ANAITASUNA
III URTEA — N. 27
Suplemento a la Hoja ANAITASUNA de Guipúzcoa
Irailla (9) 1955
Ille onetako azken egunetan, Kristiñau Gazte Batzar aundi bat izan da Alemania'n, Kolonia'ko urian. Batzar orretan, Sartaldeko Alemania guztiko kristiñau gazte asko batu dira. Gazte sutsuak, euren bizitzan ideal bat daukenak, Alemania oba bat gura leukeenak, etorkizunari bildur barik eta esperantzaz beterik begiratuten deutsenak.
Gazteen artean, gizon zar bat aurkituten zan. Urtez zarra, espirituz gaztea baiña. Alemania'ko lenengo gizona, mundu guztian ezaguna, katoliko zintzoa: Konrad Adenauer.
«Oraindiñokarren. luzaro biziko da gure artean materialismoa —esan deutse aleman gazteeri—. Biztu eizue zuen kristiñau fedea, eta indartu espirituzko bizitzea. Ori egiten badozue, zeuena izango da etorkizuna».
Alemania'ko gaztediak —eta mundu guztikoak— eginkizun gogorra dauko bere aurrean. Igaro direan gerrak —Espaiñia ta Europa'koak— gaixorik itxi dabe mundua. Gaixorik gorputzez: pobretasuna, dolorea, gosea. Gaixorik arimaz: asarrakuntzea, gorrotoa ikusieziña, desesperaziñoa.
Oraingo gazteak osatu bear dabe mundu gaixoau; sikatu negarrak, arindu doloreak, zabaldu gizonen artean alkar maitasuna ta konfiantzea. Ori egingo ez balebe, traidoreak izango litzakioez sorterriari eta erlegiñoari.
Jakiña, eginkizun ori gatxa da. Errezago da —zetan esan-bere ez— obligaziñoari entzungor egitea, gizonaren berezko makurtasunari jarraitutea. Zoritxarrez, gazte asko dira bide errezetik doazanak. Gazte asko dira —gure Euskalerria'n— idealismorik ez daukenak, sorterriaren eta erlegiñoaren problemak ikutu-bere gura ez dituenak, espirituzko gauzetarantz jokerarik ez daukenak. Konturatu barik, materialismoan bizi dira.
Gauza ona da deportea, ziñea, jolasa; baiña ori ez da gazte batentzako gauzarik beiñena; orrek ez dau asetu bear bere arimea; orrek ez dau amatatu bear bere barruan bizi dan espirituzko azkenengo txinparta.
«Materialismoaren kontra joateko, biztu eizue zuen kristiñau fedea; indartu eizue zuen espirituzko bizitzea» —diñotso Adenauer Jaunak Alemania'ko gaztediari. Eta orixe berori esan leikio Euskalerri'ko gaztediari-bere.
Arakatu bei gazte bakotxak bere konzientzia, eta bildur barik bere buruari itaundu beio: Zer egin dot nik oraiñarte, nire erriaren bizibidea obatuteko? Zer egin dot nik, iñoren penak gozatuteko eta bere biotzera zorion pitin bat eroateko? Nire sorterriaren alde ezer egin ete dot? Benetan konturatu ete naiz iñoiz, kristiñau naizana eta Kristoren jarraitzaillea?
Oraindiño sasoi onean gagoz bide zuzenera etorteko. Biztu daigun gure kristiñau siñismena. Sendotu daigun gure arima barruko bizitzea. Orixe eskatuten deusku Jainkoak, orixe sorterriak. Ori egiten badogu, geurea izango da etorkizuna. Bestela, materialismoa izango da munduaren eta Euskalerria'ren jaubea.
Nun aurkituten dira Jainkoak ezagutu eragin deuskuzan fedezko egiak?
Ara! Leku bitan gordetan dira fedez siñistu bear doguzan egia guztiak. Leku bi orreek aoneexek dira: Eskritura Santua eta Tradiziñoa. Eskritura Santuari, Biblia Santua-bere deituten deutsagu.
Irurogetamabi liburu daukoz Eskritura Santuak. Jainkoak berak eskribidu ditu liburuok gizon santu batzun bitartez; eta bertan idatzita dagozan egiak Jainkoaren berbatzat artu ditu Eleiza Katolikoak. Irurogetabi liburu orreetariko printzipalenak, lau Evangelioak eta Apostoluen Epistolak dira. Liburu orreetan idatzita dagoana, Jainkoaren berba utsa da. Zeru-lurrak ezereztu egingo dira; baiña Biblia Santuan dagozan gauzak, beti egiazkoak izango dira.
