ANAITASUNA

264. zenb.

1973.eko hazilaren 15ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XXI. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Josue de Castro, herri zanpatuen gurasoa

Latinamerikako gosetien eta Hirugarren Mundu zanpatuaren guraso bat hil da, orain hilabete eta erdi: 65 urte zituen Josue de Castro brasildarrak. Josue de Castro laudorioz betea izan da alde batetik, eta piztiatzar* gorrotogarriena bezala bere sorterritik jaurtikia ere. Injustiziaren kontra hitz egin zuen, eta interes gehiegi mindu. Gaurko Brasilgo harmagizon nagusiek ez zuten maite, eta hamar urtetarako herbestea ezarri zioten. Josuek ez zien USAko kapital oparorik* ekartzen lagunduko,* nonbait. Beraz, desterruan nahiago zuten. etxe barnean baino; eta Frantzia izan da de Castroren bizitokia.

Istudioz, mediku eta filosofo —batean— zen. Brasilgo Unibertsitatean irakasaulki bat eduki zuen, lehenik. Eta, gero, batez ere hango janari arazoetara eman zen. 1952.ean FAOren lehendakari izendatzen dute, eta 1954.ean Munduko Bake Kontseiluak Bakearen Saria ematen dio. 1864.eko harma altxamenduaren ondoren, Brasil utzi eta Parisera pasatzen da. Eta harmagizonok, badaezpada ere, herbestean egotera bortxatzen dute: ez dadila ager, Jainkoarren,* halako jakitun hura,* Brasilgo aberastasun berriak pobreen artean banatu nahirik! Munduko pobreak izan baitira Josueren betiko kezka.

Gosearen geografia egiteaz hasi zen de Castro. Hau da, munduan gosea nola partitzen den deskribatu nahi izan zuen lehendabizi. Deskribapen horrek lagundu zion jendeari, Hirugarren Mundu madarikatuaren aurpegia ezagutzen. Orain urte guti arte, jende on eta jantziek* ez zituzten munduko gosetiak haintzakotzat hartu nahi: ez ziren aipatzekoak ere. «Zertarako?» esaten zen: munduko gosea halabehar* hutsa Zen, konponezina, munduak sekula sekulatan jasan* beharko duen eritasuna.* Mundua berez. da pobre—zioten*— eta gizon batzuek beti izan beharko dute gose, mundua mundu den bitartean. Patu* gaiztoa benetan, baina, halabehar guztiak bezala, aldaezina.

Gose diren guztien izenean, ideia eta tranpabide horren kontra jaiki zen Josue de Castro, 1935.ean bere lehen lanak agertu zituenetik. Munduko gosearen geografia eman bezain laster galdetzen dio Josuek bere buruari: Eta hau dena zergatik? Ez dea* hemen, errudun* den norbait? Ez ote da, gero, gosearen delako derrigortasuna kontzientzia zikindu askoren estalgarri eta lasaipide? Honelaxe jaiotzen da Josueren «Gosearen Geopolitika» (1950), Mendebaldearen* kontrako salakuntza bortitza.* Latinamerikako gosea aztertzen du bereziki, hango trajedia baitzuen hurbilena eta, beraz, mingarriena.

«Gosearen Geopolitika»k, gertaera —fakto— baten arrazoi eta sorburuak ezaguterazi nahi ditu. Ekonomi, politika eta gizarte ordenamendu berri bat behar da, gizonen gose zorriak hiltzeko. «Gosearen kontrako gudua ez da gaur egun kixote-grina idealista baten zeregin hutsa. Munduaren egoera politiko eta ekonomikoaren azterketa hotz eta errealista batek ezartzen duen beharrizana da gudu hori».

Geopolitika honen asmoa ez da salakuntzarena bakarrik. Aurrera jo nahi izan du Josue de Castrok. Mendebaldeko zibilizazioari eta, zabalagoan, gizarte aurreratuei etor dakizkiekeen ezbehar eta arriskuak ere erakutsi nahi ditu, bide batez zenbait erremediabide eskainiz. «Zibilizazioaren superbizipena bera dago gosearen kontrako gudate horretatik esekirik*». Munduko laborantza lurrak zabaldu eta hobetu egin behar dira, gizadia* salbatuko baldin bada. Hain zuzen, oraintxe berton ikusten ari garen egoerak (hau da, janarien geroz eta gehiagoko eskasiak) Josueri arrazoia ematen dio. Nahitaez eta ahalik lasterren, gizadi osoaren zerbitzutan jarri beharra dago teknika, eta ez Mendebaldeko gizarte maila batzuen probetxutan.

Mundu osorako ekonomi helburu berri batzuk* ezarri beharra dago: ez da zilegi,* goazen bidetik jarraitzea. Estatu pobreak beti zordun, eta aberatsak beti hartzekodun diren bitartean, ez da izanen herrien arteko justiziarik, ez eta itxaropen irekirik. Berriz ere aberatsek pobreei itxaropena lapurtuko diete. Hauxe da Josue de Castroren mezua.*

Josue de Castroren pentsamendu eta eginahalek herrien kultur historien alde agertu nahi dute. Inor guti izan da XX. mendean bera bezain unibertsal eta luditar;* baina horregatixek* izan da Mendebaldearen salatari ere. «Hirugarren Munduaren drama hauxe da: Mendebaldeak irmoki* uste du berea dela zibilizazio tipo bakarra, eta Desarroiloa ere zibilizazio horren ondorena izan dela. Beraz —esaten da—, Hirugarren Munduak ere Mendebaldearen pauso berak eman behar ditu, Desarroilo hartara iritxi* nahi badu. Erabat* europear diren XVII eta XVIII. mendeetatik pasatu behar du Hirugarren Munduak. Mendebaldearen pentsamolde «etnozentriko» honek gainerako kultur mota guztiak beretu nahi lituzke, berea bakarrik dela posible uste baitu».

Sasilaguntza batzuk* salatzen ditu de Castrok. Ez da faltsukeria bat besterik, Mendebaldetik teknikalariak, bizimodu, politika metodu eta dirua bidaltzea; horrek, sistema bat ezartzea esan nahi du. Herri aberatsek bestelako bidea eskaini behar diote Hirugarren Munduari: herri bakoitzak bere burua eta nortasuna aurki ditzan eskaini behar dira tresna egokiak. Herri bakoitzak asmatu behar du bere kultura, bere nortasun jatorraren zerbitzari leiala izango den herri kultura bat.

Aztergarria litzateke, bestalde, de Castrok Hirugarren Munduko desarroilo gabetasunari buruz duen teoria, nola aplika lekiekeen, han ez baina hemen dauden herri ttipiei. Ez omen dago munduan berezko eta jatorrizko subdesarroilorik, desarroilo zuzengabe baten ondoren txarra baizik. Baina ideiok utz ditzagun, oraingoz, soziologoen eskuetan. Eta ohore Josue de Castro hil berriari!

J. ERREKALDE

dakizkieke, daitekioez

daude, dagoz

diete, deutsee

dio, deutso

diote, deutsoe

ditzagun, daiguzan

ditzan, daizan

lekieke, leitekioe

zien, eutsen

zion, eutson

zioten, eutsoen


Gudu baten zazpi aurpegiak

Logika birrintzaile* bati, baina gizonek hautatu duten logikari jarraikiz munduak beste gudu bat sorterazi du. Ez judu eta arabiarrek bakarrik, munduak, potentziek eta hauen inguruan dabiltzan mila interes aitorgaitzek.

Eta hona hemen edonork egin dezakeen galdera: nola eta zertarako sortu da gudu hau?

Erantzun asegarri bat ematea zail bada ere, zenbait argibide eskain dezakegulakoan hartzen dugu idazmakina.

Handien nahi santua

Lehendabizi, gudagailu edo iskiloen gastaketarako aukera* on bat izan da gudu hau. URSS eta USAri arsenaletan zahartzen ari zitzaien gudu.materialarentzat irtenbide ezin hobea izan da, alde batetik; eta erosi duten herrialdeak zorpean zamatuagotzeko* sistema ederra, bestetik. «Phantom» eta «Sam» direlako airegailuen elkar kontraratzeak guttienez hori esan nahi du. Ehundaka suntsitu* diren burruka gurdien elkarrekiko erasoak* ere, «orain arte ez bezalakoak» izan direla aitortu omen dute begiraleek.

Aldi berean, diplomaziaren alorrean,* USAtar eta Sobietarren mugimenduak ongi sinkronizatuak izan direla aitortu beharrean gaude. Bi alderdiek ba dute nonbait elkarren berri zehatza; eta egoera, eskuaren menean* eta ongi neurturik eduki dute. Mundu gudu nagusi bat sor zedin arriskurik ez zegoen, albistari alarmista batzuen oihuak gorabehera.*

Petrolioaren zimitarra?

Arabiarren barne arazoek zerikusi hestua dute gertakari hauekin. Baina agintean dauden arabiar errejimen gehientsuek kontzientziako kezka handirik gabe lurperatuko lukete palestindarren arazoa, horretarako arrazoi faltarik ez baitute: iraultza bildurra baztertzea, 1967.eko mugak berreskuratzea, ekonomi plangintza berria antolatzea, eta abar.

Petrolioa eskaserazteak, zenbait entrepresaren nazionaltzeak eta bezero* batzuk hobetsi* eta beste batzuk baztertzeak, palestindarren haserrea hibieraztea* baino helburu interesgarriagorik ba dute. Haserre itxurak eginez, besoei eraginka ageri zaizkigun arabiar jeke eta jaunskilek* erraz berdindu eta gaindituko dituzte oraingo galera guztiok, prezioak altxa ditzatenean eta estabilitatea itzul dadinean.

Bestalde, birfinketa* eta banaketarako elkarteek ere atxakia polita ukanen* dute beren prezio gorakadak zuribidetzeko,* errua arabiarrei leporatuz, galerak irabazpide bilakatzen* diren bitartean.

Burrukazaleak nagusi

Hasera* haseratik jakina zenez, gudu honek ez zuen ezer erabakitzeko asmorik. Amerikar eta sobietarrek ez zuten nahi, arabiarrak 1967.eko mugetatik aurrera iragan* zitezen. Israelek ere ongi zekien, Egypto eta Syriari ezin ziezaiekeela zauri sendagaitzik ireki. Alderdi batak zein besteak ezin zezakeen askorik gal ez irabaz gudu bonetan.

