ANAITASUNA

1976.eko AGORRILAREN 15ekoa

322. ZENBAKIA

25 PTA


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

BERGARAN EHUN URTE GEROAGO


AURKIBIDEA

3. Editoriala

4-5-6. Tantaka

7-8. Bergaran Uztailaren 21 ean (Joan Larrinaga)

9-10-11. Amnistia, heldu gabeko fruitua (J.R. Bilbao)

12. "Garaia"

13. Euskal banderari bai (Xabier Kintana)

14-15. Euskal errealitate baten bila (Xabier Kintana)

16. Euskadi Euskal Herriaren kontra? (L.M. Mujika)

18. Erlijioa: Galegoak aitzindari (J. Altuna)

20-21. Elkar ikuska: Itxaro Goikoetxea (B. Bidegorri)

22-23. Veneziako Bienala (R. Garai)

24. Hizkuntza

26. Zapaburu birbiztua

MAKETAPENA: Zumalabe

ARGAZKIAK: Arkolla

MARRAZKIAK: Olariaga

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos., S.A.

San Martin, 153

ZAMUDIO

Depósito Legal: BI 1753 - 1967

 GURE AZALA: Bergarak euskaldunontzat oso garrantzi handiko uneak bizi izan ditu beti. Gure azalean dakarkigun "Arkolla"ren argazkiak Bergarako alkateak agiria irakurtzen duen unea azaltzen digu.


Editoriala

Hitzak dira hitzak

Hitzak dira hitzak... Itxuraz eta hitzez politik giroa aldatzen ari dela dirudi Espainiako politika ofizialean. Hitzez, bai egunkari eta aldizkaritan, eta bai telebista bunkertiarrean, "oposizioari" buruz hasi dira hitz egiten eta alderdien gidariak Suarezekin "oso elkarrizketa adiskidetsuak" izan dituztela esaten digute. Beste alde batetik "amnistia" mugatu baten mugak gero zabalagoak bezala agertu nahi dizkigute zenbait egunkariren lerroek.

Bitartean, urte luze osoan gertatu den bezala, Euskal Herrian geure eguneroko errealitateak hitz horien gezurra agertzen digu. Indultuak joan eta amnistiak etorri, gure gudariek lau orma artean segitzen dute euskaldunak izateagatik. Bake hitzak joan eta bake hitzak etorri, gure gudari bat hila izan da, espainiar eta frantzes polizien baimenaz. Bitartean, foru eskakizunak sentimendu zahar batzu bezala ikusi dira Madrilen; gure eta gure ordezkoen ahots herritarra, Euskal Herriaren ahotsa, ez dute entzun nahi Madrilen, Euskal Herria lau "separatistaren" asmakeriatzat baitute.

Horrela, gure gai garrantzitsuenak lelokeriatzat hartuz, gero eta argiago agertzen da Madril eta Euskal Herria ezberdinak direla eta gure herria ezin zaiola arrotzak egindako bideari jarraiki. Eta, bitartean, hor ditugu Donostiako "Mugimenduko" egunkariak, gure ikurrina alde batera utziz, "Gipuzkoako bandera" bila, beraiena "noizbait Euskal Herrikoa bihur dadin...", berek diotenez. Euskal Herrian agertzen diren egunkari ofizialen itsukeria ez da berria, baina Euskal Herriak bere ikurrina ba duela ez jakitea itsutasunik beltzena da benetan.


Tantaka

Pertur asasinaturik

Uztailaren 22ean PERTUR, Eduardo Mari Moreno Bergaretxe, ezezagun batzuk bahitua izan zen. Lehenbiziko mementutik eskuin puntako espainol erakunde baten eskua susmatu izan da hor. Uztailaren 30ean, "Batallón Vasco-Español. Comando Emilio Guezala" izeneko batek firmaturik, komunikabideetara eskribu hau heldu zen: "Eduardo Moreno Bergareche, Pertur, ha sido ejecutado y enterrado en un pueblo de Navarra. No será el último. Ojo por ojo. Viva la Unidad de España".

Politik aztertzaile guztiek, aho batez gainera, egitada hau ETA politiko militarrekiko probokaziotzat hartu behar dela diote. Pertur oso moderatua zen politikan eta ETA p.m. barruan, militarismoa utzirik, politika baketsuan geratzea proposatzen zutenetakoa zen. Horregatik Espainiaren batasunaren izenean asasinatu omen dutenek mendekuaz beste arrazoirik eduki duketela pentsa daiteke. Euskal Herrian eskuindarrek daramaten terrorismo eskaladan ETA erantzun bat ematera obligatzea, esaterako.

Fraga Iribarnek zenbat maite gaituen

Orain ez dela asko, Fraga Iribarne, Ministroa zela, Venezuelara joan zen. Han, kazetariak hurbildu zitzaizkion galdezka.

Haietariko batek euskal ikurrinaren arazoa planteatu zion. Eta zergatik euskal ikurrina debekatua zegoen galdetu zionean, aurpegi ilunez erantzun omen zion: Para autorizar esa bandera, tendrán que pasar sobre mi cadáver. Eta hau dugu, Fraga hau, aperturista!

Donostiako kartelak

Antiguako hauzategitik irteniko azken manifestazioan (60.000 lagun), hainbat pankarta eraman ziren, eskuin muturreko terroristen inpunitatea salatuz. Batek hau zion: "Autoridades: cumplan con su deber. Defiendan al pueblo". Eta beste batek: "Ez terrorismorik Kristoren izenean". Ea bada, agintariek eta Elizak beren eginbeharra betetzen duten, haiek herria defendatzen eta Elizak Kristo izena eramatea eragozten.

Zein eritzi duten gutaz

Berriki pasatu da Euskal Herritik, Madriletik etorritako europar kazetari hospetsu bat, eta galde egin diogu ea zer pentsatzen duten Euskal Herriaz Madrilen lanean ari diren europar kazetariek. Haien eritziz, Euskal Herria dezisiboa gertatuko da Espainiako etorkizunean. Eta haien beste eritzi bat: euskaldunok nahiko arrazistak omen gara. PSOEkoen kanpainaren fruitua ote?

Xahoren ibilaldi moztua

Hainbeste urtetan zokoraturik eta ahantzirik egon ondoren, aurten bi argitaratzailek eskaini digute xaho zuberotarraren liburu famatuena: Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques. Horietako batek, TXERTOAk, Xabier Mendigurenen ardurapean utzi du itzulpen oso eta moderno bat egitea, horrela irakurleari textu on bat eskainiz. Besteak, AUÑAMENDIk halegia, Bilboko lehiakide famatu baten reprinted-en bidetik abiaturik, R.I.E.V.en Martin de Angiozarrek, duela berrogeitahamar urte inguru, argitara eman zuena publikatu du, orduko zentsura eta moralagatiko ebakiak eta guzti. Eta guzti honekin liburu hori Xahoren "obra" dela esateko ausartzia daukate.

P.C. de Vascongadas

Uztailaren azken egunetan, P.C. de Euzkadiko kide batzuk jendaurreko elkarrizketa bat eratu zuten, hartan beren alderdiaren aurkezpena egiteko. Ondoren egon zen elkarrizketan, EHASko kide batek, Nafarroa eta iparraldea beren Euzkadi horretatik kanpoan uzten dituztela eta, ea zergatik P.C. de Vascongadas izena ez ote duten hobesten galdetu zien. Erantzuna: "Guretzat Euzkadi errepublika garaiko kontzeptu eta legalitatea da, hirur probintzioi dagokiena. Nafarroa eta iparraldea adierazteko, Euskal Herria dago".

Ongi pentsatuz gero, arrazoirik ez dutela falta aitortu beharra dago, gu orain arte horretaz konturatu ez arren.

Ehun urte geroago, eta berdin

Uztailaren 31an, goizeko 11etan, meeting kolektibo bat egiteko zen Algortan. Gaia: Euskal Herria ehun urte geroago. Hizlariak PNV, PSOE, PCE, ANV, MCE eta EHASeko zenbait kide omen ziren. Baina azken mementuan ez zen Fadurako football zelaian egiteko baimenik lortu. Geroago eta okerrago, antza.

Mitxelenak esana

Salamancariak esan digunez, Donostiako hauzategi martiriaren euskal izena ez da Antiguo, Antigua baizik. Horixe omen da bertako zaharrek beti erabili dutena behintzat. Ez genuke orain arteko arrazoiengatik izen hori aipatu nahi, baina tira, ba dakigu nola deitu behar dugun. Eskerrak zuri jauna.

USAko kontsula ELAko heterodoxoekin

Bide on batetik heldu zaigun berria da hau. Bilboko Unibertsitatean ELA-STVkoek —Juantxu Beitiatarrak halegia— CIOSL eta CES europar syndikatuen arduradunei gonbitea egin zieten, beraien batzarrean presente egon zitezen. Berauek onhartu duten ELA bakarra, ordea, Manu Robles Arangiz eta J.M. Leundarena da, hots, gerraurretik prozedura demokratikoaz datorrena, eta, horregatik, ez dute besteen deia ontzat eman.

Horiez gainera, baina, Estatu Batuetako Bilboko kontsula bera ere deitua izan da, eta dirudienez, horrek ukan du, bai, batzarreetara joateko asmoa.

Ez da gaizki pentsatzeagatik, baina oroipenak lagun, orain ez dela asko euskal aldizkari batetan jaun horrek CIArekin ez dakit zer eta ba dakit nor zer ikusia omen zuela irakurriak garela esanen nuke.

Einkor, entrepresarien sindikatua

Sortu berria da Euskadin entrepresarien sindikatua. Euskadiren mugak dira sindikatu onenak. Sindikatu abertzalea da, baina ez alderdi edo talde politiko jakin bati lotua.

Dagoneko 200dik gora dira sindikatu horretara bilduriko entrepresak. Eta, dirudienez, aurrerantzean, entrepresa ttiki eta erdi mailako asko eta asko sartuko dira partaide bezala.

