ANAITASUNA

288. zenb.

1974.eko abenduaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Batzarre Nazionala.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1).

Batzarre honek ez du kapitalik.

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai.

IDAZLE KONTSEILUKOAK:

Xabier Gereño, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Joseba Arrieta, Aitor Pinedo.

URTEKO EKONOMI XEHETASUNAK:

Inprimatze lana 726.495,10

Gastu orokorrak 82.794,81

Sartua 748.710,28

Zorra 60.579,63

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35 - Bilbao-10


Euskal kultura idatzia 1974

Zenbaki hau irakurlearen eskuetara iristen* denerako, 1975. urtea lehen urratsak* ematen hasia izango dugu. Urte berri honek zer gordetzen digun golkoan, ez dakigu. Aski* kanbiamendu izango den susmorik ba dugu.

Guk, oraingo honetan, iragan berri dugun urteari begiratu laster bat eman nahi izan diogu, asmatzea baino aztertzea gizonari zuzenago dagokiolakoan.

Barruko horrialdeetan irakurleak ikus dezakeenez, kultura idatziari buruz eritzi emate batzuk* agertzen dira. Agi* denez, oraindik goiz da balantze bat emateko, eta Juan San Martinek egin* zerrendari ere zenbait liburu gehitu beharko zaio.

Euskal kultura idatziaren 1974.eko egoera zehatzari ez diot hurbildik helduko. Nahiago dut, gaurkoz, burruka honen nondik norakoa azaldu.

Urrundik gatoz

Ez dago zaharra izan beharrik. Euskaraz mintzatzen ari ginelarik, «hablen Vds. en cristiano» geuri ere esan digute behin baino gehiagotan. Deabruaren hizkuntza gurea!

Eta gero, bakearen eta elkar maitasunaren eta unibertsaltasunaren izenean, erdaraz mintzatzeko ere eskatzen edo esijitzen ziguten. Eta hori ere egin genuen guk.

Baina eskarmentua harturik dugu. Eta horregatik, orain, beste muturretik, proletalgoaren batasunaren izenean euskara baztertzea eskatzen digutenei, baietz esango diegu, doinu hori ezaguna egiten zaigula.

Folklore bihurtu nahi izan digute kultura. Hau da, herri bizitza baten dinamika osoan sartuta egon beharrean,* noiz behinkako ikuskizun eta espektakulu bihurtu, hain zuzen herriaren textuinguru bizi eta higitzailetik* at.*

Eta gure hizkuntza «patois» bat dela sinesterazi digute. Azken urteok arte, gure artean, euskarak ez du prestijio sozialik izan.

Euskara kultur hizkuntza da

«El vascuence, en mi opinión, no llegará nunca a ser un instrumento de cultura».

Unamunoren eritzi hau gezurtatzera dator azken 10-15 urteotako euskal kulturaren ahaleginik hoberena. Hor ditugu ikastolak, hor Euskal Unibertsitatea (oraingoz, Udakoa, asmotan urte osokoa), bi adibide nagusienak besterik ez aipatzearren.

Euskal liburugintzak ere irabazi egin nahi dio Unamunori apostua. Nire ustez, molde berriko euskal liburuen produzioa zerbaitek definitzen badu, euskara kultur tresna bezala trebatzeak egiten du hain zuzen. LUR-GERO-JAKIN zuzen zuzenean bide horretatik doaz.

Mugimendu honen hasera* orain hamabost bat urte jarriko nuke nik. JAKIN aldizkariarekin. Honen inguruko higidura biziki esannahitsua da. Hor ikus daiteke nolakoa izan den eboluzioa, hots,* euskararekiko ardura garbizaletik euskara moderno bat sortzeko ahaleginetara, eta honekin batean euskara batura.

Garai hartan sortutako elkarren arteko ezinulertzeak oraindik ere irauten du. Nola adieraz hori?

Joera garbizalekoentzat, kontradizio nagusia euskara mordoilozale/garbizale zen. Horren arabera* epaitzen zuten dena. Erdal kutsuko hitz bat ikusten zutenean, jantziak urratzen ikus genitzakeen. (Irakurle ohartua konturatu da nonbait, nola, gaur ere, gure inguruko aldizkari batzuetan erdal hitza komilla artean jartzen duten, edo atzetik «euskerantoan esaten denez». Ahulezia* aitortzeko ausartziarik* eza da hori!).

Euskara kulturgailu bihurtu nahi zutenentzat, aldiz,* kontradizioa (nola esan?) honetan zetzan,* hots, ala euskara bizimolde zaharrari loturiko hizkuntza da, ala euskara hizkuntza moderno eta oso bat egin daiteke. Kultur hizkuntza bat nahi da euskara. Hau da gure bidea.

1960.az gerozko euskal kulturak ez du onhartzen, aspaldi egin ohi zen bereizkuntza: «lenguas de primera/lenguas de segunda». Esan nahi baita, gai batzuetarako hizkuntza batzuk beste batzuk baino egokiagoak suertatzen direla. Hala nola, euskarak, barneko bizitzarako, izpiritu adierazpenetarako, poesiarako, otoitzerako, etxe bizitzarako (a! eta txakurrak eta katuak goxoki tratatzeko) biziki balioko luke; gaztelania, ordea, hizkuntza teknikorako, zientziarako, merkatalgorako,* zabalkuntza handia behar duten gauzetarako, bizitza ofizialerako... izango litzateke aparta.

Guk euskal bizitza, goitik behera, euskaraz egin nahi dugu.

Xedeen atzetik

Bistan da, jomuga hori oraindik ere gure eskuen menetik* urruti gelditzen dela. Funtsean,* arazoa ez baita kulturazkoa bakarrik.

Laguntza ofizialik gabe, inongo erraztasunik gabe egiten ari da euskal kultura. Egoera hau ikuspuntu honetatik azterturik, egin ohi dena ez dela horren* guti esan behar da

Hala ere, hutsune asko ikusten da, gehiegi. Begiak hitxita* deus* ez baita konpontzen, aurrerantzean ere aztergai izan daitezen, izendatu eginen ditut batzuk.

 Liburu produzioaren barne egiturari* bagagozkio, UNESCOk gomendaturiko klasifikazio zerrendaren arabera, 55,62 % hartzen du literaturak. Atzerapen tamalgarria* adierazten du horrek. Konparazio bidez ikusteko, mundu osoan produzio osoaren 14 % da literatura. Espainian 35,91 %.

Bestalde, ba dira urratu ere egin gabeko bideak UNESCOren 6-7-9-14-15-17-18 zenbakiak, hots, deretxo, merkatalgo, medikuntza, teknologiari-eta lotuak.

Liburuen hierarkiari begiratuz, honela antolatzen da zerrenda, 1970.ean:

 Munduan Espainian

literatura literatura

teknologia-industria denetarik

politik jakintzak historia-biografia

natur zientziak erlijioa

hezkundea* teknologia

historia-biografia irakaskuntza-hezkundea

deretxoa filosofia-psikologia

artea etika

Euskal liburugintzak, azkeneko 10 urteak batean harturik (eta eliz eta ikastola liburuak aparte utzirik), egitura hau ematen du:

literatura

erlijioa

irakaskuntza-hezkundea

musika-kantuak

historia-biografia

filosofia

 Egunkari gabeko kazetaritza da gurea. Eta daduzkagun kazetak ere oso kondizio xelebretan bizi dira sarritan. Nahi litzatekeen moduan idazteremua hedatzerik* ez dadukagu legearen aldetik, eta, ditugun ekonomiazko oinharriengatik, profesionaltasunik ezin dugu inolaz ere lortu. Gaur ezagutzen ditugun aldizkariak behinbehinekoak* ore dira, bada?

Zerbait berri eta hobeago sortuko den zurrumurrua ba dabil bazterretan. Euskaldunok ere prentsa normal bat behar genuke.

Gainerako arloak (irratia, etab.) ez ditugu gaur aztertuko.

Geroari begira

Nola euskal kultura idatzia hazkunde* gabetasunetik atera?

Manifestu zabal, zehatz eta eraginkor bat egin behar genuke, horretarako indar biziak bilduz.

Programaketa osoa barik,* puntutxo batzuk agertzeari ekingo* diot, eta hori ere llaburki:

- Instituzio politikoek haintzat eta ontzat har dezatela euskal kultura, horretarako behar diren ekonomiazko laguntzak eskainiz.

- Kulturgintzaren planteamendu oso bat egin, jomugak eta bideak eta epeak ongi bereiziz eta xedatuz.*

- Jendea libera, bai idazteko, bai itzultzeko, bai banakuntza sare bat sortzeko.

- Liburugintzaren planteamendu osoa egin.

- Unibertsitatea argitaletxeekin lan egiteko bidetan jar.

- Eta abar.

Joan Mari TORREALDAI

dezake, daike

dezatela, daiela

diegu, deutsegu

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diot, deutsat

genitzakeen, geinkezan

zaigu, jaku

zaio, jako

ziguten, euskuen


Aldizkari zaharrok

 Aldizkari berriak izenaz eman digu Joan Altzibarrek, Espainian azken aldian sortu eta indartu diren zenbait aldizkariren jokabideen azterketa. Idazlearekin bat nator, ematen dituen ideia nagusietan, edo «susmoetan», autoreak berak dioenez. Eta «aldizkari horien planteamenduari buruz datu berriak edo zehatzagoak» eskatzen ditu. Baina... zer zuri eta niri, aldizkari horien jokabideak nondik norakoak diren jakiteak? Ez dut uste, ez gurekikoak direnik, ez guretzakoak direnik ere.

Ahoko gozoz eta bihotzeko zabaltasunez irakurri —edo irentsi— ohi ditugu, sarritan, aldizkari berriok. Hainbat eta gogo handiagoz, Euskal Herriarekiko arazoak erabiltzen dituztenean. Eta modatan dute, gainera, euskal arazoak erabiltzea. Ba dakite nonbait, aldizkariaren azalean eta ahal denik nabarmenen Euskal Herria aipatzen badute, salmenta segurua dutela. Baina sarritan, azal handia duten neurri berean, «axala» dute handia eta mamia eskasa. Bihotz zabaltasun eta adikortasunik ere ba dute, gure arazoak aztertzean (eta gauza berria da hau, hain zuzen ere); baina oso urrutitik ukitzen diren eta begiratzen zaien bitxikeriak dirudite. Irekitasun neutral eta liberal baten leihotik ikusten dituzte, gure Herriarentzat latzenak eta mingarrienak diren gertakariak eta egoerak ere.

Arrakasta* handia dute noski aldizkariok; bestela, ez lirateke sortuko hain eurrez.* Urritik abendura bitartean, 50.000tik 130.000ra igo* zen CAMBIO 16, esate baterako. Igokada hauetarako gertakari berezi batzuek ukan dezaketen eragina* aparte, Espainiaren egoera politikoaren kritika egiten dutelako eta munduko haize berriak dakartzatelako dute arrakasta hain bizia aldizkariok. Beren artean itxuraz antzekoak izanik, munduan zehar atera ohi diren horrelako aldizkariekin duten antza* ere nabarmena da. Italian Panorama, esate baterako, Alemanian Der Spiegel, USAn Time —gure artean ezagunenak aipatzeko— kidekoak direla esan genezake, bai mamiz, bai ideologiaz (edo ideologiarik ezaz), bai egituraz* eta azal itxuraz ere. Horien antz eta irudiz sortu direla dirudi Espainiako azken aldizkari berriok. Kanpoko haize zabalak, berriz, erakarmen* handia izan, barruko haize hestuetan nekez arnasa* hartzen duenarentzat. Ez dira, bada, Euskal Herriak nahi lukeen inguru berri baten adierazle, munduan zehar zahartuta dabilen mundu baten irudi baizik.

Honelako aldizkariren bat beharko genuke euskaraz, entzun ohi dugu sarritan. Beharbada, 130.000 aletako euskal aldizkari baten ametsa dugu; eta erdarazko batek —eta ez batek bakarrik, bakoitzak baizik— hori lortzen baldin badu, euskal aldizkari batek ere lor dezakeela uste izan dezakegu. Nik ere ba dut horren ametsik, eta ikusi nahiko nuke kalean horrelako euskal aldizkaririk.

