ANAITASUNA

III URTEA — N. 31

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Zezeilla (2) 1956


Gaurko kristiñauak, zer?

 «Aspaldiko denporea, oraingoa baiño obea». Sarritan entzuten dogu esakune au.

Esakune guztien antzera, onek be egiazko mamiña daroa bere barruan. Orain berrogetamar urte —zetan esan be ez— obeak zirean gure errietako ekanduak. Ordurik onakoan, oitura beneragarri asko galdu dira gure artean. Esan daiela, bestela, Bermeoko arrantzaleak. Gernika aldeko gurasoak, beste leku askotako euskaldun jatorrak.

Beiñolako gazteak ez zirean oraingoak baizen urtenak. Matrimonio bizitzea ez egoan oraingo beste ustelduta.

Nun ete dago diferentzia onen sustraia? Zeintzuk ete dira aldakuntza onen kausak?

Duda barik, beste kausa askoren artean auxe da printzipalenetarikoa: Gaurko egunean bildurra galdu deutsagu pekatuari, ukatu gura dogu antza pekatuaren existentzia, gauza bidezkoa ta naturala baillitzan agertzen jaku pekatua.

Uste dogun baiño zabalago dabil gure artean pentsaketa oker au, batez-bere negozio ta sexu gauzetan.

Baiña zek sortu erazo dau gure errian mentalidade barri au? Sexu gauzetan beiñik bein, ziñea izan da eragillerik beiñena.

Ziñeak, geldiro geldiro, bere edertasun zoragarriagaz eta modernismoaren atxakiagaz menperatu egin gaitu, gure kristiñau kontzientzia moteldu egin deusku eta beste idea ta oitura nasaiagoak gure artean erein ditu.

Gauzak olan direala, ezin daikegu begiak itxi eta okerkeriari berak gura dauena egiten laga. Eleiza Katolikoa arduratsu dabil aspalditik arlo onetan, eta ondo konturatuten da bere erantzunbear aundiagaz. Ori dala-ta, oraindiño orain Ziñezko Informaziño Aste bat ospatu dau Barcelonan.

Baiña Eleizearen alegin guztiak alperrekoak izango dira, guk geuk —erriko kristiñauok— bakotxak bere lekuan Areri lagunduten ez badeutsagu. Ez deusku Eleizeak eskatuten ziñera joan ez gaitezan, ez. Alde txar asko eukiarren, beste on asko daukoz zazpigarren arteak. Gitxienez, jakin egin bear dogu nun dagoan aldeona eta nun itxusia, geure burua ez engañetako eta proximoari bide zuzena erakusteko. Orretarako, gure kristiñau nortasuna sendotu egin bear dogu, gure barruko indarra geiagotu, emoziñozko bizitzea kontrolatu, peligruari jarkiten saiatu.

Taiu onetako kristiñauak gero ta geiago ikusten dira gure artean. Peligruaren aurrean, ikasi egin dabe benetako kristiñauak izaten. zurrak, zindoak, kriteriodunak. Orregaitik, gaurko kristiñauak, numeruan ez bada, kalidadean beiñik bein, lengoak baiño obeak dira.

Izan gaitezan euren artekoak, eta lagundu deiogun Eleizeari bere asmo ta eginkizunetan.


Or, an, emen

 Vaticano.—Igazko urtean, Aita Santu Pio Amabigarrenak 59 berbaldi egin ditu, eta 370.000 personari emon deutse audientzia. Berbaldi orreetarik 25 italianoz izan dira, 22 frantsesez, 6 ingeleraz, 5 erderaz eta 1 portugeraz. Igazko urtean Aita Santua bisitatu daben gizon ospetsuen artean aurkituten dira Holandako Bernardo Printzipea, John Foster Dulles, Ipar-Amerikako estaduko sekretarioa, Giovanni Gronchi, Italiako Presidentea, eta Jawaharlal Nehru, Indiako lenengo ministroa.

 Barcelona.—Igaro dan urtarrillean, Ziñezko Informaziño Aste bat organizatu dabe Aita Claretianoak. Importantzia aundikoa izan da, batzarrera joan direan personakaitik eta bertan erabilli direan temakaitik. Beste gauza askoren artean, amaika urterik amabost urterako neska-mutikoen ziñezaletasuna estudiatu zan. Ona emen, problema orren gaiñean irakurri direan konklusiñoak:

Lenengoa. Edade orretan Barcelonako neska-mutikoen artean, 100'eko 97 joaten dira ziñera astean bein gitxienez.

