ANAITASUNA

270. zenb.

1974.eko otsailaren 28koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

BEHIN BEHINEKO ZUZENDARIA:

Imanol Berriatua, O.F.M.

ZUZENBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Eliza bat Herri batentzat

Bi erakunde* bakarrik dira Euskal Herrian —nik dakidanez— Euskal Herri osoko erakunde ofizialtzat hartuak, eta Euskal Herri osoarentzat eratuak: Euskaltzaindia eta Liturgi Batzordea. Batak bi Estatuengandik du bere «ofizialtasuna»; besteak, Elizaren aldetik.

Beren eginkizuna oso mugatua badute ere, biek dute Euskal Herri «osoari» dagokion zerbaiten ardura: Euskaltzaindiak Herriaren euskararena, Liturgi Batzordeak Elizaren euskal Liturgiarena.

Beren ofizialtasuna eta guzti, astinduta* dabiltza azkenaldi honetan bi erakundeok, bizilekurik eta oinharririk ez balute bezala; eta hala da zoritxarrez: Euskaltzaindia dugu ofizialtasunik gabeko Herri baten herri erakunde ofiziala; Liturgi Batzordea dugu ofizialtasunik gabeko Eliza baten eliz erakunde ofiziala. Ba dirudi, biak dabiltzala bizileku seguru baten bila: Herri ofizial baten bila... Eliza ofizial baten bila...

Euskaltzaindia ala Liturgi Batzordea?

Gure artean ba da bat baino gehiagorik, Euskaltzaindia eta Liturgi Batzordea burruka zelai berberean elkarren kontra jarri nahi dituenik: «Honako hau dio Euskaltzaindiak, horrako hori dio Liturgi Batzordeak»; «honek Euskaltzaindiaren esanak egiten ditu eta ez Liturgi Batzordearenak, horrek Liturgi Batzordearenak betetzen ditu eta ez Euskaltzaindiarenak...» Gure euskal eta kristau kontzientziak etenik daude. Nola bateratuko?

Euskaltzaindia euskal Diputazioek sorturiko erakundea dugu, eta bere asmo nagusienetako bat euskara batzea izan du lehen lehenik. Liturgi Batzordea euskal Elizbarrutiek eratuta dago, eta haren eginkizun nagusia Euskal Herri osorako euskarazko Liturgia batua ematea da: horretarako sortu zen, Erromak eskaturik edo «agindurik». Liturgi Batzordeak ez du euskara batzeko ez agindurik ez aginterik hartu, euskara batuan Liturgia emateko baizik.

Euskara batua ez da gauza egina, ez eta izango ere. Hizkuntzaren batasuna ez da, behin betirako egiten den zerbait, behin eta beti eginez doan zerbait baizik. Euskararen batasun dinamika hori, Euskaltzaindiak urratzen duen bidetik doa: horixe baitu honek bere eginkizun nagusienetakoa. Beraz, ez gaur bakarrik, beti izango dugu euskara batu beharra, eta, horretarako, Euskaltzaindiaren bidetik joan beharra. Bide hau ez da zeruetako galaxietatik pasatzen, herritik baizik: herriaren gidari da Euskaltzaindia —eta herria gara euskaldun guztiok—.

Liturgiako euskararen batasuna ere ez da behin betirako egina: beraz, euskal Liturgi Batzordeak ere beti izango du lanik. Lan handia egin zuen lehen batetan; eta une hartan zitekeen guztia egin zuen ere, beharbada. Baina ez du inolaz ere bere eginkizuna burutu. Euskara batuaren bidea urratuz urratuz joan da Euskaltzaindia, Herriari eta Liturgi Batzordeari goragoko helburu batzuk jarriz. Dinamika honetan abiaturik gaude guztiok; eta dinamika honetatik begiratu behar diegu, orain arte Liturgi Batzordeak eman dizkigun textuei ere.

Liturgi Batzordearekiko obedientzia ez da geldia: ez du eskatzen, hark hasera* batetan emandako textuei lotuta egotea. Obedientzia hori dinamikoa eta bizia da, eta Euskaltzaindiaren bidetik doa. Liturgi Batzordearekiko obedientzia dinamikoa ez da anarkikoa: Euskaltzaindiak jarri baitizkigu guztioi helburu eta arau batzuk.

Liturgi Batzordearekiko obedientzia Euskaltzaindiarekiko «obedientziaren» bidetik pasatzen da: euskarari dagokionez, esan nahi da. Bestela, berriz ere, bereak ez dituen soroetara* sartuko genuke Eliza, bereak balitu bezala. Elizak ez baitu hizkuntza baturik asmatzeko eskubide berezirik, eta bai herriari beronen hizkuntza «batuan» Liturgia emateko eskabide berezirik. Herriaren hizkuntza batu edo bateratzeko horren gidaria, berriz, Akademia da herri askotan, eta gurean Euskaltzaindia.

«Zesarenak Zesari eta Jainkoarenak Jainkoari» esan beharko dugu hemen ere, Euskaltzaindia eta Liturgi Batzordea burruka zelai berean jar ez ditzagun. Liturgian Euskaltzaindiaren bidetik jotzea, Liturgi Batzordea laguntzea da: izan ere, honek nekez eman ahal izango dio Euskal Elizari eta Euskal Herriari beronen Liturgia euskara batuan, baldin Herria (euskaldun guztiok), Euskaltzaindiak ezarritako helburuetara irixteko, berorrek emandako dinamikatik abiatzen ez bada. Eta hau guztion eginkizuna dugu, euskara batua herriak eta herrian egitekoa baldin bada, eta euskal Liturgia batua «herribide» dinamikotik egitekoa baldin bada.

Euskal Elizaren bila

Izan ez den Euskal Eliza baten batzorde «ofiziala» bezala sortu zen Liturgi Batzordea. Eta askorentzat itxaropenbide izan zen, Euskal Eliza hori egiteko.

Itxaropen horik* baztertu egin behar ote ditugu? Gaur, euskarazko liturgi liburu guztiak —eta zenbat erabili behar izaten dugun meza bakoitzean, gero!— ikusten baditugu, inoiz baino nabariago* agertzen da Euskal Elizaren banakuntza, edo Euskal Elizarik eza. Bizkaian beren liburuak darabiltzate, eta igandeetarako beren liturgi horria ateratzen dute. Gipuzkoan geure liburu eta liburuxka piloa erabili behar izaten dugu, eta noizbehinka geuretzat prestaturiko homili gaiak. Baionan berentzat atera dute meza liburu eder bat: meza liburu berria, alegia,* giputzok eta bizkaitarrok geure meza liburu zaharraz ari garen bitartean. (Euskaldunok Liturgiako euskarak «banatu» egiten gaitu; eta euskarazko Liturgiak ere banatu egiten gaitu: Batzuk Trentokoan ari baikara, besteak Vatikanoko Bigarrenean ari diren bitartean).

Noiz hasi behar dugu, Euskal Eliza osoarentzat liburuak, aldizkariak, liturgi gaiak ematen? Zorionez hasia da, lehengo Abendutik, iganderoko liturgi horri bat: GOGO BERRI, Euskal Herri osotik egina eta Euskal Eliza osoarentzat egina. Noizko izango ditugu Euskal Elizarentzako (ez Lapurdirako, edo Gipuzkoarako, edo Bizkairako) Meza Liburu berria (aldarerako nahiz eskutarako) eta Liturgiazko Irakurgai Liburua? Noizko Euskal Eliza osoarentzako Biblia? Hor eta han entzun ohi da, Bibliaren itzulpen berria prestatzen ari diren batzordekoak ez datozela bat euskara batuari buruz, eta nork bere liburua nork bere euskaran emanen ote digula... Beraz, gipuzkoarrentzat Isaia profeta, bizkaitarrentzat Deuteronomioa. lapurtarrentzat San Luka, zuberotarrentzat Erromatarrei egindako epistola, nafarrentzat Genesia, arabarrentzat San Joanen Ebanjelioa... Gutti gorabehera honela banatuko genuke Biblia euskal kristauon artean! Euskal Eliza sortzeko modu bikaina horixe!

Eta agian* ba da oraindik, banakuntza hori askozaz programatuago eta xehetuago duenik ere: beren euskara «pollitean» emanen lieke Biblia tolosarrei, beren euskara «bisi bisijen», bermeotarrei, beren euskara «beresixan» oinatiarrei, beren euskara «eztian» Azkainekoei, eta abar, eta abar. Honela izatekotan, bukatua litzateke benetan Liturgi Batzordearekiko obedientzi problema: Batzordearenak berarenak ere egina bailuke... Eta apez bakoitzak bere herriko euskara goxoan prestatuko lituzke irakurgai eta liturgi gai guztiak.

  Euskal Eliza osoarentzat eta batuarentzat sortu zen Liturgi Batzordea, Eliza hori osoagotzeko eta batuagotzeko. Aita Agirretxek GOIZ-ARGIren 178. zenbakian dioenez: «Or (Liturgian) bai litzakela liburu batuagoa ta dotoreagoa ta euskara batuago ta berdiñagoa bear! Ortan ez dago alderdika ibiltzerik. Euskalerriaren, Elizaren eta, batik-bat, diruaren batasunak, liturji-liburu eder eta berdiñak egitera beartzen gaitu».

«Batuago» eta «berdiñago» hori, Euskal Elizari eta Euskal Herriari Euskaltzaindiak ematen dion batasun dinamikatik eta batasun bidetik bakarrik egingo da.

Paulo AGIRREBALTZATEGI

balute, balebe

darabiltate, darabilez

daude, dagoz

diegu, deutsegu

digu, deusku

dio, deutso

ditzagun, daiguzan

dizkigu, deuskuz

gaude, gagoz

lieke, leuskioe

zitekeen, eitekean


Iparraldea iparleihotik

Euskaldun herbesteratuen inguruan

Zenbait aste dira orain, Parisek erabaki duela, Hego Euskal Herritik ihes etorri* Euskaldun multzo batek Ipar Euskal Herria utzi behar duela, Frantziako iparraldera joateko, han bizitzera. Erabaki hau, ikusten denez, Carreroren hiltzearen ondorio bat da. Alabaina,* Parisek eta Madrilek beren arteko harremanak zaindu nahi dituzte.

Desterratze horien inguruan hasi da, beti bezala, haizea indartzen. Urtats* arratsean berean, hiru Lapurtarrek hasi dute Baionako eliza nagusian gose greba* bat, hamabost bat egunez iraun duena. Hirurak gazteak eta ikasleak. Haien gazte lagun batzuek laguntza talde bat muntatu dute, beti bezala paper asko zabaltzen zituztela anitz herritan.

Herbesteratuak ziren Euskaldunak oro,* berriz Ipar Euskal Herri honetara itzuliak dira; eta horien alde agertu dira Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko ehun familia, «zuzenkontra lekutuak* izanen diren Euskaldun errefugiatuak geure etxean zainduko ditugu» diotenak. Oraingoan gauzak horretan daude; eta iduri luke, familia horien egitateaz geroz, Pariseko gobernuak ez dakiela xuxen zer egin, egoera tinko hau bortxatu gabe...

