ANAITASUNA

240. zenb. - 1972.eko Irailaren 15ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6 - Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Euskal gaua Mallabian

«Eguraldia sano freskatu da, eta ez dago euriaren bildurrik» esan euskun ene aitaginarrebak Borja eta bioi, Mallabi aldera, euskal gauean parte hartzera abiatu ginenean, abuztuaren 19an. «Mallabian ez da egundo hainbeste jende batu» inoen mallabitarrek atseginez eta urguiluz. Izan ere, jende asko bildu ginen: Mallabiko herri guztia, zahar eta gazte, zuri eta gorri, fededun eta sinesgabe, «Galarra» alkatea (Eusebio Arregi) buru zalarik, eta nik ez dakit zenbat herritatik etorritako jendea, neska-mutil gazteak batez ere.

«Makina bat behar* egin joagu» inostan eratzaileetariko «Artondo» gazteak. «Gaur nahiko jenderik etortzen bada, zor guztiak pagatzeko haina diru bilduko joagu» inoan «Izpilla» maisuak.

Zerua oskarbi, gauaro fresko freskoa. «Malla-azpiko» frontoian, edozenbat* jezarleku —espektadore sufrituak gehien eskertzen dauan xehetasuna*—, ezenario zabal bat. beronen ondoan kolorezko argien fokoa, eta, gutxitan ikusten dana, mikrofonoak patxadan.

Jaialdia, iragarritako* orduan hasi zan, zorionez. Jezarleku guztiak okupatuta egozen, Jendea bazterretan pilaturik, zutik, frontoia toperaino beterik, orma* gainetan ere gazteak kokaturik.* Mallabiko andre-gizon helduak ikaratuta eta harro: «Hau dok hau! Gazteek esku hartzen dabenean...» Eta «Galarra» alkatea —paparra zabalik, zigarro purua ezpainetan, txapel handi bat buruan bisera gisan jantzirik, kasikan bi metro alturan eta 110 kilo aldean— guztia dominatzen. Urduri?* Pozik? Nork jakin, baserritar plaza-gizon baten kolkoan zer mugitzen dan!

«Izpilla» maisuak bizpahiru berba esan zituan, hasiera emateko. Gero «Andra Mari» taldeak ihardun eban. Kontuak kontu dira. «Andra Mari»koek (dantzariek, txistulariek, neskek eta mutilek) ondo bai ondo entrenaturik jokatzen dabe. dantza berri asko eta jatorriz diren bezala ikasi ditue, arropa berri asko eta tokatzen dan modukoak ditue, eta batez ere ezenarioan, seriotasunez, esibizionismo aiderik gabe mugitzeaz gain, daukena, dakiena eta ahal dabena ematen eta erakusten dabe. Edozein ikusle konturatu zan, ordu asko eta askotako preparazioa ekarrela eta folklorea sustraiz ezagutzen dabela. Esaten dan bezala, gauzak nola egin behar direneko «demostrazio» bat eman euskuen, eta komentzitu egin ginduezan.

Gero Lertxundi. Moduz, ahalegina eginez. Kitarra eta musukitarraz lagundurik, eta boz hutsez ere bai. Zuberotar kanta asko, fintasuna eta lirismoa lortu guraz.*

Gero Lete. Xabier ezenariora azaldu zanean, gure atzean egoen azpeitiar batek zera inoan: «Bertsolari latza eta garratza dek hau». Izan ere, haizkolari batek egurra jotzen eta ebakitzen dauan estilora botatzen zituan Xabierrek notak eta hitzak, musika legeei jaramon* gutxi eginez.

Gero Lurdes, Leteren emaztea. Gau ilunean emakume xarmant, harmera* lirain eta mintzaera samurra. Boz indartsua, betea, gozoa. Euskal gau haretan emakume beltz bat: arropa beltza, ile* beltza, kanta beltzak —«Beotibarko gudua»...

Hiru kantari honeek ez euskuen, lehenago ohi eben bezala, euren kreaziozko kanta askorik abestu. Euskal historian finkatu eta tinkotu nahi balebe bezala, euskal kondairan barrena kreatu eta zabaldutako kantak entzun erazi euskuezan: bertsolarienak, karlisten gerra denborakoak, zuberotarrak... Berririk gutxi: Leteren «Umeek ere jakin dute» eta «Ez kanta, beltza», eta G. Arestiren «Kexa eta promesa», eta gutxi gehiago.

Gero Jon Enbeita «soldadua», posible ez dan pertsonalismo baten profeta. Euskal gau haretan entzun zan sinesmen boz bakarra. Bekatu orijinalaren kausaz, gizonaren ametsak bete ezinak bihurtu dira; baina «Zatoz, Jauna, laguntzera» sinesmen deiak Kristoren merezimenduekin lotzen gaitu, Itxaropena posible bilakatzen* da, eta, honetara,* maitasuna ez da absurdo gelditzen. Jon Enbeitak «fan» asko zituala bistan egoen, publikoaren erreakzioa ikusiz gero; eta, bere zenbait* kanta pegagarriak zirelarik («Eta horrela doa mundua»), jendearen partizipazioa inork ez haina lortu eta berotu eban.

Enbeitaren esku egon zan presentadore zeregina ere, arazo oso inportantea gure ustez, baina gehienetan ezer baino txarrago betetzen dana, kasu honetan ere jazo* zan legez.* Benitok kantatutako zuberokadak presentadoreak azaltzen ez baditu, nork eta zer ulertu? Zein* demoniotzuek egin eben Beotibarko gudua? Zertarako dantzatzen dira berriro, noiz eta zelan* sortu ziren ez dakigun deabruzko dantza horreek?

«Ex* omni genere piscium» bildu ginenez gero, legezkoa zan «Agur, jaunak» hasieran eta Gernikako arbola» bukaeran kantatzea: eta hala egin genduan jendetza osoak, buru hutsik, zutik, eskuak bildurik, jarrera* irme* batetan.

Brabo, mallabitar gazteria! Eta mila esker, «Galarra» jauna. Betorkigu hurrengo urtean ere beste hainbeste eta gehiago.

DONAGARAI

balebe, balute

dauke, daukate

eban, zuen

eben, zuten

egoen, zegoen

egozen, zeuden

ekarren, zekarten

euskuen, ziguten

euskuezan, zizkiguten

euskun, zigun

ginduezan, gintuzten

inoan, zioen (esaten zuen)

inoen, zioten (esaten zuten)

inostan, ziostan (esaten zidan)

joagu, diagu (dugu)


Zorion baten zainak

Herri bakoitzak ba du kondairako gertakariren* bat, harrotzen duena. Herri bakoitzeko kondairan ba da —askotan gezurrezkoa— chauvinismoaren hegaletan* herri hori beste inor baino bizkorrago eta azkarrago eta ahaltsuago agertzen den eginkariren* bat. Eta bere ondorioz herritarrak haizepuzten dituena.

Euskaldunen artean ere ba da chauvinismoa (gure egoera makala ikusiz gero, gezurra badirudi ere). Edo behintzat egin nahi izan dute: «Geu gara munduko lehendabiziko demokratak; Orreagan* geuk apurtu genuen Carlomagnoren gudaritza; Euskal Herria erromatarrek ezin menperatu izan zuten; Iruina, Euskal Herriko hiriburuaren harresiak* Europako hoberenak ziren; euskaldun, fededun; gu jatorrak gara... Eta «euskal» hitza edozein gauzari eransten diogu: Euskal mendiak, euskal ibaiak, euskal kirolak, Ulzamako euskal behi suizoak, Bilboko «Babcock and Wilcox» euskal lantegia, euskal «rule of life»... eta nola ez! ba da baita ere poema bat, Orixeren «Euskaldunak» poema bilduma,* Euskal Herriaren agiri eta ikur* izan nahi duena.

Beste herrietan berdin gertatzen da. Ba dute denek beren chauvinismoa. Polinesian, adibidez, zera esaten omen* dute (ez dakit egia ote den, fraile batek esan zidan eta): «Geu gara munduko lehendabiziko komunistak; geuk apurtu genuen Magallanesen gudaritza; Polinesia espainolek ezin menperatu izan zuten; Polinesiako itsasertzak* munduan den hobekien zainduak ziren; gu alaiak gara... Polinesiar itsasoa, polinesiar uharteak,* polinesiar arraunlariak,* polinesiar «Etcheberry and Company Corporation» arrain kontserbak, polinesiar bizimodua...

Baina goazen geurera.

Ba da chauvinismoa iraultza* giroan ere. Gure artean dabilan hainbeste marxista estartako, ez da chauvinista baizik. Marxengan sinestean, Marxengan fedea izatean, beste fede guztiak madarikatzen dituzte bidenabar,* (dogma baten ordez beste bat jarriz), azterketaren ordez «konsigna» ipiniz; eta aurrerapenaren aurrean itsuki jokatuz, Marx baino marxistagoak bihurtu zaizkigu, hots,* Marx zaleak, ez marxistak.

Historiaren zulo batean gaude. Gizarteak dadukan arazorik latzena (hain zuzen, horrengatik aipatzen ez dena) gizontasunaren dignidadearen edo balioaren oinharriak aurkitzea da. Eta horretarako, geroan, nire adiskideok, hasieran esaten nizuen bezala, azpi-ezaguerara jo beharko dugu, subkontzientera. Oraindaino, tamalez,* (Freud alde batera utzirik), egin ez duguna. Bai, hauxe da arazoa: Zertan dago gizonaren balioa abereenaren gainetik? Eta, honen erantzunean, grekoek eta kristauek, marxistek eta liberalek, mendebaldeko* guztiok ontzat eman dugu grekoen «prósopon» edo pertsona.

Propietatearen izatea eta haren ondorio diren ekonomiazko sistemak gero datoz.

Gaurko antropologiari, sustrai giza jakintzari, panoramika bat aurkitu nahian, ez genuke gehiago jo beharko, beti jo dugun antzera, metafisikara (edo dialektikara), baizik eta oldozkeraren* azpi-egituretara, kritikaren kontzeptualizaziora.

Eta, hortik begiraturik, zaku berean sartzen ditut Platon eta Rousseau, Aristoteles eta Marx, Santo Tomas eta Sartre: guzti hoik,* mendebaldeko kulturaren izarrak, Ockam eguzki dutela. Guztientzat giza mailarik gorena aukeratzea da, edo, berdin dena, subjetibotasuna eta objetibotasuna bat egitea.

Beste zakuan daude hinduismoaren indarrak, Gandhi apurtzaile dutelarik (mendebaldekeriaz nahasi baitzituen), bramaputrak eta Konfuzio, eta adurren menpean bizi den hainbeste, Jainkoak nahi duena gertatuko dela sinesten duen hainbeste, eta «providentia»ren eskuetan daudenak...

Eta bi talde hoien zubi, Freud eta Marcusse alde batetik, eta Bergson eta Teilhard bestetik.

Ba dakit, jarrera* honengatik etsai* asko sortuko zaidala. Dogmatiko mota guztiak gainera etorriko zaizkidala. Ba dakit, eta pozik nago. Erantzun beharko dut, eta horretarako landu beharko ikuskera hau.

Gu euskaldunak gara. Zer da euskaldun izatea, ordea? Ez da, hau garbi dago, guk aukera dezakegun gauza. Ez da besteengandik bereizten gaituena (o mendebaldeko logikaren formalismoa!). Ez da euskaldun bakoitzarekin berdin duguna (o abstrakzioaren errua!). Gu egiten gaituen zera da!

Beti ere, haroetan zehar eta lurretan barrena, Nafarroarik gabe ezin liteke Euskal Herria, ez.

Euskal Herria da, garaietan zehar, Nafarroaren haria.

Egunen batean, (tamalez,* hain urrutiko ez dirudien egunen batean), Nafarroako iparralde guztia, oraino euskarari lotua, zingira edo pantano bihurtzen badute, Barcelonako jaun «influyente»ek nahiko ur garbia merke edan dezaten, egun hartan, herrikideok, geure herriaren hiletak kanta ditzakegu!

Oroit,* oroit, hemendik aurrera gizadiak (eta herriek), ez dutela iraungo orain arte bezala, ahal dutelako bakarrik, baizik eta nahi dutelako ere! Bonba atomikoa dugunez gero, beste neurri bat baitu gizonen agintzak: beren betiko izatearen aukera. Gizadiaren etorkizuna ez da, hemendik aurrera, biologikoa bakarrik izanen, baizik eta borondatezkoa, nahimenezkoa ere. Garaudy-k dioen bezala. Baina agintarien, eta ez gizadiaren nahimenezkoa; edo eta lortuko ote dugu inoiz (o betidaniko ametsa!) agintarien eta herriaren nahimena batzea?

Ni euskaldun sortu ninduten... Nafarroan!

Eta irakurlearentzat —inoiz inor izango banu— Nafarroaren kondairako hiru gune edo mito, ipuin edo istorio aztertu nahi izan ditut poetikoki.

