ANAITASUNA

1976.EKO HAZILAREN 1EKOA

327. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4167449


[AZALA]

KULTURA EZIN DAITEKE HARMAZ ERAHIL


AURKIBIDEA

3: EDITORIALA

4-5: Azkoitia Ikaratan

6-7: Presoen senideen agiria

8-9: Katalunia-Euskal Herria

9-10: P.N.V. ulergaitza

11-12: Erdarazko euskal aldizkariak

14-15: Bilbon Errektore berria

16: Politika STOP

18-22: Nekazaritza Euskal Herrian

24-25: Portugaleko "Liga Iberista"

26: Bost amnistiatu mintzo

27-30: Munduan barrena

31: Teologia Euskal Herrian

32: Postaz etorriak

33: Liburuak

34: Zapaburu birbiztua

Maketapena: Fernando eta Zumalabe

Marrazkiak: Olariaga eta Fernando.

Argazkiak: Arkolla

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos, S.A.

San Martin, 153

Zamudio.

Deposito Legal: 1753-1967


Editoriala

"...bihar irekiko dugu!"

Algortako Jakintza liburudendari bonba bat jarri zioten. Eta jabeak ohar hauxe idatzi zuen biharamunean atean: "Bonba bat ez da aski kultura xautzeko. Bihar irekiko dugu".

Haren ondoren beste bonba asko lehertu da Euskal Herriko liburudendetan eta liburu asko ondatu inork ezagutzen ez omen dituenen —baina denok ezagutzen ditugunen—, eskuetatik. Beste hari bezala —Alemaniako nazia bera—, kultura entzun orduko eta batez ere euskal kultura entzun orduko, bonbak lehertzen eta sua pizten jartzen zaizkie eskuak hemengo hauei ere.

Baina, hala ere, Euskal Herriko liburu eta disko azoka nagusienak eta ezagunenak hamaikagarren aldiz egun hauetan irekiko ditu bere ateak: Durangoko XI liburu eta disko Azoka: Urriak 30-31 / Azaroak 1.

Orain dela berrogei urte Euskal Herriak Estatutuaren bidez bere eskuetan hartu zuen euskararen eta euskal kulturaren eragintza. Baina laister galdu zuen, eta ordutik berrogei urte joan dira euskal kultura iraindua, zapaldua, debekatua, erasotua, kartzelatua, erkindua, bildurrez, izkutatu beharrean eta bizibide mirrinez bizirik iraun nahian. Berrogei urteren buruan hauxe dio Euskal Herriak: "Bihar irekiko dugu".

Azken urte hau beste edozein baino larriago izan dute euskal liburuek eta diskoek: euskal kulturak. Honen etsaiak gure Herrira bildu bait dira, beren, bonba, pistola, pintura ontzi, gasolina, pospolu eta guzti. Kontrolik gabe eta inork kontroldu gabe, hamaika liburudenda ondatu dute. Ez dakit zenbat. Eta urte honen buruan, argitaldariek eta liburudendek hauxe diote: "Bihar irekiko dugu".

Azken hilabete honetan inguruko banda eta bandolero basatiak hor ibili dira Donostian eta Durangon euskal izen, kartel, eranskailu: euskararen, euskal kulturaren eta euskal gizonaren aztarrena txikitu beharrean. Eta aste horien ondoren, euskaldunek, Donostiarrek eta Durangotarrek diogu: "Bihar irekiko dugu".

Gogoan ditugu oraindik Suárez Jn.aren hitzak. Euskararen eta euskal kulturaren aspalditiko zapalkuntza betirako legezkotzat eta bidezkotzat jo nahi zuen eta horien makaltasuna dogma bihurtu. Baina euskara eta euskal kultura gaurkotu, biziberritu eta Euskal Unibertsitatera eraman nahi dutenek hauxe erantzuten diote: "Bihar irekiko dugu".

Ba dakigu kultura ez dela liburua, aldizkaria eta diskoa bakarrik. Baina kulturaren agerpide dira horik ere. Eta aurtengo Durangoko azokaren kartel deigarrian, gizonak euskal kulturaz jantzita agertzen zaizkigu eta euskal kultura gizon bihurtuta.

Horregatik Euskal Herriak Algortako liburuzalearen deia berea bihurtu du, eta Gerediaga Elkarteak dei horixe zuzentzen die euskaldun guztiei: BIHAR IREKIKO DUGU!


Tantaka

Harrera eta kolpeak

Zortzi urtez Espainiako gartzeletan egon ondoren, Urriaren 2an Goyo Lopez, Bilbora heldu zen. Abandoko geltokian ba ziren guttienez larehun lagun Goyori harrera haundi eta alaitsu bat egiteko prest. "Talgo" heldu zenean ahotsak eta besoak emozioz jota altxa ziren, "Batasuna" kanta abestuz. Goyo agertu zenean han izan ziren txaloak eta besarkadak! Arantxa Arrutiren senarrak emozio izugarri bat sentitu zuen... Bainan jaia hantxe amaitu zen, betikoak ere "harrera" egitera ere heldu baitziren. Han izan ziren kolpeak, bultzakadak eta istiluak. Kazetari bati egindako argazki pelikula indarrez ondatu zioten eta baita ordu bat komisarian atxilotu ere. Goyorekin egindako mahai ingurua leku izkutu batetan izan zena. Mahai inguru honetan Goyok esandako hitzak Bilboko "Hojas del Lunes"en idazteagatik bere idazleak eskuin muturreko mehatxuak hartu ditu... Goyok esandakoa ("Euskadin ez da ezer aldatu") egia handia da.

"Vida y obra de Nicolás Achúcarro" izeneko lanak Basauri saria irabazi

Urtero bezala, eta Bilboko Ateneoak eraturik eta Basauriko Udalak patrozinaturik, aurten ere Basauri saria —VI.a oraingoa— epaitu da. Aurtengoa, Historiari dedikatua zenez, Historiaz aurkezturiko sei lanen artean, "Vida y obra de Nicolás Achúcarro" delakoa atera da garaile. Egilea, Manuel Vitoria Ortiz jauna da, Bilboko Medikuntz Fakultatean irakaslea bera. Jakin dugunez, Euskal Herriko Medikuntzaren Historia berregiteko gogoa du, eta, lehen pausotzat, doktore famatuen biografiak egiten dihardu —Areiltza doktore medikuarena (ez politikariena) egina du jadanik.

Sarituriko lana "La Gran Enciclopedia Vasca"-k laster argitatuko du, egilea inprimategiko aprobak zuzentzen ari baita. Edonola ere, galdera hau datorkit burura: Noizko horrelako lan eta sariak euskaraz?

Plentziko alkate antieuskalduna

Enrike Mota dugu Plentziko alkatea, baina Plentziak ez du horrelako gizon motarik. Ikus zergatik.

Irailaren 2an, Sanantolinetan, izaten dira Plentziako jai nagusiak, eta aurten Bizkaian eta Euskal Herri osoan bezala, Plentziako ikastolakoek txozna bat eratu nahi izan dute edariak-eta saltzeko.

Jadanik Mota jaunak beste txozna bat zabaltzeko baimena eman zien negoziante batzuei, edozein edari, alkolezkoak barne, saltzeko. Baina hona non alkate antieuskaldun eta espainol arrazistak, ikastolei baimena ematerakoan, apartheid bat egin dien: alkolezko edaririk ez "para evitar el abuso de tal clase de bebidas por la juventud", delako Mota horrek sinaturiko ofizioak dioenez. Alkolik ez, coca-cola eta horrelako mejunjeak bat. Ikastolako txoznarako da debeku hori, ez Plentziako beste txozna eta tabernetarako.

Ikastolako txozna bisitatu dugu. Letra handitan hau dio, Motari buruz: "Plentzia Herria holako gizon Motaz garbirik nahi dugu".Hau da, Plentziako herriak Mota jaunaren dimisioa eskatzen du. Eta beste bat humore onean: "Kas alkolik gabe"

Plentziako ikastolak milioi erdiko deficita daduka. Mota jaunak ez dio Aiuntamentutik inolako laguntzarik eman. Zer gertatuko da orain? Motak alkate bezala jarraituko du? Edukiko ote du horrenbeste aurpegirik? Guk baietz uste dugu, jarraituko duela, eta behar bada "Gran Collar del Yugo y de las Flechas" delako domina emango diotela, batez ere "del Yugo"koa. Handiagoak ikusita bait gaude Euskal Herrian.

Lejoako zientzi fakultatean euskara

Dekano berria dugunetik —demokratikoki hautatua berau— aire berria sentitzen ari da Lejoako Zientzi Fakultatean. Hasteko, eta ikasleen ordezkarien eskariari erantzunez, asignaturen programaziotik libre utzi ditu hiru ordu astean, berorietan, nahi dezatenek euskarazko ikastaldiak eman ditzaten.

Bestalde, Euskal Kultura Zientifikoaren azterketa eta aitzinatzerako Batzorde bat izendatu ukan da, irakasle eta ikaslez osotua. Batzorde hau Fakultateko Estatutuek ematen duten bidetik sortua izan da, eta probisionala bada ere, euskararen prestijiatzerako lan ederra egin dezakeela dirudi. Dena dela, eta hau da beharbada aipagarriena, azken urteotan ikasleek eginiko lan eta burrukari esker —eta hemen Zientzietako Euskal Kultur Taldearena ez dateke ttikiena— euskara klandestinitatetik irteten ari da Bilboko Unibertsitate honetan, ofizialtasunaren bideetan abiatu nahiz. Lortuko ahal du!

Irakasleentzako ikastaroa Santutxun

Berriro ere loturik agertzen zaizkigu Santutxu eta euskararen izenak. Bilboko hauzategi gazte eta bizkor honetan, jadanik ohitura denez, aurten ere euskarazko ikastaldiak antolatu dira. Bilbo inguru guztian gertatu den bezala, hemen ere ikasleak eurrez etortzean, arazorik larriena irakasleak aurkitzea izan da. Zeren eta irakasleak ez baitira harriak altxa eta nonnahi aurkitzen; irakasleak prestatu egin behar dira.

Horregatik, urtean zehar egiteko, irakasleentzako ikastaro bat antolatu dute. Astean bi ordu izanen dira, astearteetan, iluntzeko zortzietatik hamarretara, Santutxuko ikastolako geletan. Ikastaldiak hazilaren 2an hasiko dira. Informazio gehiagorako, Karmelora joan daiteke, gau eskolen antolatzaileengana.

Berangoko herriak udalaren dimisioa eskatzen

Urriaren 19an, asteartean halegia, Berangoko Udalak batzar orokor bat zeukan, baina alkatea eta zinegotziak ez ziren azaldu. Horrela izanik, hauzoek plazan asanblada bat egin zuten eta berton Gobernadoreari Udalaren dimisioa eskatzeko erabakia hartu zen. Gero, zinegotziak biltzen ohi diren tokira manifestazio bat egin zen, pankartetan nahikunde batzu azalduz: "Ura nahi dugu", "Udal demokratikoak". Ondorioz, herritik doan bide generalaren zirkulazioa eragotzirik geratu zen.

Antza denez, azken denboretan Udalaren portaera ez da herriko gustukoa izan, uraren problemaz batez ere, zeren ia egunero ur gabezia pairatzen baita, eta, euria denean, heltzen den urak marroi kolorea baitu.

Bilboko Alkateak Basurtuko familien elkartea errezibituko du

Basurtu Bilboko hauzategi bat da, eta, behar bada, ez Errekaldeberri edo Santutxu bezain ezaguna, baina ez horregatik problema guttiago duena.

Orain dela zenbait hilabete, ekainean hain zuzen, bertako Familien Elkarteak Bilboko Alkate jaunarekin hauzategiko arazoez mintzatzeko eskari bat egin zuen eta erantzunik ez zen jaso. Nahiz eta eskaria behin eta berriz egin (hamar aldiz prezeski), erantzun berdina lortu zen guztietan. Horrela, Elkartekoek azken gutun bat bidali zioten Berasategi jaunari (hots, alkateari), erantzuteko epe maximo bat jarriz, eta ordurako erantzunik hartzen ez bazen, alkate jaunaren hauzoak errezibitzeko gogo eza eta hauzategiko problemez ardura eza suposatuko zatekeen.

Gutuna hauzategiko ormetan jarri da eta erantzuna laster etorri da: datorren ostegun arratsaldean, Basurtukoak alkatearekin mintzatuko dira, eta, beste gauza askoren artean, ikurrinaren legalizapen aldeko bitartekotasuna eskatuko zaio.

Durangoko papertegia eta satsudura

Antza denez, Bizkaiko zenbait entrepresa satsuduraren arazoaz kezkatzen hasi da. Ordua zen, halajaina! Hauetariko bat Durangon, Harrihandi hauzategian, dagoen papertegia da. Diotenez, laster 30 milioi balio duen tresneria bat muntaturik egonen da, modu honetan, inguruak usain txarrez (hatsaz, Bizkaiko hitzaz) babesteko. Desusangarrien salmenta beheratu baietz!

Lehen tresnaria hau, papertegi berean antolaturik duten plangintzaren lehen pausoa baino ez ei da. Denetara ehun eta hogeitamar milioi inguru gastatuko omen dituzte, hemendik aurrera Durangoaldeko eguratsa eta Hibaizabaleko urak ez satsutzeko. Alde horretatik, eta berandu bada ere, bihoazkie gure zorionak papertegi horretako zuzendariei. Eta ea beste entrepresari guztiek ere laster imitatzen dituzten!

Apala hil nahiz

Frantziako poliziek Salvador Grau izeneko gizon bat detenitu dute. Espainiar honek "Mauser" bat eta 9mm-tako pistola bat zeraman bere autoan, berorientzako hainbat kartutxurekin.

Soud-Ouest aldizkariaren arauera, Espainiak eskuindar muturreko antolakunderen baten aginduz etorria zatekeen. Dirudienez, —eta berak aitortu omen duenez— Apalategi hiltzeko asmoz etorria zatekeen.

Kantzerra dugu, IBC nahi dugu!

Urriaren 6an, Zaragozako eliza batetan kantzerra duten eri batzu eta beste batzuren senideak bildu dira. Eriek zuten medikamendu bakarra, ez die eman nahi. Eta beren kexa adierazteko, elizan sartu dira, IBC droga hartu arte.

IBC zer den? Blanco Cordero izeneko mediku batek asmaturiko droga bat da. Kantzer moeta batzu tratatzeko oso egokia omen da. Eta mediku horrek eta ez bestek erabiltzen zuen bere erantzunkizunez, Sanitateko Zuzendaritzak ez baitzion bere onespena eman droga horri. Baina mediku hau hil egin zen, eta horrela, laurogei eri kantzerdun tratamendu gabe geratu ziren.

