian 600 bat tango orkestra ziren. Bakoitzak lau bandoneon, bost bibolin, violloncelo, kontrabaxu, piano eta kantari bi zeuzkan.

Gaur egun horietarik lau orkestra baizik ez dira geldituko, agian exajeratzen ari naiz. Tangoak sortu zuen giro hura krisi larrian dagoela adierazi nahi dut. Egia esan, ez da ia ezer gelditzen. Bandoneona, tangorako instrumentu berezia dena, ja desagertu egin da. Inork ez du bandoneona ikasten jadanik. Egungoari jarraituz gero, guzti hau desager daitekeela ematen du. Guk berpizt daitekeela uste badugu ere gaur musikari gutti dago eta publikoa ere izugarri urritu da.

 5- Juan Gelman-en textu asko kantatzen duzue. Nik, egia esan, "Poemas de Sidney West" izeneko liburutik aparte ez diot ezer irakurri, baina, hala ere, beraren hariari oso lotuak ikusten zaituztet. Tuñon-ekin ere ba duzue horrelako harreman bat... zergatik poeta hauk?

Lan gehiena Juan Gelman-ekin egiten dugu. Aintzinako adixkidea dugu. Identifikazio bat ematen da gure artean xedeei buruz, poesiaren eta musikaren esannahiaz... eta gainera gaztelaniazko poetarik hoberenetako bat kontsideratzen dugu. Aipatzen duzun liburua —"Poemas de Sidney West"— Gelman-en lan onenaren barruan dagoela uste dut eta juxtu-juxtu ez dugu liburu horretatik kanta bat ere egin. Poeta hauek poesia eskaintzen dute. Ez dira letra-egileak. Poetak dira. Ohizko metrikak eta ez erabiltzearen arazoak guri egitura musikal klasikoak puska erazten dizkigute.

Tuñon orain dela hiru urte hil zen. Bere poemetatik aukeratu ditugunak 1930.eko Buenos Airesi buruz eginak dira. Gaur egun ere baliagarri diren anekdotez ari da. Zerbait majiko, zerbait ia inozentea du bere poesiak. Honek guztionek neurri handi batez axola digu. Gure belaunaldiari dagokiola uste dugu.

 6- Zeuen burua herri kantaritzat jotzen duzuela eta, inoiz pentsatu izan dut ez ote duzuen problemarik poeta hauen hitzak musikatzerakoan. Hemen herri kantaren "mundillo" honetan hitz epikoak nagusitu dira. Zuek, lirikotasuna, anekdota aukeratzen duzue. Nola ulertzen duzue konpromezu politikoaren arazoa?

Gu ekintza pertsonaletan konprometa gaitezke bakarrik. Gure ustez, musika ezin daiteke politikan enkoadraturik egon, errealitatea adierazi behar du. Herriek politikoki espresatu behar duketenean hori egingo duten poeta eta kantariak sortuko dira. Zoriona ere espresatu behar da. Gerra dagoenean ere amoriorik ba dago. Kanta arloan konpromezu politikoa ez da kanta batetan ematen ahal, kantariaren jarreran baizik, kantatzen den tokietan: Eva Forest-en edo Txiki eta Otaegiren aldeko jaialdi batetan, edo hemen, Kulturgintzan...

 7- Nik hemen editaturik duzuen disko batengatik ezagutu zintuztedan. Azalean beltzez jantzita agertzen zarete, eskenategian bezala, alderdi ia lunatiko batetan. Barrualdea zuria da eta zuek ez duzue inongo partetara begiratzen. Atzeko aldean inskripzioz betetako orma baten kontra agertzen zarete. Honek harritu ninduen. Zertara jarrera hau? Espektakuluaren barruan dagoela bai, baina...

