ANAITASUNA

242. zenb.

1972.eko Urriaren 30ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari ordezko: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Nora naramazue?

X. Gereñoren liburu berria

Donostiako LUR editorialak Xabier Gereño gure idazkidearen liburu berri bat eskaini derauku irail* honetan bere Kriselu sortan. Titulua Nora naramazue du eta 107 orrialdez horniturik dator, astia ukanez gero, arratsalde batez ederki irakurtzeko gisakoa.*

Gereñok, duen euskara errax erraxean, gaurko gizarteko askatasun eta nortasuna galtzeko problemarik nabarienak* erakusten derauzkigu karikatur antzean, nolabait Aldous Huxleyren Bai mundu berria hartan bezala. Prosa arina, elkar hizketa askoduna, aise* ulertzeko modukoa da liburu honena. Azala, politta eta estrainio xamarra, LURen guztiak bezala, R. Corazón-ena da. Bihoazkio gure zorionak Xabierri.

(X. K.)


Txeko batekin elkar hizketan

Txeko bat ezagutzeko aukera izan dut. Gazte unibertsitaria bera. Nola dago antolatuta bizitza, komunist Estatu batetan? Aintzinatik eduki dut, hori ezagutzeko gogoa; eta, nahiz eta hobe izan horrelako nazio batetara bidaje bat egitea eta hango gauzak pertsonalki ezagutzea, hori egin ezean, hona non etortzen zaitan zerbait jakiteko posibletasuna. Eta hasten naiz galdeka:

— Neskatila eta mutil bat, elkar ezagutu ondoren, ezkontzera doaz. Zer egiten dute? Nola daude sexu harremanak?

— Gazte bat libre da, nahi duenarekin ezkontzeko; bai eta desezkontzeko edo dibortziatzeko ere. Prostituzioa debekatuta dago; baina praktikatu egiten da, batez ere turismo tokietan. Abortua legeak onhartzen du. Medikamendu antikontzeptiboak, medikuaren baimenarekin lortzen dira.

— Eman dezagun, aipatu gazteok ezkondu egin direla. Familia aurrera eroateko,* lan egin behar dute. Nola lortzen dute lana? Zenbat irabazten?

— Lana, zuenean bezala bilatzen da: egunkarietako anuntzioen bidez, adiskideei berba eginez eta Estatuak horretarako eratu dituen bulego* berezien bitartez. Pioi batek, pezetatan, 8.000/11.000 irabazten du hilabetero. Bulegolari batek 13.000/18.000. Langile espezializatu batek 18.000/25.000. Kamioi txofer batek 20.000/30.000. Inginadoreek 30.000/40.000. Maisuek 15.000/22.000. Unibertsitate irakasle batek 30.000/40.000. Estatuaren funtzionari nagusiek 170.000/300.000. Posturik gorenak, gehienetan, komunist alderdikoentzat izaten dira.

— Noraino eraman da nazionalizazioa?

— Hori, gauza desberdina da komunist Estatu bakoitzean. Liberalenak, hau da, propietate pribatua gehien onhartzen dutenak, ekialdeko* Alemania eta Polonia dira. Gero, Txekoslovakia dator. Txekoslovakian dena da Estatuarena, barberiak barne.* Pribatuak, baserri eta granja batzuk bakarrik dira; baina jeneralean hauk* ere kolektibizatuta daude.

— Goazen aurrera, gorago aipatu dugun bikotearekin. Ezkondu dira, aurkitu dute lana. Baina nora doaz bizitzera? Non aurki* etxea?

— Bizilekua modu bitara lor dezakezu: erosiz edo alokatuz.* Etxeak Estatuak eraikitzen ditu; halaber* fabrikak eta kooperatibak. Hori, hemen bezalaxe da; baina ez dago sozietate pribaturik, debekatuta dago eta.

— Iragan* dira urteak eta gure bikotea zahartu egin da. Nola daude jubilazio pentsioak?

— Zahartzarorako pentsioak daude, urteen, lansarien eta lan egindako denboraren erabera.* Baina ez da asko, ematen dutena. Pentsioak eskasak dira.

— Politika eta soziologi aldetik, nola ikusten duzu Txekoslovakia?

— Alderdi politiko hauk daude: Komunista, Sozialista, Popularra (kristau demokraziaren antzekoa), Eslovakiar Berbizkundekoa eta Eslovakiar Demokratikoa. Gobernuan, ministerio garrantzitsuenak komunisten eskuetan daude; eta beste alderdietakoentzat Sanitateko ministerioa, Postakoa,* Transportekoa eta abar izaten dira. Elekzioetan, komunistek % 99 boto ateratzen dute; eta honek argiro adierazten du, elekzioak ez direla garbiak.

Erlijioaren aldetik, 30 bat konfesio daude autorizatuak (Jehovaren Testiguak debekatuta daude), eta juduek hainbat sinagoga dute. Fraile eta monja komentu guti dago. Monjek, serorek,* jeneralean, hospitaletan lan egiten dute. Eliza asko dago zabalik, eta jendea eurrez* joaten da. Apaizek, gehienetan, ez dute elizatik kanpo lan egiten.

— Goazen orain hizkuntzara eta kulturara.

— Txekoslovakian 14.000.000 pertsona bizi dira. Hauetarik erdiak baino gehiago txekoak dira; besteak, eslovakoak eta 50.000 inguru sudeteak. (Azken gerra aurretik, sudeteak 4 milioi ziren; baina mendebaldeko* Alemaniara joan behar izan zuten).

— Txeko hizkuntza eta eslovakoa, oso desberdinak ote dira?

— Ez. Eman dezagun, bata bizkaiera dela eta bestea gipuzkera. Ez dago desberdintasun handiagorik. Txekoz argitaratzen da gehiago. Eslovakoek txekoz irakurtzen dakite, baina ez alderantziz. Txekoak alferragoak dira, besteena ikasteko.

— Zergatik ez duzue hizkuntzen batasuna egiten?

— Hori ezina da, Eslovakiak nortasun handia duelako. Adibidez, har ezazu Suezia eta Noruegaren kasua. 1820 edo 1830. urterarte, dena zen Suezia eta dena egiten zen Sueziako hizkuntzan. Baina, Noruegak askatasuna lortu zuenean, ordurarte sueziar hizkuntzaren dialekto bat zen noruegarra, hizkuntza ofiziala bihurtu zen. Eslovakiako literatura oso gaztea da: XIX. mendean du hasiera.

— Zein hizkuntzatan egiten dira ikasketak?

— Eslovakian eslovakoz eta Bohemian txekoz. Baina elkarren hizkuntza ezagutzen irakasten zaie ikasleei.

— Nolako tiradak dituzte liburuek?

— Normala da 15.000 ale argitaratzea; baina ba daude 300 milatara heldu diren edizioak ere.

— Ba dago zentsurarik?

— Bai, eta oso gogorra.

— Azken galdera bat. Zuk sistema biak ezagutzen dituzu, kapitalista eta komunista. Zertan da, zure ustez, bata bestearen nagusi?

— Kapitalismoak hau du, komunismoak ez duena: gizonaren hainbat eskubide errespetatzen dira, gizonaren bizitza intelektuala libreagoa da (Europako demokrazia libreez mintzatzen naiz, eta ez Portugalekoaz). Komunistek hau dute ona: Seguritate sozial sistema oso bat. Gizonak ez du bere burua umezurtz sentitzen; eta ezbehar batetan ba du nora joan, laguntza eske. Aparte utzi dut Portugal; honek eta beronen antzekoek sistema bien akatsak dituzte.

***

Hau izan da, txeko horrekin egin dudan elkar hizketa. Leialki berba egin duela uste dut. Baina, gai hau hain garrantzi handikoa izanik, aitortu egin behar dut, ez dela niretzat azken hitza izan. Gehiago jakin nahi nuke nola bizi den jendea komunist Estatu batean. Beharbada, gure artean ezagutzen ez diren gauza onak edukiko dituzte; eta beharbada, gauza okerrak ere bai.

Nik ez dakit posible izango ote den, mundu honetan zuzentasun osoa lortzea, pertsonei zoriona ematea. Baina, ahal dela, horretan saiatu behar gara. Ez dugu ahanztu behar, gizonak parte bi dituela, bata fisikoa eta bestea goragokoa. Alderdi bi horiei erantzun egoki bat ematean datza,* ene ustez, problema honen soluzioa.

Txeko honek esan dautanez, sistema kapitalistan gizonak intelektualki libreago sentitzen du bere burua, eta komunistan segurantza handiagoa du ekonomi arloan. Behar fisikoa eta behar espirituala. Nola hel,* biak asetzera? Horra hor kakoa.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

daut, deust, dit

dezagun, daigun

dezakezu, daikezu

ezazu, eizu

zaie, jake

zait, jat


Bortizkeria eta zapalkuntza

Azken garai hauetan Uruguayetik datozen berriek, tupamaroen mugimendua hiltzeko zorian dagoela frogatu* nahi daukute. Beste bidez datozen berriek diotenez, ordea, tupamaroek U. P. I. agentzia informatzailearen lehendakaria sekuestratu egin zuten, eta «herri gartzelak» bisitatzera eraman. Gartzela hauetan «terroristek» beren presoei ematen dieten tratua ikus erazi ondoren, askatu egin zuten.

Ez zaiku hori, beherantz doan mugimendu batek egin dezakeen eginkaria* iruditzen. Aitzitik,* Hego Amerikan hain general den errepresio maila harrigarriaren pean burrukatzen duen talde politiko baten lana iruditzen zaiku. Errepresioak Uruguayen lortu duen mailaren lekuko,* duela zenbait egun Pariseko «Le Monde» egunkarian Sophie Vidal Martin-ek egindako artikulu baten laburpena emanen dugu. Egileak berak dioenez, artikuluan erabilitako datoak Parlamentutik jalgiak* dira, eta, beraz, gobernuarenak.

«Guregana ailegatu diren berri ugariak, gartzeletan ematen den tratu pairagaitz* eta inhumanoaz mintzatzen zaizkigu. Ez gara bakarrik, publikoki azaldu ondoren gezurtatuak izan ez diren berriez ari, inolako dudarik ez dutenez baizik. Geure ministerioaren izenean eta gizon guztien zerbitzuan, ezin gorde dezakegu isilean, heriotze, tortura, gartzela eta tratu txarrak Jainkoaren irudira eta antzera sortua izan den gizonaren dinitatearen ukatze osoa direla». Hitz hauk,* Monseinore Carlos Partelli Montevideoko artzapezpikuaren zuzendaritzapean biltzen den Gotzain Konferentziaren agiritik datoz.

Errepresioak ez du Uruguayen indarrik galdu, Juan Maria Bordaberry jauna boterera igo zenez gero; eta, beraz, gaurko egoera endelegatzeko,* begira dezagun atzera.

Bizitzaren kostua, 1963.etik 1967era, % 556,9 igo da. 1963.ean dolar batek 11 peso balio zuen, 1967.eko urrian 99, 1968.eko apirilean 250, 1972.eko martxoan 500, eta apirilean 800. Berrogeitazortzi hilabetez izan zen lehendakari M. Pacheco; eta, hamar hilabetez salbu, «segurantzazko neurriak» erabili zituen, Parlamentuaren eritziaren kontra. Hamaika egunkari galerazi dira, bost estudiante hil, 20.000 langile eta funtzionario baino gehiago militarizatuak edo gartzelatuak.

Uruguayen, biolentzia ez dute tupamaroek asmatu. Lehenagokoa da, eta orduko eragile nagusiek oraindik biziro dihardute. Urte betean (1970.etik 1971.era) eskuin eskuineko taldeen atentatuak ia 200 izan dira, eta, noski, ezkerreko frontekoei zuzendu zaizkie. Biolentzia honi erantzutea da tupamaroen eginkizuna, eta eginkizun honen kontra zuzentzen da gobernuaren errepresio indarra. Detenituak eta torturatuak ugarituz doaz. Hilak ere bai. Errepresio honen laguntzaile, eskuineko talde fazistak dira (adibidez, «Escuadrón de la Muerte», «Comando Caza-Tupamaros») eta, noski, erakunde* atzerritarrak, hala nola USAko CIA eta Argentinako «Servicio de Información Argentino» delakoa.

