ANAITASUNA

241. zenb.

1972.eko Irailaren 30ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Euskara ikasteko liburu berria

Ba zen aspaldion honen beharra! Izan ere, makina bat ikasle eta irakasle zebilan orain arte kezkaturik, euskara batua ikasteko methodo egoki baten faltaz. Hutsune hori betetzera etorri da, hain zuzen ere, CINSA etxeak oraintsu argitara berri duen EUSKALDUNTZEN liburu hau.

Ikasbide apaina, irudi askoduna eta itxuraz atsegingarria benetan. Beronen mamiari buruz zerbait jakin gurarik,* bera moldatu duen irakasle taldeko bati, J. L. Goikoetxeari, galdera batzuk egitera goaz.

— Ikusi dugunez, hau lehen mailako liburua duk, hasiera hasierakoa. Ba ote duzue hurrengoak ere egiteko asmoa?

— Bai. Hik dioanez, hau lehen maila besterik ez duk, aurretik ezer jakin gabe euskara ikastera datozenentzat pentsatu eta bereziki moldatua. Honen hurrengo, bigarrena eta hirugarrena ere etorriko dituk. Bigarrena, gainera, honez gero inprentan diagok, Gabonak inguruan ateratzeko prest.

— Nortzuk saiatu zarete liburua egiteko lan honetan?

 Alfabetatze kanpainan eta euskara irakasten arituriko irakasle talde bat: R. Badiola, J. R. Etxebarria, J. I. Intxaurraga, X. Kintana, J. Legarreta, J. A. Munduate, J. J. Zearreta eta ni. Irudiak, bestalde, J. Juaristik eginak dituk.

— Asko kostatu zaitzue liburu hau moldatzea?

— Hara! Taldeko lana izan duk; eta zin zinez esan diezakeat, ordu asko sartu ditugula guztiok horretan. Lehen liburu honen bidez, euskararen egiturarik* funtsezkoenak irakasten saiatu gaituk, aurrerago joateko bidea prestatuz eta leunduz. Ikaslearen erraxtasunerako, gainera, irudi ugariz hornitu diagu textua. Irudiok, bestetik, egundainoko lana eman diate, ez pentsa. Izan, 500 irudi baino gehiago diadukak liburuak; eta horik* ez dituk goiz batetan moldatzen.

— Uste duk, errax egingo zaiola ikasleari methodo honekin euskara ikastea?

— Gu geu horrexetan ahalegindu gaituk behintzat. Gure asmoa edozeinek erraz ulertzea izan duk, bai eta umeek edo eta grammatikaren ezaguerarik ez dutenek ere. Honetarako, ingeles ikasteko azken methodoak eduki ditiagu kontuan.

Laguntzarik ukan* ote duzue?

— Bai, batez ere CINSA etxetik, berari esker edizioa ateratzea posible izan baita. Imprenta Amadorenekoak ere ezin hobeki portatu dituk gurekin. Guztioi, geure esker onik beroenak adierazi nahi genizkiekek hemendik.

Liburu hau nora eskatu behar da?

— CINSAra, Avenida del Ejército, 18-3.º, Bilbao-14era.

Ongi salduko dela uste duzue?

— Gu geu behintzat horretan giaudek. Jadanik, are* inprentatik atera baino lehenago ere, hainbat eskari hartu diagu Euskal Herri osotik, bai eta iparraldetik ere. Jendeak gugan konfidantza erakusten dik, eta horrek aurrera jarraikitzeko adorea ematen dieraukuk.

Ea, badai Mila esker, Goiko; eta segi lanean, etorkizuna lan egiten dutenena duk eta.

PATXI ARMENDARITZ

Toketazko formak

diadukak, daduka, dauka

diagok, dago

diagu, dugu

diate, dute

dik, du

dieraukuk, derauku, deusku

ditiagu, ditugu

dituk, dira

duk, da

gaituk, gara

genizkiekek, genizkieke, geunskioez

giaudek, gaude, gagoz

Osterantzeko formak

diezakeat, deiskiat, dezaiaket

zaio, jako

zaitzue, jatzue, zaizue

zebilan, ebilen, zebilen


Burundiz guti idatzi dela?

ANAITASUNAren 239. zenbakian, Askainek sinatutako* artikulu bat irakurtzen dugu: «Ez dago aukera haundirik». Lerro hauek ez dute erantzun bat izan nahi, arazoa ez baita arrazoiaren jabe izatea, ahalik eta zuzenen informatzea baizik. Nabari* da, ordea, Askainek oso guti ezagutzen duela URSSeko problematika, ez bailuke bestela Angela Davisen beharrik izanen, haien politika kritikatzeko. Gauzak ez dira inoiz zuri zuri edo beltz beltz izaten; baina, zernahi den, ez dira aski* ilun, A. Davis eta G. Jackson bezalako iraultzaileak gaurko URSSeko zuzendariekin nahasteko. Bereizkuntza hori da, hemendik Angelari eta Georgeri zor diegun errespeturik xipiena. Eta ez da, ez, garesti.

Askainek Burundiko 200 mila hilak aipatzen ditu; eta horien inguruan gauzatu den isiltasuna, A. Davisen prozesuaren inguruko zaratarekin kontrastatzen du. Gehiegi hitz egin omen* da Angelaz eta ezer ez Burundiz. Nire erantzunik egokiena, Burundiz mintzatzea izanen da. Zeren* informazio honek ulertaraz baitezaioke Askaini, telebistak eta egunkariek Burundiz guti hitz egiten badute, dauden eskuetan daudelako dela.

Askotan entzun ohi dugu kolono baten eta are* men debaldeko* edozein gizonen ahotik, ez dela komeni afrikarrak «bakarrik» uztea; askatasunak arrisku gehiegi duela haientzat; elkarri burua moztuko diotela, «bakarrik» aurkitzen badira; tribalismoan eroriko* direla.

Tribalismoa! Hitz honen zentzu arrunta* gogoan harturik, ba dirudi, tribua berez gauza txarra dela. Baina hori gezurra da. Hizkuntza eta historiazko batasun batek, indibiduen arteko harremanen sistematizazio batek, beste edozein bezain baliotsu den solidaritate eta onharpen amankomun batek osatzen dute tribua; eta elkarte mota hau ez da izan eragozpen, kolonizazioaren aurretik sortu ziren erresumak* osatzeko.

Kolonialismoaren pean gaiztotu zen sistema hau. Izan ere, gauzen trukean eta autokontsumoan oinharritzen zen sistema honen gainean, kolonialismoak diru trukea jarri zuen. Kanpotik eragindako aldakuntza honek kolokan uzten du «jauntxo»en sistema, sustrairik gabe. Defentsa barik* geratu den organizazio hau, ez dago aldakuntza hori bereganatzeko aski* egokitua; eta, memento honetako nahasteaz baliatuz, kolonialismoa guztiaren jabe egiten da: jauntxoen sistema kolonialismoaren zerbitzuan erortzen da, eta egoera honetan atzerakoi egiten da.

Noizbehinka, egoera honen sakonetik, Eskatu baterazale bat osatu nahi duen uhin* bat sortzen da azalera; baina kolonialismoa erne dago: zatiketa da haren irabazpiderik egokiena.

Tshombek Katanga bereizten du; Kasavubuk beste honenbeste egin nahi du bakongotarrekin; Nigeria alde guztietatik zatitzen da; Angolan zatiketaren alde burrukatzen da; halaber* Guinean eta Sudanen.

Zenbaitetan, burruka honen sustraiak mende* asko ditu, ehunka urte; baina kolonialismoa oso trebea da, hasarreak berpizten. Tribuen arteko burrukak, sistema honetatik ateratako- gizonen eskuetan, politika tresna emankorra dira. Baina gizon hauk* ere, inperialismo modernoak eragiten ditu; eta burruka guzti horik* inperialismoaren gordeleku dira. Beraz, tribu burrukek mami politiko bat dute; eta ezin daiteke horretaz mintza, herri kolonialisten jokaera aztertu gabe, eta, batez ere, gaurko gizarte afrikanoaren klase etsaigoak* ezagutu gabe. Hemen aipa dezakegu, hain sarritan enpresa kolonialaren laguntzaile izan den faktorea: erlijiozko misioak. Misio hauek, beste zenbait eginkizunen artean, irakaskintzaren monopolioa zuten. Misiolariak, «komunismoaren bidea» den askatasunaren alde saiatu ziren. Baina gai honen historiak leku gehiegi hartuko luke. Erraz da imaginatzea, zein espiriturekin ikasten zuten dotrina Burundiko gazteek, beren kultura paganoaren arrastoak deusezten ari ziren bitartean.

Burundi, historia guzti honen exenplu argi bat da. Hango gobernu fantotxea, benetan politiko eta nazional den oposizio baten kontra burrukatzen ari da.

Hiru talde etniko bereizten dira Burundin: twa-k, ihizitik,* frutuen biltzetik eta lurrezko ontzien eta lan tresnen trukatzetik bizi den talde xipia: hutu-ak eta tutsi-ak, Nilo hibaiaren ibarretik etorritako artzainak. Guztiok hizkuntza bera erabiltzen dute: bantu-a; eta honela banatzen dira: Twak % 1, hutuak % 84, eta tutsiak % 15.

Tutsiak beren ohiturei oso lotuak zeuden; eta ez dirudi, botere nahiaz mugitzen zirenik, ganaduarentzat belar bila baizik. Tutsiak ez ziren ingurukoekin nahasten, eta luzaroan trukea izan zen tutsien eta hutuen arteko harreman bakarra: tutsiek esnea, okela eta abere produktuak ematen zituzten, eta, ordainez, frutuak eskuratzen. Denboraren harian, abere produktuak eskaini beharrean, abereak bizirik ematen zituzten. Hutu batek behi bat hartzen zuenean, tutsien menpean geratzen zen, haien zerbitzuan. Morrointza hau 1954.ean bukatu zen ofizialki; baina hainbeste urtez eratutako botere ekonomikoak tutsien eskuetan irauten du.

Egoera honetan, zer gertatu da eta zer ari da gertatzen maiatzaren erdiaz gero Burundin? Eman dezagun zenbait berri labur.

Ekainaren* 7an, Burundiko ordezkariak, ONUn, «liburu zuri» bat argitaratu zuen. Liburu hark zioenez, apirilaren bukaeraz geroztik, tutsiek 50.000 hutu hil zituzten Burundin, beren buruen aurkako genozidioaren defentsak horretara beharturik. «Ez dugu guk pentsatzen, errepresioa eta genozidioa gauza berbera direnik. Oso urrun daude bata bestetik. Defentsa pertsonalak behartzen gaitu».

Doktore belgikar batek, Hennegheim jaunak, Bujumbutik hilotzez* betetako kamioiak ateratzen zirela esan zuen, eta hilobiak bulldozer-ez irekitzen zirela.

Ekainaren 2an, mundu guztian zabaltzen da berri bat: milaka hutu asesinatuak izan dira, hutu direlako bakarrik. Gobernari tutsiek, hutuengandik beren buruak defendatzeko dela diote.

Burundiko ordezkariak, ONUn, honela mintzatzen dira: «Guk egiten duguna, baketze kanpaina bat da. Ez dugu hutu nahiz tutsi izan gura,* Burundi baizik. Kristau sindikatoek eta belgikar zuzendariek sortu dute etsaigoa* gure artean. Eta, gainera, Belgikak laguntza oro* ukatuko daukula dio, berak antolatutako drama hau argitara atera delako».

Micombero koronelak eskerrak ematen dizkio Mobutu jeneralari, bidali dizkion gizon eta materialak gatik.

Honela mintzatu zitzaien bi frantses kazetariri Burundiko gotzaina: «Tutsien erreakzioa normal hutsa da. Beren burua defendatu behar dute». Egun berberean, gobernua goiko funtzionarioak fusilatzera eta urkatzera behartua aurkitu zen, «legezko defentsaren gehiegikeriak» buka erazteko.

