ANAITASUNA

244. zenb.

1972.eko Hazilaren 30ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Egun bi Dakar-en

Dakar. Senegaleko hiriburua, kapitala. 280.000 bizilagun. Cabo Verderen hego aldean, erresumako* porturik handiena da eta Mendebal* Afrikako inportanteena bai merkatalgoan* eta bai arraintzan, batez ere atunetakoan. Frigorifiko handiak ditu, arraina gordetzeko.

Bermeotarrak eta Dakar

Portu honetara egin dudan bidaia arin bateko inpresio arinak dira, hemen agertzen direnak.

Baina lehenago zeredozer esan behar dautzuet, situazioan sartzeko.

Bermeotar bati Dakar aipatzea, zerbait ezagun, zerbait etxeko aipatzea da. Bermeoko arraintzaleek, ia hogei urtez geroztik ezagutzen dute Dakar. 1956.ean, zortzi untzi,* 125 gizon joan ziren itsaso haietara lehen aldiz, arraintza egitera. Joanaldi arriskutsu hura* behin eta berriz egin zuten hurrengo zortzi urteetan, negutean* Kantauri itsasoko hutsunea betetzearren. Baina lan egiteko kondizioak oso txarrak ziren, eta arraintzaleen nekeak ez ziren, ez, irabazien pare. Horregatik, 1963.etik hona ez da gehiago Dakar-eko kanpainarik egin.

Dakar-en ordea, Canarias uharteek* hartu dute. Hemen egiten dituzte orain bermeotarrek beren salketak.

Baina Dakar-en irudia bizi bizirik dago oraino Bermeoko arraintzaleen buruan; eta ez bakarrik pentsamenduz, egiaz baino, atunzale* konjeladoreen bitartez.

Azken hamar urteotan, Bermeoko armadoreek Espainiako atunzale konjeladoreen flotarik handiena egin dute. Hauxe izan da, 1956.ean Dakar inauguratu zuten oholezko zortzi untzi haien eboluzioa, beharrezko eboluzioa.

Gaur, 27 dira mota honetako untziak, Afrikako uretan dabiltzanak; eta beste 7 egiten ari dira.

400 gizon inguru dabiltza lanean: patroiak, mekanikoak, elektrizistak, kozineroak, marineroak... Denek utzi dute Bermeo eta urrunera joan dira. Dakar-era.

Eta goazen orain nire bidaiaren harira.

Beroa eta usaina

Hauxe da, abioitik jaistean sentitzen duzun lehen inpresioa: beroa.

Tenperatura ez da altuegia: 30-21 gradutakoa. Baina beroa astuna da, larria; eta, nahi eta nahi ez, izerditan jartzen zara, izerdi lamatan.

Gero usaina. Usaina diot; baina ez dakit, kiratsa esan behar ote dudan. Nork edo nork, duda barik,* kiratsa esango luke. Niretzat usain diferente bat baino ez da. Aidean dago. Lehenengotan, ez da jakiten zerena den, nondik datorren. Ijitoak bizi diren lekuetan egoten da holako zerbait. Baina Dakar-eko hau ez da hain zorrotza. Bizkaiko «sunda» dela uste dut izenik egokiena. Eta klima eta garbitasunaren falta dira haren eragileak.

Jendea

Kaleetan jende asko ikusten da oinez. Ez dago oraino trafiko problemarik. Geldi ere lagun asko ikusten dira, lanaren faltaz. Baserrietatik datoz, hiriko aukerabideen bila. Baina ez ei* dago lanik denentzat. Industriak falta dira.

Gizonak altuak dira, eta meheak. Biziki meheak, kanaberaren antzekoak. Goitik beherako tunikaz janzten dira, eta itzal* handiko irudia dute.

Portua

Portua oso ederra da, zabala. Kai* handiak ditu.

Merkataluntziak* ikusten dira, esportazio produktuak kargatzen: kakahueteak, kotoia...

Arrainuntziak ere asko ikusten dira. Kai batean, atunzale batzuk* daude, kolore berdez pintaturik gehienak. Urrunago, beste kai batean, beste atunzale zuri batzuk.

Hemengo kai honetan dauden untzi berdeok, Senegaleko bandera dute aurrean, lege internazionalek agintzen duten bezala. Atzean Frantziakoa. Beste hirugarren bandera bat ere ikus daiteke, batzuen saihetsean pintaturik. Hiru koloretakoa hau ere. Ez dago dudarik: euskaldunak dira. Donibane Lohitzunekoak.

Atunzale zuriek Senegal eta Espainiako banderak dituzte aidean. Korostean* Bermeoko ezkutua. Hara noa.

Lanerako janzkia

Gauza bat nabarmentzen da berehala. Gizon guztiak, barruan,* bainu arropa hutsean daude. Hauxe da —guztien akorduz, antza— bermeotar arraintzaleen lanerako uniformea. Ez deritzat erabaki txarra, beroa kontuan harturik.

Eta ez dira marineroak bakarrik edo makinetan lan egiten dutenak, janzki labur hori daroatenak. Bai eta zubikoak ere berdin jantzen dira. Denek utzi dituzte zokondoan etiketak eta komentzionalismoak, eta «taparrabo» soil batez agertzen dira.

Honexek egiten du oraino handiago gizon gazte hauen irudia, eta zurturik* uzten du ikuslea: denak lanean murgildurik, nor bere lekuan inurritegi bateko zehaztasunaz arraina deskargatzen, aberia bat edo beste konpontzen, eta denak bainu arropa hutsean, plaia joko alai batean ari balira bezala.

Makina tokian, zarata izugarri hartan, biziago da kontrastea. Eta batez ere zubian. Aparatu elektronikoak erreskadan, pantaila eta botoi distiratsuak. Ba dirudi, makinak «jantzirik» daudela, gizonak ia biluzik, makalago, gizonago agertzen diren bitartean.

Radioak martxan daude. «Ea, Anton, hartzen nozun...». Ba doaz euskal hitzak aidean zehar Atlantiko gainean, Euskal Herritik urrun.

Mirestekoa da, patroi gazte hauek duten naturaltasuna instrumentu elektroniko guzti hauen erdian. Errespontsabilitatea handia da, eta nortasuna ere handia behar. Nahiz eta bainu arropa hutsean egon.

Apaingarriak

Barruan, dena garbi. Material moderno eta erraz garbitekoaz horniturik daude ormak.* Zubian, Andre Mariaren oholezko irudi bat da apaingarri bakarra. Lo tokian,

Karmengo Ama Birjinaren estanpa bat ikusi dut. Haren alboan beste «estanpa» batzuk; ez dakit «ama» diren, baina segur nago ez direla «birjina». Psikologiazko estudio bat merezi du detaile honek. Zer esan nahi du Ama Birjinak arraintzale hauentzat? Eta zer hutsune betetzen dute beste irudiek, Ama Birjinarenaren ondoan? Dekorazio hutsa ote dira, bai bata eta bai besteak?

Beltzak ikasten

Barruan* hiruzpalau beltz daude. Bermeotarrekin dabiltza lanean.

«Marinero onak dira. Arin ikasten dute eta indartsuak dira», diost patroiak.

Dakar-en arraintza egin gura* bada, barruko gizonetarik % 30 bertako beltzak izan daitezela agintzen du Senegaleko gobernuak; eta, honela, gauza bi lortzen ditu: bertako jendeari ogibidea ematea, eta bihar edo etzi marinero trebeak eta ikasiak edukitzea.

Atunzale eder bi ikusten ditut gure alboan, bandera barik.* «Nongoak dira?» itauntzen* diot beltz bati. «Geureak dira, Rusiak emanak», izan da erantzuna.

Euskaldunen presentzia

Portuan ba dago kantina bat. Hara joaten dira portuan lan egiten dutenak, egarria kentzera. Eta orman kolorezko argazki handi bi: Bilboko «Athletic» eta «Real Sociedad» Donostiakoa.

Hirian, «boîte» edo honelako lekuetan sartzen bazara, ez harri* Argoitia neba-arreben diskoren bat edo entzuten baduzu.

Euskaldunek, munduan zehar beste leku askotan legez,* Dakar-en ere beren presentzia ohartarazten dute, lanean eta alaitasunean.

A. PEREZ BILBAO


Euskaldungoa

Xabier Gereñoren nobela berria

Entzun dugunez, Xabier Gereño nobela berri bat idazten hasia da. «Andereño» izena eramango duen nobela horretan, Deustuko ikastolan bizi bizirik dauden gaiak agertuko omen dira.

Loidiren hurrengo nobela, noizko?

Jose Antonio Loidi jaunaren Amabost egun Urgain-en nobela irakurri dugun guztiok, ba dakigu zer nolako suspense eta misterio giroa lor dezakeen euskal nobela batek. Loidi jauna benetako maisua izan da arlo honetan, bai gaiagatik eta bai duen euskara irakurterrazagatik. Gure irakurlegoa gehi eta bizkor dadin, horrelako obrak behar beharrezkoak iruditzen zaizkigu.

Ea, bada, Loidi jauna! Zerorrek duzu azken hitza. Noizko zeure hurrengo nobela? (Armendaritz)

Euskalduntzen-2 gabonetarako

Euskal ikasle eta irakasleen artean hain abegi onez hartua izan den EUSKALDUNTZEN-1 liburuaren jarraipena inprentan dagoela entzun dugu, eta, dirudienez, Gabonak inguruan zabalduko dateke.* Bigarren liburu hau, lehengoa bezala, irudiz betea izanen da, eta 160 orrialde edukiko ditu. (Armendaritz)

Salomonen judizioa

Ikastolak direla eta, arazo gogorrak ikusten ditugu geure artean. Alde batekoak eta bestekoak ura beren errotara eramaten saiatzen dira, jo eta ke. Harrigarria da, orain arte ikastolez, euskaraz eta euskal kulturaz hain guti arduratu diren batzuk, horien kontrol osoa lortzeko nolako ahaleginetan aritzen diren orain.

Ba dirudi, askori ez diela ardura sokatira horretan soka bera apurtzeak berak ere, eta, beraik nagusi gelditu ezik, dena birrintzeko prest daudela. Halakoek beren interesak ikastolen eta Herri interesen gain jartzen dituzte, irudi izpiritualen azpian interesik materialistenak ezkutatuz.

Salomonen judizioaz oroitzen gara: egiazko amak, umea bizi zedin, ama ez zenari uzteko prest zegoen. Ezin uka nigargarria denik, ama batek honelako puntu batetan egon beharra; baina hemen ere, azken batez, ikastolen iraupena bera da arduratu beharko gintuzkeena, eta ez aitortezinezko interesak. Agian,* egiazko amak amaordeari kontu zorrotzak eskatzeko ordua ere helduko da; eta entzuteko belarriak dituenak, entzun beza. (Armendaritz)

L. Villasante: berriz ere Euskaltzainburu

Hazilaren 24ean Donostian egindako bileran karguen berriztapenerako hautapenak egin dira Euskaltzaindian, eta ondorioak hauk izan dira:

 Euskaltzainburu: aita Luis Villasante O. F. M.

 Euskaltzainburu orde: Jean Haritschelhar jauna

 Idazkari: Juan San Martin jauna

 Diruzain: Eusebio Erkiaga jauna. Euskaltzainburu izateko hauteskundean aita Villasantek 12 boto lortu zituen, Irigaraik 1, Erkiagak 1 eta bi boto zuririk eman ziren.

Dakusagunez lehengo kardugunak berak gelditu dira; konfidantzazko froga, nonbait. Zorionak guztiei eta segi dezatela zintzo kargu horietan euskararen onerako.

Apaiz baten automobila erre

Galdakanoko herrian apaizlan azkarrean ari dan Jabier Agirreamalloa jaunaren antigualeko automobila erre egin eben, hazilaren* 3an, oraindik nortzuk diren ez dakigun batzuek. Dana dala, diru bilketa bat eratuko omen* da herritarren artean, kaltea izan dauan apaizaren alde.

Hugo Carlos eta Irene printzeen semeak

Hugo Carlos eta Irene printzeek bizkiak izan ditue, Holandako Nimegan, urriaren 30ean. Jaio diren hospitalean bertan, oraindik jaio berriak zirelarik eta inkubadoran egozelarik, Jesus Lezaun nafar apaizak bataiatu izan ditu, Nafarroatik eroandako* urarekin. Meza santua, ostera, Alfrink kardinal ospetsuak eman eban.