Hau idazten dudan mementoan, Baionako eliza nagusian beste bost gaztek daramate gose opor luze bat.

Diru laguntzak euskal kulturarentzat

Hegoaldean Diputazioak bezala, hemen Ipar Euskal Herriak eta Biarnoak* osatzen dute, Paue-n den «Conseil Général» edo Diputazioa. Honek erabakitzen du honi eta hari diru alde* bat zabaltzea, dela ekonomiaren alde, dela irakaskuntza edo kultura berezien alde. Aurten, hona zer diru emanen duen euskal kulturaren alde, eta zein batasun izanen diren lagunduak:

«Haize Garbia», Hendaian: 50.000 pezeta.

«Eskualtzaleen Biltzarra», Baionan: 150.000 pezeta.

«Ikas», Baionan: 415.000 pezeta.

«Endaya», Hendaian: 25.000 pezeta.

«Kanboko Ikasleak», Kanbon: 31.250 pezeta.

«Donibaneko Ikasleak», Donibane Lohitzunen: 31.250 pezeta.

Ikusi denez, aurten «Seaska» batasunak ukan du beste urteetan baino diru gehiago. Erran behar da ere, batasun horrek bere hamabi ikastolekin ba duela non zer egin. Urteko gastuak 3.750.000 pezetatakoak ditu.

Abereak ezin salduak

Ipar Euskal Herrian famatuak dira hiru feria edo azoka. Bat Garruzekoa (Donapaleu ondoan). Bestea Heletakoa, eta hirugarrena Ezpeletakoa. Aurten feria horietara agertu diren abereak, ezin salduak bezala izan dira. Berdin ikusten da merkatuetan bildotsekin. Gauzen prezioak goratu baitira, erosleak xuhurkiago bizi dira orain. Egia da, gazolina edo ezantza eta gaza ehuneko hogeiz goratu dituztela.

Liburutto gordin bat

Manex Goyhenetche gazteak liburutto bat atera digu ELKAR argitaldarian, Ipar Euskal Herriko kultur egoera sakonki ikertzen edo aztertzen duena. Ez da luzea izanen irakurtzeko; baina ez dugu dudatzen, harrera haundia ukanen duela, kultur lanetan dabiltzanen artean. Erdaraz idatzia da, eta zazpi franko berri balio du.

Lantegi berria Baiona ondoan

S.A.T. izeneko lantegi berri bat, telekomunikabideetaz, eraikiko da Baiona ondoan, Mugerreko lurretan. Diotenez, zazpiehun langile, gehienak emakumeak, emplegatuko ditu. Hau berri ona da alde honentzat. Buru argi eta eskuetako trebetasun handia eskatuko dituen lan bat. Beharbada, lantegi honen inguruan beste lantegi ttipi batzu eraikiko dira.

Lanak hasiak dira, eta, udazkeneko, lantegia zutik ikusten ahalko da, Baionatik Mugerre aldera doan bide bazterrean.

M. HERRIZAIN

daude, dagoz

digu, deusku


Lea-Artibai eskualdean

Lea-Artibai eskualdea* abandonatuena edo abandonatuenatarikoa dugu Bizkaian. Horretaz oharturik, norbaitzuk ari dira, zerbait egin nahiz. Hor dugu Lea ibarreko arduradunen batzordea.

Munitibarko herria, Lea-Artibai eskualdekoa izan arren, Markina eta Gernikako bide erditan dagoenez, batzordekoek jakin gura izan dute, munitibartarrek norako joera duten, Markinara ala Gernikara. Hori dela eta, inkesta* bat egin dute herrian.

Benetan pozten gaitu, herriaz eta eskualdeaz egiazki arduratzen direnak ba daudela jakiteak.

E. G.


Noizko euskal literaturlarien aldizkaria?

Ba zen behiala* Euskal Idazleen Elkartea. Orain zertan den ez dakigu; baina, berriki,* EIE haren berrindartzearen alde mintzo ziren X. Kintana eta X. Gereño ANAITASUNAn berton. Gure kultur eta literatur aurreramendurako lanabes guztiz baliosa litzatekeela uste dudalako, nik neure deia jaurtikitzen dut gaur horrialde hauetatik.

Batasun arazoari begira sortu zen EIE, berriro martxan jartzeko ordua ba da. Arazo hau aurrera eraman behar da, jaunok, eta lehen bai lehen.

EIEk, Armendaritzen eritziz, xede* hauk* ukanen lituzke: Hitzen esanguren finkatzea, synonymoen bereiztea, hitzen "kultur giroa" erabakitzea, tekhnika eta zientzia espezializatuen hiztegia eratzea, e.a.; horretarako batzordeak muntatuz (ikus ANAITASUNA, 257. zenbakia). X. Kintanak EIEri ezartzen dizkion helburuokin oso ados datorke* euskal literaturlari oro.* Linguistik aldetik gure hizkuntzak dituen problemok askatu beharra dago ahalik eta agudoen.*

Baina entzun diezaiogun Armendaritzi, zer dioskun zenbait lerro aurreraxeago: "Oinharrizko lanok bete ondoren —alegia,* hizkuntza eredua* bateratu eta gero—, literatur eskola baten barrenean stylistika eta tankera* kontuan ere lanegin beharko dukegu,* euskara literatura moderno baten adierazpide zalua* eginen badugu bederen*". Eta nik zera esaten diat, Xabier: Literatur estudioek linguistik estudioen gibeletik* behar dute izan, ala*? Literatur inguruko kontuak geroko gerorako utzi gabe, zergatik ez oraintxetik bertotik haiei lot?

Hau da nik proposatzen dudana: Literatur kreazio lanak, alde batetatik, eta kritik solas eta ikertze lanak, bestetatik, argitara emango lituzkeen literaturazko (hitzaren zentzurik hertsienean*) agerkari baten sortzea. Euskal Idazleen Elkarteak berberak sorterazi behar luke bere barruan literatur aldizkari hori, ene eritziz. (Zergatik ez Euskaltzaindiaren babesaren pean?).

Joera zabal eta aurrerazaleko agerkari bat behar luke izan, gaurko euskal literatur mugimenduaren adierazpide, eta egunen batetan abangoardiaren aldizkaria bilaka* litekeena. Pauso neurgaitz bat emango genuke horrela: literaturzale gazteok zer irakur eta non izkriba ukanen* genuke.

Aldizkari horrek ondoko sailok ukanen lituzke: Egungo literatur korronteen azterketa, textuen analisia, izkribatzaile garrantzitsuenen (Axular, Joyce, Artaud, Sollers, e.a.) ezaguteraztea, gure literatura gaur eguneko molde eta joeren arauera* jartzea, eta abar.

Ezin uka, euskal produkzioaren kurbatura gorantz doan arauera, kritik eskasia nabarmen bat ageri dela gutartean. Literatur arloa, beraz, ezin daiteke, "hizkuntza eredua bateratu eta gero" aztertzeko laga.* Ez deritzak hala, Xabier?

Euskal Idazleen Elkarteak du orain hitza.

PERUGORRIA


Neure lantokitik

Urdinez jantzirik

Emmanuel John Hevi-k «Un estudiante africano en China» liburuan kontatzen digu, Txina osoan, monotonia aspergarri batez, jendea urdinez jantzirik dabilela.

Txinan betidanik ukan* dute koloreek garrantzi handia. Behin batean, europar merkatari bati otu* zitzaion jostorratzak Txinan saltzea. Milaka eraman zituen, paper horitan gordeta, Jostorratzok ez ziren saltzen, eta galde egin zien saltzaileei ea zergatik ote zen. Erantzuna hau izan zen: kolore horia enperadorearena zela, eta jendea ez zela erostera ausartzen.

Horia enperadorearena, eta urdina herri xehearena. Honengatik, komunistek, agintea eskuratu zutenean, urdinez jantz erazi zuten jende guztia, proletalgoa jantzietara ere eramanik.

Baina, ene ustez, gauzak ez dira neurritik kanpo egin behar. Gauza bat da zuzentasuna, eta beste bat zuzenkeria. Gauza bat, zerbait ondo egitea; eta beste bat, ondoegi egin nahiz, larregikerian* erortzea. Eta beldur naiz, Txina osoa ez ote den Ordena bereko fraide eta seroren komentu handi baten antzeko bihurtuko (jantzien aldetik, noski), guztion barregarri.

Ordena eredugarri bat

Eta fraideak aipatu ditugunez, erlijioso Ordena bat aipatu gura dut gaur hemen.

Dakikezuenez,* ANAITASUNA aldizkari honen jabeak Frantziskotarrak dira, eta aipatu nahi dudan Ordena Frantziskotarrena da. Baina batek ez du bestearekin zerikusirik. Honekin esan nahi dudana, hauxe da: nire asmoa ez dela aldizkari honen jabeei intzentsurik botatzea, guztion begi bistan dagoena idaztea baino, ea beste Ordenetakoak zuzpertzen* diren.

Esan nahi dudana, zera da: gaur Euskal Herrian Frantziskotarrak direla aitzindari* euskal literaturan. Luis Villasante, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Bitoriano Gandiaga, Felix Bilbao, Paulo Agirrebaltzategi... Lehen mailako idazleak, oso langileak (argitaratzen dituzten liburuak eta idazlanak ikustea besterik ez dago) eta denak euskara, batuaren aldekoak. Baina loratze hau ez da bapatean* gertatzen, lan eta giro baten fruitua baita.

Exenplu hau hona ekarri nahi izan dut, beste Ordenetakoentzat eredugarri izan dadin, bai euskararen aitzinamenduari* Frantziskotarrek ematen dioten garrantzia, eta bai Euskaltzaindiari darakuskioten* begirunea kontuan harturik.

Txinatar hizkuntza

Eta Txina aipatu dugunez, esan dezagun zerbait txinatar mintzairaz.

Gramatika oso erraza du. Ez omen daduka deklinabiderik ez adiztegi konplikaturik. Bere zailtasuna idazkeran du, ez baitago alfabeturik. Hitz bakoitza sinbolu batekin idazten da. Bi mila sinbolu dakitzanak, irakurgai errazak uler ditzake. Kultur lanak irakurtzeko, 5.000 sinbolu bederen* ezagutu behar omen dira.

Dirudienez, gobernuaren asmoa latin alfabetua sartzea da. Hori egingo balitz, txinatar hizkuntzak, aintzinako gauza eder bat galdu arren, zabaltasun handiago bat lortuko luke, munduan diren errazenetarikoa bihurtuz.

«Evit ar Brezoneg»

Egunkarietan irakurri dudanez, Frantziako telebistan bretoin hizkuntzan programa bat emateko ziren; baina azken orduan kendu egin zuten. Erantzun bezala, bretoin talde abertzale batek errepikagailu bat zartarazi* zuen, 60 milioi pezetatako galera sorturik. Tokian hitz hauk* ipini zituzten: «Evit ar Brezoneg» (bretoin hizkuntzaren alde).

