ANAITASUNA

285. zenb.

1974.eko hazilaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Maria Pilar Aisarekin hitz egiten

Maria Pilar Aisa Bilbon jaio zen, orain dela 32 urte. Ezkondua da, eta bi alaba ditu. Bizibidez, medikua da, neuro-psikiatrian eta psikologian berezitua.* Gaur arte, lau urtetan ari izan da, gaixotegietan eta osterantzeko* lekuetan daudenak ongitzen; eta, azken sei urteotan, beragana laguntza bila datozenei buruz lan egin du soilki. Gaur egun, Bizkaiko Diputazioak duen Psikiatri Galdetokiko nagusia da, eta, bere bizibide pribatuan, Ume Psikiatri eta Psikologi arloan lan egiten du.

Ume psikiatra bezala, sarritan hitz egin du Bizkaiko ikastetxeetan. Ikastoletan ere bai. Arestion,* Santutxu eta Lejoako ikastolara deitu genuen, haurren gurasoei eta irakasleei hitz egin ziezagun. Bai Santutxun eta bai Lejoan entzule asko bildu ginen, haren berbaldia entzuteko. Oso gauza interesgarriak azaldu zizkigun; eta kontaezinak izan ziren, berbaldiaren ostean* egin genizkion galdeak.

Neure aldetik, galde batzuk egin dizkiot ANAITASUNArako. Hona hemen nire galdeok eta haren erantzunak:

— Haurren sexual hezkuntzan, zeintzuk dira inportantziarik gehien duten urteak?

Sexual hezkuntza, haurraren moldaketa eta hezkuntza osoaren alderdi bat bezala behatu* behar dugu.

Sexual arazoari buruzko argibideak, horretaz galde egiten duen guztietan eman behar zaizkio haurrari. Edozein adinetan. Zehazki, uler erazteko moduan, baina egiari uko egin gabe.

Osterantzeko gaietan ere berdin berdin jokatu behar da, itauntzen* duen haurrarekin: erantzun beti, behin ere ez itzur* eta ez eskapa ihardestetik. Jokabide hau guztiz inportantea da.

Batez ere pubertaro inguruan, gai honi buruzko azalpenek eta elkar hizketek behar aina* hedatuak* izan behar dute, argiak eta irakaskorrak.

Gaztettoak, gai honi buruz ezer ez dakienean, edo horretaz tutik ere esaten ez zaionean, edo, menturaz, hitz erdika eta egiatasunik gabe berba egiten zaionean, ideia okerrak izaten ditu sexual moralitateaz, nahastekatu egiten zaio kontzientzia, eta ezteus* bihurtzen da, bere adinari datxezkion* oldar afektibo-suxualak meneratzeko* eta garaitzeko.

— Esan zenezakea,* laburki, nola molda eta hez genitzakeen geure haurrak puntu honetan?

— Egia, Zuzenbidea,* Maitasuna eta Libertatea errespeta: hortxe funtsatzen da edozein arlotako hezkuntza. Oinharri hau kontutan hartuz gero, ez dugu huts eginen, geure seme-alabei sexual argitasunak ematen dizkiegunean.

Aspalditik ari naiz ni nerabe* jendearekin sexual gaiez elakatzen* (gai hauk* baitira, haiek gehien galdetzen dituztenak), eta harriturik geratzen naiz sarritan, arazo honetan zein gaizki formaturik dauden ikustean. Haietarik askok, unibertsitariak nahiz pedagogogaiak —beraz, kulturdunak— izan arren, ez dute funtsezko norabiderik, oinharririk eta arrazoin gotorrik,* sexual eremuan* ibilbide* bat edo beste hautatzeko. Zergatik hori? Ene ustez, gehienei ematen zaien informazioa, aspaldion oso ugaria izan arren, azalekoa, topikoz eta kontratopikoz betea delako, eta zientzi eta moral alorrean* ez delako egiazki barneratzen. Aski* litzateke, ordea, elkar hizketa labur bat, egiati eta zehatza, ibilbide egoki eta taxuzko* bat gure gazteei erakusteko.

— Zuzen jokatzen ote dute gure ikastolek, neska-mutilei, denak leku berean elkarretaraturik, hezkuntza eta eskola emanez?

— Gisa horretako hezkuntza, hoberena da psikologi ikuspuntutik: ikastetxe berean neska-mutilek iraunkiro daramaten elkar bizitzeak, aberastu egiten du haurra eta umotu. Bestalde, pubertarora (Batxileratura) nahiz gaztarora (Unibertsitatera) helduko denean, prestatuagoa egonen da, aro horretan bereziki sortzen diren sexual asaldadurak gainditzeko eta meneratzeko.

— Mesedegarria ote da bilinguismoa? Zein adinetatik?

— Adimen normaleko haurrentzat oso mesedegarria da bilinguismoa.

Bakean eta istilurik* gabe hizkuntza biak erabiltzen dituzten senar-emazteek, horrela iraun beharko lukete, umeak jaiotzen direnean ere, eta txalotu haiek hizkuntza bietan egiten dituzten aurrerapenak, baina batera edo bestera inoiz bortxatu gabe.

Famili giroa hizkuntza bitakoa ez bada, hiru urte da adin ona, aitzineskolara joateko; eta, lehen esan bezala, gauza guztiz inportantea da, gurasoek lauda* eta sostenga dezatela haurren hizkuntz aitzinamendua,* baina inolako bortxarik gabe.

Hizkuntza bitako ikastetxeetan, haur batzuek, beharbada, korrektuki mintzatzeko eta idazteko zailtasun apur bat nabarituko dute; baina galerazpen hori, hamar urtetara orduko baztertuko dute, hizkuntza biak ederki meneratuz.

Dislexi eta disgrafi kasuetan, edo haurraren adimena eskasa denean, bilinguismoa ez da gomendagarri.

— Psikiatra bezala, ikastoletako eta osterantzeko ikastetxeetako haur asko aztertu dituzu. Ba ote dago alderik haien artean, hau da, nola ikusten dituzu ikastoletako haurrak, beste eskoletakoekin konparatuz?

Oso inportantea da, haurrak ikastetxeari buruz hartzen duen jarrera.* Ume psikologiaren alderdi honek beti zaletu nau, nolakoa den jarrera hori, halakoak izanen baitira ondorioak.

Haurrak, ikastetxea maite badu, eginahala eginen du, gero eta gehiago ikasteko, kiroletan parte hartzeko, lankide eta adiskideak edukitzeko: labur esanik, izatez eta jakitatez bere burua aberasteko.

Nik neuk, haurrak aztertu ondoren, zalantzarik gabe esan dezaket, gaur egun haien atxekimendua* egiazkoa dela ikastetxe gehienetan, eta pedagogoak beti prest daudela, haurrekin batera lan egiteko.

Ene ustez, irakaskuntzak gaur egun duen problemarik larriena, ez du sortzen ikastetxeen nolakotasunak, Irakaskuntz Antolaketan gertatzen den aldakortasunak baino, beronek hain urduri eta noragabe uzten baititu haurrak eta gurasoak.

Ikastolak «Gazte den Zerbait» dira, eta gaztetasunaren birtute guztiak biltzen ditu; baina, aldi berean, oraino umotu ez den fruituaren akatsak ere bai, mundu honetan ezer ez baitago ments* gabeko denik. Edozer gauza aztertzerakoan, funtsa* ikertu eta haintzat hartu behar da lehenik, bai ikastoletan eta bai edozein ikastetxetan.

Nik Bilboko Teresiarren kolegioan egin nituen neure ikasketak. Inoiz, neure ikaskide eta irakasle ohiekin* batu naizenean, kolegioaren hutsak eta itzalak aipatu izan ditut; baina, kritika guztiok gorabehera,* orduko oroitzapen gozo bat gordetzen dut, eta oso haundia da kolegioari diodan atxekimendua. Oroitzapen eta atxekimendu hau, ordea, gutitan aurkitu dut neure adinekoen —batez ere gizonezkoen— artean. Beharbada, gaur egunean ikusten dugun hainbeste jenderen kultur eta sozial frustrazioak, orduko ikastetxeetako giro desegokian du bere erroa eta sustraia.

Egin didazun galdeari erantzunez, zera esanen dizut, nik neuk neure alabak ikastola batetara bidali ditudala.

Eta aipatu dituzun ikastetxeen arteko diferentziei buruz, uste dut, geroxeago nabarmenduko direla, ikastoletako neska-mutilen hezkuntza bateratuak, bilinguismoaren erabiltzeak eta gurasoen partaidetasunak bere fruituak emanen dituenean.

Mikel LANDABURU


Irakurleak idazle

Euskara Batua irakaskuntzan

Euskara irakasten dihardudala, aspaldisko honetan niri jazotakoak* eta neronek entzundakoak direla bide, horretaz zerbait idaztea erabaki dut.

Dirudienez, euskara batua aurrera doa, eragozpen haundiak gainditu ditu, lubaki eskergak* iragan, eta Euskal Akademiak gogor eta zintzo eusten* dio. Hala ere, euskara batua irudipen bat baino ez dela esan behar, irakaskuntzan behintzat.

Zenbat eskolatan irakasten da euskara batua behar den moduan? Gehienetan ez behintzat. Batzuek lar* teoriko erizten diote euskara batuari; herriaren euskara irakatsi behar dela uste dute besteek; eta, azkenik, irakasleek euskara batua ondo menperatzen ez dutelako, izugarrizko nahasmendua sortzen da ikasleen baitan*

Neure buruari sarritan egiten diot itaun* hau: Inork ingelesa ikasi nahi duenean, zein ingeles irakasten zaio? BBCk irakasten duen literatur ingelesa ala Londresko hiribazterretan egiten dena? Alemana ikasi gura duenari, zein aleman irakasten zaio, aleman batua ala elkarren artean hain bereiziak* diren aleman dialektuetariko bat? Zalantzarik gabe, literatur ingelesa edo Queen's English eta aleman batua edo Hochdeutsch.

Horregatik, ene ustez, ikastoletan eta osterantzeko* ikastetxeetan euskara batua besterik ez litzateke irakatsi behar.

Gure aspaldiko nazioartekotasuna

Ethiopiako militarrek emandako azken estatukolpea dela eta, bertako Inperadorearen etenak* eta hobenak, Abyssianiako herriaren minak eta saminak bezala, argitara jalgi* dira. Ez dugu hemen Haile Selassieren erreinu teokratikoa berriro salatuko. Beste arazo bati helduko* diogu.

193l.ean, Abyssinia eta Liberia ziren, Afrikako kontinentean libre agertzen ziren Estatu bakarrak, erresuma* bata eta errepublika bestea.

Garai hartan, italiarren menpean zegoen Somalia eta Ethiopiaren arteko mugan jazoriko gertakariengatik, Mussolini Negusen inperioan sartu zen. Herriko harmadak* sendo burrukatu bazuen ere, italiarrek irabazi zuten gerla, airekoei eta harma modernoei esker.

1944.ean, Italiak bigarren mundu gerla galdu zuenean, Ethiopiak berriz lortu zuen askatasuna.

Garai hartan, lekeitiarrek, beste euskaldun guztiekin batera, «Gora, Abyssinia» kantatuz ospatzen zuten askatasunaren aldeko burruka hori, beren nazioartekotasuna agertuz. Honela kantatu dit lehengo egunean nire osaba batek:

Halibut, tabu, tabu!

Erretxina, tabu! Tabu, tabu!