Mikel Zarate saritua

«Haurgintza minetan», Mikel Zarate bizkaitar apaizak egindako nobelak irabazi dau, Euskaltzaindiak eratutako aurtengo Nobela Saria. 25.000 pezetarekin hornituriko lehiaketa* honetan, beste hiru idazlek parte hartu ei* dabe. Epaimahaikoak hiru gizon ezberdin honeek izan dira: Eusebio Erkiaga bizkaitar bankero eta gizon heldua, Xabier Lete giputz kantari gaztea, eta P. Lafitte Lapurdiko apaiz adineko* eta beneragarria. Mikel Zarateren nobela ez dogu oraindik irakurri, jakina. Oraingoz, gauza batekin bakarrik kargutu gaitekez: tituluak berak daroan «signum contradictionis» dan H hori onhartu dauala Lezamatar idazleak.

Durangoko liburu azokako aipamenak

Durangoko «Gerediaga» elkarte gazte, langile eta errepresentatiboak eratutako Euskal Liburu eta Disko Azokak, euskarazkoetan Mitxelenaren «Idazlan hautatuak» liburuari eta erdarazkoetan Jon Bilbaoren «Bibliografia Vasca»ri eman dautse bere mentzio edo aipamena. «Accesit» bana, ostera, beste liburu honeei: Euskarazkoetan X. Mendigurenen «Laugarren maila»ri, eta erdarazkoetan Joxe Miel Barandiaranen «Obras Completas» (t. I) liburuari. Banaketa hau egin daben gizon zintzo eta zuhurrak, jarraiko hiru honeexek izan dira: Juan San Martin, Nikolas Alzola eta Bittor Kapanaga. Juradu ponderatua, beraz; eta, ikusten danez, lan zahar eta garestien alde atera dira, Jon Bilbao, Mitxelena eta Barandiaranen lanak aspaldikoak baitira. «Gerediaga»k hautatu* gizon epailariok maiteago izan dabe oinharri sendo eta garrantzi ukaezinezkoei kariziak eta igurtziak egitea, kreazio berriko baina diskutigarri diren produkzioei baino. Dana dala, feria ongarri bat izan da, guk —eta antolatzaileek— hobeagoa izan dadin nahi doguna.

Derioko apaizgaiak 1972.ean

Seminario Nagusian 92

Apaiztu direnak 4

Seminario Txiki-Kolejioan 302

12.559.628 pezeta beharko dira 1972-1973. urteko gastuetarako.

8.637.482 seminarioak berak eta ikasleek ordaintzen ditue.

2.036.047 Estatuak eman izan ditu joan dan ikastaroan. Orain xentimorik ere ez.

Abenduaren 8an, diru bilketa eta mentalizatze lan bereziak egin ditu Bilboko Obispaduak bere menpeko elizetan.

Monstrurik haundiena

Euskal Herri honetan inon ez bezalako gauzak gertatu ohi dira. Ba da Santurtzeko herritar gazte bat, lau egunen buruan euskara ikasi ebana, eta bostgarrenean artikuluak idazten hasi zana. Gazte aparteko honi «monstrua» deitu eutson Bilboko poeta batek.

Baina orain, neure soldata mehea gizentzeko eman behar ditudan irakastaldietara, aparteko ikasle bat heldu jat. Hogei egun bakarrik zituan, lehen aldiz ene eskolara etorri zanean. Haren gurasoak, biak, euskara ikasten ari dira, eta, haurra norekin utzi ez daukelarik, eurekin batera ekartzen dabe eskolara. Guraso jatorrak izan behar, halako maletarekin eskolara etortzeko; ikaskideak ere ez makalak, halako eskola lagunarekin bat egiteko; eta zein habila maisua, halako ikaslea eskolatzeko.

Itsuen arteko konpetentzia

Bilboko egunkarietan irakurri izan dogu, eta zer tristuraz irakurri ere, itsu batzuek beste itsu batzuk* salatu izan dituela, azken honeek behar baino gehiago ikusten ebelarik eta besteek baino abantail* gehiago eukelarik, askoz ere gehiago saldu ahal izaten ebela eta. Aurrerantzean, «behar baino gehixeago» ikusten daben honeek ez dabe loteria —itsuen loteria, alegia—* saltzeko baimenik izango, «Itsuen Elkarte»tik kanpora bota izan ditue eta.

Notizia triste hau irakurtzean, behinola Seneca zaharrak inoan halako ha* gogoratu neban: «Gu gizonok zirkuko gladiadoreak bezala bizi gara munduan, elkar nahi eta nahi ez atakatzen eta hiltzen». Horregatik esaten eustan, neure ugazaba izan neban jaun harek: «Sr. Celayeta, si te dejas dominar por los obreros, te sacarán los ojos».

Apaiz kargu berriak Bizkaian

Domingo Aldekoa eta Jose M. Aizarna Zeberiora, Jesus M. Olague eta Jose M. Rementeria Erandiora, Jose Rodríguez Zallara, Mario Zarraonandia Arcentalesera, Jose M. Nervión Olabeagara, Sabino Loroño Zamudiora, Luis Ariztondo Urkiolara, Mariano Olea Bilboko Iturribide kaleko patronatora, Bernardino Junquera Otxarkoagara.

Axular X letrarekin

Axular, euskal idazlerik hoberenaren goitizena, X letrarekin idatzi behar dala, eta «hauxe», «horixe» hitzetan daukan hotsarekin ahozkatu* behar dala frogatu* berri dau Itziar Mitxelena, Luisen alaba gazteak.

«Iker» elkartea, euskal kulturaren zabaltzaile

Gazte langile batzuen eraginez eta asmoz, «Iker» izeneko elkartea sortu berri da Bilbon. Zeregin eta helburu hauxe dauka: «Heziketa-zerbitzu eta kultur eragintza». Talde honek euskal kulturaren produkzioak —liburuak, diskoak, litografiak...— etxerik etxe banatzen ditu. Elkarte honen partekide egiten dan bakoitzak, kuota bat ordaintzen dau, eta hilabetero elkarteak salgai dituan obretarik bat hartzen dau. Modu honetan, katalago zabal, aberats eta progresista batetan, nork bere gogoko dan kultur produkzio bat hautatu ahal izango dau. Elkarte honekin harremanik izateko, joan General Concha kaleko 39-8.ra, Bilbon; edo deitu 324006 nahiz 326001 telefonoetara.

LURen liburu bat bahitu dabe

«Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora», F. Engels-en liburua, LUR editorialak argitara eman nahi ebana, bahitua* izan da. F. Engels-ek 1877.ean idatziriko saiaera hau, Madrileko «Aguilera» editorialak argitaratu eban 1968. urtean, «Del socialismo utópico al socialismo científico» tituluarekin.

Hitz baten zain

Ipar Euskal Herrira exilaturik aurkitzen diren hemengo zenbait gazte Frantziako gobernuak beste lurralde batzuetara konfinatzeagatik, agindu horri jarki* nahiz, hango batzuk gose greban* hasi zirenez geroztik, ba dirudi, euskal politika giroa berotu egin dala. Gutxienez, berba ugari edo ugariegi egiten da. Herbestean diren mutilok —Mondragoetarrek injustuki «bonberoak» deituok— Ginebrako akorduaren babespean dira. Baina, politikazko neutralitaterik gorde ez dabenez gero, «formalago» portatuko diren bazterretara bota beharra izan da —dino Frantziako gobernuak. Exilatuok salakuntza hori gratuitua eta arbitrarioa dala erantzun dabe, halaxe dala probatzen ez dan bitartean behintzat; eta hareen arrazoiei jaramonik* egiten ez jakenez gero, gose grebaren bidez indartu nahi izan da hareen burubidea. Honaino gertakarien haririk nagusiena. Ondoren, gizon eta erakunde* asko mintzatu da arazo honi buruz. Erakunde bat dogu, oraindik hitzik egin ez dauana. Erakunde hori Frantzian aurkitzen dan Euskal Gobernu Exilatua da. Letra honeek idazten ditudan ordurarte behintzat, ez dau ezer esan, ez fabore, ez kontra, ez «iuxta modum».

Albisteñoak

• «Siadeco» taldeak Bergarako industriaren egoerari buruz estudio bat gertatzen dihardu, lehenago Mondragoeri buruz egin eban bezala.

• Frantzian dagoen gobernuak, 36 urte bete ditu iragan* urrian.

• Leizaola lehendakariak berbaldi bat eman eban Caracasen abustuaren 26an, hitz goxo eta optimistak esanez. Gero, Parisera itzuli zan berriro.

• Manuel Irujok 80 urte bete ditu joan dan abuztuan.

Liburuak

1. «Nomenclator onomástico vasco», J. M. Satrustegi. 50 orrialde. Banco de la Vasconia-k dohan.* Euskaltzaindia. Bilbao. 1972.

2. «Pedagogia ikastaroa», Rosa Sensat (Larresorok euskaratua). 160 orrialde. 100 pezeta. Donostia. 1972.

3. «Laugarren maila», X. Mendiguren. 60 pezeta. Banatzailea: Iñaki Beobide. Donostia, 1972.

4. «Xenpelar Saria» (1972). 166 orrialde. 60 pezeta. Auspoa. Tolosa. 1972.

5. «Herriaren lekuko», Rikardo Arregi. 363 orrialde. 150 pezeta. Editorial Franciscana Aránzazu. Oñate. 1972.

ANJEL ZELAIETA

daroa, darama

deutse, die

eban, zuen

eben, zuten

egozen, zeuden

euken, zedukaten, zeukaten

eustan, zeutan, zidan

eutson, zion

gaitekez, gaitezke

inoan, zioen, esaten zuen

jake, zaie

jat, zait

neban, nuen

Ikastolak

Azken urteotan, izerdiz, ahaleginez eta nekez altxatuak eta eratuak izan dira ikastolak. Gehientsuak Elizaren lokaletan edo dirudun bakartxo batzuen laguntza handiz bizi dira. Azken egunotan, ikaragarrizko golpeak eta kontragolpeak suertatu dira, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere, ikastolek izan behar dituen zuzendaritza eta jokaerari buruz. Baina, legezkoena dan bezala, agintarien gogoetara makurtu behar izan dabe. Izan ere, «donde manda el amo, se ata la burra».

Histori zaletasuna

Jendea zain dago, ea noiz argitaratuko dauan F. Zabalak bere «Historia del Pueblo Vasco»ren hirugarren tomoa. Izan ere, historia itxurazko bat da. Gutxienez, orain arte mentalitate eta metodologia burgesarekin egindakoen artean dexenteenetarikoa.

Aldizkari baten ustea

Sinpatiaz irakurtzen dogun «Ama Lurra» aldizkariak, bere 195. alean —lehorte une honetan eskuratu dogun bakartxoan—, uste hauxe agertzen dau: «Euskara era* dan modu guztietan indartu behar da... Basarri eta Kintana behar ditugu, Aresti eta Txillardegi, Leizaola eta Monzon, Arenaza eta Berriatua, Larzabal eta Mirande...»


Denboraren gurpila (2)

Mito zaharretan, gauzak eta gizonak paradisu batetatik datoz eta paradisura doaz. Gu erabat* kutsaturik gara, kristau ideologia zahar batek maneiatzen zuen paradisuaren mitoaz. Ideologia sekularrak ere kutsaturik dira paradisuaren mitoaz; eta uste dugu, mundu honen. finean denbora zoriontsu eta berrerosi bat izanen dela.

Mitologia politiko guztietan nabari* daiteke denbora ziklikoaren influentzia. Guztitara ere —eta nahiz gure historiarekiko ideologia lineala izan— sarritan uste dugu, historia guztia ziklo handi bat dela; eta, munduaren osotasunaz hitz egiten dugunean, osotasun hori hastapenetara* itzultzen dela iruditzen zaiku. Gizonak historian zehar egindako bidea, itzulinguru handi bat baino ez litzateke.