Ni ez noa orain, egintza hau epaitzera. Bakarrik galde bat egingo dut: Talde horren erantzuna ba dakigu zein izan den; baina zein izan da jendearena? Nola erantzun du herriak?

Ez dugu talde baten eskuetan utzi behar hizkuntzaren defentsa. Galdurik ikusiko dugu euskara euskaldunok, herri bezala defendatzen ez badugu. Hauxe da, berri honek gogorarazi behar diguna. Euskara salbatzeko, guztiok egin behar dugu lan, eta elkarturik, ez elkarren kontra burrukatuz.

Gipuzkoako herri batetan, kooperatiba batek urteko irabazietatik 700.000 pezeta eman zituen herriko ikastolarako, laguntza bezala. Euskal Herrian hainbat eta hainbat euskaldun aberats dago, eta hainbat eta hainbat entrepresa. Zer ematen dute horiek ikastolentzat?

Zergak

Guztiok dakigun gauza da, Espainian zenbat estalketa egiten den, zergetarako aitormenak egitean. Orain, «Impuesto de la Renta» delakorako deklaraziorik egiten ez bada, 15.000 pezetatako multa ordaindu beharko da.

Beste nazio batzuetan, Estatu Batuetan adibidez, zergetako estalketak zigor legediak gaztigatzen ditu, errudunak* presondegira eramanez. Espainian hori egingo balitz, hainbat entrepresatako aministrazio kontseilukoek Carabanchel-en egon beharko lukete.

Xabier GEREÑO

dezagun, daigun

digu, deusku

diote, deutsoe

ditzake, daikez

zien, eutsen

zitzaion, jakon


Gure Munduko Albisteak

René Lafon euskaltzaina hil da

Otsailarekin euskaltzain bat hil zaigu: René Lafon azterlaria.* Linguista hau, frantsesa jatorriz, Bordeleko* irakaslea zen, eta, XVI. mendeko euskaran paregabeko espezialista bat izateaz gainera, oso ongi ezagutzen zituen Kaukasoko hizkuntzak, georgiera batez ere. Jaun honek hainbat liburu eta artikulu publikatu ditu frantsesez, euskaraz eta ingelesez gure hizkuntzari buruz, maiz* euskara-kaukasiar hizkuntzen ahaidetasuna frogatu* nahirik.

Goian bego hain euskaltzale porrokatua eta bihoazkie* haren etxekoei euskaldun guztion doluminak.

Arias Navarroren hitzaldiaz

Egun batzuk lehenagotik iragarririk* zegoenez, Arias Navarro jaunak, Espainiako Gobernuaren presidenteak, hitzaldi bat egin du otsailaren* 12an, hartan bere kabinete berriaren programma politikoa adierazteko.

Arias Navarrok ondoko puntuok aipatu zituen: Ordena publikoari eutsi beharra, terrorismoaren kontrako ekintza ofiziala, Armadaren* oinharrizko garrantzia, Francoren gobernamolde jatorraren iraupena, espainolen partaidetasun politiko handiagoa eta Eliza-Estatu arteko harreman errespetuzkoen komenientzia.

Partaidetasun politikoaz den* bezainbatean, Arias jaunak esan zuenez, alkateak eta Diputazioetako presidenteak herritar edo eta hiritarren boto zuzenez aukeratuko dira, horretarako laster agertuko den lege baten bidez. «Espainol guztiek —deklaratu zuen presidenteak—, beren gogoz parte hartu nahi ez duketenek ezik,* politikan sartzeko eskubidea ukanen dute».

Agertzeko den lege horretan, segur aski, kargu politiko horietarako kandidatutzat nortzuk eta nolako baldintzen pean presenta daitezkeen azalduko dateke.*

Hitzaldi hori dela eta, Espainiako prentsak aho batez txalotu ditu Arias Navarro jaunaren hitzak, berauek espainiar politikari dakarkioten zabalera berria dela kausa. Euskal Herrion —eta Katalunia-Galizian beste horrenbeste gertatu delakoan gaude—, zenbaitzuek Arias Navarroren deklarazioetan Espainiako eskualde* ezberdinen aldeko politika berezirik eza seinalatu dute kezkaz. Isiltasun horretan, gainera, batzuek erregionalismoari ateak hertsi* nahi bat dakusate* aldez aurretik.

Deustuko Unibertsitateko grebak

Otsailean unibertsital nahaste gogortxoak egon dira Deustuko Unibertsitatean, estudiante gehienak eskoletara joan gabe geldituz. Beste gauza batzuen artean, unibertsitariek, 29 lagun expedientaturengatik, jesuiten Unibertsitate horren ofizialtasunik ezaz eta zenbait irakaslek unibertsital mailarik ez omen dutelako egin dute protesta.

Otsailaren 18an, Philosophia-Letretako azken kurtsuetan, Erromaniketan, estudiante gehienak eskoletara bihurtuak ziren; baina beste batzuetan, Zuzenbideko Fakultatean eta Histori Sailean, askotxo ziren oraindik, eskoletara ez joatea erabaki zuten kurtsuak. Ferrer Pi jaunak, erretoreak, ordena akademikoa lehenbailehen berrezartzen ez bada, neurri gogorrez erantzunen duela mehatxatu du. Egun guztiotan polizia harmatuak Unibertsitatearen inguruan egon dira, mutinazioen zain.

Bilbo: poliziak hamalau lagun ETAko harrapatu ditu

Joan den ostegunean,* otsailaren 14ean, poliziak hamalau lagun harrapatu ditu, ETAkoak omen. Hauen artean Jose Agustin Orube Etxebeste dago, 26 urtetakoa, poliziak dioenez, ETAk Bilbon zuen militar arduraduna. Besteen artean estudiante batzuk zeuden, Deustuko unibertsitari, zenbaitzuk.

«Euskalduntzen 3.»ren presentazioa

Otsailaren 15ean, arratseko 8etan, Jose Ramon Etxebarria idazkideak «Euskalduntzen 3.»aren presentazio ofiziala egin zuen Bilbon, Galería del Libro izeneko liburudendan, obraren mamia eta helburuak adieraziz. Bileratxo hartan euskaltzain batzuk, Bizkaiko prentsa-irratien ordezkariak eta euskal ikasle batzuk egon ziren. Ondoren Ercilla hotelean lunch arin horietako bat eskaini zitzaien guztiei.

Esnearen prezioa lehengo bestean baserritarrentzat

Zentralek, aldizkarietan, esnea 10 pezetatan ordainduko zietela baserritarrei agindu* zuten; baina azken hilabeteotan bizkaitar nekazariek lehengo bestean, 9,25etan kobratu dute beren produktua. Burla ageriagorik bai ote?

Hori dela eta, Gernika eta Markina aldeko baserritar askok, protestaz, esnerik ez ematea erabaki berri dute.

Soljenitsyn herbesteraturik

Aleksandr Soljenitsyn idazlea Sobietar Batasunetik egotzia izan da otsailaren 14ean, honez gainera sobietar hiritartasuna kendurik. Moskuko agintarien neurri gogor hauk,* munduko intelektual gehienek kondenatuak, errusiar idazle ausart* honen portaera kritikatzaileak erakarri ditu, bere liburuetan, Goulag-eko Arkhipelagoa deritzon azken obran bereziki, gobernuaren askatasunik eta giza errespeturik eza salatzen duelako.

Alemaniara eramana, Soljenitsyn bere adiskide Heinrich Böll aleman idazle famatuaren basetxean egon da egun batez, eta biharamunean Suizara pasatu. Sobietar agintariek deklaratu dutenez, haren andreari eta haurrei ez zaie batere eragozpenik ezarriko, Sobietar Batasunetik irten* daitezen.

Errusiako eta beste sobietar errepublika sozialistetako idazle askok gobernuaren erabakiok txalotu dituzte, Soljenitsyn traidoretzat epaituz. Beste intelektual asko, berriz, Sakharov, sobietar bonba atomikoaren aita hauen artean, Soljenitsynen alde agertu dira.

Mendebaldeko* Herri guztietan, ia prentsa gehienak, zenbait alderdi komunistarena izan ezik, Soljenitsynen herbesteratze hau kondenatu du, bai eta intelektual disidenteekin sobietar gobernuarena baino portaera gogorrago eta faxistago bat duten gobernuetan ere, e.*b. Grezian, Brasilen, Txilen, e.a.

«ARINKA»: untzi berri bat bataiaturik

Urtarrilaren 26an, Muruetako untzigindegian, Gernikako ibarrean berau, «Arinka» izeneko untzia bataiatu eta itsasoratu dute. Untzi hau «Bilbao Shipping S. A.» izeneko entrepresaren flotakoa da.

Irudiz, berri honek berez ez duke* euskal publikoarentzat interes berezirik, euskal izena ezarri diotela kenduz gero. Eta koxka,* hain zuzen ere, horrexetan datza.*

Aita Urrutia jesuitak II. Euskal Anthropologi Asteko agerietan publikatu dituen dokumentuetan, argiro ikus daiteke Espainian ba dagoela untziei euskal izenak ipintzea galerazten duen erabaki ofizial bat. Sota eta Aznar Itsas Konpainiako Gorbea Mendi... xelebre haik* Monte Gorbea bilaka* erazi ziren gerra ondoan. Hauzia, beraz, ez da pertsona izenekikoa bakarrik.

Dena dela, irakurleak aisa* uler dezakeenez, gerra ondoko lehen urteetan emandako erabaki hori —oso oker ez banago oraindik zutik dirauena— ez da aspaldion praktikan betetzen. Estatuak berak, noski, holako erabaki hori sasoi urrun batetako berotasun eta grinapean emana dela ezagutzen duke.* Honetan, askatasuna eman edo ez ikusiarena egiten du gaur egun, eta guk zuhur deritzogu jokabide horri.

Gure galdera, ordea, hauxe da: zergatik ez da berrikusten erabakia bera, ofizialak ez diren hizkuntzei paperean ere ezagutza eta errespetu gehixeago agertuz? Eta untziak alde batera utzirik, zergatik ez berriro ikus erregional pertsona izenekiko erabaki arbitrarioa, gerra ondoko berotasun berean emana? Zeren, gure uste apalean, 1939.eko lege batzuk, zenbait puntutan, 1974.eko arazoekiko, atzeratu xamar gelditu baitira. Ea, bada!

Banco de la Vasconiak Denda Izendegia atera du

Aurreko zenbakietan esan genuenez, Banco de la Vasconia etxeak egunotan zabaldu du Euskaltzaindiaren Merkatalgo* Izendegi ofizialaren edizioa. Obra hau 30.000 aletan atera da, eta hartan denda izenak euskaraz nola ezar daitezkeen argitzen da. Presentazioa hilabetearen bukaeran egin zen Iruinean, bankuaren zuzendariaren eta euskaltzainburuaren hitz batzuekin. Eskatzeko, bankuaren eta Euskaltzaindiaren bulego* guztietara joan daiteke, dohainik* ematen dira eta.

