ANAITASUNA

286. zenb.

1974.eko hazilaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joan Mari Torrealdai, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Eskerrik asko biharko euskaldunoi!

Erdararen eta euskararen arteko harremanen historia laburra duzu artikuluxka hau, sarrera eta guzti, Edo ipuina, nahiago baduzu.

«Zer da zuretzat Euskal Herria?» Hauxe izan zen, aurtengo Tolosako Euskal Kultur Hamabostaldian, LUR ETA GIZON, Euskal Herria liburua aurkeztera bildu zirenei ezarririko galdea. Nor bere aburua* agertzen saiatu zen. Erantzun guztien artetik, ordea, sustraiko galde bat sortu zen: Izanak ala izatekoak, historiak ala etorkizunak definitzen du Euskal Herria? Ez da akademikoa galde hau, Euskal Herria, beronek orain duenaren bidez definitzea zein nekeza den adierazten du eta.

Hala ere, oraingo une eta egoera honetan Euskal Herria zerk definitzen duen itauntzen* badugu, euskara aipatu* ohi dugu, haren bereizgarririk nabarmenena bezala. Baina hizkuntzak ere historia bat izan du, egoera bat daduka, eta aurreranzko joera bat agertzen du. Zein euskarak definitzen du, bada, Euskal Herria? Izandako euskarak? Euskara, Herri horren hizkuntza berezia izan da noski, baina izandako Herri baten izandako euskara. Oraingo euskarak? Milaka eta milaka gureganatzen diren udatiarrei (eta beharbada langileei ere) galdetu nahi nieke, ea lurralde honetan euskal (euskaradun) Herririk somatu ote duten. Geroko euskarak? Geroa, ordea, geuk prestatzen dugu. Eta zein euskara eta zein Herri emanen diogu geroari?

Eman dezagun, euskara izan dela, orain ere ba dela, eta gero ere izanen dela Euskal Herriaren nortasunaren eta bereizgarritasunaren muina. Baina herritasuna ez da geldia; ez eta haren hizkuntza ere. Euskal Herria ezin daiteke defini, beronen «las esencias puras» direlako horik* agertuz. Bizia da Herria eta honen hizkuntza: urratzen ari den bidearen dinamikaren barnean esan behar da zer den herritasuna.

Euskal Herriari dagokionez, honen herritasuna ezin daiteke adieraz, inguruko Herriekin izan dituen eta izanen dituen harremanak agertu gabe. Ez Herririk eta ez hizkuntzarik ez da bizi hesparru* hitxitan.* Euskal Herriari doakionez, nabarmenagoa da oraindik, kanpotik ezarri zaion dinamika. Gizartezko,* ekonomiazko eta demografiazko gurutzapenak eta eraginak* dira Euskal Herriaren herritasuna bideratzen dutenak; eta horien barnean eta batez ere kulturazko gurutzapenak eta eraginak. Kanpotikako kultur ezarpenak bakarrik markatu ote du euskararen bidea, hobeki esan, galbidea? Salbabide bila dabiltza euskara eta beronek mamitu nahi duen Herria. Kanpotik etorriko ote zaie salbatzaile hori?

Honela balitz, alferrik genbiltzake, geure euskararen bidez geure herritasuna definitu nahian. Utz diezaiegun kanpotarrei, euskararen dinamika urra dezaten eta geure euskalduntasun berritua defini diezaguten.

Espainiarrak espainoltzen

Ba da ustemoduren bat hortik, gaztelania, euskaldunek erabiliriko latinetik sortua dela esaten duenik, eta euskaldunok espainolen gurasotzat hartzen gaituenik ere. Oraindik orain entzuna dugu Ministru baten ahotatik: «Lo vasco es la manera universal de entender lo español». Zer esan nahi duen ulertzen ez badut ere, hori hor dago. Ministruak esana! Eta ulertzeko gauza* izan beharko genuke, gainera, euskaldunok! Baina geure «amatasunaz» ahantzita gabiltza nonbait.

Besteren batek argiago esan omen zuen: «Ser vasco es ser dos veces español». Zertan ari gara, euskalduna zer den asmatu ezinik? Matematika hutsa da. Ba dakigu zer den espainol izatea. Dobla dezagun, eta horra hor euskaldun jatorra eta osoa.

Hori guztiori ulertu nahirik, honela adieraziko nuke nik: Euskaldunaren emankortasuna eta bihotz zabaltasuna handiak eta miresgarriak dira betidanik. Ez omen dago emankortasun handiagorik, nork bere bizia eta odola besterentzat ematea baino. Honela, bada, latin hondatuak eta bazterreko hizkuntzek itota zedukaten Hispania odolberritzeko eta biziberritzeko, geure odola eta bizia eman genizkion euskaldunok. Gaztelaniaren arnasa* berriaz, kateatuta zegoen Espainiari unibertsaltasun zabalaren bideak ireki genizkion, hispanitatearen sustraiak jarriz.

Gaztelaniaren sortzaile, Espainiaren eratzaile eta espainoltasunaren zabaltzaile garelarik, ba dugu zertaz harro izan. Gure poetak «historiarik gabeko Herria» garela esaten badigu ere, Espainiaren historia handiaren eragileak izatea ez da meritu makala.

Euskaldunak erdalduntzen

Baina operazio horretan erabat* makalduta eta ia* ia odolustuta gelditu zen Euskal Herria. Indarrik gabe, ez zen bere euskalduntasunari (euskaraduntasunari) eusteko* ere gauza. Eta «biologiaren» legez ama emankor izan zena, politikaren legez, berorren alabak irentsia izateko arriskutan gelditu zen. Ama mantendu behar zukeen alabak, harek bizitzeko ere beharrezkoa zuen lurraldettoa txikiagotu egin dio eta poliki poliki azpia jan.

Historiaren indarrez eta historiaren indarren indarrez, euskaldunok erdaldunduz joan gara, indar horiek gure axolagabekeriarekin bat egiteraino. Eta hau esateagatik inor haserretuko balitzait, axolagabekeria hori astindu nahi izan zuen Axular handiaren GEROren sarrera irakurtzera bidaliko nuke.

Honela, bada, euskararen bidez Euskal Herria definitzeko, historian oinharria bilatzen genuenoi, historiak berak jan digu oinharri hori. Eta geure euskal jabetasuna galduta ezezik,* geure euskalduntasuna definitzeko ere burua galduta gabiltza.

Erdaldunak euskalduntzen

Orduan, halabeharrez, euskaldun izateaz gabe, euskotar izateaz definitu nahi izan zen Euskal Herria. Euskotarrek osatzen zuten benetan Herria; besteak kanpotarrak ziren. Eta hauek, euskotarrak izan ezinean, euskara ikasiz gero, ba zuten nolabait euskaldun behintzat bihurtzeko modurik.

Harritzekoa da, Euskal Herrian euskaldun berriak duen garrantzia eta izen ona. Izan ere, nork ez daki euskaldun berria zer den? Sarritan euskaldun berria euskotarren ametsa bezala agertzen da. Euskotarrentzat nahiz euskaldunentzat miresgarria da euskaldun berria; eta euskaldunak berak ere bereganako txikiespena* nabaritzen* du nolabait bere barnean, euskaldun berriaren aurrean. Baina euskotarrari, euskaraz ez dakien neurrian eta ikasten saiatzen ez den heinean* gertatzen zaio harrigarri eta miresgarri euskaldun berria. Euskotarrak nahiago luke, erdaldunak (kanpotarrak) beren buruak euskalduntzen saiatzea, bera eta beste euskotarrak saiatzea baino.

Euskaldun berriaganako mirespen eta handiespen* horrekin batera, euskotarrok, geure euskal sustraiak segurtatuak ditugulakoan edo, alde batera utzi izan dugu euskara. «Agur», «egun on», «eskerrik asko» eta horrelako beste zerbait edozein unetan eta tokitan harro harro jaurtikitzeaz aski* dugu, geure buruak euskalduntzat jotzeko.

Bitartean, beharbada, geure txakurrari ere euskaraz eginen diogu, eta geure haurrei euskaraz egiteko agindu ere bai, txakur eta haur, guztiak euskaldun berri bihurtu nahian edo. Baina geure artean berdin zaigu (nahiago dugu) erdaraz egin, euskotarrak baikara, eta ez baitugu euskararen premiarik, euskotar izateko. Txakurra eta haurra euskaraz egitera behartu gabe, baina bere haurrak ikastolara bidaltzen dituen kanpotar hori ez ote da euskaldunago, haurrak ikastolara joatera behartu bai, baina bere lagunen artean eta familian erdara parra parra egiten duen euskotar hori baino?

Kanpotarrak euskaldundu egin behar dira, euskotarrok erdaldun izaten segituko badugu ere. Horixe da askoren jokabidea.

Euskotarrak euskalduntzen

Bide honetatik abiatuta gabiltzalarik, erdaldunek aurrea hartu digute. Geure euskalduntasuna eta herritasuna finkatu eta definitu eta geure euskara geuk batu eta bideratu nahian gabiltza, gero herritasun eta euskara hori kanpotarrei ezartzeko; baina oraintxe galdetzekoa dugu, ez ote diguten kanpotarrek gure euskalduntasuna zer izanen den argituko, geuk zer den argitu baino lehen.

Euskaldunok geure Herriaren eta euskararen galbidean goazela, kanpotarrak Euskal Herriaren salbabidea irekitzen ari zaizkigu. Ikastolak eta gau eskolak erdaldunez eta kanpotarren haurrez gero eta beteagoak ditugu. Euskaldunok euskara erabiltzeko dugun axolagabekeriaren* neurrian, erdaldunek eta kanpotarrek euskara ikasteko zaletasuna agertzen dute sarritan. Hortixek ez ote zaio etorriko salbabidea Euskal Herriari?

Euskaldun berria miresten* genuen; euskaldun zaharrok gaitzetsiko* gaituzte laster. Euskaldun zaharrok geure historiarekin geratuko gara, izandako Euskal Herriaren ametsetan; kanpotarrek beren etorkizunarekin iraunen dute, izanen den Euskal Herria sortzen eta eratzen. Erdaldunak eta kanpotarrak izanen dira, Euskal Herri zaharrari odol eta arnasa berria emanen dizkiotenak, eta Euskal Herri berria sortuko eta indartuko dutenak.

Zer da guretzat Euskal Herria? Zer da guretzat euskara batua? Beraiek esanen digute zer izanen den Euskal Herria eta zer izanen den euskara batua; eta beraiek euskaldunberrituko gaituzte euskaldun zaharrok eta euskotarrok. Beharbada, etorkizuneko euskaran ez da buruhausterik izanen z eta s nola bereiz* jakiteko, euskara irakatsiko diguten andaluziarrek ez baitute horrelako problemarik izanen, beraientzat berdina denez gero. Etorkizuneko euskaran ez da h letraren gorrotorik eta burrukarik izanen, euskara irakatsiko diguten kanpotarrek onhartua baitute h-a ere.

Eta honela sortuko eta eratuko digute, guk definitu ezin dugun Euskal Herria.

Eskerrik asko, bada, kanpotarroi! Eskerrik asko espainiarroi! Eskerrik asko biharko euskaldunoi!

Paulo AGIRREBALTZATEGI


Zuzendari aldaketa ANAITASUNAn

Azkeneko urte ta erdian geure zuzendari izan dugun Joseba Intxaustik utzi egiten du ANAITASUNAren zuzendaritza, beste tokitan eta bereziki JAKINen dituen zereginek horretara bortxaturik. Urte ta erdi hori berrikuntza garaia izan da gure aldizkariarentzat; eta zuzendaria izan dugu berrikuntza horretan, Idazle Kontseiluko lagun guztion laguntza eta baietzarekin, lemazaina. Joan badoa ere, gurekin geratzen da lankide bezala. Ez, beraz, adiorik!

