ANAITASUNA

272. zenb.

1974.eko martxoaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

ZUZENDARIA:

Joseba Intxausti, O.F.M.

HELBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Herriaren fruitu jorienetako bat

Gauzak, guk ikusten ditugun baino korapilotsuago egon ohi dira beti. Izan ere, haien funtsean* bertan aurkitzen dugu hamaika kontradikzio. Ez dago, beraz, zer harriturik, ikastolak ere kontraesanez beterik topatzen baditugu, kontradikzioa edozein tokitan baitago. Horregatik, azken urteotan, nahasketa franko nabari da gurasoen nahiz irakasleongan. Ikastolen kontraesanak —nagusiak batzuk* eta bigarren mailako besteak— behar den moduan ikustea zail egiten zaio, bere lanean murgildurik diharduen guraso nahiz irakasleari.

Hori dela eta, nahitaezko gertatzen zaigu, besteren* planteamenduak ezagutzea ezezik,* geureganatzea ere. Jakina, esan beharrik ez, ikastolei buruzko planteamenduak ez dira gure artean falta izan. Denetariko planteamenduak ikusi ahal ukan* ditugu; baina, zoritxarrez, sinplistak bezain dogmatikoak gehienetan. Hortik hainbeste polemika, hainbeste etiketa jartze, eta tinta franko isur erazi duen hainbat istilu.*

Gogoeta* zuhur bat falta zitzaigun ikastoletaz. Ikastolek beren barruan dituzten nolanahiko kontraesanak kontutan hartu eta xuxen neurtuko zituen planteamendurik ez genuen euskaldunok oraino. Beharrezko genuen linea zabal —baina denbora berean aurrerakoi— baten zain geunden gehienok.

Hemendik aurrera, zorionez, geure gogoeta eta kritikarako, ba dukegu* idazlan interesgarri bezain garrantzizko bat: ZABAL aldizkarian, 5. zenbakian, Errezabalek sinaturik argitara eman berri den artikulu trinkoa. «Ikastolak hegoaldean» izenburuarekin, mugaz handiko aldizkariak dakarkigun idazlan hau, guraso eta irakasle guztiok eskuratu behar genuke lehenbailehen.

Artikulua, ikastoletako giro nahasia adieraziz hasten da, beronek —luzaz iraunez gero— lekarkigukeen arriskua begien bistan ipiniz: joera politiko guztiak maila berdinean epaitzeko eta denak era berean ukatzeko arriskua, halegia.* Idazlanaren funtsa, beharbada, ikastolen etsaien kritikan datza.* Ezkerreko zein eskuineko etsaiak salatzen ditu, «ezkerreko» zenbait talderen planteamenduak kritikatuz bereziki. Mutur batekoek, sinplekeriaz, ikastolen barne kontradikzio guztiak klase burrukaren arauera esplikatu nahi lituzkete nonbait. Beste muturrekoek, ordea, sinplekeria berberaz, faktore hau ahantzi nahi lukete besterik gabe.

Artikuluak, batez ere ikastolen «burgeskeria» deskubritu dutenen sasi planteamenduak ditu aztertzen eta berauen proposamenduak banan banan gaitzesten.* Egileak argi eta garbi azaltzen digu «ezkertiar» analisien funtsik eza.

Konklusio gisa,* ikastolari buruzko planteamendu zuzen baten oinharriak dakartza artikuluak. Guraso eta irakasle guztion ezagupiderako, haien laburpen bat ezartzen dut segidan.

1. Ikastolak herriaren fruitu dira, haren neke eta izerdiz sorturiko fruiturik jorienetako* bat: «Gure kultura eta hizkuntzaren aldeko ekintzarik garrantzizkoena, 36.eko gerraz geroztik». Horregatik, «ikastolak desegin nahi dituzten kanpoko eta barneko etsai guztien aurka ihardun behar dugu».

2. Honek ez du esan nahi, inolaz ere, edozein moduzko ikastolak nahi ditugunik: «Ikastolak gero eta hobeagoak, gero eta aurrerakoiagoak, gero eta herrikoiagoak* egiten saiatu behar dugu».

3. Ikastolak, sorreratik beretik, herrikoiak izan dira eta ez klase bakar batenak: «Beraz, ikastolen barnean klase bat baino gehiago, hots, klase herrikoi guztiak tarteko dira eta elkarrekin bizibide bat aurkitu beharrean aurkitzen dira».

4. Ikastoletan, horretaz,* interes desberdinak dituzten klaseak daude. Klase herrikoi horien artean, ba da interes komunik, bai eta kontraesanik ere: «Beharrezko zaigu, geure analisia egiterakoan, bai komuntasunak eta bai kontraesanak haintzakotzat* hartzea».

5. Ikastolek ez dute inongo talde politikoren menpean egon behar: «Herri burrukaren barnean, ikastolek beren autonomia osoa behar dute, talde edo partidu politikoen gorabeheren jostagailu* bilakatu* gabe».

6. Ongi dago, kanpoko pedagogi teoriak ezagutzea; baina ikastolako praktika gidatuko duen teoriak, ikastoletako praktikan eta burrukan funtsaturik* egon behar du, eta ez atzerriko ezkertiarren artean modan dabiltzan teorien kopia hutsean».

Honaino, delako artikuluaren planteamenduak. Ikastoletazko jarrera zuhur eta jatorragorik nekez aurki liteke, nik uste. Irakurgarria da, benetan, ZABALen Errezabalek atera duen idazlana.

PERUGORRIA

daude, dagoz

digu, deusku

geunden, gengozen

zaigu, jaku

zaio, jako

zitzaigun, jakun


Italiatik zenbait berri

«Lo scandalo dei petrolieri»

Urtegiak, urez beteta dagoenean, garbi garbia ematen du; baina, lehorteaz ura agortzen denean, hondoan lokatza* lodia agertu ohi da, eta lokatz artean hainbat animalia bizi bizirik. Honelako zerbait gertatu da Europako zenbait Estatutan, petrolio biltokiak agortuz joan direnean.

Italian, ordea, petrolio zaleak ezezik, beste animalia asko ere agertu da lokatzatan zikindurik. Hemen petrolioa ez da Estatuaren monopolioa; baina Estatu demokratikoaren politika eta administrazio indarrak nahasiak gertatu dira petrolio zaleen eskandalu eta joko zikin horretan.

Petrolioaren eskasiaz baliaturik, eskasia hori areagotu* egin dute, beren biltokiak mukurutuz,* honela prezioak igan erazteko. Eta joko honetan ministruren bat edo beste tartean ibili da nonbait.

ENEL da Estatuaren elektrizitate monopolioaren izena. Petrolio zaleek diruaren truk* lortu dute ENEL horrengandik, zentral termo-elektrikoak jar ditzala, zentral nuklearrak eraiki beharrean.

Zenbait partiduk petrolio zaleengandik hartu du dirua eta laguntza, eta honela haien joko zikinean nahasirik gertatu da.

Petrolio zale asko hauzitegirako bidean doa; eta izandako eta orain berton ministru diren batzuk* ere hauzitara eramateko bideak ikusten ari da Parlamentua.

Estatua eta partiduen finantziaketa

Petrolio zaleen eskandalu honetan, oso gaurkoa eta bizia gertatu da partiduen finantziaketaren arazoa. Eta lehendik ere asmotan erabilitako lege berri bat laster joango da Parlamentura. Estatu demokratikoaren oinharriak bezala dira partiduak; horregatik. Estatuaren beraren eskutan* jarri nahi da partiduen finantziaketa.

Lege asmo horren arabera,* ondoko gastu hauk* ordainduko lituzke Estatuak: hauteskundeetako* gastuak, Parlamentuko partidu taldeen gastuak, partiduen prentsa gastuak.

Dibortzioa Italian

1970.eko abenduan onetsi* zen Italian, dibortzioa zilegitzen* duen legea. Berehala sortu zen kontrako mugimendua, lege horren aurkako referendum bat egiteko behar ziren izenak biltzeko. Milioi erdi izen dira beharrezkoak Italian, horrelako referendun bat egiteko: milioi eta erdi bildu ziren laster.

Partiduak referendum horren beldur izan dira, ekar litzakeen politikazko ondorioengatik. Baina azkenean egin beharrean gertatu dira. Une honetan Kristau Demokrazia referendumaren aldekoa da, bai eta MSI (Movimento Sociale Italiano) eskuin eskuindarra ere: legearen kontra jokatu zutenak, alegia.*

Katolikoak banatuta gertatzen dira referendumaren aurrean. Apezpikuek ageri bat zabaldu dute, ezkontza bere izatez hautsezina dela eta hautsezintasun hau gizartearen onerako beharrezkoa dela adieraziz. Kristaua behartuta dago, Elizak erakusten duen famili modu hori erakustera eta zabaltzera. Referendumaren alde agertzen dira apezpikuak; baina ez du horrek erlijio burruka bihurtu behar. Bestalde, referendum honen bitartez dibortzio legea gaitzesten bada ere, horrekin ez dira ezkontzaren eta familiaren arazoak konponduko, diote apezpikuek.

Hauek ez dituzte, referendumaren kontra eta dibortzio legearen alde ere agertu diren katolikoak kondenatu. Izan ere, apezpikuen ageriaren aurretik, kristau talde batzuek emana zuten referendumaren kontrako eta dibortzio legearen aldeko eritzia. Eta hau, herrikide guztien askatasunaren izenean, eta dibortzio legea politika arazoa —eta ez fede arazoa— dela pentsaturik.

Erroma Urte Saindua prestatzen

Lau egunez bildurik, Erromako kristauek azterketa zorrotza egin dute elizbarrutiko* kristau bizitzari buruz, Urte Sainduari begira. Aita Sainduaren bikaria* den Polletti Kardinaleak egindako deiari erantzunez egin dituzte bilera hauk. Eta Kardinaleak berak burutu ditu bilerok, Lateranoko San Joan Basilikan egindako elizkizun batez. Erromako kristau elkarte oinharrizkoek (ttipiek nahiz berriek), guztiek ukan* dute egun hauetan elkartzeko aukera. Hona hemen zenbait erabaki:

a) Une honetan Italiako apezpikuek ez lukete dibortzioari buruz «ideologiazko» eritzirik eman behar.

b) Konkordatua ukatu egin behar da, horren bitartez politika indarretan bilatzen baitu Elizak bere babesa.

c) Italiako Elizak, Kristau Demokraziarekin duen lotura hautsi egin beharko luke.

d) Inon elizarik eraikitzekotan, aurretik ikusi beharra dago, leku horretan benetan ba ote dagoen kristau eta fede elkarterik.