Baina gobernuak erabiltzen duen indar itsu eta krudel hori, ez ahal da gobernuaren beraren ahuleziaren* seinale? «Hego Amerikako Suiza» deitzen duten herri honen egoera larria, ez ahal da gobernuaren estrukturen moldagaiztasunaren* seinale? Nola esplika, bestela, «itaunketen* gogorkeriaren eta zorroztasunaren» alde mintzatzen den lehendakariaren jokaera? Nola esplika, «informazioak» era honetan «lortzen» dituen gobernuaren egoera?

AINHOA

diete, deutsee

diote, dinoe

zaiku, jaku, zaigu

zaizkie, jakez 

zaizkigu, jakuz

dezagun, daigun

dezake, daike

dezakegu, daikegu

daukute, deuskue, digute


Euskaldungoa

«Larreko» idazleari omenaldia Auritzen

Irailaren* 10ean, Auritz (Burguete erdaraz) deritzon nafar herritxo politean, Fermin Irigarai «Larreko» idazleari, Aingeru Irigarai jaun euskaltzainaren aita eta Irigarai kantariaren aitona zenari, omenaldi begiko* bat eskaini zitzaion. Horretarako, euskal meza atsegin baten ondoren, haren jaiotetxean ohorezko harri bat agerterazi zen, «Agur, Jaunak» kantaren soinupean.

Geroago, Herriko Etxean, Auritzeko alkatearen ongi etorria entzun ondoren, aita L. Villasante euskaltzainburuak, aita D. Inza, aita P. Lafitte eta E. Erkiaga euskaltzainek haren bizitza, giro, literatur eta giza balioen aipamena egin zuten trebeki; azkenez, Nafarroako Diputazioko presidentordeak, Marco jaunak, hitz ederrez omenaldi hura* bukatuz.

Ondoren, herriko ostatu batetan, bazkari alai bat ospatu zen, bertan zazpi probintzietako ordezkariek euskal kulturaren etorkizunaz brindis bana eskainiz.

Arratsaldean, Donostiako Argia dantzari talde bikainak herri dantzen erakusketa bat opa* izan zion, egun hartan herrira bildurik zegoen jende ugariari; eta eguzkiak, goizean euriaz gordeta, bere kopeta agertu zeraukun, jaiari alaitasuna emateko.

Egun gogoangarri bat Auritz, nafar eta Euskal Herri osorako.

Egoera berria

Irakurlea jadanik* kargutuko zan bezala, ANAITASUNA honen zuzendaritza Imanol Berriatua jaunaren eskuetan gelditzen da. Aurrerantzean, bada, A. Zelaieta honen sinatzea* beronen firma soil soilarekin baino ez da elkartuko.

Kooperatibismoa gehitzen

«Caja Laboral Popular» ekonomiaren aldetik eta «Lan-Aro» zerbitzu sozialen aldetik, euskal kooperatiba berriak sortzen eta indartzen arduratzen dira, euskal ekonomiari giro berezi bat emateko asmoz. Mugimendu honen kondizio funtsezko* bat zera da: «Se ayuda a quien ayuda, en cuanto esto último lo acredite en la puesta en juego de todas sus posibilidades en ordenada promoción». Joan dan udan, C.L.P. dalakoaren sozio kolektibo bezala parte hartu izan dabenak, jarraiko etxe honeek izan dira: Lizarrako* «Embega», Ondarroako «Cikautxo», Bilboko «Cisidil», Gasteizko «Evagraf» eta «Goros», Gernikako «Tintorería Guerniquesa» eta Eibarko «Mendi».

Euskal Herria pobretzen

«Información Comercial Española» agerkariak, uda honetan, Euskal Herriari buruzko ale berezi bat prestatu dau, Sáenz de Buruaga ekonomilariaren gidaritzapean. Bilboko «Ciencias Económicas» fakultadean maisu diren Mateo eta Galarraga jaunek idatzi dabe artikulu bat, gure alderdi honetako hirigintza* sistema aztertuz. Hareek dinoenez, geure problemarik behinena* ganorezko* komunikabiderik eza dogu: Bilbok ez dauka trenbide egokirik, ez Gasteizekin ez Donostiarekin ez Iruinearekin elkartzeko. Bestalde, gure autobideak ere zeharo hestu eta eskasak dira. Eta mundu guztiak daki, zein lotsagarri dan «Burtzeñako korapiloa» dalako hori. Bideok hain eskasak ditugularik, itsasportu haundiaren etorkizuna ere oso iluna da. Bizitza etxeak eta industriak nahasturik jaso* dira; eta Bilboko aeroportua toki desegoki batean daukagu. Bilboko —Euskal Herriko— burgesia nagusia kezkatzen (?) dauan egoera honek, ondoren bezala bederen,* gu ere ikutzen gaitu, dudarik ez.

«Eroski» euskara behartzen

«Eroski», euskal denda* kate indartsu bat da. Oraintsu, Ermuan zabaldu dabe denda handi eta berri bat. Bertan zerbitzen ihardungo dabenei esamina bat egin deutsee. Beste balio batzuen artean, euskara jakitea esijitzen eben. Ez dago holako ikastolarik ez alfabetatzerik!

Amatiñoren lau kaleak

Amatiño jauna, lau kale* egin dituk ZERUKO ARGIAren 500. alean.

1. «Kasualidadea eta kasualidadea». Nik kasualidadea eta kausalidadea esaten najoan. Antzerakoak dituk hitz biok; baina batetik bestera, egunetik gauera dagoen ainako* diferentzia jagok. Ezberdintasun garrantzitsu hori ondo bereizten, filosofian ikasten dok. Hala irakasten joek batxileratuan ere. Eta, azkenez, hala ikasten jok, bere kabutan* ezer ikasi nahi dauan edozein gizonek. Horrenbeste ez bereiztekotan, hobe, bai, «cognac kopak edaten» jarraitzea (ikus Z. A., 463 eta 458. zenb.).

2. «Ley de prensa e imprenta» dalakoak dinoan bezala, aldizkari baten zuzendaria dok bertan agertzen direnen arduradun eta errespontsable. Zenbait «lege positiborik» ikasteko gogorik badago, irakur dinodan lege hori.

3. Ni ez nok jesuita izan, apaiza baino. Hareek regularrak dituk; bigarrenak, berriz, sekularrak. Historia klerikalik ezer dakianak, ondo ezagutzen jok bion artean zer burruka egon dan eta dagoen. Ni, orain, laikoa nok; hi, berriz, urte beteren barruan ondo demostratu doan bezala, seglarra (ikus batez ere Z. A., 486. zenb.). Kontuz, ez nahastu hitzok. Nork eta zeren konplejoak?

4. «Berak nahi lukeen editorialaren alde» (artikulu determinatuarekin), dinok nigatik. Eta ez deuat permititzen publiko egin gabeko ene intentzioarekin sartzerik, zeren eta «de internis neque Ecclesia», Eliza ama santisimak irakasten eta esijitzen dauan bezala.

ZERUKO ARGIA 500, Orixe, Batasuna

ZERUKO ARGIA astekariak «Orixeri Gorazarre» tituluarekin eman dau bere 500. alea. Jose Maria Aranalde apaizak, Orixe zanaren lobak, bere osabari deutson begiramendua adierazteko abagadunea* izan dau; eta berdin Larresorok, baina beste punta batetik. Nik ez dakit, Orixeri gorazarre hau egitea nori otu* jakon, ala M. J. Azurza ZERUKO ARGIAren zuzendariari, ala aldizkariaren jabe diren aita kaputxinoei, ala bion gainetik dagoen norbaiti. Ez, ez dakit nori otu jakon eta nork burutu dauan. Miresgarri egiten jat, dana dala, «la apoteosis del jebismo» lortu eban eskritorearen izenean, ZERUKO ARGIAk disimulaezineko intentzioa daben hitz lodi honeek eskribitzea: «Orixeren omenez eta gorazarrez egiten dugun bostehungarren aleak, BATASUNERA, alderdi guztietako BATASUNERA bultz egin dizaigula denoi». Gu ere BATASUNAren alde gagoz, alderdi guztietako BATASUNAren alde; baina ez neban egundo ere uste izan, «sublimazioaren» eraginez mistika zerutarretan ibili zan gizon baten itzalak holakorik lortu leikeanik, ez eta hala gertatzea inorentzako positiboa danik.

«Agur» aldizkaria

«Agur» aldizkaria, orain dala 19 urte hasi zan argitaratzen Frantziako Bordelen.* Gaur egun 24 x 16 mm.ko 28 orrialderekin publikatzen da. Bordele aldean argitara ematen dalarik, lurralde hareetara emigratutakoentzat egina da, baina emigrazioaren arazo luze eta garratza gaingiroki eta azalez baino aipatuz. Nik ez dakit, herbestean egiten diren lan eta eskribu sentimentalista honeek zer balio daben, edo zer helburu izan behar daben, euskal «sionismoa» edo «arbolismoa» sortzeko eta berotzeko ez bada behintzat. Zeren,* herbestera joandako euskaldunek euskaldun izaten jarraitu daien bakarrik bada, helburu hau arriskugarri ikusten dot; edo, niri neuri behintzat, ez jat larregirik* gustatzen gure artean bizi diren galegoek, Santiago egunez batez ere, euren jai eta manifestazioak gure artean egin daiezan.

Hamabi ikastola Ipar Euskal Herrian

Hamabi dira, Ipar Euskal Herrian lanean ari diren ikastolak: Hendaian, bi; Ziburun, Donibane Lohitzunen, Azkainen, Senperen, Baionan, Arrangoitzen, Uztaritzen, Donibane Garazin, Donapaleun eta Maulen, bana. G. Lantziri kazetalariak HERRIA astekariaren 2.156. alean berri hau eman ondoren, honela jarraitzen dau: «Erran gabe doa, diruketa handia behar dela ikastola horien kurriarazteko,* ez baitugu oraino Euskal Gobernurik geure Herrian, ikastolako gastuen estaltzeko».

Euskara erlijioaren zerbitzuan

Klaudio Gallastegi, Bilboko San Antongo parroko eta apaiz ospetsuak zera eskribitu izan dau oraindik oraintsu: «Euskerea geiago eta geiago erabilliaz, kristautasuna geiago biztu eta indartuko da». Ideia berbera entzun neutsan behin Lafitte euskaltzain* eta apaizari, «eskuara, erlisionea eta ohidura zaharrak galduaz dotzi» inoan batean.

Euskaltzaletasuna eta klaseen burruka

Agerkarietan irakurri genduan bezala, «Théatre des Nations» deituriko saioak zelebratu izan dira Parisen, iragan* udan. Hori dela eta, «Mundo Social»en 201. aleak «Teatro de Minorías Nacionales» izeneko artikulu bat ekarren, Pérez Caterrillok sinaturik.* «Aparteko lotura bat dago klaseen burruka eta abertzaletasunaren artean, nahiz eta, oraintsu arte, Espainian eta Frantzian abertzale mugimenduak burgesiaren ardura- eta gidaritzapean egon», inoan artikulistak.

Ikastolak

Kurso berria hasi da, eta ikastolek ekin deutsoe berriro ere euren zereginari. Holako eskola batean seme bi dituan ama batek inostan urduri:* «Beste eskoletan aina* irakasten ote dabe ikastoletan?». «Nik ez dakit —erantzun neutsan— ikastoletako berri handirik; baina apustu egingo neuke, eskoletakoak ainako* irakasleak ba direla ikastoletakoak». Ba dira? Hona hemen arazo serio bat. Izan ere, ikastola bat aurrera eramateak, jende askoren —irakasleen, gurasoen, herritar indarren...— ahalegin luze, burutsu eta etengabea eskatzen dau.

Lehendakari ordezkoaren bila

Frantzian dagoen gobernuaren lehendakari ordezkoa hil zanez gero (G. B.), kargu horrekin arduratuko dan gizon bat aukeratzeko jestioak egiten hasi omen* dira. Kontsultaturiko jende askok, postu horretan gizon gazte bat jartzeko premia eta beharra adierazi ei* dau, eta injinadore gazte baten izena asko entzuten ei da.

