ANAITASUNA

247. zenb.

1973.eko urtarrilaren 15ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Iragan urteari begira

Bilboko gotzain jaunak Dei bat idatzi izan du, abenduaren 18an, «Joan dan urteari begira...» izenburuarekin, Bizkaiko eliza guztietan Eguberri bezperan irakurtzeko erregutuz. Txit interesgarria idazki osoa. Hala ere, interesgarriena nonbait, une larri honetan hain beharrezkoa dugun euskaldunon batasunari buruz dioena.

Hona hemen, aipatu* Deiaren zenbait puntu:

«Homilietan, kristau ekintzailleekin egindako batzarretan, erretiru ta idazkietan, aspertu barik* ekin deutsagu, bein eta barriro gauza bera esan eta esan: Jaungoikoaren seme-alaben familian batasuna indartzeko diran egintza ta jokera guztiak, Ebanjelioaren gogo betekoak dirala; orren aurkakoa, ostera, Elizeagaz Kristogan alkartzeko gauzarik kaltegarriena».

«Elizeak batasun-lokarri izan behar daualako, askatasun-jokabideak artu doguz, alderdikeri-politikaren zein presiño-taldeen ezaugarri guztien aurrean. Politika konkretu eta gizarte-diskriminatze aukeretan,* Elizea ez dago baten aldera makurtuta; eta bere zerbitzurako erabilli nai leuken iñungo talderen eskuetan tresna bat ezin daiteke izan. Uste dogu, olantxe baiño ezin dala izan Elizea, gizonen aurrean, Kristoren Sakramentu».

«Orain arte lez,* aurrerantzean be* auxe esaten ekingo dogu: eliz-batasunik eta alkarrizketarik ezin daitekela sortu, kritika garrantz, menpekotasunik-ez norberekoi eta biurrikeri-gogoa biztuten diran lekuan, olako jokabideak maitasunagaz bat ez datozelako; eta maitasuna da, ain zuzen be, alkartasunaren, alkar aditzearen eta bakearen eragille Elizan».

«Aurrerantzean be eten barik eskatuko dogu Jaungoikoaren grazia, eta era guztietara eskatuko dogu Elizaren seme-alaba zintzo guztien laguntasuna, gure errian kristau bake-egitea ta batasuna lortu daiguzan».

«Beti legeaganako erasoa* ta erdeiñua,* Eliz Maisutzaren irakatsi tradizional eta barritzailleari aurka jartea, larregiz zein gitxiegiz biurritzea,* anaien artean geiago edo gitxiago agiri dan indarkeria: jokabide guztiok, seme-alaba maiteok, Ebanjelioaren aurka diralako, eginbear aundi-aunditzat daukat —Elizaren zerbitzari izateko neure eginkizunean— Kristoren irakatsia iragarri* ta zabaltzea, eliztarrak munduko arazoetan dauken egiteko guztia Ebanjelioaren argiaz beteta egon daiten. Baiña biotz-biotzez nai dogu, politika ta gizarte-arazoetatik sortutako burrukak galdu daitezala, euron iturburuak agortu diralako: olako burrukak ondoren aundiak izaten dabez kristau alkartean, eta aurten eurok eroan* deuskue gure arduren zati aundi bat. Olan, burrukak amaituta, aro onean. gure elizbarrutiak bear dituan pastoral asmoak aurrera eroan aal izan daiguzala».

«Abade,* erlijioso, eta laiku-talderik geienak zintzo jokatzen dabe, Gotzaiñagaz eta Elizbarrutiko erakundeekin* bat eginda. Baiña ba dagoz gitxi batzuk, euren pastoral ekintza eliz-agintariakandik kanpora daroenak; batzuk, gitxik, aurka bere* bai».

«Giltzapean edo erbesteratuta egon bearrean aurkitzen diran abade ta laikuen egoera luzeak min emoten deusku. Eskabide batzuk egin dira, kondiziñopeko askatasunak eskatuz, zigorrak arintzeko eta euron bizimodurako egoera bigunagoa eskatuz; baiña gauza gitxi lortu da. Auxe eskatzen deutsat Jaungoikoari: biotz zabalez jokatzeko, auziak barriz aztertzeko, auzi-bideak normaltzeko ordua ainbat ariñen eldu daitela».

«Ainbat gazte-talde erlejiño-bizitzako eginkizunetatik geroago ta geiago aldenduten dirala ikusten dogu. Orregatik gure guraririk* aundiena, gazteentzako pastoral egoki bat eratzea da».

«Bardin antzera jazoten* da langilleen artean be; ori dala-ta, eta orren zailtasuna argi ikusten dogulako, indar barria emon gura deutsagu, onetan, pastoral ekintzari».

dabe, dute

dabez, dituzte

daiguzala, ditzagula

daiguzan, ditzagun

daitela, dadila

daiten, dadin

daroe, daramate

dauke, dadukate, daukate

deusku, digu

deuskue, digute

deutsagu, diogu

deutsat, diot


Euskara idatziaren zenbait akats (2)

ANAITASUNAren aurreko zenbakian, euskara idatziaren problema batzuk aztertu nituen. Oraingo artikulu honetan, Literaturan erabili izan den soluzio bat aztertuko dugu.

Idazle bezala, Joannes Leizarraga aipatuko dugu. Leizarraga hirugarren euskal idazle dugu. Haren idazlanak XVI. mendean* argitaratu ziren. Nahiz eta orduan euskara idatzia bere hastapenetan* egon (beharbada horregatik), problema tekniko batzuk sortu zitzaizkion Leizarragari. Eta hori, euskara idatziaren argitasuna lortu nahi zuelako izan zen.

Nik aurreko artikuluan aztertu nituen problemetarik bat, Leizarragari berari ere gertatu zitzaion. Leizarragak, a organikodun hitzen mugatasuna eta mugagabetasuna bereizi egin behar zirela ikusten zuen. Leizarragak argi eta garbi bereizi nahi zituen hitz idatzi bakar baten esan-nahi desberdinak.

 A organikodun hitzen mugatasuna eta mugagabetasuna ez da argi ikusten, kasu bietan berdin idazten delako. Lehen esaten genuen bezala, bizkaitarrok ez dugu horretan eragozpenik, a + a = ea egiten dugulako. Baina batasunerako a + a = a egitea aukeratu dugunez gero, bereizi egin beharko ditugu nolabait a sinplea eta a bikoitza.

Leizarragak, hitzaren esannahia argi gera zedin, azentua erabiltzen zuen hitz mugatuetan; hots, a + a = á egiten zuen.

Ikus ditzagun Leizarragarengan harturiko adibide batzuk:

(Nezesario zen Jainkoaren Semea gure haragi propiaz bezti ledin) Jainkoaren kontra gizonak egin ukan zuen desobedientzia natura humanoan errepara ledin.

Adibide honetan, desobedientzia eta natura hitzak a organikodunak dira. Baina kasu honetako desobedientzia, desobedientzia konkretu bat da, mugatua beraz; eta Leizarragak desobedientzia + a = desobedientziá idazten du.

 Natura hitzak, humano adjetiboarekin deklinatzen denez. ez du artikulurik hartzen.

Beste adibide bat:

Zergatik deitzen duk Elizá saindu? Zeren Jainkoak elejitu dituenak justifikatzen eta purifikatzen baititu saindutasunetara eta inozentziatara, hetan* bere gloriá argi erazi dezantzat.*

Honelako hainbat eta hainbat adibide aurki daiteke Leizarragarengan. Horretarako. «Euskal Protestantismoa zer zen» liburua erabili dut.

Aipatu nituen beste kasu bietarako ez dut soluziorik ezagutzen Literaturan.

Hala ere, hurrengo artikuluan soluzio batzuk proposatuko ditut. kasu bakoitzerako. Bitartean. kezka berdina dutenek. beren soluzioa aipa dezakete, ea denon artean aberatsago eta trebeago bihurtzen dugun geure euskara, hizkuntza idatzia legez.*

J. R. ETXEBARRIA

dezakete, daikee

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozen


Ikastola

Gure ikastolez zerbait

Orain guti dela, Donostian egindako batzar batean, mediku batzuk konklusio honetara heldu ziren: Euskal Herria gaixorik dagoela.

Dena den, sarritan esaten da, gure herria krisi batean dagoela; krisi horretatik, makaldurik eta hilurren edo indarturik eta bizi bizirik aterako dela.

Egia da, gutariko onenak askotan fenomeno batzuk bezala agertzen direla; baina beste askotan zoro batzuk diruditela.

Zinez,* une larri honetan, gure mugimendurik txikienak garrantzi haundia eduki dezake. Gure edozein erabaki, gure etorkizunaren giltza izan daiteke. Hemendik dator gure ekintzen azterketa sakon baten beharra.

Horrexegatik nahi izan dut, ikastolen azterketa hau argitaratzea.

Ikastolek, heziketaren mugimendu bat nahi dute izan. Gure herriaren beharrei erantzuteko mugimendu hezitzaile bat.

Mugimendu hezitzaile batek, berez, sekula ere ezingo du gizartearen aldaketa bat izan. (Hau, gizartearen mekanismoa ezagutzen duen edozeinek onhartzen du, idealista hutsa ez bada behintzat). Baina lagundu, bai: aldaketa hori lortzen, lagundu ahal izango du. Hala ere, mugimendu hezitzailea beti izango da bigarren kausa aldaketa horretan, bigarrena garrantzian, denboran izan ez arren. Hutsune haundi bat izango litzateke, mugimendu hezitzaile baten bitartez, sozialki eta ekonomikalki erdietsi* ezin den aldaketa bat lortu nahi izatea.