Beren jarrerari esker, hilaren 8an droga horren hogeitabost litro eraman dizkiete, eta Blanco medikuaren alargunaren baimenaz, orain arteko eriei behintzat, tratamendu osoa emanen zaie.

Dirudienez, eta IBC drogak kantzerra erabat osatzen duela frogaturik ez dagoen arren, Zaragozan "osaezinezko tumoreak" omen zituzten pertsona batzu erabat osaturik bizi dira. Hori horrela izanik, nola herts dakioke esperantza dakarkion bidea, hiltzera doanari?


Gipuzkoa irailean

Irailean gertatuaz mintzatzeak, aspaldiko gauza dirudi orain, antzinatea bailitzen. Izan ere, urrilaren 4ean Donostian gertatuak lehen lekua hartu du guztion gogotan. Geroztik, Donostian eta ingurutan, kaletan eta etxetan, jendeak sofritu behar duen ikarak ez du azkenik. "Elementu inkontrolatuak" omen. Ez ote "telegidatuak" hobe?

Azkeneko gertakizunak gora behera, uste dut ez duela ez gaurkotasunik ez garrantzirik galdu Irailean Gipuzkoak bizi izan duen giroak; guti barru berriz ere nagusituko denak, bestalde. Izugarri mobilizaturik zegoen Gipuzkoa, eta Euskal Herri osoa. KontaeZinak ziren manifestazioak.

Irailaren 27a zen egunik hautatuena. Amnistiaren aldeko oihua non ez zen entzuten? Behin 25az geroz ekintzak ugaltzen hasi ziren. Gose grebara jo zuten batzuk, elizan sartzera beste batzuk, kale manifestaziora gehienek. Grebaren deia sekula baino jarraituago izan zen. Herririk bisitatuenak, agian, Zarautz eta Nuarbe izan ziren, Txiki eta Otaegi zirenen herriak, alegia.

Ezin da hemen ekintza mota guztien berririk eman. Horien artean, hurbilagotik ezagutu genuelako besterik ez bada, Tolosakoa aipatu nahi genuke. Bailara mailan antolatu zuten politik alderdi eta taldeak oro eta Amnisti-Batzordeak ekintza hau. Talde bat hilaren 25ean frantziskotarren elizan gelditu zen 26ra arte, gose-greban. Han zeuden preso eta hil ezagun zenbaiten senideak ere: Izkoren ama, I. Hernandez Lasaren gurasoak, Txirritaren anaia-arrebak, Rekalderen anaia-arrebak, J. Zubeldiaren anaia, Goibururen arreba, etc. Greba bukatzean, manifestazio harrigarri bat egin zen; bakean, uzten zaionean herriak egiten dakien bezala. Polizia ez zen deusetan sartu, guardiazibilen kapitainak hala agindurik. Ezagunagoak dira gerokoak: zigortua izan da kapitaina, eta dimisioa presentatu du horregatik alkateak, eta udalak honekin.

Iraileko ekintza hauk direla eta, Gipuzkoa mailan esango nuke, gauza bat edo beste nabarmen agertu dira. Indar politikoentzako biziki interesgarri dateke horien aztertzea. Aipa ditzagun labur batzu:

- Abertzaleen iniziatiba nagusitu dela iruditzen zaigu, bai proposatzeko orduan, bai antolatzeko orduan, eta bai ekintzan. KASen inguruan mobilizatu da jende asko. Operatibitate ikaragarria erakutsi du organismo honek.

- Amnistiaren egun hau, egun osoa izan da. Amnistia eskatu ohi zen, eta honekin beste mila gauza, eta bereziki hauk: autogobernua, askatasun nazionalak, politikoak eta sindikalak, euskararen buru jasotzea...

- Maila batzutan bederen, batasuna lortu izan da, indar politikoen batasuna ere bai. Oposizioak bere baitan konfiantza bildu du, eragile eta erresponsable agertu da. Eta oso inportantea dena: elkar lanerako ohitura eta mekanismoak sortzen hasi dira.

- Poliziak leku guztietan, Tolosa salbu, gogorretik jo du. Elizatan sartu ziren poliziak Ordizian, Zestuan, Mondragoen, Azpeitian, Beasainen, etc. "Jeep" direlakoen bidez atea irekiz sartu omen ziren Azpeitiko elizan. Manifestazioak deusezteko ordena zuten. Ordizian eta beste leku askotan etxetara jaitsi ezinik gaua mendian pasatu duen jende asko dago. Tolosa, poliziaren jokabidean salbuespen bat izan da. Salbuespen eskasa. Luis Alonso guardia zibilen kapitainak ez du Gobernariaren agindurik bete nahi izan. Eliza husteko eta manifestazioa desegiteko ordena zuen. Baina, kapitainak alkatearen mende bere burua eta jokabidea jartzea erabaki zuen. Gero gerokoak.

- Tolosako kapitainaren jokabidea bezalakoak direla eta, nola jokatu behar dute euskal indarrek? Zer egin behar dute? Holako ekintza bat apoiatu? Babestu, eutsi ala abandonatu? Kontradikzio horiek gogortzera eta lehereraztera jo? Etorkizunean, holatsuko kasuak aise ugal litezke.

- Tolosako alkateak ere dimisioa presentatu du. Beste alkate askok ere aspaldi honetan gauza bera egin dute. Modan jarria dago. Eraginik ba ote duen ikusi behar, ordea. Itsasontzia hondatzera dihoanean, bertanbehera uztea ez ote den errazena ere galde liteke. Baina batzutan dimisioa ez ote demisioa? Zera esan nahi dugu, alegia, ondo aztertu beharko dutela euskal ezker indarrak zer jarrera hartu jokabide horien aurrean. Bistan da sentikorrenak, egoera honetan herriarengandik hurbilen daudenak direla, herriaren presioa jasangaitz gertatzen zaielako. Kasu hori da alkateena. Alkateen jokabide hau ere aztergai da euskal indarrentzat. Eta nago, guti barru, ez ote den batzuren errazkeria salatu beharko!

joanes lekerika


Ez amnistiarik Segoviako iheslarientzat

"Segovia-ko ihesian zihardutenak" zinaturik, eskutitz bat euskaraz jaso dugu ANAITASUNAko idazkaritza honetan, argitara dezagun. Biziki interesgarri da, baina osorik ematerik ez dugunez, bertako garrantzizko puntuen berri emango diogu laburki irakurleari.

Iheslari ohiok ez dute Gobernuaren amnistian uste onik, erregimenaren demokratizazioan ez duten bezala. Erregimenaren kontradikzioak lehengo berak dira. Eta beste guztia azala besterik ez da, azal demokratikoa bada ere. Elkarrizketaren bidez ez baino eguneroko burrukari esker lortzen dira gauzak orain ere. Amnistiaren kasuan, esate baterako. Oraingo amnistia honen ustela ezagutzeko, kasurik garbiena beraiena da, Segoviako presondegitik ihes egindakoena: "Berrogetahiruoi ukatzen zaigu delako amnistia. Lehen "auto de procesamiento"-k "evasión de presos" zuen hobentzat. Uko honen arrazoia: "Fuerzas Armadas"-ekin ukan genuen "enfrentamientoa" eta ondoko hil eta zaurituengatik. Guk tirokatuko ahal genituen, ordea, gure lagunak bizkarretik?".

Ihes eginaz, beren herrira itzuli nahi ziren. Baina lortzer harrapatu zituzten. Urruti eta barruan egon arren, eskutitzean garbi ikusten denez, ez dute herria ahantzirik, barnean daude, herriko burrukarekin bat eginda agertzen zaizkigu: "Euskal Herriko langileriak bereganatzen dituen puntuekin bat egiten gara eta sendotzen ahaleginduko gara". Zazpi puntutan agertzen dute, gero, beren programa, nolabait esateko; guk laburtuz emango dugu: 1/ askatasun demokratikoak; 2/ amnistia osoa; 3/ euskal masa herrikoien eta bereziki langileriaren bizi —eta lan— kondizioak hobetzea; 4/ indar errepresiboen eta jurisdikzio berezien desegitea eta behar diren erresponsabilidadeak eskatzea; 5/ Euskadi soberania osoko nazionalitatetzat onartzea; 6/ Probisionalki, Alternatibako Organismo baten bidez Estatuto bat eraikitzea, Estatuto gaurkotu eta oso bat; 7/ Estatutoa onartuz Gobernu behinbehineko bat eraikitzea.


Euskal Herrian

Durango: herri zapaldua

Jaien aitzinean

Durangoko festaran gertatu den herri bizitza aspaldidanik hasia bazen ere, irailaren 30eko Aiuntamentuaren bilkuran finkatu zela esan genezake.

Izan ere batzarre hau orokorra izan arren, jende artean han egon nahia bizia zen. Motiborik ere ba zen.

Aiuntamentuak bi eskakizunei erantzuna eman behar zien, eta herriak ez zuen hau galdu nahi (mesfidantzarik ere ez falta, noski). Alde batetik herrian egin asanblada batetan onharturiko eskaerak (3.000 pertsonatako asanblada berau), eta bestalde, kontzejal batek eskatutako ikurriñaren legalizazioa.

Asanbladaren eskakizunak eztabaidatuz, Gipuzkoako Aiuntamentuen agiriarekin adosa ez zuen onhartu. Amnistia osoaren (politik eta laboral amnistia) eskatzea onhartu zuen. Hondarribiako egileen respontsabilitatea eskatzeaz ez zen aipatu ere egin.

Ikurriñaren legalizazioaz, eta sortu diren nahastetan finkatuz, Euskaltzaindiari eta "R.S.V. de Amigos del País" delakoari kontsulta egitea erabakitzen da.

Han zegoen zenbait jendearentzat ihesbide baino ez ziren erabaki hauk eta argi zekusan Durangoko Aiuntamentuko zenbaiten faxismoa. Jendea bero zegoen batez ere Aurrekoetxea kontzejalak "la ikurriña no es la bandera de los vascos, sino que solo es la de Vizcaya" esan zuenean. Horrelatsu hitzegin zuen beste zenbait kontzejalek.

Aiuntamentukoen faxismoari buruzko zenbait oihu dagio jendeari, dimisioa eskatu?, Eta ikurriña bat atera eta balkoian jarriz, Eusko Gudariak abesten da, hiru bider. Alkateari ateratzeko eskatzen zaio, eta berak pertsonalki eskatuko duela ikurriñaren legalizatzea agintzen du jende aurrean.

Agindu honekin festatako gazte talde guztiek ikurriña bana (guttienez) erabiltzea erabakitzen dute.

Urriaren 8an alkateak deituta eta goardia zibilen Tenientearen aurrean, Jai Batzordeari ikurriñaren erabilkera, abesti oihu eta manifestazio oro zilegi izanen direla agintzen dio, "Orden Público"ko indarren aurka zuzenki doazenak salbu.

Gobernadoreak ere onhartuak zituen erabaki hauk, Amorrortu jaunari telefonoz esan bezala,

Herriko zurrumurrua da Amorrortu jaunak honekin bere aldeko tanto oportunista bat jokatu nahi izan duela. Holaz ere talde edo "kuadrila" guztiek poztasun biziz hartzen dute erabakia.

Jaiak

Urriaren 9ko taldeen agerketak, bakoitza bere ikurriñarekin, inoiz egin gabea denez, ikaragarrizko herri bizitza eta alaitasuna nabarmentzen du, gau barrenararte.

Biharamunean, igandez, goizeko 7retan ZEZENAK DIRA saioa denez, san Fausto hauzunean talde bat dakusagu bere ikurriña prestatzen, ordu laurden bat lehenago. Gizon batzu ondoratzen zaizkie (espaloian dihardute beren ekintzan) "qué vais a hacer con la ikurriña" galdetuz. "Comérnosla no" izan zen baten erantzuna. Etorritakoen gidari egiten duenak, metraileta bat atera eta "Venga, empezad. Dadles duro" die bere lagunei. Hauek, kateak eta beste horrelako tresnak atereaz, gogor ekiten diote. Inguruan dabilen beste zenbait ere jotzen dute, Alboan dagoen hauzunearen gelan sarturik dena hautsi zuten, 30.000 pezetatako galerak kausatuz.

Jai Batzordeak, informaturik asanblada bat egitea erabakitzen du arratseko 7retan. 3.000 bat pertsona S. Mariako elizatarian. Alkatea demokrata iduri, bezperan esanetan dirau, beste hurratsik emateke.

Festak normalki doaz 11ren gaueko 3rak arte, eskuineko beste ekintzaren baten beldurra nabari bada ere.

Eta ekintza hau guttien espero denean iristen da, eta ez da nolanahiko ere: 18-20 bat gizonek 500 metrotan Cafeteria Dallas, Alpino Tabiran eta Gogokoan agertzen dira.

Dallas aurrean "Viva el Rey", "Viva la Guardia Civil", "Viva España", "Viva Franco", "Quitar las ikurriñas", "Viva Cristo Rey" eta horrelako oihuak entzundakorik ba da.

Minutu batzu ondoren, Goardia Munizipalen Land Rover bat agertu zen ingurutan, eta jendeak parte har dezaten eskatzen dienean, beste bide batetik aldegiten du.

Goizeko laurak inguru, asanblada bat eratzen da, 400 bat pertsonak parte hartzen dutelarik, eta Polizia munizipalen nagusiak Goardia Zibilei gertakizunen lekura ager zitezela eskatu ziela aitortzen du (baina ez ziren agertu).

Ondoren piketeak eratzen dira herria zaintzeko, herria gurutzatzen duten autoak geldituz eta karnetak eskatuz (hauetako batetan gelditzeke pasatzen den auto bat, biharamunean Kuartel aurrean omen zegoen).

Zauritu ugari izan da, baina 13 izan ziren Anbulatorioan sendatuak. Alkatea inguratu zitzaien zaurituei gauez.

Eskuindarrak nonnahi ikusten direla, LE - 49.379 matrikuladun autoa, horiena delakoan, arras ondatua izan zen.

