ANAITASUNA

1977.EKO MAIATZAREN 1EKOA

339. ZENBAKIA

35 PTA.


[AZALA]

MAIATZAREN 1.a

LANGILE EGUNA


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-7. Teletipoa

8. Maiatzaren Lehena

9-10. Gernika egiaren bila

11-13. Gernika "eguna" egunkarian

15. E.S.A.M.

16-17. ESEI Donostian

18-19. Hauzo Elkarteak krisian?

20. Lana

21-24. Komikia

25-26. Politik ekonomia

27-28. Lemoniz

29. ZEHATZ aldizkaria

30-31. Aresti poeta mistikoa ote?

32-34. Deiturak (1)

35-37. Algortako kultur astea

38. Musika

39. Parabolak

40. Liburuak

41. Postak

42. Kaleko

Makinistak: Itziar eta Idoye

Maketapena: Erramon Zumalabek

Montaiak: Josebak

Argazkiak: Arkoila eta X. Arzellus

Moldiztegia:

Gráficas San Pedro.

Part. Alzola, 2.

BILBAO.

Dep. Legal: BI-1753-1967


Editoriala

Maiatzaren 1.a

Hauteskundeen aurreko une hau, alderdi politikoen plazaratzea dela esan genezake. Era askotako (guztietako?) ideiak entzuten dira nonnahi publikoki. Kontrakoak zenbait.

Baina guztiak bat datoz puntu batetan: ekonomiaren harritasuna, inflazioaren goratzea, eta alor honetan neurri zuzen eta gogorrak behar direla.

Espainiako Gobernuak ere erantzun bat eman nahi izan dio egoera honi. Eta langilearen lanpostua defendatu ordez, 35. artikulua kendu eta nahi duena egiteko eskubidea eman dio kapitalari. Gogoan ditugu Tarabusi, Aurrera, etab.

Urte hau gogorra izan da langileriarentzat. Bere klase eta ekonomi egoeratik datozkion arazoak konpontzeko nonnahi burrukatu behar izan du, ahal izan duen bidetik. Izan ere, grebarako eskubidea (langileak duen harma bakarra) oraindik ez zaio onhartu.

Halaber, politik askatasunerako burrukan ere aitzindari izan da langilea. Amnistiaren alde hainbat aldiz kaleratu da langilea. Euskal Herriko burruka langilearen esku egon da. Dudarik ez.

Beraz, ez da harritzekoa, langile alderdi politiko gehienak oraindik legalizatu gabe egotea. Suarez eta ingurukoek ezarri nahi duten demokrazia burjesean ez dute lekurik langile burrukalariek, eta are guttiago langile abertzale burrukalariek.

Era berean, ez zaio onhartu nahi langileari bere egunean, maiatzaren lehenean, eskariak agertzeko biderik. Trabak ugari izango dira. Baina langilearen eguna da eta behar bezala hospa dezala espero dugu.

ANAITASUNA honetatik bihoazkio zorionik beroenak euskal langilegoari, eta ekin eta jarrai besterik esatea zail zaigu.


Teletipoa

Apirila

 6.— Iñaki Biar, Andoni Arrizabalaga eta Karmelo Garitaonaindia, kaleratu berriak, Lekeition, askatasuna hospatzeko afalondoan, goardia zibilek hartu dituzte eta koartelera eraman.

8.— Nafarroako ORT-eko 7 militante gelerazi ditu poliziak, hiru Gasteizen Autonomi Estatutuaren aldeko kartelak ipintzen ari zirela (Anjel Zorokiain, Kristobal Martinez eta Frantzisko Gimeno), eta lau Iruinean, Aberri Egunerako deiak itsasten ari zirela (Felix Lizarraga, Xabier Aldaia, Bizente Gonzalez eta Txaro Begu).

 10.— ABERRI EGUNA

 11.— Presoak kalera: Albizu eta Etxebarria. Bizkaian, Abanto-Zierbanako txabola batetan bildurik zeuden sei gazte galerazi ditu poliziak. Ez dakigu zergatik, ez eta haien izenik ere.

Bizkaiko Obrascón-eko 900 langile lanik gabe daude Bilbotik Zaragozarako autopistan, entrepresaren hixtea erabakitzean.

 12.— Gartzeletako gose grebak bukatu dira.

Luz Fernandez Alvarez atera dute Yeserías-eko gartzelatik. Migel Castels-en ustez, Eva Forest ere laster irten daiteke, antzeko lege egoeratan dagoelako.

Lau preso kalera: Josu Abrisketa Korta, Ugaokoa, Jose Ignazio Aramaio Agirre, ondarroarra, Patxi Arana Arrizabalaga, bermeotarra, eta Iñaki Elizetxea.

13.— Kantauriko 1.500 arranuntzietarik 124 soilik saia daitezke arrantzan 200 miliaren "Hesparruan", CEE-ren erabakia "demokratizatzaileak" adierazten duenez.

Federiko Bergaretxe Abaigar, Iruineko alkatearen dimisioa onhartua izan da. Iruineko udala, orain, Eduardo Auzmendiren zuzendaritzapean geratzen da. Bestalde, hiru kontzejal baino ez dira geratzen, beste hirurek utzi baitute, segituko sei bileratara ez joatearren.

Burgoseko gartzelan dauden 8 presoak, zigor gelatan sartu dituzte bost egunetako gose greba egin dutelako. Karlos Agirre, Emilio Goitia, Joan Migel Goiburu, Joseba Mentxakatorre, Iñaki Arregi, Pedro Perez, Mariano Ibarguren eta Jose Luis Beotegiren gose greba, amnistiaren urritasunagatik protesta egitea izan da.

Konbergentziarako Elkartasunaren presentazio ttikia Basahurin. Egun berean, EHASeko bi burkide Konbergentziaren kartelak ipintzen ari zirela, hauetariko bat, Fidel Bikandi, gelerazten dute eta Indautxura eraman.

 14.— "Argala" eta Jesus Makazagak judizio bat ukan dute Baionan. ETAren osokideak izateaz ziren salhatuak. Garbi irten ziren.

Pedro Mari Fernandez Trincado, bilbotarra, eta Jesus Zabarte Arregi, arrasatearra, biak ETArrak, kaleratuak izan dira Puerto de Santa Marian.

Karlos Garaikoetxea, abokatua, PNV-en presidente hautatu dute aste honetan.

PNV irten da azkenez zorioneko Komisio Negoziatzailetik.

Bilboko Benidorm kaleko "Legarreta" kafe dastategi batetan atentatu bat gertatu da goizaldean. Handik iragaten ziren gazte batzuk itzali zuten bertan geraturiko sutea.

Donostiako Loiola hauzategian eztandagailu bat aurkitu da trenbidean.

Arratsaldeko 7etan, Eibarreko Sindikatua, PSOE-ko ehun bat militantek bete dute, eta pankarta gorri handi bat jarri dute bertan, "Casa del pueblo" irakur zitekeelarik. Hitzaldi labur batez, berehala bukatu zen ekitaldia. Poliziek gelerazpen batzu egin zituzten.

 15.— Bilboko kontserbategiko numerozko 8 irakaslek, bertako zuzendari den Pedro Pirfano-ren dimisioa eskatu dute.

 16.— Jesus Arrondo Marin "Koko Liso", eskuin punttako militanteak, Donostiako Parte Zaharreko elizan, pistola batekin mehatxatu zituen gose greban hertsirik zeudenak. ETA-n infiltraturiko hau, Hondarribian 1975.eko Maiatzaren 20an gertaturiko Jose Luis Mondragon eta Roke Xabier Mendezen erhateen arduraduna da, Gipuzkoako amnistiaren aldeko Komisioek azaldu dutenez.

 17.— Azken bi hilotan, Bilboko portuan 400-500 langile, desenplegu seguruaren babesean daude, untzien karga eta deskarga lanetako gora-beherek krisis egin dutelako.

Igorren (Bizkaian) amnistiaren aldeko manifestazio bat abortatu dute goardia zibilek, eta geroago —zortzirak aldera— dantzaleku eta kafetegietatik kolpeka atera zituzten han zeuden gazteak. Hauetariko bat, Jose Ramon Legarda, lurrean geratu zen Elai Alai dantzalekutik irtetean hartu zuen kolpe batez, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten.

Gipuzkoak Jesus Arrondo "Koko Liso"-ren detentzioa eskatzen du. Berau ETAn infiltraturiko salhatari bat da.

Eskuin punttako 7, detenituak izan dira Iruinean.

Bi mila pertsona bildu ziren Ugaon, Txutxo Abrisketari ongietorria egiteko.

 18.— OCE-Bandera Roja delakoak, Euskal Erakunde Herritarrean sartu nahia azaldu du, honen programmagaiaz ados baitago.

Araban, Obrascón-eko langileak —Bilbotik Zaragozarako autopista egiten ari direnak— lanik gabe geratzen dira, entrepresa hixtean.

Angeluko hondartzako bunker batetan, ihazko Apirilaren 4ean desagerturiko bi polizigizon espainolen gorpuak aurkitu dira. Jesús María González eta José Luis Martínez, Donostiako komisaldegikoak, kokotetik sarturiko balazoz hil ziren, autopsiak erakutsi denez.

 19.— Abertzale Sozialisten Konbergentziarako Elkartasuna-ren mahaiak eraturik geratu dira. Berau izango da talde independenteak eta zenbait alderdi, alderdi sozialista zabal batetan bilduko duena.

 20.— Ernest Mandel, belgiar ekonomikari eta teorikari marxista, Bilboko "Sarriko" Fakultatean, "Langile mugimenduaren krisis soziala"-ri buruz hitzegin du. Trotskistek harrera ona egin diote.

Industrias Ondo-ko 11 langileak katengintzan ari den entrepresa honen barruan hertsi dira, botatzeei kontra egin nahiz honela.

Nafarroako Unibertsitatean, euskal kultur ziklo bat hasi da, Joxe Migel Barandiaranen omenez.

Eugenio Aldekoa Etxebarria, Ereinoko alkatea —1937.etik da alkate berau— diputatutzarako presentatukoda.

"Atlas de Navarra" liburu saila aurkeztu du Caja de Ahorros de Navarra-k.

Iruineko Amaia kiroldegian, PCE-ren mitina (1.000 pertsona).

 21.— Bilboko Kasillako kiroldegian, PNV-en mitina (10.000 pertsona) arratsaldeko 8'30etan hasita.

Estado de Excepción filmea, Oberhausen-eko (Alemania) laburmetraiazko zinema festaldira aurkeztu berri dute haren egileek. Irakurleak gogoratzen duke, beronen filmaketan Karlos Knörr Borras, gasteiztar gaztea, detenitu zutela politiko-sozial brigadakoek, Diputazioko etxeari argazki batzu egiten ari zelarik.

Bizkaiko kristau komunitateen asanbladak, Euskadiko elizaren kontzilio bat eskatu du.

Araban Obrascónek dituen langileak, berriz hasten dira lanean.

ETA V Asanbladako Daniel Antsoategi Etxebarria eta Imanol Mitxelena Loiarte kaleratuak izan dira.

Bremen-en (Alemanian) 200 alemaniar manifestatu ziren, eta Espainiako erregeren aurrean.

 22.— Iruineko Txantrea hauzategian ikurrin bat ipini dute "Frente de Juventudes" zelakoaren aintzinako etxe baten dorretxoaren puntan.

Karlist Alderdiko 24 militante, geleraziak eta ondoren askatuak izan dira azken egunotan iragarkiak itsasten ari zirelako.

 23.— Gernikaren bonbazketa gaitzat harturik, bertako ikastolako haurrek egindako marrazki eta pinturen erakusketa.

 24.— Gernikan, historiazko mahainguru bat, Gartzia Kortazar, Ruiz Agirre-ko, Herbert R. Southworth, Anjel Viñas, Joseba Agirreazkuenaga eta M. Tuñón de Lara hizlari zirelarik.

Gallartan ANV-ek mitin bat egin du.

Beste mitin bat, "Fuerza Nueva"-k Bilbon, eta Blas Piñar hizlari. Gartsuki mintzatu zen ikurrina eta Aberri Egunaren kontra. Ondoren, handik irten ziren batzuk jendea eraso egin zuten tiragomez eta porrez. Ez ziren azaldu poliziak, "demokrazia" zaintzen ari baitziren beste lekuren batetan.

Partido Socialista Obrero Español: Partido Socialista de Euskadi-k hainbat mitin egin du: Gallartan larunbatean, Basahurin, Gasteizen, Irunen, Lasarten.

Barakaldon UGT-en mitina eta Sestaon ORT-ena.

Errekalden (Bilbo) manifestazio bat egin da, berdeguneen alde eta polykiroldegia eskatzeko. Beronetan, 2.000 pertsona inguru bildu ziren. Manifestariek ba zeramatzaten aiuntamentua iruditzen zuten panpina batzu, eta erre egin zituzten azkenean.

San Mameseko football partidua, amnistiaren aldeko manifestazio bat izan zen.

Gorostitza, eskupilotari txapelduna, Ariño IV-ari Logronion 22-12 irabaztean.

Portalden, 3.000 pertsona bildu dira Amnistiaren aldeko Ibilaldiaren Bizkaiko Komite Antolatzaileak eraturiko jaialdian. Ondoren, 5.000 pertsona manifestatu ziren kaleetan zehar pankarta eta ikurrinekin.

 25.— Valentzian, Taula de Forces Politiques i Sindicals del Pais Valencià-k antolaturik, Pais Valencià-rentzako Autonomi Estatutuari buruzko mitin bat egin da. Gerlaostean egiten den lehena.

Gernikan, bonbaztapenaren 40. urtebetetze barruan, gaur, Joseba Elosegi eta Jon Beistegi gudarien komandanteek eta Antonio Ozamiz eta Andresa Idoiaga herrikideek hitz egin dute.

 26.— KAS (Koordinatzaile Abertzale Sozialista) Euskal Kostalde ez-nuklearraren alde azaltzen da osoki, agiri baten bidez, eta Iberduero S. A.-ren joku ezlegala salhatzen du.

Gaur berrogei urte, GERNIKAn:

BOOOMMMM. Boom, booommmmm, boooomm, booommmmmm, boommmmm, boommmmmmm.


Euskal Herrian

Maiatzaren 1.aren historia laburra

USAko Milwaukeen 1.866.eko Maiatzaren 1.an egon zen polizia eta langileen arteko burrukaren ondorioz bederatzi hil gertatu ziren. Egun haietan langile mugimenduak izugarrizko indarra hartzen zuen. Zortzi ordutako egunbeteko lana lortu nahi zen, normalki hamabi, hamalau eta hamazortzitaraino egiten baizuten orduan. Langile askok ez zituen inoiz beren seme-alabak egunez ikusten.

Urte hartako Maiatzaren 2.aren arratsaldean, burrukaldi batetan zortzi mila manifestarik poliziak harrikatu zituzten. Manifestazioan zeudenen artetik tiro batzu atera omen ziren eta une labur batean gatazka bat bilakatu zen. Poliziaren erantzun gogorrak sei hil eta berrogeitamar zaurtu baino gehiago egin zituen.

Langileen haserrea haundia izanik hurrengo egunean meeting bat hospatu zen, eta polizien erasoari erantzuteko harmak eramatea gomendatzen da, baina —azkenean— eta indarren ezberdintasuna kontutan harturik, harmak ez eramatea kontseilatzen da eta meeting-a, nahiz eta giro berotu batetan, lasai eta indarkeriarik gabe pasatzen da.