Bigarrena. Euneko 45 joaten dira astean birritan edo geiagotan.

Irugarrena. Aurtengo ikastaroan, 100'eko 86 joan dira eurentzat galerazota dagozan pelikulak ikustera.

Argitasun oneek —diñoe batzarkideak— garbi adierazoten dabe, neska-mutikoen ziñe problema au guztiz gogoangarria dala, bere astuntasun eta zabaltasunagaitik.

Orrezaz gaiñera kontuan euki bear da, gaztetxuentzat permitiduta dagozan pelikulak eurak be, sarri askotan egokiak izaten ez direala.

 Rusia.—Agintari sovietikoak jakin gura izan dabe zelan dagoan Rusian erlegiñoa. Euren deklaraziñoak egiazkoak badira, oraindiño 100'eko 70 rusiarrek siñistuten dabe Jainkoagan.

Alan ta guztiz-bere, U. N. O. deritxon Batzarrean Rusiako Delegaduak beera bota dau Ipar-Amerikako errepresentatzaillearen eskabidea. Eskabide orretan eskatuten zan, Naziño Alkartuen sesiño guztiak oraziño bategaz asi eitezala.


Arantzazuko Amaren omenez euskal-sariketea

Arantzazuko Urtea dala ta, bertako prantziskanuak euskal-sariketa bat prestau dabe. Ona emen gaiak:

1) Arantzazuko Amari euskal-poesi bat. Berrogetamar bertso euki bear ditu gitxienez. Bi sari egongo dira gai onetan: Lenengoa 1.000 pesetakoa, eta bigarrena 500'ekoa.

2) Arantzazuren gaiñean egiñeko lan bat, prosazkoa, itz-lauzkoa. Edozein modutakoa, nai jazoriko mirarien bat edo beste jazoeraren bat, nai norberak asmauriko arte-lan bat. Lan au, saritua izateko, edozein euskal-aldizkari edo orritan argitaratu bear da: "Arantzazu"n, "Anaitasu-na"n, Donostiko "Egan"en, Aita Kaputxinoen "Zeruko Argia"n, Bidasoaz arantzako "Herria" edo "Gure Herria"n, "Euzko Gogoa"n, edo beste edozeiñetan. Bi sari emen be: lenengoa 1.000 pesetakoa, eta bigarrena 500'ekoa.

3) Arantzazuko Amaren gaiñean egiñeko euskal-teatro lan bat; iru ekitalditakoa. Eskribitzailleak gura dauen eran, bertsotan edo prosaz. 5.000 pesetako sari bakarra.

Oarrak:

1) Beti lez, lan bakotxak lema bat eroan bear dau. Idazleak euren izena sobre txiki batean gordeta ipiñi bear dabe ta sobre orren gaiñean lanaren lemea. Sobre txiki ori beste aundiago batean sartuta bialdu bear da, lanagaz batera.

2) Lanak, aurtengo agustuaren 15'garreneraiño bialdu leitekez. Egun orretan botaten direanak be balio dabe.

3) Sariketa onetako lanak erabagi ta saritu bear dabezanen izenak, bere tertzioan jakinerazoko doguz. Baita sariak noiz eta zelan emongo direan be.

4) Bigarren gaiko lanak bialtorduan, non eta noiz argitaratu direan adierazo bear da.

5) Lan guztiak zuzenbide onetara bialdu bear dira: B. P. Director de "Aranzazu", Santuario de Aranzazu, OÑATE (Guipuzcoa), euskal sariketarako direala adierazorik.

Arantzazuko Urtea, 1.955-1.956.


Berba egin Jauna

Jesukristoren Zirkuntziziñoa

Jesus, Maria ta Josek egun batzuk bakarrik egin zituen erri ondoko koban. Belenera etorririko kanpotarrak, Erromako Emperadorearen agindua beteta gero, euren errietara biurtu zirean, eta gauza erreza izan jaken Maria ta Joseri etxe utsen bat errian aurkitutea. Araxe joan zirean biziten irurak. Aste batzuk geroago, araxe etorri zirean Orienteko Magoak judeguen errege jaio-barria adoretan. Eta antxe zirkuntzidatua izan zan Jesus Umea jaio ta zortzigarren egunean.

