ANAITASUNA

274. zenb.

1974.eko apirilaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Asfaltu euskara

Idazleok, ikastolaren inguruan gabiltzanok batik* bat, maizegi* erori* izan gara, hobeki esan, nekez jaiki izan gara literatur bukolismo batetatik. Oraindainoko* euskararen berezko joerari jarraikiz, erosoago* eritzi diogu geure ipuingintza, liburugintza, animalia, eta landareen mundu waltdisneyar horretara mugatzeari. Neure burua ere ez dut batere* garbi ikusten «zoofitismo» honetatik.

Ingurune* soziologikoa kontuan ez hartze honek, haurrengan interes biziegirik sorterazten ez duten gaiak eta erak lantzera eta ematera bultza gaitzake. Ez dut esan nahi, gaurko zibilizazioak urrunerazi digun abere eta landareen mundu horrek —baserri mundu horrek— bere zentzua erabat* galdu duenik, ez eta geure liburuetan arras* zokoratu behar dugunik ere. Baina bai, errealista izan nahi badugu, eta gaurko haur euskaldunaren interesari ondotik erantzun gura badiogu, asfaltuaren euskara bat lantzeari lehenbailehen ekin* beharko gatzaizkiola.

Hauzi hau ikastolaren barrutira* mugatzen badugu, nabaria* da, behi marruek* eta oilar kukurrukuek baino bortizkiago* durundatzen* dutela gure haur gehienen belarrietan auto eta motoen orroek,* lantegietako sirenotsek.*

Sentiberakeria* arkaikoiak* eta hizkuntz garbizalekeriak elkarri esku ematen badiote, eta hauzi honetan gidari bihurtzen bazaizkigu, gure haurrek gero eta nekezago ulertuko diguten mundu zaharkitu baten propagandari* gerta gintezke.

Beheko suaren ondoan taloa gosaltzen* zen garaiez ahantzi* beharrean gaude, baldin, aintzinazaleen erostak* eta ekologoen salakuntzak gorabehera, plastikoa, gasolina eta elektronikaren beste mundu honetan bizi den haur honi hitz biziak esan nahi badizkiogu eta eguneroko bizitzan lantzen duen berezkotasuna mututu eta inausi* gura ez badiogu.

«Garoa» eta Pernando Amezketarraren ipuinetako munduak baino, zinema, komiki eta telefilmeetako beste mundu standarizatu horrek gure haurrak hurbilagotik ukitzen* dituela egingo* nuke. Ba* dena eta behar lukeenaren arteko bereizketan sartzeke,* eguneroko bizitzak eskaintzen digun eta begien aurrean dugun porlanezko beste paisaje honetarantz itzul gaitezen dei egiten dut. Eta proposatzen dudan «tekneuskara*» honek norbaiti min eman baliezaio, bizi logika arruntenari* jarraikiz egiten dudala pentsa lezan* eskatuko nioke: hots, gogoan har lezan, superbizimenerako* inguruneari egokitzeak guri ere ez digula barkatuko, gaur gaurkoz ez baitut ikusten, salbuespeneko* mundu berri bat euskaldunok nondik eta nola eraiki genezakeen.

X. MENDIGUREN

baliezaio, baleio

digu, deusku

digute, deuskue

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dizkiogu, deutsaguz

gaitzake, gaikez

gatzaizkio, gatxakoz

genezake, geinke

gintezke, geintekez

nioke, neuskio

zaizkigu, jakuz


Dantzari eta irrintzilarien txapelketa Beasainen

Ekainaren 2an, Beasaingo herrian, Euskal Herriko soinu mota guztiez lagundurik, irrintzilarien eta bikote dantzarien txapelketa izango da. Txapelketa hau Euskal Herriko guztientzat izango da.

Parte hartuko dutenek Erauskin enparantzan elkartuko dira goizeko 10etan.

Txapelketa bi saiotan izango da: goizeko 11etan lehendabizikoa, eta arratsaldeko 5etan bigarrena, goizean gelditu diren lau bikote eta lau irrintzilari onenekin.

Txapelketa honetan parte hartu nahi duten bikote eta irrintzilariek dei edo idatz bezate leku honetara: Club de la Amistad, c. San Ignacio, Beasáin (Guipúzcoa). Telefono 89 10 18.

Maiatzaren 10erarte eman daitezke izenak.


Iparraldea iparleihotik

• Ipar Euskal Herriko lizeoetako gazteen lokarri ateratu* da, Batasuna izeneko agerkari berriaren lehen zenbakia. Gai andana* bat dakartza bere horrialdeetan, gehienak euskal arazoari buruz.

• Euskalzaleen Biltzarraren ardurapean, han hemenka eginen dira mintzaldi batzu* euskaraz. Mintzalariak hauk* izanen dira:

Piarres Narbaitz historizalea. Honek erabiliko duen gaia: "Euskalduna noiztik?".

Manex Goyhenetchek, berriz, Jakes Etcheverryrekin: "Euskara hil bizi". Galde egile izanen dituzte Gexan Lantziri eta Jan Battitt Dirassar.

Hirugarren gaia Etxahunez izanen da. Hau aipatuko du Jean Haritschelhar ezagunak. Gaia honela ikertua* izanen da: "Etxahun eta gizarte legeak".

• Kantu ikusgarri* berri bat Xuberoan: "Piper Beltz". Izenburu honekin moldatu dute Xuberotar gazte batzuek beren arteko ikusgarri bat, eta martxoaren 24ean eman dute, "Maule-Baita" zinetokian. Ikusle asko etorri da. Ikusgarri horretan ba da antzerkitik,* "gorputzen ibilkeratik", bai pastoraletik eta kantuetarik zerbait. Oro* har, behariek* biziki herrikoia kausitu* dute, hor agertzen baitira probintzia horretako gazteen arrenkura* eta esperantzak ere.

• "Navarra, cuatro estaciones" izeneko filmea agertu digute Nafartarrek bai Baionan eta bai Donibane* Garazin. Jendeari asko gustatu zaio filme hau. Toki batzuetan berriz ikusi nahiko lukete, zeren* puntu askotan ezinago argigarria baita filme hori.

• Getarian nahiko lana dute Pariseko administrazioarekin. Getaria, Donibane Lohitzunetik Baionarateko bidean, itsaso ondoan jarria den herrixka pollit bat dugu. Bilbotik Baionara etorri behar duen autobideak, hortik nonbaitik iragan behar du. Gobernuak Getariaren erdiz erdi iragan erazi nahi luke autobide hori. Herriko gizonek, aldiz,* ez dute erabaki hori onhartzen. Geroak erranen,* nola bururatuko* den hauzia.

• Udako ikastaldia, euskara hilabete batez lantzeko edo ikasteko, aurten Mendikotan izanen da. Mendikota, erdaraz Menditte, Xuberoko herri koxkor bat dugu. Hor bilduko dira, beraz, ikasleak, Baionako "Mende Berri" izeneko taldearen ardurapean, datorren abuztuan.

• Agerkari berri bat: Euskaldunak izenekoa. Apiril haste* honetan agertuko da Baionan. Dakigunez, zortzi horrialde izanen ditu eta hilabete guziz agertuko da. Agerkari honen xedea:* Euskaldunak argitzea eta hauen zuzenak* begiratzea.*

• Donibane Garazi aldeko gazteak, antzerki berri baten* moldatzen ari dira: Hil Biziak izenekoa. Honen egilea, Daniel Landart gaztea. Gaia: nekazari batzuek beren baserria utzi dute eta hirian bizi dira etxe kankail* batetan. Beren bizimolde berrian asko gogoeta* darabiltzate nekazarien etorkizunaz, bai eta herri xumeen* geroaz.

• Itsasun berriz eman dute Otsoak artaldean izeneko antzerkia. Honen egilea, Piarres Larzabal apeza. Frantses iraultza garaikoa du gaia. Gazteak gogotik ari izan dira antzerki horretan, eta orain beste herri batzuetan agertu nahi dute beren lana.

• Baionan, M.A.B izeneko harma etxean, langileak oporrean edo greban izan dira. Ez dute aski* irabazten, eta laneko kondizio hobeak nahi lituzkete.

• Euskal Dantzarien Biltzarreko ehun eta berrogei eta hamar bat gazte izan dira ikuska Nafarroan bi egunez. Nafarroako histori toki askotatik iragan dira, eta Xabierren ba zuten kantaldi bat apailatua* Peio eta Pantxoarekin eta Xabier Leterekin.

M. HERRIZAIN

dakartza, dakaz, ekartzen ditu

darabiltzate, darabilez, erabiltzen dituzte

digute, deuskue

zaio, jako


Urteroko «Nobela labur Saria», KARMEL aldizkariak eratua

Aurtendik aurrera, KARMEL aldizkariak urtero emango du, «nobela laburra» deritzan irakurgairik onenari dagokion saria.

 Saria: 20.000 pezeta.

 Lanak bildatzeko epea: ekainaren 15erarte.

 Nora bidal: KARMEL aldizkaria. Karmen kalea, 2. EIBAR (Gipuzkoa).

 Saria emateko eguna: Uztailaren 19a, ostiralez.


Baserriari buruzko ikertze lanen eta entseiuen lehen sariketa

«Kandido Iturriaga eta Maria Dañobeitia» Fundazioak helburu berezi bat du: baserria giza eta teknika aldetik indartzea eta gehitzea. Helburu hau lortu nahiz, sariketa bat jarri du. Hona hemen sariketaren oinharriak:

1. Bi sail ditu lehiaketa honek, eta bakoitzaren irabazlearentzat 50.000 pezetatako saria jarri da.

 a) Ikertze lanak. Giza nahiz teknika aldetik baserriaren azterketa zientifikoek osatuko dute sail hau: hots, gaurko egoera, antolaketa edo eta aurrerabidea ikertuko dituzketen lanek. Lan hauetan, Euskal Herriko baserria, lurgintza edo abelgintza, osoan nahiz atal berezi batean azter daitezke. Estimagarrienak lirateke, ekonomi eta teknika aldetik hurrengo gaiak aztertuko lituzketen lanak:

- haragi eta esnegintza

- arbola hazkuntzaren era berriak

- ortuari eta arboladien lantzea.

b) Entseiu berrien azalpena. Lurgintza sistema, teknika eta merkatalgo entseiu berrien azalpena. Euskal Herrian edo toki berdintsu batetan eginak izan behar dute entseiuok.