PATXI ZABALETA

daude, dagoz

dezaten, daien

ditzakegu, daikeguz

gaude, gagoz

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zaizkit, jataz

zidan, eustan

nizuen, neutsuen


Ea, bada, argi geratzen den

Mao eta Nixon, irribarretsu, elkarri eskua emanez azaltzen duen argazkia mundu guztian zehar barreiatu* da. Are* gehiago: egun hauetan Vietnamen dauden amerikanoen abioiek ez dituzte bakarrik bonbak botatzen, baizik eta, bide batez, argazki horren milioika kopia. Berri hau ez da ezinezkoa, gerra psikologikoaren arauetan* ondo sartzen den gertakari bat baizik; eta CIAk ba du arrazoirik, argazki horrek Vietcongeko gerrilleroak desmoralizatuko dituela pentsatzeko, vietcongdarrek beste inork ez bezala sentitzen baitute sakon sakonean, Maok irribarretsu hersten* duen eskua, beren buruen gainean 53 kilo esplosibo segunduko, 3.210 kilo minutuko, 192.600 kilo orduko, 4.622.400 kilo eguneko jaurtikitzea agintzen duenaren esku kriminala dela. Vietcongeko herriak ondo daki, Nixonen aginduz, bertako gizon, emakume eta haur bakoitzari 265 kilo bonba dagozkiola, eta Nixonen eta aurreko presidenteen aginduz herri xipi haren gainean Bigarren Gerra Mundialean erabilitako esplosiboen doblea erori* dela.

Era berean, antza denez, CIAk interes haundia du, Hego Amerikako askorentzat Cubako erreboluzioak gauzatzen duen esperantza desegiteko. Eta, helburu hori lortzeko, azken garai hauetan, zientifikoki neurtuak azaltzen dira Nixon eta Fidel Castroren arteko elkar hizketa direkto baten posibilitateari buruzko berriak. Duela denbora guti, Fidelek berak argitu zuen hauzi hau, France Presse-ko korrespontsal batekin izandako elkar hizketa batetan.

«Maiatzaren 18an —esan zion korrespontsalak— Mexikoko bi egunkarik anuntziatu zuten, elkar hizketa bat gerta daitekeela Varsovian Nixonen eta zure artean».

Hona hemen Fidelek erantzun ziona:

«Begira! Lehenik jakin behar zenukeen zein egunkarik eta zein pertsonak zabaldu dituzten esamesa* hoik.* Duela denbora askotxo entzuten dira horrelakoak. Ia hilabetero azaltzen da berriren bat, azpikeriaren bat, horri buruz.

Nik inolako dudarik gabe esan diezakezut, guk ez dugula inoiz kontsideratu neholako* elkar ikuste edo elkar hizketarik Nixonekin. Gehiago esanen dautzut; ez dugu inongo interesik elkar hizketa mota horretaz. Eta areago:* ez genuke horrelako elkar hizketarik onhartuko. Zertaz mintzatuko gara Nixonekin? Zer eskatu behar diogu Nixoni? Ez dadila inperialista izan? Ez dadila oldartzaile* izan? Zer posibilitate dugu guk, hori esijitzeko?

Egia esan, Nixonek eta Estatu Batuetako gobernuak nahiko argi adierazi dute, gurekiko harremanak hobetzeko prest leudekeela, baldin guk Sobietar Batasunarekiko loturak hausten baditugu, sozialist herriekiko loturak apurtzen baditugu eta mugimendu iraultzaileari laguntza ukatzen badiogu. Egitez, Nixonen planteamoldeak, Cubak hetsi* dezan nahi du, Cuba neutral gera dadin, Cubak bere bandera iraultzaileak toles* ditzan.

Eta guk ez ditugu Sobietar Batasunarekiko loturak hautsiko, ez sozialist herriekikoak etenen. Ez dugu geure iraultzaren neutralitatea onhartuko, ez diogu mugimendu iraultzaileari geure laguntza ukatuko. Eta terreno honetan ez dugu izpi bat ere amore emango. Hauxe da gure jarrera.*

Zertaz mintza Nixonekin? Zertaz hitz egin? Guk ez dugu horretan batere interesik. Nixon zahartuz doa, eta iraultza gaztetuz, egungo giroari egokituz. Denbora, iraultzaren alde dago.

Nixonek etsituki* burrukatzen du, Estatu Batuetako lehendakari birraukeratua izateko. Beste lau urtez izan daiteke lehendakari. Zer axola* zaiku guri, bi, lau, hamar, behar hainbat urtez itxarotea?*

Nekerik gogorrenak, zailenak pairatu* ditugu; eta aurrera irten* gara, bizirik iraun dugu. Bandera iraultzaile bat altxatu dugu, kontinentean trintxera iraultzaile bat ireki dugu, Latin Amerikako iraultzaren arnasa eta exenplu. Ez luke inolako zentzurik, guk Estatu Batuei amore ematea. Beraz, behin eta berriro diot, ez dugula zertaz mintza Nixonekin.

Nixonek eman behar ditu lehen pausoak. Berak utzi behar du bere polizi jokaera. Berak bukatu herri latinamerikanoaren aurkako agresioak eta bitartekotasunak. Berak amaitu Vietnameko gerra, Cubako blokeoa. Berak kendu behar du gure lurrean dadukan basea. Eta guzti hori kondizio gaberik.

Amerikanoak ez ziren, ez, gurekin mintzatu, blokeoa ezartzeko prestatzen ari zirenean, inbasioa eratzera zihoazenean. Ez dugu zertaz diskuti Nixonekin. Ez zaiku guri inolako elkar hizketarik interesatzen; eta Nixonek oso ondo daki hori, beste inork baino hobeto. Eta Kissinger eta Nixonen lagun diren kontseilari eta zerebro gris guztiak ez dira Habanara etorriko. Jaun hoiek ez dute gurekin elkar hizketarik izanen. Ez dugu zertaz diskuti beroiekin.

Hauxe da gure jarrera. Jarrera fermu eta gotorra.* Argi eta garbi diogu, guk ez dugula zertaz mintza Nixonekin. Hauxe da hauzia.

Ulertzen dea?* Ea, bada, behin betirako argi geratzen den».

ENEKO AGIRRE

daude, dagoz

dautzut, dizut

dezan, daian

diezakezut, deiskizut, dezaizuket

diogu, dautsagu

diogu, dinogu

diot, dinot

ditzan, daizan

leudeke, legokez

zaiku, jaku, zaigu

zihoazen, joiazen

zion, eutson


Euskaldungoa

Periko Berrio berriz ere gure artean

Periko Berrio (Pedro Berrioategortua apaiza), bere gain eukan zigorra Zamorako espetxean egonaz partu* ondoren, berriz ere geure artean daukagu. Han barruan direnak moral handiz bizi direla esan dausku. Periko apaizak, jakina dan bezala, KAS izeneko edarien partitzaile lana egiten dau.

Trotskismoaren indarberritzea

Aspaldion oso salmenta ugaria izan dabe gure artean, Trotskiri buruz agertu diren liburuek. Hona hemen batzuk: Jean-Jacques Marie-ren «El trotskismo» (Península editorialean); Harry Wilde-ren «Trotski» (Alianza-n); Isaac Deutscher-en «Rusia después de Stalin» (Martínez Roca-n), «Trotski, profeta armado», «Trotski, profeta desarmado», «Trotski, profeta desterrado» (Era-n). Aldizkarietan ere, hainbat artikulu publikatu izan dira urte honetan, Rusiako politikalari horretaz. Losey filmegileak ere pelikula bat atera berri dau pertsonaia horri buruz. Bestalde, «Seigarrenekoak» deiturikoak trotskista bihurtu direla entzuten da. Hau guztia ikusi ondoren, ezin uka, trotskismoak indarberritze bat izan ez dauanik. Guk ez dogu esango, horregatio, buruzagi famatu hori gaurko maisurik behinena* danentz.

Demagogia egitea erraz danean

ZERUKO ARGIA astekariaren 492. alean inondalako goraipamenak egiten zituan «Amatiño»k ETOR kolezioaren alde. Bere eskribuaren barrentxoan ETOR kolezioa beste euskal editorialekin konparatu nahi dauala nabari* da. Azkeneko «balira» kondizionalarekin, «Mensajero del Sagrado Corazón de Jesús» (beronen zuzendaritzak bere arrazoiak izango zituan, pontizen* jatorrizkoa «Mensajero» izenera laburtzeko) beste guztien exenplutzat ipintzen dauskula dirudi. Eta arrazoia, haren ETOR saileko liburu bi bahituak* izan direlako. Baina hau, kasualitatea eta kausalitatea nahasturik, demagogia erraz bat egitea da. Zeren,* familia bateko semeetariko bat gartzelara sartzen dabenean, horrek ez dau esan gura,* nahi eta nahi ez, etxean gelditu jakozan beste anaiak ez direla giltzaperatua bezainbat «konprometituak». Edo eta, euskal aldizkari bat 25.000 pezetarekin multatua izan arren, horrek ez dau esan nahi, beste aldizkariek basoko pinu adarretan hazka* diharduenik. Nik neuk ez ditut Loiolatar kapitainaren jarraitzaileak buruzagitzat hartuko, gaurkoz behintzat, nahiz eta Bilboko «Avenida de las Universidades» kalean argitaratzen diharduen ETOR saila eskertzen dautsedan; baina konparazioak ernegugarri dira.

Martin Olazar Oliteko komentuan

Martin Olazar, Zeanuriko parrokoa, 150.000 pezetako multarekin zigortua izan zan gabon ostetxoan,* «lápida conmemorativa de los mártires de la tradición» oroitarria bere ardurapeko elizpetik kendu ebalako. Orain, zigor hori ordaindu ez daualako eta zegaz ordaindu erazi ere topatu ez dautsoelako, hilabeteko giltzaperatzearekin zigorra partzera* behartu dau legeak. Vatikanoak eta Espainiako Estatuak konkordaturik dauken bezala, apaizen giltzaperatzeko kondizio bereziak bete dira, eta Olazar jauna Nafarroako Oliten aita frantziskanoek daben komentuan egon da uztailaren* 25etik abuztuaren 25era, askatasun formula lortzeko.

«Sasi-batasuna», A. M. Labayen euskaltzainaren liburua

«Sasi-batasuna» izenarekin argitara eman dau A. Maria Labayen euskaltzainak* bere liburu berria, Lopez-Mendizabalenean, Tolosan. Erdaraz idatzitako 43 orrialdetan, «mala letra y peor espíritu» dakar, egileak beste batzuengatik hasieran dinoan bezala.

Satrustegi euskaltzainaren euskal izenei buruzko estudioa

Jose Maria Satrustegi euskaltzainak euskal izenei buruzko estudio bat emango dausku laster batean. Euskal izen propioak haurrei ipintzeko ohitura edo moda, suharki* berotu da gure garaiotan. Horregatik, eta Euskaltzaindira informazio eta dokumentazio bila hainbeste jende joaten danez gero, euskal izen propioen zerrenda zehatz bat, euron dokumentazio minimo batekin, eratzea otu* jakon Euskaltzaindiari, Satrustegi jaunari lan hau egin eian eskatuz. Estudio honek bi gauza lortu daikez: lehendabizikoz, euskal semeak euskal izenez deitzea, oraindik garai modernoetararte ohi zan bezala; bigarrenez, izenak paganizatzea, edo, beste era batera esanda, Elizak, San Pauloren aholku* eta irakatsiei jarraituz, tokian tokiko giza legeak errespetatzea.

Euskaltzaindiaren Alfabetatze Bulegoaren liburuxka berria

Euskaltzaindiak, gure erakunde* baketsu, frailetsu eta gelditsuak, azken urteotan bulego* berezi eta espezializatu batzuk sortu ditu. Tekniko talde honeek aparteko bultzada eman dautsoe gure erakunderik goren eta errespetagarrienari. Honeetariko bulego batek, Alfabetatze Batzordeak alegia,* bere helburuak betetzeko metodu bat atondu* dausku multikopiaz, «ortografia, deklinabidea, joskera,* aditza eta irakurgaiak» izenaz bere burua bataiatu dauana. Entzun dogunez, uda honetan izan ditugun alfabetatze ikastaroetarako, bizkor eta arineketan prestatu dabe, geroago inprimerian moldaturik liburu erosoago* bat argitaratzeko. Apaltasun aire batekin («uste dugu», «gomendatzen dugu»), euskara batu antzeko ulerterraz batetan egina da. Ene ezjakintasuntxoarentzat, hiru nobedade antzeko agertzen dira: Erdarazko «g» sendoa (girar), euskaraz beti da «j»; baina, «hala ere, latin edo grekotik hartutako kultur-hitz kutsu tekniko markatu bat daukatenak, «g» letrarekin idatziko dira: pedagogia». Ene ezjakintasuntxoarentzako nahastetxo bat gehiago. «Tx» (txakurra) barik, «x» (xakurra) gomendatzen dabe; eta ez dot, horretarako, pisu handiko arrazoirik aurkitu. Hitz elkartuen hauzian, libertate gehiago uzten dabe: edo marratxo batekin elkartu (Euskal-Herria) edo bananduta laga* (Euskal Herria). «A» organikoari inportantzia handia ematen jako, Bizkaiko usadioari eta literatura klasikoari jarraitzeko esijituz. Imanol Berriatuaren influentzia nabari* da nonnahi; eta Euskaltzaindiak kimu berri mesedegarri bat bota dau, uda beroan ere.

