ANAITASUNA

ZENBAKI BEREZIA

1976.eko Otsailaren 15ekoa

311. zenbakia

25 Pta.


ANAITASUNA

Bizkaia

hamabosterokoa

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealday

Urteko abonamendua:

Bertorako 500 pezeta

Latin Amerikarako 550 pezeta

Europa eta Ipar Amerikarako 700 pezeta

Ale bakoitza: 25 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4-1.º, Bilbao-5

Posta kaxa 495. tel. 4237449


[AZALA]

herria kultura bidean


AURKIBIDEA

3 EUSKAL HERRI IKASIA.

4 Tantaka.

5 Alfabetatzearen metodologia.

8 Alfabetatzea barrutik

P. Elgezabal, J. L Goikoetxea, J. Aurre.

10 Gure Herria euskaldunduz, alfabetatuz joan ala

 J. L Lizundia.

11 Araba

Juanjo.

14 Gipuzkoa

Joxe M. Odriozola.

17 Bizkaia.

20 Arratia

Arratiako Alf. Taldea.

21 Busturia

Joan Azurmendi.

22 Butroe

Butroeko Alf. Batzordea.

23 Durango

Durangaldeko Alfabetatzekoek.

24 Lea-Artibai

Lekeitiokoak.

25 Hibaizabal aldea

Hibaizabal eskualdekoek.

27 Santutxu.

28 Liburuak

Ramon Garai.

30 Hizkuntza

J. R. Etxebarria, X. Kintana.

32 Zapaburu birbiztua.

 Maketapena: Fernando.

 Irudiak: Fernando eta Olariaga.


Aurkezpena

Euskal Herri berria. Euskal Herri ikasia

Euskararik gabeko Euskal Herriaren zati handi bat —handiegia, lautik hiru ez ote?— ezagutzen du ANAITASUNAk; baina euskararik gabeko Euskal Herririk ez dugu nahi.

Orain dela hiru urte (1973), Euskal Herrian egindako galdeketa batek ondoren hauetxek eman bide zituen: 33 % euskaldunek ulertzen zuten euskara (miloi bat lagun eskas); 25 % euskaldunek egiten zuen euskaraz (750.000 lagun inguruk); 17% euskaldunek irakurtzen zuen euskaraz (510.000 lagun inguruk); 10 % euskaldunek idazten zuen euskaraz (300.000 lagun inguruk). Ba liteke zenbaki hauk goiegitik ibiltzea garai hartan; dena dela, ezkortasunerako zenbakiak ziren orduan bertan, eta ez baikortasunerako. Egoera baten adierazgarri agian bai, inolaz ere ez etorkizun baten oinarri.

Zer egin behar zen euskararen eta Euskal Herriaren larrialdi hartan? Bi jokabide izan zitezkeen euskaldunon aldetik eta, beraz, bi etorkizun ezberdin euskararentzat:

Lehengoa, euskara iraganeko kultur altxor bat bihurtzea: garbi eta txukun, orbanik gabe, gordetzea euskara; iragan herri baten lekuko, izan zen herri zahar baten hizkuntza zaharra arretaz aztertuko zuen zenbait hizkuntzalarik. Eta euskarekiko joera euskaltzaleak, hizkuntza hori "zaintzea", garbitzea, txukuntzea, dotoretzea, aztertzea eta geure-geurea zelako gordetzea izan beharko zuen.

Bigarrena, euskal olde berri batentzako euskara burrukabide izatea: euskarak ez zukeen museoko pitxi eder bat izan behar, ez eta gizarte bazterreko hizkuntza lotsati bat; eta bai Euskal Herri osorako zabaldu behar zukeen hizkuntza oldartsua eta kementsua. Euskarak hizkuntza modernua behar zuen izan, kultur hizkuntza, herri baten komunikabide egokia, herri baten bizitzaren adierazgailu trebatua... ALFABETATZEN eta EUSKALDUNTZEN oldearen burrukabide bilakatu da euskara.

Olde eredugarri dira ALFABETATZEN eta EUSKALDUNTZEN gaurko Euskal Herrian. Eta ez hizkuntza mailan bakarrik; kultur mailan eta politikaren mailan ere bai. Euskarari bere lotsa kendu diote, beldurra uxatu diote. Euskara ez da arloteen mintzabide. Euskararen zailtasunaren mitua desegin dute. Amaren esne bidez bakarrik ez baino liburuen bidez ere ikas daiteke euskara... Eta euskaldun berri asko dira gaurko euskararen indarra; eta euskaldun ikasi edo eskolatu asko dira gaurko eta biharko euskararen itxaropena.

Euskarari eustearekin bakarrik lehengo eta atzoko Euskal Herria erdi-hilari eutsiko diogu; euskara zabaltzearekin eta ikastearekin, aldiz, Euskal Herri berriaren etorkizuna prestatuko eta finkatuko dugu.

ALFABETATZEN eta EUSKALDUNTZEN oldea Euskal Herri berria sortzen ari da; eta Euskal Herri berri hori derrigorrez izango da Euskal Herri ikasia. Euskaldun berri eta ikasiena da, hein handi batetan, Euskal Herriaren etorkizuna.


Tantaka

Bellas Artes-en greban

Bilboko Escuela Superior de Bellas Artes-eko estudianteak, Urtarrilaren 26tik, greban ari dira. Arrazoiak: irakasle inkonpetente bat, 5 urtean daramatzana, egotzi nahia eta horrexen postua betetzera letorkeena hautatzeko beraiek ere esku izatea. Greba dela eta, egin dituzten asanbladetan, estudianteok demokraziaren arazoa, eskolaren orain arteko martxa, etorkizunari buruzko soluziobideak eta Euskal Unibertsitatearen premia aztertu dituzte.

Galdakoako alkatea hil dute

Otsailaren 9an Galdakaoko alkatea den Victor Legorburu jauna tiroz hila izan zen bere eskoltako polizia batzurekin kalera irtetean. Polizia bat ere, F. Ruiz Sánchez, tiroz gaizki kolpatua geratu zen, bizia salbatu arren. Ekintza horren egileak, dirudienez, ETAkoak izan dira. Galdakaoko alkatea, prentsak berak aitortu duenez, ez da oso euskaltzalea izan, baina ez dirudi horrek pertsona bat hain hozki hiltzeko aski motibo denik. Goian bego.

Deustuko Zubibarrikoek Arestiri omenaldi

Deustuko Zubibarri kultur elkartekoek Gabriel Aresti euskal poetaren omenez, aste bat muntatu dute Otsailaren 1 6tik 20raino. Horretan X. Gereñok, J. Juaristik, X. Kintanak eta beste zenbait hizlarik hartuko dute parte, Gabrielen pertsona, obra eta esangura adierazteko.

X. Kintanak bi hitzaldi

Urtarrilaren 26an, Madrileko Atheneoan X. Kintanak hitzaldi bat egin zuen euskaraz XVI eta XVII mendeetako euskal literaturari buruz. Dakigunez, Madrileko Atheneoan Bozas-Urrutia herkideak darama euskal kulturaren arloa, eta berari esker hainbat mintzaldi entzun ahal izaten dira hartza eta gurbitzaren hirian.

Urtarrilaren 31an, Valladoliden, euskal estudianteen eskariz, bertako Unibertsitatean beste hitzaldi bat, erdaraz bera, egin zuen. Gaia: Euskararen batasuna.

Garbonetako zuhaitzak ikastolen alde

Garbonak inguruan Bilbon, Santutxun eta Portugaleten unibertsitari talde bat Gabonetako izeiak saltzen aritu zen, hortik lorturiko diruaz Bizkaiko ikastolen aldeko laguntasuna egiteko.

Jakin dugunez, salmenta horretatik 95.500 pezeta lortu izan dira, kontu ireki batetan, Caja Laboral Popular-ean ikastolen alde sartu direnak.

Diru horrekin, eta hori gehitzera etor daitezkeen laguntzaileenaz, ikastola konkretu baten alde barik, Bizkaiko ikastolen osotasunari bultzada emateko asmoa dago. Horretarako Gipuzkoan jadanik dagoenez, Bizkaian ikastolarteko koordinadora bat eratzea litzateke onena, eta dirudienez ideia hori guraso eta irakasle askoren buruetan aspalditxoan dabil. Oso komenigarria litzateke, nik uste, helburu eder hau lortu nahi luketen guztien artean, lehenbailehen harremanetan jartzea

Ideia honetan interesa duketenek Guillermo Asteintza Herzegana jo dezakete, 4310941 telephonora deituz.

Hiru koloretako zurrumurru bat

Ez dakigu egia den, horregatik zurrumurru gisa ematen dizuegu. Hortik behin eta berriro entzun dugunez, aurtengo Bazko egunerako, gobernuak ikurrina, euskal bandera, ipintzen utziko omen du; espainolaren ondoan, noski.

Arrantzale kanten 1. lehiaketan Ondarroan

Otsailaren 14-21-28 egunetan, kostaldeko herri honetan arrantzale kanten lehenbiziko lehiaketa hospatuko da. Hilaren 14ean, epaimahaikoek, Jose M.a Altuna, Ignacio L. de Luzuriaga, Ion Oñatibia, Manuel Urbieta (musikarako), Joxe Martin Apalategi eta X. Kintana (hitzetarako), beren erabakiak emanen dituzte.


Alfabetatzearen metodologia

Metodoak

Alfabetatze kanpainen gai nagusia euskara bera dela esan dezakegu. Euskal kultura lantzeko metodoak beharrezko dira. Euskal Herrian dugun Alfabetatze kanpainak, izaera jator eta berekoi bat du. Egin da Alfabetatzea Kuban, Brasilen eta beste leku askotan. Euskal Herriko alfabetariok, herri horietatik zerbait hartu ahal izan arren, geure alfabetatze bat eraiki behar izan dugu. Metodogintza aparta ez denez, horretan ere saiatu beharra izan dugu. Hemen guk aipatzen dugun metodogintza ez da haurrentzat ez eta ikastoletarako zuzenean. Berez eskoletan eman behar zena osatzeko egina da. Eskoletan ematerakoan ordea, beste metodo tipo bat antolatuko dugu. Denpora konkretu eta gai konkretu bat lantzeko metodoa aipatzen dugu.

Esku artean ditugun metodoak ere guregandikoak dira. Alfabetatze kanpainetan lehen eta orain darabiltzagun metodoak, neurri baten barruan eta karakteristika bereizi batzurekin sortuak dira. Garrantzitsuena, bestalde, nahiz honelakoa, nahiz halakoa izan, metodo bat izatea da. Gure artean ba da metodo bat.

Nork uka metodo osoago eta hobeagoak asma ditzakeela! Baina dugun diru ezarekin, gaur arte izan ditugun oztopo soziopolitikoekin, Estatu bategandiko laguntasunik gabe, ez da errez lan egitea.

Argi dagoena zera da: Gaur arteko alfabetatze metodoetan, ematen dela jadanik, Alfabetatzearen izpiritua, jomuga eta helburua zertan datzan. Nire ustez ez da gutti. Orain artekoa ona izan delako, eta orain artekoak oraindik aurrera fruitu asko eta oparoa emango digulako, halegia.

Alfabetatzeko metodo hau irakurtzen eta idazten ikasteko da. Ikaste hori berriz denbora nehurtu eta jakin batez egiteko. Ilunabarrean izatean, eguneko lan guztia burutu ondoren, eskola usaina eta edukitzean, ba dira oztopo eta akatsak. Argi dago berriz, Alfabetatzea ez dela bertan lau urtetan egoteko ekintza. Alfabetatzetik, Alfabetatzean diharduten koadruak berak izan ezik, pasatu egin behar da. Ahal den jenderik gehien igaro ere, Alfabetatzea masentzat egina da eta. Gero abiatuko da bakoitza bere ekintzetara, Alfabetatzera etorri aurretikoetara edo berrietara.

Alfabetatzerako metodoa egitean diren oztopo eta zailtasunak

Bigarren mailarako metodo bat egiterakoan aurkitzen dira oztopoak. Lehen mailarako Euskaltzaindiaren zereginen aldetik, ez da iluntasunik. Euskara zabaltzea, jendeari idazten eta irakurtzen irakastea, Alfabetatze kanpainen zeregina da. Lehenengo maila aurreko hau egin behar da batipat. Lur labana topa dezakegu gaietan sartzean. Kontzientziatze arloan murgiltzen garenean, nahiz eta Alfabetatzea erro errotik kontzientziatzea izan, orduan sortzen dira iskanbilak eta ulertezinak. Guk ba dakigu kontzientziatu behar dela, horretarako lantzen dugu euskara eta euskal kultura. Baina irakurgai bat egin edo aukeratu behar denean, Alfabetatze metodorako, adibidez, Euskaltzaindiaren bidea ba dakigu, gure aldetik gai nagusia euskal kultura da, baina praktikak problemak sortzen ditu. Guk euskal kultura lantzean osotzen dugu pertsona euskalduna euskalduntasunean. Era berean herri mailako euskalduntasuna. Modu honetan Alfabetatzea zabal gelditzen da pentsakera alorrean. Bestalde, Euskaltzaindiaren arauen heinean, mugitzen gara. Metodo tipo hau gure eguneroko alfabetatzean erabiltzen da. Jadanik, Euskaltzaindia erakunde bat dela eta bere zereginak dituela. Horrek ez du esan nahi ez ditugula beste erakunde batzu eskuratu behar.

Bizkaiko Alfabetatze kanpainen hastapenetan, ba zen Rikardo Arregik eta osaturiko metodo bat. Bera aztertzeak nahiko argitasunik ematen digu Alfabetatzeko zereginari dagokion metodogintzaz zerbait esan ahal izateko.

Lehen mailako alfabetatze metodoa

Nolakoa zen? Irakurgaiak eta gramatika azalpenek osatua. Gramatikaz: ortografia, deklinabidea, joskera eta aditza lantzeko. Irakurgaietarako euskal literaturatik zenbait zati hautatuak. Zati hautatuon bidez hiztegia lantzen du batez ere. Bizkaieraz eta gipuzkeraz datoz irakurgairik erdiak. Enparauak beste euskalkietakoak dira. Helburua hizkuntza idatziaz baliatzea denez, irakurtzeari eta idazteari ematen zaio garrantzia batipat.

Rikardo Arregik eta osaturiko lehen alfabetatze metodoan hauxe irakur dezakegu:

"Hiru horri, sail horietan —literaturako zati hautatuak, A. Villasanteren Euskal Gramatika Laburra, Euskal Literaturaren izaera eta historia— finkatzen da euskal alfabetizatzearen muin guztia".

Eskolei buruz mintzatzean:

"ordu betetik behera guttiegi; ordu ta erditik gora gehiegi" dela dio. Bertako giroa zer zen uler dezagun, zati batean honela dio:

"Hau idazteari bildur psikologikoa galdu erazteko da". Euskara bera aipatzen duen guztian Bizkaian bizkaieraz, eta Gipuzkoan gipuzkera, baina batasun baten barruan. Beti 69an mintzatzen dela, Irakasle Txartelak emateko, azterketa egin behar zituela Euskaltzaindiak.

Irakasleak eragile ere izan behar duela zioskun:

"...ez du irakasle bakarrik izan behar, Euskal Alfabetatzearen eragile ere izan behar du".

Horretarako, "Bilkura, hitzaldi eta irakastaldiak behar dira". Baita "...gauza horien berri emateko irakasleen artean aldizka horritxo egoki eta apropos batzu zabaltzea".

Euskaltzaindiaren zeregina metodo arloan nolabait finkatzen du. Euskaltzaindiaren zeregina zer euskara eta nola eman. Baita nor da irakasteko gai ere, tituluak emanaz. Alfabetatzeak herri zabalera heltzeko ere teknika batez baliatu beharra zegoen. Hortik ondoan dioguna. Propaganda beharrezkoa da, Alfabetatzea jendetza handiarentzat egina da eta. Beraz. "...premiazko euskal aldizkari, irrati saio eta kantuetan gai hau erabiltzea." "Baita hitzaldietan eta bertsolarien ahotan".

Orain arte aipatua, Rikardo Arregik eta, Alfabetatzearen lehen maila deitzen dute.

Bigarren mailako alfabetatzea

Haseran esan bezala, bigarren mailako Alfabetatzeak sail berezi bat osatzen du. "Alfabetatzea irakurtzen erakuste hutsarekin ez da bukatzen", "Hori lehen pausu bat besterik ez da, eta pausu hori kasikan alferrikakoa izango da, ondoren beste batzu ez baldin badatoz". "Kultura euskaratu bat ere irakatsi behar dugu... gure errealitatearen ezaguera sustraitsuenak herriaren eskuetan jarriko dituena".

Horrekin "Euskal aldizkarien eta liburuen irakurleen biltzarrak sortu nahi genituzke". Bigarren maila honek "liburu apropos batzu eskatzen ditu". Lehen mailako alfabetatzerik gabe bigarrena ezina dela dio, "baina bigarrena gabe lehenengoa hutsa da".

1971 urtean Arrasaten egin zen Alfabetatze batzarre orokorrean, Aingeru Irigaray euskaltzain osoak, Rikardo Arregi zenari "... oroitzapen bero bat" egin ondoren, "nik laburki adieraziko dizuet zuen eginbeharra zein den handia eta baitezpadakoa" esan zigun Alfabetatzeko nagusi gisara. "Liburuak eta astekariak, bizitzekotan, irakurleak beharko ditugu. Eta lehenbizi gramatikako ikasgai sakonetan sartu gabe, aste astetik irakurtzen saiatu, ondo itzulikatuz erdarara, esaerak eta hitzak ikasiz, jakin arte zehazki". "Textu errazen eta garbienak, euskara batasunera eramaten dutenen artean".