Joan Mari Torrealdai dator orain gure zuzendaritzara. Guztiok onhartu ondoren jaso du bere izendapena. Aro berri batean eta eginkizun berriekin hastera doa gure aldizkaria; eta ba dakigu, Joan Marik berekin dakarren zuzendari eskarmenduagatik, ANAITASUNAk gidari trebe bat duela harengan. Izan bedi, beraz, ongi etorria, eta jaso beza aldizkaria egiten dihardugunongandik laguntza eskaintzarik osoena. Luzarorako izan dadila!

Idazle Kontseilua

Joan Mari Torrealdai Bilbo

Zuzendari jauna!

ANAITASUNAko irakurleei aspaldidanik idazteko nintzen eskutitza duzu oraingo hau. Urtebete pasatuxea bete dut, zuk orain eskuetan hartzen duzun aldizkari maite honetan. Aurrerantzean ere ukanen duzu noski, nire lankide laguntzarik.

Saiatu naiz beti ere ahal nuentxoa ematen, eta batez ere emateko hori Idazle Kontseiluko lagunekin bat eginda betetzen. Horiei zor diet, bada, egin dugunaren parterik onena. Eskerrak, beraz, garrantzizko puntu gori guztietan eman didaten gerizpeagatik. Inoiz ANAITASUNAren historia egin baledi, oso gogoan hartzekoa litzateke Kontseiluko adiskideon laguntza hau.

Orobat, esker bihozkorrenak ere aldaketarako hain baliozkoak izan ditugun langile hauei: Imanol Kamara jaunari, Pello Mari Ezeizari (lan isila eta beharrezkoena hauek betetakoa). Eta berdin gure Kontseilu gazte helduari. Urtebete honetan benetan egon dira gurekin!

Azken urteon bildu den, eta zuk zalantzarik gabe, nik baino hobeki zabal dezakezun idazle multzo horrekin, ANAITASUNAk berehalako etorkizunik onena izan dezake. Ikusten dudan bezalaxe esaten dizut. «Jakin» aldizkariaren garairik oparoena eta bizkorrena gidatu zenuen bezala, ANAITASUNArekin beste hainbeste gertatuko dela espero dut. Eta zegur naiz (inolako lausengurik gabe diot) egindakoak ongi onduko dituzula.

Lankideei eta irakurleei neure agurra bidaltzen diedan honetan, zure esanetara geratzen naiz, bada, eginkizun hobeago bat mami dezagun.

Jose Intxausti

Agur, irakurle!

Aspaldi honetan Frantziako lurraldeetan ibili ondoren, izpirituz beti hemen egon banaiz ere, osoan behintzat itzuli berria nauzu Euskal Herrira. Etorri ere, asmotan aberats eta lan egiteko gertu etorri naiz. Gogo eta asmo horik ANAITASUNAn hezurmamitu nahi nituzke oraingoz. Doan bidetik eta egin ditzakegun berrikuntzei esker, aldizkari bizi, gazte, sendo eta jator bat izango da ANAITASUNA.

Lanari ekiteko memento honetan eskerrak ematen dizkiet, azken aldi honetan zuzendari izan den Joseba Intxaustiri eta Idazle Kontseiluari. Eskerrak ANAITASUNAri jarri dizkiozuen oinharri tinkoengatik eta eman diozuen bideagatik. Bidea, erdi eginik baino gehiago aurkitu dut. Elkar lanean eginen dugu aurrerantzean ere bide hori berorren osoan.

Aldizkarien mundu honetan dabilenak ba daki, eta ongi jakin ere, zein zaila den nahi litzatekeen guztia lortzea. Babesten gaituen legeak berak baldineztatzen gaitu. Gure ekonomiak buztinezko zangoak ditu. Nahi eta behar genukeen ainako abonatuen kopururik ez dugu. Eta abar luze bat.

Egin dezakeguntxoa, nahi genukeenetik urruti xamar ibiliko da sarri, ezinbestean. Gure herri osoaren kontradikzio nagusienetako bat den hori, halatsu euskal kulturan gertatzea aise ulertzen dugu.

Baldineztaturik bai, baina etorkizunean irmo sinesturik, geure herriari alternatiba bat eskaintzeko gauza izango ahal gara!

Hamabostero elkarrekin egongo garelako esperantzan, ez adiorik!

Joan Mari Torrealdai


"Iberia Express"

Portugaleko demokrazia gero eta sendoago

Apirilaren 25eko erregimena bi aldiz aurkitu da memento gaiztoan azken hilabete hauetan. Bietan, eskuinak bere aldera eraman nahi zuen mugimenduaren ura. Bietan, deskolonizazio erabatekoaren* eta ezker indarren beldurrez.

Gogoratzeari onuragarri* deritzagu. Uztailaren* 9an Vasco Gonçalves egiten dute lehen ministru, eta ez Spinolaren kutunago zen Mario Miguel. Irailaren* 28an, Spinolaren aldeko «gehiengo* isilaren» eta eskuindarren jokoa dator. Eta, gero jakin denez, demokraziaren martxa erabat* aldatzeko asmoa zebilen azpian.

Oraingoan ere, MFA (Indar Harmatuen Mugimendua) aterako da garaile, marxistek eta beste askok bultzaturiko herri mugimendu handi baten laguntzarekin. Lehen ministru Costa Gomes.

Holatsuko gorabeherak ezinbestekoak dira, normalak oso. Izan ere, pentsaezina da horren* bapateko* aldakuntza bat eragozpenik gabe egitea. Harritzekoa litzateke, kolonizazioaren eta status zaharraren aldekoak, eta berdin aintzinako sozio-ekonomiazko egiturei* esker bizi izan direnak, iraultzaren aurka ez egotea eta ahal duten guztia haren kontra ez egitea. Harritzekoagoa oraindik, Gobernuak, horietatik defendatzeko ahalbiderik* ez izatea.

Kontrako edo aldeko izan, begien bistako egia biribil batzuk* aitortu beharra dago: esaterako, odol isurtzerik ez dela izan, oso esku bigun jokatu dela 48 urtetako diktadurako gizonekin. Bakar bakarrik errepresio aparamen* zenbait (hala nola PIDE eta Portugaldar Legioa) desegin beharra egon da, egin zutenagatik eta iraganaren sinboloa izateagatik.

Orain, segurenik, gogortu eginen da Gobernua, eskuindarren desegin nahia eta irrika* frogatu* denez geroztik. Ez dea* esaten, gainera, CIA ere hor tartean ibilia dela, eta Spinolaren zaldia jokatu zuela? Ezker Gobernua gogortzera eramatea eskuinaren betiereko jokoa da, bestalde. Gogortuz gogortuz, diktadura bat bihurtzeraino eraman, eta orduantxe beraiek demokraziaren izenean kolpea eman. Topiko da jadanik.*

Portugaleko arazoaren berri ematean, hemengo egunkari asko joko itsusian erori* da. Politikazko garbitasun ezinezko baten izenean (hobeki esanez, alternatiba gisa* agertu zen aldakuntzaren kontrako amorruz), ager zitezkeen akats eta gehiegikeriak oro* aupatu* dituzte, holako barne poz berezi batekin. Asko eta asko, ezkerraren kontrako zerbait noiz gertatuko egon da. Errealitatea bera desitxuratzeraino ere bat baino gehiago iritsi* da.

Problemarik ez zaio falta, ez, Gobernu berri honi, barnetik eta kanpotik. Bakoitzetik bat aipatuko dugu.

Denek ezkertiar agertu gura dute gaur Portugalen. Eta martxoko hauteskundeak* prestatzen ari direnez gero, paradoxa bada ere, alderdi sozialista haserre dago. Denak dira orain sozialista. Moda da, aise* zabaltzen ari dena, eta Europa osoan zabaldu ere.

Alderdi sozialista haserre dabil, herriak beragan duen sinesgarritasuna galtzeko arriskutan* jartzen dutelako. Bi arrazoinengatik hori. Lehena, nahasketa sortzen da, programa ez delako zehazki ezagutzen (sozialismo kultural batez mintza gaitezke, kristianismo kultural batez mintzo garen arrazoin berarekin). Sozialisten bigarren arrazoinak ere pisua du, eta hauxe da: sozialismoari bere programaketaren originaltasun eta berezitasun guztia kendu ohi diotela, handik eta hemendik zatika lapurtuz eta ideiak kopiatuz.

Paradoxa honetan daude, ezker politika egin nahi duten Europako beste alderdi sozialistak ere. Europa osoko fenomenoa baita sozialismo ireki baterako joera hau. Agian, demokrazia formalaren hutsuneen aurka planifikatzea eta ekonomiazko berdinketa eskatuz, eta dogmakoikeriazko sozialismoaren aurka plurialderditasuna gordez.

Behin betirako higuindurik, Portugaldar herriak diktaduraz ez du deus* jakin nahi, ez eta proletalgoaren diktaduraz.

Portugalek kanpoarekin duen hauzia ere bizi bizirik dago. Tirandura bizia dago NATO eta Portugalen artean. Washington ez da Portugalez fidatzen. Frogarik*? «Aliantza Atlantikoaren Nuklear Batzordearen» Biltzarrea ez du egin nahi izan. Beldur da, Portugaleko ministru komunisten bidez sekretuak sobietarren belarrietara helduko diren.

Portugal, NATOtik irteteko ere prest dago. Herriak hala erabakitzen badu. Hori esan du behintzat Portugaleko lehen ministruaren ordezkari Victor Alves-ek Brusselan. Martxoan ikusiko da hori.

Lanuzteak ugaltzen ari

Azken garai honetan grebak* ugalduz doaz. Bizkaia dugu honetan lekuko* ona. Problemarik falta ez delako seinalea da hori, Pello Sandiak esango lukeenez. Eta zuzen esana, gainera.

Lanuztearen antidotua lanegitea da. Ez nago segur. Ez nago segur, batik* bat, hartu ohi diren jokabideak ikusirik. Arazoa plazatik ezkutura* pasa eraztea besterik ez dela nahi dirudi sarri. Lanuzte bat, errepresioaren, zigorraren bidez, langileak kanpora botatzearen eta soldatarik ez ematearen bidez konpondu nahi denean, konpontzea ez baina lehertzapena gerora botatzea lortzen da. Lanuztearen antidotua lanegitea izango da, bai, negoziazioaren bidez bi partaideen elkar hizketaren bidez konponbidea egin ohi denean. Ez dakit.

Beste arazo bat ere ba dago hemen. Noiz da greba bat politikazkoa, eta noiz, aitzitik,* zuzenki lan hauziari lotua? Mundu osoan horren inguruko eztabaidak luzaz dirau.

Guk orain arte uste genuen, grebaren helburuetatik epaitu behar zela haren kalifikatzea. Baina Bilboko SIS (Servicio de Información Sindical) delakoak hauzi hau garbitan jarri du. Dioenez, legezko bideetatik gestioak egiten direnean, greba hori laborala da. Eta, aitzitik, oposiziozko sindikatu eta taldeek eragina bada, orduan greba hori politikoa da.

Argi eta garbi mintzatzea abantail* ez tipia da, denbora ilun eta nahasi hauetan.

Nazioaren batasunaren kontra omen

Zaragozan, hazilaren 12ko «Aragón Express» egunkaria bahitu* egin dute, «Europa Press» OPUSen berri banatzaileak dioenez. Idazlan bategatik omen da. «El nacionalismo aragonés» izeneko artikuluagatik. Nazioaren batasunaren kontra joan daitekeelako.