Arauek diotenez, patroien sindikatu hau langileen sindikatuaren alde agertzen da, eta baita ere demokraziazko erakunde politikoaren alde, eta berdin Europako komunitatearen alde.

Natxo de Feliperi zigorra

Uztailaren 25ean, Azpeitian egindako jaialdi batetan, Natxo de Felipe kantari ezagunak hitz batzu esan zituen euskaraz jendaurrean. Gipuzkoako gobernadoreak hitz horik ordena publikoaren kontrakoak zirela eta, 50.000 pezetako multa bat ipini dio Natxori. Eta gero euskarak ez duela dirurik egiten esanen du norbaitek.

J.L. Davant Maulen Xahoz mintzo

Jean Louis Davant euskaltzainak Agorrilaren 22an, goizeko 11etan, bere sarrera hitzaldia eginen du Euskaltzaindiaren bileran Mauleko Herriko Etxean. Gaia: "Abadia Urrustoiko eta Agosti Xaho Atharratzeko".

J.L. Davantek 41 urte ditu, ezkondua da eta bi alabaren aita dugu. Nekazal ingeniaria da eta Hazparneko nekazaritz ikastetxeko irakasle. Ihaz, Guillaume Epherre kalonjearen heriotzaz, euskaltzain osoa izendatua izan zen Zuberoaren partez. Davant HASeko buruzagietako bat zen —orain EHASekoa den bezala— eta euskaltzain batek politikan parte har zezakeela ikusteak bere senetik atera zuzen, nonbait, Jon Oñatibia jauna, haren kontra bereak eta bost esanez. Dirudienez, Pariseko gobernuak iparraldeko euskaldunei onhartzen dizkien eskubideak kendu nahi lizkiekete zenbaitzuk.

Bizkaiko Diputazioak ez daki kantatzen

Uztailaren 21ean, Madrileko gobernuak Foruak kendu zizkigunetik ehun arte betetzen zirenean, Bizkaiko Diputazioak, probintziako alkate gehienekin, bilera berezi bat hospatu zuen, telebistak agertua. Bertan ikusi genuenez, erakunde horretako jaunek, bukatzeko, Gernikako arbola kantatzen edo hasi ziren... asmoz behintzat. Okerrena, ordea, zera zen, inor guttik zekiela gure hymnoa bertan, eta papera aurrean zutela ere nekez lortu zutela beren xedea betetzea. Cara al Sol izan balitz, ordea...

Gertakari penagarri hori berriz gerta ez dadin, jakin dugunez, Bizkaiko Euskal Profesionalartekoak (BEPSAk) diputatu jaunei Gernikako Arbolaz disko bana erregalatzea erabaki du, horrela hurrengorako ikasiko dutelako uste baikorrean.

Larrabetzuak seiehun urte

Nahiz eta sarri horrelako hospakizunak alde batetara uzten ditugun, guztiz interesgarriak direla uste dut, zeren eta hauen bidetik abiatuz, hobeto ezagut baitezakegu geure Herriaren historia.

Larrabetzu Bizkaiko herri ttiki bat da: ttikia baina jatorra. Txoriherriko mugan, Arratia haranerantz luzatzea ia, hizkuntzaz oso arratiarra izanik. Herri honetan, abuztuaren batean, bere fundazioaren seiehungarren urtebetetzea hospatu zuten larrabetzuarrak. Zenbat gorabehera ez ote den gertatu ordutik hona? Dena dela, kasu horretan egiten den bezala, zorionak guztioi!

Hori dela eta, larrabetzuarrek hainbat jai antolatu dute hilabete honetan. Hauetariko batzu pasaturik daudela, datorren 22rako antolatu duten egitarauaren berri emanen dut soilik. Egun horretan, beste gauza batzuren artean euskal liburuaren eta diskoaren erakusketa egonen da, eta bukatzeko, Euskal Jaia. Ekin eta jarrai.

Vikingoak Martitzera

Amerikarrek Martitz planetara bidalitako 2 espazialuntzietarik bat, Viking I.a, halegia, Uztailaren 20ean heldu zen planeta gorriaren azalera. Espazialuntzi honen misiorik garrantzitsuena zera da, Martitzen izaki bizirik ote dagoen erabakitzea. Zenbait zientzilarik Martitzen bizidun mikroskopikoak egon daitezkeela uste dute.

Bizkaiko Diputazioak Polizia Harmatuari urrezko domina ipini

Uztailaren 30ean, Bizkaiko Diputazioaren izenean, don Augusto Unceta-Barrenak, erakundearen buruak, probintziaren urrezko domina eman zion Polizia Harmatuaren koronela den don José Iboleón Pagolari, horrela Bizkaiaren izenean, bizkaitarron alde hainbeste saiatu den militar gorputz horri bere eskerrak emanez. Unceta jaunak, hospakizun honetan beste batzuren artean, hitzok esan zituen: "Esta tierra nuestra, esta nuestra Vizcaya querida, llena de tradiciones y derechos que es preciso reconocer, grita su hambre milenaria de España y canta las perennes lealtades de su esencia, a quien representa los destinos del sagrado nombre de la patria: el Rey"

Hortik zehar zenbait etako gaizto eta bihurri euskaldunon bakezaletasun eta zintzotasuna itusten ari direla ikustean hunkigarria da gure Diputazioburuaren jestua. Bera izan zen, gainera, gisa honetako zintzotasun bidean, bertako alkatea zelarik, Francori Gernikako diamantezko domina eman ziona, Don Telloren hiriaren 600 urteak hospatzean. Harturiko mesedeengatik eskerrak ematea ongi jaiotakoena omen da, gaztelauen esanez.

EHAS-en aldizkariaren arrakasta

Euskal Herriko Alderdi Sozialista (EHAS) erakundeak Euskaldunak izeneko aldizkari bai argitaratzen du Ipar Euskal Herrian, eta izugarrizko arrakasta lortzen ari da. Hilabetekari honen azken aleak, dendetara zabaldu eta berehala agortzen omen dira.

Asterix euskaraz

Ba dugu, azkenean, mundu osoan ezaguna den komikia euskaraz. Iñaki Beobidek aterata, jadanik galiar begiko horren lau abentura salgai daude: Asterix lejionarioa, Asterix eta Kleopatra, Buruzagien burruka eta Asterix eta normandoak.

Komiki hauen euskaratzailea —zergatik ez ote dakarte haren izena?— Gabriel Aresti izan zen, eta Kanpeadoreari bezalaxe, beroni ere hil ondoan bataila ematea gustatzen zaiola dirudi. Kleopatrarekiko ibilaldian, Bilboko mediku ezagun bat dela eta ez dela, egin duen itzulpen librea lekuko.


Euskal Herrian

Bergaran uztailaren 21ean

Foruen deuseztapenaren Mendehurrena dela eta, kontaezinak dira aurten Euskal Herrian egin diren bilkura, mahai inguru, hitzaldi eta artikulu. Euskal aldizkari guztiak ere horretaz mintzatu dira, uztaileko zenbakitan, ohargarri denez.

Asteguna izan arren, uztailaren 21ean, han eta hemen euskaldun jenderik bildu zen, lanordutatik kanpo nahiz lanari utzita. Baina manifestatze denetan handiena, zalantzarik gabe. Bergarakoa izan zen. Handiena, jendez, esanguraz, eta etorkizunaz.

Alde guztietatik

Hiruzpalau bide daude Bergaran sartzeko. Denetatik zetorren jendea eurrez, nahiz eta denetan kontrolak egon. Kontrolik gogorrenak San Prudentzio inguruan zeuden nonbait. Hori dela eta, Arrasateko alkatearen zain egon behar izan genuen.

Euskal Herri osotik bildu zen jendea, gutienez Hego aldeko Euskal Herritik. Egun ekumeniko bat abertzaletasunerako. Euskal politikan ere bai. Euskal alderdi eta talde politiko guztietako jendeak egon izan zuen han, batzuk telegrama bidez, beste batzuk jendeari hara joateko eskatuz.

Adin guztitako jendea bildu zen. Jende heldua eta gaztea. Baina gazteak ziren nagusi. Zenbat kalkulatzea ez da batere erraza. Hogei mila diote batzuk, hogei ta hamar ere bai. Agian gehiago. Dakiguna da, betearen inpresioa egiten zuela Bergarak. San Martin plazan eta ingurutan nekez mugi zitekeen bat.

Txaloak ugari

Egia esan, Bergararako bidean gindoazelarik, ba genuen geure baitan kezkarik: Bergarako hau ez ote da izango, gero, oroitgarri huts bat? Ez ote da izango lantu eta tradizionalismo jario bat? Gaizki genbiltzen. Hospakizun bat gertatu zen Bergarakoa, baina ez bakarrik "ez genuen" zerbaitena, baizik eta "eduki nahi genuen" eta "lortu behar dugun" zerbaitena. Burruka egun bat gertatu zen, bere modura.

Kontzentrazioa legez onhartua izan arren, ba zegoen giroan halako urduritasun bat. Holako gertakariak estrenatzen ari gara, izan ere. Gainera, berehalaxe zabaldu zen polizia asko zegoela ingurutan. Eta denok genekien, bilkura hura ez zela agintarien deboziozkoa.

Jendeak txaloaren bidez agertu nahi izan zuen bere preferentzia. Hori zen haren harma. Ikaragarri txalotuak izan ziren udalak, banan banan agertu zirenean, rebelde bailiren. Bergarakoaz aparte, Iruinekoak eta Lizarrakoak jaso bide zituzten txalorik luzeenak. Ikurrinak Seminarioko balkoian agertu zirenean, Meza garaian, eskuak apurtu beharrean jo zuen txalo plazako jendeak. Txistuka hartu zen bakarra, PCEk jarritako ikurrina izan zen. Alkatearen hitzaldia ere sarritan izan zen txaloz hartua, hamabost bat aldiz bai.

