ANAITASUNA
III URTEA — N. 33
Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Bagilla-Garagarrilla (6-7) 1956
Euskaldunok ondo sartuta daukogu barruan, gure Erria —txikia izanarren— munduko ospetsuenetarikoa dala. Baiña bearbada, ez dakigu ain ondo nun dagoan gure izen onaren iturburu gardena.
Ez dira gure mendiak, gure zelaiak, gure baserri eder zuriak —parkatu deistala Iparragirrek— Euskalerria entzutetsu egin dabenak. Ez gure fabrikak, gure lantegiak, gure itxasontziak.
Gorputzeko apaingarriak baiño geiago valio dabe gogo barrukoak; eta lurreko ondasunak baiño, arimako virtuteak.
Herentzia espiritual aundi baten jabe dira euskaldunak, eta ogeigarren gizaldiraiño bizirik gorde al izan dabe auren antxiñako espiritua. Espiritu orrexek egin dau ospetsu gure Erria. Bizitzearen philosophia aparteko bat irakatsi deuskue gure asaba zarrak. Mundua ikusi eta bizitzako problemak ebazteko modu berarizko bat. Eta espiritu orren odola —diño Unamunok— izkuntzea da.
Oraingo euskaldunok, beiñolakoen antzera, indar guztiakaz zaindu bear dogu gure bizimodua. Gaur egunean, arrisku itzalean bizi dira munduko idiosinkrasia guztiak. Alde batetik, errien arteko distantziak ezereztu egin dira; bestetik, ziñe, radio ta televisiñoak dana iruntsi gura dau, dana bardindu, dana «estandardizatu».
Eutsi deiogun sendaro gure Erriaren bizimodu valiotsuari. Begiratu daigun bizitzea geure aparteko philosophiaren argiagaz.
Esaterako, or daukogu begien aurrean Udea. Zetan esan be ez, zerikusi aundia dauko udeak bizitza modernuan. Gero ta geiago. Orain 150 urte direala, Humboldt jakintsuak udako arratsalde baten Laidako ondartzea ikusi ebanean, ez egoan iñor igeri egiten toki zoragarri eretan. Bardin jazoten zan Euskalerriko itxasertz osoan. Eta etorri, banaka batzuk bakarrik lantzean bein etorten zirean erbestetik gure Erria visitetan. Orain, ostera, aundia da gure Erriaren aldakuntzea.
Uda denporan, espiritua nasaitu egiten da. Barruan daroagun animalia iñoiz baiño biziago agertzen da. Atsedena, eguzkia, itxasoa, atsegiña, olgetea, maitasuna gura izaten doguz.
Erri batzuk, besteak baiño geiago agertu oi dabe euren barruko irakiña. Euskalduna, bere sentimentuen manifestaziño guztietan, oso begiratua izaten da, apurtxu bat lotsatia; ez da iñoiz nabarmena, ez da iñoiz urtena. Auxe da gure bizimodua.
Ganberrismoa ez da gure hortuko landarea. Zoritxarrez, aspaldion bedar gaizto orrek indar aundia artu dau gure artean. Orregaitik, oraiñarteko izen ona gorde gura badogu, beti garbi euki bear dogu gure asaba zarrak itxi deuskuen lorategi miragarria. Ez daigun galdu geure aparteko euskaldun espiritua.
Ingalaterra.—Norfolk'eko Dukeak, Ingalaterrako leader katolikoak, guzurtatu egin dau, denpora asko ez dala, Margarita Printzesea erlegiño katolikoan sartuko dalako barria. Periodiko britaniko askok zabaldu eben zurrumurru ori. Agentzia katolikoak eta Buckingham jauregikoak barriz, ixilik egon dira, tautik esan barik.
Denpora asko ez dala, audientzia bat euki eban Norfolk'eko Dukeak Aita Santuagaz. Visitaldi orrek Printzesearen konversiñoagaz zerikusia eukola esan eben orduan periodikoak. «Gauza bidezkoa da ni Erromara joatea —erantzun eban Dukeak—, Ingalaterrako Ekintza Katolikoaren zuzendaria naiz-da. Ez dago zetan ikusi bear osterantzeko asmorik nire visitaldi onetan».
Austria.—Teodoro Koerner, naziñoko Presidenteak, karta agiri bat bialdu deutso Gerardo E. Klinkicht'eri, bigarren guda mundialean Alemaniako exerzituan kapitai izandakoari. Karta orretan eskerrak emoten deutsoz, guerra denporan Austriaren alde egiñiko egitadeagaitik. Klinkicht kapitaiak bateria antiaereo bat eukon bere ardurapean Viena ondoan. 1945'eko aprillaren 9'an, San Esteban katedraleko torrea ondatuteko agindu eutsen bere nagusiak, baiña berak ez eban bete agindua. Klinkicht katolikoa da, eta orain, Alemaniako nazionalidadea itxita, austriarra egin da.
Belgika.—Datorren iraillaren amabian (1956-IX-12), Belgikako Jocistak omenaldi aundi bat egingo deutse Monseiñore Cardijn'eri, J. O. C. Mogimentuaren fundatzailleari, abade egin zanetik berrogetamar urte igaro direala-ta. Monseiñore Cardijn 1906'an ordenatu zan abade Malinas'en, eta arrezkero bere bizitza osoan kristiñau beargiñen alde lan egiten saiatu da.
Frantzia.—Gaurko egunean, «Frantziako Misiñoak» 36 alkartasun daukoz baserrietan lan egiten dabenak, eta 23 urietan saiatuten direanak. «Sazerdote misiñolariak» guztik pobre bizi dira. Fabriketan, portuetan, edonon zabaltzen dabe, exemplu onagaz batez-bere, Kristoren usain ona.
Bermeon, maiatzeko arratsalde poz-garri bafen. Noan portu mandara! —egin neban neure barruan. Noredonor topauko dot arrantzuaren gaiñean pregunta batzuk egiteko.
Aemen Anton, neure eskola laguna! Berebizikoa dot gura dodanerako. Arrain ontzi baten patroia, begiak zoliak, arpegia baltzerana.
— Kaixio!
— Kaixio! Ta...? Ondo, Aingeru?
— Bai ba.
— Esaidazu, Anton. Zenbat embarkaziño ibilten dira Bermeotik antxobatan?
— Nagusiak eta mazizaleak, 150 bat ibilten dira ardora deritxon arrantzuan.
— Zenbat arrantzale Bermeotik?
— Bi milla gitxi gorabeera.
— Euskalerriko portuetarik bakarrik ala beste portuetarik-bere ibilten ete dira antxobatan?
— Bai orixe. Baionatik asi ta Galizia bitartean, asko ibilten dira. Sanander eta Asturiasetan geu legez, Galizian ez orrenbeste.