Gudu honetan erabili diren teknikak ere aztergarri dira: gudu-materialaren frogaketari,* edozein unetan sor zitekeen gudu-aterriari,* eta, militar ekintzen izoztean,* bakoitzak ukan zezakeen abantailari* begira pentsaturik zegoen estrategia, eta ez etsaia suntsitzera edo nork bere burua babestera zuzendurik.

Ondorioak hauk* dira: arabiarrak, beren burrukarako ahalmenaz jabetu direnez gero, lehendabiziko aukeran* burrukari ekiteko isuriak* eta emanak gelditu dira.

Israelen, berriz, bakezale eta bigunek ostikada gogorra hartu dutelarik Golda Meir eta Moxe Dayan jabetu dira egoeraz aldi batetarako.

Hitz batez, gudu hau —propaganda zaratatsu eta nahasi bat bitarteko dela: gudu santu, naziotasun arazo, petrolio eta mundu krisia— ikaragarrizko maskarada gertatu da. juduen dolarrak, petrolio maneiatzaile eta harmagintzaren interesak, influentzi gosearen helburuak trebeki korapilatu dituen maskarada odoltsu. Palestindarren ametsak dira, soluziobidea guttien itxaron* dezaketenak.

Ene ustez, begiak lainoturik ez dituenarentzat, belizismoaren salakuntza gogor bat izan behar luke gudu basati honek, eta munduaren beste edozein puntutan —Euskal Herria barne— egun edo bihar sor litekeenaren aurregaztigu. Ekonomi muntadura baten berezko ekarria,* Vietnameko hondamendiaren jarraipen logiko, arrazoigabekeria legepetuaren ondorio, hara zer den hondamendi hau.

Ekialde* Hurbileko hondar beroaren gainean hilik gelditu diren milaka eta milaka horik,* kontuliburu orok* dituen bi kolumna ezagun horien arteko konparaketa hutsaren ondorio dira. Ondorio beltza benetan, giza bizia oraindik tratularien eskutan* baitago.

X. MENDIGUREN

dezake, daike

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

ditzaten, daiezan

gaude, gagoz

zaizkigu, jakuz

zekien, ekian

zezakeen, eikean

ziezaiekeen, eiskioen

zitzaien, jaken


Horkheimer hil da

Horkheimer ezaguna da Euskal Herrian ere, nahiz ez oso ezaguna izan. Haren obren batzuk espainolez batik* bat irakur daitezke. Gazteriaren edo talderen baten idolorik ezin izan daiteke Horkheimer; ez da horretarako egokitzen. Beraz, ezaguna izan arren, Horkheimer ez da «herrikoia*».

Horkheimer baino ezagunagoa da, dudarik gabe, Theodor W. Adorno: haren adiskide eta lankidea. Nolabait Adornok Horkheimer osatzen du; eta Adorno ezagutzea Horkheimer ezagutzea bezalatsu genuke, neurri honetan.

Baina izenok baino ezagunagoa da bion obra: Frankfurteko Eskola ohi* deritzana. (Eskola honen berri X. Mendigurenen Europako Ezker Berria liburuan ematen da). Izen arrunt* honen azpian autore diferente mordoska bat sartzen da: lehen ordukoak, Horkheimer eta Adorno batez ere; bigarren uhina* gero, Habermas guztien gainetik; eta berriekienik, haien ondorengo gazteak, A. Schmidt nabarmentzen delarik. Baina, esannahi justuan «eskolakoak» ez direnen artean ere, Frankfurteko eskolaren eragipena nonnahi nabari da. Ezker berria, edo neomarxismoa, ez legoke konprenitzerik, Frankfurteko eskolaren inportantzia haintzakotzat hartu gabe.

Horkheimer da Frankfurteko eskolaren sortzailea. Horkheimer hil da. Horkheimerekin, neomarxismoari bideak ireki dizkion, eta, adibidez, 68.eko ikasleen errebolta gehienbat inspiratu zuen pentsamentuaren kreatzailea hil da.

Max Horkheimerek abiarazi zuen «Teoria Kritikoa» ohi deritzana. Mendebaldeko* zientifikoen begitan Marxen irakaspenak desprestijiaturik zeuden garai batetan, zientziak, berriro Marxen ardura* hartzera behartu zituen Horkheimerek: irakaspenok ez zeudela batere errebatiturik eta superaturik erakutsi zuen. Eta marxismoa dotrina estereotipatu baten moduan disekatu zutenen kontra, marxismoa bizitzeko gauza zela, Marxekin zerikusirik ez dadukaten uste eta teoriekin bat egiteko eta osatzeko gauza zela, eta, beraz, bariatzeko gauza zela erakutsi zuen.

Gaur mendebaldean zientziak Marxez baliatzen badira, eta marxismoa ere bizirik eta bixi bixirik badago, prejudizioak eta dogmatismoak hausten Horkheimerek egin zuen lanari zor diogu hori hein* haundi batetan.

Oraindik ere gelditzen dira horrelakoak: Marxik egon ez balitz bezala pentsatzen dutenak, edo mundu honetan Marx eta haren jarraitzaileren batzuk besterik ez balego bezala pentsatzen dutenak. Antimarxismo dogmakoia eta marxismo dogmakoia daude, biak daude. Baina —bion haserretarako!— Ilustrazioaz gerozko tradizio kritikoari jarraitzen saiatzen direnak ere ba daude jadanik.* Eta horietako bat —ez bakarra, baina bai bat— neomarxismoa da. Hein haundi batetan Horkheimerek abiarazitako neomarxismoa.

«Neomarxismo», «ezker berri» eta antzeko beste kontzeptuak nahiko* modan ibili dira, bai «demokratek» eta bai «marxistek» ezin ikusitakoak dira; baina ez dira batere garbiak. Hori zerbait argitzeko, eta Horkheimeren ekarria* neurtzeko ere, 20. urte aldera itzuli behar da. Izan ere, Horkheimeren heriotzeak, «neomarxismo» kontzeptu nahasi hori zerbait argitzen saiatzeko bidea ematen digu.

JOXE AZURMENDI

daude, dagoz

diogu, deutsagu

dizkio, deutsoz

zeuden, egozen


Neure lantokitik

Ikastolak

Hona hemen 1973-1974 ikastaroko datu batzuk ikastoletaz. Ez dira zifra zehatzak, inkesta* bat egin ondoren taxutuak* baizik:

- ikastaroan sartu diren ikasle berriak: 5.400

- ikastaroko ikasleak, guztitara: 36.000

- ikastaroko irakasleak: 1.200

Azaletik begiratuz, asko da; baina kontuan eduki behar dugu, Euskal Herrian 4 urtetatik 14 arterainoko umeak 550.000 direla. Eta honek esan nahi du, ikastoletan % 6,5 daudela.

Beraz, orain arte egindakoa pozgarri bada, ez dugu lotan geratu behar, lan egin baizik, falta den % 93,5 hori geure ikastoletara ekarri arte.

Akordeonisten mundu txapelketa

Irailean,* Suizako Bernan egin dute txapelketa hau, maila bitan: bata gazteentzat eta bestea adinekoentzat.* Maila bakoitzean 20 hoberenak hartu dituzte, eta euskaldunak oso toki onetan geratu dira:

Junior mailan, Bilboko Asier Loroño 4. postuan, Donostiako Enrique Ugarte 5.ean, Donostiako Jose Antonio Hontoria 7.ean, Erandioko Alberto Prado 9.ean eta Durangoko Luis Angel Sarobe 11.ean.

Senior mailan, Donostiako Carlos Iturralde 12. postuan, Bilboko Iñaki Lasagabaster 14.ean eta Bilboko Gloria Peña 17.ean.

Jotzaileen jaioterriari behatuz,* sariak honela banatu ziren:

Euskal Herriari 8

Suizari 6

Frantziari 4

Italiari 4

Jugoslabiari 4

Txekoslobakiari 4

Belgikari 3

Austriari 3

Portugali 2

Bulgariari 1

Monakori 1

Gauza ederra benetan ekintza kultural batean euskaldunak lehenak izatea; baina ez dugu erori* behar triunfalismo zoro batetan. Poz gaitezen lortutakoaz, hori bai; baina gakizkion* gogor lanari, lehentasun hau kulturaren alor* guztietan lortu arte. Futbolean txapeldun izatea baino mila aldiz hobe da akordeoi txapelketa bat irabaztea; baina askoz ere hobeago oraindik, euskal literatura (euskaraz idazten dena, noski) goren mailara igan eraztea.

Esku lana

Erandio eta Lexonako gurasoak ikastola berri bat eraikitzen ari dira Ondiz mendittoaren gainean; eta, haiekin batean, Deustuko ikastolarekiko Aita Pasiotarren jokabidea onhartu ez dugun hainbat Deustuar guraso.

Ikastola berriaren presupostua handia da, langile familientzat batez ere; eta, hura* guttitzearren, gurasoek berek egiten dute lan hutsarteetan.*

Lehengo egunean ni ere hara joan nintzen, ilusimenduz beterik. Baina, lana aurrera zihoan heinean,* neure ahultasuna* ezagutu nuen: alde guztietatik izerdia zeridan,* eta buruko min handi bat sortu zitzaidan. Azkenik, larriak botatzen hasi nintzen, eta neure ezinaren saminduraz bihurtu nintzen etxera.

Han geratu ziren guraso kementsu haik.* Haietarik batek esan zidan, fabrikan gaueko xanda egin ondoren, goizeko seietan etxeratu zela, eta bederatzietarako han zegoela, goiz eta arrats, ikastola berriko lanetan. Behe aldean abokatu bat zebilan orgatila* batekin hara eta hona. Gurasoak, teilatua ipintzen, leihoak jartzen, zementua egiten...

Hau ikusi eta, nork esango du, ikastolak ez direla herritarrak? Ikastolak burgesenak direla esaten duten sasi-ezkertiar horiek, Lexonan gaindi* itzuliño bat egin beharko lukete.

Prezioen gorakada

Prezioak gora doaz mundu guztian zehar, eta gorapen honen iturriak asko dira. Hauetarik bat Japon dugu.

1973. urteko lehen sei hilabeteetan, Japonek ihazko lehen sei hilabeteetan baino askotaz gehiago erosi du bere mugaz kanpoko merkatuetan. Konkretuki, % 81,6 gehiago. Erosketa hauk* lehengaietan* batez ere izan dira: zati bat produkzioari eusteko izan da, eta bestea espekulaziorako, stock handiak eginez.

