ANAITASUNA

284. zenb.

1974.eko urriaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Euskaldun bai, fededun ez?

«Euskaldun bai, fededun ez» bihurtu da, askorentzat, «euskaldun = fededun» esaera hura.* Beste askorentzat, ostera,* galdekizun eta kezkabide bilakatu* da. «Euskaldun eta kristau. biak batera izateko biderik izango ote da biharko egunean?». Honelaxe, larritasunez beterik, jaurtiki zien gazte batek itaun* hori Baionako elizbarrutiko* Apez Kontseilukoei, hauk* «Euskal Arazoa» aztertzeko bilduak zeudelarik.

Honetara bildu zuen Añoveros jaunak «Euskal Arazoaren» mamia: «Gutariko batzuek, zeinek era batera, zeinek bestera, Euskal Herria zapaldurik bizi dela diote; eta, gure Herri honen eskubideak haintzat hartu behar direla eta, ekin* eta ekin dihardute. Beste batzuk, ostera, horrelakorik entzuteaz bakarrik, haserre eta sutan jartzen dira, gaurko egoera honen aldatzeko zerbait egitea, gizarte eraketaren aurka zuzen zuzen doakigun bekatu galgarria dela eta». Benetako eta mami mamiko euskal arazoa, Euskal Herriaren «bizi edo hil» horretan dagoela iruditzen zait. Hortik sortzen dira ondorengo zatiketa, eztabaida eta burruka guztiak.

Hogeigarren mendeko Elizak duen zauririk handienetakoa eta bizienetakoa, zera omen da: bere burua pobreen Elizatzat duen horrengandik langileriak ihes egin duela. Euskal Elizak gaurregun duen zauririk larriena, berriz, beste hau da: Euskal Herri «biziaren» hautapena* egin eta horren aldeko ekintza eta burruka aurrera eraman nahi duten askok eta askok Eliza hori alde batera utzi dutela. Ikusgarria da, nola kristau ekintzan ziharduen talde askok eta mila kristauek, euskal arazoaren hautabeharrean aukera* egitean eta euskal ekintzara murgiltzean, Eliza eta kristau bidea baztertu dituen. Sendagaitza izango zaio Elizari zauri hori, euskal arazoa aitortu eta aztertu nahi duen une honetan ere, arazo horren bizitasunak eta dinamikak ihes egiten diolako. Eta euskalduntasuna eta kristautasuna teoriaz guztiz bat datozela onhartzen dutenek ere, gaurko euskal ekintza biziari eta gaurko kristau ekintza biziari batera nork bere burua lotzerakoan, zalantza handiak sortzen zaizkio kristauari eta ihesbide ugari aurrean jartzen. Kristau «ezkertiarrak» euskal ekintzari buruz dituen zalantzak eta beldurrak, euskaldun «ezkertiarrak» kristautasunari buruz dituen zalantza eta beldurraren parekoak direla dirudi. Hau guztiau sakonki eta kemenez harrotu eta argitu beharra daduka «Euskal» Elizak, euskal kristauen kezkak eta barruko etenak* konpondu nahi baditu eta gaurko euskal ekintza bizienaren aurrean bere sinesgarritasuna irabazi gura baldin badu. Azterketa garratz hori egiteko beldurrez eta nagikeriaz gabiltzala dirudi, orain oraindik ere.

Bide honetatik sortu zen Euskal Iparraldean FEDEDUNAK taldea, orain dela bost urte, 1969.eko apirilean. Hauxe zuen bere xedea:* «Vatikanoko II. Kontzilioaren irakatsien argitan, kristautasunaren arloan euskal kulturaren zaintzea eta indartzea». Bere egiteak oso konkretuak izan ditu alde batetik: kristau ikasbide liburuak (sei argitaratuak ditu) eta otoitz liburuak euskaraz ematea. Baina, aldi berean, asmo zabalagoak aurrera bultzatzen saiatu da urte hauetan: euskal irakaskintza, euskal liturgia eta euskal dotrina bereziki. Baina berorren eginkizun zorrotzenetako eta bikainenetakoa* zera izan da: Iparraldeko Elizaren barnean euskal arazo osoaren azterketa egitea.

Horrek bultzaturik noski, orain dela zenbait hilabete, Baionako elizbarrutiko Apez Kontseiluak «Euskal Arazo» hori harrotu nahi izan du, eta, horretarako, FEDEDUNAK taldeari eskatu dio laguntza, euskal ekintzan murgildurik dabiltzan beste batzuei bezala. Han erabili* gaien eta adierazi* xedeen laburpena elizbarrutiko «Bulletin Diocésain» delakoan emanak dira (1974.eko uztailak 24).

Lau alderditatik aztertu zuten euskal arazoa: demografiaren eta Elizaren aldetik. Euskal mundu bat, euskal Herri bat eta euskal arazo bat ba dela nabarmen agertu zaio Baionako Apez Kontseiluari; eta, beraz, Euskal Eliza bat ere baitezpadakoa* dugula.

Hauxek izan dira, FEDEDUNAK taldeak Iparraldeko «Euskal» Elizari eta Euskal Herriko Eliza osoari nolabait ezarri dizkion xede eta eskabideak:

1. Liturgian euskara maizago* eta ugariago erabil dadila, eta ez kantuetarako bakarrik, bai, ordea, irakurgaietan eta homilietan ere.

2. Katekesian (dotrina ematean), bai haurrentzat eta bai helduentzat,* euskara erabil dadila. Dotrina, euskaraz eta erdaraz, bietara ematen den tokietan, euskararen erabiltzeak folklore hutsa ematen omen du sarritan/ Baina egiteko hau aurrera eramateko, euskarazko liburuak behar dira, eta hitzaldiak euskaraz eratu kristau helduentzat.

3. Teologia. Liturgia euskaraz emateko, euskarazko katekesia behar da. Berdin, euskarazko katekesirik ezin liteke eman, euskaraz pentsatu, esan eta irakatsiko den teologiarik gabe. Horretarako, eta lehen lehenik, Bibliaren ikaskuntza bultzatu behar da euskaraz.

4. Euskal irakaskintza. Elizaren eskoletan euskararen irakaskintza hedatu* behar da, benetan Herriaren baliotzat hartzen bada: horrela irekiko zaizkio bideak Estatuaren euskal irakaskintzari ere. Horregatik, irakasleak aukeratzean ere, euskara dakiten ala ez ikusi behar dute Elizaren eskolek.

5. Erligiosoak. Euskaraz dakiten erligioso asko eta asko kanpora bidaltzen dira, frantsesez baino ez dakitenak erabat* euskaldun diren herrietara igortzen* diren bitartean. Axolagabekeria? Borondate okerra? galdetzen dute.

6. Elizaren egiturak.* Premia eta arazo guztioi egoki erantzuteko, hiru puntu hauk eskatzen ditu FEDEDUNAK taldeak, Elizaren egiturei buruz:

a) Frantsesa ezezik,* beste hizkuntzaren bat ere erabiltzen duten Frantziako elizbarrutien arteko elkartasunerako eta elkar lanerako batzorde* bat sor dadila.

b) Ipar Euskal Herria eta Biarnoa,* biak biltzen dituen oraingo Baionako elizbarrutia erdibi dadila, Euskal Herriko elizbarruti berrirako euskal apezpiku bat hautatuz.

c) Hego Euskal Herriko elizbarrutiekin harreman hestuak ukan ditzala, guztien artean Euskal Apezpikuen Konferentzia eratzeko.

«Bulletin Diocésain» delakoan argitara den laburpenean, azken hiru puntuok soil* soilik honelaxe ematen dira: «FEDEDUNAK taldeak Hierarkiari egitura berriak sortzeko eskatzen dio». Zerbait zehatzagorik eman zezakeen noski.

Honela segitzen du FEDEDUNAK taldearen txostenak:* «Elizaren eta euskal ekintzan dihardutenen arteko etena nabaria* da. Gehienek ez dute beren kristau fedea argitzeko laguntzarik aurkitzen, beren munduko ekintza Baionako Elizaren barnean obra dezaten. Horrexegatik askok, gazteek batez ere, Elizagandik alde egiten dute. Zer gertatuko ote da horien fedeaz?

Hori guztiori bide honetatik badoa, euskaldun izanez, kristau izateko biderik aurkituko ote da?

Horren bila dihardu FEDEDUNAK taldeak.

Paulo AGIRREBALTZATEGI

dezaten, daien

dio, deutso

ditzala, daizala

dizkio, deutsoz

zaio, jako

zait, jat

zaizkio, jakoz

zeuden, egozan

zezakeen, eikean

zien, eutsen


Aurtengo "Basauri" Sariaz zerbait

«Basauri» Saria, Bizkaiko herri horretako udaletxeak,* euskal kulturaren sail ezberdinak galardoatzeko ezarri zuen, dituen 100.000 pezetatako hornizioaz,* oso oker ez banago, Euskal Herrian kulturaren arloan dagoen haundiena delarik. Diruzko sariaz gainera, oinharrietan argiro ikus daitekeenez J.M. Martín de Retanak bere editorialean argitaratuko zuela. jartzen zen.

Aurten sari hori Linguistikaz izan da; eta irabaztuna Manuel de la Sota jaunaren lan bat dugu, «Complemento al diccionario Vasco-Español-Francés de Resurrección María de Azkue» deritzona, Lino Akesolo jaunarekin batera moldatua.

Lan horrekin batera, Imanol Agirre jaunaren «Vínculos genéticos da la lengua vasca - Euskera euskaldunen izkuntza da» goraipatu da.

Guztitara, hamar lan presentatu omen dira sariketa horretara; eta horien meritu linguistikoak aztertzeko egon den tribunala, Jesus Oleaga abokatuak, eta Jaime Kerexeta eta Gabriel Manterola apezek osatu dute.

Dakigunez, saritutako lan hori Retana jaunak berak presenta erazi zuen, berak laster publikatzeko bere editorialean zuen eta. Sariaren argitaratzaileak, berak karteran zuen lan bat sarira presentatzea, beste gabe, susmagarri zen; baina are* susmagarriago, noski, Retana jaunak orain dela zenbait hilabete Sota jaunaren lan horrek saria irabaziko zuela seguratzen zuela jakin denean; eta ba dago, egon, diogunaren lekukorik.* Hau, hasteko.

Bigarrenik, saria erabakitzeko hautatu den tribunala. Prentsan agertua denez, hirurak Euskal Akademiakoak dira; baina —o baina madarikatua!— tribunal hori ez du Akademiak berak eratu, beragana linguistikako espezialisten bila inor joan ez delako.

Konposizioari bagagozkio, lehen mementotik gauza harrigarri xamar bat aurki dezakegu tribunal horretan, hots,* hiru jaunotarik batek ere ez duela INOIZ EZER linguistikaz egin, eta dituzten estudioak ez direla zientzia horri buruz eginak. Ba dakit norbaitek esan diezadakeela, erdal estudioek ez dutela ezer esan nahi euskal arloan; baina, euskaldunok zientzia infusuaren birtutea ez dugunez gero —nik ez behintzat—, erdal estudioek nahitaez laguntza ederra ematen dute zientzia baten methodologian. Ez dut uste, kasu,* bere karrera erdaraz egin duen mediku batek euskaldunak sendatzeko gai ez dela onhartuko lukeenik. Bai, arrazoi berberagatik.