«Herri Esnalea» aldizkariaren lehen urtea

«Herri Esnalea», Oiartzunen multikopiaz ateratzen dan aldizkariak, bere bizitza «esnatzailea»ren lehen urtea bete izan dau, joan dan maiatzean. Urte bete honetan eskritore berriak eta giro beroago bat sortzen saiatu arren, «oso idazle gutti sortu» direlako keja mingotsa agertzen dausku azken alean. Aldizkaria —azalez arlotea, kasu honeetan suertatzen dan bezala— nahiko bizia da; gai asko aire libre eta periodistiko batekin ikutzen daki; herriko euskara darabil, eta horrela, guk uste, onik asko egin daike Oiartzungo alfabetatzeari begira. Eskritore gutxiegi eta polemikarik ez: horixe dateke, beharbada, aldizkariaren hutsunerik gaiztoena.

«Umeen Eguna - Deba (1952-1972)»

Debako eliztarrek, Anastasio Arrinda euren parrokoaren zuzendaritzapean, «Umeen Eguna - Deba (1952-1972)» izeneko liburuxka bat prestatu dauskue. Zarauzko «Itxaropena» etxearen bidez. Hamar urteren buruan urtero egindako jai ospetsu honen fotografiazko historia bat kontatzen dauskue, hitz bakartxo batzuk euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez fotoen oinean jarriz. Hitzaurrean dinoskuenez, 1952. urtetik hona egiten dan festa hau «no lo hacemos para que los mayores se diviertan a costa de los menores, no. Lo organizamos por el niño, con el niño, para el niño». Hau da, beraz, Debako «Umeen Eguna» jaiaren helburua. Hori lortzeko bide edo lanabesa,* ostera,* aurreratxoago agertzen jaku, euskarazko atalean: «Euskal Erria Pirineo mendietako bi ataletan bizi da, prehistoriatik ona. Ez da ba arritzekoa, bere jolasetan orduko kutsu ori agertzen bazaio. Bidezkoa zan joko oiek guztiak Umeen Eguna festara erakartzea».

«Dima trinitaria y sacerdotal», liburu berria

Madrileko «Padres Trinitarios» etxeak prestaturik, «Dima trinitaria y sacerdotal» liburua agertu berri da, entzuten danez, Aita Olabarri dimatar trinitarioak egina. Hasieran Bilboko Antonio Añoveros obispo jaunak dinoskunez, «este libro es una aportación interesante a la historia de Dima». Gure ustez, izan eitekean; baina, izatez, frailekeria epel bat izatera ere ez da heltzen. Ez dakigu zergatik isiltzen dauan, mende* honen hasieran frailetzara, monjatzara eta apaizgora Dimatik pilaka joan ziren haurrak, ez zirela fede hutsez eraginik joan, orduko giro sozio-ekonomikoak bultzaturik baino. Era berean, liburu honen irakurtzeak garbi uzten dau, dimatar fraile eta monjarik gehienek (munduan ere ez ei* dago, proporzioz hainbeste bokazio eman dauan beste herrialderik) ez dabela giza baloreen alderako aportazio handirik egin, eta are* gutxiago euskal gizonaren alde. Aita Olabarriren liburuan ikusten dogunez (trinitario hau haren egilea bada), fraile eta monjok sufritu eta sufritu baino ez dabe egin, erlijio uste eta bizitza masokista antzeko baten arauera.* Era honetako erlijio usteak dituenei besterik gerta ezin eitekioenez, «gorrien» denboran ere ezbehar asko jasan behar izan ei eben, ez dakigu zer arrazoigatik; eta gerrate haren hasieran «gorrien» aldean kasualitatez edo dana dalakoagatik egozanak, ahal izan eben guztiak nazionalen bandora pasatu ziren, «suerte onarekin» gainera, ordu arriskugarri haretan ez baitzan inor erori,* zeren* eta «gorrien» agintariak «Dios los había cegado».

Herriko seme askoren datoak eta fotoak agertzen direlako, euron senide eta ezagunek irakurriko daben liburu honek, ez dautso Dimaren historiari aportazio oso eskasa baino egingo. Egileek, beharbada, bokazio berriak bilatu nahi izan ditue, orain arte hain harrobi* aberatsa izan jaken lurraldean; baina gaurko egoera sozio-ekonomikoa ez da 1920-1950.ekoa.

Lopategi eta Azpillaga bertsolariak zigorpean

Lopategi eta Azpillaga bizkaitar bertsolariak, hamar mila pezetarekin lehenengoa eta bost milarekin bigarrena zigortu izan ditu Gipuzkoako gobernadoreak, Donostian joan dan maiatzean ospatu zan bertsolari txapelketan ideia subertsiboak kantuz bota zituelako.

Hau eta beste arazo batzuk bitarte direla, ez da nabaritzen* erraztasun handirik, Euskaltzaindiak Aita Zabala jesuitaren eskuz antolatu nahi dauan «Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketa» aurrera eramateko, Bizkaiko parteetan egin ohi ziren lehiaketei* dagokioen alderdia behintzat.

Erromantizismoaren birloratzea

«Love story» filmea mundu guztira zabaldu zanez geroztik, amodio platonikoak arrakasta* handia lortu izan dau zenbait* gizasemeren artean. Maitasun gordinari uko egiten dautson filme horren bidez, erromantizismoaren garaietara itzul erazi nahi izan da, zientzia eta teknika modernoaren morrontza- eta alienaziopean bizi dan gizartea. Uda honetan, berriz, beste erromantizismo bolada batek inguratu gaitu, oraingoan moda —emakumeen moda indartsua— medio dalarik. Euskal Herri osoan, bereziki* hiri handietan, neskatxak «sobrepelliz» eta «roquete» dalakoekin jantzirik ikusi ditugu. Moda atzerakoi eta ultrafeminista honek ere, gaur egungo garraztasunak, eta «sexy» mundua batez ere, ukatu nahirik, erromantizismo pasatuaren garaietara eroan* nahi izan gaitu. Modaren garrantzia eta eragina pixka bat ezagutu gura* dauanari, «Sociología de la Moda», René Köning alemanaren liburua irakurtzea gomendatuko neuskio.

Liburu berriak

1. «Y sucedió en la tierra de mi padre». Argentinako EKIN editorialak, «Biblioteca de Cultura Vasca» sailean, F. Carmen Etxebarriak idatzitako liburu hau argitaratu berri du. Egilea, Euskal Herriko oroitzapen batzuk poetikoki erabiltzen saiatzen da. Hego Amerikako erdal idazmoldeak erraztasun eta bizitasuna ematen dio liburuari.

2. «Euskaldunak Argentinan». Buenos Aireseko EKIN editorialaren sail berean, euskal liburu bat eskaintzen dauku Zubillaga'tar Erramun Joxek. Bertan, Argentinara heldu ziren mota guztietako euskaldunen analisi txiki bat egiten du, dendarien, pelotarien eta beste batzuen gorabeherak aztertuz. Euskara aldetik, liburua neologismoz beterik dago eta orografia kaxkar batez idatzita.

3. «Gure ikastola», JAKINen. Idazle talde batek egindako liburu honetan, ikastolari buruzko gai interesgarri batzuk teknikoki eta molde on batez erabiltzen dira: pedagogia, legeak, erlijioa, literatura, bilinguismoa, eta abar. 150 pezeta. Editorial Franciscana, Aránzazu, Oñate, Guipúzcoa.

4. «Guernica-Bermeo» (Estudios socio-económicos comarcales). Servicio de estudios de la Cámara de Comercio, Industria y Navegación de Bilbao. Gráficas Grijelmo, Bilbao. 1.000 pezeta.

J. L. Lizundia jaunak, gai honeetan adituak, liburu honetaz zerbait laster prestatuko dauala berba eman dausku.

5. «Poèmes basques de Salvat Monho» (1749-1821). Piarres Lafitte jaunak. Baionako «Musée Basque» etxean salgai.

Josu Torre eta Leonor Bilbao gazteen ezkontza

Josu Torre mungiarra eta Leonor Bilbao gernikarra ezkondu izan dira, irail* honen 1ean. Zorionak!

Gazte bi honeen ardurapean dago gaur egun ANAITASUNA honek dakarren lanik gehiena, neketsuena eta gutxien eskertua, horren trukez tokatzen jaken ez zilarrik ez urrerik jaso gabe, zoritxarrez. Gazte honeen eta beste askoren ahalegin isilei esker bizi ahal da aldizkari hau, hamabostero irakurleen plazara agertu ahal izateko.

Eta ezkongaien mundua aipatu dogunez gero, Jose Antonio Aranburu («Natxi») eta Ana Berrojalbizek ere ohi dan «baietz» rituala eman dabela esan behar dogu. «Natxi» ANAITASUNA honetako redakzio batzordekoa da, eta haren ezkontidea Nafarroako Lizarran* ikastolako maistra. Zorionak, eta formalak izan!

ANJEL ZELAIETA


Portugalen oporretan

Egon berri naiz Portugalen bigarren aldiz. Lehenengoz, orain dela bost urte egon nintzen; eta orduko inpresioak ZERUKO ARGIAn azaldu nituen, Don Juan erregegaiari egindako elkar hizketa betekin.

Oraingoan, Oporto bisitatu dut aste betean; eta honetaz zerbait esan gura* nuke.

Aurretiaz esan nahi dut, azaleko inpresioak direla, turista bezala lortuak. Nik ez dut Portugalen inor ezagutzen; eta honelako oinharri bat beharrezkoa litzateke, berri zehatz eta sakonagoak emateko.

Beraz, hemen esango dudana egia edo gezurra izan liteke; baina, hori bai, leialki esango dut, objetiboki, ikusi eta entzun dudan legez.* Ondorioak, erabakiak, bakoitzak har ditzala. Nik, esan besterik ez dut egingo.

Mugatik Oportora

Salamanca aldetik muga pasatzean, Oportora 250 kilometrotako bidea dago; baina ez pentsa, bide zelaia denik. Gipuzkoa dirudi. Bidea zeharka doa, orain gora eta gero behera. Batzuetan asfaltatua, besteetan harriztatua.

Iturri asko bidean, eta hori ona da; baina ez dira aurretiaz seinalizatuak, eta pena da.

Soroak,* ondo landuak. Fruta asko, batez ere gereziak.*

Espainia

Ikusi dudanez, Portugal Espainiari lepoa emanik bizi da.

Hainbat automobil ikusi dugu kanpoko matrikulekin. Frantsesak, Bretainia Handikoak, alemanak, Belgikakoak, eta abar. Espainolak, oso gutti.

Oportoko kiosko eta liburutegietan, kanpoko aldizkari eta egunkari asko, goian aipatu* nazioetakoak bereziki.* Espainiakorik ez dut inon ikusi.

Guarda, Viseu, Matosinhos eta Oportoko hotel eta restauranteetan, informazioa hiru hizkuntzatan: portugesez, frantsesez eta ingelesez. Batzuetan, alemanez ere bai. Espainolez, inon ere ez.

Jendea

Jende ona da, edonori mesede egiteko beti prest.

Gure begietarako, oso modu xelebrean janzten dira haietariko asko, batez ere herrietan. Adibidez, Matosinhosko merkatu aurrean bazaudete, oso entretenigarri da, sartzen eta irteten* diren tipoak ikustea.

Ijito* asko. Barka diezadatela portugesek, baina sarri askotan gaitz egiten zitzaitan, nortzuk ziren ijito eta nortzuk portuges bereiztea.

Analfabeto asko. Bati baino gehiagori erakutsi diot Portugaleko mapa edo planoren bat, argitasun bila; eta «ez dakit irakurtzen» erantzun dautate.

Prezioak

Hoteletan, batez beste, Espainian baino % 20 merkeago. Restaurante eta kafetegietan, % 35 merkeago.

Merkatuetan ere, merkeago. Angolako bananak, oso gozo eta merkeak. Berdin gereziak eta gaztaia.

Ardoaren prezioa, hemen bezala. Ardoa eskatzen duzunean, galdera hau egiten dautzute: «Zuria ala beltza nahi duzu?». Eta gero beste hau: «Gordina ala heldua?». «Gordin» hori gure txakolinaren antzekoa da, ugaria eta hemen baino merkeagoa.