Hamabost milako pertsonen aurrean langile batzuk hitz egiten dute. Bakoitzak nahi duen erara hitz egin ondoren eta meeting hori bukatuta, jendea alde egiten ari denean polizia indarrez sartzen da eta karga bat egiten du.

Karga hura hasi bezain laster, bonba bat botatzen da poliziengana; hauetariko zortzi hiltzen dira eta hirurogeitamar lurreratzen. Ikara haundia zabaltzen da eta bizirik dirauten poliziek, errefortzu gehiagorekin karga basati bat egiten dute, ondorioz ezin kalkula daitekeen masakrea eginez. Chicago setio egoeran jartzen da eta armadak kaleak okupatzen ditu egun batzutan. Polizien azterketak ezin ditu egileak identifikatu, baina parada hau kapitalistek probetxatzen dute iraultzaile batzu salhatzeko, kapitalismoaren interesei holakoxea komeni zaielako. Zortzi langile hauzitan sartzen dituzte exenpluzko prozesu bat egin nahirik.

Klasearen prozesu bat

Klasearen prozesu lotsagarri batek hiltzera kondenatzen ditu zortzi iraultzaile hauk, hauetariko hiruri zigorra ordezkatzen zaie. Fiskaleak, zeinen egiazko asmoa errudunak nola edo hala aurkitzea baitzen, egia kontutan hartu gabe, probak muntatzen ditu eta judiziora lekuko faltsuak ekartzen ditu. Epaimahaikoak kontu haundiarekin hautatuak izan ziren eta partaide guztiak jarki ziren, eskari hau ukatzen.

Kondenatuetako iraultzaile batek exekuzioa baino egun bat lehenago bere burua hil zuen besteak salbatzeko esperantzarekin, baina 1.887.eko Hazilaren hamaikan —gertakari honetatik ia 19 hilabete pasatu ondoren— beste lau iraultzaileak urkatuak izan ziren. Haien gorputzak zintzilizka geratu ziren airean, begiak betzuloetatik kanpora eta ahominak dilindaka, jendearen oihuen artean, gartzelatik kanpoan poliziari aurrera ematen ziolarik, Klaseen burruka hasita zegoen.

Egunbeteko zortzi ordutako lana lortzeko Chicagoko langile herriari egindako dei honek ondorio odoltsu bat eduki zuen, eta kapitalistek sortu zuten egoera horretatik ateratzeko atzera pausu bat ematea ezina zen.

Herrien arteko solidaritatea oso makala zen eta bidegabekeria horrek ez zuen erantzun egokirik. Sarritan herri bakoitzeko burruka bereziak, une historikoak ahantz erazten ditu, erantzun sendo bat eman beharrean. Maiatzaren 1.a Historiara pasatuko da langile guztien eta hauen errebindikapenen egun gisa eta hau, nahiz eta lekuko baldintza asko egon, ezin daiteke ahantz.

Beranduko damuak

Urte batzu geroago, Amerikako burjeseria, John Altgeld, gizon osoa, Illinois-eko gobernariak zaplaztatua izan zen. Ikerpen luze bat egin ondoren kondenatuen errugabetasunaz konbentzitu zen. 1.893.an agiri batzuetan prozesu horren irregulartasun guztiak argitaratu zituen eta judizioaren erabakia agindu bat betetzeko emana zela agertu zuen. Historian aurregabeko izugarrikeria berau.

Ondorioz, Fielden, Neebe eta Schwab askatasun osoan geratu ziren, espetxean zazpi urte egon ondoren. Bost urkatuei buruz, publikoki xurituak izan ziren, baina ezinezkoa zena bizitza ematea zen.

Karlos


Euskal Herrian

Gernika egiaren bila

Hainbat hospakizun egin dira Gernikan azken egun hauetan, 1937. urtean egindako bonbaketatik 40. urtea betetzen baitzen Apirilaren 26an. Hainbat histori-jakintsu gonbidatua izan da, gai honetaz bere ezaguerak Gernikan agertzeko. Apirilaren 23an, "Cine Social"ean egindako mahai-inguru batetan, Viñas, Tuñon de Lara, Southworth eta Ruiz de Aguirre historialariek izugarrizko bonbaketa haren errespontsabilitatea elkarrekin bilatu —eta bai aurkitu ere— zuten mila bostehun lagunen aurrean.

Agirre jaunak, euskal gudarostearen komisari nagusia bezala, ondo ezagutzen zuen gudari taldeen osatzea eta gai honetaz hitz egin zuen. Nahiz eta gudarien talde bakoitza zuzenean politik alderdien lotura herstua izan, gudari guztiek, bai "gorriek", bai jeltzaleek elkarrekin borrokatu zuten eta, Agirrek zioenez, "beretzat guztiak berdin ziren". Gudarostea edo armada 79 batailoiz osatuta zegoen. Hauetatik 49 PNVrenak, eta sozialistak, komunistak, CNT-FAIkoak, errepublikarrak, ANVrenak eta "Jagi-Jagi"koak beste guztiak. Militar profesionaririk eza izan zuen armada hark eta gudariek lortutako arrakastak kemenez lortuak izan ziren.

Tuñon de Lara jaunak bonbaketa epe hartako kontextu barruan jarri zuen. Italiarrak Guadalajaran sufritu zuten lotsagarrizko porrotaldiak eta Madril hartzeko ezinak, arrakasta bat behar zuten orduxean eta, honetarako, espainiarrek hitleriarren laguntza osoa eskatu zuten, Iparraldeko lurraldeak arin kontrolpean jartzeko. Gernikako deuseztapena laguntza sendoago honen lehen urratsa izan zen. "Legión Condor"-eko hegazkinak osorik Franco eta Molaren agindupean jarriak izan ziren eta bai Molak euskal hiriak deuseztatzeko zituen asmoak egiteetara eraman ere. Irun, Durango, Gernika eta beste zenbait lekutan, Molaren aginduak segituz, germaniarrek beren "probak" egin zituzten, su-emaile bonbei buruz, batez ere.

Viñas-ek, germaniar militarren artxiboetan aztertu ondoren, bonbaketa hura egiteko erabakia Salamancan hartu zela esateko proba asko daudela esan zuen. Germaniarrek Molaren nahiak onhartu zituztela argi dago, nahiz eta, bonbaketaren ondoren, munduan izandako erantzun gogorra ikusirik, "Condor"-eko militarrek Berlineko beren buruen aurrean Gernikako deuseztapen osoa ez aitortu.

Southworth iparramerikarrak, bonbaketa honek munduko prentsan izan zuen irudia aurkeztu zuen. Anglosaxoniarrek egia ezagutu zuten prentsa bidez eta erantzun gogor bat eman zuten. Frantsesek, berriz, "Havas" agentziaren bidez, ez zuten egia jakin eta Espainiako "nazionalek" euskaldunen kontra egindako salhaketa ezagutu zuten. Bonbaketa faxista ideiologiaren ondorio hutsa bezala agertu zuen Southworth-ek.

Lekukoen saioa

Bonbaketaren lekuko izandako lau lagunek beren ikuspuntuak agertu zituzten astelehenean, Gernikako Institutuan egindako saio batetan. Bi mila lagunen aurrean Andresa Idoiagak, Joseba Elosegik, Andoni Osamiz eta Jon Beistegik egun hartako gertaerak kondatu zizkiguten, Joseba Elosegik ezik, beste hirurek euskaraz. Andresak egun hartako eta hurrengoetako larritasunak biziki kondatu zituen: Jon Beistegik Gernika "harmategi" bat zela esaten dutenen gezurra salhatu zuen, Gernikara gudariak atseden bat izateko bakarrik joaten baitziren. Andoni Osamiz, gernikar euskaraz, jatorki kondatu zizkigun bere gertaera eta larritasunak: "Bonbaketa ikusi ondoren, beste guztiok eta ni lelotuak bezala geunden, nora jo eta zer egin jakin gabe. Hantxe bertan hil zen zenbait gipuzkoar lagun on: Gipuzkoatik ihes egitean, Gernikan gure lagun onak bihurtutako gipuzkoar on haik". Joseba Elosegik, bere aldetik, hitzaldi eder bat egin zuen erdaraz, egun urrun hartako zenbait zehaztasun emanez. Saio honen barruan ere Picasso familiak bidalitako telegrama bat irakurri zen. Telegrama honen bidez Picassoren alargunak eta pintatzailearen sei seme-alaba Gernikako herriari buruz sentitzen duten solidaritatea agertu nahi izan zuten. Beste idazki baten berri ere eman zen: idazki honen bidez, gaurko Espainiako gobernuari, Francok euskaldunen kontra egindako salhaketa —hots, Gernikaren deuseztatzaileak izan zirela— ofizialki uka dezala eskatzen zaio, Espainiako Artxibo Militarrak ikertzaileentzat irekiak izan daitezela eskatzen zaion une berean.

Saioa amaitzeko, Telesforo de Monzonek grabatutako hitz batzu entzun genituen eta "Batasuna" kantatu eta "Presoak kalera" oihu egin ondoren, bukatu zen.

Marrazkiak

Gernika eta inguruetako ikastoletako umeek, bonbaketari buruzko ehundaka marrazki egin dituzte. Gernikan marrazki hauk ikusi genituen, bereziki egindako agerketan. Adin guztietako ume hauek, bonbaketan buruz, ideia oso argiak dituztela, eta bai bere herriaren deuseztatzaileak nortzu izan ziren dakitela ere agertzen zaigu. Ume hauk izango dira, etorkizunean, gaur egiten ditugun eskabideen jarraitzaileak eta, gaur ez baldin bada, bihar, bai Gernikak eta bai mundu guztiak, egia osoa jakingo du bonbaketa hartaz.

X.A.


Euskal Herrian

Oroituz. Gernika "Eguna" egunkarian

 Ugari izan dira Gernikako bonbaketari buruz idatzitako liburuak. Historia arlokoak izan dira batzu, literatura hutsekoak besteak. 1937. urteko Apirilaren 26an jasotakoa izan dute guztiok iturburu bezala. Gaur ez ditugu liburu hauetariko batzu aztertuko. Iturburu horretatik sortutako lehen tantak bakarrik jasoko ditugu eta, gainera, euskaraz idatzitako lehen tantak.

 Nola jakin zituzten euskaldunek, beren hizkuntzan, Gernikako lehen berriak? Hurrengo lerroetan "EGUNA" jeltzale egunkarian irakurritakoak aurkituko dituzue. Idazki haietan erabilitako idazkera eta grafia errespetatuko dugu, egun haietako euskarak zuen agerpena interesgarria iruditzen baitzaigu.

"PAXISTEN EGAZKIÑAK"

 "Eguna" egunkaria ez zen bonbaketako hurrengo egunean agertu, "azken orduko eragozpen batzukaitik", egunkari berean idazten duten bezala. Hots, 28an izan zuten euskaldunek bonbaketari buruzko euskarazko lehen berriak.

 Izenburu edo titulu handiak erabili zituen "Eguna"k berri gogor hura emateko:

Paxisten egazkiñak

GERNIKA, EUZKOTARREN URI MAITEA, BIRRINDU NAI IZAN DABE ZEARO

— Aritza zutik gelditu da, ordea, ondamendi orretan.

Zutikago euzkotarren gogoa, baña

 Izenburu hauen ondoren, horrela zioen euskal informatzaileak:

Biaramonean ere, ketan egon dira etxe asko, osoro erre arte, zeatz birrindu arte gizonen gaiztakeria agertzen bai'legozan.

GUDOÑETATIK URRUTI

Arratsaldeko lau ta erdiak aldean agertu zan lenengo egazkiña Gernika gain, eta kanpaiak jo ziren. Orduan jendeak gordelekuetarantz egin eban.

Egazkin bakar orrek bonba batzuk bota ondoren alde egin eban. Baña ba-ebazan lagunak be bere atzean. Berealakoan beste bat agertu zan eta urrengo beste bat eta geyago eta geyago banaka. Suagaketa eta eizeko egazkiñok ogei bat bildu ziran eta jo ta ke bonbak botatzen asi ziran.

Gernika osoan, alde guztietan bonba eta suagak besterik eziran izan iru lau orduan. Bazter guztiak sutan eta jausten asi ziran berealakoan. Etxe eta elizak garretan jarri ziran. Jon Deuna eleizaren goirik ezan agiri, su eta ke artean. Uriaren erdi alde osoa eta inguruak sutzar egiñik laga zituen.

Illuntzera arte, ordea, egazkiñak eurenari ekin eutsen. Lau ordu luzetan botatako suagak zenbat izan diran ez dogu jakin, bana uri ezereztuak argi asko agertuko dau munduaren aurre gudoñetatik urruti dagon uri egegi bateri egindako eraso zitala.

GORROTOA!

Bizkaya-ko beste uri eder bat ezereztuta ta birrinduta utzi dauskue paxistak. Atzokoan Tabira zan goizean goiz unetxo baten zuzituta laga ebena; arañegun, ostera, Gernika, euzkotarron uri kutun, leku maitagarriena triskauta idoro dogu.

Ez kalerik, ez etxerik, osorik laga dabe paxisten egazkin madarikatuetako bonba edentsuak. Bideak apurtuta dagoz eta keia, autsa eta negarra baño ez dogu aurkitu, ondamendi ondorean Gernika-ra arin baño ariñago jo dogunean.

Euzkadi'ganako gorrotoa egundo ez dabe ezkutatu ez gorde, eta oraingoan euren indar osoaz agertu izan dauskue gorroto ori.

Eriotzea euzko-erri osoaz jaubetuteko alegiñetan ari dira, baña euzko-erria ena da orain ere, ez da aldatu eta egingo ere ez.

LAU ORDUKO SUAGAKETA

Etxe gitxi gelditu dira ikutu barik Gernika'n Alde geienetan jausi ziran bonbak eta etxe ta eleiza, ibiltoki eta gexoetxeak zuzituta gelditu dira geyenak.

Eleizak ere su ta gar agiri dira, keia ta odola besterik ez dabela. Lertzeko bonba pillak jaurtitzen ekin eutsen egazkiñak, gero, su-emaleak ere ugari bota zituzten eta uria ezereztuta laga eben zearo. Alde batetik bestera Gernika illetz mutaldua dirudi.

ONDORENAK

Gau lenean su artean argi egiten eban erri aretako etxeak. Agindariak beingoan asi ziran bear bearreko lanetan. Jaurlaritzako burukide batzuk antxe ikusi genduzan. Bilbaotik bonberu-taldeak joan ziran eta Ertzaña'koak eten barik ziarduen batera eta bestera.

ILLAK

Lantxo au egiten diardugun unean, illak izan diren notiñen erreskada osotuteko daukela esan dauskue Erri-Zainketan.

Ez dakigu ziur zenbatgiño izan diran illak uste-uste bako suagaketa orretan. Erreskada luze samarra izango dala deritxagu, edozetara be; alabaña, erria ikusita bakarrik emoten daben beste ez al izango. Erreskada orixe artu baizen laster argitalduko dogu, baña.

Paxisten egitada deunga onek bein berriro mindu gaitu barru-barruan. Ainbat baserri ta uri birrindu ondorean, erri zoragarria ondatu dauskue, euzko azkatasun ikurra dauan lekua, euzkotarron aritz donea!

 Amaieran zaurituak izan zirenen 27 izen agertzen ziren zerrenda batetan.

GERNIKA!