Parisen, Ministroen kontseiluak gaitzetsi* egiten ditu Burundiko gertakariak.

New Yorkek «laguntza humanitarioak» eskaintzen ditu.

Chinako Herri Errepublikaren enbasadore berriak, Pekinen, laguntza agintzen dio Burundiko gobernuari.

Bi hitzez, 150.000 edo 200.000 hil. Guti idatzi dela? Argi dago: odol hotzez hildako 200.000 beltzek ez dute Dayanen kontra asmatutako tirokatze batean halabeharrez hildako 30 portorrikotarrek aina* balio.

Problema beti da bera, eta, izenak aldatuz gero, historia honek herri askotarako balio du. Ruandarako, adibidez. Noiz izanen da Ruandaren ordua? Noiz akabatuko dituzte beste 200.000 ruandar, Belgika mendebaldar, kristau eta zibilizatuaren neokolonialismoak iraun dezan?

Prezio hori du askatasunak. Edozein egunetan, agerkariak letra haundiz beteko dira, zenbait basatik, «gogo onez eriak* zaindu baizik» egiten ez zuten misiolari batzuen aurka egindako gehiegikeriak salatuz. Eta gehiegikeria izanen dateke, baina batzuentzat bakarrik, hots,* gertakizun hoien azpian ezkutatzen* diren sustraiak eta oinharriak ezagutzen ez dituztenentzat.

Aski* dira Europako 60 pertsonaren hilotzak, «gertakari odoltsuez» mintzatzeko; baina Burundikoen aurrean komenigarriagoa da isiltzea. Isilik egon, gaur arte hango hilotzak, bata bestearen atzean lurrean jarrita, hemendik Madrilera ailegatzen badira ere!

AINHOA

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

dezagun, daigun

dezaioke (diezoke), deiskio

dezakegu, daikegu

dezan, daian

diegu, deutsegu

dio, deutso

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

zeuden, egozen

zitzaien, jaken


Euskaldungoa

Misiolarien etxeratzea

1945.ean hasi eta 1965.erarte, hogei urte luzetan, gure apaiz euskaldun zenbait herbestera joan ziren, misiolaritzan ihardutera. Gehienetan, Hego Amerika (Ecuador, Venezuela, Chile...) edo Afrika (Katanga, Angola...) aukeratzen eben, hango jendeak kristinautzeko lanlekutzat. Ez dogu orain «herbesteratze» horren arrazoirik aztertuko.

Azken denborotan, berriz, 1970. urteaz geroztik, apaizok pilaka etxeratzen ari dira. Bizkaitar apaiz batek komentatzen eustan bezala, misio herri hareetan iraultza giro bat sortzen eta berotzen ari da, zenbait apaiz ere mugimendu horren barruan, edo buruan, direlarik. Honetara,* euskaldun misiolariok, edo iraultza horren alde burrukatzen eben, edo eta kanpotik etorritako kolonialistak zirela entzutera beharturik egozen.

Bidegurutze honetan, gure apaizok —Don Rufino Aldabalde eta Don Joakin Goikoetxeandiaren eskolakoak «apaiz bakarrik, apaiz edozertan, apaiz beti»— kasurik gehienetan berriro euren etxeetara itzultzea erabaki dabe.

Etxeratze hau, Bizkaian bereziki, ez jake txarto etorri eliz agintariei. Bakante egozen postuak —posturik puntarengoenak sarritan— apaiz tradiziozale, inmobilista eta espiritualista honeei eskaini eta eman deutsoez gehienetan. Bide batez, klero urrituak eta kontestatariak planteaturik zituan bide berri kezkatsuak, gaurkoz behintzat, neutralizaturik gelditu dira. Artaldea «misiolarien» pean dogu, eta hemen diren «engaiatuek»* lehengo marjinazioan baino haundiagoan jarraitzen dabe.

Albisteñoak

Entzun dogunez, bukatu eta inauguratu berria da Isabatik San Martinera doan mendibidea.

Nafarroako Oronoz-Mugaireko jaietan, iragan abuztuaren 16an, txistulariak kiosko gainera igon zirenean, txistuka hasi omen jakezan erromerian egozen gazteak.

«Mariñelak», edo A. Zubikarairen teatroa

«Mariñelak», Agustin Zubikarai euskal idazlearen hitzak dituan zarzuela, hainbat herritan jokatu izan dau Ondarroako «Kresala» taldeak, iragan* uda honetan.

A. Zubikarai 1914. urtean jaio zan Ondarroan. Apaizgorako estudiatzen ibilitakoa da, eta orain kontable lanak egiten ditu. Teatro lan asko idatzi izan ditu. Oraindik oraintsu, antzerki bi —«Bizi garratza» eta «Mendu zaharrak»— liburu batetan publikatu izan ditu «Irakur Sail» etxean. Liburu honen prologoan, ba inoan Xabier Letek: «A. Zubikarai gerla osteko giroan bere teatro lana osatu duen idazlea da... Pentsakeraz, idazkeraz, edadez, eta idazkietako giro berezi horrek adierazten digunez, garai hartako egile klasikoa da, eta, beharbada, teatro sailean langileena eta onena... Haren teatroa, ia beti, kezkadun eta problemadun teatroa da, drama edo komedi eran osatua eta erabilia, klasikoki soluzionatua bai ideietan eta bai ezenako eraketan. Teatro burjes klasikoa, beraz». Eta bukaeran: «Publikorik gabe eta girorik gabe hainbeste urtetan lana hain serio eta segian egin duen gizonak, gure estimazio osoa eta esker ona merezi du».

Agustinen hiru seme ere apaizgorako ikasten ibiliak dira, Derioko seminario ospetsuan; eta gaur hirurok apaizgai «garbaituak»* ditugu. Eurotariko batek, bigarrenak uste dot, kazetalari ikasketak bukatu berriak ditu, eta «Efe» etxean lan egiten omen* du.

«Absolbizio Eguna» Aralarren

Joan dan abuztuaren 27an grazia berezi bat lortu ahal izan eben Aralarreko San Migel elizara bildu zirenek: «Absolbizio Eguna»k dakarren grazia espeziala, alegia.* Egun hau zertan datzan,* Mikaela Elizegi, Pello Errota bertsolariaren alabak, bere 94 urtetan kontatu bezala entzungo dogu: «San Migel bezperari 'Absolbizio Eguna' esaten zitzaion. Guk beti ala aditu genduan Leitzen gero ere: 'Absolbiziyo gaur da'. Iñun absolbitzen etziran pekatu guztiak, egun ortan an barkatzen ziran. Ta an izaten ziran indiano zar guztiak».

Zornotzako* berriak

Herriko «Sociedad Deportiva» dalakoaren babespean, mendizaleen talde berri bat sortu da, orain gutxi. Haren lehenengo ibilaldiak, Toloñora, Urbiara... izan dira. Lehen ere, ba egoen herrian «Aramotz» izeneko talde bat; zoritxarrez, oso denbora gutxigarrenean jo eban lurra. Oraingoari iraupen luzeagoa opa deutsagu.

Berriro ikusi izan dogu bere zereginetan Don Pedro apaiza, Zamorako espetxean egonaldi labur bat eginda gero. Gogor ekin, Periko!

Larrako partean, 1.280 mutilentzako kapaz diren eskola berri bi egiten ari dira. Aurtengo irailerako* amaitzeko ei* dira. Honekin konponduko da gure herrian, zati baterako, Estaduaren eskolen eskastasuna (Leungane).

«T.U.» agerkariaren oharpenak

Sarritan aipatu izan dogu Mondragoetarren «T.U.» agerkaria. Itxuraz urria eta ezereza, baina mamiz eta asmoz helmen* handikoa. Eta helmen handikoa dinogu, zeren* eta bere predikuen barrenean, edo azpiduran, frogagarri bezala, gertakari batzuk, erdiespen* batzuk baitagoz. Haren 141. alea uda aurrekoa da; eta beraren inguruan orain ekiteari, pixka bat beranduegi ibiltzea izan arren, hala ere, interesgarri deritxogu.

Dinogun ale horretan, aurren lerroan hasi eta azken puntaraino, kasikan gai edo lelo* bat baino ez dogu entzuten: «Udan, elkar kutsatuak bagina legez,* bekatu kaltegarri batetan erortzeko* arriskuan gagoz: aurreztutako diru guztiak bakantzetan birrintzekoa, alegia.* Eta, honela, gure ekonomia ostikatu egiten da, atzeratu, ahuldu».

«A veces —dino artikuluaren egileak— pienso si no nos está ocurriendo lo que hace pocos años criticábamos a una minoría. Derrocharon el dinero y las oportunidades que en aquel momento se ofrecía para ellos y para la comunidad. La tonta competencia exhibicionista para la que tenían posibilidades los menos, ha llegado a los demás. ¿No estaremos jugando alegremente el porvenir de nuestro pueblo? ¿No va a ser necesario ese dinero, que se nos va en fruslerías, para crear nuevas oportunidades?»

Egia garratza. Euskal jendeari boz altuz predikatu behar jako, bere etorkizuna bere poltsikoko diruaz indartu eta tinkotu behar dauala; eta berriro dinogu, Mondragoetarrek, hala egiteko, erdiespen batzuen frogantza* erakutsi ahal dabela.

Puntutxo bat, horregatio,* ikutu gabe gelditzen da, ene ustez. Zergatik ez da esaten, diru xahutze* handi edo dexente xamar hori gure herriko jabeek, jende ondo kokatuek,* dirijenteek, tekniko ondo pagatuek... egin daikeela, eta, gehienbat, langileriari batez ere txurrupatutakoetatik? Zeren* eta «gehiago hartzen dauanari, gehiago eskatzen baitxako» (dei moral honek ezertarako balio badau); baina ez mundu guztiari berdin, dana kentzen ja kenek ezin baitabe ezer aurreratu eta are* gutxiago eman.

Liburu berriak

1. «Itzal gorria». D. Peillen-ek. 166 orrialde. 100 pezeta. «Itxaropena», Zarautz. 1972.

2. «Mondragón y su futuro». Siadeko. 161 orrialde. 100 pezeta. Donostia. 1972.

3. «Haurtxoa, zigoinak Paristik ekarria ote»? Kozicharow-Sartori. 100 pezeta. Aita Beneditanoak. Lazkano. 1972.

4. «Joven de mañana». Alberto Onaindiak. 80 orrialde. «Ekin». Buenos Aires. 1969.

5. «Navarra en su vida histórica». A. Campión. 548 orrialde. «Ekin». Buenos Aires. 1971.

6. «Gure urretxindorra», Enbeitatar Kepa. 332 orrialde (musikarekin). 450 pezeta. «Ekin». Buenos Aires. 1971.

7. «Navarra, I. Sus documentos y artes». Madrazo. 863 orrialde. 1.200 pezeta.

8. «Legazpi, historia de la conquista de Filipinas». José de Arteche. Bigarren edizioa. 6 ilustrazio. Ignacio Tellechearen eranskinak.* 290 orrialde. «Sociedad Guipuzcoana de Ediciones». Donostia. 1972.

9. «Vida Vasca 1972». Bilbao. 150 pezeta.

10. «Gora Jainkoa». Euskal Herriko liturgi batzordeak. Centro Diocesano de Liturgia. Alameda de Mazarredo, 14. Bilbao. 1972.

Gu Larresororen alde

«Goiz Argi» hilabetekariak, bere 152. zenbakian, artikulu sendo bi ekarzan: «Delenda est Carthago», Jose Lasarena; eta «Larresoro, zoaz ikastolara», Olazabal'dar Xabier'ena. Hitz bitan esateko, bigarrenak jarritako tituluarekin laburtzen da bion tesia: «Larresoro, zoaz ikastolara». Motiboa: Larresoro, 72.7.2ko ZERUKO ARGIAn, oraingo Euskaltzaindiak markatu dituan lorratzen jarraitzaile eta animatzaile agertzen zalako.