«Sensacional»

Guardian, kafetegi batean, ordaintzean, eskupeko bat eman nion morroiari. Honek, bere eskerrona erakusteko, zedukan multzo batetik tarjeta bat hartu eta eskaini zeutan.

Tarjeta, honelakoa zen: Aurrean, goialdean, letra handitan, «Portugal e sensacional». Erdian argazki bat, gauez hartua. Behean, eskuin aldean, hitz hauk*: «Baia de Luanda». (Luanda, dakizuenez, Afrikan dago, beltz abertzaleek portugesekin burrukatzen duten tokian). Atzeko aldean, beste hau: «Existimos porque vencemos».

Kamioiak

Hendaiako mugan sarritan ikusi izan ditut, erreskada luzeetan, TIR letreroa duten kamioi handiak. Nora doaz? Orain jakin dut: Portugalera.

Holako asko ikusi dut bidean. Gero, muga pasatuz, batzuk Lisboara doaz, beste batzuk Oportora. Hiri honetako aduana aurrean hainbat zeuden, gehienak Frantzia eta Suizako matrikulekin. Espainiakorik bat ere ez.

Sao Pedro Do Sul

Herri txiki bat da. Autotik jaisten gara, eta ume talde batek inguratzen gaitu, gehienak ortutsik.* Han daude guri begira. Gazte bizardun bat motoan pasatzen da. Geratu eta umeengana doa. Maitekiro esaten die, ez dela itxurazkoa, kanpotarrei begira egotea. Gero gugana dator, eta barka eskatzen dauku.

Unibertsitari itxura daduka. Atsegin zait, eta berarekin hizketan hasten naiz. Parisen ikasi du. Euskal Herriko problemak ezagutzen ditu.

«Zergatik ikusten dira hainbeste andre beltzez jantzirik?». Berak honela erantzuten daut: «Aintzinako ohitura da, portugesak Brasil kolonizatzera joaten ziren denborakoa. Orduan, joandako gizonen emazteak beltzez janzten ziren, haik* berriz itzuli arte. Gero, ohiturazko bihurtu zen beltzez janztea».

«Zergatik erabiltzen da hainbeste Vasco izena, adibidez, Vasco de Gama, Grao Vasco, eta abar?». Erantzuna: «Ez dakit». Eta berdin erantzun dautate beste askok.

«Salazarren denbora eta oraingoa, berdinak ote dira?». Erantzuna: «Salazar gizon zaharra zen, mentalitatez ere, eta ez zituen gazteen asmoak betetzen. Orain, gauzak zerbait aldatu dira, asko ez bada ere».

Oilarra

Gorputza beltz, mokoa* ori eta goialdea gorri. Oilar hau nonnahi ikusiko duzue salgai, bai postaletan, bai zeramika nahiz zurezko* irudietan.

Dendari bati galdetzen diot: «Zer adierazi nahi du oilar honek?». Erantzuna: «Behin batean, gezurrez salatutako gizon bat epaikariaren aurrera eraman zuten. Errugabea zela esaten zuen gizonak, baina epaikariak ez zion sinesten. Epaikari hura* bazkaltzen zegoen, eta, hain zuzen, oilar bat jaten. Orduan, oilarra zutitu egin zen epaikariaren plater gainean eta kukurruku jo zuen. Gizona, barkatua izan zen».

Soldaduak

Egunero ikusi ditugu, goiz eta arrats, soldaduak. Kamioietan, «jeep» delakoetan. Edo kaleetan zehar, pausoa danbordun batek markatzen zuela.

«Zenbat denbora irauten du zerbitzu* militarrak?». Erantzuna: «Normalki lau urte, baina batzuetan bost, sei eta gehiago».

«Zenbat soldadu daduka Portugalek gaur?». Erantzuna: «Nork jakin? Beharbada 300.000, edo 400.000, edo gehiago. Angola eta Mozambiqueko guduek hondatu egiten gaituzte».

Oporto

Oportok, bere 40 kilometro karratuetan, orografia oso aldrebesa du: hemen zelai, han menditsu. Kaleak, mehar* eta aldapatsuak asko. Beste batzuk luze eta zabalak, baina guztiak asfaltatu gabe, harriztatuak, Bordelen* bezala.

Zirkulazioa handia, baina lasterra. Semaforoak beti kolore oriz. Aparkatzea, oso zaila. Automobil asko.

Tranbiak ere ba dira, eta ugari.

Jende asko kalean, jeneralki gustu handirik gabe jantziak. Denda asko, baina maila apaleko gehienak.

Ez da hiri polita, nahiz eta gauza ikusgarriak eduki. Hiri handia eta langilea, hori bai.

«Alferrak Lisboan bizi dira, eta Oporton langileak». Hau esan dautate hemen.

Arnotegiak

Oportoko ardoek fama handia dute. «Porto Cintra» izeneko arnotegia bisitatzera goaz. Ikusgarria da benetan.

Antonio deritzan gizon batek gidatzen gaitu. Nongoak eta bilbotarrak ginela esan genionean, Bilbo ezagutzen zuela esan zeukun. «Atsegin zaitzu?». «Bai, batez ere Cortes kalea».

Duero (portugesez Douro) hibaiaren ezkerraldean daude arnotegiak, ondo eta ugari ezagutaraziak, «Sandeman» delakoa batez ere.

Euskara

Neure semeei, «bom dia» eta «boa noite» esaten irakatsi diet.

Oportoko «Hotel do Imperio» delakoan, gela bat hartzen dugu. Sartzera goazenean, albokotik gizon bat irteten da. Nire seme zaharrenak «boa noite» esaten dio. Eta berak «gabon, mutiko» erantzun. Donostiarra zen, eta ilusio handia egin dauku Oportoko puntan euskaldun bat aurkitzea.

Biharamunean, Matosinhosko «Cave Bar» delakora sartu ginen. Sarreran, hainbat hizkuntzatan idatzirik agertzen zen ongietorria. Euskaraz honela zegoen: «Agur».

Matosinhos

Matosinhos Oportotik bost kilometrotara dago, itsas ertzean. Oportoren portua da, bere kaiak duen Leixoes izenaz atzerrian hobeto ezagutua.

Hemen finkatzen dugu geure egonlekua, automobila aparkatzea Oporton baino errazago delako.

Ormetan

Beste tokietan bezala, Matosinhosko ormetan* honelako paperak. daude ezarriak: «Burrukatzen dugulako bizi gara». Eta: «Elkartuak bakean, elkartuak guduan».

Eta beste hauk, dauden bezala kopiatzen ditut:

«O soldado portugués é tao bom como os melhores».

«A nossa intervençao militar em Africa é a resposta a um desafio que nos lançaram e à afronta que nao podemos esquecer».

Oportoko gotzaina

Oportoko gotzaina oso famatua da, Salazarri buru egin ziolako. Hainbat urtetan, herbesteraturik egon da legearen aginduz. Marcelo Caetanok agintea lortu zuenean, amnistiatua izan zen, eta berriz Oporton dago gotzain bezala. Nire asmoa, ANAITASUNArako berarekin elkar hizketa bat lortzea.

Ekainaren* 28an, katedralera noa; baina goiz hixten* dute, eta ezin izan nuen berarekin hitz egin. Hurrengo egunean joan nintzen, eta, nahiz eta San Pedro eguna Portugalen jai ez izan, Obispaduko bulegoak hitxirik zeuden. Atezainari diotsat, bi aldiz alferrik joan naizela eta ea ez ote zegoen gotzainarekin egoteko posibilitaterik.

Bai, ba zegoen. Gotzaina irteteko zen. Itxaroten* diot. Ordu erdi iragan ondoren, jaisten da bere ordezkariarekin. Gizon gazte eta txikia berau. Gotzaina, berriz, gizon galanta da, planta onekoa, luzea eta ile zuria. Ezin dugu elkar hizketarik egin, presaz dagoelako.

ANAITASUNAren ale bat ematen diot. Hartzen du eta ongi ahozkatuz irakurtzen du lehen orrialdeko titulua: «Kanta dezagun bertsoa».

«Euskaraz dakizu?» galdetzen diot. Erantzuna: «Zerbait».

«Austin» beltz batean sartzen da, eta agur egiten die nire semetxoei.

Suhiltzaileak

Hiri eta herri hazietan, bonberoek toki ederretan dadukate beren tresneria.

Suhiltzaile hauk ez dira, hemengoak legez,* enplegatuak; ez dute beren lanagatik soldatarik kobratzen. Borondatez dihardute, xandaka. Haien kotxeak, herri batzuetan gorriak dira eta beste batzuetan berdeak. Eta tresneria gordetzen duten tokietan, fundatzaileen argazkiak ageri dira, orman ezarriak, herritar prestuekin egin ohi den bezala.

Galizia eta Portugal

Portugesen ahotik jakin nahi nuen, zer pentsatzen duten Galiziaz.

«Nolako bereiztasunak daude Galizia ea Portugaleko hizkuntzen artean?». Erantzuna: «Aditzean zerbait, eta hainbat hitzetan; baina, hala ere, ondo ulertzen dugu elkar».

«Zer da zuentzat Galizia?». Erantzuna: «Lehen Portugal zen; baina, gure printzesa bat Espainiako printze batekin ezkondu zenean, Galizia erregalu modura eskaini genion Espainiari».

Texto liburuak

Liburutegi batean sartzen naiz, eta ume eskoletan erabiltzen diren texto liburuak eskatzen ditut, «Historia de Portugal» eta «Ciencias Geográfico-Naturais» irakasten dituztenak, denak erosten ditut. Jakin nahi nuen, eskoletan nola irakasten dizkieten umeei nazioaren historia eta geografia. Beste liburu interesgarri batzuk ere erosi ditut. Liburuok Euskaltzaindiko liburutegiari eskainiko dizkiot, ikastoletako irakasleek eta euskal textoen antolatzaileek kontsultatzeko aukera izan dezaten.

Ideia hau, kanpotik dabiltzen edo bizi diren euskaldunei eskaintzen diet: Eros texto liburuak eta bidal Euskaltzaindira. Beti da interesgarri, beste nazioetan zer egiten duten jakitea.

Textoak irakurtzen

Erositako liburuei begirada arin bat ematen diet, Hiru eratako portugesak daudela irakurtzen dut: Peninsularrak (Portugalen bertan bizi direnak), insularrak (Açores eta Madeira uhartetakoak) eta itsas haraindikoak (Afrika eta Asiako herrialdeetakoak).

Portugalek gobernu sistematzat errepublika aukeratu zuenean, lehen presidentea Dr. Manuel de Arriaga izan zen.

Espinho

Oportotik Aveirora hainbat hondartza daude, eta hauetarik dotoreena Espinhokoa da.

Ez dago itsas ertzetik doan bide bat ere, hemen Debatik Zarautzera bezalakoa. Bidetik ez da itsasoa ikusten.

Herri polita da Espinho. Hondartza ere ondo apaindua, batez ere haren ingurua.

Baina Portugaleko iparraldeko hondartzetaz esan behar dut, nahiz eta egun argia egon, haize handia datorrela Atlantiko aldetik eta guttitan ken daitezkeela janzkiak, eguzkia hartzeko edo igeri egiteko.

Kontrolak

Ekainaren 30ean. Oportotik Aveirora, itsas aldetik doan bidean, Philips eta Toyota fabrikak iragan* ondoren, eta 32 kilometro Aveirora heldu baino lehen, bide gurutze bat dago. Hamar bat polizia daude, besoko gorriekin, auto guztiak geldi erazten. Gurea ere erazi dute, eta dokumentazioa eskatzen dautate.

Oportoko Bonjardim kalean hainbat kabaret daude. Berdin Matosinhosko Roberto Ivens kalean. Kabaret bakoitzaren atean, uniformedun polizia.

Hoteletan, pasaportea utzi egin behar da, eta komisariara eramaten dute.

Polizia ugari nonnahi; baina haien harma bakarra pistola da. Ez dut bat ere ikusi fusil edo metrailetarekin.

Viseu

Guardiatik Oportora, bide erdian guti gorabehera, Viseu aurkitzen da, Durango edo Mondragoeren tamainiako hiriburua.

Iluntzean heldu ginen. Plazan, ehun bat gazte paseatzen. Kaleetan zehar, jende gutti, baina ondo jantzia. Bankuetxe eta denda asko.

Baina biharamunean, egunez, Viseu oso besterik zen. Kaleak jendez bete ziren, inguruetako herrietatik etorriak, eta apalago jantziak.

Hotel Grao Vasco. Museo Grao Vasco. «Nor zen Grao Vasco hori?» galdetzen dut. Erantzuna: «Pintore bat, berton jaioa».

Mugan

Uztailaren* 1ean. Vilar Formosoko mugan hamar bat automobil bildu gara. Kotxetik eraisten* gaituzte guztiok, eta hiru tokitan kontrola pasa erazten. Ordu bete inguru galtzen dugu zeregin horretan, eta protestatu egiten dugu.