Jaun horietako bat, gainera, euskaraz bere izena gaizki jarria duen erakunde* batetako zuzendaria dela eta beste bat editorial arazo ezagunengatik Retanaren adiskide mina dugula gehituz gero, irakurleak atera beza zernolako saltsa egon den delako tribunaleon.

Honetaz ez ginateke gehiegi harritu behar, tribunal horrek Linguistika zer den ez baldin badaki; gure ustez, hitzak biltzea —eta Sota jaunaren lana (dukeen* meritua kentzeke*), zerbait izatekotan, hori besterik ez da— ez baita eskuharki* linguistikatzat ematen, hitz honi zentzu «zabalegiegi» bat eman gabe bederen.*

«Non mina, han mihia» diosku esaera zaharrak, eta egia. Irakurle zuhurrak honez gero ongi susmatu dukeenez, artikulu honetako kontsideraziook egitera bultzatu gaituena zera da, guk ere sariketa horretara zerbait bidali izatea. Ez goaz esatera, ez eta guttiagorik ere, gurea onena zela; baina bai, gurea, beste batzuena bezalaxe, linguistikaz egina zela eta guttienez «euskera euskaldunen izkuntza» dela (sic) baino gauza originalagorik esaten genuela.

Lehen mementotik pentsatzekoa zen, noski —honetan ere Euskal Herria gero eta internazionalago baitabilkigu—, nain sari inportante batetan halako azpijan eta sorturiko interes batzuk egon zitezkeela; baina, jaunok, hurrengorako, guttienez, itxura hobeki gorde, burua lerdotzat ez dugunok zernolako «compadreo»ak erabili dituzuen jakin ez dezagun.

Xabier KINTANA

beza, bei

dezakegu, daikegu

diezadake, deiskit

zitezkeen, eitekezan


"Iberia Express"

Atomo indarretxeak Katalunian

Atomo indarretxeen arazoak jende asko eta desberdinak ditu kexa erazten, eta ez Euskal Herrian bakarrik. Tarragonako Diputazioa ere arduratu da, Mediterraneoko kostaldean eraiki nahi diren indarretxeez. Hango eskualde txiki batean bost indartegi nuklear jasotzeko asmoa omen dago. Diputazioak abuztuan ontzat emandako mozio batean, hiru herri aipatzen dira: Vandellós, Ametlla de Mar eta Ascó.

Udaletxe eta herrietatik egin zaizkion deiei erantzuteko, Diputazioak estudio bat egitea erabaki du, berak dituen teknikoez baliaturik, eta CSIC eta «Junta de Energía Nuclear» direlakoei, komeni diren argibideak eskatuz.

Unibertsitatea eta eskualdeen kulturak

Barcelonako Unibertsitateari Erretore berria eman diote. Fabián Estapé izango da berriz ere Erretore. Aukera hau dela eta, elkar ikuste bat izan du Erretoreak kazetari batekin. Hona galde-erantzun interesgarri bat:

— Unibertsitatearen estatutuek diotenez —galdetzen dio kazetariak—, katalan eskualdeko* berezitasunei eta hemengo kultur altxorra* osatzen duten ondasunei leku berezia emango zaie Unibertsitatean. Nola egingo da hori?

— Unibertsitatea izan da —Erretoreak erantzun— katalan kulturaren sukaldea, eta holaxe behar du segitu, beste elkarte pribatu eta ofizialak gutietsi* gabe. Ba da garaia, egiteko asko katakunba giro batetatik ateratzeko. Sasoin batetan hori justifikagarri bazen ere, gaur egun ez. Eta, hala ere, ba dugu arriskurik oraino, halaxe jarraitu nahi izateko. Argitara irten ahal dadinean, ez dadila inor itzal-ilunpetan goxo goxo gera.

Bilbo, Donosti eta Iruine aldetik ere, horixe nahi genuke guk: argitara atera gaitzatela, kultura guztiei dagokien erosotasun* osoarekin.

Loteri zaleen eskubideak

Valenciako tribunal batek erabaki duenez, loteri erosleak eskubide osoa du, legearen aurrean, berak nahi eta eskatzen duen numeroa eman diezaioten. Honela argitu da, tribunal hartan, loteri zaleen oinharrizko eskubide bat.

Giza eskubideak geroz eta babestuagoak ditugularik, premiazkoa zen beste diru bilaketa hauen legeak ere babestea.

Boltsako ekaitzak

Irailaren* lehen hamabostekoan hasi eta, boltsaren kotizazioetan beherabehar larria somatu da. Erosle guti eta saltzaile ugari: gaixotasunaren seinale nabaria.* Uholdean galdu dira puntuak. 100aren azpitik egon dira zenbait egunetan Barcelona, Madril eta Bilboko boltsak. Bilbokoa 94eraino jaitsi da. 1970.eko krisialdiaren oroitzapena zuzpertu* da. Orduan gure neokapitalismoak hobenduria* laster aurkitu bazuen, oraingo kinka honena ez du, beharbada, berehala edirengo.*

Barrera de Irimo ministruak dioenez, boltsaren egoera larria —baina ez etsigarria*— salbakizun omen da. Gaizki dabiltzake* gauzok, horrenbeste esatera iritxi* garenean. Geroak esan beza.

Famili prokuratoreen bakartatea

Gironako* Famili Prokuratore den Maurici Durán jaunak «Presencia» aldizkariari egin dizkion agerpenetatik, zerbait jakin dugu prokuratore hauen bakartateaz. Durán jaunak esaten duenez, bakarrik eta bakarka egin behar izaten dute lan.

«Ez dugu ekiporik. Klan bat bilatu beharko genuke. Bakarrik gaude... Eta, bakarka ari garelarik, galduta gaude. Gainera, gure azken bilkuran* ikusi zenez, ba da beste gertakari bat ere. Dagozkien «probintzietan», famili prokuratoreak bigarren mailara baztertuak izaten dira ekintza ofizialetan eta agintarien bilkuretan». Honaino Durán jaunak.

Egia esan, holamoduzko zerbait geuk ere ikusia genuen hemengo «probintzietan» ere; baina horrelako bazterkuntza horrek ez gaitu batere harritu izan.

Familien hezkuntza* gastuak

«Tertulia» aldizkariak egin duen inkesta* batek azaldu duenez, familien gastuak, bostetik bat, haurren eskolabiderako izaten dira, inkestatuak izan diren 6.600 familietarik 70 %etan.

Galdeketari erantzun dioten hauetarik ia 55 % ez da irixten* «per capita» errentan, nazioak duen erdikora. Inkestatuetarik 70 % ez da heltzen 9.000 pezeta «per capita» errentara. Honelako familietan, irabazien 20 %tik 36 %rainokoa izaten da, haurren eskolaketarako ematen dena. Eta familia hauetako gurasoen ustetan, eskolaketa horretarako gehienik ere eman behar izango luketena, 13 % litzateke.

Bistan da, beraz, Espainiako familia apalek zama* handittoa eraman behar dutela haurren hezkuntzan. Irakaskintzaren debaldetasunaren zain daude, bada.

Espainiako Estatuaren presupostuak

1975.erako presupostuak prestatu dira. Estatuaren zorra eta harturena* berdindurik datoz presupostu horretan: bai bata eta bai bestea 656.000 milioitakoa izango da.

Estatuaren aministrazio publikoak eramaten du dirutzarik mardulena: 314.000 milioi. Parterik handienak jasotzen dituzten Ministergoak, Hezkuntza eta Zientzia, Gobernalgoa eta Obra Publikoak dira. Jakingarria da, urtez urte Ministergo hauek ukan duten gorabehera:

 1975 1974 1973 1972

 Hezkuntza eta Zientzia 100.000 81.097 65.251 59.273

 Gobernalgoa 82.000 59.641 46.845 42.703

 Obra Publikoak 64.500 57.445 53.717 48.749

Ikus daitekeenez, 1974.etik 1975.erako aldea azpimarratzekoa da: Gobernalgoari 22.359 milioi gehiago ematen zaizkio, baina Hezkuntzari 18.903 milioi gehiago bakarrik. Gogoan hartzekoa dugu hau, zeren* eta, gaur eguneon, Irakaskintzaren legezko debaldetasuna, diru faltaz, bete ezin baita, eta Unibertsitateak hainbat jenderi hitxi* nahi baitizkio ateak.

Kazetariak:

Joseba INTXAUSTI

Andoni ZULUETA

beza, bei

daude, dagoz

diezaioten, deioen

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

gaitzatela, gaiezala

gaude, gagoz

zaie, jake

zaizkio, jakoz


Hementxe denok

Ipar Aldea. Bizkaia. Gipuzkoa. Errioxa. Euskal Herria

Ipar Aldea

Eskolen egoera

Nafarroa Beherean, Lasako eskolan, 32 haur sartu dira aurten: 23 herrikoak berekoak, eta 9, Anhauze,* hauzo herriko eskualde* baztertu batetarik datozenak. Hauei, duela hiru urte zuten eskola hitxi* egin diete.

Lasako eskolan, beraz, 32 haur izanez, jendeak arrenkuratan* daude, haur sobera* direla eta. Bigarren kurtso bat ireki nahi lukete hor bereon. Baina lekuak behar dira muntatu. Horrek esan nahi du, gastu berriak izanen direla; eta herrien dirua xuhur* dago. Diru laguntzak behar lirateke Gobernuaren kaxetarik.* Baina nola bil? Ez dituzte dutxuloak* aise* irekitzen gain hartan. Arazoa horretan dago, maleruski.*

Gisa* bereko trabak gertatu dira beste herri batzuetan ere: tokirik ez izanez, ahal bezala kokatu* dituzte haurrak.

Horik* hola, ohartzeko da, barneko herri ttipi batzuk berriz pizten ari direla. Orain arte, galtzerat abiaturik irudi zuten. Nafarroa Beherean, adibidez, Azkarateko eskolan, bigarren kurtso bat ireki dute. Lapurdin, berriz, eskola bat sortu dute aurten Gixunen.* Azkainen ere bai.

Han hemenka, beraz, belar berria bezala, bizi berria sortu da nasaiki* Euskal Herri barnean. Geroari buruz gogoeta zenbaiten egiteko gaia.

Aturri inguruko artagintza

Aturri* hibaiaren inguruan diren zelaietan,* Landes eskualdeko,* Biarnoko* eta Ipar Euskal Herriko lurretan, laboraria edo nekazaria arto egiteari emana da, bereziki azken hamar bat urte honetan. Eta esan behar dugu, gero eta laborari gehiago lotua dela arto egiteari. Berez doan gauza da, arto uzta* ere araberan* emendatu* dela. Eta, egia esan, azkarki* emendatu ere azken urte hauetan, hainbestetaraino non, Bokaleko* artaziloak doblatu behar izan baitituzte.

Bokaleko artaziloak 1963.ean ireki ziren. Artoa autobidez eta trenbidez eramana da zilo haietara, gero handik itsasuntziz bidalia edo igorria* izateko hauzo herrietara. Den tenorean,* bederatzi ehun tonelada arto guti gorabehera zilora* ditzakete oreneko,* eta, denbora labur barne, mila bostehun tonelada. Itsasuntzietara karkatzea, berriz, sei ehun tonelada oreneko egiten da; eta hau ere azkarki emendatu beharra dute, bederatzi ehun toneladatara helduz.

Azken urte hauetan, artazilo haietan sei ehun mila tonelada metatu dira orotara;* eta, arduradunen arabera,* luza gabe milioi bat toneladatara helduko omen dira.