2. Edozein pertsonak, nahiz giza erakundek, eta edozein nazionalitatekok parte har dezake sariketan.

3. Lanak argitaratu gabeak izango dira, eta Fundazioak hartzen ditu lehen argitalpena egiteko eskubide guztiak. Doktor tesi, tesina eta ikasketa bukaerako projektuei, dagokien eran ezarriko zaie puntu hau, egoera berezi.hori kontuan edukirik.

4. Lanak hiru kopiatan bidali behar dira, holandes horrietan, horrialde bakarretik makinaz idatziak. Mapa, grafiko, argazki eta beste eranskinak ere lanekin batean igorri behar dira. Bai euskaraz eta bai erdaraz eman daitezke lanak. Fundazioko Zuzendaritzak berak erabaki behar du espreski, beste hizkuntzatan etor litezkeen lanen onhartzea.

5. Entseiu azalpenen sariketan parte hartzen dutenek, Epaimahaiak eta Fundazioko Zuzendaritzak eska liezazkieten xehetasun guztiak eman behar dituzte. Entseiu azalpenok laugarren puntua bete behar dute.

6. Lanak bidaltzeko epea aurtengo abenduaren 31n bukatuko da. Fundazio etxera igorri behar dira edo eskuz ekarri. Helbidea: «Jai Etxe», Erandio-Asua (Bilbao).

7. Epaimahaia bostek osatuko dute, bi guttienez Fundaziokoak direlarik. Epaimahaiaren erabakia, bidaltzeko epea amaitatu eta hiru hilabeteren barruan emanen da.

8. Epaimahaiak, Fundazioko Zuzendaritzarekin batean, «accesit» direlakoak ere eman ditzake, hala baderitza. Ezein lanek lehen saria merezi ez baleza, Epaimahaiak HUTS joko du, eta dirua lanik hoberenen artean banatuko.

9. Sariketa honen oinharrien interpretatzea Fundazioko Zuzendaritzari bakarrik dagokio, eta bere garaian Epaimahaiari. Hala ere, lanak bidali aurretik eska daitezkeen argitasun guztiak emango dira.


Neure lantokitik

Sinesten dut?

Lourdes aspalditik ezagutzen dut. Pazko igandez, hango basilika nagusian meza kontzelebratu bat eman zen goizeko hamaika eta erdietan.

Sermolariak esan zigunez, denok sinesten dugu, zeru-lurrak Jainkoak egin zituela, baina sineste hori guttik eramaten dugula praktikara. Guztiok dakigula Kristo bizi eta hil zela, hori garaiko dokumentu ofizialetan frogaturik* baitago; baina guttik aztertu dugula, behar den seriotasunaz, Haren mezua.* Beraz, geure buruari galde hau egin behar geniokeela: Sinesten dut?

Ongi mintza

Goian aipaturiko sermolariak txundituta* utzi ninduen, hizlari guztiz ona baitzen; eta gogorazi egin zidan, nola, muga pasaturik, herrixka ttipienetako edozein alkatek maisu batek bezala hitz egiten duen euskaraz. Hau ondo dakite, hango bilkuretara* joaten diren hemengo euskaldunek. Muga pasatutakoan, ba dirudi, atsegin* hartzen dutela ongi hitz eginez. Dotore, trebe, argi, aberats. Eta gure ikastoletan honetaz zerbait egitea ondo letorkeela pentsatu dut, hau da, ikasleei ongi berba egiten irakastea, jendearen aurrean hitzaldi bat egiteko gai izatea. Ongi idaztearen eta ongi mintzatzearen gozamena lortzea.

Honek programazio bat eskatzen du; eta segur nago, gure ikastoletako irakasleak jabetuko direla esan dudanaren garrantziaz.

Leizaola Gernikan

Erdal egunkarietan irakurri ahal izan dugunez, Leizaola jauna Gernikara etorri ei* zen Pazko igandez, Aberri Egunean Zuhaizpean zin egitera.

Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkariak (apirilaren 17an) harekin lagun batzuk zeudela esan zuen; eta Dominique Pouchin-ek, Pariseko «Le Monde»n (apirilaren 16an), haien artean bera egon zela, egunkariorren* «envoyé spécial» bezala.

Frantziako hauteskundeak

Jarraipen legeak ongi atontzea* zaila omen da, eta horixe nabari* da Pompidouren heriotza ostean.*

Hogeitabederatzi lehendakarigai presentatu dira Frantziako lehen kargurako, eta hauen artean Jean-François Besson, entrepresa pribatu baten zuzendaria. Honen xedea* ez da De Gaulle eta Napoleonena baizen dirdiratsua. Bost axola zaio «la gloire et la grandeur de la France». Besson jaunak asmo apalagoa eta praktikoagoa du: bere fabrikako produktuak saltzea. Eta, nola lehendakarigai bakoitzak ordu bi dohainik* baititu telebistan, eta 30 segunduk 160.000 franko balio baitute Frantzian, ordu bi horik* bere produktuen publizitatea egiteko ongi zetozkiola pentsatu du, eta ezer ordaindu gabe gainera, bestela 38.400.000 franko pagatu beharko luke eta.

Kazetari batek galde egin dio ea zer egingo lukeen, lehendakari izanez gero. «Berehala karguari uko,* eta hauteskunde berriak antola. Horrela beste ordu pare bat edukiko nuke, dohainik telebistan berba egiteko» (L'Aurore).

Paris, Portugaleko hirugarren hiria

Lau milioi imigrante daude Frantzian, eta hauen artean 812.000 portuges. Hainbat aldiz esan dugu ANAITASUNAn, Portugal hondaturik dagoela ekonomi aldetik, Afrikako guduagatik. Hamar gizonetarik bat Frantzian dago lanean, eta gutiz* gehienak gazteak dira, hara lan bila eta gerraren ihesi* joanak.

Baina imigranteek problemak sortzen dituzte bizi diren nazioetan. Pariseko egunkari batek dioenez, frantses langileek ez dute begi onez ikusten portugesen jokabidea. Haietariko batek geldierazi omen zuen kalean portuges langile bat, eta esan ei zion: «Lehen, lan guttiago egiten nuen eta gehiago irabazten. Baina orain lan gehiago eta irabazte guttiago. Eta ba dakizu zergatik den?» «Ez, ez dakit». «Zuengatik. Zuek orduko bost frankotan onhartzen duzue lana, eta guk ez genuke horrelakorik egingo» (Le Monde).

Ekonomiazko kasuez bestalde, ba dira beste batzuk ere, sakonagoak, nazioaren nortasuna arriskutan jartzen duketenak.* Suizan, adibidez, referendum bat egingo da egun hauetan, 500.000 imigranteren etorkizuna erabakitzeko. Suizarrek diotenez, horrenbeste imigranterekin nazioaren nortasuna galbidean ipintzen da, eta, horregatik, muga bat ezarri nahi diote imigrazioari.

Euskal Herrian problema biok ditugu: Iparraldean kanporatzen diren lanketariena,* eta Hegoaldean bertora datozenena.

François Mitterrand

Laster egingo diren hauteskundeetarako, Frantziako ezkerrak —alderdi guztiak elkarturik— François Mitterrand jauna presentatu du, lehendakarigai bezala. Hainbat gauza interesgarri prometatzen ditu: astean 40 ordutako lana, jubilazioa 60 urterekin, zaharren pentsioen goititzea, eta abar. Bestalde, bederatzi entrepresa nazionalizatuko ei ditu, bai eta kredituzko erakunde* guztiak, bankuak barne direlarik.

Hori guztiori ezkertiar batentzat ez da harritzekoa; baina bai orain kopiatuko dudana, batez ere gure artean dauden sasi ezkertiar batzuentzat: «assurer l'independence nationale de la France». Zeren* baitirudi, gutariko zenbaitzuek, gizarte mailan aldarrikatzen* duten berdintasuna, nazio mailan ahantzi egiten dutela. Gizonok berdinak izan behar omen dugu, baina nazioek ez. Batzuentzat ongi dago «assurer l'independence nationale» hori, eta besteentzat ez. Algeriarrek ba dakite horretaz zerbait, bai eta korsoek eta gainerakoek ere.

Xabier GEREÑO

dio, deutso

diote, deutsoe

genioke, geunskio

zaio, jako

zeuden, egozan

zidan, eustan


Gure Munduko Albisteak

Leizaola jauna gure artean

Jesus Maria Leizaola jauna, Euzkadiko gobernuaren lehendakaria, Gernikan egon zen apirilaren 14ean, Le Monde-k dioenez. Bertan, lagun zintzo batzuekin, aberri eguna ospatu omen zuen.

Leizaola jauna, 77 urtetakoa, Euzkadiko gobernu herbesteratuaren bigarren lehendakaria da, Jose Antonio Agirreren heriotzaz gero aukeratua. Bilboko El Correo Español-en irakurri duguna egia bada, Leizaolak ondoko deklarazioak egin zituen: «Hogei iloba* ditut, eta etorkizunak ETAko bizardoak baino kezkatzenago* nau ni». Parisko irratiak irakurri zuen komunikatuaren arauera,* ordea, ezker aldeko euskal erakundeek* Leizaola jaunaren bidaia sentimental eta baketsu hau kondenatu omen dute, horrela ez da gerra irabazten» esanik.

Euzkadiko lehendakariaren sartze hau ezkutuan izan da, Aste Sainduko turista multzoak direla medio, mugako poliziak ohartu gabe. Ibilaldi honetan Bizkaia —Bilbo bereziki— bisitatu du, bizkaitarren hiriburua oso aldaturik eta haundia topatu duela esanez.

Leizaola jaunaren asmoa, gerra amaitu zenetik hona egin duen lehenbiziko sarrera isil eta ausart* honekin, bere Euzko Alderdi Jeltzalia-ri, propagandaren bitartez, indar berri bat ematea izan omen da.

Mozambikeko elizgizonen portaera

Oraintsu Portugaleko gobernuak misiolari batzuk jaurtiki ditu Mozambikeko lurraldeetatik. Misiolariok bertako beltz zapalduen alde eta portugaldar armada* zapaltzailearen kontra ari izanak ziren, torturak eta hilkintza lotsagarriak salatzen zituztelarik.

Apez eta serora* herbesteratu hauek deklaratu dutenez, Mozambikeko apezpiku eta elizgizon gehienek xobinismozko portaera higuingarri eta ezkristau bat darabilate portuges gobernuaren gehiegikeriekiko, armadaren krimenak isilduz edo eta justifikatuz.

