ANAITASUNA

1976.eko Martxoaren 15ekoa

313. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

egun beltzak


AURKIBIDEA

3. Aurkezpena

4. Tantaka:

A. Inurritegi

M. Pagola

X. Kintana

X. Gereño

J. M. Torrealdai

5. Euskal Herrian

Kultura

Hezkuntza

Ekologia

Politika: Euzko Bunkerra Gasteiz

15. Iberian Zer

16. Mundua

Hirugarren Mundua

Kultura nazioartean

19. Erligioaz

20. Elkar Ikuska

22. Hizkuntza

23. Aisiaren Ordua

Postaz etorriak

Telebista

Liburuak

Zapaburu birbiztua

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga

Moldiztegia:

Elexpuru hnos. S. A.

San Martin, 153

Zamudio


Aurkezpena

Aspaldi honetan Euskal Herrian ez da mugimendurik falta izan. Azken aldi honetan are gehiago nabari da. Eta, gerora begira, ez du ematen, abiada motelduko denik.

ANAITASUNA inprimategian sartzeko mementoan gertatu da, hain zuzen, Gasteizkoa. Ondorioak neurgaitzak dira. Langilegoaren eremuan, aspaldi honetan gertatu den jazoerarik garrantzizkoenetakoa izan daiteke. Azterketa sakon batek ba du muntarik. Hildako langileen lurperatzerakoan ikusi denez, jendea, langileria, herria, Gasteiz osoa, batasunean agertu da. Joanjo Urangak ematen digu hango berri.

Ba da besterik ere gure inguruan, dela kulturan, dela sindikalgintzan, dela politikan: bilkurak, kalemanifestatzeak, grebak, egitasmoak, hitzarmenak, kanpoko oihartzunak, barneko ekintzak. Gertakariak gertakarien gain datozkigu, azken berrogei urteen oreka egitearren edo. Aldizkari batentzat geroz eta nekezagoa da leku guztietan presente egotea. ANAITASUNAK, onestki, ezina aitortzen du. Aitorpenarekin batera oinegitura zabalagoaren beharra aldarrikatzen dugu, euskal kazetaritza heldu baten premia gorria oihukatzen. Hori erremediatzeko, egitura egokien eta laguntza beharrezkoen bila dabil ANAITASUNA. Urtearekin hasi dugun aldakuntza ez da abiapuntu bat besterik.

Azkenik, zenbaki honekin azpimarratu nahi genukeen beste zerbait ere aipa dezagun. Jose Azurmendik euskal elaberri sinpleen arazoa plazaratzen digu. "Puxtarri zakutoa" eta "Hautatuak" nobela sinpleak dira, errazak, eta ikaragarrizko arrakasta izan dutenak. Estefaniaren elaberriak euskaraz emanik, euskal kulturak behar duen benetako alternatibarik ez dugula lortzen, bistakoa da. Baina nork uka euskal irakurgai errazen beharra? Tesiko liburu gotorrekin ez da aski. Luma, elaberri sinpleen bidez ere, jokabide politiko zuhurraren tresna izan daiteke.


Tantaka

Saguak ere kapitalismoarekin

Hogoei ta hamabost emakumek Loira aldeko ehun fabrika ttiki bat hartu zuten Frantzian, aste asko ez dela. Ekintza gogorra zen. Hilabete osoa zeramaten barruan. Arrazoinak eta hitz bigunak alferrikako zirela eta, lantegiko zuzendariek ere harma gogor batez jokatzea erabaki zuten.

Harma honek, berria izanik, bapatasunaren abantailak zituen. Eta, asko pentsatu ondoren, sagu koxkor batzu bota dizkiete tartera. Kapitalismoaren laguntzaile berri hauk ausartziaz beterik hanka tartean korrika somatzean, emakume prestu hauei izuak eta beldurrak aterarazi dizkien oihuak eta garrasiak, Parisetik ere entzuteko modukoak izan dira. GGT eta CFDTko sindikariek protesta biziz salatu dute ugazaben jokabide zitala.

Baina, kronikak dioenez, ez zen dena hor amaitu. Emakumeek, bapateko izualdia garaitu ondoren, erretagoardiako gizonezkoak deitu zituzten. Hauek, berehala etorri eta, kapitalismoaren joko zikina egitera prestatu ziren sagu bihurriak makilaka garbitu zituzten. Bizirik eskapatu zirenak, sasoi egokiago baten zain ezkutatu omen ziren.

Esan beharrik ez dago, burruka izugarri eta paregabe honetatik emakumeak zaildurik irten direla, eta inoiz baino tinkoago dirautela beren ekintzan.

Nortzu izaten diren espetxeratuak

Orain arte bederen, fabrikaren batetan grebarik badago, eta greba horretatik istilurik sortzen bada, langileren batzu espetxeratzen dituzte, nahasle direlako akusazioarekin. Baina "nahasle" horiek ezer gutti egin dezakete, aurretik giroa eginda ematen ez badiete. Eta nork sortzen du giro nahastua? Beti ote dira langileak greben errudun? Noizean behin ezin daitezke kapitalistak giro horien sortzaile izan?

"Forjas Alavesas" delakoaren kasuan, aztertu egin beharko litzateke ea zergatik iraun duen grebak bi hilabete, ea noren errua den, langileena ala Administrazio Kontseilukoena. Eta azken hauena gertatuko balitz, nik dakidala lehen aldiz, eta espetxeratuko balituzte, espetxean egin litzateke Administrazio Kontseiluaren bilerak, horrela moda berri bat sortuz.

Fraideak alfabetatzen

Bilboko Iralabarriko frantziskotarrek alfabetatze kanpaina bat beren anaidirako eratu dute.

Behar bati erantzun nahian eratuak izan dira, anaidi osoaren ekintza bat bezala, nahiz eta ez denek parte hartu. Oraingoz, proba gisa, otsailaren haseratik Aste Saindurarte hedatu dute, astean lau ordu dituztela. Ikastaroan 17 bat fraidek hartzen dute parte. Irakasle problemarik ez dute izan, beren artean lauek, talde bat osaturik, ikastaroaren ardura daramatela.

Zer esanik ez, Euskaltzaindiaren arauera euskara batuan ematen dela ikastaroa.

Gaceta del Norte federalismoaren kontra

Martxoaren 1eko Bilboko "Hoja del Lunes" ean, 14. horrialdean, Regionalización: primeros pasos sailean, hauxe irakur genezakeen: "Zenbaitzuk altxatu nahi duten bandera federalistak ez du bat ere zer ikusirik nazioak behar duen politika erregionalistarekin. Bi kontzepzio ezberdinak dira. Eta argi dago —ikusi nahi duenarentzat— garai hauetan jarrera federalistekin irtetea neurritik kanpoko kontua dela" (La Gaceta del Norte).

Eta Felipe Gonzalez sevillarraz kexatzen gara!!

Euskal naziak, Feliperen ustetan

PSOEko Lehen Idazkariak, Felipe Gonzalezek halegia, Europa Presse Agentziak dakarrenez, otsaileko 24ean, Barcelona aldean, berriz ere deklarapenak egin ditu. Esan duenez, Euskal Herrian zehar ibili zenean boikota egin ziotenen pentsaera nazienaren parekoa da, haren ustetan. Hona haren zenbait hitz: "Ene bigarren ibilaldiko gertakariak —Euskal Herriko ibilaldiaz ari da— eskuin muturreko talde bati zor zaizkio, eta honen gai arrazistak eta nazional-sozialistak 1930.eko nazien antzeko bihurtzen ditu. Euskal Herriaren gehiengoa jokabide horren aurkakoa da..."

Felipe gaixoak, hemen zegoelarik "a chaud" beraz, euskal taldeei buruz hankasartze bat edo beste egitea barkagarri zitekeen. Baina oraindik ere jokabide berean segitzea ez da ulertzerraz. Noiz ikasi behar ote du analisi politikorik egiten? Errealitatearen ezagutzapenetik hasten den politikazko analisiez ari naiz.

Amnistia Palmar de Troyako komedianteentzat

Gaur, amnistia eskatzea ez da honez gero inongo berririk. Baina oraingo eskabide honek ba du berezitasunik kronikan seinalatua izateko, atzo goizekoa ez bada ere.

Urtarrilaren 7an, Madrileko artzapezpiku Tarancón jaunari telegrama hau bidali zitzaion: "Compostelako Urte Saindua dela eta, Sevillako artzapezpikuak zigor kanonikoz kondenatu dituen apezpiku atzerritarrari eta Palmar de Troyako ikusleei ("videnteei") amnistia osoa eman dakiela eskatzen dizugu. Gure ustez, honelako neurri batek artzapezpikutegi hartan katolikoak baketzeko balioko du. Zure artzan eraztunari mun egiten diote "Movimiento" horren buru eta idazkari lokalek".

Urruti hartuko kristauen arteko bakeaz hain larriturik azaldu zaigun bikote hau nongoa den sinesten, lana izango du irakurleak. Nafarroako Tuterakoak baitira jaun txit debotu eta katoliko horik. Baketze premiarik hurbilago ez egon nonbait...!

Donostiako Herri Irratian zaharrak berri

Albiste hau agertzen denerako beharbada gertatua izango da: hots Juan Lekuona atzera Donostiako Herri Irratiaren Zuzendaritzara joana izanen da.

Irakurleak ba dakikeenez, irailean Zuzendaritzatik bota egin zuten. Espedienteak zioenez, hiru hilabeterako kargua galdurik. Baina inork esplikatu ez duen arrazoiren bategatik, 6 hilabete iraun du kanpoan.

Ba dakizue, ezta, zergatik bota zuten? Ba, SECUC programan (direktuan egiten baitzen), telefonoz hitz egiten zuen norbaitek Garmendia eta Otaegiren alde greba zegoela informatu zuelako.

Sendabidea? Erraza: Zuzendaria ken, eta direktua debeka.

"Aresti Taldea"

Bilbon, izenarekin, euskal kultur elkarte berri bat sortu da, eta, dirudienez, oso dinamikoa. Hainbat ekintza egin ditu egun hauetan, eta garrantzitsuena Gernikako pilotatokian otsailaren 29an eskainiriko saioa izan da. Hiru mila lagun ziren 8 bertsolari eta Oskorri kantari taldeari entzuteko. Bertsolarien artean Xabier Amuriza apeza, Zamorako gartzelatik oraintsu irtena. Jaialdian jendearen aurrera agertu zenean, izugarrizko txalo zartadez agurtua izan zen.

Gabika eta Naberan etxean

Gabika eta Naberan apezak Zamorako gartzelatik atera dituzte. Lekeition, Gabikaren zain etxekoak eta adiskide batzu zeuden gauean. Eta heldu zenean, oso alaikiro, elkar musuka eta agurka zeudenean, haien poza nigar bihurtu zen, norbaitzuk emandako kolpeen eraginez. Gabikak etxean lo egin zuen, baina haren familiako batzu espetxean eta hospitalean.

Greba bakartua

Gazteizeko gertakari nigargarriengatik, Euskal Herriko politik erakunde ezkertiarrek Martxoaren zortzirako grebarako dei bat zabaldu zuten.

Greba honetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako langileriak inoiz ez bezalako batasun bat agertu digu. Espainol Estatuko beste inon ez da ezer aipagarririk egin hori dela eta. Ez dugu ikusi ahal izan estatalista batzuk predikatzen duten langilearteko solidaritate famatu eta orokor hori. Langile horien galtzea Euskal langileriak zerbait propiotzat hartu du eta hortik bere erantzuna. Beste nonbaiteko zenbaitzuk, aldiz, ba dirudi ez dutela ukan ezer deitoratzeko.

Koronelak: Gora Euzkadi!

D. Manuel Barangua Navarro-k, León-eko CIR n.º 12ko koronelak, Urtarrilean bertara joandako soldadu berriei ongi etorria emateko, bere hitzaldia Gora Euzkadi eta Visca Catalunya banaz biribildu zuen, ondoren "eta ez diotsuet galegoz, berau ez dakidalako" gehituz. Azkenean Viva España ere esan zuen. Tira, tira, ba dirudi koarteletan ere gauzak hobetuz doazkigula. Zure aginduetara, koronel jauna!

Federiko Krutwigen piramidea

"Euskaldunekin euskaraz" liburuan, Xabier Kintanak eta Joseba Tobar-ek Krutwig jaunari eskatu dizkiote bere eritziak, eta Federikok gauza oso mamitsuak esan ditu.

Piramidearen adibidea ipini digu. Piramidearen behealdean daudenek gorantz begiratzen dute, goikoek ea zer egiten duten, haiei kopiatzeko. Goian aristokrazia dago, eta ez soilik aristokrazia ekonomikoa, intelektuala ere gogoan eduki behar baita. Eta nola gaur Euskal Herrian piramidearen gailurraz aristokrazia euskaltzale intelektual eta dinamiko bat jabetzen ari den, euskara aurrera doa. Euskal Herriko talde baten dinamikak aldatzen du piramidearen egoera, goialdetik erdaltzaleak egotziz eta euskaltzaleak ezarriz. Piramidearen goia gurea bada, Euskal Herria euskalduna izango da.

Biziki gomendatzen diet euskaldunei Krutwig jaunaren tesia aztertzea. Eta Krutwig jaunari eskari bat: idatz dezala gehiago, oso gauza interesgarriak esaten baitaki.

Euskal Herrian nor mintza

Martxoaren 5ean Donostiako "Corazón de María" deritzan elizan Juan M. Bandrés abokatuak hitzaldi bat eman behar zuen "Comunidad vasca hoy" gaiari buruz. Baina Gobernu Zibilak galerazi egin zion.

Ba dirudi, Euskal Herriko egoera ongi ezagutzen duen inor ezin izango dela agerian politikaz edo sozial arazoaz mintzatu. Edo eta Sevillako abokatu batek hobe ezagutzen ote du Euskal Herria eta beronen arazoak...?

Bigarren mailako irakasleak greban

Bizkaiko 17 Institutuetako irakasleak greban daude. Egunkarietan horretarako arrazoinak azaldu dituzte, lau puntutan. Abantail ekonomikoak eskatzen dituzte, Institutuen gestio demokratikoa, etab. Laugarren puntuan, euskara eta euskal kultura Institutuetan sar daitezela eskatzen dute.

Eranskailu eta poster berriak

Martxoaren hasieran euskararen aldeko poster eder bat agertu da, gure hizkuntza eskolan, lantegietan eta unibertsitatean beharrezkoa eta nahizkoa dela adieraziz. Argitaratzaileak Ikasle Abertzaleen Mugimendua (IAM) izan dira eta zenbait liburudendatan salgai aurki daiteke.

Honez gainera, euskara batuaren aldeko eranskailu zuri-gorri bat ere azaldu da. Dakarren textua: Euskal Herri batuan euskara batua: batu, batua, batuan. Eranskailu honek, o gauza harrigarria! ez dauka ortografi okerrik bat ere. Zorionak!


