ANAITASUNA

277. zenb.

1974.eko ekainaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


S.O.S. Portugal S.O.S.

Portugaleko herria, agintari berriek aginduriko demokraziaz jabetzen baldin bada, agian* Europako hauzokide demokratikoei eskerrak eman behar handirik ez du izango. Izatekotan, Angola, Mozambique eta Guinea-Bissau-ko abertzaleekin geratuko da zorretan, eta berauei askatasunerako burruka luze eta gogorrean egiazko laguntza eskuratu dietenekin.

Hala ere, oraindainoko zalantza eta duda-muda guztiak gorabehera,* Mendebal Europako gobernu eta alderdi demokratikoak Portugaleko herriari laguntza baliotsu eta funtsezkorik* eskaintzeko aukeran daude.

Ongi dakigunez, lan esku merkearen iturburu eta diru inbestipen emankorrenaren paradisu izan da orain arteko Portugal; eta bertako diktadura, aldakuntzaren alde zirkinik* ez egiteko atxakiarik ederrena. Baina egiaren eta laguntzaren orduak jo du.

Zer eskatzen digu Portugalek bere S.O.S. honetan europar demokratoi? Geure isiltasuna urraturik, agerian eta ezagutuki* begikotasunezko* aitorpenak egin diezazkiogula, benetako lankidetza eginkor bat eskain diezaiogula, eta Europar Parlamentuak Portugalekiko jarrera* erabakitsu bat har dezala.

Zuzeneko* ekintza mailan, berriz, Portugaleko ekonomia ahuldu* eta zailarentzat diru laguntasun iraunkorra; eskola, osasun eta nekazaritz alorretarako,* inbestipen edo kapital isurketa* ugariak; portugaldar ekonomi hazkuntza berrirako, plangintza eta teknikazko laguntza; Europan zehar lanean ari diren milioi inguru portugaldar migrari* horientzat, etxean lanerako aukera pixkanaka sorteraztea e.a. eskatzen du, beste. gauza askoren artean.

Baina Portugalekiko harreman oro,* NATO eta afrikar testuinguruaren barruan kokatu* behar da. Gobernabide berriarekiko lankidetzak, kolonietako gerratea bukaerazteko baldintza ezarri behar du lehenik.

Europar laguntasunak ezin diezaioke inola ere neokolonialismo bati indar eman, hots,* Spínola nahi lukeen, baina afrikar askaziogileek* onhartzen ez duten bezalako bati.

Une hau garrantzi handikoa da, NATOren "babeskuntza" katea Afrika osorako eten dadin, eta hego afrikar eta rhodesiar politikari muturreko gogor bat eransteko. Bestalde, Afrikan "statu quo" delakoari eusteko,* amerikar eta europar inbestitzaileek gaur gaurkoz interes handiegirik ez dutela ere aitortzen duen analistarik ba da.

Baina aski* garbi dagoena zera da, alegia,* Spínolaren gobernabideak Afrikatik irtetea erabakitzen badu, eta Angola eta Mozambique beren buruez jabetzen badira, Hego Afrikako askazio gerlariek indarraldi nabaria* hartuko dutela, eta, ondorioz, Hego Afrikak mendeku* indar gupidagabez* erantzun liezaiekeela herrialde askatu berrioi.

P. Kenyon komentalari argiak dioenez, NATOko herrialdeen jarrera argi ez dadin bitartean, hauetariko zenbaitek hego afrikar agresioaren alde zuzenki esku hartzea dateke,* gerta litekeen gauzarik beltz eta makurrena. Baina posibletasun hau guztion artean bazter dezakegu, eta baztertu ere baztertu egin behar dugu, azkenean askaziogintza ere kate bat baita, eta Afrikan eta Portugalen lortzen ari garena geurerako ere lortzen ari baikara.

X. MENDIGUREN

diezaioke, deiskio

diezazkiogula, deioguzala

digu, deusku

liezaieke, leiskioe

dezakegu, daikegu

dezala, daiala

diete, deutsee

diezaiogula, deiogula


"Iberia Express"

Politika Elkarteak

Politika Elkarte izan ez diren, baina izan litezkeen haiei buruz Espainiako politika gizonak ez datoz bat.

Eduard Tarragona prokuradoreari zera galdetu diote, arazoa garbitu nahiz: «Goazen, bada, mamira. Zer egin behar da, Tarragona jauna?» Eta hark erantzun: «Gobernuari zera eskatu behar zaio, laga* ditzagula zerutar kantikak eta izkutukeriak,* eta goazela behin betiko, alderdi politikoak onhartzera».

Eta E. Auger jaunak ere esan du zerbait: «Ez ezkerrean eta ez eskuinean egon nahi ez duen politika, ez da politika, gestio hutsa baizik. Nik ikusten dudanaren arabera,* politika jokabideok alderdi edo elkarte politikoen bidez agertu behar dute. (...). Ez dago, espainol tankerazko* demokrazia bat asmatu beharrik. Demokrazia, edo ba da, edo ez da. Besterik ez».

Beraz, hizlariok gogoan ditugula eta Fuengirolako Girón ahantzi* gabe, batzuek alderdiak nahi dituzte. Eta besteek? Hauek gura dutena, Rebull jaunak esan du: «Zenbat eta demokrazia gehiago, hainbat familiartekokeria gehiago».

Zer ekarriko ote dute guztiok?

Madrileko Atheneoko presidenteak deklaratuaz

Carmen Llorca andereñoak, Camilo José Celaren dimisioaren ondoan Madrileko Atheneoko presidente izendaturikoak, berak «ez duela literatura regionaletan sinesten» esan du (katalanez, euskaraz eta galegoz egindakoetan, halegia*).

Hori dela eta, Miguel Dolç jaunak, Atheneoko Literatura Regionalen arduradunak, bere dimisioa presentatu du, katalan, galego eta euskal literaturen alde zeudenek berek ere antzeko ezezko bana eman dutela jakin eraziz, guztiek Carmen Llorcaren deklarazioagatiko protestaz.

Euskal, galego eta katalan literaturak, tokian tokikoa barik, Madrilen jartzen dituzten bitartean, horixe da ondorio bakarra: axolagabekeria.* Ez gaitu horrek batere harritzen.

García Serranok esanak

Maiatzaren 6an, El Alcázar egunkarian, Rafael García Serrano jaunak «Carta al general García Rebull» izeneko artikulu bat egin zuen, Girón de Velasco eta García Rebull jaunek egindako deklarazio gogorren alde agertuz. Dakikegunez,* jaun biok, Arias Navarroren kabineteak prometatu duen irekitasunaren kontra mintzatuak ziren.

Rafael García Serranok, honetaz, beste gauza interesgarri batzuen artean, hauxe zioen: «Berriz ere aski* izanen da botoak zenbatzea (...), boto gehien duenak arrazoia ere ba duela jakiteko; eta bihar etzi Espainia zaharrari lurralde batzuk kenduko zaizkio, zenbait lotsagabek boto gehienen arauera* holaxe erabakiko duketelako.* Ba liteke gu bizitzea (...), [Espainiaren] batasuna nola hausten den ikusteko. Boto gehienen arauera, Katalunia alde batetik joanen zaigu, eta ene euskalnafar lurra (tierra vasco-navarra), boto gehienen arauera, beste batetik, agian* Euzkadi izeneko entelekia ikaragarri horren maskarapean; eta Galiziak bere kontura joko du gaita, boto gehienen arauera, edo, beharbada, Portugalekin batera, hura «erredimitzeko» prest egonen den Franco Nogueiraren bat ez da faltako eta. Eta hau guztior,* boto gehienen arauera; eta gu honez gero ez bakarrik gaita, txistua edo eta tenora nola jotzen den aho zabalik gaudelako, baizik eta nazional bioloia eta Francoren bakearen udazkeneko biolinak ere nola lotzen diren dantzugulako.* Bake horrek jadanik* jendea aspertzen hasi du. 'Bake luzeegia da', diote bakezaleek».

Manuel Fragaren azken liburuaz

Alianza Editorial-ek Fraga Iribarne jaunaren obratto bat eskaini berri digu: Sociedad, Región, Europa. Fragaren liburu hau, lehen begiratuan, interesgarri dela esan daiteke, orain arte jaun batzuek tabutzat zedukaten gai bat lehenengoz* planteatzen duelako. Liburua irakurri ondoren, baina, dena topiko eta leku komunez beterik dagoela esan behar dugu.

Espainiar Estatuko ethnia eta kultura ezofizialen arazoa erabat* baztertzen du, eta «erregio»en moldaketan eritzi sasiekonomiko batzuk* darabiltza, eta inondik ere ez sozialak, batasun kultur historikoak zatikatzeko.

Hona hemen, euskaraturik, zenbait zati: «... leku gutitan agertzen dira, geographiak eta historiak hain bereziki moldaturiko errealitate batzuk: Altsazia, Bretainia, Bavaria,* Eskozia, Gales, Sizilia, Sardinia,* Galizia, Kanariak, Euskal Herria edo eta Katalunia. (...). Begi bistan dago, erregioa ba dela (...) eta Nazional Estatuen eta Europar kontinentearen zati funtsezkoak direla». Ez genekiena da, enbasadore batek hain denbora luzea beharko zuela, Pernando Amezketarraren moduko egia batez konturatzeko. Baina, tira, noiz edo noiz, guttienez.

Espainiako Estatuan zenbat erregio bereiz daitezkeen aztertzerakoan (144 eta 145. horrialdeetan) honela mintzo da Fraga jauna: «... gehienak 14 erregio bereiztearen alde agertzen zaizkigu, ia guztiak historiaren arauerakoak; eta ez litzateke batere gaitz izanen honetan akordio batetara heltzea. Jakina, haserako* eta nahitaezko eztabaiden ondoren, erregio banaketa hau behin betikoa izanen litzateke. Horretarako, noski, eritzi ezberdinak erabili beharko lirateke, eta presenteak iraganaren gain duen nagusigoa onhartu».

120. oharrean hauxe dio Informazio eta Turismoko ministru ohiak*: «Neroni, pertsonalki, Iberplan-en proposamendua oso arrazonagarri iruditzen zait, beronek Europako gaurko ereduak* kontuan hartzen ditu eta. Erregioak ondoko hauk* lirateke: Galiziar erregioa, Astur-Leondarra, Euskal-Gaztelarra (vasco-castellana), Aragoitarra, Katalan-Balearra, Extremaduratarra, Erdikoa, Valenziar-Murziarra, Andaluziarra eta Kanariarra».

Euskal Herriak, dirudienez, ez du historian eta kulturan batere nortasunik, berez zerbait izateko; eta Gaztelarekin lotzea proposatzen digu Fraga jaunak. Valenzia, berriz, antza* denez, Murziarekin jartzea nahiago du, Katalan-Balear erregioarekin baino. Uste pitxiak benetan.

147. horrialdean, berriz, honela diosku: «Eta uste dut, erabat bideragarri izan litekeela errekurtsu publikoen banaketa berri bat, Estatuari % 70 utzi ondoren, erregio mailarako % 10, probintzi eta eskualde* mailan % 10 eta munizipioetarako beste % 10 geldituz.

Deus* ez da berririk Fragaren liburu honen eguzki azpian, zinez* esanik. Eta gaitzaren sustraia, gure uste ez hain apalean, honetan datza*: Honelako plangintzak goitik behera eginak dira, beheko errealitatea, komeni ez zaigulako edo, kontuan hartu gabe. Horregatik, diotena diotela, proposamendu guztiok «insano regionalismo» delakoan sartuko genituzke.