Esan dugu, artoa zilora bildu eta gero, zilotik itsasuntziz bidaltzen dutela hauzo herrietara. Ekonomilariek edo bizibidelariek «egoera koloniala» erizten diote jokabide horri, leku batek ematen duen uzta, zuzenki, lekuan berean aldatu gabe kanporatzeari. Gure Ipar Euskal Herrian berdin gertatzen da beste asko uztarekin, hala nola gure mendietako zuhaitzekin. Dena den, itxura guztien arabera, gure bizibidearen egoera berezi hori ez da aldatzeko bidean —esan* nahi baita, osagarritzeko* bidean— sartua oraindik.

Hala ere, nahi genuke, Euskal Herritik ez hain urrun sortu berria den lantegi ttipi bat aipatu, zeren* eta artaburutxak baliatzen* baititu abere azkurri* edo bazkagai egiteko, bai eta industrian erabiltzen eta «eugrist» izenez deitzen den zer berezi baten egiteko. Esan dezagun, artaburutxa azal gogor batez eta bihotz eztiago* batez egina dela. Bata bestetik bereizten dituzte. Bihotzarekin zahiaren* irudiko* bazkagai bat ateratzen dute, eta azal gogorretik, berriz, zer berezi bat, guztiz gogorra, metalezko, harrizko eta plastikozko gauzen lagungarri eta azkargailu* bezala erabiltzen dena.

Lantegi ttipi hori Maubourguet herrian altxatzen ari du Lafonte jaunak. Heldu* den urtarrilean* hasiko da lanean, behar den tresneria guztia muntatua izanen duenean. Lehen epe batean, urtean hamar mila tonelada artaburutxa landuko ditu, geroago hogei ta hamar milatara iragateko. Departamenduak bere dirulaguntza eskaini dio, baldin hiru urte barne hogei ta hamar lanbide edo enplegu berri muntatzen baditu. Esan dezagun, aipatu dugun lantegi hori, 1967.ean altxatua izan zen gisa* bertsuko* beste lantegi baten umea dela, eta, lantegi berri honi esker, Aturri hibaiaren inguruko lurrek ematen duten uztaren parte bat gero eta gehiago lekuan berean aldatua izanen dela, gero Italiara, Alemaniara eta Ingalaterrara bidalia izateko.

Esan dezagun ere, nola dagoen Agen hirian, artaburutxak lantzen dituen beste lantegi bat, 1964.ean hasia, eta, egun,* urtean ehun mila tonelada artaburutxa aldatzen dituena, petrokimika deitu* industrian baliatzeko gisan.

Noiz ikusiko ote ditugu, iparralde honetan ere, gisa bertsuko urrats* baitezpadakoak*?

Bizkaia

Euskal Ikaskintza Taldea Bilboko Ekonomi Fakultatean

Joan den urtean, Sarrikoko Ekonomi Fakultateko ikasle batzuen artean, kezka eta nahi bat azaltzen hasi zen. Gure ustez, Bilboko Ekonomi Fakultateak ez zuen ematen* Euskal Herrian zegoenik, Espainiako Unibertsitateetan bezalaxe ikasteri eta irakasten baitzen. Ez ginen inola ere prestatzen geure herria ezagutzeko gaietan, gero haren zerbitzuan ari gintezen. Bestalde, geure kulturari buruz ezjakinak eta analfabetuak ginen.

Errealitate honen aurrean, bilera batzuk* egiten hasi ginen, bideak eta erantzunak bilatzen, ekintza konkretu eta positibo batzuk aurrera eramateko. Irakasle batzuek laguntza eskaini ziguten; eta, irtenbide egoki baten bila genbiltzala, Bilboko Unibertsitatearen araudian* aurkitu genuen: Ikasle elkarte bat sortzea.

Asmo hau aurrera eramateko garaian, eritzi desberdinak genituen. Baina ihazko ikasturtearen azkenean, biltzarre bat egin genuen hirurogei ikaslek, eta bertan sortu genuen elkartea, eta, legez jarraitzeko izena eta izana lortu ondoren, EIT (Euskal Ikaskintza Taldea) deituraz bataiatu genuen.

Gure aurtengo xedea,* lehenbizi, taldearen nortasuna finkatzea da, hari luzarorako antolamendu bat emanez. Zertarako hori? Orain guk eta gero gure atzetik datozkeen euskal unibertsitariek, tresna egoki baten bitartez, euskal kulturaz jantz gaitezen, eta gure espezialitateak (ekonomiak) ematen digun jakitatea herriaren zerbitzuan jar dezagun.

Aurtengo ikasturterako, zenbait ekintza antolatu dugu:

1. Ez dugu gura, euskara ikasteko nahiz sakontzeko ihardunaldiak, orain arte izan duten tipustapasteko* jokabidean eror* daitezen, ez eta euskaltzale ez diren taldeetakoek haietan parte har dezaten.

2. Gure estudioekin eta gure profesioarekin loturik dauden gaiak, Euskal Herriari begira aztertu nahi ditugu. Horretarako, hiru mintegi* ditugu.

3. Hitzaldi bat. eman nahi genuke hilabetero, euskal kulturari eta Euskal Herriko ekonomiari buruz. Euskal zinemaz eta zenbait mahaininguru* egiteko asmoa ere ba dugu.

4. Liburutegi bat ere antolatzen ari gara, oraingo unibertsitariok —eta batez ere gure atzetik etorriko direnak— hainbat lasterren ikerketa lanak egiteko gai izan gaitezen, geure herria ekonomi aldetik ezagutzeko eta laguntzeko.

Galdakaoren hazkunde* gotorra*

Victor Legorburu jaunak, Galdakaoko alkateak, berriki* esan duenez, hamar urteren buruan Galdakao hiru bider haundiago izanen da. Hau da, 1985. urterako, 60.000 bizilagun ukanen ditu.

Bilbo Haundiko jendetza ugaltzen ari denez gero, argitu du alkateak, jendetza horri bizitzeko lekua aurkitu behar zaio; eta horrexegatik aukeratua izan omen da Galdakao, «zona residencial» edo Bilbo Haundiko pausaleku izateko.

Ezin sinestuzkoa da hori, gure ustez. Dinamita lantegi haundia, etxeen ondo ondoan, geroago eta haunditzenago ari da. «Firestone» entrepresak ez dituzke* bere lantegia, bere produkzioa eta bere kutsagintza* ttipituko; eta herrian dauden beste entrepresek ere ez. Orduan, nolako «atseden lekua», hainbeste arrisku eta kutsadura* alboan edukirik?

Eta nortzuk etorriko lirateke, horrelako «atseden leku» batetan bizitzera? Neguriko aberats okituak* eta Bilbo barrukoak, segur ezetz! Nortzuk, ordea? Eta non daude etorri berrientzako lan lekuak?

Gure ustez, albiste honen gakoa* hemen datza*: Euskal Herrirako beste migrazio bolada berri bat bultzatu gura dela. Ez dakigu, xede* horren asmatzailea nor ote den; baina datuak argi daude. Nolakoa izanen da biharko Galdakao, hainbeste erdaldunez beterik? Zer pentsa honen aurrean?

Kantaldiak, jaiak, diskoak

• Bizkaiko Abesbatzen* II. Astea, Juan Manuel Ares antolatzaile delarik, datorren urtean izanen da, otsailean* edo martxoan. Bertan parte hartu nahi duten abesbatzen izenak, Bilboko 1.148 postakaxa* numerora bidali behar dira, ahal den arinen.

• «Columbia» diskoetxeak L.P. berri bat argitaratu du, Pot-Pourri Vasco izenarekin. Disko horretan, Estitxuk, Patxok eta «Los Barbis» taldekoek kantatzen dute; Bonik txistua jotzen du, Josu Loroñoren taldeak akordeoia, eta Txilibrin eta Balbinok trikitia.

• ANAITASUNAren ale hau zuen eskuetara heltzen deneko, irekia izanen da Durangon, Euskal Herrian egiten den euskal liburu eta diskoen azokarik haundiena. Hazilaren* 1etik 3ra hainbat eta hainbat jende bilduko da hara, erosketak egitera eta euskal kulturaren giroa ezagutzera.

• Guztiok ezagutzen dituzkegun* arrazoinengatik, euskal kantu berria krisi gogor bat pasatzen ari da, ez baitago, behar liratekeen jaialdiak egiteko ahalbiderik.* Baina koralak, horretarako oztoporik ez dutenez gero, hor ari dira jo eta ke jaialdiak antolatzen: urriaren 18 eta 19an, Basaurin, 14 koralen saioak: 17an, Arrigorriagan, Lejoako koralaren jaialdia; 20an, Ondarretako korala Durangon; 27an, Iruineko Ganbara Korala Bilbon; hazilaren 10ean, Sestaoko orfeoia eta Uribarriko eskolania Bilbon; abenduaren 8an, Donostiako Easo korua eta Ondarretako korala Bilbon. Eta abar eta abar.

• Gabonaldian Bilbon antolatuko den Umeen Jaialdirako, Lurdes Iriondo eta Xabier Lete etorriko dira. Hauekin batean, aurreko zenbakian esan genuenez, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon euskaldun pailazoek ihardungo dute. Jaialdia «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan izanen da, abenduaren 22an, goizeko 11,30 orenetan.*

Joan Mari Mendizabal, atxilotua*

ANAITASUNAko idazle eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteko idazkari* den Joan Mari Mendizabal barakaldotar euskaldun berria espetxeratua izan da, «propaganda ilegal» egin duela eta.

Euskalerriko Pasiotarren Nagusiaren erantzun ofiziala (Xabier Gereño'ri)

ANAITASUNA aldizkarian (282 zenb. 7 orr.) «Eskuin ta Ezkerra» artikuluan agertzen danari erantzunez, auxe esan bear degu: Gure Anaidiak euskerari buruz ez du egin deklarazio ofizialik. Bakoitzak bere lanetan nai duan euskera erabilteko eskubidea euki du eta erabili du. (J.R. Iztueta, Pasiotarren Nagusia).

Bizkaiko abesbatzen* kantu bildumako* lehen diskoa

Bizkaiko Abesbatzen I. Asteko kantuen lehen L,P. diskoa agertu da. CBS diskoetxeak argitaratu du, kaxete eta guzti. Bost diskok osatuko duten bildumako lehen ale honek, aurreko azalean, Martínez Ortiz-en «Danzas Vascas» deitu* oleoaren erreprodukzio dotore bat dakar, eta, atzekoan, inolako aurkezpenik gabe, kantari taldeen eta kantuen aipamen soila.

Barne zorroan, kantuen letrak eta hauen gaztelaniazko itzulpenak. Txalogarria benetan. Guk geuk, ahal dugun guztietan, horixe eskatzen diegu diskoetxe guztiei. Esan dezagun, hala ere, letren emate soila ez dela aski,* eskertzekoa bada ere. Letrak eta baien itzulpenak ongi eta zehatz eman behar dira. Aipatzen dugun disko honek bi huts nabarmen ditu alor honetan: euskal textuaren itxuragabekeria bata, eta itzulpenaren zehaztasunik eza bestea. Hemen agertzen den desaxolak* ez dio inori mesederik ekartzen.

