ANAITASUNA

III URTEA — N. 29

Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa

Zemendia-Lotazilla (11-12) 1955


Gaurko martiriak

 Eleiza Katolikoaren atxiñako historia irakurten dogunean, dardar egiten deusku biotzak martirien egitadak gogoraturik.

Atxiñako gauzen misteriozko urruntasunari edo gure irudimenaren eragitasun gozoari zor deutsagula, aparteko zerbaitek ikututen gaitu arima barrenean. Erason aundia —eta bearbada invidia pitin bat— sentietan dogu barruan, lengo gizaldietako martirien bizitzea ta eriotzea gogora ekarten ditugunean. Danok daroagu barruan heroismoaren azia, eta orregaitik danok mirarituten gara gure atxiñako anaien egitada ospetsuen aurrean eta euren egintzak geureak baillitzazan poztuten gara.

Heroikoak izan zirean, izan-bere, beiñolako kristiñauak. Baiña gaurkoak ez dira gitxiago. Gure egunotan Eleiza Katolikoaren kontra egiten direan persekuziñoak, Erroma'ko Emperadoreen demporakoak baiño izugarriagoak dira. Odolzaleak izan zirean benetan Neron eta Diokleziano, baiña Stalin eta Tito odolzaleago. Gaurko komunismoak Erroma'ko Imperioak baiño lurralde geiago daukoz menperatuta, eta bere asmoak lortuteko Estadu modernuaren almen eta teknika guztien jaube da.

«Irurogeimilloi dira —dirauskue oraintsuko karta baten Ipar-Amerika'ko Obispoak— Europa ta Asia'n komunismoaren azpian bizi direan katolikoak. Ildako Obispoak, kartzelan sarturikoak edo erbestetuak berreun inguru dira. Ia osoro ondaturik dago Eleizea Albania, Bulgaria, Estonia, Letonia, Lituania, Rumania ta Rusia'n. Eta China'n kristiñauen egokerea guztiz errukarria da, lengo bost milla misiñolarietarik ogetamar bakarrik geratzen baitira».

Egia onen aurrean, ezin geintekez kezka barik egon Euskalerri'ko kristiñauak. Ez gara bear dan bestean konturatuten oraingo orduaren astuntasunaz. Zabaldu daiguzan begiak. Martiri demporan bizi gara. Asko bai asko dira, atxiñako martirien egitada ospetsuak gaurko egunean barriztetan dituen kristiñauak. Geure anaiak dira. Arduratu gaitezan eurakaz. Erantzun deiogun beingoan, ainbeste lekutatik laguntza eske egiten deuskuen deiari.

Besterik eziñean, otoitz egin daigun gitxienez euren alde, beti zintzoak izan daitezan eta ainbat ariñen bakea jaritxi daien.

Bien bitartean, jakin daigun «martiri odola, kristiñau azia» dala, eta Jainkoak oraingo ezbearren bidez mundu oba bat moldatuten dabillela.


Or, an, emen

 Portugal.—Lisboa'n, 71 urtegaz, Arturo Oliveira dos Santos il da. Orain 38 urte, Fatima'ko Ama Birgiñea agertu zanean, bera zan erriko agintaria. Sasoi atan masoia zan, eta iru umeak —Luzia, Jazinta ta Frantzisko— kartzelan sartu zituan. Ez dakigu, il baiño lenago, Eleiza Ama Katolikoagaz bakeak egin dituanentz.

 Finlandia.—Aurten ospatuten dabe finlandiarrak euren kristiñau erlegiñoaren zortzireungarren urteurrena. Zortzireun urte dira, Finlandia'ra Kristoren Barri Ona eldu zala. Onduantxe jarri zan lenengo kurutzea Iparreuropa'ko lurralde orretan. Zoritxarrez, 400 urte geroago finlandiarrak protestante egin zirean. Gaurko egunean, luteranoak dira ia danak.

 Brasil.—Lebrea'ko misiñoan, oraintsu il da, egitada miragarri bat eginda gero, Aita Jesus Pardo, San Agustiñen Ordenako misiñolari naparra. Misiñoko lau ume Purus errekan ito bearrean egozala ikusi ebanean, eurak salbetako bere burua uretara jaurtigi eban. Misiñolari heroikoak, iru ume ur bazterrera eroan al izan ebazan. Eta, au egin ostean, guztiz indargaturik egonarren, barriro sartu zan ibaian, eta laugarren umea, oraindiño bizirik atara eban. Ibai ertzera eldutakoan, konorte barik jausi zan lurrera, eta arik gerotxuago il zan misiñolari bioztuna. Aita Jesus Pardo, Naparroako Karkar errian jaio zan, eta ogetabederatzi urte zituan.

