ANAITASUNA

III URTEA — N. 34

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Agostua-Irailla (8-9) 1956


Naziñoen ikurriña

 Alemania'ko Katolikoen Eguna: ona emen kristiñau batentzako ille onetako jazoerarik urtenena. Kolonia'ko urian milloi bat persona batu izan dira, gaurko mundu materialistearen aurrean euren kristiñau fedea autortuteko, eta Eleiza Katolikoari euren leialtasuna erakusteko.

Iñoizko geien batu izan dira, Alemania osotik etorriak, slogan indartsu batek eraginda. Slogan ori auxe izan da: "Eleizea da gizonen arteko Jaungoikoaren ezaugarria." Eta egia au obeto adierazoteko, Katolikoen Egun orretan Kolonia'ko katedral ospetsuak, azken gerrateko ondamendiak komponduta gero, bere ate guztiak lenengoz zabaldu ditu, eta bere magalpean taiu askotako gizonak fede bateko lokarriakaz alkartu dauz.

Ba-dauko jazoera onek gugaz zerikusirik. Alemania'ko katolikoak dei egiten deutse munduko naziño guztieri Eleizearen banderapean biziteko. "Eleiza Katolikoa da —autortuten dabe eurak bildur barik— munduko erri guztiak batu bear dituan ikurriña."

Eleizea gizonakaz egiña izanarren eta alde orretatik bein baiño geiagotan utsuneak eukiarren, beragaz valiatuten da Jaungoikoa mundua gobernetako. Bera da, Kristoren antzera, egia, bizitza ta bidea. Beragandik kampora ez dago salvaziñorik. Au ez eben ulertu gura izan amaseigarren gizaldiko aleman askok, eta okerbide orretatik sortu zan protestantismoa bere izugarrizko ondorenakaz. Eta orain, lau gizaldi geroago, mundu guztia goibeeratu dauan ikaragarrizko guduaren ostean, gaurko katoliko alemanak, nazismoaren guzurrezko asmoak betiko zapaldurik, aberri barri bat egin gura dabe, eta bizitza barri orren simbolutzat Kolonia'ko katedrala arturik, mundu guztiaren aurrean argi ta garbi autortu dabe euren Eleiza Katolikoagango siñismen sendoa.

Beste orrenbeste egin bear dogu guk euskaldunok. Aspaldion antiklerikalismo pitin bat sartu da gure artean. Kristiñauak izanarren, ez doguz ondo ezaguketan Kristoren asmoak eta bideak. Kristoren vorondatez, Eleiza Katolikoa da gure gidaria ta biderakuslea. Beiñola esan eutsen Jesusek Eleizako agintarieri: "Zueri entzuten deutsuenak, niri neuri entzuten deust; eta zuek desprezietan zaituenak, ni neu desprezietan nau" Eta au, egia da, Eleizako agintariak, gizonak direan aldetik, bearbada kasu batzuetan engañatuta egon eta euren griña okerren influxupean gauzak egiñarren. Kristoren esana, egia utsa da, naizta guretzako ulergatxa izan. Kristok Eleiza bakar bat egin dau, eta beronen bitartez eroan gura gaitu zerura.

Egia au ez jakitearren, protestantismoak ondatu egin eban Alemania, eta beste kalte askoren artean bere batasun espirituala apurtu.

 Oraingo une onetan, batasun ori bear bearrekoa dogu geuk-bere, gure kristiñau fedea zainduteko, eta gure guraso zarrak itxi deuskuen espirituzko herentzia, batez bere euskerea, galdu ez daigun.

Eta batasun ori, naitanaiez, Eleiza Katolikoaren magalpean egin bear dogu.

Alemania'ko gure anaien antzera, autortu daigun verbaz eta egitez Eleizeari deutsagun eraspen sutsua. Eutsi deiogun gure euskalduntasunari, kristiñau fedean sendaro alkartuta gagozala.

Berriatua


Artabero Usaña Obe

Jaiak jai izan doguz bilbotarrok.

Ez arritu; urte guztietako leloa dozu ori, uri dan-danak izan daroen lez, bere Zaindariaren egunean, edo aren urteurrenean, naiz onen baba-lora garaian.

Jakin barik jardutzea txarra dala-ta, an, or, emen, zirkillurik zirkillu ibili gara, gazi-gaza guztiak ausnartzeko.

Operak, zezenak, barrakak, su-apañak... ¡puego artipitzialak gizona!, erromeriak, abes-batzak... ¿oneik zer diran? oneik orpeoiak dituk ¡kontro!, probalariak, idi-dema ta gizon-dema, soka tirakak, aizkolariak, orripeko dantzariak eta... eta... eta... ¡iru aldiz "eta"! ¡¡¡txistulariak!!!

¡Zazpi milla "eta" jarriko neukez euren omenez, eta eztakit baton bat eskas urtengo ezpalitz. ¡Koontrooo! txistularien agerketa, ezta auntzaren gaberdiko estula!.

Beno; baña ez gaitezen berotu. Nere asmoa auxe da: Iñori ezer kendu barik, izan doguzan euskal-jaien gaiñean zerbait esan ta pox puxka bat azaltzea.

Bizpairu urte onuztik, euskal-purpilla daroen jaieri leku emoten asiak dozuz gure Erriko-Etxean buru egiten dabienak, ta aurtengoetan, danak begiko izan bajakuz be, begikoena txistularien agerketa izan jaku. Eun da berrogetamarreko txistulari taldea, Manu Landaluze aurretik zala, kalerik-kale euren biribilketa alaia joten aitu nebanean, lenengo, ozkirria nabaitu neban biotzean, ta ondoren, alako... ogei urte ganetik kendu izan baleustezan lako jeikia.

Arenaleko Ansorena donostiar txistulari zarrak tajuz zuzendurik egin euskuen ekiñaldiarekin barriz, danok adurra dariola jarri giñoezan. Eta ez gu bakarrik San Nikolas eleizako bi kanpantorre zarrak eurak be, irriparrez zirala iruditu jatan iñoela: "¡Ori, ori; emon bakotxari berea; ori baita Jaungoikoaren legea!"

Jai eratzalleak or daukie urtero egiteko jai berezia. Eztabe asmauko argiagorik, garbiagorik, entzungarriagorik, alaiagorik ez ederragorik.

Atzerritar batzueri entzun neutsoenez, ez ei da munduan operarik, entzun eben txistulari taldearen musikea bezelakorik. Bear ba'da, ba'leiteke orrenbesterako ez izatea.