— Bermeon, beste edozein portutan baiño geiago ei dira arrantzurako ontziak. Zenbat geiago?
— Oneri erantzuteko, beste gauza batzuk argituko deutsudaz. Arrantzua, alturakoa ta baixurakoa izaten da. Itxas-distantziak, millatan kontetan dira. Milla bat 1852 metro, ia ia kilometro bi. Eun milla erritik kanpora, alturakoa; eun millatik errirantza, baixurakoa izaten da arrantzua. Orain ba, baixurako arrantzuan Espaiñiako itxasertz guztian ez dago gure beste itxasontzi daukon porturik. Zenbaten garean nagusi ezin neikizu esan.
— Zenbat toneladakoak izaten dira gitxi gorabeera gure portuko ontziak?
— Mazizaleak (gitxi dira oneek) amalau amasei toneladakoak izan oi dira. Nagusiak, ogetamabost berrogetamar bitartean dabiltza.
— Vaporezko embarkaziñorik ba ete dago Bermeon?
— Ez. Azkenengoak, txatarrarako saldu zirean aspalditxuko urteetan.
— Zenbat gizon barruan (abordo) ontzi bakotxean?
— Geienetan, aoneexek izaten dira: patroia, sotapatroia, mekanikoa ta bere laguna, eta beste amabi amairu gizon: guztira, amabost amazazpi.
— Antxobea zenbat milla kanpora egoten da itxasoan?
— Aurten 80 milla Nordesterantza ibilli dira gure ontzi batzuk, beste batzuk 80 Norterantza Bermeotik.
— Zabala ete da antxobea egoten dan itxasingurua?
— Ez gura litzaken beste zabal, Kantabria litoraleko ontzi pilloa nasai ibilteko. Generalean, Donibane Lohitzune eta Sanander bitartean zabaltzen dira gure ontziak.
— Zelan egiten da antxoba arrantzua?
— Erantzun luzea bear dau onek; baiña alan ta guztiz-bere, eskatu deustazun baiño geiago esango deutsut. Arrantzua, egunez eta gabaz ez da bardin egiten. Arraiña itxasoan ez da bakarrik ibilten. Bakotxa bere ideko lagunakaz baturik ibilten da moltzoan, eta arrain moltzoak bankua dauko izena, euskera garbiagoan sardea. Eta lenen lenengo jakin bear dana: arrain sardea non eta zelan dagoan. Orretarako, izurdea ta itxastxoria izaten dira arrantzalearen lagun. Izurdeak —au da, toninoak edo delfiñak— antxoba zaleak izaten dira guztiz, eta salto saltoka joaten dira antxoba sardearen inguruan, salto bakotxean dozena erdi antxoba sabeleratuten. Antxobea orduan, batu batu egiten da pillo baten, izurdearen iges eta bildurrez. Oneri, mantxungea esaten jako gure mariñelen artean.
Beste batzuetan itxastxoriak, eurak-bere antxoba zale izanik, sardea non, dagoan ikusi ezkero, ara joaten dira egaz txitean pitean uretan sartu-urten batzuk eginda, bakotxean, garau bat edo bi atara ta jateko. Orduan antxobea, bere arerio onegandik iges, sakondu egiten da uretan lau zortzi braza, itxastxoria ezin sartzeko moduan, eta urari kolore gorrizta baltzista bat emoten deutso, ta orduan arraiña andana gorrian dagoala esan oi da. Ez gitxitan, zegaitik ez dakigula, berekautan ur sakonean joaten da, ta orduan bere buru doala esaten jako.
Eta azkenik, batzuetan arraina, musturtxuak uretarik kanpora atarata joaten da sardan. Auxe da arraiña blankuran joatea.
Mantxungea dala, naiz andana gorri, naiz bere buru, naiz blankura dala, arrantzaleak gauza bat ez dau aztu bear: arrain sardea sekula ez dagoala geldi leku baten, beti martxan doala, apur baten jateko denporan izan ezik, eta bere bidea eguzkiari atzea emonda izaten dala, goizean Estetik Oestera, arrastian Oestetik Estera, eguerdian Norterantza. Eguzkia laiñopean dagoanean, edozein mandara rumbo barik joaten da. Dana dala, sardeari aurrea artu bear jako eta aurretik sarea bota; sardea itsumustuan jausiko da sarean barruan.
Onetaraxe atrapetan da egunez antxobea edo bokarta.
— Gabaz zelan da ba?
— Gabaz argi gitxiago egonarren, ikusgarriago da arrantzua. Lenengo sardea topau bear da. Orretarako argi artifizial bat iziotuten da, beti be arraiña argizale dalako. Baiña zaratarik txikienak be ikaratu egiten dau. Orregaitik, motorraren edo helizearen zaratea naikoa izaten da, arraiñari ikaratuta iges eragiteko. Orduan, iges egikeran, argitasun aundi bat ataraten dau sardeak —phosphoresentzia—, eta auxe da ardora. Argitasun au ez da galdu bear. Orretarako, embarkaziño nagusiak motorragaz edo helizeagaz zaratarik egin ez daian, txaneltxu bat botaten da uretara gizon bategaz eta argi artifizialagaz. Onelan, sardea bateleko argitara etorten da, eta orduan ontzi nagusiak sarea botaten dau, bokarta atrapetako. Orixe da, ardora. Eta ez antxobea bakarrik; sardiñea, akulea, txitxarroa ta berdala be, aolantxe atrapetan dira.
— Arrantzu ona edo txarra noren eskuetan dago?
— Patroiak, barruko gizonak eta suerteak, aoneek irurok dauke zerikusia arrantzuan. Patroiak asko jakin bear dau itxasoko gauzetan. Arraiñen oiturak, non dagozan kalak edo arrain lekuak —batez-bere lebatzarenak—, non ur epelak, otzak eta beroak, zein arraiñek daukon zein oitura, euren martxa ta ibilleretan norantza dauken jokerea, zein sasoitan agertzen dan zein arrain, aizearen rumboa, noiz direan ilgora-ilbeerak, izgora-izbeerak, eta abar. Bere aginpideak osoa izan bear dau bere gizonakaz: eskua sendoa, biotza samurra. Patroi baten zerikusia, euneko berrogetamar dala esango neuke, barruan. Baiña beste berrogetamar, barrukoen zerikusia da. Oneek patroiari euren laguntziño guztia emon bear deutse; ta orretarako, eurak-bere arrantzuko gorabeera guztiak ondo jakin. Alan ta guztiz be, sarri askotan arrantzua ez da ugaria izaten, suerte onik ez dagoanean. Zenbat bidar, sarea arraiñez beterik dagoala, pixuaren pixuaz urratuten da, eta orduan sare ta arrain dana era batera galdu! Zenbat bidar, ontzi batek sardea lenago ikusi, ta beste batek aurrea artu ta dana koiu!... eta aolan.