Karmelo Etxenagusiaren Lorategia liburu ederra gomendatu du. Bai giputz euskalkikoak eta bai Bizkaiko euskalkikoak bertan direlako. Joan den mendeko eta gaur egungo autoreak gomendatu ditu. "Ongi irakurtzen ikasi ondotik, eta ez lehenago, idazten irakatsi behar da. Eta ahal bezainbatean batasunerako ortografian; baina Euskaltzaindiak gomendatu erregelak eta normak ez dakizkitenek, gaizki usatzea baino ez usatzea hobe. Batasuna ez baitago xoilik usatzean, aise lehenago dira morfologiaren erregelak; deklinazio, konjugazio eta lexiko edo hiztegi arau batza".

Arrasaten izan genuen batzar eztabaidatsu honetan ere Euskaltzaindiaren Alfabetatzeak dituen mugak jartzen dira Oraingoan ez da metodorik ematen, baina metodo bat egiterakoan gorde behar genituen baldintzak bai ematen dira. Eguneroko Alfabetatzea konplikatuxeago zelako eta kaleko giroa garratz eta gordina zelako, zenbait jende mindurik atera zen batzarre hartatik.

1971.ean, LEHEN URRATSAK liburuxka argitaratzen da Bai eta Gipuzkoako Alfabetatze Batzordekoen ariketak ere Une honetan inor aipatzekotan, Joxe Bernardo Jauregi Mikel Arregi eta Andoni Sagarna aipatu behar ditugu. Xalbador Garmendia eta beste zenbait ahaztu gabe. Sasoi honetan eman ziren, irakasle eta eragile mailan Bizkaikoekiko harremanik aberatsenak. Garai honetako textugintza hemendik sortu zen. Bai tamalgarria izan zela, Alfabetatzeak talde hura galtzea.

LEHEN URRATSAK liburuxka berehala agortu zen. Ortografia, deklinabidea, joskera eta aditza lantzen ziren bertan. Textu hau izan zela esango nuke, bere mami eta pedagogiagatik, gramatikaren gauzarik funtsezkoenak ikaslego zabalera hedatu zituena, Alfabetatzeko textugintzak ezin ahaztuzko kate maila bat da hau.

1972.ean, Bizkaiko Alfabetatze Bulegoak, Ortografia Deklinabidea, Joskera, Aditza eta bakoitzako Ariketakin multikopiazko apunte interesgarri batzu argitaratzen ditu Urte berean, Kanta liburua eta gramatikaren laburpen plastifikatua argitaratzen ditu, ordurarte Bizkaiko Alfabetatzear eta Gipuzkoarekin harreman hestuetan ibili zebilen Patxi Elgezabalek.

1971-1972 ikasturtean agertzen da bai eta ere HEGATSEZ. Liburu hau Juan San Martin eta Serafin Basauri-k "Euskal Alfabetatze taldeentzat irakurgai liburua, gaur egungo gai biziez hornitua" antologia plazaratzen dute. Liburu hau nolabait Deba Arroako Alfabetatzearen fruitua zen.

1972an, Eusebio Osaren PEDAGOGIA ETA GIZARTEA eta Alfabetatzerako apunte interesgarri batzu zabaltzen dira Paulo Freire-ren eragina zetorkigun apunte horietatik. Zenbait lekutan gogoz eta indartsu sartu zen. Nolabait esateko nahiz eta beste gauza bat izan, Rikardo Arregiren 1. eta 2 alfabetatze mailak batera emateko sistema zen. Dena den garai hartan Gizarte Eskola, Herri Gaztedi eta Alfabetatzearen artean bereizketa zehatz bat egiteari ekin zitzaion eta Eusebio Osaren metodoa Euskaltzaindi mailan erabiltzera ez zen heldu. Jazoera honetan giro sozio-politikoak ba zeukan zerikusirik.

Aldi honetako textugintza fruitutsuez gainera. Alfabetatze eskoletarako lagungarri batzu ere agertzen dira. 1970ean batasunerako idazleen Eibarko zina eta Batasunaren Kutxa hiztegiaren argitaratzea ditugu. Euskara standarizatze eta modernizatze honek izugarrizko garrantzia izango du. Alfabetatze Kanpainetan. 1971.ean hasten da Euskaltzaindia tituluak ematen. Fenomeno honek bultzaturik, irakaslegoa hobeto prestatzen saiatu zen. Titulu hauek, ez zuten galdu aurretiaz alfabetatzerako ematen ziren Irakasle Txartelen zeregina. 1971.ean Ibon Sarasola-ren EUSKAL LITERATURAREN HISTORIAK, bigarren maila bateko Alfabetatzean irakaslegoan eta hitzaldiak ematerakoan, literatura giro berri eta aurrerakoiago bat izugarrizko arrakasta izan zuen. 1973.eko Udako Euskal Unibertsitatea ere ongarri izan zen.

1973-1974-1974-1975

1971-1975 ikasturteetan Euskaltzaindian ari den Irakasle Talde Bat arduratzen da Bizkaiko Alfabetatzerako textugintzaz. Durangoko taldeak ere antolatzen dituzte beren esperientzien fruitu diren zenbait apunte. Santutxu, Bilboko hauzo apart eta euskaldunak eraginik sortu ziren bai EUSKALDUNTZEN bai eta ere hainbeste Ariketa eta antzeko ere.

Urte hauetan, euskarazko argitalpenak hobetu eta ugaritzean, lagungarri on eta derrigorrezko bat eskaintzen zaio Alfabetatzeari. Alfabetatzaileek berak dira birbizkunde honen kausa, irakurleen basea zabaltzean.

Garai honetan, aurreko haroan egindako metodo eta liburuak ugaldu eta zabaldu egiten dira.

1975-1976 ikasturtea

Aurreko urtean Durango Liburu eta Diskoen Azokan, Bizkaiko Alfabetatzeko irakasle eta eragileek, edozeren gainetik eta batez ere Alfabetatzerako metodo bat eskatzen zuten. Hala 1975.eko udan ALFABETATZEN-1 metodoa argitaratzen da. Arrasateko "LIGA DE EDUCACION Y CULTURA" delakoaren diru laguntza eta taldekoen Alfabetatzerako begiruneak erabateko garrantzia izan zuen. Arrasaten Gipuzkoako Alfabetatzekoak, Leniz-tik, X. Zubizarreta eta Bizkaiko Irakasle Talde Batekoak elkartu ginen. Han ginenok "ARREGI TALDEA" deituraz lan egitea erabaki genuen. ALFABETATZEN-1 liburua Bizkaiko taldearen fruitua da. Orain bigarrena eratzen dihardute. Hirugarren liburua, berriz, Gipuzkoako taldearen esku dago.

ALFABETATZEN-1 metodotik 6.000 ale argitaratu da. Bere mamia eta estruktura aurretiko textugintza eta Alfabetatzean aritu izan diranen ondoren bat da. "Metodo mailakatu eta bateratu bat falta delako egin dugu hau". Lehen maila honetan bizitza arrunteko alderdiak ukitzeko asmoa zegoen, euskara oinharritik lantzekotan. Gero bigarren mailarako asmoa, oinharrizko euskaraz jabeturik, euskal kulturaren barrena sartu. Hirugarren mailan bestelako jokabidea hartzea da. Euskal Kultura bera aztertu nahi da.

ALFABETATZEN-1, edozein herritako euskaldunarentzat egina da. Erdaraz irakurtzen nahiz eta idazten jakin, euskaraz bere kulturan analfabeto direnentzat.

Eskualde ezberdinetako euskaldunek, erdaraz egiten dute maiz elkarren artean. Ulertzen ez direlako hain zuzen. ALFABETATZEN-en, aberastasunak hartuz jokatu arren, euskara batua landu da. Gaur argitaratzen den gehiena batuan datorrelako eta Alfabetatze literario bat Euskal Herri osoan egin ahal izateko. ALFABETATZEN-1 liburuko bizkaierazko formak multikopiaz argitaratu ditugu.

Ez da gramatika bat. Gramatikako gaiak erabiliz azaltzen ditugu. Hori egin badugu, esperientziak horra bultzaturik izan da. Gramatika mailaketa aldetik guztiz ezberdinak dira ALFABETATZEN eta EUSKALDUNTZEN metodoak.

Metodoak berak, helburu bezala euskaraz irakurtzen ikastean jartzen du. Hori jakitean, "Aldizkarietan eta liburuetan mamitzen eta agertzen dira Euskal Kulturaren aurrerapenak" irakurtzeko gai izango da.

Irakurtzen ikasi ondoren, idaztea dator. Hiru mailatan irakasten da idazkera: hitzak banatzen hasi, hitz bakoitzaren ortografia landu eta bere ideiak eta eritziak idazten amaitu.

Textuan zehar, bakoitzaren hiztegi arrunta, aberastu egin nahi da. Hitz komunak daudenean, idazkera bakar bat aukeratu da. Hitz desberdinen kasuan, sinonimoak landu nahian, euskalki ezberdinetakoak eman ditugu ikastera. Erdarazko edo erdal kutsuko hitzak euskaraz irakasteari ere ekin zaio. Hitz berriak sortzeko giltza bat atzizkiak direnez, erabateko garrantzia eman zaio haik lantzeari.

Irakurgaien barrua aztertzean ez ditugu II eta III Alfabetatzean ahaztu behar. Hirurekin osatzen delako gaien biribilkia. Gaur eguneko bizitzako egoera arruntak aurkezten dira. Irakurgaiak asmatuz, idazle klasiko edo entzunen puzkak hartu gabe. Horren arrazoia: irakurgaian zehar sartu gura denerako nork berea eginik askotaz moldakorragoak direlako. Gaien ondoren datozen galderak, ahozko euskalkia landuz eta osatuz, gaia bera sakontzeko ere oso baliosoak dira. Elkar hizketa bidez erantzuteko direnez, elkar hizketa eta ideien komunikabidea lor daiteke.

Ikasgai bakoitzaren azkenean gauza praktiko batzu jarri dira. Eskutitz bat nola idatz. Eskela baten eredua. Zenbakien erabilkera eta abar. Eguneroko premia eta hutsune bat betetzeko asmoz.

Irakaslea kontutan harturik, metodoaren erabilkeraz jabetzeko horri txorta bat ere argitaratu da.

Ba dira gaur, liburu, liburuxka, horri, apunte eta abar, Alfabetatze inguruan. Lan oso bat egiterakoan, horik ere aipatu beharko lirateke. Gure asmoa ez da izan Euskaltzaindiko Alfabetatze Kanpainetan egin diren textu garrantzitsuen bidez, metodologia baten ardatza eta giroa erakustea baino.

Alfabetatze eskoletako lokalak

Metodo bat aztertzerakoan, lekua, laborategiak, magnetofoiak eta beste gauza asko aztertu behar lirateke. Guk ez dugu askorik izan orain arte.

Lokal kontuan, sakristiak, lonjak, Institutuak, eskolak, udaletxeak, Ikastolak, denetarik izan dugu. Baina, mesedea, faborea eta erregua urteroko gauza eta arazoa izan da. Bizkaiko Alfabetatzea behintzat gehien batean eliz lokaletan eman da. Gure eskerrak horregatik. Ea aurrerantzean berdin eta gehiago den, kontrako arrazoirik ez baitago.


Alfabetatzea barrutik

Alfabetatze Bulegoa

Alfabetatze Kanpainen lan historiko hau egiterakoan, erakunde gaia ere ukitu gura dugu.

Alfabetatze Kanpainen nortasuna aurkitzeko Euskaltzaindira jo behar baita. Euskaltzaindiak bere zeregina, bi sailetan banatzen du:

a) Jagon Saila.

b) Iker Saila.

Alfabetatzeak bi zereginetatik bat betetzen du: JAGON SAILA. Alfabetatzea, euskara gorde eta zabaltzeko sortu zen.

Pertsona eragile aldetik, Alfabetatzearen sorreran Euskaltzaindi edo inguruko ekintzaileak aurkitzen ditugu. 1966eko Urtarrilaren 28an, Juan San Martinek Iñaki Beobidek, Mikel Lasak eta Rikardo Arregik "Euskal Alfabetizazio kanpaña bat egiteko" proposamendu bat bidaldu zuten Euskaltzaindira. Beraz, hasera haseratik, ikusten dugu Euskaltzaindia sujetu bezala. Eskari hau egin zutenek, ba zekiten Euskaltzaindiaren zereginak zeintzu ziren. Bai eta ere Alfabetatzeaz zer nahi zen ere.

"Eskabidea Euskaltzaindiari JARRAI Taldetik egin zitzaion. Izan ere, garai haietan talde hartan biltzen ginen euskal Alfabetatzearen proposamendua egin genuenok. Geroztik komenigarriagoa azaldu zen JARRAI Taldearen gauza bezala ez egitea, Euskaltzaindiaren gauza denez ez baitzen egokia talde berezi baten izena ezartzea", dio Rikardo Arregik 1969an. Hemen ere "...Euskaltzaindiaren gauza denez..." berresaten da.

Alfabetatze Batzordea

Alfabetatzea sortzeko Euskaltzaindiari egindako proposamena onhartu ondoren, Euskaltzaindiak Batzorde bat eratu zuen. "Ordurez geroztik, ba da, Euskaltzaindian Batzorde EUSKALDUNEN ALFABETATZEAREN ardura, duena, bada..." irakur dezakegu 1969ko Rikardoren eskribuetan. Berehala, hara zer datorren erakunde beharrezko honetaz, "...eta Euskaldunen Alfabetatzearen Batzorde honek batzorde bezala ez du bizitza handirik izan".

Dena dela, Euskaltzaindiak bere zereginak betez, Batzorde hau sortu zuen Alfabetatze Kanpainetarako.

Batzorde honetan, Bizkaitiko Jose Luis Lizundia, Kepa Enbeitia eta Xabier Kintana zeuden. Bizkaiko Alfabetatze Kanpainen sorreran hiru batzordeko euskaltzain laguntzaile hauek gorpuzten dute Alfabetatzea. Jose Luis Lizundia Bulegoan, Kepa Enbeita herrietan eta Xabier Kintana ikerketa lanetan eta irakasleak prestatzen.

Rikardo Arregik eginda utzitako lanekin eta geroztik Bilbo eta Donostian zihardutenen laguntzaz, Euskaltzaindia, Donostian 1972ko Ekainaren 30ean, OINARRI ARAUAK onhartzera heltzen da. Guk, Alfabetatze kanpainen xedea eta bizikera ulertzeko OINARRI ARAUOK idazten ditugu ondoren. 1972ko EUSKERA XVIIen, honela dio:

Euskaltzaindia

Alfabetatze Batzordearen oinarri arauak

Euskaltzaindiak, Donostian, 1972ko Ekainaren 30ean egindako batzarrean onhartuak

1. Alfabetatze Batzordea, Euskaltzaindiaren batzordeetarik bat da, Euskaltzaindiak bere batzar arrunt batean bi urterako izendatua.

2. Batzorde honen xedeak, hauek dira: euskeraz irakurtzen eta idazten irakastea. Horrekin batean, euskeraren inguruko gaiak sar daitezke: euskal literatura, euskeraren batasuna, euskeraren geografia eta dialektologia, eta abar. Alfabetatze literarioa, beraz. Bestelako gaiak ez dira Euskaltzaindiaren Alfabetatze Batzordearenak. Zenbaitek beste gairik erabili nahi baldin badu, ezingo du Euskaltzaindiaren eta bere "Euskal Alfabetatzearen" izenik hartu.

3. Alfabetatze Batzordeak hiru sail izango ditu: bi Euskaltzaindikoen artean (gidaritza saila eta bulego saila), eta hirugarrena irakasleen artean osatuak.

4. Gidaritza Saila. Sail honek, ahal izatera, Euskalerriko bost eskualdeetako (Bidasoaz hangoa, Nafarroako, Gipuzkoako, Araba eta Bizkaiko) jendez osatua izan behar du, euskaltzain oso bat lehendakari dela. Idazkari bat izatea ere komeni da. Sail honen zereginak: irakurgaiei kasu egitea, testuei oneritzia ematea eta Euskaltzaindiari batzarrera aurkeztea, alfabetatze irakasleen azterketak egitea, ikastaroen mahaiburua osatzea, eta antzerakoak.

5. Bulego Saila. Sail hau Euskaltzaindiaren Ordezkaritzetako Bulego idazkariekin osatua da. Sail honen zeregina: burokrazia arazoen arta izatea. Euskaltzaindiaren etxean egongo da Alfabetatze Batzordearen artxibo nagusia.

6. Irakasle Saila. Sail hau irakasleek beren artean osatzen dute. Eskualdeka idazkari bana izango da, eta idazkari horien artean idazkari nagusi bat egongo da, beren artean hautatua eta Euskaltzaindiak batzarrean onartu beharko duena. Sail honen zereginak: irakasleen arteko har-emanak ugaritzea, egindako lanen eta esperientzien berri elkarri ematea, irakasle berrien ikastaroak eragitea, erabili behar diren metoduak hobetzeko asmoak hartzea, eta abar. Guzti hauen berri, "dossier" erara, Euskaltzaindiari, Gidaritza eta Bulego Sailen bidez, eman beharko diote: eskualde bakoitzekoak, hango bereko idazkariak, eta denenak, idazkari nagusiak.

