ANAITASUNA

246. zenb.

1972.eko Abenduaren 30ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


1973: Eliza eta Euskal Herria

Katoliko praktikatzailea naizen aldetik, benetan kezkatzen nau, azken urteotan Elizak Euskal Herrian eduki duen atzerakadak.

Fenomeno honek esplikazio bat eduki behar du, kausa batzuen ondorena baita; eta beldur naiz, gaitzaren sustrai horik* sakonkiro eta merezi duten seriotasunez aztertu ez ote ditugun.

Gauza nabaria* da, euskaldun gazteria, euskaraz egiten duena alegia,* hein* handi batetan Elizatik aldendu dela; eta honen ondorenak dira seminarioen uzteak, gazte intelektualen fedegabetzea, ikastoletako tentsioak, eta abar.

Nolako jarrera* hartu du Elizak, fedegabetze fenomeno horren aurrean?

Espainiako gerra denboran, euskaldun katolikoek hartutako jarrera ez zuen konprenitu Europako hainbat katolikok. Orduan, euskaldun katolikoak, Europakoen artean, aitzindari* agertu ziren. Orain, berriz, ene ustez, atzean geratu gara.

Exenplu batzuk* ipiniko ditut,

Espainian, eskuineko muturrean, Blas Piñar dugu, «Fuerza Nueva» aldizkaria dugu. Baina espainol katoliko gehienak ez daude hoiekin: «Ya», «ABC» eta moderatuagoak diren agerkarien buruzagiekin daude.

Hor ditugu ere Zaragozan bildu ziren hamaikatxo apaiz. Espainiako Konferentzia Episkopalak eta Vatikanoak berak ere ez dute haiekin bat egin nahi izan.

Etor gaitezen orain Euskal Herrira. Gure apaiz askoren artean eta Obispaduetan beldurra dago, euskal gazte intelektualenganako mesfidantza. Hortik datoz ikastolen okupazioak, euskara batuarekiko mesfidantza, «Euba» izeneko ikastolen elkartea desegin erazi nahia, ikastoletako irakasleen pedagogi aldizkaria isil erazi nahia, ANAITASUNA honi egiten zaion burruka, eta abar.

1973. urte honen hasieran, euskal apaiz eta fraileei, eta batez ere Obispaduetatik Eliza zuzentzen dutenei, serenitatea eskatuko nieke. Ez du Elizak bere prestijioa gehituko, Euban eta Deustuan hartu diren jokaerekin.

Elizak gazteriaren konfidantza lortu behar du, eta gazteek Elizarena. Baina norbaitek eman beharko du lehen pausoa; eta, ene ustez, lehen pauso hori geuk katolikook eman behar genuke.

Elizak Euskal Herriaren beharra du, eta Euskal Herriak Elizarena.

Guk, euskaldunok, une larri honetan, inoiz baino beharrezkoago dugu, fedeak eman diezagukeen indar espirituala, berarekin gaindi ahal ditzagun inguratzen gaituzten mila oztopo eta grina txar.

Biziki nahi nuke, 1973. urtea Euskal Herrian fedearen loratzearen urtea izan ledin; baina, horretarako, Elizako gidariek, apaizek eta guk guztiok elkar konprentsioa, joko garbia eta maitasuna erakutsi behar dugu.

Ez ezpata erabiliz, ez zikinkeriak zabalduz, ez mesfidantzaz jokatuz. Hori ez da bidea. Eskua garbi luzatuz lortuko dugu beste esku bat geurearekin bat egitea.

XABIER GEREÑO


Kooperatibak Euskal Herrian soluzioa ote?

Zenbait aldiz irakurri izan ditut ANAITASUNAn «TU» agerkariaren usteak eta aburuak.* «TU», Arrasateko* kooperatibisten ideologi agertzaile bezala azaltzen zaigu. Itxuraz urria eta ezereza, baina helmen* handikoa mamiz eta asmoz, Anjel Zelaietaren ikusmoldez (bere predikuen frogagarri bezala, erdiespen* batzuk baitaude hor).

Kooperatibistek aipatzen dituzten erdiespenak, ezagunak dira: gutti gorabehera, alde batetik enpresa hoien jestiokera (autojestioa, hoien iduriz*); gero, langileriaren bizitza. mailaren hobeagotzea, lan postuak ugarituz, kontsumo maila jasoz,* irakaskintza tekhnikorako sarrera samurtuz...

Nik neuk ez dut sinesten kooperatibismoaren erdiespenetan; ez autojestiorik ez langileriaren bizimoduan sustraizko aldaketarik posible ez delako, kapitalismoaren uztarripean.

Izan ere, kooperatibak, kapitalismoak irauten duen bitartean, merkatuko ekonomiak eta konpetentziak bortxaturik, beste kapitalista enpresek erabiltzen dituzten praktika gorrotagarriak beren langileriari ezartzera behartuak baitaude. Hori eginen ez balute, baztertuak eta ezabatuak* izanen lirateke hoien merkatutik.

Praktika gorrotagarri hauetaz mintzatuko naiz. Kapitalismoa umotuz* joan den neurrian, razionalizatuz eta zorroztuz joan dira, konpetentziak bultzaturik, lana explotatzeko bideak. Horrela, mekanizazioa, semi-automatizazioa eta kateak produkzioan jeneralizatuz joan diren neurrian, des-humanizatuz joan da gizonaren lana. Eta prozeso honen bukaeran, langilea ez da, zapaltzen duten bi makina madarikaturen eslaboi mixerable bat besterik. Bi makina hauetatik bata, makineria eta lan tresneria da —honek inposatzen dizkio gizonari lanaren rytmoa eta bete behar dituen mugimenduak oro.* Eta bestea, gizarte makina —eta ez du honek ere guttiago zapaltzen— bere hierarkia, bere ordenu, kontrol eta amandekin.*

Gainera, langilearen nortasuna ukatzen duen lan arnegagarri hori etengabekoa dela eta haren bizitza guztira hedatzen* dela konturatzen bagara, ez harri,* langile anitzek* lana etsaitzat edukitzeaz edo beste batzuek lantokian iragan* denbora bizitzarako galdutzat jotzeaz.

Eta ezin uka, prozeso hau enpresa modernoetan aurreratuenik dagoela, eta hau dela, hain zuzen, kooperatiben kasua (Urgor-eko kateak datozkit burura).

Arestian,* autojestioa, kapitalismopean eraikitako kooperatibetan, ez dela posible esan dut. Eta ez da posible, ez langileak alferrak edo indibidualistak direlako, arrazoi material xinpleago bategatik baizik, gehienetan behintzat; alegia,* egun guztia lan aspergarri eta nekagarri batetan iraganik, lan orduak betetzen dituztenean, desnekea eta atsedena besterik ez dutelako buruan, eta prest daudelako, kondizio hauetan berek hartu beharko lituzketen erabakiak turnoko burokraten eskuetan uzteko.

Horregatik esaten du sozialismoak, gizarte sozialista baten autojestioa posible bilakatzeko,* beharrezko dela lan orduak zeharo guttitzea; orduan bakarrik izanen baitu langile orok* philosophia eta gizonaren eta gizartearen zientziaz janzteko aukera, horrela bakarrik hel* baitaiteke, bere eguneroko bizitzarekin zerikusia dadukaten problemak estudiatzeko eta erabakitzeko posibilitatera. Era horretan izango baita, izan ere, gizona bere buruaren jabe. Uste dut, beraz, egun,* kooperatibista enpresetako lana kapitalista enpresetakoa bezain alienatua dagoela. Bestalde, lan aspergarri horren ordaina edo soldata, hots,* batzuen eta besteen kontsumo maila, berdin xamarra da. Non gelditzen dira, beraz, kooperatibisten erdiespenak?

Gure helburua langileriaren eta herri osoaren zorion material eta espirituala bada behintzat, nik ez dut aurrerapen handirik ikusten.

Anjel Zelaietak aipatzen duen «TU» agerkariko artikuluan, hau dio artikulariak, langileek urteburuan aurreztutako* sosak* bakantzetan alegereki xahutuko* dituzten beldurrez: «Bekatu kaltegarri batetan erortzeko* arriskuan gagoz: aurreztutako sos guztiak birrintzekoan, alegia.* Eta honela gure ekonomia ostikatu egiten da, atzeratu, ahuldu.*»

Eta geroxeago: «No estaremos jugando alegremente con el porvenir de nuestro pueblo, no va a ser necesario ese dinero, que se nos va en fruslerías, para crear nuevas oportunidades?»

Gure herri osoaren etorkizuna langileek aurreztatzen dituzten diruen funtzioan jartzea, astakeria bat iduritzen* zait; eta ez du beste gomentariorik merezi. «Gure ekonomia» aipatzen duenean, berriz, Euskal Herriko ekonomiaz badihardu, ez da, nik uste, euskal langileria, aurrezta nahiz ez aurrezta, bere interesen kontra eraiki den ekonomia baten martxaren errespontsable, ez baititu ekonomia horren organizazio, hazkuntza edo estagnazioan* zerikusia dadukaten erabakiak inolaz ere langileak hartzen.

ANAITASUNAn urriko azken zenbakian, berriz, hau diote kooperatibistek, tekhnikaren aurrerapenak ekarri dituen aldakuntzak goraipatuz eta laudatuz: «Tekhnika eta jakituriazko mugimendu hau aurrera daroan klasea, horixe da gaur egun iraultzaileena; edo, beste modu batera esanda, klase horrek bere eskuetan dauka naturalezaren kontrola eta gizarte organizazioaren jestioa».

Bestalde, gizartearen jestioa eta naturalezaren kontrola ez dago tekhniko maila osatzen dutenen eskuetan ere. Hamaika bider esanak dira gauza hauk,* egia da eta, izan ere: Gure gizarteko bizitza guztia, sozial, ekonomiko eta politikoa, (bere erabakiekin, edo bere zerbitzari den Estatuaren bitartez) moldatzen duen klasea, burgeseria da. Burgeseria honek erabakitzen du, hain zuzen, zenbat diru erabiliko den, eta zein alorretan* eginen diren inbestigazio hauk. Hor ditugu, kooperatibistek eredutzat* dituzten Estatu Batuetako enpresetako zenbait tekhniko eta zientifiko, hainbat harma eta hil-tresna madarikatu asmatzen.

Edozein modutara, ba dirudi, kooperatibisten kezka nagusia zera dela: tekhnika berriak sartuz, beren produktibitatea jasotzea* eta horretarako egin behar diren inbersioen finantziatzea. Eta hau zertarako? Ba,* haiek merkatuan okupatzen duten lekua zabal dadin, mozkinen* bolumena honekin handitzeko.