Gu espektakulua, beharbada oso intimista, beharbada oso hertsia egiten saiatzen gara. Gu hunkitzen garen neurri berean nahi dugu jendea emoziona dadin. Arropa beltzarena orain dela urte asko erabaki genuen zer bat da. Lehen beti ibiltzen ginen apurtutako zapata batez edo norbait ipurdia gorriz edo berdez etortzen zela. Orduan koordinatzerik ez zegoela eta beltzez janztea erabaki genuen zerbait neutro egiteko eta gainera, zikin egonez gero, ba dakizu, ez da nabaritzen.

 8- "De Argentina Cuarteto Cedrón" eta Paco Ibañez-ekin batera egindakoa dira hemen argitaraturik dituzuen disko bakarrak. Hauetatik aparte zer gehiago duzue hortik zehar?

"Cantata del gallo cantor" eta "Canciones de amor de Occitania y otras historias" deritzen bi L-P Frantzian jadanik aterata ditugu. Beste bat ere grabatu berria dugu. Alde batetik tema instrumentalak eta bestetik "Suertes" deritzon Gelman-en poemekin egindako kantata bat.

 9- Hemen ateratzeko al dira?

Ez dakit Espainian diskoaren arazoa nola konponduko dugun. Polydor diskoetxean ari ginen grabatzen. Firma honekin dauden problemak konpontzen baditugu bertan segituko dugu. Bestela beste norbaitekin egingo dugu. Gaztelaniaz ulertzen duen publikoari kantatzeko gogo handiaz gabiltza.

 10- Zer nolako problemak arduratzen zaituzte orain, kreazio arloan batez ere? Zeintzu asmo dituzue?

Mementu honetan, Argentinan burrukan ari diren lagunen problemei buruz grabatu dugun "Suertes" kantataren ostean, Bertol Brecht-en textuekin disko bat egin dugu, bere lan lirikoena aukeratuz. Bestaldetik tango tradizionalekin zenbait gauza egiteko asmotan gabiltza. Betidanik egin ditugu honelako temak baina hemen Europan gai honi buruz jendea okertuta dabil. Tangoa kantaera ergel bat dela pentsatzen da eta hau soilik hemen egin diren tangoen esperientziei begira konpreni daiteke. Lehen esan dizudanez tangoa herri baten espresioa da eta egoera sozialaren arabera taxutzen da. Interes handia dugu tango tradizionala kantatzen, eta Mero Manci bezalako poetak kantatzean hauzategiari, andregaiei, amorioari gai tipikoak idatzi zituztenen poemak kantatzean. Hau dena hemen egin nahi dugu tangoa forma sentimental bat ez dela erakusteko. Ba dira tango tragikoak eta festiboak. Herri baten konplexitatearen erakusleak...

Ruper


Musika

Mikis Theodorakis

Donostian, Anoetan, Urriaren 29an aurkeztu zen lehen aldiz Euskal Herriaren musikagile hau. Ihaz Bartzelonan jokatu zuen.

Gure artean, izan, ez da lar ezaguna, baina musikazaleen artean oso preziatua da: dudarik gabe, gaur egun Europako musikagile inportanteenetariko bat da.

Izan zen gertaerarik garrantzitsuena aste oso zeregintsu batetan, 4 jaialdi berezi izan baitziren egun batetik bestera: L. Llach eta M. Laboa 4 hirietan, Bilbon eta egun berean 8 ordu nazionalitate askotako abeslariekin, Durangon B. Gandiagaren omenezko jaialdia.

Honek koordinazio falta adierazten du, kanpoko jende inportantea datorreneko jaialdiak programmatzeko tenorean. Arrazoi honengatik eta guzti ezaguna izateagatik ez zen jende handirik joan Theodorakis ikustera. Benetan kritikagarria da 4 egunetan holako jaialdiak antolatzea, eta guztietara ezin joan, gero urte osoan kantaldi on baten zain egoteko.