Opera bat edo beste aitu ditugu ta ederrak, oso ederrak iruditu. "Eta" bat esan bear dautsuet orraitiño. An ikusi nebazan emakume pillaen bizkar billoxak ikusirik, neure buruari auxe itandu neutsan: "¡Operea aitu ta ulertzeko, bearreko ete da lepazurra erakustea?".

Beste "eta" bat. Norbaitek, euskal-jaioi buruz, artabero usaña daroela esan ei dau.

Ez ikaratu orregaitik. Esan beie nai dabiena. Olio-erre zikiñetan igari dabiltzan txurroen atsa baño obe dala erantzun. Erromeri nabarmenetako izerdi usaña baño obe dala.

Barraketako lizun usaña, praka-zar usaña izkanbilla ta lurrun aztunen usaña baño obe. Bilboko salerosliei euren irabaz-bidea kentzen dautsoenen guzurrezko barriketak baño obe. Eta emen aitatuko eztoguzan beste ganorabakokeri askoren ugarra baño obe.

Guk geure eskuetan ba'geunko jaion ardurea, egon ziur, artabero usain geiago emongo geunskioe jaioi: Millaka ezpatadantzariren agerketa egingo geunke. Beste ainbeste gorularirena. Arraunlariak ortik; palankariak emetik; bertsolarien sariketak nai nundik. Gure ibaiko ur-azaletan, argiz ornituriko itxasontziñoen ibilketak be asmauko geunkez. Gure landegi guztietako tresna bikañen erakusketak be bai.

Erakutsi oneko jaiak antolauko geunkez bere artabero usaintxuarekin.

— Zuretzat, irakurle, aitatu doguzan usañetatik ¿zein usain obe?

— ¡Artabero-usaña obe!

Abeletxe


Munduko hospitalik arrigarriena

Turin'en, Italian, Jose Benito Cottolengo izeneko abade gazte bateri deitu eutsen bein, andra gaixo bat ikusten joateko. Emakumea, frantsesa zan; eta polizia-etxean aurkitu eban gaixoa, toki estu ta loi baten. Ez eben artu gura izan erriko hospitaletan. Emakumea ilda gero, Aita Cottolengo bere eleizara biurtu zan, altarako kandelak biztu zituan eta luzaro pentsaketan egon zan. Momentu atantxe agertu jakon bere bizitzako ideala.

Aste batzuk geroago, bizitza biko apartamentu bat alkilatu eban, bertan gaixo abandonatuentzako hospital bat egiteko asmoz. 1831'ean, bere hospital txiki ori erritik kampora atarateko agindu eutsen agintariak, eta bazter baten ipinteko. Etxe txiki ta pobre bat aurkitu eban, eta 1832'ko aprillaren 27'an sartu zan bertan lenengo gaixoa, belauna gangrenatuta eukon gazte bat. Alantxe sortu zan "Jaungoikozko Providentziaren Etxetxua"

Gaurko egunean, 9.000 gaixo baiño geiago bizi dira bertan. Ia danak, erremediobakoak dira eta beste hospitaletarik bialduak. Ain zuzen, orreexek dira "Jaungoikozko Providentziaren Etxetxuan", sartzeko kondiziñoak, Ain humilki asi zana, gaur Europako hospitalik aundienetariko bat da. Baiña beste guztien artean, alde aundia dauko. Hospital onetan, gaixo guztiak doarik sartzen dira; eta medikuntza kontuan aurrerapide guztiak egonarren, ez jako eguno iñori diru laguntzarik eskatu. Duda barik, hospital oneri eusteko, egunean egunean egiten dau milagru bat Jaungoikoaren Providentziak. "Konfiantza urriari —esan oi eban fundatzailleak, orain San Jose Benito Cottolengo izenegaz ezagututen dogunak— providentzia urriagaz erantzuten deutso Jaungoikoak; neurribako konfiantzeari barriz, neurribako providenziagaz."

Hospitaleko 9.000 gaixoak, 30 "familia" egiten ditue, euren gatxak eta premiñak zelakoak dieran kontuan eukita. Danak egiten dabe zerbait lagun urkoaren onerako; bakotxak al dauan neurrian. Eskuzko lanik ezin egin dabenak, otoitzari daragoie. Hospitaleko monjak, eurakaz bat eginda lagunduten deutse arazo guztietan. "Jaungoikozko Providentziaren Etxetxua" eguno eten barik visitetan daben guztiak, oso arriturik geratuten dira, kristiñau espirituaren milagru au ikusita: ain aundiak dira gaixoen arteko alkartasun eta maitasuna, ain ikusgarriak dira dolore toki aretako poztasun eta konformidadea.


Arantzazun euskalzaleen bilkurak Euskaltzaindiaren itzalpean

Bai egun zoragarriak Arantzazun igaroko iru egunak. Euskereak eta bere espirituak gure barruan sortu dauen min biziak giro bero ta atsegiña emon dautse batzarraldieri. Eztago dudarik euskereak aurrerantza egingo dauela olango gizon adoretsuak edonon ikusirik. Gazteria iñoiz baiño obeto datorrela ezin ukatu leiteke eta valore barriak agertu dira guztion begien aurrean ango izlarien artean. Gazteokan esperantza aundia euki leike gure Erriak eta seguru gagoz esperantza ori egia biurtuko dala asko luzatu barik.

Ez naiz asiko emen ango barri zeatz emoten, ezpabere asko luzatuko nintzake. Orregaitik obeto deritxot zeaztasunak barik giroaren espiritua zelanbait adierazotea.

Bear bearrezkoa zan olango biltzar bat euskalzaleen artean. Azken urteotan euskerearenganako zaletasunak bideak urratzen ekin deutso eta gogo asko irabazi ditu. Baiña bakoitza bere aldetik ibili gara, askotan bestearen lanak eta miñak ezagutu be egin barik. Alkar ezagutu, alkar berotu ta asmoz ta jakitez jarraitu, ori zan kogresuaren betekizuna, eta gaiñezka bete dala elburua aitortu bear, oso osoan. Orain gure eskuetan dago orren frutuak eztiki aprovetxatzea umeldu ta usteldu eztaitezan alperrik. Badakigu gitxi gora beera nor zertan ari dan, eta beraz, nori zein laguntza emon geinkeon eta zer dagoen eginkizun, gure zaletasunak eskatzen deuskun giñoan lanari lotzeko, bildur barik eta ezeren kezka barik. Aurrera jo arretaz, eztago beste biderik eta lan egiten dauenaren frutua bear dan lez estimatu; borondate eta fede onez egiten dan lanak balio aundia dau, borondate eta fede on orrek emoten deutson balio birtutetsua.