Paulo AGIRREBALTZATEGI

ditzala, daizala

lituzke, leukez

litzake, leikez


"Agirre eta Lekube-tar Joseba Andoni Saria". Deia

Hura oroiterazi, haren euskaltzaletasuna gureganatu, eta euskara iraun erazi eta pizkortzeko asmoz, "Agirre eta Lekube-tar Joseba Andoni" deritzan saria, boskarrenez antolatzea erabaki dute "Euskal Kulturaren Alde"koek. Sari hori norgehiagokoa izango da, eta hona hemen sariketa horri buruzko zehetasunak:

1. "Agirre Saria" hiru urterik hiru urtera emana izan ohi da. Beraz, 1973.eko martxoaren 23an hasi eta 1976.eko martxoaren 22rarte, euskaraz argitaratuko den idazlan hoberenak irabaziko du sari hori.

2. Lanaren gaia bere gain du idazleak.

3. Saria bat bakarra eta mila dolarrekoa izango da.

4. "Euskal Kulturaren Alde"ren gain geratzen da epaia ematea. Epaile bakoitzak hautarki isilez emango du bere erabakia. Erdia baino gehiago lortzen duen idazlanak irabaziko du saria.

5. "Euskal Kulturaren Alde"k berak emandako erabakia erabat onhartzekoa izango da, hala beharrez, eta ez du izango inork epai horren aurka gora jotzerik.

6. Sari hori ezin zatibana daiteke.

7. Horrenbesteko saria irabazteko gai izan litekeen idazlanik ez balego, saria ezin lekioke inori eman.

8. Epaia eskualdeka emana izan litekeelako susmoa erabat kentzeko, sari hori ezin jaso lezake "Euskal Kulturaren Alde"ko inork. Edo eta, baldin sari hau norentzat izan litekeen erabaki bitartean, "Euskal Kulturaren Alde"ko norbaitek idazlanen bat argitara baleza, delako hori ezin izan liteke epaile.

9. Epaia garaiz emana izan dadin, idazle bakoitzak bere lanaren bi ale igorriko balizkigu, txera onez hartuko genituzke. Idazlan bat zuzenbide honetara: 10, Bd. D'Alsace-Lorraine, 64100 Bayonne. Eta bestea: 48, rue Singer, 75016 Paris. Biak "Euskal Kulturaren Alde"ren izenean.

"EUSKAL KULTURAREN ALDE"


Neure lantokitik

Sei urtaro

Euskal Kultur Mintegiak antolaturik, bi hitzaldi egin ditu euskaraz, Deustuko Unibertsitatean, Piarres Lafitte euskaltzainak.

Beste hainbat gauza interesgarriren artean, zera esan zigun, aintzinako euskaldunentzat urtaroak ez zirela lau, orain bezala, sei hauk baizik: udaberria, uda, udazkena, neguberria, negua eta neguazkena. Gero, inguruko herrien eraginez, udaberri eta neguazkenarekin bat egin zutela, eta orobat* udazken eta neguberriarekin.

«Herria»

Aspaldidanik nengoen abonaturik, Baionako «Herria» euskal aldizkarira; eta astero heltzen zitzaidan etxera. Baina bat batean huts egiten hasi zen, eta, gero jakin dudanez, ez bere gogoz.

Eta istorio labur hau honela amaitzen da: hainbat hilabete dira, «Herria», hain gogoko dugun geure iparraldeko anaien euskal astekaria, ez dela hemengo abonatuen etxeetara heltzen. Non gelditzen da? Igartzen duenari, zorionak!

«Txistulari»

Eta aldizkariak aipatzen hasi garenez, hemen dugu «Txistulari» euskal aldizkariaren Gabonetako alea. «Euskal» esan dugu; baina askoren ustez ez da hain euskaldun, euskara gutiegi erabiltzen duelako. Aurrerantzean, baina, hutsune hau bete egingo omen da; eta berri honek asko pozten gaitu.

Gabonetako ale hori oso dotore* dator, hainbeste argazkirekin; eta alde horretatik ba dukete* beste euskal aldizkariek eredu* onik. Eta, edozein lanek bere egilea duenez, «Txistulari» aldizkariaren dotoretasun honetan Joan Mari Mendizabal aipatu behar dugu, bera baita mirari honen egile.

Ikastoletarako

Esku artean dugu «Mikelen Baserria» izeneko liburua, 40 horrialdetako lan bikaina, M. Josefa Zabalegik idatzia eta Oinati eta Legazpiko ikastoletako haurrek 40 marrazkiz apaindua.

Oso egokia iruditzen zaigu, ikastoletan irakurgai bezala erabiltzeko; eta, uste dugunez, liburua —4.000 ale— berehala salduko da eta berriro argitaratu beharko ere, haren saileko besteak («Kukurruku» eta «Xantxangorri» sortakoak) egin ziren legez.*

Liburu berri honen prezioa, besteena bezala, oso merkea da: 25 pezeta. Eskatzeko: Jaka anaiak. S. Gregorio, 35. Zumarraga. Tel. 871472.

«Euskal Dantzarien Biltzarra»

Hauxe da euskal dantzarien elkartearen izena, eta haiek argitaratzen duten aldizkariarena. Aldizkari honek, oraindik itxura apala badu ere (8 horrialde ttipi), gure folklore jatorraren agerkizunen zerrenda osoa argitaratzen du hiru hilabetero, jendeak aldez aurretik jakin dezan, non eta noiz egingo diren herri bakoitzeko dantza zaharrak.

Spinola jenerala

Portugalen ez dakit, baina beste edonon aspalditik guztiok genekiena, oraintsu esan du Spinolak, portuges jeneralak: Afrikako gudua alferrikakoa dela. Eta bi aldetatik alferrikakoa: batetik, Afrikaren patua* —argia baino argiagoa— kolonialismoaren heriotzea delako; eta bestetik, gudu horrek —bai ekonomian eta bai izpirituan— Portugalen hondamendia dakarrelako.

Lur aberatsa du Portugalek, eta itsas bazter ongi ezarriak Ameriketarako bidean. Baina 13 urtetako gudu honekin Europako Estatu atzeratuetariko bat bihurtu da. Eta, izpirituaren aldetik, guduak sortzen duen gogortasunak, eragozpen handiak jarri dizkio bere aurrerakuntza kultural eta ideologikorako.

Spinolaren hitzak arrazoinaren oihartzuna* dira. Entzungo ote diote?

«Streaking»

Eguneroko ogia dugu hau, irakurtzen ditugun egunkarietan. Biluzik korrikan ibiltzea modan omen dago. Dena den, korrikan ibiltzeko ez da derrigorrezkoa jantziak eranztea. Ba dago bazterretan, honetaz zerbait dakienik.

Publizitatea

Edozein aldizkarik oso beharrezkoa du publizitatea, bere ekonomia zuzentzeko. ANAITASUNAk ere publizitatearen beharra du. Beraz, zuetariko inork honetan lagun ahal baleza, mesede haundia egin liezaioke aldizkari honi.

Hona hemen ordainarauak:

Horrialde osoa 4.500 pezeta

Horrialde erdia 2.500 pezeta

Horrialde laurdena 1.500 pezeta

Horrialde 1/8 800 pezeta

Horrialde 1/16 500 pezeta

Añoveros apezpikua

Añoveros apezpikua Malagara joan zaigu, atsedenalditto bat hartzera. ANAITASUNAren alerik haraino hel balekio, har bitzake gure agurrik beroenak; eta segur gaude, agurtze honetan bat datozela gure hamar mila irakurleak, laster berriz ere geure arteari ikusteko esperantzaz.

Koru berriak

Erditzapena* beti da mingarria, eta horrela gertatu da maiz* euskal kulturaren alorrean.* Hainbat orfeoi, dantza talde eta ikastola berri sortu dira barne burruken ondorioz; eta hau mingarri bada, sufrimentu hauk* ez dira alferrikakoak izan, talde berrien sortzea ekarri baitute sarritan.

San Antongotik «Jatorki» korua sortu berri da, Bizkaiak kantari taldeen loratze miragarria ezagutzen duen une honetan. Koruen hedatze honetan parte haundia du Juan Manuel Ares jaunak, jaialdiak antolatuz eta diskoak ateratzen lagunduz.

Deustuko jaiak

Lantto hau idazten nagoen uneon —martxoak 17—, goizeko ordu batak dira. Oraintxe amaitu da, «Canciller» zinemaretoan,* Deustuko San Joseetarako programaturik zegoen jaialdia.

Lehen partean, Benito Lertxundi eta Gorka Knörr ziren kantatzeko; baina azken honi ez diote horretarako baimenik eman, eta Benitok bete du parte osoa. Beronen boza biziki ona, inoizko onena; baina kantuak, ene ustez, lehengoak hobeak. Ez dakit, zuek ere nirekin akort ote zaudeten, edo nire eritzia zahartuz doanarena ote den; baina «Loretxoa» eta «Zenbat gera», adibidez, paregabeak dira, ene iduriko. Gazteriak mukururaino* bete du zinemalekua, eta gogoz txalotu du Benito.

Bigarren partean, Ondarreta korala, hainbat aldiz saritua. Soinu ezagunak, ondo kantatuak. Ene ustez, koralen kantakizun altxorra* berriztatu beharrean dago, eta behar gorri gorrian. «Ume eder bat», «Elurra» eta abar sobera* entzunak dira. Egokia litzateke, hauk baztertu gabe, beste berririk kantatzea.

Xabier GEREÑO

baleza, balei

bitzake, beikez

dezan, daian

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

gaude, gagoz

liezaioke, leiskio

zaigu, jaku

zigun, euskun

zitzaidan, jatan


Gure Munduko Albisteak

Añoveros apezpikua berriro etxean

Espainiako apezpikuen batzarreak Añoveros jaunaren alde agertu du bere burua. Informaziobideei emandako komunikatu batetan esaten denez, Bilboko apezpikuak, egin zuen homilia irakurtzean, bere eskubideaz baliatu izan zen, artzan* zereginari erantzunki.

Ez omen dago, gainera, —komunikatu horren eritziz— homilia horretan, Espainiaren nazional batasunaren kontrako asmo txarrik bat ere.

Añoveros jauna, Madrilen, txapela eta guzti, beste apezpikuekin egon ondoren, Bilbora etorri zitzaigun martxoaren 12an, gerotxoago oporraldi bat hartuz. Ongi mereziak ditu, halafede, gure iruinear jatorrak.

Deustuko expedientatuak berriz onhartuak

Martxoaren 20an Deustuko Unibertsitateko irakasle kontseilu batetan, errektoreak etxera expedientaturik bidaliriko 20 unibertsitariak berriz onhartzea erabaki zen.

ANAITASUNAn agertua izan zenez, Deustuko estudianteek horixe eskatzen zioten errektoreari, horretarako, grebak* eginez. Zenbait irakaslek, gainera, estudianteen alde agertuak ziren.

Erabaki pozgarri honek, Unibertsitatean burua eta akordu ona oraindik galduak ez daudela darakuskigu,* eta unibertsital giroan estudianteen garaipentzat hartua izan da.

EGBko erabakia Galizian

Galiziar hizkuntza, Educación General Básica-ko irakasle eskoletan, nahiz eta nahiezko asignatura izanen da hemendik aurrera Galizian, bai eta Philologi Sailean ere. Beste Philosophi espezialitateetan, aldiz,* hautakizun bezala jarriko da, Galiziar Hizkuntzaren Institutuak bere azken bileran deklaratu duenez.

