ANAITASUNA

303. zenb.

1975.eko irailaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 450 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

HELBIDEA:

Pelota, 4 - 1.º Bilbao-5.

Posta kaxa 495. Tel. 237449.

INPRIMATZAILEA:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10

D. L.: BI. 1753-67.


Ikasturtearen ataritik

Ikastola aurrerantz doa, eta beste ikasturte berri bati hasiera eman dio. Urte berriaren muga honetatik atzerantz begiratzean, egindakoaren pozak hegoak arintzen dizkion neurrian, egitekoaren kezkak bihotza zamatu eta astundu ere egiten dio.

Sekula baino neska-mutiko gehiago ageri zaigu ikasgelan, inoiz baino textu txukunagoak eta ugariagoak haurren eskuetan, oraindainokoan ez bezalako irakaslego gaitua eta hornitua.

Textugintzan jo eta ke ari diren talde teknikoek, eguneroko ihardun isilean ikastolari laguntzen ari diren antolamendu eta erakundeek, kemen suharrez eta gogo berrituz ekin diote lanari; eta bizi eragin sendo batek astindu du ikastola guztia.

Baina oraindik urrats asko dago emateko, eta mila arazo eta galdera ageri da zintzilik etorkizunaren zerupean. Zenbait ikastola, etxagintza berriaren zama lehergarria sorbalda gainean hartu beharrean aurkitzen da. Beste zenbait, ahul eta ezedukiei hestuegi bihurtzen ari zaien atea zabaldu beharrean. Pedagogiari dagokionez, hasiera hartan suhar eta saltokari zetorren errekasto gazte eta bizinahitsua, hibai otzan eta patxadatsu bihurtzeko zorian dakusagu. Hazkuntzak eta antolamenduaren zamak bortxaturik hein batetan, baina erosokeriak eta ausartziarik ezak horretaraturik ere bai zenbait kasutan.

Ez ote dugu, sormena eta antolamendua, bizi indarra eta oreka uztartzerik lortuko? Burua eta bihotza beti elkarren etsai gertatuko ote?

Textuak beharrezkoak ditugu, eta oraindik zulo asko dago betetzeko. Eguneroko gose-egarriari erantzun behar zaio lehenik. Baina gure herriari geroaren itxaropenak ematen dio kemena eta bizipoza; eta tamalgarria litzateke, orain premiatsu eta hestu baten lakioan etorkizuneko ametsak itotzea. Aurreikusle batzu behar ditugu, gure nortasun hariak korapilatuko dituztenak eta urte luzeetarako arnasbideak irekiko dizkiguten profesiodunak.

Eta irakasleak? Ia gehienak tituluz hornituak ditugu, nor bere gaian oinharrizko garantia baten jabe dela testigatzen duten tituludunak; eta, zorionez, Euskaltzaindiaren euskal irakasle titulua ere eurrez zabaldu da. Hala ere, zenbait ikastolatan, herabeti eta beldurrez bezala eskatzen da euskal irakasle titulu hau; eta ez dira, titulu horri diru balio bat aitortzera ausartzen. Noiz arte?

Eta titulua jaso eta ohe bigunean etzan zaren horri ohar bat: euskal irakasle titulu hori ez da opio, akuilu baizik. Gutienezko maila horretan oina ezarririk, aurrerantz egin dezazula eskatzen dizu ikastolak, zure euskal mailari hestuki loturik baitago biharko gure herriaren euskal maila. Erantzunkizun larria, euskara eta euskal kulturarekiko, irakasleok duguna!

Gurasoei bagagozkie, berriz, ikastolaren sortzaile,eusle eta partaide eginkorrak diren horiei, eupada bat egin beharrean aurkitzen gara. Hasierako talde trinko eta burrukalaria ugaldu den heinean, helburu batasunak eta kontzientzi presioak amore eman du. Honetan ere, hazkundeari zerga ordaindu behar izan zaio; baina tamalgarria izango litzateke, hori guztiori, truk edo eta sakabanakuntza, astuntasuna eta atzerapenaren truk gertatzea, Ikastola bakoitzak programakuntza egoki bat prestatu beharko luke, urtez urte elkartzen zaizkion guraso berriei mentalizapen aukera bat eskaintzeko. Pedagogi lan eginkorrak ezezik, ikastolaren gaurko antolamendu uneak nahitaez eskatzen duen lotura elkar sostengatzailea, gurasoek ematen duten eustazpi horren gainean finkatu eta oinharritu behar da.

Eta, azkenik, ikastolaren gainean eta inguruan lanean ari diren erakunde eta taldeei egiten diegu geure deia: plangintza nagusi baten barruan beren pausoak zuzen ditzatela eta interes desberdinen hierarkia bat onhar dezatela. Zerbitzu antolamenduak, talde teknikoak, finantz iturburuak etab. koordinakuntza eginkor eta realista baten menpean jar daitezela, helburu berdinetarantz goazen neurrian, Euskal Herriak hain beharrezkoak dituen erakunde iraunkorrak sendo eta sor daitezen.

Ikastola aurrerantz doa, eta ikastolaren ingurunea ere aurrerantz egin behar du. Irakasle, guraso, teknikari eta erakunde, guztion eskutan dago erantzunkizuna; eta guztiok izango gara, zailtasun gaindituak sortzen duen pozean partaide ere.

Xabier MENDIGUREN


"Iberia Express"

Barcelonan alkate berria

Viola Sauret jauna izendatu du Gobernuak Barcelonako alkatetarako. Famili Prokuratore den Tarragona jaunaren koinatua da berau; eta, oraintsu egunkarietan agertu denez, familiartekotasunak ez ditu bion artean lotura hertsienak.* Orain, Udaletxe* berean lan egingo dute; izan ere, Tarragona jauna hango kontseilaria* ere ba da eta. Bata, herriak aukeratua; bestea, Gobernuak. Laster ukanen ditugu, Tarragonak sortu ohi dituen etxe barruko zezenketak,* katalan hizkuntzaren arazoa tarteko dela.

Violak, aukeratuak nahi omen ditu alkateak, herriak berak hautatuak ez badira ere, udalkontseilariek aukeratuak bederen* Udaletxeetako bilkuretan* katalan hizkuntzak ukan beharko lukeen tokiaz zeta esan du: «Arazo horri ezin diezaioket orain erantzun, Gorporazioaren eskuetatik kanpo baitago. Katalan kulturaren indarberritzeari buruz, une larri guztietan defendatu dut hori. Espainiaren balio bat da katalan hizkuntza. Espainiako mintzaira bat da, eta, horregatik, babestu, zabaldu eta irakatsi egin behar da, gaztelania bezalaxe. Harremanetarako, gaztelania behar dugu, hau baita maioriaren hizkuntza eta berau lurraldearen hizkuntza ofiziala. Ikuspuntu hontatik, balio asko daude, gure jendeak ezagutzen ez dituenak eta guztionak direnak: Bandera espainola eta katalana bat bera dira. Gaztelako bandera, motatua zen; eta Aragoekoa, Errege Katolikoena zen. Karlos III.ak, aldiz,* bandera espainolean katalanaren koloreak ezarri zituen. Ni katalanista naiz, hitzaren zentzu onean, espainolista ere ba naizelako hain zuzen. Katalanistegi diren horiek, separatismoz jota, bandera espainola zapuzten* dutenean, beren alaba zapuzten dute. Eta Ebroz haranzko* separatistak, katalan bandera ukatzen dutenean, beren ama ukatzen «i dira».

Egia esan, politikari batzuren* hizkera, Perich-en mamuak* bezala, modu askotara uler daiteke. Nork bere gisara* interpreta beza. Horrela, libreago izanen baita gure irakurlea.

Tamames jauna Murcia aldean

Tamames ekonomista hitzaldi bat ematera joana zen lurralde haietara. Hitzaldia beste egunen batetarako utzi du geroztik. Hitzaldirik ez, baina elkarrizketa bat ukan du kazetari batekin.

— Eta zer diozu oraingo une politikoaz?

— Etorri, etortzen ari zela ikusten zen. Ilusioen azkena bezala definituko nuke, neure lagun bati jarraikiz.

— Zer eman diezaiokete problematika honen eboluziobideari direlako asoziazio horiek? Zerbait bai?

— Ez. Nik ezetz uste dut. Begira: erregimeneko jenderik buruargiena, ikusi dugunez, ez da bide hortatik sartu. Batzuk nahiago izan dute erretiroa hartu, beste batzuk —FEDISAkoek bezala— zeharkako bideari heldu diote. Estatutu barnera sartu ez direnetaz ari naiz. Ene ustez, partaide diren politikariak bigarren mailakoak dira, edo eta integristak. Eta jakinaren gainean diot hori* eta inor laidoztatu* gabe. Baina, zerrendak aztertzen ditudan bakoitzean, holaxe ikusten ditut.

Eman gabeko hitzaldiaz ari dela, ea debeku askorik izan dituen galdetzen dio kazetariak.

— Dozenerdi bat ezezko jasoak dituzket.* Ez dut konprenitzen, zergatik nauten hitz egitetik debekatzen.* Nolatan* debeka nazakete, zer esango dudan ez baldin badakite. Kafkaren gauzen gisakoa da. Honela, ez pentsatzera behartuak gaude.

Hizkuntzabitasuna Barcelona hirian

Barcelonako Unibertsitateko ICEk oraintsu argitaratu du «Bilingüismo y educación en Cataluña» lana. Hamabi urtetako neska-mutilen artean egindako inkesta* baten ondorioak azaldu nahi ditu liburuak. Besteak beste, interesgarria da, Barcelonako eskoletan aurkitu den hizkuntzabitasunaren egoera ezagutzea.

Mila ikasleri egin zaie galdeketa. Hona, erantzunetatik, zenbaki batzu:* Ikasleon gurasoak 53 % Katalunian jaioak dira; beste 47 % kanpotik etorriak (16 % Andaluziatik). Gaztelania dute beren amahizkuntza 53 %k, eta 36 %k katalana; 8,4 %ek etxetik dute hizkuntzabitasuna.

Inkestari erantzun diotenetatik, 5 %ek gaztelania bakarrik darabilte. Beren hizkuntza arrunta* bezala gaztelania dutenetan, 32 % ongi mintzatzen dira katalanez etxetik kanpora. Hauk* dira Barcelona hirian aurkitu diren xehetasun argigarriak.

Joan den maiatzean Gobernuak amahizkuntzak eskoletara eramateko eman zuen legea gogoratuz zabaldu dira orain datu hauk ICEren estudio hortan. Dekretuak, bere lehen artikuluan, hizkuntza horik* esperimentu bidez eta borondatez sar litezkeela esaten du. Katalunian ez daude, noski, borondatezkotasun horren alde; baina, legearen barnetik bultzatuz, gizarte egoeratik argudiatu* nahi dute. Hau da, gizartearen hizkuntzabitasunak horixe inposatzen duela, halegia:* amahizkuntza eskolara eramatea, legeak ere bideak ireki dituelako, eta, bereziki, herriak halaxe nahi duelako.