 Eta, berria emateko lan horren ondoren, sentimenduz beteriko bat agertu zen "Eguna" egunkarian, "Uzturre"k izenpetua. Izenburu bezala "¡Gernika!". Hona hemen lantxo haren hitzak.

Inpernua zirudin Gernika gureak gauaren illunean. ¡Bizi geran arte gure baitan izango dan irudi negargarria!

Sugar ikaragarriak zijoazten lurretik zerura. Oñaze nabarmenaren agerpen ziran sugarrak. Erri baten azkenatzaz mintzo ziran sugarrak. Erri baten eriotzatzaz mintzo tristean ari ziran sugarrak.

Alboetako mendiak mamorrutzarrak iduri. Diran bañore milla bider aundiagoak ziruditen. Sua zan eregin. Ondamendizko sua, jaun ta jabe. Erriaren alde batetik bestera suaren eresia besterik etzenun entzungo. Sua... sua... sua...

***

Aurrak etzizuten non etzan. Gurasoen begiak negarrez beteak ziran.

— ¿Non dira gure etxeak? ¿non gure sukaldeko epela? ¿Non gure semetxoen oitxoak?

Amona zartxoen larria...

— ¿Nora joan bear gera? Emen jaio, emen azi, emen bizi... eta orain nora?

Nonai emakumeak, gizonak, aurrak, aitonak erotu bearreko zorian.

— ¡Nere semea! ¡Ene...! ¿Non zakust maite?

— ¡Jaun aundia! ¿Ikusi al dezute nere emaztea? ¡Jauna, jauna!

— ¡Aitatxo, aitatxo! ¡Aitatxo nai det! ¿Non da aitatxo?

Bien bitartean, suak izala gorde zien gaxotegian, egazkinlarien begiek jo etzituen gaixotegietan minkarraxiak sartzen zitzaizkizun belarrietatik barrena.

¡Gernika! Bizi geran arte gure baitan izango dan irudi negargarria.

***

Aalik izan banu, Gernika zarra sutegi bat zan garaiean, bertara erakarriko nituan mundu guziko euskoak. Eta gisa ontara mintzatuko nintzaien:

— Auxe zenuten Gernika, gure azkatasunaren irudi den erria!

¿Nork eman dio su? Eusko batek ez beñepein. Zuetako iñortxok ez luke adorerik izango. Norbaitek erre du...

— Eusko-lurretik etorriak ziran apika Gernika'ri su eman dioten zenbait egazkiñ. Baño egazkariak etziran euskoak. ¿Edo, euskoa endakatua ote da zearo?

— ¡Baño ez! Eusko guziak ukabillak jasota izango dira une triste oietan. Gernikari su eman diotenak ez dira euskoak. Doixtar eta italiarrak dira. Españarrak saldukeriz erakarri zituzten doixtar eta italiarrak...

Euskoak... eta orain ¿zer?

Gauaren illunean, Gernika sutegi bat zan bitartean, dolorez negar egingo zuten mundu guzian banatuta diran euskoak...


Euskal Herrian

E.S.A.M. Erriberako Sozialista Abertzale Mugimendua

Nafarroako Erriberako bizilagunak, bere ohituren zale, antonomasiaz nekazari, batzu foruzale, beste batzu karlista, jende apala eta langilea da, eta nafar-nafarrak bezala kontsideratzen dira. Gehienak bi, hiru eta lau mila bizilagunen herrietan bizi dira, Tutera eta Tafalla izan ezik, bi herri hauetan industrigintza nekazaritza baino garrantzitsuagoa delako. Gaur egunean Erriberako bizilagunek hiritarrei ez diete ezertaz inbidiatzen, nahiz eta askok Bartzelona, Madrile eta batez ere berauen Euskal Herriko eskualde industriaztatuetara joateko behartuak izan zirenak gogoan eduki oraindik.

Politika eta kulturaren aldetik, azkenaldi honetan Erribera gure Herriak daraman trajektoriatik baztertua izan da. Egite honetan Nafarroako Diputazio Foralak funtsezko zeregin bat bete du, —gaur erriberatar guttik berarenganako sinesgarritasuna gordetzen duela esan dezakegu—, herri guzti hauek, Nafarroa guztia bezala, sufritu duten zapalkuntzaren erruduna Diputazioa da, promes lainotsuekin engainatu baititu; adibide bezala, hor dugu Nafarroako kanale famatua duela hogeitahamar urte egingo zutela entzuten hasi ziren nekazariak, oraintsu Bardeetako problemarekin, Madrileko gobernuari inposatzea nahi izan ez dutela, eta Nafarroako autoestrata, nekazariei ezinbesteko desjabetzea inposatzen eta prezio irrigarrietan.

Sozialki, Diputazioa eta herrietako jauntxo haundiak dira, modu batez edo bestez, bizimodu konkretu baterantz bizilagunak kontrolatu eta zuzendu dituztenak, aurrerabide herritarra suposatzen zen guztia eta beren interesen kontra zegoen guztia ezabatuz. Hitz batez, nekazarien arteko norberekeria eta hauzo lana egiteko mesfidantza bizkortu dute, eta ondorio bezala, zegoen kooperatiba asko pikutara joan da eta beste batzu suntsituko dira, hauen lekuetara kapitalistaren eskutan dauden lantegi kontserbagileak etorriko dira.

Gaur Nafarroako Erribera esnatzen ari da, eta froga bezala, hor dugu jaioberri den eta izugarrizko gorakada hartzen ari den mugimendu abertzale hau. Nafarroako KASek, bere erriberatar jatorrizko militanteen bitartez eta eskualde honetako problemak ezagutuz, mugimendu honen sorrera interesgarri bezala hartu eta bultzatu du. Autonomia osoa du eta ehun militante baino gehiago ditu. Laster batzarre nagusi bat antolatuko dute eta hor beren estatutuak idatziko dituzte.

ESAMek duen egiteko barrutia Erribera da, eta batzuk Erribera kontsideratzen duten Nafarroako erdialdeko herri batzu, Iruineako arroa, nahiz eta Goi Erribera izendatu ahal izan, herri hauk Biana, Sesma, Lerin, Larraga, Tafalla eta Zarrakaztelutik Zaragoza eta Logronioko probintzien mugetaraino daudenak dira.

ESAMek, gure Herrialdeko KASen iniziatibagatik eta bere Nazional Alternatibarepoean jaioa, eskualde honetako klase herritarrak eta hauek dituzten problemak (nekazariena, Bardeak, gure kultura eta hizkuntza...), eta perspektiba abertzale batetik lan egingo duen mugimendu bat izan nahi du, bide batez Euskal Herriko eskualde honetan hain ahantzirik den problema nazionalaren kontzientziatzaile izanik, "Erribera Euskadi da" lemapean.

Joseba


Euskal Herrian

ESEI Donostiako E.U.T.G.en

ESEIren agerpena egiteko, mahai bat antolatu zen E.U.T.G.ko Paraninfoan apirilarenean.

Presentazioa, euskaraz eta erdaraz, neska batek egin zigun. Eta besterik gabe, Juan Ignacio Intxaurraga ESEI nola sortu zen eta nondikako pertsonek osatzen zuten mintzo zitzaigun oso laburkiro, erdaraz eta euskaraz. ESEI batik bat, jende independenteengandik, ETA ingurukoengandik, ELA eta PNV aurreraleengandik, e.a. osatua da.

Ondoren, Goyo Monreal nafarrak hartzen du hitza erdaraz, eta bere jardunaldia luze eta nekagarria gertatu bazen ere, mamitsu izanki, eguneko Euskal Herriaren egoera sozio-politikoa oso sakonki aztertu zigun. Euskal naziotasunaren berezitasunak aipatzean, kontradizioz josiak eta bere homogeneitaterik ezar azaldu zizkigun. Kataluniak eta Galiziak, adibidez, ba dute kalean nagusi den hizkuntza bat (Euskal Herrian 25 %-takoa soilik da), ba dute hiriburu benetakoa, Unibertsitate Barrutia, eta Eliz Barrutia ere, Euskal Herria alde guztietatik zatikatua aurkitzen delarik.

Beraz, ondorioak ere desberdinak dira. Euskal kontzientzia desberdina dute, alde batetatik, Gipuzkoa eta Bizkaiko euskaradun zati handi batean, eta bestetik, Nafarroa, Araba eta Bilboko ezker aldean. Eta ezin dakioke arazoari tratamendu orokorrik eman halako desberdintasunean. Bestalde, errealistak izanki, PSOE, PC eta beste ezker estatalistekin kontatu beharra izanen dugu, nahi eta ez, hauek gerraurretik errotuak baitaude Euskal Herrian, eta ukaezinezko indarra dute bai estatu mailan, bai europar alderdiak direlakoz. Beraz, hauek ere erakarri beharko ditugu, autonomia bat eratu ahal izateko. Gaur egun ez da posible, autonomia bat, ez eta abertzale batasunaren bidez ere; eta aipaturiko estatalistekin, berriz, posible da. Ezker abertzaleok PNV-k jaso ditzakeen alternatibak aurkeztu behar ditugu, eta ondoren, ezker estatalistekin autonomia posible bat eratzera jo.

Sozialist Alderdirako ohinarrizko puntuak

Honetaz Mikel Zabala, hernaniarra, aritu bazitzaigun ere, eta erdaraz, ESEIren Agerpen horritik zuzenki jasotzen ditugu puntuok:

 a) Sozialista behar du izan egiazki, hau da, Euskadiko ekonomi, sozial, kultur eta politik egituren eraldatze iraultzailea posible egingo duen tresna, hots, ideologikoki eta organikoki egokia; beste masa erakundeekin batera, klaserik gabeko gizarte baten eraikuntza aurrera eramanik, produkzio indarren eta agintearen benetako jabetza eta kontrola izango du.

 b) Historiaren eta gizarte eraldatzearen azterketarako marxist metodologia erabiliko du.

 c) Klase nortasuna agertu behar du, sozialista giroko jatorria duen militantegoa osatzean, taktika eta estrategiaren adierazmoldean eta bere politik praxisa betetzerakoan. Beraz, masa alderdi baten jitea hartu behar du.

 d) Argi eta garbi errespetatu behar du masa erakunde sindikal eta herrikoien autonomia, sozialismorako estrategia zuzen bat eta gizarte sozialista aske, pluralista, berdintasuneko, deserdirakoi bat gerorako finkatuz.

 e) Alderdi demokratikoa behar du izan, baina ez soilik askatasun konkretu eta mamitsuen onhartze eta defendatzearen espresabide, berauen aitzindari izan baita maiz gure Herria Europako historian. Askatasunaren erabilketa osoak, gizarte eta ekonomiaren plangintza demokratiko batez sendoturiko autogestiorik zabalena eskatzen du langileriaren eskuetan.

Alderdiak bere egitura eta jokamoldean, eraiki nahi duen gizartearen imajina behar du izan, eta dogmazko kutsurik gabea; sozialista diren talde guztiak egiazki uztartzeko eta talde horien planteiamolde teoriko eta praktikoak lortzeko kapaz izango dena. Demokraziaren eraginez, eta Euskadiko lurralde osaketa berezia medio delarik, Alderdia konfederal erako egitura organiko batetara beharturik geratzen da.

 f) Estatu mailako ezker taldeek darabiltzaten era berdinean erabiliko ditu sistematik lor ditzakeen politik posibilitateak.

 g) Internazionalista behar du izan, sozialist iraultzarekin eta munduko herri eta nazio guztiekin, bereziki penintsulakoen hazkuntzarekin bere indarrak bat eginez.

 Jose Manuel Castelek Autonomi estatutuak jaso beharko lituzkeen zenbaitzu puntu aipatu zituen laburki eta erdaraz.

Bai eta Politika fiskalari buruz ere mintzatu zitzaizkigun mahaitik. Lurraren Ordenazioaz eta Lurraren kontrolaz (ez sozializatzeaz) eta ekonomiazko plangintza baten beharraz. Oraingoz behintzat, ez ziren sozializatzearen aldeko agertu, langileriak benetako partehartze eta kontrol ekonomiko bat irits dezan arte.

Azkenik, Josu Etxano euskal kulturaz euskara hutsez mintzo zen. Erdi epe batean euskara Irakaskuntzan, Administralgoan eta Komunikabideetan ezarri behar dugula zioen, bai euskaraz hitz egiten duten lekuetan, eta bai euskara galdu direnetan ere.

ESEIko mahaiaren agerpena laburtzeko, ezin esan ESEIren jarrera baterakoia hondradua ez denik. Euskadiko Sozialistak Elkartze Indarra baita ESEI. Eta ez da alderdi bat, Alderdi sozialista zabal eta posible batetara bultzatzeko erakunde bat baizik, "hain zuzen, euskal ezkerraren barrutian agertzen den hutsunea nabaritu ondoren sortu da, izaki konbergente eta sozialista bilakatu nahiz".

Gaurko euskal ezkerraren zatikeria, protagonismokeria, eta erradikalkeriak gainditzeko posible, errealista eta oinak lurrean ditugularik, berresaten zuten, eratuko bide da delako Alderdi sozialista hori. Eta erreboluziozalekerietan erori gabe, pausoz pauso, erreformaz erreforma eta une bakoitzean posibilistak izanki, azkenik guztion helburu den Iraultza egin daiteke.

Baina, elkar hizketan aidean gelditu zena, zera da, erreboluziozalekerian eror baledi, erreformazalekerian ere eror litekeela. KAS-en inguruan talde desberdinek eratzera doazen alderdi sozialista zabalago horrekin harremanik zuten edo nola ikusten zuten galdetu zitzaienean, Goyok erantzun zuen alde batetik ez zirela gonbidatuak izan, eta bestalde ez zeudela ados zeramaten metodologiarekin.

Entzule batek, mahaikoek proposaturiko sozializatze (edo eza) eta politika fiskala Fraga-rena baino motzagoa geratzen zela eta, erreformazalekeriatzat jo zuen.

Dudarik ez da, Euskadiko Sozialistak elkartzeko indarraren premia handia dugula, eta ezker abertzale guztion eginkizuna dela. Beharbada, Alderdi pare bat aterako zaigu, bat erreboluziogileagoa eta masa mugitzailea, eta bestea, guztiz posibilista eta gainerako indarren mugimenduari lotuago doana.

Alex


Euskal Herrian

Hauzategiak. Hauzo elkarteak krisian?

Donostiako hauzo elkarteek, duela bi urte sortu ziren, eta diktaduraren zapalkuntzapean aritzeko legebide egokia eta positiboa zen, dudarik gabe, hauzoetako herrigintza batetarako. Garai hartan eratu ziren estatutu araudiak, ordurako oso baliagarriak ziren. Alde batetatik, hauzo elkarteko batzarrea, lehen organoa izanki, ohitu eta ikasi gabea zelako, noski, hauzo elkarteetako junta edo batzorde eragileek zeramaten ia erabatean hauzo elkarteetako martxa edo jokabidea; eta asanbladak sozioek partehartzeko eta erabakitzeko baino gehiago, batzordeen informazioa edo berri ematea gertatzen ziren.

Bien bitartean zenbait hauzo elkarteetako juntak, batik bat, M.C.-k (geroago P.C.-ko legezale batzuk ere bai) erdi kontrolaturik geratu ziren.

Gaur egun, ordea, gauzak aski aldatu dira, eta askatasun itxura sumatzen denez, estatutuek ezartzen edo mugatzen dituzten urtaroa; adibidez, 21 urte behar baitira sozio osoa eta boto eskubidea izateko, hauzo elkarteen gazte mugimenduekin gainditurik aurkitzen dira, hauzo elkarteko ekintza lanak eta erabakiak hartzerakoan.

