ANAITASUNA

282. zenb.

1974.eko irailaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Euskal Unibertsitate Etengabea

Donibane Lohitzuneko Udako Euskal Unibertsitatea bukatua da. Ez dakit oraindik, zer asmo eta zer erabaki hartu den aurrerantzerako, aurtengoaren kritika egin eta gero: ez nuen azken egunean han izaterik ukan. Baina, aurreko egunetan mamituz joan ziren asmoak eta bideratuz joan ziren erabakiak gogoan ditudala, neure zenbait gogoeta* eta eritzi emango dut hemen. Bitartean Unibertsitatearen beraren ageri ofizialaren zain gelditzen gara, aurrerabidea nondik norakoa izanen duen jakiteko.

Euskal kulturazko saioek, betiko zoro taldetxoarenak direla eman* ohi dute batzuetan. Baina, aurtengo Unibertsitatea ikusi eta gero, besterik pentsatu dut. Jende ugarik hartu du parte. Ehundik gora izan omen dira matrikulatuak. Eta matrikula gabeak beste hainbeste izan direla uste dut nik: egun batean edo bestean beren aldetik tartean ibili direnak, halegia.* Aurten jende berri asko bildu da. ANAITASUNAren aurreko zenbakian emaniko argazkian dauden hamahiru-hamalauetarik hiru bakarrik direla uste dut, aurten ere parte hartu dutenak. Euskal kulturazko mundua sakontzen* ari den heinean,* hedatzen* ere ari da.

Hamar ziren, asmotan behinik behin, aurtengo Unibertsitatearen sailak. Horietarik bost izan dira taxuz eramanak; besteak ia ia asmo hutsetan gelditu dira. Unibertsitatea hasi aurretik, susmoa nuen, erakundea* makal* eta zalantzan zebilela. Eta hala gertatu da Donibaneko egunetan ere: antolamendua bera egunez egun moldatuz joan da. Hala ere, egitekoa poliki bete dela esango nuke. Baina Euskal Unibertsitateak, gorputz tinkoagoa eta eraketa zehatzagoa ukanen badu, idazkaritza osoagoa behar du noski: Euskal Unibertsitatearen antolatzea eta irauneraztea ezin daiteke gizon baten bizkarrean utz.

Hizkuntz, ekonomi eta zientzi sailekoek poliki bete dute beren egitaraua.* Filosofi sailekoen gaia Kultura euskal gizartean izan da. Histori aldetik heldu* zaio batez ere gai honi. Eta horra bildu dira antolatu gabeko sail guztietako ikasle gehienak (historiakoak, antropologia-soziologiakoak, pedagogiakoak, etab). Oso multzo nahasia gertatu da horregatik, eta ez da taldeko lan sakona egiterik izan. Taldeko lana izan da, ordea, beste sail berezituen* bidea.

Honela, nire ustez, gerorako ere argituz eta nolabait eratuz joan da, oraingoz behintzat, Udako Euskal Unibertsitatearen antolaketa. Argi dago, sail berezituen azterkuntzak eta ikaskuntzak izan behar dutela egun horien ardatza; baina, horretaz gainera, oso egokiak izango dira, sail guztiei nolabaiteko batasuna emateko ere, ez iluntzeko solasaldi edo gai atsegingarriak bakarrik, eta bai historiari buruzko, oraingo euskal kulturazko giroari buruzko, eta beste horrelako gai nagusi, orokor eta jakingarriak, Unibertsitatean parte hartzen duten guztiei ematekoak eta guztien artean eztabaidatzekoak. Honelako hitzaldiek eta elkar hizketek gai zabalagoak erabiliko lituzkete, beraz, eta ez espezialistentzakoak. Hutsune hau filosofiazko sailak bete du nolabait aurten; eta horretarako oso egokiak izan dira elkar hizketa batzuk ere: hala nola, aldizkariei buruz, gaurko euskal literaturari buruz inprobisatu direnak.

Aurtengo Unibertsitatea, eta sail berezituak batez ere, euskararen beraren mailan ibili dira kezkatuenik (hiztegi mailan, halegia), gaiaren beraren mailan baino areago.* Hiztegi teknikoa bilatzen eta finkatzen egin dute beren lanik handiena, zientzi sailekoek eta ekonomi sailekoek batez ere. Zientzia baten sortzea eta lantzea beti doa bere hiztegi teknikoaren sortzearekin eta lantzearekin batera: zientzia egitean, hizkuntza ere egiten da. Horregatik hizkuntzaren arazoa beti izango du Euskal Unibertsitateak. Baina, oraingoz, zientzia baino askotaz beherago dadukagu euskara teknikoa. Horra zergatik nekerik eta eginahalik handienak hiztegien inguruan egin diren. Hiztegi berezituen premia ere nabarmen gelditu da, zientziek behar duten lexikoa, gaia bera aztertzean eta lantzean mamitzen delako, hain zuzen ere. Aurtengo Unibertsitatearen ondoren eta datorren urtekorako ere, hiztegien bidetik joango dela dirudi taldeen lanik nagusiena.

Euskal irakasleak eta ikasleak beren lanbide berezitutik abiatuz doaz, aurtengo Unibertsitateak erakutsi duenez. Oraindik euskal irakasle eta ikasle asko eta asko gelditu da Donibanera joan gabe; baina ba dirudi, horrelako elkarganatze bat gertatzean, taldeak eta berauen taldeko lana finkatuz eta sakonduz joango direla. Aurtengo Unibertsitatean goi mailako euskal kulturaren lantzeak bere abiadura pollita hartu duela uste dut: eta ez bakarkako lana bezala, taldekoa bezala baizik. Beharbada hauxe izan da, hain zuzen ere, aurtengo Unibertsitatearen ondoriorik bikainena,* ene ustez: horrelako taldeak sortzea eta finkatzea, halegia. Geroak erakutsiko du nolako fruitua dakarren taldeko lan honek, datorren urteko Unibertsitaterako eta euskal kulturaren bizitzarako eta hedakuntzarako.*

Baina oraindik kultur sail asko geratu da aurtengo Unibertsitatetik kanpora, programan ere ez zegoelako, edo eta talde bereziturik bildu ez delako. Joera eta helburu argi batzuk markatu ditu aurtengo Unibertsitateak; baina hurrengo urteetakoena izango da asmo eta bide horik* bururatzea.* Bitartean, orain sortu diren lan taldeek eta datorren urtekoari begira ere sortuko diren berriek, beren egitarauak eta asmoak betetzen saiatu beharko dute, hurrengo urtekoa mamitsuagoa eta zehatzagoa gerta dadin, eta, bestalde, Euskal Unibertsitatea urtean egun batzuetakoa bakarrik izan ez dadin.

Euskal Herrian Unibertsitate guti dugu, eta bat ere ez Euskal Unibertsitate denik. Baina Donibanen emetzen eta hozitzen* ari dela dirudi. Urtean egun batzuetako antolaketan geldituko ote da Euskal Unibertsitate hori? Oraingoz ez dugu Euskal Unibertsitaterik jasotzerik, Unibertsitatearen egitura* ohi dugun bezala ulertzen badugu behintzat. Beharbada, egokia ere ez litzateke izango, Euskal Herriko beste Erdal Unibertsitateen parean, Euskal Unibertsitate bat sortzea, une honetan behintzat, erdarazkoek itota edukiko bailukete. Donibaneko Euskal Unibertsitatetik beste Unibertsitate mota berri bat sortzen ari dela iruditzen zait: Unibertsitate pertsonala eta iraunkorra, ez gela pila handi bati eta erakunde geldikor bati lotua. Dinamikoa izango da Euskal Unibertsitatea, Euskal Herri osoan zabaldua eta irakasle eta ikasle taldeek osatua. Honela bakarrik izango da Euskal Unibertsitatea euskal kulturaren legami,* Euskal Herriko Erdal Unibertsitate guztietan. Honela ere herritarragoa izango da Euskal Unibertsitatea, eta ez «campus» baten hesparruan* bizi diren jakitun edo «burutsu» batzuena. Etengabea izan behar du Euskal Unibertsitateak, urte osokoa; baina, oraingoz behintzat, Unibertsitate pertsonala izango dela iruditzen zait, hau da, lanean ari diren ikasle eta irakasle taldeen elkartea bezala. Bide honetatik abiatu dela iruditzen zait aurtengo Donibaneko Euskal Unibertsitatea.

Honetarako ere, Euskal Unibertsitateak erakunde tinkoagoa eta osotuagoa behar du. Urte osoko Euskal Unibertsitateak bere iturria eta sustraia* udako unibertsital batzarreetan izango du. Hortxe elkarretaratu, elkar ezagutu eta elkarrekin egiteko lanak eta xedeak* antolatu eta bideratuko dituzte euskal unibertsitariek.

Bide honetatik antolatuko dira, euskal kultura Unibertsitatearen goi mailan lantzeko elkarte eta erakundeak, bai eta benetako Euskal Unibertsitatea ere, erakunde finkatu eta iraunkor bezala. Baina beste Unibertsitate zabal, herritar eta dinamiko horrek gero ere iraun beharko lukeela iruditzen zait.

Esperantza berriak sortu dizkit aurtengo Euskal Unibertsitateak, berorren ttipian eta makalean ere. Euskal Unibertsitate etengabea ernetzen eta eratzen ari da

Paulo AGIRREBALTZATEGI

dizkit, deustaz

zaio, jako


"Joxe Migel Barandiaran" Saria

Oinharriak

1. «Joxe Migel Barandiaran» Sariak Euskal Herriaren azterketa du gai. Ataungo Guraso Elkarteak eta Lan Kide Aurrezkiak antolatzen dute; eta lanek, inbestigazio lanak behar dute izan.

2. Gaiak:

I. Euskal Herriko Etnologia eta Prehistoriaren azterketa.

II. Euskal Herriko Gizarte Ekonomiaren azterketa.

3. Saria urtero antolatuko da, eta erabakia maiatzaren 25ean jakin eraziko.

4. Batzorde Eratzailea, Guraso Elkarteko eta Lan Kide Aurrezkiko ordezkariek osatuko dute, Joxe Migel Barandiaran buru delarik.

5. Sariketaren antolatzea, Batzorde Eratzailearen esku izango da, eta batez ere epaimahaiaren izendatzea. Mahai hori, saritu nahi den gaietan ikasitako jendeak osatuko du.

1975. urterako deia

1. Lehen aldiz eskaintzen den «Joxe Migel Barandiaran» Sariak, Euskal Herriko Etnologia eta Prehistoria ditu gai.

2. Lanak euskaraz idaztekotan, edozein herrialdetako pertsonek har dezakete parte lehiaketa honetan.

3. Idazlanaren hiru kopia beharko dituzte bidali, makinaz eta horriaren alde batetatik idatziak, bi une lerroen artean utzirik.

4. Idazlanak lema edo egilearen izenorde batekin bidali beharko dira sobre hitxi batean. Sobrearen gainean lema edo egilearen izenordea joango da, eta barruan egilearen izen-deiturak.

5. Oraindanik hasi eta 1975.eko apirilaren 15era bitarteko epean jasoko dira lanok.

6. Bidal bitez lanok zuzenbide honetara:

Caja Laboral Popular

Ladera de Olandiano

 Mondragón (Guipúzcoa)

Ezar zorroan, zuzenbidearen gainean, «Joxe Migel Barandiaran» Saria.

7. Saria: EHUN MILA (100.000) PEZETA eta idazlanaren argitaratzea. Argitaratze hori, Lan Kide Aurrezkiaren esku izango da.

8. Erabakia agertzeko ordurarte, ez dira Epaimahaikoen izenak jakin eraziko. Epailariek Batzorde Eratzaileko bat izango dute lagun, eta honek egingo du sekretari lana. Hitza izango du, baina boturik ez.

9. Saritu gabeko lanak egileei itzuliko zaizkie.

10. Idazlanak gaiari ez dagozkiolakotz, nahiz neurri hauen arabera ez direlakotz, saririk ez ematea gerta liteke.

11. «Joxe Migel Barandiaran» Sarira etortzeak, neurri hauk eta Epailarien erabakia onhartu beharra, berekin darama. Sariketaren inguruan sor litezkeen beste gorabehera guztien konpontzea, Batzorde Eratzailearen esku gelditzen da.

Arrasaten, 1974.eko apirilaren 30ean


"Iberia Express"

Aupa langileak!

Askok aipatu, aupatu eta kantatu ditu langileriaren handia, indarra eta ederra. Baina azken aldian konturatuak gara nonbait, langilearen egitekoa eta ohorea handiagotu egiten dela, bere Herritik kanpora ematen badu bere lana.

Denok genekien, Europa aldean dabiltzan Espainiako langileak asko zirela eta diru mordo ederra bidaltzen zutela. Emigrariaren Egunean, langile haien ezbeharrak* gogoratuz, espainiar guztien esker ona adierazi ohi zitzaien, ekonomiari eman dioten gorakada handiagatik. Geroztik entzun genuen irratiko hizlari baten ahotatik, langile horiek ba zutela beste eginkizun handirik, Espainiaren kulturazko misioaren betetzaile bezala: hau da, langile horik* Espainiako kultura handia Europan zehar zabaltzen ari zirela.

Azkenik, berriz, Espainiako ekonomia eta kultura handitzeko eta hedatzeko* ezezik,* Europako Ekonomi Elkartearen aurrerapenerako ere eginkizun bikaina* dutela jakin dugu lehengo egun bateko egunkari baten bitartez. Izan ere, espainiarrak omen dira, turkiarren ondoren, Europako Ekonomi Elkarteko Estatuetara aldaturiko langile gehienak: Turkiarrak 580.000, espainiarrak 562.000, jugoslaviarrak 538.000, portugaldarrak 450.000, algeriarrak 450.000, etab. Denetara, 4.500.000 kanpoko langile omen dira Europako Ekonomi Elkarteko Estatuetan.

Hori guztiori horrela izanik, ba dute Espainiako langile atzerriratuek zertaz harro izan, haien eginkizuna eta misioa hain bikaina delarik. Hala ere, ba dut susmottorik, langile horiei buruzko ikuspegia baikorregia* ez ote den.

Dena dela, ba duzue, kanpora joan beharrean gertatu zareten langileok, zuen izena goratu duenik: Aupa atzerriratutako langileok!

Barcelonako alkate ohia* eta katalana

Ba da hortik kazetari gaiztorik, halajaina! Oraintsu, ondoko ohar hauk* irakurri ahal izan ditugu Barcelonako astekari batean. Josep Maria Porcioles jaunaren izen on politikoa nahiko zalantzatan jarri da, «Hirigintzaren* Antolaketa» tarteko dela; eta haren politikari buruz galdera batzuk egin dira orain. Barcelonako alkate hamasei urtetan izandako jaun horrek sarritan aitortu ohi zuen bere burua oso katalantzat, bai eta katalantasunaren aldeko zenbait eskabideren adierazle nagusia ere izan zen inoiz. Baina...

Baltasar Porcel jaunak ez du hori argi ikusten. Porciolesen garaitik 40.000 milioi eta gehiagoko mentsa* jaso du Barcelonako Udalak.*

«Hori horrela delarik —dio Porcelek— katalan hizkuntzaren irakaskintza denok emango dugu egin den lanik txiroenetakotzat,* nahiz eta, Barcelona eta herrialdearen sendakuntzan, beharrenetako bat izan. Irakaskintza hori aurrera aterako ez balitz, gure indarberrikuntza herren* geratuko litzateke (geratuko da) lotsagarriki. Eta horra, bada: katalan irakaskintzaren alde elkarrekin lanean ihardun duten maisu eta lagunek Porciolesengana jo zuten, Udaletxearen laguntza ekonomikoaren bila. Josep Mariak Udaletxeko kultur ordezkariarengana, Sicart jaunagana, bidali zituen, 250.000 pezetatako laguntza emanen zaiela esanez. Ordezkariak 25.000 pezetatara eraitsi* zuen agindutakoa. Azken diru hau ere ez zuen inoiz eman Porciolesen Udaletxeak. Beldur naiz, beldur, Josep Maria Porcioles jaunak, orain idazten ari duen bere alkate garaiaren historian, zuritu* ahal izanen duen oker hori. Izan ere, nola justifika liteke lapsus izugarri hori, katalantasuna hainbat aldiz aldarrikatu* duen batengan?».

