ANAITASUNA

296. zenb.

1975.eko apirilaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

Urteko abonamendua:

Bertorako 300 pezeta

Latin Amerikarako 320 »

Europa eta Ipar Amerikarako 330 »

Ale bakoitza: 15 pezeta.

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Leku emakumeei!

 Erromako autobus batzutan idazki hauxe ikus daiteke: «Leku egizu ezinduei,* zaharrei, emakumeei!» Lehengo egunean protesta garratza egiten zuen horren kontra emakume batek egunkarian: Ezinduekin berdintzen gaituzue...!» Ez zuen esaten «zaharrekin berdintzen gaituzue». Baina jakintzat eman beharko da, ez zitzaiokeela atsegin beraren adinari buruz galdetzea; agian* nahiago zukeen ezindutzat hartua izatea, zahartzat baino.

UNOko gizonezkoek Emakumearen Urtea izendatu dute aurtengoa. Emakumearen alde burrukan ari den emazteki* zenbaitek ez du gogo onez hartu: «Lausengua* egin nahi izan digu UNOk; baina irain hutsa da guretzat». Horien ustez, urtebete bat eskaini nahi zaio emakumeari, hurrengoak kendu ahal izateko. Honelako zerbaiten esperantza du ZERUKO ARGIAko Olariagatar jaunak ere bere ateraldi honetan: «1975: Nazioarteko Emakumearen Urtea. Graziak urte bat azkar pasatzen dela».

UNOri jarraikiz, Estatu bakoitzak ospatsuki ireki izan du «Emakumearen Urtea». Eta emakumearen alde zerbait egiteko xedeak* agertu ere bai. Baina emakume askok, agintzari* horiei begira egon gabe, nahiago dute beren aldetik emakumearen eskubideen alde burrukatu, ez baitute uste handirik, gizonezkoak gizartean dituzten abantailak uzteko edo zabaltzeko oso prest egongo direnik. Edonork ukan dezakeela uste dut, horrelako susmorik. Gizonezkoek bigun eta eder agertu nahi dute beren burua emakumeen aurrean Agian ez dute uste, emakume horietako batzuren burrukak luzaroegi iraungo duenik, eta horregatik erraza da emakumeari urtebete eskaintzea, bere kezkak, nigarrak eta eskabideak gizonari adieraz diezazkion. Gizonezkoek barne barnean ez dute uste, emakume burrukalari horik benetan ari direnik, itxurak egiten baizik; ez baitie senak ematen, emakumeak gizarteko eskubideetan gizonezkoaren parean bere burua jarri nahi lezakeenik. Eta, azkenik eta batez ere gizonezkoek ez dute uste, emakumeak gizonezkoarekiko erakarpena* eta edertasuna benetako burruka latz eta iraunkor batez itsus. teko prest daudenik.

Hala ere, UNOren asmo «onak» eta gizonezkoen uste «pollitak» aparte, emakume asko, gizonezkoen gizartearen kontrako burruka aurrera eramateko eta horretan gogor irauteko prest dagoela agertu nahian dabil. Lehengo Udako Euskal Unibertsitatean, han ari ziren emakumezkoek beren bilera egin zuten. Deia oso agerian jarri » ten, gizonezkoek bilera hartan eskuhartzerik ez zutela jakin eraziz, Sorturiko asmoak eta harturiko erabakiak ez zituzten orduan agertu. Baina geroztik ZABAL aldizkarian ageri bat zabaldua dute iparraldeko emakume batzuk, elkarte bat sortua dutela adieraziz eta euskal emakumeei elkartera biltzeko eskatuz. Gaurko euskal herri gintzan ukan nahi duten eskua tinko* eskatzen dute, oraingoz baztertuegi daudela salatuz. Eta ez daude, nonbait, hitz hutsetan geratzekotan.

Emakumeak lantegian

Europako Ekonomi Elkarteak ere nolabait ekintzetara jo gura izan du Emakumearen Urte honetan, eta lan saria gizonezkoei eta emakumezkoei berdintzea erabaki du, elkarkide diren Estatu guztiak horretara behartuz, datorren urtetik aurrerantzean. Lan berdina egiten dutelarik, soldata berdina behar dute emakumezkoek eta gizonezkoek irabazi.

 Orain arte nabarmenak izan dira aldeak. Batez beste, 8.59 marko irabazten ditu orduko Alemaniako langile gizonezkoak; emakume langileak, ordea, 6.02 marko. Frantzian 8.55 franko orduko langile gizonezkoak; emakumeak, ostera, 6.96 franko. Italian 1.014 lira orduko gizonezko langileak; emakumezkoak, berriz, 774 lira. Alde hauk* kendu egingo dira datorren urtetik aitzina.

Baina honelako erabaki batez ez dira berdintzen gizonezkoen eta emakumeen eskubideak, lanerako aukerak ere berdintzen ez badira. EEEn 70 milioi dira langile gizonezkoak; emakumeak, ostera, 36 milioi. Eta lantegi askok ez dio emakumezkoari aukera berdinik ematen, ez baita fidatzen emakumearen lan emankortasunaz. Lan eskasia datorrenean, lehenik emakumeek utzi behar izaten dute lana Europan egin diren azterketek agertzen dutenez.

Horretaz gainera, gizonezkoaren eta emakumearen lanbideak eta irabazpideak benetan berdintzeko, etxeko lanak ere bien artean ba natu beharra dagoela adierazi nahi du emakumearen burrukak. Emakumea, lantegikoa bukatu eta gero, etxeko lan osoa egitera behartua dagoelarik, gizonezkoaren zerbitzari edo mirabe hutsa bihurtzen da azkenik. Lantegira joaten ez bada, ostera, eta bere irabazpidea gizonezkoak bezala ez badu, honen mirabe bilakatzen da orduan ere, gizonezkoak mantentzen duelako «kontzientzia txarra» eraman beharrean delarik. Irtenbidea hauxe da: biek aukera berdinak izatea irabazpiderako, eta bien artean banatzea etxeko eginkizunak. Emakumeek lanera irten gura dutela adierazi dute. Zergatik. Itaunketa batek eman duenez, «asperraren* asperrez ez hiltzearren», edo «horrela izan behar duelako», edo «senarrak aski irabazten ez duelako», edo eta «nork bere burua osatzeko». Dena deia, emakumeak lanbide eta irabazpide batetarako aukera ukan nahi du gaurko gizartean. Sarritan, ordea, haurrek behartzen dute etxean egotera, haurtzainik aurkitu ezin duelako edo haurtegirik ez dagoelako. Eskubideak benetan aitortzeak, eragozpen hauk guztiok konpontzera behartzen du gizartea.

Emakumeak politikan

Urte honek, politik alorrean behintzat, emakumeari bideak irekiko dizkiola dirudi. Lehendik ba dira bi emakume bederen Estatuen lehendakaritza nagusia daramatenak: Indian eta Argentinan. Israeleko Golda Mair ezaguna izan dugu guztiok.

Europari gagozkiolarik, Frantzian Giscard d'Estaingek lau ministergo nagusi eman dizkie emakumeei. Danimarkan bi emakume dira ministru; Alemanian bat. Italiak ez du emakumerik Gobernuan, sekretaritzaren batetan ez baldin bada. Baina oraindik berriki Kristau Demokraziak emakume bat hautatu du sekretari ordezkotzat. Baina Europan politik bideetan emakumeen aurtengo garaipenik handiena Ingalaterrako Margaret Thatcher andrearena izan da, Alderdi Kontserbakorraren buru egin delarik, Heath jaunari irabaziz eta beharbada laster premier izateko bideak irekiz.

Vatikanoa ere, urte honetan, bigundu egin da emakumeei buruz. Orain dela zenbait urte, oso nabarmena gertatu zen, nola Vatikanoak ez zuen onhartu, Alemaniak enbasadore bezala bidali zion emakumea. Kontzilioaren ostean gertatu zen hau, baina Kontzilioak ez zuen oraino ageririk eman emakumeen eskubideei buruz. Aurten, ordea, emakume beltz baten enbasador kredentzialak hartu ditu Paulo VI.ak, Tanzaniako Gobernuak Bernadette Olowo andrea izendatu baitu bere errepresentatzaile Alemania Federalean eta Vatikanoan. Vatikanoak ez du eragozpenik ezarri.

Ia Europa osoan dituzte emakumeek, gizonek bezala, politik hauteskundeetako eskubideak. Baina zein aldetara hautatzen dute emakumeek? Oso aipatua izan da, Frantziako hauteskundeetan batez ere, emakumeek eskuin aldera hautatu izan dutela: De Gaulle-ren alde ateratzen ziren emakumeak. Gordezaleak, kontserbakorrak, omen dira emakumeak politik alorrean. Baina nabarmena hauxe da: Emakumearen eskubideen alde burrukatzen ari diren emakume elkarte guztiek ezkerrera jotzen dutela. Italiako Kristau Demokraziak gero eta emakume guttiago izan du, urtez urte, bere alde: batetik, burrukalarien radikalismoa ezkerretik dabilelako; eta bestetik, emakumea, bere etxe txokoa edo baserria utzirik, lantegira doanean, erdiko eta eskuineko politik alderdietatik ezkerrekoetara aldatzen delako. Italiako Kristau Demokraziak, hain zuzen ere, nekazarien artean izan du betidanik bere indarrik tinkoena. Gizarte tradizional hau apurtu nahian dabiltzan emakumeak, aldiz. politikan ere ezkerrera abiatzen dira.

Euskal emakumeok, bat zaitezte!

 Honelaxe entzun dut nik, Baionako emakume taldeak ZABAL aldizkarian bidali duen deia. Euskal emakumeen iraultza oihua! Euskal etxekoandre baketsu eta ixil hura asaldatu egin da, eta herrira (Herrira) jalgi nahi du. Kalea, lantegia, ikastola, Herria bere eskuetan hartu gura ditu. Etxekoandre zenak, Herriko andre bihurtu nahi. Euskal emakume gordezale hura iraultzaile bilakatu da.

Jakingarria izango litzateke, Euskal Herriaren historian eta euskal kulturaren bilakabidean emakumeak ukan izan duen eginkizuna aztertzea. Agian, Emakumearen Urte honetan euskal emakumearen kondairaren bat argitaratzera ausartuko da baten bat. Dena dela, beharrezkoa da argitzea, azken urteotan Euskal Herriaren gorabeheretan emakumeek eman dutena, alde batetik, eta gaurko Euskal Herrian emakume horiek duten gizartezko egoera, bestetik. Baionako taldearen ustez, bazterturik dago euskal emakumea. Hartu egiten du eta ez eman gaurko Herriaren dinamikan. Aurten aurrera eramateko gogoeta gala ematen du Baionako emakume taldeak. Zer toki du euskal emakumeak gaurko euskal gizartean? Zein da haren egoera lanbideari buruz? Zein haren eginkizuna euskal kulturan? Zein haren indarra euskal politikan? Zein da emakumearen egitekoa euskal herrigintzan?

Garai batetan hauxe zen euskal emakume gehienen zoria*: eskola, neskame* edo amaren laguntzaile, ezkontza. Gaur Unibertsitatea eta lantegiak irekiak daduzka. Baina lantegira doanarentzat ba dago galderarik, ez soldata aldetik bakarrik eta bai lanbidearen etorkizunaren aldetik ere. Unibertsitatera doazenetatik zenbat neskak du, gero bere karrera horretatik lanbidea aurkitzeko eta betetzeko aukerarik? Euskal neskak baserria utzi egin du, sarritan gizonaren kontrako burruka batetan. Baina ez da gauza segura, bere lanbidearen eta bizibidearen arazoa konpondu duenik. Horregatik ere lantegietako eta Unibertsitateko burruketan eta grebetan, burrukalari ezezik* aitzindari ere ba dira sarritan, inoiz gizonezkoak baino ausartagoak.*

 Euskal kulturaren eta euskal emakumearen arteko harremana sarritan aipatua eta eztabaidatua izan da. Oraindik urte asko« dela, baserriko nesken artean ere —zeresanik ez kalekoen artean— modan zegoen erdaraz egitea. Gaurregun ere oraindik ez da suntsitu* joera hura. Ugariak eta larriak izan dira etxekoandreei eta amei egin zaizkien deiak, euskara salbatzeko oinharriak berok direla eta. Hau egia bada ere, gaurko euskal kultura ez da osatzen etxean, kalean eta eskolan baizik. Horregatik ere etxekoandrearen kultur eginkizuna, ikastolako, lizeoko eta Unibertsitateko euskal irakasle emakumearen eginkizunarekin bat doa. Emakumeen fruitua izan dira neurri handi batetan ikastolak. Hortxe iruditzen zait, beste inon baino nabarmenago hartu duela gaurko euskal emakumeak bere kultur eginkizunaren kontzientzia. Hortxe ikusi du garai baietako bere etxeko kultur eginkizunaren jarraipena. Indar handi bat ba du hor euskal emakumeak gaurko gure kulturaren dinamikan. Baina, horrexegatik ere, larriagoa gertatzen da, serorek hainbeste eta hainbeste kolegiotan euskal kulturari buruz duten axolarik* eza, Indarra handia eta lekua zabala dutelarik, aurtengo Emakumearen Urte honetan zorrozki aztertu beharra dadukate serorek euskal kulturari buruz duten jokabidea eta betetzeko duten eginkizuna.