— Gure mariñelen artean sartu ete da arrantzurako oraingo aurrerakuntzarik?
— Bai ta ez gitxi, Bizkaiko portuetan beintzat. Esaterako, sareak, orain amabost urte baiño ari fiñagoagaz egiñak dira, ta zabalago ta luzeagoak. Gure portuan ez dago vapor bapere; diesel motorrak dira guztiak. Vivera kontuetan, jan-edanean esan gura dot, len baiño asko ta asko be obeto. Radioa ez da falta barruan, erriko barriak jakiteko; eta embarkaziño gitxi dira emisorea ez daukenak, batak besteari arrantzuan lagunduteko edo erriagaz berba egiteko. Gero, arraiña fresko gorde bear danean, ontzi guztiak eroaten dabe izotza.
— Ze legislaziño dago arrantzaleen eskubideak zainduteko?
— Ez dago legislaziño bardin bat Espaiñiako litoral guztirako. Portu bakotxak daukoz bere legeak, oiturazko legeak. Alan ta guztiz-bere, txitean pitean sortzen dira eztabaidak; eta orduan euren artean, onean, ebazten dabe egokien dana.
— Luzeera zabaleran, zelakoak dira arrantzuko sareak?
— Aunditxuenak 75 edo 85 braza luze, 35 edo 40 sakon: 100 x 50 m., gitxi gora-beera.
— Gaur egunean eta orain berrogetamar urte, bardin samar arrantzua, ez da?
— Orren gainean, len be esan deutsut zeredozer. Atuna ta zimarroia ta espezie orretakoak, amuagaz eta karnada biziagaz atrapetan dira. Karnada bizia, bokarta izaten da; eta bear danerako barruan depositu baten ur kresaletan eroaten da. Antxiña ardoran arraiña atrapetako, arri aundi bat jaurtigiten zan uretara, aborrotsa egiteko. Orain helizearen zaratea naikoa izaten da arraiña non dagoan jakiteko. Gaiñerako gauzetan, orain 50 urte ta gaur egunean bardin gitxi gorabeera.
— Zenbat izan da aurten egun baten Bermeon sartu dan arrain kantidaderik aundiena?
— Aurten egun baten bakarrik sartu izan dira Bermeon 630.000 kilo antxoba, Donostia, Ondarroa, Santurtze ta Sanandereko portuetara bermeotarrak eroan dabena kontau barik.
— Zenbat izan da ontzi batek ekarri dauan kantidaderik aundiena?
— Aurten, gau baten bakarrik ontzi batek 27.000 kilo antxoba ekarri ditu.
— Ze kantidade antxoba, sasoi guztian Bermeon sartu dana?
— Martian, aprillean eta maiatzean 6 485.152 (sei milloi, laureun ta larogetabost milla, eun ta berrogetamabi) kilo pixau dira Kofradiako baskulan.
— Ze balio pesetatan?
— 18.508.187 peseta (amazortzi milloi, bosteun ta zortzi milla, eun ta larogetazazpi). Jaungoikoari eskerrak, zorion apur bat ekarri deusku aurten bokartak.
— Antxoba sasoia noiztik noizera izaten da?
— Martia, aprilla ta maiatza izaten dira ardoran egiteko sasoirik onena. Giputzak, gitxi edo asko urte guztian ibilten dira. Bermeotik, karnadatarako-edo izan ezik, ez gara antxobatan ibilten iru illabete orreetarik kanpora.
— Eskerrik asko, Anton, ain gauza jakingarriak esan deustazuzalako. ANAITASUNA-ren irakurleak poz aundia artuko dabe ain gauza politak jakitean.
Agur urrengorarte.
Aingeru
Itxasontziak itxaso zabalean galtzeko zorian larri dabiltzanean, seiñale bat dauke beste ontzieri laguntza eskatuteko: S. O. S. (Morse alphabetuan: ... — — — ...), eta alantxe egiten dabe euren txistuagaz edo radioagaz. Baiña noredonor edozer gauzagaitik, motivo aundi barik, alarma deia aidera botaten asiko balitz, dei ori alperrik izango litzake denpora gitxi barru, eta itxasontziak laguntza barik aurkituko lirake, itxaso baltzean galdu gordean dabiltzanean.
Gizonak bata besteagaz solidario bizi dira munduan, eta ezin izan leiteke bestela. Jaungoikoaren legea da batak besteari lagundutea, ta laguntza au alik ondoen maitasun guztiagaz emotea. Solidaritza au (naitanaiezkoa bai arimearen, bai gorputzaren bizitzarako) bear dan legez izango bada, ta bere egitekoa bear dan legez beteko badau, gizonak euren artean batak besteari egia esan bear deutse, alkarren laguntzarako komeni dan neurrian.
Guzurra esaten dan bakotxean, Jaungoikoaren asmoak galerazo egiten dira. Zetan edo atan norberak bere egitekoa egiten ez badau, Jaungoikoaren asmo guztieri kalte egiten jake, estaziño baten trena okerreko bidetik jaurtigiten dauan bidezaiñaren antzera. Egiaren kontra joatea, orixe da ain zuzen-bere: Jaungoikoak munduan ipiñi dauan ordena miragarrian naastea sartzea. Orixe egingo leuke beste trenbidezain batek, seiñaleak egiteko direan eundaz zirkuitu elektrikoak desordenatuko baleuz, beste urrengo baten konponduteko asmoz. Eta gero zer? Jakiña: Txartoegiña arteztuteko astirik ez, eta ezbearren bat etorri nunbaite-be. Orra or guzurraren frutua.
Kristok sarri agindu deusku egizale ta gogozabalak izateko. «Bai danean bai, ez danean ez esan; gaiñerako guztia deabruagandik dator. Juramenturik be ez egin; zeuen baietza naikoa izan daitela.»
Gogoratu daigun au apur baten: Gizonak beti dira gizon. Sarri askotan euren berezko ontasuna norberekeriz apainduta agertzen da, eta euren zentzunak pasiñoaren indarraz menperatuta. Baiña egin daigun —momentu baten baiño ez bada-bere— gizon guztiak gogozabalak biurtuten direala, agiriak, zintzoak eta leialak, bata besteagana konfiantzaz beteak. Zer jazoko litzake orduan? Lurreko naibageak, amarretik zortzi gitxituko lirake. Eta oiñazerik garratzenak —batak besteari egiten deutsaguzanak— gure biotzetarik zearo garbituko litzakez. Ze atsegingarri izango litzakigun orduan Kristoren legea betetea!
Ba-dira besteeri guzurra esaten deutsenak. Ba-dira euren buruari guzurra esaten dakienak.