Udaletxeak

Inork uste baino Udal gehiago bildu zen Bergarara. Hogei ta hamarren bat uste, eta hirurogei ta hamarren bat bildu. Gipuzkoatik etorri ziren gehienak. Arabatik oso guti. Bizkaitik ere hamarren bat bakarrik, gutiegi. Eta Nafarroatik uste baino gehiago, hamaika-hamabi. Esannahitsu izan zen hemendik Lizarra etortzea. Eta agerian eta biluzik utzi zituen Iruineak, etortzearekin, Euskal Herriko beste ajuntamendu zenbait, hala nola Bilbo, Donostia, Gazteiz.

Agertu ziren Udal horiek ba dute meriturik. Burrukak ugari izan baitziren, ajuntamendu barnetan (alkaterik gabe etorri den ajuntamendu bat baino gehiago ere ba da), eta Diputazioarekin eta Gobernadoreakin. Hauen aldetik ezkerreko begitik ikusia zegoen Bergarako bilkura hau. Batasuna zatikatzeko ahaleginak eurrez ikusi genituen aurreko egunetako egunkarietan: bakoitzak bere herrian hospatu behar zuela, Gernikara joan behar zela, Udalak Diputaziora bildu behar zutela, eta abar.

Foruen defendatzaile bide diren Diputaziorik ez zegoen Bergaran. Hala hobe: herri ekintza bezala argiago gelditu zen Bergarako ekintza. Hala ere, ulertezina da Diputazioen jokabidea, zertarako egon behar luketen jakinik. Gipuzkoako Diputatu zenbait agertu zen han. Baina ez Diputazioaren izenean. Esaterako, Olaizola bere izenean etorri zen. Egia eta Telleria udal bezala. Eta bazen besterik ere, oker ez banago. Ez Telleria eta ez Egia joan ziren arratsaldean Diputazioak Gipuzkoako alkateentzat antolaturiko Batzarrera, goizean Bergaran egindakoaren aurkakotzat hartu baitzuten. Biziki hasarretu omen ziren horregatik diputatu jaun batzu, Lehendakaritik hasita. Hona Bergaran ikusi genituen udalen zerrenda:

ARABA

Aramaio, Laudio, Okendo.

BIZKAIA

Bermeo, Berriz, Elorriaga, Markina, Ondarroa, Otsandio, Villaro, Yurre, Zaldibar, Zeberio.

GIPUZKOA

Andoain, Anzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Eibar, Elgeta, Elgoibar, Eskoriatza, Ezkioga, Gabiria, Getaria, Hernani, Hondarribia, Ibarra, Idiazabal, Lazkao, Legazpia, Lezo, Motriku, Mutiloa, Oiartzun, Oinati, Ordiziako Villafranka, Orio, Ormaiztegi, Pasaiak, Plazentzia, Segura, Tolosa, Urnieta, Urretxuako Villareal, Usurbil, Villabona, Zaldibia, Zarautz, Zegama, Zerain, Zestoa, Zumaia, Zumarraga.

NAFARROA

Bera, Bertiz-harana, Doneztebe, Elgorriaga, Uharte, Ituren, Lesaka, Lizarra, Iruinea, Sunbilla, Zubieta.

Alkatearen agiria

Enparantzatik segitu ahal izan genuen Bergarako Udaletxearen Batzarrea. Zatirik aipagarriena, alkatearen hitzaldia izan zen, Euskal Herri osoari zuzendua. Biziki ausarta.

Egin zituen salakuntzak, bota zituen aitorpenak, eta formulatu zituen eskariak azpimarkatuz aipatu beharko dira aurrerantzean.

- Gaurko alkatetzaren hautabidearen demokraziarik eza salhatu zuen, Foruen tradizio demokratikoarekin kontrasatuz.

- Euskal Herri osoaren aitorpena egin zuen. Ipar eta Hego aldearena, Estatuek jarritako mugaren gainetik.

- Etorkinei Euskal Herri berri baten aldeko laguntza eskaini zien, integrabideak eskatuz.

- Euskara ofizialki onhartzea eskatu zuen.

- Erabateko amnistiaren alde agertu zen, Euskal Herriarentzat bakebide izan dedin.

- Legezko indarkeria salatu zuen, gainerontzeko indarkerien iturburu bezala.

- Askatasunaren alde, herriaren eskubideen alde eta Euskal Herriaren nortasunaren alde hildakotzat hartu zituen, neurri berean, foruen alde hilak, eta orain azken urteotan hilak.

- Berrintegratze oso batentzako abiapuntu bezala Lizarrako Estatutua proposatu zuen.

- Nafarroaren euskaltasuna aldarrikatu zuen, han zeuden udalak testigutzat emanez, Nafarroa Euskal Herritik aldendu nahi duten zenbaiten aurka.

- Eta azkenik, 1976eko uztailaren 21a Mendehurren triste baten amaieratzat eta Mendehurren hobeago baten haseratzat jo zuen.

Joan Larrinaga


Euskal Herrian

Amnistia. Heldu gabeko fruitua

Gertakariak beren arteko loturekin batera aztertzea komeni delarik, kronologikoki amnistiaren eskariaren inguruan emaniko zenbait pauso aztertuko dugu. Manifestazioak alde batetara utzirik —hauk guztiok ezagutzen baititugu— ixilago eramaniko burruka bat aipatuko dugu: gartzelatuen senideena halegia.

Gartzelatu politikoak guztion arazoa diren arren, beharbada haiengatik gehien kezkatzen direnak eta sufritzen dutenak, beren senideak dirateke. Berauek, gartzela politikoak husteko bide bakarra egintza dela sinetsirik, beste gauza batzuren artean, gutun bat idatzi zioten Espainiako Erregeari, amnistia eskatuz. Interesgarri delakoan, hona hemen gutun horren textua:

Espainia-ko erregea zaren Juan Carlos I jaun horri

Idazki honen bidez, euskal preso politikoen senideok, politikazko asmoz jokatzearren espetxeratuak edo herbesteratuak izan diren guztientzat, baita ere oraingo legeak "terrorista"tzat dituenentzat, AMNISTIA eskatzen dizugu.

Bide batez, idazki honen bidez jakin erazi nahi dizugu, nolakoa den gure senideen egoera edo zenbaiteraino aurkitzen diren gaizki.

Senide guztiok, Gobernu berria jartzean eta bertako batzuren esanak entzutean, egoera zeharo bigundua izanen zela uste genuen, baina zoritxarrez bestetara jazo dela aitortu behar. Presoen espetxeetako giro barnean aldatu den gauza bakarra, zigorketaren maila izan da: hainbat gogorragoa egin da, hain zuzen. Esate baterako, Puerto de Santa Mariako espetxean dauden preso politiko gehienak zazpi urtetatik gora daramatzate barruan eta ez dira izan inoiz, oraingo honetan dadukaten bizimodu jasanezina eraman beharrean, hain gaizki aurkitu.

Hilabete batzu direla, apirilean hain zuzen, gure arrenkurak eta ardurak agertu genizkion Juztiziako Ministro zen Garrigues jaunari. Honelakoa izan zen, hartutako erantzuna: idazkia bere tokira heldu zela, ministroa jakinean jarria zela eta "bidezko zena" eginen zela. Hala ere, ez da ezertxo egin, ixilean jarraitu baizik.

Nahiz eta Soria-ra berehala eramanak izanen zirela, behin eta berriro mila promesa ugariz.esan, gure senideak geroago eta sakabanatuago eta jaiotherritik urrunago aurkitzen dira, eta beraien oraingo egoera jasanezina bihurtu da, preso egoteari pertsona izateari baino gehiago begiratuz gertatua izan denez.

Lehendik berez gogorregi den arautegiaren aitzakiz, maiz izaten dituzten zigorketak, araketak eta beharrizan gorriak bultzatzen eta behartzen gaituzte hauk esatera. Argi adierazten baitigute, batez ere psikologiazko jasanezin hori, egunerik egunera ugariago hartzen dituzten medizina lasaigarriek. Eguneroko zapalkuntza gorrian bizitzera behartuak daude, oinperatzea edo burua makur-eraztea baino bestelako arrazoirik ez duten araketa gogorrak jasanez eta edozein huskerigatik zigorketak hartuz, edo eta zaintze modu nazkagarriren bidez zerbaitegatik zigortzeko aitzakiak ateratzeko, beraien senetatik irten eraziz. Eta guzti hau, beraien psikologiazko kemena, egunerik egunera kirioetako egoera biza horietan edukiz, ahultzeko hain zuzen.

Zigor-geletara gaztigatzeak izugarriki ugaritu dira, horretarako edozein, huskeri aitzaki dela. Gela horietako laztasunak, oinazeak izateraino heltzen dira. Puerto de Santa Maria-n, azken hilabete hauetan guztiek egon behar izan dute etengabeko abere-egoera horretan, batzuk 300, beste batzuk 120 edo 90 edo 80 egunetan. Zorioneko banakaren batzuk, 40 egun bakarrik! Eta egon ere eguneko 24 orduak bakar-bakarrik, nahiz espetxeko beste lagunekin nahiz senideekin harremanik gabe, 2/3 metro zabalera/luzera dituzten geletan, lababo bat, komun bat eta ohe bat baino ez dituztela. Egunez kendu egiten diete lastaia bera ere eta zutik egotera behartzen dituzte. Hauetako zigor-gela batzuk ez dute argibiderik ere. Bestalde, galeraziak dituzte bai liburuak, aldizkariak eta egunkariak, bai eskutitzak idaztea eta hartzea, bai tabakoa...eta erlojua bera ere. Egoera honetan duten janari bakarra, kalitatez eta kantitatez hain urria izaten den "ohiturazko rantxoa" da. Batek, 90 egunen barnean, 20 kilotik gora galdu ditu. Ez dugu bidegabekeriarik edo larregikeriarik esaten, gorputzez eta psikologiaz hondatu nahi dituztela esatean.

Puerto de Santa-Maria-ko espetxean dagoen gure senide bat, hamabost egunerako horrelako zigor-gela batetara sartua izan zen, eta dena funtzionario zaintzailearen eritzian, karraju bat igarotean, zigor-gelan zegoen bati begiaz keinu egin ziolako. Beste bat, preso arrunt bat bidegabekeriaz funtzionario batek tratatzen zuela ikusirik, gizonari dagokionez egiteko eskatu ziolako. Cartagena-ko espetxean, 80 egunetarako zigor-gelatua zegoen bati, beste 40 egun gaineratu zizkion funtzionario batek, gelan jesarrita aurkitu zuelako.