Kazetariak:

Joseba INTXAUSTI

Xabier KINTANA

digu, deusku

diote, deutsoe; dinoe

ditzagula, daiguzala

zaigu, jaku

zaio, jako

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz

zeuden, egozan

zioen, inoan, esaten zuen


Hementxe denok

Ipar Aldea. Bizkaia. Gipuzkoa. Nafarroa. Euskal Herria

Ipar Aldea

Frantziako azken bozkak* Ipar Euskal Herrian

Bigarren haitadan, zein gehiagoka ari izan dira Giscard d'Estaing eta Mitterrand, lehendakaritzako aulkira heldu nahiz. Partida gogorra izan da; baina ez da, batzuek uste zuten bezala, kolpetzar haundirik izan. Azkenez, Giscard d'Estaingek eraman du. Baina hurbildik hor zuen bere kontrakoa. Zeren* laurehun mila bozek* egin baitute bien arteko diferentzia.

Eta Ipar Euskal Herrian? Hemen Giscardek 79.977 boz bildu ditu, eta Mitterrandek aldiz* 50.001. Lehen haitadarekin konparatuz ikusten denez, herrialde honetan ezkerrak 5.000 boz irabazi ditu, eskuinak aldiz haitada berean 3.000 boz galdu. Nolaz hori? Beharbada, zentristek hobeki egin dituzte gogoetak. Beharbada ere, Chaban Delmasen aldeko batzuek nahiago izan dute etxean egon, bozkatzera joan gabe.

«Mende Berri» batasunaren ekintzak

«Mende Berri» batasuna,* politika talde bihurtu zaigula dirudi. Haren agerkariaren azken zenbakian horrelako zerbait nabari* da.

Talde honek, egia erran,* lan asko egin du eta egiten, bereziki ikastetxeetako gazteen artean. Izen bereko agerkari bat («Mende Berri») argitaratzen du, eta bigarren bat («Etorki») lehenaren babesean edo itzalean, ikasle gazteentzat.

Batasun honek antolatzen du datorren udaldian Xuberoan, Mendikotan, euskara ikasteko ikastaldi bat. Agorrilaren* 5ean hasiko da, eta hilabete beraren 31n bururatuko.* Ikastaldi honetan parte hartu nahi dutenek, idatz dezakete zuzenbide honetara: «Mende Berri» - Ikastaldia '74 - 32, rue Bourneuf - 64 Bayonne.

Euskal Herriaz argitaldariak lanetan

Dakigunez, orain arte Frantziako hiru argitaldari handik —Plon eta Denoël Parisen eta Privat Tolosan— liburu gotor* batzu* agertu nahi dituzte Euskal Herriaz. Berdin Okzitaniaz, Bretainiaz eta Korsikaz.* Sail berean, Grenobleko Arthaud argitaldariak, datorren urterako, berriz agertuko du Philippe Veyrin idazlearen Les Basques liburua.

Udako II. Euskal Unibertsitatea

Joan den urtean, IKAS Elkarteak, I. Euskal Unibertsitatea antolatu zuen, Donibane Lohitzunen, «Maurice Ravel» lizeoan.

Azken egunean, unibertsitari multzo eder bat elkarretaratu zen, kritika baten egiteko eta datorren Unibertsitateari buruz erabaki batzuen finkatzeko. Hala nola: a) ikasgaiak ez lirateke entzute hutsezkoak izan behar, b) ikerketarako* lan sail batzu* eraman behar lirateke, c) diru aldetik hego aldeko ikasleentzat Unibertsitatea garestiegi da.

Kritika hauei begiratu eta, inkesta* paper bat bidali zaie irakasle eta ikasle gehienei, bai eta talde batzuei ere: Mende Berri, Zabal, Euskalduntzen, EKT (Elhuyar taldea), Siadeco, Jakin, Anaitasuna, Zeruko Argia, Euskal Kultur Mintegia, eta abar.

Bestalde, bi batzarre egin dira: bata Baionan eta bestea Donostian. Inkestako erantzunen eta eritzi gehienen araberako* erabakiak finkatu dira:

1. Tokia eta egunak

Udako Euskal Unibertsitatea Donibane Lohitzunen eginen da, «Lycée Maurice Ravel» ikastetxean. Irailaren* 2tik 13a arte.

2. Laneko moldea

a) Diziplina bakoitzeko azterketa lanak

13 lan sail aukeratu dira. Lan sail bakoitzaren barnean, talde bakoitzak bere programazioa lehen bai lehen finkatuko du, ikerketarako gai batzu landu behar direla kontuan edukirik.

Unibertsitatea bukatu eta ere, azterketa lanak aurrera eramanen lirateke. Horrela urtetik urtera Unibertsitateak jarraipen bat ukan lezake, azterketa lanak aurreratuz doazelarik.

Talde bakoitzeko programazioaren eta azterketa lanen koordinatzeko eta kudeatzeko,* lanburu edo langidari bat eta idazkari* bat izendatu dira. Horiek lehen bai lehen harremanetan sartu behar dute, azterketa lanen eramateko prest dauden irakasle eta ikasleekin.

Talde bakoitzak bere programazioaren oinharri-puntuak ekainaren* azken egunak barne jakin erazi behar dizkio IKAS taldeari; honek gero ezaguteraziko baititu.

b) Unibertsitatearen batasuna

Unibertsitatearen batasuna beharrezkoa da, kaltegarri bailitzateke lan taldeen artean ezin iraganezko mugak finkatzea. Horregatik gai orokor* batzu noiz behinka emanen dira. Bereziki talde bakoitzeko kideek azterketa lanen ondorioak denei jakin eraz liezazkiekete, mintzaldi orokor batzuen bidez. Eta, beraz, oraindanik mintzaldiotaz arduratu behar du mintegi bakoitzak.

3. Eguna nola zatika

 Goizetan. Bederatzietarik 12,30 orenak* arte: talde bakoitzaren ikertze lanak.

 Arratsaldeetan. Mintzaldi bat emanen da: gai orokor bat hautatuz, edo mintegietako gai bat aitzinetik* aukeratuz, edo mintegietako azterketa lanen berri emanez, edo ikasleek berek eskatutako gai batzu aipatuz. Bestalde, edozein irakaslek irakastaldiren bat edo beste eman lezake, baldin nahi badu. Noiztenka mahain inguruak eta elkar hizketak munta litezke.

 Arratsetan. Bederatzietan: gai deskantsagarriak, dibertigarriak edo atsegingarriak (filme, antzerki, kantaldi, bertsoaldi, eta abar).

4. Dirua

Lo egiteko eta jateko tokiak, joan den urtean bezala, Donibane Lohitzuneko Lizeoan izanen dira.

Prezioak honela izanen dira: matrikula 30 franko, eguneroko lo eta janaldiak 22 franko.

Ikasleentzat diru laguntzak izan litezke. Galdea IKAS taldeari egin behar zaio lehen bai lehen (15, rue Port-Neuf, 64 Bayonne), argitasun guztiak emanez: Izena, zuzenbidea, jaiotza eguna, ikastetxea, ikas maila, gurasoen lanbidea.*

 Azken oharra: Euskara batuari buruz ere irakastaldi batzu emanen dira.

Iholdiko gaztanola* berria

Iholdi bostehun bat jendeko herri ttipi bat dugu. Beste herri guztietan bezala, Iholdin sortu* jende anitz* eta bereziki jende gaztea—, bizibeharrez, herritik urrun joan da.

Herri hau hazkuntzatik eta bereziki ardi hazkuntzatik bizi da. Herriko artaldeetaz bestalde, negukari,* mendialdeko herri zenbaitetako artaldeak ere atxikitzen* ditu bazkaz.* Eta, ondorioz, ardi esne anitz biltzen da Iholdin. Horra zergatik, duela bi urte, Roquefort etxeak gaztanola berri bat altxatu zuen Iholdin. Orotara,* 350 bat esne emale ba du lantegi berri horrek.

Gutienetik hamaika mila litro esne eta gehienetik hamabost mila metatzen da esnebiltegi hartan. Eta bildu* esnea, lekuan berean gaztantzen dute, bost hilabetez egunero, hamasei langilek. Hauetarik lau herritarrak dira, eta besteak inguru herrietakoak.

Uda datorrenean, iholdiarrek indar berezi bat dagite,* udatiarren errezibitzeko. Udakari,* herri honetan ere beste anitzetan bezala, turismoa da lehen. Baina irabazpide hau iraupen laburrekoa da. Horrengatik, Iholdik behar lukeena, zera da, urte guztian irabazpidea emanen dion lana, erran nahi baita, lantegi eder bat.

Dantzarien Eguna Donibane Lohitzunen

Aurten ere, Mendekoste egunez, Donibane Lohitzunen ospatuko da Dantzarien Eguna. Euskal Dantzarien Biltzarrak muntatzen du egun hori. Ipar aldetik hogei bat dantzari taldek parte hartuko dute. Hego aldetik zenbat talde joan ahalko den Donibane Lohitzunera, aitzinetik* ezin erran.

Hona egun horretako programa. Goizeko 9etan, karrika* kurrida. 10etan, meza nagusia. 11,30etan, «Agur, jaunak», aurresku eta mutil dantza Luis XIV.aren plazan. 15,30etan, Lantzeko* ihauteria.* 16,30etan, herriko pilota lekuan dantzarien agerraldia. 19,00etan, txistualdia plazan. Eta 21,30etan, euskal dantza.

Erran behar dugu, Donibane Lohitzuneko Dantzari Egun hori, dantzari taldeek egiten duten urteko lanaren bururapena* dela. Joan den urtean Nafarroa Beherea ikertu* zuten. Aurten, aldiz,* Nafarroa Garaia. Aitzinetik hautatzen duten urteko lanari esker, Euskal Dantzarien Biltzarrean barne diren dantzari guztiek hurbildik ikusten dituzte hautatu* probintziako dantzak, musika, historia, edergintza* eta bizibidea. Egiteko ederra betetzen dute, beraz, egiazko dantzari batek Euskal Herriaren bizi osoan errotu behar duela erakustera emanez.

Antzerki, kantaldi, bertsoaldi eta mintzaldi

• Maiatzaren 10ean, «Hil Biziak» deitu* Daniel Landart-en antzerkiak, bostehun bat jende bildu du Donibane* Garaziko «Vauban» zinemagelan, eskuzarta* franko hartzen zuela haiengandik.

Landart-en antzerki hau moldez berriagoa da, barnez baino. Hala ere, jende askok beren biziko korapilo asko hor ikusten dute eta sentitzen. Gure txaloak idazleari eta taula gaineko jokalariei.

Aurten laugarren aldia da, euskal antzerkiak ematen direla herri horretan. Eta aldi oro jendea ederki bildu da, eta argiro erakutsi du, baldin antzerki egileak eta emaleak izaten badira, entzuleak ez direla faltako.

• Kantaldien sasoina ezinago ederki ba doa aurten ere. Oraingoz, anitz herritan emanak izan dira. Hona maiatzean eman direnen saila:

Maiatzaren lehenean, Arrantzaleak talde aipatua* Donibane Garazin genuen. 4ean, Sarasolaren taldea Barkoxen bere kantaldi ikusgarriarekin. 6an, Baionako ikastolak antolaturik, euskaldun eta kaskoin-okzitanoen kantaldia. 12an, Xuberoko mendietan eta Bidarraiko plazan, beste kantaldi bana. Eta 26an, Donibane Lohitzunen, egun osoa iraun duen herri kantua.

• Bertso festibalak ere bide onetik abiatu zaizkigu aurten. Pazko egunez Aiherran. Gero Baigorrin. Gero Donaixtin.* Eta, azkenik, maiatzaren 12an, Azkainen.