Aldizkariak

1. «Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos», n. 88. Hona hemen aurkibidea: «El insigne Severo, Patrono de Vasconia», zuzendaritzak. «Bertsoketan», Imanol de Sabiaga. «Orduña, la ciudad del Señorío», J. R. de Madaria. «La colegiata de Santa María de Cenarruza», Martín de Axpe. «Eugenio de Gamboa y Arrupe», F. de Abrisqueta. «A propósito de un nuevo mapa del País Vasco» («Cinsa» etxearena), J. M. de S. «Catalanes y Vascos», Fritz René Allemán.

Historiazko gai asko —ondo deritxoguna. Erdara ere asko, dana —ez hain ondo deritxoguna. Eta aide hotz, intelektual eta urrun-urrunekoa —konprenigarria, «americano» horreek Hego Amerikan bizi baitira.

2. «Jaunaren Deia» (39). Gai biblikoak eta liturgikoak erabiltzen ditu, euskara hutsean egindako agerkari honek. Bere 108. orrialdean, «Kanta Berriak» eskaintzen deuskuz. Azkenean, «Liburu Berriak» izeneko saila dakar. Argitaratu direnen artean, jesuiten ETORenak eta frantziskanoen JAKINenak baino ez ditu aipatzen, enparadu* guztiak Baai gezurrezko jainkoaren obrak balira bezala.

ANJEL ZELAIETA


Liburuak

"Arrasate eta bere etorkizuna"

ETOR editorialak argitaratu duen azken liburua, «Siadeco» taldeak Arrasateri buruz egindako estudioa dugu.

Benetan interesgarri iruditu zaigu liburu hau, herri baten azterketa sakona egin gura izan duelako eta oso konklusio bereziak ateratzen dituelako.

Mondragoeko udalak* «Siadeco»ri eskatutako estudioa delarik, agertzen diren analisiak eta soluziobideak udal bati dagokion neurrian eginak dira, nahiz eta horretarako Euskal Herri osoaren mailan zenbait azterketa egin behar.

Azterketa lana

Demografia, kultura, ekonomia eta hirigintza* analizatu ondoren, etorkizunari buruzko problemak eta soluziobideak agertzen dira, udalak aukeratu duen hipotesia ere aipatuz.

 Demografia edo jendetzari dagokionez, Arrasate mende* honetan gogor hazi da. Bereziki azken hogei urteotan; proporzioz Debako eskualdea* eta Gipuzkoa osoa baino gehiago hazi baita.

Handitze hori, berezko ugaritzeari baino gehiago kanpotarren etorrerari zor zaio.

20.372 bizilagunetatik (hauk* dira guztiak) 40 urtez beherakoak dira gehienak; hots,* populazioa oso gaztea da.

 Kulturari buruzko zatian, euskara, jakintza maila, profesionalizazioa eta familia analizatzen dira.

Euskaraz dakitenak % 52,8 omen* dira.

Jakintza mailan, oso atzeratua agertzen da Arrasate, beste nazioekin konparatuz. Lehen irakaskintzatik gorakoak % 15,4 besterik ez dira, eta hauetatik % 1,6 bakarrik unibertsitariak.

Profesio mailan, kualifikazio beharra agertzen da, langile guztietatik % 53,5 peoiak baitira.

Familiak, handiak dira gehienbat; eta erdiak eta akats* bakarrik, bizi diren etxearen jabe.

 Ekonomiari dagokionez, % 36,8 dira langile aktiboak (Europan, % 40 baino gehiago dira). Langileok, ekonomiaren sektoreetan banandurik, honela agertzen dira: % 1,2 lehenengoan, % 82,7 bigarrenean, % 16,1 hirugarrenean.

Errenta per capita, 89.482 pezeta izan da 1969.ean. Gipuzkoa Espainiako probintzien artean gorena zen, 82.044 pezetarekin; eta Arrasate, alde honetatik, aurreratuta dagoela esan dezakegu.

 Hirigintzari dagokionez, Euskal Herria, eskualdea eta udala kontuan harturik egiten da azterketa. Euskal Herriaren egituran,* egungo* komunikabideak oso eskasak dira; baina aipatzen diren aldaketak oso interesgarriak dira, eta premiazkoak batez ere.

Etorkizunaren analisia, Arrasatek hurrengo hamabost urteetan (1969.etik hasita) eman dezakeen aldaketa eta desarroiloari buruz egina da.

Zenbait hipotesi

Desarroiloa, gaurko sistema honetan, ekonomi indarren ekilibrioaren bidez lortzen denez, lan-eske eta lan-eskaintzaren hipotesi batzuk egiten dira, ekonomi sektoreetan zatituz eta beste mailetan (kulturan, hirigintzan, kualifikazioan...) desarroilo honek ekar ditzakeen ondorenak ikusiz.

Lehen sektoreak (lur langintzak) ez du langile berriren beharrik izanen.

Bigarren sektoreak (industriak) lan-eske handia izanen du. Batez ere kooperatibek (orain daudenek eta aurrerantzean muntatuko direnek) izanen dute beharrik handiena, gaurko egoera eta desarroiloan oinharriturik.

Hirugarren sektoreak, Europako nazioekin konparatuz, oso enplegu guti duelarik, bere indarra gehitu egin beharko du; eta, horretarako, komertzioak eta zerbitzuek eskualdeko beharrei erantzuteko modukoak behar lukete izan, bertotik Bilbora eta Gasteizera doan jendea bereganatzeko. Bestalde, «Herri Langile Kutxa» edo «Caja Laboral Popular» delakoa hamabost urteotan biziki desarroilatu beharko litzateke, eta gehitu kooperatibak bai Arrasaten eta bai kanpoan ere.

Honela, langile kualifikatuak gehiago izanen dira eta peoiak gutiago. Irakaskintza izugarriro azkartu eta bizkortuko da. Gainera, autopista, trenbide berria eta aeroportua ere premiazkoak izanen dira, eta hoiek ekarriko dute aldaketa beste maila guztietara.

Gure eritzia

Herri eta eskualde mailan egindako analisi batean, lehenengo sektorea, aurrera begira, ikutu barik* uztea eta haren premia baztertzea, estudio oso partziala egitea iruditzen zaigu. Lur produktuak, haragia eta arraina, gizarte batek, aurren aurrenetik, bizitzeko behar dituen gauzak dira.

Premia hoik* nola osa eta bete, jakin beharrekoa da. Horregatik gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio arazo honi nazio aurreratuetan; eta horregatik da, bai eta ere, nazio guztiek lur produktuez autohornitzeko duten joera.

Orduan, zergatik ez analiza, udal, eskualde edo Euskal Herri osoaren mailan, lehen beharren problema hau? Euskal Herriak beti kanpotik ekarri behar izan ditu, jateko eta bizitzeko behar diren aurrenengo gauzak. Eta, beste tokietatik ekartzen direnez, zergatik ez analiza komertzio hori? Hirugarren sektoreari buruz egiten den bezalaxe egin behar litzateke beste sektore guztiei buruz ere, behar diren egitura edo estrukturak markatuz.

Gure ustez, ekonomi analisi bat egiteko, salerosketak, harremanak eta, hitz batez, merkatuaren egoera aztertzea guztiz premiazkoa da. ikusi besterik ez dago, egunero irakurtzen ditugun nazioen arteko harreman eta delako «balanza de pagos» hoiek nolako buruhausteak ematen dizkieten lehendakari eta politikalari guztiei.

Hirugarren sektoreari buruzko analisia, esan genezake, estrukturei dagokienez, behar bezala egina dela. Egiten diren proposamenduak oso zabal eta nahikunde* handikoak dira, eta ekonomia desarroilatu eta aurrerazale bat lortzeko bidean daude.

Baina azterketa tekniko- eta zientifikoki egin gura denez gero, teknika forma hori berori kritikatu nahi dugu

Konklusio-hipotesi guztiek, lan postuen ugaritzea, langileen kualifikatzea eta errentaren handitzea dute bistan. Eta hori, ekonomia normal batean lor daitezkeen neurrian. Gaurko ekonomi egoera normaltzat hartzen da nonbait.

Eta, orduan, gaur eguneko sistema honen zapalketa, langileen problema eta haien askatasunerako bideak ez dira ezertarako aipatzen, zerikusirik ez balute bezala. Eta hor dago kakoa.

Zertarako horrenbeste aldaketa eta aurrerakuntza ekonomian, egintzabide eta produzio tresnak lehengo eskuetan gelditzen badira? «Kooperatibetan dago soluzioa», esanen dute. Guztiz jakina da, ordea, sistema honen barruan lehen baino gehiago integratzeko eta lotzeko bidea besterik ez direla kooperatibak; eta gaur ondo arduraturik daude kooperatibetako langileak. Zertarako kulturaren eta irakaskintzaren handitzea, langileak eta herria oraindik gehiago zapaltzeko bide bat bada?

Orduan, analisi bat teknikoa izan dadin, gaurko egoera eta etorkizunekoa estudiatzeko, problema guztiak aztertu behar dira, garrantzia, benetan merezi duenari emanez. Eta, nolanahi ere, herri guztientzat lan bat argitaratzen denean, banko eta kooperatiben garrantzia baztertu egin behar litzateke, eta Euskal Herri osoak daraman burrukari laguntzen saiatu eta argibideak erakutsi.

Horretan datza,* herrikoi* izan gura duten teknikoen lana. Bestela, zapaltzaile bihur daitezke hoik ere.

I. ARRIGORRI

balute, balebe

daude, dagoz

dezake, daike

dezakegu, daikegu

ditzake, daikez

dizkiete, deutseez

genezake, geinke

zaigu, jaku

zaio, jako


Liburuak

Ukroniaren inguruan. Xabier Kintanarekin elkar hizketa

Donostiako «Lur» editorialak publikaturiko BEHIN BATEAN liburuan, ipuin bat dago, iskanbila gogorra sortu duena: Ukronia. Eztabaida garratzak azaldu dira; eta, gauzak argitzeko asmoz, zer hobeagorik, iturrira berbertara joatea baino? Asmo honekin jo dut egilearengana, eta galdera batzuk egin dizkiot.

Bere bizitzako azken urteetan, herbesteraturik zegoenean, Agirre jauna ezagutu nuen. Bere akats eta bertuteetan errespetagarria, estimu handitan nuen eta dut haren izena.

Bestaldetik, aspaldian ezagutzen dut Xabier Kintana, eta euskara eta euskal kulturaren alde egin duen lan ikaragarria. Bere gaztetasunean (25 urte ditu) bera da geure literaturan dugun promesarik baliotsuenetarikoa. Bera ere errespetatzen dut bere akats eta bertuteetan.

Eta, gehiagorik gabe, goazen harira.

— Xabier, zer da Ukronia?

— Ukronia, gertatu ez den denbora hypothetiko bati buruzko satyra bat da. Ukroniarik inoiz ez dela jazo,* argiro erakusten da ipuinean bertan, hura* gerta zedin behar ziren kondizioak suertatu ez zirelako. Eta, satyra bat denez gero, errealitatea deformatuta dago apropos. Agian* satyra horretako gatza larritxoa* dateke, hori bai. Ba dakizu, bizkaitarrok honetan ere ez dugu geure anaia giputzen diplomazia eta finezia.

— Eta noiz gertatzen da Ukronia?

— Ipuinean Ukronia gure denbora honetan gertatzen da, alegia,* gaur zer litzatekeen, lehen halako eta holako gauzak bestetara joan balira.

— Eta, geografiari begira, non gertatzen da Ukronia?

— Euskal Herrian, noski. Are* gehiago oraindik, Bilbon.

— Beraz, Ukroniako pertsonaiak euskaldunak dira?

— Hara! Euskaldunak, edo, hobeki esan, baskoak. Edo, nahiago baduzu, euskara ukronikoz: euzkotarrak. Dena dela, bertoko jendea.

— Ukronia idazterakoan, zer helburu bilatu duzu?

