ANAITASUNA

1976.eko Ekainaren 15ekoa

319. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

MICHELIN: GREBAREN 100 EGUNAK


AURKIBIDEA

3. EDITORIALA

4. TANTAKA

6-16. MICHELINGO langileak

17. Ezkerra aka euskal sozialismoa

18. Preso politikoak

20. Erregeari gutuna

21. "Vascongadismo"aren dialektika

22. A.T.S.en arazoa

Denda langileen burruka

23. Euskarari buruzko ageria.

25. Ingeniariak eta euskara

26. Lejoa: Errektorea kanpora

28. Udako Ikastaldiak Arrasaten

29. "ETXE SARTZEA"

31. Bi sozialismo guttienez.

32. EUSKAL UDALEKUEI BURUZ

34. Zapaburu birbiztua

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos

San Martin, 153

ZAMUDIO

D.L. BI-1753-67


Editoriala

Michelin. Grebaren 100 egunak

Otsailaren 16an hasita, hiru hilabete baino gehiago iraun du Lasarteko Michelingo grebak 2.800 langile izan dira grebara jo zutenak, esku-langile denak, produkziokoak. Atera gabe, Michelin bertan 700 bat enplegatu gelditu dira.

Dossier honetarako lerroak idazteko orduan, maiatzaren 21an entrepresak kalean utzitako langileak, atzera lanean hasteko eskabidea banan banan egin ondoren, entrepresak noiz deituko zain daude batzu, beste batzu lanean jadanik hasiak.22 dira entrepresak kalera bidaliak. Baina, orain, hartu gabe zenbat utziko dituen ez daki inork, zurrumurru beltzak ugari entzun arren. Beldurrik ez da falta langileen artean.

Alde askotatik begiratuta, greba honek ba duela muntarik pentsatu dugu, ba dagoela hemen zer ikusirik eta zer azterturik. Informazioa eta dokumentuak erabiliz, eta langileen ordezkariekin egonaz, azterketa bat egiteari lotu zaizkio Joan Mari Torrealday eta Manolo Pagola, greba honen gorabehera nagusiak eta punturik azpimarkagarrienak ANAITASUNAren irakurleari eskaintzeko asmoz.

Zenbaki honetan agertzen denaren muina, ba, MICHELINeko arazoaz eman nahi izan dugu. Eman ezinik utzi dugunik ere ba da. Torturak direla eta, prestaturik genuena erretiratu beharrean aurkitu gara gu ere. Torturari buruzko jokabidea ez argitzerik ez salhatzerik dugu. Pena da. Giza eskubideen aldeko burruka honetan ANAITASUNAk eskuhartu nahi izan du. Ez dugu ulertzen nola debeka daitekeen arazo horretaz eguargitan eta denon aurrean mintzatzea.


Tantaka

Hiru egun ikastoletaz

HORI BAI elkarteak eskerrak ematen dizkizue ikastoletaz hiru egun posible egin duzuen guztioi.

Erakustean parte hartu duzuen: Algortako: "San Nikolas" Ikastolari

Santutxuko:"Karmelo"

Ondarruko: "Zubi zahar"

Leioako: "Altzaga"

Gernikako: "S. Altube"

Basauriko Ikastolari.

IKER banatzaileari.

Jaialdian parte hartu dezuten:

Ondarruko "Zubi zahar" Ikastolari.

"Lauro"

Markinako ikastolako Aretxabaleta neba-arrebari.

Mintzaldietan parte hartu duzuenori: X. Mendiguren, I. Lazpiur, J.M. Torrealdai, J.M. Elexpuru, J. Pagalday eta J.L. Perez.

Anaitasuna aldizkariari bere lege babeza eskeini digulako. IKER banatzaileari, momentu guztietan lagungarri izan dugulako.

Halako ekintza bat egiten denean ondorio batzuk itxaroten ditugu. Hauk etortzen badira zerbaiterako baliagarri izan direla pentsatzen dugu.

Larrabetzun ba dirudi mesedegarri izan direla. Gure apaizak gogorki ari dira euskara batuaren aurka. Ikastolako gurasoen artean, fameli elkartean eta elizan bertan ere bai, igandeetako mezatan.

Bestalde Mungialdean batzar batzuk egin dira ikastola baten lehen oinarriak sendotzeko. Elkarrizketak elizarekin, eta dakigunez prest daude ikastola berri honetan parte hartzeko. Mungialdea eta Txori Herri bat egitea ere pentsatu da. Ez dugu txarto ikusten. Itxura denez Larrabetzu bezelako ekintza bat egitekotan daude.

Ea ba noiz batzen garen denok Mungialdea eta Txori Herri Ikastola berri honi lehen bultzadak emateko.

HORI BAI-Elkartea

B.U.P. euskaraz Tolosan

Jakina den bezala, hainbeste eta hainbeste urtetan irakaskuntzan ihardun duten "Inmaculada"-ko serorak, datorren urtean Tolosatik kanpora doaz.

Haien ikastetxeaz, eratzeko dagoen ikasleen guraso talde bat arduratuko da, eta bertan B.U.P.eko irakaskuntza emango da.

Datorren urtean, B.U.P.eko lehena eta bigarrena emango dira. Lehen urteko talde bat, Ikastoletatik eta gainerako eskoletatik datozen neska-mutil osatuko dute; eta irakaskuntza Ikastolari jarraituz emango da.

Ikastetxe honetako zuzendaria, Psikologian lizentziatua den Jose Iturria frantziskotarra izango da.

Interesatuak liratekeen guztiei, eta batez ere, Ikastoletako haurrei, matrikula irekia dagoela agertzeko eskatu digute.

Mungian sei mila ume

Sei mila ume elkartu ziren Maiatzaren 30ean Mungian. Ume hauk "Kili-Kili" alfabetatze kanpainakoak ziren. Mungian igande osoa iragan zuten, goizean Meza entzunez eta dantza taldeek beren saioak eginez. Arratsaldean kirolak izan zituzten, bazkari. eder bat egin ondoren. Zorionak lerro hauetatik bai Jose Antonio Retolazari eta bai Mungiako antolatzaileei, Iñaki Etxeberriari batez ere.

Euskarari stop

Telegrama bat euskaraz jartzera bazoaz, kontuz! Gabardinan burua sartuz eta kapela sudurreraino jaitsita, erdi ahozka esan itzazu hitzak. Komedia guztia egin zazu zeren eta gero euskarazko textua "código secreto" bezala ordaindu beharko duzu eta.

Bai, Euskal Herrirako baldin bada ez, baina Valenciarako izanez gero halaxe ordainduko duzu. Euskarari. STOP. Goraintziak. STOP.

Beste bonba bat

Ultraeskuindarrak gero eta libreago dabiltzala esatea egia da. Ondarroan egin dute beren lana oraingoan, espetxeratua dagoen euskaldun baten aurka. Angel Etxanizek duen klub baten aurka bonba bat jarri zuten eskuindarrek joan den Ekainaren 2an. Etxanizen familiak, Angeli egindako torturak aldizkari bati jakin erazi ziolako dirudi bonba honen iturburua.

Donostiako Alkate jaunari ta beste Alkate jaunei

Joan den martxoan, EUSKALTZAINDIAREN ofizialtasuna zela eta, Donostiako aiuntamenduko kontseilari jaun bat EUSKARAZ mintzatu zen. Gauza bitxi eta harrigarria! Denak xoratuta gelditu ziren, bai, harrituta, gure hirian euskara entzuten zutelako. Madrileko aiuntamenduan norbait sanskritoz mintzatuko balitz, denak harri belarri geldituko lirateke. Horra, ba, hemen ere, euskara gure euskal aiuntamenduetan sanskritoa entzutea bezala da. Baina martxoaz geroztik (eta aurreko 40 urte luzeetan ere ez) ez dugu euskal sanskritorik Donostiako udaletxe agurgarrian entzun. Lasa Jauna, zer egiten dugu? Noiz arte artxibatu duzu "bitxikeria" hori. Ad kalendas graecas...?

Baldin eta ez badakizue Lasa Etxarri jauna eta zuek Euskal Herriko alkate jaunok, ba dago Madrilen 1975eko urriaren 30ean emandako lege bat. Lege horrek, gorporazioei, euskaraz mintzatzeko ahalmena ematen die. Noiz hasi behar duzue, lege hori betetzen? Noiz bete behar dituzue Madrileko lege guztiak zintzoki? Noiz, noiz, noiz? Guk, euskaldun bezala politika mailan eskatzen dizuegun minimoa, Euskara onhartzea da. Euskara ez dakiten alkateek utz dezatela alkatetza; bestela, ikas, eta beste hainbeste kontseilariek... Ostera, betiko kontua dugu: "como no entienden todos", erdaraz bakarrik mintzatuko gara. Esan: hemen kulturalki "diskriminatuak" zeintzu dira, erdaldunak hala euskaldunak. Non gaude, Gastelan ala Euskal Herrian? Gure Donostia, Irun, Eibar, Bilbo, Durango, Deba eta beste herrietan zer egiten dugu "euskara-sanskrito" bitxi horrekin?

Beste udaletxe bat foru eske

Nahiz eta Gipuzkoako gobernariak Bergarako Udaletxeak foru eta Estatu Ekonomikoen alde egindako eskakizuna ukatu, beste gipuzkoar udaletxe batek eskakizun berbera egin du: Elgoibarko Udaletxeak, "foruen itzulpen osoa" eskatzen du, "administrazio erregimen berezi" batek ekonomi arazoak bakarrik ikusten baitigu, gure nortasunak eta historiak eskatzen dituzten aldaketa sakonak batera utziz.

Enparantza berriak zolu berria

Bilbo Zaharrean nabaria zen aparkaleku eza. Arazo hau arintzearren, aspaldi hasi ziren Plaza Berria altxatzen, dakikezuenez. Oraingo berria, zera da, aparkalekuaren gainea edo plazaren zolua egin dutela. Ea bada, laster ikusten ditugun kontzertuak bertan. Eta oraingo euskal izen batez bataiatzeko era datorkionez aparkaleku berri horri, Bilbo Zaharreko merkatariok bi izen dituzte Udaletxean aurkezteko: "Bilbo Zaharreko aparkalekua" edo "Plaza Berriko aparkalekua" Ba dakizue, orain legeak euskal izenez bataiatzera bideratzen gaitu.

Dantzariak Hernanin

Joan den hilabeteren 30an Dantzarien II. astea ospatu zen Hernanin. Dantzaldien agerpena, Galarreta pelota lekuan, bezperan hasi zen. Igande arratsaldez, jaialdiari berriro jarraipena eman zitzaion enparantza nagusian. Zazpi probintzietako zazpi taldek parte hartu zuten, Euskadiko folklore aberatsaren adierazgarri bezala.

Ordu batzutan Bidasoako mugak ez zuen indar handirik izan, giroak erakusten zuenez. Izan ere, giroa bete betean zoragarria izan zen, bizi bizia; eta; saioa luze xamarra izanagatik (ez da harritzeko, hainbeste talde izanik), jendea gogoz egon zen, dantzariei begira gozatuz. Dirudienez, jakitunez diotenez behintzat, gizakumeek, solasean ikasi baino lehen, dantzen bitartez adierazten omen zituzten beren poz, nahigabe eta gorabeherak.

Hau honela bada, gure dantzariek trantsiziozko aro batetan aurkitzen dira euskal hitzari buruz, nire uste apalez behintzat. Dantzan egoki dakite, baina hizkuntzaz ez dira jabetu.

Dena den, zorionak antolatzaile eta laguntzaileei. Jarrai bide horretatik

Juan Carlos erregearen hitzak

Juan Carlos, Espainiako erregea, dakigunez, Ekainaren lehen egunetan Ameriketako herrietatik ibilia da. Bertan, espainolez egiten duen Estatu batetan, Dominikar Errepublikan hain zuzen, ondoko gauzok esan zituen hizkuntzak Herriak lotzeko dauzkan balioei buruz:

"La lengua es la casa común en donde a cada uno de nuestros pueblos corresponde una habitación. La lengua es la morada que todos habitamos. Cuanto hagamos por ella, a ambos lados del mar, la vivifica y la hermosea. Es misión de las distintas generaciones mantenerla actualizada, flexible, rápida, capaz y siempre en forma. No hay una lengua definitivamente hecha. La lengua es nuestra sangre espiritual y establece la frontera exterior de nuestros pueblos en el mundo, pero traza también, en cada uno de nosotros, nuestra frontera personal. Nadie puede conocerse a sí mismo sino a través de ese diálogo en que el hombre pregunta y la lengua responde, pues lo propio del hombre es preguntar, lo propio de la lengua es responder. Por ella somos hombres, y por ella también somos quienes somos, pues la frontera personal solo puede fijarse en ese interno y último diálogo del hombre con su lengua.

En la memoria del niño, y en la memoria del hombre las palabras incorporan imágenes, pero también incorporan con ellas las costumbres de un pueblo, sus reacciones vitales ya decantadas por el uso, sus rezos y sus leyes, su modo de gozar y de llorar, su pensamiento y su poesía. Hablar en una lengua determinada e insertarse en la corriente de un río que nos conduce y fertiliza. No estamos solos en el mundo. No hemos nacido ayer porque hablamos en una lengua que nos transmite la solidaridad de los vivos y de los muertos, la solidaridad de cuantos la hablaron desde hace muchos siglos hasta hoy. En última instancia es un repertorio de actitudes vitales que facilita nuestras acciones y representa el patrimonio común de sus hablantes. Emprendí este viaje para escuchar, con alegría, nuestra lengua en América."

Guk geuk, espainolen erregeak esandako guztia erabat onhartzen dugu eta berak aipaturiko balio horik —berberak oso ongi aldarrikatu duenez— unibertsalak diren aldetik, zera eskatzera ausartuko ginateke, hots, hori guztiori, "Mutatis Mutandi", hau da, euskarari aplikatuz, lehenbailehen betetzeko. Kontsekuente izateak horrenbeste eskatzen baitu.

Euskal Unibertsitatea erdaraz ote?

Lehengo egunean, Donostiatik nenbilela, ormetan EUSKAL UNIBERTSITATEA (sic) izena zeramaten kartel batzutan, erdarazko hitzaldi batzuren berri ematen zen, orain arte euskal arloan deus guti egin duten zenbait pertsonaiaren ardurapean, hain zuzen ere.

Egia da Euskal Unibertsitatea, Herri osoaren kolektibo bat den aldetik, ezin dezakeela ezen taldek monopoliza —zenbaitzuk arlo horretan urte batzutako ekintzatasun bat ukan arren— baina ez da gezurra, bestetik, aspaldi honetako oportunista batzuk izen hori beren erdal aurpegia estaltzeko darabiltenik. Eta EUSKAL hitzaren zentzua dakien edozeinek ba daki, halaber, hitz horrek bere kontrasta duela: ERDAL. Erdarazko Euskal Unibertsitaterik ez, beraz. UNIVERSIDAD VASCA edo VASCONGADA esan behar duzue, jaunak, eta mozorroa ken.

Katea honek lotzen nau

Aurtengo 24 orduak euskaraz, ba dirudi, entzuleentzat bakarrik eginak izan direla.

Orain dela egun batzu —milioika belarriak lekuko— "Hora 25" delakoan J.A. Rodrigoren ahoz euskal egunkari berri baten berri eman zen. "Berriak" izenekoa, hain zuzen. Beste egunetan "Gabon lagunok" batekin hasten zen zintzurra lehor xamarra gelditu zen "Berriak" hitzaren esannahia Madriletik galdetu ziotenean. (Katea SER o NO SER). Erantzuna (handik segundu batzutara) hauxe izan zen "Creo que andamos un poco tarde de pensamiento euskérico"

Horixe bai kaka egiten eta paperik gabe.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Michelin munstro bat da

Ikaragarria handia da Michelin. Gurpilgintzan, munduko hirugarrena da, Firestone eta Pirelliren ondoren. Entrepresa multinazionala denez, han eta hemen barreiaturik, 140.000 langile ditu. Buru bat eta beso askotako munstro bat dirudi Michelinek. Buru hori, Frantziako Clermont-Ferranden dago. Hortik aparte, Frantzian bertan ba ditu zenbait lantegi, eta gero Ingalaterran, Ipar Irlandan, Holandan, Belgikan, Alemanian, Italian, Espainian, Ipar Amerikan...

