ANAITASUNA

273. zenb.

1974.eko apirilaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Donostiako Euskal Kultur Mintegia

Orain dela bost bat urte sortu zen ikastetxe honetan —Donostiako Zuzenbide Fakultatean— euskaldunik ba ote den norbaitek galdetuko balu, ez ginateke gehiegi harrituko, izan ere euskaldungoa oraindaino ez baita nabarmendu.

Baina, gauza guztiei bezala, honi ere bere denbora eman behar zaio; eta ba dirudi, bere sasoia orain datorkiola.

Aurreko urteetan, euskarazko ikastaldiak eta alfabetatze kanpaina nahiko ondo joan ziren. Baina, unibertsital mailan geundenez, zertxobait gehiago nahi genuen; eta, hori dela bide, jendea biltzen eta geure gogo, ahalmen eta helburuak neurtzen hasi ginen urte sarreratik. Mugaketa batzuekin, hauk* dira, hitz bitan, gure orain arteko lorketa eta helburuak:

1. Hirurogei bat lagun dabiltza, euskarazko ikastaldiak ematen eta alfabetatze kanpainan lan egiten.

2. Onhartua izan da ofizialki, zuzendaritzaren aldetik, «Euskal Kultur Mintegia» (E.K.M.) elkartea.

Berrogeitamar bat lagunek osatuko dute oraingoz talde hau.

3. Elkarte honen ekintzak zuzentzeko, ba dugu gelatxo bat eta mintegi lanetarako behar genezakeen beste gelarik erabiltzeko baimena ere bai. Mural edo albistegi bat ere laster ukanen dugu geure eskuko.

4. Aurtengo ikastarorako bi mintegi antolatu dira: Euskal Herriko Kondairaz bata eta Kooperatibismoaz bestea.

5. Mintegi hauen barruan, gaiarekin zerikusia eduki dezaketen zenbait hitzaldi eratuko dira. Horretaz gainera, bizpahiru hitzaldi antolatu nahi genituzke, Fakultate osoari eta nahi duten guztiei irekiak izanen direnak.

6. Jaialdi berezi baten eraketa ere aurrerabidean doa.

Beste zenbait asmo eta helburu ere ba dugu geroari begira. Baina, oraingoz, ekintza hauk guztiok oinharri sendo batzuen gainean eraikitzen hasi behar dugu: hauxe da gure lehen jomuga. Beraz, gaurko albiste honek zera izan nahi du, elkarte berri baten jaiotzaren adierazpena eta ondorio aberatsak ekar ditzakeen talde baten asmoen agerpena.

Antton IBARGUREN


Literatur Sariak

«Toribio Altzaga» antzerki saria, 1974

Bizkaiko Aurrezki Kutxaren saria, Euskaltzaindiak eratua. Hona hemen sariketaren oinharriak:

1. Lanak euskaraz egina izan behar du, Euskaltzaindiak Arantzazuko bileran erabaki zuenaren arabera.

2. Egileak bere kabuz egindako lana. Ez da ontzat hartzen ez itzulpenik eta ez bestetatik egindako antolamenik.

3. Lanaren neurria libre uzten da, alde batetik makinaz idatzia, lerroune bat zuri utzirik, folio edo DIN A-4 paper neurrian.

4. Sari bakarra, Bizkaiko Aurrezki Kutxak jarritako 50.000 pezetatakoa, zati ezina.

5. Saria eman gabe geldi daiteke, epai mahaikoei hala iruditzen bazaie.

6. Lanak argitara gabea izan behar du, eta hiru kopia bidali behar dira Euskaltzaindiaren etxera (Academia de la Lengua Vasca, Ribera, 6. Bilbao-5) 1974.eko uztailaren 22rako. Lema batez izenpetua, eta lemaren giltza estalia, egilearen izen-deiturekin.

7. Epai mahaia Euskaltzaindiak izendatuko du.

8. Saria, urriaren 31n, Aurrezki Kutxen egunean emango da, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren etxean egingo den jaialdian.

9. Arau hauk interpretatzean sor litezkeen arazo guztiak, Euskaltzaindiak izendatuko duen epai mahaiak erabakiko ditu. Eta erabakiaren kontra ez dago inora joaterik.

«Xenpelar» saria, 1974

1974.eko «Xenpelar» saria, Donostiako Centro de Atracción y Turismo delakoaren laguntzarekin eta Euskaltzaindiaren ardurapean antolatu da, oinharri edo lege hauekin:

1. Hiru sari izango dira hiru bertso sail hoberenentzako: lehenari, 12.000 pezeta; bigarrenari, 8.000 pezeta; hirugarrenari, 5.000 pezeta.

2. Bertso sailak, argitaratuak izango dira. Berdin da, bertso paperetan, egunerokoetan, asterokoetan, hilabeterokoetan edo beste edozein aldizkaritan argitaratuak izatea.

4. Argitaratzeko epea: 1973.eko abuztuaren 15etik 1974.eko abuztuaren 15erarte.

5. Egileak bost ale bidaliko ditu helbide honetara: Academia de la Lengua Vasca, Ribera, 6. Bilbao-5.

6. Bidaltzeko epea: 1974.eko abuztuaren 31rarte.

7. Bertso saila noiz eta non argitaratu den, paperean saihets batean idatziko da.

8. Egileak, nahi dituen bertso sail guztiak bidal ditzake.

9. Epaileak, Euskaltzaindiak aukeratuak izango dira.

10. Sariak Donostiako Euskal Festetan banatuko dira.


Italiatik zenbait berri

Apezpikuen IV. Sinodua Erroman

Urte honen irailaren* 27an hasiko da Erroman Apezpikuen IV. Sinodua. Aurrekoak 1967.ean, 1969.ean eta 1971.ean izan ziren. Sinodu hauetan Konferentzia Episkopalen ordezkariak biltzen dira mundu guztitik Vatikanoko Kongregazioen buruekin batera.

Aurtengoaren gaia hauxe izanen da: "Gaurko munduaren ebanjelizazioa". Apezpikuen Konferentziek gai hau aztertua dute, bakoitzak bere lurraldeari begira; eta txostenak* Erromara bidaliak dituzte.

Etxegabeek elizak hartzen beren etxetzat

Erroma inguruan txabola (baracca) asko dago. Eta jende asko bizi da haietan, ordaintzeko moduko etxe baten zain. Azken aldian, ordea, etxegintzak atzera jo du. Eta orduan txaboletakoek, beren txabolak utzirik, Erroman hutsik dauden etxe dotoreak* hartu dituzte. Poliziak izan du lanik, haietatik botatzen; baina azkenik denak bota ditu.

Ez dira, ordea, beren txaboletara itzuli. Erromako zenbait eliza okupatu dituzte: S. Polikarpo, S. Joan Bosco, S. Pauloren Basilika handia. Azken honetan ba zeuden bostehun bat lagun. Hantxe jarri dute beren bizilekua, Basilikako txokoak, aitortegiak,* klaustrua eta abar beren etxetzat hartuz. Italiako poliziak ez daduka horra sartzerik, Vatikano Estatuaren lurra baita. Erromako Bikari* den Polletti Kardinalearekin hitz egitera bidali dute batzorde* bat, eta hauxe eskatu: Eliz institutuek beren lurraldeetatik utzi ditzatela batzuk,* etxe merkeak jasotzeko, langileek berek, hartzen dituzten alokairuez* errentak ordaintzeko modukoak.

Italia gobernu "berriaren" bila

Albiste hau argitaratu orduko, berriz ere eratua izango da Italian gobernu "zahar-berria". Izan ere, erori* den erdi-ezkertiar gobernua eratu nahi dute berriro. Kristau Demokraziak, Partidu Sozialistak, Partidu zozial Demokratak eta Partidu Errepublikanoak osatuko lukete.

Bai gobernukoek eta bai kontrakoek aitortzen dute, azken gerlatik* ukan* duen krisirik biziena eta latzena jasaten* ari dela Italia. Izan ere, ez da krisi politikoa bakarrik; krisi ekonomikoa dago oinharrian. Gerlatik hona Italiako lira ez da orain bezain behean egon, beste diruen aurrean. Aurreko gobernua eror erazi zuen azken gertaera, zera izan zen: La Malfa, Haziendako Ministrua, gobernutik irten egin zen, Nazioarteko Diru Kutxak Italiari 10.000.000 milioi lira prestatzean jarri zizkion baldintzen* hauzian, Giolitti ministruarekin bat ez zetorrelako.

Dibortzio Legearekiko referenduma

Dibortzioa onhartzen zuen legea, 1970.eko abenduan aprobatu zuen Parlamentuak. Lege horrek iraun behar duen ala ez erabakitzeko referenduma egingo da orain. Referendum honetan 37 milioitik gora lagunek hartuko dute parte: hau da, 21 urtez gorakoek.

Hau dela eta, apezpikuek, ageri* baten bidez, katoliko guztiei gogorarazten zieten, ezkontza hautsezina dela. Hala ere, referendumari buruz ez zuten inor legearen kontra behartzen. Baina legearen sortzaile nagusiak, Loris Fortuna jaunak, salatu egin ditu apezpikuak, ageri hura* ematean, konkordatua hautsi dutela eta. "Konkordatuak —esan du Fortunak— ez die apezei eta apezpikuei Estatuaren politikan nahasten uzten. Edo errespetatu egiten da konkordatua, edo bestela ezereztatu egin behar da, besteak betetzen ez duelako".

M. PAGOLA

daude, dagoz

die, deutse

ditzatela, daiezala

zeuden, egozan

zieten, eutseen

zizkion, eutsozan


Arrantzako kontraesanak

Arrantzaz ez gara sekula mintzatu, gai hori osoki hartzea eta aztertzea ez baita txantxetako gauza.

Arrantzale soil batekin izan ginen oraingo kinkaz* hitz egiten, eta hark eman zizkigun eritziak, interesgarriak direlakoan, azaltzera goaz.

Nahiz eta aldizkariek honetaz ez duten ezer esaten, ba dago istilu* bat arrantzale eta untzijabeen artean, untzirik itsasoratzen ez delako.

Arrantzaleek ez dute soldata seinalaturik. Arrantzan harrapatzen dutenetik, erdia untzijabeentzat da eta beste erdia arrantzaleentzat, hots,* arrantzako fruitutik erdia kapitalarentzat-eta beste erdia lanarentzat.

Urtean zehar, sasoin batzuetan arrain asko egoten da, beste batzuetan, ostera,* oso gutti. Arrain gutti dagoenean, arrantzaleak ez du interesik itsasora joateko, lehorrean orduka gehiago irabazten baitu; baina, untzijabeen eraginez,* itsasora joan behar izaten du. Hauxe gertatu da urtarril* eta otsailean;* baina datozen hilabeteak oso onak dira arrantzarako.