Hau da, funtsean,* merkatuko ekonomia batetan bizi den enpresa baten azken helburua.

Bide honek nora garamatzan, gaurtik esan dezakegu: Europako gizarte kapitalisten antzeko gizarte batera. Hau da, itxura denez, kooperatibismoak Euskal Herriari eskaintzen dion etorkizuna.

Ene ustez, berriz, gure herriaren problema askozaz ere konplejogoa da. Eta langileriak eta euskal intelektualgoak, problema horren aurrean, oso ikusmolde diferentea agertzen du; eta ez du inolaz ere pentsatzen, problema hauk kapitalismoak inposatzen digun koadroan eta instituzioen barnean erabaki daitezkeenik.

HUNZURRUNZAGA


Klase burruka dela eta

Frantziako apezpikuek idazki harrigarri bat argitaratu berria dute. Idazki horretan, gai asko haintzakotzat hartzekoak dira noski. Klase burrukari dagokiona ez da txikiena, ordea.

Gertaera berri baten aurrean gaudela diote apezpikuek, zenbait kristauek —langile, baserritar, intelektualek—, beren problemak azaltzeko, klase burrukaren hizkuntza erabiltzen dutelako. «Klase burruka» hitza, beren egoera adierazteko oso egokia dela uste dute kristau hauek. Are* gehiago, klase burruka delakoaren bitartez egindako analisia, gizarteko zuzengabekerien mekanika ulertzeko bide on bat izan daiteke.

Batere dudarik geldi ez dadin, honako hau ere diote apezpikuek: «Aipatutako kristauek, analisi hau egitean, Marxen esannahia ezartzen diote, besteak beste, klase burrukari».

Guzti honek ez du esan nahi, jakina, apezpikuek Marx eta Engelsen dialektika materialista delakoa onhartzen dutenik, idazkia zehatz irakurtzean ikusten denez. Baina zabaltasunak bukaerararte irauten du.

Gaur egun, Marxen analisiaren utilitatea ezin dezake inork uka. Marxen aurkiberrien aurrean ikusi eta itsu egitea, sinplekeria besterik ez litzateke izanen. Baina sinplekeria gauza bat da, eta sinplifikaziokeria beste gauza desberdin bat.

Funtsik* gabekoa da, gaurko munduan gertatzen den guztia klase burrukaren arabera* esplikatzen saiatzea. Horrez gainera, ba daude beste indar batzuk ere, historiaren lapiko* handian jokatzen dutenak. Nazioak, arrazak, ideologiak, erlijioak, ez dira guztiak ekonomiaren ondorea, marxista batzuek sinesten omen* duten bezala.

Hau ematea ere, zientziazko jarrera* bat da. Dirudienez. Engelsek berak ere ba zekien zerbait horretaz, 1872. urteko maiatzean Bloch jaunari bidali zion eskutitzean ikusten denez: «Marx eta biok errudunak* gara, batzuetan gazteek ekonomiazko kausari garrantzi gehiegia ematen diotelako. Geure orduko eztabaidetan ez genuen astirik izaten, ez eta lekurik eta garairik ere, beste faktoreei dagokien tokia emateko. Zoritxarrez, teoria berri bat ongi ulertutzat ematen da batzuetan; baina haren printzipio nagusiak ez dira ondo ulertzen».

Sobera* dakigu, eskutitz honek tinta franko isur* erazi duela. Baina, dena dela, hor dago; eta inork ez du ukatuko, Marxek eta Engelsek gauzak pixka bat korapilotsuagoak ikusten zituztela, gazte askok baino.

Sinplifikazioa da, beldurrik handiena ematen didan gauza. Arrazoia du Bachelard filosofoak zera dioenean, zientzi sailean sinplea ez dela esistitzen, sinplifikatua baizik. Hau ere jakin behar da; eta kontuz ibili behar da, zientzia erabili nahi izaten denean.

«Beldur zaitez liburu bakarreko gizonaz» esan ohi zuten erromatarrek. Gure artean ere, nahiz eskuin nahiz ezker, sinplifikatzaile asko omen dabil. Eta «liburu bakarreko gizon» asko.

(Neure buruari galdera bat egiten diot: «Hau ere ez ote da 'euskal primitibismoaren' seinale bat izango»?).

CARLOS SANTAMARIA ANSA


Arrasateko ikastolari buruz

Batzar nagusien ondorioak

Ondorio hauek bi izan dira nagusi:

Bat). Herriak zer itxarotan duen ikastolatik, eta honek zer erantzun eman behar dion gaurkoz.

Duda haundi gabe esan liteke, herriaren edo gurasoen kezka haundiena, haurrak ondo gertatuta ikastolatik ateratzea dela; eta ondo gertatu hau, jakintza edo kontenido aldetik esan nahi du. Hori bai, gertaketa hau euskeraz eta euskaldun bezala jasota.

Eta gaurkoz hori bada gure herriaren kezka eta egarria, ikastolak egarri hori betetzen joan behar du. Egarri hori ondo betetzen baldin badu, ikastolak bere egitekoa bete du. Beste gauza bat izango da, egarri berriak eta sakonagoak herrian sortu-araztea; eta hori norberak ikusi behar du komeni zaion ala ez; baina, dana dala, ikastolak ezingo dute herriak gaur egun sentitzen ez duen egarriaren bila joan.

Esan dezakezute, herri osoak ez ditula egarri hoiek bakarrik sentitzen; eta gure erantzuna da, ongarria izango litzakela bi edo hiru motako ikastolak eskeintzeko ahalmena eta posibilitatea izatea; baina, bat bakarrik eskeini dezakegunez, bakar hau gehien baten iritzikoa izan beharko da, eta gutxienak bakar hortan sartu edo eta beste bat sortu beharko dute.

Bigarrena). Ikastolak Batzorde honen agintepean ibili behar du.

Garbi ikusi zen, hautarki* bidez, Batzorde honek duela azken hitza ikastola barruan. Honek ez du esan nahi, iñolaz ere, arrazoi gabeko aginte bat izan behar duenik, ezta gutxiago ere irakasleen eskubideak zapalduak gelditzen direnik: orain, gogoan euki behar dezute, irakasleen eskubideak ez direla izango beti irakasleak pentsatzen dituzten guztiak.

Batzorde honen agintearen lehenengo ondorioa da, izendatutako zuzendaria onartzea; eta onartze hau uste dugu ez dela izango «beste erremediorik ez dago, eta hemen ibiliko da»... ez. Elkar ulertu, elkarrekin lana egin eta ahal dan probetxu gehiena ateratzeko prest egongo zeratela uste dugu, ez bait dago beste biderik aurrera egiteko.

Azkenik, Batzorde honek uste du, puntu hauekin ados baldin bazaudete, lan asko egin dezakegula Arrasateko ikastola alorrean, nahiz eta iritzi asko desberdinak eta eztabaidak izan.

Bestalde, puntu hauekin bat ez bazaudete, mesedez eskatzen dizuegu, kalte haundiagoko burrukak sortu baino lehenago, euskaldun eta lagun bezala azaltzeko eta zuen asmoak beteko dituzuen tokiren batera alde egin, zergatik eta ikastola hontan eta gaurkoz hauetxek dira bideak, eta bide hauetatik jokatu beharko da.

 Zuzendariaren egitekoa:

Ofizialki emanak diran irakaskintzaren asmo eta elburuak eta Batzordeak asmo haueri erantsi nahi dizkienak, gailur-gailurreraino eraman ahal izateko, irakasle-taldearen lanak zuzendu, eratu, elkar josi ta zaindu.

 Oinarri-erantzumena ta aginpidea:

Irakasleekin elkarturik, ikastolako haurren heziketa osatzeko (gizon, kristau bezala oinarritzeko) irakaskintza erarik onena aukeratzea.

Irakasle-taldearekin batera, ikastolako maila bakoitzari dagozkion ikasgaiak eratzea.

Batzorde barruan, ikastolako elburu nagusiak gertatzen laguntzea.

Batzordeari, ikastola egokien nola erabili eta indartu diteken jakin-eraztea.

Eginkizun honeri behar bezala erantzuteko, Batzordeak emango dio beharrezkoa zaion aginpidea; eta Batzordeari bere eginkizunaren berri eman behar dio.

 Bere lan eta eginkizun bereziak:

Irakasle taldearekin batera, ikastolako egoera ta ikasleen arazo eta goraberak ezagutu eta zuzentzeko, haurren guraso eta irakasleekin, aldiz-aldiz batzarrak eratzea.

Irakasle eta ikasleen artean disziplina giroa sortu, eta ikasgaietan ardura ditezen saiatzea.

Irakasleren batek bere eginkizuna edo ikastolako arau nagusiak beteko ez balitu, irakasle izena bera ere galtzeraino, Batzordea jakinaren gainean ipiniko du, honek behar diren erabakiak har ditzan.

Batak bestearekin oi dituzten har-eman guztietan EUSKERA erabili dezaten arduratuko da, eta euskera garbi eta egokia erabili dezaten alegindu.

Beste ikastetxe eta Gipuzkoako ikastolen Elkarte Bateragilearekin bere har-emanak izango ditu.

«Heziketa eta Jakintza Ministerio»arekin eta irakaskintzako beste erakunde* ofizialekin har-emanak izatea bere gain izango du.

Hilero ikastolako egoera eta sor ditezken arazo guztiak, ikastolako Batzordeari jakin eraztea.

ARRASATEKO IKASTOLAREN JUNTAK


[Euskaldungoa]

Ipar Euskal Herriaren historiari buruzko ikastaroa

Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak, Philosophia eta Letretako Fakultatearen laguntzaz, Historiazko ikastaro bat antolatu du, Historia de la Baja Navarra o Sexta Merindad izenburuaz.

Ikastaro hau Eugène Goyhenetche irakasleak emanen du.

Egunak: Urtarrilaren* 8tik 12ra.

Ordua: Arratseko 7,30etan.

Lekua: Unibertsitateko hitzaldi aretoa.*


Osaba Martinen kontuak

Euskal herriko piztiak: Hartza (2)

Neguan gagoz, eta abenduko azken igande honetan, urte zaharrari ondo ibili eta berriari ongi etorri esateko, amak bazkaria prestatzen dauan artean, osaba Martin eta Eneko goizean goizik Gernikarako autobusa hartu eta Kortezubira joan dira, bertan hain fama handia dauken Santimamineko haitzuloak ikustera. Haize hotz hotza dabil; eta mendi goietan, bai Oiz eta bai Gorbeia tontorrean, elurraren zuritasuna ikusi daiteke, neguaren seinale.