Theodorakisen garrantzia

Musik arlotik aparte, bere herrian pertsonalitate politiko bat izan da. Lambrakisen gazterien mugimenduaren sortzailea zen(gazteria komunista). 1967.eko Apirilaren 21an koronelen indar-kolpea jazo zen eta 1970.eko Apirila arte gartzelaratua izan zen. Kanpotik presio handia egin zen hura askatzeko, milaka telegrama, beste ekintzen artean bere askatasuna eskatzen bidali baitziren.

Theodorakisen musika izan da diktaduraren kontrako burrukaren hymno eta symboloa. Horregatik guztiz debekatua zegoen (anaia bi gartzelan sartu zuten haren musika entzuteagatik).

Gero, denboraldi bat Frantzian ematen du, diktadura erortzen denean bere herrira itzultzeko.

Bidaia honetan egindako deklarazio batzutan, Espainako egoerari buruz hari galdetzean, honela esan zuen bere herrian hil honen 20an izango diren hauteskundeei buruz: "Niretzat hauteskunde hauk absurduak dira... Eskuinak irabazten badu denak guztiz berdin jarraituko du; eta ezkerrak irabazten badu desestabilizazio etapa batera itzuliko gara. Krisisa ez dago kapitalismoan, krisisa ezkerrean dago."

Bere askapenaren urtetik hona, eboluzionatu du greziar egoerarekin batera, jarrera independiente bat hartuz eskeptizismo pixka batekin gaurko greziar ezkerrari buruz. "20 urte banu seguraski Baaderenetariko bat nintzateke. Andreas Baader idealista bat zen, zeinek bere ideien alde burrukatzen baitzuen eta terrorista bat bihurtu zen.

Kapitalismoak bere hiltzean kulpera zati bat izan du, baina ezkerrak ere bai, traditu baitu: irteerarik gabeko etxarte batetara eraman zuen".

Bere lana

Hemen lauzpabost disko bakarrik ezagutzen dira. Hauen ezagunena hauxe da: Nerudaren "Canto General".

Oso musikari emankorra da aktibitate askotan arituz. Symphoniak, balletak, 3 suite eta 2 sonaten egilea da. Baita ere, zineman kolaborazio garrantzitsuak izan ditu: Jules Dassinekin adiskidetasunaz honako filme hauetan: "Siempre en domingo" eta "Zorba el griego". Baina bere obra hobeto azaldu du filme politikoetan, Costa-Gavrasenak bezala: "Z" eta "Estado de sitio".

Sari batzu irabazi ditu, hauen artean Moskuko urrezko domina eta USAko Copley saria.

M. Theodorakis normalki kantari berdinekin aritzen da bere diskoetan; ezaguna da Maria Farandouri, zein etorri ez baita Donostiara.

7 musikarien taldea ekarri zuen. Izugarri ondo jokatu zuten musikak eskatzen zuen giroa lortu zuten.

Jaialdiaren hasieran 3 kantari agertu ziren, neska bi eta gizon bat; bere lehen grabaketak eskaini zituen eta laster jendea berotu eta identifikatu zen musikarekin.

Gero, F. Garcia Lorcaren obratik zati batzu; lehen partea amaitzeko Canto Generalaren zati batzu, "United Fruit Company-Las Moscas", diskoan kantatzen duen kantariak abestua.

2. partea, bere azken baladak egin zituen. Azkenean, batuta utzi eta kantatzen hasi zen (normalki ez du egiten). Jendea guztiz integratua, txaloka jarraitzen zuen (normalki ez du egiten). Jendea guztiz integratua, txaloka jarraitzen zuen musika, batez ere hymno antzerako abestietan, Jende enthusiasmatua jarlekutik altxatu zen eta beste abesti extra batzu kantaerazi zizkion.

Aipatzeko da, zuzentzeko era haundiosa, ikusgarria baitzen. Mementu hartan, jokatzen zuten musika sortzen ari balitz bezala.

Musikariak izugarri onak, bereziki, harmonika eta flauta jotzen zuena. Aparteko gauza, nesken ahotsa, tinbre eta sonoritate ezberdinekin, baina oso barnekidetuak abestiekin.

