ANAITASUNA

1976.eko Martxoaren 1ekoa

312. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

DOSSIER ANAITASUNA. DEUSTUKO HIZKUNTZ ESKOLA

EUSKALTZAINDIA GORA


AURKIBIDEA

3. Aurkezpena: ONGI ETORRI

4. TANTAKA

Antton Inurritegi

J.M. Torrealdai

Xabier Gereño

Xabier Kintana

Juanjo Uranga

6. EUSKAL HERRIAN

Kultura

Hezkuntza

Baserria

Politika

Lana

Ipar Aldean

15. IBERIAN ZER

16. KANTZERRA

17. ERLIJIOAZ

18. ELKAR IKUSKA

21. HIZKUNTZA

22. LIBURUAK

24. AISIAREN ORDUA

Zapaburu birbiztua

Urrezko astabelarriak

Gurutzegrama

Maketapena: Fernando

Marrazkiak: Fernando eta Olariaga

Moldiztegia:

Elexpuru, hnos. S.A.

San Martín, 153

Zamudio


Aurkezpena

Ongi etorri

Euskaltzaindia ofizialki onhartu berri digute; Bartzelonan, hain zuzen. Holaxe irakurri dugu aldizkarietan. Eta poztu egin gara, nahiz eta, Madrileko gobernuak hori erabaki aurretik ere, euskaldunok Euskal Akademia haintzakotzat eduki.

Bai, Euskaltzaindia euskaldunontzat lehenagotik ere ba zen. Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Diputazioek aspaldian fundatua eta onhartua genuen, eta gerra ondoan, gaur berronhartu duen gobernu berberonen hasierakoak desonhartua izan ere bai. Berrogei urtetako bitarte honetan, batzuetan ixilka eta erdi ezkuturik, ageriago besteetan, gure hizkuntzaren akademiak lanean ihardun du beti, bere lemak dioenari —ekin eta jarrai— zintzoki segituz.

Zorionak Euskaltzaindia! Merezi zenuena, zeure ahaleginez, birlortua duzu azkenean. Ea ohorezko aipamenok laguntza eraginkorragotan bihurtzen zaizkizun, eta oraingo pauso hau gure Herriarentzat beste eskubide galduen aitzindari izaten den. Bitartean, orain arte bezala, segi lanean, euskaldunon nazional hizkuntza batuaren onerako izanen da eta. Jakizu, gainera borondate oneko euskaldun guztiok zeurekin gaituzula. Zure hitzen zain gaude.

Ba dira, ordea, dela argitasun faltaz edo dela konpreni ezinezko setakeriaz, Euskal Akademiaren tekhnik esanetara egon nahi ez dutenak ere. Berauek, antza, jakituri gaintasunez, ez dute euskal arloan inolako gidaririk behar ibiltzeko. Bejondiela! Ale honetako dossierrean, irakurleak holako batzuren berri eta jokabideak ikusiko dituzke.

Bestalde, F. Gonzálezen etorrera zaratatsua dela eta, Donostian jaiotako baten ahotik —Pernandoren egiak jatorragoak ziren— "la mayoría de los vascos no hablan más que castellano" delakoa entzuteko parada ukan dugu. Bistan da, bai, hura eta gu ez garela hizkuntza berberaz mintzo. Bera, vasco horietakoa da; guk, aldiz, helburua euskaldun izaten dakusagu.

Beste albiste on bat ere bai. Bernardo Arrizabalaga, behialako Los Barroeta elaberriaren egilea eta Hermano Lobo humore aldizkariaren zuzendaria, euskal letretara datorkigu oraingoan ere. Lehen bezala, ANAITASUNAn berriro idazten hasi da. Ongi etorri Bernardo!


Tantaka

Bilboko handikien "handitasuna"

Berri hau ez da erabat berria. Baina ez da gure artean zabaldua. Hala ere ba du interesik. Baina nonbait ezkutatzeko interesik ere ba zuen. Eta gordetzeko interesa zutenek irabazi dute, hauk baitira indartsuak, politikazki indartsuak, ekonomiazki boteretsuak. Hemengo prentsak ez digu gertatuaren berri xeherik eman. Albistea; xehetasun eta guzti, Madrileko prentsatik jakin genuen.

Errekaldeberriko ez baina Neguri aberatseko zenbaitzu, drogekin harrapatu zituen poliziak. Kasualitatez bezala "hijos de papá" dira guztiak; Bilboko aristokraziaren seme-alabak. Burutik hasten omen da arraina usteltzen.

Erori diren edo ihes eginda dabiltzanen artean, deitura ezagun eta "agurgarririk" ez da falta, hala nola, Guzman familiako bi, Careagatik bat, Zabala familiako bat, Delclaux familiako bat, Aristegui Diputazioko Lehendakariaren semea Pedro, Alfonso Libano ere bai, arkitekto famatu baten semea, Patricia Zubiaga Azaola eta Blanca Oraa andereñoak, eta gainera ihes egin zuten Cala Ampuero, Magdalena Bilbao, Juan Luis Libano eta Etxeberria familiako bat.

Arazo bat baino gehiago harrotzen du hemen gertatuak. Zergatik ez zaio berri honi publizitaterik eman? Bestalde, justiziak neurri bera izan ote duen galdetzen duenik ere ba dago, gerokoa ezagutu eta. Eta batez ere esanguratsua da, alde batetik, guztiok batera ibiltzea, eta, bestetik, herriko problemetatik hain urruti, droga hartu beste deus egingarriagorik aldamenean ez balego bezala. Zalantzarik gabe, ba dago, bai, zerbait usteldurik Neguriko Erresuman.

Jesuitak eta Euskal Unibertsitatea

Zeruko Argiak (674 zenbakian) "Agur, euskal Unibertsitariok" idazlantxoan zera agertzen zuen, halegia, Ferrer Pi jesuita jaunak, Deustuko erretore izana eta orain Madrilen Espainiako jesuita guztien buru denak, Deustuko Unibertsitatea Madrileko jesuiten azpian jarri nahi duela.

Horren aurka joan behar zela eta, bide zenbait proposatzen zen idazlan hartan, Deustuko Unibertsitatearen autonomia babestearen alde. Azken orduan jakin izan dugunez, euskal talde batek, Mondragoetik hasita, gutun ireki baten azpian jartzeko izenak bilatzera jo du, zenbait jesuita bururi zuzentzeko asmotan. Martxan dago kanpaina.

El Correo Español

ANAITASUNAren 310. zenbakian esaten zen, goian aipaturiko Bilboko erdal egunkariak ez zuela onhartzen euskaraz idatziriko argitaratzea erdarazko itzulpenarekin ez bazen.

Dirudienez, hainbat karta hartu dituzte jendearen protestekin. Guk ere bidali genion geurea otsailaren 16an, eta 18an Antonio Barrena zuzendariak erantzun digu esanez euskarazkoa soilik argitaratzea eskatuko dutenei horrela argitaratuko dietela.

Beraz, jendearen protestak zerbaitetarako balio izan du.

Viva Cristo Rey

Hemen aipatuko dugun hau ez da ipuin bat, gertaturikoa baizik.

Bilbon, urtarrilaren 26a, gaueko 7, 30, Jesuiten Residentziaren alboko atean, El Corte Ingles-era ematen duenean. Itxura arraroko gazte batek handik pasatzen diren guztiei oihukatzen die "Viva Cristo Rey!". Inor ez da ausartzen ezer erantzuten, behar bada inguruan zuen taldearen bildurrez.

Separatismoa bai ala ez?

Urtarrilaren 30ean Fraga Iribarne jaunak afari bat eskaini zien "a los procuradores vascos". Bizkaia, Araba eta Gipuzkoakoak izan ziren deituak, baina ez Nafarroakoak.

Gasteiz amnistiaren alde

6.000 pertsona.

Iragan Urtarrilaren 13.an Gasteiz hiriak bere biziko manifestaziorik ugari eta indartsuena burutu izan du. Haseran, berriki sortua den ARABAKO BATZARREA izeneko indar abertzaleek deitu zuen jendea. Baina gerora politik eta sindikal alderdi guztiek zabaldu zuten beren deia, bereziki Euskadiko Demokrazia Biltzarreko indar politikoek.

Ordu erdi luze batez, hiriko kalerik nagusienetan zehar, jendetza hark biziki oihukatu zuen Amnistiaren aldeko deihadarra. Manifestazioaren burua politik presoen senideek osatzen zuten batik-bat.

Oso eztabaidatua izan da manifestazio hau bertoko politik indarren artean. Alderdi bakoitzak ura bere errotara eraman nahi nonbait... Gorka Knörrek (DESTINO, 4-II-76) dionez, jendeak Arabako Batzarrearen deiari erantzun bide zion. Baina gehiengoak "sukursalisten" (Gorkak honela bataiatzan ditu deiari segitu ziola uste dute beste askok, hots, PT. PC. PC. Euzkadi, MCE ORT, etabarren deiari. (Ikus TRIUNFO 7-11-76).

Egia da, abertzale kutsua zorionez nagusi agertu zela jendetza haren ahotsetan. Baina bestalde, jendeak berdin errepikatu zituen grebalarien aldeko oihuak. Mihi gaiztoek diotenez, grebalarien aldeko oihu hauk entzutean, hango zenbait entrepresagizon abertzalek alde egin omen zuen plazatik.

Gipuzkoako PNVa euskara batuaren alde

Gipuzkoako Buru Batzarrak euskara batua onhartu berri du azken bilera batetan. Are gehiago, anti-h, anti-akademia gisa eta Goiz Argi-ren aldeko joerak errotik kondenatu ditu. Sasoia ere ba zen, baina tira, berandu bada ere, bihoazkie gure zorionak; bihotzez emanak gainera.

Noiz egingo digu beste horrenbeste "Bizkai Buru Batzarrak"? Mitxelenarekin oporraldi luzetxo batzutan egon zen otsandiarrak izango du, seguraski, horretan zer esanik.

Espainiako erregea katalanez

Juan Carlos, Espainiako erregea Katalunian zehar egin berri duen ibilaldian, gaztelaniaz eta katalanez mintzatu izan zaie entzutera bildu zaizkienei.

Katalan publikoaren artean hain ongi harturiko portaera honek, noski, ba dirudi erregea Galizian eta Euskal Herrian ere herriotako hizkuntzetan zerbait esatera behartuko duela.

Dimako apeza kanpora bidalia

Hamar urtetan Dimako apeza izan den Joseba Zabala parrokiatik kanpora bidalia izan da. Erabaki hau oso eztabaidatua izan da Arratian eta ixilean zabaldutako paperek Aita Martzel pasiotarraren inguruan dagoen apez zahar talde bat salatzen dute kanporatze horren erruduntzat.

Joseba Zabala oso estimatua zen batez ere gazteen artean.

Anjel Zelaietaren Hitzaldia Deustuan

Zubibarri, Deustuko Euskal Kultur Taldeak, Gabriel Aresti eta bere lanari eskainitako aste bat antolatu du otsailaren 16tik 21 era. Arrakasta handia lortu du, bai jendearen erantzunean eta bai hitzaldi, mahai biribil eta jaialdiaren kategorian.

Bereziki interesgarria Angel Zelaietaren hitzaldia izan zen, euskaraz. Bi ordu luzetan, Arestiren bizitza azaldu zigun, jaiotzetik heriotzeraino. Lan sakona, oso dokumentatua. Horretarako, Zelaietak karta asko idatzi ditu Arestirekin harremanak euki dituzten pertsonei, edozein ideologiatakoak direla, eta material oso balios bat lortu du. Entzun dugunez, material horrekin liburu bat prestatzen ari da.

Laster: Alfonso Irigoienen Memoriak

Entzun dugunez, Alfonso Irigoienek bere Memoriak idatzi ditu (lehen tomoa uste dugu, zeren oraindik Alfonsok, zorionez, urte asko ditu aurretik euskara eta Euskal Herriaren onerako). Esan digutenez, oso interesgarriak dira eta argitaretxe bat gertu omen dago inprimategira eramateko.

Alfonso Irigoienek lan bikain bat egin zuen gerraondoko urteetan, euskal kultura zeharo bazterturik zegoen urte ilun haietan. Aurretik zetozen oztopoak gaindituz, zeharka zetozen mesfidantza mingarriek gorabehera, Alfonso Euskaltzaindia jasotzen aritu zen, bertsolarien saioak (urte haietan zeuden euskal jai bakarrak) antolatzen, etab. Lehengo eta oraingo belaunaldien arteko zubia, ahula bada ere, Irigoieni zor diogu hein handi batetan.

Euskara ikasteko metodo berria

Euskara batua ikasi nahi dutenek metodo bi dituzte orain, bata "Euskalduntzen" eta bestea "Euskara hire laguna", baina nola biak euskara hutsean idatzita dauden, derrigorrezkoa da irakaslea haietaz baliatzeko. Gogoan harturik irakasle batengana joan ezin duen jendea, eta batez ere ikastoletako ikasleen gurasoak, CINSA etxeak inprimategian du gaztelaniaz idatzitako bat, euskara batua etxean ikasi nahi dutenentzat. Ikasgaiak Xabier Gereño-k prestatu ditu eta azken begirada Xabier Kintanak eta Joseba Tobarek egin diote.

Beste talde bat euskarara

Algortako "Los Guaitos" kanta taldea euskarara pasatu da. Hemendik aurrera bere izena "Guaitoak" izango da eta errepertorioa euskarazkoa. Laster disko bat argitaratuko dute bere abesti ezagunenekin.

Beste disko berri bi euskaraz

"Naikari" kanta taldeko zuzendari izan zen Faustino Arrieta berriz ere lanean hasi da, eta Xabier Zamudio solista delarik disko bi prestatuko ditu. Horretarako laguntza balios bi ditu: musikaren aldetik Rafael Ferro eta hitzetan Bittor Egurrola. Lehen diskoan Ondarroan saritutako abesti bi joango dira.

Euskal Zinema Astea

Bilbon, eta UNIBERTSITAL ZINE KLUBa (Villarias, 2, 1.º - BILBAO, telefonoa 424 19 39) antolatzaile dela, Euskal Zinema astea eratua izan da. Denetara hamar filma aurkeztu dira Santiago Apostol Teatroan, otsailaren 24tik 27ra.

Euskal Herriko (Ipar-eta Hegoaldeko) mendigoizaleei deia

Adiskide maiteok: Herri honetan (Bizkaiko Karrantzan) mendigoizale talde bat ("Valmaseda S. D." delakoaren ordezkaritza) eratzen ari gara. Hasteko edo inauguratzeko, oso ibilera polita asmatu dugu: Balmasedatik Karrantzako Lakontxara, eta handik Kolitza eta Burgueno mendi gailurretara igaitea.

Oraino segur ez dakigu noiz izango den, baina beharbada apirilean edo maiatzean izango delakoan gaude. Balmasedan lo egin eta goizeko 7 edo 8etan hastea: horixe da gure asmoa. Lakontxara heldu ondoren, askari txiki bat eta euskal dantzak eta kantak eskainiko dizkizuegu. Dena ongi prestatzeko, zenbat etorriko zareten jakin gura genuke. Esan, mesedez, helbide honetara idatziz: Jose Mari Alix Trueba. La Concha, 71. Carranza.

Bizkaiko 2.700 irakasle greban

Bizkaian, Estatuko kolegio nazionaletan, 2.900 irakasle inguru daude, eta Bilboko egunkarietan irakurri dugunez, hauetatik 2.700, hau da, ia denek, hainbat egunetan beren lana utzi egin dute.

Haurren bitartez, gurasoei paper batzu bidali dizkiete lana zergatik uzten duten azalduz, eta egunkariek jaso eta argitaratu dituzte grebalarien eskabideak. Sei dira eskabide hauk: Irakasleen Sindikatu bat sortzea, borondatezko jubilazioa 60 urtetan, soldaten gaurkotzea, etab. Boskarren puntuan, eskola nazionaletako 2.700 irakasleok eskatzen dute eskola nazional guztietan euskara sar dadila gurasoen eskabideen arauera eta dohainik, hau da, ikasleei ezer kobratu gabe.


