ANAITASUNA

1976.eko Maiatzaren 15ekoa

317. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

D. L. BI-1753-67

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

SANTUTXUREN BOZA EUSKARAZ


AURKIBIDEA

3: Editoriala

4-5: Tantaka

6: EUSKAL HERRIAN

Deustuan euskara nahi

7-9: Santutxu

10: Debako arte eskola

11: Hamabostaldia Billabonan

12-13: Gasteiz: maiatzaren lehena

14: Euskal sozialismo bat behar

15: Larrabetzun ikastola nahi

16: "Live-long education"

17-18: M. Goihenetxe eta J.L. Davant

19: Telefonoa

20-21: IBERIAN ZER

Areilza Italian

Portugal Europaren irudira

22: Kantzerra eta viruak

MUNDUAN ZER

23: Kissinger Afrikan

24-27: Kultura munduan

28-29: Georgiaren historiaz

30-31: Elkar ikuska

32: Liburuak

33: Postaz etorriak

34: Zapaburu birbiztua


Editoriala

Irekitasun eta erreforma demokratikoa

Izan da, bai, gairik, azken aldi honetan, gure herrian eta inguruan, aldizkari batetan aipatu eta aztertu beharrekorik. Denak ez egiteagatik, bat edo beste aipatzeari ekingo gatzaizkio oraingo honetan, aipatu hutsarekin esanguratsu direlakoan.

Urtetako burrukak ongi frogatu duenez, Maiatzaren lehena, langileen adierazpen askatuaren eguna da. Aurten ba zen asmorik eta esperantzarik, baina inoiz baino kontrol hertsiago, erasoaldiak, arineketak, jende harrapaketa masiboak inoiz baino ugariago. Hemen belarririk ez da higitu behar.

Kultur hamabostaldi bat ospatu da Bilboko hauzategi jendatsu batetan, Santutxun alegia. Herriaren kultur, nortasun eta gogo adierazpen bat. Baina Euskal Herriko ikurrin bat agertu zela eta, inongo erasoaldiak, egurra ezagutu genituen, uste gabeko atake batez 8.000 lagun arineketan ibili zen, salbazio ate bat non aurkituko: emakume haurdunak beren ume galduen bila, oihu, deihadar, nigarrak... gorrotoa. Euskaldun izan nahi duenak jo diezaizkiola bere txaloak Athleticori. H eta guzti. Baina erdarazko txaloak izan daitezela.

Ba da besterik ere. Saltokiak, liburudendak, airetara doazen txaletak. Mehatxuak, gaztigu gabeko atentatuak. Eta anaien arteko errierta izan ez zen Montejurra-76 ere hor dago, adierazpen eta garbiketa baten zain.

Hau guztiau irekitasun eta erreforma demokratikoa ote?


Tantaka

Euskal ikurrinaren inguruan

Beste gertaera bik ipini dute berriz ere mahai gainean euskal ikurrinaren arazoa.

Beste goardia zibil bat, Antonio de Frutos Sualdes, hil egin da ikurrin bat kentzeko zereginetan ari zenean. Bestalde, Irun-eko Real Union Futbol Elkarteak euskal ikurrina, espainolaren parean bere stadiumean ezartzeko baimena eskatu dio Errege eta Gobernuari.

Katalanei eta galegoei beren ikurrinak erabiltzen uzten dizkietenean, zergatik ez euskaldunoi?

Gogorki torturatua

ZERUKO ARGIAren 686. alean (Maiatzak/2) Maria Amparo Arangoaren argazki batzu ikus daitezke, goardia zibilek egin dizkioten torturaren seinaleak nabarmenki erakutsiz.

Berazadi jaunaren kasuan hainbeste zarata atera zuten telebista, irratia, egunkari eta alderdi oportunistek (PNV, PSOE, PC, etab) orain ez dute hitzik esan.

Lotinaren farmazia bonbaz zartatua

Bilboko Hibaiondo kalean, Lotina jaunaren farmazia bonbaz zartatua izan da, Kristo Erregearen Gerrilleroen eraginez, milioi erdiko galerak sortuz.

Gerrillero hauk oso listoak omen dira, zeren inoiz ez baitituzte harrapatzen.

Katalanek ba dute bere egunkaria. "Avui"ren lehen alea begi aurrean dugu. Bere atzean, katalan askoren lana; hogeitamar mila harpidedun; katalan kazetariak ugari. Herri baten sua. Hala dio "Avui"k bere lehen editorialean:

"Tot el que és viu és fragil, devant tants d'atzars que amenacem fora de la voluntat i les previsions. Passi el que passi, una veu escrita dels Països Catalans és ja diàriament al carrer. Amb l'elasticitat i disponibilitat del poble que vol tornar a tenir una personalitat conjunta i estructurada devant la història."

"Avui"ren sail nagusienak hauxek ditugu: "Països Catalans" (bederatzi horrialde); "Espanya" (bi horrialde); "Mon" (bi); "Esports" (beste bi); "Espectacles", "Religiò", "Economía" eta "Ultima pàgina". Eta publizitatea ugari.

Lehen alean, lehenengo horrialdeko berri guztiak katalan herriari buruz izan ziran. Baita ere marrazki bat. Bertan hala diotso mutil batek bere aitari, pertsona guztiak "Avui" irakurtzen ari direla ikustean: "Aita: orduan orain falta zaigun gauza bakarra Estatua da, ez al da?".

Zorionak bihotzez, "Anaitasuna"ren horri hauetatik, bai "Avui"ren egileei eta baita ere katalan herriari. Beren katalantasuna katalanez egunero kalera irtetea lortu dute.

Koruentzako Abestien sariketa

Bizkaiko Aurrezki Kutxak eraturik, Koru Abestien sariketa bat antolatua izan da, 300.000 pezeta saritan duelarik. Ekainaren 15erako aurkeztu behar dira lanak, eta arau osoak nahi izanez gero, eska helbide honetara: Caja de Ahorros Vizcaina - Plaza de España, 1 - Bilbao.

Txistularien bilera

Apirilaren 25ean, Bilbon, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak bere bilera nagusia egin zuen, joan den urteko gora-beherak aztertu eta aurrera begira erabakiak hartzeko. ANAITASUNAren irakurleentzat interesgarriak gerta daitezke memento honetan Elkartean izenak emanda dauden txistularien zifrak:

Araba 187

Gipuzkoa 569

Nafarroa 325

Bizkaia 1.048

Ipar Euskal Herria 47

Munduan zehar 39

Denetara 2.215

Baina hauk ez dira Euskal Herrian dauden txistulari guztiak, zeren hainbat baitago Elkartean sartu gabe.

Laguntzaileekin, Elkarteak dituen bazkide guztiak 3.427 dira, eta TXISTULARI izeneko aldizkari bat argitaratzen du.

Inkesta bitxi bat

Bilboko erdal egunkari batek enkargaturik, inkesta bitxi bat egin da. Eskaini diguten datuen arabera, Espainian hauteskunderik balego, sozialistek 8'9 % boto lortuko lituzkete, komunistek 1'1 %, gainerako botuak eskuinerantz eta eman gabe geratuko liratekelarik. Eta beharbada egongo da hau sinetsiko duenik!

Inkesta horren beste bitxitasun bat da "Región Norte" delako hori. Zer da "Región Norte" hori? Zeren inkesta politiko bat egiterakoan, denok dakigu Euskal Herriaren prolematika berezia, eta euskal probintziak Santanderrekin adibidez nahastatzea, izugarrizko seriotasun falta baita, batez ere azterketa politiko zuzen bat egin nahi bada.

Kargu berriak Lejoako ikastolan

Guraso eta irakasleen bilera nagusian, botuetara, Txetxu Aurrekoetxea izendatua izan da Lehendakari bezala (orain arte Lehendakari Ordezkoa), eta Iñaki Irigoien Lehendakari Ordezkoa (Irigoien jauna Euskal Dantzarien Biltzarreko Bizkaiko Ordezkaria da).

Gure marrazkilari bat txapeldun

Juan Karlos Egillorrek, gure "Komiki" etan hainbat marrazkiren egile dena, garrantzi handiko sari bat irabazi du egun hauetan: Aurrezki Kutxen Konfederazioak umeentzako egindako filma gidoiak saritzeko antolatuko sariketa. Eta saria ere ez da izan txantxetakoa: 400.000 pezeta. Nork harrapatu!

Egillorrek egindako filma gidoia irabazleak, "El Quijote Volador" du izena. Zorion beroenak donostiar-bilbotar den Egillor marrazkilariari! Eta, noiz ikusiko dute gure haurrek filma hori euskaraz, "Komikia"ko "Krisket eta Pololo" euskaraz irakurtzen duten bezala?

313 liburu euskaraz

Liburu bat argitaratu baino lehen agintarien baimenak lortu behar dira, eta hauetariko bat ISBN (International Standard Book Number) delakoaren zenbakia lortu behar izaten da. Instituzio horrek, bada, kontrolatzen du munduan egiten den liburu produkzioa.

ISBNk argitaratu berri du 1976 urtekorako ohi duen tomoa, eta liburu honen 345., 346. eta 347. horrialdetan agertzen da 1973.eko Hazilaren 1.etik 1975.eko Abenduaren 31arte euskaraz argitaratu diren liburuen zerrenda. Liburu bakoitzarentzat ematen du titulua, egilea, editoriala, horrialdeak, tamainua, prezioa, eta gaia. Aipaturiko urte bitako epe horretan, 313 dira euskaraz argitaratu diren liburuak. Beraz, bataz beste, 150 liburu urteko. Zifra hau lortu ahal izateko biziki mesedegarria izan zaio euskarari hizkuntzaren batasuna orain ikus dezakegunez.

Kanta saio bat Arriagan

Bai, bai, Arriagan. Ez duzu gaizki irakurri. Ez dakit zergatik, baina elizatan, patiotan edo... jaialdiak entzuten ohituak gaude. Eta egiteko baimenak heltzen badira ondo.

Zer arrazoi misteriosorengatik gaude behartuak holako lekuetan egitera? Ja, ja. zeren ez dut uste hau ulertzeko asko pentsatu behar denik. Ordua da gure kultura egon behar den lektura jasotzeko.

Hala ulertu dute E.U.E.E.ko E.K.T.koek, eta hamaika bira eman ondoren kanta saio bat egiteko Arriaga antzokia lortu dute. Abestaldi honetan parte hartuko dutenak hauk izanen dira:

Oskarbi, Gorka Knorr, Oihartzunak eta Pantxo ta Peio.

Maiatzaren 21an gaueko 8etan ospatuko da.

Han biltzen den dirua Udako Euskal Unibertsitaterako eta E.U.E.E.ko E.K.T.k dituen zergak ordaintzeko izanen da.

E.U.E.E.ko E.K.T.

Montejurra beltzez

Urtero bezala, Alderdi Karlistak, bere biltzarrea antolatu zuen, maiatzaren 9rako.

Ibilaldi honen bezperetan ba zen zurrumurrurik. Carlos Hugo eta Sixtoren taldeek elkar joko zutela zioten.

Ohi den Gurutze Bidea amaitu baino lehen Carlos Hugoren taldean Ricardo Garcia Pellejero hila zen eta beste zenbait zaurituak, Sixtoren taldekoen harmaz.

Sixtoren taldean karlismoarekin zer ikusirik ez zuten zenbait omen zen Madriletik espreski etorriak.

Polizia han bertan egon arren, oraino ez dute hiltzailerik aurkitu. Nafarroako zenbait erakundek "errespontsabilitateak" eskatu ditu.

Bizkaiko maisuen asmoak

Bizkaiko maisuen ordezkari batzuk esan digutenez, egun hauetan konbenio baten barruan aurrera atera nahi dituzten eskaerak hauexek dira: diru aldetik, maisuen eta ikastetxeetan lan egiten dutenen irabaziak altxatzea. Azken hau lortzea, hala ere, haurren gurasoen lepotik ez dadila izan, irakaskuntz arloa hobetzeko maisu bakoitzaren ikasleak guttitzea eta maisuen heziketa lantzea, ikastetxe bakoitzeko klaustroak erabaki dezala ikastetxean ematen den pedagogia; gurasoak eta maisuak erabaki ditzatela, junta zuzentzailearen bidez ikastetxe bakoitzeko heziketaren bideak; klaustroa demokratikoki aurrera jotzeko bidea izan dadila; euskarari buruz, estatal ez diren ikastetxe bakoitzean, komisio batek lan egin dezala euskara irakasteko astean hiru edo bost ordutan guttienez, lektiboak diren ordu barruan, noski.

Firestone eta euskara

Basauriko "Firestone" elkargoan "komenio" batetara heltzeko lanak aurrera doazen ezkero, bulego eta lantegiko langile talde batek langai edo aurreprojektu bat gertatu du. Aurreprojektu honetan egiten diren eskakizunak ez dira ekonomi sailekoak bakarrik, baizik eta kultura aldekoak ere. Sail honetan euskarari buruz egin diren eskakizunak garrantzizkoak iruditzen zaizkigu lantegi honetan eta besteetan euskal giro bat sortzeko bidean. Onhartuak izan zein izan ez, eskakizun hauk urrats egoki bat dira euskaltzaletasun baten bidean.

Bulego eta lantegiko langile hauek eskakizun hauk egiten dizkiote Basauriko Firestoneko zuzendaritzari:

- Basauriko Firestonek bultzakada sakon bat egin behar dio euskararen irakaskuntzari bere langile artean. Honetarako, entrepresak ikasgela egoki batzu antolatu beharko ditu lantegian, langileek beren euskarazko ikaskizunak bertan egin ditzaten.

- Langileen kultur taldean euskaraz dakiten langile batzu beharrezkoak dira, elkargo barruan erabiltzen diren idatzi eta azalpen guztiak euskaratzeko. Horrela, lan aginduak, komenioak etab. euskaratuak izango dira.

- Langileak euskal aldizkariak lantegi eta bulegoetan izan ditzaten, Firestone aldizkari horien harpideduna izan beharko.

Eskakizun hauk egin ondoren, Firestoneko langile hauek beren eskakizunen iturburua azaltzen dute. Firestone eta edozein elkargo, Euskal Herrian baldin badago, ezin du euskal giroa eta euskal nortasuna alde batetara utzi. Firestonek, Euskal Herrian historia egiten ari dan ezkero, historia euskalduna egin behar du.

Firestonek ez ditu onhartuko eskakizun hauk eta papersaskira botako ditu. Halere, elkargo guztietan euskal langileak horrelako eskakizunak eginez gero, ez al genituzke lortuko egunen batean? Firestoneko langile hauek adibide on bat eman digute guztioi. Ekin bide horretan.

X. A.


Euskal Herrian

Kultura. Deustuko Unibertsitatean euskara sartu nahiz

 Bilbon ba da, Euskal Herrirako garrantzi haundia ukan dezakeen Unibertsitate bat: Deustukoa halegia. Eta bertan, euskalgintzan poliki eta jarraituki ari den antolamendu bat: EKM (hau da Euskal Kultur Mintegia). Eta, egiari zor dioguna ordainduz ezin uka daiteke lanean gogor ari direnik.

Azken asteotan, EKAMkoak kanpaina bortitz bati lotu zaizkio, ondoko helburua lortu nahiz: Euskara Deustuko Unibertsitatean ofizialki sartzea. Helburu horren mamitzerako, ondoko eskariak egiten ari dira:

- Unibertsitatean euskal itzultzaile ofizial bat egon dadila.

- Dokumentu guztiak bi hizkuntzatan ager daitezela (espainolez eta euskaraz halegia).

- Euskal Filologiari buruzko espezialitate bat jar dadila.

- Euskarazko eskolak ofizialki antolatuak izan daitezela, eta matrikularen ordaintzeaz batera, ikasleek euskarazko ikastaldiak hartzeko eskubidea ukan dezatela.

Eta kanpaina horri indar emateko, gutun bat idatzi diote Unibertsitateko erretoreari, eta gutun hori inguruko ikasleen sinadurez hornitu ukan dute, modu honetan bidaltzeko asmoz.

Horretaz gain, eta beste gauza batzuren artean, mahai inguru biziki interesgarri bat antolatu zuten maiatzaren 6an.

Jendaurreko elkar hizketa horretan parte hartu zutenak eta erabili zituzten gaiak, hauxek izan ziren: Xabier Kintana, "Euskara museo hizkuntza ala zibilizazio hizkuntza?"; J.R. Etxebarria, "Euskara unibertsital hizkuntza?"; G. Garate, "Deustuko Unibertsitatea eta euskara"; Ruiz de Pinedo, "EKMk eginiko inkesta bat".

Deustuko Aula Magnoa poliki bete zen jendez. Galderak, ugari; erantzunak, interesgarri; giroa, bero; jendea, pozik. Duela hiruzpalau urte harritzekoa eta ez sinestekoa zatekeen horrelakorik ikustea. Egun, ordea, euskararen garrantzia eta berori unibertsitate mailan erabiltzearen premia gorria, zalantzan guttik jartzen duten gauza bat da. Eta, dudarik gabe, euskal ikasleek aukera gogor eta garrantzizkoa egiterako orduan, euskararen alde bultzatu nahi dute balantza. Bertan eutsiko ahal diote!

Horrelako jendaurreko elkar hizketa batetan egon ondoren, zenbait galdera datorkit burura. Deustuko Unibertsitatea gidatzen duten jesuitek, entzuna eta ezaguna a Euskal Herri osoaren kexka hau. Baina, euskal kultura alde eskatzen zaizkien pauso sendoak ematera ausartuko ote dira? Baiezkoan egon nahi nuke eta guttiagorik ez dut espero.