Espainiako Estatupean lau lantegi ditu. Lasartekoa da zaharrena, 3.400 langilekin. Gazteiz dator gero (4.000) Dueroko Aranda (1800), Valladolid (1.500). Madrilen ere ba du Merkatalgorako Etxe bat, eta Almerian Ikerketa-Zentru bat. Baina, lantegiok ez dute pisu bera. Izan ere, Penintsulako lantegi guztietan garrantzikoena Lasartekoa da, Peninsula mailako Zuzendaritza hemen baitago. Horregatixek dago hemen aginte lekuetan hainbeste frantses. Aginte nagusia Clermont-Ferranden duen entrepresa honek, Lasarten, lantegi buru eta erabaki ahaldunak, frantsesak ditu denak. ENTREPRESA GOGORRA.

Izen txarra du Michelinek sindikatuen artean. Gogorra.omen da, hertsia, egoskorra, amorekaitza. Publizitateko gurpilezko gizon pottolo eta begikoarekin ez dute nagusiok zerikusi handirik. Errendatze osoa eskatu ohi dute. Langilea kaleratzera jotzen dute berehalakoan, istiluaren soluziobidetzat.

Ez dira elkarrizketa zaleak Michelingo nagusiak. Oraingo greba honen lehen partean, langileek egindako gutunean salhakuntza gogorra egiten zitzaien, halegia, jauntxokeria eta setakeria. Grebaren azken partean ukan duten jokabidea ikusirik, salhakuntza hori erretiratu ez baina letania batez luzatu egingo lukete orain langileek, segur asko.

Lasarten Michelinek izan duen jokabide gogorra, ez da hemengoa soilki. Berdin jokatzen du nonnahi eta beti, tradizio luze zabal batek ongi frogatua duenez.

Leku guztietan dira Michelindarrak, tratagaitzak. Frantziako CFDT sindikatu sozialistakoek esan zutenez, Michelinenean sindikatu lana egin nahi izatea, militante izatea da. Militante izatea, hots, burruka egitea, ez baitu holakorik lantegiak barkatzen. Zailtasun honegatixek hain zuzen, urri dira Michelinen lantegietan sindikatuetara sartzen direnak. Argigarri dira konparaketaren zifrak: Frantzian normalki sindikatuetara sartzen direnak 35 badira, Michelin lantegietan 10 besterik ez dira. KAPITALISMO HUTS-HUTSA.

Eskulan merkeko merkatura jotzeko fama du Michelinek. Horretarako, azken bolara honetan, ekonomiazko krisiaz baliatzen ari omen da. Krisi honen atxakiarekin, Frantzian eta Alemanian esaterako, lanpostu zenbait hixten ari da, horik bertan Espainiara eta lekuz aldatzeko. Logika kapitalistarik garbiena.

Bata bestearekin loturik baitago gehienetan, eskulan merkeko herriak sindikaturik ahuleneko berberak izanki. Michelinek ez du eskrupulurik horretan ere, lege horiez baliatzeko orduan. Kasurako, hemengo sindikal legerik atzeratuenetan, inguruko entrepresa-gizonak atzerakoitzat joak izan arren, babestu ohi da Michelin. Oraingo grebakoan, bistakoa denez, Europan ez zukeen hola jokatzerik izango. Kontu egin Lasarten, 22 langile utzi dituela kanpoan, horien artean zortzi sindikal juratu, entrepresaren aurkako epaiketa irabazi dutenak, gainera.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Otsailaren 16an hasia

Lerro hauk prestatzen ari garenean, lanean hasteko izenak ematen batzu, eta lanean hasi berrian beste batzu daude Lasarteko Michelinen. Kanpora bidaliak izan dira eta denak, lanean iraun nahi badute, lan-eskaria berregitera obligatu ditu entrepresak. Gogorra da hau, jasangaitza. Langileen Batzarreak, grebari denak jaurtikiak zirela jakin zuenean, Gobernadoreari egin gutunean garbi asko esaten zioenez, "Humillación o Violencia" zen entrepresak langileriari eskaini zion alternatiba edo hautabeharkizuna. Ez bat eta ez beste aukeratu dute langileek. Lanera sartu badira ere, burua makurtu gabe, tente sartu dira, batasuna gordetzearren, eta barrutik burrukan irauteko gogotan.

Historia luze baten ondoren iritsi dira jokabide honetara. Otsailaren 16tik maiatzaren 24ra zein bide luzea dagoen! Hiru hilabete luze iraun du greba honek. Hiru hilabete paseak. Ehun bat egun, laster esaten da. Otsailaren 16an hasten da greba Lasarten. Jadanik burrukan ziharduten, lehenengo Valladolidekoek eta gero Arandakoek. Hauekiko elkartasunagatik eta Batzorde Orokorra eta Komenio lantratua lortzeko geratu ziren Lasartekoak.

Tratugairik ez

Negoziatzeari ekiteko orduan, lehen unetik ezezkorik biribilenarekin erantzun zien Zuzendaritzak. Informazio gisako harreman bat edo beste izan da langileen eta patronalaren artean, baina hori da dena. Traturik ez da fitsik ere izan, Zuzendaritzaren esanetan, ez baitago tratugairik.

Proposamenduei ez die sekulan Zuzendaritzak erantzun. Honen erantzun bakarra, jendea kalera igortzea izan da. Hasera bertatik ia. Otsailaren 19an bi langile dira boteak eta Juratuko Idazkaria bera espedientaturik. Gainerontzeko grebariak hilaren 25 arte lanik eta soldatarik gabe zigortuak dira.

Anartean, sindikal indarrak oro, ezkutukoak jakina, elkarrekin bildu dira, eta erabaki garrantzizko bat hartzen dute: Sindikatu bakoitzak, burruka honetan, ez du bere izenik erabiliko; erabakiak eta agintea Batzarreak bakarrik izan dezake.

Ezkutuko sindikatuak elkar

Batzarraren nagusitasun hau berehalakoan praktikara eraman beharra izan zen. Hilaren 19an bertan, botu-emateak hasi ziren. Batzarreak zer erabaki, huraxe beterazi zen. Greban iraun ala ez izan ohi zen maizenik botugaia. Grebarako erabakia argi ikusi zen haseratik: 1936, grebaren alde; 25 aurka; eta 10 zurian. Maiatzaren 6an oraindik: 80 egun lanuztean egin ondoren, langileen gogo bera atera zen Batzarrean nagusi: grebaren alde 2.045 botu, 85 aurka eta 17 zurian. Erabakia botutara jartzeari gogotik eutsi nahi izan zitzaion beti.demokraziazko izpirituaren seinale. Arras demokratiko gerta zedin, gainez, ezkutuko txartel bidez eman ohi zen boza.

Emazteak ere burrukan

Otsailaren 27an Michelin kontsumo-kooperatibak ere kolaboratzea eta langileei laguntzea deliberatu du. Grebarien emazte zenbaitek ere gizonen ondoren burruka egin nahi dute, bilkuretara eta kale manifestazioetara eta joanez.

Martxoaren 5ean jende gehiago bidaltzen du kalera entrepresak. Denetara 22 dira orain, horien artean 8 kargu sindikal. Eta azkenik, maiatzaren 19an, sartu ala ez langileek eztabaidatzen ari zirelarik, denak kale gorrian uzten ditu Michelinek.

Martxoaren haseratik, soluzio bila jo eta ke, etengabean, ibili da Langileen Batzorde bat. Agintea edo influentzia ukan dezaketen hainbeste jenderekin egon dira. Michelinekin hitz egiten hasteko bitarteko baten bila ibili dira langileak. Leku askotan ate joka. Harritzeko ere ba da zenbat jenderekin egon diren. Batzu aipatuko ditut: Kimik Industriaren Lehendakari Nazionala, Kimikako U.T.T. delakoaren Lehendakari Nazionala, ASEG edo Gipuzkoako Enpresa-gizonen Erakundea, Gipuzkoako Agintari Nagusiak, Industriako Ministroa, Lanaren Ministroa, Sindikal Harremanen Ministroa, Eskudero Prokuradorea, Madrileko frantses Enbaxada...


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Grebaren arrazoiak

Basa grebatzat jo dute Lasarteko hau Michelingo nagusiek. Jakina denez, legezko sindikal bideetatik at hasi eta ibili zelako. Baina nork ez daki basatitzat greba hau kontsideratzeak ez duela ez buru eta ez buztanik? Esan-moldea Europako demokraziazko herrietatik jasoa denez, hango legeak beren osoan hartu beharko lirateke greba honen nolakotasuna epaitzeko ere. Hango sindikal legeetatik at, salhakuntza horrek ez du txakur ttikirik balio, itsuenak ere dakusanez.

Basa grebaren salhakuntza onhartu egiten dute zenbaitzuk.baina alderantzira ulertuz. Basa greba? Bai, horixe, baina Michelingo patronalarena.

Kanpoko "elementuek" egina eta eragina dela ere sinesterazi nahi izan dute nagusiek, kanpotik grebarako dirua zetorrela eta politizatua dela eta salhatuz.

Zuzendaritzak, greba arrazoirik ez du sekula aitortu nahi izan. Langileekin hitz eginaz, kontrara, arrazoi bat ez baina mila atera ohi dituzte. JOERA ZIKOITZA.

Lehenengo arrazoi-moeta, azpi-azpian dagoena, "ras le bol" edo lantegiko giroarekin bete bete eginda egotea dateke. Zikoitz jokatzen du Michelinek. Zikoitz eta gaizto, askoren salhakuntzaz, dena kontrolatu, neurtu, fitxatu egiten baitu. Agintekeria bide da nagusi lantegian. Sailen buruen lana, itxuraren arauera, teknika lana baino areago zaintzaile eta poliziarena omen da. Kotizatzeko eta zigortzeko orduan lantegiko lanak bakarrik ez baino politikazko eta sindikal portaerak ere munta handia du. Zigorbidez edo ta lankidetasuna izorratzeagatik, soldata desberdinekin jokatzen omen du.

Giroa gaiztotzearen erroen artean, lanarekiko politika ere salhatua izan da. Esan nahi baita, lan-erritmoa bizituz eta azkartuz joan dela azken urteotan Lasarteko Michelinen. Erritmoa gehitzeko erabiltzen duten estratagema, hau da, hots, kantitatea gehitzea eskatu lehendabizi, gurpil gehiago egiteko, halegia. Kantitatea zaintzean, kalitateak galdu egin ohi du. Orduan, bigarren etapa batetan, gehitzea lortu denean, kalitatea eskatzen du. Eta etengabeko joanarian holaxe, zikloka Jokabide hau nolabait gelditzeko, sindikatuetako kontrolatzaileak eskatzeraino iritsi dira Lasarteko langileak.

Hau guztiau zegoen greba honen azpian, ondo ondoan, noiz agertuko. BESTE ARRAZOI BATZU.

Baina ez dira hauk greba egiteko arrazoi edo zio bakarrak. Higuinaz gain hurbileko arrazoirik ere izanda. Otsailaren 16an, lankidetasun internazional bultzaturik kalera abiatu baziren ere, elkartasunarena ez da arrazoi bakarra izan. Behin eta berriz hauxe frogatzen saiatu da Batzarrea, Zuzendaritzaren gezur honen aurka. Eritzi publikoak leku askotan hori pentsatzen baldin badu, informabideen alderdikeriagatik da. Izan ere, Zuzendaritzak bere postura agerian erakustea izan duen artean, debekatu egin zaio gauza bere langileriari.

Lasarteko Michelin Batzarreak argitaratu duen edozein dokumentu eskutan hartuz, egin dituzten eskakizunak bistan daude. Esaterako, 45 orduko astea eskatzen zuten. Eskabide horrek indarra galdu zuen, greba bitartean, Gobernuko legeak 44 orduko astea ontzat eman zuelako.

Eskabidetan nagusienetakoa, Jurado Zentral edo Batzorde Nagusia eraikitzea zen, alegia, Penintsula mailako Michelingo langileen artean egitekoa. Hori ere lortu dute, hots, Batzorde hori langileek bil dezakete aurrerantzean.

Komenio deritzon lan-tratuari ekitea izan da beste eskagai bat. Honetan diraute oraindik.

Eta egoera konpontzen hasteko eta hau denau lortu ahal izateko, elkarrizketa proposatu izan dute beti bide bezala.

Azkenik, lanuzteagatik, zenbait langile kalera jaurtiki zituenean entrepresak, hauk barne hartzea ere Batzarrearen etengabeko exigentzia izan da. Kanpora bidaliak hartzea, eta grebagatik inortxo ere ez zigortzea.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

"Gordeketan"

"Egunik ez batzarrerik gabe"

Batzarre orokorrak hautatutako Sindikal Batzordeak, Donostiako Organizazio Sindikalaren aretoetan egin ditu bere bilerak hiru hilabeteetan.

Batzarreak abentura gehiago izango du.

Lehenengo hilabetean, lantegiko jantokiak hitxi zituztenean, bertako parking-ean bildu zen batzarrea. Egunero. Goardia zibilak ez zuen desegiteko agindurik eta urrutiko bigilantziarekin konformatu zen.

Baimen "egokiak"

Gobernadoreak, martxoak 9, langileen emazteen ordezkariei, batzarrea "utzi" egiten duela adiarazten die, langileen jokabidea bakezkoa eta zibila delako. Polizi indarrak ez dira sartuko, horrela iraunen duten bitartean. Baina laister jan zuen emandako hitza. Martxoak 15, ohi bezala betiko parkingera hurbildu zirenean, harridura handiz, goardia zibilek hartua zegoen. Eta Usurbileko parroki elizara jo zuten. Ez zen azkeneko eliza izango.

Ondorengo bi hilabetetan batzarrea biltzeko burruka gogorra egin behar izan dute. Batzarrea legalizatzeko mila eragozpen gainditu behar zuten. Sindikaleko delegatuak uzten zuenean, Gobernu Zibilak ukatuko zuen, eta alderantziz. Biek utzi eta gero ere ez zen segura. Azken unean polizi indarrek galerazi zezaketen, baimena kendu zutela eta. Halaz ere, tarteka bilera legalik egiterik izan dute. Gobernadorearen baimen ukaketak entrepresaren taktikari laguntzen ziola garbi gelditu da, batez ere azken hilabetean. Adibidez azkenekoz, maiatzak 22, ukatu zienean. Barrura sartzeko erabakia hartzera zihoazela jakin eta entrepresari lan kontratua hausteko denborarik izan zezan, ukatu zuen eta.

Baina langileak eguneroko batzarrea nahi zuen. Orokorra ezinezko zenean, lantegi sailen arauera taldekatuta. Lasarten ezin zenean, elizetan. Handik behin eta berriro botatzen zituztenean, Donostiako Sindikalaren aurrean biltzeko eskubidea eskatuz manifestatu egingo ziren.

Gordeketan

Azken bi hilabeteetan, goardia zibilak eta 2.800 langileak "gordeketan" jostatzen ibili direla esango genuke. Nork nor enganiatu eta harrapatuko. Usurbileko elizara, bezperan bezala, martxoaren 16an, biltzeko asmoaz etorri zirenean, goardia zibilek ez zuten utzi. Donostiako Buen Pastor katedralera jo zuten. Ondoren beste eliza ezagutzeko aukera izan dute langileak: Donostiako "Mariaren Bihotz Garbiarena", Tolosako frantziskotarrena, eta gero, bertako klaretiarrena, Zarauzko parrokia, Aiako parrokia, Errenteriakoa. Batzarre gose honek tokirik bitxienetara eraman ditu. Alkizako plazara bezala Pasaiara. Hernanira bezala Zarautzeko Santa Barbara mendi gainera.

Batzarrea biltzeak abentura oso baten lanak eman dizkie. Hain urrutiko tokietara hainbeste lagun eraman eraztea ez zen erraza. Biltzen zirenak asko ziren. Buen Pastor bete egin zuten. Tolosako S. Frantziskon milatik gora ziren. Zarautzeko Sta Barbara gailurrean 800 ziren. Bortxa publikoa saihesteko trebezia handiz jokatu dutela aitortu beharra dago: Azken momenturaino "gordelekua" isilik gorde, poliziarentzat "pista" faltsoak zabaldu etab. Nagusiek eta langileek bazekiten batzarrea harma bat zela. Eta horixe kendu nahi zioten eskutatik.

Egoera honetan miresteko da ehun greba egunetan laurogeitik gora batzarre egitea.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Langileen emazteak bat

Entrepresak langileria sakabanatzeko eta beronen iraupena puzkatzeko langileen emazteak erabili nahi izan ditu. Etor lekizkiekeen kalte eta mehatxuen berri gutun bide emanez.