Baina, hasieran junta aurreratzaile ziren haik, kasu batzutan behintzat atzeratzaile eta erreformista bilakatu dira, eta estatutu zaharrei heldurik gazte ekintzaileei boto emateko bideak moztu zaizkie. Beste hainbeste esan daiteke, batzarreak irekiak behar dutela izan planteatu denean, batez ere, kaleko gertakizun berezien aurrean posturak hartzerakoan, e.a.

Hau guztiok eta Itxasoko erhalketa, Aristizabalen heriotzea eta ondorengo manifestazio sailek ere, tirakada eta eten gogorrak sortu dituzte Amara Berriko hauzo elkartean, adibidez. Eta arazo hauk gorabehera, desegin ziren Atotxa-Egia eta Intxaurrondoko hauzo elkarteak.Gorago aipatu bezala, junta zuzendaritzako zenbait legezaleren erruz urratu dira hauzo elkarte horietako plataformak. Jakina, junta horietako batzuk nahiago dute esan, ezker abertzale, komite eta troskistak hauzo elkarteak hautsi beharrean dabiltzala, berak arrazoidun, legezale eta ekilibrista onak izanki. Baina, egia esan, hauetako legezale batzu hauzo elkarteko kontrola beste pentsamoldeko jendearengana doala ikustean, gehiengoaren kontra jarriz, estatutuen interpretazio xelebreak eginez, nahiago dute hauzo elkartea krisian jarri edo desegin, beste joerakoen esku txarretan uztea baino.

Hala ere, hauzo horietan jende ekintzailek ez dira lotan geratu, eta bere aldetik diraute lanean. Hauzo batzutan, sekula baino hauzo batzarre zabalagoak eta eragileagoak antolatu izan dira.

Beste hauzo elkarteetan hainbesteraino iritsi ez bagara ere, problematika hori berori egosten ari da. Hauzo elkarteetako junta batzuk base gehiago dute hauzoan, eta hauzo eta Herri burruka osoa batera daramate, hauzo elkarteko mugimendua alderdi baten arauera murrizten ibili beharrik gabe.

Bestalde, azken urte honetan, ezker abertzaleok geroz eta gehiago eta organizatuagoak agertu gara hauzategietan. Eta zer esanik ez, ezker abertzaleon artean apenas ageri den hain posibilista direnetako erreformistarik, KASen inguruko jokabidearekin ados gatozelarik. Itxarogarria da, beraz, ezker abertzaleok masa mugimendu bezala dugun aurrerabidea.

Alex


Euskal Herrian

Hauzategiak. Amara Berriko Hauzo Elkartea eta Kontribuzio bereziak

Amara Berria, Donostiako hauzategirik handiena da, gaizki esan dut, jende gehiena, 50.000 lagun bizi edo gordetzen dituena. Etxagintza eta espekulapen lotsagarri batek eraikia, etxateria multzoak, belardi zikin bakarra ertz batetan, autoz estaliriko kaleak; hauxe bai dela "lotarako hiria".

Amara Berriko arazoa beste edozein hauzategietan bezala, guztiekiko zerbitzu falta da, hau da: haurtzaindegiak, E.G.B. gisako herri ikastolak, gau-eskolak, liburutegiak, kultur etxeak, Zahartzaroko etxeak, belardiak, parkeak, aparkamenduak, e.a. falta dira. Hauzoko hirigintzan eliza berriak sartzen dira bakarrik, guztiekiko zerbitzu gertatzen ez badira ere.

Kontribuzio bereziak eta hauzo burruka

Hauzo elkartea guzti honen atzetik badabil ere, Amara Berriko jende gehien biltzen duen arazoa kontribuzio bereziena da. Lur legeak (Ley del suelo) berak agintzen duenaren kontra, delako urbanizazio partzialik oraintsu arte egiteke, etxeak egin eta pilatzen aritu dira udalekoak eta etxegileak sasi ezkontza baten bidez. Eta, jakina, lehenik urbanizazioa egin beharrean, urtez urte etxateria pilak jaso dira, eta azpiegiturarik (ur garbi eta zikinentzako kolektorerik, e.a.) eta gainegiturarik gabe geratu gara. Eta betiko leloa! Udalari erantzunkizun gogorrak eskatu ordez, eta hauzotarrek guzti hau pairatu ondoren, urbanizazioa hauzategiak ordaindu behar omen.

Lehengo inpugnazioetan, hauzotarrek 90 %-etara, eta gero, 75 %-etara eta 60 %-etara jaits erazi genuen, hauzotarrei zegokiguna. Harez gero, bi epai iragan ditugu, bat Donostiako hauzategi ekonomi-administratibokoa eta bestea, Iruineko kontentzios-administratibokoa. Inpugnazioa Iruineko epai mahaira altxatzea 300.000 pezetatatik gora kostatu zitzaigun, eta honek azkeneko ekonomi administratiboarena baieztatu zuen, halegia, 60 %-a hauzotarren gain eta 40 %-a Donostiaren kontura ezarriz, halegia, 371.231.148 pezetatatik hauzotarrei 222.738.689 ezartzen zaie, bakoitzari 16.000-30.000 tartean dagokiola. Hauzia Goreneko epai mahaira altxatzerik ez dugu izan, gastuak milioitik gorakoak zirelarik. Baina, amaratarrok ez dugu etsi. Arrazoiak geurekin baditugu, ez gara berriro zanpatzen utziko. Legeriak, herri xeheari lege bideak hitxi badizkigu ere, gertu gaude burrukarako.

"Balda" pilotalekuan 700etik goragoko hauzo batzarrean bildurik, kontribuzio bereziak ez ordaintzea erabaki genuen. Ondoren, hauzo elkarteak erabakia beretzat eta bere gain hartzea erabaki zuen beste asanblada batean. Beraz, unerik gogorrenak oraindik gertatzeko daude. Udaletxea hasi da hauzo batetara erreziboak bidaltzen, baina argi gaude berehala batzarre bat antolatu eta azken burrukan ekiteko.

Alex


Lana

Eladioen jokua salhaturik

Aspaldian ELA-STV siglak bi talde ezberdin agertzeko erabili izan dira. Alde batetik Manu Robles Arangizen zuzendaritzapeko syndikatu jatorra, Eibarren bere batzarrea egin zuena, azaltzeko. Bestetik, eladioek Lejoan egindako taldea izendatzeko. Eibarrekoa lehenagoko ELAren ondorio zuzena eta syndikalista zen, bestea, Lejoakoa, beraren ume bort bat besterik ez zen artean. Hala eta guztiz ere, biek izen berbera zeramaten, eta nazioarteko syndikal konfederakuntza berberen babesa zutela aldarrikatzen. Oraintsu, baina, nazioarteko lan konfederakuntzek argi eta garbi jarri dute hasiera-hasieratik beraiek onhartzen duten ELA bakarra Robles Arangizena dela, Eibarrekoa, eta ez bestea. Eta ELA-Lejoako buru den Juan Beitiari hori gutunez adierazi egin diote. Hona hemen ELASTV egiazko eta bakarraren oharra, Juan Beitiari CMTek, CIOSL-ek eta CESek bidalitako gutunekin batera. Arazo tristagarri bezain nahasgarri hau, euskal langileria eta herri osoaren onerako, jadanik argitan dagoela uste dugu.

***

ELA-STV-k, Euskal sindikalgintzak, «ELADIO» delakoen jokaera maltzurraren erasoaldia jasan behar izan du. ELA-STV siglak erabiliz, ez dute inongo lotsarik izan «sindikalista» bezala agertzen, gurearen itxura bereko aldizkariak argitaratuz. Lejonako «Kongreso» delakoa burutuz, gure sigla eta anagramak bere eginez eta Nazioz Gaindiko Konfederakuntzen siglak erabiliz, berauek behin eta berriz salatu eta baztertu dituztenaren jakinaren gainean.

Langileria eta Euskal sindikalistak zaitu eta itxuragabetze ahalegin hauk, nagusigoak eragindakoak dira, bitarteko egoera ilun batek babesturikakoak. Gisa honetan nagusigoak entrepresa mailako elkarte eta ordezkaritzak bultzatzen ditu eta «demokratik» hauteskundeak eratzen, benetako sindikal Konfederakuntzen bilakaera eta hedapena mugatzen saiatuz.

Gaur, Otto Kersten, C.I.O.S.L.-ko Idazkari Nagusiak eta Mathias Hinterscheid, C.E.S-ko Idazkari Nagusiak, «Eladio» taldearen buru den JUAN BEITIA GORRIARAN-i zuzendutako eskakizunaren berri eman eta Euskal langileria jakinaren gainean jarri beharrean aurkitzen gara. Eskakizun hauk Konfederakuntzaren Lehendakari, lehendakari ordezko eta Idazkari Nagusi diren Manu Robles Arangiz, Joxemiel Leunda eta Alfonso Etxeberriaren eraginez, notarial bidetik bidali zaizkio. Era berean, argitara ematen dugu C.M.T.-ko Idazkari Nagusi den Jean Kulakowski-k bidalitako gutuna.

Ihaz, jadanik, JUAN BEITIA GORRIARAN delakoak Bruselasera joanaldi bat egin zuen, Nazioz Gaindiko Barrutiak ELA-STV-ren ordez onhar zezan. Joko honi Nazioz Gaindikoen jarrera sendo eta garbia oposatu zitzaion, gure Sindikal Konfederakuntzaren harenganatzea ontzat ematen ez zuena.

Bestalde, arazo honek argitasun gehiagorik eskatuko balu, atzerriko sindikatuek ordezkariek gure III Kongresoan emandako egonaldiak eta Informabideei esanak, behin betirako argitu dute Nazio eta Nazioz Gaindiko Konfederakuntzen ezagutza eta babesa, III Kongresoan aukeratu buruak erabat onetsi zituztelarik.

Hala ere, JUAN BEITIA GORRIARAN eta bere taldea, C.M.T., C.I.O.S.L. eta C.E.S. siglen erabiltzeari jarraikitu zaizkio. Fraude izakerazko, jakinaren gaineko jarrera hau izan da Nazioz Gaindiko Konfederakuntzak segidan azaltzen diren idatziak bidaltzera behartu dituena, aditzera emanez, bestalde siglen bereganatze honi jarraikitzen bazaizkio, kontuak judizialki eskatzera behartuak gertatuko direla.

Nazioz Gaindiko sindikatuen jokaerak argi eta garbi baieztatzen du Euskal Sindikalgintzarekiko onespen eta babesa, bestalde, zera erakusten digula, politik maltzurkeria eta azpi jokoz euskal langileria ilundu nahi duten talde honen itsukeria, arduragabekeria eta taldekeria larria.

Afiliatu eta bestelako langile guztioi eskaintzen zaizkizue segidako txostenak, arretaz irakur ditzazuen.


Anaitasunaren komikia (6)

Airko [Komikia]

Irudiak: Antton Olariagak

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (6)

SIDER bi mila 2000 [Komikia]

Irudiak: Erramon Zumalabek

Gidoiak: Xabier Kintanak


Anaitasunaren komikia (6)

Krisket eta Popolo [Komikia]

Irudiak: Juan Karlos Egillorrek

Gidoiak: Borja Barandiaranek


Ekonomiazko politika

Azken urte honetan hainbat kontzeptu, hots, Erregimen Administratibo Bereziak, Kontzertu Ekonomikoak, Foruak, Autonomi Estatutuak eta abar, indartsu kaleratuak ikusten hasiak gara. Hauk denok, historia barneko egoera hasi-berri konkretu bati esker plazaratu ahal izan dira eta arazo politiko bati hemen nahi zaion irtenbideari loturik dabiltza.

Beste aldetik, urte batzu direla, Herrialdearen kontzeptuak ekonomiaren alor barnean aparteko esannahia hartu zuen. Hala ere, Herrialde izenaren esannahi hori gogo hutsezko maila batetan erabilia izan da, nahiz eta ekonomilari batzuk ekonomiazko ikuspegi hutsez hartu nahi izan, eta, egun, gehienek Herrialdearen izenpean, gure ustez ekonomiazko ikuspegia ez da garrantzitsuena, beste faktore askok ere eskuhartzea dutela onhartua dute.

Ekonomiazko politika teoriko baten barruan agerturiko jokera berri honek, Estatuaren jokera atzerakoiaren muinetan oinharrituriko aurrerapen konkretuan du iturburua. Metodo berri honen bidez lorturako aurrerapenaren agergarri bat ikusteko, ez dugu urrutira joan beharrik. Nahiko dugu Espainiako Estatu barneko Probintziei (Legeak onharturiko Entitate berezi nagusiei) azal-azaleko begirada bat egitea, zeren guzti horiek ba dute zenbait eragozpen gogor, "kosta hala kosta eginiko Estatuko aurrerapenari" jarri.

Nekez aurki daiteke arazo politikoa eta ekonomikoa elkar-loturik dabiltzala argi ikusten ez duenik Hori hola, alferrekoa litzateke hemen alor hori azaltzen hastea. Hala ere, ezer aldatua izan ez dadin aldaketak gertatzen ari diren goi mailetako pertsonalitate batzu, Gernikan Batzarre Nagusiak, inork ez daki garbi zertarako, bildu behar direla eta esanaz eginiko deiak datozkigu gogora, eta ea esannahi batzu azaltzen hasi beharko ez ote ditugun pentsatzen ari gara.

Nazionalitateen arazo politikoaren konponketarako hartutako edozelako irteerak, hautapen ekonomiko bat eraman behar du barruan, hori gabe inolazko esannahirik edo mamirik ez duten hitz hutsetan ibiliko gara eta.

Honekin ez dugu esan nahi orain artean eskainiak izan diren konponbide politiko desberdinek jokera ekonomiko apartekorik ez dutenik, ez. Guk baieztatzen ditugunak, ordea, beste hauk dira:

- Interes ekonomiko horik direla, izan ere, ekonomiazko alternatiba aurkeztea deusezten dutenak, beraien hautapen ekonomikoa gaur egunez duguna bera delako.

- Honelako kasuetan jotzen dela beharrezkotzat iraganara begiratzea eta beren esannahia galdu duten aintzinako Erakundeak birbiztea, jendearengan halako sentipen huts bat sortzen dutenez.

- Alternatiba ekonomiko bat eskaintzeko duten ahalmenez honek, ezer-ezean uzten dituela, hain zuzen, azaleko soluzio politiko hauk.

Hau dela eta, beharbada, interesgarri izan daiteke arlo hau sakontzea eta bide honetatik jokatzea, benetako plangintza ekonomiko baten aurrerapena, Herrialdeetako helburu eta lorbide berezien betegarritzat harturik, egiteko, honek Herrialdeen Agintaritzarentzat beharrezkoak diren ahalmen batzu konkretatzera lagunduko digulako.

Eta Plangintza ekonomikoaren barnean, zerikusi handia du entrepresa publikoak. Dudarik gabe, orain arte banaketa sakona ibili ohi da Herrialdeko aurrerapenaren eta entrepresa publikoen artean; gainera, hauetariko gehienak izena bakarrik dute publikoa. Baina honek ez du izan behar, nahitaez, Herrialdearen aurrerapen bidean entrepresa publikoak ukan behar duen eragite dinamikoarentzat eragozpena.