Hamar koralek parte hartzen dute diskoan. A alderdian: Illun nabarra, Mokoroarena, Otxarkoagako koralak; Ama, A. Donostiarena, Orduñakoak; Edura, Jaroff-ena, Durangoko orfeoiak; Txeru, Guridirena, «Deustuarrak» taldeak; Txanton Piperri, Zapirainena, «Jatorki» talde sortu berriak. B alderdian: Baserritarra, A. Iruarrizagarena, Basauriko koralak; Beti maite, Sarriegirena, Zaldibarko koralak; Euskal abesti bi, Lesbordes-enak, Galdakaoko koralak; Goizeko izarra, Santestebanena, Lamiakoko «Beti Lagunak» taldeak; azkenik, jadanik* hain ezaguna den Euskalerri polita gora!, Jose Moises Egañarena, Lejoako «San Juan Bautista» koralak.

Garbi nabari* da, zuzenean eginiko grabazioaren ondorio dela disko hau. Txukunki hartua eta oso ongi lortua izan arren, seinale xume* zenbait agertzen dira (agian* intentzioz utziak), diskoaren «naturaltasuna» salatzen dutenak. Bestalde, entzuleriaren txaloak, interpretapen bakoitzak ukan duen oihartzunaren* eta harreraren berri ematen dute.

Laster aterako dira bildumako beste lau diskoak. Dirudienez, bost aleok elkarturik album dotore bat osatuko dute, abenduan edo urtarrilean agertuko dena.

Pena da, aste horretan interpretatu ziren kantu guztien bildu ezina. Alde batetik, zenbait koralek beste diskoetxe batzuekin egina zuten kontratua; eta bestetik, Paulo Sorozabalek ez zuen eman. bere lanak diskotan jartzeko baimena. Gure eritziz, diskoetxeek eta egileek amor eman behar zuketen beren eskubideetan, bildumaren osotasunaren mesedetan. Sarritan interes partikularrek desegin egiten dute gehiengoaren* ongia.*

Llabur: jakintsuei nahiz ezjakinei, zaleei nahiz berezituei* asko gustatuko zaien disko bat. Beronen arrakastaz* ez dugu zalantzarik.

Gipuzkoa

Donostiako Zinema Festibala

Orain dela zenbait aste bukatu zen Donostiako Zinema Festibala. Hamabi egun osoz, goiz, arratsalde eta gau, zinematokiak beterik egon ziren, gaurregungo arte mota garrantzitsuenaz kezkaturik dagoen jendeaz.

Azterketa ttipi honetarako, izenburuko hitz bakoitzari heldu* behar geniokeela iruditu zaigu: Donostiako Zinema Festibala.

 Donostiako. Festibal hauetan, zinema-arte kontzeptua ez da bakarra eta nahikoa, zinema-industria kontzeptua ere sartzen baita. Hala esan dezakegu, festibal hauek, gehienek behintzat —hala nola Cannes, Berlin eta Karlovy Varykoak— sustrai bera dutela: produkzio agerketa, industri azoka izatea. Baina berezitasun batzuk* ere ba dituzte. Canneskoak artearen eta industriaren nahasketa sakon bat du. Berlingoak autoreen aldetik arte joera haundiagoa du. Karlovy Varykoak Eki* Europako filmeak ikus erazten ditu. Donostiako honek, berriz, batez ere filme komertzialenak bereganatzen ditu, ondo eginak eta (Espainiako zentsurak biluzkeriak —ez denak— onhartzen ez dituelarik) hizkera garbian eta neurri klasikoan eratuak, baina, erraz uler daitekeenez, edozein istorioz* egituratuak.*

Berezitasun hauk* zituen filme batek, juraduaren buru Nicholas Ray zelarik, lehen saria irabazi ez zuen arren, hamabi egun horietan ikusitako beste hainbat filme Donostiarako aproposak iruditu zaizkigu. Hala ere, asko ziren, beste inongo festibal sari batetara joatea merezi zutenak.

 Festibala. Alde batetik zentzu handirik ez du, zein den filmerik hoberena eta zein txarragoa esateak, arlo honetan —artegintza guztietan bezala— industria eta artea nahasten baitira. Baina, demokrazi gabeko egoera honetan ere, hara biltzen den jendeak libreki erabaki beharko luke, zeinek merezi duen saria. Zeren,* festibal hauek, oroz* gainetik, «erakusketa» bat izan behar luketela uste baitugu.

Sarirako presentatu* filmeetarik, hogei ta hamabost luzeak ziren, hogei ta bat laburrak, eta ehun eta berrogei ta hamarretik gora era guztietakoak.

 Zinema. Hainbeste aldiz aipatzen den mendebaldeko kulturaren beherapena, zinemara ere heldua dela onhar dezakegu. Sarritan esaten da, krisi honen adierazpen garbiena sormenaren edo kreatibitatearen gabezia dela, Zinema alorrean behintzat, falta hori nahiko nabari* azaltzen zaigu, Gaiaren aldetik batez ere, benetako hutsune bat ikusten da, kezkatzen gaituzten gauza guztiak jadanik* erabiliak eta ukituak bailiren.* Orduan, «zulo» hori nolabait bete edo estali nahiz, arreta* eta kontu haundiagorekin eratzen dute zinegileek mintzaira eta plastika zinematokrafikoa. Eta, hala, mende honen hastapenetara* eramaten gaituzte, ea hogei edo hogei ta hamar urte horietako zokoren batetan azaltzen ote den kultura hautsiaren haria. Ene irudiko, filme horiek hiru gauza bereziki erakusten dizkigute: aski ikusiak diren gaiak, umeen ikusmoldez adierazitako gizartea, eta patologi barruan sartu gabeko giza jokabide oso bakan* eta arraroak.

Bestalde, sarituak izandako filmeak (Presagio, Bad Lands, La puerta en el muro, Tormento, eta abar) guti gorabehera, interesgarrienak ziren, nahiz eta gauza haundirik ez izan. Gure ustez, ordea, Le secret, aipatu gabe gelditu arren, eta Presagio izan ziren onenak. Festibal saritik kanpo, Argentina, Mexiko eta beste nonbaiteko filme interesgarri batzuk ikusi genituen: Nuevos creadores, Mercado del film... Denetarik, The conversation iruditu zitzaigun filmerik onena.

Irakaslegaientzat oharra

Gipuzkoako Ikastolen Elkarte Batzak, maisutza ikasten ari diren neska-mutilentzat, 1974-1975 ikasturterako, 7.500 pezetatako 15 beka eskaintzen ditu. Beka horik lortzeko baldintzak:

1. Maisu karrera hasita edukitzea.

2. Herri bakoitzeko ikastolaren bidez egin behar da bekaren eskaria. Herrian ez badago, eskualdekoaren bidez.

3. Urtero eskatu behar da beka, eta hiru zatitan jasoko da urtearen buruan.

4. Maisutza ikasketak bukatzen dituenean, hiru urtetan ikastolaren batetan lan egiteko hitza emango du bekadunak.

5. Elkarteak antolatzen dituen euskal ikastaroetara joan beharko du, eta Euskaltzaindiak ematen duen euskal irakasle titulua lortu.

6. Beka eskatzen duenak, euskara hitz egiteko eta ulertzeko hainbat jakin behar du.

Elkarte hartako Talde Bateragileak bidali digu ohar hau, aldizkari honetan argitaratzeko eskatuz. Elkartearen helbidea: Federación Diocesana de Ikastolas de Guipúzcoa. Matía Trasera, 21-1.º San Sebastián.

K. Eizagirre, «Gotzon Goenaga» Sariaren irabazle

Donostiako EUTGeko Euskal Kultur Batzordeak* antolatu duen «Gotzon Goenaga» Lehen Literatur Sarirako, zenbait poema eta ipuin aurkeztu dira. Epai mahaikoek (I. Sarasola, G. Aresti eta P. Urkizu jaunek) «Harrizko itzalen artean» poema bilduma* saritzea erabaki dute. Honen egilea K. Eizagirre gertatu da. Zorionak.

Horretaz gainera, «Igela» jaunaren «Kosmogonia berri baten hastapenak» poema bilduma haintzakotzat hartzea deliberatu dute. Zorionak «Igela» jaunari ere.

Ipuin saila, ordea, desertu gelditzea erabaki da.

EUTGekoek, datorren urterako, Donostiako unibertsital mailako euskal kultur batzorde guztiak bildurik, idaz mota gehiago (antzerki, elaberri,* ipuin, entseiu, etab.) sartu nahi dute xapelketa honetan. Bai eta hedadura* handiagoa ere eman nahi diote, Donostiakoentzat ezezik,* beste euskal unibertsitarientzat ere izan dadin.

Kultur alorreko eginak eta eginenak*

Urriaren 13tik 27ra egina izan da Tolosan, herri hartako III. Euskal Kultur Hamabostaldia. Programa oso zabala eta ongi eramana: hitzaldiak, erakusketak, jaialdiak, liburuen azoka, eta abar.

Bergaran ere beste horrenbeste egin nahi dute. «Bergarako Urrats* Berriak» izeneko gazte taldeak antolaturik, euskal kultur hamabostaldi bat eginen da, abenduaren 6an hasi eta 22an bukatzeko. Han ere euskal liburu eta diskoen azoka izanen da. Hurrengoan emanen dugu hamabostaldi honen programa osoa.

Luis Haranburu-Altuna saritua

Luis Haranburu-Altuna euskal idazle ezagunak irabazi du, Gernika izeneko lanarekin, aurtengo Toribio Altzaga euskal teatro saria. Zorionak, eta segi aurrera!

Errioxa

Aurtengo mahats uzta

Ohi bezala, urriaren 12an hasi da Errioxan mahats bilketa,* eta hilabete inguru iraunen du. Aurtengo uzta* ihazkoa baino haundiagoa omen da, eta kalitatez hobea. Beraz, alde guztietatik ona.

Urriaren 20an, Lejoako ikastolako ikasle eta irakasle talde haundi bat bertara joan da, mahats bilketa ezagutzera.

Euskal Herria

Hauteskundeak Euskaltzaindian

Ohi bezala egin dira, Euskaltzaindian, karguen berritzeko hauteskundeak,* euskaltzain osoen botoz. urriaren 11n Donostian egindako bozketan,* honela geratu dira karguok, beste urte bitarako: Lehendakari aita Villasante, lehendakari ordezko Jean Haritschelhar, idazkari* Juan San Martin, eta diruzain Eusekio Erkiaga. Beraz, lehengoak izan dira berriro hautatuak.

Liburu berriak

1. DEFOE, Daniel:

Robinson Crusoe.

«Cinsa» editoriala. Avenida del Ejército, 18-2.º Bilbao, 1974.

Bernardo Atxagak ederki euskaratu du Daniel Defoeren «Robinson Crusoe» elaberri* famatua. Hainbat aldiz eskatu ditugu, ANAITASUNAren horrialdeetatik, euskaldun gazteentzat bereziki egindako liburuak. Egia da, azken urteotan euskal liburugintzak urrats* handiak eman dituela aurrera; baina ba dago oraindik eremu* bat landu gabe: gaztetxoena. Haurrek ba dituzte, gehiegi ez bada ere, ipuin, komiki eta horrelakoak. Nagusientzat hainbat saiakera, elaberri etab. idatzi dira. Baina haurren eta nagusien artekoek ez dute ezer irakurtzeko. Beraz, «Robinson Crusoe» honekin, hasera* eman lekiokeela uste dut, gazteentzako liburutegi bati.