Praktikan efektibitaterik ez duen mugimendu politiko bat hutsune berdinean jausiko* litzateke, heziketaren programa bat egingo balu.

Honelako hutsuneak sarritan ikusten dira gure herrian. Eta hau ondo dakite, ikastolen mugimenduaren aurka daudenek. Hau da: ikastolak, burruka politiko batean itotzeko arriskuan daudela.

Ez dut esan gura, ez eta pentsatu ere, ikastolek apolitikoak izan behar dutenik. Baina ez dute izan behar gure arteko edozein alderdikeria politikoren bitimak.

Nork bere interes batzuk aldamenean uzten ez badakigu, alferrekoak izango dira, elkarrekin «mugimendu hezitzaile demokratiko» bat lortzeko ahalegin guztiak.

Beste alde batetik, era desberdineko ikastolak jartzea, tranpa bat izango litzateke. Ikastola bakoitzak bere berezitasuna edukiko du beti. Baina funtsezko* gauzetan denok batera jokatzen ez badugu, oinharrizko gauzetan elkartzen ez bagara, ezingo dugu luzaroan iraun.

Beste hutsune haundi bat izango litzateke, mugimendu hezitzaile honetara klaseen burruka ekarri nahi izatea.

Irakasleek klase bat osatzen balute bezala, eta gurasoek beste bat.

Eskola batean beti egongo dira, bertan sartuak diren gizarte klaseen ondorioak. Eta eskola batean jakin egin behar da ondorio horiei aurpegi ematen eta erantzuten, gauzak ondo aztertu eta sakondu ondoren.

Baina eskola bat ez da enpresa bat, gure arteko batzuek nahiko luketen bezala.

Heziketaren lana, gizartearen eta ikasleen arteko harreman bat da. Lan honetan gurasoek eta irakasleek dute parterik haundiena. Izan liteke askotan, batzuek klase baten mentalitatea edukitzea eta besteek beste batena; baina aldez aurretik ezin dugu horrela biak erdibitu.

Ikastolak talde bat izan behar du, gurasoak, irakasleak, teknikoak eta ikasleak ondo loturik dauden talde bat.

Benetan aurrera jo nahi badugu, hauxe lortu behar dugu.

Honelako karakteristikak dituen mugimendu bat lortzeko, geure indar guztiak batzen ez badakigu, pikotara* goaz.

Mugimendu hau indartuz gero, erraz lortuko genuke, arrazoi gabeko hainbat espontaneismori eta «manía persecutoria» delakoa dutenen susmo eta zurrumurruei uko egitea.

Argiro eman behar diegu ezetza, kritika alferretan denbora galtzen ari diren pertsona eta batzarrei. Eta, geure indar guztiekin, baietza eta laguntasuna, lan praktikoak eta efektiboak egiten dituzten pertsona, batzar eta batzordeei.

ABARKA

balute, balebe

daude, dagoz

dezake, daike

diegu, deutsegu


Arrasateko ikastolari buruz

"Batzar nagusien ondorioak" komentatuz

Ondorio hauetan, puntu hauk* nabarmentzen dira, batik* bat:

- Herriaren egarriak eta kezkak: a) Jakintza edo kontenidua, hots,* irakaskintza ofizialak ematen duen kontenidua; b) Eta hori, euskaraz eta euskaldun bezala.

- Egarri horik* betez, ikastolak bere egitekoa bete du.

- Beste egarri batzuen bila ezingo da joan.

- Batzordeak du azken hitza.

- Batzordearen lehen lana, izendutako zuzendaria onhar* eraztea da.

***

«Duda haundi gabe esan liteke, herriaren eta gurasoen kezka haundiena, haurrak ondo gertatuta ikastolatik ateratzea dela; eta ondo gertatu hau, jakintza edo kontenido aldetik esan nahi du. Hori bai, gertaketa hau euskeraz eta euskaldun bezala jasota».

«Zuzendariaren egitekoa: Ofizialki emanak diran irakaskintzaren asmo eta elburuak, eta Batzordeak asmo haueri erantsi nahi dizkienak, gailur-gailurreraino eraman ahal izateko, irakasle-taldearen lanak zuzendu, eratu, elkar jasi eta zaindu».

Irakaskintza ofiziala, nahi eta nahi ez eman behar den zerbait da, gaur egun. Horretan denak ados* datoz: Junta, guraso eta andereño. Eman ere, oso ondo ematen onen zuten Arrasateko ikastolako andereñoek, Junta Zuzendariak berak asanblean aitortu zuenez.

Baina gauza bat da, irakaskintza ofiziala ongi bete behar dela esatea eta ongi betetzea; eta beste bat. hori emanez gero (eta euskaraz eta euskaldun bezala emanez gero), haurrak ikastolatik ondo gertatuta aterako direla esatea.

Irakaskintza ofizialaren jakintza edo kontenidua hartuz gero, ondo gertatuta gelditzen ahal da haurra? Zertarako ondo gertatuta? Ez ote daiteke, ondo gertatze hori dudatan jar? Jakintza edo kontenidu ofiziala eta heziketa lana, berdin ote dira? Edo eta, kontenidu ofizial hori, ona izan ez arren, «euskeraz eta euskaldun bezala» emanez gero, ondu egiten ote da? Txarra dena, on izatera aldatzeko aina* bertute ba ote du euskarak?

Irakaskintza ofiziala betetzea nahi eta nahiezkoa dela esan dut, gaurko egoeran. Baina, «ofizialki emanak diran irakaskintzaren asmo eta elburuak eta Batzordeak asmo haueri erantsi nahi dizkienak, gailur-gailurreraino eraman» nahi izateak, ba ote du inolako zentzurik? Aita Saindua baino aitasaindu-zaleago izan behar ote dugu honetan ere? Ez ahal dago antzik ematerik, zein diren irakaskintza ofizialaren asmo eta helburuak?

Nola uztar daitezke, alde batetik asmo eta helburu horik gailur gailurreraino eramatea, eta hori «euskaldun bezala» egitea? «Euskaldun bezala» horrek bere kolkoan ezer ez darama; edo, bestela, zirkulu kuadratuaren bila gabiltza.

Eta zer ote da, gainera, «euskaldun bezala» hori? Esaldi huts bat edo zerbait gehiago ere bai. Beherago ere beste hau irakurtzen dugu: «... euskaldun eta lagun bezala azaltzeko...» Beraz, ageri denez, ba da euskaldun bezala ikasteko modu bat, eta euskaldun bezala gauzak esate bat, euskaldun bezala ziztorra* jate bat, eta abar. Zer datza* «euskaldun bezala» horren atzetik? Esaldi horik, besterik gabe, hutsak dira.

***

Goazen, orain, herriaren kezka eta egarrietara. Eta. lehenik, herria eta gurasoak ez lirateke hain erraz identifikatu behar, herriak gurasoek baino zabalera haundiagoa baitu. Bigarrenez, gurasoen egarri edo kezka hori ere ez dut uste hain zehatz muga daitekeenik. Zenbateraino da kezka, zenbateraino egarri, eta zenbateraino ezjakintasun, ohitura, inertzia? Zenbateraino lagundu zaie, egarri hori benetakoa ote den ala ez ikusten? Eta honetan, andereñoak eta beste denok ere errudun* gara.

«Eta gaurkoz hori bada gure herriaren kezka eta egarria, ikastolak egarri hori betetzen joan behar du. Egarri hori ondo betetzen baldin badu, ikastolak bere egitekoa bete du».

Hemen ere. beste galdera pila bat sortzen zait buruan. Egarri diren guztiak asegarri ote dira? Zure etxeko telebistan agertzen diren jaunek ere horrelaxe pentsatzen dute: «Herriak deportea eskatzen du eta, deportea eman behar zaio». Berak somatzen ez duen zapalketa eskatzen badu herriak, zapalketa hori eman behar ote zaio? Eta irakaskintza ofiziala euskaraz ematen bada. ezin daiteke zapalketarik egon? Euskaraz izorra ezin daitekeela esaten duenik ere ba da eta...

Gauza bat da. gurasoen egarria kontuan hartzea. Hori. behar beharrezkoa da; errealitatetik kanpo ez gaitezen ibil. Baina, ikastolak egarriak asetzera dedikatu behar duela eta, hori ondo eginez gero, bere egitekoa egin duela esatea, pentsakera eta kultura kontserbadore baten alde jokatzea da. Herriari, ez gora eta ez behera gabe, dagoen mailan eutsi behar zaiola esatea da hori.

Oraindik ere, Euskal Herriko gazteria gehienak erdal egarria du. Egarri hori asetzera joango bagina, geure egitekoa burutuko* ote genuke? Eta ikastolak ez ote ziren sortu, egarri bat (erdal egarria) dagokion neurrian asetzeko edo guttitzeko (horretarako bakarrik izan ez arren), eta euskal egarria sortzeko eta gehitzeko (horretarako bakarrik ez arren)? Edo egarri aldatze hori sail batera bakarrik mugatu behar ote dugu?

***

Azken hitza Batzordeak duela esateak, ez omen* du esan nahi, «arrazoi gabeko aginte bat izan behar duenik, ezta gutxiago ere irakasleen eskubideak zapalduak gelditzen direnik».

Azken hitza bakarrik izan ote du Batzordeak, ala hitz guztia eta bakarra? Irakaskintzaren konteniduaz, «euskaldun bezala» horretaz, herriaren gaurko egarri eta kezkez, elkar hizketa seriorik egin ahal da?