Santimamineko haitzuloaren sakontasunean, kanpoko hotzaren kontrara, epeltasun atsegin bat dago; eta Enekok poz pozik entzuten ditu, ondoko baserriko gidari euskaldunak ematen deutsozan esplikazio guztiak. Hareek bai irudi ikusgarriak: bisonteak, basahuntzak, oreinak,* hartzak,* zaldiak... Eta tokia bera: kobako harrizko habe* zuriskak, gortina gisako harri meheak; sukaldetik zintzilik egoten diren moduko ziztor* eta lukainka ugari hemen ere, baina harrizkoak. Eta haitzulo sakon hori amaitzen dan lekuan, gainera, arraultza frijitu moduko bat, urak harrian egindakoa! Ba dauka, bai, Enekok zati* baterako kontagarririk franko.

Kanpora irten eta autobusa gelditzen dan lekura bihurtzen diren artean, gure mutikoa osabari etengabeko itaunketan* hasten jako:

— Osaba, aintzinako Euskal Herrian ba ziren orain baino piztia gehiago, ez da? Orain ez dago ez bisonterik, ez hartzik, ez horrelakorik, ez da?

— Bisonterik ez. Europako parte honetan aspaldian galdu ziren zeharo, baina oraino Polonian eta Sobietar Batasunean batzuk* gelditzen dira bizirik. Azken bisonteok, gainera, ardura haundiz zaintzen ditue bertako gobernuek. Ene ustez, Euskal Herrira ere ekarri beharko lirateke horrelako bisonte batzuk, Altubeko eta Iratiko oihanetan* ondo bizi eta ugalduko liratekealako, honela gure aintzinako fauna birpiztuz. Ba dakizu, oreinak eta orkatzak* ere ekarri egin direla eta ondo hazten direla gure basoetan.

— Eta hartzik ba ote dago batere gaur Euskal Herrian?

— Bai, baina gutxi. Gelditzen diren azkenak Nafarroako eta Zuberoako oihanetan bizi dira, Irati aldean. Mendi Pirinioetan, orain dala urte batzuk, berrogeitabi hartz inguru bizi ei* ziren bakar bakarrik. Kontu pixka bat euki beharko litzateke, piztia eder hau galdu ez dakigun. Aintzinan, bisonteekin batera, hartza ere Bizkaian eta Gipuzkoan bizi zan.

— Eta handiak izaten dira Euskal Herriko hartzak?

— Handienak muturretik buztanera bi metrotakoak izaten dira, eta garaieraz metro bat baino gehitxoagokoak.

— Zer jaten dabe hartzek?

— Basoetako aleak, gaztainak, ezkurrak*, perretxikoak, belarrak, sustraiak eta baserleen eztia, berau topatzen dabenean; bai eta animaliak ere: intsektuak, kakarraldoak,* matxinsaltoak,* igelak,* arrainak, txoriak, ardiak, zaldiak eta honelakorik.

— Orduan kaltegarriak izaten dira, ez da?

— Hara! Basoko piztiek ez dakie, kalte egiten dabenik; eta, inoren ardiak eta abelgorriak* aurkitzen dituenean, gose badira eta jateko era* badabe, eraso* egiten deutsee. Baina gehienetan hartzak basoko gauzetatik bizi dira, inoren ondasunei ikuturik egin gaberik.

— Ez dira hain gaiztoak, orduan? Gu mendian hartz batek ikusiko baginduz, ez leuskigu ezer egingo, osaba?

— Beharbada, gugandik iheska joango litzateke; baina, gose balitz edo eta kumeak inguruan eukiz gero, ba leiteke gure kontra etortzea, jateko edo kumeei ezer egin ez gengioen. Ameriketan, Estatu Batuetan, ba dago parke famatu bat, Yellowstone izenekoa. Bertan hartz asko bizi dira libre eta euren kontura. Hartz horreek, baina, bisita egitera joaten jaken jendeari, janari eske hurreratzen jakoz automobiletara, kamino ondoan zain egonik, eta pertsonen eskutik mantso mantso jan ere bai. Ikusten dozunez, ez dira hain gaiztoak, baldin gizonaren ondoan bizitzen badakie.

— Aintzinan ez ei ziren ibiltzen ijitoak hartzekin, panderoa joaz? Amamak hori kontatu deust, behintzat.

— Bai, ibili egiten ziren; baina halakoei ez jaken euskaraz ijitoak esaten, ungrianoak baino, Ungaria aldeko tzingaroak ei zirelako.

— Non ematen dau hartzak negua, osaba? Azkonarraren moduan egiten dau lo?

— Bai, bere habian, koba zuloren batetan, azkonarraren* antzera, udan jandakoetatik bizitzen dala. Udaberrian berriro itzartzen* da lozorrotik, eta emeak bizpahiru kumetxo ekartzen ditu mundura, txiki txikitxoak, arratoi bat lakoxeak.

— Nire ikastolan dagoen mutil batek hartzari «otso» esaten deutso, osaba. Barak uste dau, erdarazko «oso»tik datorrela. Hori txarto dago, ez da, osaba?

— Bai, gaur egun euskaldun askok, euskal eskolarik ezaz, elkarrekin nahasten ditue hartza eta otsoa. Lehenengoa zakur baten itxurakoa da, eta hortik dator Ochoa edo Otsoa deitura.* Bigarrena, hartza, latinez ursus esaten zan, eta hortik datoz espainolezko oso eta frantsesezko ours (= urs). Zientzigizonen hizkeraz Ursus arctos esaten jako. Bigarren izena grekoa da, eta hortik dator arktiko hitza, poloaren aldeko itsasoa deitzeko, iparraldea erakusten dauan izarra hartzaren izena daroan konstelazio batean dagoelako.

TRAUKO


Gure munduko albisteak

Gabon jaiak Bilbon

Urtero bezala aurten ere, Gabonak datozela eta, hainbat euskal esaldi aurki daiteke Bilboko kaleetan, Zorionak eta Urte Berri On eskainiz.

El Corte Inglés-en, Gran Vía-n, orain dela urte pare bat edo, izugarrizko letra haundi argitsuz Zorionak bi jarri ziren, Felicidades bati inguratuz. Dirudienez, hura* ez zitzaion baten bati askorik gustatu; eta Felicidades bi jar erazi ziren, Zorionak bakar eta triste bat utziz. Aurten ere, «inor» haserre ez dadin edo, El Corte Inglés-en zazpi Felicidades agertu dira eta lau Zorionak.

Bilbo Zaharreko merkatari eta dendariek, aldiz,* zazpi kaleak argiz apaintzeaz gainera, Gabon pinu eder bat ezarri deraukute Arenalean, Bilbo Zaharrerako sarreran, goian letra handiz Zorionak galant eta bakarti bat ipinirik.

Dakusagunez,* gehiago saltzearren, mundu guztia gogoratzen da gure euskara gaixoaz, urtean zehar berriz kasurik egin ez arren. Noiz ikusiko dugu, euskara «beti» erabiltzen? Agian* orduan konturatuko ginateke, beti erabiliz, euskarak berak ere gehiago balioko lukeela.

Zezen toreadoreen pribilejioak

Dugun Estatu katholiko, apostolutar eta erromatar honetan aspalditxuon ikusten hasi garenez, sexu morala bikoitza egiten hasi zaiku. Alde batetik, gizagaixo pobreak daude, ezkondu aurretik sexual harremanetan hasiz gero, gizonezkoak —baina neskak batez ere— lizunkeriazko markaz behin betiko seinalaturik agertzen direnak. Eta, ezkondu ondoren, andreagandik apartatu eta beste batekin bizitzen hasiz gero, «arrimatu» eskandalugarritzat salatuak ditugu besteak. Hori duk hori moral publikoaren aldeko izatea, bai horixe!

Baina kontuz! Erregela berak ez du balio goi mailako aberatsen kasuan, ez horixe! Hau, gauza jakina denez, betidanik izan da hola; baina orain itxurak berak ere ez dira gordetzen. Bere andreagandik apartaturik bizi den zezen toreatzaile bat beste neska batekin paseatzen ikusia izan dela eta, «bere bakartatea kontsolatzen dion adiskide batekin» zebilala aipatzen da, gaixoa bakarrik triste zegoen eta.

Honez gainera, ofizialki bere andrea duen ala ez oraino argitu ez den andre bategandik bi haur ukan dituen beste toreatzaile bat ere halako aldizkari baten lehen orrialdean agertu berri da, haur horiez inguraturik, bera haien aita dela esanez.

Noski, nik neuk, gizonak bizitza bere gogora* gobernatzeko ukatu ezinezko eskubidea duela uste dut. Eta, horrexegatik, inoren bizitza pribatua eta morala kritikatzea beti bidegabekeria iruditu zait; baina are* bidegabekeria handiagoa, jakina, behekoengan barkagarri ez diren «bekatu zikinak» goikoengan edergailu egitea.

Luis Mitxelenaren TRIUNFOa

Ez dugu uste, halafede, Mitxelena triunfalista horietakoa denik, ez horixe. Hitz joko hutsa dateke hau, beraz. Dena dela, Mitxelena euskaltzain oso eta kathedradunaren artikulu interesgarri bat eskaini derauku TRIUNFO astekariak, aurtengo abenduaren 9ko alean, Los españoles izeneko gehigarrian.

Galiziaz X. L. Méndez Ferrín-ek eta Kataluniaz J. Solé Tura-k bezalaxe, gure Errenteriarrak «De los vascos y su carácter» izeneko artikulu bat egin derauku Euskal Herriaz. Ba dakar, noski, are* artikulu gehiago liburuxka honek, horien artean Julio Caro Baroja jaunarena. Baina gakizkion Mitxelenarenari lot.*

L. Arangurenek ulertzen ez badu ere, Mitxelenak ongi isuri* du bere umore jatorra artikuluan. Barreragile, ironia fin eta zorrotzeko eta benetan ausarta* iruditu zaiku haren lana: agian, zenbait itzulinguru korapilotsu gorabehera,* TRIUNFOren gehigarri honetako artikulurik ausartena. Gure Herriaren apologia egiterakoan, nik uste, zenbait hauzok bere burua ispilu konkaboan ikusiko du, eta agian, lehen inorengatik egiten zuenez, ez duke bere buruaz antzeko barrerik eginen. Kausak eta ondorioak, Unibertsitaterik eza eta gaurko euskal problema askoren iturrien azterketa, gaingiroki* bederen*, ongi egiten daki; eta azkenean, onerako edo txarrerako, euskaldunok geure bidetik ibiltzen utz gaitzatela nahi dugulako esaldi hori, nik neuk ere neure egiten dut.