Era bitako eztabaidak sortu zirean: bata, ia izkeren estudioak zertako bear genduzan, ez ete zan bearrezkoago euskerea zabaltzen geiago saiatu?; eta bestea kultura-terminologia zelan eta nondik artu euskeraz. Eztabaidok gaur eguneko giroan sakon bizi izan dira eta derrigor agertu bear olango une egokian. Lenengo eztabaida Mitxelena jakintsuak argi ta garbi erabaki eban eta adierazo euskun zelan-jizkerak guk sortu eztoguzan eta orreik zelangoak direan jakiteak ezteutsola ezein izkuntzari sekula kalterik egin, urteen buruan mesede baiño, ze edozein gizon arruntak daki kamiñotik begiak itxita doana eztala konturatuko non dagozan estropasuak, eta musturrak austeko arriskuan dagoela. Alegia, zelangoa dan euskerearen sustraitasuna sektore bakoitzean ezpadakigu, zelan jakingo dogu ze erabaki artu bear dan kasu bakoitzean eta zelan jarriko da gure izkuntza, dagoen arriskutik salbabidean eta sendabidean.

Zer dan gure euskerea gaur egunean eta tradiziñoan ezpadakigu, zelan jakingo dogu ze bidetik egingo dan sustraitsuago ta aberatsago guztien buruetan?

Bigarren eztabaidea terminologiaren gaiñean izan zan. Onetan iritziak eztatoz ain bateratsu. Dana dala ezin iñok ukatu benetako problema bat dana eta euskereak gura-nai-gura-ez erabaki bear dauena, biziko bada, batez bere gizon ikasiengan. ¿Zelan erabaki? esan euskun Euskaltzaindiak: euskerea olango gaietan aal danik eta geien erabili, erderaz egitea baiño geiago kostau arren; olan egin ezkero esanbide asko ta asko finkatu ta sustraituko da eta orduan onartuak izango dira. Obe dala euskera mordoilloa erabili gauzak ez esatea baiño. Errazoi aundia dau onetan Euskaltzaindiak; eztago beste biderik izkuntza bat lantzeko erabili baiño.

Azken eguna beroagoa ta anaikorragoa izan zan. Gogo gogoan dogu oraindiño otorduan kantatutako Gernikako Arbolaren oiartzun bizia, bertsolariaren ateraldi zorrotzak euskerearen gaiñean, fraileen kantu atsegiñak, Nafarren gogo sendoa, eta abar eta abar.

Badakizue, ba, danok zer bear dan orain: lanari ekin zentzunez eta jakituriz.

Amaitzeko itz bi frantzizkotarreri zuzenduak: Zorionak, fraile euskaldun, eredutzakoak zarienok. Izan daitela benetan Arantzazu Euskalerriko muiña eta euskerearen kabi beroa, oraindiño kume dan gure mogimentua ondo azi daiten eta gorputz-sendo ikusi daigun. Ekin eta yarrai!!!

Iztun


Ziñearen kulturazko valioa

Ernesto bizikleta gaiñean paseatzera joaten danean, jatorkon lenengo kamiñoa artzen dau beti, nora doan jakin barik. Gizaixoa! Bere ibiltaldiak guztiz gogaikarriak izaten dira geienetan.

Ernestoren antzeko gazte asko dagoz munduan, ziñera itsumustuan doazanak.

Gizon zentzuduna ez doa ziñera. Gizon zentzuduna pelikula au edo ori ikustera doa. Pelikula on bat gaiñera. Gizon zentzudunak ez dauz galtzen edozer gauzagaitik ordu biko astia eta bekokiko izerdiagaz irabazitako dirua.

Ez dau iñok erosten liburu bat, barruan zer dakarren jakin barik. Era berean, zentzuzko gizona ez doa iñoiz ziñetokira, edozein pelikula ikusten. Pantallako irudiak luzaro geratuten dira gure barruan. Eta pelikulea txarra bada, geu konturatu barik, irudiok kalte aundia egiten deuskue ariman, eta geldiro geldiro gure pentsabide zuzena okertu.

Gure barruan sartzen dan edozer gauza, edozein irudi batez-bere, antxe lotuten da, eta antxe egiten dau, gure subkontzientzian, geldiro baiño sendo, lan izugarria. Liburu bat irakurri naiz ziñetokitik urtenda gero, ez gara lengo lakoak izaten: txarrerantz edo onerantz beti aldatuten gara zerbait. Batu beitez alde batetik gure temperamentua eta gurasoak itxi deuskuen espirituzko herentzia, eta bestetik gure subkontzientzian moldatu dan izakerea, eta orduantxe jakingo da zein dan gure personalidadea.

Duda barik, ziñeak ondu gindeikez, baiña gaiztotu be bai. Zelakoa pelikulea, alakoa bere frutua.

Zeziliak, ziñera joan orduko, autatu egiten ditu bere pelikulak. Ez dira izaten bear bearrez umeentzakoak. Askotan film neorrealistak izaten dira. Egiazkoak eta garbiak izan ezketiño, pozik dago Zezilia. Gero, bere gustoko film ori Jaungoikoari eskinten deutso, eguneroko lana edo arratsaldeko pasealdia afrezietan deutson antzera. Pozarren sartzen da ziñera. Tokia ez da lujoduna. Ba-dagoz errian ederragoak. Baiña Zezilia egizalea da: Bilbaoko denda baten lan egiten dau, eta ez deutso iñori guzurra sartu gura. Asi da ziñea. Eguneroko bizitzan jazoko balira letxe ikusi nai ditu pantallako gauzak. Sophia Loren artisteagaitik ez deutso arean ardura. Tentaziño artean dabillen Sophia Loren neskatilleak barriz, bete beterik daroatso atentziñoa.

Film emozionagarriren bat ikusten dauanean, sentimentu on asko sortzen dira bere biotzean. Batzuetan maitasunezko sentimentuak izaten dira, beste batzuetan errukizkoak. Eta bere biotzetik otoitz labur eta beroak urtetan dabe, ziñeko artisten antzera munduan dabiltzan ainbeste ta ainbeste neskatilla koitaden alde.