Ikastolaren egitekoa gaurko egarriak asetzea ote den ala ez, egarri berrien bila joan behar ote den ala ez, elkar hizketatu ahal da?

Zuzendariaren eta Junta Zuzendariaren aginteak eta andereñoen autonomiak nola jokatu behar duten jakiteko, hitz egin ahal da? Andereñoak profesional bezala duen autonomia eta autoritatea kontuan hartu ahal da?

Prozeso honi jarraitu* ez zaion «azken hitza», lehen hitzetik beretik da azken hitz, eta arrazoi gabeko hitza da eta irakasleen eskubideen zapaltzaile, nahiz eta besterik esan. Aipatu berri ditugun galdegai guzti horik, ez dira proposa daitezkeen puntuak, elkar hizketa esijitzen dutenak baizik. Bestela, aurrean dugun egoera, batere kritikatu gabe oinharritzat hartzen badugu, irrazionalismo baten gainean jasotzen dugu geure heziketa osoa.

Puntu hau bi hitzetan bukatzeko: Ongi informatutako guraso, laguntzaile eta irakasleen botoak du azken hitza, ene eritziz.

***

«Batzorde honen agintearen lehenengo ondorioa da, izendatuko zuzendaria onartzea».

«Izendatutako zuzendaria». Zuzendaria elemento pasiboa da hor. Norbaiten edo zerbaiten frutua. produktua. Zuzendaria izendatua dela esaten digute, baina nork izendatu duen ez. Erredaktatzaileei ahanztu egin zitzaien nonbait detaile xipi» hori argitzea.

Beraz, beste inondik ezer jakin izan ez bagenu, hemen ere galdezka hasi beharra izango genukeen: Nork izendatu ote du zuzendari hori? Jainkoaren hatz* sakratuak? Halabeharrak? Ministroren batek? Izan ere, «izendaturiko zuzendaria» hori hain aitarik eta amarik gabeko seme natural bezala agertzen zaigu, urrutiko guraso misteriotsuren batzuez galdezka hastea ez litzateke oso amesbide izango.

Baina, beharbada, laster iritxiko* ginateke galdera hauetara: Nork hautatu du zuzendaria? Juntak? Andereñoek? Juntak eta andereñoek?

Gramatikalariak esango lukeenez, ekintzailea edo egilea falta da esaldi horretan. Nork falta da. Baina erredaktatzaileei tintontzian ahanztu zaien «detaile xipi» hori, planteamenduaren funtsean* dagoen zerbait da. Demokraziaren zentzu apur bat duen buruak, ezin dezake, besterik gabe, «izendatutako zuzendaria» onhar,* nola eta nork izendatu duen kontuan izan gabe.

Ikastolak aurrera egin dezan, irakasleek beren nortasunari bi tiro eman behar badiote, Euskal Herriaren etorkizuna garbi ikusten dut, historia aberatsa baita exenpluz. Dena dela, ez litzateke herriak nahi lukeen Herria izango.

HOLTZ


Disko berriak

«COLUMBIA» etxearenak

 Coro «Biotz Alai». Disko txikia. Lau Gabon kanta.

 Coro «Biotz Alai». Disko haundia. 12 kanta.

 «San Anton» abesbatza. Euskal Herriko kantak. 10 kanta.

 «San Anton» abesbatza. Gabon kantak. 9 kanta.

 Coro «Easo». 11 kanta. Zuzendaria J. L. Larramendi.

 Coro «Deustotarrak». 10 kanta. Zuzendaria J. G. Muruaga.

 Coral «Gure Ametsa». 13 kanta. Zuzendaria X. Gaztelu.

 Coral «Gure Ametsa». «Aitorren hizkuntza zaharra» eta «Itzaia».

 Coral «Gure Ametsa». «Marcha de San Ignacio» eta «Zatozte. kristauak».

 Coral Infantil «Gure Ametxa». «A Belén» eta «Din Don».

 «Txilibrin eta Balbino». Trikitixa. Euskal soinu tresnen antologia. Disko haundia.

 Coral Infantil «Gure Ametxa». Villancicos. Bi kanta.

 Estitxu. «Umeentzat zoriona» eta «Edurrez dena xuria».

 Estitxu. «Goazen ikastolara» eta «Gure astoa Balaan».

Disko hauen banatzailea: Juan Manuel Ares. Bilbao.

«EDIGSA HERRI GOGOA» etxearenak

 «Eskutari». «Oskarbi» taldeak. Antxon Valverderekin eta L. Romero zuzendari dela.

 «San Fermin / Iruña». Herriko Musika Sortaren 7. alea. San Fermin jaietako kantak.

 «Zuberoa 2». Herriko Musika Sorta, 6. alea. Zuberoko kantak eta doinuak.

 «Gabon kantak». «Beti abeslari» taldeak. 5 Gabon kanta, disko txiki batean.

Disko hauen banatzailea: Iñaki Beobide, Ferrerías, 11. Donostia.


Gure Munduko Albisteak

Luzaro: Bilboko Arte areto berria

Bilbon, 1972.eko abenduaren 12an zabaldurik, Arte areto* berri bat dugu, Luzaro deritzona. Ba dirudi, izen hori Pio Barojaren ohorez jarria dela, gainera. Izan ere, Las inquietudes de Shanti Andía deituriko nobelan (Jon Etxaidek euskarara Itxasoa laño dago izenaz hain ederki itzulitakoan) horrelakoxea zen Xanti Andiaren jaioterria, dakigunez izen horren azpian Lekeitio gordeaz.

Arte areto hau Poza lizentziatu euskaltzalearen kalean dago, 11. zenbakian, Herriak liburudenda ondoan. Hasiera emateko, bestalde, Arte areto honek Rafael Canogar pintatzaile eta eskultorearen lanak erakusten ditu, gaurko bizimodu kaletar, zapaldu eta itoa ezin ederkiago agertzen dituztenak.

1972.eko Andima Ibiñagabeitia Saria Txillardegiri

Caracasko Euskara Lagunen Elkarteak (E.L.E.k) urtero antolatzen duen Andima Ibiñagabeitia Saria, 1.000 dolarretakoa berau, 1972.eko urtean Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"ri eman zaio, beronen Matematik II eta III mailak izeneko lanagatik.

Honez gainera, bi accesit ematea erabaki zen: bata Iñaki Arrarte Irizar-i, 228 dolarretakoa, beronen Aritmetika Batxiller atarian liburuagatik, eta bestea, 14.500 pezetakoa, Luis Egia Rezolari, Euskal-Erriko lurraldeak lanagatik.

Zorionak hiru irabazleei eta Caracasko euskaltzale adoretsuei. Herbestean ditugun euskaltzale guztiek hain zintzoki joka balezate, segur aski, beste xori batek kantatuko leraukegu,* bai horixe!

Euskaltzaindiaren bilera bat Errioxan

Abenduaren 29an Euskaltzaindiak Bilbon egindako bileran, bere egunean aipatuko diren beste gauza askoren artean, aurten edo datorren urtean Errioxan bilera symboliko bat egitea proposatu eta ontzat hartua izan zen.

Izan ere, mende* honetan mila urte betetzen dira, San Millán de la Cogolla-ko monasterioan euskarazko glossa batzuk idatzi zirela; eta hauxek dira, hain zuzen ere, Akitaniako hilarriez geroztik, euskaraz ditugun dokumenturik zaharrenak.

Dakusagunez,* ez dira, ez, gutti, Errioxari nabari* zaizkion euskal sustraiak.

Euskal irakasle tituluetarako examinak Eibarren

Euskal irakasle titulua ateratzeko, joan den hilabetean, abenduaren 30erako, Euskaltzaindiak examinatzeko dei bat zabaldua zuen; eta egun horrexetan, Eibarren, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak bolondreski* eta kortesiaz utziriko aretoan, 50 pertsona baino gehiago bildu ziren, examina pasatzeko. Lagun gehienak gazteak izan arren, ba zegoen bere ilobekin etorria zen gizon adineko* bat, hirurogei eta hamarretik gorakoa, segur aski.* Agian berau, bihotzez, denetarik gazteena zatekeen.*

Gehientsuak mutilak eta gizonezkoak izan ziren, andre eta andereño jator batzuk egon arren. Harrigarriena, hain zuzen ere, hauxe zatekeen, zein andereño guti presentatu den orain arte honelako examinatora, titulu hori, inork behar ukanez* gero, andereñoek behar ukan arren.

Examinatzera agertu zirenen artean, Miren Jone Azurtzak, Zeruko Argiaren zuzendariak, aipatzea merezi duke,* nik uste; beronek, bere etorreraz Euskaltzaindia holako tituluak emateko ba dela NOR uste duela ederki frogatzen duelako.

Examinatzaileak, aita Patxi Altunaren ezin etorriaz, Alfonso Irigoien euskaltzaina eta Xalbador Garmendia eta Xabier Kintana euskaltzain laguntzaileak izan ziren.

Pio Baroja ipuin Saria Luis Haranburu-Altunari

Abenduaren 28an, Pio Barojaren ehungarren jaioteguna ospatzeko, Beran ipuin xapelketa bikoitz bat eratu zen, euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarazko ipuinetan Luis Haranburu-Altuna idazle ezaguna gelditu zen nagusi bere Mayi izeneko ipuinaz, 15.000 pezetako saria eskuratuz. Honez gainera, ohorezko aipamen bat eman zioten. Patri Urkizuk bidaliriko ipuinari.