Euskal Herrian

Deustuko Hizkuntz Eskola Ofiziala eta euskara

Gure hizkuntzak giro hobe bat ezagutzen duela dirudi aspaldion. Lehen erabat hertsirik zituen hainbat ate, goizetik gauera, pittinka bederen, zabaltzen hasi zaizkio. Bizkaian, Gipuzkoaren antzera, Comisión de bilingüismo delako bat sortu da euskararen alde, eta Deustuko Hizkuntz Eskola ofizialean, aldiz, ingelesa, frantsesa edo beste edozein mintzaira arrotzen parean ezarri berri da irakaskuntzan, azken legearen arauera "nazionala" bihurtu zaigun geure hizkuntza.

Hala ere, zenbait albisterekin intzaurrekin bezala gertatzen da maiz: erortzean hamabost hots atera arren, bertara joan eta bost besterik ez dira izaten. Hemen ere, izen haundiko laguntza ofizial horren ondoan, ba dirudi izan eskaseko errealitate triste bat dagoela, hurrengo lerroetan irakurleari azaltzen saiatuko garena.

Ikasleek sinadurak biltzen

Deustuko Hizkuntz Eskola ofizialean euskara sartzeko gogoa ez da, izan ere, oraingoa. Duela zenbait urte, ikasle batzuk sasoi hartako zuzendariari beren nahia agertu zioten, baina hark, erantzun ez bazien ere, irakasleen artean lehenago "erruso komunista" sartuko zukeela esan zuen (omen gabe). Geroago, ordea, gauzak hobetu egin dira eta beste estudio-arduradun gazte bat etorri da, Ovelar jauna. Beronek, aldiz, euskaraganako estima bat erakutsi ukan du beti eta, beharbada horrexegatik, 1975.eko Agorrilean 177 ikaslek beren sinadurak Euskaltzaindiko etxera eraman zituzten, erakunde honek, nor gisa, Hizkuntz Eskolara presenta zitzan, ea horien bidez hurrengo ikasturtetik aurrera euskara irakasten zen. Geroago Euskaltzaindikoek sinadura aipatuok zuzendariari eraman zizkion, ikasle haien gogoa adieraziz.

Euskaltzaindira laguntza bila

Eskolako zuzendaritzak euskarazko eskolak emateko, Xabier Uriarterengan pentsatu zuen, Philosophi-Letretan lizentziatua berau, frantses hizkuntzaren espezialista eta Deustuko eskolako irakaslea. Gazte honek, Fikakoa izanik, ba daki euskaraz mintzatzen, bere herrian ikasia.

Zuzendaritzagandik euskaraz arduratzeko kargua hartzean, Uriartek zenbait harreman izan zituen alfabetatze eta euskal irakaskuntz munduan ari diren gazte batzurekin, eta haiek, aho batez, Deustuan egin nahi zutenerako, Euskal Akademiarekin kontatzea ezinbestekoa zela esan zioten, berau baita, izan ere, Euskal Herri osoaren mailan euskaraz arduratzen den erakunde bakarra. Berak dauka, gainera, herri mailako ofizialtasuna, orain arteko meritu ugari eta ongi frogatuengatik Herriak berak onhartua, eta Akademiarekin kontatu gabe beste edozein erakunde edo talde euskal titulu "ofizialak" ematen hastea intrusismo lotsagarri bat besterik ez litzateke.

Gauzak horrela, Uriarte jaunak Abenduaren 9an Euskaltzaindiari gutun bat igorri zion, zituen asmoetarako laguntasun tekhnikoa eskatuz. Abenduaren 16an, Euskaltzaindiak erantzuna eman egin zien: hartan, irakaskuntz arazoa zenez Alfonso Irigoyen eta Juanjo Zearretarekin harremanetan jartzeko gomendatzen zitzaien, berauk baitira, beste batzuren artean, Euskaltzaindian arlo horren ardura daramatenak Harremanak, izan ere, hasi egin ziren horrela.

Gabonetako jaien ondoan, Urtarrilaren 13an, Hizkuntz Eskolan bilera bat egin zen, ikasturtearen programa eratzeko. Hartan, premiazkoena irakasleak lortzea zela ikusi zen, zulo hori betetzea, beharbada, hain berandu ibiltzeagatik zaila gerta zitekeelako. Guztien artean irakasleak topatu eta hurrengo bilera batetan berriz elkartzeko geratu ziren.

Bilinguismorako batzordea sortzen da Bizkaian

Aurtengo Urtarrilaren 15ean, Bilbon, elebitasunaren aplikapenerako batzorde bat eratzen da. Horren burua Bizkaiko gobernadore zibila da, Ugarte jauna, eta buruordea Hezkuntza eta Zientziako delegatu probintziala, Elhazah jauna. Hauez gainera, Magisterio eskolako zuzendaria den Fermín Delmas jauna, lehen mailako inspektore nagusia, Fernando Perez Alejo eta Bizkaiko Diputazioaren ordezkari bat daude Gobernadoreak, gainera, legez duen botereaz baliatuz, bere aukerako hirur pertsona izendatu ditu laguntzaile: Angeles Beldarrain andrea (maistra nazionala), Juan Ramon Urquijo (Euskerazaleetakoa eta RSVAP.eko zuzendaria) eta Alfonso Irigoyen euskaltzaina.

Honetan, guk uste, zenbait puntu argitu beharra dagoke. Lehengo eta behin, hautatuen egokitasun edo eta desegokitasunean sartu gabe —ez baita, hau kasua—, kontuan hartu behar da izendapenak gobernadoreak berak egin zituela eta ez, esaterako, Bizkaiko maisuen inongo taldek, Euskerazaleek edo eta Euskaltzaindiak, jaun-andreok erakunde horien kideak izan arren. Alde horretatik, batzorde horretan bilinguismoarekiko interes berezi bat ukan eta horren alde jokatu duten talde horik ez zeuden gisa legez errepresentaturik; irregularitate nabaria berau.

Bigarrenez, aukeratuen artean, Alfonso Irigoyen zen euskaraz zekien bakarra. Ez dirudi, gure ustez behintzat, oso egokia denik bilinguismoaren aplikapenerako batzorde bat interesatuenen hizkuntza ez dakiten pertsonez osatua izatea.

Hirugarren. Azken pertsonengan eta goragoko beste izenetan ere, gauza bat dago nabari: konpetentzia tekhniko eta sozialik eza. Guztiengan, conditio sine que non izan beharko lukeena, euskara jakitea, falta delako, eta akats larri honez gainera, beste zenbaitzuk orain arte euskara eta euskararen aldeko erakundeekiko (ikastolekiko, kasu) erabili duten portaera desegokiagatik. Zeren ba dirudi euskararen defentsarako pertsonek euskararen alde jokatuko duketelako garantiaz horniturik egon beharko luketela, eta segurantza hori ez dakusagu inondikan ere gaur arte gure hizkuntzari trabak ipintzen saiatu direnengan.

Zer besterik behar da, holako batzorde bat bere funtzio horretatik erabat deskalifikatzeko, hizkuntz teknika eta normatiba alorrean?

Comisión de Bilingüismo delakoaren erabakiak

Urtarrilaren 15ean egindako bileran, irakasleen premiaz den bezainbatean, batzorde horrek, ordurarte emandako tituluak begi onez ikustea erabakitzen du, Euskaltzaindiak emandakoak eta Euskerazaleak moduko elkarte partikular batek zabalduak balio berdinekotzat harturik. Hala ere, titulu horik ofizialki onhartuko liratekeelako kasuan ere, ordurik aurrera, Ministerioak emanen dituzkeenak ziratekeen ofizialki onhartuko liratekeen bakarrak. Batzorde horrek, beraz, Ministerioari uzten dio euskara irakasteko gai nor den erabakitzeko ahalmena.

Titulu ofizial horietarako, gainera, Deustuko Hizkuntza Eskolan l. eta 4.mailako ikastaroak lehenbailehen prestatzea pentsatu zuten. Ikasleen artean, Magisterio tituludunak eta lizentziatuak hobetsiak izanen ziren, hasieran, geroago beste batzuri ere toki eginez.

Euskarazko irakasleak biltzen dira

Urtarrilaren 20an, aurreko bileran erabaki bezala, irakaskuntza emateko interesatuak Hizkuntz Eskolan biltzen dira. Dirudienez, Xabier Uriartek, tartean, Euskerazaleak taldearekin harremanak izan zituen, Montiano eta Ander Manterola jaunekin bereziki, eta berauek zenbait pertsona eskaini zizkioten. Deustuan agertu zirenak, dena den, hauk izan ziren: A. Irigoyen euskaltzaina, Mikel Zarate eta Juanjo Zearreta euskaltzain laguntzaileak, Rikardo Badiola eta Sabin Egileor Euskaltzaindiko irakasle tituludunak, Jose Lasa eta Paul Muñoyerro, azken hau Philosophi-Letretan lizentziatua.

Lehenbiziko bilerako guztiok, ez dakigu nolako erizpidez baina, beste gabe ontzat eman eta aukeratuak izan ziren. Hurrengo bilera batzutan programmak egiten saiatu ziren. Hasieratik kontrastasun haundi bat sortu zen: Irigoyen, Zearreta, Badiola eta Egileor euskara batuaren eta Akademiaren alde agertu ziren artean, Mikel Zarate eta X. Uriarte kontra azaldu ziren; Lasa jauna h gabeko batasunaren alde eta Muñoyerro ez zen ezertan sartu.

Azkenean, 4.mailako titulua hartzeko, ikasle guztiek euskara batua ezagutu beharko zutela erabaki zen, gutienez Euskaltzaindiaren examinetan eskatzen den neurri berean.

Istiluak, ordea, lehen mailari dagokionean sortu ziren. Zaratek eta Uriartek, ikastaroak Bizkaian egiten zirelako, bizkaieraz emateko eskatzen zuten. Mikel Zaratek, gainera, oraintsu atera berri duen deklinabide berezia proposatzen zuen eredutzat. Bizkaiaren aldeko joera amorratu eta zentzugabeko hau kalera ere irten da, Herri Irratitik Adolfo Aregita jaunak Euskaltzaindia eta beronen tituludunengatik bereak eta bost esanik, bizkaiera eman nahi ez dutelako.

Ikasleak matrikulatzera datoz

 Ofizial hitzak, beste gabe, ba dirudi jendea liluratu egiten duela, Izan ere, mila eta berrehun ikasle inguru joan ziren Deustura matrikula egitera, haietako ez gutti Euskaltzaindiko tituludunak. Ikastaroa beste nonbait hasitakoak ere ez ziren falta.

 El Correo Español-ek, bestalde, titulitis horren bultzapena egiten zuen, euskal tituluak emateko eskubide bakarra misterioarena zela behin eta berriro errepikatuz, eta contradictio in terminis eder bat eginez, Ybarratarren egunkariak hauxe zioen: "oraingoz eskolak emanen dituzten irakasleak ez dira ofizialak izango, horretarako "egokituak" baizik, baina haien irakaspenen bidez examina ongi pasa eta titulua lortuko dutenak, aldiz, bai". Horrekin, argi eta garbi, titulu baliodunik ez zutenek beste batzuri baliozko titulu ofizialak emateko gaitasuna onesten zen. Eta inork ez duen gauzarik besteri ezin eman diolakoa egia baldin bada, ez dago inondik ere klar arazo hori, guk uste.

Ikasleen arteko mailak banatzeko, examina bat egitea erabaki zen. Erresultatuak, jakin dugunez, ezin nigargarriagoak izan dira. Laugarren mailarako presentatu ziren askok, examina hartan idatzi bide zituzten beren lehenbiziko euskal hitzak... eta 3 hilabetetan goi mailako titulua eskuratu nahi!!

Irakasle batzurekin lehenagotik euskara ikasten saiaturiko zenbait ikasle, berauen maila ongi ezaguna baitzuten, examina gabe onhartuak izan ziren. Taberna batetan jakin ahal izan dugunez Aita Fermin Pasiotarrak, ordea, bere aldetik, izen zerrenda bi eraman zituen bertara (S. Felicisimoko ikastolako maisu-andereñoena eta Eubako irakasleena), zergatik ez dakigularik, onhartu zizkiotenak.

Uriarteren erabakia

Otsailaren 14ean, Xabier Uriartek, Eskolako euskal "dekanoa"k, paper bat pasatzen die irakasleei, lehen ikastaroan bizkaiera irakasteko aginduz. Gauza ez dago guztiz garbi; erabaki finko horretarako, ba dirudi Uriartek Ander Manterola apez jaunaren kontseiluak kontutan hartu dituela. Izan ere, hainbat hari misteriotsu erabiltzen dakien jaun honek, harreman hestuak izan ditu "dekano"arekin. Ba da Hezkuntza eta Zientziako delegatuak hori agindu diola dioenik ere. Ez du ematen, zeren, Elhazah jaunak, arabe oso ongi jakin arren, euskaraz tutik ez baitaki.

Uriartek, bere hitzez "euskara batuzko aldizkaririk ezin dut ulertu" norbaiti aitortu dionak, agian aski dakusa bere burua horrelako arazo serioetan hain pauso finkoak emateko. Bai eta, inori horretarako baimenik eskatu gabe, berea ez duen Euskalduntzen liburua, berak nahi dituen aldakuntzak sartuz... bizkaierazko metodotzat hartzeko ere!!

Arazoa orain

Saltsa beraz, horrela dago. Alde batetik euskara kontuan Euskaltzaindiaren maisutasuna onhartzen duten irakasleak, eta besterik beren burua, edo beren nahikeriak, inoiz Eliza Ama Santisimaren interesen atxakiaz estaliak, maiteago dituztenak. Ikasleei, berriz, ez zaie eritzirik eskatu, eginez gero gehiengoak nora joko lukeen ongiegi dakitelako.

Euskararen alde aurrerapauso on bat gerta zitekeen ekintza bat, "dekano"aren gestio desegokiengatik eta beharbada tartean dabiltzan aitortezinezko beste interes batzurengatik, hor geratu da, ez buru ez hanka, erdipurdika eta desprestijiaturik.

Horrelako pasteladen aurrean, euskaldunok geure erakunde jatorren tituluekin aski dugula pentsatu behar genuke, eta Gipuzkoako Ikastolen Federakuntzak hain zuhurki egin duen bezala, titulu ofizial bakartzat Euskaltzaindiarena onhartu. Azken orduko beste horiek beren borondate onaz gainera, gure erakundeekin kolaboratzeko itxura haundiago bat erakutsi arte behintzat.

Eneko Gazteluberri


Euskal Herrian

24 ordu euskaraz

Donostia eta Loiolako Herri Irratiek euskal kulturarentzat seinalagarri eta eragingarri gerta daitekeen 24 ORDUAK EUSKARAZ eguna antolatzen ari dira Martxoaren 27-rako. Egun honi garrantzi berezi bat aitortzean, ez dugu, gure ustez, hitz alferrez hitzegiten. Arrazoin hauek, behintzat, ba ditugu hala izango dela sinesteko:

1.- Kondairan lehenengo aldiz irrati bi euskara hutsean arituko dira 24 orduen luzeera osoan.

2.- Egun osoan "euskal kultura" izanen da hizketagai bakarra. Planteamendu hau emango diogu gai bakar, baina aberats honi.

a) ordu-erdiko 13 mahain inguru, bakoitza euskal kulturaren sail batetaz.

b) bi ordu ta erdiko mahain ingurua IRAKASKINTZA, HAURZAINDEGITIK UNIBERTSITATERAINO gaiaz.

d) 24 bailaretako euskal kulturen egoeraz beste hainbeste kronika.

f) euskal kulturan lan berezi bat egin duten 25 gizon-andreeri elkarrizketak.

3.- Egun horretan Euskaltzaindia Gipuzkoako Diputazioan bilduko da bere hileroko bileran eta bilera hori, horretarako artezki egokiratua, zuzenean emango dugu irratitik. Eguerdi inguruan izango da hau, 13,00 ordutatik 14, 30 ordutara. Horrela eguna Euskaltzaindiaren bilera honen jiran jartzen dugula adierazi nahi dugu, berari aitortzen diogunez euskal hizkuntzaren alorrean duen zuzendaritza nagusia.