Mozambikeko eliz agintariak, portugaldarrak izanki, funtsean* beren gobernu militaristaren egiazko funtzionari batzuk* direla esan daiteke; eta azken urteotan ehun misiolari baino gehiago atzerriratu ditu Portugalek bere kolonietatik.

Kurduak harmatan

Aurreko zenbakian aipatu genuenez, kurduak burrukan altxatu dira Iraqen; baina, azken informazioek diotenez, ba dirudi, burruka hori hil ala biziko gerra gogor bat bilakatu* dela.

Bagdadeko agintariek kurdu buruzagi eta intelektual mordo bat asasinatu dituzte gartzeletan, eta erantzutez kurdu Herri osoa ari da matxinaturik.* Kurduen militar buruek diotenetik, gerra hau ez da amaituko, talde bat edo bestea erabat* suntsitu* arte.

Poliziari soldata altxatu

Espainiako aldizkarietan irakurri berri dugunez, bizitzaren kostuak gora doazela eta, goardia zibilei eta polizia harmatuei beren alokairuak* 5.000 pezetan jasoko omen dizkiete aurten hilero.

Bake publikoa zaintzeko lan neketsu eta arriskugarri hori inola ere ezin ordain badaiteke ere, ongi dago, guttienez, holako gehigarri ongi merezituok ematea.

Mitterrand lehenik doa

François Mitterrand, Frantziako Alderdi Sozialistaren idazkaria,* Errepublikako presidente izateko posibletasun gehien dituena da, inkestek* diotenez. Frantsesen artean % 43k hautatuko omen lukete, Ezkerraren Batasunak (Alderdi Sozialistak, Alderdi Komunistak eta beste ezkertiarrek osatuak) proposatu duen kandidatu bakar hau.

Eskuindarrak eta erdizaleak, berriz, oso sakabanaturik dabiltza aspaldion; eta ez dirudi, modu onean aurkituko direnik hauteskundeak irabazteko. Frantziak, orain arte ezkerraz sentitu baina eskuinaz botatzen duenak, agian* oraingoan ezkerrari emanen dio bere botoa.

Izen-mizenak

Bilboko medikuen bilera batetan gertatua. Andoni X izeneko mediku ezagun bati zegokion hitz egiteko txanda. Bilerako zuzendariak erdaraz haren izena esan zuen: Don Antonio X, mesedez! Deituak, berriz, kasurik ez. Bigarrenez: Don Antonio X, mesedez! Andonik, berriz ere, jaramonik* ere ez. Hirugarrenean esan zuenean, mediku aipatuak altxatu eta hauxe esan zuen boz goraz: «Ni etsaiek ez bestek deitzen naute Antonio. Esan dut». Eta, bere txostena irakurri gabe, berriro jezarri zen mediku guztien marmar artean.

Gertatu honek gauza bat darakuskigu,* maiz* ahantzia duguna. Pertsona garen aldetik euskaldunok maiz ez garela errespetatuak, geure egiazko izenak, «lagun artean komunzki erabiltzen ditugunak», halegia,* ez dizkigutela haintzat hartzen geure kide omen direnek.

Katalunian, berriz, katalan izenak gero eta maizago agertzen dira erdal titulu eta aipamenetan. Guk ere beste horrenbeste egin behar genuke, eta Bilboko mediku horren bide jatorretik laster erdietsiko* genuke, bai horixe.

Balmasedako prozesioa

Balmasedan urtero egiten zen prozesioa, aurten ere irten da, herriko jendeek presentaturik. Eragozpen batzuk egonak ziren. Baina Información y Turismo-ko Delegazioak —euskal ohitura beneragarrien zain beti— 200.000 pezetako laguntzatxo bat eman zien eratzaileei; eta, jakina, holako koipeaz ez da harrigarri izan gurdia hain ongi ibiltzea.

Martin de Ugalde, Euzkadiko lehendakari ordea

Jakin berri dugunez, Martin de Ugalde jauna Euzkadiko gobernuaren lehendakari ordea izendatua izan zen joan den urtearen amaieran; hori zela kausa, Espainiako gobernuak bere lurraldetik irtetera obligatu zuen.

Leizaola jaunaren lekuan egoteko aukeratu hau euskaltzain laguntzailea dugu, eta euskaraz, espainolez eta ingelesez kazetari aparta, Venezuelako egunkari baten zuzendaria luzaro izana.

M. de Ugalderen liburu bat, Hablando con los vascos, aurreko zenbakian aipatua, ohi ez bezalako arrakasta* ezagutzen ari da Euskal Herrian.

Euskara eskola nazionaletan

Euskara, E.G.B.ko legean agertzen denez —katalana eta galegoaren parean—, Espainiako eskola nazionaletan irakatsia izanen zela erabaki zen, orain dela lau urte. Guk dakigunetik, ordea, lege hori ez da ia* inon bete erazi Euskal Herrian, agian* Nafarroan salbu. Areago* oraindik, jatorrizko hizkuntzaren lantzea praktikan jarri nahi ukan* duten maistrek eta maisuek oztopo nabariak* aurkitu dituzte eskoletako zuzendari eta inspektoreen aldetik.

Zer esanik ez dago: kasuotan legea betetzen ez delarik, euskara irakasten ez duten eskola eta maisu inspektore horik* legetik kanpoan ari dira, eta Estatuaren aurrean salatzeko moduan daude. Halako zerbait egin dute, horretaz, Kataluniako abokatuek katalan hizkuntzaren defentsan.

Eragozpenak, berriz, ez dira hor amaitzen. Batzuetan euskaldunek berek jartzen dituzte oztopoak. Gernikan, esate baterako, ba dakigu nolako eginahalak egin eta egiten dituen euskal maistra adoretsu batek, bera dagoen eskolako umeei euskara asignaturatzat irakats dakien. Eskola barreneko kontrakarraz* gainera, baina, Gernikako zenbait «abertzale» jarri omen zaizkio aurka, eskola nazionaletan euskara irakastea ikastolen kontra joatea delakoan.

Guk ez deritzogu horrela. Ikastolek ba dute beren helburu eta zeregin berezia, eskola nazionalek inola ere bete ezin dezaketena; baina euskara bitzuetan irakasteak, nori ekar liezaioke kalterik? Ala euskara gabeko eskola nazionalak nahiago ote ditugu?

Pasaportea dela eta

 Informaciones egunkariak, editorial interesgarri batetan, pasaporteen arazoa aztertzen du ausartki.* Editorialistak dioenez, Gobernazioko Ministerioak 1973.eko otsailean* dekretu bat egin zuen, hartan edozein hiritarri, behar zenean, pasaportea ongi erregelaturik ukan arren, Estatutik irtetea galeraz zekiokeela onhartuz. Ordutik hona, bestalde, Beneluxeko Estatuekin akordio bat firmatu du Espainiak, horren bidez Beneluxeko hiritarrak Espainiara libreki sartzen utziz, baina ez alderantziz. Katalunian eta Euskal Herrian, aldiz, abisu asko eman dira. behin galduz gero, beste pasaporte bat ez emateko mehatxuekin.*

«Neurri hauen zergatikoak —dio Informaciones-ek— ongi ulertzen ditugu; baina neurriok inspiratzen dituen philosophia, berriz, ez. Pasaportea ez da Administrazioak mesede gisa* ematen duen dokumentu bat. Pasaportea errekisitoria judizialik ez duen edozein hiritarrek duen eskubide bat da». Gu ere horretan gaude.

Patxi Elgezabal ezkondu da

Patxi Elgezabal eta Argiñe Otsoa Txintxetrukoa, apirilaren 16an ezkondu egin ziren Morgan.

Patxi erabat* ezaguna dugu, Alfabetatze Kanpaina eta euskal kulturaren alde egin dituen ekintza baliosoengatik. Berari eta beraren emazte xarmantari* gure zorionak.

ANAITASUNA berriztatzera doa

Zenbaki honekin, irakurle, Gure Munduko Albisteak sailari azken agurra ematen diogu, aldizkari honen barnegitura aldatzera doa eta. Eraberritze honen bidez, Neure Lantokitik eta Gure Munduko Albisteak kendu eta beste sail handiago bi jarriko dira, nazioarteko berriez bata eta euskaldungoari begira bestea. Aldaketa hau, euskal irakurleei informazio xeheago eta hobe bat emateko pentsatua izan da; eta guztion gogokoa izanen dela espero dugu.

Liburu berriak

Euskal Literatura II. (XVIII. mendea): Joshe Erzibengoak et Patxi Ezkiagak, GEROn

Bere Kimu sailean GERO sortak, Joshe Erzibengoa (noizko Joxe? Ala ingelesa ote dugu?) eta Patxi Ezkiaga adiskideen bigarren liburu hau eskaini digu, XVIII. mendeko euskal idazleen bizitza, obra eta zati anthologiko batzuk dakartzana.

Ikastola-kolegioetako haurrei euskal literatura irakasteko pentsatua izan da obra hau; eta ez dugu dudarik egiten, egiazko zulo bat betetzera datorrenik. Ongi etorria, eta segi aurrera!

Bibliographiarako: ERZIBENGOA, Joshe; EZKIAGA, Patxi: Euskal Literatura II. (XVIII), GERO, Ed. Mensajero, Bilbo, 1974.

EUSKERA aldizkaria irten da

Euskaltzaindiaren lan eta ageriak biltzen dituen Euskera aldizkaria, 1973. urteari dagokiona, agertu berri da egunotan. 310 horrialdetako liburu mardul honetan, Euskal Akademiaren akta, hitzaldi, adierazpen eta erabakiez gain (aditz laguntzaile batua, merkatalgo* izendegia...), ondoko artikulu eta oharrok datoz: Etxeberria'tar ren Más voces alavesas, Hendrike Knörr-en Eraskina, José Antonio Arana-ren Un pequeño léxico de Seber de Altube, Pierre Lafitteren Euskal ipuinak, Karlos Santamariaren Euskal Hiztegi analogikoa, Justo M. Mocoroa-ren Carta sobre «Zerkausi» eta Justo Gárate-ren Notas a mi XII contribución al diccionario vasco.