Euskara aberatsa du Atxagaren itzulpen honek, batez ere aditz batuaren aldetik. Beraz, euskara ikasten ari direnentzat, eta, bereziki, euskal alfabetatzea bukatu dutenentzat, liburu hau oso mesedegarria izan daitekeela uste dut, bertan aurkituko baitituzte aditz forma ugariak.

Nik neuk aspalditik irakurria nuen Defoeren liburu famatu hau; baina orain, euskal itzulpena irakurtzean, balio berri bat aurkitu diot, beste lilura* bat nabaritu* dut bertan. Ez dakit euskaragatik izan ote den, honek ematen dion bizitasunagatik. Edo beharbada, urteak joan, urteak etorri, bizitzan aurrera joatean, gure munduak dadukan nahasteaz eta zarataz aspertzen hasiak garelako. Horregatik, gizon bakarti bat hogeitaz* urtetan irla* bateko bakartatean ikustea, halako ziztada bat da guretzat. Eta horrelako zerbait pentsatu zukeen Robinsonek, hainbat urteren buruan «bere» irlara bigarren gizon bat hurreratu zenean: «Nire bizimodua, harez gero, zeharo aldatu zen. Kezkatsu eta susmari* bihurtu nintzen. Paseatzeari eta eguzki hartzeari utzi nion. Funtsean,* patxadaz bizitzeari utzi nion. Neure loa amets gaiztoz betea izaten nuen».

Liburu honi akatsik salatzekotan, inprimategiko hutsen bat aipatuko nuke. Bestetik, gorago esan bezala, oso komenigarria dela uste dut, bai gazteentzat eta bai euskal aditz batuaz jabetu nahi dutenentzat. Salgai ikastoletan eta liburudendetan:

2. SAIOKA 1 — Projektuak eta Gaiak.

 Egilea: IKER taldea.

 Irudigilea: J. Gomez de Humaran.

 Argitarazlea: «Cinsa». Avenida del Ejército, 18-3.º Bilbao-11, 1974.

Nola irakasle eta gurasoek, hala ikastolaren aurrerabide neketsua hurbiletik* ezagutzen dugunok, zorionka hartu dugu IKER taldeak eskaini digun fruitu umo hau: SAIOKA 1.

Eurrez* hitz egin da gure artean ikastolarako texturik ezaz, bai eta andereño eta maisuek hutsune hori betetzeko egin behar izan duten eginahal ikusgarriaz. Baina, urteak joan urteak etorri, zurtz* eta behartsu ageri zitzaigun ikastola liburutegia.

Agi* denez, ia* ezaguna den IKER talde hau, ausartki* lotu zaio ikastolarako textugintzari; eta, lehen fruitu honen ondoren, urtero maila berri bat osatzeko asmo sendorik ere ba du.

Hau guztiau dela eta, SAIOKA 1 honetan esku hartu dutenetariko hirurekin hizketaratu gara, talde lanaren eta asmoen berri eman diezaguten.

Taldearen pedagogi koordinatzaile den Natxo Arregiri egin diogu lehen galdera.

— Zerk osatzen du SAIOKA 1 hau, eta zein da material osoari lotura ematen dion pedagogi ardatza?

— SAIOKA 1 hau bi liburu nagusik osatzen dute: projektuak eta gaiak daramatza* batak, eta osagarriak eta ariketak, besteak. Lehen liburua kolore guztietara dator, eta bigarrena —«fitxaliburu» edo dei genezakeena— bi koloretara. Biak daude irudi ugariz horniturik,

Bi liburuotako pedagogia, metodologia eta programaketaren berri emateko, «Irakaslearentzako Gidaliburua» deritzana ipini dugu andereñoen eskutan. Honezaz gainera, Dinamika sailean sartu ditugun euskal dantzen doinuekin eta I. Urbietaren kantuekin, kaxete batzuk ere zabaltzen ditugu, nahi duten ikastoletara.

Azkenik, textu honetaz baliatzen direnek halako zerbitzu tekniko bat izango dutela, hobeki esan, dagoeneko* hartzen dutela esan behar dut. Textugileetarik batzuk ikastoletara joango dira, eta metodologiaren berri ematera eta zailtasunak erraztera saiatuko dira.

Pedagogi ideien ardatzari buruz, ostera,* «hazkundearen* pedagogia». izenez dei genezakeena erabili izan dugu. Hau zertan datzan* azaltzeak luze joko liguke. «Gidaliburuan» dator orientabide pedagogiko honi buruzko zenbait argitasun.

Hurrengo galdera J.R. Etxebarria, geure idazkide ere ba dugun inginadore gazteari egin diogu.

— Zailtasun eta oztopo berezirik aurkitu al duzue textugintza honetan, zientziaren zehaztasun guzti hori EGBko 1. mailako haurrei euskaraz eman behar izatean?

— SAIOKA 1 honek erditze* neketsu baten ondoren ikusi du argia. Era guztietako zailtasun, oztopo eta trabak gainditu behar izan ditugu haseratik* bukaerara; baina zailtasun horiek gehienek ez dute zuzenean zerikusirik nire lanarekin. Ba da, horren berri nik baino hobeto dakienik.

Zientzia haur maila honetara euskaraz egokitzeak, orain oraingoz ez digu buruhauste handiegirik sortu. Ikas mailetan gora joan arau,* arazoa larriagoa dateke.* Baina arlo honetan urtean urtean egiten da aurrerakadatto bat; eta terminologi arazoak ere gero eta soluziobide erosoagoa* izango duelakoan nago, textugintzan ari garenontzat. Hala ere, aitor dezadan, SAIOKA 1 honetan ere noiz edo noiz zerbait asmatu eta zenbait hautakizunen aurrean erabakiak hartu beharrean aurkitu izan garela. Geroak esan beza, zuzen ibili garen ala ez.

Eta, azkenik, ikastola giroan aski* ezaguna den X. Mendigurenengana jo dugu.

— Jakin dugunez, hizkuntza sailaren pisua ezezik,* SAIOKA 1 osoko euskararena ere zeure gain hartu duzu. Nola ikusten duzu buruturiko lana, ikastoletako euskararen egoerari begira?

— Hizkuntza saila neronek burutu badut ere, SAIOKA 1 honetako euskararen pisua J.R. Etxebarria eta bion artean eraman dugu. Egia esan, ikastoletako euskararen egoera zertxobait ezagutzen dugu; eta aski lan zaila da guztien egoerara bete betean egokituko den textu bat moldatzea. la ezina dela aitortuko nuke.

Lana burutzerakoan, bi izan dira gure kezka larrienak: ahalik eta euskara orokorrenaz* baliatzea eta ahalik eta ikastola gehienetako hizkuntza mailara egokitzea. Baina hau guztiau, egiaren funts edo edukiarekiko* leial izanez burutu behar da; eta ba du nekerik asko, zailtasun guztiok korapilo txukun batetan gibiztatzeak.* Tokian tokiko andereñoak esango digu zer neurritaraino lortu ditugun helburuok. Gu geu, egin diezazkiguten ohar guztiak jasotzeko eta aztertzeko prest gaude.

Textugintza honetan jende gehiagok hartu du esku; eta izen horiez galde egin diegu. Liburugintzan zuzenean aritu diren beste lauak hauk izan dira: I. Zarraoa, I. Añon, K. Baelo eta E. Martin. Aitortu digutenez, Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait andereñok eta irakaslek ere laguntza handia eman dute; eta, finantziabideari dagokionean, bizkaitar ikastola guraso batzuen diru babesa nahitaezkoa izan du SAIOKA 1 honek. Bejondizuela,* ekintza premiatsu eta neketsu honetan esku hartu duzuen guztioi; eta ikastolak zuengan jarri duen itxaropen eta uste ona, urtez urte sendoago eta fruitukorrago dadila. (Joseba Intxausti).

Albistariak:

Juan Manuel ARES

Jesus Mari EIZMENDI

Xabier GEREÑO

Leon HAIZAGERRE

Iñaki JAUREGI

Mañex LANATUA

Gexan LANTZIRI

Joan Mari MENDIZABAL

beza, bei

daude, dagoz

dezadan, daidan

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

dezaten, daien

diegu, deutsegu

diete, deutsee

diezaguten, deiskuen

diezazkigute, deiskuguez

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diot, deutsat

diote, deutsoe

ditzakete, daikeez

dizkigute, deuskuez

genezake, geinke

genioke, geunskio

lekioke, leitekio

liguke, leuskigu

nion, neutsan

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

ziguten, euskuen

zitzaigun, jakun

zukeen, eukean


Herrialde guztietan

Ethiopiako ekonomia

1974.ean hasi du Ethiopiak bere iraultza; baina europar batentzat oso zaila gertatzen da, hango iraultza hark zer esan nahi duen jakitea. Ethiopiako Harmadak* bultzatzen duen erreboluzioa, Ertarotik* XX. menderarteko urratsa* izango da. Neurri handi batetan, Haile Selassiek zuen bere eskuetan Ethiopiako ondasunen jabegoa. Bera izan da, Europan pentsatu ere ezin litekeen mailan, erresumako* lurren eta beste aberastasunen jaun eta jabe: harentzat oso elkarturik bizi izan dira, erresumaren gain zuen agintea eta ondasunen jabetasuna. Hain zuzen, hauxe izan da Historian feudal egoeraren ezagugarri bat.

Irailaren 12an itzulipurdikatu dira, betidanik Ethiopiak zituen politik egiturak.* Aurrerantzean Inperadorea ez da «Jainkoak hautatua» izanen, gainerako mundu honetako beste Estatu Buruzagiak bezalakoxe gizon arrunta* baizik, Konstituzioaren arabera* juzgagarri ere izango dena.

Ethiopiak, orain artean, feudal ekonomia bat eduki du. Ethiopiar ekonomia 90 %ean laborantza da, baina nekazaritza hau azken berrogei urteetan ez da deus* aldatu. Han edo hemen zerbait hobeagorik, teknikadunik ageri denean, kanpotarrek sortua izaten da, bereziki italiarrena. Oso zaila da, laborantzan traktorerik ikustea.

Haile Selassiek beretzat gorde izan du bai lur jorien* jabetasuna eta bai laborantzaren gain ezarri izan zituen zergak.* Bestalde, hiri bizikerari edo eta industria berri apurrari gagozkiola, Haile Selassierena zen Ethiopiako hegazkin* konpainietako 40 %a.

Beltza da Ethiopiaren pobrezia. Banku Mundialak dioenez, «per capita» errenta 80 dolarretakoa da, Afrika osoko kaxkarrena: hau da, Madagaskar eta Kenyakoaren erdia, hauek 170 dolarretakoa baitute. Maurizio eta Zambia oso aurretik doaz, beren 300 eta 380 dolarretako errentarekin.

Horik* horrek, Haile Selassieri orain egiten zaizkion salakuntzak, biziki larriak dira. Urretan nahiz dolarretan herbestera bidali izan dituen diruak, 11.000 milioitaraino igan litezke. Hauetarik batzuk* Ethiopiara itzul erazi ditu, herbestetiko inbertsio bezala. «Erregeen Erregeak» errege antzo* jokatu du, bada.

Erresuma Batuan bozketak*

Erresuma Batuan «Labour Party» alderdiak eraman ditu berekin urriaren 10eko hauteskundeak.* Irakurleak ezagutzen ditu dagoeneko,* nahiko ongi, hango albisteak.

