ANAITASUNA

IV URTEA — N. 35

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Urria-Zemendia-Lotazilla (10-11-12) 1956


Azkue euskaldun aundiaz. Lekeitio zorretan dago

 Zein ete dau gai pozgarriagorik, oraingoz, euskal-idazle batek, R. M. Azkue-ren gaiñean jardutea baiño?

Olantxe da. Ta ganera, ba dogu poz ori berarizkoago ta barrukoago egiteko errazoi ta ziorik. Gaur aitatu ta goratu nai doguna errikidea dogulako, Lekeitioko seme, ain zuzen be.

Aldi onetan gure Eliza Amak liburu santuetan aitatuten dauan antzera esan giñei: «Poztu zaitez ba, Lekeitio; zeu uri txikia izanik, euskaldun andienetako bat zure magalean sortu izan dozulako».

Ta ez sortu bakarrik, azi ta bizi be, geienbat, Lekeition egin zalako. Batzuetan kanpoan ibili arren, aren gogo ta maitasuna uneoro bere sorterri kutunagan eban-ta. Ona zegaitik. Udaro, iru-lau illabete egoten ekian bere baztertxuan. Eta bera beti egon oi zan lekuan, Euskaltzaindiaren etxe zabalean, Bilboko Erriberako bere langelan zituan lagunik kutunenak, oneixek ziralako: iru foto eder, irurak Lekeitiokoak.

Eurotarik bata, luzangea da, lau zatiz ornidua; portu osoa erakusten dauskuna alderen alde, eleiza ostetik asi eta ipar-moilla muturreraiñokoa. Antxe agiri da, bera azken urteetan bizi izan zan etxe gora ta liraiña. Jaio zan etxea ezta an agiri, baiña bai Konpañiako elizearen teillatua. Onen ondotxuan dogu aren jaiotetxea.

Bigarren argazkian, plazea, elizaurrea ta kaia agiri dira. Eta irugarrena, Lekeitioko altara nagusi gotiko ospatsuarena da. Aurrez aurre, bere pianu ganean eukiten eban gure apaiz euskaltzale ta erri-maite zintzo arek.

Lekeitio-ren zorra

Bear ba da, ezta gure jaioterrian onen ereduko edo neurriko gizonik sortu izan. Dana dala, mundu guztian zear, filologi-jakintsuen artean gure erritxua ezaguna baldin ba da, Azkue-gaitik da. Eta Euskalerrion berton bere, gure Don Resurreccion-en maillako gizonik, gitxi bai gitxi izan da. Arrokeririk bage, orra egia esan.

Zor aundia dautso, ba, gure jaioterriak bere seme gaillen ta andi oneri.

Lekeitio-ko Udalak erdi erabagita-edo dituan asmuok, albait lenen bete ta egiztau bear leukezala dirudi: Azkueren izena kale ederren bateri ezarri; aren jaiotetxean arlandu txairo bat ipini eta aren gomutaz, ta leku egokiren baten irudi ikusgarri apain bat jaso. Eta Errikoseme KUTUN-tzat izentau.

Bere erria ainbeste goratu dauanak, ori ta geiago be, ondo merezi daualako.

Gure gizona

Lekeitiarra zan aren aita, Eusebio Maria, maisu argi ta euskal-olerkari bikaiña. Onen omenez, 1936-ko bagillean, au idazten dauanak, itzaldi labur baten ondoren, gomuta-arria agertuteko atsegiña izan eban.

Ama, mundekarra izan zan, Mari Karmen Aberasturi. Jaio, 1864 gn. abustuaren bostean jaio zan, Apalloa kaleko goienengo etxean, goruntz igonik eskumatara.

Bere jaiotegunez, urtero ekian joaten-etxe maite orretara, ordu bat edo bi bertan egoteko asmoz, an bizi ziran adiskideen artean. Biotz samurra iragarten dauan egikera bakana!...

Aitak, bere jakintza gaiak irakatsi eutsazan, Nautika-kontuak. Baiña andik lasterrera abadekigintzan jardun eban abade egin arte, eta Teologiako doktore, ganera. Arrezkero, Euskera-miñak jo eban burutik beatzetaraiño, eta baita musika-zaletasunak be.

Aldi aretan, Bizkaiko Diputaziñoiak Euskerea goratu ta indartu nairik, Euskal katedra bat sortu eban Bilbon. Bost gazte gartsuk agertu eben euren burua, euskal-maisu izateko. Eurotariko iru oso ezagunak izan ziran andik aurrerantzean: Arana, Unamuno ta Azkue, il ziranez izendatuak.

Gazterik il zan Arana; alabaiña, euskal-soloan lorratz bizia ta bere «eskola» utzirik eta idazle ugariren azi izanik. Unamuno bere, euskaltzale gartsu izan zan gaztetan, geroago garrik eta surik barik geldituarren.

Azkue-k lortu eban zer esan ugari ostean, Katedra ori. Ta ordurik eta eriotzararte, urte luze ta luzeetan, bai zintzo ekin be, euskera-maisutzan!...

Liburu jakingarriak

Ainbat eta ainbat liburu eder agertu izan ditu R. M. Azkue abadeak.

Batez be, Euskal iztegi nagusia, «Diccionario Vasco-Español-Francés», DVEF, izan da aren emaitzik joriena. Orain dala berrogetamar urte agertua, tomo bitan. Beste edozein gizon jakitunek esana, barriztau daigum gizon pillokada batek egiteko lan ikaragarria dana, bakar batek egin eban; geure erritarrak.

Norbaitek esan ebanez, liburu ori argitaratzean, asmo zolia izan eban ganera: arean, gaztelaniaz ezezik, prantsesez be, egitea. Orrek ezagutuerazo dau arrezkero geien bat, Europan eta mundu zabalean, gure Euskera zaar eta baliotsua.

Beste iru lan bere, ezin neurtuzkoak izan dira, andi, bikain, mugabakoak; Azkue-k egiñak lan etenbagean.

Galtzeko arriskuan ebiltzan gure kanta ta abestiak, euren musika eta letraz batzeko, dei bat egin eban Bizkaiko Aldundiak. Gizon azkar bi agertu ziran, bakoitzaren sorta ederrak bildu ta aukeratu ondoren. Azkue-k milla ta geiago kantaz egiñiko txorta ederra; Aita Donostia-k beste txorta jakingarri ta mamintsua. Gizon biok joan yakuz alkarren ondorik, Euskalerria miñez ta atsekabez ta utsune bete eziñekoz utzirik...

Gramatika lanak barriro be

Musika-arloa ain maitagarri ta begiko yakon arren —konpositorea be, etzan makala-ta—, barriro be jo ta su ekin eutson Azkue-k gramatika lan astunetan.

Artean, gure EUSKALTZAINDIA, Euskal-Akademia sortu eben Oñatin, Españiako azkenengo erregearen aurrean, 1918 urtean. Eta alan bear-ta, lekeitiar euskalaria aukeratu eben maipuruko, beste gizon argi askoren artean; Kanpion, Elizalde, Karmelo Etxegarai, eta abar. Asierako lan nekagarria egiteko guk orain ez dogun kemena eben gizon errime, adoretsu ta ao batekoak.

