ANAITASUNA

1976.eko Maiatzaren 1ekoa

316. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


AURKIBIDEA

3. EDITORIALA

4. TANTAKA

Antton I.

X. Kintana

X. Gereño

X. Artzelus

J.M. Torrealday

6. EUSKAL HERRIAN

Euskal aldizkariak

Tesina

Errege Jaun horri

Aberri Eguna

Fitxaketak

C.O.S. Bizkaian

Ipar aldea

16. Georgia eta Euskal Herria (I)

18. IBERIAN ZER

20. MUNDUAN BARRENA

Unibertsitatea irakinetan

Mauritania Italiako kultura beltzez

24. HIZKUNTZA

X. Kintana

25. Liburuak

Postaz etorriak

26. Kaleko

Urrezko astabelarriak

Gurutzegrama

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga

Moldiztegia:

Elexpuru Hnos, S.A.

San Martin, 153

Zamudio


Editoriala

Tristagarria

Berazadiren heriotzea tristea bezain tristagarria izan da. Inor gutik jarriko du zalantzan hau. Euskal Herri osoan ukan duen oihartzuna lekuko. Bestalde, ordea, oihartzun honek nahastu eta sakabanatu egin gaitu euskaldunok. Eta hau ere tristea bezain tristagarria da. Gure Herriaren kinka honetan, Nafarroaren euskalduntasuna aitortu duen oihua mehetu eta moteldu egin du oihartzun horrek. Norbaitzuk nahiago izan dute jantziak urratu eta etxean geratzea eta beste behin ere krokodilo malkoak zarataka isuriz, gaitzaren sustraiari ez-ikusiarena egiten diotenen joko zaharrean erori dira.

Eta galdera bat egitera ausartzen gara: Berazadirena bezalako gertakari tristagarriak gerta ez daitezen, zein da jokabiderik eginkorrena? Hala komeni zaielako gauzen azalean geratzen direnena, kanpotik enplasto alferrak ezartzen dituztenena ala horrelako gertakarien erroa salatu eta gaitzari erremedioa aurkitu nahi diotenena? Oraindik ba da gure artean moralismoaren salda epeletan igerian dabilenik. Gauzak ez dira halabeharrez gertatzen eta denok dakigu ongitxo zertan datzan aspaldion Euskal Herria hestutzen ari den heriotze katea horren sustraia: gure Herriak luzaz nozitzen duen eskubideen ukapenean.

Beraz, zerbitzu ahula egiten zaio giza-biziari —zoritxarrez, agian bihar edo etzi berriz ere galduko denari— egoera honen zuzeneko erantzule eta gure Herriaren batasunaren etsai aitortuak direnen maskarada merke horretan esku hartuz eta geure eskubide eta nortasunaren aldeko dei larriari indarra kenduz. Tristurak tristura, ba da ordua adarretatik ibili ordez, denok elkarturik, gaitzaren muinari lot gakizkion. Moralismo eta dramatismo hutsal horiek nahasmendua areagotzea eta benetako helburuak lausotzea eta urruntzea baizik ez baitute lortzen.


Tantaka

Tanta bat

Bilboko hauzotegi batetan, gazteen klub batzuk ospatu berria dute kanta saio berezi bat. Berezia diot,greba arazoagatik zigorturik zegoen gazte bati multa ordaintzearren baitzen antolatu. Inor laguntzea txalogarria ez denik ezin esan. Bertako gazteek abestu zuten, eta oso ongi ez bazuten ere, nahiko luze egin zuten.

Egia esan, zenbait abestiren hitzak ez ziren txantxetakoak, iraultzaile girokoak baitziren. Fusila gora eta fusila behera entzuten ari nintzen bitartean, neure artean pentsatzen nuen ez ote ziren ari iraultzaile biguntxoak sorterazten. Hilabeteko gartzelari honenbesteko beldurra dion iraultzaile batentzat dirua biltzen, hain zuzen ere!

Hain modan dauden Hego Ameriketako zenbait abesti kantatu ziren. Eta, beren Herri bila hasi eta, Ameriketaraino doazen horietaz erabat harriturik geratu nintzen. Herria gertuago dugunontzat ere izan zuten ukitu sentimental bat, kantu bat euskaraz eta guzti eskaini baitziguten. Dena dela, ba da asmorik horrelako jaialdi gehiago egiteko ere; zeren, bihar zuri ere, irakurle, toka bailekizuke multatxoren bat...!

Guztiak ez datoz bat

 Gobierno de Euzkadi delakoak Aberri Egunaz erabaki duena erabaki duelako, hura traidoretzat salhatu ukan dute euskal alderdi ezkertiar gehienek. Bestalde, Enbata-ren alean irakurri dugunez, Telesforo Monzonek, Euskal gobernuan behiala barruko arazoetarako ministro izandakoak, beste gauza askoren artean, hauxe dio: "Etxeko zapi zikinak etxean eta euskaraz konpondu beharra dago, etsaiak, erdaraz, gure hitzez balia ez daitezen, Euskaldunok hainbeste zor diogun erakunde batez holako kondena publikorik egiteko eskubiderik ez dago". Monzonek esana.

Komiki berri bat euskaraz

 Hitz aldizkariaren gehigarri gisa, Aberri Egunaren ipuina agertu berri da, Akulluren irudi eta B. Bidegorriren hitzekin. Izenak besterik adieraz badezake ere, euskaldun eta barbaroen arteko aintzinako burruka urrun-urrunen kontu ematen du komiki horrek. Lantxo benetan ederra, barregarri eta didaktikoa.

Errioxak Euskal Herrian nahi

Nafarroako Punto y Hora aldizkariaren 2. zenbakian, zera irakurri dugu, errioxarrek, beren etorkizunari begira, Euskal Herriarekin bat egitea nahi luketela. Errepublika garaian ere, Nafarroarekin batera, Errioxak Euskal Estatutuan sartzea nahi zuen. Problema —diote— euskaldunek onhartu nahi izango ote gaituztenekoa dateke. Galdetzea bera ere sobran dago. Euskaldunok errioxarrak "etxeko"tzat jotzen ditugu, eta Errioxa Euskal Herri zaharraren partetzat. Donemiliagako euskal glossa zaharrak, bertako toponymia, historia eta merkatal harremanak aski garbi mintzo dira Errioxako euskal iraganaz. Kontua, ordea, zera da, ez dirudiela oso dotore, bertakoek beren euskal nortasunaren kontzientzia sakonik ez zuten artean, besteok geurekin elkartzeko eskatzen aritzea. Baina, izan direnaz eta izan nahi dutenaz konturaturik, beraik berenez guregana badatoz: ongi etorriak, anaiarrebok! Gure aldetik ez duzue eragozpenik bat ere aurkituko, ez horixe!

Santutxuko hauzategia euskalgintzan baturik

Behin baino gehiagotan aipatua dugu lerro hauetan hauzategi bizkor honen izena. Eta oraingoan ere, pozik ekartzen dugu jendean aurrera.

Maiatzaren lehen aste bietan (2an hasi eta 16rarte bitartean) kultur hamabostaldi bat eratu ukan dute bertako elkarte gehienen artean. Eta antolakuntza honek ba ditu gutienez bi alde aipagarri.

Lehena hauxe da, halegia, hamabost egunez euskal kulturaz arituko direla: Hitzaldiak, elkar hizketak, mahi inguruak, dantza eta kanta jaialdiak eta abar, guztiok euskal kulturaz. Batzu euskaraz izanen dira eta beste batzu erdaraz. Honetan kontutan eduki behar da ezen hauzategi hau euskaldunduz ari dela.

Bigarrena, egintza honetarako hauzategiko elkarte gehienak bildu direla: Santutxuko famili elkartea, Karmeloko euskarazko klaseak antolatzen dituen taldea, Ikastola gazte taldeak, ikasleen guraso elkartea, zenbait kolegio eta eskola, haurtzaindegiak, Mendigoizale taldea, Txirrindulari taldea eta Futbol kluba. Zorionak guztioi!

Agertuak dituzte orma iragarkiak, eta horretaz gainera, esku programak ere bai, berauetan hamabostaldi honetako gorabeherak zehazki-mehazki azaltzen direlarik. Esku programa hauk euskaraz eta erdaraz eginak dira, modu oso atseginez gainera.

Hasera ona izan duen hamabostaldi honi, jarrai bekio amaiera hoberik!

Geometria politikoa

Espainiar politika ulertzeko ez da politik ezaguerarik behar, baizik eta geometrian sendo izan. Geometria eta sukaldaritzan, gainera. Hara hemen Erresurnako Kontseilari batek —Martin Sanz jaunak— "La Vanguardia" egunkarian agertu dituen eritziak:

Espainian sistema piramidal bat utzi eta tronco de cono antzeko batera iragan gara. Tronco de cono koroatua, gainera. Argi dago, ez al da? Argitasun handi hau hartu ondoren ondo ibil daitezke espainiarrak politika barruan... digestio onekoak baldin badira, noski, hala segitzen baitu Kontseilariak:

Espainiar politika kuzinatzen ari diren gizonek ez dakite garbiki zer nahasgaiz egin beren saltsak.

Ba dakigu orain zenbait tripako minen iturria. Noiz sukaldari txar hauk alde batera utzi eta gastronomi bilera batean ikastaro sakon bat antolatu?

Bere eritziak biribiltzeko hala dio Kontseilariak: Gure artean bunker hitzak ez du sentzurik Eta besteen artean, Martin jauna?

ANAITASUNA Espainiako Prentsan

ANAITASUNAren zenbaki hau itxi aurretik jaso dugun azken DOBLON Espainiako astekariak (80 zenbakian) gure aldizkariaz horrialde oso bat dakar. ANAITASUNA 314. zenbakiaren bi argazki ateratzen dira, bata azala dakarrena eta dossierrarena bestea. Zenbaki horretan atera genuen KATALUNIA BERRIAREN BILA dossierraren berri ematen du DOBLONek, gure aldizkarian atera ziren kataluniar politikarien zenbait erantzun espainolez emanez. Guri emandako erantzunekin osatu duten idazlanaren titulua hau da: EL PAIS VASCO CONSULTA A CATALUÑA SOBRE FORMULAS POLITICAS.

Gloria zaharren etorrera

Salvador de Madariaga jaunaren etorrera sonatuaren ondoan, Claudio Sánchez Albornoz-i ere bere txanda heldu zaio. Don Salvadorrek, Jainkoari esker, ez du euskaldunoz deklarapenik egin, orain arte eginak dauzkanekin, antza, aski eta sobera baitira.

Sánchez Albornoz jaunak, ordea, bai, bereak eskaini dizkigu, Santandereko Alerta eta Bilboko Hierro aldizkari mugimendutarretan argitara emanak. Horietatik, duketen interesagatik, zati hauk bildu ditugu: "Mire, los catalanes son inteligentes y por lo tanto comprenden que su papel es lograr cierta autonomía (...), no creo que en Cataluña haya ningún problema separatista (...) Los gallegos son gente inteligente y no creo que allí haya tampoco problema alguno. El problema es Vascongadas. Sé que los vascos se van a irritar por lo que voy a decir, pero como es verdad no temo ese enojo. Los vascos son los últimos que se han civilizado en España; tienen mil años menos de civilización que cualquier otro pueblo (...) Son gentes rudas, sencillas, que además se creen hijos de Dios y herederos de su gloria. Y no son más que unos españoles sin romanizar (...) Pero yo le decía al presidente del Gobierno vasco cuando yo era presidente de la República (en exilio): hablen el vasco, si es que pueden, porque la mayoría no lo saben, pero a pagar impuestos como todos los españoles".

Erromatar zibilizazioak eta beronen ondorengo zuzenek nekez har zezaketen txalo beroagorik. Batzuk beren herbestealdian lorturiko liberal fama hori, ez dakit, hala fedea, zergatik lortua duten. Ala gainean dauzkaten urteei bota behar ote diegu errua?

Ilunpetako semeak

Irakurri berri dudanez, eskuindar puntakoak oso ekintzazaleak dira. Eta harrapa ezinak. Euskal Herrian berton, azken hilabeteotan, 60 ekintza birrintzailetik gora egin omen dituzte. Han eta hemen entzuten den zurrumurruak dioenez, nahiz eta izen desberdinekin sinatu pertsona eta talde berak dira beti. Beti ere "anti" bezala presentatzen dira.

Gaua maite dute. Gauez lan egiten dute. Harrapagaitzak dira nonbait, zeren eta bat bera ere, guk dakigularik, ez dute oraindik harrapatu. Zergatik ote? Esan zuen bai hark, hots, ilunpetako semeak argitakoak baino maltzurrago direla.

Eranskailu berri bat

Aspaldi honetan indartuz ari den moda berri honen giroan, beste eranskailu berri bat kaleratu zaigu azken egunotan. Beronen bidez, euskal haurtzaindegiez dugun premia eta hutsunea agertu nahi da. Bi gauza aipagarri irakur daiteke eranskailu honetan: Bata, euskal haurtzaindegiak NAHI ditugula; eta bestea horrelako haurtzaindegiak BEHAR ditugula. Eranskailu hau —o gauza miresgarri eta bitxia!— euskaraz ongi idatzirik plazaratu zaigu, eta ez dugu uste, X. Kintana adiskideari, urrezko astabelarriak deitu sail jostagarrira eramateko abagadunerik emanen dionik. Ea, bada, beste eranskailu-egileek ere ikasiz doazen! Eranskailu honen bitartez lor dadin diruaz, ekonomikoki lasaipen ttiki bat eman nahi zaio euskal haurtzaindegi bati. Jendeak ongi erantzunen al du!

Antton I.