Gomendiozko* artikuluan José Luis L. Aranguren jaunak Mitxelenagatik dioena, harrigarri ez baina iraingarri iruditu zaiku, zinez* esanda. «Perfectamente asimilado ya por la derecha española» hori zer ote da? Aitortezinezko bekaizkeria* bat ote? Kathedra lortu ondoren galdu zuenak, bere buruari hura galtzeko luxoa ezin permiti ziezakeonagatik* ez dut uste esatekorik duenik, bere Herriak ere horixe ez baitzion, arrazoiz gainera, inoiz barkatuko. Bestalde, L. Aranguren jaunak, gaztelauek euskaldunoi —katalanei ez bezala— omen* deraukutela dioen amodio berezi hori, ironia ez bada behintzat, nik neuk, neure itsutasunean, ez dut sobera* ikusi, eta hobe ikusi banu.

Guztitara, lehengo eta gaurko Euskal Herriko egoera argitzen, batzuei —nahi badute behintzat— lagunduko dien artikulu bikain bat, TRIUNFO aldizkariari zinez* esker ematekoa.

Izen-mizenak

LUR editorialak bere harpidedunoi jakin erazi deraukunez, programmaturik zegoen Friedrich Engelsen liburua ez da zabalduko, erabaki hau editorialaren gustuz hartua izan ez bada ere.

Guk dakigularik, liburu horietako obrak jadanik* 1968.ean Donostiako Equipo Editorial-ek (G. B.) atera zituen, are* Madrileko Editorial Aguilera-k baino lehen; eta, oso oker ez bagaude, katalanez ere ba daude salgai. Harrigarria zaiku, beraz, erdaraz edozein liburu dendatan eros daitezkeen obra batzuk, euskaraz ere ezin zabaltzea.

Dena dela, baten batek hortik esan duenez, liburu hori ez da LUR editorialak argitaratu nahi zuen bat, egiaz —publiko artera zabaldua izan ez arren— argitaratu egin duen bat baizik. Guk guttienez, Durangoko liburu azokan argitaraturik ikusteko era* ukan* genuen, beste askok bezala, salgai ez bazegoen ere.

Honez gainera, erdaraz obra horiek duten titulua gorabehera,* liburuaren izena ez zen hortik batek esan duen «Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora» delako izena, itzultzaileak jatorrizko aleman izena (Die Entwicklung des Sozialismus von der Utopie zur Wissenschaft) kontuan harturik, euskaraz Sozialismoaren aurrerabidea utopiatik zientziara ezarri baitzion, Amatiñok ZERUKO ARGIAn birritan ongi idatzi zuenez. Esan dezagun, bukatzeko, LURen liburu horretan ez zegoela Engelsen saio hori bakarrik, baizik eta Ludwig Feuerbach eta aleman filosofia klasikoaren amaiera ere agertzen zela.

Ez aldebatekotasunari

Deustuko Unibertsitatean ihaz ezkertiar kutsuko asanblada eta erretorearen baimenik gabeko bilera batzuk egin ziren, estudiante batzuen aldetik. Horren ondorioz, erretoregoak «buruzagi»tzat eta «eragile»tzat harturiko ezkertiak batzuk espedientatuak eta Unibertsitatetik egotziak izan ziren: guztitara 26 gazte.

Ez dirudi, ordea, neurri horiekin Deustuko Unibertsitatera bakea etorri denik, ateetan maiz* askotan poliziak egoten baitira aurten ere.

Ba dakigu, bestalde, Lucas Verdú irakasleari, zenbait estudiante eskuindarrengandik —Kristoren Guerrilleroengandik antza—, anonymo biziki pitxiak heldu zaizkiola, batzuk hiltzeko mehatxuarekin, gainera. Estudianteen artean kezka hau dabila: Zer dela eta, erretoreak ez du horien kontra ere halako neurririk hartzen?

Ihazko asanbladazaleek, ez dirudi inongo irakasleri hilgo zutelako mehatxurik egin ziotenik; eta, hala ere, kanpora bidaliak izan dira. Oraingook, gure ustez, orduko asanblada erdifolkloriko haik* baino arazo kezkagarriagoetan ari dira, lagun hurkoaren kontrako mehatxuak eta gogorkeri egintzak bide demokratiko guztien kaltetan ari baitira; eta, horregatik ere, halakoek Unibertsitatean diraute.

Nortzuk diren ez dakiela aipatzeak, ez du hemen deus* balio. Ihazkoak nortzuk ziren jakiteko informazio edo espionai zerbitzu bat bazuen, ba dirudi arrazoizkoa dela, informalari berberoriek abisua emateko eskatzea. Zergatik, beraz, alde batekoak bai eta bestekoak ez?

G. Aresti eta Manuel Maria poeten hitzaldia Deustuan

Abenduaren 13an (asteazkena kasualitatez) Euskal Kultur Mintegiak hitzaldi bat eratu zuen eguerdirako. Gaia: «Kultura, bi poetak, G. Arestik (euskaldunak) eta Manuel Mariak (galegoak) ikusirik».

Eguerdian hasi zen mintzaldi informal hau; eta, estudianteen aldetik, Deustuko Unibertsitateko hitzaldi aretoa* mukurruraino* beterik egon zen, gaia eta hizlariak interesgarri zirela ederki frogatzen* duena.

Poeta bakoitzak, bere Herriko poesia nola dagoen azaldu zuen, eritzi interesgarri eta pertsonal batzuk emanez.

Gure aburuz,* Manuel Maria jaunak ez zuen informazio onegirik euskal liburuen edizioez; bestela, segur aski,* ez zukeen esanen prezioez eta autore eskubideez esan zuena. Zeren,* guk dakigularik behintzat, ez dira euskal liburuak, mamiari eta formari bagagozkio, garestiagoak galegozkoak baino; eta halaber* ez dugu ezagutzen batere idazlerik, euskal liburuekin aberastu denik.

Guztiz zuhurra iruditu zitzaikun, Arestik galegoez eman zuen eritzia, hots,* ahaleginak egin behar ditugula, Euskal Herrira datozen galegoek beren jatorrizko hizkuntza gal ez dezaten, hura* galduz eta erdaldunduz, deseuskalduntzaile bihur ez dakizkigun. Agian, euskalduntzea posible ez den lekuan, horixe izanen litzateke onena.

Azkenean, egunaren malefizioak horretaraturik edo, elkar hizketa trumoitsu bat sortu zen, Euskal Herriko, Galiziako, Kataluniako eta Gaztelako kultur egoerari buruz; eta, honetan, entzule batzuk ez ziren oso konforme gelditu Arestiren eritziekin.

AXULAR. «Mendea, gizona, liburua», aita L. Villasantek, JAKINen

Abenduaren 16an heldu zaiku, aita Luis Villasante euskaltzainburuak JAKIN sortan argitara emandako liburua: «AXULAR: mendea, gizona, liburua».

Aita Villasantek, duen euskara jator, zehatz eta ederrean, Urdazubiko* semearen bizitza, ingurua, literatur iturriak eta liburuaren azterketa ongi oinharritu bat egiten derauku liburuaren 250 orrialdeetan zehar. Izan ere, nor egokiagorik saio honetarako, hainbat urtetan Axularri buruzko lanetan ihardun duen aita Villasante bera baino? Irakurleari, gainera, bibliographia interesgarria eskaintzen dio obra honetan, geroagoko lan eta azterketen iturri.

Ba dakusagu, euskara ez dela aspaldion estudiogai huts bat, kultura aztertzeko eta estudio sakonak burutzeko* pentsatresna trinko bat baizik. Zorionak Villasanteri eta JAKIN sortari, hain liburu bikainagatik.

Eskatzeko: JAKIN, Editorial Franciscana Aránzazu, Oinati.

Adrian Zelaia jaunaren Foru Hitzaldiak

Beranduegi heldu zitzaikula eta, ezin agertu genuen aurreko ANAITASUNAn, Adrian Zelaia jaunak Deustuan, abenduaren 11tik 15era, arratsaldeko 7,30etan, emateko zituen hitzaldien albistea.* Baina esan dezagun, haik* bukatu ondoren, interesgarri iruditu arren, agian ez zirela oso egoki programmatuak izan. Gure eritziz, Bizkaiko gaurko foru hondakin eskasez gabe,* askoz hobe izan zitekeen, orain dela bi mendetako* foru osoez aritzea.*

Hizlariak ongi aztertu zituen lege puntuak. Baina gaiaren beraren espezializazio handiegiak ez zuen entzule askorik bildu gazteen artean, erdaraz izan arren; eta, joan zirenen artean, gehientsuak abokatuak eta legetan adituak besterik ez zegoen.

Zelaia jaunari gai hori eskatu bazioten, agirian dago errua ez zela berarena, eskaria egin zioten Euskal Kultur Mintegikoena baizik. Ea, hurrengorako, akats hori erremediatzen duten!

Erdal mythologia

Deustuko Unibertsitatean, Philosophiako Fakultatean hain zuzen ere, halako ikasle batzuk, oso arrazoi kuriosoak aipatuz, 3. ikastaroan «Eskualdeko Linguistika»tzat ematen den euskarazko eskolak kentzeko ahalegindu dira. Berauen lekuan Civilización Hispánica edo jartzea nahi zuten.

Bartzelonako Unibertsitatean katalana eta Santiagokoan galegoa ematen diren bitartean, Deustukoan euskara dagoela eta, protestaka. Dakigunetik, ikasle horik ez ziren hemengoak, gaztelau zaharrak baizik; eta euskara, latinetiko hizkuntza ez dela eta, ez zela irakatsi behar zioten. Ez zuen horrela uste M. Pidal jaunak, euskarari erdararen jatorria estudiatzeko hain baliotsu zeritzon* eta. Hemen ere aitortezinezko interesak daudeke,* kultur balio neurri ezberdinak.

Gogoz eskainiko nioke gai hau gure sozial mythologo ofiziala dugun Haranburu-Altunari, esaera zaharrak dioenez: «zoaz beste herrira, han ere zakurrak ortutsik»*.

ARMENDARITZ


Arrasateko gertakarien historia laburra

1971.eko udaberrirarte

Ez da eztabaida haundirik sortzen gurasoen edo Juntaren eta irakasleen artean, ez metodoaren aldetik, ez nork agintzearen aldetik.

1971.eko udaberria

Gurasoek ikastolan ematen zen heziketa ez zutela gehiegi ezagutzen eta, Juntak galdekizun bat egitea erabaki zuen, ikastolako eta familiako heziketaren artean etendurarik ez zedin sor. Erdiek inguru erantzun zuten.

