ANAITASUNA

268. zenb.

1974.eko urtarrilaren 31koa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

BEHIN BEHINEKO ZUZENDARIA:

Imanol Berriatua, O.F.M.

ZUZENBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Umeentzako jaialdia Bilbon

Jendearen eta, batez ere, umeen aldetik ba zegoen gogoa. Gabonetan jaialdia atzeratu behar izan zela eta, are* gogo biziagoa oraindik.

 Urtarrilaren* 13an, horregatik, Santiago Apóstol-eko zinetokia mukururaino* beteta egon zen; eta hainbeste lagun izan ziren, barrura sartu ezinik gelditu zirenak. Bilboko eta Bizkai osoko ikastola gehienetako haurrak bertara joan ziren, umeen jaialdia ikustera.

Lehen partean Lexonako txistulari eta dantzari gaztetxoak agertu ziren, Andonik eta Luis Xabierrek haserako agurra eginez. Neskatoek uztaidantza polit bat erakutsi ziguten, guztion txalo beroak irabazirik. Ondoren, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon euskaldun pailazo xelebreak azaldu ziren, haur eta nagusien barreak bizteko.

Ondarroako Kresala taldeak bukaera egin zion lehen parte honi. Publikoaren eritziz, Ondarroako talde jator hau zoragarri egon zen, musika eta kantu arloan saio askoren ondoko fruitu bikaina agertzen zuelarik.

Bigarren partean, Txikiak izeneko dantza taldeko mutilek makila ttikien jokoa dantzatu zuten; eta, ondoren, Aresti eta Izagirre neskato-mutikoen jota ekitaldi zoragarria. Guztiok, gaztettoenak bereziki, oso txalotuak izan ziren. Bigarrenik, Lupe kantari bermeotarra irten zen. Bere boz ezti, leun eta finaz lau kantu eskaini zizkigun gitarraz lagundurik. Hau ere xit txalotua.

 Geroago, pailazoak agertu ziren berriro, ostera ere haur eta nagusien barreak sorteraziz. Bukatzeko, Balbino, Txilibrin eta Juan Karlos igan ziren agertokira, beren pandereta, alboka eta txaranbelekin jaialdiari akabu alai bat emateko.

 Azken orduan, guztiok joateko geundenean, Olentzaro jauna, pipa eta guzti, handik agertu zitzaigun, bidean gasolina gabe gelditu zela eta, lehenago ezin etorririk. Olentzarok gauza interesgarri asko esan zizkigun; esaterako,* bera ez zela ez bizkaitarra, ez giputza, ez nafarra, Euskal Herri osoko euskalduna baizik; Olentzero barik,* Olentzaro duela bere egiazko izena eta paganoa ez, baina kristau jatorra dela. Ume guztiek "Olentzaro joan zaigu" kantatu zioten azkenean, eta beronek karamelu eta poster ugari banatu zituen haien artean.

Jaialdi eder hau Lexonako ikastolaren alde eratu zen, eratzaile Xabier Gereño eta presentatzaile X. Kintana zirelarik. Caja Laboral Popular-ek (Langileen Herri Kutxak), jaialdi honetarako, laguntasun eta erregalu ugari eskaini zuen, eskertzekoa berau.

 Asmoa dago, datorren Gabonetan antzeko jaialdi bat egiteko. Segur gaude, aurtengo hau lekuko,* jendeak ongi etorria eginen diola harexeri ere. Hala biz.*

P. URTIAGA

dio, deutso

gaude, gagoz

geunden, gengozen

zaigu, jaku

ziguten, euskuen

zion, eutson

zioten, eutsoen

zizkigun, euskuzan


Euskara ikasteko laguntza

 Urtarrilaren* 14ean irratsaio berri batekin hasi ginen Donostiako Herri Irratian. Irratsaio berri honen izena: EUSKARA IKASTEN.

 Arratseko 9etan hasi eta 9ak eta laurdenean amaitzen da.

 Honetara azalduko genuke saio honen mamia: Patxi Altunaren metodoz euskara ikasten ari direnentzako laguntza bat izan nahi luke EUSKARA IKASTEN izeneko irratsaio honek.

 Guk ezagutzen ditugun euskara ikasten ari diren talderik gehienek, 8etatik 10ak arteko saio luzeak egiten dituzte. Horientzako laguntza atsegin bat izan nahi luke ordu laurdeneko saio honek; hain zuzen, beren lan luzean atsedenalditxo atsegin bat eskaini, bitartean ere euskara ikasten dutelarik.

Astelehenetik ostiralera* bitartean egiten dugu Donostiako Herri Irratian EUSKARA IKASTEN saioa, arratseko 9etan hasi eta 9ak eta laurdena bitartean.

Iñaki ZUBIZARRETA


Estrategia berria?

 Jean Kanapa, frantses Komunist Alderdian nazioarteko arazoen arduradun denak, joan den ekainean* esan zituen hitzei bagagozkie, Mendebal Europako mugimendu komunistak bere taktika aldatu duela aitortu beharrean gaude.

 «Europa kapitalistaren mailan, inperialismoaren aurkako klase burrukaren batasuna sendotzeko orduak jo du...» Eta geroxeago: «Eskualde* honetako Alderdi Komunisten erabakiek ez diote nazioarteko mugimendu komunistaren batasunari kalterik egingo. Aitzitik,* berau sendotzera joko dute... EEEko gobernu kapitalistek ez dute gizarte aurrerakuntza eta demokraziaren Europa hori burutuko*...»

 Beren italiar burkideek* ez bezala, joan den udaberrirarte frantses komunistek ez dute EEE delakoa onhartu. Zerk bultzatu ote du frantses Komunist Alderdia aldakuntza honetara? Nagusiaren aginduak, noski. Ez zen alferrik «EEEren errealitateaz» mintzatu Brejnev jauna 1973.eko martxoan; Komekon delakoak ere orduantsu aldatu zuen EEErekiko bere jarrera.*

Italiar eta frantses komunisten «adiskidetze» harrigarri honen ondoren, eurrez* ugaldu dira, frantses, italiar, ingeles, skandinaviar eta mendebal alemaniar sozial-demokratekiko harremanak ere. Marchais, De Martino, Miterrand eta Berlinguer jaunen elkar ikustea lekuko.*

 Baina sindikal mailan ukan ditu ondoriorik harrigarrienak aldakuntza, honek. CISL delakoari atergabe* heldu zaizkio Ekialdetik* mezuak,* ideologiaz gainetiko elkartasunean iharduki dezan. Komunisten menean* dagoen FSMren Varnako azken Biltzarre Nagusian, Brejnevek bidaliriko mezuaren arauera,* dei biziak egin dira, anakronismo oroz* gainetik sindikal banakuntza garaitzeko.

Baina ba da harrigarriagorik: herrialde komunistetako sindikatoek, sobietarrak ere barne direla, Brusselako Federakuntzari atxikitzeko* gogoa agertu dute. Bestalde, aski ezaguna da, brusselar elkarte hau benetako sindikalgintzatik urrunsko* dagoela, langreba* bera ere legez kanpo jarri baitu.

Hauk* hola, M. Séguy, CGTeko Idazkari* Nagusiaren hitzok ulerterrazago zaizkigu: «Ez gara dogmaren fanatiko, nahiz eta klase burrukarena izan...»

Egoera honen aurrez aurre, zenbait aitorkizun egin beharrean aurkitu da CISL; eta komunisten menean dauden sindikal antolamenduekiko harremanak direla eta, zera esan du: «Sindikato aske eta demokratikoekin mokoz* moko dago hauen politika. Komunisten atzerri politika laguntzearren ezarri nahi ditu FSMek CISLekiko loturok...»

 Dena den, munduko komunista mugimenduaren barnean nabaria* da biradura bat diplomazian, Europaren Ekialdekoan batik* bat.

 Guztiok geure buruari egiten diogun galdera, hau da: jakinaren gaineko taktika hutsa ala benetako estrategia berri bat da?

 Lehendabiziko kasuan, Sobietar Estatua sendotzera zuzenduriko maliobra baten aurrean aurkituko ginateke beste behin. Bigarrenean, berriz, zera esan beharko genuke, alegia,* norbaitzuek Jean Daniel-en esalditxo hura* haintzakotzat* hartu dutela: «Gaurgero* ez dago zertan esanik, burruka askatzailea eta sobietar aberria derrigorki babestea bat direnik».

 Dagoeneko,* norbait hasia da europar nazionalitateentzat egun berriak aldarrikatzen.* Ni neu, goizegi delakoan nago. Aldakuntza honen garrantzia guttiesterik* ez dago; baina nork jarriko luke eskua sutan, burua lehengo lepotik ez duela segurtatzeko?

X. MENDIGUREN

dezan, daian

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

gaude, gagoz

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz


Albistearen miztoa

 Leitzan* papertegi handi bat dute. Diotenez, langile askori lana ematen diena, eta izerdia ateratzen. Lantegiak apartekoak baitira horretarako. Leitzako papertegia pizkor dator bere aurrerapideetan. Orain Motril-en* erosi du hango lantegien % 50a (beste % 50a INIren eskuetan geratzen dela). Leitzako langileek partiketa onik irabaziko dute (gezur hau egia balitz...); denen artean irabazitako kapitalarekin erosi dutenez, itxaropenik ba omen da (non?). Dena dela, gu pozik, euskal langileek sortutako kapitalak edonon holako harrera ona duela jakitean. Horrelaxe lagundu nahi omen da, kapital jator batek behar duen nazioartekotasuna. Eta langileak diru haien hegada* urdinari begira aho xabalik utzi omen dituzte.

 (Hemen eman behar nizuen albistea ona denez, hurrengorako uzten dizuet, berri on guztiek batean kalte ere egin baitezakete).

