ANAITASUNA

275. zenb.

1974.eko maiatzaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Maiatzaren Lehena

Ongi etorri ohi da historiazko liburu ahaztuei* noizbehinka hautsak harrotzea, eta lehengo gertakarietatik gerorako ondorioak ateratzea. Are* gehiago, lehena erabat* lehen ez denean, eta orainaldian ere bizi bizirik dirauenean.

1886.eko maiatzaren 1 hura* itxaropen eta burruka egun izan zen Chicagoko berrogei mila haientzat. Zortzi ordutako laneguna lortu nahi zutelako jo zuten grebara.

Langileria ongi jabeturik zegoen kapitalisten zapalkuntzaz, eta ez zuen amor emateko gogorik. Prentsa "handia", ohi bezala, langileen aurkako giroari su ematen saiatu zen.

Astelehenez —maiatzak 3— 15.000tik gora ziren, manifestatzean esku hartu zutenak. McCormick lantegira langile talde bat azaldu zen, bertan zeuden greba puskatzaileei kontuak hartzera. Polizia tartean sartu zelarik, zenbait grebalari hilik eta beste asko zaurturik* gertatu ziren.

Maiatzaren 5ean Haymarket Square-n elkartzeko deia zabaldu zen, eta 15.000 inguru batu ziren. Ikaragarrizko polizi indarra ere bertara zen.

Bapatean, norbaitek bonba bat bota eta polizia bat hil zuen, bai eta beste 65 zaurtu ere. Poliziak, onetik irten eta bildurik zeuden guztiei tiroka jazarri* zitzaizkien.

Laurogei manifestalari hil ziren une hartan bertan, eta ehundaka geratu ziren larriki zaurturik. Berehalaxe muntatu zen sasi hauzi bat, eta zazpi langileri herio epaia eman zieten, errua aurkitu zitzaielako ez baina, beraien pentsaerarengatik baizik. 1887.eko hazilaren* 11n urkatu zituzten.

Orduko prentsarentzat, "ergel, biziotsu eta urkabegai" baizik ez ziren.

Harez gero, itxaropen eta burruka egun ugari ikusi du langileriak; eta piztia basati bat bezala hezi eta bezatu nahi izan du zenbait taldek, zeinek bere interesaren arauera, bai langileria eta bai Maiatzaren Lehen hau ere

Baina, zenbait modako teorigile zorrotz eta "ikasiren" sasi argudio guztiak gorabehera,* non edo non* aurpegietako mozorroak zerbait aldatu badira ere, Maiatzaren Lehenak lehengoan dirau. Ez dago historiazko liburuei hautsak harrotu beharrik, 1886. hartako jokamoldeak aspergarriro berritzen direla egiaztatzeko.

Zer gelditzen zaigu, laurogei eta zortzi urte geroago Maiatzaren Lehena ospatzen dugunoi?

Askoren eginahalari esker lortu duguntxoa, kemena, ausardia eta ihardunaren ihardunez oraindik lortuko dugun horren itxaropena. Eta, bienbitartean, Chicagoko martirien bidea eta zoria, agian.

X. MENDIGUREN

daude, dagoz

zaigu, jaku

zeuden, egozan

zieten, eutseen

zitzaien, jaken

zitzaizkien, jakezan


Sozialismoa eta Nazioartekotasuna

Duela bizpahiru hilabete, Perugorriak, ANAITASUNAko horrialdeetan, Yves Person irakaslearen, "Les Temps Modernes" agerkarian azaldutako pentsamenduen laburpen bat eskaini zigun. Orain, neure artikuluxka honetan, interesgarri izan daitekeelakoan, Personen beste azalpen batzuk ekarri nahi nituzke hona.

"Les Temps Modernes" aldizkariaren zenbaki hura* agertu zenez geroztik, zenbait gauza gertatu da Frantzian: abertzale talde batzuen aurkako Gobernuaren neurriak, Roc-Tredudon-eko TV estazioari eta Nantesko koartel bati FLB mugimenduaren erasoak,* eta abar. Ezin jar dudatan: ethnia zapalduen burruka haunditzen eta erradikalizatzen ari da.

Martxoaren 3ko "Le Nouvel Observateur" astekarian, Yves Personekin egindako elkar hizketa bat agertzen da. Zalantzarik gabe, haren eritzirik interesgarrienak, sozialismoaren eta nazio libertatearen arteko harremanei buruzkoak ditugu.

Egungo* sozialistentzat perilik* haundiena "milenarismoa" (utopismoa) dela iruditzen zaio Personi. Milenarismo hori, gizonen arteko gatazka* eta istilu* guztiak maila batetara biltzeko* joeran azaltzen da (klase arteko burrukaren mailara, halegia,* arazo nazionalak ahantziz*). Honen ondorioz, "milenaristek" mytho bat bezala hartzen ohi dute nazioartekotasunaren esannahia: haien ustez, nazioartekotasuna kultura guztien nahastea da, gizarte zoriontsu batetan gertatuko dena. Personek marxista theoriko "madarikatuengandik" (Otto Bauer, J. Connallyrengandik) hartu ditu bere oinharriak, eta nahiago du nazioartekotasunaren ideia pluralistago bat: beren nortasun ethniko, kultural eta nazionala gordetzen duten gizatalde askoren batasuna.

Naziortekotasun mota hau sozialismoaren ikuspegi berri batez bakarrik uler daiteke: helburu/bideak bikote faltsoa desteratuz gero, halegia; zeren,* Iraultzaren helburuen izenean, Stalinen terrorismo burukrotikoa eta Sobietar Batasuneko ethnia ttikien gaineko zapaltasun politikoa ontzat hartzen baitziren Europako langile mugimenduaren zati haundi batetan. Stalinez eta Georgiako arazoaz Leninek esan zuena oroiterazten digu Personek: "Georgiar hori, Georgia traizionatzen duen hori, eta sozial-nazionalismozko akusazioak botatzen dituen hori, proletal gizarteari jazartzen* zaio".

Sozialismoak eta berjabetasunak elkarrekin joan behar dutela uste du Personek. Ez autogestio industrial bakar batetan, gainerako hein* orotan baizik. Talde bakoitzak bere etorkizunaren jabe izan behar du maila guztietan: familian, herrian, eskualdean,* nonnahi.

Personen pentsaera, Europako beste intelektual aurrerakoien (Andre Gorz, Ivan Illitch, Sicco Mansholt eta besteren) lerroan dago, arlo bitan behintzat. Izan ere, Personek, alde batetik, talde ttikien berjabetasun demokratikoa defendatzen du, eta, bestetik, giza bizia hobetu egin behar dela uste du, ez ondasunen zenbatasuna* gehituz, eguneroko bizimoldearen nolakotasuna aldatuz baizik. Hori lortzeko, beharrezkoa izanen da burruka ekologiko, syndikal edo eta militarra, baina beti nazional eta sozialista.

Ganix JUARISTI

dezakete, daikee

digu, deusku

zaio, jako

zigun, euskun


Bertsolariak Bilbon

«El Desván» kultur elkarteak eta «Oskorri» kantari taldeak eraturik, bertsolari saio bat eginen da «Santiago Apóstol» ikastetxeko zinemaretoan, maiatzaren 22an. Bertan parte hartuko duten bertsolariak: Arregi, Gorrotxategi, Igarzabal, Intxaurraga, Lizaso eta Mugartegi.


Hementxe denok

Ipar Aldea. Araba. Bizkaia. Gipuzkoa. Nafarroa. Euskal Herria

Ipar Aldea

Euskal aldizkari berri bat

Hilabeterokoa. Duela bi hilabete sortua. BATASUNA du izena. Euskaldun ikasleentzat Iparraldeko gazte batzuek egina. Euskara eta erdarazkoa. Hona haren helburuak:

- gai guztietaz edozein estudiante euskaldun mintza dadin.

- estudiante gazteen artean eta Institutuen artean harremanak atxikitzea* eta hobeagotzea, berriak emanez.

Gauza berria delakotz, berdin ere horrelako zerbait falta zelakotz, dena den, hastapen* onak ukan ditu agerkari honek. Ea ikus!

Ikastaldia Mendikotan

Aurten ere, datorren abuztuan, euskal ikastaldi bat izanen da Iparraldean. Hirugarrena, hirugarren udan. Aldi honetan, Mendikotan, Xuberoko herri polit horretan eginen da.

Mendikotan urrunsko dela? Lur onean baizik ez da uzta* onik. Eta aurtengo ikastaldiarentzat, hori abantail* bat da, iragan* urteetan ez genuena.

Bestalde, oraingoz hogei eta hamar bat lagunek emana dute izena. Maiatzaren 20a arte eman daiteke. Beraz, abuztuan izanikan ere, ikastaldiak ukanen du bere arrakasta.* Bistan da, holako lan baten muntatzeak problema asko sortzen duela. Baina iduri luke, sail horren segitzea beharrezkoa dela.

Herriko Alderdi Sozialista (H.A.S.)

Frantses gobernuak Enbata oldea* debekatu eta bi hilabeteren buruko,* politik alderdi berri bat sortu zaigu iparralde honetan: Herriko Alderdi Sozialista

Hilabetero kazeta baten argitaratzea pentsatzen dute H.A.S.koek. Eta lehen zenbakia, zortzi horrialdetakoa, apirilaren lehen egunetan zabaldu digute, «Euskaldunak, Le Peuple Basque» izenburuarekin. Tituluak adierazten digun bezala, bi mintzairetan* idatzia da: euskaraz eta frantsesez.

Zuzendari ofiziala Manex Goienetxe duelarik, kazeta berri honen helburu lehena hau da: euskal jendearen eskubideen zaindari eta zerbitzari izatea, haren arrenkuren* eta beharren aipatzea. Helburu horrekin batera, beste hau ere bete gogo* dute: Euskal Herriko jendearen idurira,* Europan eta munduan gaindi,* herri eta gizarte bezala zapaldurik dauden herri eta jendaldeen oihartzun* eta lokarri gertatzea.

Emenda* daitezela H.A.S.ko politikari gazteak eta Euskal Herriko jendean barna sar, zeren* eta, bere erroak herritarren baitan* barna egiten ez dituen alderdiak, ezin baitezake indarrik ez iraupenik izan.

Frantziako lehendakaritzarako bozketan* bi europazale

Frantzia lehendakari baten bila abiatu zaigu. Lehendakari ohia,* Pompidou jauna, zendu* eta zenbait egun barne, hogei eta hamabost lehendakarigai agertu dira. Ordea, hamabik baizik ez dituzte frantses legeak eskatzen dituen baldintzak* bete; erran* nahi baita, lehendakarigai bakoitzak, hamar departamendutan gutienez, ehun sinadura* bildu behar dituela, alkate, kontseilari jeneral, senatore eta diputatuengandik.

Hamabi presidentgai horietarik bi izendatzen ditugu hemen, guti edo aski* aberri ttipien aldeko eta europazale direlakotz. Lehena: Guy Héraud, Europako Olde Federalistaren presidente dena eta Pauen Zuzenbide Fakultatean irakasle duguna. Bigarrena: Jean Claude Sebac, 31 urte, Aix-en-Provence-ko hauzitegiko abokatua, Europako Olde Federalistaren idazkari* lehena.

Okasio edo parada ederra izan dute, batak zein besteak, bozka denboraz kanpo gobernutiarren zerbitzuko bakarrik den telebistatik aberri ttipi zapalduen eta Europa Federal baten alde hitz egiteko.