Baina ba da zerbait, hemen azpimarratu beharko litzatekena, Europa osoarekin eta, berezikiago, euskal arazoekin zerikusirik duena: Erresuma Batuko etnia ttikien politik indarberritzea, halegia.* Izan ere, askotan entzun behar izan baitugu etnia ttiki horien abertzaletasun «desgaraituaz» hitz egiten. Txokokeria horik ez omen dira haintzakotzat hartzeko ere.

Erresuma Batuan Eskoziak eta Galesek dute beren etnien burruka. Eta etnia haien abertzaletasuna zuzenean defendatzen duten bi alderdi politikoak izan dira, laborismoarekin batera irabazle irten diren bakarrak: «Scottish National Party» edo Eskoziar Alderdi Abertzaleak sei aulki irabazi ditu eta Galesko «Plaid Cymru» alderdiak beste berri bat. Alderdi kontserbakorraren kaltetan irabazitako aulkiak dira hauk.* Ikustekoa izango da, ondorengo urteetan bi abertzaletasun horiek nondik jotzen duten. Oraingoz, 1970.etik honakoan ikusten dena, zera da: Alderdi laborista, kontserbakor eta liberalaren ondoan, partidu ttikiak indartuz doazela, eta 1970.eko hauteskundeetatik hona, ia hirutan doblatu direla herriarengandik jaso dituzten bozak.*

Ekialde* Hurbila

Urriaren 6an bete da, arabiar eta israeliarren arteko laugarren gerlatea piztu zeneko lehen urteburua. Gerlate ondoko zenbait adabakiren* ostean, gauzek beren hartan irauten dute oraindik. Gogora ditzagun urtebete honetako gertakariak.

 Urriaren 6a. Eguerdiko ordu bietan hasten dira arabiarrak Suezko kanaletik eta Golango garaialdeetatik erasotzen.* Horrela pizten da laugarren gerlate hau. Bapateko* eraso horrek ustekabean harrapatzen ditu israeliarrak, eta hauek atzera egin behar izaten dute.

 Urriaren 25a. Hamezortzi egunetan, den modurik gogorrenez gudukatu ondoren, sugalerazpena* onhartzen da azkenik. Harez gero hasten da diplomaziaren bake bilaketa.

 Hazilaren* 10a. Sadat eta Golda Meir jaun-andreekin Kissingerek izandako elkar hizketen ondoren, sei puntutako akordio bat izenpetzen da. Ginebrako solasaldietara dei egiten da. Hilabete beraren 29an hasten dira, eta, geldialdi baten ostean,* abenduaren 21ean ekiten* zaie berriro. Ipar Amerika, Sobiet Batasuna, Egypto, Jordania eta Israel biltzen dira. Syriak ez du parte hartu nahi izan.

 Urtarrilaren* 17a. Ginebrako solasaldiak puntu hil batetara heldu dira, eta Kissingerek, Ekialde Hurbilera* egindako ostera* baten ondoren, gudalozteen* apartaketa erdiesten du azkenik: israeliarrak Suezko kanaletik 30 kilometro apartatuko dira, eta Egyptiarren harma mota batzuk kendu egingo dira Sinaitik. Otsailean* ematen du Syriak israeliar presoen zerrenda, eta hilabete horren azken egunean berritzen dira Egypto eta USAren arteko diplomazi harremanak.

 Apirilaren 29a. Golango garaialdeetan, gudatea goritzen ari da. Geroz eta sarriago dihardute Syria eta Israelen arteko harmek. Kissinger, berriro ere, Ekialde Hurbilean da. Bizkitartean,* hilketak: Maalot herrixkako hamasei eskola ume hiltzen dituzte gerlariek, eta juduek sarraski* gorria egiten dute arabiarren sei bizileku zelaitan.* Hala ere, beste akordio bat lortzen da maiatzean: Golango garaialdeetan apartatzen dira syriar eta israeliar harmadak.

 Maiatzaren 30a. Ginebrako Nazio Jauregian sinatzen* da Golango harma apartaketa. Etengabe 81 eginetan egindako erasoaldien* ondorengo, bakea da. Diplomaziak lortu du harmen isileraztea.

Baina bostgarren gerlate baterako arrazoinak zutik daude oraindik. UNOren 242. eta 338. erabakiak ez dira bete, Palestinako herriaren hauzia ez da konpondu. Ginebrako solasaldiak isildu dira, noiz arte ez dakigularik. Solasaldi haietan Jordaniak ez du onhartzen OLP edo Palestinaren Askapenerako* Erakundeak* bidalitako ordezkaria; eta, onhartua izan delako, utzi egin du Ginebra. Beraz, Ekialde Hurbileko bostgarren gerlatearen atarian gaudela kontu egin.

Norvegiak petrolio putzuak?

Norvegiako Lofotodden eskualdearen* kostaldean, 200 kilometro itsasoan barna, petrolioa aurkitu da. Zurrumurruek diotenez, oso petrolio ona omen da, gainera. Aurkikunde hau ipar amerikarrek egin dute, eta Norvegiako Gobernuaren baimenik gabe eta beronen ezezkoaren kontra. Baimena eskatu ziotenean, Gobernuak ukatu egin baitzien horretarako eskubidea (joan den irailaren* 9an, hain zuzen). Hala ere, ipar amerikarrok gogor ekin* zaizkie ikertzapenei, mundu guztiak petrolioduntzat jotzen duen kostalde horretan.

62 paralelo gainetik eta 1.200 metrotaraino zulatuz aurkitu da petrolio hori. Norvegiako Gobernuaren eta ipar amerikarren arteko burrukarik izango da, noski, ondorengo urteetan. Norvegiak garrantzirik haundiena eman dio arazo honi, eta orain artean hango Merkatalgo Ministergoa zeraman Jens Evensen diplomatiko eta legegizona izendatu du, kostaldearen jabetasunaren hauziaz ardura dadin.

Saharako Bu-Craa

Espainiak probintzia bat daduka Saharan, nahiz eta probintzia hori uzteko prest egon orain (gure uste apalean, Estatuaren Konstituziotasunaren kontra doan zerbait izan arren).

Sahara horretan datza* Bu-Craako fosfatutegi ezaguna. Ihazko bigarren seihilabetekoan eman zitzaion hasera* meatza* haien ustiaketari.* Teknikoek diotenez, 1.500 milioi tonelada ukan ditzake fosfatutegi hark: 1973.ean 750.000 tonelada atera ziren El Aaiun-go portutik.

Fosfatu horren bezero* onenak USA, Japonia eta Ingalaterra dira. INIk kudeatzen* du ustiaketa hau, eta, ihazko salmentak 550 milioi pezetatakoak izan arren, mentsarekin* hitxi* zuen urtea. Aurten, espero denez, irabaziak izango ditu INIk. Munduko fosfatu emalerik onenak hauk dira: USAk 40 milioi tonelada (hala ere, Ipar Amerika fosfatu eroslea da), Sobiet Batasunak 25 milioi, Marokkok 16 milioi.

Fosfatu saltzailerik haundiena Marokko da; eta, beronen erabakiz, munduko merkatuan goraldi bizkorra izan dute fosfatuaren prezioek. Bu-Craako meatokiak, produkzioa bere erpinera irixtean,* urteko* 10 milioi eman ditzake. Hau guztiau jakinik ere, Marokkok ez omen ditu gutiziatzen* hango fosfatutegiok. Espainiak ere ez. Eta guk ikusiko dugu nondik nora doan Sahararen deskolonikuntza.

Idazleak:

Joseba ERREKONDO

Iñaki URIONABARRENETXEA

dio, deutso

ditzagun, daiguzan

ditzake, daikez

zaie, jake

zaizkie, jakez

zaizkio, jakoz

zien, eutsen

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon


Ikastolak

Irakaskintza Bakoiztua

Ohizko* modura irakasten den 35 haurretako ikasgela batetan gaude. Aurrean ikusten ditugun hiru umeok ba dira zerbaitetan elkarren berdin: hirurok zortzina urte dute. Baina berdintasun hori hortxe amaitzen da.

Edurne oso trebea da, ikasi duenaren azalpenak hitzez ematen. Bera baino haur haziagoek erabiltzen dituzten liburuak irakurtzen ohi ditu. Hala ere, ez dabil ondo matematika arloan, eta ia beti nahiago izaten du bakarrik egotea.

Miren oso urduria da eta artega.* Eskolan ondo egiten du bere egitekoa; baina guztiz erraz gogaitzen* da, eta bere kabuz* gutitan asmatzen du ekintzarik.

Jonek guti irakurtzen du. Ia* inoiz ere ez du pozarren* libururik hartzen. Eta, eskolako ekintzetan, batzuetan muker* eta beste batzuetan bizkor ibiltzen da, mementoko aldartearen* arabera.*

Une honetan. Edurne, Miren eta Jon fotosintesiari buruzko azalpen bat entzuten daude.

«Landare berde batek —dio irakasleak— argia hartzen duenean, haren zelulak... Zeuen liburuaren 37. horrialdean ikus dezakezue zelulen irudi bat. Landarearen zelulek argia bereganatzen dute...»

Azalpen honek erantzuten ote die, Edurne, Miren eta Jonek dituzten behar pertsonalei? Ez badie, zergatik ote da hori?

Orain beste ikasgela batetan gaude. Hemen ikasle bakoitza da haintzat hartzen. Irakasmolde honi Irakaskintza Bakoiztua* deritza.* «Zuk —diotso irakasleak Joni—, esplika zenezakea* zer egiten duen fotosintesiak anhidrido karboniko-oxigeno zikloan?»

Haur bakoitzak ikasteko programa berezi bat du. Horrela errazago ikasiko du, bere tankera* eta neurkadara* lan eginez.

Haurrak: Landare honek zera du, klo... klo... Nola esaten da?

Irakasleak: Segi, segi! Zeuk bakarrik esazu,* inoren laguntzarik gabe.

Haurrak: Klo...rofila!

Jonek ez du erraztasunik, berba zailak ikasteko eta ahozkatzeko;* esku lanak egiteko, berriz, oso leberra* da.

Mirenek, projektoreak eman duenaren laburpen bat egin behar du ikasgelako guztientzat.

Edurnek, iragan ikasturtean, mural bat egin du fotosintesiari buruz, zientzi erakusketan agertzeko. Aurten, pintaketa arazoa utzirik, bera baino ume ttipiago bat lagunduko du irakurtzen ikasten.

Gela honetan, beste ikas programa asko daude. Talde ttipietan banaturik, haur batzuk esperimentuak egiten ari dira, beste batzuk txostenak* idazten, liburuak irakurtzen, mintzatzen, analizatzen... Hauek bakarka dihardute, horiek irakasle nahiz laguntzaile batekin (unibertsitari, guraso, etab.), eta haiek ikaskide batekin.

Gela bietan nola irakasten den ikusi ondoan, askoz haundiagoak direla uste dugu, Irakaskintza Bakoiztuaren abantailak.

1. Irakasleek, gaian bertan baino gehiago, haur bakoitzagan jartzen dute beren ardura, haien ahalmenak, interesak eta beharrak kontutan harturik. Ikasle «txar» bat ez da joanen hurrengo ikasturtera lehengo akats berekin, denbora gehiago ematen baitu gai zailak ikasten eta laguntza gehiago emanen baitio irakasle berezituak.*

2. Ohizko modura irakasten den eskoletan, ekintzak, gehienbat textu liburuak berak seinalatzen ditu. Irakaskintza Bakoiztuan, ostera* ekintzak, ikasleen behar, interes eta helburuetarik sortzen dira. Inportantzia gehiago ematen zaio, haurrak berak sorterazten eta gidatzen duen ikasmoldeari. Irakasleek zirikatu egiten dute haurra, helburura heltzeko berak uste duen biderik onena aurkitzeko eta hartatik joateko.