Idazkulturari eta arteari bagagozkie, nabarmena da euskal emakumeen hutsunea. Gure aldizkariak gizonezkoen izenez beterik datoz, eta noizbehinka bakarrik agertzen da emakumeren baten izena. Liburuen autoreak ia denak gizonezkoak dira. Baina ba da emakume baten edo besteren lan ederrik. Zarautzen Lizardiren omenez egin zen mahai inguruan hauxe berau salatu zen: ez zela agertu poeta emakumerik. Hala ere, dirudienez, gero eta ugariagoak izango dira euskal kulturaren alor hauetan emakumeak.

 Kultur alorrean bezalatsu, politik alorrean ere nabarmena da gizonezkoen eta emakumeen arteko aldea, Euskal Herrian. Aministralgoan ba dira emakume batzu, goi mailako agintaritza dutenak ere; baina ez dugu politik gidaririk ikusten euskal emakumeen artean, Dolores Ibarruri ezaguna eta aipatua* ez baldin bada. Baina euskal politikan batez ere, aspaldiko urteotan behintzat, ez dugu emakume gidaririk ikusten; eta ez da nonbait, nahi eta ahal ez dutelako, Baionako taldeak adierazten duenez. Euskal politik gizonezkoek eratuak eta osatuak dira. Emakumeek beren eskatzen dute. Ekintzarako gauza direla agertua dute, espetxean egon den edo dagoen zenbait emakumek erakutsia duen bezala,

Euskal Elizak ere behar luke zeresanik ukan Emakumearen Urte honetan. Euskal Herriko serorak, mila aldetatik, Kuriako edo komentuetako gizonezkoen babespe goxoan —edo latzean— daude. Gizonezkoen Eliza ofizialak Emakumearen Urtea goraipatzeak ironia hutsa ematen* du. Eta kezkagarri izan behar litzaizkioke Elizari, munduan ospatzen den urte hau eta emakumeek aurrera daramatzaten burrukak. Gizarte osoak legez, Elizak ere historiaren eta M tura «gizatarraren*» zama* daramala iruditzen zait.

 UNOk emakumearen alde antolatu duen urte honek «aitakeri» kutsua darama. Oroit gaitezen, gizonezkoak direla erakunde* horretako gehienak. Kutsu bera daramate, halaber,* karia* horretara bazterretan gizonezkoek egindako hitzaldiek eta idatzitako artikuluek, nire artikulu honek beronek ere. Emakumeek esan beharko digute —urte honetako ele* ederrak, hitzaldiak, damuak eta asmoak iraganak direnean— nolako gizarte berria ekarriko diguten. Aurten gizonezkoek esango dituzten guztien ondoren, euskal emakumeek esango digute zein euskal gizarte berri, zein euskal kultura berri, zein euskal politika berri, zein Euskal Herri berri eman nahi diguten.

Gizonezko batek


"Iberia Express"

Politik elkarteen gurutzebidea

Politik elkarteak oso oso arriskutsuak dira. Horregatik, nazio batzutan, lege aparte apartekoen bidez legeztatzen dira politik elkarteak. Baina (nork pentsa horrelakorik!) beste batzutan ez dute halako inportantzia handirik izaten; eta, hala ere, bizi dira, bizi.

 Espainiarako ere eredu izan litekeela pentsatuz, Danimarka Turkia eta Mexikoko Konstituzioetan esaten dena jaso dugu, gure irakurlearen begi zoliak ikustekoak ikus ditzan.

 Danimarkakoa oso laburra da: «Hirigizon guztiek dute, aldez aurretik emandako baimenik gabe eta edozein legezko helburutarako, elkarteak sortzeko eskubidea» (78. art.). Horretaz gain esan behar da, Danimarkako Gobernuak ez duela elkarteok deuseztatzeko* botererik, egiteko hori tribunalena bakarrik baita.

 Turkiako Konstituzioak hala dio: «Nornahik du, aldez aurretiko baimenik lortu gabe ere, elkarte bat sortzeko eskubidea» (29. art.).

 Mexikotik, ostera, beste hau datorkigu: «Edozein bidezko* eginkizunetarako, bake bidez elkartzeko eta biltzeko eskubidea ezingo da galerazi; baina arazo politikoetan partehartzea Errepublikako hirigizonei bakarrik dagokie» (9. art.).

 Hauk* eta argiagoak ere ba dira, hor nonbaiten, herrien bizitza gidatzen duten Konstituzioak. Hauxe da, Artzak esango lukeenez, «sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik» argitan ibiltzea. (Joanes Goia)

«Cambio 16», Euskal Herria eta besteak

 Segur aski* gure irakurle guztiek dakitenez, «Cambio 16» astekaria hiru astetarako isilerazia izan da berrikitan.* Astekari hau da, gaurko Espainiakoen artean, zabalkunde eta goraldirik handiena izan duena. Baina zergatik gertatu zaio hori aldizkariari?

 Isilaldiaren ondoren agertu den alean ikusi ahal izan dugu dena. Ministergoak bere «resultando» eta «considerando»etan azaltzen du emandako zigorraren arrazoina. «Resultando» hauetatik lehena, Escudero prokuradorearen eritziak emanez dator. Escudero jaunaren ustez, Euskal Herriak, bere nortasuna gordetzeko, premiazkoa du dezentralizazio hutsetan ez geratzea. Historiaren, kulturaren, legearen eta politikaren aldetik begiraturik, beharrezkoa da, «euskal arazoa» deitzen den horri irtenbide teknokratiko huts bat ez ematea. «Euskal nortasuna —esan du Escuderok— nortasun politiko bat da, dezentralizazioari loturik datorkeen aministraziozko mundu soila gainditzen duen nortasuna».

 Eritzi horietan, Espainiaren batasunaren kontrako zerbait egon litekeela salatu du Ministergo Fiskalak; eta Prentsa Legearen 2. artikulua eta Espainolen Foruaren 33.a aipatu ditu horren frogatan.* Gaurko Espainiako Estatuaren «Leyes Fundamentales» direlakoen aurka joanen lirateke Escuderoren eritziak. «Nortasun politiko hori eskatzen duten esaldi horietan argi dago beraien esannahi sakabanatzailea, eta konpon ezinak dira batasun nazionalarekin eta Estatuaren Oinharrizko Legeetan etengabe aipatzen diren 'unidad nacional', 'Estado Nacional', 'integración nacional', 'comunidad nacional', 'soberanía nacional' eta horrelako kontzeptuekin», dio Ministergoak.

Eta gehiago ere esan du. Oinharrizko Legeek, Estatu berri bat sortu nahi lukeen separatismoa ezezik,* gobernailu politiko-aministratzaile berezien bila doakeen edozein mugimendu autonomista ere kondenatzen dute; hain zuzen —dio «considerando» batek— gaurko Espainiako Estatua gerla aurreko autonomismoaren kontra joateko jaio zen. Altxamendu Nazionalaren oinharrizko ideietako bat da hauxe. Beraz, oraingo Estatu berriaren Oinharrizko Legeetan dagoen asmo bat horixe da: Altxamenduaren aurreko jarrera* autonomisten mugimenduak desegitea.

«Cambio 16» astekariari ezarri zaion isilaldiaren lehen arrazoina, Escudero jaunak gura izango lukeen Espainia barneko batasun autonomistaren aldeko eritzia izan da. Eritzi hau, beraz, legez kanpoan geratzen da, Ministergoaren ustetan. Horregatik, kondenamendu hau aski garrantzizkoa dela esango genuke; izan ere, karlista multzo handi baten eritzia kondenatzen baitu. Espreski aipatzen den gerla aurreko Estatutuaren autonomismoa ez zen iristen,* Lege Zaharrak ezagutu zuen bereizketaraino; eta, uste dugunez, karlismoaren hegal batek behintzat Lizarrako* Legegaiak eskatzen zuena baino gehiago demandatzen du. Jakingarria litzateke, arazo honetan karlismoak berak eman liezagukeen eritzia. Norainokoa ote da, Ministergoaren ustez, lege barnean defenda daitekeen autonomismoa? (Joanes Goia)

Demokraziaren baldintzak

Ruiz Giménez jaunak oraintsu egin dituen azalpenen arabera,* Espainiako eta edozein Estatutako demokrazi ezagugarriak hauk dira: lehen lehenik esanbidearen askatasuna, eta ez prentsan bakarrik, bai eta gainerako gizarte komunikabideetan ere. Politik partehartzeak lehendabizi kontzientzi hartzea eskatzen du; eta, helburu honetarako, berezkoa da prentsa, irrati eta telebistaren libertatea. «Niretzat —esan du Ruiz Giménez jaunak— bilkur eskubidea ere giltzarrizko eskubidea da. Izan ere, Espainian politik kezkarik dugunok, dagoeneko,* elkartuak gaude; eta behar duguna zera da: egun argitan eta isilperik gabe biltzeko ahalbidea.* Bestalde, paradoxa haundi bat somatzen dugu: irekitasuna gehien aipatzen den une honetan bilkuretarako debekurik ugarienak ditugu; hola gertatzen da hauzune lagunarteekin, etxekoandreen elkarteekin, eta kultur ekintzekin ere. Hirugarren baldintza, politik elkarteen Estatutua Elkarteen Lege bihurtzea da. Gogora dezagun, 1964.eko Legea gaurko Estatutua baino zabalagoa zela, zituen hesi eta mugak gorabehera.* Elkarteen Legea politik alderdien Estatuturako zubia izango litzateke. Ez luke ideologi baldintzarik ezarri behar; eta elkarteen ekintzen gaineko kontrola eta zaingoa justizi tribunal arrunten* egitekoa izango litzateke».

Demokrazia formal hau, Ruiz Giménez jaunaren ustez, ekonomi demokrazia sakon baten ataurrea bakarrik da. Langile klasearen partaidetasuna premiazkoa da honetan, bai entrepresetan partehartuz, bai eta makroekonomiari dagozkionetan bere hitza eta gogoa aurrera bultzatuz. Hau guztiau posible gerta dadin —esan du politikariak—, ez da aski Oinharrizko Legeen eboluzio bat, Konstituzioko legeen aldaketa sakon bat baizik. Demokraziarako, gauden tokitik hasteko, eten bat behar da, biolentziarik gabekoa, baina etena. Sistemaren barnetik ez bide* du politikari honek, behar den aldaketarik espero: «Bide horretatik, 'Leyes Fundamentales' horietatik joz, ezinezkoa da Konstituzioaren erreforma bat. Argi dagoela uste dut, esan gura dudana», esan du Ruiz Giménez jaunak Barcelonako egunkari batetan. Hor dago ukiturik etorkizunerako politikaren ardatza. Geroak esan beza. (Joanes Goia)


Hementxe denok

Ipar Aldea

ZABALen kultur gauak

 Ba zen bi urte, ez zela Baionan euskarazko gau mintzaldirik izan. IKASek duela lau urte hasi zuen Euskal Astearen saila,* aurten ZABAL batasunak segitu nahi izan du.

 Mintzaldiak martxoaren 18, 19, 20 eta 21ean izan ziren. Lekua, Baionako Museoa. Orena edo ordua, arratseko zortziak eta erdiak.

 Lehen gauean, asteartez,* hiru ekonomilari mintzatu zitzaizkigun: Patxi Zabaleta, Ramon Gorostidi, SIADECO ikertalde ezagunean lan dagiena,* eta Ramuntxo Kanblon.

 Patxi Zabaletak Nafarroako industriatzearen berri eman zigun. Ba dirudi, industriatze harrigarri bat ezagutu ondoan, Nafarroa bidegurutze batetan aurkitzen dela. Atzo baino askoz ere lantegi gutiago heldu da egun* Nafarroara, ezen* Nafarroan sartu nahi diren lantegiak, multinazionalak bereziki, Madrilek beste eskualde* batzutara bidaltzen baititu.