Beiñola baten errege bat bizi ei zan, beti artega ta sosegu barik, norbaitek il egingo ebalako bildurraren bildurraz. Onelako gauzarik iñok egin ez eion, misterioz eta tranpaz beteriko jauregi bat egiteko agindu eban. Edonon ikusten zirean zokondo baztar illunak, iñok pausu bat seguru ez emoteko moduan. Ate postako zerraillan giltza sartu ta beste barik, jauregiko leioak idigi egiten zirean. Ate bat zabaldu ezketiño, or emen transitu bat, or emen eskillara bat, norako zirean ez jakiteko moduan. Errege berarentzat ez zan gero buruauste makala! Berak egiñiko laberintu aretan ez galtzeko ardureak zoratu eragiten eutson. Eta alako baten pausua erratu, okerreko ate bat idigi, zulo baten jausi ta il egin zan berak zabalduriko sarearen mailletan.
Eunka ta millaka dira gizonak, kristiñau dirudienak, baiña euren arimetan Kristori lekurik emoten ez deutsenak, berak gura dauana egiteko. Jaso daben guzurrezko jauregian euren ardurearen menpean askatasun barik bizi dira, edo —obeto esan— euren bizitzan laprast eginda ez jausteko arduratan dabiltza beti.
Orra or Antoni, bere auzo guztian neskatilla ezaguna. Ezin konformatu da munduan berari jagokon maillan biziten. Toketan jakon baiño gorago igon dau, eta aundikien antzera bizi da. Baiña auzo guztian beste edozein baiño beerago dago, guzurretan bizi da-ta.
Munduan direan gizonik geienak ez ete dira bizi orrelan?
Basterretxea
Urretxindorra, papar-gorria, ta, txantxagorria, bat dozu.
Beintzat, nik neuk, iru izen orreikaz ezagutu izan dot, beste txori geientsuak, udagoenean ego-alderantz iges egiten dabenian, geure baserri inguruetan lotu oi dan txoriñotxu ori.
Bear ba'da aitu izango zendun kantatxu au:
Txantxagorritxua
Txori politxua
Txiruliruli
Txiruliruli
Txoririkan politena
Dok ba berori.
Txantxagorri, pagar-gorri naiz urretxindor deritxona, txiki txikitatik maitagarri izan jaku. Lau-bost urte genduzaneko kontau euskuen geure gurasoak txori orren izate berezia, errukitsua ta biguna, kanta zoliduna. Kristo gure Jaun eta Jaungoikuari, miñik biziena egiten eutson arantzea kendu eutson, Golgota mendian besoak zabal gurutzatuta egoan une larrian.
Ez al da naiko, txoriño ori maitagarri ereisteko?
Bejon deikala urretxindor! Bejon deikala papar-gorri! Bejon deikala txantxagorri! Ezpaigaituk esker-txarreko euskaldunok, Arrue donostiar jaun agurgarriak Arriagan ederto esan eban lez.
Euskerearen oñazeak arindu nai dabezan agindariekin eskerroneko azalduko ba'gara, geure Salbatzailleari oñazea arindu eutsan txoriñoa, maitagarri izan bear, kristiñau gareanez.
¿Geure Jaungoiko ta euskerea baiño maiteagorik, zer?
Gaur baiña, Deusto-Bilbao'ko Ibarrekolanda deritxon auzunean kabi egin dauan urretxindorratzaz jardungo gara; bere kanta gozoekin bilbotar askoren biotzak maitemindu dauzalako. Urretxindor berezia izan baita. Urretxindor zolia. Kantari trebia.
Zakarkeri ta gogorkeri aroan gabiltzanean, erria txoriño baten ume-aldiari buruz bigunduta, goxotuta ikustean, biotzean zarradea nabaitu dogu.
Ibarrekolanda'n, sastratarte baten, urretxindorrak kabia jarri dau aurten. Eta txori-ameak bere arrautzatxoak epelduten euzan bitartean, arrak, maite-miñez, adartxu baten ganian kantarik xamur eta zoragarrienak, maitasun eztia opatuz txorikumatxoren etorkizunari buruz. ¡Eredu ederra ikasi nai dauanarentzat!
Txoriaren maitemin kantok, bereziak zirala, norbaitek igarri eban, eta gauero eundazak joaten ziran, gabeko ixiltasunean txoriari aitzera. ¡Auxe be pozgarri jaku! Erria gauza bigun eta xamurretan murgilduta ikustea. ¡Oraindik euskaldunen biotzak eztia darioe! ¡Olan beti!
Geiago oindiño. Urretxindor orren kantak, entzulien pitxar-eztiak ganeztu euzalarik, ospetsu egin eben Ibarrekolanda'ko urretxindorra, ta, egun baten, berak kantatu oi eban adartxuaren inguruan magnetofonoa jarri eutsen, eta gabean bere txorrotxioak joten juan zanean, ordubeteko ekiñaldia, bertan artu.
Eta gaur erradioz aitu oi dautsagu Ibarrekolanda'n aurtengo udabarrian, bere txorikumatxoen pozean kantau eban urretxindorrari.
Ez al da polita egiñen txukun ori?
Nik neuk, gogorkerietan barik, bigunkerietan ikusi nai ditut euskaldunak. Maitasunaren altsoan eta Euskerea deritxon itxasoan murgilduta.
Abeletxe
Maitasunaren bizilekua biotza ei da, eta baita gorrotoaren abia be, badirudi biotza bera dala. Alkarren etsai diran giza-lera bi orrek biotzean bertan sortuak dirala esan geinke, euren sorlekua biotza dala.
Gizartean onerizkorik baldin bada, maitasunetik dator, maitasunean sortu doa; gorrotoa barriz, gaitzerizko guztien ama ta iñude da.
Jesukristo gure Jauna munduratu jakunean, adiskidetasunaren ateak idigi eta etsaikeriarenak itxi egin ziran. Belen'dik asi eta Golgota'raiñoko bidea, arantzez, laidoz, lorrez, nekez, negarrez, izerdiz eta odolez beterik agiri jakun ainbatean, maitasun usain gozoz usainztatua be agiri jaku.
Alkar maite egizue, esan eban Arek, eta alkar maitatze onetan, ez adiskidea bakarrik, etsaia be sartu eban; eta geiago oindiño, ez etsaia, arerioa bera be sarturik itxi euskun.
Ezeban esan: «adiskidea maite egizue», ez; «alkar maite egizue» baiño, eta au izan zan Jesukristoren dotriña osoaren oiñarria, edo gure klasikoek esaten eben legez, sostengua. Emen zetzan, datza eta datzake kristiñauen dotriña guzti-guztia: maitasunean.
Orretan ezagutzen ebezan gaiñera etsaiek Jesukristo'ren ikasleak, Jesus'en jarraitzailleak; alkar maite izate orretan.