Erantzunek adierazten zituzten eginbeharrak (hitzaldiak, batzarrak eta abar) aurrera eramaten hasteko, 30 bat gurasori deitu zitzaien. 15 inguru bildu ziren.

Bi bilera klase sortu ziren handik: erlijioari buruzkoa bata, herriko apaiz baten laguntzapean eta bizpahiru irakaslerekin; bestea, ikastola eta etxeko heziketak bateratzeko.

1971.eko uda

Lehenengoetara joaten zen apaizak, laster utzi zituen bilera haik;* eta, laguntzaile premia betetzeko, beste hiru pertsona hautatu ziren, bakoitza ondorengo gaiaz arduratzen zela: Imanol Laspiur kulturaz, Josu Atxa Heziketa Lege Berriaz, eta Eusebio Osa fedearen ikuspegitik ikastolako giroaz.

1971.eko udazkena

Guraso guztien Batzar Nagusiari batetik eta apaizari bestetik, asmo onen berri eman zitzaien, Juntak parte hartzera gonbidatuz.

1971.eko urria

Urteroko Batzar Nagusian, Juntaren erdia berritu zen boto bidez. Osak lehenengo hitzaldia eman zuen. Entzuleak gustora irten ziren. Hitzaldian egon ez zen Juntako jaun batek, Osari buruzko informe txarrak ekarri zituen Gasteiztik, hitzaldiaren antolaketan arduradun zenari, hango juntako batekin hitz egin zezala proposatuz.

Arduradunak onhartu zuen proposamendu hori; baina jaun gasteiztar hori ez zen agertu. Arrasateko Juntako gainerakoek ez zuten arriskurik ikusten Osarekiko harremanetan.

Osak galdekizun bat eman zuen; eta, horretan oinharriturik, batzar haiek jarraitu egin zuten, berriro ere deituko zitzaiolakotan.

1971.eko Eguberri ingurua

Aretxabaletan, bailarako* juntek —irakasle batzuk tartean zirela— bailara osorako koordinatzaile baten premia ikusi zuten.

1972.eko otsail* ingurua

Osak beste hiruzpalau hitzaldi eman zituen, lehengoei jarraituz. Entzuleak, nahiz guraso nahiz irakasle, gustora zeuden. Arrasateko* Juntaren batzarrean, lehendakariak, koordinatzaile bezala bailarari* eskaintzeko, pertsona egoki baten berri eman ziotela azaldu zuen; baina, irakasleek beste izenen bat aukeratu nahi bazuten ere, epe bat uztea erabaki zen. Hamabost egun ondoren, bailarako irakasleek proposatzen zuten izena azaldu zioten Arrasateko irakasleek bertako Juntari: Eusebio Osa. Ez zen eztabaidarik izan batzar honetan; baina hurrengoan pertsona horretaz susmo txar asko zegoela esan zuten Juntako zenbaitek.

Halabaina, bai Juntak nahi zuen kandidatuari —Joseba Ariznabarretari— eta bai Eusebio Osari, programa bat presenta zezatela eskatu zitzaien. Lehendabizi Ariznabarretarena heldu zen, eta hamabost egun beranduago (apirilaren 5ean) Osarena.

1972.eko apirila

Osaren programa iritxi* zenerako, ordea, Arrasateko Juntaren zati batek erabakia hartua zedukan, Juntako beste batzuk ez bazeuden ere: Ariznabarreta izanen zen pertsona hautatua, baina ez ordurarte eztabaidaren gakoa izan zen kargurako —bailarako koordinatzaile izateko—, Arrasateko ikastolaren zuzendari izateko baizik, bailararen problema alde batera utziz.

Hautapen* horretan Osa baztertzeko pisuzko arrazoi bezala, Arrasateko udaletxearen* ordezkariak zera agertu zuen, bere eritziz, udaletxeak berak, kooperatibek eta «Caja Laboral»ek diru laguntza eta babesa ukatuko zituztela, Osa onhartzen bazen.

Irakasleak ez zeuden jokabide honekin ados,* eta haien ordezkariek Juntara gehiago ez joateko erabakia azaldu zieten Juntakoei eskutitzez.

Kandidatu bi horik,* bailara guztiko herriei proposatuak zeuden, bailarako koordinatzaile kargurako; eta, Arrasateko Juntaren erabakia jakin zutenean, bailarako herri batzuetako ordezkariak hasarretu egin ziren, erabaki hori bailaratasunaren aurkakotzat hartzen zutelako, eta Arrasateko zuzendaritza ere inposatua izan zelako.

Bailarako irakasleek bailarako batzarrera beste karta bat bidali zuten, Arrasateko irakasleekin bat eginez eta bailarako batzar horietara ez zirela joanen esanez.

Osak bi hitzaldi eman zituen, halaz eta guztiz, Arrasateko ikastolak antolatuak: bata guraso talde bati (bi Juntako ere ba ziren) eta bestea publikoki.

Juntak, istilu hartan bere autoritatea hauzitan zegoela kontsideratuz, Batzar Nagusiari autoritatearen konfirmazio boto bat eskatzea erabakitzen du.

1972.eko maiatzaren 3an

Batzar Nagusia oso giro mindu batetan egiten da (irakasleei bezperan eman zitzaien batzar honen berri). Azkenean, Juntak botazio bat planteatu zuen: bai ala ez, Juntak ongien zitzaiona egin zezan. Baiezkoa irten zen garaile. Handik egun batzuetara, Juntak «Batzar Nagusien ondorioak» izeneko txostena irakurri zien irakasleei, han azaltzen diren oinharrizko puntuen aurrean jokabide hauetako bat eskatuz: Juntaren agintea, zuzendaria eta Oinharrizko Heziketa Legea onhar edo ikastola utz.

Irakasleek lehenengo jokabidea aukeratu zuten, esijentzia gogorregiak ez zirelako ustetan.

1972.eko irailaren* 18an

Ikastaro berria hasteko eguna zen. Ikastolak San Jose ikastetxean dituen zazpi gelak obratan zeuden, amaitu gabe; eta beste hiru geletan mahai, tresna eta traste asko zegoen. 220 bat haurrek sartu behar izan zuten azkeneko hauetan, beren zazpi irakasleekin. Ez zuten esertzerik,* ez komunik; eta kanpora irtetea arrisku haundia zen, langileek leihoetatik eskonbroak botatzen baitzituzten.

Zuzendariaren eritziz, arratsaldean haurrak etxean gelditzea zen onena. Irakasleek ere, goizaren erdia han iragan* ondoren, ez zuten lanerako kondizio egokirik ikusten. Zuzendariaren bila ibili ziren, Juntako sekretariaren bidez; baina ez zen hura* inondik ere azaltzen. Azkenean txiripa hutsez topatu zuten, eta Juntako obren arduradunekin —hauk* ere sekretariaren bidez deituak— batzar bat egin zuten.

Zuzendariak eta irakasleek gelen kondizio txarrak azaldu zituzten.

Juntakoek klaseetan jarraitu behar zela esan zuten, langileek, premia ikusten bazuten, bizkorrago lan eginen zutela eta.

1972.eko irailaren 19an

Irakasleak ikastolara joan zirenean, zuzendaria* haur txikienak etxera bidaltzen ari zen. Zaharrenekin irakasleek ikastolan jarraitu zuten.

Goiz hartan Juntako lehendakaria joan zen ikastolara, eta, egoera hura ikusirik, astelehena (25) bitartean haurrak etxera bidaltzeko baimena eman zuen, andereño baten konfirmazio eskeari ere erantzun berdina emanez. Haurrak etxean gelditu ziren arratsalde hartatik.

1972.eko irailaren 20an

Zuzendariak Juntari eta irakasleei batzar batera deitu zien. Hasarre agertu zen zuzendaria, «irakasleek, bera haintzakotzat hartu gabe, haurrak etxera bidaltzeko erabakia hartu zutelako, eta irailaren 18ko batzarra berarekin aurrez hitz egin gabe antolatu zutelako». Irakasleek, asmo txarrik gabe egindako gauzak zirela agertu zuten, eta, zuzendari batekiko harremanetan, alderdi horretatik ohitura bat ez zegoelako gertatu zirela. Astelehena bitartean haurrak etxean gelditzeko erabakia ez zen gaitzetsia* izan.

1972.eko irailaren 25ean

Zuzendariak eta lehendakariak, ikastolako gelak oraindik behar bezala egokitu gabe zeudelako, haurrak osteguna* (28) bitartean etxera bidali zituzten.

1972.eko irailaren 27an

Juntaren batzarra izan zen. Irakasleen ordezkariak zuzendariaren eginkizuna zein zen eta zenbat ordainduko zitzaion galdetu zuen. Azkeneko hori berari zergatik esan ez zegoela erantzun zion lehendakariak.

1972.eko irailaren 28an

Klaseak berriro hasi ziren, obratan zeuden gelak egokitu ondoren.

1972.eko irailaren 29an

Zuzendariak irakasleekin batzar bat egin zuen. Irakasle bakoitzak hamabostean behin asignatura bakoitzetik zer eman duen adierazi beharko lukeen fitxa bana eskatuko ziela esan zien.

1972.eko urriaren 11n

Juntaren batzarra izan zen. Ohitura bezala, 4 (lau) ordezkari joan ziren irakasleen aldetik: bi botodun eta bi entzule. Juntak, handik aurrera bik bakarrik joan behar zutela agindu zien. Bestetik, irakasleak zuzendariari boikot egiten ari zitzaizkiola esan zuen Juntak; eta ondorenean, irakasleen batzar guztietara eta bailarako beste irakasleekin egiten zituztenetara zuzendaria deitua izan behar zela.

1972.eko urriaren 19an

Berriro Juntaren batzarra. Oraingoan, guraso guztien Batzar Nagusia antolatzeko. Irakasle eta Juntaren arteko harremanak azalduko zituen puntua aztertzeko garaian, eztabaidak zeudela ikusirik, Junta eta irakasleak batzar batetan biltzea erabaki zen.

1972.eko urriaren 20an

Zuzendariak irakasleekin izan zuen bileran, hauek Juntak aipatu zuen boikot hori zertan zetzan* argi zezala eskatu zioten. Juntaren aurrean eta beronen babesean bakarrik azalduko zituela bere arrazoiak erantzun zuen.