Baina emazteek beren senarren burrukari eutsi diote. Bat jokatu dute. Lehenengo egunetatik batzarrean parte hartzeko eskubidea eskatu zuten. Eta eman zitzaien.

Batzarreak grebarekin iraun ala ez boza ematen zuenean, emazteek ere bere aldetik beste hainbeste egiten zuten. Martxoaren 10ean, adibidez, 162, grebaren alde zeuden, 1, zuria, eta 0, kontra. Martxoak 23an, berriz, 95 alde, 1, kontra, 2, zuri.

Beste ekintzak ere aurrera eraman dituzte. Martxoaren 6an, 500 bat emakume lantegiko ateetan bildu ziren, eguerdian, lanean ziautenek irten behar zuten orduan. Manifestazio pakezko eta isila zen. Egunero hori egin nahi zuten. Baina hilaren 11an goardia zibilak azaldu zitzaizkien, eta uxatu zituzten. Ez dira izutzen. Gora jotzen dute. Eta martxoak 22, gobernadoreak, lanetik ateratzeko orduan, 13-45tik 14-30ra, ate aurrean biltzeko baimena ematen die.

Emazteen ordezkari batzu ere behin baino gehiagotan gobernadorearekin eta beste batzurekin, beren senarren burrukaren alde mintzatzeko egon dira.

Emakume hauek greban izan duten hartukizuna ez da langileekin elkartuta egotea bakarrik izan. Iraupenerako, hauxe oso garrantzizkoa izan bada ere. Beren jokaera ez da batere "erromantikoa" izan. Egurra eta detentzioak ezagutu dituzte manifestazioetan. Beraietako zortzik furgoneta batean hitxita gau osoa igarotzea zer den frogatu ahal izan zuten.

Eta hau guztiau ez da anekdota hutsa. Lanuzte luze honetan langileriak famili eta herri mailan izan duen batasun harrigarriaren ezaugarria da.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Prentsaren jokabide maltzurra

Prentsaren jokabideak ez ditu Michelingo langileak asebete. Edo interes eskasa edo joku maltzurra ikusi omen dute prentsaren aldetik.

Kasetari guti etorri omen zaie informazio bila. Informazio Komisiokoek joan behar izan dute beti haiengana. Bidenabar esan dezagun, ANAITASUNAren kasuan, geu gaitezkeela informazioa bilatzen, biltzen eta irakurleari ezaguterazten gehien saiatu garenak.

Kasetari askoren axolarik eza salhatzen dute Batzordekoek. Mahai ingurak egin eta informazio eskaini zaielarik ere, ez omen azterketa sakonik argitara eman.

Prentsa guztia, hala ere, ez da berdin baloratu behar. Astekariek, egunkarien aldean, jatorrago jokatu dute. Ez da zaila. Baina hauk ere aski apal. Mihi gaistoek diotenez, greba luze hau Madrilen gertatu izan balitz, beste oihartzun bat izango zukeen prentsan. Hiru hilabete iraun duen greba bati, hiru miloi lanordu galdu dituen greba bati, langile bakoitzari 50 mila pezetatik gora eta Michelini 5 mila miloi galerazi dizkien greba bati, leku gehiago zor lioke prentsak, Batzordearen ustetan.

Donostiako prentsarekin daude minduenak Batzordekoak. Ez da ulerterraza —edo errazegia?— Donostiako "La Voz de España" eta "El Diario Vasco" egunkarien jokaera. "La Voz de España" egunkariak, haseran, txintxo-txintxo eman ohi zuen grebaren berri. "El Diario Vasco" delakoak fitsik ere ez, boikotaren mehatxupean berri emateari ekin zitzaion arte. Okerrena gero dator: bat batean batak eta besteak publikatzeari utzi egiten diotela. Hala ere, gaitzerdi hori besterik ez balitz. Zeren eta, hau da handiena, gerora, Michelingo Zuzendaritzaren ikuspegi soilki argitaratzen dutela. Erantzun bat baino gehiago langileen aldetik periodikura bidali arren, ez zen deus pasatzen. "Derecho de réplica" delakora jo zuten langileek, baina alferrik.

Irratiak eta telebistak sensazionalismo bila ibili omen dira. Esaterako, Lasartekoaz telebistak zerbait eman duelarik, gogorkeriara jo izan den uneetakoa izan omen da.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Koarteletik pasa behar

Greba honetan langile eta entrepresaren buruzagitzaren ondoan, beste hirugarren protagonista batzu egon dira: Goardia zibilak.

Grebaren lehen hilabetean nahiko aparte egon ziren. Batzarreak galerazten hasi zirenez geroztik, lehen mailako protagonistak bilakatu ziren.

Gobernadorea, ba dirudi, langile arrazoiak ulertuko balitu bezala mintzatu dela, Batzorde sindikalarekin edo langileen emazteen ordezkariekin hizketatu denean. Baina bere mende dauden indarrek politika izutzaile bat eraman dute.

Egurra

Kontrolak, karneta kentzeak, multak, detentzioak, egurra maiz gertatu dira. Hernanin, tiroak ere bai. Komisaldegira deklaratzeko eramanak edo deituak izan dira. Adibidez, Frantziako beste Michelingo lantegietako ordezkariekin egon ziren batzordekoak. Gau asko etxetik kanpora lo egin beharra izan duenik ere ba da. Egoera hau gogortuz joan da greba luzatuz zihoan neurrian.

Giroa, gero eta beroagoa zen. Gazteizen gertatuko tragediaren antzeko zerbaiten beldur zegoen jendea. Polizi indarren jarrera eta jokabidearen beldur. Kalean edo tabernan lasai zebiltzenak joak izan dira. Tratu txarragatik Donostiako erresidentziara joan beharra izan duenik ere bada.

Probokazioaren aurka baretasuna

Politika probokatzaile honen aurrean langileriaren jokabidea eta konsigna baretasuna izan da. Baretasun harrigarria. Egurra eta detentzioak eta odol isurketak gerta zitezkeeneko okasioak ahal zen neurrian baztertu. Alferrikako odolik ez zen nahi. Prezio handiegia izan zitekeen. Biolentziara jo gabe, tamaina honetako greba bat aurrera ateratzeko gauza izatea da langile hauen heldutasunaren ezaugarri bikain.

Michelinen eta koartelaren arteko

kolaborazioa ez da berria. Eta ez da beste lantegietan aurkitu daitekeen tankerakoa. Michelin, honetan ere berezia da. "Michelin c'est différent!

Ez da gatazka garaikoa bakarrik kolaborazio hau. Michelingo lantegira sartu nahi duzun unetik entrepresaketa lantegiak jakingo dute elkarren berri. Edozein lantegitan eskatu ohi diren paper, firma eta dokumentuak eraman eta egina dagoenik ez ezazu uste. Zure harridurarako, Lasarteko koarteletik pasatzeko esango dizute. Ez, ez. Ez zaitez harritu. Zuzen entzun duzu. Koartetera joan behar duzu. Eta handik, eta psikologoaren laguntzaz jasotako datuekin fitxa bat irekiko dizute. Fitxa hori, datu teknikoekin baino gehiago, zure portaera eta pentsakerari buruzko datuekin beteaz joango dela pentsatzekoa da.

Michelingo aurreko urteetako gatazka guztietan garrantzi handia izan dute beti Lasarteko Goardia zibilek, eta beste polizi indarrek. Eta ez lantegi inguruko kalea zaintzeko bakarrik. Entrepresak berehala deitu izan die geldik edo batzarrean bilduta zeuden langileak lantegiak indarrez botatzeko edo mehatxuz ateratzeko. Bide arrunta bezala erabili du polizi indarra lantegi barneko istiluak konpontzeko. Michelingo atezainen artean ere goardia zibilak edo izandakoak ugarituz joan dira azken zortzi urteotan.

Ihazko irailean, Euskal Herri osoan segurenik gertatu ez zena gertatu zen. Herio zigorren aurkako kanpaina hartan egindako greba politikoengatik lau langile kalera bota zituen Lasarten Michelinek. Guztien artean nabarmen gelditzeko eta eskuinarekiko bere sinpatia azaltzeko lotsarik ez zuen izan.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Erresistentzi Kutxa

Jendea erre gabe, biolentziara jo gabe, greba hautsi gabe, nola iraun daiteke horrenbeste denboran? Askok egiten dio galdera hau bere buruari Michelingo greba ikusiz, eta zalantzarik gabe aztergai interesgarria da hori sindikal indarrentzat.

Azterketa sakonik egiteko asmorik gabe, lehen kolpez ikusten ditugun arrazoi batzu, hauk izan daitezke: Batzarrearen lehentasuna; aurreneko hilabetean, bilkurak onhartuak izatean, antolatzeko astirik izan zela; herri giro ona, laguntza eta lankidetasuna; langile zenbait edo baserrian edo bestela plurilanetan ibiltzea...

Europako laguntasuna

Era askotara jarri da agerian laguntasun hori. Langile eta sindikatu mailan, esaterako. Martxoaren 8an Lasarteko Michelingo Batzorde bat Frantziara doa, Michelin-Europako lantegitako ordezkariekin egotera: informatzera eta lankidetasuna eskatzera. Geroztik ere harremanik eta joanetorririk ez da falta izan. Fruiturik ere ez. Behin eta berriz elkartu dira Lasartekoekin Europa osoko Michelin lantegietakoak. Martxoaren 20an, ordu t'erdiko geldi-aldia egiten dute Italian; Frantziako Clermont-Ferranden lau orduko, eta Frantziako gainerontzekoetan ordu batetik hirura. Europan 60 bat mila langile elkartu dira Lasarteko burrukarekin. Bestalde, Alemaniak ere lagundu du, Kanadak ere bai. Eta ba da besterik. Denen berri jakiterik ere ez omen da erraz, Batzordeak dioenez.

Enplegatuak, puntu beltza

Penintsula mailan ere izan da elkartasunik. Areago oraindik Euskal Herriko langileen artean. Baina ba dugu susmorik Lasarteko langileak ez ote diren mementu batzutan, aski bakarrik sentitu. Nahi eta uste adinako erantzunik ukan ote dute, gero? Lasarteko Michelin bertako enplegatuak ere ez zaizkie solidarizatu. Hori burrukaren puntu beltz bat bezala ikusten genuela adieraziz, atera dugu arazo hau mahai gainera langileen ordezkarien aurrean. Egoera sozio-ekonomiazkoari dagozkion arrazoiekin, arrazoi kojunturalekin, esplikatu nahi izan dute, unea ez zela egokiena esanez dela ekonomiazko krisiagatik, dela beste lantegietan eskabide-burrukak amaitu berri zirelako, dela Michelingo lanera jiratu berri zirelako. Egia da aurtengo Maiatzaren lehenak berak ere ez duela ikaragarrizko burruka gogorik plazaratu.

Herriaren laguntasuna

Izan da beste ekintzarik eta laguntzarik ere. Harritzeraino, egon ere, Herri giroko laguntasun hau asmamen bizkorrez egina eta antolatua izan da. Otsailaren 24tik hasi zen lankidetasuna lehian. Medikuak, tabernak, dendak Bankuak, Kutxak, Ikastetxeak, denek parte hartzen dute. Jeneroa, esate barako, "al por mayor" edo handika erosiz, merkeago har dezakete langileek. Diru-eskasiagatik, Bankuek, Kutxek, Ikastolek, Eskolek diru-kobraketak atzeratu egiten dituzte. Otsailaren 27tik Michelin kooperatiba ere langileen aldera pasatzen da.

Hamar miloi

Diru bilketarako ere asmamena azkartu egin beharretan aurkitzen dira antolatzaileak. Zer egin? Grebak iraungo balu, dirua behar da. Erresistentzi Kutxa sortzen, langileentzako dirua hor sartzeko. Eta sartu ere, ia 10 miloi pezeta sartuko dira Kutxa horretan (guti bat, 300 mila bat pezeta Europatik; gainerontzeko hemen lortua). Baina nola Kutxa bete, nola dirua inguratu? Eranskailuak eta bonoak sortuz, jaialdiak eta txapelketak antolatuz. Kirol lehiaketak antolatzen dira. Kantaldiak ere bai, Letek, Lupek, Laboak eta bestek parte hartuz. Gipuzkoako zazpi koru inportantek ere langileen alde abesten dute. Arte-erakusketa bat ere euskal artistek langileen alde eratu zuten. Eta gero, ba da elkartek edo partikularrek bidalitako dirua: ikastola batzutako irakaslek, Bilboko Karmelitek, beste askok. Caritasen laguntzarik ere izan da.

Erresistentzi Kutxa honi esker, diru hestuasunik ez du grebak izan. Seinalatzekoak dirateke, alde batetik, Erresistentzi Kutxa honen antolamendua eta, bestetik, langileen heldutasuna. Istilurik gerta ez zedin, grebariak ez suen diru-laguntzarik hartzen baizik eta "txartelak", "valeak". Eta bestalde, aprobetxategi izpiriturik gabe, etxeko diruak ahitu artean, ez zuen inok erresistentzi Kutxara jotzen.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Batzarrea da nagusi

Grebako protagonista lehena Batzarrea izan da. Gurekin izan ziren langile ordezkariek maite duten esanmoldean esateko, langileen organizazioak Batzarrean hustu egin ziren. Batasunaren amoreagatik, sindikatuek orok beren talde interesak baztertu egin zituzten. Sindikatuen ez beste talderen siglarik ez erabiltzeko hitzarmena egin zuten denek lanuztearen hastapenetan. Eta oro har, gehienen satisfazioz bete dute hitza.

Ez dago zalantzan jartzerik batasunean jokatze hau izan dala Lasarteko Michelinen ikusi den heldutasunaren seinalerik frogatzaileena. Batzarrea nagusi bilakatze hori, benetan burutsua izan. Ikaragarri zaila izanez, are meritagarriagoa da batasun hori gure giro honetan. (Gizarte-aztertzaile zenbaitengandik jakin izan dugunez, Lasarteko Michelinen lan egiten duten sindikatuen artean indartsuenak ELA-STV, USO eta CCOO omen dira. Lasarteko batasun hori batasun oinharrizkoago baten adierazgarri ote da ala inork nagusitzeko aski indarrik ez duelako akordioa?)

Sindikal batzorde bat

Batzarrak hartzen ditu erabakiak oro. "La Asamblea es la soberana". Sindikatuetako militante guztiak honetara makurtu dira, talde jakinik zuzendari edo gidatzaile izan gabe. Grebaren koordinaketa aurrera eramateko Sindikal Batzorde bat eratu zen. Batzarreak onhartua eta juratu eta enlaze eta lantokietako ordezkariek osaturiko Batzordea.

Sindikal Batzorde hori geldi eta alferkerian egoteko ez beste denetarako sortua izan zen. Bost lan-komisiotan partitu zen Batzordea: informaziokoa, ekonomiazkoa harreman ofizialetakoa, Michelingo lantegiekiko harremanetarako gainerontzeko.

Hara eta hona ibili dira hauk, etengabean, batzu atzerrian lankidetasuna sortzen, beste batzuk informatzen. dirua biltzen hirugarrenak; beste batzu, elkarrizketak eta jende ofizialekin konponbide bila...

Eta egin ohi dutenaren berri, itzultzerakoan, Batzarrera aurkeztu behar zen. Honek hartzen baitzuen erabaki definitiboa. Eta, egia esan, langileak ez dira, ez, lo egon: ehun egunetan ia ehun bilera egin dituzte. Traba guztien gainetik eta arrisku guztien azpitik, mobilizazio harrigarria da, hor lortu dena.

Gehiengoaren borondatea

Esan bezala, erabakiak hartzea Batzarren gain aginterik, Batzarreak agindutakoa beterazi besterik ez zuen egiten. Ba zen, aldamenean burrukarik. Gauchistekin. Greba kalera aterapen lehiatu ziren hauk, greba bera legalistatzat joaz. Frankotiradore izan dira eta zuzendaritzarik markatzerik ez dute izan. Gehiengoaren borondatea izan da une oro errespetatua, hala zer harreman sortu behar ziren esaterakoan nola greban iraun ala ez erabakitzerakoan.