Gogoan hartzeko beste puntu batzu:

1.- Espetxe horietatik senideon etxeetara dauden distantzia luzeak. Senideok, gehien bat ekonomiaz ahaldunak ez garenez, eta joan-etorriak diru eta asti asko eskatzen dutenez, ikustaldiak noizean behin egitera behartuak aurkitzen gara.

2.- Ikustaldi horik hain neurtuak izatea: hilean 4 baino ez, lehen mailako espetxeetan, edo eta oso laburrak, bakoitza 20 minututakoa, eta horretarako askok 2.000 kilometro ibili behar izaten ditugu joan-etorria egitean.

3.- Funtzionarikoek gure elkarrizketa guztiak zelatatzea, familia arazoetatik kanpoko den edozein gauza entzutean, elkarrizketa ebakitzeko zain daudela. Beste hainbeste gertatzen da eskutitzekin ere: ezin aste bakoitzeko 2 baino idatzi, eta hola egitean ere, ezin horrialde bat baino luzeago egin eta zehatz kontrolatuak gainera!

4.- Senide batzuk erdaraz mintzatzeko ohiturarik ez dutenez edo gauza haundirik ez dakitenez,ezin esan zenbateraino sail egiten zaizkien ikustaldi horik, euskaraz egitea galerazia dutenez. Behin batean ama batek ikustaldiko 20 minutu osoak semeari begira, tutik ere esan gabe, igaro behar izan zituen erdaraz ezer ulertzen ez zuelako.

5.- Presoek, bestalde, guztiz galerazia dute senideak ez direnekin bai elkarrizketaz, bai idazkiz harremanik edukitzea, bizitzako adiskideengandik zeharo urruneratuak biziz. Beste hainbeste gertatzen zaie abokatuekin ere. Hauek ezin izaten dute, prozesua bukatutakoan, babespean dituzten presoekin, aurrerantzean harremanik eduki.

6.- Eragozpen gogorrak dituzte, baita ere, Espaini-n bertan argitaratuak diren edozelango liburuak, aldizkariak edo egunkariak hartzeko. Eta hartzen dituzten banaka-banakak, zeharo begiratuak eta moztuak hartzen dituzte.

7.- Sendatze-arloko ardura eza, batez ere espetxeko sendagilearen aginduz, presoak hospitalera eraman behar diren kasuetan izaten den luzapena. Hori zela eta, Sabino Arana oso gaizki, azkenetan, heldu zen Carabanchel-eko espetxe-gaixotegira. Caceres-eko espetxean dagoen Garmendiaren kasua ere aipatzen dugu, atxilotua izan zenean, hartu zituen zauriekatik, garondoa mindua duenez, apartezko zainketa behar duelako.

8.- Preso arruntekin bizi behar izatea.

Baita ere esan behar hemen, nola oso gaizki erabiliak izaten diren, toki-aldaketak egiten orduan. Aurretik ezer jakin erazi gabe ateratzen dituzte espetxetik; eta soinean dituztenekin bakarrik, eskuak loturik eramaten dituzte. Bidean, gainera, gehienbat irainduak izaten dira, txakurrenak entzunez eta behin baino sarriago zigorketak hartuz. Horrela egin zuten Sarasketarekin Segovia-tik Puerto de Santa Maria-ra aldatzean: zigorketa haundi bat eman ondoren, gorbata bat irents erazi nahi izan zioten. Edo gogora ekar dezagun Sabino Arana-ren kasua: Honi, nahiz eta oso gaizki egon, Puerto de Santa Maria-tik Carabanchel-eko espetxe-gaixotegira eramatean, ez zioten ur tantarik ere eman. Hau sarritan gertatu izan da, aldaketa horik egitean.

Arduratzeko beste motibo batzu ere baditugu. Hots, epaitu gabeko atzilotuak, Basauri eta Martutene-tik beste zigor-espetxe batzutara eramaten dituztela ikustea, eta komisaldegietan hartzen dituzten zigorketak eta tratu txarrak jakitea.

Bukatzeko, Izazkun Etxebarria-ri jazotakoa aipatuko dugu. Hamazortzi urteko neska hau, oraindik epaitu gabea, Yeserias-eko espetxean dago. Ez zioten utzi, hilzorian zegoen bere aita ikustera etortzen. Aitak, horrela, bere alaba ikusi gabe hil behar izan zuen.

Hau guztiau agertu ondoren, berriz ere AMNISTIA eskatzen dugu, eta hori ematen ez den artean, hau eskatzen dizugu:

Espetxeraturik dauden preso politikoen egoera aztertzeko, aipatuak izan diren ezbehar guzti horik konpontzeko eta gizonezkoagoa eta zuzenezkoagoa den tratu bat emateko.

Espetxeratuak dauden preso politiko guztiak, berehala gure etxeetatik hurbil dauden presondegietara ekartzeko.

Gure eskari hauk ongi hartuak izanen diren ustetan agurtzen zaitugu.

EUSKADI, 1976eko uztailaren 13an

Honekin batera, senide bakoitzak telegrama bana bidali zioten pertsonalki Juan Carlos lehenari eta Sukia kardinaleari.

Puxika puztuak, pun!

Heldu zen uztailaren 30a. Eta amnistia eta alaitasun eguna izan zitekeena, desilusio eguna bihurtu zen, haserre eguna ez esatearren "Zarata asko, egintza gutti, ametsa eta ametsa" dio kanta batek. Hauxe da, hain zuzen, Gobernuak emaniko. amnistiarekin gertatzen dena. Euskal Herri askatu baten alde burrukatu diren asko eta asko, "terrorista" izenaren multzo barruan daudelarik, ustelduz segitu beharko dute gartzelako sei ormen artean.

Gauzak horrela, gartzelatuen senideek prentsaurreko elkar hizketa bat antolatu dute, beren eritzia azaltzeko. Elkar hizketa hori agorrilaren 5ean egin da, eta, interesgarria baita, bertan esanikoen laburpen bat eginen dizuet hemen.

Hasteko —eta ohar bezala— lerro hauk idazten ditudanean (agorrilaren 6an,goizean) oraindik gauzak batere argi ez daudela esan behar dut, eta gaur bertan Burgoseko general batek abokatuekin batzarre bat duela, arazo hau pixka bat argitzeko.

Dena dela, argi dagoena, zera da, gartzelatu guztiak ez direla irtenen, eta Euskal Herriko gartzelatuen kasuan aren guttiago. "Terrorista" eta "ezterrorista" deiturikoen artean egiten den desberdintasun eta diskriminazioak, ez du zentzunik ordea. Azken batez, gartzelatu guztiok ideia berberengatik egin dute lan eta gauza berberak lortzeko burrukatu dira; desberdintasun bakarra burruka moduan dago, baina hau gauza superfiziala eta azaleko ñabardura da. Aldiz, sasiamnistia honetan, azaleko den ñabardura horri, oinharrizko balioa ematen zaio.

Gartzelatuen senideen eritziz —eta ene eritziz ere bai— gartzelatu horik ez dute inolako deliturik egin. Hori frogatzen duten arrazoi batzu, ondoko hauxek dira: Herria amnistia orokor, eta osoaren alde burrukatzen ari da, eta lagundu egiten ditu gartzelatuak; gartzelatu horiek hospe eta prestigio handia dute herriko jendearen artean, oso estimaturik egonik. Hori ez litzateke posible izanen, "terrorista"tzat hartuak balira.

Beraz, gure eritziz, amnistia gartzelatu politiko guztiak kalera atereaz uler daiteke soilik. Eta horregatik, berorien senideak hitz emanik daude, ezen, guztiok kalera atera arte, eutsi eginen diotela burrukari, irtenen diren bakartzuak irten arren. Modu berean, kondenatu eta salhatu egiten dute, informabide batzuk hartu duten jokabidea, amnistia eskas honi neurri gabeko propaganda eginez, eta emaniko amnistiaz dena konponduta bailegoen. Hori ez da, behintzat, toki desberdinetan eginiko manifestazioetan eskatu dena. Eta, behin gauza bat benetan nahi duenean, Herria ez da erraz engainatzen eta bestelako gozoki batez konformatzen.

Amnistia orokorraren fruitua, noiz helduko?

J.R. Bilbao


Euskal Herrian

Garaia. Astekari berria

Uztailaren 21erako jarri zen salgai GARAIA aldizkariaren lehen zenbakia. Bigarrena irailean kaleratuko da.

Zumetak egindako azal dotoreaz agertu da GARAIA. Barnea ere atsegin eta modernoa da, argitasunez aurkeztuak artikuluak eta sailak.

Gai nagusi batekin plazaratu da lehen zenbaki hau: Ante un centenario: 1876-1976 J.A. Aiestaran eta Idoia Estornesek burutua. Ba dira, gainera, beste hiruzpalau artikulu interesgarri. Ideia oso interesantea iruditu zaigu, beste lurraldetako zenbait idazle ere Idazle staff-en sartzea. Katalan izenak dira nagusi.

GARAIAren buru Aurtiz da, ANAITASUNAko idazle izandakoa. Idazle kontseiluaren burua, berriz, Zeruko Argiaren buru izan zen Andoni Iturria. Idazleen artean, ba da dozena erdi baino gehiago euskaraz ongi idazten dutenak. Eta hala eta guztiz ere, artikulu bakarra agertzen da euskaraz.

Intentzioen aldetik, ireki eta zabal jokatu nahi du GARAIAk, euskaldunen astekari bezala presentatuz. Hona zer dioten:

"Euskaldun diren pentsamolde guztiak deitu eta eritziak jasoaz jaio da GARAIA. Gure atzetik ez dago inor, Euskal Herria ez ezik. Beraz, hasieratik garbi diogu, euskaldun guztiena da eta euskaldun diren guztiei dago zabaldua. GARAIA hauzo lan bat da". Euskal Herrian sortu berri diren erdarazko aldizkarien artean, GARAIA dugu bigarrena, Punto y Hora de Euskal Herriaren ondokoa. Laster sortzekoak dira Berriak eta Sorka ere.