Eta, izan leiteke munduan, izan be, au baiño dotriña ederragorik? Ez al da au Edertasun berbera? Norbere burua maite dan bestean, lagun urkoa, geidea, maite izan. Orra or zorionaren ate guztiak idigiteko urrezko giltzea.
Beste gauza bat oindiño, Jesukristo gure Jaunaren eriotzea or gorago aitatu ditugun giza-lera bi orrek alkar jotzetik etorri zala esan geinke. Judeguen gorrotoak eta Jesukristo'ren maitasunak alkar jo eben Pilato'ren etxeko atari aurrean, Jerusalem'eko kaleetan eta Golgota'ko gaillur aretan. Or dozu geroztik alkar jotze orren ondorea, Jaungoiko-Semea gurutzean josita, bere arerioen pekatuak parkatu egizan, Aita Goikoa'ri otoizka, eta gurutzetik bertatik, Bere gorputza janaritzat eta Bere odola edaritzat eta Bere Ama amatzat guri, pekatari guztiori maitasun osoz eskeintzen.
Baiña itxi daiguzan alde batera dotriña eder orren zabaltzailleak berez zituen Jaungoikozko doai eta aaltasun guztiak, eta aztertu daigun labur gai au, gizakiro, giza-arauz.
Bai, egia da, maitasuna, alkar maitasuna eskatzen jaku zeruan sartzeko; baiña gizarteko gora-beerak antolatzeko, munduko zalantzadun arazoak zuzen ebatsi, bakoitzari dagokona emon, eta itz batez esateko,gizartean benetako zuzentasuna ezarteko be, eztago, gure ustez, beste biderik alkar maitasuna baiño.
Gorrototik gudua eta liskarrak eurrez sortzen dira gizonen artean, alkar maitatze onetatik barriz, ontasun eta egokitasunak baiño eztira sortzen.
Alkar-maitasuna gure arazo guztien buru balitz, besterik izango litzake munduko bizitzea, elitzake gure artean bekaizkeririk, alkar ikusi eziñik, arrokeririk, destaiñarik eta beste orretariko gaiztakeririk izango; munduan bertan be, gaur ezagutzen eztogun lango beste bizikera bat ezagutuko geunke. Eta gizonak legez erriak eurak be, alkarren maitasunean eta begirunean bizi izango litzakez.
Arrugain
Euskalzaleen txokoa. Aberastu zure iztegia ta konzeptuak
Apostolua, mandataria ta bidalia eztira bat. Apostoluak amabi dira, Jesukristo-k bidaliak, Jesukristo-ren mandatariak. Bidali bat eztau iñok bidaltzen, mandatari bat baiño. Jesukristo-k bere mandatariak bidali euskuzan bere mandatu miragarriagaz: evangelioagaz. Mandatariok apostoluak dira. Apostolu-izenak, gero, bere zentzuna zabalago egin dau, eta apostolua erlegiñoaren alde fede aundiagaz lan egiten dauenari be esaten jako, eta edozein metaforatan erabili leiteke, itz guztiak lez. Adibidez: «Mogimentu orren apostoluak...» Esakuntza onetako apostolu-itza eztagoko Jainkoaren mandatarieri, ezta erlegiñoaren alde lan egiten dauenari be; irudi bat baiño ezta.
***
Abadeak eztira fraile eta fraileak eztira abade. Abadeak mezea emoten dabe eta fraile batzuk be bai. Meza-emoilleari sazerdotea esaten jako erlegiño gaietan.
Gizon ezaguna zan Txomin Arraio Mañariko parajeetan. Soiñulari bikaiña, tripasai atzenbakoa, eztai, memori edo festarik baegoan, an zan bera ujuju ta ajaja. Kanta, dantza bertsotan edo musean, ezegoan beste bat alderdi guztian beragaz neurtuteko. Da ¿Nok ito aren egarria? Jakiña, gure arlotea ondo artua zan leku guztietan, biotz onekoa zan ezkero; beti prest egoan mesede egiteko.
Akatsen bat be baeukan: Atxurretan arin nekatuten zala, soloan ataraten dan izerdiaren bildur zala. Dana dala, zorionean bizi zan gure gizona.
Baiña, mundu onetako gauzak betiko ez diran lez, Txomin Arraiori be, urteak joan urteak etorri, eldu jakon bere azken ordua. Bere erriko jai egun berean il zan, ta ara non aurkituten dogun zeruko ateak joten egunsentian. San Pedron inor dari? erantzun bizi bat egin eutsan. «Neu». «Da, ¿I nor az ba?» badiñotso San Pedrok zeruko atea zabaldurik. «Ni Txomin Arraio, Mañariko soiñularia». «Eure bizi guztian faltsokerian ibili az da, orain zeruan artez sartzeko asmotan ator! Ez, denporaldi bat Purgatorioan egin barik!» Txominek, bere erriko jaiak Zeruan igaroteko gogoa ekarren, ta marro bat egiñik San Pedrori, bereala aurkitu zan Zeru zabaletan.
Pekatari bat, arima garbi ta biotz apalen artean egotea, txakur trageu bat lorategi baten aurkitutea lez da. Laster igarri eban Jaungoikoak bere Erreiñuko gauzak ezebizala zuzen, ta San Pedron agotik jakin ebanean zer jazo zan, San Mikelen eskuetan itxi eban arazo ori. San Mikel, Goi Aingeruak, zeruko zulo guztiak arakatu ebazan Txomin Arraioren billa, baiña alperrik, ba ezan agertu au iñondik. «Segurutik neska zarren batek, erruki artuta, gordeta daukola» esan eban San Mikelek bere kolkorako, baiña jausiko da neure eskuetan.
Andik egun gitxi barru, Ama Virgiñearen urteburua zala-ta, jai eder bat ospatu eben zeruan. Goizean goizetik asita txistulari ta albokariak ebizen euren soiñu alaiakaz itxartu gurean zeruko doatsuak. Amarderdietan meza nagusi bat egin zan, ta bertan, sermolari famatu batek kantatu zituen Gure Amaren Gloriak. Ostean, aingeruak eta kerubinek kontzertu bat emon eben Andra Mariaren omenez. Musikalari sonatuen obrarik eta ederrenak entzun aal izan ziran kontzertu aretan, ta oneri amaiera emoteko San Mikelek Gernikako Arbola joteko agindu eban.
Orkestea, himno eder onen lenengo kompasak urratzen asi zan bat batean, gizon bat agertu zan —iñok ezekien nondik— entzule guztien erdian, burrus bategaz jantzita, bere eskuetan txapela ekarrela, ta begietatik negarra dariola. Orkestearen akordeakaz naastuta entzun zan bere boz ederra.
Euskaldunen artian guztiz maitatua.
Eman da zabal zazu Munduan frutua
Adoratzen zaitugu Arbola Santua.