Batzarrearen bidez greba bere iraunean zuzentzean, beraz, gauza guztien gainetik batasuna zaintzeko sindikatuen borondate hori lehen mailako faktorea izan da. Eta horixe da, batasuna, langileentzat grebaren ondasunik preziatuena.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Grebaren azken egunak

Erre ala burua tente sartu

Valladolideko langileak, martxoak 22an, ekin zitzaizkion 51 egun lan oporrean igaro eta gero. Arandakoak maiatzaren 4an sartu ziren. Lasartekoak, bakarrik gelditzerakoan, berehala sartuko zirela pentsa zitekeen. Baina maiatzaren 6ko botazioak, gehiengo handi bat (2.045 alde; 85, aurka; 17, zuri) grebaren alde zegoela garbi azaldu zuen.

Halaz ere hiru hilabeteko greba, Michelinen historiak Penintsulan izan duen luzeena, asko da. Eta indarrak neurtzeko ez da gutti. Eguneroko batzarre legalak edo ilegalak argi utzi du langileen batasuna eta indarra. Baina, baita, garbi dago entrepresa kapitalista multinazionalaren egoskorkeria ere. Zuzendaritzak aurren eguneko jarrera ez baitu zipitzik ere mudatu. Irtenbideak eskaintzen saiatu ordez, eragozpenak pilatzea izan da haren jokabidea 3.000.000 produkzio ordu galdu eta gero samurtzen ez zenak, pentsa zitekeen, honez gero ez zuela amore emango.

Arriskuak

Bestetik, tentsioa gogortzen ari zelako, biolentziara jotzeko, eta honekin batera langilea eta erretzeko arriskua zegoen.

Egoera honen aurrean bi jokabide har zitezkeen: greban azkeneraino iraun ala lanean hasi. Langileen ordezkaritzan, Batzorde sindikalean bi joerakoak zeuden. Gehienak sartzekoaren aldekoak ziren.

Maiatzaren 20an, kontrako bi proposamen aurkeztu ziren Batzorde sindikalak egin zuen bilkuran.

Sartzekoaren aldekoek ondorengo arrazoietan oinharritzen ziren: Michelinek ez du amore emango. Batasuna eta langileriak bere indarrengan lortu duen konfiantza galtzeko arriskua dago. Greba luzatuz gero biolentzia ebitatzerik ez legoke. Langileen eskabideetatik ere batzu lortu dira (Michelingo lantegi guztientzako Juratu nagusi, bakarra, eta Komenio orokorra. Lege berriak gisa hortako Juratu nagusirik antolatzeko eskubiderik eman badu, puska on batean Michelingo grebari esker izan da). Lanetik boteak izan direnen aldeko burrukan barrutik segitzeko egitura bat antolatuta gelditzen da. Guzti honegatik batzarreak —grebaren jabe bakarrak— ateratzea erabaki zuen bezala, sartzeko aukera egin dezake. Horrela, errepresaliarik ez izateko moduan, belarriak politikoan sartu gabe, burua tente lanari hel lekioke, hori bai, barrutik burrukan irauteko asmotan.

Luzatzearen arrazoiak

Bigarren proposamenak, langileriaren batasunari eta klase kontzientziari buruz eritzi berdinekoak izanik ere, balorapen desberdinak zituen grebari buruz. Hiru hilabeteetan jarraitutako bideari biguna eta alferrikakoa zeritzon. Elkarrizketa mediazioa eta posible egingo zituen hirugarren pertsona baten bila ibili da, batik bat giro ofizialetan (ministerioak, sindikato ofiziala, gobernadorea etab.). Eskabideetatik ez da ezer lortu. Garrantzizkoena lanetik botatakoak hartzea baita une honetan. Eta lortu dena ere airean dago, beste Michelingo lantegietako Juratu gehienak kalean gelditu baitira. Errepresaliarik izango ez den inolako segurantzarik ez dago, Valladoliden eta Arandan gertatutakoa ikusirik. Lortu den langile indar batasunaren eta klase zentzuaren izenean, hain zuzen, orain arteko metodoak fruiturik eman ez dutelako, utzi, eta langile klaseak bereak dituen metodoekin iraun behar da. Gure esperientziagatik ondo frogatuta ba dakigu barrutik eze ezin daitekeela egin. Michelin ere haseran baino ahulagoa da. Beraz, zer egin behar da? Greba luzatu; lanean ari direnak behartuta atera; greba Lasarte inguruko beste lantegietara zabaldu.

Patronalak aurrera hartu

Lehen proposamenak, Batzorde sindikalen, 42 aldeko izan zituen; 14, kontrako; 15, zuri.

Bi proposamenak Maiatzaren 20ko batzarrean aurkeztu ziren. Eta arazo batzu konpondu nahi ziren. hurrengo asteko asteartean edo lanera sartzeko erabakia batzarrean botazio bidez hartu baino lehen, 22an batzarre bat egin zen, baina puntu horik argitu gabe zeuden eta ez zen azken erabakiarik hartu. Eta une kritiko honetan, Gobernadoreak, 23an, larunbatean, batzarrea biltzeko baimena ukatu zien. Patronalak, aurrea hartuz, bere joku zitala azkeneraino eramana zezan, izan zen hori. Lanera sartzeko erabakia hartzera zihoazela jakin, eta batzarrea ukatzea, eta lan kontratua langile guztiei hausten zitzaiela adieraziz postara gutuna eramatea, ez da kasualitatez egun berean gertatu. Igandeko prentsatik jakin zuen langileak erabaki gogor honen berri.

Batzorde Sindikalak gutun larri bat bidali zion azken gertakizun honen kontra protesta eginaz, eta Michelingo bere erabakian atzera jo zezan eginahalak egin zitzala, eta astelehenerako batzarrea egiteko baimena eskatuz.

Berandu zen. Astelehenean, maiatzak 24, goizetik zenbait langile, batzarreak hartutako erabaki baten zain egon gabe, lanean sartzeko eskabidea zurian firmatzen hasi zen. Langile batasuna apurtu ez zedin Batzorde Sindikalak berak kontseilatu zuen orduan eskabidea firmatzeko.

Bistan da entrepresak, langilea burua tente sartzerik ez zuela nahi. 2.800 langile hauetatik berak nahi dutenak, eta berriak balira bezala, hartzeko eskubide legala baitauka orain, lan kontratuak hautsi eta gero.

Paperezko kontratuak hautsi ditu. Baina ez langileen batasuna.


Michelingo langileak grebaren gurpilean

Burrukaren fruituak

Greba biribiltzea ez da posible izan. Lanetik irtetekoa bezala lanera sartzekoa beren eskutan gorde nahi izan dute beti langileek, baina azken mementuan, Zuzendaritzaren jokuagatik, azken erabakia kontrolaezina gertatu zaie. Langileak ez zitezen burua tente lanera sar, lanera jiratzea deliberatzen ari zelarik, kale gorrian uzten ditu entrepresak 2800 langileok. Probokaziotzat jo du zenbaitek Michelin entrepresaren jokamolde hori.

Greba hau, oro har, guztiz positibotzat daukate Sindikal Batzordekoek. Mila arrazoirengatik. Eskabide jakin eta konkretu batzu ere erdietsi dituzte, zerbaitetan jartzen dute greba honen garaitzapena. Batik bat lortu dena langileen ausartzia eta batasuna da Ausartzia. Nortasunez jantziago, jabetuago atera dira langileak. Munstro honen aurka burrukatzerik ba dagoela sinesten dute orain. Ernatze bat bezala izan da askorentzat, iratzartze pizgarri bat.

Batasuna da burruka honen fruiturik zoriena. Organizazio mailan eta oinharrian lortu den batasuna. Batasun hori lortu ahal izateko, Sindikatuak Batzarrean hustu egin ziren. Batasuna jokatu izan da beti. Hain zuzen ere, batasun hauxe ez hausteagatik sartu dira denak batean lanera.

Askatasun sindikala praktikan egiztatzea ere lortu omen dute. Askatasun konkretu zenbait eskuraturik. Sindikatu ofizialean bildu izan da, ahal izan duen bakoitzean, greban sorturiko Sindikal Batzordea. Legezko bide guztiez baliatu nahi izan dute.

Bide batez, Michelin entrepresaren egiazko aurpegia ezagutzera eman dutelakoan daude langileak. Michelinen irudia arras aldatu den susmoa dute, aurrerantzean gurpil zapaltzaile bailitzan ikusiko dutela askok Michelin.

Beraz, bataz beste, antolatzaileen eritzian, balantze positiboa.


Euskal Herrian

Ezkerra ala euskal sozialismoa

Ezkerra eskuinarekiko kontrajarreraz definitu ohi da, hotza beroarekiko egiten den bezala. Ba dirudi, beraz, ezkerra eskuinaren osagarria dela, hau da, eskuina ez den guztia ezkerra dela. Honetara —beharbada nolabaiteko erdi eklektiko baten salbuespenaz— ezkerrak bere barruan eskuina edo erdia ez diren jarrera guztiak edukiko lituzke, sozialdemokraziarik bigunenetik hasi eta trotskismorik puntakoeneraino joanez.

Sozialismo, aldiz, ezkerraren barruko aukera bat da, sozialdemokrazia, komunismoa edo eta ezkerrismo kontestatzaileak, zein bere aldetik, izan daitezkeenez. Sozialismoa, konkretuki, kapitalismoarekin kontradikzioz dagoen aukera bat da, ez da jadanik kontrajarrera huts bat, kontraesanetan dagoen zerbait baizik. Honetan, beraz, sozialdemokraziak ez du tokirik. Ez dago garbi, ordea, sozialismoak ezkerraldetik bere mugak non dituen, baina hitzaren konnotapen politikoa kontutan hartuz gero, ezkerraldeko erradikalismoak eta punttako jarreraz sortzeko politika, berauk bide bakartzat harturik, baztertzen dituela dirudi, eta hau guztiau sozialismoak herritar gehienen aukera izan nahi duelako, eta, izatez, horixe da, hain zuzen ere.

Xehetasunok zehaztu beharra zegoen, batzutan euskal sozialismoa egin behar dela esaten dugunean —aspaldion maiz gertatzen denez— zer adierazi nahi dugun hain garbi ez baitago: euskal ezkerra ala, hitzez adierazten dena, euskal sozialismoa eraiki, halegia. Gauza biok ez dute ezer elkarren kontra. Ezberdinak dira, ordea; ez dira gauza bera.

Problema, ikusiko dugunez, ez da euskal sozialismoa, euskal sozialismoaren politik erakundea eraikitzea baizik. Egia esan, ez gara ezerezetik irteten; gure atzean, bai denboran eta bai sozial oinharrian euskal sozialismo egiazko bat dago; sozialismo hau, gainera, askapenaren aldeko eta hurrupaketaren kontrako burrukalari eta protagonista nagusia izan da, eta bere burua, hain zuzen ere, burruka horren praktikan eratu du. Horrela bada, problema orain, jadanik dagoen zerbait eratzea besterik ez da, edo, bestela esanik, oraintsu arte herri mugimendu bat, berez euskal eta sozialista zena, politik erakunde gisa nola antola daitekeen.

Hauxe da euskal sozialismoaren egiazko problema eta esan beharra dago honez gero ba dela aspaldion erakunde berri bat, E.H.A.S. (Euskal Herriko Alderdi Sozialista), projektu hori, ondorio guztiekin aurrera eraman nahi duena. Beroni, hemendik aurrera euskal sozialismoaren benetako errepresentatzaile politikoa izaten iraun nahi badu behintzat, zera eskatu beharko litzaioke, hots, gure Herrian diren eta oraindik hain eraturik ez dauden beste talde sozialistekin —bai eta une honetan eratzen ari direnekin— konbergentzi bidean sartzeko, eta berau presazkoa denez, epe labur bat ezarri beharko litzateke.

Lehenago ere hegoaldeko E.A.S. (Euskal Alderdi Sozialista) eta iparraldeko H.A.S. (Herriko Alderdi Sozialista), E.H.A.S. sortzeko bildu ziren bezalaxe, bide berean segitu beharko lukete guztiek arlo honetako beste talde batzurekin, elkarren konbergentziarako oraindik puntu askotxo gelditzen baitzaizkie, eta honetaz, bai E.H.A.S.i eta bai beste taldeei lehenbailehen saiatzea eskatu behar diegu.

Ba dago, gainera, beste problema bat, ezberdina bada ere, besteak bezainbateko garrantzia duena: euskal ezkerraren erakuntza, halegia; honetaz, fronte batetan ezkerraren aukera ezberdin guztiak elkar daitezke taktikoki. Arazo honetarako, bere aldetik eta hola nahi badu behintzat, euskal sozial-demokrazia oraindik eratzeko dago, eta beronen problema sozialismoarena bezalakotsua da: egon, ba dago, baina politikaz eratzeke.

Ezkerraren erakuntzan, alde batetik, sozialismo eta komunismoaren arteko urruntze —(alde elkartzepuntuak, nondik begiratzen den)— argitan jarri beharko lirateke, bai eta komunismo eta ezkerrismoaren artekoak ere. Gure ikuspuntutik, bestalde, dogmatismorik gabeko komunismoak berak ere euskal sozialismoaren barruan moldatu beharko luke.

H. Aske


Euskal Herrian

"Preso politikoen egoera". Dossierraren laburpena

Mahai inguru baten, bidez Hego Euskal Herriko "Pro Amnistia" elkarteek gure presoen egoera larria ezagutu arazi nahi izan dute. Juan Carlos erregeari idatzitako eta bidalitako gutun luze eta mamitsu bat ere agertu digute.

Erantzuna heltzen dan bitartean, horra hemen gutun honen hitzak eta "dossier" luze horren laburpena.

Frankoren eriotza ondoren guztiz gogortu da giltzaperatuak Estatu barruko presotegietan egiten duten bizitza. Segoviako ihes egite ondoren, batez ere, kartzeletako zuzendaritzaren joera guztiz gogortu da berez terrorista eta zapaltzaile den kartzel-sistema barruan.

Betiko zailtasun eta gogorkeriak bestalde (komunikazio zailtasunak, presoen sakabanatzea, presotegi barruko bizitzaren gogorkizuna, kartzeletako zuzendariekin ezin elkar-emanak izatea, ez zuzenki ez idatzi bidez) gaur egun urrengo lerroetara ekartzen ditugun zailtasunak gaineratu dira.

Egintzak

1.- Sistematikoki presoak sakabanatzea: banatze hau ez da juzgatutak izan direnekin bakarrik egiten, baizik eta "preventivo" egoera barruan daudenekin ere. Ezer formalki begiratu gabe preso hauk Estatu guztiko kartzeletara eramanak izan dira (Zamora, Ocaña, Teruel, Valenciara...).

Batzutan, politiko egite batengatik, preso batzuen egoera gero eta larriago egin da. Naiz eta berak ezer egin Justo Ayestaran sendagile Valenciara eramana izan da, hirurehun eta hirurogeita bederatzi medikuk idazlan batetan Justok sufritutako torturak salatzeagatik.

2.- Famili ikusketak ere zailagoak egin dira. Ehunka ka edo millaka kilometro egin ondoren, familiak beren presoei egindako ikusketak (hogei minutukoak gehienak) laburtuak izaten dira. Beste batzutan kartzeletako ertzainek zailagoak egiten dituzte. Ikusketa hauetan ezin da euskara erabili, naiz eta familietako batzuk euskara bakarrik ezezagutu.

3.- "Arrunta" edo komun presoak politikoak baino abantail gehiago ezagutzen dituzte.

4.- Presondegietako zuzendaritzak ez dute inoiz ere politikoak egiten duten eskakizunak erantzuten. Preso politikoak, horrela, ezin dute beren burua defenditu.

5.- Beharrezkoak ez diran ikerketaz, presoen gaitasuna maiz zapalduta izaten da.

6.- Espetxe gehienetan ematen dan bazkaria oso exkasa eta txarra da.

7.- "Zigor gela" edozein uxakeriagatik askotan erabiltzen da. "Zigor gela" hoietan presoak egoten epeak, gainera, luzeenak izaten dira.

8.- Espetxe batzutan presoak hogei ordu egunean bere geletatik irte arazi gabe izaten dituzte,patiora atera gabe eta bere lagunekin ezin komunikatuz. Hau da, adibidez, Ocañan eta Burgosen gertatzen dana.

Ocaña

- Preso bakoitza bere gelatik atera gabe egunean hogei edo hogeitabat ordu egoten da.

- Bazkaria bakoitzak bere gelan jaten du, jan-gelara joaterik ez baitago.

- Abogatuekin harremanak oso zailak dira.

- Kontrolak eta ikerketak eguneroko gauzak dira.

- Preso politikoei ez zaie lan egiten uzten.