Zorionak bioi eta ipuin xapelketaren eratzaileei.

Julio Caro Barojaren hitzaldia «Sociedad Bilbaina»n

Aurtengo urtarrilaren* 3an, arratseko zortziretan, Julio Caro Baroja jaunak Sociedad Bilbainan hitzaldi bat eman zuen erdaraz, "Pentsamendu magikoaren eragina gaurko gizartean" gaiari buruz.

Hitzaldi hau publikoa zenez gero, Bilbotar Elkarte aristokratiko eta fin horretara abiatu ginen; baina, gorbatarik ez generamala* eta, komeriak pasatu ukan genituen barnera sartzeko. Azkenez, bertako arduradun batek, "hona gorbata ekartzea axioma bat da" eta "gorbata gabe ibiltzea elizan bikiniz egotea bezalakoxea da" jakin erazi ondoren, gorbata bat eskaini zeraukun,* bizpahiru aldiz hura* berriro ere bihurtzeko eskatuz. Ikusi genuenez, erregela zehatz eta gogorrak gordetzen ba dakite Elkarte honetan; baina tokiak merezi duen maila bikaina gordetzearren, guzti honi, hala ere, gutti deritzogu.

Barojaren hitzaldia, astrakan, panthera eta Siberiako azeri berdeen larruzko gainekoen artean entzuna, oso ona iruditu zitzaikun, hartan Julio jaunak magiak Grezia klasikotik gure denborak arte edukiriko bilakaera* ezin ederkiago erakutsiz, bere obretan jadanik* argitara emanak dituen eritzi asko aipatzen zuelarik.

Hitzaldia bera baino, Sociedad Bilbaina-ko gaurko egoera bera iruditu zitzaikun, horregatik, interesgarriago, zeren,* sorginkeria eta magiaren mentalitatea jadanik zaharkitua eta arkhaikoa dela gauza jakina baita, baina lekaioak eta pailazo arropaz jantziriko morroiak oraindik ere ba daudela, aldiz, ez.

«Pio Baroja», elkar lanean, ETORen

ETOR editorialak ohi duen presentazio atseginaz, jaso berria dugu Barojaren omenez ateratako alea, sorta honetako hogeigarrena egiten duena. Bertan, Caro Baroja, X. Lete, Harzabal, aita Gotzon Goenaga, J. San Martin eta A. Lertxundiren lan batzuk —oso ezberdinak— bilduta daude, Barojaren lana, ingurua, literatur balioak eta giza nortasuna agertzeko moldatuak.

Kritika sakonago bat merezi duen liburu bat den arren, diogun, laburki bederen,* gure eritzia hain apala eta desinteresatua ez den arren, Caro Barojaren txostena* —S. Basaurik oso ederki euskaratua— ongi biribildurik dagoela, apologi kutsua ahaidetasunagatik barkakizun zaion arren; Harzabalen poesia —bere estetizismo nabariaz*— oso interesgarri iruditu zaikula; Gotzon Goenagaren kritika, koruaren sartzeak dukeen garrantzia gorabehera/ folklorismo usain gehiegizkoa dela; San Martinen famili azterketa zinez ongi egina, eta A. Lertxundiren saioa, bere laburtasunean, poliki moldatua dela.

Xabier Leteren lana, denetarik luzeena eta mamitsuena, oro* har. lan serio eta zentzuzkoa iruditu zaiku, honelako lan gehiago maizago* ez egitea sentitzen badugu ere, horretarako ere dohainik asko du eta.

Agian Leteri bere Barojazaletasun gehiegitxoa bota lekioke aurpegira, berak liburuan bertan esandakoa, paradoxaz, berberari bihurtuz, hots,* Baroja juzkatzeko duen biguntasuna beste inorekin ez darabilala. Akort, zeharo akort gaude Leterekin, sasoi batetako planteamendu eta pentsamoldeak geroagoko eta gaurko euskaltzaletasun beharrezko eta onuragarri baten iturri premiazkoak zirelakoan; baina orduan, ez gaur. Horregatik, ordurako guztiz justifikatuak baziren ere, ez dugu uste, gaurko, inondik ere justifikagarri direnik.

Barka biezat* Letek, baina berak pentsamolde politiko eta gertakizun sozial eta historikoen azterketa zehatz, iustu eta osoa une guztietan zein den ezagutzeko giltza badu. zorionak berari; baina gure zoritxarrerako, beste askok ez dugu holako kharismarik, destino bat unibertsalean delakoa maiz* aipatzen zutenei berek —eta ez bestek— ba zutela sarritan entzun arren. Zer eginen diogu! Honetan ez gatoz bat. Beharbada, Xabierrek, zientzia fikziozko ipuin batzuen egileak juzkatu baino lehen, kontuan hartu beharko zukeen, lehenagoko jokabide arrazista batzuen indarberritzea zein gauza nabaria* den gure artean. On luke, honetaz, "Lotazillaren 16ko AGURen" lehen orrialdean azaltzen den editorial bikaina irakurtzea. Eta Barojaren arlora itzuliz, diogun, azkenez, presa gehiegia erakusten dela, alde batzuetatik, haren euskal errekuperazioa egiteko.

Txekoek, beren hizkuntza salbaturik ikusi ondoren, ez lehenago, egin zuten Kafkaren errekuperazioa. Agian Barojari, Unamunori bezala, geure baiezkoa eman beharko diegu noizbait; baina nik neuk ez diet neurea emanen, bizi dadin eten gabe ahalegintzen naizen Euskal Herria —haien ahaleginez, honez gero, berdin hilik zegokeena— sendoagorik ikusi arte.

Eskatzeko: ETOR, Ediciones El Mensajero del Corazón de Jesús, apartado 73. Bilbo.

Euskal Literatura 72, Zenbait idazlek, LURen

Urte zaharraren bukaerarekin "Euskal Literatura 72" izenaz (noizbaiteko Euskal Elerti 69-aren jarraipen edo) Lur editorialaren hazileko zenbakia heldu zaiku, 251 orrialdetako liburu mamitsu bat bera. Bertan G. Aresti, M. Azurmendi Intxausti, L. Haranburu-Altuna, X. Kintana, A. Lertxundi, I. Sarasola, A. Urretavizcaya eta A. Zelaieta idazleen lanak agertzen dira.

L. Haranburu-Altunaren hitzaurreak, zenbait puntutan, marxismoa boluntarismoarekin eta methaphysikarekin nahasten dela ematen du, Peru Abarkaz ari denean batez ere.

A. Urretavizcayaren poesiak izugarri bikainak dira, egizaletasun nabaria darienak,* imajinak eta aieruak* ezin hobeki dakartzatelarik. Hitz batez, ene eritziz, gure lehen poeten artean ezartzeko moduko poesiak.

Mikel Azurmendi Intxaustiren poesia esperimentalista iruditu zaiku zenbait aldetan; interesgarri bai, baina maiz aski ideiologia argiegi bat sartu nahiak poesitasuna bera itotzen dio.

Ibon Sarasolak, Xabier Kintanak, Bernardo Atxagak eta Anjel Lertxundik ipuin bana dakarte, nork bere tankera bereziaz.

A. Zelaietaren lana, G. Arestirena dagoen bezalaxe periodismoa delako sailean ezarri beharko zen, nik uste, ANAITASUNAn jadanik publikaturiko artikulu bat baita, beltz baten istorio jakingarria bera.

Malgizon Arestiarraren asto lasterrak, asto arinak eta bestelako keria barbaroak atseginez irakurri ditugu; eta, dakusagunez,* Arestik, bere tremendismoan badirau ere, ez du inoiz galtzen bere umore maltzur eta berezi hori.

Azkenik, Luis Haranburu-Altunaren eta Bernardo Atxagaren theatro lan bi datoz, biak onak, baina gure ustez bigarren autore honen obra bereziki.

Guztira, LURek eskainiriko liburu honek, Euskal Herriak gaur egun erakusten duen panorama heterogeneo berbera agertzen duela esan daiteke.

Eskatzeko: LUR editoriala, Villa Zutik, Paseo Arbola, Donostia.

ARMENDARITZ


Bertsolaritza

Bertsolari saio baten kronika arina

Zortzi bertsolarien partetik / agur nahi dizut eskeini

Berrogei ta bost urte gaur ditut / eta kantari nator ni

Urte askotan begiz ikusi / nahi zinduzket zu Hernani

Jaun zerukoak esango digu / hala ez bada komeni

Ez dakit zenbat izanen ginen abenduaren 16an Hernanin gertatutakoak, eta zer estilotako jendea ginen ere zeharo inoratzen dut. Ez dakit zenbat nekazari eta zenbat kaletar ginen, zenbat zahar eta gazte (hogei edo ehun emakume ziren); eta azterketa sakon bat egiteko beharrezko diren beste anitz* dato ere falta zaizkit. Bertsolaritzaren egoera larria ote da? Merezi du ahozko literatura honek inoren ardurarik? Jakin egin behar! Seguru asko, gauza bat falta da Euskal Herrian, honelakoak ezezik beste era askotako estudioak eginen lituzkeena: Euskal Unibertsitatea.