Biharamunean Jai Batzordeak agiri bat ateratzen du, gertatu hauk guztiak argitzeko. Hona hemen:

Gaur Urriak 12 eta goizaldeko 3 t'erdietan, eta bigarren aldiz, kontrol gabeko talde batek, antza denez eskubi muturrekoa, Durangon lanean ari izan da. Oraingoan Durango erdian aritu dira: Zumalakarregi eta F.J. de Zumarraga kaleetan; beren ibilbidean pertsonen adinak eta kondizioak kontuan izan gabe, bertatik zebilen jendea zauritu eta bortxatu dute. Haseran, ekintzaileak sei bat direla gaude. Harrez gero herriko taberna batetan sartu dira eta berton kezko pote bat jaurti dute. Potea jaurti eta bertatik jendea irten erazi egin ondoren beste ekitaldi bat egin dute. Baina oraingoan hamabi bat izan direla esan genezakegu.

Ekitaldi honen ondorio bezala hainbat zauritu izan ditugu eta hauk Anbulatorioan zainduak eta sendatuak izan dira. Jasoera hauen berriaz jabetzeko bai Alkatea eta bai Hertzainen Burua dena bertara jo dute, eta hauek deituaz Guardia Zibilen Tenientea ere.

Bigarren erasoaldi eta probokazio honen aurrean, Durangon hain giro alaiz eta gartsuz ospatzen ditugun jaien bilakabidea desegin eta hautsi nahi dutela uste dugu. Jasoera hauen aurrean, Jai Batzorde honek, jasoera hauk salhatzen ditu eta bere aurkako gogoa biziki agertzen du, gertaeren azalpena eta egileen izenak publikoki ezagutzen ematea esijituz, eta bide batez Durangoko herriari orain arte bezala Alaitasunaz eta herritasunaz bere jaietan jarrai dadila eskatzen dio.

Jai Batzordeak

OHARRA: Gaueko gertaera hauen aitzinean eta konfusioz, Angel Fernandez-en LE - 49.379 matrikuladun autoa txikitua izan da. Jai Batzorde honek, ekintza hau penaz hartu eta "probokatzaile ezezagunak" akusatzen ditu kausa bezala. Bestalde, Angel Fernandezek, autoaren jabeak, ez duela zer ikusirik kontrol gabeko talde honekin. Jai Batzorde honek bere gain hartzen du autoaren konpontzea.

12an, arratsaldean, gertatzen da kontrol gabeen ekintzarik eztabaidatuena, egileak jende orok ezagutu bai zituen.

6 t'erditan eta taldeak agerketarako biltzen ari direla (ez ahantz bakoitza bere ikurriñarekin dabilela), talde batetako ikurriña daramana "ezezagun" batek jo (barrabiletan, prezeski) eta ikurriña kentzen dio. Baina "ezezaguna" ez zegoen bakarrik, alboan beste hiru bai zituen.

Honetaz oharturik, eta ikurriña lurrean daramatela ikusirik, jendea beren atzetik abiatzen da, San Martin Atariraino. Hemen ikurriñaren harrapalarietako batek, jendeari begira "parece que no aprendeis más que a tiros" dio, eta lagunei begira "son unos cabezotas. Lo mejor será pegarles 8 tiros a ver si aprenden de una vez". Han zegoen zenbaitek berehala ezagutu zuen hau, eta laurak ongi edanak zeudela diote.

Gazte batek ausardiaz eta lasterka batean ikurriña eskutatik kentzen dio berritsuari eta ihesi atera. Baita "ezezagun" ezaguna ere atzetik, momentu batetan pistola aterata.

Polizia munizipalen nagusia Monjen Enparantzan agertzen denean, lau probokatzaileak deteni ditzala eskatzen dio jendeak; ezagutu eta goardi zibilak direla aitortu ondoren, Intxaurrondo kaletik doaztela agintzen die.

9 t'erditan 1.500 pertsonatako asanblada egiten da Jai Batzordeak konbokaturik. Hidalgo Kapitainaren proposamena aditzera ematen zaio herriari: kaleak zaintzeko goardiak zabaldu, nahiz zibilez, nahiz uniformez jantziak. Baina ez da inola ere onhartzen, suposa daitekeen arrazoiengatik. Piketeak osatzea erabakitzen da.

Gauean, 70 bat pertsona zeuden piketetan eta herri osoan zabaldurik. 9 gauean Dallas kafetegian ikusitako hiru ikusten ditu pikete batek taberna batetan gaueko hiru t'erditan. Baina jendeak inguratzen zituela, ihesi atera ziren Zornotza aldera auto batetan (herri honetan omen daude).

Lau t'erditan Herriko Tabernan daude bildurik zenbait pikete, bi gizon agertzen direnean. Ezagutzen dituztela, bat lehen Durangon goardia izana dirudienez, Herriko Tabernan ezkutatzen dira guztiak.

Hiru tiro entzuten dira kanpoan, pistolaz edo eskopetaz (testigantzak ez datoz bat hemen). Hiru t'erdiak arte munizipalek zaindu dituzte Herriko Taberna eta Ikastolaren taberna. Ordu honetan ez dago zaintzailerik.

Ordu laurden barru Hidalgo Kapitaina eta beste goardia zibil batzu agertzen dira Herriko Tabernan. Eztabaida gogorra sortzen da, eta Hidalgok Jacinto (lehen Durangoko koartelean egona) ia ez omen da goardi zibil, eta gazteek baieztatzen dutena, hark ukatu.

Alde egin aurretik, Ikastolaren Tabernaren sarrerako kartela ken eta lurrean uzten dute.

13 Asteazkena

Goizeko 10etan, Jai Batzordea bildurik dagoela, Hidalgo Kapitaina datorkie, hitz egin nahiean. Batzorde honetako guztiak hauzitegira eramanen dituela "por estar incitando al pueblo contra la Guardia Civil" mehatxatzen ditu.

Arratsaldeko 7retan asanbladan Jai Batzordeak agiri bat ateratzen du:

Durangoko Jai Batzordeak, bere higuinik gogorrena salhatzen eta agertzen du gure Herriak jai egun hauetan jasan duen probokazio eta bedur egoeragatik.

Lehendabizi, eta hau salhatu zen, igandean, 10an, eskubi muturreko talde batek, gazteak basaki jo zituen eta Fauste Hauzuneko Jai Batzordearen biltoki bat desegin zuen. Bigarren, eta hau ere salhatua, hilaren 12an, goizeko ordu bi t'erdietatik aurrera eskubi muturreko talde ugarietakoak ageri ziren era basatian joka, heriotz mehatxuka, kezko bonba jaurtika, tokiak apurtuaz eta dena nornahiri eta nonnahi. Baita ere, atzo, 12an, arratsaldeko 6retarutz, paisanoz zeuden 3 goardi zibil beste lagun ezezagun batekin ikurrin bat, gazte batzuk zeramatena, hartu zuen eta lurrean tarraz erabili. Herriko Aguazilen Burua deitua izan zen eta berak hirurak goardia zibil bezala identifikatu zituen; hauetako bat agerian autorrejistratu zen eta ez zuen harmarik. Konprobatu zen talde honek jarrera mehaxkorra zuela eta beretatiko batek harma zuri baten jabe zela. Gaur, 13an, goizaldean, gertakizun berriak: heriotz mehatxuak, beldurtzeko disparoak, kontrol gabeko jendea, probokatzaileak, etab.

Biziro salhatzen ditugu gertakizun hauk, zeren aurten izan bait dira San Fauste Jaiak inoiz baino alaiagoak, zibilagoak, herritarragoak.

Bide batez aitzen eman nahi dugu ikerketa eta argiketa zehatz bat egitera goazela.

Jai Batzordeak

Zeren eta Durangoko gertaerei buruz zenbait interpretapen egin dira, Durangoko Jai Batzordeak, jasoerak argitzeko asmoz, bere azken ageriaren argitarapen oso egokitzat jotzen du.

Ondoren 5.000 lagun, gazte taldeak aurrean direla, manifestaldi bat egiten Durangon da barrena eta gero San Faustoko hauzunera abiatzen dira, hauzakideekin adostasuna adierazteko.

Gobernadorea Durangon

Jai Batzordeak Gobernadoreari bost eskari egin zizkion:

1- Deteniturik dauden bien askatzea. Deus ere ez zekiela esan ondoren, hor zeudela hauzitegiak edonoren errua edo errugabezia jakiteko, eta, dena den, ajolatuko zela pertsonalki horretaz.

2- a) Jai batzordekideentzat eta jaietan parte hartu zuten guztientzat eta etorkizunari begira garantia orokorra. Garantia legeetan dagoela, hark erantzun.

b) Goardi Zibilen aurrean diligentziak egin behar badira gertatutakoak argi daitezen, baldintza hauk kontutan hartzea:

1. Deiak idatziz egitea.

2. Zertarako den deia zehatz dadila.

3. Ordu egokitan egin daitezela deiak

4. Abogatuarekin joan ahal izatea Hau, Gobernadorearen iritziz, legea aldatzea litzateke, eta legeak nahikoa garantia ematen duela.

3- Batzarrean esan eta jaietan gertatu jasoera guztien argitzea.

4- Benetako egileei errespontsabilitateak eta ez inori besteren kulparik ezar.

5- Ikurrinaren erabilkera argi dezala. Ez omen dago legalizaturik, baina laister alda daitekela egoera, zioen.

6- a) Amnistiaren egunaren debekatzeaz, arrazoiak eskatu zitzaizkion. Amnistia eguna ez da jaietako gai bat, eta gainera amnistia emana dago (sic), erantzun zuen.

b) Hau ezean, gerrileroen ekintzen kontrako manifestapen bat egin ote zitekeen. Burruka eguna baino hobe omen zen bake egun bat, erantzun zien Gobernadoreak.

Ondorio gisa

Argi dago, bai aiuntamentukoak eta bai Gobernadoreak politik gizon edo demokrata agertzeko egin dutela ahaleginik ugari, baina herria benetako erantzunik gabe eta samindurik dago.

Bestalde, salhatu beharra dago zenbait informabidek gertaera hauetan eraman duten bidea. Alde batetik Gaceta del Nortek ez du inoiz ere ikurriña hitza erabili "bandera subversiva" eta "bandera bicrucífera" ezik, eta azken hau euskal ezagun batek egin dituen presioak medio. Hitz madarikatua oraindik, erabilkera zilegi den garaiean!

Beste aldetik, informatzaileen edo prentsaren erruz, zenbait gauza oker agertu da hortik zehar, dramatizatzen ibili direnak ere falta ez direla.

Jai hauek utzi dute nolabaiteko politik ondorio txarrik herrian zenbaiten iritzian, Durangokoak ez diren lider politikoak asanbladatan parte hartzen ikustean; Jai Batzordekoak izan ez arren, herri mugimendua bereganatzeko, protagonismoa bereganatu nahi izan dutenak; eta, asko hitz egin arren, deus ere egin ez duten betikoak.

Honela eta Jai Batzordearen izenaren erabilkera ikusiz, honek agiri bat zabaldu zion prentsari:

1- Jai Batzordeak ez zion Udaletxeari Gipuzkokoekin bat egin zezanik eskatu.

2- Jai Batzordeak ez du prentsaurrekorik prestatu, nonbait irakurri ahal izan dugun bezala.

3- Batzorde honetako kideok edo gure familiek mehatxuak hartu ditugula esan da. Ez dago hau esateko oinharririk.

Euskal liburu eta disken Azoka gainean dela, ba da beldurrik duenik, baina honez gero dena baretua dago, eta hemengo zaintzea urtero bezain ongi hertzainek beteko dutela aurten ere, zihurtatu digu Gerediaga elkarteko goi-pertsona batek.

Durango, herri zapaldua, Herri zapalduaren kultura zapalduan aintzindari. Urtero bezala!

A. Errota


Euskal Herrian

Bizkaia: eraikuntz arloan, dena geldi

Bizkaian eraikuntz arloan lanean ari diren langileen artean, inoiz ez bezalako batasuna lortu da azken hilabete honetan. Hilaren 11tik greban daude, beren eskariak erdiesteko asmoz: 30.000 langile greban, gutti gorabehera. Greba aurrera joan da, eta ugazabak ere biltzen ari dira. Ikus dezagun orain arteko historia.

Arazoaren historia laburra

Langileek prestaturiko «Grebaren lehen Buletinetik» harturiko informazioetan finkatuz, arazo honen sorrera, duela zenbait hilabete lehenago langile kezkatu batzuk hasiriko antolakuntzan aurkitu behar da. Beti Buletin horren arauera, eraikuntz arloa guttien organizaturik zegoenetariko bat zen. Horrela, bada, arlo honetan dauden arazo larriak konpontzeko, —lanerako oso kondizio txarrak, beti eguraldien gogortasunaren menpean, eraikuntzen ebentualitatea, soldata ttikiak, eta abar— behetik hasiz, batasun handia lortu zuten.

Behin oinharrizko batasuna lortuz, eta probintzi mailako konbenioa datorren apirilerarte kuestionatuko ez zenez, eta, bestalde, Gobernuak harturiko neurri ekonomikoen gogortasuna kontutan hartuz, beren premiei buruzko eskari-taula bat prestatzen hasi ziren.

Langileek zer eskatzen duten

Asanbladatan eztabaidatu ondoren, eskari-taula honelaxe geratu zen:

- Hileko soldatetan 8.000 pezetatako altxaketa.

- Asteko 40 lan ordu.

- Atzeraturiko diruen ordainketa.

- IRTP eta SS-eko kuotak entrepresaren kontura.

- Istripu edo gaixotasun kasuetan, soldata errealaren 100%-a kobratzea.

- Lanerako higiene eta seguritatea.

- Desplazamenduak lan bezala hartzea.

- Soldata erreala nominan agertzea.

- Destajismoaren amaiera.

Elkar hizketarik ez

Ugazabekiko elkar hizketarako, 24 langilez osoturiko batzorde bat prestatu zen. Baina —beti langileen hitzez— ugazabek ez zituzten langileen benetako ordezkariak onhartu nahi: eta, modu berean, ez zien positiboki erantzuten langileen eskariei.

Horrela, eta ugazabak entzungor egiten zirela ikusirik, langileei harma bakarra geratzen zitzaien indar egiteko: Greba orokorra. Eta hilaren 11n hasera eman zitzaion grebari.

Grebari buruzko zenbait berri

Hilaren 11n, astelehena, 25.000 langile inguru geratzen dira. Bizkaian zehar, informaziorako piketeak antolatzen dira. Hibaizabal hibaiaren ezker ugaranean 2.000 langile eta eskuin ugaranean 5.000 langile biltzen dira asanbladatan. Bilbon poliziak ez die biltzen uzten, baina azkenean 500 bat biltzen dira. Asteartean, 500 bat ordezkari biltzen dira asanblada batetan.