Euskal Herrian

Kultura

Euskal Ikastaldien premiak eta eskariak

Duela urte mordoska bat, Gasteizeko gaueko euskal ikastaldiak ematen ari garen pertsona talde bat gaituzu. Ikastaro honetan berton hogei batek osatzen dugu euskal irakastalde hau (Manuel Iradier Bazkunak babesten duena) eta berrehun bat ikasle biltzen dugu hiru mailatan banaturik. Gure helburua Gasteiz berreuskalduntzea da.

Gasteizen, ere, zorionez, "euskal giroa" zerbait hedatzen ari dela ikusten dugu: Olabide Ikastolak iadanik 800 bat haur eskolatzen du; Diputazioak ere bere Ikastola antolatu berria du; Umandi aintzineskolan ere landare berri bat ikus daiteke; Euskal Irakasle titulua lortu dutenak ere hainbat ba dira; 200 bat maisu-maistra ere Monitor titulua lortzeko dira; Euskal Disko eta Liburuaren Azoka garrantzitsua izan da aurten; berriki sortua den Axular Liburudendak ere zerbitzu ederrik eskaintzen dio gure kulturaren zabalkundeari; etab. etab.

Kontutan dugu, noski, Gasteiz eta Araba bera ere, Euskal Herriko eskualderik ahulenetarikoa dela, euskal nortasunari kulturari eta politik eraginari gagozkiela. Ahuleri hau nabarmenago egiten da gure artean eta ba ditu bere arrazoiak. Ba dakigu ere gure ahaleginak eta ekintza koskorrak, egiakoak izan arren, ez direla aski: euskal kulturaren beherapenari eta euskarari eutsi besterik ez diegu egiten.

Gure konponbide bakarra eta herri gisan onhar dezakeguna euskararen ofizialtasunean, euskal lurralde gaztelaniarekin ofizialkidetasunean datza: irakaskuntza maila guztietan euskerak beharrezkoa izan behar du; agiriko erlazioetan eta komunikabideetan ere bai noski; Gizarte arazoetan ere normalki erabilia izan behar du; eta guzti honen presupostu eta baldintza bezala, euskal kulturgintza osoak publikoki finantziatua izan behar du eta ez pribatuen erremusinaz.

Nonbaitek pentsa lezake Estatuak berriki hartu dituen neurriez euskal irakaskuntzaren arazoa konpondurik edo dagoela. Uste okerragorik... Euskara lehen bezain zokoratua, baserriratua gelditu da: senitarteko erlazioetara mugatua; bihotz oneko, ameslari, hizkuntzalari eta gisa horretako minorien aztergai eta iragan denboren gordegailu.

Guk bakarka eta publikoki lortu nahi duguna euskararen ofizialtasuna besterik ez da. Helburu honetarako bidean ugariak dira zailtasunak eta geure artean ere ez ditugu falta. Hauetaz ari gara hemen.

- Bata eta gure irakastaldean ere ematen dena, gure ahaleginen eskasia da. Gasteizen Gipuzkoa eta Bizkaitik etorritako euskaldunak milaka izanik ere, gure taldeko irakasleok ia osoki euskaldunberriak gara.

- Baina gure arteko oztoporik handiena geure batasun, elkargintza eta elkarrulertzearen falta dituzkegu. Nor bere taldetxoarekin ari gara eta honela nekez indartuko dugu euskal kulturgintzarik eta euskalduntzerik.

- Konponbide bakarra guztion artean, elkarrekin eta denok batera egin dezakeguna izanen delako, dei sutsu bat egiten diegu hemendik Gazteizeko eta Arabako euskal erakunde guztiei: Ikastolei, Lilitegiei, Liburudendei, maisu eta irakastaldeei, kultur elkarteei, etab., alkar ezagutzeko eta elkarrekin Gazteiz eta Arabaren euskalduntzeari buruz plangintza egoki bat egiteko asmoz.

- Arazo honetan eta dudarik gabe, Euskaltzaindiak eraman behar du gidaritza. Gure deia, beraz, Euskaltzaindiari eta bere Gasteizeko Ordezkaritzari ere zuzentzen diegu, gure artean bere gidaritza eta eragina zuzpergarri gerta dakigun, bainan horretarako behar beharrezkoa dugu elkarlan eta elkarlaguntza bat.

Euskadi osoan zehar ba ditugu era honetako ahaleginak eta guztiei dei egiten diegu, elkar ezagutuz eta lagunduz, denon artean gure Herriaren biziari indar berri bat eman diezaiegun.

Gasteiz, 1976 otsailean.

MANUEL IRADIER BAZKUNAK

BABESTUTAKO EUSKAL IRAKASTALDEAREN ordez,

Gonzalo Fontaneda

Medikuntza eta euskara

Egun, Euskal Herrian, medikuntzaren praktikatzeak planteatuta dauzkan arazoen arteko bat, hizkuntzarena da. Eta arazo hau maila bitan agertzen da: Mediku eta gaixoaren arteko harremanetan, eta hiztegi tekniko baten beharrizanean.

Sarritan problematiko bihurtzen dira mediku eta gaixoaren arteko harremanak, euskara ez dakien mediku bat erdara gutti dakien gaixo euskaldun baten aurrean aurkitzen denean (eta hamaika kasu kontatuko genituzke, Bilboko eritegi askotan gertatu direnak).

Baina arazo hau ez da gaurkoa. Izan ere, 1829. urtean, Nafarroako "Real Colegio de Medicina, Cirugía y Farmacia"n, herrietara zihoazen medikuei euskara jakitea exigitzen zitzaien, euskara baitzen nafar askoren hizkuntza bakarra. Urte asko geroago, 1936.ean, Bilboko "Eusko Irakastola Nagusia" sortu zenean, "medikuntz euskara" ikastea exigitzen zitzaien medikuntz ikasleei.

Beharbeharrezkoa dugu euskarazko medikuntz hiztegia. Zeren euskarak euskaldunon arteko harreman guztietan egon behar baitu. Baina, egun, mediku, medikuntz ikasle, erizain eta eritegietako langile euskaldunok, geure eguneroko lanerako behar dugun hiztegi tekniko barik aurkitzen gara.

Eta orain, egoera triste honen aurrean, azken denboretan gertaturiko erreakzio oso positibo batzu kontatzera noakizue.

Lejoako Medikuntz Fakultateko ikasle batzuk, euskal kultur talde bat (L. E. K. T.) sortu genuen ihazko ikasturtean. Talde honen helburuen arteko bat, euskarazko ikastaldiak antolatzea da.

Bestalde, Basurtuko eritegian, hainbat mediku, erizain eta sanitari langilek euskara ikasteko beharrizana ikusi dute, eta honela euskarazko klaseak antolatu dituzte.

Euskarazko medikuntz hiztegiari buruz ere, gauza interesgarriak egin dira. Lehen aipaturiko L. E. K. T.ko mintegi bat ba dabil, hain beharrezkoa dugun hiztegi tekniko hori prestatzen.

Horrez gainera, joan den urtarrilean, Bilboko Medikuntz Fakultatean. Rikardo Arrue medikuak (orain doktor) bere lizentziaturako tesia euskaraz eta erdaraz irakurri zuen (nahiz eta berak euskaraz bakarrik presentatu nahi izan). Rikardo Arruerena izan da, Fakultate horretan euskaraz presentatu den lehenengo tesia.

Eta, azkenez, Patxi Letamendik (Basurtuko eritegiko medikua berau), Bilboko Medikuntz Zientzietako Akademian, euskaraz presentatu zuen "historia kliniko" bat, urtarrilaren 26an. Hara bildu ginenen artean, argi gelditu zen, honelako biltzarreei jarraipena eman behar zaiela.

J. J. ARRIZABALAGA


Euskal Herrian

Lehiaketak

Kazetarientzat Kirikiño Saria

GAIA: KAZETARITZA.

1.- Gaurkotasuna, euskal kulturaren albiste, Euskal Herriko berri, munduko gora-behera, artikuluen bizitasuna eta idazkera egitura kontuan hartuko dira.

2.- Artikulu sorta izango da kontuan eta ez artikulu soila.

3.- Egunkari edo aldizkarietan argitaratuak izan beharko dira, euskaraz idatziak, 1975go Uztailaren 16tik 1976go Uztailaren 15era bitartekoak.

4.- Lan bakoitzetik hiru ale bidali behar dira: ("ASOCIACION GEREDIAGA", B.º Astola, Abadiano, Vizcaya) zuzenbidera.

5.- Lanak bidaltzeko epea, 1976ko Uztailaren 31 n amaitzen da.

6.- Saria.

7.- Saria, Domu Santuetan, Durangon eratuko den XI. Euskal Liburu eta Disko Azokan iragarri eta emango da.

"Agirre eta Lekube'tar Joseba Andoni Saria" - V Aldirako Deia

SARIKETA

Hura oroiterazi, haren euskaltzaletasuna gureganatu ta euskara iraunerazi eta bizkortzeko asmoz. Agirre eta Lekube'tar Joseba Andoni deritzan saria, boskarrenez antolatzea erabaki dute "Euskal-Kulturaren Alde"koek. Sari hori norgehiagokoa izango da, eta hona hemen sariketa horri buruz xehetasunak:

1) "Agirre-Saria". hiru urte buru emana izan ohi da. Beraz, 1973.eko epailaren 23an hasi eta 1976.eko epailaren 22rarte, euskaraz argitaratuko den idazti hoberenak irabaziko du sari hori.

2) Idaztiaren gaia idazleak bere gain du.

3) Saria bat bakarra, eta milla dolarekoa izango da.

4) "Euskal-Kulturaren Alde"ren gain geratzen da epaia ematea. Epaile bakoitzak hautarki ixilez emango du bere erabakia. Erdia baino bat gehiago lortu dezan idaztiak saria irabaziko du.

5) "Euskal-Kulturaren Alde"k berak emandako erabakia erabat onhartzekoa izango da, halabeharrez, eta ez du izango inork epai horren aurka gora joterik.

6) Sari hori ezin zatibana daiteke.

7) Horrenbesteko saria irabazteko lain izan litekeen idaztirik ez balego, inori ezin eman liezaioke.

8) Epaia eskualdeka emana izan litekeen susmoa erabat kentzeko, sari hori ezin jaso lezake "Euskal-Kulturaren Aldeko" dan inork. Edo eta baldin sari hau norentzat izan litekeen erabaki bitartean, "Euskal-Kulturaren Aldeko" norbaitek idaztiren bat argitara baleza, dalako hori ezin izan liteke epaile.

9) Epaia garaiz emana izan dadin, idazle bakoitzak bere idaztiaren bi ale igorriko balizkigu, txera onez hartuko genituzke. Idazti bat zuzenbide honetara:

10) Bd. d'Alsace-Lorraine - 64100 Bayonne, Laburdi, eta bestea, 48, rue Singer, 75016 Paris, "Euskal-Kulturaren Alde"ren izenean.

EUSKAL-KULTURAREN ALDE

III Sebero Altube Idatz Lehiaketa. "Danok" Kultur Taldeak antolatua

Oinharriak

1.- E. G. B. ikasten ari den edonork har dezake parte.

2.- Lanak egileen ikastetxearen bitartez bidaliko dira. Ikastetxe bakoitzak, gehienez, jarritako bi mailetara lan bana bidaliko du.

3.- Lanak euskaraz egin beharko dira, Euskaltzaindiak finkatu dituen arauei jarraituz.

4.- Lehiaketa honela banatuko da, idazleen adinen arauera:

(A) 6-10 urtetakoen maila

(B) 11-16 urtetakoen maila

5.- Lanaren agerpenak baldintza hauk beteko ditu:

- Horriak: DIN-A-4 motakoak.

- Makinaz idatzirik, alde bakar batetik eta tarte bikoaz.

- Izenburuaren ondoan, kako artean, lanari dagokion maila ezarriko da.

- Bina kopia bidali beharko da.

6.- Azal itxi batetan ondorengo datuak jakin eraziko dira:

- Lanaren izenburua.

- Egileen izen-deiturak eta adinak.

- Ikastolako helbidea.

- Irakasle arduradunaren izena.

7.- Lanen gaia eta zabalera:

(A) mailan: gaia libre

 zabalera: 5-7 horri.

Egilea bat bakarra izanen da.

(B) mailan: gaia: edozein kultur arlotako lan

 monografiko bat.

 zabalera: 10 horri guttienez.

 Lana taldez egin daiteke.

8.- Lanak bidaltzeko epea, Maiatzaren 15ean amaituko da.

9.- Ekainaren 5ean baino lehen, antolatzaileek aipatutako epaimahaiak bere eritziak jakin eraziko ditu eta hauk behin eta betikoak izanen dira.

10.- Lehiaketara bidaliko diren lan guztiak antolatzaileen eskuetan geldituko dira.

11.- Sariak:

(A) mailan: 1.- 5.000 pta.

 2.- 3.000 pta.

(B) mailan: 1.- 15.000 pta.

 2.- 10.000 pta.

12.- Lanak helbide honetara bidaliko dira

"DANOK" KULTUR TALDEA

Resusta, 33

MONDRAGON (Guipúzcoa).

13.- Arautegi honetan aipatzen ez denik gertatuko balitz, antolatzaileek erabakiko lukete.

ARRASATEN 1976.eko Otsailean


Euskal Herrian

Hezkuntza. Txori Herri eta Arratia Ikastola beharrean

 1.- Nahiz eta Txori Herri eta Arratia euskal eskualdeak izan, ez dugu Ikastola mugimendurik nabaritzen. Zeri egozten diozu egoera hau? Babes edo diru laguntzarik ezari? Ikastolez konfiantzarik ezari?

 2.- Zein da eskualde honetan, egun, Ikastolaren egoera?Zer egin da Ikastolez orain arte?

 3.- Zein herritan, zergatik eta nola sortu izan dira eskolaurreko ikastolak?

 4.- Zer egin daiteke egoera hau bideratzeko? Zer soluzio bide ikusten duzue?

 5.- Laster barru, gaurko egoeraz jabeturik, posible ikusten duzue eskualde mailan E. G. B.ko Ikastola bat egitea?

1.- Txori Herrian mugimendu handirik ez dela izan, argi ikusten da. Jazoera honen sustraiak hauk izan daitezke:

- Herriak, maila handi batetan, euskalduna denez, ez du euskararen premiarik bizi izan, batez ere gurasoen artean. Gurasoek beste era bateko ardura batzu izan dituzte, euskara eta euskal kulturaz aparte: herriko eskolak, umeen heziketa... Honekin ez da euskararen kontra egon direnik esan nahi, ez. Euskara eta euskal kulturaren beharrizana ikusi arren, ez dute alderdi horretan ardura handirik hartu.

- Txori Herrian ikastetxe asko sortu dira urte guttitan, eta normala den bezala, umeak ikasteko lekuz osatu badira, ez dago beste ikastetxe batzu ipintzeko lekurik, ikastola izanik guttienez.

- Ikastola bat sortzeko egin diren ahaleginak alferrikakoak izan dira, Estatu aldetik ez delako horrelako iniziatibarik onhartu.