«Quousque tandem»

Kubismoa, inpresionismoa, surrealismoa eta abar direla eta, hizkuntza artistikoa desegin eta apurtu egin da. Hizkuntza logikoa behintzat. Nolabait ere, entseiatu*. nahi izan da, Santimaminako denboretara bihurtzea. Oteizaren «Quousque tandem» irakurtzea besterik ez dugu, honetaz jabetzeko. Oteizaren ideia nagusietarik bat da, geure lehengora itzuli behar dugula, geure jatorri berezkoa aurkitzeko. Euskal artearen egungo mugimenduak, hau frogatzen eta lortzen bermatu* da.

Egun,* ideologia milenarista batetan bizi gara. Uste dugu, gure zenbait arazo mirakuluz bezala konponduko direla. Denbora gutti barru. Denbora berri hori etortzeko, purifikazio bat behar dugu. Purifikazio hori «katharsis» edo kataklismo baten lepotik lortzen da.

Zenbaitek uste du, eta hala uste erazi nahi dauku, orain bizi dugun garai hau agonikoa eta eria* dela. Kataklismo bat jasaten* ari garela. Purifikazio historiko bat. Eta berehala etorriko dela «denbora berria». Denbora berri horretan, arbasoen paradisua berreginen da. Euskal paradisua. Amets txar batetik bezala itzarriko* gara, denbora berrietara.

Etsipena eta ametsa

Baina pentsakera milenarista honek gure kreatibitate jatorra mugatzen du. Deuseztu* egiten du. Uste dugu, ez dela aurrerapiderik. Historian etsitzen* dugu. Ez itxaron. Zeren* eta esperantza bortxaz hedaturiko* ahalegina baitugu. Uste dugu, historiak eginen duela guztia, eta guk ezin dugula deus* egin. Geure hastapenetan etsirik gara. Ez dugu esperantzarik, eta beldur gara aurrera begiratzeko.

Guk egiten ditugun zenbait analisi, nola politikoak hala ekonomikoak, oso dira okerrak, zeren eta ez baitira etorriari begiratuz osatuak. Iraganari* baino. Gure zenbait analisik ez dute finik. Beren gibelean* dute fina.

Artistek ere, klasizismoa, gure klasizismoa, erabat* dekadentea zela pentsaturik, materia prima berri bat aurkitu nahi izan dute. Kataklismo bat behar zuten, beren denbora berria aurkitzeko; eta erabat apurtu dute lengoaia* artistikoa. Historia berriro egiteko. Gure gibelera itzuli dira, zerotik partitu nahiz. Historia baino lehenagotik hasiz. Honi jatorra deritzat estetika arloan. Baina, agian,* fenomeno honek ba du ondorio politikorik; edo, hobeto esan, fenomeno politiko baten lekuko* dugu mugimendu hau.

Artistak beti aurretik joaten dira. Herriarengandik gizaldi bat edo bi aurreratuak dira. Herriaren lekuko dira.

Herriaren aitzindari* dira beren kreazioan. Beren arteaz aurreratzen dute, gero Herriak pentsatuko duena.

Artistek, beren ametsaz, Herriaren etsipena* salatzen dute. Baina, gure kasuan, bi mugimenduak batera datoz. Gure hastapenetan gurutzatzen dira.

Axular berriak

Gerora... gerora geure konportamenduak luzatuz genbiltzala salatzen zeukun Axularrek. Nik uste dut, egungo* Axular modernoek geroaz ihardun beharko luketela; baina ez negatiboki, positiboki baino. Zeren eta Euskal Herria iraganean lo baitatza.*

Euskaldunok jabetu behar gara, historiaren gailurrean aurkitzen garela. Erabat deserroturik aurkitzen garela. Ez dugu ez sustrai eta ez errorik. Gure funts* eta erroak geroan daude.

Gure arteko zenbait taldek iragana espero dute. Ez dakite, edo eta ez dute jakin nahi, historia itzulezinezkoa denik. Ez dute onhartu gura,* historiaren pausoak bortxaz presa daitezkeenik. Politika arloan Nafarroako erresuma* dute gogoan, eta hura* espero dute berriro. Ekonomi arloan, inoiz izan ez dugun erosotasuna* amesten dute eta hura igurikatzen.*

Begien bistan dugun errealitatea ez dugu ikusi nahi. Ez ikusi egiten dugu. Itsusia delako. Gure begiak mantxatuko ote diren beldur gara. Baina mantxatuak gara, zorionez. Eta, geure zimaurra onuragarri* da landareentzat (hori jakin behar lukete, baserrietako paradisua amesten dutenek).

Denbora ez da gurpil* bat. Bidea da denbora. Geuk aukera genezake bidea eta halaber* fina, jomuga eta xedea.* Horretarako, hautapen* hori egiteko, egungo errealitatearen analisiak lagunduko dauku. Egungo errealitate mantxatuak. Baina ez dauku lagunduko geure desistoriak, hots, mitologiak.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

dauku, deusku, digu

genezake, geinke

zaiku, jaku, zaigu

zeukun, euskun, zigun


Durangoko Andre Mari elizpean

VII. Euskal liburu eta disko azoka

Beti bezala, Domusantu egunean eta hurrengo larunbat eta igandean, Durangon bildu gara, euskal liburu eta diskoak egiten eta zabaltzen ditugunetarik hainbat.

Jendea eurrez* etorri da, batez ere Domusantu egunean, aurreko urteetako markak gainditurik. Ikusi dituzte standak, aztertu liburuak eta diskoak, eta erosi dute, bai erosi dute, batez ere liburutan. Eta, horretaz gainera, hitz egin dute Mondragoez, Arrasatez.

15 irakasle kalera

Biolentziaren kontra, indarkeriaren aurka hitz egitea modan dago, ez Euskal Herrian bakarrik, mundu guztian baizik.

Baina indarkeria ez da bakarrik, aireko bat bahitzea,* bankuetxe bat asaltatzea edo norbait arrazoi barik espetxeratze eta torturatzea. Indarkeria da ere, langile bat (irakasleak barne), arrazoi astunik gabe, kalean uztea.

Nik ez dakit, Mondragoeko arazo tristean nork dadukan arrazoia. Beharbada, beti gertatzen den legez,* arrazoi osoa ez da alde batean egongo. Alde biek edukiko dute arrazoi horren zati bat. Baina guztiok aitortu behar dugun egia da, langile batek bere lan postuaren segurantza behar duela, horretan oinharritzen baita haren bizitza eta haren familiarena. Beraz, inor bere lan postutik bota baino lehen, ondo pentsatu behar da zer egiten den, eta konponketa guztiak dendatu,* erabaki gogor hori hartu orduko.

Saiatu dira —galdetzen dut nik— Mondragoeko ikastolako buruzagiak, konponketa hoik* lortzen? Saiatu dira irakasleak? Konturatu dira parte biak, nolako istilua sortu duten? Ba ote dakite, nor aterako den nahaste horretatik irabazle?

«Euskalduntzen»

Baina goazen orain, berri hobeagorik ematera.

Irakasle talde batek, euskara batua ikasteko lehen metodoa argitaratu du, hiru mila aletako tiradan. Hiru aste baino ez dira iragan,* eta bi milatatik gora saldu dira. Goi marka bat, dudarik gabe. Durangon bertan ehundaka saldu ziren. Eskatu nahi izatekotan, eska zuzenbide honetara: CINSA, Av. Ejército, 18. Bilbao-14. Liburuaren titulua: «Euskalduntzen».

Jendartean

Jendartean, aurreko urteetan bezala, hainbat euskaldun ospetsu: idazle, irakasle, euskal elkarteetako buruzagi...

Beste urteetan legez,* Don Klaudio Gallastegi eta Iñaki Olabeaga anaia, beti euskal ekintzei laguntzeko gertu. «Euskerazaleak» elkarteko buruzagietarik, Jesus Oleaga, Montiano, Makua... Kazetarien* artean, Muñoyerro eta inon faltatzen ez den Astiz. Eta aukera eduki nuen, lehen aldiz Amatiño pertsonalki ezagutzeko. Baina honek puntu berezi bat merezi du.

Amatiño eta ukronia

Jersey zuriz eta erretratu makina dingilizka. Itxuraz, kazetari profesionala; eta izatez, nork ez du aitortuko primerakoa denik?

«Hor diagok Amatiño» diost lagun batek. Eta standetik irteten* naiz, berarekin berba egiteko. Lau hitz bakarrik. «Hire lanak dituk, ZERUKO ARGIAn lehenik irakurtzen ditudanak» diotsat.

Amatiño utzi eta, gazte batek paper bat ematen daut. Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkariaren orrialde bat da, orain hilabete ingurukoa. Hau dio: Bilbotar euskalzale aberats bat hil da. Aurreko egunetan, jesuita batek bisitatu du. Hil ondoren, bere testamenduan, hainbat milioi utzi du, Indian eliza bat jasotzeko, beste hainbat Afrikako misioetarako eta «Medicus Mundi» ekintzarako. Eta horrenbeste milioiren artean, 50.000 pezeta euskal ikastoletarako.

Eta Ukroniaz gogoratu naiz.

«Horrexegatik utzi dauat paper hau, horrexegatik. Ikus dezaan, Ukronia ez dela utopia bat, egia bat baizik».

Liburuak eta diskoak

Aurten diskoak ihaz baino gutiago saldu dira. Liburuak gehiago. Gure alboan LUR zegoen. Pozik zeuden. Zortzirak inguruan, ba diost Xabier Kintanak: «Orain dela ordu bete, agortu egin dituk hire nobelak».

Engels-en itzulpen bat ikusten dut, baino ez dago salgai. «Ez diaukuate oraindik, saltzeko baimenik eman».

JAKIN editorialak eurrez* saldu du «Gure Ikastola». ETORek asko saldu du. Baina batez ere Iñaki Beobidek, ikastoletarako liburutan. Euskal Herriko mapa, ehundaka saldu da.

Idazleak

ANAITASUNAk batzar bat egin zuen Durangon, Azoka aprobetxatuz, aita frantziskanoen etxean. Aldizkariaren kontseilua elkartu zen, eta zenbait erabaki hartu.

Urterik urtera ikusten dugun hainbat idazle agurtu genuen. Han zeuden Eusebio Osa, Haranburu-Altuna, Saizarbitoria, Arantza Urretavizcaya... Han Aresti, San Martin, Joseba Intxausti... Natxo, Andolin Eguzkitza, Jon Enbeita, kantariak; Mariano Barrenetxea albokaria; ikastoletako irakasleak dozenaka, Arrasateko arazoaz kezkaturik.

Eta datorren urtean zer?

Horretarako, Durangoko Aiuntamenduan batzar bat eduki genuen «Gerediaga» elkartekoekin. Proposamendu asko egin ziren, Azoka hau, Euskal Herrian zehar egiten den handiena, aurrera joan dadin.

Datorren urtekoa hobea izanen delako esperantzaz, eta aurtengoa hain ona izan delako «Gerediaga»koei zorionak emanez, amaitzera noa. Baina, azken puntua ipini baino lehen, zera esan nahi dut: Durangon, hainbeste mila pertsona, Euskal Herriko bazter guztietatik etorriak, euskaraz egiten entzun ditudala, eta hauxe izan dela han ikusi eta bizi izan dudan gauzarik ederrena. Honexek eta ez beste ezerk merezi du, Durangoko Andre Mari elizpean hogei bat ordu zutik stand batean egotea. Niretzat bai behintzat.

XABIER GEREÑO

dauat, deuat, diat

daut, deust, dit

dezaan, daian

diagok, dago

diaukuate, deuskue, digute

dio, dino

diost, dinost, esaten dit

diotsat, dinotsat, esaten diot

dituk, dira

zeuden, egozen


Kritika

Baga, Biga, Higa... (sentikaria). Bigarren partea

Jaialdiaren egitura (bigarren zatia)

Beti bezala, jendea espektakulu batera sartu da, beste zenbait abesti entzutera. Gure gizarte honen egituren kritika.