Frantzian bretoiek telebista dorre bat birrindu

Otsailaren 13-14 arteko gauean, Bretainiaren Askatasunerako Fronteko eta Bretoi Armada* Errepublikarreko lagunek (F.L.B.-A.R.B.) Roc-Tredudon-eko telebista dorrea plastikatu dute. Dorre hau 218 metrotakoa zen eta guztia birrindurik gelditu da, 300.000 pertsona inguru, gutienez bi hilabetetarako, telebista programmarik gabe utzirik. Hauxe izan da, bretoiek Frantzian orain arte egindako atentaturik handiena, tekhnikalariek diotenetik hura konpontzea, laburrenik jota, 5 milioi franko (60.000.000 pezeta inguru) beharko baitira, urtebeteko lanez.

Dirudienez, plastikatze hau, frantses telebista* harma desbretoitzaile bat delako protestaz egina dute; nahiz eta Bernard Griveau jaunak, Rennesko telestazioko zuzendariak bretoi hizkuntzaz urtean 16 ordu ematen direla deklaratu, hau da, 18 minutu astean.

Frantziako prentsak, oro* har, kondenatu egin du plastikatze «salbaia» hau, honetan komunisten L'humanité eta eskuinaldeko aldizkari guztiak batera etorririk. Zenbait egunkaritan, ordea, Pompidou-ren gobernua erregionalismoaren aldeko programma bategatik heldu zela boterera esaten dute, eta eskualde atzeratuen ekonomia eta autonomia zergatik azkartzen ez den galdetzen dute.

Barreneko ministroa den R. Marcellin jaunak, bere aldetik, Frantziako autonomista guztien azken ondorioa Estatuaren Segurtasunerako Tribunala besterik ez dela deklaratu du, Frantzia bat eta zatiezina izanik, banaketaren aldeko ekintzak oro* aberriaren batasunaren kontrako krimenak direlako.

Baionako kathedralean berriro gose grebak

Otsailaren 18an frantses poliziak 37 lagun atera zituen Baionako kathedraletik. Alde bateko eta besteko euskaldunak. Guztiok protestaz ari ziren, bertako gobernuak euskaldun ihesegin batzuk Frantziako iparraldera bidaltzeko erabaki bat hartu duelako. Grebalarien artean Pérez Revilla eta Lujua bilbotarrak zeuden.

Liburu Berriak

«Langileria Historian Zehar (II)», Mikel Ugaldek, GEROn

Mikel Ugalde gazte bipilak,* aurreko batetan, bigarren Internazionala arteko langile mugimenduen trajektoria eta gorabeherak azaldu zizkigun sail honetan berton. Oraingo hau, berriz, hari jarraipena ematera datorkigu, hots,* 1889.etik gaur arteko europar langileriaren historia, Euskal Herriarena barrenean dagoelarik.

Lan hau, serioski egina izan arren, ez da irakurle mordo jakitun bati begira moldatua, jende arruntago* eta ikasgurako bati zuzendua baizik, zabalkunde mailakoa. Hizkuntza aldetik liburu erraxa da, nahiz eta hiztegian oker nabari batzuk egon (Gaztelania, kasu,* hizkuntza bat da, ez lurralde bat, berau Gaztela baita, e.a.). Liburu gomendagarri bat, beraz.

«Hego-haizearen ipuinak», Lurdes Iriondok, GEROn

«Kimu» sailak bere laugarren zenbakia eskaini digu oraingoan eta ez nolanahikoa, halajaina!* Honez gero Lurdes Iriondo kantari bikaintzat bagenuen ere, hemendik aurrera ipuingiletzat ere nor ba dela aitortu beharko dukegu.

Liburutto honek bost ipuin dakartza, umeei begira moldatuak eta haurren beren irudiez apainduak, guztiak hego-haize jaun ibiltari eta jakitunaren ahoz kontatuak. Ba dute ipuinok gatza eta piperra, bai horixe. Noski, ez zaio Bizkaian haize honi alferrik esaten andre haizea, eta horregatik Ondarrabia herri ttikia ipuinean maitasun arazoak ere ederki daki kontatzen haizeak. Oso egokiak, bestalde, herri kantak tartekatzea, pentagramma eta guzti, azken partean, berauk haurrentzat alaigarri baitira.

Hitz guttitan, bai GERO sortak eta bai Lurdesek guztion txaloak merezi dituzkete.*

«Haurrentzako hiru ipuin berri», CINSAn

Ikastoletako irakurgai eskasiak kezkaturik, Bilboko guraso eta irakasle talde batek liburu sail berri bati eman dio hasera.

TXINPARTAK saila deritzan honek irakurgai mailakatu batzuk eskaini nahi dizkio ikastolari, irakasleentzako zenbait orientabiderekin.

Presentakeraz eta irudiz begibetegarri, 1, 2 eta 3. EGB mailetako haurrek pozik irakurriko dituztelakoan gaude. Lehen agerraldiko hiru ipuinen tituluak hauk dira: HIRU ANAIEN LARRIALDIAK, SINDBADEN IBILERAK eta ZALDI HEGALARIA.

Dakigunez, datorren ikastarorako beste hiru ere programmaturik dituzte, eta Euskal Herriko animaliei buruzko lan interesgarri bat ere argitaratzekotan omen dira. Harrera ona aurrez segurtatua dutela gaineratuko genioke berri honi.

Joseba Intxaustiri automobila ebatsi

Joseba Intxausti JAKINeko zuzendariari norbaitek automobila ohostu* dio. Dakikegunez,* gazte langile honentzat lapurreta honek kalte ikaragarria egin dio, bere ibileretan ezin premiazkoagoa zuen eta. Kotxearen matrikula hauxe da: SS. 63.783, Seat-600 zuriska bat. Inork ikusiz gero, mesedez lehenbailehen hari esateko erregutuko genioke, Tolosara 651106 telefonora deituz. Eskerrik asko.

ARMENDARITZ

(74-11-19)

daude, dagoz

dezake, daike

digu, deusku

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

gaude, gagoz 

genioke, geunskio

zaie, jake

zaio, jako

zeuden, egozen

zieten, eutseen

zitzaien, jaken

zizkigun, euskuzan


Horkheimer: optimismoa eta pesimismoa batera

Beste neomarxista gehienekin gertatzen den antzean, Horkheimeren «dotrinarik» ez dago. Horkheimer ez da gauza jeneraletaz jeneralki mintzatu («historia zera da, edo historia lege hauek taxutua da, edo ideologia zerak zertzen du» esaten dutenen moduan). Horkheimerek ez daduka, gauza denak dakitzan teoria unibertsalik. Gai konkretuetan ibili da, azterketaren mugetan gelditu da. Beraz, Horkheimeren dotrinarik edo sistemarik ez dago.

Ez zen espezializazio positibista hutsetan gelditzen, hala ere. «Aldizkarian» lanean ari zirenek, gizartearen osotasuna argitu nahi zuten. Ez puntu banaka batzuk bakarrik. Osotasuna bai, baina teoria orokorrik* gabe. Beraz, marxismo ofizialaren espekulazioetan ez erortzeko,* Horkheimer eta haren jarraitzaileak azterpide positibo eta neutral (?) «tradizionaletaz» baliatzen ziren, hau—esannahi hegelianoan— kritikoki «superatuz»: fenomeno sozialak enpirikoki hauteman eta xeheka, barnetik argi, haien arteko loturen hipotesia egin (esplikazioa ez baita hipotesi bat besterik) eta situazioa kritikoki trazenda.*

Gizartearen kulturaren kontenituak —pentsamentu politikoa, teoria estetikoak, eta abar— azterkatzen zituelarik, Horkheimer ideologi kritikoa zen; ba zekien, ideologiok ez zirela berenez, interes partikularren eragipenik* gabe, ernetakoak; ba zekien, alegia,* kulturaren kontenituak eta bizitzaren prozeso materialak elkar osatzen dutela. Baina, lotura honen esplikazio mekanikorik gabe, kasu bakoitzean loturok nolakoak izan ziren bilatzen zuen.

Horkheimeren asmoa «gaurko haroaren ibilpide, norabide historikoaren teoria» osatzea zen. «Zentzuaren» galdera, historiak zer zentzu duen, ez zuen bere lanetatik kanpora uzten. Baina ez zien gauzei, prozesoei, zentzu salbatzaileren bat behartzen ere: prozesoen zentzua prozesoetan beretan irakurri nahi zuen, ez haietatik kanpora (etorkizunean, adibidez, marxismo mesianikoak egin nahi izan duen moduan). Hobeto esan, bai zientziak eta bai prozeso partzialak, mugatuak, trazendatzen dituen zentzuaz biziki arduratzen* zen Horkheimen Baina horrek Teoria kritikoaren «muga» egiten du. Hesparru* hartara ez dago zientziekin ailegatzerik.* Zentzu hori geuk, gizonok, ezartzen dugu gauzetan: ez da gauzetan beretan dagoena, gure aurretik eta guregandik aparte.

Gauzetan beretan, prejudizio dogmatikorik eta dotrinaren baten begirunerik* gabe irakurtzen zuelarik, ortodoksoak askotan eskandalizatzen zituen: adibidez, stalinismoa eta nazismoa berdintzen zituenean, edo gizartearen «erabateko* aldakuntza» asmoak zorakeria kriminal deklaratzen zituenean, edo eta liberalismoaren oinharri den lehiaketari, konkurrentziari, alderdi guztiz postiboak ere aurkitzen zizkionean.

Ingenuitate edo independentzia hau baino eskandalosoago zen, hala ere, ortodoksoentzat. Horkheimeren funtsezko* pesimismo historiko leuna. Ezin sinetsi zuen, historiak bere burua salbatuz bukatuko duenik.

Gizabanako* eta gauzabanako* historikoa, gertaerak nahiz pertsonalitateak (enpirikoki hautematen* duguna, banakoa* izaten da, zatiak) historibidezko jatorriaren harian esplikatzen eta ulertzen irakatsi zuen Hegelek: gertatzen dena ez da (berezko ezer); bilakatu egin da, ordea, prozeso batek horretaraturik, ageri den horixe. Orain dena, izan zenetik irtena da. (Adibidez: Frantses Iraultzan ez da dena perfektua; baina hura* ez da abstraktuan hartu behar, nondik datorren begiratuz baizik. Honela ongi konprenituko da, ez zedukala perfektua izaterik). Eta, bigarren, historiaren aurrerabide honetan, indar itsuren batzuk ez, baina «arrazoimena» ari da gauzatzen.* Arrazoimenaren obra da, Hegelen ustez, historia. (Adibidez: Frantses Iraultzan astakeria haundiak daude; baina, oro* har, arrazoimenari hobeto dagokio Ancien Régime zelakoa baino, nahiz eta hemen, agian,* Iraultzan bezalako astakeria partikular larririk* ez egon).