 Euskera aldizkaria aspaldion oso eraberriturik dator, ordenamendu berri eta praktiko honekin are* baliagarriagoa. Dena dela, harriturik dakusagu,* Euskaltzaindiaren urtekari ofizialean akademiko askok beren lanak espainolez egiten dituztela. Hainbat eta hainbat euskara omen dakiten jaun batzuengandik besterik espero zitekeen, nahiz eta, beharbada, holakoen jakituria fedezko artikulutzat hartu behar: halegia,* inoiz ikusi ez arren. sinetsi beharrekotzat.

ARMENDARITZ

(74-IV-21)

dakien, dakioen

dezakete, daikee

digu, deusku

dio, deutso

diogu, deutsagu

dizkiete, deutseez

dizkigute, deuskuez

liezaioke, leiskio

zaizkio, jakoz

zekiokeen, eitekion

zien, eutsen

zitekeen, eitekean


Soljenitsynen alde bai, baina zergatik?

Has nadin haseratik. Ez gara gu nor, eskubidea nork duen eta nork ez kolpe batez erabakitzeko. Ez gaitu inork horretara deitu, eta horretarako gogorik ere ez dugu. Hala ere, batzuen neurrigabeko lotsagabekeriak muga batzuk* behar lituzke. Zeren* eta politika batek, berdin idazle batek, oinharrizko onestasun* bat behar baitu. Eta hain zuzen onestasun horrexen izenean, uste dut, batek baino gehiagok ez duela Soljenitsynekin Errusiak egin duena salatzeko —gutiago eskandalizatzeko!— deretxorik.

Prentsa Estatuaren politikaren zerbitzuko dela onhartzen duenak, zeren izenean kritika lezake Soljenitsynen desherriratzea? Gure artean libertate gehiegi dagoela uste duenak, ez du hangorik kritikatzeko deretxorik.

«Tradizioaren bide onetik» zerbait edo norbait ateratzen* deneko, Inkisizioari deika dabiltzanek, zer kritikatu behar dute horiek?

Greziak ez du Soljenitsynen desherriratzea salatzeko eskubiderik. Chilek ere ez. Eta... beste herri askok ere ez.

Hauek denok Soljenitsynen kasua «erabili» egiten dute. Eta ondo datorkie, ezin hobeto. Urtero —sarriago ez ote?— nahi lukete holako kasu bat, herri barneko arazoak estaltzeko eta komunismoa zein txarra den frogatzeko.

Baina Eszilatik ihesi, ez gaitezen Karibdisen eror.* Eta hau da gure beste arriskua, ohizko* ezkerretik datorkiguna. Ikus dezagun ezker horren eskuina.

Ez dugu prosobietar inkondizional horien tranpan zertan erori. Edozein kritika egiten delarik, «krisian dagoen kapitalismoak Sobiet Batasunaren kontra daraman* kanpaina handian» omen gaude, ustegabeki honen jokoa eginez. Goazen emeki* emeki.

Nola? Kapitalismoaren «tonto útil» ote gara, Errusiako burokrazia kritikatzen dugulako, sozialismoaren izenean? Noizdanik, zergatik eta nola? Txantajerik ez, Jainkoaren amorearren!

Sistema aldatzearren,* eta geure herrirako eredu* hobe baten bila goazelarik (eta goazelako) egiten ditugu guk kritikak. Harritzeko dea?* Arazo hauetan sozialismoaren sinesgarritasunaz ari garela ahanztea,* arrisku handia iruditzen zait.

Kritikarekin kapitalismoaren jokoa egiten dugula aurretik egotziz,* edozein salakuntza eta kritika eta egi bilakuntza arraultzean hil nahi dutenak, horik* bai haren jokoan sartu direla, eta nola sartu ere.

Esplika nadin. Izan ere, zein da gaur kapitalismoaren Errusiarekiko jokabidea? Kapitalismoak, Errusiak dagoen horretan iraun dezan, munduko interes handiena du. Eta interes hori bitan adarkatzen da. URSS, gaur, herri kapitalisten partaide ezin hobea da: hauen teknologia aitzinatua* haren lehen* ekai ugariekin trukatzeko leku ezin hobea. Harremanak, egun, hortixek doaz, kasualitatez bezala. URSSekin gaizki etortzea nori komeni zaio, egoera honetan? Nixoni ez, Brandti ere ez, Pompidouren hurrengoari ere ez dut uste, gaizki informaturik ez banago. Hona hiru herri demokrata, kapitalista eta mendebaldeko. Bost axola* zaie hauei URSSen demokrazia nolakoa den, ekonomi eremuan* ondoriorik ez badu. Beren burua zuritzeko,* URSSi eskatuko dioten bakarra, «demokrazi itxura» gordetzea da. Eta Soljenitsyn bezalako «eskandalu» bat sortzen den bakoitzean, korkodiloaren negar malkoekin berriz ere beren burua zuriturik dute. Hurrengorarte.

Gatozen ebidentzietara: Kapitalismoak eta eskuinak Errusia behar dute, eta gaur den bezalakoxe Errusia behar ere. Barneko politikarako. Horretarako aproposa dute Errusia. Haurra ikaratu nahi denean, mamua ate ondoan dagoela esaten zaio. Izan ere, politika ez da konplikatuagoa. Hauteskunde bakoitzean, ezkerrari botuak kentzeko, Errusiaren kasua erabiltzen du eskuinak. Eta ikaragarrizko efektua egin ohi du, hautatzailea berehalaxe zentzatzen* baita. Frantziako azken hauteskundeak lekuko.*

Konbentzi gaitezen: Eskuinari ez zaio komeni, Errusia hobera alda dadin, argumentu batek ihes eginen lioke eta. Eta argumentuarekin, aginteak beharbada.

Eskuinarentzat, ez dago «Soljenitsyn arazorik», Sobiet Batasunean demokraziaren eta berdintasunaren arazorik ez dagoen bezalaxe. Eta gure isiltasunak, egoera hau iraun erazi besterik* ez du egiten, eskuinaren jokoa eginez.

Ezkerrari sortzen dio problema Soljenitsynen kasuak, ez eskuinari. Nahi edo ez, gehiago edo gutiago, ezkerra URSSi lotua dagoelako, historiak hala aginduta.

Ezkerrari dagokio protestatzea, salatzea eta sozialismoaren beste aurpegi bat aldarrikatzea.* Ezkerrari dagokio sobietar gizartearen izaeraz galdetzea, hango gizarte mekanismoez eta hazkuntzaren* dinamika neokapitalistaz itauntzea.*

Soljenitsynen ideiekin ados edo ez, ezkerrak, sinesgarri gerta dadin, oinharri batzuk finkaturik utzi behar ditu: idazleak libreki bere hizkuntzan eta bere herrian idazteko duen deretxoa, gizona zapaltzen duen Erresumaren eta beronen adar burokratikoen salakuntza dudagabea, nork bere herrian bizitzeko duen eskubidea, nahiz eta bertako gobernamendua kritika.

Honako eta harako eskatu behar dira eskubide horik. Eta Brejneven autodefentsazko jokabide horrekin «denbora irabaziko» da agian,* baina sozialismorako jendea galdu ere bai. Holako jokabideak dira, bai, eskuina laguntzen* dutenak, batetik argumentuak dohainik* eskainiz, eta bestetik sozialismoa arbuiatuko* duen belaunaldi* desesperatu bat sortuz.

Mekanismo honen kontra jaso nahi dugu boza,* eta hori babesten duen ezker klasikoak agintzen duenaren (zuenaren?) aurka, «ongi ez den deusik,* ez da Errusiaz esan behar» dioenean.

Joan ALTZIBAR

dezagun, daigun

dezan, daian

dio, deutso

diote, deutsoe

lezake, leike

lioke, leuskio

lituzke, leukez

zaie, jake

zaio, jako

zait, jat


Arabako berriak

INDARRA kultur elkarte berri bat duzu Gasteizen, orain dela urtebete sortua; eta lanari gogoz ekin* zaiola esan behar dugu hemen.

Besteak beste, martxoaren 31n euskal jaialdi bikain bat eskaini zigun, kantu eta dantzaz hornitua. Dantza saioa INDARRA taldeak berak eman zuen, Zuberoako «maskarada» delakoa egoki antzeztuz. Bihoaz gure esker beroenak talde jator honentzat!

Kantariei gagozkiela, jaialdiak ikusmin handia sortu zuen hemen Gasteizen, jendea zenbait susmo entzunik baitzegoen (oinharri guttiko susmoak nire ustez, baina susmoak]; eta argiro frogatu* nahi zuen, OSKORRI taldearen inguruan sorturikako esamesak* funtsezkoak* ziren ala ez. Egia ote zen gero, kantari talde hori espainolkeriaz kutsaturik zegoela? Honek guztionek asko mugatu zuen jaialdiaren giroa. Hau dela eta, entzuleria ez zen betikoa izan. Adibidez, adinetako pertsona gutti agertu zen (eta euskalzale amorratuak direla ez du inork ukatzen). Baina gazteria bestetan baino ugariago iruditu zitzaidan: datu interesgarria hauxe.

Jaialdi hau orainartekoekin konparatzen badugu, zerbait berri dakarrela esan behar dugu. Euskal jaialdiez jadanik* eskema bat egina genuen, orain arte gehienak berdintsuak izan baitira; baina, egun horretan, beste era batetan ere egin daitezkeela frogatu ziguten. Eraberritze hau honetan datza* batez ere: euskal kantuen bidez beste problematika batez mintza dakiokeela jendeari, bereziki begien bistan ditugun arazo nagusiez: hizkuntzaren batasunaz, euskaldun izatearen funtsaz, herri langilearen etorkizunaz eta abarrez, besterik ez aipatzearren. (Ez dut esan gura, kantariek «nahitaez» hori egin behar dutenik, egin lezaketela baino).

Zertarako ixil aurrez aurre ditugun arazoak? Zertarako tronpa* geure buruak?

Horretan OSKORRIk pauso on bat eman duela uste dugu. Entzuleriari inoiz baino argiago berba egin zaio. Besteek ere horrela egin behar luketela uste dut. Hau arriskutsua dela edonork daki, eta jendearen baitan* ondoeza sorterazten duela ere bai. Segur nago, jaialdi hartan bat baino gehiago mingostu zela. Eta zer?

XEBERRIk oso ongi bete zuen bere eginkizuna. Kantari honek era guztietako gaiak eta erritmoak ditu. Tango soinuz, adibidez, oso kantu bikain bat eskaini zigun, bertso eder batzuk oinharritzat harturik: Cruyff ospetsuari buruz egindako bertso batzuk, hain zuzen.