2.- Orain arte egin dena hauxe izan da gutti gora behera:

- E. G. B. ikastetxe ofiziala ipintzeko ahalegina egin da, baina Estatuaren ezetza hartu ondoren, beste arlo batetan hasi gara lan egiten.

Une honetan Txori Herrian ikastetxe ofizial bat ipintzen ez bada, ez dela aurrerabiderik izango uste dugu. Horregatik, Estatuaren ezetza hartu ondoren, ez zen beste pausorik eman.

- Ume ttikientzako ikastola batzu sortu dira, herri batzutan behintzat.

3.- Sondikan, Larrabetzun eta Derion sortu dira eskolaurreko ikastolak. Gehienetan gurasoek eskatu dutelako izan da.

4.- Ez dugu ikastolarik sortzeko biderik ikusten. Hainbat ikastetxe dagoela, ez dago ikastola ipintzeko posibilitaterik.

Bide bakar bat ikusten dugu: Herriko eskolak eta beste ikastetxeak, gurasoen indarrez, ikastola izateko bidean jar daitezela.

5.- Oraindik ez dugu posibilitaterik ikusten, lehen esan diren arrazoi guztiegatik.

Inaki Eguskitza

1. Egia da Arratian ez dela Ikastola mugimendurik nabaritzen. Arrazoinak bat baino gehiago diratekeela esan genezake.

Lehen eta behin lege aldetik dugun problema. Ez dago Arratian umeak eskolaratzeko postu faltarik; eta horrela Ispekzioak ez luke behar den baimenik emango, eskualde honetan eskola berri bat sortzeko, berak egindako inbertsioek errentabilizatze bat behar dutelako. Bestalde, ikastola faltak ez du jendearen kontzientzian problema biziegirik sortu; horrela, huts hori betetzekoez da burruka biziegirik egin, eta darabilgun alorrean burruka bizi batetarako jende prestua behar.

2. Hitz batez, ahula esan behar. Ikastola bat sortzeko gestio eta plan batzu eginak dira; baina aipatu ditugun lege aldeko oztopoek paperontzira bota dituzte egindako lanak.

3. Arratian lehendabizi sortu zen eskolaurreko ikastola Igorrekoa izan zen, orain dela zazpi bat urte, guraso batzuren eraginez eta Elizaren babesean. Ispekzioak zarra erazi egin zuen, betikoen salakuntza bide dela. Egun, "Euskal katekesi" bezala, Bedian, Lemoan, Igorren, Gaztelu-Elexabeitin, Areatzan, Zeanurin eta Zeberion daude. Hala ere, Lemoan, Igorren eta Areatzan dira gogorren, beste herrietan ume guti joaten baita (Bedian 6, Zeanurin 4), edo eta zabaltzea ezina izan delako (Diman).

Sortu izan diren guztietan, gurasoen asmoz eta Elizaren —noren besterik?— babesean sortuak izan dira.

4. Ez da soluziobiderik erraz ikusten. Egun, E.G.B.ko ikastaroak egitera ume batzu Zornotzako Ikastolara bidaltzen ditugu. Bestalde, orain arte Ikastolak gurasoen diruz altxatu izan dira, eta, horretarako, geroago eta urriago den diru asko behar.

Hala ere, noiz esan gabe eta amestxo bat eginez, pentsa dezagun euskaldunok, Euskal Herriko Hezkuntza kontrolatzea dela guretzat soluziobidea. Egia bihur dadila

5. Laster barru, ez dugu posible ikusten eskualde mailan E.G.B.ko ikastolarik egiterik.

Alvaro LEGARRETA


Euskal Herrian

Ekologia. Amoniako lantegiaren hauzia Lutxana-Barakaldon

Barakaldoko Lutxana hauzoan, orain direla 32 urte, SEFANITRO entrepresa sortu eta eraiki zen orduko zenbait kimika gairen beharra asetzearren. Ordutik honantz sulfuriko, nitriko eta amoniakoa (NH3) batez ere ateratzen ditu. Baina zorigaitzez, itzelezko kutsadura botatzen du gainera, lantegia oso zaharra gertatu baita. Ordutik honantz ere, etxe berri ugari eta hauzune berriak eraiki izan haren inguruan. Azken urteetan, kutsadura gero eta bortitzagoa botatzen du, askotan jasan ezinekoa. Horrexegatik, alboko bizilagunak batzutan lantegi horren aurka manifestatu dira.

Gauzak horrela, ihaz SEFANITROak beste amoniako lantegi berri baten asmoa iragartzen du, oraingoa oso zahar eta ttikia omen dela eta. Oraingo lantegiak 32 mila ton. ateratzen ditu urtean, eta berriak ordea, 300 mila egin ahal izango ditu. Gainera, entrepresak dioenez, ez du kutsadurarik botako, horretarako neurri oso hestuak hartuko baitira, eta abar...

Barakaldoko —eta Lutxanakoak bereziki— bizilagunak hori entzutean, bat batean haserre eta oihuka altxatzen dira, ez dutela lantegi berri hori onhartzen. Batzarreak eta hitzaldiak antolatzen dituzte, Euskal Herriko Arkitektoen Elkartearen eta AEORMAren laguntza eskuratzen dute, kartelak eta eranskailuak egiten dituzte, bizilagunen sinadurak bildu, eta beste mila ahalegin... Bizkaiko Diputazioaren Teknik Zerbitzuen Batzordea, bultzada horren aurrean, eztabaidan sartzen da, eta bere erabakia atzeratzen du gero eta gehiago.

Orduan Espainiko Gobernua sartzen da hauzi horretan; Gobernaritza eta Industri Ministergoak hain zuen. Entrepresarentzako erantzuna, baietza ala ezetza, ez da agertzen. Bizilagun askok ezetz uste dute, ez dutela baimena emango.

Francoren heriotza, Errege berria, Gobernu berria Espainian, eta amoniako arazo honetaz ixiltasuna. Inork ere ez daki ezertxo. Ea nondik aterako den zain guztiok.

Supituki, Otsailaren bigarren astean, Gobernuaren erantzuna iristen da Barakaldora. BAIETZ dio, lantegi berria eraikitzeko baimena ematen du. Bizkaiko Teknik Zerbitzuen Batzordeak ere baietz. Hauzokoak, bizilagunak, aurka altxatzen dira. Baina oraindio Barakaldoko Aiuntamientuak du azken hitza. Bizilagunen Elkarteek Aiuntamientuari ezetza eskatzen diote. ez dezala baimena eman.

Barakaldoko Aiuntamientuak, Batzorde Iraunkorraren eskuz, BAIETZ ere dio Otsailearen 13an. Honela, hauzi hau garbitu izan da lege bideetan. Zergatik eman du baimena argitzen du; hauexek dira arrazoiak:

- EZETZa emanez gero, SEFANITROak Bizkaitik kanpora irten behar zuen —lantegia handitu beharrean, Villarcayo aldera jo behar du bestela—, eta 800 familia bederen lanik gabe geratuko ziren edo eta kanpora ere jotzeko ezinbestez.

- Kutsaduraren aurkako neurri zehatzak jarriko dira lantegian, 300 milioi pezeta balioko dituztenak.

- Aiuntamientuak aurrerantzean ez du lantegi berririk onhartuko toki horretan.

- Hauzategi horrentzat "lurralde pozondua"ren agiria eskuratuko du "Bilbo Handia" gorporazioarengandik.

- Udalak, eta horrela Barakaldotar guztiek, lantegi berri honekin, 50 milioi pezeta gehiago irabaziko ditu urtero.

- Lanak egiteko behar den legezko baimenagatik aterako den dirua ere, 80 milioi pezetakoa halegia, Lutxana hauzuneko herri zerbitzuetarako emango da osoki.

Herritarrek hurrengo egunean, Otsailearen 14an larunbatean, Batzarre berezi bat hospatu zuten Lutxanan, ondorioak aztertzearren eta herri osoaren erabaki zehatz bat hartzearren Aiuntamientuaren baimen horri uko egitea onhartu zuten, horren aurka jokatzea, eta lehenengo neurria bezala, hurrengo egunean, igandean 15an, herri osoaren manifestazio handi bat egitea Barakaldoko enparantza nagusian, Udaletxearen eta gero Alkate jaunaren etxe aurrean ere, herritarren eritzia azalduz.

Bai, esan eta egin. Igandean, arratsaldeko ordubatean, Udaletxearen aurrean jendetza ugaria bildu zen oihuka, pankartekin eta guzti ere. Gazteak, gizon eta emakumeak, zaharrak eta adinekoak ere, 7.000 lagun gutti gora behera. Honelako esaldiak agertzen ziren pankartetan, esate baterako: "SEFANITROari EZETZ!" "Herriak ezetz dio", "Aiuntamientukook, ez ezazue herria sal!", etab. Oihuak, ostera, beste zentzu batetara jotzen zuten: Luis Alfonso Caño Barakaldo Alkatearen aurka zuzenean. Honela: "Batu zaitez, herria gara eta!", "Caño, entzun zazu: herriak EZETZ dio", "Alkatea, dimisioa!", "Caño, kanpora", etab. Gauza hau guztiz bitxia zen, zeren lehenengo aldiz gertatzen baitzen Barakaldon. Orain arte, herria atzerritarrez beteta aginte osoa ukan duen Aiuntamientuari gauzak oso alderantziz gertatu zaizkio. Bere prestijioa —eta Caño Alkatearena batik bat— arras galdua da. Guztiz ahaltsua izan denak herritarren guztien —edo eta gehienen bederen— oinharrizko eustea zeharo galdu du.

Izan ere, Caño jauna ez da Alkate gaiztoa. izan. Gaztea oraindio, injinadorea, herri zerbitzuen alde asko eta asko egin du. Arlo horretan asmo egokiak zituen. Baina orain gertatutakoen joerak harrapatu du. Ez Caño jauna bera, aginte egiturak dira kalte hau sortu dutenak. Herritarrek Alkate jaunaren buruaren aurka jotzen dute, eta Caño mindu da, egoera ulertu duelako: ez duela zereginik demokratizazio haroan. Sistema gizonen baza demokratikoena izan da, baina bereak egin du.

Hauteskundeetarako bidea ireki da Barakaldon. Nor izango ete da herritarrek hautatutako hurrengo alkatea?

Bitartean, gauzak gero eta gordinagoak bihurtu dira Barakaldon, amoniako arazo honi buruz. Izan ere, herritarrek aurrera jo dute Otsaileko igande guztietan manifestazioak egiten, eten gabe. Baina polizi gizonen erantzuna gero eta gogorragoa bihurtu da halaber. Egur handia banatu, batzutan hori begiratu gabe eman eta kitto. Atxilotu asko. Gorroto eta haserre handia sortu da. Otsaileko 29an esate baterako, galerazo zieten automobilei eta edonolako berebilei herrira barnera sartzea. Negar-egiteko lehergailuak, gomazko pilota botatzen duten eskupetak, elektrika makilak, etab. erabili dituzte goardiek.

Demokrazi giro famatua, non baina? Bortizkeria gero eta handiagoa bai ordea.

Joan Mari Mendizabal


Euskal Herrian

Politika. Euzko bunkerra (Z-gaz)

Eskuindar integrismo amorratu hori, iberiar kazetariek, Hitler-en azken egunetako gordelekuarekiko antzagatik, bunker deitu dutena, ez da Errioxatik beherako arazo bat, ez horixe. Etxean ere ba dugu, beste ezaugarri batzurekin, beste ideiologia batez horniturik, bai, baina hemengoa ere bunkerra da.

Norbaitek, beharbada, gehiegi eritz diezaioke izen horri, baina ez da holakorik. Hemengo euzko bunker hori (z eta guzti, beraiek oraintsu publikoki adierazi dutenez), zenbait arlotan, hegoaldekoa baino askoz okerragoa da. Izan ere, diktadura guztiahaldun batetan posible izan da eta orain ere ba da, boterean dauden zenbait eskuindar, bunkerrekotzat jotzea eta haien izenak agerian ezartzea: hor daude Covisa, Giron, Blas Piñar eta Arias bera ere, Espainiako ezkertiar aldizkarietatik holakotzat salhatuak. Horregatik, ordea, ez da ezer gertatu; hori esan duten kazetariak ez dira harmaz pasatuak, ez eta gartzelara eramanak izan ere. Eta hori interesatuen izen-deiturak osorik aipatu arren.

Demokraziaren paradisu omen den Euskal Herri honetan, aldiz, gure bunkerrak bulda dauka, "abertzaletasuna" izeneko etiketa harrigarri bat, eta ba dakigu, ez izenez, baizik eta aieruz eta zeharka aipatzea bera ere ez digula barkatuko.

Nortzu diren

Hasteko, esan dezagun euzko bunkerra ez dela alderdi politiko bat. Euzko bunkerra talde ezberdin batzutako kide heterogeneoez osatua da, eta ba daude hor, gainera, beraiek bestelakorik sinesterazi nahi badigute ere, ezein alderditakoak ez direnak ere.

Oro har, bunkerrekoak adineko pertsonak izaten dira; 45 urtetik gorakoak la guztiak. Beraiek ere ba dute "zahar" izateko konplexua. Ez da kasualitatea, noski, aspalditxuon, beren itxura hobetu guran edo, gazte eta gaztettoz inguratzen saiatzea. Madrileko notari ezagun baten hitzaldietan ere, antzeko gazteak ikus daitezke, entzulegoaren udazkenari udaberri kutsua eman nahirik, seguraski.

Bunkerraren beste atal garrantzitsu bat elizgizonez osatua da. Euskaldun, fededun delakoaren aldekoez, hain zuzen. Berauentzat, gazteriaren aspaldidaniko fedegabetasuna ideiologia arrotz batzuren ondorioa besterik ez da, erlijioaren mundutar krisisa eta Elizak Euskal Herrian erabiliriko politika antieuskalduna ezertan kontatu beharrik ez dela.

Nondik datozen

Bunkerraren iturburuak, bat baino gehiago izan arren. argiak dira. Gehientsuak PNVaren eskuin punttakoak ditugu. partiduaren aspaldi honetako joera berri eta aurrerazaleekin bat ez datozenak. Honetan ere hegoaldeko hauzoekin duten antza ezin nabariagoa da.

Ba daude, bestalde, ELAtik irtendako batzu —zenbait eladio, bereziki— baina berauk guttiago dirateke. Eta hauez gainera, lehen esan denez, inoiz hemengo alderdietan ibili gabeko jendeak ere ba dira, batzu falanje eta karlismo zaharrean egondakoak, eta azken orduan euskal arlora pasatuak. Honelakook, beren iragan hurbil huts edo eta ustel hori estali nahirik, PNVkoen arrimuan, horien betidaniko kideak izan balira bezalako plantak egiten dituzte maiz, baina historia pixka bat arakatzea aski da hori ez dela egia ikusteko.

