ANAITASUNA

Año II — Núm. 24

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Junio 1955


Futbola

Egun oneetan, futbola dala ta eztala, danak dauke zeresanik. Etxean naiz kalean, automobillean naiz trenean, orixe da ago guztien gozagarri.

Deporteak —ezin ukatu geinke— izugarrizko indarra artu dau aspaldion gure bizitzan. Gero ta geiago. Futbolak batez-bere.

Gauza atsegingarria da izan be, ogetabi gizon indartsu ta gazte pelotoiaren atzetik alkarren leian zein geiagoka ikustea. Eta gure atsegiña aundiago egiten da, irabazten dabenak gutarrak badira. Eta bertara, joko lekura joaten bagara, ara-bere aundiago biurtzen da gure atsegiña, futbolariak eurak gure begiokaz ikusi, ainbeste deportezaleren artean egon eta ango txaloak, zantzoak eta gedarrak entzuten doguzala.

Erlegiñoa ez dago futbolaren kontra, futbola dala-ta beste barik. Gauza bidezkoa da, aste guztian lan eginda gero, domeka arratsaldean gorputza pitin bat nasaitutea, urrengo astean indar barriagaz lanari ekiteko. Gauza txalogarria da, lagunen artean autu zantarretan ibilli bearrean, azkenengo futbol partiduaren gaiñean jardutea.

Baiña gauza guztietan legez, emen-bere neurritik urten leiteke; eta orduan ezin esan, futbola gauza ona danik.

Lengo egunean trenean niñoiala, gizon bi jezarri jatazan alboan, eta beingoan asi zirean biak futbolari buruz berba egiten: Atleticoa aspaldion ondo ebillela, badakit zer ta eztakit zer..., aurten zigur zigur txapeldun urtengo ebala, azken partidua ikusten joango zireala, ta abar. Neu-bere konbersaziñoan sartu nintxaken, eta itaundu neutsen Bizkaitik Madrillera ea zenbat gitxi gorabeera joango ete zirean. "Amar-amabost milla lagun, Jauna —erantzun eustan bietariko sutsuenak—. Bein joanda nago, eta zoragarria da benetan ango guztia; baiña Bizkaiari ortik jatorkon kaltea eziñesanezkoa da. Egunean eguneango langillea naiz eta ba-dakit zer esaten deutsadan. Jauna, erregutu beio Jainkoari Atleticoa ara joan ez daiten."

Eta au esaten eustanean, kalte ekonomikoa bakarrik aitatuten eban. Beste kaltea, arimeari egiten jakona, ba-dakigu zein izaten dan olako egunetan: domekako mezea ixtea, ordikeria, ta abar.

Ondo dago deportea, baiña bere mugak gordetan dituanean. Ondo dago gure espiritua apur bat nasaitutea, baiña orretarako Jainkoaren aginduak ausi barik. Ondo dago, futbola dala ta eztala, pentsamentuz eta berbaz jardutea, baiña ito barik orregaitiño gure arimetan beste gogoraziño aundiago eta bearrekoagoak.


Gaztedia ta ziñea

Pozik argitaratuten dogu Aiangiztik Aurraitz'ek bialdu deuskun lantxua

Samingarria da gure errietako gaztediak ziñerako artu daben zaletasuna.

Jaiegun arratsaldea noiz elduko egon oi dira geienak, ziñe toki batera itsumustuan sartu eta euren buruak ames lorriñez beteteko.

Ez dot esan gura ziñea berez txarra danik, baiña bai kalte bildurgarriak egin oi dauzala geienen gogoetan.

Askok uste dabe, eureri ez deutsela kalterik egiten, eta edozelako ziñeak ikusi leikeezala; baina olan uste dabenak, oker be oker dagoz.

Geitxuago edo gitxitxuago guztieri egin daroatse kalte ziñeak, eta geieneri asko.

Ziñezalerik geienak, nabarmenkeri agiriren bat ez daukon pelikulea ontzat euki daroe; eta ez dira konturatuten, atal nabarmenikez daukenak be, kalteak-kalte egin oi dabezala gure artean.

Gure urietan agertzen dabezan pelikulak, danak ez esatearren, geienak kaltegarriak dira edozeiñentzat, naizta ontzat agertu. (Santuen bizitzak eurak be, nik ikusi dodazanak beintzat, atal batzuk kenduta balegoz, oba.)