Sailaren bururatzeko,* beste zenbait herritan emanen dira oraino bertsoaldi horik* berok, udako sasoina etorri aitzin. Bertsolarien sail hau Euskaltzaleen Biltzarrak bultzatu du aurten, Aiherrakoa eta Donaixtiko bertsoaldiak salbu; eta, agian,* heldu* den larrazkenetik* harat, antzerkientzat eta kantaldientzat egiten den bezala, batasun* berak berriz kudeatuko* bide* digu sail eder hau.

• Mintzaldiekin bururatzeko, erran dezagun, kultur batasun berak muntatu duela aurten mintzaldi sail bat, oraino bururatu ez dena, eta orotara hamar bat euskarazko mintzaldik osatzen dutena.

Ur sendagarrien lekuak

Ipar Euskal Herriko jendeak ongi ezagutzen ditu, Biarnoan* Saliseko* eta Landetan* Akizeko* urak; eta zenbaitek berdin, Nafarroa zolan* aurkitzen den Fiterokoak. Ahantziak dituzke,* ordea, Kanbokoak. Ezen* aspaldidanik hetsiak* baitira.

Azken hilabete hauetan, hala ere, berri espantagarri* bat zabaldu da: Kanboko uretxea berriz irekiko dela. Baldin ireki baledi, ez litzateke abantail* ttipia herriarentzat, lanbide berri multzo pollit bat ekar bailezake. Eta erran* gabe doa, Herriko Etxeak bere ahal guztiak alde ematen dituela.

Angeluko Kantau lizeoan pilota leku berria

Ikasteko orenetaz* kanpo lan eginez, lau hilabete barne, pilota plaza eder bat zutik eman digu Angelun* Kantau teknika lizeoko ikasle andana* batek. Xede* hori ukan* eta bete erazi duena, lizeo horretako omonier* den Mixel Etxeberri apeza izan da. Joan den apirileko azken igandean, ofizialki estrenatua izan da. Goresmenak obra eder hori egin duten guztiei.

«Orai Bat» dantzari taldeak muntatu* hitzaldiak

Joan den urrian hasirik, mintzaldi sail ederra muntatu digu Baionako «Orai Bat» dantzari taldeak. Hilabetero jende multzo pollita bildu da Baionako Bilkuretxera.* Mintzaldiak oro erdaraz emanak ziren, baina gaia Euskal Herriko arazoetan funtsatua.* Hona, ideia baten ukateko,* ikertuak* izan diren gaien lerrokada:

 Euskaldunak historiaren hastapenetan*: P. Narbaitz. Euskal Herriko teatroa. P. Larzabal. Euskal Herriko mitologia: Bidegain. Baionako itsasportuaren geroa: Ducroux. Euskararen geroa: Jakes Etxeberri. Eta, azkena, Euskal Herria zibilizazio krisiaren aurrean: J. L. Davant. Sail ederra, osatuz eta indartuz joanen dena.

Bereziki aipatu nahi dugu hemen J. L. Davant-en mintzaldia. Lau puntu zulatu ditu: lurra, lanbideak, kultura eta herrialdea. Erakutsi nahi izan du, Euskal Herria, alde guztietarik, egoera hits* batetan dagoela. Baina gure Historian izan da gorabehera asko, eta euskaldunek beti jakin dute beren nortasuna gordetzen.

Horrengatik, mintzatzaileak ba du esperantza geroaz. Ba ditu ere aterabide zenbait: laborantza aurrera eraman, turismoaz balia, gure eskualdeak behar duen industria bat munta. Horretarako, egiazko herrialde bat behar da sortu, behar dituen harremanak eta ahalak emanez.

Bizkaia

Lauroko ikastola

Lejoako* ikastolan jantoki bat ipintzeko asmotan daude, nahi duten umeek bertan bazkal dezaten. Asmo honekin eta Lauroko ikastolan horrelako zerbait dutela jakinik, Lejoako ikastolako andre batzuek Laurokoa bisitatu dute.

Julia Berrojalbiz andreak (Lauroko zuzendari eta Euskaltzain laguntzaileak) erakutsi die sukaldea, jantokia, eta abar. Haurrekin bazkaldu zuten, hango giroa ezagutzeko. Txunditurik* itzuli ziren, hain ikusgarria baita hango guztia. Esan digutenez, Lasarteko ikastolakoek ere bisitatu dute Lauro egun hauetan.

Gurasoek eta irakasleek goi mailako ikastetxe bihurtu dute Lauroko ikastola. Laster milatara helduko dira hango ikasleak. Hori lortzeko saiatu direnen artean, justiziazkoa da, Julia Berrojalbizen izena batez ere aipatzea, Bilbo erdian sortu zen ikastola txiki hura* oraingo eder hau bihur dadin jo eta ke lan egin baitu.

Hitzaldia Santutxuko ikastolan

Hainbat hitzaldi antolatu ditu Santutxuko. ikastolak gurasoentzat. Maiatzaren 16an, eta berrehun guraso ingururen aurrean, seksu hezkuntzari* buruz mintzatu zen Maria Pilar Aisa.

Sikologo eta sikiatra delarik, Aisaren hitzaldia arreta* haundiz entzun zen, eta gero elkar hizketa luze batekin bururatu.*

Elkar hizketa bizi honek aditzera eman zigun, mundua norantz doan ikusirik, nolako kezkak dituzten gurasoek arlo honetan. Gure ustez, oso interesgarria dugu gai hau, eta honetaz hitzaldiak gurasoentzat antolatzea guztiz komenigarria litzateke.

Bertsolariak Bilbon

Maiatzaren 16an, Deustuko unibertsitarien aurrean, bost bertsolarik ihardun zuten Unibertsitateko paraninfoan.

Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean, bertsolari hauk* agertu ziren: Joan Mari Areitio Abadiñokoa, Jon Enbeita Muxikakoa, Joan Inazio Intxaurraga Zeberiokoa, Joan Olarra Forukoa eta Jesus Mari Sardui Muxikakoa. Bostak bizkaitarrak eta gazteak.

Entzuleen txalo artean ordu pare bat ihardun ondoren, jendeari bere eritzia eskatu zitzaion, txapeldun zein gelditu zen erabakitzeko. Batu ziren paperak, eta boto gehien bildu zuena, Joan Enbeita izan zen.

Maiatzaren 22an, arratseko 8etan, «El Desván» eta «Oskorri» taldeek antolaturik, bertso saio bat izan zen «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan. Jaiegun bezperak ez dira izaten egokienak, jende asko biltzeko. Hala ere, ehunkada batzuk elkartu ginen.

Sei bertsolari ziren azaltzeko, baina bizkaitar biri ez zieten kantatzeko baimenik eman, eta ihardun zutenak hauk izan ziren: Jose Luis Gorrotxategi, Eugenio Igarzabal, Jose Lizaso, hirurak giputzak, eta Joan Inazio Intxaurraga bizkaitarra.

Maila onean ibili ziren, batez ere Lizaso eta Gorrotxategi. Intxaurraga bizkaitar gaztea, aurreko astean Deustuko Unibertsitatean egin zen saioan baino hobeto ikusi genuen. Josu Torrek zuzendu zuen oraingoa, eta jarritako gaiak gaurkotasun handikoak izan ziren: Portugaleko aldaketa, Frantziako hauteskundeak, Italiako referenduma, ikastoletako problematika (andereño marxistak ere aipatu ziren), Euskal Herriko autopistak, eta abar. Zerbait faltatzekotan, bertsolarien gatza eta zorroztasuna frogatzeko* gairen bat falta zela esango genuke.

Entzuleetaz ere zerbait esan behar dugu. Ba dirudi, Bilbon ohi ez bezalako entzuleria dutela bertsolariek. Nik beti ikusi izan dut adineko* jendea bertso saioetan eta gazte gutti; baina, azken hilabeteetan Bilbon eduki ahal izan ditugun lau saioetan, bai Unibertsitatean eta bai teatroetan, % 95ez gazteria izan da. Oraingo hau ez da salbuespena* izan, eta hantxe ikusi genuen hainbeste unibertsitari (berdin mutilak eta neskak), ikastoletako maisu-maistra asko, eta 13-14 urtetako neskato eta mutiko, zirudienez ikastoletako azken kurtsuetakoak, beren guraso eta irakasleekin.

Kadagua hibaialdeko txistulariak pizten ari

Enkartazioak deritzan Bizkaiko eskualde* erdalduneko txistulariek Euskal Herriko Txistularien Elkartearen ordezkaritza berezi bat osatu dute, eta pizkor hasi dira elkar lanean.

Ihazko urriaren 14ean, igande egunez, eman zuten Kadagua hibaialdean beren lehen kontzertua, hango jende jatorraren pozerako. Orain, maiatzaren 26an, berriro elkartu dira Alonsotegi herrian, elkarrekin jai eta kontzertu bat emateko. Herritarrek begi onez ikusten dute ekintza hau, eskualdeko euskal nortasuna zaintzeko eta zabaltzeko oso egokia baita.

Euskal folklorea hor han hemen

• Ekainaren* 12an «Jatorki» abesbatzak bere lehen agertze ofiziala eginen du Bilbon, «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan. Han izanen da Josu Loroñoren akordeoi orkesta ere, Bizkaiko Akordeoi Elkartearen denboradako IX. Kontzertua ematen duelarik. «Jatorki» abesbatzak Andoni Arregi maisuaren gidaritzapean kantatuko du.

• «Amets» kantari taldeak zabalkuntza kanpaina bat egiten hasia da Bizkaian. Fruituak nabari* dira. Lejoako* «Ikea» ostatuan ihardunaldi bat emanen du Lamiakoko «Beti Lagunak» taldearekin. Xeberri ere han izanen da.

• Abuztuaren 3an, «Amets» talde beronek eta Xeberrik Portugaleten ihardungo dute, argitara eman gabeko euskal kantuaren II. «Noble Villa de Portugalete» Lehiaketa bitartean. Lehiaketa hartan parte hartu nahi luketenentzat, hona hemen haren oinharriak:

1. Parte hartu ahal izango dute, nahi duten gazte guztiek, nahiz bakarrik, nahiz biko, hiruko edo lauko taldeetan, musika tresnekin edo gabe.

2. Azalduko dituzten kantuek, derrigorrez, argitara eman gabeak eta euskarazkoak izan beharko dute.

3. Euskaraz idatzitako lau kantu agertu beharko dituzte, eta kantu bakoitzak gaztelaniazko itzulpena eramango du hiru kopiatan.

4. Juradu aditu batek epaituko du lehiaketa, eta haren erabakia apela* ezina izanen da.

5. Kantuen hitzak ekainaren 24erako bidali behar dira zuzenbide honetara: Apartado 9, Portugalete, Vizcaya. Ondoko xehetasun hauk* emanez: kantari bakoitzaren izen-deiturak, zuzenbidea, taldearen izena, eta Identifikazio Karnetean agertzen diren datu guztiak.

6. Antolatzaileek, beharrezko gertatuko balitz, oinharrien aldatzeko eskubidea hartzen dute.

7. Sariak hauk izanen dira: Lehena, kantuaren diskotalpena,* trofeoa eta 1.000 pezeta; bigarrena, trofeoa eta 3.000 pezeta; hirugarrena, trofeoa eta 2.500 pezeta; laugarrena, trofeoa eta 2.000 pezeta; bostgarrena, trofeoa eta 1.500 pezeta.

8. Kanturik hoberenak hautatzeko lehen frogaketa,* ekainaren 21ean izanen da. Azken frogaketa, abuztuaren 3an.

• Euskal Herriko abesbatza guztiei dei bat egin zaie, «Basauriko Abesbatz Kantaketa»n parte hartu nahi badute, harako eskabidea egin dezaten. Eskabide hori ekainaren 30erako bidali behar da helbide* honetara: «Sociedad Coral de Basauri», Varela, 1. Basauri, Vizcaya.