Hilaren 13an, asteazkena, greba oraindik gehiago hedatzen da, Bizkaian eraikuntz arloan ari diren gehienek parte hartuz: 30.000 langile, gutti gorabehera. Eskuin ugaranean 7.000 biltzen dira asanbladan eta ezker ugaranean 2.000. Bilboko asanblada poliziak desegina izan zen. Egun honetan hamabi langile izan ziren detenituak.

Hilaren 14 ean, osteguna, greba ia erabatekoa izan zen Bizkaia osoan. Berrogei detenitu gertatu ziren, eta nahiz eta iluntzerako gehienak askaturik agertu ziren, batzu gogorki kolpatuak eta joak gertatu omen ziren.

Hurrengo egun bietan ere aurrera joan zen greba. Larunbatean Asanblada Orokorra egiteko zen, baina Guardia Civil-a etorri eta ez zen posible egiterik. Gero, Sestaon 6.000 bat langilek asanblada bat egin zuten.

Aste honen «fruitu garratz» bezala, hamabost langile Basauriko gartzelara eramanak izan direla esan behar da. Horretaz gainera, zenbait langile kanporatuak izan dira, eta zenbait eraikuntza, hertsiak.

Eta greba aurrerantz doa. Langileak gero eta hobeki antolatuz, informaziorako taldeak, erresistentzi kutxarako dirua biltzeko taldeak, eta abar prestatu dituzte. Astelehena (hilaren 18a), asteartea, asteazkena. Eta greba aurrerantz doa.

Eta entrepresariak, zer?

Bitartean, ugazabak ere biltzen hasi dira beren aldetik, eta asanblada batetan bildu ondoren, bertan harturiko ondoko erabakiak agertu zituzten informabideetan, beste batzuren artean:

- Langileen bozketa segeretua eskatzea, grebari buruzko eritziak ezagutzeko.

- Greba aurrerantz balihoa, entrepresek hersketa patronala eskatuko liekete agintari laboralei.

- Greba egun bakoitzeko, arauerazko diru kantitateak kenduko dizkiete langileei, opor, ordainketa extra eta benefiziotatik.

- Lan kontratua apurtu gabe, entrepresek baxan eman ahal ukanen dituzte langileak Asegurantza Sozialean.

Zer gertatuko ote?

Ikusten denez arazoa benetan larria da. Guztiok dakigunez, ekonomia kilikolo dagoen bakoitzean, neurri bereziak hartzen dira; austeritatezko neurriak gehienetan. Eta gureak bezalako gizarteetan, neurri gogor horik pairatu behar ukaten dituztenak, piramide sozialean beheren dauden klaseak ohi dira. Baina langileak konturatu egiten dira, —beren gorputzean sofritzen baitute— eraman behar duten zama astuna, besteek ere eramanik ttikiago datekeela. Eta, ahoa baitute, agerterazi egiten dute beren kexa. Entrepresariek, ordea, berenari eutsi nahi diote. Zer modutan amaituko ote da eraikuntz arloko arazo hau?

J. R. Bilbao

1976-X-20


Hezkuntza

Gure eskoletan oportunismoa

Zenbait datu kritikarako

Bizkaiko Alphabetatze Taldeak azken urteotan ikastaro intentsibo batzu eratu ditu Deustuko jesuiten unibertsitatean.

Ikastaro hauk Uztailean eta Agorrilean egiten dira, arratsaldeko 4etan hasi eta 8 1/2 arte. Ikastarook duten efikazia kontutan harturik, urtetik urtera ikasleen kopurua gehituz joan da modu harrigarri batez. Eratzaileengandik jakin dugunez, ihazkoan 310 ikasle ziren aritu izan zirenak. Aurten, berriz, kopuru hori hilabete batetan gainditzen da. 340 dira Uztailean daudenak eta guztira, 600. Honez gainera eta leku eta irakasle ezagatik 150 inguru gelditu omen dira matrikulatzeke. 340 ikasle hauk 23 taldetan banaturik daude.

Esan dezakegu beraz, Bilbon eta inguruko herrietan hedakuntza haundia dutela ikastaro hauek.

Phenomeno honen aurrean politik alderdi eta mugimenduak ere ez dira lo egon, eta berauetan lan egiteko "alor landu" bat ikusi dute.

Gertakariak ihaztik datozkigu. Garmendia eta Otaegiren judizioa zela eta, mugimendu haundi bat nabaritu zen, MCE, ORT eta IASEren aldetik batik bat.

Pamphleto, eranskailu eta pintadekin hasi zutena jendaurreko elkar hizketa batetara eraman nahi ukan zuten.

Elkar hizketa honetara euskarazko eskoletako jendea bakarrik joanen zen, nahiz eta Deustuan beste ingelesezko ikastaro bat eta EGBko irakasleen ikastaro berezi batzu egon.

Esan beharko genuke pamphleto eta eranskailuak ere euskarazko eskolen ateetan zirela bakarrik.

Eratzaileek esan digutenez arazo larriak ukan omen zituzten dekanatoarekin pintada batzu zirela kausa, ikastaroen jarraipena ukatzen baitzien.

Azkenez eta zorionez guretzat, ikasleontzat, gauzak konponduak izan ziren eta 1976.ean ikastaroak eginen ziren.

Aurten, bada, Uztailaren 1ean hasi zen ikastaro hau. Hasieran ba zirudien jendea zinez euskara ikastera etorri zela, eta gogoz ziharduela ikasten; baina laster etorri ziren etortzekoak.

Lehenik ESBkoek beren aurkezpena egitea proposatu omen zien eratzaileei. Gero zenbait profesional ere foruei buruzko hitzaldi bat emateko prest agertu omen zitzaien. Baita geroago trotskystak ere, nazio arazoaz beste debate bat egiteko asmoz. Eranskailurik ere ez zaie falta izan eskola ateetan, talde askorenak, halegia.

Jakina denez, betiko deia euskarazko ikasleei egin zien, unibertsitatean beste inor ez balego bezala.

Eratzaileek begi onez ikusi omen dituzte iniziatiba hauk: Baina norberak lor ditzala medioak, lekuak, etab. horretarako (hau da, euskarazko eskoletatik landa). Bestalde ikasleek (aho batez) eta irakasleek ikastordurik ez galtzea erabaki dute, ikastaro hau intentsiboa baita, eta 22 eskolegun izanik errythmo guztia galtzen baitzen.

Gertakariak honaino. Guk hemendik aurrera hasi nahi genuke gure kritika tikia.

Talde politikoak eta euskara

Gauza jakina denez, euskararekiko jarrerak, hobe praxisak, nor nolakoa den erakusten digu klarki, ilunabarretan bizirik ere.

Aspaldi honetan Eu(z/s)kadi dela, foruak direla, hitzaldi multzo bat emana dute bai batzuk bai bestek: hemen sar daitezke perretxiko bailiren, talde, taldexka eta minitalde berri guztiok.

Baina hitz polit eta ederrak bota arren, praktikan beste egoera diferente batetan jarri dira. Abstraktu mailan ba omen dakite mintzatzen (abstraktukeriaz ote?), baina konkretura jaistean beste kontu bat da.

Lehen aipaturiko ikastaro horietatik atera dugun ondorio garbia zera da: talde guztien inpotentzia konstatatzea. Inpotentzia esatean ez dugu joezintasuna aipatu nahi, bestelakoa baizik.

Zergatik ez dituzte halakoek beren muntaiak egiten beste lekuren batetan, behar litzatekeen moduan?

- Zergatik eta jendea bereganatzeko gai ez direlako.

- Zergatik eta jendea mobilizatzea, eta heztea inola ere ez, interesatzen zaielako. Nondik bestela joku hori?

Hauxe bide da bizitzen tokatu zaigun mundu honetako patua, jendea erabiltzea, mobilizatzea, halegia.

Kaperak bilakatu omen dira taldexkak. Eta kaperetan sartzeko, dakigunez, Biblia eta liburu sainduak jakin behar (buruz izaten bada, hobeki!). Gero handik ateratako misiolaegin behar dela esanez, honetan edo hartan saiatu behar garela, honetaz edo hartaz ez garela jabetu izan, etab.

Hauxek misiolariak!

Gu bekatariok!

Benetan fede handia (?) haiena!

Bai ausartzia gurea!

Hola izan omen da orain arte. Holaxe izango da nonbait. Baina kontuz, zeren eta zenbait misiolari jan zuten urruneko basatiek.

Jainkoak libra gaitzala autofagia batetatik!

Amen.

Andoni Rodriguez


Euskal Herrian

UEU

U. E. U. bere hastapenetan

Joan zen abuztuaren 16tik 28ra Ustaritzen egin zen Udako 4gn Euskal Unibertsitatearen oihartzunek oraindik dirautelarik, bostgarrenak hasia du bere abiadura. Eginak dira dagoeneko bi batzarre, Donostian lehenengoa eta Bilbon bigarrena. Hona hemen, laburki bada ere, batzarre hauetako erabakiak.

U. E. U.ren lagunzaileak eskertuz

U. E. U.ak burutu dituen lau ekitaldiak zenbait partikular, erakunde eta entrepresen laguntzari esker izan dira posible. Txosten bat argitaratuko du Idazkaritzak, aurtengoaren dato eta zehaztasunak bilduz, laguntzaileei banatzeko. Badira, bestalde, izenik ala helbiderik jarri gabe laguntza eman dutenak ere. Bijoakie, bada, ANAITASUNA honen bidez Idazkaritzaren esker ona.

U. E. U. prestatzen

Direla lau urte Donibane Lohitzunen sortu zen haurra koxkortuz doakigu. Seirehun bat izan dira —irakasle, hizlari eta ikasle— Ustaritzeko Landagoyenetik aurten pasatu direnak. Jendetza honen nahikundeei nolabait erantzun nahirik hauxek dira Idazkaritzaren proposamenak datorren urtekoari buruz. Esan beharra dago, aldez aurretik, hemen jarritakoak horixe direla hain zuzen, proposamenak, eta Idazkaritza irekia dagoela zenbait ohar eta sugerentzi onhartzeko.

Helburuak

Lau izanen lirateke, Idazkaritzaren iritziz, datorren urteko Udako Euskal Unibertsitatearen helburu nagusiak.

- Ikastoletako Irakasleei oinharrizko formazio gaiez ikastaldi praktiko bat eskaini.

- Euskal kulturaz arduratzen direnentzat elkarte leku bat eskuratu.

- Tribuna ireki bat gertatu (kulturaz, politikaz, etab).

Programaketa

goizez

Algebra Literatura B. eta D. Deretxoa Medikuntza Langile Nekazaritza

Fisika Geografia irakasle Ekonomia Linguistika mugimen-

Kalkulua Natur mailarako Komunika- Filosofia duak

Zientziak ikastaldia bideak Soziologia

Kimika Pedagogia  Artea Ekologia

Arratsaldez

Euskal historia

Zientzia politikoa

Tribuna

1. eta 2. ZUTABEAK Ikastoletako Irakasleentzat egokituak izango lirateke; 4. eta 5. unibertsital mailan ematekoak eta 3, euskaraz alfabetatuak izanik, Euskaltzaindiaren Irakasle titulua lortu nahi dutenentzat. 6. eta 7. ZUTABEEI buruz Idazkaritzak ez du ezer programatu. Nahiago izan dugu langile eta nekazal eremuetan mugitzen diren pertsona eta erakundeei zutabe hauk eskaintzea, beraiek, posibilitate eta beharren arauera, molda ditzaten.

Arratsaldeko jardunaldiak ikaslego osoarentzat pentsaturik daude, aurten Ustaritzen egindako inkestaren erantzunak kontutan harturik. TRIBUNA, aldiz, Euskal Herriko zenbait pertsona, erakunde ala iniziatiba eta arazo interesgarriri ateak zabaltzeko izango litzateke.

Gai bakoitza ikastaro gisa emanen da eta horretarako Irakasle bakoitzak bere emankizuna idatzita aurkeztu beharko du. Gaiak, uda aurretik, multikopiaz argitaratuko dira eta, matrikulatzean, gaien aukera eskatuko zaio ikasle bakoitzari. Bi arrazoi kontutan izan ditugu jokabide honetarako; bata U. E. U.an ematen diren gaien Biblioteka bat sortuz joatea eta bestea ikasleei diploma eman ahal izatea. Esanda dago 3 zutabean Euskaltzaindiaren tituluak emanen direla.

Daitekena da datorren urteko U. E. U. Iparrean eta Hegoan egitea. Ikastoletan egingo den sondeo baten erantzunak ezagutu ondoren hartuko dugu azken erabakia.

Proposamen hauei oharren bat egin nahi lieken edonork, jo beza helbide honetara: UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEA. IDAZKARITZA. ALAMEDA DE RECALDE, 46-1.º dcha. BILBAO-11. T. 4 44 30 78. Arratsaldez.

IDAZKARITZAK


Euskal Herrian

Bilintx. Liburudenda berria Donostian

Abuztuak 13, Anaitasunakoek deituak izan ginen Alde zaharreko Fermin Calbeton, 30-ra, ez ordea taberna berri batetara, Liburudenda berri bat ixtrinatzera baizik, BILINTX Liburudenda.

Basokada eta mokadu tartean, berehala aurkeztu zituen Joseba Jakak Bilintx Liburudendaren asmo ta helburuak.

Lehenik, leku erdikoi ta jendetsu batetan, guztiontzat egoki eta erraz egiten den tokian finkatu da liburudenda. Argitaldari, komunikabide, kultur talde, ikastola ta euskaldun guztiei serbitzeko sortu da Bilintx Liburudenda. Liburudendako apalak gehienbat erdaraz daude eta Politika-ekonomia-kondairari buruzkoak dira, egun-eguneko bibliografia sakon eta aurrezalea nabarmen delarik.

Euskarazko liburu sail denak aurkitzen dira bertan, eta argitaldari guztietatik, eta euskal (eta euskal kutsuzko diren erdarazko) aldizkari gehienak ere hor ageri dira bata bestearen ondoan: Anaitasuna, Zeruko Argia, Goiz Argi, Garaia, t.a.

Bestalde, ikastoletako gai ta materialak mailaz maila ari dira jartzen anderenoen laguntzarekin.

Benetako hutsunea betetzera etorri zaigu Bilintx Liburudenda, eta hemendik aurrera ba dakigu euskal gaietarako nora jo, bai gure buruak politika-ekonomiaz jazteko, bai aldizkari, bai ikastolako gai, eta bide batez, euskaldun guztiontzat serbitzu bizi ta mardula izanen da.