Azkenik beste batzu ere ba daude: borondate oneko lagunak, ezkertiar antieuskaldunen beldurrez, errugabeko kulturarik ezaz, erlijioaren kontzepzio hertsiaz edo eta hemen banan banan aztertzea luze joko liguketen beste arrazoi batzurengatik, bunkerreko orthodoxoen artera bilduak.

Ideiologia

Bistakoa denez, bunkerrekoen ideiologia kontserbadorea da, osorik eskuindarra, integrista. Beraik izan ezik ez da Euskal Herrian inor "abertzale" (zer esan nahi duen gero eta zailago egiten ari zaigun hitza berau, praxis ageriaren argitan barik, obra gabeko sentimenduen inguruan definitzen baita Beraien antzera pentsatzen ez dugunok kanpora salduak omen gara (Moskutiko urrearen euzko bersioa).

Kanpionek bere garaian zuhurki salhatzen zuen aranolatrian erabat eroriak dira bunkerrekoak. Arana, haientzat, ez da gizon bat, batzutan zuzen eta beste batzutan oker egon daitekeena. Arana-Goiri egia absolutua da. Denbora eta toki guztietatik kanpoan dago. Haren doktrina aztertu, kritikatu edo gaurkotzen saiatzea alferreko lana da: dagoen dagoenean buruz ikastea aski dute.

Oro har, zaharzale dira. Gauza zaharrak beti izan dira hobeak. Berriak, aldiz, mesfidagarriak izaten. Zaharzaletasun hau, ordea, —honelako kasuetan beti gertatzen denez— mythologian eraikia da, eta ez historian. Uste dutenez, Euskal Herria Arkadia bat izan da beti, kanpotiko ohitura eta ideia galgarriak sartu arte. Marxismoa, lehenagoko baltzeo edo dantza lotuak bezala, deabruaren asmakeria da gure Herria birrintzeko.

Euskarari baino arrazaren esentziei begiratzen diete gehiago (euzkotartasuna) eta puntu honetan, lotsaz, nabariegi agertzen ez badira ere, arrazismo kutsua edonondik nabari zaie hor han hemenka egindako aipamenetan.

Erlijioaz Vatikano aurreko moral eta integrismoan diraute, inkisiziotik ez urrun. Zenbaitzuk Euskal Herrian nolabaiteko theokrazia ipini nahi luketela dirudi.

Euskara kontuan, haietako askok praktikan erdara besterik egiten ez dutelako, dialektozaleak dira. Euskara ez da beraientzat euskaldunon kultur hizkuntza nazionala, erdararen kontrako symbolo pitxi bat baizik. Propagandarako ba dute tresna bat: erdara batua, eta hortik datorkie, neurri haundi batez, euskara batu beharrik eza.

Bunkerrarentzat zer nahi duten esatea ez da erraza, baina ba dakite, bai, zer ez duten nahi. Ezer positiborik egiteko gai ez dira, baina ba dute indarra, inori ezer egiten ez uzteko; bai eta bestek egindakoa birrintzeko ere. Holako lanetan ezin abilagoak ditugu.

Gisa honetako zereginak egin behar dituztenean, Machiaveloren dizipulu trebe-trebeak izaten dira (ez horrenbeste Maorenak). Helburuak bide guztiak justifikatzen dizkie: gezurrak ("Euskaltzaindia ez da euskal sustraiko erakunde bat", Mitxelena eta Villasante "sozial-faxista ezagun-ezagunak" dira...), azpilanak, irain pertsonalak, kolpeak, besteen bizimoduaren kontrako ekintzak, beren gustuko ez direnei estudiatzeko bekarik eman ez diezaieteneko ahaleginak (neroni Deustuan gertatua), eta difamazioa. Guztion exenpluak eurrez konda genitzake.

Babes politikoaren bila

Hainbeste ezkertiar eta terrorista gaizto omen dagoen herri honetan, bistakoa da jende kontserbadore, bakezale eta balio tradizionalen defendatzaile porrokatuek Madrileko gobernarien abegi ona erraz eskura dezaketela. Eta joku horretara ere, zenbait lagun prestatu izan da aspaldion. Arlo honetan sar daitezke, kasu, Iruineko eta Gasteizeko euskal irakasle titulu emateak (Euskaltzaindiarekin kontatu gabe bertako Diputazioek onhartuak); Martinez Esteruelas jaunari —Euskaltzaindia onhar ez zezan— pasaturiko informazio tendentziosoa; Nafarroako Diputazioan egindako azpilanak, Iruinean Euskaltzaindiak bere ordezkaritza eduki ez dezan; zentsura eta irakaskuntz arduradunekin darabiltzaten harreman goxoak; Telebistako nagusiei esandako perlak (h-a marxista zela, Euskal Herria programmatik ken zezaten), etab. etab.

Non dauden

Euskal Herriaren zabaleran gutti badira ere, ezin uka daiteke bunkerrekoak pertsona abilak direnik. Askotan, beraien kideek kontrolatzen ez dituzten erakundeen idazkari edo arduradun izaten dira, beren azpijokuaz haik beren bideetara eramanez. Honen exenplurik argiena Bizkaian daukagu Euskerazaleak izeneko taldearekin. Hor, dudarik ez, era guztietako lagunak daude, baina bunkerrekoek gidatua da.

Izan ere, Bizkaia da bunkerraren gotorlekurik sendoena. Egia da —dirurik ezaz edo— Agur aldizkaria hil egin zitzaiela, baina gune indartsuak dauzkate oraindik PNVko sektore ultrakontserbadoreen artean, S. Felicísimoko pasiotarrengan, Apezpikutegian (Herri irratian bereziki), Begoñazpi ikastolan eta nolabait Lauro ikastolaren inguruan, bai eta, neurri batetaraino Deustuko Hizkuntz Eskola Ofizialean ere.

Gipuzkoan bunkerra Goiz Argi aldizkariaren inguruan bildurik dago (Euskal Herriko "Indar Berria"), Donostiako egunkari baten laguntzaz kontatzen dutelarik. Ikastoletan burruka aspaldidanik galdua dute, Urola bailarako hauteskunde xelebreak lehenagotik zetorren egoera baten azken ondorioa izanki. Gipuzkoako PNVak, hala ere, Bizkaikoa baino aurrerazaleagoa den aldetik, gainditurik dauzka ultra horien hizkuntz burruka eta memelokeriak, eta beraiek aitortu dutenez, ez dute hor bat ere laguntza ez indarrik.

Nafarroan Príncipe de Viana-n gordetzen dute oraino indar pixka bat, eta apez, falanjista eta opuseko batzuren eskua benetan ukan dute mesedegarri hor. Dena dela, Diputazioak Euskaltzaindia ofizialki onhartu berri duenez, gero, ba liteke horko bunkertxoa luzaroko ez izatea.

Araban ere Diputazioaren inguruan higitzen dira, bertako lehendakariaren babes pertsonal eta instituzionalizatu gabeaz. Euskerazaleen bulego berriaz, gainera, agian beste gune bat lortuko dukete Gasteizen.

Zer egin?

Bunkerraren indarrik haundiena ixiltasun eta informaziorik ezean etzan da. Darabilten jokua argiro jarri bezain agudo, beren bunkerra, hareazko gaztelu bat bezala, ezereztu egiten zaie, eta berek ba dakite. Gauzak nahastea, nor zein den ez jakitea, nork zeren errepresentazioa daukan ez ezagutzea... horik dituzte harmarik hoberenak.

Horregatik, zisma edo zatiketen beldurrez, PNVari, Euskerazaleei edo eta Elizari, kasu, zenbait arazo lotsagarriri buruz beren jarrera propioa modu publiko batez ez agertzeak kalte haundia egin eta egiten die, jendeak talde horietako zenbait lagunen eritziak erakunde osoaren pentsamendu ofizialtzat hartzen baititu, hortik datozen ondorio guztiekin.

Eta jendearen uste hori erabat logikoa da. Izan ere, Bilboko Herri Irratitik eten gabe Euskaltzaindiaren kontrako ziriak entzuten dituenak zer arraio pentsatu behar du, horik guztiok Elizaren beraren uste ofizialak direla besterik? Ala norena da Irrati hori?

Gaur egun —zorionez— inor ez doa gartzelara PNVkoa dela esateagatik, Ajuriagerra jauna lekuko, eta sasoia ere ba da honetaz who's who bat egiteko. Ea behingoz nork zer dioen argitzen dugun!

Xabier ARMENDARITZ


Euskal Herrian

Gasteiz osoa kalean

70.000 pertsona inguru hiru langileren hiletetan

80 pertsona zaurituak

Greba generala

ANAITASUNAko irakurleek ba dakite oraingoz, Gasteizko langileriak daraman burrukaren berri. Egun hauetan betetzen dira burruka latz honen bi hilabete luze. Egunetik egunera, asterik aste eta hilabetez hilabete, Gasteizko langilegoak bere burruka gaitasunaren froga bikainik eman dio Euskal Herriari. Aspaldi honetan burutu den grebarik latz eta luzeen honek martxoaren 3an ikusi zuen bere egun nagusia: Greba generala!

Inork espero ez zuena: lantegi guztiak gelditu eta kalera! Estudianteak berdin: Bankuak, tabernak, zinemategiak, azoka eta dendak, transporte publikoak...

Poliziak gogor zigortzen zituen, noski, kaleetan zehar agertzen ziren jendetzak. Jendeak barrikada ugari jaso zuen, eta behin baino gehiagotan poliziari harriz eraso ere bai. Poliziak kristorenak eta bi egiten zituen, jendea sakabanatzeko, baina jendeak beti kalera jotzen zuen.

Baina herri ordenuaren zaintzaileek, herriko autoritateek ezin zezaketen permiti honelakorik. Langileriaren "festa" hau ezin zitekeen onhar. Langilea etxeratu egin behar zen: eta doluz eta minez etxeratu zen, etxeratu ere.

Hiru langile erhanak eta 80 bat zaurituak

San Francisco eliza ondoko tiroek gogor, azkar, amorruz, su eta gas artean urratu zituzten Pedro, Romualdo eta Francisco langile burrukalarien gorputz gazteak; eta Gasteizko herri osoak bere baitan gorde zituen luzarorako.

Hilketa honek berehala sorterazi du oihartzun sakonik: Diputazioak gogorki kondenatzen du Gobernu Zibilaren jokaera; Herriko Etxeak ere berdin kondenatzen du, eta hurrengo egunak, 4 eta 5, dolu egunak deklaratzen.

Martxoaren 4ean, goizeko hamarrak inguruan, herri osoa (eta "osoa" literalki hartu behar da hemen) Katedrale berriaren barne eta inguru zabaletan bildu da, hiru langile asesinatuen hiletak ospatzeko.

Baina nork, zerk konbokatu du herria? Partidu, erakunde eta talde oro oso gainditurik gertatu da. Herria bere buruaz jabetu da; eta zahar, gazte, gizon, emakume eta gaztetxoak ere kalean ikusi ditugu. Prentsa ofizialak aipatzen dituen "agitadores profesionales" direlako horik horrenbeste ote dira, bada? Herri osoa ote da, bada, "agitador"? Ez da horrelakorik. Jendeak hori eta gehiagorik egiteko gauza dela frogatu du gaur Gasteizen.

Ez ginen 10 mila ez eta 15 mila pertsona ere, BBC-ek eta Paris Irratiak ziotenez. 70 bat mila pertsona ginen, denok elkarturik, goizeko hamarretatik arratsaldeko hirurak arte Gasteizko kaleak materialki okupatu genituenak.

Ugariak eta gogorrak izan dira, herriak kalez kale oihukatu dituen sloganak.

Jendea denbora guztian, besoak gora, hatz birekin "V" gisan garaipena adieraziz, edoeta txalo beroak joz ibili da.

Hiru langile asesinatuen gorputzak Agur Jaunak debil batekin agurtu ondoren, jendetzak zaurituak dauden hospitaletara jo du, "langile zaurituok, hemen gaude" oihukatuz. Orduan, zaurituak, erizainak, serorak eta hospitaleko arduradun guztiak, kanpoan zegoen herriarekin txalo sentikor eta bizi batetan lotu dira. Gasteiz herriak bere anaitasuna eta bere batasuna egiazki frogatu dituela aitortu behar dizuet gaur.

Elizak jarrera garbi eta gogor bat hartzen du

Mezatan irakurri eta zenbait pasartetan biziki txalotua izan den ageria, Gasteizko apez guztiek burutu dute, eta azkenik apezpikuak berak ere izenpetu behar izan du. Egia esan, oso gogorra iruditu zait apezgoaren ageria. Euskal Herriko Elizak ez du orain arte horren agiri garbi eta gogorrik burutu. Garbi eta erabat kondenatu dute Gasteizko apezek poliziaren joka bidea. Zenbait zati irakurgarriak dira:

"No hay derecho a matar, no hay derecho a matar así. Las muertes que hoy angustiosamente nos conmueven —queremos decirlo con toda claridad— son absolutamente injustificadas y han de ser entendidas, por lo tanto, en su verdadera condición de homicidios".

Eta zenbait honelako zati bikain ba du.

JUANJO


Iberian zer

Areilza jaunak Bruselan: euskarak ez du eskriturarik

 Bai direla interesgarriak Areilza jaunaren Europako bideak. Europa demokratikoaren babesa eta laguntzaren bila dabil, aspergabe, Gobernua, hortik bakarrik baitatorkioke salbabide bakarra.

 Kanpoko merkatua irabazi nahian dabiltza bai Fraga eta bai Areilza. Horregatik, beren hitzaldirik eta eritzirik garrantzizkoenak, han kanpoan agertzen dituzte. Ia deklarapen guztietan ikus daitekeenez, saldu nahi duten merkantziaren baliogorik handiena, asmoei, projektuei ematen diete; ez oraingo errealitateari, eta, gutiago, joan berria dugun erregimenari. Promesapean gaude, bada. Haizeak daramatzan promesak ez ote?

 Promesak oraingoz gerorako utzirik, gure egoerari buruzko eritziak interesgarriago ikusten ditut. Har dezagun eskualdekatzea. Areilza jaunak euskalduntzat jo du bere burua, eta autonomiaren aldekotzat. Esan duenez, ez Napoleonek ez Francok ez dute sekula "probintzientzako bizitze autonomoaren eskubiderik" ulertu. Oraingo Gobernuak bai, ordea. Sinetsi egin behari Izan ere, euskalduna bera izanik, eskualdekatzea hain seriotan hartzen duen Gobernukoa izanik, harritzekoa da euskal hizkuntzaren hain ezagutzapen eskasa ukaitea! Zeren eta Areilza jaunak ez baitaki nonbait, euskaraz idazten denik erei (Admirazio ikurrak gureak dira.) Flamandar diputatu bategandik jakin izan du, Bruselan, ba zela holakorik.

 Ezin interesgarriagoa da, puntu honetaz, "La Libre Belgique" egunkariak (76.02.18) dakarrena. Areilza jaunak kazetalaurreko mintzaldi bat antolatu du Bruselan. Hona nola kondatzen duen egunkariak berak:

 Galdera baten ondoren, autonomiaz ere mintzatu da Motrikuko Kondea. Zera esan du:

— Euskalduna naiz ni... (Galdera egin dionak moztu egiten du).