Ramon Gorostidik esan zigunez, Gipuzkoako industriak, bere geroaren segurtatzekotz, lantegi aurreratuenei buruz jo beharko omen du. Ezen, gazteria gero eta eskolatuago egiten ari den bitartean, egungo langileria gehiena (83 %) peoin gisakoa* baitugu.

Ramuntxo Kanblonek xeheki ikertu zuen, Ipar Euskal Herrian bizitzeko, zertarako, non, nola eta zertan lan egin behar den.

 Asteazken* arratsean, Euskal Herriko egungo egoeraz mintzatu ziren, nor bere izenean, Martin Ugalde, Txillardegi eta J. L. Davant.

 Ostegun* arratsean, berriz, Xabier Kintanak euskara batua zertan den jakin erazi zuen, Koldo Aristegik eta Manex Goihenetxek ikastolen egoera, eta Maite Idirin, Peio Ospital eta Manex Pagolak euskal kantu berriaren egoera egun.

 Ostirale* arratsean bertsolarien aldia izan zen. Xanpun, Mattin, Mendiburu eta Alkate zein gehiagoka aritu zitzaizkigun, eta nola bertsolari egin ziren esan ziguten eta nola ikusten duten bertsolaritzaren geroa.

Larunbat* arratsaldean, bostak eta erdietan, ikastoletako haurrentzat emana izan zen giñol ikusgarri* jostagarria.*

Horra, lauzpabost egunez, kultur giro batetan gogoaren alatzeko* bezainbat mintzaldi eta ikusgarri.

Ondikotz,* mintzaldietara behintzat, entzule guti bildu zen. Beti pertsona berak. Damugarria zinez,* ezen mintzaldiak, oro* har, guztiz interes haunditakoak izan baitziren.

 Dena den, han izan ez zirenek ere zerbait hartu ahal izan bide* zuten, kazetek egin zituzten aipamenei esker.

 Ea, bada, hurren aldiko kultur asteak arrakasta* gehiago izanen duen. (Gexan Lantziri)

Iparraldeko euskaldunak, ezeztatzeari buruz ari ote?

Esan dugunez, Baionako kultur astean egin da mintzaldi eta solasaldi* onik. Zorigaitzez, sail labur honetan, ez ditugu denak aipatzen ahal, nahi genukeen neurrian.

Besteak beste, Manex Goihenetxe, HAS edo Herriko Alderdi Sozialistako militante suharrak* iparraldeko euskal kultur egoeraz egin duen hitzaldia nahi genuke hemen doi* bat aipatu. Zeren* euskaldungoaren alde lan eta lan ari direnentzat, gogoetagarri den gauza asko aipatu baitu.

 Lehenik, iparraldeko ikastolak. Duela sei urte sortu zen lehena Baionan. Geroztik urtetik urtera emendatuz* eta hedatuz* joan dira. Aurten hamazazpi ba daude.

Non sortu ote dira? Jadanik* herri kontzientziaz jabetuak zirenen artean. Eta nork? Herri kontzientzia hau pitzerazi duten abertzale zintzoei esker, Enbatakoei, kantariei, etab.

Ez dira, ordea, iparraldeko ikastolak oraindik herrian sartu. Herriko jende langilea eta laboraria,* kasik bere osotasunean, ikastolen mugimendu horren bazterrean dago, euskal herri kontzientzia sakonik ez duelakotz.

Bigarrenik, inork uste ez duen baino gehiago, iparraldeko euskaldunak gutitzen ari dira, ez bakarrik haien seme-alaba asko herritik urrun lanketa* dolako, bai eta euskararen oinharri diren familietan atzo baino askoz ere haur gutiago sortzen delako. Eta hor ba da beldurtzekoa: euskaraz mintzo den jendea ez ote doan, ohargabean, bere ezeztatzeari buruz, iparraldean. Ba da hor bi gogoeta samurren egiteko gairik.

Hirugarrenik, berriemanbideak edo mass-media: kazeta, aldizkari, irrati eta telebista. Inork ez du ukatuko, berriemale diren bide hauek gogoaren osoki argitzeko edo bakarrik gisa* batera moldatzeko eta makurtzeko duten ahala.

Zorigaitzez, berriemanbide hauk* ez dira osoki euskaldunen eskuetan. Hala diren kazeta eta aldizkari bakarrak (Herria, Zabal, Hitz, Enbata, Euskaldunak, etab.) ez dira guti baizik hedatuak eta beraz irakurriak.

Hizlariak irratiari buruz esan duenak, ba du kontra egite baten beharra. Ezen Baionako irratiko emankizunak herriko kulturatik eta langileriaren burrukatik moztuak direla ez baita osoki egia.

Zeren hein* batetan bederen* aipatzen baitira euskal kulturaren gorabeherak, ekonomiaren eta langile burrukarenak, laborantza edo nekazaritzarenak, pilotarenak. Ez, bistan da, mintzalariek nahiko luketen bezain libreki. baina egunero irratia entzuten duenak ez du ukatzen ahal, erdi kontrabandan bederen argi eta garbi berri zuzen asko zabaltzen dela Baionako irratitik. (Gexan Lantziri)

Maulen, 238 langile berriz lanean

Joan den urtarrilaren* 28an, Mauleko* Beguerie lantegia sutan erre zen; eta enplegatzen zituen 238 langileak, lanik gabe gelditu ziren. Beguerie anaiek, Mauleko herriaren laguntzari esker, berriz abia erazia dute beren lantegia; eta oraingoz langile andana* bat berriz lanean hasia da, oinetakoak egiten. Erre aitzin, egunero hamar mila pare egiten zituzten. Eta 40 % kanpo herrietara bidaltzen, Ipar Amerikara, Alemaniara, Austriara, Suitzara eta Holandara.

Orain izanen dute non zer egin, hilabete baten gibelamenduaren hatzemateko. Gisa guztiz, lan soberakina hobe, eskasia baino. (Gexan Lantziri)

Pauetik Baionara

Baionatik Pauera joatea zer den, areago* oraino Hendaiatik edo Baigorri-Garazi aldetik joatea, alkate eta ekonomilari orok* daki zenbat kostatzen den. Zeren,* zenbait aldiz, ordu erdi bat irauten duen bilkura edo kontsulta batengatik, kasik egun osoa galdu behar baita.

Nekezia horretarik, bai eta Euskal Herriko aministralgo* berezi bat ez izatetik sortu da, Baiona prefetura baten mailara eraikitzeko xedea. Ideia ez da oraingoa, aspaldikoa baizik.

Ideia hau azkenik zabaldu duena, Baionako Merkatalgo* Ganbarako buruzagia izan da. Eta irakurleak ba dakike,* ideia honen harrotzeak zer ele-meleak* sortu eta hazi dituen zenbait astez Paueko jauneriaren artean.

Orain ixilduxeak dirateke.* Hala ere, nekezia eta eskasiek beti Euskal Herrikoentzat baitiraute, Baionako norbaitek berriki* zioen, behin edo beste behar liratekeela Paueko jaun horik* Baionara ekar erazi bilkura zenbaitetara, ondotik zer lerraketen* ikusteko. (Gexan Lantziri)

Maurice Ravelen ehun urteburua

Martxoaren zazpian, haundizki ospatua izan da Ziburuko Herriko Etxean Maurice Ravel musikari aipatuaren* ehungarren sorturteburua. Karia* horretara, Herriko Etxeko korralean* Ravelen itxura bat altxatua izan da, Jose Diaz Bueno donostiar zizelkari edo eskultore ezagunak ederki apaindua.

Ez dugu ahantzi behar, Maurice Ravel euskalduna zela, euskaraz ederki mintzo zela, eta euskara oroz gainetik maite zuela. (Gexan Lantziri)

Jean Louis Davant euskaltzain

Berrikitan* jakin dugu, Jean Louis Davant euskaltzain oso izendatua izan dela, Eperre kalonje* zenaren ordaintzeko. Atsegin egin digu berri horrek, ezen* ordu baitzen, iparraldeko gazte bat —euskaldungoaren eta Euskal Herriaren alde orain arte eraman duen sail* ederragatik ezagutua den bat— sar zedin, euskararen geroarentzat garrantzia* haundia dadukan erakunde* horretan.

Goresmenak gure adiskideari eta honen izendatzaileei. (Gexan Lantziri)

Euskal deiturak euskaraz

 Berriz euskaldundu behar ditugu, Euskal Herrian arrotzek erdaldundu dizkiguten zer guztiak. Xede* ederra segur, baina betetzeko nekea.*

Hala ere, euskarazko deituren* kasua hartzen baldin badugu, euskarazko lerroaldietan agertzen direnean bederen, euskaraz idatzirik erabili behar genituzkeela iruditzen zaigu. Urrats* ona litzateke deituren euskalduntzearen sailean.

Hala nola Goyhenetche, Mendy, Echemendy, Hirigaray, Barnetche, Errekart, Aguirre etab. Goihenetxe, Mendi, Etxemendi, Hirigarai, Barnetxe, Errekarte, Agirre etab. idatzi behar genituzke.

Ez da ezin horretaratua, gauza bera egiten baitugu oraingoz euskal herrien izenekin, Macaye-ren ordez Makea idatziz, Barcus-en ordez Barkoxe, etab.

Zergatik ez egin gauza bera euskarazko deiturekin? (Gexan Lantziri)

HITZ aldizkari ederra

HITZ aldizkariaren hirugarren zenbakia argitaratu berria digute. Oso osoa Aberri Egunari eskainia da. Zenbaki berezia, prezioz ere aitzinekoen doblea.

Bi zati daduzka. Lehena Aberri Egunaren historiari eskainia: 1932-1975.

Bigarrena, euskaldun pertsona ezagun batzuri agerbide bezala emana: Leizaola, Monzon, Ugalde, Txillardegi, Abeberri, Davant, Errekarte eta Legasa.*

Segi aurrera, HITZekoak! Bide ederraren urratzen ari baitzarete. (Gexan Lantziri)

«Euskaldunen Herrialdeak» entzun-ikuskia

 Manex Pagola, Landibarren* sortua, orain Urketan bizi eta Baionako Euskal Museoan idazkari,* herriz herri hasia dugu erakusketa baten agertzen: dena argazkitan eta magnetofonoz hartutako hitz eta soinuren bidez. Erakusketa honen izena: «Euskaldunen Herrialdeak».

Zergatik eman diozu izen hori?

— Geure artean, geure alienaziogatik, eta guztiz* iparraldean, uste dugu askotan, Euskal Herria gauzatxo bakun* eta hertsi* bat baizik ez dela, Ipar Espainian edo Hego Frantzian dagoen lurralde koxkor bat. Saiatu egin naiz esatera, gure izakera, bizia eta ahalak hainbat herrialdetan barreiaturik* daudela; herrialde horik* bereziak, zabalak direla; beraz, euskal lurra ez dela geure inkontzientean uste dugun bezain koxkorra. Moldatu dudan entzun-ikuski horretan, denetik zerbait agertzen da: Zuberoa, Bizkai aldea, Nafarroa, Gipuzkoa, etab. Dena ikusi eta, deus* ez dakitenak ere ohartzen dira gure euskal lur eta jendetza zein haundia den, hurbildik eta barnetik begiratzen bazaio.

Moldaketa horren haria duzu, beraz, Euskal Herriaren bizia?

— Moldaketa hori hiru puskatan bezala agertzen da. Lehenik aipatzen dut gainez gain euskaldunen historia: Erromatarren garaia, Nafarroako erresumaren* indarra, frantses eta espainol errege katolikoen egintzak, karlistadak, etab. Azken urteak ere bai. Zati honek ordu erdi bat hartzen du; eta, niretzat, garrantzia haunditakoa da, hor ere euskaldun askok ez baitakite nola eta nondik ebili diren gure arbasoak.

Ba duzu kritikarik, agertzen duzun lan horregatik?