***

 Eta diru kontuekin gabiltzanez, ba dugu horretaz beste bat ere. Egunerokoetan zabaldu dute hau. Landazuriren «Arabako Historia» argitaratzera omen doaz. Pozteko da. Landazuri historigileak ba du alde on bat ere: liburu lodiak idatzi zituen, eta, erdaraz idatziak izanik, eurrez* zabalduko dira. Abantail guztiokin liburu eder, lodikote eta merkeak izango omen ziren. Baina ikusi ei* da geroxeago, jendea prest dagoela garestiagoak pagatzeko ere; eta abantail guzti guztiez probetxu onik ateratzearren,* puntutxo bakar bat aldatu omen da haserako* asmo hartan. Liburuak, eder, lodikote eta garestiak izango dira. (Hori da zuhurtzia!).

***

 Rumaniako politika gidarietako baten berriak heldu zaizkigu etxera gaur. Politikalari hori ez nuen ezagutzen; baina ikusten da, esatekorik ba duela.

 Niculescu-Mizil Rumaniako Edukazio Ministrua da, eta beste egitekoak ere ba ditu. Mutila da gure Niculescu-Mizil Ministrua. «Proletal nazioartekotasuna eta independentzia nazionala» arazoari heldu dio oraingoan Ministruak.

 Rumaniar honek ba daki zerbait: «Ez dut uste, bi printzipioon artean kontraesanik dagoenik». Horixe uste dugu guk ere (beraz, pentsamendu ministragarria da gure hau ere). Eta dena osatuz, hola esan du: «Arazo honetaz rumaniar pentsaera hauxe da: politika. ekonomi, gizarte eta kultur egitekoak herri barnean konpondu behar ditugu, geuk daduzkagun beharrizanen* arabera». Horretan ere bat gara. Printzipio horrekin osatu behar omen da benetako nazioartekotasun jatorra. Eta kazetariren batek galdetu omen dio: Hori ote da, gero, mundu sozialistak ontzat ematen duen internazionalismoaren interpretazio bakarra? «Bai, ez dugu besterik ezagutzen» erantzun du Niculescu-Mizil jaunak. Nork pagatuko lioke jaun Ministruari bidaiatto bat Euskal Herrira, gehiagorik jakitea ere komeni baitzaio.

JOANES GOIA

dezakete, daikee

die, deutse

dio, deutso

dizuet, deutsuet

lioke, leuskio

nizuen, neutsuen

zaie, jake

zaio, jako

zaizkigu, jakuz


Neure lantokitik

Umeen Jaialdia Bilbon

 «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan, ba ziren nonbait 1.400 pertsona inguru. Bilboko ikastoletako ume, guraso eta irakasleak. Jaialdi zoragarria benetan! Eta gaur hark ematen dit gaia, ANAITASUNAk eskaintzen didan horrialde hau betetzeko, zeren* han jasotako esperientzia interes haundikoa baita Euskal Herri osorako.

1.400 pertsona

 1.400 lagun bildu zirela esan dugu, eta guztiak ikastolaren inguruan dabiltzanak. Zenbat dira hauk* Euskal Herri osoan? Milaka eta milaka. Eta zer eskaintzen zaie atsegingarri bezala?

Gazteentzat edozenbat* jaialdi antolatzen dira Euskal Herri osoan (eta gehiago izango lirateke, hainbeste debekurik ez balego). Baina umeentzat eta haien gurasoentzat, deusik* ez. Horregatik, gure umeak erdal telebisio eta tebeo* eta liburuen menpean daude. Hutsune hau betetzeko garaia da.

Pailazoak

Lehengo batez esan nuen, Bilboko ume euskaldunek orain ikusi dutela lehen aldiz, pailazo* bat euskaraz mintzatzen. Edozein hizkuntzatako umeek aspalditik zutena, euskaldunek ez zuten. Atzerapen honek lotsaz bete behar gaitu, eta lanera bultzatu.

Beranduxe bada ere, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon donostiarrak oso ongi aritu ziren. Edonon presentatzeko gai dira. Dei itzazue beldurrik gabe. Haien zuzenbidea: Iñaki Ansorena. Plaza 18 de Julio, 13-2.º San Sebastián.

Bermeoko Lupe

Bere 15 urterekin, ikastolatik irten* berri den neskatila ematen du; baina, ene ustez, umeetaz dugun axolagabetasunaren azalpenik bikainena eman zigun: adinekoen* kantuekin etorri zitzaigun. Euskal kantari guztiei, eta batez ere Luperi, umeak kontuan har litzaten eskatuko nieke. Haur kantak presta litzaten. Eta jaialdien antolatzaileei eskatu nahi diet, umeentzako jaialdiak antola ditzaten. Lupe, bere gaztetasunak ematen dion indarrarekin, umeen idolo bihur daiteke.

Ondarroako «Kresala» taldea

68 neska-mutiko, Irune Argoitiaren zuzendaritzapean, txistu, kitarra eta bandurriekin. Sekulako «Oh, mammy blue» kantatu ziguten. Euskaraz, noski. Mutiko solista hura* edonora eramatekoa da. Talde honek bildu zituen txaloak, segur asko, Ondarroatik ere entzun ziren. Umeen artean musika zaletasuna zabaltzeko, oso komenigarria litzateke, talde hau edo honelakoren bat jaialdietara eramatea. Zuzenbidea: Irune Argoitia. Velarde, 47 - Ondarroa, Vizcaya.

«Langileen Herri Kutxa»

 Jaialdi honetarako propaganda osoa «Caja Laboral Popular» delakoak ordaindu du, eta umeen artean 1.000 karamelo boltsa zabaldu zuen. Honelako portaerarik ez dugu beste Kutxetan ikusi, eta aipatzea merezi duela uste ukan* dut. Jaialdien antolatzaileei esan nahi diet, eta batez ere ikastoletakoei, hemen aurkitu dugun laguntza ez dugula beste inon ediren,* eta guri eskaini digutena, segur asko, beste edonori ere emango duketela.*

Olentzaro

Jaialdia amaitzerakoan, eta bere adiskide mina duen Xabier Kintanaren deiari erantzunez, Olentzaro etorri zitzaigun, haurren eta adinekoen pozerako. Olentzaro, ANAITASUNAk zabalduriko poster ederrean bezala jantzirik zegoen, oso dotore eta alai, hainbeste lagunen artean. Mikrofonotik, edozein tokitara joateko prest zegoela esan zuen. Ea, bada, laster lortzen dugun Olentzaro standard bat Euskal Herri osorako!

Presentatzaileak

Haurren jaialdietarako presentatzaile egokiak behar ditugu. Aipatzen ari naizen jaialdi honetan, ezin hobeto ihardun zuen Xabier Kintanak, umeentzat aparteko dohainak baititu. Irune Argoitia ere aipatu behar dugu, oso ongi presentatu baitzuen «Kresala» taldea. Mikrofonotik berebiziko* graziaz berba egin zuen.

Lexonako ikastola

 Ikastola honetakoak izan ziren jaialdiaren antolatzaileak. Bezperan gurasoen batzarre nagusia egin zuten, kooperatiba bezala Langileen Herri Kutxarekiko elkartasuna erabakitzeko. Aho batez onhartu zuten elkartze hau. Gero, Kataluniara joan diren bost irakaslek eta lehendakari ordezkoak eta Alberto López ikastola berriaren arkitektuak hitz egin ziguten, diapositiben bidez eta zernahi informazioz, han ikusitakoaren berri emanez. Llerdako* «escola català»k eta Lexonako ikastolak irakasleen truke egingo dute, bilinguismoaren praktika* eta sistema pedagogikoak aztertzeko. Ene ustez, geure kooperatibakoentzat egindako mahai biribil hau beste ikastolei ere eskaini behar genieke, oso interesgarria izan baitzen. Adibidez, haurren urtebetetze egunetan, ikastolara karameloak eraman beharrean, Llerdan joko pedagogiko bat eroaten* dute. Honela lortu dute material aberats bat.

 Eta orain, amaitzeko, idatzi dudanaren laburpen gisa,* hau esan nahi dizuet: Urte berri bat hasi dugu. Beraz, erabaki berri bat hartzeko garaia da. Erabaki berriori, euskaldun umeak haintzat hartzea izan dadila.

Xabier GEREÑO

diet, deutset

digute, deuskue

dio, deutso

dit, deust

ditzaten, daiezan

dizuet, deutsuet

genieke. geunskioe

itzazue, eizuez

litzaten, leiezan

nieke, neuskioe

zaie, jake

zigun, euskun

ziguten, euskuen

zitzaigun, jakun


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«...laino guzien azpitik...», «...eta sasi guztien gainetik...»: J. A. Arze eta J. L. Zumeta

 Goiko izen sorgindarrez, argitara eman dira azken Gabonetan Joxe Anton Arze «Harzabal»en poesi liburu biok, Jose Luis Zumetaren irudiez apainduak.

 Jadanik ohiturik gaduzka Joxe Antonek, honelako obra «ohi ez bezalakoak» eskaintzera. Lehen Isturitzetik Tolosan barru ikusliburu xelebrea izan zen, presentazio eta orijinaltasun aldetik ezin ederragoa. Oraingoan, hura* bezain harrigarri ez badira ere, edizio ongi ilustratu bat agertu digu, poemei osterantzeko* distira eta grazia esthetikoa ematen diena.

 Harzabal estheta bat dela agerian dago; bai musika, bai pintura eta bai poesia elkarrekin lotzen ahalegintzen den artista bat. Lortu ote duen esateko, ez gara nor sentitzen. Honetan irakurleak duke* bere zeresana. Hala ere, ezin genezake horrelako ahalegin bat txalotu gabe utz.

 Oharra: Azken orduan jakin dugunez, J. A. Arzeren liburu hau poliziak bahitua* izan da, bai liburudendetan eta bai egileari zuzenik eskatu ziotenen etxe guztietan ere.