Zer da zirkuntziziñoa? Gorputzeko marka bat, judegu erlegiñoaren agiriko seiñalea. Gorputzeko marka orren bitartez, judegu umeak Sinai mendiko erlegiñoan sartzen zirean, bateoaren bitartez gure umeak kristiñau erlegiñoan sartzen direan antzera. Arrezkero judeguak Jainkoaren lege guztiak gorde bear zituen, eta orren ordez Jainkoak zoriona emongo eutsen mundu onetan eta bestean. Kontratu auxe egin eban Jainkoak judeguakaz Sinai mendian. Kontratu orren zertifikadua da zirkuntziziñoa.

Eta zelan egiten da gorputzeko marka ori? Jaiotzatik zortzigarren egunean, gizonezko umeari gorputzeko parterik delikaduenean narru zati bat ebagiten jako kutxillo bategaz. Operaziño mingarria ta odoltsua. Operaziño orrexeri deituten jako zirkuntziziñoa, euskera zarrean erdainkuntzea.

Zirkuntziziñoa etxean egiten zan, eta geienetan umearen aita izaten zan operatzaillea, lantzean bein ama. San Jose izan zan aurki Jesus Umea zirkuntzidatu ebana. Zirkuntziziño bitartean, amar testiguren aurrean, eta umea dolorearen doloreagaz negarrez egoala, auxe esaten eban zirkuntzidatzailleak: «Bedeindatua izan bedi Jainkoa. Berak santifikatu gaitu amaren sabeletik eta berak eskribidu dau bere legea gure aragian. Berak emon deusku gure erlegiñoaren seiñalea eta emongo deuskuz Abraham gure gurasoaren bedeinkaziñoak». Eta danak erantzuten eben: «Zorionekoa, Jainkoak semetzat artu dauena!» Zirkuntziziñoko zauriak kalenturea emoten eutsan umeari, eta ardao ta orioagaz osatuten zan.

Zirkuntzidatuta gero, izena ipinten jakon umeari. Kasu onetan, Mariak eta Josek ba-dakie ze izen ipiñi, biori Aingeruak aurretiaz jakin eragin eutsen-da. Arrezkero, JESUS izango da Mariaren semearen izena. Jesus, izen guztiz egokia, misteriozko esangurea daukona. Izen onek, hebreo berbetan, Jainkoaren Salbaziñoa esan gura dau. Ain zuzen-bere, orrexetarako, gizonak salbetako, etorri zan Jesus mundu onetara.


Mutiko biren okerkeriak [Komikia]


Felis katua [Komikia]


ETA ZUK?

— ¡Bai dala poema ederra Orixe-ren Euskaldunak!

— Itzel ederra.

— Leidu dozu?

— Ez. ¿Eta zuk?

— Ba... nik bez.

***

EZTA GUZURRA.—Erdi analfabetoa izan arren eskribietan dauenagaz bizi dan bat dago. Ezta guzurra, gero. Familiari eskribietan deutsoz kartak diru eske.

***

IA, IKUSI DAIGUN.—Semeak nota txarra atera dau eskolan eta ori dala ta, bere aitak aritmetikako ikaskai bat irakatsi gura deutso.

— Ia, ikusi daigun —diñotso— sei laranja badeukozuz eta beste bi geitu, zeinbat laranja eukiko dozuz?

— Eztakit —erantzuten deutso umeak— eskolan sagarrakaz kontetan dogu.

***

Psikologu bat, dakiguzan gauzak esaten deuskuzan jaun bat da, baiña entendietan eztoguzan berbakaz.

***

ZE EDERRA! — Etxeko jaunak konbidadueri:

— Ikusten dozue koñak botilla au? irurogeta amabost urte ditu.

Konbidadu batek:

— ¡Ze ederra izango dan!

Etxeko jaunak:

— Eta datorren urtean irurogeta amasei eukiko ditu.

***

ERANTZUNA.

— ¿Nor da zekena?

— Munduan pobre bizi gura deuena, aberats ilteko.