Tradiziñoa, barriz, auxe da: Jainkoak ezagutu eragiñiko ikaskizuna, Eskritura Santuan gordetan ez dana, guganaiño agoz ago eta ezpan-belarriz eldu dana. Tradiziñoan, egia asko dagoz Biblia Santuan ez dagozanak. Jesukristoren irakaspen bat baiño geiago idatzi barik geratu zan, eta guganaiño Tradiziñoaren bitartez eldu da. Eta bardin jazo da Apostoluen irakaspenakaz: batzuk —geienak— Biblia Santuan dagoz; beste batzuk —gitxienak— Tradiziñoan, Jesukristo eta Apostolueri entzunda gero, agoz ago eta ezpan-belarriz guganaiño eldu dan Tradiziñoan.
Lopategi'tar Bakarne ta Mikel, auzo lagunak.
Mikel:
Nora zoiaz, Bakarne, igeska emendik,
Zeure gurasoeri laztan bana emonik,
Zeure baserritxua betiko itxirik?
Nora baiña, Bakarne, nora ain gazterik?
Ez al dozu barriro etorteko usterik?
Bakarne:
Nire biotza daukat gaur erdibituta,
Eztarriko lakarrak nauka mutututa,
Nire begiak dodaz malkoz lausotuta.
Nora noian diñozu, olan ikusita?
Moja noia, Mikeltxu, mundu au itxita.
Mikel:
Emeretzi urteko neskato lerdena,
Udabarriko lora, lirio biguna!
Ori bai burubide, zuk artu dozuna!
Oba dozu munduan jolastu naidana;
Oraintxe daukazu-ta sasoirik onena.
Bakarne:
Munduko jolasetan, erleak loran lez,
Danak egiten dogu gau eta egun ames.
Lorak igartzen dira, jolasak be iges:
Mundu au guzurra da, besterik ezer bez.
Poza gura badozu, garbi bizi zaitez.
Mikel:
Ez da txantxetakoa daukozun asmua,
Komentura joateko daukozun gogoa,
Emeretzi urteko neskato sendoa.
Oldozmenetan dago Mikel auzokoa,
Nok emon ete deutsun ortarako sua.
Bakarne:
El al dozu entzuten, Mikeltxu laguna,
Betiko bizitzea dala Jesus Jauna?
Bera da, ba mojatzat deituten deustana;
Eta gura dot egin Jesusen esana,
Dakidalako Berak zainduko nabena.
Mikel:
Jaunaren naia eta zeure borondatez
Ba-zoiaz, Bakarnetxu, guregandik iges.
Otoitz egingo dozu Mikeltxuren aldez;
Neu-bere ez naiz aztuko zugaz eguno bez.
Agur ikusi arte: ondo bizi zaitez.
Bakarne:
Eskerrik asko, Mikel, ta ez naiz aztuko:
Jaunari zure aldez deutsat eskatuko,
Gaur lez biotz zabala beti izateko,
Mundu laban onetan ondo zainduteko,
Gaur lez gero Zeruan biok alkartzeko.
Enbeita'tar Balentin
Arantzazuko Eleiza Barria.—Agustuko azkenengo egunean egin zan Arantzazuko Eleiza Barriaren estrenua. Eleizkizun ospetsu bategaz asi zan Gipuzkoako Zaindariaren Jubileo Urtea. Frai Karlos Anasagasti Jaunak emon eban meza pontifikala. Ezaguna dogu Euskalerrian Obispo Jaun agurgarri au: Bermeoko semea. Paraguay Errepublikako misiñolari ospetsua, eta orain El Beni-Bolivia'ko Vikario Apostolikoa.
Eleiza Barria, oraindiño guztiz amaituta egon ezarren, sekulako lora ta argiz apaindurik egoan. Ama Birgiñearen irudia, lenengoz bere tronu barrian agiri zan. Erromes asko etorri zirean Euskalerri guztitik, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba ta Naparroatik, Eleiza Barriko lenengo eleizkizun ospetsua ikusteko eta Ama Birgiñearen Jubileoko indulgentziak irabazteko.
Euskerazko katedra bat Japon'en.—Paris'eko "L'Information" periodikoak diñoanez, Japonesak be euskerea ikasten asi dira. Orretarako, Tokio'ko Keio Universidadean euskerazko katedra bat ipiñi dabe. Aita Lorentzo Labarta da irakaslea. Frantses euskalduna bera.
Monumentu bat euskaldun misiñolari baten gorapenez.—Los Angeles'en, California'ko uri ospetsuan —3 milloi ta erdi bizi lagun—, monumento bat eregiko deutse Frai Frantzisko Lasuen'eri, uri orren fundatzaille izan zan fraille frantziskanoari. Bera arabarra izanarren, bere gurasoak bizkaitarrak —Berriz'koak— zirean. Frai Junipero Serra'ren jarraitzaillea izan zan California'ko misiñoetan, eta arek beste erri ta misiño etxe fundatu zituan.
Korea'ko aundiki bik katoliko izan gura dabe.—Korea'ko errege familia'ko printzipe bi, Eleiza Katolikoan sartuko dira, euren etxeko kristiñau serbitzaille batek konbertiduta. (Orain berrogetamar urte inguru kendu eben japonesak Korea'ko azkenengo enperadorea). Konbertidu barriak, irurogetamabi urte daroez ezkonduta; eta bateo santua artzeko preparetan dabiltza.