Gora, Abyssinia! Gora, Abyssinia!

Beticelli soldati, a la gerri

de la liberti!

Tirritiri,

harrapatu zaitut!

Baten batek bere buruari itaunduko* dio ea zer den nazioartekotasuna. Ez dago azalpen beharrik. Agerian dago. Eta inor, ni naizen bezala, naziozalekeriaren beldur bada, nongoak eta nortzuk diren naziozalekeria horren eusleak* jakin beharko, munduko egiazko abertzale guztiak nazioartekotasun zale agertu baitira beti.

Andolin EGUZKITZA

dio, deutso

diogu, deutsagu

diot, deutsat

diote, deutsoe

dit, deust

zaio, jako


"Iberia Express"

Telebistaren publizitate deiak

Espainiako Telebistak berritu egin ditu, eman ohi duen publizitatearen prezioak. Aurtengo urriaren 1etik aurrera, gorakada handia izan dute preziook, lehen katearen barnean.

Arratsaldeko hiruretako deiak dira merkeenak: 152.000 pezeta hogei segunduko. Ilunabar eta gaueko deiak dira, pentsa daitekeenez, garestienak: zortzi ta erdietatik aurrera, 200.000 pezetaz gora; bederatzi ta erdietatik aurrera, 400.000 eta gehiago. Denetan garestiena, gaueko hamarrak eta laurdenetakoa da: 468.000 pezeta segundu bakoitzeko.

Kontsumismoaren balioa ez da, beraz, batere merkea. Hala ere, publizitateari ematen zitzaizkion saioaldiak, laburtu egin dira programaketa berrian: lehen katean 59 minututatik 20 minututara jaitsi da eguneko publizitate denbora. Denbora laburketa hau, prezioak igan eraziz konpontzen da orain. Hemendik aurrera, entrepresa gutiagok izango du Telebistarako sarbiderik, baldintza ekonomikoek hesi* hertsi* bat ezartzen baitiete. Handiak indartuz joango dira, publizitate horrek dakarren merkatuan; ttikiak, ostera,* isilduz eta desagertuz.

Galegoak eta Portugal

Hemendik aurrera, Antonio Dias Portugaleko merkatal bulegoaren zuzendariak esan duenez, galegoei tratamendu aparteko bat emango zaie Portugalen, hara egin litzaketen ikustaldietan.

Ondoko Estatu bateko eskualde jakin* batekin, gainerakoetatik bereizirik, horrela portatzea, ez da, dakigunez, nazioarteko harremanetan batere ohizkoa den politika. Horrexegatik harritu gaitu albisteak. Eta berehala joan gara jokabide horren arrazoinen bila.

Dias jaunak agertu duenetik jakin ditugu Portugaleko Gobernu berrituaren asmoak. «Portugalek Galiziarekin duen kideko izaera eta hizkuntzagatik», eta erizpide* turistikoengatik erabaki omen du hori hango Gobernuak. Egoera berri honetan, beraz, galegoek abantailak eta prezio beherapenak ukanen dituzte bidaietan. Aurrerantzean Galiziako semeek hobari* bereziak izango dituzte ostatu eta jantokietan. Abantail hauk laster agertuko dira arautegi batean.

Pere Bosch Gimpera hil da

Mexikotik etorri zaigu albistea: Pere Bosch Gimpera hil da han, urriaren lehen hamabostekoan. Gure irakurle askorentzat, agian,* ezezaguna da Bosch Gimpera; baina euskaldunon omenaldi bat merezi duela aitortu beharrean gara hemen.

Bosch Gimpera Barcelonako Universitat Autònomaren Erretore izan zen Errepublika denboran. «Estudis Universitaris Catalans» hartatik hasita, bide luzea eta oparoa* bete du bere Kataluniaren, eta Euskal Herriaren alde ere. Arkeologia et Prehistoria izan dira Bosch Gimperaren alorrak,* eta beti arduratu izan zen euskal herriaz eta gure kondairaz.

1934.eko urriko matxinadaren* ondoren, atxiloturik* eduki zuten. Gerla garaian, 1937-1939.erakoan, Generalitat haren Justizi Kontseilari izan zen. Gerlatea amaitzean, herbestera joan zen. Lehenik Oxford-en, gero Panama, Kolombia eta Mexikon egin du lan. Azkeneko hiri honetan bizi izan da 1941.etik, orain hil den arte.

Bosch Gimperak Barcelonan sortutako Eskolan moldatu diren eta bertako giroan diharduten prehistorigile gehienek ez dute zuzenean Bosch Gimpera ezagutu, eta maisutzat aitortu dute. Miguel Terradell jaunak azaldu digu berrikitan* maisutza sinboliko horren zergatikoa: Universitat Autònoma hartan hizkuntzaren arazoari aurpegi eman zion, gaztelania eta katalana, biak erabiliz; estudio programaketan eta irakasle bilaketan kalitateari begiratu zion ardurarik handienarekin, Europako ereduei* hurbiletik jarraikiz. Azkenik, Universitat Autònoma hari ez zitzaion falta izan, edozein ikastetxek behar duen gizartezko* zentzurik: langileentzat ere unibertsital estudioak sortu zituen Bosch Gimperak. Ekintza horrek landatu zuen, hamar urte lehenago inork amestu ere egingo ez zukeen Unibertsitate berria. Barrutik aldatu zuen hark Kataluniako Unibertsitatea, barnetik bertatik lan eginez.

Euskal Historiari eman zizkion fruitu ederrengatik, Bosch Gimpera nahitaez gogoratu behar genuen guk hemen, hark hain maitea zuen Euskal Herrian. Goian bego!

Kantariak eta Estatuaren Oinharrizko Legeak

Barcelonako Udaletxeak* dei bat egin du, hiriko Musikal Kontserbatorioan irakasle aulkia eduki erazteko. Horretarako, ohi den erara, bere baldintzak ere eman ditu lehiaketarako. Horraino dena bere bidetik, beraz.

Baina baldintzetan ba dago, hain zuzen, zerbait bitxirik: kantarien artean kantari izan beharko duen irakasleari, Estatuaren Oinharrizko Legeak zineztatzea* eskatzen zaio. La Vanguardia Española egunkariak dioenez, ez omen da oraindik ere kantuaren eta halako «legezkotasunaren» arteko zerikusirik ongi argitu.

Bulgariako Hispania

«Iberia Express» hau oraingoan Bulgariatik datorkigu ibiltari eta berri ekarle. Izan ere, Bulgariak Hispania zaharraren kultur atal bat gorde egin du gaurdaino: hango sefardiarrek XV. mendeko erdara bitxia darabilate gaur ere, kultura hura* orain hiltzen egon arren.

Bulgariak betidanik ezagutu ditu juduak bere lurretan. Persiako Darioren garaitik eta K.a. (= Kristoren aurreko) II. mendetik bai, gutienez. Baina, XV. mendean Errege Katolikoek Espainiatik kanpora bota zituzten juduetarik sail on bat Bulgarian kokatu* zenez geroztik, hango juduen kultura eta hizkuntza sefardiarra izan da (hau da, Espainiatik herbesteratuen gaztelania). Judu sefardiarrok tragedia bat ari dira bizitzen orain: «Gure seme-alabek ez dakite gure hizkuntza; geu gara, gaztelania erabiliko duen azken belaunaldia».* Urte gutitan, azken Gerlate Handiaren ondoren, 50.000 lagunetarik 5.108 lagunetara jaitsi dira juduak Bulgarian. Guttitto dira, kultur autonomia bat gorde ahal izateko.

Nazismoak ez zituen garbitu, baina haiek herbesterako bidea hartu zuten. Haien eskola apartekoak hitxiak* izan dira, geroztik. Sinagoga izan zitekeen hizkuntzaren salbabide; baina Estatuaren ideologiak ez du erligio bizitza batere laguntzen. Sefardieraz ez da argitalpen bat ere agertzen orain: denek dakite bulgariarra, eta berori erabiltzen dute gelditu diren judu gutti horiek. Eta eskuartean duten kultur aldizkaria ere, ingelesez ematen dute argitara.

Gutti direlako eta Estatu bat falta zaielako, hiltzera doa Bulgariako sefardiar kultura. Espainiak laguntza eskaini du, espainol kultura hura salba dadin; baina Bulgariaren nazio batasun premiak indar handiagoa izan du orain artean.

Joseba INTXAUSTI

diete, deutsee

digu, deusku

litzakete, leikeez

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zion, eutson

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozan

zizkion, eutsozan


Hementxe denok

Ipar Aldea. Bizkaia. Gipuzkoa. Euskal Herria

Ipar Aldea

Biarritzen, urzikinen garbiola

Biarritzeko hiriak, Marbelako eskualdean,* urzikinen garbitzeko ola* berezi bat eraikitzen ari du. Obralanak joan den urteko irailean* hasi ziren; eta, heldu* den udarako, haien bukatzea uste dute langidariek.

Garbiola haundi hori, 15.000 m2tako lur eremu* berezi batetan, itsasotik bi jauzitan* egiten ari dute. Oraingoz, urontzi alimale batzuk* ikus daitezke lurpetik ateratzen. Haien saihetsaldean, aldiz,* lohi eta zikin mota guztien bildegia eta hauen erretzeko labea egiten hasiak dira.

Garbiola horretara bilduko dira Biarritzeko urzikin guztiak; eta hor, lohi eta zikin mota guztietarik garbituak izanen dira, aireztatuak, oxigenoztatuak eta kloroztatuak, itsasora bota aitzin. Esan nahi baita, osoki garbituak itzuliko direla itsasora.

Obralan paregabe hori, oraingo estimatzeen arabera, hogei ta zazpi milioi libera* berri kostako da. Segur, obra garestia da; baina oroitu behar da, ehun mila jendetako hiri baten heinekoa* izanen dela. Beraz, Biarritzek zenbait urteren bakea ukanen du alde horretatik.

Hazparne herria eta hango laborariak

Ipar Euskal Herri honetan, anitz* eta anitz hektarea lurberri egin da azken hamar urte honetan. Hazparne herriak ere sail ederra darama* arazo honetan. Egia esan, Hazparnek ez du herriko lur eskasik. Orotara,* ba ditu bi mila hektarea inguru, aspaldiko urteetan larre, ote eta sasien eremu zirenak, zenbaitek ardien eta bereziki pottoken* paradisutako atxeki* nahiko zituzkeenak.

Hazparneko herria, beraz, lurberritzeari lotu zaio. Hastapena izan da nekeena.* Lekuko baserritarren gogoa behar baitzen denbora berean berritu. Irauli ere zenbaitena! Lan hori denborarekin batera egina da, zeren* eta lurberritzearen alde zirenak ere baitziren.

Zenbait urteren buruan, beraz, lurberritzearen lana agertu da plazara. Udazken honetan, herriak ofizialki eman dizkie 162 hektarea lurberri herriko hamazazpi laborariri. Hauek hogei ta bost urtez alokairu* bat ordainduko diote herriko diruzainari. Eta, epe horren buruan, berriz berritzen ahalko dute, Herriko Etxearekin sinatu* duten hitzarmena.*

Orain 162 hektarea, eta zenbait urteren buruan, orotara, bostehun bat hektarea lurberri emanak izanen zaizkie gisa* berean lekuko laborariei.

Laborantzarako baliatuko diren lurberri horietaz bestalde, esan behar dugu, Hazparneko herriak beste laurehun hektarea zuhaitzez landatu gogo* dituela, eta lan horretan ere oraingoz ederki ari dela.