Baina beste zerbaitek ere kezkatzen du XEBERRI: zerak, kantarien artean dagoen zatikeriak. Alde honetatik arriskugarritsu zitzaion nonbait OSKORRI taldearekin kantatzea, eta horrexegatik edo irakurri genuen esku programetan «sin duda, mi definición como cantante es la no definición». Zail samarra ez ote da hori, XEBERRI? Dena dela, ba dakit gogo ona duela, ongi ezagutzen baitut.

OSKORRI taldeak giroa asko berotu zuen, hitzaurreak ere txalotuak izan baitziren. Tresneria ugaria dute, eta une batzuetan hitza itorik gelditzen dela esan behar dugu, hain soinu zorrotzeko baitira tresna batzuk: dultzaina, txistua, eta abar.

Guk ba genuen zenbait puntu argitan jartzeko, eta elkar hizketa zuzen batetara jo genuen.

— Zenbaterainokoa da, salatzen zaizuen espainolkeria?

— Guk, pentsatzen duguna garbi adierazten dugu, bai kantuen hitzetan eta bai hitzaurreetan. Jendeak, entzun ondoan juzgatu behar du, hori espainolkeria denentz. Halakotzat hartzen badu, zer esan?

— Etiketa dontsu* hau sail askotara hedatu* da zoritxarrez; ez kantarion artean bakarrik, euskal irakasleon artean ere berdin gertatzen baita.

— Bai, etiketa jartzaile hauentzat, denok gara espainolzaleak, «berak» izan ezik.

— Euskaldunon zoritxarra! Beste susmorik ere ba dabil hor zehar: «pezetazaleak» zaretela. Zer diozue horretaz?

— Inoiz esan da horrelakorik. Baina egia hau da: guk gehien kobratu ukan* duguna 10.000 pezeta izan da, eta hori Udaletxeak* ordaintzen zuelako. Bestetan, ahal zutena eman digute. Hau ere jendeak juzgatu behar du.

— Eta EZ DOK AMAIRUkoekin nola konpontzen zarete? Bi taldeok konponezinak zaretea*?

— Guk, geure aldetik, ez dugu inoiz erabakirik hartu arazo honetaz. EZ DOK AMAIRUkoek berek hartu zuten, gurekin ez kantatzekoa.

— Baina zuek kantatuko zenukete talde horrekin?

— Zergatik ez, ba? Ez legoke eragozpenik, gure aldetik behintzat.

Ateak zabalik gelditzen dira. Egia garbia da, euskal kantariak bide desberdinetatik doazela. Baina zergatik ez kanta elkarrekin?

JUANJO

bihoaz, beioaz, joan bitez

dakioke, daitekio

digute, deuskue

lezakete, leikee

zaio, jako

zaizue, jatzue

zigun, euskun

ziguten, euskuen

zitzaidan, jatan

zitzaion, jakon


Pablo Urangaren lanen erakusketa

Arantzazun, apirilaren 6tik 21era, komentu hartan gorderik dauden Pablo Uranga pintatzailearen lanen erakusketa bat izan da.

Pablo Uranga Gasteizen jaio zen 1861.ean, eta Donostian hil 1934.ean.

1918.eko apirilaren 14ean heldu zen Arantzazura, hango komentuan mural eta marrazki batzuk egiteko asmoz. Maiatzaren 24erarte bizi izan zen bertan.

Epe labur honetan, geroxeago eguraldiaren gaitzez desagertu ziren bi mural egin zituen eliz atarian. Diotenez, denbora gutti iraun zuten.

Gainera, zortzi marrazki eta beste lau marrazkigai pintatu zituen.

Uranga Arantzazutik Madrilera doa, erregea eta haren emaztea erretratatzera, Zuloagak deiturik. Eta berriro dator Arantzazura, lehen egindako marrazkigaiak bukatzera.

Orain, Arantzazuko komentuak bere barnea ireki du eta jendeari bere altxorrik preziatuena agertu dio. Pablo Urangaren arte lanik bereziena eta haren arima gartsua. Hamabi marrazki hauetan duzu «Gasteiztar Iparragirreren» sotiltasun* guztia, erraztasun guztia, bizkortasun eta barneko su guztia.

«Egunen batean —zioen Aita Lizarraldek, 1918.eko ekainaren* 14ean, Heraldo Alavés egunkarian— Urangaren sentipen garden* eta leialek Zuloagaren sentsualitate lurkoiaren gainetik goraipatuak izan behar dute. Grinen maltzurkeriari eta arinkeriaren noragabekeriari ondotik doazkie kontzientzia ezin isildua eta kondairaren azken hitz zorrotza».


Uraren kutsadura

Oraingo honetan, uraren kutsadura* aztertzen hasiko naiz. Nire asmoa beldur ematea da, beldurtzen hasteko ordua heldu dela uste dut eta. Horregatik, gaur egun jazotzen ari diren gertakarietan oinharriturik, gizonak kontrol gabetarik* egiten dituen egintzek nora eraman gintzaketen adieraziko dizuet.

Petroliuntziak eta itsasoa

Has gaitezen datu azterketa batez.

1972. urtean, 170 milioi tonelada petrolio inguru izan ziren itsasoz garraiatuak.* Hauk* garraiatzean, bi edo bost milioi tonelada petrolio geratu izan ziren itsasoan. Petrolioaren galtze hau normaltzat hartzen da.

Ikus dezagun orain petrolio galtze honen zergatikoa.

Bidaia bakoitzean, 200.000 toneladatako petroliuntzi batek 300 tonelada inguru jaurtikitzen ditu itsasora. Honela, petrolio biltegiak garbitzeko aitzakiaz eta bestez, itsasoko 10 km2 zikintzen dira.

Ba dago lege bat, petroliuntzien garbiketa kostaldetik 50 milia baino urrunago egitea manatzen* duena. Hala ere, hainbeste kasutan frogatu* izan denez, kapitainek ez dute lege hori beti betetzen. Bestalde, lege hori bete arren, ez da ezer konpontzen, itsasoa berdin zikintzen baita; eta, gainera, itsas korronteek lagundurik, petrolioa kostaldera hel baitaiteke.

Gehiago oraindik. Gaur egun ez da gauza harrigarria, itsas istripuren* bat jazo dela entzutea. Makina bat petroliuntzi erdibitu izan da azken urteotan. Eta petrolioa parra parra galdu izan da itsasoan.

200.000 Tm-tako petroliuntzi batetan istripu gogorrik gerta baledi, itsasoko 10.000 km2 zikin litezke. Ohar gisa* esan dezagun, Gipuzkoa 2.000 km2tara ez dela heltzen. Bestalde, gaur egun 500.000 Tm-tako petroliuntziak daude; eta hauek sor ditzaketen problemak, askoz ere handiagoak dira.

Itsasoaren azala petrolioz betetzen ari zaigu. Orain dela guti, Thor Heyerdal izeneko gizon batek, Pazifiko itsasoa iragan zuenean, egun birik batez azalean petrolio uneak ikusi zituela jakin erazi zigun. Itsasoa, handia izan arren, gizonaren bidegabekerien efektuak sentitzen hasi da.

Itsasoaren garrantzia

Itsasoak bizitzaren zikloan duen garrantzia, ez duke* inork ukatzen. Han sortu zen bizitza, eta handik iragan zen lehorrera. Izaki bizidunek hain beharrezkoa dugun oxigenoaren sortzailerik garrantzitsuena, itsasoko fotoplanktona da. Hitz batez, bizidunok itsasoaren beharrean aurkitzen gara.

Bestalde, itsasoa klimaren faktore erregulatzaile nagusia da. Eta hau, urak beroa gordetzeko duen gaitasunari, uraren lurruntzeari eta ur korronteen eraginari zor diegu.

Itsasoaren heriotzea

Zoritxarrez, itsasora jaurtikitzen den petrolioak, bere dentsitatearen kausaz ur azalean geratzen denez, kalte handia egiten dio itsasoari.

Honela, gizonaren kontrolgabeko eta pentsatu gabeko jokabideak itsasoaren egintza ongileak deuseztatzen* ditu. Hogei urte barru, Mediterraneoa itsaso hila izanen dela dio Bombard jaunak. Eta, daramagun abiaduran, ez zaio arrazoinik falta.

Mediterraneoa ttikia da, eta, gainera, ia* hertsia,* hots,* ez du kasik komunikabiderik beste itsasoekin, Gibraltareko itsasateka oso meharra baita. Eta, hainbat eta hainbat hibai hil ditugularik, Mediterraneoa bera ere hil eginen zaigu.

Eta Mediterraneoa bere haserrea agertzen hasia da. Hor dugu, adibidez, ihaz Napoliko herrian gertaturiko kolera izurria. Izurri hura itsasoaren mendekutzat* har dezakegu. Gizonak itsasoan sorturiko kutsadura gizonaren aurka altxatu zen. Eta mendekuan itsasoko bizidunek hartu zuten parte, musilak* izan baitziren izurriaren garraiatzaileak.

Itsasoko ur kutsaduraren problema konponbidean jartzen ez badugu, honen antzeko gertakariak sarri ikusteko zorigaitza ukanen dugu.

Ondorioak

Gatozen orain Euskal Herrira. Negargarria da benetan gure hibaien egoera. Gehienak hilik daude. Eraleak* ba dakigu lantegiak izan direla. Eta, halarik ere, ez ditu inork haien makurkeria behar bezala gaitzesten* eta kondenatzen.

Zorionez, hibaiok nahiko ttikiak direnez gero, ba dugu oraindik geure okerra zuzentzeko parada.* Honi buruz, Londresko kasua aipatuko dugu. Hango hibaia —Tamis famatua— guztiz kutsaturik zegoen eta bertako uretan ez zen arrainik agertzen. Ingeles gobernuaren eraginez garbiketa sakona egin ondoren eta inguruko lantegiei kutsaduraren kontrako legeak bete eraziz, berriro ere garbi agertzen dira hango urak, eta berriz ere arrainak ikusten.

Baina gu euskaldunok burugogorregiak gara, antza:* gutietsi egiten dugu hibaien pozoinketa, eta ba dirudi itsasoak ere kutsatu gura ditugula. Bestela, nola uler, nuklear zentralei eman nahi zaien hedadura?

