ANAITASUNA

1976.EKO URRIAREN 1EKOA

325. ZENBAKIA

25 PTA.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4167449


[AZALA]

EZ DUTE IKUSI NAHI


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4. Tantaka

5-10. Herria Zutik

11-13. Amnistia burruka

14-15. Hego Euskal Herriko profesionalak

16. ELA, Jalgi Hadi plazara

17-20. Nekazari politika

21-23. Elkar Ikuska

24-29. Alemaniako Lanteskundeak

30. Erlijioa

31-33. Loentxotik Petronorrera

34. Zapaburu birbiztua

J.M. Zabala Hondarribian erhana. Bihotz azpian bala zuloa. Bala bizkarretik sartu zioten. Tiro asko ematen zaio Euskal Herriari bizkarretik.

Argazki hau GARAIAkoek bidalia da.


Editoriala

Ez dute nahi

Euskal Herriak hartu duen bideari tinko jarraitzen dio. Zerbait nahi duenean ba daki mila eratara adierazten. Egun honetan argi frogatu du ba duela biderik bere ukaezineko beharrak kaleratzeko.

Ba da herriaren inguruan zenbait pertsona entzun gogor eta itsu. Ba dago Zabalaren erahilketaren ondorengo herriaren zutitzea extremista batzuren gauza izan zela dioenik. Eta extremisten gauza bezala gogor zapaldua behar zuela izan, herriak, "gehiengo isilak" bakea nahi dukenez.

27an, Franco Generalaren azken bost erahilien orhoitzaz (berezi Txiki eta Otaegiren orhottzaz) eta amnistiaren aldeko greba orokorra, manifestatzeak, etab, gutti eta esker puntako batzuren ekintza izan omen da. Ondorioz zapaltzeko ahal den neurri guztiak jarri behar dira, "gehiengo isil eta baketan" horren izenean.

Herriko plaza gehienetan, milaka gazte eta adineko euskal kantariak nahiz bertsolariak entzuteko biltzen denean, gogoz eta eztarriak ahal adina ohiuka dihardu: "Zer eskatzen du herriak? Amnistia! Askatasuna!". Milaka "gutti" eta "extremista".

Gauzak argitzeko ordua da. Ikus eta entzun zer dioen herriak. Herri isila (hainbat urte isildua!) ez dakusagu gaur hain isil. Aspertu da bere ordez beti berak hitz egiteaz. Langileak berak izan nahi du bere burrukaren nagusi. Euskal Herriak berak izan nahi du bere etorkizunaren nagusi.

Entzun eta ikusi nahi duenak ikus eta entzun beza. Baina, amnistia lortu arte ez dakuzagu bakerik Euskal Herrian.


Tantaka

Axular, liburu denda berria

Sarako erretore eta idazle fama-tuenaren izenaz, liburudenda berri bat zabaldu da Bilbon: AXULAR.

Liburu, paper, eskulanetarako gaiak eta jostailu pedagogikoak saltzen ditu.

Avda. Zumalakarregi kaleko 32an dago, Begoña ondo-ondoan. Telefonoa: 4230792. A! eta jakina, euskara ondo dakite.

Galeusca, gaur

E.S.B.k antolatua, Irailaren 26ean, prentsa, aurreko mahai inguru bat egin zen. Mahai inguru honetara Partido Galego Social Demócrata eta Partit Socialista de Catalunyako ordezkari batzu etorri ziren. Galeusca (Galicia-Euskadi-Catalunya) projektua birbiztu behar dela esan zuten mahaikoek, nazio hauetako benetako abertzale indarren lan eta asmoak batuaz. K.A.S.en izate eta etorkizuna zalantzan jarri ondoren, E.S.B.koek P.N.V.ko burokrazia jarri zuten antolaketa unitario bat Euskal Herrian lortzeko oztopo handiena bezala. Galeusca birbizteko oztopo handiena Euskal Herrian oraindik antolaketa batzaile baten falta da, galegoek eta katalanek esan zutenez. "Euskadi gabe Galeuscak ez du zentzunik".

Txistularien elkartea foruen alde

Irailaren 2an egindako bileran, Txistularien Elkarteak, bere 3.600 bazkiden izenean, Foruen aldeko eskabidea Gobernuari bidaltzea erabaki du.

Foruen aldeko eskabideak, ugari doaz Gobernura. Berdin Amnistia osoaren aldekoak. Eskabideak bai, baina erantzunik ez. Ba dirudi "dialogo de sordos" bat dagoela Gobernu eta Herriaren artean. Noiz arte horrela?

Urriarekin PINPILINPAUXA telesaioa berriz hasiko da agertzen Entzun dugunez, Leire eta Eneko, udaldia oporretan eman ondoren, udazkenean euskal haurrekin egoteko prest daude berriro.

Euskal Hiztegi modernoa inprimatzen ari

X. Kintanaren zuzendaritzapean irakasle talde batek egindako euskal hiztegi modernoa (euskara-espainiera/espainiera-euskara) jadanik bukatua da eta une honetan inprimatzen ari da. Euskara batuan egindako hiztegi hau hitz tekniko eta zientifiko ugariz hornitua da eta Durangoko azokarako kalean egotea nahi lukete egileek.

Ba zen garaia, mutilok!

Errioxako langileek J.M. Zabalari meza bat eskaini

Irailaren 16an, arratseko zortzi t'erdietan, Logronion, meza bat eskaini den Hondarribian hildako J.M. Zabala gaztearen alde.

Elizkizun hori, aita karmeldarren parrokian egina, Errioxako langileek agindua zen, eta aski bildu ziren bertara.

Langileriaren nazioartekotasuni eta solidaritatea espainol Estatuaren maila hain zalantzakor berragertu den honetan ere, eskertzekoa izan da, noski, errioxarrek egindako pausoa.

PNV-ren kongresua ote?

Gure artera heldutako zurrumurrua da PNVk laster, bere kongresu; eratzeko asmoa duela. Horren bidez Partiduaren oraingo linea eta erakuntza erabakiko lirateke. Dirudienez PNV-ren batzarre hau, partiduko eskuin punttakoen beldurrez aspaldidanik ari da atzeratzen, ondorioz jendartean gero eta ideologi nahaste handiagoa sortuz.

Telegrama bat

Euskal Herriko abokatu talde batek telegrama argi eta gogor bat bidali zion Justizi Ministroan Irailaren 18an. Nafarroako: Zabaleta eta Mata; Abrisketa, Ibarra eta Barandiaran bizkaitarrak, Arabako: Añua eta Gipuzkoako: Bandres eta Barrenetxeak.

Burgoseko gartzelako zuzendariak presondegi reglamentuari egiten dion interpretazio mugatua salhatzen dute funtzionarioen probokazio gainera. Jasaldi hauk direla gose grebaren iturri esan ondoren, zuzendariaren suspensioa eta presoen zigorrak ken araztea eskatzen dute.


Euskal Herrian

Euskal Herria zutik Basaurin

Euskal Herrian Zabalaren erahilketaren ondorio eta erantzun gisan gertatu denaren irudi, Basaurin gertatua kontsidera genezake.

Zabala 9an hil zuten. 10ean Bandas aldean langileak biltzen hasten dira, eta zenbait kaleratu ere bai. Baina asamblada hauetan argi gelditzen da astelehenean (13an) greba orokorra egin behar dela, eta alderdi politiko bakoitzak bere aldeko deia egiten du.

13an, goizetik, lantegi bakoitzak eginen du bere asanblada, "Coordinadora de Fábricas" delakoak zuzendurik "Coordinadora" honek fama aski hartu zuen Gasteizeko erahilketan ondoren (Basaurin ere beste bat hil zutenean), baina harez gero ez zuen deus ere egin, eta bere errepresentapena zalantzan jarria zuen zenbait langilek.

Hamaiketarako herri batzarrea egitea erabaki zen. Batzarre hauk kontzientzia eta batasun sortzailea jatorrak izan ziren lehen aipatu egunetan Oraingoan, haseratik funtsezko bikoiztasuna nabari zen burrukaren planteamenduan.

a) "Zabala", "Amnistia" eskatuz hil duten langile bat da; beraz gure erantzunak langile mailakoa izan behar du. (Coordinadora de Fábricas).

b) "Zabala", "Amnistia" eta "Pertur, askatu" eskatzen diharduela hil dute, beraz, ekintza nazional politiko batetan. Ondorioz, gure erantzunak ere nazionala behar du izan" (langile abertzale batzuk).

Une honetan iniziatiba osoa Coordinadorak darama, "Coordinadora Abertzale Sozialista de barrios y pueblos" delakoa ofizialki kaleratu gabe dagoenez.

Asanblada ondoren manifestazio bat egitea erabakitzen da, Zabalaren erahilketan herri erantzun bezala. Manifestazio honetan 10.000 pertsonak hartu omen zuen parte. Oso gogorra izan zen. Bost zauritu, balaz edo golpez. Hautariko bat, Oyos, Santanderren jaioa bera, balkoian begira zegoela.

"Coordinadora de fabricas" bildurik zegoela, arratsaldean, herrian beste asanblada bat muntatzen da. Hemen iniziatiba oso osoa abertzalena da. Abertzale hauek hemen irakurtzen dute beren lehen manifestua burrukaren nazional zentzua garbi azalduz. P.T.eko batek ere hitz egiten du, bere talde politikoaren konsignak disimulorik gabe agertuz.

Bitartean, C.F.ekoak batzarretik herrira (herritik kanpo samarrean bait zeuden) iristean, lan erabakia ("no se puede continuar la huelga") hankaz gora doakie, herrian dagoen burruka ikustean. lzan ere, herri osoak barrikada dirudi, egurra edonun, denda-kristalak hautsiak etab. Poliziak gomazko bala eta pelota ugari botatzen du, gasak eta kea bezala. Muniziarik ezean, harri tiraka ere ikusten da poliziarik. Zaurituak ugari dira.

C.F.ekoek ez dute bilera erabakiaren berri ematen, ganoragabetasuna argi bait dakusate.

Asteartean, 14ean, goizetik, beldur giro batetan, beste batzarre bat egiten da. Jende guti (2.000 inguru). C.F.ek bere indar eta onhartzen du, eta abertzaleak bigarren manifestazioa irakurtzen dute. Lehengoa baino politizatuagoa da.

Beldurrak eta bezperako giroak eraginda, asanblada ondoren barrikadak muntatzeari ematen dio jendeak. Baina poliziak ez du parte hartzen.

Hau ikusiz Ayuntamentura abiatzen dira 300.bat lagun, alkate eta konzejalei dimisioa eskatu asmoz. Batzarre gelara sartu fortzatu egin nahi dute egoera, dimisioraino iritxi daitezen.

Ekintza honi buruz ere eztabaida gorria sortzen da. Abertzaleak beste guztiei ulertarazi nahi diete ez dela komeni alkateak dimititzerik, benetan herriaren alde jokatzen ari delako urte hauetan. Nolabait, gogoz edo arrazoiak bultzatuta, alkatea bere lekuan uzten dute.

Arratsaldean beste herri-asanblada nagusi bat egiten da 10.000 mila pertsona. Haseratik PSOE eta UGTeko militante ezagun batek kritika gogorrak egiten dizkie abertzaleei, burrukaren politizazioagatik.

Abertzaleek erantzun gisan, benetako errepresentatibitatea luken Koordinadora baten beharra; klase sindikato bakar bat Euskal Herrian; Euskadirentzako askatasun nazional eta soziala; Amnistia orokorra; Euskal Gobernu Probisional bat, erabakian Euskadin hartuz eta ez Madrilen; Euskadiko boterea euskal langilegoaren eskutan; elebitasun ofiziala maila guztitan.

Politizatzeari bagagozkio, gauza jakina da C.F. politizatua dagoela, eraman duen jokoa alderdi konkretu batzuren menpeko izan dela.

Asanblada ondoren abertzaleak ikurrin bat hartu eta herrietxe aldera abiatzen dira "Presoak kalera", "Iturbe, Zabalo, Larrea, Artetxe etxera" (preso dauden Basauriko lau semeak). "Eusko Gudariak" abesten dute martxoan hil zutenaren etxean. Aurrera jarraituz, Ayuntamentuko balkoian ikurrina jartzen dute, gero herri osoak prozesioa egin dezan.

13an, asanblada legal bat (Gobernadoreak eman zuen baimena) zegoen. Mikrofonotik parte hartzen duten batzu, inoiz burrukan edo asanbladatan ikusi gabeak ziren.

Politizazio guztiak kondenatzen dira ("No se aproveche la asamblea para fines politicos") mahaitik.

Bere martxan normalki zihoan, sendagile batek, lantegi ttiki batetako neska batek, etab. Baina abertzaleen ordezkaria irakurtzen hastean, norbaitek argi indarra kendu zuen, mikrofonez baliatzerik izan ez zezan. Jendea adi adi zegoen, ikusten zuenaz harriturik. C.F.ekoak, konpontzeko ezer ere egin gabe (partaide ote ziren, ba?), zutitu eta alde egiten hasten dira.

Asanblada erdian botazio bat egina zen Gobernadorearen kondizioa beteko zen ala ez, hau da, manifestaziorik ez egitea. Manifestaziorik ez egitea erabaki zen.

Baina orain, joku "desleal eta zikin" hau ikusiz, abertzaleak ikurrina hartu eta kalez kale abiatzen dira "Sukursalistak kanpora" ohiukatuz.

Asanblada honetan irakurri nahi izan zutei laugarren manifestazioa, gehien bat, KASen alternatibaren presentazio bat omen zen, borroka honetarako baliozko alternatiba bakarra bezala.

Benetan adierazgarri zenbait talde demokratikok", heuren burruka gainditua ikusten dutenean erabiltzen duten sistima. Alde batetik guztia omen politika, heurena, aldiz, langileen erabaki hutsa.

A. Errota


Euskal Herrian

Victoriano Luzuriaga-reneko langileen agiria herri eritziari

Pasaiako V. Luzuriaga-ko langileok, irailaren 9ko goizaldean jasan ditugun gertaerak direla eta, langile ordezkarien batzordea, gainontzeko langile guztiekin, ondoko agiri hau argitaratu beharrean aurkitzen da:

Hondarribian, hilaren 8ko gertaerek eraginik, goizeko 10etan izandako Biltzarrean, V. Luzuriaga-ko langileok, biharamuna bitarteko lan uztea erabaki genuen, heriotze bat eta zenbait zaurtu sortu zituen poliziaren joeraz protesta egin nahirik. Era berean, aipatu gertaerei buruzko kexa agertzearren, Pasaiako herrian zehar baketsu, ordenan eta isilki manifestatzea erabaki genuen.

Pasaiako beste entrepresetako langileak ere bildu zituen manifestazio honek, eta beronen azkenean polizia agertu zen manifestazio gelerazirik, eta megafonoz sakabana gintezen agindu zigutenean entrepresa aldera erretiratu ginen. Une honetantxe izan zen poliziek porrez jotzen hasi zirena, kolpeak, karrerak etab., zenbait polizia lantegiko almazenetara sartzeraino.

Sartzerakoan bertan, gomazko bolak disparatu zituzten, almazeneko burdinazko containerrak berak ere makaturik.

Agresioari, langileek burdinazko pieza ttikiak jaurtikiz erantzun zioten. Poliziak, berriz, benetazko balez disparo batzu egin zituen, JOSE MURUA gure lankideari, almazeneko atea hersterakoan, hiru bat metrotara, ister ezkerra zulatu zion zauria eginik.

Poliziaren joera arbuiagarria eta konpreni ezinezkoa agertu nahi dugu, langileek sakabanatzeko agindua beterik (ez baitzen gure joera inola ere probokagarria izan), lantegira azkenik itzultzen ari ziren lankideen kontra basatiki eraso baitzuen.

Gertaeron aurrean, etorkizun demokratiko eta zuzenagoaren bila ari diren langileen nahiaren errepresiorako harmen erabiltzea gaitzetsi besterik ezin dugu, gutiagorik gabe.

Pasaian, 1976 eta irailaren 10ean.

V. LUZURIAGA-KO LANGILEAK


Euskal Herrian

Donostian

Irailak 9, osteguna

Donostiako jendeak irakiten jartzen dira Verdeek beste mutil bat tiroka garbitu dutela Ondarribiako manifestazio batetan, eta, gauerako manifestazio ixil handi bat gorpuzten da alde zaharretik Avenidaruntz, grisak azaldu eta karraxika jaso dituzten talde partituak golpeka ta zartaka sakabanatu arte.