X. Kintana

X. Gereño

X. Artzelus

J.M. Torrealday


Euskal Herrian

Kultura

Frantziako prentsan. Euskal aldizkariak

Euskal kazetaritza modan jartzen ari da. Euskal kazetaritzaren urte honetan kontzientzia berri bat bezala euskaldunen artean sortzen dela esan genezake, hain zuzen mass media direlakoak ukan dezaketen garrantziaz. Egin oni diren mahain inguruak lekuko.

Hori bakarrik ez. Kanpokoak ere gure kazetaritza haintzat hartzen edo hasiak direla esan genezake. Aipamen eta ikerketa bat baino gehiago ikus dezakegu bazterretan. Azken estudioa, PRESSE ACTUALITE delako Frantziako hilabetekarian ikusi dugu. Aldizkari hau munduko prentsaz arduratzen da, eta gehienbat Frantziakoaz.

PRESSE ACTUALITE hilabetekariaren azken zenbakian Christian Rudel kazetari frantses ezagunak "En Espagne, après Franco" izenarekin Espainiako prentsari buruz azterketa bat ateratzen du. Artikuluaren parte on bat euskal prentsaz ari da. Interesgarri iruditzen zaigu astekari-hamabostekariei buruz hor agertzen dena ANAITASUNAren irakurleentzako aldatzea:

"Prentsa honen lehen lekuan ZERUKO ARGIA aipatu behar da, Gipuzkoako kaputxinoek hasitako astekaria (kaputxinoek dute orain ere gehiena). Politikazki erdi-ezkerrean (centre gauche) situatzen da. Adinez erdi inguruan (30-40 urteko) irakurlego batek irakurtzen du, eta atera 10-12.000 ale inguru ateratzen ditu. Guti saltzen da ipar aldean: 300nen bat.

ANAITASUNA hamabostekariak, Bilboko frantziskotarrek aterea, kontestatzaile, eta ezkertiar izateagatik (caractère contestaire, sinon gauchiste) gazte asko eta asko bereganatu ditu. 6.000 ale ateratzen ditu, eta Lizeotako ikasleen artean eta estudianteen eskutan maiz aurkitzen da Ipar aldean.

Beste astekari batek, GOIZ ARGIk euskal eskuina (droite basque) errepresentatzen du, Karlisten eta PNVren ingurukoa, 5.000 bat ale ateratzen ditu eta beste biak baino irakurlego askoz zaharragoa du: 50 urtetik gorakoa (...).

(Ipar aldean) osorik euskaraz HERRIA ateratzen da, kontserbadore irekia (conservateur ouvert) 1945ean sortua. 5.000 bat mila ale ateratzen ditu eta irakurlego herritar eta aski edadetua hartzen du"

Alfabetatuentzako "Rikardo Arregi" Saria

GAIA: "IPAR ETA HEGO EUSKAL HERRIA".

1.- Lanak euskaraz idatziak, egileak bere kabuz eginak eta ez da onhartuko ez itzulpenik, e besteetatik egindako antolamenik.

2.- Lanaren neurria: 2-tik 12 foliora, DIN A-4 neurrian, alde batetik makinaz idatziak, lerroune bat zuri utzirik.

3.- Lema batez izenpetua, eta lemaren giltza estaldua, egilearen izen eta deiturekin, lanarekin batera bidali behar da. Gainera, alfabetatze ikastaroaren monitorak lemaren giltza estalduaren alboan, fede eman beharko du nola lana duenak 1975ko udagoienetik harez gero alfabetatze ikastaroren baten parte hartu duen, ikasle bezala, halegia.

4.- Lan bakoitzetik hiru ale bidaii behar dira: "ASOCIACION GEREDIAGA; B.º Astola. ABADIANO, Vizcaya" zuzenbidera.

5.- Lanak bidaltzeko epea, 1976eko Uztailaren 31an amaitzen da.

6.- Saria, liburu sorta bat.

7.- Saria, Domu Santuetan. Durangon eratuko den XI Euskal Liburu eta Disko Azokan iragarri eta emango da.


Euskal Herrian

Hezkuntza. Deustuko Unibertsitatean... Tesina

Lan honi Iniciación metódica a la Investigación deitu diote.

Baina, seminario horik egiteko eta zuzentzeko nahiko irakaslerik ez dago, "doktor" titulua behar bai dute eduki, eta, zuzentzeko nahiko irakasle gehienak Dekanoaren aurka jarri ziren, kurtso honen hasieran.

Hauk izan dira historietako 4. kurtsokoek beren ikasgelan sartuta egoteko eman dituzten arrazoiak: informazio garbirik eza alde batetik, eta, lan hori aurrera emateko posibilitaterik eza bestetik.

Gauzak horrela, Martxoaren 26an (ostiralean) hartu zuten barruan sartzeko erabakia eta 29an hasi zen "entzierroa". Astearteko prentsak eta Bilboko Herri Irratiak honen berri eman zuten, eta egun berean, Dekanoa, 4. kurtsokoekin hitz egitera joan zen informazioa emateko eta bere postura garbi azaldu nahian.

Ikasleak irakasleekin batera egin nahi zuten bilera —ez bai zen ikasleen arazoa bakarrik— eta Dekanoak, hau ikusirik, alde egin zuen ikasgelatik, ikasleengana joan zela bakarrik esanez.

Egun bertan, arratsaldez, Deustuko Junta de Gobierno bildu zen, bere orden del día-n gai hau soilik zelarik, (kilipa egiten dienean mugitzen dira, noski) eta Junta honek Komisio bat proposatu zuen tesina arazoa aztertzeko eta eritzi bat emateko, ondoren, Filosofia eta Letretako Batzordeak erabaki zezan.

Batzorde honek erabaki zuena hauxe izan zen:

5. puntuak hau dio: 5. kurtsokoentzat libre uzten da tesina egitea edo ez egitea.

6. puntuak berriz, eta 4. kurtsokoentzat doa: 4. kurtsokoek derrigorra dute Iniciación metódica a la investigación egitea eta horretarako behar diren medio guztiak ipiniko ditugu.

Erabaki hau oso gaizki hartua izan da ikasleen artean eta beste jende zenbaitek ilogikotzat jo du. Ikasleek diote ez dagoela lan hori behar den bezala egiteko posibilitaterik, kurtsoa ia bukatua dagonez gero eta irakasle berrien kontratatzeko aukerarik ez dela egongo, gaur gaurkoz.

Tesina gora eta tesina behera. Egin beharra al dago ala ez? Aspaldidanik ari ziren azken kurtsoetako ikasleak gai honekin, Deustun.

Arazo larriena, informazio zuzenik eza izan da ikasleentzat, nahiz eta Dekanoak horren problema ez denik esan. Dena dela, batzuek, hau egin behar zela zioten; besteek, beste erara egin behar zela...

Kontuan harturik, Deustuko Unibertsitatea pribatua (jesuitena) dela, horrela eta gehiago nahastu dira gauzak. Horregatik, komeni da gauza hau argi ipintzea, azken egun hauetan prentsa eta irratietan asko hitz egin baita honetaz.

Ministergoak, Deustuko Unibertsitatearekin egina duen kontratan, karrera bukatu ondoren ematen den Lizentziaturako "titulua" eskutan edukitzeko, errebalidako examina bat egin behar dela dio Boletín Oficial del Estado-ko paperetan. Examina honi prueba de conjunto deitzen dio bertan.

 Prueba de conjunto hau, bai Zuzenbideko Fakultatean eta bai Filosofia eta Letretakoan egiten da, baina azken Fakultate honetan, Deustuko Unibertsitateak tesina egitea derrigortzat eman zuen. Ihaz arte honela egin izan da.

Beraz, 5. kurtsokoek, tesina-norberaren aldetik Ekainerako azaldu behar zuten eta, ondoren, examina hori pasa. Gero, bakoitzak egin zuen tesina epai mahai baten aurrean defendatu egin behar zuen. Guzti hau eginik besapean titulua zuela irteten zen.

Aurten, Filosofia eta Letretako Dekano berria ipini dutelarik, tesina egiteko era aldatu nahi izan du, hots, lehen norberak beren buruz egin behar zuena, orain, taldeka, "seminario"n bidez egiteko ordena iritsi da, Dekanoaren aginduz. "Seminario hauen bidez egiten den lana bi urtetakoa izan beharko du" (4. eta 5. kurtso denboretan, alegia), Unibertsitateak zioenez.

Gauza honela dago eta ikasleak zein bide hartzeko ikusten ari dira mementu honetan.

Joxe Larrañaga


Euskal Herrian

Politika

Errege jaun horri

Euskal Herriko Lege Zaharra kendu zuen 1876ko uztailaren 21eko Legearen ehunhurrena gainean dugularik, BERGARAko Udal-batzak, 1976ko Martxoaren 29ko Batzarrean hartu erabakiaren ondoko eskari hauk, Jaun Horri, egiten dizkizu:

1) Datorren uztailaren 21ko ehunhurrenarekin batera, Euskal Herriko Probintziei (Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaia) dagokien eskubidea onhartuz, gure herriak 1839ko urriaren 25eko legearen aurretik zuen lege egoera, Gaztelarekin elkartu ondoren Jaun Horren aurretiko Errege Jaunek onhartu eta zineztua, berrezarririk, Lege Zabar askatasun osoa agin dezazula.

2) 1839ko urriaren 25ko eta 1876ko uztailaren 21eko LEGEen promulgatze arrazoiak eta Foru-erakundeen berriztapenari ekiteko, 1839ko urriaren 25eko legearen 2. atalak eta 1876ko uztailaren 21ekoaren 4.ak manatzen dutenen luzapen arrazoiak gainditurik eta 1841eko agorrilaren 16ko Hitzarmen-Legearen oraingotze eta zabalpena beharrezko izanik 1931ko ekainaren 14ean euskal udaletxeek Lizarran onhartu zutenen antzeko eta Foru-erakunde berriztatuak bilduko lituzkeen Autonomi-Arautegi aintzineredu bat egitea agin dezazula, luzapen berriek ez bailuteke funtsik izango. 3) Aurreko atalean aipatzen den eta euskal udaletxeek onhartu ta sinatu ondoren Jaun Horrengana jasoa izango litzatekeen Autonomi aintzineredua euskal udaletxeen benetako ordezkaritzak egin dezala.

Eskariok galdu eta utzi ezinezko eskubideetatik datozela eta beste edozein irtenbidek, nahiz Administrazio Errejimen Bereziz, nahi Kontzertuz, nahiz beste erabidez, ematez edo hitzarmenez jarri, ez duela sekula Euskal Herriak, kondaira lekuko, bere erakundeez gobernatzeko duen eskubide uztea adieraziko, argi ta garbi aitortzen dugu. Ageri hau Jaun Horrek onhartu eta aurretiko Errege Jaunek egin Lege Zahar Zina laster berriztatua izango delakoan, gure menpekotasuna azalduaz, Jaun Horren erantzukizun zabalean zuhurtasun haundiena opa dizugu.

Bergaran, 1976ko martxoak 15ean

Gobierno de Euzkadi-k: Ez Aberri Egunari

Duela zenbait hilabete. Donibane Lohitzunen Euskal Herriko oposizioko alderdi guztiak bildu egin ziren, aurten Aberri Eguna Iruinean egitea erabakitzeko.

Erabaki honek, dirudienez, PCEk eta beronen inguruko beste zenbait erakundek Nafarroaren euskalduntasunaz egindako zalantzaren uko biribila izan nahi zuen. Euskal Herriaren batasuna defendatzeko. Aberri Eguna 1932. urtean hospatu zen lehengoz, Partido Nacionalista Vasco-ren eraginez. Harez gero, euskaldun askorentzat euskal lege eta, jabetasun galduen symboloa izan da egun hori

Aurten, egun horretarako guti falta zenean. Berazadi jaunaren hiltzea oinharri harturik, Gobierno de Euzkadi delakoak eta berau osatzen duten alderdiek (PSOE, PNV eta ANV) Iruinerako deia bertan behera eta balio gabe uztea erabaki zuten. PCEk, bere kontutik. hori jakin bezain agudo, antzeko jarrera hartu zuen. Kontraerabaki honen berri Espainiako prentsa, irrati eta telebista ofizialetan biziki komentatua izan da.

Konforme ez zeudenak

Beren aldetik, LAIAk, EHASek, ETAk, ELA-STVk, ORTk, Alderdi Karlistak, MCEk.LCR, LCk eta beste zenbait taldek. Donibanen erabakitakoari eutsi diote, haietako batzuk, gainera, PNV eta Gobierno Vasco-ren jarrera, traidoretzat salhatuz.

Azken orduko ezezko horrekin Partiduak lortu nahi ukan duen ez da hain errax asmatzen, baina Irujo jaunaren hitzetatik "Espero dut Madrilen gure ixiltasun emozionatu hau ulertuko dutela" zerbait susma daiteke.

Iruinean zer

Bazko egunean, poliziaren kontrol hertsiengatik ez zen Iruinera sartzerik. Zenbait nafarrek bertako kaleetatik ikurrinekin manifestatu izan ziren, poliziaren eta bortxa publikoaren etorreraz laster barraiatuak izateko. Manifestatzaileak uxatzeko, airetara tiro batzu egin omen ziren.

Egun seinalatu horren kariaz. Euskal Herriko toki askotan pintadak eta euskal banderak ezarriak izan ziren, poliziak laster kendu zituenak.

Nafarroa mintzo

Irakurleari informazioaz zor dio ANAITASUNAk. "Aberri eguna" zela eta, Nafarroa politika dantzan ibili da. Nafarroako foru-kontseilariek ere dantza horretan parte hartu nahi izan dute. 28 edo "Aberri eguna" Iruinean hospatzearen aurka mintzatu ziren, guztiok dakigunez. Hauen textua hemengo gure egunkari guztiek eman zuten, eta nola eman ere: letra handitan! Foru-kontseilarik textu horri erantzunez, 11 nafar deputatuk beste idazki bat bidali zuten prentsara. "Diario de Navarra" egunkariak argitaratu zuen Apirilaren 15ean. Guk dakigunez, besteek ez. Zergatik ote? Kontra-idazki hori ezagutzera eman nahi dugu guk, egiaren eta gure herriaren amoreagatik.