Bide on diogu GARAIAri, euskal prentsaren garaia lehenbailehen etor dadin lanegin dezan opatuz.


Euskal Herrian

Euskal banderari bai

Euskal Herriko erdal egunkariek euskaldunon pazientzia gainditu nahi dutela ematen du aspaldion. Euskal banderari, luzaro bandera separatista moduko izen goxoaz irain egin ondoren, orain ezexistentzia ofizial bat ezarri nahi bide diote, jatorriz "bizkaitar" bandera bat delako atxakiaz. Hortik jo ukan du La Gaceta del Norte egunkari bilbainoak Uztailaren bukaeran, foruen galtzea hospatzeko edo, argitaraturiko artikulu memelo batetan. Gutariko tontoenak ere ba zekien, jakin, Sabino Aranak asmaturiko ikurrina, hasiera batez, Bizkairako pentsatua izan zela, bai eta geroago Euskal Herri osorako erabili izan dela ere, Gacetakoek orain arte ikasi ez dutena berau, dirudienez.

Nazional banderak, oro har, joan den mendekoak izaten dira, modernoak. Espainiakoa bera, kasu, Kataluniakoaren kopia sinpletu bat besterik ez da, Napolitik 1785.ean ekarria, oraindik berrehun urte ez dauzkana. Galiziakoa, bestalde, are berriagoa da, gurea baino, eta hala ere legez onhartua.

Sabinok asmaturiko ikurrina egiazki sentituriko hutsune bat betetzera zetorren, eta inork ez dio horretan lehentasuna ukatuko. Bera baino lehen beste saio batzu ere egin ziren, baina ez ziren inoiz hortik irten; harena, aldiz, Pirinioen alde bietara zabaldu eta gaur egun euskaldun guztiok haintzat hartua dugu. Hymnoaren kasua bera ere antzekoa da. Gernikako arbola, jatorriz, karlistengandik jasoa dugu euskaldunok, baina gaur guztiona da. Sociedad de Estudios Vascos taldeak, gerra aurretik ere, hirur koloretako bandera Euskal Herri osoa adierazteko egokia eta erabilia zela argi eta garbi aldarrikatu zuen, hor era guztietako pertsonak egon arren.

Nortzu dira bada, ikurrinaren kontra oraino beren destainak jartzen dituztenak? Ezagun-ezagunak ditugu. Fidelidadez beteriko vasco ilustreak dira, vascongadismo sanoaren errepresentatzaile suharrak, Herriari beronen hizkuntzan mintzatzeko gai ez diren patrizioak eta Gernikako Arbola kantatzeko orduan, orain arte hori egiteko ohituragatik antza, kasurik onenean paperari begira egon behar dutenak. Horik dira, bai, beraik arbuiatzen eta gaitzesten dituen Herriak onharturiko nazional symboloari oraindik beren traba eta oztopoak ipini behar dizkiotenak, bizkaitarkeria, alderdikeria eta nik dakita zer gehiago bilatuz. Beraik bekatu larriagoetatik garbi baileuden!

Tximinoa igonago eta ipurdia ageriago.

Xabier Kintana


Euskal Herrian

Euskal Herrian euskal errealitate baten bila

Saizarbitoriaren azken elaberriak arazo hau darda gainera ekarri digu berriz ere. Eta holaxe ulertu dute bai A. Lertxundik bai A. Eguzkitzak eta bai K. Izagirrek berak ere. Kontua, izan, zaharra da eta, guti edo asko, lehenagotik ere guztiok sentitu eta aipatua. Funtsean honetan datza: Zein puntutaraino da zilegi erdaraz ikusi eta bizi dugun errealitatea euskaraz ematea, errealitate berberori faltsutu gabe?

Euskal giroa falta

Istilu latza da eta ez, soilki, idazleontzat. Euskara ikusia izeneko artikulu batetan neronek Anaitasunatik zera salhatzen nuen: merkatal eta kaletar euskal girorik eza. Beste edozein hizkuntza ofizialetan, kasu, denden izenek ba dute, hiztegiez landa, errealitate objektibo bat kaleetan zehar, baina euskaraz ez. Horrexegatik, ikastoletako haurrek, beren textu-liburuetan okindegia, harategia, arrandegia eta holakoak ikasi arren, ikastolako mundutik kanpoan, bai eta herririk euskaldunenetan ere, panadería, carnicería eta pescadería gisako errealitate batzurekin egiten dute topo, ikastola, hortaz, giro estrainio eta faltsu bat bilakatzen zaielarik.

Hizkuntza idatziaz dioguna, noski, mintzatuaz ere berdin esan genezake, kalean, parkeetan —eta maiz etxeetan bertan, zoritxarrez— erdara besterik ez baitantzute. Hori konpontzea, neurri ezberdinez bada ere, guztion eskuetan dago. Nork bere bizigiroa euskaldunduz: kartelak, txartelak, fakturak eta abisuak euskaraz jarriz, euskara eginez eta ikasiz; eta ez, haurrak ikastolara bidaltzen ditugula eta, gure euskal kontzientzia laxai utziz.

Ba dago, baina, beste zenbait textuinguru ofizial geure esku eta borondatepean ez dugunik. Giro horietako batzutan, kasu, euskara, hypothesis mailan besterik ez bada ere, erabil daitekeela eman dezakegu, hots, zenbait herritako goardia munizipalak, alkateak, banku arduradunak, medikuak eta karreradunak posible da euskaldun izatea. Beste toki ofizial batzutan, aldiz, ez eta hurrik eman ere. Mugan pasaportea ematen ari garenean, ez litzaiguke gutariko inori bertan euskaraz egitea, eta askok, bide-kontrol batetan "Arratsalde on. Karnetak mesedez" gisako zerbait entzunez gero, Aliziaren munduan gaudela pentsatuko genuke. Egon, ba daude, beraz, muga eta neurri markatu batzu.

Zenbait informazio eta mezu, gainera, beraik ematen direneko hizkuntzarekin erabat loturik geratzen dira, gisa horietako mezuak emateko formulagatik beragatik. Ha sido totalmente desarticulada, kasu, posible da, jakina, euskaraz ezartzea, baina, "erabat ezabatua izan da"k ez dauka besteak daukan konnotapen berezia; indarra falta du.

Euskalgintzan saiatu behar

Bistan dago, funtsean, euskarak erabateko ofizialtasuna lortu arte ez garela euskaldunok irrealitate mundu honetatik osotoro irtenen, ordurarte geure Herrian arrotz izateko konplexuaz biziko garela. Baina gauzak ez dira hain sinpleak. Dena goitik behera konponduko delakoan, ordurarte ezer egiteke egotea ez da zuzena. Eta zerutiko manna hori datorren artean inguruko errealitatea erdaraz ematea, azken batez, gure Herrian gertatzen den eta guztiok pairatzen dugun statu quo zapaltzaile baten kontsagrazioa egitea besterik ez da, etsipenerako lehen pausoa, halegia.

Hau, horrela delarik ere, gainditu beharra dago. Mundua interpretatu ez baina aldatu, irauli egin behar dela esan zuen Treverisekoak. Eta ni harekin nago. Inguratzen gaituen erdal errealitatea ondoegi dazagugu euskaldunok, eta horrexegatik beste errealitate bat nahi eta behar dugu, geureagoa, geuk moldatua. Eta oraingoa ukatzen saiatzea berriari ateak zabaltzen hastea da.

Lehen pausoetan etxeaz has gaitezen. Geure buruekin kontsekuente izan behar dugu eta hortik aldarrikatzen eta eskatzen dugun elebitasun famatu hori dezagun, hasteko, geuk bete aurrenik. Dagigun euskaraz, bidal ditzagun geure eskribu eta eskariak geure hizkuntzaz, ez dezagun bileretan geugatik erdara sar,... hortik has gintezke euskalgintzan.

Fikzioa gerta daiteke, dena den, erdal mundua euskaraz ematea, baina irrealismo horrek ere gogorrago erakuts diezaguke kontraesana. Komisaldegietako galdeketak euskaraz egitea baino ezinezkoagorik non? Eta, batera, zergatik ez?

Saizarbitoriak egin duenak, dudarik ez, meritu haundi bat du, eta erdara non eta noiz ipintze zuzen horrek obrari bere maisutasun maila demaio. Ikastoletako haurren euskara aldrebesaz elaberri oso bat egitea, aldiz —hor zehar esan denez— absurdua da, hizketa hori, andereño eta maisuen aurrean izan ezik, irreala delako. Euskara hain nekez menderatzen duten haur horiek, beren artean, erdaraz egiten baitute, soil-soilki.

Baina hau guztiau, hola izanik ere, gainditu beharra dago, bestela, erabat kontsekuente izatekotan, erdal egoera onhartu eta erdara besterik ez genuke egin behar, bide batez zapalkuntzari laguntasuna emanez. Ez dugu ahantzi behar gaur egun euskalduntasuna aukera bat dela, korrontearen kontra egindakoa. Berau hautatzen baldin badugu, ondorio guztiak ere jaso behar ditugu.

Komentzio baten premia

Euskal aldizkarietan, erdaldunei egindako elkarrizketaz maiz agertzen dira, eta euskaraz. Guztiok dakigu, noski, beraiek ez zituztela hitz horik horrelaxe esan, baina komentzionalki ontzat ematen ditugu. Diputazio bateko presidenteak euskaraz mintzatzea irreala da, noski, baina komentzio baten barruan, Yasser Arafaten hitzak espainolez agertzea bezain onhargarria dateke.

Biblia, Shakespeare, Voltaire, Marx edo Russell-en lanak euskaraz onhartzen baditugu, zergatik ez besteak? Komentzio huts bat dateke, noski, mamiz faltsua, baina berau beste edozein hizkuntzatan ere egiten da —gogora dezagun, bestalde, gure Elsa Scheelen— eta gu, geure diglossi egoera hau gainditzera lagun gaitzake.