Baina ez dut uste, Espainiako aldizkari berriok eredutzat* hartuz egin behar ditugunik geure ametsak. Geure aldizkari zaharretatik hasi beharko genukeela uste dut. Hauzoko tipulen gose izan beharrean, geure baratzeko tipulak jorratu behar ditugu. Bestela, inongo tipula ederrak geure baratzera aldatuko ditugu, bai; baina geure baratzean zimeldu egingo zaizkigu. Egia da, legearen aldetik eta politika giroaren aldetik oso hestua eta labainkorra dela euskal aldizkari gehienen egoera. Baina beste problema handirik ere ba dute: ekonomiazkoa, idazleena, irakurleena, euskararena berarena... Eta hauen guztion azterketa ezingo dugu egin, Espainiatik datozkigun aldizkari ederren liluramen* pean. Geure geureak ditugu problema horik,* eta geure aldizkarietan bilatu behar konponbideak.

Hain zuzen ere, euskal aldizkariena ezezik,* euskal aldizkaritzaren problemari adarretatik heldu beharra dago. Horrelako zerbait eskatzen zuten berriki* ZERUKO ARGIAren horrialdeetatik ere. Oinharri oinharrikoak dira gure aldizkaritzaren problemak, gure Herriarenak diren bezalaxe; eta ez dut uste, Espainiako aldizkari berriena eta ederrena kopiatuz ere, geure aldizkaritzaren arazoak konponduko genituzkeenik. Amets ustelak eta gezurrezko konponbideak lirateke horik, nire ustez. Horregatik, geure aldizkari zaharretan finkatuz, euskal aldizkaritzaren bideak urratuz joan beharko dugu.

Gure Herriak ihesbide asko du gaur egun. Horietako bat izan daiteke erdal aldizkari berrien ederra, zabala, liberaltasuna, kritika sena,* eta... hedakundea* Baina gure aldizkari zaharren giroa, itsusia, hestua, garratza, pobrea eta txikia da.

P. KORTABARRIA


"Iberia Express"

CIA hurbil da

CIA orain hurbilagotik ezagutzen dugu, ezagutzen duguntxoan, agian* bera ere gugandik hurbilago dabilelako aspaldi honetan. Hobekixeago ezagut dezakegu, bestalde, dokumentu sekretu batzuk agertu egin direlako oraintsu.

Haren ekintzak sarritan ezezagunak badira ere, ClA bera, Estatu Batuen zelataritza edo espionatzea egiteko erakundea* da. Ipar Amerikan eta kanpoan, jakin dena jakinda eta duen indarra ikusita, jendeak beldur dio CIAri. Eta nola ez, Allen W. Dulles jaunari entzun ondoren? CIAren buru izan zenonek* Gobernuko batzorde* baten aurrean esan du, Ipar Amerikan CIA agentziaren buruek Presidenteaz* beste edonor engania lezaketela, isilpean lan egiten duten agenteen izena argitara ez ematearren.*

Handik eta hemendik (ofizialki sekula ez), egunkari, astekari, irrati eta telebistatik, Ipar Amerikan, Espainian eta Europan jakin izan da, CIAren begikoetarik* bat Espainia dela orain.

Azken aldi honetan 200 agentez gora etorri omen dira Espainiara, lehendik zeudenak kontatu gabe. Portugaleko Estatu kolpearen ondoren iheska handik hona etorriak omen dira batzuk. Espainian sartzen, joan den maiatzaz geroztik-edo hasi omen ziren gehienak, nahiz eta honanzko joera, Carrero Blanco hil zuten garaitik, jadanik* hasia zen. Zenbat diren ez dago jakiterik. Ba dakigu, asko direla barnekoak, eta kontaezinak kolaboratzaileak.

CIA misterioz betea da; izatez, sekretua. Ez da erraz haren berri jakitea. Nola jakin, bada, hona zer moduz sartzen diren eta espionatzetik aparte zer lanbide-edo duten hemen? Jakin izan denez, Cubako eta Latin Amerikako kazetari asko dago hemen, CIAn lan egiten. Eta berdin, lehen «diplomatiko» gisa* Ameriketan ibiliak. Horien guztion abantaila,* hemengo hizkuntza jakitea da.

Inork ere ez ditzan seinala, CIAkoek «status» diplomatikoa dute Ipar Amerikako enbaxadan eta kontsuletxeetan. Ezin, bada, jakin nor zein den.

CIA, 16.500 gizonek osatzen omen dute. Bost mila ari dira lanean atzerrian. Urtero, 750 milioi dolar ematen zaizkio ofizialki. Esan gabe doa, gizon horiek ikus-entzun teknikarik zorrotzenak darabiltzatela, satelite bidezko tresnak ere ba dituztela, eta entrenatzeko zelai* berezi sekretuak ere. Espionatze tekniketan erabiliena, telefonoa dateke.*

Espionatzera bakarrik al datoz? Ezaguna da, CIAk bi eginkizun mota dituela: bata berri jakitearena (intelligence) eta bestea ekintzarena (operation). Ba dira batez ere ekintza estaliak-edo, hau da, politikazko nahiz parapolitikazko zerbaiten bitartez positiboki egoera batetan eragina* dutenak, William Cobby jaunak Time aldizkariari aitortu dionez. Era honetako ekintzak dira, Filipinetan, Hego Vietnamen, Laosen, eta berrikitan* Chilen egindakoak. 1968.ean Pariseko Maiatzean ere han ibili omen ziren.

Dirudienez, Espainiara, aipaturiko lehen eginkizunerako datoz, sekula ere horietaz fidatzerik ez dagoela ahantzi gabe. Aise* ikus daiteke zergatik hautatu duen CIAk Espainia. Esan beharra dago, Espainiarekin batean Portugal eta Italia ere aukeratuak izan direla. Orain hauetan zailago da Jan egitea.

CIAk Espainiaren bitartez Mediterraneoa kontrola lezake, informazio bidez besterik ez bada ere. Mediterraneoko estrategiarako ezin egokiago datorkio Espainia. Batipat* Greziarekin konpontzerik ez dutelarik.

Bigarren arrazoina, bestearekin loturik doana: militar zelai horien kontratu berriztapena kondiziorik hoberenetan egin behar dela.

Hirugarren arrazoin modua: Madrile Latin Amerikarako zubi ona dela.

Laugarrena, eta agian* ez tipiena: etorkizunean ezkerreko gobernu baten beldurra. Besoak tolestaturik egoteko ohiturarik ez dute.

Zer gertatzen da autobideekin?

Zabaldu berri den «Avanzada» aldizkarian, 59. zenbakian, «Las autopistas de peaje, Watergate español?» tituluarekin, bederatzi horrialdetako artikulu luze bat agertzen da; eta ukan* lezakeen garrantzia kontutan harturik, laburpen bat eskaintzen diegu geure irakurleei.

Arazo honen lehen salakuntza seriosa Ramón Prendes jaunak egin zuen. Jaun hau inginadorea da, eta autobideak egiten eta baliatzen dituen entrepresa batetan parte hartzen zuen. Prendesen salaketa «Criba» aldizkariko kazetari bik (Bernardo Díaz Norty eta Alejandro Pérez Barciak) jaso zuten, eta, hainbat azterketa egin ondoren, egun hauetan argitaratuko den liburu bat prestatu dute. Liburu honen laburpen bat da, aipatzen dugun «Avanzada» aldizkariko lana.

Espainian, bi eratako autobideak egiten dira: batzuk dohainik* usatzekoak, eta besteak bidesaria* ordaindu beharrekoak. Lehenak Estatuak egiten ditu, eta bigarrenak entrepresa pribatuek. Baina azken hauek zernahi erreztasun eta laguntza lortzen dute Estatuarengandik, eta, salatzaileen ustetan, negozio galanta egiten dihardute.

Estatuaren laguntza kostuen presupostuaren arabera* ematen omen zaie; eta entrepresok kostuak handitu egiten dituzte, puztu. Adibide batzuk* eskaintzen dizkigu aldizkariak. Entrepresa pribatuek egindako autobideen kostua 200 milioi pezetatakoa omen da, batez* beste, kilometro bakoitzeko. Estatuarenak, ostera,* askotaz merkeagoak dira: Zaragoza-Alfajarín 37 milioi, Oviedo-Avilés 65 milioi, Madrile-Toledo 11 milioi. Atzerrikoekin konparatuz, hau ikus dezakegu:

Italia 40 milioi pezeta kilometroko

Mendebal Alemania 51 »

Frantzia 53 »

Britainia Handia 76 »

Belgika 76 »

Suiza 95 »

Austria 95 »

Espainia 200 »

Hau dela eta, Gorteetan batzorde* bat izendatu dute, arazo hau azter dezan, Eduardo Ezquer Gabaldón buru dela. Jaun honek zera esan du: «El asunto es muy grave. Matesa, a su lado, un aperitivo».

Ekonomi krisi larri bat jasaten* ari gara, eta Gobernuak hezkunderako* prometatu duen urrutasuna* nekez eraman daiteke aurrera. Beraz, eta hainbat ikastetxe (Elizarenak barne) Estatuaren diru laguntzaren zain daudenean, beharrezkoa da arazo honetan argi egitea, inoiz baino beharrezkoagoa baita orain diru publikoa ahalik egokien eralgitzea.*

Kazetariak:

Joan ALTZIBAR

Xabier GEREÑO


Hementxe denok. Euskal Herria

Euskal liburugintza 1974 (1)

Urtero gertatzen den bezala, otsaila arte segituko dute urte honetako argitalpenek. Beraz, hemengo lerrokada hau ez da oso osoa.

Aurten, ezer berezirik, saiaera liburuekin batean, poesiazkoak azaltzen dira gaiz eta muinez gure literaturaren goren mailan.

Hemen, lehenago esana dugun bezala, ez ditugu sartzen haurrentzako liburuxkak, irakaskuntzakoak eta liturgiakoak. Ba dakigu, hemen ere aurrerapen ederrik egin dela produzioaren aldetik; baina aparteko estatistika bat egin beharko litzateke. Guk, lehengo eritziari jarraituz, literaturaren ingurukoak jasotzeko asmoaz ari garenez, bide berari heltzen* diogu.

Hemengo zerrenda honetan agertzen diren liburuen artean, hirutarik bi H-dunak dira, oraintsu norbaitek besterik esan badu ere. Produzio kontuan batasunaren aldekoak aurrera doaz: gai funtsezkoak* erabiltzean, zer esanik ere ez; liburu garrantzizkoagoak eta gaiaren aldetik orokorragoak idaztean, hurbiltzekorik ere ez. Hala ere, H-ren kontrakoak gerla bizian ari dira, beren arloa besteek aina* landu beharrean.*

Euskaltzaindiak bide bat gomendatu zuen, bide bat markatzeko izan zituen eskariei erantzunez; baina ez du inor behartzen, bide horri nahitaez jarraitzera. Nahi ez duena, bego berean; baina batasuneranzko bideari jarraitu nahi dionak, ba du nondik jo. Bestalde, idazle gazteagoek berena dute etorkizuna; eta honek egiten du hil berrien eskelak guttiago izatea, normala den bezala. Eta kontu hau ez zen hauzi honetan aipatzekoa ere.

Gure lema: batasunean indarra.

 Alderdi Komunistaren Manifestua, K. Marx, F. Engels. Porche, S. A. - Baiona.

Antso Gartzeiz (Sancho Garcés, A. Campión-en obratik moldatua), Jesus Maria Arrieta. Kimu, Gero. Bilbao.

Artegintza, artista, gizartea (espiralean gogoetaka), Edorta Kortadi. Gero. Bilbao.

 Asekaitz, Martin Iturbe Balda (Olerkiak. Xabier Azurmendiren Maiteño-rekin batean). Colección Premios Literarios Ciudad de Irún. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa. Donostia.

 Bigarren poema liburua, Xabier Lete. Gero. Bilbao.

Ekonomiako lehen pausoak (lehen partea eta bigarren partea, bi tomotan), Maite Rungis (X. Amurizak euskaratua). Lur. Donostia.

Errioxa'ko San Millan euskal iturri, Latxaga, Edili. Donostia.

Eskutitzak, Aita Onaindia. Larrea-Amorebieta.

 Etxahun koblakari. Etxahun Irurik huntü pastorala ziberotarrez (euskara batuan ere emana, eta traduction française). Garcia Frères inprimategia. Angelu (Anglet).

Euskal kantak. Toki eta urte gabekoa. Gaurko kantariek erabiltzen dituzten kanta zahar eta kanta berrien esku liburua, 324 horrialdetakoa.

Euskal Literatura - II (XVIII. mendekoa) eta III (XIX. mendekoa), bi tomo, J. Erzibengoa eta P. Ezkiaga. Kimu, Gero. Bilbao.