Euskal Herrion, ordea, Magisterioko eskoletan euskara ez zaie maisu-maistragaiei inola ere irakasten. Nola beteko da orduan, Irakaskintzako 17. artikulu famatuak dioena: «...y el cultivo, en su caso, de la lengua nativa».

Gauza bat erabaki, eta gero horixe betetzeko ahaleginik egin ez. Horixe da legeak darakuskiguna.* Nola irakatsiko diete estatal irakasleek haurrei, beraiei irakatsi ez dieten hizkuntza bat? Ala dena paper errea besterik ez da?

Pioner II.a Saturnorantz

Orain urtebete, 1973.eko apirilaren 15ean, amerikarrek Pioner II.a izeneko espazialuntzia bidali zuten. Oraintsu, bere bidaiaren zatirik arriskutsuena egin ondoren, untzi hau Jupiter eta Saturnorantz zuzendu dute, planeta erraldoi* hauen berri eman diezagun.

Pioner II.a, gauzak ongi badoazkio, 1979.eko irailean* helduko omen da Saturnora, sei urte eta erdi geroago lurretik igorri ondoren, alegia.*

Joxe Azurmendirekin bat gatoz

J. Azurmendik 1974.eko martxoaren 10ean ZERUKO ARGIAn egindako artikulua —Ezkerra eta etorkizunaren utopia (II)— irakurri ondoren, berarekin erabat* konforme gaudela esan behar dugu.

Europako ezkertiarrek beren nazional burjeseriei aurpegira botatzen diete beren abertzaletasun exkaxa. Euskal Herrion, ordea, Katalunian ez bezala, abertzaletasun exkaxa barik, abertzaletasunik eza bota beharko genieke geure burjesei.

Burjes haundiek aho zabalez aitortzen dute hori, harrokeriaz gainera. Burjes ttipiek, berriz, mihiaz abertzale direla dioskute; baina beraien eginak guztiz ditugu erdaltzale. Azken batez, bitzuok berdin.

Esnearen greba amaitu da

Bizkaitar baserritarrek esne grebari* utzi egin diote azkenean. Esnefabrikek, aldiz,* ez diete esnearen prezioa jaso,* baina bai, ordea, pentsuena. Nafar nekazariei, berriz, esnearen prezioa altxatu diete. Diskriminazio honetarako aipatu duten arrazoia hauxe izan da: nafar laborariek ez omen dute baserriaz kanpora beste irabazpiderik, baina bizkaitar-gipuzkoarrek, aldiz, bai.

Noski, pinuak, ortuariak, fabriketara lanean joatea e.*a. Hauk honela, esnea, errentagarri izan ez arren, esnefabrikakoenganako maitasunez edo bildu beharko dukete,* antza,* gure baserritarrek, hortik txakur* ttikirik kobratu ez arren. Systema kapitalista honetan, noski, izpiritualismo ttanttatto* hau oso poetikoa da, bai horixe.

Gure baserritar materialistek, ordea, musu* truk* lanik egin nahi ez eta, Bizkaian esne ematea % 8an guttitu da oraingoan.

Pinuak direla eta

Eta esnearen arazoaz batera pinuen kontua datorkigu nahasian.

Papera garesti dabil aspaldion. Sobietarrek, Suomiko* oihanak* alokaturik* eta Siberiako erreserbak eskuan daduzkatelarik, papergintzaren kontrola darabilate Europa osoan; honela, jakina, produktu honi beren gogoko prezioak markatzen dizkiote. Zelulosa, paper orea* alegia,* urri dago eta paperfabrikak larri.

Euskal Herrian, bestalde, papera egiteko egurra faltatuz gero, fabrika horiek beren makineria guztia alferrik galtzen ikusiko lukete, edo eta beste lurralde batzuetara eraman beharko. Horregatik, esnearen prezioen gorakadarik ezaz, baserritar asko, nekazal bizimodu latzaz etsituta,* beren etxauntzetan* pinuak sartzera behartu dituzte, honela paperfabrikei beste 30 urtetarako lehengaiak* emanez.

Itxuraz behintzat, ba dirudi, lurlangintzari heriotzea eskatzen zaiola industriaren faborez. Baina hau ez da honela. Behin pinua sartuz gero, lurra erabat* urritzen da, lehengo gozotasuna betiko galtzen da, eta, pH-a aldaturik, hortik ezin da deus* onik atera. Bide horretatik, beraz, pinuengatik, Arantzadi taldekoek ZERUKO ARGIAn hain ongi zerakuskigutenez,* Euskal Herria hemendik 30-40 urtetara, gaurko paradisu berde hau barik,* basamortu latz bat besterik ez da izanen. Pinua, honela, gaur hainbeste zoratzen dituen urreberde hori, datorren belaunaldiaren* diru aberasgarri izanen bada ere, hurrengo guztien hondagarri izateko da.

Baina ondorio triste honekin papergintzak bere heriotzea atzeratu baino ez du egiten, azkenean berdintsuki hil beharko du eta. Oraingo neurriekin, hemendik 30 urte barru egonen den pinurik eza konpondu nahi dute, baina geroago eskasia bera edukiko dute, eta erremediogabeki gainera.

Ha*! Baina, orduan, Euskal Herritik ateratako plusbalioez beste fabrika batzuk muntatuko dituzkete* Espainiako beste lurraldeetan eta bertan iraunen, gaurko makineriei beren fruitu guztia hurrupatu eta gero. Euskaldunoi, esker onez, geure errekak hilik eta mendiak betiko galdurik utziko dizkigute. Jokabide hau, jadanik* oso erabilia izan da kolonizaturiko lurraldeetan.

Euskal izenen hauzia

Espainian errazago da etxe edo untzi bati euskal, galiziar edo katalan izen bat ipintzea, pertsona bati baino. Gaztelauek ez bestek dute beraz, beren seme-alabei nahi duten izena jartzeko eskubide osoa Besteok, berriz, bigarren mailako hiritar ezofizialok, haur bati, kasu* Mikel, Peru, Maite, Jordi, Xesus edo holako zerbait ipini nahi ukanez gero, ezin dugu. Legeak argiro diosku, izen horik ez direla ezer gaztelaniazko izen guztiahaldunen funtzioan ez bada: ezizen batzuk alegia. Eta horri esaten omen zaio hizkuntza erregionalak errespetatzea, halafede!

Eneko izena, kasu, euskarazkoa den eta erdal itzulpenik duen ala ez erabakitzeko, bestalde, Dirección de Registros delakoak ez du ezertarako ere kontuan hartu Euskaltzaindiaren eritzia. Oso interesgarria portaera hau, bai horixe! Noiz arte honela?

Europar Parlamentuak Espainiari ezetz

Europar Ekonomi Elkarteak (EEEk) Espainiako Estatuari bere ezetza eman berri dio. Europar Parlamentuak, hain zuzen ere, martxoaren 15ean, Strasburgon bildurik, Espainiar Estatuaren politika moldeak kondenatu zituen, Europako beste Estatuenak ez bezalakoak direlako. Ondorioz, Espainiak bere gobernamendua europar erara moldatzen ez duen artean, EEEan haintzat ez hartzeko eskatuz.

Europak, gaitzeste itsusi honekin, Espainiari egiten dion irain* nabariagatik,* don Emilio Lamo de Espinosa jaunak, Madrileko Gorteetan, protesta gogor bat irakurri zuen Lurlangintzako komisariaren* aurrean. Europak ez du zertan sartu behar Espainiako arazoetan —esan zuen—; eta haiek, guri ezer irakatsi gabe,* gugandik ikasi beharko lukete nola bakean eta ordenu onean goberna, molda eta ibil politik alorretan.* Kontseilu zuhurra, bai horixe!

Prezioak gora doaz

Barrera de Irimo jaunak, Haziendako ministruak, 1974.ean bizikostua % 12,5ean igan daitekeela esan berri du. Petroliokien ondoren, garraio publikoak berak % 35 eta % 25etan iganak dira, autobus, trolebus eta taxietan. Elektrenergia % 15,587 batez igan da, eta butanoa ez da guttiago izan.

Ogia, maiatzerako, 5 pezeta kiloko jasoko* omen da, eta apirilean tabakoa % 8 inguru garestituko zaigu. Dakusagunez,* dena doa gora, euskal baserritarrei esneagatik litroko ordaintzen dieten 9,25 pezeta horik* izan ezik.

Algortako ikastolarekiko laguntzarik eza

Ihaz Hezkuntza* Ministerioak Algortako ikastolari 2.600.000 pezetako diru laguntza bat eskaini zion. Geroago, ordea, ministerioak berak laguntasun hori ukatu egin zion, hartarako behar ziren baldintzak ez zituela betetzen kontuan harturik.

Baldintzok hauk dira: ikasgela bakoitzean 35etik 45erarteko ikasle egotea. Algortako ikastolak, ordea, 7. kurtsuan 11 ikasle besterik ez eta, horregatik, batezbestekoa* eginik, ikasgela bakoitzean 34,8 ikasle baino ez zuen. Nabari* denez, 0,2 guztiz inportante bat falta zuen, Ministerioak eskatzen duen 35 ikasle kopuru* horretara heltzeko. Hori dela eta, legea behar bezala ez betetzearren,* ukatu egin zaio laguntasun hori.

Ez beza inork esan, horregatio,* Estatuak ikastolei laguntasunik ukatzen diela. Bai zera! Nola lagunduko die, ordea, ikastolek berek legea behar bezala betetzen ez badute? Gauzak argiro.

Jakina, laguntzarik ezagatik, ikastola horrek ikasleengandiko kuotak altxatu behar ukan* ditu. Egonen dateke,* segurki, ikastola hori burjesa dela esanen duenik.

Espainiarrak eta EEEa

 Informaciones aldizkarian Enrique Sopenak dioenez, espainiarren artean egindako inkesta* baten ondotik, % 61 Espainia Europar Ekonomi Elkartean sartzearen alde omen daude, % 10 kontra eta beste % 29ek ez dute eritzirik eman nahi ukan.*

Merkatu Komunean sartzeak espainolei mesedeak ekarriko ote lizkiekeen ala ez galdetu ondoren, % 57k baietz esan zuten, % 7k ezetz, % 10rek ez mesede ez kalterik, eta % 26k ez zuten deus* esan.

Europa osorako diru bakarra egiteko komenientziaz galdeturik, % 61 k baietz, % 14k ezetz, eta % 25ek ez zuten ezer ere esan.

Europar armada* batu baten alde % 45, kontra % 32, eta % 23k eritzirik eman ez.

Euskarazko txartelak

Euskaltzaindiak agerturiko Merkatalgo Izendegian ideia harturik, Bilboko IKER taldeak metalezko txartel dotore batzuk atera ditu, Euskaraz egiten da eta Abierto/Zabalik, Cerrado/Hertsirik esaldiekin.