Leihatilaren barruko aldetik, polizia batek erantzuten dauku: «Konforme ez bazaude, ez etor Portugalera».

Baina, zorionez, Portugal ez da polizia hori, eta berriz ere hara joateko esperantza ez dut galdu.

XABIER GEREÑO

dauku, dausku, digu

daut, daust, dit

dautate, dauste, didate

dautzute, dautzue, dizute

dezaten, daien

die, dautse, diote

diet, dautset, diotet

diezadatela, deistela, dezaidatela

dio, dautso

diot, dautsat

ditzala, daizala

dizkiete, dautseez

dizkiot, dautsadaz

genion, geuntsan

nion, neutsan

zait, jat

zaitzu, jatzu, zaizu

zedukan, eukan, zeukan

zeukun, euskun, zigun

zeutan, eustan, zidan


Munduan zehar

Alemania

Stuttgarten, Ian MacLeod, eskoziarra, 34 urtetakoa, Bretainia Handiaren kontsuladuan enplegatua izana, poliziaren metrailetakada batez hila izan da.

Heriotza honen inguruko xehetasunei buruz, Prokuradore Jeneralak azaldu duen ageriak dio, «kasuaz arduratzen zen funtzionarioetarik bat tirokatzera bortxaturik aurkitu zela».

Hirurogeitamar kazetarik firmatu dute eskutitz bat, poliziak hauzi honetan gorde duen sekretua salatuz.

Frantzia

Frantzian, Maoren Liburu Gorriaren edizio berri bat atera da. Liburuak berak dioenez, «Maoren aipuen lehen argitaraldia da». Edizio honek ez darama, orijinalak zeraman Lin Piaoren hitzaurrea.

Pariseko gobernuak ofizialki galerazi du Corsica* uharteko* hizkuntza.

Estatu Batuak

USAko senatuak 85 milioitan gehitu du Israelen aldeko laguntza. Erabaki hau hartzeko egin zen botazioan, 54 azaldu ziren gehitzearen alde eta 21 kontra. Administrazioak 50 milioitako goratzea eskatu zuen soilki. Bestalde, Estatu juduari gastu militarretarako 300 milioitako kreditua emanen dion lege proiektu bat baieztua izateko zorian dago.

«Hau ez da bakarrik nire bizitzako egunik zoriontsuena, baizik eta nire askatasunaren alde saiatu diren pertsonak nirekin batera zapalkuntzaren aurkako burrukan hasiko diren eguna», esan zuen ekainaren* 6an, San Jose hirian, Angela Davisek, errugabetzat eman zuen juraduaren erabakia ezagutu ondoren.

Chomsky-k «Gerra Asian» liburuan emandako zifren arauera,* Estatu Batuek, gerrillero vietnamdar bat hiltzeko, 500.000 dolar (30 milioi pezeta baino gehiago) gastatu dute: hau da, Amerikan 340 estudiantek urte beterako behar duten dirua, edo 50 etxe egiteko behar dena. Era berean, B-52 abioien irteera bakoitzean (gogora dezagun, azken hilabetean batez beste 280 irteera egin zirela eguneko) 40 milioi dolar gastatzen dira (2.500 milioi pezeta baino gehiago), hots, 400 oheko hiru hospital, edo lehen mailako 27 eskola, edo 4.500 etxe egiteko bestekoa.

Pentagonoak azaldu duenez, Vietnamen komunisten erasoaldia deusezteko,* apiriletik ekainerako epean muniziotarako egin diren gastuak ordaintzeko, uste baino 400 milioi dolar gehiago izan dira (25.000 milioi pezeta baino gehiago).

Vietnam

Iragan* ekainaren 27an, USAko abiazioak beste rekord triste bat gainditu du: misilez eta bonbez deuseztu ditu Hanoiko legendun*-etxea eta antituberkulosi zentroa, Gialam-eko poliklinika eta Haiphong-eko bi hospital. Azken bi hauetako batetan, gutienez tonelada bat pisatzen zuen bonba batek, 12 metrotako zabalera duen zulo bat egin du.

Uztailaren* 11n, goizeko seiretan, Hanoiko kazetari* atzerritarrek, Nansach eskualdean* USAko abiazioak dikeei egindako kalteak ikusten ari zirenean, sirenen hots beldurgarriaren pean dozena bat abioi amerikano ikusi zuten bonbak jaurtikitzen dikeen kontra, Horrela, beste behin ere, amerikanoek hainbeste aldiz ukatu duten krimenaren froga* filmatzeko aukera izan zuten, historiako jenozidiorik haundiena salatuz.

Bestalde, J. C. Oeberg jaunak, Hanoiko sueziar enbasadoreak, erantzuna eman die, ekainaren 30ean Nixonek egindako baiezpenei.* Egun hartan esan zuen Nixonek, abioi amerikanoek ez zutela inoiz Vietnamen dikerik bonbardeatu. Oeberg jaunak publikoki azaldu du, berak ikusi zituela amerikanoak Hibai Gorriaren deltako dikeak bonbardeatzen, eta, are* gehiago, ez dela bera hori ikusi zuen bakarra.

Suezia

M. Palme, Sueziako lehen ministroak, bere gobernuak batzorde bat sortuko duela anuntziatu du, Vietnamen arau* humanitarioak bete daitezen. Halaber,* amerikanoen gerra moldeak kritikatu ditu. Batzordearen buru, Myrdal andrea (Atzerriko Hauzietarako ministroa) izanen da.

Turkia

Ihazko abuztuan Korte Konstituzionalak desegin zuen Turkiako Alderdi Langilearen buruzagia eta beste 19 zuzendari gartzelatuak izan dira, «kurdoen aldeko ekintza komunista eta separatistak» egin dituztela eta.

Ihazko maiatzean «lege martziala» hasi zenez gerotik, eta estatistika ofizialen arauera,* 1.605 pertsona izan dira prozesatuak Turkian. Hoietarik 687 izan dira, dagoeneko, kondenatuak; eta gainerakoak juizioaren zain daude.

URSS

Orain arte, Rusia zen munduko gaz natural produzitzailerik haundiena. Baina ba dirudi, areagotu* egin duela egun hauetan bere nagusigoa. Iparraldean, kostatik metro gutitara, lur guztiaren petrolio aberastasunaren erdia haina* duten zenbait boltsa aurkitu dira itsaspean.

Chad

Afrikako lurralde honetan diharduten Askatasun Fronteko gerrilleroek, gudaketa batetan, Frantziako gobernuak bertan dituen bi instruktore hil dituzte; bata sarjento zen, eta bestea teniente. Azken egun hauetan, Chadeko gerrillak ugaritzen eta gogortzen ari dira.

Guatemala

Ekainaren* 26aren gauean, restaurant batetan, bi gizonek hil dute M. Olivero Castaneda, Guatemalako bizepresidentea. Olivero jauna, gaur boterea eskutan duen Askatasun Mugimendu Nazionalaren zuzendarietariko bat zen.

Mexiko

Emilio Zapataren Askatasun Fronte Harmatuko gerrilleroek hamar militar hil eta beste zenbait grabeki zauritu dituzte, ekainaren* 25ean, Acapulco eskualdean.* Lucio Cabanas da mugimendu honen buru.

Bolivia

Barneko Hauzietarako ministroak anuntziatu duenez, ekainaren 23an Askatasun Harmada Nazionaleko hiru gerrillero hil dira poliziaren eskuetan, La Paz hiriburuan, ihes egiten saiatzen zirenean.

Inti Peredo-ren taldeko hiru gerrillero ere zirkunstantzia berberetan hil ziren, duela zenbait aste. Hauen artean Lisímaco Gutiérrez zegoen, A.H.N.ren zuzendarietariko bat.

Cochabamban, bederatzi lagunekin batera detenitu duten gerrillero famatu bat zauritua gertatu da, poliziaren «itaunketen»* pean zegoelarik, leihotik kalera jauzi* egitean.

Mozambique

 The Sunday Times agerkariak dioenez, Hego Afrikako pilotu mertzenarioek, portuges harmadari lagunduz, gerra kimiko sekretu bat egiten dihardute Mozambiqueko junglan, bertako burrukatzaile abertzaleen kontra.

Zenbait aste duela, gutienez sei abioik jaurtiki omen* dute sustantzia desorritzaile bat, gerrilleroak elikatzen* dituzten soroak* eta baratzak hondatzeko.

Portugal

Uztailaren* 10ean, Lisboan, 13 kamioi Berliet, portuges harmadarentzako eginak zirenak; lehertuak izan dira. Ajentzia internazionalei emandako ageriaren arauera,* atentatu hori «Portugaleko harmada kolonialistaren aurkako kolpe berri bat» izan da.


Zentzua galdu ote dugu?

Desumanizaziora helduko ote gara? Besteren zorigaitza axolagabeki ezagutzera ailegatuko garea?*

Gazteria larri dabil. Munduak ez daki zer nahi duen, edo ondoegi daki. Beharko litzatekeena, gosea da. Pentsatzeko denbora gutiago, eta lan egiteko gehiago. Burjes xipien problemak.

Egun hauetan irakurri dut, Vietnameko herriak munduko populazioari egin dion deia, dike sistemaren hausteak ekar lezakeen katastrofe nazionala salatuz. Dei mindu eta dramatiko honek izanen duen harrera «normalaz» pentsatzen egon naiz, eta lotsa sentitu dut. Lehenik, neronen normaltasunarengatik, neronen giza pobretasunarengatik. Eta hauzi hau ANAITASUNAra ekarri behar dela erabaki dut. Zabaldu egin behar dela nola milioika Vietnamdarrek gal lezaketen bizia datozen hilabebeteetan: gureak bezalako haurrek, gureak bezalako amonek.

Lortu egin behar dugu nola edo hala, azken hiru hilabete hauetan amerikanoek Vietnamen botatako 600.000 tonelada bonbak, edo gerta litezkeen 4.000.000 hil hoik* ez daitezela zifra luze bat bakarrik izan.

Pentsa dezagun, herri batzuek beren odola isurtzen dutela, askatasuna lortzeko, bizitza berri bat eraikitzeko eskubidea erdiesteko.* Pentsa dezagun, iraultza batek ez dakarrela soilik bizitzaren derrigorrezko oinharri diren ondasun materialak lortzeko bidea, baizik eta halaber* orain arte gizarteak ezagutu ez duen berdintasuna, gizonen arteko anaitasuna, gizonen dignitatea, gizonen moraltasuna.

Vietnameko herriak gaur salatzen duen problema, dikeetan biltzen da. Vietnam osoa bere hibaien menpean dago, mendez* mende hango herriak eguneroko lan isilaz mugatu eta kanalizatu dituen hibai haundien pentzura.* Hibai hauetatik hartzen dute nekazariek, arroztiek* behar duten ura. Hibai urtsu hauek beren abiadan arrastaka daramaten lurra, berealdietan haien ohean geratzen da, eta hibaiak berak gero eta gorago aurkitzen dira. Mendez mende etengabe jarraiki den fenomeno honen ondorioz, egun Vietnam bere hibaiak baino 5-10 metro beherago dago.

Estatu Batuetako abioiek ez dituzte, noski, dikeak errespetatzen; eta ez da zail bonben ondorioa asmatzea.

Duela hilabete, Vietnameko herriak dei egin dio munduari, nola dikeak hauts daitezkeen esplikatuz, bonbak zuzenki gain gainean erori* ezarren. Esplikazioa, sinplea da. Abioi batek pisu haundiko bonbak jaurtikitzen ditu hibai baten ohera; eta hortik sortzen den «olatuak», ertzetako* dikeen kontra mila toneladako pisua botatzen du. Batzuetan dikea ahuldu* egiten da, beste batzuetan pitzatu*; eta bigarren, hirugarren edo laugarren «olatuak» dikea apurtu egiten du, kuantitatezko hauzia kualitatezko bihurtzen delarik. Azken hilabeteotan, hainbeste hibai eta hibai inguru izan dira bonbardeatuak.

Ofizialki (ofizialki ez dago gerrarik Vietnamen) amerikanoek ez dute aitortzen, dikerik bonbardeatzen dutenik, bai, ordea, dikeetan irekitako zulo eta pitzadurak konpontzen ari den jendea. Hala ere, gerta daiteke noizean behin, kalkuluzko hutsen baten ondorioz, dikeren bat bonbardeatzea.

15 milioi Vietnamdar (Vietnam osoak 20 milioi bizilagun ditu) hibaien eskualdean* bizi dira. Deltaren dentsitatea, kilometro karratuko, 700 edo 800 pertsonatakoa da (Espainiak 70 bat bizilagun ditu kilometro karratuko, eta Italiak 180). Laster helduko da eurien sasoia; eta hibaietako ura, ehunka aldiz gehitua, dikeen kontra pilatuko da. Eta ez bakarrik herrixkak babesten dituzten dikeen kontra, baizik eta Hanoi bera gordetzen dutenen aurka ere.