- Zuzendaritzak presoak idatzitako gutunak bereganatzen ditu.

- Famili ikusketak kontrolpean egiten dira. Euskara ezin da erabili eta presoak euskaraz hitzen bat esaten badu, gogorki zigortuta izaten da.

- "Arriba", "Marka", "Hola" eta "Ama" dira Ocañan sartzen diran egunkari eta aldizkari bakarrak. Hauk ere zentsuratutak egoten dira.

- Bere gelako leihotik begiratzeagatik Basañez "zigor gelan" sartuta izan zen.

- Baskal ondoren bere oihean etzanda egoteagatik, Atxagak zigor berbera ezagutu zuen.

- Telebista ikusten zegoela Ansoategik aize bat bota zuelako, "zigor-gelara" bidalita izan zen.

Burgos

- Neguan zero azpiko hotzak kalefakziorik gabe sufritzen dira, bustiro handi baten erdian.

- Kartzelako ertzain batek, presoa eta honen famili erdian jarrita, hauen ikusketa kontrolatzen du.

- Presoei ez zaie sukaldea erabiltzen uzten, ez eta sukalde ttiki batetan beren janariak berotzen.

- Zuzendaritzak ez ditu presoak egindako eskakizunak erantzuten.

- Euskal presoei ez zaie iganderoko meza entzuten uzten.

- Mujika Arregik bi alaba ditu (hiru urtekoa bat, bost urtekoa bestea). Legez, preso baten alaba edo seme ttikiak presondegian sartu lezakete hiru ilabetero eta hau da Mujika Arregik eskatu duena. Naiz eta legez eskubide hau izan, Mujika Arregiren eskakizuna ez da entzuna izan.

- Jabier Ruiz Apodakak, errena ez gelditze arren, egunero soin-jardunak egin behar ditu bizikleta berezi batetan. Burgosko zuzendaritzak ez dio txirringa hau eman.

- "El Diario de Burgos" eta "ABC" dira hartzen diran egunkari bakarrak. Eta hauek, gainera, zentsuratutak.

Teruel

- Jose Ignacio Egaña, 18 urteko gaztea, da kartzel honetako preso politiko bakarra naiz eta "preventivo" egoeran izan.

- Ez zaio ez egunkari ez aldizkaririk uzten.

- Bere amak euskaraz bakarrik egiten du eta ala ere, ez zaio bere semeakin hitz egiten uzten.

Cartagena

- Ihes egin zutenentzako erabaki zen zigorra hau izan zan: zigor-gelan, inkomunikazio hutsean, larogei egun egon beharra.

- Ikerketak (cacheos) egunero egiten dira.

- Edozer eskatzeko "instanziak" egin behar dira. Baita ere kumunpapera eskatzeko.

- Janari gutti. Kanpotik janaria sartzea debekatuta dago.

- Presoak "uniforme" bat erabili behar dute.

- Abogatuekin izaten diran harremanak kontrolpean egiten dira.

Barcelona (Emakume-kartzela)

- Carmen Iglesias dionez, abogatuakin hitz egin behar duen bakoitzean, emakume-erzain batek presoa erantzitzen du, beren jantzi guztiak ikertuaz. Hau presoa beheratzeko egiten da.

- Espetxe hauen zuzendariak zortzi "religiosas cruzadas" dira. Moja hauen zuzendaria "madre" Lequerica da, Pilar Careagaren loba, eta preso politikoen kontra duen griña izugarria da.

- Preso politikoak beste guztietik banatutak bizi dira.

- Askotan "moja" hauek kendutak izan daitezela eskatu dute presoak: nahiagoek dira "funcionariak".

Teruel

- Naiz eta "penitenciaria" izan (juzgatuak izan direnentzako bakarrik) eta ez "preventivo" egoeran dagozenentzat, preso politiko bat espetxe hontan ere ba dago.

- "Arrunta" edo preso "komunak" politiko bakarrari "asesino", "terrorista" "criminal" eta horrelako hitzez oihu egiten diote, erzainen baimenez.

- Politiko preso bakar hau Terueleko presondegi honetara "goitik etorritako agindu berezi" batengatik heldu zan.

- Espetxe honetara iritxi bezain laister ilabete osoko "inkomunikazio" zigorra ezagutu zuen preso politiko honek.

- Ilabete hontan ez zuen izan familiaren berririk, Lanaren gogortasunak gazte honen indarrak hustu zituen (17 urte ditu).

- Goizero ordu beteko "doktrina" klasera joan behar du, ume bat bezelaxe "kristau-ikasbide" buruz ikastera.

- Arratsaldero patioan hiru ordu egoten da.

- Heltzen zaion aldizkari bakarra "Redención" izenekoa da.

- Telebista larunbata eta igandean bakarrik ikus dezake, naiz eta "Telediario" eta "Servicios informativos" ez ikusi.

- Ikusketetan ezin du euskaraz hitzegin, naiz eta bere amak ez gaztelaniaz jakin.

- Ez zaio lan egiten uzten. "Comun" presoak egunean zortzi ordu lan egiten dute, bai tallerretan, bai lurgintzetan eta horrela hiru mila pezeta irabazten dute ilero.

- Kontrolak oso gogorrak dira.


Euskal Herrian

"Pro Amnistia"k Juan Carloseri bidalitako gutuna

ESPAINIAKO ERREGE MAJESTATE HORRI

Sinatzaileek, Euskal Herriko Amnistia aldezko Elkarteen Komisio Ekintzaileak osatzen dituztenek eta berton erroturiko erakundeen ordezkariek, ondorengoau azaldu beharrean aurkitzen direla esaten dute:

1.- Franco Jeneralaren gobernaldian, ia berrogei urtez, Euskadi, herrigaitz zigortzaile baten lekuko mindua dela: arrazoi politikoz egindako gelarazpenetan eman den tortura. Gaur egun, terrorismoaren aurkako lege ezarketak sakaratzen duen 10 egunetako luzapenaren babesean ezartzen diren torturak —laztasun eta gogortasun ohi ezkodunak— zientziazko metodoen bidez ezartzen dira, fisikoki eta psikikoki hondatzen duten teknikez eta instrumentuez.

2.- Gelaraziek jasaten ohi dituzten torturak ondorengook dira:

a) Makilaldiak eta kolpeak, instrumentu bereziz, makilaz, bergaz, kulataz, esku zapi bustiz, baratxoz, etabarrez; gelarazien gorputzak hematoma huts bihurtuz. Egunkarietan eta astekarietan, agertu den Anparo Arangoarena da kasurik adierazleena, bakarra eta larriena izan ez bada ere.

b) Bainerako torturak, gelaraziaren burua kaka urez beteriko bainera batetan sartzen datzanak, haren asfixia bilatzen du eta hari zorabio eta konort galtze ugari eskaintze dio, eta bata bestearen atzean.

c) Logalez, gosez eta egokera desjasangarritan edukitzea ordu luzetan.

d) Tortura moeta berri eta, tamalez, famatuaren agerpena: Elektra korronteak. Birsort aparailuetan edo gorputzeko alde sentiberetan jartzen dira elektrodoak.

e) Ordu batzutaz zintzilikatzea, buruz behera gehienetan, aldi berean kolpatuz.

f) Galdaketa desohoregarriak eta izorratzaileak egiten zaizkie emakume gelaraziei, bilutsik galdatuz.

3.- Herriarekiko eraginari dagokionean, aurreko bi puntuak astuntzera gelarazpenen gehitzea dator, jadanik guztiekikoak eta diskriminagabeak baitira. Sarritan, honela gelarazitako pertsonak ez dira Lege Agintariarengana aurkeztuak izaten, edo beronek aske uzten ditu, ez baitute hauzitan sartzeko lege arrazoirik izaten.

Egoera honetan, ba dirudi gelarazpenek ez dutela errurik bilatzen, terrore giro diskriminagabe bat sortzea baizik.

4.- Polizi kontrolen gehitze ohi ezkoa, harmak disparatzeko prest dituztela beti, zenbait herritarren bizia eraman dute jadanik. Kultur saioak direla, erlijio saioak etab. direla, Bortxa Publikoa gerlarako ekipamenduz agertzean gure hiriak eta herriak hesipetuz, hein handi batetan

5.- Eskuin puntako taldeen ekintza erru gabeen gehitzea:

Bonbak dendetan, haietariko batzu zeharo suntsituz, denden fatxada eta erakuslehioetara tiroak jaurtikiz. Zemaizko eta intsultozko pintaketak herri guztietan. Zemaizko eta sinatu gabeko mezuak telefonoz eta postaz. Eta azkenez, Pellejero eta Anianoren hilketak Mendijurren.

6.- Puntu guztiok, lege aldetiko segurtasun gabe-ziazko giro bat osatzen badute ere, Espainiako Estatuaren ordezkarien hitzezko garantiaz eta paper guztiak dituztela datozen exiliatuek duten desgarantia datorkigu giro hori larritzera.

7.- Preso politikoek jasaten duten hurrupaketaren gordintzea:

Estatuko espetxe desberdinetan banatzea: Puerto de Santa María-ren, Cáceres-en, Cartagena-n, etb., familiartekoen ikustaldiak eta juridik laguntza beharrezkoa zailduz, zigor zeldak eta errekurtsorik gabe egotea, preso arrunten aldean hartzen duten tratu diskriminagabea, familiartekoekiko elkar hizketak beti entzunak izatea, euskararen galeraztea gurasoek beste hizkuntzarik ez jakin arren, aldizkarien eza edo haien zensura, zigorrak eta arakaketa eten gabeak, eta, azkenez, aldizkako edo baldintzazko askatzearen sistemazko ukatzea.

Aipaturiko faktoreek herriaren iraun ezinezko egoera hau lurreratzen dute apurka-apurka. Egoera hau askabide demokratiko gabeziak janzten du.Era berean, politikazko eta sozial libertateen ezak eta euskal nazional problematiko batek ere bai. Eta problematika honi jaramon egiteak eta ebazpide bat emateak dira herriak bere barruan sentitzen dituen eskabideak.

Amnistia oso bat, salbuespenik gabea, politikazko erruz atxiloturik edo exiliaturik aurkitzen diren guztientzat, oraingo legeak terrorista gisa salatzen dituztenak ere bai. Horixe da lehen eta nahitaezko aurrejarpena arazo horien ebatzia eta ondorengo herriaren bakeztatzea etor dadin.

Euskal Herrian, mila, bederatzirehun eta hirurogeitamaseiko ekainaren bostean.


Euskal Herrian

"Vascongadismo"aren dialektika

 "Vascongadismoa" dugu euskaldunok gure etsairik sofistikatuena.

 "Vascongadismo" horren defendatzaile ditugu gure inguruan telebista, gure herriko zenbait irrati, gobernarien aginduak, Eliza beraren mentalitate, eta batik bat zenbait alderdi politikoen jokaerak.

Gure "Gaceta del Norte"rentzat, edo eta "La Voz de España"rentzat ez dago Euskal Herri bat "Región del Norte" baino, Santander eta Burgos barnean direlarik. Erregio horrek betiro "Vascongadas"aren inguruan jokabide desbatutzailea darama gure interes nazionaletarako.

Bere erro historikoan erabili ez behar diren argudioak gaurkoratzen ditu aurreritzi gain nazional batzu espainiar xovinismoaren arauerara moldatzeko. Guk galdetzen dugu joku hau zergatik egiten den bereziki Euskal Herriarekin. Beraz beti Kataluniaren kontzeptupean lau probintziak onhartu ohi dituzte; berdin Galiziari dagokiolarik. Hemen ordea R.T.V.E.-n eta bertako irratien ahotan "Región del Norte"z mintzatzen dira, edo eta "Vascongadas y Navarra"-ren aspaldiko nomenklaturaz. "Vascongadismo" desbatutzaile horren agiri nagusiena "Régimen administrativo para Guipúzcoa y Vizcaya" delako erakundea dugu. Erakunde hori bere barren asmotan Euskal herri nazional baten planteamendurik negatiboena da: "vascongadismoa" bere adierazpen urri ta eskasenetara doa. Araba Nafarroarekin bat euskal elkartetik baztertuz.

"Región vascocastellana oriental"

 "Vascongadismoa" gure herriaren historikoak areagotu ta handiagotu nahi ditu, batasunaren indarra ahulduz. Beraz ez dugu Madrilentzat Euskal Herririk militarki (Burgos), ez unibertsitalki (Valladolid), ez elizaz (Burgos). Zergatik horrelako politika desbateratzailea? Konturatu al gora horrelakorik ez dela ez Galizian, ez eta Katalunian ere? Argian Fraga Iribarne ministro jaunak erantzungo digu garbiki. Fraga jaunak orain bi urte eginiko erregio planteamenduan Euskal Herria ez zen "Vascongadas y Navarra". Euskaldunok ginen "Región vascocastellana oriental". Hots, Fragarentzat ez dugu nortasun berezi baten sustrairik, Gaztelarekin lotuz baino. Besteak zer? Galiziak bai ba du, baita Kataluniak berea, baina gure nortasuna aski ez delarik Gaztelarekin lotzen gaitu. Ba liteke horren arrazoiak kulturalak izatea Fraga jaunarentzat, agian, kultur patrimonioan finkatu nahi badu gure loturen erroa, nola konprenitzen da gobernuaren jokabide diglosikoa euskerarekiko? "Vascongadismo" ofizial hau bitxikeria bat da, halako aurreritzi politikoez nahasia...

"País Vasco y Navarra"

"Vascongadismo" horren atxakia historikoak aztertzen baditugu, ofizial mailatan erantzuna erraza da. Baina zer esan etxe barruko planteamenduetan eta oposizioan ere "vascongadismoa" ez baldin bada gainditzen? Europa guztiak ba daki euskal izatearen identitate funtsak non dauden, eta nortzuk osatzen duten identitate hori... "Cambio 16" eta "Cuadernos para el diálogo" astekariek, ordea, ez dira horretaz enteratu. Horra hor "País Vasco y Navarra" azken zenbakietan... Politikan eta politikagintzan gaur egun "vascongadismoa" onhartzea administralgo zapaltzaile honen joku alogiko ta antihistorikoari segitzea da. Gaur ezin daiteke inor Euskal Herriaren erremiditzaile bezala aurkeztu, baldin eta estadio hori ez badu nolabaitean gainditzen. "Vascongadas" eta "Nafarroaren" berezketa ez dira onhargarri hastapen ta identitate mailan; administralgo ta teknika mailan bakarrik onhar daiteke berezkuntza bat. Teknikak beti diskutigarriak dira eta aldagarriak. Estatutuen problematika honela bideratu behar da, hau da teknika mailan, ez euskal identitate mailan. Nafarroaren nortasun zientifikoa historikoki Euskal Herrian sartzea ukaezina da.

Adierazitako "Régimen administrativo" hori erro-errotik "vascongadismo" azientifiko batetan ari da lanean. Ez gaitu harritzen batere, guk "región vasco-castellana" delakoa osatzen dugula ministro jaunaren lumatik jakitean...

Gure kontraesanak dialektikoki gainditu behar ditugu. Gaindidura hori gure jokabideetan dago. Galde iezaiozue Telebistako "Telenorte" programari zein geran, ez dakite, ba dakite..., agian gehiegi dakite? Gu "Cantabrico Oriental" gara... Bapo. Kontraesanak gainditu geografiaren legez, baina azalez eta asmo txarrez.

Lehen esan dudan bezala gure komunikabideen barren kontraesan azientifiko guzti hauek lehenbailehen salhatu behar ditugu.

Luis Mari MUJIKA


Euskal Herrian

A.T.S.en arazoa hemen

Bizkaiko profesional talde batek, mediku, arkitekto, apareilari, ingeniari, abokatu, ekonomilari, irakasle, albaitari, industrial, enplegatu, eta beste, A.T.S.-en problemaz, beren ikastetan geroaz, eta beren lanaz biziki kezkaturik, eta herriaren onerako berauen lanak duen garrantzi sakonaz oharturik, honako deklarazio hau egitea erabaki dugu.

1.- Euskal Herriko A.T.S.-ek egindako eskabideekin bat egiten garela adieraztea. Eskabide horietan, inportanteenak bezala honako hauk direlarik:

- Formazio oso eta erresponsable bat.

- Unibertsital eskolak sorteraztea.

- A.T.S.-ko irakaslego berezi eta ordaindu bat sorteraztea.

- Era guztietako osasun babesa.

- Eskola egutegia aplikatzea.

- Ekintza independienteetako Departamendu autonomo bat sorteraztea.