4.- Gure asmoen barrenean sartzen da, orobat, Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Diputazioak Euskaltzaindiaren Bilera hontara gonbidatzea, hala, beraiek sortu zuten Erakunde honi berriro bere babes ofiziala aitor dezaioten.

5.- Egunari amaiera din bat eman nahiaz JAIALDI handi eta goimailako bat eratuko da, Euskal Herriko jende guztia gonbidatzen dugularik, bertara bil dadin


Euskal Herrian

Kultur astea Iruinean

Lehengo ANAITASUNAn aipatu genuen euskal kultur astearen ostean —Campión euskal akademiak antolatua, halegia— beste bat eduki dugu hamabost egun geroago. Izan ere, salesianoen ikasle ohien elkarteak moldatu gogo dituen beste aktibitate batzuren atari gisa, kultur aste bat burutua izan da, urtarrilaren 26tik 31ra, euskal gaiak nagusi gertatu direlarik. Eskergarria eta bide batez bultzagarria, gazte kementsu horiek eskaini diguten ekintza, Iruineko herri guztiari zuzendua, hortarakotz erdara harturik medio bezala, ezen aski ongitto baitakigu erabat deseuskaraturik dagoela Iruineko herria. Beraz, holako aktibitateetan erdara nahitaez erabili beharrekoa zaigu anitzetan, bederen delako kultur gaiak zabalkunde maila batetan sartzen ditugunean.

Astelehen 26an, Belagoa eta beronen arazoari buruzko elkar hizketa bat prestatu zen. Entrepresa batek toki hortan eraiki nahi duen eski estazioa arras kaltegarrizkoa izanen litzatekeela azaldu zuten hizlariek, hortarako zenbait froga erakutsiz. Aski jakina denez, Erronkari eskualdeko Belagoa aldean eski antolamendu gaitz bat muntatu nahian dabil, helburu horrexekin sortu zen entrepresa bat; eta beronen interesetan eta ez bertako semeen onetan erabakita dago estazio guztia. Bestalde, herriaren eta nafar mendizale talde guztien arrapostu gogor bat dela medio, dirudienez, arazo trakets hau projektu hutsean geldituko da eta hor bukatuko ere.

Astearte 27an, Pedro Sota zinegileak egin eta zuzendu "Nortasun" deitu filmearen jendaurreko lehen aurkezpena egin zen. Delako filmea Mendiburu gipuzkoar eskultore famatuaren obrez burutua da, Mikel Laboa kantariak eta bertsolari batzuk beren mezuak egozten diharduten bitartean. Segidan elkar solasaldi bat suertatu zen, Oteiza eskultorea sutsuki ateraldi gogorrak botatzen ari zelarik. Holakoen artean bat batez ere aipatzea komeni da, eta hauxe da: gaur egun eskultoreak herri zapalduen ezaugarriak direla: zenbat eta eskultore gehiago, herri hori zanpatuago. Eta, Oteiza berak adierazi zuenez, Euskal Herria dugu munduko nazioen artean eskultore gehien duena.

28 eta 29an, Bilabako "Santa Cecilia" koruak eta "Amadis" teatro taldeak saio bana eman zuten, jendea polliki bilduz. Eta, astea amaitzeko, larunbat gaueko hamar ta erdietan, Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta Antton Valverdek emandako kantaldia, jendeak eskuak apurtu arteinoko zartekin kanta guztiak txaloturik.


Euskal Herrian

Hezkuntza. Ikastola ttipiak nork lagunduko? Kasu bat, Berastegi

Ba dira bost urte, Berastegiko ikastola sortu zela. Baina ez dirudi, gero eta hobeto ibiltzeko kemen haundirik duenik. Arrazoiak ugariak dira; baina, beharbada, errurik haundiena, bere burua urkamendira kondenaturik dukeen gizartearena da.

Tolosatik hamar eta Leitzatik zortzi bat kilometrotara, giputz-nafar menditarteko habia antzeko herrixka duzu Berastegi. Orain hogei urte ia erabat nekazaria zen, eta azken urteotan nekazari-proletari bilakatu zaigu. Ez du herri industriatsuen ohizko problemarik, ez eta zeharo nekazari direnetakoenik ere. Ez da pobre, oso aberats ez bada ere. Eta ba da hezur eta mami (100%) euskaldun (euskaradun).

Euskaldun esan duta? Bai eta ez. Berastegiko hainbat gurasok ez du nahi (gaur behintzat) beren haurrak euskaran eta euskal izaeran haziak eta heziak izan daitezen, edo hala ematen du behinik behin. Ba dirudi, herri honek ez duela euskaldun bizitzeko asmorik edo gogorik. Asperturik dagoke, agian, hainbeste eta hainbeste urtetan euskaldun irauteaz; eta orain, diru berriarekin batera, bizitza edo jantzi edo izaera berri bat nahi duke. Dirudienez, aski duke orain, euskaraz lo egiteaz edo euskaraz zurrunka aritzeaz. Gehienez ere, hemen espero litekeena, norbaitek euskaraz amets egitea izanen litzateke. Ez duke beste joranik jende honek. Eta, behin esnatuz gero, beren haurrak espainolez heziak izan daitezen eskatuko du; eta espainolaz zenbat eta gehiago kutsatuak eta joak egon, hainbat eta harroago, hainbat eta urguilutsuago dakuskigu hemengo gurasoak.

Egoera hau buka erazteko, irtenbide bat, eta arras xinplea norbaitentzat, zera litzatekeela esango genuke: jende hori, guraso horik kontzientziatzea, horien baitan kezkarik sortzea. Eta kito, egina legoke dena. Baina hortantxe dakusagu arazoaren gakoa: nola, zeren bidez sorteraz kezka horik? Hitzaldien, jaialdien bidez? Antolatuak izan dira bai batak eta bai besteak; baina horiek guztiok beste jenderengan fruitu arras pozgarririk eman badute ere, hemen... hemen ez.

Jende hau ez dute gauza horiek ukitzen. Etxez etxe eta atez ate dei egin zaio jende honi, hitzaldi batetara edo biltzarre bestetara edo harako jaialdi hartara joateko; baina ez du ilusio haundiegiz erantzun izan. Itxura denez, ez zaio axola horrelako arazorik.

Baina, hori bai, basurdetara dei egingo bazenu, lasterka etorriko litzaizkizuke gizonezkorik gehienak behintzat. (Ez duzua oraindik entzun hemengo basurde ehiza burrukaren historia? Entzutekoa, gizona, entzutekoa; baina nik ez dut esango hemen historia hori, hemengo jendearentzat beharbada gauzarik garrantzitsuena basurdeak erhatea eta afari onez ospatzea bada ere.)

Bien bitartean odolustuz doakigu ikastola. Duela bost urte, hogei ta hamar bat haurtxoren aterpe zen Berastegiko ikastola. Gaur, beste herrietan haurrak gero eta gehiagotuz joan diren bitartean, hemen erdira beheratu zaizkigu: hamazortzi besterik ez dira! Ba dirudi, ikastola bera ere hiltzer dagoela, zeren bost urtetxoren buruan gertatutako beherapen horrek nahiko argi frogatzen baitu hemengo ikastolak ez duela etorkizunik ez lekurik gizarte hontan. "Zertarako, beraz, hiltzera doakeen egoera bati laguntza ematen saia? Utz diezaiogun bake sainduan eta bere gisara itzaltzen".

Hala ere, betitsu bezala, ba da hemen ere, gerla pizka bat eman gabe horren erraz gauzak onartzen ez dituen jenderik. Eta ongi baino hobeki oharturik, hemen berton ez duela, oraingoz behintzat, halako erantzun haundirik izanen, kanpora jotzen du, edo ANAITASUNAren bidez edo eta helburu hortarako egoki iruditzen zaizkion beste lanabes batzuren bitartez.

Jende apur horrek erabakia duenez, ikastolaren diru arazoa zuzentzea izanen litzateke lehen urratsa. Eta hortarako jaialdi bat eratua du, datorren martxoaren hamahirurako. Lazkao Txiki eta Joxe Agirre bertsolariek ihardungo dute, Ibai Rekondo, Jokin Lasa eta Urko kantariekin tartekatuz. Ondoren, nahi lukeenak, hankak berotzeko aukera osoa izango du, asebeteko orduak arte, Marianoren soinuari jarraitzeko gauza bada.

Dei egiten zaio, bada, lerro hauetatik borondate oneko euskaldun orori, hiltzer dagokeen ikastola ttipi hau lagunduz, datorren martxoko bigarren larunbat arratsa ongi pasatzeko aukera hori gal ez dezan. Edonork daki (jakin behar luke behintzat) herri ttipietan oso aukera eskasak izaten direla, dirurik biltzeko. Esan dugun bezala, kanpora luzatu beharrean aurkitzen ditugu, bada, geure begi-eskuok, zuk euskaldun adiskideorrek, lagun gaitzazun. Ez utz, beraz, etxean ahantzirik, hain maite dukezun diru zakuttoa.

Eta, Euskal Herriko lurralderen batetan, arazo honi irtenbide zuzenik eman izan zaion herrixkarik ezagutzen baduzu, bide hori irakats zeniezagun eskatuko genizuke. Sarritan ikusten baita, jaialdiak antolatzearekin, oso etorkizun eskasa eta bizibide arras urria ematen zaiola, benetako sendotasuna behar lukeen erakunde bati. Baldin nolabaiteko soluzio taxuzkorik bazeneuka, irakurle, saia zaitez aldizkari hontan edo besteren batetan agertzera, edo eta Berastegiko ikastolara bertara bidaltzera. Esker beroenak igortzen dizkizugu aldez aurretik borondate oneko euskaldunorri. Bestalde,

Ikus beza bakoitzak

zer nahi duen:

hil zorian dagoena sendatu,

ala hilak piztu,

ala kandelak enterruan saldu.

TALDE BATEK


Euskal Herrian

Baserria. Baserritarren gerrikoa hestutzen

Urtero, Otsailean "Consejo de Ministros" batetan erabaki ohi dituzte zenbait nekazari produkturen urterako salneurriak, eta bistan da garrantzi handia duela nekazarientzat erabakitzen denak.

Erabaki hau hartu aurretik FORPPA deritzon elkarteak proposamendu batzu egin zizkion Gobernuari. Proposatutako prezioen azpitik erabaki ohi direnez, nolabait gaurdanik jakin genezake gehienez zenbatekoak izango diren datorren kanpainako prezioak nahiz eta oraindik azken erabakia falta.

Prezio hauzi honek datozen egunetan zenbait ondorio jakingarri ukan ditzake baldin eta nekazariek ez badira konforme izango hartzen diren erabakiekin.

Sar nadin gaurko sistema honen berri laburra ematera.

Gure ekonomi sistema teoriaz merkatu librekoa izan arren —hau da, merkatuak erabakitzen du prezioa— sarritan, hainbat produktutan prezio erregulatuak ditu. Nekazaritzaren kasuan maila batetan nekazariei zaintzearren izan ohi dira prezio horik.

Gaur produzitzen diren nekazari produkzio guztien balorearen % 55-ek prezio ezarriak dituzte Espainiako Estatu mailan; Euskal Herrian daturik ez izan arren, ehuneko hori handiagoa izan liteke sartzen diren produktuak ikusita.

Prezio igote hau proposatzeko orduan, FORPPA-n barruan alde askotako jendea biltzen da. Alde batetik Merkatalgo eta Haziendako Ministerioak: Hauk ahalik eta guttien igotearen aldeko dira. Aurten, adibidez, bataz beste % 8 baino gehiago inolaz ere ez dute nahi. Hauek diote prezioak ez baina produktibitatea igon behar dela: baserri edo esplotazioak hobetuaz, kostuak jaitsiz.

Gaurko ekonomia kapitalistan industrigintzari ematen zaio batik-bat lehen mailako ardura, horretarako ahalik eta sendoen barruko eta kanpoko merkatua zainduz. Kontsumatzaileak industri eta zerbitzu produktuak kontsuma ditzan, ahalik eta guttien gastatu behar du janari gauzetan; gainera, haserreak baztertu egin behar dira eta horrengatik produktuen sortzaileei ahalik eta guttien ordaindu behar zaie.

Guztiok dakigu tartekoak direla benetan janariak garestitzen dituztenak baina gaurkoz hauk libreago dabiltza, monopoliak diranean behintzat.

Beste alde batetik, zenbait inportazio merkatal arrazoirengatik bakarrik justifikatzen dira, edo bitartekoen irabazi sendoak eragiten dituzten presioengatik.

FORPPA-ren barruan nor diren esaten hasi gara, eta jarraituaz, baita ere han biltzen dira "Nekazaritzako Ministerioa" eta "Hermandad Nacional de Ganaderos y Labradores" deritzon "baserritarren" sindikatua.

Aurten beren ikerketak egin ondoren, Hermandadekoak bataz beste % 28,55 igotea eskatzen dute. Esnearen kasuan % 16,66 bakarrik. Nekazaritzako Ministerioak berriz % 14, guztiak hartuta.

Gainera aurten da lehenengo aldia aipatutako elkarte guztiak ez direla bat etorri gobernuari igote bakar bat proposatzeko orduan. Dirudienez guztiak indarrean zeuden beren eskabideetan.

Hermandadeetakoak zenbait batzar egin ondoren beren artean (inoiz ez nekazariekin) kezkatsu eta hasarre agertu dira mehatxurekin eta guzti (...se verán obligados a actuar unidos y coordinados en todas las provincias en caso necesario) beren eskabideak onhartuak izaten ez badira.

Guri behar bada gehienbat esnearen prezioa axola zaigu. Jakin dugunez udaldirako eskabideak hauk izan dira:

Hazienda eta Merkatalgoak 12,75 pta./litroko

Nekazal Ministerioak 13,— "

Comisión Consultiva Nacional Lechera 13,— "

Hermandadeak 14,— "

BASERRITARRAK  "

Neguko prezioak pezeta bat gehiagoz ibiltzen dira udakoekiko.

Dakidanez baserritarrak ez dira konforme gauza guztiek ukandako igotearen ondoren aurreko eskabiderik handienarekin ere. Gainera, nork galdetu die beren nahia?

Nolabait prezio politika honekin baserritarrei tokatzen zaien diruekin gelditzen dira industri eta zerbitzu sektoreak.

Zoritxarrez talderik sakabanatuena baserritarrak izanik, guttien organizatuena, zapalduena, honetaz baliatzen dira gerrikoa ahalik eta gehien hestutzeko.

Gaur esne beiek balio dutenarekin, berekin duten arriskua, pentsu, makina, e.a. dituzten prezio erregulatu gabeekin, alde guztietatik hestutzen ari da baserritarren bizibidea, hestutzekorik duen neurrian.

Askok diote, prezioak igoteak ez duela konpontzen baserriko arazoa eta egia da noski, gure baserri estruktura ez da egokiegia merke produzitzeko, baina, ba dira esplotazio egokiak ere eta, zer gertatzen da horietan?

Nire ustez baserritarrei erdi kostuen gainetikako prezioak eskaini behar zaie; kostuak jaistera ere bultzatu behar zaie baina inola ez miseriara edo porrotera bultzatuz.

Etsipena handia izanik beldur naiz ez ote zaien agintariei merezi duten erantzuna emango. Hobe erratuko banintz.

J. M.ª ZEBERIO


Euskal Herrian

Anaitasunaren oharrak

Azken aldi honetan, aldizkariak espreski eskatu gabeko artikuluak eurrez ugaltzen ari zaizkigu. Ongi etorriak dira. Ahalik gehienak argitaratzen saiatzen gara. Idazlanak hartzeko epea hil bakoitzaren 5ean eta 20an hixten dela adierazi nahi diogu idazleari.