Andik urte asko baiño leen emon eutsan Euskereari, bigarren liburu baztertu eziñekoa. Morfologia Vasca izeneko elizti ugaria. Idazkera batasunerako bidea be, agertu euskun, aren eritziz, egokiena zana: Gipuzkera osotua, ulerterrezena dalako.

Azkenengo lanetan ederrena, «Euskalerriaren Yakintza» izan da, lau tomo lodi mamintsutan: euskaldunen siniskera, oitura, ipuin, esakera, kanta ta osakaien barri.

Lanok ba dabela ekatsen bat edo beste? Jakiña ba, gizonen lana ezezik, gizon baten lana izan dalako. Baiñan zelako lana! Sinistu eziñekoa, benetan be!

Berak eratutako izena da NEGURI, gaur aundikien erri apain biurtutakoa.

Madrilleko Academia Española dalakoan, Izkeltzain egin eben 1928 gn. urtean. Pariseko ta Alemaniako ta Errusiako bazkuna jakintsuetako tarteko be, ba zan.

 Teatru-lanak be, egin zituan: letra ta musikea, guztia berak asmaurikoa. Zarzuelen artean agergarriena, ta ezagunena, VIZCAITIK BIZKAIRA da. Opera bi be, egin zituan: Ortzuri ta Urlo, au euskeraz, erderaz ta alemanez.

Eliz-irakurgaiak, kantak, ume-antzerkiak, nobelak: BEIN DA BETIKO, ARDI GALDUA. LATSIBI, —au agertu barik oindiño—, iztegi txikiak, gramatikak, aldizkariak...

Bidebagekeria zuzentzen

Lanik geienok laguntzaille eskasez edo bakar bakarrik egiñak zituan. Ezta erarik onuragarriena izan Euskerarentzat bakartadeko ekintza ori.

Barru aundiko ta adore aparteko gizona izan zan, nunbait bere! Sarri askotan bidebagekeriz, euskaltzale izeneko askok urteetan eta urteetan baztertuta, eta zapaldu-gurarik lez izan eben gure gizona. Mingotsa da esanbearra, baiña egia da. Guzurra dirudi gizon aren erri-maitetasuna norbaitzuen ao-miñak zalantzan ipinia...

Bidebagekeri ori eta esker gaizto ori, ostera, aren eriotza-ondoren, euskaltzale guztiok ao batez eta biotz batez zuzendu nai dogu.

Azkue ta Euskerea gure biotzetan alkar bat egiñik jarri nai ditugulako. Eta, berberak D'Abadie euskaltzale aipatuari esan eutsan lez: BEIN ETA BETIKO.

Eusebio Erkiaga


Munduan zear

Tolerantzia eta alkartasuna

Robert Briscoe, Dublin'eko kontsejeru munizipala, alkate egin dabe Irlanda'ko uri nagusian. Gauza arrigarria benetan! Dublin uria, guztiz katolikoa da; Robert barriz, judegua. Irlandarrak fama aundia dauke mundu guztian, kristiñau zintzoak direalako. Alan ta guztiz-bere, bildur barik autatu dabe alkatetzat judegu bat. Persona apartekoa izan bear dau gizon orrek, kargu ori merezietako. Sartukerako verbaldian auxe esan dau alkate barriak: «Biotz biotzez goratu nai dot emen, nigaz euki dozuen begirunea. Esangura aundiko barria zabalduko da etxe onetatik mundu guztian zear: «Irlanda'n tolerantzia aundia dago eta danak alkartuta bizi dira».

Ea noiz entzuten dogun orain, Israel'go judeguak, Tel-aviv urian alkate katoliko bat autatu dabela.

Oneek bai trafikanteak!

Beiñola, 1926'an, Naziñoen Ligeak kondenatu egin eban esklavutasuna. Orain, UNO'ko 30 naziñok geitu eta osotu egin dabe orduko kondenaziñoa: asate baterako, debekatu egin dabe zorren ordezko esklavutasuna, andra-umeen salduerosia, esklavuen trafikoa. Alan ta guztiz-bere, munduan gaur egunean be andra-gizonen salerosketa aundia egiten da. Ekandu gorrotagarri ori mahometano errietan batez-bere aurkituten da. Erri orreetan, zivilizaziño ta erligiño kontuan oso atzeratuta bizi da oraindiño gentea. Latin-kulturadun naziñoetan, ba-dagoz gauza txarrak, baiña gizonen salduerosia ez da ezagututen gure errietan aintxiñako demporetatik. Gure artean gauza asko erosten dira: izen ona, aberastasuna, atsegiña, maitasuna. Baiña ez dira erosten gizonak, animaliak ferian egiten direan antzera. Mahometano errietan barriz, bizirik dago oraindiño esklavuen trafikoa. Eta ori ogeigarren gizaldian!

Sorgiñak sutara

Mexiko'ko baserri baten, zatitu egin ditue aizkorakadaka andra bi, eta gaberdiko zeremonia ikaragarri baten ostean sutara bota. Bertako gizonak akusatu zituen, «erriko gente ezjakiñari begizkoa egin eutsela, eta deabruaren lagunak zireala».

Ona emen siñiskeriaren eta ezjakiñaren frutua. Alde batetik, andra errukarriak, gauza supernaturalak edonon ikusten dituenak, eta eguneroko ogia irabaztearren erlegiñoko rituak eta zeremoniak egiten dabezanak. Eta bestetik, gizon basatiak, siñiskeri orreeri fedea emoten deutseenak. Askotan kasualidade bat naikoa izaten da, gente ezikasia engañetako; eta orduan «begizkoan» naiz beste edozein zeremoniatan sekulako indarrak ikusten dira, eurak euretara daukezanak baiño aundiagoak. Ba-dakigu demoniñoa bizi dana, eta edozein gizonek baiño indar eta jakituri geiago daukona; baiña generalki ez dau erakusten bere almena edonoiz eta edonon. Deabrua Jaungoikoaren menpean dago, eta beronen baimen barik ezin leike ezer egin; eta zerbait egiten dauanean be, bere egitadak ez dira izaten «begizkoaren» eta beste olako txotxolokerien taiukoak.


Makaillaozaleak

Bermeoko Talan egon zara iñoiz? Bermeora bazoaz, Talara joan barik ez biurtu etxera. An jezarri zaitez bertan dagozan zurezko bankuetarik baten. Ikuspegi zoragarri bat zabalduko jatzu begien aurrean: Matxitxako ezkerretara, Ogoño eskumatara, bien erdian Izaro islea, bakarrik eta ixilik, bere komentu zarraren orma apurtuak erakusten. Antxe nengoan oraindiño asko ez dala. Alboan neukan-gizon mardul eta sendo batek zigarro bat eskiñi eustan.

— Eskerrik asko, ez dot erretan —nik erantzun, eta geiago barik verbetan asi giñean. Itxasoa! ze gauza aundia dan itxasoa! gaiñeratu neutsan, neure burua apur bat romantiko egiñik. Zek emoten ete deutso geiago gizonari, lurrak ala itxasoak?