— «Euskaldunen Herrialdeak» deitu* moldaketa hori hiruzpalau tokitan agertua dut orain arte. Lehenbiziko aldiz Baionako Euskal Museoan. Hor ziren, gauza horietan trebetasun zerbait dutenak. Eta hauen eritziak, denak hartu ditut. Beharrezkoak, neure lana hobetzeko. Baina argi eta garbi esan nahi dut, lan hau, bereziki ezer ez dakitenen laguntzeko egin dudala. Hauetarik asko dira batez ere jende langileen artean, ez haien faltaz, besterenez baizik, gure historiaz edo biziaz inork ez baitie deus irakatsi ez eskoletan ez inon. Ez dut mirakuilurik espero lan honetarik. Baina urte batean entzun-ikuski hau hamar mila euskaldunek ikusten badute, pozik izanen naiz. Ez da kezka txarra, batzuk dugun «jakintza» beti jende berdinen baitan gelditzen ikustea! Oxala euskaldun gehienak kritikatzeko gai izatea! (Beñat Hiribarnegarai)


Hementxe denok

Bizkaia

Bizkaiko Aurrezki Kutxa

 Bizkaiko Aurrezki Kutxa liburuxka sail bat argitaratzen hasia da, «Colección de Temas Vizcaínos» tituluarekin. Liburuxka bakoitzak 60 bat horrialde ditu, eta gaztelaniaz idatzirik eta kolorezko argazkiz horniturik dator.

Orain arte argitaratu direnak hauk dira: «El Paisaje Natural», egile Jacinto Gómez Tejedor. «La Casa de Juntas de Guernica», egile Francisco Sesmero. «Nuestros instrumentos musicales», egile Jose Luis Bengoa Zubizarreta.

 Hiruron artean bat bederen* aipatu behar dugu: Bengoa Zubizarretarena. Oso ongi idatzita dago, eta bertan hainbat gauza interesgarri ezaguterazten digu egileak euskal folklorean duen maisutasunari esker. (Xabier Gereño)

Bilboko kultur elkarteak euskararen alde

Bilboko Unibertsitateko errektore jaunari gutun* bat bidali diote, euskara hezkuntzako* maila guztietan irakatsia izan dadin eskatuz. Gutuna sinatu* dutenak hauk dira: Filosofia eta Letretako Doktore eta Lizentziatuen Kolegio Ofiziala, Zientzietako Kolegioa, Irakasle Ordezkoen Elkartea, Katedratikoen Elkartea eta Maisu Katolikoen Elkartea, denak Bilboko unibertsital barrutikoak.*

Bilboko egunkariek osorik argitaratu dute gutun luze hau; eta Euskaltzaindiak berea egin du, Unibertsitateari bere laguntza eskainiz.

Ikusiko dugu zein den erantzuna. Baina, orain arte bezala, goikoek deus* egiten ez badute, bortizkiago* ekin beharko da, gure hiri, herri eta hauzoetan ahalik eta sinadura* gehien bilduz.

 Aipatu* gutunean esaten denez, legeak agintzen duena bera ere ez dute ikastetxe ofizialek betetzen, zeren* Bizkaiko eskola nazional bakar batetan ere ez baita euskara irakasten eta Bilboko Magistergo Eskolan ez baitago euskarazko katedrarik, «Ley de Educación» delakoa paper huts bihurtzen delarik.

 Mukururaino* asperturik gaude; eta ordua da, euskara behar den bezala errespetatua eta lagundua izan dadin. (Xabier Gereño)

Euskal kulturaren aldeko ekintzak Ermuan

 Sortu berria da Ermuko ikastolan, euskal kulturaz arduratzen den talde bat. Berau osotzen dutenak, ikastolako gurasoak, irakasleak eta zenbait gazte dira. Talde honek hizkuntzaren arloa landu nahi luke batez ere, gaur Ermuan beste kultur ekintza guztiek baino garrantzi handiagoa euskarak duelako. Euskara lantzea, euskara irakastea, euskaraz berba egitea lortu behar dugu Ermuan. Bestela, dantza politak ikusi eta txistu soinu alaiak entzun ahal izango ditugu; baina euskaldungoa ez da aurreratuko.

Euskararen aldeko lan honetan, ikastolako irakasleek hiru hilabetetarik behin aldizkari bat argitaratzea lortu dute. Haren izena «Istripua» da, eta bertan umeen lanak eta euskara lantzearen aldeko ekintzak agertzen dira Ikastolako gurasoei eta beste hainbati banatzen zaie.

 Oso onak dira irakasle eta gurasoen arteko harremanak. Giro horretan, umeekin ibilaldi batzu* antolatu dira, haien euskal kultura gehitzeko. Boskarreneko haurrak Bilbo ikustera joan ziren, merkatal* alderdia batez ere; bai eta Donostiako «Aquarium» edo arrain erakustokia ikustera ere. Laugarrenekoak Motrikura abiatu ziren, eguna oso ederki pasatuz: itsasuntziak azter, arrantzaleekin ihardun, lantegiak ikus eta arrain freskoa dasta,* Ermu aldeko kutsaduratik* urrun.

Kultur taldekoek antolaturik, umeentzako pintur klaseak hasi dira ikastolako geletan. Astean bi egunetan ematen dira: ostegunetan* eta larunbatetan,* arratsaldeko seietarik zazpi ta erdiak arte. Irakaslea ermutarra da, J. Felix Igartua, oso pintatzaile ona. Klaseak, oraingoz ikastolako umeentzat bakarrik izango dira. 30 ume dabiltza. Gogo bizia agertu dute, eta ba dirudi pintatzaile jatorrak gertatuko direla.

 Gaur ikastolaren ardurapean dauden dantzari eta txistularien taldeetan, ehundik gora ari dira: 65-70 dantzari eta 45-50 txistulari. Txistua irakasten bi maisu, biak ermutarrak. Euskal dantzetan Eibarko «Kezka» taldekoek lagundu gaituzte, bi irakasle bidaliz; beste hiru, ermutarrak dira. Bi talde hauetan, bost urtetatik gora, herriko edozein ume sar daiteke.

 Amaitzeko, esan dezagun, adinetakoentzako* alfabetatze talde bat ere ba dugula. Irakasleak hiru dira, eta ikasleak hamar. Ikasturtearen haseran gehiago ziren: hogei bat. Hau honela gertatu bada, pixka bat irakasleen preparazio ezagatik eta beste pixka bat gogo faltagatik izan da. Egoera hau ikusirik, irakasleek Eibar aldera jo zuten laguntza eske. Gaur Gipuzkoan ba da euskal alfabetatze talde guztien federazio bat; eta Eibarkoek bertan sartzea eskaini ziguten. Ermutarrontzat askoz ere egokiago dator arlo honetan Gipuzkoakoekin jokatzea, eta kasu honetan Eibarkoekin. Gure artean ba dira lau edo bost lagun, euskara irakasteko prest. Baina preparazioa behar dute; eta preparazio hau lortu ahal izateko, norbait behar da Ermuan. Segur gaude, eibartarrek eta Gipuzkoako euskal alfabetatze taldeen federaziokoek eskua luzatuko digutela.

Hauk dira euskal kulturaren aldeko ekintzak Ermuan. (Irakasleak)

Errekaldebertarren kezkak eta arrenkurak*

Azken bolada* honetan kezkaturik gabiltza, Errekaldekerrin —Bilboko hauzo nagusietariko horretan— zer pasatzen den jakin nahiz. Egunero ez bada ere, sarritan irakurri ditugu Bilboko egunkarietan hauzo horri buruzko artikulu guztiz interesgarriak, dela hango gazteen nahiz zaharren egoera, dela hango lantegien kutsadura* eta trafikoaren ifernua. Horregatik, luma eta papera harturik, hara joan gara berri bila, bertako jendearekin berba egitera. Eta, hain zuzen, Errekaldeberriko «Asociación de familias» delakoaren zuzendaria aurkitu dugu. Hona hemen harek esan dizkigun gauzak.

— Azken unada* honetan zergatik darabilazue hainbeste deihadar eta zarata Errekaldeberri aldean?

— Errekaldeberrin egun* zer jazotzen den konprenitzeko, lehenik hauzo honen historia laburra ezagutzea komeni da. Laburra noski, zeren gaurko Errekaldeberri honek ez baitu hogei urte baino gehiago. Orain dela hogei urte, hauzo honetan (gaur egun Bilboko bigarren herbarrutia* osatzen du, Uretamendi, Iturrigorri, San Antonio, Larraskitu eta beste zenbait hauzorekin) bi mila inguru bizi ziren bakarrik. Baserritarrak asko. Euskaldunak gehientsuak. Egun, berriz, guti gorabehera 66.000 bizi gara. Gehienak kanpotarrak: galego, andaluziar, gaztelau, eta abar. Euskaldunak ehuneko hamar edo gara. Hauzo gaztea benetan, eta, gazte guztiak legez,* problemaz betea.

 — Zeintzu* dira problema horik?

 — Berba bitan esanez, jende larregi* leku gutitan. Kanpotik zetorren jende gizaixoak etxe bat behar zuen bizitzeko; eta nola hemen beste inon baino merkeago zedukan, hona etortzen zen bizitzera.

— Orduan, zuk diozunez, errua* ez da izan jendearena, baizik eta etxe horik* egin dituztenen edo egiteko baimena eman dutenena.

— Bai eiki.* Esate baterako, etxegileek, etxeak egiteko orduan, ez zituzten alderdi berdeak errespetatu. Ez zuten lore eta zuhaitz baratzerik egin. Ez zuten etxe aurreko kalea konpondu, legeak agintzen duen bezala. Bestalde, Udaletxea* ez da portatu, behar zuen legez, hauzo honekin. Ez du egin ez eskolarik ez pilotalekurik ez bibliotekarik ez bilkuretxerik* ez eritegirik* ez deusik.* Oraintsu egin diren eskolak, hogei kilotako maleta bat sinadura* Udaletxera bidali eta gero egin dira.

 — Zuen ustez, Udaletxeak zergatik ez du gehiago lagundu hauzo hau?

 — Ez dugu uste, aministrazio txarragatik bakarrik izan denik. Askotan, beharbada, horrexegatik izan da. Baina, gure eritziz, beste arrazoin sakonago batengatik izan da bereziki: Udaletxeak, halegia,* dirurik ez zuelakotz. Madrileko zentralismoa izan da guretzat benetan kaltegarria; eta orain ikusiko dugu, nola konpontzen diren hainbeste eta hainbeste arazo. Adinetakoetan* bakarrik pentsatuz, esan dezagun, gure artean 3.000 zahar bizi direla, andre eta gizon. Eta ba dakizue zenbatentzat dagoen lekurik, batez ere egun txarretan denbora pasatzeko? Ehun batentzat bakarrik. Eta behar honen ondoan hor daude beste zenbait: pilotalekua, igertokia,* bilkuretxea, ofizialdegia,* eta abar. Baina nondik atera horretarako dirua, Udaletxeak ez badu?

 — Orduan, zuen problema ez da diruarena bakarrik

 — Ez. Hauzo osoa gaizki moldaturik dago. Hara: 66.000 bizilagunen artean, 380 lantegi daude eta 28 garraio* agentzia. Hauzoaren hegoaldean harrobi* bat dago, eta hara joaten edo handik jalgitzen* diren kamioiak —800 egunero— hauzoaren erdi erditik pasatzen dira. Eta hola beste gauza asko eta asko. Azken aldi honetan beste mesedeño bat egin digute, gainera: autopista. Makina bat ke eta hauts irentsi beharko dugu errekaldebertarrok gure haur gizaixoek bereziki.

— Zein da, zuen ustez, une honetan duzuen problemarik gogorrena?

 — Lehena eta betikoa: gure deiari ez diola inork jaramonik* egiten. Bigarrena: hauzokoen batasun eza. Hirugarrena. Artika* aldean egin nahi diguten zaramategia; eta jendearentzat —batez ere adinetakoentzat— behar ditugun bilkuretxeak.

 — Soluziorik?

 — Bai, asko dira soluzioak. Horretan ez gara gu bakarrik interesatuak, beste zenbait herri eta hauzo ere egoera bertsuan* baitaude Bizkaian. Baina denok laster elkarretaratzen ez bagara, problemak gero eta latzagoak izanen dira. (Pello Gaztelu)


Hementxe denok

Gipuzkoa

Beasaingo Elaberri* Laburraren III. «Usurbe» Sariketa

 Sariketa hau honako oinharri hauen arabera* moldatzen da:

1. Sariketa honetan euskal herrialde guztietakoek parte har dezakete.

2. Saria 25.000 pezetatakoa izanen da, bakarra eta ezin banatuzkoa. Juraduak, hala baderitza, saria hutsik deklara dezake.

3. Idaztarauak, Euskaltzaindiak Arantzazun eta geroz jarritakoak izanen dira.

4. Gaia idazle bakoitzak aukera dezake. Lanak hamabost horri izanen ditu gutienez eta hogei ta hamar gehienez, foliotan idatzirik eta lerro bat zuri utzirik.