Neure anaiarekin antzokian* sartu nintzenean, mutil batzuk* eszenarioan sei bat mikrofono ipintzen ari ziren. Egurrezko zortzi sila ere ba zeuden, eta hauetan eseri ziren Fermin Muñoa, Eusebio Igarzabal, Agirre, Imanol Lazkano, Lizaso, Kosme Lizaso, Goiburu eta Manuel Lasarte. Mikrofonoek —harrigarria bada ere— ondo funtzionatu zuten hasiera hasieratik. Teatroa arras* betea zegoen, Iñaki Beobide, Juanito Olano zenaren ekintza eta pertsonalitateaz (ez ahantz* honen omenaldia ospatzen zela) fin eta egoki mintzatu zenean.

Lasartek, egun horretan, urteak betetzen zituen, eta Aranaldek lehen agurra botatzeko eskatu zion. Artikulu honen buru bezala jarri dugun bertso hori egiteko, leizatarrak 53 segundu egin zituen ene erlojuan. Lasai ibili zen, ez zedukan inongo presarik. Eta txaloak 13 segundu barru luzatu ziren, jendea gozo zegoela erakutsiz. Herrietako festetan, bertsolariak jeneralean ez du izaten hain harrera atseginik. Jendea zutik dagoela, euri edo eguzkitan, hotz edo berotan, astuna izaten da publikoa bereganatzea, txaloa garestiagoa izaten da. Dena dela, ba zuen bertso honek halako berezitasun bat, Lasartek emandakoa, zeren* beste edozein bertsolarik ez baitzukeen zalantzan* jarriko Txirritaren herria berriro begiz ikustea. Baina Manuelek bai, maiz* erabiltzen baititu «azkena ere ba datorkigu», «behin hilko naiz» eta tristura isurtzen duen beste hitz asko. Ondorenean, Olanori dedikatutako bertso bana bota zuten. Patxadan, doinu ederrez jantzirik ateratzen ziren bertsoak. Batez beste, 50 segundu bakoitzeko.

Esaera zaharrak dio: «Astoa sal* eta astoa eros»*. Aranaldek —Añorgako apaiza berau— gai hau jarri zien lau bertsolariei; eta Goibururi tokatu zitzaionean, honela kantatu zuen:

Astoetan ba dira majinat klaseko

hau esan gabe ez da jenderik aseko

Apaiza jotzen bada astoen antzeko

bizkar ederra dauka arbaldak jartzeko

Imanol Lazkano kantuan aspalditikan ibili arren, «bertsolari gaztea» bezala jotzen dute zenbaitek, eta arrazoirekin ene ustez. Azaltzen dituen grina eta kezketan, geure egoeraz jabetzeko moduan, uhin* berriko bertsolaria nabari da. Ikus, bestela, «etxe batera zoaz eta zaunka hasten zaizu bertako zakurra» gaiari lotuta, bigarren partean bota zuen bertsoa:

Egun argitan hau egiteko / ba nuen nahiko bildurra

ongi bainekin ba zetorrela / nere gainera egurra

Asmo onetan daramakit nik / nere langintza apurra

poliziana ez bazerade / ixildu zaitez zakurra

Dudarik gabe, Igarzabalek ba daki, informazio gabeko gizona hitz eder bezain faltsuen eraginez mugituko dela; eta noren eskuetan dauden informazio emaileak ere, jakinen du ondo. Aldizkari gehientsuetan —ofizialetan behintzat— ez dugu euskal arnasarik sentitzen, eta behartsuen interesak ez dira inondik ere azaltzen. Informazio zuzenik biltzen ez duen gizonak, ez du bere errealitatea ezagutuko. ez da bere kide eta anaiekin sekulan elkartuko. Agian,* kantatzen hain denbora gutti daraman bertsolari honek, kontuan hartzen du aipatutako dena. Seguru asko, herri langintza bezala jotzen du bere ofizioa (Lopategik zerikusia ba du bertsolari gazteen jokaera honetan) eta biziki burrukatzen da eszenarioetan, orain azaltzen dugun bezalako bertsoak kantatuz:

Euskal Herrian gaur egunean

dauzkagun lantegi pila

eta hoien probetxu gehientsuenak

joaten zaizkigu Madrila

Hasi gaitezen anai guztiok

iturri on horren bila

ta hara dihoan ur lodi hori

hemen gelditu dedila

Gai honi beroni jarraitu zion beste gazteak, Muñoak. Ene ustez, erosoago* ibiltzen da hau gai alai eta xelebreetan, eta publikoari erraz sorterazten dio algara. Teknika aldetik ez dago oso jantzia. eta, beharbada, hau da haren eragozpen haundiena, kantatzeko orduan. Bestalde, jendea pozez eta barrez lehertzen jartzeari oso eginkizun serioa deritzat egun, horrenbeste iluntasun tartean.

Jose Agirre. Honek duen etorrera, aipagarria da. Deman iaioa* baino iaioagoa izanik, enbiduan, ziria sartzen, guttik (edo inork ez) kenduko diote. Erraz botatzen ditu botatzekoak, eta, «bertsolariak kobarde batzuk direla» diotenakatik kexatu arren, «gehiegi eskatzen zaiola bertsolariari» esan arren, begira despedida bezala bota zuen bertsoa, desterruan edo gartzelan daudenak oroitzapenean harturik:

Herri hontan faltako dira gaur ugari

izan behar zutenak gauza hauen gidari

jator portatu zirenak euskaldun gudari

geure askatasuna guk dugu inbiri

agur entzuleari eta agur Hernaniri

Jose Lizaso gizon galanta da. Honengatik bai esan dezakedala, kristorenak botatzen dituela. Lizasok —boza ederra, «zeta» eta «ese» bereizten ez dituela, lehen mailako bertsolaria— ezin daitekeela beti zigorraren menpean egon kontseilatzen du. Bertso ausartak* bota zituen, paperean zentsuratuak izanen liratekeenak.

Idiazabalen ikusi ez zutenak. harriturik geldituko ziren Kosme Lizasorekin. Etorrera onekoa da arras* (gaia jarri eta hamar segundu gero, kantari hasten da; besteek hamabost edo hogei behar izaten dituzte). Bertsoak abiada haundian botatzen ditu (bi bertso neurtu nizkion eta bietan 30 segundu eskas egin zituen), eta zorrotza ere ba da. Bere akatsik haundiena, ene ustez, abiada horretatik datorkio: ez du bertsoa asko biribiltzen, ez du gehiegi taxutzen. Oiartzunen bizi den bertsolari honi entzunez, galdera bat nerabilan ezpainetan. Zenbat itxurazko bertsolari dago Euskal Herrian, plazetan inoiz agertu gabe? Auskalo!

Eta berandu zen, etxerako bidean jarri ginenean. Bi ordu eta gehiago iragan* genituen ederki asko. Entzun izan dut anitzetan,* Andaluzian kitarra duten bezala, hemen bertsoa genuela, dibertitzeko garaian. Baina hori, hemen behintzat, telebisiorik ez zen sasoian gertatzen zen. Ez nintzen gehiegi fijatu, baina irteeran ikusi nituen bertsozaleek ez zeramaten telebisio ikusle orok* izaten duen estigma edo markarik.

BERNARDO ATXAGA

daramakit, daramat, daroat

daude, dagoz

dezaket, daiket

digu, deusku

dio, deutso

diote, deutsoe

dizut, deutsut

lituzke, leukez

nizkion, neutsozan

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zaizkit, jat

zaizu, jatzu

zedukan, eukan, zeukan

zerade, zera, zara

zeramaten, eroien

zeuden, egozen

zien, eutsen

zinduzket, zintuzket, zindukedaz

zion, eutson

zitzaion,


"Giza zirriborroa"

«Don Quijoteren idealak eta Fernando Amezketarraren xelebrekeriak 1972.eko idazle batengan, batera, hezur-mamitu ahal balitez..., liburu honen antzeko zerbait ateratzen ahal litzake». Kaxildo Alkortaren liburu azaleko hitz hoik* irakurtzean, pentsa daiteke, Euskal Herriko Garcia Márquez edo Vargas Llosa baten aurrean aurkitzen garela. Urrutiegi doa ETOR editoriala, hori idazterakoan. Konparazio guztiak gogaikarriak direla dio esaerak; eta, alafede! horretan gaude, azala lehenik eta gero liburua irakurri ondoren.

Ordea, ez dut uste, dena txarra denik liburu honetan. «Materiala» ba dugu geure aurrean. Agian,* Alkortak eginen du nobelaren bat egunen batetan, edo eta zerbait epiko idatziko du; baina horretarako, oraindik, heldutasuna falta zaio. Liburuak ez du haririk. Aspergarri egiten da finean, nahiz eta hasieran plazerez irakurri. Laket* izan zaizkit liburuaren lehen orriak. Gero, Alkorta xelebrekerian erortzen* da, aspergarri izateraino. Nekatu egiten du liburuak.

Euskal Herrian ba dugu honen antzeko libururik; eta Linazasororen «H gabeko humorea» liburu madarikatu eta kondenagarria datorkit burura. Noski, askoz ere hobeto idazten du Alkortak, Linazasorok baino; baina jenero literario berberaren aurrean gara.

Gainera. ETORek literatura bezala ematen dauku liburu hau. Niri, ordea, oso zaila zait, «Giza zirriborroa» edozein literatur motatan sartzea; eta hori ez, berria edo iraultzailea delako. Agian, kronika jeneroan sar* liteke; baina ez da kronika jatorra, zeren* eta gehiegi ikusten baitzaio belarria Getariako Alkortari: «gustatu egin nahi du», eta hori tamalgarri zaio. Peru Abarkarekin ere ba du zerikusirik, eta haren akats berak ditu, hots,* didaktismoa eta listokeria.