1972.eko urriaren 23an

Juntaren batzarra, zuzendariarekin eta irakasle guztiekin. Juntak, berriro, «Batzar Nagusien ondorioak» txosteneko puntuei berehalako erantzuna eman ziezetela eskatu zien irakasleei, txostenean azaltzen diren kondizioetan. Zuzendariak, ondoren, boikota zertan zetzan azaldu zuen. Arrazoi inportanteak bezala, hauk* aipatu zituen: irailaren 18ko batzarra, zuzendaria haintzakotzat hartu gabe antolatzea; haurrak lehendakariaren hitz bakarrekin etxera bidaltzea; eta zuzendariak egindako programaren kopiak, banatu gabe ikustea.

Irakasleek, txosteneko puntuak ikastaroaren hasieraz geroztik errealitate konkretu bihurtu zirela eta zazpi irakasle berriek taldearekin inoiz aztertu ez zituztela ikusirik, aste beteko epea eskatu zuten. Juntak aste beteko epea ez zuen onhartu, eta, handik irten baino lehenago, erantzun bat eskatzen zuen. Ordu erdi bat iragan ondoren, irakasleek Juntari deitu zioten; eta Junta irakasleei banakako erantzuna eskatzen hasi zitzaien. Lehenengoaren erantzuna aste beteko epea berriro eskatzea izan zen, taldeak aurretiaz erabaki zuen bezala. Ukatu egin zioten; eta orduan taldeko beste batek, kondizio haietan taldea ezetz erantzun beharrean zegoela esan zuen.

1972.eko urriaren 24ean

Ikastola hitxita zegoela ikusi zutenean, Juntak batzar bat zuela jakinik, eta Juntako batek proposatuz, hirurogei bat guraso irakasleekin joan ziren, bi alderdietako arrazoiak entzutera. Juntak, guraso taldearekin eztabaida bat eduki ondoren, onhartu egin zituen gurasoak batzarrean, baina ez irakasleak. Gero, urriaren 26ko batzarrean justifikatu zuen hau Juntak, ikastolatik botata zeuden irakasle batzuek batzar hartara zergatik etor ez zedukatela argumentatuz.

1972.eko urriaren 26an

Guraso eta sozio guztien Batzar Nagusia. Lehendabizi, Juntak bere txostena irakurri zuen: gertakarien* historia bat, irakasleek zuzendariari boikot egin ziotela esanez; berriro «Batzar Nagusien ondorioak» delakoaren irakurketa, lehen izan ziren erlijio irakaskintzarekiko kezkek konponketa bat izan zutela agertuz. «Batzar Nagusien ondorioak» ez onhartzeagatik gelditu zirela kanpoan irakasleak, esaten zuen Juntak. Ondoren, irakasleek berena irakurri zuten: gertakarien historiari zeritzatena* azaltzen zuten, hiru puntuen azterketa bat eta eskabide batzuk eginez.

Hiru puntuen azterketan, puntu horik* soil soilik onhartzekoak zirela esaten zuten, baina ez Juntak bere jokabidearekin haiei buruz adierazten zuen interpretazioa. Beren eritziz interpretazio jator bat izanen litzatekeena azaltzen zuten, Juntaren autoritatea eta zuzendariaren eginkizuna araudi batek zehatz* zitzala eskatzen zuten, eta irakasleek zuzendariarekin pedagogi gauzetan autonomia bat eduki zezatela, zuzendaria ikastolako metodologiaz jabeturik legokeen neurrian.

Juntak, irakasleen txostenean azaltzen zen zenbait gauza aztertzeko gogoa azaldu zuen; eta irakasleak prest izan ziren, beren txostena berriro irakurtzeko. Zenbait puntutan eztabaida egon zen; eta, zuzendariarekiko harremanak azaldu zirenean, honek boikotaren teoria berriro ere defendatu zuen, baina irakasleen artean batek edo bestek bakarrik egin ziola esanez. Oinatiko Juntako ordezkari batek eta Arrasateko guraso batek, Goiherriko junta guztien eta Bizkaiko beste junta batzuen agiriak irakurri nahi izan zituzten; baina Juntak eragotzi egin zien. Juntak, eztabaida haietan jarraitzea alferrikako zela eta, bildutako sozio eta gurasoei botazio bat proposatu zien: bai ala ez. Baiezkoak Juntari berriro autoritatea ematea esan nahi zuen, eta, beraz, Juntak inkonpatibilitate bat ikusten baitzuen bere irakasle batzuen artean, hauk kanpora botatzea. Irakasleek, orduan, irakasle horik* nortzuk ziren eta zergatik bota nahi zituzten galdetu zutenean, Juntak hori erabakitzeko zegoela erantzun zuen.

Ezezkoak Junta ukatzea esan nahi zuen; eta erantzun hori garaile ateratzen bazen, Juntakoek beren kargua utzi eginen zutela. Honen ondorioak ere garbi utzi zituzten: oraingo Juntakoek, udaletxeak gelak ematea eta kooperatiben eta «Caja Laboral»en diru laguntzak lortuak zituzten; haien ordez jarriko zirenek, berek ikusi beharko zuten, gauza horik nola lor.*

Botazioak erantzun hauk izan zituen: 264 baiezko, 112 ezezko. Irakasleek erresultatua onhartu egin zuten, eta denak kanpoari gelditu ziren, hilabetearen 23ko batzarrean erabaki bezala.

1972.eko hazilaren* 29an

Irakasleek «Magistratura de Trabajo»rengana jo ondoreri, hauzi bat izan behar zen, legearen kontra jaurtikiak izan zirela agertu baitzioten hauzitegi honi. Irakasleen abokatuak Miguel Castells eta M. Bandres izanen dira.

JUAN AXPE

ZUZENDARITZAREN OHARRA: Arrasatetik heldu zaikun idazlan hau argitaratzen dugu; baina honek ez du esan nahi, Axpe jaunak dioenarekin ANAITASUNA bat egiten denik edo ez denik.

Beste inork arazo honi buruz aportaziorik bidali nahi badu, era berean argitaratuko dugu.

zaiku, jaku, zaigu

zedukan, eukan, zeukan

zedukaten, euken, zeukaten

zeuden, egozen

zezala, eiala

zezan, eian

zezatela, eiela

zien, eutsen

zieten, eutseen

ziezetela, eioeela, zezaietela

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaien, jaken

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozen

zitzala, eizala


Talde bizitzaren eraketa

Benetan zaila dugu gai honi buruz hitz egitea nahiz idaztea. Denbora nola iragan* aztertu behar baitugu: ez egun bat, urte asko baino.

Komunitatezko bizitza aztertzeko, beharrezkoa dugu, lehendik esperientzia dutenei, bizitza hori nola eraman duten galdetzea. Gero, Israelgo «kibbutz»en berri jakitea ere ondo etorriko litzaiguke.

Oraingo olatukook lehengo sistemaren influentzia handia dadukagu, eta, eraketa horri heltzeko, ez dugu uste hain gertu* gaudenik. Beraz, ba liteke teoria hauk* utopikoak izatea.

Talde bizitza eratzeko, zenbait faktore kontuan ukan* behar dugu. Lehenik eta behin, bakoitzaren izakera.

Ideietan, lanbidean, politikan, dibertsioan ados* etor gaitezke; baina bakoitzaren izakera pertsonala komunitate bereziarekin akort ez badago, nahiko komedia gerta daiteke haren barruan.

Hezitasun* handia eskatzen du talde bizitzak, eta batez ere pertsona bakoitzak beregan ukan behar duen jabegoa.*

Gauza ona litzateke, lehendik lagun edo adiskide izatea. Familia bat eratu nahi dutenek, aurretiaz ezagutzen dute elkar. Lagun bik eratzeri duten familia horren antzera, sei edo zortzik ere antola dezakete talde bizitza. Noski, bikote bat ba liteke gero gaizki elkar hartzea; beraz, ez dugu zergatik harri,* taldearen barruan hori gertatzen baldin bada.

Ez dago dudarik, taldearen barruan bizitzak eskatzen dituen zenbait gauza «komun» izan daitezkeela, eta beste batzuk, berriz, ez. Adibidez, jantokia, biblioteka, garbitegiak eta abar «komun» izan daitezke. Baina gero nork bere bereiztasuna beharko duela uste dugu. Bakoitzaren aitzinamendua* kontuan ukan behar dugu; batez ere, talde bizitza bikotez osaturik badago.

Nahi eta nahiezkoa dute han bizi direnek, beren ideologiari, lanari eta abarri begiraturik, hango bizimoldea eratzea.

Taldearen barruan organizazioak zehatza izan behar duela uste dugu, eta bakoitzak taldearen barruan duen egitekoa fermuki bete behar duela.

Ez da komeni, inolaz ere, betikotasun kontzientzian erortzea.* Aldaketak beharrezkoak izanen dira, atseginaren euskarri* izateko.

Berdintasunak oso garrantzi handia du. Desberdintasuna sortuko luketen iturriak, ahal denik azkarren herts* bitez. Hauek, talde bizitzaren zergatikoa berehala ezereztuko bailukete.

Horrez gainera, herriaren aurrean iraultzaile izan behar du taldearen eraketak, bereziki taldekoek aurrerantzean eramango duten bizimoldeak.

Gure ustez, talde bizitza ezin daiteke onhar,* baldin lehengo sistemaren barruan nork bere interesak hobeto defendatzeko edo ekonomikoki hobeto ateratzeko antolatua bada.

TELEIKOZULOKOEK


Deustuko ikastolari buruz gehiago

Deustuko ikastola eztabaidan dagoenez gero, hauzitan dauden gauzei argi apur bat egitea egoki litzateke. Xabier Gereñok, ANAITASUNAren 245. zenbakian, zeredozer azaldu dauku; baina oraindino puntu asko geratzen dira ilunetan. Eta batez ere, hauzi hori ezker-eskuindarren artekoa denez, alderdi bakoitzak azal dezala bere ikuspuntua.

Gereñok Deustuko pasiotarrak dantzan jartzen ditu hauzi honetan. Geuk ere ba dugu zeresan eta zerikusirik hauzi honetan, ezkerti edo eskuindar ez garela.

«Hainbat instituzio eta talde dabila, ikastolak kontrolatu nahirik» —dio Gereñok. Hori egia da. Instituzio bezala gu aintzinakoak gara, eta ikastola zaletasunean ez azkenengo. Baina Elizako, eta Elizako ez diren talde asko sortu dira oraintsu, zorionez, Euskal Herrian. Esan liteke, gainera, Elizak bihotzerre egiten diela memento honetan askori, konpetentziaren lehian.

Euskal Herria ez da Elizaren eta eliztarren zeregina bakarrik: denok dadukagu zertan ihardun, elkarri orpoak jaten ibili barik. Eta orpoak jatea da, anaien jarrerak* «eskuin eta ezkerreko» soilik juzgatzea; «klase intelektuala» alde batetik eta «eboluzionatu gabeak» bestetik ipintzea. Nor da etxeko hauzian epaia hain xinpleki eman lezakeena? Hobe da, pauso bat eman aurretik, birritan ohartzea, batez ere aldi lainotsu hauetan. Eta ez inor juzgatzea. Kristauok hori lege dugu.