- Ikasketa planetan eta gobernu lanetan ikasleek ere maila berdinean parte hartzea.

- Espezialitate gehiago jartzea.

- Erizainen, emaginen eta praktikanteen kolegioak bat egitea Erizain Kolegio bakar batetan.

- Orain arte A.T.S.-ko Ikasketak deritzenak. "Erizantz Zientziak" deitzea.

2.- Gainera, beharrezko iruditzen zaigu, Euskal Herrian Erizainen arazoa benetan konpontzen laguntzeko:

- Erizain ikasketak Euskal Unibertsitatearen barnean sartzea. Beharrizan hau guztiz zabaldua dugu Euskal Herria osoan.

- Erizainen Euskal Kolegio bat sorteraztea, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, eta Nafarroa barruan hartzen dituelarik.

- Medikuntzan elebitasuna ezartzea, lehen pauso bezala, nekazal arloan sarturik. Euskal Herriko gaixo guztiek izan dezatela, horrela nahi izanen gero, erizain euskaldun baten laguntza beren ohe ondoan.

- Hego Euskal Herri mailan (Araba, Bizkaian, Gipuzkoa eta Nafarroan) erakunde planifikatzaile bat sorteraztea, osasunarekin zerikusirik duten ekintza guztiak aztertzeke, planifikatzeko eta koordinatzeko.

- Erizantz Ikasketan barruan euskara beharrezko ikasgaitz jartzea Euskal Herri osoan.

Agiri hau euskaraz eta gaztelaniaz idatzi eta komunikabideetara eman izan da bi hizkuntzotan argitara dezaten.

Bilbon, 1976.eko Ekainean, bere izenean eta aipaturiko profesionalenean.


Euskal Herrian

Denda-langileen burruka

"Asteko atsedenik ez. Larunbata dugu geure helburua!".

Honela dio dendetako langileek atera berria duten eranskailuak. Orain dela hiru hilabetetatik duzu hasia burruka hau, nahiz eta urte askotako asmoa izan orain lortu nahi den xedea.

Zuzenean dagoen problema hau dugu. Jantzi eta oinetako dendetako langileek edo saltzaileek aste bitartean egun erdiko oporraldia dute. Jakina, oporraldi hau larunbat arratsaldekoaren ordezkoa da. Eta, larunbat arratsaldea da, hain zuzen, lortu nahi dutena langile hauek. Aste bitartean duten egun erdiko oporraldiaren eguna, eta goiza zein arratsaldea izango den ere, dendariek inposatzen diete. Gainera, larunbat arratsaldeetan ordu erdi bat gehiago lan eragiten diete —zortzi eta erdiak arte—, eta gehigarri hau ez zaie ordaintzen.

Legeak zer dioen? Merkatalgo legeak, udako hiru hilabeteetako —uztaila, agorrila eta iraila— larunbat arratsaldeak errespeta erazten ditu, oporra eginez. Bestalde, hau ere ba dio legeak: astean hogeita hamasei ordu segidako oporraldia eman behar dutela dendariek beren langileentzat. Baina, ez dio igande aurretik ala igande ondoren egin behar den. Beraz, bi interpretazio daude: bata, bidezkoena, larunbat arratsaldea hartzen duena, eta bestea, astelehen edo beste egunen bat hartzen duena. Praktikan, indar haundiagoa duelako, bigarren aukera honek agintzen du, indartsuena baita. "Corte Ingles"ek larunbat arratsaldeetan zabaldu egiten du, eta horrela nahi du. Bistan dago zer gertatuko litzatekeen beste denda guztiek itxiko balute. Horrela. bada, konkurrentzia lotsagarri eta desleial honengatik, beste denda guztiak, zabaltzera behartuak aurkitzen dira larunbat arratsaldeetan, nahiz eta ados ez agon.

Sindikatukoak, "Corte Ingles"en jokabideari jarraitzen zaizkio, eta ez langileriaren eskubideari. Hau du langileak bere galera "Cortes Ingles"ek, langile asko eta diru anitz duelako iraun dezake aste osoan egun erdi bat ere itxi gabe. Baina, denda ttikiek ez.

Burruka honetan, batez ere, jantzi eta oinetako dendetako langileak dabiltza. Barakaldo, Santurtzi, Bilbo eta Parte Zaharra, eta kasik eskualde osoko dendetakoa langileak batu dira.

Pauso batzu ere eman dira burruka honetan. "Corte Ingles"en aurrean eta Sindikatuaren aurrean manifestazioak egin dituzte, nahiz eta poliziak sakabanatu egin gero. Batzarreetan dabiltza, eta ezertan ere jaramonik egin ezpazaie, grebara jotzeko asmorik ba dute.

Denda-langileen alde gaude, eta ez giza zapaltzaile huts bat den kapitalismoaren alde. "Cortes Ingles"-en jokabidea. kapitalismoak gure herriko langileria nola zapaltzen duen seinale bat gehiago dugu. Ez gaituzte aberatsek askatuko.

Pello Urbizu


Euskal Herrian

Euskarari buruzko ageria

Gaurko egoera

1.1.- Euskal Herria, beronen kulturaren sustraia eta komunikabiderako tresna Euskara delarik, Euskararen bidezko oinordekoa eta erabiltzailea da.

1.2.- Euskal Herriko bizilagun guztiek bizitzaren arlo guztietan Euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dute.

1.3.- Euskal Herrian, baina, euskaldunek ez dute Euskara erabiltzeko erraztasunik, ez eta erdaldunek Euskara ikasteko ere.

1.4.- Espainiako eta Frantziako Estatuek Gaztelaniari eta Frantsesari emandako goitibeherako ofizialtasuna, Euskara galtzeko faktorerik eragingarrienetako bat izan da.

1.5.- Gaztelaniaren eta Frantsesaren faborezko ofizialtasun horrek hizkuntza hauen egoera menperatzailea iraun erazten du, Diglosia ekarriz.

1.6.- Diglosia, gizatalde edo nazio batek beste talde bati bere hizkuntza ofizialki gainjartzea da.

1.7.- Espainiako Estatuari dagokionez, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan gaztelaniari emandako faborezko tratuak Diglosia sorterazten eta pizten du, bi hizkuntza talde bereiztuz, bata bestearen menpean.

1.8.- Beraz, Diglosia horrek, alde batetik bai Herriari bai gizabanakoari berauen hizkuntzaz baliatzeko eskubidea kentzen die.

Bestetik, hizkuntza ofizialez beste hizkuntz-kulturdun herritarrari, zergaemaile den aldetik, bere kulturaz eta hizkuntzaz adierazteko duen eskubidea kentzen zaio.

Are gehiago, berak ordainduriko diruaz beronen hizkuntza eta kultura zapaltzen dituen Estatuaren egitura zaintzen da.

1.9.- Areago oraindik, aldebatekokeriaz (hots, herriari kontsultatzeke) gaztelaniari emandako ofizialtasun horrek, bortxakeria denez gero, indarkeria dakar, gure kondairak erakusten digunez.

1.10.- Euskal Herria, ordea, bere Hizkuntza eta Nortasuna hil zorian ikusirik, ahal izan den bezala erantzuten saiatu da, Ikastolen, Alfabetatze kanpainen eta kultur berriztatzearen bidez.

1.11.- Euskal Herrirako etorkinek, behin baino gehiagotan horretarako egindako inkesten bidez, bertorakotzeko nahia agerterazi dute.

Politika ofiziala

Gobernuak berak, hestualdi batetan ("Estado de Excepción" delakoan) eta Administrazio barnera ofizial ez zen hizkuntza bat eramateko saioek zirauteeino (Barcelonako Udaletxearen arazoa) herri mugimendu horren kontrola eskuratzeko, hizkuntza ezofizialekiko jarrera mugatu du:

2.1.- Urriaren 31ko 2929/75 DEKRETUA:

Gobernuak Euskal Herriari Euskaraz hitz egiteko baimena ematen dio; Euskeraz hitz egitea non eta noiz datekeen zilegi azalduz.

Gaztelaniaren ofizialtasun bakarra indartzean, lehen mailako eta bigarren mailako hizkuntzak bereizten ditu.

- Lehen mailako hizkuntzari (gaztelaniari) edozertarako gaitasuna ematen zaio honela.

- Bigarren mailakoa (Euskara) hala-hola mugaturiko helburu "kultural" batzutara heltzen da eta besterik ez.

Hizkuntza "vernacula" bat ez ezagutzeagatik ezin daitekeela espainiarrik diskrimina ezartzean, Euskara eta Euskaldunak diskriminatzen ditu, erdararen faborez.

2.2.- Hizkuntza Legeak bere 14 eta 17. artikuluetan agintzen duenari begira, Epailaren 30eko 1433/75 DEKRETUA emana da.

Dekretu honen arauera, Euskararen irakaspena euskaldun haurren erdararako bide bat besterik ez da, berau (gaztelania) hizkuntza ofiziala eta nazionala izanki (bigarren art.).

Euskararen irakaspena haurtzarorako uzten du, soilki, EGB-ra eta Aitzin-eskolara mugaturik.

Normaltasunetik kanpokotzat jotzen du Euskara, zeren irakaskuntz ekintza normalen gainean ez baitu eraginik eduki behar.

a) bai eskolen aldetik bai ikasleen aldetik aukerakoa denez gero, ez zaio Euskarari asignatura izaerarik ematen (1. art.)

b) Irakaskuntza honen dohaintasuna ez da lege honen arauera jartzen, ez eta eskolorduetan lekurik ematen.

c) Beraz, Euskarari emandako statusa edozein atzerritar hizkuntzarena baino eskasagoa da.

d) Azkenez, lege horretan ez zaio irakasleen gertatzeari kasurik egiten.

2.3.- 1976.eko Urtarrilaren 20an Ministergoak emandako AGINDUA.

Delako "Orden Ministerial" honen arauera eta aipaturiko esperimentu gisako neurriak praktikara eramateko, Elebitasunerako batzorde probintzialak sortu dira.

Bizkaikoa, hain zuzen, Euskara eta beronen problematika ezagutzen ez dituzten lagunez eratuta dago. Gainera, ez du Euskaltzaindia haintzakotzat hartzen.

Gure aukera

Euskal Herriak bere hizkuntza adierazpen komunikabiderako tresna bezala erabiltzeko berreskura dezan, ELEBITASUNA lehenbiziko pausotzat jotzen dugu.

3.1.- Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Elebitasunak hauk eskatuko lituzke:

a) aipatu ditugun dekretuen deuseztatzea.

b) Probintzia horietako bizilagun guztiek, horretarako behar diren bideez, Euskara Erdara bezain ondo ikasteko duten eskubidea.

c) Bizitzaren arlo guztietan hizkuntza hauez baliatzeko era.

3.2.- Horretarako nahitanahiezko baldintzak:

1) Euskararen Administraziorako ofizialtasuna Euskal Herriko eremu osoan. Hots, Agintari publikoen eta gizabanakoaren arteko harremanetarako izan dadila. Halaber, Administrazioaren erakunde eta enplegatu guztiek Euskara erabili ahal izateko beharra eduki dezatela, herritarrek hala eskatzean.

2) Komunikabideetan (Irratian, Telebistan, Aldizkarietan) tratu berdintasuna ematea.

3) Ofizialtasuna Hezkuntzan ere. Hau da, herritar oro hizkuntza bien ezagutza orokorreraino hel dadila; eta haur bakoitzak gurasoek aukeratu hizkuntzaz bere ikasketak egiteko era eduki dezala.

Honi begira, hona hemen beharrezkotzat jotzen ditugun lehen urratsak:

a) 1976/1977 ikasturtetik hasita, Euskararen nahitanahiezko irakaspena maila eta ikastetxe guztietan, bidea errazteko, geroago irakaspenak euskaraz emanak izan daitezen.

b) Euskaldun haurrei Euskaraz irakats dakiela, erdararen sartzea biguntzeko.

c) Honek guztionek zera eskatzen du: euskaldun maisuen banaketa errazionala egitea, maisuen toki aldatzearen problemari soluziobide bat ematea, eta horien prestaketarako behar diren neurriak hartzea.

d) Euskara eta Euskal Kulturaren asignaturak jartzea eta hori Magistergo Eskolan ezezik, Irakaskuntzaz arduratzen diren Ikastetxe eta Fakultate guztietan ere.

e) Ikastolaren ofizialtasuna ezagutzea eta haiei diru laguntza ematea, dohainik izan daitezen.

f) Euskal Unibertsitatea sortzea.

g) Euskaltzaindiari laguntza osoa ematea.

Agiri honen izenpetzaileak Bizkaiko Profesional Elkarte eta Hauzo Elkarte asko dira. Beren izenak gure urrengo alean argitaratuko ditugu. "Anaitasuna" izenpetzaile hauetako bat da.


Euskal Herrian

Ingeniariak eta euskara

Bizkaiko industrial ingeniariak beren Kolegio Profesionalaren inguruan bildurik daude. Ba dakigu politika aldetik; eta bertan hartzen diren erabaki batzuk, oihartzun zuzen eta ozena dutela, beste Kolegioetan lehenik, Erakunde ofizialetan ondoren eta gizarte osoan azkenik.

Horregatik, eta euskal arazoei buruzko jarreretan eduki dezakeen eraginagatik dakargu ondoko berri labur hau guztien gogoetarako.

Aipatu Kolegioaren Zuzendaritz Batzordearen azken batzarreetariko batetan, Bilboko Industrial Ingeniarien Kolegio Ofizialean eta Elkartean elebitasuna onhartzea erabaki izan da, oraintsu Arkitektoen Kolegioak harturiko bideari jarraikiz Medikuen Kolegioa ere horretan ari dela entzun dugu.

Eta erabaki hori hitz hutsetan gera ez dadin, elebitasunerako batzorde bat osotzen ari dira. Bide onetik dakigunez, batzorde horren inguruan ingeniari euskaldun asko biltzen ari da, teknika gauzetan euskara sartzeko eta teknika euskaraz lantzeko asmoz. Hasteko, Kolegioko aldizkarian euskaraz argitaratuko dituzte beren artikuluak.

Eutsiko ahal diote bere ahalegin horri, eta beren helburua lortuko ahal dute!

Ramon Garai


Euskal Herrian

Lejoa: artzaina kanpora bihoa

Ekainaren hiruan, zenbait aldizkari eta irrati tako ordezkariak deituak izan ginen prentsaurreko elkar hizketa batetara. Bertara Lejoako Zientzi Fakultateko zenbait irakasle eznumerarik eta ikaslek gonbidatu gintuzten. Elkar hizketa horretan, Zientzi Fakultateko Batzarreak Bilboko Unibertsitateko Errektorea den Justo Pastor Ruperez jaunaren dimisioa eskatua zuela jakin erazi ziguten, berri hori zabal genezala erregutuz.

Dimisio hori Errektorearen gidaritza moduarekiko desakordian finkatzen da. Zientzi Fakultateko ikasle eta irakasleen eritziz, Errektore jaunak ez du modu egokiegiz eraman Unibertsitatearen gestioa, eta hori egiaztatzeko, sei horrialde dituen dossier bat prestatu ukan dute. Eta ongi informaturik egon gintezen, dossier horren kopia bana eman ziguten, prentsaurreko elkar hizketara joan ginenoi.

Dossier horretan bat multzotan daude bildurik Pastor-en aurkako kexak:

A) Unibertsitatearen gestio ekonomikoari buruzkoak.

B) Ministergo aurreko gestioari buruzkoak.

C) Bizkaiko agintariekiko gestioari buruzkoak

D) Errektoreak informabideei zabaldu dion informazioari buruzkoak.

E) Unibertsital kideekiko gestioari buruzkoak

Multzo bakoitzean, banan banan eta numeraturik adierazten dira Errektore jaunaren egintza desafortunatuak. Antza denez, ikasle-irakasleek haserre egoteko arrazoi franko ba dukete.