Joanes GOIA


Hementxe denok

Ipar Aldea

Itsas hegiko* autobidea eta Getaria

Afera* edo arazoa ez da oraingoa*Getariako alkatea, Beaudon-Larchus anderea, bospasei urte hontan burrukan ari da Gobernuko administrazioarekin, bai eta autobidea egiten ari duen elkartearekin. Estatuko Bide Gidaritzak, 1968.ean agertu zuen plana, ez du egun obra erazi nahi. Lehen plan honen arabera,* ipar euskal lurreko autobideak Getaria lurpez iragan behar zuen. Horrela, ehun ta berrogei hektarea baizik ez dituen herrixka honen oraingo itxura —jadanik* trenbideak eta autobide zaharrak hiru zatitan ezarria dutena— dagoen bezalatsu geldituko litzateke. Zer gertatzen da, ordea?

Gertatzen dena da, Estatuak, duela hamar bat urte, egitea beregain harturik, Donibane Lohitzunen obratzen hasia zuen autobide berria, ACOBA deitu* elkarteari kontratuz eman ziola, duela lauzpabost urte. Sistema bereko elkarte diruzaleen jokaerari jarraikiz, honek kalkulatu bide* zuen, autobidea lurpez iragan erazteko* orde arteka* batetik iragan eraziz, bizpahiru miliar* libera* zahar irabaziko zituela. Eta, nola diruzaleentzat Getariako bazter ederrek ez baitute baliorik, bigarren bideplan bat agertu zuen, eta Gobernuko administrazioaren baimenarekin, egun, plan berri honen arabera ari du autobide berria Getariako lurretan urratzen.

Irailaren 7an, beste behin gehiago egina izan da manifestazio bat Getarian. Bospasei ehun jende bildu da alkatearen inguruan, eta autobide zaharra epe batez trabatu. Ez ziren, ordea, manifestatzaileak bakarrik. Zeren ohiki* ordenako indarrak deitzen diren pertsona urdinak, laster agertu baitziren, hirurehun bat orotara, bidearen gainean lasaiki jarririk zeudenen aitzinera.* Epe luze batez horrela egon ziren buruz* buru, eta ez zen kalapita* gogorrik gertatu.

Zalantzarik ez da, autobidea lurpez iragan erazi nahi bada, Getariako alkateak eta haren alde agertzen direnek, beste bide batzu* ere beharko dituztela hartu. Geroak esanen du —edo ez du esanen— zeintzu.*

Donibane Lohitzuneko eta Arcachon-eko arraintzariak

Iparraldeko euskaldun arraintzarien geroa ez da argienetarikoa. Eta beren geroa —biharko bizibidea— nolabait segurtatu beharrez, noiznahi burrukabideari lotzen ikusten ditugu.

Hala nola, hegoaldeko arraintzari lagun eta anaien kontra, hauk* haien uretan kopuru* haunditan ibiltzen direlakotz. Kasu hontan, egun muga batengatik aurkitzen ez duten konponbidea, bihar Euskal Herriko arraintzarien batasun haundi batetan aurkituko bide* dute.

Hala nola ere, euskaldunen uretan aldika ibiltzen diren japones itsasuntzi haundiek baliatzen* duten arraintza sistema kaltegarriaren kontra. Kasu hontan, ipar eta hegoaldeko arraintzariek kontrario bera ukan dute aitzinean.

Hala nola oraino, ontsa* kostaturik biltzen duten sardina, bokarta* edo atuna, porturatu eta ezin saldua dutelakotz.

Eta azkenik, irailaren* lehen egunetan, Donibaneko arraintzariak haserre bizian sartu zaizkigu, Baionako portua berrogei bat untzirekin* osoki trabatzen zutelarik. Zergatik ote? Esplikatu dutenez, Arcachoneko arraintzariak, euskaldun arraintzarien uretan hauek onartzen ez duten gisara* arraintzan ari direlakotz, itsasoko arrainei kalte haundiak eginez. Aldi hontan ere, eskatzen zutena erdietsi dute Lohitzundarrek. Arcachonekoak, ordea, ez dira, hartu duten debekuarekin konforme; eta beren aldetik Landetako portua trabatu dute. Konponbide bat aurkitu beharrez, batzuek* eta besteek Itsas Arraintzako Gidaritzarekin hitz egin dute. Lerro hauk idazten ditugun tenorean,* ordea, ez dute oraino antolamendurik finkatu.

Hazparneko zapatagintza berriz ere kinka* txarrean

Aurtengo irailaren lehenean zabaldu da berria. Berri latza. Hazparnen, «Hazpar» izeneko zapata lantegiak bere ateak hetsi* ditu, ehun ta hogei ta bost langile lanik gabe utziz, eta beren etxeetan lana egiten zuten beste berrogei ta hamar pertsonari irabazpide osagailu* bat kenduz.

Gauza jakina da, Hazparneko langileriak ez duela burrukarako ohiturarik, eta hango nagusiek, berek nahi duten bezalako langile humil eta ixilak dituztela gutiz* gehienak.

Agertzen dugun egoera hori ez dela gezurrezkoa, beste behin gehiago frogatu* digute, zeren lana galdu duten langileek ez baitute karrika* kurrida bakar bat ere muntatu, beren arrenkuren* plazara jalgitzeko.*

Horra, beraz, beste lantegi bat gutiago eta beste berrehun bat lanketari* gehiago iparralde hontako lanbidearen merkatuan.

Geure lurretan noizean behin lantegi berri bat altxatzen ikusten badugu ere, anitzez* lantegi gehiago ikusten dugu hesten. Zorigaitzez! Horrela joanez, inola ere ez dugu geure gazteria bere herrian bizitzen ikusiko. Eta nork ez daki, bere gazteria galtzen duen herriak ez du la geroko bizirik?

Gero eta garbiago ageri da, gure iparralde hau gidatzen eta kontrolatzen duten jaunek, orain agertu dugun egoera humila, ixila eta ahula —hitz batez esateko, egoera hila— inondik ahal bada atxiki* nahi dutela, horrela baitituzte beren interesak errazkienik zaintzen. Noiz arte jasanen* ote du gure herrialde honek, horrenbeste kalte ekartzen dion egoera hori?

Zuberoa buruz beheiti* ari

Hain ttipia eta hain ederra dugun Zuberoa, aspaldiko urte hauetan peko* errekara ari zaigula esanez, ez dugu deus* berriagorik salatuko. Egun zenbat jende duela uste duzu, 785 km2 dituen herrialde horrek? Doi* doi hamasei mila! Eta azken zortzi urte hauetan hiru milaz goiti* bizilagun galdu ditu. Zenbait herrixka beldurgarriki husturik daude.

Zuberoa bezala, Nafarroa* Beherean ere ba da herrixka bat baino gehiago asko hustu denik. Zinez* nigargarria da, gure herrialdeko bizibidearen kudeatzeko* hautatuak izan direnen egitatea. Ipar euskal herriak urtetik urtera husten ari diren bitartean, haiek ez dute errealki deus elkarrekin egiten, egoera horri buru* egiteko eta herrien arteko politika plan bizigarri baten zutik emateko. Benetan ahalke* eta lotsagarria!

Gexan LANTZIRI


Hementxe denok

Bizkaia

Bilboko Herri Irratia

Ba da denboratxoa, Bilboko Herri Irratiak hirugarren irrati kate berri bat sortu zuela. Frogatan* dihardu oraindik: beraz, lan deliberatu* eta finkatu bati ekin gabe.

Puntu hau kontutan harturik, zertxobait esan nahi dut, 13,30tatik 14,30tara «F.M. Herrikoia» delakoak eratzen duen eguneroko «Lagun artean» deitu* irratsaio edo programaz.

Ordu beteko irratsaio hau, entzuleek bidaltzen dituzten eskutitzetan eta zenbait albistetan oinharritzen da. Hizlariak euskaraz eta gaztelaniaz egiten du.

 Eta hemen sortzen da, biziki higuintzen* zaidan kontutxoa. Izan ere, hain euskara trakets eta baldarra erabiltzen du hizlariak —eta bera bizkaitar kantari ezagun bat da, gainera—, non* oso miresgarri gertatzen baitzait holako euskaraz irratitik hitz egiteko behar den ausartzia.*

 Jaunak, hain hizlari moldagaitz eta esmoil* bati nola utz dakioke, irrati batetatik euskaraz egunero egunero mintzatzen? Edo Bilboko Herri Irratiko arduradunak ere ez ahal dira ahalketzen*? Edo ez ahal dadukate, hizlariak darabilen euskara deitoragarriaren* berririk?

Kritika honekin ez diet, Bilboko Herri Irratiko zuzendariei, irratsaio hortatik euskara kendu behar luketenik adierazi ez gomendatu nahi. Ez horixe! Baizik eta derrigorrez eta berehala beste euskal hizlari askozaz antzatsuago* bat jarri behar luketela jakin erazi.

Eta nire haserre honek behar hori azaltzea besterik ez du gogo.* Ikus beza irakurleak, euskararekiko funtsik* eta axolarik ezagatik, ANAITASUNA hamabostekari be ronek (271. zenb.) Armendaritzen bidez Bilboko Herri Irratiari egiten dion salakuntza ere.

Nire ustez egin behar litzatekeen eraberritzea —irratsaio horren eraberritzea, halegia*— bi puntutan oinharritzen dut:

a) «Lagun artean» irratsaioa bi hizkuntzetan eroatekotan,* hizlariak ere bi izan daitezela, eta batak euskaraz egin dezala, eta besteak gaztelaniaz. Esan gabe doa, noski, dena euskaraz egitea litzatekeela hoberena.

b) Euskaraz egin behar duen hizlaria, jendaurrean egin behar duenez gero, guttienez trebeki mintzatzeko gai izan dadila, eta ez arrapastaka,* larri* eta gaizki, orain arte legez.*

Ea, bada, arazo hau konpontzea dagokizuenok, ahalik lasterren egiten duzuen, zeren* oraingo egoera honek kalte egiten baitie euskal entzuleei eta euskarari.

Xabi ETXEBARRIA AGIRRE

Basaurin egingo den kantaldirako deia

Udaletxeak* antolaturik, Kantari talde Berrientzako VI. Euskal Kantu Jaialdia ospatuko da Basaurin. Hona hemen zenbait oharpen, hartan parte hartu nahi luketenentzat:

1. Jaialdi hontan parte hartuko duten, hiru kantari edo gehiagoz osaturiko taldeek, baldintza hauen araberakoak* izan behar dute:

a) euskal kantaldi bitan baino gehiagotan irabazleak izan ez direnak.

b) diskorik grabatu ez dutenak.