Untzijabeek, gasoilaren iganaldia ikusirik, grebaz* jokatzen dute horren kontra. Baina arrantzaleek ez dute zerikusirik gasoilaz; eta beldur dira, beren urteko diru sartze garrantzitsuenetako bat, ugazaben greba horregatik, ez ote zaien pikotara* joango.

Honelako kontraesanak, bai arrantzan eta bai industrian, ugari izango ditugu, lana eta kapitala jartzen dutenen artean bereizketa bat duguino.*

ARATZ

zaie, jake

zizkigun, euskuzan


Neure lantokitik

Adiskide garestiegiak

Bilboko egunkarietan irakurri dugunez, arabeak adiskide garestiegiak dira espainolentzat, Espainia baita Europako Estatuen artean petrolioa garestienik ordaintzen duena.

Honek esplikazio bat du: Espainiak bakarrean negoziatu duela arabeekin, eta beste europarrek elkarturik.

Batasunak berriro frogatu* digu bere balioa.

Europar hezkuntza

Merkatu Komuneko buruzagiek, 1972.eko uztailean,* Henri Janne jaunari ezarri zioten, europar hezkuntzaren* plangintza egiteko zeregina.

Hainbat pertsona eta erakunde* kontsultatu ondoren, Janne jaunak plangintza horren oinharriak presentatu ditu:

1. Historiazko textu liburuak aldatu egin behar lirateke, abertzaletasun gehiegikeriak eta gorroto iturriak baztertuz.

2. Historiazko liburuotan, gertakarien bilduma* hutsa bihur ez daitezen, beste gauza asko ere aztertu behar lirateke historiaren ikuspuntutik, bereziki ideologi korronte haundiak, zientziak, teknologia, lana, filosofia, erligioa, kultura, politika eta literatura.

3. Geografia, muga nazionalen gainditzea* lortzeko asmoz irakatsi behar litzateke.

4. Linguistika arloan, Europako hizkuntzek dituzten egitura* komunak batez ere azaldu behar lirateke.

5. Irakats bedi europar gizabidea,* pluralismoan eta demokrazian oinharriturik.

6. Beharbada, Europa osorako material pedagogikoa prestatuko lukeen erakunde bat sortzea komeni litzateke.

Salvador de Madariaga

Jaun honek noizean behin gauza bakanak* esaten ditu, Dali pintatzailearen antzera bere burua nabarmentzeko edo.

Madariaga jauna, euskal deitura eraman arren, ez da euskalduna eta ez da euskaldunon adiskide bezala agertzen; eta guk era berean ordaintzen diogu, bidezko den legez.*

«Alderdi» aldizkaria

«Alderdi» aldizkariak «Ukronia» ipuinari buruz idatzi omen du. Idatzi duena nik irakurri ez badut ere, uste dut, ipuin famatu hari akatsik franko aurkitu diokeela.* Baina, esan didatenez, gauza zuzenak ere ikusi ditu Kintanaren lan hartan; eta aitormen honek biziki ohoratzen du aldizkari hura,* jakituriaren iturria apaltasuna baita eta helburua lortzeko biderik egokiena nork bere hutsak ezagutzea.

Jubilatuak

Bilbo ondoko Zorrotzan, 80 urtetako gizon ezkondu bat bizi da, «Echevarria» fabrikako langile ohia.* Gaixorik dago, ez du ondo ikusten, lausoturik baititu begiak.

Beretzat eta bere emaztearentzat duen hilabeteroko pentsioa, 2.000 pezetatakoa da, besterik ez. Eskerrak, lau seme dituztela eta haien laguntzaz bizi ahal direla.

Zein triste den, aberats ez diren zaharren zortea!

Neuk ikusia

Hirurogei bat urtetako enplegatu batek, bulegoko* lana amaitzera zihoala, mahai gainean dituen paperak batzen ditu, eta kalera joateko gertatzen ari da. Nagusiak (ez ugazabak*) garrazki begiratzen dio, eta ba diotso modu txarrean: «Hiru minutu falta dira».

Enplegatuak, bere senetik* irtenda, honela erantzun zion: «Lacayo de la burguesía!» Ez noski, haren aurrean zegoela, alde egin zuenean baizik. Niri barregura etorri zitzaidan. Baina, astiro pentsatuz, esaldi horrek ba du mamirik. «Lacayo», guztiok dakizue zer den; eta «burgues», Arestik diosku bere «Hiztegi Tipia»n: «Oraingo klase sozialetatik gorena, zeinaren* eskuetan baitago ondasun publikoen jabetza pribatua».

Algortako ikastolaren alde

Algortako Gran Cinema-n, jaialdi ederra eskaini ziguten Lasarteko ikastolakoek. Aretoa* bete egin zen, eta orduterdiz berrogei bat mutiko eta neskatok liluratu* egin gintuzten beren kantu, dantza eta musika tresnekin. Oso egoki mutiko bertsolari bi haik,* hori baita bertso zaletasuna sortzeko biderik onena. Akatsak bilatzekotan, ene ustez, ekintza barreragile gehiago egin behar lukete, eta parte gehiago eskaini ikusleei, hauk* ere jaialdiaren barnean sar daitezen.

Euskararen balioa

Gaur goizean boltsako agente baten bulegora* joan behar ukan* dut, eta, han nengoela, adineko* bikote bat sartu da. Enplegatu bat hurbildu zaie, eta haiek euskaraz egin diote. Enplegatuak modu txarrean erantzun die, berak ez zekiela euskaraz eta ez zuela ikasteko gogorik ere. «Mejor aprender chino, pues el vascuence no sirve para nada», haren hitzak. Bikoteak nagusia etortzeko eskatu du, eta berau etorri denean, euskaldun enplegatu batekin berba egin nahi zuela esan dio. Neska bat etorri da, eta 1.700.000 pezetatako operazio bat burutu dute, euskaraz.

Neure lantokira itzulirik, gertakari honek zuei kontatzea merezi duela pentsatu dut, bertan puntu hauk ikusten baititut:

1. Euskarak ez du gaurko bizitzan baliorik. Horrela da egiaz, gure artean bizi diren askorentzat.

2. Boltsako agente harentzat, ordea, euskarak gaur balio bat eduki du, bere enplegatu euskaldunaren bidez 42.000 pezetatako komisioa lortu baitu.

3. Erdaraz idazten duten euskaldunentzat, euskarak ez omen du balio handirik (oraintsu argitaratu da, euskararen batasunari jazartzen* zaion liburu bat).

Ondorio bezala: euskarak ba du baliorik, guk euskaldunok euskaraz hitz egiten eta idazten dugunean. Beraz, ez da hizkuntzaren errua,* gurea baizik, euskarak gaur indar gehiagorik ez badu.

Euskal gramatika

JAKIN editoriala hasi da zabaltzen, Larresorok idatzi duen «Euskara Batua» gramatika liburua. Oso interesgarria eta beharrezkoa euskaldunontzat, batez ere aditz laguntzaile batua ondo ezagutzeko. Ezagutza hau nekerik gabe erdiets* daiteke, aditza hain ondo baitago presentatua.

Karl Marxen liburu bat

Lan hau amaitzera noala, LUR editorialak argitaraturiko liburu bat ekartzen dit postariak:* «Louis Bonaparteren 'Brumaire'aren hamazortzia», Mario Onaindiak euskaratua.

Oso interesgarria deritzat editorial horren lanari, alde batetik euskal idazleen lanak eta bestetik munduko idazle eta pentsalari famatuenen itzulpenak argitaratzen baititu.

Xabier Peñari omenaldia

Hogeitabost urtetan haren ikasle izan direnek, omenaldi bat eskainiko diote Xabier Peñari, apirilaren 28an.

Peña jaunak orain betetzen ditu 25 urte, Bilbon euskara irakasten diharduela; eta urte hauetan ehundaka dira, gazte eta adineko,* harekin euskara ikasi dutenak.

Euskal izenak

Zorionez euskal izenak modan daude. Joan den astean, Algortako parrokia batetan, hamaika umetarik hamarreri ipini diete euskal izena. Gurasoek euskal izenarekin euskaldun izana ere ematen badiete, Algorta euskaldun bihurtuko zaigu laster.

Xabier GEREÑO

didate, deuste

die, deutse

diete, deutsee

digu, deusku

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dit, deust

zaie, jake

zaigu, jaku

ziguten, euskuen

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaidan, jatan


Gure Munduko Albisteak

Celaren dimisioa

Camilo José Cela espainol idazle ezagunak bere dimisioa presentatu berri du Madrileko Atheneotik, heriotzeko kondenak ez zaizkiola inoiz gustatu esanez.

Dakikegunez,*, C. J. Cela Atheneoko buru izendatu izana zen oraintsu, eta Espainiako hiriburuko kultur erakunde* horretan katalan, galego eta euskarazko kathedra bana jarriak zituen.

Pompidou hil da

Monsieur Georges Pompidou, frantses Errepublikako presidentea hil berri zaigu apirilaren 2an, luzaro haren osasun txarraz zurrumurru asko ibili ondoren. Goian bego!

Heriotze honekin, gaullismoak bere buruzagi famatuenetako bat galdu du, eta zulo haundi bat utzi, agian* François Mitterrand sozialistaren faboretan.

Portugaldarrak, koloniak eta Espainia

Spínola jeneralaren liburua, Portugal e o futuro (= Portugal eta etorkizuna), izan da Portugaldar gobernuari aspaldi honetako iharroskadarik* haundienetako bat egin diona.

Liburu honetan esaten denez, Mozambike, Angola eta osterantzeko* portugaldar kolonietako gerra ezin konpon daiteke militar bidetik. Gerrillak erabat* birrintzerik ez dago. Horregatik, Portugali gelditzen zaiokeen bide bakarra hauxe dateke:* bere koloniei autodeterminazioa eskain, gero metropoliarekin federazio gisako* lotura bat lortzeko. Bestela ez duke* deus* onik lortuko, eta bai, segur aski,* den dena galduko, oraino gelditzen omen zaion nolabaiteko ohore hori ere barrenean sarturik. Gu, egia esan, beldur gara ez ote den honez gero beranduegi konponketa horietarako, Wiriyamuko gertatuak gertatu ondoren. Dena dela, Caetano jaunak, Portugaldar gobernuaren izenean, erabat kondenatu du Spínola jeneralaren proposamendua, hari bere kargu militarra kenduz.