Irailak 10, ostirala

Manifestazioak geroz eta gogorragoak dira, jendeak ordena hindarrei deadarka eta barrikadak jasotzen hasten dira, ta taldeak golpaturik itotzen dira.

Irailak 11, larunbata

Larunbateko berririk garrantzitsuena Ayuntamenduaren PLENOA zegoelata, hauzo elkarteetakoek, t. a. agertu ginen. Donostian ohiturik gauzkan ayuntamenduarentzat izateko erabaki trebeak ziren. Plenoa jasotzerakoan, emakume batek EPE, plazo bat eskatu zuen, bainan, plenokoak jaiki eta ohi gisa iges egin ziguten jendearen, 400 bat, protesta ta txistu artean. Gehienbat bertan gelditu ginen, eta zenbaitzuek alkatearengana igo ziren herriko batzorde batekin gutxienik hitzegitera prestatu zitezen. Alkate jaunak amor eman zuen, eta periodista batzuek eskatuta, berehala jatxi zen jendartera beste 4-5 kontzejalekin, elkarhizketa bati ekiteko prest.

Batzarrea, moderatzailearen zintzarri ta guzti, mementu bero hartan nahiko gogorra ta zaila gertatu zen. Iritzi desberdin eta berdintsuak eman baziren ere, Herria hitzez aspertuta zegoela aipatzen zen eta epe laburrak eskatzen, batez ere, ordena hindarrekoei egiazko alto bat eman ahal izateko. Eta Lasa Jaunak eta Otazuk goi esferatara jotzera zoaztela esanik ere, Herriaren benetako ordezkari ta zaintzaile izateko gauza ez direlakoan, behin eta berriz, "dimisioa" ohiukatzen zitzaion Ayuntamenduari. Aurretik (Etxeberria jauna, t. a. partikularki), eta Agote jaunak guztion aurrean dimisioa presentatu zuen, txalo artean.

Gauzak horrela, Boulevarden eta Victoria Eugeniako Zinema Festival ingurunean manifestazioa hasia zen, eta harmadakoen tiroak entzun bezain laister, Boulevardera gurekin jeistera eskatu zitzaien alkate ta kontzejalei, harmadakoei aurpegia eman eta kontuak eskatu ahal izateko, eta horrelaxe, taldearen buruan aurreratu ziren Boulevard barrena Lasa ta Otazu jauna, beste bi kontzejal atzera xamar zihoaztelarik, baina, taldeko batzuek alkatea ta harmadako kapitaina elkarhizketan jartzerakoan, harmadako beste talde batek buruan zihoan talde osoari erasi zion porraz zartaka eta pilotazko gomaz tiroka, hauen artean Otazu prokuradorea aurkitzen zelarik. Mementoan zenbait erresidentzira eta "Cuarto de Socorro"ra eramanik izan ziren.

Irailak 12, igandea

Estropadak, eta etengabeko euri zaparrada egun osoan. Donostia guztia, periferiako hauzoak ezik, armada taldez jozia arkitzen zen. Aurreko igandean, estropadak ondoren manifestazio latza zabaldu zen Alderdi Eder eta erdi inguruan, "Pertur Askatu" ta "Presoak Kalera" karraxika.

Bainan, oraingoan, jendea alde zaharrera biltzen da, eta egundoko manifestazioa eratzen Ikurrina buruan dela. Beste deiadarren artean eta "Eusko gudariak" abestuz gero, "Fascistas vosotros sois los terroristas", "Gobernador al Paredon", t. a. milaka eztarritan, alde zahar osoak dantzatzen zuela. Bitartean Kostituzioko enparantzan estropadako sariak eman ziren, eta lehiotik Pedrenakoek Kopa agertzean, txistuka ta berriketarako gogorik gabe erantzuten die jendeak. Gero, Ayuntamendukoek enparantzako espainiar banderak kentzerakoan jendearen txalo artean, jendetza gehiago inguratu zen. Donostiakoa kentzean, berriz, jendeak txistuka eraso zuen, luto gisa bazen ere. Ondoren, gazte batzuek lazo beltzarekiko ikurrina bat hartu eta lehio nagusitik zintzilik ezarri zuten, txalo ta goraka artean.

Laurak aldera, ordea, jendea erretiratuta gero, harmadakoek ikurrina kendu ta enparantza erdian su ematen diote, hau periodikuek ekarri ez badute ere.

Arratsaldez, ikurrinaren errahutsak bildurik beste ikurrin batetan eta aterki baten pean igarotzen du ordu luzetan enparantza erdian, jendeen begirapen ikusgarri beltzean.

Gaueko 9-etan eman zen harmadakoen makurkeriaren erantzuna, eta espainiar bandera bati su ematen zaio guztion aurrean, txalo tartean eta beste bat hautsi ere egiten da zatiak lurrean zanpatuaz eta ikurrina garaitsu eraikitzen delarik.

Hamarrak aldera, ordea, taldetxo bat gelditzen zela, harmadakoen autobus eta jeep talde ikusgarria sartzen da alde zaharrera zirristu guztietarik porraz egurka ta tiroka bizian. Balkoietan zintzilik zeude ehundaka lazo beltzetako izerei tiroka erasotzen die, etxebizitzatakoei tinbre ta ate joka, zenbaitzuk iskanbila gorri hartan pijametan kaleratuz, eta halatsu jarraitu zuten tiroak eta gomazko pelotak goizeko ordubiak arte eta lazo beltz oro lehioetatik erretira zituzten arte.

Irailak 13, astelehena

Berehala itotzen dituzte eguerdialdean Gros eta Easo enparantzetan eratu ziren manifestazioak.

Halere, hauzo elkarteek arratsaldeko 7-tako antolaturiko hiletak izan ziren eguneko ekintza nagusia. Buen Pastoreko Eleiza Nagusia eta bere atari zelaia gainezka elizkizun denboran, harmadakoek inguraturik aurkitu arren.

Elizkizunaren ondoren jendetza multzo ikusgarria zabaldu zen katedraletik Avenidaraino bere luze eta zabalera osoan, autobus pare bat, jende tartean, ugarte txiki bailiran, igitzeke geldituz harmadakoek metraleta ta fusilak eskuan manifestazio ixila erdibitu eta sakabanatzen hasi arte. Handik aurrerakoak, gordinagoak ziren, bai gazte taldeen deiadarrak bai harmadakoen kolpe eta tiroak, barrikada eta guzti.

Bederatzirak jota, S. Martin-Fuenterrabia tartean harmadako konpainia batek, 16 bat urtetako gazte bat kolpeka lurrera bota, eta lepotik heldurik "Viva España" eta "Viva el Rey" zenbait aldiz esatera bortxatu zuten. Beste hainbesteko sikolojizko experientzia lortu zuten hiru gizonezko haziekin ere gauza berak ohiukatzera, lepotik heldurik, behartuz.

Bestalde, astelehenako HUELGA edo Greba guztiz orokorra gertatu zen Donostian eta Donostialdean, bai industria, lantoki, bankuetxe, eta baita komertzio ta merkatalgo guztia ere, restaurant eta taberna oro itxita geratu baiziren. Baita ere polizi-lagun edo polizi kliente bezala ezagunak diren tabernak ere. Garbi dago langile borroka ta herri borroka, geroz eta helduago eta gogorragoa dela, Euskal Herrian behintzat.

ALEX


Euskal Herrian

Baztandarren Biltzarrea. Saietseko berrittoek

- Mundu guztiak zeraman ikurrina ttipi bat bular parean. Moduko eranskailuak ibili zen banatzen P.N.V.ko jendea. Elizondon sartu guztiei eransten zioten hautariko bat. Baina nabaritzen zen moldaketa ttipi bat egiten ziola jende gehienak eranskailu honi, zeren, soil ikusten zen ikurrina atorretan itsatsia, izenperik gabe, eta berez, honen azpian lerrokada zuri batetan, "Partido Nacionalista Vasco — Eusko Alderdi Jeltzale" behar zuen ukan idatzirik, eta honelakorik gutiren bularrean ikus zitekeen. Beheko lerro zuri hori kentzea, bere ezaugarriekin eta guzti, ez zen P.N.V.-koen ezpainetako eztigarri izanen. Horrela da euskal mundua.

- Entzun dugunez, mahaitik jeiki eta alde egin zuen Iruritako alkateak. Ikurrinen azalpenak eta oihu politikoak ziratekeen errudun honen abieran.

- Hirurogei ta hamaseigarren mahaian gizon ezagun bat zegoen eserita. Nafarroako "Hoja de lunes" ek ere ekarri du bere izena. Juan Ajuriagerra dugu hau. Adinak honi ere ez dio barkatzen.

- Eskuin muturreko gerrilleroek erakutsi zuten beren adarra. Kristo Erregeren Gerrilleroek eta ATE-k mehatxuak bidali zituzten, eta denak Elizondo bertan mataseilatuak. Biltzarrearen herri bazkaria prestatzekiko sukaldean ere, bonba bat jarria zeukatela dei egin zuten telefonoz. Antolatzaileek ez zieten kasorik egin. Beraz, egunoroko ohiturak, zer egin erakusten du.

- Hara zer esan omen zion E.K.A.ko buru den bati adinezko euskaldun nazionalista batek. "Zuek bide guzietako baztarrak euskaldun erahilez zenituztenok, zuek Euskadiz mintzatzen zarete? Lepoa moztea merezi zenukete". Jaun hori, txunditurik, barne eragin da gelditu omen zen, eta bere kideko bate deituz, gai hau nola edo hala konpondu behar zela esan zion. "Hauek ez digute gerrakoa sekulan barkatuko" omen zion.


Euskal Herrian

Amnistia burruka

Irailaren azken astea ere burruka aste bat izan dugu Euskal Herrian. Bakoitzak mila esperientzi izan ditu burruka egun hauetan. Guk bizitako jasaldiak hemen laburrez idaztera behartuak gaude.

Manifestazio bat Bilbon

Irailak 23,osteguna:

Arratsaldeko zazpi t'erditan, Bilboko jesuiten elizan, Txiki Otaegi eta orain dela urte bat fusilatuak izan ziren oroimenean funeral bat egin zen.

Gran Vía inguruan dagoen eliza prekontziliar honetan bostehunen bat lagun bildu ziren. Jende gutti izan zen, elizkizun honen esannahia ez baitzen asko zabaldu.

Elizkizuna amaitzerakoan gazte batek paper bat irakurri izan zuen, baina meza honetara egunero joaten diren beatu eta beatek ixil erazi zuten eta organistak akorde zaratatsuenak bere tresnari atera ere bai.

Kalera irtetean, bostehun lagunek beren pausoak Zabalburu plazarantz zuzendu zituzten, esloganak aizera botataz: "Pertur askatu", "Irailaren 27an, greba orokorra", "Amnistia orokorra" "Errepresio indarrak ezereztu" etab.

Zabalburu plaza atzean utzi ondoren eta Gregorio Balparda kalearen lehen metroak egitean betiko poliziak ageri ziren. Lasterketak, oihuak, iskanbila. Hantxe amaitu zen aste mugitu honen lehen protesta agerpena.

Hamalau erakunde

Hamalau erakunde politikok gertatutako burruka-eguna guztiz jarraitua izan zen joan den Irailaren 27an. Nahiz eta egun honetako burruka aste batzu lehenago hasi, Ostirale gauean izan zuen bere lehen garrantzizko gertakizuna: San Anton elizan antolatu hertsaldia izan zen, gose greba batez osotua. Lehen unetan ehun lagun izan arren, hertsaldia amaitzean laurehunen bat izan ziren. San Antonen hertsitakoak gero Basauriko manifestaldira joan ziren.

Basauriko manifestazioa

Bi mila lagun izan ziren Basaurin Irailaren 26ean egindako manifestazioan. Igande honetako eguerdiko ordu batetan San Pedro elizan hertsirik zeuden lagunek eta San Anton, Errekaldeberri eta beste elizetan gaua igaro zutenek, beste herritatik etorritakoekin batetan, Basauriko kartzela helbidetzat zuen manifestazioari ekin zioten. Amnistia orokorra, Perturren askatasuna, 27rako greba orokorra egitea eta gure herriaren askatasuna izan ziren manifestazioan egindako eskakizunek nagusienak. Manifestazio aurretik bi ikurrin zihoazten, Txiki eta Otaegiren argazkiekin batera. San Pedro elizaren teilatuan ere, burdinezko gurutze batetan lotuta, ikurrin bat egon zen egun osoan.

Manifestariak Ariz deritzaion zubiraino heldu ziren. Toki honetatik goardia zibilen indar ugariak ikusten ziren urrutian, gartzelaren ingurutan. Zubia igaro gabe manifestazioa hamar minututan han geldirik eta konsignak oihukatuz eta "Eusko Gudariak" guttienez lau aldiz kantatuz egon zen. Goardien indar ugariak ikus ondoren, manifestazioaren gidariek gauza onena erabaki zuten: zubia ez pasatzea eta egindako bidea gorantz berregin, San Pedro elizan, ikurrinari kanta ondoren, manifestazioa bukatzeko.

Bide guztian ez zen polizia agertu, nahizeta une batetan jende multzo batek lasterkada bat egin, norbaitek engainaturik. Manifestazioak bere bidean geldi une bat egin zuen, Basauriko Anton Ferrer gaztea erori zen tokian.

Irailak 27, astelehena

Egun honetako greba orokorra izan zela esatea ez da gehiegi, bai lantegi eta bai merkategi mailetan. Nahiz eta Bilboko hori erdian dendak beren ateak ireki jendea ez zen kalera jetxi eta negozio txarra egin zuten denda hauek. Bilboko hauzunetan, berriz, geldiketa jenerala egin zen eta Otxarkoagan, Errekalden, Santutxun eta beste toki askotan asanbladak eta manifestazioak egin ziren, barrikadaz polizien lana zail bihurtuz.

Ezker aldean tensio handia ezagutu zen. Beste egunetan autobus, kamioi eta autoz beteak ikusten diren bide nagusiak hutsik zeuden, Bilbo eta ezker aldearen artean dabiltzen autobusak ez baitzuten zerbiziorik egin. Trenak ere hutsik heltzen zirei geltokitara. Ezker aldetik astelehen horretan ibiltzea udako oporraldietako igande batetan ibiltzea bezala zen. Bilbon ere kaleak hutsik ikusten ziren. Ezker aldeko herrietan goardi multzoek lan asko izan zuten eta lasterkadak eta tiroak maiz izan ziren egun osoan.

Arratsaldeko zortzietan, Bilboko diputazio aurrean, manifestari talde batzu (mila inguru) batu ziren. Polizi indarrak izugarrizkoak izatean, manifestariak alderdi hartako kaleetatik zabaldu ziren, Henao kale aldera batez ere. Kale honetan suzko barrikada bat egin zuten eta poliziak egur ugari eman zuen, gomazko balak asko erabiliaz. Gaueko hamarretan Bilboko kaleak bakardade osoan zeuden.

Agiria

Mahai inguru batez, burruka-egun honen hamalau talde politiko izenpetzaileek ageri bat eman zuten gaueko hamaiketan. Hara agiri honen ideiak:

- Hamalau taldeok burruka-egun honek bere helburuak bete dituela jakin arazi nahi dugu.

- Nahiz eta amnistiaren arerioek —"La Gaceta del Norte" eta RTVE batez ere— beren difamazio kanpainak egin eta Gobernuak berriemateari oztopoak jarri, Euskal Herriak burruka egun honen zentzua ezagutu, ulertu eta berea egin du.

- Irailaren 27koa greba orokorrena izan da: bostehun mila langilek egin dute greba, dendak beren ateak hertsi dituzte eta asanbladak eta manifestazioak ugari izan dira. Euskal Herriak bere amnistia orokor baten nahia mila eratara jakin arazi du.

- Nahiz eta egun honek zituen helburu urbilak bete, helburu nagusiak bete arte (presoen askatzea, atzerriratuen bihurtzea, langile kaleratuen berhartzea) Euskal Herriak eta bere talde politikoek burruka giroa gero eta gehiago indartuko dute, amnistia orokorra lortu arte. Indar demokratiko guztiei beren laguntza eskatzen diete hamalau talde hauek. Izenpetzaileak: EKA, Euskadiko PSP, PTE, ORT, Euskadiko MC, Euskadiko PC, Eusko Sozialistak, KAS (ETAp-m, EHAS, LAIA, LAB, LAK), LC, LCR-ETAVI, OICE, PSOE, PCU, ANV.