Etxera joakeran, naiz bakarrik naiz Edurne bere lagunagaz batera, bere eritxia emoten dau ikusiriko pelikulearen gaiñean. Artista guztiak pasetan dira bere juizio zorrotzaren baietik.

Nire ustez, asko ikasi dau Zeziliak ziñearen bitartez. Aurrerantzean, bere erixpidea ez da ara to ona ain errez ibiliko momentu bakotxeko sentimentuen pentzura. Eta bertatiko baten zoritzar tragikoren bat etorriko balitxako, ez leuke orregaitik burua galduko, biotzeko lenengo zarradea laster ezereztuko litzakio, eta gauzak soseguz beterik bigiratuko leukez.

Orrezaz gaiñera, beste gauza asko ikasi dau Zeziliak ziñean. Bere begien aurretik igaro dira erbesteko lurralde ederrak, fronteraz andiko andra-gizonak, euren oiturak, euren bizimodua.

Zeziliaren ustez, ziñea kulturabide estimagarria da, baldin beragaz egokiro valiatuten bagara.

Ibieta


Eskoziatik zear. London-eko gure mandatariengandik artua

Edimburgo. Ezta erraza munduan Edimburgo bezelako uri ederrik topetea. Ainbeste ta ainbeste irakurri arren onen gaiñean, ara eldutorduan arrigarri iruditzen da uri-nagusi onen jatortasun apartekoa ikusita, eta bere zoko bakoitza ezagutu-ala nabaritzen direan mota diferente askotako gauzez jabetuta.

Princes Street kalea, Edimburgoko kale gurena, munduko kalerik ederrena ei da eta arro esaten dabe esan be eskoziatarrak. Iluntzean, kale onetatik zear, ikuskizun lilluragarria bereganatzen dabe begiak. Kale-egal bateko luzeeran etxe modernuak zutitzen ditue ollarrak baizen arro bakoitzaren buruak, eta azpian kolorez beteriko toldo, kafe, denda eta uri-nagusietako mogimentu bizia ikusten da. Kale-erditik soru biko tranvi bat, urtetan sartua, ibilten da. Onen ondotik autobus ta automovil modernu ta ariñak, igaroten dira. Bestaldean lorategi miragarriak, apainki argituak, benetakoak eztireala irudituerazoten dabela, bertan, an, or, emen dagozan estatuetan bizi misteriozko bat agerturik. Lorategi oneitan erloju ikusgarri bat dago, kanpo aldetik kolore askotako lorakaz guztiz estaldua; lurrean datza eta zenbaki ta seiñaleak lorazko lerroz egiñak dira. Orratzak, lora zuriz, ordu egiazkoa adierazoten dabe.

Erloju onetatik asko urrundu barik Scott-en monumentua dago. Idazle aundi onen irudi zuriaren gañean, monumentu eder au dago eraikita, arrian landurik dagozala bere liburueten sortu zituen persona aaztu-eziñen irudiak.

Lorategiok aldatz-beera bat egiten dabe, aran txiki bat, arbolaz ta lorez betea dagoela azpikaldean, eta bestaldean Edimburgoko Gaztelu ospetsua, aitz aundi batean egiña eta egitamu ezbardin eta grazia aundikoa dauena. Onen barruan, Argyll-torrean, historiko egitada aundi batzuk gogoratuerazoten dabezan tresnak dagoz. Gastelua osotuten daben etxeak tankera diferenteetakoak dira eta gaur egunean olango batzuetan soldaduak bizi dira.

Gazteluaren aurrez aurre zelai aundi bat dago eta bertan egiten dira Edimburgoko Festa ospetsuaren agerketak. Zelai onen azkenaldean Royal Mile kalea asten da, Edimburgoko parte zaarretik pasaturik Holyroodhouse-jauregira doana. Jauregi onetatik Gazteluraiñoko bideak milla bat deuko eta ortik jatorko izena: Errege-Milla. Bere inguruetan kale estu ta illunak amaitzen dira eta oneitako arri urdiñezko etxeak antxinako aldietara eroaten gaituela dirudi, eta orain mende batzuk andik ibili zirean persona famatsuak ekarten deuskuez gogora. Royal Mile historiaz beteriko kale bat da. Tradiziñoz beteriko etxe asko dago, Parlamentu-etxea, Moray House, Huntly House Museoa eta Saint Giles Katedrala, etxe galanta, vidriera arrigarriduna ta arri ta marmolezko irudi asko dituena. Ate nagusiko eskoi-aldean John Knox-ena dago, Eleizaren dotriñen aldatzaille ospetsua. Onen etxea kale berean dago. Arrizko etxe txiki bat da, iru bizitzakoa, eta azpikaldean John-en gauza ikusgarrien gela bat. Etxea zabalik dago eta edonok visitatu lei.

Holyroodhouse-jauregia erregeen bizileku ofiziala da Edimburgon dagozan bitartean, eta ango saloi batean egiten da Eskoziako neska gazteen agerketa Erregiñaren aurrean, urteroko zerimoni bat dala bide. Saloi onetan bertan dagoz Mari erregiñaren eskuzko lan batzuk, olango eginkizunak oso maite ebazan erregiñarenak.

Saloi eta gela batzuk beste mende batzuetako giroa ta usaiña deukie, eta ezta gatxa barruan sartzen gareanean Bonnie Prince Charles-en irudi ipuiñezkoa burura argitasun osoagaz etortea, ezta Maria Estuardo, Eskoziatarren Erregiña Ederrarena bere. Jauregiaren alboan, ormaz orma dagoen eleizatxoa erdi jausita dago eta arri-lau batzuk bedarrak estalduta, iskribamentu ezin irakurriak dituela, denporearen lanak egin dauen bardintzeagaitik.

Jauregia, lorategi zabal batzuk inguratzen dabe eta onein azkenaldean Arthur's Seat deritxon gaillurtxo bat ageri da. Arturo Erreaga, ipuiñezko heroea, leku aretan ezarten ei zan gudurako asmoak ausnartzen, erriaren ustea danez. Eskoziatarrak akorduan deukiez, uste onen bidez, bere erriaren askatasuna gordetako errege famatsuaren irudi ta egite ausartak, Mai Biribil-ko Zaldunakaz batera gogor gudukatu eban erregearenak.