1. San Martin... Hasteko, zerbait arin eta jostagarri: tobera eta koplak. Eliz ezkilaren deia: zerbait interesgarri entzutera prestatzeko deia. «Eup» presentazioa, atentzioa mugitzeko. Eta bertsoak: egungo egoera honen egitura batzuen kritika, hain zuzen Eliza katolikoaren moralarena («erlijioarena» jendearentzat). Sexual moral hertsia: sexualitatea ezkontzara eta seme asko sortzera mugatzen da. Ez da, beraz, hemen fede arazoa edo Jainkoaren kritikarik agertzen, egiturena baino. Bide jostagarri eta adierraz batez ziri bat sartzen da; modu arin hau, agian, jendearentzat ulerterrazagoa eta gogoangarriagoa bide da (jendearen barre algarak). Egungo bertsolaritzak (lehen ez hainbeste) erabiltzen duen ideia-eskemen modura. Hemen aipatzen den apaizen alferkeria ez da kleroak uste duen bezain arrazoi sinple eta motela, zeren eta semeen heziketa arazoa eta sexual harremanena, Elizak planteatzen duen moldeetan, egungo gizarteari erabat desegokia baitzaio. Arruntki hitz egiteko, honela bil dezakegu hemen aipatzen dena: Elizak (apaizek) ez du gizarteko sexual harremanetan zertan eskurik sar.

Gizonaren libertatearen aldeko deia. Muga hertsiegi, ilun eta hipokriten haustea.

«San Martin», «Santa Ageda» eta abar, eliz egiturak adierazteko formulak dira.

2. Altzateko Jauna... «Ilunaren bazter batetik, denboratik at dagoen gizon bati kanta bat eskaintzen zaio: Altzateko Jaunari». Leteren poema hau Pio Barojari eskainia dago (ikus honen «Jaun de Altzate»).

Hasierako kritikaren borobiltzea ondorengo poeman dator. Elizaren egituren aldrebeskeria, euskal gizonaren askatasun egarria ito duena. Errebeldiarako deihadar bortitz bat: Salbe eta kredoek eta urre eta zilarrek ezin dezakete giza askatasuna lot. Erantzun bat ematen da: egituren aurka altxatzea; eta horrela hirugarren sintesira heldu gara. Baina hau ere nahiko ilun eta ezkutuan gelditzen da («hor nonbait, zerbaiten zain», eta agian inondik irtenbiderik ez da ikusten).

Lehenagoko erlijioa (bizikera) zaharrera jotze honek, erlijio soileko maila baino zerbait sakonagora jotzen du: gizona bere osotasunean hartzen du, hots, erabateko gizon askea. Poema honetan agertzen da lehen aldiz halako sozial kutsu bat (orain artean, erabateko bakartadean ibili dela dirudi). Orain, berriz, «Altzateko Jauna» Euskal Herriaren irudi denez gero, herri baten arazoa agertzen da: herri oinperatu eta kateatu bat, baina inolaz ere horretan konformatzen ez dena, beti ere iraultzarako zain zain.

3. Sahatsa... Sahatsaren loreak, udaberriko lehenak, gizonaren askatasunaren aldeko borrokaren seinaleak dira. Aurreko poemarekin bat bera egiten du. Erantzun bat ematen da: egituren aurka jo beharra, egiturak aldatzera, borrokatzera; gizonak bere libertatea lor dezan.

4. Hegoak ebaki banizkio... Berriro ere gizonaren bizitzan gorakada bat sentitzen da: borrokaren planteamendu honen ondoren, gizona bere askatasunaz jabetzen da eta haren alde deihadar egiten du. Bakean eta lasai egoteak ez du balio, zeren lehena txoria baita: gizonaren libertatea. Bukaerako «lara, lara...» hori giza izatearen azeptazio baten seinale da; nahiz eta erabat etsipenezkoa izan, hala ere sobera jatorra.

5. Haurra jipoitu... Berriro ere, gizarte honen kritika: denok berdintzen, batzen eta deusezten gaituen gizarte honen aurka. Denok berdin, denok abere, artalde batean... Patxadaz bizi, kezkarik ez sor, ohitura onak gorde: honelako zenbait formula ukatzen dira eta aldi berean gure gizarte hau osoa. Kritika, beraz, zehaztuz doa, borobilduz. Erantzunak ere poliki poliki zerbait argitzen hasi dira.

6. Ia gureak egin du... Egoera triste eta maltzur honetan, denok elkartu beharra, herri berri bat osatzeko, gizonak bere askatasuna defendatzeko, bakea bilatzeko, etorkizunari begira ibiltzen hasteko. Hemen agertzen da lehen aldiz esperantza. Lehen partetik erabateko aldakuntza eman da: erabateko etsipenetik («Behin batez») begiak esperantzara idekiz doaz (gure herriaren, gizartearen etorkizunaren itxaropena). Borrokarako deia: borroka politikoa noski, zeren eta egitura ororen aldakuntza eta berritzea eskatzen baita (Eliza, agintariak, teknika gizarte hau irauli beharra).

7. Bi mila makila... Egoera honen trajedia, egitura hauen kritika («umeek ere jakin dute» honen bidez arazoaren funtsera heltzen gara). Eta, ondorio bezala, etsipena, tristura eta beheratze bat datorke. Bigarren zatiaren hasieratik goraka zetorren ibilaldia, erabat lur jota gelditzen da une honetan.

8. Usoak dira, usoak... Ondorengo profezia (eta, honi laguntzeko, hor datoz G. Aresti eta L. Iriondo) agian izan daiteke jaialdiaren muinetako bat; dudarik gabe, unerik positibo eta sozialena eta baiezkorrena. Lehenik, profetaren presentazioa egiten da. «Usoa» hitza orain esango denaren presentatzeko bidea da. Lehen partea: egoera konkretu honen kritika; kritika latza, muinera jotzen baitu: Euskal Herria, gure gizarte osoa iharrik dago, usteldua. Une honetan muinaren muina ikutzen da, trajediaren funtsera heltzen; beherago ez dago erortzerik («Gernikako arbola iharrik egotea» formula honek, hitz mitiko eta sakratu hoiengatik, esannahi arras sakona baitu). Baina, bat batean, nora ezean, argia pizten da, erabateko esperantza sortzen, eta sintesirik orokorrenera heltzen. Ba daiteke hauxe izatea jaialdiaren muina eta erantzuna. Gizona, bere bizitzan muin honetara heltzean, gizon izaten hasten da. Agian, jaialdi guztiaren bilduma izan daiteke, eta haren azkenean ere ez letorke gaizki.

9. Ez zait gustatzen... Halaz ere, lehengo esperantza hori itzal bat izatea ba daiteke; eta behin eta berriro etsipena sortzen da. Ez da, beraz, erantzun razional bat, emozionala baino, gizonaren erantzun guztiak bezala. Gainera, oraindik ez da ikusten bizitza honen baliorik; lehengoan jarraitzen da. Gizona ezertarako ez da; eta, hala ere, iraun egin behar, aguantatu eta denbora pasa: erabateko hutsean erortzea. Bukaerako «eta ba noa tristerik» horrek, aspertutako gizon baten etsipenezko deihadarra dirudi. Agian, gizonak bere bizitza guztian horrela iraungo du, hasi bezala bukatu, beti bere arazoarekin eta sekula ezin lasaiturik; agian, horixe besterik ez da gizona. Zerbait egin behar da; baina zertarako? Eta, gainera, ezin dugu, ez dakigu, ez dakigu gizon izaten, ezin gara gizon izan. Gizonaren bizitza, ekintza eta iraute osoa txalapartaren haizeak darama; eta, dagoeneko, gizona aspertua da egoera honetan bizitzetik.

10. Gizona eta lana eta makina... Eta, bukatzeko, gizona eta lana eta makinaren arteko lotura eta borroka kontatzen da. Hemen ageri da egituren kontrako kritikarik bortitz eta trajikoena. Une honek erabat hunkitzen du gizonaren bihotza: lanaren eta makinaren eta diruaren, gosearen eta zigorraren eta abarren zama izugarriaren azpian, non dago gizona? Gizonaren garrasi ozena entzuten da, noiz behinka, gero eta larriagoa: Gizona...? Horrela, jaialdia galdera honekin bukatzen da. Bere ihardun guztian zehar aztertzen saiatu da; noiz behinka erantzunen bat aurkitu duelakoan poztu eta harrotu ere bai, baina beti ere askenean etsipenaren amildegian erortzeko. Jaialdia, beraz, galdera bat izan da, erantzunik gabeko galdera.

11. Baga, biga, higa, laga... Formula magiko eta ilun honen bidez agian entzuleari lanerako, ekintzarako, borrokarako, hots, bizitzarako dei egiten zaio. Dei sakratu bat, era magiko batez adierazia; dei erlijioso bat, alegia. Eta formula honek eta Baztango Dantzak jaialdia bizitzara idekia uzten dute.

Jaialdi honetan, gizonaren bizitza kontatzen da; gizonaren azterketa bat egiten. Jaialdi aldetik, antropologia bat da; baina egitura aldetik, eguneroko bizitza latza. Horrela, beraz, nolabait esateko, antropologia errealista bat litzateke.

Egungo poemagintza guztia gizonaren arazoari buruz egina dagoenez gero, eta jaialdi hau poemagintza horren sintesi edo bilduma bat denez gero, bertan, egun Euskal Herriko gizonak bizi duen bizi-kezka oso bortizki nabari da. Horregatik, erabat axolazko zaio euskal gizonari, bere funtsaz jabetzea, hura ausnartzea eta hartaz kezkatzea.

Jaialdiaren kritika

Jaialdi honen kritika egiten hasi aurretik, zenbait puntu oso gogoan izan behar ditugu:

- Poemagintza, ez dago inolaz ere nahiz teologia nahiz beste zientziekin konparatzerik. Poemagintzak buru-eskema, teknika eta hiztegi erabat autonomoak ditu. Arrazoimenaren mailan ez baina bereziki sentimenduekin jokatzen baitu, horregatik giza azterketa beste alderdi erabat ezberdinetik egiten da.

- Lehen ere esan dugu, jaialdi hau egungo poemagintza nagusiaren bilduma edo sintesi bat dela. Horregatik, gaurko poesi giroa eta haren bideak aztertzeko, zerbait lagun diezaguke; bertan biltzen baita poesia honen muina. Baina sekula ere ez dugu ahanztu behar, poetak ere gizonak direla; eta horregatik haien bizitzan zehar eboluzio eta aldakuntza sakonak ematen direla, eta ez estiloaren aldetik bakarrik, baizik eta bereziki pentsamenduen eta sentimenduen aldetik. Horregatik, askoz ere jatorragoa litzateke, poeta bakoitza bere giro zabalean eta bere lan osoaren barrenean hartzea.

- Halaz ere, egungo poemagintzan nahiko nabarmen ageri dira zenbait konstante. Horregatik, elkarrekin nolabaiteko lotura bat ikusten da, eta, elkarren artean konparatuz eta denak batera hartuz, nolabaiteko azterketa bat egin dezakegula uste dugu. Baina azterketa hau ez da erabat zabala izanen; zenbait puntu azaldu besterik ez genuke nahi.

Gaurko poesiak ba du konstante nabarmen bat: gizona eta gizona ikusteko era. Poesiaren preokupazio bakarra gizonaren bizi-kezka da; besterik ez zaio axola. Orain arte ez bezala, gainerako burutazio guztiak erabat bazterrera uzten ditu, txotxolokeriak bailiren. Adibidez, oso interesgarria da, J. Azurmendik Juan Ramón Jiménezi egiten dion kritika.

Gizona mundu hertsi eta ilun batean aurkitzen da. Aurkitu baino gehiago, bertara bota dutela konturatzen da. Gizona mundu honetan aurkitu egiten da; baina aurkitze honek ez du zentzurik. Nolabaiteko zorte txar batek gizona mundu honetan utzi egin du; eta harez gero mundu honetan irautea beste erremediorik ez du. Mundu hau erabat hertsia da, irteerarik gabea. Hemen ez dago ez Jainkorik, ez haren salbamenik aipatzerik ere.

Ikusten denez, beraz, lehengo poesia zaharretik erabat urrun aurkitzen da. Lehengo gizonaren bizitza goxo, xamur eta zoriontsu hura mito bihurtu da. Izadiaren edertasunaren aipamenek eta Jainko goresmenek ez dute zentzurik. Egun ez dago esperantzarik.

