ANAITASUNA

267. zenb.

1974.eko urtarrilaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA BIZKAIA

HAMABOSTEROKOA

JABEA:

San Frantziskoren Hirugarren Ordenako Biltzarre Nagusia.

Batzarburu: Miguel Zapata (Goya, 25. Madrid-1)

BEHIN BEHINEKO ZUZENDARIA:

Imanol Berriatua, O.F.M.

ZUZENBIDEA:

Bulegoa: Pelota, 4-1.º Bilbao-5

Posta kaxa: 495

INPRIMATZAILE:

Imprenta AMADO - Mazarredo, 35. Bilbao-10

D. L.: BI-1.753 - 1967


Euskal Humanismoa

 Marxen eta Euskal Herriaren arteko harremanak ez dira atzo goizekoak. Marxen aldetik behintzat, ezaguera aspaldikoa da: Marxek euskaldunak bere gudu karlisten azterketan ezagutu zituen. Euskaldunen Marxen ezaguera beranduxeagokoa da. Gerra aurrean euskaldun marxistak ba ziren. Geroztik euskaldun marxistarik ez da falta izan, eta gerokoan ere ez da faltako: ez ahal da faltako, behintzat!

 Baina ezaguera honen kondaira laburrak erakusten duenez, ba dirudi, euskaldun eta marxista bi izen hoik* ez direla ondo elkartzen. Euskaldun eta marxista: ezinezko dela dirudi. Norbaitek marxista zela esaten bazuen, eta badio, euskaldun izan daitekeenik sinestea kosta egiten zaigu. Eta askorentzat fedezko dogma ere ba da, euskaldun izanez gero, marxista izaterik ez dagoela. Euskal Herriak ez du Marxengandik asko profitatu,* edo batere ez: burruka eta haserre, buruhauste eta ezinikusi besterik ez dio marxismoak ekarri. Marxismoak ere ez du euskaldunengandik asko profitatu: euskaldunek ez dute marxismoa aberastu (Joxe Azurmendiren «Marxismoa, Etnia eta Nazioa» alde batera uzten badugu).

Euskaldun gehienek jadanik* ba dakite, marxismoa asimilatzea ez dela gauza erraza; Euskal Herrian sartu nahi izan duen eta neurri batetan sartu den marxismoa gauza merke, dogmatiko eta itsu bat dela. Euskaldun gehienek jadanik ba dakite, marxismoaren eta nazio arazoaren harremanak ez direla ezkongai batzuenak bezain gozoak, alderantziz baizik. Euskaldun gehienek jadanik ba dakite, marxismoa ez dela jostailu* bat, ez slogan pare bat, gauza serio bat baizik; gaizki ulertuz gero eta dogmatiko bihurtuz gero, arriskuz beteriko teoria bat bilaka* daitekeela. Hori guztia ikasi dugu azken urteotan. Eta ba dirudi, horrekin lasai gelditu garela, marxismoaren arazoa betirako konpondurik gelditu balitz bezala.

Egia da, nork uka, azken urteotan euskaldun zenbaitek sinestutako marxismoak gaitz ugari sortu eta erein duela Euskal Herrian. Egia da, burruka (bukatu den neurrian) gogorra izan dela. Burruka, askoren eritzian, bukatu da; baina burrukaren alderdi bat burrukatzeko dago oraindik, nire eritziz.

 Burrukaren berotasunean, gauza batzuk ahantzi* egiten dira batzuetan. Esaterako: etsaiaren metodoak itsatsi* egiten direla; etsaia marxismo dogmatiko bat denean, antimarxismoa ere dogmatiko bihurtzen dela. Baina ba da hori baino okerragorik Marxismo merke eta dogmatikoari burruka egiten bazaio, eta menderatzen bada, horrek ez du esan nahi, burruka fronte guztietan irabazi denik. Batetan behintzat ez, eta garrantzi haundiko frontea dela uste dut: besteek jarritako galderaren menpeko gelditzen gara, besteek jarritako problemekin gabiltza, defentsiban, alegia.* Etsaia menderatu arren, etsaiaren eskuetan gelditzen gara.

Oraindik gehiago: Marx nor zen, Marxek zer nahi zuen, zer esan zuen, haren pentsamenduaren ekarria* europear kulturaren barruan zein izan zen erabakitzea, neurririk haundienean, besteei utzita dadukagu. Motz eta labur esanda: Marx lapurtu digute. Euskaldunak eta Marx etsai bihurtu dituzte. Eta etsaigo horretan zerbait galtzen duena, azken funtsean, ez da Marx, Euskal Herria baizik. Guk ez baititugu geure arazoak moralismo pertsonalista baten aitormena eginez bakarrik menderatuko: pertsona osoa salbatu nahi dugu, kapitalismorik ez dugu nahi, marxismorik ere ez: sozialismo humanista bat, alegia, omen da gure helburua. Sinesmen aitormen hoik eginez, ordea, ez dugu etorkizuna ez lortuko, ez menderatuko. Horretarako, aitormen huts hoik mamiz bete behar dira: errealitategai den teoria bat osatu beharra dago. Eta horretarako, berriz, laguntza guztiak guttiegi izanen ditugu. Horregatik, ez geure borondatez, ez besteen eraginez, inolako laguntzarik alde batera uzterik ez dadukagu. Marxismoa bere jatortasunean gaur egunerako laguntza bat gehiago, eta ez txikiena, izan daitekeela ukatzea, geure buruari harrika egitea litzateke.

Azken urte hauetako burrukak beste ondoren bat ukan* dezake Euskal Herriarentzat,eta ez oso pozgarria: euskal intelektualak gutti izanik, hoietako asko antimarxismo dogmatiko batera bortxatzea, intelektual hoiek beren indarrik onenak burruka antzu horretan gastatzea, jendeak intelektual hoik jarrera horretara behartzea, beren posibilitate mila aldiz zabalagoak mugatuz. Joko horrekin biek galtzen dute: intelektualek, rolle bat jokatzera behartuak direlako, eta Euskal Herriak, behar dituen indarrak behar dituen lanetarako falta zaizkiolako. Hitz batekin bukatzeko: Marx salbatu behar dugu, Euskal Herriaren onerako. Marxen jabe izan behar du Euskal Herriak, bera gure jabe izaterik nahi ez baldin badugu: bera gure jabe, beldurraren bidez besterik* ez bada ere.

JOSEBA ARREGI

dezake, daike

digute, deuskue

dio, deutso

zaigu, jaku

zaio, jako

zaizkio, jakoz


Noiz arte...?

Larresorok ZERUKO ARGIAn (565. zenbakian) oraintsu eskaini digun artikulu biziak, hitz erdi bat merezi du. Euskal kulturaren gorabeherak hain sakonki ezagutzen dituen pentsalari honek, luma zorrotza erabili du, gure egungo gaitzik handiena ez bada ere, segur aski nekagarrienetarik bat dugun hau aipatzean.

Egia esan, gurutzada hau, orain oraingoa ez den arren, azken aldiotan inoiz baino bortizki* eta ukakorrago* ageri dela baitirudi.

 Lehen «duda-mudako*» euskal jaialdi eta hizlariak isileraztera zuzentzen bazituen bere indarrak, azken aldera ekintza eremua* zabaldu nahiz dabilala esan liteke. Inor eta ezer gutti libratzen da «euskal ortodoxiaren» kantzerbero hauen haginkadetatik: editorialak, kultur zabalkunderako erakuntzak, alfabetatze kanpainak, ikastolak eta berauen antolamendu eta textugintza taldeak, kultur asteak, aldizkari, idazle, kantari eta hizlariak. Guztiok gaude gutti asko «kutsaturik», asko gara «fidagarri» ez gatzaizkienok, nahi baino gehiago gara «definitzen» ez garenok.

Gutti eta zapaldurik egoteak leporatzen dizkigun oztopo, eraso* eta zentsurak aski* eta gehiegi ez bailiren,* «euskaltasun aurrerakoi eta ortodoxoaren» izenean beste tribunal baten aurrean buruak makurtu beharrean aurkitzen gara, geure karneta erakutsi beharrean, koxka* edo erre diezaguten.

Urruneko lapitz gorriak ezezik,* etxeko beste honek ere murriztu* ondoren, zer esanik izanen ote dute gure izkribuek? Nekez baino nekezago, tantaka* bezala ernetzen diren euskal liburu, hitzaldi eta kultur sorkariek* iraganen ote dute «itomenaren hesia», inausketa,* uko eta boikot horien guztion ondoren?

Baina gure neo-inkisidore hauek nahitaezko deritzate suzko froga* honi, «euskaldungoaren» superbizimenerako. Nork jakin zenbat ordutako analisien poderioz heldu diren ondorio hauetara...!

 Ia* dena egiteko dagoen basamortu honetan, ilunabarreko burukominen poderioz berdatzen hasi diren ernaminak erre eta zapaldu ondoren, nondik eta nola biztuko dute bizi berri «kutsagabe» hori? Zertan sinets? Mana eta Moisesen makilakadan ala amerikarren ordinadoreetan? Ezetza eta ukoa besterik jaregin* ez duten ezpain horik,* noiz hasiko ote zaizkigu bizi hitz sortzaileak esaten? Lapitz gorria erabiltzen eta puskatzen baizik trebatu ez diren esku horik, noiz hasiko ote zaizkigu zerbait konpontzen, osatzen, eraikitzen? Bestela, besteok, «fidagarri» ez garenok ere, zerbait pentsatzen hasi beharko dugu, agian: ezintasun konplexupean kikildurik daudela, ortodoxiaren fetitxismoak zurrundu* dituela, gure kultur erditze* mingarri honi darion lur, odol eta zikinaz zipriztintzeko* beldur direla; edo eta, bestela, beren buru «methodikoetan» programatu diguten etorkizun horretan, bizi eta askatasunerako, hitz batez, pluralismorako tokirik ez dagoela; Huxleyrena bezalako «Mundu Berri» standardizatu bat eskaini nahi digutela.