Oihaneztatzearen* sailean, lan ederra egin liteke iparraldeko euskal lurretan, biharko herritarrek oihanaren* aberastasun baliosa eskutan* izan dezaten.

Paueko prefetura berriari ez

Arrangoitzen, herriko kontseilu osoak bere eza agertu du, Pauen egin gogo duten prefetura edo gobernuetxe berriari buruz. Arrazoina: etxe berri hori hirurogei ta hamar milioi libera beri kostako dela. Kontseilu jeneralak hartu* erabakiaren kontra joan da, beraz; zeren eta arrazoinekin baitadukate, etxe berri hori altxatzen baldin bada, herri ttipiek, beharrezkoagoak dituzten herrilanak ez dituztela egiten ahalko. Zergatik? Herri guztiek zerga berri eta astun bat ordaindu beharko diotelako Paueko gobernuetxeari.

Ipar euskal lurrean, etxe ederrez jantzia delakoan hain segur, agintariak lehiatuki* ari zaizkigu zenbait urte honetan, gobernuko gizonen etxe berriak altxatzen, dela jendarmeria, dela aduana eta dela zergaetxe. Obra horiek guztiok, guti edo aski, herritarrek ordaintzen dituzte. Horrelako etxeentzat baimenak eta dirua laster ematen dituzte. Aldiz,* lantegi batentzat, urdandegi* berri batentzat, bide berritzeentzat eta beste horrelako obrentzat, beti xortañoka!*

Lantegi berria Donibane Lohitzunen

Beste behin esan genuenez, Baionan beste lantegi berri bat ba dugu, zenbait aste honetan lanean ari dena. Izentzat «Monoplast» hartua du, plastikoa asko gisatara moldeatzen duelakotz. Hona lantegi horretan egiten diren gauzetarik bakar zenbait; xurruta,* ikuztoki,* sukalde eta saletako plastikozola,* farmazietako plastikontzi berezi, eta abar.

Orain esan behar dugu, beste lantegi berri bat, honek ere plastikoa baliatzen baitu, eraiki berria dutela Donibane Lohitzuneko Laiatz hauzoan. Oraingoz berrogei ta hamar bat langile ari da bertan lanean; eta, bizpahiru urteren buruko, ehun eta hamarretara heltzea uste dute lantegia altxatu dutenek. Hemen, eritegietan* baliatzen diren plastikozko xaku* berezi batzuk egiten dituzte.

Baionako feriakari,* ideia berriak

Aurtengo irailean egin da Baionako Hirugarren Feria. Denbora euritsua izanez, ez da jendea joan den urtean bezainbat ibili feriako eremuan.* Hala ere, gauzak ongi joan omen dira, Merkatarien* Batasuneko lehendakariak esan duenez.

Dezagun esan ere, feriakari, ohi bezala, bilkurak* eta hitzaldiak egin direla. Eta, ideia zahar zenbait berrituz, berri bakar zenbait ere eman dela. Hona azken hauetarik bi.

Lehenik, Baiona hiriko merkatalgoaren* geroaz arta* hartzen duten batasunek dadukate,* gero eta beharrezkoagoa dela, hiriaren erditan izan dadin, autoei eta bizikletei osoki debekatua izanen zaien eremu bat. Horrela, saltegiz saltegi dabilen jendea, aiseago* ibiliko da, eta, bide berez, hiri erdiko etxarteetako airea garbiagoa izanen da irensteko.

Bigarrena, Baionako Merkataldegiak, Merkatarien Batasunak eta Ofizialetxe ttipi eta artekoen Batasunak, elkarrekin zabaldu duten hau: Ofizialetxe, lantegi eta bulegari guztiei eskatua zaie, gogoan har eta iker* dezaten, ea eguneko lana eguerdiko galtze hori gabe egiten ahal dutenentz, oraingoz zenbait etxetan egiten den bezala. Horrela, bi abantail haundi ba litezke. Bata, eguerdikari,* etxerakoan eta lanerakoan erretzen den gasolina, hilabetean milioi bat litroz apal liteke, eta airea gutiago pozoinda. Bestea, arratsalde erdirako, lana bukatua izanez, arratsetan anitzez argi gutiago erre liteke, eta jendea lasaikiago ibil liteke bere erospenen egiten.

Ideia baten ematetik obratzera ba da bide, bereziki jende anitzi eskatzen zaiolarik ideia berriaren obratzea.

Muga herrien biltzarrea Baionan

Gero eta gehiago ohartzen ari dira mugaz honaindiko herri-hiriak, atlantiko bazterretik mediterraneorainokoak, geroari buruz, zenbat mugaz haraindiko bizibide indartsuaren eraginpean* biziko diren. Eta ahal bezain guti haien eraginpera erortzeko alde batetik, eta beren bizibidearen indartzeko bestetik, ba dirudi, elkarren arteko lokarri berri bat sortu nahi dutela.

Berrikitan,* Baionan egin dute beren arteko lehen biltzarrea. Eta elkarrekin ikusi dute, mugaz bi aldeetako harat-honaten aitzinerazteko eta harreman ekonomikoen azkartzeko, zein beharrezkoa eta baitezpadakoa* zaien, autobidez eta burdinbidez mendien bi aldeak oraino diren baino gehiago elkarri jostea.

Mugaren hegoaldetik anitz igurikatzen* dute, bereziki lantegi berrien sailean. Oraingoz, zortzi lantegi berrik hegoaldetik iparraldera jauzian iragan dute muga hori. Zortzi horietarik bat baizik ez da aurkitzen Baionan, besteak Kataluniako iparraldean direlarik. Zergatik hoin* guti? Trabak ez dira bakarrik Madrilen, baina gure leku hauetan beretan ere, Parisekoetaz bestalde. Hiri honetako jaunek, bistan da, nahiago dute, mugaz hegoaldeko lantegi berriak, iparraldean mugari hurbil gelditzen ikusi baino, urrunago, Bordele eta Tolosa* aldera joaten ikusi. Konpreni erraza da zergatik.

ZABALen kantaldia Baionan

ZABAL aldizkaria, bi hilabetetarik behin argitaratzen dena, ANAITASUNAren irakurleek entzutez bederen* ezagutzen dukete. Baiona inguruko idazle talde batek kudeatzen du, ahal bezala eta ez nahi bezala. Abiatu zelarik, taldeak ba zuen uste, luza gabe, hilabetero argitaratuko zuela. Errealitatea, ordea, besterik da. Betiko eta orotako leloa: dirurik ez du aski hortaratzeko.

Horra zergatik erabaki duen kantaldi baten muntatzea, hazilaren hamabosteko gauean, Baionako «Vox» zinemagelan. Kantaldia ezinago apaindua izanen da, kolorezko argien jokoekin edertua. Hona ariko direnen izenak: Oldarra, Peio eta Pantxoa, Erramuzpe eta Berterretxe, Maite Idirin, Ander Duhalde eta beronen laguna, eta, beharbada, hegoaldeko bi kantari talde ezagun eta aipatu.

Itsas hegiko autobide berria eta lekuko alkateak

Ba du hamar urte bederen, itsas hegiko* autobide berriaz mota guztitako paperetan idazten eta bilkuretan hitz egiten dela.

Duela zenbait aste, Kanboko Arnaga etxean Lapurdiko alkateek egin duten biltzarrean ere, berriz aipatua izan da bide berri horren arazoa. Zergatik ote? Orain beldurtzen hasiak baitira, ez dela, egileek hitz eman zuten bezain laster bukatuko*; zeren eta oraingoz beranta hartzen ari baitu, eta luza gabe Gobernuak diru maileguak moztuko baititu.

Zorigaitzez, autobide horrek ederki salatzen digu, iparralde honetan ditugun alkateen, lekuko nobleen, ahulezia zer heinetarainokoa* den. Hamar urte iragan dira, herri buruzagi horiek elkar bilkuretan ele* ezinago ederrez agertzen dutela nahikaria, ekintza gogor batetan agertu gabe. Eta, ondikotz, beldur naiz, beste hamar urte ere ez ote diren berdin iraganen. Dena den, geroak esanen du.

Ikusiak ikusirik, huts haundi bat egina izan zela iruditzen zait, autobide berri horren egiteko erabakia hartua izan zelarik. Zeren eta, erabaki haren ondorioa zer izan den, argi eta garbi ikusten baitugu: bide berriaren ezin egina!

Hortakotz, hartu zen erabakiaren ordez, gure lekuaren heineko* erabaki bat hartu behar zen: esan* nahi baita, bide berri eder baten egitea edo oraingoaren doblatzea, Landesetako* zelaian egiten ari diren bezala. Engoitik bide mota hori egina izanen zen; eta, udakari,* gure itsas hegia ez zen aurten izan den bezain itoa izanen.

Bizkaia

Durangoko Liburu eta Diskoen IX. Azoka

Hazilaren 1, 2 eta 3an, Euskal Liburu eta Diskoen Azoka ospatu da Durangon, urtero bezala, eta jadanik* bederatzigarren aldiz. Gerediaga elkarteak antolatu du.

Lekuz aldatua eman digute aurten Azoka. Ordenu publikoari edo dena delakoari enbarazurik ez egitearren nonbait, eratzaileek lekuz aldatzera behartuak izan dira. Elizpetik merkatura joan da Azoka. Beharbada sinbolo bat. Lekua ez da desegokia.

Euskal argitaletxerik garrantzitsuenak, LUR salbu, han izan dira.

Durangoko Azoka honek egin du bere izena. Jende asko bil erazten du euskal herri guztietatik. Jende interesatua, jende interesgarria. Harremanak egiteko leku aproposa bilakatzen* da egun hauetan Durango. Eta hori interesgarria da betiere, esan nahi dut, «coenaculum» eta kaperatxoetatik* irtenik, hauek eta haiek harremanak plazaren erdian egitea. Euskal kulturgintzan dabilen jendea, hara biltzen da.

Liburu eta diskoen aurkezpena da. noski, Azokaren lehen eginkizuna. Aurkezpena diot, eta ez salmenta. Euskal liburugintza ezaguturik, liburuen saltzea bigarren mailan uztekoa dela bistan da. Izan ere, euskal argitaletxeek abonatuen* bidez lan egiten dute, horrela iraupena segurtatuz. Horregatik diot, argitaletxeek atera lezaketen dirutzatik ez dagoela Azokaren baliotasuna neurtzerik. Baina ba dakit, argitaletxeek ere gero eta diru gehiago ateratzen dutela hor.

Esanak esan, eta argitaletxeek abonatuen bidez jokatzen dutela jakinik ere, Azokarako zerbait gehixeago egin dezaketela uste dut. Liburu berririk ez da Azokan ikusten. Aurten liburu bat edo beste egon da, baina oraindik salgai ez. Argitaletxeek garrantzi gehiago eman behar liokete Azokari, liburu berriak erakar-indar bat bihurtuz. Eta zergatik ez du Gerediaga elkarteak, Azokara lehenbizikoz eta inon salgai jarri gabe presentatzen den libururik hoberenarentzat sari bat eskaintzen (egin ohi diren horrenbeste sari eta aipamen berezi gutituz, bestalde)?

Durangoko Azokak gure kulturaren kontradikzio denak plazara ateratzen ez baditu ere, bat behintzat begien bistan jartzen du. Euskarazko eta erdarazko liburuak eta argitaletxeak daude hor. Ikuste soilarekin, batzuen eta besteen joerak garbi agertzen dira, nola gaietan hala liburu motetan. Arinki esanik, ba dirudi, batzuen irrika* liburutegiak hornitzea dela eta besteena irakurtzeko liburuak egitea.