— Ukroniak, era guztietako maliziatiek besterik ikusi nahi ukan* arren, hauxe besterik ez du adierazten, ene ustez: gizonaren askatasun osorako ez dela aski,* bandera batzuen lekuan ikurrin soil batzuk jartzea, beronekin batera sozial egiturak ere aldatzen ez badira. Betiko kontua, lehengo lepotik burua.

— Nortzuk gelditu dira nagusi Ukronian?

— Beno, hau argiro dagoela uste dut: Euskal Herriko burjesak. Tipiak eta haundiak, baina batez ere bigarrenak. Ukronian, Bilbo Zaharreko merkatari tipiak nekez bizi daitezke; baina monopolioak eta burjes haundiak ekonomi eta politikabide guztien jabe agertzen dira. Ez dezagun ahantz,* gaur egun zapiak eguzki baten aldera agertzen dituzten asko, gerra aurretik beste nonbait zeudela. Honelakoek ez dituzte eskuarki* ideia konkretu batzuk* defendatzen, beren ekonomi interesak baizik. Bihar etzi, beren diru arazoek horrela eskatuz gero, berdin berdin leudeke herenegungo tokian.

— Beraz, zuk Ukroniaren bidez burjes haundiak astindu nahi dituzu?

— Kapitalismoari, gizona zapaltzeko bide bat denez gero, kondenagarri deritzot, bai oraingoari eta bai Ukroniakoari. Bestalde, Bizkaiari eta bereziki Bilbori dagokionez, zinez* diotsut, nik neuk ez dut pentsatzen, burjesen garaipenaz euskara eta euskalduntasunaren arazoa inola ere konponduko zenik. Hara! Amatiñoren lagun batek esan omen* du, «hizkuntza inoren jopu* egin nahi dutela batzuek», eta, dirudienez, ni ere sartzen nau horrek halako gorporaziokoen artean. Hitz horiekin, oker ez banago, hau adierazi nahi zukeen, zenbaitek euskara «zerbait lortzeko, agian jendeari ideiologia politiko bat sartzeko bidetzat» onhartzen dutela bakarrik.

Goazen zatika. Lehenik eta behin, horrelakorik esan dezaketenik ukatu gabe, neronek behintzat euskara hizkuntzatzat hartzen dut, hau da, pertsonen arteko komunikabide eta herrikidetasun bidetzat. Euskara ez da enetzat, pentsamenduak adierazteko tresna huts bat, horretarako erdarak ere baititut. Enetzat euskara, euskaldun izateko eta nortasun bat, neurea, edukitzeko bide bakarra da. Horrexegatik mintzatzen eta beti idazten dut euskaraz

Platonen gogoko munduan, theoria huts eta ederren mailan, ontzat har daiteke agian, hizkuntza guztiak zerbait lortzeko bide batzuk direla, hots,* estatu-nazio baten kontzepzioa sendotzeko modua, kultura haundiago edo inperialista bat hedatzeko* tresna bat, ideia politiko edo erlijioso batzuk sartzeko bide bat, entzuleen poltsikoetara erraxkiago heltzeko atxakia eta abar. Baina niri, gauzak beren egiazko tamainian neurtzea gustatzen zait; eta horregatik, euskara eta erdara praktikan egoera ofizial ezberdinez daudenez gero, theorien mailan balantza euskararen fabore atera beharrean, berau are* erdara bera baino neurri hertsiagoez* juzgatzea aldebatekokeria itzela* eta nazkagarria iruditzen zait.

Eman dezagun, kasu, euskara «zerbait sartzeko bide bat» dela. Baina zergatik ez aipa, erdara bera ere orain arte eta oraindik batzuen aldetik horixe berori izan dela gure artean? Eta zergatik ez da erdara bera kondizionatzen helburu batzuetara, berauk lortu ondoren, beste hizkuntza bat haren lekuan jartzeko? Kontura gaitezen, bestalde, erdarari, «theoriaz» kondizionatzeak, «praktikan» batere kalterik ez diola egiten, laguntasun ofizial baten jabe denez gero. Euskarari, aldiz, batere laguntzarik ez duelarik, kalte haundia datorkio hortik; eta, beraz, beronen kondizionamenduan nahi eta nahiezko asmo txar bat ikus daiteke, euskararen arbuiatzaileek* sortua.

— Honek esan nahi du, euskararen gainetik ez duzula kondizionamendurik onhartzen?

— Ez horixe, zoritxarreko egoera triste honek dirauen artean behintzat. Makal dagoenari makiladak ematea bezalakoa litzateke hori. Baina are* harrigarriagoa da, ordea, euskararen kondizionamendu higuingarri horren kontra jo eta ke mintzo diren patres patriae horik,* orain arte, Bizkaian batez ere, beste asmoetarako gauza berbera egin dutenak izatea. Ala ez ote dakigu nolako estimua egiten zitzaion eta zaio praktikan, «euzkotar abertzale» askoren artean, euskarari? Euskara aberritasun bat justifikatzeko harma politiko bat besterik ez zen askorentzat, ez ikasteko eta mintzatzeko zerbait. Eta ez naiz ni, baizik eta «Genio y Lengua»ren egilea, Gernikako batzokietan erdara besterik ez zela entzuten esan duena. Larresoro jaunak ere ba du honetaz zerbait baino gehiago idatzirik.

Honelako burjes baskoekin (Bizkaian batez ere), estatutu baten babesean noski, euskara ez zen hedatzeko eta irakasteko zerbait, behin beren helburua (estatutu horren eta ekonomi abantail batzuen lortzea) erdietsi* ondoren, Peru Abarkaren baserrian lasai hil zitekeen pitxi bat.baizik. Euskara ikasi beharra balego, haiek ere ikasteko ahalegina egin beharko zuketen, hots, orain arte «abertzale porrokatuak izan arren» egin ez dutena eta inoiz zinez* egiteko asmorik ere ez dutena. Inork ez dio bere teilatuari harririk jaurtikitzen.

Ukronia idazteko, L.S.D. hartu dudala sinesten dutenek, agian Sarrailh ere, Leizaola jaunak bere seme-alabei euskararik ez diela irakatsi idatzi zuenean, hura ere, «ardoaren maiestateaz» mozkorturik zegoela pentsa dezakete. Eta beste jaun hura ez da, neronek dakidala, bizkaitarra.

— Posible ote da euskararik gabeko Euskal Herri ofizialik?

— Lehenik eta behin, euskara gabeko Euskal Herririk, biribiltasun gabeko zirkulu koadratuen antzera, ezin dagoke; baina euskara gabeko «zerbait» gerta zitekeela bai, bistan dago. Hortxe duzu, urrunago joan gabe, Irlanda.

— Batzuek diote, Ukroniak gaurko egoera hau justifikatu nahi duela. Nik galdera bat egin nahi dautzut. Berriro jaiotzeko posibletasunik bazenu, zer hautatuko zenuke, Ukronian ala denbora kroniko hauetan bizitzea?

— Dudarik ere ez! Ukronian nahiago nuke bizi, nahiz eta zoritxarrez (zoritxarrez diot) antzeko problemekin suertatu, puntu askotan. Theoriaren mailan Ukronian sozial problema legoke huts hutsik, baina ez bestelakoa. Praktikan, ordea, hori Gipuzkoan eta Bizkaiko herri ttikietan gerta zitekeen, baina Bilbon holakorik ez zatekeela gertatuko beldur naiz. Dena dela, Ukronian gauzak, konpontzeko erraxago lirateke, ene irudiko.

— Eta arrazismoari buruz zer diozu?

— Euskaldunok —eta honetan neure bihotzeko lagun Amatiño maitearekin batera nator— ez dugu arrazaren egunik; eta beronek gaur oraindik zerbait esan nahi du. Orain arteko arrazismoa, oraino baldin badago, defentsibakoa izan dela esanen nuke. Ukronian, aldiz, ez, baizik eta euskara gabeko baskoen «euzkotasuna» justifikatzeko bide zapaltzaile bat. Neronek antzeko zerbait ezagutu dut Bilbon. Zenbait mementotan, arrazismo bat beste arrazismo txarago eta kaltegarriago bat baino hobestekoagoa* dateke, Mexikoko chicanoek Kalifornian darabilatena bezala; baina, Johan Trebiño jaun argia gorabehera,* denak errotik kondenagarriak eta arbuiagarriak, haien premia iragan* ondoren. Arrazismo kontu hau, bestetik, etxeko trapu zikenen antzera, gurean, etxeko hizkuntzaz eta euskaldunentzat agertu dut, eta ez erdaldunei bibliographia emateko asmoz.

— Gorago esan dut, nolako estimu haunditan dudan Agirre jauna. Hainbat euskaldunen eritziz, hau eta Arana jauna desegoki erabili dituzu.

— Agirreren kasuan, agian bai. Dena dela, neronek halako ezizena aditu dudan guztietan, ez dut entzun zentzu peioratibo batez (egia esan, oraintsu arte ez nekien, «Desperdicios» jaun «euskaltzale» porrokatuak asmatua zenik), maitasunez ez bada ere, konfidantza gisako kutsuz bai bederen.* Agian, zuk diozunez, gehiegizkoa eta desegoki izan da, ene gogoa bestelakoa izan arren.

Aranaren figura, aldiz, mythotzat erabilia den aldetik. arriskugarria iruditu zait beti, batez ere haren orduko eritzi arrazistak, orduko girotik at,* zeharo gehiegizkoak direlako. Idoloak eta mythoak, beharrezkoak izan arren, beren zentzuzko eta betebeharrezko neurrietatik atera bezain agudo,* grotesko bilakatzen* dira.

— Kritika garratzak, oso garratzak agertu dira, Ukronia dela eta ez dela. Minduta ote zaude hoiengatik?

Hara! Makilazoak, erleen eztenkaden antzera, ez dira inoiz atseginak izaten, batzuetan mereziak izan arren. Kritikak, norberak norbere eginengatik maiz* jasan* eta agoantatu behar dituen gauzak izaten dira, egilearen erantzukizuna horrexetarako dago eta. Gainera, kritikak, ene ustez —eta, irakurri berri dudanez, Errenteriako kathedradunak antzeko eritziak ditu—, gogorra izan behar du, gaizki esalearen txarrerako bada ere. Dena dela, kritika gixonen eta gixonxkoen arazoa ez dela esanen nuke. hau da, aurpegia ematen ez dakitenena. Harria bota eta eskua gordetzea atsegin dutenak are gordetzenago* dituela ez baneki, gogoz galdetuko nioke ZERUKO ARGIAri, argiro publika lezan nor den Johan Trebiño idazle yayoa,* Ukronian daudenak eta ez daudenak, baina berak bere burutik asmatutakoak, hain fin, zorrozki eta ekuanimeki kritikatu dituena. Eta are* «kritikalari» hobeagorik ukan* dut, kolpe fisikoen dialektika besterik aditzen ez duten horietarikorik. Baina hau istorio tamalgarri, tamalgarriegi bat izan da.

Egia esateko, ez nuen pentsatzen, bestetik, Gipuzkoa aldetik Bizkaiko eta Bilboko abertzale giroa hain gaizki ezagutua zenik, halafede.*

Zerbait esan nahi nuke, dena dela, ipuin sorta horretaz. Liburua BEHIN BATEAN da, eta Ukronia ipuin bakar bat, eta ene ustez, satyra ganberro xamar bat denez gero, ez interesgarriena beste sei ipuinen ondoan. Dirudienez, mundu guztiak Ukronia bai, baina Indiarren istorio bat ez du irakurri. Askori, Trebiño jaunari bereziki, komeni eginen litzaioke laugarren ipuin hori ere irakurtzea, Ukroniako interpretazio batzuk, zoritxarrez, berak nahi lituzkeen gisakoak ez direla ikus ditzan. Oihenarterekin, «Jainkoak didala* behazale* bezala adizale*» esanen nuke neuk ere.