Artikulu zenbait gaitzizen hutsarekin datorkigu. Izen eta deituraz ANAITASUNAn lanak argitaratzea nahiago dugularik ere, zenbait kasutan gaitzizenez jokatzea aise ulertzen dugu. Baina Zuzendaritzak, ezkutuki bada ere, egilearen izena eta helbidea ezagutu behar lituzke, harremanetarako eta gerta daitekeen gainerantzeko edozein konponketarako. Beraz, kasu bakoitzean, gaitzizenez gain egiazkoa ere bidaltzea eskertuko genioke idazleari.


Euskal Herrian

Politika. Felipe González Euskal Herrian. Felipe/Bilbon

Eten demokratikoa beharrezkoa dela esanez eta aho betean eskatuz, Euskal Herriko espaloitik ibilaldi luze eta airoso bat eman gura izan du Felipe González andaluziarrak.

Bilbon kazetariei ordu bete eskaini zien, bere alderdiaren jarrerak eta kinkak agertzeko. Euskal Herriari buruz, PSOEk, gudu aurrean zuen jarrera berberari eusten diola esanez hasi zen. Geroago esan zuenez, herriak berak bakarrik erabakiko du bere berjabetasuna, autodeterminaziorako ordua heltzen denean.

PSOEkoek Euskal Gobernuaren barnean irauteko asmoa dute. Espainol deitzen den talde bat euskaldun deitzen den Gobernu baten barnean egotea ez zaie iruditzen kontradizio denik (bai kontradizio dialektikoa, noski).

Ez bide dute ezagutzen Euskal Herrian dagoen talde sozialistaren programa politikoa; baina ez zaie arraro egiten, talde sozialista berri hori sortzea, mundu guztian ari baitira ugaltzen talde sozialistak.

Klase arteko burruka Estatu mailan planteatu behar dela garbi ikusten dute PSOEkoek. Adibidez, ez datoz bat Valenciako talde sozialistarekin. Talde honetakoek, beren burua autonomotzat dutelarik, harreman berdinak nahi lituzkete Belgika eta Espainiako sozialistekin. Feliperen alderdiak ez du horrela pentsatzen, jarrera hori banatzaile eta ez batzaile delako.

Kazetariekin elkarrizketa amaitu ondoren, Sarrikora abiatu zen, hitzaldi bat emateko asmoz. Alde eta kontrako zarata artean, eta boikot giro batetan, hamar minutuz-edo gauza generiko batzu aipatzeko aukera larria izan zuen. Bertan gertatua aztertu ondoren, zera esan daiteke: Euskal erakundeak behar ditugu landu, burrukak eta ekintzak kanaliza daitezen, inpotentzia itxura eman gabe; batzuk bakarrik (eta ez guztiek) hitz egiteko duten aukera merkea salatu behar da, baina modu organizatu batez: hitz egiteko eskubidea denok dugu, ukabilka hasteko eskubidea ez eduki arren.

IÑATZ


Euskal Herrian

Politika. Felipe González Euskal Herrian. Eibarren

Otsailaren 15ean, Espainiako Estatupeko leku askotatik bildu zen jendea Eibarren. PSOEren mitina zegoen, Gonzalez eta guzti, eguerdiko hamabietan, Astelena frontoian.

Zergatik aukeratu ote dute Eibar, azken berrogei urteotako lehen mitina egiteko? 1931ean bilatu behar da arrazoia; hain zuzen urte horretantxe Eibar izan zen Errepublika proklamatu zuen lehen herria.

Munta handikoa zen Eibarreko test hau. Hiru helburu ikusten dizkiot Eibarrekoari. Europari begira Alderdiaren erakar-indarra erakustea, Estatu mailan Alderdiaren indarra bultzatzea, eta azkenik, Euskal Herrian bertan burkideak lortzea, arrakasta izanik.

Beren ustez, ongi muntatua zuten Eibarreko mitina. Benigno Baskaran Eibarreko sozialista zaharrak eman zion hasera mitinari. Herriko euskaraz kontatu zigun PSOEk Euskal Herrian izan duen historia osoa.

Enrique Múgica Herzog Donostiako abokatua eta PSOEk Euskal Herrian duen Idazkari Nagusia mintzatu zen gero, autodeterminazioaz eta abar.

Asturiaseko eta Gasteizeko bi langilek ere hitzegin zuten. greben berri emanez eta UGT sindikatua aupatuz.

Azkenik, eguneko vedettearen txanda etorri zen. Felipe González abokatuak Euskal Herriaren burrukatasuna eta Penintsulako Herrien autodeterminatzeko eskubidea erabili zituen bere lehen pasarteen gai bezala. Askoz gehiago ez zuen entzuteko moduan hitzegin. Talde bat edo beste oihuka eta "Eusko gudariak gara" abesten hasi baitziren. Hura iskanbila, hura! Makila eta guzti joan zitzaizkien ordenu-jartzaileak. Burrukaleku bilakaturik ikusi genuen frontoiaren atzekaldea.

Han gertatuaz, han bertan eta kaletan entzun genuenaz puntuka bada ere, komentario gisako ohar zenbait egin nahi genuke, euskal irakurlearentzat.

"Bilbokorik gerta ez dakigun", PSOEko Enrique Múgicak esan zigunez, alderdikoez bete zuten lehendabizi Astelena frontoia, beste zenbait hamar t'erdietatik ateetan zain egon arren.

Denetik bildu zen Astelena frontoian, leku askotakoak eta pentsaera desberdinetakoak. PSOEkoak gehienak, pentsatzen dugunez. Begiraleak ere ugari ziren, han zer gertatuko ikustera joan zirenak halegia. Eta gero, mitina boikotatzera joan zirenik ere agertu zen.

Eibartarren eritziz, Eibarreko ez zen jende asko zegoen han. Gazteria sozialista, oso osoan kanpokoa omen zen, PSOEk Eibarren gazterik ez omen du eta. Eta hori bi arrazoigatik, inmobilismoan etzan delako eta euskal problema bizitzen jakin ez duelako.

Euskara ez zekien asko zegoela ere, bistako gauza da, Baskaranen hitzaldian ez baitzekiten noiz txalo egin. PSOEko sozialisten aldetik euskarazko oihu guti entzun genuen. Eta dena esateko, pankarta bat bakarra ikusi genuen euskaraz idatzia, bat bakarra.

Kanpoan, biltzar ondoren ikusi genuenez, eta autobusetatik atera daitekeen neurrian, Bilbo ingurutik eta Penintsulako hainbeste lakutatik inguratu bide zuten jendea PSOEkoek.

Bilkura, mitina, boikotatzera jo zutenak, Eibarreko ELAkoak bide ziren. ELAko beste zenbait ere ikusi genuen han. Abertzale ezagun asko ere bai.

Eibarreko abertzaleak, nahiko ustekabean harrapatu izan arren gertakari honek, bilkura bat baino gehiago egina zuten. PSOEkoei hitz egiteko beta eskatu ere bai. PSOEkoen ukapena hartu ondoren erabaki omen zen, Feliperen azken partean, protesta gisa, oihu abertzale batzu egin eta gero "Eusko gudariak gara" abestea.

Bilkuraren azken partea ez zuten PSOEkoek ongi zuzentzen jakin. Ofizio falta ikusten da hemen, ohiturarik eza. Ustelduz ustelduz joan zen mitina. Gerturik zeukaten kalemanifestaziorik ere ez zuten egin.

Gertatuari buruz zer esan? Hitz llaburretan analisi sakon bat ezinezkoa izanik, bi lerro.

Hasarre ikusi nituen PSOEko nagusiak. "Nori egiten diozue jokua" galdetu zien boikotatzaileei Felipek. "Gobernuari egiten diote jokua" esan zigun zalantzarik egin gabe Múgicak. Hasarre egotea, bidezko iruditzen zait. Ez hain bidezko, ordea, arrazismoaren eta abertzalekeriaren lepora beren kontrako edozein manifestazio botatzea. Politika mailan aztertu behar dira gertakariok, politikoak dira eta. Edota PSOEren intentzioa ez al da ba politikoa? PSOE bezain ezker eta gehiago euskal talde eta alderdi bat baino gehiago dago Euskal Herrian, eta gainera euskaldunak dira. PSOEk hori onhartzen ez duen bitartean elkarrizketarik ez dugu erraz ikusten.

Kalean bati baino gehiagori entzun genionez, ba zen beste analisirik ere airean. Nork nori jokua egin? Ez ote, gero, PSOEkoek gaurko gobernuari, liberal aurpegia Europaren aurrean agertaraziz, eta bidenabar, kolpe berez, komunismoa eta nazionalismoa indargabetuz? Penintsulako Ezkerraren monopolioa, gainera, PSOEk izango luke kasu horretan.

Zeregin? Boikotatzea, besterik gabe, negatiboegi ikusten dugu. Holako ekintza baten aurretik indarrak ongi neurtu behar dira, politikazki neurtu ere. Politika ez da kontrakolpez puskatuz egiten. Euskal ezkerrak ezin du, bestalde, bakarka jokatu.

Joan Larrinaga


Euskal Herrian

Politika. Felipe González Euskal Herrian. Lintzirinen: P. S. O. E. eta euskara

Otsailaren 15ean, gaueko 8etan, Oiartzungo Lintzirin hotelean P. S. O. E.-k antolatu zuen kazetaurreko elkarrizketara deitua izan nintzen. Enrique Múgica Herzog-en deia jaso zuen Zeruko Argiak.

Euskal aldizkari bateko berri-emailea nintzenez gero, euskaraz mintzatzeko eskubidea ba nuela uste nuen. Euskal Herriari saldukeriarik egin nahi ez banion, euskaraz mintzatzera beharturik nintzela iruditzen zitzaidan.

Nik ez nion Felipe Gonzálezi euskaraz jakiterik eskatzen, euskaraz eta gaztelaniaz zekien itzultzaile bat eskatzen nion. "Alemaniara joan izan bazineten izango zenuten interpretea, lotsagarria da benetan hona inor gabe etortzea".

"Euskaldunok ba duzue euskaraz mintzatzeko eskubiderik, norbait beharturik egon daiteke gainera. Baina ez ezazu gehiago euskaraz galdetu", esan zidan Felipe González-ek.

Enrique Múgica Herzog-ek, berriz, honela biribildu zuen P. S. O. E.-ren pentsamoldea: "No es cosa de establecer una dictadura con la pretensión de imponer el idioma a los que sólo hablan el castellano... El P. S. O. E. está en contra del racismo... El racismo es la mayor de las dictaduras y estamos en contra".

Kazetaurreko elkarrizketak ordu laurdenen bat iraun zuen. Erabat petraldurik amaitu egin zuten ihardun hura.

Beste erdal kazetari batzuekin hizketan ari nintzela Felipe González-ekin zebilen emazteki bat hurbildu zitzaidan "Viva Euskadi Nazi" esanaz. Behin eta berriz entzun behar izan nion gauza bera, Hitler-en labe goriak ere eskaini zizkidan.

P. S. O. E.ren alde atera dira LA VOZ DE ESPAÑA eta HOJA DEL LUNES. Loiolako eta Donostiako herri-irratiak eta euskal aldizkariak atera dira nire jokabidearen alde. Zergatik ote?

P. S. O. E.-k diktadoretzat, arrazistatzat eta nazitzat jotzen du euskal kazetari batek euskaraz hitzegitea.

Mikel Atxaga Fernández


Euskal Herrian

Politika. Felipe González Euskal Herrian. Donostian

Sevillan eta 1942.ean jaio zen Felipe González. Lege karrera amaitu ondoren PSOEkoa egin zen. Bere partidukoek Sevillan ezkertiartzat hartzen zuten. Suresnes-en 1974.eko Urrian bildu zen XIII Kongresuan Sekretari Jeneral izendatua izan zen. Batzarre berean Enrique Múgica Herzog sekretari koordenatzaile ezarri zuten, erantzunkizun zehatzik gabeko kargua berau, baina garai hartan partiduak Gipuzkoari ematen zion garrantziaren ezaugarri. Múgica, lehenago PCEekoa izanik, 1964.etik PSOEko militantea da eta partidu barruan gorabehera serioak ukan ditu, bai duen inprobisazio gehiegiagatik, bai pentsaera aldatze erraxegiagatik eta bai 1972.eko Kongresuan erabili zituen azpilan nahasiegiak zirela medio ere.

Felipe González Euskal Herrian zehar aritu izan zaigu ibilaldi politiko batetan: Bilbo, Eibar, Oiartzun, Donostia... Koadro berriak ezar eta euskal langileriarekin berriro harremanetan hasteko, bere partiduaren asmoak dakarzkigu. Garai batetan Euzkadiko Gobernuan hiru ministerio eta Bilbo inguruko burdinazko gerrikoa defendatzera hamalau batailoi ukandako partiduak (gaur berriz hemen hil zorian) bere burua birbiztu nahi duela dirudi, Felipe bitarteko.

Abertzale kutsuko taldeei entzun behar izan dizkie bereak Felipe González-ek ibilaldi politiko honetan. Euskal kantuak, zaratak, euskarazko galdeketak eta erantzunak noiz eta nonnahi jaso ditu bere hitzaldietan.

Donostian, Zuzenbideko fakultatearen campusean beste inon baino hobeto azaldu ahal izan zigun bere joera politikoa. Han ere hitzaldiaren ondoren mikrofonoa eskaini zien entzuleei. Kontrako pentsaerak, nahiz eta besteetan bezain zaratatsu izan ez, ugari izan ziren Donostian ere. Indar demokratak oro batu beharrez ihardun zuen Felipek, guztiok bat eginik, fronte antidemokratiko gogorraren kontra jokatzeko. Estatuaren estruktura federalista ere aipatu zuen; honetan UGT berrorganizatzen ari den Pablo Castellano Madrileko abokatuaren tesiari eusten dio, Estatu Konfederala eskatuz, halegia. 1974.eko Maiatzean ere nazionalitateen autodeterminazioari buruz mintzatzen ziren.

Zenbait alderdi politikoren eritzi ezberdinak ere entzun genituen; Batzarre Demokratikoak eta Langile Komisioek Felipe González erabat onhartzen zuten. Hemengo benetako leader politikoak gartzeletan bazterturik daude. inork entzun ezinik, zioen preso politikoen abokatu defendatzaile batek, eta beronekin batera etorri ziren ORT eta LCReko batzu ere. Azkenik Euskal Herriak bere kulturaren galtzori larriaren kontzientzia hartu beharra duela adierazi zigun ikastoletako irakasle batek.

Ene ustez, PSOE, Sevillatar bat hemengo kanpaina politikoa egitera bidaltzean, bide okerretik datorkigu; kontuan hartu beharko zukeen Euskal Herriko nazional sentimendua. Elkarrizketa, batzarre eta mahai inguruetan euskaraz zekien inor ez edukitzean ere, ez da zuzen ibili. Are gutiago azken egunerarte seta berean irautean. Baina, hala ere, euskal kultur arazoen baztertze honek ez gaitu batere harritzen, ez eta geure Herrian geure hizkuntza erabili nahi dugunok arrazistatzat hartuak izateak. Aintzinatik daramate barruan euskal gaienganako ezin ikusi hori, eta eboluzioak ez dirudi aurrerakada handirik egin duenik sozialista horiengan.

Lehengo lepotik burua, Juan José Solozabalen "El primer nacionalismo vasco" liburuan irakur dezakegunez: "Su entendimiento de la nacionalidad española, en un sentido uniformador y primario, llevó a los socialistas a cometer gravísimas injusticias con una cultura y un pueblo que se negaban —con razón— a desaparecer como tales. Confundieron en sus ataques elementos deleznables..., con singularidades riquísimas que su humanismo sincero debería haber defendido" (202. hor.). Sozial eta kultur arloan 40 urte luze itozorian iragan dituen Herrira datozkigu, sozial erradikaltasuna erokeria eta kulturan iraun nahia arrazismoa dela predikatzera. Bihotz zabaleko ahalegin batez, euskara beraiek ere errespetatzen eta bultzatzen dutela esateraino ere heldu dira. Hileta aurreko errespetutxoa ez ote den gaude.