Naturaleza eta arrazoimena burrukan ari dira; baina arrazoimena ari da burruka irabazten, eta halako noizbait arras* lortuko du garaipena. Historia goraka doa, beti hoberaka. Egun hartan, arrazoimena eta historia osotoro batera jotzera ailega daitezenean, historia guztiz arrazoizkoa izanen da, fenomeno guztiak transparenteak eta denok ulertzeko modukoak izango dira. Arrazoimenaren kontrako gauzarik ez da egongo, dena zuzen eta garbi egongo da.

Aurrerapenean* sinesten duenak, guti gorabehera honelakoxe esplikazioren bat eman beharko du, nahitaez. Eta esan daiteke, Hegelek, esplikazio honekin, historiarentzat, aurrerapenaren kontzeptua deskubritu zigula. Baina (eta hortxe dago kakoa) aurrerapena ez da hemen erlatibizatzen, kontzeptu sinple bezala erabiltzen da. Azalpen optimista honetan, historiaren zentzua garbi dago: gertatzen den guztia, helburu hartarako mailaren bat da.

Batzuetan zorigaitz asko sufritu beharko dugu; baina, Historia bere helburura ailegatzeko beharrezkoak direnez, sufrimendu horik* bideak besterik ez dira. Nazio aurreratu batek, aurrerapena azkartzeko, atzeratuago bat zanpatzen eta jaten badu, ederki egiten du. Aurrerapena garaile ateratzen baita. Eta hauxe da bigarren koxka: aurrerapen kontzeptu abstraktua, gizonon gainetikoa, da hori. Zentzu gabeziarik, absurdurik, frakasurik, ez dago. Denak, edozerk ere, zuzenera darama:* historiak ba du bere Probidentzia. Aurrerapenak eta ontasunak bat egiten dute.

(Hau sinplifikazio izugarria da: azterkariek demostraturik dago, Hegel bera ez zela hain absolutuki eta aldebakarki optimista, ez zituela absurdua eta atzerapena zeharo* ignoratzen. Baina, Hegelen eragipena nola desarroilatu den ikusirik, zilegi* dateke sinplifikazio hau egitea: ignoratu egiten ez bazituen, bere sisteman aktiboki jaso ere ez baitzituen egiten).

Marx ere historiaren ikuskera optimista honi jarraitzen zitzaion.

Horkheimer ere, arruntki, bai (eta gauzak hobetuz doazela, edo hobetuko direla itxaroten duen nornahi). Baina Horkheimerek Marxen parean Nietzsche miresten* zuen, eta Hegelen ondoan Schopenhauer; eta ezin onhartu zuen, bilakabide* historikoak sakrifikaturiko gizonak eta herriak salbazio historia batetan metafisikoki glorifikatzea. Horkheimerentzat, historian aurrerapena ba dago, baina absurdua ere bai. Bi Mundu Gerra ezagutu dituen pentsatzaile kritiko batengandik, ezin itxaron* baitaiteke, XIX. mendeko optimismo inkondizionalaz segituko zuenik.

«Egiazko gauza da, historiak gizarte gutiago on batetatik gizarte hobe bat atera duela, eta bere prozesoan oraindik gizarte hobe bat sor lezakeela. Baina egiazko beste gauza bat zera da: historiaren bidea gizabanakoen* miseriaren eta oinazearen gainetik dabilela. Egiazko gauza bi hauen artean, korapilo eta elkar lotura argigarri pila bat dago, baina zentzu legitimatzailerik batere ez» (nireak azpimarkak).

Bereizkuntza honen inportantzia nabarmena da: stalinismoa, Ausschwitz, Budapest, Hanoi, eta abar, esplika daitezke, esplika (prozeso baten premiek «behartutakoak» bezala). Baina zuzenets,* ez. Onets,* ez. Ortodoksoek, ordea, beren «premia objetiboekin», esplikatu ezezik, onetsi ere egin nahi izaten dute edozein krimen «progresista». Txekoslovakiaren inbasioa, esaterako,* Marxek Indiaren okupazio ingelesa zuzenets zezakeen moduan. Aurrerapenak eskatzen dituen sakrifizioak beti ontzat eman behar ei* baitira.

Konparazio batekin esateko: erreka bat beti aurrera doa. Bere bidetik irten eta soro eta zelaietan zehar badoa, esan daiteke, noski, aurrera doala; baina ezin esan daiteke, bere bidetik doanik. Aurrerapena ere batzuetan bere «aurrerapen bidetik» kanpora irteten da, eta inguruak hondatuz joaten da «aurrera».

Horkheimerek, ortodoksia marxistaren fedeko «aurrerapen» kontzeptu sinplea konplikatuz eta bereiziz, prozeso aurrerakoien kritikarako (Sobietar Iraultzen desarroilloaren kritikarako, adibidez) ez zuen eragozpenik.

Joxe AZURMENDI

dakitza, dakiz, dakizki

daude, dagoz

lezake, leike

zedukan (zeukan), eukan

zezakeen, eikean

zien, eutsen

zigun, euskun

zitzaion, jakon

zizkion, eutsozan


Nora daramate Nafarroa?

Orain bizpahiru hilabete, Iruineko kontseilarigaiak* gogorki haserretu ziren. Itxuraz, kontseilarigai zen Urmeneta jauna, ez zen legezkoa. Hala zioten haren kontrakoek. Geroztik, konpontzeko omen dago arazoa. Baina, itxura horien azpitik, politika talde erdi ofizialen arteko burruka ei* da. Urmeneta jaunaren garai bateko lana ezaguna da (urte askotan Iruineko alkate izan zen), eta, guti-asko, haren gerorako asmoak ere bai.

Egun hauetan, hor azpitik dabilen eztabaida (politika taldeen mokoka* bizia) argitara irten* da berriz. Iruineko Udaletxean,* hain zuzen, eta Nafarroako Unibertsitatea tarteko dela. Hor dugu, beraz, minaren mina, aspaldixkotik oso gaiztotua baitator Unibertsitatearen zauria.

Kontseilariak oso bero ibili omen dira Udaletxean. «Unibertsitari* Hiri»rako lurrak desjabetu eta erosteko proposamena onhartua izan zen urtarrilaren* 24ean; baina eztabaida ez da sortu desjabekuntzaren* arazoan. Unibertsitateak zabaldu beharra daduka, eta horretarako erraztasunak emateko prest dira denak.

Eztabaidaren gakoa beste nonbait dago. Kontseilari batzuen ustetan, lurrak desjabetu eta Unibertsitateari eman beharko litzaizkioke, lurren jabetasun osoa Ikastetxe haren eskuetan utzirik. Honela, Udaletxearen egitekoa, lurrak desjabetzean bukatzen da. Beste kontseilari taldearen eritziz, ordea, lur desjabetuok* Udalaren nahiz Diputazioaren menean iraun beharko lukete, lurren usarioa Unibertsitatearen eskuetan geratzen dela.

Nafarroa eta aginte bideak

Gure ustez, problema serio bat dabil zezenketa horren azpi izkututik.* Nor da edo nor izanen da, etorkizunean, Nafarroako Unibertsitatearen jabe? Nafarroa ala Nafarroatik kanporako lanean ari den lagunarte bat? Iruineko Udaletxeak eta Nafarroako Diputazioak nola eta zer medioz segurtatu behar dute, Nafarroarentzako asmatu eta sortu zen Unibertsitatea? Edo eta nork agindu behar du, instituzio horiek Unibertsitateari eman dizkioten diruen gain? Dirua emateaz aparte eta ondoren, Nafarroako Diputazio eta Udaletxeak ba dutea* deus* esatekorik, Nafarroak behar eta nahi lukeen Unibertsitatearen kultur politikaz?

Ikus daitekeenez, aginte politikoaren lehiaketa bat da hau. Eta, sokatira horretan, nor baliatzen da nortaz? Zer da Nafarroa «bere» Unibertsitatean, jabe ala morroin?

Nafarroaren kultur bideen jabetza dago hauzitan. Orain hogeitsu urte, instituzio on bat ukan* zuten Nafarroan, eta geroztik elkar lagundu* ere egin dute Nafarroak eta Opus Dei-k. Unibertsitatean, egin da lan, eta ez dena txarra, ez eta ona ere. Ikastetxe horrek, histori abagadune* bakoitzean, eman du bere nolabaiteko erantzuna. Baina beti izan ditu inguruan (barnean ez da izan hain posible) bere tentsioak.* Nafarroan eta Elizan indar berriak eta pentsamolde berrituak pizkortu diren neurrian, tentsio horik geroz eta indartzenago ari dira.

Hasera* haseratik, Iruineko Goi Ikastetxe horrek bere baitan* du antinomia nagusi bat: Nafarroako Unibertsitate izan nahi zuen Ikastetxea, mundu osorako mesianismo batekin ari den Eliz Lagunarte baten eskuetan gelditu da. Eta. horrela, geroz eta nabarmenago agertzen zaigu horko sokatira hori: norako lan egin behar du Ikastetxeak, Nafarroarako ala Keniarako?

Ba dakigu, noski, guk ere, Unibertsitate orok* mundu zabalera begira lan egin behar duela. Nola ez? Baina erantzun horrek ere ba du bere kontraerantzuna. Eta asko dira Nafarroan, dirudienez, kontraerantzun hori dakitenak.

Euskal Herria eta Unibertsitatea

Euskal Herriak bere Unibertsitatea egiteko daduka oraindik; eta askotan galdetu diogu geure buruari, ea nondik bultza genezakeen ideia hori aurrera. Iruineko Ikastetxeak eman lezake —horretan itxaropide* handirik ez badugu ere— etsenplu ederrik franko.

Orain artean egin duena, liburu sail bat ahantzi gabe, ez da izan izugarria. Agian,* Ikastetxe haren gidari direnengan, Euskal Herria izan ere ez delako. Ez genuke, noski, euskal katedra bat edo beste ba dela han ahantzi nahi. Ez horixe.

Euskal Herri osoari falta zaiona, Nafarroari oso osorik zor zaio, dirua ere jarrita baitu, joan diren urteetan. Eztabaida horiek diotenez, Iruineko Udaletxean bat baino gehiago da, Unibertsitate hartaz nahiko zalantza duena.

Urteak joan, urteak etorri, nafar dexentek* ikusi du eta galdetu du dagoeneko,* dadukaten Unibertsitate hori ez ote den gertatu zeharbide engainagarri bat. Beharbada, ikastetxe horren «interesak» ez daude Nafarroan. Eta —okerrago izan litekeena— ezin litezke egon ere.

Nafarroa eta Opustarrak

Nafarroako Unibertsitatea Eliz Lagunarte batena da (ez dut uste, oraingoan bestetako eskapabiderik izango denik: Opustar bakoitza bere aldetik, kasualitatez elkartuta, egindako zerbait dela esango zaigunik). Eliz Lagunarte horrek elkarte bezala hartu zuen eta daduka Ikastetxearen ardura, José M. Escrivá de Balaguer Monsinorea Kantzelari Nagusi dela. Baina Eliz Lagunarte batena izatea gaitzerdi litzateke, oraindik, geure gaurko ezbehar gordinetan erdi itoan gabiltzala.