— Eta ni neu diputatu flamandarra naiz, eta ihaz, Gernikan, harrapatua eta gaizki erabilia izan nintzen...

— Neu ere bai —dio Ministruak— beste helarte batzutan gaizki tratatua izan naiz. Euskalduna naiz bai, eta Napoleonen eragin erdirakoia jasan beharra izan dugu. Errepublikak dezentralizatzerik ez du lortu, eta Francok ez du sekula haintzat hartu probintzientzat bizitze autonomoaren eskubiderik. Baina eskualde errealitatea ezagutzen du Gobernuak, eta kulturak eta hizkuntzak errespetatu nahi ditu. Eta euskal hizkuntza hizkuntza arkaikoa eta prekeltikoa bada ere, eskriturarik ez duena bada ere...

(Geuk azpimarkatuta.)

Diputatuaren ebakidura:

— Gaur, euskara idatzi egiten da. Bilboko Unibertsitatean ba dago...

Kultura eta hizkuntza begirunez ikusi nahi lituzkeen gobernuak, lehendabizi ezagutu egin beharko lituzke, ezta? Baina Areilza "kanpoko ministrua" izanik, aisago ulertzen dira dauzak. Okerrena, hala ere, zera da, halegia, askotan kanpoan bertan ere (flamandar diputatua lekuko) Penintsulan bertan baino enteratuago dagoela jendea. Zergatik ote? Ba dago Estatu maila gainditzen duen lankidetasunik!

Juan LARRINAGA


Iberian zer

Prentsan egurra

"Guti ginelarik, amama erdi zitzaigun". Erdal esaera hori gaur egun Espainiako kazetariei ezar lekieke, zeren, lehenbiziko "secreto profesional" delakoa eta beste mila arazo guti bailitzaizkien, orain arrisku berri astun bat sortu baitzaie. DOBLON aldizkariaren zuzendari den José Antonio Martínez Soler jauna harrapatu egin dute —inoren edo inongo hauzo ez diren "martziano" batzuk— eta, beragaz nahi izan duten guztia egin ondoren, bota egin dute basoan, zauriturik, puxkaturik, zapaldurik. Ikusten denez, prentsa arloan sekretu profesionala gordetzeko eskubidea ukatzen den bitartean, honelako "eginkizunetan" dabiltzanek ba dute segurantza, ongi garantizaturik halegia, beren sekretu "profesionala" zintzo gordeko zaiela.

B. ARRIZABALAGA


Iberian zer

Irrati kazetaritza

Arratsaldeko zazpi ta erdietan, bulegotik etxera zatozela, uste gabe zeure autoko irratian Gasteizen "zerbait" gertatzen ari dela entzuten baduzu, eta geroxeago irratiak (Loiolako Herri Irratiak, noski) Gasteizen gertatzen ari direnak oso gauza astunak direla zehaztatzen badizu, eta, azkenez, etxera heltzer zarela, "trágico balance" hitz bi hauen soinu garratza belarrietatik bihotz barneraino sarturik badaramatzazu, gizon normala bazara behintzat, ez duzu, nik uste, ea Real Madrid ala Borussia ekipo biotatik garai hortan irabazle zein den jakiteko gogorik edukiko. Baina telebista deritzon tresna madarikatu hori, gutienez beste ordu beterako "partido trascendental" bat dela eta harturik duzula dakizunez gero, irratitik zintzilizka jarriko zara. Eta zer? Eguneroko hamaika alukeria eta zarata entzun beharko duzu, Gasteizko ezbehar negargarria azaldu behar lukeen berririk jaso gabe. Baina trankil egon zaitez, zeren Radio Nacionalek, bere hamarretako Ahozko Egunkarian, informazio nabari eta ugari bat emango baitizu laster.

Hamarrak dira, hala ere! Hitzaurre zaion soinu horri luze xamar deritzozu, gero erloju dangadok, eta nor den koordinadore, eta ministru pare bat Europan zehar dabilela, eta..., ustegabez, "nuestro enviado especial Joaquín Ramos"ek, futbolean lortu "dugun" empate edo hainbanatze zoragarri horri buruz ihardun bero histeriko bat, neuk kronometroz neurturik, ehun ta hamar segundu iraungo duena, botako du. Hau adarra jotzea ez bada, zezenak ez du adarrik, ez eta akerrak ere. Bukatzeko: ia hamar ta erdiak ziren, Radio Nacionalek Gasteizen heriotze bi eta zauritu mordo bat zeudela aitortu zuenean. Hori kazetaritza baldin bada, ni Mesopotamiako apezpiku.

B. ARRIZABALAGA


Munduan barrena

Hirugarren mundua. Txina. Kultur iraultza etengabea

Mundu begiraleei sare ilun batek ezkutatua gertatzen zaie gehienetan Txina handia. Oraingo honetan, berriz, hango egoerak eta jazoerak asmatzen eta argitzen berezituak daudenak ere bidegalduta gelditu dira nonbait.

Chou En-Lai hil ondorengo astean, TIME astekari famatuak, azala bete betean, haren jarraitzaile segurua izango omen zen Teng Hsiao-ping jaunaren argazkia zekarren. Baina handik egun guttitara munduarentzat ezezaguna zen beste gizon bat jarri zuen Mao Tse-tung jaunak, lehen Ministrotzat: Hua kwo Feng, halegia. Izenez ezean, izatez horixe dugu Txina handiko bigarren gizona. Bitartean, berriz, agintaritza hartzeko burruka handibiziak sortu direla esaten digute albiste agentziek.

Zergatik gelditu ote da baztertuta, azken urteotan Chou En-Lai jaunarekin batera eta haren ondoan hain nabarmen agertu izan zaigun Teng Hsiao-ping jauna? Txinatarrek ba dakite mundu osoaren ustearen kontra gauzak egiten nonbait; baina baztertua —oraingoz bederen baztertua— gelditu den gizonaren politik bidea ezaguturik, ba legoke zer azterturik.

Hogei ta bost urtez Txinako politikan lehen mailan egon den gizona hil delarik, eta Mao Tse-tung bera aski galdua dagoelarik, ez da harritzekoa bereziki orain agintaritza burrukak nabarmendu izatea. Chou En-lai jaunak, Txinaren pobretasun eta guzti, ekonomi osasuntsu eta finkatu bat utzi du; UNOra sartzeaz batera, diplomazi trebe batez mundu osora ireki du Txina, USAko azken bi lehendakariak hara eramateraino.

Batez ere, Errusiarekin Txinak ukan dituen haserrealdi eta burruka guztien gainetik, eta Txina barnean biztu diren ku/tur iraultza bizkorren eta agintaritza astinaldien artean ere, Chou En-lai jaunak lehen mailan iraun izan du. Nondik joango da horren eta Mao Tse-tung lehendakariaren ondoren Txinako politik bidea?

Azken egunotako gorabeherak ikusirik, benetan beste agintaritza astinaldi bat datorrela ematen du. Alde batetik ofizialek salakuntza gogorrak botatzen ari dira, Alderdian bertan ari omen diren zenbait "errebisionista"ren aurka, kapitalismoaren "baratxuri eta tipulak" amesten dituztelako edo. Zalantzarik gabe, Chou En-lai jaunaren ondorengoa izatekoa zen Teng Hsiao-ping jaunaren kontra doaz salakuntza horik. Baina horrekin batera, Chou En-lai bera gaitzetsi nahi ote da? Nolanahi ere, politikazko garbiketa baten aurrean ezezik, beste kultur iraultzaldi baten aurrean gaudela ere esan daiteke, berriz ere agertu den hizkera entzunez.

Horrez gainera, Teng Hsiao Ping jauna, 1966eko kultur iraultzak baztertua utzi zuen, 1973.ean berriz ere Chou Enlai jaunak bereganatu eta Txinako kanpo-politikaren lehen mailatan jarri zuen arte. Teng Hsiao-ping, berriz, betidanik izan da Errusiaren etsai porrokatua.

Orain Errusiarengana berriz hurbilduaz, kanpo-politikaren aldekuntza bat ote dator, bada, Txinan? Ondorengo gertakizunek zerbait argituko digute agian.

Paulo Agirrebaltzategi


Munduan barrena

Hirugarren mundua. Namibia. Hego Afrika zaharraren eta Angola berriaren tartean

Angolako Herri Errepublika sortua da, eta finkatua. M.P.L.A.ren garaipena segurua zela ikustean, oso bizkor ibili dira Europako Estatuak, hark ezarritako errejimena eta gobernua onhartzeko. Deskoloniakuntz aldian eta azken hilabeteotako gudu zibilean kanpotik begira bezala egon diren Europako Estatuok, orain ez dute bazterrean gelditu nahi izan; eta Errusiak aurrerantzean Errepublika berrian ukan lezakeen eragina mugatzeko, bere lekua hartu nahi izan du Europak.

Angolako gudu zibilean oso tartean ibili da Hego Afrikako Errepublika, M.P.L.A.ren aurka, hain zuzen ere. El Cabo-ko Gobernuak ez du inoiz aitortu bere soldaduak Angolako guduan tartean zebiltzanik, eta Angolako hegoaldeko mugaldean dauden instalazio hidroelektrikoak zaintzeko bezala zuritu izan du bere presentzia Angolan...

Baina Angolaren eta Hego Afrikaren artean ez dago muga bakarrik, eta bai Espainia bezalako bi den Herrialde bat: Namibia.

Lurralde hau basamortu handi bat da: 700.000 bizilagun edo ditu bakarrik. Eta bi uri dira batez ere garrantzizkoak, biak itsasertzean: Walbis Bay eta Lüderitz. Diamante aztarnategietatik da batez ere famatua Namibiako kostaldea.

1884ean Berlin-en Afrika banatzeko egin zen Konferentzian, Alemaniari eman zitzaion lurralde hau. Eta munduko lehen gudurarte bere eskuetan eduki zuen. 1915.ean, hain zuzen ere, Hego Afrikak hartzen du bere menpe lurraldea. Eta guduaren ondoren, orduko "Nazioen Elkarteak" legez edo, Hego Afrikari eman zion Namibia, ez, ordea, bere lurralde bezala, bere ardurapeko bezala baizik. Hego Afrikak bere politika arrazista Namibiara ere zabaldu nahi izan du; eta 1966.ean UNOk deklaratu zuen Hego Afrika ez zela gauza Namibia bere ardurapean edukitzeko. Geroztik UNOk Namibiaren deskoloniakuntzaren alde hartu dituen erabaki guztiak ahantzi edo atzeratu egin izan ditu Hego Afrikak.

Baina Namibian gerrilla bizia sortu da azken urteotan, eta batez ere azken hilabeteotan, Angolako independentzi burrukaren inguruan. Angolan Herri Errepublika ezarri delarik, askoz errazagoa gertatuko zaie beren burruka Namibiako gerrileroei. Izan ere, uste izan daitekeenez, M.L.P.A.ren Gobernua prest egongo da, beronen kontra burrukatzeko base bezala Hego Afrika erabili duen lurralde hura, deskoloniakuntza bidean laguntzeko.

Hego Afrikak Namibian eraman nahi izan duen koloni politika arriskutan dago, alde batetik UNOren kontrako erabakiak dituelarik eta, bestetik, Angolako Errepublika bete kontra eta Namibiaren askatasunaren alde duelarik.

Angolaren independentziaren ondoren, bada, Afrika Mendebaleko hurrengo Estatu independientea NAMIBIA izango dela uste izan daiteke.

Paulo Agirrebaltzategi


Munduan barrena

Hirugarren mundua. Vietnam bakar bat

Datorren apirilaren 20an izango dituzten hauteskundeen erantzunari itxaron gabe, argi baitago zein izango den herriaren erantzuna edo nahia, Vietnameko Gobernuak mapa ofizial berria ateratzea erabaki du. Eta kalean dago, sortu berri. Mapa berri horrek dakarren berritasuna batasunean datza: hogei ta bi urte azken hontan besteek (amerikarrek) ezarritako mugak, beren aberria zati bitan banatzen zieten mugak kendu egin dituzte betiko. Hemendik aurrera, "ipar" eta "hego" aurrizki horiek, vietnamiarrentzat behintzat, ez dute orain arte izan duten esannahi mingarria izango.

B. ARRIZABALAGA


Munduan barrena

Kultura nazioartean. J. Jofforen Puxtarri zakutoa

Egunotan arrakasta biziaz ari da Frantzian filme bat zabaltzen, Un sac de billes. Lehenago nobela bat zen, izan horrekin berarekin, eta arrakasta berdinarekin, publikoa irabazi zuena.

Sentimentuak, arin eta fresko narraturik, merkatu ona du. Eta filme batetan emana badago, are merkatu hobea. Zenbait sentimentu Un sac de billes hortan! Eta zenbait negar gozo isurtzen duen andreak eta ezkutatzen duen gizonak, zinemako butakan eserita... Errusiako pogrometatik ihesi heldutako judu bat, bizargilea da Clignancourt langile hiribean. Baina alemanak sartu dira eta, gure bizargileak, okupatu gabeko bazterretara bidali behar bere zazpi semeak, banaka eta binaka. Eskola lagun batek Joseph mutikoari —gure Autoreari— judu izar horia puxtarri mordo baten truke kanbiatu dio. Eta mutikoa, juduen izar horia gabe, puxtarri mordo batekin zakutoan, han doa, ifernua barrena, bidean edonolako pasadizo ta abenturak ezagutuz, alemanengandik larrua salbatzeko. Filme hau zuzen-zuzenean bihotzera doa. Frantzesen bihotzera, hain zuzen.

Baina, nola esaten da? Hasieran berriketa zen. Eta berriketak nobela egin zuen. Eta nobelak egin zuen filmea.

Sevillako bizargilea artista bazen. Parisekoak ez dira gutiago. Aita bizargilearen semea ere bizargile da. Baina kategoria bat gorago. Joseph Joffo, dozena bat bizartegi saloi dotoreren jabea Parisen, literaturan hasi zaigu. Hasi, eta salto batekin goraino igon. Bizargileak kondu kondari biziak izaten dira, labainarekin darabilten hura geldi-geldi egonerazteko ere. Le Figarok deskubritu digunez, berritsu izatea da bizargilearen bigarren naturaleza. Labaina bezain tresna beharrezkoa duela ipuina, behintzat. Joseph Joffok, Edgar Faure ta Madame Chirac eta beste bezero ilustre askori behin ta birritan kontatu ondoren, mundu guztiari kondatu nahi zizkion bere historioak. Eta nobela bat idatzi du.

Ez, zuen, nobela bat idatzi zuen. Orain bi urte. Eta orain, bere ipuinen bezeria haundiago bila, filme bat egin du Doillonekin. Ipuinekin nobela eta nobelarekin filmea: puxtarri zakuto bat.