5. Idazlanak argitaratu gabeak eta beste ezein* lehiaketatara agertu gabeak izanen dira.

6. Sariketa honetan parte hartu nahi dutenek, maiatzaren 31rako bidali behar dituzte beren lanak (hiru kopia) hel bide* honetara:

JAKINTZA ASTEA

 Posta kaxa, 13

 BEASAIN, Gipuzkoa

7. Juradua bere egunean izendatua izanen da, eta haren erabakiak erabatekoak* izanen dira.

8. Elkarte honek bere gain hartzen du lan hauen argitaratzea.

Beasaingo Gazteen Biltzarrea


Hementxe denok

Euskal Herria

Liburu berriak

 IRALA'TAR Andoni:

 Bat bitan banatzen da.

 Mao Tse-tung'en pentsa-muiña.

 Etor-Erribide, Donostia, 1975.

 Ihazko marka guztiak hautsi nahirik bezala abiatu zaigun 1975. urte honetako euskal liburugintzak, jadanik* eskaini digu bere lehen sorpresa. Guttien espero genuenean, Etor-Erribidekoek liburu harrigarri bat publikatu berri dute: zertaz eta Mao Tse-tungen pentsaeraz, halajaina! Erribidekoak maoismora pasatu ote?

Harrigarria diot, zeren Etorrek ez baikaduzka ohiturik horrelako gaietara ez eta hain irekitasun handitako jarreretara.* Maoismoaren zigorkatzeari ekin beharrean, gure intelektualek halakoetan ohi dutenez, Maoren apologia bat egiten digu egileak. Irala maoista ote?

Ihaz konplitu zen, Maok Txinako Herri Errepublika proklamatu zuenez geroztikako 25. urteburua. Euskal prentsako artikulu batek ere ez zigun gertakari hura* gogora erazi: Txina urrun egon nonbait! Hara non, urtebete geroxeago, gorazarrerik* zinezkoena* egiten dion Iralak maoismoari. Maoismoaz lehen euskal entseiua eskaini digu, eta nolakoa! Nekez aurki baitaiteke ezein* hizkuntzatan honelako lanik. Theoria maoistaz azterketarik bikainenetakoa* dateke* segurki.

Liburuaren gaia, izenak berak dioen bezala, Maoren dialektika materialistaren azterketa lan bat da, harek 1937.ean idatzi zituen «Kontradikzioaz» eta «Praktikaz» izeneko bi entseiu philosophikoetan oinharriturik. Maok beste bi entseiu ere idatzi zituen: bata «Herriaren baitako kontradikzioen askapen* justuaz» (1957) eta bestea «Nondik datoz ideia justuak?» (1963). Liburu hauek osatzen dute «Philosophiazko lau entseiu» deitu* bilduma* sonatua. Lau idazlan hauekin Maok marxismo-leninismoari «bond en avant» edo aurrerakada handi bat eman dioneko thesia onhartzen du egileak osoki: «Gaurko marxismu-leninismuaren mailarik gorenekoa» (221. hor.). Maoismoa dela gaur egun marxismoaren punta diosku behin eta berriz. Ez gaude gu gauza hauk entzutera ohituak, halafede!

 Maoren thesiak gutti estudiatuak izan dira Mendebaldean. Althusser izan da Frantzian Maoren dialektika sakonki aztertu duen bakarra, bere «Contradiction et surdétermination». eta «Sur la dialectique matérialiste» idazlanetan (1965). Eta bere azken liburuskan, Maok «bere textu philosophikoetan ere ezin somatuzko punturainoko arrazoina duela» diosku («Eléments d'autocritique»). Gure artean Torrealdai izan da, bere azken liburuan, «Kontradikzioaz» entseiuaren garrantzia azpimarkatu duen bakarra.

 Iralaren liburua ezin egokiago dator, dogmatismoa eta errebisionismoa nagusi diren gure kultur eta ideologi abagadune* honetan. Hain zuzen ere, haik* gonbatitzeko egin zituen Maok bere thesiak. Maoren pentsaera hobeki ulertzeko, gidaliburu ezin baliosago bat ba dugu hemendik aurrera euskaldunok, maoismoaz arduratzen ginen guztiok premiazko genuena. Orain bakarrik falta da, «Philosophiazko lau entseiu» sonatuok euskarara itzultzea. Eta zergatik ez, oraintsu liburudendetan salgai jarri diren «Maoren lan hautatuak»?

 Euskarari dagokionez, Euskal Akademiak onharturiko arauei buruzko desegokitasunari sekundario deritzot, liburuaren kontenitua alderdi nagusia bilakatzen* delako kasu honetan. Dena dela, Txinan hizkuntza mailan obratu den erreboluziori eta egunotan ere irauten duen burrukari arras* interesgarri deritzogunez, beronetaz argitasunen bat eman liezagula eskatuko nioke Iralari. Liburua, gainerakoan, ez da batere astuna egiten. Euskara jatorrean idatzia dago, eta Gaztañagaren ukitua* nabari* da bertan. Egileak ez du erraparorik ukan erdal hitzak sartzeko (propiedade, kotxe, printzipio, etab.). Ba dakar hitz berri egokirik ere (jendoldea, «las masas» adierazteko). Kontutan hartu ditu, halaber,* jadanik* euskara «standard»ean finkatutako zenbait esaldi (proletalgoaren diktadura, etab.). Diskutigarri dirateke,* aldiz, ezbaia, ezbaikor, ezbaiketa / contradiccion, contradictorio-dialéctico, dialéctica itzultzeko, eta era berean berezko eta buruzko / objetivo eta sujetivo itzultzeko.

Liburua, pasarte, aipu eta bibliographiaz ongi horniturik dator. Hala ere, F. Krutwigek euskarara itzuliriko «Mao Tzedung buruzagiaren aiphuak» liburua ez du aipatzen (ñabardura* bat!?).

Irrati bidez egin zaion propaganda ugaria dela medio, liburu honek arrakasta* handia izango duelakoan nago. Hurrengo bi liburukien* zain gaduzka Iralak. Ea noizko ditugun. Zorionak Etor-Erribidekoei eta egileari. (Jon Sudupe)


Herrialde guztietan

Italia. Alderdi Komunistarik gabe ez dago gobernatzerik

 Martxoaren 18tik 23ra ukan du Italiako Alderdi Komunistak bere Kongresu Nagusia. «Compromesso Storico»: bi hitz hauen bidez adierazten da Alderdi Komunistak azken aldian hautatu duen politik joera, eta Kongresuaren gaia ere horixe izan da. Alderdi Komunistak, Italian agintaritzara heltzeko ordua iritsi* zaiola uste du. Baina ez harmadaz* baliatuz, Portugalen bezala; ez matxinada* bidez. Kristau Demokraziarekin akordio («compromesso») batetara iritsiz sartu nahi du Alderdi Komunistak Gobernura.

1947.etik honantz Alderdi Komunista oposizioan egon da, eta hortik egin du bere politika. Gaurregun, Italiaren egoera konpontzeko, eta Kristau Demokraziaren ezina ikusiz, agintaritza eskatzen du Gobernuan. Joan den urteko dibortzioari buruzko erreferendum hartaz geroztik, goitik behera dator Kristau Demokraziaren indarra, hogei ta bost urte luzetan Italiako agintaritza eraman ondoren. Datorren ekainean* izango dira eskualdeetako* aministrarien* hauteskundeak.* Hemezortzi urtez gorako guztiek ukanen dute lehen aldiz hautatzeko eskubidea. Honegatik eta bere izarra itzaliz* doakiolako, Kristau Demokrazia beldur da, hauteskunde horietan galera handia ukanen duela. Kristau Demokrazia eta honek antolatu dituen gobernu eta agintaritza moduak higatuak* daude. Bide berriak behar ditu Italiak. Bide berri hau eskaini nahi dio Alderdi Komunistak.

Aipatu* Kongresua egiten zen bitartean gertatu dira Portugaleko erabaki larriak: hango Kristau Demokraziak ez du apirileko hauteskundeetan eskuhartzerik ukanen. Italiako Kristau Demokrazia honetaz baliatu da, Alderdi Komunistaren «compromesso storico» delakoaren politika hankaz gora bota nahian. Fanfanik, Kristau Demokraziaren sekretariak,* aspalditik ukatua du behin eta berriro, komunistekin gobernatzeko akordiorik egin litekeenik. Hala ere, Kristau Demokraziako guztiak ez datoz horretan bat beren sekretariarekin. Fanfanik, komunisten Kongresura bidaliak zituen ordezkariak* atera egin ditu, Portugalen gertatutakoaren kontrako protesta bezala.

 Hau guztiau honela dagoelarik, komunisten Kongresuak ez du uste, berehalakoan «compromesso storico» horretara heltzerik dagoenik; baina ez du politika hori alde batera uzten. Kristau Demokrazian bertan horren alde dauden indarrak ikusiz, ez du alderdi hori bere osoan kritikatu, baina bai zorrotz Fanfani sekretaria. Beraz, akordioaren politika aurrera eramateko, lehenik Fanfani bota behar da eta berorren hegemoni zaletasuna.

Kristau Demokraziaz aparte, Italiako beste partiduek ere ba dute beren zalantzarik, komunistak Gobernuan onhartzeko orduan. Alderdi Komunistak duen nazioarteko politikaren beldur dira batez ere. Baina azken urteotan Alderdi Komunista biziki saiatu da, bere demokrazi aurpegia ezezik,* Errusiarekiko bere askatasuna ere agertzen, eta beste Alderdi Komunisten zenbait jokabide salatzen eta kritikatzen. Honela, azken Kongresuan bertan kondenatu du Portugaleko Kristau Demokraziaren debekatzea.

 Datorren ekaineko hauteskundeei begira daude orain Italiako alderdi guztiak eta bai Gobernua bera ere, honen iraupena orduan ikusiko baita. Kristau Demokraziak ukanen duen beheraldiaz, gaizkoatu* egingo da alderdi barneko krisia; eta, segurenik, Fanfanik utzi egin beharko du sekretaritza. Alderdi Komunistak erabaki du bere politika azken Kongresuan, eta hortik joko du ekaineko hauteskundeetan ere. Kristau Demokraziaren galtzapenaz eta Fanfaniren erortzeaz* baliatu nahi du, bere politika aurrera eramateko eta Gobernuan berriz ere eskuhartzeko. (Patxi Kortabarria)


Herrialde guztietan

Mendebal Europa. Demokrazia sozialismoan

 Atzo bezala gaur, harreman bereziak ditu komunismoak beti Moskurekin. Urliak* zioenez, bihotza bakarrik ez baina amasabela* ere han du benetako komunistak, Sobietar Batasuna da komunismoaren aberria: hori denok dakigu.

 Baina hauzia ez dago horretan. Baizik eta komunista batek Moskurekin duen lotura, zernolakoa den jakitean. Eten ezina ahal da zilbor heste hori? Edo, galdea beste modu batera eginez, komunismo bakarraren aberri bakarra Mosku dea*?

 Horraxeino, zilbor hestea eten erazteraino eraman nahi izan dute batzuk desestalinizazioa. Hau da, demokratizazioa Sobietar Batasunean, demokratizazioa Alderdiaren barnean, baina demokratizazioa, halaber, mugimendu komunistan. Honela, Moskuren buruzagitza sakratua hauzitan jartzen da. Polizentrismoa sortuko da. Nazio bakoitzaren arazoek lehentasuna hartzen dute, Alderdiarentzat ere. «Sobietar Batasunarentzat ona dena, komunismoarentzat ere ona da»: hori ez da hain klar ikusten aurrerantzean. Txekoslovakiako udaberria ez da bereziki sozialismoaren primadera izan.

 Oraindik ere uste dugu, komunismoaren erdigunea Moskun dagoela. Eta beharbada hala izanen da beti, beste komunismo motaren bat nagusitzen ez deino.* Baina, oro* har, Moskuk ez du orain Europako Alderdi Komunistengan aspaldiko agintea. Bestalde, sozialismoa ez da gehiago Moskurekiko lehen erreferentziaz pentsatzen.

Polizentrismo honetan, Txinak bere sozialismo modua baldin badu, agian* Kubak ere bai berea, etab. etab. Europak ere berea ukan dezakeela pentsatzen dute askok Izan ere, orain arte beste inon topatu ez dituen situazioak aurkitzen ditu komunismoak Mendebaldeko* demokraziazko Gobernuetan.