Ba dirudi, azken urteotan —eta ondokoetan sakondu baizik ez da egingo— Nafarroak jasaten duen pentsaera aldaketa eta Opustarren sentiera aldakaitza ez doazela batere parekide. Jakina denez, Eliz Lagunarte hau, eliztar kontserbakorren babesleku segurua ari da gertatzen. Eta hemendik urte sail batetarako espero litekeen Opustarren aldaketa, oso urruti ikusten da gaurkoz. Izan ere, Jesusen Lagundiak beste jite* berritu bat hartu zuenetik, Opustarren artean sortu den kontserbakorren aterpea ez da berehala desegingo.

Horra, bada, gure Nafarroa kinka gogor batean. Nondik eta nola hartuko du Erresuma* Zaharrak bere eskuetan, nafar guztien kultur politika eraman dezakeen Etxe horren agintea? Hainbat Eliz Elkarte ekinbide berrietara ireki denean, gure herrialde zabalena bere kultur jabetasuna galtzeko arriskutan aurkitzen da. Adorerik* izango* ahal dute Nafarroako gizonek, beharreko diren pausoak eman eta etorkizun jatorrago bat pizteko!

Antso AMAIUR

daude, dagoz

dezake, daike

diogu, deutsagu

dizkiote, deutsoez

genezake, geinke

lezake, leike

litzaizkioke, litzakioz

zaigu, jaku

zaio, jako

zioten, inoen, esaten zuten


Libération: kazetaritza berri bat

Urte honetako otsailaren 5ean, LIBERATION egunkariaren lehen urtemuga da. Urte bete iraun du, eta luzaz iraungo du oraingo martxan.

Urtebeteko bizitza ez da luzea. Hastapena* da, ordea. Eta LIBERATIONek, hautatu duen bidean, ba du meriturik. Ez baita erraza, herriaren gaurko moteltasuna mugieraztea. Eta Damoklesen ezpata beti gainean baitu LIBERATIONek, hots,* errepresioaren posibletasuna.

Gaurko kazetagintzari desafio bat botatzen dio LIBERATIONek. Aske* nahi du izan. Ez indar politikoen, ez indar ekonomikoen, ez alderdien zerbitzuko izateko asmoarekin jaio zen.

LIBERATIONeko buru J.P. Sartre da. Eta taldean kazetari asko dago. Hauek ongi ezagutzen dute, munduan eta Frantzian prentsak nola funtzionatzen duen. Haien analisiak erakusten duenez, ekonomiazko indarrak bi eratara hartzen eta erabiltzen du prentsa: bateko, periodikoa bera negozio eta dirubide bezala muntatuz; eta besteko, bere interesetarako eta bere joerako politikazko taldeen probetxurako kazeta erabiliz.

Nagusi den joera honen kontra, LIBERATIONek demokrazia direktua, zuzena proposatzen du: herriaren nagusigoa, herriari hitza bihurtzea. Horretarako, 12 horrialde dituzte, askok entzun nahi ez duena entzun erazteko. Horietan, segeretu* publikoak argitara ekartzen dira, gizarte burruken egiazko errealitatea plazaratzen da, lan arazoak, arrazismoa, eskualdeen* informazioa, telebistaren kritika... hori denori eta gehiago agertzen da, gainerako periodikoetan edo agertzen ez dena edo agertzen ez den moduan.

LIBERATIONek berri emateari eta berri emateko moduari lehen mailako garrantzia ematen dio. Hona zer zioen lehen zenbaki berezi horretan, printzipio deklarapen bezala:

«Denok amestu dugu kazeta libre bat, denok dakigulako (nahiz 'segeretu ofizialaren' preso dagoen goi funtzionario izan, nahiz eskualdearen heriotzearen kontrako burrukan dabilen langile grebalari* izan), eritzi publikoaren mobilizatzea demokrazia osoaren eta libertatearen aldeko burrukaren nahitaezko harma dela. (...). Herri bati sistematikoki ezartzen zaio segeretua. Orduak jo du, burrukak, sufrimenduak, eguneroko gauzak eta esperantzak, isekaz* hartuak eta erabiliak izan ez daitezen, indarra duten gizon horiek (eta, hain zuzen, ezkutuan* daudelako indartsuago diren horiek) manipula ez ditzaten».

LIBERATIONek berriak haien gorrian eman nahi ditu. Eta, horretarako, haien hartan, herrian bertan jaso. Zuzenki, gertakarien muinera joanez. Kazetalariak, entzuna idatzi besterik ez du egin behar. Euskaldunez, azken aldi honetan, gehien edo mintzatu dena, LIBERATION izan da. Herriak berak jarri behar du martxan informazioa. Bera da informatzaile, idazle eta hedatzaile.* Egiazko elkar komunikatze bat sortu nahi du kazetak. Eta hori, agentzien manipulazioetatik iragan gabe, aginteen bahe* eta irazkietatik* urrun.

LIBERATION kazetaren slogana herriaren parte hartzea da. Hango idazleek, demokrazia zuzenaren izenean, demokrazia formalaren itxura gezurtatzen dute. («Gaur, diputatu bat hautatzea, herriak urtean lau aldiz bakarrik hitz egin dezan nahi izatea da» diote). Demokrazia zuzenaren izenean, sozialismo autoritarioa gaitzesten* dute, hemen ere, herriak berak ez, baina «herriaren izenean eta ordez» hitz egi.ten baita.

LIBERATIONek, nolabait esateko, nire ustez, Estatu Batuetako «underground» prentsaren eta hemengo legezko prentsa moduaren arteko ezkontza egiten du.

«Aventure intellectuelle» bezala joa izan zen entsegu* hau, hilik jaio zen, askoren ustetan. Urtebete bizi izan da, eta oso bizirik dirau.

Joan Mari TORREALDAI

daude, dagoz

dezan, daian

dio, deutso

ditzaten, daiezan

zaio, jako

zioen, inoan, esaten zuen


Euskal philologiari buruzko hitzaldiak Deustuan

Martxoaren 1ean: «Barandiaranen bildumako ipuinez puntu batzuk». Martin Etxeberria.

Martxoaren 7 eta 8an: «Gazteluzar eta haren ingurua». Piarres Lafitte kalonjea.

Martxoaren 13an: «Euskaldunen alfabetatzeaz». Murgiart jauna.

Martxoaren 21ean: «El substrato vasco en los romances ibéricos». Alfonso Irigoien.

Martxoaren 22an: «Valpuestako kartularioko euskal aztarnak». Alfonso Irigoien.

Ordua: arratseko 8etan.

Tokia: Deustuko Unibertsitateko hitzaldi aretoa, Bilbo.

Antolatzailea: Euskal Kultur Minegia.


Albistearen miztoa

Mundua gaizki dabil: indarrik gabe, energiarik gabe. Behin eta berriz esana digutenez, mundua gaizki dabil Eta konpondu beharko genuke. Horretantxe ari dira Ipar Amerikako petrolio konpainiak. Horiek ba dakite nola egin behar den guztion konponketa. Ikus, bestela. Esso konpainiak 1972.etik 1974.era % 60z gehitu ditu bere irabaziak. Texaco-k, berriz, ez du atzera geratu nahi izan: 1972.eko 89 milioi dolarren irabazia 1.292 milioitara eraman du. Texaco-ren lehendakariak azaldu du zergatik gertatu den konpainiaren irabazien gorakada paregabe hori. Maurice Granville jaunak agertu duenez, petrolioaren eskasiak, eta beronek atzetik ekarri duen salneurrien goraldiak, lagundu* egin du konpainia. Pozgarri da, noski, denok galtzeko arriskutan garenean, aberatsak bederen* salbatzen baldin badira.

***

Stromboni jauna presondegira eraman du frantses gobernuak. Stromboni hau Korsikako mugimendu politiko abertzale baten buru da, nonbait. Mugimendu hau FPCL delakoa da, hots,* «Korsikaren Askapenerako Nekazari Frontea». Legearen aginduz desegina izan da talde politiko hau, Frantziako gobernuak urtarrilaren* 30ean eman zuen dekretuaren arabera.* «Efe» albiste» agentziak esaten digunez, FPCLk deklarazio gogor bat zabaldu du otsailaren* hiruan, bere gidari espetxeratuen askatasuna eskatuz eta politika azalpen bat zabalduz: «Ez, Korsika ez da departamendu bat, nazio garaitu bat baizik. Guk nahi duguna, zera da: aitor dezatela naziotzat gure herria».

***

Espainian, azken urtean, berrogeitahamabi milioi pezeta izan dira lapurtuak. Hamabost banku izan dira bortxatuak, eta 35 milioi ohostu* dizkiete. Aurrezki* kutxei, berriz, 17 milioi pezeta. Bankuei ebatsi* dizkietenetatik ia erdiak Banco Coca-ri eramanak izan dira: 17 milioi. Banco Atlántico-k hiru milioi eta erdi pagatu ditu, eta Banco Pastor-ek bi eta erdi. Hertzainak* ezin omen dira iritxi,* segurtamen guztiak ematera; eta bankuak hasi dira beren aldetik segurtagailuak ipintzen. Euskal Herrian ere bai. Beasainen, igande arratsalde batez eta tarteko lapurrik izan gabe ere, bortizki ekin* zitzaion bere egitekoari banku bateko adarra.* Oraindik ere ofizioa ikasten, nonbait.

***

Perón-ek asko ikasi du azken hilabete hauetan: indar gogorkeriari ez omen dago indarrez baino erantzuterik. «A la violencia no se le puede oponer sino la violencia» esan du berak. Perón-ek esandakoek argilun eta ñabardura* anitz* dituzte, noski; baino jaso dugun honetaz, ba dago zer esanik. Legearen indarra aipatzen du hark, eta, uste dugunez, guk baino hobeki dakike* zertan diharduen. Hala ere (barka diezagula ausartzia), guk beste zerbait esango genuke: legearen zigorraren aurretik baliozko programa bat erabiltzen ez dakien politikariak, hobe luke beretzat eta guztiontzat erretiro atsedengarri bat hartzea. Indar gogortasunari programa eta ekintzarekin ere erantzun lekioke. Hau denau, eguzkiaren argitan dagoen pellokeria* bat izan arren, on da ez ahanztea.

***

Ezagutzen al duzue José Oneto kazetaria? Irakurtzekoa da idazle hau. Ba ditu ideia eta berri jakingarriak. Bilbo eta Donostiako egunkari ezagunetan esaten ditu jakiteko batzuk* ere. Ez naiz ni, hari neure bedeinkapena botako diodana; baina, tira, ba da hortik okerragorik. Madrileko politika taldeen saltsak nola dabiltzan nolabait usnatzeko,* ongi datoz haren albisteak.