Horrela, beraz, nahiko nabarmen ageri da halako esistentzialismo (ateo) bat: gizona jaio egiten da, baina haren jaiotzak ez du zentzurik; ez bila, ez galde zergatik eta zertarako jaiotzen den gizona. Eta gero, berriz, gizona hil egiten da, eta kito. Eta, bitartean, gizonak, mundu honetan irautea, aguantatzea beste erremediorik ez du. Hemen ez dago soluziorik; soluziobide guztiak mito edo iheskeria besterik ez dira. Horrela, beraz, erabateko pesimismoa eta etsipena oso bortizki ageri dira. Gizonaren erabateko ukazioa, esperantzazko mito guztien haustea, hots, nihilismoa.

Baina, honetan bertan ere, halako bikoiztasun bat ageri da: gizonaren ezinbizi honek sortzen duen nazka gaindituz, bizitza kontinjente eta zentzurik gabeko honen onhartzea dator. Gizonari, bere bizitzaz harrotzea beste biderik ez zaio gelditzen. Bizitza hau gozatzea, aprobetxatzea, dastatzea.

Alde batetik esan daiteke, euskal poemagintza beranduegi dabilala, zeren eta esistentzialismo haroa aspaldi iragana baita. Baina hauxe dugu gaurko poesiaren legea; eta ez dago inolaz ere ukatzerik, gaurko gizartean, gazterian bereziki, izugarrizko eragina duela. Baina, bestalde, ez dago esaterik, egungo poesia erabat nihilista eta itsua denik. Zeren eta noiz behinka, eta oso bortizki gainera, zenbait itxaropenezko argi printz ikusten baitira. Edo, hobeto esan, nondik edo handik zenbait irteera edo soluziobide aurkitu nahi dira. Gizonarengan nolabaiteko fede bat ikusten da, eta horrek zuzen zuzenean poesia sozial eta politikora garamatza.

Nahiz eta hasiera batetan gizonaren politika eta sozial mito guztien ukazioa izan, bat batean halako itxaropen printz bat ere ikusi nahi da, hain zuzen politika eta sozial bideetan.

Batez ere itxaropen hau egungo gizarteko egitura guztien kritikan mugatzen da: kritika erabat destruktiboan. Egungo gizarte honen egituretatik ezertxo ere ez da onhartzen, eta kritika erabat mingotsa eta tristea bihurtzen da. Baina kritika honek beronek ere ez du aurrerapen haundiegirik nabarmentzen. Zeren eta alde batetik kritika negatiboan itotzen baita; eta bestetik baitirudi, soluziobide hauek ere —politikak eta abarrek— ez dutela erabat asetzen gaurko poetaren bihotza.

Kritika kupidarik gabe negatiboa egitekotan (egun zenbait taldek egiten duten bezala, nahiz eta gu horrekin ere erabat akort ez egon), hau esango genuke: gaurko poesian izugarrizko norberekoikeria, indibidualismoa eta hala holako «burges harrokeria» bat ageri dela.

Baina berriro ere, aspertzeko beldurrik gabe, zera esan nahi dugu: Poesiak beste mundu batean sartzen gaitu, mundu arrunt honetatik erabat ezberdinean; haren teknika eta hizkuntza erabat apartekoak dira. Horregatik, hura kritikatzerakoan, pentsamolde arras diferenteekin jokatu behar dugu; mundu aparteko bat denez gero, hemen ez dute balio gizonaren beste ekintza eta manifestazioetarako hartu ohi diren kritika moldeek. Horregatik, aurreko kritika horri gehienbatean itxuragabea eta desegokia deritzagu.

Lehengo hariari jarraituz, gaurko poemagintzan gizonaren ardura nabarmen bat ageri da; gizona da axolazko gauza bakarra; eta poesiak hortik kanpora ez du beste zereginik.

Baina gizonaren izateak ez du zentzurik; mundu honetan bizitzeak ez du arrazoirik; ez du ezerk ezertarako balio. Eta, horren ondorio bezala, eguneroko bizitza hau gozatzea eta mundu barru honetan irautea beste biderik ez zaio gelditzen gizonari.

Erabateko etsipen hau, gaurko gazterian gero eta gehiago zabalduz doana, gaurko poemagintzaren legea dela esan dezakegu. Etsipen honek ba du bere arrazoirik eta ondoriorik ere: egungo gizarte hau, moldatuta dagoen bezala, inolaz ere onhartu ezinezkoa da. Gizarteko egitura guztiak, bai politikoak, bai sozial eta bai erlijiosoak, erabat madarikagarriak dira. Gaurko gizonari, estruktura hoien aurka altxatzea eta behin betiko deuseztea beste biderik ez zaio geratzen.

Lehenik, beraz, gaurko poesia eta jaialdi hau berau ere bai, gure gizarte honen kritika bortitz eta sakona da, eta honen aurka altxatzeko deihadar bizi bat. Mugimendu hau, dudarik gabe, oso zabaldua aurkitzen da mundu guztian, eta bai eta ere gero eta gehiago Euskal Herrian, gazteen artean bereziki. Hots, orain arteko milaka urteetako kultura honen alboan eta beronen gaitzespen izugarrienarekin, minoria bat kontrakultura bat eraikitzen hasia da. Kontrakultura honen lehen aldia kultura zaharraren madarikatzea da, dudarik gabe; kritika negatiboa eta destruktiboa: gizonak ez du kultura zaharrak muntatu duen bizitzan zentzurik hartzen, eta bertatik ihes egin nahi luke.

Kultura berri honen aitzindari eta profetak, gaurko poetak lirateke. Zeren eta poetak baitira gizartearen mugimenduak beren haragian bizikien dastatzen dituztenak. Horregatik, poetaren lana beti ere gizartearen aurretik ibiltzea izan ohi da; gizarte horrek esplizitatu ezin dituen buruhausteak argitara emanez.

Baina, etsipen honen bidetik aurrerago joanik, zerbait gehiago ere esan behar dugu. Alde batetik, etsipena egungo estruktura guztiek sortzen dute, ideologia, dogma eta erlijio guztiek eta hoien artean noski Eliza katolikoak ere. Baina etsipen hau ez da mugatzen horretara bakarrik, zeren eta gaur berton sortzen eta indartzen ari diren mugimendu eta ekintza mota guztiek ere antzeko deskonfiantza sortzen baitute. Eta, horrela, egungo politika nahiz sozial ekintza guztien gaitzespen eta arbuiatzea datorke. Berriro ere betiko dogmatismo eta mitokerietan erortzeko beldurra ikusiko balitz bezala.

Ba dirudi, dagoeneko, politika eta sozial ekintzen argia ere itzaltzen hasia dela. Aspaldi galduak dira nazionalismo eta arrazismo kutsuko ideologiak, eta madarikaziorik gogorrenarekin abandonatuak gainera. Baina beste zenbait ideologia berri ere, sozialismo eta internazionalismo kutsukoak barne, jaio bezain agudo dogmakoikeriarik itsuenean erortzeko zorigaitza izan dutelako edo, gaur egun poliki poliki baina gero eta bortitzago deskonfiantzarik haundienarekin begiratzen hasiak gaude. Eta horrela, dudarik gabe, anarkiarik beldurgarrienaren bideetan behera abiatuak gara. Itsutasun hau, beraz, ez da poeta bat edo biren bisio iluna, baizik eta gaurko gazterian gero eta indartsuago zabalduz doan sentimendu bortitz bat.

Konkretuki Elizaren kasuan, honako hau ez genuke aipatu gabe utzi nahi —apaiz talde batek oraintsu egin berri duen gogoeta sakon baten honako ondorio hau, alegia: «Hasta ahora hemos mirado el Evangelio con una actitud de inmovilismo. La ruptura de la juventud actual se da con el pasado y se da en la familia con el padre y la madre. También se da la ruptura con la Iglesia-institución. Interpretando esta ruptura desde un sicoanálisis social, hoy vemos que se da una ruptura en el inconsciente colectivo del País Vasco, que se manifiesta contra la autoridad paterna de cuño jansenista y contra la solicitud maternal castradora de la Iglesia.

El fenómeno de la ruptura de la juventud con la Iglesia nos trae la nostalgia de las juventudes fervorosas, manifestadas masivamente a través de concentraciones religiosas, reflejo de un triunfalismo de matiz fascista. Sin duda alguna se ha dado entre nosotros un nacional-catolicismo».

Baina kritika honetan har dezagun beste bide bat. Gizona, hau besterik ez ote da gero? Gizonaren askatasun egarria etsipenean itotzea beste erremediorik ez ote da? Nahiz eta batbateko sentipenak honelakoak izan eta biziezina erabat latza, gizonak beti ere gorago jotzen du, erabateko askatasuna nahi du; gizonak gizon izan nahi du. Eta ez diote uzten. Horren soluzioa? Borroka egitea, denok elkartzea eta mundu berri baten bilatzera abiatzea.

Jaialdira bihurturik, bertan agertzen diren zenbait argiune bat batean ahanzturik eta zokoraturik gelditzen direla iruditzen zaiku. Adibidez, makinaren eta gizonaren arteko komedia hori jaialdiaren zentzu osotik erabat kanpora gelditzeko arriskua dago. Bestalde, benetan penagarria Arestiren poema ez borobiltzea; gizarte lotu eta langile baten soluziorik ez bilatzea edo agian bilatu nahi ere ez izatea. Egun Euskal Herrian ba da zenbait talde (eta agian Euskal Herriko indartsuenak eta jatorrenak) taldeko borrokan geroari begira lanean ari direnak: ikastolak, kultur taldeak, eta abar. Eta alde honetatik irtenbiderik gabe dago jaialdia; bere burua itotzen du.

Bukatzeko zenbait puntu:

- Giza preokupazio jator bat. Gizonaren muinera heldu nahia. Gizonaz eta bizitzaz arduratzea.

- Gizonaren ezinbiziaren kontzientzia eta etsipena.

- Mundu honen balioaren indartzea.

- Gizarteko oinharrien kritika zehatz eta garratza: politika, erlijioa (Eliza katolikoa) eta abar.

- Mundu berri eta hobeago bat osatzeko deia: lanerako, borrokarako, ekintzarako, elkartzerako deia. Kontrakultura.

- Elizari buruz, beronen zenbait dogma hertsiegiren kritika (bereziki moral aldetik).

HOLTZ


[Herriz herri]

Larrabetzua

Behin esan genduan legez,* Larrabetzuan hauzune haundi bi dagoz. Elkarte bana hauzune bakoitzean: Goiko-Elizalden «Anai-Etxe» izenarekin, eta Hurian «Hori-Bai» izenarekin. (Azken izen honi buruz zertxobait esango dot gero).

«Anai-Etxe» elkartea oraindik gaztea da; baina gaztetasun horren eskutik jarraitzen deutso lanari. Gazteria, dudarik gabe, inoiz baino batuago dago. Gaztetxoek euren alfabetatze taldea dabe. Gazteak beste bat prestatzen ari dira. Hauzune honetan, bolatoki zahar bat egon da aintzinatik. Eztabaida batzuk sortu badira ere, gazteek konpontzen dihardue; eta joko leku atsegingarri bat izango dala uste dogu. Bestalde, gazteek egontoki berezi bat dauke, eurek hornitua. Benetan nabari* da gizon gazte baten eskua.

«Hori-Bai» elkartea dala eta mintzatzen garenean, mila gauza daukaguz buruan. Zazpi urte haren gainean eta esannahi asko haren barruan. Niri, eta berdin beste batzuei, duda hau sortu jaku: «Hori-Bai» ala «Ori-Bai»? H letrarekin ala H gabe? Elkarte hau sortu zanean, ez zan ezagutzen H gure artean. Nik dinot: ORI, demostratibo bezala hartu behar da ala izen propio bat bezala? Zuk, irakurle, zer dinozu?

Elkarte honetan, alfabetatze talde bi ditugu lanean, bata gazteena eta bestea gaztetxoena. Berdin, beste talde bi erdaldunentzat.

Nonbaiten, zera irakurri dot: «Errealitateari ihes egiteko toki batzuk besterik ez ote dira gure elkarteak»? Elkarte baten helburua, esango deuskue, batasuna eta gazteria jator bat lortzea dala. Baina bakea, batasuna, maitasuna eta abar berba hutsak dira, herri ekintza batzuetan oinharritzen ez baditugu. Batasuna bai, baina zer batasun? Igande guztietako dantza tokikoa ala antzerki talde batekoa? Batasunak, ene ustez, errealitate baten barruan oinharriturik egon behar dau, memento bakoitzean herriko arazoei erantzuna, emateko prest.