Euskal Literatura. (III. Bi menderen artean, 1895-1920), S. Onaindia. Etor. Bilbao.

Euskara batua zertan den, Larresoro. Jakin. Arantzazu-Oinati.

Gudari. Soldadutzarako argibideak, Antonio Oyarzabal. Arrate-Eibar.

Hiru gizon bakarka, Bitoriano Gandiaga. Gero. Bilbao.

Idek eta Zabal (gogo-bihotzak), Ithurraldek eskualdun gazteri. «Herria» liburu-sailetik. Baiona.

 Ipuiak, J. I. Zubizarreta, F. Sagarzazu, L. Haranburu, N. Alday, M. Goenaga, J. M. Etxaburu. Colección Premios Literarios Ciudad de Irún. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa. Donostia.

Kolonizatuaren ezagugarria, Albert Memmi (euskaratzaile, Larresoro). Jakin. Arantzazu-Oinati.

Kristau-jarrerak gaurko ekonomi egoeraren aurrean - Actitudes Cristianas ante la actual situación económica. Notas de la Comisión Episcopal de Apostolado Social. Donostia.

Las danzas del Corpus en Oñate (euskaraz eta erdaraz), Iñaki Zumalde. Edic. de la Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa. Donostia.

Lengo egunak gogoan, Uztapide. Auspoa. Tolosa.

Lur eta gizon, Euskal Herria, J. A. Arana, J. M. Barandiaran, R. Bozas-Urrutia, J. M. Eizaguirre, J. Intxausti, A. Irigoyen, P. Lafitte, J. I. Linazasoro, J. L. Lizundia, J. San Martin, J. M. Satrustegi, M. Ugalde eta L. Villasante. Jakin, Arantzazu-Oinati.

Maiteño, Xabier Azurmendi (Olerkiak. M. Iturberen Asekaitz-ekin batean). Colección Premios Literarios Ciudad de Irún. Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa. Donostia.

Marxen ondoko errebisionismoa. Rosa Luxemburg. Leninen bizitza, Gotzon Garate. Gero. Bilbao.

Marxisma eta nazional arazoa Euskal Herrian, P. Iztueta eta J. Apalategi. Editions Elkar. Irati saila. Baiona.

Naparroa'ko euskal-esaera zarrak, Intzar Damaso A., «Príncipe de Viana». Iruña.

Nere apurra, Balendin Enbeita. Auspoa. Tolosa.

Oiartzungo beste lau bertsolari, Antonio Zavala. Auspoa. Tolosa.

Olerkiak, Lauaxeta. Larrea-Amorebieta.

Robinson Crusoe, Daniel Defoe. (Bernardo Atxagak euskaratua. Inprimeriako huts bategatik X. Kintana jartzen da euskaratzaile, zeren lan honen zuzenketak eta orraztapenak hark egin baitzituen). Cinsa. Bilbao.

Santa Kruz apaiza, «Orixe». Gero. Bilbao.

 Sei idazle plazara - I, Begiarmen. Jakin. Arantzazu-Oinati.

 Zorion bidea, M. M. Zubiaga. Izarra. Usurbil.

 Zuentzat (aurrentzako ipui ta irakurgaiak), Azpeitia'tar Julene. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S. A. - Donostia.

Juan SAN MARTIN


Hementxe denok. Euskal Herria

Euskal liburugintza 1974 (2)

Aurtengo urte honetan ikastolarako sortu diren liburuen balantzea egiten badugu, ikastola ikastola denez geroztiko joriena* dela aitortu beharrean gaude. Baina joritasun hau, dagoeneko* sortu diren fruituetan baino areago* datza,* datozkeen urteei begira hartu diren erabakietan.

«Gipuzkoako Ikastolen Elkarte Batza» (GIE) eta IKER taldea izan dira, ikastola textugintzaren zuzia* piztu dutenak.

IKER taldeak, textugintzarako bereziki eratu duen talde teknikoaren ahaleginez, Saioka-1 izeneko material orokor eta globalizatua eskaini die ikastolei, EGBko lehen ikasturtearen* premiei erantzuteko.

Zortzi pertsonatako taldearen eta irakasle eta guraso askoren laguntzari esker burutu den kreazio lan honek, hiru atal nagusi ditu: Projektu eta gaien liburua, 224 horrialde kolore guztitara, Osagarri eta ariketen* liburua, 171 horrialde bi koloretara, eta Ikaslearentzako gidaliburua.

Jakin dugunez, salmenta ona ezezik,* arrakasta* haundia ukan du liburuak; eta, dagoeneko, II. ikasturterako liburuak ezezik, III.erako ere prestatzen hasiak dira, GIEren eskabidez eta diru laguntzaz.

IKER talde honek beronek, Txinpartak sail berri bati ere hasera* eman dio hiru titulurekin: Zaldi hegalaria, Sindbad-en ibilerak eta Hiru anaien larrialdiak. Irakurgai mailakatu batzuk* haurren eskutan jartzea du helburu sail berri honek.

Eskolaurrerako,* berriz, Ikus-Ikas deritzan liburuska prestatu du. 78 horrialde ditu, eta kolore guztitara dator. Irakurtzen hasten diren haurrentzat laguntza bat eta eskolaurrean hiztegia finkatzeko bide bat izan nahi luke.

 Txinpartak sail berria eta Ikus-Ikas X. Mendigurenen ardurapean eginak dira.

GIEk, bere aldetik, textugintzari bultzada bat eman nahirik, 2., 3., 4. eta 5. ikasturteetarako textuak euskaratzeari ekin* dio. Horretarako, Santillana eta Casals erdal editorialen gizarte, natur eta matematika arloetarako textuliburuak aukeratu eta itzuli ditu.

Gipuzkoako Irakasle talde batek burutu du itzulketa lana, eta Euskaltzaindiak eman dio azken orraztua.

Itzulpen hauen lehen atalak multikopistaz argitaratu eta ikastoletara zabalduak izan dira.

Esan beharrik ez, Gipuzkoako Federazioak egin duen ahalegina izugarria izan dela, egin duen diru inbestipena 3 milioi pezetatakoa izan baita.

Dakigunez, lehen matematika liburua inprentaraturik dago, eta datorren urtarrilean* emango da argitara.

CINSA argitaldaria eta Irakasleen Elkartea ere aurrera doaz, haurrentzako irakurgai errazak argitaratuz. Dagoeneko aski ezagunak dira, Tomas Elortzaren ardurapean agertu diren 12 liburuxkak. Hiru mailatan sailkaturik datoz: Kukurruku sorta 6-7 urtetakoentzat, Txantxangorri sorta 7-8-9 urtetakoentzat, eta Gaiak 7-8-9 urtetakoentzat. Liburuxka hauk guztiok euskara xamurrez* idatziak eta artista handi eta txikien marrazkiz* horniturik datoz.

Ikastolako azken ikasturteetako haurrei dagokienez, ia* erabateko* hutsunea nabarmentzen da. Egoera premiatsu honi nolabait aurpegi eman nahirik, CINSA editorialak sail berri bat plazaratu du, eta Robinson Crusoe liburuarekin eman dio hasera bildumari.* Jakin dugunez, Heidi titulua inprentaraturik dago, eta Salgari-ren elaberriren bat ere euskaratzailearen eskutan bide* dago.

Maila honetan bertan, GEROk ere aurrera darama bere Kimu saila beste hiru titulurekin: Hego haizearen ipuinak (Lurdes Iriondo), Euskal Literatura-II (J. Erzibengoa eta P. Ezkiaga) eta Antso Gartzeiz (J. M. Arrieta). Dakigunez, Euskal Literatura-III ere laster agertzekoa da, bai eta beste zenbait titulu interesgarri ere.

La Galera-CINSA editorialek, Eguneroko Gauzak hain arrakasta handikoa izan zelarik, lehen liburukiaren berrinprimatzeari eta bigarrenaren argitaratzeari ekin diote. Itzulpena X. Mendigurenek egina da, eta, urte berritarako, eskuartean izango dugulakoan gaude.

Azkenik, euskara batuaz ez datozen liburuei bagagozkie, A. Ferminek eskolaurrerako prestatu duen materiala aipatu beharrean gaude. Euskeraz egin izenpean, 3-6 urte bitarteko haurrentzat fitxak eta berauen erabilpiderako lau gidaliburu agertu dira. Jakin dugunez, material hauen inguruan zenbait gorabehera sortu bide da, eta zabalkunde handiegirik ez du ezagutu, antza.*

Bestalde, Kosmos 3, Anaya editorialaren gizarte eta izadi* arloetako liburuaren euskarapena ere aipagarri da. Presentakera dotorea da; baina, zenbait pasartetan, euskaratzaileen garbizalekeriak kalte egin dio zientzi hiztegiak nahitaezko duen zehaztasunari.

Xabier MENDIGUREN


Hementxe denok. Euskal Herria

Euskal kazetaritza 1974 (1)

Ageri agerian behintzat, euskal aldizkarietan barrena kazetaritzaz benetan guti idatzia denez gero, zail eta harrigarri samar* gerta dakiguke, euskal kazetaritzaren egoera azken urteotako mugimenduaren arabera* aztertu nahi izatea, gainerakoa lehendanik* esana eta jakina balego bezala.

Zenbait aldaketa (edo aldaketa nahia) dela eta, gizarte ireki batetan kazetaritzak zernolako oihartzun* eta eragina ukan dezakeen aski* nabarmendu da penintsula osoan zehar; eta egunsentiko eguzki epelaren errainuek jo dute, antza, Euskal Herri ainubea* ere.

Arrazoi batez zein bestez, nabari* da, oraingoz amaituxea dugun 1974. urte hau ez dela edozelakoa* izan euskal kazetaritzaren historia labur bezain ezezagunean. Lehen eta behingoz, kazetari sari bat sortua izan da Durangon; eta, sariak berez garrantzi guti baino ez duen arren, behinena* zerari deritzagu, kazetaritza ba dela konturatzeari, kazetaritza hor dela ohartzeari, halegia.

Era berean, kazetaritza kontutan hartu behar hau sumatu da, bai Azkoiti eta bai Donibane Lohitzuneko unibertsitari ihardunetan; eta, arestian* Jose Luis Lizundiak salatu duenez, kazetaritzaz ikastaro batzuk prestatu beharraren premia begi bistan da. Kazetaritzaren gaurkotasun honen lekuko* ditugu, bestalde, han hemenka moldatzen hasiak diren hitzaldi eta elkar hizketak. Kezka eta ardura bat denik, ezin, ba, uka.

Ardura honetaz, orain arte inoiz gutitan erabili* hiztegi berezi bat hedatzen hasia zaigu: «kazetari zentzua», «kazetari sena», «kazetari estilua», «kazeta moldeak», etab. Aipatu* hauk eta beste honelako hainbat kontzeptu, ezezagunak ez baina, «ezerabiliak» ziren, hizkuntzalariek, sermoilariek, nobelagileek, kondairalariek, saiolariek eta poetek eskaini izan diguten kazetaritza xelebrean.

Hego Euskal Herriari bagagozkio behintzat, azken urteotako euskal kazetaritzaren ezagugarririk bereziena zera izan da hain zuzen, hots,* kazetagintza, literatur idazleen eskuetatik kazeta idazlanetara pasatu dela, edo eta, hainbat kasutan, zenbait idazle prestuk* kazetaritzara «jaisten» eta haren moldeez baliatzen jakin ahal izan duela.

ZERUKO ARGIA, GOIZ ARGI eta AGUR astekariak (HERRIA ez dugu noizik behin baino eskuratzen) eta ANAITASUNA hamabosteroko bakar hau kontutan hartuko baditugu (gainerakoak ezin daitezke kazeta petotzat* har, ez baitituzte Kazeta Zientziaren lau ezagugarri bereziak betetzen, hau da, aldizkatasuna, gaurkotasuna, unibertsalitatea eta zabalkundea), azken urteotako mugimendu honetan erabateko* zerikusia izan dute, batetik, ANAITASUNA ekilibrio batez jabetzeak eta Joseba Intxaustiren zuzendaritzapean «Hementxe Denok» (eta beste bizpahiru albiste sail) azaltzeak, eta, bestetik, ZERUKO ARGIAn Mikel Atxagak berorren inguruan sorterazi duen bizitasun eta gaurkotasun egarriak.