Egunokin neska saltzaile batzuk* ari dira, euskal herrietan zehar, dendariei txarteltxo horik* eskaintzen. Prezioa 100 pezetakoa da; eta ez dugu dudarik egiten, dendetan holakoak ikusteak, euskal jendea bertara erakartzeaz gainera, bertan euskara egitera bultzatuko duela.

Bilbon inork horrelakorik erosi nahi badu, Verdes liburudendara joan daiteke, Correo kalera, Bilbo Zaharrean.

Liburu berriak

«Alderdi Komunistaren Manifestua»

Edicciones (sic) Langile burruka-k aterata, Alderdi Komunistaren Manifestua agertu berri da, ipar Euskal Herrian argitara emana. Honekin, oso oker ez bagaude, bi edizio dira Karl Marx eta Friedrich Engels-en obra klasiko honetaz euskaraz egin direnak, itzulpen biak ezberdinak izanki.

Gaur aipatzen dugun hau, argitaratzaileen eta F. Engelsen hitzaurre batzuekin horniturik dator, azkenean hiztegi eta histori argitasun batzuk dakartzalarik, irakurleen lagungarri. Moldiztegiko zenbait oker nabari* gorabehera,* edizio hau nahiko ongi landurik azaldu dela esan genezake.

«Hiru gizon bakarka», Bitoriano Gandiagak, GEROn

Bitoriano Gandiaga frantziskotar gazteak poesi liburu berri bat eskaini digu, Jurgi Oteitzaren azal dotore* batez horniturik.

Mikel Lasaren hitzaurre batez presentatua, liburu honek Txakolinaren ospakuntza 1. eta 2., Hiru gizonak bakarka, Alegiak eta beste, Korupekoak, Hamaseiherrieta eta Artasoko salmuak izeneko poemak dakarzkigu bere 191 horrialdeetan.

 Elorri poemaren egileak, harez geroko mutualdi luzetxoa gorabehera, ez du horregatik bere orduko olerkitasun hura* inola ere galdu, eta ba daki, bere jatorrizko bizkaieraz batera, gizonaren kezkak gaurko modura kantatzen. Bide luzea egin du ordutik hona. Onerako, noski, irakurleak laster igarriko dionez.

«Alizia», ETORKIZUNAk

J. M. Satrustegi euskaltzainak euskaraturik, Iruineko Etorkizuna elkarteak beste ipuin bat eskaini digu oraintsu bere Panpin sailean: «Alizia», Lewis Carrol-en haur kontu famatua.

Lewis Carrol, dakikegunez, Charles L. Dogson mathematikalariaren ezizena zen; eta, zeharka bederen,* gizon honek ba zuen Euskal. Herriarekin nahikoa zerikusi: beronen anaia, hain zuzen, Edward Spencer Dogson euskalari xelebrea izan zen.

Irudiz eta mamiz ongi moldaturiko panpina* dugu berau, haur eta nagusi askoren pozgarri izanen dena.

ARMENDARITZ

74-111-22

beza, bei

daduzkate (dauzkate), daukez

darabilate, darabile

daude, dagoz

die, deutse

diete, deutsee

diezagun, deiskun

digu, deusku

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkigute, deuskuez

dizkiote, deutsoez

genezake, geinke

genieke, geunskioe

zaie, jake

zaigu, jaku

zaia, jako

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaigun, jakun


Autogestioa eta joerak

Frantziako autogestiozaleen artean, denek ez dutela ez jatorri ez jokabide bera, aise* ulertzen da. Autogestioak haustura* gisako banakuntza* bat sortzen duela sozialisten artean, hori ere lehen begi kolpez ikus daiteke.

Orain, Frantzian autogestioaren aldeko taldeen panorama bat eduki nahi bada, banakuntza hobeago baten esperantzan eta egoera* gehiegi sinpletu gabe, hiru joera nagusi bereiz daitezkeela uste dut.

Lehenbizikoan, organizazio handi batzuk jar genitzake. Esaterako, CERES (hots,* Alderdi Sozialistaren ezkerra) eta CFDT. Hauen eritzian, autogestioa, burrukabide bat baino gehiago, helburu bat da. Ihaz hartu zuen CFDTek jokabide hori, eta "gauchiste" askok salatzen dio geroztik. Joera honentzat, bada, autogestiozko sozialismoa da geroko gizarte modu beharrezkoa.

Bigarren joeran, CLAS taldea jar genezake. (CLAS: Comité de liaison pour l'autogestion socialiste). Taldea baino gehiago, taldeen Batzorde bat da. Lau taldek eratu dute zuzenld, Komite hori: PSUk (Parti Socialiste Unifié), CICek (Centre d'initiative communiste), Objectif Socialiste delakoak eta AMRek (Alliance marxiste révolutionnaire). Ofizialtasun gehiagorekin eta gutiagorekin, Vie Nouvelle kristau taldea ere barnean dago, eta berdin Politique Hebdo aldizkaria ere. Herri hezkuntzan* diharduen kristau jatorrizko talde asko ere inguruan dabil. Hauentzat denontzat, autogestioa helburua da bai, baina bai eta burrukabidea ere. Autogestioa ez dute geroko geroan uzten. Oraintxetik eraman nahi dute ekintzara, dela antolamenduetan, dela bilkuretan,* etc. Eztabaida handia izan da, esaterako,* organizazio horiek ez ote duten alderdi estruktura apurtu eta desegin behar, hain zuzen autogestiozaleak direlako.

Eta azkenik, autogestiozaleen artean, talde anarkista batzuk ere ba dira, hala nola, ORA (Organisation révolutionnaire anarchiste) eta MCL. Aginteari eta hierarkia guztiei dieten gorrotoa ezaguna da. Talde handietan ere ez dute beren burua ikusi nahi. Autogestioaren aldeko agertu da, 68.eko maiatzaz geroztik, joera honetako zenbait talde.

Autogestioa iraultza eredu* eta bide bezala hartzen duen CLAS horrek, ateak zabalik eduki nahi ditu betiere. Datozenak hartzeko prest bakarrik ez, baina bila ere ba doazela esan daiteke. Beren burruka modua herri osora hedatu* nahi lukete. Batik* bat herri eta famili elkarteen aldetik, gazteen mugimenduen aldetik, berdin organizazio gabeko eta baztertuen aldetik dute erantzunik hoberena. Estrategia politiko bezala, gogoratzekoa da, nola PSUk, azkeneko Kongresuan, "herri batasunaren hitzarmena"* proposatu duen. Hauk ere hor sartuko lirateke. Zenbat dira denetara? Michel Rocard-i sinestekotan, 1.200.000 pertsona inguru.

Joera honen ustetan, eta M. Rocard-en hitzekin, autogestioa ez da "intelektual zenbaiten ametsa". Hitzaren aurretik esperientzia ezagutua izan da. Historia luzea du, gutienez Pariseko "Commune"tik hasi beharrekoa. Baina, historia adierazi eta berridatzi ordez, autogestiozaleen gogoa historia egitea delako, geroari buruz haiek ba dakite zer behar duten ukatu eta zer onhartu. Gizarte erdikoitu* eta burukratikoak oro* ukatzen dituzte. Estatuak, Rocard-en eritziaren arabera,* monedaren arazoa, plangintzarena, diplomaziarena eta defentsarena eramango lituzke, gainerako eginkizun guztiak herri mailako talde sareari utzirik.

Oraingoz, egia esan behar da, minoria bat da, autogestio sozialistaren atzetik dabilena. Eta gero? Geroak esango. Hala ere, Machadoren "bidea ibiliz egiten da" delakoak bidea markatzen ez badigu ere, mugimendu bat adieraz diezaguke.

Joan Mari TORREALDAI

diezaguke, deiskigu

diete, deutsee

digu, deusku

dio, deutso

genezake, geinke

genitzake, geinkez


Poeta gaztea Iraultza bila

«Ezetz? Nola, ordea? Bai, gizona!» —esaten dizute batak bestearen ondoren lagunek. Eta asti guti duzu. Lan asko. Eta ez gogo gehiegirik ere, elaberriak* irakurtzeko. Gai hori ia higaturik* dagoela esaten duzu. Mila aitzakia asmatzen duzu. Baina azkenean ia ez duzu beste erremediorik. Irakurri egin behar zeuk ere, Paris guztiak egunotan irakurtzen omen duen azkeneko sentsazio literarioa. Fenomeno bat. Bonba bat. Ihazko herbesteko literaturaren Prix Médicis irabazi zuena. Hots,* «La Vie est ailleurs», Milan Kundera txekiarraren elaberria. Gallimard-ek F. Kerel-en itzulpenean emana. Eta kaletik bueltan elaberriarekin itzultzen zara etxera.

Paris guztiak bezala, «La Vie est ailleurs» irakurtzen duzu. Poeta liriko gaztetto baten istorio tristea. Triste baino garratzago. Autore txekiarrak 1969.ean burutu zuen obra honetako jendea, 1948:49. urteetan mugitzen da. Hau da, Txekoslovakian komunistak aginteratu ondoren, irakurlea gogoratuko denez.

Jaromil gazteak poesia egiten du. Ez nolanahikoa. Proletal poesiak, iraultzagileak, bero beroak jartzen ditu. Jaromil gazte suharra* da. Alderdiaren zerbitzuan jarri du bere luma. Inoiz Rude Pravo agerkarian ere argitaratu diote poemaren bat. Jaromilentzat ez dago sari hoberik. Jaromilen talentuak langile klasea eta gizaki sozialista berria ospatzen ditu. Mundu berria. Iraultza kantatzen du. Eta denuntziatu egiten du: zeruak eta lurrak denuntziatu, eta gizon biziak ere bai. Beti langile klasearen izenean. Ez du barkaziorik ezagutzen. Jaromil poeta lirikoak «poesia engaiatua*» bakarrik onhartzen du. Mundu berriaren eraikiduran, eginahal eta lehia* guztirekin parte hartu nahi du. Gorputz eta arimaz Iraultzari emana dago.

Baina Jaromil, animazio haundiz eta laburrez erre den kandela gazte bat da. Hemeretzi urte gordin besterik gabe, Jaromil birikietakoak* jota dago. Laster itzaliko* da.

Mundu berriak bere ohorea kuttunki zainduko diola. Hau da Jaromilen ametsa. Mundu berrian amets egiten du, eta poesietan isurtzen ditu bere ametsak. Bere bizitza sozialismoari eskaini dio. Mundu berriari uzten dizkio bere poesiak testamentuan. Bere hoberena. Bere bizitza. Eta sozialismoak, heriotzaren gainetik, Jaromilen izena betikotuko duela espero du.

Proletal poesia iraultzagile hartaz gainera, Jaromilen bizitzan mirari guti dago. Zenbait amoriozko abentura eskas, neska gazteren batzuekin. Gazte erromantiko bat ote da? Ez. Heldu gabeko animalia koskor gordin bat besterik ez dirudi. Maitasunaren ideal erromantikoaren ordez, animaliaren grina da, poeta lirikoa neska bila daramana.* Milan Kunderak, «Amorio barregarriak» lehenagoko bere elaberrian bezala, seksual bat-hartzearen psikologia berriz ere ukendu* faltsurik gabe analizatzen du.