Kasurik nabariena, noski, filmeetan dugu, Nork ez du ikusi, esate baterako, Alexandro Haundia, Augustus, Atila, Gengis Khan, Napoleon edo Hitler espainolez mintzatzen? Ez ote dira, Espainian agertzen diren filme gehienak, ingeles, frantses eta erdarazko beste toki eta hirietan gertatzen? Eta hala ere, komentzio baten bitartez, hori normaltzat jotzen eta onhartzen da. Ez legoke gaizki euskaldunok beste horrenbestez lehenbailehen jabetzea.

Neurritik ez iragatea, ordea, on da. Filmeetan ere musika originalaz datozen hitzak eta dekoratuetako eskribuak ez dira aldatzen; giroa gordetzeko, noski. Zenbait gauzatarako, erregela berberaz balia gintezkeela ematen du.

Xabier Kintana


Euskadi Euskal Herriaren kontra?

Galdera larri honen irtenburua bistan dago, gaurko zenbait jokabide politiko ikusiz gero. "Abertzale" anitzen ahotan zer semantika berezia dauka EUSKADI hitzak? Zenbaterainoko lotura kultur-antropologikoa damaiote EUSKADI hitzari bilbotar, iruinear, eibartar, abertzale batzuk?

Denok jakin behar genuke EUSKAL HERRI hitzaren semantikak konnotazio antropologiko-kulturalak dauzkala. EUSKAL HERRIAK "EUSKARADUN HERRIA" esan nahi du. Semantika horren konnotazio kulturalak garbiak dira gure kondairan. Deitura horrek bere erroan euskal nortasun edo identitate antropologikoaren arrazoiak dakartza; gure identitate mailak politikan eta administralgoan (foruetan) baino askoz gehiago antropologi kulturalean sustraitzen dira, hau da, EUSKARAK herri honen identitate funtsa bezala damazkion erroan.

Galdera dramatiko horren zilegitasun nabarmena da gaurko abertxale eta sasipolitikoen jokabideak azterturik. Dudarik gabe, euskaldun askorentzat EUSKADIK semantika politika ta kultur-antropologikoa dauka, hau da EUSKADI ez da aldentzen EUSKAL HERRIAREN semantikatik. Ez noa horien kontra.

Zoritxarrez, bestetarikoak ez dira gutxi gure gaurko praxi politikoan. Hoientzak EUSKADI erakunde politiko-administratibo hutsa da; EUSKADI horrek konnotazio geografikoak bakarrik dauzka. EUSKADI horretan euskarak ez dauka benetako parte seriosik, "halako pitxi folkloriko" bat da. Gure kultura sasikultura folklorista batean gelditzen da. Euskaragandik desmamitu eta deserroturik Euskal nortasunaren maila antropologikoak oso ilun eta makal gelditzen dira. Zenbaterainoko giltzadura daukate geroko EUSKADI demokratiko horretan euskarak eta beronen konnotaziotako azalbide guztiek?

Euskararik gabe ezin izan EUSKAL HERRIA, baina bai ote EUSKADI? Zer da EUSKADI delakoa konnotazio kulturalik gabe? Zer da nortasun antropologikorik ez duen erakunde politiko hori? Ba erreza da erantzuna xinplea da... Delako EUSKADI hori kultur mamirik gabeko izaki administratibo-geografiko bat besterik ez da. Zoritxarrez, hemen ohituak gaude vasco deitzean kontzeptu geografikoak erabiltzean. Horrela BILBOKO UNIBERTSITATEA geografikoki "euskalduna" da, Lejoan dagoelako, baina antropologikoki "euskalduna" ote da?

Bestainbeste, gure EUSKADI hori EUSKADI ote da mami kulturalik gabe? Euskara EUSKADI horretan azalezko epifenomeno bat ote dugu? Zilegi al zaio gure herriari EUSKADI deitzea, baldin eta bertan euskarak gaurko ume gizajo, diglosiko, mespreziatu bezala irauten badu?

Ez, ez, ez. Ez da EUSKADI "integral" bat bertan mami kulturalak azalekoak baldin badira. Euskararik gabeko EUSKADI posible hori funtsezko kontradikzio nagusia da.

Zergatik beldur hori? Nire beldurra egiazkoa da. Gure praxi politikoa (eta Bilbotik begiratuta zer esanik ez) beldurgarria da.

Gure politika taldeen jokabidea kontradiktorioa da, gehien batean. Talde horien teorizazioa, propaganda, panfletoak, erreflexioa eta beste maila asko erdara hutsean egiten dira. Beren bilinguismo errebindikazioak tinta hutsa dira; ez dira konprometatzen praxian. Jokabide horien atzetik ez dago EUSKADI izaki antropologiko bat, herriaren kontzeptu politiko-geografiko-administratibo bakar bat besterik. Probak? Begira P.S.O.E.k Donostian azkeneko bi astetan egin duen propaganda guztia: erdara hutsean dago. Ez da enteratu non dagoen. E.K.A.k, M.C.E.k, O.R.T.k gure herrietan egiten duen propaganda gehiena erdara hutsean dago. P.N.V.-ren boletinak halako minibilinguismo folkloriko batean burututa daude. Gure gidari "politikoek" ez dakite euskaraz sarritan. Euskal Herria erredimitu nahi eta herria kulturki zapaltzen segitu... Noiz hasi behar dugu logika batez iharduten? Anoetako Frontoian egin zen agerpenean gure herriko lau alderdi historikoek EUSKADI "integral" horren definizio kaskarra eman ziguten. Han gidariek ez zuen euskararik egin, han gure kultura "kultur arrotza, estrainua" zen. Noiz arte kontradizio nagusi hauk?

Ez Gure burruka politikoa ez daiteke eten burruka kultural batetik, bestela EUSKADI horren "akzidentalismoa" aurrean dugu. Akzidentalismo horrek hau esan nahi du; EUSKADI ez dela EUSKAL HERRI izango, bere erroan mami antropologikoak bazterturik konzeptu "administratibo-geografikoak" ez beste erabiltzen baditugu. EUSKADI ez da EUSKADI izango demokrazia, ikurrina, edo-ta administrazgo berezi bat lortzeagatik. EUSKADI Euskal Herriaren trajektoriatik aldentzen bada kontradikzio bat gertatuko da; denok dakigu EUSKAL HERRI izateak mami antropologiko eta kulturalak barnean dauzkala. Euskararik gabeko EUSKAL HERRIA fartsa bat da. Zer esan gure praxi monolinguista ikustean? Non jarri behar da benetako abertzaletasuna?

Berriro galdera larria; EUSKADI ala EUSKAL HERRIA?

Luis Maria MUJIKA


Erlijioaz

Galegoak aitzindari

Galiziako Kontzilio Pastorala aurrera doa eta ekainaren 27an egin zen beronen III Biltzarre Nagusia.

250 lagun bildu ziren Batzarre horretara, Galiziako bost probintzietatik etorriak, apezpikuak, apaizak, erlijiosoak eta sekularrak tarteko zirela. Aurtengo biltzarrean, liturgiaren arazoa ukitu da bereziki, galego hizkuntzak bertan izan behar duen sarrera eta garrantzia azpimarkatuz. Gertakari honetaz ziharduala, ekainaren 26ko ABC egunkariak honela zioen:

"Entre las proposiciones que serán sometidas a la Asamblea figuran las referentes a la liturgia en gallego. El Concilio Pastoral de Galicia pide a todos los cristianos, obispos, curas y legos que participen en la promoción de la lengua gallega, por ser un valor humano que está asociado con la liberación del hombre gallego y, por tanto, con la evangelización. Además, el Concilio une su voz a la de quienes consideran insuficiente la concesión vigente en relación con la enseñanza del gallego, y pide a las autoridades correspondientes que se normalice la lengua gallega" (Azpimarra gurea da)

Agi denez, fedeak eta herriaren hizkuntzak ba dute zerikusirik. Hain zuzen, 1975.eko maiatzaren 23an, Mondoñedo eta El Ferrol-eko apezpikua den Miguel A. Araujok, gutun eder bat eman zuen argitara, bertan galego hizkuntzaren eta fede bizitzaren arteko harreman hestuak aipatzen zituelarik. "A fe cristia ante a cuestion da lingua galega": izenburu hau zeraman artzan gutunak, eta nahiko abarrotsa izan zuen.

Herri bati bere hizkuntza ukatzea, herri horren kontra egin litekeen bortxakeriarik handienetakoa da, jokabide horrek bere identitatea galerazten baitio. Alderantziz, herriari bere hizkuntza bihurtzea herri hori askatasun bidean ipintzea da. Hortaz, hizkuntza eta fedearen arazoa ere arras loturik daude herri baten dinamikan.

Euskal Herriko Eliza ez dakit guzti honetaz behar adina konturatzen den. Hemengo praxia epela ikusita, ezetz esanen nuke. Tamala litzateke, Euskal Herria bere hizkuntzaren garrantziaz biziro jabetzen ari den honetan, Eliza lozorroan egotea.

Gure Eliza ofizialaren sensibilitatea nahiko sorgortua ikusten dut aspaldi honetan. Eta hau oso grabea iruditzen zait. Izan ere, herriaren prozesua behar bezala bizi ez duen Elizak zernolako ebangelioa predika dezake?

Ba dirudi, azkenaldi honetan gure Elizak ez duela berezko kreatibitaterik erakusten. Lehen Estatu larderiakoi baten morroi eta biktima izan bazen, orain ezertarako adorerik gabe eta noraezean dabilela ematen du, herriaren martxari ezin antz emanik.

Jose Altuna


Elkar ikuska

Itxaro Goikoetxea sariztatua

UBA (Union bayonnaise des Artistes) delako Batasunak, bere aurtengo saria, Itxaro Goikoetxeari eman dio berrikitan. Ondorenez, ekainaren 28tik uztailaren 10era, Baionako Herriko Etxean euskal margolari gaztearen obren erakusketa bat ikusi ahal ukan dugu: berrogei eta hamar bat grabakin (linoleum, "eaux fortes", zurezkoak) eta bai eta zenbait pintura ere.