— Ez neuke esango. Nik neuk, lurreko barri gitxi dakit. Baiña vistan dago: itxas ertzeko erriak aberatsagoak izaten dira lur barrukoak baiño.

— Ori olan da. Zeu, mariñela antza, e?

— Bai. Or Pisbeko makaillaozaleetan neure urtetxuak emonda nago itxasoak austen.

— Makaillaozale diñozu? Makaillaozale nor ez, piperragaz edo tomateagaz ipiñita pil pil dagoanean? Gaziegi badago, boteilla bat ardao ekarri egarria kentzeko, ta geiago ez dozu bear makaillaozale izateko.

— Bai, egia. Neu be orretan mutilla naiz; baiña nik oraingoan beste gauza bat esan gura neban. Euskalerri guztian, arrantzuan dabillen gizonari, arrantzale esaten deutsagu. Emen Bermeon beintzat, lebatzetan dabillen arrantzaleari ta txalupeari lebatzale, mazitan edo karnadatan dabillenari mazizale. Makaillaotan dabillenari zelan esango deutsagu ba?

— Makaillaozale, bete betean. Orain ba, onetan asi garean ezkero, esaidazu: euskaldun asko zaree makaillaozaleak?

— Bai. Espaiñia guztiko kompaiñietan dabiltzanak ez dira gitxi. Geienean eurak izaten jatzuz barruan agintaritzako karguetan. Kapitan asi ta beerakoak, bai kuberta gaiñean pilotuak, eta kuberta azpian makinistak eta abar.

— Euskalerrian nondikoak?

— Bizkaitik eta Gipuzkoatik bardintsu. Beste provintzietarik iñor be ez.

— Non ikasiak?

— Ofizialak eta edozein aginpide daukenak, Marina Merkantean ibilliak izaten dira. Gaiñerakoak baserrietarik etorten dira, geienak beintzat.

— Eta zelako zeregiña izaten da barrukoa?

— Esan deutsut. Barkuaren aginpidea beti edo geienetan euskaldunen eskuetan egoten da. Osterantzeko bearretan be ibilten dira, baiña koziñeru, gatzemoille ta onelakoetan. Beste lan astunik ez dabe egiten euskaldunak.

— Espaiñian zenbat dira makaillao arrantzuan dabiltzan konpaiñiak?

— Ez asko. Printzipalenak iru: Pisbe, Pebsa ta Copiba. Pisbe, indartsuena ta aberatsena: amasei ontzi daukoz eta faktoria bi, bata Pasaian, bestea Ferrolen. Pebsa zortzi barkuren jabe da, eta faktoria bat dauko Vigon. Copiba, irugarrenak, lau ontzi ta faktoria eder bat Chapelan, Vigo ta Redondela bitartean, Pontevedra provintzian. Pebsakoak euren faktoria Coruñan egiteko asmoetan dabiltz. Orregaitik, ain barik dagozan bitartean Chapelara eroaten dabe arraiña. Ba-dira beste armadore batzuk, eurak euretara dabiltzanak. Euren arrasteko vaforak erabilten ditue, eta faktoriarik ez dauken lez, Pisberi edo beste konpaiñieri saltzen deutse.

— Extranjerutik ba-dabil makaillaozalerik?

— Seguru. Espaiñiatik baiño geiago.

— Euskaldunen kapitalik bai onelako negozioetan?

— Pisben bai, besteetan ez dakit, baiña ezetzean nago.

— Lege espezialen batzuk makaillao arrantzurako?

— Ba-dira. Naziño bakotxaren uretarako, berak ipinten ditu bere legeak. Naziño bakotxaren uretarik kanpora, lege internazionalak dagoz, eta guztiok ibilli bear lege orreen agindura.

— Makaillaoa bakarrik atrapetan dozue?

— Datorrena dana, ona izan ezkero, batez-bere lupiñea, lotxea ta abar.

— Makaillao asko Terranova aldean? Esaten dabe makaillao eme bakotxak milloika arrautza ipinten dituala.

— Bai. Ori olan da, baiña zelako sasoia dan eta zelako urtea. Zer pasetan da antxobeagaz, zer atunagaz? Urte batzuk ugariak, beste batzuk urriak. Gaiñera, ba-dakizu esakunea, arrain aundiak txikarra jaten dau. Ba-dira arraiñak makaillaozale direanak, makaillao arrautzak jaten dituenak eta makaillao kumeakaz bizi direanak.

— Ze modutako bearra izaten da gizonak barruan?

— Bakotxak bere eginkizuna. Kapitanak dauko barkuaren agindua, naiz itxasoan naiz arrantzuan naiz portuan. Pilotuak dauke euren kontura kuberta gaiñeko zeregin guztien ardurea. Eurak dira arrantzua dirigietan dabenak; zetan esan be ez, beti kapitanaren begirapean. Lenengo makinistearen kontura egoten da makiñetako arazo guztia. Bere menpean dagoz bigarren eta irugarren makinistak, fogoneru ta engrasadoreak, eta euren orduetan guardia egiten dabenak. Kuberta gaiñekoak edo mariñelak, bota bear dabe «artea» itxasora. Au—«artea» jaurtigitea— arrisku aundiko gauzea izaten da benetan, batez-bere Norteko itxasoetan, denporale apur bat dabillenean. Zenbat bidar jazo da, kuberta gaiñean bere lanean dabillen gizona olatu traidore batek kuberta gaiñetik garbitu ta itxasoak iruntsitea. Eta gizajoa, alegin guztiak eginda be, eskura ezin ekarri ez bizirik ez illik. Kuberta gaiñekoen ardurea izaten da makaillaoari burua kendu, kanalean ebagi, uretan garbitu ta bodegara sartzea. Kuberta azpikoak gatzitu egiten dabe arraiña.

— Beste gauza bat. Erlegiño gauzetan zer diñozu ba?

— Gauza aundirik eta onik ez. Makaillaozale flota guztietan ez dago abade bat. Errian gagozanean, Canadako portuetan batez-bere, joaten gara eleizara; meza bat entzun edo Aita-gure batzuk errezau edo zeredozer egiten dogu; baiña konfesau ta komulgau ta onelakorik pentsau be ez. Ingeles edo frantsez jakingo bagendu, tira!..., baiña orrenbeste ez dakigu-ta, ezin egin.

— Lastima aundia da ori. Ta irabazte onik ataraten dozue?

— Ez ba. Barruan erabilten dogun bizimodu gogorrak beste pagu bat bear leuke. Kapitanari polito pagetan deutse, polito baiño geiagorik ez. Beste ofizialak, kontu egin tripa truke dagozala, erriak esaten dauan lez. Beeragokoak, kontuak atara.

— Urtean zenbat urtenaldi egiten dozuez itxasora?

— Pisbe ta Pebsakoak bi bidar. Copibakoak iru. Onen barkuak txikarragoak izanda, arrain geiago artzearren, iru bidar joaten dira. Guk, Pisbekoak beintzat, ia urte osoa egiten dogu itxasoan. Urtarrillaren erdi inguruan urten, eta Gabon aurreraiño.

— Osasuna zainduteko medikurik edo botikarik edo olakorik?