Aurten Japonek 133 milioi tonelada burdina erosiko du, 279 milioi kilolitro petrolio, eta abar. Erosketa haundi hauek igan erazi dituzte prezioak.

Euskaldun barreragileak

Bilbon, abenduaren 23an, lehen aldiz agertuko dira teatro batetan euskaldun barreragileak. Benetako zanpantzarrak* dira, aurpegi koloreztatuekin, jantzi nabarmenekin, elkar hizketa barragarriekin.

Jaialdi hau Lexonako ikastola berriaren alde izango da, osorik haurrei eskainia, «Santiago Apóstol» kolegioko teatroan, igande goizez, goian aipatu* egunean.

Jaialdi horren antolatzaileek euskaldun ilusionista bat behar dute. Horregatik, berriro ere dei bat egiten diegu geure irakurle guztiei, inork holakoren bat ezagutzen badu, haren izen eta abar ANAITASUNAra bidal dezala.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

dezala, daiala

diegu, deutsegu

zidan, eustan

zitzaidan, jatan


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«Aurtengo zenbait berri», LUReko ekipoa, LURen

Guti esan daiteke, aspaldi honetako linea tremendistari jarraikiz, LURek argitaratu digun azken liburu artikulatu honetaz. Egileak (Ainhoa, Aresti, Haranburu-Altuna, Saizarbitoria, Sarasola, Urretavizcaya eta Zulaika) erabat* bestelakoak dira, eta ez dago elkarren artean batasun bat ikusterik.

Gure ustez lanik interesgarrienak, Ainhoak, Urretavizcayak eta Zulaikak egindakoak dira, zeharo positiboak eta (in)formatiboak direlako. Saizarbitoriarena, informazio aldetik ongi egon arren, hizkuntzaz ba dirudi euskaldunei egindako probokazio edo gutienez irri bat dela, holako euskara zatarrik, Chomin del Regatoren ahoan eta halako ultra batzuen burletan izan ezik, inon ikusi (ez entzun) ez baitugu.

Haranburu-Altunaren Mediterraneo berraurkitzea («Euskal Herria herri bilingüe (sic) bat dugu») ez dut uste inorentzat ezezaguna zenik, ez eta, dirudienez, de facto dagoen egoera onhargarri horren arrazoiak eta kausak ere. Honetan ere —batek jakin, zorionez ala zoritxarrez— ez zen euskalduna izan «Philosophiak mundua interpretatu egiten du; baina egin behar dena, hura* aldatzea da» esan zuena, Treveriskoa baizik. Aldatu, beraz, ez kontsakratu.

Arestiren norigabeko eskutitzari dagokionez, azkenik, lotsak eta gizontasunak ba diosku ez garela gu hartaz mintzatzeko aproposenak.

Bibliographiarako: LUReko ekipoa: Aurtengo zenbait berri, Lur ed., Bilbo, 1973.

«Intzaur koskailu», haurrentzako ipuin berria

 Etorkizuna deritzon Iruineko elkarteak haurrentzat Amadeus Hoffmann-en ipuin graphiko bat atera du kolorez, euskal itzulpena J. M Satrustegi euskaltzainaren karguz egonik. Obrattoaren presentazioa benetan bikaina da, eta titulua, intzaur (eta ez intxaur edo eltzaur), ezin hobeki jarria, Nafarroako forma hori baita, gure eritzi apalez, bestelako barianteen era jatorrena, jadanik* Oihenartek zerabilana. Ba daude, segur aski* inprimatzaileen erruz, halako orthographi oker batzuk; eta hau beti, baina ikastolako haurrei zuzentzen zaien lantxo batetan are* gehiago, hobeki zaindu beharko litzateke.

Itzulpena, dena dela, oso euskara atsegin eta jatorrean egina da. Zorionak, beraz, Etorkizuna eta J. M. Satrustegiri; eta ea hurrengoan oraingo okertxuok konpontzen diren.

Hemen eta Horain (sic)

Gure belarrietara heldu denez, P.C. delakoak aldizkari ezkutu* bat atera omen du goiko izen horrekin. Panfletua erdaraz eta euskaraz omen dator hitzaurrean, baina barreneko artikuluak gaztelania hutsez. Aldizkari horren asmoa, dirudienetik, euskaldunok «Askatasunerako pakto» delakoan sartzea da, horretarako era guztietako arrazoiak aipatuz.

Aldizkari honekin ere, alderdi komunistak, inoren orthographi okerrez barre egiten ba dakienak, beretzat euskal arloa terra incognita bat dela darakuskigu,* aurreko batetan ere Alkarrisketa (sic) delako bat ere atera baitzigun. Ea hurrengoan tino hoberik duen.

Euskaltzaindiaren bilera Lekeition

Hazilaren* 11n, Lekeitioko Herriko Etxean, Euskaltzaindiak bilera publiko bat egin zuen. Bilera honetan Eusebio Erkiaga jaun euskaltzainak bere sarrera hitzaldia egin zuen, Eusebio Maria Azkue zenaren bizitza eta lanei buruz, oso datu interesgarriak agertuz. Ondoren, Juan Gorostiaga euskaltzainak, euskaraz eta espainolez, erantzun gisako berbaldi bat bota zigun, ordurarte entzunak ez genituen hainbat gauza pitxi jakineraziz.

Gero irakasle berriei beren tituluak eta diplomak banatu zizkieten, eta azkenik Eusebio Maria Azkue Poesi Sariak eman ziren. Lehen saria, 10.000 pezetakoa, Bitoriano Gandiagari, eta accesit biak, bostna mila pezetakoak, Arantxa Urretavizcaya eta Xabier Leteri.

Geroago, euskaltzain eta haiekin zeuden irakasle berri askori, bazkaltzen egon ziren Egaña jatetxean, Lekeitioko haur kantarien taldeak zoragarrizko kantu batzuk eskaini zizkien. Oso egun gogoangarria benetan, Lekeitio eta Euskal Herri osorako. Jatorra iruditu zitzaigun, halaber,* bertako alkate eta Herriko Etxeko guztien portaera euskal kulturaren aldeko ekintza honetan.

Bertsolariak galerazirik

Durangoko liburu azoka zela eta, bertsolariak egotekoak ziren Andre Dona Mariaren elizaren aterpean, bai eta hazilaren* 11n, Lekeition, E. M. Azkueren omenaldian. Bizkaiko gobernadoreak, ordea, ez du horretarako baimenik eman; antza denez, egoki iruditu ez zaiolako.

Denbora da, agintarien baimenik ezaz, Bizkaian bertsolari txapelketarik ez dela egiten, eta ondorioak, noski, bistan dago ezin galgarriagoak direla herri literatura ahozko horretarako. Gipuzkoan holako saioak egiten uzten diren artean, zergatik Bizkaian ez dugu beste horrenbeste? Dakienak erantzun beza.

Zamorako apez presoen mutina

Zamorako presondegian dauden zazpi apez euskaldunek, Derioko gose grebagatik nahiz E.T.A.ren alde agertzeagatik kondenatuek, mutin bat egin dute hazilaren* 6an, gartzelako tresnak erre eta kiskailduz. Azkenean, gartzelarien indarrek horretaraturik, errendatu egin ziren.

Espainiako aldizkariek dakartenez, apez horiek protesta egin nahi ukan dute presondegi horretako egoera latzaz, bai eta, oraingo konkordatuaren arauera,* gartzela horretan gabe* komentu batetara joateko omen duten eta orain arte ukatu zaien komentu batetara joateko ahalmenaz. Beren eskabideak onhartu arte, diotenetik, gose greba bat eginen omen dute, eta apezpikuei beste horrenbeste egiteko eskatu omen diete.

Elizak, arazo gogor eta triste honen aurrean, jarrera ofizial bat hartu beharko duke, duda gabeki.

Martin Ugalde euskaltzaina herbesteratua

Martin Ugalde jauna, andoaindar kazetari eta euskaltzain laguntzailea, Espainiako Estatutik egotzia izan berri da Gobernuaren aginduz.

Irakurleak dakikeenez,* M. Ugaldek bai euskaraz eta bai erdaraz hainbat elaberri,* kontu eta saio idatziak ditu, literatur sari ugariren irabaztuna izanki.

Durangoko Euskal liburu eta diskoen azoka

Aurten ere, hazilaren* 1, 3 eta 4ean Durangon Euskal liburu eta diskoen azoka hospatu da; eta beti bezala —ez baita berau Euskal Herriko kultur azokarik inportanteena alferrik— izugarrizko jendetza etorri da gure Herriko zoko guztietatik. Saltzaileen eritziz, gainera, diskoetan salmentak jaitsi xamarrak izan arren, liburutan, aldiz,* askoz ere gehiago saldu da ihaz baino; eta hau ez da seinale txarra.

«Gerediaga» elkarteak emandako sariak, bestetik, honela banatu izan dira: Lehena, azterkuntza saileko lanik onenari emana, aita Luis Villasante euskaltzainburuak eraman du, JAKINen argitaratu duen Axular bere liburuagatik. Bigarrena, dituen literatur balioengatik, A. Lertxundiren Goiko kale elaberriari joan zaio, GEROn publikatuari. Hirugarrena, saio arloan, J. Azurmendiren Kultura proletarioaz izenekoari, JAKINen argitara emanari. Euskara irakasteko methodorik onenari emandakoa Euskalduntzen 2.ak jaso du, irakasle talde batek CINSA etxean argitaratuak; eta, azkenik, ikastolako libururik onena Oinatiko ikastolako haur eta irakasleen artean egindako lantxo bat izan da, CINSA etxeak berak agertua.

Zorionak guztiei.

Azokaren eratzailea den «Gerediaga» elkarteak oso serioski eta ongi bete du bere zeregina, gauzak behar bezala antolatuz. Akasño* bat aipatzekotan, hauxe litzateke: ez dirudiela oso ongi, euskal liburuen.editorial batzuk stand* berean erdi bana egon diren artean, erdal liburuen beste editorial batzuek hiruzpalau stand edukitzeak. Segurenetik, ordea, datorren urterako kontutxu hau ere ardurapean erabiliko dukete.* Dena dela, honelako feria bat muntatzeak hori baino neke haundiagoak ere ba ditu eta, bihoazkie* guztiei bihotz bihotzez gure zorionik eta eskerrik haundienak.

Lotsagarri!