2. Kantuen hitzak euskaraz izango dira.

3. Jaialdia 1975.eko urriaren 26an, goizeko 11 orenetan* ospatuko da, «Cinema Social de Basauri» delakoan.

4. Parte hartzaileek datu pertsonalak bidali behar dituzte (izen-deiturak, helbidea, herria, jaioteguna eta D.N.I. delakoa) eta hiru kanturen (edo, nahi badute, gehiagoren) hitzak, hiru kopiatan eta gaztelaniazko itzulpenarekin batean. Hauk guztiok urriaren 4a baino lehengo egin behar dute, bai eta taldearen izena jakin erazi ere.

5. Sariak hauk izango dira:

a) Lehena, 12.000 pezeta eta trofeoa. Bigarrena, 9.000 pezeta. Hirugarrena, 7.000 pezeta. Laugarrena, 5.000 pezeta. Boskarrena, 4.000 pezeta. Seigarrena, 3.000 pezeta.

b) Disko baten grabazioa, C.B.S. diskoetxeak egina.

6. Jaialdian sarituak izango direnak, era hontan izango dira hautatuak:

a) Botuetarik erdiak, zazpi pertsonaz Osaturiko juradu batek emango ditu; eta honek parte hartzaileen lan pertsonala edukiko du kontutan, bai kantugintzan, bai hitzetan, bai esannahian, bai soinuan, bai interpretazioan eta halaber* gaurko musikari ematen zaion bultzada berrian. b) Beste erdiak, jaialdian dagoen jendeak emango ditu.

7. Diskoa nori eman, juraduak bakarrik erabakiko du.

8. Parte hartzaileek helbide hontara jo behar dute:

José Miguel Mera Bengoa

Tiburcio Bergareche, 1

Basauri (Vizcaya)


Hementxe denok

Gipuzkoa

EKTko II. Literatur eta Saiakera Sariketa

Donostiako EUTGko Euskal Kultur Taldeak (EKTk) antolatutako, euskal unibertsitarien arteko II. Literatur eta Saiakera Sariketan, epaimahaia osatuko duten gizonak hauk dira:

- Poesian:

Xabier Lete

J. A. Arza

Jon Goikoetxea

- Ipuingintzan:

Xabier Lete

J. A. Arza

Elena Labaien

- Saiakeran:

Antton Artamendi

Joseba Goñi

Jon Goikoetxea

GOIZALDI taldea Alemania, Austria, Suitza eta Frantzian

Irailaren* 16an, asteartez,* Donostiako GOIZALDI taldea Alemaniako Munich hirira atera zen, hango «Oktoberfest» ospetsuetan parte hartzeko. Besta* hauk irailaren 20an ukan* dute hasera, Nazioarteko Folklore Jaialdi Nagusiarekin. Hemen GOIZALDI taldeak Europako beste zazpi talderekin hartu du parte.

Aurrez, Bernan (Suitzan) Kongress-Kursaal aretoan* izan du saio bat, irailaren 18an.

Igandean, 21ean, mundu osoan ezaguna den herri* jantzien desfilean hartu du parte, urtero bezala, Municheko kaleetan zehar. Hurrengo egunean, goizean, Udaletxeko* Ohorezko Atarian izan du saio bat, eta ondoren burgomaisuak* ofizialki agurtu du taldea.

Egun berean, irailaren 22an, Austriako Salzburgora (Mozarten jaioterrira) iragan da, eta bertako Hecken aretoan saiatu. Gauean, afalostean,* Krimplstatter hotelean herri dantzei buruz symposium bat izan da, GOIZALDI eta Saxoniako folkloristen artean.

Asteartean, 23an, Salzburgo ondoan dagoen Hellbrunn hirian, Dürnberg hotelean ihardun du.

24ean, Alemaniara itzuli da, Karlsruhe hirira, Udaletxeko kontzertu salan (ba du honek 1.600 pertsonarentzat leku) 25ean aritzeko.

28an, Suitzan, Chur hiriko Stadttheater antzokian* saiatu da. Azkenik, 30ean, eta Donostiara itzultzean, Angulemako Herri Aretoan eman du beste saio bat, «Txokora». Eta urriaren 1ean itzuli da Donostiara. Beraz, denetara 16 egun, gure dantzak, musika eta kantuak gogo biziz agertzen.

GOIZALDIrekin, gira hontan, Valentin Aldalur eta Primitiva Erostarbe, Aiako trikitilari famatuak joan dira. Honela, GOIZALDIk, hain maitagarri eta hain guti ezaguna den herri musikaren mota hau promozionatu nahi izan du

Bere dantza soian, GOIZALDIk, lehenik, mundu osoan hainbat sari ekarri dioten Gipuzkoako herri dantzak dantzatu ditu; baina Euskal Herriko beste eskualdeetakoak ere bai.

GOIZALDIk sortu duen kantari taldeak zenbait herri kantu eman du. Era berean, txistulariek Euskal Herriko doinurik ederrenak entzun erazi dituzte.


Hementxe denok

Nafarroa

Nafar Arazoa

«Nafar Arazoa, edo Euskal Herritik beronen lurralderik nagusiena bereizi nahia».

Euskal Herrian lanean diharduen alderdi jakin batek, bere II. Biltzarrean txosten* bat onartu bide* zuen; eta hartan, 66-67. horrialdean hain zuzen ere, «El problema de Navarra» edo Nafar Arazoaz mintzatzen da. Uste dut ez dela behar den legez* txosten hau aztertu, ez eta beste alderdi batzuk erantzunik eman. Bestalde, Nafarroan euskaldun sentitzen direnek, ba dute arazo honi aurpegia eman beharra.

Txosten hortan ematen dituzten argudioak,* Nafarroako hiriburuan bertan 1932.eko ekainaren* 19an egin zen, lau probintzietako udal ordezkarien bozketan* oinarritzen dira. Gehienak behintzat hortik doaz.

Hara pasarte batzu,* geuk euskaratuak:

«Gu, Estatutuaren alde jartzean, IRURAK BATen alde jartzen gara, garbiki.»

«Ezagutzen ditugu Nafarroako Mendialdearen karakteristika bereziak; baina Erribera aldean ez daude gehienbat Euskal Herrian sartzearen alde. Gogoan dugu batez ere, azkenengoz nolabait nafar herriak bozkatu zuenean, sartzearen kontra egin zuela.»

«Guk euskaldunok ezin dezakegu ezer erabaki, nafarrek berek baizik.»

«Gauzak oso argi gelditu ziren bozketa hartan; eta nafarrak, nahi izan balute, sartuko ziratekeen.»

Lehenik eta behin, ez dugu ulertzen nola Sobietar Batasunean bere iturburua duen alderdi batek, Herriei buruzko dotrina hain barregarriro erabiltzen duen. Gure xedea* hortik luzatzea ez bada ere, oharño bat behintzat egingo dugu. Sobietar Batasunean Leninen garaian Errepubliken mugak xedatu* zirenean, ez dut uste horrelako planteamendurik egin zenik; eta, gehiago dena, aspalditik Errusiarenak ziren eskualdeak,* beraien Herritasuna zuen lurraldera bihurtuak izan ziren. Gerorako utzi gabe, azterketa sakon bat egin ondoren, alderdi guztiek aurretiaz* erabaki behar lukete Nafarroak zein Herritasun duen, hots,* euskaldun, gaztelau ala katalan den. Bozketa batek ezin dezake eskualde bat zein Herritakoa den erabaki. Zein Estatutakoa, beharbada bai; baina hori beste gauza bat da.

1932.eko bozketa

1932.eko ekainaren 19an, Iruineko Gaiarre teatroan, Hegoaldeko lau probintzietako udal* ordezkariak bildu ziren. Gehienek, 354ek, baietza eman zuten, ezetza 137k, eta zuria edo joaneza 58k. Bizilagunetan, baietzeko udalek 963.710 zituzten, ezetzekoek 201.936, eta zurikoek 71.040.

Hortaz,* II. Errepublikako Konstituzioaren arabera,* lau probintzietako Batzarre hori onartua izan behar zen, honela baitzioen 12. artikuluak: «...la mayoría de los Ayuntamientos o, cuando menos, aquellos cuyos Municipios comprendan las dos terceras partes del censo electoral de la región.» Aurretik ere «región» hitz berbera zegoen. Beraz, Batzarrea probintziaka egitea lege horren kontra joatea zen; eta Kataluniako lauretan eta Galiziako lauretan Tarragona eta Lugo aparte kontatzea zilegi ez zen bezalaxe, hemen ere Doneztebeko* ordezkariaren eta herrietako jauntxoen eraginez nafar ordezkariak aparte biltzea ez zen zilegi, eta, gutiago, garbi jokatzea.

Beste herrialdeetan ezetza eman zuten herriak hauk izan ziren: Bizkaian 1, Ermua; Gipuzkoan 2, Ibarra eta Zarautz; Araban 11, Alda, Armigona, Berandihuri, Ibarguenda, Kuartango, Bastida, Kintana, Ibargoiti, Ibarbeiti, Zalduendo eta Zenbrana.

Nafarroako bozketaren geografia

Mapa bat harturik, hiru koloretan jarri ditugu Nafarroako udal guztiak, ea egia ote den Mendialdeko euskaldunek baietza eman zutela, eta Karraskaletik beherako gehienek ezetza.

Lehen harridura: Olite-Tafallako merinaldea* izan zen, Nafarroako bost merinaldeetatik baietzaren alde gehien agertu zena, eta ez Mendialdeko biak. 17 udalek baietza eman zuten, hiriburu zaharra Olite eta berria Tafalla tartean zirela; 8k ezetza, eta 2k zuria.

Lizarrako* merinaldean alde* txikia izan zen: 28k baietza, 31 k ezetza, eta 9k zuria.

Eskualdeka, honelako xehetasunak ikusten ditugu: Baztan-Bidasoan, 16k baietza eman zuten. Baina 4ek ezetza: Doneztebe, Donamaria, Saldise* eta Labaienek. 2k zuria: Sunbilla eta Zubietak. Ez dira erdaldunak gaur ere 6 hauk.

Zaraitzun* baietzak ozta* ozta irabazi zuen: 5ek bai eta 4ek ez. Erronkarin* ez zen berdin gertatu: 7 herriek ezetza eman zuten. Dirudienez, Estornestarrek ez zuten eragin haundirik ukan.* Ez dut horrenbesteko gogobatasunik beste inon aurkitu.

Erro-Ahezkoa inguruetan, 5ek baietza eman zuten: Erroibar, Auritz,* Orbara, Orbaizeta eta Garraldak; 3k ezetza: Aribe, Garaioa eta Abaurregainak; 5ek zuria: Aria, Iriberri, Abaurrepea, Orreaga* eta Luzaidek.*

Aguilar haraneko 9 udaletatik, 7k baietza eman zuten, 2k zuria, eta ezetzik batek ere ez. Eta noiz egin ote da euskaraz alderdi hartan? Jainkoak daki! Eta ez dago Mendialdean, Logroñoko ateetan baizik.

Sakanan,* berdintsu atera zen bozketa. Baietz 5ek: Altsatsu, Etxarri-Aranatz, Ergoiena, Lakuntza eta Uharte-Arakilek; ezetz beste 5ek: Ziordia, Olazti,* Arruazu, Iraiñeta eta Arakilek; zuria 4ek: Urdiain, Iturmendi, Bakaikoa eta Arbizuk. Zuria eman zuelako, ez ote da Urdiain Euskal Herria?