«Ramón J. Sender» sarian aukeraturiko artikuluetako bat omen da. Eta egilea, Agapito izenpean, Ramiro Grau da, hain zuzen Huesca hiriko «Círculo José Antonio»ko lehendakaria.

Joan Mari TORREALDAI

daude, dagoz

diote, deutsoe

zaio, jako

zitezkeen, eitekezan


Hementxe denok

Ipar Aldea. Araba. Gipuzkoa. Bizkaia. Errioxa. Euskal Herria

Ipar Aldea

Baionan prefetura bat?

Baionako Industri eta Merkatal* Ganbarako lehendakari dugun Saint Martin jaunak, erakunde* honek hilabetero argitaratzen duen «Activités en Pays Basque» deitu* aldizkarian, azkeneko zenbakian, ideia zahar bat nahi izan du berritu eta oraingotu, dioelarik, Baionan gero eta beharrezkoagoa dela prefetura baten plantatzea, Gobernuko administralgoa hurbilago izateko.

Arrazoinetarik bi: Baiona hiriak gero eta ekonomi inguru haundiagoa eta azkarragoa* sortzen ari baitu. Eta Biarnoko* eta Ipar Euskal Herriko beharrorduak* ez baitira osoki berdinak, baina asko puntutan bereziak.

Oroiteraz dezagun, nola, duela hamar bat urte, Enbata oldeak* gauza hori ere eskatzen zuela, iparralderako euskal departamendu bat eskatuz. Eskakizun hori ez da, segur, «Amerikaren» galdetzea*; baina egun guztitako gorabeheretan ba ditu, gutiesten* ahal ez diren abantailak.*

Bestalde, esan dezagun, nola, duela ehun eta hogei ta hamalau bat urte, orduko erregeari helerazia izan zitzaion beste eskakizun batek galdetzen zuen, Landesetako departamenduaren hegoaldea Euskal Herriko departamenduari lotua izatea, eta Baiona prefetur hiri bihurtzea. Egia esan, ekonomi sailean, zentzugabekeria bat da, Bokale* eta Tarnose,* eman dezagun, Baionatik bereizirik egotea, administralgo mailan departamenduko mugak bereizten* dituelako.

ZABALen kantaldia Baionan

ZABAL aldizkariak, bere sailaren* segitzeko, kantaldi bat muntatu behar izan du, joan den hazilaren* 14ean. Kantaldi bat ez nolanahikoa, gainera, zeren* jendalde* ederra bildu baita «Vox» zinemasalara, kantari hauen entzutera: Xabin Harrixuri (euskara ederki ikasia duen kanpotar bat), Erramuzpe-Berterretxe, Duhalde-Ducos, Maite Idirin-Arbea, Ospital-Carrère, Oihartzunak, Oskarbi eta Oldarra. Emanak izan diren kantuak, gutiz* gehienak, berri berriak edo berrituak ziren. Han ikusi dugu, euskal kantuak ba duela oraindik luzaz berritzeko eta, beraz, bizitzeko ahala.

Euskal kantaldiak Alduden

Hazilaren 3an, igandez, Aldudeko zinemasala tanpez* betea zen. Zer kariz* ote? «Guk» taldeak bere kantaldi berezia Aita-semeak laborari ematen baitzuen. Engoitik* hogei ta hamar bat herritan emana dukete.* Segur sail* ederra, talde horrek hasi duena.

Sekulako aldian genituen geure musikari eta kantari ezagun trebeak: Sarasola, Berzaitz, Borda, Lacarrieu eta Davant. Biba zuek eta jo beti aitzina*!

Dezagun esan ere, nola hauen aitzinetik* Ospital-Carrère bikoteak zazpi-zortzi kantu, zahar eta berri, beti bezain artoski* landurik eta suharki* kantaturik eman zizkiguten.

«Ildo»: aldizkari berria

Horra argitaratu berri den aldizkari edo agerkari baten izen berria.

Lehen zenbakian, irakurgai hauk* eskaintzen ditu: Oinharrizko ageria, Baionako ekintza, Carrero Blancoren hiltzea, iraultzaile jokabide bati buruz, eta Larzac-ekoei gutun irekia.

ZABALen 10. zenbakia

ZABAL izeneko kultur batasunak, izen berez bataiatua duen aldizkariaren hamargarren zenbakia, hilabete honetan jalgi du plazara.

Mugaren bi aldeetan emendatzen* ari zaizkion irakurleek izanen dute, alde honetan ere, non zer irakur. Hona zenbaki horretan aurkitzen diren gai nagusienak:

Ipar Euskal Herriko industriatzeaz. Gerla ondoko politikazko akordioen urratsak. Nuklear zentralak hauzipean. Emazte batzuek zer pentsatzen duten. Europaren sabeleko mina. Euskal Herriko gataska* linguistikoaren aurrean. Kultur mugimenduaz ikuspegi politiko bat. Euskal Unibertsitatea eta «Guk» taldea. Euskal Unibertsitatea kulturaren aitzindari.* «Apez» (poema). Kultur mugimenduaz. Euskaltzaleei mintzo. Mehakaberriri ohar beharrezko batzuk. Hitz batuen arazoa.

«Idek eta zabal gogo-bihotzak»

«Herria» liburu sailean, Piarres Lafitte kalonjeak,* P. Ithurralde izenordearekin sinaturik,* liburutto bat guztiz apaina eta mamitsua argitaratu berria digu. «Idek* eta zabal gogo-bihotzak» eman dio izena; eta lapurtarrez idatzirik, euskaldun gazteentzat nasaiki* zabaltzen ditu, bere esperientziak eta jakintza haundiak ekarri dizkion gogoeta eta kontseilu hoberenak, Elizaren eta Kristoren irakaspenetan finkatuz bere esanak.

Aitzin* solasean berak dioenez, liburutto honetan aurkitzen diren lerroak ez dira lasterka irakurtzeko eginak, baina bai goxoki eta gustura, astia hartuz, mami on bat xurgatzen* den bezala, haien muinaz jabetzeko eta gogo-bihotzen hazteko.

Liburuttoa hogei bat argazki edo fotoz ederturik dator. Agian* izanen du irakurle. Salgai aurkituko duzue «Zabal» liburutegian eta beste zenbaitetan, prezio onean.

Lekuko mintzairen alde

Gobernuko azken biltzarre nagusian, urteko dirualdea* edo presupostua eztabaidatu behar izan dutelarik, diputatu batzuk tokian* tokiko mintzairak eskolan irakastearen alde mintzatu dira, eta azkenean onhartua izan da inspektore baten izendatzea, ikusteko non, noiz eta nola eraman litekeen euskararen, bretoinaren, okzitanoaren, korsieraren* eta beste zenbait hizkuntzaren eskoletan irakastea.

Lehen urrats* bat da. Beharrezkoa dena. Gauden beha,* noraino helduko den bigarrena.

Muga herrien biltzarrea Biarritzen

Hazilaren* 15 eta 16an, Biarritzen elkarretaratu zaizkigu mugaz bi aldeetako erakunde eta batasun* multzo baten ordezkariak. Iruineko, Donostiako eta Baionako Industri eta Merkatal* Ganbarak, GETIS batasuna, Baionako Ekonomi Ganbara Gaztea, Paueko Unibertsitatea eta Departamenduko Nekazal* Ganbara: erakunde horik* izan dira ordainduak.

Dezagun esan lehenik, nola gisa* bertsuko* biltzarreak egin ziren, joan den eta aitzineko urtean, Akizetik* Baiona-Donostia-Tolosarainoko ekonomibide nagusia hartuz ikergai eta solasgaitzat.

Orain bildu direnen iker* eremua are* zabalagoa izan da. Euskal Herri osoa, Biarnoa eta Landesetako hegoaldea hartzen dituzte, Aturri-Baskonia izenez deiturik. Oraingoz elkarrekin osatzen ari duten eta bihar oraindik lotuagoki osatuko duten kulturazko, bizibidezko* eta gizartezko eskualde haundi berezia agertzen ari digute izandatu ditugun herrialde horiek elkarrekin.

Oroit bedi irakurlea, nola 1977.erako, ontsalaz,* Espaniako Estatuak Europako Merkatu Komunean sartu behar duen; eta, zenbait urte honetan, hemengo bizibidelari argi batzuek ikusten dutena gerta liteke: mugaz haraindiko industriaren indarrak hemengoa gaindi lezakeela jestu batez, baldin hemengo lantegiak, ttipiak eta haundiak, ez badira, oraindik beretik, bihar etorriko zaien konkurrentzia bizi bizi horri buruz apailatzen.*

Esan gabe doa, ez dela ekonomia edo bizibidea, holaxe, ele* edo nahikari* on batez aldatzen. Beharrezkoa da horretarako, bizibidea guti edo aski kontrolatzen duten erakunde eta batasunen artean, aitzinetik gogoetak eta ikertzapenak ongi egin ondoan, erabakiak har daitezen.

Agian,* Biarritzen moldatu dituzten bi egun berezi horietarik, zeredozer berezi jalgiko* bide* da, gorago aipatu dugun eskualde berri haundiaren abantailetan* eta. beraz. gure abantailetan, arras* ongi baitakigu, 1841.a aitzin mugaren bi aldeetan ekonomiazko harreman edo gurutzamenduak ugari ziren denboran, gure iparralde honek ez zuela egun* bezalako lan eskasiarik.

Araba

Gasteizko Kultur Hamabostaldia

«Manuel Iradier» kultur elkartea ixilik baina egiazki ari da lanean. Azken aldion hainbat oztopo gainditu ondoren, Euskal Kulturaldi bikain* bat eskaini dio Gasteizko hiriari, Hazilaren 11tik 25era.

Nik dakidanez, hauxe dugu lehena Gasteizen, eta ez dadila azkena ere izan. Ea Gasteizko euskaldun eta euskaltzaleok behar bezalako erantzuna ematen diogun.

Hona hemen hitzaldi, hizlari eta gainerakoen zerrenda:

 Euskal Herriko geografiaren laburpena (Iñigo Agirre Kerexeta). Euskararen egoera gaur (Jose M. Satrustegi). Euskal literatura euskal kulturan (Santiago Onaindia). Eguratsaren* defentsa (Paulo Areso). Amabost urte Arabako pinturgintzan, eta beronen aurretikoak (Javier Serrano). Folklorea Araban: Ihauterietatik* Bazkoetara* (Joaquín Jiménez Martínez). Hiri kultura eta hiri politika egungo gizartean (Antonio Fernández Alba). Euskal musikaren morfologia (Francisco Escudero). Euskal etnologia gaur (Jose Migel Barandiaran). Gasteizko «Araba» eta Zarauzko «Oleskariak» koralen saioa. «Ama Lur» filmearen emanaldia.

Gipuzkoa

Bergarako Euskal Hamabostaldia

Aurreko zenbakian esan genuenez, Euskal Hamabostaldi bat izanen da Bergaran, abenduaren 6tik 22ra. Hona hemen programa:

Ostiralea, 5

Arratseko 7etan, Udaletxeko* gela nagusian, euskal pintore eta eskultoreen erakusketaren irekitzea. Erakusketa honetan artista hauen lanak azalduko dira: Alvarez Plagaro, Alvarez Velez, Inurrieta, Mieg, Ortiz de Elgea, Ziriarain, Amestoy, Nagel, Goenaga, Llanos (pintoreak). Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Joxe Agirre (eskultoreak).

Ondoren, Maestri Eskolan, aipatu ditugun lanei buruz, hitzaldiño batzuk izanen dira.