— Pisbek mediku bat dauko bere amasei barkuetarako. Besteak, nik dakidala, orrenbeste be ez.Geien geien, praktikante bat ontzi bakotxerako. Norbait gaixorik grave jarri ezkero, lenbailen urren dagoan portura eroaten dabe. Frantsesak eta portugesak barku hospitalak daukez. Iñor grave gaixotuten danean, dei egiten deutse radiotik inguruetan dabillen barku orreri, eta ordu gitxi barru gaixoa klinika baten lez atendiduta egoten da.

— Pentsau be ez neban egingo itxas-gizonen bizimodua orren gogorra zanik.

— Ba esan deutsudan guztia egia da. Nik ez diñot ezetz: erriko langilleak euren esturasunak pasau bear ditue umeeri egunean eguneango ogia eroateko. Baiña itxasoa, itxaso da. An, esate baterako, Terranovako bankuetan ia urte guztian egoten dan atmosfera itzala, klima gorra ta temperatura otza, ez dira verbaz esatekoak. Ango itxaso asarretuak, murmoiak (laiño baixuak) eta iceberg tontorrak ikusi egin bear dira, zer direan jakiteko.

— Baiña eguraldi ontxurik ez da iñoiz izaten?

— Eguraldi ontxuak txitean pitean ba-dakiz egiten Canadako kostetan, Labrador eta Groenlandia inguruetan. Orreetarik kanpora beti da gogorra itxasoko lana Norteko itxasoetan.

— Ederto bai ederto igaro dogu ementxe ordu bete ta geiago. Ba-dakizu? Emen esan doguzan gauzatxuok nik ANAITASUNA'n atarako neukez, zeuk oker ez baderitxazu.

— Zeuk gura dozuna.

— Orduan esaidazu zeure izena.

— Niri Juan Etxebarri esaten deuste Bermeon, baiña izenik ez agertu periodikoan.

Alantxe amaitu genduan Bermeoko Talan arratsalde aretako alkarrizketa luzea.

AINGERU


Alkartasunez-ko espiritua

Bein baten, gerrako prisioneru bat ezagutu neban. Konzentraziño kampoan egon zanean, familia baten lez bizi izan zan. Prisioneru guztiak benetako komunidadea egiten eben alkarregaz. Gero, gerrea amaituta, etxera biurtu zanean, prisioneru ori triste gelditu zan. Ez eban bere errian aurkituten konzentraziño kampoko alkartasunezko espiritua.

Komunidadea, soziedadea baiño askoz geiago da. Soziedade bat, dirua irabazteko edo beste obariren bat eukiteko egiten da.

Komunidade bat formetako, arimen batasun sakona bear da. Gizonak zoriontsu izan gura badau, komunidadean bizi bear dau naitanaiez. Komunidade batzuk, aundiak dira. Beste batzuk, txikiagoak. Komunidade aundiak, indarra ta gerizea emoten deutse txikieri.

Komunidade txikiak dira egokienak, gizona zoriontsu egiteko eta bere espiritua berotuteko. Gizona ezin leiteke zoriontsu izan, alkartuta bizi ezik.

Komunidade asko dagoz munduan: aita semeen familiako komunidadea, langilleen fabrikako komunidadea, kaletarren auzoko komunidadea, gazteen olgetatokiko komunidadea.

Igaro dan gizaldia, guztiz txarra izan zan, gizonen artean —batez-bere langilleen artean— alkartasunezko espiritua sortu eragiteko.

Ogeigarren gizaldia, komunidadezaleagoa da. Baiña alan ta guztiz-bere, aundiak dira komunidadezko bizitzearen arerioak.

Gaur egunean asko dira, euren erriko komunidade beroa itxita, uri aundietara lan billa joaten direanak. Euren bizileku barrian, askok ez dabe aurkituten eurentzako komunidaderik. Erriko masan banan banan jausten dira, eta izenbako beste numeru bat geiago egiten dabe bertan.

Erri aundietan individualismoa ta razionalismoa ugari bizi dira. Gizonaren indarra ta entendimentua bakarrik aintzat artzen dira. Bere biotza eta bere mistika-egarria aitatu be ez dira egiten. Eta ain zuzen, komunidade bat egiteko, elementu bi orreek —biotza ta espirituzko egarria— bear bearrekoak dira. Erri industrialetan aspalditik falta izan da komunidadezko bizitzea. Orregaitik gaurko langilleak asko sentietan dabe bizitza orren bearrizana.

Nok emongo deutse bizitza ori? Komunismoak? Ez aurki! Komunismoak emon leiken alkartasuna, ez da gizonaren betekoa. Alde batetik, alkartu egiten ditu gizonak, eta bestetik kendu egiten deutse nortasuna.

Jesukristoren dotriñeak bakarrik erakutsiko deusku zelan bizi geintekezan benetako komunidadean.

Ibieta


Demoniñoaren adar artean

Ene mutillek! Astrapalots bat bazan ikaragarriagoa eleiza aretan, astrapalots bat!...

Ango egurotsa! Ango jesarlekuen jaustea! Ango ate dranbaladea!...

Demoniñuen bat gitxienez baebillen barruan. Bai, ziur. Gizonezko edo emakumezkorik ez beintzat; illuntzean bertan, iru-lau minutu lenago, Juanitok, eleizan iñor zanentz ikusi-ta, ateak itxi ebazan-da. Ama Birjiña Begoñakoa! Joxepak-eta, Mikelak-eta eleiz ondotik etxerantza igarotean artu eben bildurra!

Demoniñuen bat ete ebillen, beraz, barruan? Ala lapurren bat? Edo, bear bada, Garbitokiko animen batzuk?...

— Mikela, goazen ainbat ariñen Parroko Jaunarengana. Joseusss! Demoniñuok egin ez dagikenik orratiño!...

Abadearenera eldu orduko, an eukazan deika eta garraxika gure emakumeak:

— Don Joxe Migel! Betor arin!, demoniñoak dabiz eleizan-da. Arin betor, eleizea bera bota bear dabe-ta. Joseusss, Don Joxe Migel! Badozu lanik konjuruak egiten. Demoniñoetan ibilli bear dau eleizan, demoniñoetan!...

***

Abadea, etxetik urten eta beingoan joan zan sakristauari deitutera, bere eleiz-eginkizunetan beti eban lagun-da.

Sakristauak, jakiña, joan nai ez. Demoniñoaren adar-artean jausteko? Bildurra eutsan makala! Mikela-ta, Joxepa-ta naiko lagunik ebazan.

— «Amen» esan besterik eztok egin bearko, Luziano. Ta egitekotan be, iri ez deue egingo ezer demoniñuek, neuri baño... Tira, ator, gizon; ator ainbat ariñen, pizti barrabanok eleizan triskantzan bat egin ez daiguen.

Luzianok, baiña, ezetz eta ezetz. Bildur-ikaraz dardarka be ez egoan ba gizajoa? Abadeak be ez uste gero kolko barruan alako kili-kili edo pikekada batzuk sentietan ez ebazanik.