Sabinoren hezurrak

Gaur egungo gazteek ez dabe, beharbada, hildakoen hezurrekin eta hautsekin burukomin handirik izango, nahiz eta hareen espiritua eta ideiak gazteon gogoko badira ere. Baina, noiz behinka, erromantiko aide bat hartzen dogu. Harirago etorriz, inork Sabino zanaren hezur eta hautsak ikusi nahi baditu, joan bedi iparraldeko Ibarrara eta hango «Garikoitz» etxera; eta aldarepean, bitrina batean, Larrazabalgo Dotrina fundatu eban maisu handiaren hezur eta hautsak ikusi ahal izango ditu.

Euskal alfabetatzea Argentinan

La Platako «El Día» egunkarian irakurri dogunez, «Eusko Etxea» erakundeak* euskal alfabetatze ikastaro bat antolatu eta hasi dau Buenos Airesen, joan dan udan. Bidasoaren honaindian eta haraindian eta Argentinan bertan jaiotako euskal gurasoen 50 semek parte hartzen dabe. Inork inor egintza horregatik txalotu nahi badau, jo bei zuzenbide honetara: M. E. / E.E. 3.275 / E. Central / Buenos Aires (Argentina).

Liburu berriak

1. «Apuntes para clases de vascuence. Primer Curso», Juan Anjel Etxebarria. Bigarren edizioa. 25 pezeta. Bilbao. 1972.

2. «El País Vasco», Pío Baroja. Bederatzigarren edizioa. 560 orrialde. 750 pezeta. Ediciones Destino. Barcelona. 1972.

3. «Literatura Vasca», Guillermo Díaz Plaja. 353 orrialde. 100 pezeta. Editorial del Magisterio Español. Madrid. 1972.

4. «Edad Media y señoríos: El Señorío de Vizcaya», Publicaciones de la Diputación Provincial de Vizcaya. 224 orrialde, 250 pezeta. Bilbao. 1972.

5. «Aragón en el pasado», José María Lacarra. 227 orrialde, 50 pezeta. Espasa Calpe. Madrid. 1972.

6. «Gramatika txikia euskeraz» (euskera batuan), Fernando Mendizabal. Xabier Egañaren marrazkiak.* 119 orrialde. 100 pezeta. Editorial Franciscana. Oñate (Guipúzcoa).

7. «Martin Fierro - Matxin Burdin», José Hernández y Domingo Jacacortajarena. Ekin. Buenos Aires. 1972.

8. «El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra», Sánchez Carrión. 214 orrialde. 250 pezeta. Institución Príncipe de Viana. Pamplona.

9. «Navarra» (sus hombres), Jesús Tanco. 158 orrialde. 170 pezeta. Editorial Gómez. Pamplona. 1972.

10. «Navarra» (sus tierras), Jesús Tanco. Editorial Gómez. Pamplona. 1972.

11. «Enbataren xede* eta jokabideak», Baiona. 1972.

12. «El convento de la Encarnación de Bilbao» (síntesis histórico-crítica), Enrique Abaigán. 85 orrialde. 60 pezeta. Publicaciones de la Junta de Cultura de Vizcaya. Bilbao. 1972.

ANJEL ZELAIETA

bei, beza

daiezan, ditzaten

deuat, dauat, diat

deutsee, diete

deutso, dio

deutsoe, diote

dizaigula (diezagula), deiskula

eban, zuen

eben, zuten

ekarren, zekarren

inoan, zioen, esaten zuen

inostan, ziostan, esaten zidan

jagok, dago

jako, zaio

jat, zait

joek, dute

jok, du

najoan, nuen

neutsan, nion

Ipar Euskal Herriko hibaiak pozoitzen

Irailaren* 15ean, geure aldeko berripaperetan albiste* hau irakur genezakeen: Hazparne inguruan bi gaztek sosa kaustikoa jaurtiki zuten bertako erreka batetara, ondorioz, hainbat amurrain,* aingira, ezkailu* eta beste arrainik hil eraziz. Komisaritegian aitortu zutenez, lehenago ere antzeko egitada bat egin zuten; antza denez, inguruko hibaien urak pozoitu nahirik.

Agian,* gazte horiek horrela Parisetiko udatiar aberatsak uxatu nahi zituzketen beren lurralde eder baina industrigabeetatik. Protesta gogorra haiena, asko pentsa erazten deraukuna. Bidea, hori ote? Batek jakin! (X. K.)

«Literatura Vasca, hoy»

Erdal izen honekin El Correo Español egunkariak 12 orrialdetako gehigarri bat atera zuen Irailaren* 10ean. Euskal literaturaren gaurko ispilua izan nahi omen* zuen atal horretan, I. de Oñate, Munitibar, E. Erkiaga, M. Zarate, K. Etxenagusia, C. E. U., Jose Luis Muñoyerro, S. Onaindia, Jesús María de Arenaza eta Jaime de Elorrio jaunek hartu dute parte.

Oro* har, probetxugarri datekeela pentsa, daiteke honelako propaganda lanak noizik behinean erdaraz ere ematea; baina, zenbait idazleren eritzi bitxiak irakurri ondoren, erdal irakurle askok argi baino ilun handiagoak ez ote dituzten ikusiko beldur gara. Lanoi, batzuk zentzudun eta bikainak izan arren, batasun falta eta kriterio hautatzailerik eza nabari* zaizkie, euskal idazleen izenak, bakoitzaren zenbatasunari eta nolakotasunari kasu egiteke,* bata bestearen hurrengo pilaturik agertzen baitira.

Muñoyerro jaunak, gainera —Munitibar goitizenaz ere idazten duenak— eritzi harrigarriak agertzen ditu bertan («sí hay literatura vasca...; aunque es más bien escasa y de no muy alta calidad, es una auténtica realidad y una fuerza incontenible...») Mikel Zarateren baiezpenen* ondoan («la literatura vasca está alcanzando unas cimas insospechadas en otros tiempos...; la publicación de libros y revistas es muy grande...»), inondik ere ezin uler ditzakegunak.

Azkenez, oso oker ez bagaude, eta ez gaude noski, El Correo Español ihaz hasi zen euskarari erdal gehigarri hauk* eskaintzen; agian* aurrea harturik, La Gaceta del Norten J. M. Pascual idazle bipilak* El euskera hoy izenaz agerturiko artikulu sailei erantzun guraz.* Dena dela, La Gacetak guti bada ere —eta aspaldion, zoritxarrez, gutiago—, astean birritan xokotxo bat uzten dio euskarari; baina El Correok deusik* ere ez, orain arte bederen.*

Gure ustez, urtean behin «las circunstancias históricas han sido adversas a un florecimiento literario vasco» ipintzeko, gehigarriok gabe, hobe litzateke El Correo Españolek egunero egunero euskarazko orri pare bat balekar. Maitasunak obrak nahi ditu eta ez hitzak. (X. K.)

Pentsamendu diakhroniko bat

Ez dakit Telesforok esan duen ala ez, baina berdin da. Lagun baten oinak gelditu, gelditzen, geldituko direnean, segitu behar ukan, behar eta beharko dute ibiltzen, gugan.

Honela bakarrik, ez bestela, esan dezakegu «ez da hil», edo eta, berdin dena, «bizi gara». Baietz, Morales, baietz! (X. K.)


Mitologiak

"Ez kanta, ez dantza!"

«Euskal Herria, Pirinioetan kantari eta dantzan bizi den herri bat da» (Voltaire).

Duela asko, «Amaya», Villosladaren liburua irakurri nuenean, gogoratzen naiz nola, ezpatadantzaren pasartea irakurtzean, aparteko zirrada ukan nuen. Emozio hura, jatorra zen agian*; baina gero, ezpatadantza edo antzekoren bat dakusadanean, kontextu berezi batetatik ikusten dut euskal dantza zaharra. Eta, hain zuzen ere, kontextu hori mitiko da.

Agian, inoiz, duela asko, geure folklorean jasorik ditugun dantzak eta kantak, funtzionalak izan dira. Jatea, edatea edo maitasuna egitea bezala. Dantzak, erlijiosoak, guerreroak edo jolasekoak ziren. Horrela, jator betetzen zuten beren egitekoa, hots,* funtzioa. Dantza sakratuak berak ere ba zuen, seguruen, eguneroko bizian tokirik. Gaur, ordea, euskal dantza zaharrak egin, ikusi edo preziatzen ditugunean, haiek funtzio «kultural» edo ideologiko bat betetzen dute. Mitiko hobeto.

Denbora haietan

Denbora mitikoa, mugagaitza da. Mitologiaren denbora, oso da mugikorra. Mito gehienak, atzeraka hedatuak* dira. Denboran atzeraka. Hau da: nahiz eta egun mitoak era batetara eta dimentsio konkretu batetan agertu, hark historian (desistorian) botatzen ditu bere sustraiak. Iceberg baten antzera, mitoak tontorra bakarrik erakusten du, baina azpian du bere funts- benetakoa. Agertzen denak tronpatu* egiten du, eta hargatik da mito: itxura batekin bere errealitatea estaltzen duelako.

Egun* ikusten ditugun dantzek historian behera garamazkite. Oso behera. Hain behera, non ez baitugu fetxa konkretu bat ematen ahal. Eta orduan zera esaten dugu: «Denbora haietan... euskaldunek honela dantzatzen zuten; grekoek baino lehenago... denbora haietan». Dantza zaharrak ikustean, geure pentsamendua denbora haietara igortzen* dugu, gure arbasoak biluzi, pagano, puro eta demokratiko ziren denbora haietara.

Nik ba dakit, gure dantzak oso direla zaharrak. Eta harrotu ere harrotzen naiz, hori dela eta. Baina egun* adierazi nahi duguna, zera da: Gure dantzak kontextu berezi batetan sortuak dira, funtzio sexual, politiko, ekonomiko eta erlijioso bat betez. Geure folklorean jasorik ditugun dantzak, beren dimentsio estetikotik at,* eguneroko zerbait ziren, hots, kontextu sozial hartan egiteko bat zuten.

Egun, dantza zahar hoiek berek ba dute kontexturik eta halaber* egitekorik. Baina, eta hemen datza kakoa, kontextu eta egiteko hoik* arrunt* dira diferente eta bereziak, ez baitute zerikusirik aintzinakoekin.

Ideologiaren zerak

Folklorea zientzia bat da, herri baten dantzak, kantak eta beste espresiobide estetikoak aztertzen dituena. Folklorekeria, ordea, praktika mitiko bat da, edo eta, nahi bada, praktika ideologiko bat.

Urbeltz, Lekuona, Barandiaran, Iztueta eta beste apur batzuetarik at, nehor* gutti arduratu da folkloreaz (zientifikoki). Denok, ordea, edan dugu, gutti gorabehera, folklorekeriaren iturritik.

Egun ikusten ditugun dantzak, kontextu mitiko eta ideologiko batetik ikusten ditugu. Dantza zahar bat ikustean, gure nortasuna afirmaturik gertatzen da. Euskal nortasuna (?). Hainbat eta hainbat gauza justifikatzeko, beharrezkoak zaizkigu arrazoin historikoak. Gehienean «desistorikoak» izanen dira arrazoin hauk,* baina berdin dio. Ideologia batek eta halaber mitologia batek beharrezkoa du «denbora», eta, denbora hori «denbora haik»* badira, hainbat egokiago, zeren* eta orduan ideologia ezezik erlijio trazak ere ba ditu gure pentsakera eta usteak. Amodiozko, erlijioso eta gerrero ziren dantzak, mitiko bihurtu ditugu egun. Beraien funtzioa funtsean eraz aldatu dugu. «Gu gizaixo batzuk gaituk; baina begira, gure arbasoek denbora haietan nolako dantzak zituzten». Hori esatean edo pentsatzean, ideologizatu egiten ditugu kanta eta dantza zaharrak. Geure kontextu mitiko-ideologikora ekarri ditugu. Horri, transplante mitiko deritzat.

Lehen, bezperak

Lehen, bezperetara joaten ginen. Herriko festak aski* ziren dantza egiteko, eta orduan ere kopa batzuen laguntzarekin. Gaur, ordea, boîte eta diskotheken ateetan gara, bazkaldu duguneko.