***

Diario de Navarra

Once Consejeros Forales, puntualizan

Sr. Director de DIARIO DE NAVARRA. En relación con una nota firmada por un grupo de Consejeros Forales de Navarra que ha tenido amplia difusión en los medios de comunicación, nos permitimos facilitarle las puntualizaciones a dicha nota que hacemos otros Consejeros Forales que no hemos sido consultados al respecto.

Agradeciendo la publicidad que tenga a bien dar a nuestro escrito, le saludamos.

Ante la nota remitida a los medios de difusión por un grupo de Consejeros Forales, relacionada con la celebración del Aberri Eguna (día de la Patria Vasca) en Pamplona, los que abajo suscriben, también Consejeros Forales, se creen en la obligación de realizar las siguientes puntualizaciones:

1.º—Es una presunción inadmisible afirmar que representan el sentir de los navarros, cuando las condiciones existentes no permiten a todos expresarse, ni ser formados en libertad.

2.º—Se vierten una serie de conceptos o interpretaciones falsas y tendenciosas, que en su conjunto pueden sembrar la división de los navarros, y por ende de Navarra. Nadie honradamente y sin torcidas intenciones puede dudar que Navarra fue y es cabeza de Vasconia.

 3.º—No compartimos el criterio de que sea una profanación de Navarra la libre manifestación de ideas. Hacemos una vez mas nuestro el lema de nuestra tierra, proclamado por los Infanzones de Obanos: "Pro libertate patria, gens libera state"

 4.º—Somos partidarios acérrimos de la autonomía de Navarra y de no renunciar al carácter paccionado de nuestro sistema foral. Pero consideramos un sofisma afirmar que otros vínculos con el resto del País Vasconavarro habrían de suponer el abandono de nuestra propia autonomía.

Pamplona, 14 de abril de 1976.

Firmado por: J. Carlos Garaicoechea, Javier Yaben, Tomás Caballero, Leocadio Pérez de Larraya, María Nieves Errazquin, Jesús María Labairu, Florencio Goñi, José María Monreal, Carlos Clavería, Mariano Zufía, Francisco Beruete.

N. de la R. - Varios consejeros forales que no firmaron la nota publicada ayer en nuestro periódico, condenando la celebración del Aberri Eguna, nos llamaron ayer extrañados y quejosos, manifestándonos que no se encontraban ausentes y que lógicamente debería haberse contado con ellos. Alguno de ellos tampoco figura entre los firmantes de la nota que publicamos hoy.


Euskal Herrian

Fitxaketak

Footballean beti ez da ekipo onik egoten. Horren akatsa, jakina, ekipo horik osatzen dituzten jokalariengan egoten da. Arazo hau konpontzea ezinbestekoa da ekipo batentzat, ezer onik egiteko asmorik badu behintzat.

Haltzak ez du bihotzik

Jokalariek beren zeregina behar bezala betetzen ez dutenean, hori bi arrazoirengatik gerta daiteke. Bata: gertatzailearen methodoak egokiak ez direlako. Hauxe izaten da okerrik nabarmena, jokalariak onak izan, baina berauk zuzenduak izaten direneko methodologia bera ez.

Kasu horretan, jakina, gertatzaileari methodoz aldatzeko eskatzen zaio, eta hola egiten ez badu, gertatzailea bera izaten da aldatua.

Kritikarien eritzien arauera, methodoz aldatu ondoren eta era askotako aprobak egin eta gero, ekipoa, hala eta guztiz ere, ongi ez badoa, jokalarien giza nolakotasunean bila daiteke porrotaren kausa. Eskuharki, baina, hasteko, arrazoizkoagoa dirudi gertatzailearen bide zaharra aldatzea, ekipo osoa aldatzea baino.

Ez gaztanberak hezurrik

Zenbait ekipok, hala ere, beren gertatzaileen methodo eskas eta jokalarien gertapenik eza nolabait estaltzeko, etengabeki fitxaketa berriak egiteko prozedura hautatzen dute.

Sistima hau ezaguna da: Ekipo horretatik kanpoan ibili diren eta beste gertatzaile eta methodoz hezitako jokalariak fitxatu eta ekipora erakarri. Horretarako, noski, zerbait eskaini beharra dago, ez baita normalki inor mosu truk ekipoz aldatzen.

Batzutan irabazi handiagoak izaten dira; beste batzutan prestijioa, publizitate on baten bidez egindako propaganda demasa, ikuslego zabalago batera heltzeko posibletasuna, karrera hobe eta arinago bat biribiltzeko era.

Ikuslegoa aldatzeak asko esan nahi du maiz. Gertapen normaleko jokalari batek, zaletasun normaleko textuinguru batetan ez du ezer deigarririk, baina giro normaletik beherako herrialde batetan —eta ez derragun ezer hor footballtzale fanatikorik badago!— jokalari berberak susma ezinezko txalo, aipamen, hospe fama, entzute on eta milioiak eskura ditzake.

Ez nuen uste erraiten ziela...

Kukuaren kontua, baina negatiboan nolabait Kukuak inoren habian erruten du bere arraultzea inor horrek bere kumeak haz diezazkion. Footballariekin, aldiz, alderantziz gertatzen da: inork hazitako kumea bereganatzeko beharra dago. Kasu bietan, ordea, denominadore komun berbera azaltzen da: norberak, kukuak zein ekipoak, bere medioez kume horik propio eta egoki hazteko duen ezintasuna.

Aitonen semek gezurrik

Partiduetan ikusten ditugun fitxaketa horik ez dira soilki, kirolezkoak. Osterantzekorik ere ba da.

Nork ez dazagu gurean holakoren bat? Urte askotako ahaleginez bere kideen artean sekula sainduan euskaltzale edo eta euskaldun ikasi batto ere egiterik, lortu ez duten alderdi batzu, aspaldion fitxaketen bidez ari zaizkigu beren zulo lotsagarri hori tapatzen. Funtsean, goian aipatu ekipoena bera dagite: methodologia zaharra ezertan aldatu ez, beraren ezegokitasuna aitortu nahi ez, baina inorengandik harturiko odol berriaz aurreko ekipoari itxura berri hobe bat ematen saia.

Guztiok dakigu, holako edo halako alderdietan —sukurtsalistetan berezikienik— ba dagoela euskara dakien lagunik; ez, askotan, alderdi horietako buru erdaldunek,uste duketen bezainbeste, baina tira, beren pamphletoak orijinaletik nola edo hala euskaratzeko gauza izaten dira. Holakoak, gainera, ekintza publikoetan, jendaurreko agerketetan etab., legea egiteko, euskarazko zerbait, zuzen edo oker, esateko gai dituzte, eta hori, halafedea, ez da guti publiko bihurriak gero eta gehiago eskatzen duen uneon.

Baina itxuraz ez da inor betetzen. Azal soilak ez gaitu jadanik enganiatzen. Funtsa, mamia ikusi nahi dugu, zoritxarrez maiz ez dakusaguna, hain zuzen.

Alderdi horiek, noski, Urlia edo Berendia burkideak euskaldunak direla esan diezagukete, baina bai eta guk beraiei berehalaxe erresponda ere: "Noski, baina zuen alderdira sartu baino lehenagotik, eta euskara ikasi bazuten, zuena ez zen ideiologia eta sentimendu batzuk bultzaturik izan zen". Jakina, izan, euskaldunak dira, malgré vous ordea.

Galdetzekoa litzateke, hala ere, zenbat lagun, sukurtsal horietan hasieratik daudenen artean, euskara eta euskal kultura ikasten eta lantzen saiatu eta saiatzen diren, eta oraintsu arte —beraiek kontrolatua ez zelako— burjestzat salhatzen zuten euskal kultura eta hizkuntzaren barrutian zenbat idazle duten ere. Esku bakar bateko erhiak kontatzeko sobera ditudalakoan nago.

Zeren, kiroletan bezalaxe, jatorriz methodo onez zetorrena, gertatzaile baldresen eskuetan erabat baliogabe gera bailiteke, eta ez dira bat, ez bi, gaur dauden lekuan egon aurretik euskal alorrean norbait izan eta zerbait egiten zutelarik, orain euskal kulturarako erabat galdu eta antzutzat jo genitzakeenak. Holakoen managerrek, bai beroriei eta bai guztioi ere, phenomeno kurios horren zergatia azaldu beharko ligukete.

Eta buru apaintze lan horretan alderdi batzutan ez dago lotsarik ttikiena ere. Direnak eta ez direnak berenak balituzte bezala ari dira presentatzen aspaldion. Honela, orain deia gutti, unibertsital bilera batetan G. Aresti PCEko kide bezala agertzeko ausartzia gorria ukan zuten bertakoek. Gabriel ezagutzeko era ukan genuenok ba dakigu, jakin, euskal nazionalistekin ongi konpontzen ez bazen, ez zela horregatik PCEko espainol nazionalistekin hobeki konpontzen. Hortxe dautza haren hitzak, hil baino hilabete lehenago idatziak: "Zeren alderdiok (PNV eta PCE) funtsean ez baitira euskaltzale". Aresti, berak aitorturik dakigu, ez zen PCEkoa, ez eta gutiagorik ere; beronen antieuskalduntasuna ezin zuen irentsi, hain zuzen. Zenbaitzuk, ordea, berenak ez dituzten hilen larruaz burua jantzi eta euskaldundu nahi luketela dirudi.

Eta nola uler Kriselu PCEkoena dela esatea? Izan ere, horixe berbera aldarrikatu baitzuten harrokeriaz, gorago aipatu bileran.

Guztiok dakigun sekretua da —Gernikan plazagizontzat azaldu zitzaigunetik— Kriseluko norbait PCEn dagoela; bestetik, berak holaxe aitortzen omen du. PCE euskalduntzeko asmoz omen dago gainera. Bego. Baina, PCEkoak al dira hor parte hartzen eta erabakitzen duten beste guztiak ere? Editorialak, bestetik, nondik dauka finantziapena, abonatuongandik, ala PCEtik? Luis adiskideak punttutxo hau argi utz lezake, nik uste.

Eta Astigarribia PCEkoa zela eta, euskaldun haunditzat goraipatzeaz den bezainbatean, otoi! seriostasun pixka bat! Ala uste duzue ahantzirik dugula Astigarribia, zuek orain diozuen bezain "jatorra" izateagatik, PCEk berak publikoki kondenatu zuela orduan? Nor enganiatu nahi duzue?

Habil eta so egin ezan, gizonik denez ageri

Kontrakorik ikusi arte, ez dut nik gizonaren borondate onean dudarik eginen. Zenbait alderdi sukurtsalistetan dauden euskaltzaleak, hortaz, hor asmorik onenaz —haik guregana ekartzeko uste garbiaz— sartu zirela sinesten dut. On lukete holakoek, ordea, beren sarreraz geroko balantzea astiro egitea. Ea besteak euskaldundu dituzten, ala besteek berak erdaltzaletu. Zeren Nafarroa edo eta Iparraldea Euskal Herritzat —edo beraiek esatea maiteago dutenez, Euskaditzat— onhartu nahi ez duten alderdi batzuren aspaldiko "nazionalkuntza" hori ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko zerbait baita.

Kasurik onenean, alderdia beraien bidez baliatzen da, berez, sustraiez, oinharriz eta sentimenduz ez duen euskaltzaletasuna kanpora erakusteko. Baina non daude euskal arazoari buruzko oinharrizko programmak? Non kide guztiak euskalduntzera obliga litzakeen erabakia? Beraiek pentsa bezate.

Strategia eta taktika ez dira gauza bera, eta gaur taktikaz hola behar delako, zenbait euskaltzaleri postu, onespen eta boz ofiziala uztea komeni bada, biharko egoerak kontrarioa ere eska dezake, beren burua, herriari zerbitzu egiten ziotelakoan!, herbesteko alderdi baten eskuetan ezarri zutenak, erabili ondoan, herkideen aurrean, agian betiko, kakaztu eta iraindurik zokoratuz.

Oker nagokeela sinetsi nahi nuke.

Xabier ARMENDARITZ


Euskal Herrian

Lana. C.O.S. Bizkaian

Martxoan agerpen bat atera zen C.O.S. izenarekin (Coordinadora de Organizaciones Sindicales) eta izenpetzen zutenak hauk ziren: Unión General de Trabajadores (UGT), Euzko Langillen Alkartasuna (ELA-STV), Unión Sindical Obrera (USO) eta Comisiones Obreras (CC OO).

Apirilaren 2an, C.O.S. delakoak prensa aurreko bat eskaini zuen, Bilbon. Koordinadora ezaguna izan arren, informazio zehatzagoa eman nahi zutela adierazi zien periodistei. Hau izan zen presa aurreko honen helburua. Hara bidaldu zituzten aldizkariak hauk ziren: El País, Realidades, Cambio 16, Correo Español, Gaceta de Derecho Social, Guadiana, Barcelonako Tele/Exprés eta euskal aldizkariak ere bai. Bilboko Herri Irratia ere han zen. Pueblo eta Pyresa agentzia ere bai.

C.O.S. partetik CC OO-ko bi, UGT-ko beste bi eta USO-ko hiru joan ziren. Koordinadorako batek eman zion hasiera eta STV-ek irten egin zela esan zuen, haserako bileran parte hartu zuelarik.

Honi, STV-ko militante batek, puntu hau garbi ipintzera zetorrela, erantzun zion. (Berak ELA-STV-ko Sekretaritzaren agerpen bat irakurri zuen) Hauxe da bertan zioena:

"Joan den hilean, Martxoaren erdi inguruan, Idazkaritza honek jakin zuen Bizkai mailan eratua zela SINDIKAL ORGANIZAZIOEN KOORDINAKETA, CC.OO., U.G.T. U.S.O. eta ELA-STV-ek parte harturik eta elkarrekin egindako agerpenean azaltzen zuten estrategia langile ekintzari begira, probintzia mailan.