Eta Deustuko Unibertsitateak bide hori hartzen badu, Euskal Herrian kokaturik dauden beste Unibertsitateek, zer eginen ote dute?

Unibertsitatea gizartearen antolamendu bat baino ez da, guztiz garrantzi handitakoa bada ere. Gizarte osoa aldatuz doan neurrian aldatu ahal izanen dugu benetan Unibertsitatea; bestela, irla bat itsasoak inguratua, gaztelu bat hesiz gartzelatua, besterik ez bailitzateke izanen egintza hori. Dena dela, ba dakigu Unibertsitateak eragin handia duela gizartean, eta bertan emaniko pausoek euskararen prestijiorako egokiak direlarik, oihartzun ozena ukan dezaketela. Hala biz!

Ramon Garai


Euskal Herrian

Kultura. Santutxu. Ez ezak gal heure odol beroa

 Inoiz arduratu al zarete, herri kultura zer den definitzeaz? Behin baino gehiagotan, herri kultura benetan jatorra den kultura dela, kultura hori aitzinatu eta bultzatu egin behar dugula, eta antzerako gauzak entzun ditugu. Baina, zer da herri kultura?

 Batzuri definizioak teori maila hutsean ematea gustatzen zaie. Eta ez diot hori behar ez denik; aldiz, definizioak teori eremukoak ohi dira eta hala behar dute izan. Baina nik, sarri, definizioak praktikan ikustea eta ausnartzea nahi izaten dut, modu horretan argiago eta ulerterrazago gertatzen baitira.

 Herri kulturaz, herriak egin duena eta egiten ari dena dela esanen genuke teorikoki: Herriak herri bezala eta aktiboki parte harturik eraikitako kultura, horixe da herri kultura. Hau da, gauza bizia, egunero haziz doan gauza bat, eta hil egin daitekeen —edo kasurik ononean museo batetan gorde daitekeen— gauza bat.

Baina teori mailatik praktika mailara jaitsirik, eta adibide gisa, hauzategi batetako kultur egintza bat ekarri nahi dut guztien gogoetarako, ene eritziz herri kulturaren bizitasunaren agerpen baita. Hiria, Bilbo. Hauzategia, Santutxu. Egintza, kultur hamabostaldia.

Batasunaren hamabostaldia

Hamabostaldi barneko kultur egintzak iragartzen dituen esku programaren agurrean, honela irakur dezakegu: "Oraingo hau, hauzategiko Elkarte, Kultur Talde eta Klub guztiak programa ausart bat aurrera eramateko asmoz batzen gareneko lehen aldia da, eta, zinez, merezi izan duela uste dugu".

Horixe izan da, hain zuzen, hamabostaldi honen gauzarik aipagarriena: BATASUNA. Entzuna dugu maiz honelako esaldi biribilik: "Herri batua, inoiz ez garaitua". Hala ere, nor bere aldetik ibiltzera ohituegiak gaude. Ba dugu, beraz, zer ikas, antolatzaile hauek harturiko jarrera ikustean.

Antolatzaileen asmoak eta jarrerak

Dakigunez, kultur hamabostaldi bat ez da gauetik egunera, begien hertsideki batetan antolatzen ahal. Ordu luzeak —zenbait hilabetetan zehar xahutuak— behar izaten dira horretarako. Ongi pentsatua eta ditugun premiak kontutan harturik moldatua izan behar du. Eta, kasu honetan, egitarauaren eratzaileek horrela jokatu nahi izan dute; esku programan modu honetan mintzatzen zaizkigu behintzat: "Gure herriaren kulturaz gure hauzategian dagoen hutsune handiak, kultura, horren aurrerapenerako edozein ekintza bultzatzera behartu gaitu".

Bilinguismoari buruzko teoriak praktika mailara eramanik, egintza guztiak bi hizkuntzetan egin nahi izan dituzte, eta egin dituzte. Eta horrela, erdaraz emaniko hitzaldietan ere, zilegitzat, jatortzat eta egokitzat hartu ukan da, elkar hizketetan euskara erabiltzea. Gertakari eta jarrera hau aipatzekoak dirateke, Bilbo barnean jazo direla gogotan edukirik.

Egintza hauetan guztiotan, hamabostaldiaren antolatzaileek, etorkizuneko gizarte hobe baten eraikuntzan aritu izan direla agertu nahi izan dute, eta bai garbi adierazirik utzi ere, jendeari egin dioten gonbitean: "Santutxutar guztiok abagadune ezin hobea dugu, inguru dignu eta demokratiko baten barnean osoturik egonen den hauzategi baten eraikuntzan lan egiteko".

Hamabostaldiaren aldarria

Egintzak aldarri batez hasi ziren. Ez irratirik eta ez telebistarik ez zegoen garaiko ohitura zahar batez baliatuz, hauzategia dantzan jarri zen. Santutxuko bizilagunengana heltzeko, triangulu estrategiko bat aukeratu zen. Trianguluaren hiru aldeetan, danborrariak eta txistulariak deia zabalduz joan ziren, eta Hamelingo xirulariaren kideak bailiren, hauzategiko bizilagun pila bat bilduz joan zen (hiru mila lagun kalkulatu dira). Lastima bakarra, bertako arratoiekin berdin ezin egin daitekela!

Aldarria —euskaraz eta erdaraz— isiltasun handi baten barnean entzuna izan zen eta esaldi honetaz bukatu zen: Gora Santutxu santutxutarra! Hau entzutean, birgogoratu egiten nuen, Oilarraren Promesa deitu liburuaren istorioa. "Gora Azpil azpildarra" etortzen zitzaidan burura; eta Euskal Herriko puntu desberdinetan arazo bertsuak bizi ditugunik, ez nuen dudarik egiten une hartan.

Ekilibrioa nagusi

Antolatu diren egintzak era askotakoak izan dira, hots, ez dira gauza bakar batetaz zentratu, nahiz eta guztiak euskal kulturari buruzkoak izan. Zer lortu nahi izan da honekin? Utz diezaiegun hitza antolatzaileei: "Horregatik oso garrantzizko eritzi diogu, egun desberdinetan era askotako egintzak programatzeari, modu honetan egintza horietariko batzuz edo bestez interesaturik gera gaitezen, eta horrela, masiboki parte har dezagun".

Bide horretatik, ondoko gaiak erabili dira hitzaldietan: Euskararen egoera, Euskal Herriko industriatzearen gorabeherak, foruak, ekonomi kontzertua eta Euskal Herrirako estatutua, euskal teatroa, bertsolaritza, eta Santutxuko problemak. Berbaldiez gainera, dantza eta kanta jaialdiak, pintur erakusketa eta pintur sortze lan askatua kaleetan, euskal liburu eta diskoen azoka, haurren teatroa, anaitasunezko bazkaria, erromeriak eta Haurren Eguna. Ikusten denez, ez da erraz hain denbora laburretan gauza gehiagorik eskaintzea. Denetarik egon da, egintza desberdinen arteko oreka ongi gordez.

Haurren eguna

Egintza horien artean, ba da aparteko iruzkina merezi duen bat: Haurren Eguna. Hamabostaldiaren festaburu gisa muntaturik, indar berezia eman nahi izan zaio egun honi, haurrak baitira etorkizuneko gizartearen eraikile izanen direnak.

Jai honen iturburua bilatzeko, beharrezkoa dugu denbora-makinan sartzea eta duela hiruzpalau urte lehenagora itzultzea. Orduan, urtero eta arrakasta handiz,Umeen Euskal Jaia antolatzen zen Santutxun. Dirudienez, ordea, batzuri ez zitzaien gustatzen —eta oraindik ere gehiegirik ez zaie gustatzen— egintza popularrek arrakastarik ukan zezaten, eta horregatik azken urteotan jai hori sistematikoki debekatua izan da. Baina Fenix hegaztiaren antzera, errautsetatik firmoki eta indartsuki irtenik, birpizte bidean ari da. Izatez, hau ez da harritzekoa, herriaren ahotsa ezin baitaiteke errazki betirako isil eraz.

Hamabostaldia eta alderdi politikoak

Guztiok dakigun gauza da, alderdi politikoek egintza batzuren atzetik ibiltzen direla, eta, sarri, egintzen gidaritza eraman nahi izaten dutela. Baina populua alderdiak baino gauza zabalagoa da, kontrolagaitzagoa, indartsuagoa eta biziagoa. Eta horrela, populuaren egintzetan,alderdiak gainditurik gertatzen dira.

Kasu honetan ere, pentsatzekoa dateke, antolakuntzan era askotako pertsonak aritu direla, alderdi desberdinetako pertsonak. Baina, esan bezala, herriaren bizitasunak gainditu egin ditu alderdiak; eta alderdi batzuri hori ez zaie gustatu. Batzu minduta geratu omen dira; beste batzuk antolakuntzan eta laguntzan parte ez hartzera jo dute (ez baitzeuden arrainak itsasoan bezala); beste batzuk probetxatu egin nahi ukan dute jendearen biltzea (kantaldian adibidez), urak beren errotako erretenera erakartzeko; beste batzu... Denetarik egon omen da.

Argi dagoenez, beraz alderdien gainetik herriaren ahotsa, herriaren egintza agertu da, haik baino askoz ere dinamikoago, askoz ere espontaneoago. Eta herriaren egintza argiroki eta garbiki Euskal Herriaren batasunaren alde agertu da, euskal kultura lantzeko eginahaletan aritu da, bilinguismoa praktikara eraman du...; hitz batez, euskal Herria ba dela eta Herri horrek bizi nahi duela agerterazi du. Eta honek gogoetarako bide bikaina ireki behar lioke zenbait alderdiri.

Eta besterik gabe, artikulu honi bukaera emateko, nik ere aldarrian oihukaturiko hitzak ahozkatu nahi ditut: Gora Santutxu santutxutarra!

Ramon Garai


Euskal Herrian

Kultura. Euskal kanten jaialdia Santutxun

 Santutxuko kultur hamabostaldiaren zentru gisa, euskal kanten jaialdi bat antolaturik zegoen. Jaialdia ikastetxe batetako jolaslekuan zen, egurats pean, hots, aire zabalean. Etorri ziren kantariak, ondoko hauxek: Pantxo eta Peio, Mikel Laboa, Xabier Lete, Lourdes Iriondo eta Antton Valverde.

Maiatzaren 8a —hauxe izan baitzen horretarako aukeraturik zegoen eguna— gris kolorez jantzirik agertu zen Santutxun. Goizean zerua ilun, euria noiz egiten hasiko zain. Baina, zorionez, ez zuen euririk egin. Eta arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera, jendeak eurrez bete zituen, Berriotxoa ikastetxerantz zeramaten kaleska hestu, aldapatsu eta bihurriak. Zazpi edo zortzi mila lagun football zelai batetako zoluan eseririk: lasai, alai, kantari.

Bat batean, eta alboko orubean eraikiriko garabi batetan, ikurrina bat jarri zuten. Jendeak oso ongi hartu zuen, egintza hura biziki eta bihozkiro txalotuz.

Eta jaialdia hasi zen. Parte hartu zuten lehenak, Pantxo eta Peio izan ziren. Jendea ordena handi batetan zegoen eta ez zen inor bere tokitik higitzen. Noizean behin, "askatasuna" eta antzeko oihuak entzuten ziren, eta erritmikoki kantatalde saiatu bat bailitzen, jendeak bere ahotsa eta eritzia kanporatzen eta entzun erazten zuen.

Ilunduz zihoan eguna, eguzkia —egun osoa ez agertua— aspaldi sartua zatekeen. Ez zen ia ikurrina ikusten ahal, eta jendea kantaldiari atxekirik zegoen, zuen adimendu osoz hari jarraikiz.

Pantxo eta Peioren agertaldia bukatzera zihoala, zenbait polizia agertu zen garabi inguruan, buruoskol eta guzti, ikurrina kentzeko asmoz. Esan beharra dago ezen horretarako aurretik eginiko zerbait saiok, porrot egin izan zutela. Baina, azkenean, jendearen txistu soinuen artean, haietariko batek bere helburua lortu zuen.

Ordurako Mikel Laboa hasteko zegoen. Gauaren iluna, gauaren gris iluna, gauaren arre iluna heldua zen. Fokoak pizturik zeuden eta kantariak ez zuen haiez beste aldean ezer ikusten. Baina atzeko aldean, poliziak sartuak ziren eta erasotzen hasiak ziren. Jendea aurrentz zetorren, zurezko aulkien gainetik balla-lasterketa dantesko batetan, zaharrek, gazteek, ezkonduek, ezkongaiek, emakumeek, gizonezkoek, haurdunek, haurgabeek, haurrek eta bestek parte hartzen zutelarik.

Jolaslekuko irteera guztiz ttikia zen eta jendeak ezin zuen irten. Hura hestura!

Dena dela, pozik egon gaitezke, zoritxar handiagorik gertatu ez zenean. Lurrean botila zatiak —beira zorrotzak, beraz—; batzuk beren zapatak galdu zituzten —ortozik zihoazen, beraz—; izuaren mamua gainean zegoen...Jendeak, neurri handi batetan, zibilki eta jatorki jokatu zuen. Zorionak eta eskerrak berari!

Horrelako gertakarien aurren erreflexionatu egin behar dugula uste dut. Noren edo zeren erruz gertatzen dira? Zer kalte egiten zuen, han zegoen ikurrinak? Espainiako Estatu barneko beste nazionalitateek beren bandera publikoki agertzeko eskubidea dute, Katalunia, Galizia eta Andaluziaren kasua lekuko.

Eta guk?... Edo eta gu bigarren mailako herritarrak gara? Eta hau diodanean, Juan Carlosek Kataluinara eginiko bidaia datorkit burura batez ere: Katalan bandera toki guztietan agertzen zen, Espainiako Estatuaren banderarekin batera.

Besterik behar al da esaterik?

J.R. Etxebarria


Euskal Herrian

Kultura. Debako arte eskola

Helburuak

Euskal artegintzak, kulturgintzaren hildotik landua, sortua eta murgildua izan behar du.

Duela bospasei urte, "Debako Arte Lantokiak" helburu honekin sortu zen eta egungo eragina ere bera da.

Bost urtez egindako erakunde honen emaitzak zeintzuk eta nolakoak izan diren ezaguarazteko dira azalpen hauek.

Erakusketak antologikoak dira: egileak eta teknika motak ezberdinak direlako.

Didaktikoak ere bai. Erakusketen antolaketa honela burutua izan da: lanak tekniken arabera sailkatuz eta lanerako elemento eta materialak agertaraziz.

Lansailak

Erakusketa guziak monografikoak dira, lan sail bakoitzari lotu eta atxikiak.

1.- Grabatuak (hiru aste duela bukatua): teknika berezien azalpena egiten da: xilografia, linografia, aguafuertea, litografia eta monokopia. Eta teknika bakoitzeko prozesoaren berri ematen da gero: "plancharen" prestaketa eta kopiak.

2.- Txartelgintza (apirilaren 30tik maiatzaren 9ra): txartelari hizkuntza berezi bat dagokio. Metodologia lan egokia eskatzen du honek: ikur hautaketa eta imajina sorketa. Txartelaren esan nahia, ikusleak inkonszienteki edo ikus-irakurketa zehatz baten bidez jasotzen du. Erakusketa honetan bertan sorturiko zenbait txartelen azalpena ematen da.

3.- Argazkiak (maiatzaren 4. asterako): argazkiak eskaini dezaken grafik informazioa oso baliotsua gertatzen da. Argazkia, "laboratorio" lanean egokituz, aberastu, sendotu eta hedatzen zaigu. Egungo hainbat teknik aurrerabidez baliatu behar da horretarako, beraiek ezagutu eta sakondu.

4.- Zeramika (ekainean): gure herritan ezagutu dugun esku langintzetariko bat zeramika izan da. Honela, lehendik ezagutzen ditugun tresnak, grafia eta formak jasoz eta esku langintza urratsetan abiatuz, eguneroko gauzak asmatzen saiatu gara.

Egunero zabalik 18'30-20'30

igandetan 12'30-14'30

Talde lana lotuz

Elkar lanean aritzeko, oinarri eta lotkiak irmoki finkatu behar izaten da. Horrela bakarrik, talde lan kementsu eta emankorra gerta ohi da. Bat batean esan dezagun, gure artegintzaren ardatza, Euskal herriaren altxorra dela; bere ezaugarriek dakarkiguten aberastasuna. Tradizioak eskaintzen digun aberastasuna, garbatu, txartelgintza, argazki, eta zeramikan jaso eta landuz, egungo artegintzaren jorratzen saiatu izan gara.

Salmenta

Erakusketa hauetako lan gehienak salgai daude, grabatuak, argazkiak eta zeramikak bereziki. Autofinanziabide bezala, salmenta oso baliotsua gerta dakiguke.


Euskal Herrian

Kultura. Euskal Hamabostaldia Billabonan

Billabonako Guraso Elkarteak, Ikastolak, Herriko dantza taldeak eta S.D. Danena, Lan Kide Aurrezkiaren babespean, Euskal Kultur Hamabostaldi bat antolatu dute Maiatzaren 17.tik 30.era.