Antzerkilarien sasoina

Euskal Herrira larrazkena* datorreneko, gure antzerkilariak elkarretaratzen hasten zaizkigu, eta antzerki baten apailatzen*. Eta, egia erran, ez dugu antzerkilari eskasik iparralde honetan. Eskas ditugunak, kudeatzaileak,* gidariak eta antzerki idazleak dira. Hala ere, ez gara antzerki talderik gabeak. Orainokoan* bederen.*

Garazi* aldeko «Hiruak Bat» deitu* taldeak ireki du, martxoaren 10ean, aurtengo saila, «Vauban» zinemagelan Telesforo de Monzon-en «Hazparneko anderea» emanez. Geroztik beste bizpahiru herritan eman du antzerki bera.

Itsasuko taldea agertu zaigu ondotik, «Otsoak artaldean» izeneko antzerkia beren herrian bi igandez segidan emanez, eta gero Pazko egunez Irisarrin.

Ibarrolako antzerkilariek, berriz, Telesforo de Monzon-en «Manu Lorka eta Eneko Bizkai» eman dute apirilaren 21 eta 28an.

Garazi aldeko beste talde batek, Daniel Landart-en «Hil Biziak» eman du apirilaren 27an, larunbat* arratsean, «Vauban» zinemagelan.

Emanaldi horietan guztiotan euskaldun jende asko ibili da, ederki erakustera emanez, antzerkiak ba duela oraino bere publikoa, eta, denbora batez besterik uste bagenuen ere, ez diola kantu berriak antzerkiari bere publikoa kendu, emendatu* baizik, gazteriaren aldetik bederen.

Irakasle taldea Baiona aldean

Ikastetxeetaz kanpo, biltoki batzuetan ere irakasten da euskara, arratsetan. Hori, Baiona, Angelu* eta Donibane Lohitzunen partikularzki.

Arratseko irakaspen horietarat horotarik* heldu da: langile eta ikasle, zahar eta gazte, gehienak gazteak hala ere. Orotarat, ba liteke 300 bat.

Baiona eta Angeluko irakasleak hilabetero biltzen dira, iragan abenduaz geroztik. Elkarren artean ikusten dute nork nola irakasten duen. Erabiliak diren metoduak ikertu dituzte bata bestearen ondotik, eta ikusi, ba zela oraino hobetzekorik. Eta lan xede* zenbait hartu dituzte geroari buruz.

Teologo bat Fedeaz eta Kulturaz mintzo

Martxoaren hogeian, asteazkenkari,* Baionako «Pax» zinetokian, Pierre Eyt teologo haundiak, Tolosako Unibertsitatean Errektore orde denak, mintzaldi bat eman du, Kultura eta Fedearen arteko zerikusiak ikertuz.* Ikertze hau, Euskal Kulturaren problematikan barna egin du.

Hiru puntu nagusi agertu ditu. Lehenik, kultura, gizona osorik janzten duen gauza dela. Bigarrenik, gaurko kontsumo gizarteak kultura bihotzetik duela kentzen eta hiltzen. Hirugarrenik, Euskal Kulturaren problema unibertsala dela Kreazioa baitu oinharri, eta, hain zuzen, Kreazioan baitu gizonak bere biziaren zentzua eta helburua. Halaber,* zioen teologoak, unibertsala izan nahi duen gizonak, leporaino behar du sartu bere kulturan eta hau besarkatu hondoraino. Ezen* bere etxearen jabe ez den pertsona, umezurtz bat baizik ez baita.

Pozgarri da, teologia katolikoa aurrera doala ikustea, urrats* haundiz iturrietara itzuliz, eta zeduzkan segurtamen haundiegiak baztertuz. Iduri* luke, beraz, Elizak jende ttipiari bihurtu nahi dizkiola galduak eta ehortziak* ziren eskubideak.

Ikus mintzaldi honen bilduma* 13. horrialdean.

Bertsolarien saila ere pizten hasi zaigu

Bertsolariak ixilduxeak bezalaxe genituen azken urteotan. Aurten, ordea, iduri* luke, pizkunde berri baten bidetik abiatu zaizkigula.

Pazko egunez, joan den urtean bezala —eta, egia erran, hobeki— Aiherran ari izan zaizkigu jendalde eder baten aitzinean* lekuko bertsolariak: Xalbador, Mattin, Xanpun, Ezponde, Alkat eta Arrosagarai.

Apirilaren hogei eta zortzian, berriz, Baigorrin genituen bertsolari bertsuak:* Xalbador, Mattin, Ezponde, Xanpun, Irigarai eta Mendibure. Bertsoaldi hau «Eskualtzaleen Biltzarra»k muntatua zuen. Eta bertsoaldi bera beste hiruzpalau herritan emateko xedea* hartua du, batasun honetan bertsolarien sailaren buru dugun Mixel Itzainak. Lehen aldikotz obratzen den ideia.

Euskarazko mintzaldien itzulia

«Eskualtzaleen Biltzarra»koak beste sail berri bati ere lotu zaizkigu: euskarazko mintzaldi andana* baten herriz herri egiteari. Lehena, Angeluko* Herriko Etxean, bertako festagelan egina izan da apirilaren hogeitaseian. Gaia: euskara nolaz den egungo-heineratu,* egun* zertan den, eta euskararen haztea eta zabaltzea nola egin behar den. Hizlariak Jakes Etxeberri eta Manex Goienetxe.

Hitzaldi bera emanen da Donapaleun* maiatzaren 26an, eta Azkainen maiatzaren 31n, «Ramuntxo» trinketean.

Beste hitzaldi batzu* ere gisa* berean emanen dira Donibane Garazin, Baigorrin, Hazparnen, Uztaritzen eta beste zenbait herritan. Gaiak, ordea, historian eta literaturan errotuak izanen dira.

1974.eko «Euskal Herri Eguna» Donibane Lohitzunen

Aurtengo «Euskal Herri Eguna» Donibane Lohitzunen ospatua izan da. Antolatzaileek berritu egin dute ohitura, bezperatik mintzaldi-kantaldi bat muntatuz herri zapalduen ohoretan. Bretoin, okzitano, italiano eta korso olde* batzuek beren ordezkariak igorriak* zituzten. Pazko egunez, karrika* kurrida* bat egina izan zen, ikurrinak aitzinean goraki altxatzen zituelarik gazte multzo batek. Bi agerraldi horietara laurehun bana jende bildu da.

Alderdikoak ere Donibane Lohitzunen elkarretaratu dira, Euskal Herri Egunkari* bazkari baten egiteko. Lehendakaria ere han zen. Pazko goizez balentria eder bat egina zuen, Gernikako Haritzaren aitzinean aurreko lehendakariak egina zuen zina* erreberrituz. Anitzen* arabera,* urrats* honek espainol Estatuan prestatzen ari den «gero» berri bat seinalatzen omen du. Eskualdekatze* berri bati buruz egina izan den urratsa omen.

Herri zapalduen arteko harremanak ugaritzen ari

Aurtengo urte honen hastapen* honetan, gertakari asko eta komunzki uste den baino ondorio barnago* eta gehiago ekarri duen gertakari asko jazo* da iparralde honetan: errefujiatuen hemendik botatzea, gose greba bi alditan, flaman eta frison olde batzuen ordezkarien bisita, Euskal Herri Eguna, eta abar.

Gertakari horien guztion artean bi zer berezi ikusi ditugu. Lehena, iparraldeko abertzaleen artean, gazte eta adinekoen* artean, halako hauste bat gertatu dela, gose greba dela bide. Eta bigarrena, gose greba eta Euskal Herri Eguna direla bide, Europako herri zapaldu zenbaitetako olde batzuen ordezkarien bisita izan dugula. Lehena, konplikatuegia delakotz, ez dugu hemen barnatuko.* Bigarrenari buruz eman ditzagun xehetasun hauk.*

• Joan den urtarrilean,* gose grebakari,* lehenik Belgikako flaman ikasle batzu eta gero Holandako frison ikasle batzu etorri zitzaizkigun Baionara. Baina poliziak laster bildu zituen eta zein beren herrietara lagundu.

• Donibane Lohitzunen muntatu zen mintzaldi-kantaldian, Belgikako bi diputatu flaman ikusi genituen. Baina hauk ere poliziak hartu eta Belgikako mugaraino eraman zituen. Gau berean herri zapalduen ordezkari multzo bat agertu zen, bakoitzak bere herriko berri ematen zuela.

• Aberri Egunkari* ere, herri zapalduetarik ordezkariak ba genituen, beraz, Donibane Lohitzunen. Larunbateko mintzaldi-kantaldian parte hartu zuten, bai eta Euskal Herri Eguneko karrika kurridan ere. Eta, bestalde, lau olde hauek elkar aditu zuten, ageri baten sinatzeko.*

• Baionako ikastolaren azken kantaldian, Biarnoko* hiru kantari okzitanistek parte hartu zuten.

Itxura guztien arabera, beraz, aurtengo urtea herri ttipien arteko lokarribide berri baten sortzeko urtea izanen dela dirudi.

Baionako ikasle gehienek Euskal Herrian bizi nahi

Berriki* egina izan den inkesta* batek salatzen digunez, Baionako ikasle gehienek Euskal Herrian bizi nahi omen dute. Orotara,* ehunetarik hirurogei eta hamahiruk ihardetsi* dute, Ipar Euskal Herrian nahi dutela beren lanbidea aurkitu.

Egoera eta pentsamolde guztiz berri baten aitzinean aurkitzen gara hemen. Zeren* eta, azken urte hauk arte, ikasleak oro beren herritik joatera guti edo aski* bortxatuak baitziren, eta nahiago baitzuten, gure eskualde* honetarik urrun diren hiri haundietan lanbide aberasgarriago bati buruz joan. Orain, aldiz,* dirudienez, ikasle gehienek nahiago dute, irabazpide ttipiagoak izanagatik ere, hemen egon.

Gure herriaren geroaren altxatzeko lehen baldintza, hau da: sortzen ikusten duen gazteria, bizitzen ere ikustea, etxeetan, lantegietan, plazetan, kirol tokietan eta beste leku orotan. Baina, Euskal Herriaren bizi atxikitzeak* bigarren baldintza* hau ere baitezpadakoa* du: euskal lurrean bizi diren guztiek, edo gehienek bederen,* euskara balia* dezaten beren biziko harat-honat guztietan. Bigarren baldintza honen betetzera ere emeki helduko garelako esperantza ez dezagun gal.

Araba

«Gazteiz» mendizale elkartea

Gasteizko elkarteetarik bat, «Gazteiz» mendizale elkartea duzu. Bereziki, mendirako irtenaldiez eta bestelako ibilaldiez arduratzen den elkartea da. Baina orain sail berri bat sortu du bere barnean, etnografiazkoa, hain zuzen; eta sail honetan euskal ikastaro ekin* bat antolatu du, bazkideentzat bereziki. Mendizale elkarte bat izan arren, euskal ikastaroak antolatzera ausartu direnetarik ia lehenbizikoa dela esan behar dugu.

Baldinba* beste askok ere bide berdina hartuko! Ba da Gasteizen hainbat elkarte, hori eta gehiago egin dezakeenik. Ea ausartzen zaizkigun!

«M. Iradier» elkartearen eraberritzea

Apirilaren 6an, «Iradier» elkarteak bere urteroko batzarre nagusia egin zuen. Batzarrearen eginkizunik garrantzizkoena, zuzendaritza eraberritzea izan zen.