Orotan kantaldi garbi eta dirdiratsua. Soinu ekipua ere miragarria.

Amaitzeko esan nahi nuke, kontu gehiago eman behar geniekeela holako jaialdiei, gertaera handiak baitira eta gure euskal musik kulturarentzat aberasgarriak baitira. Beraz, interesgarri deritzogu, honelako ekintzei jarraipena emateari.

ERREXIL


Kirolaren pertsonaiak: 3. Mitoak

 Bizitzako beste arlo guztietan bezala, kirolarien artean ere, eskasak, onak, oso onak eta bikainak daude. Lehen hiru moetatakoak dira gehienak; laugarrenekoak, oso gutti daude. Numero handiekin eginiko azterketa estatistikoetan agertzen diren distribuzioetan oinharrituz, eta kirolarien kolektiboak Gauss-en kurba segitzen duela kontsideratuz, argi ikusten da grafikoki, ezen kirolari bikainak oso gutti direla, eta berauen eta beste kirolarien kalitatearen artean desberdintasun handia dagoela.

 Eta habilitatean finkaturiko kiroletan —nahiz eta prestakuntza fisikoa ere kontutan hartzekoa den— egun batetatik bestetara gorabehera handiak dauden arren, orohar, kirolari horik bestek baino hobeak direla esaten da eta estimazio horretan kritiko gehienak ados daude. Kasu batzutan, kontzentzu osoa dago kirolari baten alde: kirolari hori onena omen da, eta hori ezagutzean guztiak daude ados. Baina beraren kalitatea gehiegi goraipatzen denez, superbaloratu egiten da —teorikoki eta ekonomikoki— eta azkenean mito bihurtzen da.

Zenbait adibide

Horrelako mito batzu, urte guttitako loreak dira, ezin baitiote kalitatez eutsi beren mitotasunari; eta laster deusezten dira. Hala ere, beste batzuk luze irauten dute, baren kirolari-bizitza osoan zehar; eta hauk historiarako mito gisa geratzen dira. Kirolaren historia guztietan ageri dira, kirola berak bailiren eta ez beren inguruan dauden beste kirolari ezezagunak.

Izen batzu aipatzekotan, gure egunotan mito historiko hauk izan ditugu: Futbolean Pelé, "O Rei"; boxeoan, Mohamed Ali; ziklismoan, Merckx; igeriketan, Mark Spitz; eta abar. Gugandik hurbilago dagoen erdi-mito bat, Cruyff dugu. Eta gure etxeko mito lokalen artean, Iribar.

Dena den, mitoa eta dirua oso loturik doaz gehienetan, eta ikusiko dugunez, mitoa diru-irabazi handiak egon daitezkeen lekuetan agertzen da. Eta horrek emanen digu mitoen sorreraren iturburua.

Nork eta zertarako sortzen eta erabiltzen dituen mitoak

Mitoak berez sortzen ote dira? Egia da, noski, mito bihurtzen den pertsonak kalitate berezia duela. Baina aldizkariak ez baleude, propagandarik ez balego, eta mitoen bidez dirua atera dezaketen erakunderik ez balego, seguruen mitoak askoz ere motelagoak izanen liratekeela.

Demagun, adibidez, Peléren kasua. Kritiko guztiak daude ados: Azken hogei urteotan futbolak eduki duen maisurik maisuena, berau izan da. Bere bizitza esportiboan zehar 1278 gol egin ditu partidu ofizialetan (ez da edozer gauza, gero!). Bere urterik onenak Brasilen eman ondoren, 1975.eko ekainaren 9an, Cosmos taldeko arduradunek kontratu harrigarria sinatu zuten Pelérekin: Hiru urtez berekin jokatzeagatik —denetara 85 partidu— 7 milioi dollar ordainduko zizkioten. Partidu bakoitzeko ia 7 milioi pezeta. Nola ordain daiteke horrenbeste? Ez ote da dirurik galduko? Bai zera!