Iltzarbe eskualdean, 11 udaletatik 9k ezetza eman zuten, 1ek zuria, eta Garesek* bakarrik baietza. Aralartik Hernani bitarteko 6 haranetan, 6 udalek baietza eman zuten: Larraun, Araitz, Betelu, Leitza, Goizueta eta Aranok. Ezetza, ordea, Basaburua Nagusiak, Imotzek eta Aresok. Gaur ere hirurak euskaldunak, inor izatekotan!

Hiri nagusietan, Iruineak eta Tuterak* ezetza eman zuten; Lizarra, Tafalla, Olite, Zankotza* eta Agoitzek,* ordea, baietza.

Beste eskualdeetan, batzutan ezetza gehien, beste batzutan baietza. Ezetzak ez ziren askogatik gainditu.

Gero, beste arazo bat ere ba dago. Gauza entzuna da, teatroaren sarreran diruarekin zeudela, ordezkariak erosteko. Udal batzarreek aurretiaz hartua zuten erabakia* eta hara zihoanak, herrian hartutako erabakia eman behar zuen. Beraz...! Azterketa bat egin behar litzateke herri bakoitzean zer gertatu zen jakiteko. Hortarako, orduko ageri liburuetara joatea baino ez dago. Historia ikasten dutenek ba dukete hor, tesina bat baino gehiago egiteko gairik. Entzuna dugu, nafar ordezkariek Udaletxeetan erabaki zena egin izan balute, baietzak irabaziko zukeela, ozta ozta.

Bestalde, Evarist Olcina valenciar karlistak, bere «El carlismo y las autonomías regionales» liburuan (Seminarios y Ediciones, 3. A:, Madrid, 1974), hau dio 218. horrialdean: «Los carlistas, oficialmente, habían dejado en libertad a sus afiliados para que votasen el anteproyecto en el sentido que estimasen conveniente; pero subterráneamente pusieron en marcha el aparato caciquil de que disponían los nuevos jefes para que los municipios se pronunciaran en contra.» Beraz, azpi lan haundia egin zuten Nafarroako herri askotan. Egia esan, Bizkaian ere Ermuan lortu zuten ezetza, eta erdizka Orduña eta Durangon.

Gaur egun, Estatutuaren arazoa hainbeste aipatzen den tenoreon,* interesgarria litzateke azterketa eta saio zehatz batzuren egitea alderdi askotatik. Eta Nafarroan ez duke interes gutien!

D. AMAITERMIN

Liburu berriak

GEREÑO, Xabier:

Andereño.

(«Mugalde» Saria)

Kriselu, Donostia, 1975.

Gereñoren elaberriak* irakurterrazak dira. Ongi dakite hori haren irakurle ugariek. Gaiari dagokionez, pretentsio handirik gabeak direla ere norbaitek esana du. Baina oraingo hontan zezenari adarretatik heldu diola aitortu behar. Elaberri honen argudioak,* azken urteotako ikastolari buruzko polemika gorituan ditu zainak.* Gereñoren elaberri hau, liburu lekuko,* hauzimahai eta epai, dena batean da. Bilbeak trinkotasun* handirik ez baldin badu ere, asmoz eta azken leherduraz* karga handitakoa gertatzen da elaberria. Beste edozein elaberri bezala hasten delarik, bukaerarako zurrundu* egiten dela eta bere oihu nekez eutsiak* ihes egiten diola esan genezake. Literatur balioa lausotzen* dion hortan berton datza* elaberri honen mezua* eta justifikapena.

Gertakari batzuri eta hauk* sortu zituzten arrazoiei buruzko itaunketa* zintzoa da «Andereño». Erantzunak —agian,* norbaitek pozik ukatu edo eta aldaerazi nahi izango lituzke— hor daude gordintasun bizi bizitan.

Gereñok, ondo ondotik bizi izan duen zerbaiten berri ematen digu —eta hortik du elaberriak «dossier» balioa—; baina, dudarik gabe, ahalegin zintzoa egin du, egoera haik* ahalik eta aztertzaile begi hotzenez arakatzen.* Zorionez, «Andereño»k deskribatzen dituen bezalako egoerak eta gertakariak, gero eta urriago dira ikastola munduan. Hala ere, historia arakatzea beti da aberasgarri; eta areago,* horrelako historia hurbila, oraindik errauspean txinpartak bizirik dituena bada. (Xabier Mendiguren).

LAZKANO MENDIZABAL:

Gizona abere hutsa da.

Jakin, Oinati, 1975.

Gizona abere bat da. Zergatik? Lazkano Mendizabal, liburuaren horrialdeetan zehar, baieztatze hori frogatzera* saiatzen da.

Adan eta Eba. Eboluzioa. Iluna. «Tigre batek, denok uste dugunez, tigre batek bezala konportatu behar du. Eta gatu bat bezala konportatzen den tigrea, lotsagarrikeria bat iruditzen zaigu. Tigrea tigre» (15. horrialdea). Baina gizonak bereiztu nahi du bere. burua animaliengandik. «Kaiolako tigrea, Rilkek poesia hunkigarri bat eskainirik ere, penagarrikeria bat da. Tigre destigretua, alienatua» (15. horrialdea).

Gizonak uko egin nahi dio bere aberetasunari, bere jatorriari. «Zergatik egiten dira guduak? Klasetan hautsirik gaudelako? (Marx). Arraza eta etniatan banaturik gaudelako? (Mead). Ikasia ote du gizonak agresibidadea (Skinner) ala berezkoa (Lorenz)? Kulturak erantsi* eta itsatsia* ala espontaneoa, bere oldezkoa* eta bere baitakoa*? Hau da: kondizio sozialak aldatuz eta hezkuntza* zuzen batez, agresibidadea guregandik arras* aienatzerik* ba ote legoke, ala kontrolpean edukitzea eta zuzen orientatzea bakarrik? Hona hemen, hamaika problema inplikatzen duen problema zentral bat» (58. horrialdea).

Hainbat gauza jakingarri kontatzen digu Lazkano Mendizabalek, eta, 93. horrialdean, anekdota gisa* mus jokoaren iturria adierazten digu. «Karta jokoa bera ere erromanizatu beharra dago: ezpatako as (bat) edo pika* honez gero Publius Decius Mus bihurtzen da; eta harrez gero euskaldunak, iraultzagile jatorrei dagokien bezala, musean ari dira. (Publius D. Mus, 295. urtean K. a., Sentinum[go gudaketan] bere burua sakrifikatu zuen erromatar bat izan zen, Deciustarren familiakoa.)»

 Jakin argitaldariak beste saiaera bat eskaini digu: euskaraz gai berri bati lotzen zaiolako eta erabiltzen duen euskara astuna ez delako, gustura irakurtzen den liburu interesgarri bat.

ERZIBENGOA, Joxe; EZKIAGA, Patxi:

Euskal Literatura, III.

Gero, Bilbo, 1975.

ANAITASUNA aldizkarion, aipatuak ditugu jadanik* egile bi hauen Euskal Literaturari buruzko I. eta II. liburukiak.* Oraingo hirugarren honek XIX. mendeko euskal literatura aztertzen du, kapitulu bana idazle ospetsuenei eskainiz. Aurreko liburukietan bezala, idazle bakoitzaren azterketa lau puntutan banaturik egiten da: haren bizitza, zer idatzi zuen, zer eritzi kritiko merezi duen eta zeintzu diren haren lanaren ezagugarririk bikainenak. Kasu batzutan, idazleen erretratuak ere agertzen dira.

Liburu hau euskara oso errazean idatzia da; eta biziki gomendatzen diegu gurasoei, beren seme-alabattoei euskal irakurgai interesgarriak eskain diezazkieten.

TARTAS, Juan:

Ontsa hiltzeko bidea.

Jakin, Oinati, 1976.

 Jakin argitaldariak eskaintzen digun liburu hau, euskal literatura klasikoaren bitxi balios bat da. Zuberotarrez idatzia, liburuaren azken aldean hiztegi bat dator, gaurko irakurlearen lagungarri. Argitaldariak berak honela egiten digu liburuaren presentazioa:

 «Ontsa hiltzeko bidea 1666.ean eman zen argitara, eta Juan de Tartas deitua du bere egilea. Zuberoako euskaran idatzia da, eta hango euskalkian inprimatutako lehenengo obra da. Andolin Eguzkitzak prestatu du edizioa, eta Xabier Kintanak eman dio hitzaurrekoa. Tartas Arueko erretorea* izan zen, eta apez lanetarako izkribatu zuen liburua. Hala ere (eta Axularren jarraibide onari segituz), literatur balio aipagarriak ditu. Umore argiko predikari bat da erretore hau: ez zaio ironi zizta bizirik falta. Horregatik edo, baimenik ematen ez ziotelako, hamar urte luzetan atzeratu zen liburu honen lehendabiziko argitalpena. Gure euskal liburuen pikareskaren barnean dago, beraz, oraingo hau ere.»

ELGOIBARKO IKASTOLAKO HAURRAK:

Izarren begietan.

Gero, Bilbo, 1975.

Ikastolako hogei ta hamar ikasle, 9-10 urte bitarteko, izan dira liburu hau egin dutenak. Poesi bilduma* honek «Kimu» sailaren 10. alea betetzen du. Lan oso interesgarria iruditzen zaigu euskal liburuxka hau, gaztettoen literatur zaletasuna bultzatzeko.


Herrialde guztietan

Txile: bi urte

Bi urte eta «record» asko. Beharbada, goiz da oraindik egoera orokor baten balantze oso bat egiteko. Balantze hortan, hala ere, zifra asko eta asko agertzen da. Bi urte ez baina hamar urte iragan direla ematen* du: horren ugariak dira gure jeneralaren obrak!

Pinochetek Atila berria dirudi. Atilak belarra, baina honek demokrazi bizi oro* desegin eta erre eta kiskaildu egiten du. Atila politikoa, hori politika baldin bada.

«Ekonomiazko nahasmendua» konpontzeko eman zuen Estatu kolpea Pinochet jeneralak, beronek esan duenez. Ihazko inflazioa 400 %koa zen, aurtengoa 300 %koa izango omen da. Non dira promesak?

«Gizarte nahasmendutik» Txile ateratzeko hartu omen zuen agintea Bera mintzo oraindik ere. Nola ez da, bada, kalea baketsu izango, altxamenduan 15.000 inguru hil ondoren, 8.000 espetxean eduki ondoren, 1.500 desagertu direlarik, eta ia 30.000 txiletarrek desterrura ihes egin ondoren? Kanposainduko bakea.