Amaitu zan himnoa, ta baita Txomin gixajoaren Zeruetan egotea. Bereala jaurti eban San Mikelek, Purgatorioko garretara.
A. Totorika
Axular-en omenez. Euskal bertsoen sariketea
Axular-en eguna, Sara-n iraillaren 9an ospatuko dana dala-ta, Euskalerriko bertso egille guztieri dei egiten jake euskal-bertso idatzizko sariketa batera. Bertsook kantagarriak izan bear dabe.
Gaia: Axular, XVII-garren mendeko euskal autore ospetsuena (1556-1644).
Bialtzen direan poemak argitaratu bakoak izan bear dabe.
Euskeraz idatzita egon bear dabe, edozein dialektutan.
Gitxienez: bost kobla; geienez: amabi.
Argi bialdu, mesedez, idazkiak.
Bialtzen dan lan bakoitzak sobre txiki bat eroan bear dau, idazlearen izena ta zuzenbidea barruan dauela; kanpoaldean ezizen bat ipiñi bear da, lan bakoitzaren azpikaldean be ipiñi beardana, ze autore bakoitzak lan bat baiño geiago bialdu leike.
Lanak, M. Louis Dassance, President de l'Eskualzaleen Biltzarra, Ustaritz (Basses Pyrenees) zuzenbide onetara bialdu bear dira, irailleko lenengo egunerako.
Sariak Sara-ko udalean erabakiko dira irailleko 9-ko amaika ta erdietan eta an dagozan sarituak jaso egingo dabez. An eztagozan sarituak bakoitzaren etxean artuko dabe.
Sariketazaleak aurrez onartzen dabe batzarraren epaia.
Idazkiak eztira itzuliko.
Euskaltzaleen Bilkura Arantzazun Euskaltzaindiaren itzalpean (1956-ko iraillaren 14-tik 16-ra)
Iru eguneko jardunak:
1. Elkar ezagutzeko
2. Elkar berotzeko
3. Asmoz ta jakitez jarraitzeko.
Egitarauak
bi atal izango ditu, Euskaltzaindiaren bi xedeen araura:
a) iker-sailla
b) jagon-sailla
Iker-saillaren eginkaia: Zer garrantsi duen toki bakoitzeko mintzoaz monografi bereziak antolatzeak, eta monografi oiek nola edo zer moduz egin ditezken. Toki jakin bateko euskera-modua aztertzeak zenbat parte dituan: iztegi, gramatika-legeak, joskera, aditza, fonetika, leku-izenen biltzea, folklore-gaien biltzea, eta guzti ori egiteko era. Euskal idazti zaarren ikertzea nola egin.
Jagon-saillaren eginkaia: Euskera biziari nola eutsi. Gure bizi-naia agertzeko ez ote degun zerbait entzungarri egin bear. Baserriari, gaurko egokera ontan, nola lagundu?
Nai duena joan diteke. Programan jarri gabe norbaitek lanen bat bidaltzen badu, Euskaltzaiñak baiezkoa uste baldin badute onartuko da.
San Iñazio Loiolakoaren omenez Xoxote mendi gaillurrean eraiki dan monumentuaren inauguraziñoa
1.956-VII-15.—Gente asko bildu zan jazoera au zala-ta. Alderdi guztietako mendizaleak batu zirean, bai nafarraketa bai beste euskal provintzietakoak (Nafarrak ez ainbeste San Fermiñak zireala-ta). Goizeko amabietan izan zan mezea irudiaren azpikaldean eta Aita Aranburu, Wuhu-ko Obispoa izan zan meza-emoillea. Gero Aita Ariztia-k esan zituen euskeraz itz bero eta jarraigarri batzuk San Iñazioren gaiñean. Loiolako santu euskaldun aundiaren guduak, batez be ixilean bere biotzagaz izan zituen guduak ipini zituen agirian, fede aundi baten bidez garaitutakoak eta argi aundi bat emon eutsenak, jakintsu ta aundiki asko baliatu zalarik bere denporan be, ain bearrizan gorriko argi orregaz Olan egin eban berba. Txinpartakoak kantau ebezan meza bitartean eleiz kantu batzuk.
Mezea amaitu zanean San Iñazioren martxea kantau genduan guztiok, «Iñazio gure patroi aundia...»
Onen ostean Aita Ciriano-k itz egin eban eskerrak emonik monumentua egiten lagundu eben guztieri eta medailla bana jarri eutsen Obispo jaunak oneiri: Angel Sopeña jauna, mendizale basko-nafarren federaziñoko buruzagia; Jose Maria Mugica, Bilboko Luistarren «Aldatz Gora» mendizale-taldearen buruzagia; Jose Maria Ortuzar, «Aldatz Gora»-ko buruzagi-ordea; Mikel Arregi, Azpeitiko «Lagun Onak» taldeko mendizaleen buruzagia; Hurtado Azkue, «Lagun Onak taldeko mendizaleen zuzendari artekoa; Aita Ariztia, Azpeitiko Luistarren direktorea; Guillermo Anasagasti, arkitektua; Jesus Torre, eskultorea; Ignacio Azkune, Azpeitikoa. Onein izenean beste laguntzaille guztieri eskerrona agertzen jake.
Gero monumentua bedeinkatu zan eta seiñale bat egin Loiolako kanpaiak joten asi eitezan eta momentu ori ospatu.
Guzti au amaitu zanean zelai batera joanda jaialdia asi zan. Lenengo korrikalariak. Gero Azpeitiko bertsolari bik ekin eutsen bertsotan: Lizaso ta Oranda. Polito egin eben eta ziria ondo sartu alkarreri erlegiño gaia artuta, ikusle egoan Obispo jauna agurtu ondoan. Gizon oneik darioen nobletasuna ta temarako doaia estimatzekoa da benetan gizonaren valore ta birtuteen gaiñean pentsetan badogu. Aizkolariak gero. Aurreskua «Txinpartak» eta Azpeitiko «Lagun Onak» taldekoen artean egin eben, neska batzuk aterarik danok dakigun usura.
Eta otordua eldu zan, eta gorputzak parkatuten eztauen legea bete bear, olango uneetan oi dan humoreagaz.
Arratsaldean, Loiolan, jubileoa irabazteko eleiz ikusketa egin da gero, jaialdi polit bat egin zan Txinpartakoak eraginda. Aurreskua, kantu batzuk, dantzak eta euskal usaiñeko alaitasun gozoa.
Eta azkenez zorionik gartsuenak lagundu daben guztieri eta batez be «Aldatz Gora» taldeari, asmo aundi onen eragilleari.
Iztun
Britaniko Parlamentua. London-eko gure mandatariengandik artua
Bere idekoetan instituziñorik zaarrena da, ba 1.215-garren urtean sortu zan, Jhon erregeak —bere mendekoak beartu ebelarik— Karta Magna deritxona firmatu bear izan ebanean Windsor gazteluaren inguruan.