Itsasoaren kutsaduran eragipen* haundia ukanen dute nuklear zentralek. Eta kutsadura mota hau askoz ere arriskugarriagoa dela esan behar dugu, beronen iraupena askoz ere luzeagoa baita.

Atlantiko itsasoa handia dela uste dugu, eta uste horretan trankil bizi gara. Baina aintzina hibaiak ere handi gertatzen ziren, eta gaur egun ttiki geratu dira. Mediterraneoa handi gertatu izan da orain arte, eta ttiki geratzeko arriskutan dago. Nork diosku ez dela berdin jazoko Atlantikoarekin eta munduko itsaso guztiekin ere?

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

diegu, deutsegu

dio, deutso

ditzakete, daikeez

dizuet, deutsuet

gintzakete, gindeikeez

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zigun, euskun


Italiatik zenbait berri

Val d'Aosta

Val d'Aosta, Suizarekin eta Frantziarekin muga egiten duen Italiako eskualde* txiki bat da, Italian estatutu berezia dutenetariko bat. Estatutu honen 38. artikuluak dioenez, frantses eta italiano hizkuntzak parekotzat hartzen dira biak.

Eskolan, italianoak aina* ordu ditu frantsesak. Eskualdeko egunkari eta aldizkari erdiak frantsesez idatziak dira. Frantsesezko telebista jarri nahi dute orain. Honela esan du Eskualdeko Batzarrearen lehendakari den Dujany jaunak: «Nolatan* esan daiteke, kultura eta ohitura frantsesak babestu eta indartu nahi direla, guztion etxeetara italianoa bakarrik sartzen delarik?»

«FIAT» arriskutan

Italiako industria pribaturik handiena, dudarik gabe, FIAT da. Berrehun mila langile ditu eta ehun mila akziodun. Petrolioaren arazoaz, industria honetako kotxeen salmenta ikaragarriro jaitsi da: kanporako kotxeak 25%ez guttitu dira; Italia barnerakoak, berriz, 40%z. Sindikatuek eraginda eta Lanerako Ministruak «beharturik», langileekin kontratu berri bat egin dute, astuna benetan: 9.000 milioi gehiagoko kontua.

Kontratua izenpetu duen Umberto Agnelli, FIATen aministratzaile ordezkoak, eraman ezinezkotzat jo du zama* hau, Estatuaren laguntza eskatu beharrean aurkituko direla adieraziz. FIAT entrepresa pribatua Estatuaren eskuetan eror* daiteke, beraz. FIATeko lehendakari den Giovanni Agnellik, Gobernuaren buruzagiarekin eta Errepublikako lehendakariarekin elkar hizketak ukan* ondoren, zera adierazi du: urtebetez iraun dezakeela FIATek; gerora, ordea, ez dadukala inolaz ere zama hori eramaterik, egoera osoa aldatzen ez baldin bada. Horregatik, dirudienez, baldintza* zorrotzak jarri dizkio Gobernuari.

Italia eta Jugoslavia: mugen istilua

Munduko azken gerlaren ondorioz Venezia-Giuliaren zati handi bat kendu zion Jugoslaviak Italiari. Triesteko eskualdea, ordea, Triesteko Lurralde Librea bezala (Estatu berezi bat sortuz) eratu nahi izan zuten Aliatuek. Baina, azkenik, «A» alderdia Italiaren eta «B» alderdia Jugoslaviaren aministraziopean jarri zituzten.

Orain, bi alderdien mugan, kartelak jarri ditu Jugoslaviak, «Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federala» idatzirik. Italiak oso gaizki hartu du hau, Jugoslaviak «B» alderdiori* bere lurraldetzat jo nahi duelakoan.

Azken urteotan,* onak izan dira Italia eta Jugoslaviaren arteko harremanak. Orain, ordea, Estatu biak minduta dabiltza, istilu* hori dela bide. Hala ere, ez dirudi, ez batak eta ez besteak etenik sortu gura duenik.

Sardiniar herria

Oraintxe urtebete atera zen lehen aldiz aldizkari berri bat Sardinian,* «Su Populu Sardu» izenburuaz. Honela agertzen zuen bere asmoa: «Su Populu Sardu aldizkaria Sardiniako langile eta ikasleek sortu dute, herri langile osoari dagozkion arazo eta burruken berri emateko».

«Sardinia —irakurtzen dugu aldizkariaren lehen zenbakian— egoera tristean bizi da. Hemengo bizilagun asko eta asko kanporatu egiten da eta hauxe da galerarik handiena. Geure seme-alabak hazten ditugu; eta gero beren lana Europan zehar saldu beharrean gertatzen dira. Geure seme-alaben ordez militarrak eta polizgizonak bidaltzen dizkigute: kanporatu den langile bakoitzeko,* hiru militar edo polizgizon. Eta militarrok lurralde onenak berentzat harturik, bertoko bizilagunak kanpora behartzen dituzte lanketa*. Herri osoak hustu dira honela».

«La nostra cultura» izenburuko artikulu batek honela dio: «Sardiniar hizkuntza da gure herria alienaziotik begiratzeko* muga berezienetako bat. Hizkuntza propioa ez bagenu, horren* ardura handia izango ote litzateke, gure herria besteren eratara berdintzeko. Bere kultura zaintzen, lantzen eta sakontzen saiatu da Sardiniako Herria, atzerriko indar zapaltzaileen eta hauk* laguntzen* dituzten bertoko klase atzerakoien kontrako burrukaldiek daramaten* eta agertzen duten kultur mamiaz aberasturik».

Aita Saindua gaixorik

Azken unada* honetan gaixoaldi bat baino gehiago izan du Paulo VI.ak. Ba dabil hortik susmoa, sendaezinezko gaitzen bat ote duen, eta hilabete askotarako bizitza izango ez ote duen ere. Gauza jakina da, aspaldiskotik artrosi kezkagarri bat duela.

Hirurogeitamazazpi urte ditu Paulo VI.ak. Gaitz eta urte, hots eta boz, kristauak galdezka dabiltza: Zergatik ez ote du Aita Sainduak bere kargua uzten? Apezpikuei, behin 75 urtetaraz gero, beren kargua uzteko eskatu (agindu?) badie, zergatik ez du berak uzten? Hirurogeitamabost urte bete zituenean, bere ondorengoak urteen automatismoari ez lotzearren ez omen (!) zuen utzi; baina urteen automatismoari lotzea egokia ez baldin bada, ez ote da egokia gaitzaren indarrari eta kontzientziari nork bere burua eta besterena lotzea?

Dibortzioa eta Gigliola Cinquetti

Aurtengo «Eurobisioko Kantu Lehiaketa»n Italiak ere bere kantaria izan du: Gigliola Cinquetti. Saio hau, entzuteko eta ikusteko izan arren, Italian ez dugu oraindik ikusterik izan, eta ez dugu izango maiatzaren 12rarte.

Entzuna duzuenez, Cinquettiren kantua «si» hitzez josita dago. Eta aste hauetan «si» hitz horrek esannahi handia du Italian, «no» hitzaren kontra burruka bizian baitabil. Eta maiatzaren 12rarte ez dugu jakingo nork irabazi duen. Izan ere, egun horretan erabakiko da dibortzioarekiko referenduma, «si» (bai) edo «no» (ez) erantzunez. Horregatik, «si» hitz horrek duen indar politikoagatik, eta Italiako telebistaren dibortzioarekiko «neutraltasuna» gordetzearren, Italian ez dugu maiatzaren 12rarte «Eurobisioko Kantu Lehiaketa» ikusi ahalko.

M. PAGOLA

dagozkio, dagokioz

dezake, daike

die, deutse

dizkigute, deuskuez

dizkio, deutsoz

zion, eutson


"Brumaire-aren Hamazortzia" irakurriz

X. Kintanak euskaraturiko «Lan alokatua* eta kapitala»ren ondoren, LUR editorialak K. Marxen liburu berri bat eskaintzen digu oraingoan. «Louis Bonaparteren Brumaire-aren Hamazortzia» deritzan liburu honek euskal kulturgintza aberastu egiten duela nahi eta nahi ez aitortu behar. Eta hau bi arrazoinengatik, nik uste. Bata, Historiaren problematikari buruz liburu hau inportantea delako; eta bestea, euskara tekhnikoari buruz M. Onaindiaren itzulpenak garrantzia ba duelako.

Dakigun bezala, materialismo historikoa da Marxek aurkituriko «Kontinente berria» (Althusser-en hitzez). Ezen,* beronetan oinharriturik, historiazko kasu konkretu bat (1851.eko Coup d'Etat Frantzian) aztertzen baitu Marxek «Brumaire-aren Hamazortzia»n.

Denok ezagutzen dugu Marx «helduaren» historiari buruzko thesi famatua, kondaira klaseen arteko burrukak bortxatzen duela, halegia.* Gure artean, ostera,* historia gizonak egiten duela entzun ohi da maiztto.* Zertan gara? Nor da, adibidez, 1851.eko Coup d'Etat-aren errespontsable? Supergizon bat (Napoleon III.a) ala beste «zerbait» (klaseen arteko burruka)? Irakur dezagun, Marxek V. Hugori eta Proudhoni kontrajartzen dien thesia: «Nik, ordea, nola klase gatazkak, Frantzian, personaia arrunt* eta farregarri bati heroe rola jokatzen utziko zioten zirkunstantziak kreatu zituen erakusten dut» (Brumairearen 18a, 6. horrialdea).

Gauza bat dago argi. Marx gaztearen humanist girotik arras* bestelakoa dela Brumaire 18aren problematika. Gizarte harremanak, zirkunstantziak, klase kontzeptuak baititugu hemen aurkitzen. Beraz, 1845.eko «hausketa epistemologikoa»z gerokoa dugu berau.

 Brumaire 18a irakurtzea oinharrizkoa du, marxist methodoaz histori azterketak egin nahi dituenak.

Hurren pausoa «Kapitala» euskaratzea litzateke. (Bai urrats itzala* huraxe!). Baina, horretarako, oraingo nahaste-borrastetik jalgi* behar: euskara tekhniko (ala tekniko?) bakar, zehatz bat prestatu behar. Producción nola esan oraindik ez badakigu (ekoizpen, egintza, produkzio?), zer demontre egin behar du euskaratzaileak?

Honetaz, JAKIN editorialaren asmoak xit* inportanteak dirateke, euskara tekhnikoaren moldabehar honetan.