Nik ez dut esanen, Ibar-ek «Genio y Lengua» bere liburuan esaten zuen bezala: «Dancing delako hoik* Euskal Herrira etortzen badira, gureak egin du!». Ez dut, ez, horrelakorik esanen; eta ordu onean etor bitez dancing, boîte, night club eta antzeko toki ilun eta atseginak. Baina argi dagoena, zera da: gaurko euskaldunok, dantza egiten dugunean, funtzio sexual bat bete nahiz dantzatzen dugula (gaizki betea, noski).

Gure folkloreko dantzak gehienbat erlijioso eta gerrero badira, gure arbasoek zentzu horretan zituzten beharren erantzun bat dira. Naturaleza egoskaitz* bati erantzun beharra zuten gure arbasoek, eta horretarako erlijioa eta gudua erabili ohi zituzten; haien dantzak horren lekuko* dira. Gure beharrak, ordea, ez dira, dirudienez, ez erlijiosoak eta ez gerreroak, gure dantzetan behintzat ez baita horrelakorik islatzen.* (Beno! Ardura erlijiosorik ez dugula, hori asko esatea litzateke, zeren* eta oraindik geure sexualitate guztia sentipen erlijiosoaz beterik baitugu. Baina tira!).

Esan daiteke, jolasa dela gure dantzen jomuga eta ardura. Gainera, gure egungo dantza igandearen mitologiari atxikia* datza.* Beraz, nik ez dut konprenitzen, nolatan prezia genitzakeen geure dantza zaharrak; gure beharrak, kontextu eta funtzioak arbasoenetatik erabat diferente eta bereziak direlarik. Preziatze honen justifikazio bezala, mitikoa edo ideologikoa baizik ez zait bururatzen. Eta, hemen, galdera bat baino ez dut eginen: Zein ideologiak ditu dantza eta kanta zaharrak beharrezko, bere burua justifikatzeko?

Sakralizazioa eta kulpa

«Ez kanta, ez dantza!» dio kantak. Honekin, moral mailara ailegatzen gara. Boikota, harma politiko bat da. Baina ni ez noa hortik. Boikot baten atzetik mila eratako arrazoinamenduak egon daitezke. Kanta eta dantzen kontuan, ordea, arrazoinamendu erlijioso-moral Batek jokatzen du. «Nolaz dantzatuko dugu, bada? Nolatan kantatuko?». Eta, hori esatean, niri Villosladaren liburuko zirrada hura bururatuko zait; beste norbaitek pentsatuko du, kanta eta dantza hoik* «denbora haietakoak» direla. Erlijio kontuak beti «denbora haietakoak» dira. Denbora sakratu batetakoak. Kasu honetan, zera iruditzen zait: «Ez kanta, ez dantza!» esatean, ez dugula bakarrik adierazi nahi jolasaren oporra egin behar denik, baizik eta ez ditugula mantxatu behar «denbora haietako» gauzak. Eta, jakina, gu euskaldunok, ohore eta garbitasun kontuan, Shakespeare-ren Othello mairua baino xuxenagoak gara. Beraz, kanta eta dantza hoik gure konportamendu moral eta xuxenaren justifikazio dira.

Hemen bi denbora klaserekin jokatzen dugu. Batak bestea justifikatzen du. «Denbora haiek» ez dute nortasun historikorik; baina ba dute nortasun politiko, mitiko eta ideologiko bat. Eta horrela kakotzen da egun folklorekeriaren funtsa: berez dantzek eta kantek dituzten kontextu eta funtzio jatorrak ukatuz.

Euskalduntasunaren esentzia

Escuderok, «Zigor» obra konposatu zuenean, hiru mila kanta zahar apurtu omen zuen, euskal musika jatorraren bila. Erredukzio edo sintesi baten bidez ukan nahi izan zuen euskal musikaren azken funtsa.* Agian, hori erabat eta azken fineraino eraman balu, do, re, mi... nota soilak baino ez zituen eskuan izanen.

Begira! Ni ez naiz musiko, baina bidegabe dela iruditzen zait hain urrutira joatea, hots, «denbora haietara» joatea, «musika haren» bila. Uste dut, hemen ere bi denbora nahasteko perila* dugula, eta, okerrago, sentsibilitate bi nahasteko. Uste dugu, musika kontuan ere ba dela esentzia bat, gurea eta ez beste nehorena* dena. Euskal musikaren arloan ere, ba ditugu aranismoak eta purismoak.

Geure kanta eta dantzen aurrean kontradizio bat ba dugu, eta kontradizio hori bi denbora eta kontextu sozialen artekoa da. Izan ginena amesten dugu, gibelerantz. Baina, nahiz eta Santimaminako eta Leze Txikiko arbasoen antzera geure zangoak dantza airosoan trentzatu; nahiz eta geure eztarria Antxietako bardoek bezala urratu, lur hau, zango hauk eta eztarri hau ez dira ordukoak ez eta gureak.

LUIS HARAMBURU-ALTUNA

dakusat, dakust, ikusten dut

dio, deutso

garamazkite (garamatzate), garoez

zaizkigu, jakuz

genitzake, geinkez

zait, jat


Arraza eta etnia

Uztailaren* 15eko ANAITASUNAn agertu den artikulu batek, aspaldiko leloak* berriztatu dizkigu; eta egilea, «euskal mitologia» (berriz ere!) salatu nahiz, bete betean abiatu zaigu «erdal» mitologia atzerakoiaren gorantzan.* Besteak beste, eta ahanzkor ez garenok beste agerkari ezagunetan irakurri dugun berbera kopiatuz, honela dio: «Egun salatu beharrezko euskal mitologia, XIX. mendekoa dugu oraindik. Askok, lehen arraza hitzak zuen esangura ematen diote ethnia hitz modernoagoari».

Ez dakigu, ordea, nork nahasten dituen gaur bi ideiok. Hobeki esateko, ba dakigu: artikuluaren egileak berak nonbait, eta guri buruzko gauzak ilunago jarri eta pozago daudenek. Beste inork ez, nik uste.

Borondate onez ari garelarik, ARRAZA eta ETNIA ideiak nahasteak ez du bururik ez hankarik. Zenbaiten slogan politikoa dela ba dakigu; baina maila horretako esanak ez dira, zoritxarrez, egiaren ispilu ez zientzi iturri jator oparo!*

Hona hemen, beraz, bi lerrokadatan emanak, ARRAZA eta ETNIA ideien ezagugarri desberdin batzuk:

Arraza

1. Herritasuna, herri nortasuna, BIOLOGIAN datza.*

2. Herriaren nortasuna BIOLOGIAZKOA da, eta ODOL GARBIAN funtsatzen.*

3. Jatorrizko HARMARRIAK* eta abizenen GARBITASUNA, ohore bihurtzen.

4. Herriaren nazio-infrastruktura, nolabait esateko, ODOLA da.

5. Pentsakera bera ere ODOLARI dagokio: Ameriketan edo Euskal Herrian, burgesian edo langilerian, izakera bertutetsu berbera beti. Izakera bakar hori, ODOLARI atxikia,* herriaren ESENTZIA» da.

6. Herriaren soziologiazko nortasuna, horretara, ODOL KATEAZ igarotzen da belaun* batetik bestera; alegia,* BIOLOGIAZKO bide batez.

7. Hizkuntza (eta kultura osoa) BIGARREN MAILAN gelditzen dira; eta, bide beretik, hizkuntza BAZTERTU egiten da, edo FOLKLORE MAILAN hartzen.

8. Herrien arteko muga, TXARTEL ANTROPOMETRIKOETAN bilatu behar da. Muga hori, horrela, USTEZKOA da.

9. CHAUVINISMOA ETA XENOFOBIA nagusi. Gure gaitzak KANPOTARREK ekarri dituzte.

10. Arraza «garbi» atxikiz* gero, ohiturak eta abar «garbiak» izango dira.

11. Arrazaren ahalmenak MITIKOAK dira. Zientzi gizonek ez dute horrelakorik sinesten. Eta, gehienez, ARRAZA BAKAR BATZUK ezagu* daitezkeela diote.

Etnia

1. Herritasuna, herri nortasuna, KULTURAN datza.

2. Herriaren nortasuna KULTURAZKOA da; eta, hortaz,* gaurko zibilizazioan, HIZKUNTZAN funtsatzen da bereziki.

3. Herritasunari buruz ohore eta habe* nagusia, bertako KULTURAZ nortzea.

4. Herriaren nazio-infrastruktura, HIZKUNTZA da.

5. Pentsakera HIZKUNTZAREN ESTRUKTUREK BALDINTZEN dute; ez, ordea, kondairazko arazoei buruz erizpide bakar bat emanez (nork dio hori?), baina bai FENOMENOEN TAXUKETA bereziki eginez. Maila hau, zehazki, HIZKUNTZAREN FILOSOFIARENA da; eta Schaff marxistak, esate baterako, zientziazkotzat daduka. Estrukturalistek, zer esanik ez (Sapir, Martinet, eta abar).

6. Herri nortasuna HIZKUNTZAREN bitartez igarotzen da belaun batetik bestera; alegia, KULTURAZKO bide batez.

7. Herriaren arazoa, soziologiazko batasun arazo den aldetik, HIZKUNTZAREN MAILAKO BURRUKA bihurtzen da funtsean.* Hizkuntza eta folklorea, BEREZI egiten dira.

8. Herrien arteko muga EGUNEROKO BIZIAN topatzen da, bilatu ere gabe. Muga, IZANEZKOA da.

9. ERRELATIBISMOA: kultura GUZTIEK dituzte eskubide BERBERAK. Ez dago kultura HOBEAGORIK edo OKERRAGORIK.

10. Kulturazko eta hizkuntzazko estrukturak INKONTZIENTEAK dira (Sapir, Boas, Levi Strauss), eta funtsezko PENTSABIDE berezia ematen diote etniari.

11. Hizkuntzaren mugabidearen arazoa SEGURUTZAK ematen dute gaur bai Hizkuntzaren bai Soziologiaren Jakintzek.

Etnia eta arrazaren artean, Freud eta Jung-en artean dagoen tarte berbera dago. Eta harrigarri zait, intelektual aurrerazale batek... Jung-ena hartzea!

Jende IKASIAREN artean, oso ezagunak dira diferentzia nabarmen hauk;* eta ANAITASUNAk, gazteria ikasiaren eta aurrerazalearen aldizkari izan nahi duen (eta den) heinean,* arreta* handiago jarri behar luke, enez ustez, «euskal mitologia»ren setaren* bitartez (seta erosoa gaur, irakurleak soma dezakeen bezala) hain zuzen ere haien propaganda txar eta nabarmen diren «teoriak» (?) ez onhartuz. Irabazi egingo luke.

Arraza eta etnia gauza bera baldin badira, etnien aldeko burruka ARRAZAKERIA BIHURTZEN DA. Hauxe da kakoa! Arrazakeriaren kritikaren bidez, etnozidioa eta inperialismoa garbitu* nahi dira. Hots,* etniaren izana azaltzen dugunok ez dugu inoiz osparazi* Arrazaren Eguna.

Galdera bat, bukatzeko: Zer zeneritzake,* irakurle horrek, gaur Saigonen «Vietnamdar Mitologiaz» setaturik legokeenari?

LARRESORO


Irakurleak idazle

Egizaleri, errespetuz

Hitz bi zor dizkiot ANAITASUNAko irakurleari; 238. alean nik fedeaz idatzi nuen artikulu bati Egizalek egin dion kritikak, irakurlea guztiz desbidera* baitezake.

Egizale ezezagun horrek, ez dakit nondik atera duzun Mundu Jainkoa edo «Deus Natura» delako izaki* bitxi hori. Nire artikulutik ez behintzat. Zeure irudipenetik eta susmoetatik, beharbada.

Ezin zenezakeen nire artikulua aldrebesago interpreta. Zuk kritikatzen duzun artikuluan bertan, bi kontseilu ematen nituen: 1) erlijio hitzaz zer esan nahi nuen hobeto jakiteko, E. Osaren «Bonhoeffer-en erlijiorik gabeko kristautasuna», ERLIJIOA HAUZIPEAN (JAKIN sorta) irakurtzeko; 2) artikulu sail bat idatziko nuela, eta bata bestearekin erlazionatu gabe ez baloratzeko. Hain laster eta arin jokatu gabe, nire kontseiluak kontuan hartu bazenitu, ez zinen, heldu zaren ondorioetara helduko.