Nik dakidala behintzat, amerikarrek ez ohi dute interesik gabeko dirurik erregalatzen. Diru hori ordaindu duen talde ekonomikoak —Warner Communications izenekoak— helburu konkretu batez erabili du Pelé inguruko mitoa. Estatu Batuetan zentzu komertzial argia dute, eta bertako kirola bereziez —base-ball, football amerikarra, basket-ball eta bestez— diru pila irabazten dela ikusirik, Europako futbolaz merkatu berria irekiz gauza berbera egin daitekeela pentsatu dute. Ohar gisa, kirola hau "soccer" izenaz ezagutzen dela esan behar da, bertako football amerikarraz desberdintzeko.

Honelatan, ba, soccer delakoa bultzatzeko, propaganda-kanpaina izugarria muntatu dute. Eta horretarako, zer hobe "O Rei" baino? Asmo hau kontutan edukirik, Peléren kontratuan ez zen soilik futbolean egiten eskatzen. Horrekin batera, Pelé hizlari eta erakusle dela, hainbat eta hainbat hitzaldi eta erakusketa muntatu dira Estatu Batuetako eskola eta unibertsitateetan, haur eta gazteen zaletasun esportiboa bide honetan zehar abia erazteko. Pelé izan da, ba, erlazio publikoetarako propaganda gizona. Eta, egia esan, teknokraten eskuetatik abiatuz, lortu egin du jarritako helburua: futbola Estatu Batuetan finkatzea.

Peléren agerpenarekin batera, bere kontratutik hasita propaganda-kanpaina izugarria eratu da. Era askotako esloganak prestatu dira, kirola honen abantailak seinalatuz: Edonork joka dezakeela; ez dela oso garaia izan behar (basket-ballean bezala) ez eta indartsuegia ere (football amerikarrean bezala) ez dela arrisku handikoa; behar diren materialeak (botak, baloia,...) merkeak direla; ia-ia edonon joka daitekeela; oso espektakularra dela; eta abar. Horretaz gainera, telebistan futbol partiduak ematen dira, jendeari behin eta berriro erreglamentua azalduz. Coca-colak, propaganda gisa, haur futbolarientzako lehiaketak eta sariak antolatzen ditu. Eta beste. Projektua martxan doa.

Kanpainaren ondorioak sentitzen hasi dira. Jadanik, amerikarki kalkulatu denez, 700.000 bat haur ari dira erregularki futbolean, Pelé, Beckenbauer, Best, Eusebio eta besteren pausoak segitu nahirik. Futbol partiduetan milaka daude ikusleak: Cosmos-Fort Landerdale partiduan, adibidez, 77.691 ikusle egon ziren, takiletatik pasatu ondoren. Negozioa aurrera doa: Botak, kamisetak, baloiak, futbol-zelai sintetikoak,..., telebistako saioak, aldizkariak,..., dena doa loturik. Gainera, futbolak gauza berrien erakarpena du, han ez baita oraindik ezagunegia. Horrela, lehen unean gastaturiko diruek beren korritu ederrak emanen dituztelakoan gaude. Bai. Dollar bakoitzeko, hainbeste dollar irabaziko dituzte.

Talde-kirolak eta mitoak

Lehenago esan dugun bezala, jakin ba dakigu, mito mailara heldu diren jokalariak benetan bikainak direla. Dena den, hain garrantzi handia ote du beraien lanak, kirola taldeka egiten den kasuetan? Lehenago adibide berbera probetxatzeko, demagun futbolaren kasua. Talde bakoitza 11 jokalariz (suplente edo ordekoak alde batetara utzirik) eta gertalariaz osoturik dago batez ere. Horietaz gainera, ordea, beste batzuk ere hartzen dute parte ixilean: gertalari fisikoak, masajistak, teknikariek eta bestek. Denek jartzen dute beren hare-alea, eta denen artean garaitzen —eta galtzen— da partidua. Egia da, futbolari bikainak asko laguntzen duela; baina garrantzia duena talde-lana da. Jokalari bakar batek ezin egin dezake ia ezer. Egia da Pelé munduko eta Estatu Batuetako kanpionatuetan garaile atera dela, baina bere alboan Jairzinho, Gerson, Tostao, Rivelino,... edo eta Beckenbauer, Carlos Alberto, Chinaglia, Morais eta antzekoak ukan ditu. Horrela, segur asko, ni neu ere aterako nintzateke kanpioi.

