ANAITASUNA
III URTEA — N. 32
Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Martia-Aprilla-Maiatza (3-4-5) 1956
Jainkoari eskerrak, euskerazko gauzak aspaldion gora aundia artzen asi dira gure artean. Unada onetan, iñoiz baiño liburu geiago argitaratu dira. Euskal Akademia berbiztu egin da. Gure izkuntza zarra ikasteko eskolak, an or emen idigi dira. Euskerazko orriak eta aldizkariak ugaritu egin dira. Erderazko periodikoak eurak-bere, sarri askotan erabilten ditue euskerazko gaiak.
Ori data-ta, poztu gaitezan euskaltzale guztiok, eta ez daigun galtzen itxi euskerearen alde lan egiteko daukogun erea.
Lan orretan diardu aspalditik «ANAITASUNA»k. Beti borondate onagaz, beti euskerearen alde zerbait egiteko asmo sutsuagaz.
Oraiñarte gitxi, oso gitxi egin dogu. Oraindiño asko falta jaku euskal katolikoak bear daben aldizkaria argitaratuteko. Gogoa, beiñik bein, ba-daukogu. Ainbat ariñen aldatu gura geunke Orri kaxkar au. Geitu bere orrialdeak, ederragotu bere itxurea, obatu bere barrua.
Euskalerriko sartaldean bizi direanentzako, kristiñau aldizkari on bat egin gura geunke. Orretarako, gure ustez, biderik egokiena auxe da: gure katolikoak euren eskuarteko arazoetan gidatu, eta euren problema guztieri kristiñau erantzuna emoten lagundu.
Problema asko daukoz euskaldunak bere aurrean, eta ezin leiteke bizi eureri zelan edo alan erantzun barik. Ziñea, politikea, deportea, atsegiña, dirua, lana: orra or beste orrenbeste problema, gure erriko gizona sakonkiro ikututen dabenak.
Ba-dago beste problema bat, orregaitiño guztion biotzekoa dana: euskerearen bizitzea. Euskaldun eta kristiñau garean aldetik, danok ezagututen dogu gure eginbearra. Orretan ez daukogu dudarik. Lan egiteko moduan, barriz, danok gabiltza alkarren ala.
«ANAITASUNA»k aspalditik artu dau bere bidea. Euskera errezean idatzi gura dogu, gure dialektua darabillen euskaldun guztieri ulertu eragiteko moduan. Ba-dakigu gaurko euskerea erbesteko berbaz beterik dagoana. Orrek ez gaitu larregi artegatuten baiña. Fenomeno ori, asko edo gitxi, Europa'ko izkuntza guztieri jazo jake. Eta gureari zegaitik ez? Europa'n ez gara bizi ala? Zorionez, gure errietako euskerea guztiz ona da, erdal usaiñeko berbaz beterik egonarren. Auxe diñoe gure berbetea estudiatu daben Europa'ko jakintsuak. Geu be orretan gagoz, eta segurantza au euskaldun guztien biotzetara eroan gura geunke. Jakin daiela Eibar eta Bermeo'ko euskaldunak euren izkuntzea ona dala, euren pentsamentu guztiak —ogeigarren gizaldiko gizon modernuaren pentsamentuak— EUSKERAZ agertu leikeezalako, naizta euren berbetea erbesteko itzez josita egon. Bardin egiten dabe ingelesak, euren izkuntzako berbarik geienak kanpotik artuak izanarren. Eta gaurko egunean ingelesa da munduko izkuntzarik indartsuena, ingelestasunaren izpi bapere galdu barik.
Guk geuk, «ANAITASUNA»n eskribietan dogunok, ingelesen exempluari jarraitu gura deutsagu. Bide ona artu dogula uste dogu. Bide zabala, guztiontzakoa. Jakitun eta ez-jakitunentzakoa. Europa'ko izkuntza guztiak guk baiño lenago artu izan dabena. Izkuntzalari jakintsu guztiak erakutsi deuskuena. Auxe da gure bidea.
India.—Mariaren Misiñolari Frantziskotarrak —Eleizako emakume misiñolarien Organismorik aundienak— lepradunentzako etxe barri bat artu dau euren ardurapean Trichinopoly'n. Berrogei gaixo zainduko ditue bertan: 20 gizon eta beste orrenbeste emakume. Canada'ko katolikoak jaso dabe euren diruaz hospital barria. Lau milloi kalkuletan dira munduan dagozan lepradun guztiak. Beste instituziño guztien artean, Eleiza Katolikoa da errukizko egintza onetan obeto ta arduratsuago lan egiten dabena. Obispo bi, 80 sazerdote, 9 anaia eta 56 monja kutsatu dira apostolutza orretan.
Italia.—Katoliko Langille Organizaziñoak, Milan'en ospatuko dabe maiatzaren lenengoan euren jai egun internazionala. Katedraleko plazan batuko dira mundu guztiko katoliko langilleen errepresentatzailleak. Monseiñore Montini Kardinalak esango dau mezea, eta Kristo Langilleren estatua bat bedeinkatuko. Irudi ori helikoptero baten ekarriko dabe Erroma'tik, eta batzarra egiten dan bitartean elduko da plazara bertara.
- Urte onetan asiko dira Siracusa'n Negarrezko Ama Virgiñearentzako santuario aundi bat egiten. Konkursu bat atondu dabe eleizearen planoak autatuteko. Bosteun ta larogei arkitektu, 36 naziñotako, presentatu dira konkursura. Eleizea amaituten danean, ogetamar milla lagun sartu al izango dira barruan.
Sicilia'ko erri orretan, orain lau urte direala, Ama Virgiñearen irudi batetik negar malkoak urten eben milagru moduan. Urte betegarrenean, Sicilia'ko Obispoak, gauza guztiak ondo arakatuta gero, ago batez deklaratu eben Ama Virgiñearen negar pulloak egiazkoak zireala eta naturalki ezin explikatu eitekezala. Oraindiño Erroma'k ez dau deklaraziño ofizialik egin. Ori gorabeera, Aita Santuak, 1954'an, Sicilia'ko Kongresu Marianoari berba egin eutsanean, aitatu egin eban Siracusa'ko milagrua, eta L'Osservatore Romano-k gogoz argitaratu eban Sicilia'ko Obispoen eritxia.
Nigeria (Afrika).—Ofedma Printzesea Orlu'ko erregearen alabea, monja sartu da, ogetalau urtegaz. Bere estudioak Irlanda'n, Dublin'eko Universidadean egin ditu. Habitu santua kapilla txiki baten artu dau. Bere aitak, leku orretan eleiza aundi bat eregiteko agindu dau. Berreun milla dolar kostatuko dau obra barriak.
Alemania.—Urrengo Kongresu Eukaristiko Internazionala, Munich urian ospatuko da, 1960'an.
- Galtzairuzko oialaren beste aldeko errietan, agintari komunistak debekatu egin dabe eriegiñoa irakastea, ume txikien eskoletan izan ezik beste guztietan. Ori agindu baiño lenago, ekiñaldi izugarri bat egin eben umeeri domeketako mezatatik alde eragiteko, eta kristiñau irakaskintzeari edozetariko eragozpenak ipinteko.
Frantzia.—Paris'eko Feltin Kardinalak, Informaziñozko Komisiño Episkopalaren Zuzentzailleak, gora aundiko arazo bat artu dau bere gain. Bere aginduz eta Radio, Zinema ta Televisiñoaren Zentral Katolikoaren bitartez, ainbat ariñen sortuko da Paris'en Frantzia'ko Entzule ta Ikusleen Alkartasun Nazional Katolikoa. Alkartasun orrek, VOX izena eukiko dau.
Alkartasun barriaren asmoak, oneexek dira: a) Zaindu alkartuen eskubideak naziñoko agintarien eta radio, zinema ta televisiñoko profesionalen aurrean. b) Edukatu erria radio, zinema ta televisiñoko gauzetan.
Frantzia'ko 23.000 parrokitan banatuko dira txantelak, al danik geienak VOX Alkartasunean sartu daitezan. Denpora gitxi barru, milloi bat inguru bazkide izango ei dira.
Holanda.—Denpora gitxi barru naziño onek embajadore katoliko bat eukiko dau Aita Santuaren aurrean: Marchant d'Ansembourg'eko Kondea. Holanda ta Vaticano'aren artean artu-emon diplomatikoak asi zireanetik, auxe izango da lenengo embajadore katolikoa.
- Harlem'go Obispoak 28 abade izentatu ditu, fabriketan apostoladua egiteko. Kapellau buruzagi baten menpean lan egingo dabe danak, Ijimond'eko lurralde industrialean. Danak etxe baten biziko dira.
Bilbao.—Jesuiten Beiñolako Ikasleen Irugarren Kongresua, aurten berton ospatuko da; eta San Iñazioren egunean asiko da. Lenengo batzarra, Loiolan izango da; eta urrengo guztiak, Deustu'ko Universidadean.
Aurreko Kongresu biak, erbestean ospatu izan dira: lenengoa Stuttgart'en (Alemanian) 1952'an; bigarrena Erroman 1954'an.
Irugarren Kongresuaren lekua elegietako, eztabaidak izan dira. Frantsesak, euren aberrira eroan gura izan dabe; eta bardin beste naziño askok. Baiña azkenean, San Iñazioren eriotzearen laureungarren urteurrena aurten ospatuten dala-ta, Kongresu ori Espaiñian eukitea arabagi dabe; eta Espaiñiako toki guztien artean Euskalerria (Loiola ta Bilbao) autatu dabez: Loiola, San Iñazioren jaioterria dalako; eta Bilbao, Deustuko Universidadea bertan dagoalako eta onelango kongresuak egiteko uri aundi ta guztiz egokia dalako.
Kongresua, Internazionala izango da. Hispano-Amerikatik, Jesuiten Beiñolako Ikasle asko etorriko ei dira.
Estadu Alkartuak.—Naziño onetan bizi dira munduko judegurik geienak: 5 200.000. Berreun milla judegu baiño geiago daukezan naziñoak, Amerikako Estadu Alkartuen urrengo, aoneexek dira: Rusia 2.000.000; Israel 1.550.000; Ingalaterra 450.000; Argentina 360.000; Frantzia 300.000. Igazko urtean, mundu guztiko judeguak 11.908.443 zirean, 58.557 geiago igazlenean baiño.