Bilintx-eko gazte hauekin hitzeginda gero, ba dirudi Donostiako Hauzo Elkarteek antolatu nahi ditugun liburu azokatarako bide berriak urratuko direla liburu moetak eta aurkezteko eran.

Alex


Euskal Herrian

Izar mitoak desegiten. Julio Iglesias Donostian

Abuztuak 12, Donostiako Aste Nagusiz eta iluntzean Amara aldetik nire andrearekin buelta bat ematen ari nintzela, Polideportiboan arazoren bat zegoela nabari genuen.

Polideportibora ingurutik, han zegoen emakume sail bat gizonezko batzurekin, harmadako gizonekin iskanbilan. Julio Iglesias zen eguneko (gabeko) izarra ta 10 t'erditan ekin behar zuen bere show saioak.

Ordua igaro ondoren, eta jendeak 300 pezetatik gorako sarrerak ordainduz gero, Julio Iglesias Hoteletan zegoela, baina bere saioa emanen ez zuelako berria eman zen. Jendeak dirua ordaintzeko eskatzen zuen eta ordu luzeak zai eta iskanbila bizian egonik 12 t'erditan zabaldu zen leihatila.

Bi ordu luzeetan zehar emakume talde batek harmadakoekin eraso zuten, ea zergatik ez zitzaien dirua ordaintzen eta zergatik ez zituzten kartzelaratzen Julio Iglesias eta bere entrepresari edo bitartekoa. Harmadakoek berriketan hartzen zituzten esandakoak, Julio Iglesias-ek eztarria izurratua zuela esan baitzuen. Eta entrepresariak dirurik bota nahi ez. Leihatilatan azkeneko orduan bildutako dirua bakarrik zegoen nonbait prest, (75 sarrerarenak) eta hori banatu zuten bi ordu t'erdira, eta zenbait aspertu ta nazkaturik joanak baziren ere, jende aski ordaintzeke geratu zen.

Egoera honen kakoa, dirudienez, ez zegoen Julio Iglesias-en eztarrian, (diru bilketa urrian) 200 sarrera soilki saldu zirelakoan baizik. Polideportiboak dituen milaka exerlekuak (eta sakelak) betetzea pentsatua zuten, noski. Julio Iglesias-ek 325.000-ko kontratak eratzen omen ditu saio bakoitzerako, eta Donostian, Aste Nagusiz, bildu zuten guztia ez zen irixten 200.000 pezetatara, eta jakina, nola abes zezakeen baldintza horietan halako izar diztiratsuak? Eta entrepresariak, ezin ba ordaindu dena, holakotan gastu aski sortu ohi direnez, polideportibokoekin, atezaiekin, laguntzaileekin, t.a.

Urrengo egunean Santanderen zuen saioak ondoren emankorragoak utziko zizkien, noski.

Emakume bat doinu tresnak jasotzeko zegoen furgoian sartu eta ordaindu arte ez zutela deus eramango deadarka ibili zen leihatila zabaldu aurretik.

Harmadakoek esan zutenez ezin zuten deus egin, eta nahi zutenek joatea zuten komisarira salhakuntza formala aurkeztera.

Mitoak, lapur-izan diztiratsuak, legearen babesean, mito eroak eta jende eroagoak mito eroak mantentzen. Euskaldunok ere mitoak sortu beharrez makina bat alditan ibiliak gara. Noiz arte?

Alex


Kantzer-sortzaileak, inguruan

Kantzerra, sozietatearen problema

Gutariko laurden bat kantzerrez hilen da, gaur egunean dagoen osasun giroa hobeagotzen ez bada. Profezia hau izugarria da, baina, tamalez, bide horretatik gabiltza. Arazo honek zientzigizon eta sozietate asko kezkatu ditu, eta arrazoia, kantzerrari buruz oso gutti dakigula da; bai eritasunari buruz eta bai tratatzeko erari buruz. "Kantzer" izenez ezagutzen dugun eritasunak, ehun forma desberdin baino gehiago ditu, bakoitza bere ezaugarri bereziekin. Kantzerra tratatzeko, lau bide nagusi daude:

ZIRUGIA: kantzerra puntu batetan kontzentraturik dagoenean erabil daiteke; baina eritasuna gorputzean hedaturik dagoenean, aplika ezinezkoa da.

IRRADIAZIOA: kantzerra duten ehun organikoak hiltzen dituen terapia, baina ehun sanoak ere hiltzen dituena.

KIMIOTERAPIA: medikamenduz osoturiko tratamendua, baina ondorio txarrak ukan ditzakeena —anemia, diarrea, nauseak...

INMUNOTERAPIA: bakuna bat topatzen saiatzen den tratamendua; oraindik oso gutti erabilia.

Ikusten denez, tratamendu seguru eta onik ez dago, eta ikerketak eritasuna tratatzeko bidetik baino, eritasunaren sorrera bilatzeko bidetik joan dira gehienbat.

Kantzer-sortzaileak

Eritasun honen kausak oso gutti ezagunak dira. Dirudienez, viruek ez dute funtzio nagusirik betetzen kantzerraren sorreran —ikus, ANAITASUNA, 317. zenbakia— baina irradiazioak, eta kimik produktu askok eritasun hau sor dezaketela onharturik dago. Are gehiago, urreak, amiantuak eta plastiko moeta batzuk, kimikoki produktu geldoak izan arren, denbora luzetan ehun organikoekin kontaktuan jarriz gero, kantzerra sor dezakete.

Animaliengan azterketak egin ondoren, hauxe ikusi izan da: beste kimik produktu askoren artean, kantzer-sortzaile aktibitate handiena duten substantziak, zenbait hidrokarburu polizikliko, azo-koloratzaileak eta antibiotikoak direla batez ere; substantzia organikook ez dute egitura kimiko konkreturik: kantzer-sortzaile direnen eta ez direnen arteko diferentzia, oso ttikia dateke. Halaber, zenbait elementu kimiko arriskugarri da, hala nola berilioa, nikela, kromoa, kadmioa —kantzer-sortzaile botere handiena duena— artsenikoa, selenioa, yttrioa....

Kimika eta ingurua

Orain dela 200 urte inguru, tximinia garbitzen ziharduten langileen artean, kantzer moeta baten ugaritasuna nabaritu zen. Hauxe izan zen, kantzerra sortzeko inguruaren eraginaren lehen froga. Gaur egun, jakintsuek bi inguru moeta desberdintzen dituzte:

- mikroingurua, hots, guk geure barnean formatzen dugun ingurua, batez ere janariez, edariez, eta abarrez moldatua.

- makroingurua, hots, gutatik at dagoen guztiaz formatua.

Inguruaren kausaz sor daitezkeen kantzerren kopurua, oso handia da, eta inguru kimikoaren kausaz, kantzer guztien 90 %-raino heltzen da, autore batzuren arauera. Eta, non daude kantzer-sortzaileak?

EGURATSEAN: arnasten dugun aireak substantzia kantzer-sortzaile asko ditu. Ezagunena, tabako kea da.

JANARIETAN: Pertsonak elikatzeko hazten diren animaliak, kantzer-sortzaile diren produktuz gizentzen dira artifizialki. Kontserbetan erabiltzen diren nitritoak oso arriskugarriak dira.

URETAN: Substantzia batzu uretan disolbatzean, arriskugarriagoak bihurtzen dira.

MEDIKAMENDUETAN

ONGARRIETAN

LANLEKUETAN: adibidez, plastiko, kautxu, lehergailu, intsektu-hiltzaileak egiten dituzten industrietan erabiltzen diren dialkilnitrosoamina izeneko konposatuak, arriskugarrienen artean aurkitzen dira.

Kantzer-sortzaileak, nola aurki?

Urtean zehar 30.000 produktu kimiko berri ateratzen dira, eta kantzer-sortzaile diren ala ez jakiteko, horietariko 800 soilik aztertzen dira. Beraz, gaur eguneko mundu hiperindustrializatu honek kantzer-sortzaile diren substantzien analisia ez digu permititzen. Horretaz gain, substantzia batzuk 20 edo 30 urte iragan eta gero kantzerra sortzen dutela pentsatzen badugu, panorama oso larria ikusiko dugu.

Dena dela, aurkitua izan da jadanik kantzerraren eta substantzia askoren arteko erlazioa, nahiz eta kantzerraren kausa oraindik aurkitu ez den. Adibidez, tabakoa erretzen dutenen artean, birika kantzerra arruntago da, erretzen ez dutenen artean baino. Modu berean, ba dirudi, herri okelajaleen artean heste lodiko kantzerrak beste herrietan baino ugariagoak direla. Horrez gain, kantzer guztien 80 %-ren jatorria satsudura da, eta froga bezala, London eta Ingalaterraren kasua aipa dezagun: Azken 20 urteetan egin poluzioaren aurkako burrukaren ondorioz, London-en, biriken kantzerren kopurua jaitsi egin da, eta, alderantziz, axola hori ez duten Ingalaterrako hiri industrializatuetan, igon egin da.

I. Zuazo


Elkar ikuska

Nekazaritzaren programa baten bila Txomin Otamendirekin solasean

Nekazaritza guztiz ahaztuta dugula aitortu beharra dugu eta askorentzat gogorapen erromantiko bat besterik ez du gure baserriak. Baina gure nekazaritzak programa bat behar du eta hortarako Txomin Otamendirengana jo dugu. Berau LANA-ko gerente eta LANKIDE AURREZKI-ko Nekazari sailaren zuzendaria baita. LANA S. Coop.-ek (Leniz eta Aloñako Nekazarien Alkartasuna) bi bazkide mota ditu, bata baserritarrak (260 baserri) eta bestea langile transformatzaileak (100), haiek produzitzen dutena, esnea, egurra, aragia hauek transformatu eta saldu egiten dutelarik.

Bizkaia eta Gipuzkoako nekazaritzaz arituko gara gehien bat:

1) Aratz.— Gipuzkoa eta Bizkaian nekazaritzak jendetzaren % 5-eri ematen dio lana. Baserritarrak guttituko al dira ala oreka bat lotu dugu?

Txomin. Ene ustez gaur egun 0/0 5 baino guttiago izango dira nekazaritzatik bizi direnak. Etorkizunari begira lurgintzan dihardutenak eta beraz baserriak ere guttitu egingo dira, bizitza bezala ez bada bai produzitzeko unitate bezala. Bestalde lanpostu berriak entrepresa komertzial eta abelkuntza eta barazki aldetik etorriko dira.

2) Aratz.— Bi probintzi hauen nekazaritzan abelkuntzak gutti gora behera 3-tik e suposatzen du, lurgintzak 4-tik 1 eta basoak % 10.

Zer derizkiozu abelkuntzari?

Txomin— Guk bi baserri edo entrepresa mota bultzatzen ditugu. Baserri mota A guztiz esnetara dedikatua, bi gizon lanean, 30 Hect. eta 50 buru, frisona edo Santander aldeko arrazakoak.

Baserri mota B gure ustez erdi baserritarrentzat edo abelkuntzatik gainera lurgintzan (barazkiak etab.) ari direnentzat da. Hauk okeletarako gertatu beharko lirateke, behi arraza diferenteak etab.

3) Aratz.— Baina ez litzateke hobe okeletarako ere espezializatzea, Europa mailan ari diren bezala.

Txomin.— Bai horrela da baina hortarako 100 Hect. eta 150 buru behar lirateke. Kontutan hartu behar da lur sail hauk ezinezkoak direla bi probintzi hauetan, beraz oso zaila ikusten dugu entrepresa mota hauk sortzea hemen. Nafarroan eta Araban ba liteke halako entrepresarik sortzea baina hemen ez dut uste. Esnetara iharduteak lan asko eskatzen du, beraz dedikazio guztiko baserritarrek esnetara joten dute, okeletara ordea, ez du lan asko eskatzen baina buru bakoitzeko lur gehiago bai, honegatik baserria konplemento bezala hartzen dutenek okelatara joten dute. Arrazoi honengatik

4) Aratz.— Europatik (Ipar Euskal Herritik) esnea inportatzen dugu eta gainera oso merke. Zergatik?

Txomin.— Hego Euskal Herrian Gaztelan eta Katalunyan baino merkeago produzitzen dugu esnea baina hala eta guztiz ere Europan baino garestiago. Hona hemen zergati batzu:

a) Sanitate arazoa oso gogorra da. Gerra ondoren pertsonetan tuberkulosia zegoen bezala, gure behiek orain daukate eta Europan berriz arazo hauk guztiz konpondurik daude.

b) Ordenazio beharra. Europan baserritar batek lur sail oso handiak erabiltzen ditu nahiz eta erdiak alkilatuak izan.

c) Arraza bereziak. Aspaldi dabiltzela gai honetan, gu berriz hasi berriak gara.

d) Teknika hobeak. Adibidez gure baserrietan ganaduek ukuiluan egiten dute simaurra eta gero baserritarrek solora atera behar abonatzeko. Europan behiak soloetan egoten dira eta bertan botatzen duten beren abonagailua, baserritarren lana erraztuz.

5) Aratz.— Bigarren arloa: lurgintza.

Txomin.— honetarako Nafarroa eta Araba askoz egokiagoak dira. Bizkaia eta Gipuzkoak "productos de primor" deritzaten gaiak gehiago ordaintzen diren bitartean bakarrik dute posibilitaterik. Bizkaian Gipuzkoan baino gehiago joten dute esnetara. Bizkaian ba dira benetako eskualde nekazariak (Markina, Enkartazioak,...) Gipuzkoan berriz baserritar askok fabriketan egiten dute lan eta baserria osagarri bezala joten dute (mota B).

6) Aratz.— Eta azkenik hirugarren arlora, basoetara iritxi gara, eta nola ez ikutu pinadiak. Pinadiek polemika handiak sortzen dituzte. Ba dira zera esaten dutenak, zelaiak pinuak baino 6 bider errentagarriagoak direla, hirugarren aldiz plantatzen denean lurra guztiz pobretuta gelditzen dela eta azkenik pinua ez dela hain errentablea. Zer derizkiozu honi?

Txomin.— Zatika erantzungo dizut. Bata zelaia ala pinua, guztiz bat etorriko nintzateke eman duzun iritzi horrekin abelkuntza behar bezala antolatuta balego, baina gaur egun oso diskutigarria da teoria hori.