Ez zaitez larri, gizona! Nire fedea —nahi baduzu, jakin dezakezunez— Biblian oinharritzen da. Nik aipatzen dudan fede biluzia, Deus Natura delakoaren kontra kontrakoa da, hain zuzen ere. Zuk diozun Mundu Jainko hori, erlijioen jainkoa da. Nire fedea historian oinharritzen da, ez naturan. Nire fedeak Testamendu Zaharra eta Berria, profetak eta Kristo ditu oinharri. Bizitza berri batera piztu zen Kristo. Definizio antzeko zerbait nahi baduzu, berriz, niretzat fedea hau da: Munduaren askatasun guztizkoa Kristorengan finkaturik dagoela. Kristok, bere eta gure piztueraren bidez, gizonaren askatasun osoa posible egiten duela (Ikus GURE IKASTOLAK, JAKIN sorta, E. Osaren lantxoa. E. Osa eta Sakone, izatez, pentsakeraz eta fedez guztiz identifikatuak daude).

Ikusten dudanez, zuk nik baino oinharri ugariago duzu. Hor sartzen dituzu, nahasian, «Pedro eta apostoluak... hareen ondorengo diren Erromako Aita Santu eta gotzain guztiak, Elizaren irakatsiak eta sakramentuak, eta abar, eta abar». Gehiegi ez ote? Gotzain guztiak? Elizaren irakatsiak? Baina zeintzuk? «Eta abar, eta abar» ere bai? Hainbeste oinharrirekin ez zaitzu, ez, etxea eroriko!*

Alienazioaz eta mitoaz esaten duzuna, jende xeheak ere ulertzeko modukoa da; baina oker ulertzeko modukoa ere ez ote? Dena dela, nik ere ba dut hor errurik, hitz hoik* gehiago azaldu gabe erabili ditudalako.

Zuk nahi bezala, beude guztien gainetik lotsa, itzala* eta askatasuna. Eta egizaletasuna ere bai.

SAKONE

bazenitu, bazenduz

beude, begoz

daude, daaoz

dezake, daike

dezakezu, daikezu

dio, deutso

dizkiot, deutsadaz

zaitzu, jatzu, zaizu

zenezakeen, zeinkean

Mertxe Garini erantzunaz. Eta hilei bakea...

eman, Jauna, beharko dute eta. Rikardo Arregi hil zela ez dira bi urte, hiru baizik. Hori dela eta, Mertxe Garinek —herritara dugu hau, inondik ere— bizpahiru gauza nahasian eman dizkigu. Hori dela eta, Rikardo hil zela hiru urte direla eta, alegia,* esan dut. Baina besterik dela eta idatzi duela esan behar, dudarik gabe: Andoainen ikastolan jazotakoa* dela eta, gertaera hau beste gertaera batzuekin lotuaz —Andoaindar gazte batzuk gehiago Andoainen ez bizitzea—, eta, bai bataren bai bestearen argibide, eta gertaera hoietan parte hartutako batzuen jokabidea zuzenerizteko —zuritzeko esanen ote dut?—, Rikardoren hitz batzuk ekarriaz. Andoaingo ikastolan jazotakoa eta beste gertaera batzuk aipatu ditut. Izan ere, nahiz Mertxe Garinek besterik sinesterazi nahi, Joxe Ramon, Juan Martin, Patxi, Iñaki eta beste herritik kanpora bizitzea ez da gertaera bakarra. Guzti honi buruz ohar batzuk:

1. Ez da egia osoa, ez Joxe Ramon, ez Juan Martin, ez Patxi, ez Iñaki, ez eta Rikardok aipatzen zituen hoietatik inor ez dela herrian bizi.

2. «Gaur neure kolkoari hau diotsat: Guk geuk bortxaz, indarrez jaurtiki ditugula herritik kanpora». Honi buruz, guttienez bi gauza: lehenik, Rikardok bere buruan zeduzkanetatik asko herrian ez bizitzea, lehen esan bezala, ez da gertakari bakarra, bat baino gehiago baizik. Eta bigarrenik, hoien des-herriratzeak arrazoi asko eta diferenteak dituela. Hori ez dut uste ukatzerik dagoenik, nahiz dialektika guztiak, nahiz kondizio edo baldintzapen objetibo guztiak dantzan jarri, salbatu ezinezkoa «salto mortal» batzuen bitartez salbatu nahian ibilita ere. (Nik behintzat arrazoi asko eta diferenteak ikusten ditut, apika,* Mertxe Garinek aipatzen dituen estudio sakonak ez ditudalako edo!). Guk geuk jaurtiki ditugula herritik. Batzuen kasuan horrelako zerbait egon zitekeenik ez dut ukatzen. Baina, hoien kasuan ere, horrelako baiezpen* biribil bat bota baino lehen —Israeldarren Jainko Jahvek Sinai mendian, laino artean, tximist eta durunda hotsez bere herriari mandamenduak bota zizkion bezala—, gauzak ondo pentsatu eta ezagutu behar dira. Gauzak ez ziren garai hartan ez hain errazak, ez hain xinpleak. Herriak jaurtiki baldin bazituen ere —baldin diot—, zergatik galdetu beharko litzateke. Besteen kasuan, berriz, ez zen —garai hartan— horrelako ezertxo ere egon, eta nik behintzat neure burua zuritzen ihardun beharrik ez dadukat.

3. Azterketak, analisiak, estudio sakonak aipatzen ditu Mertxe Garinek. Hoien bitartez, ba dirudi, des-herriratutako hoietako batzuk (berriz diot, batzuk) beren bilakaeran* puntu eta planteamendu berri batzuetara ailegatu direla. Galdera bat: ez ahal zuen Rikardok puntu eta planteamendu berri hori bere bilakaeran bizi, eta atzera utzi (azterketa, analisi eta estudio sakonen bitartez, noski)? Nik, neure buruarekiko, erantzunik dadukat jadanik* galdera hori.

4. Andoaingo ikastolaren arazoa garbi ikusten ez zuenarentzat, edo garbi ikusi ezin zuenarentzat, Mertxe Garinek nahiko argi ematen du, arazo hori jarri duen loturetan jarririk. «Guk geuk jaurtiki» egindako hoietako batzuk eta orain ikastolatik jaurtikitakoak bide berdinean badabiltza, jakin nahi duenak ba daki nora doan haria.

Bukatzeko: hildako baten izena nork bere probetxurako erabili nahi izatea beti gertatzen den zerbait da. Gu ezingo gara haserretu Mertxe Garinekin, hori egin duelako. Dena dela, geroak esanen digu zein jarraikitzen zaion benetan Rikardoren gogoari.

JOSEBA ARREGI

digu, deusku

diotsat, dinotsat, esaten diot

dizkigu, deuskuz

zeduzkan, eukazan, zeuzkan

zitekeen, eitekean

zizkion, eutsozan


Osaba Martinen kontuak

Tartalo

Examinak amaiturik, amak liburu polit bat erosi dautso Enekori, beroni hainbat gustatzen jakozen aintzinako istorioak bertan irakurri daizan. Ordu eder asko eman ditu Enekok, liburu hori irakurtzen eta irudi ederrak ikusten; eta osaba Martin lanetik etorri danean, beragana joan eta berehalaxe liburu horretako berri batzuk eman gura* dautsoz.

— Osaba, ikusi dozu liburu hau? Aintzinako ipuin asko dakar.

— Ekazu hona; eta abarketak ere ekarri eidazuz, mesedez. (...). Eskerrik asko, Eneko. Zein da gehien gustatu jatzuna danetarik?

— Ulisesena, osaba. Bai polita dala Polifemo ziklopearekin egin eban burruka.

— Bai, ederrenetarikoa aa hori, bai. Izan ere, Ulises —edo Odiseo, grekoek esaten eutsoenez— oso gizon azkarra izan zan, Troiako Zaldia ere berak asmatu eban eta. Baina ipuin hori Euskal Herriraino ere heldu zan aintzinan, beste izen batez bada ere. Ez dozu inoiz Tartaloren ipuina entzun ala*?

— Ez, Baina zeuk kontatuko daustazu, ez da, osaba?

Bai, egingo dautzut, pozik gainera. Hara! Behin batean, Euskal Herriko mendietatik egurra pilatzen ebiltzan ikazkin bi, baso haundi batean galdu ei* ziren.

— Zertzuk dira ikazkinak, osaba?

— Ikazkinak mendian egurraz ikatza egiten ebenak ziren; orain gutti dagoz baina. Gure ipuineko ikazkinok, gaua heldu zala eta, oihan* haretan aurkitu eben koba batera sartu ziren, bertan lo egiteko asmoz. Behin barruan, ha* zan kontua, izugarrizko gizon haundi bat topatu eben bertan, gure modura aurpegian begi bi gabe, bekokian begi bakar bat eukana. Tartalo ei eukan izena. Tartalok, harri haundi baten bidez, haitzulo haretako irtenbidea hitxi egin eutsen, kobatik ihes egin ez eien. Gero, su bat eginik, burduntzi haundi bat atera eban, eta, ikazkinik zaharrena harrapatuz, beronen beldurrezko oihuei kasurik egin gabe, burduntziaz zulatu, sutan erre eta bertan jan egin ei eban afaritzat, batere errukirik gabe. Gero besteari hatzamarrean eraztun bat jarri eutson, beti «hemen nago», «hemen nago» esaten ebana; eta, hau eginda, koban pilatuta egozen ardi larru batzuetan etzan eta lo gelditu zan Tartalo.

Beste mutilak, hurrengoan bera jango ebala konturaturik, Tartalo lo gelditu bezain laster, burduntzia hartu, sutan jarri, eta, puntan gori gori ipini zanean, bere indar guztiaz sartu eutson bekokiko begi bakarretik, eta Tartalo bertan itsu geratu zan.

Erraldoi* harek ikaragarrizko oihuak bota zituan minaren minaz; baina, itsu egoelarik, ezin topatu eban non egoen mutil ikazkina, berau ardi larruen artean ondo gordeta egoelako, eta eraztunaren boza han isilduta legez* gelditzen zalako.

Biharamunean, Tartalo haitzuloaren atean jarri zan, eta, bertako harri haundia kendurik, ardi larru guztiak banan banan kanpora botatzen hasi zan, ikazkin gaixoak batere gordelekurik euki ez eian; baina mutila, ardien larru artean ondo tapaturik, larruokin batera kanpora jaurtikia izan zan, Tartalo konturatu gabe. Haxe* bai poza! Bere burua libre ikusi ebanean, ardi larruetatik irten* eta Tartalori burla egiten hasi jakon.

Munstro itsua, amorruz, koba zulotik irten eta ikazkinaren eskuko eraztunaren bozari segituz, harengana zuzen zuzenik joaten hasi zan. Mutil gizaxoa orduan konturatu zan ezingo ebala ihesik egin handik, Tartalo, itsurik baegoen ere, bera baino abiada haundiagoaz ebilalako, eta, beti bozari jarraituz, lehenago edo geroago harrapatuko ebalako.

Orduan, poltsikotik labaina bat aterata, birritan pentsatu barik,* eraztuna eukan hatzamarra moztu eta han inguruan egoen putzu sakon batera jaurtiki eban. Tartalo, beti eraztunaren «hemen nago»ri segituz, putzu sakon haretan amildu* zan, sekula handik ez irteteko, kolpeaz hilda gelditu zan eta.

— Zein polita izan dan, osaba! Ia ia Ulisesen ziklopearena baino interesgarriagoa.

— Eta zenbat honelako! Baina, zoritxarrez, euskaldun askok ez dakiguz; egin ere, eskolan inork irakatsi ez dauskuz eta.