Berri honen inguruan, geroztik hainbat espainol komunikabideetan komentatua, zera azaldu nahi diegu gure militante eta afiliatuei, Euzkadiko langile guztiei eta herriari:

1. Gure siglak sindikal organizazio koordinaketa hori izenpetuz agertzea asko harritu gaituela, zeren ofizialki ez baitugu eratze horretan parterik hartu.

2. ELA-STV-ren izenean, diogun agerpen hori izenpetu duten pertsonak edo pertsonek, zeharo pertsonalki egin dutela.

3. GUADIANA aldizkariak azken zenbakian baieztatzen duena ez dela egia, hau da, ELA-STV irtena dela diogun koordinaketa horretatik, zeren, berriz diogu, ez dugu ofizialki parterik hartu honen eratzean.

4. Agerpen hau gure organo ofizialaren, "LAN DEYA"ren hurrengo zenbakian baieztatua izanen dela."

Garbi ipini zuten (ELA-koak), beraiek ez zutela inoren posturarik hartzen COSen aurrean. Ez alde eta ez kontra.

Honela, periodistekin elkar hizketan hasi ziren hauen galderei erantzunaz. Han aipa eta ukitu ziren puntuak esan besterik ez ditut eginen, zeren, COSekok esan zutenez, oraindik dena egitekotan dagoela eta koordinaketa honen zenbait puntu zehaztu eta garbitu beharra, gerora begira, batik bat.

CC.OO. barneko joerak azaldu ziren, baina arazo hau mugimendu sindikal honek konpondu beharreko gauza dela eta ez COSena, zioten. Sindikal batasunerako bidean COSek zer paper zuen ere ikutu zen, azalez. Beste puntu batzu ere izan ziren, hots, Euskal Gobernuaren aurrean duen postura; Koordinaketa honen zabaltzea beste euskal probintzietara, nazio mailara gaindituz, gero; langile batek zioen Nafarroako lagunekin ere gero eta harreman hestuagoak eduki beharra ikusten zela; alderdiekin dituzten loturak eta arazoak langile mugimenduaren autonomi bide batetan; eta abar...

Prensa aurre honetatik bi konklusio ateratzen dira:

1. Sindikal Koordinaketa bat Bizkai mailan egitea antieuskalduna dela. Zergatik ez dira Euskal Herri osoko Koordinaketa baten zain egoten?

Bestalde, Nafarroako lagunekin harreman hestuagoak eduki behar omen dira... Langile hitza aipatzen zenean, nongo langileez hitz egiten zen? Pitxia izan zen, benetan, "euskal" langileez hitzegin zutenean Nafarroako lagunekin zer egin behar zen adierazi zutenean ("... en su momento, los trabajadores vascos y los navarros tendrían que decidir, dentro de unas garantías de libertad...") izan zela.

2. Bigarrenez, Koordinaketa bat egin da organizazio batzurekin mahai baten inguruan bilduz eta agerpenak ateraz, baina oraindik dena egiteko dago. Programa zehatz bat egin gabe dago; gerora begira zenbait arazo ukitu gabe daude eta abar. Honek ez du esan nahi Koordinaketa honek garrantzirik ez duenik. Berea bakarrik. Pauso bat eman dute. Baina gaur inoiz baino gehiago neurtu behar dira ekintza hauk, eta bere mailan jarri, geure sindikalgintzaren bideak ongi bereiziaz. Guk geure sindikatua dugu eta horri bultza egin behar diogu.

ORKITZAR


Euskal Herrian

Ipar Aldea

Kontseilu jeneralerako bozak

Azken kontseilu jeneralerako bozketak, berriz ere, ipar alde honetako jendeen politikazko usaiak plazara dituzte: eskuinaren alde agertu dira aldi bat gehiago hemengo euskaldunak. Hauteskundeak egin diren hamar euskal kantonamenduetarik, ezkerra, bitan bakarrik atera da nagusi: Biarrizko ekialdean Destrade Jauna (sozialista), eta Polou Jauna Hendaian (Radical de Gauche). Eta oraino, azken honetan ezkertiarra dela erratea, Fraga Jauna liberala dela erratea bezalatsu delarik...

Delako frantses Alderdi Sozialistak euskal herriari buruz zer dioen eta nola jokatzen den ikustea aski da, abertzale sozialistei zer lan eginkizun gelditzen zaien ohartzeko... Ez da segurenetik ere egun batetik bestera bururatzen ahalko.

EHASek du oraingoan inor aurkeztu. Alde batetik hobe, ez baitzukeen mirakulurik eginen, eta haren eragipena, mementuan bederen, handiago baitateke politik-sistema ofizialetik kanpo,ezen ez eta barnean. Beste aldetik, berriz, domaia de euskal abertzale sozialistek isilik egon behar ukan baitute, besteek orok nor bere elizaren edo buruaren alde mintzatzen aritzen zirelarik... Hots, kontseilari gai abertzale ezkertiar bat egon kantonamenduetan, dudarik ez da beste guztiek haren arauera jokatu beharko zuketela, hark bakarrik eginen baitzituzkeen funtsezko galderak... Egia da ere EHAS, alderdi berria dala, eta holako gauzetan sartu baino lehen, oinharri sendoagoak finkatu beharko dituela.

Marc Légasse aldiz ez da uzkur egon. Batere beldurrik gabe, Euskal Herriaren autonomia eskatuz hautesleen aitzinera ausartu da. Haietarik 3,5k eman diote boza Hendaiako kantonamenduan. Marc Légasse ez da politikalari bat: estetikalaria baizik. Ez ditu gauzak politikari batek pisatzen dituen bezala haztatzen. Kalkuluak eta bozketetako ziminokeria guztiak ez ditu gogoko. Ez da ere eske ibiltzeko gizona; segur da, hala senditzen baitu, Euskal Herriari, bere buruaren jabe izateko ordua jin zaiola. Duela orain hogei eta hamar urte bakar batzu ziren ipar aldean abertzale zirenak eta arima Alemanei saldu ez zietenak: poetak. Egun haboro dira. ez anitz baina bi eskuetako hatzak ez dira engoitik aski haien kontatzeko. Euskal arazoa ipar aldean ez da gehiago amets bat, eta bozketak ez dira poetentzat eginak. Nahi dena erranen da eta arrazoiaz beharbada: hobeki pentsatu behar zuela, holako gauza bat ez dela hola bakarrik erabakitzen ahal, etab... Bai, baina gelditzen da gizon bat urteetan zehar ber-ideiari eta burrukari lehialki jarraitzen zaiona, laido, trufa, eta errealismo guztiengatik... Haren aitzinean bonetaren kentzeko bada...

Euskal departamenduaren kontra ala alde izateak ez du, irudiz, gauza handirik kanbiatu. Jendeak orain arte ez du axola handirik xede horretaz. Izan dira, arras kontra zirenak, aise hautetsiak izan direnak: Mendiboure (Angelun); Ithurralde (Donibane Lohitzunen); Duboscq (Donapaleun) adibidez, eta berriz beste batzu galdu dutenak: Borotra (Biarritzen); Lastrade (Ustaritz-Senperen)...

Dudarik bat ere gabe, Biarritzen gertatua izan da handiena. Borotrak (erdikoa), Guy Petit delako anti-basko famatuaren seme politikoa (politiko, politikoa gero, ez gaizki uler!) galdu baitu kontseilu jeneralean duela sei urte irabazi aulkia. Halabaina Destrade frantses sozialista, 600 bat bozez, nagusi zaio. Datorren urtean, herriko bozak izanen baitira, Guy Petit, 30 urte honetan jabetua (hitz egokia da) den alkate aulkiaren galtzeko perilean da beraz. Ea Biarriztarrak ausartuko diren...

Barneko aldean, inork uste ez zuelarik, Dermit Jauna, Inchauspe deputatuaren idazkaria, lehen itzulian izan da hautetsia, Baigorriko kantonamenduan. Bizkitartean, bi kontrako eder zituen: Chabagno Jauna Baigorriko Haraneko sindikatuko lehendakaria, eta Haritschelhar Jauna Baigorriko alkatea. Ortzaiztarrak nola hain aise irabazi duen ulertzeko, barneko euskaldunen politikazko joka moldeak ontsa ezagutu behar dira. Gibela dira arras alde horretarik hango jendeak, laborariak gutiz gehienak. Haientzat, kontseilaria, multak edo amendak kentzen dituen gizona da, edo semeari soldadu denbora hurbil pasaraztea erdiesten duena... "Caciquismo" delakoaren gisako zerbait nahi bada... Eta inguru haietako euskal "Cacique" a, Inchauspe deputatu-bankeroa izanki, ez da harritzekoa haren zaldiak irabaztea.

Holako hauteskundeak egiten direlarik, hemengo abertzaleoi anitzetan laket izaten zaigun hodeietan barna ibiltzeko joera, zein antzu eta lanjerosa izan daitekeen ikusten ahal da. Humilago, langileago, eta errealistago izan behar genuke, darabiltzagun hitz eder eta sabantak bazterturik, ekintzetan obratzeko ditugun xede ederrak.

Donibane Lohitzunen, faxistek euskal aterbetu baten emaztea eraten dute

Martxoaren 21eko gauean eraketa bat gertatzer da Donibane Lohitzunen. Tomas Perez Revilla, euskal aterbetu politikoa eta emaztea, haurrarekin etxera autoz sartzen zirela, tirokatuak izan dira doblatzen zituzten auto batetarik.

Gizonak ez omen du min handirik hartu eta haurrak ere ez. Emaztea, aldiz, itsuski kolpatua izan da, zazpi balak jo baitute, haietarik bi birikietan gelditurik. Ospitalera eramana izan da segidan, eta, diotenaz, hiltzear egon ondoan, ez dago gehiago zentzeko zorian orain. Deitoragarria, aldi honetan ere, nola jomuga ez den errefugiatua bera izan, baina familia guztia, haurra barne.

Euskal errefugiatuen kontrako atentatuak ez dira gehiago kondatzen ipar aldean. Gehienetan huts egiten dute, baina azken honetan, mirakuilu bat izan da inor hil ez bada. "Herriaren alde —Secours Basque"— batasunak ageri bat eta paperak zabaldu ditu, frantses poliziaren ezaxolkeria salatuz. Halabaina, galdegiten du Baionako batasunak, behar ote da norbait hil, frantses poliziak, euskal aterbetuen zaintzeko erabakiak har ditzan?

HITZ 6garrena

Hitzen seigarren zenbakia atera da. Itxuraz biziki eder, eta mamiz ere aitzinekoak baino laketagoa. Euskal kazetaritzaren urte honetan, ba dirudi ontsa abiatu zaizkigula HITZekoak. Aberri Eguna dela eta, joan den urtean zenbaki berezi bat egin baitzuten, aurten ere horretan dabiltza. Azken foruak duela mende bete bat kenduak izan zirelarik, haiei buruzko lan bat aurkituko omen da, eta bai eta, duela 40 urte, Euzkadirako estatutu bereziari buruzko beste bat ere. Zenbaki berezi hau, komiki batek aberastuko du, haurrei, eta handiagoei ere agian, "Aberri Egunaren ipuina" marrazkiz kontatuko diena.

ZABAL berria ere salgai

HITZ apainduz badoa, ZABAL ere bide beretik ari da. Halabaina, jauzi ederra egin du ZABAL-ek inprimaturik argitaratzen baita orain dukegun euskarazko aldizkari politikorik seriosena. Erran gabe doa, irakurlearentzat errazago gertatuko dela haren irakurtzea, Beste artikulu interesgarri eta hausnargarri batzuren artetik, "Vasconia" liburu debekatuaren idazlearen gutun bat aurkitzen da. Hartan, euskal etxeko delako "ume bihurri" hark, "Euskaldun berri-ekin" liburuan, berari dagozkion hostoetan halabeharrezko huts batzu sartu direla eta "dynamika"-ren ordez, "dynamita" irakurri behar dela jakin erazten digu. Euskara, hainbeste urtez fededun izan ondoren "potrodun" bilakatu zaigu orain!

Hendaiako ikastolaren aldeko kantaldia

Martxoaren 20an, Hendaian jendea handizki bildu da Hendaiako "Beltzenia "frontoira. Bertako ikastolak jaialdi eder bat muntatu zuen larunbat arrats hartako, eta zer arrakasta ukan duen ikusirik,antolatzaileek eguna ontsa hautatu zutela erraten ahal da. Mugaz beste aldetik ere, jende anitz etorri zen eta frontoia mukurruz betea zen kantaldia hasi zelarik.

Kantaldia, beti kantaldi delarik, ez ditugu abeslarien merezimenduak goretsiko aldi honetan. Ordea, arteka entzuteko plazera ukan ditugun bertsolariei zor diegu omenaldia, egundainoko zorroztasun eta bizitasunaz ari izan baitira, gaurko politikagintzari datxezkion gaiez bereziki. Pozkarria da bertsolariek murtxurdin, mini-gona eta apez berriez beste gaien aipatzeko ere balio dutela ikustea. Ea, bada,euskal politikariak beren propaganda bertsoz obratzen noiz hasiko zaizkigun. Orduan bai "mitin" ederrak izanen direla euskal herrietan...

Boz libre batetarik....

"La voz de Canarias libre" delakoak, Algeriatik arrats oroz mintzatzen den bozak tokiño bat utzi omen die euskal abertzaleei. Hala dio behintzat Baionako zenbait zurrumurruk. Eta egia dateke ezen, duela zenbait egun, ezpataz burrukatzea hobetsi duen euskal erakunde ezagun baten deia entzun ahal izan baita handik; Bazkoz, Iruinean zerbait programatu baita omen, euskaldun guztiak hara biltzera gomitatzen zituztelarik.