Honetara,* euskal terminologia batu bat, finkatuz gero, euskaldunok arinago ohituko ginateke zientzietako hizkuntzara, eta idazleen lana izugarriro erraztuko. Hildo* honetatik, Onaindiaren itzulpenari experimentu on bat deritzat.*

PERUGORRIA

dezagun, daigun

die, deutse

digu, deusku

zioten, eutsoen


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik, azken orduan ondoko berriok etorri dira gure idazkaritzara:

• Dolores Ibarruri, La Pasionaria, miss Mundu bezala maskaraturik, Barakaldoko plaza nagusian agertuko omen da maiatzaren lehenean eta mitin bat eginen du, bere denbora gloriosoetan bezala.

• Salesianoek beren kolegioetan euskara irakastea erabaki omen dute.

• Baserritarrei esnea Josafat baino lehen altxatuko omen diete. Noiz edo noiz behintzat.

• ANAITASUNAko bulegoa* garbitzen duen andreak, gure artxiboetan espia bat aurkitu duela deklaratu digu. Erratzaz* buruan jotzeko zegoenean, gizona leihotik egin zuen ihes OVNI batetan.

• Euskaltzaindian arkheologo bat aurkitu omen dute paper zaharren artean.

El Correo Español-ek euskarazko horrialde bat argitaratuko omen du urtean behin.

• Opus Dei-koak oposizioan omen daude.

• Jehovaren lekukoek* ez digutela hemendik aurrera alhamen* gehiagorik emanen deklaratu omen dute.

• Bilboko Gran Vian balea* bat ikusi omen dute bikiniz. Zertan ari zen galdetu diotenean, baleak, moralitate haundiz, berari ez zaiola streaking egitea gustatzen esan omen du.

• Unibertsitateko selektibitatea ez omen doa estatal kontrol bortitzago* bat ezartzera.

• Donostiako Buen Pastor ondoan pagoda bat eraikiko omen da laster.

• ...eta sar dadila kalabazan eta irten dadila Derioko plazan.

daude, dagoz

diete, deutsee

digu, deusku

digute, deuskue

diote, deutsoe

zaio, jako


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (39)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHANZTE, ahazte, olvidar.

AINA, adina, beste, bezainbeste, bezainbat.

AITZINAMENDU, aurrerapen, progreso.

AITZINATU, aurreratu.

ALDARRIKATZE, proclamar.

ALDATZEARREN, aldatzeagatik.

ALDERDIORI, la parte. (Artikulua bigarren mailakoa da).

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ALHAMEN, kalaka, lata, bavardage long et ennuyeux.

ALOKAIRU, aloger, soldata, jornal, salario.

ALOKATU, alquilado, loué.

ANDANA, cantidad, multitud.

ANTZ, parecido, semejanza, ressemblance. (ANTZA, antza denez, dirudienez).

ANTZERKI, teatro.

APAILATU, preparatu.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARBUIATU, despreciado.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARKAIKOI (arkaikokoi), arkaikozale.

ARMADA, harmada, ejército.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, osoki, zeharo.

ARRENKURA, inquietud, preocupación.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

ATERATU, atera, irten, jalgi.

ATERATZEN DENEKO, en cuanto sale, tan pronto sale. (ATERATZEN DENERAKO, para cuando salga).

ATONTZE, antolatze.

ATSEGIN HARTZE, complacerse. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

AUKERABIDE, opción, selección, selectividad.

AUSART, atrevido, osado, valiente.

AUSARTKI, valientemente.

AXOIA, ardura.

AZOKA, merkatu.

BA DENA, lo que ya es, lo que ya existe.

BAITAN, -gan.

BAIZEN, baizik, baino.

BAKOITZEKO, por cada uno.

BALDINTZA, condición.

BALEA, ballena.

BARNEGITURA, estructura interna.

BARRUTI, campo, dominio, jurisdicción.

BAT BEDERA, cada uno.

BATEN, bat.

BATERE, ezer.

BATZU, batzuk.

BATZUK, batzu, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEGIRA, guardarse, precaverse, preservar.

BEGIRATZE, zaintze, jagote; guardarse, precaverse, preservar.

BEHARI, ikusle, espectador.

BELAUNALDI, generación.

BENTURAZ, menturaz, tal vez, peut-être.

BERE, beren.

BESTE, inor.

BESTERIK, baino, baizen. (BAINO Bizkaian gehiago erabiltzen da).

BILAKATU, bihurtu.

BILKURA, bilera, reunión.

BORTITZ, fuerte.

BORTIZKI, fuertemente.

BOZ, voz, voix. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

BULEGO, oficina, bureau.

BURURATU, amaitu, bukatu.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARAKUSKIGU, erakusten digu (deusku).

DARAMA, daroa.

DARAMATE, daroe.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA, al da?

DELIBERA, decidir, resolver. (DELIBERATU, decidido, resuelto).

DERITZAT, deritzot, erizten diot (deutsat).

DEUS, ezer.

DEUSEZTATZE, deusezte, ezereztatze, destruir.

DIFERENTZIA, pendencia, altercado.

DITEZILA, daitezela.

DONIBANE LOHITZUNE, San Juan de Luz.

DONTSU, zorioneko. (Hitz hau holako kasuetan ironiaz erabiltzen da).

DUKE, du nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

DURUNDATZE, resonar.

EDIREITE, edirete, edirote, aurkitze.

EGIN, apostar, parier.

EGITEKO, problema, quehacer, quebradero de cabeza, lío, negocio.

EGOKIERA, acomodamiento.

EGOTZI, imputado, echado.

EGUNKARIORREN, del diario. (Artikulua bigarren mailakoa da).

EI, omen.

EKIN, dedicado, aplicado, entregado. (Aditz hau intrantsitiboa da, eta datiboa eskatzen du).

EMEKI, geldiro.

ERABAT, guztiz, osoki.

ERAGIPEN, influencia.

ERAKUNDE, institución, entidad, organización.

ERALE, matador, asesino. Harakina, erak (eran ezak) behia. Oihenarte, 30. 

EREDU, modelo.

EREMU, terreno, campo.

EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

EROSTA, deitore, lamento.

ERRAN, esan.

ERRATZ, erkatz, escoba, balai.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ESAMESA, erran-merran, habladuría.

ESKUALDE, comarca, región.

EZEN, ze, pues.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia.

GABETARIK, gabe, gaberik.

GAITZESTE, kondenatze.

GAKO, kako, untze, iltze, itze, quid de la cuestión, busilis.

GALDE, galdera, itaun, pregunta.

GARDEN, puro, diáfano, transparente.

GARRAIATU, acarreado, transportado. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

GAUDEZILA, gaudela.

GENUÈN, azentuak aditzaren erlatibotasuna adierazten du.

GISA, modu.

GOGOETA, reflexión.

GOGOETA EGITE, reflexionar.

GOGO HAR, hacer propósito, tomar resolución.

GOSALTZE, desayunar.

GUTIETSI, subestimado, menospreciado.

GUTIZ GEHIENAK, ia* guztiak.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

HARMADA, ejército.

HASERA, haste, hastapen, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTABIDE, opción, selección, selectividad.

HAZKUNTZA, desarrollo, développement.

HEDATU, zabaldu.

HERTSI hetsi, hitxi, cerrado, fermé.

HEZKUNTZA, educación.

HILDO, surco, sillon.

HIROS, iracundo.

HIZKIRIMIRI, chascarrillo, chiste, bon mot.

HONETARA, honela.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORREN... HANDI, tan grande.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

IA, kasik.

IDAZKARI, secretario.

IGURIKI, igurikatu, itxaron.

IHESI, fugitivo. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

IKERTU, aztertu.

IKUSGARRI, espectáculo.

ILKI, jalgi, irten, atera.

ILOBA, nieto.

INAUSI, podado, émondé.

INGURUNE, contorno, ambiente.

INKESTA, encuesta.

ISTILU, conflicto.

ISTRIPU, accidente.

ITAUNTZE, galdetze.

ITZAL, gaitz, eskerga, enorme.

JADANIK, ya.

JALGI, irten, urten, atera.

JARAMON, kasu.

JAUZKOR, propenso a saltar, irascible.

JAZOTZE, gertatze, agitze.

KANKAIL, kankailo, grandazo y destartalado.

KAUSITU, aurkitu.

KEZKATZENAGO, gehiago kezkatzen.

KILIKABERA, quisquilloso.

KONTRAKAR, oposición. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

KUTSADURA, contaminación.

LAGUNTZE, ayudar. (Aditz honek akusatiboa eskatzen du).

LANKETA, lan bila.

LANKETARI, buscador de trabajo.

LEHEN EKAI, lehen gai, materia prima.

LEKUKO, testigu.

LEZAN, leian. Pentsa lezan eskatuko nioke, le pediría que pensase. Pentsa dezan eskatzen diot, le pido que piense. Pentsa zezan eskatu nion, le pedí que pensase.

LIZATEKEIELA, litzatekeela.

MAIZ, sarri.

MAIZTTO, sarritto.

MANATZE, agintze.

MARGOKI, pintura, cuadro.

MARGOLARI, pintor.

MARRAZKI, dibujo, dessin.

MARRU, bramido, bramenent.

MATXINATU, amotinado, sublevado.

MEHAR, angosto, estrecho.

MEHATXU, amenaza.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MENDEKU, venganza.

MERKATALGO, comercio.

MEZU, mandatu, mensaje.

MUSILA, mejillón, mojojón, moule. (Ingelesez, mussel).

NABARI, evidente, notorio, patente.

NAGI, nagi izan, ser perezoso.

NAHI, nahi izan (ukan), querer.

NIK DAKITA, nik al dakit.

NOLATAN, nola, nolanik.

OHI, ex-.

OHIZKO, ohiko, habitual.

ONESTASUN, honestidad, honradez.

ORAINDAINO, oraindino, orain arte.

ORO, guzti.

ORO HAR, oro harturik, en conjunto.

ORRO, rugido, rugissement.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OTSAIL, febrero.

PAIRU, aguante, paciencia.

PARADA, aukera, era, ocasión.

PERIL, arrisku.

PERILOS, peligroso.

PRESUNA, pertsona.

PROMETA, prometer. (PROMETATU, prometido).

PROPAGANDARI, propagandista.

SALBUESPEN, excepción.

SARDINIA, Cerdeña.