Herriko hauzune bien artean, betidanik izan da burruka bat. Nortzuk gehiago? Huritarrak ala Goiko-Eleizaldetarrak? Nire ustez, batean eta bestean burruka giro hori ez da oraindik amaitu. Gutxiagotu egin da, baina ez garbitu. Gaurko gazteriak umekeria horreek alde batera utzi behar ditu. Ea, noizbait, funtsezko* elkartasun bat lortzen dogun!

Jaiak

Guk ere ba ditugu alaitasun egunak. Abustuko Andre Mariak dira Huriko jaiak, eta Emeteriak Goiko-Eleizaldekoak. Gazte talde batek atontzen* ditu, Udaletxearen* diru laguntzarekin. Jaien helburua, herritarren artean batasuna lortzea, eta batez ere gure kulturaren agerpen interesgarri bat erakustea. Nafarroako dantzak, kanta saioa eta liburu eta disko azoka izan ziren jai guztien oinharri. Azokan eta kanta saioan larrabetzutar jende gutxi ikusi genduan. Hurrengorako, giro hobea egongo dala pentsatu gura* dogu.

Hitzaldiak

Ikastaroaren hasieran eta ikastolako batzordeak eraturik, sei hitzaldi izan ditugu «Hori-Bai» elkartean. Haurrei buruz. Lege Berria, metodo berriak, ikastolaren betebeharra, eta abar. Herriaren erantzuna oso motela izan zan. Sei edo zortzi guraso eta hamar gazte inguru hitzaldi bakoitzean. Zergatik jokabide hotz hau herriaren aldetik? Gaur egunean, Larrabetzuan, jende gutxi dira, euskararen eta gure kulturaren arazoak ikusten dituenak. Eskerrak, gazte talde batek arazo horreei eutsi deutsela eta lanean ari dala.

 Oharra. Pello Errotaren Idiari erantzuna. Gorka Knörr kantaria esku programetan bakarrik agertu zan. Beste programa guztietan beste hirurak bakarrik ikusten ziren. Kanta saioko programa ofizialean ez zan G. Knörr agertzen. Bestalde, bertsolariak debekatuak izan ziren.

JOSE LUIS BARRENETXEA


Talde bizitzaren beharra

Orain arte esan genezake, ez dugula talde bizitzarik ezagutzen. Talde gutti izanen dira, elkarrekiko bizitza, lan berdintsua, jokabide berdinak dituztenak. Hau da, elkarturik egindako lan gutti ikusten dugu gaur egun.

Ez ote gara lan pertsonalak egiten gehiegi ari? Ez dut uste, ezer esan beharrik dagoenik, horrela egindako lan mota hoiek pertsonarengan obratzen duten desfaseari buruz.

Adibiderik argiena ikastola arloan gertatzen da. Egun,* ikastoletako arazorik handienetariko bat andereñoen desberdintasuna dugu. Batasun falta izugarria. Baina nola lor dezakete batasuna, lortzeko faktoreak praktikatzen ez badituzte?

Ez dauku inork ezeztatuko, ikastolaren barruan taldeko lanik ezer ere ez edo gutti bederen* ikusten dugula esaten badugu.

Egiten diren bilerak, oso beharrezkoak izaten dira gehienetan; eta esan genezake, bilera hoik* andereñoen bizitzaren euskarri* direla. Baina, bilera hoietarik at,* bakarkako edo pertsonal bizitza eramaten dute, eta bileretako frutua erraz galtzen da.

Beraz, andereñoen euskarritasuna bilera hoietan jartzea arriskugarri ikusten dugu.

Ez ote da hobe izanen, eguneroko bizitzak dituen alderdi guztiak —lana, jan garaiak, lo garaiak, dibertsio, lan-azterketa garaiak— denek taldeka eramatea, egunero ikastolatik irten- eta bakoitza bere etxera joanez, banakaturik bizitzea baino? Ez dut uste, langileak fabrika hartzen duen bezala, ikastola hartu behar dugunik.

Talde bizitza faktore bat izan daiteke, ikastolako zeregina zuzentasun batez eramaten lagunduko lukeena.

Irakaslea okerbidean badabil, orain ikaslea eta gero gure biharko herria ere era berean ibiliko da.

Irakasle asko nekaturik ikusten dugu, akituta,* betikotasun batetan erorita.* Eboluziona litekeenik, pentsatu ere egiten ez duen asko dago. Benetan pena handia izanen genuke, hamar bat urte daramaten eskola nazionaletako maisu zakar, axolagabe, ernegatu, pazientzi gabeko, zarata besterik ateratzen ez duten zenbaitzuen antzeko andereñoren batzuk* aurkituko bagenitu. Guzti hau estankamendu batetan eroritako irakasleen frutua dugu.

TELEIKOZULOKOEK


Euskara idatziaren zenbait akats

Artikulu sail honetan, euskara idatziaren problema batzuk* aztertuko ditut. Euskara idatziak, beste hizkuntza guztiek bezala, zailtasun batzuk ditu; guk, euskara erabiltzea nahi badugu, zailtasun horik* gainditzeko gai bihurtu behar dugu.

Edozein hizkuntza, ezer bada, mintzatzen den zerbait da. Haren egituratze guztia mintzagai izatean oinharritzen da. Baina gaur egun, kulturaren eraginagatik, idazkai ere bihurtu behar dugu, kulturaren trena hartu gura* badugu behintzat.

Eman dezagun, artikulu bat idatzi dugula. Zein da gure helburua? Irakurleari zerbait adieraztea. Hau da, irakurleak gure eritzia argi ikustea eta ulertzea. Beraz, idazterakoan, argi utzi behar dugu esaldi bakoitzaren esannahia.

Irakurle legez* ukan* dudan esperientzian, kasu berezi batzuetan ez dut ondo ulertu zenbait esaldiren esangura. Baina hau ez da jazo* nire erruz, EUSKARA IDATZIAREN erruz baizik; hau da, euskara idatzi hori gai izan ez delako, esaldia garbi azaltzeko.

Kasu hauk* hiru multzotan klasifikatu ditut, eta banan banan azalduko dauzkizuet.

1. Aktibo singular eta pasibo pluralaren artean sortzen den nahastea

Euskal deklinabidean, forma bera dute kasu biek.

PASIBO AKTIBO PASIBO

MUGAGABE SINGULAR PLURAL

 gizon gizonak gizonak

 izotz izotzak izotzak

 haitz haitzak haitzak

Adibidez, gizonak hitzak gauza bi adieraz ditzake: gizon batek edo gizon batzuk. Hori dela eta, batzuetan nahastea sor dakioke irakurleari.

Nahaste hau kasu bitan gerta daiteke:

a) Esaldi luzeetan ez da argi esannahia ikusten azken mementorarte, eta birritan irakurri behar izaten da. Adibidez:

- Gaurko gizonak, estatistikek erakusten duten arauera, orain dela ehun urteko gizonak baino gogorragoak dira.

- Gaurko gizonak, estatistikek erakusten duten arauera, orain dela ehun urteko gizonak baino gehiago. irakurtzen du.

Irakurlea dudan dago azken mementorarte. Zer ote da? Gizon batek? Gizon batzuk?

b) Esaldi berean aktibo singular eta pasibo plural batera badatoz, ezin daiteke jakin zein den aktiboa eta zein pasiboa. Adibidez:

 Izotzak haitzak apurtzen ditu.

Zerk zertzuk apurtzen ditu? Duda sortzen da, eta esannahia ez da argi ikusten.

2. A organikodun hitzen mugatasuna

Kasu honetan pasibo mugagabea eta pasibo mugatua berdin deklinatzen dira.

PASIBO PASIBO

MUGAGABEA MUGATUA

 problema problema

 zientzia zientzia

Adibidea: Problema gehiago aztertu gabe.

Hau irakurriz gero, gauza bi uler daitezke:

a) Problema konkretu bat gehiago aztertu gabe.

b) Beste problema batzuk aztertu gabe.

Bizkaieraz ez dago iluntasunik kasu honetan, problema + a = problemea egiten delako. Beraz, esaldi desberdin bi dira:

a) Problemea gehiago aztertu gabe.

b) Problema gehiago aztertu gabe.

3. Iraganeko esaldi erlatiboak

Hemen gertatzen dena, zera da: aditz nagusia eta aditz erlatiboa berdin idazten direnez gero, nahastea egon liteke bien artean. Adibidez: Mikelek egin zuen etxea, Josek erosi zuen, Ameriketatik etorri zen egunean.

 Zuen bi agertzen dira esangura desberdinekin. Esaldi hau presentean argi geratzen* da: Mikelek egin duen etxea, Josek erosi du, Ameriketatik etorri den egunean.

Baina iraganean* nahastea sor liteke, ez baitakigu zuen bakoitzaren esannahia, hau da, nagusi ala erlatibo den.

Zer egin?

Artikulu honetan aipatu baino ez dut egin problema. Ikusten den bezala, «zerbait» behar da, esaldi mota horik* argitzeko.

Hurrengo artikuluan, literaturan eman zaion erantzuna aztertuko dut.

Bitartean, hor dago. Eta, ene ustez, erantzun bat eman behar zaio. Inondik ere ezin dezakegu ostrukaren* jokoa egin. Burua lurpetik atera eta, zuzendu egin behar genuke problema.

J. R. ETXEBARRIA

dakioke, daitekio

dauzkizuet, deutsuedaz, dizkizuet

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

ditzake, daikez

zaio, jako


Zientziaren eragina gizartearen bilakaeran

Zientziaren aurrerapidean, beste gauza guztietan jazotzen* den berbera gertatzen da: hezitzeko baldintza berezi batzuk behar direla.

Zientzia, gizarteko prozesu dialektiko baten ondorio bezala izanik, gizartean sustraitzen da, eta honek gidatzen du, bere beharrak betearazteko.

XVI. mendean* hasten da batik* bat zientzia naturalen aurrerapidea; eta oso loturik aurkitzen da, orduko lur-deskubrimenduek ekarri zuten merkatalgoarekin.*

Erdi Haroan ere sortu ziren zenbait teoria eta zenbait aurrerapen; baina orduko jauntxoek ez zuten teoria eta aurrerapen hoik* praktikan ipintzeko interesik, oraindik laborantzak nahiko exzedente sortzen baitzuen.

Burgesiaren eragina haundituz doan arabera,* indar guztiak ahal den irabazirik haundiena lortzeko ipiniko dira, lana ahal den gehien razionalizatuko da, era honetara produkzioko kostuak ahalik ttipienak izan daitezen. X]X eta XX. mendeak izan dira, zientziek aurrerapen haundiena egin duten haroa. Mende hauetan, bultzada haundia hartzen dute matematikak, fisikak, kimikak, ekonomiak, politikak eta bestek.

Aurrerapide guztiaren helburua beti izan da, industria eta nekazaritzaren beharrak betetzea. Esate baterako, ba dirudi, sendagintza gizartearenganako maitasunez aurreratu dela; baina ez da horrela. Burgesiak esku-langile ugari behar zituen, alokairu* ttipiak ordaintzeko, eta ez zitzaion komeni gizonak hiltzen uztea; orduan sendagintza hobetu eta aurreratu beharrean aurkitu zen.

Elizak ere influentzia haundia izan du zientzien aurrerakuntzan. Baina kasu batzuetan influentzia hau negatiboa izan da, zientziak erakusten zuena Bibliaren kontra zegoela uste baitzen. Gogora Kopernikoren, Galileoren eta beste zenbaiten kasuak.

Bestalde, XVI eta XVII. mendeko errege absolutuak eta aristokrazia zientzien aurrerapidearen kontra zeuden. Burgesiaren etsaiak* zirelarik, ez zioten honi zientziak desarroilatzen utzi nahi, eta filosofia klasikoa, teologia eta halako gauzak faboratzen zituzten.

Behin burgesiak bere etsai guztiak menperatu zituenean, berari interesatzen zitzaizkion jakintzei bultzada handi bat eman zien; baina fabore hori ez zien eman, bera kritikatzen zuten jakintzei, batik bat ekonomia politikoari. Orduan matematikak, fisikak, kimikak eta bestek aurrerapen haundia egiten dute.