Larunbata, 7

Arratseko 7etan, beheko plazan, euskal liburu eta diskoen erakusketaren irekitzea.

8etan, argazki zaharren erakusketaren irekitzea.

10etan, herriko pilota lekuan, bertsolarien eta trikitilarien jaialdia. Jose Mari Iriondo zuzendari delarik, ondoko bertsolari hauek parte hartuko dute: Agirre, Egileor, Gorrotxategi, Lazkao Txiki, Lazkano, Lizaso, Mattin, Xalbador. Tartean Sakabi-Egañazpi eta Laja-Iturbide trikitilarien saioak.

Igandea, 8: Haurren Eguna

Eguerdiko 12etan, herriko kaleetan zehar haurren ibilaldia, berek egindako buruhaundiekin.

Ordu 1etan, herriko musika bandaren kontzertua.

Arratsaldeko 5etan, herriko pilota lekuan, haurrentzako jaialdia: Zarauzko haur kantariak, «Enseñanza» ikastetxeko eta herriko eskoletako haur kantariak, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoak, euskarazko marioneta saioa.

Astelehena, 9

Arratseko 8etan, Maestri Eskolako aretoan,* hitzaldia. Gaia: Azkoitiko Zalduntxoak.

Asteartea, 10

Arratseko 8etan, Maestri Eskolako aretoan, hitzaldia. Gaia: Hirigintza. Hizlaria: Zubiria jauna.

Asteazkena, 11

Arratseko 8etan, Maestri Eskolako aretoan, jendaurreko elkar hizketa. Gaia: Kazetaritza. Hizlariak: Amatiño, Kintana, Mendiguren.

Osteguna, 12

Gaueko 10etan, «Enseñanza» ikastetxeko aretoan, antzerkia. Oiartzungo «Intxixu» taldeak «Orria 778» izeneko teatro lana eskainiko du.

Ostiralea, 13

Arratseko 8 ta erdietan, «Irala» zinematokian, Ama Lur eta Bizibidea Lantzen izeneko filmeak emanen dira.

Larunbata, 14

Gaueko 10etan, «Enseñanza» ikastetxeko aretoan, kantaldia: Pi de la Serra, Mikel Laboa, Arza anaiak.

Igandea, 15

Eguerdiko 12etan, beheko plazan, euskal lanen erakusketa: Otarre, abarketa, abarka, kaiku, lur ontzi, eta abar. Egileak lanean arituko dira jendearen aurrean.

Ondoren, musika tresna zaharren erakusketa: Tobera, musukitarra, alboka, txistu, txalaparta, eta abar.

Arratseko 7etan, herriko pilota lekuan, Donostiako «Argia» dantza taldearen saioa.

Astelehena, 16

Arratseko 8etan, beheko plazan, «Suzko zezena».

8 ta erdietan, Maestri Eskolako aretoan, hitzaldia. Gaia: Nuklear etxeak.

Asteartea, 17

Arratseko 8etan, Maestri Eskolako aretoan, hitzaldia. Gaia: Bertsolaritza. Hizlaria: Juan Maria Lekuona jauna.

Asteazkena, 18

Arratseko 8etan, Maestri Eskolako aretoan hitzaldia. Gaia: Euskal Unibertsitatea. Hizlariak: Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategi.

Osteguna, 19

Gaueko 10etan, «Enseñanza» ikastetxeko aretoan, Errenteriako Andre Mari koralaren ihardunaldia.

Ostiralea, 20

Arratseko 8etan, Maestri Eskolako aretoan, hitzaldia. Gaia: Euskal ekonomia gaur. Hizlaria: Iñaki Larrañaga jauna.

Larunbata, 21

Gaueko 10etan, herriko pilota lekuan, kantaldia: Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi, Gorka Knörr, Oskarbi.

Igandea, 22

Goizeko 9etan, Zubietako Zanpantzarrak kaleetan zehar.

Eguerdiko 12etan, Herri Meza. Ondoren dantza taldeen ihardunaldiak: Zumarragako Irrintzi, Begoñako Gaztedi, Gasteizko Maider, Arizkungo Mutil Dantza, Pasaiko Alkartasuna.

Arratseko 8etan, beheko plazan talde guztiak elkarretaratu ondoren, Agur, Jaunak kantatuz, bukaera emanen zaio hamabostaldiari.

Hamabostaldi hau «Bergarako Urrats Berriak» elkarteak antolatzen du.

Bizkaia

Deustuko Unibertsitatea eta ikasleen partaidetasuna

Urrieran 21ean agertu berria da Unibertsitateko Ikasleen Partaidetasuna eratzen duen legea. Lege horren aitzinean,* Deustuko Unibertsitatea erabaki bat hartu beharrean aurkitzen da.

Erretoregoak begitarte* egin dio legeari alde* guztiz. Erretoreak, Ferrer Pi jaunak, argi azaldu zuen bere atxekimendua* egun haietako Bilboko egunkarietan, eta hazilaren* 25a hautatu zuen bozketa* eguntzat, ikasleek beren ordezkariak hauta zitzaten.

Ikasleak, ordea, etsiturik* daudela dakusagu.* Legea haientzat delarik, bide bat edo beste hartzeko gogoeta* egiten ari dira. Kurtsoka eta fakultate bakoitzeko, batzarre batzuk eginak dira. Batzarre horietan guztiotan, lehenik legearen azterketa xehea edo kritika egin nahi izan da. Egin diren kritika nagusienak, funtsean,* hauetara bil daitezke:

1. Partaidetasuna akademi edo eskola mailan gelditzen da (13 eta 19. artikuluak), hezkuntza* osoari deus* ere jaramonik* egin gabe.

2. Ikasleen batzarreak, beren ordezkariak behin hautatuz gero, deusetarako eskubiderik gabe gelditzen dira: ordezkari batzordeak* nahi duena egin dezake, ordezkariak ikasleen aldetik aldaezinak baitira. Ikasleen eta ordezkarien arteko harremanak «informazio» emateko nahiz «kontseilu» hartzeko bakarrik dira (17. artikulua).

3. Edozertarako elkar daitezen, ikasleek ordezkarien bidez beharko diote Dekanoari baimena eskatu. Honela, berriro ere hautatu egin beharko da, edo isilik egon edo legez kanpoan lan egin, Erretorea eta Dekanoa lehengo berak baitira.

Hauk* honela izanik eta hazilaren 25ean hauteskundeak* ukanen* dituztelarik, kurtso gehienak erabakia hartua dute: 18 kurtsok ezetza eman diote legeari, eta nahiago dute lehengoetan segitu; 5 kurtsok, legea onhartuz, hark ematen dizkien ahalmenekin aurrera egitea hobe dela adierazi dute.

Hemen argi dakusagu, zein eritzitakoak diren ikasle gehienak. Baina orain arte hitz egin dutenaK 1.500 baino ez dira; eta matrikuladunak 6000 inguru dira nonbait. Beraz, ez dago ezer garbirik ez eta erabakirik ere; eta falta den jendeak, 25ean beharko du zirt edo zart egin.

Legea, beste zenbait Unibertsitatetan bezala, Deustukoan ere onhartzen ez bada, legegileek bete egin beharko dituzte legearen hutsuneak, lege hau behinbehinekoa* baita.

Gobernariaren ezetza Ibarrolari

Bilboko erakustoki batetan, Ibarrok aita-semeek beren pinturen erakusaldi bat antolatzekoak ziren. Baina gobernariaren «no procede» baten ezezkoaz, pikotara* joan dira haien ametsak.

Agustin Ibarrolak erakusaldi asko eginak ditu: Madrilen, Barcelonan, ihaz Bilbon bertan, Iruinean, Parisen, Londresen, Alemanian, USAn, etab. Euskal Eskolako pintore nagusien eta hoberentzat jotzen du askok Agustin Ibarrola. Oraingoan, bere semearekin batera antolatu nahi zuen erakusaldi hau, bien azken obrak agertuz.

Euskal Herrian zehar eta Espainia osoan, artisten artean bereziki, izen asko biltzeri ari dira, «no procede» horren ezezkoa baiezko bihur. eta asmotan zen erakusaldia benetan egin dadin.

Juanjo Zearreta ezkontzen da

Euskal alfabetakuntzan hain ezaguna dugun eta ANAITASUNAko idazle kontseiluko idazkari* den Juanjo Zearreta, Mañuko Eufemia Urrutia andereñoarekin ezkonduko da, Mañuan bertan, abenduaren 7an.

Zorion osoa eta luzea opa diegu Eufemia eta Juanjori, ongi baitute merezia.

Bilboko Gabon Jaialdia

Eskatua da behar den baimena Bilboko Gabon Jaialdirako; eta lortzen bada, haren programa* hau izanen da:

Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoak.

Lurdes Iriondo eta Xabier Lete kantariak.

Lauroko ikastolako «kuku» korua (haurrek osatua).

Santutxuko ikastolako pailazoak (ikasleak..

Algortako ikastolako haurren korua.

Lejoako ikastolako haurren antzerki laburra.

Jaialdi hau, ikastoletako umeei eskainia, abenduaren 22an (igandez) izanen da, «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan, goizeko 11,30 orenetan.* Lejoako ikastolak antolatzen du.

Picassoren «Gernika» nora?

«Europa Press» agentziaren bidez jakin dugunez, Madrileko abokatu talde batek Espainiara ekarri nahi omen du, Picassok New Yorken utzi zuen «Gernika» koadroa. Esaten denez, Espainiako gobernariek berek ere egin omen zuten eskabideren bat, pintura hori penintsulara etor zedin. Picassok Espainiako herriari utzi omen zion obra hori, askatasun publikoak berrezartzen zirenerako.

Egia esan, ez dugu argi ikusten, koadro horrek Madrilen zergatik egon beharko lukeen. Ez ote dago Bilbora ekartzerik edo eta Bizkaian leku aproposagoren bat aurkitzerik?

Santi Onaindiari omenaldia

Hazilaren 24ean, eta Larrean.

Amorotoko Santiri egindako omenaldi honek poztu egin gaitu. Nola ez? Langile porrokatua da Santi. Eta haren lana beti hartu izan dugu haintzat.

Leku askotan eta norabide* ugaritan eskaini du Santik bere lana: hala nola, «Karmel», «Milla euskal olerki eder», «Gure bertsolariak», «Eneida», «Euskal Literaturaren Historia». Adibide soilak dituzu honako hauk.

Dena bilduz eta nolabait interpretatuz, bitan adarkatuko nuke nik Santiren euskal eginkizuna. Bateko, idazle gisa,* eta honetan sortzaile lana eta itzulpenak eginez. Haren artikuluak Euskal Herriko aldizkaririk gehienetan agertu izan dira, eta haren liburuak ere hor daude diodanaren lekuko.* Besteko, Santi biltzaile fina da: ipuinak bildu ditu, antologiak eratu ditu, eta berrikitan* bere Literaturaren Historian material pila ikaragarria jaso du. Eta jendea biltzen ere jakin du Santik. Eta jendearekin, joerak eta eritziak. (Joan Mari Torrealdai).

Errioxa

Mahats uzta ugaria

Hazilaren* lehen hamabostaldian. Errioxako mahastizainak gelditu egin dira zenbait egunetan mahatsaren biltzetik, ardantokiak beterik zeudelako. Egun horietan pilatutako mahatsa zapaldu egin dute, beruin* bihurtuz; eta tokia lortu dutenean, berriz ekin* zaizkie garraio lanei.

Aurtengo mahats uzta,* haundia izanik, uste zuten baino 25 %ez haundiagoa izan da. Beraz, olioa eskas edukiko badugu ere, ardoa ez zaigu faltatuko, ez kantitatez eta ez kalitatez. Penak ahanzteko edo!