Itxaro Goikoetxeak, duela lau urte etsaiak muga ondoan hil zuen Jon-en arrebak, beldurretan, oinazetan, lehertu beharrez, atxeki duten Euskal Herria adierazten du bere obretan. Nork lerrake, 29 urte doi-doia duen emazteki gazte alai irripartsu hori dela etsimenduz beteriko obra bortitz horien egile?

Itxaro, oraingo hau, hire lehen erakusketa dea Euskal Herrian?

Bai. Ihaz, Hendaian, zenbait lan aurkeztu nian, baina erakusketa kolektibo batetan. Hau duk, bai, egiazki Euskal Herrian ene obrez xoilik eratu den lehen erakusketa.

Zer bide izan da, gaur, erakusketa honetara eraman hauena?

Luzea. Artez kanpoko beste arrazoin batzuk, ez niate sail hau eta behar bezala lantzera utzi. Aspaldi honetan, gogorkeriazko giro berezi batetan bizi izan gaituk euskaldunok. Ni neu, eta ene ingurukoak guztiz sartuak egon gaituk azken urte hauetako euskal herriaren burruketan. Ene langintza hainbat gertakari latzek baldintzaturik eta markaturik egona duk orain arte.

Noiz hasi hintzen margo eta marrazki lanetan?

Hamazortzi urtetan hasi ninduan, Bilbon. Margoz bakarrik aritzen ninduan orduan. Goizetan lan egiten nian, eta gero, lanetik landa, pintore gisa iharduten nian. Horrela, harreman zenbait ukan nian beste artista batzurekin.

Eskola batetan ikasten egon hintzen?

Orduan, ez. Denbora zenbaiten buruan, Debako Eskolara joan nahi ukan nian, baina, ez zuan hilabete bat han nengoela, hego Euskal Herritik ihes egitera behartu bainintzen. Hona, ipar aldera, jin orduko, berriz, Gobernuak hemen egotea debekatu zidaan, eta lekutu. Nebaren hilketa eta gertatu zuan ondoren. Etsipena nagusitu zuan ene baitan: Parisen egon ninduan, gogoa guztiz eroria. Denbora ilun hartan, lan guti egin nian, ez bainuen horretarako gogorik. Pintore lanari berriro lotzeko, Hego Ameriketara jo nian. Duela hiru urte orain. Erakusketa bat egin nian Mexiko City-n, eta karia horretara artista batzu ezagutu nitian: Siqueiros, Capdevila, Bejonero, etab... Ipar Euskal Herrira itzuli aitzin, grabatuaren teknikaren ikasten hasi ninduan, han. Ikasketa horren sakontzeko, zenbait hilabete Europan iragan ondoan, berriz joan ninduan Ameriketara. Erakusketa batzu egin nitian Mexiko-n, San Francisco-n Berkeley-ko Unibertsitatean, etab...Garai berean, zortzi hilabetez, grabatu teknikaren alderdi guztiak ikasten egon ninduan Mexiko-n; Escuela de San Carlos eta Talleres de Santo Domingo direlakoetan bereziki. Anitz ikasi nian: oraingo erakusketa honetako lan gehienak grabatuak dituk, linoleum, "eaux fortes", zurezkoak...

Hire lan horietan, zenbait artistaren eragipena nabari diaiteken; linoleumetan, Ibarrolarena, adibidez. Zer dion?

Ez diakiat... Denetarik entzuna diat; Goya, Ibarrola, Oteiza, Edward Munch, eta beste batzuren influentzia ikusi diate jendeek. Ez nauk segur hala denik. Ez nauk halabaina egundaino "eskola" batetakoa izan; ez diat behin ere maisurik ukan. Gertatzen dena beharbada, euskal artisten artean, nahi gabe, estilo berezi bat sortzean ari dela duk; hots, bat bederak berea ekarririk, halako ahaidetasun bat ageri dela denon artean.

Euskal eskola bat ba dela uste duna?

Ez diat hori esaten. Zorigaitzez, ez, ez duk euskal eskolarik. Baina sortuko dela, beharbada sortzen ari dela, eta, gisa guztiz, sortu beharra dagoela uste diat. Eskola hori sorterazteko, ikertze laborategi bat izan ledin nahi nikek. Nork gure nortasunaz, euskal artegintza, denok elkarrekin pitz eta aurrera geniezakek horrela.

Eginkizun hori beharrezko iruditzen ziaidak.

Hire obretan, mundu ezinago bortitz eta oinazetua aurkitzen dinagu: heriotza, sufrikarioa, beldurra... Zergatik hori?

Artista, enetzat, lekuko bat duk. Gauzak sendi dituen bezala agerterazten zitik. Nik, neure lekukotasuna, gezurrik gabe, zentsurarik egin gabe ematen diat. "Norbere buruaz zintzo" izan behar dik artistak,eta ni hala izatera saiatzen nauk,

Ene lanetan nabari den iluntasuna, beraz, ez duk asmatua; errealitateak ene baitan hartua duen itxura baizik ez baita. Bistan dena, eraman dudan biziak zer ikusi handia dikek horretan. Ni, langile bat nauk, gaur egun ere, pinturak bererik ematen ez didalarik, sehi lanetan ari izan behar diat bizitzeko. Halaber, euskalduna ere nauk, eta, euskaldun gisa, ene herriak hasia duen askatasunerako burrukan parte hartu nahi ukan diat. Bizi konkretu horretan, ikusi, senditu, jasan dudana adierazten diat; ez zezakeat bestela egin.

Gaur enetzat, ene baitan, bizi naizen, bizi dudan Euskal Herriak kolore konkretu bat dik, eta ez zezakeat hartaz beste kolorerik pinta. Agian, bihar beste kolore bat ukanen dik, eta orduan beharbada, ene pintura ere aldatuko duk. Harartean...

Hire obrak herriarenganaino irits litezen nahi huke. Bizkitartean, dakinanez, arte lanetan, ez ohi dun hola gertatu. Adibidez, erakusketa hau, Baionako Herriko Etxeko barne handi eder honetan eginez, Alkateak ofizialki estrenatu ondoan, segur dun herriko jende guti ausartuko dela honaino. Haientzat ez dela pentsatuko dinate. Zer dion horretaz?

Bai, zorigaitzez, hala duk. Ipar alde honetan bereziki, hemen ez baita deusik ere egiten herriak artegintza ezagut ahal dezan. Nik ere, erakusketak, toki irekietan, kanpoan, kalean, egin litezen nahi nikek. Ezin duk, ordea. Nitaz goragoko problema bat duk. Hala ere, buruhauste eta makur hori aterabide bat eman nahirik, ere lanak ahalik eta merkeen izatera saiatzen nauk. Hain zuzen ere, horregatik ikasi diat eta baliatzen nauk grabatuaren teknikaz; hari esker, lanak merkeago ateratzen baitira. Kopiak egiten ahal dituk, eta arte on bat eginez ere, edozeinek erosten ahal zitik.

Horri buruz, derradan orain dudan grabakinen egiteko makina beste aldeko artistek eskaini didatela. Nik, neure diruz, ez nikean erosten ahalko. Euskal artistek erakutsi didaten elkartasun horrek barnaki hunkitu naik. Bihotz-bihotzez, hemen, Anaitasuna-ren bidez, eskertu nahi nitizkek.

Beñat Bidegorri


Kultura

Veneziako bienala

Urteak direla, bi-urtero, Veneziako herrian artelanen erakusketa handia antolatu ohi da. Erakusketa hau munduan dagoenik eta garrantzizkoenetarikoa da —garrantzizkoena ez bada— eta, noski, artistek bertara joan nahi ukaten dute, beren sinaduraren balioa indartzeko eta bidertzeko.

Duela bi urte, erakusketa honen antolatzaileek, artearen funtzio sozialaz kezkaturik, helburu konkreturen batez moldatu behar zela pentsatu ukan zuten. Eta nahiz eta Italia faxista handien jatorria ere ba den, bi-urteroko erakusketari zentzu berezirik ematekotan, demokrazia lanetan diharduten artistei eskaini behar zitzaiela erabaki zuten, edo, beste modu batez esateko, faxismoaren aurka burrukatzen diharduten artistei.

Aukeratu ere, bide berri horren barneko lehen bi bienaleak ongi aukeratu zituztela esan daiteke: Txile eta Espainiako artistak. Honela, bada, 1976 urte honetan Espainiako Estatuko indar demokratikoen burrukari dedikaturik dago erakusketa, "1936-1976 tarteko abangoardia artistikoa eta sozial errealitatea" izenburuaren inguruan.

Bide horretatik abiatuz, antolatzaileek ez zuten onhartu Espainiako gobernu ofizialaren ordezkaririk; eta erakusketa Espainiako erakustetxe ofizialean prestatu beharrean, Italiako erakustetxean muntatu da. Neurri berean, Espainiako oposizioaren ordezkariak Espainiako Estatuaren ordezkari ofizialak bailiren errezibituak izan dira Venezian.

Eta Euskal Herriaz, zer? Uztailaren 17a zen. Egun horretan, "Bienalearen barnean Espainiako Estatuko oposizio demokratikoaren elkar ikusketa" deitu egintza politikoan, Espainiako Estatu barneko Herri desberdinen artean ez zela Euskal Herriaren ordezkaririk ageri jakin erazi zuten hiru euskal kazetarik.

Hiru kazetari hauek, beren protesta adieraziz, ondoko idatzi hau irakurri zuten 1976.eko Bienalearen Prentsa Internazionalaren aurreko aurkezpenean:

"Bienalean Euskal Herria mespretxatua"

Aurtengo "Mostra" hau Espainiari eskainia delarik, faxismoaren aurka burruka eten gabe egin duen herri baten hutsunea nabari da: Euskal Herriarena, halegia.