Ez du beste izenik merezi Pasaiako* herriak erakutsi diguna. Uste baino lehen itsasotik etxera etorri zen marinel batek bere emaztea beste batekin aurkitu omen zuen ohean. Gizon horrek, gau berean, andrea ileetatik hartu eta Pasaiako herri osotik hura* biluzirik paseatu ondoren, haren amarenera eraman zuen, herriak leihoetatik halako «balentria» txalotzen zion artean.

Emakume gaixo haren lotsagatik izan ez balitz, kasu hau, bai marinelarena eta bai hura txalotu zutenena, Vasconia show-en agertzekoa litzateke. Kontsideratzekoa dugu, bai horixe, holako gertakari publiko eta kolektibo baten aurrean, zein den, irrazionalismorik haundienez eta aurreritzirik* burjesenez landa,* jende arruntarengan* dagoen moralbidea: guk ezikusiarena egin arren zoritxarrez dagoena, ala, proletalgoaren gorputz mystikoari nahitaez dagokiokeena.* Ez baitira gauzak hain sinpleak.

Jon Bilbao gure artean

Estatu Batuetan, Renoko Unibertsitateko bibliographo ofiziala den Jon Bilbao euskaltzaina, Eusko Bibliographia erraldoiaren* egilea —Auñamendi editorialak, euskal kulturari mesede estimagaitz bat eginez, argitaratzen diharduena— geure artean ukan* dugu urri-haziletan.

Bere etorrera honetan, J. Bilbaok harreman asko ukan ditu bertoko estudianteekin, euskal thesi eta thesinetarako bibliographi norabide ugariak emanez. Estudioak bukatu ondoren Estatu Batuetara joan nahi duketenekin* ere eritzi trukaketa interesgarririk erabili duela ba dakigu; eta, berari esker, bat baino gehiago geurtz* bertara joanen da, bere ikasketak osatzera.

Jonek kontatu digunez, Estatu Batuetako irrati-telebistetan (Nevadan eta Idahon) euskara ikasteko programmak ipintzeko. dira, horretarako hemengo methodoak behar izanez. Hemen, aldiz,* holakorik telebistan eman dakigukeela pentsatzea bera ere, zati baterako amets hutsa dukegu.*

Aditz batua salgai

Durangoko azokan, azkenean!!, Euskaltzaindiak ofizialki onharturiko aditz batua salgai ikusi genuen. Jendeak, gainera, ezin hobeki hartu zuen, feriara eramandako ale guztiak, 200 inguru, berehalaxe agortu* baitziren.

Lehen ere esan genuenez, aditz hau ez da oraindik osoa, aditz laguntzaileen formak baizik, synthetikoak eta hikakoak falta direlarik. Aditz hau, indikatiboan, Gipuzkoa-Nafarroakoa da funtsean,* subjunktiboan lapurtar kutsu nabariago* bat duelarik.

Azokan bertan bati baino gehiagori entzun genion zerbait, aditz batu hau osatzeko erabili omen den erdi tratuzko prozeduraz, bai eta protesta latzak ere Lapurdiko systema aberatsagoa onhartu ez delako. Gu geu, arazo honetaz geure aburua* behin baino gehiagotan emanak gara, honi buruz berriro iharduteko. Leibnizen modura, guk ere «oraingo aditz batu hau aditz baturik onena» dela uste dugu, «guztietarik posibleena» gertatu delako. Eta zerbait gehiago esatekotan, Hegel-Engelsen hura* gogoratuko genuke: «garai honetako euskaldunok merezi dugun aditz batua» dugula, hain zuzen. Argitasun gehiagorako, kasu, irakur bedi «Ludwig Mitxelena eta lapurtar aditz klasikoaren amaiera» delako liburu debekatua.

Aditz batu ofizial honen prezioa 10 hogerlekotakoa* da, eta Euskaltzaindira (Ribera, 6. Bilbo) eska daiteke.

ARMENDARITZ

dakiguke, daitekigu

daude, dagoz

diete, deutsee

digu, deusku

diosku, dinosku, esaten digu

dizkigu, deuskuz

genion, geuntsan

zaie, jake

zaio, jako

zigun, euskun

zion, eutson

zitzaigun, jakun

zizkien, eutsezan

zizkieten, eutseezan


Gernikako "Seber Altube" ikastola

ANAITASUNAn, 263. zenbakian, Gernikako ikastola berriari buruz P. Urtiagak egindako agiriari erantzun nahi diogu.

Gure herriko arazoetaz idazteko inor ez da nor, gaia objetibitatez sakontzeko kapaz ez bada. Sinestu nahi dugu, P. Urtiagak, bere artikulua idaztean, ez duela kontuan izan, irten eta sartu diren batzordeek, irakasleek eta herriak gustuz emango zioten informazioa. Bere agiriaz demostratzen digu, alde batetik informazioa falta zaiola, eta bestetik, dirudienez, duen informazioa alderdi batekoa dela. Uste dugu, hori ez dela gertatu kasualitatez. Bere artikuluaren azken partean agertzen duen posizio neutral batean gelditzeko pretentsioa edo nahia, mugimendu zatikatzaileari eusteko ahalegin bat besterik ez da, eskema arraroekin.

 «...ikastola berria...» Ez al dira oraindik ezagunak herriaren babes gabeko ikastolak? Ikastola amorfoak, pedagogistak eta ekonomi arazoetan bazterketa bereziekin funtzionatzen dutenak?

 «...ikastola zatitu egin da...» Gauzak berez zatitzen al dira? Inork ekintza zatikatzaile horretan jokatu gabe? Konplikazioak desegiteko era ona! Zergatik ez lehenago informatua izan, sakonago jakitearren zer indarrek, zer ekintzak, zer pertsonalismok posible egin duten zatiketa hau? Edo ba zekien aurretik, eta hala ere... «Zatitu egin dute» esatea arriskugarria. izan zitekeen artikuluaren egilearentzat.

 «...sozio izateko, aski zen 100 pezeta ordaintzea...» Hau da, herria eta ikastola kooperazio sakon batean elkartzeko eta ikastolaren helburua lortzeko era: bazkideen kontzeptu diruzalea! Beharrezkoa da burrukarako prest egotea, maila guztietan.

 «...gurasoek eta sozioek eskubide berdina...» Gernika ez da Hegoafrika, eta pertsona bakoitzak boto bat du, ikastolako batzarreetan.

 «...umeen irakaskintza, pedagogia...» Hitz batez esan nahi dugu, Gernikako arazoa ez dela pedagogi konpetentziarena, ikastolaren kontzeptzioarena baizik, eta zati herrikoiena* ikastola barruan gelditu dela. Herrikoi Izatea: herriko maila guztiek eskubidea eta lekua dutela pentsatu izan du beti batzordeak. Jakinak dira jendearen pentsamolde ezberdinak: bata, ikastola arazo sozial eta demokratikoekin elkartzen dutenena; bestea, goimailako kontsideratuak diren beste pertsona batzuk imitatuz, ikastola «popularizatu nahi dutenena, erabiltzen dituzten metodo, ideologia eta «demokraziaren» kontzeptzioekin: gehienak berekin daudela adieraziz, eta, bestela, nahi dutenean dena desegin. Zergatik jazotzen* dira ikastolan, hainbat aldiz, Chilen gertatutakoen antzeko aktuazioak?

 «...demokratiko... eritzi ez...» Demokrazia, gehiengoaren* eritziaz babesturik jokatzea da. Ikastola batean ez dago demokraziarik, herria baztertzen bada.

 «...guraso askok...» Horrek ez du ezer esan nahi, atzetik,demokrazia hitza jartzen badugu. Askotasuna ez da inoiz erabakitzailea; gehientasunak, gehiengoaren demokraziaz erabakitzen du, eta ez gertatutako golpeaz. Ez dea* golpe bat eta gehiago, Batzarre Nagusia haintzat ez hartzea, herria baztertzea, batzarre horren martxa bi eta hamar aldiz apurtu ondoren, bertatik ihes egitea, atzetik batzartuen zati bat eramanik?

Zetozen kalte izugarriak ikusirik, batzordeak beste Batzarre Nagusi batera dei egin zuen, denei agiri bat bidaliz, puntu hauekin: 1) batzordearen dimisioa, 2) bazkideen boto eskubidea, estatutoek ukatuko ez zieten arazoetan, 3) orain arteko irakasleen jarraitzea Batzarre Nagusiak erabakiko zuen motibo sakon bat ez baldin bazegoen.

Zer gertatu zen Batzarre Nagusi horretan? Kooperatibako komisio probisionalak inor ez joatea erabaki zuen, komisio bat joango zela esanez. Komisio hori ez zen batzarrean agertu!

 «...legalizazio kontuan...» Ikastolako batzordeak, arazo horri eman diezaiokeen garrantzitik* at, askotan esplikatu izan du, Delegazioan daudela beronek eskatu dituen dokumentuak. Ez da ezer falta. Gainera, batzarrea zen leku egoki eta bakarra, arazoa presentatzeko, diskutitzeko eta gehienen eritziak jasotzeko; ez erabaki gogorra hartu eta kanpora!

Kooperatibaren funtzionamenduaren oinharri bat hau da: atea irekita egon dadila nahi duten guztientzat. Ekintzek beste gauza bat frogatzen dute. Herriko pertsona bat, kooperatibaren batzarre batera informazio bila joan zenean, gogortasunez bidalia izan zen. Hau ote da demokrazia?

«Seber Altube» ikastolako batzordeak beti defendatu izan du Ikastola herrikoi* bat. Eman duen informazioa (9 Batzarre Nagusi azken bi urteotan) sakona izan dela uste dugu. Jokabide argia erabili izan du ikusi nahi izan duenarentzat, ikusmen eta entzumen argiaz, eta ez salakuntza eta kalez-kaleko gaizki esanaz, orain dela urte betetik honantz egin izan den legez,* metodoak zuzenak ziren ala ez pentsatu gabe. Ez dugu inoiz onhartu maila horretako jokabiderik.

 «...andereño tituludun batzuk...» Zein tituluri buruz ari dira? Magisteriokoari buruz ote? Andereño bik alde egin zuten, eta bost gelditzen dira. Hain euskaldunak badira, nola onhartu dituzte Euskaltzaindiaren titulu gabeko andereñoak?

 «...gurasoengan eta irakasleengan...» Guraso eta irakasle batzuek hartzen dituzten erabakiak, izan daitezke demokratikoak, bazkide eta herriko pertsonak baztertu ondoren? «Seber Altube» ikastolak ulertzen du, bazkideen partizipazio barik* behin ere ez dela izango demokratiko, ez herrikoi* ez eta ikastola ere.