Egitaraua

ASTELEHENA 17

8'etan: Komunikabideak (Hitzaldia)

Hizlariak: Joxe Ramon Beloki eta Joxe Mari Iriondo (Herri Irratikoak)

ASTEARTEA 18

8'etan: Bilinguismoaz eta Diglosiaz (Hitzaldia)

Hizlaria: Yon Urrujulegi

ASTEAZKENA 19

8'etan: Kazetaritza Euskal Herrian (Hitzaldia)

Hizlariak: Donato Unanue (Zeruko Argia), eta Joan Mari Torrealday (Anaitasuna)

OSTIRALA 21

8'etan: ANTZERKIA. Taldea: Egibilla

Gaia: Igartuko landarea

Iñaki Begiristainek egina

LARUNBATA 22 (Gazteen jaialdia)

Gaueko 10'etan: Txalaparta; Tobera; Muxu-kitarra; Adarra;

Abeslariak; Txistulariak; Dantzariak; Trikitilariak; Esku-soinua.

IGANDEA 23 (Haurren eguna)

Goizean: Dultzaineroak; Jokoak; Bazkaria.

Arratsaldez: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailasoak.

Trikitilariak.

ASTELEHENA 24

8'etan: Euskal dantzen azterketa (Hitzaldia)

Hizlaria: Juan Antonio Urbeltz

ASTEARTEA 25

8'etan: Sozial Arazoa Euskal Herrian (1890-1936)

Hizlaria: Mikel Ugalde

OSTIRALA 28

8'etan: Bertsolaritzaren Historiaren laburpena (Hitzaldia)

Hizlaria: Juan Mari Lekuona

LARUNBATA 29 (Bertsolarien Jaialdia)

Gaueko 10'30: Sebastian Lizaso; Joxe Lizaso; Imanol Lazkano; Joxe Agirre. Agertzaile: Muniategi

IGANDEA 30

12'etan: Errebote partidua

6'30etan: Abeslarien jaialdia

Gorka Knörr

Gontzal Mendibil

Peio eta Pantxoa

Xeberri

Ondorenean: Jaiak; Musika taldeak ihardungo du.

OHARRA:

Hitzaldiak, Antzerkia, Gazteen jaialdia eta bertsolariak GUREA zinetokian izanen dira. Haurren eguna eta abeslarien jaialdia herriko enparantzan.

23 eta 30'ean (bi igandeetan) liburu eta disken azoka irekia izanen da, herriko enparantzan.


Euskal Herrian

Politika. Gasteiz: Maiatzaren Lehena. Arrakasta?

 Gasteizek berriki bizi izan duen burruka latzaren esperientzia ikusi ondoren denek espero genuen Maiatzaren Lehen eguna, burruka eguna izanen zela, bertoko langilegoak arrakasta handiko egun bat burutuko zuela. Ez baikenuen uste horren goiz horren azkar itzal zitekeenik Martxoaren 3.ko hilketek gure baitan sorterazi zuen gorrotoa eta amorrua, eta are guttiago desegin zitekeenik arabar langilegoak burutu zuen organizamendu tinko eta eraginkor gertatu zen antolamendu hura, Martxoaren 3.tik 8.ra Gasteiz osoa kaleratzeko gai izan zen antolamendua hain zuzen. Langilegoak bere barnegitura, abangoardiaren organizamendua behingoz sendoturik zuela zirudien eta gure iraultza bidean esperantzari behingoz lekua ematen hasiak ginen.

 Esperantzarik ba genuen beraz, esperantzarik gordetzen genuen beraz, egun honi begira.

Eta esperantza hau indarturik agertzen zitzaigun azken egunotan; zenbait lantegi ordubeteko geraldiak egiten hasia baikenuen, oraindik espetxeraturik ditugun lankide burrukalarien kaleratzea lortzeko asmoz.

Apiriliak 30: Etsipena

Bai politik alderdiek eta bai langileen Batzorde ordezkariek (lantegi bakoitzean aukeratu ordezkariek osatua) beren deia zabaldurik zuten egun honetan lantegi guztiek zenbait burruka ekintza antola zezaten: Geraldiak, Asanbladak hauzategi, lantegi eta ikastetxeetan. Hau guztiau "Martxoaren 8.ko Greba Orokorrean gure alde hain jatorki burrukatu zen Euskadiko Herriarekin bat eginik" aurrera eramatera deitzen zituen langileak. Eta oraintsu gure artetik atera eta espetxeratu dituzten langileen izenak gogora ekartzen zizkien: Jesús Fdez. Naves, Imanol Olabarria (Carabanchelen), Iñaki Martin, Alberto Lahidalga, Gonzalo Fontaneda, Grajales, Palacios, etab. (Nanclaresen). Guztion kaleratzea lortu behar da!

Bainan langilegoaren erantzuna oso ahula izan dela aitortu behar dugu. Eta hau zer dela eta? Nola uler daiteke hau Gasteiz herriak duen burruka esperientzia, hain berria, ikusi ondoren?

Indar zatikatzaileak: O.C.A.ren jokabidea

Jakin dugunez O.C.A. (antikapitalistak) izeneko antolamendu honek ez du fitsik ere egin langile herriari eragiteko, jendea mugierazteko, geldierazteko baino.

Ez du onhartzen jadanik Batzorde Ordezkarietan lan egiterik, elkarrekintzetan parte hartzerik. Batzorde hauk politizatuegiak daudela... Eta hau gaitzerdi litzateke horretan gel baledi. Baina beste aldera pasatuz, Batzorde hauen ekintzak zapuzten saiatzen omen da. Eta zerikusi handirik ba omen du jokabide honek Maiatzaren Lehen Egunaren zapuztean ere.

Gainerontzeko politik eta sindikal indarrak, neurri batetan bederen, elkarturik diharduela dirudi, burruka dei eta bideak antolatzerakoan behintzat.

Maiatzaren Lehena

Jendea San Francisco eleizara deitua zegoen. Goiza eguzkitsu eta garbi dager Gasteizko kaleetan. Oso goizetik agertzen dira indar harmatuen jeep eta autobusak. Indarra ugari, eurrez dakusagu. Baina halaz ere jendea multzoka biltzen da eleizara. Ordubatetan meza bat dugu iragan Martxoaren 3.an erori langileen alde.

Bost mila pertsona bildu gara. Meza amaitzean Nanclaresen espetxeraturik dauden bi langilek bidalitako eskutitz bat irakurtzen dute. (Iñaki eta Alberto bi langileok Batzorde Ordezkarietakoak dira eta beren lankideen ordezkari izatea beste bekaturik ez dute). Eskutitz hori biziki txalotua da. Berton kondatzen dute zeinen gogor hartu zituzten komisaldegian eta ondorengo egunetan gartzelan bertan ere.

Eleizatik irteeran ez da poliziarik ageri. O jendearen harridura! Ondoren hilharri bat jartzen dugu langile erorien omenez eta manifestazio bikain baten burua antolatzen. Ordubete gerorarte ez da poliziarik agertzen baina ugari omen ziren ardi larruz jantziriko otsoak.

Euskal konsignak

Euskadin bizi garenez ez litzateke batere harrigarri gure manifestazioetan geure konsignak euskaraz oihukatzea. Horrela behar du izan! Baina hemen bizi garenok ondotxo dakigu zeinen zaila den hau aurrera eramatea: Gasteizeko langileriak (aspaldi eta arras deseuskaldundua izanki), bere manifestazioetan euskal konsignak onhar eta erabiltzea. Hau "euskaldun abertzaleon" manifestaziotxoetan posible izan ohi da baina langile masen burruka egunetan nekez entzun ohi izan ditugu euskal konsignak; zail egiten zaio oraindik langilegoari bere eskari gorriak, bere oihu desesperatuak hain arrotz zaion hizkuntza zahar honetan espresatzea, adieraztea. Ez dakit nola gertatzen den Euskal Herriko beste herri industriatuetan bainan Gasteizen atzorarte ez genuen lortu honelakorik. Maiatzaren 1. eguneko manifestazioan zenbait konsigna euskaraz oihukatu genuen.

Garrantziko urrats bat eman dugula dirudi Gasteizeko kaleetan konsigna batzu euskaraz oihukatzean. Ez dakiola arrotz gerta langileagoari gure euskara apala, gure euskara zapaldua!

Juanjo Uranga


Euskal Herrian

Politika. Euskal sozialismo bat behar dugu

Gaur egun Euskal Herrian problema nagusi bi daude konpondu beharrezkoak, bata Herri mailan eta bestea gizon bakoitzaren mailan, honela:

1. HERRI MAILAN. Euskaldunok burruka larri batetan ari gara, Euskal Herriaren nortasuna salbatzeko. Gure Herriari euskarak ematen dio nortasuna, eta euskara hil zorian dago. Bestalde, euskaran oinharritzen da euskal kultura; eta hizkuntza galduko balitz, euskal kultura ere hondatuko litzaiguke.

Beraz, euskara salbatu behar dugu; eta, horretarako, ezin gaitezke koplakerietan ari. Soluzio bakarra, problema errotik konpontzean datza. Euskal Herrian, agintari eta erakunde kontzientziatuak behar ditugu, euskararen salbamena aurrera eraman ahal izateko. Madrileko DC, PSOE edo PCkoek ezin dute sentitu ez bizi gure problematika hau; eta sentitzen ez badute, ezin dezakete, Herri mailan dugun arazo nagusi hau zuzen.

Beraz, euskal alderdi edo elkarte politikoak behar ditugu.

2. GIZON MAILAN. Euskal Herrian bizi den gizon bakoitza mundu bat da, beraren sentimendu, asmo eta itxaropenekin. Gizon bakoitzak bere zoriona bilatzen du; eta zorion hori, sortzen zaizkion problemei soluzio egokiak ematean lortzen da.

Gizonaren lehen problema bizitzea da; eta bizi ahal izateko, lanpostu baten segurtasuna behar da. Eta lanerako gauza ez denean (jubilatuak, subnormalak, eriak, etab.), diru laguntza egoki baten segurtasuna eskaini behar zaio.

Kapitalist sistemaren alde dauden alderdi politikoek, ezin diezaiekete gizon guztiei, aipaturiko segurtasun horik eman; eta ezintasun hori kapitalist sistemaren funtsean datza: gizonari libertate ekonomikoa eskaintzean.

Libertate ekonomikoarekin, populazioaren portzentaia bat ondo bizi da, eta beste portzentaia bat (bereziki jubilatuak, itsuak, etab.) marginaturik daude.

Eta hau ez da zuzen.

Problema honen beste alderdi bat proletalgo langilearen lansariena da, hots gizonek gizonak esplotatzearen arazoa.

Hau guztiau konpondu egin behar dugu; eta, honegatik, euskaldunon artean sozialismoa indar hartzen ari da.

Lehen esan dugu, Euskal Herrian problema nagusi bi ditugula: bata Herri mailan eta bestea gizon bakoitzaren mailan.

Lehena konpondu ahal izateko, erdal erakundeak baztertu eta hemen sortutakoei begiratu behar diegu. Bigarrenari bagagozkio, eskuindar alderdi batek ez lioke gizon bakoitzaren problematikari irtenbide egokirik emango. Askok behintzat horrela uste dugu. Ba dirudi, Espainian legeak zerbait aldatuko dituztela; eta muga batzuren barnean politik jokoa egiten utziko balute, ezin diezaiekegu eman politikaren monopolioa Madrileko alderdiei.

Politik jokorako Gobernuak muga batzu ezarriko omen ditu: ez marxismorik eta ez separatismorik. Baina ba dirudi, sozialismo eta erregionalismo moderatu batzu utziko dituela.

Orduan, eta DC eta PSOE, adibidez, sortuko balira, berehala sorterazi behar genituzke Euskal Herrian haien euskal bertsioak, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.

Beharbada, euskal alderdi hauek eman liezazkigukeen programak ez lirateke osorik gure gustukoak; baina nonbaitetik hasi beharko dugu ibiltzen, politikaren monopolioa Madrileko alderdiei utzi nahi ez badiegu.

Beraz, Euskal Alderdi Sozialista bat behar dugu, Gobernuak ezarriko dituen mugen barnean lan egiten HASIRIK, etorkizun hobe eta zuzenago baten alde BORROKA dezan.

Xabier Gereño


Euskal Herrian

Politika. ELA-STV siglak, zergatik "manipulatzen" dira?

Ez dugu garbi ulertzen zer egosten ari den honen atzetik.

Azken hamabost urteotan honelako "maneiuz" ohituak egon arren, hilabete batzu ez dira, gero eta indar gehiagoz entzuten dena eta grina gogorrez jartzen gaituena: ELA-STVren siglak, edonork eta edonola erabiltzea.

Honen hasiera, Martxoan izan zen, multikopistaz ateratako horri batzu, esandako siglekin izenpetuz, agertu zirenean. Organizazio horretako militanteekin egon ondoren, paper horien babesa ezeztatzen ziguten, langileriaren aurkakotzat jotzen zutelarik.

Geroago, Apirilaren 2an, prentsari zabaldu zitzaion agiri bat, ELA-STVk ez zuela COSen sorreran parterik hartu esanez. Beren izenean, sorreran egon ziren "ezezagunek" "pertsonalki" egin zutela. Agiri hau, ilegala den euskal sindikal erakundearen idazkaritzak bidali zuen.

Berriro, eta oraingoan Apirilaren 15ean, ELA-STVko Nazional Komiteak agertzen zen Aberri Egunari bigarren aldiz baietza ematen. Berri hau atzerriko prentsak eta emisorak bakarrik bota zuten, agentzien "morroiek" ziotena kontraesanez, hauek, lehenago Aberri Egunari ezetza eman zutela esan bai zuten.

Azkenik (?) sigla horiekin izenpetutako beste paper bat hartu dugu geure aldizkari erredakzioan. "Goiz Argi"k, S. Carrillori egin dion gutun irekia onhartuz agertzen da. Egia den jakin nahirik, behin eta berriro konturatu gara joko honetaz. Egun gutti barru, ELA-STVko Idazkaritza Nagusiak ezeztatzen zuen paper hori, eskutitz bat aldizkari honetara, propio bidaliz.

"Tiro" hauk zein tokietatik datoz? Bat ala gehiago dira? Horrela nora iritsi nahi da? Beharbada.egunetik egunera euskal sindikatoa hartzen ari den indarra (bai autonomi eta bai klase posturan) ez zaio "baten bati" atsegin izango? Edo eta, ez al gara espainiar instituzioak indartzen ari euskalduna zapaltzen ari garenean? Hala, mingarri gerta daiteke "zenbaitentzat", ELA-STVren indar zabaltzea; azken denboraldi honetako ekintza gartsua; lantegietan gero eta gehiago agertzea; bertako arazoetan parte aktiboa hartzea, aldizkari "Lan Deya"ren jarraipen zuzen eta hobeagoa; atzerriko sindikatoen delegatuekin izan dituen egonaldiak hemen, Euskadin...???


Euskal Herrian

Hiru egun ikastoletaz Larrabetzun

Hiru sail ukituko dira:

Erakusketa bera

Hiru moetako materiala. Zenbait ikastolen

a) datu estatistikoak

b) argazkiak

c) erakuntzaren organigrama

Ekintzak

Ikastoletako haurrekin jaialdi bat.

Hitzaldiak

Maiatzak 21, gaueko 8'30etan

*"Ikastola hizkuntzan eta euskal kulturan"

 hizlari: Xabier Mendiguren

Maiatzak 22, gaueko 8'30etan

*"Ikastolak haurraren izaeran duen garrantzia"

 hizlari: Imanol Laspiur

Maiatzak 23, eguerdiko 12etan

*Mahaingurua: "Ikastola barrutik" pedagogoa

 J.L. Perez: Irakasle

 J. Pagalday: finantziazioaz

 I. Laspiur: gurasoa

 J.M. Torrealday: moderatzailea

*Textugintza eta pedagogi materiala IKER banatzailearen ardurapean aterako da.

Horretarako "stand" berezi bat jarriko da.

Gure helburua laburpen gisa, hauxe duzue:

- Txori Herrian Ikastolez ikuspegi positibo bat ematea.

- Ikastola mugimenduaren adierazpena ematea.

- Ikastolen artean, eta ahal dugun neurrian, giro eta elkarrizketa bat sortzea.

Gaurko ikastolen estrukturatzea, bereziki batzurena, ez da egokiena. Noren errua da? Ikastolarena ala ikastolatik at dauden beste estruktura batzurena?

Zein neurritan da ikastola "privado"keri horren errudun eta zein neurritan dira beste estruktura politiko zapaltzaile batzu?

Egokitasun horren alde, bai kanpoan eta bai Ikastola barruan, burrukatzen dugunon artean argi dago:

- Ikastola gure nortasunaren ezaugarri bat dela

- Ikastolen eta euskal kulturaren aurrerapena batera doazela.

- Bihar euskal eskola nazional batzu finkatzeko, gaur hemen, ikastola herritar batzu sortzen saiatu behar dugula.

Larrabetzuko HORI BAI elkarteak ez du lege aldetik izaterik. Erakusketa hau eratzeko norbaiten itzala behar genuen eta horregatik jo genuen ANAITASUNAra, lege aurrean babesa izateko. Bestalde, hau guztiau egiteko diru laguntza behar genuen eta IKER taldea laguntza hori emateko prest zegoela eta horrez gain textugintzan errepresentazioa zuela ikusirik hauengana jo genuen. Eskerrik beroenak ANAITASUNA, IKER eta laguntza eskeintzeko prest izan zareten Ikastola eta hizlari guztioi.

HORI BAI elkartea

LARRABETZUN eta HORI BAI elkarteak antolaturik bi hitzaldi:

 "Foruak eta Estatutuak"

Egunak: Maiatzaren 28an, arratsaldeko 8'30etan

Ekainaren 4ean, arratsaldeko 8'30etan

LARRABETZUn eta HORI BAI elkarteak antolaturik

UDAKO IKASTAROAK

Kuota: 550 pta.