Standard horik euskaldun izanen balira bederen,* itxaropen horrek inkisizio bat jasateko* indarra eman liezaguke, agian. Baina nork jakin, gaitzak kentzeko, bizia eta pertsonak deuseztatzea* erabaki duenak noraino maita lezakeen biharko edo etziko bizi berria eta pertsona. Noiz arte bizi behar ote dugu absolutismo, iluminismo eta beste honelako -ismo gogaikarrien* menean? Noiz arte, gizona bezain zahar diren iratxo* eta izuargion* menean?

J. M. B.

diezaguten, deiskuen

digu, deusku

digute, deuskue

dizkigu, deuskuz

gatzaizkie, gatxakez

gaude, gagoz

lezake, leike

liezaguke, leiskigu

zaizkigu, jakuz


Elkartasunaren beharra

 Sarritan entzun dugu, sistema kapitalista monopolista batetan bizi garela. Baina herria ez da behar bezala ohartzen fenomeno horretaz. Enganiatuta gaude, konkurrentzi sistema batetan bizi garela pentsaturik.

 Egia da, arlo batzuetan (ez garrantzitsuenetan) oraindik konkurrentzian bizi diren entrepresa asko daudela; baina egia da ere, entrepresa hauk,* txikiegiak direnez gero, Europako monopolio handien beldur direla. Hau dela eta, Gobernuak, abantail* fiskalak emanez, batasunera bultzatzen ditu entrepresak, eta poliki poliki arlo gehienetan elkarretaratzen ari dira.

 Behin maila honetara helduz gero, entrepresek konponketak egiten dituzte, elkarri konkurrentzia egin beharrean, elkar laguntzeko.

 Halako entrepresa batzuk* geuk ezagutzen ditugu; eta, exenplu bezala, haien jokabidea azaltzera goaz. Lau entrepresak gai berdina egiten zuten, eta, orain dela bost urte, elkarri konkurrentzia egin gabe, merkatua banatzea eta prezioak jasotzea erabaki zuten. Urtean behin batzea nahikoa zuten, sistema horretan irauteko; baina, orain dela gutti, beste entrepresa berri bat sortu da, USAko baten filiala bera.

 Entrepresa honek, merkatuan sartzeko, besteek baino prezio merkeagoak jarri zituen, merkatuaren banaketa deseginez. Azkenean, benetako konkurrentzia sortu zen, eta, ondorioz, irabaziak sekula baino txikiagoak izan dira.

Aurtengo batzarrean entrepresa berria ere izan da. Hotel elegante bateko gela izkutu* batetan, bakerako elkar hizketetan bezala, nork bere harmak atera zituen mahai gainera: batek banku baten babesa, besteak Gobernuaren indarra... Azkenean denak etorri ziren bat, eta, inork ezer ez izenpetu arren, argi gelditu zen, bakoitzari zer merkatu zati zegokion* eta bakoitzak zer preziotan saldu behar zuen. Erostaile gizaixoak alferrik bilatuko du merkatuan, gora igan ez den gauzarik.

 Baina ugazaben arteko konponketak ez dira hemen gelditzen. Beste horrenbeste egiten dute alokairuen* arloan ere, langileen kaltetan. Horretarako, herri bateko ugazabak batzen dira, eta beren artean erabakitzen dute, alokairuak zenbat jaso behar diren gehien. Ondo baitakite, entrepresa batetan lortu dena, laster inguruko langile guztiek eskatuko dutela.

 Ikusten denez, ugazaben arteko harremanak oso hertsiak dira. Nolakoak, berriz, langileenak eta herritar guztienak?

 Garaile irteteko gogoa badugu, guk ere berdin jokatu behar dugu. Gure bide bakarra, denon elkartasuna da.

ARATZ


Neure lantokitik

Hezkuntza dohainik

Algortako ikastolari ukatu egin diote Estatuaren diru laguntza.

Baina ez zaitezte larri, algortar euskaltzale sutsuok! Ihazko ikastaroan ikastetxe pribatuetarako Gobernuak 780 milioi pezeta eman bazituen, aurtengoan (1973-1974.ekoan) 5.430 milioi emango ditu, eta «en el curso del año 1976 la enseñanza será gratuita para todos los españoles». Hitz hauk,* «Avanzada» deritzan falangist unibertsitarien aldizkaritik kopiatu ditut, hazileko* aletik.

Estatu kolpeak

 «1946 eta 1964 artean 380 Estatu kolpe izan omen dira munduan» (Iraultzaz, J. M. Torrealdai).

Ekonomiazko berri laburrak

 Parisen, turismoa beherantz doa. Ihazko uztailean,* aurreko urtean baino % 13,58 turista guttiago egon dira Frantziako hiriburuko hoteletan, eta abuztuan % 11,12 guttiago.

 Rusian, 1973. urterako egin ziren plangintzak ez dira bete. Produkzio industrialak % 7,8 igan behar zuen; baina, uste denez, ez da % 5,8-tik pasatuko.

 Bestalde, ihazko gari uzta* 215 milioi toneladakoa izan da: ihazlehenean* baino 37 milioi tonelada gehiago. Berebilen* produkzioa ere handia izan da: ihazko lehen bederatzi hilabeteetan 673.000 berebil fabrikatu dituzte.

Eritziak

 Bilboko «Hierro» egunkariak, Gabonetako alean, gogorki atakatu omen du «ikastolismoa», ikastolen aldeko giroa salatuz.

 Bilboko Unibertsitateko ikasleen biltzarre batetan, «ezkertiar» batek euskaltzaleen kontra berba egin zuen, unibertsitariek euskaldungoari buruzko tesina gehiegi egiten zituztela eta.

 Carrero Blanco Lehen Ministruaren hilketa «egintza dorpe» bat izan dela esan du Pariseko «L'Humanité» egunkari komunistak.

Euskaldunen gaixo berria

 Euskaldunon artean sortu berri den epidemia antzeko bat salatzen du Bittor Egurrolak: «batzarritis» delakoa. Batzarrea gaur, batzarrea bihar, batzarreak goiz eta arrats. Eta, gehienetan, alferrikako burruka ideologiko aspergarrietan murgiltzeko. Eta ekintzak noizko?

Bat nator osorik Bittorrekin. Bai eta J. M. Torrealdairekin ere, «Iraultzaz» liburuan zera idazten duenean:

«Programak ez dio ekintzari indarrik kendu behar. Arrazoin du Joxe Azurmendik, bere haserrean, gure programa zaletasuna, ideologi zaletasuna eta ekintza epelkeria salatzen dituenean».

Urte beltza

 «Urte beltza, 1974. urtea», dio Donostiako ZERUKO ARGIA aldizkariak. Eta segidan: «Ez dute besterik merezi gure setakeriek,* kaskagogorkeriek, norkeriek eta zatikeriek. Ezerez eta hauts bihurtzen garenean geldituko gara baturik».

Baina honenbeste hodei beltzen artetik, itxaropen izpi bat ageri da: zorionez, asko gara euskaldun kontzientziatuak. Inork honen dudarik badu, galde diezaiela Elgoibarko «jakintsu» erne horiei: Elgoibarren sei bertsolariri entzuteko, pilota lekua euskaldun «fanatikoz» mukurruraino* bete bazen, pentsa ezazu zenbat garatekeen* Euskal Herri osoan.

Beraz, gora bihotzak, eta guztiok lanera 1974. urte berrian.

Chacal

Chacal gizaixoa, oraingoan afizionatu bat bezala geratu haiz.

XABIER GEREÑO

diezaiela, deioela

dio, deutso

diote, deutsoe

ezazu, eizu


Gure Munduko Albisteak

III. Euskal Kultur Saioak Bergaran

 «Amigos del País» elkarteko Irigoien patronatuaren laguntzaileek eraturik, ihazko abenduaren 11 tik 19rarte, Euskal Kultur Saio interesgarri batzuk* egon dira Bergaran Maestria eskolan.

 Hizlariak eta gaiak hauk izan ziren:

 Abenduak 11: Gizona eta kultura, A. Artamendik emana.

 Abenduak 12: Nafarroa, lau urtaroak filmea, Irala zinetokian.

 Abenduak 14: Euskara, aita Luis Villasanteren ardurapean.

 Abenduak 18: Pintura-irudigintzen euskal eskola, J.M. Larramendik egina.

 Abenduak 19: Bergara inguruari buruzko gizarte ekonomiaz, R. Gorostidi eta I. Larrañagaren kargupean.

1973.eko Andima Ibiñagabeitia Saria

 Venezuelatik Euskera Lagunen Elkartekoek (E.L.E.) jakin erazi digutenez, Caracasko Euskal Etxean, abenduaren 7an, IV. Andina Ibiñagabeitia Sariaren irabazlea agertu zen. Egun horrexetan Ixaak Lopez Mendizabal jaun agurgarriari omenaldi bat egin zioten; eta ondoren, bertako ikastolako haurren kantuak entzun ondoren, Literatur Saria Luis Egia Rezola jaunari ematen zitzaiola agertu zuten mahaikoek, beronen Aljebra edo Arau-iztia lanagatik. Epaimahaikoak Andoni Arozena, Koldo Azurtza, Nere Alberdi (ikastolako andereñoa), Anton Markiegi (salletar irakaslea) eta aita Ugalde (ikastolako irakaslea) izan ziren.