Martxoaren 1ean, Espainiako Bienalerako batzordeak Eduardo Txillida, Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrola gomitatzen zituen euskal probintzien ordezkari bezala. Aurreneko biek, Txillidak eta Oteizak halegia, beren lanak herriaren politika inguru eta sozial errealitatetik at ezin daitezkeela uler, eta herri horrek "Mostra"-n lekurik ez zuelarik, lanak Bienalera bidaltzeak zentzurik ez zuela adierazi zuten. Jokabide hau behin behinekoa ez zela betirakoa baizik adierazi zuten.

Euskal batzorde bat sortu zen eta Bienalerako espainol batzordeko Manolo Garcia Garciarekin izan zuten lehen elkarrizketa batetan, beronen postura gogorra ikusiz, zuzenean Bienaleko buruzagiengana joatea erabaki zuen. Bienaleko buruzagiei "Pabiloi" bat eskatu zitzaien, bertan Euskal Herriak faxismoaren aurka eta bere Aberri Askatasunaren alde daraman burruka azal zezan.

Vittorio Gregottik, erantzuna bere esku ez zegoela adierazi zuen, eta Bienaleko Ripa di Meana buruzagiari eskutitza egiteko esan. Eskaera horrek euskal politik eta sindikal mugimenduen laguntza izatea hobe izango zela adierazi zuen.

Euskal sindikalista eta politik alde guztiek onhartu zuten eskaera, eta bakoitzak, eskaera, babestuz, eskutitz bidaltzea. LAB, LAK, ELA-STV, PNV, LAIA, EHAS, ETA p-m, ETA m. Zortzi eskutitz bidali zitzaizkion Ripa di Meana zuzendariari. Bidenabar egin zen programan, Txillida eta Oteizaren laguntza agertu zen.

Baina Espainiako Bienal batzordeak, ahantziez ezik, baztertu egin zuen Euskal Herria. Jokabide lotsagarri horren aurrean, guk hemen protesta egiten dugu.

Herrialde guztietako kazetalariek gure txosten hau zabalduko dutela espero dugu, eta Bienaleak hartu duen bide berri honetan, faxismoaren aurka burruka eten gabe egin duen, eta Frantzia eta Espainiaren menpean zatiturik dagoen Europako Herri zaharren honek lekua izan dezala eskatzen dugu.

GORA EUSKADI ASKATUA

Venezian, 1976-VII-16

Idatzi hau sinatu zuten antolakundeak, honako hauk dira: Preso eta deserriratu euskaldun guztiak Amnistia Batzordea, Euskadiko Profesional Batzarreak, Deserriratuen aldeko Anai-Artea eta Askatasuna Elkarteak, Hauzo Elkarteak, Euskal Irakasleak, Gero, Jakin eta Lur euskal argitaldariak, Zeruko Argia, Anaitasuna eta Hitz euskal aldizkariak.

Hori irakurri ondoren, zaratatsua eta argia izan zen beste kazetari guztien solidarizapena. Eta, egia esan guztiz praktikoa gertatu da, zeren eta italiar artistek ehun metro koadratu eskaini dizkiete euskal artistei, Euskal Herriaren agerpena egin dezaten: Txalogarria artista horien jarrera!

Lotsagarria, ordea, espainol batzordearen jokabidea. Betiko zentralismoari loturik, ba dirudi ez dutela Euskal Herria onhartu nahi. Eta bide beretik abiatu diren indar politiko demokratiko espainoletaz, zer esan?

Ramon Garai

OHARRA: azken orduko berriek diotenez, italiarrek Euskadiri utzi dioten tokian ikurriña soil-soilik jarri dugu euskaldunok, gure bakardadea ageriaz.


BEPSAko agiria

BEPSAko Administral Kontseiluak, Foruak kendu zirenetiko ehunurtehurrena dela eta, 1976.ko Uztailaren 27ko bileran, ondoko erabaki hau onhartu zuen:

"Foruak kendu zirenetiko ehunurtehurreneko manifestazio, ekintza eta osterantzeko hospakizunak direla eta, BEPSAk, jendaurrera hurrengoa adierazi. nahi du:

1.- BEPSA foruak birjartzeko eskakizunarekin bat datorrela, berau Euskal Herriari bere ondare historikoaren zati bat bihurtzea delakoan.

2.- Arazo honen inguruan zenbait talde politiko, era askotako erakunde eta pertsona batzuk egindako erabilera tendentziosaz bere kezka agerterazi nahi du, holakoak Foruak kentzearen mendehurrenaz beraiek Euskal Herriaren interesetan omen duten ardura haundia erakusteko baliatu izan baitira.

3.- Ardura biziaz dakusagu, gainera, talde, erakunde eta pertsona horik, orain Euskal Herriaren eta beronen eskubideen aldeko burrukalari suhar gisa agertu nahi dutenak, azken berrogei urteotan batzutan Euskal Herriaren interesen kontrako jarrera ezin argiago bat erakutsi eta bestetan Euskal Herriak, bere nortasuna agertzeko edozein ekintzatan, estrukturalki pairatu duen gogorkeriaren aurrean ixiltasunik haundienaz egon direnak berak direla.

4.- Gaiaren erabiltze tendentzios hau, talde, erakunde eta pertsona horien jokabidean ezin argiago azaltzen da, eta beraiek Euskal Herriaren sentimenduak errepresentatu nahi dituztela esan arren, ez dute horregatik beren orain arteko jokabide ezberdinaz ukorik egin, ez eta gaur egun Herri guztiaren nahia den AMNISTIA OSOA eskatzeko bozik altxatu ere, horren bidez euskaldun preso politiko guztiak aska eta herbesteratuak herrira daitezen, beste edozein eskabide egin aurretiko baldintza berau.

5.- Halaber, Bergarako Alkate jaunak Uztailaren 21ean egindako hitzaldiaz guztiz bat gatozela adierazi nahi dugu, horretan Euskal Herriaren sentimenduak, arazo larri batzuri dagokienez, argi eta garbi azaltzen baitira, hots, nazional soberaniaren probleman, amnistia osoarenean, lehengo eta oraingo hil eta presoenganako oroitzapenean, Herriak guztioi zor dien omenaldian eta euskara maila guztietan ofizialki ezartzeko premiaren arazoan".

Bizkaiko Euskal Profesionalartekoa, S.A.


Hizkuntza

AGORRIL: Abuztua.

AHOTS: boz, voz.

AITZIN: aurre(tik).

ANITZ: asko, franko, ugari.

ARTZAN: (h.e) pastoral.

AZPIMARKA(TU): subrayar,-ado.

BALDINTZA(TU): kondiziona(tu).

BARNAKI: barruan, barrutik.

DARAMATZATE: eramaten dituzte, daroez.

DEA: al da?, ote da?

DERRADAN: esan dezadan, esan daidan.

DIAT: dut (toka mintzatuz).

DIK: du (toka mintzatuz).

DIKEK: duke (toka mintzatuz).

DINAT: dut (toka mintzatuz).

ERANSKAILU: pegatina.

ESKAKIZUN: reivindicación, petición.

ESPETXE: gartzela.

GARRANTZI: inportantzia.

GARONDO: cerviz.

GRABAKIN: marrazki, grabatu.

IKERTZE: aztertze, investigación.

IKURRIN: euskal bandera.

IRAGAN: igaro, pasa(tu).

ITSUKERIA: itsu izatea.

JIN: etorr(i).

KAPERA: capilla.

KOMISALDEGI: comisaría.

LABORATEGI: laboratorio.

LEKU(TU): deserri(tu), herbestera(tu).

LEKUKOTASUN: testigantza, testimonio.

MAKUR: 1. oker. 2. kalte.

MARTITZ: Marte; hitz hau bizkaierazko martitzen hiltzean gordetzen da ("astearte") dirudienez, Martis - e(gu)n-etik sortua izanki

MENDEHURREN: centenario.

NEBA: neska baten anaia.

NIKEAN: nukeen (toka mintzatuz).

NIKEK: nuke (toka mintzatuz).

NITIZKEK: nituzke (toka mintzatuz).

NOKA: neskekin mintzatzeko hika modua.

ÑABARDURA: matiz, nuance.

PRESONDEGI: gartzela.

PUXIKA: 1. vejiga, 2. globo.

SEHI: morroi.

SUTE: su haundia.

-TIK LANDA: -tik kanpo.

TOKA: mutilekin mintzatzeko hika modua.

UKAN: eduki, izan (erg).

ZEZAKEAT: dezaket (toka mintzatuz).

ZITIK: ditu (toka mintzatuz).


Irudimenaren txokoa

Irudimenaren txokoari, Agur,

Hemen dihoakizue Euskararen Alde-rentzat zenbait eritzi:

- Egunkaria (behar larria).

- Irrati indardun bat (Euskal Herri osorentzat gutxienez).

- Telesaioak (Egunoro ordu bete gutxienez).

- Antzerkiak (Haurrentzat eta adinekoentzat; Taldeak presta, herriz-herri antzeztu).

- Mezak eta sermoiak (ugariak eta beharrezko orduetan).

- Pribado eta Colegio Nazionaletako haurrei, Doktrinaren irakaskuntza.

- Colegio Nazional eta Institutoetan Euskal klaseak, nahiz eta, oraindik orain, programa orduetatik kanpo izan.

- Gau eskolak.

- Alfabetatze kanpainak.

Honenbestez agurtzen zaitue Euskal herriko irakasle batek.

G.S.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Gurutzegrama


Urrezko astabelarriak

Bergaratik bidali digute ale honetarako astabelarridungaia. Foru berrien hirian, hain zuzen, euskara ongi idaztea ahantzi egin zaie batzuri.

ONGI ETORRI moduko esaldi labur, ezagun eta arrunta ONGUI ETORI bihurtua dute. Horretan ez dago barkazioarik, ez horixe. Are guttiago, gainera, horren egileak Bergara'ko Gastedia (sic) moduko izen xorogarria eramanik. Ea noiz eguneratzen diren eta BERGARAKO GAZTERIA gisa azaltzen. Arrazoi guztiongatik, urrezkorik gabe, bekorotzezko astabelarriak bidali behar dizkiegula uste dugu. A! eta garraioa beraien kontura gainera. Horixe!