«Koloniarik gabe —esan du Spínolak— aukera bakar hau genuke: pobretasuna ala Espainiapean zurrupatuak* izatea. Espainiarekiko lotura sakonago batek —segitzen du esaten Spínolak— are* ahulago* eginen gintuzke, demographia eta merkatal* gorabeherak beti espainolen alde baileudeke». Franco Nogueira jaunak, atzerritar arazoetarako portugaldar ministruak, bere aldetik areago* esan du: «Portugalek aspaldiko etsai bat du bere bizkarrean, edozein atxakiaz inbasio bat egiteko prest dagoena». Espainia, halegia.*

Portugal, XVII. mendean, Katalunia edo eta Euskal Herria bezalako loturekin loturik zegoen Gaztelako erresumarekin,* baina 1640. urtean —Spínolak dioenez— gaztelauen uztarritik askatu zen, bere etorkizuna libreki erabakitzeko. Ordutik hona Kataluniak eta Euskal Herriak espainiar Estatu barruan lortu duten egoera zoriontsuaren aurrean ez dakusagu* zergatik portugaldarrak Madrilez mesfidatzen diren. Ez baitago horretarako arrazoirik, halafede!

Estatu Batuetako euskaldunak lanean

Nevadako Unibertsitatetik Newsletter (= berrigutuna)* deritzon aldizkaritxo bat bidali digute ingelesez, Estatu Batuetako euskaldunen kultur albisteak dakarzkiguna.

Aldizkarion, Unibertsitateko ikasle-irakasleek euskaL kulturari buruz egindako lanak azaltzen dira, euskara ikasteko ikastaroak, euskal kulturazko liburu erosi eta bildu berriak, eta William A. Douglass eta Jon Bilbaoren The Basques in the New World (= Euskaldunak Mundu Berrian) izeneko liburuaren aipamen interesgarria.

Troncoso jaunaren deklarazioak

Martxoaren 10ean La Voz de Galicia egunkarian Educación y Ciencia-ko ordezkari probintzialak, Troncoso de Castro jaunak, Burgosen ETAko euskaldun terroristen kontra egindako judizioetan maiz* militar legegizon bezala parte hartuak, «Pedagogi Astea»ren bukaeran, beste zenbait gauzaren artean, hauk deklaratu zituen: «...Espainian dauden 145.000 unibertsitarietatik, 25.000k ez bestek egiten dute beren kurtsua garbiki [politikan nahasi gabe, halegia]; honek erakusten du, beste guztiak zaborra (= morralla) besterik ez direla, guri balio ez digutenak».

Euskal Herriari dagokionez, Troncoso jaunak, modu oso ekilibratu batez, euskaldunekin gabe,* diskriminazioa extremeño, andaluz, gaztelau, leondar eta galegoen artean obratzen dela salatu zuen irmoki,* kanpotik etorritako guztiei «chacurras» (txakurrak) izena ematen zaiela aipatuz. Bataiatzeko orduan ere, antzeko apartheid batez tratatuak omen dira.

Parrokietako ikastoletan dauden 20.000 haurrei, Euskal Herriaren hegoaldeko muga Espainia dela erakusten dietela esan zuen Troncoso jaunak, bai eta, zeruratu nahi badute, espainolei gorroto ukan* behar dietela ere.

Guk, egia esan, Euskal Herrian jaioak eta betidanik hemen bizi izan bagara ere, ez genekien honen guztionen berri; baina, Troncoso moduko jaun jurista batek dioenean, noski egia dateke,* holakoak esateko, jakina, froga* bortitzak* eduki behar baitituzke*. Froga horiekin, gainera, euskal arazo lotsagarri horik,* separatismoaren kontrako lehia* onez, hauzitegietara eramanen genituzke lehenbailehen, legeak, makurkeria ongi frogatu* horik behar bezala gaztiga ditzan.

Azken orduan prentsak esan duenez, ordea, Troncoso de Castro jauna bere kargutik kendua izan da.

Jesuiten bilera Loiolan

Martxoaren 30 eta 31n laurogei jesuita eta jesuitagai inguru bildu ziren Loiolan, Konpainiak euskal kulturari buruz zer erabaki hartu behar duen aztertzeko. Haiekin probintziala eta Konpainiako beste agintari batzuk ere egon ziren. Guztiok euskal kultura (hizkuntza bereziki) beren kolegio-irakastegietan indartzearen aldekoak izan arren, hurrengo bilera batzuetarako utzi zuten erabaki konkretuen hartzea.

Añoveros apezpikuaren artzan* gomendio* eta helburu euskaltzaleen ondoren, ba dirudi, jesuitak, Aita Sainduari ezeze,* apezpikuari ere obeditzeko gertu ditugula. Ea holaxe den beti euskal kulturaren onerako! Gu behintzat zain gaduzkate.

Leioako ikastolari multa bat

«Altzaga» ikastolari Leioako* udaletxeak 5.000 pezetako multa bat ipini berri dio, klaseak egiteko erosi, egokitu eta eraberritu duten etxera, baimenik eta paperik gabe, haurrak, arratsalde batez, sartu zituztelako.

Gero esanen dute, gure agintariek ikastolen kontrako amorrurik dutela! Nola ez, gauza hauetan legea behar bezala betetzen ez badugu! Eskerrak eman ditzatela ikastola horretakoek oraindik, 5.000 pezeta gabe,* 10.000, 25.000 edo 50.000 pezeta ipini ez dizkietelako, ongi merezirik baitzuketen.* Bai horixe!

«France» untziaren heriotzea

«France» gurutzuntzi* xelebrea, mundukorik haundiena (315 metro luze, 33 metro zabal, 30 korapilotako abiada eta 2.000 lagunentzako lekua) laster salduko omen da zatikatua izateko, aspaldion errentagarria ez delako.

Frantses xobinistentzat «France» gurutzuntzi luxozko hau beren Nazio haundi eta guztiahaldunaren symbolo bat zen: le «France» c'est la France zioten, «France» Frantzia bera da, halegia. Kolpe ederra, 1960.eko maiatzaren 11n de Gaulle jeneralaren aurrean itsasoratu zen untzi honentzat. Fin trixtea, benetan, «France»arena.

Donibaneko Udako Euskal Unibertsitateaz

Martxoaren 28an, Donostiako EUTGen, IKASeko arduradunen zuzendaritzapean, ikasle eta irakasle mordo bat bildu zen, aurtengo urrian Donibane Lohitzunen egiteko den Euskal Unibertsitatearen programma eratzeko.

Bilera interesgarri horretan, denen eritziak entzun ondoren, mintegi* berezi eta hitzaldi jeneralagoen arteko moldaketa bat egin zen, lehenak espezialitate bakoitzerako, eta bigarrenak jende guztientzat. Tokia, ihazkoa bera izanen da: Maurice Ravel ikastetxea.

Iraqeko kurduen barruka

Martxoaren 11n bukatu zen, BAAS alderdi gobernariak Iraqeko 1 500.000 kurduei autonomia emateko jarri zuen epea. Gobernuak egindako proposamendua, ordea, ez du Kurduen Alderdi Demokratikoak begi onez ikusi; eta beronen buruzagiak, Mullah Mustafa Barzanik, bere jarraitzaile ugariak berriro ere gonbidatu ditu burruka harmatura.

Gatazkarik* latzena sorterazi duen puntua, Kurdistanen geographiaren mugei dagokiena izan da, Kirkuk hiria, Iraqeko petrolio gehiena ematen duena, kurduek berena dela baitiote. Bagdadeko gobernu arabiarrak, ordea, ez die eskubide hori onhartu nahi.

Autonomi programma horretan, dena den, kurduera eskualde horretako hizkuntza ofiziala litzateke, baina arabezko eskolak ere egotekotan. Bertako gobernua asanblada* eta batzorde* betetzaile baten bidez eginen litzateke, Bagdadeko arabiar gobernuaren menean* biak. Kurduen Alderdi Demokratikoak projektu horri, autonomia gabe,* «gobernu lokal» huts bat deritzo, eta askatasun haundiago baten bila abiatu da burrukan.

Kurdistan, kurduen Herria, Turkia, Sobietar Batasuna, Iraq eta Iran artean zatikaturik dago. Hizkuntzaz kurduak indoeuroparrak dira, pertsiarren antzera; eta azken urteotan gogorki burrukatu dute beren nazional batasun eta askatasunaren alde.

Erdal idazleen aldeko laguntza

Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalak (Caja de Ahorros Municipal de Bilbao delakoak, halegia) aurten Euskaltzaindiari 50.000 pezeta eman dizkiola esan genuen aurreko zenbaki batetan. Laguntza hau, bestalde, gerra amaitu zenetik hona egin dion lehenbizikoa izan da.

 Gaztelaniazko idazleen faboretan, ordea, 500.000 pezetako sari bat jarri digu banku berberak oraintsu. Noski, diru hau banku honetan beren diruak daduzkaten bizkaitarrengandik atera da; eta, kontuak kontu, horra non garen geu, erdal literaturari sariak hain oparo* eskaintzen dizkiogunak. Bakoitzak pentsa beza zer egin dezakeen. Izan ere, ez dirudi gaur egun, gurean laguntzarik gehien behar dutenak espainolez idazten duten idazleak direnik. Ala bai?

Josu Arenazaren ama hil da

Donata Lekerikabeaskoa Gabiola, Josu Arenaza mediku eta euskaltzain laguntzailearen ama, apirilaren 3an hil da, 78 urte zituela. Goian bego.

Haren etxeko eta senide guztiei geure doluminak ematen dizkiegu bihotzez.

Azpeitian goardia zibil bat hila

Apirilaren 3an, Azpeitian, Gregorio Posada Zurrón jauna, 33 urtetakoa, herri hartako Informazio Zerbitzu taldeko burua bera, bi ezezagunek hil zuten metraileta tiroz.

Hiltzaileek, dirudienez, handik Vespa batez egin zuten ihes. Polizia haien atzetik dabil.

Iruinea: gizonaren ehiza

Apirilaren 2an, goizeko 11k aldean, gordetzen zen etxea ondo inguratu ondoren, tiroketa ikaragarri bat egon zen ETAko gazte baten kontra Iruineko kaleetan.

Polizia harmatua eta osterantzeko* agenteak, kaskoez eta tiroen kontrako jantziez horniturik, Jose Luis Iztueta Irisarri (21 urtetakoa) zegoen teilatura hasi ziren tiroka inguruko etxe eta teilatuetatik, mutilak pistola bat zuen eta. Tiroketa horretan gaztea, antza* denez, zaurtua* izan zen hanka batetan, ondorioz bostgarren pisutik patiora jausiz.* Une honetan Nafarroako Hospitalean dago, egoera oso txar batetan, polizia harmatuek ongi zaindurik.

Liburu berriak

«Louis Bonaparteren «Brumaire'aren 18a», Karl Marxek, LURen

Mario Onaindiak oso trebeki itzulirik, oraintsu agertu digu LUR editorialak Karl Marxen obra klasiko hau, gorabehera politiko berezi batzuetan pertsonaia ezteus* bat boterearen tontorreraino igan* daitekeela ezin hobeki darakuskiguna.*

Bibliographiarako: MARX, Karl: Louis Bonaparteren «Brumaire»aren hamazortzia, LUR ed., Bilbao (1973).