Euskal Herria

Autoen leihoetan ezartzeko txartelak

Hainbat bide duzu, irakurle, Euskal Herriko gizarte giroa euskalduntzeko, eta bat, zeure autoan euskal kalkomaniak agerian ipintzea da, batez ere euskara eta euskal kulturaren aldekoak badira.

Bide honi jarraituz, ANAITASUNAk, bere izena ezaguterazten duen txartela berriro argitaratu du, ale bakoitza hamar pezetatan salgai jarriz. Eskatzeko: ANAITASUNA - Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Txartel hau zeure autoan ezartzen baduzu, helburu bi lor ditzakezu: bata, ANAITASUNA aldizkariaren zabaltzearen alde lan egitea, eta bestea, geure herriko gizarte giroa nolabait euskalduntzea.

Eska ezazu, bada, ANAITASUNA txartela, eta ezar zeure autoan.

GERO argitaletxearen egintzak eta asmoak

GERO euskal argitaletxeak bere abonatuak* gehitu nahi ditu, bere asmoak aurrera eraman ahal izateko. Memento honetan liburu bi zabaltzen ari da: Xabier Leteren Bigarren poema bilduma* eta Joxe Erzibengoa eta Patxi Ezkiagaren Euskal Literatura - III; eta laster beste hauk* argitaratuko ditu: Aintzinako Sozio-ekonomia (Luis Maria Muxika), Zozo dantza: marrazkiak, txisteak* (Antton Olariaga), sozio-ekonomiazko lan bat (Siadeco), Euskal Herriaren Historia - II (Federiko Zabala), Lan hautatuak (Jon Mirande) eta elaberri* bat (Juan Mari Irigoien).

ANAITASUNAren irakurleetarik inork GEROren abonatua izan nahi badu, haren helbidea* hauxe: GERO, Ed. Mensajero, Apartado 73, Bilbao.

«Kili Kili»ren deiari buruz zenbait gogoeta

Zabaldu berria den «Kili Kili»ren txartela irakurria dut. Kalean ikusi nuen, eta berehala hunkitu* ninduen han egiten zaigun salakuntzak. Zer dela eta? «Zuek, ni umezurtz izten* nozuenok —eta barruan gurasoak. irakasleak. apezak eta herriko gazteak salatzen ditu erruduntzat*—, egingo ete dozue besterik?». «Kili Kili»ren sariketa famatuaz ari da. Salakuntza gogorra, ene ustez. Horrelako gauzak kalean dabiltzanean, ezin gaitezke mututurik egon euskaldunok.

«Kili Kili» zer den ezaguna dute ANAITASUNAren irakurleek. Hala ere, zerbait esanen dugu horretaz. Jaiotzatik euskaraz dakiten haurrentzako aldizkari baten antzekoa da, euskaraz irakurtzen eta idazten irakasten duena. «Lan eta lan» izeneko koaderno batzuk zabaltzen ditu, 7 urtetarik 10 urtetararteko neska-mutilentzat. Horretaz gainera, sariketak, ibilaldiak eta abar antolatzen ditu. «Kili Kili» herriko euskara sendotzera eta zabaltzera abiatzen da. Eginahala egiten du, haurrek, etxean, kalean edo lagunen artean ikasi duten euskaraz irakurtzen eta idazten ikas dezaten.

Beraz, «Kili Kili» ez da euskara batuan agertzen, euskalkietan baizik: bizkaieraz, gipuzkeraz, nafarreraz... Ikastoletatik kanpora ibiltzen da, umeek, hartaz baliaturik, etxean lan egin dezaten. Gogora dezagun. 1966. urtean Bilbon sortu zela. Euskara batua baino zaharragoa da, beraz, eta eskualde* gehienetako ikastolak baino lehenagokoa.

Orain, kaleko txartelak antz ematen duenez, «Kili Kili» apur bat bazterturik dago, haurren hezkuntzaz arduratzen direnen artean. Oihu egiten du. Zertarako? Laguntza eskatzeko? Bihotzak hunkitzeko? Horren aurrean neure buruari galde hau egiten diot: Benetan hil zorian ote dago? Merezi ote du «Kili Kili»k heriotzea?

Nik neuk, berriki* bizi izan dudan esperientzia gogorraren ostean,* ez dut sinesten euskararen eta euskal kulturaren ahulezian.* Ez naiz sekula izan ezezkor, eta orain are* gutiago. Horregatik, euskararen alde ateratzen den oro,* neure anaiatzat dut. Jatorki jokatzen baldin badu, ez dit axola* haren eta nire arteko desberdintasunak. Konponduko gara bidean, aburuak* zintzoak izanez gero. Aurrerantz joatea da balio duena, eta ez huskerietan erortzea.*

Beharbada, beste batzuek ez dukete* nire eritzi hau onhartuko. Baina ez dit ardura.* Euskal zaletasuna ez da ene baitan sortu horrelakoei begira. Euskal Herriko gaurko euskalgintzarako mesedegarri izanez gero, «Kili Kili» anaiari laguntza eman behar diogula uste dut. Uko egin ahal izateko atxakiak, atxakia hutsetan gelditzen dira edo zerbait txarragotan.

Hala ere, puntutto bat nahi nuke hemen argitu: «Kili Kili»ren egokitasuna. Zer behar dugu: euskara batua ala euskalkien bizitza? Ohartzen naiz, Euskal Herriak hizkuntza batua behar duela, eta gure kulturak, munduaren aurrean bizirik iraun nahi baldin badu, euskara batuzkoa izan behar duela. Ba dakit, herrialde eta eskualde desberdinetako euskaldunen arteko harremanak ugaldu egin direla, eta horretarako biderik egokiena euskara batua dela. Baina horrek ez du esan nahi, nork bere etxeko eta eskualdeko hizkuntza baztertu behar duenik.

Hainbeste mendetan iraun duten euskalkiak ezin ditzakegu heriotzera eraman. Herri euskara, eskualdeetan zehar hain desberdina den hizkera, horixe da egunero euskaldunen ahotan dabilena. Bide horretatik sortzen zaio herritarrari euskal zaletasuna, hizkuntzaren estimazioa. Eta zaletasun horixe da —eta ez arrazonamendu hotz eta hutsa— eragilerik hoberena. Egia esan, bide horretatik abiatu izan dira benetako euskaltzale guztiak, eta ez dira horretaz lotsatu behar.

Bestalde, kultur harremanetarako, bai eta euskalki desberdinetakoen harremanetarako ere, gogoz erabili behar dugu euskara batua, gero eta indar gehiago har dezan. Batuak ez ditu euskalkiak hilgo, ez; erdarak hilgo ditu, azkar ibiltzen ez bagara. Horretaz egon daitezela lasai, atxakia hori jartzen duten euskalki zaleak eta batuaren kontrakoak.

Ene ustez, argi dago: euskararen alde jokatu behar dugu, erdararen nagusigoaren* aurka. Arlo honetan, «Kili Kili»k neskato-mutilkoak, beren herri hizkera zaintzen laguntzen ditu. Erdararen nagusigoari oztopoa jartzen dio, alde batetik; eta, bestetik, jaiotzako hizkera lantzeko aukera ematen die haurrei. Euskararen alde ateratzen da, lehen urratsetan* bakarrik bada ere. Euskaldunok zergatik ez diogu laguntzarik emango, asmo horretan hain zintzo lanean ari denari? (Joan Mari Mendizabal).

Liburu berriak

1. LABAYEN, Matxin:

«Txiki» marrazkilari ta umoredun.

«Auñamendi», Esnaola, 13. Donostia, 1974.

Liburu honekin «Auñamendi» argitarazleak sail berri bat urratzen du euskaraz: humore grafikoarena, Eta hau honela izanik, ezin diezazkiokegu geure txaloak uka.

Berrehun horrialdez eta ehundaz* irudiz horniturik, geure eguneroko nekeetatik ihes egiteko eta geure ezpainetan irribarrea sortzeko aukera ederra ematen digu.

2. IRIONDO, Lurdes:

Hego haizearen ipuinak.

«Gero», Ed. Mensajero, Apartado 73. Bilbao, 1973.

Durangoko lehen Azokan (eta aurten bederatzigarrena egin da), orduan ezagutu nuen lehen aldiz Lurdes Iriondo. Santa Mariako elizpean, taulada* baten gainean, kitarra bat eskuan zuela, kantatzen hasi zen. Ondo gomutatzen* naiz. Jersei gorri batez jantzirik, «Ez dut maitatzen Vietnamgo gerra» kantatu zigun. Lehen aldiz ezagutu nuen Lurdes, eta lehen aldiz entzuten nuen euskal kantu berria. Orduz geroztik, zenbat urte pasatu den! Baina, batez ere, nolako gertakariak jasan ditugun! Dena den, hemen dugu Lurdes, bere itxura bigunaz, xarmantaz,* denboraren kontra burrukatzen, oztopo guztiak gainditzen, bihotzaren balioa eta ideal batek eman dezakeen kemena frogatzen.*

Aurtengo Azokan, Durango hartan bertan, Lurdes saritua izan da, haurrentzat idatzi duen ipuin liburu bategatik.

«Gure herriko ipuin batzuk kontatu nahi izan dizkizuet.

Ipuin zaharrak, aspaldiko gertaerak. Zeuen herria ezagutu eta egunetik egunera gehiago maita dezazuen» (91. horrialdean).

Jaialdietan, diskoetan eta liburuetan mintzo zaigu Lurdes, gazteei eta haurrei bereziki. «Zeuen herria ezagutu eta maita». Hitzekin aldarrikatu* eta ekintzekin frogatu diguna nola ez dugu adituko?

Liburu oso egokia ikastoletan irakurgai bezala erabiltzeko, eta orain, urte azkeneko opor egunetan, haurrei eta gaztettoei eskaintzeko. (Xabier Gereño).

3. ESTORNES LASA, Bernardo:

Mundua Euskal Erriaren gogoan.

«Auñamendi», Esnaola, 13. Donostia, 1974.

Ahoz aho etorri zaizkigun ipuin eta istorioak* bildu ditu liburu honetan Estornes jaunak, horrialde batean euskaraz eta bestean gaztelaniazko itzulpena.

Norbaitek pentsa lezake liburu hau atzerakoia dela, aspaldiko gertakariak erabiltzen dituelako, eta ez gaurkoak; baina herri baten bizitzan gaurkoa atzekoan funtsatzen* da, geroa gaurkoan oinharritzen den legez.* Historiako gertaerak kate batez bezala lotzen dira; eta ezin ditzakegu, hura* osatzen duten atalak eten. Gaurkoa ahantzi gabe, azter dezagun iragana, idazle bakoitzak bere senaz* eta bere dohainez ahalik egokien baliatuz.

Akatsik azaltzekotan, bat aipatuko nuke: ez duela euskara batua erabiltzen. Bestela, liburua guztiz ondo taxuturik* dago, eta euskal irakurlegoaren sail haundi bati atseginezkoa izanen zaio, segur aski.*

Albistariak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Xabier GEREÑO

Joseba INTXAUSTI

Joxe Antonio INURRITEGI

Gexan LANTZIRI

Joan Joxe URANGA


Herrialde guztietan

Frantziaren erdia greban dago

Giscard d'Estaing hautatu ez zuen Frantzia erdia greban* dago. Gobernuaren gidaritzarekin ez dago ados.*

Traizioa, desordenua, batzuentzat; haserrea, gobernu modu zahartua besteentzat: horixe da hor han hemen salatzen eta aldarrikatzen* dena. Eta protesta hori lanuztearen bidez egina da, sektore publikoan hain zuzen ere.