Egunak: Ekainaren 14tik Uztailaren 16ra

Orduak: 7'30-9'30

Alfabetatzea:

Uztailaren 19tik 23ra "Euskal Geografia"

Uztailaren 26tik 30ra "Euskal Historia"

Agorrilaren 2tik 6ra "Euskal Herriko langile eta baserritarren burruken laburpena"

Larrabetzuko 600. urteburua: 1376-1976. Herriko "mezenas" (behar ditugu bai) batek babesturik eta HORI BAI elkartearen ardurapean idazlan bat Larrabetzuz. Euskaraz eta 5.000 pezetako saria.


Euskal Herrian

"Live-long education" eta ikastola

Heziera-Zientzietako eskuliburuetatik irten eta jadanik kazetari eta jende arruntarenganaino heldu den kontzeptua dugu ingelesek live-long eta iparramerikarrek continuing education izenaz ezaguna duten hau.

Euskaraz esanda, atergabeko heziera izentatuko genukeen honek ttikitandik hasi eta zahartzarorarte, bizitza osoan zehar, gizona bere alderdi guztietatik etengabe lantzen osotzen eta aldian aldiko giro eta eskakizunetara egokitzen ahaleginduko litzatekeen heziera moeta dela esan genezake.

Heziera moeta hau ez da hezitzaile bitxi batzuren buruek hobe beharrez eta beste hainbesteren artean asmatu duten eskola berria; gizartearen gero eta aldaketa bizkorragoak gizabanakoari eta gizarte osoari inposatzen dioten nahitaezko irtenbidea baizik.

Baina oraingo honetan ez noa "atergabeko heziera" honen zehaztasunak ematera eta arakatzera. Ikastolak, beronen inguruneak eta "atergabeko heziera" honek elkarren artean duketen zerikusiaz eta harremankizunaz mintzatu nahi nintzaizueke.

Itsuenak ere ba dakusa azken urteotan euskal kulturak eta euskal gizartearen dinamikak daraman abiada geldigaitza. Tirandura, ezkereskuinkada eta desberdinkatze guztiak gorabehera, benetako euskal gizarte bizi bat oretzera eta bilbeztatzera garamatzala dinamika horrek aitor genezake zinez eta zalantzarik gabe. Gizarte hau gero eta euskaldunagoa, bere buruaz jabetuagoa, trinkoagoa eta burrukalariagoa izango da. Eta hein handi batetan ikastolari zor zaio bizinahi kemen guzti hori, ikastola da dinamika horren motore eta eragileetariko bat. Ikastola, urtez urte, labealdi berriak euskal gizartearen baitara isuriz eta txertatuz joango da eta euskaldungoaren abiadura agudoagotuz.

Eta puntu honetan, galdera eta kezka sakona den zerbait sortzen zait barrenetik?

Ikastoletako gurasoak erdaldunak eta erdal girokoak batik bat eta ikastolaren ingurune nabar hori gauza izango ote da euskaldungoaren dinamika guzti hori ulertzeko, eginkorki bertan esku hartzeko eta beretzeko?

Beltza eta gogorra izango litzateke gero, ikastola sortu duten familiako guraso horik eta ingurune hori aipatutako dinamika horretatik gero eta urrunago eta aldenduago gertatzea eta marjinalismo pairakor batetan patxadatzea.

Bai euskal gizarteari, eta bai sektore horiei, kaltea besterik ez letorkieke horrela egoera batetatik. Zilbor hestea luzatu eta ihartu ahala, bitarren mailako euskaldungo ziztrin kolorga eta balaztatzaile bat sortzeko arriskua legoke.

Eta une honetan derriorrezkoa zaigu lehen aipaturiko "atergabeko heziera" kontzeptura itzultzea. Euskal erako continuing education modu batetan pentsatzen ez ote genuke hasi behar, agian? Ikastolako gurasoak eta ingurunea atergabe ber-hezitzea eta euskal dinamikaren urratsetara berregokitzea helburu lukeen live-long education batetan?

Euskara eta euskal kultura, historia, sozioekonomi arazoak, pedagogia, politika, legeria, psikologia eta beste mila gorabehera eta gai ukitu, hausnartu eta egosi beharko lirateke ber-heziera horretan. Eta hau guztiau teoriazko maila goitar batetan ez baina, egunean-egunean eta etorkizun hurbileko ekintza eginkor bati begira baizik.

Gari batetan gazteentzako "gizarte eskolak" sortu ziren bezalatsu, ikastolak nagusiagoen artean horien antzeko zerbait sorterazi beharko du bere ingurunean gero eta desoreka desabantailtsu batetan muturrak hautsi nahi ez ba dira.

Noiz behinkako hitzalditxo sakabanatu horik ezer gutti dira euskal gizartearen dinamikak eskatzen duenerako; zerbait iraunkorragoa, trinkoagoa, "atergabea." asmatu beharrean gaude ikastolaren fruituak luzapen bat izan dezan eta belaunaldien artean ezin gaindituzko etenik sor ez dadin.

Norbaitek musika zerutarra eritziko dio, agian, guzti honi baina zertan pentsatua ematen duen gaia delakoan nago. Egunean eguneko platera betetzea ez da gutti baina datorren gizartean bizi nahi badugu, aurre begirada luzez etorkizuna ikustera beharturik gaude, bestela urak pasa eta urtegigintzan aritzea gerta lekiguke.

Xabier Mendiguren


Euskal Herrian

M. Goihenetxe eta J.L. Davant-en hitzaldiak Bilbon

Euskal Kultur Mintegiak, Martxoaren 23an eta 24ean hitzaldi bi antolatu zuen Ipar Euskal Herriaz Deustuko Unibertsitatean.

Lehendabizikoa Manex Goihenetxek eman zuen: Hitzaldiaren izenburua: Ipar Euskal Herriko egoeraz. Baina azaldu zuen gaia hauxe: Ipar Euskal Herria nola gertatu zen historian zehar Frantziako parte bat osotzen, zein bide erabili zen prozesu honetan... edo bestetara formulatuaz: nola zabaldu zen Frantziaren inperialismoa gaurko Estatu artifizial hau lortzeraino.

Kolonizazioa

Gai hau azaltzeko bere liburuan oinharritu zen: Historie de la colonization francaise au Pays Basque. Argi eta garbi erakutsi zigun Iparreko desegitean kanpoko eraginak duen garrantzia; lehendabizi harmaz konkistatzen da iparraldeko lurraldea eta ondoren administrazio berriaz frantsestuz doa. Helburu hau betetzeko, eskola ere bide egokia da, eta abar.

Hutsune bat aurkitzekotan ez zuen sakondu behar adina Herri honek barneko sozial estrukturan zuen kontraesanean, hau da, zein zen klase estruktura euskal gizarte horretan, zenbaterainoko intzidentzia klase sozial bakoitzak eduki zuen Ipar Euskal Herriko bilakaeran, eta abar.

Iparraldeko faxistaz

Azkenez gaur eguneko egoera hurbilaren azterketan murgildu zen:

1.- Ibarnegarai faxistaren jokabideak azaldu zituen, nola Francoren adiskide eta laguntzaile deklaratua zen, nola Nafarroako karlistei iparreko zenbait dirudunek laguntza haundia eskaini zien, eta abar.

2.- Bestetik iparreko jendeen artean gertatu den aldakuntza azaldu zuen; Esaterako 1936.eko gerra denboretako hegoaldeko gudari errefujiatuak oso gaizki hartuak izan ziren iparrean eta behin baino gehiagotan kondenatuak, nahiz eta hegoko abertzale gehienak garai hartan kristau zintzoak izan. Hau guztiau behar diren exenpluez hornitu zuen. Gaurko egoera, berriz osotara hartuz guztiz ezberdina dela adierazi zigun.

Azkenean, elkar hizketan, Frantziako alderdi bakoitzak Euskal Herriaz duen ikuspuntua aztertu zuen. Nahiko garbi gelditu zen hauek nazional prolemaz usainik ere ez dutela hartzen. Oraindio barneko eskema inperialista aldatzeko beharrik ez dute ikusi, eta ez dira ez arduratuko herri kontzentzia berpizteko; beste batzuk izan beharko dute indartuko dutenak eta ondoren hauek, besterik ezean, gurdian jarriko dira formak aldatuz.

Ordezkaritzarik ez

Baina, alderdi frantsesek, ez dute ikusi nazio bakoitzean nazional itxurazko alderdi, delegazio errejional autonomoa edo ordezkaritzak sortzearen beharrik. Azken kasu honetan alderdiaren estrategia estatalaren azpian (beraz inperialista esaterako: mamia frantsesa estruktura nazionalen zenbait partzelatan zabalduko da, nahiz eta, egoera berrian, beste partzela batzutan Herriaren izatea eta ikuspuntua zabaldu) eraikitzen den politika estatala egokiago berregiteko, ordezkaritza hauk sortzen dira zeren onhartzen da, nazional errealitatea, azken batetan, berezia dela.

Hegoaldean berriz, delako alderdiek, nazio ttikietan egin dituzte, izenetan eta abar, zenbait aldakuntza, gertatu da oinharria mantenitzen badute ere.

Baina dudarik gabe, datu xehe honek, asko adierazi nahi du.

Hitzaldia, oso osorik euskaraz izan zen; oso ongi mintzatu zen. Nabari zitzaion une baten baino gehiagotan, barnetik bizi duen problema bat azaltzen zuela.

Jendearen aldetik, larogei bat pertsona egon ginen guttigora behera.

Davant

Asteazkenean J.L. Davant heldu zen, eta jakina hainbat jende bildu zen, 300 edo gehiago. Ipar Euskal Herriko prolemen berri eta kontzientzia gehiago zabaldu da.

Euskal Herri batuago bat ikusten ohitu gara eta ondorioz geure azterketak ez dira izaten zuzenak Herri osoa kontutan hartzen ez baldin badute.

Hitzaldiaren izenburua: Sociología política del País Vasco norte.

Hitzaldia oso ona, oso politikoa. Maila zabal bat eduki zuen, eta deus ez zekitenentzat guztiz egokia. Azken urteotako bilakaera soziopolitikoa eta ekonomikoa, zehatz mehatz, azaldu zigun. Zerbait esatekotan, ez zuen azaldu garbian klase estrukturaren egoera, nahiz eta argi nabari zen klase hautapena langile klasearena, hain zuzen ere.

"Euskaldun gazteria" taldearen berri, eta talde honen egoera eta textuingurua azaldu zuen. Ondoren Enbataren azterketa eman zuen talde honen politiko ikuspegiaz eta honen hutsunetaz mintzatu zen: Alde ona: Herri kontzientzia zabaldu zuen.

Alde txarra: 1967. urtean sozialismoaren aukera ez egitea.

Notableak

Ondoren, egoera politikoaren azterketan murgilduz, oso ongi deskribatu eta kritikatu zuen "notableen" jokamoldeak. Nortzu dira notableak: herriko jauntxo edo beren burua "jakintsu"tzat dutenak. Gizartean bitarteko maila bat betetzen dute. Herri langileak zerbait behar duenean arazo bat konpontzeko, beharrez haiengandik pasatu behar dira, lege gizonak, medikuak... Argiak direla ematen dute, zeren denetaz dakite, beti goiti behera begiratuko zaitu, azken batetan dena oinharritzen dute ikuspegi elitista batetan. Demokrazia burjesaren oinharri dira, giro elitista nagusituz. Hauek kontrolatzen dute politika.

H.A.S.

Giro honetan, notableen legea nagusi dela, klase eta interes burjes eta kapitalisten aurka, HAS sortu zela, azaldu zuen, Herriko alderdi bezala, abertzale kontzientziaz eta langile klasearen interesak defenditzeko.

Alderdi honen programa eta asmoak azaldu zituen. Lehendabizi hegoaldera zabaltzeko ziren, baina gero utzi egin zuten.

Beranduago hegoan aurreprojektu zabal baten inguruan biltzen hasi zen jende bat, eta programa bat, askoren ondoren, konkretatu zuten. Elkar Hizketa batzuren ondoren, eta programak egokituz, alderdi berri bat sortu zen: E.H.A.S. (Euskal Herriko Alderdi Sozialista). Orduan alderdi honen programa azaldu zuen.

E.H.A.S.

Nazional arazoan: Alde bakoitza ahalegindu behar da, ahal duen autonomiarik haundiena lortzen, egoera berri horretatik, abiaturi ipar eta hegoaren batasunaren alde burrukatzeko posibletasun posibleago eta hurbilago gerta dadin.

Helburua garbi dago: Euskal Herria bere buruaren jabe izatea, hau da, euskal Estatutu bat sortu gabe ez da posible hori. Gaurko egoeran gure interesen alde egiteko tresna hori behar dugu.

Helburu hori lortzeko, alderdiak politika bat sortuko du (eta sortzen ari duela esan zuen); maila edo etapa batzu jartzen ditu, ikuspegi iraultzaile eta materialista edo errealista batek eskatzen duen arauera.

Honela, lehen urratsa, hego Euskal Herrian, estatutu zabal bat lortzea litzateke lau herrialdeentzat ahal dugun askatasun handienaz. Ipar aldean, lehen urratsa:

1.- Ofizialki onhartzea, ba dela Euskal Herri bat.

2.- Departamentu-errejio bat.

Hegoaldetik dirua

Gaur egun burjesia bera ere, jabetu da Ipar Euskal Herria berbizteko, Parisetik baino lehenago Bilbotik etorriko zaiola eragina eta dirua. Joera hau bultzatzeko, nolabaiteko askatasun bat lortu behar.

Ez dago dudarik, iparraldeko herri langilea, ondoren, askatasun gehiago lortuko dituela eta lotura haundiagoak hegokoarekin.

Baina hau programaren parte bat zela azaldu zuen.

Langileen kontrola

Bestetik azaldu zuen EHAS sozialismo iraultzaile eta demokratiko baten alde dagoela. Hau da, azken batetan, langile klaseak, gizartean majoria denak, hartu behar ditu ekonomiaren eta politikaren kontrola, produkzioko sozial harremanetan aldakuntza kualitatiboa sortuz. Textuinguru honetan bakarrik da posible demokrazia herritarra, oinharrizkoa.

Sozial-demokrazia batetan, esaterako, aldakuntzarik ez da lortzen, zeren nahiz eta burjesiaren indarra neurri batetan mugatzea lortu, kapitalista sistemak sortzen duen esplotazioa ez da desegiten, klase estruktura berdin mantenitzen eta birsortzen delarik, hau da, burjes klaseak dominante bezala.

Demokraziar giroan

Helburu hauk lortzeko ere, trantsiziozko epeak, eta bide bereziak erabili behar dira. Honetan ez zuen sakondu, ez baitzen hau hitzaldiaren helburua. Ez dago dudarik demokrazia giro batetan lortu behar direla, bideak landu; ez da nahastu behar, demagogia merkea eginik, sozialismoaren nagusitzea eta sistema autoritario zapaltzaileak, nahiz eta historikoki toki baten baino gehiagotan, elkarri loturik egon.

Bi taktika

Alderdi honek, segitu zuen, estrategia baten barnean, taktika diferente bi ditu, iparrean eta hegoan, eguneroko baldintza materialak kontutan hartzen baititu, idealismo merkeak eta utopikoak deusesturik.

Beraz alderdi honek, euskal errealitate sozialari, erantzun konkretu bat eskaintzen dio, arazo guztietan, sozialismoa eta euskal herritasuna lotzeko.

Harmarik ez

Lehen alderdi edo erakunde ez harmatua, helburu hauek lotzen dituena zela zioskun.

Segun gaude alderdiaren programa osoa zabalagoa dela, baina ikuspegi nahiko argia utzi zigun EHASez.

Ondoren eta laburpen bezala, punturik puntu ipar aldeko arazorik larrienak azaldu zituen.

Laburpena

1.- Gazteria iheska dabil. Lehenbailehen industrializapen planifikatu bat behar da, orain batez ere burjeseria turistikoaren aurka burrukatuz.

2.- Kultur egoera pobrea, ekonomia ahula baita.

3.- Botererik eza, izugarria.

Alderdien mailan, gaur egun ipar aldean EHASek bakarrik ahal duela zerbait egin azaldu zuen. Eta honekin elkar hizketara jo genuen.

Hutsune bat betetzen

Hitzaldi guztia atentzio handiaz hartua izan; jendea adi adi zegoen. Pentsa daiteke, denon gogoan zegoen hutsune bat betetzera zetorrela. Abertzale-sozialistak ez gaude ohiturik honelako hitzaldietara. Hutsunea bete zuen bai. Beharbada estrukturatzeko ordua heldu zaigu. Kanpora irten genuenean batek baino gehiagok ondorio hau atera zuten. Hurrengo egunean, Unibertsitatean bertan, aldizkari batzuren artean, Euskalduna saltzen zen libreki.


Ahotsa argiaren bitartez

Telefonoaren ehun urteak

Orain dela ehun urte —1876.eko otsailaren 14ean, hain zuzen—, A. G. Bellek telefonoa patentatu zuen. Aurkikuntza honen oinharria erraza da: soinu-uhinak, telefonoak duen mikrofono baten bidez, elektrik taupadatan transformatzen dira. Hauk, kobre hari batetan zehar, beste telefono batetara heltzen dira, eta berton, bozgorailu batek taupadak soinu-uhinetan itzultzen ditu.

Gero, aurkikuntza hau hobeagotuz joan da, eta gaur egun telefonoa leku askotan ikusten da. Baina, nahiz eta azken ehun urteotan telefonoaren aurrerapena izugarria izan, problemak ere ugarituz Joan dira: materiala —kobre haria— garestia da, eta munduko meatzeak urrituz doaz; interferentzia asko nabaritzen da eta elkarrizketak gurutzatu egiten dira maiz; ekaitzek ahotsaren kualitatea gaitzestu egiten dute; eta abar.