«Hablando con los vascos», Martín de Ugalde, ARIELen

Behin baino gehiagotan esanak gara, aurtengoa mirarien urtea dukegula.* Añoveros jaun apezpikuaren homiliaren ondoren, euskal akzioak aspaldixeon gorantz doazela esanen genuke. Areilza jaunak martxoaren 20ko ABCen egindako deklarazioen arauera* (geroago «lnformaciones»en berraipatuak eta laudatuak), euskal problemaren soluzioa, Sáinz poliziburuaren hitzez esateko, ez da polizi bidezkoa, eta nola edo halako autonomia bat eskatzera ausartzen da.

Giro honetan, Cuadernos para el Diálogoren gehigarria egoki etorri zen eta are* egokiago, ene eritzi apaleon, ARIEL editorialak oraintsu eskaini digun beste liburu hau. Martín de Ugalde idazle eta euskaltzain laguntzaileak —Espainiatik, dirudienez, persona non gratatzat jaurtikiak— moldatu du obra irakurgarri hau. Elkar hizketa bidez, batzuk luze xamarrak, zenbait euskal semek (euskaldunek eta baskoek) gaurko euskal problematikari buruz dituzten eritziak eta soluzioak agertzen dira, nork bere ikusmira ezberdinetik, baina guztiak oinharri komun eta zabal batetan finkaturik: Euskal Herriaren izatearen onhartzea eta beronen iraupen naturalaren (ez erdaldunki bestelakatuaren*) nahia.

Eta oinharri honi nahitaezkoa deritzogu, zeren*, honetaz, geure Herriaren nortasuna orain arte systematikoki ukatu diguten vasco horietakoek euskal problemaz deus* gutti baitute esatekorik.

Aita Barandiaran, Ramon de la Sota, Luis Mitxelena, Aita Arrupe, Isidoro Fagoaga eta Agustin Ibarrolak, nork bere erara, ideien panoramika interesgarri bat demaigute,* obra hau, zentsurak asko moztu arren, xit* baliagarri egiten duena. Ez beza, ez, Martín de Ugaldek batere damurik ukan* liburu honen argitaratzeaz. Bere fruituak laster ekarriko ditu; eta segur gaude, mirarien urte honetan, euskal arazoaren dibidendoek eskertu eginen diotela.

Hitz guttitan, guztiz irakurgarri deritzogun liburu bat, geure irakurle guztiei zin zinez* gomendatzen dieguna.

ARMENDARITZ (74-IV-4)

beza, bei

dezake, daike

die, deutse

diete, deutsee

digu, deusku

digute, deuskue

diegu, deutsegu

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

ditzan, daizan

ditzatela daiezala

dizkiegu, deutseguz

dizkiete, deutseez

dizkio, deutsoz

dizkiogu, deutsaguz

gaduzkate (gauzkate), gaukez

leudeke, legokez

zaie, jake

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkio, jakoz


Kristauak Sozialismo Bidetik

Ba da denbora, militarrek Allende bota zutela eta beraiek agintea hartu. Sozialismoaren bide berri bat etenda gelditu zen, eta Hego Amerikaren arnasa berri bat eta askoren itxaropen haundi bat itota. Hala ere, Chileko esperientziaren argitan sortu zen mugimendu bat ez da ito munduan, eta bai pizkortu eta indartu: hau da, «Cristianos para el Socialismo» edo Kristauak Sozialismo Bidetik mugimendua.

1971.eko apirilaren 16an, langileen artean bizi eta lan egiten duten 80 apezek ageri* bat zabaltzen dute («Laurogeien Ageria» deituko dena), sozialismoa eraikitzeko kristauek duten egitekoaz. Eta berehala sortzen da «Cristianos para el Socialismo» izeneko idazkaritza.* Zabaltasun handiagoa hartzen du mugimenduak, laikoak ere barnera bilduz.

1972.ean indartzen eta zabaltzen da bereziki mugimendu hau. Izan ere, sortuz geroztik urtebetera, Hego Amerikako beste berdin antzeko mugimendu batzuekin batera, Santiago de Chilen antolatzen da «Kristauak Sozialismo Bidetik» mugimenduaren nazioarteko bilera, 1972.eko apirilaren 23an. Lau mugimendu hauk* dira batez ere antolatzaileak: Chileko «Cristianos para el Socialismo», Peruko ONIS (Organización Nacional: Iglesia y Sociedad), Angentinako «Sacerdotes para el Tercer Mundo», Hego Amerikako ISAL (Iglesia y Sociedad en América Latina). Brasilgoak ezik, Hego Amerikako beste nazio guztietako ordezkariak bildu ziren Santiagon. Batzarkideen artean zegoen Mexikoko Sergio Méndez Arceo, Cuernavacako apezpikua ere. 400dik gora izan ziren bilduak; horietarik % 64 apez. Bileran parte hartu zuen Quebec-eko talde batek ere.

Kristautasunaren eta sozialismoaren arteko kidetasuna eta harremanak aztertzeko izan zen bilera hau. Chileko 80 apezek beren agerian honela zioten: «Kristau garenez, ez dugu kristautasunaren eta sozialismoaren artean etenik ikusten. Aitzitik,* Santiagoko Kardinaleak zioen bezala, sozialismoan, kapitalismoan baino ebanjeliozko balio gehiago dago». Honela, bada, Santiagoko bilera teologiazko azterketa bat egiteko izango da: ez, ordea, azterketa abstraktu bat, praksi edo ekintzatik abiatuko den teologiazko azterketa bat baizik. Honela, kristau bizitzaren eta kristau teologiaren ideologizatzea salatu nahi da azterketa horren bidez.

«Kristauak Sozialismo Bidetik» mugimenduak Amerikatik kanpora ere indarra hartzen du. Eta, hurrengo urtean, lehenbizi Espainiako Avilan ixilpeko bilera bat izanen da. Bilera honen berri haundirik ez da zabaltzen; baina garrantzi handia ukan* du, Chileko bileraren eta Boloniakoaren arteko zubi bezala.

Izan ere, 1973.eko irailaren* 21ean, Santiagoko izen berberaz, «Kristauak Sozialismoaren Bidetik» mugimenduaren hirugarren bilera egiten da Bolonian. Bi mila lagun inguru bildu ziren, hiru egunetako azterketa egiteko, Italiako egoerari begira batez ere. Sarrerako hitzaldia Giulio Girardik egin zuen. Bilera honen helburuak hauxek ziren: sozialista eta benetako elizkide izan daitekeela baieztatzea; politika aldetik delako mundu katoliko bakarra ez dagoela erakustea.

Bigarren helburu honek garrantzi handia du Italian, mundu katolikoa eta Kristau Demokrazia oraindik ere bata besteagandik bereizi ezinik bizi baitira, edo eta elkarri lotuta iraun nahian baitabiltza. Boloniako bileran Italiako kristau talde berri guztiek hartzen dute parte. Elizari buruz eta politikari buruz beren joera desberdinak badituzte ere, guztiak bat datoz, Kristau Demokraziaren eta Elizaren arteko loturen eten beharra aitortzean eta kristau bezala sozialismoaren bidetik jo nahian.

Boloniakoaren ondoren ez da mugimenduaren beste bilerarik gertatu. Chileko sozialismo bidea ere eten ote da? Ez dirudi, bide honen oinharriak ez baitaude herri bateko politikazko esperientzian, Ebanjelioan bertan eta kristau bizikera eta ikuskeran baizik.

Sozialismoa eta kristau fedea

Honela definitzen zuen G. Girardik sozialismoa: «Sozialismoak gizarte kapitalistaren eraberritze orokorra* nahi du, bai haren egituretan* eta bai haren kulturan. Eraberritze hori klaseen arteko burrukaren bidez egiten da. Sozialismoak, maila guztietan gizonen arteko nagusikeria eta elkar azpiratzeko nahia desegin gura du, herria bere historiaren egile izango den gizarte bat sortzeko». Sozialismoa ez da, beraz, kapitalismoa gizatiarragotuz, haren osagarri bezala datorren zerbait, kapitalismoaren ordez agertzen den zerbait berri baizik.

Elizaren sozial dotrinak irakatsi duen klaseartekotasuna ukatu egiten du sozialismo honek, klase baten hautapena* egiteko. Bestalde, sozialismoa ez da, kapitalismoari ekonomi aldetik bakarrik jartzen zaion ordezko bat. Ordezkotasun hori politika eta kultur arlora ere hedatzen* da. Honela, gizarte berri bat, gizarte sozialista bat bideratzeko eta lortzeko, bere kontribuzioa eman nahi du kristauak.

Gonzalo Arroyok, Santiagoko bileraren antolatzaileen buruak, Silva Enríquez Kardinaleari bilerarako deia bidali zionean, honek ezezkoa eman zuen, bilera hura* marxistatzat joz,* eta, prestaturiko txostenetan* agertzen zenez, azken azkenik kristautasuna ukatu egiten zela salatuz.

Antolatzaileek, Kardinaleari emandako erantzunean honela zioten: Bilerak ez lukeela zentzurik, kristautasuna ukatzekotan. Historiarekiko materialismoa, historia hori interpretatzeko zientziazko metodu bat dela, eta ez dagoela ez Jainkoa ez izpiritua ukatu beharrik. Azken askapena Kristogan dela aitortzen dute; baina horrek ez du esan nahi, gizarteko eta ekonomiazko askapena bilatzeko, aztergailu eta langailu gizatiarrak* erabili behar ez direnik.

Kristau izanik sozialista izan daitekeela, eta sozialista izanik kristau izan daitekeela baieztatu nahi dute. Areago,* sozialismoaren eta Ebanjelioaren artean kidetasun berezi bat somatzen dute. Eta kidetasun hauxe sakondu eta argitu nahi dute, hain zuzen ere.

Hala ere, ez dute beste Eliza bat sortu nahi, ez eta partidu berri bat. Ez dago kristau sozialismorik. Baina sozialismoak metodua eta bidea ematen dio kristauan, historiaren eta gizartearen azterketa egiteko. Horregatik, beren kristautasunetik abiatuta, sozialismora jotzen dutenek, hainbeste partidutan egin dezakete beren politikazko aukera. Ez dituzte, derrigorrez, beren sozialismoarekiko aukera eta beren kristau fedea elkarrekin lotu nahi: fedea ez da sozialista, ez eta sozialismoarekiko aukeraren justifikazioa ere. Ez dute, beraz, integrismo ezkertiar batetara erori nahi.