Demokrazia honen ustela eta partzialkeria ongi erakutsiz ere, behin eta berriro enganiaturik bizi garela frogatu* arren, demokrazia formal honi atxekirik* bizi nahi du europarrak. Mugimendu askatasuna, biltzar askatasuna, alderdi hautapena, sindikatu aukerapena, etab. Zail, nahikunde horik* kontutan hartu gabe, sozialismo bat Europan eraikitzea! Diktadura bat litzateke, jendearen ustetan.

 Demokraziazko sistema horietan oposizioan bizi izan da orain arte Alderdi Komunista. Eta oposizioan irauteko esperantza eta gogoarekin, oraintsu arte. Kapitalismoaren krisi nagusiaren zain.

 Azken urteotan, ordea, agintera joatea erabaki duela dirudi. Eta aginte hori hartzeko, krisi biribil horren zain egoterik ez dago, noiz datorren ikusten ez baita (eta gainera, etorri den une bakarrean, ezkerrari ez baina eskuinari —faxismoari— eman baitzaio agintea).

Demokraziazko sistema batetan, legez jo behar da agintera, joko legeak onharturik. Maioria baten bidez. Horretarako, besterekin* bat egin behar. Azken urteotan, antza denez, adiskidetu nahiz dabil jendea: Aliantza eta Paktua (Espainiako AK), Hautsi-mautsi* Historikoa (Italiako AK), Programa Bateratua (Frantziako AK), Militarren Euskarria* (Portugaleko AK).

Baina norekin bat egin, eta zer kondiziotan goberna? Herri bakoitzean, lekuko arazoen arabera,* ba dira desberdintasunak. Italian, sozialisten harriduraz, Alderdi Komunistak Kristau Demokrazia bilatzen du lehen partaide bezala. Frantzian, Alderdi Komunistaren bidelagunik aukeratuena, dudarik gabe, Alderdi Sozialista izan da, baina «herri osoa» ere bai, Marchais lehen sekretariaren* deiaren arabera. Espainian, oposizioko indar eta mugimendu guztiak dira Alderdi Komunistaren partaide edo partaidegai.

 Zer kondiziotan goberna? Hori da, memento honetan Alderdi Komunistek Europan duten hauzirik zorrotzena. Esan* nahi baita, sozialismoan demokraziaren problema. Puntu honetan, Portugalen Alderdi Komunistak egiten duen jokoak ba ditu bere arriskuak. Alderdi Sozialistek, bai Frantzian eta bai Portugalen, memento honetan beti alderdien eta sindikatuen aniztasunaren* alde agertzen badira, horrexegatik da hain zuzen: sozialismoaren barnean demokrazia salbatzeagatik.

Ba dirudi, komunisten artean, Europan, bi bidetan banatzen direla joerak:

- Portugaldarren joera, Frantziako Alderdi Komunistak eusten* diolarik eta Sobietar Batasunekoak lagunduz. Portugaleko komunistek ez dute inorengandik deus* ikasi nahi, eta gutiago sozialistengandik. Elkar lana ez dela gehiegi zabaldu behar pentsatzen dute. Behin agintea hartuz gero, euts* horri Alderdiaren nortasuna gogorrean babestuz.

- Italiarren eta espainolen joera. Hauentzat, pluralismoa joko lege bat da. Sindikatuen burruka autonomia ere onhartua da, etab. Italiako Alderdi Komunistaren XIV. Kongresuan garbi ikusi da joera honen zernolakotasuna. Portugaleko eboluzioa ez dela arrisku gabea aitortzen dute; eta Estatu hartan Kristau Demokraziaren debekatzeak eta sindikatu bakarraren hautatzera behartzeak zalantza bat baino gehiago sortzen du italiar komunisten artean, Enrico Berlinguer idazkari* nagusiak adierazi duenez. Alderdi eta Mugimendu guztientzat eskubide politikoa beharrezkoa dela esan du Kongresu horretan Berlinguer jaunak. (Joan Mari Torrealday)


Herrialde guztietan

Alemania. Herr Strauss

 «Perilosa* da gizon hau» dio Pariseko Le Monde egunkari sonatuak Frank Josef Strauss jaunari buruz. Eta, entzun dudanez, hola pentsatzen duena ez da Le Monde bakarrik, ez eta kazetari zenbait, aleman zenbait baizik. Zenbait baino gehiago, agian.*

«Mende honen azken egunerarte bandidu bat bakarrak ere ahoa irekitzeko ausartziarik* ukan ez dezala lortuko dut nik» deklaratu du, guti dela, Strauss jaunak. «Pizti gorriaren hatzaparretatik» bere herria libratuko duela zin* egin du. Pizti gorria zer eta zein den ba dakigu. Bandiduak zeintzu diren ere bai. Alemaniako terroristak, eta hauekin batean ezkertiarrak oro,* sorginak bezala sutara bota nahi lituzke politikari honek.

Ez, Strauss ez da zerbezalekuetako gizona. Politikaria da, CDUkoa, kristau demokrata. Kantzelari* izan gura luke, Alemaniako gobernaria. Eta ez da ezinezkoa. Ez da ikusten kristau demokraten artean hoberik. Eta hauteskundeak* laster dira, datorren urtean. Horien zain dago «Bavariako zezena».

Gizon honek gehiegi gogoratzen du orain berrogei urte gertatutako zerbait. Sinplekeria litzateke, edo nazismo berri bat edo eskuin puntako erregimen bat ekarriko lukeela pentsatzea. Gauza segura litzateke, ordea, Alemaniak eskuinera joko lukeela, polizia indartuko lukeela, Estatua sendotuko lukeela. Demokrazia alemanaren kaltetan. Terroristak, iraultza, gorriak besterik ez du ikusten antza, gizon honek.

Kristau Demokraziako norbaitek esan duenez, «honen programarekin, inguruko herriek arriskutzat hartuko lukete Alemania berriro ere». (Joanes Lekerika)


Meteorologi markak

 Inoiz entzuna dut hauen antzeko bitxikeriarik* (edo «astakeriarik», nire lagun batek esanen lukeen bezala):

- hamabost gizonek ehun metro egin dituzte motozikleta bakar baten gainean.

- gizon batek hogei ta hamar zigarro* erre ditu batera.

- lagun bi hogei ta lau ordutan ari izan dira elkar joka.

Hauk* eta antzekoak sarritan irakurtzen ditugu. Bistan da, marka horik* lortzeko, aurretik ariketa* bereziak behar direla egin, entrenamendu bereziak praktikatu eta tresna bereziak eduki.

 Bestalde, edozein arlotan —batez ere kirol arloan— berritu, ondu edo hautsi nahi izaten ditugu gaurrarteko marka guztiak. Baina zer da marka bat? Zer esan gura du marka horrek?

 Kirolari gagozkiolarik, ene eritziz, azken batez, harrokeriaren hauspoa baino ez da kirol marka, bai egilearentzat eta bai haren naziorentzat.

 Gure herrikide batek markaren bat hausten duenean, harropuztu egiten gara, nahiz eta gure herriko batezbesteko* kirol maila oso apala datekeen.* Pertsona bakar baten arrakasta,* gure arrakasta ote? Ba duia* zentzurik, marka hutsa erdiesteko,* hainbat eta hainbat sakrifizio, entrenamendu eta ariketa egiteak?

Galde hauk eta antzekoak egin daitezke kirol markei buruz. Guztiz interesgarria izanen litzateke, psikologoren batek kirol marken inguruko giroaren azterketa bat egin lezan, bai gizabanakoen* eta bai taldeen mailan.

Dena dela, gogoeta hauk alde batera utzirik, lot nakion, gaur azaldu nahi dizuedan gaiari.

Meteorologian ere ba dira markak. Marka guztiak legez,* hauk ere aipagarriak eta harrigarriak dira. Baina sarri askotan ez dira harrogarriak, penagarriak baizik, berekin batera gehienetan ondorio txarrak dakartzatelako;* zeren,* eskualde* batetako meteorologi faktoreak neurriz kanpo jazotzen* direnean, eskualde horretako bizidunek kalte gogorrak pairatu* behar izaten baitituzte.

Meteorologi marka hauetarik batzu* bakarrik hautatu ditut, ene eritziz bitxienak, bakanenak* eta harrigarrienak direlako. Hona hemen berorien zerrenda:

Haizea

1934.eko apirilaren 12an, Estatu Batuetako Mont Washingtoneko behatokian,* 416 km/h (kilometro orduko) abiaduraz* zebilen haize bolada* bat neurtu eta erregistratu zuten. Bost minututan barrena izarturik,* haizearen batezbesteko abiadura 338 km/h izan zen.

Beroa eta hotza

 Libyan, El Azizia izeneko herrian, gerizpetan neurtu den tenperaturarik altuena izartu dute: 58º C (berrogei ta hemezortzi Celsius gradu).

 Errusiarrek, ostera, Antarktikan duten Vostok izeneko estazioan, tenperaturarik baxuena neurtu zuten 1960.eko agorrilaren* 24ean: -88º C (minus laurogei ta zortzi Celsius gradu).

Itsasoa

 Itsasoak ere ba ditu bere markak:

 Persiar Golkoan neurtu da itsas tenperaturarik al tuena: 35,6º C.

 Eta Pazifik Itsasoan izartu zen, 1933-2-6an, olaturik* handiena: 34 metro garai. Hots, hamar bat estaiatako* etxearen bezainbestekoa.

Euria, txingorra eta elurra

Txilen, Iquique izeneko herriskan ez du euri tantarrik egin 14 urtetan.

Eta Arica izeneko herriskan, hau ere Txileko iparraldean, 53 urtetako euritzaren* batezbesteko balorea 0,8 litro/m2 urteko izan da.

Txileko hegoaldean, ostera, Bahia Felix deitu* tokian, urtero 325 egunetan egiten du euri.

 Baina bapateko* euriaren marka Estatu Batuetako Unionvillen dute: 1956-7-4ean, minutu batez 31,2 litro/m2 bota zituen. Hura* zen, ura pitxerkadaka erortzea,* hura!

24 ordutako euri marka Madagaskar inguruko La Réunion irletako Cilaos herrian dute: 1952.ean, martxoko egun batez 1.870 litro/m2 bota zituen.

Eta urte osoko batezbesteko baloreen artean handiena, Hawaii irletako Mont Waialealen dute. Batez beste, 11.684 litro jausten* dira urtero metro koadratuko.

 Txingor aleak ere handiera desberdinetakoak izaten dira. Baina, zorionez, ez dira guztiak SESBeko edo Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko Kazakhstan eskualdean erori zirenen lodierakoak. Txingor ale batek 1,9 kg pisatu zuen.

Elurrari gagozkiolarik, aipagarria dugu Estatu Batuetako Paradise Ranger tokiko marka: 1955-1956.eko negutean egin zuen elurraren garaiera, 25,4 metrotakoa izan zen.

Ikusten den legez,* gauza beldurgarriak gerta daitezke naturan. Naturaren indarra eta ahalmena gizonen eskuetatik kanpo agertzen diren gauzak dira. Hala ere, azken urteotan, gizona natura kontrolatu nahiz ari da. Eta ez soilik gurari hori agertzen, baizik eta praktikan jartzen ere. Zenbait lekutan, kontrolatze horren ondorioz, aldatu egin da naturaren izakera; eta, hortik, gauza beldurgarriak agitzeko* arriskua sortzen da. Jadanik, zenbait lekutan, gudu meteorologikoak aurrera eramaten ari izan dira. Dena dela, puntu hau eta berauen ondorioak hurrengo batetan aztertuko ditugu. Gaurkoz aski da.

J.R. ETXEBARRIA


Fedea eta ekintza

Daniélou kardinalearen ohorea garbitzen

 Datorren maiatzaren 20an urtebete izango da, Jesusen Konpainiako Daniélou kardinalea fama kaxkarreko emakume baten etxean bihotz kolpe batez hil zela Parisen. Emakume hau lupar* ezagun baten emaztea zen. Gertakari honen inguruan berehalaxe haizatu ziren zurrumurru gaiztoen kontra ez omen zuten ez apezpikuek eta ez jesuitek aski* gogor jokatu, eta Daniélou kardinaleari errazegi egotzi* zion jendeak «begiztatzaile»* zelako fama txarra. Orduan, «Rassemblement des Silencieux de I'Eglise» edo Eliztar Ixilzaleen Taldeak bere aldetik arazo itsusi hau garbitzea erabaki zuen.

Beren kontura azterketa bat egin dute eliztar hauek. Eta, zernahi lekukoren* testigantzak bildu ondoren, bilaketaren lehen ondorioak oraintsu azaldu dituzte.