Mito den jokalariak efektu psikologiko positiboak sortzen dituenik ezin uka. Eta hori lagungarri gertatzen zaio bere taldeari. Baina garaipenaren meritua talde osoarena da. Eta egiten dutena gonbaratuz, ez dago eskubiderik, batzuren lana besterenaren aurrean superbaloratzeko.

Azken gogoeta

Mitoak, zutik dagoen fenomeno baten agerpena dira. Neurri batez, artifizialak dira eta txarrago dena, interes ekonomiko bereziak daude, kirola profesionaletako mitoak desegin ez daitezen, mitoak baitira jendea —eta dirua— erakartzeko hamua. Eta hamua edo hamuko beita diren neurrian, engainu baten ezkutatzaileak dira. Ikuspegi horretatik, ba, salhatu egin behar dira, eta, ahal dela, apurtu. Alderdi onik ere ba dute noski, maisuren irakaspenez hobeki jokatzen ikasten baita eta kirol zaletasuna bizten eta indartzen. Eta hori gauza ona dela uste dut.

Gera gaitezen, ba, pertsona-mitoen alderdi honekin eta bazter ditzagun besteak.

J.R. Bilbao


Sukalderako saltsak

Porruak urdaiazpikoaz

6 lagunentzat beharko dituzu:

24 porru, York urdaiazpiko 12 txingar (1), irina, esnea, arraultze bi, 300 gr. gazta birrindua, gurina edo margarina, gatza eta biperhautsa.

Porru guztiak urez ongi garbituko dituzu. Ganibeta batez porru hostoak zabaldu eta barrutik dagoen lurra ken ezazu. Hosto berde zimel eta gogorrenak kenduko dituzu, besteak ez.. Ipin lapiko batetan ur gazia eta bota porru guztiak. Lurrun lapikorik baduzu utz egosten 12 minututan; ez baduzu 20 minututan. Egosi eta gero, bota ur guztia eta xuka itzazu porruak. Kasu! Ez dute urik eduki behar! Bitartean bechamel bat eginen duzu. Honetarako, zartagin edo lapiko batetan 100 gr. gurin botako duzu. Gurinarekin batera 3 goilarekada irin eta esne hotza. Nahasta ezazu ongi eta ipin sutan. Bechamel hau ez da lodia geratu behar. Bechamela egin eta hoztu denean bi arraultze gorringoak botako dizkiozu bechamelari. Utz dezagun bechamela leku batetan eta ikus dezagun porruak nola prestatu behar ditugun. Lehenengoz eta behin, porruak ongi xukaturik egon behar dira. Ipin urdaiazpiko txingar bakoitzean bi porru eta tutulu (2) bat egizu Egizu berdin denekin. Sar itzazu tutulu guztiak metalezko azpil batetan. Bota bertara bechamela gazta birrinak eta biperhautsa. Sar ezazu azpila labean. Gazta birrinak doratu direnean atera dezakezu eta zerbitza ezazu.

On egin

1) Loncha. Tranche

2) Rouleau. Canutillo


Gramatika

Arazo hau eztabaidara atera dudan kasurik gehienetan, ez duela horrenbeste ardurarik merezi esan didate; artifiziala dela eta horrelako atxakiak atera izan dizkidate. Eta, beharbada, arrazoi pixka bat ba dute. Baina hizkuntza guztien historian zehar antzerako banaketak gertatu badira eta gertatzen ari badira, zergatik ez dira gurean gertatu behar? Praktiko eta lagungarri badira, ongi etorriak izan bitez.