Baditu Edimburgok zenbait Museo ta Artezko Galeria, Royal Scottish Museun, Scottish National Protrait Gallery, Scottish National Museun of Antiquities, Royal Scottish Academy, eta baita Royal Botanic Garden eta Zoological Park bere.

Princes Street-tik gora Carlton Hill gaillurtxorantza goazala ikuskizun miragarri bat vistatzen da: Leith portua eta lurgune txiki batzuk, Eskoziako izkuntzan dabezanak izenak.

Edimburgo-uriak generalean aldatz-gora-beera aundiak ditu, txikiak parte barrian, aundiagoak zaarrean. Aranaren bestaldean, Gaztelua izten daneko, kale guztiak aldatz-gorakoak dira, olan, usain pinturazkoagoa artzen debela alboetan dagozan etxeak.

Egunsentian Carlton Hill gaillurtxora igon ezkero historiazko uri onen itzartuera ikusi leiteke. Laño zuria urratuz gazteluko torreak agertzen dira, geroago etxalde osoa, eta apurka apurka lañoa fiñago egiten da Edimburgo zaarreko lenengo etxeak agertu arte, loa uxatzen dan bitartean bere gaiñean dituen irakurgaiak be uxatzen direala, ta uriko zarateak adierazoten dauela gure ogeigarren mendeko bizitzara itzartuera.

Ikusle


Bertoldinen Zorakeriak

Amorru bat emoten eutsen, amorru bat, etxe-ondoko pozuko igelak! Krak, krak... Klin, krak, krak... Karra, karra, karra... egun guztian eten barik, zarataka ta ekiñaleko algaran!

Ori bakarrik balitz, baiña! Ez ebilizen ba berari burlezka ta irrika?

Lau dukat errukarri besterik ez eukozala, ta lau dukat errukarri besterik ez eukozala: Lau dukat rrrkrrrrr... lau dukat... rrrrkrrrr... jo ta ke orretantxe, eztarriak apurtu artean.

— Denganiño-denganiñuok, lau dukat bakarrik daukotazala? Guzurtiok alakuok, ikusiko dozue, ba, egia diñotzuetenentz.

Ta gure Bertoldin gixajua, amorruaren-amorruz begietatik sua ta agotik bitza eriola, joan zan arrapalaka etxera, igel barrabaneri leziño on bal emon bear etsiela-ta.

Bertoldin, atan be! Ez dozue, irakurleok, Bertoldinen entzuterik? Bertolda zanaren eta Markolbe atzotxuaren seme oneri buruz entzuterik ez?

Ezan, ba, makala gure mutil au! Tontokillo aundiagorik ez dot uste jaio danik; ezta jaioko danik be. Baeukan urtenaldi bakotxik! Onoko len aitaturiko igelakaz jazo iakon au jakin besterik ez daukazue, irakurleok.

Etxera elduta, taka-taka amaren gelako kaixara joan zan. Markolberi erregeak emon eutsazan bi milla dukat guztiak leporatuta, or ioiaku lengo pozurantza igel barrabanari lau dukat besterik ez eukozanentz erakusteko prest. Jakingo eben, bai, bein betiko!

Igelak, Bertoldin ikusi ebenean, asma-tu eben, antza, laster etorkien jaia; ta, barriari eutsi ezinik, zarata aundiagoak ataraten asi iakozan: krak, krik, krak, krak, rrrrrkrrrrr...

— Ekin, ekin gogotsu, laster ixildu bearko dozue-ta.

Ta Bertoldin, pizti-ori irabazi eutsela-ta, plisti-plasta, ara ta ona diruak botaten asi iaken.

— Ondiño be geiago gura dozue? Ala! Artu diru orrek eta zenbatu zeuek, lau direan ala eundaz direanentz.

Igelak baketuko zireala uste eban gaixoak. Baiña ezagutu eben, ziur, nor zan Bertoldin; ta gogotik adarra jo bear eutsoela etorri iaken burura. Aren karrakadak eta belarri-gortu bearrak!

Bertoldini igelen fanfarroikeriok odola irakiten ipiñi eutsen; eta ukabilla erakutsirik, iñon direanak esaten asi yaken. Igelak, baiña, geroago ta timore obez: krak, krak, rrrrkrrrr.... jo ta ke.

Bertoldin'ek olakorik eroan ezinda, blausta! zorro-erdi dukat gitxienez bota eutsen, esan litekezen gorrienak esanaz. Igelak, eten barik, eztarria apurtu ez egikien noizean bein ur dsangada bat edan-da, kriki ta kraka, Bertoldini zirika.

— Madari-madariok! Ixilduko zarie? Ondiño be lau dukat errukarri dodazalakoan? Eutsi —ez ba, eutsi— ez, pizti guzurti arraiuok.

Ta eskukadaka zorroko diru guztiak bota eutsezan pozura. Diruak ezeze sakua bera be bai. Tonto-lapikuok alakuok, jakingo eben, bai, nork eukan arrazoia.

Igelak atan be, tonto-lapikuak? Ixildu adi, Bertoldin, ixildu adi. Ez dok ikusten eure kontra berbetan abillena?

Bai zera ixildu Bertoldin! Txakur amorratu bat egin da joan zan etxera. Ta, igel barrabanok atrapetako ona zala-ta, Markolbe'k goizean egiñiko arto ta ogi guztiak eskuratuta, osiñera bota eutsezan. Au bakarrik balitz, ostera! Urrengo egunean ollo-lokearen ordez arrautzen ganean jarriko zan, txitak atara bear ebazala-ta. Tortillada makala atara ebana! Beste egun baten, lotsabako bat zala-ta, bestaldeko astoari belarriak ebagiko eutsozan.

Onelakoetan baeukan bakotxik gure Bertoldinek!...

Ta erremediorik ez. Tontokillo jaio zan, bai, ta tontokillo ilgo be.

Zuetza


Or, An, Emen

Arrantzale artean

"Mar Domingo B" izeneko Pasaiako txalopa onduatu da Skellig Rock gañean. Tripulaziño guztia —amabi gizon— ito da. Itxas-golpe batek iriki eutsan zulo andi bat guardakalorrian eta andik sartu jakon ura. Notizi au irakurri genduan izparringietan urrillaren ameretzian. Itxas-ertxeko gizonak, arrantzaliak izan ezarren, itxasoari begira bizi dira eta orregaitik Ondarruako baztar guztietan ezan entzuten beste komentariorik, «Mar Domingo B» gora ta «Mar Domingo B» bera. Zelan onduatu zan, zenbat denpora egingo eban onduatzen eta abar. Orixe da gure eguneroko ogia esaten eban arrantzale zar batek. Itxasoari begira jaiotzen gara, bertan bizi gara eta antxen ilten gara... liorrari begira. Ura beian, zerua goian eta Jaungoikoa danean. Auxe gara.