Orain Jaromil, poeta lirikoa, Alderdiarentzat bertsoak ontzen zituena, heriotzaren zain dago. Zain zain dago, hiltzeko gutiziaz* hirrikatua,* heriotza noiz etorriko. Sozialismoari opaldu nahi dio bizitza. Berak egiten duen ekintza bat bezala kontsideratzen du heriotza. Azkeneko eta erabateko* eskaintza bezala. Opari osoa. Heriotza baino bortitzagoa* den maitasunez, mundu berriari bere poesien argia uzten dio. Amak, bere amatxo hain kuttun eta hain laztanak, argitaraziko dizkion poesiak. Poesiok tutik ulertu ez arren, semea adoratzen duen eta semearen poesia kaskalak* urre gorri gorria direla sinetsita* dagoen ama gaisoak. Emakume guztien artean eta guztien gainetik beti ama bakarrik maitatu duela konfesatzen dio liriko gaisoak amari, hil aurretik.

Jaromil amazulo* bat da. Hona hemen elaberriaren gakoa.*

Sukar* iraultzazalearen eta seksuaren arteko zerikusiak asko aipatzen dira egunotan. Eta biak egosi gabeko gaztezaroarekin erlazioan jarri ohi dira. Milan Kunderaren elaberriak ere hortik jotzen du. Jaromilen istorioa paradigma bezala emana dago. Kundera erraz irteten* da elaberritik kanpora. 1948.eko Txekoslovakian bezala, 1870.eko Parisen eta berdin Pariseko 1968.ean ere, gazteria iraultzazale agertu zela gogorarazten digu. Eta sekula ez dela poesia* iraultza giroan bezain inportante izaten. Poesiak Iraultzari bere mintzoa ematen dio. Iraultzak poesia beronen bakartadetik ateratzen du. Ezertarako ez zen* hori —poesia bazterrean beti— bat batean agintarien. koruan sar erazten du Iraultzak. Hitza harma balitz bezain harro mintzo da poeta. Nagusi sentitzen da. («On a pris la parole comme on a pris la Bastille!», eskandalizatzen zen 68.eko maiatzean zenbait jende). Poetak sortzen du Iraultzaren textu liturgikoa, salmodia. Gaztea erraz da iraultzazale. Poeta erraz da iraultzazale.

Eta, bereberki,* emakume inposibleren baten lilurak preso dadukan poeta, erraz da iraultzazale. Jaromil amaren saretan* dago. Kunderak hori finkatu nahi izan du elaberri honetan, eta adibide asko daki: Essenin-en arrebak aipatzen ditu, Maiakowski-ren arrebak eta ama-irudizko maiteak, Blok-en ama, amonari atxiki-atxikitako* Lermontov, Pushkin-en inudea,* eta abar, eta abar. Autore errusiarrak batez ere. Baina, Jaromil aurkitzeko, Kunderak poeta iraultzazaleak arduraz* estudiatu dituela nabari* da. Eta emakumeren baten gonapean sorgindurik eta galdurik zebilen* poeta biziki asko kausitu* duela esan behar, poeta iraultzazaleen artean. Jaromil ez da irudimenaren globoren bat. Jaromil estudio zehatz baten emaitza da. Shelley nahiz Lord Byron, Baudelaire nahiz Rimbaud..., Jaromil sortzeko eredu* izan dira.

Elaberrian poeta guztion errepasoa ematen da. Eta, bigarren partean, Kunderari batzuetan bere elaberria ahantzi egiten zaiola esango nuke. Elaberri bat baino gehiago, saiakera zatiak eta biografia laburrak irakurtzen ditugu. (Gure artean Elsa Scheelen-ek horrelakoxe zerbait egin zigun. Eta «akats» horrek, euskal kritikoari, Elsa Scheelen hala ere elaberri on bat zela ikustea eragotzi* zion! Kunderarenak zorte hobea du Parisen). Eta horra, poetok denok, iraultzazale radikal, eta emakumeren baten lilurak* preso hartuta! Beren buruak liluraren kateetatik ezin askaturik zeudenok, mundu berri baten promesa egiten duen Iraultzaren alde guztiz sututa! Kunderak datua ematen digu. Ez da esklaberia erotiko haren eta iraultza zaletasunaren azterketa sakonagoan sartzen. Esplikazio posible bat Jaromil bera litzateke. Amaren gona artean kateatu eta galdutako amazulo frustratu baten konpentsazio bidea.

Jaromilek, mundu berrian eta gizon berrian, laster etorriko den goiz berrian sinesten du. Zer esan nahi du fede horrek? Mundua ama bihurtu gura ote du? Amarengandik askatu nahi ote du, Alderdiari ematen dion konfiantza itsuaren bidez? Jaromil askatasun eta bizitza bila dabil beti. Psikologiaren aldetik, besotako ume hutsetan gelditu den gazteak, bizitza bilatzen du. Non dago bizitza? Dublingo kalez kale zoratuta bizitza bila dabilen Shelley horrentzat, bizitza beti beste nonbait dago. Bilatzen den tokian ez dago. La vie est ailleurs.

Elaberri honek gogor artzen du poeta iraultzazale gizagaisoa. Erreakzionario bat ote da autorea? Nola bururatu zaio holako obra bat? Tira! Baina zer demontre ote da erreakzionario izatea...? Txekoslovakiaz aritu diren euskal idazleek lehenago ere aipatu digute Milan Kundera, Literato bezala baino gehiago, noski, politiko bezala. Jakin erazi digute, ez dela nornahi gizona. Ikusi dugu, gazte gaztetandik iraultzagile bizia izana dugula bera. Pragara komunismoa ekartzen biziki saiatua. Kargu altutan ibilia. Stalinista, gaztetan. Gero, buru argi Pragako udaberrian. Ihardukitzaile* irme* bat, sobietarrek ezarririko morroin nagusien aurka. Egun,* haren liburuak debekaturik daudela, egileak idatzi zituen hizkuntzan. Eta, beti ere, komunista dela.

Azkenekoz, ba,* hauxe esatea falta da: Milan Kunderaren elaberriak ez duela besteak kritikatzen aritu nahi. Elaberri autokritiko hutsa dela. 1969.ean «Non gaude orain?» galdetzen duen Pragako gazteari, Milan Kunderak, 1948-49.eko gaztea seinalatuz erantzuten dio. Amets hark iratzartze hau...

Elaberri hau Milan Kunderaren aitortza publikoa da. Galdera bat gelditzen da: Nondik nora elaberri honek, Txekoslovakian idatzi eta Parisen halako arrakasta*?

LAZKANO MENDIZABAL

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

dizute, deutsue

zaio, jako

zeuden, egozen

zigun, euskun

zion, eutson


Euskara tekhnikoari buruz

Otsailaren* 27an, nahikotto lagun izan ginen, Donostiako Injinadore Eskolako aretoan* batu ginenok. Gaitzat euskara tekhnikoa zuelarik, bilera* oso interesgarria agertzen zen; eta, gainera, jendaurreko elkar hizketa modura antolaturik zegoenez, denok genuen hitz egiteko aukera. Mahaiaren inguruan jezarrita zeudenak, ondoko hauk* ziren: M. Zalbide, X. Kintana, J. R. Etxebarria eta J. Intxausti.

Elkar hizketaren lehen partean, jaun hauek euskara tekhnikoari buruzko zenbait puntu eta eritzi azaldu zuten. Interesgarria gerta litekeelakoan, bakoitzak esan zuenaren laburpentto bat eginen dizuet.

Lehenik mintzatu zena, M. Zalbide izan zen. Zientziaren hastapenak,* edo, hobeto esan, zientzi hizkuntzaren hastapenak azterturik, mundu guztian zehar gaur egunean zientzi gaietan erabiltzen den hizkuntza, gauza nahiko berria dela adierazi zigun. Hizkuntza berri honek lauzpabost ehunurte baino ez dituzke.*

Denbora horretan, Euskal Herria ez zela zientzi mugimendutik hastandu* esan zigun, eta frogatzat* Oinatiko Unibertsitatea, Bergarako Mintegia* eta jesuiten eskolak aipatu zizkigun. Hala ere, euskaldunon zoritxarrez, ikastetxe hauetan egindako zientzia gaztelaniaz egina izan zela adierazi zigun. Euskarak, beraz, ez ziola probetxurik atera Euskal Herrian egindako zientziari.

Gero, hogeigarren mendearen haseran,* zientzi gaietan euskararen erabili beharraren kontzientzia piztu egin zen. Izan ere, 1904. urtean, Leizaolak, hitzaldi famatu batetan, euskararen gaitasuna defendatu eta haren erabiltzea eskatu zuen. 1913. urtean, Ixaka Lopez Mendizabalek bere «Zenbakiztiya» (hots,* Arithmetika) argitaratu zuen. Bizkaian ere, honelako bi liburu agertu ziren: 1920.ean «Euskal Zenbakiztia», eta 1932.ean beste «Zenbakiztija» bat.

Garai hartako euskaldunak arithmetikazale amorratuak zirela pentsatzen nengoelarik, Gabirel Jauregik 1935. urtean «Pisia» eta «Kimia» izeneko liburuak argitaratu zituela jakin erazi zigun Zalbidek. Arithmetikaz kanpo ere zientzi liburu euskaldunik ba zela entzutean, lasaitu egin nintzen poxi* bat.

Bukatzeko, oraintsu egin* lanak aipatu zituen, eta egintza konkretuen aldeko agertu zen.

Bigarrenik mintzatu zitzaiguna, X. Kintana izan zen. Hitz tekhnikoen beharra, mathematika, physika eta khimika arloan ezezik,* linguistika, soziologia eta beste zientzi sail guztietan ere nabaritzen* zela adierazi zigun. Eta, hau esanez, Zalbidek azaldutakoa osatzera saiatu zen.

Honek emandako liburu zerrenda hornitzeko, ondoko liburuak aipatu zizkigun. Batetik, XVII. mendean egindako «Itsasoko nabigazioko liburua» delakoan, hainbat hitz eta egitura* berezi agertzen dela jakin erazi zigun. Harriturik geratu nintzen, XVII. mendean albaitari* batek «Erremedio miragarriak» izeneko liburu bat egin zuela jakin nuenean. Azkenik, beste jakintza arlo batetan, XVIII. mendean Joannes Etxeberrik egindako latin irakasteko (eta ikasteko, noski) methodoa aipatu zigun. Methodo hau euskaraz egina zen, eta ez zatekeen* hain txarra, egilearen semeak horrela ikasi baitzuen latinez berba egiten.

XVII. mendean ekonomiak euskararen indartzean ukan zuen eragina seinalatu zigun. Izan ere, mende horretan, Lapurdin, ekonomiak egoera eroso* bat ezagutu eta bizi ukan* zuen, eta gertakari honek zientzia eta literaturaren aitzinamendua* ekarri zuen.