 «...ikastola bi baten lekuan... pluraltasun eta dinamikaren seinalea...» Zatiketari pluralismo izena eman! Zatiketagatik hiltzea, dinamismoaren seinale! HARRIGARRIA!

 «...ea biek bizitze luze bana edukitzen duten» Guk ez dugu nahi hori. Ikastola bat bakarra gura dugu eta behar dugu. Ez zaigu berdin, euskara era batera zein bestera irakastea. Euskaraz zer irakasten den interesatzen zaigu. HEZKUNTZA* interesatzen zaigu, euskara indartuz. Ez zaigu axola* euskara euskaragatik, haurren euskaldun osoketa hoberena baizik.

Amaitu baino lehen, zera esan nahi dugu: Gernikako «Seber Altube» ikastola haur guztiei irekia dagoela (nahiko* dirurik duten ala ez begiratu gabe), guraso, bazkide eta irakasle guztiei irekia, Euskal Herriko ikastola guztiei irekia, ikastoletako problema zailaz kezkatzen diren guztiei irekia, eta, azkenik, Gernikan ikastola bakar bat lortzeko beharrizanari irekia.

Gernikako «Seber Altube» ikastolako irten eta sartu den Juntak eta irakasleak

daude, dagoz

digu, deusku

diogu, deutsagu

zaigu, jaku

zieten, eutseen

zioten, eutsoen

zitekeen, eitekean


Hiru urte eta asmo bat

Bi urte eta hamar hilabete luzatu da Chileko Allenderen agonia. la* hiru urte. Hiru urte hauei ez zaie falta izan ardatzik. Asmo jakin batek gidatu du hango Herri Batasunaren Gobernua: bizimolde sozialista baten moldaketak.

Ehuneko 36 bozekin* irten zen aurrera Allende, lehendakaritzara irixteko:* ez, ba,* gehiengo* baten indarrez, matematikari begiratzen baldin bazaio behintzat. Oposizioak % 62,7 boto jaso zituen, beraz, bere lehendakarigaien artean.

Dena dela, Kristau Demokraziak argi ikusi zuen orduan herriaren borondatea (gerora begibista lausotu* ere egin omen zaio), eta eskuetan izandako Gobernutik oposizio legezko batera pasatu zen.

Ezin uka, noski, Allenderen Gobernuaren legezko jatortasuna: kongresuan 153 boz eman zitzaizkion, lehendakari berria hautatzean, Alessandrik 35 bakarrik zituela. Kristau Demokraziaren botoak erabaki zuen dena, azken unean: hauteskunde garbia, bai; baina bai eta ahula* ere. Jatorrizko bekatu borraezina zekarren bere baitan Gobernu berriak.

1971, 1972, 1973

1970.eko hazilaren* 3an igotzen* da Allende lehendakaritzara. Berehala ekiten* zaio lanari. Zortzi egungarrenean, Banka pribatua sozializatu egiten du. Bitartean etsaia* ez dago geldi: Schneider jenerala, Indar Harmatuen buruzagia, hazilean bertan hiltzen dute. 1970.ean, urtea bukatzean, ikatz meatzak* nazioratu egiten ditu.

1971.eko apirilean, beste horrenbeste gertatzen da burdin meatzekin. Hilabete berean, udal* hauteskundeetan Herri Batasunak (Unidad Popular delakoak) % 50 boz eta gehixeago bereganatzen du. Allendek ba du herri onespena irmoturik.* Hala ulertu zuen arrakasta* hura* politika komentatzaile askok. Horren ondoren (eta Ganbara bien oneritziarekin), burdinoriaren (kobrearen) nazioratzea dator. 1971.eko maiatzean gaude, eta Allendek ez darama* oraindik urtebete Gobernuan.

Ekonomi egituraren aldaketa honetan, garrantzizko hiru erabaki hartuko ditu Gobernuak 1972.ean: industria pribatuaren nazioratzea, ITT-ren ondasunen desjabetzea, ugazaben geldieraren mozteko harmagizonei deia (Prats Barneko Ministru izendatzen du Allendek).

1973.eko urte barnean, gero eta larriagoak ageri dira Gobernuaren egoera eta etorkizuna. Martxoko diputatu hauteskundeetan, oposizioa indartsuago irteten da: 89 diputatu izanen ditu eta Herri Batasunak 63 bakarrik. Senatuan berdinki: 30 oposizioak, 20 Gobernuak. Kontrakoa zindotuz* doa, eta ekainaren* 29an gertatzen da harmagizonen lehen altxamendua. Itsasarmadak ez du orduan deus* ere lortzen; baina sintoma bat da: Chileko Harmada, politika ekintzara lerratzen* ari da. Beste alde batetik ere da datoz tiroak: 75 egun luzatzen da «El Teniente» meategiko oporketa (greba). Kontu egin dezagun, meategi hau dela Chileko handiena. 1973.eko uztailean* gaude, eta Allende gurutzebide honetan gertakizun* gogorrenei aurpegi emateko dago oraindik.

Uztailaren 26an hasiko da kamioi ugazaben* oporketa. Nazioa geldieraziko du ia,* politika zentzu ezaguna zuen oporketa honek. Chilek milaka kilometro ditu luzeran eta trenbide eskasak: ekonomi bizitza eta janari zabalkundea galduta daude, greba horrek irauten baldin badu.

Uztail-abuztuetan hiru Gobernu berritze egiten ditu Allendek. Abuztuan berriz dei egiten die harmagizonei. Abuztuaren 9an gaude. Hamabost egun barru, laga* egingo dute hauek berriro Gobernua. Abuztuko 28ko Gobernuak ez du, bere militar eta guzti, Harmadaren fidantzarik. Honen mesfidantzak laster topatzen ditu supiztaile berriak: Parlamentuaren deia (abuztuaren 22an) eta Kristau Demokraziaren agiria (irailaren* 10ean). Allenderen dimisioa eskatzen da eta hauteskunde berriak. Biharamunean posible da harmagizonen altxamendua: irailaren 11n, oraindik gaua ilun dela, jaikia da Chileko Harmada, «nazioaren ohorea eta moral balioak salbatzeko».

Bide bat

Hori da hiru urteetako politika burrukaren egunkaria. Baina zertarako eta zeren bila eraman da burruka hori? Allende sozialista zen, baina marxista liberal bat, Dubceck bezala. Ez zuten batere maite eskuindarrek, ez eta ezker-ezker muturrekoek. Ez zen haien gizona. Interes eta fede desberdinak zituzten. Ez MIR ezkerrekoak, ez Partido Nacional-ekoek, ez eta Kristau Demokraziako zenbaitek ez zuten deus* maite Allende. Bakoitzak zituen, eta ditu, bere arrazoiak, batzuetan jatorrak, besteetan konfesaezinak.

Baina zer bilatzen zuen Allendek bere politikarekin? Puntu hauexetan labur liteke haren programa:

- lan soldatak berdinagoak nahi zituen, askotako alde izugarri haik* gabe. Langile mundu berdinago bat gura zuen.

- aministrazio garbiago bat eskatzen zuen: ez herriaren lapurrik, ez mesedekeriarik.

- langile eta jende arruntarentzat* erretiro egunekoagoak, hobeak.

- atseden egun bidezkoago eta egokiagoak.

- hirigizon guztientzat gizarte-babesgarri segurago bat, eta familientzat ardura* gehiago.

- haurra zoriontsu izateko jaiotzen da: mantenu hobea, esnea haur denentzat.

- etxebizitza egokiak guztientzat: ur, argi...

- lur partiketaren erreforma bat, gizarte osoaren onetan.

- medikutzaren erreforma: gaixoetxe, farmazia eta zerbitzu hobeak.

- herri osoaren edukazioa: ikas ordainketak, adinekoen hezkuntza* berria.

- janariak zerga* guztietatik libratu behar dira; lanik gabekorik ez.

Hau izan da Allenderen programaren funtsa.* Indar asko izan ditu atzetik bultzaka. Baina ez aski* aurretik, kontra eraso* diotenak garaitzeko. Chilen esperantza bat hil da, eta, itxura denez, itxaropen berririk nekez jaioko da denbora luze batetan. Herria, herri xumea,* herri sufrituori, berriz ere zanpatua izan da. Erreakzioa jabetu da aginteaz, eta, dirudienez, uste zen baino kontraekintza zitalagoa, gaiztoagoa. Nork salbatuko du Chile? Nork, esperantza izan zuen herri hura?

JOANES GOIA

dezagun, daigun

diote, deutsoe

die, deutse

gaude, gagoz

zaie, jake

zaio, jako

zitzaizkion, jakozan


Guztiok dakigu erdaraz; inor ez da idiota

Oso aldizkari euskaltzale batek, Donostiako «El Diario Vasco» erdal egunkariak, euskaldun erreakzionario guztiei zabaldu dizkie ateak. Guztiz gogoan eduki behar ditugu, Euskaltzaindiaren kontra eta euskararen batasunaren kaltean, bertan erran* diren gehiegikeriak. Oraindik ere, euskaraz agertzen da zenbait artikulu, baina bertan ez dira ezertarako errespetatzen Akademia Euskaldunaren aginduak. Zer esanik ez dago, Akademia Gaztelauaren aginduak bai ongi eta itsuki errespetatzen direla bertan; hortik ederki ikus ahal dezakegu, amorio, itzal eta begiramendu gehiago gordatzen zaiola Gaztelari, Euskal-Herriari baino. Abogadu batekin kontsulta egin beharko litzateke, ea Espainiako «Leyes Fundamentales» direlakoetan ez den ezer erraten diskriminazio honi buruz.

Egunkari horren euskal orriak hornitzera etorri direnen artean, Lino Akesolo fraile karmelita aurkitzen da. Hau ene ezagun aspaldikoa da. Ez dakit zergatik, baina inolako maitasuna eta zaletasun erdiragarria* hartu dit. Egiazko aita espiritual eta paternal baten antzean, ene oker guztiak zuzentzeko prest dago beti. Ez du okasiorik galtzen. Onerako nahiz gaiztorako; baina ez dit ezer barkatzen.

Adibidez hau, «El Diario Vasco» aldizkari abertzalean gaztigatzen* didana. Hau gogorra da; begira nola gelditu zaidan lepa-hezurra hamar zatitan. Zeren* neure bizitzeko bekaturik larrienean hartu bainau.