Aparteko aipamena merezi digute Felipe Gonzálezen kontra mugitu diren taldeek. Boikot era hau eragileek uste bezain efektiboa ez izatea gerta daiteke. Euskal alderdi ezkertiarrek ohituak gauzkate antzeko jokaeretara eta ondorioak, ia beti, ezin pobreagoak izan dira. Zabalduegia dugu geure artean ez eginaren eta besteei egiten ez utziaren taktika erraza. Ahantzi ote dugu politika lana Herriarena dela eta ez talde ttiki, hertsi eta zaratatsuena? Herriaren sentimenduak errespetu handiago merezi du, nahiz eta kaleko jende arruntak politika gaiak behar bezain ondo ez menpera. 40 urtetako ixilunea aski da hori esplikatzeko. Baina goitiko errepresioak ez ditu kulpa guztiak.

Xabier APAOLAZA


Euskal Herrian

Anaitasunaren oharra

ANAITASUNAko idazleok erabat ados gatoz Mikel Atxaga, ZERUKO ARGIAren zuzendariaren jarreraz. Berak dioenez, F. González jaunak euskara jakin beharrik ez badu ere gutienez euskara dakien norbait ondoan edukitzeaz arduratu beharko zuen. Zeren ba dirudi Múgica Herzog burkidea hutsune hori betetzeko gai ez zela izan, eta berorrengan kontu hori ez da inondik ere barkagarri, Euskaldun (berri) ekin euskaraz liburuaren egileek bertoko politikariez salhatzen dutena egia hutsa baita.

Erregeak Katalunian katalanez egin badu, PSOEkoei Euskal Herrian euskaraz egitea gehiegi eskatzea ote? Ala herri-hizkuntzen salbazioa eskuinetik etorriko zaigula pentsatu beharko ote dugu?


Euskal Herrian

Lana

Forjas, Aranzabal, Areitio, Gabilondo, Mevosa...

Ez dut uste Gasteizeko langileriak oraingoaren antzeko elkar lan eta elkar ekintzarik ezagutu duenik. Grebarako deia erraz eta eurrez hedatu da bertoko lantegietara.

- Urtarrilak 9: FORJAS lantegia kaleratzen da: 1.700 langile.

- Urtarrilak 10: MEVOSAk segitzen dio: 2.100 langile.

Ondorengo egunetan: ARANZABAL, 800 langile.

GABILONDO, SETECO, CABLENOR, AGROTOR, RENOR, AREITIO eta ORBEGOZO (Agurainen).

Langileak zergatik kaleratu diren? Kausa ugari dutelarik ere, bat dute nagusiena: Alokairuak mugatzen (elatzen) zituen Dekretu hospetsuaren aurkakoa. Gutti gorabehera honela konkretatu dituzte beren eskakizunak: 6.000 peseta gehiago hilean. 40 orduko lana astean. Hilabeteko bakazioak. Gaixote eta akzidente garain % 100. IRTP. enpresaren kontura. etab...

Despiduak

Arazo hauetan entrepresak beti egin ohi duenez, langile burrukalarienak kalean uzten ahaleginduko da orain ere. Forjas lantegian 23. UTECO-VELASCO, 3. Besteetan ez dakigu oraindik zenbat izango diren. Langileek noski gogor egiten dute puntu honetan: Barrura DENOK ala INOR EZ! Eta honela irauten dute hilabete luze batez.

Langileek beraz elkarturik dihardute burrukan. Egunero elkartzen dira hiriko elizetan elkar lan hau indartzeko eta zenbait informazio eta maniobra zatikatzaileri erantzun bakar bat emateko.

Entrepresa bakoitzak bere BATZORDEAK ditu langile guztien artean aukeratuak. Entrepresako Juraduen dimisioa eskatu dute. Goitik beherako SINDIKATUA alde batetara uztea erabaki dute.

Konponbiderik ez?

Langileen baldintzak hauk dira:

- INOR EZ kalean!

- Entrepresarien Kontseilua eta langileen Batzordeak konpondu behar dute arazo hau. (Horretarako Batzorde hauek onhartuak izan behar dute).

Asanbladak, manifestazioak

Langileriak hilabete batez eta oraindik ere gogor segitzen badu, egunero egin dituzten asanbladei esker izan da. Asanblada hauk entrepresa bakoitzekoak eta orokorrak izan dira. 31.an adibidez, 6.000 langile elkartu ziren Zaramagako San Frantzisko elizan, greba hau beste lantegietara ere zabaltzeko asmoz. Ondoren langileak, milaka, lohihartzekoa eta guzti, Gasteizeko kaleetan zehar manifestatu ziren.

Hil honen 2.an ere Asanblada Orokor bat egin zuten eliza berean. Asanblada hartan, langile guztiok Entrepresarien Kontseiluarekin elkar hizketatzea erabaki zuten eta denak, Batzordeak buru zirela, sindikatu ingurura abiatu ziren. 8.000 langile berriro ere kalean ikusirik, Poliziak gogor eraso zien Gasteizeko sarreran, eta inoiz ezagutu ez dugun eran eraso ere. Ez zuten honelakorik espero langileek. Baina halaz ere, 3.000 inguruk sindikatu aurreraino iristea lortu zuten. Han berriro ere gogor eta ustekabean eraso zien Poliziak.

9.an, astelehenez, entrepresa guztiek zabaldu dituzte beren ateak baina langileak ez dira sartu. Langileen asmoa zera da orain:

- Gasteiz osoa kalera; langileak, ikasleak, eskolak, etxekoandreak etab.

Lortuko ote? Zail samar ikusten dugu helburu hau. Maisuak ere hasi dira baina lantegi asko ari da oraindik lanean. Entrepresak oraindik ez du ezertan ere amorerik eman.

Langileen buruak beroturik eta mihiak zorrozturik daude. Amorruz josiak daude baina oraindik ez dugu argi izpitxo bat ere ikusten konponketaren atarian, otsail honen 15ean.

Juanjo URANGA

Goiherri: Residentziaren arazoa

Goiherriko hamalau Guraso Elkarteek argiratzen dute agiri informatibo hau, Zumarragan finkatu nahi den Sanidade Residentzia dela eta, Madrilen eman diren pausoak eta eduki diren harremanak argitu nahirik.

1975.go Azaroaren 23an, Elkarte hauek agiri bat azaldu zuten. Agiri hartan ematen zen Zumarragarako erabakita zegoen Sanidade Residentziaren alde eta Beasaingo Espezialidade Anbulatorioaren alde eman ziren pausoen berri.

Agiri hartan geure harridura eta atsekabea azaltzen genituen, eta Madrilen (I. N. P.) Prebisiorako Instituto Nazionalak, 1974.go Maiatzaren 10ean erabakitakoa baztertzean, hartzen zuen postura berria ezesten genuen. Erabaki hori zen hain zuzen Zumarragan kokatuko zen Gipuzkoako bigarren Sanidade Residentziaren alde hartu zena, Elkarte hauek hala eskatzen zutelarik. SIADEKOren azterketa sakon batean funtsatuaz.

Gure asmoen zuzentasunak eta gure helburuen premiak bultzaturik Madril aldeko goi-mailetara jotzea erabaki genuen. Ikusi ere hain beharrezko ikusten baikenituen Residentzia eta Anbulatorioa Goiherriko eta Urola Garaiko herrientzat.

1976.go Otsailaren 5ean Guraso Elkarteen ordezkari komisio bat izan zen, Madrilen, Sozial Sekuritateko Direzio Orokorrean eta Prebisiorako Nazional Institutoko Konseiluaren Presidentzian. Hemen, ondoren, emango dugu han edukitako harremanen zenbait pondu.

a.- Pozik jakin genuen I. N. P.ko Probintzi Konseilua Zumarragako bigarren residentziaren alde azaldu zela (I. N. P.ko Nazional Konseiluaren aurrean), eta bere konformidaderik eza azaldu zuela Residentziaren altxatzea I. N. P. laugarren programan ez zegoela ikustean.

b.- I. N. P.ko Probintzi Konseiluaren erabakia da, esan zigutenez, Nazional Konseiluarentzat baliozko kriterio bakarra, Gipuzkoako Sendakuntza Ekipatzearen zabaltzea planeatzekoan.

d.- I. N.P.ko Probintzi Konseiluak erabakia deszentzalizatze politika baten hildoan omen doa. Beharrezko ikusten baitute deszentralizatzea sendakutza zerbitzuen herriarekiko efikazia handiena lortu ahal izateko.

e.- Aurreko eritzi hoien eta Residentziaren atzerapenaren artean zegoen kontradizioa ikusten zelarik, Donostiako Geriatrikoaren arazoa aipatu ziguten. Oso posible omen; Donostiako Geriatrikoa, haserako helburuak bazterturik, Gipuzkoako bigarren Sanidade Residentzia bilakatuko omen da...

Une hartan aipatu ez bagenuen ere, orain kezkatzen hasiak gara. Geriatrikoaren aldakuntzak eta berrikuntzak ez ote ditu bereganatuko Zumarragako Residentziarako pentsaturik zeuden I. N. P.ko finanziazio bideak eta diru iturriak?

f.- Esan zigutenez, gutxi barru erabakiko omen dute bi lan hauen artean zein den lehenengokoa, eta beharrezkoagoa. Honek ez zituen ezabatu gure kezkak, ikusten baitugu ikusi Zumarragako Residentzia oso zalantzan dagoela, eta kontuan harturik Donostiakoa Geriatrikoa dagoneko altxaturik dagoela, bere aldakuntzak inbersioa haundia eskatzen badu ere. Ahatik, ez dugu ahaztu nahi I. N. P.ko Probintzi Konseilua Zumarragako Residentziaren alde azaltzen. dela.

Guraso Elkarte hauek, Goiherri eta Urola Garaiko Sanidade Beharrek eskatzen zuten erantzuna garbi ikusirik, I. N. P.ko Probintzi Konseiluaren asmoekiko adostasun irmoa azaldu zuten puntu honetan.

Arazo hauk hain gertutik eta hain hestuki bizi behar lituzkeen Udaletxe Konseiluen babes eta laguntza eskasa ikusirik, eta gutxi barru hartuko den erabaki garrantzitsuaren aurrean gaudelarik, dei bat egitea erabaki dugu kontura daitezen egoeraren larriaz, eta dagokien partea bere esku har dezaten, eta horrela Gipuzkoako bigarren Sanidade Residentzia Zumarragan finka dadin, egun hartan erabaki zen bezala, eskaera serios eta zuzen bati erantzunez eta azterketa sakon batek azaltzen zuen premia larri bat bete beharrez.

Laguntza eta babes eske gatoz erakunde, elkarte, entrepresa eta gure nahi zuzenekin ados dauden guztiengana. Izan ere gure asmo eta nahi hau herri langilearen sanidade premiari erantzutea baita, eta ez besterik. Herri langilea da hain zuzen Sozial Sekuritateak jasotzen dituen diruen iturria.

1976.go Otsailean


Euskal Herrian

Ipar Aldea

Marc Légasse kontseilari jeneral gai

Kontseilari jeneralak laster hautetsiko baitira, Marc Légasse idazleak bere burua Donibane Lohitzuneko kantonamenduan presentatuko duela jakin erazi du. Haren izen-bandera: E.K.A., erran nahi baita "Euskadi'ko Autonomia" (sic). Haren programa: 1946.ean berak idatzi zuen eta Etxeberri-Aintxart orduko deputatu baigorriarrak aurkeztu zuen Ipar Euskal Herrirako estatutua. Duela hiru urte Baionako kantonamendu batetan, % 4 bildu zuen.

Zer kopeta!

Frantses Telebistak eman ikuskizun batetan euskararen egoera aipatua izan baita, Haritschelhar jauna, IKAS Batasuneko lehendakari gisa, Administrazioaren aurka bortizki mintzatu da. Gaur euskararen irakasteko dagoen legea errespetatua ez dela erakustera emanez, azkenean egoera ahalkegarri eta pairagaitz horren aldatzeko zerbait eginen ote duen galde egin dio Ministroari.

Erantzuna Bordeleko Akademiako Erretoreak eman dio. Den mendreneko lotsarik gabe alegiakeriaz elakatu da; beste ateraldi harrigarri zenbaiten artean, ikastolak Estatuak sorteraziak direla aditzera emanik. Bietarik: zozo ala gezurti. Frantses Unibertsitatea sobera errespetatzen dugu, Erretore gisa zozo bat hauta dezakeela pentsatzeko.

SEASKAk lehendakari berria du: Jon Seiliez

Ipar aldeko ikastolak biltzen dituen SEASKA Batasunak, lehendakari berri bat hautatu du: Jon SEILIEZ. Argitxu NOBLIA lehendakari-ohiak bere karguaren uzteko xedea ezaguterazi zuen aspaldian. Beharrik segida ona eman diotela Jon SEILIEZ euskaltzale zintzo eta langilea hautatuz. Euskaldun berria, Jon SEILIEZ, etorkiz, Frantziako ipar aldekoa da. Euskaldun "Rhésus" (—) dun asko baino biziki euskaldunago noski.

OKAPI, frantses haurrentzako aldizkari kristaua, esenplu ematen

OKAPI aldizkariak, Urtarrileko bere 99. zenbakian, "Euskaldunak" hartu ditu aztergaitzat. Holako gehienetan ba dakigu nola erakusten diren euskaldunak eta zer irudiren bidez: kontrabanda, pilota, dantzak, Voltairek erran zuen bezala: "Pirinioetako oinetan kantuz eta dantzan aritzen den populu tikia".

OKAPIk aldiz, indar berezi bat eman du egiazko Euskal Herriaren erakusteko. Nekez, oinazetan, bizi dena. Biziki sinpleki ordea, marrazkiz kontatu historio baten bidez, haurrek erraz konpreni eta segi dezaten. Zinez lan ederra.

Euskal Herria noraino?

ANAITASUNA hau urte honetan haseratik eraberritu zaigu eta bai kemenez doblatu ere gure ustez. Bere lehen editorialean irakurtzen ahal dugunez, ez zaigu beste ANAITASUNA berri bat bihurtu nahi eta gutiago oraindik zapietara jokatzeko asmoz ibili: eguzkia nora zapiak hara.

Guk ere pentsatzen dugu ez dela arazo berria gure artean solastatzea, ea zeintzu eta norainoko mugak Euskal Herriak dituen jakitea. Aspaldi aspaldiko leloa dugu berau, batzutan beste batzutan baino goriago euskal plazara agertu bada ere.

Oihenarte zuberotarra Vasconia handiaz mintzo zaigu, Moret nafar historigilea ere ez zaigu zazpi probintzietako Euskal Herriaz mintzatzen. Duela zenbait urte Federiko Krutwig euskaltzainak publikaturiko liburuak arrakasta handia izan zuen bere kontzeptu guztietan, geografikoak barne. Oraintsuago E. H. A. S. euskal sozialist erakundeak ere puntutxo hau ukitzen du bere agirian, Txillardegiren Huntaz eta Hartaz liburuan Biarnoaz lan paregabe eta gutixkok irakurria ikusten ahal dugu, J. L. Lizundiaren lanetan ere argitasun ederrik idoro dezakegu geure arazo honetaz. Dena den, gure gustokoa (eta gutiago juztiziazkoa) ez den eritzirik Gernikako hirian zabaldu dute "Juntilla antidemocrática Vascongada"koek.

Jean Pierre Seiliez nor den euskal gizon publikoen artean galdetuko du norbaitek. Egun oraindik hegoalde honetan guti ezaguna bada ere ez da horrela jazotzen Ipar Euskal Herrian. Iparraldeko ikastolez arduratzen den SEASKAkoa dugu berau, irakasle izateaz gain. Txillardegi euskaldun finari esker jakin genuen J. P. Seiliez tesina bat egiten ari zela Biarnon euskaraz oraindik mintzatzen diren herriez.

Baionan elkar ezagutu ondoren honako elkarrizketa izan genuen:

— Txillardegiri entzun diodanez ba duzu Biarnoaz zerbait esateko.