Oraindik gaur, liburuen eta stand-en kopuruari* begiratuz, erdal argitaletxeak (produkzioaren arabera* epaituz) agertzen dira nagusi. Eta ba dakigu zergatik gertatzen den hori euskal kulturaren inguruan. Hala ere, gure ustetan, euskal kultura euskaraz egina dela onhartzeko, euskal kulturgintzan batasuna egina dago. Erdara lagungarri da, eta osagarri. Durangoko Azokak ez ote luke lehentasun hori nolabait erakutsi behar, jendeari begietatik sar dakion moduan? Biak parean jartzea ez da guretzat aski.* Gure artean ez da nahikoa, Azoka batek egoeraren irudi huts bat ematea; horretaz gainera, helburu eta dinamika batzuk erakutsiz, haietara gidatzen ere lagundu behar du. Durangoko Azoka heldua* eta sendoa ikusten dugu, eta euskal liburugintzaren lehentasuna erakusteko ausartzia ukan* lezake Gerediagak.

Libururik hoberenaren saria, euskal liburuetan, Villasantek egina eta JAKINek argitaratua den «Axularren Hiztegia»ri eman diote. Aipamen bereziak ere ugari izan dira. Baina nola hauk* denok Gerediagaren Biltzarre Nagusian sariztatuak izanen diren, orduan emanen dugu denaren berri.

Beste sari mota bat ere izan da. «Kirikiño» saria, aurrerantzean urtero emanen dena. Euskal kazetaririk hoberenari emanen zaio. Aurten, ongi merezirik, ZERUKO ARGIAn idazten duen Amatiñok irabazi du lehen saria. Eta ANAITASUNAn idazten duen Paulo Agirrebaltzategiri eman diote aipamen berezia.

Azokak ugaltzen ari diren honetan, Azokaren eginbeharra sakonki aztertzea komeni zaio euskal kulturari. Hango eta hemengo antolatzaileek, elkarrekin bildurik, gutienez elkar hizketa bat sortu beharko lukete denen artean. Eta gero, ahal delarik, erizpideetan* ere akordio batetara etortzen saiatu. Azoka bat egin behar dela erabakitzeko, zein erizpide hartu behar da: gaiena, geografiazkoa...? Egin ohi diren Azoken azterketa bat egitetik hasi behar genuke.

Gipuzkoa

Euskal arkeologoen bilera Donostian

Arantzadi dugu Euskal Herriko zientzi mailako erakunderik* ezagunena, indartsuena eta finena. Beste zenbait sailen artean, Arkeologi sail bat ere ba du Arantzadik. Herri baten kultura hibai bat bezala da; eta hibai horrek utziriko hondar zaharrak biltzen eta aztertzen ditu Arkeologiak.

Orain dela zortzi urte eraiki zen Arantzadi Arkeologi Erakundea. Eta urtero egin izan du bere bilera, urtean zehar eginiko aurkikuntzak agertzeko eta sorturiko galdeak guztien aurrean aurkezteko.

J.M. Barandiaranek eraiki zuen erakunde hori, eta berorrek irauten du buru bezala. Berorren gidaritzapean bildu berri dira aurten ere Euskal Herriko arkeologoak: hogei ta hamar bat denetara. Zortzigarren bilera hau Donostian egin dute; datorren urtekoa, berriz, Gasteizen eginen, urtearen azken aldean.

Baldin euskal kulturaren alorrean zientziazko ikerkuntzan sakonkien eta iraunkorren lanean ari dena Arantzadi badugu, zergatik ez balia* erakunde horren laguntzaz eta ekarriaz,* berorrek dituen zientzi sail batzuk Udako Euskal Unibertsitatean sar eraziz?

Gau eskola Zumarragan

Joan urteetako eginkizunari jarraituz, maila desberdinetako gau eskola antolatua dute Zumarragan, herri honetako eta Urretxuko gazteek.

Oraindik ikasle taldeak handitzen ari dira. Dena dela, oraingoz ihazkoaren antzeko kopurua lortua da. Ehun eta berrogei ta hamar guztitara. Euskarazko ikastaldiok astelehen, asteazken eta ostiraleetan ematen dira, gaueko 8 ta erdietatik 10rak arte.

Urretxuko jaiak

Iragan berriak ditugu Urretxuko jaiak. Irailaren* 9an hasi ziren, eta 23an amaitu. Bertan, ikuskizun guztietatik izan genuen. Batzuk hobeak, beste batzuk txatxoagoak.*

Euskal Asteari hitzaldi batzuek eman zioten hasera, eta, zoritxarrez, Aste hau izan zen gaizkien joan zena. Egia esan, egunak ez ziren egokienak, eta beharbada hitzaldiek ere ez zuten gaurkotasun handirik. Entzuleen artean, betiko aurpegi batzuk ikusi genituen. Noiz hasiko gara jende berriaren bultzada nabaritzen.* Gaurko gazteek gainditua ote dute eginkizun hau, ala hitzaldi haiek ez zieten deus esaten?

Irailaren 15ean, igandez, Euskal Jai Eguna ospatu genuen. Bederatzi urte ziren, tartean hainbat eragozpen izan zirelako, Urretxuko herriak ez zuela egun hau ospatu izan. Pizkunde honen zain geunden guztiok. Zorionez, Urretxuarrek ez zuten inor etsi erazi. Nahiz eguraldiak ez zuen lagundu, zortzi lagunartek* euskal gurdi bana atera zuten kalera. Gurdiak ederki eginak eta ederkiago apainduak ziren. Jende anitz geunden, euripean, gurdi haik miresten. Zortziak ziren egokiak. Herriaren eritziz, Aita Olazaran zeritzana izan zen ederrena. Nire ustez, berriz, Ama Lur eta Euskalduntzen: lastima, herriak ez zuela haien balioa ulertu.

21ean eta 22an, hainbat ikusgarri izan genuen: pilota joko, txirrindulari, moto cross, eta abar.

25ean, Euskal Kirol Eguna: sokatira, harrijasotzaile, haizkolari, eta abar. Guztiek ihardun zuten zoragarri. Baina aipagarri deritzat Eutsi sokatira taldearen ihardunaldiari. Benetan ederra izan zen, eta herriak hala ulertu zuen. Zorionak.

Bost egunez, Euskal Liburu eta Diskoen Azoka izan genuen. Ikusle ugari bildu zen. Erosleak ere poliki. Dirudienez, euskal zaletasuna indartuz doa gure herrian.

Aurtengo jaiak atzean geratu dira. Urretxuarrek aurpegi alaiz begiratzen dute etorkizuna, aurtengoa ate irekitze bat besterik ez baita izan.

Euskal Herria

Liburu berriak

1. MEMMI, Albert:

Kolonizatuaren ezagugarria.

«Jakin», Oinati (Arantzazu), 1974.

Laudorioz hasten ziren kritiken beldur zela esan zidan behin adiskide batek, segur baitzen, astinaldi handi batez bukatuko zirela. Nik neuk, oraingo kritika honetan, alderantziz eginen dut, eta liburuaren alde txarra azalduko dizuet lehenik.

Zaila, oso zaila da liburu honen irakurtzea, euskararen aldetik. Itzultzaileak —Larresorok— hiztegi astun bat ezarri digu azken horrialdeetan, eta usu* baliatzen da hartaz liburu osoan zehar. Eritzi hau ez da nirea bakarrik, hainbat lagunek ere akats berbera aurkitu baitiote.

Eta, hau esan ondoren, goazen beste alderdiak ikustera. Lehenik, itzultzaileak liburu hau aukeratzeko ukan duen zuhurtzia aipatu behar dut. Oso lan interesgarria, gaurkotasunez betea, zeren,* Frantziak Algerian egindako kolonikuntza aztertzen bada ere, nazio berberak bere mugen barnean egiten duenari aplika baitiezaiokegu. Eta Frantzia ez da gero, Europan horrelakorik egiten duen bakarra!

Ene ustez, punturik interesgarrienak, euskaldunontzat bederen,* ezkertarrek kolonikuntzaren aurrean duten portaera estudiatzen dutenak dira. «Ezkenarra edo eskuindarra izatea ez dagokio pentsatzeko molde soilari;* baina baita ere, eta batez ere nik uste, senditzeko eta bizitzeko moldeari» (51. horrialdea). Zenbat sasi ezkertar dagoen gure artean! Zuzentasuna eta giza eskubideak defendatzen ei* dituzte: baina euskal kultura eta euskal nortasuna bost axola zaizkie. «Aisa* onartzen baita gaur, iraultza iritsi* baino lehenago iraultzaile eta zanpatzaile batera izan daitekeela» (47. horrialdea). Azken kasu hau gure zorioneko sasi ezkertar horiena da. Ezagutzen ditut, adibidez, irakasle batzuk (gutti zorionez), ikastolan «iraultza» egin nahiz ibili ondoren, «eskola nazionaletara» pasatu direnak, eta han orain mantso mantso dabiltzanak.

Faxismoak kolore asko eduki dezake: «Zer da-ta, izan, fazismoa? Zer da, zenbaiten fagoretan eraikitako zapalbide bat baizik?» (82. horrialdea).

Beharbada, liburuaren zatirik interesgarriena, kolonizatuaren egoera aztertzen duen kapitulua da. Algerian frantsesek Frantziako historia irakasten zuten eskoletan, eta ez Algeriakoa. Frantziako geografia, eta ez Algeriakoa. Frantziako gizon ospetsuak aipatzen ziren, eta ez Algeriakoak. Frantziako kulturak zuen balioa, eta ez Algeriakoak. Ondorioz, Frantziaren handitasuna eta Algeriaren zozokeria eta huskeria erein zuten algeriarren sukontzientzian. Algeriako historian ez zegoen gizon ospetsurik, frantsesentzat behintzat; eta horixe sar erazten zieten ikasleei.

Beraz, «nekez eman diezazuke kolonizaturik batek ere inoren izenik, eta emandakook ere nahasian eta desordenu gaitzean ematen; eta belaunaldiak pasa ala,* gero eta nekezago apur hori bera ere. Itxura denez, oroimena gero eta galduago izatera beharturik agertzen da kolonizatua» (115. horrialdea). Gazte nintzelarik —ondo gomutatzen* naiz—, euskaldun gizon ospetsuez galde egin zidan kanariar ikasle batek. Eta nik Unamuno eta Barojaren izenak eman nizkion, ez bainuen gehiagorik ezagutzen, ikastetxean euskal literaturarik ez zidaten irakatsi eta.

«Erakasten zaion kondaira ez du berea. Badaki Colbert edo Cromwell nor izan ziren, baina Khaznadar nor izan zen ez; badaki Jeanne d'Arc nor izan zen, baina ez Kahena nor izan zen. Badirudi, dena gertatua dela haren herrialdetik kanpoan; bera eta bere herria aidean edo daudela, edo izan ere ez direla» (116. horrialdea). Berdin jazo* zitzaidan niri ere. Nik ez nekien nor izan zen Axular, ez Eskolapioek beren ikastetxean eta ez Estatuak Unibertsitatean ez baitzidaten euskal literaturarik irakatsi.