Agiri hau irakur ondoren prentsakoek beren galderak egin zizkieten talde politikoen ordezkariei. Gure aldetik bi galdera egin genituen: zergaitik talde politiko batzuek, nahiz eta burruka egun honen garrantzia teorikoki onhartu, lehenagoko astean langileen greba luzatuz, langile hauk "erre". Bigarren galderan partidu estatalistak estatu mailan burruka egun honetaz egindako lan ahulaz hitzegitea nahi izan genuen. Lehen galderan erantzunaz, estatalista partidu baten ordezkariak hauxe esan zigun: egia zela partidu batzuk eraman duten langileria "erretze" hori eta hau iraultza esperientzi txikia dutelako egin dutela. Estatu mailan, berriz, ordezkari honek estatalista partidoak lan polita egin dutela zion, nahiz eta estatuko beste alderdi batzutan gure arazoetaz kontzientzi guti izan.

K.A.S.en ordezkariak, bere aldetik, estatalistek burruka-egun hau ez indartzearen iturria honetan finkatu zuen: estatalistek amnistia orokorra askatasun oso baten fruitu bat bezala ikusten dute, abertzaleek amnistia orokorra premisa bat bezala jartzen duten bitartean. Ezberdintasun honek garrantzi haundia du burruka-projektoak egite orduan.


Euskal Herrian

Bizkaiko "Coordinadora de fábricas"

Bizkaiko Koordinadora, batzarre nagusian baturik, eta bere baitan berrehun mila langileen errepresentapena 286 delegatutan oinharriturik; bestalde, 101 lantokitako, eta Basauri, Durango, Zornotza, Konstruzioa eta Errekalde-Irala Koordinadora delegatuak izanik eta Bizkaiko egunkariak Koordinadora hau desprestigiatu nahiean agertu dituzten informazioak direla eta zera esan nahi dugu:

1) Koordinadora honek ez duela Bizkaiko langileriak lantokietako asanbladatan hilaren 27rako erabaki zen Greba orokorra berea egitea baino egin, honako arrazoi haugatik.

a- Ammistia denontzat (laborala eta politikoa)

b- Duela urtebete egin genuen protesta gaurkotu, Txiki eta Otaegi ETAko ekintzaileak eta FRAPeko Baena, Garcia eta Sanchezen fusilamenduen aurka.

2) Koordinadora hau ez da inoiz, egun honetako manifestazio eta beste burruken aurka jarri, aldiz, eginda zeuden dei guztiak kontutan harturik, hauk, lantegi, hauzategi eta herritako asanbladatan, berri hauen kontu emateko konpromiso tinkoa hartzea baino.


Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko profesionarien bigarren asanblada

Gure Herriari oraintsu egin zaion azken atentatua dela eta, berriro ere biltzen da Arantzazun Hego Euskal Herriko profesionarien asanblada. Oraingoan, gainera, Ipar Euskal Herriko zenbait lagun bildu zaigu. Lehenbizikoan Gasteizeko odolak ekarri bagintuen guztiok hona, gaur, aldiz, Hondarribikoak egiten gaitu. Bion artean Basaurin, Santurtzin, Jurramendian, Auritzen, Beran eta Euskal Herriko beste toki askotan, faxismoaren zapaltze-aparatuak, gero eta gogorrago denak, bere ziri eta atakeak egin ditu, bai krimen gehiago eginez eta bai herri bilera eta jaiak kolpatuz. Halaber, Almerian eta espainol Estatuaren beste zenbait lekutan ere, indarkeria ofizial berbera erabili izan da.

Urte askotan bozaturik egon ondoren, orain ezin dugu luzaroago ixilik iraun, eta sumindurik egoteko arrazoi askorekin ere, pairatu dugun sufrikarioak ematen digun oreka eta zentzuaz, hainbeste bidegaberen aurrean, eguneroko eraso horien kontra geure protesta eta ukorik biribilena adierazi nahi dugu, monarkiak eta botereko azken gobernuek errepresentatzen duten gobernamodu faxistak gure Herriari emandako tratu basati eta bereizgarriak berauk.

Horrexegatik, Hego Euskal Herriko profesional Asanblada hemen bildu honek, errugabeen heriotzen kontra, gure Euskal Herri langileriari egindako tiroketa, eraso eta behin eta berriz obraturiko atentatu basatien kontra, bere boza altxatzen du, guztiok gizarte zibilizatu batetan ulertezinak eta gure euskal komunitatea bere senetik ateratzeko asmoz eginak baitira.

Boterekoen aldetik hasitako indarkeri eskalada honetan, Irailaren 8an Hondarribian jazotako gertaera harrigarri eta nigargarriak sartzen dira, beraietan Jesus Mari Zabala Erasun langile gazteari bizia kendu eta beste herritar batzu —denak defentsarik gabe— tiroz zaurtuak izanik, bai eta Irailaren 9an, Pasaian, bertako fabriketako langileek Hondarribiko gertatuengatik beren protesta bakean agertzen zutenean, poliziak egindako atakean sorturiko zaurtuak ere.

Gure Herriak berea besterik ez du eskatzen eta bere promesa propioak betetzen ez dituen gobernu horregandik gogorkeria eta indarkeria itsua jaso du soilki.

Hego Euskal Herriko Profesional Asanblada honek, gure Herriaren aurrean, Gobernuko Presidenteak, Gobernazioko ministroak eta Euskal Herriko ordenu publikoaren arduradunek erabili duten politika salhatzen du, berorik baitira, izan, Hondarribiko eta Euskal Herriko beste tokietako gertatuen erantzule nabarienak.

Hemen bilduriko Profesional Asanblada honek, halaber, nota ofizialek gertatuak systematikoki nahasteko eta iluntzeko darabilten azpijokua salhatzen du, bai eta zenbaitzuren inguruko ixiltasuna bera ere, bai halaber, eguneroko prentsaren parte batetan agerturiko informazio moztu eta tendentziosoak ere.

Hego Euskal Herriko Profesional Asanblada honek, beraz:

A.- Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren, Segurtasunerako Zuzendari Nagusiaren, Goardia Zibileko Zuzendari Nagusiaren, Ordenu Publikorako Sekretariordearen eta Gobernaziorako ministroaren destituzioa EXIGITZEN DU, berauk, beren gestio politiko dorpe eta desegokiaren kasuaz, gure Herrian gertatu diren eta gertatzen diren hiltze, zaurtze, kalte eta herri bakearen nahastearen erantzule ageri errudunak direlako.

B.- Suarez-en gobernuaren dimisioa EXIGITZEN DU, beronek, Euskal Herriko eguneroko bizitza iluntzen duten errepresio egintzetan konplizitate eta erantzunkizun zuzena duelako.

C.- Errepresiorako gorputzen ezereztea eta salhaturiko krimenen egileak gaztigatzeko EXIGITZEN DU, orain arte bezala, gertatu denez, zigorrik gabe gera ez daitezen.

D.- Gertaturiko azken atentauengatik protestatzeko, Errenteria, Ibarra, Hondarribi, Pasaia eta Lizarrako Udalek egindako dimisio osoa ONHARTZEN DU.

E.- Hego Euskal Herriko beste Udalei erabaki berbera hartzeko ESKATZEN DIE.

F.- Gertatuongatik Euskal Herrian egindako protesta-ekintza guztiekin BATERA DATOR.

G.- Amnistia osoa berehala eta atzerapenik gabe emateko exigentzia BERREGITEN DU. Hortaz, Euskal Herrian Irailaren 27rako egiteko den burruka-egunaren alde AGERTZEN DA.

H.- Irailaren 13an Euskal Herrian egingo den greba orokorrerako deia BEREA EGITEN DU.

I.- Aurtengo Martxoaren 7an Arantzazun egindako asanbladan aho batez onharturiko puntuak BERRETSI eta

1.- Euskal Herriaren nazional soberania onhartzea exigitzen du, hau da, gure Herriak bere nazional etorkizuna libreki erabakitzeko duen eskubide eta ahala onestea. Berau posible izan dadin, bestalde, ezinbestekoa da autonomi estatutu baten barruan aritzea, berau, Euskal Herriaren oraingo errealitatea eta gure nazio burrukak egindako aurrera pausoak kontutan harturik, Hego Euskal Herriko lau probintzietan aplikatuz. Denbora berean, Ipar Euskal Herriarekiko loturak indartu eginen dira, horretarako, harreman horik garantiza ditzaketen eta nazional batasunera eraman gaitzaketen bide politikoak sortuz.

2.- Oligarkiaren kontra, Euskal Herriak bere ekonomia demokratikoki kontrolatu behar du lehenbailehen, eta horretarako ezinbestekoa da neurri konkretu batzu hartzen hastea. Euskal langileriak, bestalde, ekonomi eta sozial arloan hobakuntza nabarien premian dagoela planteiatu nahi du.

3.- Hau guztiau nolabait garantizatzeko, lehen aipaturiko estatutuaren barruan, Hego Euskal Herrian behin behineko gobernu bat eratzea proposatzen dugu, gure Herrian ari diren indar demokratiko guztiek osatua berau. Alde honetan, profesional asanblada hau proposamendu hauk guztiok biltzen dituzten eta errealitatean gertaraz daitezen lan egiten duten erakunde batzaileen fabore agertzen da.

4.- Espainol eta frantses Estatuetan beren eskabide nazional eta sozialen alde burrukatzen duten beste nazio eta herri zapalduekin bat dator, eta beraien erakunde batzaile eta errepresentatiboekin botere zentralen aurkako aliantzak lortzea nahi luke.

J.- Azkenez, Euskal Herriaren zerbitzurako tresna egoki bat izan nahirik, asanblada honek bere burua modu iraunkor bat gisa eratzeko erabakia ALDARRIKATZEN DU, herrialdeetako asanbladak instituzionalizatuz, nork bere ikuspegitik Euskal Herriak planteiaturik dauzkan problemez bere pentsu eta eritzia eman ahal dezan.

Arantzazun, 1976.eko Irailaren 12an.

Hego Euskal Herriko Profesional Asanblada


Euskal Herrian. Lan Deya

ELA, jalgi hadi plazara!

Irailaren 18an, Bilbon, ELA historikoak bere buruaren presentapena egin zion prentsari. Manu Robles Arangiz zuzendaritzapean, Jose Migel Leunda presidentordeak eta Alfontso Etxebarria idazkariak ELAko Agorrileko kongresuaren berri eman zuten, beren syndikatuan buruzko datu eta xehetasun asko agertuz.

Lejoakoak ez dira ELA

Manu Robles Arangiz, ELAko presidenteak, prentsari bere agurra eta eskerrak eman zizkion, Lejoako nahastea argitzean euskal publikoari eskaini dioten zerbitzu estimagarriagatik. "Lejoakoak ez dira ELA, eladio batzu baizik, eta horien artean langile arazorik ez, baina intelektual mailako konduak tratatzen dira, langile klasearen interesekin zer ikusi eskasa dutenak" —esan zuen Manu jaunak.

Durangoko Kongresua

ELA historikoaren kongresua Agorrilaren 16tik 20ra egin zen Durangon. Kongresu horren helburua ELAren barnegiturak gaurkotzea izan da, eta klandestinitatepeko garaietako hutsuneak betetzea.

ELA 1911.ean sortu zen (65 urte ditu, berauetatik 48 itxilpean egon arren) eta bere lehenbiziko konfederal kongresua 1929.ean muntatu zuen Eibarren. Bigarrena, 1933.ean hospatu zen Gasteizen. Ordutik hona 43 urte iragan dira eta beharrezkoa zen, hortaz, beste kongresu bat, legaltasunera pasatu aurretik etxe barruko arazoak argi eta garbi uzteko.

Horixe izan da, beraz, Durangoko kongresuaren helburua: ELAren ideologi hastapenak jarri, Estatutuak moldatu eta ordezkariak demokratikoki aukeratzea. Xede horretarako, batzarkideak 7 hilabetetan lanean arituak dira, azkenean gauzak nahi bezalaxe betetzeko.

Talde Ekilean ondokoak izendatu ziren:

Presidentea: Manu Robles Arangiz.

Presidentordea: Jose Migel Leunda.

Idazkaria: Alfontso Etxebarria.

Diruzaina: Jose Mari Aranbarri.

ELA eta alderdi politikoak

ELAk, alderdi politiko bat barik, syndikatu bat den aldetik, erabateko askatasuna uzten die bere kideei erlijio eta politika arloan, bere oinharrietan sozialismoaren alde agertu arren. Dituen ideologi oinharri eta estatutuak onhartuz gero, edozein sar daiteke ELAn, eta egon, ba daude PNV ESB eta EHASeko lagun batzu.

Hileroko kuotak hauk dira. A mailakoa (20.000 pezeta baino gutiago irabazten dutenentzat); 200 pta. B mailakoa (20.000tik 30.000ra irabazten dutenentzat): 300 pta. C mailako (30.000tik gorakoentzat): 400 pta.

ELAren planak

Durangoko batzarre horren ondoren, ELAk Urriaren 30-31ean beste batzarre bat egingo du Eibarren, bertan ELAren syndikal estrategia, taktika eta jokabideak erabakitzeko. Bertara, ELAko ordezkariez gainera, Euskal Herriko beste alderdi eta erakundeak Espainiakoak eta Mundukoak joanen dira bereziki deiturik.

Datozen asteetan ELAko ordezkariak Madril eta Bartzelonara joanen dira, bertako syndikatuekin mintzatzera. Halaber, ministroarekin ere egingo dute hitz, legaltasunaren arazoa ukitzeko. Lejoako eladioek —Frantziako CFT-C salbu— ez dute ezein syndikatu internazionaletik inolako onespenik lortu, eta horrek biziki indartu du ELA historikoaren egoera.

Urriko batzarrearen ondoan ELAk afiliatze kanpaina orokor bat eramanen du aurrera, fabrika eta herrietan syndikalgintzari buruzko hitzaldi ugariak eginez.

Xabier Kintana


Euskal Herrian

Nekazari politika Hego Euskal Herrian (I)

Hego Euskal Herriko nekazaritzaz ari garenean moeta askotako lanak egin genitzake. Alde batetik sektorearen berezitasunen agertze edo deskripzio zabal bat toki bakoitzean garrantzizko baloreen balio eta eboluzioa azalduaz. Hara nola: produkzio motak eta kantitateak, Ha.-ko eta pertsonako produktibitatea, produkzio osoaren etekina, nekazarien "per-capita" errenta beste sektoreekin konparaturik e.a.

Gure kasuan, Hego Euskal Herriko nekazaritza aztertzera goazelarik beronen textuinguru zabalean txertatuta, industri eta zerbitzu sektoreak nagusigoa duten egoera honetan, bista da gure proposamenduek ukanen duten dependentzia gaineratzeko sektoreen eboluzioarekin.

Inoiz esan izan da euskal kulturaren gordelekua baserria izanen dela eta Gipuzkoa, Bizkaia, eta Nafarroako zati batetako kasuan ezin uka neurri batetan horrela zenik, alderantziz, gaur (eta beti) eskualde hauetan du garrantzi gutxiena nekazaritzak eta honek berekin dakarkigu sektoreak globalki hartuta eskatzen digun berreuskalduntze eta kontzientziatze lan astuna.

Gaur jazotzen dena zera da: abertzaletasuna edo behintzat euskaltasuna eskasena den eskualdeetan lan egin behar dela nekazariokin: Karrantzan, Araban, Nafarroako Erriotxan,... Bertan lan egiteak egoera hori oso kontuan edukitzea eskatuko digu.

Sarrera

Lantxo honetan, Hego Euskal Herriko nekazaritza aztertzean eta pauta batzuk eskaintzean (oso probisionalak oraingoz noski) bi faktore edukiko ditugu kontuan: 1) Textuinguru sozio-ekonomikoa, hau da, nekazaritza beste sektoreekin konparatu. 2) Textuinguru kulturala.

Bigarren textuinguru hau aztertzean segitutik nabaria zaigu mendi aldeko baserri eta meseta aldekoa harteko diferentzia. Gainera nekazaritza erak ere oso ezberdinak dira, adibidez Bizkaiko Markinan eta Nafarroako Tuteran eta joka moldeak ere ezberdinak daitezke.