Pinuak lurra urritzen duela ez da pinuarena bakarrik, edozein monokultibok daukan akatsa da (horregatik lur sail batetan urte batetan artoa sartzen da eta urrengoan garia edo beste zerbait). Beti gauza bera sartuz gero gai mineral batzuren faltan suertatzen da lurra, pinuen kasuan azidoez gehiegi asetzen da lurra eta horren aurka karea bota behar da. Hau da, soloetan abonoa botatzen den bezala pinadietan ere bota daiteke. Azken kasuan lurraren pobretzea teknikaz eta diruz konpon daiteken arazoa da.

Errentabilitate aldetik oso zaila da erantzutea. Nola kalkulatu hemendik 25 urtetara batuko den gauza baten errentabilitatea? Nork jakin orduko prezioa zein izango den eta bitarteko inflazioa? Pinuen errentabilitatea kalkulatzea.Eta zaila bazaigu, nola hemendik 50 urtetara batuko den beste zuhaitz motena?

Ene ustez Herri Instituzioek jarri beharko lituzkete beste zuhaitz motak.

7) Aratz.— Orain dela 100 urte baserria eta tailerrak oso antzerakoak ziren. Bitartean tailer tiki asko itxi da eta handiak sortu, kapitalizatu egin dira, izugarrizko aurrerapen teknologikoak gertatu dira, estruktura aldatu, komertzial-bideak mundu guztira zabaldu etab. Baserria, ordea, ia lehen bezalakoa da. Zein estruktura hartu beharko luke eta zein oztopo dira handienak?

Txomin.— Galdera zaila benetan erantzuteko. Egin diezaiogun sarrera bat. Garai batetan jendea sobran zegoela, basoetan lurberriak egin eta gaurko baserri sakabanatuak sortu ziren eta honela bere eginbeharra bete zuen baserriak. Gerra ondoren ere janariak eskas zeudenean baserriak balio handia zuen, garai horietan baserri bakoitza mundu ekonomiko tiki bat baitzen.

Lehenengo oztopa lurren eskasia da. Kontutan har jarri ditugun masa kritikoak: 30 Hect. esnetarako 100 Hect. okeletarako. Oso zaila da lursail hauk batzea, finantzazioa ere problema larria da, lantoki bakoitzeko 4-6 milioi behar dira lurrak gainera kontutan hartu gabe (Industria mekanika batetan denetara ez da milioi batetara heltzen). Honelako kopuruak pertsona baten gain uzteko (Kontrol zuzena oso zaila delarik) hauen inplikazioak oso handia izan beharko luke. Langile hauek gure industrietako "arduradun" mailakoak izan behar eta ez peoi hutsak. Esperientzia eredu batetan dihardugu oraintxe.

Konpondu behar diren beste arazo batzu, komertzializazioa, teknik laguntza, serbitzu bereziak (txahalak hazteko etab.) dira.

8) Aratz.— Baina nondik atera daiteke dirua?

Txomin.— Gure kasuan L.K.A.-tik besteetan Entitate Ofizialek lagundu beharko lukete.

9) Aratz.— Nekazaritza teknikaz bete dadin zer eskola ditugu?

Txomin.— Zabalegik "Formazio Profesionala" ematen zuen, baina itxi egin da. Perito Agrikola Iruinean, Inginadore Agrikola, Madrilen eta berria den "Empresario Agrikola" Valladoliden.

Baina txakurra buztanarekin bezala gabiltz, teknologiaren premian gaude baina ikasitako guzti hauk lanik gabe suertatu dira. Industriari begiratzen badiogu lehengo eskola entrepresek sortu zituzten, beren behar konkretuei erantzuteko, hemen ere lehenago entrepresak sortu behar ditugu eta gero entrepresa hauek emango diete lan ikasitakoei.

10) Aratz.— Segurantza Sozial aldetik nola dago baserritarra?

Txomin.— Hontan ere diskriminazioa dago. Nahiz eta lehen baino hobeto egon, farmaziako gastuen erdia besterik ez diete ordaintzen, industriakoei % 80 ordaintzen dietenen bitartean eta I.L.T. (baja dagozenean) ez dute.

11) Aratz.— Zure ustez nolakoa izan behar luke Estatuaren laguntzak?

Txomin.— Estatu guztiak "grupos de presion"-en bitartez mugitzen dira eta euskal baserritarra talde hauetatik guztiz kanpoan gelditzen da. Boletinean agertzen diren laguntza guztietatik bat ere ez da guretzat. Guk ez dugu limosnarik eskatzen, protekzionismoa ere ez, gure estrukturatzearen aldeko ekintzak baizik. Hona hemen batzu:

- Ordenazioa: Gaurko anarkia moztuko luketen aldekoa naiz. Hau da, lurrak kalifikatu zertarako balio duten eta adibidez, ez utz pinua sartzen batek edo batek lur horik zelaetarako erabili nahi baditu, etab.

- Laguntza finanziero eta fiskala.

- Produkzioari primak. Guk prezio desberdinak ordaintzen ditugu kantitatearen araueran. Honela batasunera eta estruktura errazionalagora bultzatzen ditugu baserritarrak.

Ederki Txomin, esker beroak eman beharrean gaude eta geure aldetik segi gogor, bide onetik zabiltzalakoan gaude eta.

ARATZ


Munduan barrena

Irlanda

Soziologia

Irlanda Errepublikak hiru milioi buru kontatzen du. 46 % hirietan, gainerakoa probintzian.

Irlandar gizartea herritasun edo etnia bateko, baina ama-hizkuntza bitako jendez osaturik dago: irlandera ta ingles hiztunez.

 Inglesa, hizkuntza "kolonial" gisa, ofizialki bigarren rangoan ezarrita dago, titulu mailan. Praksian bera da nagusi ofizialki ere, eta bera da irlandar gehienen ama-hizkuntza: 2'26 milioi irlandesek ingles bakarrik daki, hots, guzietan 73 %.

 Irlandera, nazio hizkuntza bezala, Errepublikako lehen hizkuntza ofiziala da, titulu mailan. Irlandera dakitenak 27 % dira dato ofizialen arabera, hots, 716 mila guzitara.

Jakitea ez da erabiltzea: irlandera jakin dakiten guziek ez dute erabiltzen beren zereginetan, harremanetan. Dakitenak 716 mila baldin badira, garbitasunik ez dago hauetan zenbaitek egiten duten irlandera soil, zenbaitek ingles eta irlandera; zenbaitek etxetik irlandera bakarrik, ala irlandera ta ingles etxetik dakizkien, lehen hizkuntza irlandera delarik halare; zenbaitek alderantziz, lehen hizkuntza ingles duen, baina irlandera ere etxetik dakiela; eta zenbaitek etxetik ingles bakarrik jakin eta irlandera eskoletan ikasi duen.

 Etxean irlandera bakarrik ikasi dutenak eta beren bizitzan irlandera korriente darabiltenak (ingles jakin arren), 40 ta 70 mila artean kalkulatzen da.

Gurasoengandik biak ikasi dituztenak, eta, beraz, irlandera ama-hizkuntza dutenak, bakarra ez izan arren, 450 mila inguru.

Etxetik ez jakin arren gero ikasi dutenak, 200 mila inguru omen dira, irlanderaren jakile.

Datuok ez dira inolaz ere seguruak. Autoreen artean oso dato ezberdinak aurkitzen dira. Erdi inguru bat atera dut, batez ere Harold Haarmannen azterketaz baliatuaz.

Eguneroko zeregin eta harremanetan inglesa da zeharo nagusi, irlandera jakin badakitenentzat ere. Irlandera nagusiki darabiltenak, erabili, goiko 40-70 mila haiek dirateke apika.

Inglesek asimilazio politika oso gogorra eraman zuten Irlandan, XIX-gn mendean bereziki. Mende honen bigarren erdian, lautatik batek bakarrik zekien irlandera; edo-ta, zerabilen behintzat irlandera eguneroko zereginetan, jakin, gehiagok ere jakin arren.

Askatasunaren inguruko giroan, irlandera gora ta behera ibili da, orain geldiro-geldiro gorantz doala:

1.926: 544 mila zekitenak

1.936: 667 mila zekitenak

1.946: 589 mila zekitenak

1.961: 716 mila zekitenak

Irlandar gizartearen tankeragatik, jakin zenbaitek dakien ez da errepresentatibo hizkuntzaren zinezko indarra ta bizitasuna ezagutzeko. Irlandera uhartetan bizi da, inglesaren erdian sakabanaturik eta dialektotan zatiturik, edo-ta kosta baxter pobreenetan. Jenderik apalenek eta eskolatuenek dakite, jakin; baina apalenek bakarrik erabili.

Probintziotan egiten da irlanderarik: Leinster (275 mila), Munster (229 mila), Connacht (149 mila), Ulster (64 mila). Hiri haunditxoetan, dakienik egon arren, ez da irlanderarik egiten.

Hizkuntza

Irlandera hizkuntza uharte-keltikoen sail goidelikoan sartzen da. Indogermanikoa, beraz.

1.- Haro hauk ezagutzen zaizkio: arkaikoa: VI-gn mendetik VIII-gneraino. Irlandera zaharra: VIII-gn mendetik X-gneraino. Irlandera erdikoa: X-gn mendetik XIII-gneraino. Irlandera berri klasikoa: XIII-gn mendetik XVIII-gneraino. Irlandera berria: XVIII-gn mendeaz gero.

2.- Irlandera modernoak bi dialekto haundi du, eta dialekto haundi bakoitza subdialekto gehiagotan partitzen da. Dialekto nagusiak Iparraldekoa ta Hegoaldekoa dira.

Iparraldekoa (edo Ulsterrera), Donegal, Mayo ta Gahvayen egiten da.

Hegoaldekoa (edo Munsterrera), Kerry, Cork eta Waterforden egiten da.

3.- Irlandera batua edo literatur irlandera: orain dialektotan zatituriko irlanderak literatur hizkuntza batua izan du lehenago. Partikularismo politiko guzien gainetik, literatura aes dána klasearen esku egon da: "Artisten eta eskolatuen estatua" deritzan horrek, batez ere konbentuetan, aspal-aspaldidanik irlandera batua landu du.

Inglesek menperatuaz gero dialektotan apurtzen da irlandera.

XIX-gn mendean hizkuntzaren aldeko mogimendua hasten da (Gaelic League),

Batasunaz batera, problema haundi bat garbitasunarena izan da. Ingles hitz asko sartu da irlanderan. 1.920 aldera ikaragarrizko erreazio purista radikala sortzen da (islanderak berdin jokatzen du Islandian). Handik harako neologismo hanitz du irlanderak orain.

J.A.


Munduan barrena

Noizdanikoa dugu gizona?

Arrunki uste zen, Australopithekoa zela gizonaren lehenagokoa. Aitaitona, esaterako. Gizon antzeko ta tximu antzeko, bien bitarteko gizaki bat izan zen Australopithekoa. Tximu-kristau polita, gure arbasoa.

Leakeyk beste teoria bat agertu du. Gizonaren aitaso-arbasoa soil Homo izena emango diogun beste bat izan bide zen seguruenik. Eta Homo hau Pekin-gizakiaren senidetsu zatekeen, itxura duenez. Beraz, kontu hau egin genezake. Homo eta Australopithekoa, jatorri ber-batekoak ziren, alde banatara desarroilatuak ordea. Australopithekoa duela milioi bat urte suntsitu egin zen, ez dakigula zergatik. Leakeyk uste duenez, bi milioi urtez Australopithekoa ta Homo elkarren parean bizi izanak genituzke. Elkarren gisakoak, giza itxurakoak, denbora berekoak (elkarren hauzoko, denboraz nahiz tankeraz, bi milioi urtez). Bi gizakera ezberdin, halare. Duela milioi bat urte inguru, Australopithekoa lurraren gainetik galdu zen, segimenik utzi gabe. Homo-k, aldiz, bizirik eta eboluzionatuaz, aldatuaz, segitu zuen bere bidean.

Antzeko gizakiok elkarren parean, baina ezberdin izaki, esistitzeak, esplika lezake, agian, zergatik pregizakien eboluzio katean forma guzien kate eraztunak aurkitzea inposible den. Zergatik daduzkagun elkarrekin eratzen ez diren pregizakeraren formak. Ez direlako eboluzio batctako formak, izaki diferente birenak baizik. Beraz, ez zegoen kate bat bilatu da. Katea Homo-ren lerroan bakarrik bilatu beharko da aurrerantzean, hortakoz, Australopithekoarena aldameneko desarroilotzat joaz.

Richard Leakeyren idorokundeak diferenteak dira. Lehena, bi buru-hezur oso eta hezur iliako (koksal) bat, 2'5 edo 3 milioi inguru urtedunak, batik-bat. Hezurron inguruan sortu da espanturik eta haizerik. Ohi zen baino gutienez milioi bat urte lehenago hasten bait dute gizonaren historia. Gainera, ez da ikusten hezurrok Homo sapiens-en aurretiazko tankerekin inon elkar daitezkeenik Aldameneko desarroiloa Leakeyren Homo hori ez ote da, Australopithekoa barik? Zalantzarik bada, beraz.

Dena dela, Leakeyk beste idorokunde bat ere egin du, eta Pekin-gizakiaren antz-antzekoa hura. Pekin-gizakia arraza mongolikoen aitzindaritzat jotzen ohi da. Milioi erdi bat urte eman ohi zaio. Leakeyk, ordea, antz-antzeko buru-hezur bat aurkitu du Kenian, nabariki radio kontroletan gutienez 1'5 milioi urte botatzen dituena. Esaten zen baino milioi urte gehiago. Eta Leakeyk ez du uste hain antzeko bi gizaki garai arras diferentetan ibiliak izan daitezkeenik. Bateratsu ibili izan direla, pentsatu beharko litzateke. Pekin-gizakiari ere milioi urte ta erdi inguru aitortu beharko litzaioteke, hortakoz. Bestenaz, Leakeyren susmoak indartzera Johansonen idorokundeak etorri dira. Donald Johanson hau Clevelandeko Museo natur-historikoaren artezkari da eta, Etiopian aurkitu duen hezur mordo batetatik, esku oso bat berreratu ahal izan du. Esku honek, berriz, baditu gutienez 3, seguruenik 3'5 milioi urte. Esku honen jabea tente zebilen, zutik. Hau da, ez zebilen lau hankan, oinen eta hatz-koskorren gainean, tximu asko bezala. Gainera, esku honek tresnak prestatzeko gai dirudi, duen tankeragatik. Tente zebilen eta tresnak landu zitzakeen pregizakiak, hortakoz, duela 3'5 milioi urte?