«Anarkiatik Txile libratzeko» erauzi* zuen Allenderen legezko gobernua. Anarkia zeri erizten* zaio, ordea? Anarkiaren kontra joateko, Kristau Demokrazia bera ere debekatu egin behar ahal da? Edozein politika joko eta elkarte eta gainerako askatasunak oro galerazi egin behar ote, anarkian ez erortzekotan? Defentsako presupostua 2tik 10era igan erazi behar ote da, herriaren askatasunak babestu ahal izateko? Ba dakigu, anarkiaren antidotoa diktadura dela. Demokraziarena ere bai, ordea.

Esan bezala, irailean* bi urte pasatu dira, Pinochet agintean jarri zela, indarkeriaz aginteaz jabetu zela. Geroztik, Txilen giza eskubideak zapalduak eta zanpatuak izan dira. Parlamentuen arteko Batasun batek, 75 nazio barnean dituela, irailaren 3an protesta bat egin zuen Protesta horren alde, 73 nazio bozkatu* ziren. Bik ez zuten boturik eman: Argentinak eta Espainiak.

Bigarren urtemuga hau haundikiro ospatu nahi izandu Pinochet jaunak. Jakin dugunez, ospakuntza horietan Espainiako ordezkaritza militar bat ere izan da. Eta «Medalla al Mérito Militar» eman diote Pinochet jeneralari. (Joan Mari Torrealday)


Herrialde guztietan

Pornografiaren pozak eta penak

Pornografia gure gizarte moduaren datu bat gehiago besterik ez da gaur egun. Gure gizarte modua aipatzean, elkar uler dezagun. Ez naiz ari Pirinioez* honanzkoaz. Europako gizarte permisiboaz baizik.

Kalenturarekin bezala gertatzen da pornografiarekin ere. Noizean behin —urteko hilabete eta sasoin jakin batzutan, maizenik*— sukar* kolpeak jotzen du. Sukarraren goraldi horietan gaixotasuna da hizpiderik* nagusiena. Berdin gertatzen da pornografiarekin ere. Frantzian, esate baterako, azken urteotan, urteroko erritmoa hartu du pornografiaren inguruko eztabaidak (norbaitek hor ere «ezbaiketa»* esan beharko luke). Sukar kolpe planifikatuak dirudite. Polemika honen inguruan puntutxo batzu ikus ditzagun.

Agi* denez, eztabaida piztaileak filme batzu dira azken urteotan. «Pariseko azken tangoa» delakoaren azken konpasak ixildu* zireneko, hor ikusten dugu «Emmanuelle» mundu erotikoetan paseiatzen. «Histoire d'O» da oraingoa, azkenengoa. Eta horien artean, inguruan eta azpian, kategoria gutiagoko filme pila, ehundaka. Parisen inguruan, bi filmetarik bat pornografikoa omen da.

(Ez dut, orain eta hemen, pornografiaren eta erotismoaren arteko desberdintasunaz ihardun nahi. Ba da diferentziarik, kalitatearen eta estetikaren eta tratamenduaren aldetik, nahi bada. Baina lehen, inoiz, diferentzia azpimarkatzen saiatu banaiz ere, gaur egun parekatzera eta denak zaku beretsuan sartzerako joera dut, agian* eskarmentuarengatik,* erbiaren ordez katua sartzeko ohitura gehiegi baitago mundu hortan. Gainera, oro* har eta besteak beste, horren* bereizgarriak eta erabakitzaileak ote dira, gero, diferentziak?)

Pornografia eta etika

Zalantzarik gabe, gizarte modu bakoitzak ba du bere etika, berorren jokabide morala-edo izenda genezakeena. Eta bidezkoa* da etika hori leku guztietan arras* berdina ez izatea. Aipaturikoa konparazio batez adieraziz, esan dezagun, Mosku, Madril eta Parisen artean ba direla desberdintasunak, eta nolakoak! Nolabait zehazteko, eta arinkerian erori* naizela jakinik ere, esan dezakegu, lehenengoa puritanoa eta bigarrena moralista diren bezala, hirugarrena liberal permisiboa dela. Lehenengo bietan, pornografiarentzat ez dago lekurik, ofizialki bederen.* Ez bietan argumentu beragatik, baina espektakulu mailan ondorioak berdintsuak dira.

Frantzia bezalako herrietan ez doa gauza bide beretik. Gizartea mugatzen duten legeak, zabalagoak dira, elastikoagoak. Pornografiari dagokionez, esaterako,* Giscarden Gobernuaren erizpide* erabakitzailea eta determinatzailea ez da etikoa edo morala, estetikoa baizik, hots,* gauzaren kalitatea. Filme bat, eman dezagun, etikatik —printzipiozko etikatik— aparte epaitzen da.

Ez da ikaragarriro argi izan behar, portaera honen arriskuak ikusteko. Oraingoan, «Histoire d'O» delakoak bota du olioa sutara, polemika berriro pizteraziz. Eta, hain zuzen, aipatu dugun arrisku modu hori, filme honek begien bistara ekartzen digu. Pelikula hau kritikatzen dutenek, ez dute noski estetikaren izenean egiten, etikaren izenean baizik. Hala agertu dira salakuntzaren plazara Marty Kardinalea, Marchais Alderdi Komunistaren Idazkari* Nagusia, MLF (Emakumeen Liberazio Mugimenduko) emakume burrukalariak, «Nouvel Observateur» ezkertiar astekariaren filme-kritikaria, etab. Batzuk, holakotsu filmeen bidez lortu ohi den aberaskuntza salatzen dute; beste batzuk, filmearen moralitatea bera. Kasu hontan, konkretura etortzeko, ba dirudi, emakumearen ematen den irudia ezin tristeagoa dela, emakumea borondaterik eta erabaki indarrik gabeko gizaki* bat bezala presentatuz, eta gizonaren seksu jostailu* huts bilaka* eraziz. MLFko emakumeek diotenez, delako «O» horri jarraituz emakumea ez da askorik promozionatuko.

Etika erizpidetik erabili nahi ez izatea, etika txar bat iruditzen zaio askori. Ez dakit nik, zer egin behar den. Zentsura eska? Ez da aurrerazale. Baina, hala ere, aitortu beharra dut, bi gauzak uzten naute pentsakor. Bateko, gizarte sozialistei begiratuz, puntu hortan erizpideak —dotrinan eta praxian— askoz ere neurtuagoak eta hestuagoak dira. Eta besteko, puntu hortan zentsurak oro deuseztearen* aldeko diren horik* berorik ez dira horren* bero, politikazko libertate zenbait defendatzeko. Politikazko askatasuna baino arrisku gutiagokoa da hori. Gobernuari ez dio horrek beldurrik ematen, sarritan ihesbidetzat ere balia* daiteke eta.

Pornografia eta dirua

Ustel usain gehiegitxo ez ote dago gero pornografiaren inguru hortan? Nor ateratzen da hor irabazle? Gizartea? Ez derrigor.* Ba dakigu, pornografia egiteko deretxoa zeren izenean eskatzen den —askatasunaren izenean. Baina ba dakigu, hori bezain ongi, pornografia zertarako egiten den ere. Ezaguna da, bestetik, horko bezereria*. Bultzatzaileak eta zirikatzaileak ere askotan ezagutzen dira. Sentimendurik nobleenen atzetik ibiltzen diren horietakoak ez direla esatea, konprometatu gabe eta zerbait adieraztera eman delakoan gelditzea da. Zerbait baino gehiago ba dago usteldurik pornografiaren erreinuan. Diru asko, sos* gehiegi dabil hor tartean. Interesik ez gutiago. Negoziobide segurua baita gaur gaurkoz pornografia.

Ikusten ari garenez, pornografia negoziobide gertatzen* ari da, ez hori bultzatzen eta fabrikatzen ari direnentzat bakarrik. Estatuarentzat ere bai orain. Frantziako Finantza Ministruak, Jean-Pierre Fourcade jaunak, agertu duenez, zerga* bat jarriko zaio aurrerantzean pornografiari. Zerga bat, ez multa bat, Giscarden gizarte moduan legezko baita pornografia.

Hori, hori! —esanen du agian irakurle moralistaren batek—, jar zerga, horrela pornografia gutitu egingo da eta. Gutitu, zergatik gutitu? Zerga horren asmoa ez baita etikoa, ez eta pornografiaren kontra burrukatzea. Ez doa pornografiaren aurka. Logika hertsatuz,* zera esango nuke, Gobernuarentzat, zenbat eta pornografia gehiago, hobe litzatekeela, diru sarbide gehiago izateko hain zuzen. Eta, beharbada, pornografiaren bidez, jendeak gizarteko benetako problemak eta burrukak ahantz ditzan. (Joan Altzibar)


"Bat bitan banatzen da" liburuaren tesi politikoa

Benetan hartzekoa da liburu hau. Eta ez euskal liburugintzan baliozko ezer gutxi dagoelako bakarrik.

Euskara landuaren alde lan haundia egin dute, ezbairik* gabe, Andoni Iralaren liburu hau euskaratu dutenek. Ez hitz berri batzu* asmatu dituztelako, hain zailak diren gaietan joskera* egokia eta euskararen esaera jator asko erabili dutelako baizik. Gaiaren gogortasuna aitzakia bezala jarririk, erdal esaeretara arinegi makurtzen garenon errazkeriaren salaketa biribila da liburu hau.

Hitz berriei buruz ez noa deus* esatera. Banan banan eta kontuz aztertzekoak baitira. Baina liburuan erabiltzen den hitz nagusienari buruz zerbait esan nahi nuke. «Ezbai» eta hortik jariatutako* hitzak ez zaizkit batere egokiak iruditzen. Batetik, «ezbai» hitzak euskal literaturan ba du bere esannahi zehatza, edozein hiztegitan ikus daitekeenez, Azkuerenean adibidez. Bestetik, «kontraesan» hitza ezeztatzeko* —erdarazko hitzen itzulpen soila bera—, filosofia marxistan duen esannahia ez duela adierazten esaten da, «kontraesan» hori izate mailakoa baita. Baina ez dut uste, «kontraesan» ordez «ezbai» esatearekin, hitz hori ere «izate» mailakoa dela ulertzen denik. Bata zein* bestea erabil, «izate» mailakoa dela apropos esan beharko duzu, hala ulertu nahi baduzu. Hitzaren etimologiak ez baitu hitzaren esannahia agortzen eta mugatzen. Gutxiago edo gehiago adieraz dezake. «Kontraesan» hitza erabilgarritzat jotzen dut. Edo eta «kontraizate» esan behar litzateke? Hau ere erabili baita. Dena den, «ezbaiari» baino egokiagoa derizkiot. Tamaina* hontako hitzak asmatzearekin, ez dut uste, «inguruko izkuntza berriak baino geiago zaigula gure euskera zaarra dialektikaren berri ezkutuak eta sakonak garbi eta zeatz aditzera emateko» frogatzen* denik.

Hitz kontu hau alde batera uzteko, behin eta berriz bururatu zait, azken urteotan aski* sartu den «iraultza» hitza, «erreboluzio» hitzaren ordez ez bada ere, honekin batera behintzat, zer dela eta ez den erabiltzen. Toki jakineko usain txarra ote dario?

