ANAITASUNA

Año I — Núm. 3

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Septiembre 1953


Gaurko gaixoa

Neskatilla aren erantzupenak arri ta zur itxi ninduan. "Egin dot nik eleizan Jainkoagazko egitekoa. Ez da ori naikoa ala?". Eta au esan ostean, trankil trankil bere mutillagaz ziñe zantar bat ikustera joan zan.

Neskatilla agan, persona bi lakoxe bizi zirean: bata goizean eleizara, bestea illuntzean nasaikerira joaten zana. Bere arimea, erdibituta-lez egoan; bikotxa zan.

Zoritxarrez, bikoizkeri orixe, dualismo orixe da ogeigarren gizaldiko kristiñauen gaixoa. Eleiza barruan erakusten dituen fedea, zintzotasuna, batasuna, adorea, antxe geratuten dira; ez dabe urtetan plazara, ziñera, kafera, plaiara, mendira. Erlegiñoa, antza danez, ona da eleizarako, baiña ez bizitzarako.

Entzun au:

Bizkaia ta Gipuzkoa, meza entzuten ta Pazkoz komulgetan, Espaiñi guztian lenenetarikoak dira.

Ta orren ondoan entzun beste au:

Bizkaia ta Gipuzkoa, saillez sail, —au da, proporziñoa kontuan euki-ta,— Espaiñi osoan ardaorik geien edaten dabenak dira. (Gauza ona da ardaoa, baiña ez larregi edatea).

Ta olantxe beste puntu askotan. Jantzi bat eleizarako, beste bat kalerako. Erdibitu egin dogu gure arimea.

Zegaitik bikoizkeri ori, dualismo ori? Kristiñau oso osoak izaten bagara, gero triste biziko gareala-ta?

Munduaren aurrean, soziedade bizitzan kristiñau-lez agertzeko lotsa ta bildur garealako?

Edonoiz eta edonun zintzoak izateko, danok batera, alkarregaz indartuta, ekin bear geunkealako?

Bai! Orrexegaitik-edo uste dot dala. Baiña, baita beste gauza bategaitik-bere.

Ez daukogu gure begien aurrean ames aundirik, idealismo zoragarririk: jaioterri oba baten amesa, alkar maitasunaren idealismoa.

Ames orreek bageunkoz, bene benetan sentiduko bagenduz, nora ezean Kristogana joko geunke, ta bere jarraitzailleak gareana edonoiz eta edonun erakutsiko.


Kurutzegrama N.º 1


Olgetan-benetan

Neskak, gogaituta naukazut; beti entzuten zaituet jantzien ganean berbetan.

Beste gauza altuagoak erabilli bear dozuez zuen artean.

— Bai, aita! Orixe gagoz egiten. Sonbreruen ganean berba egiten gabiltz.

***

— Nire mutillak bost urte bakarrik ditu, ta amar killoko egurrak altzetan dauz.

— Ba... nireak askoz geiago egiten dau.

— Benetan?

— Bai, gizon! Bost illabete bakarrik ditu, ta gabaz etxeko guztiok altzetan gaitu.

***

Telefonoz emakume larri batek osagilleari:

— Mediku Jauna, mesedez! Etorri leiteke beingo beingoan? Umeak, iruntsi egin deust luma estilografikua.

— Aitearen! Luma estilografikua! Banoa jarraian.

— Eskerrik asko, Jauna! Ta esan beist: Bien bitartea zer egingo dot?

— Ba, lumearen ordez, lapizegaz eskribidu!


Ba dakizu...?

Sakramentuak

4.—Zer dira Illen Sakramentuak, eta zegaitik deritxoe olan?

5.—Sakramentu guztiak emoten dabe grazia, baiña esaidazuz gauzatxo bi:

a) Sakramentuak eurak dira graziaren iturri, ala

b) Jainkoa bera ez ete da, Sakramentuen okasiñoz, arimetara grazia bialtzen dabena?

6.—Bein baten, Aita Paulok Bateoko zeremoni guztiak ondo ta zeatz egin zituan, baina bere senetik urtenda eta zer egiten eban ez ekiala. Sakramentuak, eurak euretara grazia emoten badabe, orduan Bateo ori ona izan zan. Oker nago, ala zuzen?

7.—Zerura joateko, zeintzuk dira bear bearreko Sakramentuak?

(Erantzupenak azkenengo pagiñan)


Adiskide

ZURE GAZTAROAN AINBAT GOZOEN BIZITEKO ETA LOTAN EZ EGOTEKO

EZ EIZU PASAU ZURE EDADERIK EDERRENA

EGOISMO ZEKENEAN,

NORBEREKERIAK TXIKIA EGITEN ZAITU-TA.

Ez saldu zure gaztetasuna pasiño ziztrin bateri, griña txar orrek arnasa artzen-be ez deutsu itxiko-ta; ez euki lan egin barik biziteko amesa, "señorito"en antzera, ogei urtera ezkero mutil nai neska zar bat eginda geratuko zara-ta.

ZURE GAZTETASUNA EZ IGARTU GUZURREZKO BIZITZAN

iñoren amoreagaz olgetan,

bear ez dana maitetan zabiltzala.

Ez egin ori, gauza aundiagorako zara-ta.