Euskal Herrian, dena dela, eguneroko ogia denez gero, ez ginateke harritu behar; baina penagarria da, obra baten kritika egiteko orduan, orain arte zu eta beste bat izan ezik, beste guztiek ipuin guztien funtsa eta nolabaiteko literatur balioak alde batera utzirik, nonbait konkretuki egon daitezkeen —eta agian dauden— akatsak banan banan atera eta mikroskopio elektronikorik bikainenaz aztertzea.

— Batzuek diote, irudimen azkarra duzula, horrelako gertakariak asmatzeko. Egia dela uste duzu?

— Zoritxarrez, ez, halafede;* ene «lagun kuttunek» bezainbatekoa ez, gutienez; eta hobe, banu. Ukroniako pasadizo batzuk karikatura hutsak dira, egiazko, oso egiazko gertaeretan oinharrituak; baina, Oihenarte zaharraren antzera, hemen ere «burlarik gaiztoena, egia dioena» esan daiteke, egia hau, pintzelada leunez gabe trauskil* eta larri* samar izan arren.

Ukronian arbuiatzen* den sozial giroa asmatzeko, gainera, ez da, nik uste, irudimen azkarregirik behar.

— Eta goazen orain eskuinetik ezkerrera. Nolakoa izango litzateke Ukronia ezkertiar bat? Ez duzu horretaz zerbait idazteko asmorik?

— Asmoa baino zerbait gehiago ere bai. Indaleki* Hestu-Mestu jauna, ordea —eta barka biezat Amatiñok—, ez da agertzen, ordurako bukatua bainuen.

— Lan berri hau noiz publikatzeko asmoa duzu?

— Oraindik ez dakit. Laster beharbada.

— Azken itauna,* Xabier. Zer dioskuzu Ukroniaren egiazkotasunaz eta egokitasunaz? Ez duzu uste, memento hauetan Ukronia ez zela publikatu behar?

— Ukronia, modu bereko istorio ukroniko guztien gisara, diskutigarria dateke, egiazkotasunari dagokionez; honetan ez dago dudarik, eta honela izanen dateke beti, ipuin batzuetako ukronikotasunak egiaz gertatu diren eta antzeko erresultatuak ekarri dituzten beste prozeso historikoen oinharria eduki arren. Dena dela, posible zatekeen, zergatik ez, gure prozeso historikoa beste modu batetara joatea; nik neuk, pertsonalki, ezarri dudan bezala ikusi dut.

Oso gauza ezberdina da, ordea, Ukroniaren egokitasuna gure gaurko eta oraingo memento politikoan. Honi buruz, arazoa burutik behin eta berriz erabili ondoren, neure dudak ditudala aitortu beharra dut.

***

Galdera gehiago egingo nizkioke; baina lan hau luzeegi doa, eta utzi egin behar dut.

Bistan da, gure Herrian, hainbat arlotan, «saltsa» dagoela; eta hau ona izan liteke, dinamika baten seinale den aldetik. Baina beldur naiz, gure «saltsa» honek ez ote duen ozpin* larregirik.

Ez duzue uste, gure «saltsa» honi olio bigun eta leuna gehitzeko ordua heldu dela?

XABIER GEREÑO

biezat (bezait), beist

daude, dagoz

dautzut, deutsut, dizut

dezagun, daigun

dezakete, daikee

dezan, daian

die, deutse

dio, deutso

dizkiot, deutsadaz

leudeke, legokez

nioke, neuskio

nizkioke, neuskioz

zaio, jako

zait, jat

zaude, zagoz

zeuden, egozen

zitekeen, eitekean

zitzaion, jakon

zukeen, eukean

zuketen, eukeen


Ramon Aranburu txistularia

Ramon Aranburu edo «Txanbo», txistulari oso ezaguna da Euskal Herrian. Txistularigintzan oso langilea. Haren ikasleetariko bat naizelarik eta neure eskerrona erakutsi guraz,* berarekin elkar hizketatxo bat moldatzea pentsatu dut. Elkar hizketa hau, Oriako Alegian, «Txintxarri» elkartearen gelan egindakoa da, uztailaren* 16an.

— Zu, Ramon, oker ez banago behintzat, Beasaindarra zara, ez da?

— Bai, Beasaindarra naiz.

— Noiz jaio zinen?

— 1916.eko apirilaren 8an.

— Lehen lehenik, solfeoa ikasiko zenuen noski; eta gero?

— Bai, lehenengo solfeoa. Eta gero, klarinetea, txistua eta atabala. Bai eta piano pixka bat ere.

— Nork irakatsi zizun tresna hoik jotzen?

— Solfeoa, Pedro Joxe Iguainek irakatsi zidan. Txistua, berriz, Ataungo Miguel Mari txistulariak eta ene anaia Jonek. Hori hasieran. Gero, dena neronek bakarrik ikasi dut.

— Txistua zer lekutan jo izan duzu gehien: erromerietan ala...?

— Goiherriko festa guztietan. Ba liteke, herriren batetara joan gabe egotea; baina uste dut, gehienetara iritxi* naizela.

— Noiz hasi zinen txistua irakasten?

— Lehen, txistulariak (eta orain ere batzuk) Udaletxearenak* izan ohi ziren. Oso gaztetatik, txistulari hauei irakasten ihardun izan nuen. Baina, txistulariak taldeetan bildu eta herriz herri eta kalez kale ibilaldiak egiten hasi zirenean, Beasainen talde bat sortu nuen eta talde hari irakasten hasi nintzen. Gaur, berriz, gaurkoari. Hamar urte edo izanen dira, lehen taldea sortu zela.

— Gaur zenbat ikasle duzu, gutti gorabehera?

— Hirurogeitabi. Beasain, Lazkano eta Ataungoak.

— Zuretzat, ba ahal du txistuak zerikusirik euskal kulturarekin?

— Ez du izango, bada? Zerikusi haundia du tresna honek euskal jakintzarekin. Orain arte, txistua ikasi eta jo, ingurua alaitzearren egiten zen soilki. Gaur, ordea, kultur tresna bat bezala hartzen da; eta hala da, gainera. Lehen, boz txarra zuenak, alde egiten zuen musikatik. Gaur ez: txistua jotzeko, esate baterako, ez dago boz onaren beharrik.

— Zein da zure helburua?

— Solfeoa eta txistua gazteei irakats, gero kontzertuak ematera joan daitezen. Kulturaren aurrean, gauza interesgarria izanen litzateke.

— Zuk ba dituzu eresi batzuk eginak. Zenbat, gutti gorabehera?

— Dexente: «Mendigoizaleen aldaba», «Ixil ixil dadukat», «Biba Fitero», «Edurne», eta abar.

— Orain arte, zer dela eta ez dituzu zeure lanak argitaratu?

— Lan askoren erruz, denbora gutti dudalako; eta gauza hoik* egiteko, denbora asko behar da.

— Diskorik grabatuta?

— Ez. Baina ni prest nago, disko etxeek nahi badute, baten bat grabatzeko.

— Txistuaren egoera eta etorkizuna nola ikusten dituzu?

— Egoera onean aurkitzen da txistua; lehen ere esan dizut. Eta txistuak iraungo du, kultur tresna bezala hartua baita.

— Zerbait esan nahi diguzu txistulari gazteoi?

— Nire antzera, lan horri gogor ekiteko; eta aurrera aterako zaretela.

TRIKUARRIETA


Lagun bati [Bertsoak]

(1)

Bizkaian dut nik lagun handi bat,

gizon oso jakituna.

Berari buruz egin nahi dut

bertsoetako iharduna,

gure bertsoen zabaltzailea

izanik ANAITASUNA,

bion arteko eztabaida hau

izan dadin ezaguna.

(2)

Alde batetik euskaldun jator,

bestetik bertsolaria:

hauxe duzue berba guttitan

lagun honen agiria.

Euskara ondo jakin nahi du:

horixe du egarria.

Ikastoletan sarturik,

honek altxatuko du herria.

(3)

Bizkaiera txit ondo jakinik,

gipuzkera jakitera

etorri zaigu Gipuzkoara,

egunak igarotzera.

Zurgin bezala lana eginaz

du juxtu jana atera.

Beldur nauk, gero ikastolara

joan hintekeen lanera.

(4)

Ba dakik ikastolako lana

dela oso lan pisua:

igeri nahi duenarentzat

zabala duk itsasua.

Aizak, hi, Sebas! Ikusten baduk

euskarak duen gaixua,

kolejiuak utzirik, izan

ikastolako maixua.

(5)

Ikastolako lehengo zenbait

hor ari duk aspertutzen,

eta ez zekik nolatan hasi

haurren bihotzak poztutzen.

Hiri, aitzitik,* haurtxo guztiak

ari zaizkik agurtutzen.

Ez duk garbiro ikusten, mutil,

hi hautela eskatutzen?

(6)

Esaten duk hik, etsaia ere

behar dela aprobetxatu.

Baina malezia asko behar duk,

ez hazan bereganatu.

Jende askotxo zeukaagu, lehen

hori zaiona gertatu,

eta geroztik herri aldera

ez diradenak jiratu.

(7)

Holako joko politen baitan

ez zegok gure herria.

Une hauetan igarotzen dik

benetan nahiko larria.

Izkututikan ikusten ziaiok

jakitunen egarria.

Benetan, Sebas, hi berarentzat

izanen haiz pozgarria.

(8)

Erantzunaren zain gelditzen nauk,

hemen Gipuzkoa aldean.

Bertsolaria haizenez gero,

erantzun zaidak aidean.

Gauzak garbiro jarri ditzagun

euskaldunen aitzinean,*

gure bertsoak abestu ditzan

bakoitzak bere etxean.

MIKEL USABIAGA


Lemonako eliza

Uztailaren* lehenengoa larunbata* izan zan, eta arratsaldeko zortziretan meza santua entzutera joan nintzen Lemonako elizara.

Hasieratik azkenerarte, kantu guztiak, apaizaren eta herriaren erantzun guztiak, erdaraz egin ziren. Harrituta, ikaratuta, lotsatuta lotu nintzen. Herri honetan erdaldunak ote dira danak? Nongoak ote dira apaiz jaunak? Non ote dira Lemonako adiskide eta lagun zintzo, zuzen, jator eta euskarazaleak? Aspertuta, nekatuta, gogait* eginda ihes egin ote dabe elizatik? Eta, holan bada, nork errua? Apaizek, oiloak bere txitak miruaren arriskutik gordetzen dituan antzera, euren herria batu eta elkartasunaren bidez itxaropen ikurrinaren azpian zaintzen jakin ez dabelako? Ala nire adiskide zintzoek, aspertu eta nekatu egin direlako?

Lemonako elizan, bai apaizak eta bai soinu jotzailea erdarazaleak dira. Danak berdinak ote dira? Lemonako herri guztia erdaldun egin ote da?

Lemonako eliza danona da; ez ahaztu hori. Danon batzokia da, danon elkartasun tokia. Baina ez dago berotasunik, ez dago maitasunik, ez dago anaitasunik. Zeredozer dabil bitartean. Zer ote da? Gorrotoa, ikusiezina, ala salda lodia goikoei egitea, berez edo errazago «kurruskua» irabazteko asmoz? Eta, hori ikusirik, herria banandu egin ote da, ihes egin ote dau? Zelan edo halan, ez dabiltza bide onetik, bide zuzenetik gauzak. Norena errua?

Vatikanoko Kontzilioa deritxon mundu guztiko gotzainen batzar nagusian, elizkizunak herri bakoitzaren hizkuntzan egiteko erabaki zan. Baina Lemonako apaiz jaunei lasai eta zabal etorri jake agindu hori, bakoitzak nahi dauana edo ondo deritxona egiten dau eta. Zertarako dira, orduan, eliz agintariak? Zertarako, Erromako batzar nagusian bildu zirenak? Zertarako auren aginduak eta erabakiak, gero apaiz bakoitzak berak nahi dauana egiteko? Ez, jaunak; ez da holan. Eta holan jarraitzeko asmoaz bizi bagara, herriaren gogoa, herriaren arima mindu eta zauritu egingo dogu, eta gero osagilearentzat ere berandu izango da. Norena errua? Apaizena? Herriarena? Jaungoikoak emango deusku, bakoitzak merezi dauan saria edo zigorra. Baina euskarak eta euskarazaleek ez dabe zor haundirik eukiko gaurko Elizarekin, elizgizonekin eta Lemonako apaizekin.