Hirugarrenik, J. R. Etxebarriak, Physika arloan euskara erabiltzean aurkitu dituen problemak nola gainditu dituen azaldu zigun. Problemok multzo bitan banatu zituen: hitzak eta egiturak. Hitzei buruz, aurrizki*-atzizkien* arazoa aztertu zuen batetik, eta hitzen sustraien orthographiarena bestetik. Egiturei buruz, hainbat kasutan hitzarmenak* egin behar direla esan zigun.

Idazleen jokabideaz ere mintzatu zen. Arlo honetan, euskal liburu tekhnikoen beharra eta dibulgaziozko artikulugintzaren garrantzia azpimarkatu zuen. Artikuluetan erabilitako hitzei eta egiturei buruzko kritikaren falta aipatu zigun, eta irakurleek mesede handia egin lezaketela, artikuluon kritika bidal balezate.

Ondorio gisa* zera atera zuen, euskara zientzi arlora jalgitzeko* gai dela, denok lan egiten badugu. Lan hauetan batasuna guztiz beharrezkoa dela; eta, horregatik, zientzi arlo batez arduratzen den jendea batu egin behar dela, problemei eman lekizkiekeen soluzioak azter ditzaten, eta, hitzarmen batzuen bidez, denek soluzio bakar batzuk* hauta eta erabil.

Azkenik, J. Intxausti mintzatu zitzaigun. Argitarazle* ikuspuntutik ekin* zitzaion problemaren aztertzeari. Lanerako espezialista taldeen sortu beharra azaldu zigun. Bereziki, JAKIN editorialak «Jakin Bide» izeneko sailean dituen asmoak azaldu zizkigun. Sail honetako liburuek bi parte ukanen* dituzte: batetik gai aukeratuari buruzko artikuluak, eta bestetik gai horri buruzko hiztegi tekhnikoa. Esan beharra dago, liburu hauk jakintza arlo bakar bati lotuko zaizkiola. Jakintza arlo hauetan, ondokook aipatu zituen: Natur Zientziak, Historia, Theologia, Psykhologia, Ekonomia, Hizkuntza eta beste.

Hizlariaren eritziz, lan hauk aurrera eramateko, tekhnika arloko eta euskal arloko espezialistak elkartu beharko dira. Elkarretaratze hori lortzeko, lehen pausoak emanak direla esan zigun. Eta, Natur Zientziei buruzko lana nahiko aurreraturik dagoela esanez, bukatu egin zuen bere txanda.

Txosten hauk amaitutakoan,* elkar hizketa bizi bat sortu zen, hara bilduok parte hartzen genuelarik. Esandako gauza guztiak aipatzea zail gertatuko zait. Beste gauza batzuen artean, Euskaltzaindiak eman lezakeen laguntza eta babesa, eta ikastolek duten textu liburuen premia aipatu eta eztabaidatu ziren.

Elkar hizketa bururatu* ondoren, oso pozik atera nintzen areto dotore* hartatik. Eta besteak ere pozarren* jalgi* zirelakoan nago. Baina, pozkario hau egunen batetan osoa izan dadin, lanari ekin behar diogu gogorki. Ea ereindako hazien fruituak inork inoiz biltzen dituen.

J. R. ETXEBARRIA

balezate, baleie

diogu, deutsagu

ditzaten, daiezan

dizuet, deutsuet

lezake, leike

lezakete, leikee

lekizkieke, leitekioez

zait, jat

zaizkio, jakoz

zeuden, egozen

zigun, euskun

zion, eutson

zitzaigun, jakun

zitzaion, jakon

zizkigun, euskuzan


Albistearen miztoa

Valenciako mintzairaren zuzperraldia

Kataluniako oraingo kultur berritzearen atzetik, València-ko jendeak ere mugituz datoz. Geroz eta gehiago arduratzen dira Valenciarrak beren mintzairaz eta kultura bereziaz.

Honen ezagugarririk franko ba da hortik; baina, oraingoan, Castellò-n egin den hitzaldi bat aipatu nahi dut. Gaia: València-ko eskualdearen* kondairan hizkuntzak ukan* duen gizarte usarioa. Hizlaria Alfons Cucò izan da, Unibertsitateko irakaslea.

 Germanies haik* aipatu ditu lehendabizi. Hamaseigarren mendean goi noblezia erdaldundu zen lehenik, esan zuen hizlariak. Felipe V.arekin ofizialtzen da gaztelania València-n: hemezortzigarren mendean, beraz. Baina, orduan ere, gutiengo* ttipi bat baizik ez da, gaztelania beretzat hartu duena. Hemeretzigarren mendeko birpizkundea nekazal* burgesia baten eskuetan geratzen da, baina oso motel, València-k ez baitzuen eduki, Kataluniak bezala, industri burgesiarik; eta Principat-ean hain pizkor gailendu* zen* Renaixença hura,* València-n erdizka bakarrik jaio zen.

Valenciarrek ez zuten sobera* zaindu beren hizkuntza mende honetako hirugarren-laugarren hamarrekorarte. Azken urte hauetako mugida zuzperraldi* ezezagun baten ataria izan liteke. Ba dirudi, une honetan, València-k balioztapen berri bat eman nahi diola bere katalan hizkuntzari.

Kirola eta politika

Gizartea, hizkuntza eta Katalunia aipatzean, beste zerbait datorkit burura. Ba dakizue, Barçak zernolako gol jasa* bizkarreratu zion «Real Madrid» bati. Jokaldi hura tarteko eta estakuru* zela, elkar ikuste bat ukan du Josep Termes historigileak kazetari batekin.

Josep Termes jaunak, dakikezuenez,* langileriaren XIX. mendeko mugimendua aztertu du, eta oraintsu Barçaren historia baten zuzendaritza hartu du, Ernest Lluch ekonomistarekin batean. Futbol elkarte handi batek, ingurumarian duen gizartearen bizitzarekin ukan dituen harreman eta korapiloak aztertu nahi dira.

Agi* denez, kirol lagunarte handi horren histori gorabeherak loturik datoz aldian aldiko politika, egoerarekin. Barça hori, estatutu eta arautegi guztien gainetik, nolabaiteko politika esannahi handiko lagunartea gertatu izan da. Primo de Riveraren garaian (politikarako bide eta estratak* langaz* hetsi* zirenean), klub hori katalanismoaren ezagugarri bat da jende askorentzat. Errepublika sasoian, berriz, hau da, politika bideak irekiagoak bihurtu zirenean, kirol elkarteak galdu egiten du bere erakarpena. Politika irekitasun bati Barçaren beheraldia dagokio, eta aldrebes. Ikusten da, ba,* gurean ere kirol-politika arteko arazoak nola dabiltzan.

Galegoak ere mugitzen ari

Maiatzaren 17an ospatuko da «Dia das Letras Galegas» eguna. Aurten Viqueirari eskaintzen zaio egun hori. Joao V. Viqueira (1887-1924) Galiziako idazlerik famatuenetakoa da.

Viqueirak ez zuen gehiegi idatzi, hil ere gazterik egin baitzen; baina haren prestutasuna garaikoen gainetik ibili zen. Izan* ere, Frantzia eta Alemaniako Unibertsitateetan ongi hornitu zuen Viqueirak bere burua. Europako haizeek ez zioten zimeldu, sorterriari zion zaletasuna, ikuspide zabalagoak eman baizik. Horregatik, bere garaiari aurrea hartu zion, eta gaur egun ere baliozkoak dira haren intuizioak. Galiziaren kultur goraldi bat somatzen den une honetan, ez zaio gaizki etorriko lurralde hari honelako ereduen arnasa.

Ofizialtasunaren bila

Ez da dudarik, Espainiako Estatuaren barnean dauden hizkuntza ezofizialen arazorik larriena, ofizialtasunik eza bera dela. Izan ere, ofizialtasuna eta beronek dakarren laguntza osoa ematen ez baldin bazaie, mintzaira horik* herio bidean galduko dira, edo eta, onenean (katalanaren kasua, agian*), nolabaiteko kultura elbarri* bat eginen dute. Horregatixek, Barcelonako kultur elkargoek* ofizialtasun horixe eskatu diote hango Udaletxeari.*

Gogoan jasotzekoa da elkargo horien zerrenda, hemen ere bideak ikasiz ikasiz joan gaitezen. Aipa ditzagun, lehendabizi, direlako Kolegioak (elkarte ofizialak direlarik, esannahi berezia baitute hauek): Aparejatzaile, Lizentziatu, Injinadore eta Abokatuen Kolegioak, Omnium Cultural, Orfeò Català, Ekonomi Ganbara Gaztea, Hiriaren Lagunak eta beste. Hauek guztiok «La normalitzaciò oficial de la Llengua Catalana» eskatzen dute: eskoletan katalana sartzea, kaleetan toki izen jatorrak jartzea, harreman eta kultur lanetarako katalana onhartzea.

Joanes GOIA

daude, dagoz

dio, deutso

diote, deutsoe

ditzagun, daiguzan

zaie, jake

zaio, jako

zion, eutson

zioten, eutsoen


Gizonaren jatorriaz

Hauzi korapilotsua da, oraindik ere, gizonaren jatorriari dagokiona. Arlo horretan lanean dihardutenek, argitasunik franko eskaini dute noski. Hala ere, irakurri berri dudan liburu baten arabera,* ez bide* du sobera* balio, orain arte eginikako zenbait lan zientifikok.

Liburua «El principio era el fin» delakoa dugu, eta Oscar Kiss Maerth haren autorea. Antza denez, orainokoan Estatuak, Elizak eta erakunde* ofizial orok* defendatu bide duten teoria, Oscarek funtsean* bertan arbuiatzen* du. Berak dioenez, erakunde ofizialen zerbitzutan dauden zientzi gizonek, giza jatorriari dagokion atalean, natur zientzien alorra antzutuz* dihardute, erakunde haien interes politiko eta ekonomikoengatik. Botereak, nonbait, segurtasun tinkoagoa daduka, gizonak bere egiazko etorkia ezagutzen ez duen bitartean.

Hara nondik doan haren tesia. «Teoria Ofizialak», betidanik daraman eginahalean, gizakia natur bilakabidearen* ondorio eta emaitza dela irakatsi digu historian zehar. Natur bilakabide horren barnean gizakiak jasan* dituen aldakuntzak, hots,* zerebruaren handitzea, seksual erregelen haustea, ilearen galtzea eta abar, guztiz arruntak* iruditzen zaizkigu. Eta jadanik* ez da inolako kontraesanik sortzen fenomeno horien eta «Teoria Ofizialaren» artean.

Baina Oscarek honelako galdeak egiten ditu, harriduraz beterik. Nola hel daiteke, bada, etorkiz 400 cm3 besterik ez zuen zerebru bat, 1.400 cm3. duen batetara? Natur bilakabidearen arabera, hain epe laburrean ez zaio inongo izakiri hein* horretan zerebrurik hazi. Gizonarengan, ordea, duela 50.000 urte, oso laster gertatu zen hazkuntza hori, eta geroztik neurri berdintsuan dirau. Noizbehinkako ziren epe seksualak ere, noiztik bilakatu dira eguneroko harreman? Hori ere ez da, natur bilakabidearen arabera, sekula ezagutu.