Pelikula danak dagoz gureen antzeko oituren jaube ez direan errietan eginda; eta gure siñestearentzat kaltegarri direan ekandu lorriñez beteten diardue, apurka apurka, igarri barik, gazteen gogoak.

Ziñera sarri joaten direan neskatilleri beingoan igarten jake: ikasitako aurpegi-ipinkereagaz, begi-eragikune, ziñu ganorabako eta zorakeriakaz barregarri agertzen dira eltzen direan leku guztietan.

Ziñea dala-ta, neskatilla askok galdu oi dabe euren kristiñau jasa; eta beste askok, an ikusten dabezan moda eta barrikeriakaz buruak berotuta, bizimodu kaxkarra jarten dabe familietan.

Mutil askok be, amaikatxu txotxolokeri ikasten dabez ziñean!

Eta zer itxaron geinke amabi urterako, kristiñau-ikasbidera joan bearrik, ziñera joaten direan neska-mutillakandik?

Urietatik urrean bizi zareen gurasoak, zain egon bearrean zagoze. Sarritan nasai egon oi zaree, zeuen umeak erriko Abade jaunaren berbak entzuten eleizan dagozalakoan; eta bearbada, zuen neska-mutikoak, ziñe tokiren baten sartuta, ekandu txarrak ikasi eta badaezpadako berbak entzuten... Eta umeak, "zer ikusi, a ikasi."

Neskatillea zareala naiz mutilla zareala, irakurle, ziñea baiño beste jolasik aurkietan ez badozu, jaiegun arratsaldeetan denporea emoteko, kontuz ibilli, zeuk be ez dakizula, ganorabakotu edo txotxolotu ez zaitezan.

***

"Agirian dago pelikula txarrak egiten daben kaltea. Lizunkeriaren benenuaz, gaztediari bide zuzenetik alde eragiten deutse; guzurrezko taiua emoten deutse bizitzeari; aldatu ta indargatu egiten ditue asmorik onenak; il egiten dabe gizonen arteko maitasun garbia, kristiñau matrimonioaren santutasuna, familiako bizitzearen barrukotasun eta zentzutasuna. Orrezaz gaiñera, pelikula txarrak guzur eta okerkeri asko zabaltzen dabe errietan, naziñoetan, mundu guztian."

PIO AMAIKAGARRENAK


Illeko Santua

San Antonio Paduakoa

Agustuaren 15'ean, 1195'garren urtean jaio zan Antonio Lisboan, Portugaleko uri nagusian. Bateo santuan, Fernando ipiñi eutsen izena. Gaztezaroan estudioak ondo amaituta, San Agustiñen Kanonigoak deritxoen frailleetan sartu zan.

Baiña 1220'an, Aita San Frantziskoren Ordenako bost Fraille Martiriren gorpuak Marrukuetatik Portugalera ekarri zituenean, Fernandok berak be Frantziskanu izateko guraria sentidu eban. Orretarako bear zirean konsultak egin eta pausuak emonda, denpora gitxi barru soiñean San Frantziskoren habitua jantzirik agertu zan.

Ordurarte Fernando zanak, Antonio izena artu eban. Eta laster lortu eban, beiñolako bost Fraille Martirien antzera, bera be Marrukuetara joatea, Kristoren arerioak Ebangeliora ekarteko, edo bestela, Kristogaitik odola ixurita, bizia emoteko.

Afrikako itxasertzean oiña bota baizen laster, kalentura aundi batek oratu eutsan, eta an ez ebala gauza onik egingo-ta, Espaiñiarako ontzi baten sartu zan. Baiña aizeak ontziari, Espaiñiara bearrean, Italiara bultz egin eutsan. Bein Italiara eldutakoan, Asisko urira joan zan, San Frantzisko ezagutu ta bere menpean burua ipinteko asmoaz.

Ordurako ba-ekian San Frantziskok Antonioren barri: bere jakituria, santutasuna ta sermolaritzarako taiu ona. Orregaitik misiñolaritzarako obedentzia emon eutsan.

Iparraldeko Italia ta egoaldeko Frantzia guztian ez zan geratu ez biderik ez autsik Antonioren sandaliak zapaldu bakorik. Makiñabat illuntasun argitu zirean, makiñabat biotz gogor samurtu Antonioren berba gartsuaren bitartez.

Azkenean, burdiñazkoa ez zan-da, gaixotu egin zan, eta Italiarako bidea artu eban. Paduara eldurikoan, laster il zan Jaunaren bakean, bagillaren 13'an, 1231'garrenean, ogetamasei urte eukozala.