Sariketa honetara, sarituaz gain, beste lau lan presentatuak ziren: Kosmos 3.a (itzulpena), Jesus Gaztañagak beste hamabi lankiderekin osatua; Euskeraz egin (5 liburu), A. Fermin Iraolagoitiarena; Lutelestia, Iñigo de Agirrek eta beronen laguntzaileek moldatua; eta Euskal Erria eta eriotza, Anes Arrindarena.

Pozik dakuskigu,* zertarako uka, aberritik urrun bizi diren Venezuelako euskaldun eta euskaltzale hauen kultur ekintzok, nahiz eta azken liburu saritu hau —aurrekoak bezala—, daraman izenagatik, segur aski* garbizalekeri kutsukoa izan; eta hori horrela izanik, fruitu exkaxa aterako lioke gure Herriak, berez interesgarri den Andima Ibiñagabeitia Sari horri. Horrela pentsatzera garamatza,* bestetik, orain arte sari horrekin hornituriko obrak oraindik argitaratu gabe egoteak. Birpentsatzekoa lukete berau, guk uste, E.L.E.koek, sari hori bestela zuzenduz, aspaldion, kasu, euskal elaberria* oso egoera makal batetan baitago. Ez ote litzateke hobe. sekula argitaratuko ez diren obra batzuetarako dirua eskaini beharrean, elaberri sariketa on bat eratzea?

Aburuak* aburu, guk behintzat geurea bota dugu.

Arrasateko ikastolako gaubisitalariak

 Abenduaren 23an Arrasateko ikastolan lagun batzuk sartu ziren isilean; eta bertako tiradore eta kaxoi guztiak arakatu* ondoren, haltzari* eta materialetan kalte batzuk eginez, beren firmatxoa utzi zuten, hor han hemenka xanpan botila huts eta turroi zatitxoak, alegia.*

 Albiste pitxi hau bidali diguten arrasatetarrek ez dakite nortzuk izan ziren; baina egindakoengatik ba dirudi lapur edo ganberroen artean klasifikatu behar genituzkeela gaubisitalariok. Gauzak hobeki jakin arte behintzat.

 «Poema del Casco Viejo» argitaratu da

 «Amigos del Casco Viejo» taldekoek Esteban Calle Iturrino jaunaren «Poema del Casco Viejo» deritzon obra argitaratu berri dute. Liburu apain eta dotore honen aleak Bilbo Zaharreko dendariek beren bezeroen artean banatuko omen dituzte propaganda gisa.*

 Poemaren aurrean doña Pilar Careaga de Lequerica andrearen agur gisako aitzinsolas bat dago et beste bat José María de Areilza, Motrikuko konde eta Espainiako enbasadore jaunarena, biak Esteban Calle Iturrino poetaren meritu distiranteak goraipatuz.

 Calle Iturrino jauna —Erdal Akademiaren kontra, vizcaíno gabe,* vizcaino hitzaren defendatzaile porrokatua bera—, Correo Españolek dioskunez, espainiar sutsu bat da, eta bere sorterriari —hots,* Euskal Herriari— zerbitzu haundi ugari egin dizkio. Ez dugu guk honetan batere dudarik egiten.

Ez dagoke* gaizki gogoratzea, iragaitzaz* bezala edo, orain Calle Iturrinoren erdal poema zabaltzen ari diren Bilbo Zaharreko dendariok, orain urte erdi bat dela, ukatu egin ziotela Euskaltzaindiari bere Denda Izendegia liburuxka argitaratzeko babesa, horretarako dirurik ez zutela eta.

Carrero Blanco presidentea ETAk hil zuen

 Espainiako Gobernuko presidenteari bizia kostatu zitzaion erasoaren* ondoko lehen egunetan eztabaidan egon bazen ere, honez gero erabat* konfirmatua izan da ETA erakundeak* hil zuela espainiar almirantea. Honetaz, bai ETAk berak eta bai espainol eta frantses poliziek deklarazio publiko argi batzuk egin dituzte.

 Abenduaren 28an Bordele* inguruan egin zen prentsa bilera ezkutu batetan, ETAko lau mutilek, burua maskaraturik, argiro aitortu zieten kazetalariei, berek hil zutela Carrero Blanco jauna. Hori horrela, ba dirudi, atentatu horretan parte hartu zuten etarrak, honez gero, Espainiatik ihes eginak direla.

Bilboko Herri Irratiaren euskal programmak

 Herabe* eta beldurti, baina azkenean Bilboko Herri Irratiak bere lehen euskal irratsaioak egin dizkigu. Agian,* kontra egindako kritikak ez dira hain alferrekoak gertatu. Agian!

Dena dela, ez gaitezen, otoi, lasterregi alegra. Programma horik ez dira, halafede, gora bihotzak! dei daitezkeen horietarikoak, behialako* kutsu nigarti eta trixtekoak baizik.

«Euskal enda* —zioen lehengo batetan irratiko hizlariak— baserrietan bakarrik gordetzen da gaur egun. Euskara, zoritxarrez, galduz doa eta kalean gero eta guttiago egiten da. Kanpoko jende asko etorri da gure kalterako... e.a.». Jeremias bera ez zatekeen* alaiago mintzatuko. Hori ez duk irratsaio bat, kontxo, hileta bat baizik. Ea noiz hasten garen gauzak serioski egiten, eta konpontzen, horrelako adabaki* barregarri eta «nigargarriak» ipini gabe.

Telebista eta euskara

 Gabon eta Gabon Zaharretan TVEk telesaio batzuk agerterazi zizkigun, garaiari zegozkion kantekin. Kantuok euskaraz, galegoz, gaztelaniaz eta katalanez agertu zituen. Uste genuenez, Espainiako telebistarentzat euskara eta euskaldunok ez ginen ezer, orain arte egin digun kasu eskasa lekuko*; baina, dirudienez, oker geunden. Oraingoan telebistak kontuan hartu gaitu bigarren mailako hiritarrok ere. Alleluia, ba*!

 Kontua da, ordea, horrelako saio horrek, gaztelau pribilejiatuez gainera, euskaldun, galego eta katalan izeneko gizaki batzuk ere ba daudela erakutsi duela; baina, orduan, zergatik ez digute beste horrenbeste eskaintzen, bigarren kanalez edo, urteko beste 363 egunetan ere? Ala euskaldunok bi egunotan bakarrik ote gara euskaldun? Ala dena paternalismo merke eta ustel bat-tzat hartu behar dugu?

I. Sebero Altube idatz sariketa Arrasaten

 Arrasateko seme ospetsu horren izenean, DANOK kultur taldeak idatz sariketa bat antolatu du aurten lehen aldiz. Idazlanetarako lehiaketa hau euskaraz izanen da, eta nahi duten pertsona guztiek har dezakete parte bertan.

 Sariketak hiru maila ukanen* ditu idazleen urteen arauera*: Lehen maila, 10 urteak arte; gaia Arrasate, luzera mugagabea eta eskuz idatzita. Bigarren maila, 10 urteetatik 16 urteak arte; gaia Arrasateko gazteria, luzera 2-4 horrialde, alde batetik eta makinaz eginak. Hirugarren maila, 16 urteetatik aurrera, gaia Arrasate: kultura, gizartea, langileria, ikastola..., 3-6 horrialde, alde batetik eta makinaz eskribatuak.

 Idazlanak presentatzeko epea otsailaren* 16an amaituko da. Lanak, lema batez firmaturik, ondoan azal* hertsi batetan, egilearen izen-deiturak eta bizilekua eramanen ditu, urteak, eta lema erabilia.

 Sariak hiru izanen dira maila bakoitzerako, lehen maila bietan erregalutan* emanak; eta hirugarrenean, 3.000 pezetako sari bat eta mila pezetako bi egonen dira.

 Idazlanak hona bidali behar dira: DANOK, Resusta, 33. Arrasate, Gipuzkoa.

Esnearen burruka

Baserritarrak haserre daude. Zentralek esneagatik ordaintzen dieten prezioa oso ttikia da, eta pentsuak, berriz, gero eta gorago doaz. Ganaduak lan haundia behar du egunero, gobernatzeko; eta haietatik ateratzen dena, ez da inola ere ematen duten nekearen arauerakoa.*

 Hirietan botilaturik saltzen diguten esnea (esnea edo) ia* bi bider gehiago pagatu behar izaten dugu, baserritarrek beragatik kobratu dutena baino. Sarritan, gainera, esnefabrikek berek pentsua eta pulpa saltzen diete baserritarrei; eta bitartekoek, nahi dituzten zerrikeria guztiak egiten dizkie nekazari gaixoei. Pentsuaren prezioa laster altxatuko dela dakitenean, esate baterako, ez diete saldu nahi, gordeta eduki arren, pentsurik ez dutela esanez, e.a.

 Baserritar asko, fabrikari pentsuak pagatu ondoren, askotan parean gelditzen dira, ezer irabazi gabe, esneagatik galdu ere egiten ez dutenean. Ez da, beraz, harrigarri protesta egitea, baserritarrek honetan ere arrazoi osoa dute eta.

 Langileriaren alde egitea modan dagoen garai honetan, ba dirudi, gure Herriko azpilangileria osatzen duen taldea —nekazalgoa, alegia— ahantzia eta baztertu xamar dugula.