Parlamentua zati bitan bereizita dago: Lord-en etxea eta komun-en etxea. Lord-ak oiñordekoak dira, eta komunak (ezin izan leitekez noble-artekoak) erriaren botoen bidez autatuten dira, Parlamentuko bakoitza, (P. B.), botorako eskubidea deukien 80.000 persona ingururen errepresentatzaillea da. Parlamentua bost urterik bost urtera aldatzen da, autatze general bat egiten dala epearen amaieran.
Gobernuak, arlo inportante batean garaituten bada komun-en botoen bidez, dimitidu egin bear dau eta autatze barri bat egiten da. Gaur egunean alderdirik nagusienak bi dira: Konservadoreak, Gobernuaren gidari, eta Laborista alderdia, oposiziñoaren gidari.
Gobernuaren politikea Gabineteak kontroletan dau, eta gabinete onen gidariak oneik dira: Lenengo Ministroa, Finanzamentuen Ministroa, Extranjeriko Sekretarioa, Barruko Sekretarioa eta beste Ministro batzuk, bakoitzak departamentu bat dauela bere kargu.
Lord-en etxeak, azkenaldi onetan bere poderetik indar aundia galdu dau. Berrogetamar urte inguru dira, Lord-ak ukatu ezkero Komun-ak aurkeztutako lege-erabakikizun bat ezin finkatu leitekean.
Gaur egunean Lord-ak ezin sartu leitekez erriko finanzamentuaren arazoetan eta beste batzuetan eztaukie indarrik urte betean luzatuteko baiño Komun-en erabakikizuna, konforme ezpadagoz.
Komun-en buruzagiari Mister Speaker esaten jako eta Lord-enari, Lord Chancellor, eta au Ingalaterrako justizia-burua da.
Komun-en etxean egun bat
Parlamentuko etxeak ikusi barik ezein turista ezta geldituten London-en. Izan-bere arte-lan miragarri bat da. Etxearen kanpoaldeak lan ikusgarriak ditu eta bere geletan arte-lan baliotsuak gordetan dira. Komun-en Kamarara bidean dagoen hall-ean kuadru baliotsuak dagoz eta soruak bizanzioko mosaikozko dibuju fiñak ditu. Hall onetan itxaron bear da Mr. Sepeaker eldu arte, eta ezjako iñori isten sartzen bera sartu baiño len. Bere elduera jakinerazoten dabenean gentea ixil ixilik gelditzen da eta baztartu egiten da, bidetxo bat itxirik oneik igaro daitezan: Lenengo, baltzez jantzitako jaun bi, peluka txiki bana dabela eta medailla aundi batzuk eskegita, triparaiño eltzen jakezanak. Atzean beste jaun bat baltzez jantzia, pelukea eta medailla aundiduna, eta zetro aundi bat daroala, salako mai-oiñean ipinten dana. Gero peluka txikidun iru jaun geiago eta azkenean Mr. Sepeaker garriraiñoko peluka luze bategaz. Prozesiño au amaitu ta populuak gora igoten dau eta sartu baiño len eguneko egitamua emoten dabe, itz egin bear direan arazoakaz.
Lord Chancellor, ardi lanazko kojin batean ezarten da, denporaldi batean Ingalaterrako aberastasun-iturbururik inportanteena izan zala-ta.
Mr. Sepeaker tronu garai batean ezarten da eta onek ipinten dau salan ordena eta dudazko gaiak argituten ditu. Mr. Sepeaker-en aurrean eta apurtxo bat beeratxoago, iru jaun ezarten dira lege-liburuakaz, eta Mr. Sepeaker-ek legislaziñoko datoak eskatzen eutsezan. Alboan eta aulki luze batzuetan, P. B.-ak ezarten dira (batzuk ezarri, beste batzuk etzan eta beste batzuk aurreko aulkiaren atzekaldean ipinten dabez ankak). Lenengoko aulkian, maiaren luzeeran, zerbait erantzun bear daben Ministroak. Ministro batek P. B. batek egin dauen itaun bat irakurten dau eta onen ostean erantzuna emoten dau. Itauntzailleak lenengo, eta gero beste edozeinok, konforme ezpadago eta soluziño obea topetan badau, bere eritxia azaltzen dau sala osoak onartu arte. P. B.-en artean andra pillo bat ezarten da, eta egin be zentzun aundiagaz egiten eben berba. Baiña atso koitada bat egoan, lora bat solapan eta sonbreru ta guzti apainduta, eta ezin lortu eban ezelan be berari aldia emon eioen, ze momentu aretako eztabaidan P. B. asko altzetan zan, eta Mr. Sepeaker-ek bateri baiño ezteutso emon bear aldia, eta ikusten danez ez jakon gustetan sonbreru ta loradun atsoa. Baiña bera ezan gogaitu erdeiñu orregaitik, ba amar arazo diferentez itz egin da gero, lortu eban azkenean, bere lorea asko mogiduta, Mr. Sepeaker konturatu zeitean. eta altzau zanean, zelan ezan naikoa trenbideko (metroko) alargun jubilauak artzen eben saria esan eban. P. B.-ak, momentu aretan automobillen exportaziñoaren gaiñean eztabaida sakon batean sartuta egozala, barre aundiak egin ebezan eta ezin iñok ixilduerazo.
Parlamentuko eztabaida batek gauza benetakoa izan bear dauela dirudi (gauza sakon eta inportanteetan dabiltzanean bai, bene-benetan ekiten deutsie, esate baterako, kondenatuen azken-penearen aboliziñoa dala-ta) baiña P. B. batek sustantzibako eritxi bat emoten dauenean sala osoak txistuka ekiten deutso eta berba egiten jarraitu gura badau, zoratuta lez zarata egiten dabe entzun eztaiten. Kanpora joan daitela ta beste itz gogor asko esaten deutsiez, ezarteko erabakia artu bear dauela erremedio barik.
Lauterdietan eta naikoa txu gastau eta jaun batzuen esforzuaren ostean, batzarra amaitu zan eta sala osoa departamentu batera joan zan iñoiz falta eztan tea artzen. Gero inportantzi gitxiagoko arazo batzuk dagoz, eta onein eztabaidari P. B. gitxik jaramon egiten deutsie.
Ikusle
Arakiña ta ollaskoa. Errusiako ipuiña
Arakiñ batek noizean bein biotz berea izaten dau, baiña izan arakiña da orduan be. Ollasko bat oso maite eban gure ipuiñeko arakiñak eta egun batean ilteko arrapau bear izan eban alan da guztiz be. Errukitu egin zan (arakiñ baten eran) ollasko ain polita ta gaztea zalako: «Ollasko maite maitea, ollasko polita, ollasko errukarria» esan eutson, «itaun bat egingo deutsut ain maite zaitudan ezkero, ia zer dozun gurago, zure bizitzea egosita ala erreta amaitu? saldan ala salda barik? zeure borondatea egin bedi neure maitasun onegaitik». Ollaskoak beste barik erantzun eutson: «Neure borondatea egiteko? Nik gauza bat bakarrik gura dot: bizi...!»