Bilbao.—Danok dakizue «La Gaceta del Norte»k euskerearen gaiñean eta gure gurea dan Euskaltzaindiaren gaiñen argitaratu dituen artikuluen barri. Burutu dau euskereak aldi gaitz bat, ezeren errazoi barik politika zentzuna leporatu jakon bat, esan deusku. Edozein ideologiaren gaiñetik dagoen euskerea guztiona da eta alegin guztiak egin bear doguz bizirik atera daien bere burua.
Euskaltzaindiaren arlo biak urten dabe aizetara filologikoa eta jagotezkoa. Adierazo dau zelan aurten agertuko dan gerra aurrean ateraten eban EUSKERA bere lan eta agiriakaz. Baita Euskaltzaindiak Bilbon, bere etxean, jarririk deukozan euskal klaseen barri emon be, euskalzaletasunaren asegarri eta geroko langilleen itxaropenez egiten direan klaseak.
Bigarren artikuluan, Astiz jaunak, Naparroako barri emoten deusku. Euskerea il eztaiten nafarrak deukiezan asmo txalogarriak erakusten deuskuz emengo euskalzale loak artuak itzartu daitezan eta euskaldunak lotsea galdu ta piztu.
Badakizue, ba, euskalzaleok, lan egiten asi bear da: literatura landu; gure inguruan piztu euskalzaletasuna ta miña; euskeraz berba egiten beartu gure ingurukoak; psikosis ori sartu aroan; al dauenak estudioetan ekin eta gure berbeteari bere baztarrak eta zoko guztiak arakatu, gero zentzunez baliatuteko jakiten deutsaguzan gauza guztiakaz; gurasoak seme-alaberi irakasten alegiñak egin; bear direan liburu ta errebista errezak argitaratuteko laguntza emon, eta era askotara.
Purgatorioa. Aspaldiko lagunak
Soldautzako lagunak zirean. Azkenengo gerra mundialean, gudaldi guztietan eta arrisku guztietan ibilli zirean alkarren ondoan. Bein baiño geiagotan salbatu eutsan batak besteari bizitzea. Ori dala-ta, anaiak lez maite eben alkar. Gudua amaituta gero, bakotxa bere errira biurtu zan: bata, bere etxean geratu zan; bestea barriz, etxekorik aurkitu ezebala ta, bere familia billatuten asi zan. Arrezkero ez eben alegiñik egin alkarren barri jakiteko, eta geldika geldika aztu egin zirean bata besteagaz.
Pedrok, motozikleta fabrika bat idigi eban. Negozio galantak egin zituan, eta beingoan millonario egin zan. Etxe eder bat erosi eban itxasertzean, eta bere familiagaz araxe joaten zan urtero uda denporan.
Josek, ez eban aurkitu bere familia. Bere emaztea ta alabatxua il egin zirean nunbait gerratean. Biotzeko naibagea kentzeko, edanari emon eutsan, eta laster pobreen antzera erririk erri limosna eske asi zan. Urteak joan urteak etorri, jai egun baten aberatsaren etxera etorri zan eskean. Jo eban atean, jatsi zan ugazaba, begiratu eutsan batak besterari, eta emoziñoz beterik ezagutu eben alkar.
— Kaixo Jose, nire aspaldiko laguna! Zer jazo jak, aolan ibilteko?...? Dana dala, asko poztuten nok, gero ta gero be alkar ikusi joagu-ta. Gaur neugaz jango dok, eta Estaduko burdiña-fabriken zuzendari generalagaz, provintziako gobernadoreagaz eta erriko alkate jaunagaz jarriko aiz maian.
Olako izen aundiak entzun zituaneko, jantoki eder baten irudia etorri jakon burura: mantel zuriak eta emakume perfumedunak, gizon dotoreak eta ondo jantziak. Eta, bere barruan, lotsatu egin zan. Ain itxura txarrean, bera ezin eiteken agertu janlekuan. Ara orduko, GARBITU egin bear zan. Joan zan baiñura, kendu eban bizarra, ebagi zituan atzazalak, moztu eban ulea. Tormentu itzala izan zan beretzako garbiketa ori: ain bizimodu baldana eroan eban ordurartean! Baiña bere adiskide mamiñaren pentsamentuaz eta laster beragaz jango eban banketearen gogoraziñoaz, pozik egin eban eginkizun ain gogor ori.
Jainkoak ez dau egin Purgatorioa, bere semeen arimeri sufridu eragiteko. Purgatorioa ez da tormentu lekua, garbiketa lekua baiño. Araxe joaten dira, zeruan sartzeko prest ez dagozan arimak. Jainkoaren aurrean agertu orduko, garbi egon bear dabe. Zeruan ezin leitekez sartu, loirik dagozan bitartean. Ori dala-ta, euren kabuz joaten dira Purgatoriora, eta pozarren sufrietan dabe ango dolorezko garbiketea. Sufridu bai, baiña alaitasun eta bakez beterik, arik-eta zeruan sartzeko bear dan garbitasuna lortu arte.
Alan ta guztiz-bere, geure eskuan dago zerura zuzen eta artez joatea. Orretarako, garbitu gaitezan mundu onetan, arazo ori beste mundurako itxi barik. Artu daiguzan asmo orregaz gure eguneroko sufrimentuak. Gure obra onen bitartez, purifikatu daiguzan gure arimako loikeriak, eta ordaindu gure txarto egiñak.
«Edur Zuri» pelikulea ikusi dozuenok, gomutetan zarie aurki jazoera onegaz: Zazpi epoak, bazkarian eta bazkalosteko jaian parte artu orduko, garbitu egin bear izan zituen euren buruak. Bat izan ezik, beste guztiak pozik egin eben eginkizun gogortxu ori, Edur Zuri'en amorearren.
Aingeru
Txinpartak Luis-tarrenean Teatrogiñen. San Iñaziori Bilboko Luistarrak eraikiko deutsien monumenturako diru-bilketearen alde
Birritan izan dira Txinpartako gazteak Luistarrenean. Lenengokoan saloia guztiz bete zan ezkero ta gente asko ikusi barik gelditu, garizumea igaro ostean barriro prestau dabe beste agerraldi bat, gauza bera zala atxakia, diru bilketea. Oraingoan mutu agertu jakuz Txinpartakoak, mimika zala festearen nagusi. Bilbo uri erdalduna izanik ausartu ez zuzentzailleak, bear bada, euskeraz emoten gaia. Alan ta guztiz be, ni enaiz eritzi orretakoa oso osoan. Bilbon erdi euskaldun asko dago, uste dan baiño geiago, eta talde polita batuko litzake gogo onez olako bat ikusten. Ausartagoak bear dogu izan, ausartagoak; bestela ezteutsagu sekula emongo gure euskera oneri abiadarik, geienok itzez ain maitasun andia egertzen deutsagun gixajo oneri. Gaiñera euskaldun motzak garean bilbotarrori zer jan emoten ezpadauskue, geroago ta motzago egingo gara, ikasi ta sendotu bearrean aiztu, baztartu ta zokoratu egingo jaku dakiguntxoa. Eldu ta lotsea ta epeltasuna galtzeko sasoia. Itzartu gaitezan gure lo gogorretik eta gure eginbearra zein dan finkatu, ta ez alde egin bakoitzak bere zeregiñetatik trankiltasunaren egoitza bareetara. Ta asi naiz Txinpartako gazte zintzoakaz berbetan:
¿Asmo barririk bai zuon taldea obetu ta aberastuteko?
Asmoak bai asko, baiña ezin joan aurrera gura geunken baizen aguro. Amesak aundiak, baiña al danari bakarrik lotu bear ta gure astirotasunaren miña sufridu. Orra or egiteko batzuk: kantuan neskak bakarrik ekin dautsie orainarte. Asi gara, ostera, neska-mutillen artekoa prestetan. Teatro kontuan beste gauza barri batzuetan saiatuten asi gara. Al balitz guk pozik estudiatuko geunke obra oso bat Bilbon edo erri aundi batean emon al izan ezkero. Orainarte errietatik zear ibili gara eta gauza laburrak egin izan doguz, kantu ta dantzak nasturik, erritar askok oiturarik eztauelako goragokoak entzuten. Dana dala, orreri eusteko asmoa deukogu, baiña baita euskeraz egiten direan teatroko gauzeri bear dan gora aundia emon gura be, dotoretasunaren bidea izan daiten. Orretan idazleak be badaukie euren itza.
Erri batzuetan orainarte arrera ona izan dogu ta arretaz artu gaitue. Prest gagoz aurrerantzean be urtenalditxoak egiteko eta gaiak aldatuteko. Orretan errietatik laguntza apur bat bear dogu, erriko egunik egokienak autatuz. Gure aldetik borondate osoa ipiñiko dogu joan al izateko eta gaiak al danik onenak eta atsegingarrienak izan daitezan. Bizkaitarren biotzak alaitu gura doguz eta gure berbeta veneragarria pozgarri biurtu.
¿Zeinbat denpora daroazue euskerearen aldeko arlo onetan?
Badira lau bat urte. Oso mantso ta humil asi giñean, eta orainarte askotzarik aurreratu ezarren, urratu doguz apur bat gure aurreko estropasuak eta apurka apurka argiago ikusten dogu etorkizuna, euskalzaletasunaren espiritua biotz euskaldunetara biurtuten asi dan ezkero. Euskaltzaindiari eskerrak bere babespean artu ginduzalako. Pozik gara lankide ta bere elburu ta xedeak garaituten ekiteko prest gaukaz.
Iztun
Espaiñiako katolikoak eta zinematografia
Gogoraziño batzuk egin gura doguz Espaiñiako zinematografia katolikoaren inguruan. Ikusi zer egin dan Espaiñian arlo onetan 1955'ean. Alde batetik, inportantzia aundikoa da guretzako igaro dan urtea. Berebiziko okasiño bitan, miragarriro berba egin dau Aita Santuak zinematografiaren gaiñean. Bagillean eta urrian Italiako film industriaren errepresentatzailleeri egin eutsezan berbaldietan auxe ikusten da: Aita Santuaren artegatasun aundia gure egunotako ziñearen egokereagaitik, eta bere gurari sutsua ziñeko gauzetan katolikoak ainbat ariñen zuzendaritzea artu daien. Erbesteko katolikoak gogoz eta probetxu aundiz estudiatuko ditue aurki Aita Santuaren berbak.