7. Alfabetatze ikastaroak Euskaltzaindiaren gidaritza eta babesaz eratzen dira, tokian tokiko Elkarteren baten laguntzaz. Elkarte horren buruak ikastaroa Arautegi honen arauera egiteko erantzukizuna hartu beharko du.

8. Irakasle Sailean sartuak egongo dira orain arte karnetdun direnak eta hemendik aurrera karnet hori erdietsiko dutenak. Gaur karnetdun direnak beren karnet horiek Euskaltzaindiaren etxera bidaliko dituzte, irakasleen fitxategia osa dadin, bakoitzak ikastaroak non eman dituen eta abar adieraziaz; eta karnet berria hartuko dute, bakoitzari dagokion zenbaki bereziaz hornitua.

9. Ikastaroaren eratzaileek galdeketa bat bete eta Euskaltzaindiko Ordezkaritzaren batera bidali behar dute. Ikastaroa Bizkaitik kanpora egiten bada, bi ale bidaltze hobe, bat gero Ordezkaritzak Euskaltzaindiaren Etxeko artxibo nagusira igor dezan. Aldamenean doa galdeketa honen eredua.

10. Alfabetatze Batzordeak urtean lau batzar egin beharko ditu gutienez. Bat, orokorra: honetan Sail guztietako ordezkariak bakarrik parte hartuko dute. Beste hiruretan, berriz, Gidaritza eta Bulego Sailetako guztiek eta Irakasle Saileko idazkariak (edo honen ordezkoak).

Bilboko Bulegoa

OINARRI ARAUOK nolabait ulertzeko, gaurko Bizkaiko Alfabetatzearen egitura ikus dezakegu. Jakinik, 1972-73 tik aurrera gutti gora behera, gaurko estrukturaz jokatu dela.

Euskaltzaindiko OINARRI ARAUETAN irakur daitekeenez, Alfabetatze Batzorde honek hiru sail ditu. Gaur egun Gidaritza Saila hauk osatzen dute: Bulego Sailean: Jose Luis Lizundia eta Juanjo Zearreta. Irakasle Sailak, berriz, era honetara funtzionatzen du:

Bizkaia, 7 eskualdetan banaturik dago: Txorrierri, Busturia, Butroe, Lea-Artibai, Durangaldea, Arratia eta Basauri. Eskualde bakoitzeko arduraduna aurkeztu zen, Durangoko Liburu eta Diskoen Azokan izan zen lehen Alfabetatze Batzarrean. Harez gero, aurten, 4 Batzarre egin dira eskualdeetako ordezkariekin, Bulegoko Jon Aurrek zuzendurik. Aurtengo Batzarreak, gaiak gertatzea, asistentzia etabar profesionalki egiten direla esatera hel gintezke. Eskualdeetako arduradunek ba dute lanik, eskualdean Alfabetatzea egiten duten herriak atenditzeko eta ez den herrietan sorterazteko. Batez ere, aurten datorren jendetza datorrelarik.

Bestalde, Bilboko Bulegoan, Jose Luis Lizundiarekin Irakasle Talde Batek izenaz ezagutzen ditugunak arduratu dira Alfabetatzeaz. Talde honek 1972-73ez gero taldekide bat liberatu du, Bizkaia mailan Alfabetatzea eramateko. Liberatze hau egiazkoa izan da, behar diren laguntasunez gainera diruz ere mantendu izan duelako. Une batzutan, liberatuok 3 izatera ere heldu dira. Talde honen esku egon da gehienbat textugintza eta irakasleen prestatzea. Gaur egun talde honek Euskalduntzea (Udako ikastaro eta neguko eskolak) eta Alfabetatzea atenditzen du. Talde honek, guttiago edo gehiago, baina beren gain dituen zereginak honela bana ditzakegu:

Ofizialtasunak, baimenak (Ofizioak), batzarren ardura, propaganda, herrialdeetako informeak jasotzea, gramatika textuak eta ariketak lantzea, irakurgaiak egin, aukeratu eta prestatzea, hizlariak eta gaiak gertatzea, pedagogia, beste Euskal Herriko eskualdeetakoekin harremanak edukitzea, euskaldun berrientzako baserriak aurkitzea, kontsultak egitera datorren jendetza atenditzea, etabar.

Alfabetatze arloan, herriren batean alfabetatzerik ez badago, eta eskualdekoak heldu ezin badira, Alfabetatzeko arduraduna joaten da hara.

Historia begiratuz gero, bulegoa arduratu da Euskaltzaindiaren alfabetatzeari dagokion izaera eta urtean zehar ekarri duen lotura emateko.

Beti egon da gugan ikerketa baino zabalkunde zereginaren ardura Hor dautza, EUSKALDUNTZEN-1, 2, 3, ALFABETATZEN-1, 2, Ariketa liburua eta Hiztegia argitaratzea. Era berean ulertu ditugu hitzaldiak. Historia, Literatura, Geografia, Bertsolaritza, herriratzea, ezagutzera ematea da gure asmoa. Beraz, "jakintsuak" eskuratu eta berritutako gauzak zabaltzea.

Bulego honetan nahiko buruhausterik izan da eskualde batzutarako, urtean zehar 8 bat hitzaldi antolatzeko. Ibili ez denak ez daki zer buruko min ematen duen horrek. Gaur egun, zorionez, bada hizlari koadro osotu eta konprometatu bat eskariak atenditzeko. Beti bezala, lan hau ere gutti batzurengana jausten da: J. R. Etxebarria, S. Kintana, I. Berriatua, J. Lopategi, J. I. Intxaurraga, X. Mendiguren, E. Gerrikagoitia, B. Kapanaga, eta beste zenbaitek ez dute neke gutti izan.

Aurrera begira, Bulego honetan, euskara zabaltzen segituz, eta bere zereginetara loturik, hurrengo pausua ikus-entzuteko teknikak eta hauk beste Alfabetatzera eta euskarazko eskoletara egokitzea izango da.

Beti ere berezituz Alfabetatzen eta Euskalduntzen-en arteko metodo berezitasuna. Ba gabiltza idazle eskola bat sortzen...

Aurreko guztia ikusi ondoren, bulegoaren lana funtsezkoa da. Hainbeste urtetan ekin ondoren, gure epe laburreko plana, zaletasunez hain gogotsu egin den lana, profesional modura hedatzea da. Era honetan jokaturik askatu gura dugu herria, eta honela jokatuz gertu egon, askatzen denerako.

Hitzaldiak-osagarri

Gure Alfabetatze eskoletako metodoa azaltzean, hitzaldiek izan duten garrantziaz jabetu beharra dago. Euskaltzaindiko OINARRI ARAUAK beteaz, "horrekin batean, euskararen inguruko gaiak sar daitezke: euskal literatura, euskararen batasuna, euskararen geografia eta dialektologia, eta abar eskolako metodoaren barruan gai batzuk azaldu dira hitzaldi bidez".

Hona hemen gaiak:

- Euskara nola bultza gaur egun.

- Ikastolak.

- Euskal liburugintza.

- Euskara Batua eta Euskalkiak.

- Euskal Historia.

- Euskara Teknikoa.

- Kutsadura.

- Ipar Euskal Herria eta Euskara.

- Euskal Geografia.

- Euskal Literatura.

- Bertsolaritza.

- Alfabetatzea zer den.

- Euskal Liburuak eta Aldizkariak Euskal Herrian. Literatura, Historia, Geografia eta Euskara bera izan dira Alfabetatzekoen gehienbateko gaiak.

Beraz, Euskaltzaindiaren arauak kontutan hartuz Alfabetatze Literario oso bat egiteko.

Patxi Elgezabal

Juan Luis Goikoetxea

Jon Aurre


Gure herria euskaldunduz alfabetatuz joan ala

"Inperioaren hizkuntzan mintza zaitez" agintzen ziguten garai batetan. "Bizkaiaren auzo ikastola" letreroa puxkatu zuten zintzel kolpez erdaraz ez zekiten gure herrietako agintariek, goikoen guraria beteaz.

Oirudienez egun zakar eta latz haik joan ziren. Egun bilinguismoaz dihardugu, batzuk lehengo astakeriak estaldu nahiaz,beste batzuk oportunismorik nabarmenenaz, eta azken batetan zinetako euskaldunak transitu bezala, inperioaren hizkuntzatik, herri mintzorako bidean. Ba dira, behintzat hiru jokabide, izen berarekin.

Lehen bidekoak

Lehengo zintzeldunak, berberak, egun, azken dekretu bien izenean, urrats koxkor eta eskas batzu bilinguismoaren panazeatzat pasatu nahian. Eta guti balitz bezala, euskararen administrazioa hartzeko prest daude, txarrago dena, lehen urratsak emanak dituzte.

Bilboko kazetari adiskide batek autu honetaz mintzatzen gaudela, hauxe ezan zidan: "Ez dira bat ere aldatu alboko kalean, herriarentzat baina herriarekin gabe". "Despotismo ilustratuaren garaian gaude orduan" erantzun nion.

Ez da kable bat hau, ez. Euskarari buruz erabakiak hartu, euskara administratu, Euskaltzaindiarekin kontatu gabe, euskal irakasle eta andereñoekin kontatu gabe, ikastolarik ez balego bezala.

Bigarren bidekoak

Hauek ez dute zintzelik eskuetan hartu. Gertatu dena ikusiz eta bista gehiagorekin jokatzen dute. Euskal baloreen indarra ezagutu dute, politikari abilak dira, bere errentagarritasuna atxeman dute, dibidendu onak ateratzen hasiak dira.

"Bilinguismoa nibel guztietan" oihukatuz, errotaria indar hidraulikoaren balioaz kargutzen den bezala, euskara bere andaparara, bere ubidera eramaten ahaleginduko da.

Bai egia da, baina horrek ez du kentzen azterketa sakon bat egitea, fenomeno hau nolabait gertatzen baita. Ez diogu borondate txarrik inori bota nahi, hau ez baita kasua. Erreflexio sakon bat egitea positiboagoa da.

Euskalgintza lana, azken batez, egunero, astero, urtero neketsu eta etengabe egiten den zerbait da, ez da beraz "Agitprop" kanpainen eginkizuna; ezin da beraz zenbait kontraesan nabarmenegitan eror, jendea konturatu egiten baita. Gertakizun bat bakarrik ekarriko dut herri batetan gertatua: "Oraindik euskara irakasten al diharduk? Ez duk superatu hori?". Handik bi hilabetera hori esan zuen berbera bertsolari jaialdi bat antolatzen jo eta ke.

Tarteko bide batzutakoak

Tartean ba dira beste bide batzutakoak, noski: euskara maite dutenak, baina bide erdian, maitasun erromantiko batetan, euskara ikasi gabe, edo erdi ikasita gelditzen direnak.

Lehengo garai bateko euskaltzaleak dira gehienetan. Euskara bere osotasunean, gure Herriaren lehen ondore bezala, ez dute hauek hartzen, ez dira oraino jabetu euskal hizkuntza nazional baten benetako beharraz. Euskara sinbolo hutstzat daukate soilik.

Hirugarren bidean

Hirugarren bideak, gurpide bi ditu, gure mundu erdalduna euskalduntzea, eta gure mundu euskalduna alfabetatzea.

Ezin daiteke erdaraz euskal mundurik egin, ez eta euskalduna erdaraz alfabetatu. Hau gauza jakina dela esango digu norbaitek, baina ez dakigu hainbeste den, zeren oraindik irauten baitute zenbait argitaldarik erdaraz beren emaitza guztia eskaintzen, idazleek erdaraz parra parra, eta Bizkaiko herri nagustu baten alfabetatze moduko bat erdaraz egiten, kanpotik etorritakoen integratzea atxaki hartuta.

Programaketa ikaragarri bat eskatzen du gure Herriaren euskalduntzeak, Ministergo oso bat adinakoa. Euskararen lurralde eremuetan goitik behera sartu zen gaztelaniaztapen eta frantximentapen izugarria gainditu, eta galduak oraintsu edo aspaldi dituen lurraldeen berreuskalduntzea: Enkartazioak, Araba gehiena, Nafarroako atzerakada ikaragarria eta beste. Alfabetatzeak ez guttiago. Ikastolak bere aldetik eta J.A. Retolatzaren lan miresgarria bestetik ahalegin handiak dira, baina medio eskasiagatik, laburrak. Alfabetatze batzordeek ba dihardute beren lanean hainbat eskualdeetan, toki eskasiaz, zenbaiten "maccarthysmoaren" trabekin, hizlari faltaz, diru laguntzarik ezaz.

Talde eta herri gizonak alfabetatze bidean

Alfabetatzeak ere, Ministergo bat eskatzen ez badu ere, Zuzendaritza Nagusi bat bai, guttienez. Horretaz konturatu beharko lukete zenbait taldek, taldexkak, herri gizonek eta herri gizontxok.

"...euskara herri baten ondasuna dela, eta herri osoarena gainera, eta hain zuzen horrexegatik, ez du nahi ondasun hori talde baten eskuetan eror dadin. (...) Beste gauza bat eurrez eta maila orotan (bai eta erlijio eta pastoral mailetan ere) zabaltzen dute Euskaltzaindiaren batasun bideari ateak itxi nahi dizkiotenek: bide hori ateoena dela edo erlijio gabeena... Azken kontzilioak bere arreta guztia ipini du erlijioaren hauzia bestelako arazoekin katigatua ager ez dadin...". Pasarte hauk Euskera aldizkaritik jasoak ditugu. Hor erlijioaz esaten dena, politikaz ere esan daiteke, edo eta biak batera, integrismo berri batzuri buruz.

Uste dugu horren arauera jokatzea eskatzea ez zaiela gehiegitxo irudituko zenbait taldexka eta herri gizon edo gizontxori. Erraztasunen beharrean dagoen ekintzari trabak jartzea, manipulazioak egitea ez da zilegi, eta noizbait, Herria konturatzen denean. NAHIKOA esango du.

Eta hemen elizgizon konkretu eta ezagun batzu ere sartzen ditugu. Eliza beren ideologia nahiko jakinaren zerbitzuan jartzen dute, eta beren karguekin baliatuz, Elizarekin zerbitzatzen dira, azken batez. Zortzigarren aginduaren berri ez ote dakite ba? Karitate eta justizia gehitxoago, eta "euskaldun fededun" arazoa administratzen dute, batzuk bedeinkatuz eta besteak deskomikatuz beren zereginetan. Euskal eliza bat egiten zergatik ez dira saiatzen, hizkuntz lanean espezializatzen direnak errespetatuz? Ba dute hor aski lan! Esate baterako, ANAITASUNA (307-308. zenb.) "10 urte euskal Elizan" alean aipatzen diren beharrizanetan murgilduz, zeren abilezia eta jakituria behintzat, ez dute falta.

Talde eta taldeño batzu, aldiz, euskara Euskal Herri osoarena dela jabetzen dira, eta alfabetatze eta beste euskalgintza lanak errespetatzen ba dakite. Hori da bakoitzaren hesparrua, kanpoa zein den jakitea! Batasuna eskatzen dute zenbaitek euskal munduan, baino horretarako, lehen ere esan nuen bezala, herri tregoa bat behar da.

Herri gizonak alfabetatzen

Egungo egunean eta egoeran, Euskal Herrian beharrezko bihurtu behar da euskararen eta beraren kulturan "lizentziatu" izatea, benetako herri gizon izateko. Honekin zera adierazi nahi dut, euskaldungoan —eta euskara gabeko euskaldungorik ez da—, euskal politik alorrean, ezin dela inor herri gizontzat plazaratu,holako baldintzat betetzeke, maiz eta zoritxarrez gertatzen zaigun bezala.

Nahiz eta bakoitzaren espezializapenak, lege kontuan, ekonomi alorrean, soziologi sailean edo eta diplomazi gailurretan garrantzi haundikoak izan, hori jakiteaz gainera, edo hobeto esan, horrez gainera eta ez bestetara, euskal alfabetatuak eta bakoitzari dagokion mailako euskal kulturaz hornituak izatea, eska daiteken guttiena da.

Eta ez lantegiko langile soil edo arrantzale baten neurri berean, hauk izaten baitira, zoritxarrez, alfabetatze ikastaroetara joaten diren bakarretakoak, baizik eta maila handiago batez, hots, euskal herri-gizon izateko, "alfabetatze diplomatura" gisakorik beharko lukete anitzek.

J. L. Lizundia


Euskalduntzea Araban

Hasera-haseratik ohar nagusi batzu egin beharrean aurkitzen naiz, hots: Araba Gasteiz dela, Arabaz ari garenean Gasteizera zuzentzan ditugula gure begiak. Euskal alfabetatzeari gagozkiola ere, Arabako alfabetatze eta batez ere euskalduntzea Gasteizera mugatzen da, oraingoz behintzat.

Araban ezer gutti egiten da eta egin daiteke alfabetatze mailan. Hemengo arazoa ia osoki, EUSKALDUNTZEA da.

Egia esan, ezer gutti jaso ditut Laudio eta Amurrio inguruetako berriak. Artikulu honetan beraz, Gasteizko euskalduntzeaz ari naiz soilki baina lehenbizi Agurain inguruan sortu den euskal giroari gainbegirada azkar bat bederen ematea beharrezkoa iruditzen zait. Ba dirudi hemen ere euskalzaletasuna beren lehen fruituak ematen hasi dela.