Liburua oso argia da. Pausoz pauso, dialektikari buruzko Mao Tse-Tungen pentsaera azaltzen zaigu. Iralak ematen dituen exenplu eta irudi ugariek, liburuari halako geldotasun bat ematen badiote ere, bestetik irakurterrazago eta ulergarriago egiten dute. Pedagogi zentzu haundi bat dagoela egileagan, dialektikaren barne ezkutuak adierazteko, eman dituen azalpen argi eta egokietan ikusten da. Hontan Maoren izkribuen erraztasuna eta xalotasuna bereganatu ditu.

Oraingo liburu hau trilogia baten lehenengo zatia da. Eta berton dialektikaren arauen teoriazko azalpena ematen zaigu. Bigarren eta hirugarren zatietarako uzten du, Txinako eta mundu guztiko erreboluziogintzan dialektikaren arau hauk* nola erabiltzen diren aztertzea.

Lehenengo liburu hau, Mao Tse-Tungek «Kontraesanari buruz» eta «Praxiari buruz» aspalditxo egin zituen bi liburuxken komentario luze eta patxadatsu* bat dela esan genezake. Bi liburuxka horietakoak dira —batez ere lehenengokoak— Maoren aipamen gehienak. Baina azalpen hortan beste marxista askoren izkribuez ere baliatu da; txinatar iturrikoak ugarienak. Hala ere, Mendebaldeko* marxista gutxitxo aipatzen dela uste dut. Baina honek ez du izugarrizko garrantzirik, liburua Maori berari lotzen zaio eta.

Dialektika marxista ortodoxoaren berri jakin nahi duenak, liburu hau lasai har dezake bere eskuetan. Ortodoxia hortan eta batez ere Maoren izkribuetan dialektika nola ulertzen den zintzo jakin ahal izango du. Gutxiago konturatuko da irakurlea beren buruak marxistatzat daduzkatenek eta marxismoaren kritikari zorrotz askok dialektikari buruz aspaldi samarretik egina duten kritikaz.

Ba da liburu honi oso tankera* bitxia ematen dion zerbait. Iralak maoista bezala azaltzen du bere burua. Maoren defendatzailerik porrokatuena bailitzen.* Ba dirudi, sinetsita* dagoela Irala jauna, izatea duen orok,* marxistek eta bereziki Maok aurkitutako dialektikaren zenbait legeren arabera* jokatzen duela. Gertatzen den oro —bizigabe eta bizidunen portaera, gizartearen kondaira— dialektikoki dabilela. Komunisten joko politikoa bera ere, teoria marxistak argi eta garbi aurkitu dituen dialektikaren arauen eskakizunak* aurrera ateratzea besterik ez dela. Eta segur dago Irala hontaz. Behin bakarrik ere ez du ustekizun* hori kritikatzen behintzat; alderantziz, dialektika marxistarekin oso ados ez dauden guztiak gogor zigortzen ditu. Eta haren trilogiaren bi liburu horixe frogatzera baino ez datoz.

Biziki harrigarria da, liburuan etengabe agertzen denez, Irala jauna dela hontaz jabetu direnen arteko bakanetakoa, bakarra ez bada behinik behin. Mendebaldeko pentsalariak, politikariak, marxismoaren kritikariak ez dira konturatu dialektikaren balioaz eta komunismoaren jokabidearen sustraietaz. Horregatik, iraultzaren etsaiei okerbiderako zaie dialektika. Komunistek begitara botatzen dieten hautsa da. Komunistentzat, ostera, garaipenerako argibidea da metodo dialektikoa. Mendebaldekoek metodo hori gutiesten duten eta benetan hartzen ez duten bitartean, komunistek, horien bizkar galanki eta gogotik barre eginez, garaipena lortu dute toki askotan, eta mundu guztiko erreboluziogintzan ere urrats* haundiak eman dituzte, eta ematen ari dira.

Ez dakit nik ere, begiak lausoturik daduzkadan. Baina sinesgogorra naizelako edo, agian,* marxismoak dialektikari buruz jaso duen teoriak ez nau inolaz ere betetzen. Eta Iralaren azalpen hain egoki eta sutsu eta guzti ere, nire zalantzak bizirik dirau. Metafisika kutsu izugarria aditzen* diot.

Arraultza bat ongi frijitzen duzunean, eta pilota partidu bat irabazi duzunean, eta etsaia menperatzen duzunean, eta kapitalismoa suntsitzen* denean eta politikabide egoki bati ekiten zatzaizkionean, kontraesan bat dialektikoki erabaki duzula, eta gauzak alderantziz gertatu direnean edo oker jokatu duzunean, kontraesan hori ez duzula dialektikoki erabaki esaten zaizunean, harriduraz begiak zabaltzen dituzu, baina hitxita bezain asko ikusten duzu. Izate orotan legokeen kontraesan edo kontraizate edo «ezbai» horri, eskolastikoen «esse» bikain hura* bezain hutsa —edo aberatsa, nahi bada— derizkiot.* Eta hustasun aberats hori, edo aberastasun huts hori, ez da konpontzen niretzat, kontraesan hori aldi berean orokorra* eta bereizia* dela esatearekin.

Arraultza ongi frijitzeko, sukaldari ona izatea aski da, dialektikaren ezkutuak jakin gabe ere. Pilota partidu bat irabazteko, ezker-eskuin bikainak behar dituzu; eta, hortarako, alferrik dugu dialektika. Artista iaioa* izateko, horixe behar duzu izan: artista —poeta, idazle, margolari edo zarena zarela. Eta ez besterik. Gudua irabazteko, gudu egiten jakin behar duzu eta ez dialektikaren arauik. Ekonomista izateko, ekonomia jakin behar duzu; biologo eta fisikari izateko, biologia eta fisika jakin behar dituzun bezalaxe. Eta politikari trebea izateko, aukeran dituzun erabakietatik egokiena hautatzeko gai izan behar duzu.

Dialektikaren arauek enbarazurik egiten badute ere, ez dute deus laguntzen. Alferrikako dira. Metafisika, edozein metafisika bezain alferrikako. Egia da, ordea, metafisikak alferrikako ez izan beharrik «e ez duela. Metafisika metafisika baita, eta horixe bakarrik. Eta metafisikaren egiatasuna hortxe egiaztatu beharko da, eta ez beste inon. Politikamodu batek ezin du frogatu, metafisika bat dela egiazko bakarra. Ez denik ere ez, ordea. Politikak, metafisika alferrikako dela erakutsiko du, politika egiteko; ez zuzena ala okerra denik.

Ostikolari talde bat futbol zelaian garaile gelditu denean, dialektiko batek zera esango dizu, jokalari horiek, futbol jokoaren kontraesan bereiziak erabakitzeko, dialektikaren arauak taxuz* erabiltzen jakin dutela. Eta zer esango dizu eskolastiko batek, talde horren garaipena beste kontzeptu bidez azaltzen badu, adibidez, «potentia» eta «actus» kontzeptuez harmaturik? Nork du arrazoin? Biok, noski. Biok joko irabazlearen arrazoin ematen baitute. Biok bezain ondo arrazoin lukeen hirugarren Demokritoren bat ere izango dela ahanzterik ez badago ere. Ez nuke, horregatio,* ez dialektikorik ez eskolastikorik ez Demokritorik taldearen entrenadore jarriko.

Aristotelesek, eskolastikoek, Descartesek, Kantek, Hegelek eta materialismo dialektikoak, denek mundua esplikatzen dizute, gizon basatiak bere mitoekin inguruko errealitate menperagaitza azpiratzen duen bezalaxe. Eta bakoitzak emango dizkizu zein baino zein adierazpen bitxiago eta sakonagoak. Denek historia eta politika eta biologia eta ekonomia eta... esplikatuko dituzte. Eta pentsakera horietako bakoitzak aterako du ondorioa, berak esaten duen bezalaxe eta ez bestela, eta esaten duenagatik eta ez beste ezergatik doala mundua doan bezala.

Noski, ez dadukat ahanzturik, materialismo dialektikoak ez duela bere burua metafisika bezala ikusten. Ba dakit, bai, materialismo dialektikoa metafisika guztien aurka eraiki den pentsakera zientifiko bakarra dela sinetsita daudela marxistak. Esatea bat da, ordea, eta izatea beste bat, edonork aspalditik dakienez.

Beraz, barka biezat* Iralak, «bat bitan banatzen delako» teoria marxista eta maoista seriotan eta benetan ez hartzeko eskubidea neure buruari ezagutzen badiot. Eta barkatuko ahal* dit, ondoren etorriko diren bi liburuen frogantzak* ikusi arren (gutxi gorabehera ikusi, noski, adierazpen metafisiko guztiei errealitateak beti ihes egiten baitie, eta beti, zorionez, esplikatzen ez duen zerbait edo asko gelditzen baita), kontraesanaren edo «ezbaiaren» metafisika ez dudala sinestuko oraintxetik agintzen* badiot. Eta ez ahal zait haserretuko, Txinako eta mundu osoko erreboluziogintzan dialektika lege horik* erabiltzen direla frogatzen saiatzea, ezinezko ezezik* izugarri bitxia iruditzen zaidala esaten badiot, eta ez dudala Heraklitok edo Demokritok edo Hegelek egingo lituzketen saiakerak baino serioago hartzeko asmorik.

Hala ere, ez dut uste, nire sinesgogorkeriak eta nire harridurak Iralari izugarri axola diotenik, baldin eta haren azpiko asmo politikoa jasotzen badut.

Iralaren asmoa ez da, noski, irakurlea maoista bihurtzea, horixe lortzeko idatzi duela bere liburua badirudi ere. Dialektikaren arauen arabera badoa mundua, eta arau horik kunplituz horrelako iraultza aurrera atera badute, ondorio logiko bakarra, dotrina hori nahitaez onartu behar genukeela izan behar litzateke.

Baina trilogia honi esker, maoista gutxi egingo da. Liburua irakurri eta gero, erabat* kontrako ondorioa ateratzen da. Ikus, bestela, liburuak jaso dituen txaloak nondik eta zergatik jo zaizkion. GOIZ ARGIn azken hilabeteotan azaldu diren artikulu batzu gogoratu besterik ez dago.

Ezinezko neutral tankera baten azpitik, tesi politiko hau ezkutatzen dela dirudi: Kontuz komunismoarekin! Kontuz maoismoarekin! Kontuz, gero, Mendebaldeko alderdi komunisten aurpegi samurrarekin! Aldian aldiko egoerari dagokionez, dialektikaren eskakizunak erabiliz, alderdi komunistek aurpegiz aldatu badute, kontuz! Une historiko bakoitzaren kontraesanaren berezitasunen arabera, eskua luzatzen badute, kontuz! Otsoa,* ardi larruz janzten bada ere, beti otso.

Fronte Batuaren politika aurkezten badu, kontuz! Alderdi Komunistak bere aitzindari* bokazioari, bere aginte goseari, bere diktadurari ez dio uko egin eta. Bere sailetik kanpo dauden indar guztiak erabiltzeko metodoa besterik ez da Fronte hori.