Adan geroz eta zaharrago egiten ari zaigu. Poetak esan zuena: Aspaldi hartan/ mirakulu hura gertatu zen/ gizaldien harrigarri". Eta Adanek:

bere lur maitatu hartan barrena

beste behin abiatuz

bere aurrean

mundu berri baten argia

sumatu zuen;

LAZKANO MENDIZABAL


Munduan barrena

111 Nerudaren amodiozko karta

Neruda haunditasun bat da. Beraz, sorpresa haundi bat eramaten dugu, haren amodiozko karta pila bat aurkitu ta argitara dela, jakiten dugunean. Urre mehatze bat aurkitu dela, iruditzen zaigu.

Neruda hil zenean, munduko poetarik haundienetakoa hil zen. Txilek izan duen poeta haundiena. Gaztelaniaz orain zegoen seguru asko haundiena. Eta gobernu faxista kriminal batek berak, azkeneko orduak ozpindu ondoren, poetaren adiskideak afusilatu ondoren, hiru eguneko dolua agindu zuen poetaren ohorez. Neruda hil zenean, Nerudaren edozer huskeria inportante iruditzen zitzaigun. Haunditasun bat da. Nerudaren zapatak ere beneratuko genituen.

Tristagarri da, bat haundi denean, haunditasuna ta huskeriak berezten ahazten dugula.

111 Nerudaren amodiozko karta eskuratzen denean, batek zerbait espero du. Poeta haundiaren sekreto berri bat agian. Mila aurpegi zuenaren aurpegi berri bat.

Emakumeak Nerudaren poesian duen garrantzia, denok bait dakigu. Dena da emakume: Amerika, Txile, bizitza. Dena da enamoratu bat Neruda. Baina 111 Nerudaren amodiozko karta-ok ez digute deus berririk argitzen..

Hauxe bakarrik: ez genekien emakume izen bat. Biografietan bazterrera gelditu zen bat. Edo, hobeto: bagenekien emakume —txapel grisez— baten izena ta deitura. Poeta haundia izango zen mutikoak munduan beste hamar eta hogei milak bezalakoxe karta hutsalak idazten zituela. Maitemindu guzien kartak. Beste dena, haurtzaroa Temucon, estudiante tunante urteak Santiagon, eta abar, poesiek hobeto agertu digute. Kartaok ez diote ezer erasten poesiari.

Maite zuela, mutikoak. Oso maite zuela. Triste ta pozez zebilela. Erreguka ta mehatxuka. Gozo-gozo ta zakar. Kontsul gazteak neska hori esposatu nahi zuela. Beno, eta zer. Albertina Rosa, izenik gabe txapel grisez poesian dabilena da. Egiazko Albertina Rosa hura bakarrik da berriz ere. Mari argi, Maria ilun. Beste hau, karta guzion hartzailea ta jasotzailea, alferrikako pertsona bat da Nerudaren obran. Zer zapata numero jazten zuen ere ez dakigu, eta zer? Orain Albertinaren izena badakigu, eta zer?

Cada dia Matilde:... guardas el sol, la sombra, las violetas / en tu pequeña sombra cuando duermes. Horra emakumea. Izena, nota bat soil melodian. Haunditasuna, ttipitasuna. Poeta, haundi. Eta Nerudaren korbata kolekzioa erretrato albuma, eta abar zakurraren haizea. Mutiko gaztearen kartak.

Bat hasarretu egiten da honelako profanazio batekin. Utz ditzatela ttipitasunak ttipi, mesedez. Haunditasunik ez profanatu. Profanazioa bait da kalendario bat ateratzea maitasun haundiari. Iragandako urteak eta alferrikako izenak.

Gregorio Baldatika


Munduan barrena

Art brut

ART BRUT: hau da, ARTISTA EROAK eta ARTISTEN EROKERIAK. Azkenean Lausanan kokatu da, Parisek nahi ez ta, Dubuffeten bilduma. Esan dezagun bilduma, Dubuffetek ez du entzun nahi ta, museo denik: eskizofrenikoen eta burutik eginen arte bilduma. Jean Dubuffetek, pintore ezaguna bera, ART BRUT deritza arte horri.

Aspaldian ezaguna da, haro modernoan artistek berek ART BRUT omen delako horri zioten estimazioa. Berak ere sarri baliatu izan dira eta gogorik aprobetxatu dituzte buru gaisuon espresio formak. Arte modernoaren psikografiak eta psikoanalisiak sarri egin nahi izan dira. Ezer garbirik ateratzen ez bada, psikologia indibidualak aurkitu nahi izaten direlako, da. Arte moderno guziaren fenomeno bat, ordea, ezin esplika liteke bakoitzaren psikologia indibidualetik. Artista moderno asko burutik-gaiso-simulante izan dira. Burutik gaisoarena eginez ibili dira. Erokerietan. Azkenean sano ta ero arteko muga-mugan aurkitu bada, berak probokaturiko situazioak menderatzen duelako, da. Artista hori gogara ta nahita sartu da martirioan. Kreaziorako medio bat zuen hori. Berak behartu du gizartea bera martirizatzera. Eta apropos egin du hori. Gizartea etsai behar zuen, kultur iraultza egiteko, bere artea subersibo bihurtzeko, antiarte ta antikultura. Zeharo ta guziz bere kontra zegoen gizarte bat sortu du lehenengo, gero, haren kontra, bere kreazio pertsonala libertate guziz eta konbentzioen loturarik gabe hedatzeko, gizarte horri kontzesiorik egin gabe batere. Forma artistiko bati bizikera bat dagokio aurretik.

Artista asko hain estrafalario bada, bere esplikazioa du horrek. Eta esplikazioa ez da apeta, gutiago komerzialitatea. Alegia, Salvador Daliren estrabagantziari askotan ez zaio ikusten beste arrazoirik, bere burua komerzializatzea baino. Aitor liteke hori. Baina artista gehienak ez dira Salvador Dali, bere buruaren Propaganda Ministro. Gehienen estrabagantziak ez dira mainak. Libertatearen tresnak dira. Kreazio artistikoak nortasun osoa errebindikatzen du oso-osorik. Artistak harrapatuta sentitzen du bere burua. Gizarteak poseituta. Ohituren kaiolan sartuta. Kaiola goxoa da hori. Eta kaiola krudel bihurtu beharra dago.

Artistek estrabagantziara ta erokerietara jotzea, arte moderno guziaren konstantea da. Lan kreatzaileak eskatzen duen liberazioa espresatzen du. Liberazio hori ez da estrabagantziaz bakarrik lortzen ahal. Diziplina gogorrez lortzen dute beste batzuek. Berdin, guri. Liberaziorik behar ere ez duena, ordea, burutik gaisoa da. Berez dago liberatuta, mundu honek beregandik kanpora botea utzi du ta. Burutik gaisoa mundu honen kanpotik, beste aldetik, ari da. Arrazoizkoaren harunzkaldetik. Hortik haren inportantzia paradigmatikoa arte moderno guzian.

Besterik ere badago, kreazio senaren liberazioaz, barrendiko presio hartaz besterik. Rousseau pintorea baino lehenago Rousseau filosofoa izan zen. Gizon modernoak naturaltasunean sinesten du. Beraz, kreazio espontanean, berenezkoan, arauek lotu gabekoan, bera bere arauen kreatzailean. Artista grekoek eta baino gehiago inspiratzen du oraindarra, adibidez, Hego Ameriketako arte prekolonbinoak. Zuzeneanago sartzen zaigu bihotzera. Eta haurren, laborarien, psikopaten pintura modan jarri da, espresio natural eta espontanezko arte gisa. Arte naivoa. Teknizismoek lotu gabekoa. Barnearen jarioa. Arte izan nahi ez duen artea, akademizismorik ezagutzen ez duena. Antigoaleko keramika. Batere espontan ez den gizarte artifizial honetan, espontan eta natural izateko, gizarteak maitekiro jantzi dizkigun morala, konbentzioak, estetika, urra-urratu beharra dago, biluz-biluz gelditu arte, kreazio espontan eta librerako. Horrek denak, ordea, psikologia indibidualak ausarki ta franko gainditzen ditu.

Burutik gaisoen artea ere, ez da arte izan dadin egindakoa, barnearen espresio bezala soil egin eta arte gertatu dena baizik. Hortan ere artista moderno gehienek bilatzen dutena eskaintzen digute.

Zaila gertatzen da mugak ezartzea, non hasten diren artisten erokeriak eta non artista eroak.

Nonahi egon mugak, Dubuffetek mugaren alde bietan ibili nahi izan du. Surrealismotik dator Dubuffet, orain 75 urteduna. Beraz, abila dugu erokeria zuhurrak egiten, orijinalkeriak esibitzen, komeriak simulatzen. Baina bera izan da, zorrotz, ikusiaz edo igarriaz eta Bretonen laguntzaz, burutik gaisoen obrak biltzen sistimatikoki ahalegindu den lehenengoa. Berak egin, asmatu ahal guziak egin ditu, gizarte honen estantea desegiteko, anarkia estetikoa praktikatzeko, egokitasun orori burla egiteko. Baina Dubuffet ongi ohartu da, burutik gaisoak eta beren obrak direla, gizarte honen konbentzioetatik benetan kanpora dabiltzanak eta akademizismo guziak benetan hausten dituztenak, hautsi ere egiten ez dituztelakoxe hain zuzen, jaramonik egiten ez dietelako batere alegia. Obra horiek biltzen ibili zaigu Dubuffet joan den hogeitamar urte honetan. Berebiziko lana. Eta inork egin zezakeen baino hobeto egina. Halare, bere bilduma Paris hiriari eskaini zionean, Parisek ez zuen hartu nahi erregalia. Lausanak hartu duenean bakarrik agertu da Paris erregalian interesatuta. Berandu. Lausanak eraman du Dubuffeten bilduma.

Betiko historia berrirotu da. Arte molde bat ez da onartua, museo haundi baten babesa irabazi arte. Irabazitakoan, konsekraturik dago.

Berrogei "artista" ingururen obrak erakusten dira. Dubuffeten beraren obra gaisoenetik aparte dago, bere salan. Autore bakoitzaren informazioa bere obra aldamenean: sorrera, bizitza, gaitz psikiko, internazioa noiz eta non, gaitzaren desarroiloa. Honez gero gauzaok Dubuffetek eta behinolako surrealistek eta espresionistek itxaro zuten kultur iraultzarik proboka ote lezaketen, oso dudagarri da. Dudarik ez, halare, beste gizon bat dokumentatzen duela bilduma honek. Badagoela beste mundu bat munduan.

GREGORIO BALDATIKA


Irudimenaren txokoa

Euskararen alde

Zer egin euskara zabaltzeko? Txoko honetan irakurlearen proposamenak agertuko dira. Irakurle guztiak gonbidatzen ditugu, beren eritzia labur-labur ematera.

Elkargoak

Hainbeste elkarte dago Euskal Herrietan: mendigoizale, txistulari, orfeoi, kirolzale, dantzari, gastronomiko ta beste. Gehiegi kostako ote litzateke, elkarkideei astean bi ordu eskaintzea euskara ikasteko?

Euskal Herriko Alderdiek dirua manejatzen dute, entusiasmorik badarabilte, jenderik inguratzen dute: alderditarrak euskara ikasteko animatzea, diru piska bat hortarako jartzea ta eskolak eskaintzea, gauza konkretoago litzateke, beren buruak Euskadiren oso aldeko aitortzea baino.

Elizak ere baditu Elkargoak. Eta euskarazko klaserik eman dezakeen inork baino jende gehiago. Apez eta fraile denak eskola ematera.

Abogadu ta Midiku kolejioen estatutoek aspaldian euskara jakitea esijitu behar zuten, gutienez euskal herrietan ari direnentzat. Kolejio hauk tribunaleak sortu behar dituzte, bezeroen kejak estudiatzeko ta Elkarkideak errudun direnean, Abogadu ala Midiku, kastigatzeko.

Nire ofizioa: Estudiante.

Haurrak eta neskak

Lehenago asko esaten genuen, euskara salbatzeko, haurrak eta neskak irabazi beharra zegoela. Haurren irabazteko lan asko egin da. Nesken irabazteko ia deus ez, eta geroz gutiago,

Neskak ez dira talde bat, mutilak ez dira talde bat, beren eginkizun jakinengatik haurrak talde soziologiko bat diren eran. Zaila da jakiten, neskei nolako aukerak eskaini, interesa daitezen. Neskek berek asmatu beharko dute, neskaren motibazioak berek ezagutzen dituzte ta.

Haurrengatik asko egiten da ta gehiago egin liteke. Udan erdal giroko haurrak eta euskal girokoak nahastuz, esate baterako. Uda Koloniak sortu behar dira. Oraingo beste horiek hartu, lehenengo. Gobernuak pagaturik. Beste Gobernu batek.

Eskursioak eta egiteko zentral bat sortu behar da. Ikastolek eskursiorik antolatu behar dutenean, askoz errazago da: Zentralari deitu ta Zentralak jarriko dizkie autobusak. Baita gida bat ere laguntzaile. Adibidez, haurrak Arantzazura edo Leirera joaten badira, gida horrek euskal historiaren ikuspegitik esplikatuko dizkie haurrei gauzak.

Nire ofizioa: fraile erretiratua.


Errobi

Ipar Euskal Herriko hibaien garbitasun berberaz, ur gozagarri eta biziz heldu zaigu disko hau.

Musika moeta gazte, euskal kantarietan estilo berria plazaratuz. Moldakuntza musikalei erabat egoki deritzegu. A. Duhalde eta M. Ducan herkideek osoturiko bikoteak, ba du alde batetik Iparraldeko bikoteen kutsua; baina bestetik, haiengandik urrundu egiten da, sonoritate berezi eta bikaina lortuz.

Hitzak Daniel Landart-enak dira. Euskal Herriaren —eta prezeski Iparraldearen— problemak agertzen dizkigu poetikoki baina gordinki:

Aitarik ez dut

Ama hiltzen ari.

Haurrideak aldiz

Bakoitza bereari...

Horrela diskoa batasun, kontzientziatze eta egintzetarako deia bihurtzen da:

Atzar hadi!

Atzar hadi!

Ene Euskaldun haurride.

Hitz guttitan: musika, gazte eta eder; hitzak, hunkigarri eta pentsaerazle. Benetan gustatu zaidan diskoa.

Ramon Garai


Liburu berriak

"UHAINERI NAUSI (1.958-1.971)"

X. Iratzeder-en olerkiak

"NOR DA HOR"

R. Muskarditz-en erranak

"Ezkila"-k argitaraturik

Euskal Herriko astekari ta berriketari gehienak irakurtzen ditudalarik, ez dut uste bihi batek, dakidala, aipatu dituela "Ezkila" Belokeko argitaldariak agertu dituen bi liburu berriak: X. Iratzeder-en laugarren olerki sorta eta R. Muskarditz Belokeko atezain humilaren erranak. Aipaldi bat hartze dute, bada, batak ala besteak.