2.000 bazkide inguru ditu elkarte ospetsu honek; baina ia guztiz lur jota aurkitzen da gaur egun. Aipatu dudan batzarre horretara, 70 bat pertsona bakarrik bildu ziren.

Bazkideen fitxategia guztiz atzeraturik aurkitzen da, eta aspaldi handitan diru kuotak ez dira ordaindu. Bazkideen artean ez dago elkar ezagumendu eta berri emate handirik.

Hau guztiau gogoan harturik, gazte talde bat elkartea eraberritzera eta indartzera konprometatu da, eta lanean hasia da.

Elkarte honek antolatzen dituen jaialdi, kultur ekintza eta antzekoetarik berezienak hauk* dira:

- Mairulegorretako euskal jai ospetsua.

- perretxikoen* erakuspen lehiaketa.*

- haurren euskal jaia.

- liburu eta diskoen azoka.

- zenbait hitzaldi eta jaialdi.

Gasteizen ematen diren euskarazko ikastaldi gehienak ere elkarte honek babesten ditu Euskaltzaindiarekin batera, eta irakasle talde on batek lagundurik.

Arabako Diputazioak ikastola bat?

Arabako Diputazioak «euskararen alderako zerbitzu» bat antolaturik daduka, eta aurten ikastola antzeko ikastetxe bat muntatuko du 1974-1975 ikastarorako.

Oraingoz lehen maila bakarrik emango da bimintzodun ikastetxe honetan. Nahi dutenak, apirilaren 17tik aurrera matrikula daitezke.

Era berean jakin erazi zaio jendeari, lau eta bost urtetako haurrak ere matrikula daitezkeela, Diputazioak duen «centro preescolar» delakoan. Ihaz hasi zen lanean zentro hau.

Ez dugu hurbiletik ezagutzen zerbitzu honen antolamendua; baina ba dirudi, Diputazioa ez dela hitz hutsetan geratu, holako erakundeak* maiz* gelditu ohi diren bezala.

Txalogarria Diputazioaren jokabidea!

Bizkaia

Bilboko «Bizi Nai» dantzari taldea

Aspalditik ezaguna da gure artean —oraintsu bete ditu bere 25 urteak— Bilboko San Anton parrokiako kantari taldea. Ezaguna dugu orobat* haren ondoan sorturiko «Bizi Nai» dantzari taldea. Orain dela sei urte edo hasi zen dantzari talde hau, eta ihardun duen leku guztietan ezin hobeto frogatu* du bere trebetasun eta fama ondo merezia.

Talde biok, organoa jotzen Arturo Intxausti jauna lagun dutela, eta kantuak eta dantzak elkarturik, bi ikusgarri* eman zituzten iragan Aste Sainduan: bata Erramu Igandez Galdakaoko parrokian, eta bestea Astearte* Sainduz San Antongo parrokian bertan.

Arrakasta* haundia ukan zuten bi ihardunaldiotan, harez gero beste zenbait lekutatik deituak izan baitira. Ekin, eta segi aurrera.

Bilboko egunkariak eta euskara

Iruineko «Diario de Navarra»k maiz* erabiltzen du euskara bere horrialdeetan, batez ere A. Apat-Etxebarne (Aingeru Irigarai) idazlearen sinadurarekin,* euskaldun irakurleei lan baliotsuak eskainiz. Donostian berdin egiten dute bertako egunkariek; baina, tamalez,* Bilbon ez da horrela.

Bilboko egunkariek atxakia merke bat ipini dute: euskaldun irakurleak guti direla. Eta atxakia merkea diogu, horren errua egunkariena berena baita. Euskara laguntzen ez badute, nola sortuko dira, bada, irakurleak? Garia landare bihurtzeko, aurretik hazia erein behar da. Nola ukanen dute Bilboko «La Gaceta del Norte» eta «El Correo Español»ek euskal irakurlerik, euskararen alde fitsik* egiten ez badute?

Hezkuntza* legea berriztatua izango

Gure lankide Xabier Gereñok, apirilaren 26an, Elihazar jauna, Bizkaiko Hezkuntza eta Zientzi Ministerioko ordezkaria bisitatu du, elkar hizketa baterako galde zerrenda batekin. Ordezkariak, erantzuteko, bi hilabetetako epea eman dio, zeren,* orain «Ley General de Educación» delakoa berriztatzen ari direlarik, ordurako erantzun zehatzagoak emango baititu.

Elihazar jaunak esan duenez, berriztatze hori mesedegarria izango omen da euskara eta gainerako hizkuntzentzat. Haren ustez, euskararen irakaskintzak duen arazorik garratzena irakasleen urritasuna da, eta, gero, euskara batu bat ez edukitzea. «Katalunian eta Galizian —esan du ordezkariak— ez dago azken problema hau, hango hizkuntzak jadanik* bateraturik daudelako; baina euskaldunen artean ez da hori gertatzen, eta puntu honetan burruka latza ikusten dut. Ministerioak euskararen irakaskintza zabal bat agintzen badu, zein euskaratan egin beharko genuke?»

Hemen arrisku haundi bat ikusten dugu. Dakizuenez, Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkarian oraintsu arte euskaraz idazten zuten astero. Baina kexak hartu omen dituzte, H letra erabiltzen dutelako, eta kendu egin dute horrialde hori, orain erdara hutsean eginik. Ba liteke, euskarari buruzko burruka hori atxakia bat bihurtzea gure hizkuntza maite ez dutenentzat, euskara baztertzeko. Horregatik uste dugu, euskararen batasunari oztopoak ipintzen dizkiotenek, eta batez ere burruka hori erdaraz egiten dutenek (Arenaza jaunaren azken liburua lekuko),* erdaldunei gure kontra egiteko harmak ematen dizkietela.

Euskal folklorea hor han hemen

• Bizkaiko Abesbatzen Lehen Asteak arrakasta izugarria ukan du. Ba dabil jendea, datorren urtean bigarren aldiz egiteko asmotan. Baina egin ahal izango ote da? Bai omen, ez omen. Makinatxo batzarre eginak dira, eta oraino ez da irtenbiderik ikusten. Berrogeitaz* koralek parte hartu gura dute, eta guztiek aste hartan bertan. Bestalde, non egin, zein lekutan?

• Xeberrik, Iparragirreren «Glu, glu, glu» kantu famatu horrekin, berriro irabazi du lehen tokia Euskal Hit Parade delako horretan.

• Maiatzaren 12an, igandekari,* Bilboko «Coliseo Albia» teatroan, «Txindor» dantzari taldearen ihardunaldia ikusteko era* ukan genuen. Aspaldion epel samar ibili dira gure Herriko dantzariak. Balinba* Bilboko saio hau bizitza berri baten hastapena* izango!

• Iragan* apirilean, bere jendearen aurrean ihardun zuen Durangoko Orfeoiak. Ehun kantari guztitara. Mukururaino* bete zen «Astarloa» teatroa. Giro ezin hobea.

• Egiten ari dira «Bizkaiko Dantzak» izeneko diskoa, Bizkaiko dantza batzuen musikaz. Disko honek, euskal folklorearen erakusgarri jatorra izateaz gainera, dantzari berriak sorterazteko eta txistu saioak prestatzeko balio izango du, behin baino gehiagotan maisuaren lekua beteko baitu, segur aski.*

• Laster agertuko da Gontzal Mendibil Zeanuriko kantariaren diskoa, Abrako V. Kantu Lehiaketan* sariztatua izan zen kantuarekin. Madrileko diskoetxe batek argitaratuko ei* du.

• «Deustuarrak» kantari taldea diruz ez ei dabil hain txarto, eta biltoki egoki bat erosiko omen du laster.

• Entzunmin handia sortu du jendartean Benito Lertxundiren kaxeteak,* haren kantu batzuk orain... bost urte diskoratuak izan ziren arren.

• Bizkaiko Akordeoi Elkartekoek kontzertu bat emango dute Bilbon datorren astean. Bertan parte hartuko dute Josu Loroñoren Orfeoi Orkestak eta Juan José Aparicio maisuak gidatzen duen Laudioko* «Santa Lucía» koralak. Bestalde, Josu Loroñoren kaxetea ondo saltzen da, diskoa baino hobeto beharbada.

• Sopelanako gazte talde bat euskarazko teatroa egiteko prestatzen ari da. Prestaketak aurrera doaz, eta, antza denez, haien lana arras* ongi bururatuko* da. Zorionak opa dizkiegu bihotzez, euskal kultur alorra* lantzen hain zintzoki saiatzen baitira.

• Euskal Kanta Berriaren II. Lehiaketa, azken ihardunaldian, Portugaleten izango da, abuztuaren 3an. Dirudienez, han ikusiko ditugu Xeberri kantaria eta Gasteizko «Amets» taldea. Lehen bereizketa,* publikorik gabe, uztailaren* 28an izango da.

• Aurten Santurtzeko herriari dagokio Abrako Kantu Lehiaketaren antolatzea. Lehiaketa hau seigarrena izango da. Nork hartuko du bere gain arazo honen ardura?

Gipuzkoa

«Usurbe» Nobela Laburraren Bigarren Sariketa

Beasaingo «Usurbe» elkarteak Nobela Laburraren Bigarren Sariketa moldatzen du, honako base hauekin:

1. Sariketa honetan Euskal Herrialde guztietakoek parte har dezakete,

2. Saria 25.000 pezetatakoa izanen da, bakarra eta ezin banatua. Juraduak, hala baderitza,* saria hutsik deklara dezake.

3. Idaztarauak, Euskaltzaindiak Arantzazun eta geroz jarritakoak izanen dira.

4. Gaia idazle bakoitzak aukera dezake. Lanak hamabost horri izanen ditu guttienez eta hogeitamar gehienez, foliotan idatzirik eta lerro bat zuri utzirik.

5. Idazlanak argitaratu gabeak eta beste ezein* lehiaketatara agertu gabeak izanen dira.

6. Sariketa honetan parte hartu nahi dutenek, maiatzaren 27rako bidali behar dituzte beren lanak (hiru kopia) helbide* honetara:

JAKINTZA ASTEA

Posta kaxa 13

Beasain, Gipuzkoa

7. Juradua bere egunean izendatua izanen da, eta haren erabakiak erabatekoak* izanen dira.

8. Elkarte honek bere gain hartzen du lan sarituaren argitaratzea.

TVE Euskal Herrian

Aipatuaren aipatuz, TVEren haize bolada berri eta freskoak, ez dakigu, ez haize berri, ez haize fresko, ez haize bolada ere gertatuko direnentz. Zarata eta hotsa bidali dute behintzat aurretik, eta, ketatik sua bezala, zaratatik haizea froga daitekeenik ez badakigu ere, agian* zerbait izango da.

Zerbait horren artean, ba dirudi, Marcelino Oreja Aguirre (sic) jaunak (Gipuzkoako Erret* Kontseilari eta Información y Turismo-ko idazkari ordezko denak), Donostiatik izan denean, esan eta agindutakoak izango direla: UHFko bigarren katea (izen polita hauxe!) 1975-1976.ean jarria izango omen, eta, gainera, berehala Donostian «Centro Regional de Producción de Radio y Televisión» sortuko omen.

Lantegi berri horretarako langileak ez dakit nola bilduko dituzten; baina ez dut uste, euskaraz hitz egiten jakitea —eta egitea— nahitaezko baldintzatzat* jarriko dutenik.