Baina haserrea disparatu duen egintza, Fakultateko Dekano berriaren hautapenean gertatu dena bide da. Aurreko Dekanoak bere dimisioa aurkeztu eta goi agintariek dimisio hori onhartu ondoren, Fakultateko Batzarreak bide demokratiko batez aukeratu ukan du martxoan bertarako Dekano berria. Baina berau ofizialki izendatua izan zedin, Errektore jaunak hiru izen bidali behar zituen Madrilera, Ministergokoek berorien arteko bat izenda zezaten. Izenekin batera, bakoitzari buruzko txostentxo bat bidali behar zuketen. Dena dela, eta nahiz eta Errektore jaunak "El Correo Español"-en agerturiko elkar hizketa batetan (1976-III-26) hiru pertsona horien izena bidalia zuela esan zuen, oraindik blokeaturik ditu izenok Bilbon, Madrilen bidali gabe.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa, Zientzi Fakultateko azken Batzarrean (1976-IV-9; 1976-IV-28 eta 1976-V-4 egunetan hospatua) gehiengo izugarri batez errektorearen dimisioa eskatua izatea

Gero zer gertatu den

Dimisio-eskaria aurrera eroateko, bi irakasle numerari, bi irakasle eznumerari eta bi ikaslez osoturiko batzorde bat antolatu zen Batzarrean bertan Batzorde honetakoek Unibertsitateetako Zuzendari Generalarengana joan behar zuten lehenik, Batzarrearen erabakiaren berri ematera. Gero Errektoarengana joan behar zuten gauza bera egitera. Eta azkenik, informabideetara.

Hilabete osoan, bata deia edo bestea dela, ez zaie posible izan Zuzendari Generalarekin audientzia lortzea. Bitartean, Zientzi Fakultateko agintariek pasiboki hartu dute arazoa, Batzarrean hartutako erabakia inoperantea geratzen zela ikusi arren.

Horregatik, besterik ezean, irakasle eznumerarien ordezkariek beharrezkoa ikusi ukan dute,arazoa publikoki airatzea. Eta honetara heldu dira.

Arazo honetan, beste gauza batzuren artean, ikasle-irakasleek Errektorea demokratikoki aukeratua izan behar dela dakusate argiroki. Hauxe dateke, orain gauden zulotik irteteko bide bakarra. Ea, bada, horrelakorik laster ikusten dugun.

J.R. Bilbao


Euskal Herrian

Eskola pribatuetan euskarak jai

Denok dakigunez eskola pribatuetako komenioa dela eta zenbait istilu eta agiri ateratzen ari dira.

Hauen artean aztergarria da F.E.R.E.-aren batzordeak idatzitako bat, eskola pribatuetako gurasoengana zuzendaritzaren bitartez bidaltzeko. Bertan sozial aldekoekin izandako harreman konkretu eta zein egunetan izan diren agertzen da. Baina alde hori utzirik, nere ustez oso zabala eta aurreratzaile agertzen da idazki guztia.

Bakarrik puntu bat, kontraesan bat nere ustez, hemen aztertu nahiko nuke.

Bostgarren eta seigarren artikuluetan honela dio:

5.- Propugnamos dentro de una sociedad democrática y socialista, la libertad de elección para la educación de sus hijos por parte de los padres, así como la libertad de creación de centros educativos con una ideología definida y clara, de acuerdo con las exigencias familiares y sociales.

6.- Rechazamos cualquier tipo de estatificación en la enseñanza y en la educación que lleve consigo cualquier imposición de dictadura intelectual uniforme para todos los ciudadanos. Por el contrario somos partidarios de una socialización de la enseñanza que ofrezca a todos los ciudadanos la posibilidad de una educación conforme a su ideología propia.

Pentsatzen dut bostgarren artikuluan aipatutako gizartearen exigentziak, seigarren artikuluan esandako, horren aurka egon daitekeela. Halegia, askotan gizartearen exigentziak norberaren ideologiaren aurka, egoten dira. Batez ere ideologia horik berrogei urtetan erabateko alderdikeriaz landuak izan badira. Funtsean agresibitate batetan hezita izandako bati, nola eman dakioke, askatasunaren izenean, eskubidea bere gustuko instituzioak sortzeko?

Eta niri axola zaidan euskararen arloan, berrogei urtetan gure herriko hizkuntzaren alde lan egin gabe, egondakoek, edo gure hizkuntza deusezteko jokabide batzu onhartu dituztenek, nola eska dezakete orain bakoitzak nahi duena egitea? Hizkuntza ia heriotzara eraman duenak, askatasunaren legean jokatu behar du, ala hizkuntza hori lantzeko beharturik egon beharko du?

Pentsatzen dut pertsona horiek gure herriari izugarrizko zor bat diotela. Egindako kaltea konpontzeko, euskara birbiztuteko lan egin beharko dutela uste dut.

Agustin Ozamiz


Euskal Herrian

Udako Euskal Ikastaldiak Arrasaten

NON: Teknik Ikastegian

NOIZ: Uztailaren 1etik 14era

Goizeko 9.30etatik - 13.30 arte.

Arratsaldeko 15.30etatik - 18.30 arte.

Oharra: larunbat eta igandeetan ez da ikasketarik izango.

IRAKASLEAK: J. R. Etxeberria, X. Kintana, X. Mendiguren, J. R. Ayastuy.

MATRIKULA: helbide honetara eman izenak: CIM

Idiomas - E.P.P. - Mondragón

Epea ekainaren 15ean bukatzen da.

Tfno. 79 14 45

A) ikastaldia: euskara itzultzen ikasi nahi dutenentzat (teoriazkoa eta praktikazkoa)

Gaiak.

- euskararen sakonketa: gramatikako zenbait arazo, Euskara batuaren azken lorpenak.

- itzulpen mota eta teknika desberdinak.

- eredu batzuren azterketa (Leizarraga, Axular, Orixe eta gaurkoak)

- itzulpen mailakatuak (Ariketa)

Textua: "Hizkuntz-ariketak" liburua; derrigorrezkoa ikastaldirako.

Oharra: Euskaltzaindiaren titulua ukanik, euskara aski ongi ezagutzen dutenentzat bereziki prestatua da.

B) ikastaldia: euskal irakasle izan nahi dutenentzat (teoriazkoa eta praktikazkoa)

Gaiak:

- Euskararen sakonketa: deklinabidea, aditza, atzizkiak, sintaxia, analisi morfo-sintaktikoa.

- Euskararen irakaskuntz metodologia (Euskalduntzen I, II, III eta Alfabetatzen I).

- Euskal Literatura (Euskaltzaindiaren programakuntza).

Textua: "Hizkuntz-Ariketak" liburua; derrigorrezkoa ikastaldiarako.

Oharra: Euskaltzaindiaren D irakasle titulua lortua nahi dutenentzat eta euskara eta metodologia hobetu nahi dutenentzat bereziki prestatua da.

C) ikastaldia: euskaraz hitz egiten ikasi dutenentzat

Gaiak:

- "Euskalduntzen" III-koak.

- Deklinabidea eta aditzari buruzko ariketa bereziak.

- Elkar hizketa.

Textua: "Euskalduntzen" III, derrigorrezkoa ikastaldirako.

Oharra: "Euskalduntzen" I eta II ikasirik, hitz egiteko erraztasuna lortu nahi dutenentzat bereziki prestatua da.


Euskal Herrian

BERRIAK aldizkariaren berri onak

Maiatzaren 24ean, Bilboko Txoko Eder jatetxean, "Berriak" aldizkariaren projektu presentapena egin zen. Aldizkari honek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan zehar 112 akzionista ditu, eta kazetari profesional talde baten ardurapean aterako litzateke. Zuzendaria Eduardo Magallón Torres eta zuzendariordea Jacinto Pérez Iriarte izango dira.

Astekariak, oinharriz, objektibo eta guztiei irekia izan nahi du, Euskal Herriaz (Euzkadiz, barkatu!) orain arte Madriletik ematen den informazioaren desegoki eta laburtasuna gainditzeko.

Erdaraz (% 70-80) eta euskaraz (% 30-20) agertuko da, edozelako artikuluak (itzulpenik gabe) hizkuntza bietan agertuz. Offset-ez inprimatua, hasteko, 25.000 ale aterako ditu; baina urtebetegarrenerako 75.000raino heltzeko asmoa dute.

Bilbon egin zen kazetalaurreko elkarrizketan, Luis Haranburu-Altunak, euskaraz, aldizkariaren asmo eta xedeak azaldu zizkigun. Lege baimenak lortzeko gestioak jadanik oso aurreraturik daude ministerioan, eta datorren udazkenerako astekaria kaleratzeko esperantzan daude. Ea bada!

Xabier Kintanak


Euskal Herrian

"Etxe sartzea". Bide berriak

Baigorrin lehenik eta gero Irisarrin emana izan da "Etxe Sartzea". Lerro hauk argitaratuko direneko, beste zenbait herritan ere dudarik batere gabe...

Ez naiz segur, "antzerki" edo "teatro" izena eman behar zaionik. Ez baitu gauza handirik ikustekorik, hala deitzera ohituak garen ikusgaiekin. Beste zerbait, beste gisa batez moldatua, beste molde batez idatzia, beste moduz jokatua...

"Toberak" ere ez dira. Ez, bederen, egiazko toberak; nahiz, hori ezin uka, toberetarik zerbait hartua izan den. Toberak, "eskenario", "hari" finkatu baten arauera ematen ziren, "Etxe Sartzea" urrundik baizik ez darraiona.

Baigorri. Herriaren hitsa: deusik ez egiteko; zaharren gogoetan baizik ez dirauen lehenagoko herriko bizia berriz aurkitu nahia; elkarrenganatzeko, biltzeko beharra... Zer egin? Gazte talde batek solas eta arrenkura horik darabiltza. Hortik jalgiko da "Etxe Sartzea": gazte horien biltzarreetarik. Antzerki gisako zerbaiten egitea erabaki baitute. Egitea eta ez ematea; hots, haiek beraiek hastetik bururaino asmatu eta moldaturik. Horretarako, teatro lanetan zerbait trebatuak diren bi laguntzaile deitu dituzte: K. Etxalus eta D. Landart. "Etxe Sartzea" talde-lan honen emaitza da.

Igande arratsalde batez, Baigorriko eliza ondoko plazañoa. Laupabost ehun jende, hor nonbait. Eguzkia bera ere ikusle. Gure aitzinean, ostatu dirudiela, taulada tiki bat etxe bati kontra; zertarako den ez dakigularik, ezen antzerkiaren denboran ez zen erabiliko: beharbada zin-zinez teatroan ez gaudelako? Eskuinean, etxeari datxekiola, frontoia. Ezker aldean, jarlekuak ere.

Gibeletik, gu so gauden aldetik, laborari zahar bat sartzen da. Asto batekin lanetik heldu, astoari eleka. Hasten da.

Gaia asmatua bada, ez da arras, ia egun guztiz gertatzen baitira honelakoak: laborari zahar bat etxaldearen saltzera behartua. Nori sal. ordea: Paristar Markesa aberatsari, herriko jaunek nahi luketen bezala, eta aski sos eginez horrela, gero asken egunen goxoki bezain tristeki zahar-etxe batean iragatzeko? Ala prezio apalagotan, baina etxen egonez, etxaldeko lurren behar gorritan den laborari gazte zenbaiti?

Lurra, bizitzeko haren lantzearen beharra duenari zor zaio. Ideia nagusi horren inguruan josia da guztia. Luzeegi litzateke antzerkiaren kondatzea. Azkena bakarrik: alde batetik, herriko jaunak, tratularia eta aberatsak, legea beren alde baitute noski, poliz gizon andana batek zainduak; beste aldetik, etxaldearen saltzailea, laborari xumeak eta gazteak. Hauziak, burrukaz beste garbibiderik ez du. Joka hasi aitzin, ikusleak, nor bere alderdiaren hautatzera gomitatuak dira. Horri esker, herri-jaleen aurkako herri-batasunari esker, laborariak dira garaile aterako.

"Etxe Sartzea" ezin daiteke teatro erizpideen arauera, juja. Euskal teatrogintzaren akats nagusia den "erakusteko" eta "irakasteko" nahikeria hura, hemen galbide eta oztopo izan beharrean, bultzagarri gertatzen da. Pertsonaien psykhologiarik ezak beste funts bat hartzen du; haik ez, baina mugimenduak, "situazioak" baitira munta handien dutenak. Jokalarien ahal mugatuak baliatuak dira, eta ez, besteetan gertatu ohi dena, "jasanak". Ez da harritzeko, halatan, une ahul eta flakoenak teatro klasikoaren irudikoen izatea; hots, mugimendua, jokoa, pertsonaien gogoeta eta hitzetara iragaten delarik.

Daniel Landartek idatzia du antzerkia, Baigorriko gazteen bilkuretako elkar hizketen arauera. Euskal teatro-idazlearentzat, esperientzia berri bat izan da, gure ustez jarraitzea merezi duena. Ezagutzen dugu Landarten buruhaustea: gaurko euskaldunentzat idatzi nahi du, Euskal Herriko eta euskal populuaren egoera latza adieraziz. Bidenabar euskal teatrogintza aurrera atera nahi luke. Ba daki ordea, urrunegi joaten bada, euskaldunak ez zaizkiola jarraituko. Ez du, bizkitartean, haiengandik bereizi nahi. Eta gisa guztiz ere, hiltzera daramaten herri hau aipatuz, nola izan daiteke lekuko edo idazle soilik? Nola ez oihuzta? Nola ez jazar eta oldar? Nola egon deika, ari izan gabe?

Hortik, usu, haren lanetan hain haztun eta pairagaitz gertatzen diren "peredikuak". Etxe Sartzeak" kontradikzio honetarik ateratzeko bide bat erakutsi du. Iholdi; Baigorri; bide hau segituz, euskal teatrogintzak adieraz molde berri eta egokiagoak aurkituko ditu.

Segur, ba da oraino lan askoren egiteko. Profesionalismorik eza, ez da —nahi eta ez— gauza ona. Ez ditzagun geure buruak engania. Polotan ez dakitenek, pilota partida txarrak eginen dituzte. Teatroan ber gauza: antzerkilariak beren lanetan doi bat trebatuak ez izanik, antzerkirik ederrena ere zerbait hits eta aspergarri bihur eraziko dute. Ez da mirakuilurik.

Alta bada, "Etxe Sartzea" eskaini diguten Baigorriko hogei gazteak ez dira antzerkilariak. Ez. Hala balira, "Etxe Sartzea" ez litzateke ikusi dugun ikusgaia. Zerbait artifiziala, ordea, gaizki idatzi eta osatua; zerbait entzungaitz.

Hamar bat euskal antzerki eman dituzte aurten ipar aldean. Antzerki "klasikoak" (Monzon, Larzabal, Landart); zenbait herritako gazteek emanak. Neke da, herri tiki batetan gazte zenbaitzu bost ahaletan ari izan ondoren, egin dutena, deus bainoago, urrikalgarria dela erratea. Ondikoz, ez dea hala gertatzen gehienetan? Kultura ofizialetik aparte, telebistaren kontra, zinearen kontra, gizarte honek eskaintzen dituen atsegin bide guztien kontra, holako gauzek oraindik irautea hain da harrigarria, non haien gutiesteak ezinezko baitirudi. Etsaiaren jokoaren egitea litzateke. Lehen-lehenik, iraun; oroz gainetik, bizi.

"Etxe Sartzea"k, aldiz, aitzinago garamatza: bide berriak urratzen ditu.

Ez, gure Herrian, ez da antzerkilaririk, ez da teatro lanetarako tradiziorik, eskolarik, publiko ikasirik.ez da egiazko antzokirik. Baina, "Etxe Sartzea" beste zerbait da. Tobera berriak?

Beñat Bidegorri


Iberian zer

Nora eraman nahi gaituzte?

Espainol Estatuko egoera

Benetan inkoherentea azken hilabeteotan Estatu mailan bizitzen ari garen bilakabide politikoa.

Batetik, gobernuko ministru erreformazalean deklarapenak ditugu. Deklarapen hauetan, Europaldeko herrietako demokraziarekin konparagarri den demokrazia lortzeko duten asmoaz, kanpoko eta barruko oro, konbentzitu nahirik azaltzen dira. Bitartean, ordea, Arias lehendakariak, oposizioaren aurkako erasoez beteriko hitzaldi mugigaitza egiten du. Bestetik, oposizio berau, erregearekin elkar-hizketa zuzenak edukitzen hasten da.

Gasteizeko gertaerak galerazteko bideak jarri ez ziren legez, ez dira aitortu nahi Montejurrakoaren gisako aurrez sonaturiko ekintzak ere. Kontutan har, gainera, hau guztiau, alderdi politiko denak, komunista ezik, legalizatuak izango direla hilabete barru, Fragak Reagrupament Socialista i Democràtic de Catalunya-ri esan zionetik egun guti zirelarik gertatu dela.