Agurain

Hemen bertoko guraso euskaltzaleek hala holako ikastola bat jaso dute. 28 haur biltzen dituela jakin dugu, eta bi andereñoren esku dago haur hauen ardura. Leku berean hasi da gazte eta nagusien euskalduntzea ere. 35 bat guraso eta gazte ari omen euskara ikasten.

Gasteiz

Historia, labur

Duela hamar urte ipin dezakegu Gasteizko, euskalduntze giroaren hasera. Han hemenka eta bakarka ari ziren pertsonak alde batetara utzirik, lehen talde organizatu bezala Laterandar fraidegaiak agertzen dira (aski ezagunak ditugu arlo honetan E. Osa eta bere lankideak). Talde honek duela hiru bat urte 30 bat irakasle biltzea eta elkarlanean ipintzea lortu zuen eta 300 bat ikasle euskararen bidetik abiaerazi. Ordutik eta beti ere irakasle talde honen inguruan mugitu direla uste dut Gasteizko gau eskolak.

Gaur eta hemendik begiraturik, ez talde hark eta ez besteak ez zuen inolako planteamendurik ez planifikaziorik. Euskara irakasteaz aski genuen orduan. Nori irakatsi, non propaganda egin, zeintzu aukeratu eta antzerako galderarik ez zen egiten, ez zen beharrik ikusten. Kultur elkarte, klub eta antzekoetan propaganda pixka bat egin, jende multzo bat bildu eta segi aurrera!

Arazo honetan "M. Iradier" Elkarteak eskaini digun lege babesa eskertzekoa izan dela aitortu behar dut. EUSKALTZAINDIA ordezkaritzak ere garai batetan bere laguntza eta lege-babesa eskaini zuen. Azken urteotan bakoitza bere aldetik ibili dela ikusten dugu eta hau guztion kaltetan izan dela, noski. Berriro ere begi onez ikusiko genuke Euskal Akademiaren Ordezkaritza honen laguntza eta gidaritza ere.

Gaur eguneko taldeak

Gaur egun ba dugu Gasteizen zehar zenbait talde eta zentru euskalgintzan gogor samar ari dena, Oraindik ere elkarren artean lotura handirik gabe ari dira lanean talde hauk. Hona hemen talde bakoitzaren zenbait datu eta zehazkizun:

A. Olabide IKASTOLA

Hemengo gau eskolak ikastolako haurren gurasoei zuzenduak daude. 7 bat irakasle ari dira 75 bat ikaslerekin. Euskara batuan ematen dira klaseok, P. Altunaren metodoaz baliatuz.

B. EUSKERAZALEAK

Oraintsu antolatu berria den talde honek bere legeztatzea laster lortuko duela entzun dugu, Aurten 5 bat irakasle ari dira 50 bat ikaslerekin. Metodoa, J. Oñatibia jaunarena. Talde honek ez du oraingoz Gasteizen euskara baturik irakasten, gipuzkera baizik.

C. TEKNIK ESKOLAK Arrakasta handia lortu omen du aurten Profesio-eskola hauetan egin den deiak.. 80 bat ikasle ari dira larunbat goizez euskara ikasteko asmoz. Euskara batuan ari dira eta "M. Iradier" elkarteko Irakasle Taldearen metodoa darabilte.

D. "M. IRADIER" ELKARTEKO IRAKASLE TALDEA

Hau izanen dugu, segur aski talderik handien eta organizatuena. 20 bat irakaslek osatzen du talde hau eta antolamendu egoki batez ari da lanean:

- Diru-kaxa bakarra, matrikula guztiak biltzen dituena.

- Diruzain bat.

- Idazkari bat.

- Ikasleen fitxategi bat.

300 bat ikasle ditu bere klaseetan zehar banandurik. Euskara batua irakasten du eta jakin dudanez, talde hau bere metodo berezi bat prestatzen ari da. Talde hau ere bere egoera laster legeztatzeko asmotan dabil.

Asmoak

Oraindainoko egoera ez dugu horren kontsolagarria; Irakasleen taldeak bakoitza bere aldetik dabiltza; ez dugu elkarlanik batere egin orain arte. Ikasle taldeak ere oso sakabanaturik daude Gasteizen zehar. Anarkia hutsa dirudi honek.

Bainan oro har, fruiturik ere lortu dela ikusten dugu klase hauetan. Zenbait ikaslek euskara nahiko ondo menderatzea lortu du. Datu jakingarri bat: "M. Iradier" Elkarteko Irakasle Taldean 13 euskaldun berriak dira. Bejondizuela!

Ba dirudi geroak bide hobea eramanen duela baina horretarako gure ahaleginak elkartu egin beharko ditugu. Nik hiru puntutara lotuko nituzke gure asmoak:

a) Irakasle talde guztion koordinatzea; elkar lan bat bultzatu behar dugu guztion onerako,

b) Gure klaseak eta propaganda, neurri handi batetan behintzat, maisuengana zuzendu behar genituzke. Euskararen etorkizuna eskolari lorik ikusten dugu. Bestela gureak egin du. Maisu-maistrak euskaldundu behar ditugu!

c) EUSKALTZAINDIAK gida lezakeela uste dut Gasteizko irakasle taldeen elkarlan hau.

JUANJO

OHARRA:

Aipamen berezi bat merezi du Peli Presa jaunak, Gasteizko irakaslerik zaharrenak. Aspaldidanik ari da bakar bakarrik euskararen sua etengabe, etsi gabe indartzen Gasteizeko hiri honetan. Hamaika ikasle igaro da bere eskuetatik eta oraindik ere gogor dirau zeregin honetan.


Alfabetatze kanpainak Gipuzkoan

Historia piska bat

Gipuzkoan behinik behin alfabetatze mugimendu egituratu eta bateratu baten abiada ez da oso zaharra. Halarik ere, 1967.an edo, jadanik ba zen mugimendu horren lehen urratsik Rikardo Arregiren inguruan zebiltzanen bitartez. Gero hura hil da, —oker ez banago 1969.an izan zela uste dut—, Arrasateko bilkura eztabaidatsu baten ondotik mugimendu haren abiadurak makur egin zuen.

Nolanahi ere den, Gipuzkoan alfabetatze ihardunak harrez gero ere betidanik izan du nolabait bere lekua: leku apala noski. Talderen bat edo beste ia beti egoten zen herri nagusi gehientsuetan.

Harrez gero, gipuzkoar alfabetatzaileen kontua bat bera zen denen gogoan: ez zegoela elkarlan hertsirik eta nor beraren bakartadeari zerion alde gaiztoarekin aurkitzen zela. Beste arlotan bezalatsu, beraz, hemen ere gure lankidea bakartatea genuen eta honi atxikirik doakion kemen gabezia geunden egoeratik ateratzeko. Gainera giro hori, esan beharra dago, urtez urte are eta nabarmenago agiri zitzaigula: urtez urte ugalduz joan baita talde tiki eta sakabanatuen lana baztar orotan. Kultur lan horretan zihardutenak zenbait eta gehiago izan, orduan eta gorriago hautematen genuen mugimendu bateratu bateen premia.

Batasunak indarberritu egiten gaitu, dakigunez. Baina hori bakarrik ez; baztar batean eta bestean lan honi ekin dion langile bakartia poztu, zuzpertu eta zentru berri baten jabe bihurtu da. Artean, ez zekien zihur zer ondorio eta emaitza ukan lezakeen bere ahalegin asegaitzak, bestetan zer eta nola egiten den ia ez dakielarik. Edozein ekintzetan bezala, ahalik eta hedadura zabalen bat lortu nahi genuen, alfabetakuntzari zentzu serios eta baliotsu bat ematen zitzaiola ikusterazteko, era honetan alfabetatzailearengan gogo-zuzperraldi bat erdietsi nahi izanik.

1974. Udako Euskal Unibertsitatea

Momentu hau, dudarik gabe, biziki eraginkor eta garrantzitsua da gipuzkoar alfabetatzaileontzat. Elkarlan bateratu baten urrats neketsuan, esango genuke, une hauxe dela hastapenaren oinharri. Bildu ere, han bildu baikinen gipuzkoar alfabetatzaile batzu alde honetatik zerbait egiteko asmoz. Ezin da ahantzi egungo egoerak asko zor diola Xabier Zubizarreta bat bezalatsu beste zenbait lankide ausartiri.

Egia da, han bildu ginenok ez genuela erabat etorkizunaren norabidea eta baldintza orokorra betikoz finkaturik utzi. Hastapen orotan egiten dena egin genuen: arazoa planteaturik nolabaiteko irtenbide bati zegozkion proposamenak agertarazi. Labur esanda, puntuotan zetzan:

a).- Gipuzkoar alfabetatzaileok ezagutu ere ez gara zinez ezagutzen: hona hemen bakartatearen lehen aztarna. Eta horrela, jakina, ez goaz inora noraezean murgiltzera izan ezik. Guztion kultur burruka bat bera denez, bistan da, lehen lehenik lortu behar dugun baldintza zera da: kultur ekintza hau bateratu lezakeen egitura dinamiko bat,

b).- Egitura dinamiko horri esker, bigarren behaztopari gain hartu zekiokeen: irakasle gabeziarenari, halegia. Izan ere, maiz asko, herri anitzetan ez zegoen irakasle talderik, edo bat bera ere ez. Halakoetan zerbait egin nahi izan denean, besten batera jo dute irakasle eske. Herri mailako dinamikarik ez zegoen (eta ez dago egun ere hainbatetan) kultur maila honetan. Baina okerrena ez zen hori: modu horretan jokatzen zen bitartean ez zegoen inolako irtenbiderik. Irakasle berriak sortu behar dira nonnahi, baina hau ezin da lortu herri mailan jokatuaz; bailera mailako plangintza eskatzen du lehenik eta Probintzia mailakoa ondorea|

c).- Gure koordinaketaren barne irakasle ezaren arazoaz gainera, bigarren alde nagusi bat material, textu eta metodologiaren baitarik zetorren. Gau eskolako irakasleak, hain zuzen, sarrienik langile eta ikasle baitira (inoiz andereño eta ikastolako irakasle ere bai, baina gutienetan), eta euskara nola edo hala menderatuaz, besterik gabe, euskararen irakasteari lotzen zaizkio. Eskerrak, beraz, lanerako dagoen enpeinu ausartari lotzen zaizkio. Bestalde, puntu honi dagokionez, oraintsu arte ez dugu ezagutu alfabetatze mailako metodologia burutu bat. Alde honetatik, erabaki genuen, herriz herri nolabait eskeini behar zitzaiola erantzunen bat edo beste.

Guzti horrek gaitz bihurtzen zuen (eta du) euskararen irakaskuntza serios bat burutzea; zeren euskara jakitea ez baita aski hori bera tajuz irakasteko. Irakasle ezosatu gehiegi gabiltza edozein textu hartu eta nolanahi euskararen barne legeak aisa irakasteko. Baina ez dago den dena, ezta guttiagorik ere, irakaslearen esku. Ikasleak beren aldetik deus jartzen ez badu, gureak egin du. Ikaslearen baitan euskararekiko gogo bat, kezka bat, ardura bat ernetzen ez badugu, pikutara joan besterik ez dute irakasle prestu eta metodo egoki orok. Metodo egoki eta irakasle gaituak ezinbesteko dira noski, ez haatik aski. Esango nuke, Euskal Herrian gehiengoa sekula ez dela euskaldunduko, aldiz kultur burruka gogor bat bere inplikazio ideologiko guztiekin abiada erazten ez duguino.

Arrasateko bilkura

Donibane Lohitzunen eman zitzaion bultzadarekin, 1975.go otsailean Arrasaten bildu ginen berrogeiren bat irakasle. Esan dezakegu, GAU ESKOLEN ELKARTEA orduantxe hasi zela benetan oinharri bat bereganatzen. Bitartean Donibanen izan ginenon egitekoa herriz herri elkarte horren premiaz oharteraztea izan baitzen batik-bat. Biderik neketsuena tarte hori izan zen; ez baita, gezurra badirudi ere, gure artean zenbaitekin elkarlan bat aintzina ematea batere erraza. Halaz ere, gauza bat mila aldiz edo bi mila aldiz esanik, konfidantza bat sortu ahal izan zen guztion artean. Harreman hauetan, nola ez, ideologia kontua izan zen gehien eragotzi zuena. Elkarte hori abertzalea izango ote? Nor ote dago horren atzetik? Galdera hauetan datza errezeluaren mamia; bestalde, guk justifikatua jotzen genuen errezelu hori gure Herriko ideologien itsaso nahasi-mahasian.

Aipatu den Arrasateko bilkura hartan, lehenik, Gipuzkoa osoa zortzi ballaratan banatzea pentsatu zen: Lenitz, Eibarraldea, Urola-Kosta, Urola-Garaia, Goiherri, Tolosaldea, Donostialdea eta Errenterialdea. Honen ondotik bailera bakoitzari zegokion arduradun bat hautatu eta aldiz beste erabakiok hartu:

- Batzordeak erdi liberatu bat hautatu behar lehenbailehen.

- Gau eskolen mugimenduan noizean behin aldizkari bat edo (Euskarri) atera behar da irakasleen adierazpide gisa.

- Irakasleen prestakuntzarako ikastaro batzu eratu behar dira sistematikoki eta urtero.

- Kanpainaren buruan mintegi batzuk antolatu hizkuntz eta kultur gaien inguruan ikasle-irakaslentzat.

- Material eta textu aldetik informazio eta zabalkunde bideak ezar.

Euskaraz irakurtzen eta idazten dakitenen zifrak

Alfabetatze mugimenduaz mintzo garelarik, eta nahiz eta honen premia begien bistan egon, zifra batzuk aipa ditzagun. 1974. ean "Gipuzkoako Gurasoen Elkarte Katolikoak" eginiko inkesta baten zenbakiok azaltzen zaizkigu euskaraz irakurtzen eta idazten dakitenei buruz:

- Hitz egiten eta idazten Gipuzkoan orotara 15ek daki.

- Hitz egiten bai baina idazten ez dakitenak 24 dira.

- Nolabait, eragozpen handiekin, hitzegiten dutenak 8 dira.

Beraz, Gipuzkoan, eta kontuan hartu eskualde hauxe dela denetan euskaldunena, 15ek baizik ez daki euskaraz idazten. Eta, egia esan, nik neronek zalantzan jarriko nuke datu hori. Idatzi bai agian, baina zertaz eta nola? Ene amak ere idazten du esaldiren bat enkargun bat utzi nahi didanean; ordea, ezin du bere pentsamendua luzaz adierazi paperean; "Cambio 16" errazago irakurtzen omen du "Zeruko Argia" baino, eta hori, gaztelaniaz ikasten orain ari delarik.

Datu horietan oinharriturik, bistan da, ideia, asmo eta ekintzak komunikabide gisa euskara erabiliaz, guzti horretaz jakinean gainean daudenak gutiengo murritz bat garela. Euskaldun batasunik eza alde honetatik ere eragotzirik dago, komunikabide horretan gehiengoa sartzen ez delako Hizkuntz harresi bat dugu Euskal Herrian bizi garenon artean, eta harresi hori giza jokabidearen beste mailatan ere isladatu eta errotu egiten da elkar ezagutzen ez dugularik eta egoera misteriotsu bat sortuaz.

Lehenik, euskaraz mintzo den gizataldea bera ere pentsamendu eta kultur prozesuetan partaide ez delarik, hein handi batean behintzat, alfabetatze mugimendua hor erabat errotu beharra dago. Aldi berean, halaber, euskaldun berrien ugalpena ez doa aparte eta prozesu horretan sartzen da. Euskal liburugintza eta aldizkarigintzaren aurrebaldintza, halabeharrez, kultur maila hontan kokatzen da, eta dagoen egoeratik indarberrituaz behar dituen lanbabes eta laguntzarik gabe, gure kultur ahalegina talde murritz baten bikaina, baina, etsigarria, izanen da.

1975-1976.ko kanpaina

A. Orain arte egin dena

Irailean hasi ginenez gero, ondorengo bi hilabetetan ikastaro batzu eratu dira baileraz bailera. Lehen esan dugunaren arauera, irakasle anitz dabil, besterik ezean, sartu eta euskara irakasten ari dena. Ahalmen baino enpeinu hobeagorekin, alegia. Ikastaro horietan, hori horrela, ez da gauza handirik eman goi maila batetan. Zeren, zeuden behar jakin eta konkretu batzuetan oinharritu ditugu eta bai metodologia eta bai gramatikari zegokionez, oinharri oinharriko zenbait arau eta erregela besterik ez da jorratu horren zehar.

Ikastaro horik zortzi bailaran egin direlarik, bertatik pasa diren irakasle kopurua zenbaki hauetan datza:

- Lehen maila batean 127 irakasle, eta

- Bigarren mailan 60 irakasle beraz,

- Orotara 187 irakasle.

Ikastaro horietan textu eta metodologiari dagokionez, modu honetara jokatu da:

- Lehen mailan, hau da, euskaldun berriei hastapenetik irakatsiko zieten irakasle haiekin, textuok landu dira: Euskalduntzen - 1 eta Euskalduntzen - 2.

- Eta bigarren mailan, aldiz: Alfabetatzen - 1.

Honen ondorioz ekin zitzaion neguko kanpainari: irakasleekikoa nolazpait egin ondoren, halegia. Esan dezagun, halaber, aurtengo kanpaina hau ez dela osoro abiadan oraino jarri. Adibidez: Zarautz, Getaria, Zumaia, Hernani, Azpeiti, Azkoiti, Deba, Alzuola eta beste zenbait herrialdetan ez zaio hastapenik eman. Kosta eta Urola bailera osoa dago hasi gabe. Toki horietan, uste dugunez, berehala emango zaio hasiera; urtarrilean agian.