Andorra, ikasbide?

Turismoaren «gauezko lanean» (holatsu deitzen dute kontrabandua gure euskal mugatarrek) leku aparta izan du Andorrak azken hogei urteetan. Izan ere, erospiderik erosoenak* aurkitzen zituen Andorran nornahik; eta erosotasun horixe izan ohi zen, Principat hark zedukan erakarpen* berezia.

Baina oraingoan beste arrazoin batek ekarri du Andorrako Principat hori aldizkarien horrietara: Andorrak politik arazo gogorrak daduzka, etorkizunari begira. Lehenik, Erdi Arotik* datozen politik erakundeen* bilakaera* beharra; Printzerriko bizilagunen berdinztapena; ekonomiaren antolaketa zabal baten premia; lurraldearen industrigintza, eta —gezurra badirudi ere— Estatuaren beraren burujabetasuna.

Benetan irakurgarria eta zuzpergarria* aurkitu dugu, «Equip d'Estudis Andorrans» elkargoak Triunfo astekarian eman duen azterketa; baina areago, bere laburrean ere, González Casanova katedratikoak hango erakundeen bilakaera jator baterako egin dituen oharrak. Izan ere, harriztaturik* geratu zaizkien, edo itorik gelditu zitzaizkigun erakundeok gaurkotzeko, premiazkoa litzateke han eta hemen egiazko gogoeta teoriko bat.

«Gallego-3»

Iragan* uztailean* aurkeztu zen jendaurrean Gallego-3 liburua, Compostelako Santiagon. Gallego-3, hango Unibertsitateko «Instituto de la Lengua Gallega»k moldatu duen, galegoa ikasteko metodu bat da. 1971-1972. urteetan argitara ziren metoduaren lehen eta bigarren liburukiak.*

Liburu honek egundainoko arrakasta* izan du nonbait. Lehen liburukitik 7.000 aletako edizioa egin zen, eta urtebeteren buruan ahitu. Bigarren ediziotik, berriz, 8.000 ale atera ziren salmentara, eta agortzer* daude dagoeneko.* Bigarren liburukiaren argitaraldiekin berdintsu ari da gertatzen, eta orobat* liburu horren lagungarri den Lecturas-1 delakoarekin.

Irakaskintzarako textu liburuokin batean, filologiazko Verba aldizkaria atera du «Instituto de la Lengua Gallega» horrek. Lan guztion buru Constantino García irakaslea da. Poztu baizik ez gaitu egin eginahal guztion berri jakiteak.

«II Exposició del Llibre Català»

Joan den maiatzean ospatu zen Barcelonan «II Exposició del Llibre Català» edo Katalan Liburuaren II. Erakusketa. Katalunia, Valencia eta Balear Irletako* argitaldariek hartu dute parte erakusketa aberats horretan. Egokiera horrekin, «Catàleg. Llibres en Català» edo katalanezko liburuen katalogo bat argitara eman da, bere 7. edizioan: 5.950 titulu dira salmentan daudenak. Katalogo berri horretan eta erakusketan bertan, zerbait jakingarririk ikusi da: betidanik datorren literaturgintzaren ondoan, geroz eta ugariagoak dira zientzi argitalpenak, hiztegi eta entziklopediak, eta textu liburuak. Eskoletako neska-mutilek katalana ikasteko aukera dutenez geroztik, aurrerakada pozgarria ukan dute azken liburuok.

Kazetariak:

Paulo KORTABARRIA

Joseba ERREKONDO

daude, dagoz

diote, deutsoe

zaie, jake

zaizkie, jakez

zitzaien, jaken

zitzaizkigun, jakuzan


Hementxe denok

Ipar Aldea. Araba. Bizkaia. Gipuzkoa

Ipar Aldea

Baionako festak

Uztailaren* 31 tik agorrilaren* 4era bitartean iragan dira Baionako festak. Oro* har, ongi iragan ere.

Lehengo urteetan baino musika banda gutiago izan da. Euskarazko kantu guti. Euskal soinulari eta dantzariak, ordea, nasaiki.* Hauetan, multzo berri bat, «Mendigoizaleak» izenekoa, soineko ederrez jantzia.

Euskaldunak japoniarretaz haserre

Beren arteko arazoez bestalde, zenbait aste honetan, euskaldun arrantzaleak, alde batekoak zein bestekoak, guztiz haserre ditugu japoniar arrantzaleez. Zeren* eta hauek, beren itsasuntzi harrigarriekin Euskal Herriko Golkoan arrantzan ibiliz eta beren sareak ehun kilometro luzetan hedatuz,* desmasia haundiak egiten baitituzte euskal arrantzaleen kaltetan.

Herria edertu eta euskara galdu?

Uztailaren 29an izan gara Zuraiden, hango kirol leku ederraren estrenatzeko, Herriko Etxeak muntatua zuen zeremonian. Hurbiletik ikusi ditugu volley, tennis, igertoki* eta pilotaleku ederrak. Azken bi hauk,* joan den martxoan hasi eta ekainean* bukatuak edo bururatuak ziren. Orotara,* laurogei milioi libera* zahar kosta dira: igertokia berrogei eta hamar eta pilotalekua hogei eta hamar. Gazteriaren eta kirolaren ministergoak ekarri du, ohi duen bezala, bere diru laguntza, gutiestekoa* ez dena.

Zuraide, beraz, kirol leku eder baten jabe dugu orain. Duela dotzena bat urte, laborari etxaldeen* berritzapena hasi eta bururatu zuen herriak, lurrak elkarretaratuz. Eta ondotik herriko lurretarik 30 % lurberritu zituen. Horrela etxaldeak kopuruz* gutitu baldin badira —duela hamabost bat urte ehun bat ba zen, eta orain laurogei—, haien eremua,* ordea, azkarki haunditu da. Egun* Zuraideko etxaldeek edo baserriek hamabost-hogei bat hektarea lur eremu ba dute, bana* beste.

Etxegintzaren aldetik ere herriko kontseiluak egin du lan ederrik, Genin jauna hamabost urte honetan, alkate gisa,* buru duelarik. Lehenik bat eta gero beste bi etxeleku muntatu ditu. Herritarrek ere beren aldetik etxe berri andana* bat altxatu dute: berrogei eta hamar bat etxe, azken hamar bat urte honetan. Hori eder baldin bada ere, esan dezagun, hiru etxetarik bi, herriz kanpokoek egin eraziak dituztela!

Herriko lehen gizonak segur jakin erazi du, gorago aipatu ditugun kirol leku horik,* lehen lehenik, herritarren zerbitzurako izanen direla. Eta behar ere. Baina...

Baina, obralan eder horien guztion ondoan, zer egin du Zuraidek euskal kulturaren alde, euskararen alde? Beste herri gehienek bezala, deus* guti, edo fitsik ere ez. Zuraideko seme-alaba gaxterik gehienak erdaldunduak dira. Eskolan dabiltzan hirurogei eta hamar haurrek euskara guti entzuten dute, irakasleak euskaldunak direlarik. Katixima ere erdaraz egiten da zenbait urte honetan. Erdal kulturaren oldearen* aitzinean, euskal kultura itotzen ari da hemen, beste herri gehienetan bezala.

Berantegi dea,* buru egiteko? Herriko gizon eta emakumeek, gisa bateko nahiz besteko kargudunek, ez ote dute deusik asmatuko eta obratuko beren herri ederrean, gure Herriko mintzairaren salbatzeko eta birpizteko? Ala han ere gutiz* gehienak, edo denak, etsimenduko* leizean sartuak ote ditugu, euskal kulturaren sailean? Agian* ez!

Ardi gaztaren feria Garazin

Aurten seigarren urtea da, ardi gaztaren feria egin dutela Donibane Garazin. Eta, seigarren aldikotz, sekulako arrakasta* ukan du. Jendea ozteka* ibili da herriko merkatu estalian, ardi gaztatik dasta* eta Irulegiko ardotik edan. Orotara, hiru mila kilo ardi gazta saldu da, joan den agorrilaren bederatzian. Saltzapen eder hori ikusi ondoan, feria horren muntatzaileek, irailaren* zortzian beste baten egitea erabaki zuten. Bigarren honetan, ordea, jende gutixeago ibili da, zeren* udatiar anitz* ordukotz beren bizilekuetara joanak baitziren.

Esan dezagun, ardi gaztarekin batera, lekuko xingarra edo urdai azpikoa ere bi aldietan han zegoela, ederki salgai emanik; eta haren saltzaileek ere izan zutela erosle.

Bestalde, aurreko urtean bezala, feriakari,* ardi gaztaren egiteko erabiltzen ziren eta oraino diren zurezko tresnen erakusaldi bat guztiz ederra muntatua zuten feri egileek; eta esan gabe doa, honek ere izan zuela ikusle eta foto hartzaile.

Ardi gaztaren feria aipu dugunez, esan dezagun nola Ipar Euskal Herriko mendiek nonbait* han hirurehun mila ardiburu hazten duten eta nola hauetarik ehun milaz goiti* Garazi-Baigorriko eskualdean* aurkitzen diren. Bidezko da, beraz, horrenbeste ardi hazten duten artzainek elkarrekin lan egin dezaten, beren lanaren fruitu den gaztaren saltzeko.

Uda honetako euskal festak

Uda honetan. euskal izenaz jantzitako festa ederrik muntatu da gure artean, batez ere udatiarren biltzeko.

Donibane Lohitzunen, Euskal Indar Jokoen Xapelgo Internazionala egin da. Izenburu honekin, muntatzaileek bi naziotako herritzat dadukate gure Euskal Herria! Donapaleun, berriz, «egiazko euskal indarren festibala» egin dute, indarrezko sei joko plazaratuz hogei eta laugarren aldikotz. Zuberoako, Nafarroa Garaiko eta Lapurdikoak ziren jokalariak. Plazan sartu ziren lau mila jendetarik erdiak bederen,* euskaldunak ziren. Ez zuen, ordea, gure hizkuntzak Donibane Lohitzunen baino ohore gehiago ukan, zeren,* ohi duten bezala, festaren muntatzaileek plazatik baztertu baitzuten. Udatiarrekin nahiz udatiarrik gabe, euskarak herriko plazan du bere lekua!

Garruzeko ferietan

Urte guztiez bezala, Garruzeko feriak, Euskal Herri osoan aipatuak direnak, agorrilaren* lehenean iragan dira.

Behor, behoka,* zaldi, pottoka,* asto, mando, behi, bigantxa,* txahal, ba zen orotarik nasaiki.* Bezperatik hasi da feria, zenbait urte honetan ohi den bezala. Mundu bat bildu da, denbora ederra alde izanez.

Saltzeak ongi joan dira, eta ostatuek urteko egunik ederrena zuten.

Herri eta Kultura Zapalduen alderako Batasuna

Herri eta Kultura Zapalduen alderako Batasunak* bere bi urtetarikako biltzarrea egin du Uztaritzeko Landagoien etxean, joan den agorrilaren bederatzi, hamar eta hamaikan. Han bildu dira berrogei bat gizon eta emakume, herri zapalduetako kultur batasunen ordezkari zirenak. Ordezkari bakoitzak aurkeztu duen idazlana hurbildik ikertoa izan da, eta biltzarkide guztiek herri zapaldu bakoitzeko egoeraren araberako* ageri bat izenpetu dute. Ageri hau bidalia izan zaie, herri horien zapaltzaile diren gobernuei.

Esan gabe doa, ez diotela gobernu guztiek harrera berdina eta ona egiten horrelako ageri bati. Hala ere, zenbaitek, hala nola Austriakoak, duela bi urte hartu zuen ageria kontutan hartu zuen, eta beste batzuek ere.

Euskal Aste baten beharra

Iparraldean, duela lau urte egin zen, Baionako Euskal Erakustokian,* Lehen Euskal Astea. Arrakasta* ona ukan zuen, eta hurrengoak oraino hobea. Joan den urtean, Euskal Astearen ordez, Udako Euskal Unibertsitatearen moldatzea erabaki zen. Honek ere arrakasta ona ezagutu zuen, eta aurten berriz muntatu da Unibertsitate bera Donibane Lohitzunen, ikertze lanari leku gehiago emanez, eta hainbat hobe, guztiz beharrezkoa baitugu.

Euskal Unibertsitatea beharrezkoa dugu, eta jarraitzaile gehiago merezi luke. Eta, gisa* berean, Baionan Euskal Aste baten muntatzea berdin beharrezkoa dugula iruditzen zaigu. Arrazoin sinple honengatik: Euskal Unibertsitateak ukitzen ez duen gazteri maila bat baita iparraldean, euskal kulturaren pizkundean parte har lezakeena, baldin parte hartzeko bidea ematen* balitzaio. Eta bide hori, nolabait, Baionako Euskal Astea izan liteke.

Hegoaldean ere, gero eta euskal aste gehiago egiten dela iruditzen zaigu. Zergatik ez jokabide bera har iparraldean?

Maite Idirinen disko berri bat

Baionako «Elkar» argitaldariak, Maite Idirinen hirugarren diskoa argitaratu berria du. Disko honetan, «Oihartzunak» taldekoek lagundurik kantatzen digu Maitek, eta Bernat Etxeparekoaren bertsoak —hauen artean, «Euskara, jalgi hadi plazara»— kantuz ezaguterazten eta maiterazten dizkigu.

Horretaz bestalde, argitaldari berak liburutto bat salgai eman berri du, erdaraz idatzia eta Euskal Herriko gorabeherak aipatzen dituena, erakustera emanez, lurraz, historiaz, bizibideaz eta kulturaz Herri hori jendalde berezi batek dagien* aberri bat dela.

Garro, laborantzako ikasleku

Hazparnetik ez hain urrun aurkitzen da Garroko gaztelua, bere lur eremu* ederrekin. Orotara, 30 bat hektarea baliatuak dira egun,* abereen hazkurri* emale bezala.

Garroko etxaldeak* ba ditu, egun, 40 bat behi esnedun eta 25 bat bigantxa. Egunero 500 litro esne biltzen dira gutienetik. Bestalde, txahal hazkuntza ere egiten dute. Garroko etxaldea, esan gabe doa, laborantzako lan molde aitzinatuenen* arabera eramana dela, eta Ipar Euskal Herrian omen* haundia duela.

Esan behar dugu ere, 1931.az geroztik, Garroko gaztelu zahar ederrean laborantzako irakaskintza egiten dela, eta 1960.az geroztik Hazparneko laborantzako eskolaren ikas- eta entseiuleku bilakatu* dela, eta denbora berean adinetako* laborarien ikasleku. Gisa horretan, zerbitzu haundiak ematen dizkio iparraldeko laborantzari.

Angelun, lantegi berri bat

Mekanika lan fineko lantegi berri bat altxatu beharra dute, Baionako herriak St-Etienne hauzoan apailatua* duen industrial eremuan. Heldu* den urtarrilean* hasiko dira lanak.

Anartean, Angelun hasiko dira lanean. Orotara, lehen epe batez, berrogei bat langile hartuko ditu.

«Axular» moldiztegi berria Donibanen

Donibane Lohitzunen, «Axular» izeneko moldiztegi berria irekia izan da agorrilaren lehen egunetan. Honen muntatzaileak, ofizialki E. Goyhenetche eta Landaburu. jaunak dira. Lehenak esan zuenaren arabera,* euskal kulturaren zerbitzurako izanen omen da inprimategi berri hori.