Akatsen bat aipatzekotan, ANAITASUNA ez dela hamabosteroko bezala jokatzen ari esan genezake (hau miresgarri edo penagarri izan daiteke, zein alderditatik ikusten den arabera), eta ZERUKO ARGIAk, ordea, errazegi heltzen* diola elkar hizketari.

Edozein modutan, ideologiaz kanpo, kazetaritza soil soilez ari baikara, beste maila beherago batetan ikusten ahal ditugu GOIZ ARGI eta AGUR. Donostiakoak hilabeterokoa bailitzan segitzen du oraindik ere, eta Bilbokoak, aldiz,* azken batez mugitzen hasia dela dirudi, kausitze handirik gabe, agian.*

Euskal kazetaritzak, herriaren adierazpen guztien lekuko izatera iristen* den egunean, iraganeko flexioak konjugatzeari utzi eta, interes eta funtzio bat lortzen duenean, pauso handi bat urratuko du, euskal harreman eta komunikabideen onetan.

L. A. ARANBERRI


Hementxe denok. Euskal Herria

Euskal kazetaritza 1974 (2)

Hitz gutitan neure eritzia eman dezadan eskatu didate, 1974.eko euskal kazetalgoari* buruz. Mukageta hertsi* honetan, zenbait aldizkariren ezagugarririk nabarmenenak adieraztera saiatuko naiz.

ZERUKO ARGIA. Gure aldizkari nagusia, bai horrialdetan eta bai abonatu* eta idazletan. Urtean zehar txintxo txintxo lotu zaio nagusitasun horri, eta ale oso onak argitaratu ditu.

Lan berezi bat aipatzekotan, Koldo Olazabalek Dominique Peilleni egindako elkar ikusketa aipatuko nuke (604. zenbakia). Hartan Peillenek euskal nobelagintzaren ahulezia* salatzen du. Osorik ados nago harekin, zeren,* euskal liburuen urteroko produzioan, elaberriek 5%a baino ez baitute betetzen.

ANAITASUNA. Aldizkari honek, Joseba Intxaustiren zuzendaritzapean, berritze bat izan du 1974. urtean, artikuluentzako tokia gutituz eta berrientzakoa gehituz. Irakurleen gustukoa izan ote da? Hori zuek esan beharko. Zuzendari berriek ideia berriak ekartzen dituztenez gero, ikus dezagun orain, zeintzuk diren Torrealdairenak.

Lan berezirik aipa? Hazilaren* 30ekoa, Paulo Agirrebaltzategirena aipatuko nuke. Hartan, euskara kanpotarrek salbatuko dutela esaten da. Ba dirudi, kanpotarrek eurrez* bidaltzen dituztela beren umeak ikastoletara, gero eta gehiago. Horren frogatzat hemen duzue, egun hauetan ikastola batetan egin dudan inkesta:* euskal deitura* bitako gurasoak 62 %, erdal deitura batetakoak 18 %, erdal deitura bitakoak 20 %.

ZABAL. Kultur mailan batez ere, ale oso interesgarriak argitaratu dizkigu; eta oso nabaria* da, euskal hiztegi batu bat finkatzeko duen kezka. Adibide bezala 9. zenbakia aipatuko nuke (irail-urrikoa), azken horrialdeetan hitz zerrenda interesgarri bat azaltzen duena.

PRINCIPE DE VIANA. Asko beheratu da lehengo mailatik. Jende xeheari gehiegi begiratuz, ahanztu egin da beste irakurlegoaz.

HERRIA. Bere betiko mailan irauten du. Ez dukea,* gorantz urrats bat emateko ahalbiderik?*

Xabier GEREÑO


Hementxe denok. Euskal Herria

Euskal entseiugintza 1974 (1)

Aurten argitaratu diren saiaerataz* eritzi bat ematerakoan, lehenik bistaratzen zaiguna haien eskasia da. Bai literaturan eta bai saiaera arloetan, aurreko urteetan baino liburu guttiago agertu da. Datu honek zalantzan jartzen du zenbaiten optimismo goiztarra. Batipat inprimerietako kostuen gorakadak nabarmendu ditu, euskal editorialek dituzten gaitzak eta bide batez euskal liburugintzaren pobrezia eta segurtate falta. Halaber, ba duke* hor zerikusirik, zenbait editorialek aurtengoan jasan duen barne krisiak (hazkunde* krisia ote?).

Eta noan saiaerari buruzko neure eritzi laburra ematera —eritzi guztiz erlatibo eta pertsonala, neure gustu eta zaletasunaren neurrikoa.

Euskaraz ez zela politikarik egiten zioen batek. Gutti egiten dela esanen genuke hobeto. Marxisma eta nazional arazoa Euskal Herrian, P. Iztueta eta J. Apalategik egina, aurten argitaratu diren saiaeren artean nabarmen agertzen zaigu. Liburu honek leku zabala luke entseiu politikoaren arloan; ordea, hertsi eta nahiko mugatua deritzagu. Autoreek, berei gustuko zaizkien tesi guztiz ezagun batzuen arabera* taxutu* dute delako liburua. Aurretik pausaturik* zituzten ondorio edo aurreritzi* batzuen eredura* moldatu dute, batzuek eta besteek diotena, azkenean aurrez pausaturiko ondorioetara heltzeko. Apologetiko iruditu zaigu liburua, eta Seigarrenari eta Saioak taldeari buruz diotenari nahiko arina deritzagu. Hala ere, eta salbuespenak* salbu, ongi etorria bedi entseiu politikoaren plazara.

Bestalde, Larresorok eutsi dio hain aspaldiko eta hain akabagaitz dugun euskara batuaren arazoari, eta taxuz* eutsi ere. Kortadi, GERO editorialak argitaratu duen Artegintza, artista, gizartea liburuan, estetikari ekin* zaio goitik eta konpetentzia airosoarekin. Ordea, horrelako lanari ez diogu funtzionalitate handirik ikusten, zeren* eta gure kultur maila pobre eta apalak beste aide humilagoak eskatzen baititu. Estetikaz edo zibernetikaz hitz eginez, zera gertatzen da, Flandesen edo beste nonbaiten pikak eta haitzurrak jartzen ari garela, (2 + 2) nola esan behar den ez dakigularik. Baina nire lagun Kortadik ez du horren kulparik.

JAKINek argitaratu duen Lur eta Gizon liburu kolektiboa nahiko desberdina eta konpongaitza izanez ere, «Euskal Lurra» izeneko Jose Luis Lizundiaren lana gailentzen* da beste lanen artean.

Humil eta deslotua agertzen zaigu aurtengo saiaeraren panorama. Ordea, eta eskuan ditugun datuekin, espero genezake, 1975. urterako, entseiugintza hobe eta hedatuagorik.* Ibon Sarasola eta Eusebio Osa, besteen artean, plaza honetan izanen ditugu, aspaldiko isilunearen ondorean.

Luis HARANBURU-ALTUNA


Hementxe denok. Euskal Herria

Euskal entseiugintza 1974 (2)

Ez gara euskaldunok —famaz bederen— mediterraneotarrak bezain artista ospetsu. Baina, hala ere, Jurgi Oteitza, Txillida, Ibarrola eta azken bolada luze honetako beste artista ugarien bultzadaz, erdizka bromaz eta erdizka seriotan, aspaldion bazterrak astintzen hasi gara euskal artearen bila, beronen sustraiak hor han hemendik topatu nahiz.

Arlo honetan serioen aritu direnetako bat, noski, Edorta Kortadi dugu, ZERUKO ARGIAren horrialdeetatik zehar estetikaren nondik norakoak adierazten luzaro ibilia, eta orain, GERO argitaratzailearen bidez, Artegintza, artista, gizartea liburua eskaini diguna. Arte kontuan zerbait genekiela uste genuenok, egia esan, lotsaz eta ikaraz genekusan* nola, munduon hainbeste ismo berri sortzen delarik, gero eta guttiago ulertzen genuela arteaz.

Artegintzaren estudio bat behar beharrezkoa zen, eta are* gehiago euskaraz, baina ez museorako azterketa pilagarri bat, klasifikazio hutsezko izen, ista eta ismo mordo baten zerrenda. Ez! Horren lekuan, artearen hari gidarien bidea, arteazko eritzi kritiko bat, artearen helburuen argitasunak nahi genituen, artegintza, zerbait bukatu eta egin bat barik,* giza ahalmen dynamiko bat-tzat presenta zekigun. Zinez* uste dut, Edortak hutsune hori ondo baino hobeto bete eta hori guztiori eskaini egin digula, eta, arlo honetan euskaraz idatzi duen lehenbizikoa izateko, ez da, inola ere, gutti, halafede.*

Bigarrenik, beste liburu bat aipatu nahi dut: Sei idazle plazara (egilea «Begiarmen», argitaratzailea JAKIN).

Titulua, noski, gaizki jarria edo guttienez enganiagarria dela esan behar da. Lehenik eta behin, lehenbiziko tomo honetan, sei barik, hiru besterik ez direlako; eta bigarrenik, agertzen zaizkigun idazleok aspaldian plazaraturik daudelako, eta ondo plazaraturik, gainera.

Mitxelenak, Arestik eta Txillardegik, nork bere merezimendu bereziez, ba dute goi postu bana euskal letren munduan. Baina —Txillardegiren salbuespenaz*— ez dute horregatik beren mundulerkuntza* inon xeheki adierazi; aitzitik,* bizitzaz duten philosophia propio hori beren eskribu ugarien artean barreiaturik* dago.

Honetaz, biltze eta aukeratze lan hori Begiarmen delakoak egin du; eta haren eskutik hiru idazleon pentsamolde bederak* ematen zaizkigu, euskal munduko arazo interesgarrienez. Pentsalarion idei iturriak ere, noizbait, azaldu egiten dira bertan, eta F. Krutwigen eragina* ezin nabariago* ageri.

Inork aukera egiteak —behialako* Maoren pentsamenduez Lin Piao burkideak* egin zuenez— halako arrisku bat dakarke,* hots, ideien haria idazle aipatuena ez, baina hautatzailearen interpretazio pertsonal bat ere izatea; eta hemen ere, jakina, arrisku hori dagoenik ezin dezakegu uka.

Baina anarkhiaren paradisua omen den Herri honetan, hiru euskaldun haundik elkarrekiko zer duten berdin eta elkarrengandik zerk urruntzen dituen erakustea ez da gutti. Aniztasunari* zor zaion errespetua gurean hasten dela ez genuke bistatik galdu behar.

Xabier KINTANA


Hementxe denok. Euskal Herria

Euskal irratia 1974

1974. urtea amaitzerakoan, permiti biezat irakurleak, irrati lanari buruz zenbait gogoeta egitea, euskal kulturgintzan orain arte zer egin dugun adierazi nahiz.

Sail haundia du lantzeko euskal irratiak kulturgintzaren barnean. Lanik nagusiena, berri ematearena duela esango genuke. Bi alde ditu berri edo albiste emate honek. Batetik, ageriak edo notak irakurtzea: kultur ekintzen berri ematen duten ageri edo noten irakurketa soila. Bestetik, albisteak sakonetik ematea dei genezakeena: kultur ekintza horien berri zabal eta sakon ematea, eratzaileekin-eta elkar hizketak eginez.

Berri ematearen ondoan, beste honako lan garrantzitsu hau aipa genezake: literatur edo arte giroko irratsaioena. Irratiak ere ba du bere artea, zinemak eta telebistak ere berena duten bezala. Irratsaio hauk* landuak izaten dira, aurrez ongi prestatuak, eta osagarri hauekin: poesia, ipuinak, musika, etab. Irratiz eskaintzeko den gaiak bere era berezia du. Hauxe da, agian,* irratiak duen lanik ederrena, bai egiten dugunontzat eta bai entzuleentzat.

Ba dira, bestalde, hezkunde* saioak dei genitzakeen irratsaioak ere: Ikastoletako haurrentzat eginak, euskal literatura ezagutzera laguntzen dutenak, liburuen aurkezpenak eta kritikak, arte kritikak, idazle eta artistekiko elkar hizketak, etab.

Eta, noski, euskal irratiak gehienbat lantzen duena, bertsolari eta kantarien saila da. Tokirik zabalena ematen zaio gure herriko musikari eta era guztietakoari: orkesta, abestalde, gaur egungo musika aurrerakoiari, etab.