IRRINTZI


Garaudyren "L'Alternative". Aitor eta agiri

Orain dela bizpahiru hilabete argitaratua, are* lehenagoko liburuek baino ondorio handiagoak ekar ditzake «L'Alternative» (= Hautakizuna) deritzan honek. P.C.tik irten* zenez geroztik dena jator, eta, zer* gerta ere, aitortzeko bide zaila hautaturik, Garaudyren liburuek ba dute bertute eder bat bederen*: bilaketaren berotasuna eta jatortasuna. Gizon ikasi jakintsua den Garaudy, lagun gisa* mintzo* zaigu apal apalik; eta bere sozialista bihotzaren kezkak eta itxaropenak tolesturarik gabe erakusten dizkigu.

37 urtez Komunista Alderdiko burukide* eta agintari izan ondoren, barne-ausardia gaitza* izan behar da, horrela jokatzeko. Ongi dakigu hau Euskal Herrian; gizonik gehienek nekez aitortzen baitute adin* horretan, eta jokabide zehatz batetik luzaz* burruka egin ondoren, bide egokia hura* ez-baina hau edo hori zela. Egiazki esan daiteke, hortaz,* Garaudyz, gizon prestua dela, egia bilatzen duela, eta barnez eta jokamoldez gazte dirauela.

Dohain hauk* izanda, Garaudyren liburua ez da, besterik gabe, «beste liburu bat». Garaudyk berak ez du nahi, hala gerta dadin; eta hastapenetik* beretik dio: «Inor bere segurantziak zalantzatan* jartzeko gertu ez badago, hobe du liburu hau oraintxe hestea*: ez da harentzat idatzia izan».

Ohar honek, beraz, liburuaren giroa adierazten du. Garaudyk biluztu egiten du bere burua, eta gertakariak eta azterketak ere biluzik hartzen ditu. Honela jokatuz, eta aurreritziak eta ustekeriak oro* baztertuz, zientzi gizon gisa* jokatzen du. Eta, gisako* denez, jarrera* bera, eskatzen dio irakurleari; eta eskubidea irabazia du.

Egia esan, liburua ez da aisa* ahanzten* diren horietakoa: ez doinuaz, ez mamiaz. Garaudyk hunkitu* egiten gaitu, zinez*; eta, neuri dagokidanez, politika arazo askotan, gehienetan, proposatzen dituen ideiekin eta bideekin bat nator.

Garaudyk ez du uste, gazteriaren arazoa «betiko kontua» denik; alegia,* «gazteak beti izan direla horrelakoak», eta antzeko erosokeriak. Zifra argitsu batzuk* ematen dizkigu, eta gazteriaren ezezkoan sustrai berriak susmatu uste ditu.

Gazteriak ezin dezake gure mundua jasan.* Hauxe da kakoa. Gauza bera idarokitzen* du drogaren fenomenoak: ezin daiteke gure zibilizazioan eta gizartekeran bizi. Ihes egin beharra dagoela iruditzen zaio gero eta gazte gehiagori. Droga, ihespide bat da («bidaiaz» mintzo dira drogazaleak). Drogaren kakoa, hortaz, gizartearen bidegabekeria sakonetan bilatu behar da: eta ez gazteen nik dakita* zein grina okerretan.

Hots,* Garaudyren ustez, hauxe da gure zibilizazioaren akatsik larriena*: ez duela helburu nagusirik. Helbururik-ez horrek egiten du zentzugabe eta jasan-ezin: «C'est la première société dans l'histoire qui ne soit fondée sur aucun projet de civilisation». Jainko bakarra —dio— baina ez beti agerian gurtua* eta halakotzat aitortua, produzioa da: gero eta gehiago, eta beti ere gehiago, produzitu behar da. Bide zena, helburu bihurtu da: bai Mendebaldean,* bai Ekialdean.*

Konputadoreen eta zibernetikaren garrantziaz iabetua, esperantzaz begiratzen du Garaudyk geroko mundua: zibernetikak askatu egin dezake gizona. Lan aspergarri eta koloregabeak (XIX. mendean* lanaren zatiketak ekarri zituenak) gero eta segurkiago konputadoreen eskuetan utzi ahal izango direla ageri zaio.

Gizonak, olerkariaren* antzera, lan egin beharko du, xedeak* asmatuz eta helburu berriak bilatuz. Helburu nagusitzat zein? Gero ageriko.

Orain arte —dio egileak— «lege madarikatuak» hondatu ditu gaur arteko iraultza guztiak. Beti agertu da, espero ez zen tarteko klase bat; eta honek bildu du bere, alde iraultzaren uzta.* 1917.eko Iraultzan ere gauza bera gertatu da. Zergatik? —Garaudyk galde. Munduaren ikuskera «erdibitzaileetan» gizonak sinetsia (gorputza / arima, pentsaera / obraketa, agintari / agindua, eta abar) bere aginte-atala beti honen edo haren eskuetan utzi duelako. Gizonak atxiki* egin behar du, ordea, agintea maila guztietan. Ez da iraultza herriarentzat egin behar; baina herriak egin behar du iraultza. Nola? Maila guztietan autojestioa jarriz.

Zein da, hortaz,* etsaia? Burokrazia. Max Weber-en erizpide* ilun eta ezkorrak gaitzetsiz,* Garaudyk ez du sinesten, teknikak ezinbestean tekno-burokrazia dakarrenik. Bai Mendebaldeko sistema eta bai Ekialdeko «sozial burokrazia» gogorki kondenatuz ere (Jugoslavia salbu), autojestioaren bidez benetako sozialismora hel daitekeela dio. Bai Mendebaldean bai Ekialdean, nahi nagusia hau da, Garaudyren eritziz: autojestioa.

Soziologi oinharri batzuk gogoratuz (aurreko bere liburuetan ere emanak) eta Gramsci aipatuz, «kondaira-multzo berria»ren eskuetan ikusi uste du iraultza, eta ez langileria klasikoan. Soldata batez biri diren intelektualak eta enplegatuak, langileak hainbat* dira gaur Frantzian (% 37, ikasleak kontutan hartu gabe). Dagoenetik, beraz, langileria klasikoak jende guttiago du (eta dinamikaz ezer ez esatea hobe) beste hiru gizarte mordo edo atal horiek baino (ikasle, intelektual, «hirugarren sail»eko jendea). Dato hau kontutan hartu gabe, XIX. mendeko lelo* zahartuei eusteak, ez du funtsik. Sozialista iraultza, Gramscik aipatzen zuen «kondaira-multzo berri» horrek egingo du; ala ez da inoiz egingo. Autojestioari buruz, bestalde, guztiz beharrezkoa da, gizarte-atal tekniko horiek dagoenetik burrukan parte hartzea.

Autojestioa dioenak, jakina, kultur aniztasun edo pluralismo dio. «Dans les pays longtemps dépouillés par le colonialisme de leur propre culture, de leur histoire, de leur personnalité, l'exigence de n'être plus traités en objets manipulables, et de devenir sujets de leur propre histoire, de leur propre transformation du monde et d'eux mêmes... s'exprime avec la plus grande force».

Zibilizazioak falta duen helburu nagusitzat, berriz, ar gi eta garbi esaten ez badu ere, kristau fedea ikusten bide* du. Liburuko bi partetan (erdialdean eta bukaeran), ausardia harrigarriaz, bere iraultza-nahiaren muintzat kristau fedea aitortzen du Garaudyk; eta hitz hauk irakur daitezke liburuaren bilduman*: «C'est un bouleversement redoutable, dans la vie d'un homme, après avoir professé l'athéisme pendant tant d'années, de découvrir le chrétien que l'on porte en soi, et que l'on n'a peut-être jamais cessé de porter. Et d'accepter la responsabilité de cette espérance».

Agiri politiko bat prestatu digu, beraz, Garaudyk; eta sozialista guztiek irakurri behar lukete. Baina, denbora berean, bere sinesterik sakonenak horren kementsu aitortuz, humiltasun eta gaztetasun jarraipide zoragarria eskaini digu.

LARRESORO

dezake, daike

digu, deusku

dio, deutso

ditzake, daikez

dizkigu, deuskuz

zaigu, jaku

zaio, jako


Literatura eta gizartea historian. Erdi haroa

Poema epikoa

Erdi Haroko poesia epikoaren desarroiloari buruz lehenik mintzatu zena, Erromantizismoa izan zen. Erromantizismo osoa ados* zetorren gauza batetan: epika heroikoak ez du zerikusirik poeta indibidual eta ohartuarekin; aitzitik,* herri xehearen lan oharkabe eta espontaneoa da. Erromantikoentzat, herri-poesia* landare bat bezala hazten da: barbaroen kantetan hasita, apurka eta inolako batbatekotasunik gabe, organikoki, artista indibidualari lepora* dakikeon ezer gabe. Belaunaldiz* belaunaldi, ahoz aho dabilen bitartean, herri-epopeia haziz eta desarroilatuz doa, eta literaturan sartzen denean («chanson de geste» bezala) bukatzen da prozeso hori. Teoria honen jarraitzailerik amorratuenentzat, narrazio heroikoak berak ere herriaren ahoan hasten eta sortzen dira. Ez dute onhartzen, bederen* prozesoaren hasiera herri barbaroen poema epiko zaharrak zirenik.

Baina ez zen zaila izan, teoria honen desegokitasuna mostratzea. Narrazio heroiko bat, gai eta forma finkatu eta bukatu bat da, poema bat; eta poema baten egilea poeta bat izan daiteke soilik eta ez «herria». Narrazio heroikoa, hasieran bertan, kanta bezala azaltzen da (ez da ahanztu* behar, garai hartan poema kantagabeak ez zuela oraindik zentzurik). Herriak poema horren elementuak aporta ditzake, baina ez poema bera. Hori, poetaren eginkizuna eta lana da.

Bestalde, inbestigazio luzeren bitartez segurtatu zen bezala, hasierako poema barbaroek itxura aristokratikoa zuten eta ez herritarra. Epika hori, klase agintariaren zerbitzupean zeuden poeta eskolatuen obra zen. Poemok. hain zuzen, inoiz egin den poesiarik klasistena dira. Literatura epikoarekiko zaletasuna goiko klaseetara mugatua aurkitzen zen hasieran, hots,* Europako mendebaldeaz* jabetu berria zen barbaroen noblezia militar eta guduzalera. Herri xeheak ez zuen zaletasun horretan parterik hartzen.

K. o. VIII. mendearen* bukaeran, Karlomagnoren garaian, poema epikook ez ziren jadanik* nobleen gustukoak. Hauek nahiago zituzten jadanik erromatarren poema klasikoak eta poema eskolatuak. Galtzen ari zirelako hain zuzen, bilerazi zituen erregek poema epiko zaharrok. Karlomagnoren ondoko generazioak, Ludovico Pio-renak, ez zuen ezer jakin nahi izan poesi mota honetaz; eta, ordez, gai biblikoak eta erlijiozkoak landu zituen. Aristokrazia guduzale berriaren domeinua hain finkatua aurkitzen zelarik, hark ez zuen jadanik bere bertute heroikoen laudorioa eta gorespena behar.

Poesia epikoa kortetik eta etxe aristokratikoetatik baztertua izan zen. Baina urte askogarrenean, XII eta XIII. mendeetan, poesia epiko baztertu hori indar berriz berragertzen da, lehen aipatu ditugun «chanson de geste»etan. Nola esplika daiteke hutsune hori, edo, non «gorde» zen bitartean barbaroen epika zaharra?