TRAUKO

daizan, ditzan

dauskuz, dauzkigu, dizkigu

daustazu, dautazu, didazu

dautso, dio

dautsoz, dizkio

dautzut, dautzut, dizut

eban, zuen

eben, zuten

ebiltzan, zebiltzan

eian, zezan

eidazuz, ietzadazu

eien, zezaten

egoen, zegoen

egozen, zeuden

eukan, zedukan, zeukan

eutsen, zien, zioten

eutsoen, zioten

eutson, zion

jakon, zitzaion

jakoz, zaizkio

jatzu, zaitzu, zaizu


Italiako giza egoera. Italiano baten eritziz

Aldo Tonet ikasle gazte bat da. Herbesteko hizkuntzak eta literatura (frantsesa, gaztelania eta ingelesa) Venezian ikasten dihardu. Lankideak garelarik, nork bere herriko gorabeherak azaldu dizkiogu elkarri. Hori dela eta, Italiako egoeraz egin dizkiodan galdera batzuei erantzuteko prestatu da. Ez da idazlan sakon bat, azaleko elkar hizketa soil* bat baizik.

— Nola ikusten duzu gaurko Unibertsitatea?

— Aintzina aintzinako erakunde* bat bezala ikusten dut nik Italiako Unibertsitatea. Gaur hartzen dugun heziketa, errenazimendukoa da guti gorabehera. Ikaslea ez doa Unibertsitatera, berak nahi duena ikastera, irakasleak ematen diona hartzera baino. Unibertsitatearen aldaketari dagokionez, 1968. urtea izan zen garrantzitsuena; baina ez zen ezer lortu, eta ez da inoiz egin benetako aldaketarik.

— Eta ikasleak zer?

— Gehienek ez dute ezer sentitzen politika egoeraren aurrean; arduragabeak, «tituluaren» morroiak, ekonomikalki «ondo» daudenak... direlako edo. Talde txiki batzuk bakarrik daude, nahiz ezker nahiz eskuin aldekoak, lan egiten dutenak.

— Memento honetan, zeintzuk dira alderdi politiko indartsuenak?

— Alde batean PCI (komunista), eta bestean PSI (sozialista), PRI (errepublikanoa), PSDC (sozialist kristau demokrata) eta DC (kristau demokrata). Azken lau hauk* izan dira, elkartasun baten bidez, 1964.etik 1972.erarte Italian agindu dutenak; baina maiatzaren 7an elkartasun hau apurtu egin da. Apurketa horren arrazoiak azaltzea oso luzea izango litzateke.

— Nik beti entzun dut, DC alderdia dela indar ge hien duena.

— Halaxe da 1945.etik. Botorik gehien duen partidua da (13 milioitik gora). Baina ez da hori bakarrik. Italian benetan agintzen dutenak, DC eta Eliza dira.

— Azal* zenitzake indar horren arrazoiak?

— Egia esan, bigarren gerra mundiala amaitu ondoren, zera izan zen DC alderdiaren ardura haundiena: ekonomiaren berbiztea, sozial aurrerakuntza eta politika egoera «lasai» bat lortzea. Baina haren aldia iragana* da. Hala eta guztiz ere, bere kristau «itxurari» esker, hor dago oraindik dagoen tokian: Elizaren partidua da. Hemen datza* beronen arrakasta:* jendeak ez du bereizten alderdi politiko baten izakera eta kristau oinharria. DCk oso ondo daki, jendea loak harturik dagoela.

— Zure eritziz, ezin liteke benetako kristau partidurik egon?

Italian ez; eta, ene ustez, inon ere ez. Elizak ez daduka bere eritzi politikorik. Besteren eritzi politikoak onhartzen edo baztertzen ditu beti. Berak, ostera, ez du inoiz politika nortasunik agertzen, bere zeregina mundu honetakoa ez dela eta.

— Zein alderdirekin dago langileria?

— Langile gehienek PCI (komunista) osatzen dute.

— Nola jokatzen du Italiako PCIk?

— Haren jokabidea ez da kontrakoa, lankidetasunezkoa baino. Horregatik, «oportunista» dela eta antzekoak entzun ditu. Haren jokabidea kritikatzeko, zeredozer ezberdin proposatu behar da: lortu ahal den gauzaren bat. Eta ezker ezkerrean dauden taldeak, oso utopistak dira, errealitatetik at.* Italiako PCI, ene eritziz, errealitate konkretu bati loturik dago.

— Eta amaitzeko, noiztik dakizu Euskal Herria dagoela?

— Burgosko hauzia gertatu zenez geroztik.

— Eta euskal hizkuntza?

— Gaztelania ikasten hasi naizenetik.

BITTOR EGURROLA

daude, dagoz

dio, deutso

dizkiogu, deutsaguz

dizkiot, deutsadaz

zenitzake, zeinkez


Erlijioa

Bilboko gotzainaren deia

1. Zergatik dei hau?

Indarkeri giro baten barruan bizi gara, eta mundu guztia ere honelaxe bizi dela esan genezake. Indarkeri giro honek kalte handia dakarkio, Jainkoaren Herriko seme-alaba garenon arteko bizimoduari. Eritzi honetakoak izan dira lehen gure aurreko gotzainak, eta orain ere eritzi berdinekoak gara gu. Ez dezagun ahantz,* haziz eta haziz doan indarkeriak konponezinezko kalteak ekar ditzakeela.

2. Artzainaren eginbeharra: giro hau fedearen argitan aztertzea, eta, berau hobeagotzeko, kristau argibide batzuk eskaintzea

Ondo dakigu, gogoeta* hau egitea zer gauza gaitza den. Baina, hala eta guztiz ere, argi ere argi ikusten dugu, hau egitea bidezko eta beharrezko dela; eta, honetan, Ebanjeliori eta Elizaren egitekoari zor diegun zintzotasunak baino ez gaitu bultzatzen.

«Mundua aldatzeko zereginean parte hartzea, bere izatetik datorkio Elizari, Ebanjelioa predikatu behar duelako eta gizonak salbatu: hau argi eta garbi agertzen zaiku» (Zuzentasuna munduan, Gotzainen Sinodoa, 1971).

Beste alde batetik, uste osoa dadukagu geure herriaren kristau zentzuan; eta geure gogoeta hau —apala eta guztionganako maitasunez betea— asmo honexekin eskaintzen dautzuegu: kontzientzien argi izan dakizuen eta, herritar zein eliztar legez* jokatzeko, zuzenbide.

3. Indarkeri giro honen ezagugarriak

Kristau kontzientzia zuzenak txartzat jotzen du edozein indarkeria, batetik zein bestetik etor; indarkeriak herri baten batasuna eta gizonen arteko maitasuna hautsi egiten dituelako eta gizonak pertsona bezala daduzkan galezinezko eskubideen kontra doalako.

Ideologi nahiz ekintza talde ezberdinek ezagugarri berdin batzuk* dituzte, indarkeri girotan: dogmatismoa, intolerantzia, elkarren kontra jokatzea.

Eztabaidagarri diren giza arazoei buruzko eritzi hutsak, ezbairik* gabeko egiatzat jartzen dira.

Talde bakoitzak behin eta betikotzat daduka bere egia; eta horren kontra doan guztia, besterik gabe baztertu egiten da.

Arerioaren* giza dignitatea arbuiatu* egiten da; eta alderdikeri gabeko zuzentasunaz eta kristau maitasunaz bat egin ezin daitezkeen joerei indar berria ematen zaie. Gizonaren biziari zor zaion lotsa galdu egiten da, eta gizona ez da norberaren antzeko bezala hartzen, odolez zein odolik gabe aurretik kendu behar den eragozpen bezala baizik. Taldeok herriarengana jotzen dute, eta herriaren izenean ezarri nahi izaten dituzte beren jokabideak, herriak bere eritzia ardura osoaz agertu ez arren.

Berri-emate aldrebestu batzuek —erdi egiek, gauza den bezala erakusten ez dutenek— nahastea sortzen dute gizartearen bake bizitzan.

4. Indarkeria kentzeko eta bakea ekartzeko bidea

A) Bakea ez da indarretik sortzen.

Aita Santuak berba egiten dauku:

«Arduradun diren gizonentzat dira, batez ere, gure berbok. Izan ere, honelako gizonok, hots,* talde bateko —familia, lantegi, eskola, hiri nahiz Estatu bateko— lagun guztien artean harreman normalak jagoteko* ardura eta eginbeharra dadukatenok, tentazio bat dute beti beren inguruan: harreman normalok, bake antza hartzen duen indarraz ezartzeko tentazioa, alegia.* Aginte eta indar hutsaren poderioz lortutako bakea, gezurrezkoa izango litzateke» (Bake Egunerako Deia, 1972).

 Indarkeria ez da bidea. Aurrera jarraitzen da Paulo VI.aren irakatsia:

«Indarkeria bide ontzat hartzea amets hutsa da. Gehiago: indarkeria eta berriro jarri edo defendatu nahi den zuzentasuna elkarrekin konpontzea, gauza gaitza da... Indarkeria eta kristau gogoa elkarren aurrez aur daude guztiz. Hain zuzen ere, kristautasunak zuzentasun hutsaren neurritik gora jotzera bultzatzen gaitu, eta gizon guztiak geure senide legez* maite izateko eskatzen dauku» (Irlandako Gotzain Buruari egindako eskutitza, 1972).

«Geure seme-alabei eta gizon guztiei, kontuz ibiltzeko esan behar diegu, erraza baina amets hutsa den tentazio baten aurrean. Hona hemen tentazio hori zein den: indarkeriak —zuzentasunik ezaren aurkako protesta zintzo batek eragindakoa bada behintzat— zuzentasuna ia berez dakarrela uste izatea. Geuk ikusiak erakusten dauku, gehienetan egia bestetara dela, hain zuzen» (Kardinalei egindako hitzaldia, 1968).

B) Bakea, zuzentasunaren frutua.

Bakerik eza dakarten burruken sustrai sakonak atera ezik, bakea egiteko berba politak, berba hutsak baino ez lirateke izango.

Eliztar maiteok: kristau bezala elkarren artean bakeak egiteko eskatzen dautzuet. Baina ba dakigu, bai, bakerako dei hau alferrekoa litzatekeela, era berean indarkeriaren sustraiak bilatzeko eta ateratzeko deia ere izango ez balitz. Honetarako, gogoangarri ditugu Aita Santuaren berbok:

«Bake iraukorra, zuzentasunaren oinharri sendoaren gainean bakarrik eraiki daiteke. Bakerik nahi bada, zuzentasuna behar da, lehenik eta behin. Eta honetan guzti guztiek hartu behar dute parte. Zuzentasun bidean aurkitzen diren eragozpenak kendu egin behar dira: esate baterako, herritarren ezberdintasuna, gizarte eta politikazko diskriminazioa, pertsonen eta taldeen arteko etsaigoa.* Elkarrenganako lotsa eta begirunea behar dira beti, besteren nortasun, eskubide eta legezko gurariak* haintzakotzat hartuz» (Irlandako Gotzain Buruari egindako eskutitza, 1972).

Zehatzako oraino: geure artean ezin dezakegu ahantz,* «herri bakoitzak bere nortasuna zaintzeko eskubidea dadukala» (Gotzainen Sinodoa, 1971).

Hau erdiets,* era askotara erdiets daiteke. Inork ere ezin diezoke bere eritzia inori indarrean har eraz.

Sozial gurari guztiek eduki dezakete beren egi alderdia, eta alderdi hori zertzen* saiatu behar gara.

C) Bakea lortzeko, beharrezkoa da zuzentasuna; baina giza bihotzaren barruko aldaketa batez osotu behar da.

Hona hemen, berriro ere, Aita Santuaren irakatsia:

«Nola amaitzen dira burrukak mundu honetan? Zein da, azken batean, haiek lortzen duten bakea? Grina txarrez, harrokeriaz eta gorrotoz beterik gauden gizonon arteko burruka maltzur eta biziek honelakoxe bakea izan ohi dute ia beti: derrigorrezkoa, bestea menperatzekoa, joko baten antzekoa. Joko honetan, makalenak eta azpiratuak ezinbesteko tolerantzia batean bizi behar izaten du, eta hori, sarritan, bihar-etziko ordain-burrukarako luzamendua baino ez da izaten. Joko honetan, makalenak ontzat hartzen ditu goikoak jarritako kondizioak, oraindik arerio* diren bihotzen azpikeria izkutatzen* dutenak. Sarriegi itxura hutsezkoa eta sendotasun gabekoa den bake honi, hara zer falta zaion, eztabaidak eta burrukak osorik buka erazteko: irabazleak ez ditu sakrifikatzen berak daduzkan abantailak,* abantail hoiek azpian dagoena humilatu eta zapaldu egiten duten arren; galtzaileak, ostera, ez du indar eta adorerik izaten, bihotzez bakeak egiteko».