Lehen aipaturiko haize bolada horrek —edo batek daki nondik norako haizeak— Pazko egunez ikuskizun «apartak» ekarri zizkigun TVEera: Eguerdi aldean pilota partiduak, arratsaldez euskal abesbatza bat (ez dut izena gorde, baina bai «Maite» eta «Boga, boga» kantatu zutela), eta ilunabarrez Athletic de Bilbao. Pena, Urtainek gau horretarako berea antolatu ez izana! Pentsatzen dut, euskaldunok «txorabiaturik» egun horretan telebista ikus eta ikus ihardun genukeela*... etxe barrenean.

Leizaola jaunaren kaltea! Hainbat urte alde honetara agertu gabe, eta bere etorrera misteriotsu horretan gizaixoak 60 abertzale ozta* ozta ikusi zituzkeen* Euskal Herriko kaleetan!

Musikaren harian

• «Urretxindorrak» taldekoak, soldadutzako aldapa gainditurik, berriro ere kantatzeari ekin zitzaizkion. Bergaran, ikastolaren aldeko jaialdi batetan jarri zuten ostera* ere motorra martxan.

Lehengo taldekoei beste hiru batu zitzaizkien. Baina ez dakigu, erdi isildurik ez ote dabiltzan (dauden, hobe).

Haien zuzenbidea: Bidakruzeta, 6. Bergara.

Inork, herri orotako* festak hastera doazen une honetan, kabiatik atera nahi baditu, hor du haien bizitokia.

• Oiartzungo beste kantaria: Iñaki Zabaleta. Soldadutzako aldapa garaitu berria hau ere. Disko luzea argitara berri berria du, Euskal Herriko kanta zaharrez horniturik.

Lanerako gogoa ba du, eta dohainik ez zaio falta. Arrakastarik handiena espero dezake. Eta opa diogu.

• Baztan aldetik, Maurizio Elizalderen txistu joaldiak ezezik,* akordeoiaren notak ere iritxi* zaizkigu berriki.* Silbestre Almandozek disko luze bat argitara du bere akordeoiarekin. Eta beste zenbait gauza egiteko asmorik ere ez zaio falta, baldin itxura xamarrean ateratzen badira (badituzte) kontuak (pezetak).

Euskal Aste Kulturala Zumaian

Horrela deitu bide* dute. Zergatik ez Euskal Kultur Astea? Dena dela, maiatzaren 12tik 19ra izango da. Antolatzaileak, Zumaiako «Oargi» taldekoak eta beste zenbait gazte. Herrian giro on bat sortu eta euskal kultura sakondu* eta indartu nahi dute. Ba dute, gutienez, bigarren urtea, era honetako aste baten antolaketan. Geroz eta gorago jo nahiz, ez dira guztiz konforme, herritarrek ihaz egin zieten harrerarekin.

Debako gazteak langile

Deba aldean ere ez da falta gazte langilerik. Bertako «Centro de Jóvenes» elkarteak argitara du, dagoeneko,* «Luzaro» aldizkariaren 24. alea. Beti bezala, herriko albiste, arazo, kezka, asmo eta jokabideek dute bertan garrantzi nagusia. Herri eta herritarrentzat ateratzen den aldizkaria dela esango genuke guk. Baina ez litzateke eredu* makala beste alderdi batzuetarako ere. Euskaraz eta erdaraz agertzen dira idazlanak.

Hain zuzen, alderdi horietako lagunei dei bat egiten diegu. Gipuzkoako herrietako berriak ANAITASUNAren sail honetan argitara nahi dituztenek, bidal ditzatela Donostiara Joan Joxe Olaberria jaunaren bizilekura (Avenida Madrid, 28-3.º. San Sebastián).

Nafarroa

Nafar prokuradorea euskararen alde

Egun hauetako egunkariek maiz aipatu dute, Madrileko Ateneoan galegoari, katalanari eta euskarari katedra bana emateko dagoen asmoa.

Eta, hain zuzen, gai honi loturik, aurreko egunetan, Madrileko Gorteek argitaratzen duten Agerkari Ofizialean, Ezponda Garaikoetxea nafar prokuradoreak euskararen irakaskintzari buruz Gobernuari egin dizkion galderak eta eskariak azaldu dira.

Euskara irakaskintzan

Euskara —dio bere erreguan Ezponda jaunak— hizkuntza edo idioma bat da, eta, dudarik gabe, gure eskualdearen ondasun bat. Arazo honi buruz Nafarroako Diputazioak eta beste erakunde* eta pertsona arduradunek egin dituzten eginahalak agertu ondoren, nafar prokuradoreak helburu batzuk adierazten ditu. Hauk dira puntu nabarmenenak:

1. Sar dadila euskara Euskal Herri osoko irakaskintzan. E.G.B. euskaraz egiteko posibilitatea denei eman, oraindik euskaraz egiten den herri eta herrialdeetatik hasi eta beroriei laguntza eskainiz.

2. Benetako bilinguismoa lortu behar da. E.G.B. amaitu ondoren, ikastoletan ikasi duten umeak, erdaraz ezezik,* euskaraz ere idazteko eta hitz egiteko gai izan daitezela.

3. Kasuak hala agintzen duenean, E.G.B. aurreko irakaskintzan eta bai hartan bertan ere, irakaskintza bi hizkuntzetan emana izan dadilla, E.G.B.ren lehen maila bukatu arteino bederen.*

4. Euskara ikasteko eta lantzeko posibilitatea batxileratuan eta eskola profesionaletan ere gerta dadila.

5. Unibertsitate mailan, euskara ikasteko eta aztertzeko behar diren katedrak sor daitezela.

Non gauden oraindik

Euskara irakaskintzan sartzeko planteamendu konkretu honen ondoren, Ezponda jaunak galdera batzuk egiten dizkio Gobernuari eta bereziki Hezkuntzako* Ministruari, euskararen egungo egoeraz. Halaber,* jakin nahi lukeela, ea noiz hartuko diren kontuan eskualdeen berezitasunak, «ez baita txantxetakoa, hauzi honetan eramaten den luzamendua», eta ea onhartuak izanen diren goragoko eskariak, behin betirako erabakiak izan daitezen orain arte planteatu diren arazoak.

Azkenik, eta Nafarroari dagokionez, prokuradoreak zera galdetzen du, ea hauzi hau Nafarroako Diputazioaren «Instituto Príncipe de Viana-ren bidez erabakiko ote den.

Euskal Herria

Euskal ekonomiazko liburu interesgarria

Ba dira hilabete batzuk, Arabako «Cámara de Comercio e Industria»k, Bilboko eta Gipuzkoako «Cámara de Comercio, Industria y Navegación»ek eta Nafarroako «Cámara de Comercio e Industria»k, Gipuzkoakoaren zuzendaritzapean, «Aspectos de la Estructura Económica de Alava, Guipúzcoa, Navarra y Vizcaya» liburuaren lehen alea eskaini zutela. Orain, bigarren alea argitaratu dute, lehenaren osagarri, eta bereziki «Eskualdeko Exportazioez» aritzen dena.

Ez dugu hemen liburu horren azterketarik eginen. Hala eta guztiz ere, puntutto batzuk* adierazi nahi genituzke.

Lehena: Eskualdearen zabalera goian aipaturiko lau euskal herrialdeetara biltzen da. Eskualdearen mugaketa, horrela egindakotzat ematen da, eta, kontraesanik ez denez, zuzen egindakotzat. Baina, mugaketa honek ba du problema eta arazorik franko, ekonomi hesparruan* bertan; zer esanik ez, begirada luze-zabalagoz ikusi nahi duenarentzat.

Bigarren: Eskualdeko exportazioez aritzean, eskualde honek (región vasco-navarra delakoak) CEE, EFTA, COMECON eta munduko beste Estatuekin eta Estatu taldeekin dituen harremanak neurtzen —zenbakiratzen*— dira. Baina lan honi erdibidekoa deritzagu. Izan ere, egindakoak duen garrantzia ukatu eta ahantzi* gabe, beharrezkoa dela uste dugu, gaur eskualde honek Espainiakoekin dituen harremanen neurtze, zenbakiratze eta aztertzea. Ez soilik, lehen alean egiten zenez, elkarren arteko bizimodu eta produkzio sektoreen gonbaraketa, baizik batetik bestera dabilen mugimendua, batak bestera daraman eta batak bestetik dakarren exportazio-inportazioa, eta batetik bestera doan, datorren eta dabilen diru multzoa. Bestela, nekez ari gintezke eskualdeetaz, hitz honi ekonomi aldetikako zentzu eta esannahirik erantsi gura badiogu behintzat, hitz alferretan edo oker eginaren kritika gabeko justifikaketa hutsetan ihardun gabe.

Noski, hori eginik ere, ez da guztia egina izanen. Ekonomiaz landa* ere perretxikoak* ateratzen baitira!

Albistariak:

Leon AIZAGER

Joxe R. BELOKI

Xabier GEREÑO

Erramon GERRIKAGOITIA

Manex LANATUA

Joan J. OLABERRIA

Manex PAGOLA

Joan J. URANGA

dezakete, daikee

dezaten, daien

diegu, deutsegu

digu, deusku

digute, deuskue

diogu, deutsagu

ditzagun, daiguzan

ditzatela, daiezala

dizkiegu, deutseguz

dizkiete, deutseez

dizkio, deutsoz

dizkiote, deutsoez

litzaieke, litzakioe

zaizkigu, jakuz

zieten, eutseen

zitzaizkien, jakezan

zitzaizkion, jakozan

zizkigun, euskuzan


Herrialde guztietan

Portugalen militarrak agintera

Marcelo Caetanoren gobernua bota eta, militarrek osatutako batzorde batek agintea hartu du Portugalen, 48 urte luzetan iraun duen diktadura buka eraziz.

Militarren buru Spínola Generala agertzen da, eta honek demokrazia eta hauteskunde* libreak agindu dizkio herriari. Bere asmo ona erakutsi nahiz edo, preso politikoak askatu ditu, eta PIDE, polizia politikoaren erakunde* beldurgarria, desegin du.

Herriak pozik txalotu ditu militarrak. Oposizioko indarrek ere, agintari berrietaz fidagaitz izan arren, begi onez ikusi dute aldaketa. «Ez dakigu —esan du haietako batek— agintari berriekin zer ikusteko gauden; baina, txarrenean ere, lehengo diktadura baino okerrago ez da izango».

Egia esan, Spínola Generalaren biographia ez da ezkerreko indarrak lasaitzeko modukoa. Lehenbizi Espainiako gerran nazionalekin, ondoren Stalingradon Hitleren zerbitzuan, geroztik harmadaren* buru Guinea-Bissau-ko gerrilleroen kontrako gerran, Spínolak demokrata izateko gutti du eta iraultzale izateko ezer ez.

Portugaleko gertakarien eragile nagusia kolonietako gerra izan da, ezpairik gabe. Baina Spínola eta haren lagunak kolpea ematera bultzatu dituena, ez da haatik* zuzentasun egarria izan, ez eta kolonietako herrien kontra egindako krimen izugarrien damua eta lotsa ere. Hamahiru urtetan Angola, Mozambique eta Guinea-Bissau-ko gerrillero abertzaleen kontra ihardun ondoren, Spínolak eta beste zenbaitek, gerra horik* irabazterik ez dagoela ikusi dute, gerrilleroak gero eta indartsuago baitaude. Gainera, Portugaleko ekonomia hondamendira zihoan, gerrako gastuak burutu ezinik. Kolonietako herrien burrukak ekarri du, beraz, aldaketa. Orain Spínolak federazio gisako* zerbait eratu nahi luke koloniekin, lurralde haietan dituzten interes ekonomiko ugariak salbatuz. Zenbaiten eritziz, soluzio hau eta gertatutako aldaketak berak ere, amerikanoek bultzatuak eta babestuak lirateke.