Auxe da bai arrantzaliaren bizitza. Zenbat bider ekaitz artean estu ta larri, gorputza otzez ta bildurrez lerturik bere ta bere familiarentzako ogia irabazteko.

Sarri entzuten da arrantzalea burugabekoa dala: gatx ta nekez irabazi ta errez ta arin gastatu, udan dirua botata neguan dirurik ez.

Arrazoi bixkat badauka au esaten dabenak, baña ez guztia. Orretxek berak, eguneroko estutasunak, sarritako ekaitz bildurrak eta batzutako goseak egiten dautsa arrantzaleari dirua botatea.

Laga daiguzan akats auek eta beatu daigun bere gizontasuna bere zindo ta gogortasuna, Jaungoikoak egingo eban lez «Mar Domingo B»-ko gizonekin.

Goian begoz arrantzale zintzoak.

Arranondo

Euskal-ikastaroa

Asi da barriro euskal-ikastaroa, udako aldi nasaia pasau ta gero. Jakin dogu aurten Elgoibarren be astekoak direala, baita Durangon eta Sondikan be. Argi ikusten da egunean egunean euskerearenganako zaletasuna geituz doala, zorionez. Badakizue, ba, falta zarien errietakook, albait ariñen asi euskerearen bidez aal danik gauza geien ikasten, sitsak jan eztaien gurasoakandik ikasi dozuen izkuntza.

Euskalerriko barriak

Pozik artuko doguz bialdu gura dabenengandik Euskalerri guztiko barriak, labur. Edozein gauza urten edo jakingarriren gaiñean zeatz eta asko luzatu barik jardun. Edozeiñek egin leiken gauzea da ori.

Humoredun txiste batzuk be pozik artuko doguz.


Euskalzaleen txokoa. Aberastu zure iztegia ta konzeptuak

 Santu ta guren eztira bat. Zenbait lekutan aste santuari aste gurena esaten deutse, aste nagusia esatea lez. Bilbo erdaldundu ezpalitz agustuan egiten direan jaietan «semana grande» esaten jakonari aste gurena esango jakon segurutik. Santuaren aunditasuna adierazteko, gurena, santu itzaren adjetivu lez erabili geinke. «santu gurena». Beraz, itz bi orreik zentzun berarekin erabiltea gure izkuntzari pobretasuna eskeintzea da. Norbaitzuk done be erabilten dabe gauza bera adierazoteko. Itz ori be latiñetik dator eta eleizako leenengo santueri adjetivu ori ezarri jaken. Erderaz be «Basílica del Señor Santiago» esaten dogu. Euskeraz Donosti, Donibane... Baiña gero beti erabili izan da santua, euskal-frantzesak saindua.


Txistulariak

Txistulari bategaz, Euskalerriko plazak eta jaiak pozez betetan dituen musikalari jator bategaz berbetan egon gara, bere soiñu ederragaz gure biotza alaitu ostean:

— Zeinbat urte dozuz?

— Ogeta bat.

— Zelan etorri jatzun txistua ikasteko zaletasuna?

— Orain amar urte Lekarozen estudietan nengoala asi nintzan ikasten Aita Bautista ta Aita Agustin-egaz ta ordurik ona eten barik ekin deutsat jo ta jo.

— Zeinbat denpora egin zenduan Lekarozen?

— Urte bi. Aita erretorearen egunean eta Kolegioko zaindariaren egunean ogetalau ogetaamar gaztek joten genduan danok batera. Dantza-talde polilak be baegozan.

— Eta ezteuskuzu kontetan an gertautako jazoera urtenen bat, okerkeriren bat edo?

Oneri irri-parre bategaz erantzuten deutso gure jotzaille gazteak eta oso santua izan ei da. Eztakigu ba siñistu ala ez.

— Asko jo dozu arrezkero?

— Andik urten nebaneko, amabi urte inguru nituela, dantzari-talde askotan jo dot eta baita erromerietan eta baita bestelako jai eta exkursiñoetan bere. Nire aitak ogerleko bat emoten eustan ikasten neban soiñu bakotxagaitik.

— Erreza al da txistua joten?

— Jotea ezta gatxa izan, musika apur bat jakin ezkero, baiña txistularien artean nabarmentzea oso gatxa da eta trebetasun aundia bear da.

— Noiz sentidu dozu poztasunik aundiena txistua joten?

— Txistulari-taldean eta orkesteagaz jo izan dodanean. Betegarri aundia da belarrientzat eta aingeruen arteko alaitasun moduko bat nabaritzen da.

— Gaur egunean txistuak etorkizun aundia deuko?

— Bai duda barik, asko aurreratu da leendik ona eta badogu musika ona txistuarentzat. Txistulari aldizkariak asko eskeiñi deutso etorkizun oneri eta eskeiñiko. Onetan aal danik laguntasun aundiena emon bear geunskio batzorde oneri bere egitekoak aurrera eroan aal izan daizan bete betean.

— Badakigu Bilboko aste nagusian talde eder batek jo dozuela eta benetako zirrada bat egin gure barruan. Urte guztietan egingo al da ori?

— Orixe da gure asmoa eta gogo bizia. Ez bakarrik Bilbon, baita Donostian, Gazteizen eta beste nonbait be egin gura geunke. Beraz, gu prest gagoz orretarako.

— Gazte askok ikasten dau txistua?

— Bai, askok. Geroago ta geiagok, baiña penagarria da batzuetan. Askok soiñu apur batzuk ikasi orduko izten deutso ikasteari, badakiela uste izanik. Gero betiko izaten ditue okerdurak, gatxa da arteztuten eta.

Onetan gagozala deitu dabe gure txistularia soiñua joteko eta badaragoio bere zeregiñean. Gu bagoaz eta urrunetik entzuten dogu txistuaren oiartzuna, ainbeste ta ainbeste biotz jasoten dituena.

Txistularia, gizon apala ta aundikeri bakoa dogu. Gizon arrunta da, eta beragandik ejenplu aundia artu geinke gizontasunean. Beti gentearen pozari emona, mundu zabalean ezezaguna dalarik.