Baiña eleizea bere kontura eban-eta, ezeren jaramonik barik, nai ta demoniñuek eurekaz eroango baeben be, eleizea zaintzera joan bear berak. Luziano barik zelan ostera?

— Ator, Luziano, ator. Ara: len be esan deuat: urrin-urrintxutik neuk esango dodanari «amen» erantzun besterik eztok egin bearko. Orixe bakarrik. Tirok, Luziano. Artu eizak eleizako giltzak eta ator, Joxepa-ta be lagun izango ioguzak-eta.

— Don Joxe Migel! Bada-ezpadan be, demoniñoak nire kontra etorten badira, zur ibilli gero! Bota konjuruak sendo!

— Bai, Luziano. Ezik izan bildurrik.

Bildurrik ez? Sakristauarenetik urten-da eleiza-alderantza ioiazala, ez neuke esango zeiñek eroian dardara aundienik. Irutzuak be alkarren antzean gizajoak.

Abadea ioian lenengo. Bere atzetik Joxepa ta Mikela. Ta azkenengo, amar bat metro atzeragotik, Luziano, erdi makurrik eta beatz puntetan, zaratarik ez ataratearren. Eldu ziran eleizpera. Belarriak atean josi... eta eleizea ixiltasunik baketsuenian: zarata txikienik be ez barruan. Iges egin ete eben ba demoniñuok?

***

— Don Joxe Migel! Ez bedi biurtu etxera konjuruak egin barik. Demoniñua dan maltzurregaz, berien bat egingo deusku osterantzean-eta.

— Maltzurra ete dan au gero! Baiña, dana dala, emen badago beintzat, laster joan bearko dau inpernuko sakonera nire konjuruen indarrez. Bai orixe! Ekartzuz ia, Joxepa, eleizako giltzok.

Emon eutsazan. Eta abadeak krisk-krask baten eleizako ateak idigi be bai.

Baiña... ikaratu zaite, ene irakurle! Ez dakuszu ba gure Don Jose Migel demoniñoaren adar-artean, aidean? Eta emakumeen txilioak!... Ta Luzionaren arrapaladea!...

— Luziano! Demoniñoak naroala! Demoniñoak naroala! Lagundu eistak! Ator, Luziano, ator!...

Luzianok, baiña, bere narrua gorde naiago, eta amen esan-da, etxera iges egin eban tximistea baiño ariñago.

Ta Don Joxe Migel gizajoa, bere konjuru ta guzti, demoniñoak eroan azkenez!...

***

Beraz, demoniñoak eroan ete eban? Ja, ja, ja!... Barrea izan eben gozatsua erritarrek jazoriko au jakin ebenian.

Juanitok ateak itxi aurretik eleizan sarturiko aker aundi bat ezan, ba, gure zorioneko demoniñoa?

ZUETZA


Zinematografia

«Los Diez Mandamientos». Auxe da Cecil B. de Mille'n azkenengo pelikulea. Nok ez dau ezagututen Hollywood'eko filmegille zar au? Nok ez ditu ikusi bere pelikulak? Nok ez dau ikusi «Samson y Dalila»? Batez-bere «El Mayor Espectáculo del Mundo»? Cecil B. de Mille'ri gente asko agertzen dan pelikulak gustetan jakoz. Film aundiak egiteko, benetako trebetasuna dauko. «Los Diez Mandamientos», bere azkenengo pelikula onetan, beste film guztietan baiño gauza andiagoak ikusten dira. Iru ordu ta erdiko duraziñoa dauko. Amairu ta erdi milloi dolar kostau izan da. Dirurik ez galtzeko, ogetabost milloi dolar kobrau bearko dira takillan. Ori gorabeera, Cecil trankil dago. Azkenengo berrogei urteotan, iru milla milloi personak ikusi dabez bere pelikulak, eta azkenengo au be ez da geratuko gente asko ikusi barik. Pelikula onen planeamentua egiteko, amar urte bear izan ditu egilleak, eta 500.000 dolar gastau dauz investigazino lanetan. El Cairo ondoan aintxiñako erri baten erreproduziñoa egin eban: obra au, Suez'ko kanalaren urrengo ipiñi leiteke Egipto'ko egintza modernuen artean. Pelikulearen zati baten, 20 000 extra erabilli ebazan. Hollywood'en bertan, Itxaso Gorriaren pasua errepresentatzeko, uraska aundi bat egin eban, eta orretarako etxe batzuk beera bota bear izan zituan.

Bere pelikulearen zabalkundea egiteko, De Mille'k eleiz-gizonen favorea irabazi gura izan dau. Oraiñarte, aprobaziñozko verba banaka batzuk bakarrik ezagututen doguz. «emozionagarria» (diñoe katolikoak); «Bibliako gauzak guzur barik ekarten deutsoz gaurko gizonari» (metodistak); «aldakuntza aundia sentietan dogu gure barruan, pelikulan Moises'eri jarraituta gero» (bautistak); «pelikula eragille ta emozionagarria» (judeguak).

Baiña propagandeari ez deutsagu jaramon aundirik egin bear. «Samson y Dalila» gaz jazo dana, pasa leiteke «Los Diez Mandamientos» egaz. Ain baten, pelikula onetan be, Egipto'ko agintarien bizimodu nabarmen eta sensuala ikusiko dogu; eta bearbada, Moises bera be emakume ederren bategaz maiteminduta agertuko da.

Biblia Santua, Jaungoikoaren verbea da. Eta Bibliako gauzak ziñera eroatekotan, errespetu aundiagaz eroan bear dira. Zoritxarrez, sarritan olako pelikula aundietan errespetu ori falta izaten da.

***

Orain asko ez dala ospatu da Austria'n Ziñe Katolikoaren Eguna. Egun orretan biziro agertu dabe austriarrak ziñeko problemak aintzat artzeko dauken adorea. Ziñe onaren alde propaganda itzala egin dabe. Eleizetan be, ziñearen gainean verba egin da. Leziño ederra guretzako: ez gaitezan arritu, gure eleizetan be ziñeko gauzak noizedonoiz ikututen badira.

***

Bing Crosby'ren semea, Lindsay Crosby, 18 urtekoa, ababe izateko, seminario baten sartu da.

***

Akordetan zarie «Canción de Bernadette» pelikuleagaz? Japon'eko erri baten, film ori ikusita gero, 70 persona asi dira kristiñau erlegiñoa ikasten.

***

Roberto Rosellini, ziñe-direktore ospetsua, Rusia'ra joango ei da, bertako bizimoduaren gaiñean pelikula bat egiteko asmoz. Artistak, Rusia ta Frantzia'koak izango ei dira.

Goikoetxea


Lanez egiteko... lanian (Soldau gazte baten bertsoak) [Bertsoak]

I

Gure lenengo aita ta amak

Pekatu egin ebenian...

Asiyerarik gabeko Jaunak

Asarre bizi-bizian...

Ume-zurtz eta zorigalduko

Gu itxi ginduzanian...

Etorkixunen izerdi larri

Sortu jakun gorputzian.

II

Geure lanaren izerdi larriz

Eguneroko ogiya

Irabaziko genduan, bada,

¡Benetan lotsagarriya!