Egungo entrepresa publikoaren jo-mugak aldatu egin behar dira, gizartearen interesa osoen alde jartzeko, neurrizko aurrerapen bat lortzeko inbersio eragile eta plangintzaile bilakatzeko, guzti hau plangintza demokratiko deserdiratu baten barnean eginaz. Entrepresa publikoak ekimen autoktona indartzeko izan behar du, gaur eguneko ekintza ekonomiko berriak aurrera eramateko nahitaezko diren ingurutako baldintzak estruktura berezietan, berezko ahalmenetan eta merkatuetan, oinharriturik egiteko izan, Agintaritza Publikoaren jokoak estrukturen berriztatzea bultzatzeko eta Herrialde barneko berezko mugak deusezteko izan behar du, hots, ekintza ekonomikoak eta sozialak eskatzen dituzten aurrerapenak-eta aurrera eramateko.

Entrepresa publikoak, ekonomia demokratikoagoa eta sozializatuago egiteko bide izan behar du, eta horretarako, Nazionalitateen arrozei emandako soluzio politikoarengandik sortutako Agintaritza Publikoen kontrolpean aurrera eramana izan behar du.

Aintzinatik sektore demokratikoek eskatu izan dutena eta gaur egun ere min biziak sortzen dituena eta ekonomiaren demokraziatze eta sozializatze bidean lehen pausoa dena, zera da: Banka Pribatua sozializatzea. Sozializatzea hau, egun, Herrialde barnean egin beharko litzateke. Dena dela, guttienez, zera exigitu beharko litzateke, Herrialde bakoitzak bere lurraldeetan sorturiko sarrera ekonomikoak erabiltzeko ahalmena. Alor honetan Diru-Kutxek garrantzi handia dute, euskal ekonomiaren laguntzarako dirubide egokitzat harturik; bestalde, hirilurra sozializatzea nahitaezko beharrizana da, espekulazio denak baztertzeko eta bai baserriko, bai industriako, bai hirietako aurrerapen arazo denei aurpegi egin ahal izateko.

Ez dezagun Haziendaren arazoa ahantz. Argi dago aztertzen ari garen gaiarekin duen zerikusia; Ames gozo bat litzateke nolanahiko plangintza ekonomiko bat egitara eramateko beharrezko diren diruak gabe asmatzea. Gai hau aurreko lanean aztertu genuen. Honetaz gure ikuspegia jakin nahi duzuen irakurleoi, gai horretaz dioguna ezagutzera dei egiten dizuegu.

Seguritate Soziala, gaur egun Hego Euskal Herritik dirutza galanta ataratzeko bide dugu. Honetaz, "Los influjos financieros en España" izeneko lan bat egina du Bilbo-ko Bankuko ikertzaile taldeak. Bertan agertzen denez, Seguritate Sozialak 1968-73 urteen barnean Euskal Herrian eskuratu dituen sarrerak 110.183 milioi pezeta dira; Erakunde horrek Euskal Herrian egindako gastuak, ordea, 90.505 milioi dira bakarrik. Euskal Herriaren kalterako egindako mentsa, 20.000 milioi pezeta ingurukoa izan da, ba; urteko 3.300 milioi gutti gorabehera.

Aurrera ekarritako datu horiek nahiko esannahi dute, Seguritate Sozialak Herrialdearen kontrolpean egon behar duela eskatzeko, eta oraindik gehiago Euskal Herriak dituen Zerbitzu sanitarioen egoera eskasa kontutan hartuz. Herrialdeko kontrola aipatzean kontrol demokratiko bat esan nahi dugu. Guttienez ondoko hauen berriak zehatz eskatuko dituena:

- Erakunde horren diru-kontuak.

- Diru horik zertarako eta nola erabiliak diren jakitea, horrela sarrera horik Herrialdeko plangintza sanitariotik kanpoan diren gauzetarako erabiltzea, ezinezkoa bihurtzeko.

Hauk honela, zer jazoko litzateke Espainiako Estatu barneko beste gainerako Nazionalitateekin eta Herrialdeekin? Gure ustez arazo honen erantzuna, hartzen den soluzio politikoak mugaturik etorriko litzateke. Txosten honetan argi jarri nahi izan duguna honako hau da, zen Herrialdek edo zein Naziok (konkretuki Euskal Herriak) bere ekonomia eta finantzierak kontrolatzeko duen premia. Hau ez doa, inola ere, esate batetarako, Nazionalitateek edo Herrialdeek, beren arteko aurrerapen desberdinak sorturiko goi-beherak konpontzeko Elkarren arteko Kutxa bat sortzearen aurka.

Haran


Lemoizen zentralik ez

"Euskal Itsasalde ez Nuklear Defentsarako Elkartea"k prentsaurreko bat antolatu zuen joan zen Apirilaren 20an. Bertan bi agiri zabaldu zituen. Batean Administrazioaren kontra hasitako lege eginkizunak azaltzen dituzte komisiokoek eta, bestean, Bizkaiko Diputazioak Basordan (Lemoiz-Mungia aldean) egiten ari diren zentraleari buruz duen joera maltzurra salatzen dute.

Diputazioaren isiltasunak

Bigarren agiriko zenbait zehaztasun ematen hasiko gara. Diputazioa ez dela herriaren ordezkaria esan ondoren, Diputazio honek Iberduero, S A.rekin dituen harreman hestuak salatzen dira. Bizkaitar Diputazioa Iberdueroren zerbitzari eta morroi apal bat besterik ez dela agertzen dute argiki komisiokoek eta, honetarako, azken epean gertatutako zenbait jazoera laburki azaltzen ditu. Hots, Martxoaren 31an Diputazioak hartutako erabaki garrantzitsu bat. Egun horretan egindako biltzarrean, Diputazioak Basorda alderdiko "(zona) berde" izendakizuna kendu zuen, Iberdueroren eraikuntzak legalak bihurtzeko. Arazo berezi horretan, Bizkaiko Diputazioak Iberdueroren bidetik oztopoak aldatu dituen bezala —herriaren interesak zapuztuz— beste askotan ere berdin egin du. Martxoaren 31an hartutako erabakia, gainera, Diputazio berberak egindako plangintza baten aurka doa, zera, Plentzia-Lemoiz lurraldea Bilbo Haundia eskualdearen zabalkuntza edo "zona de expansión" bat bezala ikustea. Iberduerori emandako erraztasunek —lege kontrakoak, gehienak—, eta "zabaltze-gune" honek elkar jotzen dute. Iberduerok, zentralearen inguruetako zortzi kilometroetan, hots, Plentzia, Gorliz, Bakio, Lemoiz, Armintza, Maruri, Barrika, Butroi, Gatika eta Garai herrietako, bizilagun-handitasuna kontrolpean jarri behar dela dio, bizilagun-handitasuna Bilbo eskualdeko ezker hibaialdean oinharrituaz. Hitz laburretan, Diputazioak dituen plangintza guztiaren kontra doa Iberduero eta, hala ere, Diputazioa entrepresa honi nahi duen guztia egiteko baimen osoa ematen ari zaio, behin eta berriro.

Joera ulergaitz hau salatu ondoren, Diputazioak herriaren boza maiz entzun arren, ez duela ez erantzun, ez eta adierazpenik eman ere, garbiki azaltzen du agiriak. Ikusten denez, Diputazioari bost axola diote herri maila guztietatik heldu zitzaizkion kexek eta oharrek. Bizkaiko Diputazioa, gai honetaz hitz egitean, ez da herriaren galderak erantzuteko, Iberduerori erraztasun osoak emateko baizik.

Errespontsabilitate eske

Bizkaiko Diputazioaren joera maltzur honen kontra, herria legeak opatzen dizkion bideak ibiltzen hasia da. "Diputazioa" abstraktuki ikusi beharrean, hemendik aurrera errespontsabilitate pertsonalak epaitzen hasiko da. Diputazioa pertsona konkretu eta bereziak egiten dute eta epe laburrean pertsona horiek bere herri-kontrako eginkizunen kontua agertu beharko dute. Gaurkoz, nahiz eta pertsonalak ez izan, eginkizun batzu hasiak dira. Apirilaren 6an, Lemoiz eta Mungiako udaletxeetan, espediente bi aurkezpetuak izan dira. Lemoizeko espedientea 124 lagunek izenpetuta dago eta Mungiako espedienteak beste 53 lur-jaberen firmak bildu ditu. Bi kasuetan lemoiztarrak eta mungiatarrak beren Udaletxeek hartu dituzten erabaki kaltegarrien kontra doaz eta udaletxeek sei hilabete barruan erantzun beharko dute. Erabaki kaltegarri horik, noski, Iberduerori bideak erraz jartzeko hartuak izan ziren.

Espediente hauk egiteaz gainera, sinatzaileek idazki bat bidali dute Madrilera, "Dirección General de Energía"ra, hots, Industri Ministraritzara. Idazki honen bidez lemoiz eta mungiatarrek Iberduerok egin dituen lege-kontrako gauzak salatzen dituzte. Bi akusazio garrantzitsuenak hauk ditugu: eraikuntza "Dirección General"en baimenik gabe egin du Iberduerok eta, 1976. urte arte, Arkitektoen eta Ingeniarien Kolegioak eman behar zuten baimen teknikoa ez du izan Iberduerok. Ondorio bezala, mungiatar eta lemoiztarrek "Dirección General"ari eraikitzeko baimena Iberduerori kentzeko eskatzen diote eta, gai honi buruz zehaztasun gehiago biltzeko, Viennan bere zentrua duen "Organización Internacional de Energía Atómica"ri berri gehiago eskatzeko gomendatzen diote.

Bitartean Lemoizeko zentralearen lanak aurrera doaz. Beti bezala, herrigintzak izan beharko du lan horien oztopo nagusiena.

X. A.


KASen agiria

Iberduerok S.A.k bere energi projektuetan erabilitako prozesua sakonki aztertu eta Euskal Itsasaldea nuklear kosta bat bihurtzeko daraman plana bereziki ikertu ondoren,

Mundu osoaren mailan arazo honetaz dauden eritzi kontrastak gero eta haundiagoak egiten direla eta energi hautakizun horren kontrako argudioak gero eta sendagoak direla ikusi ondoren,

Esandako projektuek Euskal Herrian sorterazi duten kezka eta oposizioaz jabeturik, eta azkenean, programma horrek Euskal Herriaren barrutian, bai politikan eta bai lurraldearen erakuntzan, ekarriko lituzkeen ondorioak xeheki arakatu ondoren,

KASek hurrengo argitasunak eman behar dituela uste du:

1.- Iberduerdok S.A.k gure Herriari jarri nahi dion energi politika errotik kondenatzen dugu. Beraren portaera despotikoak argiro erakusten baitu kapital monopolista internazionalaren eskutik kapitalismoak gurean obraturiko harrapakeria.

2.- Era berean, Bizkaiko Diputazioaren eta arazo honetan zuzenik sartuta dauden Udalen (Lemoiz eta Mungia) portaera zapaltzaile eta degradagarria kondenatzen dugu, berauk Iberduero S.A.k egindakoen estaltzaile garbiak izan baitira entrepresa horrek, horrela, gure administrazioan bere eskua sartuz eta Madrileko gobernuaren laguntzaz Lemoizeko nuklear projektu ezlegala instituzionalizatzeko.

3.- Iberduero S.A.k Euskal Herrirako pentsaturik dauzkan nuklear projektu guztiekiko eta bakoitzarekiko (Lemoiz, Tutera, Deba, Izpazter-Ea) gure oposiziorik biribilena agertzen dugu.

4.- Euskal Itsasalde Ez Nuklear Defentsarako Batzordeak orain arte egindako helburu eta nekaezineko pauso guztiak onhartu eta beraiekin guztiz bat gatozela adierazten dugu.

5.- Euskal Herrian ari diren alderdi eta erakunde herritar guztiei dei bat egiten diegu, guztiok, esandako helburuak lortzeko burruka, batera eraman dezagun.

KAS

(E.H.A.S., E.I.A., L.A.I.A.)


Kultura

Zehatz

 Azkenik ZEHATZ aldizkaria kalean dugu, eta bera kritikatzeko gauza ez garenez (ez baitakigu guk asko), ZEHATZ berari ematen diogu hitza, gu baina zehatzago delakoan.

"Garai historiko mugatu batetan idea iraultzaileen esistentziak jadanik klase iraultzaile baten esistentzia du suposatzen" (Marx: Alemaniar Ideologia).

ZABAL, zabaltzen, bidea irekitzen, bide bat irekitzen saiatu gara Baionatik hiruzpalau urte hauetan.

ZEHATZ, zehazten, bidea zabaldu ahala zehazten saiatuko gara aurrerantzean Donostiatik.

Bidea ez dago egina. Bidea egitera gatoz.

Elkarrekin. Talde lanean, sozialist abertzalegoa indartu nahirik. Hauxe da gure xedea. Eta xede honi dagozkion harma guztiak erabiliko ditugu.

ZEHATZek ba ditu bere koordenatu teoriko-politiko minimuak. Printzipiuen deklarazio erraz batekin ez, urtean zehar zenbakiz zenbaki prestatzen joanen garenarekin baizik, plazaratuko ditugunak.

Euskal populuaren eta, bereziki, proletargoaren aldeko burruka teorikoan interbentzio tresnatzat hartzen du ZEHATZek bere burua. Zehatz nahi dugu jokatu, zehaztasun horrek sor ditzakeen konotazio aseptikoak oro baztertuz.

Horrela, kazeta hau konfrontazio leku bat izanen da, teoria kultur-politikoaren leku aitzinatzaile, praktika abertzale eta sozialistaren leku kritiko, euskal kultur eta politikagintza ezkerretik aurrera eraman ahal izateko.

Tematikaz mugaturik gatoz. Ez hainbat, ordea, mailaz. Gizarte zientzien aldizkari da ZEHATZ, formazio sozialaren azterketan berezitua. Baina, maila bat baino gehiagotan mugituko dena. Gaien tratamendu erraz eta zailagoak, sinple eta konplexuagoak..., denetik argitaratuko da. Hori bai, unibertsitate mailako ikerketa nahiz zabalketan aparteko garrantzia emanez. Euskal Unibertsitateari bidea gertatuz.

Helburu hauekin bat zatozkiguten guztiok gomitatuak zarete ZEHATZen debate plaza honetara.

Erresistentzia ideologikoan euskal iraultzen hildotik diharduzuen guztiok deituak zarete elkar lan honetara.

ZEHATZ


Aresti mistikoa ote?

Aresti poeta mistikoa ote da, Otero bezalatsu, madarikatuaz gainera, berak bere buruaz ari zela esan zuenez?

Hamabi euskaldun eskolaturen eritziak bildu ahal izan dira Arestiren poema zatia batez, Arestirena zela esan gabe bat batean emanak, bat bakarra bera ere konturatu ez zela norena zen. Hala izanik ere ez dut uste gauza mira egitekoa denik, zeren oraintsu bere poema guztien liburu biak argitara diren arte behin baino ez baitzen moldezko letretan ezarri eta ezarri ere Euskal Akademiaren Euskera errebistan eta dakigunez ez da gehiegi zabaldu izan.

Inkesta hoberik ezin eskura genezakeen, zenbait jende Aresti goraipatzen bazterretan dihardukan garaion, poeta hilaren itzala bakoitzak bere alderdira erakarri nahirik balebil bezala, hori egiazki eta zeharo posible baldin bada. Dudarik gabe Arestiren itzulinguru poetikoak oro hobeto ezaguterazteko balioko du.