Eliza, ikastolei begira dauden eliztar talde batzuk dira. Elizak Euskal Herrian dituen asmo, zeregin eta jokabideak mundu guztiak dakizki. Hargatik oraindino euskaldun askok Elizagan konfiantza dute. Zoritxarrez, beste talde batzuek ez dute beren eritzi, asmo eta jokabideen berri herriari emateko askatasun nahiko, aldi hauetan. Nola abentura, beraz, horrela nork bere buru-belarriak edozein pentsakera edo utopia iheskor litzatekeen ardatzari? Herriak eta euskerak ez dute preziorik oraingo merkatuan, edozeini apostua egiteko. Euskalduna kanpora begira da maltzurra, eta ez euskera estrukturan dauden anaiei begira.

Gereñok anaiok juzgatu gaitu, eta ez dago hori ondo: inork ez du epailari aukeratu. Xinplekeria iruditzen zait, Deustuko ikastolako gurasoak «ezkerrean eta eskuinean» ipintzea; haik* irakurtzaile eta besteak ez nonbait direla eta, batzuk «eboluzionatuak» eta hain gabeak besteak ematea. Zer irakurri behar ote dugu, «eboluzionatuen» maila lortzeko, eta nor da diploma banatzailea? Noiztik juzgatu behar da zenbat irakurtzetik eta ez zer irakurtzetik? Ez da juzgatu behar eta gutxiago iraindu. Eta ez esan gezurrik.

«Deustuko ikastola, gurasoen nahiaren kontra, eskuineko muturrekoek hartu dute» —dio Gereñok. Ez, jauna! da gure erantzuna. Pasiotarrok geure eskutik hartu dugu ikastolako lema,* alderdikerien burruka antzutik jaregiteko* eta kristau hezidura* zehatzago begiratzeko. Guk gurasoen nagusitasuna aldeztu* dugu hauzi honetan, haienak direnez gero umeak. Gu gurasoen zerbitzurako gaude. Hori argi!

Beste puntu bat, oso minbera, ikastolei buruz demagogikoki erabiltzea zilegi* ez dena: maisuen arazoa. «Beren gaztetasunari eta teknika modernoari esker, euskal ikastolak kolejio guztien aitzindari* bihurtzen dituzte», —Gereñok ostera ere. Ondo da, geure buruaren eritzi ona edukitzea; baina, jaunak, erronkak jo barik eta inozenterik zuritu gabe. Euskalduna alabantzatan urri, baina zurikeriatan hasi? Ez dira hoik* euskal moduak, ez eta hizkera nahastuak.

«Beren tiroak —diosku Gereñok— irakasleen kontra jaurtiki arren, ez dira ausartu... irakasleak kalera botatzera. Hemen behintzat atzera egin dute». «Nortzuk», argi dago; «zergatik» atzera egin, ez da ikusten, bai adierazten: irakasleak kalera bota nahi, «eta ez ausartzen». Jas! Ondo dago sikologian barrena nobela batez edo arakatzea;* baina ez dei* gero historikoa halako irudipenei! Uste du Gereñok, guk pasiotarrok, maisuen «dedikatze, gaztetasuna eta teknika modernoa» kalera bota nahirik gabiltzala eta gurasoen eritzien kontra? Ez, jauna. Hargatik, ez ditugu bota ere; horretan ez dugu damurik izan edo «atzera egin» beharrik. Ikastolako maisuekin elkar lanean bihardugu, zenbaitzuk erlijio maisu garela. Gure koxka, edo ezulertze bakarra, Gereñok aipatzen duen «mentalitatean» ba liteke sortzea. Mentalitatea! Gizonaren dimentsio guztia: soziologia, politika, erlijio eta artea —Filosofia osoa, hizkuntza bera ahaztu gabe! Euskaldunak, euskeraz pentsatzen ez duen bitartean, ez du erdal mentalitatea baino traduzitzen. Euskal mentalitatea euskeraren estrukturatik sortzen den lorea da, eta hortiko edo hemendiko udaberri batez.

«Gazteengana bihurtu behar dugula —dio Gereñok—, haiena baita etorkizuna». Ondo dago; baina hobeto azaldu zuen hori Jaunaren profetak, «gurasoen bihotzak semeengana eta semeenak gurasoengana bihurtuko ditut» esan zuenean. Bitzuek dutelako zeregina eta zeresana: euskal mentalitatean gurasoak dira sustraiak eta gazteak kimuak. Sustraiak kimuan eta kimuak sustraian du etorkizuna (sustraiak ez dira txertatzen,* kimuak baino}: orduan gure arbolak emango du frutu berezia, geure izakeraren, euskeraren arabera* jokatzen badugu. Gu euskerak hezitzen gaitu, eta guk euskera osotzen dugu. Honetan, euskera bezain errespetagarri da euskalduna. Batari edo besteari kainkeriaz erasotzen* diona, euskal mentalitatearen kontra doa; eta Euskal Herriak juzga beza halakoa, herriak ba duelako juzgatzeko eskubiderik. Mentalitatea! Hor datza,* bada, kakoa! Ez da bartko ametsa bera. Hitz romaniko horrek hemendik zerurainoko arloa du, esaldi batetan azaltzeko, eta bakoitzak bere lepotik burua; ez buru atzeratu edo «eboluzionatua» (ez da tontoen eta listoen arteko hauzia eta); ez zahar eta gazteen artekoa. Hauzia sakonagoa da; eta, xinplekeriaz haizatuz bakarrik, ez diogu argi handirik egingo, eta ez, denok amets dugun euskal emaitza hori aurreratuko.

PASIOTAR BATEK


Noizko euskal eliz probintzia bat?

Iruineko artzobispadua sortu zenean, askok uste genuen, eliz probintzia horretan sartuko zituztela Tudela, Gasteiz, Donostia eta Bilboko diosesiak bederen,* Baionakoa sartzea, gaurko Estatu mugakatik, zailtxo ikusten bazen ere. Bai zera! Gasteiz eta Bilbokoen ordez, Jakakoa eta Kalahorrakoa sartu zituzten. Egia esan, ez dugu txartzat jotzen azken biok sartzea, batez ere Kalahorrakoa, diosesi honek aspaldiko euskal historia ba du eta. Baina ezin dugu ondo ikusi Araba eta Bizkaia kanpoan uztea, lehen bezala Burgosko eliz probintzian sarturik.

Lehen ere aipatu genuen hemen berton Espainiako eliz herrialdeen mugaketaren aldresbeskeria. Orain geure Herrikoarena aipatzera goaz.

Aurtengo udan Katalunian geundela, hain zuzen ere La Seu d'Urgell hirian, bertan biltzen ziren katalan apezpikuak, "Tarraconense" eliz probintzia osatzen duten diosesietako buruzagiak (eliz probintzia honetan ere, kanpoan gelditzen da Perpinyà-ko diosesia, Baionakoaren arrazoi berberakatik). Eta orduan pentsatu genuen, gure Herrian gertatzen zena aipatzekoa zela, eta idaztekotan ginen. Bertan behera utzi genuen asmoa. Baina Bilboko Apezpikutegiko azken Boletin Ofizialak, 260. zenbakian, berri bat ematen dauku: Añoveros jauna Burgosera joan zela, eliz probintziako apezpikuen bilkurara*. Eta berri honek bultzatu gaitu azkenik, Araba eta Bizkaiaren egoera aipatzera.

Derioko apaizek, beren agerpenean, Euskal Konferentzia bat eskatzen zuten; baina, egia esan, gauzei errealismo pixka batez begiratuz gero, ez zen hori erraz lortzekoa. Osotasun horretan ez bada ere, katalanek, galegoek eta andaluzek ba dituzte beren eliz probintzien konferentziak; guk, ostera, lege nortasun txikienik ere ez dugu, liturgi lanetarako dugun zerbait salbu.

Arazo honetaz, Vatikanoko II. Kontzilioak, "Christus Dominus" dekretuan, hauxe dio: "Arimen onak eskatzen du, ez bakarrik diosesien mugatze egoki bat, bai eta eliz probintziena ere. Gehiago oraindik: eliz herrialdeen sortzea aholkatzen* du, pastoralgintzaren beharrizanak hobeto betetzeko, tokien eta giza egoeraren arabera,* eta bide batez apezpikuen harremanak errazagoak eta onurakorragoak* izan daitezen, elkarrekin, metropolitanoekin, nazio bereko beste apezpikuekin eta agintari zibilekin" (art. 39). "Helburu hauk* lortzeko, Kontzilio Sainduak hauxe erabakitzen du: Berriz ere azterka bitez eliz probintzien barrutiak, eta xeda* bitez metropolitanoen eskubide eta pribilejioak norma berri eta argiekin" (art. 40).

Dekretu honen arabera, euskaldun eta kristau soilok uste dugu, goiko esferak zerbaitetan ariko direla; eta, ahal balitz, ondo etorriko litzaiguke guztioi, horri buruz egiten denaren argitasuntxoren bat.

D. AMAITERMIN


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik, azken orduan, ondorengo berriok heldu dira gure idazkaritzara:

• Katangako errepublika zoriontsuan izugarrizko nahasteak egon omen* dira, eskoletako maisu-maistrek sorturik, bertako gobernuak, koloniar kultura baztertu eta haren ordez Herriko hizkuntza eta ohiturak ofizialki indartu gurarik, ordurarte nazioko eskoletan irakasten ari zirenei, examina batzuen bidez, Katangako hizkuntza, literatura, historia, geographia, folklorea eta abar ongi dakitela frogatzeko, titulu bat eskatu nahi dielako. Dirudienez, irakasleak protestaka aritu* dira, kultur frogarik ez dela behar aipatuz.

• Egunotan jakin dugunez, Unamuno jauna ez omen zen hil Salamancan, 1936.eko abenduaren 31n, ez. Lagun batzuek, hain zuzen ere, orain dela gutti, abenduaren 28an, Bilboko Bidebarrieta kalean ikusi omen dute txikitoak edaten Pio Baroja jaunarekin batera. Autographo bila ere zenbait lagun ere joan omen zitzaizkien. Nork esan, oraino bizirik!


Denbora ematekoak

Gurutzegrama (11)


Denbora ematekoak

Hieroglyphikoa


Denbora ematekoak

Aurkitu ezetz!


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABELGORRI, ganado vacuno.