Espaiñiakoak, barriz, begi illunez geratuko dira. Aspaldiko urteetan Kristoren Eleizearen serbitzaille zintzoak izanarren, gaurko egunean —ziñea dala-ta— Espaiñiako katolikoak ez dabe oraindiño gora aundiko fruturik emon.
Utsuneak
Espaiñian ez da egin oraindiño katoliko izena merezi dauan pelikularik. Kalifikaziño ori lortuteko, urrean ibilli zirean bearbada, "Judas" filmatu ebenean. Baiña zoritxarrez, pelikula ori ez zan izan ain ona, alegin aundi barik gauza ederra egin gura izan ebelako. Beste batzuetan, geienetan, diru asko irabaztearren, katoliko ezjakiñentzako eta sentimentuzko erlegiñoa daukenentzako egin dabez pelikulak. Eta orretarako, fatsotu egin dabe kristiñau bizitzea, eta pelikuletan presentatu daben erlegiñoa ez da izan egiazkoa eta Kristok irakatsi deuskuna. Noiz elduko da merkatariak templutik kampora botateko ordua? "Ollarraren Kantua"k, Gil-Escribá'ren azkenengo pelikuleak, zorionez, ez dau euki egilleak begitandu eben besteko abegi ona. Katoliko eskolatu geienak kondenatu egin dabe pelikula ori eta berba gogorrakaz kritikatu. Ori dala-ta, zelan edo alan galerazo egin da katolikotzat emon gura izan deuskuen beste pelikula txar bat.
Empresario katolikoak
Asko egin al izan dabe ziñe onaren alde. Eurak zirean Eleizearen itxaropena. Baiña zoritxarrez, filmegilleen antzera, eurak-bere uts egin dabe. Euren ziñetokietan pelikula txarrik iñoiz emon gura izan ez balebe, segurutik naibage asko eukiko eben eta bearbada dirua naikoa galduko. Baiña orretara, euren fedeari serbitzu ederra egingo eutsen, eta katolikoen borondatea irabaziko. Euren eskuetan egoan erriaren aziera morala ta artistikoa; eta nai izan balebe, euren negozioa —bide batez— kristiñau apostoladuko lanbide baliotsua izango zan Eleiza Katolikoaren onerako. Beste aldetik, Espaiñiako eleizgizonak ziñetoki gitxi euki dabe euren mendean, umeak eta gurasoak pelikula onak ikustera erakarteko. Katoliko geienak osterantzeko ziñetokietara joan bear izan dabe. Orregaitik, empresario laikoak lan guztiz txalogarria egin eikeen arlo onetan. Baiña adutxarrez, ez dabe egin. Euretariko geienak naiago izan dabe edozelako pelikulak argitaratu, diru geiago irabazteko. Danak alkartuta, errez emon eikeezan umeentzako film egokiak, gaztetxuak, arrisku barik gauza on asko ikasita, astiro astiro probetxuko gizonak egin eitezan. Baiña ori-bere ez dabe egin.
Gure eginkizuna
Frantziako katolikoak, Ziñearen Dokumentaziño ta Informaziñozko Agentzia bat dauke. Beronen bitartez lan egiten dabe, pelikula onak publikoaren artean txera ona euki daien. Ez da naikoa katolikoentzako, film txarrak ez ikustea edo parrokietako ziñetokietara joatea. Pelikula gaiztoak baztertu gura baditue, ekiñaldi eragille bat egin bear dabe, film onak zabaldu, ezagutu erazo eta zainduteko. Orixe egiten dau, ain zuzen be, Frantziako Agentziak. Orrezaz gaiñera, berebiziko argitasunak eta burubideak emoten deutsez filmegille eta ziñetoki ugazaberi. Uri nagusi guztietan daukoz sukursalak, eta Ekintza Katolikoaren bitartez egiten ditu bere eginkizun guztiak. Pelikula baliotsuren bat agertzen danean, filmegilleak eta empresarioak eurak lagunduten deutse Agentziari propagandarako bear direan diru ta materialagaz. Zoritxarrez, balioko pelikula gitxi argitaratuten dira Espaiñian; baiña olakoren bat noizik noizera gure ziñetokietan agertzen danean, zer egiten izan dogu guk bere egiazko balioa ezagutu erazoteko, eta al danik geienak bera ikustera joan eragiteko?
Eskribitzailleak
Pelikulen argumentua idazten dabenen artean, ba-dagoz Espaiñian katoliko zintzoak. Ori gorabeera, artu ete dabe iñoiz ardurarik, euren burua ta lumea Jainkoaren serbitzuan ipinteko? Kristiñau bizitzearen testigukuntza ederra izan leitekezan ainbeste ta ainbeste argumentu miragarri alde baten itxita, geienetan ganora bakoak edo folklorikoak erabilten izan ditue.
«Besteak»
Eta onelan jarraitu geinke, utsuneak agirian ipinten. Baiña, gu ziñeko gauzetan ardura barik gagozan bitartean, «besteak» gogoz diardue euren arazoan. Ziñearen bitartez, bizitzearen ikuskizun baltza ta antikristiñaua emoten deuskue, eta munduko miseriak erruki bape barik nabarmentzen ditue. Zetarako? Gizonen bizimodua onduteko? Ez. Orrek ez deutse arean ardura. Munduak, ostera, zuzenbidea ta bakea gura ditu, eta asko poztuko litzake, ziñean aurkituko balitu. Geuk emon bear geunskioz pelikula baliotsuen bitartez; baiña zoritxarrez beti dira «besteak» guk baiño lenago erriaren pentsamentua moldatuten dabenak.
I.
Talan... talan, Aloñaren maldan!
Antxe agertu zan, Aloña mendian, atxez inguratuta, troka artean. Ta agertu be, arantza zorrotzezko elorri baten ganean agertu zan.
Kanpai bat elorritik dindiliz "talan... ta-lan". Ta oiñak arantza ganean zituala, Zeruko Amaren iruditxu bat, ezpanak erdi barreka, begiak urdin, arpegi osoa zerutar baillitzan.
Urteak dira ordurik ona. Baiña Arantzazuko Ama, agertu zan legetxe dago. Eztozue bere irribarrearen gozoa miazkatu? Bere oiñetan dago oraindiño orduko elorria, urregorrizko azal bategaz. Bere begiak zeru kolorea dauke oraindiño. Ta bai pozik egoten dala bere arpegia, ainbeste euskaldun seme bere aurrean belaunikaturik ikusten dauanean!
Eztogu bere biotz veneragarria ikusten. Baiña nok esan bere samurtasunaren sakona? Graziaz irakiten dago, ziur. Eta eguzkiak printzak lez, zabalduten ditu Berak bere mesederik baliotsuenak euskaldunen biotzetara.
Ta alantxe izan bear. Ezkara gu bere semeak? Bai orixe! Gorputz eta arimaz ganera. Ezta Bera gure Ama? Esan daiela, urtean urtean erromes Arantzazu mendira igoten dabenak.
Emen ikusi daroaguz Gipuzkoako erriak, Bizkaikoak, Naparroa aldekoak, Arabako semeak. Frantzia aldeko euskaldunak... danak. Euskaldun izena soiñean daroen guztiak batuten dira Arantzazuko Amaren mantupean.
Gaur Bizkai ederraren seme zintzoeri berba egin gura deutset, Arantzazuko mendi tontorretik.
Ba-dakizue aurten ARANTZAZUKO JUBILEO URTEA dana. Basilika Barriaren amaia dala-ta, Urte santu ori eratu dabe Frantziskotarrak euskaldunen onerako. Erromako Aita Santua, esku zabal agertu jaku. Amaika indulgentzia emon ditu Urte santu orretarako! Parkamenik aundiena auxe da: Indulgentzia osoa Arantzazura erromes etorri, ta Ama Virgiñearen Irudiaren aurrean otoitz egiten daben guztieri; egunean bat bakarrik, eta Aita santuaren asmoetarako otoitzegiñaz.
Urte santu onetan, jai ikusgarriak izango dira Arantzazun eta Euskalerri guztian.
Arantzazun, errietatik beste urteetan baiño gente geiago etorriko dalako, era askotako batzarrak berton izango direalako, urte azkenean Eleiza Barria konsagratuko dalako, ta abar. Iñoiz gente asko ikusi izan badogu Arantzazun, aurten ikusiko dogu.
Euskalerri guztian, Eleiz buru direan errietara Arantzazuko Ama Virgiñearen irudia eroaten asi direalako. Ta bai jai ederrak egiten direala bere omenean! Erri guztiak batzen dira bere inguruan, euren Zaindari ta Ama dan Erregiñeari biotzak eskinteko, mesederik estuenak eskatuteko, otoitzik beroenak egiteko. Arantzazuko Amak bere erri ta seme guztiak bedeinkatu gura ditu.
Ta ba-daki Berak nun direan bere semeak. Ba-daki Bizkai aldean millaka seme daukozala, biotz biotzez maite dabenak, eta maitasun ori agertzen dakienak. Bedeinkatu nai ditu, ta urtean urtean Bera ikusten etorten direan semeak, aurten ARANTZAZUKO JUBILEO URTE onetan Berak visitatu gura ditu.
Ta or izango dozue Bizkaian Arantzazuko Ama.
Bizkaitarrak, poztu gaitezan danok: Bizkaian izango da Arantzazuko Ama, ta
Arantzazun izango dira aurten be Bizkaitarrak.
Bai orixe! Zelan Bizkaian uts egin aurten Arantzazuko Amaganako maitasun-zaletasunak?
Bagillaren 16'an Ondarroara joango da Arantzazuko Ama, Ondarroa ta inguruko erriak bedeinkatutera. Ea, ondarroatarrak, dana izango da gitxi, ta ekin gogor Arantzazuko Amak zuen artean egonaldi on bat euki daian.