Araba

La Hoya-ko aztarnategian lanean

La Hoya-ko aztarnategia* Biaizteri* ondoan dago, Gasteiztik 60 kilometrotara. Araba, Bizkai eta Nafarroako arkeologoek ihardun dute, denek batean, berriro ere lekua aztertzen. La Hoya-ko aztarnategia 1935.ean aurkitua da, eta geroztik behin baino gehiagotan egin dira han ikerketa saioak. Ihaz, hogei eta hamar bat lagun izan ziren han lanean; eta hauk berok izan dira, aurten ere, Llanos jaunaren zuzendaritzapean ikerketan ibili direnak.

La Hoya-ko aztarnategia Burdinaren Arokoa* da, eta bi bizitoki aldi daude bertan: lehena K. a. VIII. mendekoa, eta bigarrena bost mende geroagokoa. Burdinaren Arotik datorkigun Arabako aztarnategirik aberatsena da La Hoya. La Hoya-ren interesgarritasuna ez dago baliozko tresna eta apaingarrietan, erakusten dizkigun hirien egitura* egunargitara ekartzean baizik: bizitoki izandako hiri oso bat ikus daiteke La Hoya-n. Bestalde, aurkitutakoak Arabako Arkeologi Erakustokira* eramango dira, nornahik ikusteko moduan aurkeztuz.

Olabarria Sautu jaunaren liburu berria

Liburu interesgarri bat agertu da berriki* Gasteizen. Bertoko Aurrezki Kutxak argitaratu du, eta Julian Olabarria Sautu duzue haren egilea.

«El Valle de Zuya» izenburuaz agertu da, erdaraz. Liburuak anitz datu interesgarri dakartza, bereziki toponimiari eta ibarreko herri guztien historiari eta gaurko egoerari buruz.

Ibarreko euskarari dagokionez, hitz gutitan esanik, hauxe dio egileak:

1800. urterarte, euskara izan zen zuiatarren mintzabide bakarra, eta urte horretan hasi zen emeki* emeki galtzen. Berrogeitamar urte geroago, asko mugatu zen euskararen eremua.* Garai hartan, Markinako hauzo batzuetan egiten zen oraindik euskaraz, eta Zarate osoki euskalduna zen. Mende honen hastean, euskara zeharo galdurik zuten zuiatarrek, Altubeko zenbait baserritan izan ezik.

Bizkaia

CAMPSA entrepresaren kontra Muzkizen

Muzkiz herria eta Somorrostroko haran osoa sendo jokatzen ari dira CAMPSA entrepresaren kontra. Denok dakikezuenez,* entrepresa hau Espainiako petrolio salmentaren alokatzailea* da.

Entrepresa honek eraikidura haundi bat muntatu nahi du Muzkizko itsas bazterrean, Bilboko portu handira heltzen den petrolioa bildu eta hodien* bitartez Espainiako hirietara hel erazteko.

Egia esan, petrolioaren arazoa izan da Bilboko portu handia egiteko arrazoin indartsuenetariko bat. Baina, tokia aukeratzeko garaian, CAMPSAk ez du Santurtzeko itsas bazterra hautatu, Muzkizkoa baino. Zergatik? Dakizuenez, petrolio iragaztegi* haundi bat, PETRONOR, eraiki da Muzkizen, Muñatoniz gaztelu zaharraren ondoan. Bilboko portura etortzen den pertolio gehiena, iragaztegi horretara joaten da; eta horrexegatik erabaki du CAMPSAk bere petroliotegia PETRONORen ondoan muntatzea.

Baina arazoa oso gogor bihurtu zaio. Itsas bazter horretara, Somorrostro haraneko herri guztietatik jende asko joaten da: ia 250.000 lagun urtero. Jendetza honi bere hondartza* bakarra kendu nahi zaio, eta horrexegatik hasi da burrukan, makur hori gerta ez dadin.

Bestalde, eskualde honetako arriskuak gehitu egingo lirateke izugarriro. Gaur egun, Santurtzeko eta Muzkizko petrolio eta gas biltegiek, etxe eta hirien ondo ondoan daudenez gero, arrisku haundia sortzen dute. Kutsadura* ere orain baino askoz handiagoa izango litzateke. Horregatik, muzkiztarrek, eta eskualde* osoak batera, aski* dela esan dute. Ez dutela gura horrenbeste arriskurik etxe ondoan.

Oraindik gehiago: hondartza eta padurak* estaltzeko harriak alboko menditto batetik ateratzen dituzte, menditto osoa desegin arte; eta menditto hori Abanto eta Zierbana herriaren barrutian dago. Udalak* ukatu egin zion CAMPSAri horretarako baimena; baina hark, jaramonik* egin gabe, aurrera segitu du lanean.

Hondartza alboko lurralde eta baratzeak merketzen ari dira, eta kutsaduraz betetzen. Ez dezagun ahantz, Onton herrixkako fluor lantegia ere handik hurbil dagoela.

Arazoa gori gori dago. Baimenaren hauzia erabaki gabe dago oraino, baina lurren estaltzeko lanak aurrera doaz. Bien bitartean, legezko epea amaitu baino lehen, lau jazarketa* azaldu dira entrepresaren kontra. Haien egileak: Muzkizko Gurasoen Elkargoa, Euskal Herriko Arkitektuen Biltzarrea, hondartzara joan ohi diren 1.026 lagun eta Muzkizko 726 hauzokide.

Eskuina eta ezkerra

Gai bitaz idazteko asmoa nuen; baina, bien artean lotura bat ikusi dudalarik, lan bakarra egitea erabaki dut, zeren,* batak teoria eskaintzen badigu, bestea haren azalpena baita.

Teori mailan, saiakera liburu bat aipatu nahi nuke, ez berria delako, bere hamargarren urtea aurten betetzen duelako baizik. Eta liburu hori zein den adierazten badizuet, nirekin ados izango zarete, haren urtebetetzea isilik pasatzea ezina litekeela ANAITASUNA bezalako aldizkari batentzat.

1964. urtean idatzi zuen Txillardegik «Huntaz eta Hartaz» saiakera bildura;* eta, lan honekin, ordurarte landu gabe zegoen eremu* berri bat eskaini zion euskarari; saiakerarena. Baina, landu gabe bazegoen are, azken hamar urteotan urrats* handiak eman dira alor horretan, eta beharbada euskal literaturaren beste alderdi batzuen —bereziki nobelagintzaren— kaltetan, aurtengo Donibane Lohitzuneko Euskal Unibertsitatean esan den legez.*

Txillardegiren liburuko saiakera mamitsu batek, eskuindarra zer den aztertzen du; eta, ondorioz, ezkertiarra zer den jakin genezake, hau haren ukoa baita.

Eskuindarra geldizalea da, kontserbakorra. Dagoenari eutsi* nahi dio. Gauza berriez mesfidatu egiten da. Lehendik ezagutzen duena maite du, eta berriak beldur ematen dio, arriskugarria baita. Baina eskuin-ezker kontzeptuok ez dute politikarako bakarrik balio: eskuindarra osorik da eskuindar. Politikan eskuindarra dena, eskuindarra da beste zeretan ere: musikan, literaturan, hizkuntzan (euskara batuaren kontrako burruka lekuko*); eta ezkertiarra berdin. Beraz, aurrerakuntzak, bide berriak, ezkerretik datoz; eta ezagunak eta arrisku gabeak bilakatzen direnean onhartuko ditu eskuindarrak, urteak iragan eta gero.

Baina pertsonen ideologiak, munduarekiko dituzten ikuspegiak, ez dira hain sinpleki banatzen talde bitan, zeren* abaniko* baten antzera* zabaltzen eta graduz gradu, mailaz maila bata besteagandik aldentzen baitira, eskuineko muturrean hasi eta ezkerrekoan amaituz. Beraz, eskuineko muturretik erdira, eta hemendik ezkerreko muturrera, mailak daude. Muturretan daudenak, gehiegikerietan erortzen direnak ditugu, fanatikoak, beren ideologia nagusi irten dadin, edozein medio, indarkeria barne, erabiltzen dutenak, joko demokratikoa errespetatu gabe. Eta muturretatik erdirantz daudenak, bigunagoak dira, besterekiko harremanak eta elkar hizketak onhartzen dituztelarik.

«Huntaz eta Hartaz» berrirakurri egin dut, eta amar urteotan ez du bere gaurkotasuna galdu, eta biziki gomendatzen dizuet haren horrialdeetan murgiltzea.

Eta orain bigarren puntua, hots,* «Pasiotar Bati» zor diodan erantzuna. ANAITASUNAren 280. zenbakian esan nuen, Deustuko ikastolan muturreko eskuina nagusitu zela; eta, nahiz eta Pasiotar horrek, hurrengo zenbakian, gezurretan ari nintzela salatu, ni esandakoari lotzen natzaio, egia hutsa baita. Horretarako hainbat froga* elkar nezake, baina hau ez da tokia. Dena dela, guztiok erraz uler dezazuen, froga bat emanen dizuet.

1972.eko hazilaren* 7an, hau da, Deustuko ikastolari egin zitzaion erasoaldi* hura* baino hamar egun lehenago, bilera bat egin zen Eubako Pasiotarren komentuan; eta haren ondorioz dokumentu bat idatzi zen, zeinen fotokopia bat lortu ahal izan baitut.

«Semendiaren* 7-an, ementxe Euban elkartu giñan Bizkai eta Gipuzkoako lau praille lagun gora-bera onetik aztertu ta erabagi batzuk artzeko, gure Anaidiko guztien izenean». Beraz, bilera horrek ofizialtasun bat zuen, «Anaidiko guztien izenean» egin baitzen.

Eta erabaki hau hartzen dute: «b) Eta Euskal Ikastolei begira, gurasoak lenen dirala, beste era bateko Ikastola-sail batean sartzea, Gipuzkoan ia urte bitik onuntz ainbeste dagozan antzera, ERRI-EUSKERA TA SIÑISMENA oiñarritzat artuta». Beraz, Pasiotarren Kongregazioak, Euskaltzaindiak gomendaturiko euskara batua baztertzen du ofizialki. Nik dakidala, berau da Euskal Herri osoan erligioso Kongregazio bakarra, ofizialki euskara batuaren kontra agertzen dena, ikastola mailan bederen.*

Muturra, indarkeria erabiltzen denean agertzen dela esan dugu lehen. Horren frogatzat, hona hemen exenplu bat:

Ni Deustuko ikastolan sartu baino lehen, euskara batua erabiltzen zen, irakaslegoak* aho batez eta Juntak ere aho batez horrela egitea erabaki zuelako. Gero, ni Juntarako izendatu ondoren, bi aldiz onetsi zen erabaki hori, aho batez orduan ere (1971.eko abenduaren 6an eta 1972.eko ekainaren* 12an, Akta Liburuetan ikus daitekeenez). Beraz, irakasleek eta gurasoek euskara batua onhartu bazuten, eta aho batez gainera, zergatik sar erazi nahi izan zuten Pasiotarrek, goitik behera, irakasleek eta gurasoek nahi ez zutena, hau da, euskalki bat euskara batuaren ordez? Orduz geroztik, Deustuko ikastolan, Pasiotarren aginduz, euskara batua baztertua izan da, eta bazterkeria horrek horrela dirau gaur ere. Hau indarkeria ez bada, zer ote da?

Euskara batuaren etorkizuna denborari loturik dago. Ezkerretik hasi bada, ezaguna bihurtzen den heinean,* arriskuaren mamukeria ezabatzen* zaion neurrian, aipaturiko abaniko horretan eskuinerantz zabalduko da, azkenean euskaldun guztion mintzabide bakarra izatera heldu arte, beste hizkuntzetan gertatu den bezala.

(Xabier Gereño)

Euskal irakasle titulua ateratzeko ikastaroa

Urtero bezala, Deustuko Euskal Kultur Mintegiak, euskal irakasle titulua ateratzeko ikastaro bat antolatu du Deustuko Unibertsitatean.

Ikastaldiak, arratseko 7,30 orenetatik 9ak arte, irailaren 23an hasi eta urriaren 4ean amaituz. Etsamina, urriaren 5ean, arratsaldeko 3,30 orenetan, Deustuko Unibertsitatean.

Txistularien saioa Bilbon

Agorrilaren* 27an, 4.000 lagun inguru batu ziren Bilboko «Iturrizar» parkean, 100 txistularik eskainiko zuten saioa entzuteko. Ehun txistulariok Bizkaiko bazter guztietatik etorriak ziren, eta trebeki jo zuten Boni Fernandez jaunaren zuzendaritzapean.

Presentatzaile bezala, gure lankide Xabier Gereñok ihardun zuen, euskaraz eta erdaraz. Azkenean, Iparragirreren «Gernikako Arbola» jo zuten, eta entzuleak zutitu eta kantatzen hasi ziren. Orduan Boni zuzendariak, jendeaganantz itzulirik, supituan moldatutako kantari talde eskerga hura gidatu zuen. Txalo artean eta «Gernikako Arbola» berriro jotzeko eskatzen zutenen oihu artean bukatu zen txistularien ekintza.

Bi euskal kultura?

Dagoeneko,* ezaguna da, Lekeition abuztuaren 25etik 31 ra ospatu zen Lehenengo Euskal Kultur Astearen berria. Bai eta aste horretan zehar gertatu zen programa bikoitzaren aipamena, ZERUKO ARGIAko albistari zolia den Amatiñori esker.

Orain artekoan esanak berritzen ibili gabe, Lekeitioko Kultur Astean gertatutakoak aipamen berezi bat merezi duelakoan gaude. Talde batek —Gaztedi Klub izenekoak, kasu honetan— kultur aste bat eratu zuelarik, zerk bultza zezakeen beste talde bat parez pare programa berri bat antolatzera, eta erdara hutsean gainera, geroago giroak beharturik zerbait euskaldundu bazuten ere? Dena den, guk ez dugu uste behintzat programa hura lekeitiarrentzat izan zitekeenik, eguneroko bizitzan euskaraz baliatzen den herriari euskal kultur aste bat erdaraz eskaintzea kontraesan ezezik* lotsagabekeria ausartegi* ere ba da eta. Beraz, Lekeitiora kanpotik etorritako udatiarrentzat —udatiar erdaldunentzat— izan zela pentsatu behar, onenean ere.

Bestalde, entzuleen kopuruari* bagagozkio, jende horrek «euskal kulturari» baino hondartzari* eta kafetegietako giroari atseginago eritzi ziola aitortu beharrean gaude. Eta berriro «erdal-euskal kultur aste» horren antolatzaileengana noa: Zerk justifikatu zuen, beraz, euskal kultur asteari buruzko «zisma», nahasmendu eta bikoiztasun hura? Edo eta euskal kulturak bezero* desberdinak ditu, eta beharrezko da nork bere dendatxoa eraiki dezan eta bezeriari* euts* diezaion? Orain artean euskal kultura bat eta bera nahiko ahula* delakoan egon bagara ere, ikusia ikusirik bi «euskal kultura» daudelako ondoriora heldu beharko baitugu.

Are* gehiago, elizako arkupeetan «euzkal idaztien» erakusketa hura* ikusi ondoren. Erakusketa hartan ageri zenak, ez zuen inondik inora gaurko euskal kulturgintzaren aurpegia ematen. Oraingo zenbait euskal liburu ikusten bazen ere —gutienak zirela esan beharrik ez dago—, zorionez gainditurik dagoen euskal kulturari buruzko ikuspegi zahar baten ispilu gertatu zen erakusketa hura. Egia esan, dadukaguntxoa ere jendaurrean agertzeko gauza ez bagara, garen baino ere arloteagotzat hartuko gaituzte, eta lehen ezinean dagoenari laguntza eskasa emango diogu halako erakusketen bitartez.

Hitz gutitan esateko, ez dakigu zerk bultza zezakeen hain giro nahasia sortzera; eta han gertatu zenaren erantzunkizuna norbaitek izango duenez gero, eskertzekoa litzateke, arrazoi, azalpen edo argibideren bat eman lezan, hurrengoan horrelakorik gerta ez dadin.

Erligiosoen ikastetxeak eta ETA

Bilboko La Gaceta del Norte egunkarian, irailaren* 18an, esaten denez, ETAk ohar berezi berezi bat bidali die Gipuzkoa eta Bizkaiko erligiosoen ikastetxe batzuei, etxe horietan ematen den irakaskintzari buruz.