Hurrengo horrialdeetan hizkuntzaren arazoa aztertzen da. «Kolonietako bimintzairatasuna hizkuntzazko drama bat da» (119. horrialdea). Hauxe da, sasi ezkertarrek ikusten ez dutena. Edo ikusi gura ez dutena. Eta drama hori ez dago kolonietan bakarrik. «Bere buruaz jabetu berria den herriaren eskabiderik premiatsuena, eskierki,* haren hizkuntzaren gaintasuna eta sendoketa da» (121. horrialdea). Eta azpimarkatua ez da nirea gero, Albert Memmi algeriarrarena baizik.

Sasi ezkertarrek, eta eskuindarrek, hau esaten digute euskaldunoi: Utz itzazue txokokeriak, eta izan zaitezte unibertsalistak! Baina hona hemen zer erantzuten dien Memmik; «Baina horrenbestez jasan* eta sofritu duen kolonizatu horrengandik, bere buruz eta bere kabuz* bera izaterik izan ez duen horrengandik, orain kolpez mundurakoia, zabala, gizatarra eta internazionalista izan daitekeela uste izateak, farragarri ematen* du, eta pikutan egotearen seinale da. Zeren-eta oraindik ere bere burua altxatzeko unean baitago, bere burua harrituta begiratzeko unean, bere hizkuntza berotasunean altxa nahi bizian, eta... kolonizatzailearen hizkuntzaz ari» (143. horrialdea). Gure artean ere hainbat daude pikutan, eta handik, pikuondo horretatik, erdaraz dei egiten digute internazionalismora. Erdaraz! (Xabier GEREÑO).

2. MOSQUERA, J. A., ZUBIZARRETA, C:

Guión Manual de Tipografía Vasco-navarra.

Edición de bibliófilo, 1974.

Abuztuaren 17tik irailaren* 30era. erakusketa apain bat ireki zen Arantzazuko komentuan. Euskal Herriko inprimategien kondaira jarri nahi izan zuen begi aurrean erakusketa horrek. Nafarroan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban inprimagintzak eta liburuak izan duen historia erakusten zitzaigun txukun txukun.

Hilabete ta erdiko erakusketa horren fruitu bezala, eratzaileek berek liburuska hau eman dute argitara: Guión Manual de Tipografía Vasco-navarra. Liburuzaleentzat atsegina da, zinez,* gure hirietan argitara izan diren liburu zaharrenak eta bitxienak ikusi ahal izatea; baina areago,* ikuslaguntzat honelako liburu maisua eskuetan erabili ahal izatea.

Inprimagintzak probintzia bakoitzean bizi izan duen historia, zertzelada* guztiekin ezagut daiteke liburu honetan. Probintzia bakoitzeko berriak mendez mende ematen dira, arazoa hobeki ezagutu nahi duenarentzat bibliografia egoki bat eskainiz.

Nafarroak, XV. mendetik hasita ezagutu zuen inprimagintza, Arnaldo Guillén de Brocar (frantsesa edo maguntziarra bera) Euskal Herriko lehen inprimatzaile zelarik. Hastapena* Iruinean badugu ere, jarraipena Lizarran* izango dugu: Egia eta Antuerpia* dira hango izen berriak. Ongi ikasi zuen Egia nafarrak ofizioa, gerora Espainiako inprimatzailerik sonatuena. izateraino Alcalá de Henares-en Erasmismoaren inprimatzaile, halajaina*!

Hasera* haien ondoren, Nafarroa izango da Euskal Herriko inprimategien bizitokirik jantziena eta emankorrena. Hori ikusteko, aski da liburuska hau horiztatzea. Bizkai eta Gipuzkoako lehen inprimategiak XVI. mendeko bigarren partean jaiotzen dira: eta Arabak, ostera,* XVIII. mendearen haserararte itxaron* beharko du.

Liburuzaleentzat bakarrik egin den liburutto honek, albiste interesgarriak ditu benetan. Kontuan eduki behar baitugu, Euskal Herriko inprimategien eskasiak, zalantzarik gabe, zerikusirik franko izan duela Euskal Literaturaren berandutasunarekin. Europak liburu bidez egin izan du bere kultura, Errenazimendutik XX. menderarte: kultura idatzia da Europakoa, eta euskaldunok ez genuen hor zorte onik izan. Hala ere, ezagutzekoa da eduki duguntxoa. Honetan ibili diren eratzaileok; emango ahal* digute berriz ere albisterik, geure historiaren kultur alor horretatik! (Joseba INTXAUSTI).

3. IZTUETA P., APALATEGI J.:

Marxisma eta nazional arazoa Euskal Herrian.

«Zabal», Baiona, 1974.

Baionan, «Zabal» elkargoak* Elkar argitalpenen* Irati sailari hasera* eman dio Marxisma eta nazional arazoa Euskal Herrian liburuaz. P. Iztueta eta J. Apalategi dira egileak. Liburu ezin interesgarriagoa. Orain arte, bazterretan, teoria konplikaturik asko barreiatu* da. Bi autoreek teoria horien azterketa sistematikoa egiten digute. Saioak, VI. Asanblada, Sarrailh Ihartzako, eta abar: liburu honetan eskola eta talde bakoitzaren pentsamentua azaltzen da. Horretarako, teorion inspiratzaile izan direnen berri ematen da: Lenin, Stalin, Mao eta gainerakoak. Horretara, Euskal Herrian zabaldu diren teoriak eta berauen iturburuak batera ikus ditzakegu.

Liburua tesi politikoen mailan gelditzen da, filosofietan sartu gabe. Politika mailan. Irakurleak ez du konplikazioen beldur izan beharrik. Hegelen izena ez da aipatzen. «Materialismo dialektikoa»z kontzepturik ere ez. Teoriotan, filosofiak utzi eta politikari bati interesatzen zaiona bilatzen da: tesi politikoak. Euskal arazoa burubidatzeko daduzkaten soluzioak, eskaintzen duten estrategia, zer taktika eraman nahi luketen. Hitz batetan: zeinek zein politikabide daraman* jakiteko laguntza haundi bat. (Joxe AZURMENDI).

Albistariak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Gexan LANTZIRI

Joan Mari TORREALDAI

dezake, daike

dezakete, daikee

dezaten, daien

die, deutse

diezaiokegu, deiskiogu

diezazuke, deiskizu

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkie, deutsez

dizuet, deutsuet

geunden, gengozan

itzazue, eizuez

lezake, leike

lezakete, leikee

liokete, leuskioe

zaie, jake

nizkion, neutsazan

zaio, jako

zait, jat

zaizkie jakez

zaizkigu, jakuz

zidan, eustan

zidaten, eusten

zieten, eutseen

zioten, eutsoen

zituzkeen, eukezan

zitzaidan jatan

zitzaigun, jakun


Herrialde guztietan

Harold Wilson eta Gales eta Eskozia

Urriko hauteskundeen* ondoren, H. Wilsonek hiru bozetako* gehiengoa* bakarrik du Parlamentuan. Posible da, beraz, Labour Partyk inoiz besteren laguntzarik ere behar izatea. Hauk* honela, Gales eta Eskoziako alderdi abertzaleak hasi dira beren eskeak Wilsoni zuzentzen.

Galesko hiru diputatu abertzaleek eta Eskoziako hamaikek (eta bertako beste 23rak ere bat datozela) eskualde* autonomo horietarako Parlamentua eskatzen dute. Eske hau 1976.aren hastapenerako* bete beharrekoa izanen litzateke, diputatu eta abertzale horien ustez.

Bien bitartean, kamioilariek grebara* jo izan dute Eskozian. Gauzak gaiztotuz joan dira; eta hirigizonak gero eta gehiago gogoratzen ditu, «Scottish National Party» (alderdi abertzale) delakoak Londresi zuzendutako erasoak*. Wilsonek nahiago du, greba kontua sindikatuen eskuetan uztea; eta, oro* har, ba liteke, Wilsonentzat jokabiderik egokiena horixe izatea. Baina Gobernuak arazoan parterik ez hartze hori ere, alderdi albertzalearentzat arrazoin ederra da, Gobernuari egiten dion zabarkeri salakuntza sostengatzeko.

Eskozia eta Galesen zuzperraldia*

Keltiar* herri bi dira Eskozia eta Gales, Britainia Haundiko Erresuma* Batuan. Lehen, bereburu* ziren. Gaur, germaniar jatorrizko herri baten menpean bizi dira: ingeles herriaren hegemonipean, halegia.*

Baina, aspaldion, abertzale alderdiek indarra hartzen dihardute. Aurten berton, bozketa* bi egin dira; eta hain denbora laburrean, bai Galesen eta bai Eskozian, aurrerakada polita egin dute hango abertzale alderdiek. Londresko Ganbara Beherean, Galesek abertzale diputatu bi zituen lehen, orain hiru; Eskoziak lehen bost, orain hamaika. Eskozian batez ere, Harold Wilson Labour Party alderdiaren buruzagia izan da abertzaleen etsairik okerrena. Ba dago han eta hemen horretaz zer pentsa.

Berri hauk* beste nonbaiten ere irakurriak dituzkezue.* Guk, geure aldetik, herri bi hauen beste xehetasun* labur batzuk* emango ditugu.

Bertakoek Cymru deitzen dute beren hizkuntzan, guk Gales bezala ezagutzen dugun Herria. Hamaseigarren mendean elkartu zen Ingalaterrarekin, edo elkar erazi zuten. Bi milioi ta erdi bizilagun ditu, eta 20.809 km2. Ehuneko 26a mintzatzen da herriko hizkuntzan. Beraz, batez beste, ba du antzik* Euskal Herriarekin. Oraintsu arte 12 konderri* edo herrialde zituen; baina hamahirugarrena hartzea ere lortu du, Monmouth izenekoa, orain arte ingeles herrialdetzat jotzen zena.

 Alba da Eskoziaren keltiar izena. Sei milioi bizilagun inguru ditu, eta 78.718 km2. Hango gaita eta gizon gonadunakatik ezagutzen da sinpleki bazterretan. Han mintzatzen den keltiar hizkuntzaren egoera ez da batere atsegina. Eskoziak dituen 33 konderrietarik lautan bakarrik egiten da, iparraldean. Han ere atzeraka doa hizkuntza, hegoaldetik gorantz. 1951. urteko kontaketan, 95.447 lagun ziren, herriko hizkuntzan mintzatzen zirenak.

Herri bi hauetan, politik erakundeek* ez dute nortasun berdina. Eskoziak bere udal* eta eskualde* eraketa berezia du; lege batzuk ere bai. Herriko hizkuntza erabiltzen den konderrietan eskola programaketa bat dute. Elizak ere ba du bere eraketa berezia.

Galesen, ostera,* Elizak, bai Anglikanoak eta bai Katolikoak, Ingalaterrakoarekin bat egiten du. Ez dugu ulertzen, Eliza Katolikoak, Erreinuarekin loturarik ukan* gabe, nola egiten duen batasun hori, anglikanoek bezala. Galesek ingelesa du udal eta konderri eraketa, eta alde honetatik Eskoziak baino askatasun gutiago du. Kultur aldetik, ordea, nortasun gehiago du, bai Unibertsitatean eta bai lizeo eta eskoletan ere; baina ez hango abertzaleek gurako luketen beste,* batez ere ingelesaren bultzada geldierazteko, eta gaurko komunikabideek eta irakaskuntzak eskatzen dutenaren arabera* bizitzeko.