ABELZAINTZA, cría de ganado, élevage.

ABURU, eritzi.

ADOS, conforme.

AGIAN, beharbada, nonbait ere.

AHOLKATZE, kontseilatze, aconsejar.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AISE, erraz.

AITZINAMENDU, desarrollo, développement.

AITZINDARI, pionero.

AITZITIK, al contrario.

ALBISTE, berri, noticia.

ALDEZTU, defendatu.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALE, bihi, garau.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo.

AMANDA, multa, sanción.

ANITZ, asko.

ANTSIA, solicitud, inquietud, afán.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATZE, aztertze, ikertze.

ARE, oraindik.

ARERIO, etsai, enemigo, contrario.

ARESTIAN, oraindik orain, berriki.

ARETO, sala, salón.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRUNT, corriente, común, ordinario.

ASKI, nahiko.

AUSART, valiente, atrevido, osado.

AZKONAR, tejón, blaireau.

BA, bada, pues.

BAILARA, comarca, distrito.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BE, bere, ere.

BEDEREN, gutienez, behintzat.

BEKAIZKERIA, envidia.

BERAGAZ, berarekin.

BILAKA, bihur, convertirse.

BILAKATZE, bihurtze.

BILKURA, bilera, batzar.

BURUTU, realizado, terminado.

BURUTZE, realizar.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DATZA, yace. (Etzan aditzaren forma).

DEI, llamar. (DEITU, llamado).

DEITURA, apellido, nom de famille.

DEUS, ezer.

DEUSEZTE, deuseztatze, ezerezte, destruir.

DEZANTZAT, daiantzat, dezan, daian.

EI, omen.

ENGAIAMENDU, compromiso, engagement.

ERA, ocasión, oportunidad.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERASO, atacar.

ERASOTZE, atacar.

ERDIESPEN, logro.

EREDU, modelo.

EROAN, eraman.

ERORTZE, jauste.

ERRUDUN, hobendun.

ESERTZE, jezartze.

EUSKARRI, apoyo, sostén.

EZABATU, borrado, barrido, effacé.

EZKUR, bellota, gland.

EZKUTA, ocultar, cacher. (EZKUTATU, ocultado, caché).

FROGATZE, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia.

GABE, en lugar de, au lieu de.

GAITZETSI, desaprobado, condenado.

GAINGIROKI, superficialmente.

GARAU, bihi, grano, grain.

GARBI, limpiar, desbrozar. (GARBITU, limpiado, desbrozado).

GERTAKARI, gertatua den zerbait. (GERTAKIZUN, gertatzeko den zerbait).

GERTU, prest, prestik.

GISA, modu.

GOGARA, gogoaren arauera.

GOGO, nahi, gura.

GOMENDIO, recomendación.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GURA, nahi, gogo.

HABE, columna, pilar.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente, así mismo.

HAR, tomar, coger. (HARTU, tomado, cogido).

HARRI, admirarse. (HARRITU, admirado).

HARTZ, oso, ours.

HARTZEKE, hartu gabe.

HASTAPEN, haste, hasiera.

HATZ, erhi, dedo, doigt.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAPEN, opción, elección.

HAUTARKI, voto.

HAZIL, noviembre.

HEDATZE, zabaltze.

HEIN, grado, medida.

HEL, llegar, arriver. (HELDU, llegado, arrivé).

HELMEN, alcance, portée.

HERTS, cerrar, fermer. (HERTSI, cerrado, fermé).

HETAN, haietan.

HEZIDURA, educación.

HEZITASUN, educación.

HOIK, horik, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORIK, hoik, horrek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IDURI, aburu, eritzi.

IGEL, rana, grenouille.

IHIZI, ehiza, caza, chasse.

IRAGAN, igaro, pasatu; iraganiko, iragandako.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu.

ISUR, verter, verser.

ISURI, vertido, versé.

ITAUNKETA, interrogatorio.

ITZARTZE, esnatze. (IRATZARTZE, esnarazte).

JABEGO, dominio.

JADANIK, ya.

JAREGITEKO, libratzeko.

JARRAITU, jarraiki. (Aditz hau intrantsitibo bezala agertzen da klasikoetan. Adibidez: narraio, garraizkio, eta abar).

JARRERA, postura, actitud.

JASO, altxatu, goratu.

KAKARRALDO, escarabajo, scarabée.

LAKET, atsegin. (Latinezko placet hitzetik dator).

LAPIKO, eltze.

LAR, larregi, gehiegi, sobera.

LEGEZ, lez, bezala.

LEMA, timón.

LOR, erdiets, conseguir, lograr. (LORTU, erdietsi, conseguido, logrado).

LOT, dedicarse, ocuparse. (LOTU, dedicado, ocupado).

LOTAZIL, abendu.

MAIZ, sarri.

MATXINSALTO, saltamontes, sauterelle.

MENDE, siglo.

MOZKIN, producto, beneficio.

MUKURRU, tope, colmo.

NABARI, evidente, patente, notorio.

OIHAN, baso.

OMEN, ei.

ONHAR, aceptar, aprobar. (ONHARTU, aceptado, aprobado).

ONURAKOR, probetxugarri.

ORDIZIA, Villafranca de Oria.

OREIN, ciervo, cerf.

ORKATZ, gamo, chamois.

ORO, guzti.

OSTEGUN, eguen.

OTSAIL, febrero.

SAR, meter. (SARTU, metido).

SOBERA, larregi, gehiegi.

SOBERAKIN, reserva.

TXERTATZE, eztitze, injertar, greffer.

TXIRO, pobre.

TXOSTEN, idazlan labur.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UMOTU, madurado.

URDAZUBI, Nafarroako Urdax.

URRA, desmontar, abrir, défricher. (URRATU, desmontado, abierto, défriché).

URTARRIL, enero, janvier.

UZTA, mies, moisson.

XEDA, determinar, fijar, definir. (XEDATU, determinado, fijado, definido).

ZATI, temporada.

ZEHATZ, detallar. (ZEHAZTU, detallado).

ZELAN, nola.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERITZATEN, erizten zioten.

ZETZAN, yacía, consistía. (Etzan aditzaren forma).

ZIEZAKEON, ziezokeen, zezaiokeen, eiskion. (Ezin permiti ziezakeon = no podía permitirle).

ZILEGI, lícito.

ZINEZ, benetan.

ZIZTOR, longaniza, saucisse.


Ekonomia eta historia (3)

Neolitiko garaiko iraultza

Janari soberakin* iraunkor bat lortzean, gizona lurraren gainean dagoenez geroztik ezagutu den iraultzarik garrantzitsuenaren oinharri materiala finkatzen da: laborantzaren eta abelzaintzaren* hasiera. Iraultza honek sorkundeko garaiaren izena hartu zuen: neolitiko garaiko iraultza.

Laborantzak eta abelzaintzak janari soberakin bat behar dute aldez aurretik: garauak* eta abereak, zuzenean jateko ez den zerbaitetarako erabiltzen baitira. Uzta* bildu baino lehen, landatu egin behar da, hazia erein. Baina milaka urtez gosearen menpean bizi izan diren gizonek ez dute aise* ulertzen, jan daitekeen zerbait lur azpian ezkuta* dadin, janaria soberan ez badute batez ere. Gainera, laborantzak eta abelzaintzak janari erreserba bat behar dute, landatzetik uztara doan eperako; eta arrazoi honengatik ez ziren basoko frutuen biltzea, ihizia eta arrantza baztertu.

Neolitiko garaiko iraultzari esker, lehen aldiz, janaria gizonaren kontrolaren pean dago. Frutuen biltzea, ihizia eta arrantza bide pasiboak direlarik, naturaren aberastasunak gutitzen edo behintzat maila berberean uzten dira. Laborantza eta abelzaintza, aitzitik,* bide aktiboak direnez, aberastasun berriak sortzen dira, ia gizonak nahi duen aldian eta gogo* duen lekuan. Lan kontsumo berberaz hamar aldiz gehiago lor* daiteke: gari ale* batek hamar ale ematen ditu, behi batek hiru txekor.

Gizonak janarien gain lortutako kontrolaz bestalde, neolitikoko iraultzak, superprodukzio iraunkor bat finkatuz, artisanogo profesional baten jaiotza errazten du eta halaber* garai berean gertatzen den lanaren lehen partiketa sozial sakona: nekazari eta artzain herriak.

Nekazaritzaren ondorioz gertatu zen aurrerapen nagusiaren eragilerik garrantzitsuenak emakumeak dira, dudarik gabe. Oraindik nekazaritzaren lehen mailan dauden herri atzeratuek, mitoek eta ipuin zaharrek oso argi frogatzen* dute emakumearen eginkizun hori. Emakumeak ziren frutubiltzaileak, eta emakumeek landatu zituzten, lehen aldiz, haziak. Winnebago tribuko emakumeak hazitarako arroza eta artoa ezkutatzera behartuak zeuden, gizonezkoek jan ez zitzaten; eta fenomeno hori arrunta* izan zen, dudarik gabe, gizonezkoek «inbentu» hartan sinestu zuten arte.

Baina abelzaintza eta nekazaritza progresuaren bidean pauso luze bat izan baziren ere, soberakina ez zen, artisanoa bere janaria produzitzetik erabat* libratzeko aski.* Kide guztien lana behar du taldeak. Taldeak ez du oraindik, gizarte osoa arriskuan jarri gabe, jabego* pribatua bilaka* daitekeen superprodukziorik lortzen. Taldearen usadioak, erdi mailatik goragoko pilatze oro galerazten du. Norberaren ahalmen produktiboak ez du zerikusterik banaketan. Egoera honetan, eta pilatze hori deusezteko,* zeremonia berriak sortzen dira; eta, zeremonia horietan, asko dutenek gutiago dutenei erregaluak egiten dizkiete. Cape Flattery USAko indioen artean, janari ugari bildu duena festa bat egitera behartua dago; eta festa horrek, janariak bukatu arte iraunen du. Inmoral da, indio haientzat, konpetentzia ekonomiko oro* eta aberastasun indibidual oro.

Aitzinamendu* maila honetan, lana kooperatiboki eratzen da: zenbait eginkizun taldeka egiten da (xabolak egin, animalia haundiak hil, bidexkak garbi,* zelai berriak urra*); eta eguneroko lanetan ere familiak taldeka ari dira. Lan mota honen formarik jatorrenean, gizon eta emakume guztiek hartzen dute parte: ez dago, beraz, klase dominatzailerik.

ARANTXA URRETAVIZCAYA

daude, dagoz

dizkiete, deutseez

zeuden, egozen

zitzaten, eiezan