Hau da poemaren zatia, zortziko txikiaren neurri zesura gabekoez baliaturik bere gisara tolestatua, egileak doinurik gogoan erabili ezarren azentuaz arduratu gabea, gogoetan ritmoaren bila saiatu baitzen.

"Orain hemen nago, lore-mendi honetan.

Nire gogoetak eginik, gailurretan.

armenda loratuen parea naiz orain.

Orain ez nago han, lurralde hotz haietan.

Misterio guztiak ulerturik benetan,

nire arima eztago mirari baten zain.

Bidean hartu dut menturazko harnasa.

Eztaukat lehengo dudetako mataza,

askaturik baitago korapilotxo hau.

Hodei eta errainu guztiak urraturik,

sentitzen ezpaita inun sufrimenturik,

galtzada lagun batek honera ekarri nau".

G. Aresti, Maldan behera poemaren zatia, Euskera aldizkarian lehen aldiz argitaratua.

Erantzuna eman dutenen izenak ez ditut aipatuko eta sekretuan geldituko dira betiko, eritzia adierazi duen bakoitzak apurtu nahi ez baldin badu. Bosti baimena eskatu zaie erantzun zutena argitara ateratzeko eta hona hemen ziotena:

a) "Poema zati honi gaiaren aldetik interpretazio asko ematea posible izanarren, nirekiko erlijio bizitza bat eta, zehazkiago esanik, gizonaren traszendentzia dago guztiaren oinharrian, arimaren betikotasuna. Elizgizon batek egina dirudi eta agian Iratzederrena izango da. Harrigarria da zati honetan adjetibo batzuk ematen dioten espresio indarra: "armenda loratuaren" eta "lurralde hotz haietan".

b) "Poema honetan Lizardik (hauxe uste dut dela egilea) irudi ugari eta finez, bere arimak zalantzak gainditu ondoren, duen poza eta gorantza adierazten digu, ez bakarrik adierazi, baita ezarri ere egiten ditu sentimendu hau".

d) "Poema hau gaurko poeta batena ote den? Hala iruditzen zait. Konparazio ugari gaurko estiloan, esaldi motzak eta barruko zalantzak agerturik... Lizardirenak ote dira bertso hauk?".

e) "Bere burua lore batekin konparatzen du eta metafora honen bidez azaldu nahi duena zera da: estasi une batetan dagoelarik gogoetan edo erlijiora konbertitu ondoren honek dakarren satisfazio eta poza. Lehenengo bertsoa: Nire gogoetak egin ondoren orain benetako kristau bat naiz eta kristauen multzo horretan aurkitzen naiz. Bigarren bertsoa: Orain ez nago bekatutan, nire arimak ez du miraririk espero, duda guztiak argi dituenez. Hirugarren bertsoa: Konturaturik nire bizimoduaz askatu zait lehen nuen kezka. Eta laugarren eta azken bertsoa: Nituen oztopo eta zailtasun guztiak gainditurik bide on batez konbertitu naiz".

f) "Poeta ez zaigu mintzo lurretik, lurrez gorago dagoen maila batetik baizik. Lurrarekiko loturak hautsi eta maila mistiko batetik ari zaigu. Batez ere nola aurkitzen den adierazten digu, baina horretarako lurtarroi ezagunak zaizkigun figurak erabiltzen ditu. Lurtarrok (gisa abereok esango luke X. Letek) ditugun problemak gainditu eta bentzuturik dituela adierazten digu. Ez dago munduan, lore-mendian, baizik; ez du hotzik; misterio guztiak ulertzen ditu; ez dago gauza harrigarri baten zain. Honek, dudarik gabe, giza abereok lore-mendian ez gaudela esan nahi du, ez garela armenda lorearen pareko, hotzak gaudela, ez dugula misteriorik ulertzen eta gauza harrigarriren baten zain gaudela beti. Baina dagoen tokira galtzada legun batek eraman duela dio. Zer da galtzada legun hori? Heriotza, agian. Baina harriturik gelditzen naiz galtzada legun dela baitio eta, nik dakikedanez, zintzurretik itximurkatuz eramaten gaituen llabeperro ("llabeperro" esaten dugu guk) baten antzekoa baita. Legun, agian, beretzat heriotza bizitza hobe batera eramaten gaituen bide edo galtzada delako dio. Hemengo duda mudak garbitu zaizkio poetari eta sufrimenduezaren lurraldetik ikusten du mundu berri hori. Mundu berri hori beretzat hemengoaren antitesis bat da, hemengoaren azpikoz gorakoa, denboraren sareek harrapaturik edukiko ez dutenekoa. Hobe aldegingo bagenu eta gure oin lurtar eta nagiok hego bihurturik sekulan gehiago ez bagina itzuliko!!! Baina "ez dago itzultzerik" Bertold Brech-ek esan zuen bezala.

 Maldan behera poema oso arakaturik eritzia ematera bultzatuko nituzke denak ontzat hartuko dutela baneki. Aintzinetik dakusat, ordea, eskabide merkea dela enea.

Argitaraberri diren Arestiren beraren liburu bietan dauntza harek izkribaturikako poemak eta sakondu nahi dituenak lagungarri egoki ta guztiko iturburura jo dezake.

ALFONSO IRIGOYEN


Deituren inguruan (1)

Aurtengo Apirilaren 3ko Zeruko Argian (732. zenbakian), Bizkarolazagak Deiturak izeneko artikulu bat agertu zuen. Gaia, berez, interesgarria delakoan nago, eta berak hasitakoari, beste bide batzutatik bada ere, segida emateko asmoz nator.

Artikulu horretan esaten denarekin, funtsean, batera nago, aipatzera noan honetan izan ezik: "Bi euskaldun elkar topatzen direnean, bi galdera egin ohi diote elkarri: "nongoa zara" eta "nola duzu abizena".

Goazen zatika. Lehengo eta behin irakur dezagun ongi esaldia. Hasteko, euskaraz dator, eta bi euskaldun dio. Bi euskaldun, eta ez bi basko (dos vascos) beraz. Ondorioz, galderak, egitekotan, euskaraz eginen lizkiokete elkarri. Nongoa zara horrekin konforme. Baina bigarrenarekin, ordea, ez. Neure bizitza osoan inork ez dit euskaraz sekulan galdetu deitura. Nongoa naizen bai, eta izena, inoiz, ere bai, baina deitura... behin ere ez! Erdaraz, berriz, ba liteke... baina hori ere, lagunen artean behintzat, ez da oso normala izaten. Eta izan, bestela badirudi ere, itxurazko deiturazaletasun hori ez dugu hain geurea, ez da gurean hain jatorra. Azal dezadan, baina, puntu hau.

Iturrien bila

Itzul gaitezen iturrietara. Herriagana. Baserriko, portuko edo kaleko euskaldunen artean, zenbatek daki alboko lagunaren deitura? Egizue proba bat: galde egizkiezue baserritarrei beren hauzoen deiturak. Ehuneko larogeitahamarrek ez dakizkizuete. Hauzoen izenak bai, eta baserrienak ere bai, noski, baina deiturak ez.

Hauzoak Peru Bengoetxekoa, Mari Larrabekoa, Urrufino Iturriondokoa, Kontze "Arrainduna", Antton "Errementaria", Katalin "Hankokerra", Txomin "Okila", Joana Alkatenekoa, Martin Kakusainekoa, Patxi Giputza... dirateke, hau da, bakoitza bizi den etxearen, bere ofizioaren, gurasoen izenaz edo eta duen gaitzizenaz ezagutua izaten da beti, eta ez "bere deituraz". Eta hau, gainera, ez da Euskal Herriko kontu soila, munduko edozein Herri normaletako arazoa baizik.

Deituren mythologia

Pertsona bat, bere DNI n 33.711.733 duela eta, hots, kapikua delako, harrotu eta 42.591.748 duen plebeioaz burlatuko balitz, halakoa zorotzat hartuko genuke seguraski, administrazioan erabiltzen diren zifra arbitrario batzuri nolako balioa ematea absurdua baita. Eta, izan ere, deituraz bantatzea, harrotzea, azken buruan hori besterik ez da, laster, irakurlearen baimenaz, frogatzen saiatuko naizenez.

Alde batetik, jendeak uste du —holaxe sinesterazi baitzaio— deiturak pertsonari, odol taldea edo hatz marken antzera, berez dagozkion ezaugarri batzu direla, gurasoek, genetikaz edo, ezabaezinki emanak. Eta hori ez da egia. Deiturak, hasteko, ez dira zerbait berezko, ez dira naturalki dagozkigun atributu batzu, zibilizazioaren maila batetan, eta zenbait Estatutan, administrazioak arbitrarioki erabilitako eta gainjarritako marka hutsak baizik. Denboran zehar, gainera, deiturak aldatu izan dira, eta gaur, demagun, Etxebarria deitura duen pertsona baten aitonaren asaba zuzenak, XVII mendean, Fernández, López edo Pérez izatea gerta daiteke, orduko administral ohituren arauera. Arabako López de Armentia, Ortíz de Zárate eta gisa honetakoak behialako Euskal Herriko deituren egoera bat erakusten digute, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, gutienez, aski zabaldua. Gero, toki askotan, erdarazko aurreko deitura kentzeko joera egon arren.

Deituren sorrera

Aintzinan, zenbait herritan bederen, pertsonen izenak zerbait berezi eta bakar ziren, eta lagun bakoitzak berea zukeen, besteengandik bereizia izateko oso nabaria gainera: Epaminondas, Vercingetorix, Kleopatra, David, Abraham... Geroago baina, aurreko pertsonaia haundien edo senideen oroimenez, izen berbera jartzeko ohitura zabaldu zen berauetan, lehenagotik ere izenetan hain aberats ez ziren herrietan gertatua zenez. Ordudanik, jakina, toki berean lagun bat baino gehiago gerta zitekeen izen berberaz ezagutua. Elkarrengandik bereizteko, hortaz, beharrezkoa izaten zen gehigarri bat, ezaugarri gisa, eranstea. Gehigarri edo goitizen hori era askotakoa izaten zen, tokian tokiko ohitura, gustu, usario eta gorabehera berezien arauera.

Batzutan ezizen hutsak ziren: Betokerra, Kaskasoila, Beltza, Lodia, Argala... Beste batzutan ofizioaren arauerakoak: Artzaina, errementaria, apeza, hargina... Sarritan, gainera, jatorri, hiri, herri edo eta jaiotetxeaz bereizten ziren, bai eta gurasoen izena, genitiboz, gaineratuz ere; horrela nongoak edo noren seme-alabak ziren adierazten zen. Hauk izan ziren, izan, deituren jatorri historikoak, Herriaren bereizi beharretik sortuak. Sasoi hartan, ordea, administralgoa ez zen, eskuharki, gaur bezain zehatza, eta deiturak, goitizenak, herri usariozkoak izaten ziren, inoiz, hauzi edo zerga kontuetan pertsonak agertu beharra zegoenean, holaxe,herrian bezala,azaldu arren.

Deituren aldakortasuna

Sasoi hartan deitura ez zen gauza iraunkor bat, gurasoengandik haurrengana "nahi eta ez" pasatzekoa. Martin "Hargina"ren semea, kasu, Mikele "Errementaria" gerta zitekeen, edo eta "Harakina" eta Joanes Bengoetxekoaren alaba, haraxe ezkonduz gero, Mari Errekaldekoa bilaka zitekeen. Kasu batzutan, ordea, beti etxe berean bizi zirelako edo eta tradizioz, haurrek gurasoen "goitizenaz" ezagutuak suertatzen ziren: Jauregi, Apezetxea, Harginarena...

Zenbait herritan usario pitxi bat jarri zen. Etxearen edo senideen deitura iraunkorrari aitaren izen aldakorra gehitzea: Martin Jauregiren semea, kasu, Peru Martinena (edo Martínez) Jauregiko (edo de Jauregi) izaten zen, eta beronen semea Hernando Perurena (edo Pérez) Jauregiko (de Jauregi), beronen haurra Antso Hernandorena (Hernández) Jauregiko (de Jauregi), etab. Honela, famili izen bat (Jauregi, kasu) beti azaltzen zen, lehengo deitura, bakoitzaren aitaren arauera, aldatuz joan arren. Eslaviarren artean antzeko gauzak gertatzen ziren: Piotr Ivanovitx Vronsky-ren semea, horrela, Grigori Petrovitx Vronsky izaten baitzen, -ovitx "semea" izanki.

Deituren fosiltzapena

Euskal Herriko administral hizkuntza, guztiok dakikegunez, erdara izan da beti, eta horrexegatik euskaldunek euskaraz zerabiltzaten izen deiturak latinez, espainolez zein frantsesez jarri ziren. Gure Martinena, Perurena, Hernandorena, Antsorena, Loperena etab., hainbat tokitan, Martínez, Pérez, Hernández, Sánchez, López bilakatzen ziren dokumentuetan. Herriko usarioan, ordea, deiturak goitizen hutsak ziren, erabat funtzionalak, eta ez zerbait funtsezko. Horregatik, hain zuzen, gurasoengandik haurrengana, edo eta, adinez, aldatuz zihoazen.

Administralgoan, baina, horrek eragozpen bat zekarren, eta ttikia, famili ondare eta jatorriak konprobatzerakoan. Hori dela eta, XVI mendetik aurrerantzean, notariek eta eskribauek deiturak "fosildu" egin zituzten: aitonak izena Martin zuelako, aita Peru Martínez de Armentia bazen, semea ez zen gehiago Hernando Pérez de Armentia, baizik eta, aita bezala, Hernando Martínez de Armentia. Sistima berri honek, egia da, iraunkortasunaren abantaila zeukan, baina, batera, logika galtzen, absurdua gertatzen baitzen, gertatu, Peruren semea Martínez (Martinena, halegia) zela esatea. Une horrexetatik herri usario jator eta aldakorra eta administrazioarena aldentzen hasi ziren. Herriak, gaur arte, bereaz iraun du, administrazioarenari kasu egiteke. Bizkaian eta Gipuzkoan, Araban ez bezala, deituren "erdal" patronymikoa kentzeko joera gogorra, absurdutasun horretan ez ote zegoen oinharritua susmatzekoa da.

Deiturak: administrazioaren eskuetan

Administrazioaren jokabidea, bestalde, ez da toki guztietan berdina izan. Denboran zehar, bestetik, aldatuz joan da toki berean. Espainol administrazioak, esaterako, lagun bakoitzaren izenaren ondoan aitaren lehen deitura eta gero amarena jartzea erabakita dauka gaur. Lehen, aldiz, lehen deituratzat berdin har zitekeen amarena —Larramendik holaxe egin zuen— edo eta jaiotetxekoa (Axular, kasu). Frantzian, ordea, deitura bakarra dago, aitarena, bai haurrentzat eta bai amarentzat. Dakusagunez, arbitrariotasuna da honetan nagusi.

Deitura ofizialak: erdal usario bat

Esandakoaren arauera, argiro ikus genezake deitura ofizialak ez direla gaur herritasun eta herri kutsukoak, estatar administrazioaren erabaki hutsak baizik. Administrazio hori, bestalde, erdaraz (espainolez zein frantsesez) izan da orain arte Euskal Herrian, eta horrexegatik gure deitura guztiak ere erdaraz jarrita daude, nau da, erdaraz mintzatuz esateko jarriak. Azal dezagun hobeki, baina, berau.