Baina ez dira banandu behar fedea eta politika. Sozialismoaren hautapenetik kanpora ez du jarri behar inork bere kristau fedea; aitzitik, hautapen horretatik bertatik, klase hautapenetik alegia,* berrinterpretatu eta bizi behar du nork bere kristau fedea. Fede hau ez da, ez, sozialista; baina berez eskatzen du, gizonen arteko zapalketaren kateak puskatzeko eginahal etengabea, honela mundu berri bat sortzeko. Beraz, beren fedean aurkitzen dute kristau askok sozialismo bidetik jotzeko indarra. Kristau fedetik sozialismora derrigorrezko biderik ez badago ere, ba da bien arteko kidetasun bat. Ez da, ordea, kristau fede «abstraktu» baten bidez sozialismoa epaitu behar, fede hori ideologia bihurtuz, hau da, norberaren politikazko hautapen eta ekintzatik kanpo dagoen zerbait bezala fedea hartuz. Fedeak ba du, edozein politikazko aukera eta ekintzari kritika egiteko indarra (eta hauxe litzateke, sozialismoari kristauak eskain liezaiokeen aportaziorik nagusiena); baina fede horren bizitasun eta indarra bera politikazko ekintzan agertzen eta mamitzen da.

«Kristauak Sozialismo Bidetik» eta gaurko eliza

G. Girardik, Boloniako bileran egindako hitzaldian, argi esan zuen: «Ez dugu Eliza berri bat sortu nahi». Hala ere, gaurko Eliza «ofizialaren» barnean, bestelako* aukera bat gertatzen* da mugimendu hau; hain zuzen ere, horixe izan nahi du: Elizaren barnean bestelako aukera bat.

Chilen, Kardinaleak, erantzun gogorttoa eman arren, ez zuen bilera kondenatu; eta harremanak bigundu eta leundu ere egin ziren geroztik. Bilera hartan bertan parte hartu zuen apezpiku batek. Boloniako bilerari buruz ez da agertu Italiako apezpikuen eritzirik. Honek guztionek ez du esan nahi, mugimendu hau Elizarekin polemikan ez dagoenik.

Lehen lehenik, Elizaren dotrina sozial delako hori ukatu egiten dute. Kapitalismoaren eta sozialismoaren artean beste indar sozial eta politiko bat sortu nahi izan du Elizak. Horretarako, klaseartekotasuna eta klaseen arteko bakea predikatu du. Baina azkenik kapitalisten eskuetara jausteko.* Horrexegatik, «Kristauak Sozialismo Bidetik» mugimenduak klaseartekotasun hori ukatu egiten du, eta kapitalismoaren kontrako aukera bakarra bezala sozialismoa aukeratu. Mugimendu honek ez du hirugarren indar bat izan nahi: sozialismoa aukeratu du, eta, kristau fedea eta guzti, beste ideologiarik duten sozialista guztiekin batera jokatuko du.

Honela, bada, sozialismo bidetik jo nahi duten kristauek erakunde* bat sortu baldin badute, behinbehingoa* bakarrik izan nahi du erakunde horrek, eta, hain zuzen ere, sozialismoaren eta kristau fedearen arteko problema teorikoak eta praktikoak aztertu, sakondu eta argitu ahal izateko.

Dena dela, «Kristauak Sozialismo Bidetik» mugimenduak kristau iraultzaileen bizitza, ekintza eta indarra jarri nahi ditu gizartean eta munduan, Elizaren nazioarteko diplomazi ekintza eta indar badaezpadakoaren* aurka bezala.

«Kristauak Sozialismo Bidetik» eta beste kristau elkarte berriak

Zer harreman du mugimendu honek, azken urteetan sortu diren kristau elkarte berriekin? Zalantzarik gabe, kristau elkarte hauetako askok politika eta gizarte ekintzan bizi nahi dute beren fedea; eta askok ezker aldetik jotzen dute, denak sozialismoraino heldu ez badira ere, eta, gizartearen azterketa egiteko metodu bezala, marxismoa erabiltzen ez duten arren. Honela, egiaz esan daiteke, «Kristauak Sozialismo Bidetik» mugimenduak beste kristau elkarte berrien dinamika biltzen, adierazten eta pizkortzen duela.

Hain zuzen ere, elkarte horik* gehienetan ttipiak izan ohi dira, eta ez dute beren kristau hautapenaren sustraiak, oinharriak, eskakizunak eta ondorioak sakonki aztertzeko eta eratzeko betarik.* Horregatik, elkarren arteko harremanak beharrezkoak dituzte, talde guztien artean Elizari eta kristau bizitzari ireki nahi dizkieten bide berriak argitzeko, eta benetan Elizan hautapen berri bat erakusteko.

Ba dago beste bereizgarri bat «Kristauak Sozialismo Bidetik» mugimenduaren eta kristau elkarte ttipi horien artean. Hain zuzen ere, hark mugimendu bat izan nahi du, kristau elkarterik dagoen edonon zabalduko dena. Ez du «eliteen» mugimendua izan gura, herriko jendeteria bilduko duena baizik. Sorreran, beharbada, ba zuen «elite» kutsua; baina berehala ohartu ziren, herriko jendeteriaren mugimendua izan behar zuela. Kristau elkarte ttipiak, berriz, «eliteen» elkarteak gertatzen* ari dira gehienetan, aukeratuen elkarteak, esan dezagun.

Gizarte berri baten bila, Elizaren bestelako aurpegi bat adierazi nahi du mugimendu honek. Eta Che Guevarak Hego Amerikari buruz zioenak, beharbada beste herrietarako ere ba du baliorik: «Kristauek iraultza osoaren alde jokatzeko kemena izango dutenean, Hego Amerikako iraultza ezingo du inork geldierazi».

Paulo AGIRREBALTZATEGI

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezakete, daikee

dio, deutso

dizkiete, deutseez

liezaioke, leiskio

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson

zioten, inoen, esaten zuten


"Euskara Batua zertan den" liburuaz

Bere 8. zenbakian Jakin editorialak Larresoro idazle ezagun eta langilearen liburu mardul hau eskaini digu, ordu askotako lanaren ondoren moldatua. Obra honetan Euskara Batuak orain arte egin duen bidearen historia azaltzen zaigu urratsez* urrats, Euskaltzaindiaren erabaki ofizial guztiak azalduz eta komentatuz. Aditzari dagokionez, bestalde, erroak, atzizkiak* eta aurrizkiak,* morphemak oro,* hitz batez, kolore ezberdinez ageri dira, ikaste lana erraxtuz. Azkenean, Euskaltzaindiak aurten erabakiko omen duenaren zain gelditzen bada ere, gure euskal herrietako leku izenak agertzen dizkigu, 1964.ean Baionako Euskal Idazkaritzak* proposatu zuen bezala.

Liburua oso ongi egina dago; eta ez da dudatzeko, arrakasta* handikoa izanen dela, alfabetatze lanetan dihardutenek biziki eskertuko baitute.

Zenbait punttuttotan, dena dela, ez gaude batera egilearekin; eta zilegi* bekigu berauk hemen azaltzea. Gure ustez, -au bukaera deklinazioan kontsonantetzat hartzeak ez du biderik ematen, auhen barik,* auen idatzi behar dela esateko, kontsonante ondoko h-ak kendu behar direla eta. Honetaz, idazle gehienen lanei begiratuz gero, Mitxelenak hitz elkartuei dagokienaz esaten (eta egiten) duenaren arauera,* ba dirudi gehienek oinharri, onhartu idazten dutela, azken hitzon itxura optikoa bere horretan kontserbatzeko, inguruko erdaretan: bonheur, malheur, malhechor, deshacer... egiten denez, haietan nh, lh eta sh kontsonante talderik ukan ez arren.

Kontsonante ondoko h-ak, bestetik, bi zentzu bereizten diren kasuetan —Larresorok berak maiz* egiten duenez— errespetatu beharko lirateke, salbuespentzat* harturik: eri «gaixo»/erhi (hatz(amar)», ero «zoro»/erho «hil» (azken biotan jatorriz hitza bera izan arren, usadio diferenteak dituenez gero). Dena dela, dozenerdi bat hitz besterik ez dirateke* guztiok, eta ez goaz horregatik larregi* mintzatzera.

39. horrialdean sibilanteez esaten denaz ez gaude hain konforme x/tx delako hauziaz. s-/-ts eta z-/-tz delako kasuetan bai, gauzak argi ditugu, baina bestean ez. Larresorok, nahi adina* hitz erakuts diezaguke s- eta z-az hasi eta -ts, -tz-az bukatzen direnak, baina ez, Bizkai-Gipuzkoan bederen, diminutibo izan gabe, x-az hasi eta -tx-az akabatzen direnetakoak. -tx bukaera arras* eskasa dugu euskalki guztietan, halafede. Legetzat ezarri nahi zaiguna, ene eritziz, iparraldekoen usadio oso mugatu bat besterik ez da, bizkaitar, gipuzkoar eta nafar gehienon kontra.

Erabilera horrek, bestalde, literatur hizkuntzari beste akats bat dakarkio: ñabardurarik* eza. Azal dezagun berau: zakur «normala»/xakur «ttikia» arteko bereizketak maila bi ematen digun artean, zakur «handia»/ txakur «normala»/xakur «ttikia, maitea» bereizteak hiru maila eskaintzen dizkigu, literatur hizkuntzan erabat baliagarri direnak. Bereizketa hirukoitz hau, bestalde, Mitxelenak berak bere Fonética Histórica Vasca-n dioenez, Gipuzkoako eta Nafarroako leku askotan egiten da, eta ez doa, bikoitza doan bezala, txalo, txori, txakur, txirla, txistu, tximist, txerto hitz hedatuenen* kontra. Noski, zenbait hitzetan, hala ere, ezingo litzateke mailaketa bera egin (zuri = txuri...); baina salbuespenok guttienak lirateke, ez erregela.

Ba du liburu honek, horregatik,* gauza guztiz txalogarri bat: egileak, arazo eztabaidagarrietan, idazle ezberdinen eritziak, maiz* uste propioen kontrakoak direnak, dakarzkigu, zintzoki azalduz gainera. Irakurleak, eritzi bakoitza zertan oinharritzen den ikusirik, gogoa gehiago betetzen diona hauta dezake, askatasun osoaz.

Aditzetan, akasño bat aipa genezake. Forma laguntzaileetatik irteten diren deribatuak ezartzean, orain arteko grammatika gehienek bezalaxe, hiru era azaltzen dizkigu Larresorok: hurbildu, hurbiltzen eta hurbilduko (naiz, nintzen, nintzateke...); laugarrena, hurbiltzeko, alegia,* ahantzi* zaio, bai eta —baina hau erabat* barkagarria da— bi deribatuok: hurbildua eta hurbiltzekoa. Erdaraz laugarren forma hau gutti erabiltzeak ez du esan nahi, nik uste, euskal grammatiketatik baztertu behar dugunik.

Euskaltzaindiak proposaturiko (ala Euskaltzaindiari proposaturiko?) hiztegia itzulpen bikoitzaz hornitu du, hura baliagarriagoa bihurtuz. Ez du hemen egin, ordea, inolako komentariorik, hori bere lana ez duelako ustez, agian arrazoiaz. Ba dago hiztegi horretan, ordea, orrazteko hainbat gauza: Zergatik hosto, baina gero orri, lehena bigarrenaren deribatu bat besterik ez bada, ho(rri)sto, alegia? Zergatik (h)ur «H20», zuberotar dialektalismoaren ezagugarri den h horrekin, inork gaur literaturan erabiltzen ez duena? Eta abar.