 Papillon-en merkatu-mekanismo bera da. Eta Papillon-ez gero, Frantzian puxtarri zakuto hori da salmenta haundieneko nobela. 800 mila ale ta gehiago. Filmea estrenatu zenean bakarrik 50 milako argitalpen berria egin behar izan zen. Arrapaladan denak saldu ere.

 Un sac de billes idatzi zuenean, Joseph Joffok esan zuen, lehenengo nobela hauxe zuela bere azkenekoa. Baina bigarrena ere atera berria digu, Anna et son orchestre, eta best-seller bidean datorkigu hau ere:

350 mila ale salduta jadanik. Filme berri batetarako ere, zer aproposa! Anna, Jofforen ama, Kosakoen gandik ihesi doa Errusiatik. Odessa, Budapest eta Vienan zehar, Parisera helduko da, bohemio antzera biziaz eta bizimodua nolabait atereaz biolin baten laguntzaz, abentura artean, nigar eta musika artean, Glignancourteko bizargilea ezagutu eta ezkondu arte. Ta happy end. Bi urtetan bi best-seller.

Gregorio Baldatika


Munduan barrena

Kultura nazioartean. Hautatuak: Chaim Potok eta New Yorkeko juduak

Chaim Potoken nobela denak New Yorkeko judu milieu ortodoxoan mugitzen dira. Berdin azkenekoa: Hautatuak.

Nobela honen haria konfliktu sinple hauxe duzu: hamabost urteko bi mutil judu New Yorken. Ruben, erlijio irakasle baten seme, joera liberalean hezia. Daniel, berriz, bere aita rabinoak ortodoxia gogorrean hezitakoa. Rubenen aitak Talmuda kritikoki irakurtzen du. Danielen aitarentzat Talmudeko puntu ta komarik ttikienak ere sakratuak dira. Semeak gurasoen erara datoz.

Hauxe da istorio guzia: Rabino seme fanatikoak besteari ia begi bat lehertzen dio jolas batetan, eskolan. Ezin elkar ikusi. Rabino semea odolbero bizia da. Ruben, betaurrekodun barnekoi bat. Astiro-astiro biok oso adiskide egiten dira. Rabinoak ez du begi onez ikusten adiskidetasun hori. Ahaleginak egiten ditu biok apartatzeko. Baina alfer-alferrik debekatzen dio semeari, beste liberal gaizto horrekin ibiltzea. Eta, azkenean, kalamitate guztietarako, rabino semeak karrera tekniko bat hautatuko du; eta liberal semea, beti matematikazale agertua, rabinotarako ikasten abiatuko da.

Chaim Potoken interesa sortzen duena, situazio prototipikoak asmatzea da, Juduen mundu ttikian. Judu arteko hauziok berdin baitira kristauonak, komunistenak, liberal eta ortodoxotan banaturiko talde guztienak. Talde guztiak daude gaur horrela ebakita. Chaim Potokek, batez ere, intolerantziaren problema juduen beren artean sartzeko adore du. Juduak berak —eta bi mutilon gurasoak— hainbat bider biktimatzat hartu dituen intolerantzia hori. Horrela intolerantzia gizonaren problema deklaratzen du. Ez honena edo horrena soilik.

Gainera, Chaim Potokek, herritasun, erlijio, eskola, nahiz ideologien arauera asmatzen diren ghetto guztiak salatzen ditu. Eta bere herrian salatzen ditu. Rabinoa eta erlijio irakaslea elkarren etsai amorratu bihurtzen dituen "burdin gori" bat Israelgo Estatua da. Erlijio irakasleak Israeleko Estatua ontzat ematen du. Rabino ortodoxoari esan ahal ezinezko sakrilegioa iruditzen zaio, Mesiak egin behar duena gizonek egitea: Israel eraberritzea, halegia. Konpondiorik ez da bion artean posible. Beraz, rabinoak deskomekatu egiten du bere herkide liberala.

Deskomekuak ere, situazio prototipiko batetan jartzen gaitu: gure mende hau deskomekatzaile ta deskomekatuz beterik dago ta.

Lazkano Mendizabal


Munduan barrena


Kultura nazioartean. Nobela sinpleak eta euskara

Chaim Potoken eta J. Jofforen nobelek merezi dute komentario bat euskal ikuspegitik. Bi Autore juduok, izan ere, ez dute lumarekin negozio on bat bakarrik egiten. Judegu herriaren zerbitzari habilak ere ba dira. Irakurleak "irabaztea", literatur negozio ona bezain jokabide politiko zuhurra da.

Hauk ez dira historiak aipatuko dituen nobelak. Baina bai, euskaldunoi zer pentsa eman behar liguketenak. Egungo gizonak, baxoerdiak edo kafe "behar" duen moduan, kontsumorako irakurgai erraz arina behar du, trenean doanerako, denbora pasa dagoenerako, burua nekatu nahi ez duenerako. Halare, irakurle hori gutitan iristen da libururik irakurtzera. Eta nobelok horixe lortzen dute: promedialgoa baino hogei, berrogei aldiz (liburu) irakurle gehiago sortzea.

Zer dute liburuok, halako arrakastarik izateko? Kondakizunak dira eta oso sinpleak. Ezaguna eta ezagutu gabekoa dosi egokitan partitzen dira. Irakurlea nahiko gauza ezagunetan dabil, eta, halare, berri egiten zaio, alde bereziren batengatik. Kosakoak. Viena, juduen haurrak, aleman zitalak: irudi topikoak bezala ditugu, eta nahiko exotikoak halaber. Irakurleak oso ezagunak ditu zinematik eta. Gero, irakurlearen sentimentu arrunt batzu abilki esplotatzen ditu: gerra, pogromak, haurrak oinazetan, andre bat musika bidez ogia irabazten eta ihesi, eta abar. Baina ez tristeegi. Nigarra eta poza ongi banatuta.

Liburuok, nahi bada, alienazioaren katea luze hartan daude. Ez dute katea etengo, behintzat. Eta halare (ez horregatik!), hala eta guztiz ere, behar-beharrezkoak ditugu halakoxe gauzak euskaraz. Liburuon teknika estudiatu eta ikasi beharrean gaude. Hain zuzen, liburuok etsai ditugulako ere bai; baina, batez ere, lagungarri izan ditzakegulako.

Ez al da nahiko problema, soldadutzara joan, eta sekula libururik irakurtzen ez zuen mutilak, euskaldun hutsa eta langilea bera, enpatxatu arte Estefania Lafuente irakurtzea, asper ordu luzeetan? Estefania Lafuente irakurtzeko baino gehiago eskua luzatu ezin duenak ere, edo nahi ez duenak, izan dezala zerbait bere eskumenean euskaraz. Ala gauza horiek hobe dira erdaraz euskaraz baino? Beste batzuk nahiago zuten euskara hiltzea, biraorik euskaraz egotea baino... Ea esplikatzen naizen, HITZ 5-eko iluntasun eta duda batzu argitzeko moduan. (Bidea nabar esateko: artikulu irakurgarria huraxe, kultura inprimatuari buruz). Guk literatura hori ere BEHAR dugu. Halegia, ez helburu bezala, helpide gisa baizik.

Irakurleria ugaritzeko, lehenengo. Euskaraz dakien askok ez baitaki euskaraz irakurtzen. Eta hau nekez hasiko zaigu zailenetik. Halakoekin ikasiko du. Arrazoi hau, aldrebes jarrita, honela agiri da: holako literatura behar dugu euskaraz, erdarazko berdinari lekua harrapatzeko. Zeren-eta, hori, erdaraz, euskal irakurlearen alienazio bi baitira. Euskaraz eginez, apurtxo bat aurreratu dugu behintzat.

Beste arrazoi bat: horien teknika erraza, baina efizientea, ikasteko. Zabalkunde politikoa egiteko ere behar dugu teknika hori. Orixek, bere garaian, Santa Kruz Apaiza egin zigun. Baina guk ez dugu aurkitu geure egunotarako moduko erarik, gure ideia eta asmoen zabalkunderako. Tostoiak bakarrik egiten ditugu.

Eta hirugarren: literatura onik izateko ere beharrezko iruditzen zait halako obra ugari izatea. Literatur obra bikainak oso bakanak dira, eta ez euskaraz bakarrik. Ustekabean aurkitzen diren irlak bezala dira. Baina irlak itsasoan bakarrik egoten dira.

Literatura erraza, pornografia, eta subkultura oro, dagoena dagoenean uzteko dela, egia da. Ez da hori, askatuko gaituena. Hori esan beharra dago. Baina ez dugu ahantziko, bai literatura errazak eta bai pornografiak eta bai subkultura askok bere liberazio alderdia izan dezakeela, mila eratan. Ez esan, iluntzean whisky bat liberaziorik ez denik, bere eran, egunean gogor lan egin duenarentzat. Eta batzuk, beren atseden ondo irabazirako, telebistan futbola ikusiko dute. Tertulian arituko dira besteak. Eta zenbaitek nobela arin bat irakurriko dizu, distraitzeko. Atsedena, berriz, "alienazio" izanik, liberazio bat da.

Beno, eta besterik ez balitz ere: erdaraz alienatzea hobe ote da euskaraz alienatzea baino? Ez daukagu hortan ere zergatik erdarari abantailik eman. Baditu bestela ere nahikoa.

Jose Azurmendi


Erlijioaz

Sexua hauzitan

Fedearen Doktrina zaintzen duen Vaticano-ko Kongregazioak, etika sexualari buruzko agerpen bat egina du berriki. Urtarrilaren 15ean irten zen argitara.

Sarrera gisako kontsideramendu batzu egin ondoan, hiru puntu berezi ukitzen ditu dokumenduak: ezkondu aurreko sexu harremanak, homosexualitatea eta masturbaketa. Azkenik, bekatu larriaz eta kastitateaz zenbait argibide eskaintzen ditu.

Zenbait herrialdetan gaizki hartua eta zorrotz kritikatua izan da. Frantzian, adibidez, Lyon inguruko 46 teologok textu labur bat sinatu dute, delako agerpenaren akatsak eta ahuleziak salatuz.

Espainian azaldu den kritikarik gogorrena, Miret Magdalenak TRIUNFO aldizkarian (otsailaren 7koa) egin duena dateke.

Euskal Herriko kazetetan ez dugu taiuzko kritikarik ikusi ahal izan. Gure Herriaren zentzu kritikoa lozorroan dago nonbait. Baliteke, ordea, jendea arazo larriagotan sartuta dabilelako izatea ere.

Dena den, dokumendu horri egin dakiokeen kritikarik zuzenena, konetara bil daiteke: gaur egungo zientziaren aurrerapenak eta ikuspegiak ez ditu behar adina haintzakotzat hartzen eta, bide batez, giza sexualitatearen sentidua agitz murriztua ageri da. Hori horrela bada, zernolako atxekimendua merezi dezakete hor proposatzen (proposatzen ala inposatzen?) diren moral jokabideek?

Gure ustez, maitasunari begira dagoen giza balio eder honek merezi luke tratu eta tratamendu hoberik. Bazterrak mesfidantzaz eta debekuz josi beharrean, hobe litzateke sexuaren sentidua eta esanahia argi berritan ipintzea. Baina Vatikanoko jendea urruti samar dabil oraindik planteamenduotatik.

Doktrina eta printzipio aldetik, gauzak lehenean daude dokumenduarentzat. Halaz ere, badirudi pastoralgintzarako biguntasun eta konprensio gehiago eskatzen duela deklarazioak.

Bide bakarra ikusten dugu korapilo hau askatzeko: giza sexualitatearen sentidu sakona haintzakotzat hartzea eta giza-emakumeak erantzukizunez eta askatasunez jokatzera gonbidatzea.

Jose Altuna


Erlijioaz

Donostiako apezpikuak mintzo

Argaya eta Setien apezpiku jaunek gutun labur bat bidali diete beren apezei. Otsailaren 11an sinatua dago.

Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu berriak diren bi hilkuntzak aipatzen dituzte bertan, beren jarrera aditzera emanez. Indartsuki gogarazten digute "kristau kontzientziak ez ditzakela ontzat eman ilkuntza-bide auek, Jainkoaren legeak debekatzen dituen bide auek".

Beste behin esandako hitzak errepikatuz, honela diote: Odola isurtzea ez dela espirituak eta gizartea paketzeko bidea; ez daitekela izan ere".

Ados gara apezpikuen jarrerarekin. Baina ez gaude lasai beste zerbait erantsi gabe.

Ba dirudi Euskal Herriko apezpikuentzat, hemengo arazo bakarra noizean behingo erailketak direla. Bazterren batetan norbait garbitzen ez duten bitartean, hemen ez da deus gertatzen nonbait. Odolaren aurrean bakarrik esnatzen dira gure apezpikuak, eta jokabide hori ezin genezake ameti.

Aipatu gutunean diotenez, apezpikuek beren egitekotzat jotzen dute: bakearen eta elkar barkatzearen Ebangelioa hots egitea; lege moralaren eskakizunak aldarrikatzea; eta, batik bat, giza eskubideak aldarrikatzea.

Ongi da, obispo jaunak. Ba dukezue lanik aski eginbide horri serioski lotzen bazatzaizkiote. Aspaldiko partez izanen da gainera. Dena den, jakizue behin betirako, Herri honetan gertatzen diren hilkuntzak arazo zabalago baten ondorenak direla eta ez dela serioa jadanik gure artean, problema sakonak eta gordinak alde batera utziaz, anekdota rnailan geratzea.

Honenbestez, ez dut esan nahi bi gizon akabatzea pisurik gabeko arazoa denik. Utikan gisa honetako iritziak. Halabaina, askozaz garrantzi handiagoa ematen diogu Herri baten hilkuntzari eta ezinbiziari. Eta horixe da, hain zuzen, gure arteko hauzi nagusia.

Beti partxeak eta adabakiak ipintzen ibili ordez, hobe lukete gure apezpikuek ere, planteamendu zabalagoak eta zuzenagoak eginez, Euskal Herriaren arazoari adarretatik helduko baliote.

Jose Altuna


Erlijioaz

Iruineko apez batzordea eta Euskal Herria

Otsailaren 19 eta 20ean Iruineko Artzapezpikutegiko Kontseiluak izan zuen bileraren ondoren, agiri bat azaldu zuen. Oso osoa interesgarri bada ere, guk hemen gehien axola zaigun zerbait aipatuko dugu.

"1. Apez, erlijioso eta kristau orori diozesi arteko harremanetara dei egin eta bereziki, Donostia, Bilbo eta Gasteizeko diozesiekin plangintza bat egitera bultzatu.

2. Iruinea eta Burgoseko eliz probintziak aldatzeko gogoa agertu zen, Euskal Herrian eliz probintzia berdinago bat sor dadin".

Hauk dira kontseiluaren lehen bi erabakiak.

Harrigarri zaigu horrelakorik agertu duen lehen diozesia Iruinekoa izatea, Donostia eta Bilbokoak oraino ofizialki behintzat deus ere esan ez dutelarik.

Dena den, gogokoa ikusten dugu asmo hori, eta ea lehen bait lehen Euskal Herriko diozesi guztiak Artzapezpikutegi berean ikusten ditugun, ANAITASUNAren 308-309. zenbakian eskatzen zen bezala.