Baina gerrilleroen ordezkari batek esan duenez, gauzak urrunegi joanak dira jadanik,* independentzia ez den beste soluziorik onhar dezaten hainbeste burruka eta sofrimendu jasan* duten herriek.

Hauteskundeak Frantzian

Frantziako lehendakari berriaren aukeratzea dela eta, ez dugu hemen Chaban Delmas, Giscard d'Estaing edo Mitterrand-i buruz ihardungo, lehen ere horik* aski* ezagunak baitira telebista, irrati eta kazeten bidez. Horien ordez, nahiago dugu bigarren mailako zenbait kandidatu aipatzea, hauek ez baitzuten hautatuak izateko esperantzarik; eta horregatik lasaiago eta garbiago mintzatu ahal izan dira, beren eritziak beldur gabe azalduz.

Langileen errepresentatzaile bezala, Alain Krivine eta Arlette Laguiller-ek parte hartu dute. Trotskistak biak, aho batez salatu dute Mitterrand-en burgeskeria. Langile guztien arazo komunetaz gainera, Arlette-k bere gain hartu du emakumeen eskubideen defentsa, egungo* gizartean hauek sofritzen duten zapalkuntza gogorki salatuz. Abortatzeko askatasunaren alde eta beste zenbait gai irristagarriz,* ohi ez bezalako eritziak entzun dira Frantziako telebista eta irratietan Arlette-ren ahotik.

Beste kandidatu interesgarri bat René Dumont ekologoa dugu. Honek, egungo gizarte industrializatuak naturaren kontra egiten dituen krimenak salatu ditu: hibai, itsaso eta haizearen pozointzea, zentral nuklearren arriskuak, eta abar. Dumont-ek dioenez, azken urteetako abiadari jarraituz gero, urte gutti barru gizabizia ez da posible izango munduan. Jaiotzen kontrola ere eskatu du. Haren ustez, jendeak oraingo eran ugaritzen iraungo balu, 3000. urtean metroko 150 bizilagun izanen lirateke munduan. Eskerrak, gu ez garela han izango!

Kandidatu bezala onhartuak izan ez direnen artean ere, ba dago aipatzea merezi duenik. Horien artean guretzat lehena, Robert Lafont okzitaniarra. Honek Frantziako Estatuko nazionalitateen izenean presentatu nahi zuen bere kandidatura, «Frantziako barne kolonialismoak zapaltzen dituen herriei hitza emateko»; baina horretarako behar zituen alkate eta agintarien ehun firma ez zituen batu ahal izan. Lafont-ek hiru liburu idatziak ditu, Frantziaren erdikoikeria salatuz. Orain, kandidatu izateko aitzakiarekin, lan ederra egin zezakeen, herri minoritarioen egoera eta eskubideak ezaguterazten; baina haren asmoak horretan geratu dira.

Azkenik, Djelali Kamal tunisiar gaztea dugu. Honek bere burua sinbolozko kandidatu bezala aurkeztu* zuen, hiru milioi langile atzerritarren izenean. Hauek lanik gogorrenak eta txarrenak egiten dituzte, beste inork egin nahi ez dituenak, alokairurik* eskasenak jasoz, eta inongo eskubide politikorik gabe. Kamal-ek, beste 36 lagunekin gose greba bat egin ondoren, hauteskunde hauetaz baliatu nahi izan du, lanerako ez beste ezertarako onhartuak ez diren bigarren mailako gizon eta emakume hauen hitza ere entzuna izan dadin.

Ethnia ttikietako hizkuntzen erakusketa Alemanian

Alemania Federatuan, Akisgran-en ondoan, Eschweiler hiriko eskola eder batean, oso erakusketa interesgarri bat gertatu da, iragan martxoaren 8tik 17ra. Eskolako gela bikain batetan hogei eta hamar ohol* zeuden, bakoitza bi metro luze, kontaezinezko dokumentuz estaliak. Erakusgaia hauxe zen: Ethnia ttikietako hizkuntzak Europan.

Ohol gehienen aurrean mahain haundiak zeuden. Hauen gainean zernahi liburu, aldizkari eta boletin. Oholetan, berriz, artikulu interesgarrienen aleman itzulpenak, erakusketa ulertzen eta ikusten laguntzeko mapa zabalak, ethnia guztietako kantuak entzuteko zenbatnahi disko.

Irekitzeko egunean, han ziren alkate jauna eta beronen ordezkaria, hiriko eskola nagusiaren zuzendaria (berak antolatu zuen erakusketaren programa), kazetariak eta ohi ez bezalako jendetza.

Uwe Joachin Moritz jaunak egin zuen erakusketaren presentazioa, ethnia ttikietako gaur eguneko egoera jakin eraziz: kimroek eta galestarrek Bretainia Nagusian ukan* dituzten gorabeherak, Belgikako aleman hiztunek parlamentuko hauteskundeetan ukan dituzten goitibeheitiak, Bilboko apezpikuaren pausoak, euskaldunek beren kultura salbatzeko egiten dituzten eginahalak.

Hizlariak esan zuenez, Estatu askotako diplomatikoek —batez ere Suedia, Norwegia, Dinamarka, Suiza, Finlandia eta Irlandakoek— laguntza haundia eman zuten erakusketa honetarako. Baina Frantzia, Espainia eta Betainia Nagusiko enbasadoreek eginahalak egin zituzten, beren Estatuetan minorien problemarik ez zegoela jakin erazi nahiz. Beste batzuk, ordea —Sobiet Batasuneko enbasadorea, adibidez—, ezer esateko oso uzkur* agertu omen ziren.

Ethnia ttikien hizkuntzak —hala esan zuen hizlariak— ardura handiz babestu eta defendatu behar lirateke, giza kulturaren zati baliotsu bat gordetzen baitute, eta nazioarteko aberastasun izpirituala gehitzen eta osatzen.

Azkenean, Moritz jaunak zera galdetu zuen, ea zer posibilitate zegokeen Europan, berrogei eta hamar eskubide bardineko hizkuntzatakoek elkar konpreni zezaten. Erantzuna Moritz jaunak berak eman zuen, Strasburgoko lege gizon eta ethnilari Guy Héraud-en eta Padernborn-eko kibernetikalari Helmar Frank-en eritzia azalduz. Hauen ustez, europarrei ezin dakizkieke Europako hizkuntza guztiak irakats; eta, beraz, soluziorik hoberena, denok —bigarren hizkuntza bezala— Nazioarteko Hizkuntza bat bederen* ikastea litzateke.

Hara bildutako kazetari guztien eritziz, hamar egunetako erakusketa hau oso balio haundikoa izan da, eta arrakasta* izugarria lortu du ikusleen aldetik.

Frantziako Ezkerra Soljenitsynen aurrean

Ezkerrari loa kendu diola Soljenitsynek? Gau batzuetakoa bai bederen.* Batik* bat sobietar idazlea deitua izan zenean: zer eginen zioten, non sartuko? Gulag uhartedia* zetorkion edonori gogora.

Erabakia jakin zuenean, arindu egin zitzaion bihotza Ezkerrari. Gaitz* erdi zen gertatutakoa. Berehalaxe hartu beharko zen* jokabideaz eta egin beharko ziren deklarazioetaz pentsatzen hasi zen Ezkerra. Eta oraindik ere arazoa ez da isildu.

Hitzak neurtuz mintzo da politikoki antolaturiko Ezkerra. Alderdi Komunista salbu. Honek, ezker eta eskuin, antikomunismoa eta antisobietismoa salatzen du gogorki. Zaratarik handiena Paul Laurent-en salakuntzak ekarri du. L'Humanité komunista egunkaritik, Nouvel Observateur ezker astekariaren «antisobietismoa eta antikomunismoa» salatu ditu. Izan ere, Nouvel Observateur delakoa, kondiziorik eta atze-eritzirik* gabe, Soljenitsynen alde agertu da. Soljenitsyn idazlearen alde eta Errusiak harturiko zigorbidearen aurka. Eta hori denori sozialismoaren izenean.

Eta François Mitterrand, Alderdi Sozialistaren Idazkari* Nagusia, bere aldetik, Nouvel Observateur aldizkariaren alde atera da plazara, interview batekin. Mitterrandek komunisten eraso* horik* kondenatu egin ditu. Hala ere, Alderdi Komunista ez da Alderdi Sozialistarekin eztabaidan sartu, Programa Bateratua hor dagoelarik, inori ez baitzaio holako polemikarik komeni. (Mihin gaiztoek diotenez, gaur egun alderdi bion arteko polemika, Nouvel Observateur tartean dagoelarik gertatzen da; eta, horregatixek, L'Humanité-k Nouvel Observateur-en kontra esandako guztia, Alderdi Sozialistaren kontra esandakotzat ulertu behar omen da. Irakurtzen jakin behar omen da).

Eztabaidaz kanpo, Soljenitsynen desherriratzeaz jokabide oso desberdinak hartu ditu Ezkerrak Frantzian.

Alderdi Komunistak, lehen eta orain, Soljenitsyni («sozialismoaren etsai bekaizti* horri») ez dio bere jokabidea barkatzen. Eta «Sobiet Batasunaren kontrako irain* kanpaina» salatzen du etengabe.

Alderdi Sozialista erdibiturik egon da, zer egin ezin erabakirik. Batzuek, idazlearen kontra harturiko jokabidea gogorki kondenatu behar zela uste zuten. Beste batzuek, ordea, oraingoz ez zela komeni pentsatuz, nahiago zuten kondenapen hori gerorako uztea. Taktika arazoa.

Joera biak, azkenik, erdiko puntura iritxi* dira; eta, horrela, «Alderdi Sozialistak deitoratu* egin du gertatua». Berdintsu Ezkerreko Radikalek ere. Hauek ere Soljenitsynen egoztea* kondenatu egin dute, hurrengo lerroan libertate horik Chilen eta Grezian ere zanpatuak direla gogoraturik. Ez Sozialistek eta ez Radikalek ez dute komunisten sentikortasuna berpiztu nahi izan. (Esplikatzeko, hiru alderdien artean Gobernumendurako Programa egina dutela gogoan edukitzea aski* da).

Politikoki antolatu gabeko Ezkerraren eritzia —eta, beraz, egokieraren trabetatik libre, eta taktikaren izenean eritziak gordetzen eta erdizka esaten ibili beharrik ez duen Ezkerraren eritzia—, oker ez banago, nire ustetan Nouvel Observateur astekariak agertu du. Jean Daniel zuzendariari hartzen dizkiot lerro batzuk:

«... Sinpleki eta fedez esan behar da: Soljenitsyn biktima egin duen neurria onhartzen dutenak, edo hartara aise* jartzen direnak, aurkariak* aurrerantzean* ez fusilatzera irixtea erabat* pozgarritzat jotzen dutenak, Chileko torturatuen, Grezia eta beste nonbaiteko zanpatuen, Europako langile zapalduen salbamena Soljenitsyn bat desterra dezakeen gizarte modutik pasatzen dela uste dutenak, gizon horik denok ez dira gutarrak. Herri desirkunde eta xedeak* hezurmamitzeko, ez dute horiek tasunik*...