Urrengo egunean, domekan, itxasotik Bermeorantz zuzenduko da. Bai eder eta ikusgarri Arantzazuko Ama itsas olatuen erdian! Nik uste dot lenengoz ibilliko dala itxasotik; eta Bermeok merezi be merezi dau olakorik beretzat.
Bermeotarrak, bai jai ederra zuentzat! Ainbeste maite dozuen Ama Arantzazukoa, zuen erria bedeinkatuten joango jatzue. Ondo daki Berak noraiño maite dozuen eta noraiño bear dozuen bere laguntasuna.
Eguerdi ostean, Foruko komentura joango da, Mundaka, Pedernales, Busturia, Altamira, Murueta eta inguruetako erriak bedeinkatuaz.
Urrengo egunean, astelenean, Gernikara jatsiko da. Batu beitez bertan egun orretarako, inguruetako erri guztiak, danon artean jairik ederrena egiteko. Ezin dau Ama Virgiñeak erri guztietara joan. Datozala, ba, egun orretan Gernikara.
Urrengo illaren erdi inguruan, Durango ta Arrati aldera joango jatzue. Ea, Durangon eta Arrati inguruan zelan portetan direan Bizkaitarrak Arantzazuko Amagaz!
Zenbat grazia ta bedeinkaziño ixuriko dauan Ama on orrek Bizkaiko errietatik igarokeran! Aurten lenengo aldiz izango dozue Arantzazuko Ama Bizkaian, Bizkaian be seme zintzo asko daukozala ba-dakialako. Ba-daki Berak, Arantza ganean agertu zanak, eta ba-dakigu guk, urtero urtero emen ainbeste ta ainbeste Bizkaitar ikusten dogunok.
Zatoze aurten be; eta iñoiz etortekotan, zatoze aurten, ARANTZAZUKO AMA VIRGIÑEAREN JUBILEO URTE onetan. Indulgentzia osoa irabaztera, Basilika Barria ikustera, esku zabalez Amak emongo deutsuezan graziak artzera. Zuek Bera maite dozue bene benetan, eta Berak bene benetan maite zaitue.
Aurten, Arantzazu Bizkaian, ta Bizkaia Arantzazun.
Talan... tatan,
Aloñaren maldan!
Arantzazutarra
Emakume batek emon eutsan Komuniñoa Mussolini'ri
Italiako lurraldea beti izan da katoliko aundien aberria eta Eleizearen oiñarri sendoa. Santu, martiri ta Aita Santurik geienak an ikusi dabe argia. Baiña naziño eder onek, emon deutsoz munduari gizon gaiztoak be, erlegiñoari kalte aundia egin deutsenak, Neron eta Kaligula-gandik asi ta Mussolini-ganaiño. Danok ezaututen dozuez Italiako Ekintza Katolikoa dala-ta, Aita Santuagaz euki zituan eztabaida garratzak. Bere aundinaiak oben asko egitera bultzatu eutsan: Europako gerratean laster jarri zan Alemaniaren alde eta kaltetan eta arriskuan ipiñi eban mundua eta bere askatasuna. Alan da guztiz be, azken orduan, bere txarto egiñakaz damutu egin zan.
Mussolini, erri katolikoaren semea. Seaska kristiñau batek eriotza kristiñau bat bear dau.
***
Urlia emakumea, irakasle katoliko bat zan. Oraindiño gaztea. 1944'ko agostuan, Forster, Danzig'eko gauleiter gogorraren serbitzuan sartu zan. Ori egin orduko, Aita Zenzen'egaz itundu zan. Lenengo egunetik sekretaria egin eben.
Zemendiaren azkenetan, Urlia neskatilleak mandatu ixilpeko bat artu eban. Alemanak gaixorik ekarri eben Danzig'era Benito Mussolini, Italiako Duce oinperatua, epopeia antzeko moduan amerikanoen eskuetarik atarata gero. Berak, Urlia neskatilleak, zainduko eban gaixoa, eta sekreturik aundiena gorde bear eban, aren gordelekua iñori esan barik.
Duce'ak abade bat eskatuten dau
Izan-bere, sekretua guztizkoa izan zan. Mussolini'ri ez jakon iñor urreratuten, Hitler'en mandatariak eta Danzig'eko agintariaren sekretaria katolikoa izan ezik. Etorrita laster, biotzeko atakeak euki zituan Mussolini'k. Ori gorabeera, bere jagoleak ez eutsen ekarri medikurik. Azkenean, Gestapo'aren bitartez eginala egin ostean, Munich'eko osagille gazte bateri emon eutsen gaixoa ikusteko baimena.
Aztu eziñezko drama bat izan zan Urlia neskatillearentzako abendu atako bizitzea. Danzig'eko eleiza batera joaten zan sermoiak entzutera. Gero, Duce'ari kontetan eutsan an entzuniko guztia. Domeketan, mezako evangelioa irakurten eutsan. Dolore ta naibagezko une aretan, fedearen azia erne zan Mussolini'ren ariman. Azkenean, abade bat eskatu eban: Eleizeagaz eta Jainkoagaz bakeak egin gura zituan. Eskabide onegaz amaituten zan dramearen lenengo partea.
Himler kontra jarten da
Onen ostean, denpora tarte bat igaro zan. Urlia neskatilleak, Duce'aren guraria Forster bere ugazabari agertu eutsan. Forster'ek gero Hitler'eri. Führer'ak aintzat artu eban Mussolini'ren guraria, kondiziño bigaz baiña: gauzea ixilperik aundienean egingo zala, eta orren barri Himler'en belarrietara ezelan-bere elduko ez zala.
Oraintxe asten da dramearen bigarren partea, guztiz emozionagarria beintzat. Aita Zenzen —fraille palotinoa— Jesus Sakramentadua abrigu barruan dauela, urduri dago Duce'aren albora joateko bialduko deutsen kotxeari begira. Kotxea ez da agiri. Bien bitartean, eztabaida ikaragarri bat sortu da Mussolini'ren gordelekuan. Nunbaite-be iragazi egin da barria. Himler'ek jakin dauanean, beingo baten agertu da bertan, eta asarrez beterik zemaitu dau sekretaria koitadea, il egingo dauala sazerdotea Duce'aren aurrera etorten bada.
Jauna, Jesus Sakramentaduaren billa nator
Gabaz da. Ogetalau ordu or or igaro dira, Himler agertu zanetik. Beste leku batera joan bear dabe danak. Kotxe blindatu baten daroe Mussolini Prusia Orientaleko toki ezkutu batera. Beragaz doaz Urlia neskatillea, Munich'eko Doktore gaztea ete S. S. ko ofizial bi. Geratuten dira ostatu baten aurrean, basamortu baten. Sartzen dabe barrura Duce gizaixoa. Inguratuten dabe etxea S. S. 'ko dozena erdi soldadugaz, sartu-urtenik iñok egin ez daian. Ori gorabeera, urtetan dau ostatutik sekretaria katolikoak, ba-doa ariñak arin urren dagoan errira, eta eskatuten deutso parroko jaunari Jesus Sakramentadua, Mussolini'ri eroateko. Arrituten da lenengotan eleizgizona eta gauza txarren baten bildur da gero. Aitatuten dau Urlia neskatilleak Aita Zenzen'en izena, eta ipinten dau bere misteriozko eginkizunaren testigutzat.
Danzig'etik telefonaldi bat, eta ezereztu egiten dira parrokoaren duda guztiak.
Ordu batzuk geroago, ikuskizun miragarria. Duce'aren alboan dago irakasle gaztea. Erreza eragiten deutso astiro astiro damu otoitza. Gero jaunartze aurreko oraziñoak. Azkenean, emoten deutso komuniñoa. Ainbeste urte igarota gero, lenengo komuniñoa!
Gabon kantak abestuten
Asten da dramearen azkenengo partea. Antxe bizi da Mussolini, antigualeko etxe aundi ta bakar aretan. Laster dator Gabon gaba. Egun orretan Hitler bera etorri jako albora. Urlia neskatilleak, lenengo abagadunean, barriro urten dau kanpora. Eta arik laster, gordeta dakar Jesus Sakramentadua. Gabonetako arratsalde aretan, seirak inguruan, bigarren aldiz artzen dau Benito Mussolini'k komuniño santua. Gero, Hitler'ek eta biok, Noel arbolearen ondoan jezarrita, emoziñoz beterik abestuten dabe "Stille Nacht", mundu guztiko Gabon kanta klasikoa.
Baiña ezin eiteken ondo amaitu Gabonetako bake gozo au. Ostera-bere agertzen da Himler. Ikaragarriro gogorra da neskatilleagaz daukon berbaldia. Zemaiez beteriko aldarriak entzuten dira Gabon gau atako ixiltasun baketsuan.
Aita Zenzen'ek, ainbeste denpora ixilik egonda gero, oraintsu berba egin dau. Berak ez daki ezer Urlia neskatillearen gaiñean. Ez daki oraindiño bizi ete dan. Guztiok dakigu, barriz, zein izan zan illebete gitxi geroago Mussolini'ren azkena. Eta Hitler'ena, eta Himler'ena.
I.
Euskaldun batek esan dausku. Txurruta eta Anka-jokua, Ugari
Euskaldun jator baten eritzia jakin nairik, aren etxera jo dot, paper batzuk eta lumea aldean ditudala.
— Etxean al dago U. jauna?
— Bai, ba, etxean dago. Zer nai zeunke ba? Zer esango dautsat?
— Barrien billa dabillen bat dagoela emen bere zain.
— Eta nor, ostera?
— «Anaitasuna»-ko bat dala esaiozu, eta... beingoan artuko nau.
— Tira, ba; ederto. Bereala adierazoko dautsat. Jesarri beite jesarri, mesedez.
Neskamearen esana egiñaz, jesarri naiz polito polito aulki bigun zabal eder batean. Ingurura begira asi naiz, eta etxeari alako gauza egoki ta aukeratua aurkitu dautsat. Garbi, txukun, ondo ornidua. Etxeak berak, ugazabearen gustu eta jasa erakutsi oi dau.
Aguro entzun dot Urlia jaunaren pausu-otsa, zikirri-zakarra etxeko oiñetako zabalakaz.