Halaz ere, jakintza hauk,* batez ere burgesia indartzeko direlarik, ez dira proletalgora nolanahi irixten.* Nahiz eta ikastetxe guztiak edo gehienak Estatuaren menpean egon, irakaskintza klasista da, irakasten diren gaiek eta ordaindu behar diren tasa ekonomikoek hori esijitzen dutelako. Horregatik, langile baten semea ezin daiteke Unibertsitatera joan. Berdin esan genezake herri kolonizatu bateko gazteez. Metropoliko mutil bati askoz ere errazago egiten zaio Unibertsitatera joatea, kolonizaturik dagoen herri bateko mutil bati baino, nahiz eta biek kondizio ekonomiko berdinak eduki. Koloniak diren herrietan oso zaila izaten baita Unibertsitaterik ipintzea.

B. BAKAIKOA


Erlijioa eta heziketa

Gauza bat irakurtzen edo ikusten dugunean, klasifikatzera goaz beti; eta hau edo bestea «errebisionista» dela esaten dugu, edo modako beste hitzen bat ezartzen diogu, eta kitto.

Zentzu kritikoa falta zaiku. Ez dugu pentsatzen: ados* nago honegatik edo horregatik, edo horrekin ez nator bat edo, teoria hori praktikan jartzeko, hau edo hura* egin beharko genuke, eta abar.

Hiruzpalau urtez gero, izugarrizko arazo bat sortu da gure gizarte, familia eta ikastolan: erlijio heziketa.*

Ene ustez, erlijio heziketaren zama* ikaragarria apaizen edo andereñoen bizkar gainera arinki jaurtiki ohi dute gurasoek sarritan.

Apaiz, andereño nahiz guraso, Jainkoaren herri gara. Denok osatzen dugu herri hori. Hau honela izanik, elkarri lagundu behar diogu, eta, nork bere ahalmenen neurrian, denok hezi behar dugu haurra, eta ez batek bakarrik. Baina nola?

Horretarako, geure burutik hasi beharrean gaude: nortasuna osatuz eta geure buruaz jabetuz. Sozial iraultzaz beste. bere iraultza pertsonala moldatu behar du bakoitzak. «Zuzenbidearen aldeko jokaera —bakerako nahitaezko baldintza— bake gogoa onhartzetik dator, eta injustiziazko ondorioak ekarriko lituzketen ekintzak ukatzetik».

Eta, orduan, eguneroko bizitzan dizdiratuko den geure sinesmenaren bitartez hezi ahal izango dugu haurra:

a) Elkar hizketaren bidez. Ez jakintsu bezala, ez hitz politekin. Bere kabuz* pentsa dezan lagundu behar diogu haurrari, haren biharko sinesmena benetakoa izan dadin eta ez sentimendu huts bat. Zentzu apologetiko batez iharduten badugu, ez gaitezen harri* gazteriaren krisiaz. Gizarte helduak berekoikeriaz eta teknikoki hezi ditu gazteak, eta ez gizatasun jatorrez. Erlijio arazoan, beraz, kristautasunaren funtsa* gaurko arazoetara egokitu behar dugu. Ez dauzkigute V. mendeko santuek balio, XX.ekoek baizik.

b) Ekintzaren bidez. Kultura ez da ez, gauza batzuk* jakitea, ekintza bat baizik. Geure fedeaz kontziente baldin bagara eta Ebanjelioaren egia bizitzen badugu, haurrak onhar* dezake gure esana. Ezin gaitezke inoiz gezurretan ibil, eta guttiago haurrarekin. Kristau erlijioa mito eta alienazio huts bat izatea nahi ez badugu, geure bizitza besteren zerbitzura eskaini beharko dugu. Kristauaren bizitza albokoaren alde lan egitea da: bake, askatasun eta justiziaren alde burrukatzea. Familian nahiz ikastolan hauxe izan behar litzateke, haurrak ikusi beharko lukeena.

Erromako azken sinodoak honela dio: «Kristau heziketa besterekiko maitasunaren heziketa da, hots, giza eskubideen bilaketa praktikoa». Hau ez da teoria bat, praxi bat baizik, eguneroko memento guztietan geure aurrean dadukaguna.

Elizak maisuak ditu...; baina ene nahia izanen litzateke, bakoitzak, hau irakurri ondoren, pentsa lezala: Zer egin dezaket? Bide gehiagorik ba ote?

X. PORTU

dauzkigute, deuskuez, dizkigute

dezake, daike

dezaket, daiket

dezan, daian

diogu, deutsagu

gaude, gagoz

lezala, leiala

lituzkete, leukeez

zaiku, jaku, zaigu


Euskara Amerikako Estatu Elkartuetan

Euskaltzaleen artean ongi ezaguna da, euskarazko eskutitzak idazteko nire zaletasun haundia. Lehenago, Buenos Airesko hiri ederrean urte oro egiten zen euskal eskutitzen norgehiagoketan, sarritan gelditu izan naiz txapeldun. Gaur egun ere, urteetan aurreratua naizen arren —datorren urteko ekainean* hirurogei eta hamabost urte beteko ditut—, ez dut utzi euskarazko idazkiak neure euskaldun adiskide maiteei bidaltzen; eta atseginik haundienarekin hartzen ditut, bai Euskal Herrian eta bai atzerrietan bizi diren euskaldunek euskaraz eginak. Idazki hauen bitartez, Euskal Herritik urrun bizi arren, euskaldunen artean —batez ere kultur arloan— zer gertatzen den jakiten dut. Oroz* gainetik, estimu haunditan dadukat, euskaldun gazteak gure euskara maitearen alde egiten ari diren lana.

Egun gutti dela, Amerikako Estatu Elkartuetatik, euskaraz ederki egindako eskutitz mamitsu eta luze bat heldu zait. Nire irakurle maiteok, jakin nahi duzue nondik? Idaho izena duen lurraldean datzan* Boise izeneko hiritik.

Eskutitz honen egilea, Miren Edurne Rementeria deritzan andereño gaztea da. Baionan agertzen den HERRIA deitutako astekariak ekarri du haren argazki polita, 1.134. zenbakian, 1972.eko apirilaren 27koan. Amerikan jaioa, bere guraso biak Bizkaiko euskaldun jatorrak ditu, eta etxean bere gurasoengandik ikasi du euskara. Ba da hauxe eredu ederra, beren haurrei aberri hizkuntza irakasten ez dieten euskaldun zabar askorentzat. Mirenek aurtengo udatea* Euskal Herrian iragan* zuen, eta Uztaritzen egiten zen euskal ikastaroan parte hartu zuen. Eta orain berriz ere bere etxean dago, eta hango Ikastetxe Nagusian euskara irakasten ari da.

Idazten didanez, Boisen bertan, bai eta ere hango lurraldean, euskaldun asko bizi dira, gehienak Bizkaian sortuak eta abertzale on onak. Eginahala egiten dute euskal hizkuntza eta kulturaren onerako.

Idaho izeneko lurraldearen hauzokoa den Nevadako Estatuan ere, euskaldun ugari aurkitzen dugu, batez ere Reno izena duen hiriburuan. Hango Ikastetxe Nagusian ere euskara irakasten da, Jon Bilbao euskal idazle ospetsua irakasle delarik. Han agertzen den «Newsletter» deitutako aldizkaria inglesez idatzia dago, baina euskarari eta euskal kulturari dagozkien berriak ekartzen ditu. Inglesezko artikuluez gainera, euskarazko bertsoak ere irakur ditzakegu bertan. Hemen daduzkadan zenbakietan, Nafarroako Luzaide* herrian sortua eta Californiako Pomonan bizi den Juan Cruz Arrosagaraik ondutako olerkiak agertzen dira. Haren bertsoak irakurtzean, oso olerkari trebea dela ikusten dugu, bere aberritik hain urrun bizi arren.

Nire euskarazko lerro xume hauk* irakurriko dituzten Amerikako euskaldun zintzo guztiei, agurrik bizienak bidaltzen dizkiet.

NORBERTO TAUER (Praga)

daduzkat, daukadaz, dauzkat

diete, deutsee

dit, deust, daut

ditzakegu, daikeguz

dizkiet, deutsedaz

zait, jat


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Gomendiozko zerbait

Txikitan, noizik behin, haien bila joatearren, eskolara piper egin duen edozeinek ba daki —eta ume onegia zelako, inoiz piperrik egin ez duenak hortxe du Beobideren Gauza Harrigarriak sorta ilustragarria— bai, ba daki nolakoa izaten den igelaren* kumea. Izan ere, piztiatxo beltx hau Euskal Herriko ur, aintzira*, erreka, putzu, esne botila eta ume mukizuen* sudur zikinetan bizi izaten da, eta izen ugariz ezaguna dugu: zapaburua, bilinbolua, txalburua, apotxali, e. a. Guk geuk, bat hautatu behar eta, zapaburua hartu dugu hain zuzen ere, berau Bizkai osoan —Bai Bilboko erdaldunen artean ere— eta Gipuzkoako toki batzuetan guztiz zabaldurik dagoelako. Zapaburua, beraz.

Beharbada, hainbestek ez dakitena hauxe dateke*, hots*, Euskal Herrian A. Irigoien, J. Mirande eta Tx. Peillenen ardurapean IGELA izenaz umorezko aldizkaritxo bat atera izan zela denbora batetan, zoritxarrez bizitza laburrekoa izan zena, agian* igelak harrapatzeko sasoia ustekabean etorri zitzaiolako; eta, noski, hura* euskaldun heterodoxoen kaltetan gertatu zen.

Alde batetik, euskaldunok biziki tradizionalista —edo nahiago baduzue, retour aux sources delakoagatik, legezaharzale— garenez gero, eta bestetik, sobietarren Krokodil, frantsesen Le canard enchîné eta gaztelauen La Codorniz eta Hermano Lobo direlakoekin umorezko parke zoologiko bat egiteko ahalegin komun honetan —Europa Batua datorrela eta—, euskaldunok ere geure laguntasuntxoa emateko, zer egokiagorik lehengo IGEL kantari eta jator haren kume den zapaburu hau bezalako izena ipintzea bera baino? Gainera, Rodríguez de la Fuente jaunaren eritziz (Oinatiko txantxikuak lekuko), bertoko faunako espezimen pitxi geure geurea dugu berau. Beraz, teilatuko biolinista juduaren arauera, tradition! hemen ere.

Ez da inor harrituko, noski, euskaldun Rh-dunen aldizkaria dela irakurtzean, zeren* egiazko euskaldunak, bene benetako euskalduna izateko, deituraz, xapelaz, Ameriketako osabaz, anaia fraide edo arreba seroraz,* gramatikalari izateko tentazioaz eta Dionysos eta Orpheoren adoratzaile izateaz gainera, Rh (positibo edo negatibo) bat eduki behar baitu. Ondorioz: «h gaberik ez dago euskaldunik».

Baten batek bere buruari, minibatrazio hau zertara datorren galde egin diezakeo. Bistan dago, euskaldunok aspaldi honetan sobera dugun eta inondik ere behar ez dugun umorea ekartzera. ZAPABURUA, h-dun umorea ontzat hartzen duzuen euskaldun guztioi eskainia da; eta aldez aurretik eskertzen du, zuengandik hartuko duela uste duen laguntasuna, txisteak eta kontu barregarriak bidaliko dizkiozuelakoan.

Gure Herriko erreka garbi, usaintsu eta kutsugabeetatik zehar igerian —gure zapaburua paperfabrika guztien kontra ongi eztitu* eta xertaturik* dago eta— euskaldun jendearen ezpainetan irritxo bana mereziko...

(Oharra: Hauxe duzu, irakurle, IGELAk, haren ama guztiz zaharrak egindako hitzaurrearen zati kontserbatua. Gaixoak ez zuen bukatu, Busca Isusik eta Arrue jaunak egindako gastronomi xapelketa batetan ongi frijiturik, hila, jana eta zerura —igelen zerura, jakina— joana izan zelako. G. B. Familiak ez du bisitarik hartzen).


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

Konfirmatu gabeko zurrumurruak

Gehienetan ongi informaturik egoten diren iturrietatik, azken orduan, gure idazkaritzara ondorengo berriok heldu dira:

«El Lute» Euskal Herritik omen dabila. Diotenetik, Bilbo aldean ikusi dute bizikletan lagun batzuek. Kontuz, beraz!