Pekatu bategaz galdu genduan

Zeruetako gloriya,

Ta aukeratu, ondagarrizko

Auxe, inpernu biziya.

III

Latza da lana ta antzeko dana;

Ez da gaitz siñiztutia,

Gaurko jentea ezdala bape

Lanerako zaleegia;

Errezago da, al dauenak beintzat

Lan barik bizi izatia;

Orra munduan gaur diran gizon

Dan-danen ametsetia.

IV

Antxe dao famili-burua dana

Zintzo ta gogor lanian,

Azken-aldiya atseden onez

Igaroteko ustian;

Osagille..., ikasle..., jakitun...,

Aberatsak be, nastian,

Gogor jokatzen dabe goixian

Ta atseden arrastian.

V

Igerri barik dabiltza danak

Bakoitza bere lanetan,

Al daben aña zartzarorako

Aurreratu ta gordetan;

Lanian gogor diñardue oiñ...,

¿Baña..., zeren ametsetan?

Azken-aldiko egunak zelan

Ondo igaro pentsetan.

VI

Neuk ezdot asko aituten baña

Au da neure eritxia:

Gerorakoen itxaropenak

Gozotzen dau bizitzia;

Danak dabiltza alegiñetan

Dabela auxe ustia:

Lan barik ondo bizi izateko

Lana sendo egitia.

Deunoro Sarduy


Aita Lino Akesolo-gaz barriketan

Karmeldarra dogu fraile au, oraindiño gaztea, berrogetabost urte baiño ezteukoz. Sasoi onean dago egon be bearren ekiteko.

— Nongoa zara ba jaiotzez?

— Dimoztarra, Zamakola-ren errikoa. Arratian beintzat olan deituten deuskue dimoztarrari: zamakolistek.

— Badakit Aita Karmeldar batek itzulita deukola bizkaierara testamentu barria. Zer dago lan orren gaiñean?

— Bai, Aita Larrakoetxeak deuko itzulita aspaldian. Badira amazazpi urte inguru amaituta eukala. Geroztik apurtxo bat erraztuten eta azkenengo eskualdia emoten ibilia da, baiña beste zeregin batzuk galazo egiten deutsie. Kanpotik ibilten da asko, nausiak aginduta.

— Eztozu uste komeni litzakela evangelioa beintzat argitaratzea?

— Bai, oso egokia izango litzake.

— Ta ezin leike arazo ori beste norbaitek artu, argitaratzeko arazo ori? Zuk zeuk artu bear zeunke Aita Larrakoetxearekin artu-emon onetan zagozan ezkero eta gaiñera bere lana noizbait zure eskuetan izan dozun ezkero.

— Nik egingo neunke. Beiñepeiñean badaukat lan bat maiatzerarte. Aleman monja karmelita baten lan bat amaitu bear dot. Ori amaituta artu neinke arazo au.

— Zuen ordenean badagoz euskalzale bikaiñak. Ze arazo nausi dozue eskuartean?

— Aita Onaindia ari da Kristoren antz-bidea argitaratzen; irugarren argitaraldia. Badauko eskuartean Euskaltzaindiaren lan bat be: Arrese ta Beitiaren «Ama euskeriaren liburu kantaria» argitaratzea. Aita Emiliano ta Aita Antonio Goiria be bikaiñak doguz. Beste alde batetik Karmengo Amaren egutegia urtean lautan argitaratu gura da.

Fraile adoretsuok be badaragoioe lanean eta laster egi biurtuko jaku eleizgizon guztiak adoretsu ekingo deutsiela erlegiñoaren alde amagandik ikasiriko izkuntza erabilita, gizonaren barne-muiñetaraño allegetan dan izkuntzea. Olan uste dogu beintzat.

Iztun


Erregenetako ipuiña

Edurra zan urian. Aingeru mordo bat zeru goietan euren egoak astintzen ebillela zirudian...

Permiñ, bere txamarra zaar eta koipetsuan batuta, bearlekutik etxeruntz etorren. Andra Amaliaren jauregi eder aurretik igarokeran ezin izan eutsan bere barruan sortu jakon aserrekeri sumiñari eutsi, ta bere agoak, abots garratzez, berba loi ta irainkor batzuk jaurtigi ebazan. Bere lankideakaz izan eban jardunaldia gogoratu jakon: Begibakarraren itzak; aberatsen eta abadeen kontrako gorrotozko itzak; erlegiñoari egin eutsazan burla ta barreak...

Bai, egia zan izan be. Bera be ziur egoan baieztatze onen gaiñean. Aundiki ta aberatsen etxeak eraso aal izango balira ta euren ondasun ta aberastasunak banatu, mundua zoriontsua izango litzake.

Ataurrera elduteagaz batera, edurraren kili-kili bigunez lo antzean egoan kaletik igaro zan Andra Amaliaren automovil ederra. Biotz oneko andra arek Permiñ gozo gozo agurtu eban, baiña onek ezeban ikusi aren berenganako txera ona; ezin ikusi be. Gelditu zan momentu batean. Ber-bertan, bere etxe pobre-zikin aretan ikusi bear eban ikaragarrizko kuadrua etorri jakon gogora, ta txamarratik zear gorroto-samiñez beteriko negar-malko batek laban egin eutson.

Andra Amaliak larri asko itaundu eban, bere jauregiko atari zabalean sartu ordukoxe, bere semetxoaren osasunaren barri. Morroiaren erantzun susmagarria entzunda, ariñeketa baten, estu ta artega igon eban marmolezko eskillarea. Bere pena, naibage ta illunaldi sakona ama ba ten gisan ezkutatu ta amaika etxe pobretan alaitasuna erne eban. Makiña bat gurasok ezeben izan, Erregenak direala-ta, ainbeste eroste neketsu (txikiak eta ezerezak izanda be euren boltsiko meentzako kaltegarri zirean) egin bearrik...

Permiñeri, bere eskaratz illunean sartu zanean, bere barru-barrenean erneriko dardara otz bat azurretaraño sartu jakon. Emazte ta alaba nausiak, pozik eta alai, Andre Amaliak eurengana sartu-urten baten emondako sari baliotsuak erakutsi eutsezan. Sari orrei eskerrak, nasaitxoago itxaron leikien laster etortekoa zan bosgarren umetxoa, ta baita poz aundia emon be gela illuneko seaska zaar batean pillotuta egozan iru mutiko koskorrei.

Permiñeri, barruan nabaritu eban lotsa aundiak ezeutsan itxi egitada arek emondako poztasuna agertzen. Une batean, oso osorik, bere lankideen uste ta asmoak guzurrezkotzat euki ebazan... baiña aren gogoraziñoak zalantza larriak sortu eutsozan eta bere momentu aretako uste ta burutaziñoen damu izan zan. Maltzur maltzur ezkutau eban guzti au ta ardura-eza erakutsi, eta zigarro bat erretan asi zan oge ondoan jarrita.