Ba du humorerik, baina ez ironiarik. Ironiak distantzia hartzen du gauzetatik. Alkortaren humoreak ez du distantziarik hartzen. Gauzekin, errealitatearekin loturarik ez duelako. Ironia, engaiamendu* gisa* bat da. Baina Alkorta ez da ezertara engaiatua.

Agian, Abeletxeren antzik ba du. Eta ironia (humorea) gaizki erabiltzen denean, Pello Errotaren munstrokeriak sortzen dira. Zaila da, Alkortak egin nahi izan duena; eta ez du oraingoan asmatu. Mingote, A. de la Iglesia, Carandell... eta zenbait idazle erdaldungan ba du zerikasirik.

Alkortak ez du «posturarik» hartzen, berak kontatzen dituen xelebrekerien aurrean. «Inpostura» bat deritzat haren xelebrekeriari. Eta harritu egiten naiz, nolatan ETORek horrelako libururik argitara zezakeen. Hobeagorik eman dauku, eta hala espero dugu aurrerantzerako ere.

Nire kritika gogorra bada, ez da inori harpa jotzearren, liburu honek kezkatu nauelako, Alkortarengan idazle baten baldintza dakusadalako baizik. Baina, hori bai, zenbait gauzak sumindu egiten naute; eta gauza hauetarik bat zera da: listokeria. Benetan, ez dut uste, egungo euskal literaturak gisa horretako entseiu pobreren beharrik duenik.

L. HARANBURU-ALTUNA

dakusat, dakust, ikusten dut

dauku, deusku, digu

dio, dino

gaude, gagoz

zaio, jako

zait, jat

zaizkit, jataz

zezakeen, eikean


Aitabitxia («The Godfather»)

Hona hemen, Bilbon egun hauetan arrakasta* haundiz ematen ari diren filme bat. Hona hemen, «mass media» delakoek duten indarra ikusteko agiri bat.

Gaur egunean elkar ikusteko eta elkarrekin harremanak edukitzeko bideak dira «mass media». Bideok, hauk* dira: periodiko haundiak, zinema, telebista, irratia eta abar. Eta indartsuak direla ezin uka.

Filme honen arrakasta «mass media» hoien bidez lortua* izan da gehienbat. Mario Puzoren «The Godfather» nobelatik ateratakoa da. Abuztuaren 26ko «Paris Match» aldizkarian Puzok berak agertzen zuenez, haren nobela «best-seller» izan da USAn. «New York Times» egunkariak ateratzen duen «best-seller» hoien zerrendan, nobela hau 67 astetan agertu da, eta 22 astetan lehen tokian egon zen. Inglaterran ere lehen tokian egon da, eta berdin Frantzian, Alemanian eta beste nazio zenbaitetan. 17 edo 20 hizkuntzatara itzulia izan da. Zinemara eroan* denez geroztik, gehiago saldu da: guztitara, 11 milioi ale. Nobela batentzat asko da, ene eritziz.

Beste aldetik, Paramount etxeak esan du, orain arte zinemaren historia guztian egin diren filme guztietarik. hauxe izango dela dirurik gehien aterako duena. Orainokoan 120 milioi dolar eman ei* ditu. «Lo que el viento se llevó» filmeak baino gehiago.

Filmearen gaia hauxe da: Mafian sarturik dauden familien gorabeherak, haien arteko harremanak eta azken batean nork agintea ukan.* Mafiaren alderdi bi agertzen dira: bata, Vico Corleone buru dela, drogaren munduan sartu nahi ez duena (prostituzioaz, alkoholaz eta jokoaz aski* duela eta); era bestea, memelokeriak oro* alde batera utzirik, negozio guztietan jokatu gura* duena, dirua irabazteko, gauza guztiak baliozkoak direla eta. Hots,* Mafia zuria eta Mafia beltza.

Planteamendu hau egin eta, nork bere asmoak lortzeko bide bezala, gogorkeria agertzen da. Heriotzeak, gogorrak eta higuingarriak dira. Filmea amaitzen denean, ikusle guztiek, edo gehienek behintzat, «gogorra da gero» esaten dute.

Baina gogorkeria hau higuingarria izan arren, denok pozik ikusten dugu, gozatu egiten dugu.

Filme honen hutsunerik haundiena, hauxe da: gizarteari begira ez du ezertxo ere esaten. Oraingo berbaz, ez dela filme politikoa, esango nuke. Ez dakigu, Mafiak zer egiten duen alkohol, prostituzio, droga eta joko etxeekin; ez dakigu zeintzuk diren, dirudunekin, poliziarekin, politikariekin dituen harremanak; ez dugu ezagutzen, zer indar dadukan Amerika eta Europako (Italiako) gizartean; ez dakigu, zelan* eta zergatik Vico Corleone «Aitabitxi» izatera heldu den.

Filmea, gustora ikusten da. Ez da aspergarri egiten, nahiz eta hain luzea izan. Ba ditu, bai, beheraldi batzuk narrazio aldetik.

Filme biribila izateko, zeredozertxo falta zaio. Egia esan, girotasun ona du. Kontuan har* hasierako ezteiak; esan liteke, benetako italianoak direla: janzkiak, kantuak, aurpegiak, agurrak, eta abar.

Interpretazio aldetik, Marlon Brandok lan apartekoa egiten du; baina ez da ene gustokoa. Naturaltasun gabea iruditzen zait, lar* lotua ikasitako era bati. Beste aktoreek, batez ere Al Pacinok, egokiago betetzen dute egitekoa. Beste filme batzuek, fama guttiagoko baina hobeak izanik, ikusle guttiago izango dute.

Mafiak berak filme honen arrakastan zer parte ukan duen jakitea, oso interesgarri izango litzateke.

B. ANSOLA


Euskaltzaindiaren batzarra

Euskaltzaindiak bere hileroko batzarra egin zuen Bilbon, bere etxean, joan den abenduko 29an.

Hona hemen batzarrean erabilitako gaien mamia: Andima Ibinagabeitia Saria-z aurten sarituak izan direnen izenak jakinarazi ziren. Sari hau Caracas-ko Euskeraren Lagunen Elkarte-k jartzen du.

Bizkaiko Alfabetatze batzordeak emandako ikastaroaren xehetasunak eman ziren.

Iturri bertsolariari laguntzeko bertso jaialdi bat antolatzea, ongi ikusi zen.

"International League of Societes for the Mentally handicapped" delakoak eskerrak eman ditu, "Eskas mentalaren eskubide jeneral eta berezien Agiria"* euskerara itzuli delako.

Uribarren jaun laguntzailea Aramaioko ikastola eta euskarazko klaseei Arabako Diputazioak ematen dien babesaz mintzatu zen. Batzarrak bere poz atsegina agertzen du, bai Araba eta bai Nafarroako Diputazioek euskeraren alde egiten duten lanagatik.

Lehendakariak txosten bat irakurri zuen, Euskaltzaindiak esku artean darabilzkin lanak bana-banaka aztertuz eta hoiek aurrera eramateko zer egin beharko den azalduz.

Idazkari ordeak datorren urteko egutegia irakurri zuen, hau da, bilerak —nahiz arrunt nahiz bereziak— nun ta noiz egingo diren. 1973. urteko oroigarrien artean honako hauek datoz: Sabando-ko Gamiz-en berrehungarren urtea eta Lekeitioko Eusebio Azkueren ehungarrena. Hortaz gainera, Mondragoeko udaletxeak euskal astea eratzen du. Baten batek esan zuen Euskaltzaindiko batzar bat San Millán de la Cogolla-n egin beharko litzakela, euskal testurik zaharrenak hangoak direnez gero.

Urruzunoren omenez Elgoibarren egingo diren jaiekin batean, "Ongarri" taldeak mahai biribil bat antolatu nahi du euskerazko aldizkariekin, eta Euskaltzaindiaren babesa eskatzen du hortarako. Babes hori ematea erabaki zen.

Kintana jaun laguntzaileak denda eta giza ofizioen izendegia irakurri zuen. Ez zen osorik aztertu. Irakurritako zatiari onartze jeneral bat eman zitzaion.

Azkenik, euskera batuari buruz agiri ofizial bat egin behar zela erabaki zen. Eta agerraldi bat euskal aldizkari baten zuzendariari egitea ere bai.

(Euskaltzaindiaren Prensa Bulegoko* Agiria)


Neure lantokitik

Bilbo, baztertua

Bilbotar injenieru den Bernardo Mesanza jaunak, lan oso interesgarriak argitaratzen ditu "El Economista" astekarian.

Azken alean (1972-XII-30) Espainia eta Frantziako agintarien artean egindako azken elkar hizketak aztertzen ditu, eta konklusio batera heltzen da: Bilbo eta hango portua baztertuak gelditzen direla hartutako erabakietan.

Mesanza jaunak luze eta zabal aztertzen ditu, azken egunotan espainolek eta frantsesek eduki dituzten harremanak, sailka: Merkatalgoa,* Komunikabideak, Industria, Turismoa, Hirigintza* eta Kultura.

Kulturari buruzko azken puntu hau aztertzean, euskararen garrantzia begien bistan agertzen da. Unibertsitatean eta bigarren mailako irakaskintzan sartu behar litzateke euskara. Frantsesek esan zuten, berek ba zutela euskara telebistan; baina Espainian ez dute sartu oraindik. Kanpotar hizkuntzetatik edozein hitz asimilatzeko, euskarak duen posibilitatea estudiatu zen. Eta euskotar kulturdun batek hiru hizkuntza jakin behar zuela: euskara, espainola eta frantsesa.