— Egunon adiskide, eta parkatu —esan dautsat. Ordu-eza ete da zuretzat? Sasoi onetan etxean artuko zaitudala-ta, orregaitik nator «Anaitasuna»-koen izenez.
— Ordu-eza ostera? Bai zera! Euskerearen alde egiteko iñoiz be ezta ordu ez-egokia; beti da garai ona. Orain, zuk esango dozu...
— Gure illerokoan agertzeko dala-ta, zure erantzun batzuek agertu nai dituela-ta, emen naukozu zerbaiten eske.
— Tira, ba, mutil. Asi zaitez itauneak egiten.
Atarau ditut nire paperok eta esku artean gertu ipiñi bere bai, gure zaldun maitagarria nik zer esango adi-adi daukadala.
— Beste erri guztietakoak lez, euskaldunok bere, gauza on eta txarrak ei ditugu —esan dautsat, arloan asteko. Oraingo joera okerrak zeintzuk ete dira, agirienak beintzat? Agertu egiguzu zure iritzia.
— Nire ustez, txurrutera larregi amore-emonik gagozala. Zorioneko txurruta! Euskalduna lango iñor egarberarik, gitxi orraitiño!
— Gazteak ala zaarrak?
— Zaarrok zerbait bear dogu piztugarritzat, baiña oraingo gazteriaren joera orrek eztakigu zelako kalteak egingo dauskuzan.
— Ta futbola-gaitik zer diraustazu?
Irribarre zabal bat egiteko eretia emon dautsat gure zaldun kontulariari. Burua gora ta beera erabili dau, urrunera begira dagoen bitartean. Isilaldiaren ostean ekin daust esaten:
— Gu gazteak giñartean, ai orduan, ikusi eta jokatu biok egin oi genduzan; batzuetan ikusi, baiña askoz be sarriagotan jokatu, geuk jokatu, gizona. Eta orain? Orain zer? Ikusi geienak: begira egon aoa zabalik, leku estuan larri egon alkarri bultzaka, onek irabaziko ete dauan, angoak eroango ete dituan gol guztiak...
— Orduan, leengoak jokolari ziran, ostikolari, kontulari edo ikusle ainbatean.
— Jakiña ba! Aldi aretan ikusle guztiak jokatzen eben gitxi edo asko. Orain... jesarrita egon edo zutunik egon ordu ta zerbait geiago... eta gero...
— Ordu luzeetan barriketan jardun.
— Orduetan ezezik, egunetan eta asteetan be bai, sarritan.
— Baiña, izatez, deportea jardukizun ona ei da, ez?
— Bai, iñok egin barik norberak egin ezkero. Auzokoaren jan-edanak ezin niri gerri ingurua gizendu! Bizkortasunaz be, bardin jazoten da: zuk egiten dozuzan ibiltaldi, indarketa ta zirkiñak eztabe nire gorputza azkartuko.
— Ederto esana.
— Ezin ukatu. Gure artean deportezale geiago bear geunke, eta barritsuak, urriago, gitxiago. Erakusbide ederra emoten dauskue beste ipar-erritar batzuk; esaterako, Suezia-tarrak. Gazte, agure ta atsoak eurak bere, egunero dakie an gimnasia egiten, lirain eta zal irauteko.
— Eta, oraingo bizimodua dala-ta, jantzi kontuan zelan dabitz euskaldunak?
— Leenago, jan eta jantzi, esaten genduan beti. Orain, gauza asko atzekoz aurrera dabiltz eta, jantzi eta jan esan bear dogu askotan.
— Apainkeri larregi, bear ba da?
— Zetan esan be ez beste berbarik! Esanda esanda be, oraingo apainkeriak eztau neurririk.
— Zein neurri, gero, luzea ala laburra?
— Luze laburretan ez naiz ni sartuko orain; baiña artu auxe paper orretan. Kanpotarrak —extranjeruak— erdi billozik etorten yakuz udan, edozelako praka mantarrak soiñean, ganora andi barik, bai gizonezko, ta bai emakume... Ori bere, ezta ondo; baiña gureok ontzat artu daben dotoretasuna, norbere burua apaindu bearra, soiñekoak aurrezean, dozenerdika euki bearra, ori...
— Eztozu ukatuko, ostera, euskaldunon gustu berezia eta jasa, jantzi egoki eta bitxiak egiteko.
— Ori bai, ori geure estetika-sentzuna da, musika-zaletasuna dogun antzera. Baiña, neurrian, adiskide, ez neurritik kanpora; betebetetxuan bai, baiña ez ganezka.
— Eta ziñea dala-ta, zer ipiniko dogu?
— Ziñea... ziñea, orixe dala bai guztiok barruan artu gaituana, zar eta gazte, dirudun eta ezeuki. Ziñea ezta berez ez ona ez txarra; badakigu. An ikusten diranak ikusita gero, eztakit oindiño jentea galduago zelan eztagoen!
— Ziñe ona egitea, bestelako mesedea izango litzake!
— Eta euskalduna ba litz gaiñera... Auxe bai amesa!
— Beste ezer txarrik euskaldunen artean?
— Euskerea galtzea. Eta geure gauzak, batez bere. Errri batzuk, gurea baiño turismotsuago diranak —gurea bere, geroago ta geiago da, egia— euren gauza bereziak, apartekoak, ondo zaindu eta erakusten dautsez arrotzai, kanpotarrai.
— Zer egin leitekela uste dozu euskerearen alde?
— Euskaldunak, euskeraz egin. Lenengo ta bein, orixe besterik ez. Geuk egin ezik nor egingo jok ba, euskeraz?
— Erdera egiten errazago ei dala-ta...
— Guzurra! Euskaldunak bere berbetan egingo dau ondoen, guzurrezko euskalduna ezpaldin ba da. Gauza ikasietan jarduteko, estudio kontuetan ekiteko, ori bai, izan leiteke erderaz errezago, arazuok erderaz bakarrik ikasi doguzalako... Baiña eguneroko gauzetaz berba egiteko, gure bizimoduko, gora, berak adierazoteko, euskeraz gizona-euskeraz. Beste errietako kristiñauak baño motelagoak edo traketsagoak ete gara ba gu? Lengo batean, Madrilleko errebista batean irakurri neban, emengo neskatilla estudiante bategaitik ziñoana: «Neskatilla au oso argia da bere ikasgai guztietan. Bilbotarra da, ETA GAIÑERA EUSKERAZ DAKI». Eta emengo leloak, izkera bat bakarrik jakin guraz, bi edo geiago jakin leiezela.
— Gure «ANAITASUNA»-k erakusbide orixe emon gura dautse euskaldunei. Edozer gauza, siñismen-arloa dala, literatura dala, deporte-gaiak dirala, barri jakingarriak... euskeraz agertu, irakurri eta euskeraz esan eta jardun-eragin.
— Illeroko polit ori, asteroko biurtu arte, jo ta su ekin bear dautsagu guztiok. Bakoitzak lau-bosna arpidedun batu ezkero...
— Eskerrik asko ba, jauna, eta urrengo zenbakian agertuko ditugu zure esaera mamintsu ta irakasgarriak.
Abandokoa
Zelan jakin gure vokaziñoa. Josteko makiñea
Arantza, neskatilla bizkorra, alaia ta irribarretsua da. Jostun habilla ta arduratsua. Atzo, ez ebillen ondo bere josteko makiñea. Luzaro pentsetan egon barik, zirti-zarta baten desmontatu egin eban, eta... ene bada! berak nondik ez ekiala, tuerka bat jausi jakon beera. Nondik baiña? Non eukon berelekua? Larri Arantza, larri benetan asi zan tuerkearen lekua edo... «vokaziñoa» billatuten. Ea ba —esan eban bere barruan—, tuerka au bere lekuan jarri bear dot:
Lenengo, nire makiñea ondo ibilli daiten.
Bigarren, bere lana antxe, beardauan lekuan egin daian.
Ondo pentsatu, ondo ausnartu: auxe dogu bide bakarra gure vokaziñoa aurkituteko, eta Jainkoak momentu bakotxean zer eskatuten deuskun ikusteko.
Amabos-egei urte bitarteko bidekurutzean norantza jo bear dogun jakiteko; edo ezkontzekotan, gure biotzaren jaube nor izango dan erabagiteko; edo biaramonean ze ordutan jagi eta gure zeregiñak, itsumustuan ibilli barik, zelan atonduko doguzan jakiteko, auxe dogu modurik egokiena: gauzak ondo begiratu, ondo ausnartu.
Zein da ba gure vokaziñoa? Geure lekura garoazan bidea. Geure lekua! Ortxe egon bear dogu, Jainkoak bakotxari emoniko doiak alik ondoen geitu ta ugaritu daiguzan, eta orrelan gure inguruan bizi direanak zoriontsuagoak izan daitezan.
Sarri askotan ez da gauza erreza izaten norberaren vokaziñoa igartea. Orretarako, aurretiaz ondo pentsatu bear dogu, gauzak alde guztietarik ondo arakatu, otoitz egin, aita espiritualari eritxia eskatu. Gero be, Jainkoak eskatuten deuskuna emoteko prest egon ezik, gatx egingo jaku munduan zetarako garean jakitea. Esanekoa ez dan umeari, azkenean bere amak ez dautso bapere aginduten. Umeak geiago desobeditu, amak gitxiago agindu, gitxiago kastigatu. Orixe egiten dau sarritan Jainkoak gure zikoizkeri ta txatxarkeria ikustean. Ago betean «bai» esan bearrean, Jainkoari desobedietan deutsagunean, urrundu egiten doguz bere graziak, eta olan gure vokaziñoa ulertu eziñean geratuten gara.
Beste gauza bat be, gatx egiten jaku: geure konfiantza osoa Jainkoagan ipintea. Zegaitik? Aurretiaz dana jakin gura izaten dogulako. «Gaur gure egunoroko ogia» —ez biarkoa ta etzikoa— eskatu eragiten deusku Berak Aita gurean. Ez jako gustetan zer-jan ta zer-jantzi billa larri baiño larriago dabillen gentea; ainbat gitxiago euren vokaziño arazoetan zelan urtengo daben ariñegi jakin gura dabiltzanak. «Egun bakotxak naikoa dau bere arazoagaz», diñosku Jesusek Evangelioan. Egun bateko buruausteak berak argituko deusku biaramonekoa. Esatea lez: gaur ondo ibilli bagara, biar be ondo ibilliko, Jainkoa lagun.