Bestetan jadanik hasia denez, eman dezagun zenbait datu eta xehetasun, Antolamendu hauetan ez da soilik alfabetatze maila barne dagoena, aitzina, aitzitik, beste bi ere tartean dira. Hala nola, ba:

1.- Lehen maila, euskaraz deus jakin gabe hasi direnekin.

2.- Bigarren maila, zertxobait zekitenekin, eta

3.- Hirugarren maila, edo alfabetatzea, mintzatzen dakitenekin.

Oraingoz hainbeste ikasle dabiltza mailaz maila Gipuzkoan zehar.

1.- Lehen maila 1.520 ikasle

2.- Bigarren maila 720 "

3.- Alfabetatzea  600 "

orotara 2.910 ikasle

Irakasleei bagagozkie, berriz:

1.- Lehen maila 142 irakasle

2.- Bigarren maila 71 "

3.- Alfabetatzea 43 "

orotara 256 irakasle

Ez dezala inor pentsa Gipuzkoa osoan jende hau baizik ez dabilenik, dabilena askoz gehiago baita. Zenbakiok gure koordinaketan barne sartzen direnak dituzu eta bestelakorik eurrez da; hots, sartzen ez denik. EUTG eta gero taldeka sakabanaturik diren taldeak nonnahi baitaude. Benetan gaitza deritzat, hainbeste talde oraindik ere sakabanatuta egonik, zehatz-mehatz jakiteari zenbat ikasle-irakasle izan litezkeen orotara Gipuzkoan dihardutenak.

B. Gerora begira

Gau eskolen mugimendua, oro har, horrela dagoelarik, gerora begira gure asmoak pitin bat azal ditzagun. Asmo horietatik nagusiena honetan datza: mintegietan, alegia, GAU ESKOLEN ELKARTEA sortu zenean bertan, garbi ikusten zen, besteak beste, sail honi gure begirunerik oparoena eskeini behar geniola.

Mintegien (hitzaldiak berez aski, hotz dira sarri eta nahiago izan dugu mintegi izena erabili, izana gero ikusi behar) saioei nahi zaie heldu eta jadanik ere hasiak gara horretan. Euskaraz ikasten hasi direnentzako (erdaraz noski) gehienbat gaiok erabiltzen ditugu:

- Euskararen beharra euskal komunitatea berreskura dezagun.

- Bilinguismoaz.

- Diglosiaz.

- Euskarak erdal eskolan sartzeko duen oztopoa eta abar.

Mintegion jomuga, hemen nonbait esan dugunez, euskararekiko ardura eta kezka bizi bat erdiestean datza. Horretarako, ezinbestekoa dela deritzagu, arazo horren planteamendu serios eta funtsatu bat egitea, baina ez euskal gauzekiko jarrera sentimental huts, puts eta ondorio praktikorik ez duen bihotzbera antzuan. Gai hau, besteak beste, Jon Urrujulegik landu izan ohi du eta bera, sarri esan ohi duenez, ondorio positiborik izan ez duen bihotz jarreren arerio purrukatua da; neu ere bai, noski. Atarian bagaude ere, jarrera errazional haiek dira soil soilik, jakintza maila sakon batean planteaturik euskara eta Euskal Herria dagoen dagoenetik atera dezaketenak.

Beste alde batetik, alfabetakuntzan diharduten ikasle-irakasleekin (euskaraz, alegia), beste gai honetara jotzen dugu:

- Euskal kazetaritza eta liburugintza

- Euskara batua

- Euskal historia

- Textu azterketa bat nola egin eta abar.

Hots, alfabetatu hala euskal kultur gai batzu hausnartu nahi dira. Hain zuzen ere, ez da uste, besterik gabe, hizkuntza bera nolabait menderatzearekin kultur mugimenduan buru-belarri sar litekeenik. Hor sartu eta burrukatuko bada, Euskal Herriak bizi dituen gorabeheren ikuspegi kritiko bat aurrebaldintza bat da. Mintegion jomuga, hortaz, euskaraz alfabetatu eta euskal kultur hauzi eta arazoetaz hiztun bihurtzea da. Hau da; euskara menderatu euskaraz irakurri eta idatz dezan; eta hiztun bihurtu euskaraz zer idatz eta esanik ukan dezan.

Joxe M. Odriozola


Alfabetatuentzako "Rikardo Arregi" Saria

GAIA: "IPAR ETA HEGO EUSKAL HERRIA".

1.- Lanak euskaraz idatziak, egileak bere kabuz eginak, eta ez da onhartuko ez itzulpenik, ez besteetatik egindako antolamenik.

2.- Lanaren neurria: 2-tik 12 foliora, DIN A-4 neurrian, alde batetik makinaz idatziak, lerroune bat zuri utzirik.

3.- Lema batez izenpetua, eta lemaren giltza estaldua, egilearen izen eta deiturekin, lanarekin batera bidali behar da. Gainera, alfabetatze ikastaroaren monitorak lemaren giltza estalduaren alboan, fede eman beharko du nola lana duenak 1975ko udagoienetik harez gero alfabetatze ikastaroren baten parte hartu duen, ikasle bezala, halegia.

4.- Lan bakoitzetik hiru ale bidali behar dira: "ASOCIACION GEREDIAGA; B.º Astola, ABADIANO, Vizcaya" zuzenbidera.

5.- Lanak bidaltzeko epea, 1976eko Uztailaren 31an amaitzen da.

6.- Saria, liburu sorta bat.

7.- Saria, Domu Santuetan, Durangon eratuko den XI. Euskal Liburu eta Disko Azokan iragarri eta emango da.


Bizkaian alfabetatzearen urratsak

68 - 69 - 69 - 70

Bizkaiko Alfabetatzearen hastapenean, Herri Gaztedik eta Gizarte Eskolak, garrantzi berezia izan duten. Jenderik gehiena handik zetorren.

Herri Gaztediko azterketetan, ondoren honetara heltzen ginen: Gizon euskaldunaren heziketarako lehen pausoa, duen kulturaren kontzientzia hartzen da. Bestalde, instrumentu erabilkor bat behar zuen heziketa bide: euskara (ordurarte harreman publiko eta idatzietan erabili ez zuena).

Hala ere kultura lanari ez zitzaion garai honetan lehen mailako garrantzia ematen. Beste ekintzetan erretakoek hartzen zuten lan hau eta ez profesionalki.

70 - 71 - 72 - 73

Urte hauetan ikastolek hartutako abiadak izan zuen influentziarik Alfabetatzearen profesionaltzean.

Alde batetik andereño eta maisu, euskal kulturari emanak zeuden (horixe zen haien lana eta herri ekintza) eta hala ere lehenengoak zirenez ez zuten kultur lanabes bezala menderatzen askok. Orduantxe sortu ziren Alfabetatze profesionalak. Donostiakoak jadanik honetan zebiltzan. Haiekin batera hasi ginen Bizkaiko Alfabetatzeari gorputza ematen.

Urteotan, jendea izugarriz ugaritu zen, nahiz eta lehenengo saioak monitoreak edo maisuak prestatzeko egin.

Hauekin batera agertu ziren arazoak ere:

a.- Ez zegoen materialik gertu. Euskara Batuaren lehen urratsak ziren. Alfabetatzeak argi ikusi zuen bere betebeharra: herriko euskaratik hasi behar zuen, baina euskara batua, orokorra menderatu arte ez zen euskalduna bere kultura osoa hartzeko gai izango: ez zegokeen alfabetatua.

b.- Ekonomi urritasuna gogorra zen. Lehengo arazoari erantzuteko eta Donostiakoak, buru direlarik, LEHEN URRATSAK delako liburua argitaratu zen eta ARIKETA PROGRAMATU batzu ere bai.

Ekonomi arazoaren bideratzerik ez genuen aurkitu. Alfabetari bakoitza eta halaber Bulegoa, nolabait auto-bizi izan zen. Denboraldi honetan amaitzen dira, bai eta ere, Gipuzkoako alfabetatzaileekin genituen harreman hain aberaskorrak. Hango zuzendariek beste zeregin batzuren garrantzi handiagoa ikusten dute eta beste arlo batzuri ekin.

73-74 — 74-75

Aurreko garaialdea amaitzean, agertu zitzaizkigun arazoak handiagotzen zihoazen:

a.- Ekonomi aldetik

b.- Profesional aldetik: Alfabetatze arduradunek, Patxi Elgezabal eta Juan Luis Goikoetxeak, garai hartan Udako Ikastaroen eta Euskalduntzen (Euskaldun Berri Taldeen) ardura ere hartu zuten. Honek irakasle gehiago ekarri zuen Euskaltzaindiko Alfabetatze Bulegora eta poliki poliki talde osatu.

c.- Ideologi aldetik: Zenbait bide ezberdinetan mugitzen ziren herriko indarrak, eta nola ez, Alfabetatze Bulegoa ere definitzera bultzatzen dute.

Bilboko Bulegoari aurkezten zaion dilema hauxe da:

- Alfabetatzea "Talde" bakoitzaren ekintza da, ala

- Euskal indar guztien oinharri zabala. Azken bide hau hautatu genuen. Baina ikusten dena zera da (Zornotza adibide) Alfabetatzearen herri eragina, eta hau bere mugetatik irten beharrik izan gabe, handia da.

Alfabetatze Taldeak garai honetan hiru arlo hartu zituen:

- Alfabetatzea

- Euskalduntzea * (Udako Ikastaroak barne)

- Textugintza

Batez ere textugintzari bultzada berezia ematen zaio,beharrizanak gero eta nabariagoak dira eta.

Euskalduntzen eta aurretik Alfabetatzeko Apunteak izango dira eragin honen fruitu.

Ekonomi arazoari ere soluzio bide bat ikusten zaio:

- Komisio arduradun bat sortzen da:

 - eskariak

 - sozio txartelak eta abar eramango dituena.

- Eta batez ere Neguko Eskolak izango dira aurrerantzean. Alfabetatze Bulegoa finantziatuko dutenak.

75-76

Azken urtean ez dugu berezitasun gehiegirik nabaritu: aurrera goaz.

Esanbeharrezkoa da, hala ere:

- Alfabetatze lana ugarituz joanik, Bulegoa gero eta garrantzi handiagoa hartuz doala bai Euskaltzaindian eta bai herrietan. Koordinaketa lana beharrezkoagoa da; textugintza ezin utzia (aurten ALFABETATZEN liburua argitaratu dugu) eta lege babesa (gauzak asko aldatzen ez badira) zer esanik ere ez!!!!

Honela irauten dugu, bada, aurrera Rikardo Arregik bigarren mailaz esaten zuena gogoan harturik:

"Alfabetatzea, irakurtzen erakuste hutsarekin ez da bukatzen. Hori lehen pausoa besterik ez da, eta pauso hori kasikan alferrikakoa izango da ondorenean beste batzu ez baldin badatoz ".

Alfabetatzearen historia

Sarrera

Alfabetatzeak ba ditu bere bizitzan zehar urte batzuk. Hain zuzen 1968an jaio zen. Martin Ugaldek esaten duenez bere "Síntesis de la historia del País Vasco"n: "Los vascos no hemos sabido, o querido o podido contar lo que hemos hecho ni lo que nos han hecho, y por esto mismo hemos caido en riesgo inevitable de dejar siempre estos relatos en manos —y en cabezas— de los demás, la mayoría de las veces nuestros adversarios, a menudo nuestros enemigos". Honekin konturaturik eta ingurukoek zirikaturik, lan honetan saiatu gara.

Ez da erreza zehatz mehatz azterturiko ikuspegi oso bat ematea urte hauetako alfabetatzeaz. Urte asko izanik, alfabetatze lanetatik eratzaile asko pasatu da eta jarraipen baten faltaz, datu eta zehaztasun asko ere beraiekin joan dira. Horregatik ba, normala eskema hutsune eta gutti gora beherako datu batzu agertzea. Hau ere beste ezbehar batzuren antzera, profesionaltasun baten falta da eta ez da zertan errudunak aurkitzen saiatu.

Udako ikastaroak eta neguko eskolak

Alfabetatze kanpainen inguruan beste euskal giro bat ere sortzen da. Honen ondorio bezala Neguko eskola batzu eta Udako ikastaroak antolatzen dira. Nabari denez, giro hau urterik urtera gehiagotzen ari da eta, era berean, garrantzi handiago bat hartzen. Eskema honetan ez dira agertzen Bizkai osoan ematen diren euskarazko eskolak ez eta guttiago ere. Lehen esan dugun bezala Alfabetatze bulego inguruan sortu direnen berri ematen dugu.

URTEA DENBORA JENDEA NON

68 Uztaila 45 Gabiria

69 Uztaila 60 Urretxua

 Uztaila — Euba

70 UDA 47 Markina

 UDA 23 Oinati

 UDA 30 Leiza

71 UDA 65 Iruinea

 UDA 57 Donostia

 Uztaila 49 Iruinea

72 Uztaila 21 Bilbo

 Agorrila 50 Santiago Apostol

 Agorrila 46 Santutxu

73 Uztaila 132 Deustu

 Agorrila

74 Uztaila 159 Deustu

 Agorrila

75 Uztaila 112 Deustu

 Agorrila 151

NEGUKO KLASEAK

URTERA DENBORA IKASLEAK NON

71/72 NEGUA 116 Bilbo

72/73 NEGUA 178 Bilbo

73/74 NEGUA 127 Bilbo

74/75 NEGUA 184 Bilbo

URTEA ESKUALDEAK HERRIAK JENDEA

68-69 Busturia Axuria, Ibarruri, Areatza,

  Gernika, Altamira (Busturia),

  Bermeo, Belendiz. 175

69-70 Bilbo Haundia

 Euskaltzaindia

 Basauri

 Durangaldea

70-71 Txoriherri Derio

 Butroe Mungia

 Busturia Gernika

 Lea-Artibai Lekeitio-Ondarroa 230

 Durangaldea Durango

 Arratia Arantzazu

71-72 Txoriherri Larrabetzu, Derio, Sondika,

  Loju, Erandio, Goiherri

 Butroe Mungia

 Busturia Bermeo-Gernika

 Lea-Artibai Lekeitio-Ondarroa

 Durangaldea Durango, Zornotza, Elorrio,

  Abadiño, Otsandio, Zaldibar 563

 Arratia Arantzazu

 Basauri Areta-Basauri

 Bilbo Haundia Deustu-Bilbo

72-73 Txoriherri Larrabetzu, Larrondo, Sondika,

  Loju, La Campa, Lejoa.

 Butroe Mungia

 Busturia Gernika-Bermeo

 Lea-Artibai Lekeitio-Ondarroa 212

 Durangaldea Durango-Zornotza

 Arratia Arantzazu-Dima

 Basauri Zeberio

73-74 Txoriherri Larrabetzu, Goiherri, Lejoa,

  Larrondo, Astrabudua.

 Butroe Mungia

 Busturia Gernika, Bermeo 387

 Lea-Artibai  Lekeitio, Mendexa, Ondarroa,

 Durangaldea Durango, Abadiano, Ermua,

  Mallabia

 Arratia Arantzazu, Zeanuri, Arteaga,

  Areatza, Bedia, Lemoa

 Basauri Basauri

 Bilbo Haundia Deustu, Santutxu, Bilbo

74-75 Txoriherri Larrabetzu, Sondika, Derio

 Butroe Mungia

 Busturia  Gernika, Bermeo, Mundaka

 Lea-Artibai Lekeitio, Ondarroa

 Durangaldea Durango,Zornotza,Ermua 305

 Arratia Igorre,Zeanuri,Bedia, Arteaga

 Basauri Arrigorriaga, Basauri,

  Galdakao, San Migel Aperribai,

  Firestone

 Bilbo Haundia Santutxu, Bilbo, La Salle


Arratia

Gauza bat bizi denean historia bat izaten da; eta Arratiako alfabetatzearen historia hau da: Urte batzu delarik ibiliak dira zenbaitzu Arratian alfabetatzeari buruz zerbait egin nahian. Arratia eskualdeko herri gehienetan izan dira alfabetatzen ari izan diren taldeak, baina ez dute iraupenik ukan, jendearen motelkeria edo metodo falta edo laguntzarik eza, edo dena batera kausa dela. Hala ere, gaur, lan honetan ibili izan den, eta beste jende batez osatzen den talde bat eratu dugu arlo honetan iharduntzeko. Bigarren urratsak ematen ari garela esan genezake.

Urte honetan Alfabetatze Batzordeak, Bizkaia eskualdetan banatu du, eta guk Arratiako herri guztiak aipatuko ditugu, bakoitza zertan ari den jakin erazteko: Alfabetatze inguruak alderdi bi ditu Arratia eskualdean: Bata alfabetatzea bereziki eta bestea euskalduntzea.

Orain zeintzu herritan zer egiten den aipatuko dugu:

- Euskalduntzen 1, herri hauetan ematen da: Bedia, Lemoa eta Areatza. Denetara hiru talde.

- Euskalduntzen 2, beste herri hauetan: Igorren talde bat eta Areatzan bestea.

- Alfabetatzen: Lemoan talde bat, Igorren bi, Diman bat, Gaztelu-Eleizabeitian bi, Areatzan bat eta Zeanurin beste bat.