Azeria ta ollarra. Poloniako ipuiña
Antxiña ollar bat olloakaz bizi zan. Ollar ori ederra baiño ederragoa zan, luma gorriduna, eta oso ondo kantetan eban. Olango kantari ederrik gatx topetan. Bere olloak be oso ederrak, eta ondo ta bakean bizi zirean euren ollategian. Egunero egunero igoten eban ollarrak orma gaiñera, baiña ezan sekula bajatuten kamiñora. Bein ar bat ikusi eban kamiñoan eta bat batean lurrera jatsi zan. Arra ostondu egin zan, baiña gure ollarrak esan eutson bere buruari: «Olloentzat jateko billa joango naiz» Esan eta egin. Ollarra urrundu egin zan eta olango baten azeri bat agertu jakon. Ollar zorigaiztokoak ondo baiño obeto ekian azeria bere areriorik aundiena zala, baiña beranduegi zau atzera biurtuteko. Eta pentsau eban: «Orain bai sartu naizela eriotz bidean; ez ete dago nire burua salbetako modurik? baiña zelan? zelan?».
Azeriak agur egin eutson gozo gozo eta itandu eutson: «Nora zoaz? zeure idekoak visitetan? Eguraldi ederra dago egon be eta oso atsegiñ izango jatzu. Zuzen zagoz, maitea. Alkarregaz joango gara!».
Ollarrak, entzun da gero ikaratuta erantzun eutson: «Bai, goazen, baiña neure olloak be joango dira geugaz». Azeriaren begietan dizdiz moduko bat agertu zan, eta itandu eutson: «Eta non dagoz zure olloak?» «Kamiñoan ibilten dira. Arbola gaiñera igongo dot eta dei egingo deutsiet». Azeria oso gose zan eta ezeban asko pentsau eta igoten itxi eutson. Ollarrak arbola gaiñetik, ekian guztia kantau eban baserritarrak entzun arte; au ariñeketan etorri eta azeria oianera joan zan iges.
Ollar au bere ibiltaldi kaltegarriagaz ezan aiztu ta bakean bizi zan ollategian. Baiña ezeban galdu bere oiturea eta egunero egunero igoten eban baserriko orma-gaiñera. Goiz baten bere adiskide azeria ikusi eban! Azeriak agur egin eta bigun bigun itandu eutson: «Entzun dozu zabaldu dan barri ederra?» Ollarra bildur zan; orma-gaiñean ezeukon arriskurik, baiña alan da guztiz be kontuz ibili bear zan bada ezpadan. Bere azeria ondo ezagututen eban orraitiño, eta erantzun eutson: «Ez, eztakit. Zer da?» Azeriak orduan. «Gure erregeak betiko bakea agindu dau. Animali aundiak eztabe txikirik jango. Onetara ezta egongo alkarren arteko bildurrik eta kezkarrik. Orain nire laguna izango zara eta alkarregaz joango gara oianera, ezta?»
Ollarrak adi adi kamiñora begiratu eban. «Zer ikusten dozu?» itandu eutson azeriak. «Ixilik —marmaratu eban ollarrak— bozak entzuten dodaz. Txakur aundi batzuk agiri dira! Onantza datoz. Eiztariak be bai!» Azeriak au entzun ebanean ariñeketan iges egin eban. Orduan ollarrak dei egin eutson: «Zegaitik zoaz iges? Basora joango gara danok, zeu, txakurrak eta neu! Eztozu esan ba emendik aurrera mundu guztia biziko dala bakean?» «Bai —erantzun eutson azeriak urrunetik— baiña eztakit txakurrak bakearen barri dakien».
Maryla
Humorearen txokoa
[Binetak]
[Komikia]
¡Sekula ez!
Gizon arek baiño trebetasun aundiagorik bereari eusteko ezeukon iñok. Bein, norbaitek itandu eutson ia iñoiz galdu zan.
¿Galdu? ¡Sekula bez!... —erantzun eban— baten, iru egunean ibili nintzan oian baten bueltaka, nondik joan enenkiala...
¡Ezta pentsatu be!
Psikiatra gazte bat etxerantza doa lan asko euki dauen egun batean. Nekatuta dago, lurra jota, artega... Bidean bere ideko bat topau dau, eta ogetamar urte baiño geiago ekin arren bere lanean, sendo, galant eta indarrez beterik dago. Arrituta itanduten deutso:
— ¿Zelan doktore jauna?
— Oso ondo.
— Lan asko?
— Gaur izugarria izan da.
— Eta ondo zagoz, trankil eta prest?
— Orain arte, bai. ¿Zegaitik ba?
— Ze miragarria da ainbeste urtetan millaka geixori aditu ta aditu egonda olan egotea.
— ¿Aditu? Nik ezteutsiet adituten, adiskidea.
Itzen mugakuntza
— Sarri —esaten eban profesore batek— gente iñozoari baikorra izan daitela esaten jako, ori norbere borondatearen esku bailegoan.
Eta ixilgune baten ostean argitasun au emon eban:
— Izan, baikorra, ezbearreko jazoera guztiak gauza obe baterantza bide bat daukiela uste dauena da.
— Orduan, ezkorra, zer da? —itandu eutsien.
— Ezkorra, ezbearreko jazoerok izaten dituana, ain zuzen bere.
Madalen [Komikia]
hilda terry
[Esaldi solteak]
Zure aitaiten baserri zaarrean lez...
Etxeko arimea, an, sua zan. Ezan bein be amatetan txingarra sukaldean.
Erri baten bizitzan, izkuntzea sua eta arimea da. Auts artean naastuta be, oindiño gori dago gure izkuntzearen txingarra. Ez itxi su ori amatau daiten.
Euskaldun dana anaitzat artu daigun nonai ta lagundu deiogun.
Euskaldunak, Euskalerritik urtetan dauenean, edonon ditu ateak zabalik.
Euskaldun izatea munduko doairik aundienetakoa da egun gaiztoetan be.
Guraso euskaldunak euskerearen eusle.
Guraso euskaldunak deukie euren eskuetan eskalduntasunaren sendobiderik inportantzi aundikoena.
Euskalduntasuna alderdi guztietatik zabaldu bear da.
Eleiz gizonak euskerearen eusle zintzo.
Bakoitzak bere eginbear txikia egin ezkero sekulako piztualdia artuko dau euskereak.
Euskalduneri euskeraz.
Mendizaleak Jaungoikoagana urreratuten dira mendian.