1945. urtean, japonesek iparraldean zenbait dike hautsi zutenean, 2.000.000 Vietnamdar hil ziren; ez baitira itotzen direnak bakarrik kontatu behar, baizik eta, ondoren, goseak, eritasunek* eta epidemiek hiltzen dituztenak ere. Urte hartaz gero, nekazariek, urtero, bizpahiru milioi m3. lur garraiatu dituzte, 4.000 kilometrotako dikeak indartzeko.

Denok dakigun bezala, azken hilabeteotan gogortu egin dira amerikanoen atakeak, eta ekainaren* 22an (hurbil* dagoen egun bat aipatzeagatik) B-52 abioiek 270 irteera egin zituzten. Irteera bakoitzean, hiru aparato konta daitezke; beraz, 800 bat abioi eguneko, bonbak jaurtikitzen: egun hartan bi dike hautsi zituzten.

Buru larritu baten, zer nahi duen ez dakien buru baten, goserik ez duen buru baten, bederatzi ordu baizik lan egiten ez duen buru baten edo buru burjes-xipi baten frutu eta bereizgarri ote da, dato hauen aurrean, ezin bistatik apartatu izatea Nixonen irudi zinikoa, zoritxarrez luzatzen zaizkion eskuak hersteko* beti prest dagoen Nixon irribarretsuaren irudia?

PEDRO IBARLUZEA

dezagun, daigun

dio, dautso

lezake, leike

lezakete, leikee

zaizkio, jakoz


Yemen

Maiatzaren 25etik gora, Aden, Yemengo Herri-Errepublika Demokratikoaren hiriburuak memento garrantzitsu eta apartekoak bizi ditu. Nekazariak, ikasleak eta gerra jantzia daramaten militarrak, ohi ez den harat-honat bizi batean murgildurik dabiltza.

Kaleetan, "lana, produkzioa, langileen batasuna" goratzen duten lehengo letreroen alboan, pintaketa berriak azaltzen dira, "inperialismoa eta burjesia erosle eta erreakzionarioa" salatzen dutenak.

Euforia iraultzaile honek eta beronekin batera Oman-go sultanatuan gertatzen den ingeles harmadaren aurkako burrukaren gogortzeak, oinharri bera dute: Askatasun Fronte Nazionalaren Bostgarren Biltzarrak sortu duen berotasun iraultzailea.

Herri guztiaren aurrean egindako Biltzar honetan, 170 ordezkari ziren herriaren errepresentatzaile. Gehienak gerrillero izanak ziren, eta bureau politikoa osatzen zuten.

Dudarik gabe, Biltzar honetako 170 ordezkariok (behartsuen artean, batez ere nekazari pobreen artean sortuak baitziren) ez zuten kolonialismoaren pean irakurtzen ikasteko aukerarik izan. Baina, hala ere, sei egun luzez aritu izan dira ohartuki, analisi ekonomiko-politiko luzeak egiten.

170 gizon hauekin batera, beste hiru azaltzen dira, Yemengo Errepublikaren errespontsable nagusi bezala:

Lehena, Salem Robaya da. 37 urte ditu. Nekazari behartsuen seme, bera ere nekazari, irakasle, kontable eta bakezko epaile; ingeles okupazioaren kontra burrukatzeko, 1963.ean gerrilletara joan baino lehen, iraultza agrarioaren aita bezala kontsidera daiteke. Bere amak, klandestinitateko urteetan egiazki ihardun ondoren, lurra lantzen jarraitzen du, Adenetik 100 kilometrotara, xabola xipi batetan bizi delarik. Gutitan izaten du bere semearen bisita; eta duela egun batzuk esplikatu zion kazetari* bati, bere semearen lekua Adenen bazegoen, berea lur haietan zegoela, eta, nahiz eta bere semea etxe eder batetan bizi, bera, hil arte, xabola hartan biziko zela, xabola apal hartan, edergailu bakartzat semearen argazki bat zuelarik: semea gizon bati, amarentzat ezezagun den Mao-Tse-Tung Chinako buruzagiari eskua luzatzen agertzen duen argazki xipi bat.

Bigarren gizona Abdel Fattah Ismail da, sekretari jenerala, nolabait Che Guevarak Ameriketako iraultzan bete zuen paperaren kideko eginkizun bat bete duena; gizon nekaezina, gizon berri baten posibilitatean beti sinesten duena, British Petroleum-aren errefinerietan langile izana, ideologikoki marxismo-leninismoan hezia. 1962.ean liberatu egin zen, eta harez gero Adeneko gerrilla hiritarraren ezkutuko buruzagia izan zen. Ingelesen "Intelligence Service" delakoaren ahalegin guztiak "terrorista arriskutsu" honen aurka zuzendu ziren; baina dena alferrik. Gaur. 32 urterekin, areago* dirudi gaztetxo beldurti eta burokrata bat, ekintzazko gizon gogor eta nekaezina baino.

Hirugarrena, Ali Nasser da: burruka harmatuaren hasieratik Fronte Militarreko partaide, Beyhan probintziako gerrillaren buru, defentsako ministro, errepublika berriaren herri-harmadaren sortzaile, orain lehen ministro. 32 urte ditu.

Arabiar munduaren zati hau hobeki ezagutzeko, egoki dateke* iraultzaren lehenagoko eta ondorengo bidea nondik nora doan ikustea, batez ere berri guti heltzen baitzaiku, ingelesek Yemendik alde egin zutenez geroztik.

Holako kasuetan ohi den bezala, Fronte Militarreko gehienak gizarte jakin bat deusezteko* borondate eta erabaki konkretu batetatik sortu ziren. Deuseztu nahi zuten gizartea, gizarte yemendarra zen; eta ez zitzaien horretarako arrazoirik falta: bankero, armadore, komertziante eta petrolio konpainia gehienak, ingelesak eta frantsesak ziren; lurra, berriz, emir-en, sultan-en eta jaun feudalen eskuetan zegoen.

1950.eko dekadaren bukaeran, nasserismoaren garaipenaren garaian, Arabiar Mugimendu Abertzalean sartu ziren. Baina, Abdel Fattah Ismail-ek duela denbora guti zioenez, hasieratik susmatu zuten, mugimendu hura* arabiar chauvinismoaz, erreformismo eta burjesia xipiaz itorik zegoela.

1959.ean, Cubako herriaren garaipenak indartu eta finkatu egin zuen iraultza gogor eta bortitz* baten ideia.

1962.ean, Algeriako herriaren garaipenak areago* frogatu* zuen haien ideia nagusia: Yemengo egoeran, askatasun nazionala harmaz lortzea ez da bakarrik posible, ezinbestekoa baizik.

1962.eko irailean,* Ipar Yemenen gertatutako Estatu-kolpe antimonarkikoak bidea errazten die. Nasserek, erregearen tribuei eusten* dieten ingelesen kontra bigarren fronte bat ireki nahiz, Hego Yemengo abertzaleei harmak eta instruktoreak eskaintzen dizkie.

1963.eko urriaren 14ean gertatzen da, azkenik, Radfan-eko mendietan altxapen harmatu bat, "iraultza edo hil" garrasiaz.

Orduan fundatu zen Askatasun Fronte Nazionala zuzendari zelarik, laster hedatu* zen burruka inguruko baserritar eskualdeetara, Arabiar Mugimendu Abertzaleak lehenagotik zuen sare klandestino bortitzean* oinharriturik.

Berehala, gerrilleroen hegal "garbia"ren jokaerak zaildu egiten ditu, lagun ziren egiptarrei buruzko harremanak. Nasseren zerbitzu sekretukoak, "ziniko, azpijokalari eta politikoki ezjakin" diren gerrillero yemendarrei "legea" inposatzen saiatzen dira. Gauzak honela, A.F.N.ren lehen biltzarrean (1965.eko ekainean*) onhartutako radikalismo marxistak erabat* argitzen du egoera Nasseren aurrean. Baina Nasserek ez du amore ematen; eta, zenbait azpijoko dela medio, lortu egiten du A.F.N. FLOSY zeritzan* mugimendu erreformistarekin batzea. Baina batasun honek ez du sei hilabete baizik irauten. Ordurako, A.F.N.k ba du linea politiko finko bat. Hausketa honen aurrean, Nasserek laguntza guztia ukatzen die A.F.N.koei; eta, are* gehiago, haien izen onaren kontra kanpainia ideologiko bat eratzen du. Arabiar mundu osoa Nasseren alde jartzen da, eta, beraz, yemendarren aurka.

Era berean, sozialista prosobietikoek, ekialde* hurbileko* "egia" den Naser ikurtzat harturik, zeharo alde batera uzten dute A.F.N.

Goizetik gauera, gerrilleroak, lagunik gabe, laguntzarik gabe aurkitzen dira. Egoera honen aurrean, laster ulertzen dute, aurrerantzean bakarrik jarraitu behar dutela, ez dutela beste laguntzarik aurkituko.

A.F.N.k, konkistatutako lurraldeetan herri-administrazio baten hazia ereiten duen bitartean, gerrilleroak hiritar bilakatzen* dira, eta Adenen bertan gerrilla hiritar bat sortzen dute, ingelesen eta FLOSYren kontra. Bankuetan egindako lapurketa harrigarriek ugaritu egiten dute Frontearen dirua.

Pixkanaka, egunetik egunera, Hego Arabia ifernu bat bilakatzen da ingeles harmadarentzat: enboskadak, atentatuak, justiziamenduak, manifestazioak. Hilak ehunka kontatu behar dira, zaurituak milaka.

Ingelesen boterea hautsi egiten da. 1967.eko abuztuan, Federazioko 17 estatuetatik 14 gerrilleroen eskuetan daude, Adengo zenbait hauzo bezala. 129 urtez Yemen okupatu eta zapaldu ondoren, ingeles harmadak alde egiten du.

Ordua heldu da; baina zeinentzat? FLOSY erreformista baina Nasseren lagunarentzat? A.F.N. radikalista zorrotz baina loturarik gabekoarentzat?

Londresko gobernua Naseren beldur da, eta gainera A.F.N.k du eskuetan botere erreala. A.F.N.ren ordua da.

1967.eko hazilaren* 30ean sortutako fase moderatuak 18 hilabete iraun zuen agintaritzan. 1969.eko ekainaren* 22an, Fronte Nazionalaren hegal ezkertarrak boterearen monopolioa bereganatzen du, eta Yemengo Herri-Errepublika Demokratikoa fundatzen. Orduan hasten da, doktrina marxista-leninistaren pean, arabiar munduan gertatutako prozeso iraultzailerik indartsuena.

AINHOA

daramate, daroe

daude, dagoz

die, dautse, diote

diete, dautsee

dizkie, dautsez, diozkate

zaiku, jaku, zaigu

zioen, inoan, esaten zuen

zitzaien, jaken, zitzaioten


Irakurleak idazle

Errespeta daigun elkar

ANAITASUNAren 238. zenbakian agertu zan «Fedea gaur» artikuluari buruz zerbait argitu beharrean aurkitzen naiz.

Idazlan horretan, Kristogan eta haren Elizan sinesten dogun irakurleentzat, eritzi gogor, latz eta mingarriak agertzen direla uste dot.

 Lehenengo. Gaurko erlijio giroari «alienagarria» deitzen deutso artikuluaren egileak. Gaurko Elizaren giroa alienagarria bada, Eliza beti izan da alienagarria, eta gaur ere Kristogan eta haren Elizan sinesten dogunok alienatuta gagoz eta alienatuak gara. Hori, argi argi dagoen ondorio bat da, edozein burundun gizonek argi argi ikus daikena. «Alienazioa» hitz polita da eta belarrientzat durundu eta soinu gozozkoa; baina haren esangura, ez hain polita eta gozoa: zoroa, eroa eta burugaldua adierazten dau eta.

Hainbeste sinestedunek irakurtzen dauan ANAITASUNA lako aldizkari batean hori esatea eta idaztea, salatze gogor eta irain* mingarri bat egitea da irakurle askori. Zein irain mingarriagorik eta salakuntza gogorragorik egin leitekio sinestedun irakurle bati, giro zoro, ero eta burugalduko batean bizi dala esatea baino?

 Bigarren. Eliza «alienagarri» horretaz nazkatuta dagozenek ateoak izan beharrik ez daukela, orain arte jendeak uste izan dauan legez,* eta beste sineste garbiago bat eta fede biluzi bat euki leikeela dino idazle horrek. Baina zelako sinestea? Kristogan eta haren Elizan sinestea? Ez, hori ez! Gehien gehien ere, pertsona ez dan Mundu Jainkoagan, «Deus Natura» edo Izadi Jainkoagan sinestea.