Mendi aldekoon muga erriberako errealitatea ez ezagutzean datza batipat, hemen egin diren azterketetan ez bai gara inoiz Gipuzkoa-Bizkaitik irten.

Lan honetan, gainbegiratu bat bederen eman nahi genieke honako puntu hauei:

1.- Gure nekazaritzaren berezitasunak. Sektorearen garrantzia textu inguru zabalean: biztanle eta produkzio aldetik. Produkzio moetak. Entrepresa berezitasunak. Produkzioen komertzializazioa.

2.- Gaurko egoeran agertzen den problematika sozio-ekonomikoa: Teknika, egitura, demografia, finantza..., arazoak. Problematika ideologiko-kulturala: gizarte konzepzioa, kultur zapalketa, herri eta klase kontzientziarik eza.

3.- Gizarte klase banaketan non ipintzen dugu nekazaria bere lur eta tresnen jabe denean?

3.a.- Produkzitzaile ttikia

3.b.- Produkzitzaile handia.

3.c.- Lurraren jabe dena, inmueble edo kapital moduan.

3.d.- Industri-nekazari langilea.

4.- Gizarte sozialista batetara goazenez eta nazio askatu baten barruan nekazaritzak garrantzi handia izango duelarik, sektorea ongi egiratu eta antolatzen lan handia dugu. Gizarte egitura berri horretan sortu behar ditugu nekazari molde egoki batzuk eta beren antolakera burutzea garrantzizko eginbehar bat genuke.

Hego Euskal Herrirako nekazari politika egiteko dago oraindik.

5.- Lehen beharra aipatu duguneko nekazari politik hortan egongo litzateke gure estrategia sektorearen barruan.

Bistan da, eskualde bakoitzean kondizio oso ezberdinak ditugunez, bai lurrak, gizonak, egiturak, jabetzak, e.a. ezin daitekela berdin joka.

Gure pausoek izan beharko dute:

- Epe motzera.

- Erdi eta epe luzera.

1. Hego Euskal Herriko nekazaritzaren berezitasunak

1.a. Esplotazio moetak

Gipuzkoa, Bizkaia gehiena eta Nafarroako eta Arabako zenbait bailaratan, baserriak osatzen dituzte nekazari esplotazioak. Beren bereizitasunik nabarmenena, sakabanatuak egotea da, eta baserri mordoxkak "hauzoa" osatzen du.

Baserri honen xehetasunetan ez goaz sartzera.

Bistan da baserri hauetako (20.000 inguru izango dira) produkziorik garrantzizkoena ganadua dela, nola esnetan ala haragitan; eta abereak ikuiluetan lotuta edukitzen dira gehienetan.

Baserririk ez den lurraldeetan, sakabanatuta ez baina herrixkak osatuaz bizi dira lur langile edo nekazariak.

Bizi eratik aparte produkzioak ere eurrez aldatzen dira batetik bestera. Bizkaiko Karrantzan ia produkzio bakarra esnea da, eta bailaraka bilduta baserri esplotazioak barru bizitza bat dute. Araban: Errioxak eta "Arabako Kontxa" deritzaionak ez du baserririk, eta produkzioa erruz aldatzen da. Berdin gertatzen da Nafarroan: ale produkzitzaileak alde batetik (Lizarra, Tafalla, Olite,...); barazkilariak (Erriberan); eta Bardeak deritzaiona ardi larretoki batipat.

Neurri aldetik begiratzen ba dugu, baserri gehienak ttikiak dira. Baso eta guzti kontatua: lau baserritatik bat, 3-5 Ha. artean da; hirutik bat, 5-10 Ha. artean; 7 % bakarrik dira 20 Ha.-az goitikakoak, eta noski askok iritxi dituzte neurri hauk basoak dituztelako. Ttikiegia da gure baserria gaurko eskakizunen aurrean, kontuan izanik gainera ganadutara dedikatzen dela.

Neurri handiagoak dira noski ale eta larretokietan, Araban eta Nafarroan batipat. Hauetan erdi mailako esplotazioak eta handi batzuk ere ba dira baina hauen garrantzia aztergai zaigu oraindik, kontzejo lurrek ere garrantzi izugarria bai dute Nafarroan behintzat.

Lant daitezkeen lurren lautik hiru belardi eta larretokitarako erabiltzen dira.

Gipuzkoa eta Bizkaian mendiak eta geroz gehiago belardiak pinu sartzen dira.

Baserriaren antolakera gehien batetan bere posibilitaten barruan egokia da. Arazoa egituran datza.

Egitura hobetzeko ba dira eginak baserri elkarte gutxi batzuk haragia eta esnea sortzeko. Baina kooperatibak, gehienbat industrializatzeko, komerzializatzeko eta zerbitzuak eskaintzeko dira; batik bat input sal-erosketarako: pentsu, ongarri, tramankulu, etab...

Nafarroaren nagusigoa nabaria da kooperatiba zenbakian, beste hiru probintzietan halako bi bai dira bertan. Gehienek kapitalizazio problemak dituzte.

1.b. Nekazariak, produkzioak eta emankortasuna

Hego Euskal Herriko biztanleetatik 10-12 % nekazaria da oraindik guzizko eta erlatiboki hartuta Nafarroaren nagusitasunarekin. Baina produkzio osoaren zatia hartzen ba dugu, 6-7,5 %-tan ibiliko da, bertan bistan dugularik nekazaritzaren produktibitate edo emankortasun urriagoa.

Datu hauk kontuan izanik oraindik ba dugu garrantzia nekazariok, baina ehuneko hauk gutxituz doaz urtetik urtera.

Hego Euskal Herriko nekazari produkzioaren erdia Nafarroan sortzen da, agian, bistan da Nafarroaren nagusigoa eta garrantzia euskal nekazaritzaz egitarauak prestatzeko orduan.

Probintzia, barruko produkzioan nekazaritza neurtuta 1.970-ean.

Nafarroan: 21 %

Araban: 9,5 %

Gipuzkoa eta Bizkaian: 3,5 %

Produkzioaren bereizitasunak aztertuta, Bizkaia eta Gipuzkoa ganaderitza garrantzizkoagoa da: alderantziz, Araba eta Nafarroan berriz lur emaitzak, laboreak, garrantzi gehiago du.

Azken produkzioaren egitura lotua dago: lurrari, eguraldiari, orografiari... eta esplotazioaren neurriari.

Baserritar gehienak edo baserriaren jabe edota aspaldiko maizterrak dira, hauk errenta baxuekin. Maizter izateak etxe bizitzak egokitu eta berriztatzea egiteko orduan du eraginik handiena. inor ez bai du besteren etxean gastu handiegirik egin nahi eta batzuetan nagusiak ez dio uzten maizterrari nahi duen obra egiten.

Morroiak, erabat urritu dira euskal nekazaritzan. Bestela ahal duenak ez du gaur morroi izan nahi, industriak bizibide erosoagoa eskaintzen dio eta.

1.c. Produktuen komerzializazioa

Zenbait produktu zuzenean kontsumatzaileari saltzen zaio, baina kantitate honek geroz garrantzi gutxiago du produkzio osoan. Zaila da neurtzen ehuneko zenbat den.

Produktoak naturalki eta zuzenean saltzeko ordez, geroz gehiago, industrietan transformatzen dira eta honengandik baserritar bakoitzak eta bakarka industri handi bati saldu behar izaten dizkio bere emaitzak. Honela gertatzen da nekazaria lehen materien produkzitzaile eta saltzaile huts nolabait industri eta merkatarien menpean eta dependentzian.

Egoera honetaz jabeturik sortu da hainbat intentu kooperatibak sortzeko, baina da gehienean konponbidea gertatu, sarritan benetako kontrol bat eraman ez dutelako produkzitzaileek berek. Gainera produkzio askotan administrazioak ezarritako prezioetan saldu behar izaten dute, eta honek erabat lotzen du, zeren kasu hontan ere ez bai dago negoziaziorik nekazarien benetako ordezkarien eta administrazioaren artean prezio egokiak erabakitzeko.

Oso zabaldua da guztion artean honako pentsakera hau: janari gauzek merkeak behar dutela izan, beste edozer baino merkeagoak, inoiz, ez dugu hartzen kontuan beren benetako kostua.

Sarritan gertatzen da hau ere: arrazoi komertzialengatik kanpotik sartzen zaizkigula hainbat produktu kontsumatzaileentzat on gutxirekin eta hemengo produkzitzaileen kaltetan, gainera horrela kanpoko nekazariei ordaintzen eta primatzen zaie hemengoai lagundu beharrean.

2. Nekazaritzaren problematika sozio-ekonomikoa

2.a. Problema teknikoak

Arraza eta sanitate egoera hobetzen ari den arren oraindik eskasa da.

Berdin gertatzen da nekazariaren prestutasunarekin. Sarritan dakien guztia esperientziaren bidez ikasia du.

Eguraldiak izugarrizko garrantzia du produkzio kantitate bat edo bestea lortzeko orduan, ala ere maiz, produkzio ugaritasunak sortzen duen prezioen beherakadagatik baserritarrok irabazi urriagoak lortzen ditugu aldi horretan.

Janari kontserbazio teknikak mugatuak dira oraindik eta dagozenak ez dira baserritarron eskuetan.

Lurraren produktibitatea pinuarekin handiagoa da laborantzarekin baino eta honek dakar zelaietan pinua aldatzea.

Gaitzak, plagak,... izugarrizko garrantzia dute esplotazioen errentabilitatean eta plan kaxkarrak daude horik konpontzeko.

Pertsona bakoitzeko produktibitatea nekazaritzan industrian baino beherago dabil: hau da nekazarien errenta baxuaren azken arrazoia.

Produktibitatea goratzeko zer egin daitekeen:

1.- Esplotazioaren intensitatea gehitu.

2.- Lan tresna egokiagoak eskuratu.

3.- Lurreko produktuen prezioak industrialen gainetik gehitu.

Azterketa batzuk diotenez, esplotazio estensiboak behar dira gizon errenta gehitzeko, alderantziz berriz intensiboak lur errenta gehitzeko eta nola gaur pinuarekin eta hirigintzagatik lur errenta goitik den inolaz ezin ibili goitik gizon-errenta. Eta hau, bistan da, problema teknikoa baino egiturazkoa areago dela.

Hainbat eta hainbat problema aipa genezake baina ez da gaurko gure helburua problema zerrenda osatu bat lortzea, batzuk aipatzea baino. Berdin egingo dugu heste problema motekin ere.

2.b. Egitura arazoa

Lehen genioen bezala, gure ustez garrantzizkoenak diren arazo batzuk aipatuko ditugu.

Produkzio egitura aztertuta eta lehen azaldu ditugun datuak kontuan hartuta hau esan daiteke:

Neurri ttikiegia dute gaur Hego Euskadiko baserri gehienek. Terreno gutxi eta beraz, bai eta ganadua eta gainontzeko kapitala ere. Sarritan gertatzen da gehiegi motorizatuak daudela, urtearen zati handi batetan tramankuluak geldirik izanik.

Esan dugu, halaber, nola egon diren intentuak neurri hauk handitzeko, batipat baserri elkarteen bidez. Baina baserri elkarteek, bakarrak bezainbat problema topatzen dituzte lurrak zabaltzeko orduan, gainera gehienean inbertsio handiak egin behar izan dituzte eta ezin buelta emanik batzutan apurtu egin dira.

Industri eta etxegintzarako lur eske handia da Hego Euskadiko zati askotan. Honek dakar prezioen gehitzea. Baserritarrak inolaz ezin du aurkitu lurrik prezio egokitan bere baserri neurriak zabaltzeko. Hau Gipuzkoa eta Bizkaian gertatzen da gehienbat.

Honengatik, lurraren jabetza pribatuak irauten duen artean, ez dago konponbiderik nekazaritzarentzat. Gainera, lehen agertutako arrazoiengatik pinuz estal lekizkiguke belardi gehienak.

Ba dirudi orduan irteerarik ez duen problema dugula hau, eta uste hortakoak gara lurraren prezio egitura aldatzen ez den artean eta, noski, gizarte kapitalista hontan honi ezinezko deritzagu.

Beraz, gaur, baserriaren neurri handitze arazoa, lurraren prezioan datza; nekazaritza estensibo batetan, ganadu lanean, egon bai daiteke soluzioa.

Lurraren propietate pribatua kontuan harturik, nekazari bakoitzak nahi duena egiten du bere lurrekin eta honetatik dator hainbat arazo:

Lur probetxu gabeak errentan eman nahi eza albokoak esplotazioa handi dezan. Espekulazio lurrak beraz. Urbanizatutako lurren sozializatzeak eta mendien komunalizazioak konpondu dezake arazo hau.

Nafarroan aldiz, lur komunalek garrantzi handia dute eta heroietan kontzejuak dutelarik agintea, hau kontuan hartu behar nekazari politika burutzeko. Lehenago aitortu dugun hezala honen posibilitateak ezezagunak eta aztergai zaizkigu oraindik. Baina beren garrantzia indartzen saiatuko gara.

Komertzializazio egitura aztertzen ba dugu

Produzitzaileak ez du gaur bere esku eskaintza osoa; merkatariek, industrialek eta estatuak baizik.

Lurraren emaitzak, araberan gero eta merkeago saltzen dira. Industri gauza eta zerbitzuak herriz gero eta garestiago.

Nekazari produktuen industriak eta bitartekoek (merkatari handiek batipat) ateratzen dituzten irabaziek alde egiten diote nekazariari. Nahiz eta nekazari emaitzak merkeak izatea nahi izan, bitartekoen irabaziak, eta ez nekazarien salneurriak, mugatzen dira. Prezio exkaxak benetako problema dira nekazariontzat. Gainera gehienetan bitarteko horik monopolioak eta multinazionalak dira.

Dauden kooperatibak ez dira nekazariek kontrolatuak eta hala izanik ere hauen handitzea inoiz ez da monopolioenera hurbiltzen.

2.c. Demografi arazoa

Gaurko nekazari buru eta langile gehienak zahartuz doaz. Dagoeneko 45-70 urte artean dira gehienak. Alde batetik zaharra, bestetik leku batzutan umeak, hauk gazte direnean industrira doazelarik.

Lantokitik aparte etxean ordu batzuk igaroaz iraun arazten diote gazte askok beren baserriari, ez langile eta ez baserritar: biak erdizka izanik.

Nekazari entrepresa gizonen artean oso ugari ditugu ezkongabeak, emakumearen zapalketa eta bizibide astuna arrazoi sakonenetakoa izanik honetan.

Honek guztiak zera dakar, gaurko esplotazio gehienak 10-20 urte barru bukatzera dihoazela, behin kalera joan dena ez bai dator atzera baserrira lanera.

2.d. Finantziatze arazoa

Nekazaritzako irabazi gehienak ez dira erabiltzen esplotazioa hobetzeko, beste erosketa batzutarako baizik: berebil, etxe bizitza.

Produkzioaren baitan, nekazaritza hobetzeko doazen kreditoak urriak dira eta nekazaritzaren errentabilitate eskasa dela medio, sarritan kondizio onhargaitzetakoak heren epe laburrengatik batipat.

Kapitalismoan daukanari ematen zaio eta nekazari handiek lor ditzakete kreditoak, ttikiei ezinezko zaiena. Gainera, zertarako dituzte?

Irakaskuntzatik deskapitalizatze handia dator nekazaritzara kalearen mesedetan, zeren, bihar kalean izango diren baserritar ume eta gazteen ikasketak baserriaren kontura egiten bai dira.

2.e. Beste zenbait arazo

Zahartzaroko, gaixotasuneko, etab. laguntzak ez dira nekazaritzan industrian adinakoak.

Bizibide erosotasunak ere sarritan kalean baino urriagoak dira.

Gizarte kontzientzian: talde tradizionala, gutxi politizatua, herri eta klase kontzientzia ahulekoa dugu nekazaria. Grebak sarritan alferkeriarekin edo zaratakeriarekin berdintzen ditu;euskara errazago zaiolako erabiltzen du eta ez berea duelako; politika ixkanbiletan nahastuak engainatutzat edo arintzat hartzen ditu sarritan. Ordena, lasaitasuna, ohiturakeria, gauzak berdin jarraitzea, "pakea", maite dira.