Etxe hartako andreak eskatutako diru laguntza ekartzera etorri zen kardinalea. Andre honen senarra bere ofizioagatik atxiloturik* zegoen eta. Bezperako elizkizun nekagarriak, egun berean jandako bazkari gehiegixeak eta andrea bizi zen etxeko eskaileretan gora korrika eta presaka joateak geldi erazi omen zioten bihotza. Eta herioa hantxe bertan harrapatu zuen.

«Ixilzale» hauek, kardinaleak bisitatu ohi zituen hogei bat emagalduri entzun diete. Eta emakume hauek aho batez aitortzen dute, Daniélou erabat* errugabe* zela, eta beren bizimodua aukeratzeko izan zituzten arrazoinen berri jakiteaz konformatzen zela. Horregatixek hain zuzen, hauetako batzuk anormaltzat jotzen zuten. Hauekin elkarrizketa bat egin ahal izateko, liburudenda baten errepresentatzaile bezala aurkezten omen zuen bere burua kardinaleak. Berdin egiten ei* zuen, maoista eta drogatuekin berba egin ahal izateko. Daniélou, neska ikastetxe batetako kapellaua izana zelarik, kezkatua omen zegoen, ea bere ikasle izandako neskatxa batzuk zergatik bizimodu hura hartzen zuten jakiteko. Jakinmin honek eraman zuen, kardinale batentzat egokiak ez omen diren inguruneak eta hauzoak bisitatzera.

Ongi derizkiogu* informazio honi. Baina halaber* segur gaude, orduan zabaldu ziren zurrumurruen kontra ezer guti egin dezakeela. Eskandalu bila dabilenari bost axola* baitzaio informazioaren seriotasun eta benetasuna. Aski ditu bere «zuhurtzia» eta malizia. (Manu Pagola)

Italian, abortua legeztatzeko bost legegai eta erdi

 Alderdi Radikala oso txikia da Italian, baina ausarta.* Ihazko otsailean,* dibortzioari buruzko errefrenduma bidetan zelarik, beste zortzi eskaini zizkion Italiari. Zortzi erreferendum horik egin ahal zitezen, jo eta ke ekin zitzaion sinaduren* biltzeko lanari: bostehun sinadura gutienez erreferendum bakoitzeko, legeak agintzen duen bezala. Zortzi lege ken zitezen eskatzen zuten erreferendum horiek: haien artean bi lege, bata konkordatuari eta bestea abortuari dagokiona, faxismoaren garaikoak biak.

Alderdi Radikalak jarraitzaile guti du —Parlamentuan ez daduka ordezkari bat bakarrik ere—; eta sinadura guti bildu ahal izan du, erreferendum horik* eskatzeko ere. Abortua eskatzeko ezker ezkerreko beste alderdi batzuren laguntza ukanen zuela uste zuen; baina haiek ez dute onhartu. Horregatik ez du sinaduren herena* ere lortu.

 Hala ere, Alderdi Radikalak ez du atzera jo, eta urte betean Italia osoa asaldatu* du arazo honen inguruan, Eliza eta Politik alderdiak kezka eraziz. Hontarako, laguntza handia ukan du feministen aldetik; hauek, beren eskubideen aldeko burrukan, lehendik zuten abortua punturik nagusienetako bat bezala. Feminista askoren ustez, orain arteko abortuarekiko legea emakumeez bestek egindako lege bat da, gizonek —apezek, politikariek— eta gizonezkoen kulturak emakumeei ezarritako lege bat. Horregatik, beren burrukaren muin muinean dago lege horren kontrako ekintza ere.

 Urte betean eztabaida handia sortu da Italian abortuari buruz, Frantzian eta USAn abortua zilegitzen* duen legea onhartu berria delarik batez ere. Alderdi Radikala, bere aldetik, ihaz dibortzioareko erreferendumaren inguruan sorturiko gizarte askatasun eta eskubideen aldeko oldeaz* baliatuz, eta L'Espresso aldizkariaren laguntza osoa duelarik, indar berriz ekin zaio erreferendum hori eskatzeari.

Bitartean Apezpikuen Konferentziak bere eritzia eman du abortuari buruz, gizabiziaren kontrako krimentzat joz, eta legeak zigortu egin behar duela adieraziz. Hala ere, hainbeste abortu egitera bultzatzen —behartzen?— duen gizartezko giro eta egoera aldatzeko eginahalak egin behar direla diote apezpikuek, familiarekiko, etxearekiko, lanarekiko eta osasunarekiko politika aldatuz. Hor dago apezpikuentzat abortuaren arazoaren sustraia.*

 Arrazoinbide hau ez die apezpikuei inork ukatzen: hots,* oinharrian, gizartezko, kulturazko eta ekonomiazko politika berri oso baten arazoa dela abortuarena. Baina aurre aurrean hor dago ixilpeko eta legearen kontrako abortu ugarien berehalako* arazoa. Eta honen aurrean, hain zuzen ere, alderdi gehienak —Kristau Demokrazia eta eskuineko MSI eta besteren bat izan ezik— nola edo hala abortua legeztatzearen alde agertu dira.

Sei legegairen aurkezpenak egin dira dagoeneko.* Komunistek, Sozialistek, Sozial Demokratek, Errepublikanoek, Liberalek eta Kristau Demokratek berek ere, bakoitzak bere legegaia aurkeztu diote Parlamentuari. Batzordeak* bere eskuetan daduzka orain sei legegai hauk. Bost abortuaren aldekoak dira; Kristau Demokraziarena, berriz, kontrakoa. Dena dela, oraingo eztabaida honetan Kristau Demokraziak bere proposamen bat aurkeztu nahi izan du. Ihaz, dibortzioarekiko eztabaidan, kontra egitea izan zen alderdi horren lanik handiena, eta ez zen aski* saiatu, bestek aurkezturiko legegaia hobetzera; eta galdu egin zuen burruka. Oraingoan, aldiz,* beste legegaien artean berea aurkeztu gura izan du: kontra... baina erdizka. Izan ere, lege zaharra zerbait biguntzera saiatzen da Kristau Demokraziaren proposamena, baina abortua delitutzat hartuz, amaren bizitza salbatzeko ez baldin bada; salbuespen* hau, ordea, lege zaharrak ere ba zuen.

Beraz, abortua legeztatzeko bost legegai eta erdi aurkeztu direla esan genezake. Eta horietarik lege bat bakarra egitera saiatu beharko du Parlamentuak. Nolakoa aterako da? Bitartean Alderdi Radikalak, asmotan zuen erreferenduma baztertzea hobe izango du. (Patxi Kortabarria)


Matematikazko sinboloak direla eta

Aurreko artikulu batetan zerbait esan banuen, oraingo hontan, berriz, ordukoan agertu ziren sinboloen irakurkeraz arituko naiz.

Joan den udan, Donibane Lohitzuneko Euskal Unibertsitatean, ondoko sinbolo hauk* onhartu omen ziren:

+ gehi

 - ken

 x bider

 : zati, zatitu (?)

 = berdin

 Ene eritziz, lehen lau kasuetan, nazioarteko sinbolo horien euskal irakurkera hori ez da oso egokia. Gehi, ken eta zati —edo eta zatitu— erabiliz gero, sintaxizko oker larri batzu egitera beharturik geundeke.

 Gehi eta ken hitzak (?), ezer izatekotan, gehitu eta kendu partizipioen sustrai infinitiboak dirateke, inperatibo edo subjunktibozko modu batez erabili beharrekoak, eta ez sinbolo batzuren izen sustantiboak. Gisa* hortan, euskaraz oraindik ezer ulertzen badut, 5 + 2 = 7, bost gehi bi berdin zazpi delakoa zeharo gaizki dago. Ezer izatekotan, bosti bi gehi(tuz gero) berdin zazpi izan beharko luke, euskal sintaxiaren erregelak betetzearren matematik ordena hautsiz. Hor, gainera, deklinazioa sartu behar genuke matematikan: argitasunerako oztopo nabaria* berau.

 Dakusagunez,* garbizale izan nahiak, hemen ere, «antierdara» optiko bat eginez gero, ez du batere kezkarik euskararen sintaxia puskatzeko. Sebero Altubek azaleko garbizaleen akats hau gogorki salatu zuen, hitzen itxurazko euskaltasuna gordez gero edozer egiten dutenena. Aurreko ANAITASUNA batetan Kintanak aipatzen zigun atxe alai «la peña alegre» haren gisako zerbait nabari* daiteke saltsa hontan ere.

Ba dakit norbaitek esan dezakeela, horrenbeste buruhausterik gabe erabiltzen duela euskal jende arruntak* aritmetika, eta bost eta bi, zazpi esaten duela; baina hori ez da formulazio egoki bat, erdarazko cinco y dos, siete ez den bezalaxe. Kontuak, egia esan, maiz* holaxe egiten ditugu; baina matematikaz ari garenean, ordea, kultur hizkuntza guztien antzera, zenbaki eta sinbolo guztiak, dauden ordenan gainera, izendatu eta irakurri behar dira.

Inora eramatekotan nahaspidera besterik ez garamatzan* xobinismo inozo* hau alde batera utzirik, bazter ditzagun purismokeria horik*; eta, beste askok egiten dutenez —ingeles, aleman eta errusiarrek gutienez—, jo dezagun latinaren aseptikotasunera, beronek nazioarteko maila batetara eraman baikaitzake.

Beraz, nik neuk ondoko irakurkerok proposatuko nituzke:

+ plus

 - minus

 x per

 : inter

 = berdin

 Esaterako: 6 + 2 = 8 (sei plus bi berdin zortzi); 5 - 2 = 3 (bost minus bi berdin hiru); 5 x 2 = 10 (bost per bi berdin hamar); 16: 2 = 8 (hamasei inter bi berdin zortzi).

 Kasu guztiotan, plus, minus, per eta inter hitzak, euskaraz «ezer esanguratsu ez direnez gero», +, -, x eta: sinboloen izen huts-tzat jo ditzakegu; eta, gramatikatasunik ez dutelarik, ez zaigu batere sintaxi problemarik sortuko, matematik ariketak* beraiekin egiterakoan.

 Ez dugu ulertzen bestalde, egia esan, Donibaneko bilera hartan plus eta minus hitzak sinbolo horien izentzat zergatik ez ziren onetsi, orduantxe, hain zuzen ere + 5 eta - 3 esateko, plus bost eta minus hiru onhartzen zirelarik. Nondik nora bi izendatze molde hauk sinbolo berberei? Puristei ere zenbait kontentamendu emateko gogoa ote? Ez dirudi, zinez esanik, tertium quid horrekin zientzia serio baten lehen pausoak ematen ari garenik.

 Gehi eta ken horiez landa,* bider delakoak, nahiz eta multiplikazioaren kasu konkretuan erabat* gaizki gelditu ez, sukalle edo ebangelio kutsu nabariegi* bat duela esanen nuke; espainolez ere 7 veces 7 eta 7 por 7 ez dira berdin, konnotazioei dagokienez bederen.* Horrez gainera, ezin erabil daiteke beti, x sinboloa adierazteko horra hor, kasu,* 2 x 5 x 7 cm (bi per bost per zazpi zentimetro, eta ez bi bider bost bider zazpi!!!). Musikarloan ere berdin: hiru per zortzi konpasa, ez hiru bider zortzi konpasa!!

Zer esan, azkenean, zati edo zatitu hortaz? Horrek bai duela sukalde urrina,* zientzi kutsurik gabe. Zeren,* erdaraz diez partido (edo troceado!) por dos aritmetikarako irrigarri baldin bada, zergatik ez du halaber euskaraz ere irrigarri izan behar? Ez dezagun ahantz, beste tik, zati hori «trozo» ere ba dela, eta 15: 3 = 5 (hamabost zati hiru berdin bost), euskal itxurako zerbait diru dien arren, logogrifo bat besterik ez dela praktikan, zati-ren ordez zatitu ezarriz gero lehengo problema berberarekin topo eginez.

Hontan guztion, ba dirudi zenbaitzuri oraindik gogoratu beharko geniekeela, erdara ez den guztia —horregatik eta besterik gabe— ez dela nahitaez euskara izan; behar; berdin turko, latin edo eta deus* ere ez izatea gerta daiteke. Frantsesek —frantsesa ez delako arrazoi merkeagatik— toreador hitza espainolezkotzat edukiarren, espainolez ez da hola esaten, torero baizik. Ea noiz hartzen dugun euskara berez, eta ez erdara baten kontrako sinbolo sakratutzat; zeren, mordoilokerian erdararen peko morrontza bat badago, antierdaltzaletasun batzutan ere erdara berberarekiko beste azpikotasun bat baitatza,* hots,* harengandik beti iheska ibilibehar konplexatua.