«Teoria Ofizialak» ezin izan du, sarritan arras* kontrako eta esplikagaitz bihurtu zaizkion fenomenoetatik esperientzia berririk atera. Halakoetan, eta, lehen esan bezala, zientzi alor* horren aurrerapena antzutuz, bere printzipio aldaezinei gauzak egokierazten saiatu da, aurrean jartzen zitzaiona manaiatuz. Egiaren itxuraldatze ahalkegarri* hori, bestalde, zientziaren izenean egin ohi du.

Orain, Oscaren tesian ageri den oinharrizko hari logikoa azalduko dut hitz bitan.

Haren eritziz, gizaximinoak* kanibalismoa praktikatu bide zuen, eta horri esker gizon bilakatu ahal izan zen. Ez edozein kanibalismo, ordea. Kanibalismo horretan soil soilik jaten zena, zerebrua zen. Zerebruak, beregan duen sustantzia berezia kausa delarik, jalearengan hiru ondorio ditu: lehenik, jaten duenaren zerebrua hazi egiten da; bigarrenik, erlazio mugagaitz batetan bada ere, zerebrua hazi arau* endelegua* ere gehituz doa; azkenik, seksual oldeen* zuzpertze bortitz bat sortzen da.

Beraz, gizaximinoak kanibalismoa praktikatuz, zerebruaren tamaina* gisa* honetan aldatu zen: 400 cm3 = 1.400 cm3. Esandakoaren arabera. kanibalismoa onhartzen duen teoriaz kanpo, ezin daiteke epe laburreko hazkuntza hori inondik ere esplika. Baina, autoreak dioenez, kanibalismorako gizaximinoari zetorkion zaletasuna, seksuala baizik ez zen. Hots, praktika horrek seksual oldea biziki zuzpertzean, lehen ez bezala, orain ia berdin eduki zitzakeen harremanak gizaximino emearekin. Bere asmo eta uste guztiak atsegin horren bilaketan jartzen zituen, eta ez ziharduen sekula, gizonago eta jakintsuago izateko gogoaren eragipenez.*

Joxe M. ODRIOZOLA

digu, deusku

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz

zitzaion, jakon

zitzakeen, eikezan


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Euskal fideltasuna

Euskaldunok —mihi gaiztoak edonondik ari dira eta— fama txarra omen dugu aspaldion, fideltasunari dagokionez. Dena dela, holakorik ez dagoela esan dezakegu. Diogunaren frogatzat,* hona dakargu, aurten, 74-III-7ko La Gaceta del Norte-k argitaratu duen argazki hau, Bilboko Makina Erremintaren VIII. Erakusketa dela eta egina.

Irudi honetan, Elgoibarko kooperatiba bateko zuzendari gerenteak, Nemesio Fernández Cuesta jaunari entrepresa horren stand-era ongi etorria ematen dioneko unea hartzen da.


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (37)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABELTEGI (abere + tegi), establo de animales.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGI DENEZ, agian, al parecer.

AHALKEGARRI, lotsagarri.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AISE, aisa, errazki.

AITZINAMENDU, aurreramendu, progreso.

ALBAITARI, veterinario.

ALDIZ berriz, ordea, ostera.

ALEGIA. halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ALHATU, alha izan, funcionar. (Errota alha da, erlojua alha da).

ALOKATU, alquilado, loué.

ALOR, arlo, sail.

ALTXOR, tesoro, repertorio.

ALTZEIRU, acero.

AMAITUTAKOAN, amaitu eta gero.

AMAZULO, muy apegado a su madre, très attaché à sa mère.

ANTZ, semejanza, ressemblance. (Antza denez, dirudienez).

ANTZUTU, esterilizado, hecho estéril.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAU, ara, ala, según, conforme, a medida que.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARBUIATZE, despreciar.

ARDURATU, axolatu.

ARDURAZ, axolaz, artoski.

AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

ARESTI, momento anterior.

ARETO, sala, salón.

ARGITARAZLE, editor.

ARIAN ARIAN, ariz ariz, poco a poco.

ARMADA, hormada, ejército.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ARTZAN, pastoral.

ATXIKI, adicto, apegado.

ATZIZKI, sufijo.

AURRIZKI, prefijo.

BA, bada, pues.

BANABESTE, batezbeste, batazbeste, promedio.

BANAKUNTZA, división.

BARIK, gabe, en lugar de, au lieu de.

BATEZBESTEKO batazbesteko, banabesteko, promedio.

BATIK BAT, batipat, batez ere, bereziki.

BATZORDE, comisión, comité.

BATZUK, batzu, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behinik behin, gutienez.

BELAUNALDI, generación.

BEREBERKI, muy especialmente.

BESTE, inor.

BETETZEARREN, betetzeagatik.

BIDE, beharbada, nonbait. (Bide du = duke).

BILAKABIDE, proceso, evolución.

BILAKATU, bihurtu.

BILERÁ, azentuaz la reunión (bilerea), azenturik gabe reunión.

BILKURA, bilera, reunión.

BIKARI, vicario.

BIRIKI, pulmón.

BORTITZ, fuerte.

BURURATU, amaitu, bukatu.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DARAMA, daroa.

DARAKUSKIGU, erakusten digu (deusku).

DATEKE, da nonbait, debe de estar, estará.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA, al da?

DEUS, ezer.

DITUZKE, ditu nonbait.

DITUZKETE, dituzte nonbait.

DOTORE, elegante.

DUKE, du nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

E.A., eta abar, etc.

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

EGITURA, estructura.

EGOERÁ, azentuaz la situación (egoerea), azenturik gabe situación.

EGUN, gaur

EGURATS, atmósfera.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKIN, dedicado, aplicado, entregado. (Aditz hau intrantsitiboa da, eta datiboa eskatzen du).

ELABERRI, novela, roman.

ELBARRI, lisiado, manco, tullido.

ELIZBARRUTI, diócesis.

ELKARGO, elkarte, compañía, asociación.

EMANKIZUN, emisión.

 ENDELEGU, intelecto, inteligencia.

ENGAIATU, comprometido, engagé.

ERABAT, guztiz, osoki, zeharo.

ERABATEKO, completo, total.

ERAGIPEN, influencia.

ERAGOTZI, impedido.

ERAIKIDURA, construcción.

ERAKUNDE, organismo, institución, entidad.

ERDIESTE, lortze.

ERDIKOITU, hecho centralista, centralistizado.

ERDITZAPEN, parto, alumbramiento.

EREDU, modelo.

ERITASUN, gaixotasun.

EROSO, cómodo.

ERRALDOI, gigante, géant.

ERREGAI, combustible.

ERTZ, hegi.

ESATERAKO, esate baterako, adibidez, por ejemplo.

ESKUALDE, comarca, región.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

ESTAKURU, aitzakia, pretexto.

ESTRATA, vericueto, chemin détourné.

ETSITU, desesperado. (Biziaz etsitu duzunean, cuando has desesperado de vivir, Axular, 157).

ETXAUNTZA, etxalde.

EZEZIK, no solamente.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo, esencia.

FUNTSATU, fundado, basado.

GABE, barik, en lugar de, au lieu de.

GAILENDU, garaitu, nagusitu.

GAITZESTE, desaprobar, rechazar, condenar.

GAKO, kako, iltze, untze.

GERENTE, kudeatzaile.

GISA, modu; bezala.

GIZAXIMINO, pitecántropo, hombre mono.

GOGARA, gustura.

GOGOETA, reflexión.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GREBA, huelga.

GUTIENGO, gutientasun, minoría.

GUTIZIA, ansia, anhelo.

HA, ah! (Ha, zer bidea eta moldea! Axular, 117).

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HAINTZAKOTZAT, en consideración.

HAIZU, zilegi, lícito.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es. (ALEGIA, ficción).

HASERA, haste, hastapen.

HASTANDU, aldendu, urrundu. (Ikus «Axularren Hiztegia»).

HASTAPEN, principio, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUSKOR, frágil.

HAUTESKUNDE, elección.

HAUSTURA, ruptura.

HEDATU, zabaldu.

HEIN, grado, medida, proporción.

HERRIKOI, amante del pueblo, adicto al pueblo, patriota.

HETSI, hertsi, hitxi.

HEZKUNTZA, educación.

HIGATU, ajado, gastado, consumido.

HILORTZE, aborto.

HIRRIKADURA, grieta, fente.

HIRRIKATU, lehertu. (Gosez hirrikatua naiz).

HIRUREHUNDAZ, trescientos y pico.

HITZARMEN, convenio.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORREGATIO, sin embargo, néanmoins.

HORRETAZ, beraz, por consiguiente.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURRUPATU, chupado, absorbido.

IHARDUKITZAILE, jarkitzaile, resistente.

IKERPEN, investigación.

INKESTA, encuesta.

INUDE, nodriza, nourrice.

IRAIL, septiembre.

IRAIN, injuria.

IRME, fermu, gotor, firme.

IRTETE, urtete, ateratze, jalgitze.

ISTILU, conflicto.

ISTRIPU, accidente.

ITZALI, amatatu, iraungi.

ITZURTZE, escapar.

IZAN ERE, en efecto.

JADANIK, ya.

JALGI, irten, urten, atera.

JALGITZE, irtete, urtete, ateratze.

JARRERA, postura, actitud.

JASA, oldar, olde. (Euri jasa, lluvia torrencial).

JASAN, sufrido.

JASATE, sufrir, soportar.

JORI, rico, fecundo, rollizo.

JOSTAGAILU, juguete.

JAZO, gertatu. agitu.

KASKAL, simple, fatuo, lelo, naïf, niais.

KASU, adibidez, por ejemplo.

KAUSITU, aurkitu.

KOMISARI, comisario. (KOMISALDEGI, comisaría).

KOPURU, cantidad, suma.

LANGA, tranca, barre.

LARDERIA, beldur.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHENGAI, materia prima.

LEHIA, empeño.

LILURA, encanto, hechizo.

LOKATZA, basatza, lupetza, lodazal, bourbier.

MAIZ, sarri, sarritan.

MINBIZI, cáncer.

MINTEGI, seminario.

MUKURU, tope, colmo.

MUKURUTU, colmado, comblé. (Faborez mukurutu, colmado de favores).

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITZE, advertir, notar.

NEKAZAL, rural, paisanal.

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OLDARTZE, reacción, afrontamiento.

OLDE, instinto; movimiento.

ONESTE, aprobar.

ONETSI, aprobado.

ORAINOKOAN, orain arte.

ORE, orhe, pasta, masa. (ORHATU, amasado; ORATU, agarrado).

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente, así mismo.