Erlijioz nazkatuta dagozen, eta erlijioa gizartearentzat kaltegarri dala uste daben jendez beteta dago gure herria, dino idazle horrek. Ene eritziz, Elizatik aldenduta dagozen gazte gehienak, ez dagoz, Eliza gizartearentzat kaltegarri dala uste dabelako, Elizaren dotrina eta Kristoren legea gogor, gaitz eta aldatz gora iruditzen jakelako baino, gaurko munduari bezala, eta aske eta lasai bizi nahi dabelako.

 Hirugarren. Fededun irakurleentzat oraindik irainkorragoa, salatze gogorrago eta mingarriagoa da, gaurko kristauen Eliza mito bat dala esan eta idaztea. Elizaren irakatsiak (lehengoak eta oraingoak) haintzat hartu barik,* fede biluzi bat onhartzen dauala dino idazle horrek. Fede biluzi hori zer dan ez dau azaltzen; baina ba dirudi, «Deus Natura» edo Izadi Jainkoagan sinestea dala. Eta zergatik fede biluzi hori? Kristoren gaurko erlijioa (eta zergatik ez lehengoa ere?) mitoan oinharrituta dagoelako, dino idazle horrek. Hau ere berba polita eta belarrientzat durundu eta soinu gozozkoa; baina beronen adierazpena hauxe da: ipuina eta gezurra.

Elizaren egiazko oinharriak, ostera,* honeexek dira: Itun Zahar eta Itun Berriko liburuak, profetak eta hareen iragarpen eta irakatsiak, Kristoren esanak eta mirariak, Kristok eraikitako Eliza, Pedro eta apostoluak oinharri direla, hareen ondorengo diren Erromako Aita Santu eta beste gotzain* guztiak, Elizaren irakatsiak eta sakramentuak, eta abar eta abar.

Elizaren oinharri diren gauza guzti honeek ANAITASUNAko idazle horrentzat mitoak dira, eta, argiago esateko, ipuinak eta gezurrak. Salatze gogorra eta mingarria benetan, horrelako gauzak esan eta idaztea sinestedun irakurleentzat. Kristoren Elizaz nazkatuta etsitzen daben asko izan dira gizaldietan zehar, batzuk askatasunaren aitzakiaz, beste batzuk jakituriaren, filosofiaren eta razionalismoarenaz. Ez da, beraz, harritzeko gauza, banaka batzuk gizartearen aurrerakuntzaren aitzakiaz Elizaren kontra jartzea eta jotzea. Baina, ene eritziz, ez daukagu eskubiderik, batak bestea horrela iraintzeko. Ez sinestedunek fedegabeak, eta ez fedegabeek sinestedunak.

Lotsa, itzala eta askatasuna elkarrenganako. Jainkoa da bakarrik hori epaituko dauana.

EGIZALE

Noiz arte holan?

Goiz iluna zan, Bilbon, San Pedro egunean. Atxarte aldera joateko ustea geunkan emazteak eta biok; baina, lanbroa zala eta, Pagasarri ondoan dagoen Pastorekorta mendira joan ginen. Arrigorriagara jaistea bururatu jakun, handik etxeratzeko. Bidean gentozela, eguerdi inguruan, Abrisketa deritxon hauzune txiki batera heldu ginen. Sarritan egon naiz ni hauzune horretan, bertan lagunak daukadaz eta.

Jaiak ziren. Heldu ginenean, XIII. mendean* jasoriko elizattoa ikustera joan ginen. Meza, hasteko egoen. Ondoan, neure aintzinako baserritar lagunak neukazan. Aurrean, apaiz gazte bat. Meza erdaraz hasi ebanean, harrituta lotu nintzen: ez neban holakorik uste. Gero, irakurgaiak irakurri ondoren, mintzaldia hasi eban. Neure lagunei begira nengoen: euren pentsamentuetan murgildurik egozela zirudian. Mintzaldi ha* euskaraz izan balitz, berdin edo hobeto ulertuko genduan. Gainera, baserritarren gaurko benetako arazoak aipatu ere ez zituan egin apaizak. Oihu egiteko gogoa neukan: ez genduan horrelako zigorrik merezi, han gengozen baserritar eta euskaldunok.

Meza amaitu zanean eta kalera irten* ginenean, nongoa zan apaiz ha itaundu neutsen neure lagunei. Arrigorriagan egoela apaiz legez,* baina izatez San Migelekoa zala erantzun eusten.

Zer dala eta, apaiz erdaldun bat baserri hauzune haretan? Hori ezin geinkela onhartu esan neutsen neure lagunei. Baina zerbait ba ekiala euskaraz, erantzun eusten. Hainbat txarrago orduan, hori egiteko lotsarik ere ez daukalako.

Gero, apaiz horreek herriarekin dagozela esango dabe. Gezur haundia da hori. Herria zer dan ere ez dakie, eta herriarekin egoteko gogorik ere ez dauke. Edo, osterantzean,* horren bildur dira. Eta bildur badira, ba dakie zer egin: euren zeregina utzi, gure herrian alferrik dagoz eta.

Eta non dago gotzaina,* apaiz horreek bide zuzenean jartzeko? Ala, herria zapaltzen daben apaizok ote dira erdiko jokabidekoak? Bai, horreek dira hainbatean* benetako apaizak. Eta euskaldunen alde, behartsuen alde eta langileen alde lan egiten dabenak, ostera, horreek guztik estremistak dira. Gogoratu, osterantzean, San Migeleko, Zornotzako eta beste herri batzuetako apaizekin zer jazo* dan. Honeek ez omen* doaz bide zuzenetik, baina hareek, herriarekin ez dagozenak, bai.

Noiz arte iraun behar dogu holan?

Gaur argiago ikusten dot, zergatik ez diren joaten mezatara gure seme-alabak.

OZPIN

Kezka bat sortzen zaigu

Gizartea erabat* materialista bihurturik dagoela edozein lekutan eta edonoiz entzun genezake; baina, hala ere, ikus ezazue nola arazo espiritualek aurrerapen haundia duten Tolosan.

Dakikezuenez,* azkeneko gerran irabazleen alderdian hildako tolosarrei jaso zitzaien monumentua txikitu egin zuten, orain dela bi edo hiru hilabete, ezezagun batzuek.

Gauzak horrela, nahiz gure herrian zenbait premia egon bete beharrean, dirurik ez dagoelako edo, gure agintariek monumentua berriro jasotzen hasi dira. Guk ez dugu dudan jartzen ere, horrela egiten badute, herritarren gogo berezi bati jarraituz jokatuko dutenik. Hala eta guztiz ere, kezka bat sortzen zaigu, hau da, Aiuntamentuak hogei mila durotik gorako lanak subastara atera behar dituelarik, nola hasi dira monumentuaren lan hoik* subastarik gabe?

PELLO ALBIZURI

Kantariak Larrabetzuan

Larrabetzuko jaiak direla eta, oso azkar ibili da herri honetako gazteria: elkar ondo harturik, herri-jai pozgarri eta balios batzuk antolatu ditue. Beste ihardunaldi batzuen artean, kantarien saio bat egin zan, abuztuaren 15ean. Parte hartu ebenak: Arratiako 'Oihartzunak', Bilboko 'Oskorri' (Baionako Euskal Astean, Pio Baroja zanari Nafarroako Beran egindako omenaldian, Gipuzkoako Itziarren... arrakasta* handia izan dauana), eta Erandioko 'Sedetsu' kantari taldea. Gasteizko G. Knörr kantaria, haren partizipazioa ere programan iragarrita* egon arren, ez zan agertu; ez dogu jakin zergatik.

Jende asko bildu zan 'Connauta' etxearen zelaira, gazteria batez ere; eta publikoa, holako ekintzetan behar dan bezala portatu zan. (Oraingo kantariek kunplitzen ote dabe, lehen bertsolariek betetzen eben zeregina?).

Kanta saioaren ondoren, jendea, talde txikitxoetan, entzun zituan ideiak komentatzen eta diskutitzen iharduan. Han egon zan mutil gazte batek egindako oharpen batzuk dakardaz orain paperera.

«Erandioko 'Sedetsu' taldekoek, G. Arestiren

 'Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik,

berdin tratatzen baitu

 erdalduna

 eta

 euskalduna'

dalako poesia kantatu baino lehen, jende askori gustatu ez jakon azalpen bat egin eben. 'Bizi garen kapitalist sistema honetan —inoen 'Sedetsu'koek—, berdin esplotatzen da edozein langile, dala euskalduna, dala erdalduna. Besterik uste izatea, sarritan ohi dana, arrazismo alienatzaile baten agerpena baino ez da'.

Gauzak —gaineratu eban aipatu dodan gazteak— ez dira horrela, ez dira hain xinpleak; eta arrazismoaren zer hori, hain arinki eta behar diren bereizkuntzak egin gabe esplikatzea, egia osoa ez esatea da.

'Oskorri' taldekoek, berriz, amerikanoen inperialismoa aipatu eben. Egia biribilak inoezan. Baina honetan ere, gehiago espezifikatzen ez bada, pentsakera gezurrezko batera irixteko* arriskua nabarmen ageri da. Zeren* eta hobe balitzateke amerikanoen inperialismoaren pean egotea. Izan ere, euron menpean dagokeen herriak, beti ere aberatsago baten azpian egongo danez gero, zerbait onik errezibituko dau; edo, gutxienez, herri pobreago batek beste aberatsago bat kolonizatzen dauanean baino suerte hobeagoa izanen dau. Eta kontuan izan, azken kasu hau Europako zenbait* alderditan gertatzen dana dala».

Horra hor, bada, 'Sedetsu' eta 'Oskorri' taldekoek, hala egiteari ondo baderitxoe, argitu eta garbitu beharko dituen oharpen batzuk.

PELLO ERROTAREN IDIA

Zorionak Ermuko gazteriari

Uztailaren* 25ean izan ziren Ermuko jaiak. Jai nahastuak izan zirela, eta gazteen eta udaletxearen* artean eztabaida edo burruka batzuk ere sortu zirela esan geinke.

Lehenengotik geratu ginen harrituta, udaletxeak atera eban bandoa ikusi genduanean: ordu batetatik aurrera ezin eitekela kanta. Jai batzuetan ulertu ezinezkoa. Hau ikusirik, galdera batzuk egiten hasi ginen. Nor da burrukazalea eta nahastezalea? Gazteria? Nik ez neuke horrenbeste esango.

Bando hau ez eban inork onhartu; eta gutxiago gazteek, berez alaiak izanik eta gainera bando horretan herriko beste jende batzuen eskua ikusten ebelarik.

Hori dala eta, ondoren batzuk egon ziren. Gazte horreetariko bat, eguerdian bere taldekoekin kantatzen ebilela, udaletxeko kontzejal batek makila batekin jo buruan eta Donostiako hospital batera eroan behar izan eben. Herriko jendeak, hau ikusirik eta herriko errepresentanteen jokaerarekin nazkatuta, herritik kanpora irten* ziren hurrengo egunetan, jaiei aurretiaz amaiera emanez, euren deskonformitatea agerturik.

Pixka bat sakontzen hasten bagara, argiro ikusten da, burruka honen barruan, lehen esan dogun bezala, beste jende batzuen presioak egon direla.

Jende honeek ez dagoz bat gazteriarekin. Zergatik? Gazte horreek jatorrak direlako, lan baliotsu eta herrikoi bat egiten dabelako; eta eurak (beste jende horreek) baztertuta gelditzen direlako.

Orduan, zer gertatu da? Beti bezala, lan negatiboa egitea askoz errazago dalarik, gazteen ekintza apurtzen saiatu dira. Eskerrak, herria gauza honeekin konturatzen dala; eta jaiak apurtzea lortzen badabe ere, gazteen errepresentatibitatea indartu egiten da. Izan ere, herria hareengandik aldentzen dan mailan, gazteengana hurreratzen da: gazteengan konfiantza gehiago jartzen dau, honeen —eta ez besteen— jokabidea herrikoia dalako.

I. B.


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUA

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

AGIAN, nonbait, beharbada.

AHOLKU, kontseilu.

AHULDU, makaldu.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.

AITZINEAN, aurrean.

AITZITIK, al contrario.

ALA, o qué?

ALEGIA, Gipuzkoako Alegría de Oria.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo.

AMILTEGI, precipicio.

AMILDU, precipitarse.

ARAU, norma, regla.

ARAUERA, según, conforme.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAUNLARI, remero, rameur.

ARROZTI, arrozal, rizière.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATONDU, eratu, antolatu.

AXOLA, ardura.

BAHITU, secuestrar.

BAIEZPEN, afirmación.

BARIK, gabe.

BARREIATU, publicar, esparcir, répandre.

BATIK BAT, bereziki, batez ere.

BEHAR, lan.

BEHINEN, principal, primordial.

BEREZIKI, batez ere, batik bat.

BIDENABAR, bide batez.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BORDELE, Burdeos.

BORTITZ, fuerte, violento.

BULEGO, oficina, bureau.