Hizkuntza eta kultura —biak bat eginda— aztertzerakoan, euskararen batasuna datorkigu gogora. Batasunik gabe, nola sar* euskara telebistan, Unibertsitatean eta bigarren mailako eskoletan? Nola ez onhar* Euskaltzaindiaren gidaritza?

Konbenioak

Nik lan egiten dudan fabrikan eta inguruetakoetan, konbenioak aztertzen ari gara. Aurreko urteetan baino tentsio handiagoak daude. Ordu beteko lan uzteak ugari izan dira.

Lantegi askotan, langileak ez daude konforme izenpetutako konbenioekin. Esan dute, Juraduetakoak "saldu" egin direla. Baina egin dituzten grebak,* ezerezean geratu dira, buruzagien mehatxuen aurrean: langileen batasuna apurtu egin da, gazteak gogortasunera joanik eta adinekoak* lan gabe geratzeko beldurrez.

Gabonak

Joan dira jaiak. Erdal egunkariek Nicaraguaz berba egin daukute, eta euskaldunon etxeetan "Ator, ator, mutil, etxera" kantatu da. Baina hainbat etxetara ez dira mutilak etorri, espetxean edo herbestean zirelako.

Nicaragua, Euskal Herria! Betiko leloa: kanpokoaz kezka,* etxekoaz ahantz.*

Vietnam

Gabonak ospatzeko, Nixonek B-52 abioiak bidali ditu, Hanoi apurtzera.

Kham-Thien kalea zen Hanoiko ezagunenetarikoa. B-52 horiek goitik behera hartu zuten kalea haren luzera guztian, eta dena birrinduta utzi dute, ehundaka gorpu* (gizon, andre, zahar eta haur) lurrean etzanda gelditurik.

Bangkok

"Irail* Beltz" deritzan taldeko palestinoek libre utzi dituzte bahitutako* juduak.

Fedayin-ek esan dute, lortu dituztela beren helburuak: Israelen kontrako burruka Asiako puntaraino eraman, eta mundu osoaren aurrean Palestinoen drama bizirik dagoela froga.*

Sexu heziketa

Frantziako egunkarietako lehen orrialdeetara agertu da sexu heziketaren gaia.

Mercier jauna, filosofi irakaslea, hauzitegira eraman dute Belfort-en, bere ikasleei sexu heziketa argiegi ematen zielako.

Eta ez bakarrik hauzitegira. Besançon-eko apezpiku den Marc Lallier jaunak esan du, ez duela onesten* Mercier irakaslearen portaera.

Sexu heziketa bai, ez? Hau da, gaur egun Frantzian eztabaidatzen dena; eta Heziketa Ministerioak esan du, 1973.eko ikastaroan hasita, erreforma bat martxan jarriko dela Frantzian, sexu heziketa libreago bat erabiliz.

Ikastoletarako textuak

Oso lan ederra eta txalogarria, Caracaseko ELE elkartearena, urtero euskal liburuentzat diruz hain ondo hornitu* sariketak antolatzean.

Ihaz bezala, aurten ere ikastoletarako textu liburuak izan dira sariketaren oinharri. Aurtengoan, lehen saria Txillardegik eraman du, matematikazko liburu batekin. Beste sari bat, matematikan hau ere, Iñaki Arrartek eraman du. Lan bi hauk* euskara batuan idatziak dira.

Euskal apaizak

Zamorako espetxean dauden euskal apaizek ez dute nahi pribilejiorik. Hau dela eta, Iruine, Bilbo eta Donostiako apezpikuek (non zegoen Gasteizkoa?) Espainiako Justizi Ministroa bisitatu dute, apaizen eskari hori presentatuz.

Ipar Euskal Herria

2.500 langile daude lan gabe Ipar Euskal Herrian, HERRIA astekarian irakurtzen dugunez. Hego Euskal Herrian, berriz, kanpotik ekarri behar ditugu langileak.

Zergatik ezin ditugu hegoaldera ekarri, iparraldean lanik gabe dauden anaia euskaldunak? Zergatik ezin ditugu iparraldera eraman, hemen sobran ditugun industriak?

XABIER GEREÑO


Pio Barojari omenaldia Beran

Pio Baroja zenaren ehun urtebetetzekoa dela eta, Bidasoako Beran Gure Txokoa elkarteak "Pio Baroja Lehen Ipuin Saria" prestatu zuen; eta abenduaren 28an (Baroja jaio zen egunean) sari horri buruz hartu diren erabakiak jakin dira.

Abenduaren 27an, juradukoak (Luis Mitxelena, Aingeru Irigarai eta Mattin Ugalde) bildu ziren, eta idazlan hauk berezi zituzten:

Lehen saria, "Uhainetako desgizona" izena duen ipuinari. Egilea Luis Haranburu-Altuna (Alegiakoa) dugu.

Juraduari beste bi ipuin ere aipagarriak iduritu zaizkio: "Udazken kanta", Bilboko Patxi Goenaga Mendizabalek idatzia, eta "Muga" izeneko ipuina, Lezoko Patrizio Urkizu Sarasuak egina.

Haurrentzat ere saria ba zen: Lehen saria, "Txori txiki baten bizitza", Ondarrabiko Mikel Garmendia Ugartek egindako ipuinari eman zaio; aipagarria, "Ijituak", Maria Pilar Retegi Larratxea, Igantziko Bentakoak idatzitakoari.

Zorionak idazle gazte hauei.

Horretaz gainera izan genuen:

- "Rikardo Baroja" haur pintatzaile sariketa, eta Olentzero sariketa.

- Abenduaren 24etik 28ra, Bidasoako artista ezagunen lanen agerketa: eskultoreak, Barriuso, Basterretxea, J. I. Larramendi, Mendiburu eta Oteiza; pintatzaileak, Albizu, M. Gal, R. Baroja, J. Caro Baroja, Grazenea, Larramendi, M. C. Sagarzazu, J. Sagarzazu, Sistiaga eta A. Urmeneta.

- Liburu azoka.

28an, Baroja jaio zen egunean, goizean, Julio Caro Barojaren hitzaldia, Pio Barojak Beran egin zuen bizimodua agertuz; Barojaren "Itzea" etxearen aitzineko soroan, Pio Barojari Oteizak egindako oroitarriaren inaugurazioa. Arratsaldean, Bizkaiko "Akelarre" taldekoek Pio Barojaren "Leyenda de Jaun de Alzate" izeneko idazlana irakurri zuten.

Bestaldi polita izan zen.


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik, azken orduan, gure idazkaritzara ondorengo berriok heldu dira:

• Gabriel Aresti bilbotar poeta ezaguna karlista omen* da. Iturriek, ordea, hain argi ez diotena, zera da, Borbondarra ala Treveristarra ote den.

• Honetan asko dakien jaun batek esan deraukunez,* aurten langileen alokairuak* % 25ean altxatuko omen dira, eta gauzen prezioak, aldiz, % 10ean merkatuko. Baietz gizona, baietz!

• Errege magoei umeen eskutitzen artean hiru gutun* lehergarri heldu omen zaizkie, palestinar erresistentziako haurrek bidaliak. Entzun dugunez, datorren urterako, eskutitzak gabe, telegrammak besterik ez dute onhartuko,


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Komikia]


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (12)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Euskal salda


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABADE, apaiz.

ADIN, edade.

ADOS, konforme.

AGIAN, beharbada, nonbait ere.

AHANTZ, olvidar. (AHANTZI, ahanztu, ahaztu, olvidado).

AHULDU, makaldu.

AIERU, conjetura.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.

AITZITIK, al contrario.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU, aloger, salario.

ANITZ, asko.

ANTZOKI, teatro.

ARE, oraindik.

ARERIO, etsai, enemigo, contrario.

ARETO, sala, salón.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ASKI, nahiko.

AUKERA, hautapen, opción.

AUSART, atrevido, osado, valiente.

AZKONAR, tejón, blaireau.

BAHITU, secuestrado.

BAITAN, gan.

BARIK, gabe.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK. zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BE, bere, ere.

BEILEGI, amarillo muy vivo, jaune très vif.

BERAGAZ, berarekin.

BERE, be, ere.

BESTE, aina, bezainbat.

BIEZAT, beist, bezait.

BILAKATU, bihurtu.

BILAKAERA, evolución.

BIURRITZE, bihurritze, rebelarse.

BOLONDRESKI, voluntariamente.

BULEGO, oficina, bureau.

BURUTU, realizado, terminado.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAT, ikusten dut.

DARAMA, daroa.

DARAMADAZ, daroadaz, daramatzat, daramazkit.

DARIE, les mana, il leur coule.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DERAUKU, deusku, dauku digu.

DEUSEZTATU, ezereztu.

DEZANTZAT, daiantzat, dezan, daian.

DUKE, du beharbada.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKIALDE. eguzki alde, oriente.

ENGAIAMENDU, compromiso, engagement.

ERABAT, guztiz. zeharo.

ERAKUNDE, institución, organismo.

ERASO, ataque.

ERDEINU, desprecio.

ERDIETSI, lortu.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERORTZE, jauste.

EROS, comprar. (EROSI, comprado).

EROSO, cómodo.

ERRUDUN, hobendun. hobenduri.

FROGA, probar, demostrar. (FROGATU, probado, demostrado).

FUNTS, fondo, sustancia.

GAITZESTE, condenar, desaprobar.

GISA, modu.

GOGAITU, aspertu.

GORPU, cadáver.