Lanuzte batzuk* luze doaz, beste batzuk laburrago. Baina luze edo labur, denak ugaltzen. Hala nola, postariena,* Akitaniako meagizonena,* telebistan, irratian eta elektragintzan lan egiten dutenena, trenbide eta egunkarietako langileena, Pariseko kale garbitzaileena... Eta beharbada denak ez ditut aipatzen.

Politikan, hauteskundeetan,* irabazi ez zuen ezkerrak, jendetza berberarekin gehienbat, gizarte arazoan irabaz lezake.

Bistan da, politikazko elkar hizketarik Gobernuarekin ez duela ezkerrak oraingoz nahi. Giscardek konbidatu zituen. Marchais jaunak ezetza eman zion. Honen segidan, Mitterrandek eta Fabre-k jokabide bera hartu dute.

Elkar hizketarako baldintzak, aspaldi dela jarri zituen Mitterrandek. Politika serioa eta ezkertiarra egitekotan bai. Erabaki sendo eta premiazko batzuk hartzekotan bai, batik* bat ekonomi arloan. Ez, ordea, adabakitan* ibiltzekotan. Ez, gobernu mota hau sinesgarri bihurtzekotan.

Denok dakigu, Gobernuak nahi lukeela holako elkar hizketarik. Bere burua ezertara behartzen ez duelarik, irekitze itxura horrekin bere irudi politikoa diztiratsuago agertuko litzateke, eta Giscard alderdien joko eta burruka guztien gainetik geldituko litzateke horrela. Orduan, bada, Giscard ez litzateke Frantzia erdiaren eta kapitalaren lehendakari izanen, Frantzia osoarena baizik.

Ekonomiazko egoera ez dela batere ona, ongi ikusten du Gobernuak. Ezkerrarekin elkar hizketa egiteko eta elkarrekin gauzak konpontzeko asmo zuzenik ez diot kentzen. Baina gaurko Gobernuak ez du ezkerra beronen horretan hartzen. Ezkerra bitan zatikatu nahi luke: sozialistei ondo ondo esan, eta komunistei gogor. Etendura sor dadin. Sozialistek eskuinera egin dezaten. Komunistak, bakarrik geldi daitezen.

Gobernuak lortuko ote du bere asmoa? Ene ustetan, ez. Eta arrazoin sinple batengatik: ezkerra ez dela itsua. Eta ezkerrak agintea hartu gura du. Oraingoan seriotan doa. Bai komunistek eta bai sozialistek ba dakite ongi, bakoitza bere aldetik ez direla sekula horretara iritsiko.* Elkarren dinamika eta elkarren botoak behar dituzte.

Frantziako grebak politikarekin zerikusirik ba duela nork uka? Baina, Gobernuak eta eskuinak egiten dutenez, greba hori politikazko burruka dela esatea, hauteskundeetan galtzaile gelditu zirenen mendekua* dela aldarrikatzea, politika eskasa da. Lanaren inguruan eta ekonomiazko erreinuan zerbait usteldurik ba dago; eta grebara joateko arrazoin nahikoa eta gehiago da hori.

Gosea eta politika

Berrikitan amaitu da Alimentazioaren aldeko Nazioarteko Biltzarrea, Erroman ospatua.

Bilkura honen ideia, Alger-en, Bumedien-ek bota zuen, 1973.eko irailean. Gero Kissingerek bereganatu eta ONUra presentatzen du. Eta honek, asmo hori onhartu duelarik, FAOren bidez Erromara biltzen du jendea.

Eroritako ogiari, lurretik hartutakoan,* mun egiten geniola jadanik* ahantzia ere ba dugu. Gose izan ez denak, ogiaren garrantzia neurtzen ere ez daki. Mendebaldeko* galeriak ez du goserik ezagutu.

Gosea, hala ere, munduan errealitate bat da, eta gu geu ere ez omen gaude horren arriskutik behin betirako libraturik.

Hirugarren Munduko 460 milioi, eskax janik bizi dira.

Ekialde* Urruneko jendetzaren 25-30%a gosez, gose gorriz bizi da (bizitzea baldin bada hori), etab.etab.

Zenbaki hauetan kontatu gabe doa, nolabait sabela betetzen dutenen kopurua,* premiazko kalori eta protein faltaz bizi direnena, halegia.* Batez beste, gosetien kopuruak munduaren erdia osatzen du. Aise* esan ohi da.

Hirugarren Munduan gertatzen da batik bat gosearen fenomeno hau. Zergatikoak? Ez dira soilki klimarenak, ekologiazkoak. Lehorteak eta uholdeak ba dira, bai. Sahel, Bangla Desh eta Indiako zoritxarrak gogoratu besterik ez dadukagu.

Baina ba dira beste zenbait arrazoin ere, hots,* sozio-ekonomikoak: esaterako, lurraren jabegoaren estruktura, latifundioak, laborantzaren erreforma beharra, eta abar.

Politikazkoa ere ba da gosearen problema hau; eta horixe da batez ere Erroman aztertu nahi izan dena, FAOk atondu* duen biltzarre horretan. Gobernuen aldetik borondate politikorik ez badago, arazo hori irtenbiderik gabe geldituko da, esan du FAOren zuzendariak. Lekuan lekuko problema bakarrik ez baita hori, mundu osokoa baizik.

1970.eko Nobel Sariak, Norman Borlaug jaunak esan du, biziki ongi esan ere, halegia: «Munduko herrialde guztietako ekonomiazko politikek errealitateari lotuagoak izan behar dute, ideologiek ez baitiote jendeari jaten ematen. Gosearekin eta pobreziarekin ezin daiteke bakerik eta gizarteko baretasunik eduki...»

Yasser Arafat, Palestina eta ONU

Arabiar Gobernuek, Rabat hirian ospaturiko bilkura* nagusian, OLP hartzen dute palestinar herriaren ordezkari bakar eta legezkotzat. Harez gero Yasseri gobernu buru baten tratamendua emanen diote.

Politikazko eta diplomaziazko garaitzapen ezin handiagoa da, ONUra etortzearekin Yasserek erdietsi* duena.

Etxoletatik* Manhattan-eko kristalezko palaziora bide luzea dago. Radikalismotik agintera dagoen berbera.

Politika ez da ameskeria, esan du Yasserek. Horretan sinetsirik, Posiblearen atzetik hasi zen bera, aspaldi dela.

Habasche-k eta beste lau gerrillari taldek ez diote holakorik barkatzen. Honaindiko Jordanian eta Gazako lurraldean palestinar Estatua egitearekin konformatzen dela eta, derrotistatzat hartzen dute Yasseren ekintza beste horiek. Horientzat, Yasseren ONUra joatea, traizioa izan da.

Beste askorentzat —gehienentzat, dirudienez— hazilaren* 13a egun historikoa izan da.

Duela zenbait hilabete oraindik, nork amets zezakeen, gerrillari horrek ONUko aulkitik Gobernuei pareko gisa* hitz eginen ziekeenik? Ilunpetako gerrillari kontzientzigabe bat ez zen, bada, Yasser? Eta palestinar erresistentzia ez zen, bada, terrorista talde bat? Nonbait irakurria dut nik holakorik.

Atzoko terroristak, gaur legezko Gobernu onhartu bat! Ez dira lehenak eta ez bakarrak. Gaur ONUn jezarririk dagoen askok erabili zuen biolentzia eta beldurra kolonizazioaren eta diktaduraren kontrako burrukan. Historiaren itzuliak!

Argi eta garbi esan du, bere herriaren autodeterminazioa eskatzen duela, eta askatasunaren aldeko burruka dela palestinar erresistentzia. Burua lehengo lepotik du Yasserek.

Italian Gobernu berria

Azkenik Italiako indar politikoek lortu dute Gobernu berria egitea. Noiz artekoa, ordea? Amintore Fanfanik huts egin eta gero, Aldo Morok hartu zuen bere gain eginkizun latz hori. Kristau Demokraziako taldeetan, ezkerrekoa da Aldo Moro. Eta uste zen, sindikatuen eskariei nolabait amore eman ezezik,* komunistei buruz ere irekia izanen zela Gobernu berria.

Aldo Morok, ordea, errepublikanoekin batera egin du Gobernua, Parlamentuan sozialisten eta sozial demokraten laguntza duelarik. Honek beronek argi adierazten du zein larria izan den irtenbidea eta zein hauskorra izanen den eratu den egoera. Argi dago, aspaldixetik sindikatuak politik indar ikaragarria direla Italiako politik egoera honetan. Bestalde, hor daude komunistak, Italiako bigarren partidurik handiena, Gobernura noiz sartuko zain. Ez dago asmatzaile handia izan beharrik, komunistei Gobernuan nolabait parte ematen ez zaien bitartean, ez dutela Italian Gobernu luzerik ukanen.* Bestalde, Kristau Demokraziak bere irudimena agortua duela dirudi, eta bere gizonak akituak*

Idazleak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Joan Mari TORREALDAI

dezaten, daien

diot, deutsat

diote, deutsoe

gaude, gagoz

genion, geuntsan

lezake, leike

zaie, jake

zezakeen, eikean

ziekeen, euskioen

zion, eutson


Ikastolak

Eskolako egunkaria

Osteguna,* hilabeteak 12.

Bederatzi ta erdiak dira. Zubia egiten ari den taldeak ez du aurrera jotzen. Lanik egiteko «gogorik ez dutela» ematen dute mutikoek. Bide berriak proposatzen dizkiet, baina ez dute entzun nahi. Zer gertatzen ote da?

Oso gogotsu zebiltzan atzo. Hiriaren alderdi biak lotuko zituen zubia diseinatu, eta buztinezko etxe bana egin zuten. Bi mutiko, orratzez eta plastikozko hodiez,* zubi zintzilikatua egiten hasi ziren. Baina gaur... dena aldatua da!

Mezu* bat ematera etorri zait Xabier, gure taldeko irakasle bat. Mutikoen artera joan da, eta haiekin hizketan ari. Berehalakoan, Andoni, Iker, Mikel eta Jon, harbelera* joan eta zubiaren neurriak txikitan eman nahiz ari dira, hiriaren maketaren planoa egiteko.

Birritan pentsatu gabe, Iker eta Andoni, itsasorratza* eta koaderno bana harturik, kanpora irteten dira. Ni ere haiekin noa.

Ikerrek: Nondik jalgitzen* da eguzkia?

Nik: Ikus dezagun. (Patiora ateratzen gara).

Ikerrek: Hara han eguzkia, han goian.

 Andonik: Goi goian?

Ikerrek: Ez. Apur bat beheratxoago. Geroago egonen da gorago.

Andonik: Zer ordu da?

Ikerrek: Hamaikak laurden guttiago.

Andonik: Baina ordu bete aurreratuta gabiltza, ezta?

Ikerrek: Bai! Orain dela gutti agindu zuten ordu bete aurreratzea.

Andonik: Noiz?

Ikerrek: Gasolinarena izan zenean.

Nik: Zergatik uste duzue aurreratu zutela, gasolina eskastu zenean?

Ikerrek: Autoek beren argiak piztu beharrik ez dadukatelako, eta horrela gasolina guttiago gastatzen delako. Ez, ez! Beharbada, kaleko argia eta etxekoa ere piztu beharrik ez dagoelako.

Andonik: Baina elektrargia zentraletatik dator, eta zentral horik* uraren eraginez edo ikatzaren bidez alha* dira. Argiak ez du zerikusirik gasolinarekin.