Zenbait izen (Lazkao/Lazcano, Irurtzun/Irurzun...) era ezberdinez ezagutzen dira euskaraz eta erdaraz, eta euskaldunok geure hizkuntza nazionalean Lazkaora edo Irurtzunera noa diogun artean, inorenean voy a Lazcano edo a Irurzun esaten dugu eskuharki. Bikoiztasun hori, noski, izenok bi hizkuntzetan erabiltzen direlako seinalea da. Dakigun ordea, beste froga hau. Galde dagiogun euskaldun jende arruntari —"ikasiek" ez dute honetarako balio!—, euskaraz, bere deiturak: beti Recalde, Sarasola, Aranzadi, Lasa, Armendariz, Elejalde, Mendiboure, Arenaza, Lejarza, Elissalt, Landart... erantzungo digu, eta ez, sekulan ere ez, Errekalde, Saratsola, Arantzadi, Latsa, Armendaritz, Elexalde, Mendiburu, Areatza, Lexartza, Elizalde, Landarte... Euskal deiturak ongi emango dizkigute euskarazkoa erdarazko formarekin batera dagoenean (Aresti, Goiriena, Garmendia...), ez bestela.

Euskal toponymian, noski, ba dira Errekalde, Saratsola, Arantzadi, Latsa, Armendaritze, Lexartza delako toki-, etxe- edo herri-izenak, eta bertako edo inguruko bizilagunek, hangoak izendatzeko, orain ere holaxe esaten dituzte euskaraz. Baina deituretan, aldiz, erdal phonetika eta ebakieraz esaten dira beti, eta ez euskarazkoaz. Zergatia erraza da: Euskaldunok geure deiturak non erabiltzen ditugu? Ez, noski, eguneroko herri bizitzan, ez lagun artean, baizik eta notaritzan, udaletxean, hauzitegietan, hots, administralgoan, erdal giroan, nahi eta ez erdaraz egin behar dugu tokietan. Arrazoi berberagatik gure ts, tz, x, gaurko erdaraz kiderik ez dutenak, ez dira transkribatzen, ez eta, ondorioz, esaten, edo eta erdal idazkeraz batera eboluzionatuz joan dira (Lejarza, Elejalde...).

Honekin aski garbi utzi uste dut euskal deituren sorrera eta bilakabidea. Oker zebiltzan, eta dabiltza, —beste tradizio batzuren bidean Jon Urrujulegi dabilkigun eran— beraz, erdal administrazioak kontsakratutako deituretan euskal jatortasunaren oinharri jarri nahirik ibilitakoak.

Hurrengoan euskal —eta erdal— deiturismoaz gehiago.

Xabier Kintana


Elkar ikuska

Algortako Euskal Kultur Saioak

 Algortako herriak, joan den urteko abendutik hasi eta etengabeko kultur ekintza batetan buru-belarri sarturik dihardu. Algortako herriak bizi duen esperientzia hau guztiz interesgarria bezain bakarra dela aitor dezakegu.

 Kultur ekintza luze eta bizi hau prestatzeko eta girotzeko herri elkarte guztiek, seik, hartu dute parte: ikastolak, Itxas-ganek, Biotz-alaik, foto klub-irudi taldeak, Aldai patronatoak, eta hauzo elkarteak.

 Dagoeneko, zortzi kultur aste burutuak dituzte. 1976.eko abenduaren 19an eman zieten hasera saio hauei "Haurren astea" hospatuz, eta ondoren, "Euskal Teatroarena", "Euskal Kulturarena", "Euskal Musikarena", "Euskara eta Ikastolarena" "Bertsolaritzarena", "Estatuto, Foru eta Hauteskundeak 77" eta "Euskal argazkia" hospatuz segi dute bi hilabete luzez.

 Antolamendu izugarri baten bitartez egia bihurtuz doan amets honetan milaka pertsonak hartu dute parte, eta "herri unibertsitate" iraunkor baten itxurak hartu dituela esan daiteke zinez.

 Esperientzia guztiz interesgarri honen berri zehatzagoak jakin nahirik, antolatzaileengana jo dugu, herri honetan posible izan dena beste herri askotan ere egingarria delakoan, eta gertakari honen argi brintzak Euskal Herri osoraino hel daitezen.

— Nola bururatu zitzaizuen tamaina honetako ekintza batetan sartzea?

Getxo asko hazi da azken urte hauetan. Demografi hazkunde hau, ordea, ez da frasez-frase joan kultur azpiegiturazko zerbitzuen hazkundearekin, eta hauk beharrezkoak dira herri mailan herri kulturaren hazkunderako.

Kultur asteak, hitzaldi sortak, musikazko jaialdiak, argazki erakusketa etab., herri kulturaren barrutian egin nahi dugun ahaleginaren erakusgai batzu baizik ez dira. Algortan gauden kultur erakundeak, premia honetaz jabeturik, elkarrekin lan egitea erabaki dugu, horretarako kultur mahai bat eratuz. Gure euskal kultura eskaintzea, indartzea, aitzineratzea izan da gure helburua.

— Erraza izan al da herriko talde eta erakunde guztiek elkar hartzea?

Ez, ez da erraza izan, zeren eta elkarte horik helburu jakin batzutarako izan baitziren sortuak. Estatutarioki helburu desberdinak zituzten eta berauen oraindainoko programakuntzak ere gure herri kultuarekin zer ikusi handirik gabeak izan dira gehienetan. Bestalde, gure historigune beltza kontutan hartuz gero, eta Euskadiri honenbeste kalte egin dioten gorabeherak gogoan izanik, ez da harritzekoa arazoaren ikuspuntu orokorra galtzeraino heldu izatea, nor bere aldetik ibiliz, eta baterako programakuntza oso bat egin ordez, bakarka ekonomi eta antolatze arazoei aurpegia ematen ihardutea.

Zaila izan da, beraz, koordinakuntza batetara heltzea eta guztiek onhartzeko moduko gutienezko oinharri bat erabakitzea. Hau ere esan behar da: haseran zortzi elkarte ginen eta azkenerako, sei geratu gara, beste biok beren gorabeherei eta eginkizunei kasu egin beharrean gertatu baitira.

— Honelako ekintza batek azpiegitura ekonomiko sendoa behar du. Nolako finantziabideak erabili dituzue?

Batekoz beste, kultur asteak beren buruak autofinantziatzeko gai izan dira. Hala ere, zenbait azpimarkatu beharrean gaude:

a) Publizitate osoa, kartelak, eskuprogramak etab. herriko bankerakundeen kontura joan da.

b) Laguntza-bono batzu ere saldu ditugu.

c) Eskupekoak, laguntzak, bai ekonomikoki eta materialki, ere izan ditugu, oso handiak izanez badira ere.

— Administralgoaren aldetik, ukan al duzue inolako trabarik?

Ez, ez dugu inolako eragozpenik ukan baimenak lortzerakoan eta gainerakoetan.

— Nolako jarrera hartu du Udalak kultur ekintza honekiko?

Egia esan, Udalak ez du inolako jarrerarik hartu, ez aldekorik, ez aurkakorik. Ez gaituela haintzakotzat hartu, esango nuke.

— Zer moduzkoa izan da herriaren partaidegoa?

Herriak ongi erantzun duelakoan gaude, eta oro har, partaidegoa ona izan dela uste dugu.

— Zertaz izango dira oraindik burutzeko dauden saioak?

Oraintsu bukatu dugu Foru, Estatutu eta 77 Hauteskunde Astea, eta euskal zinemaren asteari hasera ematekotan gaude; haseran izendatu genuen plangintzari bukaera ematera goaz, eta zinemari buruzko hau izango da, seguraski, azkena. Ba da honetarako arrazoirik: Hego Euskadin mitinak eta bilera politikoak ugaltzen ari diren une batetan gaude eta jendeak ia ez du astirik beste eginkizunetarako. Ez dugu nekagarri gertatu nahi eta garai urduri hauk beren bideetatik joan daitezen leku eman nahi diegu, honelako ekintzak burutzeko garai egokiagorik helduko den ustetan.

— Leku eta aretoei dagokienez, ba al du Algortak behar adinako azpiegiturarik? Nola konpondu duzue arazo hau?

Algortak, Hego Euskadiko herri askoren antzera, ez du leku egokirik era honetako ekintzetarako; ahal izan dugun bezala konpondu gara. Hitzaldiak eta mahai inguruak Algortako ikastolaren geletan (dohan) eta Gran Cineman (alokatzea ordainduz). Beste modu batetako ihardunaldiei bagagozkie, (jaialdiak, bertsolariak...), Gurea zineman eta Fadurako Pelotalekuan. Bertotik, geure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Nikolas eta Juan Uribarri anaiei, Gurea zinemako aretoa dohan utzi digutelako, behar ukan dugun guztietan.

— Zeintsu izan dira arrakasta handieneko ekintzak?

 "Musika Astea", "Euskal Kulturaren 100 Urteak" eta "Bertsolarismoaren Astea", izan dira jende artean arrakasta handieneko asteak. Jakingarri gisa, Ondarroako "Kresalak" ihardun zuenean, Fadurako Pelotalekua goraino bete zen: 1.800 pertsona. Pelotaleku honek bere historiako betekadarik handiena ezagutu zuen.

— Esperientzia hau ikusirik, zer asmo duzue etorkizunari buruz?

Dakizunez, euskal kulturari buruzko ikastaldi bat antolatu du Gernikak aurten eta interesgarria delakoan gaude. Beronen antolatzaileetariko batekin mintzatuak gara eta datorren urtean guk ere horrelako zerbait egin dezakegula uste dugu. Asmo bat besterik ez da, jakina.

— Besterik bai; kultur saio hauei buruz, interesgarri izan litekeenik?

Kritikak jasotzeko eta gogoeta egiteko ordua da. Oro har, pozik gaude. Garrantzi handiko bentura batetan sartu ginen eta onik atera gara. Bestalde, Algortako zenbait elkarteren arteko harremanak hestutu egin ditugu eta horrek ba du bere garrantzia. Horrezaz gainera, gorabehera asko izan da eta gure izaera aztertu eta ondorioak ateratzeko ongi etorri dira. Egin nahi dizkiguten kritika guztiak onhartzeko prest gaude, zeren eta etorkizunekoa hobetzeko baliotsu izango baitira. Gu geure aldetik pozik gaude kultur hiruhilabete honetan lortutakoarekin. Programaturiko ekintza desberdinetan jendeak ukan duen partehartzean oinharritzen gara hau esateko.

X. Mendiguren


Musika

"Euskal hit parade"ko karrera

Irakurleok!

Musika gure kulturaren fazeta nabari delarik, iraunkorki erakusteko, zenbaki honetatik aurrera, gure aldizkariak, arte honen atal bat argitaratuko du.

Atal honek, Euskal Herriko musikaren agerpide nabarmenak bildu nahi ditu eta horretarako irakurleen laguntza eskatzen dugu, bai materialea edo bai jaialdien, diskoen, kontzertuen eta abarren informazioak bidalduz.

Gure helburua euskal musika indartzea eta gaurkotzea da.

Zuen laguntzaren eta kritikaren zain gelditzen gara.

ANAITASUNA

Momentu honetan, puntu guztietatik ikusita, benetako kritika bat egitea, behar beharrezkoa da euskal musikaren inguruan, bertan gure herriko kultur mugimendu guztia enbortzen delako.

Eta baiezpen honetan, egiten den lana ez dela osorik onhartu behar uste dut, puntu negatibo eta kulturkontrakoak ere ba daudelako; hauk kendu egin behar dira; eta musikan, diskografia aldetik eztabaida batzu agertzen dira. Eta honetan ez dira bilatzen beti ekarpen positiboak, euskal musikak musikako sarkinkeria eta erdal jatorriko produktuekin apur dezan. Eta, gainera, herriko aurpegi edo sasi abertzalezko bukaera batekin, merkatal urtekerak edo espekulazioak nahi dituzte estali; eta hau jendearentzat iruzur bat da.

Kasu berbera da, beste batzuren artean, azkeneko disko batek erakusten duena, titulu deigarri batekin: Zutik. Den bezala, ikurrin batekin azal erdian; azal guztian herriko manifestazio batekin eta bere alde beherean soinu batzuren izenekin: ASKATASUNA, EUSKO GUDARIAK GARA, BATASUNA... L.P. honetan sartuta, tresnaz dela eta Quique Ugartek izenpeturik datorrela.

Azal eta gaietatik, herriak abestu duen kanta batzuren bolketa on bat dela uste ahal da. Baina diskoa, Askatasuna! oihu batzurekin, soinu egiten hasten denean oso ezberdina da hartzen den inpresioa. Bide beretik, gaurko diskografia apur bat aztertuz, ideia batzutan ikusi ahalko genuke, haren azterketa beharrezkoa uste dugula, eta haren musikal urtekerena ere bai, holako eztabaidarik ez sortzeko.

Lehenik eta behin ahal genioke errua diskoetxeari egotzi —Philipsek izenpetuta eta Fonogramek argitaratuta baitago, hainbat kapitalista moduan Madrilen sustraituak— gure euskal artistak bultzatzeko hain gutti egin dutenek ez dutela trabarik aurpegia aldatzeko, gaur egun Euskadik ematen duen zatiketak merkatuan ikusirik. Horregatik, musika tresnaz gure herrian grabatuta hain gutti dagoela ikusirik, holako disko batek aurkitzen du tokia bere salmentarako, bere edukia begiratu barik, editagarritasuna baitu, nahiz eta ikurrina komerzializatu.

Disko honi gerrikaturik, nabaria da, herritar soinu honen serietate apurra, laguntza kaxkar eta pasagarri batekin baxu, flauta eta bateria aldetik, Quiqueren joera onhargarri izan arren; fama eta broka gehiago erabiltzea agertzen du, diskoaren seriotasuna baino. Zuzendaritza, Alfredo Garridok izenpetua agertzen da, bere ausartasunagatik dirdira egiten, L. P. guztia txaranga merke baten irudia denez.

Horregatik pena bat da, Quiqueren bide distiratsua, diskoak erdaraz agiria, diskografi traba honetatik igarotzea, zeren bere interpretazio posibilitateak txikituta gelditzen baitira hainbeste momentutan.

Akordeoiak posibilitate artistiko asko du eta herriko tresna bezala sustraituta dago; baina gaur beharrezkoa da, apur bat zaintzea, tresna honi balorea ez kentzeko. Euskal musikariek herri musikako birbaloratasun bidean, bere moldatzea eta gaurkotzea, bai akordeoiarekin edo beste tresna batzurekin egin behar dute lan.

Baina ororen gainetik, seriotasun apur bat behar da.

Erletxe


Parabolak

Katedralaren garbiketa

(Irakur Jn. 2: 13-22)

Euskaldunen Aberri Eguna hurbiltzen ari zen eta Jesus Gasteizerantz abiatu zen. Han Katedralean, idi, ardi, uso eta Herri saltzaileak aurkitu zituen eta betiko oportunista eta folkloristak beren salekuetan.

Metraileta bat harturik, guztiak airean bota zituen handik kanpora, beren ardi, lauburu, uso, ikurrin, arrosario, poster, idi, kandela eta eranskailuekin; alu haien irabazi guztiak komunetik behera bota, mahaiak hankazgoratu eta hainbat folkloristari esan zion:

— "Ken ezazue hau guztiau hemendik, eta Herriaren Eguna ez ezazue Festa Merkearen Egun bihur".

Oso bazkari abertzale eta bikain baten erdian —presoak gartzeletan oraindik— anaiarteko bakea bortxatua izan zela eta, hango politikari tripaundi eta juiziotsuek, zera aurpegiratu zioten Jesusi:

— "Gazte buruarin eta iraultzaile merkea! Zer eskubidez jokatzen duzu honela?"