Egunkari eta kazetariekin hasi garenez, goazen aurrera hortik. Abenduaz gero, bi gertakari nagusi jasan* ditu Espainiako ekonomiak: petrolioaren krisialdia eta pezetari ezarri zaion igerigarritasuna.* Bi gertakariok tarteko ditugula, ikustekoa ukanen* luke irakurleak garaiko egunerokoetan agertua. Lehendabizikoan, arabeen adiskidantza babesgarri gozoan zegoen nazio osoa, eta segurtapen horrekin ez zen beldurrik. Geroxeago, isilalditto bat. Azkenik, denok Europan geundela ohartu ziren egunkariok. Eta pezetaren historia berdin: lehenik, inongo diruaren krisialdiak aipatzen ziren, eta pezetak ez zuen arriskurik, ez baitzen besteak bezain ahula.* Lasai egon behar zuen jendeak. Gero, bapatean pezetari ere flotagarritasuna ezarri zitzaion. Eta, egunkariotan, lehenagoko batean urrun zegoen «arriskua» zena, gobernuak erabakitakoaren ondoren, sekulako «abantail*» ekonomiko bezala ikusi zuten denek. Esan eta deserran,* albistariok.* Eta guk, ekonomi arazo nahasietan jantziak* ez izanik, dena sinesten diegu, alazankoa*! Ezjakina izatearen abantailak!

***

Jaume Perich-ek gauza biziki arraroak esan erazi ohi ditu. Aurreko batean, apez zahartxo bat eta ikasle unibertsitari bizardun bat eman zituen elkar hizketan, Unibertsitateetako ikas egutegia aldatu dutela eta, beren esatekoak azaltzen: «Bai, seme! —esaten zuen apezak— barka iezaiezu, ez baitakite zertan diharduten». Eta bizardunak etsi* etsian: «Bai, noski, pozik barkatuko nieke nik, jakin baneki nori barkatu behar zaion». Izan* ere, azken aldiko aldaketa eta astinaldien ondoren, non ote da nik dakidan Rodriguez bat?

Joanes GOIA

dezatela, daiela

diegu, deutsegu

diezagula, deiskula

digu, deusku

digute, deuskue

diot, deutsat

dizkiete, deutseez

geunden, gengozen

iezaiezu, eioezu

lekioke, leitekio

nieke, neuskioe

zaio, jako

zitzaion, jakon


Hego Euskal Herriko autoak

Hona hemen, Hego Euskal Herrian nola gehitu diren autoak azken zazpi urteetan:

 Kamioiak Autobusak Turismoak Motoak Traktoreak Guztitara

Araba

1965 4.142 111 3.642 6.845 28 14.768

1972 8.118 203 20.152 6.427 114 35.014

Gipuzkoa

1965 9.043 400 14.945 23.791 13 48.192

1972 16.314 709 65.523 23.866 121 106.533

Nafarroa

1965 8.872 461 10.210 19.300 61 38.904

1972 16.930 680 45.837 19.876 373 83.696

Bizkaia

1965 15.357 634 29.796 25.302 82 71.171

1972 25.847 1.072 114.609 24.576 238 166.342

Guztitara

1965 37.414 1.606 58.593 75.238 184 173.035

1972 67.200 2.664 246.121 74.745 846 391.585


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Txantxetan...

Ba daude gure artean, bai horixe, erdara gutti eta gaizki jakin arren, beti erdaraz parra-parra ari diren euskaldun batzuk.* Holakoxea izan omen zen, behin Durangoko mediku batengana joan zen andre bat. Medikuak zer zuen galdetu zionean, hark honela erantzun omen zion:

— «Quemao el niño».

— Andrea! —esan zion medikuak— eta zergatik ez didazu ekarri? Ekardazu agudo,* ba,* neronek ikus eta senda dezadan!

— No, no —andreak biziki—, aqui tengo pues quemao el niño.

— Hemen? Non baina? Itxaroteko* gelan gelditu ote da? Sar dadila, ba!

— No, entender no me hases. Euskaraz esango dizut: erreumea daukat, erreumea!

...eta benetan

Ikastola bateko autobusean neska-mutikoak zihoazen. Bost urtetako mutiko azkartxo batek ondoko neskatoari musu ematen ari zitzaion. Halako batetan mutikoa, irakaslea begira dagokiola konturatzen da. Orduan, mutikoak, irakasleak aurpegi txarra ipintzen diola ikustean, boz goraz hauxe diotso: — Gora Euskal Herria, irakasle! Gora Euskal Herria!

dezadan, daidan

didazu, deustazu

dio, deutso

zihoazen, joiazen

zion, eutson

zitzaion, jakon


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (35)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABAGADUNE, coyuntura.

ABANTAIL, ventaja.

ADAR, cuerno, sirena.

ADIN, edade.

ADORE, kemen, valor.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGINDU, hitz eman.

AGUDO, laster, arin.

AHUL, makal.

AILEGATZE, heltze, irixte, llegar, arriver.

AISA, aise, errazki.

AITZINAMENDU, aurreramendu, progreso.

AITZINDARI, aurrelari.

ALA, o qué?

ALABAINA, halabaina, en efecto.

ALAZANKOA, halazankoa, halajaina, pardiez, pardi.

ALBISTARI, reportero.

ALDE, cantidad.

ALDITXARTZE, marearse, s'évanouir.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ANITZ, asko.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARDURATZE, axolatze.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGOTU, oraindik gehiagotu (problemagotu).

ARIAN ARIAN, ariz ariz, poco a poco.

ARMADA, harmada, ejército.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ARRETA, atención.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKE, libre.

ASTINDU, sacudido, secoué.

AURRERAPEN, aitzinapen, progreso.

AURREZKI, ahorro, épargne.

AUSART, valiente, intrépido.

AZANTZ, hots, zarata, ruido.

AZTERLARI, investigador.

BA, bada, pues.

BAHE, tamiz.

BAILIREN, como si fuesen.

BAITAN, -gan.

BAITEZPADAKO, beharrezko.

BAKAN, bakanka, bakanki, rara vez.

BANAKO, singular, individuo.

BAPATEAN, bat batean, derrepente.

BAPATEKO, bat bateko, repentino.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk (pasibo).

BEDERA, bana.

BEDEREN, behinik behin, gutienez.

BEGIRUNE, respeto, miramiento.

BEHIALA, behinola, en otro tiempo.

BERRIKI, recientemente.

BIARNO, Bearne.

BIHOAZKIE, joan bekizkie (bekioez).

BILAKA, devenir, volverse.

BILAKABIDE, evolución.

BIPIL, valiente, resuelto.

BORDELE, Burdeos.

BULEGO, oficina, bureau.

DAGOENEKO, dagoen orduko, para ahora.

DAKIKE, daki nonbait.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSATE, ikusten dute.

DARAKUSKIOTE, erakusten diote (deutsoe).

DARAMA, daroa.

DATEKE, da nonbait.

DATORKE, dator nonbait.

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEN BEZAINBATEAN, respecto a.

DESJABEKUNTZA, expropiación.

DESERRAN, desesan, desdecir.

DEUS, ezer.

DEXENTE, bastante.

DITUZKE, ditu nonbait.

DITUZKETE, dituzte nonbait.

DOHAINIK, dohan, doharik, gratis.

DUKE, du nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

DUTEA, al dute?

E.B., por ejemplo.

EBATSI, ohostu, lapurtu.

EGIN, egindako, eginikako, eginiko.

EI, omen.

EKIN, dedicado, aplicado, entregado. (Aditz hau intrantsitiboa da, eta datiboa eskatzen du).

ELAKATU, charlado, conversado.

ELATZE, charlar, conversar.

ENDELEGU, intelecto, inteligencia.

ENTSEGU, entseiu, ensayo, experiencia.

ERABATEKO, radical, completo.

ERAGIPEN, influencia.

ERAKUNDE, institución, organismo, entidad.

EREDU, modelo.

ERORTZE, jauste.

ERRESUMA, reino, royaume. (ERREINU, reinado, règne).

ERRU, kulpa.

ERRUDUN, hobendun, hobenduri.

ESATERAKO, adibidez, por ejemplo.

ESKUALDE, comarca, región.

ESTAKURU, pretexto.

ETORRI, etorritako, etorririkako, etorririko.

ETSI ETSAIAN, muy desesperanzado, muy desesperanzadamente.

EZEN, ze, que.

EZIK, salvo.

EZKUTU, izkutu, oculto.

FEREKATU, acariciado, caressé.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo.

GAITZESTE, condenar.

GAUZABANAKO, singular cosa.

GAUZATZE, obrar.

GIBELETIK, atzetik.

GIZABANAKO, singular persona.

GORPUTZÁK, azentuaz, el cuerpo; azenturik gabe, los cuerpos.

GREBA, huelga.

GREBALARI, grebari, huelguista.

GURINTXA, glándula, glande.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HALAJAINA, halajinkoa, halazankoa, pardiez, pardi.

HANDI, agrandar. (HANDITU, agrandado).

HASERA, haste, hastapen.

HASTAPEN, haste, hasera.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTEMAN, percibir, captar.

HAUTEMATE, percibir, captar.

HEDATZAILE, zabaltzaile.

HEIN, punto, grado.

HELBIDE, dirección.

HERTSI, hetsi, hitxi; estricto.

HERTZAIN, herrizain, policía.

HESPARRU (hesi barru), recinto acotado.

HOBE, mejorar. (HOBETU, mejorado).

HODIXKA, hodi ttipi, canalito, tubito.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURREN, ia, kasik.

IGERIGARRITASUN, flotagarritasun.

IKERTZE, aztertze.

INKESTA, encuesta.

IRAGARRI, anunciado.

IRAZKI, iragazki, filtro, colador, passoire.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISEKA, trufa, burla.

ITXARON, iguriki, igurika, esperar.

ITXAROPIDE, esperantza.

ITXAROTE, igurikatze.

IXIRIMENDU, liserimendu, digestión. (Ixiritu behar dut, tengo que hacer la digestión, Axular).

IZAN ERE, en efecto.

IZANGO AHAL DUTE, ukanen ahal dute, ojalá tengan.

IZKUTU, ezkutu, oculto.

JANTXE, casi comido.

JANTZI, aditu.

JASAN, sufrido, soportado.

JASATE, soportar.

JITE, índole.

KASERNA, cuartel.

KARKAILA, carcajada.

KASU, por ejemplo.

KIRIO, nervio.

KONTSEILARIGAI, kontseilalgai, candidato a concejal.

KOXKA, gako, kako, quid, busilis.

KUI, conejillo de Indias.

KUTSADURA, contaminación.

LAGA, utz, dejar, laisser.

LAGUNDU, ayudado. (Aditz honek akusatiboa eskatzen du).

LARREGIKERIA, gehiegikeria.

LARRI, handi.

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUTU, alejado, echado lejos.

LETRA, karta, eskutitz.

MAIZ, sarri, sarritan.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.

MERKATALGO, comercio.

MIRESTE, admirar.

MOKOKA, disputa (lucha a picotazos). BURUKA. burruka, pelea (lucha a cabezazos). Euskara batuan burruka erabili behar genuke, eta ez borroka.

NABARI, evidente, notorio, patente.

ÑABARDURA, matiz, nuance.

OHOSTU, lapurtu, ebatsi.

ONETS, aprobar.

OREN, ordu.

ORO, guzti.

ORO HAR, oro harturik, en conjunto.

OROKOR, general.