Horregatik, telefono entrepresen laborategietan, ahotsaren beste garraiatzaile batzu aztertzen ari dira, eta ba dirudi, hemendik laburrera, erabiliko den eroale berria, argia izanen dela.

Argiak ahotsa, nola eroan?

Argia, komunikabide bezala, oso zaharra da: suak mendiz mendi, ispiluak, eta abar luze bat erabili ohi dira historian zehar, baina gaur egun zientzigizonek egin nahi dutena, besterik da: kobrezko harien ordez, beirazko hariak ezar, eta elektrik taupaden ordez, uhin elektromagnetikoak —argia—. Ideia honen zientifik oinharria hauxe da: elektromagnetik uhin batek duen informazioa garraiatzeko kapazitatea, beraren frekuentziaren arauerakoa da. Eta argiaren frekuentzia oso altua denez beirazko hari batetarik joan daitekeen argiak, askoz ere informazio gehiago eroan dezake, tamainu berdina duen kobre hari batetatik doan elektrizitateak eroan dezakeena baino; eta gainera lehen esan ditugun desabantailak guttitu egiten lirateke: beira egiteko erabiltzen den silizea, kobrea baino merkeago da; ekaitzek ez dituzte uhin elektromagnetikoak gaitzesten; eta abar.

Ahotsa argiaren bitartez lortzeko bidean

Baina oraindik helburutik urrun gaude; gauza asko behar dira: lehen, ahotsa, mikrofono baten bidez, elektrik seinaletan transformatu behar da. Gero, seinaleok argitan transformatu behar dira; argi beirazko hodi batez eroan behar da, ahalik eta galpen guttienekin; azkenez, argia elektrik seinaletan transformatu behar da, eta seinaleok, bozgorailu baten bidez, ahotsetan bihurtu.

Lehen pausoa nahiko ondo ebatzita dago, mikrofono oso onak baitaude. Bigarren pausoa, elektrik seinaleak argitan transformatzea halegia, ezin ahal izan da gainditu oraintsu arte: erabili behar den argi izpia ezin daiteke edonolakoa izan; aldiz, oso hertsia eta frekuentzi tarte oso meharrekoa izan behar da, beirazko harian sartzeko eta berton galpenak guttitzeko. Hau laserraren bitartez egin da. Laserra ez da argia monokromatiko bat —frekuentzia bakarrekoa halegia— ematen duen argi-iturri bat baino; eta mikrofonotik datozen elektrik seinaleek, piztu eta amatatu egiten dute laserra.

Argia beira harian zehar doa eta azkenean deskodifikatzaile bat dago, zeinak, heltzen zaion argiaren arauera, elektrik seinaleak ematen baititu; eta hauk, bozgorailu bat dela medio, entzun genezakeen ahotsetan bihurtzen dira.

Baina ahotsa argiaren bitartez eroaten ikusteko, denbora pasa beharko da. Oraindik laserrek ez dute, behar duten iraunpenik, ekonomikoak izateko; beirazko zuntzen fabrikapena ez da erraza, zeren, edozein beira bezala, hauskorrak baitira, eta bestetik, oso puruak izan behar baitute —argia absorbitzen duten elementurik— (burdina edo kobrea bezala) ez baitute ukan behar—, eta abar. Dena dela, eta ohi den bezala, lorpen hauk erabiltzen, militar helburua duten industriak aurreratu dira, eta, adibidez, Ipar Amerikako guduntzi eta hegazkin askok beren kontrol sistemetan beirazko kableak erabiltzen dituzte.

I. Zuazo


Iberian zer

Areilza jauna Italian

Areilza jaunak Europan zehar egin duen "ibilaldi demokratikoaren" azken aldatza izan da Italia. Ez bere gustokoa azken "incontro" hau. Lehen Erromarako bidaia atzeratu ba zuen ere, orain ustekabean, bai Italia eta bai Espainiako egoera on ona ez den une honetan, abiatzea erabaki du. Erabaki ausarta benetan.

Ez zen alferrikakoa italiar politikarienganako Areilzaren beldurra. Beste zenbait tokitan bezala aldatz gogorra aurkitu du Europan sartzeko laguntza bilakatze horretan.

Areilza jaunarekin egon aurretik, Rumor ministroa "Comite Italia-España"ko lehendakari den Nenni sozialistarekin elkarrizketatu zen. Nennik adierazi zion Rumor jaunari, Comite horrek ez duela jaso Madrilgo gobernuari egin zion amnistiaren eskaeraren erantzunik. "Azken egoeretan Areilzaren gobernuak erabaki duen esku gogorregiak, frankismoaren metodoak uzteko intentzioak zalantzan jartzen dituela" aitortu zion Nennik Rumor ministroari.

"Comite Italia-España" honetan alderdi demokrata guztiek hartzen dute parte. Ez da ahaztu behar, oraindik denbora gutti Comite hau Espainiako Junta eta Plataformakoekin bildu zela Erroman. Bertan Espainiako oposizioaren helburuak ikusi ondoren, Espainian egiazko demokrazia bat ikusten ez den bitartean Europaren maratila hertsirik edukitzearen alde azaldu ziren.

Bestalde, gogoratzekoa, lehenago oraindik, urtarrilean, (harritzekoa euskaldunok behin edo behin azkar ibiltzea) ELA euskal sindikatokoek Italiako hiru sindikatoen (CGIL-CISL-UIL) Federaziokoekin harreman luze batzu izan ondoren "Comite Italia-España"koekin elkarrizketa bat izan zutela. Orduan ELAkoek Italiako Sindikatoen eta alderdien aurrean Euskal Herriko sindikalarien egoera azaltzeko beta izan zuten. Italia eta Euskal Herriko sindikalarien delegazio bien artean idatzitako agiri bat banatu zioten prentsari. Agiri horretan, amnistia orokor bat, politik eta sindikalgintzako giltzaperatuen askatasuna eta Euskal Herriaren eta beste nazionalitateen autodeterminazioa eskatzen zen.

"Comite Italia-España"koek, 1937an, Areilza jaunak Bilboko alkate zenez Coliseo Albian egin zuen diskursoa ere ez dute ahaztu. Diskurso haretan, beste gauza "interesgarri" batzuren artean esan zituen hitzak dira hauk: "Prietoren Sozialismoaren eta bizkaitar txatxutasunaren ondorio zen, eta Euzkadi izena zuen amets hori betiko gainditua erori da". Dena osorik irakurtzea merezi duen diskursoa.

Italiako egunkariek diotenez, zabal hitzegin dute Moro eta Rumor jaunek Areilzarekin. Ez dakigu zer esan duten baina erraz asmatzekoak dira italiarren kondizioak.

Egiazko demokrazia bat ez badugu zail ikusten dugu Espainia Europan sartzea. Honen jakinean da Areilza jauna, baina 37an diskurso hura egin zuenak zer nolako demokrazia ekar liezaguke.

Jose Martin Barrutia


Iberian zer

Portugal Europaren irudira

Guztion ahotan eta lumatan ibili da Portugal azken bi urte hauetan. Hauteskundeak direla eta, horriak eta horriak bete dira berrikitan atzera. Guti barru, ekainaren azken aldera Lehendakariaren hautaketa denez, beste horrenbeste gertatuko da.

Ba dirudi Portugaleko giroa baretzen (epeltzen esango du norbaitek) doala. Azken hauteskunde hauk bakean igaro dira. Askok uste zuen baino baketsuago. Batzuk nahi zuten baino bareago.

Alde ala aurka egon, denek aitortu beharko dute politikazko heldutasun baten jabe dela Portugal. Eta ba du horretan ere meriturik, diktadura bat eta bi estatu-kolpe moduko berrikitan oraindik bizi ondoren. Berentzako nahiko luke askok Portugalek erakusten duen politik heldutasun hori!

Portugaleko azken hauteskundeen azterketa sakonik egiteko asmorik ez dut. Baina gustora agertuko nituke elekzio horiek ageritan utzi duten pontu bat edo beste.

Alderdi Sozialista azaldu da oraingoan ere nagusi, eta horrekin bere nagusitasuna finkatu egiten du, luzarorako segurrenik. Sa Carneiroren erdia dator bigarren, urrun atzetik. Azpimarratu beharra dago, bestalde, ezkerra eta eskubia ere kontsolidaturik gelditu direla. Ikus ditzagun banan banan eta hurbilagotik zifra batzu: Alderdi Sozialistak (PS), lehendik hona zenbait pontu galdurik ere, botuen 35 % bereganatu zituen eta 106 diputatu ditu. Herri Alderdi Demokratikoak (PPD) ere, sozialistak bezalaxe bi pontu t'erdi galdu baditu ere, oraindik 24 %rekin gelditzen da, eta 71 diputaturekin. Beste biak, bat eskuindarra, ezkerrarra bestea, galdu ez baino irabazi egin dituzte. Batik bat CDS (Centro Democrático y Social) delakoak ia doblatu egin ditu botuak: 15'9 % eta 41 diputatu. Hurbildik jarraitzen zaio Alderdi Komunista (PCP), 14'60 % boturekin eta 40 parlamentarirekin.

Portugaleko hauteskunde hauek nabari zen eboluzioa azpimarratu dute. Eskuindarrek eta ordenazaleek CDSen bilatu dute babesa. Cunhalen alderdia ere segurtaturik ageri da. Ba dirudi sozial-demokrazia baten tankerako gobernu batek errepresentatuko lituzkeela hobekien bozemaileen intentzioak. Izan ere, PPD eta PSren artean ia 60 % betetzen dute. Baina PPD eskubiegi dago, eta PS ez horren ezker. Nola elkarrekin lan egin?

Mediterraneoko Europaren irudira jokatzekotan, Alderdi Sozialistak Sa Carneirorekin ez baino Cunhalekin egin behar luke hitzarmenik. Baina ez batarekin ez bestearekin nahi du Soaresek. Bakarrik gobernatu nahi du. Ez omen da ezkontzarik egongo, Soaresek hauteskunde biharamunean esan zuenez, ezkontzeko biren akordio behar delako. "Eta alderdi Sozialistak ez du bateratzerik nahi".

Harritzekoa ere ba da Alderdi Sozialistak berak bakarrik gobernatzeko duen gogoa. Nola adierazi? Batzuren uztez score hobea edo botu gehiago izango zituela uste izan zuten. Beste batzuren ustez, Alderdi Sozialista bera, dirudien baino ahulagoa da, barnean batasun eskasekoa. Beldur lizateke, ba, Soares tratutan hasteko, alderdia sakabanatuko zaion beldur.

Dena den, Lehendakaria aukeratu arteino, datu berririk agertzen ez den bitartean, lehengotan jarraituko dute denek, hain zuzen nork bere gustoko Lehendakaria atera ahal izateko.

joan larrinaga


Kantzerra eta viruak

Aurreko artikuluari jarraipena emanez, hemen nago berriro ere, nirea ez den arlo bat lantzen. Hala ere, bai medikuek eta bai biologoek neure ausartzia barkatuko didatela espero dut. Egia esan, berorik idaztera bultzatu nahi nituzke, eta, horrela, berorien zirikatzaile izan nahi nuke. Eta, besterik gabe, lot nakion hariari.

Fisiologi arloan 1 975. urteko Nobel sariaz ohoratuak izan diren hiru ikertzaileak, eta berauek egin dituzten lanak aipatu nahi ditut oraingo artikuluon. Sariztatuen izenak hauk dira: Renato Dulbecco, Howard M. Temin eta David Baltimore.

Guztiok dakigunez, Nobel saria mundu mailan dagoen saririk ospatsuena da. Beraren bidez, zenbait urtetako lanagatik eta gizarteari eskaini dioten mesede eskergagatik sariztatzen dira ikertzaileak. Bukatu berri den urteko Fisiologi arloko saria, teoria negatibo baten defendatzaile nagusiei eman zaie. Hauek diotenez, "segur asko, viruek ez dute funtzio nagusia betetzen kantzerraren sortzean". Hori onhartuz gero, zenbait galde datorkigu berehala burura. Zein da, orduan, kantzerraren kausa-sortzailea? Zer erlazio dago viruen eta kantzerraren artean?

Ikusiko dugunez, gauzak ez daude argi, eta oraindik ezer guti dakigu zehazki kantzerraren sorrera biologikoari buruz. Dena dela, hor daude ikertzaile hauen lanak. Eta lanon historia zertxobait luzea delarik, haien azalpen eskematikoa egitea komeni dela uste dut.

Jadanik 1 907. urtean, oilasko leukemia viru batez transjar zitekeela frogatu zuten daniar ikertzaile bik. Bizpahiru urte beranduago, Peyton Rous izeneko ikertzaile batek, oislako sarkoma bat modu berean, hots, viru baten bitartez kutsa zitekeela frogatu zuen. Orduz gero, kantzerraren sorpen virala oso eztabaidatua izan da.

Kantzerra sortuko lukeen virua, hau da, kantzerraren sorpenean eragin zuzena lukeen virua aurkitu nahi zen. Lehenago aipatu ikertzaileek frogatu dutenaren arauera, ordea, bestela aritu beharko da, kantzerraren sorpena aurkitzeko eta argitzeko. Baina zertan finkatzen dira hori esateko?

Aipa ditzagun poliomaren virua, zenbait sagutan aurkitua, eta SV 40 (Simian Virus 40), zenbait tximinotan aurkitua Viru hauk zelula kantzerigenotan aurkitu dira. Horregatik, hasera batetan, viru horik kantzer-sortzaile zirela pentsatu zen. Baina, frogatu denez, baldintza arruntetan viru horik ez diete kalterik sortzen jatorrizko zelulei; hau da, saguaren zelulen barruan egon arren, poliomaren viruak ez du berez kantzerra sortzen; ez eta tximinoaren zelulen barruan dagoen SV 40 viruak ere. Zergatik? Sagu eta tximinoaren gorputzek viru horien kontrako antigorputz bereziak sortzen dituztelako Hala ere, bestelako animalia batzurengan edo eta baldintza berezi batzuren pean viru horik kantzer-sortzaile izan daitezke.

Eta, nola gordetzen dira viruok zelulen barruan? Dakikezuenez, viruak bi multzotan sailkatzen dira beraien azido nukleikoen arauera: DNA viruak (desoxirribonukleiko azidoa dutenak) eta RNA viruak (ribonukleiko azidoa dutenak).

Frogatu denez, DNA viruak integratu egiten dira zelulen geneen DNA helizeetan, beraien kodigo genetikoa eta guzti. Hauxe izan da Dulbeccoren lanaren funtsa, eta horixe frogatzera saiatu izan da hainbeste urtetan, askoren eritziren aurka joanez. Eta lortu egin du bere helburua. Eta bere inguruan ikertzaile eskola bat sortu du. Horregatik eman diote Nobel saria.

Hala ere, RNA viruen kasuan gertatzen zena, ez zegoen argi; eta paradoxa baten aurrera heldu ziren ikertzaileak. Azkenik, Dulbeccoren jarraitzaile diren Temin eta Baltimore ikertzaileek argitu dute arazoa. Hauek "transkriptasa inbertsua" izeneko entzima bat aurkitu dute, eta honen bidez RNA molekula DNA bihur daitekeela frogatu dute. Entzima horren bidez, eta Dulbeccoren bideari jarraikiz, RNA viruak ere zelulen kromosometan integra daitezkeela frogatu dute. Eta horregatik eman diete Nobel saria.

Esan beharra dago ezen, ikerpen hauk aurrera eramatean, hiru ikertzaile hauk (eta berauen eskolakoak) biologo gehienen aurka joan direla. Ikerpenok 1963. urtetik 1969. urtera bitartean gertatu izan dira gehienbat. Eta azkenean, ikertzaile hauen burugogortasunak eta iraunpenak garaitu egin ditu oztopo guztiak.

Zenbait ondorio

Ikerpen hauetan frogatu denez, viruak zelulen barruan egon daitezke integraturik, batere kalterik egin gabe eta kantzerrik sortu gabe, nahiz eta baldintza berezitan zelula horik kantzerigeno bihur daitezkeen. Gainera, ikusi denez, zelula horik bitan zatitzean, viru integratua bi zelula jaioberrietan agertzen da, modu honetan zelularekin batera birsortuz.

Ba dirudi, beraz, kantzerra sor dadin, bestelako kanpobaldintzaren bat agertu behar dela. Hau guztiz ados dago, oraintsu egin diren azterketa estatistikoekin (aurreko artikuluan aipatu nituenekin, hain zuzen). Hauen arauera, kantzer guztien 80 %, guti gorabehera, inguruko baldintzek sortuak dirateke: satsudurak, konposatu kimikoek eta bestek sortuak.

Eta substantzia kantzer-sortzaile batzu segurtasun handiz ezagunak ditugu. Horregatik, sariaren albistea jakin ondoren egindako elkar hizketa batetan, honelaxe zioen Temin-ek: "Bien bitartean, badaezpada ere, tabako gutiago erre dezagun eta bazter ditzagun substantzia kantzer-sortzaileak..." Esaldi honen bidez, kantzerraren sorreraz ezer guti dakigula eta haren aurka ezer guti egin dezakegula adierazi nahi zuen umilki; baina, modu berean, bere eritziz kantzerraren iturburua non dagoen adierazi nahi zuen nonbait. Edozela ere, esaldi horrek satsuduraren aurkako egintzetara bultzatu behar gaituela uste dut.