Mehatxuzko* ohar hori euskaraz eta erdaraz omen dator, eta honela esaten ei* du: «Gazteriaren hezkuntzan* kolegio eta ikastetxeek duten erantzunkizuna gogoan izanik, Euskal Herrian egoteak ondoko xehetasunen arabera hezkuntza eramatera behartzen zaituzte». Xehetasun hauetatik bat zera da: Euskal literatura eta kulturaz astean hiru ikastaldi eman behar dituzte nahitaez ikastetxe horietan. Eta oharraren egileek jokabide honen arrazoinak ematen dituzte, Espainiako Estatua «arrotz» eta «herbesteko» hitzekin irainduz.*

Egiteko hau kunplitzeko, urtebeteko epea ematen die ETAk ikastetxe horiei; eta, epe hori bukatzean, gauzek lehen bezala iraungo balute, isilpeko Fronte Harmatua mendekatuko litzateke.

Gipuzkoa

Fisika eta matematikazko ikastaroa Donostian

Joan den uztailaren* 15etik 20ra artean, zientzi ikastaro bat izan zen Donostian.

Ikasgaiak, goizetan matematikazkoak izan ziren (zenbaki arruntak,* eragiketak,* oinharrizko erlazioak, lehen mailako ekuazioak, geometria), eta arratsaldeetan fisikazkoak (neurketak, hidrostatika, elektrika, termologia, indarrak, lineal zinematika). Dena euskaraz.

Irakasleak, Elhuyar taldeko J. M. Goñi, L. Bandres eta M. Zalbide izan ziren. Ikastaroan parte hartu zutenak, ikastoletan lanean dabiltzan 25 maisu-maistra.

Azken egunen, amaiera gisa, elkar lanerako bideak aipatu ziren, bai eta eginkizun konkretuak erabaki ere.

Lege babesa Donostiako Elizbarrutiko* Ordezkaritzak eman zuen, eta ikastaroko gastu guztiak Lan Kide Aurrezkiaren kontura joan ziren.

Ikastaroan zehar emanikako gai guztiak multikopiaz argitara dira, eta liburutto moduan ikaskideei banatu. Beste inork ere aleren bat nahi balu, eska beza lehen bai lehen (Elhuyar, San Marcial, 26. San Sebastián).

Elhuyar taldekoek eskerrak ematen dizkiete, era batera zein bestera ikastaroan parte hartu dutenei eta laguntzaile guztiei.

Gernikarrei agurra eta diosala*

Lurdes Iriondok eta Xabier Letek oharño hau bidali digute, ANAITASUNAn argitaratzeko eskatuz. Hona hemen:

«Joan zen igandean, abuztuak 10, eta eragozpen nagusi bat zela bitarteko, ez genuen Gernikara kantatzera joaterik ahal izan.

Ohar honen bitartez jakin erazi nahi genuke, jaialdiaren antolatzaileek ez zutela gure hutsegitearen errurik* izan.

Berdin, barkazioa eskatzen diegu, gu entzutera bildu ziren guztiei».

Tolosako III. Euskal Kultur Hamabostaldia

Urriaren 13tik 27ra egongo da Tolosan, hirugarren aldiz, ohizko gertatuz doan Euskal Kultur Hamabostaldia. Bestetan bezalako egitura* eman zaio aurten ere Hamabostaldiari: erakusketak, hitzaldiak, jaialdiak eta kale-plazetako festak.

Programa* oso zabala denez, ezin gaitezke dena jasotzen ari; baina, dena laburtuz, hona egitarauaren* muina. Hitzaldietan: ekonomiaz Bakaikoak, bertsolaritzaz J. M. Lekuonak, euskal musikaz Bello Portuk, euskal teatroaz J. Irazuk, arteaz San Martinek, euskal XIX. mendeaz M. Ugaldek, munduko etnia txikiez G. Jauregik. «Zer diozu Euskal Herriaz» galderari, Lur eta Gizon, Euskal Herria liburua idatzi dutenek erantzungo diote elkar hizketa batean.

Erakusketak ere jakingarriak dira: Euskal etnologi tresnen interpretapen estetiko bat eta Alejandro Tapiaren erakusketa elkartuko dira Zabala-Aranburu jauregian. Euskal Liburu eta Diskoaren Azoka egingo da urriaren 19-20etan, larunbat eta igandez. Zinema eta teatroari toki mardula eman zaio: urriaren 16a eskaintzen zaio zinemari, 17an Intxixu taldeak Orria 778 emango du, eta Kukute-15 delakoak Lapurtxoa antzeztuko du.

Kantaldi ederrak izango dira, dantzari ugariak kalez kale eta Beotibar pilotaleku eta Zezen Plazan. Hamabostaldi betea hauxe, Tolosako Lizardi Elkartearen babespean hango euskaltzaleek antolatu digutena. Xehetasun gehiago nahi dituenak, eska bitza Tolosara: Sociedad Lizardi, Avda. Zumalacárregi, Tolosa (Guipúzcoa).

Irakaslegaientzat oharra

«Zazpi mila eta bostehun pezetatako hamabost beka eskaintzen ditu Gipuzkoako Ikastolen Elkarte Batzak, maisutza ikasten ari diren neska-mutilentzat. Laguntza hori lortu nahi duenak, herri bakoitzeko ikastolaren batzordeak izenpeturiko ageria ekarri behar du».

Elkarte hartako Talde Bateragileak bidali digu ohar hau, aldizkari honetan argitaratzeko eskatuz. Elkartearen helbidea: Federación Diocesana de Ikastolas de Guipúzcoa. Matía Trasera, 21-1.º San Sebastián.

«Banco de San Sebastián» hil da

Hil edo ito, ito edo irentsi, berdin da. Laster ez dugu «Banco de San Sebastián»ik geure herrietan ikusiko. Egia esan, ez dugu banku horretan sekula akziorik ukan; baina beti ere txera* hobea izan diogu honi, kanpoko banku arrotz askori baino.

«Banco Hispano-Americano» delakoa (pentsa zein urrutikoa!) jabetu da Donostiako bankuaz. Hispano horrek atentzio gehiago eta zerbitzu hobeak eskainiko omen dizkio Gipuzkoari. Hala biz*! Esan dutenez, gure herrialdearen hezkuntza* eta erdiko entrepresak laguntzeko egiten da konponketa. Donostiako banku horrek 50 bat bulego* zituen, eta 10.000 milioi pezeta bezeroengandik* jasoak.

«Errezola» zementutegiak

«Cementos Rezola» industriaren akzio sail bat Banco Occidental-en sozietate baten eskuetara joan da. Ihaz, gipuzkoar industria honek milioi bat klinker tonelada eman zituen, zementutan 800.000 tonelada baino gehixeago produzitzen dituela. Zementu industriok Gipuzkoan eta Bizkaian saltzen dute beren produkzio gehiena. Hala ere, ekoizpenaren* 28 % herbesteko esportaziorako izan zen.

Albistariak:

Xabier GEREÑO

Joseba INTXAUSTI

Xabier KABANA

Gexan LANTZIRI

Joan Mari MENDIZABAL

Joan Joxe URANGA

balitzaio, balitxako

beza, bei

bitza, beiz

dezagun, daigun

dezan, daian

dezaten, daien

dezazuen, daizuen

die, deutse

diegu, deutsegu

diezaion, deion

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diot, deutsat

diote, deutsoe

dizkiete, deutseez

dizkigu, deuskuz

dizkio, deutsoz

dizuet, deutsuet

genezake, geinke

lezake, leike

lezan, leian

natzaio, natxako

nezake, neike

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zezakeen, eikean

zion, eutson

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon


Herrialde guztietan

Selassie-ren Ethiopia hil zorian

Haile Selassie-ren Ethiopia hil hurren dago, aste hauetan agentziek dakarzkiguten albisteei kasu egin behar baldin badiegu. Bata bestearen ondotik aurten jazo diren gertakariek, «jainkozko eskubidez» eraikia zegoen Inperio hura hankaz gora eraman dute, europarrok ohartu ere egin baino lehenago.

Selassie Inperadorea aurrelari bezala-edo ikusi izan da behin baino gehiagotan: koroatu eta berehala (1930), zenbait aldakuntza egin zituen, eta Mussoliniren faxismoari ere aurpegi eman zion. Gertakari haiek halako inguru distizari batez bildu zuten Erregea. Baina ordutik hona kasik mende erdi bat iragan da. Eta Selassie-k ez du hori ulertu nahi izan: Erdi Aroko* Estatu teokratiko eta feudal bat bezala gorde du bere Ethiopia.

Ethiopiako 95 % bizilagun analfabetua da oraino. Hango lurretatik 90 % Koroaren, Eliza Koptoaren eta jaunen eskuetan dago. Monarkiaren zutabeetatik* sendoenetako bat Eliza hura* da: 200.000 elizgizon ditu Eliza Koptoak Ethiopian.

Ethiopia, etnien eta herrien aldetik, lurralde hagitz* nahasia dugu. Ez du kultur batasunik. Hala ere, Inperioaren historia amhara etniaren gain eta probetxutan egin da; eta, nahiz eta erligio bat baino gehiago izan, Gobernuak Eliza Koptoarena hartu du Estatuaren erligio ofizialtzat. Eta, esate baterako, Islam-ak osatzen du Ethiopiako jendeketaren 40%a. Orain artean ez da izan alderdi politikorik; eta 25 milioi bizilagunetatik 4 milioik bakarrik izan dute bozetarako* eskubiderik. Parlamentuaren edozein erabaki Inperadoreak onhartu behar zuen, egintzetara eramateko. Haile Selassie Errege Absolutu bat izan da bere gobernabidean. Berak eginak eta erabiliak izan dira beti Gobernuak. 1960.eko matxinadak aldatu nahi izan zuen egoera hau; baina, hark kale* egin zuelarik, gauzek lehen bezala iraun zuten. Abyssinia, Afrikako Estatuetan, bigarren pobreena da, hala ere.

1974.eko urte hau izan liteke, betidanik datorren egoera sozial paregabe horren aldakuntzaren urtea. Otsailaren* 22an hasi zen dena, taxisten greba* batekin. Ondoren Harmadak soldata hobeak eskatu zituen. Apirilaren 27an, harmada gizonen eskabideok politikaratu egiten dira: atxilotu* egiten dute Gobernuko buruzagia eta beronen zenbait ministru. Ekainaren* 28an, odolgabeko estatu matxinada bat jabetzen da aginteaz. Inperadorearen etxeko soldaduek, haren pertsona errespetatua izan dadila eskatzen dute. Harmadaren eta jauregiko goardien arteko hitzarmen* horren ondoren hasten da politika berria.

Harmadaren Batzorde Iraultzaileak Inperioko politik erakundeak* berritu nahi ditu: Koroaren Kontseilua eta Zuzenbide Kontseilua desegin egiten ditu, Inperadorearen Goardiaren buruzagia espetxeratu, eta «Erregeen Erregeren» (hori da Selassie-ren izenburua) jauregi eta ondasunak Estatuaren eskutara* pasa erazi. Hala ere, herri osoak eta bereziki nekazariek Inperadoreari dioten itzalagatik,* errespetatu egiten da haren izena eta egiteko sinbolikoa: Haile Selassie Inperadore da, baina ez gehiago agintari.

Aman Andom da Ethiopiako gidari berria. Somaliako gerratearen irabazlea (1964) orain Harmadaren Ministru gertatu da. Selassie-rentzat mesfidagarria zelako, Senatuan eduki du Inperadoreak azken urteotan gizon hau. Bera bilakatu* da orain iraultzaren gizon azkarra.

Iraultza delako honen programa* jakingarria da, bate? ere beste tokitan ere Harmadak hartu dituen bide beretsuen pareko delako: alderdi politikoak sortu behar dira Ethiopian, dio Batzorde Iraultzaileak. Konstituzio demokratiko bat eman behar zaio Estatuari (jainkozko monarkia hura porrokatu, beraz). Gobernua herriaren aurrean izanen da erantzule, ez Erregeren aurrean. Lurren erreforma egin behar da.

Ikustekoa izango da, noski, Ethiopiako Erdi Aroko Inperio hau XX. mendera nola pasatzen den, Abyssinian dena egiteke* baitago, politik programa horren zentzuan.

Laster agertu dira kontraindar zaharrak. Ethiopiako Eliza Ortodoxoak (koptoak) adierazi du ez dagoela inondik ere ados, Harmadak aurkeztu duen Konstituziogaiarekin,* Elizak duen gizarte eragipena* isil erazi egin nahi duela eta. Inperadorea izan da, hain zuzen, Eliza Koptoaren izenezko burua; eta ba liteke, Erregek azpitik mugitutako eupada izatea hau. Zazpi horrialdetako ageri batean agertzen da Eliza Koptoaren eritzia. Historiatik dakartzan eginkizun eta eskubideak gogoratzen ditu dokumentu horrek: Eliza Koptoa izan dela, halegia,* Ethiopia erligioz eta kulturaz gidatu duena, eta ez beste. Elizaren 1.600 urtetako kondaira luzea aipatzen du ageriak, eta haren betidaniko ethiopiartasuna. Konstituziogai hark erligio eta eliza guztiak berdindu nahi ditu, ethiopiar izan edo ez. Horrela —esaten dute elizgizon koptoek— historiaren kontra doa, eta kanpoko beste eliza eta erligioei ere ateak irekiko dizkie. Bide horretatik letorkeen kultur kolonialismoa salatzen du, bada, espreski dokumentuak.

Azken asteetako albisteek diotenez, espero ez zen erabaki bat hartu du Ethiopiako Harmadak: Haile Selassie bere errege aulkitik eraitsia* izan da. Beharbada, Harmada barnean ere laster ager daitekeen erdibitze baten seinale da hau, Eliza ere erdibitua baitago dagoeneko.* Talde moderatu eta urdurien arteko burruka isil baten aurrean ote gaude?

Irailaren lehenetik honantz, Inperadorearen aurkako dei eta esanak ugari agertu dira Addis Abebako paretetan. Irailaren 11n, Eliza Koptoak berak ere onhartu egin du iraultza. Baina zein iraultza? Hor izango da eztabaida, Eliza Koptoak asko baitu garai berriotan galtzekorik, eta deus* guti irabaztekorik.

Bienbitartean, iraultza politikoa egin duten azpiko indarrek aurrera jo nahi dute: estudianteek prentsa askatasuna eta lur erreforma eskatzen dute, Gobernu zibilarekin batean. Hasi da ibiltzen, geldi zegoen erresuma* bat; eta ikusi egin beharko da ikusi, Abyssiniako herriak premiazkoa duen iraultza soziala, egintzetan noraino pasa erazi nahi den. Ondoko hilabeteek esango.

Italia bere demokrazia hedatu nahiz

Demokraziaren ezagugarri nabarmenetariko bat hauteskunde libreak dira. Horretarako, Herriek eta herritarrek helduak izan behar omen dute. Beraz, bozemaleak* ugaltzeko, herritar helduak* ere ugaldu behar.

USA, Ingalaterra, Alemania eta Frantziaren bideari jarraituz, Italiak ere bere demokrazia hedatu* nahi du, 18 urtez gorakoak bozemale bihurtuz. Horretarako, lehenik eta behin, baien adinekotasuna* onhartu du, demokraziarako helduak direla jakin eraziz.

Horretarako, Konstituzioaren 48. artikulua aldatu behar; eta ezkerreko nahiz eskuineko nahiz erdiko partiduak, denak bat etorri dira, artikulu hori aldatzeko eta bozemaleen oinharria zabaltzeko.

Italiako hizkuntzak

Ba dira ehun urte eta gehiago, Italiak bere politikazko batasuna lortu zuela. Estatu osoko hizkuntza ofiziala italiera da; baina beronen dialektuak bizi bizirik daude oraino. Sardinia* eta Siciliako mintzairak, askok ez dituzte dialektutzat hartzen, benetako hizkuntzatzat baizik. Izan ere, ez da beti gauza erraza izaten, mintzaira bat noiz hizkuntza eta noiz dialektua den jakitea.