II. Euskal Anthropologi Asteko lanak argitaratu dira

 Egunotan La Gran Enciclopedia Vasca editorialak, Deustuan 1972. urtean egindako hitzaldi eta estudioak publikatu ditu. Haietan linguistika, literatura, arkheologia, soziologia, historia, legeak, ethnographia eta antzeko gaiei buruzko azterlan baliosak agertzen dira.

Guztien artean, bereziki, oso interesgarriak dira, aita Urrutia jesuitak, Estatuak Espainiako hizkuntza ezofizialekin erabilitako lege eta erabakietan bilduriko dokumentazioa. Beronetan, 1936.etik hona gauzak, funtsean,* zein guti aldatu diren ikus dezakegu. Holako lege eta izpirituek dirauten artean, oso gutti lortuko dugu euskararen salbaziorako.

Espainiako Gobernu Berria

 Luis Carrero Blanco presidente jaunaren lekuan, horretarako legearen arauera,* Carlos Arias Navarro jauna izan da jarria presidentetzat. Arias Navarrok, aurreko kabineteko zortzi ministro izan ezik, beste guztiak eraberritu egin ditu, izen berriak jarriz.

 Gobernu honetan, gehienbat errepresentaturik dagoen taldea, falangearena omen da; eta 1939.etik hauxe da gobernuan euskal probintzietako inor ez duen lehenbiziko kabinetea. Arias Navarro jaunak espainolei politikan partaidetasun handiago bat prometatu die bere gobernuan. Ea, ba,* horrela den.

Arimak 21 grammo pisatzen omen du

Bai, horrela dio Nils Jacobson-ek, 36 urtetako suediar* irakasle batek, oraintsu argitaratu duen liburuan. Obra horretan, «Liv efter döden?» (=Hil ondoko bizitzarik ote?), giza arimak 21 grammo pisatzen duela dio, haur baten arima eta nagusi batena berdin berdinak izanik. Berak dioenez, pertsona bat hil aurrean eta hil ondoan pisatuz gero, 21 grammotako diferentzia bat dago, «arimaren pisua», alegia.*

Siqueiros hil da

 David Alfaro Siqueiros mexikar pintatzaile famatua hil berri zaigu urtarrileon.* Heriotza honekin munduak ohi ez bezalako artista bat galdu du, artean eta politikan erabat* konprometaturik egoten jakin zuen intelektual ezkertiar bat, alegia.*

Olentzaro, eta ez Olentzero

 Begien bistan dago, gutaz diotena diotela, euskaldunon jokabiderik maiteena anarkhismoa dela. Nola bil ditzakegu geure indarrak zerbaiten alde, aldez aurretik zerbait horren izenaz akordio batetara heltzen ez bagara? Euskara, euskera ala euzkera? Euskal Herria, Euskalerria, Euzkalerria, Euzkelerria, Euskadi ala Euzkadi? Burruka ala borroka? Olentzaro ala Olentzero?

Diodan* aldez aurretik, nerau ere maiz* izan naizela bigarren lekuko izen horien aldeko; baina alde bateko eta besteko arrazoiak entzun ondoren, azkenean eritziz aldatu naiz.

Eta Olentzaroz ari garelarik, ihaz, oker ez banago, Imanol Laspiur eta Bittor Kapanaga adiskideek ZERUKO ARGIAn, Olentzaro (eta ez Olentzero) izenaren alde dauden arrazoiak erakutsi zizkiguten. Funtsean* R. M. Azkueren eritzietan oinharritzen ziren, hots,* bukaerazko -tzaro hori ez dela -zaro «haro, sasoi» besterik, zahartzaro edo haurtzaro bezalaxe. Antzeko aburuak* agertu dizkigute oraintsu, Eguberriotan, P. Lafitte eta aita Joxemiel Barandiaran euskaltzainek. Lehenaren ustez, gainera, Olentzaro Noel-zaro izenaren metathesi bat besterik ez da. Ba liteke.

Horik* horrela, ba dirudi, forma hori hobetsi* beharko genukeela guztiok, ikastolako haurrentzako behialako* liburuxkan oso ongi ezarri zutenez. Ez baitatorkio batere mesederik Olentzarori holako izen-mizenetatik, eta bai nahasterik franko.

Dena dela, izen kontuok gorabehera,* ba dirudi, euskaldunon arteon errege magoen lekuan Olentzaro ezartzeko ideia aurrerantz doala; eta G. Trintxerpek ZERUKO ARGIAn egindako artikuluak eta AGUReko editorialistarenak helburu berbera jotzen dutela ematen* du. Bejondigula* guztioi. Agian* ez gara 1974. urtean hain gaizki sartu.

Jose Ramon Etxebarriak alaba bat

Abenduaren 16, Lorea Akaiturri andreak, Jose Ramon Etxebarria idazkidearen emazteak, alaba polit bat ekarri zuen mundura. Beren lehenbiziko ume honi Alaitz izena ipini diote. Gure zorionik bihotzetikoenak guraso gazte berrioi.

Bilboko nahasketak

Urtarrilaren 16an bonba bi jarri ziren Bilbon. Bata Deustuko Unibertsitatean, bertako makina konputatzaile bat birrinduz. Kalteak 25 milioitakoak izan omen ziren. Bestea Sarrikon, Zientzia Ekonomikoetako Fakultatean jarri zen, garrantzi gutiko galerak eginik. Egun berean, irakastegi honetako unibertsitari talde batek dekanoaren langelako atea bortxatu zuen. Poliziak zenbait estudiante atxilotu* zituen.

Euskal komiki bat

Nola edo hala deitu egin behar; eta ingelesezko comic hitza, k letraz bukaturik, euskaraz deklinatzeko zaila zaigunez gero, komiki bilakatu dugu. Baina izen kontuok alde batera utzirik, albistea hauxe da: Iker, Bilboko aztertze taldea jo eta ke* ari dela komiki bat prestatzen euskaraz, antza* denez ANAITASUNAn zatika argitaratzeko asmoz. Komiki hau orijinala, euskal pertsonaiez osatua eta Euskal geographian gertatua omen da. Agian* laster ikusiko dugu.

ETAkoen gorabeherak Frantzian

Espainiako gobernuaren eskariei erantzunez, frantses poliziak, Ipar Euskal Herrian ihes eginik bizi diren euskaldun babestu politikoak banan banan deitu ukan ditu itaunketak* egiteko, ondoren, ordea, libre utzirik.

Frantziaren iparraldera bizitzera joateko aginduak, bestetik, ez dirudi behar bezala betetzen direnik, ETAkoak Baionan, Donibane Lohitzunen eta Hendaian, nabariro* gainera, behin eta berriz ikusiak izan dira eta.

Guy Petit-ek, Miarritzeko alkateak, ETAk Carrero Blanco almirantea hil zuenetik, bere dimisioa presentatu du Anai Artea elkartetik. Monsieur Guy Petit jaunak deklaratu duenez, Ipar Euskal Herriko bizilagunik gehienak ez dira euskaldunak eta ez daude konforme ETAko separatistekin.

Miarritzeko kaleetan, Guy Petit jaunaren kontra, zenbait esaldi pintatu dira. Era berean, HERRIA Baionar astekarian Gehexan Ponttok ziri bertso batzuk* ezarri dizkio Petit jaunari: «Ez girela gu euskaldunak? Qui l'a dit? Guy Petit». Hala ere, frantses abertzaleek zenbait pintada egin omen dituzte Ipar Euskal Herriko karriketan,* esaterako, «Vive la France! Non au separatisme! Vive le Pays-Basque!», Guy Petit jaunaren fabore irtenik.

 Baionako kaleetan urtarrilak* 15, eta Tolosan urtarrilaren 16an, manifestazio batzuk egon dira frantses gobernuaren aurka. Strasburgon, bestetik, zenbait lagunek espainol kontsularen etxea bortxatu zuten, poliziaren laguntza behar izanez.

Euskal Herriko pasaporteen berrikusi beharra

Poliziak erabaki duenez, urtarrilaren 20tik aurrera Espainiako euskal probintzietako lagun guztien pasaporteak balio gabe gelditzen dira, komisaldegietara, bertan berrikusiak izateko, eramaten ez badira.

45 urte arteko pertsona guztiei, bestetik, Frantziara joan baino lehen, beren bidaiaren zergatikoa galdetuko zaie.

Antza denetik, neurriok, ETAk dituen pasaporte ohostu* eta faltsifikatuak kontrolatzeko omen dira.

Aleksandr Soljenitsyn-en azken obra

 Aleksandr Soljenitsyn-en azken obra, Sobietar Batasunean dagoen askatasunik eza salatzen duena, egunotan izan da presentatua Parisen. Dakikegunez,* Soljenitsyn idazle errusiar hau 1970.ean Nobel Sariaz hornitua izan zen, eta harez gero gogorki tratatua izan da Errusian.

Toki izenak aldatzen ari

 Bai, hau da zenbait taldek eta kanpotar entrepresak gure Herrian obratzen ari duten lan traketsa. Ezaguna bezain penagarria dugu, orain arte euskal izenen orthographian eta itxuran Estatuko funtzionariek egin digutena. Hortxe ditugu, kasu, Echevarria, Vedia, Recalde, Vizcaya, San Sebastián, e.a.

 Araban, lurren elkartasuna dela eta, euskal toponymia erabat* baztertu eta ezereztera doa herri askotan, eta Errekasolo, Iturburu edo Bidondo gabe, 1.ª parcela, 2.ª parcela, 3.ª parcela ipintzen dira.

 Are* kaltegarriagoa da, bestetik, Euskal Herriaren bihotz bihotzean eraikitzen diren etxetalde eta egoitzei gaztelaniazko izena ezartzea. Hori Herriari, inguruari eta Historiari irain argi bat egitea besterik ez da. Hortxe dugu Bizkaian, urrunago joan jabe, Plentziako «El Abanico de Plencia», Gernikako «Vega de Guernica», Algortako «Urbanización los Pinos» edo Bilbo Zaharreko «El Casco Viejo».