Azkenik, aipa dezadan euskal irratiaren beste lan bat, euskal kulturgintzaren beste lanbideetan ere aurrera eraman nahi dena. Hitxi* xamarrak bizi gara euskaldunok geure munduan, geure kultura eta bizitzaren ingurukoak bakarrik aipatuz eta gainerakoen lanak ahantziz. Heldu zaigu ordua, mundu guztiko albisteak eta kultur ekintza eta garaipenak geure hizkuntzan aipa eta ezagutzeko. Garrantzi handiko puntua dugu hau, eta euskal irratia hasia da azken urteotan bide horretatik joaten, oraindik urrats* txikiak eman baditu ere. Euskaraz ikusi behar dugu dena eta euskaraz adierazi, ez geure kultur eremuan* gertatzen dena bakarrik, bai eta beste kulturetan jazotzen* dena ere.

Iñaki ZUBIZARRETA


Hementxe denok. Euskal Herria

Denetarik

Euskal Herriko erdal idazleak bazterturik omen

Abenduaren 7ko zenbakian, Destino aldizkariak Raúl Guerra Garridoren artikulu interesgarri bat agertzen zuen, «El Euskera y Cataluña» izenpean. Jaun horrek dakien euskara, batasunaren ondoren Echevarría (sic) deitura* klasikoa Hechevarría idazten dugula dioenez gero, ez dateke,* noski, oso kontutan hartzekoa. Kontxo! Zerbaitetan ere, izaeraz anarkhista den herri honek batera etorri behar du; eta zerbait hori, orain arte behintzat, hauxe izan da: Echevarría deitura euskaraz (batuaz, euskalkiz edo eta euzkera garbijaz) Etxebarria idatzi behar dela. Eta gero egonen da hortik, euskaldunok erabat* aldenduak garela esanen digunik!

Baina txantxok alde batera utzi eta, ba dago Guerra jaunaren artikuluan beste zerbait, arreta* bizian aztertzekoa. Hark dioenez, euskaraz idazten dugun eta Euskal Herrion erdaraz idazten duten idazleen artean ez dago inolako harremanik. Eta azken idazleok «ezofizial»tzat hartuak omen ditugu euskaldunok. Oso gauza kurios bat, benetan, eritzi hori.

Euskal Herrian, orain arte behintzat, erdara dugu hizkuntza ofizial bakarra; eta, modu berean, hizkuntza horretan egindako literatura dugu eskuharki* ofizialtzat hartua. Hala eta guztiz ere, Guerra Garridoren hitzez, erdal literatura hori bazterturik datza* zokoan, euskaldunok kasurik egiten ez diogulako. Pentsatzekoa dateke, jakina, zer dela eta, bere zerbitzurako, eskola, Unibertsitatea, TVE, irratia, eguneroko prentsa, publizitatea, mass-media guztiak eta literatur sari ederrak dituen erdara horretako literatura* hain lotsor eta zokoraturik azaltzen den, holako abantail* ofizialez gozatzen ez den euskara gaixoan egindako literaturak, aldiz,* gero eta jende gehiagoren onespena lortzen duen artean.

Zeren,* gutariko asko oraino konturatu ez bagara ere, kreazioaz den* bezainbatean, aspaldion, Raúl Guerrak oharterazten duenez, Euskal Herrian euskarazko liburuak erdarazkoak bezain ugari baitira publikatzen urtean zehar, eta are* gehiago beharbada; eta hori, euskaldunok Euskal Herrian % 25 izan arren! Zifra hauek erakusten digute, beste ezerk baino hobeki, geure kultur dynamikaren nondik norakoa.

Euskarazko irakaskuntza zifratan

Eta, aurreko gaiari jarraikiz, hona hemen datu batzuk.* Ikastoletan dabiltzan haurrak, 25.000 inguru dira; eta hauetatik 20.000, euskara batua onhartua duten ikastoletan daude.

Euskara ikasten ari direnak, 20.000 inguru omen dira (estudianteak gehientsuak), ikasteko methodo ezberdinen salmenten arauera.*

Joan den mendearen hasieran Kataluniako burjeseriak katalana bere eguneroko hizkuntza egitea erabaki dezisibo bat egin zuen. Gaur egun Euskal Herriak, Euzkadik zoritxarrez ezagutu ez zuen inflexio puntu hori dakusa.* Gaurko estudianteriak biharko Euskal Herriaren aurpegi birtuala darakuskigu, ikastoletako haurrek etzikoa agertzen diguten bezalaxe. Euskal burjeseriak, hizkuntz arloan, ez du bere esistentzia justifikatu; euskaldun berrien fenomenoa, burjeseria gorabehera* —edo, hobe, hura* egon arren—, ezker aldetik sortu den arazo bat baita.

Hizkuntz bitasunaren bidegurutzeak eta Barojatar zidorrak alde batera utzirik, gaurko gazteriak, euskal kultura euskaraz —eta ez bestela— adierazi behar duelako konbikzioa du. Ari gara, ba;* bai, ari gara!

Ameriketako euskaldunez

Aurtengo agorrilaren* 17an, Renoko euskaldun amerikanoek beren urteroko «Basque Festival»a eratu dute, hartan kanta, dantza, kirolak eta folklore agerraldi ugari eginez.

Beti entzun dugu, bertako euskaldunek gure lehengo ohitura zahar zaharrak oso ongi kontserbatzen zituztela bertan; eta ba dirudi baietz, ohitura zahar guztiak —txarrak ere bai— zintzoki gordetzen ahalegintzen direla bertan ere, beraiena ez den hizkuntza beti ofizialtzat hartzeko ohitura ere bai, zeren, oraintsu arte hemen jaietarako programmak espainolez eta iparraldean frantsesez agertzeko ukan dugun ohitura oso zahar eta jatorrari jarraikiz, euskaldun amerikanoek gauza bera egiten baitigute ingelesez.

Euskara, haientzat, gauza exotiko pitxi bat dateke, dantza taldeei izena ipintzeko edo, hala nola Reno zazpiak-bat dancers, Elko arinak dancers, Boise Oinkari Basque dancers; eta hori ere ez beti, Ely Basque Club dancers, San Francisco «La Clique Basque» Band edo Jym Jausoro Dance Band lekuko.* Gauza bera gertatzen da Estatu Batuetako euskal klub gehienen izenaz.

Neke genuke euskaldun gehienok, noski, elkarren artean, ingelesaz* beste hizkuntza darabilaten basque horiekin nolabaiteko anai- eta herkidetasunik* sentitzea, nahiz eta John Larrinaga, Joe Dendary, Peter Echevarria edo Martha Larrea deituratako batzuk —izen pitxiok gorabehera— Aitorren kasta garbikoak izan.

Gauzak orain arte bezala baldin badoaz, bistan dago ezin espero dezakegula hangoengandik ezer handirik, USAko telebistan euskaldunok «Renon dantzan ari den herri kurios bat» garela esatea ez bada. Eta okerrena da, noski, horrenbestez kontsolatu behar garela, zeren are* txarragoa bailitzateke, egia esan, horixe ere ez esatea.

Patxi Altuna preso

Patxi Altuna euskaltzain laguntzaile eta jesuita euskaltzale ezaguna, abenduaren 8an euskaldunon herri eskubideez egin zuen sermoiagatik, poliziak hartu eta Carabanchelera eraman zuen. Bertan zenbait egunez atxiloturik* egon ondoren, 400.000 pezetatako multa bat ezarri diote gaztigutzat.

Lanuzteak eta grebak

Abenduaren 2, 3 eta 11 n greba* gogorrak egon dira Araba, Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako fabrika askotan, preso politikoen aldeko protesta gisa.* Hemengo aldizkarien arauera, lanuzte egin zutenak, 35.000 pertsona inguru izan omen ziren; baina, Londresko irratiaren eritziz, grebariak 200.000 izan ei* ziren. Jende gehiegi, beharbada, erabat egia izateko.

Dena den, herri askotan, langileekin bat eginik, dendariek beren dendak herstea erabaki zuten, nahaste haundiagoen beldurrez edo. Poliziak, beti ordena publikoaren fabore, dendariei, ixilpeko taldeen kontsignaz dendak hertsiz gero, 50.000 pezetatako multa bana jasoko luketelako abertimendua eman zien zenbait tokitan. Beste herri batzuetan, Bergaran kasu,* grebariek kaminoa eta kaleak moztu nahi ukan zituzten, eta, jakina, ordena zaintzeko dagoen bortxa publikoak neurriak hartu behar ukan zituen, zenbait bihurriren* ausarkeriei* erantzuteko tiroren bat bota behar izanez.

Abenduaren 15ean, goizean, Bilbon, San Antongo elizaren ondoan, presoen aldeko manifestazio subertsibo bat eratu izan ei zen, hartan ikurrin bi agertzen zirelarik. Poliziaren etorreraz, jendetza oker hark lasterki eman zion ihesari.

ARMENDARITZ

biezat, beist

dakiguke, daitekigu

dezadan, daidan

dezake, daike

dezakegu, daikegu

didate, deuste

die, deutse

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dizkigu, deuskuz

gaude, gagoz

genezake, geinke

genitzake, geinkez

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkie, jakez

zaizkigu, jakuz

zien, eutsen

zion, eutson


Fedea eta ekintza

Politika ala erlijioa?

Zaireko Iraultzaren Herri Mugimendua gaurgero* Eliza izango da, eta ez Alderdi Nazionalista soila. Haren eta honen fundatzailea Mobutu jauna da, Zaireko buruzagia. Berau da Elizaren profeta edo mesias berria.

Zaireko eliza guztietan jarri behar da haren irudia. Erlijioa alderdi politiko bat bilakatu* da. Zergatik hori?

Lau arrazoin mota daude, denak inportanteak afrikar pentsaera baten arabera* Eta lau arrazoin horixek ikusi ditut aldizkari batzuetan aipatuak.

Mobuturen ordezkariak esan duenez, erlijioaren bilakaera honek ez gaitu harritu behar, zeren* belgikanoek ere, kolonizazioa lortzeko, gainerako teknika haietatik aparte, erlijioa erabili baitzuten. Deskolonizazioa, bada, kolonizazioaren harma berarekin egin behar da.

Mobuturen jokabidea adierazteko, sistema komunistaren eragipena* ere aztertu beharra dago. Txinatarrekin ibili da bereziki harremanetan Mobutu bera. Eta, dakigunez, herri askotan komunismoak erlijio sekulartuaren antzera funtzionatzen du.

Hirugarren arrazoin esplikatzaile gisa,* Islam erlijioaren harrera ona ere ekartzen da. Afrikan erlijio horrek geroz eta influentzia eta inportantzia handiagoa du.

Eta, azkenik, kristau progresisten joerak ere ba du zerikusirik. Hauek Eliza autoktonoa edo lekuan lekukoa nahi baitute. Norabide hori berori gehixeago bultzatu besterik ez du egiten Mobutuk. Mobutu ez baitago erlijioaren kontra, ez eta, beraz, kristianismoaren aurka, kanpoko edozein aginteren aurka baino. Delako ordezkari horrek oihukatu duenez, «erlijioen ekarri* positiboa ukatu gabe, gaitzetsi* egiten dugu guk, kanpoko eliz hierarkiak mana* gaitzala». Joera beroni jarraikiz, kristau izenak jartzea ere debekatu egin du Mobutuk.

Baina, oker ez banago, agertu diren arrazoin horiek, baliozkoak izan arren, ez dute dena adierazten, ene eritziz. Ba dakigu, bestalde, Mobutu ez dela burubero* eta zoro bat. Kalkulatzaile hotz baten fama du. Jokabide oso baten gailurtzat* hartu behar da oraingo hau.

Fenomeno hau esplikatzeko, Zaire Afrikako textuinguruan kokatuz* hasi behar dugu. Herri horiek, kolonia izan direlarik, beren nortasuna galdua izan dute, guti edo asko Europako pentsamoldea hartuz. Burujabegora berrikitan* iritsi* dira (politikazko burujabegora esan nahi dut, zeren* eta ekonomiazkoa eta kulturazkoa oraindik egin gabe baitute). Kulturazko nortasuna da, Zairek nahi duena. Hain zuzen, Mobuturen gurari* ezaguna, «identitate» delakoaren bilaketa izan da betidanik. Hori lortzeko, pentsaeran barna sartu behar da. Esan duenez, «aldi biziki garrantzitsuan sartu da orain iraultza, hots,* pentsamoldeetan bere ekintza egiteko garaian».

Bigarren esplikaziobide bat ere ba dagoke.* Zaire herri handia da, 23 milioitakoa, eta oso aberatsa lurgain eta lurpez. Estatu tipiz eta —oro* har— oso pobrez moldaturiko mosaiko bat delarik Afrika, beronen gidaritzaz jabetzea ez da tentaziorik tipiena.