• «Txindor» dantza taldeak, Bilboko Coliseo Albia-n ukan* zuen arrakasta* sonatuaren ondoren, zenbait ekitalditarako kontratuak ukan ditu. Eta aurten Santurtzen egingo den Abrako VI. Kantu Lehiaketa, talde beronek antolatuko du.

• Gipuzkoan, garrantzizko akordeoi lehiaketa bat eratzekotan dabiltza. Hurren zenbakian agertuko ditugu oinharriak. Zaudete ernai, Bizkaiko soinu joleok!

• Zenbait diskoetxe Xabier Leiba txistulariaren atzetik ibili dira, L.P. bat egiteko asmoz. Xabier Leiba «Txori Alai» txistulari taldearen zuzendaria da.

• Datorren uztailaren* 5ean, Durangoko Orfeoiak Mungian eginen du bere presentazioa, eta kontzertu bat emanen hango enparantza* nagusian.

• Estitxu kantaria urduri dabil, diskoetxez aldatu nahiz. Kontratua hausteko eskatu dio Columbia etxeari, hura bukatzeko oraindik urtebete falta zaiolarik.

• Bizkaiko II. Abesbatz Astean parte hartu gura duten bizkaitar taldeek, beren eskabidea izkribuz bidali behar dute zuzenbide honetara: «Semana Coral Vizcaina». Apartado 1148. Bilbao.

• Uribarriko Haur Abesbatza, ukan berri duen arrakastaren ondoren, Bilbotik Madrilera doa, disko bat ateratzera. Ehun eta berrogei muttiko dira, Studio batetan egotea zer den lehen aldiz jakingo dutenak.

• Frantziako Gobernuak golardoatu* egin du Migel Angel Astiz kazetari eta folklorezale ezaguna. Bihoazkio* lerro hauetarik gure zorionak.

• Folklore talde baterako, bizkaitar txalapartari bat eskatzen dute. Orainokoan ez da inor agertu. Bizkaian ez ote txalapartaririk? Inor balego eta eskabide horri erantzun nahi baliezaio, idatz lezake ANAITASUNA honetara.

• Benito Lertxundik irabazi du lehen tokia, maiatzaren bigarren hamabosteko Hit Parade delakoan. Argi dago, Benitok, nahi duenean, entzuleak bere atzetik eroaten* dakiela.

• «Itxas Soinua» lekeitiar abesbatza, Erromarako joan-etorri bat ordaintzeko asmoarekin, ihardunaldi batzuk* ematen ari da. Beste zenbait taldek ere laguntza eskaini diote, asmo hori burura* dezan.

Gipuzkoa

Donostiako hauzotegietako kultur ekintzak

Donostian, berriki,* bi kultur aste izan ditugu. Bata «Peñaflorida» institutuko ikasleek eta bestea Amara hauzoko gazteek eratua. Eta, jakin dugunez, beste zenbait hauzotako taldeak ere lan beraren antolaketan hasiak dira, esate baterako, Atotxa hauzokoak. (Donostiak ere ba ditu hauzoak, bat baino gehiago, horretaz pixka bat ahantzirik* bizi bada ere).

Denok ezagutzen ditugu, ordea, era honetako ekintzetan sortzen diren buruhausteak. Horien arteko bat aipatu nahi genuke gaur hemen: diruaren urritasuna. Akats hau hainbateko* oztopoa izan ohi denez gero. ez ote legoke Donostian dirubiderik? Pentsatzen jarri gara. irail* aldean CATek antolatzen dituen Fiestas Euskaras edo Euskal Jaietan. Jai horietan ez da antolatzen ez hitzaldirik ez mahain inguru eta antzekorik. Trikitilari, dantzari, irrintzilari, kantari eta antzekoen txapelketa edo jaialdiak bakarrik. Ez ote litzateke, orduan, zilegi* ezezik komenigarri ere, elkarren zerikusian eta laguntzan ibil daitezen iraileko Euskal Jaiak eta urtean zehar hauzoak antolatzen ari diren Euskal Kultur Asteak?

Itziarko baserritarren lepotik?

Azken aldi honetan, Itziarko kaskora* heltzean, letrero handi bat ikusten da: «Inmobiliaria Icíar, S. A.». Gauza jakina da, Itziar gaineko aurkientza* paregabean industriarako poligono berria doala. Ondo edo gaizki, autopistatik hurbil, hemen izanen dute beren hazkunderako* ahalbidea* Elgoibar eta Deba eskualdeko* entrepresa batzuek.

Baina hau ez da kontua, Itziarko baserritarren lepotik egin den lur espekulatze lotsagarria baizik. Betiko zurrumurruak: lurraren espropiatzea zetorrela, bai eta ez, onez ematea hobe izanen zela, eta abar eta abar. Izan ere, aspaldi honetan, zoratzeko aina* gezur eta kontu zikin entzun da, zorioneko nukleartegi horretatik hasita. Eta, azkenean, jakina, baserritarrentzat 20 eta gaurko tratulari argi horientzat 80.

Itziarko eta Euskal Herri osoko laborantzaren etorkizuna orainarteko baserri molde tradizionaletan ikusten ez badugu ere, odola berotzeko ainakoak dira makurkeria hauk.* Areago,* azpitik politika zikina besterik ez dabilanean, nahiz eta «esku txuriekin» egina izan.

Kortaberri haizkolariaren omenetan Mendaron

Mendaron, maiatzaren 26an, omenaldi bat eskaini diote Kortaberri haizkolariari.

Kortaberri haizkolaria 1895.ean jaio zen. Familiako lehena zen. Gero, haren ondotik, beste zortzi etorriko ziren. Baserrian jaioa. Mendaroko Kortaberrin. Eta hortik hartu zuen bere deitura,* gerora Kortaberri bezala ezagutua izango baitzen, eta ez Inazio Elortza bezala bataioko izenez.

Makina bat joko, saio eta apostu egina du, Irizabaletarekin 23 urte zituela lehen saioa egin zuenetik. Keixeta, Txikito Aiakoa, Ustitzako Aizpuru, Azkoitiko Elduaien, Errezilgo Napoleon, Azkoitiko Errekalde, Tolosako Iriñeta, Azkoitiko Agiñeta, Azpeitiko Arria eta abar eta abar izan dira Kortaberrirekin beren indarrak neurtu dituztenak. Ez du beti irabazi, ez beti galdu. Beti gogor saiatu. Ez zuen erretzen, kirolari on bat bezala; eta edan, sagardoa edaten zuen, ardo ttantto batzuk aparte.

Azken apostua Elgoibarren egin zuen, Larruskaingo Txillarrerekin, 1940.ean. Gaur hamabi iloba ditu, eta denei utzi die haizkora zaletasuna, omenaldiko programan ikus daitekeenez: Goizeko 11etan, herri meza. 12etan, haizkolariak: Arria, Agiñeta, Kortaberri anaiak, Astibia, Kortaberri semeak eta ilobak. Ordu bietan bazkaria. 5,30etan, harrijasotzaileak, bertsolariak eta, ondoren, trikitilariekin, erromeria.

«Musika Aste 74» Errenterian

«Geure musikagile ezezagunen lanak, artxiboetan gorderik daudenak, geuk euskaldunok haintzakotzat* hartzen ez baditugu, segur egon gaitezen, beste inork ez duela haien alde ezer egingo».

Ez da arrazoin txarra, Errenteriako «Andre Mari» koralekoek lanari ekiteko* hartu dutena. Hori dela eta, maiatzaren 12tik 18ra bitartean, «Musika Aste 74» delakoa ospatu dute. Eta, aurten, Tuteran* jaio zen Pedro Aranaz musikagilea eman nahi izan dute ezagutzera, Andres Isasi bilbotarraren izena eta lana ere ahantzi* gabe.

Musikalari eta musikazaleentzat ez da bazkari makala izan Errenteriako aste hau. Luzarora, euskal musikarentzat bultzada ederra gerta daiteke. Hala bedi!

Irungo Lehen Euskal Kultur Astea

Ekainaren* 2tik 9ra ospatuko da Irunen Lehen Euskal Kultur Astea.

Antolatzaileek eskaini diguten ageri batetan adierazten denez, «Irungo kultur azalpenetan agertzen zen hutsune bat betetzera dator Aste hau. Irungo jende askok espero zuen era honetako ekintza bat, eta, horren berri jakin dueneko, bere laguntza osoa eskaini du».

Izan ere, La Salleko Eskola Profesionalak, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak, Gipuzkoako Diputazioak eta Banco de la Vasconia-k herstuki* elkar hartu dute, ekintza hau aurrera ateratzeko. Antolatzaileak, noski, La Sallekoak dira.

Aste hau, lehena da Irungo hirian. Eta «ba zen ordua» esateko gogoa etortzen bazaigu ere, kontuan eduki behar dugu, zenbat borondate on, zernolako ausardia* eta zenbaterainoko langogoa behar den, honelako kulturbideak urratzen hasteko. Txaloak denoi, eta segi aurrera!

Irakurleak hemen du Astearen programa:

Igandea, 2

Goiz osoan, Euskal Liburu eta Diskoen Azoka, Luis Mariano pasealekuan.

Astelehena, 3

Euskal kanta jaialdia. Kantariak: Julen Lekuona, Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Lupe.

Asteartea, 4

Hitzaldia: «Esku langintzaren gain», diapositibak azalduz. Hizlari: Juan Garmendia Larrañaga, Gipuzkoako Diputazioko Esku langintza Sailaren buru dena.

Asteazkena, 5

Hitzaldia: «Euskal pintura 50 urtetan», diapositibak azalduz. Hizlari: Juan Mari Alvarez Enparanza, Gipuzkoako Diputazioko Edergintza* Sailaren buru dena.

Osteguna, 6

Hitzaldi-kantaldia: «Bertsolaritza eta beronen aldaketa XX. mendean». Hizlari Juan Mari Lekuona, Euskaltzaindikoa, bertsoak Antton Aranburuk kantatzen dituelarik.

Ostiralea, 7

Hitzaldi-kantaldia: «Euskal Herriko herri kantak». Hizlari: Xabier Aranburu, kazetaria, herri kantak Oskarbi taldeak kantatzen dituelarik.

Larunbata, 8

Arratsalde osoan, Euskal Liburu eta Diskoen Azoka, Luis Mariano pasealekuan.

Igandea, 9

Eguerdian, 12etan, Irungo musika bandaren kontzertua Udaletxean,* Primitibo Azpiazu zuzendari dela.

Jaialdia eta hitzaldiak Teatro Principal-en izango dira, arratsaldeko 8etan.

Sarrera dohainik* izango da, jaialdikoa ezik.

Nafarroa

70 dantzari bikote Lizarran

Maiatzaren 25ean, Lizarran,* Pui-ko Andre Mariaren omenezko jaietan, 70 bikotek dantzatu zuten, hain famatua den bertako Larrain Dantza. Dantzarien artean, edozein adinetako* jendea ikus zitekeen: umeak, gazteak, gizon eta emakume helduak.

Bestalde, Lizarran, Udaletxeak* eusten* eta ordaintzen duelarik, Nafarroako gaita ikasteko akademia bat dago eta gazte askok daki tresna zahar hori jotzen.