Banaketa semantikoen aurkako atxakia nagusia, beraien artifizialtasuna ohi da. Onhartzen dut. Bai! neurri batez artifiziala da, osotu/osatu edo ahal/al desberdintzea. Baina artifizialak dira halaber, erdaraz behiala eginiko directo/derecho, estrecho/estricto eta antzekoen arteko desberdinketak. Gaur egun, ordea, normaltzat jotzen dira banaketa horik eta edozein espainol kultuk ongi desberdintzen ditu. Artifiziala da modu berean, hizkuntza idatzi oro. Artifiziala da, kulturan erabiltzen den hizkuntza "landua". Eta abar.

Hala ere, banaketa semantikoen alde agertzen den faktore nagusia, haien praktikotasuna da. Banaketa semantikoek zehaztasuna, argitasuna eta aberastasuna ematen diote hizkuntzari. Bestalde, batasun bidean gaudela, interesgarri izan daiteke, euskalki desberdinetako formak hartuz, beraien artean banaketa semantikoak egitea. Honela, guztion artean eginen genuke batasuna, guztion aberastasunak bilduz.

Adibide batzu

Aurrekoekin zer esan nahi dudan adierazteko, adibide batzu jarriko ditut. Horrela hobeki ulertuko dugu arazoa eta banaketa semantikoen abantailak ikusiko ditugu:

 Osotu/osatu. Bizkaian bizirik dauden bi hitz hauk, jatorri berdinekoak dira noski. Hala ere, esangura desberdinez erabiltzen dira.

 osotu: osorik ez dagoena oso bihurtzea.

 osatu: gaixorik dagoen pertsona edo animalia osasun egoerara pasatzea.

Bistakoa denez, jatorriz zentzu berberekoak ziren; baina espezialdu egin dira erabilkeran, eta gaur egun kontzeptu zehatz eta desberdinak adierazteko erabiltzen dira. Gainera, bi aditz horien esanguraren erakarpenez, bi hitz desberdin sortzen dira:

 osotasuna: osorik dagoenaren propietate edo tasuna.

 osasuna: gaixotasunik gabe dagoenaren egoera. Hala eta guztiz ere, idazle askok osatu idazten dute bi kasuotan. Ez ote da hobe banaketa egitea?

Zenbait banaketa semantiko

 Sendotu/sendatu. Berdintsu gertatzen da kasu honetan ere. Idazle batzuk beti idazten dute sendatu. Ez ote da hobe ondoko banaketa hau egitea?

 sendotu: indartzea, sendo bihurtzea.

 sendatu: Bizkaiko osatu hitzaren zentzua du. Gaixotasun edo eritasun egoeratik irtetea.

 Ahal/al. Partikula hau bizpahiru esanguraz erabiltzen da. Nagusiki bi moduz: potentzial gisa eta galdera batzutan aditz-partikula gisa. Nire ustez, bi erabilkera nagusiokin banaketa semantikoa egin daiteke, bakoitzarentzat idazkera bat aukeratuz eta erabiliz.

 Potentziala. Posible den gauza edo egintza bat adierazteko. Kasu honetan ahal idatziko genuke:

Hori erraz egin ahal dugu.

Sasoiz etorri ahal da

Baietz edo ezetz erantzuteko galderak.

Partikula lagungarri gisa erabiltzen da, baina ez da guztiz beharrezkoa. Gipuzkoako parte batzutan erabiltzen da soilik, nahiz eta azken urteotan beraren erabilkuntza asko hedatu den. Al idatziko genuke:

Erraz egin al duzu?

Sasoiz etorri al da?

Bigarren kasu honetan, Bizkaian ez da ezer erabiltzen (azentuazioa kenduz), eta Ekialdeko euskalkietan -a aditz-atzizkia erabiltzen da:

Erraz egin duzu? / Erraz egin duzua?