Frantses poliziaren neurriak ETAkoen kontra

 Espainiako Gobernuak protestazko ohar bat bidali dio Frantziakoari, beronek ETAko plastikolariei Ipar Euskal Herrian bizitzeko eta gordetzeko ematen omen dizkien erraztasunengatik. Protesta hori dela eta, Pompidouren Gobernuaren aginduz, frantses poliziak sei etar bidali ditu Frantziaren iparraldera, Euskal Herritik urrun. Eramandako horien izenak hauk* dira:

 Joan Jose Etxabe Orbegozo «Haundi», Arrasateko semea, 37 urtetakoa, ezkondua eta 3 seme-alabaren aita. Xabier Zumalde Romero «Ahuntza», Zornotzan (Bizkaian) jaioa, 35 urtetakoa, ezkondua eta bi haurren aita. Jose Mari Blasko Bereziartua «Landru», Eibarkoa, 25 urtetakoa, ezkongabea. Jose Mikel Lujua Gorostiola «Mikel», Bilbokoa, 27 urtetakoa, ezkondua. Pedro Akizu Leizarreta «Zigor», 26 urtetakoa, eta Ramon Urrutia Galarraga «Markos», ezkondua, 33 urtetakoa. Guztiok, Frantziatik kanpora bidaltzea nahi ez badute, eramanak izan diren tokian egunero poliziagana presentatu behar dute burua.

 Frantziar Gobernuaren erabaki horien aurka, hamar gazte ETAko gose greba bat egiten hasi dira betiko tokian, hots,* Baionako kathedralean.

 Espainiako agintarien aldetik sei etar horien deportazioa ez da hain begi onez ikusi, ez baitirudi inondikan ere, horiek Carrero Blanco jaunaren hiltzean parte hartu zutenik. Haietako batzuk, Etxabe eta Urrutia, elbarrituak dira, eta beste batzuk, berriz, «Ahuntza», «Landru» eta Akizu, kasu, ez daude aspaldian, atentatua egin duen ETA V. Asanbladaren barrenean.

 Azken orduko berriek diotenez, Jose Etxabe eta Pedro Akizu ez dira poliziagana agertu, eta, horregatik, ihes eginak direla uste da. Frantses poliziak Bidasoa hibaiaren bazterretatik eta Nafarroako mugaren mendietan are* goardia gehiago ezarri ditu, bada ez bada ere.

ARMENDARITZ

daude, dagoz

dezakete, daikee

die, deutse

diete, deutsee

digu, deusku

digute, deuskue

dio, deutso

dizkie, deutsez

dizkiete, deutseez

dizkigu, deuskuz

dizkio, deutsoz

gaduzka (gauzka), gaukaz

genezake, geinke

geunden, gengozan

lioke, leuskio

zieten, eutseen

zioen, inoan, esaten zuen

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon

zizkigun, euskuzan


Ezker Berriaren hastapenak (1)

 «Neomarxistak», «ezker berriak» eta horrelakoak ez dira talde jakinen bat. Esaterako, ezker berriak trotskistak direla esan dit oraintxe batek. Hala ere, kontzeptu horik* jeneralean ulertzen diren bezala ulertzekotan, nekez esan liteke horrelakorik. Beharbada, trotskisten batzuk «ezker berrien» artean aipa litezke, hori bai. Eta, dudarik gabe, «ezker berrien» sorkundean trotskismoak zerikusirik izan du. Berdin maoismoak ere. Baina, dagoeneko,* neomarxistak (zaila da hauen definizio zehatzik ematea) nonnahi aurki daitezke: Alderdi Komunistetan ere bai.

«Neomarxista» nahiz «ezker berri», kontzeptu guztiz desegokiak dira: oso zaila gertatzen da, zein den halakoa seinalatzea. Jeneralean, izen horiekin inspirazio bat adierazi nahi izaten da. Inspirazio marxista ireki, dialektiko eta kritiko radikal bat. Baina kritikaren radikaltasuna eta marxismoaren irekitasuna modu eta neurri askotakoak izan daitezkeenez, klase askotako neomarxistak aurkitzen dira.

Lehenengo Mundu Gerraren ondorenean (eta bigarrenaren ondorenean berdintsu) ez zegoen demokrazia kritikatzerik: antidemokratikotzat hartuko zintuzketen. Marxismoa demokraziaren kritika denez gero, marxista izatea izugarrizko zatarkeria zen mendebaldean;* eta zerbait ziren mendebaldeko zientifikoak, marxismoa errebatitzera obligaturik sentitzen ziren. Jaungoikoak eta deabruak bakarrik dakite, berrogeitamar urte honetan marxismoa zenbat alde eta moldetan errebatitu den. Beti «zientifikoki», noski, mendebaldeko zientifiko bati dagokion moduan. Zientifikoentzat marxismoa ez zen seriotan hartzeko gauzarik. Langile desesperatu batzuk* marxista izatea, tira, konpreni zitekeen. Baina intelektual prestu bat? Utikan* halakorik!

Bestetik, egia da, ekialdean* kultibatzen ari ziren «marxismoak», erlijio edo mistika edo metafisikaren baten antz gehiago zuela, zientziarena baino: mendebaldeko intelektual eskeptiko, arrazionalista, hotzari apenas graziarik egin ziezaiokeen halako erlijio berri batek. Eta egia da, halaber,* marxismo hura* «la voz de su amo» bihurturik zegoela, lehenago esaten nuen moduan: bere buruaren autonomia galdu nahi ez duen mendebaldeko intelektual demokratak ezin onhar zezakeen halako dotrina ofizialik (eta ofizialtasunaren dotrina, gainera!).

 Baina, mendebaldean bertan ere, izpiritu kritikoa kamustuta* zegoen, ia* hilda. Ez zen kritika marxistarik onhartzen: edozer gauza esan zitekeen, «askatasun» haundiak zeuden, baina, hori bai, demokrazien santutasuna ukitu gabe. Bestela, B. Russell bat izanda ere, aisa* buka zitekeen, gartzelan lo eginez. Eta problema hau eta hori eta bestea salatzen bazenituen, «zientifikoek» berehalaxe demostratuko zizuketen horien guztien «normaltasuna»: gauzak halaxe izatea baino beste erremediorik ez dago mundu honetan. Eta soluzio hau eta hori eskatzen bazenuen, ameslari inozo* bat eta iluso bat zinela esango zizuketen, konprentsiboak baziren. Bestela, okerragoak.

(Oraingo egoerak ordukoarekin izugarrizko antza dadukan moduan, orain ere berdintsu pasatzen da).

Ba zeuden, etsitu* gabe tradizio kritikoari jarraitzen zitzaizkion batzuk ere; eta inolaz ere ez ziren denak marxistak. (Beti aipatzen den halako bat, hain zuzen, Russell da). Ilustraziotik datozen joera enpiristek edo positibistek, ez dute beren desarroiloa inoiz zeharo gelditu. Baina ba zeuden, dogmakerietan erori* gabe, tradizio kritikoari jarraitzen zitzaizkion marxistak ere; orain «neomarxistak» edo neomarxismoaren gurasoak deitzen* ditugunak.

Bi zereginekin kausitzen* ziren hauk: marxismoa Ilustrazioaren tradizio bizian (orain guztiz motelduan) sar,* eta marxismo kritiko dialektikoa desarroila.

1. XIXgarren mendearen azken aldera, marxismoa Ilustrazioaren ondareko* beste joeretatik aparte gelditu zen, bere baitan aislatuta,* Elizaren kredo batekin bezala bere sistemarekin nahikotuta. Aski* zuen bere burua. Esaterako, psikologiak eta soziologiak egiten zituzten aurkipenak, ez zituen haintzakotzat* hartu eta probetxatu nahi. Neomarxistek, Marxen irakaspenei jarraitu arren, ez die, «marxista» ez diren zientziei eta zientzien emaitzei zaputz* egingo. Neomarxista bati ez zaio burutik pasatuko, Freud kondenatzea (ortodoksoek egin izan duten moduan). Beraz, marxista irekiak izango dira. Marxen zenbait uste abandonatzeko edo zuzentzeko ere irekiak. Marxismoa atzera* Ilustrazioaren tradizio barrura sartuko dute, eta tradizio honen faktore edo osagai bat bezala —beste askoren artean— erabiliko dute. Ez dago marxismoaren esklusibismorik. Ba dakite, gainean gaduzkan lurra Ilustrazioarena dela, eta lurralde hau ureztatzen* eta hezatzen* duten erreka askotarik bat, Marx dela.

2. Esaten den bezala, marxismoak —marxismo ofizial leninistak batik* bat— dialektiko izateari utzi dio. Beraz, neomarxisten bigarren eginkizuna dialektika berrirabaztea izanen da. Modu guztiz diferentetan egingo da hori: esaterako, Horkheimer-ek, Lukács-ek eta egunotan Althusser-ek hiru modu oso diferentetan egin dizute hori. Baina denak ikusten ditugu, marxismoarentzat dialektika berrirabazten saiaturik.

JOXE AZURMENDI

die, deutse

dio, deutso

dit, deust

dizute, deutsue

litezke, leitekez

zaio, jako

zenituen, zenduzan

zeuden, egozen

zezakeen, eikean

ziezaiokeen, eiskion

zintuzketen, zindukeezan

zitekeen, eitekean

zitzaizkion, jakozan

zizuketen, euskizuen


Aiala gurea

 Euskal historia ez dugu, noski, ezagunegia. Beste kondaira bat irakatsi ziguten guri eskoletan. Eta, egia esan, jakin beharko genuke zerbait gehiagorik, alazankoa*! Urteurren* eta mendemuga batzuk ez dira txarrak gertatzen, zerbait ikasiz joan gaitezen.

Egun hauetan gogorarazi zaigunez, orain ospatzen da Aialako Foruaren Mendeurrena,* VI. Mendeurrena, alegia* (1373-1973). Euskaldun gehienok ez dakikegu* segur aski zer den Aiala, ez non dagoen, ez eta zer izan zen. Eta ba dirudi, erdal historigileek esango digutela oraingoan ere. Izanen da, beraz, zorte onik.