Azkenez, liburuaren banaketari gagozkiolarik, eskertzekoa da Arantzazuko txosten orijinala egilearen komentarioen ondoan jartzea; baina kontrastatzeko erraztasun hori, irakurtzeko gaiztasun bihurtzen da, liburua, zenbait pasartetan bederen,* nahaspilatsu xamarra geldituz.

Baina axaleko kontutxoak gorabehera,* obrari bere balioa ezertan kentzen ez diotenak, zin zinez* esan dezakegu, Larresororen liburu hau erabat lan serio eta baliosa dela: gure literatur hizkuntza, euskara, finkatzeko ahaleginetan egindako urrats* handi bat.

Xabier KINTANA

dezake, daike

dezakegu, daikegu

diezaguke, deiskigu

digu, deusku

diote, deutsoe

dizkigu, deuskuz

genezake, geinke

zaigu, jaku


Bibrazioak

Kutsadurari* buruzko artikulu sail honetan, inguruko naturari eta gizonen bizitzari kalte egin diezaieketen gauzak aztertu nahi ditut. Horregatik, zaratekin batera hirietan* maiz* jasan* behar ditugun bibrazioak aztertuko ditut oraingo honetan.

Bibradura zer den

Eguneroko hizkuntzan, bibradura dardararekin nahasten dugu sarritan. Zehazkiago esanik, bibradura, behin eta berriro gertatzen den joan-etorriko higidura* mota bat da, hots,* frekuentzia batez behin eta berriz jazotzen* den higidura mota bat.

Bibraduraren ezagugarririk* behinenak* frekuentzia eta anplitudea dira. Frekuentzia, denbora unitatean gertatzen diren joan-etorrien kopurua* da; eta anplitudea, higiduraren norainokoa edo zabalkundea da. Zenbat eta anplitudea handiago, hainbat eta bibrazioa ere handiago. Zenbat eta frekuentzia handiago, hainbat eta bibradura arinago.

Erresonantziak

Gorputz bakoitza, libreki bibratzean, frekuentzia berezi batzuez bibratzen da. Hau da, ez da edonolako* frekuentziaz bibratzen, bere handierari eta eiteari* dagozkien frekuentziez baizik.

Frekuentzia berezi horien kausaz, erresonantzia izeneko gertakari bitxia agitzen* da batzuetan. Ikus dezagun zer den hau.

Demagun, gorputz bat bibra erazi gura dugula. Edonolako frekuentzia ezartzen badiogu, bibraduraren anplitudea normala da, eta ez da ezer berezirik jazotzen. Baina ezartzen diogun bibrazioaren frekuentzia, gorputzari dagokionetarik bat bada, orduan anplitudea geroago eta handiagoa egiten da, eta balore izugarriak hartzera hel daiteke. Gertakari hau erresonantzia deitzen da.

Erresonantziaren kausaz, gauza harrigarriak gertatu izan dira. Hauxe, adibidez. Behin soldadu konpainia bat erritmoa gorderik hasi zen zubi bat pasatzen. Normalki zubiak erraz jasan zezakeen haien pisua. Baina, soldaduen erritmoa eta zubiaren bibratze frekuentzia berezia berdinak zirenez gero, zubia erresonantziaren efektuaz kraskatu egin zen eta hondatu.

Pertsonak eta bibrazioak

Beren lanean bibrazioak pairatu* behar dituzten pertsonek, gogorki sufritzen dituzte haien ondorioak: zorabioak,* arpak,* erhien* ukimenaren* galtzea, hezurren markestea,* urdaileko mina eta beste. Eritasun* hauk guztiok mailu pneumatikoez kaleak zulatzen dituzten langileengan agertzen dira.

Gertakari hauen aurrean, ikertzaileek* jakin nahi ukan* dute, pertsonek nola pairatzen eta irensten* dituzten bibrazioak.

Horretarako, gizonaren gorputza oinharrizko* bibratze sistemen multzo bat bezala kontsideratzen dute. Oinharrizko sistema bakoitza, erresorte* batek eta indargetzaile* batek osatzen dute. Honela eginik, giza gorputza, irudian agertzen den moduko robot batez adieraz daiteke.

Nolako erresorteak eta indargetzaileak jarri behar diren jakiteko, konparaketa batzuk* egin izan dira robotaren eta egiazko pertsonen konportamoldearen artean (libreki eta beren gogoz prestatutako pertsonez baliatuz, noski).

Robota ondo moldatua egon izan denean, era guztietako esperimentuak egin izan dira haren laguntzaz. Honela, gaur egun, batezbesteko gizonaren bibrazioen jasate modua ezagutzen dugu. Bai eta zeintzuk diren giza gorputzaren erresonantzi frekuentziak ere.

Bibrazioak gure eguneroko bizitzan

Hirietan* batez ere, bibrazio nekagarri batzuk jasan behar ukaten ditugu egunero. Kale bat zabaltzeko erabiltzen diren mailu pneumatikoak direla, edo etxe baten zimentarriak jartzeko zarta* erazten diren dinamitazko kartutxoak direla, edo beste gauzaren bat dela, asko sufritu behar dugu geure eguneroko bizitzan. Kasu hauetan guztiotan, geure protesten protestaz, bortxatu egin behar genituzke etxegileak eta abar, bibrazioak gutiagotzera. Izan ere, ba dira horretarako tresna egokiak, bibrazio aislatzaileak halegia.* Baina ba dirudi, gibelandiegiak garela, eta zaratak eta bibrazioak ixilik pairatzera etsituegiak.* Noiz hasiko ote gara, zarata eta bibrazioez arduratzen? Ba da ordua.

J. R. ETXEBARRIA

dezagun, daigun

diezaiekete, deiskioee

diogu, deutsagu

genituzke, geunkez

zezakeen, eikean


CFDT: Autogestioaren eta Programa Bateratuaren artean

Urtarrilaren* 24etik 28ra, Frantziako bigarren sindikatua den CFDTk bilkura* nagusia izan du Parisen. Behinola,* kristau sindikatua izanik, duela zenbait urte konfesionaltasuna baztertu egin zuen. CFDTk sozialismoaren hautapena* egina du aspalditik.

Oraingo bilkura honetan, CFDTren jokabide batzuk* garbi agertu dira.

CFDT, Alderdi Komunistak, Alderdi Sozialistak eta Ezkerreko Alderdi Radikalak antolaturiko programa bateratuaren aldeko da. Baina ez erabat* eta ez osoki. Lehen urrats* bat, edo, nahi bada, gaitz* erdi bat besterik ez da hori. CGT, sindikatu komunistak, ihazko hauteskundeetarako programa horri, hastapen beretik eman zion bere baietza. Ez holakorik CFDTk.

Ihazko azken hilabeteetako merkatarien* lanuztea zela eta, kalera irten* behar zela erabaki zenean, CFDT ez zegoen oso ados.* CGTren kontrara. "Alliance contre nature" zen hura,* CFDTren ustetan. Ez zegoen han klase batasunik.

Sindikatu honen epaiketaren arabera,* gaur Alderdi Komunistak eta CGTk daramaten* burruka, monopolioen kontrakoa da, eta ez antikapitalista. Bestalde, orain oraingoz hauentzat lehen helburua agintea hartzea delako, hauen estrategia hau da: haserretu —edo pozik ez dauden— guztien elkartzea, hauteskundeetan programa bateratuaren garaitzapenerako.

Analisi horren arauez, CFDTk sindikatuaren burrukaren berezitasuna eta autonomia azpimarkatzen du, politikazko dimentsioa ukatu gabe. Sindikatua ez da politikazko alderdien zerbitzari, ez eta "courroie* de transmission" ere:

"Herriko indar guztien batasunbide ezin liteke holako programa bat izan, zeren eta antolamendu sindikal baten izatea ez baita gobernatzea, baizik eta langileen nahikundeak aurrera eramatea beti, gizarte harremanak eta pentsaerak aldatzea beti, erakundeen* eta ezarritako egituren* mugak gainezkatzea etengabe".

CFDTk eskua luzatzen dio GGTri. Zertarako? Sindikatuen autonomian oinharrituriko plataforma bat egin ahal izateko. Zer erantzungo ote dio CGTk?

Funtsean,* Programa Bateratu horrek ekar dezakeen aginte moduaz ba du mesfidantzarik CFDTk. Oraingoa baino hobea izanen dela? Zalantzarik ez horretaz.

Ezkerraren programa hori autogestioaren izenean kritikatu du gogorki CFDTk. Edozein sozialismorekin ez dago ados. Bilkura honetan ere, "indar autogestiozaleen bateratasun gehiago" proposatu du. Eta hori, gizarteari benetako hautakizun* demokratiko eta sozialista eskaini ahal izateko. Hautakizun hori, Edmond Maire sekretariaren* eritziz, autogestiozko sozialismoarena da, dudarik gabe.

Joan Mari TORREALDAI

dezake, daike

dio, deutso

zion, eutson


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik azken orduan jakin dugunez:

• Espainia Euskal Herriaren existentziaz oraintsu konturatu dela eta, Madrileko bidai agentzia ezagun batek turistentzat safari batzuk eratzeko asmoa du, haietan Gernikako arbola, euskal jai bat (rara avis), zenbait baserritar autoktono eta basati eta, suertatzen bada, Varduliako bankuaren atraku klasiko bat ikusteko paradaz. Programma horrekin ez da dudatzekoa, jende ugari etorriko zaigunik, euskaldunok ozeniarrak baino ezezagunagoak eta pitxiagoak izanki.

• Ipar Euskal Herrian, Guy Petit jaunak turismoa erakartzeko planarekin bat etorririk, zenbait ihesegile politikok, datorren udarako, metrailetadantza, grebalari* dantza eta eskubonbadantza bizkaitarra presentatuko omen dituzte, jantzi koloreztatu eta tresneria folklorikoekin. Horretarako, gainera, frantses Gobernuari dirulaguntza bat eskatu omen diote.

• Euskal Unibertsitatearen projektuaren aurrean, Valladolid eta Salamancako ostatu eta apupiletxeek gobernuari protesta bat igorri* omen diote, guztiz kezkaturik. Antza* denez, Euskal Unibertsitatea eginez gero, nondik biziko lirateke jende ondratu* guztiok? Hona, ba,* kakoa! Gobernuak, berriz, trankil egoteko erantzun omen die, Euskal Unibertsitatea, Donibane Lohitzunekoaz kanpo, ez dakiela ezer esanik.