Baina, hizkuntza ofizialaz gainera, beste bederatzi hizkuntza daude* Italian: grekoa, albaniera, kroaziera, katalana, friuldera (Suitzan «rumantch» deitzen dutena), ladinoa, alemana, frantsesa eta esloveniera.

Haietarik batzuk talde txikienak dira, beste batzuk handiagoenak. Eslovenieraz hitz egiten dutenak, esate baterako, 100.000 lagun inguru dira, eta Gorizia, Udine eta Triesteko probintzietan bizi dira. Esloveniera ez da hizkuntza ofiziala; baina probintzia haietako Estatuaren eskoletan eslovenieraz ere irakasten da, eta Triesteko eskualdean* egunkari bat eta beste zenbait aldizkari ateratzen. Esloveniarrek, bestalde, partidu politiko bat ere ba dute, Esloveniarren Batasuna deitzen dena.

Idazleak:

Paulo AGIRREBALTZATEGI

Joseba INTXAUSTI

daude, dagoz

diegu, deutsegu

diote, deutsoe

dizkie, deutsez

zaio, jako

zion, eutson


Ikastolak

Bisitaldi bat eskolara

Aurreko ANAITASUNA batean esan genuenez, Bilboko Unibertsitateko ICEk edo «Instituto de Ciencias de Educación» delakoak antolaturik, ikastaro labur bat eskaini zen, Deustuko «Vilar Palasi» kolegioan, Oinharrizko Hezkunde* Orokor* edo EGBko irakasleentzat.

Hara joan ziren irakasle gehienak ikastoletako maisu-maistrak izan ziren, eta, «Enseñanza Individualizada» delakoaren saioak egiteko, ikastoletako ehun ikasle inguru eraman zituzten.

Aipaturiko ANAITASUNAn, Maria Rùbies katalan irakaslearekin egindako elkar hizketa mamitsu bat eskaini genizuen, eta, orain, ikastaro hartan parte hartu zuten Barcelonako ICEkoek hiruzpalau artikulu bidali dizkigute, Lejoako ikastolako zuzendari den Agustin Ozamiz jaunaren bidez. ANAITASUNAko batek euskaraturik, gaur lehen artikulua eta hurrengo zenbakietan gainerakoak eskainiko dizkizuegu. Ehundaka dira, gure abonatuen artean, ikastoletako ikasleen guraso. Beraz, oso interesgarri iruditu zaigu, hauentzat guztiontzat artikulu sail honen argitaratzea; eta segur gaude, gure beste abonatu guztiek ere atseginez irakurriko dutela.

Zenbait egun dela, Agustinek deitu ninduen. Agustin irakaslea da, nire haurrek EGB ikasten duten eskolan. Udako ikastaro batean parte har zezaten otoizten ninduen. Ikastaldiak Estatuaren eskola batean izango ziren, goizeko bederatzi eta erdietarik arratsaldeko ordu batak arte. Agustinek esan zidanez, irakasleek beren lan teknikak hobetu gura zituzten ikastaro horren bidez. Nahi zuketen haurrek parte har zezaketen saioan, eta, arlo bakoitzeko gaiak ikasteaz gainera, nahiz taldeka nahiz binaka nahiz bakarka beste haurrekin batean lan egiten ikasiko zuketen. Era berean, ikastaro horrek, haurrak hobeto ezagutzeko balioko zukeen, hurren ikasturterako diagnostiko baliagarri bat lorturik. «Bestalde —bukatu zuen Agustinek— datorren ostiralean* bisitaldi bat egitera gonbidatzen zaituztet. Egun horretan, eskolako haurrek jaialdi bat emanen dute gurasoentzat eta beren lan hoberenen erakusketa bat eginen».

***

Ene umeak «ikastaroko berriekin» zetozen egunero etxera. «Gaur fotografiak egiten ikasi dut. Oso erraza da. Ikus: hemen duzu objektiboa... Ikaskide batek irakatsi dit. Ni baino gazteagoa da; baina fotografiak egiten daki eta eskolan bertan egin ditu batzuk.* Irakasleak guztiz lagunginak* dira. Batzuek gauza batetan laguntzen gaituzte eta besteek bestetan. Denbora gehiena Arantzazu andereñoarekin ematen dut, bera baita hizkuntza irakasten duena. Hobeki idazten, ortografiazko okerrik gabe eskribatzen irakasten dit. Gutariko bost, jaialdirako kanta bat ikasten ari gara. Hitzak geuk ezarri dizkiogu. Polit polittak dira eta barreragileak».

***

«Gaur Alvarez jaunak, udarako lan antolaketa bat egiten lagundu nau. Arantza andereñoak esan zidanez, ordu bete eman behar dut egunero, behar bezala idazten eta neure ideiak eskribuz adierazten ikasteko. Horrialde bat inguruko idazpen bat egin behar dut egun guztiez, eta gero amatxori erakutsi, zer dagoen ongi eta zertan aurrera naitekeen esan diezadan. Astelehenean, zientzi gai bati buruz idatziko dut (adibidez, zer diren eta nola alha* diren erlojuak, telefonoa, garbiketa tresnak, untziak*...). Asteartean,* egun horretan egin dudana (neure egunkaria) idatziko dut. Asteazkenean,* narrazio gai bat (ohi ez bezalako gertakari baten azalpena, ipuia, firme nahiz TVko emanaldi baten laburpena). Ostegunean,* labur laburkiro emanen dut nazioko, nazioarteko eta kirol munduko gertakarien berri. Ostiralea izanen zait egunik zailena, istorio bat asmatu behar baitut eta marrazki batzuez hornitu. Bestalde, Arantza andereñoak utzi didan liburu bat irakurri behar dut. Kapitulu bat egunero, Zeharo* ulertzen ez ditudan berbak, koadernoan bildu behar ditut gero haien esannahi zehatza, hiztegian aurkitu ondoren, llabur llabur eskribuz azaltzeko. Orotara,* bost liburuxka eginen ditut: Zientziazkoa Neure Egunkaria, Albisteak, etab.»

***

Ostiralean, jaialdira joan ginen ene emaztea eta biok geure ume ttipiekin. Dena egin zuten eskola haurrek, nahiz eta zenbait gauzatan irakasleen eskua nabaritzen* zen. Presentatzailea neskatto bat zen, grazia handiz aritzen zena, bereziki, hutsen bat egin ostean,* jalgi-malgika* zebilenean. Jaialdia laburra izan zen —ordu bete ozta* ozta iraun baitzuen ume guztiek parte hartu zutelarik ere—, eta batak bestearen ondotik ihardun zuten kantariek, barreragileek, dantzariek, antzerkilariek... Barre algarak egin genituen, denok batean, han geunden maisu, maistra ikasle eta guraso guztiok.

Gero, lanen erakusketa bisitatu genuen. Haurrek berek adierazi ziguten zer eta nola egin zuten. «Zubiaren muntaketa Andoniren ideia izan zen. Zintzilikatua eta altxakizuna izan zedin nahi genuen; eta, horretarako, poleiak ipini behar izan genituen. Minutuko iragan zitezkeen berebilen kopurua* kalkulatu genuen, zubiaren neurriak kontutan harturik, Zubietan berebilen abiadurak* mugatua izan behar duenez...»

***

Jaialdia hasi orduko, Agustinekin joan nintzen, ikasgeletan zehar itzuliño bat egitera. Ordenabidea da denetan nagusi; eta, zenbait haurrek elkarrekin hitz egin behar duten arren, ixila ixila da berbaroa.* Haur batzuk* taldeka lan egiten ari dira, zenbaitzuk bakarka, beste batzuk. ordea, binaka. Irakasleak zutik daude, begiratzen eta oharpenak idazten. Eskolak, berez doala ematen* du. «Guk lehen egunetan prestatzen dugu dena. Gero haurrek berek antolatzen dute guztia. Gure partaidegoa ahalik eta ttipiena da» diost Agustinek.

«Memento honetan, hamaika haur ari zaizkigu irakurtzen liburutegian, eta bi talde eskolatik kanpora atera dira. Azken hauetarik batzuek hauzoaren egitur* marrazki bat egiten dihardute, eta besteak herri zuhaiztira joan dira, hango landare eta pizti motei buruz txosten* bat prestatzeko: diseinatu* eginen dituzte animaliak, eta haien bizimoduaz azalpen llabur bat idatziko.

«Hemen, ikasgela honetan, sei ikasle hauk, nork bere lana —elkarren osterantzekoa*— egiten ari dira. Beste lau hauek taldean lan egiten dihardute: ikertzapen* zientifiko bat prestatzen ari dira gure hiri eta hibaiaren kutsaduraz.* Horko sei horik* hizkuntza irakasleagaz* daude; ez dakite ondo idazten, eta idaztariketa bat egin berria dute. Orain, udarako lan antolaketa bat atontzen ari dira».

***

«Irakasle taldeek (hirukoitzak nahiz laukoitzak izan ohi dira) toki bana dute, bilkurak* egiteko eta lana antolatzeko. Toki hori ikasgelan bertan nahiz alboko bulego* batean egon daiteke. Edurne txosten bat idazten ari da, herstu eta larri dabilen mutilko bati buruz. Gero, txosten hori mutilkoaren irakasleari emanen dio. Begoñak ikastaroko azken galdesortari* erantzuten dihardu. Taldebidezko irakaskintzan, ia beti egon daiteke irakasleren bat plangintzan lan egiten, zeren,* haurren eginkizuna antolaturik badago, ez baita beharrezkoa irakasle guztiak ikasgeletan egon daitezen.

«Hemen dago Zientzi Departamendua. Talde guztietako irakasle berezituak* biltzen gara bertora, EGB osorako helburuak planifika- eta koordinatzeko. Gure artean beti dago noredonor, zientzietan nabarmentzen dena: eta berau izaten da departamenduko zuzendaria. Besteok zientzi alor honetan edo hartan berezitzen gara: bat fisika eta botanikan, beste bat astronomia eta meteorologian, urlia* ebaluaziogintzan, sandia* esperimentu merkeen egintzan, berendia* ikus-entzun tresnen erabilketan».

Departamendu bakoitzean (matematika, hizkuntza, gizarte departamenduan, etab.), atean bertan, lankide bakoitzak zer egiten duen azaltzen da: zer zuzendariak, zer ikus-entzun tresnetan berezituak, ebaluatzaileak, idazkariak... Orma* taula batean, argitasunak ematen dira, irakaskintzako helburu mugatu bat nola lor daitekeen jakin erazteko: lehenik diagnostikoa (zer daki haur bakoitzak helburu honi buruz?), gero ebaluazioa (zer ikasi du?), azkenik aktibitateak edo ekintzak. Hau guztiau hobeto ulerterazteko, zenbait exenplu jarriak dira. Alferrik galtzen diren gauzen prezioa ere kalkulaturik agertzen da.

***

«Hauxe da eskolaren bihotza: idazkaritza. Beti dago han norbait (irakasle, guraso edo ikasleren bat) makinaz idazten». HAU ETA HAU... BEHAR DUGU irakurtzen dut orma taula batean. Dei horretan, irakasle talde bakoitzak behar duena eta noiz behar duen adierazten da: adibidez, musu kamustuko sei artazi* pare haurrentzat, hautsa kentzeko zapi bat... Beste taula batean, idazkaritzaren gain utzi diren egiteko batzuk agertzen dira, amaituak noiz izan behar duten adieraziz.

Balda* batean aparatu batzuk ikusten ditut (magnetofonoa, projektorea). Paper batean, aparatuok maneiatzeko arauak agertzen dira, eta ordu zerrenda bat, talde bakoitzak aparatuok zenbat denboraz erabili dituen marka dezan bertan. Beste orma taula batean, taldeak zertan ari diren jakin erazten da eta haien lan orduak seinalatzen, talde batekoek, beste taldeetan erabiliko diren teknikak ezagutzeko aukera ukan dezaten.

«Organizazio haundia behar da. Baina behin antolaketa on bat lortuz gero, gauzak berez doaz. Ez dira alferrikakoak, ez horixe, hastean egiten diren eginahalak, gero haurrek mila bider hobeto lan egiten baitute eta askoz gehiago ikasten. Eta irakasleek ere bai!»

«Irakaskintza bakoizteko* eta banakatzeko, geure eskolan zenbait gauza egiten bagenuen ere, lasterrago aurrera gaitezkeela uste dugu, baldin, taldean lan eginez, eskola guztiek elkar laguntzen badute, lan tresnak, irakasle berezituak etab. batek besteri prestatuz».

***

Etxera itzuli ginenean, «eskola hau ez da inola ere —esan nion neure emazteari— ni ibili nintzenaren antzekoa, hartaz oroitzapen gozoak baditut ere. Eskola honetan ekintza haundia nabaritzen da, bizi bizia. Haurrek, benetan ikasi nahi dutela ematen dute. Irakasleek ez dute zentzabide* problemarik. Baina bistan da, haien lana izugarria eta eskergatzarra* dela. Gurasook zer laguntza eman geniezaieke irakasleei, gure umeentzat irakaskintza hobe bat antola eta aurrera eraman dezaten?»

Eta nire emazteak zenbait soluzio konkretu eta berehalako eman zidan.

Luis BUSQUETS


Ikastolak

Euskara irakaskintzan

Gai zaharra, baina agor ezina.

1970.eko agorrilaren* 4eko «Ley General de Educación» delakoa aztertzeko aukera izan dut egun hauetan. Nahiz eta astirik ez, gogoa ba nuen, Euskararen hauzia nola eratzen eta geratzen zen jakin nahi nuen batez ere; baina, horretaz gainera, zer harreman zuen lege horrek Europako beste zenbait irakaskintza legerekin, denean baikabiltza Europaren atzetik, eta lege kontuan, berriz, Frantziari kopiatzen, hain zuzen.

Hizkuntzak eskolarekin duen arazoa, era ezberdinetara erabakia izan da Europan:

a) Gutiengoaren* hizkuntza irakasteko aukera jartzen da. Aukera hau familien esku uzten da (Alsazia eta Moselako lehen mailako eskoletan alemana irakastea, esaterako,* 1952.eko abenduaren 18ko Dekretuak dioenez), edo, bestela, gurasoen eta irakasleen gain (1951.eko urtarrilaren* 11ko Deixonne Legeak Frantziako herrialde hizkuntzei buruz eskaintzen duen sistema). Lehen kasuan, eskatutako hizkuntzaren irakaskintza eman beharra du eskolak; ez, ordea, bigarrenean. Oraindik ez da Deixonne Legea benetan aplikatu.

b) Gutiengoaren hizkuntza nahitaez irakasten da, eta etsaminagai da. Sar ote daiteke hemen Espainiako «Ley General de Educación»? Gero ikusiko dugu.

c) Gutiengoaren hizkuntza, irakaskintza emateko erabiltzen da. Hauxe da hizkuntza horren aurrerabiderako modurik egokiena. Ez da bakarrik irakasten, irakaskintzarako ere erabiltzen da. Jokabide honek, alde batetik, hizkuntza horretaz herria normalki baliatze i dela adierazten du, eta, bestetik, hizkuntza horrek, biziki erabiltzean, bere jabego osoa bermatuko* duela.

Baina, puntu honetan, konpara ditzakegun bi sistema eskaintzen zaizkigu. Alde batetik, irakaskintza* hizkuntza bietan erdibanan ematen duten eskolak daude, eta, bestetik, irakaskintza osoa hizkuntza batean edo bestean ematen duten eskola ezberdinak. Lehenbizikoak (Aosta haranean jarririk dagoenak, adibidez) kanpotarren integrazioa erraztuko luke. Bigarrena, zabalduagoa, leku askotan erabiltzen da, Hego Tyrolen, Trieste-Gorizia eta Karintiako esloveniarren herrialdean, Feroe irletan* eta Schleswig-en, esate baterako. Brusselan eta Belgiako beste zenbait herritan ere aurkitzen da. Sozialista lurraldeetan, hauxe da sistema «standard», edo eredu* bezala erabiltzen dena. Sistema honek garrantzi handiagoa du gutiengoarentzat, zeren* haren hizkuntzari egoerarik gorena —bakarra ez bada— segurtatzen baitio. Gutiengoaren eskoletan gehiengoaren hizkuntza irakasten da, noski; baina, neurri berean, gutiengoaren hizkuntza gehiengoaren eskoletako egitarauan* agertzen da.