Lantzeko ihauteria

Nafarroako Lantze* herrian aintzinatik ospatzen den Ihauteria,* entzute haundikoa dugu Euskal Herrian, eta Europa osoan ere. Orain Lantzetik Euskal Herri osora zabaldua ahal izanen da. Bizkaian, ihazko urriaren 21ean agertu zuten lehen aldiz, Basauriko jaietan. Aurten, urte osoan zehar, ekitaldi ugari ukanen dute Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean, eta euskaldun askok ikusi ahal izanen dute nolakoa den Lantzeko Ihauteria. Zorionak eta mila esker, gure folklore eta herri jakintza. zaharra birpizten ari direnei!

Euskal Herria

Ba zen ordua

Gure ikastetxeetan guztiak ez zeuden konforme. Ikasleen artean ba zen zer esanik, Espainiako Literaturaren testu liburuetan, katalanak eta galegoak beren tokittoa zutelarik, euskarazko literaturak aipamenik ere ez zuelako. Halaxe zen, izan ere, orain arte ezagutu ditugun E.G.B.ko Lengua y Literatura liburuetan aurkitzen genuen hutsune nabarmen hau.

Baina, oraintsu, Barcelonako «Editorial Prima Luce, S. A.» delakoak argitara berri du Lengua Española y Literatura (Segunda etapa de E.G.B. - Libro de consulta 8.º), E. Soler Fiérrez, A. González Soler, A. J. Pulpillo Ruiz, J. Chacón Sabaté eta M. Ramírez Valentín jaunek gertatua.

Espainiako Hizkuntza eta Literaturaren inguruan, historia aldetik, katalanen, galegoen eta euskaldunen berri laburrak ematen ditu. Euskal Literaturaren sortzeaz mintzo da 296. horrialdean, gure klasikoetaz 308.ean, joan den mendeko erromantiko garaiaz 326.ean; eta mende honetako berriak ditu 340 eta 343. horrialdeetan.

Katalan jator horiek har bitzate gure zorionik beroenak.

Nahi duenak, eska lezake zuzenbide honetara: «Prima Luce», Monlau, 8 y 10. Barcelona.

«Txistulari» aldizkariaren azken alea agertu da

Euskal Herriko Txistularien Elkartearen aldizkaria, «Txistulari» izenekoa, berriro agertu da kalera. Esan beharrik ez dago, Europa guztiko folklorezko aldizkarien artean hoberenetariko bat dugula. Euskal folklorezko berriak, ikertze lanak, txisturako (eta orain lehen aldiz gaitarako) partiturak eta abar dakartza ale bakoitzean.

Abonatuak 3.200 edo dira. Urtean lau ale eder eta lodisko agertzen dira. Prezioa 200 pezeta. Eskatzekotan: «Txistulari». Iturribide, 1-4. Bilbao-6.

«Ipuiak», liburu berria

1970. urtean hasi ziren «Irun hiriko Literatur Sariak». Euskaraz idatziriko ipuinentzat, ordea, ihazkoa izan zen lehen urtea. Jose Inazio Zubizarreta eta Frantzizko Sagarzazu izan ziren irabazleak.

Literatur sariketa baten helburua ez da —edo, behinik behin, ez luke izan behar— irabazle bat izendatzea eta kito. Horregatik edo, Sari honen antolatzaile den Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak orain berriki argitaratu du liburu bat, irabazlearen eta beste lau idazleren ipuinez osatua. Bertan biltzen diren ipuinak, hauxek dira: Ja zaharra, Ja zaharraren semea, Jo eta Ni: Jose Inazio Zubizarreta eta Frantzizko Sagarzazu. Karakol presoa: Luis Haranburu-Altuna. Mirmiño: Nikolas Aldai. Buztan Txuri: Mikel Goenaga. Jontxuren azkenengo itxasoratzea: Jose Mari Etxaburu.

Albistariak:

Joan Mari ARES

Leon AIZAGER

Joxe Ramon BELOKI

Xabier GEREÑO

Gehexan LANTZIRI

Joan Mari MENDIZABAL

Joan Joxe OLABERRIA

Manex PAGOLA

Juan SAN MARTIN

baliezaio, baleio

bitzate, beiez

dezakete, daikee

dezan, daian

dezaten, daien

die, deutse

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

lezake, leike

liezazkiekete, leiskioeez

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zeuden, egozan

zieten, eutseen

zigun, euskun

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon


Herrialde guztietan

Irlanda irtenbiderik gabe

Ihazko udazkenean, Ipar Irlanda edo Ulster-eko arazoa konpontzeko esperantza apur bat sortu bazen ere, gauzak berriz ere oso gaizki doaz lurralde hartan.

Esperantza hura* Sunningdale-n onhartutako erabakiek sorterazi zuten batez ere. Erabaki hauetan punturik interesgarriena Irlandako Kontseiluaren sortzea da, hots,* 1921.az geroztik lehenbiziko aldiz Ipar eta Hego aldeko irlandarrek batera osatu duten erakundea.* Hiru urtetan zehar Bretainia Haundiak bere diplomaziaren antze* guztia erabili behar izan du, Belfasteko agintariak, Dublinekoekin batera akordio hori baieztatzera ekartzeko.

Ulstereko katoliko gehienak pozik ziren, beren betidaniko ametsa —hots, Irlanda osoaren batasuna— lortzeko lehen urratsa emana zela uste baitzuten. Honela, 1969.az geroztik Ulstereko katolikoek eta batez ere IRAkoek egindako burruka gogorra, fruituak ematen hasia zen.

Protestanteek, ordea, beren etorkizuna Bretainia Haundiaren barnean ikusten dute, eta egun* Ulsteren maioria pribilegiatu izatetik, bihar edo etzi Irlanda batu batetako minoria bihurtzeko ikaragarrizko beldurra dute. Horregatik, protestanteen elkarterik gogorrenak, Sunningdaleko erabakiek Irlandaren batasunari bidea ireki liezaioketela oharturik, erabaki horik,* praktikara eraman baino lehen desegitera abiatu dira. Dublinen hiru kotxe bonbez beteak leher erazi dituzte; baina batez ere Ulsteren bertan langile protestanteek ezarri duten greba* generalak, kalte ikaragarriak ekarri ditu. Bi komunidadeen arteko tentsioa eta biolentzi giroa, orain arte ezagutu diren txarrenetakoa bezain gogorra da.

Bien artean, berriz, Bretainia Haundiko harmada* aurkitzen da. Honek orain arte IRAko abertzaleen kontra ihardun du batez ere; baina orain, protestanteen greba dela eta, hauen kontra jokatu behar izan du, greba hori hautsi nahiz. Beraz, alderdi batekoak eta bestekoak bere kontra ditu orain. Gainera, Ingalaterran* bertan jendea gero eta aspertuago dago, bere mutilak Irlandan hilak eta zaurituak direla ikusiz, gastu eta buruhauste ikaragarriak besterik ematen ez dituen arazo bat bide dela. Herri xehearen artean gero eta gehiago dira, guztia utzi eta alde egitearen aldekoak, Irlandarrak, beren artean ahal duten bezala konpon daitezen utzirik. Baina Bretainia Haundiko agintariek ez dute hortik soluziorik ikusten, alde egin orduko katoliko eta protestanteen artean gerra zibila su eta gar hasiko dela pentsatzen baitute.

Baina, zer egin beste aldetik? Sunningdaleko erabakiak bertan behera erortzera* uzten badituzte, katolikoek beren azken esperantzak galduko dituzte, eta IRAkoak burruka harmatuari ahal duten gogortasun haundienarekin ekingo* zaizkio, azken denboretako ingelesen diplomaziak pazientzia haundiz lortutako guztia pikotara* jaurtikiz.

Oraingo bideari jarraituz, berriz, protestanteak dituzte kontra, eta hauk* gero eta indartsuago azaltzen dira. Nagusi ateratzen ez badira, eta Bretainia Haundiko Gobernua katolikoen aldera makurtzen ari dela ikusten badute, protestanteak prest daude, Ulsteren independentzia deklaratzeko; eta neurri honek gerra zibila sortuko luke agian.*

Ez da, beraz, txantxetakoa Ipar Irlandako egoera. 1969.ean IRA berriz ere burrukan hasi zenetik, 1.000tik gora dira hilak eta askoz gehiago zaurituak. Beste zenbatek hil behar ote du, konponbide bat aurkitu baino lehen?

Europako sindikatuak elkartzen ari

CES edo Europako Sindikatuen Konfederazioak bere lehen batzarre nagusia egina du Copenhagen. Batzarre horretan, konfederazioko partaide bezala onhartuak izan dira CMT osatzen duten sindikatuak (lehen, kristauen nazioartekoa izana).

Beraz, orain CES delakoak 17 naziotako 33 milioi langile elkartzen ditu. Mendebaldeko* Europako sindikatu haundi guztiak tarteko dira, Frantziako CGT eta Italiako CGIL ezik. Hauk biok, Ekialdeko* Europako sindikatuekin batera, FSM komunista joerako konfederazioaren barnean baitaude. Baina Italiako CGIL sindikatuak ere CES horretan sartzea eskatu du, eta, nahiz batzuk kontra izan, ba dirudi laster onhartuak izango direla, italiarrek ez baitute FSMrekin Frantziako CGTk bezain harreman hesturik.

Aipaturiko bi sindikatu horietaz gainera, Espainiako sindikatu ofiziala ere CEStik kanpora dago, integratzeko beharrezko diren kondizioak ez baititu betetzen.

Kurduak berriz ere gerran

Aurreko zenbakietan emandako informazioari jarraituz, hona hemen beste zenbait berri kurduen arazoaz.

Lau urtetan nolabaiteko bakean egon ondoren, Bagdadeko Gobernua eta kurduen arteko gerra inoiz baino gogorrago berriz hasi da Iraqen.

Martxoan kurduei eman behar zitzaien autonomiak zernolakoa izan behar zuen erabakitzerakoan, ez dira bat etorri Iraqeko Gobernua eta kurduak. Orduan Gobernuak, berak antolatutako autonomia ezarri nahi izan die, kurduen eritzien kontra; eta hortik piztu da berriz ere gerra.

Eztabaidarik gogorrenak sortzen dituena, beharbada Kirkuk hiria da. Hor baitaude, hain zuzen ere, Iraqeko petrolio aberastasunik haundienak. Gobernuak, hiri hori kurduen lurraldetik at* dagoela dio. Hauek, berriz, Kirkuk betidanik kurdua dela diote, eta Iraqeko Gobernuaren jokabidea salatzen dute, honek azken urteetan arabe asko Kirkuken bizitzera bidali baititu, honela hiri honen kurdutasuna gal dadin, eta, hauteskundeak* egin behar izanez gero ere, kurduak minorian aurki daitezen.

Kurduen buruzagia Barzani Generala da. Honek 40 urtez gorako burruka darama bere herriaren alde. Bakealdietan ere harmak gorde izan ditu beti bere soldaduen eskutan,* eta, azken gertakariak ikusi ondoren, zuhurtasun haundiz jokatu duela aitortu behar. Gobernuak behin eta berriz eskatu bezala, harmak utzi eta bere soldaduak Iraqeko harmadan* integratu izan balitu, orain galdua litzateke.

Hala ere, kurduak oso kinka* larritan aurkitzen dira oraingo honetan, Iraqeko Gobernuak behin betirako «kurdu arazoa» ehortzi* nahi baitu, herri hori zapaltzeko indar guztia erabiliz. Sobietar Batasunaren laguntzari esker, Iraqek harmamentu moderno eta ugaria eskuratu ahal izan du, eta batez ere baren abiazioa triskantza* ikaragarriak egiten ari da Kurdistanen. Azken aspaldion, 150 bat herri eta herriska izan dira napalmezko bonbez kiskailiak, eta kontaezinak dira ihesi joan behar izan duten pertsonak, gehienak Iran aldeko kurduen lurraldeetan babes bila.