• Zenbait idazle gazte bihurri eta jainkogabe garbi horietariko batzuek, hurrengo Agirre eta Lekube'tar Joseba Andoni Saria zein fraideri emango ote zaion eztabaidatzen omen dihardute. Ba dira, ordea, ezein* fraideri gabe, Andre Dona Zezilia martiriaren bizitza guztiz lastimosoa-ren egile laikoari emanen zaiola diotenik ere. Auskalo*!

• Aspaldion zenbait familia handikitan ere modan jarri denez, mihi* gaiztoek Kissinger jauna Bazko Erramu baino lehen ezkondu dela diote. Ui, ui, ui!

• Aurten Euskal Herriko esnea (txarra, noski) gutituz omen doa. Hala biz*!

die, deutse

diote, deutsoe

zaio, jako


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (38)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADINA, aina, beste, bezainbeste, bezainbat.

ADOS, conforme.

AGERI, documento público.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGITZE, gertatze, jazotze.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHUL, makal.

AITORTEGI, confesionario.

AITZINEAN, aurrean.

AITZITIK, al contrario.

ALDI, papel, rol.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU aloger, soldata, jornal.

ANTZ semejanza, parecido, ressemblance. (Antza denez + dirudienez).

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARPA, calambre, crampe.

ARRAIKI, afablemente.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRANTZA, rebuzno, braiment.

ARRAS, guztiz, osoki, zeharo.

ARRENKURA, queja.

ARTZAN, pastoral.

ASANBLADA, asamblea.

ASKI, nahiko.

ATALAGA, (atari + haga), tranca de puerta, barre de porte.

ATZIZKI, sufijo.

AURRIZKI, prefijo.

AUSAZ, probablemente.

AUSKALO, batek daki, a buscarlo.

AXOLATZE, arduratze.

BA, bada, pues.

BADAEZPADAKO, de dudoso valor.

BAKAN, raro.

BALDINTZA, condición.

BARIK, gabe, en lugar de, au lieu de.

BATEZBESTEKO, banabesteko, promedio.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, batzu, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHAZTOPA, tropezar.

BEHINBEHINGO, provisional.

BEHINEN, principal, primordial.

BEHINOLA, behiala, en otro tiempo.

BENTURAZ, tal vez, peut-être.

BERE, beren.

BEREBIZIKO, apropiado, pintiparado, adecuado a propósito.

BERRIGUTUN, berri eskutitz.

BESTELAKO, osterantzeko, diferente.

BESTELAKATU, alienado.

BETA, asti.

BIKARI, vicario (BIKALGO, vicaría, vicariato).

BILDUMA, colección.

BILKURA, bilera, reunión, congreso.

BIZ, izan bedi.

BORTITZ, fuerte.

BULEGO, oficina, bureau.

BURDUNTZI, burruntzi, asador, rotissoire.

BURUTAN ATERA, sacar adelante.

COURROIE, correa.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARAKUSKIGU, erakusten digu (deusku).

DARAMATE, daroe.

DARIO, le fluye, le mana. (Erion aditzaren forma).

DARRAIO, jarraitzen zaio (jako).

DATEKE, da nonbait.

DELIBERA, erabaki.

DEMAGUN, eman dezagun (daigun), supongamos.

DEMAIGUTE, ematen digute (deuskue).

DEUS, ezer.

DIOKE, dio (deutso) nonbait.

DIRATEKE, dira nonbait, deben de ser, serán.

DITUZKE, ditu nonbait.

DOTORE, elegante.

DUGUINO, dugun bitartean.

DUKE, du nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

EDEKI, ken, quitar.

EDONOLAKO, edozelako, nolanahiko.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EHIZA ihizi, caza, chasse.

EITE, forma geométrica.

ELABERRI, novela, roman.

ERABAT guztiz, osoki, zeharo.

ERABATEKO, total, completo.

ERAGIN, influencia, impulso, coacción.

ERAITS, jaits eraz, hacer bajar derribar.

ERAKUNDE, organismo, organización, entidad.

ERDIETS, lor, conseguir, lograr.

ERHI, dedo, doigt. (ERI, enfermo).

ERITASUN, enfermedad.

ERORI, jausi.

ERRESORTE, muelle.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ERRU, hoben.

ETSIPEN, desesperación, desilusión.

ETSITU, resignado. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

EZ (EDUKI), no tener.

EZEIN, alguno.

EZAGUGARRI, característica.

EZTEUS, inútil, incapaz.

FROGA, prueba.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo, sustancia.

GABE, en lugar de, au lieu de.

GAINDITZE, superar, pasar por alto.

GAITZ ERDI, mal menor.

GATAZKA, conflicto, debate, disputa.

GAUDEZILA, gaudela.

GERLA, gerra.

GERTATZE, resultar.

GISA, era, modu.

GIZABIDE, conducta humana, modo de comportarse las personas.

GIZAKOTE, hombrachón.

GIZATIAR, humano.

GIZATIARRAGOTU, hecho más humano.

GOGO, propósito.

GOMENDIO, recomendación.

GORABEHERA, a pesar de, malgré.

GREBA, huelga.

GREBALARI, grebari, huelguista.

GURUTZUNTZI, crucero.

GUTIZIA, apetencia, deseo.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HAINTZAKOTZAT, en consideración.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HALTZARI, mueble.

HASTANTZE, apartar.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAKIZUN, alternativa.

HAUTAPEN, opción, elección.

HEDATU, zabaldu.

HEDATZE, zabaltze.

HERABE, uzkur, tímido.

HERRESTATU, arrastrado.

HERTS, cerrar, fermer.

HERTSADURA, presión.

HERTSI, hetsi, hitxi.

HEZKUNTZA, educación.

HIGIDURA, movimiento físico.

HIRI, ciudad.

HOBEN, erru, kulpa.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORREGATIK, hori gorabehera, horregatio, a pesar de eso.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IDAZKARITZA, sekretalgo, secretariado.

IGAN, igon, igo.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IHARROSKADA, iharrosaldi, sacudida, conmoción.

IHIZI, pieza cazada.

IHIZTATZE, cazar, chasser.

IKERTZAILE, investigador.

ILKI, jalgi, irten, atera.

INDARGETZAILE, amortiguador.

IRAIL, septiembre.

IRENSTE, absorber.

IRMOKI, irmeki, fermuki, firmemente.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

IRTETE, urtete, ateratze, jalgitze. (Ez da esan behar irtetze).

ISTILU, conflicto.

IZATU, izan, sido.

JADANIK, ya.

JASAN, soportar, sufrir; soportado, sufrido.

JASATE, soportar, sufrir.

JAUSI, erori.

JAUSTE, erortze.

JAZARTZE, atacar.

JAZOTZE, gertatze, agitze.

JO, considerar. (Bazterreaz gero, kosta joz gero, ez da gobernatzerik, Axular, 145). Ene ustez, joaz, ikusiaz eta abar ez lirateke erabili behar euskara batuan, joz, ikusiz eta abar baizik.

KAKARAKA, cacareo, gloussement.

KIDA, gida, guiar.

KILIKA, excitación.

KINKA, situación crítica.

KOAITA, cuita, anxiété.

KOPURU, número total.

KUTSADURA, contaminación.

LARREGI, lar, gehiegi, sobera.

LASTER, laster egin, correr, apresurarse.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIA, celo.

LEIOA, Lejoa, Lejona.

LEIZE, leze, caverna, sima.

LEKUKO, testigu.

LILURATU, encantado, fascinado.

MAIZ, sarri, sarritan, usu.

MALGU, hacer flexible. (MALGUTU, hecho flexible).

MARKESTE, markets bihurtze, deformarse, deformación.

MARMAR, murmujeo, marmottement.

MARRU, bramido, bramement.

MEHATXURTIKA, mehatxu + urtika, lanzando amenazas.

MEN, poder, jurisdicción, autoridad. (MENDEAN, en el siglo).

MERKATAL, comercial.

MERKATARI, comerciante.

MIHI, mihin, lengua.

MIKO, apur, pixka.

MINTEGI, seminario.

MURRUSA, mugido, mugissement.

NAHI, nahi izan (ukan), querer.

NAGI, nagi izan, ser perezoso.

ÑABARDURA, matiz, nuance.

OHI, izandako. (Maisu ohia = ex-maestro).

OIHU, oihu egin, gritar.

OINHARRIZKO, elemental.

OLDE, instinto.

ONDIKO, infortunio.

ONDRATU, prestu, honrado, honorable.

ON EDUKI, mantener, sostener.

OPARO, abundantemente, profusamente.

ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).

ORO, guzti.

OROKOR, general.

ORRO, rugido, rugissement.

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OSTERANTZEKO, diverso, distinto.

OTSAIL, febrero.

PAIRATU, sufrido.

PARADA, abagadune, aukera, era, ereti, ocasión.

PAUSA, descansar, reposar.

PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio). Pikotara joan = ir al traste, ir a la picota.

POSTARI, cartero, facteur.

PROMETA, prometer. (PROMETATU, prometido).

SALBUESPEN, excepción.

SEKRETARI, secretario. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

SEN, juicio, estado normal.

TAILU, taxu, clase.

TXALMA, xalma, albarda, bât.

TXOSTEN, idazlan.

UGAZABA, jabe, amo, dueño, maître.

UHIN, olatu, ola, vague.

UKIMEN, sentido del tacto.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso.

URRUMA, lamento.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTAIL, julio.

XIT, alto, altamente, eminentemente. (Pilotak xitu [xit + tu] egin nau, me ha sobrepasado la pelota. Neskatila xito [xit + to] ederra, muchacha eminentemente hermosa).

ZAIOKE, zaio nonbait.

ZAMA, karga.

ZARTA, explotar (ZARTATU, explotado).

ZAURTU, zauritu.

ZEINAREN, cuyo, del cual.

ZEREN, ze, pues.

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZORABIO, vértigo.

ZUKETEN, zuten (eben) nonbait.

ZURRUNGA, ronquido, ronflement.

ZURRUPATU, absorbido, sorbido.


Ikas zeure hizkuntza

Aditz infinitiboa Axularrengan

Zure etxea, egon eta ibili zaren leku guztietan, betiere izatu* da euskaldunen etxea, pausalekua eta portua: Guztiek zuregana laster.* Zuri bere arrenkurak, egitekoak, koaitak* eta ondikoak* konta. Eta zuk guztiak arraiki eta alegeraki errezibi, zuhurki kontseila, kida,* goberna, eta burutan* atera (2: 42-17).

Jaunak eman, Jaunak edeki,* Jaunak plazer zuen bezala egin da. Biz,* bada, Jaunaren izena benedikatu (203: 401-13).

Akusatu zuten (fraide gazte bat) bi lekukok* abadearen aitzinean,* abadearekin berarekin aditurik. Akusatuak uka, oihu, faltso zela, gezurra zela, ez zela halakorik, ez zuela hobenik. Baina lekukoek mantena, on eduki, hala zela (249: 489-11).