«Fontes Linguae Vasconum» errebistan, lan luze bat argitaratu baitidate, eta batez ere beste biaren* ondoan, arduratzeko arriskua da hori.

Ene lana, Leizarragak erabilitako hitzez da. Ez nuen lan lexikografiko bat egin nahi ukan;* ba dakit hori ez dela ene axola,* ez bainaiz filologoa: bakarrik kontadore poeta euskarak zoratu bat... Eta hala aitortzen nuen neure lanean: ... «el objeto que ha (he) perseguido no ha sido el de hacer un trabajo lexicográfico...» Zergatik eskatzen dit Akesolok, nik prometitu ez dudana? Are* gehiago: Zergatik exijitzen dit, emanen ez nuela erran nuena?

Euskaratik erdarara emandako itzulpenean zearo oker batzuk (H-a ahaztu zaio Akesolori: eskiribatzen ez dakien batek, nola har ahal dezake bere burua jakintsutzat?) aurkitu ditu. Ez da harritzekoa. Aldez aurretik aitortu nuen nik: «La traducción castellana es solo indicativa» eta «el catalogador (bekatari honek) reconoce que han de existir fuertes lagunas en estas traducciones».

Hala ere, aitek ere, bere* asmo on guztiak gora-behera, huts batzuk egiten dituzte noizean behin. Zeren ene itzulpen bi aipatzen ditu bereziki: bata «libertu» hitza, nik «liberto» gaztelaniatu nuena; eta bestea «marreçan» hitza, nik erdaraz «violencia»-tzat hartua. Lehenaz, «libertu»-az, hauxe da, Leizarragak dakarren textua (guti gora-behera, buruz eskiribatzen baitut —Schuchardt-en edizioa ez dadukat orain esku-artean—), eta ez Akesolok ematen diguna: «...halatan Iaincoaganik... alienatu içan da...; eta bere spirituan itsuturik eta bere bihotzean gaichtaturik, galdu vkan du integritate eta perfectione gucia, batre libertu ez gelditu gabe». Eta honela esplikatzen digu (Akesolok, alegia*): «Alegia, pekatu egin ezkero, gizonari ez zaiola leengo osotasunetik ezer gelditzen». Baina nik, berriz, honela: Integritatea galdu ondoren, batere gizonik ez dela gelditzen Jainkoaganikako alienazioa den joputasunetik* libertu. Eta libertua esklabo izandakoa da, libertatu dutena, gizon liberta. (Baina Akesolok ez bide* daki erdi-euskara hau. Bakarrik bide* daki ortografiarik gabeko euskara). Baina puntareango* akabukoa dena, berak libertu hitzari emandako etimolojia da: lipar-etik!!! (linber, linbur, liper, lipher). Baina liper hori ez da (hor dago Azkue lekuko*) ondar; gauza tipia baizik! Honekin Akesolok, haritz honek edo zezen honek ez dudan adarra jo nahi ukan didala iruditzen zait.

Bigarrenez, argi handi bat ematen digu Akesolok, bide batez borogatzen* baitigu, Leizarragak frantsesetik euskaratu zituela bere lanak, aspaldiko gure ustearen arauera,* eta ez, Oregi jaunak gogorki diskutitu digun bezala, grekotik. Frantsesez (Deustuko Unibertsitatean frantsesa irakasten duen profesoreak diostanez), «glaive» ez da «ezpata» (Leizarragak hainbestetan erabilia), beste harma zuri laburrago eta gogorrago bat baizik (frantsesez «ezpata», épée bide da). Baina, dirudienez, «feu et glaive» gaztelaniazko «sangre y fuego». Hau da gaztelania matizatu* gabean: «incendios y violencias». Behar-bada, Leizarragaren «marreçan» hori beste harma bat izan liteke, adibidez «marrazo» hori, «bi ahotako haizkora» eta gaur egunean «baioneta» erran nahi duena, Axularren «buiraka» gaztelaniazko «burjuca» den bezala. Duda honen gainean, «sensu stricto» alde batera utzirik, «sensu lato» itzuli nuen.

Bukatu baino lehen, Akesoloren galdera bati erantzun nahi diot, Honi: «Euskaldunok idiotatzat artu al gaitu?» (ortografia da Akesoloren gal-bidea). Honela: «Ez euskaldunok; gu oso pertsona normalak baikara. Bera bezalakoak, agian*».

Akesolo eta bion artean lokarri bortitz* bat dago; hura* ene aita paternala da, eta ni haren seme filiala.

Eta Elektraren eta Ediporen mitotik datorkiguna: «Heriotzeak separa zaitzaten arte gorrotatuko duzu gizon hau». Egun batez bat edo beste hilen gara, eta orduan ez naiz gorrotatua izanen.

Inork Akesolo adiskidearen arrazoi guztiak ezagutu nahi baditu, irakur beza «El Diario Vasco», San Sebastian, 30 de septiembre de 1973, página 12. Nik neure adiskide maite eta ez behar bezala inoiz laudatu Josu Arenatza demokrata handiari eskerrak ezagutzen ditut.

GABRIEL ARESTI

beza, bei

dezake, daike

dezakegu, daikegu

didate, deuste

digu, deusku

diot, deutsat

dit, deust

dizkie, deutsez

zaio, jako

zait, jat

zaitzaten, zaiezan


Euskal Herriko piztiak

Saguzaharra (17)

Iluntze gorria, biharamun eguzkitsu baten seinale. Eneko komunetik dator. Bertan ahoa uraz garbitu dau, hagin bat jausi jako eta.

— Hara, osaba! Hagin bat kendu dot.

— Kontxo! Laster hagin barik geldituko zara eta agure bat bihurtuko.

— Ez, baina gero beste berri bat irtengo jat.

— Horretarako, baina, saguzaharrari bota beharko deutsozu zaharra.

— Saguzaharrari? Zer da ipuin hori?

— Ohitura zahar bat da. Txikitan, hagin bat galtzen genduanean, guk ha* teilatura jaurtikitzen genduan, hauxe kantatuz: «Saguzaharra / eutsi* hagin zaharra / ekarzu hagin barria / saguzahar barregarria».

— Hori bai dala kantu politta. Goazen kanpora, osaba, ea saguzaharren bat aurkitzen dogun, hagina jaurtikiz kantu hori kantatzeko.

Aitonaren baserritik irten eta oskorritik* dantzan ari diren saguzaharretariko bati botatzen deutso mutikoak hagina, osabaren kantaz batera. Gero, piztiatxoei apur batez adi egon ondoren, osabari ba dinotso:

— Aizu,* osaba! Ezin harrapa geinke saguzahar bat?

— Ez da erraza, baina ikusiko dogu. Osabak txapela kendu eta saguzaharrei laupabost bider bota ondoren, azkenean, dzapa! batek txapela jo eta lurrera daror* durditurik.* Osabak eskuaz altxatu eta, hatzamar* artean harturik, Enekori erakusten deutso hegal* biak zabalik.

— Zein polita dan, osaba! Konta eistazu zelan* bizi diren saguzaharrak.

— Hara! Saguzaharra, hegalduna izan arren, ez da txori bat; eta, horregatik, ez dago hain ondo euskaldun batzuek ematen deutsoen izena: gauenara, gauekoa izan arren, enara* edo elai bat ez dalako, sagua moduko ugaztun* bat baino.

— Eta hegalok zerez eginak dira, ba*? Lumarik ez dau, ez da, osaba?

— Ez, ez dau lumarik. Hegalak azalaren zabalera batzuk dira, bere beso eta hatzamar luzeak elkarrekin lotzen deutsoezanak. Honi esker, hegaka* joan daiteke airetik.

— Eta zer jaten dau saguzaharrak?

— Airean aurkitzen dituan intsektuak: eltxoak,* sitsak,* gautximeletak,* kokoak eta abar.

— Eta zelan ikusten ditu gauean, ba?

— Ez ditu ikusten, radarraz antzeman* baino. Saguzaharrak txilio edo garrasi ixil batzuk* egiten ditu etengabe; eta txilio honeek, aurrean zerbait aurkituz gero, intsekturen bat edo, atzera egiten dabe berriro, oihartzun* baten modura. Saguzaharrak, txilioa botatzen dauanetik haren erantzun edo oihartzuna jaso arte pasatzen dan denboragatik, ba daki zelako* tartea dagoen aurreko oztopo horretatik. Eta intsektu bat bada, hara doa, jateko; eta zuhaitz baten abarra bada, berriz, handik aldendu egiten da, kolperik ez hartzeko. Guk, txapelaz, erdi kasualitatez lurreratu dogu hau.

— Eta egunez non bizi da saguzaharra, osaba?

— Egunez eta negu osoan, koba, teilatupe, haitzulo edo eta zuhaitzen barruan gordeta egoten da lo, goitik behera zintzilik. Udaberria etortzean, berriz, ostera* ere irteten dira saguzaharrak kanpora, intsektuak jatera. Dakusazunez,* saguzaharra oso mesedegarria da; eta, horregatik, hau ere askatu eta joaten utzi beharko dogu.

— Bai, bota eizu, osaba! Dabilela airetik besteekin!

Osabak airera botatzen dau, eta piztiatxoa, askatasuna lorturik, berriz ere hasten da hegazka zerutik.

— Zelan dau saguzaharrak izena erdaraz?

— Espainolez murciélago eta frantsesez chauve-souris (= xov surí). Zientzizena, berriz, bat gabe,* askotxo dira, saguzaharren artean mota ugari dago eta. Gure artean ezagunenetariko bat Rhinolophus ferrum-equinum dogu.

TRAUKO

dabe, dute

dau, du

deutso, dio

deutsoe, diote

deutsoez, dizkiote

deutsozu, diozu

eistazu (eidazu), iezadazu

geinke, genezake

jako, zaio

jat, zait


Ostirale batetan antolatutako jaiak

Maiz* askotan ikusi dugu, herri batetako jaiak hurbiltzerakoan, hamaika gazte mugitzen, jaiak antolatu behar direla eta. Bai ipintzen dutela adorea*! Txistulariak, euskal kantariak, harrijasotzaileak... et, uzten dutenean, bertsolariak. Gertakari honek, euskal kutsuzko herri askotan, ondo asetu gabe diruditen kitarrista bizardun askok baino poztasun handiagoa sorterazten duela esan genezake.

Baina ez noa hemen haiek egiten dituzten ahaleginen eta sorterazten duten giroaren aipamenik egitera. Lerro hauetara dakarkizuedana, bizi izan dudan esperientzia larri bat da.

Ba da Euskal Herriaren barnean herri ttiki handi bat. Handia eremuz,* ttikia jendez. Ehuneko 99,99-k euskaraz egiten duela esan genezake. Baina, herri hartako jaiak heltzerakoan, ez zen gazte ausartik* asko, jai horik* antolatzeko.

Azken egunerarte ez zen inor mugitu, eta mugitu zenaren aipamenik ez egitea hobe. Han ikusi genituen ikustekoak! Manolo Escobar-en azken kantu famatuori behin eta berriro kantatzen saiatu zen orkesta «famatu» bat; eta ez orkesta bakarrik, jendea, kutsapenez* edo, tabernetan ere saiatzen baitzen. «Juegos infantiles» direlakoak ere ukan* genituen. Hauk* ere erdaraz izan ziren, noski. Berriz ere umeak, dabiltzan bezala ibiliko dira! Ala, hemen ere, Euskal Herriaren «bilinguismokeria» kontuan eduki beharko ote dugu?

Azkenean, beti bezala, umeteria barre algaraka* eta jaien antolatzailea egindako obraren zain zegoela, pailasoak* agertu ziren. Hauk ere ezin zitezkeen besteak baino guttiago izan, denak baratze* bateko loreak baitziren.

Jai honetan, geografiaz asko ikasi genuen. Dena zen «ismo» baten ezagugarri. Pilarica-ren magalpean gordetzen den ohorea eta abar ondo baino hobeto ikasi genuen. Egia esan, ni neu aspertu egin nintzen.

Jaiaren azken zatia, pailasogintza, jai guztiaren sintesia izan zen. Baina, ene ustez, honetan bi gauza bereizi beharko lirateke: pailasokeria eta pailasotasuna. Gure artean, zoritxarrez, maizetan* pailasokeria da nagusi.

HARRIET

dakarkizuet, dakartsuet

genezake, geinke

zitezkeen, eitekezan


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Irrisolasak

Trankil horregatik!

Senarrak: — Aizan,* Joana! Operara joateko txartelak lortu zitinat.

Emazteak: — Oso ederki! Oraintxe berton hasiko nauk maneatzen.*

Senarrak: — Bai, has haiteke; baina trankil horregatik, txartelak bihar gauerako ditun eta.

Gomendatu bizkorra

Mutil bat, ongi gomendatua* bera, lantegi batetara doa, lan bila. Arduradunak,* haren paperak irakurri ondoren, ba diotso:

— Hara! Egia esan, orain ez dugu zuretzako beste lanik eta...

— Horrek ez du batere ardura* —mutilak erantzunez—, nik neuk lan guttirekin asko dut eta.

Ez da ezer

— Andrea! —diotso neskameak—. Etxeko jauna egongelan erorita* dago konorterik gabe, eta eskuan paper bat du.

— A bai?! Ez ardurarik ukan,* ez da ezer, horrek esan nahi du ene kapela berriaren faktura heldu egin zaiola.

Hitza bete

— Egiaz sentitzen dut —estudianteak etxeko andreari—; baina hilabete honetan ezin dizut gela ordaindu.

— Hori lehengo hilabetean ere esan zenidan!

— Zer, ba*? Ez dut neure hitza bete ala*?

Oso erraxa

Koldok bikiak* ditu. Lagun batek, elkarrengandik bereizteko nola konpontzen den galdetzen dio.

— Oso erraxa da. Kontatzeko agintzen diet.

— Eta?

— Bai, ba*! Batak 1.000raino daki kontatzen, eta besteak, aldiz, 900eraino bakarrik.

Praktikaren ondorioa

— Aizu*! —diotso medikuak gaixoari, adore* eman nahiz—. Baina goizeon atzo baino hobeki egiten duzu eztul.

— Jakina, gau osoa praktikatzen eman dut eta.

diet, deutset

dio, deutso

ditun, dira

dizut, deutsut

nauk, naiz

zaio, jako

zenidan, zeunstan

zitinat, ditut


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (29)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ABURU, eritzi.

ADIN, edade.

ADORE, ardor, entusiasmo, ánimo.

AGIAN, beharbada, nonbait.

AGORTU, ahitu.

AHOZKATZE, pronunciar.

AHUL, makal.

AHULTASUN, makaltasun.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.

AIZAN, adi ezan, adi ein.

AIZU, adi ezazu, adi eizu.

AKASÑO, akats ttipi, faltita.

ALA, o qué?

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALGARA (barre algara), karkaila, carcajada.

ALOR, arlo.

AMUARRAIN, amorrain, amurrain, trucha.

ANTZEMAN, conjeturado.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARDURA, axola.

ARDURADUN, axoladun, artadun.

ARDURATZE, axolatze.

ARE, oraindik, aún, encore.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRUNT, común, corriente.

ASKI, nahiko.

ASMATU, asmatutako, asmaturiko, asmaturikako.

AT, kanpo, landa, fuera.

AUKERA, abagadune, parada, ocasión.

AURRERITZI, prejuicio.

AUSART, osado, valiente.

AXOLA, ardura.

AXOLATU, arduratu.

BA, bada, pues.

BARATZE, ortu.

BARIK, gabe.

BATIK BAT, batez ere, bereziki, guztiz ere.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHATU, begiratu.

BERE, beren, haien.

BESTEKO, adinako (ainako), bezainbesteko, bezainbateko.

BEZERO, cliente.

BIA, biga, bi.

BIDE, agian, nonbait, beharbada.

BIHOAZKIE, beioakioez, ioan bekizkie (bekioez).

BIKI, biritxi, mellizo, gemelo, jumeau.

BILAKATZE, bihurtze.

BIRFINKETA, iragazketa, refinación.

BIRRINTZAILE, erraustaile, demoledor, pulverizante.

BOROGATZE, frogatze, probar, demostrar.

BORTITZ, sendo.

BOZ, voto.

DAKIKE, daki nonbait.

DAGOKIOKE, dagokio nonbait.

DAKUSAZU, ikusten duzu.

DARAKUSKIGU, erakusten digu (deusku).

DARAMA, daroa.

DAROR, erortzen (jausten) da.

DATEKE, da nonbait.

DEA, da + a. (A bokala, galdeetan eransten zaio aditzari).

DEMAGUN, eman dezagun (daigun).

DERITZA, deritzo, erizten zaio, deitzen da.

DEUS, ezer.

DUKE, du nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

DURDITU, aturdido, étourdi.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EKAIN, junio.

EKARRI, aportado, aportación.

EKIALDE, eguzki alde, oriente.

EKITE, ocuparse, aplicarse. (Aditz hau intrantsitiboa da).

ELABERRI, novela, roman.

ELTXO, mosquito.

ENARA, golondrina, hirondelle.

ERABAT, guztiz, zeharo, completamente.

ERASO, ataque.

ERASO, jazarri, oldartu, atacado.

ERDIRAGARRI, desgarrador, déchirant.

EREMU, extensión, territorio.

ERITASUN, gaixotasun.

ERLA, pez pequeño, blanco, de barras negras.

ERORI, jausi.

ERRALDOI, gigante, géant.

ERRAN, esan.

ERRUDUN, hobendun.

ESEKI, esegi, eskegi, colgado, pendu.

ESKUTAN, en manos. (ESKUETAN, en las manos).

ETSAI, arerio, kontrako.

EUTSI, tori, har ezazu.

EZKUTU, izkutu, clandestino.

FROGA, prueba, demostración.

FROGAKETA, comprobación, experimentación.

FROGATU, probado, demostrado.

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia.

GABE, en vez de, en lugar de, au lieu de.

GAINDi, zehar.

GAINDITZE, superar, franquear.

GAKIZKION, ekin gakizkion (gakiozan). Ekin aditzaren subjuntiboko forma. Aditz hau intrantsitiboa da.

GAUTXIMELETA, farfail, mariposa (papillon) nocturna.

GAZTIGATZE, amonestar severamente.

GEHIENGO, mayoría.

GERTAKIZUN, hecho por ocurrir. (GERTAERA, GERTAKARI, hecho ocurrido).

GEURTZ, datorren urtean.

GISA, gisara, modura.

GIZADI, humanidad.

GOITIBEHEITI, gorabehera.

GOMENDATU, artamendatu, recomendado.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GUDU-ATERRI, interrupción guerrera, alto al fuego.

HA, hura.

HAIK, hareek. Haiek (heiek) aktibo, haik (hek) pasibo. (Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 82. horrialdea).

HALABEHAR, fatalidad.

HALABER, igualmente, así mismo.

HASERA, haste, hastapen. Ene eta beste askoren ustez, hitz hau hobea da euskara baturako, hasiera hitza baino. (Ikus ANAITASUNA, 261. zenbakia, 15. horrialdea).

HATZAMAR, erhi, dedo, doigt.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HEGAKA, hegaz.

HEGAL, hego, ala, aile.

HEIN, neurri, medida, proporción.

HERRIKOI, patriota, entregado al pueblo, apegado al pueblo, aficionado al pueblo. (Idazleren bai, esate baterako, «popular» dela adierazteko, ez da erabili behar —aspaldion askok egiten duten legez*— herrikoi hitza, herri-idazle edo beronen antzeko besteren bat baizik).

HEZKUNTZA, hezketa, educación.

HIBIERAZTE, jabalerazte, calmar.

HOBETSI, preferido.

HOGERLEKO, (hogei errealeko), bost pezeta, duro.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORREGATIXEK, horrexegatik.

HURA, ha.

HUTSARTE, tiempo libre.

IA, kasik.

IGOTZE, igote, igate. (Igan, igon, igo: hirurotarik zein euskara batuan?).

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro.

IRAGATE, igarotze, pasatze.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu.

IRMOKI, fermuki, firmemente.

IRMOTU, irmetu, fermutu, consolidado, afianzado.

ISURI, inclinado, propenso.

ITXARON iguriki, igurikatu.

IZOZTE, congelación.

IZUKIN, salmón.

JADANIK, ya.

JAINKOARREN, por Dios, por el amor de Dios.

JANTZI, culto, dotado.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, soportado.

JAUNSKILA, jauntto.

JAZO, gertatu.

JAZOTZE, gertatze.

JOPUTASUN, esclavitud.

KUTSAPEN, contagio.

LAGA, utzi.

LAGUNDUKO ZIEN, les hubiera ayudado. (Iparraldean aditz honek akusatiboa eskatzen du: lagunduko zituen).

LANDA, kanpo, at, lekora, fuera.

LAUSO, nube o catarata del ojo.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHENGAI, materia prima.

LEKUKO, testigu.

LERRATZE, deslizarse, glisser.

LILURA, encanto, fascinación.

LUDITAR, mundutar.

MAIZ, sarri.

MANEATZE, maneiatze, aprestarse, disponerse.

MATIZATU, ñabartu, matizado, nuancé.

MEATZA, meategi, meatoki.

MEN, poder, alcance. (MENDE hitza, ene eritziz, ehun urtetako denbora adierazteko erabili behar litzateke euskara batuan).

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

METODU, metodo. (Biotarik zein: metodu ala metodo?).

MEZU, mensaje.

MILURTE, milenio.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARI IZAN, advertirse, notarse, percibirse.

NAHIKO, aski.

OHI, habitualmente, se suele.

OIHARTZUN, eco.

OPARO, abundante.

ORGATILA, orga ttipia, orgatxo, orgatto, orgaxka, carretilla. (ORKATILA, tobillo, cheville du pied).

ORO, guzti.

OSKORRI, cielo rojizo.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OSTERA ERE, berriro.

PAILASO, zanpantzar, payaso, bouffon.

PASAIA, Gipuzkoako Pasajes.

PATU, hado, destino.

PIZTIATZAR, alimaña, monstruo.

PUNTAREANGO, puntatikako, puntatiko.

SARRI, maiz.

SITS, polilla, teigne.

SUNTSITU, hondatu, destruído.

TAMAL, pena, sentimiento.

TANKERA, estilo.

TAXUTU, antolatu, atondu, moldatu.

UDAL, municipio.

UGAZABA, amo, dueño, maître.

UGAZTUN, mamífero.

UHIN, olatu, ola, vague.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URTARO, estación del año.

UZTAIL, julio.

XUME, humilde, sencillo.

ZAMATU, kargatu.

ZANPANTZAR, payaso, bouffon. (Ikus Tournier-Lafitte, «Lexique Français Basque»).

ZATEKEEN, izango zen, habría sido.

ZATIKARI, divisor.

ZELAKO, nolako.

ZELAN, zela, nola.

ZENBATZE, contar.

ZEREN, ze, pues.

ZERGA, legar, impuesto, contribución.

ZERIDAN, me manaba, il me coulait. (Erion aditzaren forma).

ZILEGI, lícito.

ZINDOTU, consolidado, fortificado.

ZIOTEN, inoen, esaten zuten.

ZITUZKEEN, zituen nonbait.

ZUKETEN, zuten nonbait.

ZURIBIDETZE, justificar.


Babilonia, Euskal Herria eta numeroak

Esku artean dudan Sir James Jeans idazlearen liburu batek, artikulutto hau idaztera bultzatu nau. Liburu honetan Fisikaren historia aztertzen da, eta Babiloniako numeratze sistemei buruz zenbait eritzi dator.

Ez dakit, inoiz axolatu* ote zaren, numeroek edo, hobeto esan, numeratze sistemek duten historiaz. Darabilagun numeratze sistemarekin nahiko ondo konpontzen garelarik, ez dugu pentsatu ere egiten, zergatik den sistema hau, den modukoa.

Aristotelesen eritzia

Hainbat gaitan bere eritzia azaldu zuen filosofo honek, hauxe guti gorabehera idatzi zuen numeratze sistemei buruz, «Problemak» izeneko lanean: «Munduko gizon guztiek, grekoek zein barbaroek, zergatik hartzen dute, zenbatzeko* oinharritzat, hamar numeroa, beste edozein numero hartu beharrean? Hau ezin daiteke kasualitatea izan, beti eta mundu osoan gertatzen dena ez baita kasualitatea... Gizonak hamar hatzamarrez* jaiotzen dira; eta horregatik hartzen dute numero hau, beste gauza guztiak zenbatzeko».

Sarri* askotan, gure ezagupena muga batzuen barruan geratzen da; eta herbestean gertatzen diren gauzak ez ditugu kontutan hartzen. Eta, ideien jeneralizatzea atsegin dugularik, gure inguruan gertatzen denak, mundu guztian ere jazo* behar duela pentsatzen dugu. Eta, maiz,* oker gaude. Numeratze sistemetaz ari baikara, ikus dezagun babiloniar eta euskaldunen kasua.

Babiloniako numeratze sistema zaharra

Lehen batean, munduko herri gehienek bezala, hamarreko sistema erabili zuten babiloniarrek ere. Baina hango jakintsuek, kalkuluak egiten hasi ziren bezain laster, sistema hau ez zela guztiz egoki eta erabilgarri ikusi zuten. Hamar numeroak bi zatikari* baino ez ditu (2 eta 5). Hau honela izanik, 3,333... eta 2,25 frakzioak agertzen zitzaizkien maiz. Batzuek esan ere egin dute, hobe zatekeela* gizonak hamabi hatzamar ukan* balitu, hamabi numeroak lau zatikari baititu (2, 3, 4, 6). Hala ere, 5 ez da 12ren zatikari.

Babiloniar jakintsuek asmatu sistema

Bi milurte* Kristo aurretiko babiloniar jakintsuek sistema bien (10 eta 12 oinharritzat hartzen zuten sistemen) abantailak* batu nahirik, hirurogei numeroa hartu zuten oinharritzat. Hirurogei numeroak hamar zatikari ditu (2, 3, 4, 5, 6, 10, 12, 15, 20 eta 30).

Oraino ere bizirik dirau sistema honek zenbait zientzi alorretan.* Frogatzat,* hor dugu denbora unitateen zatiketa (orduak hirurogei minutu, eta minutuak hirurogei segundu), eta era berean angulu unitateen zatiketa (graduak hirurogei minutu, eta minutuak hirurogei segundu).

Anguluak neurtzeko erabiltzen ditugun unitateak Babiloniatik datozkigu. Babiloniarrek aukeratu zuten 360º, zirkunferentzia osoaren angulu neurria adierazteko. Numero honen hautatzeari buruz, eritzi desberdin bi daude.

Batzuen eritziz, babiloniarrek triangulu ekilateroen anguluak hartu nahi ukan zituzketen* unitate bezala. Eta, numeratze sistema berriaren oinharria 60 zelarik, haietako angulu bakoitzari 60 gradu ematea erabaki zuketen.* Zirkunferentziak, beraz, horrelako sei anguluren besteko* zabalunea baitu, 360 gradu zituzkeen.*

Beste batzuen eritziz, ostera,* astronomi lanetan sortu zen beharbada graduatze modu hau. Ikus dezagun nola. Urteak 360 egun guti gorabehera zituela ikusi zuten babiloniarrek. Ilargiaren goitibeheitien* arauera* nola edo hala urtea moldatzeko hogei eta hamar eguneko hamabi hilabete asmatu zituzten. Hala ere, urtea luzettoagoa izanik, noizik noizera extrako hilabete batzuk sartzen zituzten, urtaroekin* batera joateko. Geroago, Zodiakoa asmatu zuten eta Zodiakoan hamabi zati egin zituzten. Eguzkiak honelako zati bat iragaten* zuen hilabetean. Zodiakoaren zati bakoitzean beste hogei eta hamar zati egin zituzten, eguzkiak zati bat egunean iragan zezan. Beraz, zirkunferentzia osoan 12 x 30 = 360 unitate ziren.

Ikusi dugunez, munduko gizon guztiek ez zuten numeratze sistema bera erabiltzen, zientzi kalkuluetan behintzat. Babiloniarren sistema berri hau gizonaren adimenaren fruitu bat zen, eta orduko Babiloniako zientzigizonek bakarrik erabiltzen zuten, jende xeheak hamarreko sistemaz zenbatzen baitzuen. Arrazoia ote zuen Aristotelesek?

Euskaldunen kasua

Hain urrun joan gabe, azter dezagun, etxean bertan dugun numeratze sistema. Egun,* hogei, berrogei, hirurogei eta laurogei numeroak erabiltzen ditugu. Lehenago, bostogei ere erabiltzen bide* zen: «Bostogei urtetako dontzellatxo bat» izeneko herri kanta lekuko.* Seihogei ere erabiltzen zen nonbait: «Ba zen han berean konpainia bat seihogei personaren ingurukorik» (Leizarraga, Act. 1, 15). Beraz, dirudienez, gure asabek hogei numeroa hartu zuten oinharritzat. Zer dela eta? Airean geratzen da galdea.

Nik zerbait aipatu nahi nuke, euskaldunok erabiltzen dugun sistema honetaz.

Euskaldunok nahaste bat dugu, mintzatzean eta idaztean erabiltzen ditugun sistemen artean, mintzatzean hogeika eta idaztean hamarka zenbatzen dugu eta. Bestalde, hamarreko sistema mundu osoan erabilia da; ez dago, beraz, sistema hau baztertzerik. Eta euskal sistemaren baztertzerik ere ez!

Askotan, euskaldunok erdarara jotzen dugu, numeroak ahozkatzean.* Zer egin? Ene ustez, eginahala egin behar genuke, euskararen bideak errazteko, beti eta edozertaz euskara egoki batez mintza gintezen. Eta horretarako, numeroek sorterazten dizkiguten buruhausteak azterturik, haik* erabiltzeko euskal modu bat prestatu behar genuke.

Adibide bezala, telefonoen kasua aipatuko dut. Problema hau euskaldun gehienoi gertatu zaigu. Erdaraz, binaka ematen ohi dira numeroak. Eta euskaldun askok, erdal influentzipeari egonik, ohitura berori dute. Demagun* numero bat: 70-49-52 (hirurogei eta hamar, berrogei eta bederatzi, berrogei eta hamabi). Hori entzunez numeroa idazten ari dena, dudatan jartzen da, berrogei entzutean ez baitaki 4 ala 5 idatzi behar duen. Honelako kasu batetan, euskara eta erdararen arteko nahastea gainditzeko,* hobe dateke,* numeroak banan banan ematea. Beraz, 7-0-4-9-5-2 (zazpi, zero, lau, bederatzi, bost, bi).

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezagun, daigun

dizkigute, deuskuez

gaude, gagoz

zaigu, jaku

zezan, eian

zitzaizkien, jakezan