Fidakaitzak gara nekazariok kanpotik datozkigun erakusleekiko nahiz eta gure harrokeria dela medio ziri ederrak sartzen dizkiguten askotan.

Nekazari gazteongan, alderantziz, ba da, jakin nahia, herri eta klase kontzientzia burruka jarrera, e.a.

Hontan lehen esan dugun bezala, luzaz mintza gintezke baina zerbait ezagutzeko zerbituko ahal digu oraindainokoak.

GARAIKOA

(jarraitzeko)


Elkar ikuska

Hasierako xehetasunak,... autoa, bertatik ateratzeko eman zizkieten 10 segunduak, besoak altxaturik egindako 1800ak, gaua, ikastetxearen inguruan jarria ziagon metrailetazko gerrikoa, estraineko galderak (ETAkoak, ez da?), joera zientifikoari behintzat sor ez zaion jakinmina grinatsua (hemen al da bilera?... nun da, nun da), bidaia ixila, oh dios, oh dios.

— eta zuzenean komisariara, ez?

Mikel.— Bai, zelda haundi batera, kristona, moskorrak dozenaka sartzeko egina edo... eta azuleiozko beste ttiki batera gero,... (zer?)... ah, ez zekiat, ez ninduan ohartu inskripziorik zegoenez, humorerik ez nian lan horretan hasteko; telefonoaren dindirra entzuten genian handik, goitik, galdegilen gelatik hau edo bestea igotzeko eskatzen zutenean... bai, horixe baietz, oso mementu txarra hire atea izanen ote den irekiko dena, edo ez, bai, zalantza gogorra duk hori. (?)... ez, ez genian inorekin hitzegin, kaleko inorekin esan nahi diat, jakina.

— Eta kristorenak, kristorenak zinetela konfirmatutakoan, Martutenera...

Ramon.— Komisariatik kartzelara joatea, kartzelatik kaleratzea bezala duk. Pozez joan ginduan, eta batez ere lasai, bizitoki berriaren ezagumenarik ez genuelako, noski,... jakina; gogoratzen nauk nola aritu ginen kontu-kontari beteranoekin... (Giroa?)... bada, mementu hartan ez oso ona, jende guztia kanpoko informazioaren eske, badakik garai hartan taldekatze berriaren aurrean geundela, eta hizki mizkiak ugarituak, gaiztotuak...

Inpresiorik latzena zelda ezagutzean hartu nian, zikina eta urez basitua, katre zabar batekin...

— Eta antolaketa, barruko antolaketa?

— Politikoak bi comunatan banatuak genitxauden, "abertzaleona" eta "españolistena", nahiz elkarren artean harreman batzu izan..., denetara 200 bat preso, eta politikoak 40 exkas, hortxe nonbait.

— Gartzelaratzekoan ideia asko edukiko zenituen buruan, aldegitea, estudiatzea,... ikasteko posibilitaterik izan al zenuten?

Mikel.— Martutenen, orduan behintzat, estudiatzea posible huen, eta hortara jarri giñuen bereala, talde batzuk egin eta gero. Gainera, politikook biblioteka ba genian, urte askotako presoak uzten joandako liburuekin osatua, etxetik eta lagunengandik ere jasotzen genizkian irakurtzeko gauzak...

— Eta euskal argitaletxeak?

Mikel.— Bada ez, guk ezagutuetakoetara behintzat ez (Ramonek ere ezetz dio buruarekin)... janaria, dirua eta beste gauza batzuk jasotzen genizkian zenbait erakundei esker, baina ez editorialetatik, ez, ez (Coño con los de Logroño).

Ez dirudi, gauden tokitik arratsa lasaiari begiratzen gaudela, denbora iragan denik; nahiz eta bi gose grebetan partaide izan, eta urteterdi baino gehiago herritik landa egon, ez bere itxurek, ez eta bere aipamenak salatzen dute bere pasadizoa. Egia esan, xehetasun bakar batek charterazten nau epe horretaz: iritxi berria den Josuk, euskaraz egiten du, euskara mantxo eta gramatikal batekin erantzunez:

Josu.— Bai, lau hilabete generamazkigula, familiari ezer esateko betarik gabe, Ocañara pasa behar genuela esan ziguten, goizeko ordubietan, bapatean... baina ez gu bakarrik, gehientsuonak trasladatu zituzten... jende asko ari zen sartzen, eta ez zegoen lekurik. Direktoreak (eta irrifarrez hasten da) frigorifikoa, babarrun eltzeak eta beste gauza guztiak ere gurekin batera furgoiean bidali nahi zituen, ez zuen gure rekuerdorik eduki nahi...

— Eta Ocañara, gogor fama duen kartzelara bidaliak izan zineten,...

Ramon.— Ez fama bakarrik, eta gainera guk Carabanchelera eramanak izango ginela pentsatzen genian, eta oraindik efekto gehio egin zitxigun (orduan, oso gogorra iruditu zitzaizuen bertako errejimena?)... Bai, bai, pentsa ezak han ez zegoela patioan egoterik 4 1/2 ordu baizik, beste guztiak zeldan pasatzen giñuela. Zeldetan, gainera, galerazia zitxoan ohean etzatea, koltxoi puskatu haiei koltxoia deitzerik badago,... bazkaldu ere bertan egiten genian, komonaron gainean, edo lurrean eserita...

Josu.— (kolpetik sartuz) anekdota on bat hara sartu eta gertatu zitzaiguna, begira, zelda haundi batetan jarri genituzten aurrena, eta han zegoen lehiatila batetik begiratzen hasi ginen, ea zerbait ikusten genuen edo. Orduan, boki batek (funtzionarioa, argotean) "que hacen! que andan! no saben que los pueden pegar un tiro!!" egin zigun oihu.

Mikel.— Eta ez huen literatura egiten ari,... telebisioa, larunbat eta igandetan bakarrik ikusten genian, baina hala ere, notiziariorik ez. Kartzeletan, desinformazioa, edo informazio gaiztotua, plangintza baten arauera egindako zerbait duk, oinharri bat presoaren desmoralizazioa lortzeko... (erreglamentua?,... ja, ja) behin eskatu egin genian, eta funtzionario batek esan zigunez, bertan zeramazkian urte piloan ez omen zian holakorik inoiz ikusi

Josu.— Eta janari klasea ere,... jaki bezala normalak hituen birikak, eta zopean burutezur ezezagunak, hortz eta guzti, aurkitzea beste horrenbeste. Eta loarekin ere gaizki, udaran bero kiskalgarriagatik (maindireak gorputzari eransten ziren), eta neguan hotzagatik ezin deskantsatuz...

Mikel.— Eta hori ez zenean, arratoiak (baso bakoitzak bere tigrea), bai baino tigreak behintzat ez dik nazkarik ematen... oso lo gutxi egin diagu Ocañan.

Ramonek xuabeki heltzen dio hitzari, eta nik zigarroa piztutzen dudan bitartean lehen ere aipatutako gai baten inguruan hasten da:

Ramon.— Desinformazioari buruz esandakoaren gehigarri bezala, zera esan beharra ziagok, gerra psikologikoa jasan behar izan dugula ia etengabe. Adibidez, gose greban jarri ginenean, bertako medikuak izugarrizko gaitz pila genituela gorputzean (batek soploa, besteak giltxurdinetakoa, eta abar) esaten zitxigun; funtzionarioak, bere aldetik, beste gartzeletako grebalariek utzi ziotela eta tontoarena egiten ari ginela, edota terrorismoaren apologia egiten ari ginenez gero, beste sumario bat idekiko zigutela, eta abar... gainera funtzionariak arazo pertsonaltzat hartzen ziaten bere ofizioa, eta harrapaketan ibiltzen hituen gurekin.

Josu.— Anka hutsik, adibidez, gu zer edo zertan ustegabean harrapatzeko.

— Egoeraren makurra, sexo arazoak ere...

Ramon.— Jakina, esate baterako, politikoak ez direnen artean, homosexualitatea % 80ek praktikatzen diate, eta ondo ikusten diate funtzionarioak, "lasaigarri" baita... jende gaztea sartzen denean "errezepziozko komiteak" prestatuak egoten dituk, ez duk inor libratzen, eta gazteak zahar baten babesean (bujarroi, argotean) jarri beharra zedukatek, "txorbiloak" bihurtzen dituk,...

Josu.— Eta guri beste horrenbeste denborarekin gertatzea, ez litzake harrigarri... lojikoa da, ene uztez.

Magnetofoiaren beste alderdia prestatzen ari naizen bitartean, eta politiko ez direnen (ez badira, segur esan ez liteken gauza) egoerari buruz ari garela, motinaren arazoa etortzen zaie ahotara.

— Aldizkarietan, betiko txoko galduan irakurri nian nik, motinaren kontu hori.

Mikel.— Motina, Urriaren seiean hasi huen, kastigu zeldatik atera berria zen preso batek piztu zian. Gordeta zedukan labainaren bila joan zenean, eta utzitako lekuan aurkitu ez zuenean. Atera zuen iskanbilagatik hasi hituen funtzionarioak berarekin. Eta honek laguntza eskatu zuenean, hura lehertu egin huen, espontaneoki, ezin ziaten gehio eta lehertu egin huen. Guk garrasiak, kehea, eta tiroak ere sentitzen genizkian. Konpontzen ari ziren teilatu bat erori eta batzuk zauritu egin zizkian, eta antsika hasi hituen hoiek, benetan kaos bat han sortu zena. Gu berriz —zeldetan hertsita, txapatuak genitxauden aspaldi, ordua baino lehendik— koltxoiak atetan jartzen hasi giñuan, eta politikoen arteko batzuk, histeriko garrasika hasi hituen ere, beste batek aluminiozko platera jarri zian sabelaren parean... eskubi puntakoak gure bila zetoztela pentsatzen genian, psikosi horretan bai geunden Carabanchelen gertatu zen gauza bategatik. Funtzionarioak, gure kontra altxa zirela esanez etorri hituen, indultoa izurratu genielako (berak behin eta berriz esaten zizkieten gauzetako bat, gure aurka jartzearren) eta nerbiosismoa izugarria huen.

— Nik ezagutzen diat oraindik gelditzen diren baserritar filosofo hoietako bat, eta harek askotan esan ohi dik infernua mundu honetan dagoela.

Josu.— Benetako infernua, ordea, ondorenean etorri zitzaien... makurtu zituztenean.

Ramon.— Kastigaturik, patiora atera gabe oraindik ere egonen dituk haietakoak, eta besteak atera ba zituzten tailerrak gelditurik zeudelako izan huen... eta jakina, tailerrarik ez bada, irabazpiderik ere ez.

Mikel.— Eta kurroak, eta beste gauza asko. Gauza bakar bat esanen diat adierazgarri bezala: gertaera horren ondoren, 17 edo 20ek sabela, edo zainak ebaki zituztela, handik hospital aldera ateratzearren (lortu ez zuten gauza: solo se sale fiambre, batek esaten zuen bezala), beste batek berriz, komuneko katea tragatu zian... pentsa ezak nolako desesperazioa.

Josu.— Desesperazio horrek buru botatzeak ere ekartzen ditu, ezer esaten ez bada ere, batek baino gehiok egin dute "sapelaitsarena" (laugarren galeriara igo, eta bota) gartzeletan...

Gautu gara zeharo, eta arratsaren diztirak ere ezabatu dira. Eta gu ixilik gaude. Tabernara jaistea erabakitzen dugu, bere epaiketaren berri galdetu eta gero, bere karguak eta abar.

— Auto batean gindoazela, gelditu eta lau pistola aurkitu zizkigutela, "asociación y tenencia" beraz. Halere, judizioan ez zen ez harmarik, ez testigurik eta ez ezer agertu.

Hainbeste galdera ilun egin eta gero, bekokia ere zimurra daukagu, eta anekdota batzutan Carabancheleko sasoia adierazteko esaten diet, bertan pertsonai ezagunak tratatuko zituenez, Camacho, Vila Reyes, etab.

— Maila pertsonalean, Garcia Trebijano gogoratzen diagu jatorren, Tamames ere sanoa huen.

Honela gaudela, Bixente beste andoaindarra inguratzen zaigu:

— Vila Reyes, enfermerian egoten huen beti, gu baino hobeto... behin, funtzionario batek loreak bildu eta gero, nola eskaintzen zizkion ikusi nian,...e.c!

Nekatuak gara hainbeste hitzegitez. Eta ni hainbeste idaztez. Beraz, bukatzera noa bere azken enkargua beteaz: berak egon diren baino okerrago daudenak asko direla, eta atera egin behar ditugula. Azkeneko oroimena heietaz dutela, eta agurrak bidaltzen dizkietela artikulu honen bitartez.

Joakin


Munduan barrena

Alemania Federaleko hauteskundeak

Lau urtetatik lau urtetara egin ohi direla,aurten ere, urriaren 3an, ba dituzte Mendebaldeko Alemaniako hiritarrek, Alemaniako Errepublika Federalekoek, berriro ere hauteskundeak, hots, Batzarrerako bozketak. Hauk dira, izan ere, orokorki dauden hauteskunde bakarrak, Batzarrearen ordezkarien arauera, nor zein alderdiren, osatzen baita bertan gobernua, Gobernu Federala. Gertatzen diren beste hauteskundeak, jakina, udaletxe-eta estatu federalen gobernuetarakoak dira.

Mundugerraren ostean, Alemania erdibitu zenean, eta oraingo bi estatuak sortu, gure Alemania honetan, mendebaldekoan, alderdi nagusia C.D.U. (Christliche Demokratische Union), h. d., kristaudemokrazia zen. Alderdi honek beste izen bat hartzen du Babieran, edo nahi bada Babierako kristaudemokratek beste alderdi bat dute osatua beren estatu federalean, C.S.U. (Christliche Soziale Union), hots, Sozialkristauen Batasuna, antolamendua ere beregain izanki. Horrela, bada, 50.tik aurrerantzean, hogei bat urte egon zen boterean kristaudemokraten koalizioa, C.D.U.-C.S.U. Gero, gobernu bat bakarra osatu zen alderdi nagusien artean, sozialdemokraten eta kristaudemokraten artean, "Koalizio Handia" izenaz ezagutu zena, eta azkeneko zazpi urtetan, liberalen eta sozialdemokraten koalizioa izan da gobernuaren zuzentzailea, hots, S.P.D. (Sozialdemokratische Partei Deutschlands) eta F.D.P. (Freie Demokratische Partei)-ren artekoa. Bi hauetatik lehena, teoriaz, sozialista edo sozialdemokrata behintzat, eta liberala bestea. Baina oraingo sozialdemokraten burua, gobernuburua (alderdiaren lehendakaria Wili Brandt da) Schmidt jauna delarik jokabide horren eustatzaile, erran daiteke, S.P.D. gehienez ere erdi-ezkerreko alderdia dela, erdia ez bada, erdi-eskuina liberalentzat utzirik eta eskuma, eta ez edozelako eskuma, kristaudemokratentzat.

Azken gobernua sozialdemokraten eta liberalen koalizioak osatua izan da, lehen esan dudanez. Baina bien koalizioa izan arren, balantzako aztorratza liberalak direnez, haien bidez lortzen baita Batzarrearen gehiengoa, gobernuaren politika ia guztiz liberala izan dela esan daiteke, ene aburuz, Schmidt "sozialdemokrata"ren jarkerak lar kontra egiten ez duelako. Der Spiegel aldizkariak zioenez, aurtengo hauteskundeak, krisialdi ekonomikoa gainean dagoela. gezurren hauteskundeak dira, ez batek ez bestek benetako problema eta arazoak argitara ateratzen ez dituelako, azken batetan gertaturiko krisia, kapitalismoaren ohiko krisi bat izanez, eta alderdi guztien irtenbideak, ñabardurak ezberdinduz, funtsean ber izateagatik, ez batzuk ez besteak, ez S.P.D.-F.P.D., ez eta kristaudemokratek benetako ebazpenik ematen ez dutelako.

Bestetik zergak goratu beharrean daude, estatua zorretan geratuko ez bada, baina politika honek, beti herri xehearen kontura egiten baita, jendearengan duen oihartzun txarra kontutan hartuz, denok dute problema eskutatzen. Liberalek aurrerabidea dute agintzen, inork ez badaki ere, eta haiek isiltzen badute ere, bada ez bada, zein bidez finantziatuko duten berau. Bestalde eskuinerako  itzultze jeneral batez mintza daiteke; C.D.U.-C.S.U.koek gobernatzen duten estatu federaletan aurkeztu duten polizilege berria lekuko. Horretaz, polizigizonek dena egin lezakete, etxeetan sar, eskubonbak bota, jendea epaikariari esan gabe 24 horduz atxilo e.a., "beharrezko kasuan izanez gero". Hemengo kazetari batek zioen legez: "Estatuak beharrezko kasuan izanez gero hiletak ordainduko ditu".