Mari Rosi, neska nausia, urren egoan farmaziara bajatu zanean, erdi lotan egoan Permiñ, urruneko bada ezpadako deadar batzuk itzartu eben. Jaigi zan bizkor, eta Andra Amaliaren aldameneko jauregian argi batzuk ixituta ikusi zituen. Zigarroa jausten itxi ta amorruz beteriko txistua jaurtigi eban lurrera. Bere leengo uste ta asmoak indar barria artu eben. Zer ba? Sari arek zer zirean ba, ondo ornidu ta beteriko maitik jausten direan ondakiñak baiño besterik? Berak, famili pobre ta gosez beteriko baten astuntasun guztia jasan bear ebala, aldamenean, andik ur-urrean, ezeren bearrik barik, aberats eta nasai, jolasean ta alaitasunean jo ta egur ebiltzan. Mari Rosi, pozez beterik etorrela, bere aitaren arpegiak eukan itxura aserre ta amorratuak, ikaraturik itxi eban.

Biaramonean, auzoko eleizatxoaren kanpaiak, bere ots luze ta astiroaz, aingeru baten zeruratzea adierazo eban. Gizonezko ta andrazkoen sartu-urten bizia ageri zan Andra Amaliaren jauregiko atari zabalean. Permiñek, jauregitik zarata alaitsuak entzuten ebazala-uste eban momentu aretan bertan, ango umea, Amaliaren semerik txikiena il zan.

Permiñ, bere txamarra sendoan batuta, arratsaldeko illetan egon zan. Andra Amaliaren esku biguna bere esku latz eta zakarren artean estutu ebanean, barriro be bere barruan zirikada bizia nabaritu eban.

Edurra mara-mara zan. Kale ondoko arbolen adar eta orriak apal apal makurtzen joiazan astuntasun zuri aren bultzakada bigunagaz.

Permiñ etxeratu zanean, jauregiko andrearen neskameak, otsaratxo baten-jaio-barriarentzat, ildako umetxoaren jantzitxo zuri ta ederrak ekarri zituen. Orduantxe sakondu ta indartu jakon leengo ziztadeak emondako gogo ona, metzen eta aultzen joiana, maite usaiñekoa. Bide zuzena ta alkar maitasuna eztireala guzurrezko berba utsak sendo siñiztu, ta, bere lankideei, Andra Amaliaren egitada bioztunaren barri emonaz, ori siñiztuerazotea erabagi eban.

Seme txikiak, alaitasun biziaz, euren begi ederrak ia eten arteraiño zabaldu bearrik, Erregeak itxiriko bitxiak erakusten eutsezan. Eta amak, saritzat, alboan lo eukan umetxo jaio-barria ikusten eban.

Edurra zan urian. Aingeru mordo bat zeru goietan euren egoak astintzen ebillela zirudian...

Arbeloa

(J. V. Gallastegi-k euskeratua)


Amerikatara

Esteban Sagarna'ri.

Antxinako laguna:

Ire etxekoak diñostiek ez eidekokela asmorik, onantza etorteazenean, iñori arpegira begituteko. Ori zaarra zoan Amerikano guztieri pasetan iakiek berbera. Lau txakur faltrikeran, da buruan sombrerua ipini ezkero, Inglaterrako Erregeak baño aundiagotzat ieukiek euren burua.

Segurutik, oingoz pajariteen bat eta galtzuzko sonbrerua ipiniko einduzala, da ikasiko eindula «cuanto bueno por aquí», ta «como va su vieja» esaten.

Bai gizona, bai, i be putzituta ago, baña eztoa bedarrak ez lastoak aizatu, Am-rikatako ke arinak baño. Mutil ¿ain arin aberastu az ala? Etxoat uste. Ollotegi eder bat egiteko beste diru eukitea, baleitikok; samea luze luze egin ta, kikirri kukurru ibilteko, ori beste gauza bat dok.

Orain, «Argintxoaren» bidea artu badok, ta errekadue egin badautsak Kuba edo Kolombiako neska sistrin, zuria baño baltza geiago dan bateri, ixiltan nok. Baña, orretarako «manboa» jantzan ikasi bearko eindun leen, da Arantzazuko plazan pasadoble triste bat ostaz ostaz jantratzeko mozkor erdikin bat artu bear euenak, ¿zelan demontre egingo jozak, ba, orreik mogimendu baragarri guztiak?

Oba dok denporaz etxeratutea, nai ta eperdia agirian etorri. Boltzak zuloz beterik, baña norberaren buruaren jabe. ¿Zer joata «karro» bat eukiteagaz, etxean «lorito» bi badaukazak, bata kaiolan, ta bestea alboan?

Ezin neikek sinistu an Barazargo aldamenean bere gaztezaroko urterik onenak emon dituena, txarri ta olloakaz batera bizimodue eroan dauena, Robinson bat eginik bizi zana, zelan, gaur, ibili leiteken Habanako «Night Club» etan «frac» bategaz jantzita sorginen jantzetan.

Ta, arrigarriena! Koka kola edaten e dok. Orixe bai eztala sartzen nire buruan. ¿Non iauzak ba, ire beñolako kantak «ardau gorri naparra» ta «itxasoa ardauzkoa balitzok»? ¿Non Somerako ibili aldiak, Morga'nean kafea artu ta lasterrean patatadun tortilla bat iruntzi Lekerika'nean? Baña, ¿itxasoa esan doat leentxoago? Ondo etorriko iata segiduan kontauko doatena, eure erritar bateri jasoa.

«Bein, joan zoan Zeanuriztar bat itxasoa ikustera. Orduko egunean benetan iegoan itxasoa asarre, ta gure baserritarra iñoiz ikusibakoa zanalez ainbeste ur batera, agoa zabalik geratu zoan. Ango zaratea, ango oleatua, ango aizeareu txistu zorrotza. Luzerotxoan mutu iegoan itxasoari begira, ta azken baten badiño buruari gora-bera eginik: «Ezkondu adi, bai, ta mantsotuko az».

Ator, itzuli adi eure errira. Emen naukok aspaldiokaz etxoten. Arakatuko joguzak gure errietako baztar guztiak, neskatilla batzuen billa. Onak, galantak, euskaldun zintzoak, ta ¿zergaitik ez?... Piñudien bat be...

Besarkada bat.

Andoni Totorika


Arantzazuko euskal-sariketa

Arantzazu'ko Andre Mariaren urtea ospatzeko eratu dan sariketarako epaimaieko autatuak izan diranak, Antonio Arrue, Manuel Lekuona eta Luis Mitxelena jaunak, agertu diran idazlanak banan-banan irakurri eta aztertu ondoren, Agorraren amaseian Arantzazun bildurik, onako erabaki auek artu dituzte:

1) Olerki-saillean, lenengo saria, 1.000 pesetakoa, «Elorriko lerak» deritzanari ematea, eta bigarrena bosteunekoa «Tori Arantzazu» izenekoari. Egilleak: Gandiaga'tar Bitoriano Aita, Arantzazuko Prailea, ta Artola'tar Fernando, «Bordari».

2) Artikuluetan, lenengo saria, 1.000 pesetakoa, «Zotaletxeko artzaia» izena duenari, eta bigarrena «Euskal-sorgiñak eta Arantzazu» deritzanari. Egilleak: Urruzola'tar Estanislao eta Berasaluze'tar Sabin anaia gertatu dira.