Sasoiz etorri da? / Sasoiz etorri dea?

Banaketa semantikoak nortzuk finkatu ohi dituzten

Lehenago esan dudan bezala, batzuren eritziz arazo honen garrantzia ttikia bada ere, gure hizkuntzaren normaltze bidean garrantzizkoa dela uste dut. Eta euskararen problemarik handietariko bat hauxe da prezeski: beraren normaltzea.

Baina normaltze lana ez da pertsona bakar batek egi behar duen eta egin dezakeen lana. Idazleek hartu behar dute parte aktiboki prozesu horretan, zeren eta, azken batez, berauk baitira textu idatzi normalduak idatziko dituztenak. Hots, idazleek banaketa semantikoak onhartzen badituzte, poliki-poliki erabili eginen dira eta, azkenean, finkatu ere bai.

Horregatik, dei bat zabaltzen diet idazleei banaketa semantiko hauk aztertuz, ongi baderitzete erabil ditzaten. Eta bestela, haien kritikaren eta irtenbide normaldu hoberen zain geratzen gara.

J.R. Etxebarria


Gurutzegrama


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


[Urrezko astabelarriak]

Bai merezi dutela!!!

fesas organigoremas culoprostaticas ke ja no ni sabemos de gestan hi onde quieren yegarr. Baixo nomvre euskaralojico, tienen frente grande y cono o trianculo rondo. E rebendigan o revenden el jicho duna revindicatzione popolare, otorgrandose le dereché della kulta kon oporimido peublo. Con la zurda y con onde estava sentado San Juan, atremeten sinverguenzas fillospoutas, i encima... haberon algo encima?... piden la unibersitaria vasca e euskualduna. Que hemos de pensar cagando, quando de festa horma y manra ze echike la bascal universidad? —Oportunista zerriok eta madarikatuak, zein euskuinekoak ala ezkerrekoak izan, ke no hai ni consciencia ni pasenzia pero pacen. Zois unos verdaderos conos sin pelos.!!!

***

IKASLE LANGILE ETA NAFARROAKO HERRIARI:

Ermitagaña institutoko, ikasleen egozketari burus, barnean agiri diren gastedi erakundeek esan nahi gugu.

Honelako eginak ez dutela, ikez etyeek demokratico lidean jartzen.

Danok dakirnen es esagunak dire agozketa honen anazoiak. Ez dira ihas anazoiak, ideologi anasaiak bainik. Nauni honek istitutoko zuzendarien agintanharen lapusus datoz, bertan antikustza dagoren, gozazoek PEN, ikasleek gestioetan samerarik gabe. Kase hontan sahalkuntza guztia marcotegun jaunaren aurke doaz.

Honelago jairak gure hezkuntza antidemocratico eta alderdi dominatzaren auzpegia agertzen du.

Gainera Nafarroan auzpegi han selectibitate bikoitzarekin argitzen da Opus Deik jontzen duen selectibitatea bai ekonomikak bai ideologiak.

Bertako unibertzitztean bertako semeak baino kanpoko ikasleek zanera lehenagokoa dute.

Egoera honek, ikasle partizipaziozaren gobeko eta autonomi erakunde gabeko fruituak dira.

Hoan honeta dei bat agiten dugu ikasle gustian: Erakunde demokratiko eta herriaren interes serbituak lortu arte goazen danok burunkare.

Honegalik eskatzen dugu gure herriaren hezkuntza eta hezkuntza loztu deiten: demokratiko, sekular, zientifiko obligariozko eta dohako erakunde bat 18 urte arte.

Distritu Euskal unibertsitatearen sor men eta eusheraren Koofisialitatea.

Baita ere agozketen benis zanera.

I.T., G.A.I., G.K.L., E.G.A.M., J.G.R.E., U.J.M., E.G.G., J.I.C., J.J.S.S.