 Ingalaterra.—Danok dakigu Ingalaterran Eleiza Katolikoak aspaldion aurrerapen aundiak egin dituana. Asko dira, izan-bere, urtean urtean konbertietan direan protestanteak. Eleizgizonen artean-bere, aundia da Erromako Eleizarentzako jokerea. Oraindiño orain, zazpi dira denpora laburrean Eleiza Katolikoa besarkatu daben kleriko protestanteak.

 India.—Naziño Alkartuen Batzar Generalean. India'ko Delegaziñoak eleizgizon katoliko bat dauko. Eleizgizon ori, jesuita bat da: Aita Jeronimo de Sousa, Poona'ko Instituto Katolikoaren zuzendaria.

 Nafarroa.—Pamplonan, Diputaziñoaren laguntzeagaz, euskerearen ondamendia ebagiteko asmoa artu dabe, erri orretan oso ezagunak direan persona batzuk. Nafarroan, azkenaldi onetan, euskereak atzerantza egin dau lurralde andi baten.

Nafarrak, euren burua salbau gurarik, su ta ke asteko gogoa deukie eta egingo dabe zeozer euren barru sutsu ta adoretsuak eragiñik. Zorionak emoten deutsaguz emendik, olango bear txalogarria asteagaitik eta uxala sortuko balitz zaletasun bizia, gogo intartsuago baten oiñarria.


Errota gorria («Moulin Rouge» euskeraz) [Abestia]

Ni-re - la-gu-na,

e-rro-ta - go-rri-an,

e-yo-zu as-ti-ro

ni-re - mai-ta-su-na.

Ni-re - bi-o-tza,

be-re e-rro-ta a-rri-an,

e-gon - da er-di - lo,

ta - biur-tu - da - dan-tza.

Jain-ko-a! - Ze - po-lit - zi-re-an

au-rrean - neun-ka-zan - be-gi-ak;

gor-din-du - zo-ro-ta-su-ne-an

a-tse-gin - di-rean - zau-ri-ak.

E-rri-ko - pla-zan,

zo-rio-ne-ko - ber-bak,

e-rri-ko - pla-zan,

kan-tau - ne-ba-zan.

E-san - laz-tan,

ta - mai-te - no-zu-la,

e-san - laz-tan,

be-ti - se-ku-Ian.

Ni-ri - e-gin - ja-taz - bi-rri-tan

ber-ba - o-neik - bi-o-tze-an;

be-raz - zer - ge-ra-tu - ja-tan

a-mes - ta - zo-ri-o-ne-an?

A-rri-ra - bo-ta

ni-re - mai-ta-su-na,

e-rro-ta - go-rri,

mai-ta-sun - e-rro-ta!


Berba egin Jauna

Jesukristoren Inkarnaziñoa

- Bakean bizi da Galilea'ko probintzian, Nazareth'eko etxe txiki baten, amabost bat urteko neskatilla bat, Maria izenekoa. Jose deritxon mutil gazte bategaz dago ezkonduta. Ezkondurik egonarren, Maria oraindiño gizon barik bizi da, judeguen artean neskatilla ezkonbarriak gizonaren etxera joan baiño lenago euren etxeetan urte bete igaroten eben-da. Alan ta guztiz-bere, Mariak eta Josek, ezkondu orduko, alkarreri berba emon deutse, matrimonioan birgiñatasuna gordeko dabela.