Madrileko Autonoman eta 50.000 gazteen asistenziaz, Iberiako Herrien Jaialdia hospatzen uzten. da, "24 Orduak Euskaraz" zela eta, Anoetako jaialdi izugarria laga zen legez. Bitartean, ordez, Santutxuko Kultur Hamabostaldiko Jaialdia ikusten ari ziren 8.000 pertsonen aurka erasotzen du poliziak.

Debekatu egiten dira manifestaketak, galerazi hitzaldi eta kultur saioak, ezlegaltzat jotzen dira Udaletxeetako erabakiak, handiagotuz doa politik atxilotuen zenbakia, beren betiko tortura-moduekin diraute komisaldegi eta koarteleetan,... Eta hau da. esaten dutenez, demokraziarako bidea (!).

Erreformazalekeria ofizialaren aurrean, eta aldaketaz ezertxo ere entzun nahi ez duen bunkerraren kontraldean, oposizioa aurkitzen da. Espainiako Nazional Fronte egiazkoa den Demokratik Koordinaketan biltzen da oposizioa hau. Talde honek eten negoziatua proposatzen du, hots egitarau demokratiko minimo batekin, maila guztietan eta denekin negoziatu.

Halaber, nola Galizian hala Catalunyan beren "fronte nazionalak" sortu direla dakusagu. Hauk izango dira, azken batean, aipatutako Espainiako fronte nazionalaren interlokutoreak.

Euskal Herrian zer?

Gure Herrian ez dugu Estatuko beste Nazional Fronteekin harremanetan lebilkeen Euskal Nazional Fronterik.

Hor datza "Gobierno de Euskadi"deitzen dena, non ez dira dauden guztiak, eta ez daude diren guztiak. Halaber ba dago "Asamblea Democrática de Euskadi", Gernikan sortua joan den Urtarrilaren lauean, non ez dira daudenetarik inor. Ba dira ere alderdi desberdinak eta abertzale ezkertiar taldeak, "Asamblea"n sartu ez direnak eta "Gobernuak" aitortzen ez dituenak.

Nolako geroa espero dugu? Agian ezer itxaron al dezakegu espainol kristau-demokratengandik Gil-Robles-ek Estatu federal bat bera ere onhartzen ez duenean? Ala euskaldunok nazi garela esaten duten Felipe-ren jarraitzaleengandik? Ala Nafarroa Euskal Herrikotzat hartzen ez duten Carrillo-ren jokabideengandik?

"Gobernu" barrutik bultzatutako Euskal Kontseilu Nazionalari buruz berba egiten da. Nortzuk osatuko dukete berau? Egingo al zaie lekurik euskal ezkerraren indarrei? Ala espainol alderdien ordezkaritzaz errepresentatuak izango dira berriro?

Euskal politika bat non dago? Euskal Herrian ez al dago politikaririk, espainolez aparte?

Erna garaian gaude, ez badugu berandu heldu nahi berriro ere.

M. BADIOLA


Munduan zer

Politika. Bi sozialismo guttienez

Eredurik?

Guti dela, Olof Palme (sozialista izateagatik baino ihaz Madrileko Gobernuaren kontrako kanpainagatik, gure artean ezagunagoa dena) Sobietar Batasunean izan da ofizialki ikustaldi bat egitera joana. Jugoslaviako Tito ere Stokolmora joan berri da. Eta udazkenean joatekoa Kubako Fidel Castro.

Joan-etorri hauk direla eta, batek baino gehiagok berriz ere Suedia jarri du eredutzat. Suediak duen erakarmena ezaguna da. Hango neskak bakarrik ez baino hango sozialismoa ere asko famatzen da. Kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko sintesia da hangoa batzurentzat: alde batetik industriaren % 5 bakarrik sozializatua eta bestetik berdintasun edo igualitarismo gehieneko herria.

Ez Suediakoa ez Sobietar Batasunekoa hartzen dutelako eredutzat, sozialismo berri baten bila dabiltza beste batzu. Mitterrandek zuzentzen eta gidatzen duen sozialismo moetak du, azken partean, arrakastarik handiena. Mitterranden joerakoak dira De Martino, Mario Soares, Felipe Gonzalez,eta beste.

Joera honetako sozialismoa, agian berrikuntza handiagoen bezperatan dago. Mitterrandek berak esan duenez, Frantzian bertan ezkerra gobernura iristea ez da aurrerantzean gerta litekeen zerbait, guti barru gerta daitekeen zerbait baizik. Frantzia bezalako herri aurreratu batetan ezkerra (sozialistak eta komunistak, alegia) aginteaz jabetuko balitz, inguruko zenbait situazio itzulipurdikatu egingo lirateke. Ez da Europaren goikaldean gertatzen den sozialismoarekin konparatzekoa kasu hau, nahiz eta haik ere herri aurreratuk izan. Ba da eta alderik franko bi sozialismo lauen artean.

Hegoa eta Iparra

Sozialismoaren azterketan jadanik klasiko bilakatu da bi sozialismo moeta hauen bereizketa. Batzuk sozialdemokrazia eta sozialismoa bereizten dute, beste batzuk nahiago dute, gauza bera esateko, Iparreko sozialismoa eta Hegoko edo Mediterranioko sozialismoa bezala bereizketa izendatu. Sozialismoaren aldetik begiratuta ere, bitan zatikatzen da Europa. Eta bi sozialismo bide hauen diferentziak aski ugari dira. Batzu aipatzeari ekingo gatzaizkio orain, bakoitza hobe definitzeko asmoarekin.

Europako Alderdi sozialistak Danimarkan bildu zirelarik ere, desberdintasun hauk ez ziren fitsik ere ezabatu. Bakoitza bere jokabidean finkatuagorik atera zela pentsatu ere pentsa dezakegu. Han bildu ziren 17 alderdi haietan, bi linea nagusitzen ziren argi eta garbi.

Alde batetik, Ipar aldekoak. Hauen artean, britainiar laborismoa, Eskandinaviako alderdiak, eta germaniarra. Kasu hauetan denetan, sozialistak agintean daude. Eta agintera iritsi ere, komunisten laguntzarik gabe ailegatu dira. Alderdi komunista, gainera, minoritarioa da.

Beste aldetik, Hego Aldekoak daude, Frantzia, Italia, Portugal, Espainia, eta abar. Mediterraniarrak ere deitzen zaie hauei. Alderdi komunista dela eta ez dela, alderdi sozialista hauk, ia beti, gobernutik kanpo aurkitzen dira, agintetik bazterturik.

Kapitalismoaren aurkako burrukan bat etorri arren, ez burruka egiteko orduan eta ez agintera iristerakoan jokabide bat bera har dezakete goiko eta beheko alderdi sozialista hauek. Ipar aldekoak eskuina zaindu beharrean aurkitzen dira. Hegoak, ostera, ezkerra. Hauentzako agintea hartzeko posibilitate bakarra, Ezkerraren Batasunaren barruan da. Eta hortik doaz. Jadanik 1972an Mitterrandek esan zuenez, "komunisten parean jartzeko bide bakarra, eta haik gainditzekoa, beraiekin bateratzea da". Alderdi komunistak oso minoritario diren herrietan ez dago holako arazorik. Eta hauxe da hain zuzen ere Ipar aldeko alderdien kasua.

Kapitalismoarekin hausteko estrategia ere oso desberdina da biena. Emeki emeki erreformak eginaz jo nahi lukete aurrera Ipar aldekoek. Adabakitan ibiltzea litzateke hori, mediterraniarrentzat. Erabaki gogorragoak hartu behar dira kapitalismoaren aurka, zirt edo zart egin behar da deus funtsezkorik lortu ahal izateko, diote hauk.

Hego aldean, autogestioaren bidetik

Ipar aldea, hitz batez esateko, sozial-demokraziazalea da. Sozialismo beratua da hori Hego aldekoentzat. Hauen "image de marque" sozialismo autogestiozalea da. Joera hau geroz eta nabarmenagoa da.

Europa beheko sozialismoak, urte honen haseran, Mitterranden gidaritzapean Parisen egin zuen bileran ere garbi ikusi zen, puntu sendoenetariko bat sozialismo autonatiba gisa aurkezten dute. Sozialdemokraziaren aurrean alternatiba. Eta berdin, marxisten aurrean alternatiba. Irudi honekin agertu nahi dute jokura.

Autogestioa beretzat hartuz, alderdi sozialistek uste dute ba direla gauza sozialdemokraziaren tentazioari eusteko, horretarako kapitalismoaren kontrako burruka hauspotuz. Aldatuz eta desestalinizatuz doan alderdi komunisteri ere erresistitzeko gauza ba direla autogestioarekin uste dute alderdi sozialistek. Alderdi komunistengandik bereizteko, demokrazia pluralistaren beharra azpimarratzen dute sozialistek.

Situazio eta historia desberdinei egokitzen dakielako sozialismo bat baino gehiago dago. Ez dago monolitismorik, ez dago dogmatismo itxirik. Sozialismoaren alde doa hori. Era bateko ebakiduraz eta zismaz norbait mintzatu arren, bi sozialismo moeta hauek harremanetan tinko diraute. Etendura beste nonbaitetik sort dadin nahi ez bada, herri handietako sozialista hauek herri tikietako arazoak eta arreta handiagoarekin begiratu beharko lituzkete. Eta, beraz hauetako alderdi sozialistekin harremanetan jarri. Zeren eta, hemen ere, ba liteke sozialismo moeta berriren bat bilatzea. Bi sozialismo beraz? Hiru ere bai.

Joan Mari Torrealday


Elkar ikuska

Euskal Udalekuei buruz. Jexus M. Arrietarekin

Uda gainean dugularik, Euskal Herrian garrantzi handia duen fenomeno honetaz zertxobait jakin nahian jo dugu, Jexus Marirengana.

Berau, idazle eta hizlari trebea ez ezik, "EUSKAL UDALEKUAK" deiturikoen zuzendaritzakoa ere ba da.

Guztiok zerbait ikasiko dugulakoan, eta hain arrakasta handiko erakunde batek gure laguntza osoa behar duelakoan ematen ditugu argitara iritziok.

1.- Noiz eta zein asmotarako sortu zen "Euskal Udalekuak"?

Euskal Udalekuak, nik dakidanez, lehen aldiz Arabako Barrian egin ziren. Orduan ikastola gutti zen eta haur ttikiak zebiltzan. Ikastaroan ikasten zuten euskara maiz galdu egiten zuten, hein batetan, uda sasoian. Hau nolabait zuzendu nahirik sortu zen lehen Euskal Udalekua. Haur horiek erdal eskoletan sartu beharra zuten, ordea. Eta, horrela, galera handiagoa zen. Horregatik, garai hartan ikastola urteetatik iraganak ziren haurrak, udan bederen, euskal giro batetan hartu nahi izan zen. Horretarako Araban bertan, Ozaetan, antolatu zen dorretxe koskor batetan beste Udaleku bat. 1967. urtea zen. oker ez banago.

Lehen eta oraingo helburua, beraz, gure. haurren euskal izatea eta nortasuna lantzea eta sendatzea dute Euskal Udalekuek. Horretara eta haurraren gizo izatea ere lantzera zuzentzen ditugu Udalekuko ekintzak oro: jolasak, jokuak, zinema saioak, ipuinak, antzerkiak, eta abar.

2.- Zein epe nagusi iragan du?

Hurrengo urrats nagusia hauxe izan zen: ikastolakoek ez eze, erdal eskoletan zebiltzan haur euskaldunek halako zerbaiten behar are handiagoa zutela ikusirik, Saturrarango Seminarioan Euskal Udalekua antolatzea Saturraranen eta Debako etxe batetan eman zitzaion bigarren aldi honi hasera. 130 haur izan zen urte hartan, bi txandatan. Hasera aski latza, ez baikenuen deus ere eta ezagunak ere ez baikinen.

Urte hartan begiraleek hautaturik. Pedagogi Batzorde bat sortu zen. Hau axolatu da, geroztik, Udalekuen antolatzeaz. 19 70. urtean Nafarroara jo genuen, klaretiarrek eskaini ziguten etxe batetara. Honelaxe sortu zen Beireko Udalekua. Ondoren, Saturraran utzirik, Abaigarren eta Antzinen ireki ditugu Udalekuak eta, azkenik, aurten Arabako Bernedon.

3.- Gaur nola daude eratuak lau etxeok?

Batzorde Eratzaile batek, begirale eta sukaldarien laguntzaz eratzen ditu. Betidanik, haurrak taldeka banatu izan ditugu. Hamar laguneko taldeak, batik bat. Talde bakoitzak begirale bat izan ohi du, laguntzaile eta zaindari. Lau etxe horietan, txandaka taiuturik, E.G.B.ko maila orotan dabiltzan neska-mutikoentzat antolatzen dira Euskal Udalekuak. Talde bakoitzak bere nortasuna du, baina begirale orok dakite besteen berri, zenbait joku eta ekintzatan batera joanki.

4.- Zenbat haur duzue aurten? Joan nahi duten guztiak hartzea izan al duzue? Zenbat ordaintzen dute?

Aurten, batekoz beste, 1.400en bat haur ditugu izan eman eta onhartuak. Zoritxarrez. beste asko eta asko gelditu da tokirik gabe eta, geure gogoaren kontra, ezetz esan behar izan diegu.

Aurten 2.200 pezeta eskatu zaio haur bakoitzari. Horrek aurtengo martxan gastu osoak beteko ez dituenez, ahal duten gurasoei gehixeago emateko eskatu diegu. Askok ongi erantzuten du.

5.- Zein duzue finantziabidea? Diru problemarik izaten al duzue?

Berez finantzia bide bakarra haurrek ordaintzen dutena besterik ez dugu. Ez digu erakunde ofizial batek ere laguntzen. Baina adiskide eskuzabal zenbait aurkitzen dugu Euskal Herrian barrena: jeneroa erdi prezioan eman ohi diguna, bai eta hutsean eman ohi diguna; diruz laguntzen diguna eta, batez ere, deus jaso gabe Udalekuan lan egiten duten guztien laguntza. Aurrera jarraitzekotan, finantzia bide berriak urratu beharko ditugu.

6.- Nola prestatzen dira begiraleak eta nondik atera hainbat begirale?

Urte barruan zenbait bilkura eta, batzuetan, ikastaldiak eginaz presta ohi dira begiraleak. Bai eta txanda bakoitzeko begiraleak elkarrekin bilduz eta zenbait gai elkarrekin landuz: jokuak, eskulanak, psykologi gaiak, pedagogia, kantak, kultur gaiak...

Begirale gehienak ikasleak dira, beren oporrei egun batzuk kendurik, Udalekuan 20 egun haurren zerbitzuan eman ohi dituztenak. Bada zenbait langile ere eta profesio liberaletako bateren bat.

7.- Zein asmo duzue "Euskal Udalekuak" hartzen ari den indarra ikusirik?

Bai, zinez indarra hartzen ari dira Euskal Udalekuak. Guk uste genuena baino gehiago. Haur gipuzkoarrarekin hasi ginen. Gaur esan daiteke Euskal Herri osotik datozkigula: Gipuzkoatik, Bizkaitik. Arabatik, Nafarroatik, Lapurditik.

Agian, pixkanaka eskualde edo eta herri bakoitzean udaleku bereziak antolatzeari ekingo zaizkio, hotsa denez. Horregatik zail da gure lan honek nolako iraupena dukeen neurtzea. Hala ere, luzea erizten diogu. Horrek bultzatzen gaitu ditugun etxeak hobeki atontzera eta gure Udalekuen zabalerak zenbaterainoka behar duen etengabe aztertzera. Herriak eska dezan artean, zerbitzu koskor hau eskaini nahi genioke.

Antton I.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGAKO


Gurutzegrama


Urrezko astabelarriak

Bilboko La Gaceta del Norten zer nolako euskal eritziak dauzkaten ez da erraz, halafedea, asmatzea. Sasoi batetan ERRI KIROLAK idazten aritu ondoren, Bengoa Zubizarreta adiskideak, euskararen batasuna delako zerbait ba zegoela nonbait aditurik edo, HERRI KIROLAK ezarri zuen. Orain dela guti, aldiz, ez dakigu zergatik, susmatu arren ere, dzapa! goian azaltzen den moduko perla jarri digu, euskaraz r pikordunaren erremua jadanik pasatua zela eta orain r bikoitzaren errepublikaldian bizi ginela uste genuenoi, antza, bestela pentsarazteko.

Dena den, adiskide Jose Luis, oraingoan behintzat ez dik inork ukatuko gure astabelarrietarako duan merezimendua. Tori.