J. R. ETXEBARRIA


Munduan zer

Hirugarren mundua. H. Kissinger Beltzak Ikusten

Kissingerek beltzak ikusi dituela esatean, politikazko egoera txarrean dagoela, azken aldian honen izarra gainbehera datorrenik ez dugu, oraingoan, adierazi nahi.

Afrikan egon berria dela esan nahi dugu bakarrik. Kissingeren ibilaldi hau esanguratsua da, nazio arteko politikaren aztertzaileek diotenez.

Azken urte hauetan Ekialdetik ibili ondoren, Afrikako politikari heldu nahi dio orain Kissingerek. Vietnameko baketze ostean, Asia galdurik du Ipar Amerikak. Ekialde Hurbilean, Israelekin eta, hor dabil "petits pas" delako politika aurrera atera nahian. Eta Afrikan?

Angolan, sobietarren eta kubatarren laguntzaz, M.P.L.A. nagusitu delarik, larri dabil Ipar Amerika, sobietarren influentziaren beldur. Beldur horretxek eraman du Kissinger Afrikari buruzko ameriketar politika osoki aldatzera.

1969an, Hego aldeko Afrikaz Kissinger berak zuen politika, bazterturik gelditu da oraingo ibilaldi honetan. Erregimen zuriak (koloniak) luzaroan iraungo zutela uste bide zuen Kissingerek. Erregimen horitxek lagundu behar zirela erabaki zuten, luzaroan bederen beltzek agintez jabetuko ez zirelakoan. Asmo horrekintxe, nahiz eta agerian razismoaren eta apartheiden aurka mintzatu, azpitik gobernu horik politikaz aislatu gabe eta ekonomiaz baztertu gabe geldi zitezen saiatu izan da Amerika. Gaur egun, Angolakoaren ondoren, politika horren hutsa ikusi da, eta politika hori lurperatzea erabaki du Kissingerek. 180 graduko jira egin du honen politikak.

Sobiet Batasunari Hego aldeko Afrikaren bideak mozteko asmoaz joan da Kissinger. Interes ekonomikoak eta interes estrategikoak daude lurralde horietan. Lehen ekaietan aberats dira eremu horiek: urrea, diamantea, uranio, beruna, etab. Aztarnategi handi pila bat dago hor. Bestalde, Atlantiko Beheko eta Ozeano Indiko itsasoetako petrolio bideak hortik kontrola daitezke.

Ipar Amerikaren kanpoko politikan, Hego aldeko Afrika ezin da inolaz ere Sobietarren eskutan utzi. Africa beltz bat gorri bat baino hobe da. Behar den prezioa jarriz ere, beltzen alde doa Kissingeren oraingo politika. Argi eta garbi esan du horixe bera Zambiako huriburuan, "Lusakako Manifestua" bezala ezagutua den hitzaldian. Prezio hori ordaindu behar dutenak, Hego aldeko Afrikako aginte zuriak dira, Rodesiakoa eta Namibiako lehenengo, eta geroago —noiz ez dakigula— Hego Afrikakoa. Minoria zuriak afrikatar nazionalismoari opaltzen dizkio Kissingerek. Esan bezala, ez noski Ipar Ameriketa apartheiden aurka dagoelako, baizik ere jokamolde berri honekin sobietarren eragina gutitu eta gerrilla progresistari lurra jango diola pentsatzen duelako.

Beltzen alde eta kanpoko influentzien kontra agertuz, Afrikako gobernu moderatuak eta "gogor" zenbait ere bereganatu dituela uste du Kissingerek. Zurien aurka dauden Mobutu bat, Senghor bit eta pozik egongo dira, noski. Hala ere, Nigeriak eta Ghanak ez dute Kissinger hartu nahi izan, Moskuren aholkuz.

Joan Mari Torrealday


Munduan zer

Kultura. Haur-hiltzailearen Misterioa

Gilles de Rais figura gaizto bat zen, filmeetarako super-gaiztoa. Bere arima odolez eta hilketaz bakarrik baketzen zuen baroi bretoina, 1440.eko urrian Nantes-en sutan kiskaili zutena.

Gilles de Rais, egungo teatroak behar duen deabrua zen justu justu. Ez du parte onik. Jeanne d'Arc-en alboan beldur gabe eta gupida gabeago burrukatu duen heroi abertzalea. Elizak pertsegitu duen heretikoa. Bazterretan txikizioa eta negarra zabaltzen zuen basapiztia. Bere gudariak emagaldu eta sorginekin sekulako orgietan nahasten zituen zaldun endemoniatua. Ehundaka, menpekoen umeak ezpataz hil eta haragia Jaten zuen munstroa... Erlijio, hilketa, erreketa: non aukera hoberik, Autore "ausart" batentzat!

Autore ausart hori Planchon da. Villeurbanne-ko "Theatre National Populaire"n, Arrabal eman ondoren, haur-hiltzaile perbertsoaren Misterioa muntatu duena. Sentsazio bat. Nola ez! Buñuel bera ere interesatu omen da gaiaz, hurrengo filme batetarako.

Ipuin beldurgarriek eta fantasma istorioek zineman duten arrakasta begien bistan dago. Egungo ikusleriak, larrua ikaraz zimurtzen dion ikuskaria eskatzen du. Zinemaren antzera, teatroa ere "thriller" bila abiatu zaigu. Izan ere, egungo ikuslearen larrua asko gogortu da. Drama klasikoek ez dute biguntzen eta ez ikaratzen eta larritzen. Tremendismo gehiago behar da, ikusle hori inpresionatzeko. Baina teatroak, zinemak ez bezala, intelektualki "sakon" ere izan nahi du. Eta sakontasun hori emateko, zer hoberik, seksu, gerra eta Inkisizio drama bat baino!

Gainera, Gilles de Rais, Planchon seminarista ohiak behar zuen deabrua da, frantses katolizismoaren literaturan Bernanosgandik Jouveganaino datorkigun Satan tradizioari jarraitzeko ere.

Nortasun haundiko erreminta, Gilles de Rais hori. Haren aldean beste denak, Inkisitorea, Nantesko apezpikua, Bretainiako Dukea, Urlia feudal jauntxoa, ergelkume hutsak dituzu. Onak, denak pelele hutsak. Gaiztoa da hemen gizona, kozkorduna. Satan inguruan dantzan ari zaiola agertzen da beti Gilles de Rais hori. Beti bortizki. Kain antzera, Judas antzera. Eta, azkenean, Planchonek Misterio bat egin baitigu, ikaragarrizko damuz eta orruz eta tormentuz eta desesperazioz, Gilles de Rais martiri bat duzu eta salbatu egin da. On denak gaiztoak dira, eta gaizto supergaiztoa saindu bat. Planchonek —obra idatzi ezezik, Gilles de Raisen papera egin ere berak egiten duenak— sentimenduz betetako lirismo hunkigarri batez arrebatatzen du teatro osoa...

Sekulako zalapartak, txaloak, orruak. Aurreritzi denak gonfirmatu dira. Mundua berriz ere ordenuan dago. Argiak pizten dira. Eta jendea etxera joaten da, beti arrazoi zuela jakinez.

LAZKANO MENDIZABAL


Munduan zer

Kultura. Sonja Delaunay pintatzaileari omenaldia

Pariseko "Musée d'Art Moderne"k erakusketa bat antolatu du Sonja Delaunayren ohorez, ohoratutako damaren 85 obra batera bilduz. Sonja Delaunay —beti ere, Saint-Germain inguruko Saint-Simon karrikan, bere atelier eta bulego gainean bizi dena— arte modernoaren testamentu zaharra bezalatsu da, bere 90 urte bete berriekin. Beraren izena kubismo, fauvismo eta beste ismo aspaldiko batzurekin lotuta dago. Orfismo delakoaz batez ere.

Orfismoaren asmatzaile, izan ere, Robert Delaunay zen. Sonjaren senarra. 1910.ean ezkondu ziren. Orfismo izena bera, Apollinairek atera omen zuen. Robert Delaunay dekorazioan aritzen zen, Gaugin eta Cezannek eraginda, pintura bizi, puntadun, zorrotz bat egiteari ekin zitzaionean. 1910.ekoa da, hain zuzen, Eiffel Dorrea koadrua.

Sonja Delaunayren izena beti egon da pixka bat senarraren itzalean. Hala ere, bakoitzak bere aldetik lan egin du. Sonjarentzat, pintatzea, berak nahi zuena egitea izan da. Libertatea probatzea, askatasuna kolore konbinaziotan esperimentatzea. Koloreak espazio zabal mugagabe batetan zabaltzea eta argizko kurubil lineak kurbatzea. Gogoak ematen ziona egin du beti. Gogoak ematen ziolako, Blaise Cendraren liburuak ilustratu zituen. Serge Djaghilewen ballet eskenarioak pintatzen zituen. Eta eskola eta ismo guztiak pikotara bidaltzen zituen, bere eta bere senarrarena barne.

Joan zen mende eta gure arteko itzulgunean sarri aurkitzen ditugun tipo jenial horietakoa izan da: zoro, lotura gabeko, anarkiko, eta une berean ikaragarri diziplinatu bere lanean. Proba asko egin behar. Gogor lan egin behar. Beti xede batekin: argia sorteraz.

Sonja Delaunayk idealismo gutirekin juzkatzen du bere garaia. Garai hura itxuragabeki idealizatu dugula uste du. Asmaketa haundien urteak izan ziren; baina hanka sartze haundien urteak ere bai, Sonjaren eritzian.

Sonja Delaunayren artea merkatuaren gustukoa da, inondik ere. Edozein marrazkiñoren prezioak erakusten du. Rue Saint-Simonen, bere atelier eta bulego gainean, oinarri ekonomiko guztiz sendoaren gainean, lasai lo egin lezake Madame Delaunayk. Urruti dago, 1903.ean Errusia esku hutsik utzi zuen garaia, Parisen pintura ikasteko.

LAZKANO MENDIZABAL


Munduan zer

Kultura. Jouve hil zen

Ia inor akordatu gabe hil zaigu Parisen Pierre-Jean Jouve, liriko, kritiko, saiolari eta nobelista, ia 90 urte bete zituela.

Arras-en jaioa, gazte gazterik sartu zen poesigintzara Baudelaire, Mallarme eta Rimbaud-en bidetik. Lehenengo Mundu Gerran Romain Rolland-ekin adiskidetu zen. Adiskidetasun hau eta Jules Romains-en miresmena oinarrizkoak izango ditu bere lehenengo poesigintza sinbolistan.

Baina Jouve 1924.ean hasten da norbera izaten. Konbertsio radikal bat izan du. Ordurarteko asmo eta bideak utzi, eta batetik mistika katolikoari lotzen zaio, bestetik psikoanalisiari. (Beraren emazteak Freud frantsesera itzuli baitu). Konbertsio honen fruitua: Mysterieuses Noces (Misteriozko Ezteiak) 1925.ean, eta Sueur de Sang (Odol Izerdia) 1934.ean.

Jouveren mundua trajikoa da. Samina. Herio grinazko eta apokaliptikoa. Garbitasun absolutua bilatzen du. "Hutsa". Poetaren Golgota da. Irudi, metafora, sinbolo indartsu bezain bihurri eta barrokotan isurtzen du barne beteko labe goria.

Izpiritu hori tipikoa du musika interpretazioan ere. Jouve Mozarten interprete interesgarrienetakoa da. Baina Jouverentzat Mozart ez da uste ohi dugun musikari jolasti, alaia. Deabruzko bere barrena musika bidez errendatzen duen trajikoa baizik.

Gerra bezperetan Jouve gozoago bat agertu zen, Kyrie poesiekin (1938). Berdin Louange (Alabantza) poesiek ere munduko ilunotan argia pizten dute. Le Vierge de Paris-en, aldiz, Frantziaren gorazarre bat eskaini digu, alemanek okupaturiko Frantzian Erresistentziari eutsiz. Orixek bezala, egia oinazeetan argitzen dela uste zuen. Frantziak bere oinazeetatik ikasi behar zuela. Gerra ostean, hartu zen bideaz etsiturik, bere bakartatera erretiratu zen eta politikan sekula ez gehiago sartzea erabaki.

Pierre-Jean Jouve minorien poeta tipikoa da. Konplejua, zaila, txit kultua eta eraz oso berea. Haren poesiek Dante Saria, Nazional Sari Haundia eta Akademia Frantsesaren Lirika Saria irabazi izan arren, Jouve ezezagun bat da publiko handiarentzat. Haren nobela Paulina 1880 zineman ikus daitekeen arren, Autorea ezezagun haundi bat besterik ez da.

Oso pobre bizi zen, eta miserian hil da. Duela bost urte, diru bilketa bat egin behar izan zen, goseak eta hotzak ia akabatu zuen poeta laguntzeko. Horretan ere bere buruari eta bokazioari beti zintzo, geroz eta gutiago ikusten den poeta-monje tipo bat joan zaigu.

GREGORIO BALDATIKA


Munduan zer

Kultura. Suzko urteak

"Chronique des annèes de braise"

Lakhdar Hamina zinegile famatuaren filme bat dugu titulu hori dakarrena. Bere Herriari buruz, Algeria, egina da eta horretan ez digu Algeriako iraultza kontatu nahi, Algeriako herria zehearen kontzientziatzea baizik. Ekintza luzea da 1940. urtetik 1954. arte, Algeriako Iraultzaren hasera arte, beraz.

Lehenik Basamortuko arabiarren miseria dakusagu: idortearengatik artaldeak hiltzen zaizkie eta beren herritik alde egin behar dute, gari soroetan edo harrobietan frantsesen menpean lan egiteko beharturik; haien borondatearengatik maite duten arbasoen lurra behar dute utzi.

Gerla hasten denean, 1940. urtean, Frantzia Alemaniaren menpean jarriz gero, Algerian batzuk morrontzapea bukatuta dagoela gogoan dute eta Alemaniaren alde (ez nazien alde) beren buruak nahi dituzte jarri. Baina armistizioa firmatu ondoren enganiatu direla ohartzen dira; beti nagusi berdinen menpean daude. Gerla aurretik bezalaxe basamortuko herritarrak aldamenekoekin burruka latzean dabiltza, hibaiko ura bereganatu nahian, ZANGO BELTZEN menpean lan egiten dutenek horrelako burruka alferrik dela esplikatzen dielarik. Beren nagusien aurka, lurjabe handien kontra alegia, burrukatu behar zela erakusten die. Orduan Algeriar askoren baitan abertzaletasuna eta burrukatzeko gogoa sortzen ari da; baina oso zatiturik daude abertzaleak: batzuk legeari jarraituz nahi dituzte propaganda eta bozketak egin, eta besteak hori alferrik delakoan burruka harmatua zabaldu nahi dute. Historiak frogatu digunez, azkeneko hauek izan dute arrazoia, hori izan baita Algeria askatzeko bide bakarra; denbora horretan frantses gobernuak Algeriako nortasuna ukatuz ez zuen aldakuntzarik nahi, hori legezkoa izan arren.

Filme honen bidez, denbora honetan Algeriako herria nolako alienaziotan bizi zen erakutsi nahi izan digu egileak. Manifestazioetan ziharduten soldaduak ez ziren frantsesak arabiarrak baizik, eta Frantziaren mitoa beren buruetan sarturik, beren aberkideen aurka burrukatzea gauza normala iruditzen zitzaien. Kritikalari batzuk Lakhdar Haminak falta historiko bat egin duela diote zeren Petain Mariskalaren miliziarrak Algeriako herri batetan manifestazio bat egiten dakusagu, Algerian miliziarik ez delarik sekulan egon; baina neure ustez egileak espreski egin duke falta hori, horrelaxe herriaren alienazioaren karikatura bat erakutsi nahian.

Filme honen lehengo bersioa, dakusagunez gero, arabieraz emana zaigu, itzulpena agerteraziz. Lehenik luze xamarra iruditzen zaigu filmea, baina erdia pasatuz gero, gero eta interesanteagoa topatzen dugu. Teknikaren aldetik ona da, kolorezko irudi ederrak dakartza, lekuan bertan eginak. Lakhdar Hamina daukagu filmearen egilea, eskenaren idazlea, teknikalari eta aktore nagusia.

Xanti Lafitte


Munduan zer

Kultura. Le Monde hauzitan

Aldizkari honetan behin eta berriz aipatu delako, ANAITASUNAren irakurle ohartuak ba du LE MONDE Frantziako arrats-egunkari famatuaren berririk.

Frantziako egunkaririk hoberena, Europakoen artean prestigiorik handienetakoa, LE MONDE, ofizialki ez bada ere, kanpora begira, Frantziaren irudia agertzen duena da, eta, barruan, prentsako lagun guztientzat langailu hautatua.

LE MONDE egunkariak duen arrakasta egiaren eta askatasunaren defendatzaile izatearen izenari zor dio. Gobernariek bezanbat politik-, kultur- eta negozio-gizonek erreferentzia beharrezkotzat jotzen dute beren lanetarako LE MONDE.

Ba, LE MONDEn mitoa hankaz gora bota nahi lukeen liburu bat atera da. Haren sinesgarritasuna kolokan jarri nahi lukeena.

"LE MONDE tel qu'il est" liburu atera du Michel Legris jaunak. Legris hau 17 urtetan LE MONDEn kolaboratzaile izana da. Hasarre atera zen egunkaritik, eta tribunaletan dabiltza oraindik. Liburua bera arinegia omen da, hasarrez eta bekaizkeriaz egina.

Dena de, liburuaren balioa eta egilearen motibazioak aparte utzita ere, kasu honetan harritzekoena LE MONDE egunkariak berak hartu duen jokabidea da. Gogorki hartu du autorea LE MONDEk. Azalean bertan erantzuten diote egunkariaren fondatzaileak, egungo zuzendariak eta Idazleen Elkarteko Lehendakariak.