Dena kritika hutsa gerta ez dadin, beste zenbait formularen irakurkerok proposatzera ausartzen naiz, ene ofiziokideen kontsideraziorako:

35 hiru bostgarrenera (bostgarren potentziara),

5>3 bost handiago hiru (baino); kako artekoa aukeran.

 3<5 hiru tikiago bost (baino); kako artekoa aukeran.

 5√3 hiruren bostgarren sustraia. Bigarrena edo hirugarrena direnean, sustrai koadratu edo kubikoa ere erabil daitezke.

 log5 3 bost oinharriko hiruren logaritmoa. Normala denean, hots, oinharria 10 denean, hiruren logaritmoa esan daiteke, deusik gehitu gabe.

 Honela, matematika eta aritmetikazko sinbolo erraxenen irakurtzeko erak erraxago eta egokiago direlakoan, gaurko honi bukaera ematen diot.

JOSEPE

dezagun, daigun

dezake, daike

diot, deutsat

ditzagun, daiguzan

ditzakegu, daikeguz

gaitzake, gaikez

genieke, geunskioe

geundeke, gengokez

zaigu, jaku

zaizkigu, jakuz


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

A

 ABAGADUNE, coyuntura.

 ABANTAIL, ventaja, privilegio. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 ABIADURA, velocidad.

 ADIN, edade.

 AGIAN, beharbada, nonbait.

 AGINTZARI, promesa.

 AGITZE, gertatze, jazotze.

 AGORRIL, abuztu.

 AHALBIDE, posibilidad.

 AIPATU (1), renombrado, famoso.

 AIPATU (2), aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

 AITZINA, aurrera.

 AITZINDARI, aurrelari.

 ALATZE, alhatze, alimentar.

 ALDARRIKATZE, proclamar.

 ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

 AMASABEL, emasabel, matriz, útero.

 AMINISTRALGO (aministrari + go), administración.

 AMINISTRARI, administrador, administrativo. (AMINISTRALGO, administración.)

 ANDANA, multzo.

 ANIZTASUN, askotasun, pluralismo.

 ANTZ, irudi.

 ARABERA, arauera, según, conforme.

 ARAUERA, arabera, según, conforme.

 AREAGO, oraindik gehiago.

 ARIKETA, ejercicio.

 ARRAKASTA, éxito, succès.

 ARRAS, oso, muy, très.

 ARRENKURA, queja, descontento, inquietud.

 ARRUNT, ordinario.

 ARTIKA, Artigas.

 ASALDATU, alborotado, rebelado.

 ASKAPEN, liberación.

 ASKI, nahiko.

 ASPER, aburrimiento, hastío.

 ASTEARTE, martitzen.

 ASTEAZKEN, eguasten.

 ATERAIA, ateratua.

 ATXEKI, adherido, apegado, obligado.

 ATXILOTU, detenido, arrestado.

 AUSART, valiente, osado.

 AUSARTZIA, audacia, atrevimiento. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 AXOLA, ardura.

B

 BAKAN, raro.

 BAKUN, aislado, solitario, apartado, separado.

 BAPATEKO (bat + bateko), repentino, súbito.

 BARREIATU, esparcido, desperdigado.

 BARRUTI, distrito jurisdiccional.

 BATEZ BESTE, bana beste, por término medio.

 BATZORDE, comisión, comité.

 BATZU, zenbait. (Batzuk aktibo, batzu pasibo.)

 BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

 BEGIZTATZAILE, fisgón, rascabucheador, voyeur.

 BEHATOKI, observatorio.

 BEREHALAKO, inmediato.

 BERRIKI, berrikitan, recientemente.

 BERRIKITAN, berriki, recientemente.

 BERTSU (beretsu), casi idéntico.

 BESTEREKIN, con otro, con otros. (BESTEEKIN, con los otros.)

 BIDE, beharbada, nonbait.

 BIDEZKO, justo, normal, legítimo.

 BIKAIN, excelente.

 BILAKABIDE, evolución, proceso.

 BILAKATU, bihurtu.

 BILAKATZE, bihurtze.

 BILDUMA, colección.

 BILKURETXE, casa de reuniones, casa social.

 BITXIKERIA, originalidad, extravagancia.

 BOLADA (1), ráfaga.

BOLADA (2), unada, temporada.

 BORTIZKI, fuertemente. (Bortitz hitza latinezko fortis berbatik dator.)

D

 DAGI, egiten du.

 DAGOENEKO (dagoen + orduko), honez gero, para ahora.

 DAKARTZATE, dakarrez, ekartzen dituzte.

 DAKIKE, daki nonbait.

 DAKUSAGU, ikusten dugu.

 DARAMATZATE, daroez, eramaten (eroaten) dituzte.

 DASTA, gustar, degustar.

 DATEKE, da nonbait.

 DATZA, yace, existe. (Etzan aditzaren forma.)

 DEA (da + a), ahal da?

 DEINO, den bitartean.

 DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

 DEITURA, apellido, nom de famille.

 DERIZKIOGU, deritzagu, deritzogu, erizten diogu (deutsagu).

 DEUS, ezer.

 DEUSEZTATZE, ezereztatze, destruir, anular.

 DEIZAZKION, deiozan.

 DIRATEKE, dira nonbait.

 DOI, apur.

 DUIA (du + a), ahal du?

E

 EGOTZI, bota, imputado.

 EGUN, gaur.

 EI, omen.

 EIKI, noski, ciertamente.

 EKAIN, junio.

 ELABERRI, novela, roman.

 ELE, hitz, berba.

 ELE-MELE, erran-merran, esamesa, habladuría.

 EMANGAILU, aparato emisor.

 EMANKIZUN, emanaldi, emisión.

 EMANKORTASUN, productividad.

 EMATE, parecer, dar la impresión.

 EMAZTEKI, emakume.

 EMENDATU, aumentado.

 ERABAT, guztiz, osoki.

 ERABATEKO, definitivo.

 ERAKARPEN, atracción.

 ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.

 ERDIESTE, lortze.

 EREDU, modelo.

 EREMU, terreno, territorio.

 ERITEGI, centro sanitario.

 ERITASUN, gaixotasun.

 ERORTZE, jauste.

 ERRESUMA, reino, royaume, kingdom. (ERREINU, reinado, règne, reign.)

 ERRU, hoben, culpa.

 ERRUGABE, hobengabe, sin culpa.

 ESAN NAHI BAITA, a saber, es decir, esto es.

 ESKUALDE, comarca, región.

 ESTAIA, piso, étage.

 EURITZA, cantidad de lluvia.

 EUSKARRI, apoyo, sostén.

 EUSTE, apoyar, sostener.

 EUTS, apoyar, sostener.

 EZEIN, alguno, cualquiera.

 EZEN, ze, pues.

 EZEZIK, no solamente.

 EZINDU, imposibilitado, inválido.

F

 FROGA, prueba, demostración.

 FROGATU, probado, demostrado.

G

 GAIZKOATU, empeorado, agravado.

 GARAMATZA, garoaz, eramaten (eroaten) gaitu.

 GARRAIO, transporte.

 GARRANTZIA, inportantzia. (Iparraldekoentzat azken bokala organikoa da.)

 GISA, era, modu.

 GIZABANAKO, individuo.

 GORABEHERA, a pesar de, malgré.

 GIZATAR, humano.

 GORAZARRE, elogio, alabanza.

 GREBA, huelga.

 GUTUN, eskutitz.

 GUZTIZ, guztiz ere, bereziki, batez ere.

H

 HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo.)

 HALABER, así mismo, también.

 HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción, simulación.)

 HARMADA, ejército.

 HARROBI, cantera.

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

 HAUTESKUNDE, elección por votación.

 HAUTSI-MAUTSI, arreglo, componenda, compromiso. (ENGAIAMENDU, compromiso, engagement.)

 HAZKUNDE, desarrollo, développement.

 HEDATU, zabaldu.

 HEDATZE, zabaltze.

 HEIN, medida, grado.

 HELBIDE, dirección, adresse. (ZUZENBIDE, justicia, derecho.)

 HERBARRUTI (herri + barruti), distrito municipal.

 HEREN, tercio, tercera parte.

 HERTSI, estrecho.

 HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

 HIGATU, gastado, consumido, ajado.

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo»)

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HURA, ha.

I

 IDAZKARI, sekretari.

IGERTOKI, piscina.

 IKUSGARRI, espectáculo.

 INOZO, bobo, cándido, tonto.

 IRISTE, heltze.

 IRITSI, heldu.

 ITAUNKETA, interrogatorio, encuesta.

 ITZALI, iraungi, amatatu.

 IZARTU, neurtu. (Oso erabilia iparraldean.)

J

 JADANIK, ya.

 JALGI, atera, irten, urten.

 JALGITZE, ateratze, irtete, urtete.

 JARAMON, kasu.

 JARRERA, postura, actitud.

 JAUSTE, erortze.

 JAZOTZE, gertatze, agitze.

 JOSTAGARRI, recreativo.

K

 KALONJE, canónigo.

 KANTZELARI, canciller, alemanez Kanzler. (KANTZELARITZA, cancillería.)

 KARIA, motivo.

 KASU, por ejemplo.

 KORRAL, patio.

 KUTSADURA, contaminación. (SATSUDURA, polución.)

L

 LABORARI, nekazari, labrador.

 LANDA, kanpo, fuera.

 LANDIBARRE, Nafarroa Behereko Lantabat.

 LANKETA, lan bila.

 LARUNBAT, zapatu.

 LARREGI, lar, gehiegi, sobera.

 LAUSENGU, lisonja, flatterie. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 LEGASA, Legasse. (Ikus «Diccionario Onomástico y Heráldico», III., 296. horrialdea.)

 LEGEZ, bezala.

 LEKUKO, testigu.

 LERRAKETE, esango lukete.

 LIBURUKI, tomo, volumen.

 LILURAMEN, encanto, hechizo, fascinación.

 LIZARRA, Nafarroako Estella.

 LUPAR, alcahuete, proxénète. (LUPEME, alcahueta.)

M

 MAIZ, sarri.

 MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

 MENTURAZALE, aventurero.

 MERKATAL, comercial.

 MERKATALGO, comercio.

 MIRABE, criado o criada, serviteur ou servante.

 MUKURU, colmo, tope.

N

 NABARI (1), evidente, notorio, patente, público.

 NABARI (2), percibir, notar. (NABARITU, percibido, notado.)

 NEKE, neketsu.

 NESKAME, criada, servante.

Ñ

 ÑABARDURA, matiz, nuance.

O

 OFIZIALDEGI, escuela profesional.

 OLATU, uhin, ola, vague.

 OLDE, movimiento, corriente.

 ONDIKOTZ, zorigaitzez, zoritxarrez.

 ORDEZKARI, delegado.

 ORO, guzti.

 ORO HAR, en conjunto.

 OSTEAN, ondoan, ondoren.

 OSTEGUN, eguen.

 OSTIRALE, bariku.

 OTSAIL, febrero.

P

 PAIRATU, padecido, soportado, sufrido.

 PERILOS, peligroso. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

S

 SAIL, arazo, zeregin, egiteko.

 SALBUESPEN, salvedad, excepción.

 SEKRETARI, idazkari. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

 SEN, juicio, mente.

 SERORA, sor, monja, religiosa.

 SINADURA, firma.

 SINATU, firmado.

 SOLASALDI, coloquio, conversación.

 SUHAR, fogoso, entusiasta.

 SUNTSITU, desaparecido, disipado.

 SUSTRAI, erro.

T

 TINKO, firmemente.

 TXINGOR, granizo, grêle.

U

 UDALETXE, Herriko Etxe.

 UKITU, tocado. (HUNKITU, conmovido, emocionado.)

 UNADA, bolada, temporada.

 URLIA, fulano, un tel.

 URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

 URRIN, tufo, tufillo.

 URTARRIL, enero, janvier.

X

 XEDE, propósito.

Z

 ZAGITA, saeta, flecha.

 ZAMA, carga.

 ZARAMATEGI, basurero.

 ZEIN, cuál. (ZEINTZU, cuáles.)

 ZEREN, ze, pues.

 ZIGARRO, cigarro puro. (Zigarroxka, zigarreta = cigarrillo.)

 ZILEGITZE, permitir, hacer lícito.

 ZIN EGIN, jurar.

 ZINEZ, zinetan, benetan.

 ZORI, suerte, destino.