Hala dira, bada, jende tailu batzuk ere Hasten dira ongi, ordea ez dira aitzinatzen: den traburik ttipienean behaztopa*; kanabera bezala malgu* eta plega; kamaleona bezanbatetan muta; finean firmetasunik ez,* hoberenean falta (297: 583-14).


Frantziako filmegile berriak

Lehengo batetan Pariseko sentsazio literario bat aipatu nuen hemen berton. Milan Kundera-ren «La vie est ailleurs» elaberria,* Prix Medicis. Bat ezezik, oraingoan bi sentsazio aipatu beharrean nagokizu. Film industrian hauk.* Aitortu beharrean bainago, elaberri hura* irakurtzen ari nintzelarik, ezin nuela Claude Faraldo-ren «Themroc» filmea burutik kendu. Eta filme honek Jean Eustache-ren «La maman et la putain» aipatzea eskatzen du. Hirurok bata bestearen eskutik datozkigu.

Egungo iraultzazale gazteek sarri aipatzen dituzte errepresio seksuala, askatasun seksuala, seksuaren emantzipazioa eta gainerakoak. Freudo-marxismoaren kanpainak nondiknahi entzuten dira. Gazte gutik irakurri omen du Kapitala; gehienek, ordea, W. Reich. Eta askok Marcuse-ren parte horixe berori. Ba dakizu: neurotiko frustratu eta inpotenteen gizarte bat omen da gure hau.

Iraultzazale gazteek gizartea alde horretatik jorratu badute, besteren batzuek arrazoipide horri buelta eman diote. Iraultzazaleen beren psikoanalisia horrelaxe egin nahirik, alegia.* Gazteon iraultzazaletasunari makina bat esplikazio eman zaio orduan, odol tentsiotik, haurtzaroko esperientzia eta mila gisatako* frustrazioetaraino. Iraultzazale horik* neurotiko eta frustratu batzuk direla errepikatuko dizute. Arrazoi ona da nonbait edozeinen kontra ere.

Torrealdairen Iraultzaz liburuak (JAKIN, 1973) ez do kapitulu hau haintzakotzat* hartu. Agian* ez zaio aski* serioso iruditu. Hala ere, autorea Parisen bizi da. Eta egunero ikusi behar du, kapitulu honek jokatzen duen aldia.*

Kundera-ren elaberriko Jaromil, poeta iraultzazalea, amaren gonapetik ezin askatu den gaztea genuen.

Faraldo eta Eustache-ren filmeetako iraultzagileak ere seksualki nahastuak dira. Filmegile biok Frantziako uhinik* berrien berrienekoak ditugu. «Unifrance»k filmegile berrietaz atera zuen foiletuan, biok ohorez aurkezten dira, promesa haundi bezala, beste hamar gazterekin batera. Goian aipaturiko bi filmeotara mugatuko naiz.

Eustache-ren «La maman eta la putain» 1968.eko gertakarien ondoko filmea da. Baina hemen jadanik* ez da mundua iraultzeko gogorik eta asmorik gelditzen. Etsipena,* nostalgia. Harreman pertsonalen maila hutseko errebolta. «Iraultza» pribatua. Bulgaritatea. Mutil hau narziso bat da. Bere buruaz dago maiteminduta; eta zalantzan dago, ez baterako eta ez besterako, «maman» heldu samar baten eta «putain» gaxte baten artean.

Faraldo-ren filmea guztiz bestelakoa* da, eta xit* antzekoa. «Themroc» ere funtsean etsipenaren filme bat da. Eta hau ere ikuspide psikoanalitikoaz baliatzen da. Burruka haundiak ez du deus* ekarri. Indar talde sozialak (alderdiak, Estatua bera, sindikatuak, estudiante organizazioak berak ere bai ausaz*) denak berdinak dira. Presondegiak. Faraldo-ren protagonistak, Themroc langileak, ez dihardu inoren izenean. Ez inolako ideologiaren eta ez inongo talderen izenean. Bere izen propio hutsean dabil, eta bere askatasuna bakarrik bilatzen du. Themroc-i berdin zaio, besteekin zer gertatuko den. Gizarteaz ez da miko* bat axolatzen.* Ez du besteak «salbatzeko» asmorik. Bere kontura bizi da, bere askatasuna konkistatzen du. Hor konpon besteak. Bere barneari darraio* bakarrik. Themroc-ek ez du inolako «teoriarik» behar, errebelatzeko eta iraultzeko. Teoria bat ere presondegi bat da, askatasunaren teoria izanik ere.

Faraldo-k bizitza guztia araukatu eta neurtu eta mugatu eta hertsirik* sentitzen du. Bizitza kaiola bat da. Erlojeriazko mekanika bat. Goizetik gauerarte, jaiotzatik heriotzararte, zure minutu guztiak programaturik daude. Zer egin, zer pentsa, zer esan, zer isilik gorde, zein ideologia profesa, non pausa,* non sofri, zergatik zoriontsu izan, zergatik protesta, zertarako amets egin eta denbora alferrik gal. Faraldo-ren Themroc, makina hori hautsita, kanpora irteten* da. Hizkuntzaren hertsaduratik* kanpora,adibidez. Faraldo-ren pertsonaiek zurrunga* eta urruma* eginen dute, irrintzi eta arrantza,* kakaraka* eta murrusa,* orro,* marru* eta marmar: non-sense hizkuntza batez mintzo dira, gorilak bezalatsu. Erabateko* ordenaren kontra, guztizko desordena.

Themroc langilea, mutilzaharra, amaren zigorpean bizi da. Seksualki arras* frustratua da. Amaren menpean, eta arrebaren kilikaz* eta gutiziaz* kiskailtzen beti. Beste edozein bezalako goiz honetan ere lanera doa. Bizikletan lehenik, autobusean gero, azkenik metroan. Noizbait ere hor dago, gizona progetxagarri den tokian, produkzioaren tenplu santuan, eta lanari lotzen zaio. Themroc lantegi honetako pintore da. Leihotik, nagusiak nola neska sekretari* bati eskua sartzen dion ikusten du. Larri da. Bere kuriositateak muturreko bat irabaziko dio. Eta sudurretik odola darionean,* Themroc-en transfigurazioa gertatzen da, itxuraldaketa. Langile zintzo batek egin behar ez duena eta egiterik ez dadukana egiten du: ogibidea errekara bota, sekretariaz abusa eta mehatxurtika* eta marmarka lantegia abandona. Etxean atea krisketaz eta zerrailuaz herts,* atalaga* bota, ormak eraits,* armario eta haltzariak leihotik behera jaurtiki, eta bizitokia leize* konberti. Eta garaitzapenaren irrintziz, berekin arreba harrapa. Eta horra Themroc, lehen gizon troglodita izatera itzulirik, Neandertalgo gizon bat bihurturik. Basapiztia jator.

Hauzokoak eskandalo bizian. Polizia dator. Izugarrizko eztabaidak eta solasak, trogloditaren eta ordenaren zaintzaileen artean, beti non-sense hizkuntzan, noski. Negar gaza botatzen diote poliziek, baina honek ez du Themroc freskatu eta bizitu besterik egiten. Orain hauzoko denak hasten dira ormak puskatzen, haltzariak botatzen eta leize gizon bihurtzen, oldeak* eta gogoak ematen diena eginez.

Gauean Themroc piztia, xuhur xuhurki eta polliki polliki, ihiztatzera* irteten da, hiriko «basora». Zelatan dabil gure gizakotea,* hiri basoa arriskuz beteta baitago. Ihiztari piztiak, oldar izugarri batez, polizia bat harrapatzen du. Leizera herrestaturik,* bere andreen konpainian, ihizia* burduntzian* erre eta jan egiten du. Themroc-ek jadanik gizartearen hertsadura eta zanpaldi guztiak azpiratu ditu. Libre da.

Azkenerako, Faris guztia orroka ageri da, basapiztiaren jatorrizko oldeetara itzulirik, berriro gizon izatetik jatorrizko abere jator izatera bihurturik.

Iraultza, aberetasun garbira itzultzea da. Oldeen jatorrizko espontaneitatera bihurtzea. Historiak eta kulturak gaineratu dizkiguten txalma* eta zama* guztiak hastantzea.*

Zer nahi du Faraldo-k? Funtsean* horixe dela iraultzazaleek proposatzen duten bidea? Ala horixe dela egin beharrezko zinezko* Iraultza? Dokumentatu bakarrik ala proposatu egiten du?

Dena den, ez da dudarik: beste garai batzuk agian* lotsa eta herabe* ziren hain gordin mintzatzeko. Edo ez ziren problema honetaz hain garbi ohartu. Egun,* nolanahi ere, errepresio seksualaren arazoak berebiziko* inportantzia du Iraultzaren arloan. Iraultzaz mintzatzean, psikoanalisiaren hizkuntza mintzo ohi da.

Aho biko ezpata: Iraultzazaleek, irauli beharrezko mundu gaizto honetako errepresio seksualak aipatzen dituzte. Eta mundu honek, iraultzazaleen beren frustrazio eta konplexu seksualak aipatuz erantzuten du.

Eta batek jakin nork duen arrazoi gehiago.

LAZKANO MENDIZABAL

daude, dagoz

die, deutse

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkigute, deuskuez

dizute, deutsue


Hiztegi hauzietan, horrelako ugaritasuna ez da maiz asko aberastasuna baizik: agitu-ri, esate baterako, ez dio kalterik egiten aldamenean gertatu nahiz jazo edukitzeak, ez eta erori-ri ere jausi-ren hurbiltasunak.

Euskaltzaindiak ez du, euskalkiak eta euskalkietako —batez ere euskalki landuetako— aditza saihesteko eta suntsitzeko asmorik. Nola arbuia dezake Euskaltzaindiak euskaldunena den gauzarik? Euskalkiek badute gure artean, onenean edo gaitzenean ere, luzaroko bizitokirik, ahoz eta izkribuz.

MITXELENA

Aspaldidanik, zenbaitek, gero eta gehiagok, nahi du gurean euskalkien bereizkuntzen gainetik eta urrutiago legokeen hizkera bat: nahi du eta behar du. Zatitua eta berezia dagoen etxeak ez omen du iraungo; ez eta ere, dirudienez, bihotz-erraietako etendurak eta ezberdintasunak gainditzeko gauza ez den hizkuntzak. Eta gauza ez bada, ez dadila behintzat izan, guk, euskaldunok, beharrezko uste genituen eginahalak egin ez ditugulako, egin behar genituen orduan.

MITXELENA

Batasuna ez da erdietsiko, idazleek lehenbizi, hiztunek gero, forma berdinak eta berberak onhartu eta erabiliko dituztenean baizik. Euskaltzaindiak batasun bide bat eskaintzen die euskaldunei, bera ere euskaldun delarik, zernahi bide, denik malkarrena ere, biderik eza baino hobe delakoan. Euskaldunok dugu orain hitza.

MITXELENA