 Mendeurren hori ospatzeko sariketa bat eratu da, Aialako Foruaren ingurumarian* egin litezkeen lanentzat. Poztekoak dira, benetan, Arabako Diputazioak agertu dituen ardura* eta jakin nahia. Baina hona gure kezka: Aialako Foru hark aurkituko ote du, gero, euskal Lege Zaharrak merezi lukeen euskal historigilerik? Arabar kezkatu batzuek —eta onenean denok— ukan dezakegu erantzuna. Santo Domingoko Trujillo hark garbitu zigun Jesus de Galindez bizi balitz!

 Jesus de Galindez hau aialarra zen, eta jadanik* Errepublika garaian —eta oso gazte zelarik— Aialako Foruaren aztertzaile bizkorra. Huraxe behar genuen orain geure artean, premiazkoa den azterketa egin zezan. Baina hura Trujillok itsasuntzi bateko laberen batera, sutara, bota zuenez, beste norbaitek (nondik eta zertarako?) eginen du lana.

Oraingoz, Jesus beraren lana (Buenos Airesko «Ekin»ek argitara emana) eta Uriarterena aparte, ez dugu azterlan sobera,* Aialako bizimolde zaharrak ezagutzeko.

 Bizkaian Durangoaldeak edo Enkartazioek —bakoitzak bere gisara*— ukan zuten nortasun berezia bezalatsu, Aialako Lurraldea ere pertsonalitate handikoa izan da Araban. Beregaintasunik zabalena ukan zuen Aialak. Aiala hau Araba eta Bizkaia euskal herrialdeen artean kokatzen* da, 1463.etik honakoan Arabaren parte dela. Arabako ipar-mendebaldera dago: Orozko du ekialdean,* Artzeniega mendebaldean,* Enkartazioak eta Laudio iparraldetik. Amurrio da Lurraldearen hiriburu, Aiala, Lezama eta Okendo ere barnean direla.

 Aialako Lurraldean euskaraz hitz egin da oraintsu arte, bizkaieraz hain zuzen. Mende bat pasatuxea da, beharbada, aialatarrek euskara galdu zutela. Ez gehiagorik. Euskal historian toki jakingarri bat dagokio Aialako Lurraldeari, bere politika instituzioen nortasun bikaiñagatik.

Aialak bere jatorrizko ohitura eta usarioak zituen, eta haien arabera* antolatu zituen gobernailu* publikoak ere. Hango Foruak dioenez, Aiala Jaurerri* bat bezala da —«Bizkaikoa bezala» esaten da—. Erregek ba du aginterik Aialako Jaunagan, baina Jaun honek Jaurerri honetatik kanpora eduki ditzakeen lurretan bakarrik; ez, ordea, Aialako Lurralde barruan: Aialako Jaun bezala ez dago Erregeren menpean.

Zaraoben (Arrespalditzan) biltzen ziren Aialako Batzarre Nagusiak, eta hauengan zegoen Jaurerriko goiboterea.* Beronek hautatzen zituen eskualdeko bost alkateak, Jaunarekin eta ibarjaunarekin batean hauzi* boterea ukanen zutenak. Baina, justizi betekizun honen parean, benetako botere eragilea* zuten agintariok. Aialako Jaunaren egiteko nagusia legeen frogantza* zen, legeen berronespena.* Ba dirudi, Batzarre Nagusiak oso irekiak zirela: Kontseilari, agintari, aitorseme* eta hauzoek hartzen zuten parte Zaraobeko bileretan. Eta XV. mendeaz geroztik. San Migel egunez biltzen zen Batzarrea zen legegailu,* lege-egilea.

Orain Mendeurrena ospatzen diogun Forua, 1373.ekoa dugu; eta Fernan Perez Aialakok —Lurraldeko Jauna zela— emandakoa da. Fernan I. horrek, Lurraldearen usario eta ohituren agergarri diren artikulu gehienen ondoan, Gaztelatik hartuta, zenbait puntu jartzen du Foru horretan, Lurraldeko Jaunaren eskubideak —jatorrizko usario haien kontra edo— indartu nahiz. Hona, ba, gure historiako beste une jakingarri bat. Irakur beza nahi duenak Galindezen liburuttoa (La Tierra de Ayala y su Fuero, 1957) edo B. Estornes Lasaren laburpena.

 Foru horrek bere barnean dituen kontraesan* nabarmenengatik oso interesgarria da guztiontzat, gure kondairaren konstanteetako bat agertzen baitu: hots,* gure jatorrizko usario-legeari, nobleziaren bitartez, ezarri nahi izan zaion jokabide arrotza. Orain, Mendeurren hau tarteko dela, berriz ere ikusi beharko ditugu istudio «ederrak»; saiatuko dira, berriro ere, gure instituzioen iturriak herbestean bilatzen. Berriz ere arrisku beretan izanen gara: geure Lege Zaharren ohiturazko oinharri jatorrak ahanzteko (ohituratasuna da gure legeetan lehenengo* jatorburua, eta ez inongo Jaun nahiz Erregeren borondatea) eta bizi izan genuenaren orijinaltasuna ukatzeko arriskutan. Biba gu, ezarri nahiko diguten itsumenarekin!

Bestek bestelakorik esan aurretik, gogora dezagun hauxe: Aialako Forua Lurraldearen legea da, eta ez Jaun batek Udal* bati ematen zion «Hiritasunezko Ageria*» (Carta Puebla). Puntu hau —beste askotan bezala— oinharrizko zerbait da, Lurraldearen usario eta ohiturak onhartzea baita. Hori bai, Aialako Jauna ez zen inozoa;* eta, agintedun guztien antzera, hura ere saiatu zen, bereari eusten eta aginte modu berriak Lurraldeari irabazten edo lapurtzen. Baina horixe izan da beti gizarteko makurkeria: herriaren gain, edo kontra, eskubideak irabaztea; eta ez gara harrituko, gure historian ere horrelakorik idoroten* bada.

 Orain aipatzen dugun 1373.eko Aialako Foruaren historiak, pentsakizun franko ba du. Pentsaketa lan horretan lagun gintzatela eskatuko nieke euskal historigileei. Gure Lege Zahar hori eskuartean dugula, zera jakin nahi dugu oroz* lehenik: zer leku du Foru horrek Euskal Herri osoaren Historian, zernolako harremanak ditu (berdintasunak eta aldeak*) gainerako euskal Lege Zaharrekin? Zertan datza* Aialako instituzioen euskal nortasuna?

 Eta gero oso atsegin izan liteke bestea ere: zer indar izan du herbesteko eraginak instituzio horiengan?

 Gure kondairaren une honetan, ene ustez, jatorrago da orijinaltasuna ongi ezagutzea; eta Aiala ez dugu ezagutuko, Gaztelatik zer eman zioten esanez, Aialako Lurraldeak berak zer berririk sortu zigun agertuz baizik. Eta hortxe dago gakoa, 1373.ekoa eta 1973.ekoa.

ANTSO AMAIUR

beza, bei

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

digute, deuskue

diogu, deutsagu

ditzake, daikez

nieke, neuskioe

zaigu, jaku

zaio, jako

zezan, eian

zigun, euskun

ziguten, euskuen

zion, eutson

zioten, eutsoen


Jugoslaviako hizkuntza arazoa

 Jugoslavia, sei errepublikak osatzen duten nazio federatu bat da. Hogei milioi bizilagun ditu. Haien egoera, hizkuntza arloan, oso jakingarria izan dakiguke.

Serbokroatak hamabost milioi dira, slovenoak milioi eta seiehun mila, makedoniarrak milioi eta berrehun mila guti gorabehera, albaniarrak milioi eta hirurehun mila, hungariarrak laurehun eta hirurogei mila, turkoak ehun eta laurogei mila. Gainera, beste ethnia ttiki zenbat dira: slovakoak, ziganoak, bulgaroak, errumanoak, alemanak eta italianoak.

Jugoslaviako administrazio erakundea* sei ethniak osatzen dute: Serbiak, Kroaziak, Sloveniak, Makedoniak, Montenegrok eta Bosnia-Herzegovinak. Serbiak, bere lurralde barrenean, bi herri autonomiaz bizi direnak ba ditu: Voivodino eta Kosovo.

 Horrela, bada, Jugoslavian zaila litzateke bakean bizitzea, hizkuntza arazoetan ethnia bakoitza askatasun osoaren jabe ez balitz. Baina goazen aurrera.

 Jugoslavian, parlamentu federatuan, diputatu bakoitza bere ethni hizkuntzan mintzatzen da; gero beste hizkuntzetara itzultzen da hark esandakoa. Federazioko sei errepubliketako parlamentuetan ere askatasun osoa ematen zaie ethnia ttikien hizkuntzan mintzatu nahi dutenei.

Baina eguneroko bizitzan, elkar harremanetan eta bata bestearekin komunikatzeko bideetan, ez dira gauzak berdin gertatzen: serbokroata garaile irteten da bere gehiengoagatik,* beste ethniak kezkatan jarriz. Hori dela eta, Sloveniako esperantistek inkesta bat egin dute beren Errepublikan. Hona hemen zer dioen inkestaren ondoko deklarazioak:

«Herriak azaldu dituen eritziak kontutan harturik, guk hauxe deklaratzen dugu:

Jugoslaviako Federazioan, Estatuaren eta ethnien arteko eskubideek berdin errespetatuak izan behar lukete, bai politikan eta bai hizkuntza arloan ere. Ez dugu onhartzen, atzerriko hizkuntza batek beste bat azpiratzea, nahiz gure herrian nahiz beste edozein herritan. Horregatik ez dugu onhartzen, gure hizkuntzak beste herri eta ethniatako hizkuntzarik menpera dezan. Errespetatuak izan daitezela nazio guztietako hizkuntzak, pertsonaren izakera osatzen eta agertzen duen gauza bat bezala. Herri eta nazioen artean ez dadila jauntxokeriarik izan edozein naziotako hizkuntzarekiko, zeren* jauntxokeria horietatik sortzen baitira gizarteko desberdintasunak, bai kulturan eta bai ekonomi eta politika arazoetan.