Lehenbizikoarekin batean hirugarrena da, ene ustez, arrazoinik nagusiena. Erlijioari buruzko pentsaera ez da Europan eta han berdin. Gu hemen kristautasuna sekulartzen, eta politika eta erlijioa bereizten* ari garen bitartean, haientzat arazo horrek ez du bizitasunik. Izan ditudan afrikar adiskide batzuekin, oso garbi ikusi izan dut hori. Onhartzen ez dutena, europar edo atzerritar kutsua da; are* gutiago agintea. Puntu honetan sekulartzearen arazo hau Kristianismoari eta Europari hertsiki* lotua dago.

Politika ala erlijioa? Hautatu beharrik ez dago hor derrigorrez* afrikar batentzat.

Mozambikeko Eliza

Mozambikeko Elizak ba du zer pentsa, eta zer erabaki ere. Denok dakikezuenez,* hango Eliza lotuegia agertu izan da Estatu kolonizatzailearekin. Ba da hor zer zuzen.* Eta apezpikuek hartu dute, azkenik, beren azterketa lana. Eta ondorio zuzenetara iritsi dira, nahiz eta, orain hilabete batzuk,* oso bestela ikusten zuten hango egoera. Galtzen ere ba dakitela esango genuke, apezpikuok.

«Aita Sainduak hola nahi badu eta Elizaren onerako baledi, Mozambikeko apezpikuak prest daude, beren elizbarrutiak* uzteko eta arduradun berriengana eta batez ere jatorriz bertokoak direnengana pasa erazteko». Hori esan du Apezpikuen Kontseiluko idazkariak.*

Mozambikek bederatzi elizbarruti ditu, eta apezpiku denak Portugalekoak dira jaiotzez. Nampulako apezpikua ezik* (Marcelo Caetanoren Gobernuak herbestera bidalia), gainerakoak oso erasiatuak* dira apirilaren 25az geroztik, eta Lourenço Marques-eko artzapezpikuak utzi egin behar izan du bere elizbarrutia.

Estatua eta Eliza Alemanian

Alemaniako Elizek —katolikoak eta lutertarrak* batez ere— Estatuaren eskuetatik jasotzen dute beren dirua. Diru hau, zerga* bidez eta Elizei pasatzekotan, Estatuak berak biltzen du fededunengandik. Hots,* Elizaren baten fedelagun direla aitortzen duten guztiengandik, legearen arabera, Estatuak biltzen ditu Elizaren zergak.

Egoera horrek iraun behar ote du? Ala beste egoera berri eta garbiago bat sortu behar ote da Estatuaren eta Elizen artean? Eztabaida hau alderdi demoliberalak piztu zuen Bavaria eta Hessen-go hauteskundeetan.* Galdera horiei beren erantzuna eman diete bai kristau demokratek eta bai sozial demokratek, Hamburg-en egin den Eliza Lutertarraren oroit ospakuntza batetan.

Gerhard Stoltenberg-ek, kristau demokraten lehendakari ordeak, eta Helmut Schmidt sozialisten lehendakariak, biek batera, baztertu egin dute liberalen asmoa. Hain zuzen ere, aipatutako hauteskundeetan asmo horixe izan zen, liberalei kalterik handiena egin ziena. Schmidt-en eritziz, erizain* bai hilortzeetan* parte hartzera bortxa ezin daitekeen bezalatsu (ez eta boto bidez erabakita ere), Estatu eta Elizen arteko egoera horrek ere ba du, hauteskundeetan delibera ezin daitekeen zerbait.

Elizen aniztasunak* honelako fruitu harrigarriak eman ditu Alemanian. Hemen, noski, beste modu batetara pentsatzen da: baina jasotzekoa zen hemen beste ikuspuntu berezi hau ere.

Aste barruko jaiegunak kenduko ote?

«Civiltà Cattolica» aldizkarian esan denez, posible da, Eguberri* eguna ezik, gainerako aste barruko jaiegunak kentzea.

Elizaren legeen berritzearekin eginen litzateke hori. Horretarako, ekonomi arrazoinak aipatzen dira bereziki.

Beldur naiz, erabaki hori ez ote datorren beranduegi. Edo eta Eliza Katolikoak ez ote lukeen jaiegun kontu hauetan beste nonbaitetik aurrera jo behar. Izan ere, langileriak (eta beharbada beronek batez ere) hain maite dituen aste barneko jaiak eta asteburuetako «zubiak» kenduko ote dira orain? Legegileok irudimena zuzpertzen* ez badute...

Egileak:

Antso AMAIUR

Joanes GOIA


Herrialde guztietan

Kissingeren lanak

Orain ere Kissinger ba dabil handik hona eta hemendik hara. Baina, beharbada, ez horren* harro. Ba dirudi, haren izarra gainbeheraka datorrela. Gauza asko entzuten da bazterretan.

Lurbirako* politikan ez dago gehiago Alexandrorik. Arazoak oro* aska litzakeen Alexandro berririk ez da. Kissingerek hura* baino haundiagoa zirudien. Gizon mirakuilutsutzat hartua zen. Gure garaiko saindu sekulartua genuen.

Diplomaziak ez zuen sekreturik harentzat. Politikak ez zuen misteriorik. Jainkoen sekretuaren jabe egina zegoela zirudien.

Eta Bakearen Nobel Saria eman zioten. Eztabaidagarri izan bazen ere, gu poztu egin ginen. Ez hainbeste, Kissingeri eman ziotelako, baizik eta politikan ari zen bati. Horrekin, sari banatzaileen artean kontzientzi hartze bat ikusten genuen, eta, gure ustetan, oso mesedegarria. Gizon sinboliko eta eskugarbi urrutiko bati ez baina, konkretuan, eguneroko politika eta diplomazian dabilen bati ematerakoan, politikak eta erabaki-guneek* munduan bake egiteko duten garrantzia azpimarkatzen zela uste genuen. Gudu zelaien ordez, mahain biribila bakebide hobea zela pentsatzen genuen. Hitzen hotsa tiroena baino maiteago genuen.

Horretan berdin pentsatzen segitzen dugularik ere, gizona bera aztertzen hasiz gero, ez harek eta ez haren politikak ez gaitu batere betetzen. Politika modutik hasita. Kissingerek politika agintariak aurrez aurre ikustea maite zuen, herriarengandik urruti, sekreturik handienean. Populua zenbat eta urrutiago, hobe. Demokraziaren ez izenik ez izanik. Eta, ezin ahantzi dena, Estatu Batuetako atzerritar politika daramana,* ez da demokraziaren arabera* hautatua izan. Nongo herrik hautatu du Kissinger?

Soluziobideak bilatzeko, irudimen handiko gizona omen da. Baina zernolako soluziobideak bilatu ditu, bada? Benetako bake iraunkorrik lortu al du? Baketxoak, axalekoak, dira harenak. Egiten duen zaratarekin konparatuz behintzat. URSS-USA harremanetan, benetako ondorio sakonak baino gehiago, ez ote dira mementoko irribarre eta besarkada komentzionalak nagusi izan? Nuklear harmen arazoak, beti betiko puntuan dagoela ematen* du. Ez daki batek. Txinarekiko irekitasun famatu hura frenatua izan da, eta azkeneko ikustaldian txinatarrek egin dioten harrera hotzean hori garbi ulertu dute politika azterlariek.

Vietnamgo arazoa, bestea. Amerikarrak etxeratu ziren, bai; baina vietnamdarrek gerlan irauten dute. Kambodian ere, gerora ikusi denez, Lon Nol lagunduz, hanka sartze ikaragarria egin omen du Kissingerek.

Eta Ekialde* Hurbilean? Hango bakea politikak agindutako bake itxura dela, batek baino gehiagok aitortzen du. Watergate hauzian zebilen Nixon, eta Kissingerek barnetik ezin zen salbamena kanpotik espero zuen. Baina, presaren presaz, gauzaño bat ahantzi zitzaion: palestinarrak ere ba zirela hor nonbait.

Bakegile bezala ez da horren miresgarria. Hala pentsatzen du, analisien eta ondorioen arabera, batek baino gehiagok. Baina beste zerbaitetan, antza,* arrakasta* handia. izan du. Segurtasun Kontseilu Nazionalaren sail bat den Berrogeien Batzordean,* bera da buru. Hantxe erabaki zen, Txile ekonomiaren aldetik hondatzea. Pentsatua zuten, horrek politikazko egoera larritu egingo zuela, eta hortik eskuindarren kolpea etor zitekeela. Bai asmatu ere! Gainera, gero jakin izan denez —gauza interesgarri guztiak gero jakiten dira Kissingeren inguruan—, blokatze eta itzulipurdikatze hori laborategiko esperimentu gisa* egina zen. Hain zuzen, gobernuak hondatzeko teknika frogatzeko.*

Txiprekoa etorri da gero. Gauzak hemen okerreko eztarritik joan zaizkio Kissingeri, Makarios oso menperagaitza baitzen. Atenasko militarrekin guztiz ondo konpontzen zen Kissinger. Kontseilutxo bat aski* izaten da batzuetan, batipat* norengandik datorren jakinda, eta areago* beste nolabaiteko laguntzatxoren bat ezkutuan* datorrenean. Eta Watergate gelditzen da oraindik. Nork jakin!

Petroliotan ere nagusiak nagusi

Berrixka honek ez du agian* halako interes izugarririk. Edo, beharbada, bai. Entzuten dena entzunda, Mendebaldeko* egunkarietan ikusten duguna ikusita, egiten den propaganda eginda, petrolioa arabiar herrietan bakarrik ateratzen dela pentsa genezake.

Arazo hori hurbilagotik ezagutzeko asmoz, zifrak aztertuz eta datuak irakurriz ibili direnek ba dakite besterik ere. Baina bigarren ikuspuntu honi ez zaio inongo garrantzirik eman.

Ba al dakizue, petroliorik gehien ateratzen duten herrialdeak zeintzuk diren?

Aurten mundu osoan petroliorik gehien atera duena, Sobiet Batasuna izan da: 341 milioi tonelada. Estatu Batuak hurbildik jarraikitzen zaizkio, 335 milioi toneladarekin.

Geroago datoz, Saudi Arabia 316 milioirekin, Iran 228 milioirekin, Venezuela 114 milioirekin. Mendebaldeko Europa gaixoak 14,4 milioi tonelada bakarrik atera du.

Jakingarria, ezta? Zer adieraz dezakeen horrek, asma beza irakurleak. Beharbada, dena esplikatzeko, arabiar lurralde horietatik hartzen genuen petrolioaren kostuak eta salprezioak konparatu beharko genituzke. Eta petrolioaren ordezkorik pentsatzeko presarik ez dela egon jakinik ere, ez ote du honek deus* adierazten?

Nagusiek nagusi segituko dute, bai. Arabiar herriek, dagokiena jaso beharko dute. Alde guztietarik galtzen ateratzen den gaixo bat ba da: Europa.

Beherantz doa Giscard

Beherantz doa Frantziako Errepublikaren burua. Beherantz, ez lurrera. Haren izenak puntutxo batzuk galdu ditu, egin ohi diren azkeneko zundaldi* horietan. Zundatze edo eritzi bilketa horik* ez dira berenez eta beti oso esannahitsuak. Baina, demokrazia batetan, agintariek beldur diete. Izan ere, joera baten agertzaile dira; eta sarritan joera hori, agertuz eta ezagutuz, nagusitu egin ohi da.

Nahi eta uste ez zituen problemak atera zaizkio Giscardi. Eta haren hastapeneko* aldatubehar haik* denak motz gelditu dira. Hala ere, zer aldaturik ba da Frantzian, bai. Baina, axala bakarrik kanbiatu nahi denean, ikusterrazena egiten da, baina ez sekula ere premiazkoena. Giscarden arazoa horixe izan da. Jendea kargutu egin da horretaz. Horregatixek haren goraldiak ez du luzaz iraun.

Giscard bera ere pesimista dabil. Soineko berriz jantzi nahi izan zuen Frantzia modernoa. Baina han adabakia* jartzen duenerako, beste puntan hautsi egin zaio berriz lehen konpondutakoa. Postalgoarena* oraingoz baretu eta mantsotu da, noiz arte inork ez dakielarik. Irrati-telebistakoak oraindik gogorragoa dirudi.