Baiña gure etorkizuna jakin gura dogula-ta beste barik, urduri ta artega bagabiltz, orduan Jainkoak bere argia ukatu egiten deusku eta illunetan itxi.
Obeto izango litzake, neskato serbitzari on batek lez egingo bagendu. Ugazabandreagan begiak josita euki berak zer aginduko, eta agintzen dauana beingo baten egin. Edo besoetako ume baten antzera. Umetxu batek ez deutso amari esaten: «Ama, biar nora joango gara? Zer egingo dogu datorren astean?» Naikoa dau beretzat, amaren besoetan edo eskutik elduta, txiki-txaka bideari jarraituaz.
«Ipiñi zeure eskua Jainkoaren eskuetan —diño Ingalaterrako esakune batek—. Orrek geiago balioko deutsu argiak baiño, eta edozein bidetik baiño artezago ibilliko zara».
Aingeru
Illunpeak argitu bear... Orain berreun urte, mundu guztiak, gente ikasiak be, siñistuten ebazan superstiziñoak
Beti izan da inkultura, naziño guztietako baserritar ta kaletarren jabe eta errege. Baiña gente ikasia be nausitzen dauanean inkultura onek, orduan asten dira naziñoen kalteak eta nekeak. Ona emen orain berreun urteko superstiziño batzuk. Batek baiño geiagok esango dau erdi-barreka: "Bai, atzo!" Baiña begiratzen badogu Kristo orain bi milla urte il zala, ezta ain urrun. Superstiziño oneitan Aita Feijook (Marañon mediku jaunak "Aita Maisua" deiturikoak) siñistuten eban, eta fraile entzute andiko au izan zan bere aldiko Espaiñia iratzarri ebana. Ikusi daigun:
1. "Ona emen zelan defendietan dan arratoia, dragoiak arrapau eztaian. Bere koban sarrera bi egiten ditu, bata zabala eta bestea estua. Lenengotik sartzen da dragoia, arratoia arrapau gurarik; arratoiak sarrera estutik egiten dau iges, eta an geldituten da dragoia mogidu eziñik; gero arratoiak, asarrez eta gulaz jaten dau dragoia".
¿Nok ikusi dau iñoz dragoirik?
2. "Tigreak, lirea entzuten dauanean, iges egiten dau".
Errazago izango litzake, tigreak, musikalaria, lira ta guzti jatea.
3. "Filipok, Mazedoniako erregeak, zelan bere aragia zorri ta arkakuso biurtuten zan ikusi eban; eta orregaitik il zan".
Barre egiteko benetan, aldaketa burlagarri onetan siñistutea.
4. "Iñok ezeban hipopotamua bizi zala siñistuten".
Luzeegia zan orduan Afrikarako bidea, duda barik.
5. "Illargiak gizonaren narrua erretan dau, baiña ez beroagaitik, otzagaitik baiño".
Badakizu, ez itzi gabaz txapela etxean.
6. "Mikroskopioz begituten bada tulipaiaren azia, tulipai txiker bat osorik ikusten da".
Danok dakigu tulipaia lore eder bat dala. Baiña orduan jazoten zan mikroskopioak karuegiak zireala, eta iñok ezeban sekula be begitu tulipaiaren azia mikroskopioz.
7. "Velillako kanpaiak, berez, sakristauak sokatik tiratu barik, entzuten zirean".
Ama Eleizeak ezeban egiazkoa zala milagru au esan, baiña genteak itsuki siñistuten eban milagru zala. Gaur be, ori berbera jazoten da guzurrezko milagru askogaz; Eleizeak eztau esan gura milagruak eztireanik, ze sasi-milagru onein ardurabakotasuna bera da naikoa, iñok orren ganean ez verba egiteko; eta alan be kristiñau askok siñistuten dabe guzurrezko milagru orreitan, eta dana dala ezin esan leiteke kristiñau zintzoak eztireanik.
8. Delfinak (arrain andi eder orreik) gidatzen ditu mariñelak itsasotik ibiltorduan".
Itsasotik estropasu barik ibilteko, barkuetako kapitain pilotuak eztautsie delfiñeri jaramonik egiten, brujulari baiño.
9. Siñiskeria onetan, gaur be askok siñistuten dau.
"Ollarrak, bere azken zaar-denporan arroltza bat egiten dau".
Bere errazoia dauko siñiskeria au oraindiño bizi izateak. Olloak, oso zaar egiten danean lumak aldatzen ditu, eta ollarraren irudia eta itxurea artzen dau. Eta au da, ollar au, ollar guzurrezkoa, arroltzea egiten dauana.
10. "Turkoak egiten dabezan menenuak surrera eroaten dituana, il egiten da".
Milla eta bat gabetako ipuiñetan bakarrik, alegia.
11. "Filosofi-arria: ikatza ukututen dauanean arri onek, ikatza urre biurtuten da".
Badakizu, adiskide: eztaukazu zegaitik fabrikan bear egin bearrik: joan zaitez erriz erri arri orren billa, eta topetan badozu aberastu egingo zara. Baiña artuizu gure konseju biotzekoa: segidu fabrikan eta etzara gosez ilgo.
Ganera, eta beste gauza askoren artean, orain berreun urteko genteak, iñok ikusi eztituan animalietan, gizon eta emakume erdi-animalietan siñistuten eban; onein artean, nereidak, tritoiak, zentauruak, dragoiak, eta beste asko. Euskalerrian lamiñak, sorgiñak ersugeak eta abar. Baiña izena daukanak izana dauka. Au da begiak itxiteko eta errazoia ukatzeko biderik egokiena.
G. Aresti
Euskalzaleen txokoa. Aberastu zure iztegia ta konzeptuak
Miraria ta milagrua eztira bat. Milagruak Jaungoikoaren bitartez egiten dira, gauza naturaletatik kanpo. Miraria gauza arrigarri bat da.
Erlojuak obenak egiten ditu. Kristiñauak pekatuak. Pekatuak egiteko borondatea bear da; obenak egiteko, ez.
Euskaltzaindiak prestauriko jaialdia giro bero eta atsegiñ baten azpian ospatu zan Arriaga Teatroan. Ramon Menendez Pidal jaunaren karta bat artu zan bere oniritzia emonik
1.956-VI-10.—Arriaga Teatroan eta gentez beterik egoala Euskaltzaindiak jaialdi polit eta atsegingarri bat ospatu eban. Bilboko Obispoa, Gurpide jauna; Bilboko alkatea, Zuazagoitia jauna; Bizkaiko Kultura Batzordeko jaun batzuek; eta Euskaltzain asko egon zirean. Teatroa bete eban gente geiena oso dotorea zan.
Jaialdi onegaz Euskaltzaindiak aro barri bat idigi gura izan dau, bere lanak eta ekintzak emendik aurrera probetxugarriagoak eta ugariagoak izan daitezan. Asmo orregaz gertatu zan eta olan egin dabe egin be zabalkundea Bilboko periodituak, batez bere Astiz jaunaren bidez argitaratu direan artikuluak.
Genteak izugarrizko abegi ona egin deutso asmo orreri eta ori dala-ta, eta tertzio txarra izan arren olango jaialdiak egiteko —uda-usaiña dauelako giroak— eztabe aiztu euskalzaleak bere obligaziñoa, eta persona bat bailitzan bete eben teatroa.
Bezperan Euskaltzaindiak Bilbon bertan izan eban batzarra, naikoa bizia eta interesgarria.
Jaialdi orretan, lenengo, Arrue jaunak esan zituen itz bero eta samur batzuek, euskalzaleeri adorea eta sua emonik euren euskalzaletasunari jarraitu deioen. Batez be emakumeak izan bear dabe eragille, ze ortik asten da geienetan berbetearen zokoratzea.
Gero, Oleaga jaunak D. Ramon Menendez Pidal-en karta bat irakurri eban: Euskaltzaindiagaz batera lan egitea ei da bere gogo atsegiña; baiña lan asko eskuartean eta medikuak galerazorik, ezin artu bear leuken asti guztia asmo ori betetako. Alan da guztiz be atsegiñez jakingo ei ditu Euskaltzaindiaren asmoak eta programak eta osasuna badau, gertatzen ari dan «Izkuntzaren Historian» euskal toponimiari naikoa leku emengo ei deutso.
Onen ostean Mitxelena jaunak erderaz berba egin eban. Azkue goratu eban eta onen aldiko euskaltzaiñen nortasun sendoa, eta zelan euren lan eta nekeen bitartez bide bat urratu daben, lepoan artu dabelarik ain pixu aundia bata bestearen atzetik Euskaltzaindian sartu direanak.
Esan eban zelan Euskaltzaindiak Azkue zanari omenaldi aundi bat egiteko gogoa dauen, berak merezi dauen aiñakoa, ze onek bakarrik egin eban belaunaldi batek egin bearreko lana. Baita zelan Euskaltzaindia onen iztegia zuzendurik eta osoturik argitaratzeko asmotan dabilen, naikoa denpora ta diru bear litzakeala ori burututeko.
Euskerea ez ei da Euskaltzaindiarena bakarrik, onen valorea aundiagotu egiten ei da zeinbat eta gente geiagorena izan, eta orregaitik, Euskaltzaindiak zuzentzeko arazoa dauen ezkero, izkuntzearen alde lan egin gura daben guztiakaz batera ekiteko prest dagoela. Euskaltzaindia ezta euskerearen motorra. Motorra danak dira, Euskaltzaindiaren barruan dagozanak eta kanpoan dagozanak.
Euskereak dituen espirituzko valoreak direala-ta ekin ostean, esan eban zelan gure burua ilgo gendukean au baztartuko bagendu.
Txalo ugariak artu ebezan izlari guztiak eta dantza eta teatrozko alderdia asi zan. Txinpartako gazteak oso ondo eta atsegiñez beterik ikusi izan zirean. Dindirri-ren dantzak bardin. Gentearen giroa oso beroa zan, eta orregaitik eta aspaldiko goseagaitik, iñoiz baiño gozoago eta samurrago iruditu jakon jaialdia, asi ta amaituarte.