«Ley General de Educación» delakora bihurtuz, gauza bat agertzen zaigu argi: Euskal Herrian euskara erakatsi beharra dagoela, bai «preescolar» mailan eta bai «Educación General Básica»n. Beraz, euskara irakasten ez bada, Legearen agindua alferrikakoa da, betetzen ez baita, eta dagokionari kontuak eskatu beharra dago. Zer esanik ez, Estatuaren eskoletaz ari garela, ez ikastoletaz. Ikus, osterantzean, Legearen zenbait puntu:

Artículo 1: Son fines de la educación en todos sus niveles y modalidades:

a) ...

b) ...

c) La incorporación de las peculiaridades regionales, que enriquecen la unidad y el patrimonio cultural de España...

Artículo 14, 1: La educación preescolar comprende juegos, actividades de lenguaje, incluida, en su caso, la lengua nativa...

Artículo 17, 1: Las áreas de actividad educativa en este nivel (Educación General Básica) comprenderán: el dominio del lenguaje mediante el estudio de la lengua nacional, el aprendizaje de una lengua extranjera y el cultivo, en su caso, de la lengua nativa...

Artículo 104: Constituyen deberes fundamentales de los educadores:

a) Cumplir las disposiciones sobre* enseñanza... en interés de los alumnos y de la sociedad.

Artículo 125: ... los estudiantes... tendrán los siguientes derechos:

a) ...

b) A la orientación educativa y profesional a lo largo de toda la vida escolar...

c) A la cooperación activa en la obra educativa en la forma adecuada...

Euskara irakastea bai. Eta euskaraz irakastea?

Legeak ez du puntu hau ukitzen, baina galerazi ere ez. Horregatik, euskaraz irakastea ez da Legearen kontra joatea.

Gainera, bi oharpen dira hemen kontutan hartzekoak. Bata, kasu batzuetan ez dela posible ikasleei ezer irakastea, euskaraz izan ezik. Beste hizkuntzarik ulertzen ez duen ikasleari, nola irakats hizkuntza ezezagunean? Bestea, ikasgaiak euskaraz emanez, euskararen lantzea egokiro egin daitekeela.

Beraz, Legearen kontra ezezik,* Legeaz kanpo ibiltzea ere ez da edozein gai euskaraz irakastea.

Honez gero, komeni da, Euskal Herrirako duten aplikazioagatik bederen,* Vich-eko Abokatu Kolegioak arazo honi buruz eta Kataluniari begira presentatutako Iritziaren ondorioak azaltzea:

a) Irakasleek, Katalunian, katalan irakatsi behar dute, bai «preescolar» mailan eta bai «Educación General Básica»n.

b) Ikasleek eta haien legezko ordezkoek, dagokienean, bete eraz liezaiekete irakasleei aipatutako eginbeharra.

c) Bi mailetako beste ikasgaiak katalanez eman daitezke, bai ikasleei ikasketa errazteko, eta bai, Legeak agintzen duenez, katalana lantzeko.

Bizkaiko Abokatu Kolegioan ez dugu ezer egin. Euskal Herriko besteetan ere ez, nik dakidala behintzat. Berriz ere katalanak aurretik.

A. MUNIATEGI

dezan, daian

dezaten, daien

diezadan, deistan

dio, deutso

dit, deust

ditzakegu, daikeguz

dizkigute, deuskuez

dizkiogu, deutsaguz

dizkizuegu, deutsueguz

geunden, gengozan

geniezaieke, geinskioe

liezaiekete, leiskioee

nion, neutsan

zaigu, jaku

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zezaketen, eikeen

zezaten, eien

zidan, eustan

ziguten, euskuen


Liburu berriak

1. Marxen ondoko errebisionismoa.

Egilea: Gotzon GARATE.

Argitarazlea: Ediciones Mensajero, «Gefo» saila, Bilbo, 1974.

Geure zortzigarren probintzian, Harok Ebro hibaiaren ertzean duen zuhaizti honetan irakurri dut, «Gero» argitarazleak zabaldu berri duen Gotzon Garateren liburu hau. Zerua garbi dago. Neure inguruan hainbat gizon, andre eta ume ditut: batzuk* eguzkitan, beste batzuk uretan. eta gainerakoak, ni bezala, gerizpetan. Jendea, nik dakita* nondik etorria. Euskaraz mintzatzen entzuten dut zenbait. Gipuzkoarrak dira gehienbat. Bizkaitarrak ere ugari; baina hauek, «aita», «ama» eta honelakoren bat esan arren, erdaraz dihardute. Beharbada, horrexegatik ditu Kintanaren «Ukronia» xelebreak hainbeste etsai Bizkaian. Baina goazen harira.

Haseran,* liburu honek Marxen heriotze osteko* gertakari garrantzitsuenak dakartza, gero irakurlearentzat lagungarri izango direnak. Segidan, Bernsteinek Marxi egin zion kritika eta marxismoari proposatu zizkion aldakuntzak datoz. Adibidez: «Demokraziak printzipio federatiboa eskatzen du, zentralismoaren parasitismoa galerazteko, munizipioari ahalik aginterik osoena emateko. Autoadministrazioa da gaurreguneko emanzipaziorako bidea» (49. horrialdea). Aurrerago honela dio: «Internazionalismoa begien ikuspetik galdu gabe, nazio bakoitzak bere egiazko interesak aldeztu behar ditu. Xobinismorik ez, bainan abantailak,* bentajak, beste nazioen eskuetan uzteak ez du burubiderik» (50. horrialdea). Hau ere egia dela uste dut: «Dogmetan finkatuta, errealitateari bizkarra eman nahi diona hondamendira doa» (52. horrialdea). Ekonomiaren alorrera pasatuz: «Nolatan gainditzen ditu burjeseriak krisisak? Krisis orokorrago ta izugarriagoak antolaturik eta galerazteko bideak gutxiturik» (61. horrialdea). Eta beste hau: «Langileen eskubide politiko ta ekonomikoen alde borrokatu, urruti dagoen iraultza bortitzaren ondorako utzi gabe» (65. horrialdea). Bere kritikak zuritzeko*: «Ez genuke ahaztu behar, Marx eta Engels ere beren garaian errebisionistak izan zirela, sozialismoaren historiak ezagutzen dituen errebisionistarik haundienak» (65. horrialdea).

66. horrialdean amaitzen da Bernstein kritikalariari buruzko saiakera, eta gero Rosa Luxemburg kritikalariaren ideiak azaltzen dira. Honek gogor erazo* zion Bernsteini: «Bernsteinek ez du ikusten sozialismoaren etorrera halabehar ekonomikotik datorrela eta halabehar honi gizonak lagundu behar diola» (81. horrialdea). Nazionalitateei buruz ere eritzi ezberdinak zituzten biek: «Burjeseriak autodeterminazioaren leloa* bere klaseen nagusigoa tinkatzeko erabiltzen du» (87. horrialdea). Eta era berean: «Autodeterminazioaren leloak klaseen borroka bigarren mailara eratxi* du eta Errusiako langileen arteko anaitasuna puskatu» (87. horrialdea). Baina Lenini ere eraso zion: «Leninek noiz behinka bere kutuntxoak biltzen ditu, txaloak jo dezazkioten»* (87. horrialdea). Eta Poloniari buruzko hau kopiatzen dut: «Behin eta berriz esaten du Rosa Luxemburgek, Poloniako independentzia ezinezkoa dela. Eta sarritan esaten du, Poloniako independentziaren alde ari diren abertzaleak eta sozialistak utopistak direla, desio horiek amets ustelak direla» (96. horrialdea). «Errusian sozialismoa jarriko denean, Poloniari ez zaio askatasuna eman beharko, autonomia baizik» (97. horrialdea). Honelako hainbat pasarteren ondoren, Gotzon Garatek honela. dio: «Rosak besteak utopista eta ameslaritzat madarikatzen zituen; bainan funtsean* bera izan zen utopista. Itsututa zegoen abertzaletasunaren indarra ikusteko, eta itsuak alperrik hitz egingo du aho betean dialektika edo materialismo historikoaren izenean. Ez du ezer ikusiko» (103. horrialdea). Eta, azkenik, beste hau: «Jakinaren gainean edo jakin gabe, langileak gobernoaren mutil bilaka daitezke, nazionalitate baten kultura zapaltzeko eta errotik ateratzeko» (104. horrialdea).

Gero Rusiako iraultzaren historia dator eta Leninen bizitza; baina Lenini buruz beste liburu bat agintzen digu. Ikus zer dioen Gotzon Garatek 10. horrialdean: «Bainan hau beste baterako uzten dut. Han zehatzago eta dokumento garbiz erakutsiko dugu Leninen jokaera nazionalitateei buruz». Rusiako iraultzaren memento batean, Gudalozte* Gorriak Varsoviako ateetara heldu zirenean, «Leninek eta boxebikeek, Poloniako langileak beren nagusien kontra eta Errusiako langileen alde altxatuko zirela espero izan zuten. Ez zen holakorik gertatu. Beti bezala, langileek aberria salbatu ala iraultza irabaztea aukeratu behar izan zutenean, aberria hautatu zuten» (165. horrialdea).

Hainbat pasarte kopiatu ditut, ANAITASUNAren irakurleek, bai gaur gaurkoak diren ideietan, bai egileak erabiltzen duen euskara errazean, liburuaren garrantzia ikus dezaten. Guttitan laketu* naiz, liburu bat irakurtzean, Gotzon Garateren honekin bezainbat, eta biziki gomendatzen diet gure aldizkariaren irakurle guztiei. Marxismoa gaurko munduko fenomeno bat da, eta haren aurrean begiak hixtea ez da soluziorik. Horixe esan behar zaie marxismoaren arerioei* eta harekiko ardurarik ez dutenei. Eta marxismoaren alde daudenei, beste hauxe esan behar zaie: Abertzaletasuna ere hor dagoela, inoiz baino biziago eta indartsuago, eta «errealitateari bizkarra eman nahi diona hondamendira doala». Beraz, bai batzuei eta bai besteei mesede handia egingo die, Gotzon Garatek hain trebeki idatzi duen liburu honen irakurtzeak.

Garatek, horrialde bakoitzean, pasarte bakoitza nondik hartu duen azaltzen digu zehazki. Liburuak, irakasle bat ikasle bati irakasten dagoela ematen* du. Garate ez doa, beraz, literatur lan bat egitera, irakastera baizik.

Akatsik aipatzekotan, inprimategiko zuzenketak hobeto egiteko eskatuko genieke argitarazleei. Adibidez, 27. horrialdean, 1952 esaten da, 1852 esan beharrean; 32. horrialdeak iraulztaileok dakar, iraultzaileok ekarri beharrean, etab. Beste puntu bat, hitzen batasunik eza, da. Adibidez, batzuetan Estadu erabiltzen da, eta beste batzuetan Estatu. Eta hurrengo edizioetan —segur bainaiz, eginen direla— liburua aberasteko fotografia batzuk ezarri beharko lirateke, guttienez Bernstein eta Rosa Luxemburgenak.

2. Ekonomiako lehen pausoak.

Egilea: Maïte RUNGIS

Argitarazlea: «Lur» editoriala, Villa Zutik, Paseo Arbola, Donostia, 1974.

«Lur» editorialak zabaldu berri digu Maïte Rungis andreak frantsesez idatzi eta Xabier Amurizak euskarara itzuli duen «Ekonomiako lehen pausoak» liburua.

Gaiaren aldetik, benetan liburu interesgarria, bertan azaltzen baitzaizkigu neokapitalismoaren egoera ekonomiko berria eta bere hazkundean* hartzen ari dituen bide berriak.

Egileak Frantziako egoeraren berri ematen digu; baina haren azalpenek Espainiarako ere balio dute, Espainia hainbat arlotan Frantziari jarraitzen baitzaio, hala nola administrazio erdiratzailean, eta batez ere ekonomiako planteamendu eta legeetan.

Frantzian banku banaka batzuek, bereziki boteretsuenek, entrepresa handienak kontrolatzen badituzte, berdin gertatzen da Espainian, bertoko banku nagusien bitartez. Eta Frantzian inbertsio elkarteak sortu badira, Espainian haien infrentzua* diren «Sociedades de Cartera» daude.

Maïte Rungisekin esan dezakegu, neokapitalismoa gero eta kontzentrazio handiagoetara doala, hainbeste eta hainbeste langilek lan egiten duten entrepresen kontrola esku banaka batzuetan bilduz. Eta, lehen, esku banaka hauk* pertsona fisikoak baziren, gaur pertsona juridikoak dira, banku eta finantz elkarte handien itxura hartuz. Baina ba dago lehengo eta oraingo egoeraren artean beste desberdintasun bat: lehen, entrepresaren kontrola ugazabak* edo administrazio kontseiluak eramaten bazuen, orain beste erakunde* handiago batek (banku edo inbertsio elkarteren batek) eramaten du. Entrepresak produkzioaren arazoa darama; baina urrunetik eta entrepresaren gainetik, beronen akzioak kontrolatuz, beste elkarte juridiko batek gidatzen du egitekoa. Eta entrepresaren etorkizuna, produkzioari berari baino gehiago boltsako espekulazioari begiratzen dion norbaiten eskuetan dago.

Rungisek dioenez, Banque de Paris-ek administrazio kontseiluko buruzagitza edo buruzagi ordetza du 30 elkartetan, eta, gainera, partaide da 50 entrepresa handitako kontseiluetan. Banque de l'Indochine, buruzagi 20tan eta partaide 75etan. L'Union Parisienne, buruzagi 20tan eta partaide 55etan, etab. Ez dugu Espainiako zifrarik, baina, segur aski,* berdin antzera* dabiltzake Banco Central, Hispano, Banesto, etab.

Alokairuen* igan eraztearen aldeko burrukak ere aipatzen ditu Rungisek bere liburuan. Langileek erabil dezaketen harma bezala, inflazioa proposatzen du: hau da, alokairuek prezioen arabera* igan behar dute, beren balio erreala gorde dezaten. Espainian, adibidez, horixe egin du Gobernuak: 1973. urtean prezioak batez beste 15 % igan zirenez, alokairuei ere muga berbera (15 %ekoa) ezarri zien. Baina, inflazioa alde batera utzirik, nazioaren ekonomiak beste iganaldi batzuk* ere eduki ditu: alde batetik produktibitatearena, eta bestetik PNB («producto nacional bruto») delakoarena». Produktibitatea zenbat igan den neurtzea zaila da, entrepresa bakoitzean desberdina baita; baina PNBrena 6 %koa izan zen ihaz Espainian. Beraz, inflazioa alokairuen gehitzean bakarrik kontutan eduki bada, honek esan nahi du, produktibitatearen gehitzea eta PNBrena ez dela langileen eskuetara joan.

Liburu honek hainbat berri interesgarri eman diezaioke euskal irakurleari. Zoritxarrez, akats nabarmen bat du: inprimategiko huts ugari. Oker hau zuzentzen, ardura handiagoa hartu behar izan zukeen argitarazleak, irakurleek lasaiago irakur zezaten.

3. LUR ETA GIZON, Euskal Herria.

Egileak: J. A. Arana Martija, J. M. Barandiaran, R. Bozas-Urrutia, J. M. Eizagirre-Garaikoa, J. Intxausti, A. Irigoyen, P. Lafitte, J. I. Linazasoro, J. L. Lizundia, J. San Martin, J. M. Satrustegi, M. Ugalde, L. Villasante. Argitarazlea: «Jakin», Oinati (Arantzazu), 1974.