Inon gorde bazen, eta dudarik gabe gorde zen, beheko klaseetan izan zen. Oraintxe, haro heroikoaren bukaeran, herriratzen da poesia epikoa. Herriratu denean, ez du jadanik kanta zahar heroikoaren gorentasuna eta prestutasuna. Baina, haatik,* ez da herri-poesia bihurtzen, ez baitu herriak ahoz aho erabiltzen, nahiz atsegintasunez entzuten duen. Herriak ezin zitzakeen gai hain konplexo eta zabalak kanta eta are* gutiago desarroila. Bigarren etapa honetan ere, herri-poesia poeta profesionalen eskuetan garatzen da; eta hauei dagozkie, hark jasanen* zituen aldaketa eta hedaketak,* mamian nahiz forman. Ezin daiteke, beraz, hitz egin, erromantikoek aipatzen zuten hazitze organikoaz.

Poema epikoa herriratzean azaltzen den poeta profesionalari, juglare deritza. Askotan esaten denez, juglarea aintzinako mimoaren eta barbaroen kantari kortetiarraren seme da. Aintzinako mimoa, denborarekin, ia Europa osora hedatu* zen eta populua atsegintzen jarraikitzen zen. Bederatzigarren menderarte, ez zen korteetako poeta eta kantariekin inolaz nahasten. Karlomagnoren denborako errenazimenduarekin gertatu zen gustu aldatzearen, eta apaizgoaren influentziaren ondorioz, poeta kortetiarrek beren publiko aristokrata galtzen dute.

Orduan, mimoei konpetentzia egiten eta hauen itxura hartzen hasten dira. Batzuek eta besteek elkarren influentziak hartzen dituzte, eta, ondorioz, juglarea sortzen da. Aurreko garaiko espezializazioa bukatzen da. Poeta kortetiarra, kale eta plazetan, feria eta tabernetan ihardukitzera behartua aurkitzen da, ipuinak nahiz mimo saioak, santu bizitzeak nahiz epopeiak kontatzera eta kantatzera. Izaki* desustraitu bat bihurtzen da, arlote, berritsu, emagaldu, eskale eta apaiz ibiltaunak* bezala. Aldaketa izugarri honek zeharo markatzen du, pertsona eta artista bezala. Juglareak ez du jadanik poema zaharraren trajikotasuna eta heroikotasuna bilatzen. Haren asmoa, herria atsegintzea da; eta, horretarako, material zaharra publiko berriaren gustuetara egokitzen du, bere ihardukitzea efektistago, espresiboago, hitz batez, herritarrago bilakatuz. Honetan datza,* ezertan badatza, XII eta XIII. mendeetako herri-epopeiaren herrikotasuna.

IBON SARASOLA

dakikeo (dakioke), daitekio

ditzake, daikez

zitzakeen, eikezan


Fedea gaur

Karitatea eta politika

Ebanjelioak ez narama barne muinetako abentura batera edo esperientzia batera. Ebanjelioa ez da izpiritu barneko gorabehera. Mundu berri bat egitea, gizon berria sortzea da Ebanjelioaren zeregina, ez izpiritu nahigabetuak kontsolatzea.

Fedearen definiziorik ez dut eman nahi; baina fedea maitasuna da, batez ere. Ebanjelioaren erdian, Mateo 25, 31-46 jarri behar dugu. Edozelako* behartsuarekin egiten dudana, Kristorekin egiten dut. Besteekin ditudan harremanek definitzen dute nire Kristorekiko fedea.

Ebanjelioaren interpretazio hau, Eliza bera bezain zaharra da. Eta Elizako zenbait alderdi progresista, aspaldi hasi zitzaigun hizkera hau azpimarkatzen.* Baina gaur ez da aski,* guztien gainetik maitasuna behar dela esatea. Hori ezer ez esatea bezala da, eta batzuetan, okerrago.

Beharren batean aurki daitekeen bati laguntza eskaintzea, ezin daiteke, besterik gabe, Ebanjelioko jokabidearekin identifika. Laguntza itogarririk eta hondagarririk ere ba da: aitakeriaz, asistentzialismoaz egiten dena.

Ez da aski, beraz, fedea batez ere elkar maitatzea dela esatea. Kristoren garaian baino askoz ere konplejuagoak dira gauzak gaur. Mateoren 25, 31-46 delakoan zera ikusten da, han Kristok aipatzen dituen harremanak, pertsonen artekoak direla. Azken judizioan presentatzen den jendea, bere bizitzan eskalearekin, gosedunarekin, biluziarekin eta gartzelatuarekin topo egin duen jendea duzu.

Garai hartako gizarte estrukturketak ez zuen gaurkoaren antzik. Pertsona konkretuen artean ematen ziren harremanak ziren harreman nagusiak. Laguntzarik efikazena, lagun hurbilekoari* zuzenean egin zekiokeena zen. Erromako inperioak ezarritako estruktura politikoei gaur egun egin genezaiekeen kritika, guztiz asmaezina zen orduan.

Gaur gizona organizazioko mundu batean sarturik bizi da, estrukturaz inguraturik. Gizon konkretuari ezin dezaiokegu inondik hel, aldi berean estruktura pila bati heldu gabe.

Estrukturketa hau, gizonaren izateari berari dagokion zerbait da; baina gaur nabarmenago ageri da. Horregatik, kristau maitasuna ezin da eman pertsonen mailan bakarrik, estrukturen maila ahanzturik.* Gaur egun, gizona goserik dela, edo eta gizonak askatasunik ez duela esaten dugunean, lehenik eta printzipalki ez dugu pentsatzen atera datorkigun eskaleaz edo giltzapera eraman duten beste lagun horretaz.

Gaur egun, goseaz eta askatasun ezaz hitz egiten dugunean, munduan lauetatik* hiruk oraindik bizi duen egoera dramatikoaz ari gara. Munduko gizonik gehienak askatasunik gabe bizi dira, gizarte eta ekonomi sistemen presondegian, era guztietako miseria gorrian, ogi gosez eta kultur gosez. Presondegia ez da harresizkoa,* batez ere ekonomi eta politika sistemez egina baizik. Harresizko presondegiak, besteen ondorenak besterik ez dira.

Behartsuak eta esklabuak fabrikatzen dituen sistema atakatzen ez duen Elizak, ez du gaur maitasun agindua betetzen, nahiz eta behartsuari eta esklabuari lagundu. Hau da, gizonaren kontrato jokabideak iturrietan atakatu behar ditu Elizak, eta ez ondorioetan bakarrik. Egiazko maitasungintza, gizonari libre izateko ahalmena eskuratzen laguntzea da. Hots,* gizona ekonomiazko eta politikazko presondegitik ateratzea, presondegi hoik* eraitsiz.* Ez da aski, presondegian dagoenari ogia, soinekoa eta kontseilu onak ematea.

Horrek esan nahi du, maitasuna politika bilakatu* dela. Horrek esan gura* du, efikaziaz maitatzeko, hautapen* politikoak egin behar direla, hots, gizarte estruktura zapaltzaileak atakatu behar ditugula eta estruktura askatzaileak eraiki.

Ezin dezakegu zona neutralik hauta.* Ezin dezakegu karitate apolitikorik praktika. Era bateko nahiz besteko estruktura politikoz inguraturik bizi gara eta, hortik kanpoko kristau karitaterik ez dago.

Beraz, fedeak berak darama kristaua, hautapen politikoak egitera, politikoki maitatzera, lagun hurkoarekiko laguntza maila politikora eramatera.

Gaurko Eliza ofizialean, denak kabitzen dira, goikoak eta behekoak, zapaltzaileak eta zapalduak, kapitalista haundienak eta langile txikiena. Denen etxea omen* da Eliza, unibertsala. Maitasun agindua, politizatu gabeko mundu irreal batean eta modu inefikaz batez ematen delako gertatzen da hori. Kristo, hori baino esijenteagoa izan zen inguruko giza talde batzuekin.

Beste behin, euskara mantxatuaz idatzi nuen. Kultura eta zientzia mantxatuaz edo konprometituaz* ere bai, H. Marcusse-ri jarraituz. Karitateaz idazterakoan ere, mantxatua behar duela esan behar. Politizatua, hots, inguru sozio-politikoan xertatua.* Inguru honetatik kanpo ez baitago gizonik. Zientzia eta kultura neutralik ez dugun bezala, kristau maitasun neutralik ere ez dago.

Grenoble-ko gotzain Matagrin jaunaren hitzak aipatuko ditut hemen berriz ere: «1968.eko maiatzaz geroztik, super-politizazio baterako grina ba da. Politika da bizitza sail guztietako esistentzia totalizatzen duen lokarria. Giza ekintza eta politika ekintza, gauza bat eta bera dira. Orain ez dago bereizketarik. Famili lanak, sindikato lanak, kultur lanak eta bai eta ere eliz lanak, politikagintzaren bariante bat besterik ez dira. Gizonak osokiro desarroila daitezen, gizartea transformatu nahi duen politikagintzarenak» (Informations Catholiques Internationales, 399. zenb., 1972.eko urtarrilaren* 1ekoa).

Matagrin jaunak konstatatu bakarrik ez du egiten politizatze hori; hala izan dadineko desira* ere agertzen du, artikulu osoa irakurriz ikus daitekeenez.

Hau honela delarik, zer esan Elizaren karitatezko zenbait erakundez*? Caritas, Gose Eguna eta abar, hor dira oraino. Ez ote da ikusten hor, hautapen politikoz mantxatu nahi ez duen Elizaren badaezpadako* joko iluna? Alegia,* pobreak eta esklabuak fabrikatzeko makina den sistemari eutsiz bizi, eta gero pobreei eta esklabuei ogi eta askatasun apurrak eskaini nahi? Neokapitalismoaren makinari ederki datorkio, Elizak prestatzen dion karitatezko koipe bigungarri hori!

Kristau maitasun politizatuaren lehen pausoa, sistema kapitalista madarikatzea da, hitzez eta jarreraz.* Baina, horretaz, hurrengoan.

SAKONE

darama, daroa

dezakegu, daikegu

dezaiokegu, deiskiogu

dio, deutso

genezaieke, geinskioe

narama, naroa

zekiokeen, eitekion

zitzaigun, jakun


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADIZALE, ulertzaile.

ADOS ETORRI, konforme egon.

AGIAN, nonbait, beharbada.

AGUDO, laster.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu (sujuntiboetan).

AHANZTU, ahantzi, ahaztu.

AINA, adina, beste, bezainbat.

AINAKO, adinako, besteko, bezainbateko.

AINTZIN SOLAS, hitzaurre.

AIPATZEKE, aipatu gabe.

AISA, erraz.

AITZINDARI, pionero.

AITZINEAN, aurrean.

AITZITIK, al contrario.

AKATS, pico.

ALA, o qué?

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

AMILDU, precipitarse.

ARBUIATU, despreciar.

ARBUIATZAILE, despreciador.

ARE, oraindik, aún, hasta, incluso.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARRUNT, común, corriente.

ASKI, nahiko.

AT, landa, kanpo, lekora, fuera.

ATXIKI, conservar, retener.

AUSART, valiente, intrépido, osado.

AZPIMARKATU, subrayar.

BADAEZPADAKO, de calidad dudosa.

BARIK, gabe.

BATIK BAT, bereziki, batez ere.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behinik behin, behintzat.

BEHAZALE, ikusle.

BELAUNALDI, generación.

BERRIKI, recientemente.

BIDE, nonbait, agian.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, resumen.

BORTITZ, fuerte, violento, vigoroso.

BURUKIDE, camarada.

DAKITA, sé yo?

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DERITZETE, deitzen diete.

DESERROTU, desustraitu, desarraigar, déraciner.

DESIRA, deseo.

DIDALA, eman diezadala (dezaidala, deistala).

EDOSKI, mamar, têter.

EDOZELAKO, edonolako, nolanahiko.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

ENGAIATU, comprometido, engagé.

ENPARADU, restante.

ENTSEIATU, saiatu, bermatu.