 Gauzak horrela segituz gero, Euskal Herria laster gaztelaniaztaturik agertuko zaigu guztiz.

Bretoiak eta kortsoak, problema Frantzian

 Le Monde aldizkariak (73-XII-27) dakarrenez, Bretainiako Askatasunerako Fronteak oraintsu komunikatu elkartu bat agertu du ETArekin, bere jarrera sozialista eta iraultzalea proposatuz. Dirudienez, bretoi erakunde* hau, ETArena bezalako barnegitura* batez moldatu da berriki,* burruka harmatuari inoiz baino garrantzi handiagoa emanez.

 Kortsikan ere, Mediterraneoko irla honen askatasunaren aldeko fronte klandestino bat eratu da, bertako hizkuntza, ohitura eta ekonomian libertatea terrorismoaren bide gogorretik erdietsi* nahiz.

 Hau aurrera segituz gero, frantses agintariek, Espainiako komentaristek ongi darakuskigutenez,* problema gogorrak ukanen dituzkete* beste separatista horiengatik, bide gaiztotik abiatzen hasi direnez gero. Horra hor, bada, frantsesen babes politikoari egindako ordain zitala!

ARMENDARITZ

daude, dagoz

dezakegu, daikegu

die, deutse

digu, deusku

digute, deuskue

diote, deutsoe

ditzakegu, daikeguz

dizkigute, deuskuez

dizkio, deutsoz

gaduzka (gauzka), gaukaz

genezake, geinke

zaie, jake

zaigu, jaku

zioten, eutsoen

zizkiguten, euskuezan


Euskal Theatro Berriaren bila (1)

 Gure theatroak NHI* izan behar duela adierazi nahi da hemen, eta, nola hiru berezitasun hauk harremanez elkar loturik baitaude, batak bestea eskatzen duela. Eragin haundiena inon bilatzekotan, N-ren eragintzan bilatu beharko litzateke, zeren* eta, kontzeptu honi guk ematen diogun zentzuan, beste biak bere besapean baitakartza, bere baitan, bere barrenean.

NHI-ren N elementua

Bereizgarri hau ukanen* duten theatrozko lanek, ezpairik gabe eta derrigorrez,* euskaraz eginak beharko dute izan. Munduaren zabalera guztian hala gertatu eta gertatzen da; eta, beraz, guretzat ez da NHI, euskaraz ez, eta erderetan bai, jokatzen den theatroa. Modu berean, ez da Puerto Ricokoa ingelesez egina dagoena, gaztelaniaz egina dagoena baizik. Delako «La Muestra Portorriqueña»ren informatzaileak zioenez: «En todo caso (...) la defensa del castellano, el hecho de que siga siendo el idioma del país —muchos saben inglés, y fingen no saberlo para evitar confusiones políticas— es esgrimido con frecuencia como prueba de afirmación nacional. Francisco Arrivi, dramaturgo y autor de un libro titulado Conciencia portorriqueña del teatro contemporáneo, fija en los primeros años cuarenta la puesta en marcha del proceso de creación de un teatro profundamente nacional».

 Baina gure artean egin den theatroan, zoritxarrez, euskaraz eginez sortzen zen komunikazioa (eta theatro mota honetan, esan berri dugunez, komunikazioa beti hortikan hasten da) horretantxe bertontxe amaitzen zen, eta da oraindik.

 Gogoratzen naiz nola, orain dela hamar bat urte, gure herriskan theatro saio bat ematekoa zen. Ene anaia etorri zitzaidan, «hi, hi, gaur komeriak zitiagu, goazen azkar azkar» oihukatuz. Hala, hasera* baino ordu pare bat lehenago han ginen, udaletxeko* aretoan* jezarrita,* ilusio haundi haundi batekin. Halako batean, hor non azaltzen diren pertsonaiak beren tramankuluekin: dentist aulki bat, baserritar jantziak, eta bata zuri bat. Alikateak ere, nola ez, hantxe zeuden. Argudioa:* baserritar baten gorabeherak, hagina atera behar zuen egun malurusean.* Hasi zen funtzioa, denok oso pozik geunden. Eta bost minutu ez ziratekeen* pasatu, zart argia joan zenean, areto osoa ilunpe gorritan utzirik. Eta han gelditu ginen, komeriarik gabe.

 Harez gero, argia ez da etorri.

 Zeren,* gure ustez, holako theatroak ez baitu balio, ez baitigu zerbitzurik egiten, eta, hain zuzen, ez baita N-bereizgarridun.

 a) Esthetikaren aldetik, ba dugu theatro suerte bat, forma naturalistak edo antzeko forma erreakzionarioak erabiltzen dituena. Antzoki* batean sarturik, jokalekuaren gainean, armarioak, mahaiak, Murillo edo holako baten baten koadru edo eta erretratuak, gurutzefikak eta abar ikusten ditudanean, pentsatzen jartzen naiz pentsatzen (denboraren koordinadetan gaindi* korrika bat eginez edo) XIX. mendean ez ote nagoen. Baina ez: segituan ateratzen da ohizko neskamea telebisio aparatuari hautsak kentzen. Telebisioa! Eskerrak! XX. mendean oraindik!

Eta inork ez beza gure berrizaletasuna arrazoinezkoa ez denik pentsa; zeren* naturalismoarekin jokatzen duenak pentsatzerik ez baitaduka inguruko gizartean eragintzarik lortzea, naturalismo hori ez baita izanen aski boteretsu gizartea transformatzeko edo eta iraultzeko. Eta N bereizgarriak zera eskatzen dio gure lanari: jendearengana (eta jende garrantzitsuengana, gainera, gazteengana eta abar) ondo irixtea,* hauk* biltzea, eta, hauen kontzientzia ugalduz (zer zen, bada, Marxek berak literaturari eskatzen ziona, kontzientziaren ugaltzea baino?), euskal gizartearen aldaketan eta higiduran* parte hartzea, eta transformazio horren eragile izatea.

Horregatik, NHI theatroaren esthetika mailak ahalik eta goren egon behar du; eta, horretarako, bideak jarri behar dira.

b) Gaiaren aldetik, beste horrenbeste gertatzen da. Ijitoak eta beste gai barreragileak (!) alde batera utzirik, beste klase hauetakoak ikusi ahal ukan* ditugu: apezenak eta homosexualenak, gai horik* berberok arazo nagusi nagusitzat emanez, hots,* gizarte horren arazo funtsezkoenak agertzeko erabili gabe (Genet-ek homosexualitatea eta abar inperialismoa salatzeko erabiltzen omen du), guraso eta semeen arteko problemak..., eta horik denok, sentimentalismokeriaz kutsatuak, fededun (edo superfededun) batzuengandik sortuak, kalitatez urriak.

Ba dira, noski, gai aukeraketaren aldetik behintzat, asmo aberatsagoak dituzten lan batzuk: Matalasen bizitzarenak, Etxahunenak...; baina gutti, oso gutti.

Euskal gizarteengan eman diren burrukak eta gertatu diren aldaketak, nagusitu diren kezkak, hilak edo eta espetxeratuak izan diren gizon eta emakumeak, gure pozak, gure sufrimenduak, hitz batez esanik, gure herriaren bizitza: hori ez da nabarmendu gure theatro tokietan, ez da sentitu ere. Horregatik esan genezake, orain arteko theatrogile eta theatro jende oro* lainoetan ibili dela. Arrosa koloreko lainoetan, segur asko.

Eta hau esan nahi dugu: N elementua bereganatzen duen theatroak ez du gizartearekiko etendura hori onhartuko, eta, areago,* gizarte horren kontraesan latzenei erantzuten saiatuko da, theatro engaiatu* eta konprometatu bat bihurturik. Beste hitzez adieraziz: euskal kulturaren osagile (eta eragile, hain zuzen) izanen da.

 Eta alde honetatik, gai erdi metaphysiko eta eskasak baztertzeko hartu den bide bakarra, itzulpenen bidea izan da, Espainiako «belaunaldi* errealista» deituaren obrak —Alfonso Sastre eta Lauro Olmorenak bereziki— euskaratuz.

 Guretzat, itzulpenak bigarren mailako soluzioak dira.

c) N berezitasuna falta zaio, halaber,* Euskal Herri osorako egina ez dagoen theatro lanari. Egia da bai, hainbeste urtetako agonia dela medio, xit zaila dela, Nafarroako Erriberan, Arabako Errioxan eta diaspora dei genitzakeen beste toki guztietan, guk esaten dugun bezalako theatro bat egitea. Zaila da, bai! Baina orainokoan* gure artean egin denak, posibilitate hori planteatu ere ez du egin; antza,* ez zaio bururatu ere holakorik.

NHI-ren barrenean, adibidez, Erronkariko Espartza herrixkan nolako ekinaldiak bota beharko liratekeen aztertuko litzateke: ginola erabil ala ez; mimoa edo eta ume kantak; pastoralak (Ordizian ikusi ahal ukan nuen pastoral batean, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez eginik zeuden liburuxka batzuez baliaturik, jendeak ongi asko ihardun zuen, hiru ordu baino gehiago, Zuberoako euskara ulergaitzenean ematen zen ekinaldi hura ikusten) edo beste edozein theatro tekhnika.

NHI-ren barrenean, Gipuzkoa, Bizkai, Nafarroa eta Arabako toki kontzientziatuak ezezik,* diaspora ere hartuko da buruan: Iparraldea, Arabako Hegoaldea, Logroño eta Nafarroako Erribera aldea; bai eta Ameriketan eta bestetan dauden euskaldunak ere. Toki bakoitzean, zein komeria egin eta nola joka aztertuko da.

d) Garai guztietan eta mundu osoan, theatro lanetan ibili direnen kezka bat, adierazpide eta komunikabide egokienak aurkitzea izan da. Nola bota egiak? Nola adieraz jendeari, bene* benetan esan nahi dioguna? Hor datza* kakoa; eta bide honetan, nahi adina* ahalegin topa liteke: Stanislavsky, Brecht, Roy Hart, Grotowsky, Artaud, happening azken aldikoak soilik aipatzeko.