Idazleak:

Nikolas APAOLAZA

Luis M. ARISTEGI

Joan M. TORREALDAI

dakizkieke, daitekioez

daude, dagoz

dezake, daike

dezaten, daien

dizkio, deutsoz

dizkiot, deutsadaz

gaude, gagoz

zaio, jako

zeuden, egozan

zezakeen, eikean

zezaten, eien

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon


Orthographia tekhniko eta szientifikoaz

Gure lankide Gregorio BALDATIKAk —euskal idazle ezaguna bera— ondoko ipuin hau bidali digu, humore ortografiko batekin hornitua. Pentsatzen dugunez, kritika eta autokritika ere ba da guretzat. Betiko arazoen seriotasunari irribarre bat ere komeni zaiolakoan, dagoen bezalaxe ematen dugu. Zuzendaritzaren oharra.

Gaur goizean Theophilok telephonoz deitu nau, elkarrekin kaffe hartzera konvidatuz. Theophiloren kaffeak, halafide, kaffe baino kikhorio gehiago izan ohi du. Vulgarki atxikoria esaten dena, halegia. Baietz esan behar, ba,* hala ere.

Theophilo typo sympathikoa da. Fatxadatsua eta phlegmatikoa, lehenengo vistazotik judikatzeko. Baina, Theophiloren benetako kharakteroa ezagutzeko, etymologien problema eztabaidatzen ikusi behar da Theophilo. Thema honetan bere theoria guztiz propioak baititu. Eta, inor opponituz gero, bere kharaktero guztia mutatzen dioten thesiok, apparteko vixitasunez defendatzen dizkizu. Punktu honetan ez du xanzarik ezagutzen. Bere lethargia klassikoa galdu eta, erraz jartzen da kholeriko eta aggressivo. Bere rhythmoa galtzen du, barytono aho hotsari tremolo pathetiko bat jartzen dio, eta propheta arrobatu bat bezalatsu mintzatzen zaizu. Galoppean. Sua dariola. Nolanahi ere, theoria interessanteak dira.

Theophiloren hypothesiak dudagarriak izan litezke, izan. Baina, diskussioan jartzen duen emphasiaz eta energeiaz, phrase bakoitzaren akzentu bereziaz, eta bere arratioak eta analysiak expresso eta garbi voteaz,* triumphoa beti sekuru du. Kontrarioa isilik uztea izaten da triumpho guztia. Silet,* zur* eta lur. Nekez irabazten baitu inoiz kontrahentearen approbatiorik.

Theophiloren tragoedia, edo theatroa, horixe da, hain zuzen: genteak uste duela, bere theoriekin khitarra jo nahi digula. («Adarra jotzea» esaera vulgarregia litzateke, kontextu honetan erabiltzeko!). Traditioaren oppositio hutsa dela, hysterismoa, eta original agertu nahi lukeenaren kaerimonia soila. Hitxura. Besteren batzuentzat, gure kulturan anarkhia zabaltzen dabilen kyniko bat besterik ez da.

Agian* genteak ez du antennarik, Theophiloren thesiak serioski hartzeko Baina ahotortu beharra dago, Theophiloren intentioa authentikoa dela.

Veraz, hirurak aldera hor aviatu naiz kaffe hartzera. Asphaltoa busti zegoen, ohi den bezala. Baina kalleetan udaberriaren khromatika nabari da. Orkhideak eta hyazinthoak, dahliak eta nolanahiko floreak argiaz akkordatu dira, hozte luzearen ondoren. Sazoin hau egiazko idyllio bat da gure hemisphairio honetan. Neguaren hondar ilun batzuk gelditzen dira ahoraindik vide bazterreko kyparissoetan. (Vulgoak zipres edo altzipres deitzen dituen arborak). Baina eskaleak agertu dira jadanik kallean: bat lurrean eserita edo esederita zegoen arkupean, akkordeona jotzen.

Theophilo zain zegoen atarian. Punktualki heldu naiz. Eskerrak. Theophilok allergia dio impunktualitateari. Eta, kortesiazko salutoen ondoren, barrura sartu gara. Kelletan* dekoratio barokko samarra. Porzellanazko imagina xuriak. Bibliotheka pollita. Grammophono bat, diskoak. Horman esekita, animalien photographiak: giraffa, kanguruh, elephante, eta abar. Apal* batek, pharmakeia batetan gaudela dirudi. Eta, zer hitz eginik ez dagoenean, beti temporaz edo egunotako grippe boladaz* verba egiten baita, azkeneko themari heldu diogu.

— Grippez nabil gaizki! —konfessatu dit. Neuk ere ahotortu behar, guztiz sendatu gabeko katarrhu batekin neure nekeak ditudala. Kuasi asthmatiko bat dirudit. Baina Theophilok laster konsolatu nau:

— Izeba* Sibylle-rena, ba dakizu, typhus da.

— Eta osaba Philotheo? —galdetu diot, zerbait galdetzearren.

— Kausa handirik ez. (Theophilok ez luke saekula «gauza» esango, kausa ordez!). Haemorrhoideak. Datorren sabbathoan operatio kheirurgiko bat izanen du. Beldurrik haundiena anaesthesiari dio. Ahoraindik khloroformoaren temporan vizi garelakoan baitago. Pizka bat hipokhondriakoa ere ba da eta.

Baten errheuma eta bestearen diarrhoea, ahaideria* guztiaren statu klinikoa errepasatu dugu. Ia sport kontuetan ari ginen, polliki polliki Theophilo oharrak egiten hasi denean, gymnasia ala jimnasia, athleta ala atleta, goma ala gomma, nola hobe ote litzatekeen. Passo libre utzi diot, eta azkenean bere theman gintuzun. Nik ez dut gaitasunik, elkar hizketaren khronika legalik (hau da, leialik) emateko. Ahoraindik apprehendiza bainaiz etymologien szientian. Synthesi edo skhema bat aski* izanen da, theoriaren essentia edo funtsa adierazteko. Theophilo, metamorphosi magiko batek arraso aldaturik bezala ageri zen, errege batek thronoan bezalakoxe maiestatez.

— Euskara erraztu egin behar dela? Arratio horrek kalleari begira bakarrik valio du —irakasten zidan Theophilok.

— Kausa bat da euskara herritarra, eta beste bat heuskara szientifikoa. Inon ez dira biok berdintzen. Euskaraz ere differenteak izan behar dute. Grammatika, bietan berdina izan liteke, punktu eta komma. Phonetikan nahitaezkoak dira differentiak. Eta de rigor orthographia differentea behar dugu biotan. Szientietan szientifiko izan behar du. Gainera, egunotan szienti lanean ari denak internationalista izan behar du. Bestela, herri kultoek analphabetotzat hartuko gaituzte. Kaphre herri bat garela esanen digute.

Euskara herritarraren eta heuskara szientifikoaren differentia hobeto komprehenditzeko adivide bat eskatu diot. Bai eta Theophilok berehalaxe eman ere.

— Kasu batetarako, Theologia har dezagun, theologo euskalzale asko dugunez gero. Predikari popularrak (szientifikoari praedikatore esan beharko genioke), herriko abbade simpleak esaterako, bururazio teologiko errazak egin behar ditu, eta simpleki idatz lezake. Baina Deustuko Akademeian szientia irakasten duen theologoak nahitaez orthographia edo skriptura oikoumenikoaz synkhronizatu behar luke bere orthographia. Lotsagarri gelditzen gara, saddoukaioak eta pharisaioak heuskaraz arruntki* saduzeo eta fariseo izendatzen baditugu. Arlotekeria hutsa da diphthongo horik ignoratzea. Berdintsu da philosophiaz. Edozein vertsolarik omen du bere filosofia. Baina zer ikusi behar du horrek, professoreek kathedratik irakasten duten philosophiaz? Ez dago bi kausa horik nahasterik. Aesthetikak berak ere hala eskatzen du.

Nire eragozpenari aisa* erantzuten dio:

— Orthographia hau erraz ikasiko da, eskholatik hasiz gero. Euskal lykeioek apparteko zeregina lukete. Professoreek paidagogia zuzena eta dynamika beharko dituzte, hori bai. Baina, etappa differentetan, umeek aisa ikasiko dute. Mathematika, physika, khemia, arkhitektura, geographia, dena ikasiko dute. Ez zadazu* esan: blasphemia da «matematika» esatea.

— Gaztelaniaz hala egiten dute, ba.

— Bai, horixe da! Hispaniolismo hutsa da hori!

— Hallelujah! —irten zait barren barrenetik. Horrela —osteratu diot— gure orthographiak hieroglypho baten antza* izango du. Herriak ezin asmatuko* du irakurtzen.

Nire kommentarioak Theophilo sutan jarri du.

—Populua populu, eta szientia szientia. Erraztasunaren eta populuaren mythoak behin betiko superatu behar ditugu. Moda obskurantista horien kontra offensiva psykhotherapiko radikal bat eginen dugu. Utz ditzagun simplekeria horik pamphletoetarako.

Gero, szientiaren missioa explikatzen hasi da. Heuskarak prestigio handia irabaziko luke halako orthographia tekhnikoaz. Erdara baino kultoagoa agertuko litzateke —esan dit. Nik, hala ere, ezin baitets nezakeen: Eta, heuskararen irabazi horiekin, euskaldunok zer irabazten dugu. Ez ginen ados inolaz ere.

Horologioak zazpiak jotzen zituen, eta, hordurako, appetitoa ere zerbaiten eske hasia genuen. Athun pizka bat mahain gaineratu dit, ogi pizka batekin, eta biontzat kaerebikia botilla bana ireki du (hots,* zerbeza).

— Zure kezka horik subiektivismo burgesa besterik ez dira —sekitu du, bizarreko kaerebiki aparra xukatuz.

— Burgesa ala bourgeoisa? —nik.

— ?!... Hori da: burgesiak hondatzen gaitu beti...

Gregorio BALDATIKA


Fedea eta Ekintza

Fedeaz eta Kulturaz, Baionan

Hona hemen, Pierre Eyt jaunak, Tolosako* Unibertsitate katolikoaren errektore ordeak, Kulturaz eta Fedeaz Baionan eman duen mintzaldiaren bilduma.*

Lehen puntua: Herri, populu edo sozial kategoria batetan gizonak gizon izateko duen manera bakar eta berezia, horixe da kultura. Berezitasun horretan, mintzaira da kulturaren aurpegia. («La sangre de mi espíritu es mi lengua», M. de Unamuno). Mintzaira, gu baino lehen zen eta den gauza da. Bere amaren mintzairak du gizona sortzen, hezten, berarekin, besteekin eta gauzekin harremanak ezartzen. Izpiritu aberatsen definizioa baztertu egin behar da (kultura = nork beretzako duen edergailu eta berniz egoista). Kultura, gizona bere osotasunean janzten eta sortzen duen errealitatea bezala ikusi behar da. Bizitzako sektore guztiak (politika, ekonomia, hezkuntza,* medikuntza, sinestea, mitogintza, bakoitzaren eguneroko joerak) estaltzen eta koloratzen ditu kulturak.