Wolfgang Spiess, aleman liberalarekin berbetan

Berlinen jaioriko injeniari hau, 35 urte dauzkana, eta astronautikaz doktoregoa idatzi eta lortu duena, euskaldun batekin dugu ezkondua, Eskoriatzako andre batekin, Maite Agirregoikoarekin. Orain Nordrhein-Westfalen Alemaniako Estatu Federaleko Wesel deritson hiri txikian bizi da, Trapp izeneko eraiki-entrepresa batetan lan egiten duela. Alemaniako Alderdi Liberal Demokratikoaren kidea izanki, esan dudan hiri horretako hirugarren alkatea da, Wesel-go udala Alemaniako hiru alderdi nagusien bertako partaideen itun batez osatua baitago, h.d., Sozialdemokraten (S.P.D.), Kristaudemokraten (C.D.U.) eta Liberalen (F.D.P.) egiune batez. Berak eta Alemaniako Liberalek pentsatzen dutena Anaitasunaren irakurle euskaldunoi ezaguterazteko, eta halaber hauteskundeez hitz egiteko ere berarengana hurbildu naiz. Hona, bada, berak esanak:

— Zergatik sartu zara politikan, politika profesionalean, erran nahi dut, aleman asko baitago politikaz "ezer jakin gura ez duena"? Esate baterako, "Laugarren Alderdi"ko jendeek orain guti dela esan dutena aipa diezazuket: "Oraingo gobernu izugarri txar honen kontra (zuok liberalok eta sozialdemokratek osatzen duzuenori) burruka egiteko, urrian izateko diren hauteskundeetan parte hartuko dugu, baina ez betiko politikalari horietakoen bidez, hiritar jator eta zindoen bidez baizik, beren zerbitzu hiritarra bete gure duten hiritar zintzo batzuen bidez".

Sp: Esan duzunean, nik uste, itaun bi egiten dizkidazu. Lehenengoz, ene aburuz, zuk zeuk aipatu dituzunak hainbeste alemanek esaten baldin baditu, bizi ukan dituen baldintzengatik dateke; hots, batetik, Nazismoaren denboran, jende asko, beharrez edo, politikan sartu zelarik, jazarria izan zen gero eta horrek larritasun eta mesfidantza asko utzi du aleman hanitzen baitan. Bestetik Ekialdeko Alemaniaren eta beste herrialde sozialisten hurbiltasuna aita daiteke. Bertan jende guzia politikatua dago, indarrez politikatua, eta ondorioak, horregatio, hor daude begien bistan, askatasun politikorik eza. Eta azkenez, politikalari profesional nazkanteak eta beren jokuak behar dira aitatu; bizibidez politikalari direnak, boterea lortu eta gero, lar maite ohi baitute berau eta bertan irauteko ahal den, ez daitekeen, guztia prest egiteko daudelako.

Bigarrenez, politika sartu naiz interesatzen zaidalako, jakina, baina baita politikaz bizi nahi ez naizelako. Ni neure lanaz bizi naiz eta ez naiz sekula politikaz elikatuko. Gainera lan egiten dudaneko entrepresaren ugazagak, Trapp senitartekoak, oso dira eskuindarrak.

— Zer da F.D.P. a (Freie Demokratische Partei Alderdi Liberal Demokratikoa?

Sp.: Lehengo alderdia eta gaurkoa ederto ezberdin daitezke. Lehenago gure alderdia erdiko klaseen alderdia zen, jabe tiki eta entrepresalari koskorren alderdia, Euskal Herrian hainbeste dauden bezalakoen alderdia. Gaur, berriz, ezin daiteke horrelakorik esan. Egun, gure alderdia politikoki mugatu behar da, S.P.D. eta C.D.U.ren artekoa delako, h.d. erdi-ezkerra eta eskumaren arteko alderdia. Guk defendatzen ditugun hatsarriak edo eta erdietsi gura ditugun helburuak honako hauk dira labur esanda:

Kanpopolitikaz denaz bezainbatean:

- Herrialde komunisteekiko bakea eta elkarrekiko errespetu eta begirunea.

- Europaren batasuna, ahal den lasterren ere, herrialde sozialistak barne direla.

Barnepolitikari dagokionez, ostera:

- Gizabanakoaren lanaren goraipatze eta errespetatzea.

- Zergak diferentzia desegiteko bide bezala erabiltzea.

- Jabetza pribatuaren defentsa, bidenabar monopolio guztien kontra gaudela, h. d., nola kapitalisten monopolioen aitzi, hala Estatuarenen.

- Ahalbideen berdintasuna, irakaskuntza sistema justu eta zuzen bat eskatzen duena. Norabide horretan beraz, "numerus clausus" guztien kontra gaude.

- Unibertsitateak, berez, ez du ezagumendu batzu besterik ematen, ez ezelako eskubide. Beraz, berriz ere ahalegin pertsonalaren baloratze handia.

- Zuzenestatuaren defentsa, h.d., legearen aurreko berdintasuna eta legearen aurreko erantzunkikuzuna ezagutzeko hiritar bakoitzak duen eskubidearen defendatzea.

— Azken bolada honetan sozialdemokratekin batera osatu duzue gobernua. Zer deritzozu egindako lanari?

Sp: Pozik gaude, eta gure poztasunaren frogantzarik handiena zerean duzu, urriaren hauteskundeak irabazten baditugu sozialdemokratekin batera, haiekin osatuko dugula gobernua berriro ere. Bestalde ere alai gara eragin handia ukan dugulako gobernuan...

— Hori ere esan nahi ukan dizut, ez duzu uste dagokizuen baino botere eta indar gehiago duzuenik gobernuan?

Sp: Horrela hasi dira ere beste batzu mintzatzen, baina kontutan har, gu garela gobernua nortzuk osatuko duten esaten dugunak, zeren ez C.D.U.-C.S.U.k ez eta S.P.D.k gehiengoa lortu ohi ez baitute. Horregatio, esan behar dizut koalizioa norekin eginen dugun hauteskundeak baino lehen erabakitzen dugula, bestela ez genuke jendearen aurrean ezelako konfidantzarik mereziko. Baina esaten izan dudana, alai gaude gure eraginagatik oinharri bigatik, bata, esan dizudana, gobernua guk erabakitzen dugulako eta beste aldetik oso ministro onak dauzkagulako.

— Hori da, bada, oso ministergo garrantzitsurik daukazue eskutan. Esate baterako, kanpoministergoa eta ekonomiministergoa.

Sp; Bai horixe. Gure ministroak hauk dira: Genscher, gure alderdiaren lehendakari eta kanpoministroa, ekonomiministroa Friderich, Meihofer barneministroa eta Ertl nekazaritza-ministroa.

— Zein boz portzentaia atera zenuten azkeneko hauteskundeetan?

 Sp: Orain segurutik ez dizuket esanen, baina 8,7 edo izan zatekeela uste dut.

— Beste gai bati helduz. zer deritzozue kapitalen lege berriari, hobeto esan, legegai berriari?

Sp: Batetik zera esan behar da, politika berri hori denok onhartzen dugula...

— Kristaudemokratek ere?

Sp.: Baita. Bestela ez lukete ezer egiterik. Esan dizudanez, denok jotzen dugu ontzat, baina badago diferentzia garrantzitsu bat, guk liberalok eta kristaudemokratek nahi duguna eta sozialdemokratek nahi dutenaren artean. Haiek zera gura dute, halako kutxa jeneral bat osa, eta langileek ematen duten diruaz, entrepresa guztien akzioak eros; guk berriz ez diogu projektu horri eutsiko; gure ustez, langileek parte hartu behar dute entrepresan, baina bat bederak bere akzioak erosiz; noski, langileentzat propio salduko diratekeen akzioak.

— Zer eritzi daukazue zuok hilortzeaz?

Sp.: Badago errealitate bat, gura zein ez, kontutan hartu behar dena, hilortze ezlegal pilo egiten da urte guztietan Alemania osoan. Horren aurrean ezin gera esaka eta arrabotska bakarrik, ebazpen bat erdietsi behar da, horregatik, halako baldintza batzuetan gu hilortzearen alde gaude. Argi gera bedi, baina, baldintza batzu eta konkretuak bete ukanez gero bakarrik garela alde. Baldintza horik hauk dira guretzat: umea bortxapen kriminal batez sortua izatea, andrearen osasunak hala eskatzea eta umea sortzeko deneko familiaren egoera sozial xehe eta pobrea, h.d., haur berriaren hezkuntza eta hazkuntza ondo egiteko ahalbiderik ez egotea.

Guztiz honekin lotuta zera dago, gure Elizeekiko jarkera; guk berau argitaratu ditugun 13 tesiren bidez utzi dugu agerian. 13 tesi horien artean garrantzitsuenak hauk dira, Elizen eta Estatuaren arteko erabateko separazioa, apezpikuen izendapenetan Estatuak parterik ez hartzea, eta garrantzitsuena dena, Estatuak Elizetarako zergarik ez kobratzea.

 Batzarrerako hauteskundeak urriaren hiruan izateko dira, hori dela eta esaldi bitxi propagandistiko asko ondu da. Zer pentsatzen duzu horiez? Ez duzue uste egiarik baino askozaz gehiago propaganda merkerik besterik ez dagoenik?

Sp.: Badakitzazu zeintzu diren gure propagandaren giltzak, Askatasuna, Produkzio edo eta Efikazia eta bion lotura antzean Aurrerabidea. Horik, nik uste, ez dira berba hutsak, gure programaren funtsa baizik, lehen esan dizudanaren zutabeak. Bestalde, sozialdemokraten esaldiari ondo deritzot, Alemania eredu, zeren esan nahi dutena zera baita, Alemanian, krisialdi ekonomikoa eta guztiz ere, nahiko ondo bizi garela eta bake soziala ere ederra dela. Askatasuna ala Sozialismoa (Freiheit statt Sozialismus) delakoari, berriz, kristaudemokraten propagandari gezur hutsa eta zitala deritzot, Alemanian inolako sozialismorik ez baitago; hori da jendeen erakarnahia beldurraren bidez, ez dagoen mamu txar baten bidez. Badakizu, betiko gerla hotzaren mitoak besterik esateko egoten ez denean. Edozein kasutan ere, Sozialismo ala Askatasuna delakoaren ordekorik onena, ene ustez, bateon batek zionez, Askatasuna ala Erreumatismoa dateke.

— "Der Spiegel" politikaldizkarian egindako elkarrizketa batetan honela zioen zuen lehenagoko alderdiaren lehendakaria eta gaur Errepublikaren lehendakaria dena, Walter Scheel-ek: egitarauen ordez esaldiak erabiltzen dira; benetan gertatuz doan hautapena gero eta gehiago Besteren larrutan jartzea ala argudiatzea dela, lehenengoa izanez beti irabazle. Halako helburu politikoen lortzekotz besteren gaitasuna zalantzatan jartzen dela, helburuak berak ez direla gehiago eztabaidatzen, eta berau zuen sistema politikorako, gure sistemarako zioen berak, oso dela arrisku gaitz eta handia.

Sp.: Bat nator guztiz horrekin. Akordioak behar dira lortu guztion artean zerbait erdiets dezagun. Baina egia da, horren kontra jotzen duten gehienak ultraeskumatarrak direla. Hauxe da, hain zuzen, Hitler aurreko errepublikan gertatzen zena, Weimar-ko Errepublikan.

— Lehenago esan duzunez, zuek erdiko alderdia osatzen duzue. Hori horrela izanki, zein arrisku gerta daiteke zuentzat "Laugarren Alderdia" delakoa, "gu batzen gaituena, askatasunarekiko eta jabetzarekiko kezka sakona da" dioen alderdia?

Sp.: Ene aburuz, bat ere ez. Laugarren Alderdia delakoa, bere izen bitxi eta guzti, eskuineko alderdi tipikoa duzu, "askatasuna eta jabetza" bai horixe: guk orain arte daukagun guztia eta aurrerantzean lapur dezakegun guztiaren jabe izateko askatasuna. Egia esan, eta hau ene eritzi pertsonala duzu bakarrik, alderdi hau Strauss-en joku bat da. Badakizu Strauss Sozialkristauen Batasunaren burua dela, Babieran bakarrik lan egiten duen alderdiaren buru. Bera eta bere alderdia C.D.U.koekin elkartzen dira beti, baina kristaudemokratek ez dute orduan jenderik Babieran presentatzen, ez eta sozialkristauek Alemaniako beste estatuetan ere. Hori dela eta, C.S.U.ko inor, h.d., Strauss, ezin liteke inoiz lehenministroa izan, "Bundeskanzler". Orduan, kristaudemokratekin atralakietan ez sartzeko eta daukaten egiunea ez apurtzeko, delako "Laugarren Alderdi" hori sortu du gure Strauss maiteak. Alderdi horrek indarra har lezanean, nik espero ez dudan gauza, hain zuzen, Strauss agertuko litzateke bere betiko C.S.U. eta beronen buru bakar bat bezala, bere lehenministro izateko ahalbideak asko handituko liratekeela. Jakina, Laugarren Alderdia honek ez du ia Babieran lan egiten, zeren defendatzen dituen interesak oso ondo zainduak baitira hor Strauss eta beronen lagunen bidez.

— Kanpopolotikaz apur bat arituz, eman iezadazu, mesedez, zuen eritzia Ekialdeko Alemaniarekiko harremanez.

Sp.: Scheel, gure alderdiaren buru zelarik, izan zen Ekialderako politika ireki zuena, gu beti egon gara horren alde. Lehenago egin dizudan gure egitarauaren laburpenean ere hori agertzen da argi eta garbi.

— Eta zer pentsatzen duzu mugan gertaturikako azkeneko pasadizuez?

Sp.: Zalantzarik bat ere gabe, hori izan da Errepublika Demokratikoak C.D.U.ri eman dion laguntza. Azken batetan, Alemania Demokratikoak guk bera ofizialki onhartze eta ezagutzea nahi baitzuen bakarrik, ez besterik. Ez du nahi harreman sakonetan sartu, eta bere politikari eusteko behar duena zera da, bertan, Errepublika Federalean, Gobernu gogor eta eskumatar bat. Arerioa behar du bere sistema errepresiogileari eusteko.

— Eta zer deritzezu Italiako egoera dela eta Schmidt Jaunak esan zituen hitzei?

Sp.: Funtsean bat etorri arren, lar gogorrak. Eta funtsean bat etorri arren diot, guk nahi dugunari maileguak egiteko eskubidea dugula uste dugulako.

— Bai, baina Alemaniako aberastasuna ez da bakarrik alemanen ahalbideen bidez lortu. Alemanian gertatu den kapital-akumulazio edo pilatzea, beste herrialdeetan egindako neurrigabeko irabazpenez ere egin da asko, bai eta langile atzerritar askoren kontura.

Sp.: Ez dut ezetz erranen. Baina nik dudan dirua nahi dudanerako erabiltzeko eskubidea dudala uste dut.

— Askok dionez, teoriaz datorren urtean eginen omen diren Europarako Parlamenturako hauteskundeak, Herrien Europa eraikitzeko lehen urratsa da.

Sp.: Ene ustez, hori oso uste baikorra da. Gehienez ere, esanen nuke halako garaipen morala lortu dela, besterik ez. Bidea oraino oztopoz eta mugaz beterik dago, batzu ia gaindiezinak.

— Zein aburu da Alderdi Liberal Demokratikoak duena O.T.A.N.i buruz?

Sp.: Warsobiako egiuneak dirauen bitartean iraun behar duela. Bestela Alemaniak, gure Alemaniak, behingoan luke jai. Ikus, bada ez bada ere, Txekoslobakiako eta Hungariako kasuak. Alemaniako armada oso tipia da; horregatik ondo deritzogu beste Estatuen soldaduak gurean egoteari.

— Asaldu nauen gauza bat, Terrorismoa dela eta zuen gobernuaren jarkera izan da.

Sp.: Ni haserretu gabe, ontzat hartu dut.