Barzanik, berriz, abiaziorik batere ez du, eta beste harmamentu gehiena ere aski* atzeratua. Une honetan haren laguntzaile ia bakarra Iraneko Gobernua da; baina ez, kurduen eskubideen alde dagoelako, Iraqen istiluak* sortzea komeni zaiolako baizik.

Barzani zaharra eta haren soldaduak gerrillero burrukan maisuak dira, urte luzetako esperientziari esker; baina oraingoan, garaile ateratzeko, guztia* beharrean izango dira.

Aurreko burrukaldietan Sobietar Batasunak neutraltasun bat gorde zuen. Orain dela bi urte, ordea, Iraqekin itun* bat egin zuen, eta harez gero harreman onak dituzte bi gobernuek. Beraz, berriz gerra hasi denean, Sobietar Batasuna erabat* Iraqen alde azaldu da, eta horretarako, jakina, Barzani eta haren kurduak inperialismoaren morrointzat salatu ditu lehenbizi. Kurduek diotenez, harmamentua bidaltzeaz gainera, Sobietar Batasunak mila kontseilari igorri* dituzke* Iraqera, kurduen kontrako gerran hango harmada laguntzeko.

Bestalde, herrien autodeterminaziorako eskubide famatu hartaz Sobietar Batasunak ez du fitsik* esan oraingo honetan. Kurduek ez dutea,* bada, herri guztiz berezi bat osatzen? Ala eskubide hori, Sobietar Batasunarenganako leialtasun zintzoa azaltzen duten herriei bakarrik ote dagokie?

«Indioa: hil behar duen hori»

Brasilgo apezpikuek eta zenbait misiolarik 34 horrialdetako ageri bat zabaldu dute goiko izenburu horrekin. Gobernuari erabateko* politika aldaketa eskatzen zaio.

Dei honetarako arrazoina, Amazonas aldean irekitzen ari diren kamino berria da. «Fundaçao Nacional do Indio» edo FUNAIren kontrako salaketa bat da manifestu hau.

Gobernuaren teknikoek osatzen duten elkargo honek, indioaren babesa ez baina honen integrazioa nahi omen du. Hau da, indioen kultur berezitasun eta interesak inola ere babestu gabe, haren menpekotasuna bilatzen du.

Ekonomikeria bat salatzen du ageriak: indioen pertsonal nortasunaren gainetik interes ekonomikoen arabera* jokatzea, alegia.* Politika horren araua hauxe litzateke, beraz: indio talde bat ezin liteke hazkunde* orokor* baten behaztopo gerta. Apezpikuek politika horren zentzugabeko hautabidea* salatzen dute: indioa, berriz ere, basa piztia bihur dadila, edo eta zuriaren munduak irents dezala. Onhar ezina den hautabide faltsu eta gizakontrako hori alda dadila eskatzen dute ageriaren firmatzaileek.

Japongo langileen udaberria

Ohitura denez, urteroko ekinaldiari heldu diote Japongo langileek.

Japongo proletalgoak bere bizimoldeen hobekuntzarako eginahalak berritzen ditu udaberrian. Aurten, soldatak 30 % jasotzea eskatzen dute sindikatuek. Ihazko udaberrian 20 % igan eraztea lortu zuten. Eta, esan denez, aurtengo iganaldientzat 23% ezarri omen du Gobernuak hobekuntza hauen sabaitzat.*

Japongo langileriaren bizimodua ez da amesgarrienetakoa. Kontsumogaien salneurriak 34 % igan ziren ihaz, eta urte honen haseran* zenbait eroski ezinezkoak bihurtu dira langileriarentzat.

Udaberri honetako eskabideei erantzutean, Ugazaben* Federazioak esan du berea: soldatak, eskatutako heinean* jasotzen baldin badira, prezioek ere bide bera. eramanen dutela. Langileriaren lehen ekintza trenbideetako greba* izan da, 527.000 lagunek hogeitalau orduko oporraldia eginez.

Hego Afrikako «apartheid» ttipia

Denok dakigu, «apartheid» delakoa oso gogorra dela Hego Afrikan. Hala ere, ba dirudi orain, hango hiri handi batzuetan Gobernuaren kontrako alderdi politikoek zerbait egin nahi dutela, Udalari* dagozkion arau eta erregelak biguntzeko.

Joannesburgoko alkateak, esate baterako, dei bat egin omen du, beltzei eskubide zenbait uzteko. Jatetxeei, erraztasunak emateko eskatu zaie. Teatroei, arrazarteko saioaldiak, edo, gutienez, gaueko orduetan beltzentzako saio bereziak eman ditzatela. Bestalde, zenbait lanetan (kontabilitate sailean, adibidez) bi arrazen arteko bereizkeriak* kentzea erabaki du hiri hartako Udalak.*

Hala ere, jakina denez, oinharrizko bereizkuntzek (Erdiko Gobernuari eta probintzietakoei dagozkienak) lehengo hartan iraungo dute.

Irabazleak eta galtzaileak

Bretainia Haundiko krisialdia gogorra da. Eta langileriari tokatu zaio berea jasatea.* Aspalditik langabe zeudenak, 628.613 langile ziren otsailean*; eta denboraldi baterako geldirik zeudenak, berriz, 744.872 lagun. Eta aste osoko lanik ez zutenak, 675.815etaraino irixten ziren. Era batetara zein bestetara lanik gabe zeudenak, 2.054.973 ziren Ingalaterran. Larrialdi gaitza, beraz, hango langileriarentzat.

Zer egin, arazoa konpontzeko? Barclays bankuak agertu duenez, entrepresek aurkitu dute beren bidea eta modua: akziodunen irabaziak ugaltzea. Bretainia Haundiko Shell konpainiak, sekula santan edo deabrutan ezagutu ez duen irabazia izan du 1973.ean: 730 milioi libera esterlina. 1972.ean baino 449 milioi gehiago!

Idazleak:

Luis M. ARISTEGI

Joseba INTXAUSTI


Euskaltasunaren soziologia?

Ikastetxeko panorama ikusiaz batera, ekintza konkretuak behar genituela pentsaturik, zerbait egiten hasi behar zela bururatu zitzaigun, Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegian* lan egiten dugunoi.

Gauza zientifikoak nahi genituen egin. Euskal alorra* lantzea zen gure kezka. Horretarako, jendea behar. Lehenik jendea euskaldundu behar. Baina nola? Ba genuen asmorik: propaganda egin, euskal eskolak jar, hitzaldiak antola, jaialdiak munta, eta beste.

Hau guztiau, egiten zen; baina ez zen aski.* Orain arteko lanek zerbait lortu dute. Nola lor gehiago: horixe zen gure arazoa. Oraino, euskal kulturaren inguruan zebiltzanak gutti zirela pentsatzen genuen.

Problematika luzetuz zihoan. Hastapeneko* asmoak korapilatu egin zitzaizkigun. Zer egin, jendea biltzeko? Eskain euskal kultura, industri produktu bat bezala, «bil zaitezte euskal kulturaren inguruan» esaten duen bikinidun neska lirain baten irudia jarriz?

Baina ez. Euskal kultura gauza serioagoa da. Ez da merkantzia hutsa. Denok gara euskaldun, edo euskaldunkizun. Gure ekintzak, errealitatea ondo ezagutu eta gero irten* beharko luke. Hori azterketa soziologiko baten bidez erdiets* genezakeen.

Errealitatearen ezagutze horrek jendea taldeka bereizten du. Horrela jakinen da, nortzuk dauden euskal alorretik hurbilen eta nortzuk urrunen. Gure ekintzak, hurbilen daudenei buruz zuzendua joan beharko luke, gero besteei, eta horrela poliki poliki jendea oro* bildu arte.

Baina problemak ugaltzen ari ziren. Nortzuk dira hurbilenak? Hau jakiteko, azterketa bat egin behar zen.

Nahikoa* dea* euskara jakitea, euskal kulturatik hurbil egoteko? Euskara ez dakien batek, euskal kontzientzia sakonagorik ukan* ote lezake, euskara dakien batek baino? Zerk xedatzen* du euskal arloa, eta zer eratako jendeak du euskal kontzientzia, gazteek, zaharrek, nafarrek, arratiarrek, nork?

Nahikoa dea, euskaldun izateko, hizkuntza meneratzea,* ala politikoki ere euskaldun izan behar ote da? Eta zer da, orduan, Euskal Herriaren alde jokatzea?

Iraun lezakea* euskal kulturak erakunde* gaberik, edo ba ote dago erakunderik gabe ezer egiterik? Zer usteko du jendeak honetaz?

Zer ekintza mota eskatzen dute unibertsitariek, hizkuntzazkoa bakarrik ala gizartezkoa ere bai? Historia bakarrik ala soziologia ere bai? Orain arte egindakoak zer eragipen* ukan du jendearen baitan?* Asperturik daude, eta alferrekotzat jotzen dute gure orain arteko ekintza? Zer gurako lukete, eta zela* jokatu beharko litzateke?

Euskara zer mailataraino onhartuko lukete? Unibertsitateko ikasleen zentsurak noraino uzten dio jokatzen Euskal Kultur Mintegiari? Gaurko egoera aldatu gabe, noraino hel liteke euskararekin?

Ba zen beste hamaikatto zailtasunik ere: adina, jatorria... Dena dago, euskal kulturan, sare bat bezala bilbaturik*: politika, hizkuntza, ideologia, gurasoak, ikasketak, lantegia...

Zenbat dira, baietza eman eta gero ezer egiten ez dutenak? Euskal kulturaren kontra nortzuk agertzen dira, euskaldunak ala arrotzak, ezagutzen gaituztenak ala gutaz gutti dakitenak? Bereiztu egin behar, eritzi hutsetan geratzen dena eta egiazko ekintza bihurtzen dena.

Gaiztasun gehiagorik ere ba zen: nola lor baimena eta dirua, nola egin itaunkizunen zerrenda, nortzuei galde, elektronika tresnak nola balia,* erantzunak nola interpreta eta kodifika...?

Gero, ondo xedatu behar, hainbeste buruhauste sor litekeen kontzeptua: Zer da Euskal Kultura? Gauza erraza dela ematen du, baina gaitza da benetan, zeren, kontzeptu horri definizio konkreturik ematen ez bazaio, ez baitago galdetzeko ahalbiderik,* eta, itaunketarik* gabe, ezin bailiteke azterketa zientifikorik egin.

Jakina, honelako azterketarik ezin liteke edonon egin, gaitz eta garesti izanen litzateke eta; baina leku ttipietako taldeek horrelako zerbait egin beharko lukete.

Jendea lekuz aise aldatzen da, baina eritziz ez da hain erraz aldatzen. Honelako azterketak jendearen pentsamoldea erakusten digu. Ekintza aurrera eramateko orduan jakiten da nortzuekin eta zela joka. Ez dira indarrak alferrik galduko.

Hau guztiau arakatu* beharko da. Ezin litezke planteamenduak alegreki egin. Ahal denean behintzat, pertsonak zelakoak* diren jakin ondoan beharko da lan egin.

Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegian, honelako zerbait egiten ari gara. Xehetasunik gehiago nahi lukeenak, eska beza.

Iñaki AZKOAGA

beza, bei

daude, dagoz

digu, deusku

dio, deutso

genezakeen, geinkean

lezake, leike

zaio, jako

zihoan, joian, joaten zen

zitzaigun, jakun

zitzaizkigun, jakuzan


Fedea eta ekintza

Ezkontza, Elizaren legedi berrian

Ba dira zenbait urte, Elizaren legedia* berriztatzeko dela. Horretarako, munduko apezpikuei noizbehinka galdeketak egiten zaizkie Erromatik. Oraintsu apezpikuei bidali zaien inkestak,* kristau ezkontzari dagozkion galderak egiten ditu, legegai* berriak ere aurkeztuz.