Iztun


Arbola bat [Bertsoak]

ARBOLA bat zan Paradisoan

Jaunak apropos jarria,

Mundu guztiak artu egion

Lotsa ta itzal andia,

Bere azpian bizitea zan

Aita Adanen gloria,

Andik kanpora zer topau eban

¿Ezpada negargarria?

Arbola santu aren azpian

Bizi zan, Zeruan legez,

Eukazalako atsegin danak

Eta nekerik baperez:

¡Ay begiratu baleutsa beti

Lotsa on eta itzalez!

Mundua etzan gaur aurkituko

Onenbeste atsekabez.

Arbola bat zan Bizkayan bere,

Neure anaya laztanak

Zeiñen azpian, pozez beterik

Egoten ziran asabak,

Kerizpe zabal artan jarririk

Eginda euren Batzarrak,

Buztarri baga, nasai ta libre,

Bizi ziran bizkaitarrak.

Bere azpian umildu ziran

Errege Gaztelakoak,

Eta lekurik ez eben izan

Sekula barriz moroak;

Atzera gura badogu izan

Libre len giñan lakoak,

Itxi daiguzan erdaldunentzat

Erdaldun diran kontuak.

Astu daiguzan geure artean

Izan diran aserreak,

Izan gaitean anaya eta

Euskaldun zintzo garbiak:

Betor guraso zarren fedea,

Betoz asaben legeak,

Bere negarrak leortu dainan

Ni jayo nintzan Erriak.

¡O neure Erri maite maitea!

Zakustaz triste negarrez,

Zure alabak euren buruak

Baltzez estaldu dituez,

Trentza mardoak tiraka atera

Ta sutara bota dabez,

Gaur euskaldunak dirala orrek

Ezin ezagutu leikez.

Ixildu ziran neskatxen kantak,

Mututu artzaiñ-txistuak,

Zelai zabal ta jolas-lekuak

Gaur dira basamortuak:

Arroak beera itxasoruntza

Doiazan errekatxoak,

Gau eta egun txilioz dagoz:

¡Ay gara Gaztelakoak!

Bakarrik dakust pozgarritxo bat,

Euskaldun amen fedea,

Benturaz onek bigundu leike

Jaungoikozko aserrea,

Eta zerutik jatsi barriro

Galdu zan libertadea,

Mundua mundu bizi dakigun

Gernikako Arbolea.

FELIPE ARRESE BEITIA


Txakurra ta Katua. Ipuiña [Olerkia]

Txakur-katuak, nork sinistu?

Zeuden bein erretillu batean

Alkarrekin jaten pakean,

Ta ez ziran batere tximistu.

Etxeko jaunak bertatik

Auzokoai, erakusteko zergatik,

Deiturik, abiatzen zaie esatem:

Nola ez dituzute ekusten

Etsai gogor bi paketurik

Eta mai batean alkarturik?

Txakur ta katua adiskide

Balira bezela senide?

Zer egin ez lezake ekanduak

Eta gauza batera oituak?

Beazuna bera eztitu,

Gizon sutsua otzitu;

Aserre erraza bigundu,

Okerrena ere zuzendu.

JUAN ANTONIO MOGEL


Sara-ko Axular-en omenean sarituriko olerki ta bertso-saillak

OLERKIETAN:

Lenengo saria: Eusebio Erkiaga 5.000 fr.

Bigarrena: Fray Joseba Azkue 4.000 »

Irugarrena:RafaeI Artola 2.000 »

BERTSOETAN:

Lenengo saria: Juan Basurko 4.000 fr.

Bigarrena: Pernando Artola 3.000 »

Irugarrena: C. Sagarzazu 2.000 »


Sariketa

Gipuzkoa'ko Diputazioaren "Julio de Urkixo" Euskal-Filologi-Mintegiak sariketa bat ipintzen du, euskeraz egindako ekitaldi bakarreko antzerkientzat. Baldintzak auexek dira:

1) Gai bakarra, Eguerriak. Gai ori, ordea, derizkion bezala uki dezake egilleak, naiz erlijio-aldetik, naiz oitura eta jaiei buruz, naiz beste nolanai. Luzera ere, ekitaldi bakarra izan ezkero, egilleak berak erabakiko du.

2) Bi sari izango dira: 3.000 pesetakoa leena, eta 1.000 koa bigarrena.

3) Saritutako antzerkien jabe Mintegia izango da, eta argitaratzeko lana bere gain artzen du. Saririk jaso eztutenak egilleari itzuliko zaizkio, eskatu bezain laster.

4) Idaz-lanak bidal bitez, oi den bezala, onako zuzenbide onetara: Seminario de Filologia Vasca "Julio de Urquijo", Palacio Provincial, San Sebastian, datorren Abenduaren asiera baiño leenago.

5) Sariketa oni buruz edozein argitasun nai lukeanak eztu esandako zuzenbidera jo besterik.


Arek zidian larritasunak

Mundurik mundu pelotari ibilitako plaentxiatar bat zalia zan bere ibillerak lagun artian kontatzen, eta egun baten olan asi zan berbetan:

— Bein, Shangai'n pelotan nebillela, kazari batzuek esan eustien ia eurekin juan gura neban India'ko jungla batera. Olako aukerak zelan noiz-nai ez direan izaten, urten najuan eurekin. An jungla, basamortueri deitzen jautsiek, da mota guztietako priztixaz beteta dauaz. Da etxakiat nik lagunengandik zelan aldendu nintzuan, euren billaka ta billaka, arbola bariko leku batera jo najoan, baña batera-batera or nun agertzen dan, nireganuntz datorrela, tigre bat; a zuan aintxintxike-ta otsa ta a larritasuna neria. Arrapau bear nainduan, baña noizik peñean labanduta jausten zoan, ta eskerrak orri, estu ta larri arboletarañok eldu nintzoan; adar baten gañera igota asi nintzoan laguneri diarka. Etorri ta il juen tigrea.

— Orraitxiok —diñoutsa lagun batek— neuri beintzat olakoren bat gertatu ezkerok, kakak pe urtengo eustan praketara.

— Baña mutil, tigrea nun labatzen zala usten eban ba ik?


Gaitz-izen'en gertariak

 Danok dakigunez, Euskalerriko errietan, bai andrazkoak eta bai gizonezkoak, euren izenez gañera gaitz-izenak izaten dabiez.