Bistan denaz, direlako ezpata burrukalari haik mintzatu diren boz hura libre izanki, eta paperezko hau berriz ez arras, programa beste gisa batez aipatu dute; asmatzea neke ez den molde batez, noski.

Hemen errana egia den ala ez frogatu nahi duenak aski du bere irratia honako hauetan jartzea:

Onda luzetan: 251 khz (1200 m)

Onda laburretan: 19.910 khz (25'19 m)

17.825 khz (16'82 m)

9.610 khz (31'22 m)

Hori, gau oroz, 10 etarik 11k arte (GMT); hots Euskal Herrian ordu bat edo bi beranduago.

Beñat Bidegorri


Erlijioaz

Gure pastoralgintzaren ahuleziak

Apezpiku-ikustaldia Irun-Hondarribian

Aurrez gaztigaturik zegoenez, martxoaren 29tik apirilaren 3ra bitartean, Apezpiku-ikustaldi berezia izan du Irun-Hondarribiko kristau komunitateak. Egun horietan, Donostiako bi apezpikuen ardurapean, eliz-bailara hortako batzarre nagusiak hospatu dira.

Erabat jota, oso esperientzia ederra izari da. Astebetez, 400 lagunetatik gora bildu dira Irungo Pasiotarren aretora. Bilkura horietan parte hartu dutenak parrokietako ordezkariak ziren. Irun-Hondarribiko eliz-bailaran badira guztira 12 parrokia, Pausua ere hor sartzen delarik.

Hona hemen, egunetik egunera, biltzarretan erabili eta aztertu diren gaiak: parroki eta parrokiarteko Karitas, umeen katekesia, parroki eta bailarako diru-kantuetarako juntak, gazte eta helduen fede hezketa, liturgia.

Apezpiku-ikustaldirako prestatu diren txostenak irakurri ondoren eta bilkuretan esan direnak entzun ondoan, zenbait burutapen eta gogoeta eskaini nahi nituzke denon hobe beharrez.

Pastoralgintza Herri baten dinamikan

Pastoralgintzaren planteamendu orokorra egiterakoan, ezin daiteke inolaz ere alde batera utz zein Herritan bizi garen eta Herri horrek zernolako gorabeherak bizi dituen. Pastoralgintza, gizon osoaren onerako izango baldin bada, Herri baten dinamikan sartu behar da (kritikoki, noski); eta dinamika hortatik kanpora, gorpuzki hila bezala gertatzen da. Areago, pastoralgintza Herri baten martxan eta textuinguruan sartzen ez bada, zapaltzaile eta guztiz ideologiko gerta daiteke. Honetan, Euskal Herriko Elizaren pastoralgintzak ba duke zer azterturik.

 Herri baten arnasa eta dinamika atxemateko, haintzakotzat hartu beharreko alderdiak honako hauk dira batik bat: Herri horren historia eta Herri horren gaurko politik egoera, maila honetan sortzen diren projektuekin. Politika hitza hemen beronen zentzu zabalean hartzen dut, herrigintza eta kulturgintza osoa ere hor sartzen dudalarik. Hortaz, Herri baten kulturak eta hizkuntzak ere axola handikoak dira Herriaren arima eta bizia atxemateko.

Bestalde, Herri bat ibilian dago beti, zerbaiten bila dabil. Nolabait esateko, Herri batek bere "salbazioa" bilatzen du etengabe eta horretxek dagi Herriaren historia. Herri hortan sortzen diren taldeak, burrukak eta tirabirak dinamika horren harian sartzen dira. Herriak bizi egin nahi du, aurrera egin. Hondo-hondoko irrika horretatik sortzen da herrigintza bere maila eta sail desberdinetan.

Herrigintza, ordea, ez du gizonari ertzetik edo kanpokaldetik dagokion zeregina. Gizagintza eta herrigintza, biak hertsiki lotuta daude. Gizonak gizon izateko eta bere buruaren identitatea gordetzeko, Herrian bizi behar du eta Herria egiten lehiatu.

Elizaren ekintza (pastoralgintza) Herri batean gertatzen da ezinbestean. Hortaz, herrigintza (beronen ekinbide eta projektu desberdinekin) haintzat hartu gabe, ez dago pastoralgintza seriorik planteatzerik. Azken finean, Elizak berak ere gizona eta Herria egitea du helburu nagusia (Jesukristoren argitan, noski). Baina helburu hori lortzeko, gizarteko projektu sekularrekin konfrontatu beharren aurkitzen da Eliza. Bestela, honen ekintzak ez luke sentidurik ere izango jendearentzat.

Elizaren ekintzari begira, zenbait ondorio

Teologia eta katekesia antropologikoak eragipen handia izan dute aspaldion gure artean. Honez gero, jakinaren gainean gaudeke, katekesiak (eta pastoralgintza osoak) haintzakotzat hartu behar dituela giza baloreak Ebangelioari leialtasunez erantzuteko.

Halere, hauzi honetan beste pauso bat ematea falta zaigu oraino. Izan ere, giza baloreak ez daitezke bakarrean eta bereizian har. Giza baloreak eta herri baloreak elkarrekin hertsiki loturik daude. Gizona Herri batetan bizi da, Herri horren prozesuan gizonagotzen doalarik. Hortaz, gizonari dagokion hezketa oro (katekesia eta pastoralgintza barnean direlarik) Herri baten barrenean dago planteatu beharra.

Herri planteamendurik egiten ez dugun bitartean ez da erraz nondik nora gabiltzan jakitea eta are guttiago norantz jo beharko litzatekeen asmatzea. Hain zuzen, Euskal Herriko pastoralgintzaren ahuleziarik handiena hortixek datorrela uste dut.

Sakonera jotzen hasiz gero, problema aski latza da. Izan ere, nolaz egin liteke Ebangelioaren aitormen, Herria (beronen antsia, bizi nahi, asmabide eta abarrekin) alde batera utziz? Pastoralgintza hain airean planteatzen dugunean, ez ote gara Ebangelioa itsuskiro saltzen ari? Herria "Ebangelioaren izenean" zapaltzea, horixe litzateke saldukeria eta makurkeriarik itsusiena, eta ez dakit ez ote gabiltzan hortxe-hortxe. Labur esateko, gizona oso bakarka hartu ohi dugu eta hortxe dago, agian gure akatsik handiena. Jainkoak, berriz, gizonak eta Herriak salbatzea nahi du.

Elizaren egiteko berezia, Ebangelioaren predikuz Jainkoaren Herria mundu honetan biltzea eta egitea da. Baina nolaz egin dezake Elizak Jainko Herria, mundu hontako Herri soilaren historia, arazoak eta projektuak gogoan hartzeke?

Historia bakarra da. Salbamen historia mundu hontako historia arruntean gertatzen da. Hortaz, Herri baten historia profanoak zerikusi handia du salbamen historiaz. Pastoralgintzan ez dago inolaz ere egia gotor hau ahanzterik. Horrek esan nahi du pastoralgintzak beti ere Herriak dituen projektu politikoekin harremanean eta elkarrizketan egon behar duela.

Gaurregun, Euskal Herriak hemengo Elizari jotzen dion erronka hauxe da funtsean: zenbateraino erantzuten dio Elizak (berari dagokion mailan) gure Herriaren bizi nahiari eta zertan hezurmamitzen du erantzun hori? Euskal Herria salbatzen ala hondatzen ari da hemengo Eliza?

Jose Altuna


Georgia eta Euskal Herria (1)

Itsas Beltzaren kantoian kokaturik, gurea Kantaurikoarenean dagoen bezalaxe, Georgia, Kaukasiako Iveria zaharra, berri da gaur euskaldunontzat.

Izan ere, ez dira atzokoak Georgia eta Euskal Herria elkarrekin lotzeko asmoak. Bi herriok, beren sustraiak historiaurreko iluntasunean galduak dituztenak, askori iruditu zaizkie kide..., hizkuntza biak erabat misterios, ingurukoekin zerikusirik gabeak, herri menditarrak biak, beren nortasuna kanpotiko eraso guztien kontra gorde dutenak, bata Europaren mendebaldeko Iberian, kontinentearen ekialdeko Iverian bestea. Tubaikain zaharrak ekarri omen zien euskaldunei burdina lantzeko gaitasuna, eta metalurgiaren sehaska, hain zuzen, Kaukaso ingurua izan omen zen. Kasualitate asko, beharbada.

XI mendean, Ioane Mtatsmideli izeneko georgiar batek Iberiar Penintsulara bidaia bat egitea pentsatu zuen, hemen, euskaldunen artean, beraien ahaideak aurkituko zituelakoan. Hain baikor izan gabe, geroztik ere hizkuntzalari askok pentsatu ukan dute ba zegokeela nolabaiteko lotura georgiar eta euskal hizkuntzen artean. Hervás, Schuchardt, Trombetti, Niko Marr, Karl Bouda, R. Lafon, Txikobava eta F. Krutwig ibiliak dira bide honetatik, orain arteko erresultatuak, egia aitortuz, hain onak izan ez badira ere.

Dena den, zer dakigu euskaldunok Georgiaz? Ez ote gaude oraindik bidearen hasieran? Agian etorkizunak ustegabeko ondorioak eskainiko dizkigu.

Egungo Georgia

Euskal Herrian Gernikako Arbolak symbolizatzen duena, Georgian Kartlis Deda-k ("Georgiaren Ama"k) egiten du. Berau estatua bat da, ezkerrean ontzi bat —georgiar herriaren abegikortasunaren irudi— eta eskuinean ezpata —etsaiak tratatzeko modua— duena. Zer pentsa ematen du!

Georgiarrek beren hizkuntzan Sakartvelo esaten diote beren nazioari, beren buruari kartveli deituz. Europar hizkuntza komunetan duten izena, hots, Georgia, beraien saindu zaindariarenetik dator, Done Jurgi-tik (Giorgi) halegia. Errusieraz Gruzia izenaz ezagunagoa da.

Georgia Kaukaso katearen hegoaldeko herrialde menditsu bat da, Kura eta Rioni hibaiez ureztatua. Tbilisi da bertako hiriburua (850.000 bizilagun ingurukoa), beronen ondoko hiri haundienak Kutaisi (160.000 lagun), Batumi (100.000) eta Sukhemi (90.000) direlarik.

Gaur egun lau milioi t'erdi bizilagun dauzkan Herri hau, 1922.eko Otsailaren 25etik Georgiako Sovietar Errepublika Sozialista gisa eratu zen. Hau, XIX mendearen hasieran Errusiako tsarren eskuetan erori zela eta mende oso batetan bere nazional eskubideez guztiz gabetua izan zela kontutan harturik, georgiarrentzat aurrerapauso ikaragarri bat izan zen, eta horri esker geure egunotan beren nortasuna legez zainduta dakusate arlo guztietan.

Gaur egun georgiera da Errepublika honetako lehen hizkuntza ofiziala, eta eskola guztietan, Unibertsitatean, egunkari, aldizkari, irrati, telebista eta zinemetan erabilia da, administrazioaren maila guztietan bezalaxe.

Literatur tradizio zahar eta oso aberats bat izan arren, georgiar hizkuntza modernoa berri xamarra da. Joan den mendean zenbait idazle gaztek aintzinakok hizkuntza liturgiko eta zaharkitua alde batera utzirik, gaurko georgiera moderno batuaren alde jokatu zuten (saliteratu ena). Anekdota gisa aipa daiteke —nork esan!— han ere zenbait istilu gertatu zirela "h" letra zela eta ez zela. Gaur egun, georgiarrek bere Estatu propioa lortu dutenetik, literatur hizkuntza ofizial hori da, "h" eta guzti, bertako lagun gehienek komunzki darabiltena.

Lurralde aberats bat

Georgia oso aberatsa da lurraldez. Klima epel bat gozatzen duelarik, nekazaritza oparo eta aurreratu bat du; mahatsa, olibolioa, tea, zitrikoak, tabakoa eta gari asko biltzen da hor. Nekazal lanak arindu nahirik, georgiarrek tea biltzeko makina bat asmatu dute, munduan egin den lehenbizikoa.

Bere geographiari esker, meatzetan ugaria da Georgia. Bere hibaietan, gainera, hydroenergi iturri agortezin bat du. Petrolioa, bestalde, ez du falta. Aurrebaldintza guztiokin, eta itsas hegalean dagoela kontutan harturik, Georgiak industri gune on eta aurreratuak ditu, burdingintzatik has eta automobil eta elektronik industriekin bukatzeko.

Berezko aberastasun eta georgiarren lanari esker, gaur egun Georgiako Errepublika Sovietar Batasuneko hirugarren tokian dago, Errusia eta Ukrainiaren hurrengo.

Georgiako errepublikan bi errepublika autonomo ttiki daude: ipar mendebaldean Abkhazia eta hego mendebaldean Adjaria. Horiez gainera, iparraldean, eskualde autonomo bat datza: Osetia.

Georgiako gizon haundiak

Georgiak ba du seme bat, zorionez edo zoritxarrez, mundu osoan ezaguna: Josif Visarionovitx Dugaxvili, gehienok Stalin ezizenaz entzunagoa. Paradoxaz —edonon txakurrak ortozik!— georgiar hau ez zen bere herkideekin batere ongi portatu eta moskutar zentralismoaren alde jokatu zuen, Leninek berak haren eta Ordjonikidze-ren gehiegikeriak salhatu arte.

Georgiarrek, ordea, desestalinizapenaz geroztik, ez diote gorrotorik gorde, eta bere Herrian du Stalinek, hain zuzen, Sovietar Batasunean haren oroigarriz gordetzen den estatua publiko bakarra.