Frantziako katalanak ere mugitzen ari dira

Frantziako Perpignan hirian Banque Catalane de Développement eraiki berri dute. Banku hau frantsesa da legez, eta Banco Catalán de Desarrollo diruetxetik hartzen du dirutzarik nagusiena. Azkeneko hau, hamar urte dela eraikia da, eta Madrilen, Barcelonan, Bilbon, Alicanten, Tarragonan, Lleidan* eta Gironan* jarria. Ikus dezakegunez, Madril eta Bilbo kenduz, Kataluniako herrietan zabaldua da.

 Banque Catalane de Développement delako hori, ordea, Kataluniaren ipar alderdiaz, Rossellon deritzan eskualdeaz,* arduratuko da. Hango industrializatze nahiari erantzun nahi dio banku honek. Frantziako alderdi horretara joan nahi duten espainiar entrepresak laguntzen ditu, diru eskaintzak eta merkatu azterketak eginez, eta teknikazko eta legezko arazoeran zerbitzatuz.

Jaime Castells katalan ekonomilaria da bankuaren buru. Egin dioten elkar hizketa batetan garbi esan du, katalan industri gizonak ausartak* direla eta Merkatu Komunaren aldekoak. Eta, gainera, Roselló delako eskualde hori ez zaiela arrotz. Datozen hamabi hilabete hauetan, 15-20 bat lantegi berri eraikitzera doaz, oihal-burdin eta kimikintzakoak.

Textuinguru zabalago batetan jarri beharra dago berrikuntza hau. Rossellonek (Rosselló katalanez) bere katalan nortasunaren kontzientzia birpiztu du. Betiere frantses jakobinismoa jasanez,* hegoaldeko katalanengandik urrundurik egon da, Espainiako Gerla eta Munduko Gerla ondoan. Eta ondoko horretan folklorea eta jakintsu eta poeta banaka batzuen lanak izan ezik, katalan nortasunezko deus* guti agertzen zen, Baina orain alde guztietatik hasi da goraka eskualde hau: hizkuntzaren aldetik, patois delakoarekiko ttipitasun konplexua galduz, kultur hizkuntza egin nahiz; politikaren aldetik, ezker talde zenbait herri nortasunaz jabetu delarik; industriaren aldetik, bi alderdien elkar osapen bat egin guraz. Eta, horretarako guztirako, erakundeak* eta egiturak* sortzera jo dute. Aipatu bakarrik eginen ditut hemen GREC (Grup Rossellonès d'Estudis Catalans) eta Prada hiriko «Universitat Catalana d'Estiu».

Rabat hirian, PAE onhartua izan da

Rabateko biltzarrea amaitu da. Yasser Arafat buruzagiak gidatzen duen PAE edo Palestinaren Askapenerako* Erakundeari,* nazioarteko nortasun politikoa aitortu diote arabiar Estatuek biltzarre horretan. Bost puntutan eman du erabaki hori batzarreak:

1. Sorterrira itzultzeko eskubidea aitortzen zaio behin eta berriz palestinar herriari, eta autoerabakibide* batetarako eskubidea ere bai.

2. Bereburu* izanen den aginte nazional bat eratzeko eskubidea onhartzen zaio palestinar herriari. PAE delakoa palestinar nazionalitatearen ordezkari jatortzat onhartzen da. Arabiar Estatuek erakunde horri eskaini beharko diote Palestinarako laguntza, berorren aginpidea sendotuz.

3. Nazio barnean eta nazioartean ere bere egitekoa bete dezan, PAEri laguntza osoa eskaintzen diote arabiar Estatuek.

4. Jordania, Syria, Egypto eta PAEri dei aparteko bat egiten zaie, elkarren artean ahalik ongien bete dezaten biltzarre honetan deliberatua.

5. Arabiar Estatu guztiak dira palestinar batasunaren arduradun. Horregatik, ez dira beronen barneko eztabaidetan sartuko.

Ikus daitekeenez, hartu diren deliberamenduok biziki garrantzizkoak dira. Palestinar herriari (edo beronen ordezkari jatortzat ematen den PAEri) nazioarteko nortasun politikoa aitortu egin zaio, eta estatutasunerako bideak eskaintzen zaizkio. Ez, noski, Jordaniako Hussein erregearen gogo on garbiarekin. Nigar egiten omen zuen hark Rabateko biltzarrean. Baina gizon baten nigarrek ez dute mingostasun handirik, herri baten etorkizun itoaren ondoan

Husseinek, ingurumariak* bortxaturik, federakidetasun bat eskaintzen zuen, palestinar arazoa konpontzeko. Jordania bi eskualdetan* zatikatuko zukeen, Koroa bakarraren babespean. Palestinar fedayyin-ek onhartu egin zuten proposamena, baina baldintza bat ezarriz: edozein Estatutan bizi diren palestinar herbestetu guztiek ere botoa emateko eskubidea ukanen* zuketela. PAEk nahi duena argi dago. Palestinar guztientzat egoki eta premiazkoa den Estatu nazional, laiko eta ireki bat nahi du. Hori da luzarorako helburua.

Israelek ez du horrelakorik ontzat ematen. Bere mugen eta Iraqen mugen artean ez du onhartzen Jordaniaz beste Estaturik. Baina, orain Rabaten PAEren tesia onhartu denez gero, Israelen solaskide* bakarra palestinar herria izanen da, eta beronen ordezkaria den PAE. Israeli gogortu egiten zaio, bada, bake bidea.

PAE ez dago bakarrik. Ba du herri bat atzetik. Palestinar herriak 3.457.000 lagun ditu, Palestinan bertan eta inguruko Estatuetan sakabanaturik:

Haraindiko Jordanian 800.000

Honaindiko Jordanian 700.000

Israelen 500.000

Gazan 400.000

Libanon 255.000

Syrian 180.000

Golko Persikoan eta Arabian 100.000

Iraqen 22.000

Horietaz gain, beste milioi erdi inguru bizi da Amerika, Afrika eta Australian. Beraz, lau miliotik gora dituen palestinar herri sakabanatuak oraintxe aurkitu du bere buruzagi ofiziala. Yasser Arafaten garaipenik handiena izan da Rabateko bilkura.* Palestinar erresistentziak urrats* handi bat eman du erabaki hauetan; eta ba dirudi, Palestinaren arazoari jite* berri bat emanen diola biltzarre horren deliberamenduak. Israelek esana zedukan, eta esan hori ostera* ere berritu du: ez duela PAE delakoa solaskidetzat onhartzen.

1967.eko gerlatean berritutako PAE aurrera doa. Hamar erakunde gerlari ditu barnean. Hamar erakundeok guztiok ematen dute ontzat PAEren gidaritza, bakoitzak bere egitura* eta ideologia gorderik ere. PAEren erakundekideak hauk* dira:

1. Al Fatah. Yasser Arafat da honen buruzagi. Hamabost mila fedayyin biltzen ditu, Al Assifa taldean elkartuak. Politik indar bezala, 33 aulki ditu Palestinar Kontseilu Nazionalean. Talde moderatuena.

2. Palestinaren Askapenerako Herritar Frontea (PAHF.) Habaxe da honen buruzagi. Palestinar Kontseilu Nazionalean 12 aulki ditu. Ideologiaz marxista-leninista da, eta PAEren barnean ezker muturrean dago.

3. Al Saika da, Alfatahen ondoren, talderik sendoena, bai jendez eta bai medioz. Damaskoko Gobernuak laguntzen du, eta Husseinen kontrariorik gogorrena da.

4. Palestinaren Askapenerako Herritar Fronte Demokratikoa. Hawatmeh da buru. Marxista-leninista da. Ez du bakezko konponketarik onhartzen.

5. Palestinaren Askapenerako Ekintza Taldea (PAET). Ideologiaz Al Fatahen hegal bat da.

6. Palestinako Arabiar Erakundea. Habaxeren PAHFetik sortutako taldeño bat da.

7. Arabiar Askapenerako Frontea. Iraqeko baastiarrek lagundua. Kayali da honen gidaria.

8. Herritar Askapenerako Indarra. PAEren erakunde harmatua da hau.

9. Herritar Burrukaren Frontea. Habaxeren gerizpean sortua.

Ikus daitekeenez, Palestinako herriaren ordezkari jatorra den edo jatortzat ematen den PAE erakundea, ez la erabateko* batasuna. Helburu nagusi baterako (aberriaren askatasunerako) antolatu den elkarte handi bat da; eta helburu nagusi horretan dago ia bakarrik batasuna. Gainerako ideologi eta ekintz arazoetan, palestinarrok ez datoz bat. Azkenean, horrela gertatu da PAE, nazioarterako eta askapenerako tresna jatorra. Rabatek izango du ondorenik, batez ere orain, UNOk berak ere PAE hori batzarkidetzat hartu duenean: horretarako, 105 boz alde izan ditu, 20 zuri eta 4 kontra (Israel, USA, Bolivia eta Dominikar Errepublika).

Idazleak:

Joseba ERREKONDO

Jose Luis LIZUNDIA

Joan Mari TORREALDAI

dezakegu, daikegu

dezan, daian

dezaten, daien

dio, deutso

diote, deutsoe

zaie, jake

zaio, jako

zaizkio, jakoz

zedukan (zeukan), eukan

zuketen, eukeen


Tabakoa eta erradioaktibitatea

E.E. Martell zientzigizona Koloradoko Bulder hirian ari da lanean, hango egurats* ikertokian. Ikertzaile talde batekin, hainbat urtetan aritu izan da, tabakoaren eta erradioaktibitatearen arteko harremanak aztertzen. Guk haien aurkikuntzen laburpentxo bat aurkeztuko dugu hemen, guztiontzat interesgarri delakoan.

Erradioaktibitatearen gordeleku

Martellek eta beronen laguntzaileek, tabako soroetan, beste landare soroetan baino a eta b izpi gehiago neurtu ukan* dute. Eta hau, edonongo tabako baratzetan gertatzen da, neurri berean ez bada ere. Neurketa hauek zera adierazten digute, tabako landareak, bestelako landareak baino erradioaktibitate zaleagoak direla, eta beren barnean erradioaktibitate gehiago gordetzen dutela.

Tabako landaretan bereziki aurkitu izan diren erradio isotopoak, ondoko bi hauk izan dira: Polonioa-210 eta beruna-210. Lehenak a izpiak jaurtikitzen ditu, eta haren erdi-bizitza 22 urtetakoa da. Bigarrenak b izpiak jaurtikitzen ditu, eta haren erdi-bizitza 25 urtetakoa da.

Ikerketak egiten hasi zirenean, isotopo hauk sustraietatik irensten zirela pentsatu zuten ikertzaileek; baina eguratsetik hartzen zirela frogatu zuten geroago. Ikus dezagun, nola frogatu zuten hori. Tabako landarearen zati guztietan eginikako neurketek zera agertu zuten, horrietan, beste zatietan baino hogei ta hamar bider erradioaktibitate gehiago zegoela masa unitateko. Neurketa horretan oinharriturik, horriak zehazkiro aztertzen hasi ziren, eta, mikroskopioaren laguntzaz, iletto* batzuk aurkitu zituzten horrien azalean. Tabako motaren arabera,* 300dik 900era iletto ei* daude zentimetro koadratuko. Iletto horietan kontzentratzen eta trinkotzen da erradioaktibitatea.

Erradioaktibatearen eragina

Zigarroxken* erretze* tenperatura 600 ºC (seiehun Celsius gradu) ingurukoa izanik, lehen aipatu dugun polonioa, gas egoeran sartzen da biriketara.* Beruna,* berriz, likido bihurtzen da, eta egoera horretan sartzen da kearekin batera.