Horien berriztapena egin gura izan du Giscarden gobernuak. Paperean dena egina dago, gainera. Baina jendeak susmo txarra hartu dio, pribatizazioarena, halegia. Gainera, berrikuntza horretan, jende sobera* dago. 200 bat Gobernuaren eritziz. 250tik 500era, sindikatuen eritziz. Sorginen ehizirik* ez dagoela esan du A. Rossi jaunak, Gobernuko arduradunak. Sindikatuek, ostera,* politikazko arazoa ikusten dute hor, maiatz 68.ekoan gertatu zen gauza bera, hots,* irrati eta telebistatik «jende kontestatzaile eta sistemari atxekirik* ez dagoen oro hortik kanpora bidaltzea». Kasualitatez bezala, diote sindikatuek, lanik gabe kalean geldituko direnen artean, ezker joerazko eta sindikatuetako eragile asko aurkitzen dira.

Frantzian beldur gehien sortzen duen arazoa aipatu dugu honekin. Lanik gabe gelditzearen beldurra. Beldurra sortzeko beldurra. Jendea sinesturik* dago, krisi hau ez dela olgetan* ibiltzekoa. Eta krisi hori gaurko Gobernuak gaindi* dezakeenik, gero eta zailago sinesten du kaleko jendeak. Beltz dabil frantsesa. Eta, pesimista dabilelako, sinesgogor egin diote Giscarden hitzaldiari. Giscardekiko fidagarritasuna galtzen ari dela dirudi.

Aise* sinesten du jendeak, maiatz 68.eko berri bat hurbil dagokeela.*

Mitterranden beraren ustetan, sei urtetara orduko hartuko du ezkerrak agintea Frantzian. Legezko hauteskundeetan* esan nahi du. Holakorik gertatuko balitz, ezkerreko gobernu batekin agindu beharko luke Giscardek. Zer eginen luke orduan Giscardek? Hala goberna? Ala herriari bozketa* berrietara dei egin?

Italian, demokrazia akitua* ala demokrazia berritua

Ia bi hilabete eman behar izan zituzten Italiako politik indarrek, azken gobernu hau eratzeko. Aldo Morok bere partidukoekin ere burruka egin behar izan zuen, kolore bakarreko gobernua nahi baitzuen, hau da, Kristau Demokraziarekin bakarrik eraikia.

Egun luzeak eta tirabira gogorrak tartean izan zirelarik, oraindik irauten duen gobernu hau aldez aurretik nekatua sortu ote zen susmorik eta beldurrik izateko arrazoinik ez zen falta. Baina nolabait partidu nagusi guztiek onhartu zuten —MSI neofaxista aparte— une hartako irtenbide bezala. Baina gobernua bera azpitik jaten ari zen kezka eta galdera bat gelditzen zen barnean: noiz arte iraungo ote du hain neke handiz sorturiko gobernu honek? Aspaldiko gobernu guztiei, jaio orduko ezarri izan zaie galdera hau; baina oraingo honetan inoiz baino nabarmenago adierazten du, Italiako demokrazi indarren sistema bera zaharkitua eta hezurgogortua dagoela, eta edozein unetan berriz ere hausteko arriskua duela.

Politik indarrok zirikatzen dituztenak, sindikatuak dira Italian. Eta gobernua jaio orduko jarri zuten aurrean greba orokorraren* zemaia.* Gobernu berriaren kontra ez, eta bai entrepresen kontra zihoala argitu zuten. Greba* orokorra egina izan da, abenduaren 4ean. Eta Mororen gobernuari zirikagarri —eta, beharbada, lagungarri— gertatu zaio, bere partiduko eskuineko taldeek, berak nahi duen gobernu modua —hau da, ezker aldera irekiagoa— eratzeko baimena eman diezaioten.

Beren arteko jokoetan dabiltzan indarrak zaharkitzen badira ere, Demokraziak ba du bere barne muinetik indarberritzeko biderik. Sindikatuen akuilua aparte, herria bera gertatu ohi da Demokraziaren indarberritzailerik onena. Berrogei ta hamar mila izenek eskaturik eta herri osoaren eritzi onez, lege berri bat aurkeztuko da Parlamentura, «Italiako bizitza publikoa moralizatzeko». Lau dira lege honen xede* nagusiak: Parlamentarien inmunitate legea aldatzea; Estatuaren burokrazia itotzailearen parean, herriaren interesak defendatzeko batzorde* bat, nazio osoaren mailan, sortzea; Estatuaren entrepresa eta instituzioetarako zuzendariak hautatzean, Parlamentuak berak kontrola izan dezala; senatore, diputatu, kontseilari eta horrelakoen irabaziak kontrolatzeko batzorde bat sortzea.

Honelako lege bat —aurrera joango bada, eta joango delako esperantzarik ba da—, Demokrazia indarberritzeko eta eraberritzeko beharrezkoagoa eta eragileagoa izan daiteke, zenbait gobernu aldakuntza eta hauteskunde baino.

Idazleak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Joan Mari TORREALDAI

beza, bei

dezake, daike

diete, deutsee

diezaioten, deioen

diote, deutsoe

genezake, geinke

litzake, leikez

zaie, jake

zaio, jako

zaizkio, jakoz

zihoan, joian

zioten, eutsoen

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon


Nuklear fusioa eta etorkizuna

• Nuklear fusioan ez da hondakin erradioaktiborik sortzen.

• Nuklear fusioaren bidez ez litzateke satsudura erradioaktiborik sortuko.

• Nuklear fusioak energia gehiago sortzen du, nuklear fisioak baino.

• Nuklear fusiorako behar diren lehen ekaiak oso ugari agertzen direlarik, etorkizunean ez genuke energi eskasiarik ukanen.*

• Orain arte, nuklear fisioaren bidetik abiatu gara itsuki, nuklear zentralek ekar ditzaketen arriskuak arbuiatuz.

• Ez ote da hobe, satsudur problemarik sortzen ez duten bideak hautatzea?

 Nuklear energia lortzeko eta erabiltzeko, bide bi ditugu: nuklear fisioa eta nuklear fusioa.

Nuklear fisioan, zatitu egiten da nukleo astun bat neutroien laguntzaz, nukleo arin bi sortuz; eta zatitze horretan energia handia askatzen da. Nuklear fusioan, aldiz,* nukleo arin bi batuz, nukleo astunago bat sortzen da; eta, modu berean, energia handia askatzen da.

Gaur egun, teknikak kontrolatu egiten du nuklear fisioa. Eta modu bitara erabiltzen du, energia lortzeko bide hori: batetik, katen* erreakzioa kontrolatu gabe, lehergailu* atomikoak sortuz (A lehergailuak); eta, bestetik, katen erreakzioa kontrolaturik, nuklear zentralak eginez.

Historikoki, hala ere, lehenago gertatu zen fusio erreakzioak aztertzeko interesa. Interes hau astrofisikatik zetorren. Izarrek hainbeste energia egozten* dute. Energia hori guztiori, bertan jazotzen* diren fusio erreakzio batzuetatik dator. Izan ere, eguzkitik datorkigun energia, nuklear fusioz sortua da. Ez da harritzeko, beraz, honelako energi iturri bat kontrolatzeko guraria.*

Oraino, zoritxarrez, nuklear fusioa teknikaren kontroletik kanpo geratzen da. Eginak izan dira hidrogeno lehergailuak (H lehergailuak), nuklear fusiotiko energia erabiliz; baina ez da lortu ahal izan, fusio prozesua gure nahiaren arauera* gidatzea eta neurri egokian iraun eraztea.

Zientzigizonak etsituxe* egon dira, fusioaren kontrola dela eta. Duela hamar urte, ia gehienek pentsatzen zuten, ez zela kontrolatu ahalko, mende oso bat pasatu baino lehen. Gaur egun, ostera,* artikulu honetan azalduko dudan legez,* geroago eta posibleago ikusten da, epe labur batez nuklear fusioaren kontrola lortzea. Hori horrela delarik, nuklear fusioari buruzko zenbait puntu aztertuko dugu.

Nuklear fusioaren abantailak*

Energi krisia dela eta, jende guztia hasi da energi iturrien geroaz kezkatzen, eta bai zentralek sortzen dituzten arazoez ere, eta bereziki satsuduraren problemaz. Bidegurutze honetan, nuklear fusioak zenbait arazoren ebazpidea* ekar diezaguke.

Nuklear fusioan ez da hondakin erradioaktiborik sortzen. Horregatik ez litzateke satsudura erradioaktiborik sortuko, ez eta hondakinok gordetzeko buruhausterik ere.

Bestalde, masa unitateko, nuklear fisioan baino energi gehiago sortzen da. Eta nuklear fusiorako behar diren lehen ekaiak oso ugari agertzen direlarik (hidrogeno isotopoak, halegia*), etorkizunean ez litzateke energiaren eskasi problemarik sortuko.

Fusioaren bidean emaniko lehen urratsak*

Nuklear fusioa egiteko, deuterioa (hidrogeno-2) eta tritioa (hidrogeno-3) erabiltzen dira. Bi modutako erreakzioak egin daitezke: deuterio-deuterio erreakzioak eta deuterio-tritio erreakzioak. Erreakzio hauk* oso nekez gertatzen dira. Gerta* daitezentzat, nukleoek bero-kitzikatze-energia* handia ukan behar dute. Beste modu batez esanik, nukleoek tenperatura oso altutan egon behar dute: 100 milioi gradu baino gehiagoko tenperaturatan.

Tenperatura honetan, materia modu berezi batez agertzen da: ez solidu, ez likidu eta ez gas bezala, plasma bezala baizik. Plasma* materiaren laugarren agerpen modua da. Plasma egoeran ez dago benetako molekularik ez atomorik; elektroiak eta nukleoak, beren arteko lotura galdurik, zein bere kontura higitzen* dira. Hau entzunik, plasma agerpen oso bakana* dela pentsatuko duzue, beharbada. Baina, bai zera! Izarretan, materia plasma moduan dago. Eta, hau honela delarik, Unibertsuko materiaren 99 %a plasma egoeran aurkitzen da.

Lurreko laborategietan oso zaila da, plasma sortzea eta erreakzioak egiteko gordetzea. Nola bero genezake materia, plasma bihurtzeko behar den tenperatura lortzeraino? Nola gorde, gero, sorturiko plasma? Argi dago, plasma ezin daitekeela material arruntez* uki,* hauek ez baitute erresistentziarik zenbait mila gradutatik gora. Plasma, beraz, ukitu gabe behar dugu sortu, gorde eta erabili.

Plasma guztiz elektraturik* dagoela kontutan harturik, magneteremuen* bidez erabiltzea pentsatu izan da, eta azken hamarrurte honetan hortik abiatu izan dira ikertzailerik gehienak. Ikus dezagun noraino heldu diren bide horretatik.

Has gaitezen, nuklear fusiorako behar diren aurrebaldintzak* aipatzen. Lawson-ek frogatu* duenez, 100 milioi gradutako tenperaturan nuklear fusioa gerta dadin, 1014 baino gehiago lortu behar da, partikulen dentsitatea (partikulak / cm3tan) eta plasmaren bizitza edo konfinatze denbora (segundutan) multiplikaturik.

Tokamak izeneko aparatuak dira, gaur egunean, Lawson-en aurrebaldintzetara gehien hurbiltzen direnak. Hala ere, 1974. urterarte lortu diren baldintzarik hoberenak ondoko hauk dira: 1013 part / cm3tako dentsitatea, 0,1s-tako konfinatze denbora eta 10 milioi gradutako tenperatura. Beraz, oraino, Lawson-en aurrebaldintzetatik oso urrun geratzen gara.

«Laser» izpien laguntza

Fusioaren kontrola ezintzat jotzen hasi garen mementoan, ate berri bat zabaldu zaigu, plasma sortzeko bidean: laser izpien* baliatzea.*

Izpi hauen bidez hainbat energia trinko* daiteke puntu ttiki batetan aldiune labur batez. Hori horrela delarik, ondoko prozesua prestatu izan da, plasma lortzeko.

-269 ºC (minus berrehun eta hirurogei ta bederatzi Celsius gradutako) tenperaturan, deuterio soliduzko aleska* bat prestatzen da (aleskaren erradioa 1 mm da). Aldiune berean, eta alderdi desberdinetatik, lau laser-en izpiak heltzen dira aleskara. Batetik, laser-en energia guztia puntu berean trinkotzen da. Bestetik, energiaren kausaz, azaleko deuterioa baporatu egiten da; eta, baporatze presioaren kausaz, barru alderanzko leherketa bat gertatzen da (inplosio bat). Inplosioak trinkoagotu egiten du materiala; trinkotzearen eta laser-etatik heldutako energiaren laguntzaz, Lawson-en baldintzak betetzen dituen plasma bat lortzen da. Honela, nuklear fusiorako aurrebaldintzak prestaturik daude, eta nuklear fusioaren kontrolatzea posibletu bide* da.