Bigarren puntua: Kontsumoko gizarteak, diruaren truk, kontsumagailu eta salgailu egin du kultura. Egintza honen ondorioa larria da (bereziki sinesmen eta moral mailan): kultura, bai muinean eta bai bihotzean zauritzen eta desegiten ari. Zoritxarrez, dio teologoak, maila horretan eta gaitz horretarik da kultura bat hiltzen. Fenomeno hori kristau fedeak behar du errespontsableki errefusatu, kultura zer den jakinez, gizona bera baita horretan ukitua,* kolpatua eta ukatua.

Hirugarren puntua: Euskal Kulturaren problema ez da problema hetsia,* dio teologoak, baina guztiz unibertsala, gizonaren kreazioa, sorkuntza bera baitu defendatzen, zaintzen, aberasten eta birpizten. Gainera, kreazio horren berrarrapatzeak eta obratzeak diezaioke bakarrik eman gaurko gizonari, eskas duen zoriona eta esperantza. Problema honen barnatasun* eta giza erroengatik, kristauak ezin dezake kezka hau bazter eta aldara.* Bizibeharragatik, kreazio hori hil dadin onhartzea, bizi arrazoina galtzea bera litzateke, eta gainera Jainko kreatzailearen, sortzailearen kontra obratzea.

Hauk* dira Tolosako teologo errektore ordearen hitzak.

Kolonietako misiolariak

Mozambiqueko misiolarien arazoa, Portugalek askotan bizi. izan duen krisialdi politikoaren agergarri bat gertatu da. Misiolariok errenkan* bidali ditu kanpora kolonia hartako gobernuak. Lehendabizi, hamaikako talde bat izan zen; eta ez ziren isildu Prentsaren aurrean, zekitzatenak (ongi ikusiak, nonbait) eta bost agertuz. Gerokoak, banan banan errosario luzea: orain bat, gero hiru, geroxeago zortzi..., Portugalek zedukan, eta dadukan, kontzientzia txar baten agergarri ziren, inolaz* ere.

Portugaleko Estatu Matxinadaren* bezperan. bertan heldu zen misiolari talde bat Mozambiquetik Erromara. Hain entzuna izan den Tete elizbarrutikoak* ziren. Arrazoina: Erramu Igandez irakurri zuten predikua, eta prediku horretan Mozambiqueko kolonitasunari egiten zioten salakuntza. Irten aurretik. tokiko zuriak deihadarka hasi omen ziren misiolarien kontra: «Terroristok kanpora!» Misiolari hauetatik gehienak Comboniarrak dira, Sudango hegoaldetik botaiak izan zirenen erlijioso Ordena berekoak. Han eta hemen Gobernu erdirakoi baten aurka lan egin behar izan dute. Nork garbituko du orain kontzientzia txar hura,* Spínolak ala «Frelimo»ren gerlariek?

Galiziatik exenplu onak

Diotenez (eta guk ere hala uste dugu), Elizaren berritzearen garai hauetan, beharrezko omen da laiko eta apez jendea elkarturik ihardutea. Horretarako, Kontzilio Pastoralak deituak izan diren bilkura nagusi batzuk egin dira zenbait herrialdetan.

Datorren hilabetean, ekainaren 29an, irekitzen da Galiziako Kontzilio Pastorala, eskualde* hartako Elizbarrutiek dituzten arazo orokorrak* aztertu eta behar liratekeen erabakiak hartzeko. Galiziako eliztarrek aukera ona izango dute hor, beren kristau fedearen kezkak agertzeko. Holaxe izan beharko luke behintzat. Eta galderatxo bat: Noiz izanen du Euskal Herriak hola moduzko beste Kontzilio Pastoral bat? Ala ez da posible? Izan ere, ba dugu hemen, euskal eskualde guztiei —eta kasu batzuetan hemengoei bakarrik— dagokien eliz eginkizunik.

Galegoa Liturgian

Zaldibiarra den Anjel Sukia Goikoetxea, Compostelako Artxapezpikuaren ardurapean bildu da, orain guti, Galiziako Apezpikuen Elkargoa.* Hartu diren erabakietatik bat, galegoa Liturgian gero eta gehiago erabiltzea izan da. Pozteko da erabakia, eta poztekoago izanen da segurki, izanera* behar bezala eramaten baldin bada.

Kristau langileak hestu?

Ekintza Katolikoaren barnean, HOAC (Hermandad Obrera de Acción Católica) ezaguna izan da azken urteetan. Onenean, azken azkeneko hauetan ez hainbeste. Baina, apirilaren bigarren hamabostekoari, izan dira gorabeheratxo batzuk* Madrilen, kristau langileen elkarte den HOAC horrekin.

«Logos» agentziak zabaldu duenez, apirilaren 21ean, larunbatez,* zazpi lagun izan dira atxilotuak;* horietako bat Elizbarrutiko Batzorde Eragileko* lagun bat izan da, gainera. «Elkar* bakekuntzaz» mahaininguruko* bat egitera zihoazela agertu zen polizia bilkura tokian. Hain zuzen, HOAC berak esan duenez, bilkura toki hori Elizbarrutikoa da; eta, artxapezpikutegiaren ardurapekoa izan arren, baimenik gabe sartu zen han polizia. Ohi diren itaunketen* ondoren, ateraiak izan dira berriz, bizpahiru egon geroago.

Egileak:

JOSEBA Intxausti

MANEX Lanatua

dezake, daike

diezaioke, deiskio

zekitzaten, ekiezan, jakiten zituzten

zihoazen, joiazan

zioten, eutsoen


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Gurutzegrama (40)


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHAIDERIA, parentela.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHAZTU, ahanztu, ahantzi.

AISA, aise, errazki, fácilmente.

AISE, aisa, errazki, fácilmente.

AITZINEAN, aurrean.

ALDARA, descartar, dejar de lado. (ALDARATU, descartado, dejado de lado).

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALOKAIRU, aloger, soldata, jornal. (Lan-sari = prima, gratificación).

ALOR, arlo.

ALTXOR, tesoro.

ANDANA, cantidad, multitud.

ANGELU, Anglet.

ANITZ, asko.

ANTZ, parecido, ressemblance. (Antza denez = dirudienez).

APAL, alacena, anaquel, tablette d'armoire.

APAILATZE, prestatze, preparar.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARETO, sala, salón.

ARGUDIO, argumento.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, osoki.

ARRENKURA, inquietud, preocupación. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ARRUNTKI, arrunki, comúnmente, corrientemente, ordinariamente.

ASKI, nahiko.

ASMATU, kausitu, acertado, adivinado.

ASTEARTE, martitzen.

ASTEAZKENKARI, asteazkenez, eguastenez.

ATXIKITZE, conservar, mantener.

ATXILOTU, detenido, aprehendido.

ATZE-ERITZI, gibeleritzi, reserva mental.

AURKARI, contrario.

AURKEZTU, presentatu.

AURRERANTZEAN, hemendik aitzina.

BA, bada, pues.

BADERITZA, baderitzo, erizten badio (badeutso).

BAITAN, -gan.

BAITETS, aprobar.

BAIEZPADAKO, behar beharrezko, esencial.

BALDINBA, oxala.

BALDINTZA, condición.

BALIA, erabil, emplear, utilizar.

BARNA, sakon, profundo.

BARNATASUN, sakontasun.

BARNATU, sakondu.

BAT BEDERA, cada uno.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZU, batzuk.

BATZUK, batzu, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEGIRA, guardarse, precaverse, preservar.

BEKAIZTI, envidioso.

BENTURAZ, menturaz, tal vez, peut-être.

BEREIZKETA, separamiento, eliminatoria.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BERROGEITAZ, cuarenta y tantos.

BERTSU, casi idéntico, casi el mismo.

BEZATU, domado, dompté.

BIARNO, Bearne.

BIDE, nonbait, agian, beharbada.

BILAKAERA, evolución, transformación.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, resumen.

BILKURA, bilera, reunión.

BILTZE, reducir.

BOLADA, unada (une + da), temporada.

BOZKA, bozketa, hauteskunde, elección.

BURUBERO, exaltado.

BURUKO, al cabo.

BURURATU, burura (azkenera) eraman, bukatu.

DAGOENEKO (dagoen orduko), honez gero, para ahora.

DEITORATU, erostatu, lamentado.

DEITU, deiturikako, deituriko.

DELIBERA, decidir, resolver. (DELIBERATU, decidido, resuelto).

DIFERENTZIA, pendencia, altercado.

DONAPALEU, St-Palais.

EGITEKO, problema, quehacer, quebradero de cabeza, lío, negocio.

EGOZTE, echar, jeter.

EGUN, gaur.

EGUNGO-HEINERATU, egungo* heinera* heldu.

EGUNKARI, egunez, en día de, con motivo del día de.

EHORTZI, enterrado.

EI, omen.

EKIN, intensivo.

EKOIZPEN, producto, fruto.

ELIZBARRUTI, obispado, diócesis.

ELKAR BAKEKUNTZA, reconciliación.

ELKARGO, elkartasun, conferencia.

EMENDA, aumentar. (EMENDATU, aumentado).

ERA, ereti, abagadune, aukera, parada, ocasión.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERABATEKO, total, absoluto, definitivo, inapelable.

ERAGILE, ejecutivo.

ERAKUNDE, organismo, entidad.

ERASO, oldar, jazarraldi, ataque.

EREDU, modelo.

EREMU, terreno, extensión, dominio.

ERRAN, esan.

ERRENKA, erronka, errenkada, erreskada, fila.

ERRET, del rey, del reino, real. (Berba hau klasikoetan agertzen da).

ESATERAKO, adibidez, por ejemplo.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUALDEKATZE, regionalización.

ETEKIN, provecho, fruto.

EZEIN, alguno. (EZEIN EZ, ninguno).

EZEN, ze, pues.

EZEZIK, no solamente.

FITS, apur. (FITSIK EZ, ezer ez).

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo.

GAINDI, zehar.

GAINERA, bestalde, además, en outre.

GAITZ ERDI, mal menor.

GAIZKOATU, empeorado, agravado. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

GARAZI, Donibane Garazi, St-Jean-Pied-de-Port.

GATAZKA, conflicto, debate, disputa.

GAUDEZILA, gaudela.

GELTOKI, gelditoki, estación, gare.

GENUKEEN, genuen nonbait.

GERTATU, resultado. (GERTA, resultar).

GISA, era, modu.

GOGOETA EGITE, reflexionar.

GOGO HAR, hacer propósito, tomar resolución.

GOGO IZAN (UKAN), nahi izan, gura izan.

GOITIBEHEITI, gorabehera.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GREBAKARI, durante la huelga, con motivo de la huelga.

GUTIZ GEHIENAK, kasik guztiak.

HAATIK, hala ere.

HAINTZAKOTZAT, haintzat, en consideración.

HALABER, igualmente, así mismo.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HARMADA, ejército.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTESKUNDE. bozka, bozketa, elección.

HAZIL, noviembre.

HEIN, condición, estado, punto, grado.

HELBIDE (heltzeko bide), dirección, adresse.

HESI, barrera, cerca, cloture.

HESPARRU (hesi barru), coto cerrado, recinto.

HESTU, herstu, mehar, estrecho, apurado.

HETSI, hitxi, hertsi, cerrado, fermé.

HEZKUNTZA, educación.

HIROS, iracundo.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IDAZKARI, sekretari, secretario.

IDURI LUKE, parecería.

IDURIRA, irudira, antzera, a semejanza.

IGAN, igon, igo.