Nik: Hobe izanen da arazo hau oraingoz bertan behera uztea. Hurrengorako, ondo ondo jakin behar duzue, ea orduaren aldaketak ba ote duen zerikusirik gasolinarekin. Talde batentzako ikasgai egokia!

Andonik: Ordu bi barru egonen da eguzkia goi goian, bi ordu aurreratuta goaz eta. Aitak esan zidanez, orduen aldaketa aspaldiko gauza da: bera txikia zenean ere, ordu bete aurreratuta bizi ziren.

Nik: Eta arratsaldean non egonen da eguzkia?

Andonik eta Ikerrek: Han (Mendebalderantz eskua luzatuz).

Nik: Eta goizeko seietan non zegoen?

Ikasle biek: Han (Ekialdeko mendietarantz seinalatuz).

Andonik: Eguzkiak zerua itzulinguratzen du. Hortik irten eta hara joaten da. Mendebaldera, uste dut, esaten dela.

Nik: Zer esan nahi du «mendebalde» hitzak?

Andonik: Mendebal haizea datorren aldea. Alde horretara joaten da eguzkia.

Nik: Bai! Eguzkia ezkutatzen* den aldeari mendebaldea deritza. Baina non dago Ekialdea?

Ikerrek: Eguzkia jalgitzen den aldean. Han. Besoak zabalik gurutze moduan jartzen banaiz eta eskuinaz Ekialdera jotzen badut, ezkerrak Mendebaldera joko du. Aurrean Iparraldea edukiko dut, eta atzean Hegoaldea. Begira! Itsasorratzaren puntu beltzak Iparraldea seinalatzen du beti. Puntu beltza N letraren parean jartzen badugu, punta zuriak Hegoaldea seinalatuko du. N-rekin Iparraldea adierazten dugu, S-rekin Hegoaldea, E-rekin Ekialdea, O-rekin Mendebaldea.

Andonik: Halaxe da! Amerikako Mendebaldea ere hango maparen ezker aldean dago.

Nik: Eta Euskal Herria non dago? Europaren Ekialdean ala Mendebaldean?

Andonik: Mendebaldean. Errusia dago Ekialdean.

Nik: Zeintzuk dira Europako herrialdeak, «Ekialdekoak» deitzen direnak?

***

Zer guztiok adieraziko zituen mural bat egitekotan gelditu ziren Iker eta Andoni: nola erabil itsasorratza, eguraldi lainotsua dagoenean; nola har bide zuzena eguzkiaren laguntzaz, itsasorratzik ez dugunean; nola aurki Ekialdea eta Mendebaldea Euskal Herrian, Europan, Amerikan... Gero txartel batean idatzi zuten, prest zeudela, gauza hauk* guztiok beste haurrei irakasteko.

«Gauza asko ikasi dugu —zioten txartelean— itsasorratzari, eguzkiari eta Iparralde, Hegoalde, Ekialde eta Mendebaldeari buruz. Eskolako besteei irakasteko prest gaude, eta gero mapa baten bidez dirukutxa bat bilatzeko jokoak eratzeko ere gertu* gaituzue. Hiriaren plano bat egina dugu, bai eta zubi zintzilikatuarena ere. Begira! Berbera da baina neurri txikitan. Hamar aldiz txikiagoa».

***

Gaurko ekinaldiaren helburu nagusia zera agertzea izan da: Nola batzuetan, zenbait arrazoinengatik, mutikoek ez duten lanik egiteko gogorik, eta nola irakasleak lagun ditzakeen beren jokabidea aldatzen. Eguerdian, Xabierrek eta biok gai hau erabili dugu geure artean, eta mutiko bat bakarra zela ikusi dugu, lanik egin gura ez zuena, baina bakar honek besteei ere eragiten ziela. Taldea puskatu egin behar zen derrigorrez. Lanik egin nahi ez zuen mitikoari gidaritza eman eta beste egiteko batetara bultza (itsasorratzaren arazora), bera baino beste lagun ekintzaile eta biziago batekin batera. Mutikoen eginkizunek ondo zehazturik egon behar dutela ikusi dugu, eta «helburu» bat eduki behar dutela. Zubia egin behar zuten mutikoak benetan bizkortu dira, erakusketa bat eginen zutela esan zaienean, eta berek egindakoa gurasoei, irakasleei eta ikasleei adierazi behar zietela.

Maria RUBIES

Barcelonako ICEkoa


Ikastolak

Errioxara bidaia

Lejoako ikastolako umeok igandean, urriaren 20an Errioxara joan ginen. Hemendik irten eta Barazarreraino danak trankil trankil joan ginen, baina gero, lo egiteko gogoak pasatu zirenean, batzuk abestuten hasi ginen, besteak jolastuten, eta bat edo beste lo jarraitu zuen. Azkenik Jon Zarraga txistua joten hasi zen, eta alai alai Errioxara heldu ginen.

Errioxan mahats asko dago, xuria eta beltza, mahatsondo txikietan. Zuhaitzak oriak eta berdeak ziren eta belar gutxi zegoen.

San Bizenten plaza txiki bat dago eta han zuhaitzak eta bankuak. Mahasti asko dago, baita ardo kooperatiba bat. Igandeetan ere lan egiten dute sasoi honetan. Hango mahatsa oso goxoa da. Mosto egiteko eta zapaltzen hasi aurretik, gauza asko egin behar dira: mahatsondoetatik ebagi, olazko bidoi luze batzuetan sartu, traktoreekin karreiatu, pesatu, eta zapaldu, mostoa irten dadin. Handik denbora batera ardoa izango da.

San Bizenteko umeak pozik zeuden, batzuk lanean eta beste batzuk jolasten. Baita ikusi genuen ere, han, gizonak eta andreak langileak zirela. Hango gizonak, andreak eta umeak beltzaranak ziren. Guretzat gauza harrigarriena hau izan zen: jendeak igandeetan lan egiteko gogoa zeukala.

Errioxan Bizkaian baino zuhaitz guttiago dago, eta zuhaitzak ori oriak daude denbora honetan. Baita ere Errioxan landara asko guttiago dago, ia lur guztiak mahatsarekin baitaude

Luis Xabier ANGULO

Aintzane ARTEAGA

Olatz AZKUE

Izaskun BIGURI

Ikerne GARAMENDI

Zakari GARAMENDI

Martin IRIGOIEN

Iñaki LAS HAYAS

Cesar SANZ

EGBko bostgarrenekoak

ditzake, daikez

zaie, jake

zait, jat

zidan, eustan

zien, eutsen

zieten, eutseen


Fedea eta ekintza

Donostiako apezpikuen gutuna

«Askatasuna predikazioan» izenburuarekin, Elizaren eta Gobernuaren arteko harremanak leunduko ez dituzkeen* gutun bat eman dute argitara Donostiako bi apezpikuek. Elizbarrutiko* apezei zuzendua da, eta, gertakari batetan oinharriturik, Elizaren dotrina agertzen du argi eta garbi.

Apez ministergoa eta batik* bat predikazioa dela eta, Gobernuko agintariek emandako multez edo multen ordezko giltzapetzeaz ari da gutuna. Aitormen honen ondoren, beste bat egiten dute apezpikuek: halegia,* beren haserrea eta protesta behin eta berriro agertu dizkietela herri agintariei.

Apezpikuek apezen izen onaren eta Elizaren eskubide eta askatasunaren defentsa egiten dute. Gero, sei puntutan ematen dute dotrina:

1. Elizak errespetatu egiten du gizartezko eta politikazko arloen bidezko* autonomia. Baina arlo hauk* argitu egin behar ditu, egiak, moraltasunaren defentsak, bakeak eta pertsonen duintasunaren* zaintzeak hori egitea eskatzen duenean.

2. Sarritan apezpikuen eta apezen irakatsiak, jokabideak eta isilaldiak oker hartzen dira.

3. Eliz agintaritzak —eta berak bakarrik— du eskubidea, predikazioaren ebanjelio alderdia, erlijio eta eliz alderdia epaitzeko.

4. Egindako salakuntzek, apalak eta pedagogia jatorrean emanak behar dute izan.

5. Ebanjelioaren eta Elizaren irakatsien araberako* predikazioaren eta zutik dagoen «Ley de Orden Público» delakoaren artean hausturarik dagoenean, kristau guztien kontzientziari dagokio aukeramena egitea.

6. Elizaren askatasunak ez du adierazi nahi, apezak, neurrigabekeriaz Estatuko lege zuzenen kontra jokatzen dutenean, zigor ezinak direnik.

Donostiako «El Diario Vasco» egunkariak eman du argitara gutun hau, urriaren 27an, erdaraz, gutunak berak zuen titulurik gabe. Zortzigarren horrian atera dute, eta ezker alderdian. Eta horri berean eta eskuin alderdian (lehenago eta erraxago ikusteko moduan, beharbada), Román Orbe Garicano kalonjearen* erantzuna. Hau lau aldiz luzeagoa da, eta koadroan dakar titulua, izenburu honekin: «Dudas y perplejidades en torno a un escrito episcopal».

Salaketa gogorra da Orberena: leialtasunik eza, alderdikeria, eta apezek egin ohi dutena beti ontzat ematea. Orbek dioenez, herri agintariek horretan sartzerik ez badute, zer behar dute, bada, egin? Besoak tolestaturik egon? Beldur da Orbe kalonjea, bere artikuluaren azkenean dioenez, gutun hori ez ote den pasaportea, apezek beren gaiztakerian segi dezaten.

Iruineko Udaletxea Elizari kontsultatzen

Iruinean, Udaletxeak* kontsulta bat egin dio artzapezpikutegiari: halegia, Kontseilu gisa* elizkizunetara joan behar duen ala ez esan diezaion.

Udaletxe barneko eztabaida behin betirako erabakitzeko omen da. Aspaldiko burruka omen. Elizkizunetara joateko, herriko Kontseilu gisa beti, batzuk prest omen daude eta beste batzuk ez.

Kontsulta* bera egiteko ere ez datoz denak bat. Bi agertu dira kontra. Hauek diotenez, Elizara joatea bakoitzaren kontzientziaren gain utzi behar da; eta, gainera, eliz agintaritza arimez arduratzeko dago, ez instituzioez.

Arazo hau hauzitan jartzea interesgarri da. Lege eta arau batzuk, zutik badiraute ere, bizi ez direlako eta laikotasun baten izenean baztertzeari ongi deritzat. Ikusten ez dudana zera da, Udaletxeak, bere buruaren jabe baldin bada, zergatik egin behar dion Elizari galde hori.

Maurice Blondel filosofoaren omenez

Aurten betetzen dira Maurice Blondel filosofoaren heriotzeko 25 urteak; eta Lovainako Unibertsitateak Estudio Ihardunaldi batzuk eratu ditu, urtemuga hori ospatzeko.

Gaiak oso interesgarriak izan dira. Beste hiru pentsalarik ematen zituzten ikuspuntuetatik begiratu diote Blondeli, han bildu diren 200 filosofoek. Zer pentsa Blondeli buruz, Bergson-en filosofiatik begiratuz; zer esan hartaz, Maritain-en filosofia politikoaren arabera kontsideratuz; zer, Loisy-ren teologiatik behatuz*? Ikus daitekeenez, eztabaidakizunik bizienak topa zitezkeen hor.

Lovainan egon da, oraindik ere bizi den Blondelen andereño idazkaria, Mme. N. Panis. 1937.ean beronek lagundu zuen maisu handia, itsu eta argirik gabe zegoela, Pariseko Filosofi Kongresu handi hartan batzarkideei hitz egin ziezaien. Orduan eta beti, Blondelek ukanen du zer esanik denontzat: Jainkoa, Orozgaintasuna. Blondel izan baita, gizatasunari errespeturik handienetakoa ukan dion pentsalari bat, eta —horregatixek ere— Jainkoaren egarri agertu zaiguna.