— Baina zergatik jotzen duzue boterea ez duten "terroristen" kontra? Zergatik ez duzue kontra egiten Estatu baten nagusi diren terroristen eta faxisten aitzi?

Sp.: Errealismoa behar da erabili.

— Hori oketa. Zapaldua beti ideialista.

Sp.: Gure ustez, modu horretan, Hegoamerikako errepublikak lagunduz kasu batez, horko herriek askatasun gehiago lor dezaten bide egokia gerta dakigu.

— Tira ba! Amaitzeko zera nahi dut jakin, ea zuen alderdiak ofizialki Euskal Herriaren arazoez ezer pentsatzen duen, edo eta deklarazioren bat inoiz egin ote duen. Baduzue, bestalde, Euskal Herriko alderdiren batekin harremanik?

Sp.: Ez dago harremanik, eta nik dakidanez, gure alderdiak sekula ez du Euskal Herriaz hitz egin Nire eritziz, duzuen biderik egokiena federalismoa duzue, guk hemen Alemanian daukagun federalismoa bezalakoa. Hemen estatu federal bakoitzak bere kultur, eta hezkuntz-ministergoak ditu, bai eta, esate baterako, trafik-ministergoa ere.

— Eta Europa batuan ez diguzu ahalbiderik gehiago ematen?

Sp.: Europa bera lortzeko lan egin behar da asko, eta zuek hor estatu federal bat lortzeko askozaz gehiago, beraz luzaroko lana duzue.

Eskerrik asko elkarrizketa honegatik Wolfgang.

Sozialista gazteekin

 Wesel-go hiri txikerrako "Jusos"ekin egon naiz, haiek oraingo hauteskundeez eta Alemaniako egoera orokorraz pentsatzen dutena apur bat baino ez bada ere ezagutzeko. Astero bilera bat egiten dutelarik, batetan egon naiz eta zenbait itaun egin; guztien izenean Bernhard Wanders-ek erantzun dit. bertako taldearen harremanen arduraduna.

 Hortik, dela Alemaniatik, dela Alemaniatik kanpo "Jusos"ez zerbait entzuten denean, behingoan aleman ezkertiarrez pentsatzen duk. Zuek zer zarete benetan? Zeintzu harremanak dauzkazue alderdi sozialdemokratarekin, S.P.D.rekin?

W.: Gu sozialdemokratak gaituk, erran nahi baita, S.P.D.ren kideak. Alderdi Sozialdemokratan 35 urte baino gazteagoak halako "gazteentzako lantalde" batetan sar daitezke, h.d., "Jungsozialisten Arbeitsgemeinsehaft"en. Gurea bezalako beste lantalde asko diagok, emakumeena, irakasleena, e. a. Gure lantaldean 300.000 bat kide diagok sarturik, baina benetan lan egiten dutenak, dugunok, 20.000 edo gaituzkek. Beraz, beste egitura bat edukitzearren, kideak garenez gero, Alderdi Sozialdemokratan ordaindu behar ziagu hilabetero beste kide guztiek bezala.

— Zuok, lehen esan dudanez, ezkertiar fama duzue. Zelan lotzen duzue hori eta S.P.D.ren politika?

W.: Egia duk, ezkertiar fama zeukagu, eta E.D.U.koentzat, esate baterako, ia komunistak edo gaituk; horrela ziotek behintzat. Hortik esaten duk "alderdiaren kontzientziarik onena" garela. Nahiz eta alderdiaren politika maiz kontraesaten dugun, denok alderdiaren kide garelako, "Jusos" garelako, alderdiaren programa onhartzen ziagu, onhartu behar ziagu, Bad Godesberg-en, 1959.eko hazilan egindako biltzarrean ontzat jo zena. Gure praktikan, beraz, beregainago gaituk, eta lantzean behin ere alderdiaren beraren jarkera batzuen kontra jo ziagu.

Bestalde, alderdiaren ezkerraren laguntza bazeukeagu, zera pentsatu behar dualako, "Jusos"en egondako asko, aski ezkertiarrak 35 urtetara heldurik alderdiaren kide ohikoak bilakatzen direla, besteak bezalakoak, eta hauek ezker aldera jotzen ziate beti. Ezkertiar famatu horien artean Johen Steffen eta Erhard Eppler aita diaitezkek.

— Baina berriro diotsuet, horrelako jarkera batzu defendatzen dituzuenok, nola lotzen duzue zuen arradikalismo hori S.P.D.ren politikarekin? Bere programan hau dioen alderdiarekin: "Sozialdemokratek askatasuna eta justizia nahi dute eta defendatzen, komunistek, berriz, gizartearen desegitea dute helburu, beren alderdiaren diktatura ezartzeko", azken hau egia izan arren, bazidurik S.P.D.k gizarte kapitalista onhartzen duela oso. Europatik beti esaten duk Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata kapitalismoak daukan administratzailerik gizatiarrena dela.

W.: Dioan guztia egia duk, eta are gehiago, oraingo gobernuburuak, Schmidt-ek, alderdiaren eskumaren burua denak honez gero esana zik, berak guztiz duela onhartzen merkatu librearen gizartea, h.d., kapitalismoaren sistema. Alderdiak berak erreformetan zik sinesten...

— Non daude baina erreformak?

W.: Bai hori duk, ekonomiaren egoera dela eta, erreforma guztiak atzeratu omen zitik gure Schmidt-ek teknokratak...

— Bai horrexegatik ziokeen Meihofer-ek, F.D.P.ren kidea denak eta barneministroa: "Schmidt ez da Egiaren gizona, larrialdiena baizik", larrialdi kapitalistena, noski.

W.: Hori duk. Eta gu S.P.D.n giaudek, modu hori baitakusagu zeredozer erdiesteko bide bakartzat. S.P.D.n lan eginen ez bagenu ez genikek ezer lortzerik, horregatik guk bultzatzen dugun politika "etengabeko erreformen politika" duk. Bestalde, ez ziagu guk helburu bezala klaserik gabeko gizarte baten esperantza eta itxaropena galdu, baina azken jomugatzat ziagu hau defendatzen.

Esate baterako, gurea txikia delarik, S.P.D.tik kanpo dauden ezkertiar guztiek ez ziate ezelako eraginik, horregatik ez ziagu politika hori, errealista izateagatik, ontzat jotzen, eta erreformen bidez apurka apurka aldatuz joanen garelako esperantzaz eta itxaropenaz ez gaituk oraino etsi.

— Oraingo arazoei zerbait ekinez, ez duzue uste alderdiek, aurtengo hauteskundeetarako ekintzan, izugarrizko egitarau ederrak bota dituztela, baina ezeinek ez duela benetan dauden problemetarako ebazpenik proposatzen, h.d., Spiegel-ek zioen bezala hagitz lainotsu dela, datozen lau urteetan egin behar dena?

 W.: Bat etorri behar, hala duk. Aurtengo hauteskundeak, Der Spiegel-ek berak zioen legez, gezurren hauteskundeak dituk. Ez diagok inolako harremanik dauden problemen eta aurkezten diren programen artean, ez duk ere benetako gai berezirik, dena berbaro hutsa dela ederto esan diaitekek.

— Eta zuek zer pentsatzen duzue C.D.U.-C.S.U.-k bota duten esaldi propagandistikoaz, seguru asko Strauss-ek, aleman eskumaren maoistak ondua, hots, Askatasuna ala Sozialismoa? Niri liberal batek, ezagutzen dukezuen Wolfgang Spiess-ek, gezur hutsa zela zioestan, Alemanian inolako sozialismorik ez ei dagoelako.

 W.: Spiess-en berbak guztiz espero izatekoak baziren ere, funtsean arrazoina duela aitortu behar ziagu, ia ezina egiten delako ezelako joera sozialistakoirik erabiltzea, haik, liberalak, gurekin daudeno gobernuan. Eta are gehiago eta txarrago dena, gure lehenministroaren joera kontutan harturik.

— Hortik S.P.D.ri egiten zaion akusazio bat hau duk, ez dituela prometatzen zituen erreformak aurrera atera, eta bai ingurune ekologikoaren defentsarako, lanbide-ikasleen irakaskuntzarako bezala, oso pundu garrantzitsu bi, ez dituela gostuak gehitu eta benetako laguntzak eman.

 W.: Hori duk, izan ere, guk geuk bultzatu gura dugun gai bat; baina arestion erran duguna, gai guzti horik hauteskundeen ekintzatik aparte utzi dituk.

— Ez duzue uste azken gobernaldian egindako politika, gehien bat, F.D.P.ren politika izan denik, S.P.D.k ez duela ia ezer bererik lortu?

W.: Ez horrenbeste gizona, politika sozialen zerbait aurreratu ziagu, eta F.D.P.k indarra egin badu ere, berak bere baldintza batzu bete zitik. Ezin zik berak nahi duen guztia egin.

— Beste gai bati helduz zeintzu harremanak dauzkazue bertako komunistekin, h.d., D.K.P.rekin eta K.B.W.koekin?

W.: Alde batetik komunistekin lan egiten bada, gure Estatuan dagoen kontrakomunismoa dela eta, eta boz asko gal litezkeelako beraz, alderditik bota gintzakek. Bestalde, D.K.P.koekin, stalinista hutsak direnak, ez ziagu ezelako harremanik; besteekin, ostera, halako ekintza batzuetan, ez baina sekula ofizialki esandako arrazoina dela bide, lan egin ziagu.

— Zer deritzozue "numerus clausus"i?

W.: Zatarkeria bat, Alemaniako unibertsitateek duten ahalmena guztiz ez dela erabiltzen kontutan hartuz gainera. Egia duk, bestalde, ikasketak egin eta gero jende asko lanik gabe geratzen dena, baina hori arras bestelako arazo bat duk.

— Eta orain hainbeste eztabaidatzen den hilortzeari?

W.: Guk hiru hilabetetararte, hots, arriskurik gabe posible egitea deno, hilortze librearen alde giaudek, halako baldintza batzu betetzen badira, funtsean, F.D.P.k berak proposatzen dituztenak.

— Eta terrorismoa dela eta?

W.: Gauza bera, boteretsuekin egiten dela bakarrik hemen pakea. Pinochet eta bere Hegoameriketako lagun guztiak Europako terroristak baino askosaz txarragoak izan arren, azken hauen kontra egiten dituk bakarrik legeak, Brasileri, aldiz, fabrikak saldu.

— Eta zer diostazue Euskal Herriaz?

W.: Egia esan ez nauk ausartzen judizio bat ematen, arazoa ondo ezagutzen ez dudalako. Demokraziaren mailan bederen, euskaldunoi ukatzen zaizkizuen halako eskubide batzuen alde burruka egiteko zuzenik baduzuela uste ziat, baina hori ez duk neure burua garbitzea besterik. Benetan gehiagorik ezin zezakeat erra.

Eskerrik asko elkarrizketa honegatik.

Andolin Eguzkitza


Erlijioaz

Frantzia. Komunistak eta kristauak

Lyon-en eta joan den ekainaren 10ean, Georges Marchais-ek, Frantziako alderdi komunistaren idazkariak, egundoko mintzaldia egin bide zuen. 12 milatik gora omen ziren hari entzuten ordu t'erdi luzea eman zutenak.

Gizarte berri bat eraikitzeko, komunistak eta kristauak elkar hartu beharraz mintzatu zen Marchais jauna. Orain dela 40 urte, Maurice Thorez-ek kristauei eskua luzatu zieneko hartaz asko mintzatu da hizperringietan. Eta jendea galdezka geratu da, hauteskundeei begira muntaturiko. maniobra hutsa ez ote den, alegia. Marchais jaunak ba daki Elizak zernolako indarra duen Frantzian eta kristauen onginahia irabazi nahiko luke, zenbaiten ustez.

Hona hemen, labur beharrez, aipatu hitzaldian Marchais jaunak ukitu zituen zenbait puntu:

- Lehendabizi, Frantziako lehendakariaren kontrako salakuntzak eta bertako aristokraziaren kontrakoak jaulki zituen.

- Pluralismoa eta aniztasuna aberasgarri bezala goraipatu zituen.

- Komunismoak erlijioa haintzakotzat hartzen duela aitortu zuen eta ez duela horren kontra inolako gerratik egiteko asmorik.

- Frantziako apezpikuen zenbait textu ere erabili zuen, injustiziak salatuz eta kristauak bidegabekerien kentzera gonbidatuz.

- Estatuaren laikotasuna defendatu zuen. Era berean, erlijio eta kontzientziazko askatasunaren alde mintzatu zen.

- Anaitasuna, besterekiko begirunea, solidaritatea, pudorea eta ontasuna, komunistek biziro estimatzen dituzten balio moralak bezala goraipatu zituen.

- Materialismo gordina (sourdide) ere gaitzetsi zuen, dena egoismoaren ur izoztuetan itotzen duelakoz. Materialismo hori burgeseriaren ondoretzat jo zuen.

- Azkenik, pornografia ere gaitzetsi zuen Marchais jaunak.

Gisa hontara amaitu zuen mintzaldia: "Mundua aldatzeko, komunistek eta kristauek elkar hartu beharra: horra bilkura honen arrazoin sakona. Komunisten eta kristauen lankidetzak bide berriak har ditzake eta behar ere ditu. Lankidetza hori garrantzi handikoa gerta daiteke eta hala behar du ere. Geure aldetik, prest gaude edozein harremanetarako, kristauekin, beroien mugimenduekin eta Elizaren arduradun diren ordezkariekin, horrela elkar hobeki konpreni ahal dezagun".

Handik egun gutitara, Marchais-en ihardunaldiak ukan du halako ihardespen bat, Frantziako apezpikuen kontseilu iraunkorrak emana, nahiz eta hauek espreski bederen Marchais-en izenik eta mintzaldirik ez aipatu. Ekainaren 17an, kontseilu horrek aditzera eman duenez, kristauak beren buruen jabe dira politik alorrean iharduteko; kontuan harturik beti ere, politik ihardunbidea koherentea izan behar duela fedeaz.

Kristau eta komunisten arteko harremanak esankizunik franko sorraraziko dute oraindik. Gure Elizari gagozkiola, arazorik bizienetako bat hortxe daukagula uste dut, bai teoria mailan eta bai praktikaren aldetik. Euskal Herrian ere arazo hau bizibizirik dago. Dena dela, postura itxiak eta dogmatikoiak ez digute mesede handirik eginen, ez hauzi hontan eta ez beste ezertan.

Jose Altuna


Loentxo-tik Petronor-era

Artikulu honetan gauza bat adierazi nahi nuke: euskara arlotea eta askok ahotan darabilten euskara jatorra sinonimoegiak gertatzen ari zaizkigula, hau da, askoren jatortasuna arlotekeria engainagarri bat besterik ez dela. Beste hitz batzuez esateko, gaur egun jator eta garbi idazteko dugun irtenbide bakarra gure idazlanen kultur maila apaltzea dela. Eta problema larri honen grabetasunaz ez garela ohartzen euskara kultur hizkuntza bihurtzen ahalegintzen ari garen mementu honetan.

Ez da hau ordua, ez tokia, honi buruzko teoria oso bati aurrerabidea emateko. Baina uste dut zenbait exenpluk eta argibide batzuk aski ulergarri utziko dutela adierazi nahi dudana.

Petronor entrepresaren batzar nagusiaren (edo batzarre orokorraren) berri eman digute Z. ARGIAren eta ANAITASUNAren azken zenbakiek. Erderazko original baten bi itzulpena aurrean gaude, bi itzulpen nahiko diferenteren aurrean hain zuzen. Eta ez naiz ari batasuna-arazoez. Bi bertsio horiek enplegatzen duten kultur maila desberdina da ikusarazi nahi nukeena.