OTSAILAREN 27an, el 27 de febrero. Idazle askori gogor gertatzen zaie oraindik ere, zenbakien ondoan, tarteko marrattorik gabe, atzizkirik jartzea, idazkera hori euskal berrikeria bat delakoan edo. Ez dakite nonbait, praktika hori Euskaltzaindiak berak zilegitu* duela, eta oso arrunta dela ingelesen eta alemanen artean. Hona hemen ingelesezko exenplu bat: A technique used in the 1800s = 1800etan usatutako teknika («Time». Europe. March 18. 1974).

PANPINA, muñeco, muñeca, poupée.

PATU, destino.

POESIÁ, azentuaz la poesía.

POXI, apur.

POZARREN, pozik.

SARETAN, en redes. (SAREETAN, en las redes).

SINETSI, convencido.

SOBERA, gehiegi, lar, larregi.

SUHAR, ardiente, impetuoso, fogoso.

SUOMI, Finlandia.

SUKAR, fiebre.

TAMAINA, tamaño, volumen.

TRUK, cambio, trueque, (Zure semearen urriloen truk, a cambio de las mandrágoras de tu hijo, Duvoisin).

TTANTTATTO, tanta ttipi ttipi, gotita.

TXAKUR TTIKI, pieza de cinco céntimos.

UDALETXE, herriko etxe, casa consistorial.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKENDU, ungüento.

ZATEKEEN, zen nonbait.

ZEBILÈN, azentuaz, que andaba.

ZÈN, azentuaz, que era.

ZERAKUSKIGUTEN, erakusten ziguten (euskuen).

ZETA, seda.

ZILEGITU, permitido, hecho lícito.

ZILEGITZE, permitir, hacer lícito.

ZINEMARETO, zinemaleku, sala de cine.

ZUZPERRALDI, reavivamiento, reviviscencia.

ZUZPERTZE, revivir, reavivar, revitalizar.


Ikas zeure hizkuntza

Hitzak eta esaldiak. Beste aldizkarietan ageriak (*)

Agian,* Txileko gertakariak ikustearekin, Ipar Amerikako zenbait jaun gogara* dateke.* «Zabal».

Gobernuaren kontra dauden olde* guzietara hedatuko* da errepresioa, eta, horrela, zapalkuntzak berak erakarriko duen oldartzea* zabalagoa izanen da, eta indartsuagoa ere. «Zabal».

Kontrakoek, bi eskuak zerura altxaturik, oihukatuko digute, krimen bat egin dela. Bizia bizi dela. Gizona gizon dela. Eta ez dela gizonaren hiltzea haizu.* «Zabal».

Gertakari honek etsaiaren burumuinetan barna halako larderia* bat sartu duke.* «Zabal».

Talde eratzaileak gogoan ukan* beharreko bizpahiru puntu: 1) Gastuetarako diru laguntza eska zenbait erakunderi. 2) Diru laguntza eskain, Unibertsitatean parte hartu ahal izateko, halako beharretan den zenbait ikasleri. Horretarako, bekak edo sor. 3) Publizitatearen alorrean gehiago saia. «Zabal».

(*) Behin baino gehiagotan, euskara batuaren amorearren eta irakurlearen faboretan, aldatu egiten ditut pixka bat hitz eta esaldiok.


Nori sinetsi behar zaio?

Martxoaren 6an, Espainiako «Radio Nacional» delakoak ondoko informazio bitxi hau zabaldu zuen, ordu bi eta erdietako albiste emankizunean*: «Zenbait aldizkaritan bestela esan den arren, nuklear zentralek ez dute arrisku berezirik sortzen». Hau entzutean, zer esanik ez, harritu egin nintzen. Oraindik gehiago: emandako informazio oker hark mindurik utzi ninduen, eta, albistearen okertasuna frogatu* nahirik, zentraletan gertatutako istripuen* berri bila hasi nintzen. Izerdi gehiegirik gabe, hiruzpalau istripu edo antzeko zenbait gertakari aurkitu nituen. Hauen artean, bi aukeratu ditut, bata Estatu Batuetan eta bestea Sobiet Batasunean gertatuak. Nuklear zentralak arriskugarriak diren ala ez esan baino lehen, irakur itzazu lerro hauk.* Gero, zeuk epai.

Sobiet Batasuneko zentral batetan gertatua

«Le Monde» egunkarian irakurri ahal ukan* dugunez, Estatu Batuetako Zerbitzu Sekretuak zabaldu duen albistearen arauera,* ba dirudi, istripu bat jazo* dela, Kaspio itsasoaren ertzean* datzan* Shevtchenko inguruko nuklear zentralean. Hiri horretan egindako zentral hori oso berria zen oraino, 1973.eko azken hilabeteetan hasi baitzen funtzionatzen. Zentralaren potentzia haundia zen, 350 megawatt-ekoa. Sobietarrek helburu bi lortu nahi zituzten haren bidez: bata, itsasoko ura gezatuz, Shevtchenko-ko hiriak behar zuen ura erdiestea;* bestea, erreaktoreek behar duten erregai* nuklearra fabrikatzea. Izan ere, Shevtchenko-ko zentrala oso berezia zen, erreaktorean sortutako neutroien laguntzaz, berak kontsumatzen zuen baino erregai nuklear gehiago sortzen baitzuen.

Ez dakigu zer nolako istripu mota izan den; baina, gehiago edo gutiago, bere garrantzia ukan du. Besterik ez bada ere, Amerikako Zerbitzu Sekretuarentzat behintzat garrantzia ukan duela pentsa liteke, albistea zabaltzen arduratu* da eta.

Zozoak beleari burubeltz

Amerikanoak zuhur samarrak dira inoren problemak aipatzen. Hala ere, hobe eginen lukete, beren barneko arazoak aztertzera saiatuko balira, beren etxean bertan buruhauste franko dute eta.

Aipa dezagun, adibidez, Shippingport-eko zentralaren arazoa. Zentral honek leku berezia du nuklear energiaren historian, berau izan baitzen Estatu Batuetako nuklear energiazko lehen zentral komertziala. 1957. urtean hasi zen alhatzen,* eta, bere bizitzaren hamaseigarren urtera orduko, nuklear energiaren arriskugarritasunaren makina bat froga* eman digu.

Ernest J. Sternglass ikertzaileak, zentralaren inguruko lurraldeetan ikerpen* sakonak egin ondoren, ondoko gertakari hauk seinalatu ditu.

Shippingport inguruko abeltegietan,* simaurrak eta esneak duten radioaktibitatea, maila arriskugarrietara heldu da maiz* azken urteotan.

Shippingport-eko zentrala Ohio hibaiaren ondoan datza; eta hibai honen uretatik hartzen du, behar duen hozgarria. Hibaian behera datzan East Liverpool hirian, 67 %an gehitu da minbiziaren* portzentaia, Estatu osokoa 4 %ean baino goititu ez den bitartean.

Shippingport-etik bederatzi milia ekialderantzago* datzan beste hiri batetan, ume jaio berrien heriotz portzentaia eta hilortze* naturalen kopurua* doblatu egin dira, Estatuan lehengo mailan iraun duten bitartean.

Eta honi guztioni ez dio propaganda gehiegirik eman Zerbitzu Sekretuak. Ez horixe!

Materialak eta radioaktibitatea

Goazen aurrera, eta azter dezagun nuklear zentralen arriskugarritasuna.

Elektra elkargoek* dioskutenez, zentraletatik ez dira gorputz radioaktiboak itzurtzen.* Noraino heltzen da baieztapen horren egiatasuna?

Arestion* ikusi dugunez, radioaktibitateak efektu bereziak sortzen ditu materialetan. Altzeiru* gehienak, esate baterako, radioaktibitatearen eragipenez* hauskor* bihurtzen dira. Hori dela eta, erreaktorean radiazio handia dagoenez, hango materialek radioaktibitate handia jasaten* dute, eta arian* arian hauskortu egiten dira zertxobait. Hauskortasunaren kausaz hirrikadurak* sor daitezke, eta gorputz radioaktiboak, barneko presioak lagundurik, hirrikaduretatik itzur daitezke eguratsera,* hibaietara edo itsasora.

Ikertzaileak altzeiru berrien bila zuzentzen ari dira orain beren pausoak; baina oraindik radioaktibitatearen efektuak ezezagunak direla ere esan behar dugu.

Legeak kontseilatzen duen radioaktibitate maila, arriskugarria da

Beste batzuen artean Gofman eta Tamplin-ek frogatua dutenez, legeak onesten* dituen radioaktibitate mailak ere arriskugarriak dira. Estatistiken arauera, radioaktibitatearen eragipenez, ugaritu egiten dira umeen arteko leukemiak, pertsona nagusien arteko edonolako minbiziak eta zenbait bihotz eritasun* mota.

Radioaktibitate maila horietaz beste zerbait ere esan behar dugu. X izpiez azterturik izan diren pertsonen artean ikusi izan denez, desberdintasun handiak aurkitu dira radiazioa jasateko gaitasunean. Ba dago pertsona multzo bat, radioaktibitatearen efektuen aurrean oso sentikorra dena. Pertsona hauek, banabesteko* pertsonak baino hamar aldiz efektu gehiago sufritzen dute. Honek zera esan nahi du: banabesteko gizonari, legeak agintzen duen radioaktibitate mailak kalterik egiten ez badio ere (eta honetaz ez gaude hain segur), pertsona sentikorrei kalte handia egin liezaiekeela.

Baina hori ez da dena. Lehen esandakoa, legea beteko balizko kasurako esana da. Hala ere, nork ote daki, zentral horietan legea betetzen denik? Eta legea betetzen ez bada, egiten dea* ezer zentral horien kontra?

Ez pentsa, azken lerroetan esan duguna, gerta ezin litekeen gauza denik. Hara! Sternglass-ek frogatu ukan duenez, Shippingport-eko zentralak 78 Curie jaurtiki zituen Ohio hibaira 1964-65. urteetan, eta 182 Curie 1970.ean. (Curie delakoa, radioaktibitatea neurtzeko erabiltzen den unitate bat da). Hala ere, legeak urtean 0,58 Curie jaurtikitzea baino ez zion permititzen. 1970. urtean, legeak agindutakoa baino hirurehundaz* bider gehiago bota zuen. Eta zer? Zentralak zutik dirau.

Euskal Herriko nuklear zentralak

Elektra elkargoek Euskal Herrian nuklear zentral batzuk eraikitzeko asmoa dute. Jendeari eman dioten informazioa ikusirik, ba dirudi, ez dela inguruko herrien eta herritarren eritzirik kontutan edukiko. Irratiak, zentral hauk oso garbiak direla baieztatzen digu. Hala ere, erraz ikus daitekeenez, zentralok sor dezaketen arriskua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hau guztiau ikusirik, zer behar dugu pentsatu? Nori sinets?

J. R. ETXEBARRIA

dezagun, daigun

dezakete, daikee

digu, deusku

dio, deutso

diote, deutsoe

itzazu, eizuz

gaude, gagoz

liezaieke, leiskioe

lukete, leukee

zion, eutson