Baionako alkateak —turistak gehiago erakartzeko edo— bertako kathedraleko gose grebak* Côte Basque-ko typismo programmetan ipintzeko asmoa omen du.

Gabonetako bileran, horretarako dagoen batzordeak euskal aditzaren batasuna lortuko omen du.

Nonbaiteko ikastolako haurrak gose greba batez hasi dira, beren guraso, zuzendari eta irakasleen buru eskasa ikusita.

(Armendaritz)


Zapaburua. Euskaldun Rh-dunen umore orria

[Binetak]


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ADIN, edade.

ADOS, conforme.

AGIAN, beharbada, nonbait ere.

AHOZKATU, pronunciado.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AINTZIRA, pantano, laguna.

AITZINDARI, pionero, precursor.

AKITU, nekatu, unhatu.

ALAI, alegrarse.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU, aloger, salario, jornal.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARRASATE, Mondragoe.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATONDU, antolatu, eratu.

ATUNZALE, barco atunero.

BAHITU, secuestrado.

BAHITZE, secuestrar.

BARIK, gabe.

BARRUAN, abordo.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behinik behin, behintzat, gutienez.

BERMATU, saiatu, entseiatu.

BERTSU, casi idéntico.

BESTE, inor.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está. (Etzan aditzaren forma).

DAUDEKE, dagokez, dagoz nonbait.

DEITURA, apellido, nom de famille.

DENDATU, intentado, probado.

DEUS, ezer.

DEUSEZTU, deuseztatu, ezereztu.

DOHAN, doharik, dohainik, urririk, gratis.

EGUN, gaur.

EHIZA, caza, chasse.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKIN, ocuparse, insistir. (Ekin aditza, jarraitu aditzaren antzera, intrantsitiboa da klasikoentzat. Orain zer da, trantsitiboa ala intrantsitiboa? Norbaitek ekingo balio ala norbait ekingo balitzaio?

ENTSEIATU, saiatu, bermatu.

ERA, oportunidad.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERI, gaixo.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

EROSOTASUN, comodidad, confort.

ERREPIKATZE, repetir.

ERRESUMA, erreinu, Estatu.

ETSAI, arerio, enemigo, contrario.

ETSI, rendirse, resignarse, conformarse.

ETSIPEN, resignación, conformismo.

EURREZ, abundantemente. (Ene ustez, euskara batuan Bizkaiko eurrez erabili behar litzateke, eta ez erruz, azken hitz honek beste zentzu bat ere ba du eta).

EUSKARRI, sostengu.

EUSTAILE, eusle, sostengatzaile.

EUSTE, sostener, apoyar.

EZABATU, hondatu, destruido.

EZTITU, xertatu, vacunado, vacciné.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, sustancia, fondo.

GAL, perder.

GERATZE, gelditze.

GIBEL, atze.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GREBA, huelga.

GURA, nahi, gogo.

GURPIL, burpil, rueda, roue.

HA, hura.

HALABER, igualmente, así mismo.

HARRI, estona, admirar, étonner.

HASIKIN, primicia, embrión.

HASTAPEN, principio, origen.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAPEN, opción.

HAUTATU, hautatutako, hautaturiko, hautaturikako.

HAZIL, noviembre.

HEDADURA, extensión, dimensión.

HEDATU, zabaldu.

HEZIKETA, educación.

HITXI, hetsi, hertsi, cerrado, fermé.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORIK, hoik, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

IGEL, rana, grenouille.

IGURIKATZE, itxarote.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRITXI, heldu, ailegatu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITAUNDU, galdetu.

ITZAL, sombra, dignidad.

ITZARRI, itzartu, esnatu. (IRATZARRI, itzar erazi, esna erazi).

JARAMON, kasu.

JARKI, resistir, oponerse.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, soportar, aguantar.

JAZO, gertatu.

KABU, buru, iniciativa. (Caput = cabeza, tête).

KAI, muelle, quai.

KAZETARI, periodista, journaliste.

KINKA, kenka, periodo crítico.

KONPROMISU, engaiamendu.

KOROSTE, parte delantera exterior del barco.

LABORARI, labrador.

LARRI, grave.

LEGEZ, lez, bezala.

LEGUNTZE, leuntze, biguntze.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LEKUKO, testigu.

LENGOAIA, lenguaje.

LUZAIDE, Nafarroako Valcarlos.

MAIZ, sarri.

MENDE, siglo.

MENDEBAL, occidente, Oeste.

MERKATALGO, comercio.

MERKATALUNTZI, barco mercante.

MUKIZU, mocoso, morveux.

NABARI, evidente, notorio, patente; advertir, notar, percibir.

NEGUTE, temporada de invierno.

OMEN, ei.

ONHAR, aceptar.

ONURAGARRI, mesedegarri.

ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).

ORO, guzti.

OROBAT, berdin.

ORTUTSIK, oinhutsik.

OSTRUKA, avestruz, autruche.

SAILEAN, sin interrupción y con abundancia.

SERORA, sor, monja.

SINETSIRIK EGON, estar convencido.

TANKERA, estilo.

UDALETXE, Herriko Etxe.

UDATE, temporada de verano.

UHARTE, isla.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNTZI, barco. (ONTZI, vaso, recipiente).

UZTA, cosecha, récolte.

XEDE, helburu.

XERTATU, eztitu, vacunado, vacciné.

ZAMA, karga.

ZERBI, zerbitza, servir.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERITZON, erizten zion.

ZURTURIK, harriturik.

ZUTABE, pilar, sostén, apoyo.

ZUZPERTZAILE, reanimador, vitalizador.

ZUZPERTZE, reanimar, vitalizar.


Heziketa askatzailea

Kontzientzia kritikoa (2)

Kontzientzia kritikoa deskribatzeari jarraituz, hona hemen beste zenbait karakteristika:

g) Zentzu kritikodunak elkar hizketa gehiago praktikatzen du polemika baino. Elkar hizketa honek gizonenganako konfidantza eskatuko dio. Edonor kreatzaile eta birkreatzaile izan daitekeen konfidantza osoa. Gizona gero eta libreago izatea guti batzuen pribilejioa ez dela sinetsirik* egotea.

h) Arrazoinketak gehiago agintzen du sentimenduak baino. Zentzu kritikodunak arrazoinketa zorrotzagoa darabil.

i) Goitik beherako inposiziorik ez du onhartzen. Arrazoindu gabeko agindurik ez du bete nahi. Esku hartu nahi du.

j) Herriko jende xehearengan, karrerarik gabeko gizonarengan, langilearengan eta langilegoarengan ba du konfidantza. Baseko mugimenduetan oinharritzen du etorkizuna. Freirek honela dio:

«Transformazio inportanteenak herriaren erabakiari esker hartzen diren garaira, oraino iritxi* gabe ginen. Baina ba genekien, bidea nondik zihoan, kritikaren argia baino bihozkadaren iluna gehiago erabiltzen ez bagenuen behintzat».

Guzti honen ondorioz, gizon radikala sortzen da, beste etapetan gizon sektarioa eta fanatikoa sortzen ziren bezala.

Nor da gizon radikala? Behin egin duen hautapenari,* gero eta argiago eta sakonkiago heltzen diona. Zentzuz eta afektibitatez, apaltasunez eta elkar hizketaz jokatzen duena. Besteren* alde, zapalduaren alde bizia emateko gertu dagoena. Ordena eta sistema guztiak erlatibizatuz, konpromisua* absolutizatzen duena. Eta, beste gauza guztien gainetik, pertsona askatu nahi duena. Marxek berak dio: «Radikal izatea, gauzak orpotik hartzea da. Eta gizonaren orpoa, gizona bera da».

Gizona konprometitu egin beharrean akomodatu egiten denean. masifikatua gelditzen da. Kontzientzia postprimariotik kontzientzia kritikora behar bezala pasatzen ez denean, fanatismoan erortzen* da. Bide markatuak nahi ditu gizon akoplatuak. Erregelak eta normak eta konsignak eta errezetak eskatzen ditu. Hautatzea baino esana egitea atseginago du. Ez dabil bera. Bestek* erabiltzen du. Ez da NOR.

Gizonari zentzu edo kontzientzia kritiko hori ematea da heziketa* askatzailearen helburua, hots,* pertsonagintza egitea, gizonari NOR izaten laguntzea, gizatasuna gero eta gehiago espezifikatzea, kontzientzi maila goratzea, arrazoinketa zorroztea, zentzu kritikoa desarroilatzea, giza ahalmenak potentziatzea.

«Gure heziketak gizona lozorrotik atera behar zuen. Egiaren bila, entzule, galdegile, bilatzaile egin behar zuen... Mentalitate hitxiak* ugaritzen direnean, demokraziak ez du aurrerabiderik. Demokrazia aurrera ateratzeko, jarrera* kritikoa behar da hartu bizitzaren aurrean. Egunkariek ematen dutena, irratiak eta telebistak ematen dutena, propagandak presentatzen duena bestegabe sinesten duen herriak, bere burua galdu du, minoria batzuen eskutan erori* da» (P. Freirek liburu berean).

Eta Euskal Herrian zer? Hemen zentzu kritikoaren jabe egin garela esango duenik ez dela izango uste dut. Horretaraino ez gara itsutu! Gure arteko jokabideak eta eztabaidak ikustea aski* da. Bistan da, oraindik oso primarioan eta postprimarioan gaudela. Horren zergatikoak kontsideratzea, lan ederra izango litzateke. Nik hemen bi hitz esango dut bakarrik.

1) Beste behin esan nuen beste haren hura. Alegia,* dominatzaileen ideiak direla ideia dominanteak. Ekonomiaren eta agintearen indarra bere esku duen sistemak, ezin dezake, kontzientzia kritikoa landuko duen heziketa eman. Ez eman eta ez permiti. Hori, bere buruari harrika egitea izango litzateke. Pribilejioei iraun arazteko, herriari haurtzaroan eutsi behar zaio.

Eta haurtzaro hori ez da herri primitiboetan eta diktadura klasikoetan bakarrik ematen. Herri superteknifikatuetan eta demokrazia formalezkoetan ere bai, H. Marcusek etengabe oroitarazten digun bezala.

Gaur egun hezitzaile batek egin dezakeen bekaturik larriena* zera da, jendeari galdetzen eta pentsatzen irakastea, gauzez eta gertakariez zentzu kritikoa hartzen laguntzea, kausen eta ondorioen arteko lokarria ongi ikusten laguntzea. Horrelakorik ez du sistemak onhartuko.

E. G. B. delakoaren Lege Berria, bostgarren zeruko aingerutegiko berriztasunez da bakarrik berria. Errealitate politikoa, ekonomikoa, soziala, kulturala, erlijiosoa, etnikoa kontuan ez dituen heziketa, lehengoaren anaia siamesa izango da beti, nahiz eta aurpegia beste pintura batez pintatua eraman.

2) P. Freirek ezartzen duen oinharriko printzipioa hau da: zapalduak berak egin behar duela heziketa askatzailea. Zapaldua ez da, bestek* askatu behar duen zerbait, bere burua askatu behar duen norbait baizik.

Gaur egun zenbait jende gazte hasia da gure artean, heziketari eta pedagogiari leku berezi bat ematen. Ba zen ordua. Hemen behar latza nabari* da. Uste izan dugu, gai honetaz hitz egitea haurtzainei eta eskolei bakarrik dagokien zerbait dela. Eskoletara mugatu dugu lan hori: andereño eta maisuen lana delakoan egon gara. Eta, bitartean, buru-belarri politikan murgildu direnek, ez dute heziketa askatzailearen beharrik ikusi.

Interesgarria litzateke, honetara, gure Herriko mugimendu eta organizazio bakoitzaren jokabide eta orriak ikusi eta, zein kontzientzi mailatan aurkitzen diren jakitea. Norbaitek lan horri ekingo* balio...

Euskaldun kulturgintza ez da egiazkoa izango, eta politikagintza ere ez, kontzientziaren etapok gogoan hartzen ez badira. Kultura, eta euskal kultura bera ere, kontzientzi prozesuaren gurpilean* eman beharko da, heziketa askatzailea egin nahi bada.

EUSEBIO OSA

balio, baleutso

dezake, daike

digu, deusku, dauku

dio, deutso

dio, dino

gaude, gagoz

zaio, jako

zihoan, joian