Antton I.


Elkar ikuska

Euskaltzaindi onhartua

 Elkarte ofizialki onartua dugu orain Euskaltzaindia. Legez onartua esan nahi dugu. Euskal Herri osoa bere baitan eta babesean hartzen duen Elkarte errekonozitu bakarra dela gogarazi behar ote dugu? Horrek guretzat duen garrantziak ez dio irakurle ohartuari ihes egiten.

 ANAITASUNAk pozarren hartu du Euskaltzaindiaren ofizialtasun hau, azken zenbakiko editorialean esaten genuenez. Onartze honek ondorio fruitutsuak izango ahal ditu!

 Nortasun ofizial hau lortu duenetik, lehen bilkura Bizkaiko Zaldibarren ospatu du Euskaltzaindiak, martxoaren 6an hain zuzen. Bilkura hau, Bitor Garitaonaindia Argia astekariko kazetaria goratzartzeko zenez, biak loturik (Euskal Akademiaren berrikuntza eta kazetaritza), biziki poztu nahiz, sinbolo bat bezala somatu baitut hor.

 Euskaltzaindiaz zerbait gehiago jakin minez, honen Zuzendari trebe eta ekina den Luis Villasanterengana jo dut:

1. Euskaltzaindiaren historia llabur bat egiguzu, Elkartearen pertsonak, laguntzak eta gorabeherak agertuz.

1. Euskaltzaindia 1918 eta 1919. urteetan sortu zen. Bizkaiko Diputazioak elkarte hau sortzeko asmoa hartu zuen, eta beste hiru Diputazioei (Araba, Gipuzkoa eta Nafarrakoari) egintza hontan lankide izateko eskatu zien, eta hauek baiezkoa eman zioten. Beraz, lau Diputazioen babesaz, laguntzaz eta itzalaz bizi izan da. Asmo hau praktikara eramateko, ordea, Eusko Ikaskuntzaren (Sociedad de Estudios Vascos) laguntza eskatu zen, eta honek Oinatiko Batzarrean elkartearen egitura, helburuak eta abar finkatu zituen. Batzarre honetan, gainera, lau euskaltzain fundatzaileak izendatuak izan ziren: Azkue, Urkijo, Elizalde eta Kanpion. Beste zortzirak hurrengo urtean (1919. urtean) Donostiako Diputazioan izan ziren izendatuak. Eta hoiek izendatzeko, garai hartan ateratzen ziren euskarazko aldizkarien zuzendariei deitu eta botoa emateko eskubidea izan zuten.

2. Helburu eta xede nagusiak xeha zazkiguzu.

2. Euskaltzaindiaren helburuak Oinatiko Batzarrean finkatuak izan ziren. Ba ziren eztabaidak: ea elkarte horrek euskarari buruz azterketak eta ikerketak egiteko izan behar zuen, ala euskara bizia zaintzeko eta honen alde lan egiteko? "Bat ala beste", galdetzen zen. "Bat eta beste", erantzuna. Beraz bi sailok hartu behar zituen: Iker saila eta jagon saila, alegia. Bi sail handi hoien barnean sartzen dena xeheki azaltzeak urrunegi eramango ginduzke. Nolanahi den, bi eremu zabal hoien barnean sartzen dira Euskaltzaindiaren egiteko guztiak. Hoiek bana-banaka aipatzen dira Euskaltzaindiaren Arautegian. Adibidez, euskara batuaren arazoa, hiztegigintza, gramatikagintza, sariketak eratzea, euskararen eskubideak zaintzea, agiriak ematea, eta abar.

3. Ofizialtasuna lortu berria duzue. Zeintzu izan dira hor izan dituzuen gorabeherak, eta batez ere zeintzu dira abantailak?

3. Hasiberri hartan Diputazioek emandako ofizialtasun eta babesaz bizi zen, eta Euskaltzaindiak ez zuen uste gehiago behar zuenik. Baina urteak joan eta urteak etorri, legeak asko aldatu dira. Diputazioek ez dute lehengo ahala. Euskaltzaindiari ematen zioten babesa eta laguntza ere ez zen lehen bezalakoa, askoz urriagoa baizik. Legezko nortasuna gaurko egoerara orainatu beharrean gertatu da Euskaltzaindia. Hortarako egin diren jestio eta atzera-aurrerek atarramenturik onena izan dute azkenean. Erregek aitortza eta ezagutza osoa eman dio Euskaltzaindiari. Euskaltzaindiaren helburuak eta Arautegia onartu ditu. Beraz, nortasun osoa du orain bere helburuen alde lan egiteko eta euskararen alde aurpegia ateratzeko. Geroago eta garbiago ikusten genuen gure legezko nortasunaren egokitze hau egitea beharbeharrezko zela, ez han, Madrilen, baina hemen, Euskal Herrian, entzunak, haintzat hartuak eta lagunduak izateko. Eta hau uste dut dela emandako pausoaren abantailik handiena.

4. Euskaltzaindiaren azken bileretan, Elkarte honen premiak sarritan aipatu izan dira. Ager zazkiguzu bizpahiru premia nagusi.

4. Diru eskasia eta laguntza falta izan da, orain arte, gerra ondoko garai hontan, Euskaltzaindiak izan dituen oztopo handienetako bat. Hortik moztasun handia eta atzerapen handia bere lanetan. Euskaltzaindiko jaunek, bizi ahal izateko, beste ofizio eta lanetara lotuak egon behar dute, eta orduan, jakina, Euskaltzaindiko zeregin handiak edo ez dira egiten edo erdizka edo motel antzera egiten dira. Izan ere, euskarak gaur egiteko dituen eginbeharrak ez dira txolarteetan edo denpora pasa bezala egin ahal izatekoak. Hortarako batzorde bereziek, bete-betean lan eginez, artu beharko lukete, baina lan sari gabe nola igotziko diozu horrelako zama inori? Nik uste dut eman den pausu honen ondoren errazago izango zaigula laguntza hori bilatzea.

 5. Ofizialtasuna dela eta, honek sortzen duen dinamikarekin, gogoberriturik ikusten dugu jendea. Dituzuen asmo ugariak nola aurrera eraman?

5. Euskaltzaindiak, bere Arautegiak markatzen dion bideari leial egon nahi du. Han izendatzen zaizkion asmoak eta eginbehar handiak egi-bihurtzen saiatuko da. Orain arte bezala. Baina orain arte izan ez duen indar eta laguntzaz. Hala uste dut, behintzat.

Joan M. Torrealday


Hizkuntza

Hiztegia

AGURAIN: Salvatierra, Arabako herri bat.

AISA: aise, erraz.

AKIZE: Auch, Akitaniako herri bat.

ALEGIAKERIA: ficciones, fábulas.

APEZPIKU: obispo.

BEGIRALE: espectador, curioso.

BEUDE: egon bitez.

BEZUZA: regalo, cadeau.

BIDENABAR: bide batez.

BILBEZTATU: entramado.

BORDELE: Burdeos.

BURKIDE: camarada (buru + kide).

BURRUKATASUN: combatividad.

DERRAGUN: esan dezagun.

DESKOMEKA (TU): excomulgar, -ado.

DESKOMEKU: excomunión.

EDIRO: eriden, idoro, aurki (tu).

ELAKA (TU): mintza (tu), hitz egin.

ERAIKUNTZA: edificación, construcción.

ERAILKETA: hiltze, garbitze.

ERHAN: (erhate, erhaite, erhale, erhaile) hil.

ESKAKIZUN: reivindicación.

ESNA(TU):itzarr(i), itzar(tu).

ETSIPEN: resignación, aceptación, desaliento.

EZEN: zeren, pues.

GAITZ: eskerga, enorme.

GAURDANIK: gaurtik aurrera.

GIZAZALE: humanista.

GOGO IZAN: nahi izan, gura izan.

GUPIDA: compasión, consideración, contemplación.

GUTUN:eskutitz, karta.

HAGITZ: guztiz, oso.

HILTZER: hiltzear, hil zorian.

IDAZTEREMU: literatur arloa.

IDAZTI: liburu.

IDORO: ikus ediro.

IGORTZE: bidaltze.

INONDIK ERE: sin duda (baiezko esaldietan).

JARRAIKI:segi(tu).

JAZO: gerta (tu).

JORAN: afán, deseo vehemente.

JUDU: judío.

KAUSI (TU): aurki (tu).

KAZETAURREKO: ante la prensa; kazetaurreko elkarrizketa: rueda de prensa.

KIROLDEGI: estadio deportivo.

KONDARI: narrador, cuentista.

KONDU: cuento, narración.

KONPROMEZU: compromiso.

KONTRAKOLPE: contragolpe.

LOHIHARTZEKO: buzo, bombacho, mono; langileen jantzia.

MEHATXU: amenaza.

MENDIMARTZANA: Mont de Marsans, Akitaniako herria.

MENDRE: ttiki; den mendreena denetarik ttikiena.

MERKATAL: comercial.

MERKATALGO: comercio.

MOETA: mota, mueta (lat. moneta-tik dator).

MUNTA: garrantzia.

NONBAIT: antza, dirudienez.

OHIA: izandakoa, ex-, antiguo.

PABE: Pau, Akitaniako herria.

PASARTE: pasaje, párrafo de un texto.

PETRAL (DU): gaizto (tu), gaizkoa (tu).

POLYKIROLDEGI: polideportivo.

PORROT: fracaso, quiebra, bancarrota.

PUXTARRI: canica, bolita.

SALNEURRI: prezioa.

SOLASKIDE: interlocutor.

SUPERBIZIPEN: supervivencia.

SINDIKALGINTZA: sindicalismo, construcción sindical.

TARBE: Tarbes, Akitaniako herria.

TXOTXONGILO: títere, marioneta.

UKAPEN: negativa.

URLIA: fulano, un tel.

ZABALKUNDE: difusión, publicidad, propaganda.


Hizkuntza

Gutunak euskaraz (II)

Artikuluxka hau aurreko zenbakian agerturikoaren jarraipen gisa pentsaturik dago. Bigarren artikulu honetan, ezagunei egiten zaizkien gutunei buruz idatziko dut. Hauen barnean merkatal gutunak ere sar daitezke.

Guzti horien ezagugarri bezala, errespetu kutsua dariela esan daiteke. Erdaraz (bai espainolez eta bai frantsesez eta bestez) errespetu hori nolabait adierazteko, hizkuntza mintzatuan erabiltzen ez diren esaldi eginak erabili ohi dira; eta sarri askotan, arkaismoak ere bai.

Guk ere, euskaraz eredu egokiak bilatu behar ditugula uste dut, eta, horregatik, nik neuk horrelako batzu proposatuko ditut. Eta, besterik gabe, hona hemen zenbait eredu.

 • Donostiatik, 1976.eko otsailaren 28an

 • Iruinetik, 1976-11-28

 • Mauletik, 1976-11-28an

• Eneko Berrongeta Larrauri jaunari

• ANAITASUNA aldizkariko zuzendari jaunari

• ETXESA entrepresako merkatal zuzendariari

Hasteko ereduak

• Jaun agurgarriori:

• Zuzendari jauna, agur:

• Jauna:

Bukatzeko ereduak

• Zure erantzunaren zain nagoelarik, har ezazu agur bero bat

• Eta besterik gabe, har ezazu agur bero bat ...gandik

• Zure begikotasuna aurretik eskertuz, zintzoki agurtzen zaitu

• Begirunez agurtzen zaitu

• Adikortasunez agurtzen zaitu

Honelako gutunak aipatzerakoan, ezin utz ditzakegu aipatu gabe, Axularrek eta Joannes Etxeberri Sarakoak eginiko gomendiozko gutunak.

Axularrek honelako hasera ematen dio bereari: "Ene jaun Bertrand de Echaus, Tursko Arzipizpiku, Frantziako lehenbiziko erremusinari: Ordenako aitonen seme eta erregeren konseillari famatuari ZERUKO LORIA.

Neure jaun maitea..."

Joannes Etxeberrik ez du sarrera berezirik jartzen bere "Lau-urdiri gomendiozko karta edo guthuna" delakoan. Bide beretik, aipatzekoa da, nola idazle biek modu berean bukatzen duten gutuna.

"Zure zerbitzari ttipiena, eta obligatuena" (Ax.)

"Zuen zerbitzari ttipiena, eta obligatuena" (Etx.)

J. R. Etxebarria


Aisiaren ordua. Postaz etorriak

Errege ala Erregea? Biak ongi

ANAITASUNAren 309. zenbakian errege hitzaren deklinabideaz irakurri dut, eta ez nago zehazki ados Etxebarriaren edo Larresororen eritziaz. Zuzenago deritzot Lafitteren aipamenari. "Grammaire Basque" delakoan eta 73. horrialdean, honela esaten du Lafittek: "On met l'article avec le mot errege, roi, quand il designe le roi des personnes qui en parlent. Ex.: Kristo erregeri, agur. Belgikako erregeak gure errege mintzatu zuen".

Eta, nire ustez, Espainiako erregea ez da, oraingo aldian behintzat, euskaldun guztien erregea ez eta Euskal Herri osoarena ere. Beraz, nornahik dakike beraren erregea den ala ez, eta deklina beza behar den bezala.

Jose Mari ALIX TRUEBA

***

1976-1-15eko ANAITASUNAren zenbakian, J. R. Etxebarriaren artikuluxka baten irakurtzeko gustua izan dut, errege hitzaren deklinabideari buruzkoa, hitz hori "izen propio" bezala deklinatu behar dugula oroiteraziz. Hitz horretaz argitasun zerbait emateari egoki derizkiot nik ere, zeren eta gure erresuma hau, hainbeste urtetan erregerik gabe egon ondoren, erregedun bilakatu baitzaigu gauetik goizera. Ez da, beraz, batere itsusi izanen, euskaldun gazteek —bai eta zaharrek eta... errepublikazaleek ere— ikas dezaten hitz agurgarri horren erabilkera zehatza.

Etxebarria jaunaren hitzei gagozkiela, ba da idazle zenbait, errege oker deklinatzen duena. Egia ote da hori? Beharbada bai, beharbada ez. Esan nahi dut, bere ustezko "oker" hori, noiz eta nola, egiazko "zuzen" izatea gerta daitekeela; hots, zenbait kasutan "errege" eta beste zenbaitetan "erregea" idatzi eta esan beharra izatea.

Etxebarriak emandako argitasunak Larresororen "Sustrai Bila" liburu baliosetik hartuak dituela dio. Iturri ezin hobea benetan. Baina hitz horri buruz, Larresorok esan duenaz besterik ere ba da; eta honen ezagutzea on litzatekeela uste dut. Irakur ditzagun, bada, batzuen eta besteen esanak. Hona Larresororen hitzak:

Honetan ere dudarik batere ere ez dago; eta gaurko idazleek lardaskatzen dute euskal deklinabidea, erderaz 'el rey, le roi' esaten bait da, eta ez 'Rey, Roi', 'Joanes' edo 'Maria' erabiltzen diren bezala". Eta "errege"ren deklinabide osoa ematen digu hurrengoan: errege, errege-k, errege-ri, errege-ren... eta abar. Eta gero exenplu andana bat ere ezartzen du, klasikoetatik hartuak.