13 numeroak kalteak eta zorte txarra ekartzen dituela esan ohi da; baina, oraingo honetan, 13 idazlek liburu mardul (368 horrialde) eta bizi bat eskaini digute, esaldi gaizto hura* huts bihurtuz.

Liburuaren antolatzaile eta argitaratzaileak («Jakin» editorialak, halegia*) gai berezi bana eman die idazleoi, saiakera gisa* erabiltzeko; eta, lehenik, Jose Luis Lizundia. hasten da, bera hain trebe den geografi sailean. Euskal lurraren zabalera zaharra ikertzen* du, eta hainbat froga* ekartzen, azaltzen dituen eritzien oinharri eta lagungarri. Ez bakarrik Errioxaren euskalduntasuna, baizik eta orain Santander, Burgos eta Aragoakoak diren hainbat lurralderen euskal jatorria aztertzen du, aintzinako euskaldunen muga Kataluniaraino eramanez. Iparraldean, Biarnoa* eta Akitania aztertzen ditu sakonki.

Lizundiaren eskutik hainbeste gauza jakingarri ikasi ondoren, Joxemiel Barandiaranek Euskal Etnia ikertzen du. Gaia astunagoa da, noski, irakurle xehearentzat; baina ba du baliorik, bai euskara tekniko baten finkatzeari eta bai gaiari berari begiratuz. Izango da, segur aski,* lan honetaz baliatuko denik, batez ere gai hauek indar berri bat hartzen badute, ZERUKO ARGIAren 598. zenbakian Larresorok Tzinpantzeei buruz idatzi duena haintzat harturik.

Jarraian, Migel Ugaldek langileriaz idazten du; eta, ene irudiko, lan hau aurrerago gai honetaz* idatzia duen liburu baten laburpena da, eranski* berri batzuez horniturik. Gai hau oso gutti ukitua izan da gaur arte, eta sakonki aztertzea merezi du, beranduegi izan baino lehen. Dokumentazio gutti dago, aztergai izan litekeenik; eta ahoz jasotako informazioa, orain bizi diren zaharrengandik har dezakegu. Honetan gal genezakeen denbora, berriz ezin lortuzkoa litzateke; eta horrexegatik diogu, beranduegi izan baino lehen egin behar den zeregina dela.

Joxe Mari Eizagirre-Garaikoak lege zaharrak zer diren azaltzen digu, alde interesgarrienak jakin eraziz. Juan San Martinek euskal artea aztertzen du, batez ere pintura eta eskultura, historian zehar eduki ditugun gizon baliotsuenen izenak eta joerak azalduz, eta euskal eskola aipatuz. Sail berean Jose Antonio Arana euskal musikari lotzen zaio, epez epe musikariak eta hauen teknikak aipatuz. Gero, R. Bozas-Urrutiak euskal kirolak presentatzen dizkigu, zein bere berezitasunekin.

235. horrialdean sail berri bat (Hizkuntza eta Literatura) agertzen zaigu, Alfonso Irigoienek lan labur batekin hasera* ematen diona. Gero Piarres Lafitte jarraitzen zaio, herri literaturaz mintzatuz. Oso gustura irakurri dugu beronen lanttoa, ezagutzen ez genuen gauza asko ikasi baitugu. Adibidez, bertsogintza aztertzean, hainbat exenpluren artean, latina, espainola, frantsesa, kaskoina, ingelesa eta euskara nahastekaturik dauden bertsoak aipatzen ditu. Hona hemen, ingeles eta euskarazko exenplu bat:

Today-ko neskatillak

jasten dira pretty,

powder ipini eta

enseguida all ready,

Side-walk-ian pasatzen dan

people guztiari

begia giñatu eta

come on right in, honey...

Aita Luis Villasantek euskal literatura aztertzen du. Gai hau, zorionez, azken urteotan aski erabilia izan denez gero, ez gara hemen geratuko, eta aurrera joko dugu, baina ez, Euskal Akademiari buruz, hark esaten duena aipatu gabe: «Badakigu (euskararen batasunaz ari da) Euskaltzaindiaren bide honi kontra handia egiten diola gaur zenbaitek, baina beste bide hobeago bat eskaintzen ez duten bitartean, horri lotuko zaio Euskal Herria, segurki». Liburuaren azken horrialdeetan J. M. Satrustegiren lan bat dator, artzaingoari eta nekazaritzari eskainia, liburuko saiakerarik luzeena eta anitz* gauza jakingarriz hornitua.

Liburua bere osotasunean aztertzen badugu, lan interesgarria dela aitortu beharrean gaude, orain arte euskaraz oso gutti landu diren alorrak jorratzen baititu, beste lan sakonagoentzat oinharri bat utzirik. JAKINen liburuek ba dute beste gauza onik: inprimategiko hutsik gabe daudela, halegia; eta honek, «paciencia franciscana» delako hark egia izaten dirauela frogatzen* digu.

Xabier GEREÑO

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

dezaten, daien

die, deutse

diet, deutset

diezaioke, deiskio

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

dizkigu, deuskuz

genezake, geinke

genieke, geunskioe

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zezaten, eien

zien, eutsen

zion, eutson

zizkion, eutsozan


Argia eta itzala

Udagintza gure herrian

 Le Monde egunkariak ikertze* bat argitaratu du, turismoak ukitzen gaituenentzat oso jakingarria. Udatiarrak: natur funditzaile,* atsegin hartzaile, gure nortasunaren suntsitzaile?*

Deskantsu pagatuak 1936.ean sortu ziren Frantzian. Ordudanik udatiarren egarri eta ametsak beti berak dira: nor bere familiarekin harreman sakonagoetan sartzea, gorputzez destirantzea,* eguzkitan belztea, etab. Hots,* udatiarrak, urtean zehar galdu duen bizimaila ona eta funtsezkoa* nahi luke berrarrapatu. Zoritxarrez, helburu hauk* oro* lilurakeria* huts eta ustel bihurtzen zaizkio.

Adin* neurriz, udatiarretarik 54 %, hogeitabost-hogeitamar urtetako gaztea dugu. Ogibidez, 83 % ugazabak,* ordezkariak eta liberal bizibidekoak (mediku, abokatu, etab.), 45 % langileak, 12 % baizik ez laborariak.* Beraz, udatiar gehienak, ogibide aberats edo goi mailakoak dira. Abiatzeak: 28 % uztailkari,* eta 74 % agorrilkari.* Frantses hauen norabideak hauxek dira: 20 milioi Frantzian bertan gelditzen zaizkigu; 4 milioi eta erdi, ordea, atzerrietara joaten dira (1.500.000 Espainiara eta Portugalera).

Udagintzak lehen mailan ukitzen ditu Bretainia eta Korsika, bigarren mailan Akitania (Euskal Herria barne). Hona hemen kolonialismoaren problema zail eta mintsua. Estatu baten propaganda egiteko, gaur arte ez du inork sortu ez eta pentsatu ere, udatiarra bezalako fama zabaltzaile hoberik. Adibidez, amerikar bat gure artera badator, lekuko jendeari errax zaio konparatzea kanpotar haren bizimoldea eta bere bizimoldea, haren erosahalak* eta bere erosahalak, haren kultura eta bere kultura, haren sinestea eta bere sinestea. Psikologi aldetik ba dakigu zeintzuk izan daitezkeen goi mailako zibilizazioaren ondorioak, menpeko zibilizazio batetan eta gogo-bihotz azpiegituretan* obratzen duen eragipenarengatik.*

Gisa* bereko ondorio larriak ekartzen ditu kolonialismo ekonomikoak. Alabaina,* udatiarrak berekin dakartza bere sorterriko edo bere sorterrian publizitatearen bidez etab. sartu dizkioten alferrikako beharrak. Horregatik, udakari,* Espainiako merkatugintzan (beste herrietan berdin) amerikar salgailuak* agertzen zaizkigu frantsesen eta ingelesen ondoan. Jakina, udagintza bururatu* eta, salgailuetan emankorrenak edo mozkintsuenak bertan geldituko dira, bertako jendea ohitua izanen baita udatiarren bidez salgailu horien erostera. Era horretara jokatuz, Amerikako edo Frantziako entrepresa edo saletxe batek, udatiarren bidez arrotz herrietan behar berriak sortuz eta sartuz, bere salbidea zabaltzen du eta emendatzen.* Berdenboran irabazpidea haunditzen eta nasaitzen* zaio.

Beraz, udatiarra interes zenbaiten eskumeneko* da. Gudari baten irudira,* burrukari bezala bidalia zaigu. Ezjakinean edo jakinean burrukari dugulakotz, zilegi* eta beharrezko dugu geure buruaren zaintzea. Ohartu egin behar gara, gizarteak gizona eskupilatu* eta enpoildu* egiten duela diruagatik, deskantsu mailan bertan ere.

Algeriak* beste jokabiderik hartu du, udagintzari dagokionez. Hangoen ustez, industrial eta laborantza emaitzabideak seguragoak eta arrisku gutiagokoak dira udagintza baino herri nortasuna eta jabetasuna zaintzeko. Hain zuzen, algeriar goi pertsona batek hau zioen berrikitan:* "Ez dezagun lizunki erabil eta haztaka* geure eguzkia".

Euskal Herria barne, eskualdeei dagokienez, Le Monde egunkariak zera dio: "Udagintzak ez du egiazko eta luzarako lanbiderik sortzen, langile xumeari* buruz. Lanak arruntegiak* dira, dorpeak, gutiegi pagatuak eta segidarik gabeak. Udagintza eta udagintzaren ogibideak lilurazkoak dira. Gainera —eta hauxe da larriena— eskualde* bati buruz gobernuak udagintzaren obratzea erabakitzen duelarik, urrats* horrekin industrigintza debekatzen da eta ateak hixten zaizkio.

Azkenekotz, ikertze honen ondorioak hauk* litezke: Udagintza, deskantsartzailearen bidez, mundu mailan eta herri mailan, emaitzabide da zenbait aberatsentzat. Jende xumeak, aldiz,* lan baldintza neketsuak, makurrak eta funtsgabeak ditu. Dirua zenbaiten sakeletara doalakotz, geuretzat udagintza amoinabide* bihurtzen zaigu. Iparraldeak, beste eskualde baztertuek bezala, aberatsen amoinaz behar du jan, edan, bizi. Eta azkenekotz, bidezko den bezala, ahalaz laster behar du hil.

Nekazariak kexu

Berriki,* La Dêpèche deitu* Tolosako* kazetak, Frantziako laborantzaren emaitzabidea eta salerosketa zertan dagoen azaltzen zuen. Merkatuan: okela, duela bi urte, 8 libera* kiloa; aurten, ordea, 5-6 libera. Beraz, okela beheiti.* Urdekia 35 %etaz beheiti. Ardikia beheiti. Baratzekariak beheiti. Fruituak beheiti. Ardoa beheiti (Algeriatik* sartzen digute 80 %tan merkeago). Esnea beheiti.

Honetan da, beraz, hauzia: bizimaila gehiegi goititu zaie nekazariei inflazioaren eraginez, eta salgailuek* beheitirako mugimendua segitu (adibidez, ongailuak* 70%etaz igan dira, gasolina 90 %etaz). Gainera, egoera txar batek jotzen gaitu eskualde* honetako nekazariak: ia denak zorretan daude bankuei buruz. Hots,* interesik ezin da ordaindu, diru sartzerik gabe. Bizi egin behar, interesak ordaindu behar, saltzekoak ezin sal, etxaldeetan* dirua xuhur*: hau da Frantzia osoko eta gure nekazarien egoera larria. Arrazoin hauengatik haserretu dira, erregebideetan* barraderak* eraiki, autozainekin beren arazoaz hitz egin, haragi ezin despedituak eskuitik eskura saldu. Ekintza hauk Frantzia osoan gertatu dira; baina, ohi den bezala, gure Herriko nekazariak deus* guti mugitu dira. Zergatik?

Norbaitek esaten zidan; "Hemen gehientsuak artzaintzan ari dituk, eta, ikusten duan bezala, orainokoan* ardia hein* politean diagok". Oraingoan hori egia dugu; baina kasu, ea geure kinka gaiztoa ez dugunentz guk ere udazken honetan ukanen. Orduan, amagaizto,* nekazari! Guk diogunaren bermagarritzat,* hemen dadukagu beharien* eritzi hau: "Datorren urtean, une berean eta baldintza larriagoetan gertakari berak harrapatuko gaitu".

Gobernu aldetik laguntzak eta amoinak erdietsi* dira. Zoritxarrez, erabaki eta ekintza funtsezkorik ez dugu ikusi, nekazarien arazoa garbitzeko.* Funtsean, Europa elkartuz geroztik, beti era honetako aterabide faltsuak eskaintzen dizkigute. Aterabide hilortu* hauen esannahia zera da: merkatu kapitalista* eri* dugula; honen barnean ezin dakiokeela nekazarien arazoari sendagailurik aurki, ez eta langileenari ere. Adibidez, gobernuak salprezioen altxatzea hitzeman* digu. Zoroa behar litzateke izan, altxamendu horrek iraunen duela uste izateko. Guztiok ulertzen dugu, inflazioaren arauek ezin dezaketela luzara honelako urratsik onhar. Salprezioak altxatuz, inflazioaren gaizkontze* larriago baten arriskuan jar gaitezke. Ondorioak: nekazariak paira,* eta ttipia —hain zuzen, ttipi delakotz— petxero.*

Hala ere, bi puntu segur atera daitezke gertakari eta egoera hauetarik: a) dakusazuenez,* merkatu komuneko erabaki liluragarriak hautsita daude; bistan da, nork berea eskuratu nahi duela, bidenabar* besterenetik apur bat hartuz; b) gizarte hau antolatzerakoan, gizartearen oinharriak, helburuak, gizonaren nortasunaz eta zorionaz ditugun eritziak berak behar lirateke berrikusi, berreraikitzaile izan nahi baldin badugu bederen.*

Mañex LANATUA

dakioke, daitekio

dezakete, daikee

diagok, dago

digute, deuskue

dizkigute, deuskuez

dizkiote, deutsoez

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz

zidan, eustan


Fedea eta ekintza

Gazteen Kontzilioa Taizé-n

Izenez «Kontzilioa» eta izanez oso bestelako zerbait izan den Biltzarre handi bat egin da Taizé-n. Biltzarre honen prestatzeak lau urte eta erdi eraman ditu, eta, gazteentzako zenez, gazteek berek hartu dute beren gain prestaketaren ardura. Munduko Kristau Eliza nagusi guztiengandik izan dute laguntza zeregin horretan. Biltzarrearen irekitzekoan, Eliza Katoliko, Ortodoxo, Anglikano eta Kontseilu Ekumenikoak beren oneritzia agertu dute, gazteei beren diosala* egitean.

Biltzarre honen egitekoa, gazteen fedezko bizipenak* elkartzea eta denon aurrean argitaratzea izan da. Biltzarre honek ez du, kanpotik, halako aldaketa izugarririk bilatzen: gizonaren beraren, gazteen barne aldakuntza bat nahi du. Eta horretarakoxe bildu dira 40 bat mila lagun Frantziako Taizé-ko komunitate protestantearen inguruan, agorrilaren* azken egunetan eta irailaren lehenetan. Lanbide bezala, otoitza eta elkar hizketaren eztabaida hartu dituzte gazteok, Honetarako, nonnahitik etorri dira, eguzkipeko alderdi guztietatik. Bilkura* nagusiaren aurretik, hamabost egun lehenago, mila bat gaztek ihardun dute, azken mementoko prestaketak egiten.

Biltzarrearen hastapenean* bertan, prentsa mintzaldi batean, nahiko garbi agertu dira honelako bilera baten arriskuak. Aingerukeria hutsa izango ote da, ala benetako hitzarmen* eta engaiamendua?* Eta zer pentsa? Ez ote da dena, azkenik, haragirik gabeko folklore bihurtuko? Benetan posible dea,* denen eta bakoitzaren fede bizipena ingurukoetaraino luzatzea? Holamoduzko galdera eta itaunekin* eman zitzaion hasera* Taizé-ko Biltzarre hari.