Begikoagoa dute georgiarrek, ordea, Vakhtang VI erregea, turko eta iraniarren erasoetatik XVIII mendeko Georgia salbatzen ahalegindu zena, bere Herriari kultur bide berriak irekitzen saiatua.

Baina kartveliarren pertsonaiarik handietsiena, zalantzarik gabe, Xota Rustaveli da, Vepkhis-tqaosani ("Tigre larrudun gizona") liburuaren egilea. Poeta honek, XI mendean, Tamara erreginaganako amodioak bultzaturik, obra luze bat konposatu zuen, harez gero, dauzkan balioak ongi ezagutuz, georgiarrek beren Herriaren poema nazionaltzat eduki dutena. Liburu hori Georgiako etxe guztietan aurki daiteke eta oraintsu arteko ohitura izan da, gainera, ezkonberriei, dotegaien artean, obra horren ale bat eskaintzea.

Euskara Tbilisiko unibertsitatean

Aurreko ANAITASUNAn adierazi zenez, euskara Georgiako Unibertsitatean irakasten da, beronen irakaslea Greta Txantladze euskalari gaztea izanki. Aurtengo Ekainean, gainera, Jan Braun doktorea, poloniar linguista bera, Tbilisira joanen da euskarari buruzko hitzaldi batzu egitera. Dirudienez euskaraganako interesa goraka doa Georgian.

Ez legoke gaizki, kortesiazko arrazoirengatik besterik ez balitz ere, euskaldunok georgieraganako ardura gehixeago agertuko bagenu. René Lafon euskaltzainak, Txikobava georgiarraren hitzak berraipatzen zituelarik, honela esaten zuen: "Euskaldunek georgiera ongi estudiatu eta georgiarrek euskara ongi aztertu arte ez dugu deus onik aterako". Eta egia hutsa dateke. Zoritxarrez, eta hemen datza koxka!, haien eta gure nazio egoera ez da berdina, zeren beraientzat georgiera jadanik erabat segur duten zerbait den artean, euskaldunok geure hizkuntzaren sustrai galduak arakatzen hasi aurretik, aski lan baitugu geure mintzaira bera gordetzen eta herri osoa berreuskalduntzen. Dena den, beste bidetik ere noizbait hasi beharko dugu ibiltzen.

Xabier KINTANA


Iberian zer

Zergak zertarako dira?

Zergek ia gauza guztiak atzematen dituzte eta premiazkoak dira gauza horik azokara azaltzeko. Jaten ditugun janari guztiak, edaten dituzun edariak, erosten diren artikuluak, norberaren eskuetara heldu baino lehenago ia beti zergaren zama eramaten dute, hau da Estatuari dirua ordaintzea.

Bankuan diru pixkat edukitzen bada, edo akzioak, eta interes edo dibidenduak ematen badituzte, hortik zati bat Estatuari eman behar zaio. Lan egiten baduzu alokairuak ere ba dute haien zerga: "Impuesto de Trabajo Personal" delakoa. Azkenean hiltzen bazara, bakean lurperatuko zaituzte, baina zuk utzitako ondasunak ez zaizkie osorik helduko zure etxekoei. Hor ere zerga bat ordaindu beharko da etxeko ondasunek etxekoak izaten iraun dezaten. Hau penagarria!

Bizitza guztia zergaz beterik aurkitzen dugu, sasoi guztietan dirua ordaindu behar zaio Estatuari. Eta Estatuak zertarako nahi du diru guzti hori? Erantzun erraz bat ematen da beti. Herriak berez ezin ditu bete bere premiak eta Estatuak laguntzen dio zergetako diruarekin; honela egiten dira bideak eta portuak, ospitaleak, eskolak eta unibertsitateak, jujeen, armadaren eta beste batzuren gastuak.

Euskal Herrian ere, premia asko ba dugu, eta zerga ugari ordaintzen dugunez, Estatuak behar horik betetzen lagunduko zuela itxaron liteke. Zoritxarrez gauzak ez dira horrela izaten.

Ikastolak Euskal Herriarentzat beharrezkoak dira, heziketa euskaldun eta jator bat lortu nahi badugu; baina hemen Estatuak ez du txakur ttiki bat ere ipintzen, oztopoak baizik. Ditugun ikastola guztiak gurasoen diru pribatuarekin sortu eta bizi dira.

Gaur egun autoestratak, bide egokiak autoan ibiltzeko, Euskal Herrian premiazkoak dira joan-etorri lasaiagoak egiteko. Estatuak, zergetako diruarekin, autoestrata ugari eta dohainekoak egin beharko zituen, baina ez du ezer jakin nahi eta entrepresa pribatuak autoestrata egiten hasi dira Estatuaren baimenarekin. Orain zure autoarekin lasai ibili nahi baduzu ordaindu egin beharko duzu, eta ez gutti; ia bi pezeta kilometro batengatik, ia gasolinaren adina.

Osasuna ere Estatuaren zeregin bat da, denontzako eta dohainik antolatu beharko litzatekeen zerbitzu on bat. Baina gaur, Segurtasun Soziala ikusirik, jende asko pribatuki joaten da medikuarengana eta kliniketara sendaketa on baten bila, nahiz eta diru gehiago ordaindu behar.

Kultura aldetik ere ba dago Euskal Herrian non sartu dirua. la agerpen guztiak larrugorritan aurkitzen dira, eta ez dute irabazten gastu ttikienetarako behar duten adina. Estatuak ez du laguntzen eta diru pribatuak huts egin du; geure kultur taldeak haien taldekoen ekintza eta kemenarengatik bakarrik bizi dira. Beren gizonaren zuhurtasuna eta zaletasunari esker lan haundia egin dute geure kultur taldeek, baina ezin egin haiek nahi eta ahal dutena diruaren ezagatik, eta hau lotsagarria da Estatuaren babesean egon behar zuelako eta kultur talde horien egin beharra soziala izanik.

Ba dago beste zeregin asko Euskal Herrian Estatuaren arazoak izanik, Estatuaren hutsunearengatik, diru pribatuarekin betetzen direnak. Eta hau nola izan daiteke? Nire ustez erantzun erraza eman liteke: Euskal Herriko premia eta nahiek bost axola diote Estatuari; beharrak egiazkoak direnez norberak pribatuki bete behar.

Estatuak bakarrik laguntzen die Estatuaren barruan ongi errepresentaturik dauden interesei, eta gure Herrikoak ez daude inongo Estatutan errepresentaturik, eta inolako Estatuk ez du haren axolarik.

Geure Herriko interesak ongi zaindu eta babestuak egoteko, bidea aurkitu behar dugu lehenengoz, Euskal Herriko ahotsa gogor entzun erazteko Estatu baten barruan.

Bitartean alferrik izango da guretzako zergak ordaintzen ibili, dirua gero beste batzurentzat joaten bada.

Sucurtsal alderdirik ez dute nahi Galizian

"Mundo" Barcelonako asterokoak oraintsu galegoz egindako artikulu bat ekarri du, aski interesgarria Bertan galiziar poeta bati, Manuel Mariari, elkar hizketa bat egiten dio kazetariak. Beste gauza batzuren artean hau dio, eta hitzez hitz bere hizkuntzan argitaratzea dela hoberena uste dugu gainera:

"Fai pouco tense creado a Asamblea Popular Galega, apoiada pola Union do Pobo Galego, o Partido Socialista Galego e o Partido Galego Social-Demócrata e solprende moito que teña sido arredado un grupo político tan importante como son os comunistas galego. ¿Cales coidas ti que son as razón desa escrusión?

— A min non me soiprende a escrusión da ANPG do PGC, xa que é hespañolista e, polo tanto, non operante na realidade galega."

Argi dago beraz galiziar abertzaleek ez dutela ezer jakin nahi bertoko politika bat jokatzen ez duten taldeekin, sukurtsal alderdirik ez dutela onhartzen. Hau geroago eta nabariago da, bai eta Katalan Herrialdeetan ere, oraintsu PSOE eta MCE ez onhartzeaz "Consell de Forces Politiques de Catalunya" delakoan, katalan agindukoak ez zirelako. Berehala eta arrapataka MCEk, "Movement Comunista de Catalunya" atera du mangatik eta gure lurrotan "Movimiento Comunista de Euskadi" (nonbait hemengo lehen hizkuntza nazionala gaztelania da eta bigarrengoa eta itxura gordetzeko euskarara itzuliko badute ere). Guk dakigularik behintzat ez dute horretarako beharrezko litzatekeen Alderdi Biltzarrerik egin, ez eta organikoki Zuzendaritzak bereiztu argi eta garbi, ez eta programa nazionalak iragarri ere. "Egokitze" bat izan da, gure ustez baliorik ez duena, zeren eta Alderdi Nazional bar sortzea ez baita merkatalgo etxe bat, menbrete eta zigiluak aldatu eta Salmenta Ordezkaritza bat ireki eta gauzak hurbilagotik saltzen hastea.

PCG, naiz eta galiziartzat agertu nahi izan, bere usaina dario nonbait, hemen ere "Partido Comunista de Euskadi"ri, formaz MCEk baino gauzak hobeto egin arren, II. Biltzarra, Zuzendaritza "bereizia" etab. igartzen zaion bezala. Nola daiteke, esate baterako Alderdi Nazional deitzea, Nazioaren hirutik bata bakarrik hartzen badu?

Manuel Maria eta beste askok han eta hemen argi ikusten duguna zera da: Gure Herriak ez daudela Hilargian, Lurrean baizik, eta Alderdi Komunistak, Mugimendu Komunistak, Liga Komunistak etab. mundu guztian barraituta dauden ideologiak direla eta gurean ere izatea normala dela, normala ez dena, Madrileko sukurtsal izatea da, eta nazioartekotasuna, Estatuartekotasunarekin konfunditzea.

Syndikalgintzaz

Ganbio etapa batetan bizi gara. Estatu mailan, barrengo bilakaera dela, eten demokratikoa dela, GANBIO hitza entzuten da nonnahi.

Baina eskatzen den, edo eta aldarrikatzen den demokrazia ezin izan liteke burjesi arlo bakar batek eskura lezakeena. Itxurazko demokrazia hartan, maila minimum batetan, syndikalgintza sartzen da.

Langile mugimenduan gehien eztabaidatzen den arlo honetan ba dute zer esanik langileek berek. Egungo honetan, beraz, berok mintza daitezen eskatzen dugu. Bai eta hitz egiteko behar diren biltzarreetarako eskubideak eta ere.

Hastapenerako, Fragak bere "Un objetivo nacional" liburuan, 1975.eko Hazilean argitaratua, 225.eta 226. horrialdeetan hain zuzen, dioenaz baliatu nahi genuke. Hara!

"Nik ez dut ikuspegi dogmatiko bat gure syndikalismoarekiko, pragmatikoa baizik. Lan indarren erakundeak indar beraietan egin behar direla pentsatu izan dut beti... Lider ziren langileak Organización Sindical-ean denboraz sartuz joan ziren, baina ba zeuden pasatzen uzten ez zitzaizkien mailak. Errepresentasuna azken mailaraino eraman behar zela iruditu zitzaidan, eta horrexegatik berorrexegatik agertu nintzen Syndikal Legearen kontra... Nik esan dudana zera da, langileak, beren buruak eratzeko, libre izan behar direla oinharritik gailurreraino; bait eta erakundearen estruktura definitzeko ere".

Hala biz

Ministroak esan zuenaz sinesten badu, edukiko du berau frogatzeko aukerarik.

Oraingoz, bada, zerekin eta langileek berek sort lezaketen oinharritiko syndikato baten eskakizunarekin geratzen gara.

Pello Hibaizabal


Munduan barrena

Frantzia. Unibertsitatea irakinetan

Oraindik ez gaude maiatzean. Laster iritsiko gara. Eta Frantziako gobernuak beldur dio maiatzari. Izan ere, gobernu batentzat 68.eko Maiatza arriskutsua da. Aurtengo estudiante burrukak ikusirik 68.eko Maiatza ez ote den berrituko dago jendea. % 45-k gertatuko dela uste du, batzu desiratzen, beste batzu beldurrez. Apirilean hasi ote da maiatza aurten?

Apirilaren lehen partea oso mugitua izan da Frantziako Unibertsitateetan. Kale-manifestazioak direla, eskola uzteak direla, grebak, protestak... Gobernuak ezarri nahi duen erreformaren kontra altxatu dira ikasleak. Baina ez ikasleak bakarrik. Apirilaren hamaseian, Unibertsitateetako Lehendakariek ere estudianteekin bat egin dute erreforma horren aurka.

Gizarte-aztertzaileek seriotan hartzen dute estudianteen errebolta hau. Ez da, oraingo honetan, ihaz eta beste urteetan, irriparre maliziati batekin, esan ohi zena errepikatzen, halegia, estudianteak kalera udaberriko eguzkiak eraginda ateratzen direla. Milaka asko atera baitira kalera, bai Parisen eta bai probintzietan. Ezkerreko alderdiak berekin dauzkate, gainera, estudianteek. Interesgarri, bestalde, Parisen kontra-manifestazio bat gobernuaren aldekoek egin nahi izan dutenean, 800 estudiante besterik ez direla bildu jakitea.

Ekintza hauetan denetan, estudianteak biziki seriotan jokatzen ari dira. Probokatzailerik ez dute onhartu nahi. Eta UNEF, estudiante komunistek zuzendutako sindikatuak esan duenez, manifestaziotan eta lehertzera eta desegitera doazen horik "elementu inkontrolatu" batzu besterik ez dira; eta gainera, gobernuak du hor interesik handiena, hain zuzen herriaren aurrean estudianteen mugimendua deskreditatzekoa. Ez dute tranpa horretan estudianteen sindikatuek erori nahi.