Talde guzti hauk Alfabetatzen metodoa erabiltzen dute. Arantzazun, ordea, Derioko apunte osatuak erabiltzen dira; alfabetatzen diharduenak gaztetxoak izanik lehen urratsak bizkaieraz eman ditzaten.

Gehienbat, alfabetatzeko eskola hauk elizaren edo elizak utzitako lokaletan ematen dira.

Ordu arazoa ez da ttikiago gure artean, zeren gehienak larunbat arratsaldetan izaten dute eskoletara etortzeko era. Hau baino ttikiago den arazoa: irakasle urritasuna. Gauza bi hauek tarteko direla ateratzen diren ondorioak, ikasle taldeen desberdintasuna eta handiegiak izatea lirateke.

Arratiako alfabetatzen murgiltzen den jendearen zehaztasunik edukitzeko ikus eta azter ezazu ondoko koadro hau:

Alfabetatzen 1 ikasle langile adina

Gizonezkoak 83 46 37 18.4

Andrazkoak 90 58 32 17.9

Danetara 173 104 69 18.1

Euskalduntzen 1 23

Euskalduntzen 2 14

Uste dugu zifra berek adierazten dutela nahiko argi Arratiako euskal kultur mugimenduaren kriseilua jende gazteak daramatela. Hala ere nahiz eta berrehun bat lagun ihardun izan Arratia eskualdean alfabetatze arloan, ba dugu non jorik euskal kultur mugimendu serio bat aurrera atera nahi baldin badugu. Kultur talde bat eratzea izanen litzateke lehen beharra.

Talde honi dagokiokeen egin beharra, kultur mailan eskualdeak dituen arazoak konpontzen joateko bide konkretu batzuk proposatu eta proposatutakoek zabaltzea izanen litzateke.

Talde honen bete beharra nondik norakoa izan behar duen jakiteko, aipa dezagun laburki, egungo Arratiako euskal kultur egoera: Orain arte herri erakundeen aldetik laguntzarik ez da izan eta kasu askotan ez dugu posible ikusten izaterik. Eskoletara eta Igorreko Institutura euskara sartzea dugu beste bete behar nagusi bat. Hemen interesgarri ikusten dugu Zeanuriko Profesional ikastetxea aspalditik egiten ari den lan onuragarria. Hiru urte dela ikasle guztiak euskara ikastera behartzea erabaki baitzuten.

Besterik gabe amaitzen dugu. Falta zaiguna asko da, daukaguna, ordea, gutti. Ahalegindu gaitezen gaurko egoera hau itzultzen.

EKIN ETA JARRAI!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

ARRATIAKO ALFABETATZE BATZORDEA


Busturia

Alfabetatzeaz hitz egiterakoan, ez noa lehenaren berri. zehatzik ematera. Lehenean oinharriturik, gaurko Alfabetatzearen eginkizuna eta hedadura ikustea askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait.

Eskualde honek, batez ere, hiriburu bi ditu. Alde batetik Gernika, eta bestetik Bermeo. Beren inguruen dauden herri txikiek, hauengana dute joera naturala; batzuek Gernikara, bestek Bermeora. Eta ez da harritzekoa, kultur girorik nabarmenena hiriburu hauetan aurkitzea. Beraz, esan genezake eskualde guztiko kultur eginkizunaren muina bi hiriburu hauetan elkartzen dela eta era berean, herri hauk, bai Gernika eta bai Bermeo, inguruko herri ttikien ispilu direla.

Alfabetatzeko lanari mugaturik, eta bere eginkizun zabalean euskal kulturaren oinharri bezala ikusirik, jadanik 1968garren urtetik, eskualde honek nabaritzen ditu Alfabetatzeko lanaren ondorioak. Ordutik hona, guttiago edo gehiago, urtez urte eman dio erantzun bat euskal kulturaren eginkizunari. Beraz, gaur eguneko Alfabetatze mundua, lehenagotik eten gabe datorren soka baten ondorioa da.

Baina gaur eguneko Alfabetatzeak ba du berezitasunik ere. Alde batetik jendea izugarriz ugaritu da. Bermeon, esaterako, 8 pertsona ari dira Euskalduntzen-1 rekin. Alfabetatzean 16 lehenagotik ere saiatuak, eta 22 aurten hasitako berriak. Gero beste 6 ikastoletako haurren gurasoek. Gernikan, berriz, Euskalduntzen-1. arekin 18 ari dira, Euskalduntzen-2, arekin 20, eta Alfabetatzen 30. Denak batera ikusirik, 120 pertsona; bada jenderik.

Beste alde batetik, ikusirik jendearen ugaritasuna eta hiriburuek erantzun egoki bat eman ezinik, beste herri txikietara ere Alfabetatze kanpainak hedatzea pentsatu da. Hain zuzen, Elantxobe, Busturia, eta Mundakara. Beraz, koordinaketa zuzen baten premia ikusten da.

Alfabetatze munduak gorputza harturik duela, eta hartzen ari dela, argi ikusten da. Baina beharbada, ez da izango nau gaurko Alfabetatzeak duen berezitasunik handiena. Egia esan, jendea biltzeak asko esan nahi du. Hala eta guztiz ere, Alfabetatze lana ez da bakarrik eskola batzutan sarturik idazten eta irakurtzen ikastea. Honekin ez dugu esan nahi gure Alfabetatzea Euskaltzaindiak emanikako arautegitik kanpo dagoenik. Hori guztiori beharrezkoa da kultura baten oinharrian, baina ez da kultura osoa. Beraz, Alfabetatzera datorren jendea bere euskaldun izaera galdu eta landu gabearen bila dator. Eta hau da gure Alfabetatzeak planteatu duena: kultur mailan euskal gizonari erantzun bat ematea. Honen ondoriotzat, herri ekintza zuzenak ikusten dira. Hain zuzen, herriari eskainiriko hitzaldiak, bertso saioak... azken batez euskaldun izate nahi hori erraztea. Gaur egun Busturi eskualdean, argiro nabari da Alfabetatzea dabilela.

Hau guztiau, hola izanik ere, ba dira oztopoak eta ezin ulertuak ere. Irakasleen premia larri ikusten da; lokalak aurkitzea ez da lanik errazena; baimenak ere hor daude, eta beste honelako mila arazo. Baina oztoporik tristeenak eta penagarrienak euskaldun deitzen direnengandik datozenak izaten dira. H letra bat ikustea aski dute.batzuk, egiten den lan guztia ezereztzat jotzeko. Akatsak besterik ez dute ikusten eta aurreratzeko eskurik luzatu ez. Gaur hain indartsu agertzen direnok ez ote dute H-a baino arazo haundiagorik?

Beste alde batetik, ba dira beren burua aurrerazale edo iraultzailetzat daukatenak ere. Baina tamalez helburu zuzenak lortzeko, horien ustez, euskalduntasunean lanean saiatzea oztopo omen da. Horregatik ba, solapan eramaten den txapleta baten besteko balio besterik ez du holakoentzat euskalduntasunak. Kontua eduki behar da euskal kultura deitzen den "munstro" horrekin, oinharri gabeko asmakeria baita. Ba ote da posible euskal enborrari egindako mendu arrotzak fruitu ematerik? Eta ematea balitz, nongo herritarrentzat?

Euskaldun izena, izatea... ez da nahikoa euskaraz egitea.

Joan Azurmendi


Butroe eskualdean

Oraingo eta aurrekoen arteko ezberdintasunak

Ezberdintasun hau hiru puntutan ager daiteke: zabalkuntzan, irakasteko sisteman eta irakasleengan.

Zabalkuntzari dagokionez, inoiztik baino jende gehiago bildu gara nahiz eta gehiagotara heldu behar.

Irakasteko sistemaz ALFABETATZEN metodoak aurrerapide handi bat eragin digu, orain arteko hutsune bat betez, Hala ta guztiz ere, bete behar batzu aipatzen ditugu, ikastaroaren plangintza bat, bizkaierazko aditzaren erakunde bat, hitzaldien berritzea, etab, etab.

Bide batez aipatu nahi genuke, nahiz eta beste maila batetan, EUSKALDUNTZEN metodoaren laguntza.

Beste alde batetatik, haseratan irakasle faltan aurkitzen ginen. Gaur egun, falta hau betetzeko gehiago eta gertuxeago direla esan dezakegu. Lan honetan jarraituz dozena erdi bat irakasle titulu ateratzea nahi genuke, horrela gure helburu bat betetzeko.

Eta azkenez, aurten hartu duen instituzionalizazio bat aipa genezake, gorputz sendo bat hartu baitu. Honela hemendik aurrerako bide bat jarri dugu.

Historia ttiki bat

Historia hau azaltzerakoan, azken bost sei urte hauetan, gogoan izan dugun ekintza bat dela esango genuke. Ordutik hona bost bat aldiz ihardun dugu ekintza honetan. Arrazoia, jakina, bai euskara mailan eta bai euskal kulturari dagokion arloan, gure ezjakintasuna zen. Berau betetzeko bide bat alfabetatzea zela ikusi genuen. Hasera batez arazo latza zen, maisu eta irakasteko metodoaren faltaz ikusten ginen eta; hutsune hau betetzeko argitasun gabe aurkitzen ginen. Baina ozta-oztaz aurrera jo genuen, hala ere.

Geroztik, behar bada, indar pixkat gehiagoz baliaturik, lan hau, zabaldu nahian, herriari aurrez aurre propaganda bidez agertu genion. Hemen sortu ziren ordutik gaur arte iraun duten oztopoak: Alde batetatik benetako euskara ez zela guk erakutsi nahi genuena esanez, edo eta euskara baino zerbait gehiago dela salatuz. Honekin batera ordurarte erabilitako tokiak hitxi egin zitzaizkigun. Zertan esanik ez dago, oztopo hauk ideologia mailako ezberdintasunetik sortuak zirela. Beraiek egin ez eta besteei egiten utzi ez. Gaur egun egoera hau zerbait aldatzen ari da.

Denborak aurrera zihoazela eta Euskal Akademiaren laguntzaz pixkat gehiago sendotu zen gure lan hau, ikastaro oso bat eratuz. Aurrerakuntza hau Euskal Herri osoan izan zenarekin batera zihoala uste dugu, metodo berrien gertatzea, irakasleen sortzea,... orduan sendotu baitzen.

Ikastaro hauen bidez eta ALFABETATZEN metodoak lagunduz, kanpaina osoago bat eratzeko gaituak garela uste dugu. Horra hor aurtengo ikastaroa.

Gaur eguneko giroa

Gaur eguneko giroa azaltzerakoan dato batzu emango ditugu:

ZENBAT IKASLE:

- 45 ikasle daude lau taldetan banatuta:

a).- Alfabetatzean talde bat.

b).- Euskalduntzen 1.- talde bi.

c).- Euskalduntzen 2.- talde bat.

METODO: Euskalduntzen eta Alfabetatzen 1.ari segitzen diegu.

Euskalduntzen erabiltzen den taldean nahiz eta liburuari segituz talde bakoitzean, metodo berezi bat eratu da. Euskal kultur maila batetan sartu nahian — Elkar hizketak — Kantak — Euskal Herriaren Historia eta Geografia ikasten ari dira.

Alfabetatzen: Alfabetatzen metodoa onhartzen dugu nahiz eta hutsune hauekin aurkitu.

- Planifikazio mailan.

- Ikastaro pedagogikoen hutsunea.

- Hitzaldi berri batzuren behar izana.

Oztopo hauk gainditukeran plan berezi honi nahi genioke segitu:

- Aditzak bizkaieraz azaltzea.

- Apunten bitartez (aditza, gramatika, deklinabideak) liburu osatzera goaz.

- Hitzaldi batzu geure artean prestatzea, HELBURUAK:

- Mungialdeko beste herrietara zabaltzea.

- Jende tituluduna lortzea (prestakizun bat hartzea zabalbide bat emateko).

- Alfabetatzeko taldea bitan banatzea.

- Udan ikastaroa bat egitea.

- Alfabetatzea lantzen dutenak datorren ikastarorako irakasleak izango dira.

- Helburu nagusi bezala.

- Euskal kultura geure herrian sendatzea:

a).- Hitzaldien bidez

b).- Jaialdiak, Olentzaro

c).- Bertso saioak

d).- Disko eta liburuen erakusketa

JENDEA: Alfabetatze mailara, langileak, andereñoak, ikasleak etortzen dira.

Euskalduntzeko mailara, ezkonduak (talde, bat), langileak eta institutuko jendea etortzen dira.

Butroeko Alfabetatze Batzordeak


Durangaldea

(eguneroko burruka ixil, latz, aspergarri eta hospe gabekoaren frogantzan)

Ba dira urte mordoxka bat gure eskualdean hizkuntzarenganako kezka eta ardura bat agertu zela, barneko herri minak eraginik zenbaitek lan horri heldu geniola, eta gaur, aldakuntza batzuren aurrean aurkitzen bagara, zazpi zortzi urteko lan eskergaren ondorio bat besterik ez da; lana eten gabe eginez gero uzta jaso ahal dela frogatze bat besterik ez.

Hastapenak

Alfabetatze edo hizkuntza ikaste zabal baten beharrizana 1967. urtean agertzen da eskualdean. Asmoak Herri Gaztediren eskutik zetozen eta Berrizen gorpuzten da Jon Oñatibiak egindako ikastaro bat antolatzen delarik.

Hurrengo urte bietan, Durangon, Berrizen eta Gerediagako Salbatore ermitan ematen dira ikastaroak. Urte haietan hemen izan genuen geure arteon Rikardo Arregi, mugimenduaren arima eta sortzailea, bere helburuak, ideiak, kezkak eta, nola ez, gure alferkeriak eta euskaldunkeriak salatzen eta astintzen. Berari entzun genion "ulertzen ez gaituztenean ulertuko gaituzte" egia biribila.

Entzute guztiz txarra zuen gure Rikardok orduan, —sarri askotan bezala euskal baratzean— ez ezagutzen genuenagatik, besteak esaten zigutenagatik baizik. Haren hitzak lasaigarri eta bultzagarri sortu zitzaizkigun eta lanari ekin genion.

Esan genezake hiru urte hauek markatzen dutela hasiera batetako egoera baten lehen atala, Herri Gaztediarena. Beste su batzuren artean ere alfabetatu beharrena berak sortu zuen.

Lehen urratsetan

("ez zarete politikoak kulturalistak baizik")

Horra hor gure bekatua, politiko izan behar zen garaian.

1970-71 eko ikastaroan oinharriak jartzen hasi ginen. Asmoa, bereziki alfabetatzen eta kultur mailan lan egingo zuten talde batzuren prestatzea genuen, eskualde maila osoan jokatuz.

Horretarako irakasle maila bat lortzetik hastea pentsatu genuen, urte honetan eta hurrengoan ikastaro batzuk antolatuz. Lehen urtean 38 parte hartu genuen eta 36k bigarrenean; hauetatik 16 andereño eta gainerakoak, batez ere bulegariak, ikasketa sakonik gabeko herriko jendea, urteotan barrena alfabetatze irakaslegoaren muina izango dena.

Prestatzeaz ba zegoen zertaz kezka. Lehen urtean ikastaldiok ematen Bilbotik etorri zitzaizkigun, baina praktikan nahi genuen beste ez genuela lortzen ikusiz, geuk heldu genion lan horri. Bi urte pasatu genituen prestatzen eta bigarren urtean hasi ginen eskualdeko herrietan lanean, ikasita genuen apurra irakasten.

 70-71 71-72 72-73 73-74 74-75 75-76*

Irakasleak 38 36 17 18 20 30

Ikasleak:

Alfabetatzen  62 31 38 47 88

Euskalduntzen   23 107 47 137

Umeen Alfabet.   6   44

Herriak Durango Durango Durango Durango Durango Durango

  Elorrio Elorrio Elorrio Elorrio Elorrio

  H. Haundi H. Haundi Ermua  Abadiano

  Matiena Berna   Zornotza

  Igorreta    Igorreta

  Berna

* Ez daude datu guztiak

Hasiera hainbat herritan emon genion baina fruituak ikusteke zeuden eta ez ziren izan oparoegiak. Noski, ez zen harritzekoa, gizarteak zeraman abiadaren aurka burrukatuz gainera, beste eremu batzutako burrukalarien destaina mingarria ez zitzaigun falta: "honelako memelokerietan zabiltzate oraindik, badago hori baino gauza garrantzizkoagorik non lan egin" esaldi amorratua, alper askoren estalpe genuen eta konpongaitz agertzen ziren arazo bortitz batzuren konponbide errazegia beste askorentzat.

1972-73. ikastaroan mugimendua zenbait herri eta hauzunetan jausten zaigu. Urte latza askorentzat, irakasleak prest emateko eta ikaslerik ez! Zenbaitek, erreta, mugimendua uzten du.

Herri bitan hartzen du indarra, Elorrion eta Durangon eta agian, kanpotik etorritako jende gehiena hor kokatzen delako edo, euskalduntzeko ikastaroak sortzen dira indartsu erdaldunen eskariz.

Bide ezberdin bi horik eramango dira hemendik aurrera, Alfabetatzen eta Euskalduntzen, arazo eta eragin ezberdinei erantzuten dietelarik.

Herrietako porrotak eta mugimenduaren gainbeheratzeak taktika aldatzera eramango gaitu; mugimenduak indarra hartu duen tokietan danok biltzera eta bertan lan egitera, herrietan sakabanatuta zeuden irakasleak galdu ez zitezen.