CORSICA, Córcega.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait.

DATEKE, da nonbait.

DEA, da + a. (Azken letra, galdeetan ezartzen zaio aditzari).

DEUSEZTU, ezereztu.

DIREA, dira + a. (Azken letra, galdeetan eransten zaio aditzari).

EDOZENBAT, zenbatnahi.

EGINKARI, acción que ha sucedido ya. (EGINKIZU, acción que no se ha realizado aún).

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, oriente.

ELIKATU, alimentar.

ENTSEIATU, saiatu, bermatu.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAITSI, hacer bajar, faire descendre. (JAITSI, bajar, descendre).

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

ERITASUN, gaixotasun.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

ERRALDOI, gigante, géant.

ERTZ, hegal, hegi.

ESAMESA, habladuría.

ESKUALDE, comarca.

ETSAI, arerio, adversario, enemigo.

ETSI, etsitu, perder la esperanza, resignarse.

ETSITUKI, desesperadamente.

EUSKALTZAIN, académico del euskera.

EUTSI, apoyar.

EX OMNI GENERE PISCIUM, edozein arrain motatako.

EZEN, ze, pues.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

GAREA, gara + a. (Azken letra, galderetan eransten zaio aditzari).

GEREZI, keriza.

GERTAKARI, suceso que ha tenido ya lugar. (GERTAKIZUN, suceso que todavía no ha ocurrido).

GOTOR, firme, inflexible.

GOTZAIN, (gogo zain), apezpiku.

GURA, nahi, gogo.

HA, hura.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HAINA, beste, bezanbait.

HAINBATEAN, agian, aurki, beharbada, eiki, hurrean, nonbait.

HALABER, igualmente, así mismo.

HARMERA, estampa física.

HARRESI, muralla, rempart.

HARROBI, cantera.

HAUK, honeek. (Hauek aktiko, hauk pasibo).

HAXE, huraxe.

HAZKA, rascándose, se grattant.

HEDATU, zabaldu.

HEGAL, ala.

HEIN, medida, grado.

HERTSI, estrechar, apretar, presser, serrer.

HITXI, hetsi, hertsi, cerrar, fermer.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HONETARA, honela.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBIL, próximo.

IHARDESPEN, erantzun.

IJITO, buhame, gitano.

IKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

IKERTU, explorar, investigar.

IKUR, seña, signe.

ILE, ule.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGARRI, anunciar.

IRAIL, septiembre.

IRAIN, injuria.

IRAULTZA, revolución.

IRITXI, heldu.

IRME, firme.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITAUNKETA, interrogatorio.

ITSASERTZ, itsas begi.

ITXARON, igurikatu.

JALGI, irten, urten, atera.

JARAMON, kasu.

JARRERA, postura, posición, actitud.

JAUZI, salto.

JAZO, gertatu.

JOSKERA, sintaxis.

KARRIKA, kale.

KAZETARI, periodista, journaliste.

KOKATU, colocar, situar.

LAGA, utzi.

LANABES, instrumento de trabajo.

LEGENDUN, leproso.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LIZARRA, Estella.

MEHAR, medar, hestu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MOKO, pico, bec.

NABARI, patente, notorio, evidente.

NABARI, nabaritu (potentzialetan).

NABARITU, advertir, notar, percibir.

NEHOLAKO, inolako.

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OLDARTZAILE, agresor.

OLDOZKERA, raciocinio.

OMEN, ei.

OREKA, equilibrio.

OROIT, oroitu, gomutatu (inperatiboetan).

ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).

ORO, guzti.

ORREAGA, Roncesvalles, Roncesvaux.

ORTUTSIK, ortosik, oinhutsik.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OSTERANTZEAN, bestela.

OSTETXOAN, ondorentxoan.

OTU, bururatu, gogoratu.

PAIRATU, sufritu.

PARADA, aukera, era, ereti, abagadune, ocasión.

PARTU, kitatu, ordaindu.

PENTZU, protección, patrocinio, confianza, valimiento.

PITZATU, arrakalatu.

PONTIZEN, nombre de pila.

SANDIA, mengano, un tel.

SEN, instinto.

SINU-MIKU, gesto, mueca.

SORO, solo.

SUHARKI, ardientemente, fogosamente.

TAMAL, lástima.

TOLES, tolestu, plegar, plier (sujuntiboetan).

UDALETXE, herriko etxe.

UHARTE, ugarte, isla.

URDURI, inquieto, impaciente.

URLIA, fulano, un tel.

UZTAIL, julio.

XEDE, asmo, helburu.

XEHETASUN, detalle.

XUME, tipi, txiki.

ZEIN DEMONIOTZUEK, zeintzuek demonio.

ZELAN, zela, nola.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERITZAN, eritxon, deitzen zen.

ZUR, egur.


Elkar hizketa

"Oskorri"

— Hemen Gipuzkoan eta nik uste Euskal Herrian, zenbaitentzat fama xarra duzue zuek. Zergatik ote da hori? Agian* eta zenbaitek esaten duenez, zuek ez zarete «abertzale» puroak, kimikoki behintzat.

 — Abertzale hitza era askotara uler daiteke. Guri, «abertzale» ez garela esaten daukutenek, era batera ulertzen dute hitz hori, eta guk bestera. Zenbait hoiek beren joeretan sartu nahi gaituzte, eta, hori ez lortzean, hasarretu egiten dira. Horrela, gure kontra iharduten dute. Guk, Euskal Herriak dituen problema modernoei erantzun nahi diegu; gaurko erantzun bat eman nahi diogu Euskal Herriari.

— Bart zuen saioaren hasieran esan zenuten, zuek gaurko Euskal Herriko beharrei erantzun bat eman nahi zenietela. Nik galdetuko neukezue, zein behar berezi duzuen gogoan, edo eta lortzen ote duzuen zeuen ahalegina.

— Gure Herriari eman zaion kultura, goi kultura izan da. Kultura horrek ez die Herriaren beharrei erantzun. Guk egin nahi duguna, zera da: Estetikaren bitartez euskal herri-kultura bat prestatzea eta bidenabar* Herriaren beharrei erantzutea.

— Emanen zenukete herri-kantaren definizio bat?

— Herriaren problema guztiak gogoan harturik, erantzun bat ematen saiatzen dena: horixe da herri-kanta.

— Nola ikusten duzue gaurko euskal kanta berriaren egoera? Ba da hainbat eta hainbat talde. Zer diozue honetaz?

— Euskal errealitatea gogortuz doa. Gure arteko joera batzuek errealitate horren alderdi guztiak dituzte gogoan, eta besteek ez. Kasu! Batzuek sistemaren barnean ihardun dute, adibidez Jon Libaronak eta haren eskolak. Beste joera bat izan da gure artean, Herriaren beharrei erantzuten ziena; baina gaur, jakinaren gainean edo ez, sistemaren barnean iharduten dute. Beste batzuek, ordea, sistema horretatik at* ihardun nahi dugu, Herriari erantzunez.

— Herri-kanta... Herriarentzako kanta... Herria gora, Herria behera. Kantak egiterakoan, zein herri duzue gogoan? Zein publikorentzat egiten dituzue zeuen kantak?

— «Oskorri» taldea duela bost urte hasi zen kantatzen, Euskal Herriko parte bati erantzun nahiz. Euskaraz kantatzen hasi ginen, Herriak hori eskatzen zuelako. Duela hamar urte, dantzari taldeak ziren nagusi. Egun,* ordea, jendea leporaino dago horretaz, eta beste gauza batzuk eskatzen ditu. Herriaren eske horri erantzunez hasi ginen kantatzen. Hasierako publikoa «abertzaleak» ziren; baina egun posibilitate ugariagorik ba da. Beharrak bereiziz joan dira, eta halaber* erantzunak ere, posibilitate estetikoen antzera. Gure publikoak «beste zerbait» nahi luke gaur, eta erantzuten saiatzen gara gu.

— Zuei aurpegira bota izan zaitzue, zenbait jaialditan erdarazko itzulpena ematen duzuela. Zer deritzazue horri?

— Euskal Herrian bi hizkuntza erabiltzen dira. Beraz, gaurko Euskal Herri osoari erantzuteko, bi hizkuntza hoietaz baliatu behar gara. Guk, nahiz eta euskaraz kantatu, ba dugu publiko bat, euskaraz ez dakiena. Publiko horri ere geure mezua agertzeari, bidezko deritzagu.

— Zuen kanta batetan Yankeeak salatzen dituzue. Norbaitek esan du, urrunegi zoaztela etsaien bila.

— Ez dugu horrelakorik uste. Yankeeak erabiltzean, sinbolo bat erabiltzen dugu. Baina honek ez du esan gura,* gure etsai politikoak Yankeeak bakarrik direnik. Inperialismoa salatzen dugu. Eta, horretarako, sinbologia berezi hori erabiltzen dugu. Baina Yankee hoien inperialismoaz gainera, ba da beste zenbait. Nahiz eta Yankeeak nagusi izan, ba dituzte beren morroinak. Harremanak, internazionalak dira. Kapitala legez.* Langileek beren internazionalismoa duten bezala, kapitalak ere bere internazionalismoa ba du.

— Zuen kantak, antiklerikalak ei* dira.

— Bai, gure kantak antiklerikalak dira, herriaren kontra dauden apaiz eta eliz erakundeak* salatzen baititugu. Guk ez dugu apaiz eta eliza herrikoien kontra kantatzen. Guk zera salatzen dugu: fedea dela eta, jarrera* politiko erreakzionarioak hartzea.

— Zuen kantak, inmoralak direa? Edo eta, zeuen kantak egiterakoan, ba ote duzue moralitateren bat?

— Galdera hori egiterakoan, uste dut, guk kantatzen dugun kanta bat duzula gogoan. Etxeparerena, hain zuzen. Etxeparek amoreaz hitz egiten du, nahiz eta bera apaiza izan. Honetaz, lehenik esan behar dugu, kanta hori pieza literario bat dela. Literaturan onhartua izan da. Bestalde, normala da gure artean, norbaiti inmoral dela esatea, zeren* eta euskal kultura apaizek zuzendu baitute. Baina, azken finean, guk Herriari kantatzen diogu; eta oraino Herriak ez du esan inoiz, gure kanta onhartzen ez duenik.

— Zuen letra asko Arestik egiten ditu. Nik behin ANAITASUNAko artikulu batetan esaten nuen, Arestiren adierazpen poetikoa oso hurbil* zegoela beste zenbait adierazpidetatik, musikatik hain zuzen. Jakin nahi nuke, zuek zer dioizuen Aresti koblariari buruz.

— Gure ustez, Aresti da euskal poesiaren ezagugarririk handienetariko bat. Eta ez dugu onhartzen, adibidez, Serafin Basaurik zioena, hots,* guk erabiltzen ditugun poesiak merkeak direla. Guri gustatuko litzaikegu, Basaurik egin ditzala Arestik baino poesia hobeak. Eta halaber* esaten zuen, gure musika ere merkea dela. Horretaz esan behar dugu, gure musika, euskal musika zahar eta jatorrenean sustraitzen dela. Beraz, gure iturriak merkeak badira, ez dakigu zeintzuk diren «garestiak». Gu prest gara, Herriaren ezaguera musikala eta Serafin Basaurirena elkar oposatzeko eta neurketa xuxen bat egiteko.

— Bukatzeko, jakin nahi dut, zein mementotan zareten zeuen lanaren prozesuan. Zein asmo eta eginkizun dituzuen, diskoak eta abar.

— Orain, beste hamar kanta berri ateratzeko prest gara. Diskoei buruz esan behar dugu, barregarria dela, disko antzeko «gauza biribil» hoiei disko deitzea. Zenbaitek, beren diskoak grabatzerakoan, Herriaren bizkarretik barre besterik ez dute egin. Guk ere disko bat ateratzeko asmorik ba dugu. Agian,* hemendik sei hilabetetara edo. Baina Herriaren beharrak ez dira bakarrik estetikoak; aitzitik,* politikoak ere bai. Beraz, gu, Herriaren behar benetakoak eta sakonak ezagutzen entseiatzen* gara, gero erantzun politiko egoki bat emateko. Orain, teatroa egiteko asmoz gabiltza. Arestik texto bat egin dauku, «Oskorrigaitz» deritzana. Guk uste dugu, Herriak bere prozesua daramala, eta, kantaz bestalde, teatroa ere behar duela. Hortik ere joanen gara, beraz.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

darama, daroa

dauku, dausku, digu

daukute, dauskue, digute

die, dautse, diote

diegu, dautsegu, diotegu

diet, dautset, diotet

diogu, dautsagu

ditzala, daizala

dizkiet, dautsedaz

litzaikegu, litzakigu, litzaiguke

neukezue, neuskizue, nizueke

zaio, jako

zaitzue, jatzue, zaizue

zenieten, zeuntseen

zien, eutsen, zioten

zioen, inoan, esaten zuen