Estudianteen seriotasun honi sozio-ekonomiazko egoera larria erantsi, eta hona hemen gobernuak, leher ez dakion, arreta handiz erabili beharko duen mugimendua. Irakurleak artikulu hau irakurtzen duenerako ez dakigu zain egoeratan aurkituko den arazoa, baina oraingoz ez estudianteek ez gobernukoek dute amore eman nahi. Indar neurtzen bezala ari dira orain. Sindikatuen eta Gobernuaren arteko elkarrizketarik ez da, hala ere, hautsi.

Erreformaren aurka

Inoxentea dirudi Gobernuak ezarri nahi duen erreforma, maliziarik eta txarrik gabea. Ministroak esan duenez, "estudioak premia ekonomikoetara egokitu eta moldatu beharra dago". Unibertsitateak ez du lanik-gabekoak produzitzen duen makina bat bezala aurrerantzean funtzionatzerik. Urtero urtero, Frantzian, 25 mila edo 30 mila estudiante, karrera amaitzean, estudioen arauera legokiekeen lanik gabe gelditzen dira, inkesta batek erakutsi duenez. 1970ean Unibertsitatetik atereen artetik, bost urte geroago, %50-k bakarrik bilatu du lehen momentutik ikasketei zegokien lana.

Egoera honi erremedioren bat jarri nahi dio Gobernuak. Selektibitatea ezarri nahi du erreforma horrekin. Gobernuaren nahitara, diplomak eskuratzea askoz ere zailagoa izanen litzateke. Are gehiago: karrerak oro errebisatu egin nahi ditu, erizpide nagusi bezala estudio horien etorkizun profesionala kontutan edukirik. Letrazko karrera asko desagertu egingo lirateke kriterio horrekin.

Frantziako 76 unibertsitateok gustura gutituko lituzke Gobernuak, horrela zentralizazio handiago sortuz. Kostatuko zaio. Saint-Etienne-eko Unibertsitateko Lehendakariak esan duenez, erabaki hori hamar urte atzera egitea litzateke. Erreforma horrekin, honek dioenez, eskualde zenbait Unibertsitate gabe uzten dira, gizarte-segregazio bat sortzen da unibertsitariengan eta lanpostuen arazorik ez da konpontzen.

Erreformaren aurkariek Frantziako Unibertsitatearen tradizioaren kontrako jokabide bat bezala hartzen dute Gobernuaren erreforma hori.

Unibertsitatearen geroa

Frantziako Unibertsitateak bizi duen egoera hau ez da une honetakoa, kojunturala. Krisi oso gogorra da. Unibertsitatearen beraren eginkizuna eta funtzioa da hemen, eztabaidagai bezala, azpian dagoena

Unibertsitatea zertarako?, hona sustraien bertan dagoen galdera. Batzuren ustez, Unibertsitateak jakintza eman behar du, kultura hedatu, izpiritua aberastu behar du. Beste batzurentzat, hori dena ondo dago baina ofizio bat egiteko ere prestatu egin behar du Baina nola lanbide bat eskain lezake selekziorik eta lanarekiko estudioen egokitzerik ez baldin badago? Ezaguna da letrazko karrera egin duten askok eta askok ez dutela dagokiekeen lanbiderik bilatzerik. Zer egin, ba? Gobernuak nahi duen bezala, ikasketak beharkizun ekonomikoetara moldatu? Baina ez ote da hori Unibertsitatea entrepresen morroi bilakatzea, kapitalaren zerbitzari bihurtzea?

Ba dirudi Unibertsitatearen egitura bera dela gauregun krisian dagoena. Zein eginkizun eman behar zaio gizartean? Hona eztabaida nagusia. Gizarte kapitalistaren morrontza-leku ez baina askatasun-gune izan dadin nahi badugu, "etengabeko formazioari" askoz ere garrantzi handiagoa eman beharko diogu, hain zuzen eskulanaren eta burulanaren arteko egokitze hori aberasgarri izan ahal dadin.

Unibertsitatearen lekuaren hauzia betidanikoa izanik ere, Frantziako egoeran are nabarmenago dager, inguruagatik. Esan nahi baita, ekonomiazko krisi honekin diru-arazoa eta lan-bilaketaren zailtasunak handiagotu egin direla. Eta gero, 1950ean 16 unibertsitate-hiri eta 200.000 estudiante baldin baziren, gaur egun 32tik gora dira unibertsitate-hiriak eta unibertsitariak 800.000. Gizarte-zati garrantzitsua da, bai kantitatez eta bai kalitatez.

Joan Mari Torrealday


Munduan barrena

Hirugarren mundua. Mauritania. Herri tiki baten drama

Ixilaren harlosa erori da Sahararen gainera. Askatasuna lortu baino lehen galdu egin zuen Herri horretan ez dakigu zer jazotzen den.. Noizbehinka POLISARIO burrukalariaren danbatekoren baten berri jakiten dugu, baina berriz ere ixila.

Marokko-entzat irabazbide, Sahara-rentzat zapalbide eta Espainiarentzat ihesbide gertatu den Madrileko akordio hura, Mauritaniarentzat drama gertatu da. Izan ere, Herri tiki baten dramarik handiena hauxe da: bere askatasuna lortu eta finkatu aurretik, beste Herri tikiren baten zapaltzaile gertatu beharra. Herri handia da Mauritania lurraldez (1.800.000 km2), baina tikia bizilagunez (1.400.000) eta tikiagoa ekonomi eta politik indarrez. Orain dela hamabost urte lortu zuen Mauritaniak bere politik askatasuna Frantziagandik. Eta basamortuan sorturiko Herri hau ahalegindu da urte hauetan bere pobretasunetik irteten eta bere politik bidea urratzen, baina oraindik ere bere arazo nagusienak hortxe ditu bizi eta idazten dakitenak. Orain dela hamabost urte bost unibertsital ikasle bakarrik zituen Mauritaniak; gaurregun ez dira bi milatara iristen.

Mauritaniak kidetasun handia du Sahararekin, bai geografi aldetik, bai arraza aldetik eta bai kultura aldetik % 75 arabiarrak dira; besteak beltzak. Aurrenek artzantzan dute gehienbat bere bizibidea; beltzek, berriz, hegoaldean bizi dira, eta nekazaritzatik jaten dute.

Mauritaniaren aberastasunik handiena burdin eta kobre hobiak dira.

Orain dela urtebete nazionaldu egin zituen gobernuak, eta ordutik horien emana handitu egin da: horrela Afrika osoan hamargarren lurraldea da Mauritania burdina gehien produzitzen dutenen artean.

Mauritaniak anaia du alde askotatik Sahara Herria, eta POLISARIOko lagun batek esan zuenez, Mauritaniako Herriak funtsean nahi duena Sahararen askatasuna da, bere eta Marokko-ren artean beste Herri bat egon zedin ere bai; baina Marokkiar Gobernuak Saharan dituen bere asmo eta interesetan Mauritania ere nahastea lortu du.

Paulo Agirrebaltzategi


Munduan barrena

Italiako kultur giroa beltzez

Azken aldi honetan heriotzaren olatuek gogor jo dute Italiako kultur munduaren itsasertza. Herioren aginduz, hiru harroka eder eta baliotsu eraman ditu urak. Ustekabean, oraindik kultur multzoari urrezko aleak ezartzeko zeudelarik haize deseginkor honen laguntzaz, beste munduko bakera boteak izan dira. Behin eta betiko eraman baditu ere inoiz ez dira gure gogorapenen mundutik ihesiko.

Alberto Mondadori izan zen lehena eta, harez gero, bata bestearen atzean, Alfonso Gatto eta Luchino Viscontik osatu dute katea. Italiako kultur munduari beso biak eta izter bat kendu dizkiotela derragun, zeren, bakoitza bere sailean eta kulturaren osotasunean, munta handiko elementuak zirela ezin uka. Hau beraien ekintza eta fruitu gordinek aditzera ematen dutena denez, hauen aipamen motz bat egiten ausartuko naiz.

 Alberto Mondadori argitaldari handienetako baten —Arnoldo Mondadori— semea zen. Etxeko tradizioari jarraituz, giro horretan abiatzen da, baina familiako triunfalismo gosea baztertuz. Horrela bere asmoa "beste" Mondadori bat egitea izan zen. Lortu ere lortuko zuen hain zuzen.

"Il Saggiatore" argitaldaria sortu zuen 1958an eta 1960an baino lehen, berehala hasi ziren argia ikusten De Martino, Sartre, Edmund Wilson, Ernest Jones, eta batez ere, Levi-Strauss eta Merleau-Ponty izenekoen idazlanak. Itzulpen zehatzen bidez, Psikanalisisa, antropologia, etnologia eta fenomenologia, zapaldu ezineko lurrak izatetik, edozeinengana heltzeko gaiak bihurtzen dira. Orduko kultura gaixoarentzat beharrezko supositorio bat izan zen. Saiotik kanpo, beste literatur moetak ere bultzatzen eta indartzen saiatu zen. Batez ere kanpoko idazle ospetsuak ezagut eraziz. Horrela, Kafka, Mann, Wolfe, Moore, Joyce, etab., hodei euritsuetatik italiarren lur lehorretara erori ziren.

Argitaldari ez ezik, kazetari, idazle eta poeta ospetsua ere izan zen Mondadori jauna. "Messaggero" eta "Sera" egunkarietan kolaboratu zuen eta 1939an "Tempo" astekaria sortu zuen. Gero, 1930an, beste astekari berri bat —Epoca— ekarriko zuen mundura, urteetan bere zuzendari jarraituz. Otsailaren 15an, 62 urte zituelarik, Venezian hil da Alberto Mondadori.

 Alfonso Gatto izan da hurrengoa. Erromatik Salernora —hemen jaio zen orain dela 67 urtebidean, automobilaren burdina okertuen artean gelditu da. Calabriako arrantzale familia batetan jaioa zenez, ttikitatik bizi izan zuen jende horien errealitate gordina. Bere poesiak eguneroko situazio hauk argira erakartzen daki. Gaztetatik dakar artista kutsu sendo bat eta berehala hasten da kulturarekiko giroan nahasturik. Poeta ez ezik, idazle kementsua ere izan zen, 1934an "L'Italia letteraria" "Letteratura", "Primato", "Incontro" eta beste kultur aldizkari askotan parte hartzen du. Italia Faxistaren aurkako borrokan gogor ihardun zuen. Bere bizitza osoa egiaren eta errealitatearen bilakatze luze bat izan zen. Poesiak lagunduko zion lan horretan.

Faxismoaren denboran ere egiaren hildotik irauten du eta horrela 1936an gartzeleratua izan zen. Bi urteko iluntasunak ez dio argirik kenduko lehengo bidetik irauteko. "Campo di Marte" aldizkaria sortuko du eta bi urteko bizitza motza izanagatik Eugenio Montale eta beste hainbat idazle hospetsuren lanak argitaratzeko denbora izan zuen. Gudu denboran "Erresistentziako parttigiano" bat gehiago izan zen. Esperientzia hauen fruituak izango ziren ondorengo liburu asko: "La spiaggia dei poveri", "Amore della vita", "Il campo sulla neve", etab. Harez gero, pinturak eta zineak betetzen dizkiote poesiaren hutsuneak. "Cadaveri eccellenti" izan da bere azken filmea. Hala ere, azken aldean, Gatto poetaren nekea luzea da. 1963an agertzen den "Poesie d'amore" liburua izango da multzo handi baten azkena. Italiarren nigarren malkoz bustirik joan da hemendik. "Nire lagun handienetako bat zen. Hain asaldaturik nagoenez, bere adiskidetasuna gogoratu besterik ezin dut egin..." Hauk izan dira Alberto Morabiaren atsekabezko hitz bakartiak. Eugenio Montale poetak, —azken Nobel Sariaren irabazleak— Garro poetaren munta handia aipatu du. Bere poesiari ezker Gattok bizirik irauten du.

 Luchino Visconti Milanen jaio zen 1906an. Aristokrazia handiko familia batetik bazetorren ere —bere aita Mondroneko dukea zen— berehala ohitu zen aristokraten mundutik kanpo ibiltzen. Hala ere giro hartatik zekarren artista kutsua. Bere ahaide nobleen azken belaunaldiak teatroarenganako zaletasun handia agertu zuen. Bide markatu horretan erreaz joan zitekeela dirudi, baina gaztetako kezkek eraginda une larri batetan aurkitu zen. Hogeitamar urtekin benetako aukera bat hartzea erabaki zuen. Visconti, zinemaren mundu zabalean leporaino sartzera ausartzen da. Errealismoak gazterik deitu zuen eta geroztik ere, 1936tik 1940ra bitartean, Frantzian, korronte horrek bildutako giroan ibiliko zen. Gudu ondorenean Viscontiren azkartasuna bistan jartzen da. Bere lehen filmea —"Ossesione"— 1942an agertzen da. Filme hau egiteko bere patrikatik atera beharko zuen dirua.

Hamar urte geroago oraindik zorrak ordaintzen zirauen. Filme hau neorrealismoko lehena izango zen. Viscontik munta handiko gaiak erabiltzen zekien zineman. Sozial problematika maiz azaltzen da bere filmeetan. Kronologikoki jarraituz, ondoren "La terra trema" egiten du. Siciliako arrantzale familia baten egoera dramatikoa erabiltzen du bertan. Dudarik gabe Viscontiren filme onenetakoa eta garai hartako puntakoena. Gero Anna Magnani ezagunarekin "Bellissima" egiten du eta berehala beste goi mailako filme eder bat: "Senso". Hemen Viscontiren heldutasuna nabari da. Neorrealismoan iraunez 1957an, "Le note bianche" eta "Rocco e i suoi fratelli" kalitateko filmeek osatuko dute Viscontiren lehen partea. Azken filme hau "La terra trema" haren jarraipena dela derragun, nahiz teknikaz ez izan hain ona.

1961tik 67ra bitartean krisis handienetako baten epean aurkitzen da. Urte hauetan eginiko filmeek beherakada gogor bat dakarte. Hala ere krisisa gainditzearekin batera, Viscontiren bigarren partea hasten da.