IGANDEKARI, igandez, en día de domingo.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IGORTZE, bidaltze.

IHARDETSI, erantzun.

IKERTU, aztertu.

IKUSGARRI, espectáculo.

ILKI, jalgi, irten, atera.

ILKITZE, jalgitze, irtete, ateratze.

INKESTA, encuesta.

INOLAZ ERE, de todas formas, ciertamente. (INOLAZ ERE EZ, de ninguna manera).

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIN, injuria.

IRAUNGITZE, amatatze, itzaltze, apagar.

IRITXI, heldu.

IRRISTAGARRI, resbaladizo, glissant.

ISTILU, conflicto.

ITAUNKETA, interrogatorio.

IZAN, realidad. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

IZEBA, izeko.

JADANIK, ya.

JALGI, atera, irten.

JASAN, soportado, sufrido.

JAUZKOR, propenso a saltar, irascible.

JAZARTZE, atacar.

JAZO, gertatu, agitu.

KARRIKA, kale.

KAXETE, cassette.

KELLA, gela.

KILIKABERA, quisquilloso.

KOKATU, situado.

KOLPATU, zauritu, zaurtu.

KURRIDA, manifestación andante.

KUDEATZAILE, gerente, director.

KULTURORI, kultura + bigarren graduko artikulua.

LANDA, kanpo, at, lekora, fuera.

LARRAZKEN, udazken, otoño.

LARUNBAT, zapatu.

LAUDIO, Arabako Llodio.

LEHIAKETA, competición.

LEKUKO, testigu.

MAHAININGURUKO, mesa redonda.

MAIZ, sarri.

MATXINADA, motín, revuelta, levantamiento.

MOZORRO, máscara.

MUKURU, colmo, tope.

NABARI IZAN, aparecer.

NAGI, nagi izan, ser perezoso.

NAHI, nahi izan (ukan), querer.

NON EDO NON, en alguna parte.

OHI, ex-.

OHOL, plancha de madera, tabla, tablero.

OIHARTZUN, eco.

OLDE, movimiento.

ORAINOKOAN, orain artekoan.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente, así mismo.

OROIKARRI (oroit + garri), recordatorio.

OROKOR, general.

OSTERA, berriz, aldiz, ordea.

OSTERA ERE, berriz ere.

OSTERANTZEAN, bestela.

OSTERATU, replicado.

OZEN, sonoro.

OZTA, doi.

PAIRU, aguante, paciencia.

PERIL, peligro, danger.

PERILOS, peligroso.

PERRETXIKO, seta, champignon.

POSTARI, cartero, facteur.

PROMETA, prometer. (PROMETATU, prometido).

SAKONDU, barnatu.

SILET, latinez, isilik dago.

SINADURA, firma.

SINATZE, firmatze.

SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

TAMAL, lástima, pena.

TASUN, cualidad.

TOLOSA, Frantziako Toulouse.

TXIKIETSI, considerado como pequeño.

UHARTEDI, archipiélago.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITU, ikutu. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

UZKUR, reacio, poco dispuesto.

UZTA, cosecha, récolte.

UZTAIL, julio.

VOTEAZ, boteaz, botaiaz, botatuz.

XEDE, asmo, helburu, propósito.

ZADAZU, iezadazu, eidazu,

ZAURTU, zauritu, (Ikus «Axularren Hiztegia»).

ZÈN, Azentuak aditzaren erlatibotasuna adierazten du.

ZENBATASUN, cantidad.

ZENBAKIRATZE, traducir a números.

ZENDU, fallecido.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZIN, juramento.

ZITUZKEEN, zituen nonbait.

ZORI, zorte, fortuna, suerte.

ZUR ETA LUR, estupefacto, (inmóvil como) madera y tierra.

ZURIKETA, adulación.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

Benturaz* ba duzu, bekatu horietarik ilkitzeko* gogo eta borondate. Ordea noiz? Ez orai, ez egun. Bihar, gero. Eta beti gero, beti bihar. Horrela zaudela, eritasunak har, heriotzea etor eta ifernura joan (365: 722-8).

Baina guk ez dugu hala egiten. Egunetik egunera gabiltza, beti prometa,* beti gogo* har; eta behin ere ez eten, behin ere ez delibera* eta ez konpli; beti nahi,* beti nagi;* nahikunde hutsetan, desirkundetan denbora guztia gal; eta, hala gaudezila,* heriotzeak atrapa, atzeman eta har (34: 97-11).


Euskal Kulturaz

Prezio merkeegia

Euskal kultura salgai dago. Euskaldunok, geure nazionalismo kaxkarraz, ito beharrean eduki dugu geure kultura. Geure burruketan nahasirik erabili dugu. Geure mundu txiki eta menditsu honetan gorde nahi izan dugu. Ez dugu geure kulturari etekinik* eta ekoizpenik* ateratzen jakin.

Zoritxar honetatik jalgi erazteko —ez dago izkutuko arrazoin itsusirik!— erosi egin digute euskal kultura; geu ere, aspertuta edo, saltzeko prest baikinen. Eta honela nazioarteko plaza zabalera atera dute, eta turismoaren merkatuan jarri. Horra hor nola libratu duten euskal kultura euskaldunon hesi* hestuetatik eta txikikerietatik.

Oso merke saldu dugu; gure kultura hain eskasa izanez gainera, ez baita erraza nork bere bizitzan bizi duen ezeren prezioa neurtzea. Horregatik, nazioarteko azokara eramateko, Euskal Herriaren eta euskaldunon bizitzatik atera egin dute gure kultura. Eta honela, zerbait objetibo bilakatu* delarik, neurtzeko moduko gauza bihurtu da haren prezioa, eta ikaragarriro igan* da haren balioa nazioarteko turismoaren salmentan.

Seiluei gertatzen zaiena jazo zaio euskal kulturari. Gauza kaxkarrak dira seiluak, eta merkeak izan ohi dira. Baina, zirkulaziotik ateratzen direnean, irabaziz eta irabaziz joan ohi dira beren prezioan. Jendearen eta postarien* eskuetatik kendu egin behar dira seiluak, eta biltzaileen eskuetan jarri, haien balioa igan dadin.

Herri baten kultura ere merkea da, herriak bizi duen bitartean. Horregatik beharrezkoa da museoetara sartzea, nazioarteko merkatuan prezio onik ukan* dezan nahi bada. Kultura bizia folklore mekaniko bihurtu behar da.

Euskal kulturaren nazioarteko merkatariak oso trebeak izan dira bilakaera* hori egiten, eta produktu berriaren propaganda zabaltzen. "Etor lasai merkatura —diote. Atera dugu zirkulaziotik euskal kultura. Ez du, beraz, gero prezioa galtzeko arriskurik!".

Munduan zehar ba da oraindik, Espainiara edo Frantziara turista bezala joan nahi, eta euskal kulturarik ba ote dagoen galdetzen duenik. Edo kezkati, euskal kulturak zer adierazten duen jakin nahi duenik. Zoazte lasai! Marcellin jaunak, barneko arazoen frantses ministru ohiak, eta beste hainbeste ministruk eta ministrukilak esana duzue: "Euskal Herrian aurkituko duzuena folklorea da, ez kultura. Herriaren kultura bizia izana, museoetarako prestatua dugu eta folklore ikusgarri* eta entzungarri bihurtua. Garestiño bada ere, segurua duzue, eta ematen duzuen dirua ez da alferrik emana izango: ondo inbertiturik dago euskal folklorean inbertitutako dirua!"

"Urrezko" heriotza

Aspalditik genekien, euskal kultura gaixorik zegoela. Baina azken aldi honetan oso gaizkoatu* da haren gaitza (gaitz asko benetan!). Batzuk, hil zorian dagoela ere ohartu dira nonbait, eta hil kutxa eta oroikarriak* egiten hasiak dira.

Kutxaren gainean jartzeko epitafioa ere asmatua dute, ozena eta argia, urrezko letrez idatzia: "Grande Enciclopedia Vasca". Hitz bakoitza esannahi handikoa da eta oso ondo pentsatua eta asmatua.

 Grande. Euskal kulturak zuriketaren premia zuen. Euskal kultura oso baztertua eta txikietsia* izan da. Euskaldunok ere ez dugu haintzakotzat* hartu, mendez mende geuri bizia eman badigu ere. Europako kulturarik zaharrena zen, ordea, eta guztien kontrako burruketan garaile atera da. Orain, euskaldunon zabarkeriagatik eta inguruko etsaien kontrako burruka nekagarriengatik, hil egin da. Baina denek aitortu diote, historian zehar ukan duen kemena. Hau guztiaugatik merezia zuen heriotza ondoko titulu hori: "Grande".

 Enciclopedia. Kulturaren hondar guztiak biltzeko da entziklopedia. Oso izen egokia benetan; eta oso asmo ederra, inork hildakoaren erlikiaren batekin negoziorik egin ez dezan, kultura osoa oso osorik kutxa batera biltzea. Honela, gainera, ez da hor nonbait euskal kulturatik ezer galduko, eta gerokoei oso eroso* izanen zaie haren berri jakitea.

 Vasca. Esan beharra zegoen! Bestela nola jakin, euskal entziklopedia denik? Epitafioa erdaraz idatzita dagoenez, gainera,* baten bat nahasi ere egin zitekeen, euskal entziklopedia dela esan ez balitz. Eta beharrezkoa zen erdaraz idaztea; osterantzean, euskara eta euskaldunak hilak direlarik, nork uler epitafioa? Hala ere, oraindik garaiz banabil behintzat, nik hauxe proposatuko nuke: "vasca" idatzi beharrean, "vascongada" idatz dadila, zabalagoa eta ozenagoa* baita hau.

Euskal kulturaren ohoreari eta ospeari dagokionez, urrezko kutxa egiten diote. Bizi izan den bitartean, pobrea izan da, eta ez dio inori diru handirik utzi, eta bai zorrik. Baina altxor* aberatsa utzi du nonbait; eta orain arte eman ez duen etekin eta ekoizpena orain aterako zaio, berari urrezko kutxa eginez gainera.

Bestalde, "euskaldunok" trakets, zabar eta ximur jokatu dugu euskal kulturari buruz. Horregatik, horren ordaina bezala, oroikarri dotore bat jarri nahi diogu geure etxean, gu euskaltzale baikara! Oso ongi datorkigu "urrezko" entziklopedia, geure eta ondorengoen oroikarritzat.

Ba da besterik oraindik. Gure ondorengoek, guk orain ditugun kezka hauk* galduko dituztenean, eta euskal kulturaren izena arrotz gertatuko* zaienean, diru mordoxka ateratzeko aukera ukanen dute, urrezko kutxa hori salduz. Beti izango baita buruberoren bat, horrelako aintzinako bitxikeriez zoraturik dabilenen bat.

Euskal kultura pobrea, oso aberatsa eta emankorra gertatu azkenik.

Eskerrik asko, euskal kulturori*! Zaude betiko bakean!

Paulo AGIRREBALTZATEGI

dezan, daian

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

zaie, jake

zaio, jako

zaude, zagoz, egon zaitez

zitekeen, eitekean


Jakinaren gainean ez dauden batzuek besterik uste badute ere, Euskara Batua ez dago, gaur gaurkoz, zeharo erabakita. Euskara Batua orain ari da, Euskaltzaindiaren zuzendaritzapean, sortzen.

Euskara Batua osatuaz doa, beraz.

LARRESORO («Euskara Batua zertan den» 11)