Euskalduntasuna

Humanismuz beteriko berbea dogu. Urteak zear, oso antigualetik gure gurasoen gurasoak zentzuna ta indarra emonekoa, guganaiño eldu direan arrastoak —sozial bizimodu eta oiturak— kutsatua. Izen au munduan zear asko zabaldu zan, emigratzen eben euskaldunen prestutasun, fintasun ta lanerako doaia zala ta. Gaur egunean bi irauten dau izen onek, batez bere Ameriketan. Iparragirre-k be ezeban aiztu izen au ta sekulako bertsoak kantau eutsozan, Gernikako arbola sinbolotzat arturik. «Eman da zabal zazu munduan frutua» dogu fraserik ezagunenetakoa. Emon dau, emon be, munduan frutua; baiña bere burua aiztu dau. Urte gaiztoetan, idea ta espiritu batetik ernegaziñoa errez sortzen da, eta euskaldunok be bide ori daroagu.

Buruko itza humanismuz betea dala esan dot. Humanismu ori, ostera, gure berbeteak bere itzetan eta esakeretan daroa; gure bizimodu ta oiturak adierazoteko gaitu dau gure izkuntza denporeak; denporearen bidean, ixilean jazo direanak eta eztireanak be, mugatu dabe. Erri guztiak daukie sustraiturik moral bat, oiturazko moral bat; zerbaitera usauta dagoz. Gure errian kristautasunarenak kabi ederra izan dau eta asko kutsatu. Erriaren formaziñoa erlegiño gaietan sakona izan ezarren eta askotan azalean egon, moralak kabi beroa egin dau eta Euskalerriak izan dauen bizimodua argi informatu.

Berbeteagaz batera valore guzti oneik joakuz. Eutsi daiguzan mugatzen dituen berbetearen bidez, eta au geroago ta geiago gaitu, humanismu ori adaptatu daiten gaurko egokerara. Ori da orain gure eginbearra, Iparraguirre-k esan eban lez, gure erriak munduan zabalduten segidu daien frutua, bearrizan gorrian dagoen munduan.

Esan eban antxiña, Dechepare-k, lenengo euskal eskribitzaille entzute aundiakoak:

«Heuskaldunak mundu orotan preziatu ziraden

Bana haien lengoagiaz berze oro burlatzen

Zeren ezein skripturan erideiten ezpaitzen

Orai dute ikasiren nola gauza hona zen».

Errezago bizkaitarrentzat:

Euskaldunak mundu guztietan preziatu zirean

Baiña onein berbeteaz beste guztiak burletan

Ze ezein eskrituran etzan topetan

Orain ikasiko dabe zelan gauza ona zan.

Gure gogo oneri eusteko bear direan bide guztiak erabili gura doguz, eta apurka apurka konsegidu arte ekin bear deutsagu gogoz eta bete betean, orretarako eskubidea, au da, espirituz izan garean eta garean lakoak aurrerantzean be izateko gogoa, iñok be ezin kendu leigu ta.

Iztun


SOLUZIÑO BILLA EKITEN BADEUTSAZU ZURE BURUA LANDUKO DOZU ETA ZUR EGINGO. GAIÑERA, IGARRI EZKERO, BERROGETAMAR PESETA IRABAZI ZEINKEZ.

Iru gizonek errege bat il gura izan eben, eta, egin baiño len, onek arrapau egin zituen. Erregearen urteburua zan eta umore onez egoan ezkero, bateri bizia parkatzea erabagi eban. Euretarik bat elegietako onako au burutatu, jakon:

Iru sonbreru zuri eta bi baltz erakutsi eutsezan eta sala batean sartu, illunpetan. Bakoitzari bat ipiñi eutson, eta enparauak kaxan gorde. Zelango kolorea eukan bere sonbreruak igarten ebanari parkatuko eutson bizia.

Argia ixitu ta bakoitzak sonbreru zuri bi ikusten zituen besteen buruan. Alango baten bat altzetan da eta badiño:

— Nirea zuria da.

¿Zer pentsau eban onek berea zuria zala jakiteko?

Igarten dabenen artean berrogetamar pesetako bat sorteatuko da. Soluziñoak: Anaitasuna - Ribera, 6 - Bilbao, Aprilleko 20'rarte. Derrigorrezkoa da euskeraz idaztea soluziñoa eta kartea, konkurso onetan sartu gura bada. Erreztasunezagaitik ondo eskribidu ezarren be, oso begi onez ikusiko da.