Milagruak Canada'ko Santuario baten.—Canada'ko otoitz lekurik ospetsuena, Santa Ana Beaupré'koaren Eleizea da. Igaro dan garagarrillean (julioan), bosteun milla persona joan zirean bertan otoitz egitera. Erromes geienak Canada bertakoak dira; baiña beste asko Estadu Alkartuetatik etorten dira. Aurtengo Santa Ana egunean, garagarrillaren 26'an, antza danez, milagruzko lau bost osakuntza izan dira. Egun orretan 200 meza esan zirean, eta 40.000 personak jaunartu eben.
Kristiñau dotriñea irakasteko pedagogia barria.—Alemanak, ardura aundia euki izan dabe beti irakaskintzako gauzetan. Emendik aurrera, kristiñau dotriñea umeeri irakasteko beste bide bat artuko dabe: oraiñarteko itaunketa ta erantzupenezko metodua alde batera itxita, beste sistema egokiago bat erabilliko dabe. Dotriña barriak, 288 orrialde ta 156 grafico daukoz.
Markel. Geixo-bisitetan [Komikia]
Pello eta Edur-gizona [Komikia]
Illeko Santua
San Jeronimo (Bere eguna, iraillaren 30)
Stridon urian, Dalmazia'ko Provintzian jaio zan Jeronimo, 347 urte inguruan. Gaztezaroan, ikasteori ekin eutsan, eta aurrerapen aundiak egin zituan estudioetan. Historian, gramatikan, philosophian eta beste ikaskuntza guztietan, Jeronimo lakorik ezegoan baztarretan. Bere etxeko liburutegia, onenetarikoa zan; eta biblioteka ori egiteko, diru asko eralgi eban.
Ez liburuetara bakarrik, baita Erroma'ko nasaikeri ta zorakerietara be makurtu zan ez gitxi. Baiña nunbait Jaunaren graziak biotzean ikututa, bateo santua eskatu eutsan Aita Santu Liboriori, eta Liborio beraren eskuetarik artu eban.
Ara ta ona joan-etorri batzuk eginda gero, Siria'ko Antiokia'ra joan zan, eta antxe ipiñi eban bere bizilekua. Kristiñaua zan, ez ain txarra, ain ona be ez. Erroma'ko gentillen philosophia, literatura ta liburuetara jokera lotu ezin bat agertzen eban. Alako baten, lotan egoala, amesetan zeruko boz bat entzun eban:
— Nor aiz i?
— Ni, kristiñau bat.
— Noren ikasle?
— Kristoren ikasle.
— Bai, zera! Kristoren ikasle baiño Ciceron'en ikasle zintzoago aiz i.
Ames au, Jainkoaren dei bat legez artu eban: izan-bere, alantxe zan. Orregaitik, aurrerantzean kristiñau obea izateko erabagia artu eban; eta orretarako bakartegi batera joan zan, eta ikaragarrizko penitentzia egiteari emon eutsan. Bere pekatuen damua agertzeko, ez eban gure moduan bularra eskuagaz edo ukabillagaz joten, arri bategaz baiño, dana zauritu ta odoldurik itxi arteraiño. Bide batez, Eskritura Santuetako Liburuak obeto ezagututearren, Grezia, Siria, Kaldea ta Hebreotarren berbakuntzak ondo, zeatz eta garbi ikasi zituan.
Antiokia'n, abade egin zan. Konstantinopoli'n, San Gregorio Nazianzo'koaren eskolan ikasle izan zan; eta gerotxuago Erroma'n bere jakituri zorrotz eta leberragaz, Eskritura Santuen illuntasun guztiak argitu zituan. Biblia Santua, gaur Eleizan irakurten dogun legez badaukogu, Jeronimori zor deutsagu.
Lur Santuetara barriro biurtu zan. Bere azkenengo 40 urteak Belen'en, Jesus jaio zan-askatxuaren ondoan igaro zituan; oraziñoan, penitentzian, ikastean, lanean, eta arimak zerura bidean zuzenketan.
Santu izanarren, genio bizia ta odol beroa eukon gure Jeronimok, batez-bere heretikoen kontra jarduten ebanean. Bein baten, alako eztabaida bat izan eban San Agustin, bere lagun aundiagaz. Esanalak bota eutsazan batak besteari aurpegira. Baita arin batak besteari parka eskatu. Santuen gora-beerak alantxe izaten dira: asarratu ezkero, arin adiskidetu. Olako eztabaidak igarota gero, San Jeronimo Jaunaren aurrera joaten zan, eta onelantxe esaten eutsan: Parce mihi, Domine, Dalmata, enim sum! Esatea legez: Parkatu, Jauna, Bermeotarra naiz-da.
San Jeronimo, larogeitamar urtegaz il zan Jaunaren besoetan.
Txomin eta Katalin [Komikia]