GREBA, huelga.

GURA, nahi, gogo.

GURARI, desira, deseo.

GUTUN, eskutitz.

HALABER, igualmente, así mismo.

HAR, tomar, coger. (HARTU, tomado, cogido).

HARTZ, oso, ours.

HASTAPEN, haste, hasiera.

HATZ, erhi, dedo, doigt.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HERTSIKI. hestuki.

HETAN, haietan.

HIRIGINTZA, urbanismo.

HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HONERAINO, honaino.

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORNITU, hornitutako, hornituriko, horniturikako.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IAIO, bikain.

IRA, garo, helecho, fougère.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGARRI, predikatu.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu.

ITZAR, esna, despertarse, s'éveiller.

IZKUTATU, ocultado, escondido, caché.

JADANIK, ya.

JARRAITU, jarraiki. (Aditz hau intrantsitibo bezala agertzen da klasikoetan. Adibidez, narraio, garraizkio, eta abar).

JARRERA, postura, actitud.

JAUSI, erori.

JAZO, gertatu.

KABUZ, buruz.

KATAGORRI, ardilla, écureuil.

KEZKA, inquietarse. (KEZKATU, inquietado).

KOPURU, suma total.

LAKET, atsegin. (Latinezko placet hitzetik dator).

LAR, larregi, gehiegi, sobera.

LEGEZ, lez, bezala.

LERAUKEGU, leuskigu, liguke.

LEZ, legez, bezala.

LORTU, logrado, conseguido, (LOR, lograr, conseguir).

MAIZ, sarri.

MATXINADA, levantamiento, motín, revuelta.

MENDE, siglo.

MERKATALGO, comercio.

MUSKER, lagarto, lézard.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARI IZAN, advertirse, notarse, evidenciarse.

NABARITZE, advertir, notar, percibir.

OIHAN, baso.

OMEN, ei.

ONESTE, aprobar, dar por bueno.

ONHAR, aceptar, aprobar. (ONHARTU, aceptado, aprobado).

ORDIZIA, Villafranca de Oria.

OREIN, ciervo, cerf.

ORLEGI, berde.

ORO, guzti.

ORO HAR, en conjunto.

OTSAIL, febrero.

PIKOTA, picota, antiguo instrumento de suplicio. (Pikotara joan = ir a la nada).

SAL, vender. (SALDU, vendido).

SAR, meter. (SARTU, metido).

SASKI, otzara.

TXIRO, pobre.

UHARTE, isla.

UHIN, olatu.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URTARRIL, enero, janvier.

ZALANTZA, duda.

ZATEKEEN, zen nonbait. bide zen.

ZELAN, nola, nolatan.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERAUKUN, euskun, zigun.

ZIKOINA, cigüeña.

ZINEZ. benetan.

ZIZTOR, longaniza, saucisse.


Anti-autoritarismoa eta historia

Kronstadt (1)

Rusiaren historia zerbait irakurri badugu, izen honek asko esango digu, herrien benetako mugimenduan sinesten dugunoi batez ere. Baina zer da Kronstadt eta non dago?

Kronstadt, Baltiko itsasoan dagoen uharte* bateko portu militar bat da. Uharte honi Katlin deritza. Plaza militar bezala, eginkizun nagusi bat betetzen zuen, alegia,* Rusiako hiriburua —San Petersburgo— defendatzea.

Rusiako Iraultza Handiaren denboran, berrogeitamar mila bizilagun zituen guti gorabehera, gehienak guda marinelak, 1905, 1906 eta 1910.eko matxinadetan,* hiri-gaztelu honetako ia marinel guztiak murgildurik aurkitzen ziren erreboluzioan; baina haien ahaleginak beti izan ziren deuseztatuaketa parte hartu zutenak zigortuak.

1917. urtea iritxizenean, Rusiako indar politiko guztien influentzia garbi agertzen zen hango bizilagunen artean. Agintariak edo buruzagiak zaristak ziren. Marinelen artean, berriz, ideologia guztien eragina zegoen: boltxebikeena, mentxebikeena, anarkistena, azken hauk bi tendentziatakoak —ezkerrekoak eta eskuinekoak— izanik.

Nahiz eta alderdi politikoen eta sozial mugimenduen influentzia eduki, Kronstadteko iraultzaile gehienak ez zeuden alderdien zerbitzuan, herri eta komunitate libreen alde baizik. Horregatik, geroago, zail egingo zitzaien Rusiako nagusi berriei —«Zar berriei»— haien politikaz jabetzea. Kronstadteko iraultzaileek ba zekiten, alderdien zerbitzuan jartzen den gizonak, herriaren interesen gainetik, hots, partiduaren politikaren pean, jartzen duela bere politika, eta errazago salduko duela herria bere alderdia baino. Tesi hau hola gertatu da Rusian eta beste hainbat tokitan.

Ikusmira honekin hornituak zeudelarik, Kronstadtekoei ez zitzaien zail izan Iraultzaren buru bihurtzea, haien fama oso zabaldurik baitzegoen. Boltxebikeei boterea lortzen lagundu zietenean, «Kronstadt Rusiako Iraultzaren ohore eta gloria da» esango zuen Trotskik. Baina histori liburuak idatzi dituzten boltxebike guztiek, eginahala egingo dute, ohore eta gloria hori kentzeko. Baina alferrik. Egia, bera ere iraultzaile delarik, azkenean garaile ateratzen da; eta kasu honetan ere hola gertatu da. «Dialektikaren» legea omen* da.

Systema guztietako agintariak beren egintza guztiak justifikatu beharrean aurkitzen dira, eta horretarako beren historia egiten dute. Boltxebikeek ere kasu honetan beren historia —alderdiaren historia— egin zuten: nahiz eta terminologia zientifikoa erabili, gertakariak aldrebestu eta faltsifikaturik aurkitzen dira, partiduaren alderako. Beraz, herriak benetako botere eta jabetasuna eduki arte, ez dugu egiazko historia ofizialik edukiko.

1917.ean, otsaileko* iraultzaren ondoren, Biltzar bat aukeratu zuen Kronstadteko komunitateak. Biltzar hau, sobiet hau, zuzenki hautatu zuen herriak. Biltzarra osatzen zutenak, mentxebikeak eta eskuin aldeko sozial-iraultzaileak ziren. Baina herriak eskubide osoa zedukan, Biltzar hau nahi zuenean deuseztatzeko; hots, herria soberanoa zen eta berak parte hartzen zuen bere etorkizuna antolatzeko.

Bestalde, San Petersburgon Kerensky zen gobernuaren jabe, eta gobernu horretan mentxebikeek parte hartzen zuten. Gobernu hau, lehengo gobernu zarista baino aurrerazaleagoa izan arren, ez zen iraultzailea; eta, horregatik, laster agertu ziren eztabaidak gobernuaren eta populuaren, batez ere Kronstadteko populuaren artean.

Kronstadtarrek federazioan sinesten zuten, hots, komunitateen federazio librean, komunitate bakoitzak bere askatasun osoa edukiz eta bere etorkizun osoaren jabe izanez, gaineko botererik gabe. Bide honetan sinesten zutelarik. ez zeuden prest, beren buruak Kerenskyren menpean ipintzeko, eta are* gutiago, gero ikusiko den bezala, boltxebikeen azpian jartzeko. Eztabaida honetan Kronstadteko Biltzarrak bigunki jokatzen zuelako, hango populuak berehela deuseztatu zuen Biltzar hura.

Orduan, Kerenskyren gobernuak, Kronstadteko herria edozein autoritarismoaren kontra zegoela eta haren jarrera* gero eta radikalagoa zela ikusirik, haren kontra kalumniazko kanpaina bat hasi zuen, pentsaturik zedukan Kronstadt hiriaren inbasioa justifikatzeko. Gobernuak esaten zuenez. Kronstadteko herriak bere kontura bakea egin nahi zukeen Alemaniarekin, eta Alemaniako Kaiserrak hango komunitateari eusten ziokeen, hiri-gaztelu hartaz baliatzeko asmoz, eta abar.

Kronstadteko bigarren Biltzarra boltxebikeek. anarkistek eta ezkertiar sozial-iraultzaileek osatu zuten gehienbat. Nahiz eta ideologia desberdinekoak izan, desberdintasun hori bigarren mailan geratzen zen, herriaren dynamikak problema ideologikoak desegiten zituelarik. Ideologia guztietako tendentziak onhartuak ziren, eta alderdi guztiek beren ideiak azaltzeko eskubidea zedukaten, herriaren zerbitzuan zeuden bitartean, eta herriak berak baztertuko zituen, berarekin akort ez zeudenean.

Herriaren heziketa, hiriak zuen Enparantza Nagusian egiten zen, eta alderdi guztiek eskubide berdina zedukaten beren tesiak defendatzeko, eta inork ez zedukan «egiaren monopolioa». gero boltxebikeek ukanen* zuten bezala eta haien ondorengoek —beste alderdi marxista-leninistek— heredatuko zuten legez.* «Egiaren monopolioa», erregeek tronua heredatzen duten bezala. Kronstadteko azken eritzia herriak ematen zuen, ez partiduak. Alderdien politika herriaren politikaren menpean jartzen zen, ez alderantziz, alderdi guztiek egiten duten bezala.

B. BAKAIKOA

digu, deusku

zedukan, eukan, zeukan

zedukaten, euken, zeukaten

zekiten, ekien

zeuden, egozen

zieten, eutseen

ziokeen. euskion

zitzaien, jaken

zukeen, eukean