- Alako baten, Maria bere etxean otoitz egiten dagoala, agertzen jako Gabriel aingerua eta diñotso: «Agur Maria, graziaz betea, Jauna da zugaz, bedeinkatua zara zu andra guztien artean». Berba oneek entzunda, ikaratu egin zan Maria, eta agur orregaz zer esan gura ete eutsan egoan bere artean. «Ez bildurtu, Maria —diñotso aingeruak—, Jainkoak maite zaitu-ta; umedun izango zara, eta sabelean seme bat sortuko dozu eta Jesus izena ipiñiko deutsazu. Aundia izango da Bera, eta Jaun-Goikoaren Seme deituko deutse; eta Jainko Jaunak, David bere aitaren tronua emongo deutso. Judegu erriaren betiko erregea izango da, eta bere aginteak ez dau azkenik izango». «Zelan izan leiteke ori —esaten deutso Mariak aingeruari— gizonegaz zerikusirik euki barik?» Eta aingeruak: «Espiritu Santua zugana etorriko da, eta Jainkoaren indarrak gerizpean artuko zaitu; zugandik jaioko dan umea, santua izango da eta Jainkoaren Semea. Ara, Elisabet zure lengusiñeak, bere zartzaroan, ume bat sortu dau, eta ume bakoa zana seigarren illabetean dabil, eziñezko gauzarik Jainkoarentzako ez dago-ta». Mariak orduan esan eban: «Ona emen Jainkoaren serbitzaillea: egin beite nigan zuk diñozuna». Eta momentu orretan bertan, Mariaren sabelean Jainkoaren Semea gizon egin zan. Aolantxe kumplidu zan seireun urte lenago Isaias profeteak esan ebana: Mesias Salbatzaillea Birgiña bategandik jaioko zala.

- Ama Birgiñea, egun batzuk geroago, bere amatasunaren barri San Joseri emon barik, Elisabet bere lengusiñea bisitetan joan zan. Emakume bioztuna, Ama Birgiñea. Asago bizi da Elisabet, Judea'ko probintzian, Nazareth'etik bertaraiño 147 kilometro inguru dagozala. Ama Birgiñea sartzen da Jerusalem'erantz doan karabana baten, eta Samaria'tik zear, oiñez, lau egun ostean eltzen da Elisabeten etxera. Barrura sartutakoan, agur egiten deutso bere lengusiñeari. Elisabetek Mariaren saludoa entzun ebanean, bere sabeleko umea, gero San Juan Bautistea izango zana, salto saltoka asi zan. Eta Elisabetek, Espiritu Santuz beterik, Mariaren estadua igarrita, auxe erantzun eutsan: «Bedeinkatua zara zu andra guztien artean, eta bedeinkatua da zure sabeleko frutua».

- Iru edo lau illabetegarrenean, Ama Birgiñea Nazareth'era biurtu zanean, laster konturatu zan San Jose bere emaztearen estaduaz. Mariak, orren gaiñean ez eutsan ezer esan San Josek, bere aldetik, ez ekian zelan explikatu bere emazteari jazo jakona. Alan ta guztiz-bere, seguru egoan Mariaren birtutearen gaiñean. Orregaitik, bere emazteari izen ona ez kentzearren, bera ixillean itxitea erabagi eban. Baiña asmo ori gogoan eukola, aingeru bat agertu jakon amesetan, eta esan eutsan: «Jose, David'en semea, ez bildur izan zure emazte Maria etxean artzeko; beragan sortu dana Espiritu Santuarena da. Seme bat jaioko jako, eta Berari Jesus izena ipiñiko deutsazu». Jose jagi zan lotatik, eta Jainkoaren aingeruak esan eutsana egin eban.


Eulali. Biotz onekoa [Komikia]

CHAS. KUHN


Felis katua [Komikia]


Egia ta guzurra

Bein baten adiskide bik alkar topau eben kalean. Batak begi bat baltz-baltz eukan, andituta, ta badiñotso besteak arriturik:

— Turebio, zer pasau jatzu or begi orretan?

— Zer pasauko jatan ba? Lengo egunean beste batek mokeruagaz jo eustala.

— Zaoz ixilik; mokeru bategaz zelan eingo eutsun ori ba?

— ¡Ein ez! Niri jo eustanak eskuakaz kentzean ditu mokoak.

Baegoan bein erri koxkor baten, bakartade utsean, praille ordena bat. Erregla gogorra euken, sano gogorra, komentu orretan. Bat esango deutsuet ikusi deizuen gogortasun au: Ezein praillek ezin esan eikean ezer bere buruaren alde, bere kontrako gauzak egiten egon arren, ezta ez jakinean izanda be; baiña bai besteen alde, karidadez.