Ondo pentsatu eta aztertu genituen sakabanatzearen arriskuak. Elkartuta lan eginez bata bestearen laguntza genuen, ez zen bakarka jokatzea, herri askotan bezala, eta indarra hartuz joango ginen neurrian giroa aldatzeari posibilitate gehiago ikusten genion. Erantzun baikor bat eman ziguten baratzeak landuz jende berria ateratzeko aukera genuen, jende berria bide berriak zabaltzeko posibilitatea zen eta bideak hedatuz zihoazen neurrian giro bat sortuko genuen eta giroak berak ekarteraziko zuen jende gehiago.

1973-74 ikastaroan Euskalduntzeak hartzen du sekulako indarra eta Ermuan hasten dira Alfabetatzen, baina nahiz eta lehen urratsak Durangora begira emon, laster ikusten dugu hobe dutela Eibar aldeari lotu, eta horrela jarraituko dute aurrerantzean. Otxandio dugu hemen aipatzen ez dugun beste herri bat lan honetan diharduena.

1974-75an beste arazo bat agertzen zaigu, barria guretzat eta pozgarria eta penagarria batera. Ikaslegoa murrizten zaigu, irakasle faltaz. Aurreko urtean euskalduntzeko ematen zuten ikastola batetako andereñoek lan hori uzten dute. Gu, alfabetatzekook gaindituta ikusten dugu geure burua, agertzen zaigun jende uholdeaz. Jende asko, euskalduntzen irautea nahi zutenak, kanpoan uztera behartuak geunden. Aldakuntza hasia da.

Egoera berri baten ateetan gaude. Giroa geure alde jarri dugu, lana bitarte dela, baina erantzun ahal izango diogu sortutako eraginari? Ez ote gara izango itoak?

Aurtengo urteko hedadura eta arrakastak itxaropena dakarkigu eta ez bakarrik jende ugaritasunari gagozkiolarik, hori normala dugu, pozgarriagoa orain arte funtzio positiboa ukatzen izan diguten inguruak arduratzen hastea izan da. Alfabetatzen ihardutea garrantzizko lana bihurtu zaigu, (ala bihurtu dugu?) gizarte mailan.

Konturatuko zineten gure bideari beste leku batzutako katramilak falta zitzaizkiola, toki arazoa eta hizkuntza arazoa.

Euskal kulturari ipingi ezarten ari garen bide honetan, zerbait lortu badugu, guttiegi gure ustetan, toki aldetik urtero urtero izan ditugun erraztasunak askoz errazagoa egin du gure lana, horretan Durangoko Jesuitek eta Elorrioko Ikastolak badute beren zatia, eta ez ttikia.

Hizkuntzari dagokionez, baturantz ala bizkaitarra, guk ez dugu burruka garratzik ezagutu; baturantz abiatu ginen eta horrela irauten dugu. Toki uzte aldetik inoiz ez digute jarri baldintzarik, beste eskualde batzutan bezala.

Gaur egun lan berriei heltzeko aukeran gaudela pentsatzen hasiak gara, bideak bilatu behar; zenbait inguru eta tokitara heltzen hasiak gara eta lehengo destainek euskalduntasunaren fragotzeari utzi diote leku eta txartel hori irabazi behar denez, denborak esango du nork zergatik diharduen.

Bitartean ahal denik eta zabalen jokatzeko asmoa dugu, danok eskualdeko batzorde baten bilduz. Hizkuntza ez dugu eritzi batzuren patrimonioa, herriarena baizik, denok lan genegike hemen eta egin behar genuke.

DURANGALDEKO ALFABETATZEKOEK


Lea-Artibai

Alfabetatzea Lea-Artibai eskualdean

Ondarroa da gure eskualde honetako herririk inportanteena. Eta ba dute Ondarroatarrak euskal kultur arloan, azken urteotan irabazitako tradizio bat. Hangoa dugu, esate baterako, eskualde osoan dagoen benetako ikastola bakarra. Alfabetatzean ere, ondarroatarrak izan ziren Lea-Artibai honetako aintzidariak, eta iragan dira hamar urte luze, lehen urratsak eman zituztenek. Agurtzane Jaio, Imanol Badiola, Luis Maria Alkorta eta Josu Arrizabalaga izan ziren orduko irakasleak. Orain gertatzen den bezala, bateratsu zihoazen orduan Herri ikastola eta alfabetatze mugimendua, eta indar handiz zebilen azken hau. Zoritxarrez, 1969. urtearen inguruan Euskal Herrian gertatuko burruka ideologikoak ebakidura bortitza suposatu zuen alfabetatzearen martxan eta ez da erraza izan, orduko krisisak utzitako ondorioak gainditzea.

Jose Luis Perez eta Kepa Perez ditugu, azken hiru ikasturteotan ihardun duten irakasleak. Berauen eskoletatik pasatu direnak, ehun baino gehiago dira, gazteak eta nagusiak, neska-mutilak, langile eta estudianteak. Gauza bat azpimarkatzekoa hemen: nabaria izan da beti arrantzaleen falta eskoletan. Lortu diren gauzetatik bat aipatuko genuke: tituludun irakasle berriak sortu dira herriko alfabetatzetik.

Etorkizun hurbilari so eginik, dakusagun esperantza handiena, Ondarroako institutuan alfabetatzea sartzekoa da. Hango ikasleen artean. 280 sinadura bildu ondoren, asmo horren alde, Institutuko zuzendarien erantzunaren zain gaude.

Eta eskualdeko bigarren postuan, Lekeitio agertzen zaigu; problemaz beterik agertu ere. Ba dira bost urte Anjel Ugarteburuk lehen alfabetatze ikastaroa eman zuela herri honetan. Urtebeteko hutsune baten ondoren Mikel Kalzakortak eta Jose Llerandik jarri zuten berriro martxan. Eta harez gero zenbait fruitu emanak ditu alfabetatzeak herri honetan. Batetik monitore berriak formatu dira: Aintzane Aboitiz, Erramun Egurrola eta Sorkunde Txurruka. Bestetik, eta hau da nire eritziz gure lorpenik garrantzitsuena, oso giro berezi bat sortu da eskolen inguruan; Euskal Herriaz eta bere egoeraz arduratzera eta gure kulturan aktiboki parte hartzera bultzatzen duen giro bat sortu da.Alfabetatzea euskal kontzientziatzailea gertatu zaigu benetan.

Baina dena ezin daiteke beti ondo joan eta ba dugu problema handi bat Lekeition, alfabetatze lanotan aurki daitezkeenetarik haundienetariko bat: lokal gabe gaude, ez dugu eskolak non eman. Hau dela eta, aurtengo ikastaroa ez da hasi ahal izan.

Lokalak, egon daude herrian, baina hankak moztu nahi dizkiote batzuk alfabetatzeari eta ez digute ikasgelarik utzi nahi. Ba da herrian, herriaren lanaz, herriaren diruaz eta herriaren zerbitzurako eraikitako etxe zabal eta eder bat, "Gizarte Etxea" halegia. Gazte eta aurrerazale agertu da beti gure mugimendua, eta honegatik, beharbada, ez da batzurentzat begiko gertatu. Herriaren zerbitzurako diren lokal horik, "Sociedad de Familias" erdaldun erakundeak eta Elizak kontrolatzen dituzte. Ez dugu ez batzuengandik ez besteengandik espero zitekeen ihardespena eta laguntza hartu. Gure lehengo lokalak ere, etxe horretan zeuden, baino argiro ez dauden motiboengatik ateak hertsi egin zizkiguten. Halere ez dugu etsi. Eta noiz, non eta nola jakin ez arren segur gaude Lekeitioko alfabetatzea berrasiko dela.

Eskualdeko beste herrietan ez da inoiz ezer egin. Eta zerbait egiteko, monitoreen falta agertzen zaigu problema nagusia. Alfabetatzerako zenbait irakasle prestatzeko ikastaro intentsibo bat muntatu da Markinan. Berrogei bat lagunek hartzen dute parte larunbat arratsaldero ematen diren eskoletan. Markina bilatu zaigu, bada, eskualdeko alfabetatze zentrua.

Bizkaiko alderdi honetako alfabetatzearen historia egiten hasiz gero, oraindik geratzen zaigun egitekoaren handitasunaz kargu gaitezke berehala. Ondarroan eta Lekeition egin da zerbait orain arte. Beste toki guztiak ukitzeke daude. Haatik, ezin uka, gure posibilitateen urritasuna kontutan harturik, zerbait egin denik; nahikotxo nik uste. Eta inportanteena, hau aurrera doa.

LEA-ARTIBAI ALDEKOAK


Lekeitioko ikasleak mintzo

Euskal kulturaren errealitateaz oraindik jabetu barik, dagoen euskaldun arruntak hain beharrezko duen saltoa eman dezan, tokirik egokiena alfabetatzea da. Interesgarri eta premiazko deritzagu, beraz, gure kulturaren oinharri izanen direnen eritziak batzeari, alfabetatzearen eguneroko bizitza ezagut dezagun. Lekeitioko alfabetatzean ari diren lau neska-mutilekin elkar hizketa hau egin dugu. Neskak: Aintzane eta Sorkunde; mutilak: Andoni eta Juan Migel. Nolabait hasteko, alfabetatzeaz zer uste duten galdetu diegu. Magnetofoia martxan jarri eta horra hor hartukoak:

 Sorkunde Euskalduna izanik, idazten eta irakurtzen ez jakitea penagarria zena, lehendik ere ikusten nuen gauza bat zen. Eta horregatik ikasi nahi nuen. Baina, egia esan, besterik ez nuen ikusten. Orain, berriz, gauza gehiagoz konturatu naiz, Herri batek bere kultura eta bere gauza guztiak eduki behar dituela ikusten dut.

 Aintzane Bai, neuri ere horixe gertatu zitzaidan. Euskara ondo ezagutzea beharrizanezkoa zela uste nuen. Zergatik, ez nekien. Gero, alfabetatzean, historiazko gauzak eta ikusi ondoren, beste era batera dakusat Euskal Herriaren kultura eta problema guztia; lehen euskal kultura zegoenik ere ez nekien ia.

Neskek berba egiten duten artean, mutil biak ixilik daude; magnetofoiaren beldur, beharbada. Lekeitioko alfabetatzean zifraz beti izan dira emakumezkoak nagusi. Galdera hau bururatu zaigu: Nolako eragina ukan zuen zeuongan emaztegaiak eskoletara etortzeak, zuok berdin egiteko?

 Andoni Ba, nahikotxo nire ustez. Neskak etortzean guk ere berdin egin dugu. Baina ez pentsa hori bakarrik denik. Haseran, beharbada, horixe zen arrazoi nagusia; baina gero norberak aurrerapen batzu egiten dituela ikustean, animatu eta gehiago ikasteko gogoa sartu egiten da. Esate baterako, ni Gipuzkoan estudiatzen egoten naiz eta Bizkaitarra izanik, hangoekin ezin konponduta ibiltzen nintzen euskaraz egitean; gaur egun euskara batua apur bat ikasirik, problema gabe ibiltzen naiz giputzekin.

 Sorkunde Holako diferentziak gauza askotan nabaritzen dira. Egun, nik dena eskribatzen dut euskaraz, notak, kartak eta ahal dudan guztia, ongi ala gaizki, baina beti euskaraz. Lehen ez nintzen gauza, nota triste bat euskaraz egiteko. Irakurtzean ere asko igartzen da; gure etxean, aspaldidanik hartzen izan dugu "Anaitasuna", baina inork ez zuen irakurtzen. Hartu eta "zer kristo dakarren honek" esanik, alde batetara bota egiten nuen, ez bainuen tutik ere ulertzen. Erradiotik, ematen diren euskarazko programez eta kantuez gauza bera gertatzen zait. Orain denaz enteratzen naiz. Eta nire moduan, segur nago, besteei ere berdin jazo zaiela.

 Gu Andoni, arrantzalea izanik, zergatik uste duzu hain arrantzale guti datorrela klaseetara?

 Andoni Alde batetik: betikoa, kontzientziarik ez dugulako. Eta gainera, itsasoan sarturik ibili eta lehorreratzen zarenean ez da eskolara sartzeko gogorik izaten, nahiago izaten da lagunekin txikiteoan ibili. Gainera, arrantzaleen artean, halako inferioritate konplexu bat egoten da sarritan, eta klase batzutan sartuz gero, irridikula egingo dutela uste dute.

 Juan Migel Hori bai dela benetazko problema bat; eta nire ustez, alfabetatzera neska gehiago badator, alde batetik horrexegatik da, txikiteoarengatik. Lekeitioko kuadrila gehienak, ia arratsalde guztietan ibiltzen dira ardoak hartzen. Eta baten batek ohitura hori uzten badu alfabetatzera joateko, txarto edo hartzen dute eta burlatu egiten dira. Hori nire lagunen taldean gertatzen den gauza bat da. Eta eskolan ikasitako hitzen bat eskapatzen bazaizu, orduan harrokeriatzat hartzen dute eta adarra jotzen hasi.

 Aintzane Bai, baina, nik ez dut hori hain argi ikusten. Begira, alfabetatzera etorri ez arren, neskok baino euskara gehiago egiten dute mutilek, Baina halere, ez alfabetatzerako bakarrik, bai mendira joateko edo zerbait antolatzeko beti zaizkigu neskak prestago mutilak baino.

LEKEITIOKOAK


Hibaizabal Eskualdea

Egia esan, Hibaizabal aldeko alfabetatzearen historia egitea ez dago ongi abiaturik, eskualde honetan euskalduntze bat eman da eta. Dena den derrigorrezkoa ikusten da alfabetatzea zenbait herritan, Orozkon, Arakaldon, Zollon, Zaratamon, Ugaon,... halegia. Hala ere, herri hauetan ez da ematen alfabetatzerik.

Gaur herri bitan finkatu behar gara alfabetatze lana ikusteko: Basauri eta Galdakao, azkenean gure Euskalduntzearen berri emateko.

Galdakaoko historia bereiztea oso zaila da. Ezer ez zekiten euskal jendeekin hasi ginen. Orain sei urte izango da. Ikastaro hasieran hamabost bat izan ginen. Amaieran, berriz sei bat. Hurrengo urtean talde bi zeuden.

Talde horretan denetarikoak ziren, ezerezetik hitz egitera heldu zirenak eta zerbait jakinda hasi zirenak. Irakaslerik ez geneukan eta, nahastu egin behar. Hurrengo urteetan jendea gehituz joan da.

Gaur alfabetatze barruan daudenak hirurogei bat izango dira, gutti gora behera. Lau taldetan sartuta daude. Eta haien artean, orain dela bost-sei urte hasi ziren euskaldun berriak.

Lau talde horietatik bakoitzak metodo berezia darabil. Bik Derioko Ikastaroko materiala erabiltzen du.

Talde horien helburua, gaur gaurkoz, bizkaiera menperatzea da. Goiko mailan dagoen taldea ostera, bizkaieraz eta batuaz egiten ahal egintzen da.

Adin guztitariko jendea dabil, batez bere gazteak, estudianteak gehienak, nahiz ta langileak ere izan batzu. Erdiak baino gehiago andrazkoak dira.

Ez dugu harremanik eduki beste lekutariko alfabetatze taldeekin, geure asmorik gogorrena alfabetatzea baino, euskalduntzea izan delako. Orain beste ehun ta hogeitabost euskal ikasle berri ditugu. Euskalduntze horretan giro bat lortu dugunez gero, orain alfabetatzeko bidean sakontzea ondo ikusiko genuke.

Historian sarturik, Basaurin 1974.eko abenduan hasi ginen talde bitan banaturik, alde batetatik 8 ikasle eta, bestetik 11. Azkenean ia berberok irauten genuen. Gramatikatik aparte, historia ere eman genuen.

Talde biekin bat egin zen, udan segituz, 10 bat geunden, eta, berdin jarraitu genuen 1974-1975 ikasturtean. Baina urte hau ez zen hain ongi irten, hori zela eta maiatzean amaitu beharra ukan genuen. Beti bezala irakasleak bere metodo pertsonala erabili zuen eta, gramatikari garrantzia kendurik, geografia eta ekonomiaren kontzeptu orokorrak ikustera saiatu ginen, gramatika ahaztu barik.

Ikasturte berean 1. mailako talde bat hasi zen, 4 irakaslerekin, metodo bereziarekin eta arrakasta txikiarekin. 1975.eko uztailan, ikastaro batetan, beste 9 batu ziren talde honekin 3. Euskalduntzenez baliatuz alde batetatik eta, pertsonal lanak bestetik. Oso ongi joan zen.

Honela alfabetatze talde biak baturik, gaur 10 gaude 3. mailan, eta beste 10 1. mailan, ikusten denez ez dugu 2. mailarik.

3. mailakoak irakaslearen metodoaz ari dira, Euskaltzaindiko titulua lortzeko zer eskatzen den haintzat harturik. Beste taldea Alfabetatzen liburuaz baliatzen da.

Helburua alfabetatzea da noski, baina ez gramatika aldetik bakarrik, hau egitea alfabetatzearen betekizuna sinpletzea iruditzen zaigu. Pertsona batek irakurtzen eta idazten jakitearren ez du ulertu behar derrigorrez irakurtzen duena, politika, ekonomia, eta horrelakoak badira batez ere. Gure lanak, bada, gauza guztiak irakurtzeko ahal izatea izan behar du, ongi aditurik bere zentzua eta mamia. Horretarako derrigorrezkoa dugu ikuspegi orokor bat hartzea, alfabetatzearen esannahi hutsa alde batetara utzirik, baina azkenean, hura osatuz joango zaiona. Hori dela eta, berriz, ekonomia aldetik jo beharra ukan dugu, beste gauza guztietan duen garrantzia ulertuz gero. Hau amaitzean beste gauza batzu aztertuko genituzke.