Bada, guri iruditzen zaigunez, Euskal Herrian orain arte eman den theatroak, alde batetik, ez die batere jaramonik* egin Europa eta mundu osoan nagusitu diren theatro theoria horiei (kalitatea lortzeko posibilitateak urrituz, jakina); eta bestetik, ez ditu gure tradizio biziduna, gure kulturak sortu edo behintzat gorde dituen adierazpide eta komunikabideak haintzat* hartu, ez ditu kontuan eduki.

Tradizio biziduna, guretzat, historian zehar funtzionalitate desberdinak eduki ditzakeen hura* da (eta theatroa bera, funtzionalitate desberdinak eduki ditzakeen estruktura bat da: adibidez, berdin balio du erlijio errituetarako, eta berdin politika egiteko); eta, horregatik, tradizio «onak» bezala jotzen ditugu bertsolaritza, pastoralak, eta abar. Japonen, ba dugu tradizio bizidun honen adierazle ezin hobea: NO theatroa.

 Gauzak honela, NHI-k bi zutabetan* oinharriturik eraikiko du bere etxea, hots, bere theatro lengoaia:*

- munduan eman diren theoriak aztertuz, konprenituz, eta, komenigarri iruditzen bada, gure kasurako aplikatuz.

- euskal kulturaren erantzunak (gai honi buruz, noski) aztertuz eta erabiliz.

Eta honela jokatuz, Peter Brook, Alfonso Sastre eta beste zenbait theorikorekin ados jokatzen dugula uste dugu.

e) Esandako guztiaren laburpen edo sintesi gisa,* zera utzi nahi dugu garbi: Euskal Herria egiten ari den zerbait denez gero, (eta oinaze handirekin gainera, itzalpean eraikitzen ari baita gure herria, Amurizak dioenez), N-bereizgarridun theatroak ekintza horretan parte hartu nahi du, artearen aldetik eta gure eta hauzoko herrietako kulturek emandako lan tresna guztiekin. Gure theatroa, beraz, euskal ekintzaren berotasunean zuzpertu* eta biziko da, kontzientzia berri eta azkarrago bat sortzen lagunduz. Horrela bakarrik justifikatzen baikara Euskal Herrian, orain eta hemen.

BERNARDO ATXAGA

beza, bei

daude, dagoz

die, deutse

digu, deusku

dio, deutso

diogu, deutsagu

ditzake, daikez

genezake, geinke

genitzake, geinkez

geunden, gengozen

zaigu, jaku

zaio, jako

zeuden, egozen

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson

zitiagu, ditugu

zitzaidan, jatan


Euskal Liburu Azoka Gasteizen

 Gasteizen eta laugarren aldiz, Iradier elkarteak Euskal Liburu eta Diskoen azoka antolatu zuen, iragan abenduaren 22, 23, 24 eta 25ean.

 Egunak ezin hobeak, edozenbat* gauza erosteko. Baina, halaz ere, abenduko euri- eta haizepean, ixil ixilik egin zen azoka hau. Zergatik diodan hau?

Dirudienez, Gasteiztik kanpoko inor ez zen azoka horretaz ohartu ere. Ezin gaitezke harro, ez horixe, hara joandako jendetzaz. Izan ere, jendea nekez eta oso urri biltzen zen areto* hartara. Zergatik ote? Beharbada, egun haietako gertakariak jendea beldur erazi zuelako? Propaganda guti egin zelako?

 — Zer jende klase etorri zen gehien? —galdetu nion antolatzaile bati.

 — Ohiko* jendea, betikoa.

 — Nola betikoa?

 — Hara! Gure ezagunak, dantza taldeetakoak, euskaldun berriak eta euskaltzaleak. Horietarik ziren gutiz* gehienak. Hortik kanpora oso gutti.

— Konparatu nahi zenuke aurtengo azoka ihazkoarekin?

— Berdintsua izan da. Guti gorabehera berdin saldu da.

 — Zer saldu da gehien, diskoak ala liburuak?

 — Zalantzarik gabe, diskoak askoz gehiago saldu dira. Eta ulergarria da nonbait, hori horrela gertatzea. Liburuak, euskaraz dakitenentzako bakarrik dira. Diskoak, berriz, edonork entzun ditzake. Eta Gasteizen euskaltzale asko bizi da, euskaraz ez dakien arren, euskal gauzak atsegin dituena. Bestalde, egia esan, euskal kantuez propaganda gehiago egin da euskal liburuez baino.

 Baina, antolatzaile honen arrazoinez gainera, beste batzuk* ere aipatu nahi nituzke hemen. eta ez garrantzi gutiagokoak.

 Liburuen eskasia, harrigarria izan zen. Editorial etxeek oso liburu gutti bidali zuten. Adibidez, JAKINek bi baino ez zuen igorri,* LURek lauzpabost, ETOR eta GEROk ere berdintsu. Eta ez liburu seinalatuenak, gainera. Zergatik gertatu zen hau? Gasteiztarrok ez ote dugu hori baino gehiago merezi?

Editorial etxeek, bestalde, ez ziguten ordezkari bat ere bidali. Horrela, nola informa jendea liburuen gaiaz, tankeraz,* balioaz, eta bestez? Nola zirika* jendea, zerbait eros zezan?

 «La Gran Enciclopedia Vasca»k askoz ere zuhurkiago jokatu zuen, eta saldu ere hala egin zuela esan behar. Zergatik ez beste editorialek? Haien liburuen berri eman zezakeen inor agertu ez zelako. Lastimagarria benetan, nigargarria ez esatearren!

 Liburutegi askotan hala egiten zela eta, ea zergatik ez zuten deskonturik egiten, galdetu zuen norbaitek. Hala egin balute, askoz liburu gehiago salduko zuketen, segur aski; eta hau dela uste dugu azoken helburuetariko bat.

Ea datorren urterako hobeto antolatzen dugun, Gasteizko hiriak eta Arabak hori baino gehiago merezi baitu. Era berean, dei sutsu bat egiten diegu editorial etxeei, ahalik eta libururik gehien —eta, nola ez, ordezkariren bat ere— bidal diezaguten.

GASTEIZTAR

diegu, deutsegu

diezaguten, deiskuen

ditzake, daikez

nion, neutsan

zezakeen, eikean

zezan, eian

ziguten, euskuen


Ezker Berriaren hastapenak (2)

 Marxismoa atzera* Ilustrazioren tradizioen artean sar erazi behar zen. Eginkizun honekin zera gertatu da: mundu ikuskeraren edo teoria jeneralen formazioan ihardun dutenek (Marcuse-k edo Althusser-ek, adibidez) teoria «irekiak» bururatu dituztela. Ez dena jadanik* ba dakien teoriarik, jakiteari irekita zeudenak baizik. Eta hauentzat, jakitea «burgesengandik» etortzeko inposibilitaterik ez dago.

 Beraz, zientzietan «burges/proletari» dualismo metafisiko haren mugamurrua* lurreratuz hasi dira. Gizarte «burgesa» nahiz «sozialista» azpian harrapatzen duen teoria osatu dute. Neomarxistarik gehienak, hala ere, gai konkreturen baten azterketan enplegatu dira, eta izpiritu irekiarekin enplegatu ere, Marxen esklusibismo itsurik gabe. Eta gauza «burges» asko (erlijioa, artea, literatura, eta abar) ez zaizkie marxismo ofizialari bezain madarikagarri iruditu, inondik ere.

 Hori dela eta, neomarxismoa berriz ere benetan kritiko da: demokraziaren falta salatzen daki, non dagoen behatu* gabe. Ez du «han» ontzat ematen, «hemen» gaizki dagoena. Eta marxista ofizialen eritziak faltsuak iruditzen bazaizkio, burgesen uste faltsuak bezalaxe kritikatzen ditu. Eta ez du kezkarik, dotrina klasikoren batzuk berriro dudatan jartzeko eta berrikusteko.

 Neomarxisten bigarren zeregina, marxismoa berriro dialektiko bihurtzea da. Izan* ere, hau gabe, ez legoke neomarxismoaz hitz egiterik: ez legoke, edozein soziologo, filosofo eta azterkari neomarxista ireki, beste edozein soziologo, filosofo edo azterkari ireki ez-marxistarengandik bereizterik.

1920. urteetan, pentsakera dialektikoa indar berezi batez birpizten da (nahiz eta eragipen* zabalik ez duen gerra hotzaren ondorenerarte iritxiko*). Besteren batzuen artean: K. Korsh, Lukács eta Horkheimer-ek eragiten zioten. Ondorengo urteetako Gerra Mundialaren bezperetan, hiru autoreok bide oso diferenteetatik ibili beharko dute, eta desarroilo guztiz diferentea eginen dute hirurok. Gero, marxismo sobietar ofiziala establitu eta estabilizatu arau,* ahantzi* samarturik geldituko dira. 1960. azken urteetan, hala ere, pizkunde harrigarri bat ezagutuko dute hirurek. Neomarxistek eta estudianteen erreboltek hiru haien asmoak eta ikuskera biziberritu baitituzte. Haien obren berrargitalpenak eta itzulpenak eurrez* ugaldu dira.