Guk geure eritzia ematen dugu:

 Hizkuntza problemak ethnia guztien artean erabaki behar dira, oinharri berdinen arabera.* Oinharri horiek berberok balio dute errepubliketako eta Estatu federatuko ethnia desberdinen harremanetarako ere.

 Guk hau adierazten dugu:

 Gaur arteko joera guztiak, hizkuntzaren salbaziorako erabili direnak, ez dira beti izan behar bezalakoak. Askotan gertatu da, ez direla hain probetxagarriak izan. Aitzitik,* lehen baino gehiago nahasi dute arazoa, gorago aipatu ditugun oinharriak bete ez direlako. Herri eta nazio arteko hizkuntza problemak bide zuzenean jartzea baitezpadakoa* da.

 Horregatik guk hau proposatzen dugu:

- Beste nazio eta ethniekiko harremanetan, nor bere hizkuntza uzteko prest egon dadila.

- Izan dadila esperantoa denontzako bigarren hizkuntza nazio artean bera enplegatuz eta honela elkarrenganako bide luze bat zabalduz. Bera baita atzerrikoa baizen gure herrikoa.

Proposamendu honi baietza eman ziotenen proportzioa hau izan zen: udaletako* ordezkarietarik % 100, goi mailako irakasleetarik % 83, lehen mailako irakasleetarik % 92, gazteen erakundeetarik % 82.

 Dokumentu honek harrera ona ukan* zuela ikusirik, Sloveniako diputatuek Errepublikako Biltzarrean aurkeztu* zuten, bertan ontzat hartu eta aurrerabidean jarri. Gero Sloveniako Gobernuak Jugoslaviako Errepublika Federatuari aurkeztu zion, Biltzarre Nagusian aztertua izan zedin. Eta, azkenik, dokumentua zehatz-mehatz eztabaidatu ondoren, hain garrantzi handiko arazoa Jugoslaviako sei Errepublika eta bi Herri autonomoen artean erabaki behar dela deliberatu* da.

Jugoslavia mundu ttiki bat da, hizkuntza desberdinik ugari dituelako. Han hartzen den erabakiak garrantzi handia ukanen du, ethni hizkuntza asko duten beste nazioei bidea argitzeko.

NIKOLAS APAOLAZA

dakiguke, daitekigu

dezan, daian

zaie, jake

zion, eutson

zioten, eutsoen


Euskal Herriko piztiak

Sarrioa (18)

 Eneko bere betidaniko osaba Martinekin, Jaka aldera joan da eskiatzera. Egun ederrak eman ditu Oskako lurretan. Bertan euskara egiten zan, orain mende gutti direla; eta bertako jendearen aitonak* euskaldunak zirela oraindik argiro ikus daiteke leku askotako izenetan. Elurretan ibiltzeaz aspertu direnean, osaba-lobak Pirinioetako basoetatik abiatu dira, photomakina eskuan, alderdi hareetako argazki batzuk egiteko. Bai eta egin ere. Toki zoragarriak benetan Jaka aldekoak.

 Halako batetan, mendi arteko bidexka batetik joiazela, Enekok goiko harkaitzetan ahuntz moduko animalia eder lirain batzuk ikusi ditu saltoka.

 — Zertzuk dira hareek, osaba? —dinotso beroni.

 — Sarrioak. Pirinioetan oraindik ugari ibiltzen dira.

 Eta zelan* bizi daitekez hemen, ba,* elur artean?

 — Txotxo, ez pentsa mendi Pirinioak beti honela estalirik dagozenik. Udan ez dago elurrik, tontorretan ez bada. Orduan sarrioak orain baino gorago igaten dira mendietan; baina ba dauke bertan zer jan: belarrak, horri-hostoak, zuhaitzen ernamuinak...

 — Baina orain zer jaten dabe, elurra baino ez dago eta?

 — Orain ere zeredozer topatzen dabe nonbait, elurra gorabehera*: goroldioak, likenak, abartxo berdeak, zuhaitz azalak, e.a.

 — Eta horreekin nahikoa dabe bizitzeko?

 — Bai, irauteko lain.* Sarrioa oso animalia gogorra da eta mendi harkaitzetan bizitzeko egokia. Ba dau ile* gogor eta ugaria neguan, hotzik ez pasatzeko; udan, berriz, ile eskasagoa dau, beroagatik ez dau behar eta. Saltoka ibiltzen da haitz artean; eta taldeka dabiltzanean, goiko horreek legez,* beti dabe gidari bat, gizonik edo piztia beldurgarririk inguratzen jakenean, ziztukada* bat botatzen dauana, beste guztiei handik ihes egiteko abisua emanez.

— Hemendik ez dira ongi ikusten. Buruan adarrik al dabe, ahuntzen modura?

 — Bai! Hasieran zuzen zuzenak, eta puntan atzera begira. Arraren adarrak, batzuetan, 25 zentimetrotaraino ere hel* daitekez.

 — Eta kume asko egiten ditue?

 — Ez! Urtean behin, maiatz inguruan, emeak kumetxo bat ekartzen dau mundura, guttiagotan bi ere bai.

 — Eta zelan dauka sarrioak izena erdaraz?

 — Espainolez gamuza esaten jako, eta frantsesez chamois edo isard. Zientzizena, berriz, Rupicapra rupicapra da.

TRAUKO

dabe, dute

dagoz, daude

dau, du

dauke, dadukate (daukate)

ditue, dituzte

jake, zaie

jako, zaio

joiazen, zihoazen


Albistearen miztoa

 «Capra Hispanica» deritzan ahuntza salbaturik omen da. Halaxe esan digute Tortosatik. Pozteko da, noski, abereok hain poliki salbatu ahal izatea. Izadia* —hain errespetagarria— aberatsago izanen da orain. Holaxe holaxe, guk geuk ere ez dugu deus* galduko. Ahuntzaren etorkizuna segurta* dadinean, beharbada gu ere salbatuko gara.

***

 Alvaro Cunqueiro, «omnívoro y gallego por la gracia de Dios», Galiziako idazle ezaguna da. Galiziar idazleari, nonbait, halako eztenkada batzuk eman* ohi dizkiote, idazle konprometatua* ez delako edo, irudimen hutsezko luma darabilala salatuz. Eta horra zer zuen esateko, salakuntza horretaz: «Bai, ba,* halaxe da. Nik ere ez dut uste, konprometatu gaberik, idazle izan litekeenik. Mundu honetan izan ba diren idazle guztiak dira konprometatuak. Adibidez, ni neu norabide* jakin batetik konprometatua nago, hau da, neure hizkuntza galegoaren bidetik hitzemana naiz. Galegoz idaztea —besterik gabe ere— konpromiso* bat da. Ez dut dudarik horretaz. Izan ere, aukera* horrek mugatu egiten du idazlearen zabalkundea, ospea, eta kobraketa...» Ene, bada, Cunqueirok esaten dituenak!

***

 Salamancako Eliz Unibertsitateko Erretoreak esan duenez, «Eliza espainolak, mendez mende, hutsune intelektual larri bat jasaten* du». Eta ez omen da hori Erretorearen eritzi narrugorria, Morcillo zenak esana baizik, hau da, Guerra Campos-en aita* pontekoarena baino. Ba dakizu: egiak, gutien uste dezakezun iturrietatik jaso daitezke. Beti ere, hobe da hola. Ea, ba,* sendagarririk aurkitzen zaion eritasun luze horri.

***

 Soldadutzaren kontzientzi kontraesaleek (kontzientzi objetatzaileek esan nahi dut) ez dute bizitza samurrik.* Beren bertute onak gorabehera,* Cuencako apezpikuak. Guerra Campos berak, mugatu dizkie eskubideak: «Kontzientzi objetatzaile horiek ez dute anaitasunaren eta otzantasunaren* monopoliorik, inondik ere». Pozik galdetuko nioke Donostiako Setien jaunari honetaz zerbait.

***

Kataluniako historigileen Eskola Berria sortu eta bizkortu zuen hirukotea itzali* da. Orain hamar urte edo joan zen Jaume Vicens Vives (historigile gazte askoren maisu paregabea), abuztuan hil zen Santiago Sobrequès, eta hil berria da orain Joan Reglá i Campistol. Hauekin batean Ferran Soldevila eta Ramon d'Abadal gogoratzen baldin baditugu, berehala ohar gaitezke zernolako galera den Kataluniarentzat Joan Reglà-ren heriotzea. Soldevila eta Adabal izan dira tradizio zaharretik zetozenak (Menéndez Pidal bati aurpegi emanez, esate baterako). Vicens/Sobrequès/Reglá hirukoteak ireki ditu metodologia berrien erregebideak.* Herri handi horren onerako, jakitun horiek ba dituzte, dagoeneko, jarraitzaile trebeak.

JOANES GOIA

dezakezu, daikezu

digute, deuskue

dizkie, deutsez

dizkiote, deutsoez

nioke, neuskio

zaio, jako


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Komikia]

Patxi


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Irrisolasak

Neska argi bakarra

 Mutil zaharrak: — Sinets nazak, Txomin! Neska guztiak tontoak dituk. Neure bizitza osoan bat bakarrik topatu ziat argia dena.

 Txominek: — Eta zergatik ez hintzen harekin ezkondu, ba*?

 Besteak: — Ez pentsa, txo! Eskatu egin nioan horixe ere, baina ezetz esan zidaan.

Oso gaizki egon behar!

 Paulo bere adiskide Luis bisitatzera doa ospitalera.

 — Hara! Hemen ez haiz kexatuko. Hemengo erizaina,* guttienez, oso neska politta duk.