Errukiaz bat egindako bakeak dakar, benetan, egiazko bakearen segurantza:

«Alde batekoek eta bestekoek beharrezko dute goragoko zuzentasun batera jotzea: hau da, barkamenera. Barkamenak uxatzen ditu zeingehiagoko hauzi bukaezinak eta ekar dezake adiskidetasuna» (Bake Egunerako Deia, 1970).

5. Indarkeriaren ondorioak gehien sufritzen dituzten guztientzako gure samin agurra eta gogo laguntza

Indarkeriaren ondorioak gehien pairatzen* dituzten guztien samintasun sakona neure bihotzean hartu nahi dut, denoi neure samin agur zintzoa agertuz. Jainkoaren Herri osoari jakin erazi gura- diot, zelako- bihotz handia erakutsi duten familia batzuek —neuk ondo dakidanez—, kristau adoretsu legez* eta bizitzaren aurrean fedeak argiturik, hain modu txalogarriz barkatzen jakin dute eta.

Neure otoitz apala eta, neurearekin batera, Elizaren hainbeste seme-alabaren otoitzak Jaungoikoari eskaintzen dizkiot; eta guztiei eskerrik beroenak ematen dizkiet, Jaunaren aurrean asko ere asko laguntzen dutelako, gure herri honek zoriona, bakea, bihotz batasuna eta benetako kristau anaitasuna lor ditzan. Guztiok bene benetan onbideratzen saia gaitezela; honela, gorrotorik, haserre bizirik, geldiezinezko aurreritzirik* eta odolezko egintzarik gehiago izan ez dadin. Gida gaitzala guztiok alderdikeri gabeko eta neurrizko zuzentasunak, hots,* asmoz eta egitez kristau den zuzentasunak. Neba-arreba legez* maita dezagula elkar, bene benetan.

Amaitzeko, San Pauloren kontseiluok esan gura dauzkizuet, hari harira datoz eta:

«Ukan* ezazue beti maitasun berbera eta sentimen berbera. Ez egin ezer alderdikeriaz, ez haundikeriaz, eta bai, ostera, apaltasunez; ez bakoitzak berea eginez, batak bestearena baino. Ukan ezazue zeuen barruan Kristo Jesusen beraren sentierak».

ANTONIO, Bilboko gotzain

(1972.eko urriaren 8an, meza guztietan irakurtzeko)

daduzka, daukaz, dauzka

daitezke, daitekez

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

dautzuegu, deutsuegu, dizuegu

dautzuet, deutsuet, dizuet

dauzkizuet, deutsuedaz, dizkizuet

dezagun, daigun

dezake, daike

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

diegu, deutsegu

diezoke, deiskio, dezaioke

diot, deutsat

ditzan, daizan

dizkiet, deutsedaz

dizkiot, deutsadaz

ezazue, eizue

gaude, gagoz

genezake, geinke

zaie, jake

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako


Erlijioa

Sozialismoa eta Teologia

«Jaunaren eskuina gure ezkerra da»

(G. Gutiérrez)

Zenbait lege eragozpen iragan* ondoren, uztailaren* 8tik 15era, ihardunaldi interesgarri batzuk* ospatu dira El Escorial herrian, Berrizko Mertzedariek, CIDSEk eta «Fe y Secularidad» elkargoak antolaturik.

Astearen interesgarritasunak erakarririk, 400-dik gora bildu ginen han. Astearen izena, hau zen: "Kristau fedea eta gizarte aldaketa Hego Amerikan».

Hego Amerikan, esan dugu.

Hizlariak eta seminario-zuzendariak, hangoak ziren denak, eta, bat edo beste hangoak ez izan arren, han lan egiten dutenak, Comblin bezala. Ezagunenen artean hauk* aipa ditzakegu: R. Poblete, H. Assman, J. M. Bonino, J. C. Scannone, G. Gutiérrez, S. Galilea, J. L. Segundo, R. Ames, E. Dussel, J. Comblin, G. Arroyo, A. Gaete, eta C. Padin artzapezpikua. Oker ez banago, gehienak Chile, Perú eta Brasilekoak.

Esan bezala, estudiogaia Hego Amerika zen; baina, problemaren goritasunagatik, esan beharrik ere ez dago, puntu askotan nahiko hurbil senditzen ginela. Izan ere, borroka asko berdintsua (ez berdina!) da han eta hemen. Horregatik, biziki harritu nintzen, horren euskaldun guti han ikustearekin. Agian* ez dakigu oraindik lerro artean irakurtzen.

Misiolarien arazoketa bat zela uste izango zuen beharbada jendeak. Eta hala zen alde batetik. Baina, bestetik, problematika askoz ere zabalagoa eta hedatuagoa* da, dudarik gabe. Haien eta gure problematikaren hurbiltasuna handia da puntu askotan, batik* bat hemen erabili zen hartan, alegia,* gizarte aldaketaren eta fede berrikuntzarenean. Han ere, hemen bezala, gizarte aldaketaren beharra eta minorien arazoa ez baitira falta. Hori da ikusi genuena. Baina, ez baita aski* teoria zenbait buruz jakitea, teoria hoik* praxi latz batean bizi dituen jendea ezagutzea interesgarri iruditu zitzaidan. Eta horretarako okasio aparta izan genuela ezin uka.

Gizarte arazoa nola planteatzen duten? Puntu honetan, esan zigutenez eta ikusi genuenez, ia batasuna egina dago. Desarrollismoa eta hirugarren politikabide famatu hori behin betirako baztertua dago. Aukera, honela, kapitalismoaren eta sozialismoaren artean dago. Eta, dependentziaren teoriaz lagundurik, kapitalismoa ukatu egiten da, eta sozialismoa hautatzen. Dependentziaren teoria honi esker, herri pobreen egoera herri aberatsen egoeraren beste aurpegia besterik ez da, kausa-ondorio erlazioz lotua hain zuzen. Subdesarrolloa, bada, desarrolloaren ondorio luzea da, eta ez besterik.

Egoera hori erremediatzeko, esan dugu, sozialismoa hautatzen da. Baina hona bigarren hauzia: zein sozialismo? Puntu hau ez zuen inork definitu, negatiboki ez bada. Rusiakoa, Europakoa, Chinakoa, Cubakoa, Chilekoa... denak izan ziren kritikatuak, memento batean edo bestean. Azkenean, ene ustez, sozialismoaren lehen intuizioarekin gelditzeko, hots,* aberastasun eta aberaspideen jabego kolektiboarekin.

Arazoketa honetantxe situatzen da Hego Amerikako kristaua. Medellín-eko biltzarraz geroztik, ba dakigu hango kristauen artean erabaki-hartze asko izan dela, eta azkenekoa (eta agian* zabalduena) 400 kristauek* Chilen bildurik egin duten sozialismoaren hautapen hori. Biltzar hartan parte hartu zuten teologorik gehienak, gure artean zeuden orain. Liberazioaren teologoak deritzete.*

Teologi mota hau ez da, askok hala uste izan arren, Bibliako gai batzuk politika ekintzari egokitzea. Liberazioaren teologia ez da politikabide baten teologia, baina bai politika jokabidearen teologia. Orain arte kristauak politika abandonaturik izan du. Gehiago oraindik: politikagintzan ibili den kristaua, eskuindarra izan da maizenik.* Hoiek ez dute fede problemarik izan. Bai, ordea, ezkertiar politikan sartu diren kristauek. Hauek (eta Hierarkiak berdin) politikabide horren eta fedearen artean halako hasarre bat bezala ikusten zuten. Teologo hauek, aitzitik,* krisi honetatik hasi dira beren teologia pentsatzen; eta ikusi dute ikusi, fedea ez baina sarri ideologia bat bizi genuela. Honela kontura gintezke, teologia hau ez dela gure jokabideari egoki datozkion gai batzuk hautatzea eta gainerakoak bigarren mailan uztea, baizik eta perspektiba honetatik teologigintza guztia aztertzea. Teologo hauen eritzian, salto kualitatibo bat da hemen egiten den hau. Begi berriekin ikusten da, orduan, kristianismo osoa.

Adibide soil bat: Kristauak pobrearen alde lan egin behar du; hori denok dakigu. Baina guretzat, pobrearen alde lan egitea, maitasuna, karitatea erakusteko bide bat da. Orain, ordea, pobrearen aldeko lana, behartsuarekiko irekitasuna, kristau izateko modua da, kristau izatea da.

Beste adibide bat, honekin lotura hestuan dagoena: Pobrea haintzat hartu behar da, noski. Eta pobre hori, gehienetan, zanpatua da. Eta zanpatua klase bati lotua dago. Beraz, pobreagandik zanpatuagana, zanpatuagandik klasera, halako hautsi ezinezko kate bat dago. Horrela, pobrea klase batean situatzeak, politikazko kontzientzia hartzera garamazki, eta beraz gizarte guztia hauzitan jartzera. Hori da, kristautasunaren logika berean, maitasunari politikazko hedadura* ematea. Bidezko eta beharrezko da.

Liberazioaren teologia honetan ikusi dudanetik gehien gustatu zaidana, hauxe da, alegia,* ez dutela kristianismoaren ideologia berri bat egin. Zera esan nahi dut: Kristianismotik zuzenki ez dutela sozialismoa atera. Sozialismoa, politikazko, ekonomiazko eta gainerako tresnen bidez erabaki dute. Horrela izanik, teologia honek zer egiten du? Sozialismoa, hautapen* den aldetik, hartzen lagundu; eta hautapen hori egina dutenei, kristianismoa giro horretan, egoera (hautapen) horretan bizitzen lagundu ere bai.

Gai hauetaz ziren, aste osoan, hamabi hitzaldiak, hamabi seminarioak eta gainerako elkar hizketak oro.*

JOAN MARI TORREALDAI

ditzakegu, daikeguz

garamazki (garamatza), garoaz

gintezke, geintekez

zait, jat

zeuden, egozen

ziguten, euskuen

zitzaidan, jatan


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABAGADUNE, aukera, era, ereti, parada, ocasión.

ABANTAIL, ventaja.

AGIAN, nonbait, beharbada.

AHANTZ, olvidar.

AHULEZIA, makaltasun.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AINAKO, adinako, besteko, bezainbateko.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.

AISE, aisa, erraz.

AITZITIK, al contrario.

ALA, o qué?

ALBISTE, berri, noticia.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOKATU, alquilado.

ALOR, arlo.

AMILDU, precipitado, derrumbado.

AMILTEGI, precipicio.

AMURRAIN, amuarrain, trucha.

APIKA, acaso, tal vez.

ARABERA, conforme, según.

ARBUIATU, despreciado.

ARBUIATZAILE, despreciador.

ARBUIATZE, despreciar.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARERIO, etsai, contrario, enemigo.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRETA, atención, cuidado.

ARRUNT, guztiz, erabat, zeharo.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATXIKI, adherido, prendido; conservado.

AURKI, idoro, eriden, encontrar.

AURRERITZI, prejuicio.

AZAL, exponer, explicar.

BAIEZPEN, afirmación.

BARIK, gabe.

BARNE, inclusive.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktiko, batzuk pasibo).

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEGIKO, simpático.

BEHINEN, principal, primordial.

BELAUN, generación.

BERRIKI, recientemente.

BILAKAERA, evolución.

BIPIL, valiente, resuelto.

BORDELE, Burdeos.

BORTITZ, fuerte, violento, vigoroso.

BULEGO, oficina, bureau.

DATZA, consiste, está, permanece. (Etzan aditzaren forma).

DENDA, saltoki.

DERITZETE, deitzen diete.

DESBIDERA, bide zuzenetik atera.

DEUS, ezer.

DOHAINIK, dohan, doharik, urririk, gratis.

DOMINA, medalla.

EDOSKI, mamado, têté.

EGINKARI, acción realizada. (EGINKIZUN, acción por realizar).

EGITEKE, egin gabe.

EGOSKAITZ, egoskogor, difícil de dominar.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

ENDELEGATU, ulertu.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, organismo, organización, institución.

ERDIETS, lograr, conseguir.

ERI, gaixo.