Komunisten arteko eztabaidak eta tirabirak direla eta, ez uste komunismoak berezko izaera monolitikoa galdu duenik, edo gainbehera datorrenik. Bere barnean dituen kontraesanak ez baitira antagonikoak. (Antagonikoak diren kontraesanen eta ez direnen arteko bereizkuntza hau ere kritikagarria da. Teorian duen argitasuna ez baitu inolaz ere praxian. Eta sozialismoan gertatzen diren eta gerta daitezkeen kontraesanak ez direla antagonikoak aldez aurretik erabakita uztea, gutxienez apriorismo merkea besterik ez da. Praxian ikusi beharko baita kontraesan bat antagonikoa den ala ez.)

Adibide bat. Marxista teoriko batzu kristauekin elkar hizketan hasi badira, kontuz gero! Ez sinets, erlijio arazo hori komunistei batere axola zaienik. Jokaera irribarretsu eta patxadatsu horren azpian, kristau indarrez probetxatzeko* asmoa besterik ez da hor ikusi behar. Halegia,* kristauez gartzelak betetzen dituztenean edo lepoa mozten dietenean eta ateismoa zabaltzen dutenean bilatzen duten xede* berberaren atzetik dabiltza. Gogorkeriaz jokatu beharrean, elkar hizketa zuriaren taktika darabilte. Jokoz aldatu dute bakarrik. Beraz, kontuz eta kontuz!

Iralaren tesi politikoa antikomunista bada, ulerterazi nahi izan duen horixe adierazteko, trilogia bat idaztea bide luzetxoa ez ote den galde daiteke.

Benetan hartzekoa da, bada, nire ustetan, liburu bikain hau, bai erabiltzen duen euskaragatik eta euskal kulturari egin dion eta egin liezaiokeen mesedeagatik, bai Maoren pentsamenduaren azalpen aproposagatik, bai egilearen tesi politikoarengatik. Benetan hartzekoa, eta ez derrigorrez onartzekoa, noski.

Manolo PAGOLA


Fedea eta ekintza

Jesusen Konpainia, zertarako?

Gaurko Eliza katolikoaren pentsatzaile sonatuenetako bat da Karl Rahner. Teologo hau jesuita da, eta ihazko «Jesusen Konpainiako Urtekaria»n lantxo bat agerterazi du, izenburuan ematen dugun galderari erantzun nahiz. Azken urteotan Konpainiak jasan dituen aldakuntzak argitan ezartzeko oso egokia aurkitu dugu lan hori. Bertatik jasotzen ditugu gogoeta hauk.*

Rahnerek historiako zenbait gertaera gogoratzen ditu. Hamaseigarren mendean Eneko Loiolakoak eraiki zuenetik, Konpainiak ez du etengabeko segidarik ukan: 1773.ean deuseztatu* egin zuen Aita Sainduak. Berrogei ta bat urte geroago berritu zuen Erromak. Azken unada* hontan, hau da, kasik 160 urteotan, Konpainiak ez du, konformitatean, garai batetako gailurrik jo; baina, hala ere, Europako Mendebaldean* ez du txantxetako garrantzia izan.

Vatikano II.az honakoan, aldakuntza nabarmenak izan ditu erlijioso Ordena honek. Ordurarte ortodoxia garbienaren eta seguruenaren sostengailu bezala ikusia zena, mugikorra bilakatu* da. Noizbaiteko batasun trinko* hura —edo tradiziozaletasuna— zalantzan aurkitzen da. Aurpegi berri bat ikusten zaio orain Jesusen Konpainiari: gizarteari emanagoa, irekitasun berri baten eragile; eta, sarritan, «ezkerrean» eta «progresisten» alderdian ere ikusten da orain elkarte hau. «Nola esplika liteke gertakari* hau? —galdetzen du Rahnerek.

Hiru puntutan labur litezke fenomeno horren arrazoinak:

1. Jesuitak ere, «garaiaren izpirituari» berena eman beharrean aurkitzen dira. Histori une bakoitzak dituen beharrizanei erantzutean, oso zaila da noraino heldu behar den jakitea. Non hasten da beharrizan historikoa eta non «modaren» horbela.* Ezinezkoa da, benetan, bien arteko muga erabat* argirik edirotea.*

2. Ba da beste bigarren arrazoin bat. Jesuitek, beren «izpiritutasunagatik» ere, erlatibatu egiten dituzte egindako aukerak. Tradizioa bera ere erlatibatu egiten dute, kritikaren bidez. Berrikuntzetarako irekiak aurkitzen dira, beraz, jesuitak.

3. Azkenik, Eliza osoa dago orain aldaketa une batetan. Luzaroegi eutsi dio, nonbait, aurreko mendeetako zenbait gauzari. Eutsibehar hori bortizki* lagundu* du Konpainiak berak ere. Eta aldaketaren ordua iritsi* denean, ez da harritzekoa, hortaz,* bapateko* aldaketarik franko agertzea. Aldakuntzaren berandutasunak ekarri duen lurrikara da oraingoa, hein* haundi batetan. Aldatzean bertan ere ez dago «monolitotasun» posiblerik.

Jesuiten akatsak eta arriskuak aipatu ondoren, Rahnerek galdera berri bat egiten dio bere buruari: nola eta zergatik egin liteke, ordea, jesuita kristau bat? Eta holatsu erantzuten du: «Ez, noski, Konpainiak oraindik ere Elizaren barnean dadukan garrantziagatik, ez eta kudeatzen* dituen Unibertsitateengatik, ez eskutan* duen botereagatik. Konpainiara datorren gizonaren arrazoinak, eliz lan, pastoral eta eliz politiken gainetik daude. Neure galenak* erakusten didanez, jesuita askorengan oraindik ere bizirik dago, soldatarik gabe eta isilpean lan egiteko zerbitzuzko izpiritua». Izpiritu horrekin ekitea: horixe da benetan axolazkoa, eta ez «historia» sonatu bat egitea.

Eta izpiritu hori hor dago —dio Rahnerek. «Ezagutu ditudan anaia batzu* gogoratzen ditut. Neure adiskide Alfred Delp, Konpainiarako sinadura* eskukateaturik eman zuena; edo Indiako hauzo galdu batetan, lurralde hortako intelektualek hortaz ezer jakin gabe, jende pobrearentzat putzuak irekitzen dabilena; edo orduak eta orduak, aitorlekuan* jezarririk, inportantziarik gabeko jendeari penak eta sufrikarioak entzuten dagoena; edo iraultzaile loriatsua* izateko pozik gabe, bere ikasleekin batera Barcelonako poliziak kolpatu* duena; edo egunero gaixotegiren batetan hil zorian daudenak laguntzen eta bizitzan behin bakarrik gertatzen den heriotza hori egunerokotasun hortan ikusten ohitu dena...: horik guztiok gogoratzen ditut, zerbitzuzko izpiritu hori aipatzen dudanean».

Hau guztiau ez da —dio teologoak— iheskeria ideologiko bat, gaurko itxurazko erorialdiarentzat* asmatzen den kontsolabide bat. Lehenago ere, Konpainiaren historia holako jokabidez bete baterik dago. Errautsaren azpian, hori guztiori bizi bizirik dago oraindik. (Iñaki Iturriotz)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale hontan izartto batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADITZE, percibir, sentir. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

AFALOSTE, afalondo. (OSTE, atze. OZTE, gentío).

AFERA, arazo.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGI DENEZ, dirudienez.

AGINTZE, prometatze.

AGOITZ, Aoiz.

AHAL, ojalá.

AHALKEGARRI, lotsagarri.

AHALKETZE, lotsatze. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

AIENATZE, ahuyentar, chasser.

AITZINERA, aurrera.

AITZINDARI, jefe.

ALA, o qué?

ALDE, diferencia.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALTSATSU, Alsasua.

ANITZ, asko.

ANTZATSU, trebe. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ANTZOKI, teatro.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATZE, aztertze, ikertze.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARGUDIATU, argumentado.

ARGUDIO, argumento.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAPASTAKA, atropelladamente.

ARRAS, guztiz, osoki, erabat.

ARRENKURA, queja, inquietud, preocupación. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ARRUNT, común, ordinario.

ARTEKA, hendidura estrecha, petite fente.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ATXIKI, conservado, mantenido.

AURITZ, Burguete.

AURRETIA, antelación. (Asko erabiltzen da Bizkaian.)

AUSART, valiente, osado, intrépido.

AXOLA, ardura.

AUSARTZIA, atrevimiento. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

BAILITZEN, balitz bezala.

BAITAKO, -gango, barruko, barneko

BAKAN, raro.

BALIA, erabil.

BALIATZE, erabiltze.

BAPATEKO (bat + bateko), repentino.

BATZU, unos. (Batzuk aktibo, batzu pasivo.)

BATZUEK, los unos. (BATZUK, unos.)

BATZUREKIN, con unos. (BATZUEKIN, con los unos.)

BATZUREN, de unos. (BATZUEN, de los unos.)

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEHEITI, behera.

BEHARREZ, con voluntad decidida de. (Ikus Pierre Lhanderen hiztegia.)

BEHINBEHINKO, behinbehingoz, por el momento.

BEREIZI, particular. (Ikus «Bat bitan banatzen da» liburua.)

BESTA, festa, fiesta.

BEZERERIA, clientela.

BIDE, beharbada, nonbait, antza.

BIDEZKO, justo, legítimo.

BIEZAT, beist.

BILAKA, convertir.

BILAKAERA, evolución.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BILKURA, bilera, reunión.

BOKART, anchoa.

BOLADA, temporada.

BORTIZKI, fuertemente.

BOZKATU, votado. (Bozkatu ziren ala bozkatu zuten?)

BOZKETA, votación.

BURGOMAISU, burgomaestre, alcalde.

BURU EGIN, resistir, hacer frente.

DAKIKEGU, dakigu nonbait, puede que sepamos.

DATEKE, da nonbait, debe de ser, puede que sea, será.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

DEBEKATZE, prohibir, impedir. (Ikus aditz honen erregimena «Axularren Hiztegia»n.)

DEITORAGARRI, lamentable.

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DELIBERATU, erabaki. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

DERIZKIOT, deritzot, deritzat, erizten diot (deutsat).

DERRIGOR, derrigorrez, baitezpada.

DEUS, ezer.

DITUZKET, ditut nonbait, debo de tenerlos, puede que los tenga.

DEUSEZTE, ezerezte, deuseztatze, ezereztatze.

DEUSEZTATU, ezereztatu, anulado, suprimido.

DOI, ozta.

DONEZTEBE, Santesteban.

DUKEGU, dugu nonbait.

EDIROTE, edireite, hallar, trouver. (Axularrek ediren, Mogelek eta Barrutiok ediro).

EGUN, gaur.

EKAIN, junio.

ELABERRI, novela, roman.

EMATEN DU, dirudi, da la impresión.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.

ERANTSI, añadido, ajouté. (ERANTZI, desvestido.)