Baina has gaitezen hasieratik. Orain dela zenbait urte (gaurkoren berri ez dut) Aita Patxi Altunak Meza ematen Santuen lerrokada errezitatzen zuenean Loentxo esaten zuen. Zergatik esaten zuen Loentxo Lorentzo-ren ordez? Jatorragoa iruditzen zitzaiolako, noski. Baina zergatik iruditzen zitzaion jatorragoa? Ba arloteagoa delako. Zerk bihurtzen du Lorentzo Loentxo? Bi fonetismok, bi xokokeriak, hitz batetan bi arlotekeriak: euskara batutik baztertu ditugun bi fonetismok hain zuzen. Lehena, r bokalartekoa jatea. Kontsonante afrikatuen bustidura bigarrena. Ez zuen, ez Altuna adiskideak gea esaten gera-ren ordez, ez itxaso (textuinguru expresiboak alde batera utzirik) itsaso-ren ordez. Zergatik gera eta itsaso alde batetik eta Loentxo bestetik? Lehenek berez dutelako jatortasuna; ez ordea azkenak, erderatiko hitza baita. Zeren erderatiko hitzak, senide bort horiek erredimitzeko eta jatortzeko modurik seguruena aspaldi asmatu baikenuen: etxeko hitzentzat nahi ez ditugun xokokeriak hartu behar dituzte gure artean azalduko badira. Hona horrenbeste Jexux eta Luix-en explikabidea (eta honekin ez diot inori ukatu nahi bere izena nahi duen eran erabiltzeko eskubidea; gertakariaren sintomatikotasuna adierazi nahi dut soilik). Hona, ixtudio eta antzeko hainbat hitzek gure artean duten harrera onaren giltza.

Baina zoritxarrez trukoa (beste zenbait truko Azurmendiren Zer dugu Orixeren kontra liburu ezin interesgarriagoan adierazten dira) ez dugu soilik fonetikan erabiltzen. Kontuan okerrago ditugu morfologian, lexikoan eta are okerrago joskeran eta sintaxian.

Adibidez: Emite Radio Popular / Zuekin Herri Irratia. Problema ez dago irrati-n, noski, zuekin-en baizik. Eta ez dut esan nahi "Herri Irratia ari da emititzen" edo, hobeto legokeenik (are gutiago nahi nuke Herri Irratia kultur euskararen aurrerabiderako egiten ari den lan erabakikorra gutietsi). Nahi nukeena zera da, halegia, kontura gaitezela erdal eta euskal esaldiok bi maila desberdinetan ari direla, euskarazko maila apalago batetan gertatzen delarik. Zeren erdal eta euskal esaldi bi horrela kontrajartzen direnean, edo a) euskal esaldiaren informazio-kantitatea urriagoa da, edo b) euskal esaldiaren apalagoa da (edo jarri dugu eta ez ala gehienetan bi gertakariok batera ematen direlako). Eta hori jatortasunaren izenean gehien bat. Azken urteotan urrats handiak egin dira euskara kultur hizkuntza bihurtzeko bidean, baina oraindik asko falta zaigu inguruko kultur hizkuntzen parean jartzeko (eta hori da ezinbestean, sobrebizitzeko dugun aukera bakarra, gaur eta hemen). Bestalde, nik behintzat duda eta zalantza handiak ditut daramagun bidea hemendik piska batera bide itsu gertatuko ez ote zaigun. Zeren azken finean, jatortasunaren izenean egiten ari garena zera baita: gure arbasoengandik hartu ditugun kategoria linguistikoez gaurko gure gizarte industriatu edo postindustriatuaren kategoriak "itzultzea", eta hori ezina da. Uste dugu gizarte nekazari batetik gizarte moderno batera pasatzeak, zenbait (edo asko) hitz berri gureganatzea besterik ez digula eskatzen. Baina gauzak konplexoagoak dira: lexikoaren zentzu bera eta halaber sintaxiarena dira gaurko euskal gizartearen beharkizunetara egokitu behar ditugunak.

Ba da kontu honetan askotan aipatu den topiko bat: euskararen jenio bereziarena. Berezitasun hori ukaezina da eta kontutan eduki behar dugun gauza bat, noski. Baina berezitasun horren aitzakiarekin eta kontrabandoz, euskal berezitasunarenak baino areago euskararen kultur azpiratze sekulakoaren ondorio diren hainbat gauza sartu nahi zaizkigu. Adibidez sintaxian: "Badu itsasoak bere marra jakina, zein baita kosta". Hori erdalkeria omen da, euskaldun baserritar arrunt batek hobeki josiko omen luke delako esaldi hori, honela adibidez: "Badu itsasoak bere marra jakina, eta marra hori kosta da". Nik ez dut ezer bigarren joskera horren kontra, baina konturatu beharko ginake bi joskeron artean dagoen diferentziarik funtsezkoena diskurtso-mailen desberdintasunean datzala beste ezertan baino areago. Konkordantziarako joera, ezinbestean murgildurik aurkitzen garen sartaldeko zibilizazio honetan, kultur gabeziaren ezaugarri argia da: haurrek eta erdianalfabetoek ezkribuz ari direnean esaldiak konkordantziaren bidez josteko duten joera gauza jakina da. Orobat, joera hori da Erdi Aroko gaztelaniaren (Latinarekin kultur alorrean konpetitu ezin zuen gaztelaniaren) ezaugarri nabarienetako bat. Eta hori ez zen gaztelaniaren jenioa, edo balin bazen laster asko baztertu zuen bere jeniotasun hura Errenazimenduan kultur hizkuntza bihurtzen hasi zenean.

Asko mintzatzen da gaur egun zientzi euskaraz, Eta egia da azkenean zientzi gaiak ere euskaraz tratatzen hasi garela. Baina lan horietan ez dugu gainditu, kasurik hoberenean, dibulgazio-maila. Haurrentzat edo baserritarrentzat ari bagina bezala dihardugu. Dibulgazio-lanak ere nahiz beharrezkoak diren, ez dezagula pentsa horrekin euskara zientifikoa (zientzi fakultateetan eta teknik eskoletan inoiz sartu beharko dugun hori) eratua dugunik. Puntu honetan jatortasunaren itzala izugarrizko oztopoa gertatzen ari zaigu eta gertatuko zaigu aurrerantzean ere, baldin gauzak aldatzen ez badira. Lehenik, problema osoaren ikuspegi orokor batekin aritu beharrean mementuan mementuko oztopoak nola-hala, mordoilokeria omen denaren beldurrez, konpontzen aritzen garelako. Adibidez, 2x2 nola esan eta "bi biko" hura asmatu zuen norbaitek oztopoa jatorki gainditu zuelakoan: tamalez irtenbideak ez du jadanik balio gauzak apur bat konplikatzen ditugunean: mv2/2 formula ezin elementalagoa adierazteko, adibidez, ez du balio, Baina horretarako "erdi bat bider m bider v bi" erabiltzea inork pentsatu badu, kontutan eduki behar du nahikoa dela formula beste apur bat konplikatzea, adibidez CmM/d2 (eta formula honekin ez dugu oraindik BUP-ek eskatzen duen maila ere gainditu!), irtenbideak ("erdi bat" horrek) ez duela balio ikusteko. Bigarrenik, zientzi hizkuntza, gehienetan, hizkuntza formal (matematiko) baten metahizkuntza besterik ez delarik, metahizkuntza horren sintaxiak hizkuntza formalarenarena makurtu behar duelako ezinbestean. Ondorioz, zientzi euskara ezin da eratu euskal joskera (Altuberen euskal joskera esan nahi nuen) irauliz eta apurtuz baizik.

Topikoekin hasi garenez gero, ba da beste bat denok ahotan mahiz erabiltzen duguna; euskarak bere baitatik hitz berriak sortzeko duen gaitasun aparta. Hori ere ukaezina da eta bide hortaz erruz ari gara baliatzen euskara kultur hizkuntza bihurtzen ahalegintzen dihardugunok. Baina hemen ere gauzak bere onetik ateratzeko joera nabari da askorengan. Gaia ezin zabalagoa delarik, kultur maila kontutara mugatuko naiz. Har dezagun sacamuelas dentista/odontólogo saila. Hiru hitz horiek gauza bera adierazten dute, baina ez dira horregatik trukagarriak, bakoitza maila bati egokitzen baitzaio. inork ez du jarriko kontsultaren atean "J. Pérez-Sacamuelas", Halaber inork ez du esaten haserrealdi batetan "estoy hasta los testiculos", baina ez dut inoiz irakurri medikuntza-liburu batetan horren ordainik. Horrela, exenplu extremo bat jartzeko eta Aita Mujika guztien hiztegi guztien gora-behera, megalozefalo adierazteko ez du buruhandi hitzak balio: kultur mailaz apalegia da eta konnotazio bereziz kargatuegia dago zientzi hitz baten lekua betetzeko. Zeren hitz bat ez da denotatio huts bat. Hitzaren connotatio-ei ere begiratu beharko diegu gauzak bidez egingo baditugu.

Euskarak hitz berriak sortzeko duen gaitasun horren aitzakiarekin eta erbiaren ordez katua sartzen duenak bezala, hitzen ordez perifrasiak sartzen ditugu maizegi. Perifrasiaz hizkuntza guztiak baliatzen dira hala-beharrez, baina gure artean gehiegi erabiltzen dugu bide arriskutsu hori, eta zertan ari garen jakin gabe askotan. Adibidez, aurreko paragrafoan atera zaidan extremo-aren ordez ez dirudi muturreko-k, eman dezagun, balio duenik, a) mutur oraingoz apalegia eta konnotazio jakinek markatuegia dagoelako, eta b) oraingoz ez delako (zentzu honetan; "muturreko bat emango dizut" eta antzekoetan, bai) hitz bat, sintagma adjektibal bat baizik. Eta horrela jokatuz ez gara ari problemak erresolbitzen, lexikotik sintaxira pasatzen baizik, eta itzulgintzan jardun duen edonork dakienez, aski buruhauste dugu sintaxiarekin beste alorretatik problemak hortaratzeko. Berdin ari gara visible konzeptu guztiz beharrezkoa saihesteko "ikus daitekeen..." erabiltzen dugunean. Atakatik ateratzeko eta epe laburrera begiratuz geure buruak engaina ditzazkegu horrelako jokabideekin, baina beldur naiz hemendik denbora gutira ez ote dugun larrutik pagatuko orain egiten ari garena. Honekin ez dut esan nahi extremo eta bisible hitzak besterik gabe hartu behar genituzkeenik (kontrakoa ere ez dut esaten), baina orain arte proposaturiko irtenbideak ez dutela balio.

Truko honen beste molde bat ere askotan erabiltzen dugu; hitz-multzo batek sortzen dituen problemak saihesteko, multzo guztia adierazten duen artxisemema erabiltzeko joera dugu. Horrela, adibidez, gaztelaniazko butaca, sillón, sofá, taburete, canapé, eta abarren ordez, euskaraz soilik eserleku erabiltzeko joera dugu, eserleku berez asiento artxisememaren ordain zuzena denean. Hildo berean eta Amurizak dioenez, Mujikaren hiztegian kendu euskal aditza 19 erdal aditzen lekuan agertzen da. Hortik gure jardunari darion anbiguotasun-maila handiegia (sofá guztiak eserleku dira, baina ez eserleku guztiak sofá). Zenbaitetan anbiguotasun hori textuinguruaren bitartez biguntzen dugu, baina informazioaren teoriaren legeen kontra (erredundantzi indize apalegiak sor ditzazkeen problemez ari naiz). Hemen ere, geure jokabidea zilegiztatzeko, erdi-egia bat eskuratu dugu, estrukturalismoaren aurkikundeetan oinarritzen omen dena gainera: erderak hitz horiek bereizten dituela ta euskaraz berezi nahi izatea, erdal kategoriez pentsatzea omen da. Egia da inguratzen gaituen errealitatea ez dagoela berez ente eta gauzetan sailkatua, eta hizkuntza bakoitzak errealitate mugagabe horren organizazio bat suposatzen duela. Baina horrek ez du esan nahi hizkuntza batetako mintzatzaile batek, esate baterako, hitz berberaz izendatzen dituelako, bi "kolore"ren (uhain-longitude apur bat desberdineko bi erradiakzio elektromagnetikoaren) artean diferentziarik ikusten ez dituenik, bi koloreok "desberdin" iruditzen ez zaizkionik, baizik ez zaiola diferentzia hori nahiko interesgarria iruditzen bi "kolore" horiek hitz desberdinez izendatzeko. Eta ez zaio interesgarria iruditzen arrazoi historiko-linguistiko aski konplexurengatik. Hemen ere, ezin ukatu da hizkuntzen jenio delako hori aldakorra denik: inguruko erdarek zenbat bereizkuntza baztertu eta zenbat berri sortu dituzten ikusteko, aski da beroien historiari begirada bat botatzea. Zeren aldakuntza-prozeso horretan ba da lege nagusi bat: hizkuntza batek hizkuntza hortaz mintzatzen den kolektibitatearen expresabide-beharkizunetara makurtu behar duela. Eta gure gizartearen textuinguruan (ez soilik inguruko erdaretan), gure eguneroko bizitzan, sofá bat eta sillón, bat gauza aski desberdinak dira funtzionalki, izendatze bana izan dezaten. Besterik litzateke Orinoco-ko indioen artean bizi bagina, baina hemen eta orain bizi gara. Honek ez du esan nahi erdarazko hitz guztiei euskal ordain bat ematen lehiatu behar dugunik. Ez gure hizkuntzak pairatzen duen zapalkuntza salatu eta kontutan hartu behar ez dugunik, inolaz ere. Baina ez dezagun hori aitzeki gisa geure buruen engainagarri erabil.

Gogoeta hauek baliagarri gerta daitezke memento honetan ditugun zenbait problema larritan argi egiteko. Adibidez, zergatik da hain gauza nekeza izkriburik arruntena (talde baten edozein agiri edo Coulomb-en legea elektroestatikan; literatur lanak beste gauza bat dira) euskaraz ematea? Zergatik dugu oraindik itzulpengintza artisaniazko lanen mailan? Ez, zenbaitek pentsatuko luketen bezala euskal eskolarik ez dugulako: hainbat euskaldunek edozein eskoletan hizkuntza ikasten ematen diren adina eta gehiago ordu pasa dituzte bere kasa euskara lantzen, baina hauentzat ere buruhauste izugarria da zernahi gauza euskaraz taxuz ematea (euskara jatorrez ematea errazagoa da adierazi dugunez, baina ez da hori kontua). Beste zenbaiten ustetan problema euskararen berezitasun apartan legoke. Baina hori egia bada eta euskaldun normalki eskolatuentzat ere, hau da, heziera osoa euskaraz hartuko luketen euskaldunentzat ere, itzulgintzak gauza erraz eta ia automatikoa izan beharrean dohain harrigarriak errezibitu dituzten zenbait pribilegiaturen eginkizuna izaten jarraitu behar badu, hobe dugu berezitasun hori bazterrera dezagun, bestela gureak, berezitasun eta guzti, egin baitu.

Har ditzala orain irakurleak Petronor-en bi anuntzioak (tamalez, GOIZ ARGI ez digu bere bertsioa prestatu), eta konpara ditzala. Bestalde, nahi duenak har dezala erdarazko originala ere. Test on bat dela uste dut, noraino heldu garen eta egoera normaltsu batera heltzeko zenbat falta zaigun ikusteko. Hau da euskara kultur hizkuntza bihurtzeko ahaleginean dugun hauzirik larriena eta urgenteena. Jaiki banendi eta jaikiko banintz formen artean dagoen diferentzia ikastea ere garrantzitsua izango da beharbada. Baina hemen ere lehentasun-hierarkia bat dago, geure buruak engainatuz ibili nahi ez dugunontzat bederen.

Ibon Sarasola


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Gurutzegrama


Urrezko astabelarriak

Gure eritziz, nuklear zentraletarako tokirik aproposena Madrileko Paseo de la Castellana litzateke, hozteko ura Manzanaresetik aterata. Horregatik, bistan da, Agorrilaren 29an Plentzian egindako manifestazioaz erabat konforme gaude. Ez hain konforme, hala ere, hori iragartzeko, gure hirietan zehar azaldu diren paperekin, berorietan makina bat astakeria ezarri baita euskaraz. Hona hemen kartel horietako baten zatia.

EUSKALDUN GUZTIORI GONBIDATZEN ZAITUEGU (Guztiok beharrean!), AGORRILLAN (Agorrilean!!), PLENTZIN (Plentzian!!!), EZ EUSKAL KOSTALDE NUKLEARIK BATEA! (?!), GURE HERRIKO AIZE-GARBIA KONTROLATZEKO! (Aire garbia ote?), GURE HERRIKO ARAZOETAN PARTE ARTEAGAITIK! (Hartzeagatik, agian!!). Meritu guztiongatik, bihotzez, bai paper horren euskaratzaileari eta bai inprentakoei, ale honetako urrezko astabelarri nuklearrak eskaintzen dizkiegu. Ez horregatik. Tira.