Berri laburrak

• «Isilperik osoenarekin eraman dira Hungaria eta Vatikanoaren arteko harremanak. Aspaldixetik harreman horik* elkar hizketa «normalen» bidez eraman ohi dira. Hazilaren* lehen hamabostekoan, Vatikanoan elkartu dira Hungariako Ministru Imre Miklos eta Casaroli jauna. Elkar hizketetako arazorik garrantzizkoena, agi* denez, apezpiku berrien izendapena izan da.

• Espainiako apezpikuek bezalatsu, Frantziakoek ere arakatu* egin dituzte, gaurko egoera ekonomikoak sortzen dituen arazo moralak, Lourdesen egin diren bileretan. Gai horretaz aparte, hilortzeari* buruzko eztabaida aztertu da. Oso osorik gaitzetsi* dute apezpikuek hilortzea, giza biziaren kontrako jokabidea dela eta. Hala ere, ez dute aipatu, Frantziako Gobernuak esku artean darabilen legegaia.*

• Hazilaren 25etik 30era egin dute Espainiako apezpikuek beren XXI. Bilera Osoa. 8 apezpiku bildu dira. Erabili dituzten gaiak: Ebanjeliogintza eta sakramentuak, Elkar bakegintza, Apezpikuen batzordeen berriztatzea. Lehen puntuan, Espainiako Eliza Katolikoak berrikitan bereziki sentitu duen arazo bat ukitu* da. Hirugarren puntuak apezpikuen lanari begiratzen dio, eta oraingo 14 batzordeen lana hobeki moldatu nahi du. Bilera hau, oraingo lehendakari eta idazkariarekin egiten den azkena izanen da, datorren martxoan eginen baita karguon berritzea.

Egileak:

Joan ALTZIBAR

Joanes GOIA

dezaten, daien

diezaion, deion

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkiete, deutseez

zaigu, jaku

ziezaien, eioen

zitezkeen, eitekezan


Gurutzegrama (51)


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ABONATU, abonado, suscritor.

ABURU, eritzi.

ADABAKI, remiendo, morceau à rapiécer.

ADOS, conforme.

AGIAN, seguramente.

AGI DENEZ, dirudienez, al parecer.

AHALBIDE, posibilidad.

AHULEZIA, makaltasun.

AIPATU, mencionado. (Iparraldekoek, klasikoek bezala, aipatzen esaten dute).

AISE, aisa, fácilmente.

AITZINA, aurrera.

AITZINEAN, aurrean.

AITZINDARI, aurrelari, pionero.

AITZINETIK, aurretik.

AITZIN SOLAS, hitzaurre, prefacio, prólogo.

AITZITIK, al contrario.

AKITU, agotado, cansado.

AKIZE, Dax, Landesetako hiriburua.

ALDARRIKATU, proclamado.

ALDARRIKATZE, proclamar.

ALDE GUZTIZ, totalmente. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ALHA IZAN, funcionar, marchar, andar.

AMORE EMAN, ceder. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

APAILATZE, preparar.

APARAMEN, aparato, tinglado.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARDURA, axola.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARETO, sala, salón.

ARNASA, hats, aliento, haleine.

ARRAS, guztiz, osoki.

ARRISKUTAN, en peligro. (ARRISKUAN, en el peligro).

ARTOSKI, cuidadosamente.

ASKI, nahiko.

ASKO, aski, nahiko.

ATONDU, antolatu, eratu.

ATURRI (hibaia), Adour.

ATXEKIMENDU, adhesión.

AUPATU, aupaka aldarrikatu.

AXOLA, ardura.

AXOLAGABEKERIA, ardurabagekeria.

AZKAR, indartsu.

BAHITU, secuestrado.

BALAKA, ganar por la dulzura.

BAPATEKO (bat + bateko), repentino.

BATASUN, elkarte, elkargo.

BATIK BAT, batipat, batez ere, bereziki.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, zenbait, (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BAZKO, pazko, pascua.

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEGITARTE EGIN, dispensar buena acogida. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

BEHA, begira.

BEHARRORDU, beharrizan, necesidad.

BEHATU, begiratu.

BEHINBEHINEKO, provisional.

BELAUNALDI, generación.

BERDIN, igualar, equiparar. (BERDINDU, igualado, equiparado).

BEREIZ, distinguir, separar. (BEREIZI, bereiztu, distinguido, separado).

BEREIZTE, separar (BEREZITZE, especializar).

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BERTSU, beretsu, casi igual, casi idéntico.

BERUIN, mustio, mosto, moût.

BIARNOA, El Bearne.

BIDE, beharbada, nonbait.

BIDEZKO, legítimo, justo.

BIKAIN, excelente.

BILDUMA, colección.

BILKURA, bilera, reunión.

BIZIBIDE, economía.

BIZIBIDELARI, economista.

BOKALE, Boucau.

BOZKETA, elección por votación.

DAKUSAGU, ikusten dugu

DEA, al da?

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DEUS, ezer.

DIREINO, diren bitartean.

DIRUALDE, dineral.

DITUZKE, ditu nonbait.

DUINTASUN, dignidad.

DUKETE, dute nonbait.

EDIREITE, edirete, edirote, aurkitze.

EGITURA, estructura.

EGOTZI, jaurtiki.

EGUN, gaur.

EGURATS, atmósfera.

EHUNDAZ, ciento y pico.

EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

EKIN, aplicado intensamente, entregado intensamente.

ELABERRI, novela, roman.

ELE, berba, hitz.

ELIZATE, anteiglesia.

ELIZBARRUTI, diócesis.

EMATE, parecer, dar la impresion.

EMENDATZE, aumentar.

ENGOITIK, honez gero, dagoeneko, para ahora.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERABATEKO, completo, total.

ERAGIN, influencia, acción.

ERAKUNDE, organismo, entidad.

ERDIETSI, lortu.

ERORI, jausi.

ERORTZE, jauste.

ERRUDUN, hobendun, hobenduri.

ESKUALDE, comarca, región.

ESTE, juzgar, reputar, estimar.

ETSITU, desesperanzado, defraudado. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ETXOLA, txabola.

EUSTE, agarrar, asir, saisir.

EUTSI, agarrado, asido, saisi.

EZEZIK, no solamente.

EZEZKOR, ezkor, pesimista.

EZKUTATZE, ocultar.

EZKUTU, escondrijo, lugar oculto.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, esencia.

FUNTSATZE, basar, fundamentar.

GAITZETSI, condenado, reprobado.

GALDETZE, eskatze. (GALDATZE, caldear).

GATASKA, gatazka, debate, disputa, lucha.

GAUZA, capaz.

GEHIENGO, mayoría.

GERTU, prest.

GISA (1), modu, era.

GISA (2), bezala.

GIZARTEZKO, social.

GOGOETA, consideración, reflexión.

GOGOETA EGITE, reflexionar. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

GOMUTATZE, oroitze.

GREBA, huelga.

GUTIESTE, menospreciar, subestimar.

GUTIZ GEHIENAK, kasik guztiak.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HANDIESPEN, estimación de grandeza.

HARBEL, pizarra, tableau noir.

HARTUTAKOAN, hartu on,doan, hartu ostean.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE, elección por votacion.

HAZIL, noviembre.

HEIN, medida, grado, proporción.

HELBIDE, dirección, adresse.

HELDU, maduro, mûr.

HESPARRU (hesi + barru), recinto acotado.

HEZ, domar.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HILORTZE, aborto.

HIRI, huri, villa.

HITXI, hetsi, cerrado, fermé. (HERTSI, herstu, estrechado, apretado. Ikus «Zabal», 7. zenbakia, 52. horrialdea).

HODI, tubo, tuyau.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORREN, tan.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKITU, conmovido, afectado, emocionado. (UKITU, tocado).

HURA, ha.

IA, kasik.

IDAZKARI, sekretari.

IDEK, ideki, ireki. (KI silabaz bukatzen diren aditzek ez dute galtzen azken bokala sustrai infinitiboan).

IHAUTERI, carnaval.

IKER EREMU, terreno de exámen.

IRAIL, septiembre.

IRISTE, heltze.

IRITSI, heldu.

IRRIKA, afán, deseo ardiente.

ISTORIO, narración, ingelesez story. (IXTORIO, historieta).

ITAUNTZE, galdetze.

ITSASORRATZ, brújula, boussole.

IZTE, uzte.

JADANIK, ya.

JALGI, atera.

JALGITZE, irtete, urtete, ateratze.

JARAMON, kasu.

JAURERRI, señorío.

JENDALDE, gentío.

KALONJE, canónigo.

KARI, motivo.

KONTSULTÁ, kontsultea, la consulta. (Azentuak artikulua adierazten du).

KOPURU, suma, cantidad.

KORSIERA, idioma corso.

LAUDIO, Arabako Llodio.

LEGEGAI, proyecto de ley.

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LUR IREKI, tierra llana.

MEAGIZON, minero.

MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

MENDEKU, venganza.

MERINALDE, merindad.

MERKATAL, comercial.

MEZU, mandatu, mensaje, recado.

MIRESTE, admirar.

NABARITZE, advertir, notar, percibir, sentir.

NAGUSIGO, nagusitasun.

NAHIKARI, gurari, deseo.

NASAIKI, abundantemente.

NEKAZAL, agricultural.

NORABIDE, dirección.

OLDE, movimiento.

ONTSALAZ, normalmente, en principio.

ONURAGARRI, provechoso.

ORDAINDU, representado.

OREN, ordu.

ORO, guzti.

OROKOR, general.

OROZGAINTASUN, transcendencia.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTEGUN, eguen.

PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio). Pikotara joan = ir a la picota, ir al traste. (Ikus Azkueren hiztegi haundia).

POSTARI, cartero, facteur.

PROGRAMÁ, programea, el programa. (Azentuak artikulua adierazten du).

SAIL, zeregin, quehacer, tarea.

SEN, talento, instinto, quinto sentido.

SINATU, firmado.

SOMATU, barruntado, apercibido.

SUHARKI, ardorosamente, fogosamente.

TANPEZ, súbitamente, inmediatamente.

TARNOSE, Tarnos.

TAULADA, tablado, entablado, estrado, entarimado.

TAXUTU, convenientemente compuesto.

TOKIAN, TOKIAN, en cada lugar.

TXIKIESPEN, estimación de pequeñez.

TXISTE, chiste, bon mot, drôlerie.

UDALETXE, herriko etxe, casa consistorial.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITU, tocado, tratado. (HUNKITU, emocionado, conmovido).

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo).

UZKUR, someter, sujetar. (UZKURTU, sometido, sujetado).

UZTA, cosecha, récolte.

UZTAIL, julio.

XARMANT, zoragarri.

XURGATZE, gustar, degustar, paladear.

ZAPUZGARRI, abandonable, desdeñable.

ZEREN, ze, pues.

ZINEZ, benetan.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

Dugunean zertzaz gosea hil eta larrua estal, asko* esten* dugu (270: 532-15).

Ez da gauzarik, amorioak hez,* hauts, baiaka* eta errenda ez dezakeenik (316: 624-1).

Ez dute edireiten* non oina finka; ez dute edireiten zeri lot; ez dute edireiten girtainik, esku tokirik, sostengurik, eta ez kontsolatzeko biderik, eta ez esperantzarik (385: 756-13).

Semeak dituzunean, eskola itzazu haurretik, uzkur* itzazu, eduki ttipi direino* azpitik (59: 138-3).