Etortzen den jendea gaztea da —akatsa ala sintoma?— Sexu aldetik, ia denak emakumeak dira —kasualitatea ala sintoma?— Gehienak estudianteak dira. Eta non daude nagusiak eta zaharrak? Non langileak? Ala, gazteen eta estudianteen amets zoroak ote dira? Gero zerbait ez badute ulertzen, batuaz dagoela edo, esango digute.

Alfabetatze barnean ere, Kili-Kili-ko kanpainak ematen dira. Zaratamon eta Ugaon batez ere arrakasta handia lortzen dute. Ugaon 70 bat ume dago, 10 irakaslekin. Zaratamon aldiz, 25 ume eta 5 irakasle.

- Alfabetatzea nola, Euskalduntzea ere hala ematen da, zeren Alfabetatzean diren herri indartsuenak Euskalduntzean ere erakusten dira, honela Zollon, Zaratamon, Orozkon, Arrankudiagan, Ibarran eta Arakaldon ez da ezer ere ematen. Arrigorriagan eta Ugaon oso ahula da eta Basaurin, Galdakaon, eta Etxebarrin gero eta indar handiago hartzen dute. Adibide gisa, Etxebarrin, aurten hasi dira klaseak, 125 pertsona bildurik, eta horietatik 78 umeak dira. Basaurin eta Galdakaon ihaz baino 2 bider gehiago dute aurten, 110 bat batez beste. Bestaldetik ere, Arrigorriagan, Galdakaon eta Basaurin eskoletan ematea lortu da (Basaurin eskola bitan).

- Hasieratik aurtengo egoeran finkatu bagara, orain arte ia ezer egon ez delako izan da. Nahiz eta herri batzutan klase batzuk egon, ez zuten koordinaziorik beste batzurekin. Urte bitik hona, aitzitik, bultzapen bat ikusi da. Historia ttiki bat egitekotan, talde ttiki batzu ikusiko genituzke, estrukturapen barik. Urte bi dela, gaur dugun egitura hasi zen ikusten, urtero jende gehiago batzen. Desberdintasuna, beraz, nabaria da.

Nolako jendea heltzen zaigun ikusteko, baita helburuak jartzeko ere, Alfabetatzeaz esan duguna balia dakigun, nahiz eta hemen nagusi gehiago ikusi eta, gizonen zenbakia handitu baina emakumeen heinera heldu gabe.

Metodo aldetik, erabiltzen den ia bakarra, Euskalduntzen —3 mailatan— liburua da. Hemendik aparte bizkaieraz ikasten dutenak gelditzen dira.

Amaitzeko esan dezagun eskualdearen batasuna lortu behar dugula —hortan gabiltza— ez dagoena sortzeko eta, dagoena indartzeko.

Zifretan gelditzen bagara, hau da eskualdeko aurtengo ikuspegi orokorra:

Alfabetatzean: 80 (nagusiak)

90 Kili-Kilikoak, postaz bakarrik ikasten dutenak haintzat hartu gabe.

Euskalduntzen: 515, hala ere zenbaki hau 550 batetan utz genezake, hortik beste zenbait talde dagoela baitakigu, baina oraindik ez dugu hartu haien datu segurik.

Eskoletan 700 bat (Galdakaon, batzuk elizan ematen dute, udaletxeari honelako gauzak ikas ditzaten ez baitzaio, antza, gustatzen.

Elkar hizketa

Gure akatsak zeintzu diren jakitea beharrezkoa izan behar zaigu; gai honi buruz bada, mintza gaitezke:

— Ez dago metodorik eta beharrezkoak dira egiturak, joskera berezi batzu hiztegia, etab. ikastea.

— Nik hasieran Anaitasuna ez nuen ulertzen eta, orain, erraza zait. Gure akatsa ez irakurtzetik datorkigu. Alfabetatzearen lana irakurtzeko laguntza bat izango litzateke eta hor, zuk esan duzuna aplikatu. Horretarako etxean irakurri behar duzu, bestela ez duzu ezer ere aurreratzen.

— Irakurtzeak eta Alfabetatze metodoak batera joan behar dute, eta bietan huts egiten dugu.

— Beste akats bat jendearen jakintza maila nahastua dagoela da.

— Gainera ikasleek batzutan ez dute lana serioski hartzen, etxean, adibidez, ez da sarritan ezer ere egiten.

— Bai, alde honetatik eta bai bestetik beharrezkoa dugu birplanteamendu orokor bat egitea.

— Izan ere orain arte erabili dugun metodoa —2 partean— zera izan da: batek ekonomiari buruz zerbait ekartzen du eta, hau azaltzen da, batzutan, eztabaida sorturik. Baina askotan, azaltzen duenak, bakarrik ulertzen du, ez besteok.

— Bestaldez, astero, bakoitzak iruzkin bat ekarri behar dugu, edozein gaiari buruz eta denon artean komentatu.

— Hona ere, beste gauza bat: zergatik ez zaigu jende adinekorik etortzen?

— Inoiz ez gara heltzen haiengana.

— Kartelak egon dira alfabetatzera etortzeko, irakurri behar ukan dute.

— Baina adinekoak askotan beldur handia izaten du, berriz zerbait ikastera joateko. Ez du bere jakintzaren segurtasunik.

— "Ez naiz helduko gazteen heinera" hau eta horrelako justifikazioak jartzen dituzte.

— Baita alfabetatzeko asmo handirik ez dutela ere, ez dute ikasteko beharrik ikusten.

— Bai, hori da, alde batetatik beldurra eta, bestetik axolagabekeria.

— Egia esan, gazteok sorterazi dugu beldur hori; "konplemento direktoak" eta, aipatzen ditugunean, ihes egiten digute eta.

— Beste metodo bat beharko genuke nagusientzat, irakurtzeari garrantzi handia emanik.

HIBAIZABAL ESKUALDEKOEK


Santutxu

Santutxu-ko Euskal-eskolen berriak

Gure euskarazko eskolen berriak eskatu dizkiguzue. Hemen dituzue xorta batean bildurik. Zuek jarri nahi dituzuen modutara. Guk, egin dizkiguzuen galderei jarraituz erantzungo dizkizuegu.

1.- Noiz asi zineten euskara jende nagusiei irakasten? Orain hamaika urte direla. Hemengo euskaltzale porrokatu batzuk bultzaturik hain zuzen. Garai hartan ba zegoen beharrizanik ugari hemengo alderdi honetan, euskaldunok sakabanaturik genbiltzanez.

2.- Zenbat ikaslerekin hasi zineten?

a) Hasierak beti izan ohi dira hestuak. Hasieran hiru talde bildu ginen. Bi, Begoñazpi-ko parrokiaren babesean eta bat, Karmelo-n. Guztiz 24-ren bat ikasle. Irakasleak: Martin Basterra, Joanjo Basterra eta Joseba Arrieta.

b) Bigarren urtean ugarituz joan zaizkigun eskola horik. Urte horretan 7 talde izan ziren. Bi, Begoñazpi-ko parrokian eta bost, Karmelo-n. Karmelo-ko talde bi, umeek osotuak ziren. Urtearen azkenean, udan, ikastaro bat ere antolatu genuen, Dima-ko Endiabeti baserrian. Irakasle, Patxi Uribarren-ek egin zuen.

c) Urterik urte ugarituaz joan zaizkigu ikasleak eta era berean taldeak. Horrela gaur egun arte.

3.- Zenbat talde eta ikasle dituzue gaur egun?

- Orain, guztiz, 39 talde, 765 ikasle eta 30 irakasle ditugu. Taldeak honela banandurik daude:

a) Umeenak: 2 talde. 30 ikasle. Arratsaldeko 7,15 tik 8,15 ra.

b) Ikastolako amenak: 11 talde. 115 ikasle. Arratsaldeko 4,15 tik 5,15 tara.

c) Gainetikoak: 26 talde. 25 irakasle, 320 ikasle. Arratsaldeko 7,15 tik 8,15 ra, eta 8,30-9,30 ra Talde bik gaueko 10-tan ematen dituzte eskolak. Aurten, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraleetan ezezik, astearteetan eta ostegunetan ere ematen ditugu, tokirik gabe aurkitzen gara-ta.

Oharra: Eskola hauk eta besterik asko ere baditugu gure inguruetan. Esate baterako:

: ikastola bi: Karmelo-koa eta Begoñazpi-koa.

: haurtzaindegi bi: Karmelo-koa eta Refugio-koa

: Ikastetxeetako eskolak: Berriotxoa-n talde bi. Guztiz 67 ikasle eta Colegio Femenino-n, 6 talde. Guztiz 150 bat ikasle. Eta San Salvador-en, talde bat. Guztiz, 23 ikasle.

- Beste ikastetxe batzutan ere sartzekotan ari ziren, eta behar bada oraingo hasiak izanen dira.

- Nagusientzat, Bolueta-ko parrokian eta Beti-lagun gazte taldean ere eman ohi dira.

4.- Nola antolatuak dituzue eskola horiek?

Talde zuzendari bat dugu. Talde honek antolatzen ditu eskola horik. Karmelo-ko parrokiako kultur taldearen babespean dago talde hau. Eta bai ikastolako zuzendaritzarekin, bai Euskaltzaindiarekin harreman bizietan dihardu lanean. Hortik etorri zaio benetako indarra. Bakarrean ezin dugu, gaur egunez, ezer egin.

Hauk dira zuzendaritza horren zereginak:

a) Eskolak urtero antolatu eta hortarako deiak eta agiriak egin.

b) Ikasleak, irakasleei entzun ondoren, mailaka taldetu.

c) Tokiak eta irakasleak aurkitu.

e) Eskola bakoitzean aukeratutako arduradunekin hilero bilera bat egin. Honela eskoletako berri eta jazote guztiak jakiten ditu.

f) Irakasleekin bi hilabeterik bilera nagusi bat egin, eskolen martxa aztertzeko. Irakasleak, bakoitza bere mailan, hilero alkartzen dira maila bakoitzeko arazoak konpontzeko. Honi garrantzi haundia eman diogu aurtengo urte honetan.

g) Talde horrek hitzaldiak eta jaialdiak ere antolatzen ditu, ikasleen eritziak eta kontuan hartuz. Hauk, hizkuntzaren inguruan osogarri beharrezkoak ditugu. Gaiak, batez ere, euskal-kulturaren ingurukoak izaten dira, gure taldearen zeregina kultura zabaltzea denez.

5.- Zeintzu dituzue beharrizanik handienak?

Beharrizan nagusi bat dugu batez ere: toki arazoa. Ez da erraza hainbeste talderentzat tokia aurkitzea. Orain arte, Karmelo-ko parroki inguruan eman dira eskola horik, nahiz eta 2 taldek, Maria Reina-ko parrokian eta 5-k Colegio Femenino-n eman. Zer izanen da gerora?

Toki falta haundia dugu benetan. Batez ere, orain arte bezala, herritar eskola batzu izatekotan. Tokiak ordaintzen eta, hasi eskero, asko garestituko lirateke gure eskolak. Gogoan har dezagun orain nagusiak 250 pta eta umeek 150 baino ez dutela hilero ordaintzen. Irakasleek ere gure esker ona behar dute, hilean 2.500 pta baino jasoten ez dutenez. Eskola hauk, esan dugunez, herri-eskola batzu egin nahi izan ditugu eta erabat lortu dugu.

6.- Beste jakingarririk?

1.- Aurtengo urrian ikastaro bat ere prestatu genuen irakasleak gertatzeko. Jose Ramon Etxebarria-k eman zuen eta oso interesgarria izan zen.

2.- Alfabetatze mailako eskola bat baino ez dugu. Berau arratsaldean. Guztiz 15 ama. Gauerako eskatu digutenak Euskaltzaindira bidaldu ditugu, gutti izanki.

3.- Irakasle-titulua ataratzeko ikastaro bat ere antolatua dugu. Asteartero elkartzen dira. Ikasgaiak Jose Ramon Etxebarria-k ematen ditu. Jende asko etortzen dira. Guztiz 35. Irakasle titulua ateratzeko datozenak era guztietakoak ditugu.


Hizkuntza

Hiztegia

AGITPROP: agitazio eta propaganda delakoaren laburdua.

ALFABETARI: alfabetatzaile.

ANDAPARA: hibaiaren ura errotara daraman kanalea.

ARTA: ardura, kontu.

AUTU: arazo, solas, kontu.

BARATZE: ortu, lur barruti.

BEJONDIZUELA: zorionak zuei, on dizuela (biaje on dizuela).

BERRAS (I): reanudar, recomendar, -ado.

BERREUSKALDUN (DU): revasquizar, -ado.

BETETZEKE: bete gabe, bate barik.

BIRPLANTEAMENDU: replanteamiento.

BULEGARI: oficinista.

DAUTZA: daude, dira; etzan aditzaren presenteko hirugarren pertsona plurala (irregularra da).

DESTAINA: reproche.

EDOZELA: edonola, nolanahi.

ERRENTAGARRITASUN: rentabilidad.

EURREZ: parra-parra, oparo, erruz.

FRANTXIMENT: franchute, gabacho.

FRANTXIMENTAPEN: afrancesamiento.

GAINBEGIRADA: ganetik egindako begirada, mirada superficial.

GAZTELANIAZTAPEN: castellanización.

GURBITZ: madroño (Bot).

GURPIDE: gurdi-bide.

HARTZ: oso (Zool.)

HERKIDE: herri bereko, paisano.

HESPARRU: barruti, arlo.

IKER (TU): azter (tu), araka (tu), investigar, -ado.

IPINGI: adabaki, betatxu, adabu.

JAGON: babes (tu), zain (du), gorde.

KARGU (TU): kontura (tu), ohar (tu), jabe (tu).

KRISEILU: farol, candil.

LORPEN: resultado, conquista.

POLITIKARI: (sust.) politikan aritzen dena; politikariek erabaki dute.

POLITIKO: (adj.) politikari buruzkoa; hori arazo politiko bat da.

PORROT: txulut, fracaso.

TREGOA: tregua.

TXAPLETA: pegote, insignia.

UGAO: Miravalles, Bizkaiko herri bat

XORTA: mordo, pila, pilaketa.

ZEHAZKIZUN: xehetasun, detalle, pormenor.


Hizkuntza

Nortzu, zertzu, zeintzu hitzen deklinabidea

Oraintsuko Anaitasuna batetan BATAK/BATZU hitzaren deklinabidea aztertzen genuen. Orduko eskema osotzeko, galdegileen aipamena eginen dugu oraingoan. Hauen deklinabidea mugagabe bezala osotu behar da (ikus "Sustrai Bila", 44. horrialdeko kasua). Eta nahiz eta zilegi izan TZU atzizki pluralizatzailerik gabe erabiltzea, galdera zuzenki pluralez egitean, egokiago ikusten dut, galdegileei TZU atzizkia eranstea.

Hara nola geratzen den galdegileon deklinabidea.

KASUA

Nominatiboa Nortzu Zertzu Zeintzu

Ergatiboa Nortzuk Zertzuk Zeintzuk

Datiboa Nortzuri Zertzuri Zeintzuri

Genitiboa Nortzuren Zertzuren Zeintzuren

Bizidunen inesiboa Nortzurengan  Zeintzuregan

Bizidunen direktiboa Nortzurengana  Zeintzuregana

Hemen ere, deklinabideko kasu batzu ipini ditugu soilik. Hauetan finkaturik, erraz bila daitezke beste guztiak. Hona hemen zenbait adibide:

Zertzu esan dituzte lehengo mahai inguruan?

Nortzuri ez zaie gustatu han esan dena?

Zeintzurena da errua?

Baina galdegilea substantibo bati loturik doanean (aurretik, prezeski), bigarren hau deklinatzen da soilik, eta galdegilea nominatibo kasuan bezala uzten da, hots, deklinatu gabe. Adibidez:

Zertzu berezitasun dituzte zure herri inguruko bideek?

Zeintzu arazok kezkatzen zaituzte?

Zertzu jokabideri ez deritzezu ongi?

J. R. Etxebarria


Zapaburu birbiztua

Kaleko [Komikia]

OLARIAGATAR


Urrezko astabelarriak

Aste honetan, gure hatz seinalatzaile gaiztoa ez doakio txartel konkretu bati, baizik eta Euskal Herriko hiri guztietan zehar maiz ikus daitekeen esaldi xelebre bati.

Ez dakigu zergatik den. Beharbada dirua eta orijinaltasuna elkarrekin ibiltzera oso ohiturak ez daudelako. Bekatu hori, dena dela, ez dugu soil-soilik etxekoa, hauzoenean ere my dream, mon reve eta mi sueño gisakoak maiz agertzen baitira. Kontua da, ordea, hemen, hori esateko, NIRE (edo GURE) AMETZA ikusten dela ia beti, GURE AMETSA izan beharrean. Zeren AMETZA haritzaren antzeko zuhaitz bat baita, AMETSAK, aldiz, lotan gaudeneko fantasiak diren artean.

Ale honetako astabelarriak, beraz, beren txaleta gure ametza izenaz bataiaturik duten guztiei eskaintzen dizkiegu bihotzez. Ez dago zergatik.


Gurutzegrama