— Bai. Biarno euskaldun izan da eta oraindik ere horrela da, parterik handieneaz euskara galdu badu ere. Oraindik euskaraz mintzatzen diren herriez eta hauzoez lan bar prestatzen dihardut.

— Biarnori gertatu zaiona Biarnon gertatu dela bakarrik uste duzu ala beste zenbait lurretan ere bai?

— Biarnoaren kasua historiaz gugandik hurbilena da, baina ez da Biarnon bukatzen.

— Non bukatuko litzateke orduan?

— Niretzat Aturri haranak (Pays de l'Adour) ba du osorik batasun bat eta baita euskaltasun bat. Niretzat oraindik ere euskaldun da. Eta euskaldun sentitzen du bere burua, nahiz kalifikatibo hori ez erabili.

— Xuxen xuxena zer da Aturri harana?

— Handi handizki eta xehetasun gabe: egungo Lapurdi Nafarroa Beherea, Zuberoa, Biarno, Haut Pyrenees, Armañaka eta Landak.

— Zeintzu dira hiri handienak?

— Baiona, Pabe, Tarba, Aire, Mendimartzana, Akize, Ortheze, Oloroe.

Seiliez-ek esan digunez Paben ikastola bat martxan dago. Euskarazko eskolak ematen dira Mendimartzanan, Oloroen ikastola bat zabaldu zen, gero itxi eragin badute ere. Akizeko lizeoan ikasleek eskaturik euskarazko eskolak ematekotan ziren baina irakasle faltaz ezin izan da. Orthezetik beti etortzen da lagun andana bat Baionara han egiten diren euskaldun manifestazioetara. Euskalduna kazeta E. H. A. S., Euskal Herriko Alderdi Sozialistarena dena, zabaltzen omen da, hein batetan behintzat, Aturri haraneko herri handixkotara. Zeren seinale da hau? Seiliez-ek ba du Euskaldunak 11.numeroan guzti honetaz lan bat inork irakurri nahi baleza.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA


Iberian zer

"Greba apurtua"

Titulu hori beren lehen horrietan tinko ezarririk, Espainia osoan diren sei edo zazpi astekari ezagunenak —eta, ba liteke, hoberenak— bat batean ateratzea erabaki dute, hamaika harreman luze eta latz, "Asociación de la Prensa" delakoan, erabili ondoren.

Ez zen hori lehenen erabakia, aste honetan (16-21 - II, 76) atera gabe gelditzea baino. Baina, azken orduan, hitza emanik eduki arren, aldizkari batek denen artean hartutako lotura hura hautsi zuen: "Cambio 16" ek, hain zuzen.

Horregatik, beste aldizkari guztiek, "Cambio" ezik, ahal izan duten moduan, ergel eta horriz mozturik, irten behar izan dute kalera, beren aurka jokatu duenari arloa —hau da, irakurlegoa, aste honetako albisten monopolioa eta, ondorioz, dirua— franko eta beretzat bakarrik gel ez zedin.

Arazo korapilatsu honen benetako mamia norbaitek luze eta ongi ezagutu nahi baldin badu, irakur beza "Triunfo" ren aste honetako zenbakia. Barren barreneko mamia, Vazquez Prada eta sekretu profesional guztien gainetik, espainiar kazetaritzaren etorkizuna bera da. Zeren egoera bi baititugu hemen elkarren aurka: bata, orain arte agintarien morroi apal bat izan den prentsa, "zabalkunde haizeen" zarataz noizbait esnaturik, beste era batetara gizarteari zerbitzu kritikoago bat eskaini nahian dabilena; eta bestea, "agintari klase" edo gutti batzuren talde hori, bere iraun nahi amorratuan, prentsa aldetik etor zekizkiokeen kritikarik ttikiena uxatu, debekatu edo eta zigortu ere egiteko prest duguna.

Egoera bi hauen artean, historiak, etorkizunak berak, ba du bata hautaturik, baina biotatik zein den etorkizunezkoa jakin arte, beste pixka bat itxaron behar.

BERNARDO ARRIZABALAGA


Iberian zer

Romero joan zaigu

"Romero" idazterakoan Emilio jauna aditzera eman nahi izan dugula bistan dago. "Joan" dela ez dakienik aurkitzea, kazetaritzarekin zer ikusirik dutenen artean behintzat, ez litzateke hain gauza erraza.

Baina, azkenik, "zaigu" horrek ere ba du bere esannahia: denok, bakoitzak bere neurrian, igaro den urte mordo honetan, geure buruen gainean gizaseme hori eduki dugula, eta, besterik ez.

Hasera batetan, zurrumurru bat baino ez zen: joan (edo egotzia izan) beharrean herstu xamar zebilela. Eta zurrumurru horrek bere baitan zekarren atsegin-kutsadura, "universal" moduko "zerbaiten" neurri bezala agertzen zitzaien Madrileko barne-historiaren kronistei.

Joan zaigu, edo hobeki, joan zaie. Eta baztertu denez gero, esan daiteke Madrilen, bai beldurra eta bai gorrotoa ere, guttitu direla. Honelako lore bat ihartzen denean, ba dakigu urtaroaren aldaketan gaudela.

Izan bada izan da, urtaro luze baten lorea, eta, ene ustez, joan bada, joan da, betiko loreak doazen bezala, berekin lurra ere eramanez.

BERNARDO ARRIZABALAGA


Iberian zer

Zaharrak berri...

Juan Carlos erregek Estatuaren buruzagitza hartu zuenez geroztik, diktaduratik demokraziara iragaiteko esperantza piztu da espainiar askoren artean. Politikaz inoiz baino gehiago mintzo da jendea. Politikariek, etorkizuna moldatzeko, beren planak ozenki aldarrikatzen dituzte.

Agintean daudenek ere, aldakuntzaz ari zaizkigu.

Halaz ere, hainbesteko hitz jarioari legokiokeen benetako egitur berritzea ez da inondik ageri.

Alderdi positibo bakarra (edo "eznegatiboa" egokiago): zenbait kasutan —ez guztietan— poliziak hartu duen jokabidea eta sozial komunikabideetan nabari den irekitasun handixeagoa.

Hortik kanpora, beste dena, oraingoz, Francoren garaikoa da. Hitzak ere ez dira beti esperantzaren pizgarri izan, eta are gutiago izan dira Arias Navarrorenak beraren azkenengo hitzaldian. Nekez izan zitezkeen, Gorte kontserbatzaile porrokatu batzurentzat pentsatuta baitzeuden.

Iluna eta axalekoa izan zen Gobernuak duen etorkizun asmoaren agerpena.

Aipatu zituen lege aldaketak, ez zuen esan nolakoak izanen diren.

Mendebal Europako egoerara iristeko, ez zirudien oso aproposa Gobernuko lehendakariaren jarrera, hitzez asmo hori azaldu arren. Amnistia osorik ez, alderdi politikoen legeztatzerik ez, herriak eta herriek bizitza politikoa nola moldatu nahi duten galdetzeko biderik ez.

Epe jakinerako konpromezuen faltan, etor litezkeen ekintza zehatzek bakarrik froga lezakete gobernarien borondate ona.

Espainia, Europan dauden bezelako demokrazia bat izanen den ala ez, politikaren plazan diharduten erakundeen eta indarren eraginek zertuko dute. Erregimenaren barruko erakundeen arteko jokoak: Gobernua, Erreinuaren Kontseilua, Kontseilu Nazionala eta Gorteak, ultraeskuinetik ultraezkerrera bitarteko alderdien eta taldeen jokabideak eta, nola ez, populu osoaren portaerak.

ANDONI SAGARNA


Kantzerra kimikaren eta satsuduraren ondorio

Duela bostpasei hilabete, ANAITASUNA hontako 298. zenbakian, Medikuntz Hiztegirako Mintegikoek kantzerrari buruz eginiko lantto bat agertu zen. Gogoz irakurri nuen, eta, egia esan, horren antzeko beste artikuluren bat noiz argitaratuko duten zain nago. Osasunari buruzko gorabeherak eta oinharrizko informazioa guztientzako interesgarriak direlarik, bide hortatik saia litezen eskatuko nieke. Ba dakit lanean ari direla, eta horregatik, esperantzarik ez zait falta.

Dena dela, bitartean, eta nahiz eta ni mediku ez naizen, ausartu eginen naiz, kimikak eta satsudurak kantzerren sorreran duketen garrantzia frogatzen duten zenbait datu agertzera.

Inguruko baldintzak eta kantzerra

Gaur egungo ikertzaile gehienen eritziaren arauera, inguruko baldintzak dirateke, kasurik gehienetan, kantzerra sorterazten duten kausak. Haien ikerpenen arauera, kantzer guztietarik 80 %, guti gorabehera, modu hortan sortuak dira.

Eta zein da inguruko baldintzek kantzerren sortzean duten zerikusia? Hara! Industri aitzinamenduarekin batera, kimikak ere aitzinamendu handia (izugarria esanen nuke nik) ukan du. Gaur egun, milioi erditik gora konta daitezke, munduan erabiltzen diren konposatu kimiko desberdinak; gehienak gizonak asmatuak dira, hau da, aurretik naturan ez zeudenak. Eta horietarik asko eta asko, epe luzetan gizonarengan eta Naturan ukan dezaketen eragina ezagutu gabe, erabili egiten dira eguneroko bizitzan.

Konposatu kimiko horietariko batzu eguratsera jaurtikitzen dira lasaiki, lantegietako kebideetan gora; beste batzu hibai edo itsasoetako uretara jaurtikitzen dira; beste batzu janariei eransten zaizkie asmo desberdinez (kolore egokia emateko edo abarretarako); eta hola.

Gai kimiko berri horik giza gorputzera heltzen direnean, beronen autodefentsarako medioak funtzionatzen hasten dira. Eta, nola edo hala, eliminatu, deuseztu edo transformatu egin behar ditu; bestela, denborarekin problema gogorrak sor baitaitezke gorputzean.

Idatzitakoak irakurririk, ez bide da harritzekoa, kantzerra kimik produktuen eta satsuduraren ondorioa dela entzutea. Eta horixe da, hain zuzen, amerikarrek eginiko Kantzerraren Atlasetik eta frantsesek Lyon-eko Centre Internacional de Recherches sur le Cancer delako antolamenduan eginiko lanetatik ateratzen den ondorioa. Azterketa estatistikoen bitartez, kantzerraren eta kimik industrien kokatzearen artean elkarkidetza handia dagoela frogatu izan da.

Zenbait kantzer-sortzaile

Baina, jeneralki hitz egiten aritu gabe, zenbait kasu konkretu aipatzea hobe dela uste dut.

- Edari batzu egitean (laranjadak egitean, adibidez) erabiltzen diren ziklamatoak, oso arriskugarriak dirateke. Hamar astetan sodio ziklamatoa hartzen egon ondoren, esperimentutan erabili ziren animalietarik erdiei, puxika-kantzerra sortu izan zitzaien. Estatu Batuetan debekaturik dago ziklamatoen erabiltzea; baina, hala ere, Europan normalki erabil daitezke (eta erabiltzen dira) ziklamatook aipaturiko edarietan.

- Ile tindakariak ere kantzer-sortzaileak dirateke. Kuiekin eginiko ikerpenek, hori pentsatzera garamatzate behintzat. Eta New York-eko mediku batek (Nathaniel Shafer izenekoak, prezeski) oraintsu argitaraturiko estatistika ikusi ondoren, ileak tindatzeko gogoa kenduko zaie nonbait emakumeei: Bular kantzerra zuten 100 emakumeren artean, laurogei ta hamazortzik ile tindakari iraunkorrak erabili ohi zituzten.

- Petrolio errefinategi inguruetako satsuduraren kausaz, bertako lurretik hartzen diren produktuek, normala baino hamar aldiz bentzopireno gehiago edukitzera hel daitezke. Eta, antza denez, gai kimiko hori kantzer-sortzaile da. Ikusten den bezala, kasu hauetan guztiotan, artifizialak diren gai kimiko batzuk, eta satsudurak berak, zerikusi handia dukete zenbait kantzerren sorreran.

"Muta-test" delakoa

Oraintsu arte, mediku askoren ardura bakarra kantzerraren sendapena lortzea izan da. Haien jatorriari buruz, ideiak eta eritziak ez daude guztiz argi. Hala ere, geroari begira, kantzerra sendatzeaz gain, eritasun hori sorterazten duten kausen aurka jokatzea ere eduki beharko da kontutan.

Ba dakigu, jakin, zenbait gai kimikoren eraginez, kantzerra sor daitekeela. Konposatu kimiko gehienen eraginaren berririk ez dugu, ordea. Oraintsu erabiltzen hasi den "muta-test" izenekoari esker, dirudienez, zeintzu gai diren kantzer-sortzaile jakin daiteke. Test hortan, hesteetako bakteria batzu erabiltzen dira. Bakteria horiek mutaketak pairatzen dituzte beren egituran zenbait konposatu kimikoren eraginpean. Eta, ikusi denaren arauera, ba dirudi ezen konposatu kimiko berberok (hau da, mutaketak sorterazten dituztenak) kantzer-sortzaile direla.

"Muta-test" horren bidez lortu diren gertatuek, hori pentsatzera bultzatzen gaituzte behintzat. Kasu batez, aipa dezagun Commoner izeneko ikertzaileak eginiko ikerpenak. Ikertzaile honek 92 substantziari aplikatu ukan die aipaturiko test hori. Aurretik ba zekien segurtasun handiz, 92 horietarik 50 substantzia ez zirela kantzer-sortzaileak eta beste 42ak kantzer-sortzaileak zirela. Test hori egitean, kasu bitan izan ezik beste guztietan, behar zen erantzuna lortu ukan du. Beraz, ba dirudi test hori nahiko fidagarri dela.

Ondorioak

Aipaturiko "muta-test" hori, oraindik perfekzionatu eta biribildu gabe dago; baina etorkizun hurbil batetan hobetuz eta fidagarriago bihurtuz joanen dela pentsatzeko gauza da. Eta hori lor dadinean, edozein produktu merkatura banatu eta zabaldu baino lehen, aurretik test hori gainditua izan beharko dateke. Eta testaren arauera produktu hori arriskugarri gerta eta ager badadi, debekatu eginen dateke haren merkatal banapena.

Bitartean, milaka produktu banatzen dira merkatuetan eta hainbat satsukarik satsutzen dute gure inguruko eguratsa eta Natura; eta guk ez dugu haien arriskugarritasunaren ideiarik ere ez. Hori jakiteko esperimenturik egin dea? Ez. Esperimentu bakarra, gizonokin egiten ari dena da; hau da, gizonok gara —produktu kimikoen kontsumatzaile eta satsuturik dauden eskualdeetako bizilagun garen aldetik— mundu mailan aurrera eramaten ari den esperimentu munstro horren kuiak.

"Industri aitzinamenduari ordaindu behar zaion zerga da hori" diote batzuk. Zer gertatuko ote litzateke, test horri jarraikiz, hainbat eta hainbat gai kimiko debekatuko balira? Lantegi askok beren ateak hitsi beharko lituzkete noski. Baina gizonon osasunak ez ote du, gizarte kontsumista honek markatzen dizkigun helburuen lortzeak baino garrantzi handiagorik? Galdeok, nik neure buruari egiten dizkiot. Eta ez dut erantzunik.

J. R. Etxebarri


Erlijioaz

Erlijioaz solasean

- Beraz, estraina dugu gaur ANAITASUNAko plazan. Hots egin didate eta nik baietza eman. Horra guztia.

Erlijioa izanen da gure solasaren gaia. Egia esan, erantzukizun larri baten pisua sentitzen dut bide honi ekiterakoan, erlijio alorra axola handikoa baita niretzat. Halere, bidea ibiliz egiten omen da eta ibilian bertan gauzak hobeki ikusiko ahal ditugu. Dena den, gaurko Euskal Herrian gai honetaz agerian ihardun beharrak ba du erantzunbehar berezirik.

- Neure solasean, ez nuke sermolari garratzaren plantarik hartu nahi. Ni ez nator hemen ongi erre eta biribilduriko opilak partitzera. Bilaketa batean dabiltzanak laguntzea atseginago litzaidake.