Erantzuleen eritzian, holatsuko eritziak LE MONDE ez baino autorea bera kakazten dutela egia bada, zergatik horren garrantzia handirik eman? Min eman dio liburuak egunkariari, erdi erdian jo du eta. Zein da, ba, liburuaren tesia? Legris jaunaren esanen arabera, Hubert Beuve-Méry fondatzailearekin LE MONDEk zuen profesionaltasun osoa, berri-emate objetiboa, ideologiazko neutralitatea... 1969tik, hots, gaurko Zuzendaria den Jacques Fauvet sartu zenetik, hori dena galduz doa. Informazio zuzena eman ez baino izkutuko propaganda egiten duelako salakuntza da gogorrena.

Horren kupidagabeko erantzuna agerturik LE MONDEk lortu duena, zera da, alegia, liburuari ikaragarrizko publizitatea egitea, eta batez ere salakuntza horretan egiatik zerbait ez ote dagoenaren susmoa. Min gehiegi ez ote die gero egin? Zergatik ote? Ezkertiar sentikortasuna duenak analisi-ahalmen gehiago eta kolpeak hartzea larru lodiago behar omen du esan du NOUVEL OBSERVATEUR astekariak.

Sakrilegiotzat bailitzan bere kontrako atake LE MONDEk hartzea ez da oso ondo ulertzen ahal. Demokrazia batetan nahi dena ateratzerik ba dago. Tribunalak era zerbaitetarako daude, gainera. Hori baino bareago eta neurtuagoa zela uste genuen.

Alderdikeriaren eta partzialkeriaren akusazioak jarri du sutan LE MONDEko Zuzendaritza. Uste dugunez, salakuntza horiekin liburuaren autoreak LE MONDEren Ipar Ameriketarekiko sinpatiarik eza eta Mitterand eta Programa Bateratuaren aldekotasuna adierazi nahi ditu. Baina eritzien jabe izatea ez da alderdikoi izatea. Informazio "huts eta garbiaren" gain eraikitako egunkaririk ez dago. Mito hutsa da hori.

LE MONDEren irudia ez da horren erraz galduko. Panfleto bat baino gehiago beharko da. LE MONDEren informazioaren ugaltasuna, sanotasuna, xehetasuna, ekilibrioa, garbitasuna ez dut beste inon aurkitu. Eta LE MONDE, egunkarien munduan ezaguna denez, ez dago inoren zerbitzutan. Ez du atzetik edo azpitik ez aginte politikori kez ekonomiazkorik. Egunkari askea da, independientea.

Joan Mari Torrealday


Munduan zer

Kultura. Cuernavaca, c'est fini

Hamabost bat urteko bizitzaren ondoren, Cuernavacako bilgunea itxi egingo da. Ivan Illich-ek beste bide batzu urratuko ditu.

Baina Cuernavaca zer da? Hirurehun eta berrogei eta hamar liburu atera duena; Latin Ameriketako herri kultur eta sineskera gaietan ehun mila erreferentzia baino gehiago bildu dituen liburutegia; hamasei milatik gora lagunek parte harturik ehundaka mintegi ospatu dituena. Hori dena egin ondoren, desagertu eginen da CIDOC ezaguna (Centro Intercultural de Documentación).

Mexikoko bilgune hau Ivan Illichena bezala zen ezagutua. Asko eta asko hara "Ivan Illich-en irakatsiak hartzera joaten zen". Bertara iristerakoan, hartzera ez baino zerbait egitera etorri zirela konturatzen ziren. Izan ere, Ivan Illich entzule eta parte hartzaile eta biltzaile bezala ikusi ohi zuten. Ivan Illichek argitan jarri dituen lanak ez baitira demiurgo batenak, eta bai lantaldean eginak.

Illichen "sintesi" famatu horik urte luzetako lanaren fruitu dira. Urtetako lana eta ekipoan egina. Hala nola, eskola sistimaren kritika, midikuntza sistima hauzitan jartzea, garraio bidean sistimaren kritika. Lan hauk denak, esan bezala, ekipoan egiteaz gain, urtetan pentsatuak dira. Esaterako, eskola hauzitan jartzeak 1968tik 1971era iraun zuen, bakoitzak bere nazioan landu ondoren, lau udatan Cuernavacan bildurik aztertuz.

Bi garai bezala daude CIDOCen bizitzan. Bat (1961-1968) batik bat Hego Ameriketara zihoazten mixiolariei eskainia. Kulturen arteko zentro honetan zera ikasten zuten, alegia, Mendebaleko inperialismoaren zerbitzari eta herri kultura zaharren enterratzaile izan zitezkeela. Joateari uko egiten omen zioten apaiz eta erlijioso batzuk.

Bigarren aldiz, ostera, arras desberdina da. 1968tik Unibertsitate paralelo baten lana egin izan du, gainerontzeko ikas-erakundetan lekurik ez zuten gaiak plazara atereaz. Aipaturiko gai hauk eta beste mila bigarren bizialdi honetakoak dira.

Orain CIDOC desagertzen bada, ez da berez hiltzen. Erabaki baten kolpez baizik. Baina ez kanpoko inork beharturik edo kontseilaturik. CIDOCek berak erabaki du desagertzea. Dirurik ba zuten, laguntzeko mezenasik ba zen. Lanik era ba zuen.

Jadanik bere egitekoa bete duelako izkutatuko da CIDOC. Fondatzaile eta eskuhartzaileen eritzian, ez du gehiago bizitzeko arrazoirik. Erakunde gisa irauteak ez du merezi, bere buruaren zerbitzari bilakatuko litzake eta. Nahi izan zen helburua lortu delarik, hiltzea erabaki dute. Adiskide mailako harremanak eginik daude; holatsuko liburuak ateratzeko ba dira orain hiru editore; mintegi gaiak eta ez dira orain CIDOCen monopolio, eta ez dute orain lehengo indar iraultzailerik...

Kanpoko diru laguntzarik ere ez dute onartzen, helburuen eta bidegailuen arteko batasunzaleak direlako autogestioaren defendatzaileak izanik. Beren lanetik bizi nahi izan dute beti.

CIDOC amaitu arren, CIDOCekoak mundo osora barreiatuko dira. Zihur egon gaitezke Ivan Illichek lur eta pentsamolde berriak idoroko dituela.

Joan Altzibar


Georgiaren historiaz

 Georgia zaharra.

 Inguruko herrien aipamenengatik, ba dakigu denbora zaharretako kartveliar lurraldeak aberats eta aurreratu famatxoa zuela.

 Gregoek argonauten eta urrezko larruaren mythoa Kolkhida izeneko Herrian kokatu zuten, hots,gaurko Georgiaren mendebaldean, eta ba dakigu bertako oparotasunaz nola mintzo ziren.

 Dirudienez, Kristo aurreko VIII-VII mendeetan, Georgiako lurraldean lau leinu edo tribu bizi ziren: kartiarrak, megreliarrak, txaniarrak eta svaniarrak, nork bere lurralde, mintzaira eta ohitura berezi zuela. Mintzaira guztiak, ordea, sustrai berekoak ziren eta ez zeuden elkarrengandik oso urrun. Herri guztion batasunetik sortzeko zen egungo Georgia.

 Georgiar tribu horien arteko erresumarik aipagarrienak, K.a. I mendetik bereziki, Kolkhida eta Kartli (edo Iberia) izenekoak izan ziren. Mendebaldeko eta ekialdeko Estatu ttiki hauek beren herria ingurukoen erasoetatik gordetzen jakin zuten.

Erromatarren kontra

Erromatar legioek beren ahaleginak egin zituzten Kartli konkistatzeko, baina ezina gertatu zitzaien georgiarren defentsak puskatzea. Bi mende geroago, gerra bideaz etsita, Erromak ekialdeko Iberia Estatu boteretsutzat jotzen du eta harekin bakezko tratu bat egiten.

Sasoi berean pertsiarrek beren lehenbiziko erasoak egin zituzten Kartliren aurka, alferrik baina. Georgiarrek, inguruko armeniar, albaniar eta beste kaukasiar herriekin batasun bat sortzen dute pertsiarrengandik defendatzeko.

Biblia georgieraz

IV mendean Ekialdeko Georgian kristautasuna Estaturen erlijio ofizialtzat hartzen da. Handik laster, erlijio ofizialaren textu sakratuak georgierara itzultzen hasi ziren, eta horrela, V menderako, Biblia kartveliar hizkuntzan zegoen. Honek, jakina, hizkuntza nazionalari ohi ez bezalako indarra eta prestijioa eman zion, Estatuaren hizkuntza izateaz gain era erlijio hizkuntza ere bihurtzen baitzen.

Literatur erabilera hauetan biribildu zen georgiar alphabeto berezi eta pitxia, hiru aldakuntzaren ondoren, gure eguneraino iraun duena.

Urrezko mendea

Erromatar, pertsiar eta byzantiar erasoen ondoren, arabiarrak agertu zitzaizkien mugetan. Hala ere, ez zuten georgiar herria menderatzerik izan. Ez eta geroagoko turkoek berek ere, zenbait alditan urtean halako zergak ordaintzera makurterazi bazuten ere.

XII mendearen bukaeran eta XIIIaren hasieran, Tamara erreginaren garaian, Georgiak izugarrizko zabalera lortu zuen inguruko lurraldeetatik: Kaukasia osoa, Azerbaidzan, Armenia eta Itsas Beltzaren hegoaldeko kostak. Politik hedadura eta ekonomi giro oparo horren fruitu gisa, hainbeste liburu agertzen da orduan georgieraz, pertsiar eta arabiar literaturaren itzulpenak bereziki. Obra orijinalak, horregatik, ez dira falta. Ongi ezagunak dira georgiarrentzat Giorgi Mtatsmideli, Leonti Mroveli eta Efrem Mtsire-ren izenak. Entzutetsuena, ordea Xota Rustaveli izan zen, bere hilezineko "Tigre larrudun gizona"z (Vepkhistqaosani). Ioane Petritsi-k, aldiz, philosophi eskribu ugariak utzi zituen georgieraz, arlo horretan bere hizkuntza neurri handiz aberastuz.

Georgiar kultur giro honek bere eragina ukan zuen Europan. Iranieratik georgierara itzulitako zenbait ipuin, kondu eta istorio ("Balavar-en jakituria", haien artean), literatura laikoaren lehenbiziko textu modernoak, georgiar idazleek gero grekora itzuli zituzten, eta geroago grekotik latinera pasatu ziren, horrela europar herri guztietara helduz.

Garai horretakoak dira, azkenik, Kartlis çxovreba ("Georgiaren kondaira") izeneko lehenbiziko khronikak, gero XVIII menderaino iraunen zutenak. Histori, liturgi eta literatur textu guztioi esker, georgiera kultur hizkuntza bilakatuz zihoan, Europako beste mintzaira gehienak oraindik zeregin horietarako erabiliak ez ziren garaian. Kultur eta ekonomi loratze honen ondorioak eraikintzan, pinturan eta eskulanetan ere nabari izan ziren. Hainbat kathedrale, monastegi eta eliza eder jaso ziren orduan, gaurko georgiarren harrotasunerako: Svetitskhoveli, Gelati..., Gelati eta Vardziako freskoak, Hahuliko triptykoa, ebangelioen miniaturak, etab.

Georgia modernoa

XIII mendetik aurrerantzean Georgiak ez zuen bakealdi iraunkorrik lortu. Alde batetik, lehengo erresuma batua zatikatu egiten da —Kartli, Kakhetia eta Imeritiako erresumak eta Samtskhe-ko printzerria sortuz— eta bestetik hauzoen erasoak. Egoera honek, kasualitate hutsez, Iruineko erregeen agintepean bat zen Euskal Herri historikoa dakarkigu gogora nahiz eta ez, geroago, mintzatzaileen buru-ahoetan izen berbera gorde arren, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Lapurdi eta Zuberoa izeneko lurraldetan puskatua.

Behin turkoak, hurrengoan mongoliarrak, geroago iraniarrak... burrukak etengabe gertatu ziren herritasuna eta jabetasun politikoa gordetzeko antsiaz. Bere nazional izaera eta historiaz harro sentitzen zen herri noble hark ez zuen bere burua ukatu nahi.

Gorabehera askoren buruan, XVIII mendean Kartli eta Kakhetia berriro biltzen dira, eta batasuneranzko prozesu bat hasten da Imeritian ere.

Baina Georgia baitan gaitz larri bat zetzan: ttikitasuna. Nazio ttikiegi bat zen Turkia eta Iran moduko Estatu erraldoi eta inperialisten aldamenean. Heroismo guztiak goitik behetik, ez zen posible hain egoera ezberdinaz luzaro irautea. Horregatik, 1783.ean, Georgiako erregeak hitzarmen bat egin zuen Errusiako tsarrarekin, behar izanez gero, beronek turko eta iraniarren atakeetatik defensa zezan.

Georgia Errusiaren azpian

Iraniarren kontrako burruka latz eta hondagarri batzuren ondoan, 1801.ean, Giorgi XIIa, georgiarren azken erregea hiltzen zen. Turko eta iraniarren mehatxupean, karveliarrek Moskuko tsarrari dei egin zioten. Beronek, ordea, hitzarmenaren baldintzak bete beharrean, bertako herriaren ahuleriaz baliatuz, Georgia konkistatu zuen, geroago Imeritiaz eta kostaldeko beste zenbait lurraldeez gauza bera eginik.

Errusiapeko kolonialismoa oso gogorra izan zen. Georgiar lege, eskubide, administrazio eta hizkuntza nazionala erabat galerazi ziren Errusiapean. Hala ere, konkista hori dela eta, georgiar historialariek berek aitortzen dutenez Georgia iraniar eta turkiar gobernu genozidetatik salbatu zen Horrek ez du esan nahi, jakina, georgiarrek beren egoera berria etsi zutela; aitzitik, matxinadak eta kontrako joerak edonondik sortu ziren iparraldeko jabe berrien aurka.

Xabier Kintana

Oharra: Aurreko alean, oker bategatik, Georgiako maparen atzean errusierazko textu bat agertu zen. Georgierak, bere nortasun berezia izateaz gainera, ba du gainera, bere alphabeto propioa, goiko eskuan ikus daitekeena.


Elkar ikuska

Hamabostaldiaren antolatzaileekin hizketan

 ANAITASUNA aldizkarien horrietan ikusi ahal izan dugunez, Bilbon, Santutxu, izeneko hauzategian, euskal kulturari buruzko hamabostaldi bat antolatu ukan dute. Tamaina honetako egintza bat antolatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula! Ez horixe! Eta, beraz, hura antolatu duten gizonak ez bide dira edozer gauza!.

 Arrazoi horiengatik haietariko batengana jo dugu, bere asmoak, kexkak, arazoak, oztopoak eta abar azal diezazkigun. Eta hemen dugu Juanjo Basterra euskaldun sutsua, gure galderei erantzuteko prest.

— Lehen galdera Santutxuri buruzkoa izanen duk. Beharbada, lerro hauk irakurriko dituen jendeak, ez dik Santutxu ezagutzen. Esaiguk, beraz berba laburrez, zelakoa den Santutxu.

— Santutxu Bilbo barruan dagoen "herri" handi bat duk Begoña aldean diagok, Donostiatik Bilborako autobide zaharretik sartzen garela ezker alderantz. Denetara hirurogei mila lagunetik gora bizi duk alde honetan. Jatorriz, Espainiako puntu guztietakoak diaudek; euskaldunak ugari dituk bizkaitarrak batez ere eta arratiarrak neurri handitan, baina nafar, giputz eta arabarrak ere bai. Eta euskaldunok lanean ari gaituk.

Bi ikastola diaudek, denetara mila eta hirurehun bat haur hartzen dutelarik. Euskal haurtzaindegia, gau eskolak, euskarazko ikastaldiak zenbait ikastetxetan,... Ikusten duanez, euskal giroa indartuz dioak.

— Horrenbeste jenderen artean gauza bikainik egin daitekeela ikusten diat. Baina, noiz sortu zen horrelako hamabostaldi bat antolatzeko asmoa?

— Lehen ideia ihaz sortu zuan, Karmeloko euskal kultur taldean. Haseran, ihazko maiatz aldean kultur aste bat muntatzea pentsatu genian. Lan Kide Aurrezkiak zenbait diru eman ziguan antolakuntza aurrera eramateko. Baina gertakari ilun eta tristagarriak gertatu zituan hauzategian, eszepzio estatua etorri zuan eta beste momentu egokiago batetarako uztea pentsatu genian.

Aurtengo ikasturtearen haseran, gau eskolak hasi zirenean, lanak birprestatzen hasi gintuan, aurretik bezala, kultur aste bat antolatzeko asmotan. Gero, abenduan, hauzategiko talde guztiei, parte hartzeko dei bat bidali geniean. Gehienek, pozik hartu ziaten gure eskaintza, eta talde desberdinen arteko batzarreak hasi zituan.

Bigarren batzarrean Haurrentzako Jaialdi berezi bat behar genuela ikusi genian (lehengo Umeen Euskal Jaien jarraipen legez, berauk hiru urtez debekatuak izan baitziren). Eta Haurren Eguna ere sartzeko, hamabostaldia behar genuela ikusi eta erabaki genian.

— Heuk esan duanez, egintza honetarako hauzategiko talde gehienak bildu dituk. Zeintzu izan dira talde horik?