Jaialdi au egin zan goiz aretan bertan, meza bat egon zan Kalzadetako komentu batean, Aita Villasante-k esanik. Euskaltzain eta euskal ikasleak batu zirean an, Aita Berriatua-k eginiko «Lagunarteko mezea» irakurri ta kantau ebelarik. Euskaltzain batzuek diñoenez oso samurra iruditu jaken, eta sarri egin bear litzakeala da euren eritzia.
Iztun
Mendizaletasunak gente asko bultzatzen dau —batez bere kaletarrak— mendiaren eta naturaleza basatiaren edertasunak eta gozotasunak biotzean sortzera. Eguraldiaren menpean egon bear, ostera. Bezperan, ibiltaldia gertatzen danean, ezin jakin ziurtzia aundiz zelango giroa egongo dan biaramonean. Bateri baiño geiagori entzun deutsat orain baiño len eguraldi txarrak be badituela bere gozotasun ederrak, ondo gertuta joan ezkero, jakiña. Baleiteke; baiña eztau uste olan askok. Alan da guztiz be, bein ibiltaldi bat gertatu ezkero atzera egitea ezta erreza izaten, ze geienak obatuko dauen esperantza eztabe galtzen azken momenturaiño eta orduan be norabait joaten dira, mendira bertara ezpada be. Sarri askotan ikusi izan doguz olango jokaerak. Beste batzuetan —eta niri be orixe bera gertatu jat, artikulu onen gaia irakurten dozuenean ikusiko dozuenez— ezta galtzen bape adorerik eta izugarrizko alaitasun eta humore on batek eragiñik, lotuten gatxakoz erabakitako asmoari. Jakiña, ezagunen artean izan bear eta alkarren gogo-giroa zein dan jakitun dagozanen artean.
Bezperan eguraldi ona egon arren, goizean goiz lanparra zan. Mendira bidean asi giñeanean be, Mairuelegorretako kobak ikusteko asmoagaz, olantxe egoan. Zeruko itxurea tristura aundikoa; lañoa sarratu ta urdin, berunezko koloreduna, eta mogimentu biziz aldatzen zan, argi egoana ilunduz eta ilun egoana argituz. Kamiñoak lupetzez beterik. Mendirik ezan iñondik agiri.
Taldean goazanean, naikoa da batek eukitea adorea, besteak kutsatu ta bultzatzeko. Eztakit, ostera, zelan asi giñean be oiñez, tipi-tapa tipi-tapa bidean topau nebala nire burua, besterik eztakit. Gugaz etozan neskak be ezeben atzera egin,eta aurrera joan giñean alkarreri lagunduz eta itxaronez iñor galdu ezeiten. Sortu zan bidean atzerakuntzea neska batzuen artean, baiña besteak aurrera egiñik ezin alde agin adorearen influentziapetik. Azkenean ezkenduzan kobak topau eta oso osoan ondatu giñean, baiña zer dan adorea eta onen balio izugarria noraiñokoa dan ikasi dogu. Amaitzeko, gauzatxo bat autortu gura deutsuet: Ni neu, taldean joan ezpanintz enintzala ezelan be bidean jarriko, baiña aolan izanik niri be adorea sortu jatala. Uste dot besteeri be beste ainbeste jazo jakela.
Iztun
Euskal ikastaroa amaitorduan ikasle baten agurra
Euskal-ikasle lagunak:
Euskal-ikastaro au amaitzeko ordua eldu da, ta orregaitik itz labur batzuk esan gura dautsuedaz. Txarto esandakoak izango dira, baña zeuen borondate onak parkatuko daust, obeto esaten eztakit-eta.
Orain asten dogun oporraldi onetan, eztogu eukiko astean irutan ordu bete euskeraz ikasteko, orain arte euki dogun lez ikastaro onetan. Eguneko ordurik alaiena izaten da guretzat, lagunarte atsegiña dalako ta orrezaz gañera, euskerazko gaietan ikasten ekiten deutsagulako. Ordu onetan euskerea erabilten dogu danok, bakotxak dakigun lez, baiña guztiok gogo sendoagaz ondo ta albait ariñen ikasteko. Bai, ori egin bear dogu, ikasi, ta ondo gañera. Euskal erriko semeak gara ta orregaitik gure bearrizana euskeraz jakitea da, geure asaba zaarrak eta geure gurasoak itxi deuskuen izkuntza dalako, baita euskerea munduan dagoen izkuntza zaarrenetarikoa dalako be, ta guretzat gozoena. Jangoikoak emon dausku gauza ain goragarria ta maitagarria, ta galtzen ba-dogu, geure izakerea bere galduko da. Ori, zoritxarrez, ondo baiño obeto dakigu. Bai gauza ederra, euskeraz ondo jakitea.
Ia ba, uda onetan, alperkeria alde batera itxita, euskerea erabili daiguna al dogun guztia. Danok ikasi dogu zerbait: nire ustez, ondo esateko, naikoa, ta orregaitik, alperrik aiztu ez daigun orain, dakiguna, erabili egin bear dogu, nai kaleetan, urian edo baserrian, eta aolan egin ezkero, aurrerantza joko dogu, Euskaltzaindiko elburuak diñoan bezela: "EKIN ETA JARRAI". Orixe egin ezkero, beste askok egin dauen lez, guk be ikasiko dogu, ta orduan bai esan geinke euskal-seme zintzoak gareala.
Emon deioguzan gure irakasle jaun zintzoeri geure eskerrik beroenak euskerearen alde egiten daben lanagaitik —lan oso neketsuak— eta Jainkoa lagun datorren ikastaroan emen batu gaitezala danok osasuntsu ta oraingo gogo beroagaz euskal-bidean aurrera egiteko. Aolan izan daitela.
Bilbo'n, Bagillaren 18'an, 1955/1956'garreneko ikastaroa amaitzean.
Zuon adiskidea
Mestraitua'tar Bingen
Euskal ikastaroa amaitzean ikasleak Itziarrera egindako ibiltaldia. Bezperan euri zaparrada galantak bota zituen
Urtero egin oi dogun lez aurten be gertatu dogu ikastaroa amaitorduko ibiltaldia. Aurten Itziar izan da toki autatua. Bilbotik, Euskaltzaindiko klasekoak autobus bitan joan giñean. Bezperan euri zaparrada galantak bota zituen eta ori dala-ta atzera egin eben Eibarko, Gazteizko, Zumarragako, Mondragoiko eta beste tokietako euskalzaleak. Dana dala, euri ta guzti joan giñean gu, autobusak itzemonda egozan ezkero. Goizean bederatzi ta erdietan izan genduan mezea Itziarren, guretzat aproposa, Aita Berriatuaren «Lagunarteko mezea» irakurri ta kantaturik. Arratsaldean obatu egin eban eguraldia eta sekulako garbi gelditu zan zerua, eguzkiak bere argitasun alaiagaz poztu ginduzalarik. Bazkal ostean errosarioa eta gero Txinpartakoak kaleko zoko batean egin ebezan euren egitekoak, ango erritarrak ikusle egozala. Abade ta jaun batzueri «Jai aurrekua» ikustean begiak malkoz bete jakezan eta benetan emoziñoz beterik egozan ain gauza jatorra ta ukigarria eta benetan txalogarria ikusirik. Gero betikoa, txistuaren soiñua lagun dantzaldiak. Itzultzean Lekeitiotik igaro giñean eta an be dantzaldi batzuek egin genduzan plazan. Xabier Peña jaun irakasle beargin porrokatua izan zan zeaztasun guztiak gertatu ebazana, berak dakian lez. Ia urrengoan eguraldiak lagunduten deuskun beste euskal-egun pozgarri bat gozatu aal izateko.
Iztun
Aurreko igarkizunaren erabakia eta nor izan dan irabazle. Carazo'tar Gergorio, Oliteko Frantziskotarren komentukoa
Lengo Anaitasunan ipiñi genduan igarkizunaren soluziño asko artu doguz. Orregaitik berrogetamar pesetakoa, sorteatu egin dogu eta Carazo'tar Gergorio izan da sorteduna. Dana dala igarri dabenen izen guztiak emongo doguz jarraian:
Ajuria'tar Imanol, Oliteko Frantziskotarren komentukoa.
Gaztelu-iturri'tar Edorta, Bilbokoa.
Leyo, Lejonakoa.
Roman Erkiaga, Markinakoa.
Larrauri'tar Martin, Gazteizko Seminariokoa.
Felix Guerenabarrena, Gazteizko Seminariokoa.
Jose M.ª Erkiaga, Markinakoa.
Aolantxe emoten dau soluziñoa saridun atera danak:
«Igarri ebanari Imanol deituko deutsagu; ta Anton eta Peru beste bieri.
Imanol-ek bere sonbrerua zuria zala jakiteko auxe pentsau eban.
— Nik sonbreru zuri bi ikusten dodaz; eta nirea baltza balitz, Anton-ek auxe esango leuke berekiko: Imanol-en sombrerua baltza da; neurea be baltza balitz, Peru-k, sonbreru baltz bi (Imanol-ena eta nirea) ikustean, ez leuke lanik izango berarena Zuria dala igarten, sonbreru baltz bi baiño ez bai-dira. Baiña Peru ixilik dagoen ezkero nire sonbrerua zuria izan bear.
Baiña Imanol-ek Anton eta Peru ixilik dagozala ikustean, bere biotza poza dariola, onela diño:
— E! Nire sonbrerua zuria da».
Eskerrak, ba, burua ausi ta landu dozuen guztiori eta ekin etsi barik euskal lanetan, oraingo gazteen aurretik zoazien ezkero geienok.
GORDEXOLAKO KANPANTORREA... zelai antza artzen asi ei zan. Zirkillu ta mailla guztietan bedartza ederrak sortu ei zirean. Milagroren bat ete zan iñoenak bazirean eleizkideen artean, eta abade jaunak egun batez, pulpitutik azaldu eutsen:
— Gure kanpantorreko bedartzea, ezta iñongo milagrok ekarria. Aizeak jaso oi daben autsa ta txoriak euren pikuetan eroan edo korotzetan laga oi dabezan aziak dira bedartza orren zegaitia. Norbaitzuk esan dabe itxusitu egiten dauela dorrea, bedar orrek. Nire ustez, apaindu egiten dauela esango neunke. Baiña kendu bear bada, kenduko da. Orain zeuok asmau zelan kendu.