Elementu hauk, barrura sartzean, bronkioen eta biriken epitelioan lotzen* dira, eta bizitza guztirako bertan geratzen. Horregatik, nahiz eta elementu hauk neurri ttipitan egon eta sortzen duten erradioaktibitate maila oso baxua izan, gizagorputzean ukan litzaketen ondorioak. kontutan hartzeko modukoak dira.

Erradiazioei buruz, polonioarenak berunarenak baino arriskugarriagoak direla esan behar dugu. Polonioaren erradiazioek, a izpidunak izanik, leku ttipitan biltzen dituzte kalte guztiak. Berunarenak, ostera, b izpidunak baitira, ez dira hain kaltegarriak, eta egiten duten damua* ez dago hain trinkoturik.

Azkenik, beste puntu bat ere aztertu behar dugu, erradioaktibitatearen eragina aipatzerakoan, eta hauxe da: Hogei ta bi eta hogei ta bost urtetako erdi-bizitza duten lehen aipatutako erradio isotopoak behin irentsiz gero, haien eraginak gizonaren bizitza osoan irauten du. Hobeto ulertzeko, eta erdi-bizitza hori zer den jakiteko, kontutan har ezazue, numero horiek zera adierazten dutela: isotopoen eragin erradioaktiboa, 22 eta 25 urte iragan ondoren, erdira jaitsiko dela, eta, 44 eta 50 urteren buruan, laurenera, eta horrela...

Ondorioak

Gauza ezaguna da, erradioaktibitateak minbizia edo kantzerra sortzen duela Nola gertatzen da hori? Begira! Dirudienez, kantzerra birus batzuen eraginaren ondorioa da. Birus hauek zeluletako geneen jokabidea desarau* dezakete. Orduan, zelulak anarkikoki multiplizatzen hasten dira, eta kantzerra sortzen da. Zeren, antza* denez, birus horik* lotan bezala baitaude zeluletan, eta erradioaktibitateak iratzarri egiten baititu.

Ongi frogatua da, tabakoak biriketako kantzerra sortzen duela. Baina zergatik? Orain arte, tabakoak duen alkaternagatik zela pentsatu izan da. Eta halaxe da. Hala ere, alkaternaren teoria honen bidez ezin daitezke esplika, hainbat urtetan erretzeari utzi ondoren sortzen diren kantzerrak. Beraz, ezin daiteke esan, gaitz hori alkaternaren ondorioa denik, ordurako ez baita biriketan alkaternarik geratzen. Martell zientzigizonaren eritziz, «beranduko» kantzer hauen sorrera, elementu erradioaktiboen eraginean oinharritzen den teoriak, ez bestek, esplikatzen du.

Bukatzeko, esan dezagun, orain arte behintzat, polonio eta berun erradioaktiboak bakarrik aurkitu izan direla biriketan. Honetaz oharpen bat egin behar dugu. Orain arte biriketan baino ez aurkitzeak ez du esan nahi, elementu horik odolera ezin iragan litezkeenik. Posibilitate hori, oraino frogatu gabe dagoen arren, ez da ezina. Hatxix erretzen duten drogazaleen artean behinik behin, gorputz osoan barrena aurkitu izan dira droga horren seinaleak. Modu berean, polonioa eta beruna biriketatik gorputzeko beste ataletara iragan balitez, arriskuak are haundiagoak litezke.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakete, daikee

digute, deuskue

ezazue, eizue

litzakete, leikeez


Fedea eta ekintza

Apezpikuak salatari

Irailaren* 19an argitara eman du bere OHARRA Espainiako «Gizarte Apostolutzarako Apezpiku Batzordeak». Ohar edo delako horren gaia zera izan da: «Gaurko egoera ekonomikoaren aurrean kristau jarrerak*». Dokumentu hau, gizarte arazoetarako apezpikuek osatzen duten batzorde* ofizialak idatzi du, eta ofizialtasun berarekin zabaldu,

Espainiako Elizak dituen apezpikurik irekien eta aurrerakoiengandik datorren ageria da ohar hau. Oviedoko Merchán artzapezpikua. Kanarietako Infantes, Barcelonako Guix, Sevillako Montero. Huescako Osés eta Donostiako Setien jaunak izan dira, dokumentua sinatu* dutenak. Lehen biak ezik, gainerako danak apezpiku laguntzaileak dira. Honetaz ere zerbait esan liteke, baina urrunegi joango ginateke hortik.

Ageriaren mamia

Bost atal ditu ageriak. Gaurko egoera ekonomikoak dakartzan itxaropen eta kezkak aipatzen ditu lehenik; ekonomi egoera horren analisi bat eskaintzen du hurren; ageri horren bidezkotasuna azaltzen du gero; eta, azkenik, egoera ekonomikoak eskatzen dituen kristau jarrerak aztertu ondoren, berrikuntza baterako deia egiten du.

Hasera haseratik egiten dute salakuntzarik gogorrena: gaurko egoeraren ajea ez dario* konjunturari bakarrik, barneagotik jaio den gaixotasuna da. Estrukturazko eritasuna ere ba da. Espainiako gizartean hazkunde ageri bat gertatu da; baina ez gizarte horretan bertan desoreka* bat sortu gabe: inflaziopean dago, beraz, ekonomia. Kulturak berak ere sofritu izan du, ondorio bidez, ekonomiaren ezbeharra. Hain ondorio zabal eta sustraizkoak dakartzan egoera horren aurrean, Elizak ere esan behar du eritzia, fedeak duen ikuspegi berezitik.

Ondoren (ageriaren laugarren partean) ekonomi hazkundeari begirada kritiko bat ematen zaio: alde on eta txarrak, errenta banaketaren arazoa, lantokirik eza eta langileen geldialdia, konjunturaren eta estrukturaren harremanak. Hauk* dira, labur eta gaingiroki,* punturik nagusienak.

Ideia jakingarrienak: salakuntzak

Bai, bistan da, Espainiak hazkunde bizkor bat ukan duela azken urteotan; baina esan beharra dago ere, hazkunde hori gizarte osoaren bizkarraren gain egin dela. Langileriaren izerdiak gogoratzen dira batez ere: desgaraietan sartutako lan ordu luzeak, langileen deserrirapenak (Espainia barnekoak nahiz herbesterakoak). Nazioaskotako* entrepresak ere aipatzen dira, eta kontsumismoaren interesak argitan ezartzen, beronen barneko ustelkeria salatuz.

Hazkundeak handiagotu dituen gizartezko* aldeak eta diferentziak bizkorki aitortzen dituzte apezpikuek: «Batetik hogei ta hamarrerainoko aldeak daude gure artean, agi* denez; eta gehiagorik ere ba da nonbait, lanaren errenta aldagaitzetan adibidez, kapitalaren irabaziak aipatu ere egin gabe».

Arrazoinezkoak eta gehiago dira, beraz, langileen eskeak. Greba legeak desegokiak eta batere gaurkotu gabeak direlako, langileriaren ekintza politikara lerratzen* da sarritan, azkenik legekontrakotasun batera pasatuz.

Hazkunde ekonomikoak kapitala esku guti batzuetara eraman du. Honetara, «gehiengoak,* inork hartutako erabakietara makurtu behar du, ixil ixilik, erabaki haietan inolako parterik hartu ez arren». Hain zuzen, erabakitzaileak guti batzuk direlako, inflazio aldi honetan herri xeheak ez du bere boza entzun erazteko modurik: horra, bada, langileriak irabazitakoaren deuseztatzea* eta, ikaragarriago dena, lantoki galtzearen beldurra.

Hazkunde ekonomikoak kulturazko eragina* ere ba du. Gizarte komunikabideetatik, erdi ezkutuan ematen zaigun gizatasun irudi jakina aipatzen dute apezpikuek. Ekonomi sistemak (sistemaren beraren probetxutan, noski) ez du batere errazten kultura kritiko bat, berriz ere pentsa- eta bizimoldeak betiko sistema aldagaitzaren menpean ezarriz. Hirigizon bakoitzaren kritik sorketa behar da, beraz, bizkortu, eta ez geldotu.*

Nora jo, bada?

Dokumentua ez da salakuntza jakin batzuetara mugatzen. Nondik norako batzuk ere eman nahi ditu, kristau fedearen argitan egoera ekonomiko hori epaituz.

Lehenik zera esaten du: bizimoduaren maila jasotzea ez da aski,* jasotzearekin batera moldaberritu ere egin behar da. Kultur, espiritu eta erligio balioei eman behar zaie lehentasuna, eta ez inondik ere ekonomi irabaziei, Publizitatea salagarria da puntu honetan, horrek ere gizonaren zerbitzutan egon behar baitu.

Kapital metatzearen arazoaz zer esan? Jasan* ezina da, guti batzuen eskuetan askoren irabaziak metatzea. Ez da zilegi,* guztiek sortutako aberastasunak kapitalista guti batzuenak izatea. Desberdintasunei muga egoki eta arrazoinezko bat jarri beharra dago: horretarakoxe izan beharko luke zerga* sistemak. Bizibide liberalak dituztenek (mediku, legegizon etab.) aztertu egin beharko lukete, guztiek batera, ea ez ote den bidezko, nork bere irabaziei hesiak ezartzea.

Kapitalismoaren barnean, lanaren harremanak legeztatuak daude; eta legeon arabera* moldatu nahi izaten dira lantegietako gorabeherak. Baina ez da ahantzi* behar, langile eta ugazaben* arteko elkar hizketa libre batek betidanik duen zeregin zabala. Sindikatuetan elkartzeko eta greba* ere egiteko, premiazkoa da legeria berri bat Espainian, dagoena ez baita egokia.

Kristauek jakin egin beharko lukete, mundua ez daramala aurrera halabehar hutsak. Gizonon erabaki eta borondatearen arabera ere egiten da gizartea. Gizarteko aberastasunak banakorrak dira, eta aberatsen eskuetan ahalik gehien biltze hori konpondu egin behar da.

Non daude egoeraren sustraiak?

Egungo* egoeraren sustraiak ez daude gainegituretan* bakarrik. Barnerago jo behar da, egoera honen arrazoinen bila: inflazioa estrukturetatik ere ba dator. Guztion ona bilatzen duen gizarteak ezin dezake onhar, beti argalenen eta ahulenen gain zama* botatze hori. «Abantailez* jositako egoera bat sostengatu nahi dutenek soilik onets* dezakete, beti beren alde doan determinismo ekonomiko bat».

Txundigarria da langile askoren egoera. Ordu luzagarriak* sar eta sar ibili behar dute, kontsumo gizarte honi jarraitzeko. honela langilegai anitzi* lantokiak kenduz. Langilea engainatua izan da hor ere.

Egoera ekonomikoari, eskatzen duen erantzuna eman nahi baldin bazaio. bi epetan egin behar da lan: unean* uneko irtenbideak bilatuz, eta errotik bertatik ere aldatu behar dena aldatuz. Baina aldaketa hauk, botere politikoa dadukanaren eskuetan daude. Politik partaidetasuna, partizipazioa, benetakoa nahi baldin bada, ostera,* informabideak leialtasunik gardenenarekin* maneiatu behar dira.