1. Iratzeder-en olerkiak

Ba du laster berrogei urte, Uztaritzeko ikastetxean genbiltzalarik, olerkari berri bat sortzen ikusi nuela: Orduan Gernika sugarretan zen, Aitzol eta Lauaxeta hilak zizkiguten, eta, ipar-aldean, Lafitte, Oxobi Lhande, Jauregiberri, Mathieu eta holako euskaltzale bakar batzuz beste jauneria guztiak, beren frantses Politikak itsuturik, euskal-abertzaleen belzten eta ehorzten ari ziren. Ybarnegaray eta bere iduriko artzain makurren ondotik, jende xehea ixilik zegoen. Gazte soil batzu ba ginen halere, hegoaldeko haurrideen alde mintzatzera ausartatzen ginenak. Bakar hauetarik bat genuen Ganix Diharce Donibane-Lohitzuneko gure laguna. Orduan zitzaigun hasi, Piarres Lafitte gure irakaslearen laguntzarekin bere euskara apurra aberasten eta lantzen. Bere eta gure Herrimina abestu beharrez egin zitzaigun laster olerkari. "Iratzeder" izenarekin, "Le Courrier" Baionako kazetan agertu zituen bere lehen poemak, geroztik "Pindar eta Lano"-k bildu dituenak.

Beste behin Gandiaga batek abestu digun abestia: "Kezkatzen bait nau herstutzeraino neure Herriaren zoriak....", kantatu digu beraz egundainotik gure lapurtar olerkariak. Baina bere Herrimina sekulan baztertu gabe, beste solasik ere ba darabil Iratzederrek bere olerkietan. Bere lanari esker, hegoaldeko uhain berria gertarengatik itotzera zihoan orduan, jarraipen bat eman dio euskal poemagintzari: Geroxeago etorriko dira J. Mirande eta S. Mitxelena, bainan historiari buruz, Iratzeder izanen dugu, dirudienez, 40-60 tarte horretako ararteko eta ber denboran ipar eta hegoaldearen lokarri.

Bestalde, ararteko eta lokarri bizi dugu Iratzeder. Erran nahi dut ez duela bakarrik asaben kutxa zaindu eta begiratu ilobek balia zezaten, baina berak duela ere aiten alorra irauli eta ondu.

Nola liteke, bada, ezagutu dugun gazte kartsu, bipil, bihurria Euskaltzain ohoragarri eta Abade nagusi bilaka? Ez ote dio bide horretan burjes ideologiari amor eman eta elizkeriari? Goazen ikustera.

Egia erran, ordu haietan ez genekien elizkeriarik zenentz ere, eta ideologiak zer ziren, ez zen ikasten oraino gure ikastegietan. Ohartuak ginen halere, ez zirela elizgizon guztiak ebanjelio hutsetik ari. Ba genekien ere erran hutsalak heldu direla askotan egitate ilunen edergarri.

Dena dela, Iratzeder-en olerki sail luzeari begirada bat ematen badiozu "Pindar eta Lano" — "Zeru menditik" eta orai "Uhaineri Nausi", ohartuko zara gaztaroko hildo berari jarraikitzen zaiola gaurko poeta.

Olerki horietan ba dira batzu, zuk eta nik gogotik sal genitzakeenak: konplimenduzko olerkiak, literatura guztietan aurkitzen direnak bizkitartean: Montevideo-ko desherrian Mendiaga hazpandarrak egin ahi zuen bezala, donibandar bertsolariak ere, "kantuz" eman dizkigu Belokeko Zeru-menditik bere haurride eta adiskideen berriak. Aldi honetan aipatzen dizkigu, beraz, Philippe Veyriren heriotzea, Lafitte jaun apezaren kalonje sartzea, Aitatxiren urte betetzea, eta holako...

Ba ditu ere liburu berriak, urrun eta barnago doazen bertsoak, poetaren muinetako kezkak agertzen eta argitzen dizkigutenak:

"Fraide sartzean, seruletzean

nere ustez nihortua,

Bota nituen uhain artean

bai bihotza bai burua.

Uhainez uhain eman naiz eman

Jainkoaren itsasoan.

Nintzan nihauri eginez uko,

nahi-t-ez naiz norbait egin.

Orduan berriz bakeratzeko,

zer borrokak uhainekin!" (p. 5)

Alderdi asko izan ditzake bihotz-gogoen gudu dorpe horrek: hala nola Beloke bera, hainbeste euskaldunentzat egun ilunetako ihesleku eta aterbe izan dena, Iratzeder-i bere bihotz eta bizi guztia hartu dion etxea, ba daki gure poeta euskaldunak ez dela Beloke sekula izan "soilki euskalduna" (p. 52). Ez menturaz, Iratzeder bera horko Abade eginen dutenean ere.

Funtsean historia bera gertatzen zaiguke Elizaren barrenean fededun askori. Eta maiz etorri zaigu ezpainetarat Abade poetaren galdea:

"Erdal jendeak zergatik ote,

Hek Jainko-seme egin ditezke

Erdaraz hariz gu suntsi arte?

Euskal semeak zergatik ote,

Jainko-semetu ezin ditezke

Euskaraz badute elgar maite?

Nahiz eliza-legeak diosesaren eskupeari kentzen dion Belokeko etxea, erran nezake, Belokeko Abadearen oihu horrek salbatzen duela Baionako eliza elkor eta motelaren ohorea.

Baionan aitormen horren ondotik neure adiskideari nola zaion beraz "nausitu uhaineri" galdetzen badiot ba dakit erantzuna zer izanen den:

"Hortan dut nik nere mina

Hortan nere ezina:

Zu maitatu nahi Jauna,

Eta Zurekin....dena" (p. 85)

Ederki errana, adiskidea, bainan zuhaurk diozun bezala

"Maita-bidea non aurki,

maiz bihotzak ez daki." (p. 85)

Zuk zurea aurkitu duzu eta horrela diozu:

"Bizi hau, zinez diot nik,

hastekoa gaur balitz,

Belokeraino iganik,

has nezake gaur berritz". (p. 86)

Asko burtzoratzen dituen mende honen erdian horrelako aitormena emaitea, zerbait ba da, baina."bihotza beren asmuz hurbil-hurbilena daukatenetan da maiz handienik mina. (p. 77) Onhar ezazu, beraz, otoi adiskidea, zuk aintzinekoengandik hartu duzun bidea, ez dela menturaz maita-bide bakarra.

Hor nonbait aipatzen dira Karlisten gerratik etorri ihesliarrak, harmadatik lekora, saldoka komentura sartzen zirenak. Gaurko aberzale gazteek ez omen dute, fraideen bakea gozatzeko gogorik: gaurko Migel-Mari ainitzek gudua dute ezartzen bakea baino lehen, ekintza nahiago otoitza baino, hots askatasuna maiteago anaitasuna baino. Horik oro ikusten ditu Iratzeder-ek, baina ez onesten. Iduri luke, haren arauera ez dela salbabide bat baizik Belokeko atezainak, Rafael Muskarditz zenak, duela 35 urte berari zabaldu zion bidea.

2. R. Muskarditz-en erranak

Hain xuxen, Iratzeder-en olerkiekin batean eskuratzen ditugu R. Muskarditz zenaren erranak, Iratzeder-ek berak bilduak.

Hain xuxen ere, bigarren liburu berri honek argitan ematen dizkigu Iratzeder-ek ederresten duen eta gaurko gazte askok baztertzen duten otoitzezko, ixiltasunezko eta anaitasunezko "zerule" bizi haren itzal eta lainoak.

Gauza ederra da, eta beharra, otoitza; bai eta ere ixiltasuna. Baina Belokeko atezain maitagarria hauxe erraiten entzuten dugularik: "Hala beharretik ez da eskapurik... kuraie beraz guzieri..." (p. 86) ba gaude Euskaldun edo Mahometar "fededun" handien fatalismoa baino, ez ote den hobe gaurko gazteen ekintza-sukarra.

Gaurko politika gauza nahasia da. Baina "Zerumendin" ala zen hura ere, ez ote zen guztiz laburra, prediku-aulkietarik entzuten genuenaren arauera irakurtzen dugularik, "gerra handia" hasten denean "Batzuek diote iraunen duela oraino ainitz denbora (gerla hunek), nahiz nehork ez dakien haur. Dena dela gauza klara da, haur Jainko onaren gaztigu bat dela, eta ontsa merezitua oraino"? (p. 62).

Ez da gaur gazterik, abertzaletasunak den gutiena kutsatu duenik, beste solas hau, fedearen izenean, onhartuko duenik: "Egin dezagun ainitz otoitz gure Jainko onari eta Andre Dena Mariari holako makurretik ("framazon", "judu", "protestant" eta holako etsaien eskuetan bozkatzen ondorioz erortzetik) Frantzia gaixoa izan dadin urrundua..." (p. 62)

Ageri da, bestalde, Anaidiaren barrenean horrenbeste aipatzen den Anaitasun horrek, motz dituela hegalak: Erlijioaren etsaietarat ez da heltzen. Gehiago dema. fraideen etxekoek berek laguntza apurra hartzen ohi dute behar-orduetan anaiaren solas onetarik, berdin "etxe piltzar batean" daudelarik, Belokeko adiskide handi den Andere "handi" baten kontu.

Funtsean "Handien" eta "Ttipien" arteko parabola hori gogoratzearekin, adiskide Iratzeder bezala, Marx-en itzalak lotsatzen dituen neure adineko lagunei nahi nieke erran, Anai Rafael-en egunetarat nahi dutenentz itzuli. Bere nagusiak ederki baliatzen duen etxezainari behar ote genioke erran: "Nahi nuke urtatsez joan ziten zure emaztearekin,... urte onaren desiratzerat, oilasko pollit bat eskainiz.... Ez duzue deus galduko. Enetzat ere arras ona da" (p. 123). Eta nagusi on horrek hitzik ez baitaki euskararik, ez haren andreak, ez haren haurrek, etxezainaren suhiak frantsesa mintzatzen duelakotz, idatziko diogu: "Zuk baitazkitzu jende handiaren manerak eta ongi mintzatzen baituzu frantsesa, arras kontent naiz" (p. 124).

Ez gaitezke beraz harri, hari berari lotuz, Anai Rafael-ek beste iloba bati erraten badio: "Segurki sehi egon ditekenak ongi egiten du sehi egoitea. Egungo egunean haur da moienik (biderik) hoberena diruaren egiteko" (p. 110). Ez da ez holako gogoarekin Askatasuna gehiegi maitatzeko perilik, bainan ez ere Diruaren nausigoa garaitzeko menturarik.

Ba dauka, egia erran, R. Muskarditz eta X. Iratzeder-en liburuak beste gozorik: Belokeko haizpetan Anai Luis edo Anai Joanes gurutzatu dituztenentzat, zer zoriona ez den haien begitarte arraia berriz aurkitzea! Aiherrako gainetan edo Isturitzeko bazterretan ba daukate beren grazia Salaberriko-Bordak, Maiarteak eta Xelaittoak, Beltzuntzeko jauregiak bezain segur. Baina Belokeko hilerri baketsuan, Anai Rafaelen ondoan azken loaren hartzerat jiteko zoriona izan duten euskaldun anaien lerro luzea kurritzen dudalarik, gogoratzen zait nahitaez, beste guztien sail luzeagoa, mundu zabalaren bazter guztietan barreiaturik lurpetu diren euskal semeen saila. Belokeko lehen Abadeak uste bazuen ere, liburu honek aipu duen predikuaren arauera, "diru gosez" eta "zorion egarriz" doazela soilik euskal semeak desherrirat, gaurko Abadeak ba dakite hori ez dela egia. Eta orduan Euskal Herrian, ezinbizia eta beharra garaitzeko, otoitza behar da eta bakea baina bai ekintza eta gudua ere.

Piarres Xarritton

Montreal-en 76-07-05

P. S. Solas hau bururatzean eskuratzen ditut Pariseko adiskide baten bertso hauk: Doazela hemen, Iratzeder-enekin parekatzeko.

Guduko bidea

Bista makur, hatsa labur,

banoha bizian,

jende azkar, hende haundi,

ororen eskuan.

"Habil harat!... Haugi hunat!..."

Nik orori baietz

"Esker, Jauna, esker-mila!..."

Ikasi bezala.

Amak zion: "Obedi-zak....

Uko munduari...

Izan ixil... Izan humil..."

Ta zer dut ikusi?...

Aho haundi, ontsa bezti,

bainan itsu, elkor,

denen buru, denen nausi

ta mundua gaizki.

Ahantzi dut amaren,

ahantzi dut nausien

erakaspen hura.

Hartu dut neure,

hartu dut besten

guduko bidea.

XAN


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Gurutzegrama


Urrezko astabelarriak

Zientzi ikasleentzako, kalabazak

Oraingoan Lejoan dagoen Zientzi Fakultatetik datorkigu sail honetarako materialea. Eta ez da harritzekoa, zeren baserriz inguraturik dagoen Fakultate honen inguruan, hainbat asto egon behar baitu.

Ohitura berri eta egokia hartzen ari dira bertako ikasleak, iragarkiak bi hizkuntzaz idatzirik jartzen dituztelarik. Dena dela, beste egunean harriturik geratu nintzen. Hara! Horrelako kasuetan euskarazko aldea irakurtzeko ohitura dudanez, irakurtzen hasi nintzen eta... HAUNDI BATZARRA irakurri nuen. Ez da niretzat izanen —pentsatu nuen lehendabizi— ni ttikia bainaiz. Baina erreakzionatu ondoren, eta hain arrazistak izanen ez zirelakoan, haundientzako batzarrea (haundi-batzarrea) gabe BATZARRE HANDIA edo eta laburkiago esanik asanblada izan zitekeela pentsatu nuen. Eta horrela zen, gero erdal itzulpenean irakurri ukan nuenez. Beste oker batzu ere ba zeuden, baina ez hain maila handitakoak.

Beraz, hamabostaldi honetako astabelarriak hori idatzi dutenei bidaltzen dizkiet, ongi merezirik dituztela uste baitut. Eta bide batez, goserik pasa ez dezaten, kalabaza bana ere bai, nahiz eta beharbada horrelakoak ezagunegiak dituzten. Ez horregatik!