Eibarren be gutxiago ez izatearren edo, amaika badira kaleko bautizu ori artutakoak. Batzuek ez dabie usten gizurrezko izen ori eurena eztanik pe, baña beste batzueri ez jakie gustatzen bigarren izen orrekin deitzerik.

Arrautzia deitzen deutsien bat juan zan bein Milloitxua esaten deutsien zur-belarri ta iztarriko espezialistarengana, ta esaten deutso:

— Emen najatok Milloitxua, belarriko zuloak itxita edo jaukadaz da.

Medikua berba gitxiko gizona zan, jarri erain deutso silla baten da asi zan errekonozitzen.

Beste jarduntxuak berriz be.

I, Milloitzua, gero neri miñik ein barik ibilli ekit e!

Milloitxua osagilleari ez jakon gustatzen gaitz-izenez deitzerik. Baña, geienak, mundu onetan, iñoren begi samarra obeto ikusten dabien lez, Arrautziak bererik ezeban ikusten. Da, berriz be diñoutsa:

— Zer jakat ba, Milloitxua?

Barrua sutu erain eutson gure medikuari, da bere onetik urten biar eban.

— Gauza txarrik ejuat eukingo e, Milloitxua?

Ernegauta, diñoutsa orduan Milloitxuak.

I, Arrautzia!! ixillik ezpaago zurrut eingo aut.

Illordo


Poloniako ipuiñak

Abade santua

Bein, Poloniako bideetatik zear abade santu batek urten eban pobreentzat eskean. Gizon batzuk zerbait emon eutsen, beste batzuk ezebez ta beste batzuk bez. Jauregi batera eldu zan eta dirua eskatu eban. Ango Jauna gaiztoa ta zekena zan eta ezeutson ezer emon. Abadeak eskeka jarraitu eutson. Jauna asarratu egin zan eta esan eutson: "Eutsi" ta jo egin eban gizon santua. Mosuan odola agiri jakon. Abade santuak bere mosua garbitu ta erantzun eutson: "Ondo, niretzat ori emon dozu, orain zer emongo deutsezu pobreeri?" Jauna lotsaz bete zan eta diru asko emon eutson.

Aizearen bearra

Antxiña baserritar batek basoan egiten eban lan. Aize aundi batek urten eban bein ta bere txapela eroan eutson. Birritan eta irutan gauza bera. Gizonak asarrez esan eban olango baten. "Aizea, ze gaiztoa zarean! Etzaitut maite!" Aizea, ori entzun ebanean asarretu egin zan: "Arraioa! Gauza ona ezpanaz, eztot iñoiz putzik egingo zuretzat." "Bai, ta..., erantzun eutson gizonak, zure putzik eztot bearko."

Eta aizea lo gelditu zan. Eguzkia, euria ta dana egiten eban, baiña aizerik ez. Gure gizonak pozik begituten zituen basoak. Baiña gero bere garia jo gura izan ebanean galburu guztiak utsak zireala ikusi eban. Zegaitik? Gizonak orduan ulertu eban aize barik bere lana alperrik galtzen zala, aizeak batetik bestera erabilten dituela ta orregaitik betetan direala galburuak. Aize barik ezin lanik egin!

Ormea ta untzea

«Zegaitik jo dozu nire kolkoa? itandu eutson ormeak untzeari, «Untze gaiztoa, zegaitik egiten dozu zulo sakona nigan?» «Ezta nirea errua» erantzun eutson untzeak, «Maillu gogor batek jo dau nire burua, ni morroi bat baiño enaz, bera da jauna». Orduan ormeak mailluari itandu eutson: «Zegaitik egiten deustazu min aundi au?». Mailluak erantzun eutson: «Nire jauna eskua da. Eskuak aginduten deust. Ni baiño geiago da eta bere borondatea egin bear». Ormeak orduan eskuari deadar: «Eskua, ezeizu jo nire kolkoa!» Baiña eskuak erantzun eutson: «Nik estautsut minik egin, ni enaz morroi bat, besterik, eta nire jauna ezta aingeru bat, gizon bat baiño.

Maryla


[Komikia]


Egia ta guzurra

Bai, baleiteke

Medikuak bere geixoaren gatxa igarri eban: hidropesia.

— Zer da ori? itandu deutso geixoak.

— Ur geiegi gorputzean.

Geixoa mozkorti atzenbako bat zan eta asarratuta esan deutso osagilleari:

— Baiña, mediku jauna, ¡nik eztot probau urik sekula be! ¡Paittarra baiño eztot edaten!

Eta gero, triste triste gaiñaratu eban:

— Duda barik bota deutsadan jela izan da.

Bai zariona!

— Bart alderdi bitatik egon nintzan lo. Lotan nengoala egin neban amesetan.

Bai, egia da

— Aurreratu eidazuz berrogetaamar ogerleko —esan eustan nire adiskiderik onenak. Eta ez ukatu. Badakizu adiskide bik batak besteari laguntasuna zor deutsiela.

— Bai, egia da —erantzun neutsan— baiña nik gurago neunke bestea izan.

Olan uste izan eben

Eun persona baiño geiago aurrean egezala, dantza-saloi batean gizon batek samea biurtu eutson emakume bateri. Iñor be etzan jaigi egitada orren kontra. Itandu-orduan ia zegaitik gelditu zirean ikusle, ezeren ardura barik, erantzun eben uste ebiela gizon-emakumeok bugi-bugi bat dantzetan ari zireala.


Humorearen txokoa

[Binetak]


[Esaldi solteak]

Euskaldunak bat.

Euskeraz irakurten eta idazten ikasi ta irakastea euskerearen indarbiderik onenetariko bat.

Euskerea asko indartuko da eta modan jarri, bizimodu modernuaren bide egiten badogu.

Gure izkuntzea indartzeko borondatea bakarrik ezta naikoa; argia be bear da borondate ori zuzentzeko eta aize provetxugarri guztiakaz baliaturik portura elduteko.

Idazle bakoitzak bere frutua emon ezkero labore ugaria jasoko da gure euskal soloan.

Ongi etorriak euskaldun biurtu gura daben guztiak.

Monjak noiz asiko jakuz euskerearen alde? Pozik ikusiko geunke.

Euskal eskolak eta kristiñau-ikasbidea gure itxaropen bizia.

Kantuak eta bere itzak ikasten jardun; etzara damutuko.