 — Bai ote? Ba al* dakik, ez naizela konturatu horretaz ere?

 — Ai ene! Ez nian uste horren gaizki hengokeenik, mutil!

Gerrako kontua

 Bizarginak bezeroari:* — Aizu,* inoiz moztu ote dizut lehenago bizarra, jauna?

 — Ez! Trankil! Aurpegiko orbainok* gerra denborako zaurien ondorioak dira.

Hogei milioi galduak

 Nekane oso aberatsa da, eta Mikel, berriz, ezin pobreagoa. Neskak mutila estimatu, bai, egiten du, baina ez besterik. Mikelek, bestetik, ba daki hori; eta gau batez, goxo goxo jarririk, neskari ba diotso:

— Hara, Nekane! Hi oso aberatsa haiz, ez dea*?

 — Bai, Mikel. Gutienez hogei milioi zitiat.

 — Bai? Eta... nirekin ezkondu nahi dun?

 — Oi, Mikel! Ezin zezakeat, benetan. Estimatu egiten haut, baina ezkontzeko beste*...

 — Ez ardurarik* ukan, Nekane. Nik ba niekinan, ezetz erantzunen? hidala.

 — Eta orduan zergatik galdetu didak, ba?

 — A! Jakin nahi ninan, zer sentitzen duen gizon batek, hogei milioi galtzen dituenean.

didak, deustak

dituk, dira

dizut, deutsut

duk, da

hidan, heustan

nazak, naik

nian, nuen (neban)

ninan, nuen (neban)

niekinan, nekien

nioan, nion (neutsan)

zezakeat, dezaket (daiket)

ziat, dut

zidaan, zidan (eustan)

zitiat, ditut


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (32)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ABURU, eritzi, uste.

ADABAKI, remiendo, morceau à rapiécer.

 AGERI, documento.

 AGIAN, beharbada, nonbait.

 AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

 AINTZINTXEAN, aitzintxean, un poquitín antes.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.

AISA, aise, erraz.

AISLATU, isolatu.

AITA PONTEKO, padrino, parrain.

AITONA, abuelo, grand-père.

AITORSEME, hidalgo, noble.

AITZITIK, al contrario.

AIZU, adi ezazu, adi eizu.

AL DAKIK, dakika?

ALAZANKOA, alajainkoa, alajaina, pardiez, pardi.

ALDE, diferentzia.

 ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU, soldata, jornal.

APAIRU, comida en general.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATU, aztertu, ikertu, miratu, registrado.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARDURA, axola.

ARE, oraindik, aún, encore.

ASKI, nahiko.

ATZERA, berriro.

AUKERA, hautu, hautapen.

AURKEZTU, presentatu.

AZAL, sobre, enveloppe.

 BA, bada, pues,

 BAILIREN, como si fuesen.

 BAITEZPADAKO, beharrezko, derrigorrezko.

BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEHIALA, behinola, en otro tiempo.

BER, por el hecho mismo de que...

BEREBIL, automóvil.

BERRONESPEN, ratificación.

BESTABURU, festaburu, fiesta grande.

BESTE. adina (aina), bezainbeste, bezainbat.

BESTERIK, baino.

BEZERO, cliente.

BILAKA, convertirse.

BORDELE, Burdeos.

BORTIZKI, violentamente.

 DAGOENEKO, dagoen orduko.

 DAGOKE, dago nonbait.

 DAKIKEGU, dakigu nonbait.

 DAKUSKIGU, ikusten ditugu.

 DATZA, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA, al da?

DEITZE, llamar. (Aditz honek akusatiboa eskatzen du).

DELIBERATU, erabaki.

DELIBERO, erabaki.

DEUS, ezer.

 DEUSEZTATZE, ezereztatze.

DUDA-MUDAKO, sospechoso.

DUKE, du nonbait.

 EBATZI, resuelto. (EBATSI, robado).

 EGURATS, atmósfera.

 EHUNEKO BI, ehunetarik bi, dos por ciento. (J. R. Etxebarriak fisika irakasten du Lexonako Unibertsitatean. Haren ustez, zientzi arloan agertzen diren beste adierazgarri askoren antzera eta mendebaldeko hizkuntza guztietan egiten den bezala, portzentuaren adierazgarria —idaztean— zenbakiaren ondoan jarri behar genuke, irakurtzean alderantziz egin arren).

EKARRI, aportado, aportación.

 EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

 ELABERRI, novela, roman.

 EMAN, ematen Iparraldean.

 ENDA, raza.

 ERABAT, guztiz, osoki, zeharo.

 ERAGILE, ejecutivo.

 ERAKUNDE, organismo, entidad, organización.

 ERASO, ataque.

 ERDITZE, erditzapen, alumbramiento, parto.

EREMU, terreno, campo.

ERIZAIN, enfermero.

ERORI, jausi.

 ERREGALU, regalo, cadeau.

ERREGEBIDE, camino real.

ESKUALDE, comarca.

ETSITU, resignado, desesperanzado.

EZEZIK, no solamente.

 FROGA, prueba.

 FROGANTZA, prueba, demostración.

 FROGATU, probado, demostrado.

 GABE, en vez de, au lieu de.

 GARAMATZA, garoaz, eramaten (eroaten) gaitu.

 GARATEKE, gara nonbait, debemos de ser, seremos.

 GAZTETANDIK, gaztetatik.

 GEHIENGO, gehientasun, mayoría.

 GISA, modu.

 GOBERNAILU, órgano de gobierno.

 GOGAIKARRI, fastidioso.

 GOIBOTERE, poder supremo.

 GORABEHERA, a pesar, malgré.

 GOROLDIO, musgo, mousse.

 GOTOR, vigoroso, desarrollado.

 GUDUKA, harmatuaz beste biderik, otro camino que la lucha armada.

 GUTIZ GEHIENAK, casi todos.

 HAINTZAKOTZAT, en consideración.

 HALABER, igualmente, así mismo.

 HALTZARI, mueble.

 HANARTEAN, mientras tanto. (Larresorok H jartzen dio).

 HARTZE, crédito, haber. (Hamar pezeta hartze ditut, se me deben diez pesetas).

 HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

 HAUZI BOTERE, poder judicial.

 HAZIL, noviembre.

 HERABE, tímido.

 HERTSI, estrecho; cerrado.

 HEZATZE, humedecer.

 HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

 HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

 HOTS, a saber, es decir, esto es.

 HURA, ha.

 IA, kasik.

 IDOROTE, edirete, aurkitze.

 IHAZLEHEN, año antepasado.

 IKERTZAILE, investigador.

 ILE, ule.

 INAUSKETA, xedarraketa, poda, émondage.

 INGURUMARI, contorno, derredor.

 INOZO, bobo, apocado.

 IRAGAITZAZ, de paso.

 IRATXO, duende, petit fantôme.

 IRI, proximidad. (Iri irian dago, está muy cerca).

 ISTRIPU, accidente.

 ITSATSI, adherido, pegado.

 ITZALI, amatatu, iraungi.

 IXILIK, a escondidas, à l'insu.

 IZADI, creación, universo.

 IZKUTU, ezkutu, oculto, reservado.

 IZUARGI, fuego fatuo.

 JADANIK, ya.

 JAREGIN, soltado, librado.

 JASATE, soportar, sufrir.

 JAURERRI, señorío.

 JAZO, gertatu.

 JOSTAILU, juguete.

 KAMUSTU, omustu, desafilado, embotado, émoussé.

 KANTZER, bizien, minbizi, txangurru, cáncer.

 KARIA, motivo.

 KAUSITZE, aurkitze.

 KOHETE, suziri, cohete, fusée.

 KOKATZE, situarse.

 KONPROMETATU, engaiatu.

 KONPROMISO, konpromisu, engaiamendu.

 KOXKA, picar, ponchar.

 KUTSADURA, contaminación.

 LAGUN GINTZATELA, lagundu gindeiezala, que nos ayudasen. (Aditz honek akusatiboa eskatzen du).

 LAIN, adina (aina), beste, bezainbeste, bezainbat.

 LEGEGAILU, órgano legislativo.

 LEGEZ, lez, bezala.

 LEHENENGO, lehen.

 LEKUKO, testigu.

 MANATU, agindu.

 MENDEBALDE, mendebal alde, occidente, Oeste.

 MENDEURREN, centenario.

 MUKURRU, colmo, tope.

 MURRIZTU, pelado, despojado, tachado.

 MW-EKO, megawatt-eko.

 NAHIKO, aski.

 NORABIDE, rumbo, dirección.

 ONDARE, herencia.

 ORBAIN, orban, cicatriz.

 OROZ LEHENIK, antes que todo.

 OROTAN, leku guztietan.

 OSTERANTZEKO, distinto, diverso.

 OTSAIL, febrero.

 OTZANTASUN, mansedumbre, mansuétude.

 PAIRATZE, sufrir.

 PATXARAN, basaranez egindako nafar edaria.

 PROFITATU, probetxatu, aprovechado, mis à profit.

 SAMUR, bigun.

 SAR, sar eraz. (Ene ustez, Hegoaldeko idazleentzat euskara batuak duen gauzarik zailena, infinitiboaren erabiltzea dateke).

 SEGURTA, segura, asegurar. (SEGURTATU, seguratu, asegurado).

 SETAKERIA, obstinación morbosa.

 SOBERA, lar, larregi, gehiegi.

 SORKARI, creación, cosa creada.

 SORTZE. jaiotza.

 TANTA, gota.

 UDAL, ayuntamiento, municipio.

 UKAKOR, negativo.

 UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

 UREZTATZE, regar, arroser.

 URTARO, estación, saison.

 URTEURREN, aniversario.

 UTIKAN, a paseo, al traste.