EROAN, eraman.

ERORI, iausi.

ERRALDOI, gigante, géant.

ESKUALDE, comarca.

ETSAIGO, enemistad.

EURREZ, abundantemente. (Ene ustez euskara batuan eurrez erabili behar litzateke eta ez erruz, azken hitz honek beste zentzu bat ere ba du eta).

EUSKALTZAIN, académico del euskera.

EZABATU, borrado, destruido, effacé.

EZAGU, conocer. (Batzuek ezagun idazten dute, beste batzuek ezagut. Sustrai-infinitiboaren arazoa ez dugu oraindik onda aztertu euskara batuan. Hegoaldeko idazle gehienak noraezean* dabiltza).

EZBAI, zalantza, duda.

EZEN, ze, pues.

EZKAILU, bermejuela, goujon.

FROGATU, probado, demostrado.

FUNTS, fondo, sustancia.

FUNTSATU, fundado, basado.

GAITZETSI, condenado, reprobado.

GALTZEAR, galtzeko zorian.

GANORE, kanore, ganora, egokitasun, fundamento.

GARBITU, justificado.

GISA, modu.

GOGOETA, reflexión.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GORANTZA, alabantza, laudorio.

GURA, nahi, gogo.

GURARI, deseo, aspiración.

HA, hura.

HABE, puntal, sostén.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente, así mismo.

HALAJAINA, pardiez, pardieu. (Halajaina eta halafede idazten dutenek, logikaz halegia (hala egia) ere idatzi beharko lukete. Baina hitz hauk, nik dakidala behintzat, orain arte H gabe idatzi dira).

HARMARRI, escudo de armas.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAPEN, opción.

HAXE, huraxe.

HEDADURA, dimensión.

HEDATU, zabaldu.

HEIN, grado, medida.

HEL, llegar, arriver.

HERTSI, hestu.

HEZIKETA, educación.

HEZITZAILE, educador.

HILDO, surco, sillon.

HIRIGINTZA, planificación urbana.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORIK, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORTAZ, horretaz, beraz.

HOTS, a saber, es decir, esto es; atención!

HURA, ha.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IHIZI, ehiza, caza, chasse.

IKERTU, explorado, investigado.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISLATZE, reflejar.

ITAUNKETA, interrogatorio.

ITZAL, errespetu.

IZAKI, ser, ente.

IZKUTATZE, ocultar, cacher.

JADANIK, ya.

JAGOLE, zaintzaile.

JAGON, zaindu.

JALGI, irten, urten, atera.

JASO, recibido, levantado.

JAZO, gertatu.

KABUTAN, bere kabutan = por su cuenta.

KALE, huts. (Berba honek lehen silaban du azentua).

KANPOLARROSA, obsequioso con los extraños.

KARRIKA, kale.

KRISTAUEK, ikus Larresororen «Sustrai Bila», 17.

KURRIARAZ, hacer correr, llevar adelante.

LAIN, aina, beste, bezainbat.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LELO, cantinela, estribillo.

LIZARRA, Nafarroako Estella.

MAIZENIK, sarrienik.

MARRAZKI, dibujo, dessin.

MEHATXU, amenaza.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MINBIZI, cáncer.

MOLDAGAIZTASUN, torpeza, maladresse.

NABARI, evidente, notorio, patente; advertir, notar, percibir.

NEHOR, nihor, inor.

NORAEZEAN, sin rumbo, a la deriva.

OIHAN, baso.

OMEN, ei.

OPA IZAN, eskaini.

OPARO, abundante.

OREKA, equilibrio.

ORO, guzti.

ORO HAR, oro harturik, en conjunto.

OSPARAZI, ospatu arazi.

OTU, gogoratu, burura etorri.

PAIRAGAITZ, difícilmente soportable.

PAIRATZE, sufrir.

PERIL, arrisku, riesgo, peligro.

POSTA, correo.

SANDIA, mengano, un tel.

SEN, instinto.

SERORA, sor, monja.

SETA, obstinación, sectarismo.

SINATU, firmado.

SINATZE, firmar.

SINU-MIKU, gesto, mueca.

SOBERAKIN, sobrante.

SOIL, mero, simple.

TANKERA, estilo.

TRONPATU, engañado, trompé.

UDAL, municipio, commune.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URDURI, kexu, inquieto, preocupado.

URLIA, fulano, un tel.

UZTAIL, julio.

XEDE, asmo, helburu.

XUME, tipi, txiki.

ZELAKO, nolako.

ZENBAIT, batzuk.

ZENERITZAKE, zeneritzoke, zenerizkioke.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERTZE, realizar.

ZINEZ, benetan.


Heziketa askatzailea

Kontzientzia postprimarioa hemen

«Orduan ideia bat ba genuen ongi sartua buruan, eta gaur ere hala dugu. Alegia,* brasildarrak heziketa* kritiko bat behar zuela, zentzu kritikoa sortuko ziona. Hala jokatu behar zuten ekonomistek eta soziologoek. Areago* hezitzaileek.* Etapa postprimariotik prekritikora iragan* beharrak, bide hori hartzea eskatzen zuen. Postprimario garaian, oraindik ere grina eta pasioen menpean ginen gehienbat. Bihotzaren eragin itsua, buruarena baino bortitzagoa* zen. Irrazionalismoaren eta fanatismoaren arriskua, ikaragarria zen. Arrisku hoien kontra sendo harmatu beharra zegoen, heziketa lanez» (P. Freire, L'Education: Pratique de la Liberté).

Guk ere ba dugu arriskua, irrazionalismotik irrazionalismora eta fanatismotik fanatismora ibiltzeko. Heziketa lan ikaragarria, beraz! Postprimarioaren zenbait ezagugarri gure artean?

1. Hitz magikoak. Hitz hutsen tirania. Berbakeriaren diktadura. Honen esperientzia oraindik gaur gaurkoa da. Ikastolaren inguruan hiru hitz magiko bapo dantzatu dira berriki*: sexua, erlijioa eta marxismoa. Izugarrizko epaiak eman eta erabakiak hartu dira hitz hoien tiraniaren pean. Erlijioa beharrezkoa dela, marxismoa txarra dela, eta sexuaz hitz egitea gauza delikatua dela esatetik askoz urrutiago ez dira iritxi* hitz hoien beneratzaileak eta arbuiatzaileak.*

Hitz magiko hoien iturriak?

a) Amaren esnearekin batera edoski* dugu hizkuntza eta horren bidez betiko markatzen gaituzten maitasun eta gorrotoak, fobiak eta zaletasunak, grinak eta higuinak.

b) Amaren esnea alde batetik. Eta beste «esne» klase bat bestetik. Interes ekonomikoak, alegia.* Sentimendu itsuz beteriko hitz magikoak destripatzea baino, komeni ez direnak arbuiatzea* eta komeni direnak adoratzea askoz efikazago da, gauzak gehiegi alda ez daitezen. Noski!

c) Hitz magiko hauek ba dute beste iturri bat ere: herriak hartu duen heziketa. Gure heziketari, esperientziaren, asmaketaren eta bilaketaren gustua falta izan zaio. Gure heziketa, berbakeriazkoa izan da eta da. Hortaz,* hitz hutsera ohituak gara.

2. Eta horrexek eramaten gaitu pentsakera alternatibistara, hitzen analisi faltak. Behin baino gehiagotan gertatu izan zait. Erlijio planteamendu berri baten inguruan denbora luzez hitz egin ondoren, erlijioa nola bai eta nola ez, nolakoa bai eta nolakoa ez azaltzen ibili ondoren, entzulearen galdera: «Orduan, ikastolan erlijiorik eman behar da ala ez?». Hain dago pentsakera alternatibista hezurretaraino sarturik, jendeari oso zail zaio nolakoa-ren eta nola-ren munduan sartzea (jende xeheaz eta zapalduaz ari naiz, zartaginaren kirtena eskutan dutenek planteamendu berririk zergatik onhartzen ez duten ongi baitakigu, jakin!).

3. Arrazoinketa ahulez eta afektibitate haundiz ari dela jendea, esaten genuen. Hitzaldien ondoren nagusiena xaloak izaten dira, gehienetan. Askozaz gehiago dira, xalotuz eskuak berotzen dituztenak, pentsatuz burua berotzen dutenak baino. Zenbait gazte talde bide zuzenean sartzen ari da, hala ere, puntu honetan.

Bestalde, Herriaren aldeko egun seinalatuek eta noizbehingo kolpe espektakularrek asetzen dute oraindik jende askoren egarria. Izan ere, sentitu, noizbehingoa, destakatua, nabarmena sentitzen da. Eguneroko lan isila, baseko lan neketsua eta iluna ez da bihotz-hunkigarria.

4. Kontzientzia postprimarioak pentsatu baino sinetsi gehiago egiten duela ere esan dugu. Honetan ba du parterik asko gure Herriak. Elizaren eragina dela medio. Euskal Herria oso erlijiozalea eta elizkoia izan delarik, erlijioaren eta elizgizonen hitza jaso du ia bakar bakarrik. Elizaz kanpo, forum guti izan du euskal gizonak.

Eta elizan hizkera dogmatikoa entzun du, kredoa entzun du. Sinetsi beharreko gauzak entzun ditu, eta ez pentsatu beharrekoak. Kredoaren eta aginduen presentatzaileak, segurtasunak sartu dizkio buruan, segurtasun dogmatikoak.

Eliz giro honek sinestunak sortu ditu, eta ez kriteriodunak. Herriko kriteriodun banakak, ia denak elizara agertzen ez zirenak izan ohi ziren. Ba dakit, elizako hizkera beste modu batekoa izan daitekeela, eta izaten hasia dela nonedonon. Hemen, guk geurean ezagutu dugunaz ari nahiz.

Elizako hizkera hori entzun duenak, gero, kanpoan, elizan hartu duen sinestun pentsakera darabil. Eta mundu honetako gorabeheretara ere pentsakera horixe zabaltzen du. Mundu honetako gauzez ere dogmak egiten ditu. Pentsatu eta eztabaidatu beharrean, onhartu eta gaitzetsi* egiten du, edozer dela ere.

Lehengo batean, «hala omen* da, hori esan omen du» eta horrelako «omenetan» oinharritzen diren judizio faltsuen kontra hitz egin ondoren, honela hasi zitzaidan bat: «Ikastola batzuetan haurrei marxismoa irakasten zaie». Eta nik: «Baina zuk ongi ahal dakizu, hori egia den ala ez?» Eta harek: «Hala esaten dute». Lehengo lepotik burua, halajaina!*

5. Kontzientzi maila honen beste ezagugarri bat zera da: jende klasifikatzailea franko izatea. Eta hau gure Herriaren minbizia* da, gaur egun.

Jende klasifikatzaile asko dadukagu. Jende batzuek eta talde batzuek honetara dedikatzen dute beren astia, beste zeregin haundirik gabe. Siglak asko maite ditugu. Zu ez zara ZU, zu talderen bateko semea zara, nahi eta ez.

Euskal Herrian, orainartekoan, famili izenez edo baserri izenez ezagutu izan da jendea. Orain ez. Orain, gero eta gehiago, politika-famili izenez ezagutzen da. Ez dakigu pertsona bere izenez ezagutzen.

Klasifikatzaile horrek ba daki zuk nola pentsatzen duzun, ezagutzen du zure ideologia, nahiz eta zure hitzik inoiz entzun ez, nahiz eta zure lanik inoiz irakurri ez.

Klasifikatzaileak artikuluekin eta liburuekin berdin jokatzen du. Puntuz puntuzko kritikarik ez du inoiz egiten. Autorea klasifikatzen du, eta, ondorenez, lana laudatu edo kondenatu, irakurri ere egin gabe.

Bakoitzak osa beza, Euskal Herriaren textoinguruan, nik hemen ezarria. Geure «ilunpe» hauk* ezagutzea lan positiboa da, zenbaitek besterik pentsatu arren. Errealitateari begiak hixtea bezalakorik ez baitago, gatzezko estatua bihurturik gelditzeko. Baina nork nahi du, horrelakorik gerta dadin?

EUSEBIO OSA

beza, bei

dizkio, deutsoz

zaie, jake

zaio, jako

zion, eutson

zitzaidan, jatan

zait, jat