ERAUZI, derribado, arrancado, renversé, arraché.

ERAZTEKO ORDE, erazi ordez.

ERDIETSI, lortu.

ERIZPIDE, criterio.

ERIZTEN ZAIO, deitzen da.

EROATE, eramate.

ERORI, jausi.

ERORIALDI, decadencia.

ERRETORE, párroco.

ERRONKARI, El Roncal.

ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

ESKAKIZUN, exigencia.

ESKARMENTU, galen, escarmiento, leçon, desillusion. (Ikus GALENDU Azkueren hiztegian eta Mitxelenak aldizkari honen 300. zenbakian idatzi duen artikuluan.)

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos.)

ESMOIL, tosco, rustre.

EUTSI, asido, saisi.

EZBAI, duda.

EZBAIKETA, dialéctica. (Ikus «Bat bitan banatzen da» liburua.)

EZEZIK, no solamente.

EZEZTATZE, hacer desaparecer, eliminar, borrar.

FROGA, prueba, demostración, experimento.

FROGANTZA, prueba, argumento. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, ganore, sustancialidad.

GALEN, eskarmentu, escarmiento, desillusion.

GARES, Puentelarreina.

GELDOTASUN, lentitud, pesadez.

GERTAKARI, gertaera, gertatu den zerbait. (GERTAKIZUN, gerta litekeen zerbait.) Idazle askok nahasi egiten dituzte esannahi biok.

GERTATZE, resultar.

GISA (1), modu, ero.

GISA (2), bezala, legez.

GIZAKI, ser humano, ente humano.

GOGO IZAN, nahi izan, gure izan. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

GOITI, gora.

GUTIZ GEHIENAK, kasik guztiak.

GUZTIZ, guztiz ere, batez ere, bereziki. (Ikus GUZTIZ ERE «Axularren Hiztegia»n.)

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)

HALABER, así mismo, igualmente.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

HARMADA, ejército.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HAUTESKUNDE, elección por votación.

HEGI, ertz.

HAZIL, noviembre.

HEIN, neurri, medido, proporción.

HELBIDE, dirección, adresse. (ZUZENBIDE, justicia, derecho.)

HERRI JANTZI, traje popular.

HERTSATU, apretado, forzado.

HERTSI, hestu.

HETSI, hitxi, cerrado, fermé.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HIGUINTZE, repugnar. (Ikus aditz honen erregimena «Axularren Hiztegia»n.)

HILDO, surco, sillon. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

HIZKIRIMIRI, chascarrillo, donaire, chiste, plaisanterie.

HIZPIDE (hitz + bide), berbabide, discusión, asunto de conversación.

HORBEL, hojarasca, hoja caída, feuille sèche tombée.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik posibo.)

HORREGATIO, sin embargo, néanmoins.

HORREN, hain, tan.

HORTAZ, beraz, por consiguiente.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HÜSTIRO, hustiro, explotación.

IAIO, bikain, excelente.

IDAZKARI, sekretari. (Ikus SEKRETARI «Axularren Hiztegia»n.)

IGORTZE, bidaltze.

INKESTA, encuesta.

IRAIL, septiembre.

IRIBERRI, Villanueva de Aezcoa.

IRITSI, heldu

ITAUNKETA, interrogatorio.

ITSATSI, adherido.

IXILDU ZIRENEKO, tan pronto callaron, para cuando callaron.

JADANIK, ya.

JALGI, atera.

JARIATU, manado, derivado.

JASAN, soportado.

JASATE, soportar.

JOSKERA, sintaxis.

JOSTAILU, juguete.

KALAPITA, tumulto.

KARRIKA KURRIDA, kale kurrido, kaleketa (ikus zezenketa), manifestación callejera.

KINKA, momento, situación.

KOLPATU, golpeado.

KONTSEILARI, udal kontseilari, concejal.

KOPURU, suma, número.

KUDEATZE, dirigir.

LAGUNDU, ayudado, aidé. (Aditz hau erregimen honekin ere erabiltzen da. Beharbada, erregimen hau hautatu behar genuke euskara baturako.)

LAIDOZTATU, injuriado, afrentado, ultrajado.

LANDAK, Frantziako Landes.

LANKETARI, lan bila dabilena.

LARRI, apuradamente, con apuros.

LAUSOTZE, empañar, ternir.

LEGEZ, bezala.

LEHERDURA, explosión, desenlace.

LEKUKO, testigu.

LIBERA, franco.

LIBURUKI, tomo.

LIZARRA, Estella.

LORIATSU, glorioso.

LUZAIDE, Valcarlos.

MAIZ, sarri.

MAMU, fantasma, fantôme.

MENDEBALDE (mendebal [viento del oeste] + alde), occidente, Oeste.

MERINALDE, merindad.

MEZU, mandatu, mensaje.

MILIAR, mila milioi.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NAFARROA BEHERE, Baja Navarra. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

NASAI, abundante.

NOLATAN, nola, zela.

NON, que. (Ikus «Axularren Hiztegia»)

OHIKI, ohituki, comúnmente, habitualmente.

OLAZTI, Olagazutia.

OLDE, instinto, impulso interior.

ONTSA, ondo, ongi.

OREN, ordu.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OROKOR, general, relativo a todos y cada uno.

ORREAGA, Roncesvalles, Roncevaux.

OSAGAILU, osagarri, complemento.

OTSO, lobo, loup. (HARTZ, oso, ours.)

OZTA, doi.

PATXADATSU, detenido, reposado.

PE, azpi.

PIKA, espada (en los naipes).

PIRINIOAK, Los Pirineos. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

PLEINITZE, quejarse, plaindre.

PRESTU, honrado, prestigioso. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

PROBETXATZE, aprovechar, profiter. (Ikus aditz honen erregimena «Axularren Hiztegia»n.)

SAIL, asunto.

SALDISE, Saldias.

SINADURA, firma.

SINETSI, convencido, convaincu.

SOS, diru.

SUKAR, fiebre, calentura.

SUNTSITZE, hondatze.

TAMAINA, tamaño, volumen.

TANKERA, traza, carácter, índole, estilo.

TAXUZ, adecuadamente, apropiadamente, convenientemente.

TENORE, garai, aldi, ordu.

TRINKO, sólido.

TRINKOTASUN, solidez.

TUTERA, Tudela.

TXOSTEN, escrito corto.

UDAL, municipio.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

UNADA (une + ada), período. (Oso erabilia Bizkaian.)

UNTZI, barco, embarcación. (ONTZI, vaso, recipiente.)

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

URTEKARI, anuario.

USTEKIZUN, teoria.

USU, sarri, maiz.

XALOTASUN, sencillez, simplicidad.

XEDATU, determinado, demarcado, fijado.

XEDE, propósito, objetivo.

ZAIN, zan, sustrai, erro.

ZANKOTZA, Sangüesa.

ZAPUZTE, repudiar.

ZARAITZU, Salazar.

ZARTATZE, reventar, hacer explosión.

ZEIN, nahiz, o, ou.

ZEINTZU, cuáles. (ZEIN, cuál.)

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, impuesto, contribución.

ZEZENKETA, corrida de toros.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, zinetan, benetan.

ZURRUNDU, vuelto lento, vuelto pesado.


Gexan Lantziri

Gexan, gizon prestua,* gizon jatorra. Irribarre goxoa beti ezpainetan. Gaur ere bai. Eta hori ez da erraza. Lanik gabe baitago Gexan. Gure irakurleentzat ezaguna Gexan. Zenbat aldiz irakurri dituzten gure irakurleek Iparraldeko berriak eta albisteak, haren lumak ezaguteraziak! Kasu berezi bat da Gexan: kazetaria da bizibidez. Hortik bizi zen. Euskal kazetarien artean ez dago lanbidez periodista den askorik.

ANAITASUNAren azken zenbakietan —oraingo hontan hasi da berriro— Gexanen idazlanik ez dugu jaso. Zer gertatzen da?

— Zer gertatzen da, Gexan?

— Lanik gabe nago. ANAITASUNAn idazten ez badut, kazetetan idatziz lehen nuen erritmoa galdu dudalako da. Lehen albistearen gain nengoen, eta idaztea ez zitzaidan kostatzen. Egun,* beste lan batzutan nabil.

— Utzi egin duzu kazetaritza?

— Lana galdua dut. Kanpo gelditu naiz, maiatzaren 15ean, hetsi* egin baitigute lan lekua. Kontzentrazioaren ondorioak jasaten* ari gara.

— Non lan egiten zenuen?

— «L'Écho du Sud-Ouest» egunkarian nengoen, 1974.eko hazilaz* geroztik. Hemen hiru sail eramaten nituen. Bi erdaraz eta bat euskaraz. Frantsesez, egunero Baionako berriak, eta astean behin «De la Bidasoa à l'Èbre» Hegoaldeko berriez. Euskarazko sail bat ere ba nuen larunbatero.

— Baina, oker ez banago, «Basque-Éclair» egunkarian lan gehiago egin duzu, ezta?

— Lau urte egon naiz hor. 1970.eko urtarrilean sartu nintzen. «Basque-Éclair» hau, Paueko «Éclair-Pyrénées» egunkariaren Euskal Herrirako edizio bat zen. Hemen ere hiru sail nituen. Baionako aktualitatea egunero, astero «Le Pays-Basque à vol d'oiseau» Hegoaldeko informazioarekin; eta euskaraz astean hiru aldiz idazten nuen. Zoritxarrez, egunkari honek Euskal Herrirako edizioa kendu egin zuen. Pauera joatea proposatu zidaten orduan, han lan egiteko. Nahiago izan dut, lana galdurik ere, Euskal Herrian gelditu.

— Lanik berriz lortzeko esperantzarik?

— Oraingoz ez. Ba liteke laster zerbait egitea. Eskatzen badidate... Izatekotan ere, egunkari tipiren batetan izanen litzateke, zeren* eta «Sud-Ouest»en ez baitago lekurik. Egunkari honek 22 edizio egiten ditu, 10 departamendutan, 1.400.000z goiti* abonatu dituelarik. Euskal Herrirako ere ba du edizio bat.

— Nola ulertu duzu zuk zeure kazetaritza?

— Begira! Nik parte hartu dudan egunkari horik* eskuindarrak dira. Ez dira euskaltzaleak. Hor sartuz, zerbait baino gehiago egiten nuelakoan nago. Informazioa, geurea, gero eta errazago pasatzen zen. Hastean nekez, gero errazago. Gure berriak pasatzeko, eta Euskal Herria beronen osotasunean tratatzeko, beste biderik ez dago. Geure mundua eta geure arazoak, geure ikuspegitik eman behar ditugu ezagutzera. Ez ala?*

— Eta zertan zara orain?

— Esan dizut: lanik gabe. Bazterlan batzutan ari naiz. ZABALekoak-eta laguntzen. Ikastolarekin eta.

— ANAITASUNAn idazten segitzekotan zara?

— Bai, noski. Gogoko zait.

Joan ALTZIBAR