3. Ohizko egitarauak,* gutiz* gehienetan, haur talde osoarentzat egindako textu liburu eta ikas tresnetan oinharritzen dira, tokian tokiko giroari eta haur bakoitzaren beharrei ardura eskasa emanez. Irakaskintza Bakoiztuan, aldiz,* irakasleek material desberdinak eskaintzen dizkiete haurrei; eta akuilatu egiten dituzte, beren ekintzetarako egokienak diratekeenak* hautatzeko.

Oroz gain, Irakaskintza Bakoiztua zalua* da eta aldaerraz. Orduak lekua, tresneria, irakasleak, dena datxekie* haurren beharrei. Ez dago ezer, alda ezin daitekeenik. Deus* ere ez, behar berriei erantzuteko eta ideia berriez baliatzeko molda ezin daitekeenik.

María Dolores TRESSERRAS

Barcelonako ICEkoa


Ikastolak

Ikastoletako irakasleez

Ikusten dudanez, gure aldizkari honetan modu egokiz eta ganorez* erabiltzen dira ikastolen arazoak. Ikastolek ba dituzte, dudarik gabe, mila gauza eta zehetasun,* konpondu beharrak: pedagogiazkoak, ekonomiazkoak, ikasleei dagozkienak, gurasoekikoak, eta abar. Problema hauen artean ba da irakasleoi doakigun arazoa ere, eta, beronen barnean, gure bizibideari loturik dagoena ere bai.

Azken puntu hau, ene eritziz, publikoki bederen* ez da aski* erabili, edo premiatsuago izan diren ardurak egon direlako, edo geure buruaren premia «materialak» defendatzeko lotsor izan garelako, edo, beste edozein kausaz, behar besteko barnatasunaz* ez dizkiogulako euskal populuari* geure premia materialok ikus erazi.

Has nadin, beraz, neure aburuaren* arrazoinak exenpluz eta gertakari konkretuz hornitzen.

Lehenik, tituluen gorabeherak aztertu nahi ditut. Erdal eta euskal gauzen artean, desberdintasun ikaragarri bat dago orotan* eta konkretuki tituluetan. Irakaskintzan baliagarri diren erdal tituluak eurrez* ditugu, eta euskal tituluak, ostera,* bat bakarra, Euskaltzaindiak banandutakoa. Ikastoletan haintzat hartzen dea* titulu hau? Haintzat harturik ere, nolako oneritzia* erakusten zaio, erdal tituluekin konparatuz? Soldatari gagozkiola, ba ote du eraginik* gure tituluak? Zer neurri eta ginotan? Zenbait ikastolatan ohorezko aipua baizik ez zaio egiten; erdal titulurik gabe, ikastola horietan sartzerik (eta kobratzerik, beraz) ez duzularik. Adibidez, ikastola batzuetan bateko hamalau da proporzioa: euskal tituluagatik 1.000 pezeta eta erdarazkoagatik, ostera, 14.000. Ez ote da hau, ikastolen kontrazentzurik gogorrenetariko bat?

Tituluei narraielarik,* haizu* nadin, irakurle, hitz andana* bat Euskaltzaindiaz esatera. Euskaltzaindia, memoriaz labur eta eskas ez bada, gomutatuko* da, noski, nola hitz eman zigun, euskal irakasle tituluetan hiru mailatakoak (A, B, D) bananduko zituela. Horretaz aparte, «euskal kulturazko» titulu bat ere ezarriko zuela prometatu zigun, eta zain gaitu. Aspaldixko da —bi urte luze— gutariko zenbaitek D mailako titulua eskuratu genuela. Eta zenbait horietarik batzuk bederen benetan poztuko ginateke, Euskaltzaindiak B mailako titulurako deia eginen balu. Zenbaitetan (beti arrazoinez ez bada ere), Euskaltzaindia astiroegi dabilela entzun izaten dugu. Euskal irakasle soil bezala, gure hizkuntzaren jagole* den erakundeari* zera eskatuko nioke, munta eta antola litzan euskal tituluak banatzeko eta baliatzeko bideak. Eta, Euskaltzaindiak uste ez badu ere, berak ba duela esanen diot, eragin ekonomikorik guregan behintzat, nahiz ez izan guk gura genukeen eta berak merezi duen heinekoa.*

Erramun GERRIKAGOITIA

dezakezue, daikezue

die, deutse

dio, deutso

dizkiete, deutseez

dizkiogu, deutsaguz

litzan, leizan

zaio, jako

zigun, euskun


Fedea eta ekintza

Eliz herrialdeen aldrebestasuna

 Vida Nueva aldizkarian behin aipatu dugu, eta Anaitasuna honetan bi aldiz edo, Espainiako eta Euskal Herriko eliz herrialdeen* aldrebestasuna. Orain —eta, diotenez, Konkordatu berria gainean dadukagularik— arazo hau plazaratzea zilegi* izanen zaigula uste dugu.

Hara zer dioen Vatikano II.ak apezpikuen zereginei buruzko Dekretuan, 39. eta 40. artikuluetan. Euskaratu eginen dut. Lehen artikuluan: «Arimen ongiak* ez bakarrik diosesien mugaketa egoki bat eskatzen du, bai eta eliz herrialdeena ere...» Bigarrenean: «Hori lortzeko, Kontzilio Sainduak hauxe erabakitzen du: Azter bitez garaiz eliz herrialdeen barrutiak,* eta defini bitez lege berri eta egokiekin Metropolitanoen eskubide eta abantailak».*

Ezin argiago. Kontzilioa aspaldi bukatu zen, eta ba dela garaia uste dugu, gure kasuan zerbait egiteko. Baionakoa, estatuarteko arazoa denez gero, geroagorako utzi behar bada ere, Bilbo eta Gasteizko diosesiak Iruineko eliz herrialdean sartu beharra dago. Apezpikutegiek ba dukete* nortasuna eta legezko prozeduraren bat, Erromara hori eskatzeko. Kontestatariek egin zuten «prozedura gabeko» eskabidea. Orain bestea —legezkoa— egin genezake; eta Gasteizkoak nahi ez badu, horren atxakiaz ez gaitezela ezer egin gabe geldi.

Iruine eta Donostiako laurek ez ote gintuzkete lagunduko eskabide horretan? Guk uste, baietz. Denok anaiak garelarik, nork ez luke nahi, bada, beste anaiak familia berean egotea? Bestalde, apezpikuak aparte, ez ote legoke baliozko beste lagunen bat, hemengoen izenean Casaroli jaunagana hurbil litekeenik?

USAko Eliza Katolikoa bere burua aztertzen

Ipar Amerikako apezpikuek beren Elizaren azterketa bat egin dute oraintsu. Berehala ikusi dutena zera izan da, azken hamabost urteetan Eliza Katolikoaren biziera asko aldatu dela. Aldaketa horretan ba dira alde onak eta txarrak.

Aldakuntzak ekarri dituen alde ilunak, hauk* lirateke batez ere: Elizan, eta erligio bizitzan ere, sarri* agertzen dira jokabide polarizatuak; apezgorako eta erligioso bizitzarako bokazioak urritu egin dira; apez ministergoa uzten dutenen portzentaiak gorantz joan dira; igandeetako mezarekiko betebeharra geroz eta utziagoa agertzen da; haur* galerazpenak katolikoen artean ere onhartzen dira, eta dibortzioen portzentaiak gainerako hiritarren neurri beretsukoak dira.

Itxaropengarri izan litezkeen beste gertakariak, ostera,* hauk ditugu: Estudio eta espiritualitate toki eta mugimenduak ugarituz doaz; otoitzarekiko kezka sakonagotzen ari da (mugimendu karismatikoak, senar-emazte arteko espiritualitatea...); geroz eta jende gehiagok parte hartu nahi du parroki elkarteetan; erligiozko hezkuntzaz* ardura haundiagoa ageri da.

Gizartea indibidualistago bilakatzen* den heinean,* Elizaren barnean komunitate zentzu berri bat jaiotzen ari da, eta kanpoko eztabaida gordinenek (dibortzio, haur galerazpen, etab.) batasun grina eztenkatzen* du katolikoengan.

Rhodesiako apezpikuak Ian Smith-en kontra

«Rhodesiar beltz bat banintz, erreboltari bat izango nintzateke», aitortu du Rhodesiako Gobernu partidua utzi duen Savory politikariak. Eta Muzorewa apezpikuak BBCri egin dizkion deklarazioei buruz, hola hitz egin du: «Parlamenturako bidezko* hauteskundeak* eskatu ditu, eta erabat* arrazoinezkoa da hori. Horixe berori egingo nukeen neuk ere, haren lekuan egon banitz. Ez dago, ideologia bat indarbidez garaitzerik, hobeagoa den beste baten bitartez baizik. Ezin daiteke komunismoa arrazismo bidez porroka».*

Rhodesiako Askapen* Mugimenduaren bizkortzeak eta Mozambikeren beregaintasun bideak urduri dadukate Smithen Gobernua: sakabanatu egin du Parlamentua, Afrikar Kontseilu Nazionalaren Idazkari Orokorra* (Sithole) itzalpera eraman du. Gorabehera hauk tarteko, Rhodesiako sei apezpiku katolikoek bat egin dute Muzorewa anglikanoarekin lan Smithen Gobernuaren kontra.

Berri laburrak

• Frantziako Tolosan langileak kalez kale agertu dira, SNIAS hegazkin* lantegietan lanorduak-eta urrituko dituzketela* entzun denean.

Egokiera* hau dela eta, Guyot Kardinaleak, Tolosako artzapezpikuak, elkar ikuste bat eskaini dio L'Humanité egunkari komunistari. «Bai, kexu* naiz —esan du Kardinaleak— eta ezin naiteke lasai egon, nire ondoko langileek biharmunean lanik ukanen ote duten ere ez dakidala». Hau izan da, Kardinale honek eguneroko honi eskaini dion lehen ikustaldia.

• Irailaren 19an, Espainiako Apezpikuen Gizarte Apostolutzarako Batzordeak* (hau da, arazo hauetarako Espainiako Elizak dadukan batzorderik garaienak), «Gaurko Ekonomi Egoerari dagozkion Kristau Jarrerak»* deritzan ageri bat zabaldu du. Dokumentu horren jitea* eta ausartzia* pentsaezinak ziren orain zenbait urte. Benetan garrantzizkoa dela esango genuke, oinharrizko eritasun* batzuei buruz klarki esaten baitira hor esatekoak. Kapitalismoaren jokabideak gogorki salatzen dira. Hurrengo batetan aztertuko ditugu ageri horretako ideiak.

• Eliza Katolikoaren Sinodua aurrera doa. Albisteak ba datoz; baina dena amaitzean emango dizkiogu berriok ANAITASUNAren irakurleari. Orain ager dezagun berriño bat. Ipar Vietnamgo apezpiku bat etorri da aurtengo Sinodura: Hanoiko artzapezpikuaren laguntzailea, Trinh Van Can jauna. 1954.az geroztik orain arte ez da Ipar Vietnamdik Vatikanora apezpikurik etorri: hauxe da lehenbizikoa. Vatikanoko II. Kontzilioan ere ez zen inor izan; eta irekitasun berri hau, dirudienez, Xuan Thuy, Parisen vietnamiar ordezkari izandakoak Vatikanora eginiko ikustaldiaren ondorioa da.