Bestalde, ez nuke desertuko predikari merkea gertatzerik nahi ere. Nahiago nuke elkar hizketa bizi baten gidari eta zuzpertzaile izatea. Bakar hizketak eta zaparradak, aspergarriak eta badaezpadakoak izateaz gain, antzu samarrak gertatu ohi dira eremu honetan. Eta ordua hori zergatik ote den kontuak ateratzen hasteko. Erlijio hauziak, gizakiari barren-barrenean ukitzen dionez gero, berezkoa du elkar hizketa eta solasa.

- Erlijioari, gero eta gehiago, bilaketa lantsu baten antza hartzen diot, etengabeko bilaketa batena, hain zuzen ere. Bilaketa hori, ordea, hauzo lanean eta taldeka egitea komeni da, gizakiaren desirak eta galdeak haintzakotzak hartuz. Bilaketa horrek nora eraman gaitzakeen? Hortxe dago koxka.

Nolanahi ere, bilaketa horretan gauden tokitik hasi beharko dugu, amets urdinetan burua galtzeke. Gizaki eta herri bezala bizi dugun historiatik abiatu beharko dugu inolaz ere. Geure egunoroko errealitatean barneratzen ikas bageneza... Izan ere, erlijioaz mintzatzea eta arduratzea ez da, bidetxidor erosotan barrena, beste nonbaiteko planeta ezkututara ihes egitea. Erlijioaren hauzia ere, gaurkoan eta hemengoan zangoak tinko ditugula planteatu behar da.

Hortaz, fedegintza eta herrigintza, biak hertsiki loturik begiztatzen ditut ezinbestean. Herrigintza serio baten hildoan pentsatu eta mamitu behar da fedegintza, hots, erlijiozko bilaketa. Bestelako planteamenduak eta jokaerak ihesbidezko ataka errazak gerta litezke.

- Norentzat arituko naizen? Horrialde honetara hurbil daitekeen edonorentzat, baina fededunentzat bereziki. Halaz ere, erlijiozko kezka gizakiari hondo-hondoan dagokiona izaki, giza-emakume oro izanen dut solaskide. Ezin nezake inortxo ere bazterrerat utz. Gainera, badakikezu fededun eta fedegabearen arteko mugarriak ez direla hain ezaguterrazak. Areago, kristauak berak ere sinesgabeko bat darama bere baitan, fededunarekin etengabeko elkar hizketan. Aurretiazko plangintza orokor eta zehatzik ez dut burutu oraino. Ez dakit mereziko lukeen ere. Dena den, Elizari buruzko albisteak izanen dituzu batzutan, gurean esanahi eta ezten berezia ukan dezaketen berriak. Elizari gagozkiola, geure Herriko Elizaren ibilera eta pausoak ere hurbiletik jarraitu beharrean gertatuko gara, noski. Beste batzutan, gogoeta luzeagoak emanen ditugu, gaurko Euskal Herrian fededun izateak planteatzen duen prolemaren bat kritikoki jorratuz. Beti ere, erlijioaren eta Elizaren dimentsio sozio-politikoari adi egonen gatzaizkio, guzti horrek katekesi mailan eta pastoralgintzan dituen ondorenak ahantzi gabe.

Ez da erraz aldez aurretik esatea, horrialde hau zertan mamituko den. Hori, hein handi batetan, irakurleen eta beste lankideen esku ere badago eta, horrexegatik, ikuskizun da. Hemen, ene ustez, dinamika bat sortzea da beharrezkoen. Hortarako, beste zenbait alorretan bezala, jendeari mintzatzeko aukera eman behar zaio erlijioarenean ere. Hizpidea emateak soilik, guk uste baino gauza gehiago mugi ditzake bazterretan. Hain zuzen, gaur Elizaren barrenean egin behar den iraultza nagusienetarikoa hitzaren askatzea da. Zenbait monopolio zahar apurtu beharra dago eta herria bere hitzaren jabe egin. Hitzaren askatzeak beste askazio modu batzu ere ekar litzake ondorio bidez.

Hau ez da taktika hutsa, halere. Bada zerbait gehiago guzi honetan. Gizonaren eta erlijioaren izaera haintzat hartzeak garamatza bide hau proposatzera. Izan ere, erlijioa hain arazo serioa izaki, barruti horretan darabilgun metodologia bera ezin daiteke edonolakoa izan. Hemen, beste edozertan baino areago agian, gaiak eta metodoak zerikusi handia dute elkarrekin.

- Azkenik —eta ausartzia badirudi ere—, guk hemen Herria eta Eliza egitea dugu helburu, Euskal Herria eta Euskal Eliza. Inoiz gauzak gehiegi nahastea komeni ez bada ere, gure ikuspegitik, bi lanok nahiko bilbeztatuak daude. Elizaren egiteko nagusia eta oinarrizkoa herria egitea dela uste dugu; Jainkoaren herria eta gizonen herria, noski. Izan ere, giza mailako herririk ez dagoenean, Jainkoaren herria bat atean finkatu nahi izatea, ez ote da ameskeria (eta zapalkeria) hutsa? Hortaz, Jainko herria (Eliza) amesten duena, giza herria (herri soila) egiten ere saia bedi. Giza komunitatea haintzakotzat hartzeke, kristau komunitatea eratu nahi izatea, aldrebeskeria itzela iduritzen zait.

Hona hemen, gaingiroki eta nahasian, zenbait zertzelada eta hari mutur. Beude hortan gaurkoz. Nolabait hasi beharra zegoen eta horra jadanik bidea urraturik. Izango ahal dugu, horratio, hemen azkar batean idarokitako burubideak aurrera eramateko aukerarik eta adorerik.

Hori, ordea, elkar lanean egin beharrekoa dela uste dut. Lehen esan bezala, nik hemen akuilatzaile eta solaskide izatea nahiago nuke, beste ezer baino gehiago.

Gaurko hau, hortaz, solaserako gonbita duzu, elkar hizketarako deia. Herriaren boza jasotzea atsegin litzaidake. Bereziki, Euskal Herrian barrena, fedegintza eta herrigintza lotu nahian hezurmamitzen ari diren esperientzia eta gogoeten berri ukaitea interesgarri litzateke guztiontzat.

Plataformak modan dauden konetan, hemen ere horrelako zerbait egin ahal bageneza...

Jose Altuna


Elkar ikuska

Hermano Loboren Zuzendaria ANAITASUNAra!!! Bernardo Arrizabalaga euskal prentsan

Madrileko prentsan, kazetari gisa, oso estimatua den gizon bat dakargu ANAITASUNAra. IBERIAN ZER sailean haren bi artikulu ikus ditzakezu, eta gero gerokoak. Gurekin lan egiteko gogo bizia ikusi diogu Bernardori.

Duen izenagatik, duen esperientziagatik, egin dezakeen lanagatik, Bernardo Arrizabalaga gurera etortzea esanguratsua da, eta euskal prentsarentzat mesedegarria. Euskal kazetaritzari goi maila bat eman dezaioke Bernardok.

Bere bizitzari buruz eta batez ere, euskal kazetaritzaren urte honetan, kazetaritzaz zenbait galdera eginaz hurbildu gatzaizkio:

1 Emaiguzu zure bizitzaren xehetasun zenbait, batik bat zure kazetaritza munduko esperientziaren berri.

1. Markinan jaioa nauzu, duela mende erdi larri bat. Eta nere familia alderdi guztietatik oso euskalduna zenez gero (euskara besterik ez zekienik ba zen gure etxean!), argi dago zein izango zen lehenbiziko —eta betikoa izan behar zuen— hizkuntza. Baina zergatik jarrai arrenkura dariola datozkidan gogoetan hauei buruz? Herri zapaldu baten seme garenok historia nigargarri bakar bat daramagu.

Zure galdera denak, edo gehienak behintzat prentsa ingurutik datozkidanez, nere erantzunak ere hortik zuzendu beharko dizkizut. Kazetaritza lanetan gazte xamar hasia naiz, jesuita nintzenetik, noski. Adibide batzu agertuko ditut: Abside (jesuita ikasleen aldizkari izan zena), Mensajero (ez zaratarik gabe berritu genuena). Egunkarien artean, ordea, La Gaceta del Norte, bere "Página Cinco" famatu hura asmatu eta argitara eman ahal izan genuen artean, eta, geroxeago, Valladolid-edo El Norte de Castilla, Miguel Delibes-en Zuzendaritzapean igandero ateratzen zituzten "El Caballo de Troya" izeneko horrietan... eta abar. Delibes berak oraintsu esan duenez, garai hartako "gazte haiek" joku ederrik egin dute gerora, kazetaritzan edoeta idazlan arloan. Begira han nituen lagun batzu: José Jiménez Lozano, Manuel Angel Leguineche, César Alonso de los Ríos, Fernando Altés, José Martín Descalzo, Francisco Umbral, Miguel Angel Pastor, Antonio Corral, eta abar.

Nere bizimoduari aldaketa "kopernikanoa" eman zion erabakiak —sekulartzeak halegia— (artean, holakoetan diskrezio apal bat beharrezkoa baitzen), Madrilera bultzatu ninduen. Eta Madrilen, "Filosofía y Letras" deritxon karrera eta gero "Periodismo"koa burutu ondoren, kazetaritzako bidea hartu nuen. Bide hori azaltzekotan, aldizkari batzuren izenak aipatuko nituzke: Tele-Guía, Mundo Joven, Triunfo, Don Perro,... eta azkenez, Hermano Lobo. Baina, denen artean azkenak du, esperientziaren aldetik behinepehin, aberastasunik handiena: "Anai Otso" horren erruz, sarritan aurkitu bainaiz irakasbidetzat har genitzakeen aukera eta hestuasunetan.

2 Madrilen egon arren, Euskal Herrira begira bizi izan zinela ba dakigu. Orain garbiago ikusten dugu hori. Esaguzu zergatik itzuli zaren hona. Emaiguzu zeure barne-deien eta motibazioen berri.

2. Zergatik orain atzera Euskal Herrira? Ez nuelako inoiz Madrilen ezer galdu! Eta arratsean etxera datorren haurrari zergatik datorren galdetzen bazaio, begiak zabaldu eta bat-batean hitz-gabe bihurturik, galdera horren ezereza deihadartuko duelako! Oraindik gehiago: ez naiz haurra, gizon bat baizik, eta bere etxea sutan, garretan, dela jakinik, arineketan datorren gizonaren irudia litzakete nere kasurako egokiagoa. Nere eskuetan ontzirik edo urik gabe banator —hau da, euskaraz jabetu gabe— edo beranduegi heldu banaiz —nere lehenbiziko hizkuntza birpizteko aukera betiko galdurik, halegia— hobe dut, behintzat, etxearekin batean erre eta berton hil.

3 Kazetari bezala Espainiako prentsan ezaguna zaren horrek, zer egin behar duzu orain euskal prentsa idatzian? ANAITASUNAn idatzi?

3. Ikusten duzu ANAITASUNAn idazten hasia naizela dagoeneko. Eta jarraitzeko asmotan. ANAITASUNA izan da, gainera, Madrilen izan dudan Euskal Herriarekiko lotura handienetako bat.

Baina zoritxarrez, kazetari bezala, erdal idazteremuan izan dudan trebetasunik ezin nezake, oso osorik, euskarara tokialdatu. Euskal prentsan ez dut oraingoz tokirik merezi, gaur egun ez bainaiz horretarako gauza, euskara erdi galdurik dudanez gero (erantzun hauk egitea ere asko kostatu zait, asko). Lantoki hori irabazi egin nahi nuke, gure Herriari, zor dudana, eskain ahal diezaiodan. Eta horretarako bidea (bide bakarra eta oso zail zaidana) nondik norakoa den argi eta garbi agertzen zait: bide hori euskal aditzaren errekalde ugarian sortzen da, eta ortografian zehar, joskeratik aurrera, jarraiturik, istilu berezi den mendi tontorrera zuzentzen ditu gorputz eta arimez lanari lotzen direnak.

4 Euskal prentsaz mintza gaitezen orain. Dena nahasian. Euskal egunkari baten asmorik ba dagoela ba dakizu. Euskal aldizkariak aldatzen eta aldatuz ikusten dituzu. Nondik jo beharko lukete, zure ustetan?

4. Euskal egunkari bat? Galdera honek arraultzetik ala oilotik hasi behar ote den dilema edo hauzia dakarkit gogora. Goazen pausuz pausu. Beti, baina euskararekiko arazoetan oraindik gehiago, "arduradunak" eta "dirudunak" ez dira bat izaten. "Antipodas" bezalakoak dira biok. Orduan, euskal egunkari bat lortzear dela esaten bada, horretarako dirua prest dagoela argi dago. Diru horrek, euskal ardurarik ez badakar (eta euskal ardura esaterakoan, abertzaletasuna politikan, batasuna hizkuntzan esan nahi dut), beste motibazio ilunen bat dakarrela oso nabari da. Hortik nere beldurra! Zeintzu dira, eta zergatik, egunkari hori ordaintzeko gerturik daudenak?

Goiz da oraindik egunkari batentzako. Euskal egunkari batek euskal telebistaren eta irratiaren atzetik etorri behar luke, mass media handi hauen bidez euskara hedatu eta gero.

Gaur, Euskal Herrian, astekarien ordua da. Pozik ikusi dut gaurko aldizkarien berrikuntza. Baina barneragoko berrikuntza baten premia dugu, profesionaldu beharra, teknika eman beharra. Barne egituretan eta idazlanetan amateurismoa nabarmentzen da, erak, normak falta dira. Hizkuntza ere, pausuz pausu, literatur kutsua kenduz, periodismora ekarri behar dugu. Hizkuntza standard, erraz, sinplifikatu bat beharrezkoa dugu, irakurlea euskarara abia dadin.

Euskal astekari on baten orduan dago Euskal Herria, nere ustetan. Astekari baten helburua ez da albisteak biltzea eta zabaltzea, baizik eta azterketa bat, erreflexio bat, eskaintzea. albisteari tripak ateratzea, manipulazioaren kontrako garbi keta bat egitea. Premia hau areagotu egin ohi da zapalduetan. Cambio 16 delakoaren antzera, demagogian, sensazionalismoan eta oportunismoan erortzen den astekari bat ez. Eredu jartzekotan, euskal Triunfo bat esango nuke nik.

joan mari torrealday


Hizkuntza

Hiztegia

AGURAIN: Salvatierra, arabako herri bat.

AISA: aise, erraz.

AKIZE: Auch, Akitaniako herri bat.

ALEGIAKERIA: ficciones, fábulas.

APEZPIKU: obispo.

BEGIRALE: espectador, curioso.

BEUDE: egon bitez.

BEZUZA: regalo, cadeau.

BIDENABAR: bide batez.

BILBEZTATU: entramado.

BORDELE: Burdeos.

BURKIDE: camarada (buru + kide).

BURRUKATASUN: combatividad.

DERRAGUN: esan dezagun.

DESKOMEKA (TU): excomulgar, -ado.

DESKOMEKU: excomunión.

EDIRO: eriden, idoro, aurki (tu).

ELAKA (TU): mintza (tu), hitz egin.

ERAIKUNTZA: edificación, construcción.

ERAILKETA: hiltze, garbitze.

ERHAN: (erhate, erhaite, erhale, erhaile) hil.

ESKAKIZUN: reivindicación.

ESNA(TU): itzarr(i), itzar(tu).

ETSIPEN: resignación, aceptación, desaliento.

EZEN: zeren, pues.

GAITZ: eskerga, enorme.

GAURDANIK: gaurtik aurrera.

GIZAZALE: humanista.

GOGO IZAN: nahi izan, gura izan.

GUPIDA: compasión, consideración, contemplación.

GUTUN: eskutitz, karta.

HAGITZ: guztiz, oso.

HILTZER: hiltzear, hil zorian.

IDAZTEREMU: literatur arloa.

IDAZTI: liburu.

IDORO: ikus ediro.

IGORTZE: bidaltze.

INONDIK ERE: sin duda (baiezko esaldietan).