OROREN BURUAN, después de todo.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OTSAIL, febrero (mes de lobos).

OTU, bururatu.

PAIRATU, jasan, sufritu.

PELLOKERIA, arruntkeria, perogrullada, platitude.

POSTA, correo.

SEGERETU, sekretu.

SORO, solo.

TANKERA, estilo.

TENTSIO, tirandura.

TELEBISTÁ (azentuaz), telebistea, la televisión.

TIRANDURA, tensión.

TRAZENDA, transcender. (TRAZENDATU, transcendido). Ene ustez, Hegoaldeko idazleentzat euskara batuak duen gauzarik, zailena, infinitiboaren erabiltzea dateke.

UDAL, municipio.

UDALETXE, Herriko Etxe, casa consistorial, ayuntamiento.

UGAZABA, jabe nagusi.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNIBERTSITARI, unibertsital, universitario.

URTARRIL, enero, janvier.

URTATS, urte haste, primero de año.

USNATZE, olfatear.

XEDE, helburu, asmo.

ZALU, ágil, flexible.

ZARATÁ (azentuaz), zaratea, el ruido.

ZARTARAZI, volado, hecho explotar.

ZEHARO, guztiz, osoki.

ZILEGI, haizu, lícito.

ZIZTA, ziztada, punzada.

ZUZENETS, justificar, legitimar.

ZUZPERTZE, reavivar.


Ikas zeure hizkuntza

Hitzak eta esaldiak. Mikelau Ainerabelar idazlearen izenpean «Gure Herria» aldizkarian ageriak (*)

Gizonak bere kasernako* helbidea* edo adreza eman zion Begoñari.

Apeza, ororen* buruan, gizonarekin oren* pare batez elakatu* zen. Ez zitzaion bakan* baizik norbaitekin gauza askoz elakatzeko estakururik* gertatzen. Baina, nahitaez, eskolatua zen; eta kidekorik ez zitzaion gertatzen, gauza bereziez eta baitezpadakoez* elatzeko.*

Begoñak ez zien ostatuaren helbidea* eman etxekoei.

14, 15, 17 orenez egunean ari zen Begoña. Eta nolako lanean! Alkohola zerbitza eta zerbitza, beti alkohola, berriz ere alkohola, oraino ere alkohola, alkohola, alkohola...

Begoñak elizako ezkilak hautematen* zituen, baina baso azantz,* gizonen oihu, emagalduen karkailekin* batean.

Kanpoan haizeak begitartea ferekatu* zion Begoñari; eta iduritu zitzaion, aspaldi handitan ez zuela nabaritu haizerik.

Lau neskatoek letrak* postan* ezarri zituzten, eta ostatu baterat jo, kafeño bedera* hartzera.

Begoña burutik min zen, eta eztul bakoitzean ziztaka* ari zitzaion burua, alditxartzeko* heinerakoan* hurren.*

Begoñari edari hura ekarri ziotelarik, besteek beren sandwitxak jantxeak* zituzten.

(*) Behin baino gehiagotan, euskara batuaren amorearren eta irakurlearen faboretan, aldatu egiten ditut poxi bat hitz eta esaldiok.


Zarataren kutsadura (2)

Aurreko artikuluan, zarata benetako kutsadura* bezala hasi ginen kontsideratzen. Geure gizarteon geroago eta zarata gehiago eta gogorrago pairatu* behar dugu. Hori dela eta, oso komenigarri zaigu, zaratek pertsonei egin diezazkieten kalteak aztertzea.

Gorrak alde batera utzirik, ba dakigu, pertsona guztiek ez dutela sentsibilitate berdina, eta zarata mota guztiek ez dituztela ondorio berdinak sorterazten. Zaratek gizonoi egin diezazkiguten kalteak ikertzean,* ondoko puntu hauk* eduki behar ditugu kontutan.

1. Adina. Ez dute modu berean zarata jasaten* haurrek, gazteek eta zaharrek. Haurrei buruz, geroago mintzatuko gara; baina, oraingoz, zaraten kausaz asko sufritzen dutela esan behar dugu. Gazte eta zaharretaz esan dezagun, berrogei eta bost urte inguruko adina* oso kritikoa dela. Adin hori iragan eta gero, zaraten kausaz sortutako problemak konpondu ezinezkoak izaten dira maiz.* Zaharren kasuan gauza arrunta* da noizbehinka gorraldiak pairatzea, eta, kasu txarrenetan, betirako gortasuna hartzea ere.

2. Seksua. Emakumeek sentsibilitate finagoa dute gizonek baino. Eta desberdintasun hau handituz doa urteekin.

3. Zarata mota. Zarata* monotonoa denean, arian* arian, gizonaren entzumena ohitu egiten da, eta kirioak* laxatu. Honela, askotan konturatu ere ez gara egiten, zarata hori dagoenik. Eta batzuetan, monotoniaren maila ttipia bada, logura ere eman diezaioke gizonari zarata horrek. Bestalde, zarata gogorttoa eta bapatekoa* entzutean (kolpe batez sortutakoa, adibidez), gizonaren kirioak ikara eta tiranduratan* jartzen dira; eta zarata ikara horrek atsedena eta laxotasuna apurtzen ditu.

4. Zaratak irauten duen denbora. Zarata maila nahiko handia denean, haren irauteak kalte handia egin diezaioke gizonari. 85 dB-etik goragoko zarata mailan lan egiten duten langileen artean, gor geratzen direnen portzentua, beste langileen arteko portzentua baino askoz ere handiagoa izaten da.

Zaratek egiten dituzten kalteak

Beharbada, hemen aipatzen ez den beste kalteren bat ere etor daiteke zaraten kausaz; baina, gutienez, ondoko kalte zerrenda hau eman behar dugu.

1. Lehenik, gizonaren entzumenean gertatzen diren kalteak. Denok dakigu, zarata handiek tinpano mintza apur dezaketela indarraren indarrez. Ba dakigu ere (edo jakin behar genuke behintzat), gorraldiak, gortasun partziala eta gortasun osoa ere ekar dezaketela.

2. Psikologiaren aldetikako problemak ez dira besteak baino ttipiagoak. Lehen esan dugun legez,* zarata ikaretan kirioek tirandura handia pairatzen dute. Tentsio hau maiz gertatzen denean, gogo hersturak eta egonezinak sortzen dira, kasu batzuetan azkenez benetako neurosiak bihurtzen direnak.

3. Zarata ikaretan sortutako tentsioaren kausaz, gorputzerako beharrezko diren zenbait gurintxaren* funtzionamendua aldatu eta gutiagotu egiten da. Bereziki urdaileko gurintxek asko sufritzen dute. Ixirimendua* nekez egiten da, eta azkenik urdaileko heritasun handiak sor daitezke.

4. Zer esanik ere ez, zaratek sarritan eten egiten dute loa. Hala ere, honetaz zenbait gertaera bitxi aipatu behar da. Adibidez hau: Zarata handirekin lo egiten ohiturik dagoen jendeak, ez du sarritan lorik egin ahal izaten, zaratarik ez dagoen lekuetan.

5. Problema hauk guztiok nabarmenago agertzen dira haurren baitan.* Ikerketek frogatu* dutenez, gehienetan, haurrek dituzten beldurren kausa nagusia, zarata izaten da. Gainera, aipatu dugun gurintxen problema areagotu* egiten da; eta honela, haurraren gorputz hazkuntzarako behar diren hormonen produkzioa gutitu egiten da. Azken batez, zaraten erruz,* haurra ez da behar den moduan hazten.

Bestalde, zarata handia dagoen hauzotegietako haurrek arreta* falta handia dutela frogatu dute estatistikek. Eta, estatistikak aipatzen hasiak garenez gero, esan dezagun ezen,* Estatu Batuetan eginikako estatistika batzuen arabera, zarata handiko hauzotegietako haurren endelegu* maila, besteetakoena baino 22 % puntuz ttipiagoa dela.

6. Azkenik zerbait esan behar dugu, zaratek gizonen arteko harremanetan duten eragipenaz.* Honetaz denok dukegu* esperientziarik franko. Nor ez ote da inoiz haserretu, hauzo batek egin* zaratengatik? Eta, haserrean, zer ez ote dugu esan (edo pentsatu)?

Animaliak eta landareak

Baina ez pentsa, mundu honetako bizidun bakarrak, pertsonak direnik. Animaliak eta landareak ere bizidunak dira, eta hauek ere pairatzen dituzte zaraten efektuak. Animalien gorputzak,* gizonarenaren antzekoa izanik (gauza askotan behintzat), gizonak pairatzen dituen efektuak pairatzen ditu. Horrela, kuiekin* egindako esperimentuetan ikusi izan da, haiek, 110 edo 120 dB-eko zarata artean egonez gero, bi edo hiru ordugarrenean konportamolde arraroak dituztela: kuiak burrukatzen hasten dira elkarren kontra, zoroak bailiren.* Zenbait dantzatokitan ere horrelako zarata mailak neurtu izan dira. Ondorioak asmatu nahi dituenak, asma bitza.

Soinuak kilikagarri bezala

Puntu honetara heltzean, ohartto bat egin nahi nuke. Orain arte, zarata hitza soinu desplazergarria adierazteko erabili ukan* dugu. Hala ere, soinua goza- eta desiragarri gerta daiteke. Izatez, hauxe baino ez da musika: soinu atsegingarria.

Soinuak gisa egoki batez bildurik entzutean, sentsazio gozo bat senti daiteke; eta sentsazio horrek humorea hobe* dezake eta lan egiteko trebetasuna handi.* Zenbait lantegitako ugazabek,* horri oharturik, musika eztia jarri ukan dute beren lantegietan.

Nolabait ere abereak gizonaren antzekoak izanki, esperimentu berdina egin izan da abeltegi batzuetan. Musika klasikoa entzutean, behiek esne gehiago eta, gainera, hobea ematen dutela ikusi izan da. Eta jazz musika entzutean, ostera,* gauzak alderantziz gertatzen direla. Hala ere, ni ez nintzateke ausartuko, behiak musika kritikalari onak direla esatera.

Zaratei buruzko legeak

Aurreko puntu guztiak irakurririk, zaraten kontra zerbait egin behar dela susmatzen da. Eta, asmo horrekin, mediku eta ekologoen eragipenez, zenbait lege egin dira.

Udaletxeak* dira (teorian behintzat), honetaz arduratzen diren erakundeak.* Teoriaren barnean mintzaturik, herriak hauzoka zatikatzen dira: bizitza hauzoak, lantegi hauzoak, merkatalgo* hauzoak, atseden- eta jostaleku hauzoak. Legeetan muga batzuk* agertzen dira, hauzo bakoitzean permiti daitezkeen zarata mailak seinalatuz. Maila hauk multzo bitan jar ditzakegu: egunerako seinalatzen diren mailak, eta gauerako seinalatzen direnak. Gauerako mailak ttipiagoak dira, noski.

Legeak hor daude. Betetzen edo bete erazten direnik, hori beste kontu bat da.

J. R. ETXEBARRIA