Aldakuntza hauetarako, gizonak dira pentsatu behar dutenak, pentsatu eta pentsa erazi. «Gure gizarte honek berehalako erreforma sakonak behar dituela aitortzean, kultura kritiko baten beharra nabaritzen* da». Kultura kritiko hori gabe ez da posible, aldakuntzarik zuzen eramatea. Gizamolde berri bat nahi bada, ezin gaitezke aldaketatto batetan eta estrukturen kanbiaketan bakarrik gera. Kristauentzat, gizonaren azken eredua* Nazareteko Jesus bera izanen da.

Ondorio bidez

Azken urteetan apezpikuei irakurri diegun ageririk egokiena da hauxe. Mamiari ez dio beldurrik izan, eta hizkerarik argienean mintzatu da nornahirentzat. Alde batzuetatik ausarta* ere gertatu da, batez ere, apezpikuena dela eta ofizialtasun baten barnean egina dela gogoan hartzen badugu. Oro* har, oso probetxuzkotzat jotzen dugu, geure gaurko egoera honetan.

Joanes GOIA

daude, dagoz

dezake, daike

dezakete, daikee

diegu, deutsegu

dio, deutso

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako


Gurutzegrama (50)


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja, privilegio. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ABONATU, abonado, suscritor.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGI DENEZ, antza* denez, al parecer.

AHAL, baldinba, oxala.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHUL, makal.

AHULEZIA, makaltasun.

AINA, adina, beste, bezainbat, bezainbeste.

AISA, aise, erraz.

AISE, aisa, erraz.

AITZIN, antes de.

AITZINAMENDU, aurreramendu.

AITZINESKOLA, escuela preparatoria, centro preescolar.

AITZINERAZTE, hacer progresar.

AJE, dolencia. (Ingelesez ache).

ALA, arau. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 228. horrialdea).

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALIMALE, enorme.

ALKATERNA, alquitrán, goudron.

ALOKAIRU, alquiler.

ALOR, arlo.

ANITZ, asko.

ANTUERPIA, Amberes, Anvers.

ANTZ, parecido, ressemblance. (Antza denez = dirudienez).

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARESTION, arestian, berriki, berrikitan, recientemente.

ARGITALPEN (argitara + pen), edición.

ARTA, ardura.

ASKAPEN, liberación.

ASKI, nahiko.

ASTEAZKEN, eguasten.

ATXEKI, conservado.

ATXEKIMENDU, adhesión, afecto, apego.

ATXILOTU, detenido, arrestado, apresado.

AUSART, valiente, intrépido.

AUTOERABAKIBIDE, autodeterminación.

BAITAN, -gan.

BAITEZPADAKO, beharrezko.

BALIA, valerse, servirse.

BALIATU, erabili.

BARREIATU, dispersado.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, zenbait. (Batzuek, aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEHATU, begiratu.

BEHINIK BEHIN, behintzat, bederen, gutienez.

BELAUNALDI, generación.

BERANT, retraso.

BEREBURU, independiente.

BEREIZI, bereiztu, separado. (BEREZI, especial. BEREZITU, especializado).

BEREZITU, especializado. (BEREIZI, BEREIZTU, separado).

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BERUN, plomo, plomb.

BESTE, adina (aina), bezainbat. bezainbeste.

BILAKATZE, bihurtze.

BILKURA, bilera, reunión.

BIRIKA, pulmón.

BORDELE, Burdeos.

BOZ, voto.

BOZKETA, hauteskunde, elección por votación.

BULEGARI, oficinista.

BURURATU, llevado a cabo.

DADUKATE, mantienen, afirman.

DAMU, daño, perjuicio. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

DARAMA, daroa.

DARIO, le fluye, le mana, procede de ello. (Erion aditzaren forma).

DATXEZKIO, atxekitzen zaizkio, se le juntan, se le adhieren, dependen de ello. (Atxeki aditzaren forma. Hona hemen aditz honen beste forma batzuk: datxekit, datxekik, datxekik, datxekin, datxekio, datxekigu, datxekizu, datxekizue, datxekie, datxezkio, gatxezkio. Ene ustez, euskara batuan, atxeki erabili behar genuke, eta ez atxiki. Bestalde, bazter ditzagun, klasikoek erabiltzen zituzten datxet, datxeka, datxete, datxetza, gatxetza... formak, dagot, dagoka, dagote, dagotza, gagotza... formak baztertu ditugun bezala).

DESARAU, desarreglar, romper la normalidad. (DESARAUTU, desarreglado).

DESGARAI, destiempo, hora extra.

DESOREKA, desequilibrio.

DEUS, ezer.

DEUSEZTATZE, ezereztatze, destruir.

DITUZKEZUE, dituzue nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EGITURA, estructura.

EGUERDIKARI, eguerdi denboran.

EGUN, gaur.

EGURATS, atmósfera.

EI, omen.

EKARRI, aportado, aportación.

ELAKATZE, conversar.

ELE, berba, hitz.

ELKARGO, elkarte, batasun.

EMATE, parecer, dar la impresión.

ENGOITIK, honez gero, dagoeneko, para ahora.

ERABATEKO, completo, total.

ERAGIN, influencia, acción.

ERAKUNDE, organización, organismo, entidad.

ERASO, ataque.

EREDU, modelo.

EREMU, extensión de terreno.

ERITASUN, gaixotasun.

ERITEGI, gaixotegi.

ERIZPIDE, criterio.

ERORTZE, jauste.

ERRESUMA, reino, royaume, kingdom. (ERREINU, reinado, règne, reign).

ERRETZE TENPERATURA, temperatura de combustión.

ESAN NAHI BAITA, con lo cual se quiere decir, a saber, es decir, esto es.

ESKERGA, enorme.

ESKIERKI, beharbada, nonbait.

ESKUALDE, comarca, región, distrito.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

ETENAK ETA HOBENAK, defectos y vicios.

ETSI ERAZI, defraudado.

EUSLE, sostenedor, partidario.

EUSTE, apoyar.

EZKUTATU, ocultado, caché.

EZTEUS, incapaz. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

FERIAKARI, feri denboran, azoka denboran.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo, fundamento.

FUNTSATZE, basar, fundamentar.

GAINEGITURA, superestructura.

GAINGIROKI, superficialmente, por encima.

GALDETOKI, consultorio.

GARDEN, diáfano.

GEHIENGO, mayoría.

GELDOTU, geldo (inútil, incapaz) bihurtu.

GIRONA, Gerona.

GISA, era, modu.

GIZARTEZKO, social.

GOGO, nahi, gura.

GOMUTATZE, oroitze.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GOTOR, firme, sólido.

GREBA, huelga.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HALAJAINA, pardiez, pardi!

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HARMADA, ejército.

HARTU, hartutako, harturikako, harturiko.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE, bozketa, elección por votación.

HAZIL, noviembre.

HAZKUNDE, desarrollo, développement. (Bazter dezagun sekula betiko desarroilo hitz itsusia).

HEDATU, extendido.

HEGI, ertz.

HEIN, medida, proporción.

HELDU (1), abordado, agarrado, saisi.

HELDU (2), próximo.

HELDU (3), maduro, mûr.

HERTSI, hestu.

HESI, valla, vallado, palissade.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HILTZER, hil hurren, hil zorian.

HITXI, hetsi, cerrado, fermé. (HERTSI, herstu, estrechado, apretado). Ikus «Zabal», 7. zenbakia, 52. horrialdea).

HITZARMEN, convenio.

HOBARI, abantail, ventaja.

HOIN, horren, tan.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HURA, ha.

IBILBIDE, itinerario.

IGURIKATZE, igurikitze, itxarote.

IHARDESTE, erantzute.

IKER, azter, examinar.

IKUZTOKI, lavabo.

ILETTO, uletxo.

INGURUMARI, contorno, ambiente.

IRAIL, septiembre.

IRITSI, iritxi, heldu.

IRRIKA, anhelo, vif désir.

ISTILU, conflicto.

ITAUN, galde, galdera.

ITAUNDU, galdetu.

ITAUNTZE, galdetze.

ITXARON, iguriki, igurikatu.

ITZUR, escapar. (ITZURI, escapado).

JADANIK, ya.

JAKIN, determinado.

JALGI, atera, irten, urten.

JARRERA, actitud, postura.

JASAN, soportar.

JAUZI, salto.

JAZO, gertatu.

JITE, índole, aptitud.

KABUZ, buruz. (Hitz hau latinezko caput berbatik dator).

KAPERA, capilla.

KELTIAR, celta.

KOKATU, situado, ubicado, asentado.

KONDERRI, condado.

KOPURU, cantidad, suma. (Kopuru eta mukuru latinezko cumulus berbatik datoz).

KUDEATZE, dirigir.

LAGUNARTE, cuadrilla.

LANDES, Frantziako eskualdea.

LAR, larregi, gehiegi, sobera.

LAUDA, alabar.

LEHIATUKI, afanosamente.

LLEIDA, Lérida.

LERRATZE, deslizarse, glisser.

LIBERA, franco.

LIZARRA, Estella.

LOTZE, gelditze.

LUBAKI, (lur + ebaki), trinchera, tranchée.

LUZAGARRI, apéndice, añadidura.

MAILEGU, préstamo, crédito.

MATXINADA, revuelta, levantamiento.

MENERATZE, menera ekartze, someter. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

MENTS, defecto, falta, mengua.

MERKATALDEGI (merkatari + tegi), cámara de comercio.

MERKATALGO (merkatari + go), comercio.

MERKATARI, comerciante.

NABARITU, sentido, percibido, advertido.

NABARITZE, sentir, percibir, advertir, notar.

NAHIKARI, gurari, deseo.

NAZIOASKOTAKO, multinacional.

NEKE, neketsu.

NERABE, gazte, joven, púber. (Ikus Azkueren hiztegi handia, eta André Tournier eta Pierre Lafitteren «Lexique Français-Basque»).

OHI, ex-, antiguo.

OIHAN, baso, bosque.

OIHANEZTATZE, repoblación forestal.

OLA, fábrica.

ONDIKOTZ, zoritxarrez.

ONETS, onhar, aceptar, admitir.

OPARO, abundante, generoso, fecundo.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea,

OSTERA ERE, berriz ere.

OSTERANTZEKO, diferente, diverso.

OSTIRALE, bariku.

PLASTIKOZOLA, suelo de plástico.

POTTOKA, poney, caballo pequeño.

SINATU, firmado.

SOIL, simple.

SOLASKIDE, interlocutor.

SORO, solo.

TAXUZKO, tailuzko, egoki, conveniente, hecho a la medida.

TOLOSA, Frantziako Toulouse.

TXATXO, de poco fuste.

TXIRRINDULARI, ciclista.

TXUNDIGARRI, desconcertante.

UDAKARI, uda denboran.

UDAL, municipio.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UGAZABA, nagusi, amo, dueño.

UKAN, Izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNEAN UNEAN, en cada momento.

URDANDEGI, txerritoki.

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo).

USU, maiz, sarri.

XAKU, saquito. (ZAKU, saco).

XEHETASUN, minucia, detalle.

XORTA, gota de líquido.

XURRUTA, fregadero.

ZAMA, karga.

ZELAI, llanura.

ZENEZAKEA, al zenezake (zeinke)?

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, tributo, impuesto, contribución.

ZERTZELADA, detalle.

ZIGARROXKA, zigarreta cigarrillo, cigarette. (ZIGARRO, cigarro puro, cigare).

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZINEZTATZE, jurar.

ZUZENBIDE, justicia. (HELBIDE, dirección, adresse).

ZUZPERRALDI, reavivación, revitalización.