ERAITSI, derribar, faire tomber.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERANSKIN, añadido, apéndice.

ERASO, atacar.

ERDIESPEN, logro, conquista.

ERDIETSI, lortu.

ERI, gaixo.

ERIZPIDE, criterio.

ERORI, jausi.

ERRALDOI, gigante, géant.

ERRESUMA, erreinu.

ESKUALDE, comarca.

ESKUARKI, jeneralki.

ETSAIGO, enemistad, hostilidad.

EZKUTATU, izkutatu, ocultar, cacher.

FROGANTZA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTSEZKO, sólido, sustancial.

GAITZ, extraordinario.

GAITZETSI, condenar, reprobar.

GARBAITU, damutu, arrepentirse.

GISA, bezala.

GISAKO, honesto, correcto.

GOGAIT EGIN, gogaitu, aspertu.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

(GORDETZENAGO), are* gordetzenago = areago* gordetzen.

GURA, nahi, gogo.

GURTU, adorar, venerar.

GUTUN, carta, lettre.

HA, hura.

HAATIK, hala ere.

HAINBAT, aina, beste, bezainbat.

HALABER, igualmente, así mismo.

HALAFEDE, a fe mía, par ma foi. (Halafede eta halajaina idazten dutenek, logikaz halegia (hala egia) ere idatzi beharko lukete. Baina hitz hauk, nik dakidala behintzat, beti H gabe idatzi dira).

HALAJAINA, pardiez, pardieu.

HARRESI, muro, muralla.

HASTAPEN, hasiera.

HATZEMAN, captar.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTA, hautatu, escoger, elegir, optar por (potentzialetan).

HAUTAPEN, opción.

HAXE, huraxe.

HEDADURA, dimensión.

HEDAKETA, zabalketa.

HEDATU, zabaldu.

HELMEN, alcance, portée.

HERRIKOI, patriota. (Hitz hau aspaldion, «popular» adierazteko erabiltzen da; baina oso gaizki).

HERRI-POESIA, poesía popular. (POESIA HERRIKOI, poesía patriótica).

HERTSI, hestu.

HETSI, hertsi, hitxi, cerrar, fermer.

HEZIKETA, educación.

HEZITZAILE, educador.

HILOTZ, gorpu, cadáver.

HIRIGINTZA, urbanización.

HOBESTEKOAGO, preferible.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HONETARA, honela.

HORIK, horreek. (Horiek aktibo, horik pasibo).

HORTAZ, beraz.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKITU, impresionar, conmover.

HURA, ha.

HURBIL, próximo.

HURBILEKO, hurko.

IBILTAUN, andariego.

IDAROKI, iradoki, idoki erazi, revelar. (Ez nago segur hitz honen esanguraz. Nahi nuke, Larresorok berak jakin eraz liezadan).

IHIZI, ehiza, caza, chasse.

INDALEKI HESTU-MESTU. Indalecio Prieto.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución, transformación radical.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITAUN, galde, galdera.

ITZEL, gaitz, eskerga, enorme.

IZAKI, ser, ente.

JADANIK, ya.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, sufrir, experimentar, soportar.

JAZO, gertatu.

JOPU, esklabu.

KOKATU, colocar, situar.

KONPROMETITU, engaiatu, comprometerse, s'engager.

KRISTAUEK, ikus Larresororen «Sustrai Bila».

LARRI, grave, grueso.

LARUNBAT, zapatu.

LAUETATIK, ikus Larresororen «Sustrai Bila».

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LELO, cantinela, estribillo.

LEPORA, leporatu (potentzialetan).

LUZAZ, luzaro.

MAIZ, sarri.

MAIZENIK, sarrienik.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MINBIZI, cáncer.

MINTZO IZAN, mintzatu, berba egin.

NABARI, evidente, patente.

NAHIKUNDE, aspiración.

OIHAN, baso.

OLERKARI, poeta.

OMEN, ei.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente, así mismo.

OZPIN, vinagre.

PERIL, arrisku, riesgo, peligro.

SINATU, firmar, signer.

SOBERA, gehiegi, larregi.

TAMALGARRI, lastimoso, lamentable.

TRAUSKIL, tosco, no pulido.

UDAL, municipio, commune.

UDALETXE, herriko etxe.

UHIN, olatu, ola, vague.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URDURI, inquieto.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTA, mies, cosecha, moisson, récolte.

UZTAIL, julio.

XAHUTU, gastar, despilfarrar.

XEDE, helburu.

XERTATU, injertar, greffer.

YAYO, bikain.

ZALANTZA, duda.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZER GERTA ERE, suceda lo que suceda, quoi qu'il arrive.

ZINEZ, benetan.

ZORNOTZA, Amorebieta.


"Pedagogia eta gizartea"

LURek, Liburuaren Urte Internazionalaren oroitzapenetan eman dauku Eusebio Osaren liburu hau. Gainera, eta liburuaren azalean dioenez, guraso eta irakasleei zuzendua datza.* Baina uste dut, ez guraso eta ez irakasle garenoi ere interesatzen zaikula. Eta biziki interesatu, gainera.

Behar genuen horrelako libururen bat, eta E. Osak eman ere eman dauku zintzoki. Alfabetatze kanpainetan eta geure ikastoletako arlo urdurian,* beharrezko ditugu zenbait argi zehatz eta funtsezko.* Dudarik ez dago, heziketaren ardura duten jendearen artean harrera izanen duela liburu honek.

Saizarbitoriarenak

«Ez da gehiegi esatea izanen, pedagogia, geure frustrazioak sartu eta ezkutatu* nahi ditugun kaiola dela badiot». Horrela dio R. Saizarbitoriak, Osaren liburuari egiten dion hitzaurre aipagarrian. Gogor erasotzen* dio Ramonek, pedagogikeria baten barnean gorde daitekeen iheskeriari. Izan ere, gure artean panazea bat bezala era bili ohi da pedagogia. «Pedagogian jarria dugun konfidantza, ez dago sozial mailan justifikatua». Hitzaurrean hori irakurtzean, pentsa dezake irakurleak, urrunegi doala Saizarbitoria. Baina nirekiko uste dut, behin edo behin bortitzegi* bada ere, aintzin* solasean irakur daitezkeenak nahiko frogatuak* direla; zeren* eta sobera* ere «konfidantza» mailan mugitzen baikara euskaldunok geure zenbait jokaeratan, hots,* berez jator eta operatibo diren zenbait instrumentu —nola politiko hala ekonomiko eta kultural— fetitxe batzuen gisara erabiltzen baititugu.

Pariseko maiatz hura

Pedagogia hautatzeak iheskeriazko terapeutika bat adieraz badezake ere, E. Osak ba du peril* horren kontzientziarik. «Heziketa* sailean transformaziorik egin ez den herrietan, politikazko eta ekonomiazko transformazioek ez dute hondoraino jo». «Egiazko iraultza obratu ahal izateko, heziketa iraultza* —nahi eta nahi ez— egin beharra dago».

E. Osak, heziketa sistemari garrantzi aparta ematen badio ere, klarki agertzen dauku, dialektikoki hedatzen* direla heziketa eta sozial mugimenduak. Bi mugimendu hoik* elkarri uztarturik dira, eta basta bestearen eragile dira.

Hau da, hain zuzen ere, Pariseko maiatz gorri hartatik atera daitezkeen ondorioetarik bat. Eta, 1968.eko maiatza aipatzen dugunez, E. Osaren liburua sasi-iraultza haren ondorioetatik sorturiko korronte pedagogikoan orobat* sarturik dagoela.

«Pédagogie institutionelle» deritzan korrontea, 1968. urteaz gero hedatu zen. Korronte honek ongi daki zein hertsia* den pedagogia eta sistema instituzionalaren arteko lotura. Bourdieu, Passeron, Baudelot, Establet eta abar arlo horretan mugitzen dira, eta E. Osak iturri hoietan edan du. Baina harago doa «Sakone», L. Althusser-en pentsakera heziketaren arloan hain jator aplikatzen duenean. Zentzu honetan, eta Althusser-i jarraituz, «aparato ideologiko» bezala definitzen du heziketaren sistema. «Ideologiaren bidez segurtatzen da lan-indarraren banaketa eta reprodukzioa»; eta banaketa eta reprodukzio hori, Osak bortizki kritikatzen duen eskolan burutzen da.

«Dudarik ez dago, klase burrukaren haria eskolatik ere pasatzen dela gaur». Osaren hitz hoiekin labur daiteke liburuaren mamia.

Freire edo antropologia bat

Liburuaren hirugarren partean, Freireren pedagogiaz iharduten du Osak. Eta Freireren eskutik antropologia bat agertzen dauku. Elkar hizketaren «leitmotiv» edo ardatzaren bidez, gizonarenganako ardura hatzematen* dugu, liburu honetan. «Gizarteko produktuak problematizatu egiten direnean, prozeso baten barnean ikusten dira. Eta prozesoak autore batzuk* ba ditu. Eta helburu batzuk ere bai. Zein edo nor dira autore hoik? Zein, helburu hauk*? Zergatik da mundua, den bezalakoa? Zergatik izan daiteke eta behar luke izan beste modu batera?». «Heziketaren helburua, esistitzeko modu hoik transformatzea izango da, ez zenbait kontenidu aldatzea».

Agian,* Freireren arriskua gizon deserrotu* bat kontsideratzekoa litzateke. Baina Osa fermuki entseiatzen* da, gizon salbagarri eta hezigarri horrek dituen determinante eta kondizionamendu sozial eta finean ekonomikoak nabarmentzen.

Utopiarik ere ba du Osaren liburuak, baina hori ez da galgarri, onuragarri baizik. Zeren* Osak bere egiten baitu Freireren manamendua: «Gizonarengan sinets eta finda!». Eta pedagogia litzateke, agian, gizon zapaldua iraultzeko eta osatzeko harmetarik bat.

Karta bat

Ezin genezake gaurkoa buka, Osaren liburuarekin batera LUR editorialak suskritoreei bidali daukun gutuna* aipatzeke.* Karta horretan, bere asmo, zailtasun eta lanen berri ematen dauku. Autokritika bat ere egiten du Baina seinalagarria deritzat guztiz, karta horretako pasarte bati. Nik ez dut komentariorik eginen; juzga beza irakurleak.

LUReko programazioari buruz ari da gutuna, eta honela dio halako batetan: «Gaur arte oso lan gutiri eman diogu ezezkoa; eta 'ailegatzen zitzaikunaren zain' ego teak ekarri zuen gure linea editorialaren koherentzi falta. Bestalde, aukera gogorrago bat eginez, urtean lau edo sei liburu bakarrik argitaratuko bagenu, egunetik egunera anti-LUR bezala azaltzen ari den editorialan amore ematea litzatekeela pentsatzen genuen. Anti-LUR hori jesuiten editoriala da, ordurarte gure kulturaz guti arduratu arren, gu editorial laiko bat bezala agertu ginenean, erantzuna emateko sortu zena. ETORek ez ditu, guk edo JAKINek ditugun problemak: guk ez ditugu idazleak, euskaratzaileak, laguntzaileak ordaintzen... Guk ezin dugu gaurko prezioekin laguntzailerik ordaindu, eta beraz, beste zerbaitek eraginda ari beharko dugu. Zer nahi den, laguntzaile taldeetan dago gure biharko kulturaren ardatza: editorial baten inguruan eraturik lan egiten duten taldeetan».

Zita luze hau amaiturik eta prometatu bezala komentariorik egin barik,* finean esan behar dugu, Eusebio Osaren liburua, aurten euskaraz agertu den libururik inportanteena iruditzen zaikula. Izanen da polemikarik, liburua oso klarua eta ausarta* denez. Baina E. Osaren entseiua hor datza,* gure aurrerabidearen lekuko* eta aintzindari. Aurrerantzeko eztabaidek, Osaren liburua aurrean izan beharko dute.

LUIS HARANBURU-ALTUNA