Urte batzutako moteltasuna astinduz, eraberriturik, berari egoki zetozkion gai eta problematikari heltzen diola dirudi. "La caduta degli dei" (1970), dekadentzian aurkitzen den germaniar familia baten historia, eta Tomas Mannen "Morte a Venezia" (1971) filmeek berriz Visconti "handi" baten irudia dakarkigute. Azkenez, oraintsukoak dira oraindik "Ludwig", "Gruppo di famiglia in un interno" eta "L'innocente" bukatu berria.

Itxaropenezko eta sufrimentuzko errealitate gordinean nahasturiko mundu bat ikus dezakegu Viscontiren filmeetan. Ohitura berriek eta eraberritzeak dakarren familia aristokrata, burjes, eta proletalgoen desegite eta dekadentziak azaltzen dizkigu bere filme askotan. Proust, Mann eta Dostoievskiren literaturan eta Wagner eta Verdiren musikan inspiraturiko obrak dira Viscontirenak. "Literatura eta musikako obrarik handienak, bere irudimen zoragarriaz zinemaren hizkuntzara eramatea izan da, dudarik gabe, bere meritu aipagarriena". Viscontiri esker ba dago oraindik zinemarengan sinesten duenik.

Jose Martin Barrutia


Hizkuntza

ABEGIKORTASUN: hospitalidad.

ABONATU: harpidedun, suskriptore.

ANITZ: asko, franko.

ARAU: erregela, modu, era.

AURKEZ(TU): presenta(tu)

AURREBALDINTZA: aldez aurretiko baldintza, condición previa.

AXOLA: ardura, kezka.

BAZKO: Pascua.

BEREIZ(I): apartar, separar, -ado.

BEREZI: especial.

BONET: txapel, txano, buruko.

BOZKETA: hauteskunde, elección.

DAGITE: egiten dute.

DAKUSATE: ikusten dute.

DEIGARRI: llamativo.

DERRAGUN: esan dezagun, erran dezagun.

DOMAIA: tamala, pena.

EGINKIZUN: egiteko, zeregin.

ENGOTIK: jadanik, honez gero.

ERAGIPEN: eragin, bultzada, influencia.

ERANSKAILU: pegatina.

ERRAN: esan.

GAZTIGA(TU): 1. zigor(tu). 2. abisa(tu).

HABORO: gehiago.

HAUTETS(I): hauta(tu), aukera(tu).

IBERIAR PENINTSULA: La Península Ibérica.

IGORR(I): bidal(i), bidal(du).

IPUIN: ipui, kondu.

IVERIA: Kaukasia aldeari ematen zaion izen tradizionala, georgieraz esaten den bezalaxe, v-az idazten dugu, mendebaldeko Iberia-tik bereizteko.

JIN: etorr(i).

JUJE: epaile, erabakitzaile, juez.

LANJEROS: arriskugarri.

OLIBOLIO: oliba olioa; aceite de oliva.

PERIL:arrisku.

SABANT: jakitun, jakintsu.

SALMENTA: saltze, venta.

TSAR: Errusiako enperadorea.

USAIA: usadioa, ohitura.

USAIN: olor.

UZKUR: ixil, atzerati, beldurti.

XEDE: helburu.

ZEN(DU): hil.


Hizkuntza

ANAITASUNAk bere idazleei proposatzen dizkien zenbait idaztarau

16. Hitz batzuk, zenbait kasutan, letraren bat gal dezakete, usadioaren arauera: eduki baina dauko, ezagutu baina ezaugarri, kasu.

17. Ekin eta jarraiki aditzak intrantsitiboak dira: narraio, jarraiki nintzaion; hakio lanari, ekin gatzaizkio, etab.

18. Lagundu, deitu eta segitu aditzekin hobe da zeinek zein gisa jokatzea: lagundu nau, segitu gaitu, deitu zaituzte, deitzen nauzu, etab.

19. Ikusiz, hasiz, emanez, agertuz, etab., eta ez ikusiaz, hasiaz, emanaz, agertuaz, etab.

20. Aditzen pluralak Akademiaren arauera: dakartza, daramatza, darabiltza; dakizki, dakuski, dantzuzki, dazaguzki, diodaz (esaten ditut), eta ez dakarzki, dakartzi, daramazki, dakitza, dazagutza, etab.

21. Behar denean, aleman hizkuntzaren modura erabil daiteke marrattoa: pentsa- eta jokabideak, etab.

22. Argitasun handiagorako, libre da iraganeko erlatiboetan azentu grabea erabiltzea: Etorri zirèn gizonak / Etorri ziren gizonak, etab.

23. Bai halaber azentu agudoa ere, artikulua adierazteko: eliza (iglesia), elizá (la iglesia), etab.

24. Marrattoak, behar beharrezkoak direnean erabiltzen dira soilki. (Ikus Akademiaren "Idatz Arauak").

25. Ortografia bikoitzeko zenbait hitz

Euskarazko hitz batzuk ez dute forma finkatu bat. ANAITASUNAk, hitz hauetako batzuren zabalera eta jatorria aztertu ondoren, ondoko formak hobesten ditu:

26. Ingeles, aleman eta frantses hizkuntzen modura, grekotiko hitzen jatorria errespetatu nahi dutenei, bidea libre uzten zaie: etymologia, psykhologia, diglossia, philosophia, systema, theoria, phonetika, etab.

27. Komak jartzeko zenbait erregela:

Sententzia konposatuetan, komenigarri da koma bat jartzea:

a) Edozein klausula nahiz fraseren atzean, hurrengo klausula nahiz frasearen konplementu nagusia ez direnean. (Klausula deitzen da, sententzia konposatu baten barruan, aditz jokatua duen multzoa. Frasea, berriz, aditz jokagabea duena.)

Klausula printzipalaren atzean, komaren ordez EZEN (erdaraz QUE) erabil litekeenean.

Edozein klausula, hitz nahiz hitz multzoren atzean, hurrengo klausula nahiz fraseko hitzekin nahasmendurik sor ez dadin, eta irakurleak, idazlearen esangura zehatza ulerturik, sententzia osoa korrektuki irakur dezan.

Adibidez: Alkate jaunak, bere asmoak aurrera eramateko, ahal den laguntzarik haundiena behar duela ikusirik, dei bat egin digu herritar guztioi, herriaren alde zerbait egiten lagun dezagun.

Horregatik, alkateari, hona datorrenean, esan egin behar zaio zalantzarik gabe, hemen bildu garenok, berak nahi duen guztia egiteko prest gaudela, denek jakin dezaten, herri honetan oraindik gizon zintzoak bizi direla, oso pobreak izan arren.

28. ANAITASUNAk bere idazleei, otoi, beren idazlanak makinaz idatzirik bidaltzeko erregutzen die, tartean bi lerrotako zuriunea utziz, horrela, behar balitz, erraxkiago zuzentzeko eta moldiztegian hobeki irakur dezaten. Artikuluak makinaz pasatu ondoren, ongi legoke berriro irakurtzea, konturatu gabeko oker nabarienak zuzentzeko

29. ANAITASUNAk bere idazle eta irakurleei, goiko arauok betetzen ahalegin litezen eskatu nahi lieke; eta Euskaltzaindiari, aurreranzko pauso gisa, proposatzen dizkio.


Liburuak

Sustraietan

Lehenengo edizioaren jabea: LAN KIDE AURREZKIA

Argitaratzailea: JAKIN

Egilea: ANTTON ELIZEGI BELOKI

Inprimatzailea: GRAFICAS VALVERDE

Apirilaren 9an, Lan Kide Aurrezkiak Donostiako Amaran ireki berri duen aretoan egin zen liburu honen aurkezpena. Lan Kide Aurrezkiak deiturik bildu ginen han. Luis Iriondok, haseran bertan, esan zigunez, Elizegiren liburua presentatzeaz gain arte-erakusgela bat ere hospakizun horrexekin irekitzen zen Hain zuzen lehen erakusketa, bidezko denez, SUSTRAIETAN liburuaren zenbait argazkik osatzen dute.

Liburu beraren aurkezpena Mikel Lasak egin zuen. Liburu ez ohia da: neurriz (30x30 zm), argazkiz osatua. Gandiagaren poematxo bat eta Mikel Lasaren komentario poetiko bat besterik idatzita eduki ez arren, "irakurtzeko" liburua dela esan zigun Lasa berak. Irakurri egin behar dela esatea ez da paradoxa gustuz esana baizik eta "bortizki tolestaturiko textu jarraitu bat" dela adierazteko esana. SUSTRAIETAN liburua ez da fotografi bilduma bat, eta bai poema fotografiko bat.

Liburua argitaratzen duen JAKIN editorialaren izenean Paulo Agirrebaltzategik liburuak euskal kulturan duen eginkizun berezia agertu zigun, hitzaren eta irudiaren arteko harremanak aztertuz. Haren hitzaldiko zenbait esaldi nagusi ekarriko ditut ANAITASUNAra:

"Euskal Herriaren eta beronen kulturaren sustrairik nagusiena euskara da, hau da, euskal HITZA Euskal HITZ hori esanez, egin du Euskal Herriak bere historia luzea; berandu bada ere, bere HITZA idazteari ekin zion euskaldunak; eta gaurregun Herriaren euskara esana salbatuko eta indartuko bada, euskara idatzia behar beharrezkoa dugu; horrela bakarrik izango da euskara Euskal Herriaren etorkizuneko hizkuntza. Horregatik, JAKIN argitaldariak euskal kultura idatzi honi ekin izan dio.

Ez da esaera hutsa, ordea, kultura modernoa IRUDIAREN kultura bihurtzen ari dela. Zoritxarrez, euskaldunoi gerta dakigukeena hauxe da ANAITASUNA-ko artikulu batetan esaten nuenez: "Inguruko kulturek irudiaren kultura bihurtzen ari direnean, gu liburu kulturara hurbiltzen ari gara". Hau da, kultura idatzian bidegalduta ibili izan garen bezala, irudiaren kultura bidetan atzerago gelditzeko arriskutan gaude. (...)

Euskal HITZA eta euskal IRUDIA elkarrekin doaz eta joan behar dute euskal kulturaren "sustraiak" aurkitzen eta bidea urratzen. Hitzaren kultur garaian irudia hitz horren laguntzaile izan bada, Irudiaren kulturan irudi horren argitzaile izango da Hitza. Honelaxe daude elkartuta IRUDIA eta HITZA liburu honetan..."

J.M.


Postaz etorriak

ANAITASUNAREN ZUZENDARIARI AGUR!

Zuen eta geure aldizkari hori sozialistatzat jotzen duzuela entzuna dut; baina nahi nuke nik bide horretatik aurrerago joko bazenute ere.

Eta hau delarik, bi gauza agertu nahi nituzke hemen: alde batetik, zer dela eta, aldizkari "sozialista" batetan hain urri erabiltzen dira langileen arazoak? Euskal Herriko langileriak ba ditu mila eta bat arazo etengabe burrukan ari da; baina ANAITASUNA aldizkaria ez dirudi honetaz jabetzen denik.

Bigarren puntua hauxe da eta aurrekoarekin nolabait lotuta dagoena: Aldizkari horretan behin baino gehiagotan izenpetu gabe agertzen dira artikulu batzu; onhar dezagun gaitzerdi bezala ezizena; baina artikulu batek bere nortasuna duenean, ez dut uste izeneza onhartzerik dagoenik. Azken zenbakian, hain zuzen ere, artikulu bat irakurri dut; langile batena omen da gainera: ea nola ikusten duen euskal langile batek euskal kulturazko irratsaio handi bat. Baina langile horren izenik ez ezizenik ez dakigu. Ala langileak beti anonimoa izan behar ote du? Ala ez diogu langileari eman nahi bere kultur nortasunik? Euskal kulturak euskal langilearen aurpegia ezagutu egin behar duela uste dut.

J.G.

Tolosa

***

ZUZENDARITZAREN OHARRA

Langileen arazorik luzeago eta sakonago erabiltzen ez baldin bada, sinets ezazu gure borondatearen aurka dela. zenbait gaitan idazleak inguratzea erraz gertatzen zaigu; ez hola beste zenbaitetan, hala nola langile arazoa tratatzeko orduan. Errudun izanik ere, ez ote gara berebat euskal kulturaren eremuan bizi dugun giroaren biktima?

ANAITASUNAren 315. zenbakian, "Kaleko langile euskaltzale baten 24 orduak euskaraz" artikulua izenik gabe agertzearen errua bai dela oso osoki gurea! Ez langileak, ez neskak direla ugariegi gure aldizkari honetan aitorturik, beharbada are errudunago gara. Artikulu horren egilea MILA da. Beranduegi ote gauza bakoitza bere tokian uzteko?


Aisiaren ordua. Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGATAR


Aisiaren ordua. Urrezko astabelarriak

Gernikan ere ba dago astorik, eta ez bakarrik Nabarrizeko probalekuan, hauzoan baizik. Don Telloren hiriko tabernari batek, Auzokoa-renekoak hain zuzen, bere bezeroen artean publizitatea egiteko asmoz, poxpolo kaxa batzu egin erazi zituen.

Hona hemen kaxatxo horrek zer duen gainean jarririk: EZKERIK-AZKO. Akats hau ez da, soilki, Gernikako taberna horretakoa, beste anitz tokitan gauza bera ikusiak gara eta. Zeren Euskal Herrian, lagun asko dago bazterretan euskaraz "rr" eta "s"-rik ez dela uste duenik oraindik.

Auzokoa-ri, beraz, hurrengorako hobeto idazten ikasiko duelakoan, dzapa! gure urrezko astabelarriak doazkio oraingoan. Noski, ez digu eskerrik asko eman behar, ongi mereziak dauzka eta!


Aisiaren ordua

Gurutzegrama