KORSCH ezkertiar radikal-demokratiko bilakatu* zen, anarkismo tankera* pixka batekin. Bere esperantzak Espainian jarrita zeduzkan, CNTean guztiz bereziki. Bai Leninen eta bai sozial demokraziaren (Kautsky-ren) kritikarik gogorrenak berak utzi dizkigu. Marx bera kritikatzen ere ez zen lotsatzen. Iraultza guztiz radikal bat nahi zuen, aginpide guztia oso osorik eta inmediatuki herriaren eskutan jarriko zuen iraultza bat. Baina, munduak urte haietan hartzen zuen itxurarekin, azkenerako, egiazko iraultza komunistarik egin zitekeelako esperantza galdu zuen. Marxismoa hartarako inspirazio egokia izan zitekeelako esperantza ere galdu zuen (sozial demokraziaren eta komunismoaren jokoa ikusirik). Eta etsiak* edo hartu zuen, apika.* Ez zitzaion iruditzen, berak bilatzen zuen mundu berrirako bidea, marxismoak ireki zezakeenik: iraultzaren amorez marxismoa abandonatu duenaren kasu bakana* da.

LUKACS, nazismoari ihesi, eta oroz* gainetik nazismoa burrukatuz, ortodoxia marxistari errenditu zitzaion, Stalinen manupean* jarriz. Baina, une berean, ortodoxiarekin egokitu ezinezko filosofia eraikitzen zuen: Mundu Gerraren ondorengo urteetan ongi agertu da hori, Lukács-en filosofia fruituak ematen hasi denean. Ortodoxiaren kritikorik ezagunenetakoa eta eraginkorrenetakoa dugu berau.

Hirugarrena, Max HORKHEIMER, ez zen beste biak bezain zuzenki eta sutsuki egunorokotasun politikoan —alderdi politikan— sartu. Hau ere nazismoaren aurkako burrukari arimaz eta gorputzez lotu zitzaion. Baina bere erara. Eta era hau beste biena baino distantziatuagoa zen. Ez bigunagoa, baina bai mantsoago, hotzagoa. Akademikoagoa, beharbada. Max Horkheimer, burrukaren erdian ere, berez zen huraxe* gelditzen zen: filosofo kritiko zorrotz bat eta zientifiko bat. Gainera, ez zuen sinesten, mundu honetan «mundu zoriontsurik» lor daitekeenik, eta besteon grina* berorik ere ez zuen, aldakuntzak predikatzerakoan, edo gaitzak salatzerakoan. Kritiko bat baitzen, ez profeta amorratu bat.

Neomarxistok marxismo ofizialaren kontra erreakzionatzen zutela esaten badut ere, ezin pentsa liteke, 1920. urteetan geroago bezalako marxismo ofizialik zegoenik. Tankera askotako marxismoak zeuden oraindik, geroago Stalinek marxismo bakarra (ortodoxia) finkatu arte.

Lenini buruz marxismo biziki kontrario eta kritiko bat Rosa Luxemburg-ena zen; eta Stalinek taxutu zuen marxismotik biziki aldaratzen* zen beste bat, A. Gramsci-rena. Hauek biok, ofizialtasunaren barruan, denboraldi batez eragipenik* gabe egon badira ere, orain berriro inportantzia irabazi dute, eta, Alderdi Komunisten barruan bertan bezala ezker berrietan ere, eragile bortitzak* ari dira gertatzen.

Ofizialtasunetik kanpora utzitako «komunista ezkertiarrek» (Estatua suntsitu* eta gizartea komuna-sisteman eratzearen aldekoek, herri demokrazia totalaren aldekoek, beraz) trotskistek, eta beste zenbait joerak ere, ezker berrien hastapenetan* ba zuten zerikusirik.

Neomarxistek, hain zuzen irekiak izateagatixek, ez dute kezkarik, «kondenaturiko» marxistak, bedeinkatuak bezain gustura irakurtzeko eta haietaz baliatzeko.

JOXE AZURMENDI

dizkigu, deuskuz

zaizkie, jakez

zaizkio, jakoz

zeduzkan (zeuzkan), eukazan

zeuden, egozen

zezakeen, eikean

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon


Zergak

 Estatuak, dakigunez, gero eta gastu haundiagoak ditu. Munduko Estatu guztietan gertatzen da berdin. USAn, adibidez, Estatua da, industriak duen eroslerik onena; eta nazioaren bizitza ekonomikoan hura* agertzen da aitzindarien artean.

 Gastu hauen ordainbidea zergak dira. Zerga hauk* bi eratakoak dira: direktuak eta indirektuak. Direktuak, pertsonei zuzenki ezartzen zaizkienak dira, eta indirektuak, produktuei ezarritakoak. Zerga indirektuak, erosleak —kontsumitzaileak— ordaintzen ditu: azken finean, herri xeheak.

Bestalde, Estatu bateko fiskal eraketa aurreratuago, hango zerga direktuak ere gehiago. Zerga hauk, kapitala duten pertsonei dagozkie.

 Espainiako zerga araudiaren berezitasun bat, inpostu indirektuetan oinharritzea da, % 64era iritxirik.*

 Orain, langileriari ezarri zaion IRTP edo «impuesto de rendimiento de trabajo personal» delakoa zerga direktu bat dela kontutan hartzen badugu, argi eta garbi ikusiko dugu zein den Espainiako zergaketari eusten* dion zutabea:* Herria.

 Irabaziei ezartzen zaizkien zergetarik, erraz baino errazago itzur* daiteke, bi kontabilitate erabiliz. Uste denez, legeak manatzen* duenetik % 30 edo ordaintzen da bakarrik.

 Hau honela izanik, ez da harritzekoa, herbesteko kapitalistentzat Espainiako Estatua «paradisu fiskal bat» dela entzutea.

 Baina gehienbat herriagandik ateratzen den diruketa hori nola banatzen da?

 Argitaratu berria da 1974.erako Estatuaren presupostu orokorra.* Ez dakigu, probintziarik probintzia nola dagoen banatuta. Ba dakigu, ordea, ihazkoaren aldean batez beste % 16,3 gehitu dela. Hona hemen gehitze horren zenbait xehetasun:

 %

Hezkuntza,* osasuna, etxagintza, pentsioak 13,7

Aministrazioa 32,9

 Zerbitzu orokorrak 23,7

 Defentsa 26,4

 Atera dezakegun ondorioa, hauxe da: Presupostu honek ez duela helburu sozialik asko; bai, ordea, Estatuaren aparatua indartzea. Hala eta guztiz ere, zergen xederik* garrantzitsuena aberastasunaren partitzea omen da. Fede sendoa behar da gero!

ARATZ

dezakegu, daikegu

dio, deutso

zaio, jako

zaizkie, jakez


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Irrisolasak

Biritxiak

 — Joxe, hire emazteak biritxiak egin dituela jakin ziat. Zer? Gauean nigar handiak aterako dituzte bien artean, ez da?

 — Ez pentsa! Bietako batek egiten dituen deihadarrekin, bestearenak entzun ere ez zitiagu egiten.

Horregatik

 — Aizu*! Zer dela eta ari da boz goraz hizketan gizon hura*?

 — Bere buruarekin ari da hizketan, eta gaixoa gorra baino gorragoa da.

Malizia haundiegi!

 Behin batean neska erizain* batek medikuari honela esan omen zion:

 — Aizazu,* jauna! Aspaldi honetan erradiographiak egiten ari naiz, eta, entzun dudanez, X izpiak oso kaltegarriak dira emakumezkoontzat. Antzutasuna eta umerik ezin egitea omen dakarte. Ez duzua* uste, niri ere holakorik gerta dakidakeela?

 — Ez hadi horretaz batere fida! Ez hadi horretaz batere fida! —erantzun zion medikuak irribarre maliziati batez.

Ongi gaztigatu beharra

 Ba ote da gauza aspergarriagorik, soro* batetan sator bat baino? Ez behintzat, Pelloren eritziz. Egunean* egunean aurkitzen zituen hor han hemen lur pila berriak.

— Sator zikin madarikatua! Honek ezin zezazek luzaroago iraun —esan zuen goiz batez amorruz; eta, haitzurra eskuan harturik, hamaikak inguruan soro hegalean gelditu zen zain, satorra noiz agertuko.

Halako batetan, drak, drak! horra non hasten den jotzen. Ixilka-mixilka haraino joan eta haitzur kolpe batez, dzapa! satorra lurpetik ateratzen du, bizi bizirik gainera. Andreari daramaio,* beronek piztia gaizkin hura ikus dezan.

 — Bai haundia dela! —diotso andreak—. Oraintxe hil behar duk, Pello. Bota lurrera eta zapal ezak oinpean.

 — Ez horixe! —Pellok erantzun—. Honentzat hori gutiegi izango luken. Ba al dakin, zer egingo diodan gaizkin madarikatu honi? Bizirik lurperatu!

Ezetz igar*!

— Zerekin beteko huke pitxer bat, Txomintxu, hutsik baino pisu gutiago eduki lezan?

— Hutsik baino pisu gutiago eduki lezan?

 — Bai.

 — Ez diakiat, ba.

 — Zuloz, txotxo, zuloz.

 — Ederki! Baina ea orain igartzen didaan hik niri. Edukiz gero, mundu guztiak bilatzen zik gauza hori; baina edukitzen ez denean, ez zik nahi izaten ez bilatzen inork.

— Ui! Hori bai gaitza! Osasuna ez da izango, ez da?

 — Ez, ez! Ez duk osasuna. Ematen*?

 — Bai, uko* egiten ziat.

 — Arkakusoa,* txo, arkakusoa!

dakidake, daitekit

dezan, daian

diakiat, dakit

didak, deustak

diot, deutsat

duk, da

ezak, eik

huke, heuke

lezan, leian

luken, litzateke

zezake, dezake (daike)

ziat, dut

zik, du

zion, eutson

zitiagu, ditugu


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (33)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABURU, eritzi.

ADIN, edade.

ADINA, aina, beste, bezainbeste, bezainbat.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHANTZI SAMARTU, apur (samar) bat ahantzi.

AITZINDARI, delantero.

AITZITIK, al contrario.

AIZAZU, adi ezazu, adi eizu.