Kontaueziñak dira Antonioren bitartez Jainkoak egiñiko mirariak. Emen, bat bakarrik aipatuko dogu.

Bourges deritxon Frantziako urian, hereje bat bizi zan, Eukaristiako Sakramentuan siñistuten ez ebana. Beragaz eztabaida luze bat eukita gero: Postura bat egin daigun —esan eutson Santuak—. Zuk zure mandoa iru egunean euki eizu ez jaten, ez edaten ezer emon barik. Iru egunen buruan plazara ekarriko dozu mandoa, ta karga bete bedar ta aska bete ur ipiñiko deutsazuz aurrean; nik, ostera, kustodia baten gure Jauna ekarriko dot. Abereak, bere jan-edanari etxaramon eginda, gure Jauna adorau baietz! Ba-gara? — Ondo dago, erantzun eutsan herejeak. Irugarren egunean erri guztiari dei egin eutsen plazara. Gauzak itundu zirean legez eginda, Antonio gure Jaunagaz agertu zanean, mandoak bere jan-edanari ozta ozta usain eginda beste barik, belaun biak lurraren gaiñean josi zituan, eta burua makurtuta egon zan, Antoniok gura izan eban bitarte guztian, kristiñau askori ejenplua emoteko moduan.


Lenengo Jaunartzea [Bertsoak]

Sardui ta Enbeita'tar Elisabete neskatxuaren lenengo komuniñoan

Aitak:

Nora zoaz, Elitxu, geure txikiena?

Usoak legez zuri apain, norengana?

Elik:

 Eleizara noa, aita, artzen gure Jauna.

Gaur da lenengo aldiz artuko dodana.

Jakin egizu pozez zoratzen nagona.

Aitak:

Sei urteko neskatxa txikia izanik,

 Zelan dakizu Jesus Jaungoikoa danik?

Elik:

 Zelan dakidan, aita? Zeuk erakutsirik.

Gaiñera esango deutsut biotz biotzetik

Ez dodala egingo geiago obenik.

Aitak:

 Orrelan baldin bada, gure alabatxua,

Dudarik bage zara zorionekoa;

Baiña oraindiño zara ume txikitxua,

Eta galdu ez daizun gaur dozun asmoa,

Gaur lez maite egizu Jesus umetxua.

Aitaren egunean zeure Jauna artzea

Ez da txantxetakoa, alaba maitea.

Nire eguna aundia, geiago zurea:

Olan balitza beti bizi izatea,

Ai ze zorioneko aita ta alabea!

Aita eta amaren alaba kutuna,

Baratz erdiko lora, lirio biguna!

Ezautuko bazendu gure maitasuna,

Beti egingo zeunke gure guramena.

Nok euki leizan beti aita eta ama!

Elik:

 Jesus ta Mariari otoika maitero,

Txikitxua izanarren, nabil egunero.

Zuek maite zaituet nik ezin geiago.

Beste maitasun bat dot oindiño aundiago

Belengo askatxuko Jesustxurentzako.

ENBEITA'TAR BALENTIN


Ba dakizu...?

- Mezeari jarraitu, mezaemoilleak zer diñoan jakin, berak esaten dabenari erantzun, zerimonien esangurea ulertu: orra or meza entzuteko modurik onena.

- Meza bitartean, al izanezkero, ez gintzakez konfesau bear, momentu ori mezea entzuteko da-ta.

- Mezatan, ixilik egon bearrean, gure kantuakaz eta berbakaz parte artu bear geunke. Auxe da bidezkoa, eta Aita Santuak ainbeste bidar eskatu deuskuna.

- Larrabetzuko eleizan, erri guztiak erantzuten deutso Abadeari, mezalaguntzaillearen erantzupenakaz.

- Mezea ondo entzuteko, oraintxe agertu da Bizkaiko euskeraz, kantuakaz ta guzti, idazki txiki bat. Lagunarteko Mezea da bere izena.

Eskatu eiozu zure Abade jaunari, ta berak ekarriko deutsu. Liburutxu bakotxak iru peseta balio dau; amarretik gora erosi ezkero, amar erreal.

Erosi leitekez iru leku oneetan:

R. P. Administrador de "ANAITASUNA"

PP. FRANCISCANOS

FORUA (Vizcaya)

LIBRERIA VERDES ACHIRICA

Correo, 7 - BILBAO

IMPRENTA - MODERNA - LIBRERIA

San Roque, 2 - GUERNICA