Taizé-ko muinoan* euria egin zuen galanki lehendabiziko gauean. Eta ez zegoen aterpe gozorik inorentzat. Lokatza* eta basa* jabetu zen etxola* inguruez: munduko hiri hauzune pobre guztietan bezala egingo da Biltzarrea. Giro horrekin egin diren bileretan, bi balio azaldu ditu gazteriak: otoitzaren beharra eta gizarte burrukaren premia.

Gizonen sufrikarioetan partaide izan behar dugu. Taizé-ko Komunitatearen buru den Roger anaia Chilera joango da, hango arazoak bertatik ezagutzera. Otoitza, gizonen artean, gertakarien arabera* haragiztatu behar dugu: premia horren agergarri bat izan liteke Roger-en erabaki hori.

Biltzarreko otoitzaldi bateko gaia zera izan da: «Gizon pobreak, gizon zanpatuak». Gizonek sufritu behar dituzten zanpaketa batzuk* gogoratu zituzten, otoitz orduan, munduko bost parteetako gazteek. Afrikak, Hego Amerikak, emigratuek eta bestek hitz egin dute han. Eta, atsekabeen ondoan, gazteek somatzen dituzten seinale itxaropengarriak ere gogoan hartu dira. Bangla Desheko gazteek, Rhodesiako beltzek, Australiako lehen herritarrek... nork bere kristau testigantza agertu du, mundu hobeago batek behar duen burruka azaltzean. Inoiz baino portuges gehiago agertu da oraingoan Taizé-n, gogoan baitzuten, noski, Caetanoren Harmadaren ihesi etorritakoei Taizé-k eman zien laguntza.

Gazteen Kontzilio honek «Jainkoaren Herriari Gutuna» egin dio. Gutun* horren lehen hitzak hauxek dira: «Gizon gehienentzat bizigarri ez den lur batean jaio gara. Gizadiaren parterik handiena, onhar ezinak diren abantailez* bizi den gutiengo* batek esplotatzen du. Polizi erregimen asko dago, indartsuei babesa ematen diena. Dirua eta irabazpidearen grina dira nagusi. Agintedun direnek ez diete, ia sekula, bozik ez dutenei entzuten. Eta Jainkoaren Herriak zer askapen bide irekitzen du? Ezin daiteke galdera hau bazter».

Chileko Herriaren eta Elizaren nigarra

Chileko hierarkiak —Eliza Ebangelikoarekin, metodistekin eta juduen errabino handiarekin batean— dokumentu bat bidali dio Pinochet jeneralaren Gobernuari, gerla* estatua ken dadila eta «aspaldion ezagutu eta jasan* dugun burruka politikoaren ondorio nigargarriak, ahal den neurrian bigun daitezela» eskatuz.

Ageri honen sinatzaileak,* Silva Henríquez Kardinalea, Camus Larenas apezpiku katolikoa, Frenz apezpiku luterarra, Vázquez del Valle apezpiku metodista eta Kreiman errabino handia izan dira. Chileko erregimen politikoaren urtemuga irixtean,* guda giroa utzi eta, beste egoera samurrago* bat eskatzen dute, barkamen orokor* baten bidez. Izan ere, politik arazoengatik persegituak —dio dokumentuak— ez dira gorabehera haien erantzule bakarrak; gorrotoa da oraindik ere nagusi, eta asko dira errurik* gabe sufritzen dutenak. Herriaren bake gogoa aipatzen du azkenik dokumentuak.

Berehala erantzun dio Pinochetek dokumentu horri. Irailaren* 2an zera esan du: Chileko Gobernua zinez* ari dela gerla egoera aldatzeko egokieraz arduratzen, Allenderen erregimenarekiko harremanengatik atxilotuak* nahiz jaukituak* izan direnak ere kontutan harturik. Baina erabaki zehatzik hartu aurretik, beharrezkoa izango dela zuhurtasunez eta prudentzia guztirekin jokatzea.

Irailaren 12an, hitzaldi bat eman du telebistaz. Hegada* izugarria, benetan, gizon honena! Laudorioz beteriko kantua zuzendu die Chileko harmagizonei, une berean erru eta bekaturik barkagaitzenak politik alderdien gain ezartzen zituelarik. Itxaropen ederra eman dio herriari: Chilen beste belaunaldi* berri bat sor dadinerako utzi ditu alderdi politikoen erakundeak.* Laster izanen da han demokrazia! Hori bai: eskatu zaizkion aldaketa batzuk ontzat eman ditu. «Gerla estatua» kendu du, eta preso politikoei herbesterako erraztasunak eskaini dizkie, bide batez Kuba eta Sobiet Batasunari baldintza bezala beste hainbeste egiteko eske bitxia eginez. Tribunale militarrek, ostera,* lanean segituko dute. Gizarte bizitzarako «setiapen* egoera» beste sei hilabete luzatzen da. Egoera horren barnean, legearen kontrakoak dira bilkura* politikoak eta manifestazioak, eta erabat* legezkoak etxeetako detentzioak, bortxazko bizitoki aldaketak eta «toque de queda» delakoa.

Giza eskubideen leloa* beste batetarako utz dezagun, beraz.

Joanes GOIA

die, deutse

diete, deutsee

dizkie, deutsez

zaizkio, jakoz

zien, eutsen

zitzaion, jakon


Gurutzegrama (47)


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANIKO, abanico, éventail.

ABANTAIL, ventaja,

ABIADURA, velocidad, vitesse.

ADIN, edade.

ADINEKOTASUN, edadekotasun.

AGIAN, ojalá.

AGORRIL, abuztu. (Euskara baturako, idazle askok —bereziki iparraldekoek— nahiago dute agorril hitza, abuztu baino).

AGORRILKARI, en agosto.

AGORTZER, kasik agortua.

AHUL, makal.

AITZINATU, aurreratu.

ALABAINA, en efecto, evidentemente.

ALDARRIKATU, proclamado.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALGERIA, Argelia.

ALHA IZAN, funcionar.

ALOKAIRU, aloger, soldata, jornal, salario.

ALOKATZAILE, arrendatario.

AMAGAIZTO, zorigaitz!, qué desgracia!

AMOINABIDE, limosnabide.

ANDANA, cantidad, multitud.

ANITZ, asko.

ANTZ, irudi.

APAILATU, preparatu.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARERIO, etsai.

ARO, época, edad. (HARO, ruido de palabras, de gritos).

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARTAZI, tijeras, ciseaux.

ARRUNT, basto, corriente, ordinario; natural.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

ASTEAZKEN, eguasten.

ATONTZE, apailatze, preparatze.

ATXILOTU, detenido, aprehendido.

AUSART, atrevido.

AZPIEGITURA, infraestructura.

AZTARNATEGI, yacimiento arqueológico.

BAIKOR, optimista.

BAKOIZTE, individualizar.

BALDA, apal, anaquel, rayon.

BANA BESTE, batez beste.

BARBADERA, barrera.

BASA, lodo, bourbe.

BATASUN, elkarte, elkargo.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behinik behin, behintzat.

BEHARI, observador.

BEHEITI, behera.

BEHOKA, behorka, potranca.

BELAUNALDI, generación.

BERBARO (berba + haro), ruido confuso de voces).

BERENDIA, mengano, un tel.

BEREZITU, especializado. (BEREIZTU, separado).

BERMAGARRI, garantía.

BERMATU, garantízado.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERRIKITAN, berriki, recientemente.

BEZERIA, clientela.

BEZERO, cliente.

BIAIZTERI, Laguardia.

BIARNOA, el Bearne.

BIDENABAR, bide batez, de paso.

BIGANTXA, migantxa, ternera, genisse.

BIKAIN, excelente.

BILAKAERA, evolución, transformación.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BILKURA, bilera, reunión.

BIZ, izan bedi.

BIZIPEN, vivencia.

BOZ, voto.

BOZEMALE, votante.

BULEGO, oficina, bureau.

BURURATU, amaitu, bukatu.

BURURATZE, llevar a término, realizar.

DAGI, egiten du.

DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DAKITA (dakit + a), al dakit?

DAKUSAZUE, ikusten duzue.

DASTA, probar, degustar. (DASTATU, probado, degustado).

DEA (da + a), al da?

DEITU, deitutako, deiturikako, deituriko.

DESTIRANTZE, relajar.

DEUS, ezer.

DEZAZKIOTEN, diezazkioten (hau da zuzena), deioezan.

DIOSALA, saludo, salutation.

DISEINATU, dibujado, diseñado.

EGITARAU, programa.

EGITEKE, egin gabe.

EGITUR(A), estructura.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKOIZPEN, producto.

EMAN, parecer, dar la impresión.

ELIZBARRUTI, diócesis.

EMATE, parecer, dar la impresión.

EMATEN, emango.

EMEKI, geldiro.

EMENDATZE, aumentar.

ENGAIAMENDU, compromiso, engagement.

ENPOILDU, destruido.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERAGIKETA, operación matemática.

ERAGIPEN, influencia.

ERAITSI, rebajado, hecho bajar. (JAITSI, bajado).

ERAKARPEN, atracción.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERAKUSTOKI, museo.

ERANSKI, añadidura, addition.

ERASO, atacar.

ERASOALDI, ataque.

ERATXI, eraitsi (hau da zuzena), hecho bajar.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

EREDU, modelo.

EREMU, campo, extensión de terreno.

ERI, gaixo.

EROSAHAL, poder adquisitivo.

EROSO, cómodo.

ERREGEBIDE, camino real, carretera.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ERRU, hoben, culpa.

ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

ESKERGATZAR, enorme, descomunal.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUMENEKO, esclavo.

ESKUPILATU, manipulado.

ESKUTARA, a manos. (ESKUETARA, a las manos).

ETSIMENDU, desesperanza, resignación.

ETXALDE, etxaguntza, baserri.

ETXOLA, txabola.

EUTS(I), agarrar, asir, saisir.

EZABATZE, borrar, desaparecer.

EZBEHAR, infortunio, desgracia.

EZEZIK, no solamente.

FERIAKARI, en la feria, con motivo de la feria.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNDITZAILE, hondatzaile.

FUNTS, fondo, sustancia.

GAIZKONTZE, gaizkoatze, empeoramiento, agravamiento.

GALDESORTA, cuestionario.

GARBITZE, liquidar, solucionar.

GERLA, gerra.

GISA, modu, era; bezala, legez.

GOGOETA, reflexión, consideración.

GOITI, gora.

GREBA, huelga.

GUDALOZTE (gudari + ozte), ejército, armée.

GUTIENGO, minoría.

GUTIESTE, menospreciar, subestimar.

GUTIZ GEHIENAK, kasik denak.

GUTUN, eskutitz, misiva, carta, lettre.

HAGITZ, fuertemente, reciamente. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HARRIZTATU, fosilizado.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HAZKUNDE, desarrollo, développement. (Bazter dezagun desarroilo hitz itsusia).

HAZTAKA, manosear impúdicamente.

HEDAKUNTZA, zabalkuntza.

HEDATU, zabaldu.

HEDATZE, zabaltze.

HEGADA, vuelo, voi.

HEIN, estado, situación, medida, grado, proporción.

HELDU (1) abordado, agarrado, saisi.

HELDU (2), maduro, mûr.

HELDU (3), próximo.

HERREN, cojo, boiteux.

HESPARRU (hesi + barru), recinto acotado.

HEZKUNDE, hezkuntza, educación.

HEZKUNTZA, hezkunde, educación.

HILORTU, abortado.

HIRIGINTZA, urbanización.

HITZARMEN (hitz + harmen), convenio.

HITZEMAN, prometatu.

HODI, tubo, tuyau.

HONDARTZA, playa.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HOZITZE, germinar. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

HURA, ha.

IGERTOKI, ugertoki, piscina.

IKERTZE, aztertze.

IKERTZAPEN, investigación.

INFRENTZU, reverso. (Berba hau latinezko inversus hitzetik dator).

IRAGAN, iragandako, pasatutako.

IRAGAZTEGI, refinería.

IRAIL, septiembre.

IRAINDU, injuriado.

IRAKASKINTZÁ, irakaskintzea, la enseñanza. (Azentuak artikulua adierazten du).

IRAKASLEAGAZ, irakaslearekin.

IRAKASLEGO, profesorado.

IRIXTE, heltze, llegar, arriver.

IRLA, uharte, isla.

IRUDIRA, antzera.

ITAUN, galde, galdera.

ITZAL, respeto.

JALGI-MALGIKA, tratando de salir a trancas y barrancas. (JALGI, irten, atera).

JARAMON, kasu.

JASAN, soportado, aguantado, sufrido.

JAUKITU, llevado ante los jueees.

JAZARKETA, impugnación.

KALE, huts. (Azentua lehen silaban daroa).

KAPITALISTÁ, kapitalistea, el capitalista. (Azentuak artikulua adierazten du).

KONSTITUZIOGAI, proyecto de constitución.

KOPURU, cantidad, suma. (Kopuru eta mukuru hitzak latinezko cumulus berbatik datoz).

KUTSADURA, contaminación. (SATSUDURA, polución).

LABORARI, nekazari.

LAGUNGIN, simpático.

LAKETU, complacido.

LEGAMI, lemami, fermento.

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LELO, cantinela.

LIBERA, franco.

LIBURUKI, tomo de libro, volumen de libro.

LILURAKERIA, seducción, fascinación.

LOKATZA, lodazal, bourbier.

MAKAL, ahul.

MEHATXU, zemai, amenaza.

MENDEKATU, vengado.

MENTS, déficit.

MUINO, colina, elevación de terreno.

NABARITZE, advertir, notar.

NASAIKI, abundantemente.

NASAITZE, ampliar, aumentar.

NONBAIT HAN, kasik, ia.

OHI, ex-.

OLDE, empuje.

OMEN, fama, renombre.

ONGAILU, ongarri, abono, engrais.

ORAINOKOAN, orain arte.

ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente, así mismo.

ORO HAR, en conjunto.

OSTEAN, ondoan, ondoren. (OZTE, muchedumbre, multitud).

OSTEGUN, eguen.

OSTEKO, ondoko.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OSTERANTZEAN, bestela, si no.

OSTERANTZEKO, distinto, diverso.

OSTIRALE, bariku.

OTSAIL, febrero.

OZTA, doi.

OZTE, muchedumbre, tropel. (OSTE, parte trasera).

PADURA, marisma. (Berba hau latinezko palude hitzetik dator).

PAIRA, sufrir. (PAIRATU, sufrido).

PETXERO, víctima.

POTTOKA, potro, caballo.

PROGRAMÁ, programea, el programa. (Azentuak artikulua adierazten du).

SAKONTZE, profundizar.

SALGAILU, mercancía.

SAMUR, bigun.

SANDIA, zutano, un tel.

SARDINIA, Cerdeña.

SEMENDI, zemendi (hau da zuzena), hazil, noviembre.

SETIAPEN, sitio.

SINATZAILE, firmante.

SUNTSITZAILE, hondatzaile.

SUSTRAI, erro.

TOLOSA, Frantziako Toulouse.

TXERA, acogida, accueil.

TXIRO, pobre.

TXOSTEN, informe escrito.

UDAKARI, en verano.

UDAL, municipio.

UGAZABA, nagusi, amo, dueño.

UNTZI, barco. (ONTZI, vaso).

URLIA, fulano, un tel.

URRATS, pauso. (PAUSU, descanso, reposo).

URTARRIL, enero, janvier.

UZTAIL, julio.

UZTAILKARI, en julio.

XEDE, propósito, proyecto.

XUHUR, urri.

XUME, ttipi, behartsu.

ZEHARO, minuciosamente, detalladamente.

ZENTZABIDE, disciplina.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZURITU, justificado, disculpado.

ZURITZE, justificar, disculpar.

ZUTABE, sostén, pilar, columna.

ZUZPERGARRI, vivificante, reavivante.