Ondorioak

Egun,* mendea bukatu baino lehen, nuklear fusioa guztiz kontrolaturik egonen dela uste dute hainbat zientzigizonek. Izan ere, 14MeV (hamalau Mega-elektron-Volt-etako) neutroiak jadanik* detektaturik daude. Hauek fusiotik sortuak izan behar dute. Beraz, lortua da jadanik nuklear fusioa. Dena dela, neutroiok detektatzeko egin diren neurketak, oso diskutigarriak dira. Baina bidea hor dago.

1976. urterako, Estatu Batuetako Livermore militar laborategian, 6 edo 12 laser izpigailuz* horniturik egonen den plasma-sortzaile bat egiteko asmotan daude. Laser izpigailuen potentziaren handitzean egin diren aurrerapenekin, 1985-1990. urteen ingururako, erreaktoreren bat funtzionatzen egonen dela uste dute askok.

Orain arte, energi iturri berriei buruzko ikerketak bultzatu beharrean,* nuklear fisioaren bidetik itsuki abiatzea aukeratu da, nuklear zentralek ekar ditzaketen arriskuak arbuiaturik. Puntu honetara helduz, galde bi egin nahi ditut: Zuzen ote da energi kontsumoa itsuki gehitu nahi izatea? Ez ote da hobe, lasterketa itsu horretan zerbait itxarotea,* eta etorkizun hurbil batetan satsudur problemarik sortzen ez duten bideak hautatzea?

J. R. ETXEBARRIA


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja, privilegio.

ABONATU, abonado, suscritor.

ADABAKI, remiendo, morceau à rapiécer.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGI DENEZ, dirudienez, al parecer.

AGORRIL, abuztu. (Euskara baturako, idazle askok —bereziki iparraldekoek— nahiago dute agorril hitza, abuztu baino.)

AHALBIDE, posibilidad.

AHULEZIA, makaltasun.

AINA, adina, beste, bezainbeste, bezainbat.

AINUBE, sombrío.

AIPATU, aipatutako, aipaturikako, aipaturiko.

AISE, fácilmente. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

AITZITIK, al contrario.

AKITU, nekatu.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALESKA, aletto, pastilla.

ANIZTASUN, askotasun, pluralidad, pluralismo.

ANTZ, irudi. (Antza = dirudienez.)

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según conforme.

ARBUIATU, despreciado.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARESTIAN, berriki, berrikitan, recientemente.

ARIKETA, ejercicio.

ARNASA, hats, aliento, haleine.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRETA, atención, detenimiento.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, fuera.

ATXEKI, adherido, afecto.

ATXILOTU, detenido, arrestado.

AURREBALDINTZA, condición previa.

AURRERITZI, prejuicio.

AUSARTKERIA, atrevimiento, osadía.

AUSARTZIA, valentía, (Ikus «Axularren Hiztegia»).

BA, bada, pues.

BAILITZAN, balitz bezala.

BAKAN, raro.

BALIATZE, erabiltze.

BARIK, gabe, en vez de, en lugar de, au lieu de.

BARREIATU, desperdigado, esparcido.

BATEZ BESTE, bana beste, uno con otro.

BATIPAT (batik + bat), batez ere, guztiz ere, bereziki.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo.)

BEDERA, particular de cada uno, correspondiente a cada uno.

BEGIKO, querido, predilecto.

BEHARREAN, en lugar de, en vez de, au lieu de.

BEHIALA, behinola, en otro tiempo, autrefois.

BEHINBEHINEKO, provisional.

BEHINEN, principal.

BEREIZTE, separar. (BEREZITZE, especializar.)

BERO-KITZIKATZE-ENERGIA, energía de excitación térmica.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BIDE, beharbada, nonbait.

BIDESARI, peaje.

BIHURRI, travieso, espiègle.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BOZKETA, hauteskunde, elección por votación.

BURKIDE, camarada.

BURUBERO, exaltado, fanático.

DAGOKE, dago nonbait.

DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.

DAKARKE, dakar nonbait.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DARAMA, daroa.

DATEKE, da nonbait, debe de ser (Izan behar du erdarakada bat da.)

DATZA, yace, descansa, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

DEITURA, apellido, nom de famille.

DEN BEZAINBATEAN, en lo que se refiere a, en lo que respecta a.

DERRIGORREZ, baitezpada.

DEUS, ezer.

DOHAINIK, doharik, dohan, urrurik, gratis.

DUKE, du nonbait, debe de tener, tendrá. (Izanen du erdarakada bat da.)

DUKEA, al du nonbait?

EBAZPIDE, solución.

EDOZELAKO, edonolako, nolanahiko.

EGITURA, estructura.

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

EGOZTE, jaurtikitze.

EGUBERRI, Natividad, Noël.

EGUN, gaur.

EGUNSENTI, aurora.

EI, omen.

EHIZI, ihizi, animal de caza, gibier.

EKAI materia.

EKAIN (eki, sol + gain), junio.

EKARRI, aportado, aportación.

EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

EKIN, aplicado activa e intensamente. (Idazle batzuek, klasikoei jarraituz, intrantsitibo bezala erabiltzen dute aditz hau. Ni lanari nakio, ni lanari ekiten natzaio.)

ELABERRI, novela, roman.

ELEKTRATU, electrificado.

ELIZBARRUTI, jurisdicción territorial eclesiástica.

EMATE, parecer, dar la impresión.

EMATEARREN, emateagatik.

ENTREPRESA, empresa.

ERABAKI-GUNE, centro de decisión.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERABATEKO, total, completo, decisivo.

ERABILI, erabilitako, erabiliriko.

ERAGIN, eragipen, influencia, acción.

ERAGIPEN, eragin, influencia, acción.

ERAKARMEN, atracción.

ERAKUNDE, organismo, entidad.

ERALGITZE (= jalgi + erazte), gastar.

ERASIATU, recriminado.

EREDU, modelo.

EREDURA, arabera, arauera, según, conforme.

EREMU, extensión de terreno.

ERIZAIN, enfermero, enfermera.

ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

ESKOLAURRE, período preescolar.

ESKUHARKI, generalmente.

ETSITUXE, bastante desesperanzado.

EURREZ, abundantemente. (ERRUZ, hobenez, por culpa.)

EUTSI, agarrado, asido, saisi.

EZABATZE, desagertze, desaparecer.

EZEZIK, no solamente.

EZIK, salbu.

EZKUTU, oculto.

FITS, apur, deus, ezer.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia.

GAILENTZE, nabarmentze.

GAILUR, cima.

GAINDI, superar. (GAINDITU, superado.)

GAITZETSI, condenado, reprobado.

GAURGERO, aurrerantzean, en adelante, désormais.

GENEKUSAN, ikusten genuen.

GERTA DAITEZENTZAT, gerta daitezen.

GISA, bezala, legez.

GORABEHERA, a pesar de, malgré.

GREBA, huelga.

GURARI, nahikari, deseo.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea.)

HALABER (hala, asi + ber, mismo), igualmente, también. Ene ustez, arrazoin du Altubek, baita ere (bai eta ere) gaitzesten duenean. Ikus haren «Erderismos», 195-206 horrialdeak.

HALAFEDE, a fe mía, par ma foi.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción.)

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HAUTESKUNDE, bozketa, elección por votación.

HAZIL, noviembre.

HAZKUNDE, desarrollo, développement. (HAZKUNTZA, cría de ganado, élevage.)

HEDAKUNDE, zabalkunde.

HEDATU, zabaldu.

HEDATZE, zabaltze.

HELBIDE, dirección, adresse.

HELTZE, agarrar, saisir.

HERKIDETASUN, conciudadanía.

HERTSI, hestu.

HERTSIKI, estrechamente, apretadamente.

HEZKUNDE, hezkuntza, educación.

HIGITZAILE, mugitzaile.

HIGITZE, mugitze, mover.

HILORTZE, aborto.

HITXI, hetsi, cerrado, fermé. (HERTSI, herstu, estrechado, apretado. Ikus «Zabal», 7. zenbakia. 52. horrialdea.)

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

HORREN, hoin, tan.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IA, kasik.

IDAZKARI, sekretari.

IGO, igan, igon. (Iparraldean eta Bizkai osoan aditz honek ez du N galtzen. Ene ustez, igan hautatu behar genuke euskara baturako, iragan egin dugun bezala.)

IKASTURTE, año escolar, curso.

INGELESAZ BESTE HIZKUNTZA, otra lengua distinta del inglés. (Ikus Axularren «Gero». 21, 38, 86, 93, 267; eta Villasanteren «La declinación del vasco literario común», 89-90.)

INKESTA, encuesta.

IRISTE, heltze.

IRITSI, heldu.

ITXAROTE, igurikatze, igurikitze.

IZADI, universo.

IZPI, rayo.

IZPIGAILU, aparato generador de rayos.

JADANIK, ya.

JASAN, soportado, padecido.

JASATE, soportar, aguantar.

JAZOTZE, gertatze.

JORI, abundante, fecundo, rico.

KASU, por caso, por ejemplo.

KATEN EREAKZIO, reacción en cadena.

KAUSITZE, acierto, succès, réussite. (Ikus Tournier eta Lafitteren «Lexique Français-Basque».)

KAZETALGO (kazetari + go), periodismo, journalisme.

KOKATU, colocado, situado. (LEKUTU, alejado, ausentado.)

LEGEZ, bezala.

LEHENDANIK, anteriormente, desde antes.

LEHERGAILU, bomba.

LEKUKO, testigu.

LILURAMEN, encanto, hechizo, fascinación.

LITERATURÁ, literaturea, la literatura. (Azentuak artikulua adierazten du.)

LURBIRA, globo terraqueo.

LUTERTAR, luterano. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

MAGNETEREMU, campo magnético.

MANA, mandar. (MANATU, mandado.) Ikus «Axularren Hiztegia».

MARRAZKI, dibujo, dessin.

MEN, alcance, portée.

MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

MERKATALGO, comercio.

MUNDULERKUNTZA (mundu + ulerkuntza), concepción del mundo, sentido de la vida, Weltanschauung.

NABARI, evidente, notorio, patente.

OIHARTZUN, eco.

OLGETA, josteta.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OROKOR, general.

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OTSAIL, febrero.

PAUSATU, jarri.

PETO, equivalente, igual, idéntico.

PLASMÁ, plasmea, el plasma. (Azentuak artikulua adierazten du.)

PRESIDENTEAZ BESTE, otro, excepto el presidente. (Ikus Axularren «Gero», 21, 38, 86, 93, 267; eta Villasanteren «La declinación del vasco literario común», 89-90.)

PRESTU, virtuoso, honrado, noble, honorable.

POSTALGO, correos, postes.

SAIAERA, entseiu, ensayo.

SALBUESPEN, excepción.

SAMAR, un poco, un peu.

SATSUDURA, polución (KUTSADURA, contaminación.)

 SEN, juicio, sentido. (Konpara alemanezko Sinne.)

SINESTU, sinetsi, convencido.

SOBERA, gehiegi, larregi.

TAMALGARRI, lastimagarri, penagarri.

TAXU, modu egoki.

TAXUTU, moldatu.

TRINKO, concentrar. (TRINKOTU, concentrado.)

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

UKI, tocar. (UKITU, tocado.)

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo.)

URRUTASUN, gratuidad.

URTARRIL, enero, janvier.

XEDATU, determinado, definido.

XEDE, propósito, fin, objetivo.

XAMUR, blando, tierno, fácil.

ZELAI, campo.

ZEMAI, mehatxu, amenaza.

ZENONEK, zenak. (Artikulua lehen graduan dago. Ikus Altuberen «Observaciones a la Morfología Vasca de Azkue», 45-49; eta Villasanteren «La declinación del vasco literario común», 75-80.)

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, contribución, impuesto.

ZETZAN, yacía, estaba, consistía. (Etzan aditzaren forma.)

ZINEZ, benetan.

ZUNDALDI, sondeo.

ZUZEN, enderezar. (ZUZENDU, enderezado.)

ZUZI, antorcha, torche.

ZUZPERTZE, reavivar.