Dirudienez, tokian tokiko apezpikuei aginpide gehiago emango zaie, ezkontzarako zenbait eragozpen aska ditzaten. Eragozpenen arlo horretan ba zegoen orain arteko legedian hutsune nabarmen xamar bat: ez zituela, alegia,* haintzakotzat* hartzen, posible diren anormaltasun psikosexual batzuk.* Ezkongaiengan gerta litezkeen ezjatortasun horik* ere gogoan hartzen dira oraingo legegai berrietan, psikologiak argitara atera dituen ezagutzak kontuan edukirik.

Jubany Kardinalea eta katalana

Aurtengo Jochs Florals edo Poesi Jaietan, Jubany Kardinaleak izan du sarrerako mintzaldia. Hitzaldi horretako zenbait pentsamenduk guretzat ere balio du noski.

Liturgi barnean herriaren hizkuntzak duen garrantzia gogoratu zuen Kardinaleak, Kataluniako elizgizonen lanak eta asmoak aipatuz. «Gaur, zoritxarrez, hainbat eskolatan —esan zuen— herri horren hizkuntza ahanzten denean (nahiz eta lege berriek egoera hori nolabait gainditu nahi), elizak dira otoitza eta erlijio hezkuntza* jatorrizko mintzairan emango diguten tokiak. Egia da, hala ere, gertakari berri bat agertu dela gure artean: lan bila datozkigun hainbat mila kanpotar, beren hizkuntza eta kultur balioekin etorri dira. Gure apezak saiatzen dira horietaz ere arduratzen, haien bihotzetara beraien hizkuntzan mintzatuz. Hala ere, Elizak —bidezko denez— ez du zokoratzen, bultzatzen baizik, katalan hizkuntzaren usarioa, izan ere berau baita ondasun bikainen eta gotorrena* gure herrialdean, eta beronek erakusten baitizkigu ongien geure semeen kultur egoera eta norberaren sentimendu gorenak».

Euskararen ofizialtasuna

Dirudienez, azken aldion normalduz doaz Elizaren eta gure Herriaren arteko loturak; harremanak eta erlazioak.

Gainera uste dut, alderdikeriak alde batera utzirik, arazo hau bere bide egokiak hartuz doala. Euskal Herriaz eta euskal kulturaz arduratzen diren aldizkariak ere honetan bat datozela ikusi dugu. Adibidez, ANAITASUNAn agertutako zenbait artikulu ezin hobeak, ZERUKO ARGIAko editorial egoki eta ausartak,* PRINCIPE DE VIANAk Larraun ibarreko apezei buruz dakarrena, Baionako HERRIA astekarian agertzen diren artikuluak (baina guk mugan galtzen ditugunak).

Elizak, ba dirudi, azkenekoz gure Herriaren nortasuna eta esistentzia onhartu nahi dituela. Bizkaian hor dugu ihazko udazkenean euskal kulturari buruzko programazioa, eta hemen dugu orain udaberrion apezpikuaren homilia famatua.

Noizbait urak bere bidea egin nahi du. Baina luzaroan bere bidetik kanpo bortxaz ibili ondoan, ba dirudi, bidearen hildoa* ezin duela ediro.* Horregatik, ez da batere harrigarria, gure zazpi hibaien hainbat ur ez dela dagokion bidera bat batean egokituko, eta zuzenkontrako urbide arrotzetan zehar iraun beharko duela oraindik.

Euskara ofizialki onhartzen dea* Elizan? Haren seilu, paper, ageri eta arazo ofizialetan ba ote du lekurik euskarak?

Elizan, zorionez. haur bati euskarazko izena jar dakioke. Hori ofizialki onhartua da. Eta asko pozten gara. Baina bataio ageriak, ezkontz eta heriotz ageriak bete litezkea euskaraz? Horretarako parrokietan dauden paperak denak erdaraz idatzirik daude. Honek zer esan nahi du: nagikeriaz ala ezinbestean eginak direla gauzak?

Ezkongai gazte batzuek beren ezkontz ageria erdaraz betetzerik gura ez badute, ez dutea elizaz ezkontzerik?

Guk erantzun argi bat gura genuke, euskarak zer ofizialtasun maila duen jakiteko.

Primatu berria Ingalaterran

Michael Ramsey jaunak utzi du Ingalaterrako Primatu aulkia, Eliza Anglikanoaren irekialdi berri bat zuzendu eta burutu ondoren. Ramseyren haro hau ekumenismo giroz egin da, gainerako kristau elizenganako elkar hizketa oparoa* sortuz.

Maiatzaren 14ean izendatu du Bretainia Handiko Erreginak Primatu berria: Frederick Donald Goggan, orain artean Yorkeko apezpiku izan dena.

Ingalaterrako Elizaren barnea ezagutzen dutenek diotenez, Canterburyko artxapezpiku berria nahiko joera kontserbakorrekoa da; eta kristau elizen arteko harremanak ez dira lar* pizkortuko orain, askoren ustetan. Wilson laboristak eraman du arazoa, izendapen honetarako ere bera baita Erreginaren kontseilaria.

Vatikanoan lapurrak hauzipean

Vatikanoko Estatuan, 1929. urtean eraiki zenetik, aurtengo maiatzaren 14ean hasi da ageriko lehen hauzia. Dirudienez, Vatikanoan lan egiten zuten zazpi enplegatuk lapurketak egin dituzte, aintzinako gauza baliotsuak, gurutzettoak, dominak* eta dirua ere ohostuz.

Aspaldi handitan hutsik egon diren Vatikanoko gartzelak, horientzat ireki dira; eta hauzi honetan kondenatuak gertatzen badira, beharbada beste hilabete batzuk egin beharko dituzte oraindik espetxean,

Kontzientzi objetoreak Italian

1972.eko abenduan atera zen Italian, kontzientziak eraginik soldadutza egin nahi ez zutenentzako legea. Ordutik iragan apirilerarte, ez zen inoiz bete lege hori. Oraingoz, 174 mutil izan dira onhartuak «objetore» bezala. Beste 300 zain daude.

Beren artean elkarte bat egin dute, eta erakunde* bat sortu ere bai, beren eskubideak jagoteko.* Defentsako Ministerioan, berriz, objetoreentzako bulego* berezi bat antolatu da. Beste soldaduek baino zortzi hilabete gehiago eman behar dute soldadutzan. Gauza ez direnen etxeetan, eritegietan,* zaharren etxeetan eta bestetan beteko dute beren zerbitzua. Soldatatzat, beste soldaduek bezala, 500 lira irabaziko dituzte eguneko. Estatuak, berriz, 1.000 lira emango dizkie eguneko, haiek lan egiten duten erakunde edo etxeei.

Portugaleko gobernu berria eta dibortzioa

Kristau Demokraziaren, eskuineko alderdien eta Aita Sainduaren gomendioak* gorabehera,* Italian egindako referenduma dibortzioaren alde irten da, denok dakigunez. Egia esan, katoliko askok ere beren baiezkoa eman diote dibortzioari, beren erlijioaren arabera* kristauak ezin dibortzia daitezkeela uste ukan* arren, eskubide hori beste erlijio eta pentsamoldetako hiritarrei ezin uka dakiekeela eritziz.

Honez gero, Irlanda eta Espainia dira, Europan dibortzioa onhartzen ez duten Estatu bakarrak. Portugalen zibilki ezkondutakoentzat ba dago dibortziorik, ez ordea katoliko eran egindakoentzat. Gobernu berria dela eta, ba liteke berau ere hor aldatzea.

Egileak:

Jon ASTORKIA

Joseba INTXAUSTI

Manu PAGOLA


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Gurutzegrama (42)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGORRIL, abuztu. (Euskara baturako, idazle askok —bereziki iparraldekoek— nahiago dute agorril hitza, abuztu baino.)

AHALBIDE, posibilidad.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHULDU, makaldu.

AINA, adina, beste, bezainbat, bezainbeste.

AINTZIRA, laku, lago (AINTXIRA, laguna).

AIPATU, renombrado, celebrado, famoso.

AISE, aisa, erraz.

AITZINATU, desarrollado, developpé.

AITZINETIK, aurretik.

AKIZE, Dax. Latinez, pluraleko lokatiboan, Aquis (Tarbelliorum).

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo, sail.

ANDANA, talde, multzo.

ANGELU, Anglet.

ANITZ, asko. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ANTZ, irudi, iduri. (Antza denez = dirudienez.)

ANTZE, destreza, habilidad. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

APELA, apelar. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARABERAKO, proporcional.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARAUEZBESTEKO, anormal.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARIN, laster.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRETA, atención, detenimiento.

ASKAZIOGILE, liberador, libertador.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATXIKITZE, retener, conservar, mantener.

AURKIENTZA, zona, paraje. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

AUSARDIA, ausartzia, osadía, valentía, intrepidez.

AUSART, valiente, intrépido.

AXOLAGABEKERIA, arduragabekeria.

BAITAN, -gan.

BAITEZPADAKO, beharbeharrezko, esencial.

BALDINTZA, condición.

BALIA, utilizar, emplear.

BATASUN, elkarte.

BAT BEDERA, cada uno.

BATZU, batzuk*.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo.)

BAVARIA, Baviera.

BAZKA, pasto.

BEGIKOTASUN, simpatía.

BEGIRA, guardarse, precaverse, preservar.

BEREIZKERIA, discriminación.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BIARNOA, el Bearne.

BIDE, seguramente, probablemente.

BIHOAZKIO, joan bekizkio (bekioz).

BILBATU, tramado.

BILDU, bildutako, bildurikako, bilduriko.

BILKURETXE, bilkura (reunión) + etxe.

BOZ, voto.

BOZKAK, elecciones.

BULEGO, oficina, bureau.

BURURA, llevar a cabo.

BURURAPEN, bukaera, clausura.

BURURATU, bukatu, amaitu.

BURURATZE, bukatze, amaitze.

DAGITE, egiten dute.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DANTZUGU, entzuten dugu.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma.)

DEA, al da?

DEITU deitutako, deiturikako, deituriko.

DEITURA, apellido, nom de famille.

DEUS, ezer.

DIFERENTZIA, pendencia, altercado.

DISKOTALPEN (diskotarapen), grabación en disco.

DITUZKE, ditu nonbait.

DOHAINIK, dohan, doharik, gratis.

DOMINA, medalla.

DONAIXTI, St-Just.

DONIBANE GARAZI, St-Jean-Pied-de-Port.

DUKETE, dute nonbait.

DUTEA, al dute?

EDERGINTZA, arte.

EDIREN, ediro, encontrar.

EDIRO, ediren, aukitu.

EGITEKO, problema, quehacer, quebradero de cabeza, lío, negocio.

EGUN, gaur.

EHORTZI, lurperatu, enterrar.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKIN, insistentemente aplicado, insistentemente entregado.

EKITE, dedicarse (aplicarse, entregarse) insistentemente.

ENPARANTZA, plaza.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERABATEKO, total, completo, radical, absoluto.

ERAGIPEN, influencia.

ERAKUNDE, institución, organismo, entidad.

ERDIETS, lor, conseguir. (ERDIETSI, lortu, conseguido.).

EREDU, modelo.

EREMU, extensión de terreno.

ERITEGI, centro sanitario. (Ikus «Merkatalgo Hiztegia».)

EROATE, eramate.

ERORTZE, jauste.

ERRAN, esan.

ERRENDATU, rendido, agotado.

ESKUALDE, comarca.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos.)