3) Antzerti-lanetan bi lanik onenak, berdintsuak izanik 5.000 pesetako sari bakarra bien artean erdibanatzea erabaki dute. Antzerkien izenak, «Gabak zekarren eguna» eta «Mesederik aundiena». Egilleak Etxaniz'tar Nemesio eta Albisu'tar Anastasio jaunak, biak apaizak.

4) Olerkarien artean bertsolariak ere agertu diralako sari berezirik ezpadago ere orientzat, uste dute maiekoak ongi legokeala beste bi saritxo ipintzea, 500 eta 250 pesetakoak esate baterako. Lenbizikoa, «Arantzazu'ko Amaren edestitxoa» deritzanarentzat izango litzake eta bigarrena «Arantzazu'ko Amari» izenekoarentzat. Egilleak: Joan Baxurko eta Graziano Anduaga «Gezaltzako Aitona».

Atsegin biziz ikusi dute maiekoak zenbat olerki (amazazpi eta lau bertso-berri sorta) eta nolakoak agertu diran norgeiagoka onetara. Aipamen berezia merezi duten guztiak aipatzea luzeegia litzakelako, lau aipatuko ditugu bakarrik, sarituez gañera: «Zaharraren kimu berria», «Bosteun urte ta...», «Elorriko lorea», eta «Kutunki» izenekoak. Egilleak: Berasaluze'tar Sabin anaia, Zugasti'tar Anizeto apaiza, Dorronsoro'tar Lukas apaizgaia ta Sagarzazu'tar Kauldi, «Satarka». Ederki legoke benetan guziek liburutxo batean agertzea, Arantzazuko Andre Mariaren gorazarrez.

Artikuluetan, beste batzuen artean, aipamen berezia merezi du «Arantzazu Penteskostes berri» deritzanak. Egillea Aranalde'tar Joxe Mari.

Antzerki-saillean «Arantzazuko Anai Patxi» deritzanak elkar-izketa bizi ta errikoia agertzen du. Egillea: Arkotxa'tar Joxe Antonio.

Arantzazu'n 1956'ko Agorraren 16'an

Antonio Arrue, Manuel Lekuona, Luis Mitxelena

Euskaltzaindikoak


Azkue jauna zanaren omenezko jaiak

 Lendik jakinerazo zanez Azkue jauna zanari omenaldi aundi bat egin jako Bilbon. Lenengo egunean Coliseo Albian, Oleaga jaunak, bere lankidea izan zanak, itzaldi eder bat egin eban. Bezperan Euskaltzaindiak batzarra egin eban bere etxean eta Bonifazio Etxegaray jaun Euskaltzaiña il zala-ta, onen eriotzearen begirunez amaierea emon jakon batzarrari solasaldi bateri bidea emonik.

Azkue beraren musika zati batzuk kantatu zituen Bilboko Coralak D. Modesto Arana jauna gidari. Oso ederto.

Urrengo, «Illeta», bere egille Escudero jauna gidari zala berreun eta berrogetamar kantari inguru, geienak giputzak eta bizkaitarrak, Bilboko orkestea eta Agara jauna baritono batu zirean. Sekulako zirrara sortu eban entzuleen biotzetan eta guztiak adi adi egon zirean lilluratuta lez, euskal-kutsuko nota guztiak entzuten. Zorionik gartsuenak Escudero jaunari; Euskalerriak eta bere kulturak, eta bide batez munduak, esperantza aundia dau gizon gazte onengan. Aurrera, ba!

Abadeak be izan eben Azkueren omenez euren batzarraldia, Luistarren saloian urtarrilleko 2'garrenean, Obispo jauna maipuru zala. Eta Maidagan, Ibargutxi. Olaizola ta Mañaricua jaunak berba egin eben. Azkenengo onek Azkue jauna abade zan aldetik arakatu eban eta euskaldunen arteko kristiñau-ikasbidea dala-ta gauza asko esan zituen, Azkuerekin zer-ikusia eben gauzak, alegia. Azkenez Obispo jaunak esan zituen itz atsegin eta sentimentuz beteriko batzuk. Zelan batzar orreri, urrezko amaierea ezin emonik ezustez ari zalako berba egiten, beintzat maitasunezko amaierea emoten eutsala. Gogora ekarri eban zelan bere ama Azkue jaunaren lankidea izan zan Euskalerritik zear jakin-gai billa ibilli zanean eta zenbait pasario kontagarri adierazo zituen emoziñoz beterik. Azkenez Azkue jauna abadeen artean eredutzat ipiñi eban.

Erregenetan izan zan bigarren jaialdia. Arrue jaunak itzaldi eder eta sakon bat egin eban, entzule guztiak pozarren txalo ugari egiñik, ez bakarrik akabuan, baita itzaldi bitartean be bein baiño geiagotan.

Gero, Txinpartakoak «Iru errege», «Euskal-abestiak» euskal teatroa: «Ekaitza», Olaetaren dantzariak: «Lau urte-aroak», eta amaitzeko «Ekin eta yarrai», Euskalerriak ama euskereari egiten deutson omenaldia. Izan be, Azkue jaunari egin gineion gorazarrerik aundiena euskerearen alde ekitea da.

Azkueren omenez argitaraziño batzuk egiteko asmoa be badago eta Jangoikoa lagun urtengo dabe argitara.

Zorionik eta eskerrik gartsuenak euren borondate ona ipiñi daben guztieri.

Barri zoritxarreko bat: «Ekaitzaren» egillea, Isusi jauna, oraintsu, Azkueren omenezko jaiak amaituta gero il da Bilbon, oraindiño gizon zaarra eztala. Erregutu daigun bere arimearen alde.

IZTUN


[Esaldi solteak]

Euskalduna esta sekula izan esker txarreko. Euki daigun beti akorduan Euskalerriko gizon aundien gogoraziñoa.

Euskaldun dana anaitzat artu daigun nonai ta lagundu deiogun.

Euskaldun izatea munduko doairik aundienetakoa da egun gaiztoetan be.

Guraso euskaldunak euskerearen eusle.

Euskalduntasuna alderdi guztietatik zabaldu bear da.

Bakoitzak bere eginbear txikia bete ezkero sekulako piztualdia artuko dau euskereak.

Euskaldunak, Euskalerritik urtetan dauenean, edonon ditu ateak zabalik.

Aal danik eta geien baliatu gaitezan euskereagaz gure bizitzako zeregiñak eta esan-bearrak adierazoteko.

Berbeta asko jakitea ezta kaltegarri, norberarena baztartutea ernegaziñoa da.

Era guztietako gentea bear da: Jakintsuak, ikasiak eta ezikasi zuur eta jakintsuak. Danak osotzen dabe Euskalerria, eta danak bear dabe norbere alegintxoa eskeiñi.

Euskaldunak bat.

Zaletasuna dauena saiatu bedi euskal gauzen ikaskuntzan. Aundia da, oraindiño, argitu bearra, eta gutxi buru argi-emoilleak.

Edozein erritako gaztea: Egin euskeraz zuon artean eta aal dozuen geien leidu. Nortasuna sendotuko dozue.