— Hori iragarkietan ere argi utzi diagu. Hauxek izan dituk: Santutxuko famili elkartea, Karmeloko euskarazko eskolak antolatzen dituen taldea, Karmeloko ikastola,gazte taldeak, ikasleen guraso elkarteak, zenbait ikastetxe eta eskola, haurtzaindegiak, mendigoizale taldea, txirrindulari taldea, football kluba, eta beharbada ahantzi zaidanen bat.

— Talde pila, halafede! Ez duk horrelakorik egunero ikusten. Dena dela, talde desberdin horik elkartzean, ez bide duk erraza izanen erabakiak hartzea. Nola konpondu zarete horretarako?

— Oso ongi, sinetsi ez egiteko moduan. Batasunaren hamabostaldia izan duk benetan. Erabaki guztiak bozketa bidez hartuak izan dituk: Elkar hizketetan bilinguismoa praktikara eramateko, kantariak ekartzeko, hitzaldiak antolatzeko,... dena bozketaz.

— Programak ez dituk momentuan asmatzen diren gauzak. Eztabaidatu, mamitu eta erabaki egin behar izaten dituk. Bozketa kontua aipatu duk goraxeago, baina zenbat denbora behar izan duzue programaren eraketarako?

— Bizpahiru hilabetez aritu izan gaituk prestaketan,astelehenero bilduz. Gero, baimenak lortzeko, beste hilabete bat.

— Dakigunez, honelako kultur egintzek propagandaren laguntzaren premian diaudek, eta hau, prentsaren eskutan diagok neurri handi batetan. Nola erantzun du hamabostaldiaren aurrean eskualdeko prentsak?

— Euskal prentsak erantzun ona eman ziguk, ANAITASUNA eta ZERUKO ARGIAra hamabostaldiaren programa bidali genian, ohartto bat argitaratzeko erregutuz; eta geure nahiaren arauera erantzun ziguate.

Ordea, ezin esan diezakeat berdin erdal prentsari buruz. Bertakoekin burruka handiak ukan zitiagu, bertara pertsonalki joanik. "Hoja del Lunes"ek izan ezik (eta hau oso neurri apalean), besteek ia ia bakoitza egin digutela esanen niake. Horretaz, "El Correo Español" egunkariaren lan-tegiak gure hauzategian daudela esan behar diat. Nola uler horrelakorik?

— Gauzak antolatzea oso interesgarria duk noski, nahiz eta, esan duanez, batzuren laguntza-ezarekin topo egin. Baina antolapenaren helburua jendeak parte har dezala duk. Zuen kasuan, nolakoa izan da jendearen erantzuna orain arte.

— Guztiz baikor sentitzen nauk jendearen erantzunaz. Lehen astean, erdarazko hitzaldi bakoitzera zazpiehun pertsona inguru agertu izan duk. Inoiz ikusi gabea. Euskarazkoetara, guttiago; berrehun hirurehun bat. Ez duk gutti, halajaina!

Hortik kanpo, hamabostaldiaren aldarrian zenbait mila lagunek parte hartu ziaten (hiru mila kalkulatzen diagu guttienez). Eta erromeriak egiterako orduan, tokia ttikiegia geratu ziaiguk. Ea Udal Etxekoek berdegune eta enparantza egokiak egiten dizkiguten, jaietarako tokia edukitzeko baino ez bada ere, behintzat!

Berba laburrez, oso pozik giaudek jendearekin.

— Bukatzeko, bestelakorik esan nahi al duk?

— Bai. Eta batez ere, horrelako kultur egintzak antolatzeko, agintarien aldetik oztopo eta eragozpen larregi dugula. Penagarria!

Laguntza ere, eskasa. Kalejirak eta kale egintzak aurrera eramateko orduan, ez duk kasualitatez ere goardia munizipalik agertzen, trafikoa zuzentzeko. Multak jartzeko baino ez ote daude?

Diru aldetik, hirurehun. mila pezetatako presupostuari eutsi ahal ukan zioagu. Eskerrak eman nahi zizkieat publikoki, honetan lagundu gaituzten guztiei.

Eta amaitzeko, zenbait gauzaren antolakuntzan huts egin dugula esan behar diat. Baina horik konpontzeko kritika onhartzen dugularik, kritika bidez, datorren urtean hoberik eginen dugula uste diat.

— Besterik ez. Mila esker Juanjo. Lanean gogor segi, eta ea ereindako hazia lur onetan erortzen den!

J.R. Bilbao


Liburuak

EGUZKI IBILTARIA.

Aurora Díaz Plaja-Maria Rius

X.Mendigurenen itzulpena.

LA GALERA-CINSAJ976 Barcelona.

Katalan eta euskal argitaldari ezagun bion lankidetzak beste liburu atsegin bat eskaintzen die gure haurrei. Oraindainokoan ezagutzen ditugun ipuin liburuen egituratik aldentzen den liburua dela aitortu beharrean gaude.

Ipuin liburu honetako pertsonaia nagusia Eguzki Anaia dugu, haur handi bat bezala begiratu, hitz egin, pentsatu, parre egin, haserratu, jolastu, etab. egiten duen Eguzkia.

Liburua urtaroka eta hilabeteka banaturik dator eta euskal esaera zahar abesti, poesia eta abarrez horniturik dago. Zenbait ariketa egoki ere ba du haurrak urtaro desberdinak aztertzen eta berezten ikas dezan.

Maria Rius-en irudi koloreztatuek giro zoragarria sortzen dute liburu osoan zehar; haurren psikologia sakoni ezagutzen duen batenak ez ezik, artista handi baten emaitzak direla agiri da.

Xabier Mendigurenen itzulpenari dagokionez, ohiturik gauzkaneko mailari eutsi diolarik ahalegin handi bat egin du liburu osoari euskal kutsua eta giroa ematen, eta lortu ere ongi lortu duelakoan gaude.

Gure ustetan, irakurgai batzu eskaintzeaz gainera, urtean zehar E.G.B.ko lehen zikloan egiten diren ikasketak girotzeko liburu apropos eta egokia da. Bejondeiela honelako liburuak ahogozotzeko zoria duten gure haurrei!

HARANBURU ALTUNA, Luis

Job

KRISELU, Donostia 1976

Euskara batuan. Teatro lana.

Teloia altxatzen denean Job etzanda dago lasto pila baten gainean, zaharturik eta gaixo, eta alboan Emaztea. Teatroa bukatu eta teloia jaisten denean, Job lehenean datza, ez baita mugitu, eta Emaztea ere hurbildu. Beraz, eta pertsonaia nagusiak mugitu ez badira, zer gertatu da?. Ez ote da ezer gertatu? Bai, zerbait gertatu da: denbora igaro da. "Jendeak ez du esperantzarik. Zergatik? Jendeak ez du denborarik. Eta? Espero izateko, denbora zer den jakin behar da lehenik. Denborak beldurra ematen du eta esperantza beldurretik jaiotzen da..." Eta aurrerago: "Zer ordu den? Galdera horrek ez du zentzurik. Gizonaren ordua da... ez berandu eta ez goiz. Orduek ez dute garrantzirik. Beti denbora da. Garaia. Iratzarririk egon nahi baduzu, ahaztu egin behar zara orduaz eta netoreaz". Aingeruak galdetzen dio Jobi: "Zer ari haiz. Hi, zertan ari hazi mundu triste honetan?". Job nigarrez ari da. "Nigar egiteko, edonor da kapaz eta libre". Eta heriotzaren zain dago. "Heriotza esposatuko dut". Jobek ez du lorik egin nahi, baina Emaztea loak hartzen du. "Ametsa da gizon penatuaren salbabidea". Emazteak galdetzen dio Jobi: "Zergatik egin duzu nigar? Nahi baduzu kexa zintezke... baina nigarrik ez egin".

Lan honek ez du akziorik, lan filosofikoa baita. Euskara errazean eta 75 horrialde.

SCHILLER - JAXINTO F. SETIEN

Gilen Tell

GERO. Bilbo,1976

Euskara batuan. Gaztetxoentzako nobela. GERO argitaretxeak KIMU sailean hainbat liburu eder eskaintzen die euskaldun gaztetxoei, zeregin honekin euskal liburugintzan hutsune nabarmen bat betetzen duelarik. Azkenik, "Wilhelm Tell" euskaraz irakurri ahal izango dugu! Eta egia esan, ba zen garaia munduan zehar ezagunenak diren tituluak euskaraz ere irakurri ahal izateko.

Baina entretenigarri den aldea utziz, "Gilen Tell" honek badu gaur egun euskaldunontzat beste zentzurik, zeren garai hartako suitzarren egoera eta gaurko gurea nahiko hurbil baitaude. Schiller-ek idatzi zuen: "Gure aintzinakoek (suitzarrek) enperadoreari (Austriakoari) laguntza eskatu bazioten, ez zen esklabotzat haren serbitzari izan zitezen. Gerra bat pizten zenean, lagundu bai, baina beren foruak edo libertateak osoki kontserbatzekotan parte hartzen zuten" (59. horrialdea). Ikus dezakezuenez, ideia honek ba du gure foruzaleenekin zer ikusirik.

Han ere suitzarren eta austriarren arteko burrukan, ba zegoen austriarrik suitzarren alde agertu zenik. Adibidez, Berta Brunek. Ikus esaldi hauk: "Hauxe gauza harrigarria! Austriarra izan dama gazte hau eta gisa honetan jokatu gurekin". Eta Bertaren erantzuna. "Zuzenaren edo justiziaren adiskide naiz ni guztiaren gainetik" (94. horrialdean).

Liburuak 125 horrialde ditu eta oso gustora irakurtzen da. Akatsik bilatzekotan, hainbestetan adierazi duguna: Euskara zaintzea. Bai orijinalak behin eta berriz aztertuz, bai inprimategiko galeradak zuzenduz. Zeregin honek garrantzi berezi bat hartzen du liburua haur eta gaztetxoentzat denean. Lan bikaina GERO egiten ari dena, eta beste urrats bat aurrera Jaxinto Setienek euskal literaturan egiten ari den lan txalogarrian.

Xabier Gereño


Postaz etorriak

Bilbon, 1976ko Maiatzaren 11an

Jaun agurgarria:

Zuen irekitasuna ikusiz gero eta Euskal Herri osoko ANAITASUNAren irakurleentzat jakingarri izango delakoan, karta hau idaztera ausartu naiz.

Gaur bertan jaso dut "boletín oficial del obispado de Bilbao" delakoa. Harritu nau alearen azalean erdaraz eta euskaraz ikusi ondoren, barnean, dituen 52 horrialdetatik, 1, bai BAT bakarrik euskaraz ikustean. Zuen 315. zenbakian era honetako bi gutun agertu ziren R. Garaik izenpetuta. Uste dut honelako salakuntza guztiak gutxi direla.

Euskal Eliza baten beharra salatu bazuen ANAITASUNAk 308. zenbakian, Bilboko "boletin" honen arduradunak ez ote dira ba horretaz enteratu, ala hau da behar horri erantzuteko bidea?

Denon artean Euskal Eliza bat, egingo dugulakoan...

Zuen adiskide zintzoa.

A. Urkiola

***

ELKARTE

Estudios Proyectos y Servicios, S.A.

Ondarbide,1 Tfo: 21 23 05

SAN SEBASTIAN.

Zuzendari Agurgarria:

Azken aldi hontan, gure probintzietako merkatal etxe sail bat eskubi muturreko zenbait talde ezagunen (G.C.R., A.T.E., F.A.S., P.E. N.S.,...) indarkeriaren ondorenak jasatzen ari da: mehatxuak, kristal hausteak... Orain arte ez dugu entzun hauetako inor detenitua izan denik.

ELKARTE S.A.k, merkatarien elkarte denez, basatikeria hauen aurkako protestarik gogorrena egin nahi du eta etorkizunari begira eginkizun beldurra herriaren aurrean azaldu.

Gure ustez, mehatxuak eta bortxakeria, hitz batez terrorismoa, ez dira ez zain gauden demokraziara heltzeko bideak. Horregatik, dei egiten diegu agintariei, horien eginkizun maltzurrekatik merezi duten lekura eramanak izan daitezen, terrorismoaren aurka gaurregungo legeak eskatzen duen arauera.

Jokaera makur horiekiko ukoa agertzeko beste abisurik beharrezko izango ez dugun itxaropenez, gure hau argitara dezazula eskatzen dizugu.

Har ezazu gure agurrik beroena

ELKARTE S.A.ko ADMINISTRAZIO KONTSEILUAK

***

KAIXO ADISKIDEOK!

Anaitasunaren irakurle bat naiz eta nola Anaitasuna guztion aldizkaria baita, nik ere nire eritzia esan nahi nuke.

Lehengoz, Anaitasunak hartu duen berri bideaz oso ados nagola. Uste dut urrats hau beharrezkoa izan dela, Anaitasuna dagokion mailan jartzeko eta euskal kazetaritzari aurrerapen bat emateko.

Beste alde batetik bigarren alean agertzen den paper mota, lehen alean baino gehiago gustatzen zait, zeren "brillo" horrek argiarekin begietan min egiten du.

Bigarrenez, ondo iruditzen zaidala urtekoa 500 pezetan jartzea. Hala inork ez dezan esan garesti dela, "negozio" bat dela eta abar.

Hala ere nik oso pozik 1.000 pezeta ordainduko nuke Anaitasuna pixkat profesionalizatzen baldin bazen eta hauxe diot mesedegarri handi bat egin diezaiekeelako euskal kazetaritzari, euskal kulturari, eta horien bitartez euskaldunei.

Hirugarrenez txarto iruditzen zaidala azken horrialdeko hiztegia urritzea. Alde batetik guttunez ikusi duzuen bezala irakurle askoren eritzia Anaitasuna pixkat zaila egiten delako da. Horregatik Anaitasuna pixkat arintxuago egiteko komenigarrizkoa da. Beste alde batetik euskara ikasten ari garenontzat, oso ondo etortzen zaigu, zeren gure hiztegia zabaltzen dugu; eta ez bakarrik ikasten ari garenontzat, danontzako baizik.

Komikiez zertxobait esan nahi nuke. Arras interesgarriak direla, eta askok esan duten bezala luzetxoagoak izan beharko luketela eta ahal baldin bada margoturik.

Uste dut gaurkoz aski dela. Segi hartu duzuen berri bidetik.

Agur.

J. A.

***

ANAITASUNAko zuzendariari agur!:

Irakurri berria dut zuzentzen duzun aldizkariaren 316.zenbakia, Maiatzaren lehenekoa, eta hain zuzen ere ilaren zazpian jaso dudana. (Zaindu eta aurreratu egin behar lirateke aldizkariaren irten egunak.)

Ez nuke nahi lerro hauk ataketzat hartzea, berez izan nahi dutenetzat baizik: kritika eraikitzailea, hots, aurton euskal komunikabideen urtea ospatzen dugularik, ANAITASUNA dinamikoa eta euskal komunikabide izan dadinaren ardura duen harpidedun baten aportazioa.

Ados nator Tolosako I.G.-rekin esaten duenean: "Zer dela eta, aldizkari "Sozialista" batetan hain urri erabiltzen dira langileen arazoak? Euskal Herriko langileriak ba ditu mila eta bat arazo; etengabe burrukan ari da; baina ANAITASUNA aldizkaria ez dirudi horietaz jabetzen denik."

Komentatzen dudan zenbakian, langile tematika ukitzen duten artikulu bakarrak bi dira: bata, Orkitzar-gandik izenpetua, C.O.S.-ek antolaturik kazetaurreko elkar-hizketari buruzkoa, eta bestea, "Iberian Zer" atalean Pello Hibaizabal-ek izenpetua, sindikalgintzari buruzkoa.

Benetan, lotsagarri deritzot. Ez dut uste koerentea denik, aldizkari sozialista baten, MAIATZAREN LEHENEKO zenbakian, gehiago egin izan ez dezan. Ez ote zatekeen zuzenagoa zenbaki extra bat, dossier bat, edo eta behinik behin editorial bat ateratzea gure jai-egun honetaz?

Halaber, zuzendaritzaren oharra, ("...Zenbait gaitan idazleak inguratzea erraz gertatzen zaigu; ez hola beste zenbaitetan, hala nola langile arazoa tratatzeko orduan..."), tolosarraren eskutitzari erantzunez, oinharririk gabeko zuriketa nahia dela uste dut.

Euskadin ba dira, "sukursalistak" kanpo, nola talde, mugimendu, alderdi edo eta projektu sozialistak, hala langile batzordeak eta ELA sindikatoa, gai honi buruz zer edo zer esateko izanen duketenak. Ez ote da izanen ANAITASUNAk hauk bastertuz jokatzen duela? Zeren nora jo, ba du.

Langile tematikazko hutsune hau beteko delakoan, eta aurrera jarraitzeko animatuaz, ANAITASUNA hobe bategatik, agurtzen zaitu.

I.K.

Bilbon, 76-Maiatza-10.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGATAR


Gurutzegrama


Urrezko astabelarriak

Inork merezimendurik badu, ale honetan dakartza gunek dute, segurki, gure astabelarrietarako asko.

Erandioko irakurle batek ondoko argazkia igorri digu herri horrexetako talde bati jaietan aterea AZTOAK GARA izena dute, hain zuzen ere. Izan, astoagoak ere gerta zitezkeen, HAZTOAC edo halako zerbait jarriz gero.

Baina tira, asto bikainak ez baldin badira ere astoak direla aitortzen dutelarik, gutien gutienez oso ongi bat merezi dutela uste dut. Zuentzat, beraz, ale honetako urrezko astabelarri preziatuak, diploma eta guzti. Ez zaio zeri, kideok!