 UZTA, cosecha, récolte.

 ZAPUTZ EGIN, mostrar retraimiento, montrer un air revêche.

 ZATEKEEN, zen nonbait.

 ZEGOKION, jagokon, tokatzen zitzaion (jakon).

 ZELAN, zela, nola.

 ZEREN, ze, pues.

 ZILEGI, lícito.

 ZIPRIZTINTZE, salpicar, éclabousser.

 ZIZTUKADA, gran silbido, grand sifflet.

 ZOTAL, dies sortalis. (Gure arbasoek uste zuten, urtarrileko hamabi lehen egunetariko bakoitzak aurretik salatzen zuela nolako haroa izanen zen, berari zihoakion hilabetean. Urtarrilaren lehena nolako, urtarrila batez beste holako; urtarrilaren bia nolako, otsaila holako, eta abar).

ZURRUNDU, vuelto rígido.


Ikas zeure hizkuntza

Hitzak eta esaldiak. Beste aldizkarietan ageriak

 Gu giristinoentzat Eguberri, oroz* lehenik, bestaburu* saindu bat da. LAFITTE.

Abenduaren 31n, gauerdi irian, etxe bakoitzetik norbait joaten zen hurbileko iturbururat eta handik ekartzen zuen ur berria. LAFITTE.

Zernahi den, Aita Saindu Julio Lehenak hil aintzitxean* manatu* zuen, Kristoren sortzea* orotan* ospa zedin abenduaren 25ean. LAFITTE.

Ez dakigu xuxen, zer kariaz gizonetarik bereiz egiten zuten emaztekiek apairu* hori. LAFITTE.

Sineste zaharren arabera, Eguberri ondoko egunak argi eta garbienak ziren ber,* gure arbasoek uste zuten urtarrileko hamabi lehen egunak zotalak* zirela. LAFITTE.

 Bigarren ipuinak aipatzen du nola Egyptoko mugan Ama Birjina eta San Josepe lanetan ziren, Jesus haurra ez jakinez nola pasaraz guarden ixilik.* LAFITTE.

Oso gaztetandik* sortu zitzaidan euskaraz ikasteko asmoa. LARRESORO.

Hantxe piztu zen nigan, nik uste, euskaraz ikasteko delibero* tinkoa. LARRESORO.

 Hanartean* denok dakigu, ikastolak nola ordaintzen diren. LARRESORO.

 Eta oroit, gutiz gehienak eskolatuak direla. LANTZIRI.

 Baionako hiriak goresmenak hartze* ditu. LANTZIRI.

 Euskal Herri barneko herri gotorrenetan* ere ez dugu lantegi berrien alderako lehia haundirik ikusten, Maulen eta Hazparnen salbu. LANTZIRI.

Orain, demokrazia hilez gero, guduka* harmatuaz beste biderik ez dago. DAVANT.


Nuklear zentralak Euskal Herrian (2)

Bigarren artikulu honetan, nuklear zentralen radioaktibitateak sortzen dituen problemak aztertuko ditut, radioaktibitateak ematen baitie zentral hauei beren berezitasuna. Eta radioaktibitateak gizonari zenbait kalte egin diezazkiokeenez gero, kalte hauen zergatikoa, nolakoa eta norainokoa aztertzea guztiz interesgarria delakoan, ekin eginen gatzaizkio aztertze horri.

Kutsadura radioaktiboa

Zentralen kutsadura* radioaktiboa Estatu guztietako lege batzuen arabera* kalkulatzen da. Lege horietan, pertsona batek bizitza guztian har dezakeen dosi radioaktiboa, 5 rad baino gutiago izan dadin agintzen da. Eta, egia esan, lege hau bete eragiten da.

 Lehenago, dosi hau ez zela inola ere kaltegarri pentsatzen zen (niri horrela irakatsi zidaten behintzat). Hala ere, amerikar ikertzaile* talde batek, John W. Gofman fisikalariaren eta Arthur R. Tamplin biokimikalariaren gidaritzapean, rad bakoitzeko 2 % (ehuneko* bi) kantzer* gehiago agertzen dela frogatu* du. Beraz, 5 rad-eko dosia harturik, kantzerraren portzentua 10 %-an (ehuneko hamarrean) gehituko da.

 Bestalde, bai Hiroshiman bizirik geldituak eta bai Bretainia Haundian X izpiez tratatuak aztertuz, lehenik leuzemia eta gero beste kantzer mota batzuk* sortzen direla ikusi izan da. Lehenbiziko kalkulu batzuetan, leuzemia bakoitzeko beste kantzer mota bat sortzen zela aurkitu zen. Baina Amerikako ikertzaile talde horrek demostratu du, leuzemia bakoitzeko, ez bakarrik kantzer bat, baizik eta HOGEI kantzer sortzen direla.

Kutsadura radioaktiboaren efektuak gutitzeko, aipatu* ikertzaileok legearen aldatzea eskatu dute, dosi zilegia* hamar bider ttikiago izan dadin. Hala ere, Atomic Energy Commission izeneko amerikar elkarteak ez die kasurik egin, eta legea aldatu gabe geratu da. Askotan gertatzen den legez,* tartean ekonomi arrazoinak omen daude.

Hondakin radioaktiboak

 Nuklear zentraletan sortzen den bigarren problema berezia, hondakin radioaktiboena da. Zer dira hondakinok? Hara: zigarroa erretzean errautsa geratzen den bezala, uranioa «erretzean» hondakin batzuk gelditzen dira, eta hondakinok radioaktiboak dira.

Noizik noizera (urte birik behin, adibidez) reaktorea berriro kargatzen denean, hondakin radioaktiboak kanpora ateratzen dira. Eta, oso arriskugarriak direnez, kalterik egin ez dezaten, toki apropos batetan gorde behar dira. Baina zein da toki egokia?

Lehen, kutxetan sartzen ziren hondakinok, eta itsasleizeetara jaurtikitzen. Orain, galerazia izan da hori egitea; kutxak apurtuko balira, itsasoa kutsatuko litzateke eta.

 Oraintsuago, gatz meatokietan gordetzea pentsatu da, leku guztiz segurak direlakoan; baina geologi azterketek frogatu dute, zenbait kasutan ez dela horrela.

 Azkenik, koheteetan* sarturik, eguzkirantz bidaltzea pentsatu da. Hala ere, koheteak jaurtikitzean, istripuren* bat gertatuko balitz, radioaktibitatea eguratsera* iraganen litzateke, eta hori izugarria izanen. Izan ere, azken urteotan holako zenbait istripu ikusi ukan dugu APOLLO programan. Beraz, metodo hau ere ez da egokia.

 Ikusten denez, oraino ebatzi* gabe dago hondakin radioaktiboek sortzen duten problema.

Radioaktibitatearen eragina

 Radioaktibitateak era bitako eragina ukan dezake gure gorputzean.

 Batetik, kanpoan dauden gorputz radioaktiboek izpi batzuk botatzen dituzte, eta izpi hauk* gure gorputzean barrena sartzen dira. Zenbat eta gorputz radioaktibotik urrunago gauden, hainbat eta radioaktibitate gutiago sartzen da gure gorputzean.

Bestetik, gorputz radioaktibo bat (jatean, arnasa hartzean...) gure gorputzean sartzen bada, izpiak gure barruan sortzen dira, eta eten gabe pairatzen* dugu radioaktibitatearen eragina. Ba dira, gure gorputzak bereganatzen eta gordetzen dituen elementu kimiko batzuk; eta horrez gainera radioaktiboak badira, haien efektuak luzaro irauten du. Adibidez, hor dugu strontium delakoa, calcium elementuaren antzekoa izanik, hezurretara doana.

 Elementu radioaktiboak ez dira zuzenean sartzen gizonaren gorputzera. Atmosferatik edo lurretik landare eta belarretara iragaten dira. Belarretatik behietara, eta behietatik bai okelan eta bai esnean guregana pasatzen dira.

Gerta daitezkeen istripuak

 Estatu bakoitzean zentral bakar bat balego, ez litzateke problemarik sortuko. Baina begira, zer gertatuko den ondoko urteetan! Frantzian, 2000. urterako, 1000 MW-eko* berrehun bat zentral eraikiko omen dira. Kontutan hartu behar dugu, radioaktibitatearen efektuak akumulatu egiten direla, zentral horien radioaktibitatea batu egiten dela, eta radioaktibitate horrek urteetan eta mendeetan zehar iraunen duela.

 Horixe jazoko* da, zentraletan istripurik gertatzen ez bada, eta zentralok guztiz ondo lan egiten badute. Eta istripurik jazoko balitz? Nuklear zentralak kasu horretarako ere preparaturik egon arren, ba liteke, gerra batetan edo, istripuren bat gertatzea.

1000 MW-eko zentraletan, Hiroshimako lehergailuak sortutako radioaktibitatea baino mila bider handiagoa sortzen da. Ba ote dugu esperientziarik nahiko,* egunen batetan radioaktibitate hori guztiori askatuko ez denik segurtatzeko?

Bestalde, reaktoreko zirkuituak hertsiak* izan arren, beti egon daitezke, istripu baten kausaz, elementu radioaktiboen galtzeak, eta berauek zentralaren inguru guztia kutsa lezakete.

Esandako guztia ezaguturik, erantzunkizun handia dute zentral hauk eraikitzen dituztenek, gure gizaldiaren eta datozen gizaldien aurrean. Mundu guztiko ekologoak nuklear energiaren aurka altxatu dira. Baina, dirudienez, hemen ere ekonomia da nagusi.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezake, daike

dezaten, daien

die, deutse

diezazkioke, deiskioz

gatzaizkio, gatxakoz

gaude, gagoz

lezakete, leikee

zidaten, eusten