Eta Jesusek erantzun:

— "Herri desegin eta alienatu hau, hiru egunean aska eta eraiki dezaket berriro".

Eta haiek orduan:

— "Nola diozu umekeria hori? Guk gudu bat egin genuen eta gainera berrogei urtetan oraindik gutxik dakizkien gauzak egin ditugu Herriaren zerbitzuan".

(Baina haiek ez zuten nahi ulertu Jesusek zioena)

Eta hildako askoren artetik, Herri aske eta berjabe bat biztu zenean, orduan bakarrik ulertu zuten batzuk zer eskubidez jokatzen zuen Jesusek halaxe.

Amen.

Hamar birjina politikoen parabola

(Irakur Mt. 25: 1-13)

Jesusek beste parabola hauxe kontatu zien lagunei Martutenen:

Zeruko Erreinua hamar alderdi politikoen antzekoa da: horietariko bost oso burutsu eta burrukalariak ziren, baina beste bostak kaskarinak: oportunismoz eta hitz hutsez beteak.

Guztiak, beren programak hartu eta Herriarengana irten ziren; baina lehenengoak 40 urtetako burruka latza zeramaten berekin, eta besteei ahaztu egin zitzaien kriseiluetarako olioa hartzea.

Diktaduraren gau-erdian oihu bat entzun zen:

— "... hil da azkenik! Ba dator demokrazia: itzar zaitezte!".

Orduan, bizkor bizkor, denak prestatu ziren, Batzarre Nagusiak egin eta... zera: bost kaskarinak orduantxe ohartu ziren: "Ene! ez dugu nahiko oliorik kriseiluetarako, argiak itzali eta ez gaitu Herriak ikusiko".

Eta lasterka batetan, Madrilera joan ziren legeztapena eskatzera (...presoak gartzeletan oraindik...), gero hauteskundeetan esku hartzera (...presoak gartzeletan...), ondoren Senadora eta Gobernua (...presoak...)

Bitartean, Herriaren ordu heldu zen eta prest zeudenak herrigintzari ekin zioten. Azkenik, besteak ere etorri ziren esanaz:

— "Herria, Herria, zabal iezaguzu!" Baina hark erantzun:

— "Bene benetan esaten dizuet: ez zaituztet ezagutzen.

(Eta ea hurrengorako esnatzen zareten)".

Amen.

Thomas Münzer


Liburuak

ALFONSO IRIGOYEN

"Sorterriaren alde"

KRISELU, 1976, Donostia.

Euskara batuan, 110 horrialde. Alfonso Irigoyen-en autobiografia. Frankismoaren lehen urtetako giroa Bilbon nolakoa zen ikus dezakegu liburu honetan, batez ere euskaldunontzat, agintariek nolako oztopoak ezartzen zizkiguten edozein sinplekeriagatik. Gogora dezagun oraintsu arte Bilboko egunkarietan "Pais Vasco" aipatzea debekatua zegoela. Haren ordez, "region Norte", "el Norte" etab. erabili behar ziren. "Vascos" hitza ere debekatuta zegoen. Baina gauza harrigarriena debeku hau Madriletik ez zetorrela da, hemengo Diputazioa eta Aiuntamenduak kontrolatzen zituztenetatik baizik, orain ikurrinaren lekuan "pendoi" zorioneko hori eskaintzen digutenengandik. Nahasmenduzko egun hauetan, nahastu nahi gaituztenak desmaskaratzeko dokumentu balios bat da Irigoyen-en liburu hau.

BERNARDO ATXAGA

"Ziutateaz (I)"

KRISELU, 1976 Donostia.

Euskara batuan, 94 horrialde. Nobela bat, baina ez nobela tradizional bat, ez temaren aurkezpenean ez tratatzeko eran. Euskararen aldetik ulergarri denez, konplikazio handirik gabe, nobelagintza forma berriekin desohituentzat ere ez du problemarik liburua jarraitzea.

BERNARDO ATXAGA

"Ziutateaz (II)"

KRISELU, 1976 Donostia.

Euskara batuan, 118 horrialde. Goian aipaturiko liburuaren jarraipena. Azken hiru horrialdeetan egilea irakurleari zuzenean mintzo zaio, nobelan erabiltzen dituen pertsonaia abstraktuak gaurkotzen. Bestalde, "kontsumoaren aurka, kreazioa" aldarrikatzen du. Liburu eraginkorra, onuragarria.

JESUS MARIA ARRIETA

"Harkaitz, elurra ari zueneko haurra"

GERO, 1976 Bilbo.

Euskara batuan, 140 horrialde. KIMU sailean, gaztetxoentzako nobela, Euskal Herria kristautu aurreko garaietan girotua. Nobela interesgarria, ez soilik tema nola tratatua dagoen aldetik, baizik eta autorea garai haietako giroa hobekien aurkezten ahalegintzen delako. Beraz, liburu hau ez da entretenigarri bat soilik, euskal paganismoaren aurkeztailea ere baizik.

LUIS MARIA MUJIKA

"Hitzak ebakitzean"

KRISELU, 1976 Donostia.

Euskara batuan, 144 horrialde. Argitaretxeak liburuaren presentapenean esaten duenez, Mujikaren poemagintza Aresti eta Lasaren arteko zubi bat bezalakoa dugu, jadanik euskal irakurlegoarentzat ezaguna haren eskutik irteniko liburuengatik: "Bide giroak" (1963) eta "Urdin eta burni" (1965). Bestalde, Mujikak saiera praktikatu du: "Aintzinako Sozioekonomia" (1974) eta "Gizartea eta parasozialismoa" (1975). Baina sozial tematika urri da azken liburu honetan. Gabriel Arestiri eskaintzen dion bertsoan honela bukatzen du: "Agian, Gabriel, —hire bertso eroak— gure bost kopla halako —balioa zeukak". Ez. Mujikaren poemak ba dute baliorik eta gogoz irakurtzen dira.

JUAN GARMENDIA

"De etnografia vasca"

Caja de Ahorros Guipuzcoa, 1976 Donostia.

Gaztelania batuan, 252 horrialde, Oso txukun aurkeztua, kolorezko irudiekin. Baserria, ohitura zaharrak, etab.

KARLOS OTEGI

"Pertsonaia euskal nobelagintzan"

GERO, 1976, Bilbo.

Euskara batuan, 240 horrialde. Liburuaren lehen 70 horrialdetan zehar euskal nobelagintzari begirada arin bat bota ondoren, batez ere pertsonaiari atxikiaz, hurrengo kapituluetan lau nobela hautatu ditu autoreak aztergai bezala: Txomin Agirreren "Garoa", Txillardegiren "Leturia-ren egunkari ezkutua", Angel Lertxundiren "Ajea du Urturik", eta Martin Ugalderen "Itsasoa ur-bazter luzea da". Egia esan, orain arte argitaratu diren euskal literaturari buruzko saioak oso urriak dira eta liburu hau hutsune hori betetzera dator. Euskal literatura indartu eta hobeagotu nahi badugu, honelako liburuak beharrezkoak ditugu. Gaiaren aldetik oso ongi erabilia, Karlos Otegik euskara erraz bat erabiltzen du. Irakurleak gogoz irakurriko duen liburu bat.

RAMON SAIZARBITORIA

"Ene Jesus"

KRISELU, 1976, Donostia.

Euskara batuan, 176 horrialde. Liburu hau nobela bat duzue, baina ez era tradizionalekoa, abangoardiakoa baizik. Beraz, irakurle askorentzat estrainio gertatzen da. Beren jeneroan duen balio maila ukatu gabe, eztabaidatua izango den liburua.

JULIO VERNE

IÑAKI AZKUNE

"Lurraren bihotzeraino"

GERO, 1976, Bilbao.

Euskara batuan, 160 horrialde. KIMU sailakoa, hau da, gaztetxoentzako nobela. Beraz, euskara errazean, eta haugatik ez soilik baliagarri gaztetxo haientzat, baizik eta euskara praktikatu nahi duten adin guztitakoentzat. Ongi aurkeztua, inprimatua eta irudiekin hornitua.

Xabier Gereño


Postaz etorriak

Jana DAVANT

Lasustea

64240 HASPARREN

Quiero contestar a su artículo de la semana pasada que se refiere a las "elecciones municipales en Euskadi norte" en las cuales estoy implicada. Yo podría hacerlo en un castellano bastante "incorrecto", porque tuve la suerte de hablarlo con unas compañeras españolas, cuando trabajaba como criada en Paris. Pero lo haré en euskara, porque ésta es la lengua nacional de los vascos, en ambos lados del Bidasoa.

1.- Artikulu hori idatzi duenak, ipar aldeaz hitz egiten du, hemen hego aldeko politik egoera ber-bera bagenu bezala. Ipar aldea ez du ezagutzen, edo honen egoeran ez du ezer ulertzen. Zuek, hego aldeko haurrideok, azken bi gizaldi hauetan nazional askatasunaren aldeko burruka egin duzue. Hemen aldiz, azken urte hauek arte ez dugu abertzaletasunik ezagutu. Denbora poxi bat uzkuzue arren!

2.- Udaleko hauteskundeen jomuga zein ote da? Lehendabizi, udala kudeatuko dutenen aukeratzea, ez Euskadiko Presidentaren izendatzea, orainkoan segurrik.

3.- Horiek hola, ez da harritu behar baldin ipar aldeko bozka horietan ez bada lista bakar bat ere agertu oso abertzalea.

4.- Hargatik, Hazparnen, ezkerreko lista euskaltzale bat izan dugu, argi eta garbi EHAS-ek bultzaturik. Hortan parte hartu dute EHAS-en hiru puntu hauekin bat egiten direnek:

a) Ipar Euskal-Herriak, departamendu-eskualde baten osotzea hartzen duela, Euskararen ofizialkidetasuna hortan lortuz. (Euskaldunak kazeta, n 34 Otsailan).

b) Ikastola, diru aldetik beregain hartu behar duela udalak (Euskaldunak n 35, Martxoan).

c) Arrasatekin (edo hego aldeko beste hiri batekin) uztartu behar duela Hazparnek, lantegi berriak hemen sortzeko eta jakintzazko harremanak azkartzeko (Euskaldunak n 35).

Hiru puntu hauk, beste batzuren artean, oso abertzaleak dira, dudarik gabe, ipar aldeko egoeran behintzat. "Sukurtsalista" batzueri horien onharraztea hain gaizki ote da?

Ezkerreko listaren euskaltzaletasuna, HERRIA astekarian agertu dut, 1383garren zenbakian, kazeta horren buruzagiarekin ukan nuen alkar hizketa luze ta zehatz batean. Egia erran, ene izena ixilean utzi zuen...

5.- Jean BERRIA, aldi bakar batez etorri zaigu ezkerreko bileretara. Ez du inoiz ere "euskal problemaren" aipatzerik eskatu, hau gure ekazkietan eta programan aski nabari baita. Eskatu duena da ezkerreko listak bere burua abertzale oihusta zezan. Hori, ezinezkoa zela aurretik ba zekien, zeren listan ez dauden bakarrik EHAS-ekoak. BERRIA-k idatzi zidana hau zen: "union de la gauche" batean parte hartzeko gutiziarik ez zuela, erdirakoia baita frantses.

Gero, ene senarrak ikusi zuen, gure hiru puntuak aipatuz eta erakutsiz ez zela ezker batuaren lista bat, baina abertzaleen eta beste ezkertiar autogestiozale batzuren arteko hautsi-mautsi bat. Erantzunaren emaiteko epe bat utzi genion. Azkenean ezetza izan zen, besterik gabe.

6.- Baionan, Alderdi bezala sartu ziren EHAS-ekoak, frantses alderdiekin batera. Ofizialki EHAS-eko bezala presentatu zituen kazetaurrean listako buruak, Jean LANNES PS-ekoak. Ezagutza horrek bere garrantzia ba du hemen.

7.- Abertzaleak direla eskubikoekin ari diren batzu ere —Bai—. Baina mementoan, horien listetan, euskal problemaz ez da ezer agertzen: euskal kulturaz bi hitz, labur bezain epel eta lanbrotsu. Hargatik bozten naiz herriko bozetan agertu baitira. Baina zuen artikuluan aipatu ditutzuenetarik kanpo, asko dira sartu diren abertzaleak, bereziki Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Beharrik. Alde hortarik, bai eta Hazparneri eta Baionari dagokiola, oso maingu eta soil agertzen zait zuen ikerketa.

EHAS-i esker, azkenean zulotik ateratzen ari zaigu ipar aldean abertzaletasuna. Guztiz ez utz, otoi!

Jana DAVANT, EHAS-ekoa


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Urrezko astabelarriak

Perla berri bat bidali digute orain. Gure irakurleek, sanskritoz baldin badakite, erraz asmatuko dute zein hizkuntzatan idatzita dagoen horri hau.

Textu honek dakartzan okerrak erdal eskribu batetan baleude, jakina, edozeinek esango luke, eta arrazoiz, hori egin dutenek, ezer esaten hasi aurretik, eskolatik pasatu beharko luketela. Eta astakeria hauk idaztera ausartu direnak zer? Bihoaz ikastolara!

Euskara ez da erdara ez bezalako zerbait, ez da, besterik gabe, itxura egiteko mordoilo ulergaitz bat, euskaldunok ulertzeko hizkuntza propio bat baizik. Eta euskaldunok, gutienez, beste edozeinek merezi duen errespetua bera ez ote dugu ba merezi?

***

GOBIERNUREN EKINTZAK:

- Krisisren espedienteak

- Despidua askatu grebaren eskubidea gabe

euskal langileria:

Momentu honetan, benetan gure egoera oso txarra da, bai landa ekonomikoan bai beste landean.

Gaur egunean, Espaiña eta atzerritaen monopolioak aurreruntz doaz, eta bere lantegietan, poztulanak egunero guttiago dira.

Enpresea tikia eta ertaieneren egoera, atzeruntz egunero doa. Enpresa asko itxitak dira edo bereeragintza suspendituak dira, eta honen ondorioa hau da: jende asko, kalean izango dira.

Gobiernu orain arte, ez du hartu ekintzak kapital nagusiaren aurka, gainera gobiernua kapital nagusiaren alde dago. Gobiernuren ekonomikoa neurriak azkenak ez daude langileria alde, langileria aurka baizik (Bizkaian gutxi gora behera 95 krisisen espeudieteak urte batean, eta hau ez da dana, etorkizunan gehiago noski).

Etagainera, gobiernua grebaren eskubide aurka dago, eta horain eta beti, grebaren eskubidea gure ekintza onena kapitalismoren aurka burrukatzeko da.

Gaur egunean, langeldeketa gure etsai nagusia da.

Momentu honetan gure heburu nagusia hau da: lanpoztu denontzat.

Horregaitik, L.S.B.-U.S.O., CCOO. eta U.G.T., eskatzen ditugu euskal langileria hau: lantegi, auzo, eta herrietan batzarrak egitea.

Gure helburuak lortzeko, batasuna gauza behar-beharra da. Gure akintza lotua memento honetan, gure arma onena da, hau dudarik gabe.

BURRUKAN DENOK LOTUTAK:

- DESPIDUREN AURKA

- LANAREN EHARREMANEN DEKRETO-LEGE AURKA

- LANDOZTUAK DENONTZAT

- GREBA, ADIERAZPEN ETA IBIALDIA ESKUBIDEN ALDE

L.S.B.-U.S.O., CC.OO., U.G.T.