Ikus dezagun orain, Lafitte jaunak bere "Grammaire Basque"n jakin erazten duena: "...artikulua kentzen zaio errege hitzari, errege hori, mintzo denaren beraren erregeari dagokionean (quand il est roi des personnes qui en parlent): Kristo erregeri, agur (salut au Christ-Roi); Belgikako erregeak gure errege mintzatu zuen (le roi des belges avait converse avec notre roi)".

 Errege hitzak, beraz, BI deklinabide mota ditu. Geure erregeaz (gaurko Juan Karlosez nahiz iraganeko geure edozein erregez) ari garelarik, errege esan eta idatzi behar dugu, izen propiotzat harturik; besteren erregeaz mintzo garela, berriz, erregea erabili behar, izen arruntaren deklinabidea, halegia. Erregek Suediako erregeari bezuza bat egin dio ("gure" esan beharrik ez da). Marokoko erregearekin egon da errege, solasean. Eta gauzak horrela direla, ez da onhartzen ahal ZERUKO ARGIAren 673. zenbakian irakurri dugun harako titulu hura: Erregearekin Elizak zer?, erregerekin esan beharra zuen eta.

Larresorok exenplu lerrokada bat ematen duela esan dut, bere irakaspenaren baieztagarri. Ez dut astirik izan, exenplu horik atera ditueneko liburu pasarteak irakurtzeko eta beraien esannahi zehatza egiaztatzeko; baina uste izatekoa da exenplu horietan orotan kunplitzen dela Lafittek emandako baldintza: halegia, kasu guztietan bere erregeaz ari izaten dela mintzalaria eta ez besterenaz. Bigarren deklinazio mota honi buruzko exenpluak ere aurki zitzakeen Larresorok, nik uste, aisa aurki ere, Lafitte jaunak ediro dituen bezala, ez baitu inork ere pentsatuko beronek asmatuak direnik.

Har gogotan, bada, bereizkuntza pollit hori. Hortaz ez axolatzea, haintzat ez hartzea ("Sustrai Bila"n egiten den bezala), gure hizkuntza murriztea, soiltzea bailitzateke. Errege eta erregea elkarrekin bizi daitezke, nori bere erreinua emanez.

Eta, orain, Etxebarriak dioskuna: "...ez pentsa hori euskalki batetako bitxikeria bat denik, zeren eta agertzen diren adibideak euskalki guztietakoak baitira". Izan ere, Larresororen zerrenda hartan ikusten baititugu gipuzkoar eta bizkaitar idazle batzuren adibideak. Eta nik, neure aldetik, beste bat aurkeztu nahi nizueke, pisu handikoa bera, Zamarripa bizkaitar famatuaren gramatikatik jasoa hain zuzen: "El vocablo errege —argitzen digu berak— puede equivaler a su propio significado rey, con el artículo 'el', aunque no lleve la correspondiente a, siempre que lleve algún sufijo declinativo. Erregek agindu dau, lo ha ordenado el Rey. Erregeren semeak diño, lo dice el hijo del Rey. Erregegana goaz, vamos al Rey". Exenplu horietan beti ere esalearen beraren erregeaz ari da Zamarripa. Ongi da; baina besteren erregeaz zer? Ez du Zamarripa jaunak deus ere esaten horri buruz; baina horrek ez du esan nahi, bizkaieraz ere holako bereizkuntzarik egiten ez denik, edo aspaldi batez egiten ez zenik.

Gramatika arazoetan, edozein gauzatan bezala, ez da aski maisu bakar bati —zein ere on eta jakintsu datekeen— atxekitzea, Ebanjelioari bezala. Holako jokabidea zilegi eta gehienetan nahitaezko zaio irakurle eta ikasle arruntari; baina ez, inola ere, beste norbait argitzeko eginbide prestua bere gain hartu duen irakasleari. On da, beraz, maisu guztien eritziak eta irakaspenak ondotxo ezagutzea eta haintzakotzat hartzea.

R. BOZAS-URRUTIA

***

Gasteizen,1 976.ngo Otsailaren 9.an

Kaixo lagunok!

Jaso dudan azkenengo "Anaitasuna"-n nere izena azaltzen zen, Bilboko Telebistako Ordezkariarekin egiñiko elkarrizketa batean. Eta nere gutun hau, hain zuzen, hortaz ohartxo beharrezko bat egiteko asmotan dijoakizue.

Gorka Knörr "Euskalerria" deitu telebistako saioaren programaketan omen dago. Baiñan, hortakoz, nere ustez behintzat, nere baimena eduki beharko dute.

Egia da behin baiña gehiagotan telebista-saio hortara joateko deitu didatela. Baiñan oraingoz ez daukat joateko asmorik. Zergatik? Oso arrazoi xinple eta arruntagatik. Neuk, "euskeraz kantatzeagatik", ez daukat, ez "carnet de conducir", ez eta "pasaporte"-rik: eta telebista-saio hortara joateko ezarri dudan lehenbiziko baldintza hauxe da: nere eskubide (gaiñera nere lana aurrera eraman ahal izateari bete betean doazkon eskubideak) horiek aitortzea eta nere paperak bueltatzea. Paperak bueltatzen ez dizkidaten bitartean, ez naiz telebista-saio hortan azalduko.

Beharrezko ohartxo hau eginez gero, hartu itzazue nere agurrik beroenak eta segi aurrera hartu berri duzuen berrikuntza bide hortan. Ez dakizuela gerta azalezko bakarrik, baiñan mamia aldetik ere.

Gorka Knörr


Aisiaren ordua

Telebista eta piztiak

Piztiak izango bagina, gure arazo eta bizitzak jatorki agertuko ziren telebistako leiho miragarrian. Baina, zoritxarrez, gizaseme hutsak gara.

Urte osoak daramatzagu espainiar telebistan astean behin guttienez abere eta piztien berri sakon ikasten, beren ohiturei buruz ordu bat edo ordu erdiko saioak ikusten. Horretarako, Amazonaseko basoetan eta hibaietan bizi diren piztien berri filmetan jasotzearren, Madrileko telebistak ugari eman ditu milioiak...

Lan hau, noski, oso ondo egina izan da eta piztia arraroenak gure etxean dabilen katu zaharra baino ezagunagoak bihurtu zaizkigu.

Lan eder honen aurka idazten al gara? Ez da gure asmoa. Abere edo animaliak ezagutzea ona iruditzen zaigu, abereen bizitzak interesgarriak baitira eta askotan gizonoi irakaspen haundiak ematen dizkigutelako.

Baina... horra hemen kezka. Dirudienez telebistari abereak gizasemeak baino garrantzitsuagoak iruditzen zaizkio.

Noiz erabiliko du telebistak, gure arazoetara hurbiltzean, abereei buruz agertzen dituen bideak? Noiz izango da telebista gure bizitzen ispilu, Amazonaseko edo beste edozein basoetako abereei buruz gertatzen den dezala? Gure herriaren arazoak noiz izango zaizkio Madrileko telebistari piztienak bezain interesgarriak? Noiz onhartu eta konprenituko ditu gure burrukak, basapiztienak onhartu eta ulertzen dituen bezala?

Pizti artean dauden burrukak "behar-beharrezkoak" bezala azaltzen dizkigu telebistak, "superbizipen" eta "autodefentsa"rako burrukak baitira, berak dioenez. Baina gure gizartean dauden burrukak inoiz ez ditu "superbizipen" edo "autodefentsa" koak bezala ikusi nahi.

Animaliei buruz aski ikusi dugu. Noiz helduko dira telebistara gizonak herriak? Telebista piztia indartsuen mendean ote dago? Lantxo honek piztia ahul eta ahantzien kezka izan nahi luke.

X. ARTZELUS


Aisiaren ordua

Liburuak

HILTZAILE BATEN BILA

Xabier Gereño.

Kriselu.

DONOSTIA.

Hona hemen, berriz ere, Xabier Gereño bere nobela batekin. Oraingo honetan, gai berria, euskal nobelagintzan hain gutti landutako alorrekoa: Polizi nobela (Nobela poliziakoa).

Nobela guztia itsasuntzi batetan gertatzen da. Marinel bat hila aurkitzen dute eta itsasuntziko kapitainak nor izan den argitu behar du. Jakina, ez zaio falta emakume baten inguruko nahasteak ere, itsasuntziko bizitza iluna pixkat aldatzeko.

Bestalde, aipagarriak dira egileak Portugaleri buruz egiten dituen aipamenak, nola erabiltzen dituen hango izenak, batez ere, itsas portuetakoak, bai eta ere kafetegi eta tabernenak ere.

Nobelaren haria, hasieratik amaierarte oso erraz segitzen da, nahiz eta zati batzutan gertaerak, egoerak eta pertsonaiak gehiegi nahasi, baina hau polizi-nobeletan maiz gertatzen dena izan.

Nobela honek badu aparteko baliorik ere. Euskara aldetik, hiztegi eta adizkien aberastasun ugaria du. Guztiz nobela egokia euskara ikasten ari direnentzat, eskoletan ikasi behar izaten dituzten hainbat teoria praktikara eramaten ikasteko.

Bestalde, euskara irakurtzeko ohitura handirik ez dutenentzat eta batez ere sarritan erabiltzen dugun bigarren esannahi hori ongi hartzeko gai ez direnentzat guztiz nobela irakurgarria. Xabier Gereñoren nobela honetako esaerak beti zuzenak dira, aparteko hitz joko eta esannahi gabe.

Horregatik, gure ustez, hain beharrezko ditugun irakurgai eta nobeletarik bat.

IZAGIRRE URREAGA

Itsaso ahantzia

KRISELU, Donostia 1976

Euskara batuan. Poemak. Ez dute titulurik. Bestetatik, era bereizi batean muntaturik daude. Patxadan irakurtzekoak dira, ez baitira erraz ulertzekoak. Liburuaren horrialdeek ere ez dute zenbakirik. Beraz, bakardadean eta ixilean ausnartu beharrezko liburua.

SALGARI, Emilio - MENDIGUREN, Xabier

Morgan - 1

CINSA, Bilbo 1976

Euskara batuan. Nobela. Mendigurenek euskaratu du Salgariren nobela famatua, CINSAk euskaldun gaztettoentzat prestatu duena. Joseba Txarterinak hainbat irudi egin ditu liburu honentzat. Akzio handiko nobela, gure gaztettoek gustora irakurri dute "Robinson Crusoe" eta "Heidi"ren atzetik datorren liburu hau. 132 horrialde ditu.

Xabier Gereño

IRIGOIEN, Juan Mari.

Oilarraren promesa.

GERO, Bilbo, 1976.

Euskara batuan. Goian poema liburu bat aipatu badugu, hau nobela bat da. Eta goian euskal poesia gaurko problematikari lotu zaiola adierazi badugu, hemen nobelagintzaz gauza berbera esan behar dugu: "Txominek bihotza borroka bizian du. Berak, iraultzaile batek, amaren aurpegi hura laztandu nahi lukeela sentitu du". Hau ere gustura irakurri den liburua da. 220 horrialde.

SATRUSTEGUI, J. M.

Euskaldunen seksu bideak.

JAKIN. Oñati 1976.

Euskara batuan. Saiaera. "Gai izkuturik baldin bada herri jakintza mailan, seksu heziketakoa dugu bat". Eta hau argitzera datorkigu liburua. Serioski egina, dena ondo normalizatua eta bibliografi aberats batez maisuki baliatzen delarik, 220 horrialde.

AZKUNE, Iñaki.

Katalin Erauso.

GERO, Bilbo, 1976.

Euskara batuan. Gaztettoentzat KIMU SAILAn argitaratua. Monja Alferez euskaldun famatu haren bizitza nobelatua, horrialde osoko irudiz hornitua. Euskara trebe eta erraz baten idatzia. 140 horrialde.

Hitzak ebakitzean (Poemak I)

Egilea: Luis Mari Mujika.

KRISELU; 1976

Nik ez dakit gauza handirik balio duenentz Mujikaren poesia ismo bateri edo besteri lotzeak: gaur egun munduan egiten den poesia gehiena bezala, berea ismoetatik libre dago, hobeki esan, joan den ehun urte honetan (Beaudelairek hasera eman, Rimbaud, Mallarmé, Surrealistak..., jarraitu bideari) bata besteen kontra errebotatuz ala erreboltatuz sortu diren ismoz oretuta egiten da gaur egungo poesia, agian bizkarrezurrik gabeko mundu honetan denak duelako kabida eta gure ase ezineko irentsi beharrak, sorberritan beste aurreko baten antagonista amorratua legez jaio izan ziren ismoak, gaur egun, kide, osagarri, kate edo sare baten maila bezala guztiak beharrezkotzat jo erazten gaituelako.

Ez nuke esango eklektizismo honek, poeta on batek behar duen diziplina zehatzari onik egin diezaiokenik. Behar bada ez, luzaroan behintzat, Mujikak ordea, gazte izanik, bide luzea du, eta goiz ixiltzen diren horietakoa" ez baita, ugaritasun honek heldutasun osora iritsi baino lehen eman liezaioke halako aberastasun inbidigarri bat, bilduma honetan jadanik edonon soma daitekena. Aberastasunak bestalde, egileak berezko duen erraztasun errazegiari dentsitate historiko bat emanez nolabait frenarazi egiten dio, zorionez ene ustez, erraztasuna, besterik gabe, buru biko ezpata baita.

Literatura sakratua ez ezik, bistan da, bestea ere, undergrownd-ekoa, euskal literatura, batez ere azken urteotakoa (bertsolarismoaren zaletasun eraberritua) ondo xurgatu eta berenganatu duela. Hemen ere eklektizismo berdina antzeman daiteke.

Honek guztiak ez du esan nahi poeta honek nortasunik ez duenik. Ba du eta oso berezia. Eta nire ustez nortasun horren adierazgarririk nabarmenena berezkoa duen sinbolo eta irudi mundu aberats eta sakonean datza. Poesiaren mintzabiderik jatorrena, irudien esannahi askotarikoen bitartez lortzen dela egia bada, benetako poeta baten aurrean gaude.

Mikel Lasa


Aisiaren ordua. Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGATAR


Aisiaren ordua

Gurutzegrama


Aisiaren ordua. Urrezko astabelarriak

Odol Emoilleea Alkartea

ZORNOTZA

Emoteko: Eguna Ordua

Tokia: PP. Carmelitas

Zure zain zaingagoz

Zure odola be ere ona da

***

Hona hemen beste perla bat, Zornotzako irakurle batek postaz bidalia. Bost lerrotatik hiruretan bina oker egotea benetako marka bat da. Egileei, noski, geure aste honetako urrezko astabelarriak eskaintzen dizkiegu, diamantezko zatiekin eta guzti.