AIZU, adi ezazu, adi eizu.

ALDARRIKATZE, proclamar.

ALDARATZE, aldentze, alejarse, s'éloigner.

ALEGIA, halegia (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

ANTZA, dirudienez.

ANTZA DENEZ, antza denetik, dirudienez.

ANTZOKI, teatro toki.

APIKA, tal vez, acaso, peut-être.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAU, según, conforme, a medida que.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARGUDIO, argumento.

ARKAKUSO, kukuso, ardi, pulga, puce.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

 ATERATZEARREN, ateratzeagatik.

ATERGABE, etengabe, incesantemente.

ATXIKITZE, adherirse.

ATXILOTU, prendido, detenido, arrestado.

ATZERA, berriro.

 BA, bada, pues.

 BAHITU, secuestrado, requisado.

 BAILIREN, como si fuesen.

 BAKAN, raro.

 BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

 BARNEGITURA, estructura interna.

 BATIK BAT, batez ere, bereziki.

 BATTO, uno solito.

 BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHATU, begiratu.

BEHARRIZAN, behar, necesidad.

BEHERE, parte inferior.

BEHIALA, behinola.

BEJONDIGULA, enhorabuena. (Bide on [Jainkoak] digula).

BELAUNALDI, generación.

BELUMENDU, tardanza, retard.

BENE BENETAN, zin zinez.

BERE BER, bere buru, independiente.

BEREBIZIKO, aparteko, aproposko.

BERRIKI, berrikitan, recientemente.

BILAKATU, bihurtu.

BIZ, izan bedi.

BORTITZ, fuerte.

BURKIDE, camarada.

BURUTU, realizado, llevado a término.

 DAGOENEKO, dagoen orduko.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DARAKUSKIGUTE, erakusten digute (deuskue).

DARAMAIO, daroatso, eramaten dio (deutso).

DATZA, yace, está, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DERRIGORREZ, baitezpada.

DEUS, ezer.

 DIODAN, esan dezadan (daidan).

DITUZKETE, dituzte nonbait.

DUKE, du nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

DUZUA, al duzu?

 EDIREN, idoro, aurkitu.

 EDOZENBAT, zernahi, zenbatnahi, zenbatgura.

EGUN, gaur.

 EGUNEAN EGUNEAN, egunero.

EI, omen.

EITE, forma.

EKAIN, junio.

 EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EMATE, amor emate, desistir.

ENGAIATU, comprometido, engagé.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAGIPEN, influencia.

 ERAKUNDE, organismo, organización, entidad.

ERAUZI, jauz erazi, arrancado, hecho saltar.

EMATEN DU, iduri du.

ERDIETSI, lortu.

ERDITSU, casi la mitad.

ERIZAIN, enfermero.

EROATE, eramate.

ESATERAKO, esate baterako, por ejemplo.

ESKUALDE, comarca, región.

ETSI, desesperanza.

EURREZ, abundantemente, profusamente. (Euskara batuan, Bizkaiko eurrez erabili behar genuke, eta ez erruz, azken hitz honek beste gauza bat ere adierazten du eta).

EUSTE, apoyar, sostener.

EZEZIK, no solamente.

EZKUTU, escudo, écu.

 FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia, base.

 GAINDI, zehar.

 GAURGERO, en adelante, désormais.

 GISA, bezala.

 GORABEHERA, a pesar, malgré.

 GRINA, pasión, apasionamiento.

 GUTIZ GEHIENAK, ia denak.

 GUTTIESTE, subestimar.

 HAINTZAKOTZAT, haintzat, en consideración.

HAINTZAT, haintzakotzat, en consideración.

HALABER, igualmente, así mismo.

HALEGIA (hala + egia), a saber, es decir, esto es.

HANARTEAN, mientras tanto.

HASERA, haste, hastapen.

HASTAPEN, haste, hasera, comienzo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HEGADA, hegaldatze, vuelo.

HEZKUNTZA, educación.

HIGIDURA, mugimendu.

HOBETSI, preferido.

HORIK, hoik horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURAXE, haxe.

 IDAZKARI, sekretari.

 IGAR, adivinar, deviner.

 IGORRI, bidali.

 IKERKUNTZÁ, azentuaz, la investigación.

 ILUNSKO, iluntxo.

 IRITXI, heldu; lortu, erdietsi.

 IRIXTE, heltze, ailegatze.

 IRTEN, urten, atera, jalgi.

 ISLA, reflejar. (ISLATU, reflejado).

 ISLADA, reflexión.

 ISTORIO, narración.

 ITAUNKETA, interrogatorio.

 ITSUSKI, oso, guztiz, lar, sobera, muy, excesivamente, desmesuradamente.

ITZUR, escapar.

IZAN ERE, en efecto.

IZARI, neurri. (Maiz* erabiltzen da Iparraldean).

 JADANIK, ya.

JARAMON, kasu.

JARRERA, actitud, postura.

JEINU, habilidad.

JEZARRI, eseri.

 KARRIKA, kale.

KASU, adibidez, por ejemplo.

KORTSIKA, Korsika, Córcega.

KUTSADURA, contaminación.

 LAKET IZAN, gustar, agradar.

 LANGREBA, huelga.

 LAU mila Celsius gradu (4000ºC). (Zientzi arloan agertzen diren beste adierazgarri askoren antzera eta mendebaldeko hizkuntza guztietan egiten den bezala, gradutasunaren adierazgarria —idaztean— zenbakiaren ondoan jartzen du J. R. Etxebarriak, irakurtzean alderantziz egin arren).

 LAUN, plano.

 LEITZA, Nafarroako Leiza.

 LEKUKO, testigu.

 LENGOAIA, lenguaje.

 LLERDA, Lérida.

 LURRUN, vapor.

 MAIZ, sarri, sarritan.

 MALURUS, zorigaiztoko.

 MANATZE, agintze.

 MANU, agindu.

 MANUPEAN, agindupean.

 MEN, poder, jurisdicción, autoridad. Hitz hau, oso aberatsa delarik, gehiago erabili behar genuke hegoaldekook (ikus Lhanderen hiztegia).

 MEZU, mensaje.

 MOKOZ MOKO, frente o frente.

 MOLDATZEN ZUKETEN, moldatzen bide zuten, probablemente formaban.

 MOTRIL, Granada aldeko herria.

 MUGAMURRU, muro-frontera.

 MUKURU, colmo, tope. Neurriaren mukurutzea (Axular). Ene ustez, euskara batuan ez litzateke mukurru erabili behar, mukuru baizik.

 NABARI, evidente, notorio.

 NABARIRO, públicamente, a la vista de todos.

 NHI, nazional herrikoi iraultzaile.

 NOLATSUKO, nolako guti gorabehera.

 OHIKO, habitual.

 OHOSTU, ebatsi, robado.

 ORAINOKOAN, orain artekoan.

 ORO, guzti.

OROKOR, general.

 OROZ GAINETIK, por encima de todo.

 OSTERANTZEKO, distinto, diverso.

 OSTIRALE, bariku.

OZTA, doi.

 PAILAZO, payaso, bouffon.

PRAKTIKÁ, azentuaz, la práctica.

 SORO, solo.

 SUÁK, azentuaz, el fuego; azenturik gabe, los fuegos.

SUEDIAR, sueco.

SUNTSITU, hondatu.

 TANKERA, estilo.

TEBEO, comic.

 UDALETXE, herriko etxe, casa consistorial.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKO EGIN, renunciar.

URRATS, pauso.

URRUNSKO, urruntxo.

URTARRIL, enero, janvier.

URTERAZ, hacer derretir, faire fondre.

 XAFLA, chapa, lame.

XEDE, helburu, asmo.

 ZEREN (ETA), ze, pues.

ZIRIKA, kitzika.

ZIRATEKEEN, ziren nonbait.

ZUTABE, pilar, columna.

ZUZPERTU, reavivado.


Ikas zeure hizkuntza

Hitzak eta esaldiak. Beste aldizkarietan ageriak (*)

 Ideien mailako xehekeria bat, ideien mailako hanka sartze bat, ideien mailan esaldi ilunsko* bat, eta aski dute super-intelektualok: errotik erauzi* behar gizona edo emakumea, osotara ukatu behar haren lan osoa. LARRESORO («Zeruko Argia»).

Bihozkadak eta sasi-azterketak alde batera utziz gero, hau esango nuke: A jokabidea goian daudenei ongi badoakie, A hori berori gaizki joango zaiela beherean* daudenei. LARRESORO («Zeruko Argia»).

Nafarroa oraingo egunean, azken mende erditsutik* hona, euskaldun probintzia bat bezala dadukagu. NARBAITZ («Gure Herria»).

Ordukotz Nafarroako jendalde horiek moldatzen* zuketen batasun bat. NARBAITZ («Gure Herria»).

Tudelako mairuei laket* zitzaien ahal bezainbat beren* ber bizitzea. NARBAITZ («Gure Herria»),

 Erran daiteke, aski garbi ikusten dugula nolatsukoak* izan diren Nafarroako erreinuaren lehen urratsak. NARBAITZ («Gure Herria»).

 Nafarrak eta Asturianoak ikusiko dira geroxeago elkarren alde guduan, baina ez bata bestearen meneko.* NARBAITZ («Gure Herria»).

Ikastaldi hartara, gehienak Euskal Herritik etorri ziren, bizpalau Parisetik, Kataluniatik batto,* Japoniatik beste bat. MENDIBEHERE («Zabal»).

Guk, hasteko, egia hori bere izarian* behar ukan dugu ezarri. MENDIBEHERE («Zabal»).

Oraindino ikastaldia itsuski* garesti zaio ikasle bakoitzari. MENDIBEHERE («Zabal»).

Umeek sei urtetarik hamabitara dute jeinurik* hoberena, mintzaira ikasteko. UZTARPEKO («Zabal»).