ESKUZARTA, txalo.

ESPANTAGARRI, harrigarri, izugarri.

EUSTE, apoyar.

EZAGUTUKI, claramente.

EZEN, ze, pues.

FITS, apur, minucia.

FROGAKETA, prueba.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, sustancia.

FUNTSATU, basado.

GAZTANOLA, fábrica de quesos. (Ikus «Merkatalgo Hiztegia».)

GOGOETA EGITE, reflexionar.

GOLARDOATU, galardonado. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

GOMENDIO, recomendación.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GOTOR, sólido, firme, voluminoso.

GREBA, huelga.

GUPIDAGABE, cruel, inmisericorde.

GUZTIA BEHARREAN, con grande escasez, necesitando todo.

GUZTIZ ERE, batez ere, bereziki.

GUZTIOR, guztiau. (Klasikoek erabiltzen dute.)

HAINBATEKO, considerable.

HAINTZAKOTZAT, en consideración.

HAITADA, txanda.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

HARMADA, ejército.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo.)

HAUTABIDE. hautu, hautapen, elección, opción.

HAUTATU, hautatutako, hautaturikako, hautaturiko.

HAUTESKUNDE, elección.

HAZKUNDE, desarrollo, développement. (Bazter dezagun euskaratik desarrollo hitz itsusia.)

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, grado, medida, proporción.

HELBIDE, dirección, adresse.

HELDU, próximo.

HERSTUKI, estrechamente.

HETSI, hertsi, hitxi.

HEZKUNTZA, educación.

HIGITU, movido.

HILDO, surco, sillon.

HIROS, iracundo.

HITS, triste, mediocre.

HONDAR, hondo, fondo.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo.)

HORMATZE, izozte.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IDAZKARI, secretario.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IHAUTERI, carnaval.

IKERKETA, azterketa.

IKERTU, aztertu, arakatu.

ILKITZE, jalgitze, irtete, ateratze.

INFRENTZUZ, inversamente. (Latinezko inversus.)

INGALATERRA, Inglaterra. (Ikus «Axularren Hiztegia».)

INKESTA, encuesta.

IPARBURU, polo norte.

IRAIL, septiembre.

IRAUNGITZE, amatatze, itzaltze, apagar.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISTILU, conflicto.

ISURKETA, inversión.

ITAUNKETA, interrogatorio.

ITAUNKIZUN, lo que ha de preguntarse.

ITSASOTSO, foca.

ITUN, acuerdo, convenio.

IZKUTUKERIA, ezkutukeria, subterfugio.

IZOTZIRLA (izotz, hielo + irla, isla), iceberg.

JADANIK, ya.

JAGOTE, zaintze, begiratze.

JARRERA, actitud, postura.

JASATE, soportar, sufrir.

JAUZKOR, propenso a saltar, irascible.

JAZO, gertatu.

KARRIKA KURRIDA, manifestación callejera.

KASKO, punta, cima.

KILIKABERA, quisquilloso.

KINKA, kenka, período crítico.

KOKATU, situado, colocado. (LEKUTU, ausente, alejado.)

KORSIKA, Córcega.

KUDEATU, dirigido.

KUDEATZE, dirigir.

KUTSADURA, contaminación.

LAGA, utz.

LANBIDE, ofizio.

LANDAK, Landes.

LANTZE, Lanz.

LAR, larregi, gehiegi, sobera.

LARRAZKEN, udazken.

LEGEDI, código.

LEGEGAI, proyecto de ley.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHENENGOZ, lehen aldiz.

LEJOA, Lejona.

LEZAKEA, al lezake, al leike?

LIZARRA, Estella.

MENDEBALDE (mendebal + alde), occidente, Oeste.

MENDEKU, venganza.

MENERATZE, menperatze. (MEN, alcance, poder, dominio. Ene ustez, hitz aberats hau gehiago erabili behar litzateke euskara batuan.)

MIGRARI, emigrante.

MINTEGI, seminario.

MUNTATU, muntatutako, muntaturikako, muntaturiko.

NABARI, claro, evidente, patente.

NAHIKO, aski.

NEGUKARI, neguan.

OHI, ex-.

OHOSTU, lapurtu, ebatsi.

OMONIER, kapelau, capellán.

OPARO, generoso, abundante.

OREN, ordu.

ORO, guzti,

OROKOR, general.

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OTSAIL, febrero.

PAIRU, aguante, paciencia.

PERIL, peligro, danger.

PERILOS, peligroso.

PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio).

SABAI, techo, toit.

SALBUESPEN, excepción.

SALISE, Salies.

SARDINIA, Cerdeña.

SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

SORTU, sortutako, sorturikako, sorturiko.

TANKERA, estilo.

TRISKANTZA, destrozo, exterminio.

TUTERA, Tudela.

TXUNDITU, durditu, turditu, aturdido, estupefacto.

UDAKARI, udan.

UDAL, municipio.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UGAZABA, nagusi, jabe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo.)

UZTAIL, julio.

XEDATZE, determinar, delimitar.

XEDE, propósito, proyecto.

ZELA, zelan, nola.

ZELAKO, nolako.

ZEREN, ze, pues.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZIRKIN, movimiento de impulsión.

ZOLA, zoru, parte inferior, Sur.

ZUZENEKO, directo, inmediato.


Ez dezagun ura pozoinda!

Egunkarietan eta telebistan bertan uraren kutsaduraz* hain sarriro mintzatzen delarik, interesgarria litzatekeela iruditu zait, uraren izakera berezia aztertzea, geure itsaso, hibai eta iturrietako urari errespetu gehiago ukan* diezaiogun.

Mundu honetako bizitza uretan sortu zen; eta hau honela gertatu bazen, ez pentsa halabeharrez izan zenik.

Giza gorputzaren eta beste edozein bizidunen gorputzaren hiru lauren inguru urezkoak dira. Gainera, behar den ur portzentaia gutitzen bada, laster dator deshidratazioa, eta, honekin batera, heriotza. Zergatik hori? Bizitzaren hazkunderako,* ura baitezpadakoa* delako. Ur aski* ez duten lurraldeak zein arin* basamortu bihurtzen diren ikusteak, argi eta garbi adierazten digu bizidunentzat urak duen garrantzia.

Uraren dilatatze modua

Gauza ezaguna da, gorputzak berotzean, haien bolumena handitu egiten dela. Hau, solidu, likidu eta gasei gertatzen zaien gauza da. Arrazoin beragatik, berotzean, gorputzen dentsitatea ttipitu egiten da, bolumena eta dentsitatea infrentzuz* baitira araberakoak.*

Ur likiduak, ostera,* konportamolde berezia du. Urak, lau Celsius gradutako tenperaturan du bolumenik ttipiena. Hortik gora berotzean, haren bolumena handitu egiten da. Hau guztiz normala da. Baina hortik behera hoztean, berriro ere handitu egiten da. Eta hau bai dela arauezbestekoa.*

Ikus dezagun orain konportamolde honen zenbait ondorio, eta zein garrantzi haundia duen itsaso, hibai eta aintziretan* bizi diren animalientzat. Eta, horretarako, ura lau gradu baino hotzago dagoenean gertatzen dena arakatuko* dugu.

Edozein likidutan, parte batzuk besteak baino beroago badaude, parte hotzek, dentsitate handiagoa dutenez, beherantz egiten dute; eta parte beroek, dentsitate ttipiagokoak direlarik, gorantz egiten dute. Honela, konbekzio korronteak sortzen dira. Likidua goitik hoztean, korronte hauk* etengabe sortzen dira, eta likidu osoaren tenperatura berdintzen ari da denbora guztian. Beroa (hotza kasu honetan) arin* hedatzen* da likidu osora baldintza hauetan. Horregatik, goitik hoztean, likiduak behetik hasten dira solidatzen, han baitute alderik hotzena; eta solidatze hau behetik gora hedatzen da, oso laster.

Uraren kasuan alderantziz gertatzen da, dilatatzean agertzen duen konportamoldearen kausaz. Goitik hoztean, lau gradu baino hotzago dagoenean, eta hormatzen* hasi baino lehenago, parterik hotzena goiko aldean du, eta beroena behekoan. Horregatik, ura azaletik hasten da hormatzen, eta ez hondotik, beste likiduak bezala. Gainera, izotzaren dentsitatea urarena baino ttipiagoa delarik, fenomeno honek lagundu egiten du oraindik gehiago azaletik izozteko joera.

Uraren izakera honek garrantzi handia du. Adibidez, aintzirak izozten direnean, kanpoan, eguratsean hotz handia egiten duelako gertatzen da izozte hori. Beraz, aintzirak, eta berdin hibaiak eta itsasoa, goitik hozten dira; eta, esan dugunaren arabera,* lehenbizi izotz estalki bat sortzen zaie kanpo aldean. Estalki honek zail egiten dio hotzari barrenago sartzea; eta horregatik, harez gero, aintzira oso astiro izozten da. Bitartean, sakonean, ur likidua geratzen da lau gradu inguruko tenperatura batez; eta han daude pozik eta bizirik aintzirako arrainak, kanpoko tenperatura minus hogeitamar gradutakoa bada ere.

Ura, zero gradutara heltzean, beste likiduak legez* hoztuko balitz, izotzean harrapaturik aurkituko lirateke arrainak, eta, maiz izaten diren tenperaturekin, ez litzateke arrainik geratuko iparraldeko aintzira, hibai eta itsaso izoztuetan.

Iparburuko* eremuak* izotz edo horma hutsa baino ez dira. Haien azpian ura dago. Modu honetan, Nautilus izeneko urpeko untzia bertaraino heldu zen, urpetik joanik. Esan beharrik dago, ez dela Hegoburuan gauza bera gertatzen, han egiazko lehorra baitago izotzaren azpian.

Goazen aurrera. Eskimalak, izotzean zuloak eginik, arrantzan aritzen dira. Eta, era berean, itsasotsoek* izotzaren azpian harrapatzen dituzte beren janari diren arrainak.

Itsasuntzientzat ere oso komenigarria da, ura, den moduka izatea. Pentsa dezagun zer gerta litekeen, itsasoa behetik gorantz izotz baledi. Ustegabean, higitu* ezinik geratuko lirateke itsasuntziak. Izotzirlak* arriskugarriak dira; baina, urgainetik hamarreko bat baino ez duten arren, ikusi egiten dira behinik behin. Horregatik, haiek sortzen duten arriskua, nahiko erraz gaindi daiteke.

Uraren kutsadura eta ondorioak

Aurreko gertakariak ikusirik, ba dirudi, bizitza ez zela halabeharrez uretan sortu eta aitzinatu.* Hala jazo* bazen, eta jazotzen ari bada, urak, guk ezagutzen dugun bizitza molderako baldintza* egokiak dituelako izan zen, eta da.

Ur asko dago munduan. Hala ere, edateko behar dugun likidu preziatu hau geroago eta nekezago lortu ahal dugu. Hiri handietan bizi garenok, edaten dugun ura, botiletan sarturik erosi behar dugu. Eta ez edozein preziotan. Litro eta erdi ur erosteagatik, baserritarrei litro bat esnegatik ematen zaiena baino gehiago ordaindu behar dugu. Eta hau honela jazotzen ari bada, kutsaduraren kausaz da.

Hotzak lortu ezin duena, kutsadurak erdietsi* ahalko du: uretan dagoen bizitza hiltzea. Ura, nolanahi kutsatua izateko baino errespetagarriagoa dela uste dut, bera baita gure bizitzaren oinharria.

Jose Ramon ETXEBARRIA

dezagun, daigun

diezaiogun, deiogun

digu, deusku

dio, deutso

zaie, jake

zait, jat