Sermoitxu orren ostean erriko jauntxu guztiak batzartu zirean.
Kendu egin bear zireala bedarrok erabagi eben. ¿Zelan? Koraña ta iretegia baiño egokiago izango zala-ta, asto bat jasotea pentsau eben.
Goian txirrinkea jarri, ta soka bategaz, goiko mailletaraiño astoa jaso. Jan eizala berak.
Gertau zirean orretarako. Samatik lotu eben astoa. Jaso eben goiko mailletaraiño. Baiña astoak ezin jan izan eban bedarrik, gora igon ebeneko ito zalako.
Eta kanpantorreko bedarrak, geroago ta luzeago, parran idarrak lez igoaz, dorre guztia inguratu eben.
Kanpantorre politagorik ez ei da izan munduan, Gordexolakoa baiño.
URAK EKARRI TA URAK EROAN.—Errekaldeko neskame koxepintxu, euren bezerueri esnea banatzera bialtzen eben goizero. Zazpi arri-mailla zituen errekea igaro bearra izaten eban urira eltzeko.
Buruko pañelotxu baten egarri zan, da, axe erosteko, ura ezarten eutson esneari errekatik pasetan zan bakotxean, ori egiñez, etxekoeri ezer kendu barik, bere askuratxoa be kentzeko.
Ornidu ebazan buru-zapiñoa erosteko bear zituen txanponak eta eskuratu be bai buru-apaingarria.
Pozez joian etxerantza, aurtxo baten irudimen gozoetan.
Errekara eldu zanean, erreka ertzeko ura espillutzat artuta bere burua ikusi gura izan eban. Marmitak lurrean lagata, jarri eban zapiñoa buruan; begitu espilluan eta ¡zoragarri egoan!
Etxeko ta auzoak ikusi eien, olantxe etxeratu bear ebala-ta, asi zan arri-gaiñik-gain ugaraxua lez saltaka. Erdiko arrira eldu zanean, norbait begira ete egoan-edo ikusteko lotu zan eta burua jaso.
Une orretan axe-boladeak puts egin eta zapiñoa urik bizienera eroan eutson. ¡Axe zoritxarra!
— ¡Eene! —esan eban—. ¡Auxe don auxe koxepin! ¡Auxe bai donala!: urak ekarri ta urak eroan.
KALEKO MEZEA.—¿Zer eritxi deutsazu mezeari? —Itanduten eutson kaletar batek baserritar bateri, meza nagusitik urtenda.
— Kaleetako abadeak alperrak dira oso. Gure errikoak, berak bakarrik esaten dau mezea ordu-erdi baten; emen, barriz, iru batu dira, ordu bete egin dabe, ta birritan edo irutan jesarri dira.
Abeletxe
Aberatsa ta San Migel. Poloniako ipuin bat
Urte asko igaro dira... Ama maite maiteak ipuin au kontau eustanetik: Aberats aundi bat bizi zan munduan, gaiztoa ta zekena. Ez eban iñoiz ezer emoten. Eskekoak bere jauregian ez eben limosnatxo bat be iñoiz jaso. Bere bularrean ezeukan biotzik, arri bat baiño. Egun baten, aberatsa bere jauregira bidean, eskeko batzuk inguratu eben eta ogia eskatu. Asko asarratu zan eta astinaldi bat emoteko prest jarri, gixajo areiri. Baiña bat batean morroi batzuk ikusi ebazan, euren otzarak ogi baltzez beterik ekarrezala, serbitzuan egozanen janaritzat. Deitu eutsen morroiori eta ogiak eskekoeri bota. Gero jauregira sartu zan. An, bere lagunak topau ebazan ta gau osoan, goizalderarte, janean, edanean ta dantzan ekin eutsen, eskekoak, ogiak ta gaiñerakoak guztiz aiztu arte.
Gau orretan, oera sartu zanean, ames ikaragarri bat euki eban. Uste eban il eta zeruko atera eldu zala. An egoan San Migel eta esan eutsan: «Orain, zure egintzak, onak eta gaiztoak pixatu bear dodaz». Artu eban pixua; eskolan egintza onak eta ezkerrean gaiztoak ipiñi ebazan. ¡Zeinbat eta zeinbat gaizto moltzotu zirean! Eskolan eleiza, ermita ta komentuetara egin ebazan laguntzak agertu bear eben, beste egintza on guztiakaz naste. Baiña pixuak ezeban egin zirkinik be. Aberatsa bildurrak artuta egoan oso osoan, lurra jota. «San Migel, eleiza guztiak artu dozuz? ¿Jauregiak eta ume zurtzen etxeak artu dozuz?». Baiña pixua ezan mogiduten. Aberatsa negarrez asten da ume txiki bat lez. «San Migel, pixua ezta makurtuten, egintza gaiztoak astunegiak direalako. Eutsi neure dirua». Baiña pixua lengo moduan, bardin. San Migelek esan eutson: «Uste dot infernura joango zareala». Aberatsa dar dar jarten da: «¿Eztaukazu egite onik?». «Ez —erantzuten deutso San Migelek— zure egite onak eztira gauza, gizonen aurrean egin dozuzalako eta zeure zintzotasunaren gaiñean berba egin daien; baiña benetako gauza onik eztozu sekula egin».
Olango baten, aingeru batek otzara aundi bat dakar, ogi baltzez beterik. Artu ebazan ogi baltzok San Migelek eta pixuan ipiñi. Bereala makurtu zan pixua.
San Migelek esan eutson: «Zerua zeurea da ta zure arimea, osatuko da. Ogi orrek, eleiza ta komentuetako laguntzeak baiño geiago pixatuten dau. Jaunak zure zorrak parkatuko dautsuz. Zoaz mundura, bizi, ta emendik aurrera egin gauza onak.
Aberatsa mundura jatsi... ta bere oean itzartu zan. Jauregi guztiak saldu ebazan ta dirua eskekoeri emon. Gero, il zanean Jaungoikoak bere arimea maitasunez beterik artu eban.
Maryla
Humorearen txokoa
[Binetak]
Humorearen txokoa
Gizon bat juezaren aurrean egoan, lapurretan egin ebala-ta.
— Nik ezteukat errurik —esan eban lapurrak—. ¡Epaikari jauna, ulertu egin bear deust! ¡Eneukan ez jatekorik, ez etxerik, ez adiskiderik!
Eta orduan juezak sei illabeterako emon eutsozan adiskideak, etxea eta jatekoa.
Ingelesen humorea
Batek.— Jauna, uste dot igaz kafe onetan bertan ikusi genduala alkar.
Besteak.— Ezaututen nozu, orduan?
Batek.— Zu ez, baiña daroazun euritakoa bai.
Besteak.— Nire euritakoa? Baiña orduan eneukan nik.
Batek.— Ez, zuk ez, baiña nik bai.
Olango zerbait
— Erosle batek jostailluak saltzen direan denda bateko saltzaillean:
— Zortzi urteko mutiko batentzat interesgarria dan zeozer gura dot, eta bide batez naikoa erreza bere aitak be olgau al izan daien.
Uts bat
— Aktore oso txar batek esaten eban:
— Ezin ulertu neinke zegaitik ilten naben obrea amaitorduan.
— Eta iñok bez —erantzun eutson adiskide batek—. Asten danean egin bear leukie.
Umeok!
— Atzo gure adiskide baten mutil bat etorri zan gure etxera eta boltsa bat ekarri eban amar sagarregaz erregalutzat. Eta nire emazteak esan eutson:
— Oraintxe bertan deituko deutsat telefonoz zure amari eskerrak emoteko amar sagarrokaitik.
Eta umeak erantzun eban, apurtxo bat pentsatuta gero:
— ¿Ezin emon zineioz eskerrak amabigaitik?
Eulali. Biotz onekoa [Komikia]
CHAS. KUHN
[Esaldi solteak]
Berbeta asko Jakitea ezta kaltegarri, norberarena baztartutea ernegaziñoa da.
Euskaldun dana anaitzat artu daigun nonai ta lagundu deiogun.
Euskaldunak, Euskalerritik urtetan dauenean, edonon ditu ateak zabalik.
Euskaldun izatea munduko doairik aundienetakoa da, egun gaiztoetan be.
Guraso euskaldunak euskerearen eusle.
Guraso euskaldunak deukie euren eskuetan euskalduntasunaren sendobiderik inportantzi aundikoena.
Ipuiñak, kantuak, esakerak, dotriña, oraziño, erregu eta buruz ikasten direan gauza guztiak inportantzi aundia deukie umeen lenengo edukaziñoan.
Gaur egunean, guraso euskaldun askok uste dau ipuiñak eta olango gauzak umeen arteko lelokeriak direala. Baiña eztira konturatuten umetasuna dala geroko gizonaren oiñarria.
Gurasoak izango dira neurririk aundienean euskalduntasuna salbauko dabenak, euren seme alaberi irakaspen egokiok emoten badautsez.
Euskalerritik urten ezkero ikusten da sendoago euskaldunen arteko anaitasuna.
Euskereari eusten ezpadautsagu, laster Euskalerrian arrotz izango gara.
Il agiñean dagoenak eziñetik be indarra ateraten dau luzatuteko bizia. Gu ezkagoz oraindiño il agiñean, baiña egin daiguzan orain indarrak, gero olango estutasunera ez elduteko.
Euskalduntasuna alderdi guztietotik zabaldu bear da.
Dotoretasunak eztau egon bear imitaziño utsean, norberaren jatortasun zabalean baiño.
Dotoreagotzat dauelako, erderaz egiten dauen neskatilleak, Euskalerriaren ondamendiari lagunduten deutso.
Eleizgizonak euskerearen eusle zintzo.
Bakoitzak bere eginbear txikia bete ezkero sekulako piztualdia artuko dau euskereak.
Euskaldunen izatea munduko doairik aundienetokoa da egun gaiztoeten be.
Guztiok gure alegintxoa euskerearen alde.