SARTZEKE, sartu gabe.

SENTIBERAKERIA, sensiblería.

SERORA, sor, monja.

SIRENOTS (sirena + hots), sirenazo.

SOBERA, gehiegi, larregi.

SOTILTASUN, sutileza.

SUNTSITU, hondatu.

SUPERBIZIMEN, supervivencia.

TAXUGABEKO, absurdo.

TEKNEUSKARA (tekno + euskara), euskera de la técnica.

TRONPA, engañar. (TRONPATU, engañado).

TXUNDITU, durditu, turditu, aturdido, estupefacto.

UDALETXE, herriko etxe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKITZE, tocar, afectar. (Juramentuak Jainkoa bera bere presunan* ukitzen du. Axular, 170).

UKO, uko egin, renunciar.

UNADA (une + da), bolada, temporada.

URTEOTAN, en los años. (Artikulua bigarren mailakoa da).

XARMANT, encantador.

XEDE, asmo, helburu.

XIT, xitki, txito (txit + to), altamente, eminentemente. (XITU [xit + tu], sobrepasado, superado. Sententzia guztien gaineko sententzia, guztiak xitzen eta iragaiten dituena. Axular, 283. Zergatik ez dugu erabiltzen aditz hau euskara batuan?).

XUME, ttipi, txiki.

ZAMA, karga.

ZARETEA, al zarete?

ZÈN, Azentuak aditzaren erlatibotasuna adierazten du.

ZENTZATZE, entrar en razón.

ZERAUEN, zien (eutsen).

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZUKEEN, zuen nonbait.

ZURITZE, justificar, disculpar.

ZUZEN, eskubide.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

Zer erran nahi du, bada, hunek? Prometa igurikiko* zerauela* ehun eta hogoi urtez, eta ez iguriki ehunez baizen?* (81: 180-1).

Ba dirudi, hoberena lizatekeiela* behin erakustea eta aditzera ematea zein peril* handian dauden; eta gero apur bat absolbazinoaren luzatzea, eta erraitea doazila eta bihur ditezila* handik hamabortz egunen buruan; eta bitartean entseia ditezila bere* usantza gaixtoaren uztera. Eta gero bihurtzen direnean, edireiten* bada batere* utzi dutela eta uztera entseiatzen direla, orduan absolba, eta ez bertzela (178: 355-7).


Albistearen miztoa

Unibertsitaterako hautabidea

Unibertsitaterako hautabidea* hauzitan dabil. Unibertsitatea haziz eta haziz dator. Urte gutitan, guztiz ugaritu dira unibertsitariak. Eta beharrezkoa omen zen, Unibertsitatea jendekeria horietatik salbatzea. Baina nola? Hor zegoen gakoa.* Unibertsitarigaien artean hautabide bereziak sortu nahi dira, eta (Troncoso jaunak aipatu dituen Unibertsitateko «morralla» direlakoak ahantzi* gabe) Mayor Zaragoza jaunak eman zituen telebistan bere eritziak. Horrek piztu du eztabaida.

Zaragozako Doktore eta Lizentziatuen Kolegioak eman du bere eritzi jakingarria. Hautabide horren aurka da Kolegio hau, eta arrazoinak ere eman ditu: «Hemen dadukagun edukazio egoerak, taxugabeko* hautabide bat ezartzen du, lehen mailatik hasita. Eta aukerabide* hori ez da norberaren adimen gaitasunean finkatzen, familiaren giroan, norberaren gizarte jatorrian, baserrietatik ala hirietatik etortzean, ikastetxe pribatuetatik eta beste holako egoera berezietatik etortzean». Eta Zaragozako datu hauk* dakartzate. Zaragoza hiriko eta probintziako 14 urtetakoen artean, honela agertzen dira estatistikak: Zaragoza hiriko neska-mutiletatik 10%ek profesio hezkuntza* eskatzen du, 30%ek erdi mailako ikasketak, eta 60%k, berriz, Unibertsitate mailako ikasketak. Baina Zaragozako probintziara baldin bagoaz, datuok itzulipurdikatu egiten zaizkigu, gizarte giroz aldatzean: 60% dira profesio hezkuntza nahi dutenak, 30% erdi mailako ikasketak, eta 10% Unibertsitate estudioak gura dituztenak.

Hauk honela direla, ez dago gurdia idien aurretik ezartzerik, hots,* lege eta etsamina bidez egin nahi den hautabidea hasera* haseratik bertatik faltsukeria bat da. Estudianteen gizartezko aukera bera da konpondu behar dena. Gaixotasuna ez dago nik* dakita nongo Unibertsitatetako atarian, beste nonbait baino, herri, herrixka, hauzo eta familietan, alegia.* Gizartean egiten den hautabidea da zuzentasun osoaren kontra egiten dena; eta eztabaida Unibertsitate ataurrera eraman nahi izatea, itxurakeria da edo itsumena.

Balendin Zubiaurre, salgai

Azken hilabeteetan joan-etorri handia dabil Madrileko pintura azoketan.* Koadro asko ari da salmentara irteten. Margolari* horietan goiena jo dutenetako bat Balendin Zubiaurre izan da. Prezio onean saltzen dira orain Balendinen lanak, berdin margoki* nahiz marrazkiak.* Bere garaian ez zukeen* Zubiaurrek pentsatu ere, gaur hain harrera onik izatea. Balendinen «Arrantzale bikotea» saldu da orain (66 X 84 cm. ditu), eta diru ederrak eman ditu. Hogei mila pezetatan hasitako subastan, 320.000tan saldu da. Pozteko da, gure margolariak honelako estimazioa izatea. Ikusten da, Madrileko «marchant» horiek gure langileei poliki ateratzen dietela txanponik. Hemengo dirudunengandik ikasi ote dute?

Langileak eta Unibertsitatea

Madrileko Langile Kontseiluak zenbait eskabide egin ditu. Horietako batean, beren seme-alabentzat Unibertsitaterako egokiera* hobea eskatzen dute, hau da, gainerakoentzat ematen diren erraztasun berak. Eskea ona da, eta hobea izanen, eskatutakoa lortzen baldin badute.

«Russell» Tribunalea

Vietnamgo gerrateaz hainbat arduratu zen* Tribunale hau, berriz ere bildu da Erroman. Oraingoan Iberoamerikako hiru gobernabide izan dira salatuak: Chile, Brasil eta Uruguaykoak.

Epaileen artean ondoko jaunok egon dira: G. García Márquez (nobelaria), Amalia Fleming, Kastler (Nobel Saria), Lelio Basso eta bi teologo, bata katolikoa eta bestea protestantea. Bereziki Brasilgo Gobernuak daraman* politika errepresioa aztertu da. Horretarako, M. Arraes izan da testigurik argiena (Arraes senatorea Pernambucoko gobernari ohia* da). Arraes Algerian bizi da orain, 28 urtetarako epaitua izan ondoren. Brasilgo presondegietako tortura eta zigorketak azaldu ditu, zigorketa horietarako hango poliziak duen usarioa salatuz. Tribunalean beste salakuntza bat ere egin da: Brasilgo jende pobrea berriz ere zuzengabekeriaren zamapean* aurkitu da, lortutako hobekuntzaren irabaziak partitzean. Pobreek jendetzaren 60% osatzen dute; baina aurrerapenaren irabazietatik 25% bakarrik jasoko dute. Gora, beraz, Brasilen aitzinamendua.*

Berriz ere liberalismoa?

«Instituto de Estudios Políticos» delakoak ba du lehendakari berria: J. F. Fueyo Alvarez. Lehendakaritza hartzean, ohi den hitzaldia egin du Fueyo jaunak. Eta zera esan du, kultura eta politikarako behar diren baldintza* batzuk gogoratuz: «Adimendu zuzenak eta norberaren giza balioek eskatzen duten izpiritu liberalarekin jokatu beharra dago beti». Bai, bai! Ez zidaten niri holakorik irakatsi eskolan. Txarkeria guztien iturri lizuna genuen* liberalismoa izango ote da orain gidari? Zer dio Blas Piñar garbiak? Edo, onenean, «izpiritu liberal» hori guti batzuentzat erabiliz da ona? Erantzun beza, horretaz deus* konprenitzen duenak.

Egunkariak eta galderak

Egunkariek, ez pentsa, ba dakite galde* zorrotzik egiten. Aurreko batean, eguneroko ezagun batek albiste bat eta galdera bat ematen zituen elkarren ondoan. Albistea Logos agentziarena zen eta galdea Perich jaunarena. Berriak esaten zuenez, Añoveros apezpikuaren predikua tarteko zela, Burladako apez batek (Eujenio Lekunberri jaunak) esateko batzuk esan zituen. Norbaiti ez zitzaion ongi iruditu, eta 100.000 pezetatako zigorra ezarri zioten. Azpiko hizkirimian* hau agertzen zen: «Merezi ote dituzte, gero, jende horiek, beren onerako ezartzen dizkiegun sakrifizioak...?» Bibotedun jaun serios batek galdetzen zuen hori.

Alkate berria

Martxoaren azkenetan, donostiarrei alkate berria eman zaie, Lasa Etxarri jauna. Donostiar adiskide batek esan didanez, berak ez omen du aukeratu alkate berria.

Harmada eta politika

Coloma Gallego jeneralak aitormen batzuk* egin ditu, orain zenbait aste, Espainiako Harmadaren* arazoei buruz. Harmadako ofiziale gazteenak gogoratzean, hala zioen: «Harmada barnean, funtsezko* oinharrietan, pentsamendu batasun bat dago. (...). Harmada barnean ez daude politika jokaera desberdinak. Hobe da norberaren eginbeharrak betetzen saiatzea, beste nahaspiderik gabe. (...). Zentzu honetan, kontserbakorra da Harmada, eta Erresumako* oinharrizko legeek emandako ordenamenduaren gordetzaile. (...). Harmada eta gizartearen artean ez dago etenik. (...). Hirurehun ofiziale berritarako 1.200 ofizialegai izan ditugu, 2.000 eskeren artean aukeratuak». «La Actualidad Económica» aldizkariari eman dizkio berri hauk Ministru jaunak.

Joanes GOIA

beza, bei

dakartzate, dakarrez, ekartzen dituzte

diote, deutsoe

dit, deust

dizkiegu, deutseguz

dizkio, deutsoz

zaie, jake

zaizkigu, jakuz

zidaten, eusten

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon