ANAITASUNA

252. zenb.

1973.eko martxoaren 30ekoa

Pelota, 4 - 1.º - Bilbao-5

Tel. 23 74 49 - Apart. 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkari: Josu Torre.

Bulegoa: Pelota, 4-1.º - Bilbao-5.

Imprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35 - Bilbao-10.

Moldatzaile: RALI, Particular de Costa 12-14, 3.º - Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Urre patroia eta Bretainia haundiaren inperioa

Nazioarteko harreman ekonomikoak (salerosketak eta abar) ez dira beti berdinak izan eta neurri berekoak; eta aldakuntza hoien arabera* aldatu da diru sistema ere. Dirua baita, harreman hoik* errazten eta aisatzen* dituena; dirua baita ekonomiaren lubrikantea.

Egungo* krisia ondo konprenitzeko, beharrezkoa dugu atzera begiratzea. Eta ez historiaren erakusketaz baliatzeko bakarrik, ez; bai eta aintzinako sistemetara itzuli nahi dutenak ere ba direlako. De Gaulleren jokaera bide horretatik joan zen, 1965. urtean dolarrezko erreserbak urrez ganbiatzea erabaki zuenean. Jacques Rueff, frantses teorikoak, hori kontseilatu zion.

Urre patroiaren teoria

Diru sistema honen helburua, nazioarteko harreman ekonomikoak permititzea zen. Esan nahi da, urre patroiak Pagamendu Balantzearen ekilibrioari eutsi behar ziola, eta desekilibrioak zuzendu; eta hori dena automatikoki. Edozein erresuma* arteko zor eta hartzeko,* urre soilean ordaindu behar zen. Urreak eta paperdiruak, legeak ezarritako proportzio batean egon behar zuten; eta edozein pertsonak truka zezakeen paper- edo bankudirua urreagatik. Estatuetako Banketxeak horretara behartuak zeuden.

Kanpoarekiko* ekilibrioari atxikia* egon behar zuen ekonomiaren funtzionamendu guztiak. Hori zen, XIX. mende osoan eta lehen gerrate haundirarte, xederik* nagusiena.

Demagun,* Z erresumak Pagamendu Balantzea hartzekodun burutzen* duela. Orduan —eta beti ekonomilari klasikoen esatez nola paperdirua urrearen eraginez (erresuma zordunek bidalitako urrearen eraginez, jakina) ugaritu egiten den, prezioak igo eginen dira, Z herriko produktuak garestituz; eta, ondorenean, esportazioak urritu eginen dira, eta inportazioak gehitu.

Eta, noski, pagamenduak urre soilean egiten badira, derrigorrezkoa da urrearen ihestea,* honela lehengo ekilibriora itzuliz. Aldrebes gertatuko litzateke, Pagamendu Balantzea zordun burutuz gero.

Ekilibrio lorketari laguntzeko, Estatuetako Banketxeak korrituen* gorabeherez baliatzen ziren. Urrea gainezka sartzen bazen, korritua eraitsi* egiten zuten Banketxeek, honela kapitalak uxatuz (korritu handiagoa ematen zuten erresumetarantz).

Urre patroiaren benetako ondorioak

1760. urterako, Bretainia Haundiak hasia zuen bere industriatzea, beste Estatu guztiei ehun urteko aurrea hartuz. Konpetidore bakarra Frantzia izan zitekeen; baina, 1815.ean Waterlooko bataila zela bitarte, erraza egin zitzaion Bretainia Haundiari munduko agintea hartzea, eta bere inperioa hedatzea.

Bretainia Haundiak ez zuen munduko ekonomia bere zerbitzuan antolatzeko oztoporik izan, eta horretarako, liberalismo politiko-ekonomikoa ezarri zuen. «Laissez faire, laissez passer» zioen liberalismoak, ekonomia libre utzi behar zela adierazi nahirik, Estatuaren esku sartzea gorrotatuz. Desekilibrioak naturalki zuzenduko ziren, eta ekonomia desarroilatuz joanen zen mundu guztian.

Urre patroia makina honen engranaje bat besterik ez zen: liberalismoaren gurpila* zen.

Bretainia Haundiak, lehen materien eskasia sufriturik eta manufaktur industria boteretsu bat izanik, kanpoarekiko salerosketan finkatu du beti bere ekonomia. Nola esportazio baino inportazio gehiago egiten baitzuen, haren komertziozko ba lantzea negatiboa zen. Halaz ere, oro* har, Pagamendu Balantzea ez zen zorduna, positiboa baizik, garraioa, asurantzak eta atzerrian inbertitutako kapitalen mozkinak* zirela medio.

Gainera, munduko diru operazio guztiak Londresko City-n egiten ziren, hau baitzen munduko finantza plaza nagusia, bakarra ez esateagatik.

Gauzak honela, Bretainia Haundiak, desekilibrioa superavit aldetik etortzen bazitzaion (zordunen urrea jasoz, hain zuzen), prestamu edo inbertsio zuzenak egiten zituen atzerrian. Hoik,* beste erresuma erdi kolonizatuetako oligarkien eskuetara joaten ziren, lehen gaien jabe ziren jauntxoengana, edo, bestela. lehen materia hoik inportatzeko beharrezko ziren garraio bide eta itsasportuak eginez xahutzen* ziren.

Modu horretan, Estatu behartsuenetan zaila egiten zen edozein motatako industriarik eraikitzea. Bide batez, gainera. metropoliko industriak beren merkatuak zabalduz zihoazen.

Eta Pagamendu Balantzea zorretan burutzen bazuen, berriz. Bretainia Haundiak ongi probetxatzen zuen bere nagusigoa. Urre joate hori geldi erazteko, kapitalen korritua igo egiten zen. kanpora joanen ziren kapitalak bertan gera* eraziz eta atzerritik kapital berri batzuk* ekar eraziz (korritu on horren bila, horixe). Honela, Bretainia Haundiak ekilibrioa lortzen zuen, bai: baina herri kolonizatuen bizkarretik. Zeren* hauetan, metropoliak ematen zizkien kredituak moztu egiten baitziren, bertako negozio eta beste aktibitate ekonomikoak zeharo moteldu eta baretuz. Makaltze honek lehen gaien beherakada zekarren berekin, eta oligarkiaren irabazien guttitzea. Baina, jakina, oligarkiak herri xeheari pasatzen zion zama,* lansariak eraitsiz* eta abar. Beherakada horrekin. gainera, laneza* haunditu egiten zen.

Hara nolako «zoriona» zekarren liberalismoaren (eta, beronekin batera, urre patroiaren) funtzionamendu automatikoak! Bretainia Haundiaren desekilibrioak, herri eta jende behartsuen mixeria areagotzea* besterik ez zuen egiten.

Diru erakunde* hori herri aurreratuetan ongi ibili bazen, arrazoi hauengatik izan zela esanen genuke:

- garai haietan kapitalismoa zabaltzen ari zen.

- ateratzen zen urrea (eta honi lotuak doazen banku- eta paperdirua) merkatalgoaren* beharraren heinean* ugaritu zen

- zama* jasaten zuin langileria eta herri xumea,* indargea* zen.

- ekonomia super-erresuma baten (Bretainia Haundiaren) inguruan mugitzen zelako.

Horregatik, XX. mendean matxinadak hasi zirenean, eta protekzionismoaz baliatuz beste inperioak (USA, Alemania...) sortu zirenean, urre patroia pikotara* joan zen. Honen oinharriak suntsituak izan ziren. kapitalismoa bere inperialist fasean sartutakoan. Mundu guztiko lurraldeen errepartizioak egin eta gero, merkatu eta lehen gaiak nahi dituena. beste erresuma handiei koloniak kentzera behartua dago.

1914. urteko gerratea, «partizio berri» baten burruka besterik ez zen izan.

JOSETXO EZPELETA

zeuden, egozen

zihoazen, joiazen, joaten ziren

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon

zizkien, eutsezan


Hizkuntza

Puntu batzuk argitzen

Oraingo honekin erantzun bat eman nahi diot Imanol Laspiurri, «Falta genuena» artikuluagatik. ZERUKO ARGIAren 521. zenbakian eskutitz bezala idazten deraut, eta nik ere era berean erantzun gura diot.

Pozarren* irakurri dut zure erantzuna. Neure artikulu horik idatzi nituenean, ez nengoen hain segur inork ihardetsiko zerautanik. Baina, dakusadanez eta entzun dudanez, ba dira honetaz kezkatzen direnak ere.

Zure erantzuna ikusiz, astirotto aztertu beharra dagoela uste dut. Puntu nagusi bi bereiziko nituzke: Lehena, azentua sartzearen komenientzia, eta bigarrena, euskara idatziaren azentuarekiko beharra.

Ene eritziz, lehen puntuan ukan zenezake arrazoirik gehien. Herriak. dirudienez, nahiko zeregin du lehen mailako alfabetatze batekin, euskal orthographia oraindik gehiago konplikatu gabe. Beharbada, honela izanen da.

Bigarren puntua azterturik, esan gura nerautzuna ez dut uste ondo ulertu derautazunik. Zure eskutitza irakurtzean, azentu phonetiko bati buruz mintzatzen zarela uste dut; eta ez da hori nik proposatzen dudana. Nik, azentu phonetikoa barik, azentu graphikoa proposatzen dut. Azaldu eginen derautzut, honekin esan nahi dudana.

Gaztelaniako azentua, azentu phonetikoa da: hots,* médico idazten dugunean, MEdico esan behar dugu. Euskararen kasuan, azentua ezin liteke era berean erabil.

Ongi diozunez, euskalki* bakoitzak bere azentuazio berezia du, eta, gainera, jatorra. Jatorra denez gero, errespetatu egin behar dugu euskalki bakoitzeko doinu berezi hori. Beraz, zuk diozunek, ez litzateke bidezko azentuazio bakar bat euskalki guztiei onhar eraztea. Hau honela delarik, ezin genezake azentu phonetikoa erabil, gaztelaniaz erabiltzen den antzera.

Proposatzen dudan azentua, graphikoa izanen litzateke. Adibidez, gizonák idaztean, ez da zertan gizoNAK ahozkatu behar. Gizonák duen azentuak, hitz hori singular aktiboa dela adierazten derauku; eta era honetan, irakurtzean, euskalki bakoitzean dagokion doinua eman ahal ukanen diogu. Zuen idazten dugunean, berriz, azentu horrekin aditza erlatiboa dela adierazten dugu; gero, irakurtzean, euskalki bakoitzekoek beren doinu berezia emanen diote.

Hizkuntza modernoak aipatzen dituzu, eta honetaz ere mintzatuko natzaitzu. Bai ingelesez eta bai frantsesez, ahozkatze* berdineko hitz batzuk idazkeraz desberdintzen dira. Adibidez, frantsesek ahozkaturiko fua, hiru gauza izan daiteke: fois (bider), foie (gibel), foi (fede); ingelesek ere flour (irin) eta flower (lore) berdin ahozkatzen dituzte, baina ez orobat idazten. Honelako beste adibide asko aipa daiteke; baina hauekin aski* dut, neure ideia adierazteko. Dakusazunez, ahozkatzean bereizi ez arren, idaztean —bai frantsesek eta bai ingelesek— bereizi egiten dituzte hitzak. Era honetan, azenturik ukan ez arren, hizkuntza idatzi horiek argitasunean irabazten dute. Eta hauxe da nik gura dudana: euskara idatziaren argitasuna.

Azterketa honen laburpen bezala, irtenbide bat proposatuko nuke. Diozunez, beharbada ez da komenigarri Herriari gehiegirik eskatzea; eta, hori ikusirik, ez litzateke taktikoa izanen Herria ikaratzea, oraindik gehiago eskatzen diogularik. Hala ere, tekhnikaren ikuspegitik, soluziorik egokiena azentu graphikoa delakoan nago. Beraz, hauxe proposatuko nuke:

Aipaturiko hiru kasuotan azentu graphikoa beti erabiltzea larregi bada, saia bitez idazleak, esaldiaren esannahia argi geratzen ez denean behintzat, azentu hori erabiltzen. Ene eritziz, aditz erlatiboaren kasuan izaten da premiarik gehien; eta hori bai indartu beharko genukeela.

Besterik gabe, agur bero bat.

J. R. ETXEBARRIA

derauku, deusku, digu

deraut, deust, dit

derautazu, deustazu, didazu

derautzut, deutsut, dizut

diogu, deutsagu

diot, deutsat

diote, deutsoe

genezake, geinke

natzaitzu, natxatzu, natzaizu

nerautzun. neutsun, nizun

zenezake, zeinke

zerautan, eustan, zidan


Artzai tontoak diran lekuan gizenduko da otsoa

ANAITASUNAren azkenaurreko numeroan, gutien espero genduenean, Natxik aho bete haginekin utzi gaitu, Euskal Akademiaren irakasle tituluak emateko mahaipuruan gertatu garenok. Tituluok, duten edo izan dezaketen birtuteaz inor baliatzera heldu baino lehen, famatzen hasiak dira; eta hasiak egina dirudi. Tiroek ezker eta eskumatik —edonondik besterik ez dut esan nahi— egiten dute hots, eta haur jaio berria, festa zaratatsu baten gisa,* inguratzen dute. Agian* ongi etorri egiten diote.

Oraingo lerro hauetan Natxiri zenbait ohar egin nahi nioke:

1. Euskera aldizkariaren azkenengo numeroan ikus dezakezu zergatik eskatu zitzaien, curriculum vitae delakoa bidaldu zuten gehienei, esaminak egin zitzaten. Arrazoia argi eta garbi eman zen, eta gainera, mahaipurukoen iritzian, tituluaren mesedetan.

2. Ez dut uste, dakien inor esaminak aurrera ondo pasatu gabe gelditu denik; eta alde horretatik gertatu den kalterik ezin aipatu izango diguzu, seguru asko.

3. Euskal Akademiak behintzat ez du beste biderik, esaminak egin diren gisara egitea baino. Nola sartuko da «evaluación continua» delako horretan, eskola gelarik ez baitu, eta. inoiz Euskal Herrian beteko balitz behar bezala arlo hori, ez bailitzateke bera izango beteko lukeena, beste norbait baino? Konturatua egon behar zenduen honez gero, Euskal Akademia bestek egin behar lukeen eta egiten ez duenaren hutsune larria betetzen ari dela, gure herriari egintza hori eskainiaz. Dena dela, «evaluación continua» delako hori aurrera eramateko modua, esamina gehiago eta zehatzagoak egitea baino ezin izan daiteke. Esaminak ez dut uste gure mundutik hain erraz desagertuko direnik, dituzten akats eta guzti. Ez bakarrik Deustuko jesuitetan, beste Universitateetan ere beti bezalatsu jarraitzen dute egiten; eta ez dago, maila horretan, beste muturrera aldatuko denaren seinalerik tipiena ere, egiterakoan modu askotara eginagatik. Zu pedagogiaz ari zara zeure artikuluan; baina Euskal Akademia ez da ikasleak gela batean dituela irakasten ari, neurri bateraino nork dakien ikusten baino, publikoki jakinerazteko asmoz.

4. Kontuan izan ditugu, gainera, personaren balioak eta lanak, zuk besterik uste baldin baduzu ere; eta eskatu ere egin izan da meritu bereziak aipatzea. Beste alde batetik, esaminak ez dira memoristak izan funtsean.* Ez dut uste, hizkuntzaren analisi bat egitea memorista izan daitekeenik (azken batean, gutiago edo gehiago, memoria danerako erabili behar baldin bada ere) edo eta erdaratik euskarara itzulpen bat egitea edo bizi den autore baten testo komentario bat egitea.

5. Txillardegiren «beti lehenak» ere aipatzen dituzu; eta, oso oker ez baldin banago, harentzat «beti lehen» horiek diru asko irabazteko bakarrik saiatzen dira lehen mailan jartzen; eta kasu hori ez dut uste hemen aplika daitekenik, zeren* eta aberastu nahi duenak badu euskal gauzetara dedikatzea baino sail hoberik, lortu nahi duen helburua lortzeko. Zoritxarrez, euskal gauzetan ez dugu «beti lehenik»; baina bagendu, beste txori batek kantatuko liguke, etorkizuna seguratua baikenduke.

6. Tituluetan, gainera —eta ez dakit horretan nola konturatu ez zaren— ez da kalifikaziorik ipini. Eman egin dira, eta besterik ez.

Titulua atera dutenetakoa baldin bazara, eta uste dut baietz, ez mesedez artzai* tonto horietakoa izatera eror,* titulua bera ere leiza zulotik behera amilduko bailitzateke utopiaraino, eta ukroniaraino, atera dutenek eusten ez baldin badiote.

ALFONSO IRIGOYEN

dezakete, daikee

dezakezu, daikezu

diguzu, deuskuzu, deraukezu

diote, deutsoe

liguke, leuskigu, leraukegu

nioke, neuskio

zitzaien, jaken

zitzaten, eiezan


Neure lantokitik

Denda izenak euskaraz

Euskaltzaindiak, martxoaren azken egunotarako, erabaki bat hartuko du ofizialki, denda, kargu eta ofizioen izenak euskaraz nola diren esanez.

Izen horik,* ontzat hartu ondoren, Euskal Herri osoan zabalduko dira, jendeak nola joka jakin dezan. Dendarien eta merkatarien ahaleginez, beharbada, gure kaleak euskaldundu egingo dira. Orduan, guk ere aukera* edukiko dugu, berdinean,* euskal izena duten dendetara erostera joateko, hauxe baita, gaur egun, euskarari balio positibo bat emateko dugun bide bakarra.

Bozketak Ipar Euskal Herrian

Frantzia aldean oraintsu izan dira bozketak;* eta, batez ere Ipar Euskal Herrian, sozialistek egundoko gorakada eduki dute. Hauk, euskal abertzaleen laguntzarekin, nagusi atera dira Hendaian, Ziburun, Bokalen,* Maulen, Atarratzen eta Zuberoa osoan.

Dena dela, oraindik ere Ipar Euskal Herriko deputatu biak gaullistak izango dira, ezkertiarren botoak ez baitira aski* izan, haienak gainditzeko.

«Anaitasuna» udaberrian

Udaberria dator, eta, beraz, «Anaitasuna» txartela zeure automobilean txukun ipintzeko sasoia.

Lehengoa zaharturik baduzu, hona hemen nola ken dezakezun: gasolinaz bustiriko kotoi zati batekin igurtz ezazu, bigun dadin. Jarraian, bizarra kentzeko orri batekin arraska txartela. Berehalaxe kenduko da, kristalari kalterik egin gabe. Gero, garbi ezazu kristala eta «Anaitasuna» berria jar.

Laguntza eske

ANAITASUNA hamabostero bidali behar dautzuegu, eta honek lan handia eskatzen dauku; sei mila ale plegatu behar, seiluak ezarri, eta abar.

Hamabostean behin guregana etorri nahi baduzu, eman ietzaguzu zeure izen-deiturak* telefonoz (gure numeroa: 237449). Erdu,* eta, euskal giro pozgarri batean, euskararen zabaltzearen alde lan egingo duzu.

Zeruko Argia-ri zigorra

ZERUKO ARGIA euskal astekariari 25 mila pezetako multa ezarri diote, «Nafarroako Unibersidadeari eskutitz irekia» eta «Eliza euskalduna» artikuluengatik.

Berez euskal aldizkarien egoera ekonomikoa larria bada, honelako zigorrekin latzagoa egiten da. Beraz, pozgarri izango litzateke, denon artean euskal aldizkari horri laguntzea.

Lagundu gura izatekotan, haren zuzenbidea hauxe da: Oquendo, 22 - San Sebastián.

Filatelia

Aurreko batean, Frantzian aurten argitaratuko diren seiluen zerrenda eman genuen. Hona hemen orain Espainiakoa:

Apirilaren 30: Europa (bi seilu).

Maiatzaren 5: Seiluaren nazioarteko eguna (seilu bat).

Ekainaren 11: Turismoa 1973 (pezeta batekoa, 8 milioi ale, bost seilu, hauen artean Oinatiko Unibertsitatea).

Uztailaren 17: Militar janzkiak (bost seilu).

Irailaren 14: Telekomunikabideak (seilu bat).

Urriaren 29: Pintoreak 1973 (8 seilu).

Urriaren 26: Silosko monasterioa (hiru seilu).

Hazilaren 6: Gabonak 1973 (bi seilu).

Abenduaren 11: Inprimeriaren V. ehunurteburua (hiru seilu).

Alferkeria

«Más vale lo malo conocido que lo bueno por conocer» dio erdal esaera ezagun batek.

Ene ustez, esaera horrek mesede baino kalte gehiago egin du, gelditasunera eramaten gaituelako.

Zibilizazioa aurrera badoa, gauza berriak asmatzen eta aztertzen direlako da. Esaera horri jarraituko bagintzaizkio, beti lehengotan egongo ginateke.

Horregatik, gure artean alfer asko dagoelako, euskara batuak ez du behar aina* abiadarik hartzen; eta, horregatik ere, ikastoletan hainbeste gurasok ez dute injustizien aurrean jarrera garbirik erakusten.

Gurasoak eta irakasleak

Familiak ondo iraun dezan, senar-emazteek elkarri errespetua eta laguntasuna zor diote.

Ikastolan ere, umeen heziketaren onerako, berdin jokatu behar lukete gurasoek eta irakasleek, elkarren osagarri eta lagungarri izanik. Elkarren artean ondo konpontzen ez badira, umeen kaltetan dabiltza.

Baina beharrezko den konponketa horretara ez dira helduko, tematiak* badira, batak bestea menperatu nahiz. Konponketa lortzeko, alde bakoitzak ahalegina egin behar du, bestearengana hurbiltzeko. Horrela eta ez bestela lortuko dugu, ikastolari, hain beharrezkoak dituen bakea eta eragintasuna ematea.

XABIER GEREÑO

bagintzaizkio, bagintxakoz

dauku, deusku, digu

dautzuegu, deutsuegu, dizuegu

dezakezu, daikezu

dezan, daian

diote, deutsoe

ietzaguzu, eiguzuz, itzaiguzu


Gure Munduko Albisteak

Liburu berriak

«Giza-bizia». Carlos Goenak, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzial-ean

 Giza-bizia. Iztegia. Izenez ornitutako anatomi-irudiak (sic) tituluaz argitaratu berria du Carlos Goena jesuita mediku psykhiatrak 241 orrialdetako hiztegi dotore bat, Gipuzkoako Aurrezki* Kutxa probintzialaren babesean. Liburu hau ezin apainagoa da eta itxuraz benetan atsegina. Azken partean, gorputzaren zati eta organo asko erakusteko, kolorezko irudi eder ugari dakartza, Felix Garridok eginak.

Ihaz Iruineko Banco de la Vasconiak Euskal izendegiaz egin zuenez, Donostiako Aurrezki Kutxa honek ere ardura imitagarri bat erakusten du, euskararen alde honelako obra bat publikatzean.

Obraren mamiari gagozkiolarik, diogun, aita Carlos Goenari Josu Oregi eta Ambrosio Zatarain jaun euskaltzain laguntzaileek lagundu diotela hiztegi lanean, eta, oro* har, orthographia batua darabilatela, h-ak letra molde ezberdinez inprima eraziz. Zorixarrez, obra honetaz esan dezakegun bakarra hauxe da: beragan ipini den duda gabeko borondate ona gorabehera,* ederra bezain alferrekoa dela, eta, kanpokoak euskara theoriko baten distiraz liluratzeko ezik, Larramendiren obraren gisa, deus* gutirako balio dukeela.*

Hiztegi tekhniko bat barik,* obra hau hiztegi hypertekhniko superespezializatu horietariko bat da gehienetan. Ikus, esate baterako, daduzkan hitz batzuk: «Agujero cigomaticoorbitario» Masailalbobetzulo-zulo; «arteria gastro-epiploica izquierda» Ezkerreko urdailbaresare-zaingorri; «circunvolución parietal ascendente» Goruzko bekoste-hildarte; «ligamento calcáneo-astragalino interoseo» Orpahezur-tortolaxarteko lotura; «músculo esternocleidomastoideo» Mastoide ta bular-larako gihar; «sutura esfenocigomática» Esfeno-masailalbo-atxikune; «vaina sinovial bicipital» Giltzur-leka bikoitz (sic).

Esan beharrik ote dago, euskarak ez duela gaur egun hauen premiarik, eta honelako lan bat luxo huts bat besterik ez dela? Bestalde, Euskaltzaindiak berak, ikastoletako «egiazko» premiei begira, antzeko hiztegi bat (apalagoa, noski) moldatzen ari deneon, ez ote da zentzugabe, honen gisako* obra bat —hura* kontuan eduki gabe— publikatzea? Ez ote zukeen hobe banku horrek, euskararen alde ezer egin nahi zuenez gero, partikular bati gabe* Euskaltzaindiari berari diru laguntasun hori ematea? Irakurleak juzga beza.

Egiaren amorearren aitortu behar dugu, hitz arrunt gehienak ongi jarriak daudela; baina ba daude, eta eurrez* gainera, nabari* nabariro oker dauden hitzak. Esate baterako, gorpu ez da «cuerpo», «cadáver» baino (ikus Azkueren hiztegia), «cuerpo» esateko, gorputz hitza egonik. Leka landare batzuen fruituen azala da (indaba, baba edo ilarrena, kasu), eta jan egitekoa izaten da; baina osterantzeko «vaina»k (ezpata sartzekoa e.a.) euskaraz maginak deitzen dira, ez lekak. «Nervio» euskaraz «zain» da, eta ez kirio, eta abar, eta abar.

Liburu osoa garbizalekeriarik demasenaz* jantzita dator; baina nazioarteko hitz tekhnikoei dagokienez, aldiz, espainolaren hildotik* dabila, maiz -a organikoak —zergatik ez dakigularik— kenduz. Honela gastralgia barik gastralgi dakar, psykhopatia barik sikopati, e. a. Zeharo zientifikoak diren hitzen kontuan ez dugu ulertzen zergatik ez zaion orthographian jarraikitzen frantses, aleman eta ingelesaren kulturbideari, hitz horik* herri arruntarentzat* ez direnez gero.

Hiztegi honek, egia da, lan eskerga* erakusten derauku, borondate on handia eta gogo ez ttikiago bat; baina, guztion zorixarrerako, era guztiz utopiko eta ukhroniko batez moldatu da, egileei eskertzekoa badiegu ere. Euskara tekhnikoaren korapiloa ez da hiztegika konponduko, goitik behera, behetik gora baizik, irakaskintzarako textu liburuak agertu arauez,* beharrak eskatu ginoan,* hitz horik sorteraziz eta moldatuz baizik.

Diogun, bukatzeko, luxozko edizio bikain eta ongi inprimatu hau Industria Gráfica Valverde S.A.n egina dela.

Eskatzeko: Goena, Carlos, S. J.: Giza-bizia, Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, Donostia, 1973.

Zaragozako IV. Euskal Astea

Donostiako «Goizaldi» dantzari taldearen agerpenaz hasi zen, martxoaren 10ean, Zaragozako IV. Euskal Astea, Virgen del Carmen izeneko Unibertsital Kolegio Nagusiko estudianteek eratua.

Igandean Herri Meza bat egon zen, euskal musika tresnez lagundua. Astelehenean (martxoaren 12an) Xabier Lete eta Jose Anton Arze gaurko euskal poesiaz mintzatu ziren, bai eta kantu eta txalaparta saio bat eskaini ere.

Astearen barruan antzeko hitzaldiak eta arte erakusketak egon ziren, haietan GAUR artista taldeko obrak agertuz, Alberdi, Basterretxea, Mendiburu, Oteiza, Txillida eta Zumetarenak bereziki.

Zaragozan, Herriko Unibertsitaterik ezaz, mila eta laurehun euskaldun unibertsitari inguru omen dago.

Espainiak Txina, Txinak Espainia

Ezaguna dugu, jadanik,* Espainiako gobernuak Txinako Herri Estatuari egin dion onharpena. Hainbeste aipatu ez dena, aldiz,* beste hau da, hots,* Maoren Txinak berak ere Espainiako gobernua nola onetsi duen. Alde bietatik dugu nagusi, beraz, «Realpolitik» delakoa.

Errenteriarraren* aurreusteak* gorabehera,* beharbada txino ikasi beharra ez zaiku hain urrun gertatuko.

E.K.M.ko kultur eragintza

Nacho de Felipe kantaria

Euskal Kultur Mintegiak antolaturik, martxoaren 13an, arratsean, Nacho de Felipek kantaldi bikain bat eskaini zeraukun Deustuko Unibertsitateko Paranymphoan, Bere ekitaldiaren hasieran esan zuen, bera ez zetorrela «Ez Dok Amairu» taldeko kantariekin batera, berauek berarekin kantatzeari systematikoki ukatzen diotelako, haren eritziz, horretan demokrazia bitxia erakutsiz. Kanta bakoitzaren aurrean, haren erdal itzulpena eta zenbait kontsiderazio idiologiko egin zituen Nachok, sozial arlokoak gehienak.

Opa* izan zituen kanten artean, asko berriak ziren, batzuk Gabriel Arestiren poemen letrarekin. Dakusagunez* —eta dantzugunez*— bere kantategia eten gabe berritzen saiatzen direnetarikoa dugu Nacho.

Kantatzeko tankerari* dagokionez, gure ustez, bilbotar gazte honek ahalmen apartak ditu, eta oso ederki daki kantuaren tekhnika menderatzen. Boz atsegina eta egokia berea, darabiltzan gaietarako. Euskara kontuan, aldiz, ohi ez bezalako eredu* eta maisua da, hitzak ebakitzean* jartzen duen ardura bereziagatik. Arlo honetan, bereziki, ba dute kantari askok Nachorengandik zer ikasi, zeren* ongi erakusten baitu, nola kantak. mami bat doinu egoki batez adierazteko ezeze,* baizik eta hizkuntza batua jendeagana helerazteko tresna bikain bat ere izan daitezkeen.

Bera entzuteagatik, Paranymphoaren behealdea ia beterik egon zen, gazte jendea gehiena.

J. M. Obieta irakaslearen hitzaldia

Martxoaren 14eko arratsean, Deustuko Unibertsitateko hitzaldi aretoan,* aita Obieta jesuitak, Nazioarteko Zuzenbide* irakaslea bera, mintzaldi bat eman zuen «Europako nazional minoriei» buruz.

Hartan esan zuenez, europar nazional minorien eta giza eskubideen aldeko lehen pausoa I. Mundu Gerraren ondoan egin zen, Versaillesko Tratatuaz. Dokumentu horretan, txeko, eslovako eta erruteniarren naziotasuna onhartzen zen. Praktikan erabaki haik* ez ziren legeez bete, modu politiko maltzur batez baizik. Versaillesko Tratatuaren kontra gogorrenik ari izan zirenetariko bat Hitler bera izan zen, hura* gabe Polonia eta Txekoslovakia erraxago konkistatzeko.

II. Mundu Gerra amaitzean, giza eskubideen aldeko dokumentu berri bat moldatu zen, beronen betetzeko ardura Nazio Batuek zuketela; baina hartan ez zen ezertarako minorien kontua aipatzen, giza eskubide jeneralak errespetatzea aski* zelakoan. Praktikan ikusi denez, hori ez da egia, zeren* giza talde batentzat egoki izan daitezkeen neurriak eta legeak (hizkuntza, kultura, autonomia, e.a.) beste talde ezberdin batentzat egokiak ez direlako, Belgikan, Bretainian, Alsazian eta abar ikusi denez.

Ondoren, Obieta irakasleak, Italian Tyroleko herrialdeak* dituen lege berezitasunak aipatu zituen ez kulturan eta hizkuntzan soilki, baizik eta politika arloan ere, bertan Parlamentu propio bat egonez. Amaitzeko, hizlariak esan zuen, Europa dela giza eskubide nazionalak ondoen errespetatzeko kondizioak dituen lurraldea, bertoko kultur tradizio komuna eta ekonomi aurreramendua oso haundiak direlako. Honetan, baina, ez gaude hain konforme aita Obietarekin, zeren Europatik irten baita kontinente guztietara munduko kolonialismorik bortitzena* eta lotsagarriena, eta gaur egun ere oso europarrak ditugu Ulsterko eta beste toki askotako gorabehera bitxiak.

Ekonomi askatasun soilak ez dirudi Herriak eta gizonak zoriontsuago eginen dituenik; eta horregatik beharrezkoa da, haren eritziz hizkuntz,* kultur eta autonomia politiko arloan ere askatasun handiago bat ematea. Aretoa betetzen zuten entzuleen artetik, galdera asko egin zitzaizkion gai interesgarri baina juridikoegi honetaz.

«Ez Dok Amairu» Deustuan

Martxoaren 15erako, ba zegoen programmaturik Benito Lertxundi Xabier Lete eta Mari Lurdes Iriondoren kantu saioa. Jendea eurrez* bildu zen Paranymphoan, halako moduz, non hestu eta larri ibili baikinen mila pertsona inguru (% 98 gazteak) areto* hartan sartu ahal izateko. Sekulako jendetza agertu zen bertara, eratzaileek uste baino askoz ere gehiago. Beronek, nolabait, talde honek duen arrakasta* eta fama on famatua erakusten derauku, halafede; ez da hain harrigarri, alde honetatik, jendea norengana datorren argiro bereiztu nahi ukatea.*

Kantaldiari Benito Lertxundik eman zion hasiera, eta bat, bi, hiru, lau, bost eta asko, asko, askoz ere kanta gehiago kantatu zerauzkigun, halako moldez, non batzuk orduan betierekotasuna zer zatekeen* ulertzen hasi baitziren. Zuberoako kantak botatzean, oso ardura guti jarri zuen hitzak behar bezala ebakitzeko;* eta hau bera moduko kantari batengan akats larritzat jo daiteke. Politena, gure ustez, kantatu zuen Lizardiren poema izan zen; baina besteetan, murmurio* ikutuak gorabehera,* aspergarri xamar egon zen, jendearen eritziz. Gustu diskutigarri nabaria* zuen, halaber,* bere disko zaharren bidez jadanik* ezagunak diren kantak jendaurrean berriro kantatzeak, guztiok dakigunez hori entzuleen xaloak erraxki biltzeko modua izaten baita.

Benitok ba du kantatzeko ahalmenik franko, eta boza ere egokia, gure ustez. Baina doinu kontuan ez da bere lehengo garaietatik hona batere aurreratu; eta ba dirudi, tehenta* behereko melodia monotono horietan finkatu dela. Kantatzeko moduan eta doinuen kreazioan berriztapen behar gorria du, zinez* esanik.

Xabier Letek bere papera hobeki bete zuen. Ez da inorentzat sekretu bat, kantari honek boz nahiko xarra duenik; baina, uka ezinezko indar eta gizontasunez jantzia delarik, gustagarri zaiku askori.

Bere saioan konposizio berri asko agertu zituen, batzuk oso onak, tango kurioso bat haien artean, Marseillesaren errepikaz lagundua. Biziki eztabaidatua izan da unibertsitarien artean «Txano Gorritxo» delakoa, askok giltzapean daudenengatik (zuzen ala oker egon) halakoak esateari erraxkeria hutsa baiteritzote. Agian* lekuz kanpo zegoen Txirritaren bertsoa, umoretsua bazen ere. Oso ona, Etxapareren «Emazten fabore»ren kantaldia. Honetan adosago* gaude Leterekin Nachorekin baino, zeren, uste dugunez, klasikoen poemak aldatzeko arrazoirik ez baita, eta esan zutena osorik errespetatu beharra dago.

Mari Lurdes, ilunpeetatik senarrari bere boz atseginaz lagundu arren, ez zen agertokian azaldu, dakigunez, azken orduko koordinaziorik ezaz eta ondo ezik sentitu zelako.

Jendaurrean harrera ezin hobea duten arren, beldur gara ez ote den lehengo merituengatik gehienbat izanen, aspaldian «Ez Dok Amairu» moteltzen hasia baita. Herri kanta zaharrak eta poema klasikoak birpiztea ongi dago, baina gaurko egoerari erantzuten diotenak ere beharrezkoak zaizkigu. Musika arloan ere, ba dakigu, irauli ezik, hiltzea laster datorke.

Unibertsitarien euskal tesinak

Askorentzat karrerak amaituz doaz; eta gauza jakina da, estudio ofizialen bukaeran gai bati buruzko azterketa lan bat presentatu behar dela, norberak egina. Lan honi tesina deritzo.

Tesina horik* egiteko orduan, unibertsitari euskaldun eta euskaltzaleek —baten batek salbu—, gidari onik eduki ez eta, erdal gaietara jotzen dute maiz,* euskal arloa landu beharrean, gureak baino nork jorra gehiago duen beste bat ikertuz.*

Tesina aukeratzeko paradan* dauden estudianteentzat, Euskal Kultur Mintegikoek, modu informal batez, hizketaldi bat eratuko dute buruz buru Luis Mitxelena jaunarekin, beronek, euskal alorra aztertzeko gogo dutenei bide eta ideia batzuk* eman dietzen.

Hizketaldi hau apirilean izanen da Euskal Anthropologi Aste bitartean, Unibertsitatean bertan garaiz abisatuko diren egun, ordu eta tokian. Erne egon, bada, euskal unibertsitariok!

Euskaldunoi buruz hortik diotena

Aurtengo martxoaren 12ko TIME astekarian (Europarako edizio berrian) etorkizuneko Europa batuaz artikulu mordo interesgarri bat dator, haien artean minoriei buruzko bat, The War within the States (Estatuen barneko gerra) izenekoa. Hartan, gaurko Europaren barrenean herri ttikiek dituzten problemez mintzo da, eta gutaz ondoko hau dio: In their prospering industrial corner of north central Spain, some 2.000.000 dour, strong-willed Basques —«the alkaloid of the Spaniard», Philosopher Miguel de Unamuno called them— fret that hard work and efficiency have not brought them the recognition and cultural elbow-room that they feel they deserve in a still-autocratic society.

Ingelesa dakienak uler beza.

Iñaki Aurtenetxe apaizak 50.000 pezetako multa

Jakin dugunez, Iñaki Aurtenetxe apaizak, Sodupeko parrokoak, berrogei eta hamar mila pezetako multa bat jaso du agintariengandik. Gaztigu horren kausa, aurtengo otsailaren* 26an, Jose Antonio Etxebarrieta abokatuaren hiletan egin zuen sermoia izan da.

Iparraldetiko oihartzunak*

«Laborariak»: poesi eskuskribu ezezagun bat

Martxoaren 8ko HERRIA aldizkarian irakurri dugunez —eta, oso oker ez bagaude, G. Lantziri idazkideari esker—, Uztaritzeko liburutegian Laborariac izeneko eskuskribu bat aurkitu da oraintsu, Martin Hiribarrenek joan den mendean egina; eta ba daduka bi mila bertso baino gehiago, baserritarren bizimoduaz eginak.

Dakikegunez,* Martin Hiribarren Azkainen jaio zen 1810. urtean eta Urruñako apaiz izan, 1866.ean hilez. Hari Eskaldunak izeneko poesi lana zor diogu, 1853.ean agertua, Orixe renaren aitzindari;* eta, aita Mokoroak bere Genio y Lenguan dioenez, Orixek bere Euskaldunak idaztean hura* ezagutu ez arren, herritasunak horretaraturik edo, ba omen dute poema liburu biok elkarren antz nabaria.*

Ba dirudi, aita Zavalak, aita Lafitteren hitzaurre batez horniturik, «Auspoa» liburu sortan argitaratzeko asmoa duela. Gure eskerrak bioi.

ARMENDARITZ

beza, bei

daude, dagoz

derauku, deusku, digu

dezakezu, daikezu

diegu, deutsegu

dietzen, deioezan, ditzaien

dio, deuso; dino

diogun, esan dezagun (daigun)

diote, deutsoe; dinoe

gaude, gagoz

lezan, leian

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zeraukun, euskun, zigun

zerauzkigun, euskuzan, zizkigun

zion, eutson

zitzaizkion, jakozan

zizkieten, eutseezan


Ezagut zeure Herria (40)

Gipuzkoa. 4. Politika erakunde zaharrena (I)

Gipuzkoako politika erakunde* zaharretan ba dugu altxor* interesgarri bat, haien eskualdekatzea* istudiatzeko. Gipuzkoak, nahiz eta hainbeste eskualde* konkreturik izan ez, izan ditu han eta hemen, era batera eta bestera, eskualde mota batzuk.*

Oiartzun harana

Haranetatik* hasten bagara, lehenik Oiartzungo harana aipatuko dugu. Gorosabelek dioskunez —eta beroni jarraitzen gatzaizkio gehienbat—, Oiartzungo haranak poblazio hauk* hartzen zituen: Hondarrabia, Irun, Lezo, Ekialdeko* Pasaia, Orereta, Elizalde, Iturriotz eta Altzibar. Hondarrabiak, hiri egin zenean, berekin Irun, Lezo eta Ekialde mandako* Pasaia (gaurko Pasai Donibane) eraman zituen. Oreretak, 1320.ean Oiartzungo Hiriberri izenarekin hiri bihurturik. bere barrutian Elizalde, Iturriotz eta Altzibar hartu zituen. Denborarekin, Irun, Lezo eta Ekialdeko Pasaia Hondarrabiatik aldendu ziren. Era berean, Oiartzungo Hiriberritik aldendu ziren beste hiru baserri herriak, eta eskualde osoaren Oiartzun izenarekin gelditu; Oiartzungo Hiriberri, ordea, Errenteria izen soilarekin geratu zen. Eskualde historiko honek, aurrera aipatu bezala, leinu,* euskalki* eta eliz aldetik ere kidekotasun berbera izan du.

Hernani harana

Hernaniko lurra izenarekin aspaldi agertzen da eskualde hau, X. mendetik bai behintzat. Haren barrutian* lurralde hauk sartzen ziren: Urumea hibaiaren behe aldetik, gaurko Hernani hiria, Astigarraga, Altza, Donostia eta Urnieta; eta Lasarte aldetik Oria hibaiaren aho aldea, Usurbil eta Orio. Eskualde historiko honek, nolabait, gaurko Donostia aldea eta Beterriaren beherengo aldea hartzen zituen.

Iraurgi harana

Haran honek gaurko Azkoitia eta Azpeitia eta hauen barrutiko herrixkak hartzen zituen: Urrestilla, Nuarbe, Urrategi eta abar; beraz, Urola arroaren* erdi aldea.

Markina harana

Gure ustez, Markina eskualdea, Durango aldea, Lenitz eta Aramaio, hasiera batetan, gaurko euskal herrialdeak* nagusitu artean, ez ziren ez Bizkaia ez Gipuzkoa ez Araba. Gero, bakoitzak edo batera edo bestera aukera bat hartu behar izan zuen. Durango aldea Bizkaian sartu zen bere berezitasunekin, Lenitz Gipuzkoan, eta Aramaio Araban. Markina, ordea, zatitua gelditu zen. Artibai arroko aldeak Bizkaiko merindate bat osatu zuen; eta haren barrutian sortu zen hiriak, nahiz eta Ibita tokian jaio eta erregeak «Villaviciosa» izena eman, eskualdearen Markina izenaz jabetu zen. Deba arroko Markina aldeak gaurko Eibar, Soraluze eta Elgoibar hartzen zituen, Mendaroko haranttoa ere bere barrutian gehienbat edukiz.

Markina eskualde honek, bai gaur Gipuzkoa denak eta bai Bizkaia denak, ba du gaur ere euskalki batasun bat, aditzean esate baterako. Elgoibar zen eskualde osoaren hiriburu. (Haren izena, erregeak eman ziona, «Villamayor de Markina» edo «Markinako Hurinagusia» zen). Izan ere, Elgoibarrek beti izan du arro bateko eta besteko Markinarren eskualde nagusitasuna edo nolabaiteko hiriburutza. Ikusia dugu, eliz zatiketan hala zuela. Eta gaur egun ere ba du, eskualde osoarentzat aspalditik merkatu- eta feri lekua delako. (Azken zehaztasun honek, geografo askoren eritziz, inportantzia handia du, eskualde baten hiriburutasuna baloratzerakoan).

Lenitz harana

Gaur egun metatesi batez Leintz bihurturiko izena duen haran honek, hurrengo lurralde hauk hartzen zituen: Gaurko Gatzaga, Eskoriatza eta hauen barrutiko zazpi elizaldeak* —Zarimutz, Marin, Mazmela, Mendiola, Bolibar, Apotzaga eta Gellano; Aretxabaleta eta beronen beste zazpi elizaldeak —Aozaratza, Goronaeta, Larrino, Galartza, Izurieta, Arenatza eta Arkarazo; Arrasate* eta beronen gaurko barrutiko bost elizaldeak —Uribarri, Udala, Garagartza, Gezalibar (Santa Ageda) eta Bedoña.

Gainera, Lenizko haranak elizaz bereak zituen Angiozar, Elgeta, Antzuola-Usarraga, eta gaur Bergara diren Oxirondo (Santa Maiña) eta Ariznoa (San Pedro). Eta nik esango nuke, bestela ere herri horik* eta Oinati bera noizbait Lenitz haranekoak izan zirela, gaur agiririk ez badugu ere. Eliz zatiketaren aintzinakotasunak, euskalkiaren kidekotasunak eta Deba arro garaiaren* nolabaiteko batasunak ematen digute hipotesi hau egiteko eskubidea. Orain berrogei urterarte Elgetaren eta Arrasateren muga, Kanpazartik behera doan Epele erreka zen, San Prudentzio baino gorago Deba hibaiarekin bat egiten duena. Muga komentzionala, gure ustez. Aramaio guztia, Oleta izan ezik, Arabarra baino gehiago Leniztarra dela esango genuke gaur berton ere; eta hala izan ziren elizaz hain zuzen ere, joan den menderarte, Oletakoa salbu, beste zortzi parrokiak.

J. L. LIZUNDIA

digute, deuskue, deraukute

diosku, dinosku, esaten digu

gatzaizkio, gatxakoz

zion, eutson


Hizkuntza

Aditzaren Batasunaz

Nahiz tituluak ba dirudien gauza sakonez eta konplikatuez mintzatuko naizela, ez da horrelakorik.

Aditza estudiatzeko neure ordutxoak sartu baditut ere, ez naiz oraindik honelako gaiaz teknikoki aldizkarietan idazteko mailara heldu, ene eritziz. Baina azken aldi honetan. teknikaz (linguistikaz) kanpoko arrazoiak ere erabiltzen eta baliagarritzat hartzen hasi direnez gero, neure burua kapaz ikusten dut, publikoki ene eritzia agertzeko.

Euskaltzainburuak jakin erazi daukunez, batasunaren arazoa linguistikazkoa da soilik. Aditzaren batasunaz azken aldi honetan bi sistema ziren eztabaidatuak, Lapurdikoa eta Gipuzkoakoa. Lapurdiko sistemaren hobetasunaz ez dut uste inor kontra mintzatu denik, kategoriazko jaunen artean behintzat. Gainera, Lapurdiko sistemak, Gipuzkoakoa baino hobea izatetik gain, ba du beste gauza bat: ez dela Gipuzkoakotik ia batere bereizten. Hobea izan, eta diferentzia handirik ukan* ez. Beraz, ba dirudi, normalena eta diskusiorik gabe onhartzekoa lapurtarrena dela.

Baina ba dira, norbaitzuen eritziz, linguistikatik kanpo beste arrazoi batzuk*: soziologiaren arrazoiak, alegia.* Nik onhartzen ditut soziologiaren arrazoiak; eta horrexegatik idazten dut, hain zuzen ere, artikulu hau.

Hain arrozoitsuak ez diren zenbaiten arrazoi soziologikoek honela dioskute: nahiz dudarik gabeko izan lapurtar sistema dela onhartu beharrezkoa, giputza onhartu behar dugula, zeren* bestela diferentzia ttipi hori ikasi beharra ezinezkoa litzaiokeela Gipuzkoako herriari, trauma bat sortuko litzaiokeela eta orduan Gipuzkoan euskara galduko litzatekeela, eta euskara akabo.

Nik, lehenik uste dut, Gipuzkoako herriak hola baino maila handiagoa duela, eta ez litzaiokeela ez ezinezko egingo, ez eta traumarik sortuko, eta gutiago azkeneko puntu lazgarrira* helduko. Soziologia horrek, deus* erakustekotan, uste dut zenbaiten alferkeria. harrokeria (ez harrotasuna), probintzikeria eta buruzagikeria erakusten daukula. Giputzaindiaz bat baino gehiago mintzatu da, eta ez Bizkaian bakarrik.

Zeren, soziologiazko zientziari begiratzen hastekotan, ba dirudi ikuspegi batetik baino ez diogula begiratu, besteak bazterturik. Soziologiarekiko konklusioak ateratzeko tenorean, Gipuzkoari dagozkion puntuak ikusten ditugu, beste lekuetan ba direnik ere axolatu* gabe. Bizkaian ere, behintzat, ba ditugu horrelako arazoak.

Nahiz gauza ezaguna izan Bizkaiko aditza Gipuzkoakoa baino hobea dela, ez dugu orain arte ahorik zabaldu kexatzeko, Lapurdikoa euskaldun guztion onerako egokiagoa delakoan. Aditzetik bestalde ere, ez gaituzte kontuan eduki; baina, hala ere, ez dugu gehiegi protestatu. Euskara batuak kanbiorik gehien eta bortitzen* guri eskatzen eta esijitzen dauku; eta konforme gaude horretan. Ezin duguna onhartu hauxe da: soziologiazko arrazoi mantxu* batzuen kausaz, gogorik ezari paso libre uztea. Eta orain arte ixilik egon bagara ere, besteek arrazoi soziologikoak ateratzen dituztenez gero, guk ere geureak agertzeko eskubidea dugu, eta, ixilunea apurturik. asaldatzen* hasteko mementoa ere heldu zaiku.

Bai eta ere, soziologiazko arrazoiak apelaturik, bizkaitarrok (bizkaieraz mintzatzen garenok) Euskaltzaindiari eskatzen diogu, gure arrazoiak kontuan edukitzeko. Hainbat gauzatan lapurtera guretzat errazago denez gero, eta bai fonetikazko berdintasunak kontuan edukirik, guk lapurtera nahiago dugu, arrazoi printzipalena ere ahantzi* gabe: proposatzen diren bi sistemetarik onena dela.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA

dauku, deusku, digu

diogu, deutsagu

dioskute, dinoskue, esaten daukute (digute)

gaude, gagoz

zaiku, jaku, zaigu


Soziologia

Langileen Arteko Bereiztasunak

Langileen arteko desberdintasunik haundienak fabrika handietan agertzen dira.

Ikus ditzagun diferentzia horik.*

Hemen Bizkaian, 1972.eko martxoan, hauk* izan ziren, enpresa handi bateko langileek jaso zituzten alokairuak:*

10.000 pezeta baino gehiago... 160  langilek.

(Hauen artean, gehien irabazi zuenak,

12.000 pezeta altxatu zituen)

10.000 pezeta 50 »

9.600 » 120 »

9.500 » 55 »

9.400 » 50 »

9.250 » 120 »

9.100 » 90 »

8.500 » 60 »

8.000 » 70 »

Guttien irabazten dutenentzat, hilabetako prima edo lansaria %35 da. Gehien irabazten dutenentzat, berriz, %40.

Gainera alokairuei zerga edo inpostu batzuk kendu behar zaizkie, irabazia guttituz.

Eta, hori aski* ez balitz bezala, prima ere aldatu egiten da hilabetero. Primak ez du zerikusirik produkzioarekin. Esate baterako, ihazko otsaileko* prima 500 pezetatan guttitu zen, eta 1.500 pezetatan martxokoa. Zergatik diferentzia hori? Batek daki!

Bestalde, iragan urrian, alokairua 1.000 pezetatan gehitu zen: %60 oinharrizko alokairuan eta %40 priman. Hau, tranpa bat baino ez da, gehitze hori oinharrizko alokairuan bakarrik izan behar litzateke eta.

Ikusi duguna. langileen artean jazotzen* dena da.

Enpresa handietan. langileez gainera, enplegatuak izaten dira.

Sestaoko «La Naval» enpresan, adibidez, 1.300 enplegatuk lan egiten dute guti gorabehera.

Bizkaiko egunkariek ez dute ezer esan; baina ba dakigu, «La Naval»eko grebalarien artean 45 enplegatu bakarrik daudela.

Edozeinek (edozein langilek, noski) galde diezoke bere buruari: Zergatik hori? Nola heldu gara egoera triste honetara? Erantzuna aspalditik datorkigu.

Kapitalistak geroago eta ikastenago ari dira. Ba dakite, berentzako gauzarik txarrena langileriaren batasuna dela. Ba dakite, langileen arteko lokarria eten egin behar dutela. Eta, horretarako, edozein bide dateke* on.

Hona hemen zer egiten duten. Lehenik, izenez bereizten dituzte langileak: batzuk langile arruntak dira, beste batzuk enplegatuak. Arropaz ere, holako fabrika batetan sartzen den edonork ikus dezake haien arteko diferentzia: langileek lohihartzekoa daramate soinean, enplegatuek, berriz, gorbata. Soldatak eta lansariak ere desberdinak dira. Leku askotan, lanorduak ere diferenteak. Bai eta oporraldiak ere.

Eta enplegatu askok, desberdintasun hauen azken xedea* susmatu arren, azkenean onhartu egiten dituzte beren aldeko abantailak* eta bereiztasunak.

Baina finean zer? Finean «La Naval»eko egoera lotsagarria: langileak grebatan,* beharrezko errebindikazioak eskatuz; eta enplegatuak, kapitalisten alde, fabrikan lan egiten.

Gainera, langileak garaile gertatzekotan, enplegatuak ere berdin gertatuko lirateke: kontraesanen artean, kontraesanik kontraesanena!

Zergatik jokatzen dute horrela enplegatuek? Arrazoi askorengatik. Batzuek, oso beldur direlako. Beste batzuek, ofiziorik ez dakitenez gero, fabrikatik bota eginen dituztelakoan daudelako. Hauek, bizimodu on bat lortu dutelako. Horiek eta haiek, «pelotak» direlako. Eta abar, eta abar.

Bestalde, langileek ba dakite, enplegatuen jokaera hau, kapitalistek gura duten jokaera bera dela. Horregatik, nahiz eta enplegatuak, langileen klasekideak izanik, nagusien alde dauden, berak —langileak— grebatan daude. Zergatik hori? Funtsezko* problemak kapitalistengan daudelako. eta ez enplegatuengan.

Baina enplegatuek zer gehiago erdietsiko* ote dute? Noraino, zein egoera lotsagarriraino helduko ote dira?

Berek dute hitza, beren xanda* baita.

Gure partez, hauxe besterik ez: Enganiaturik zaudeten arren, ez ezazue ahantz gutarikoak zaretela!

ANTSO

1973.eko martxoaren 2an

daramate, eramaten (eroaten) dute

daude, dagoz

dezake, daike

diezoke, deiskio, dezaioke

ditzagun, daiguzan

zaizkie, jakez

zaudete, zagoze


Zoologia

Euskal Herriko piztiak. Katua eta basakatua (6)

Ikastolako maisuak etxean katuari buruzko idazketa bat egiteko agindu deutse eta, Eneko Pitxitxiri begira dago, zelan* hasi eta haren inguruan zer esan ez dakiala. Pitxitxik bere begi loguratsuez begiratzen dau mutikoa, eta «miao» apal bat egiten deutso, horretan ezin lagundu leiskiola esan nahi baleutso legez.*

Azkenean —ba zan ordua!— osaba Martin guzti ahalduna etorri da etxera, eta mutikoa, boligrafoa eta papera eskuan, harengana abiatzen da, katuei buruz berba egin deion.

— Astegunez ere ez nozu utziko, Eneko? —dinotso osabak irribarrez. Esplikazio guztiok kobratu beharko baneutsuz, diru pilatxoa aterako neuke, ez dozu uste?

— Bai, osaba, bai! Baina ba dakizu zer pasatzen jatan? Ikastolarako lan bat egin behar dot, eta... zuk zeuk katuen bizitza kontatuz gero, ba*... oso idazketa polita egingo neuke, eta beharbada maisuak guztien aurrean irakurtzeko esango leuskit.

— Ondo dago. Kontatuko deutsut. Baina orain ekar eistazuz etxeko abarketak eta poxpolu batzuk sukaldetik, pipa hau pizteko.

Esan eta egin. Berehalaxe dator gure mutikoa, osabak agindurikoekin; eta berau, ordainez, katuez hasten jako hizketan.

— Hara! Ez dot gura, dinodan guztia paperean orain ipini daizun. Utz eizuz paper-boligrafook hor mahai gainean, eta entzun ondo. Gero, gogoratzen dozuna idatzi, eta kito.

— Bai, osaba, bai! Horixe egingo dot. Gauza bat itaundu nahi deutsut, hasteko. Etxeko katuak basakatuengandik sortuak ote dira?

— Nik neuk ere basakatuen bizitzaz hasteko gogoa neban, eta asko pozten naiz zerorrek galdera hori egiteaz. Begira! Basakatuak luzeran 60 zentimetro ditu gorputzez eta 30 zentimetrotako buztana.

Larrua grisa edo arrea* izaten da, goitik beherako lerro beltz zabalez; sabela, berriz, zuriska. Buztana etxeko katuena baino zabalagoa da eta eraztun beltzez hornitua. Daukan pisua, bost kilotik hamar kilora artekoa izaten da.

— Eta non bizi dira? Asko dagoz Euskal Herrian?

— Basakatua oso ugari dogu oraindio geurean, Europan ia zeharo desagertua izan arren. Basoetan, oihanik* sakonenetan eta bai Nafarroako lur agiriagoetan ere bizi izaten da, gordetzeko zuhaixkak* eta sasiak egonez gero. Altuben, Aralarren, Urbasan eta Piriniotan asko bizi dira.

— Eta zer jaten dabe? Sagurik?

— Bai, baina basokoak. Horreez gainera, txoriak, txorikumeak, arraultzak, erbiak, hegaztiak eta bestelako piztiatxoak. Batzuetan erreka ondoetan egoten dira, eta ur azaletik dabiltzan arrainak harrapatzen ditue. Ehizan* ari direnean, salto bat egiten dabe animaliaren gainera eta hatzaparren kolpe batez bizkarrezurra apurtu. Gehienetan, arratsean eta gauean ibiltzen dira, beti ixilik. Gizonak eta bera baino piztia handiago batek erasotzen* deutsonean, ileak tente jartzen ditu eta purrustada ikaragarriak egiten, bere hankekin erpakada gogorrak botaz.

— Non egiten dau habia?

— Edozein zulotan. Emeak udaberrian lau edo bost kumetxo egiten ditu, eta orduan zuhaitz zulo batetan gordetzen ditu.

— Noizdanik dauke gizonek basakatua etxean, osaba?

— Hara! Horretan oker zagoz. Zure Pitxitxi hori ez da Euskal Herriko basakatuen jatorrikoa.

— Ez? Nik baietz uste neban.

— Europako katu guztiak Arabiatik ekarritakoen ondorengoak dira; eta, egia esateko, oraindik ez dira hainbeste urte pasatu, etxeko katua ezagutzen danetik hona. Erromatarrek ez eben Jesukristoren denboran katua erabiltzen, etxeko saguak hiltzeko, lepazuria eta katamuturluzea* baino. Erdi Haroan ere, ezagutzen bazan ere, ez zan izaten oso ugaria katua. Orain berrehun urte inguru hasi zan zeharo zabaltzen Europa osoan.

— Orduan, Pitxitxi gurea arabiarra da? Horrela bada, Pitxitxi barik* Mustafa deituko dot.

— Egizu nahi dozuna. Baina jakizu, Pitxitxiren asabak Egiptoko faraonen jauregietan bizi zirela eta animalia sakratutzat eukezala bertan, jendea saguetatik libratzen ebelako. Hiltzen zirenean, gainera, baltsamoz igurtzi eta momia gisa ipintzen zituen. Nik neuk, nabigatzen hasi nintzenean, Al* Kahiroko museoan holantxe ikusi nituan.

— Eta mendiko basakatu batek kumerik egin leike etxeko katueme batekin?

— Bai. Eta kume horreek oso katu handiak eta ederrak izaten dira; baina ez dabe inoiz lortzen egiazko basakatuen buztan lodi ederra.

— Zer beste izenik dauka katuak?

— Euskaraz gehienok katua deitu arren, iparraldeko euskaldunek gatua ere esaten deutsoe. Gaztelaniaz gato, eta frantsesez, berriz, chat (= xa). Zientzi izena hauxe da: Felis catus eta Felis sylvestris.

— Beno, osaba! Eskerrik asko! Nahikoa dot horrekin. Ikastolarako lana egiten hasiko naiz. Eta, hi, Pitxitxi-Mustafa, entzun dok zenbat gauza jakingarri kontatu deuskuzan osabak heure familiakoez? Nork esango eban hain inportantea hintzela, txo!

TRAUKO

baleutso, balio

beneutsuz, banizkizu

dabe, dute

daizun, dezazun

dauke, dadukate, daukate

deion, diezon, dezaion

deuskuz, dizkigu

deutse, die

deutso, dio

deutsoe, diote

deutsut, dizut

dinotso, diotsa, esaten dio

eban, zuen

eben, zuten

eistazuz, ietzadazu, itzaidazu

eizuz, itzazu

eukezan, zeduzkaten, zeuzkaten

jako, zaio

jat, zait

leike, lezake

leiskio, liezoke, lezaioke

leuskit, lidake

neban, nuen

zagoz, zaude


«La Naval» lantegiko gatazka

Bizitzaren garestitasuna eta prezioek iragan* urtean egin duten gorakada haintzat harturik, alokairu* egoki eta araberako* bat eskatzea pentsatu zuten Sestaoko «La Naval» enpresako langileek.

Zenbat eskatu behar zen erabakitzeko, batzar zabal batzuk egin zituzten joan den urtarril* osoan (astean bat edo bi).

Enpresa, bere aldetik, 1972. urteko alokairua %8 gehitzeko prest zegoen. Hala ere, langileek, gehitze hori guti zela deliberatu ondoren, hilabete bakoitzeko, 3.000 pezeta gehiago ordaindu behar zitzaiela erabaki zuten. Eskabidea horrela egin zen. Gainera, alokairuen igoera horrek langile guztientzako berdina izan behar zuen, prezioen igoera ere denontzako berdina baitzen.

Lantegiko nagusiek honela erantzun zuten: alokairua %10 goratuko zutela eta urtearen barruan 6.000 pezeta eskupeko bezala emanen.

Eskaintza hau eskasa zela kontsideraturik, langileek «sugea» delakoa egin zuten fabrikan, eta, besterik gabe, batzarrera etorri ez ziren langileak eta kontratakoak haien aldera pasatu ziren.

Batzarrekoek agiri bat bidali zien Bilboko egunkari guztiei, lantegiko gorabehera guztiak azalduz.

Egunkariek berririk eman ez zutelako, goiz batez periodiko pila haundi bat apurtuta agertu zen lantegiko bulegoen* aurrean.

Langileen gatazka* haundituz zihoala konturaturik, eta giro hau behin batez deuseztatu* nahirik, enpresakoak jendea kalera botatzen hasi ziren: lehenik hiru egunetarako, gero zazpi, berriro zazpi, eta otsailaren* 24ean bi hilabetetarako.

Azken zigor hau ikaragarrizkoa izan da, zeren* bi mila langile horrenbeste egunetarako soldata gabe uztea ez baita txantxetako gauza.

Otsailaren 20an, Sestaoko sindikatuan, Bizkaiko sindikal agintariek, langileei dei egin ondoren, giza talde haundi baten aurrean berba egin zuten.

Hurrengo egunean, otsailaren 21ean, Sindikatuaren jokoa eta haren zeregina aipatu zen batzarrean. Sindikatutik kanpo jarraitzea erabaki zen eta lehen bezala segitzea.

Batzar berean, Nafarroako apaizen homilia ere irakurri zen, eta han esaten zena denok ados* onhartu zuten.

Egindako batzarrak, 26 edo izan dira.

Bizitzaren garestitze honi buru egiteko, beste lantegi gehiagotan ere izan dira gatazkak, esate baterako, «Euskalduna», «Babcock-Wilcox» eta «General Eléctrica»n, hain gogorrak izan ez arren. Fabrika hauetan ere, ba dira lan gabe geratu direnak.

Egoera honi erantzun bat eman nahiz, Bilboko Gotzainak ere dei bat egin du, eliza guztietan dirua bil dadin, kalean lanik gabe dauden langileei eta haien familiei laguntzeko.

Oharra: Ez dakigu, informazio hau agertzen deneko, «La Naval»eko gatazka zer egoeratan izango den. Hala ere, orain arteko gertakarien publikatzea beharrezkoa iruditu zaiku.

BARRENETXEA

1973.eko martxoaren 6an


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Hau duk umorea

Koartelean bi soldaduk —euskalduna bata, galegoa bestea— koronelaren zakurra ikusten dute ingurutik, eta haietako batek harrikada bat botatzen dio. Zakurra, minezko xilioak eginez, ba doa handik; eta, haik* entzutean, koronelak leihotik bi soldaduei beragana joateko agintzen die.

Sartzen da haren gelara euskalduna eta ba diotso: Egun on!

Hori entzutean, galegoak, atzetik, berehalaxe bota zuen: Eu tampoco!

***

Adiskide batzuk etxera etortzeko dira, eta emazteak ba diotso senarrari:

— Jose, ez itzak euritakoak hor ate ondoan utz.

— Zer. ba? Ohostuko ote dizkiguten beldur haiz ala*?

— Ez, baina... beharbada ezagut ditzaketela pentsatzen ziat.*


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (17)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartto batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ABURU, eritzi, uste.

ADOS, konforme.

AGIAN, nonbait, beharbada, seguramente.

AGIRI, documento.

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).

AHOZKATZE, pronunciar.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AINTZINAGO, aurrerago.

AISATZE, errozte.

AITZINDARI, precursor.

ALA, o qué?

ALABAINA, hala ere.

ALDA, cambiar. (ALDATU, cambiado).

ALDIZ, uerriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALEGIA, Alegría de Oria.

AL KAHIRO, El Cairo.

ALOKAIRU, aloger, soldata, salario, jornal. (LANSARI, prima).

ALOR, arlo, sail.

ALTXOR, tesoro.

ANITZ, asko.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARABERAKO, proporcional.

ARAUEZ, arauera, arabera, según, conforme.

AREAGO, oraindik gehiago.

AREAGOTZE, oraindik gehiagotze.

ARESTIAN, berriki, aurtemein, oraintsu.

ARETO, sala, salón.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRE, gris, pardo.

ARRO, cuenca, bassin.

ARRUNT, guztiz, zeharo; común, corriente, ordinario.

ARTZAI, artzain, pastor, berger.

ASALDATZE, rebelarse.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATXEKITU, atxiki, adherido, pegado.

ATXEMAN, encontrar, captar.

ATXIKI, adherido, pegado, dependiente.

AUKERA, abagadune, era, ereti, parada, ocasión.

AURREUSTE, presentimiento.

AURREZKI, ahorro, épargne.

AUSART, intrepido, osado, valiente.

AXOLA, ardura.

AXOLATU, arduratu.

AZTARREN, aztarna, arrasto, rastro, vestigio.

BA, bada, pues.

BARIK, gabe, en vez de, au lieu de.

BARRUTI, jurisdicción territorial.

BASAKATU, gato montés.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDERA, bakoitz.

BEDEREN, gutienez, behinik behin.

BEHARRIK, zorionez.

BEHINGOAN, berehala.

BERDINEAN, en igualdad de condiciones.

BILDUMA, colección.

BOKALE, Baionako hauzo handi bat.

BORTITZ, azkar, indartsu. (Berba hau latinezko fortis hitzetik dator).

BOZKETA, elección, votación.

BULEGO, oficina, bureau.

BURUTZE, cerrar, terminar.

DAGOENEKO, honez gero.

DAKIKEGU, dakigu nonbait

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAT, ikusten dut

DAKUSAZU, ikusten duzu

DANTZUGU, entzuten dugu.

DASTATU, saboreado, degustado.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste, está. (Etzan aditzaren forma).

DAZAGUGU, ezagutzen dugu.

DEITURA, apellido, nom de famille.

DEMAGUN, eman dezagun (daigun).

DEMAS, grande, exorbitante, exagerado.

DESIRA, gurari, deseo.

DEUS, ezer.

DEUSEZTATU, destruido, aniquilado.

DEUSEZTATZE, destruir, aniquilar.

DUKE, du nonbait.

EBAKITZE, prununciar.

EDOZELAN, nolanahi.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EHIZA, caza, chasse.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

ELIZALDE, anteiglesia.

ERAITSI, jaits erazi.

ERAKUNDE, organismo, organización.

ERASOTZE, jazartze, oldartze, atacar.

ERAUZI, arrancado.

ERDIETSIKO, lortuko.

ERDU, etor.

EREDU, modelo.

EROR, caer, tomber. (ERORI, caído, tombé).

ERRENTERIAR, Luis Mitxelena.

ERRESUMA, reino, nación, estado.

ESKERGA, gaitz, enorme.

ESKUALDE, comarca.

ESKUALDEKATZE, división comarcal.

EURREZ, erruz, abundantemente. (Gure ustez, euskara batuan Bizkaiko eurrez erabili behar litzateke, eta ez erruz, azken berba honek beste esangura bat ere ba du eta).

EUSKALKI, dialecto vasco.

EZEN, ze, pues.

EZEZE, no solamente.

EZKUTU, escondido, oculto, caché.

EZPAI, ezbai, duda, zalantza.

FUNTS, fondo, sustancia, fundamento.

GABE, barik, en vez de, au lieu de.

GAINGIROKI, superficialmente.

GAITZ, eskerga, enorme.

GANTZ, grasa sólida, graisse solide.

GARAI, alto.

GARAMATZATE, garoez, eramaten (eroaten) gaituzte.

GATAZKA, conflicto, disputa, querella.

GERA, geldi.

GINO, arau, hein, proporción, medida.

GISA, modu, era; bezala.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GORANTZA, alabantza.

GREBA, huelga.

GREBALARI, grebari, huelguista.

GURPIL, burpil, rueda, roue.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente, así mismo.

HARAKIN, carnicero, boucher,

HARAN, valle.

HARTZEKE, hartu gabe.

HARTZEKO, harturen, haber, créance.

HASTAPEN, haste, hasiera.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HEIN, neurri, grado, proporción.

HERRIALDE, región.

HERTSI, hetsi, hitxi, cerrado, fermé.

HILDO, surco, sillon.

HIZKUNTZ. Hitz honi eta hurrengoari Armendaritzek azken bokala kentzen die, geroago datorren arlo berbarekin hitz elkartu bat egiten dutelako: hizkuntz arlo, kultur arlo).

HONANTZA, honantz, honuntz(a), honat, hunat.

HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORTAZ, horretaz, beraz.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IDAROKI, iradoki, insinuar.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IHARDETSI, erantzun.

IHESTE, ihes egite.

IKASTENAGO, gehiago ikasten.

IKERTU, aztertu, arakatu.

INDARGE, indar gabe.

IRAGAN, iragandako, iraganiko, iraganikako.

IRITXI, heldu, ailegatu.

IRIXTE, heltze, ailegatze.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

IZKUTATZE, gordetze, ocultar, cacher.

JADANIK, ya.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, aguantar, soportar.

JAZOTZE, gertatze.

KANPOAREKIKO, exterior.

KATAMUTURLUZE, gineta, genette.

KOIPE, grasa derretida, graisse fondue.

KOLKA, clueca, couveuse.

KORRITU, hobari, interés.

LANEZ, lanik ez.

LANSARI, prima. (ALOKAIRU, aloger, soldata, jornal, salario).

LANTURU, lamento.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LAZGARRI, terrible, horrible, espantoso.

LEGEZ, lez, bezala.

LEINU, tribu.

LEPAZURI, garduña, fouine.

LOHIHARTZEKO, buzo. (Berba hau Bermeon erabiltzen da asko).

LOR, erdiets, conseguir. (LORTU, erdietsi, conseguido, logrado).

MAISEATZE, kritikatze.

MAIZ, sarri.

MANDA, banda, lado.

MANTXU, manco, escaso.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MERKATALGO, comercio.

MINTZO IZAN, hitz egin.

MOZKIN, producto, beneficio.

MURMURIO IKUTU, toque susurrante (aho hertsia* egindako soinu).

MUSKARIA, Tutera, Tudela.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITZE, notar, percibir, sentir.

NOIZDANIK, noiztik.

OHIZKO, habitual.

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OIHUZTATU, oihukatu, dicho con voz fuerte.

OMEN, ei.

OPA IZAN, eskaini.

OROBAT, berdin.

ORO HAR, en conjunto.

OSA, completar, perfeccionar. (OSATU, completado, perfeccionado).

OSTERANTZEKO, distinto, diverso, diferente.

OTSAIL, febrero.

PARADA, abagadune, ereti, ocasión.

PIKOTA, picota (antiguo instrumento de suplicio).

PIKOTARA JOAN, ir al traste.

POZARREN, pozik. (Asko erabiltzen da Bizkaian).

POZOINTSU, venenoso.

SALDO, aldra, talde.

SOBERA, gehiegi, larregi.

SUNTSITU, hondatu.

TANKERA, estilo.

TEHENTA, machaqueo, rengaine. (TEHENTA BEREKO, monótono).

TEMA, porfía, obstinación.

TEMATI, porfiado, terco.

TENORE, ordu, garai.

TXATXUKERIA, frivolidad, fatuidad.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UKATE, izate. (Ukate aktibo, izate pasibo).

URTARRIL, enero, janvier.

USU, maiz, sarri.

UZTA, cosecha, récolte.

XAHUTZE, eralgitze, gastar.

XANDA, txanda, turno.

XEDE, helburu, asmo.

XUME, humilde.

ZAMA, kargo.

ZARATEKE, zara nonbait.

ZATEKEEN, izango zen.

ZELAN, nola.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZIAT, diat, joat, dut. (Aditz forma hau onhartuko omen da euskera batuan).

ZINEZ, benetan.

ZUHAIXKA, arbola txiki.

ZUZENBIDE, derecho.


Aiteder preziatu miretsiak "Harki"en buruzagiari

Agur, mitologo hori:

Hastapenetik* irakurri dizkiat hire izkribuak, nik uste; gure artean, orain dela bizpahiru urte, idazten hasi hintzenez geroztik beretik. Eta euskal pentsakera aurrerazalearen moldatu beharrari buruz esperantza apur bat ezarri nian higan lehenengo artikuluetan. Gaur, berriz, esperantza haren arrastorik ez zegok.

Oso gorriz jantzirik, bete betean abiatu haiz Ramiro de Maeztu eta Ibarnegarairen bide ezagunetatik. Tomismoaren eraginak, itxura denez, sakonkiago zulatu dik higan, hasieran uste izan nuena baino. Kontsola hadi, hala ere; ez haiz, egoera horretan dagoen apezkume bakarra; eta urte batzuen buruan —espero diat— joera horri nagusituko hatzaio.

Ez haiz argiro mintzo;* nahiz, hik dioana esateko eta etengabe salatzen duana salatzeko, ez trabarik izan, ez zertan kezkaturik ere. Txalo ugari jasotzen duk eskuinaldean eta Hegoaldean. Hoa lasai, hortaz;* mintza hakigu garbikiago. Esan garbi zer bilatzen duan, nork bultzatzen hauen, eta zerk horretaratzen hauen. Jakin ez zekiat; baina uste baino lehenago jakingo diat.

Hi ez haiz garbiki mintzo, nahi ez dualako, hain zuzen. Ni, berriz, ezin naizelako. Nahiz, hik dioanez, «euskaldun historiko, objetibo eta errealaz ahanztu» banaiz ere, ez diat horko deus* ahantzi.* Adierazi nahi nukeenaren laurdena ere esan ahal izateko (idaroki* ahal izateko, hobeki esan), mila komeria ikusten diat nik. Hik, berriz, ez: hik lasai egin dezakek heure kritika lana. Xehekeria (omen*) honetzaz ahantzi bahaiz, nor da ahanzkorra: ni ala hi? Hamabi urte honetan hire Alegia* ikusia ez dudan artaburu «ahanzkor» honek, garbiki erantzun nahi niake gaur, eta ezin diat. Mitxelenak ere ez; eta jakin egin behar likek ahanzkor ez denak.,

Hik, berriz, egin hezake; eta ez duk osoki egiten. Herorrek esan duk etika ez dela deusik, ez bada politikaren mailara irixten.* Eta hire mitologiak ere ez. Hots,* egiaren beldur haizelako, «euskal mitologia»ren salakuntza errazean izkutatzen* duk heure burua; eta mito apurketa sutsu horretan (orain Mitxelenaren «mitoa»ri tokatu zaiok txanda) zerbitzatzen duan politika zehatza ez duk aitortzen. Zergatik ez? Heu haiz ahanzkorrena.

Bakarra duk hire tema,* beste jaun horiena bezalaxe. Hire azken hiru izkribuak irakurri besterik ez diagu behar, horretzaz jabetzeko: neroni eta Mitxelenari segidan eskaini dizkiguan lerro pozointzuetan* eta «Euskal Literatura 72» deritzan bilduman* argitara duan «Hitzaurre Gisa» ustelean, hari bakar bat gidari: «Euskal Mitologia». Eta ez haiz Laminez eta Basajaunez mintzo, baina aranismoaz eta mitxelenismoaz.

Axaleko huskeriak alde batera utziz, beraz, irakur dezagun erne:

- «Herria ez da bat».

- «Herri baten batasuna, fikzio literario bat da».

- «'euskal' ideologia bat eta bakarraren ilusio eta amets interesatua».

- «gauza bitxia da, nola gerra ondorengoei zuhurki gorde izan zaizkigun gerra aurreko euskaldunen diferentzia ideologikoak (funtsean* oraingoak)».

- «Euskal Herrian euskaldun tipo ugari dago. Kultura ugari da. (Produzio molde ugari da, guttienez hiru)». Eta abar, eta mila aldiz abar.

Hitz batez: Euskal Herria ez duk behin ere bat izan, eta ez duk behin ere bat izango. Erauzi* egin behar diagu mito hori geure eskualdeetatik.* Euskal Herria beti izan duk zatitua, eta beti izango duk zatitua.

Hobe horrela gainera, erantsi duk, behin bederen* mozorrorik* gabe mintzatuz: «Alfer derizkiot, etorkizunari gagozkiolarik, Euskal Herri Bakar eta Komun baten desirari.* Gauzak horrela dira, horrela izan behar zutenez; eta ausartak* behar dugu izan, liberal garenez, Euskal Herriarekiko eta Historiarekiko ikuspegi desberdinak onhartzeko».

Nik neuk, ordea, zozo bistalabur honek, ez diat hire esaera horietan batere ausardiarik atxematen.* Ez eta izpirik ere. Ezen* oso ahanzkorra izan behar baita (hi haizen tamainakoa bederen), hire jarreran* ausardiarik eta berritasunik aurkitzeko. Ez dituk gaur Pragan inolaz ere ausartak, «gora Brexnef» oihu egin eta «Dubcek-en mitoa» salatzen dutenak, «kanpora errusitarrak» hitz erdizka bederen esaten saiatzen direnak baizik.

Gaur Somorrostron langileriaren mitoak salatzea eta Quebec-en quebectar mitologia maiseatzea,* koldarkeria duk. Orain dela hogei urte Argelian argeliar mitologia salatzea, «harki»en eginkizuna izan zen bezala.

Hire jokabidea, hortaz,* «ausarta» ez baina koldarra iruditzen zaidak arrunt.* Eta hire sasi-teoriak, odola baino gorriago jantzirik ere, karlismoa eta absolutismoa baino ere zaharrago... eta urdinago. Hain zuzen ere, hire mito salaketa hori, justu duk, zeharo justu, Juan Antonio Llorente azken Inkisidoreak 1800.aren inguruan hasi zuen lanaren segida «berritua». Ez nikek ohore hori neuretzako nahi, benetan.

Jakina. Kontradizio gaitzak* ikusten dituk hik gure herrian; eta horrek eraman omen* hau, beti egiaren gorantzan* eta zerbitzutan, aurkitu duan egia latz hori aitortzera: alegia, Euskal Herria ez dela bat. Nola harri haiteke hi, ordea, marxista argi haizen hori, gure herriaren funtsean* kontradizioa topatzeaz? Ni neu, marxista ez izanagatik ere, ez nauk harritzen. Eta hi harritu? Edozein lekutan topatu diat nik kontradizioa: Japonen, Espainian, lantegietan, bulegoetan,* sozialisten artean, marxisten artean, trotskisten artean, senar-emazteetan, neure buruan. Hik ez, ala*? Marxen ustez, oker ez banago, munduaren eta izanaren beraren kakoa eta azken funtsa kontradizioan zetzak. Marxista batek, hortaz, ez zeukak zer harriturik, Euskal Herrian kontradizioa topatzean. Hik nik baino gutxiago.

Nik, bestalde, ez diat inoiz sinetsi zatiketarik gabeko Euskal Herri mitikotan: pentsakeraz ez nauk totalitario bat. Baina ez diat neure herriarentzako nahi, bestek bere herriarentzako daukanaz besterik ezer.

Hik zer nahi hukeen ez zekiat. Eta beldur nauk oso, nik baino lehenago ez ote duen anitzek igarriko. Beharrik* igarriko.

Agur t'erdi.

LARRESORO

Toketazko aditz formak

diagu (ziagu), dugu

diat (ziat) dut

dik (zik), du

dituk, dira

dizkiat (zitiak), ditut

duk, da

likek, luke

nauk, naiz

nian, nuen

nikek, nuke

zaidak, (ziaidak), zait (jat)

zaiok (ziaiok), zaio (jako)

zegok (diagok), dago

zekiat (diakiat), dakit

zetzak (diatzak), datza*

zeukak (diadukak), daduka (dauka)

Osterantzeko aditz formak

dezagun, daigun

dezakek, daikek

dizkiguk, deuskuzak

hatzaio, hatxako

hezake, heike

niake, neuskik

zaizkigu, jakuz