MAITE EGIZU BIOTZ GUZTITIK BENETAKO AMOREA,

BIZI ZAITEZ BENETAKO ASKATASUNEAN,

LAN EGIZU ZURE ERRIA BARRIZTETAN.

EZ IGARO GAZTE DENPOREA, ZURE BIOTZA ERDIZKA BAKARRIK BETETAN DABEN IDEALISMOAN, GAUZA ONAREN ANTZA BAKARRIK DAUKON ASMAKERIAN; GERO AZKENEAN, GAZTAROA JOAN YATZUNEAN, BIZITZARAKO PRESTAERA BARIK GERATUKO ZARA-TA.

Zure arimea aundiegia da, domeketan mendi tontorretan artzen dozun aize garbiagaz naikotuteko, amorezko kantakaz, futbol nai pelota partiduakaz, jantzan ibilliagaz asetuteko.

EZ EIOZU EMON ZURE GAZTETASUNA GUZURREZKO MISTIKEARI, azkenean dotriña txar orrek galdu egingo zaitu-ta: edo buruzale utsa biurtuko zara, edo betiko sosegu barik biziko.

EMON EIOZU KRISTORI, EMON BERARI ZURE GAZTE BIZITZEA, kristiñautasuna mistika bat da-ta: indartsuena, bizkorrena, eragilleena, zure arimea gonbururaiño beteko dabena, mundua salbau leikean bizimodu bakarra.

FEDE TA BIOTZEZ KRISTORI EMONDA ZAGOZAN GAZTEA!

Jakin eizu kristiñau erlegiñoa Ideal bat dala, elburu ederra, gogoa guztiz betetan daben dotriñea, ezin obeto biziteko bidea.


Jakin ba...

4.—Bateoa ta Penitentzia dira Illen Sakramentuak. Eta esango deutsut zegaitik. Pekatuak kentzen deusku grazizko bizitzea. Jatorrizko pekatuan ilda gengozala, Bateoaren bidez etorri giñean bizitza orretara. Bateatuta gero, pekatu mortalagaitik bizitza ori ilten baiaku, Penitentzi edo Confesiñoko Sakramentuak ekarriko gaitu barriro grazizko bizitzara. Orra or Bateoa ta Penitentzia zegaitik direan Illen Sakramentuak.

5.—Sakramentuak egiteko bear direan zeremoniak (esate baterako: Bateoan uragaz busti ta berbak esan) graziaren benetako kausa dira, ez bakarrik okasiño; graziaren iturri dira, ez bakarrik graziaren bide.

Alantxe gura izan dau Jainkoak, Sakramentuen Egilleak. Orixe adierazoten deuskue Teologoak, Sakramentuak Jainkoaren grazia ex opere operato emoten dabela diñoenean.

6.—Oker zagoz. Sakramentuak eta euren zeremoniak ondo egiñez ganera, Jesukristok eta bere Eleizeak gura dabena egiteko intentziñoa euki bear dau Sakramentu emoilleak. Aita Paulo gizajoak, egokera orretan, ezin euki intentziño ori. Orrexegaitik, berak egiñiko Bateoak ez eban balio izan.

7.—Salbetako, Bateoa da bear bearreko Sakramentua. Bateatuta gero, pekatu aztunean jausi ezkero, Konfesiñoko Sakramentu barik edo kontriziñozko damu barik ezin geintekez salbau.

Onek ez dau esan gura Konfirmaziñoa, Eukaristia ta Azken Oleaziñoa artu ezarren, ez dala ardura. Beste baten jakingo dozu noiz eta zelan daukogun Sakramentu orreek artzeko obligaziñoa.


Or, an, emen

 Erderaz berba egiten daben katolikuak. Ba dakizue aurki Osservatore Romano periodikua, Erromako Vatikanoan argitaratuten dana. Periodiku orrek diñoan-lez, mundu guztiko katolikuen artean, euneko ogetamazortzik (38,04%) erderaz berba egiten dabe. Andorra: 5 000; Argentina: 14.955.245; Bolibia: 3.851.022; Chile: 5.500.000; Colombia: 10.450 000 Costa Rica: 807.260; Cuba: 4.000.000; Santo Domingo: 2.211.834; Ecuador: 3.123.000; El Salvador: 1.675.000; Espaiñia: 29.516.467; Filipinas: 16.000.000; Guatemala: 3.011.550; Guinea Espaiñola: 112.959; Honduras: 1.502.000; Mexiko: 25.268.008; Marroco Espaiñola: 113.164; Nicaragua: 1.142.622; Panama: 610.000; Paraguay: 1.611.000; Peru: 8.070.039; Porto Rico: 2.030 000; Uruguay: 1.885.000; Venezuela: 5.225 000. Erderaz egiten daben katoliku guztiak batera jota: 142.676.170.

 Norte Amerikako eleizgizonik ospetsuena. Arean bere, Fulton Sheen Jauna da Ipar Amerikako eleiz-gizonik famatuena, New York'eko Kardenalaren Obispo Laguntzaillea da. Entzute aundia lortu eban, orain 23 urte direala, domekan domekan radioz berba egiten asi zanean. Eta fama ori, ara bere aundiagoa egin zan, telebisiñoa agertu zanean. Millaka dira beragaitik katoliku egin direan protestanteak. Zazpireun ta berrogetamar milla karta bialdu deutsoez bere entzuleak azkenengo bederatzi illabeteetan.