• Hego Vietnamen ere ba da jarrera* aldaketarik. Egun batez hain aurrez aurre ari ziren katoliko eta budistek, bat egin dute orai Van Thieu-ren diktaduraren kontra. Izan ere, oposizioa geroz eta bortitzago* dator; eta «hirugarren indar» bat eratu dute, Gobernuaren indarkeriari aurpegi emateko. Apezeria katolikoak buruzagitza nabarmena hartu du talde eragile horretan.

Egileak:

Joanes GOIA

Jose Luis LIZUNDIA

bitez, beitez

dio, deutso

dizkio, deutsoz

dizkiogu, deutsaguz

genezake, geinke

zaigu, jaku


Gurutzegrama (49)


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja, prerrogativa, privilegio. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ABESBATZA, grupo coral.

ABURU, eritzi.

ADABAKI, remiendo, morceau à rapiécer.

ADIERAZI, adierazitako, adierazirikako, adieraziriko.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGI DENEZ, dirudienez.

AHALBIDE, posibilidad.

AHOZKATZE, pronunciar.

AISE, erraz.

ALDARTE, humor.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALTXOR, tesoro.

ANDANA, talde, multzo.

ANHAUZE, Anhaux.

ANTZO, a fuer de, en calidad de.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARABERAN, proporcionalmente.

ARAU, según, a medida. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 228. horrialdea).

ARAUDI, reglamento.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRENKURA, inquietud. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ARRETA, cuidado, detenimiento.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ARTEGA, inquieto, desasosegado.

ASKAPEN, liberación.

ASKI, nahiko.

ATURRI, Adour.

ATXILOTU, detenido, aprehendido, arrestado.

AUKERA, opción, elección.

AUSARTKI, intrépidamente, valientemente. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

AUSARTZIA, valentía. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

AZKARGAILU, fortificante.

AZKARKI, sendoki.

AZKURRI, alimento.

BAILIREN balira bezala.

BAITEZPADAKO, beharrezko.

BAKAN, raro.

BAKOIZTU, individualizado.

BALIATZE, erabiltze.

BAPATEKO (bat + bateko), repentino.

BARNATASUN, sakontasun.

BARRUTI, jurisdicción territorial.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BEJONDIZUELA, enhorabuena. (Bide on [Jainkoak] dizuela).

BEREZITU, especializado. (BEREIZTU, bereizi, separado.)

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERTSU, beretsu, casi idéntico.

BEZERO, cliente.

BIARNOA, el Bearne.

BIDEZKO, legítimo, justo.

BIKAIN, excelente.

BILAKATU, bihurtu.

BILAKATZE, bihurtze.

BILDUMA, colección.

BILKETA, recolección.

BILKURA, bilera, reunión.

BIZKITARTEAN, bien bitartean.

BOKALE, Boucau.

BORTITZ, sendo, indartsu, azkar. (Berba hau latinezko fortis hitzetik dator).

BOZ, voto.

BOZKETA, elección por votación.

BURUTU, bururatu, realizado, llevado a término, llevado a cabo.

DABILTZAKE, dabiltza nonbait.

DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.

DARAMATZA, daroaz.

DATEKE, da nonbait.

DATXEKIE, se les adhiere, depende de ellos. (Atxeki aditzaren forma. Hona hemen aditz honen beste forma batzuk: datxekit, datxekik, datxekin, datxekio, datxekigu, datxekizu, datxekizue, datxekie, datxezkio, gatxekio. Ene ustez, euskara batuan, atxeki erabili behar genuke, eta ez atxiki. Bestalde, bazter ditzagun, klasikoek erabili zituzten datxet, datxeka, datxete, datxetza, gatxetza... formak, dagot, dagoka, dagote, dagotza, gagotza... formak baztertu ditugun bezala).

DATZA, yace, está situado, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA (da + a), al da?

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DERITZA, erizten zaio, se le llama.

DESAXOLA, axolagabekeria.

DEUS, ezer.

DIRATEKE, dira nonbait.

DITUZKE, ditu nonbait.

DITUZKEGU, ditugu nonbait.

DITUZKETE, dituzte nonbait.

DUKE, du nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

DUTXULO, grifo, robinet.

EDIREN, ediro, aurkitu. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

EDUKI, contenido.

EGINEN (berba hau Bizkaian erabiltzen da), egiteko, eginkizun.

EGITARAU, programa.

EGITURA, estructura.

EGITURATU, estructurar.

EGOKIERA, oportunidad.

EGUN, gaur. EKIALDE (eki, sol + alde), oriente, Este.

EKI EUROPA, Europa Oriental.

EKIN, aplicarse intensamente, aplicado intensamente.

EKITE, aplicarse intensamente.

ELABERRI, novela, roman.

ELIZBARRUTI, diócesis.

EMATE, parecer, dar la impresión.

EMENDATU, aumentado.

ERABAT, guztiz, osoki, completamente.

ERABILI, erabilitako, erabilirikako, erabiliriko.

ERAGIN, eragipen, influencia.

ERAKUNDE, organización, organismo, entidad.

ERASOALDI, ataque.

ERASOTZE, atacar.

ERDIESTE, ardieste, lortze.

ERDITZE, parto, enfantement.

EREMU, extensión de terreno.

ERITASUN, gaixotasun.

EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).

EROSO, cómodo.

EROSOTASUN, comodidad.

ERRESUMA, reino, royaume, kingdom. (ERREINU, reinado, règne, reign).

ERTARO (Erdi + Aro), Edad Media.

ESAN NAHI BAITA, a saber, es decir esto es.

EZAZU, esan ezazu (eizu).

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUHARKI, generalmente. (Konpara frantsesezko maintenant).

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

ETEN, etendura, ruptura.

ETSIGARRI, desesperanzador, desesperante.

EURREZ, abundantemente. (Euskara batuan. Bizkaiko eurrez erabili behar genuke, eta ez Gipuzkoako erruz, azken hitz honek beste esannahi bat ere baitu).

EZEZIK, no solamente.

EZTENKATZE, akuilatz, zirikatze.

EZTI, bigun.

FUNTS, fondo, sustancia.

GAKO, kako, clave.

GANORE, ganora, kanore, modu egoki.

GEHIENGO, mayoría.

GIBIZTATZE, enlazar.

GINO, proporción.

GIRONA, Gerona.

GISA, era, modu.

GIXUNE, Guiche.

GOGAITZE, aspertze.

GOMUTATU, oroitu.

GOTOR, vigoroso, fuerte, sólido.

GUDALOZTE (gudari + ozte, multitud), ejército. (OSTE, atze).

GUTIETSI, menospreciado, subestimado.

GUZTIZ GEHIENAK, kasik guztiak.

GUTIZIATZE, codiciar.

HAIZU, poseedor de permiso, libre.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

HARMADA, ejército.

HARTUREN (berba hau Bizkaian erabiltzen da), hartze, hartzeko.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUR GALERAZPEN, hilortze, aborto.

HAUTAPEN, opción.

HAUTESKUNDE, elección por votación.

HAZIL, noviembre.

HAZKUNDE, desarrollo, développement. (Bazter dezagun desarroilo hitz itsusia).

HEDADURA, extensión.

HEDATU, zabaldu.

HEGAZKIN, aireko.

HEIN, medida, proporción, grado.

HELDU (1), adulto.

HELDU (2), próximo.

HELDU (3), abordado, agarrado, saisi.

HERRIALDE, provincia.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HITXI, hetsi, cerrado, fermé. (HERTSI, herstu, estrechado, apretado). Ikus «Zabal». 7. zenbakia, 52. horrialdea).

HOBENDURI, hobendun, errudun. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

HOGEITAZ, veinte y pico.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORNIZIO, dotación.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBIL, cercano, próximo.

IA, kasik.

IDAZKARI, sekretari.

IGORRI, bidali.

IGORTZE, bidaltze.

INKESTA, encuesta.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu.

IRIXTE, heltze.

IRLA, isla.

IRUDIKO, antzeko.

ISTORIO, narración, ingelesez story. (HISTORIA, kondaira, ingelesez history).

ITAUN, galde, galdera.

JADANIK, ya.

JAGOLE, zaindari, zaintzaile.

JARRERA, actitud, postura.

JITE, índole.

JORI, fecundo.

KABUZ, buruz. (Berba hau latinezko caput hitzetik dator).

KASU, adibidez, por ejemplo.

KAXA, caja, caisse.

KENTZEKE, kendu gabe.

KEXU, inquieto, preocupado.

KOKATU, colocado.

KUDEATZE, dirigir.

KUTSADURA, contaminación. (SATSUDURA, polución).

KUTSAGINTZA, contaminamiento.

LEBER (ingelesez clever), trebe.

LEKUKO, testigu.

LILURA, encanto, fascinación, hechizo.

MAHAININGURU, mesa redonda.

MAIZ, sarri.

MALERUSKI, zoritxarrez.

MEATZA (mea, mina + -tza), meatoki, zona minera. (Konpara belartza, elurtza, jendetza. Ikus Azkueren «Morfología Vasca», 84. horrialdea).

MENTS, déficit.

MINTEGI, seminario.

MUKER, esquivo, revêche.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITU, advertido, sentido, notado.

NARRAIE, jarraitzen natzaie (natxake).

NASAIKI, abundantemente.

NEURKADA, ritmo. (Ikus André Tournier eta Pierre Lafitteren «Lexique Français-Basque»).

OHIZKO, habitual.

OIHARTZUN, eco.

OKITU, lleno, repleto.

ONERITZI, afección, afecto.

ONGI, bienestar, bien. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

OREN, ordu.

ORENEKO, orduko, por hora.

ORI, guzti.

OROKOR, general, común.

OSAGARRITZE, erremediatze.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA (1), aldiz, berriz, ordea.

OSTERA (2), viaje, vuelta.

OTSAIL, febrero.

POPULU, herri, jende.

PORROKA, desmenuzar, destruir. (PORROKATU, desmenuzado, destruido).

POSTAKAXA, apartado, boîte postale.

POZARREN, pozik.

PRESENTATU, presentatutako, presentaturikako, presentaturiko.

SARRASKI, matanza, masacre.

SARRI, maiz.

SINATZE, firmar.

SOBERA, gehiegi, larregi.

SOIL, simple.

SUGALERAZPEN, alto el fuego.

SUSMARI, receloso, craintif, méfiant.

TANKERA, estilo.

TENORE, garai, ordu.

TIPUSTAPASTEKO, improvisado, espontáneo.

TXOSTEN, informe escrito.

UDALETXE, herriko etxe, casa consistorial.

UNTXI, conejo, lapin.

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo).

URTARRIL, enero, janvier.

URTEKO, urte bakoitzeko, por año.

USTIAKETA, explotación, aprovechamiento.

UZTA, cosecha, récolte.

XEDE, propósito, objetivo.

XUHUR, urri.

XUME, ttipi, ttiki.

ZAHI, salvado, son.

ZALU, flexible.

ZAMA, karga.

ZELAI, campo.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, contribución, impuesto.

ZENEZAKEA, al zenezake (zainke)?

ZILEGI, lícito.

ZILORA, meter en el silo. (ZILORATU, metido en el silo).

ZURTZ, huérfano, orphelin.

ZUZPERTU, revivido, reavivado.