JARRAIKI: segi(tu).

JAZO: gerta (tu).

JORAN: afán, deseo vehemente.

JUDU: judío.

KAUSI (TU): aurki (tu).

KAZETAURREKO: ante la prensa; kazetaurreko elkarrizketa: rueda de prensa.

KIROLDEGI: estadio deportivo.

KONDARI: narrador, cuentista.

KONDU: cuento, narración.

KONPROMEZU: compromiso.

KONTRAKOLPE: contragolpe.

LOHIHARTZEKO: buzo, bombacho, mono; langileen jantzia.

MEHATXU: amenaza.

MENDIMARTZANA: Mont de Marsan, Akitaniako herria.

MENDRE: ttiki; den mendreena: denetarik ttikiena.

MERKATAL: comercial.

MERKATALGO: comercio.

MOETA: mota, mueta (lat. moneta-tik dator).

MUNTA: garrantzia.

NONBAIT: antza, dirudienez.

OHIA: izandakoa, ex-, antiguo.

PABE: Pau, Akitaniako herria.

PASARTE: pasaje, párrafo de un texto.

PETRAL (DU): gaizto (tu), gaizkoa (tu).

POLYKIROLDEGI: polideportivo.

PORROT: fracaso, quiebra, bancarrota.

PUXTARRI: canica, bolita.

SALNEURRI: prezioa.

SOLASKIDE: interlocutor.

SUPERBIZIPEN: supervivencia.

SINDIKALGINTZA: sindicalismo, construcción sindical.

TARBE: Tarbes, Akitaniako herria.

TXOTXONGILO: títere, marioneta.

UKAPEN: negativa.

URLIA: fulano, un tel.

ZABALKUNDE: difusión, publicidad, propaganda.


Hizkuntza

Gutunak euskaraz

Gure inguruaren euskalduntze bilakabidean, gauzarik sinpleenak egitea ahanzten zaigu sarri. Eta horrela, hainbat arlo uzten dugu ukitu eta euskaldundu gabe. Hauetariko bat gutunen arloa dateke.

Egin ditzagun kontuak. Zenbat gutun idazten dugu hilean edo eta urtean barrena? Adiskideei, gurasoei eta senideei; merkatal gutunak; aldizkarietara zuzenduriko gutunak. Zer esanik ez, horrelako kasuetan ere euskara erabili behar dugula uste dut. Baina, horrela egiten ote dugu? Oraintsu arte behintzat, sarri ikusi ukan dugu bestelakorik. Hitz egiterakoan etxean erabiltzen zen hizkuntza bakarra euskara izan, eta soldadutzan egonik gutunak erdaraz idaztea, normaltzat hartua izan da. Baina, zuzena ote da egoera hori? Normaltzat hartu behar ote dugu? Ez horixe!

Dena dela, gutunak euskaraz ongi idazteko, aurretik alfabetatze beharra dago. Hauxe dugu, hain zuzen, euskaldunok kultur bidean dugun lanbiderik premiatsuena: alfabetatzea. Alfabetatzeaz gain gutunak idazterakoan, ba da, ordea, bestelako arazorik, eta ondoko hauxe da: Inguruko hizkuntzetan gutunetan erabiltzen diren hasteko eta bukatzeko moduak normaldurik daude. Era honetan, eredu batzu daude, eta gutuna idazten ari denak, gehiegirik pentsatu gabe, nola hasi eta bukatu behar duen da daki. Hori abantaila handia da, zeren jende arruntak ez baitu esaldi bikain eta egokiak asmatzeko gaitasunik.

Gauzak horrela daudelarik, eta erdal poeta batek zioenez "bidea ibiliz egiten dela" kontutan harturik, nik neuk ere horrelako eredu batzu proposatuko ditut, jendeak non aukera ukan dezan. Eta lehen urrats batez, bi multzotan sailkatuko ditut gutunak:

a) Adiskide edo senideen arteko gutunak.

b) Merkatal gutunak.

Eta artikuluxka honetan lehen multzoko gutunetarako ereduak aurkeztuko ditut. Besterik gabe, beraz, hona hemen zenbait hasteko eta bukatzeko era.

Donostiatik, 1976.eko otsailaren 20an.

Gasteizetik, 1976.-II-20.

Baiona, 1976.-II-20.

Hasteko ereduak

• Kaiso adiskideori.

• Adiskideori, agur.

• Emazte maiteori, agur.

• Kaiso adiskideok.

• Adiskideok, agur.

• Guraso maiteok, agur.

Bukatzeko ereduak

Besterik gabe, zure erantzunaren zain geratzen naiz. Bitartean, har ezazu besarkada handi bat zeure adiskideonengandik.

Goraintzirik beroenak adiskide guztiei eta musuak haurrei. Besarkada beroak.

Goraintziak ezagunei eta besarkada beroak zuri. Ahanzten ez zaituen.

J. R. Etxebarria


Aisiaren ordua

Liburuak

ASKOREN ARTEAN (X. Kintana eta J. Tobarren hitzaurre batez)

Euskaldun (berri) ekin euskaraz

CINSA, Bilbo, 1975

Joan den urteari bukaera eta urte jaioberriari hasera bikaina emanez, hara non heltzen zaigun liburu irakurterraz hau. Inkesta modura moldatua, bertan, hainbat ahalegin, izerdi eta lanez beren buruak euskaldun bihurtu duten herkide batzuren eritziak agertzen dira. Hitzaurrean esaten denez, "moeta, maila eta ideologia guztietako euskaldun ikasitakoengana zuzendu ginen", baina, "deituak izan diren guztiek ez dute erantzun nahi ukan". Modu honetan, liburuan 31 euskaldunen eritzi eta bizitz gorabeherak azaltzen dira. Horrela, liburu osoa kritikatzea oso lan zaila dateke, inkestatu bakoitzaren erantzunak banan banan aztertu beharko bailirateke. Eta, egia esan, batzurenek merezi dute azterketa sakona egitea. Dena dela, harrigarria da zenbait punturi buruz agertzen den erizkidetasuna, eta, edozela ere, horrek zerbait adierazi nahi du.

Kritika egiteko, moldatzaileen lana hartuko dut kritikagaitzat, berorik izan baitira, liburu hau posible bihurtzeko baldintzak antolatu eta prestatu dituztenak. Eta zatika abiatuko naiz.

Hasteko, moldatzaileek errespetatu egin dituzte inkestatuen lanak. Eta hau ez da guti, bai baitakigu, behin baino gehiagotan haiekin bat ez datozela. Horretaz, honela dio, 33. horrialdean datorren oharrak: "Textu guztiak, bidali dizkiguten eran ematen ditugu argitara, bakoitzaren gustu, joera eta idatz tankera bereziaren lekuko gisa". Euskaldunok elkar errespetatuz baino ezin egin dezakegula aurrerantz uste dudalarik, poztu egiten nauen puntua da hori.

Moldatzaileek ardura bereziz aukeratu izan dituzte sarrera emateko hitzak, liburuaren izenburua eta hitzatzea. Aukeratuak ezin egokiago eta zorrotzago direla esatera ausartuko naiz. Eta jakingarri direlakoan, haien aipamena eginen dut hemen.

Sarrera gisa datozen Arturo Kanpionen hitzek, euskaldun guztioi pentsa erazi egin beharko liguketela uste dut. Honela zioen Kanpionek: "Orduan lotsatu egin nintzen zainetan euskaldun odola eramateaz eta euskaldunen jatorrizko hizkuntza ez jakiteaz". Era berean, harrigarri dateke 1636. urtean Klaberiak eginiko bertsoa (liburuaren hitzatzerako aukeratua).

Liburuaren tituluaz eta azalaz, zer esan? Liburuaren azalak sinbologia sakona darama barnean, Bertan, denboraren etorriaz erdal eta euskal textuen leku hartzea adierazi nahi da. Behe aldean —hau da, iragan aldietan— erdaraz gehiena; goi aldean, aldiz, —hots, etorkizunean— euskaraz gehiena Horrela ailitz! Bestalde, titulua hiruzpalau eratara irakur daiteke, guztiak ongi neurtuak: "euskaldunekin euskaraz", "euskaldun berriekin euskaraz" eta "euskaldun berri, ekin euskaraz", Edozela ere, titulu honek beste liburu bat dakarkigu burura, erdaraz idatzia berau: "Hablando con los vascos" izenekoa hain zuzen. Eta honi kontrajartzen zaion bestelako tesi baten defendatzaile dela ematen du. Azken urteotan asko eztabaidatu da puntu hau, eta moldatzailetariko bat, Xabier Kintana prezeski, gora eta behera aritu izan da eta ari da, euskal gaietaz erdaraz idazteko jokamodua kritikatuz; eta liburu honetan ezin esan daiteke, exenpluz predikatzen ez duenik.

Lot nakion orain hitzaurrearen aipatzeari, moldatzaileek deituriko "hitzaurre—manifestu gisakoaren" aipatzeari. Axularrek Gero liburuaren sarreran erabiltzen duen moduaren analogia batez hasten da hitzaurrea, eta berau sei puntutan zatitua dago.

Lehen zatian euskaldun "berrien" historiaz ari dira, zenbait euskal idazleren izenak aipatuz.

Bigarrenean, euskaldun hitzari bere jatorrizko esangura itzuli nahiz, eta euzkotar hitzaren eta beronek adierazten duen kontzeptuaren aurka ari dira. Horrekin batera "euskararen ikasi-ezintasuna" delako mitoaren sorrera aztertzen dute (gaingiroki), eta haren aurka gogor egiten dute.Mito honen eta euzkotar hitzaren arteko lotura nolabait ezartzen delarik, puntu hau oso eztabaidatua izanen delakoan nago.

Hirugarren kapituluan euskalduntasunaren dinamika aztertzen dute moldatzaileek. Ene eritziz, bertan agertzen dira pentsabiderik mamitsuenak. Esaten dutenez, guztion euskalduntasunak "berronespen positibo eta kontziente bat behar du, iraunen badu bederen". Eta aurrerago, "gaur egun euskara ez jakitea Euskal Herrian jadanik kulturarik ezaren ezagugarria bat da sektore askotan, eta zenbait buruzagi herritar publikoki lotsarazteko aski motibo ere bai". Honela hainbat harrikada jaurtikitzen dira izenik aipatzeke, baina interesatuek ulertzeko moduan. Zer esanik ez, bai hitzaurrean eta bai inkestari egin zaizkion erantzunetan, behin baino gehiagotan lerroartean irakurtzen jakin behar da. Horretan euskaldunok ariketa asko eginik dugunez, ez dut uste betaurrekoren premiarik izanek dugunik.

Laugarren puntuan eta euskaldun berri delakoaren adjektiboaren diskriminatasuna salhatu eta arbuiatu ondoren, euskaldun ikasien pentsaera berriaz ari dira. Kapitulu honetan, euskaldun ikasiek ekarritako indar berritzea zertan datzan aztertzen dute, zenbait alderdi on eta txar aipatuz.

Bostgarrenean, euskaldun hauek euskal literatura modernoan ukan duten eragina aztertzen dute arinki. Ni neu arriturik geratu naiz, egia esan, ez bainuen horrelako usterik, eta pozgarri eta esperantzagarri gertatu zaidala esan behar dut. Lizardiren aipamena, gehien hunkitu nauena izan da, bertan euskaldun askoren kasua ikusten bainuen isladaturik. Ba dira euskaldun asko, neu ere nolabait barnean nagoela, "ttikitan euskara jakin, mutikotan erdi ahantzi eta gaztetan berriz ere eskuratu" dutenak. Erdi ahantze hori bortxa erazi duten kausen artean, Euskal Herrian egonik erdalkiro aritu izan diren eskola—ikastetxeen eragina ez dateke makala. Eta horregatik, hamabost-hogei ta hamar urte bitartean, erdipurdiko hainbat euskaldun dago euskal herrietan. Lizardiren exenpluari jarraikiz, horik guztiok euskararen alde bihurtuz eta euskal arloan osatuz, etorkizunean bestelakoa izan daiteke gure egoera. Horik euskararako galduz, ordea, gure egoera okerragora lihoake. Alfabetatze kanpainek ba dukete horretaz lanik!

Etxapareren antzera, Sautrela izeneko kapituluaz bukatzen da hitzaurrea. Modu poetikoz dagoela, oso atsegin handia hartu dut hori irakurtzean. Liburu honek, dudarik gabe, hainbat pentsabide emango du. Euskaldunontzat zirikatzaile eta lan hoberen egiteko akuilatzaile izan behar duela uste dut. Euskaldun hauen bultzadaz, euskarari berronespena ematera saiatu behar dugu. Euskara idazteko, sakontzeko, erabiltzeko, bizitzeko erantzunkizuna erakutsi digute X. Kintana eta J. Tobar adiskideek. Eskerrak eman beharko dizkiegu guttienez, orain arte bezala "gure herria gero eta Euskalago, gero eta Herriago egiten", lanean iraun dezatela erregutuz.

Ramon Garai


Aisiaren ordua

Liburu berriak

PACHECO M. A. eta GARCIA SANCHEZ, J. L.

Nire lehen liburuak.

EDICIONES VASCAS (Serrano Augusta, 4) Donostia 1975.

Euskara batuan. Tituluak adierazten duen bezala, irakurtzen ikasi berri diren haurrentzat egina dira liburuok, oso ongi presentatuak eta kolore guztietan eginiko irudi ugariekin. Hamar liburu ezberdin dira eta bakoitzaren prezioa 200 pezetakoa da. Bilduma osoa erosirik, gordetzeko kutxa bat ematen dute.

LETAMENDIA, Juan Antonio.

Euskara 6.

GERO, Bilbo, 1975.

Euskara batuan. Ikastoletan euskara praktikatzeko liburua, oso ondo presentatua. 176 horrialde.

FERNANDEZ, Boni, eta GEREÑO, Xabier.

Txistu Metodoa.

CAJA AHORROS VIZCAINA, Bilbo, 1976.

Euskara batuan eta gaztelaniaz. Txistua nola jo erakusten du. Hainbat ariketa musikal du eta doinu ezagunen bilduma bat. Hamar mila aleko lehen argitalpena agortu ondoren, aurkezten diguten bigarren edizio honek beste 10.000 ale ditu. Dohainik zabaltzen da. Eskatzeko: Caja de Ahorros Vizcaina-ren bulegoetan Bizkai osoan, eta bere zentralean Bilbon (Plaza de España, Bilbao-1).

LERTXUNDI, A., ARRIZABALAGA, I., eta MARTIARTU, M. L.

Irakur.

GERO, Bilbo, 1975.

Hiru liburu dira, honela: Irakur 2, 140 horrialdekoa; Irakur-3, 140 horrialdekoa ere, eta Irakur-4, 152 horrialdekoa. Denak euskara batuan idatziak daude, irudi ugariz apaindurik, eta ikastoletan euskaraz irakurtzen ari direnen lagungarri izan nahi dute.

MUJIKA, Luis Mari.

Hitzak ebakitzean

KRISELU, Donostia 1976.

Euskara batuan. Poema ausartak: "Egia esateko, herriaren alde gezurra kolpatzeko, prejuiziorik ez dut". Ba dirudi poema bukolikoen garaia pasatu dela euskal literaturaren memento honetan eta eguneroko problematika hartzen dute gaitzat egungo poetek. Gustura irakurriko den liburua. 144 horrialde.


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGATAR


Urrezko astabelarriak

Ale honetako astabelarri urreztatuek ba dute jabea: CAMBIO 16. Greba apurtutan hainbeste dakien aldizkaria, hain zuzen. Aldizkari horretako asteroko vedetteak, Felipek, Euskal Herrian zehar egin dituen hitzaldi zaratatsuetan, bertoko jendeak "Eusko Ugari" kantatzen omen zion, bai eta Aska Tasuna moduko hitz estrainioak esan ere.

Izan ere, Cambiokoek ez bide dute ulertzen hain "berea" izan arren, batera hain exotiko zaien Herri honen hizkuntza. Guk ordea bai ulertzen ditugula Cambiokoak!


Gurutzegrama