(*) Behin baino gehiagotan, euskara batuaren amorearren eta irakurlearen faboretan, aldatu egiten ditut pixka bat hitz eta esaldiok.


Eguzkitiko energia

 Petrolioaren krisiak, lurraren energi iturrien azterketa bat egitera bultzatu gaitu. Hauen artean, eta gerora begira ukan* lezakeen garrantziagatik, ez dugu eguzkia. ahantzi* behar. Lehenago ere aipatu ukan dugu eguzkitiko energia, baina aipatzetik ez dugu aurreranzko urratsik* eman. Oraingo honetan, energia honen erabiltzearen historia labur bat eginen dugu, egungo egoera ere ikusirik.

 Ez dut uste, eguzkiak izugarrizko energia bidaltzen digula inork ukatuko duenik. Hara: Munduan dauden elektrazentralek ematen duten elektrizitateaz, ozta* ozta argitzen ditugu herriko kaleak eta etxeko bazterrak, gaua heltzen denean; eta mendi guztiak ilunetan gelditzen dira. Hala ere, egunsentian argitasunez betetzen dira zokondo guztiak. Eta eguzkitiko argiaren eta elektrargiaren artean, ba dago, gero, alderik!

Historia apur bat. Arkhimedes

 Eguzkitiko energiaren erabiltzea gauza berria dela uste dute askok; baina ez dute horrela pentsatuko, ondoko gertakari hau entzun eta gero.

 Istorio* batek dioenez, erromanoak, hiria konkistatzeko asmoz, Sirakusa aurrera heldu zirenean, haien guduntziak suak* hartzen hasi ziren; eta, hau ikusirik, erromanoek atzerantz egin zuten. Mirariaren azalpena, hauxe da. Mendi tontortto batetan zegoen Sirakusako gudari talde batek, kobrezko ezkutu* ispilatuen bitartez, guduntzietara isla* erazten zituen eguzkitiko izpiak, Arkhimedesen manuari* jarraituz; eta, izpien kontzentratzeaz, berotu egiten ziren untziok, erretzeraino.

Ez dakigu, eta beharbada ez dugu inoiz jakinen, aurreko ipuin horretan kontatzen dena, egiazkoa denentz. Hala ere, gertakari horren posibilitatea frogatzeko,* greziar gazte batek esperimentu bat egin du oraintsu Sirakusa inguruan. Arkhimedesen denboran ezagutzen ziren elementuez baliaturik, aipaturikako gertakaria posible dela frogatu ukan du.

Guk ere inoiz, umetan, paperen bat sutan jarri ukan dugu, lupa baten laguntzaz izpiak puntu batetan kontzentraturik. Arkhimedesen denboran ez zegoen oraindik luparik, baina bai asmamen zorrotzeko gizonik, halafede!

XIX. mendea

Erabili ez den arren (edo guti behintzat), aspaldidanik ezagutzen du gizonak, nola transforma daitekeen izpien energia, elektrizitatea lortzeko. 1834. urtean aurkitu ziren termopilak, eta 1876.ean fotopilak. Hala ere, 1954. urterarte ez zen hasi haien produkzio industriala. Askok diotenez, produkzioa garestiegia zelako gertatu zen belumendu* hori; baina isildu egiten da, hanartean* metodo berrien ikerkuntzari ez zaiola batere indarrik eman. Nolakoa litzateke egungo* egoera, bitarteko urte pilo horretan, ikerkuntza* energia honen azterbidetik zuzendua izan balitz? Ez dugu erantzunik asmatuko, baina egungo egoera hobea litzatekeela, ez dugu dudarik egiten.

Zenbait metodo berezi XX. mendean

 Azkeneko hamar urte honetan, argi izpien erabiltze modu berri batzuk* asmatu izan dira. Bi aipatuko ditut.

 Lehenik, bakerako baliatu izan den bat azalduko dut, frantsesek egina. Etxe bati paraboloide eiteko* orma bat egin zioten, eta orma hori ispilu parabolikoez bete zuten. Eguzkitik datozen izpiak orma horretara beti direkzio batez abia erazteko, eguzkiaren mugimenduari jarraitzen zitzaizkion ispilu laun* batzuk jarri zituzten. Honela, bi islada* jasan ondoren, izpi guztiak ispilu launetara heltzen dira, hauetatik ispilu parabolikoetara, eta hauetatik foko bakar batetara. Puntu honetan, fokoan halegia,* izpien kontzentratzeaz 4000ºC (lau* mila Celsius gradu) inguruko tenperatura lortzen da. Honela lortutako «eguzki labean», ezagutzen diren gorputz guztiak urteraz* daitezke, surik gabe; eta hainbat esperimentu egiten dira bertan.

 Printzipio berean oinharriturik, amerikanoek holako eguzki labe bat egin dute, izpien kontzentratze handi baten bidez gudagurdien erresistentzia frogatzeko,* Zer gertatu zen? Gudagurdien altzeiruzko xafla* lodiak ere urtu egin ziren, paperezkoak bailiren.* Hala ere, bi milurtetan aurreratu zitzaien Arkhimedes, beronek esperimentu bera egin baitzuen erromanoen kontrako gerran.

Nola erabil daitekeen energia hau

 Ispiluetan islatu* egiten dira izpiak, baina ez da berdin gertatzen gorputz beltzetan. Gorputz beltzek irentsi egiten dituzte, heltzen zaizkien izpiak; eta, irenstean, izpien energia bereganatzen dutenez, berotu egiten dira. Gorputz beltzaren inguruan, bero hori gordetzeko zerbait jartzen ez badugu, airearen konbekzioaren kausaz hoztu egiten da gorputza, inguruko tenperatura hartzeraino. Baina bero hori gordetzeko zerbait jarriz gero, oso berotzen da gorputz beltza.

 Egun* dauden tresna arrunt* batzuez baliaturik, zazpiehun gradutako tenperatura lor daiteke gorputz beltzetan, eguzkitan jarri eta besterik gabe. Ba daude zenbait metodo prestaturik, berotze hori oraindik ere gehitzeko. Tenperatura hori lorturik, ez da batere zaila, gorputz beltzetara heltzen den energia, beste edozein energi modutara transformatzea.

 Beste modu batez ere erabil daiteke eguzkitiko energia gure onerako. Geroago eta gehiago dira, delako energiaz berotzen diren etxeak.

 Bukatzeko, beste puntu bat aipatu gura nuke. Energi iturri honek ez du inolako kutsadurarik* sortzen; eta hau kontutan hartzekoa da, geroago eta kutsatzenago ari den gizarte honetan.

Eguzkiak ehun watt energia bidaltzen digu metro koadratuko. Zer izen merezi ote dugu, watt hauk* guztiok alferrik galtzen baditugu? Ekologoen eraginez, hainbat jakintsu hasi da, bide berri hau urratzen; eta segur gaude, haien ikertze lanek beren fruitua emanen dutela.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

digu, deusku

gaude, gagoz

lezake, leike

zaio, jako

zaizkie, jakez

zitzaien, jaken

zitzaizkion, jakozan


 Klasiko izena eta maisulan maila inori zor baldin bazaio, Axularri zor zaio. (Zergatik?). Euskaraz egundaino egin den libururik famatuenaren egile bera delako. Mugaz hango eta hemengoa izanik, bi Euskal Herrien artean zubi eta lokarri izateko guztiz aukerakoa dugulako. Prosa aberats, jori eta ongi trenpatua egiten aparteko maisua delako. Azal eta mamiz bikain bikaina eta trinkoa den obra baten egile delako. Obra hau, beste aldetik, neurri batean orijinala ere bada, gure lurraren fruitu jatorra, nahiz eta bestetatik karriatutako gaiak ere izan. Ezin agortuzko iturri eta harrobia dugu liburu hau. Ongi eman du hori guztiori aditzera Oxobik, Axularri eskaini dion bertso hartan:

Eskerrak, Axular! Bihi, bazka, indar egun eta bihar badakigu nun har: zu baitan!

Luis VILLASANTE («Gure Herria»)

 Hizkuntzak hitz egiteko eginak dira. Ezpainetan erabiliak izateko. Hori gabe ez dira deus. Euskara bizia indartu behar dugu, beraz. Gure eguneroko bizitza arruntean eta harreman guztietan euskarari zor zaion tokia emateko, lan egin.

Euskara mintzatua indartzea, hori da lehen. Hori da, hobeki esateko, lehena, erdia eta azkena: hori da dena. Sebero Altube euskaltzaina, Pabeko desterruan anitz urte bota zuena, beti ari zen hauxe errepikatzen: hizkuntza mintzatuaren lehentasuna, alegia; eta, hau galdua balitz, dena galdua legokeela. Bego hau garbi.

Luis VILLASANTE («Gure Herria»)

 Batasun lanetan gabiltzanoi, maiz jaurtikitzen digute zirto hau: Zuek euskara, hizkuntza hila balitz bezala jotzen duzue; hizkuntza hilak tratatzen diren bezala tratatzen duzue.

 Ene ihardespena objezio horri hauxe da: Munduan diren hizkera batu guztiak, literatur hizkerak, beren izatez eta egitez, hizkuntza hilak dira, gogortuak, aldakaitz bihurtuak, hormatuak, nahi baduzue. Eta holakoxeak behar dute izan, gainera, beren egitekoa egingo baldin badute. Orduan, eta orduan bakarrik, dira gai, eskola bidez irakatsiak eta zabalduak izateko, idatzizko zereginetan erabiliak izateko, eta abar. Eta hizkera batu hori, hormatu, hil eta gogortu hori, etsai ez, baina lagun eta adiskide izan ohi da hizkuntza biziarekin. Biak, hizkuntza mintzatua eta idatzia, anaitasun ederrean bizi ohi dira bata bestearen ondoan, elkar lagunduz, batak bestea aberastuz.

Luis VILLASANTE («Gure Herria»)