Kristo, gure modelua. Ibiltaldi zentzun bakoa

Asko bai asko bizi dira oraindiño munduan, kristiñauak ez direanak. Euren ustez, Jesukristo gizon aundi bat da. Eurak ez dabe ukatuten Nazareth'eko gaztearen existentzia, ez. Burua naikoa dauke, historiaren kontra ez joateko. Baiña alan ta guztiz-bere, euren eritxiz Jesukristo, ain aundia ta arrigarria izanarren, gizon utsa da: besterik ez.

Beste aldetik, kristiñau askorentzako —praktikan beiñik bein— Jesukristo, Jainko utsa da: orixe bakarrik. Baiña au be, ez da egia osoa: Ba-dakigu Jesukristo Jainkoa dana. Bere milagru arrigarrien bitartez, ondo baiño obeto probatu eban bere Jainkotasuna. Baiña orrezaz gaiñera, Jesukristo gizona da. Bere bizitzan, aparteko ardurea euki eban, bere gizatasuna erakusteko. Ori dala-ta bere buruari GIZONA —besterik ez— deituten eutsan.

Gauza guztiz ona egiten dogu, Jesukristori Jainkoa dan aldetik begiratuten deutsagunean. Baiña sarri askotan, provetxu geiago atarako geunke, gizona dan aldetik begiratuko bageuntsa.

Berak esan dau:

"Biozbera ta humilla naiz. Zatoze, ta ikasi nigandik".

"Aurretik emon deutsuet exemplua, zeuek be neure antzera egin daizuen".

"Alkar maite eizue, neuk maite izan zaituedan legez".

San Frantzisko Asiskoak, bere indar guztiakaz imitatu eban Jesukristo, Jainko gizon egiña. Guk barriz, bear dan bestean ez dogu kontuan artzen Jesukristo gizona dala; eta orregaitik sarri askotan gure maitasuna, gauza konkreturik bere aurrean euki ezean, utsa da, mamin bakoa da, epela da, teorikoa da. Maite daigun Jesukristo gure Jainkoa, gizona dan aldetik, berak maite izan ginduzan legez.

Baiña orretarako, ezagutu egin bear dogu. Evangelioak erakusten deusku Jesus nor dan. Beste liburu guztien aurretik leidu bear geunke Evangelioa. Jesusek berak gutariko bakotxari bialdu deuskun karta bat lez irakurri bear geunke.

Evangelioan (eta Apostoluen Epistoletan), erlegiño osoa aurkituten da. Beste liburu guztiak, gauza gitxi dira Evangelioaren aldean.

Ori dala-ta, mesedez eskatuten deutsut, irakurle euskaldun, lenengo lenengo Evangelioa irakurteko. Ez zaitez kontentatu domeketako Evangelioa irakurriaz. Itxi eizuz beste liburu guztiak, eta irakurri Evangelio osoa. Naiago ete dozuz gizonen explikaziñoak, Jesukristoren beraren berbak baiño? Ez orixe!

 Bestela, Klaudioren antzekoa izango ziñake. Klaudiok, Alpe mendiak ezagutu gura izan zituan. Orretarako, trena artu eban, eta gero funikularra. Biaja guztian, Alpe mendietako tarjeta postalak eta fotografiak ikusten joan zan. Bertara eldutakoan, sartu zan hotelean, egon zan pitin baten leiotik kanpora begiratuten, eta beingoan asi zan barriro bere fotografiak eta tarjetak estudietan. Gero, beste barik, bere errira biurtu zan.

Zuk, bearbada, barre egingo dozu. Baiña gure artean, asko dira Klaudioren antzekoak. Jesukristo ezagutu gura dabe: eta orretarako, Evangelioaren ordez, osterantzeko liburuak irakurten asten dira.

 Zuk beiñik bein, irakurri ostera ta ostera Jainkoak bialduten deutsun karta eder au: Jesukristoren EVANGELIOA.


Popeye mariñela [Komikia]

TOM SIMS


[Esaldi solteak]

Euskaldun izatea munduko doairik aundienetakoa da, egun gaiztoetan be.

Zoritxarrez, beiñepeiñean ezin emon gineio Bizkaiko erriari Evangelio Santua euskera errez batean.

Berbeta asko jakitea ez da kaltegarri, norberarena baztartutea ernegaziñoa da.

Euskaldunak, Euskalerritik urtetan dauenean, edonon ditu ateak zabalik.

Euskaldun dana anaitzat artu daigun nonai eta lagundu deiogun.