Bein, bazkaiten sartu zirean salan, ta errezau ostean anaia etorri zan sopeagaz eta banan banan danari bota eutsen platerera bakoitzaren neurria. Praille guztiak ixilik egozan euren pentsamenduetan sarturik, pentsamendu sakonetan, bene-benetan. Olango baten, konturatu zan praille bat bere platerera sagu bat jauzi zala ta ¡aren estutasuna! Asi zirean danak jaten eta eurakaz gure praillea, sagua alboan isten ebala ta al ebazan mogimentu ta ots guztiak egiten ebazala besteak konturatu eitezan eta bere alde berba egin. Baiña, ¡ain sarturik egozan euren pentsamenduetan! Geroago ta estutasun andiagoa ta azkenean, ia amaituta eukala platerekoa, salbaziñoa etorri jakon burura, ta badiñotso anaiari:

— Anaia, aiztu ein jako besteari sagua platerean ipinten.


[Komikia]


Pekatua. Seiñaleak

 Automobilista batek, kamiño eder eta zabalean, batez beste orduko larogei kilometroz daroa bere autoa. Txitean pitean seiñale batzuk ikusten ditu, kontuz joateko dirautsenak: Biurrera txarra, urbidea, zubirik ez, trenbide kurutzea, estuunea... Beste seiñale batzuk agindu zorrotzak izaten dira: Ez dobla, ez lotu, aurrera bakarrik, atzera ez, zubia, iru toneladatik gora ez... Oraindiño ba-dira beste batzuk, gauza jakingarriak guztien onerako jakin erazoten dituenak. Errien izenak, provintzietako munarriak... Eta mesederen bat eskatuteko-bere bai: Hospitala, ixilik joan... etc.

Kamiñoko seiñaleak ez dira bidezain batek gura izan eta beste barik ipiñiak. Seiñaleak ez dabe peligrua ekarten, nun dagoan esan baiño. Bideak beti eukiten ditu bere peligruak, naiz zuretzako naiz besteentzako. Arriskua zuretzako danean, kamiñoko seiñaleak aurretiaz jakin erazoten deutsue nun dagoan; besteentzako bada, bardin jaramonik egiten ez badeutsezu (esate baterako, okerreko bidea artu edo parkeamentua bear ez dan lekuan egiten badozu), multagarri baten errudun egiten zara.

Orixe da pekatuaren historia. Pekatu egitea, bideko seiñaleeri jaramonik ez egitea lakoxea da. Jainkoaren legea ausi ezkero, oiñazea ta sufrimentua, nastea ta desordenea datoz. Pekatua ez da txarra Jainkoak galerazo debelako. Txarra dalako galerazo dau Jainkoak: txarra dalako ta DESORDENEA dakarrelako.

Gure vokaziñoari jarraitu ez eta lurrera sufrimentua ekarri: orixe da pekatua. Edukatzaille miragarria izanik, Jainkoak sufrimentuaren bitartez jakin erazo deusku zer dan pekatua. Beiñola sufrimentuetarik libre sortu ginduzan. Oiñazea ta naibagea pekatuagaitik etorri da. Pekatu egiten dabenak, naizta bakarrik eta ixillean egin, sufrimentua ereiten dau munduan.

***

Ona emen Ordenearen Legea, ausi eziña, naitanaiezkoa, bestera aldatu eziña: Jainkoa guztiz zuzena da, eta ezin gura izan leike nasterik edo desordenarik. Munduan ez da ezer galtzen, dana ordaindu bear da. Gure egitada bakotxak kalte edo mesede egiten deutso beti mundu osoari. Gure edozein egintzak eternidade guztian dauko zerikusi.

 Jainkoak ezer galerazo ez baleusku, geuk geure kautan asmatu bearko genduzan legeak euren gerizpean biziteko eta euren bitartez zorioneakoak izateko. Jainkoak, kamiñoetako erreglamentuan egiten dan legez, artikulu batzuk zorrotzago ipiñi ditu beste batzuk baiño, bide egaletako arresien antzera gu jagoteko, jausi ez gaitezan. Arresia apurtutea gauza txarra da, ta arriskuz beterikoa. Baiña ez uste, bideko zorigatx guztiak uxatuteko, erreglamentua zearo gordetea naikoa danik. Ez. Erreglamentuak ezin leikez ezagutu eragin kasu guztiak. Orixe berori jazoten da katezismoan irakasten direan Amar Aginduakaz. Bide egaletako arresien antzera ipiñi deuskuz Jainkoak Mandamentuak, beragandik urrundu ez gaitezan.

Kristiñau zintzoak izan gura badogu, auxe izan beite gure jarraibidea: Momentu guztietan Jainkoaren barondatea egin, bere asmoak gorde, bakotxa bere lekuan egon eta obligaziñoa bete.


Popeye mariñela [Komikia]

TOM SIMS & BILL ZABOLY